[ { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000000", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Nehoiz ez dute kontuan hartu Anza familiaren mina»\nTolosatik ez zen sekula itzuli Jon Anza, eta haren familiak ez du gertatutakoari buruzko erantzunik ukan hamabost urteotan. Paulus Basurkoren ustez, ez zaie «ezer erraztu», eta den mendreneko informazioak lortzeko «borrokatu» behar izan dute.\nHaurra zeneko garaiak markatu zuen Maritxu Paulus Basurko abokatua (Baiona, 1972): «Errefuxiatuen umeekin ikastolara joatea, GALen atentatuak, beldurra...». Eta, ingurune horren eraginez, euskal presoen aferak defendatzeko gogoa izan du ibilbide profesionalean. Duela hamabost urte, 2009an, Jon Anza euskal preso ohia desagertu zen, eta haren familiaren abokatua izan zen. Erantzunik ez ukaitearen sentipena izan da gogorrena Paulus Basurkorentzat.\nNola hasi zen Jon Anzaren desagertzearen afera zuretzat?\nKezkarekin. Abokatu gisa, ez ginen oraino jakinean; beraz, judiziala izan aitzin, kezka familiarena izan zen.\n2009ko apirilaren 18an ikusi zuten azkeneko aldiz.\nJon Anzak trena hartu zuen Baionan, Tolosara [Okzitania] joateko, neska lagunak utzi zuen tren aitzinean. Apirilaren 20an, kezka sortu zen, sartua beharko zukeelako eta ez zutelako haren berririk. Mediku azterketa garrantzitsu bat zuen apirilaren 24an, baina horra ere ez zen agertu, eta haren neska lagunak bazekien ez zukeela huts egingo, zituen osasun arazoengatik. Egun horietan familia hasi zen ospitaleak deitzen, eta orduan hurbildu zitzaizkidan.\n«Apirilaren 20an, kezka sortu zen, Jon Anzak sartua beharko zukeelako, eta ez zutelako haren berririk. Mediku azterketa garrantzitsu bat zuen apirilaren 24an, baina horra ere ez zen agertu, eta haren neska lagunak bazekien ez zukeela huts egingo, zituen osasun arazoengatik».\nNola heldu zenion aferari?\nLehenik, gauza bat ulertu behar da: heldua zarelarik, eskubidea baduzu zeure kabuz desagertzeko, eta nehor ezin da ibili zure atzetik. Baina, kasu honetan, kezkatzeko arrazoi asko bagenituen, osasun arazoak zirela eta. Hala, salaketa bat ezarri genuen Baionako Auzitegiko prokuradorearen aitzinean. Egun batzuk geroago, ETA erakundeak komunikatu bat atera zuen, erranez Jon Anzak hitzordu batera azaldu behar zuela eta ez zela joan. Komunikatu horretan, Espainiako eta Frantziako segurtasun indarrak desagertzearen erruduntzat jo zituen.\nZer gertatu zen horren ondorioz?\nBigarren ikerketa abiatu zuen Terrorismoaren Kontrako Fiskaltzak, komunikatuaren ondorioz. Guk abiatutako ikerketaren ondorioz hainbat gauza egin zituzten, baina ez zen batere aitzinatzen.\nHamar hilabetera gauzak aldatu ziren...\nBai. 2010eko martxoaren 11n, dei bat ukan nuen: Baionako Poliziak erran zidan gorpu bat aurkitua izan zela Tolosako gorputegian, eta pentsatzen zela Jonena izan zitekeela. Zur eta lur nintzen, eta poliziari berriz errepikarazi nion: «Gorpu bat? Tolosako gorputegian?». Ez nuen ulertzen ahal nolaz gorputegian bazen gorpu bat, erraten zidatenaren arabera, aspalditik hor zena. Segidan familiari jakinarazi nion, eta momentu oso gogorrez beteriko zurrunbilo bat hasi zen. Galderak, eta erantzunik ez batere. Nehoiz ez dute kontuan hartu Anza familiaren mina.\nEta juridikoki nola aitzinatu ziren gauzak?\nGorpua atzeman ondotik, instrukzio bat ireki zuen Tolosako Auzitegiak, eta hortik aitzina gauza batzuk jakin ditugu, baina beti oso poliki, eta gauza anitz erantzunik gabe gelditu dira. Edozer lortzeko borrokatu behar izan dugu, eta ez zaigu ezer erraztu.\nPixkanaka informazioak izan dituzuela erran duzu. Zer bertsio egin ahal izan duzue?\nFamiliarentzat gogorrena hori da: egun, oraindik, ez dugu bertsio segururik. Sentipena dut lana ez dela inoiz egin bukaeraraino. Bertsioari dagokionez, dakiguna da -baina hor ere dudak badira, lekukotasunetan zalantzak badirelako- Jon Tolosara iritsi zela, hotel batean lo egin zuela gau batez, eta gero haren aztarna galtzen dela. Haren gorpua ikusirik, pentsatzekoa da nonbaitetik zetorrela, baina ez da argitu nondik. Segur dena da zetorren leku horretan gelditu direla haren afera guziak, salbu haren tren txartela, zeinak identifikatzeko bidea eman duen.\nETAk ateratako komunikatuan Frantziako eta Espainiako segurtasun indarrak akusatu zituen. Ba ote da elementu juridikorik hori hala izan zela erakusten duenik?\nNik ez dut hori segurtatzeko elementurik. Dakiguna da momentu horretan -eta hori dosierrean da, elementu objektiboa da- Espainiako poliziak Tolosan zirela. Arma bat ahantzia izan zen hotel batean; hoteleko jabea konturatu zen, eta ohartu ziren Guardia Zibilaren arma bat zela. Bada elementu objektibo hori, zalantza asko sortzen dituena: zer egiten zuen Guardia Zibilak Tolosan, Jon Anza desagertu zen momentu berean? Baina erantzunik ez dugu; egiaztapena, eta kito. Garai hartan beste momentu latzak izan ziren, eta pentsatzen zen Espainiako poliziek justiziaz kanpoko interbentzioak egiten zituztela. Mujikaren kasuan instrukzioraino joan zen [Juan Mari Mujikak salatu zuen zibilez jantzitako bi Espainiako poliziak bahitu zutela, eta mehatxatu ondoan utzi zutela, 2008an].\n«Juridikoki ahal genuen guzia egin dugu, baina gure aurrean genuen pareta ezin hautsia zen; nehork ez zuen nahi gainetik pasatu gintezen»\nZer eskatzen duzue orain?\nMaleruski, egun dosierra gelditua da. Europaraino jo genuen izandako zailtasunak salatzeko, baina bide horrek ez zuen ezer eman. Justiziaren arabera, faltak izan dira ikerketan, baina falta horiek guziak ez dira nahikoa estatuaren ardura erakusteko. Juridikoki ahal genuen guzia egin dugu, baina gure aurrean genuen pareta ezin hautsia zen; nehork ez zuen nahi gainetik pasatu gintezen.\nHalako afera bat defendatzea nola bizi izan duzu?\nNire minik handiena da familiari ezin izan dizkiogula eman merezi zituen erantzunak; haien mina zinez arindu nahiko nuen. Sentitu duguna da Jon terroristatzat jotzen zutenez haren familiak ez zuela merezi beste familia batek bezainbat errespetu.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000001", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Guk ez dugu Ostiako kideen epaiketa egin nahi, baizik eta Bouyguesena»\nOstiaren kontrako errepresioa salatu du Hegik, eta argi utzi du Marieneko laborantza lurretan Bouyguesek duen eraikuntza proiektuaren kontrako borrokan segituko dutela.\nOstiako kidea da Xabier Hegi (1968, Miarritze), Kanboko Nahi Dugun Herria oposizio taldeko hautetsia ere bada, eta badu hamar urte Marieneko eraikuntza proiektuaren kontrako borrokan engaiatua dela. Ostia sareko lau kide epaituko dituzte Bouyguesen bulegoan Marieneko proiektuaren maketa bat lurrez estaltzeagatik. Hegiren ustez «ez du zentzurik». Auziaren prestaketa lanetan dira.\nOstiako lau kide epaituko dituzte martxoaren 12an. Nola prestatzen ari zarete epaiketa?\nHasteko, egun horretan jendea deitu dugu auzitegira etortzera: animazioak izanen dira, mahai inguruak, baita jatekoa eta edatekoa ere. Bestalde, badugu izenpe bilketa bat martxan, zeinetan jendeari galdetu diogun Marieneko lurren defentsaren alde engaiatzeko. Guk ez dugu Ostiako kideen epaiketa egin nahi, baizik eta Bouyguesena.\nZer leporatzen diete zehazki?\n2022ko abenduan ekintza bat izan zen Bouyguesen bulego batean, Marieneko proiektuaren maketa bat baitzen, eta sinbolikoki lurrez estali zuten erakusteko nahi dugula lur horiek laborantzako lur geldi daitezen. Horren ondotik, jende batzuk konbokatuak izan ziren polizia etxera, baina ez ziren joan. Iazko azaroan, gero, Polizia azkarki armaturik jin zen lau kideen bila, eta komisariara eraman zituen egun oso batez. Andeatzeak leporatzen zaizkie.\nNola kokatzen duzue errepresio ukaldi hori?\nNeurriz kanpokoa izan da. Zehaztu behar da bi maila izan zirela: atxiloketa eta atxiloaldia. Atxiloketak ikaragarriak izan ziren; CRS anitz etorri ziren, azkarki armaturik... Iduri zuen terrorismoaren kontrako operazio bat zela. Baina ekintza ttipi batendako zenez, gero, komisarian polizia anitzek ez zuten ulertzen, eta arrunt neurriz kanpokoa zela iruditzen zitzaien. Kanbon, badakit jende guziak ikusi zituela kide baten etxeko auzoan bost edo sei Polizia kamioi. Arrunt kriminalizatuak izan dira, baina ikusiz zer zen ekintza, zinez ez du zentzurik.\nOkzitanian eta Frantzian Lurraren Altxamenduen kontrako errepresioa handia izan da. Uste duzu lotura egiten ahal dela?\nZernahi gisaz, errepresioa biziki azkarra izaten ahal da nornahiren kontra, salbu beharbada laborarien kontra. Frantziako Gobernuak Lurraren Altxamenduak desegin nahi izan zituelarik, haien sostenguz tokiko talde gisa agertu ginen. Baina guk badugu gure agenda, eta haiek haiena. Haien kontrako errepresioa biziki handia izan zen Sainte Solinen eta A69 autobidean; ez dakit ea gure kontrakoa horretan kokatzen ahal den, baina ikusi beharko da zer gertatuko den gerora. Ostiako beste bi kide komisariara deituak dira Bouyguesen panel batean egindako tindaketa batengatik. Argi da Bouyguesek duela presioa ezartzen.\n«Ostiako beste bi kide deituak dira Bouyguesen panel batean egindako tindaketa batengatik. Argi da Bouyguesek duela presioa ezartzen»\nMarieneko eraikuntza proiektua zertan da? Auzi bideak oraino irekiak ote dira proiektua juridikoki oztopatzeko?\nLaster dei auzia izanen dugu Paueko Auzitegi Administratiboan. Afera da Tokiko Hirigintza Planaren kontrako dei auzia dela, CADEk, Lurzaindiak eta Nahi Dugun Herriak salatu baikenuen hori Auzitegi Administratiboan. Lehen auzia galdu genuen, eta orain iragatekoa da dei auzia. Erran behar da Kanboko Herriko Etxearen abokatuak Elkargoak pagatzen dituela, Tokiko Hirigintza Plana Elkargoak baitu bozkatzen, eta alde bozkatu baitzuen. Haien abokatuek zernahi gezur erran dituzte, frogarik gabe: ez direla laborantza lur onak, ez dela ardirik ibiltzen... Auzapezak dio ez dituela obrak hasiko auzi hori pasatu aitzin, baina aldi berean eraikitzeko baimena emana du. Nahi balute, obrak orain hasten ahalko lituzkete.\nOstiak errana du obrak hasiko balira egin ahalak eginen dituela oztopatzeko. Nola ikusten duzue?\nAipatzen ari gara. Gauzak ez dira finkatuak. Ostia okupazio batetik sortu zen, beste okupazio bat lagundu zuen Senperen... Ikusi beharko da zer eginen dugun Marienean, jakinez ez duela Ostiak erabakitzen. Tokiko talde batek eramaten badu borroka bat, Ostia hor da laguntzeko, elkarrekin egiteko. Orain arte izan diren ekintzak, dena den, arrunt pazifikoak izan dira: okupazioa edo lur pixka bat botatzea maketa baten gainera. Dena den, argi da ez dugula proiektu hori nahi, badu hamar urte eraikuntza proiektuaren kontra ari garela, eta ez dugu hola utziko.\nMarienekoaz aparte, Ostia beste borroka batzuetan ari ote da?\nOstia sare bat da, eta hor parte hartzen duen jende gehiena lekuko borroketan ari da. Ostiatik segitzen ditugu leku desberdinetako borrokak: joan den udan Senpereko etxea izan zen, orain Aiherrakoa, Luhuson beste proiektu bat behatzen dugu... Momentuan gauzak aski kalme dira; afera handia Marienekoa da. Halere, besteak ez ditugu batere baztertzen, eta aktualitatearen arabera, prest gara mobilizatzeko.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000002", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Donamartirin 5G teknologia instalatzeko hirugarren entseguan, oposizioa beti hor\nDuela hiru urteko martxoaren 29an eta azaroaren 2an, bi mobilizazio egin zituzten Donamartirin Free operadoreak ezarri nahi duen 5G antenaren kontra. Bi aldiz oztopatu zuten instalazioa, eta, geroztik bazterrak anpletu baziren ere, enpresak berriz ere ideia bera gauzatu nahi duela abisatu du Arberoa Babestu kolektiboak. Teknologia berria plantan ezartzera agertuko balira, berriz ere mobilizatzeko prest agertu dira.\nFreek kontratu bat izenpetu zuen Donamartiriko etxalde baten jabeekin, haien lurretan antena instalatzeko. 3G eta 4G teknologien ondokoa ezartzeko garaia heltzean, etxaldeko semea kontra agertu eta mobilizazioarekin bat egin zuen. Geroztik, enpresako edo bere azpikontratupeko langileak lur horietara joatean, 5Gren kontrakoak abisatuak dira. «Abantaila da beti jakinean garela jiten direlarik», erran du Arberoa Babestu taldeko Philippe Saint-Amorranek. Jakin dute aitzineko instalazio saiakerak egin zituen enpresa azpikontratatuak proiektua utzi zuela, eta oraingoan Spie enpresaren esku utzi duela lan hori operadoreak.\nGizarte eredua jokoan\n2021eko azken mobilizazioaren ondotik, bazterrak lasaitu ziren, Freek ez baitu beste saialdirik egin teknologia berria plantan ezartzeko, eta, ondorioz, kontrakoak ere aiduru egon dira. 5Gren kontrako mugimenduaren hastapenetan, oposizioan bi argumentu nagusitzen ziren: osagarrian uhin elektromagnetikoek luketen eragina, eta teknologia berriekin doan kontrol soziala. Azken urteetan, Saint-Amorranek deskribatu duenez, kontrako beste argumentu bat ere agertu da antenak ezarri nahi dituzten herri batzuetan: «Bada jendea, usu kanpotik jinik ondasunak erosi dituena, beldur dena bere ondasun higiezinak balioa gal dezan antena bat hurbil izateagatik».\n«Ez gaude hobekuntza guztien kontra, baina hobekuntza inposatuaren ideia baten kontra bai».\nPHILIPPE SAINT-AMORRAN Arberoa Babestu taldeko kidea\nArberoa Babestu kolektiboko kideak dioenez, argumentu hori «aitzinean ezarri» da Akamarren edo Bidarten, besteak beste. Baina entzunezina zaio Saint-Amorrani, eta gehitu du pertsona horiek gizarte arazoez ez dutela «axolarik», beren ondasunen balioak baizik ez dituela «arranguratzen». Elektrosentsibilitatea dutenentzat osasunaren argumentua pisuzkoa iduri bazaio ere, argi du «gizartearen soberako digitalizazioa» dela bera gehien arranguratzen duena.\nKolektiboko kideentzat, zentzugabea da Donamartirin eta oro har kanpainan 5G teknologia ezartzea, 3G eta 4G sareek ontsa estaltzen dutelako eskualdea: «Ez du zentzurik, ez dute etekinik aterako», trenkatu du Aiherrako Saint-Amorranek. Hirian litzateke operadoreentzat errentagarria, baina «arazoa da hirian ez dutela zutabe berririk altxatu behar; gaineko tresna aldatzen dute, eta ez gara ohartzen».\n5Gren kontrako mugimendua apaldu da azkenaldian, baina Donamartirin berriz protesta egiten hastekoak dira. «Ez gaude hobekuntza guztien kontra, baina hobekuntza inposatuaren ideia baten kontra bai», argitu du Saint-Amorranek. Jasangaitza zaio numerizazio edo digitalizazioa argumentu ekologista gisa entzutea. «Uhin elektromagnetikoak ez dira Izpiritu Santuak eginak; arrunt materialak dira: energia, metalak, esplotatua den jendea, gune xehatuak» uzten dituzte, haren erranetan.\nCade elkarteak lau petizio babestu ditu\n5G antena berrien plantan ezartzeko proiektu desberdinak badira Ipar Euskal Herrian eta inguruko herrietan; horietatik lauren kontrako izenpedura bilketak egin dira, eta Cade ingurumenaren defentsa elkarteak babestu ditu: Akamarren, Ondresen (Landak), Mugerren eta Arrangoitzen herritarrek abiatu dituzte petizio horiek. Bidarten ere herritar kolektibo bat altxatu da antena baten kontra.\nCade elkarteak «dokumentatzera» deitzen ditu herritarrak, norbere etxetik hurbil 5G antena berri bat agertzea «[Ipar] Euskal Herri osoan gertatzen den kontrolgabeko hedapenaren segida» bailitzateke.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000003", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Faxismoaren posibilitatea\nImmigrazio legea aldarrikatu dute. Legebiltzarren arteko joan-jinetan, Vincent Bru, Max Brisson eta Denise Saint-Pék testua onetsi dute lotsarik gabe. Eskuineko zein zentroko politikari gehienek bezala eskuin muturrerantz doan malda irristakorrean hanka sartu dute. Konstituzio Kontseiluak artikuluen herena zentsuratu du. Eskerrak. Migrazio-kuotak edo familia-bateratzearen gogortzea ez dira berehala indarrean sartuko.\nLangile migratuentzat neurriak zorroztuko dira. Paperik gabekoei aldi bateko egoitza-txartelak hitzemanen zaizkie, baldin eta tentsioan dauden lanbideak betetzen dituzten. Plataformetako langile gisa aritzeko ere, baimen ofiziala galdegin beharko dute. Aldi berean, langile irregularrak dituzten enpresen aurkako zigorrak indartuko direla diote, lan ilegalaren aurka borrokatzeko omen.\nErregularizatua izateko, paperik ez duen langileak lan oro onar dezake. Zaurgarritasun egoeran izanki, esklablotzara lerratzeko arriskua alimalekoa da. Lan Ikuskaritzak abenduan sindikatu eta elkarteei eskaini formakuntzan kasu izugarri asko aipatu zizkigun. Ez da dudarik neurri horiek egungo egoera larriagotuko dutela.\nLana eskubide bat da eta eskubideak ematen ditu. Alta, legeak Europako Batasuneko oinarrizko arauak zangopilatzen ditu. Jende orok askatasunez hautatutako lanbide batean lan egiteko dretxoari uko egiten dio. Atzerritarrek Batasuneko herritarren lan-baldintza baliokideak izateko eskubidea pikutara igortzen du. Azkenean, bigarren mailako langile klase bat izatea zilegitu du. Lege deplauki xenofoboa aldarrikatu dute, faxismoari atea zabal irekiz.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000004", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Lerraketa semantikoa\nEuskal kulturaren transmisioaz aritu zen Gotzon Barandiaran duela gutti, Gasteizen.\nGaur egun euskaldunek ingelesezko, frantsesezko eta gaztelerazko edukiak jasotzen dituzte «etengabe eta inolako ahaleginik egin gabe», baina euskal kulturgintzari buruzko erreferentzia oso gutxi dituzte, edo «ia bat ere ez». (ikus Kulturazaleak nola sortu | Kultura | BERRIA).\nIdeia horretatik abiatuz kulturgintzaren ekosistema galdezketatu zuen. Ez dut hemen laburpenaren laburpena eginen; garatu duen ideia baten haritik ariko baizik. «Euskal kulturgintza osasuntsu egongo bada, euskarak osasuntsu egon behar du; euskara normalizatu ezean, ezin da kulturgintza normalizatu», zioen Barandiaranek.\nDuela gutti bizitakoa oroitarazi dit. Kultur egitura frantses bateko arduradun baten predikua jasan nuen formakuntza batean. Kultura gure hizkuntzara murriztea «lerraketa semantikoa» zela pentsatzen zuen, eta horrek kulturaren unibertsaltasunari kalte egiten ziola. Arduradun ezkertiar eminente horri ihardestea porrota izan zen eta pizti kolpatu eta minduaren gisan etxeratu nintzen. Berriz ere iraindua...\nBiharamunean, gaia burutik ezin kenduz, frantses kultur eremuez pentsatu nuen. Baiona batean, adibidez, hainbat hizkuntza entzun daitezke egunerokoan (tokiko euskaraz gain); hizkuntza horiek noiz entzuten dira Baionako antzokian, Scène Nationale delakoan? Noiz entzuten da euskara, ez badira bi hitz aitzinetik hautatu konpainia bakar batzuen lanetan (ahalaz hizkuntza gutti darabiltenak!)?\nEgitura hauek ez dute frantsesa ozen aldarrikatzen, baina lerraketa semantikoa isilpean aplikatzen.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000005", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Iazko uholdeen ondotik, ortzadarra iragarri dute aurtengo Herri Urratsen\nSeaskako lehendakari Peio Jorajuriaren hitzetan, «inoiz baino Herri Urrats handiagoa» egin nahi dute igande honetan. Senpereko aintziran iragan urtean izan ziren uholdeek besta azkarki oztopatu ondotik, aro txarraren gibeletik eguzkia agertzen delakoan, Ortzadarra deitu dute aurtengo aldia. Ohiko guneez gain, beste bi izanen dira aurten, baita programazio aberatsa ere.\n2023ko aldia gune bakarrera mugatu behar izan zuten aroaren ondorioz, baina, hala ere, ekonomikoki ez zen gehiegizko kolpea izan, Jorajuriaren arabera, «elkartasun handia izan baitzen». Esker onez mintzatu da: «Zinez eskertu nahi ditugu elkartasuna helarazi ziguten guztiak». Dena den, ohiko besta handiaren formatura itzultzea desiratzen du Jorajuriak, «euskararen egun handi» hori ospatzeko, batetik, eta Beskoitzeko ikastola laguntzeko, bestetik: «Beharko da ikastola berri bat eraiki Beskoitzen. Ikastola hori Euskal Herriak du eraikiko, eta Herri Urrats horrendako baliatuko dugu».\nGaraipen eta desafioak\nSenpereko aintziraren inguruan dena ez da besta izanen igandean, halere, goizean ekitaldi instituzionala eginen baitute. Momentu hori, Jorajuriak zehaztu duenez, bilanaren tenorea izanen da: «Baliatuko dugu azken urtean ukan ditugun aitzinamendu eta garaipenak ospatzeko, eta puntua egiteko ondoko desafioei begira».\nHerri Urratseko irabaziak horretara bideratuko direnez, ez da faltako Beskoitzeko ikastolaren testuinguruaren aipamenik. UEU eta Seaskak izenpetu berri duten hitzarmena ere aipatuko du Jorajuriak, zeinek «kolegioko hirugarreneko ikasleen euskara maila ebaluatzea eta segurtatzea» bermatuko duen; «aitzinamendu bat» da, Seaskako buruarentzat. Azterketak euskaraz pasatzeko aldarrikapenak, berriz, badu gazi-gozotik Jorajuriarentzat, brebetarentzat kausitu dena ez baita baxoarentzat ukan: «Ezin gara horrekin gelditu».\nEEPren aurrekontuak izoztuak direla gaitzetsi du. «Horrek erran nahi du euskalgintzako aurrekontuak ere izoztuak direla. Ez ditugu behar diren baliabideak gure misioak aitzinera eramateko eta Ipar Euskal Herria berreuskalduntzeko», deitoratu du.\nIgandeko goizeko ekitaldia partaide instituzional guztiak biltzeko parada bakana da Seaskarentzat, eta horietarik batzuek «momentu horretan engaiamenduak hartzen» dituztela gehitu du Jorajuriak.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000006", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Muga lotzeko pasabide bat\n'Intzola, pasoko bidea' liburua argitaratu dute Ziburuko Jakintza eta Berako Mugerri elkarteek. Mugaren alde bien arteko harreman historikoa aztertzen du lanak.\nIntzolako haranean, izen bereko errekastoaren ibilguari jarraikiz, bada bide bat, Urruña eta Bera (Nafarroa) lotzen dituenak. Euskal Herriko edozein txokotako beste pista bat dirudike lehen begi kolpean, baina arreta jarriz gero, andana dira behinola hura bide hagitz berezia izan zela azaltzen duten arrastoak. Hala, Intzola, pasoko bidea liburua argitaratu dute.\n«Herrian, guztiok ezagutzen dugu bidea, baina inor gutxik hark ezkutatzen duena», esan du Berako Mugerri elkarteko kide Jon Abrilek. Izan ere, aspaldiko garaietatik ibili da gizakia paraje horietan, eta baita itzala utzi ere. Lehen arrastoak historiaurrekoak dira, eta horren erakusle dira trikuharri, dolmen eta bestelako monumentu protohistorikoen aztarnak, mendi muinoetan han-hemenka.\nGermaine Hacala Ziburuko Jakintza elkarteko kideari betidanik sortu dio jakin-mina inguruko ondareak. «Betidanik ezagutu dut bidea, baina kuriosoa iruditu zitzaidan erromanoek jada erabili zutela», esan du. Merkataritza eta kultura harremanak sortu zituzten bertakoekin, eta bestelako bizimoduak zabaldu. Besteak beste, mineralak erauzteko teknika hobeak erakutsi zizkieten baskoiei, jada burdinaren industria hasiberri bat garaturik bazuten ere, Bortzirietan eta Oiartzualdean bereziki. Erromatarrak joandakoan, industria horrek sasoi betean jarraitu zuen, eta burdinola andana eratu zituzten mugaren alde bietan.\nToponimiak ematen du, hain zuzen ere, presentzia horren berri. Hamaika dira -ola atzizkia duten tokien izenak inguru horretan. Intzola da horietako bat, Abrilek azaldu duenez: «Badirudi ihintza anitz zegoen burdinola batek eman ziola izena bideari». Berako eta Lesakako meategietatik minerala atera, eta burdinoletara eramaten zutela ere azaldu du, Donibane Lohizuneko portuan saltzeko gero.\nIzan ere, harreman anitz bazen bide horren bitartez, Hacalak argitu duenez. «Idiekin garraiatzen zituzten burdina eta industriari loturikoak; bitxia da bi aldeen arteko lotura burdinaren bitartez sendotu izana».\nHorren karira, ekonomia indartsu bat sortu zen inguruan, eta leku estrategiko bilakatu; merkataritzarako, nagusiki. Donibaneko portua hamasei kilometrora baino ez zegoen, eta Bidasoa ibaiak ahalbidetzen zuen produktuen garraioa Oiartzualdera. Izan ere, Bidasoa ibaia soilik uberaz edo itsasontziz zeharkatu zitekeen, 1793an ibaiaren gaineko lehen zubia eraiki zuten arte. Berako haranaren eta Lapurdi mendebaldearen arteko harreman ekonomikoetarako baliatu zuten bidea bertakoek.\nFrantziako eta Espainiako estatuen arteko muga bertan ezartzeak ere balio estrategikoa eman zion tokiari; nazioarteko harremanetarako, besteren artean. Horrek, ordea, gatazka anitz sortu zituen iraganean, eta ohikoak izaten ziren gerlak. Mugaren inguruan izandako gorabeherak ezezagunak zitzaizkiola aitortu du Abrilek, eta interesa piztu diotela erantsi.\nHarremanak ehuntzen\nBidearen ondare historikoa gordetzearren, ikerketa bat abiatu zuten Guy Lalanek eta Paul Badiolak, hurrenez hurren, Jakintza elkarteko zuzendariak eta zuzendariordeak. «Aspaldi hasi zen Badiola ingurua ikertzen Jacques Blot arkeologoarekin batera; biziki ongi ezagutzen dute lekua», esan du Hacalak. Horixe da, izan ere, Jakintza elkartearen asmo nagusia: tokiko historia zabaltzea eta denen esku jartzea.\nIkerketa horretatik abiaturik egin du Intzola, pasoko bidea liburua Mugerrik. «Ikerketa frantsesez dago, eta guk euskaratzea pentsatu genuen, liburu forma emanez», esan du Abrilek. Hamar bat urte daramatzate bi elkarteek elkarlanean, tokiko ondarea bultzatzeko. Bi aldeen lotunea aldarrikatu nahi izan du Abrilek: «Inoiz baino harreman gutxiago dugu bi aldeen artean, teorian mugarik ez dagoen garai honetan».", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000007", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Ongi jatea bermatzeko hazkurri asurantza herritarra\nHerri laborantza desagertzen ari da laborantza industrialak leherturik. Hortik ateratzeko, baita behardunak industriak hornitu hazkurri laguntzaren menekotasunetik ateratzeko ere, Hazkurri Gizarte Segurtasuna sortzea bilatzen du herri laborantza biologikoko jende batek. Horietako bat da Mathieu Dalmais. Hazparne Uhaldia gizarteratze etxaldeak, Sokorri Katolikoak eta Biharko Lurraren Elkarteak gomitatu zuten, asteartean, hitzaldi animatu baten ematerat, Hazparneko Armand David lizeorat.\nMathieu Delmas agronomian ingeniaria da formakuntzaz, baina diploma errefusatu zuen, ez baitzuen onartzen laborantza industrialaren zerbitzari lanetan ibiltzea. CP Confederation Paysanne sindikatuan zenbait urtez aritu da herri laborantza garatzeko bideen lantzen. Ezintasun batera heldurik, Hazkurri Demokrazia eta Hazkurri Gizarte Segurtasun egitasmoa zabaldu nahiz ari da orain, hitzaldiak emanez eta pentsaketarako euskarriak sortuz.\nAzieta edo plater bat erakutsiz abiatu du hitzaldia Dalmaisek. Ikus-entzuleekin etengabeko elkarrizketan galdegin du: «Noiztik jaten dugu azietan?». Baliagarri zaio esplikatzeko antzinatetik datorren objektu hori guziz politikoa dela. Frantzian Luis XIV.aren gorteak asmatu zuen azieta hitza. «Bereizkuntza sozial baterako logika bat balitz bezala», bota du Dalmaisek. Historiaurretik jatekoak bereizkuntza sozialak markatzen dituela dio. Ordutik, «denak berdinak» ez garela markatzeko molde bat bilakatu da janaria, «puxantak eta esplotatuak» badirela erakusteko.\nGainekoizpenaren zapalkuntza\nAzpiratzeko molde gisa berdin irauten du hazkurriak. Dalmaisek esplikatu du CP sindikatuan zen garaian Stephane Le Foll Frantziako Laborantza ministro sozialistarekin bildu zirela, agroekologia solas ari baitzen han eta hemen. Goratik erori ziren, Dalmaisek dioenez, ulertu zutelarik deus ez zuela aldatuko, aitortu zielarik laborantza industriaren manuak heldu zirela goragotik eta bere lana zela hazkurri industrialarekin jende xehea bazkatzea.\n«Zientzialariek aurreikusi dute gaur egun sortzen diren haurrek 10 urteko bizi esperantza ttipiagoa dutela zaharrenek baino, janari kalitate txarragatik».MATHIEU DALMAIS Agronomoa\nDalmaisek kontatzen du agronomia ikasketetan erakutsi ziotela laborantza «produktibitatea emendatu» behar zela. Horretarako, ongailu industrialak, pestizidak, makinak, robotak eta ordenagailuak, Genetikoki Eraldatu Organismoak erabiliz. «Sei milioi laboraritarik 400.000 perat pasatuak ginen jada [Fantziako Estatuan]; gehiegi zitzaien, eta 150.000 agri-managerretarat pasatu beharko zen, laborariak robotekin ordezkatuz».\nIhes egin zuen manu horietarik, herritarren hazkurri beregaintasunaren alde lan egiteko. Sistema horrek munduan «milioi bat jende gosepean atxikitzen» baititu, natura funditzen baitu eta bizi itxaropena ttipitzen, Dalmaisen erranetan. «Zientzialariek aurreikusi dute gaur egun sortzen diren haurrek hamar urteko bizi esperantza ttipiagoa dutela zaharrenek baino, janari kalitate txarragatik».\nDalmaisekek esplikatu duenez, laborantza industria sareak diru egitea du helburu -ez jendea janari sanoz elikatzea-, eta laborantza horretara bideratu du. «Hazkurri industriak, supermerkatuekin, lehengai kimikoen hornitzaileekin, banketxeekin, legeak ezartzen dituen estatuarekin; masa ekoizpen merke bat plantan eman dute munduko merkatuen irabazteko». Horren parean, dio herri laborantzaren sarea saiatu dela eta saiatzen dela beste janari mota baten zabaltzen.\nLaborari biologikoak, zirkuitu laburrak eta laborari-erosle sareak antolatu dira, baina muga batera helduak dira azken urte hauetan, Dalmaisek erran duenez. Anitzek ez dute bizitzeko doirik ateratzen gehiago, eta uzten dute. «Aberatsendako ekoizten» dutela ohartu dira anitz, jende xeheak bazka industriala erosten segitzen duelarik. Industria herri laborantzaren eremura sartu dela salatu du Dalmaisek. «Eraiki genuen guzia jaten ari dira emeki-emeki, biologikoan kargu kaiera aldatuz -etxalde industrialak biologikora pasatzeko-. Eta, 2014an, supermerkatu banatzaile handiak sartu ziren biologikoaren merkatuan». Prezioak errekarazi dituzte «praktika biziki bortitzekin», laborariak tinkatuz, langileak tinkatuz.\nMathieu Dalmais agronomoaren hitzaldirako bildu ikus-entzuleak, Hazparneko Armand David lizeoan, asteartean. I.E.\nHazkurri Gizarte Segurtasuna\nDalmaisentzat helburua ez da herri laborantzako prezioak beheititzea, baizik eta elkartasun sistema bati esker janari sanoa denen esku jartzea. «Hazkurri karioen alde borroka gaitezen. Ingurumena eta ekoizleak errespetatzen dituen hazkurri bat. Haatik, denen esku izan dadin, aberastasun desorekak uzkaili beharko dira eta balio erantsia elkarbanatu». Hortik dator Hazkurri Gizarte Segurtasun sistemaren ideia. «Elikadura demokrazia bat», non herritarrek -bakoitzak eta kolektiboki-, nahi duten janari sano eta ona hatatu luketen, eta ez industriak bere neurrira egin araberako laborantza politikekin inposaturik. Hautua izatekotan, «nehork ez bailuke», Dalmaisek erranik, «pestizidaz ase hazkurririk hautatuko».\n«Nehork ez du bere burua besteen bizkar aritzen ikusten Osasun Asurantzako karta baliatzen duenean medikua edo farmazia pagatzeko».MATHIEU DALMAIS Agronomoa\nDalmaisek eta haren ikerketen bidaideek jatea eskubide bezala berriz ezartzea aldarrikatzen dute. Eskubide unibertsala. Baina ez estatuaren meneko den elkartasun sistema batekin, herritarrek beren artean antolaturik baizik. Autokudeantzan. Berdintasunean oinarritu sistema bat, erran duenez, eta «sustut ez bakarrik pobreentzat».\nHazkurri laguntzen bila joatea ahalke bat da pertsona batentzat, eta horrekin gelditu behar dela dio. Eta Osasun Asurantzarekin funtzionatzen duela. «Nehork ez du bere burua besteen bizkar aritzen ikusten Osasun Asurantzako karta baliatzen duenean medikua edo farmazia pagatzeko». Proposamena da, beraz: pertsona bakoitzari 150 euro ezartzea Asurantza kartan, hilabetero, hazkurri erosteko. Hitzarmen peko hazkurri sanoak, prezio duinean. Desberdintasunik gabe, herritar oro hein berean ezartzeko sistema zaie sustatzaileei. Halako sistema tokian-tokian antola daitekeela dio Dalmaisek. Leku frankotan hasiak dira jada.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000008", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Hartzaro jaialdia gaur hasiko da, Uztaritzen\nUztaritzeko Hartzaro jaialdia gaur hasiko da, eta bi astez iraunen du, otsailaren 13ra bitarte, astearte gizenez bururatzeko. Inauterien karietara muntatu ohizko kaskarotak, tutak, toberak, zanpantzarren auzia eta dantzak iragarri ditu Herri Soinu elkarte antolatzaileak, baita kontzertu eta dantza emanaldi andana ere. Anje Duhalde, Tapia eta Leturia, Xutik edo Xiberotarrak taldeak gomitatu ditu, besteak beste. Gaurko lehen gaualdia Xabier Itzaina ikerlariak abiatuko du, Tamburinaren gizartea hitzaldia emanez Latsa gelan, 18:00etan. Ondotik, Anje Duhaldek kontzertua emanen du, Kanboko harmoniako musikariek lagundurik, Arruntzako elizan.\nBi astez, Uztaritzeko plaza andana batean ibilki da Hartzaro: Heraitze eta Arruntza auzoetan, hiri erdigunekoetan bezala. Ostiral arrats honetan Latsatik eta gero Arruntzatik abiatuko da, Duhalde eta Kanboko harmoniaren kontzertuarekin. Kontzertua jada eman zuten Kanbo Arnagan. Bigarren aldia izanen dute Hartzarokoa. Jaialdiko antolaketa taldeko eta Herri Soinuko Pierre Hairak esplikatu du aitzin lan bat izan dela: «Partitura guziak prestatu behar dira, jakinez harmonian 30-35 musikari badirela». Hartzaroko emanaldia elkarrekin apailatu dute.\nBiharamunean, leku berean kantatuko dute Arraditz eta Xiberotarrak taldeek. Bigarrenak, Ipar Euskal Herria kurriturik, fama zabala du. Arraditz emazte hirukote polfonikoa da euskal herritar eta okzitandarrez osatua. «Kantarietarik bat Uztaritze Arruntzakoa da», zehaztu du Hairak. Herri Soinuren ildoko taldea dela gehitu du, diruz laguntzen dituzten erakundeentzat ere saila horretan sailkatuak baitira: «Gu lagunduak gara euskal musika, dantza eta antzerkia lantzen ditugulako». Arraditzek euskarazko eta okzitanierazko kantuak ematen ditu. Hain zuzen, sail horretako musika talde anitzen galdeak badituzte, Hairak dioenez, eta hautu bat egin behar dute: «Euskal kultura sustatzen duten taldeak badira, hartzen ditugu, eta laguntzen ere bai behar denean».\nHairak berak proposatu zuen Tapia eta Leturia ekarraraztea aurtengo Hartzarora. Inportantea iruditu zaio bi musikari famatuen taldea «gazte belaunaldiari ezagutaraztea».\nUztaritzek berak harreman berezia du soinu txiki edo trikitiarekin, ezen Musikas musika eskolan lauregoei ikaslez goitik lantzen dute tresna hori. Ipar Euskal Herriko heinean alimalekoa dela azpimarratu du Hairak: «Iparraldean, zer dira, 200-250 ikasle?». Horrek agerian ematen du Uztaritzen den tirria piztu duen.\nInauteriak\nKaskarotekin joan den astean hasiak ziren jadaneko uztariztarrak, usaian bezala, Baionako karriketan ibili baitziren larunbatean. Igandean, Jondoni Mikel eta Etxehasia auzoetan izanen dira, eta, ondokoan, Hiribeheren, Zokorrondon eta Purgun.\nBien artean aste gizena iraganen dute musika eta dantza emanaldiekin. Igande honetan, lehenik, duela ehun urte oraino egiten zen ohitura bat berpiztuko dute Heraitzeko plazan: Ganixak. Kaskaroten dantza berak ematen zituzten beste jantzi batekin eta makila luze bakarrarekin. Horren lekukotasuna film mutu batetik ukan dutela aitortu du Hairak. «1920. urteetako film hori etxean zuen familiak, hastapenean ez zuen baitezpada eman nahi, baina azkenean onartu digute». Hiru oren laurdeneko film bat da, zeinetan bizpahiru minutu baitira delako Ganix horiekin -filmean, frantsesez idatzirik ageri da: Les Ganichs d'Herauritz -. «Xamar eta galtza beltzez beztituak ziren», eta makila luze batekin ari ziren dantzan. Dantzen artean maska dantza ematen agertzen dira filmean, baita fandangoa ere bai.\nHartzaron berriz agertuko dituzte , baina Jose Cazaubon dantzariak asmatu dantzak emateko, Hairak musikaturik. «Menturaz, Uztaritzeko inauterietan oraino landua ez genuen alde bakarra zen, eta berpiztu nahi izan dugu».\n«Uztaritze handitzen da -8.000 biztanlez goiti ditu orain-, eta biztanle berrientzat herritartzeko molde bat da Hartzaro, herriko ohitura eta errituen bidez integratzeko».\nPIERRE HAIRA Herri Soinuko arduraduna\nAsteazken arratsean, Mixel Etxekopar, Dominika Rekalt, Pierre Vissler eta Jean Christian Galtxetabururen Gaztelondon zer berri? emanaldia izanen da. Biharamuneko ostegun gizena usaiako Tutak egiteko eguna dute Hiribehereko pilota plazan Ur Begiren danborrada, toberak, Burrunka, Afrika Dambo, zirtzilen jokoa eta Izartxorekin. Ostiralean, Ixtaklok, Tapia eta Leturia eta Xutik taldeek Purgun joko dute. Larunbatean, goizetik dantza saioak izanen dira. Arratsaldean Kiroletan gertatuko dira ikuskizunak, eta arratsean, Nat & Watson, Garikoitz Mendizabal eta Gorka Hermosaren kontzertuekin.\nHartzaro astearte gizenez bururatuko da, hilaren 13an, 40. Uztaritzeko ihauteri ekin . Zanpantzarren auzia eta erretzea eginen dituzte, Kiki Bordatxoren dantzaldiarekin segitu eta gaualdia Batzokian bukatuko.\nJende saldoa\nHairak azpimarratu du Hartzarok beti arrakasta handia izaten duela. Herritar anitz hunkitzen ditu; besteak beste, elkarte sare zabala duelako. Herri Soinuk Uztaritze eta inguruko hamabi elkarte biltzen ditu. Horietan, badira kide zenbatekoetan gotorrak direnak. «Eman dezagun: Arruntzako ASCA kirol eta kultur jardueretarako elkartean 650 kide dituzte».\nBi langile enplegaturekin, Hartzarok kanpotik jin herritarrak ere bildu nahi ditu jaialdira. «Uztaritze handitzen da -8.000 biztanlez goiti ditu orain-, eta biztanle berrientzat herritartzeko molde bat da Hartzaro, herriko ohitura eta errituen bidez integratzeko», Hairaren arabera. «Astearte gizenez, aro ederra delarik, bizpahiru mila jende bada Uztaritzeko karriketan». Inauteriek irudikatzen duten urteko momentu hori jendeak bere baitan daramala uste du Herri Soinuko arduradunak: «Inauterietako sinboloa da: natura berpizten da, egunak luzatzen hasten dira eta ilunari irabazten, eta jendearen inkontzientean nik uste inportantea den».\n12\nHerri Soinuk bildu elkarteak: ASca, Burrunka, Deneri irekia-Irrintzina, Errobiko kaskarotak, Iparraldeko Gaiteroak, Latsa, Ur Begi, Uztaritzeko Soinulariak, Txistuk'Has, EHTE Iparraldean, Mixel Labegueriren lagunak eta Oldarra.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000009", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Egunero apairu bero bat eskaintzea da gure oinarrizko misioa»\nNeguko sasoiaren bilana egiteko tenorea heldu zaio Gaueko Mahaia elkarteari. Loubressacek dioenez, azaroa eta martxoa artean 13.000 afari zerbitzatu dituzte Baionan, aurreko aldian baino mila gehiago.\nBaionako zubi gorriaren ondoko prefabrikatuetan, ehun bat apairu zerbitzatu ditu egun oroz, batez bestean, Gaueko Mahaia elkarteak. Neguko sasoia bukatu berri dute, eta egun oroz eman dute janari beroa, azaroa eta martxoa artean, besta egunak eta asteburuak barne. Azken urteetan, neguan bakarrik ez, urte osoan ere lan bera egiten du Cathy Loubressac (Saint-Jean-d'Angely, Okzitania, 1957) buru duen elkarteak. Apirilaren 8an hasiko dira berriz, astegunetan eguerdiko bazkariak eskaintzen. Eskaera handiagoa baita, laguntza handiagoa beharko lukete Gaueko Mahaian.\nEman dituzue neguko sasoiko azken apairuak.\nIragan igandean eman genituen neguko sasoiko azken apairuak. Sasoia azaroaren 7tik martxoaren 31ra artekoa izan da. 13.000 apairuz goiti zerbitzatu ditugu sasoian; iragan urtean 12.000 apairutan ginen. Arrakasta arrunt tristea da; beraz, prekaritate kasu geroz eta gehiago badelako.\nZuengana heltzea sinplea da? Uste duzu beharra dutenak oro zuengana heldu direla?\nBadira pertsona batzuk bazterkeria handian direnak, eta soilik gauez ibiltzen diren Gurutze Gorriak eta Elkartasunezko BAB elkartekoek ikusten dituzte. Bestela, ikusgaitasun handia dugu eta informazioa pasatzen da: beste egituretan gure berri ematen zaie prekaritatean direnei, ezagunak gara.\n«13.000 apairuz goiti zerbitzatu ditugu aurten neguko sasoian; iragan urtean 12.000 apairutan ginen»\nHeldu direnek berek ere zailtasun berean diren jendeei jakinarazten diete Gaueko Mahaia baldintzarik gabe ari dela, ez dela dosier bete beharrik... Gure berezitasuna hori baita, beste dispositiboetan dosier bat bete behar baita.\nApairu gehiago beharrezko badira, erran nahi ote du publikoa desberdina dela?\nElkarte hau 1993an sortu zelarik, etxerik gabekoentzat ari zen. Gaur egun, badugu populazio anitz: badira erretretan direnak baina sari arrunt apal batekin, badira bakarrik diren emazteak usu etxerik gabeak, langile pobreak batzuetan etxerik gabeak eta autoetan bizi direnak... Langile izanik ere, anitz prekaritate handian bizi dira. Baditugu migrazioak ekarri eta Baionan gelditu direnak ere, eskubiderik gabeak eta, beraz, laguntza klasikorik ukan ezin dutenak: espainiarrak, aljeriarrak...; populazio zinez plurala da.\nEta aski janari ukaiten duzue?\nHazkurri Bankua da gure hornitzaile nagusia, eta gerta daiteke baratzezainen saldu gabeko barazkiak ukaitea ere, partikularren ekarpenak... Ofizio Ganberarekin ere partaidetza bat dugu, eta okin aprendizek egin ogia ematen digute. Beste partaide bat Dima enpresa da: hamabost egun oroz arrain freskoa proposatzen digu, eta dohainik ematen digu! Gero, beti badira gauza batzuk erosi behar direnak, eta azaroan antolatzen dugun lasterketa batek ekartzen digu aitzinkontuaren laurdena. Gelditzen dena ekarpen partikularrekin osatzen dugu.\nBehar gehiago denez, boluntario gehiago behar duzue?\n196 kide baditugu, eta horietatik 120 bat boluntario aktiboak dira. Sostengua ere badugu, Baionako peñak neguko sasoi osoan heldu baitira, noizean behin, janaria prestatzera. Elkarte desberdinak ere heldu dira; besteak beste, Atherbea elkarteak ostiral osoz apairuak prestatzen ditu. Egun oroz hogei bat pertsona behar ditugu. Neguko sasoia bururatu berri da, baina orain udakoa hasiko dugu, apirilaren 8tik aitzina. Begi bistakoa da apirilean gosea ez dela bukatzen, eta badira zenbait urte urte osoan ari garela. Astelehenetik ostiralera eguerdiz apairuak emanen ditugu, eta hor, aldiz, langileak ezin dira libratu eta gerta daiteke egun oroz ez aski jende ukaitea. Boluntario gehiago ongi jinak lirateke; gainera, ez dugu engaiamendu berezirik galdetzen egunen aldetik, eta bakoitzak ahal duena egiten du laguntzeko.\nJanariaz gain beste zerbait atzematen da zuen elkartean?\nEgunero apairu bero bat eskaintzea da gure oinarrizko misioa, bistan da. Arratsean, ehun pertsonarentzat apairu bat zerbitzatzen dugularik, bakoitzak badu bere misioa, eta denak okupatuak izaten gara; denbora guti izaten dugu lotura sozialak mantentzeko. Aldiz, neguko sasoian zehar, aktibitate bereziak proposatzen ditugu egunean zehar, haiekin egoteko denbora ukan dezagun. Zinema proiekzioak, lotoak, karaokeak, ibilaldiak, aktibitate artistikoak...; horiekin lotura atxikitzen dugu haiekin. Gehienetan, aktibitate horietara heldu dira aspalditik ezagutzen ditugun pertsonak.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000010", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Ekitaldi handietan, arte adierazpideak ideien zerbitzuko\nBaionako LoverDose festibal feministak ireki zuen aurten jaialdien sasoia, maitasuna aipagai, eta arrakasta handia kausitu. Maiatzaren 19tik 21era, PAF talde feministak «esfera intimoan eta pribatuan zokoratu ohi» duten gai horri «kolektiboki begiratzea» proposatu nahi zuen, bide desberdinetatik: hitzaldi, mahai inguru, tailer edo ikuskizunen bidez, besteak beste. Beste begirada bati leku emanez, Jenofa Berhokoirigoin antolatzaileak Ipar Euskal Herriko Hitza -n erran zuenez: «Patriarkatuak beharrezkoa du bikotea zentroan ematea, eta hori galdekatu eta deseraiki nahi dugu. Zergatik bikote hetero-arautua zentroan eman behar du, eta zerendako lagun harremana familiako harremana bigarren mailan doaz?».\nGaiak tratatzeko, itzal handiko izenak izan ziren LoverDose festibaleko afixan, eta jende anitz entzuteko eta eztabaidatzeko. Ikuskizunetan, aipagarria zen Altxalili kabaretea, hilabete batzuk lehenago Atharratzeko Prefosta elkartearekin Bekat'uros besta antolatu zuen artista taldearen sorkuntza: LGBTI mugimendutik, barnealdeko gazteek ekarri haize freskoa.\nIzpegiko bestak\nBaigorriko partean, berriz, Baztango gazteekin eskuz esku, beste muga bat hausteko besta antolatu zuten lehen aldiz. «Konfinamenduan muga hetsi zuten, eta elkarretaratzeak egin genituen Izpegi kaskoan; bi aldeetarik etorri zen jendea», erran zuen Oihana Bidart Basaizea elkarteko kideak, ideiaren jatorria aipatzean. Izpegiz bi aldeetan ohartu ziren prezioen gorakada eta «turismo masiboaren arriskua» bazutela. «Bietan sentitzen dugu herrian bizi nahi dugula, eta euskaraz», gehitu zuen Bidartek. Beste hainbat aldarrikapen egin zituzten: feminismoa, tokiko ekoizpenak erabiltzea, gauza kutsagarririk ez erostea....\nEHZ, Arberatzera\nUrte luzeetan eta bereziki azken belaunaldiekin gertatu bezala, Euskal Herria Zuzenean festibalak abiatze berri bat hartuko du, aurten iragarri dutenez. Irisarrin azkena eginik, bilan baikorra egin zuten antolatzaileek agiri batean: «Irisarrin bost urtez egin diren lau edizioek EHZren beste etapa bat marraztu dute. Berriz txikitik eta xumetik hasi ginen 2019koan. Tartean, pandemia ere izan zen, eta 2020koa bisio bilkura batean ezeztatu genuen. 2021ean musukorik gabeko oasia bilakatu zen EHZ, arnasgune bat euskararentzat eta euskal kulturarentzat. 2022an eta 2023an, Irisarrin erroturik, laguntzaile gazte-gazteekin eta programazio aberatsarekin iragan dira». Irisarrin baldintza onak ukanik ere, aurtengoa hasi aitzin erabakia zuten azkena izanen zela han.\nAmikuzen izanen da EHZ, Arberatzen. Han bilatuko dituzten desafio berriak azaldu zituzten Ihintza Etxart eta Imanol Etxebarne EHZko kideek BERRIAn: «Lurralde berri horretara bilduz, Amikuzera bilduz, erronka berri anitz baditugu: lurralde berri batean errotzea, hango eragileekin, kultur eragileekin, besta komiteekin eta gazteriarekin», eta oroitarazi zuten amikuztar gazte anitzek parte hartu zutela herri berria hautatzeko deliberoan.\nHitza Hitz, azkena\nMauleko musika urbanoen festibalak, Hitza Hitzek, bigarrena izan du aurtengoa. Antolatzaileen erronka nagusia lehen edizioak utzi defizitari buru egin eta aitzina segitzea zen, lehen urtean eurite gogorrak jasan baitzituzten. Gogoberriturik eta laguntzaile berriez lagundurik prestatu zuten bigarrena, gogo handiz; diru laguntza publikoak ere ukan zituzten aurtengoa prestatzeko. «Joan den urteko aldiak bost aldiren esperientzia eman digu», erran zuen Charlie Josue antolatzaileak. Baina gogoa, jende berria eta Ludwig Von 88 talde ezaguna ez dira aski izan egitasmoa iraunkortzeko, antolatzaileek amore eman dutela jakinarazi berri baitute. Ez dute berriz eginen.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000011", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Liztor asiarra, erleen galbidea\nLiztor asiarraren populazio azkarki emendatu da Ipar Euskal Herrian eta biodibertsitatean eragin kaltegarria du. Egoera horrek erlezainak kezkatzen ditu, eta zepoak ezartzeko kanpaina bat abiatu dute.\nBegirada altxatzean, usaiakoa bilakatu da ikusmiran liztor asiarraren habiak aldaxketan zintzilik ikustea. Azkarki emendatu da liztor asiarren populazioa Ipar Euskal Herrian azken urteetan. Duela guti arte, kostaldean zuten eraginik handiena, baina iaztik barnealdean ere desmasia handiak egiten dituzte. Erleek pairatzen dituzte kalterik handienak, hori baita liztor asiarren elikaduraren parterik handiena: %60.\nZientzialarien arabera, hirukoitzak dira eragiten dituzten desmasiak: ekonomikoak -erlezainentzat, batik bat-, ingurumenari lotutakoak -erleen populazioaren apaltzea-, eta osasun arlokoak, gizakiarentzat liztorren ziztadak biziki lanjerosak izaten ahal baitira. Iazko udazkenean, erlezain amatur eta profesionalek kolektibo bat sortu zuten liztor asiarren kontra egiteko; besteak beste, horiek harrapatzeko zepoak egiteko materiala banatzen diete herritarrei. Habiak ere xerkatzen dituzte, desegin ahal izateko: kentzen duten bakoitzeko, ondoko urtean 50 habia gutxiago izanen direla kalkulatzen dute.\nMikela Untsain azkaindar erlezain profesionalak esplikatu du liztorrek maila askotako kalteak eragiten dituztela erlauntzetan. «Uda partean, liztorra garatzen denean, bere janari nagusia erleak dira, bere umeak bazkatzeko. Uztailean eta abuztuan, beraz, bere habia hazteko erle anitz behar ditu elikatzeko, eta presio egiten du erlauntzetan. Liztor bat edo bi baldin badira, ez da funtsezko arazo bat, baina arazoa da liztor asiarrek ez dutela trabarik garatzeko, eta, mugarik gabe garatzen direnez, kofoin bakoitzaren aitzinean bost, hamar edo hogei izan daitezkeela. Presioa ezartzen die horrek erleei, eta, horren ondorioz, ez dira gehiago ateratzen ahal, preso dira barnean».\nBiziki kaltegarria da hori: batetik, estres handia eragiten die erleei; bestetik, ezin direnez atera, negurako erreserbak ezin dituzte egin, ez janari aldetik, ezta negua pasatzeko beharrezkoa zaien populazioa handitzeko ere.\n«Liztor asiarrek ez dute trabarik garatzeko, eta, mugarik gabe garatzen direnez, kofoin bakoitzaren aitzinean bost, hamar, hogei izan daitezke. Presioa ezartzen die horrek erleei, eta, horren ondorioz, preso dira barnean».\nMIKELA UNTSAIN Erlezain profesionala\nIzan ere, negua pasatzeko erlauntza batek bi gauza beharrezkoak ditu: janaria eta negurako erle kopurua handitzea. Liztorrengatik, ez dituzte baldintza horiek betetzen ahal, eta, gainera, beste fenomeno bat gehitzen zaio horri: erlauntzak ahultzen direnez, eritasun gehiago sartzen zaizkie. Barroa gehiago pairatzen dute, besteak beste. Beren odola xurgatzen duen parasito ttipi bat da barroa. Horiek horrela, «erleak gosez, populazio eskasez, eta eritasunez hiltzen dira liztor asiarrengatik», laburbildu du Untsainek.\nGarapen handia\nAsko garatzen ari da liztor asiarra Ipar Euskal Herrian. Joan den urtera arte kostaldean ageri ziren kalteak batik bat, baina, iaztik barnealdean ikaragarri emendatu da haien presentzia. «Mundializaziorengatik» sartu zen Ipar Euskal Herrian, Untsainen ustez. «Denda kate handi batek Asian ekoiztutako loreontzi batzuetan sartu ziren, eta Ipar Euskal Herrian klima on bat dute garatzeko, eta bazka nahi bezainbat».\nEliane Ranedo ofizioz marexala da, eta erlezain amaturra aisialdian, eta esplikatu du liztor asiarrek ez dutela harrapakaririk Ipar Euskal Herrian, eta, horregatik, naturalki erregulatu ordez esponentzialki garatu direla. «Duela hogei bat urte arribatu ziren, eta kalte handiak eragin dituzte, erlezainentzat, mahastizainentzat, baita fruitu arbolak dituztenentzat ere. Arazo handia da biodibertsitatearentzat».\nZehazki, Untsainek kalkulatu du erlauntzen erdia galtzen duela liztor asiarrengatik. «Arazo larri bat da, urte guztiz taldearen erdia edo gehiago galtzen baitugu. Erran nahi du dena berriz hasi behar dugula; zaila da bai ekonomikoki, bai moralki, baita fisikoki ere». Frantziako Gobernuak laguntza batzuk ezarriak ditu, baina ez dira liztor asiarraren kalteei lotuak. Dena den, argi du aterabidea ez dela «hortik jorratu behar», arazoaren aterabidea «ez baita laguntza baten bidez jinen».\n«Joan den urtean hamar kofoinetatik sei galdu nituen, eta aurten, hiru. Zepo anitz ezarri ditut; beraz, pixka bat hobeki atera naiz, baina anitz denbora hartzen du, eta erleak beti zaindu behar dira».\nMONIQUE ITSASA Erlezain amaturra\nOndorio gaitzak pairatu ditu Monique Itsasa Urruñako erlezain amaturrak ere. «Joan den urtean hamar kofoinetatik sei galdu nituen, eta aurten, hiru. Zepo anitz ezarri ditut aurten; beraz, pixka bat hobeki atera naiz, baina anitz denbora hartzen du, eta erleak beti zaindu behar dira».\nArazoa ikusirik, Ipar Euskal Herriko erlezainek kolektibo bat muntatzeko beharra ikusi zuten, eta kolektiboaren parte dira hirurak. Ranedok kolektiboa eskasia batetik abiatu zela erran du: «Frantziako Gobernuak ez du liztor asiarraren kontrako borroka plan berezirik. Ez da ikerketa zientifiko handirik jakiteko zinez nola egin behar zaion kontra. Erlezainok elkarren artean mintzatuz ikusten dugu zerk funtzionatzen duen, zerk ez, eta elkarlana errazteko bide bat da kolektibo hori». Erlezainek pairatzen dituzte ondoriorik kaltegarrienak, baina nahiko gutxi dira, oro har. Gainera, erlezainetan %70 dira amaturrak, eta %30 baizik ez dira profesionalak. «Laborantza arlo bakarra da hori horrela dena», Untsainen hitzetan.\nZepoen banaketa\nSortu duten kolektiboaren zereginetako bat liztor asiarrak harrapatzeko zepoak egiteko materiala banatzea da. Horretarako, herriko etxe batzuekin harremanetan sartu dira, eta, besteak beste, merkatuetan zepoen tapak urririk banatzen dizkiete herritarrei. Erraterako, martxoaren 9an hasi zen zepoak ezartzeko kanpaina, eta maiatzera arte iraunen du. Garai egokia da, liztor asiar erreginak orain ari baitira hibernaziotik ateratzen. «Liztor erreginek negua lur azpian pasatzen dute, eta horiek bakarrik bizirauten dute habietatik. Helburua da zepoetan horiek biltzea, datorren sasoiko habia kopurua apaltzeko», esplikatu du Ranedok. Inportantea da zepoak maiatzean kentzea, bestelako intsektuak harrapatzea saihesteko; izan ere, hortik aitzina liztor asiar erregina habia egileak ez dira gehiago ateratzen.\n«Liztor erreginek negua lur azpian pasatzen dute, eta horiek dira habietatik bizirauten duten bakarrak. Helburua da zepoetan horiek biltzea, datorren sasoiko habia kopurua apaltzeko». ELIANE RANEDO Marexala eta erlezain amaturra\nZepo ahal bezain eraginkorrak egiteko, liztor asiarraren funtzionamendua ikertzea beharrezkoa ikusten du Ranedok. «Horiei buruzko ikerketa zientifikoa falta da. Haien inbasioa garaitu nahi badugu, jakin behar dugu zehazki nola bizi diren, eta bizitzeko zer baldintza behar dituzten. Horien ahuleziak ezagutu behar ditugu». Egungo zepoen arazoa da ez direla guztiz «selektiboak»; hots, ez dituztela liztor asiarrak bakarrik biltzen, beste intsektu batzuk ere erakartzen dituztelako. «Ahal bezain selektiboak izan daitezen alkohola ezartzen diegu», zehaztu du Ranedok.\nLiztorrak harrapatzeko zepo bat.\nErraterako, Frantziako natur zientzien museoa ez da zepo horien aldekoa, ez baitira aski selektiboak. Ranedok argumentua ulertzen du, baina, justuki, horren aterabidea liztor asiarrei buruzko ikerketak egitea dela uste du, horiek bakarrik harrapatuko dituzten zepoak garatu ahal izateko. Zepoez gain, Untsainek ekintza gehiago egin daitezkeela pentsatzen du. Batetik, habiak desegitea posible da, eta geroz eta enpresa gehiago arduratzen dira horien suntsitzeaz; batez ere, etxebizitzetatik hurbil direnean. Baina bada beste manerarik ere: «Makina berezi bat bada liztorrak markatzeko. Horrek ahalbidetzen du segitzea, eta habien kartografia bat egitea, gero, desegiteko». Zepoak egitea «ez da aski», Untsainek dioenez. Ranedok ere hala uste du: «Suhiltzaile batzuk bezala ari gara lanean, sua piztu ondotik heldu gara».\n50\nDesegindako habia bakoitzeko habia gutxiago. Liztor habia bat deseginez gero, ondoko urtean 50 liztor habia gutxiago izango direla kalkulatzen dute erlezainek, erregina habia egileek garatzeko dituzten gaitasunen arabera.\nMonique Itsasak adierazi du merkatuetan herritarrek interes handia erakusten dutela zepoak ezartzeko. «Jende anitz trabatua da liztor horiekin, eta franko interesatuak dira zepoak ezartzeko». Zepoak banatzeaz gain, segipen fitxa bat ere banatzen dietela erran du, gero harrapatu dituzten liztor kopuruaren bilan bat egin ahal izateko. Prebentzioa beharrezkoa delakoan da Itsasa, eta, horretarako, eskoletan ere interbentzioak egiten ditu.\nZepoak egiteko plastikozko botilak berriz erabil daitezke, kolektiboak banatzen duen tapa berezi bat ezarriz, baina tapa berezia gabe egitea ere posible da. Gero, nahasketa egiteko alkohola ezarri behar da -ardoa edo garagardoa- eta granadina. Hamabost egun guziz aldatu behar da nahasketa, baina gomendatzen dute harrapatutako liztor bat edo beste uztea, usaina erakargarria baita. Kokapenari buruzko zehaztapenak eman ditu Ranedok: metro bat eta erdiko goratasunean ezarri behar direla, «erlauntzetatik edo fruitu arboletatik hurbil, baita aitzineko urtean egin dituzten habietatik hurbil ere».", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000012", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Lehena\nDuela urte batzuk, Maiatzaren Lehen batez lagun talde batekin Baionako karriketan manifan gindoazen. 3 urteko neskato bat eramaten nuen bizkarrean. Hura zuen bere lehen manifa, lehen protesta, lehen maiatzaren lehena.\nKasketa buruan, nire sorbalden gainean ixtaklok, neskatoa behatokitik talaian zegoen. Ikusten zuenak liluratzen zuen. Kamioi apainduak, jende lerroak, boz-goragailuek jaurtikitzen zituzten zirtakoak eta kantak, bandera koloretsuak, aldarrikapen oihuak, ke-eragileen kolorezko keak. Bat-batean, taldeko karrak eramanik, oihukatu zigun: «Denak langileak gara!».\nPesta zen baina ez edozein pesta. 3 urterekin, bere baitatik ulertu zuen egun horretan langileak omentzen genituela, inola ere ez lana. Ez zuen laburbide bihurri hori hartu abilak. Harrigarriena zen (baita gogo hisgarriena ere) bere langile egoeraz eta geroaz jabetu zela orduan. Zur eta lur utzi gintuen.\nLangileen nazioarteko egun asko, iraganean, odoltsuak izan dira. Chicagoko Haymarket Squareko sarraskia edo Fourmies hiriko tiroketa adibide. Gizon, emazte, haur gehiegik bizia galdu zuen. Borroka egunak ziren, ez ospakizunak.\nGaur egun merguez lurrinak bolboraren usaina ordezkatu du. Atzoko, gaurko eta biharko langileak karriketan ibil daitezke lasaikiago lankide, haurride eta lagun artean. Hitzorduak bere dimentsio oldarkorra galdu badu ere, ez dut gutiesten. Langile anitzentzat elkartzeko parada bakarra da urtean. Haur batzuentzat, berriz, sarbide erritu bat.\nNeskatxak 8 urte ditu orai. Baionako karriketan ikusiko dut hain segur ere, xutik manifestarion aldamenean oinez.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000013", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Erakutsi nahi nuen garai zail horretan euskal kulturak zer-nolako berpizkundea bizi izan zuen»\nFrankismo garaian Hegoaldean egiten ziren kantaldietan parte hartu duten kantarien lekukotasunak bildu ditu Inge Arinek dokumental batean. Garai hartako kantuetan Euskal Herriko historiaren parte bat bildua dela argi utzi nahi izan du.\nAhots Hariak dokumental laburra egin berri du Inge Arinek (Azkaine, 1991). Colette Larrabururen Francoren mende kantatzen genuenean liburuan oinarrituta egin du filma, bakarrik egin duen lehena. Gazteengana heltzea opa dio dokumentalari, Euskal Herriko memoria historikoaren transmisioa helburu. Eusko Ikaskuntzaren ikus-entzunezkoen saria lortu eta Lekeitioko (Bizkaia) Euskal Zine Bilera festibalean aurkeztu zuen lehen aldiko. Kanalduden ikusgai da orain, eta hauek dira ondoko proiekzioak: martxoaren 21ean Baionako Euskal Museoan eta martxoaren 28an Hendaiako Gaztelu aretoan.\nDokumentala egiteko ideia nola jin zitzaizun?\n2021ean Colettek [Larraburu] Francoren mende kantatzen genuenean liburua argitaratu zuen; aspaldi ezagutzen dut, eta enegana etorri zen erratera ongi litzatekeela bideo bat edo dokumental bat egitea horri buruz, gazteengana heltzeko errazagoa iruditzen baitzitzaion bideo baten bidez egitea, liburuaren bidez egitea baino. Gogoetak egin nituen...\nEta?\nAnimatu nintzen. Halere, erran behar da anitz pentsatu nuela, hasieratik gogoan nuen lan zama handia izanen zela, eta bakarrik egitea zaila ikusten nuen. Banekien, dena den, zerbait xumea izanen zela, material gutirekin egina. Argi nuen ez nuela liburuaren kopia bat egin nahi; ez zitzaidan interesatzen, nire askatasuna nahi nuen.\nNola hasi zenuen dokumentala egiteko prozesua?\nErran gabe doa, baina lehenik liburua irakurri nuen. Gero, gidoi bat prestatzen hasi nintzen, eta ezinbestean garaiko irudi eta bideoak sartu nahi nituenez, bilaketa lanak egin nituen.\nZer lan mota da artxiboak bilatzea?\nHarremanetan eman nintzen jende askorekin, eta Gastibeltzako Kati Poxeluk biziki lagundu ninduen, eman baininduen harremanetan Donostiako Euskal Filmategiarekin. Aukera izan nuen bideo anitz ikusteko, baina besterik da bideo horiek erabili ahal izatea, eskubideak pagatu behar baitira. Nik ez nuen dirurik, eta oztopo oso handiak izan ditut horregatik. Lortu dudan bideo bakarra izan da Euskal Filmategikoa; egile aleman batzuek egina da, eta, zehazki nortzuk diren ez dakitenez, bada baliatzeko aukera. Legez, gutun bat egin behar izan nuen errateko noizbait bideo horien egileek zerbait erranen balute ardura guzia enea litzatekeela.\n«Aukera izan nuen bideo anitz ikusteko, baina besterik da bideo horiek erabili ahal izatea, eskubideak pagatu behar baitira. Nik ez nuen dirurik, eta oztopo oso handiak izan ditut horregatik»\nNola egin duzu artxibo irudi horien hautaketa?\nBanekien gertakari zehatz batzuk sartu nahi nituela: Burgosko auzia, Carrero Blancoren hilketa... Bilaketak egin ahala bideo batzuk egokiak iruditu zaizkit eta erabiltzen ahal nituenetan, horiek sartzea erabaki dut.\nArgazkiak ere badira; batik bat, Daniel Velezenak eta Bob Edmerenak.\nHaiek biak ezagutzen ditut eta anitz eskertzen ditut, borondatez prestatu dizkidatelako argazkiak; sekulako lana egin dute. Anitzetan argazkilarien izenak ez ditugu aipatu ere egiten, baina haien lana ikaragarria da.\nIrudien bidez gazteengana iristea errazagoa dela uste duzu?\nBadira gazteak irakurtzen dutenak, nik ez dut kontrakorik erranen. Uste dut, baina, bideoak errazkiago edo zuzenago iristen ahal direla. Hastapenean dokumentala modu artistikoago batean egin nahiko nuen, baina, azkenean, liburuko gidalerroari segitu diot lekukotasunei nagusitasuna emanez. Erabaki nuen zerbait aski laburra egitea, garai hartako giroaren ikuspegi orokor bat emateko, detaileetan sartu gabe.\nNola egin duzu kantarien lekukotasunak biltzeko?\nBanuen galdera zerrenda bat, denentzat berdintsuak. Uzten nituelarik mintzatzen, beren bizipenak kontatzen zituzten, frankismo garaian Hegoaldera joaten zirenean bizi izandakoak. Erakutsi nahi nuen garai zail horretan euskal kulturak zer-nolako berpizkundea bizi izan zuen. Hor bada kontraerran bat, sekulakoa; hori agerian ematea zen nire xedea.\nKontatutako zerbaitek bereziki markatu zaitu?\nZer baldintzatan joaten ziren Hego Euskal Herrira kantatzera: euskaraz mintzatzea eta kantatzen zituzten kantuak kantatzea debekatua zen, eta, halere, joaten ziren. Kontatzen dute, adibidez, batzuetan Guardia Zibila agertzen zela kantaldietara eta denak korrika eskapatzen zirela, baina ondokoan itzultzen ziren. Alde horretatik, Pantxoa eta Peio eta Etxamendi eta Larralde izan dira gehien kontatu dizkidatenak; Anje Duhalde eta Niko Etxart hor hasi ziren, eta horiek ere bizi izan dituzte, baina egia da aitzineko belaunaldikoek bazituztela gauza anitz kontatzeko.\n«Egun oraindik kantatzen ditugun kantuak dira, eta, beharbada, belaunaldi gazteak ez du ulertzen zergatik kantuen hitzetako istorioak hain bortitzak edo tristeak diren... Azkenean, kantuek gertatzen zena kontatzeko balio zuten. Beste funtzio bat zuen kantuak garai hartan»\nLekukotasunetan diote kantaldia estakuru bat zela mitin politiko bat egiteko.\nMintzaldiak eta ekitaldi politikoak debekatuak zirenez, kantaldiek betetzen zuten funtzio hori. Egia da garaiko kantuak begiratzen baditugu, denak politikoak direla, garaiko istorioak kontatzen dituztela, torturaren ingurukoak... Hori ere interesgarria zen enetzat: gaur egun oraindik kantatzen ditugun kantuak dira, eta, beharbada, belaunaldi gazteak ez du ulertzen zergatik kantuen hitzetako istorioak hain bortitzak edo tristeak diren... Azkenean, kantuek gertatzen zena kontatzeko balio zuten. Beste funtzio bat zuen kantuak garai hartan.\nGaur egun kantu horiek kantatzen segitzen du jendeak...\nBai. Helburua ere bazen kasu handiagoa egitea kantu horiei, eta esplikatzea orain kantatzen ditugun horiek zergatik eta nola sortu ziren. Memoria lan bat da: kantu horietan garaian gertatu zena hor gelditzen da, eta gure historiaren parte dira.\nBeste proiekturik ba ote duzu?\nBai; badut proiektu bat argazkigintzan, Euskal Herrian historia duten baina ahantziak izan diren lekuekin. Izan daiteke Zuberoako tailer zahar bat, edo izan daiteke Lemoiz [Bizkaia]. Nahi nituzke argazki horiek testu batekin jantzi, ene lagun batek idatzirik. Bestalde, migrazioaren inguruko beste proiektu bat badut. Eguzkigrafiaren teknika baliatuz, eskuz egindako argazki tresna batzuk ezarri ditut migratzaileak pasatzen diren lekuetan, eta argazki horietan eguzkiaren ibilbidea ageri da. Ez dakit zer eginen dudan zehazki, baina hor dut buru zoko batean.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000014", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Pantailarik gabe hamar egunez, osasunaren aldeko desafioan\nHaur eta nerabeek desafioa egin dezaten, guraso eta irakasle batzuek indarrak juntatzen dituzten ber, 10 egunez pantailak utzi desafioa nonahi antola daitekeela irakur daiteke antolatzaileen webgunean. Aurten, maiatzaren 23tik ekainaren 1era eginen da, eta mundu osoan segitzen du terrenoa irabazten, beharra handia den seinale. Desafio denboran, ikasleek puntuak zenbatuko dituzte pantailarik gabe iragan momentuetan, eta beren buruari finkatu helburua kausitzen entseatuko dira. Ipar Euskal Herrian aurten parte hartuko duten ikastetxeen artean, Alozeko ikastola, Aiherrako eskola, Behaskaneko eskola pribatua, Bidarteko eskola eta ikastola badira, besteak beste.\nGeroz eta gehiagok bat egiten dute 10 egunez pantailak utzi dinamikarekin. 2003an abiatu zen ekinaldia, Quebecetik, 2020an zendu zen Jacques Brodeur irakasle ohiak asmaturik. Haren hitzetan, desafioa «kontsumo arduratsuaren aldeko, eta osasun mentala zaintzeko eta gizarte mobilizazioan eragiteko ariketa bat da, bortizkeria fisikoa eta ahozkoa, publizitateen akuilatzea eta obesitatea ttipitzea ahalbidetzen dituena».\nParte hartzea oraino ere irekia bada ere, munduan, oraingoz, 347 egiturak -haurtzaindegi, eskola, kolegio, lizeo- izena eman dute desafioa egiteko, eta mundu osoko 44.450 haur eta nerabek eginen dute indar berezi bat hamar egun horietan. 2021ean, 125 egitura izan ziren, eta 16.000 haur. Ipar Euskal Herrian, Urruñatik hartu zen egitasmoaren lekukoa, 2017an. Ipar Euskal Herriko hamasei ikastetxek parte hartuko dute aurten, gehiagok izena ematen ez badute ondoko egunetan.\n%83\nZenbat haurrek iraun zuten astebetez pantailarik gabe. Dinamika zentralizatzen duten antolatzaileen arabera, 2022an mundu osoan parte hartu zuten haurretarik %83k zazpi egun iragan zituzten batere pantailarik baliatu gabe.\nHastapenetik Eneko Jorajuria irakasle berezitua abiarazleetan izan zen, Urruñako San Frantzisko Xabierkoa ikastetxean, eta ekinaldiak mundu osoan ukan duen garapena ez du uste Ipar Euskal Herrian ere gertatu denik: «Ipar Euskal Herrian ez dira beti eskola berak izaten, baina ez dut ikusten emendatze hori hemen; hastapenean anitz izan ziren, eta erritmo berean egon da», zehaztu du. Urtez urte ez dira beti eskola berak, antolaketa pisua izan daitekeelako beti egiteko.\nEzinezko bilana\nUrteetan dinamikak ekarri dituen ondorioez galdeturik, «eragina neurtzea biziki zaila» dela ihardetsi du Jorajuriak. Bereziki, 2017an desafioa antolatzen hasi direnetik, irakasleak argitu duenez, panorama arrunt aldatu delako: «Hasi ginelarik, nehork ez zuen oraino Netflix konturik, eta Tiktok aplikazioa ez zen oraino. Ez da egoera bera. Lehen baino pantaila gehiago kontsumitzen dugu, orokorki, gizartean. Gainera, izan da konfinamendua, eta horrekin erabilpen berriak eta erabilpen handiagoa etorri dira». Zazpi urteko epean, «garaiak zinez aldatu» direla ondorioztatu du.\nAldiz, aldaketa bat ikusi du gurasoen partetik: hastapenean guraso batzuek «ez zuten ikusten zer zen arazoa pantailekin»; gaur egun, aldiz, «badakite pantailek badituztela eraginak», Jorajuriaren ustez. Haurrak ere gai dira, haren erranetan, pantailen ondorioez mintzatzeko: sedentarismoak eta jarduera fisikorik ezak zer eragin duten osasunean eta elkarbizitzan, bereziki. Desafioan parte hartzen duten gurasoek diote «lagunduak» sentitzen direla etxeko pantailak beren «menpe atxikitzeko, mugak ezartzeko eta ohitura onuragarriagoak hartzeko». Orokorki, gizartean «handitzen den kezka» bat da pantailen ingurukoa, irakasleak gehitu duenez.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000015", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "'Black mirror'\nPalestinaren aldeko keinu oro debekatua eta kriminalizatua da: ezin da banderarik erakutsi, ezin da elkarretaratzerik edo manifestaziorik antolatu. Eztabaida publiko guzia blokatua da. Sare sozialen bidez genozidio bat ikusten ari gara zuzenean eta mendebaldeko agintarien adierazpenak surrealistak dira.\nInperialismoa, kolonizazioa eta herrien autodeterminazioa berriz aipatzen ditugu, noiz Euskal Herriarentzat? Hendaia, Irun eta Hondarribiko hautetsiek irribarre handi batekin «ireki» dute berriz Avenida-ko zubia txaloen artean, kontrola ezarria zuten polizien begiradapean.\nLanean ari ez direnean ere armak eraman nahi dituzte ertzainek, hori eskatu dute gehiengoa ordezkatzen duten sindikatuek...\nZinegin festibaleko emanaldi baten ondotik, publikoko batek kexua adierazi zuen zinema festibala euskaraz izatea «baztergarria» zelako.\nAzaroaren 30ean greba feminista orokorra eginen da Euskal Herrian, baina Ipar Euskal Herrian, «egungo errealitatea» dela eta, ezingo da grebara deitu...\nBeskoitzeko ikastolak 10 urte pasatu ditu prefabrikatuetan eta auzapezak horrela segitzea nahi luke. Karrikara aterako dira haur, buraso eta euskaltzaleak azaroaren 18an.\nEuskal Konfederazioak agerraldia egin du ondoko aste eta hilabeteetan euskararen geroa jokoan dela oroitarazteko eta joan den larunbatean euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia salatzeko manifestazioa egin da Bilbon.\nTelebista, ordenagailua eta mugikorra itzali dituzu eta etxetik atera zara.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000016", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Uste dugu zaharrek plomatuko dutela gure karrika»\nIragan astean Bankako herrian zaharrentzat sei apartamentu eta gazteentzat beste bat estreinatu zituzten. Horretara heltzeko, Aldudeko ibarrean gogoeta askotarikoak izan dira, Ozafrainek erran duenez.\nHerriko auzapeza izateaz gain, AIBA (Aldudeko Ibarra Beti Aitzina) elkartean ere ari da Michel Ozafrain (Banka, 1969). Bi egituren urteetako lanaren ondorio izan da joan den astean Bankako herrian zazpi apartamentu estreinatu izana; horietarik sei, adineko pertsonentzat, eta bat, gazteentzat. Laguntza publikoak ukan ditu herriak karrikako etxe bat erosi eta berritzeko. Lau okupatuak dira jadanik, eta besteetara laster sartuko dira pertsona gehiago.\nLan bat egin da ibar honetan etxe hutsen inguruan.\nAldudeko Ibarra Beti Aitzina ateak irekitzeko egunean, bi urtetarik, beti gogoeta bat egiten da lelo baten inguruan. Alde batetik, etxe hutsen gaia jin zen, 2014 edo 2016an; etxe hutsen jabeengana joateko ideia izan zen, ikusteko zer egiten ahal zen, alokatzeko-edo, lanak eginez edo herriak hartuz proiektu batendako. 2012ko gogoeta, berriz, izan zen 2030ean gure balea nola nahi genuen izan dadin; norbaitek galdegin zuen zer egiten dugun gure zaharrei buruz, eta gai hori jorratu genuen guk herriko kontseiluan. Zaharrendako apartamentu batzuk egitearen ideia jin zen, non ahal bezain luzaz entseatzen garen haien autonomia atxikitzea.\nZer da motibazio nagusia apartamentu horietan sartzeko?\nEdozein gisaz, etxeari hurbilago den giroan egonen dira, herrian eta herritarren inguruan. Mugitzearen problema arazo bat da, eta gure apartamentuetan beherean dira, edo igogailua badute. Badira etxe handietan direnak ere, biziki neke direnak berotzea eta. Bada, baina, hemen hazia eta Bordelera joan zena; absolutuki nahi zuen berriz jin, orain erretretan baita. Beste bat etxean bizi zen familiarekin, eta nahi zuen apartamentu bat. Bada kasu guztietarik; ez da aisa definitzea.\nAnimazioak pentsatuko dira haien inguruan. Herri dinamika baten barruan eginen dira?\nOrain nahi ditugu utzi laketzera; kanbiatze hori deabruaren aldaketa handia da haiendako. Ez dugu aitzinetik pentsatu deus ere haiek gabe; haiekin eginen dugu. Baina guk eginen ditugun proposamenak gazteekin izanen dira, eskolakoak edo haurtzaindegikoak. Estreinan hautetsi batek erran du jujatzen dela gizarte bat bere zaharren tratatzeko maneraren arabera. Egia da, eta pentsatzen dugu gure gizarteak baduela haien esperientziaren beharra. Uste dugu zahar horiek plomatuko dutela gure karrika.\nHaurtzaindegia handitzea aipatu duzu. Seinale ona da biztanle kopuruaren aldetik?\nHiru herrietan [Urepele, Aldude, Banka] ari gara apartamentu eraikitzea entseatzen. Gure herriko eskolan bada anitz haur momentuan, baita haurtzaindegian ere. Egin ditugu lotizamenduak eta etxebizitzak... Orain gazteek nahi dute ibarrean egon; lehen, ofizialeak eta laborariak salbu, joaten ziren denak. Momentu batez, demografia anitz ttipitu, eta gazte gutiago bazen; beraz, lanarendako jiten dira anitz langile ibarrera. Bada mugimendu bat, baina ez da sekula irabazia. Gazteak behar dira atxiki lehenik, eta jiten badira beste familia batzuk, hainbat hobe.\nKanpotik ezagunak dira hemengo Kintoa xerria eta amuarraina.\nBada, halere, anitz laborari hemen: oraino ehun etxalde badira. Geroz eta gehiago ibarreko estrategia da transformatzea eta mozkinak hemen berean saltzea. Badira Belaun, Oteiza, xingar xukatzeko kooperatiba, amuarrainaren inguruan anitz arraintegi, gasnategiak eta anitz etxe ekoizle... Bada anitz enplegu hor. Bankan bada elbarrien etxea, Ihintza, 60 bat enplegurekin. Badira beste zerbitzuak, badira ofizialeak... Bada enplegua, eta ardura beheiti joan behar da langile xerka. Pentsu baitut anitz hustu dela ibar hau ehun urtez. Emekiño-emekiño ari da berriz goiti, baina ez hainbeste ere. Zinezko borrokak eraman ditugu, gizarteko gai guztiak behar dira landu, jorratu eta defendatu, nahi bada gure ibarretan bizia izan dadin.\nTurismoak leku handia du zuen ibarrean?\nGaia inportantea da gure gogoetetan. Badugu turismoaren beharra: badugu salmenta anitz laborantza biziarazteko, baina badira dozena bat leku ere ibarrean, non trago bat edaten ahal den, jaten edo etzaten ahal den; herriko biziarendako biziki inportanteak dira, baina nekeziak lituzkete ez balitz kanpoko eroslerik. Bada gogoeta bat behar direla errezibitu jendeak, baina errespetatuz, trukatuz. Anitz aipatzen dugu turismo iraunkorra, eta definizio bat eman genuen mugaz gaindi dugun taldean: turismoa izan behar da lekuko jendeari kalterik ekartzen ez duen sail bat, ezta ingurumena kaltetuko duena ere.\nInstituzioen parte hartzea kanbiatu dea ibarrean?\nEtxe hutsen lana eraman genuelarik, kontatu genituen etxeak; alimaleko lana egin zen ikusteko nolakoa zen bakoitzaren geroa, non kokatua zen, arranjatzea egingarri zenetz... Horretatik landa joan ginen instituzio publiko denen ikustera, eta herri bakoitzeko lau etxerentzat egingarritasun ikerketa eginarazi genuen. Ikusi dugu esperientzia horrek interes anitz izan zuela kolektibitateendako -hala nola, Euskal Elkargoarendako-, barnealdeko herrietan nola behar den jokatu zaharrak edo hutsak ziren etxeak arranjatzeko. Elkargoak etxebizitzaren politikan azkarki emendatu du aitzinkontua: gure zazpi apartamentuen- tzat ezarri ditu 250.000 euro, eta ez da guti.\nEtxebizitza, adinekoak... Baduzue ibarrean beste gogoeta handirik ondoko urteentzat?\nBehar da ikusi nola izaten ahal den uros. Diruak lasterkarazten gaitu denak, bizia kario baita. Baina hor ere balio du gogoetatzea, ea zuhurkiago ez garen bizitzen ahal, eta berdin irusago; berdin jendeen arteko harremana eta elkar laguntza sustatuz.\nHori guztia kolektiboa da, baina zuri zuhauri ohorezko legioa eman dizute. Zer ekartzen du horrek?\nEz dakit zer ekartzen duen, ez naiz oraino ohartua!... Ohartuko naiz ondoko urteetan, menturaz.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000017", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Laborariak eta eskuin muturra\nBerriz ere erran behar dugu Iparralde honetan laborantza iraunkor, herrikoi eta elkartasunezko baten alde garen laborariok arrangura handiarekin begiratzen diogula eskuin muturraren gorakadari.\nLuzaz ez bada beti, laborari munduak eskuinaren alde bozkatu du. Bigarren Mundu Gerraren ondotik dena berriz eraiki behar zen. Inbertsio eta ekoizpen garaia zen! 1960ko urteetan Edgard Pisani Laborantza ministroak garapen plangintza handi bat zutik eman zuen. Etxaldea enpresa bat bezala kudeatu beharra zen. Zeingehiagoka zen legea.\nOndoko Laborantza ministro guziek ber bidetik segitu dute, FNSEA sindikatu nagusiaren benedizionearekin.\nAnartean, gobernu aldaketen arabera, Frantziako eskuineko eta Frantziako alderdi sozialistako ministroak ukan ditugu. Gaurko krisiaren erantzule dira denak. Eta jakina da eskuin muturra hazten dela politika neoliberal horiek eragin krisiez, beldurrez.\nUrrunekoa eta lekukoa, beti denen hobendun.\nLaborantza gaietan beti, han, urrun, Bruselan hartzen dira erabaki txarrak.\nBer denboran, langabezian dena, sozialki baztertua dena, kanpotarra, hemengo, hurbileko hobendun bezala hartua da.\nLandibarren ez da horietarik anitz ikusten baina halere hemen ere sendi da eskuin muturrari buruz lerratze hori.\nCoordination Ruraleko bonet horiak lerratze horren adierazleak dira. Le Pen familiaren adarra dira laborantzan! Eta zer egin?\nConfederation Paysannen eta ELBn giza balioak gure DNAn ditugu. Zenbat gazte kanpotar ez ditugu ikusten hemen gaindi laborantzan plantatzen eta berdin entseatzen, katzakan ari zerbait lortu nahian... Gustuko ofizioaz, hemen bizi duin bat eraikitzea xede dutela.\nHori da guk aipatzen dugun laborantza mota: jendea onartu, lagundu eta borrokak partekatu. Beti entzun dugun hitza bada hemen, baserri munduan. Jendetasuna. Jendetasuna lantzea da eskuin muturraren antidotoa.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000018", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Ametsetik errealitatera: Arberoa ikastolaren ibilbidea hamabost urtez\nArberoako ikastolak hamabost urte beteko ditu aurten. Hilabete eta urteetan, hainbat ekimen aitzinera ekarri dituzte, haien kausen, proiektuen eta ikastolaren alde.\nArberoko ikastolak herenegun ospatu zuen bere XV. urteurrena, Izaro, Xutik eta Patxaranga taldeekin batera, Mendeala gela girotzeko asmoarekin. Hortaz, egun berezia izanen da, 2008tik eramaten duten borroka gogoetara ekartzeko, Seaskaren «Seaska» barruan beste pedagogia modelo bat plantan ezarriz eta aitzinera ekarriz mugimendu bat sortu baitute Arberoako ibarrean.\nEgun, Arberoako ikastolak bereziki Donoztiri, Izturitze, Donamartiri eta Aiherrako 55 ikasle eta bost langile biltzen ditu. Duela hamabost urte, 2008ko sartzean, lau ikaslerekin eta irakasle bakarrarekin egin zuten estreinaldia. Hiru urte lehenago hasi zen ikastola horren proiektua aipatzen. Garai hartan, irakaskuntzan klase berriak irekitzea zaila zen; batez ere, elebidun sailetan. Ikastolen kasuan, ikastola «historikoan» egonkortzen segitzen bazuten ere, ez zen gehiago ikastola berririk sortzen.\n«Testuinguru horretan hasi ginen, bilkurak egiten burasoen artean, proiektu bat, edo hobeto erranda, amets bat aipatzen», adierazi du Ttitto Betbederrek, ikastolaren sortzailetarik batek. Buraso bakoitzak motibazio ezberdinak zituen, baina elkarren «osagarriak» zirenak; horien artean, eskualdetik hurbilago zen ikastola bat behar zuten, garaian Hazparneko ikastola baitzen hurbilena; ikastola ttipi bat ere nahiago zuten, haurrekin gertutasuna lortzeko, burasoei leku garrantzitsu bat uzteko ikastolaren barruan, baita pedagogia mota desberdinak entseatu edo lantzeko ere. «Motibazio horiekin guziekin joan ginen Seaskara. Hor zirenek lehen bilkura hori ez dute sekula ahantziko: hamabi pertsona ginen; haien artean, lau ama haurdun. Seaskako arduradunek sorpresaz hartu zuten hori!».\n«Ametsa zena betearazi dugu, eta jarraitzen du. Lortu da buraso berriei lekukoa pasatzen ere. Kontserbadorea badirudi ere, eotrkizunean espero dut horrela segitzea». TTITTO BETBEDER Ikastolako sortzaileetako bat\nProiektua azaldu zieten Seaskako arduradunei, eta «abentura baten hasiera» zela azaldu du Betbederrek: etxeen eta herriko etxeen itzulia egiten hasi ziren, beste eskolekin harremanetan hasi, ekimenak antolatu ikastola diruztatzeko, eta abar. Hainbat oztopo eta traba gurutzatu ondorik, 2008ko irailean egin zen ikastolaren lehen sartzea, Donamaritiko herriko gela publikoan; 2008ko azaroaren 29an egin zen ikastolaren estreinaldia. Orduz geroztik, ikastola garatuz joan da: 2010ean hogei ikasle, 2012an berrogei, 2016an 67. «Ametsa zena betearazi dugu, eta jarraitzen du. Lortu da buraso berriei lekukoa pasatzea ere. Kontserbadoretzat badirudi ere, etorkizunean espero dut horrela segitzea».\nGaur, ikastolako irakasleak Frantziako Hezkuntza Nazionalak pagatzen ditu; haatik, kantina denborako ikasleen laguntzaileak, klase denborak eta haurtzaindegia laguntzen dutenak, ikastolen gain direla adierazi du Kriztof Arotzarenak, ikastolako lehendakarikideak: «Hiru pertsona ditugu; horretako antolatzen ditugu ekimen desberdinak urte osoan».\nUrtero hogei bat ekitaldi proposatzen dituzte: izan Arberoako eguna, filmen proiekzio gaualdiak, urte bukaerako emanaldia, edo dantzaldi gaualdiak... Aurtengo lehen topaketa larunbat arrats honetan izanen dute, kontzertu gaualdi batekin: Patxaranga, Xutik eta Izaro. «Aurten nahi izan dugu oraino gehiago markatu, Iparraldean ikusten ez dugun artista bat proposatuz», aitortu du Ramuntxo Christyk, Arberoako ikastolako buraso eta lehendakarikideak.\nMontessoriren pedagogia ikastolaren oinarrian\nTalde pedagogikoak haur eta gurasoekin bat eramaten ditu proiektuak urte osoan. Norberaren interesen arabera, proposamenak gurasoen eskutik heldu dira, Arberoa Ikastolako irakasle Extefana Oihenarten arabera: «Urte bukaera bakoitz galdegiten diegu zer proiektu baluketen proposatzeko ikastolan lantzeko». Trukea zeregin nagusia da guraso eta talde pedagogikoaren artean. Ikastolako haurren kopurua aski apala denez, guraso bakoitzak bere hitza du tailerrak kudeatzeko. Irantzu Illunbe eta Charlene Collet guraso berriak dira ikastolan, eta biek diote ikastolan gurasoen iritzia eta laguntza biziki galdeginak direla. Izan erdaldun, izan euskaldun, nahitaez lekua atzematen da ikastolan.\nArberoako ikastolako haurrak, Donamartirin, urtarrilaren 12an. PATXI BELTZAIZ\nMaria Montessorriren (1870-1952) pedagogia oinarritik hartuz, Arberoako ikastolak bere maneran bereganatu du italiar medikuaren pedagogia. Haurraren erritmoa errespetatuz, guraso, langile eta haurrekin elkarren arteko trukea aurrera ekarriz, edota komunikazio ez-bortitza mahaian ezarriz.\nEnpatia, errespetua, «bestea» eta sentimendu adierazpena. Lau zutabe horiek ikastolaren ibilbide pedagogikoa gidatzen dute. Extefana Oihenarten iritziz, metodologia horrek jendea erakar dezake, eta, hortik, haurren sartzearen baimentzea Donamartiriko ikastetxean. Collet ikastolako guraso berriak ikastolaren fama horren berri jakin ondoren hartu zuen erabakia. Bizilagunarentzat eta bientzat pedagogia metodoa kalitate bat zen, ikastolaren hurbiltasunaz gain, Mehainen bizi baitira. Illunberentzat haurraren erritmoaren errespetua garrantzitsua da, proiektuka lan egiteak haurraren motibazioa ahalbidetzen duelako, Colleten iritziz.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000019", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Korrikaren heltzea prestatzeko sukalde lanetan\n30.000 jende goaitatzen dituzte martxoaren 24rako, Baionan. Korrikaren prestaketa mintzapraktika «erraldoi» bat da AEK-ko ikasleentzat, antolatzaileen arabera.\nEuskaldunen egutegian badira egun bereziak, eta horietarik bat da Korrikaren arribatzea. Gauzatzeko, aitzinetik prestatua behar du egunak, eta, preseski, lan horretan ari dira Ibai Capot Thornary eta Kattina Haran Razin AEK-ko langileak. Martxoaren 14an Irundik (Gipuzkoa) hasi, eta hamar egun berantago, 24an, Baionan bukatuko da Korrika, eta Harro herri izango du leloa. 30.000 lagun biltzea espero duten egun hori antolatzea lan handia dela esplikatu dute bi langileek. Bilkurak egitea, logistika prestatzea eta eragile guzien arteko koordinazioa segurtatzea: horiek dituzte egunotako zeregin nagusiak.\nLasterketaren azken egunaz gain, Korrika Kulturala ere koordinatzen ari dira, Ipar Euskal Herriko «ertz» guzietara joateko asmoz. «Korrikaren ibilbidearen iragarpen egunetik hasi da Korrika Kulturala, euskarazko ekitaldiak biltzen dituen egitaraua. Horren helburua bazterrak girotzea da, Korrika prestatzea, eta euskararen erabilpena egunerokoan gehiago bultzatzea, kulturaren bidez. Horretarako, ahal den neurrian, ekitaldiak urririk edo merke eskaintzen saiatzen gara, jendearentzat ahal bezain eskuragarri izan daitezen», erran du Haran Razinek.\n[articles:2120317]\nEgitarauan, Ipar Euskal Herriko gau eskolek Korrika Kulturalaren karietara espresuki antolatutakoaz gain, herrietako elkarteek eta eragileek antolatutako ekitaldiak sartzen dituzte. «Helburua ez da baitezpada gelak lepo betetzea; lortu nahi duguna da herritarrengana heltzea herrietan euskarazko eskaintza bat plantan ezarriz». Momentuz, «aski arrakastatsua» da Korrika Kulturala, Haran Razinek erran duenez. Korrika hasi arte izanen dira ekitaldiak; aurten Azterketak Euskaraz taldea omenduko dute, eta, besteak beste, hari buruz Lander Garrok egin duen dokumentala hedatuko dute.\nAntolaketa lanetan\nBi aldiz pasatuko da Korrika Ipar Euskal Herritik: martxoaren 14an eta 15ean lehenik, eta 24an bigarrenik, azken egunean. Lasterketari harrera egiteko programa berezia prestatzen ari da AEK, eta, horretarako, beharrezkoa da eragile anitzen elkarlana. «Kronograma batekin ari gara epeak finkatzeko», jakinarazi du Capot Thornaryk. «Hau da, egutegi batean epe jakin batzuetarako zereginak finkatzen ditugu, eta horren arabera lan egiten dugu. Logistika antolatzen dugu, baita komunikazioa ere, eta inplikatua den jende guziaren arteko koordinazioa».\n«Euskal Herri osoko jendea etorriko da Baionara euskararen aldeko ekimena eramatera. Ene ustez, euskararen inguruan hainbeste jende elkartzea hats bat da euskalgintzan ari direnentzat, eta Baiona bezalako hiri batean euskarari zor zaion lekua ematen zaio egun horretan».\nIBAI CAPOT THORNARY AEK-ko langilea\nBaionako Herriko Etxearekilako harremana ere segurtatzen dute Capot Thornaryk eta Haran Razinek, martxoaren 24rako behar bezalako azpiegitura ukaiteko: eszenatokiak, karpak... «Erran genezake bidea errazten digutela; erraterako, galdegin diegun material guzia prestatu digute. Afera da abiadura desberdinekin funtzionatzen dugula, eta, beraz, batzuetan beha egon behar dugula. Oro har, halere, harreman ona dugu haiekin», onartu du Capot Thornaryk.\nGainera, bi zerbitzu diferenterekin harremanetan dira: bata, lasterketaren zirkuitua eta horrek eragiten duena prestatzeko, eta bestea, bukaerako ekitaldia eta horretarik landa eginen duten besta prestatzeko. «Irailetik hona, bi zerbitzuekin sustut lan administratiboa egin dugu, baimenak galdeginez herriko etxeari, prefeturari... Plantan ezartzeko denbora hartzen du, baina orain martxan da». Nolanahi ere, bi antolatzaileek azpimarratu dute Ipar Euskal Herrian besta handiak antolatzeko «usaia» badela, eta horrek lagundu dituela instituzioekin eta enpresekin aritzeko.\nIkasleak eragile\nKorrikaren heltzeak AEK-ko ikasleei egun osoan euskaraz mintzatzeko parada ematen diela azpimarratu du Capot Thornaryk. «Antzerki talde batean ari zarelarik bezala, ontsa da urte bukaeran ikusgarria emateko parada izatea. Gauza bera da Korrikarekin; AEK-ko ikasleek praktikan ezartzen ahal dute ikasi dutena. Mintzapraktika erraldoi bat da». Betiere, mintzapraktika erraldoi horretan, ikasleek «eroso» egon behar dute, «hizkuntzarekin frustraziorik ez sortzeko». Korrikak beste helburu bat ere betetzen duela erran du Haran Razinek, ikasleak «kontsumitzaile» izan ordez «eragile» bihurtzen baitira.\nKorrikaren azken eguneko besta AEKrentzat diru iturri bat dela «ukaezina izanik ere», Capot Thornaryren ustez, «Iparraldeari euskararen inguruko dinamismo» bat emateko balio izanen du sustut. «Euskal Herri osoko jendea etorriko da Baionara euskararen aldeko ekimen handi horren eramatera. Ene ustez, euskararen inguruan hainbeste jende elkartzea hats bat da euskalgintzan ari direnentzat, eta Baiona bezalako hiri batean euskarari zor zaion lekua emanen zaio egun horretan».\nLau gune izanen ditu heltzeko bestak: merkatuko plazan, Patxa plazan, Xaho kaian eta San Andres plazan. 12:30ean herriko etxeko plazan eginen dute bukaerako ekitaldia, eta ondotik hasiko dira kontzertuak. Momentuko iragarri dituzten artistak Anje Duhalde, Ibil Bedi eta Nakar dira.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000020", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Hobe da Euskal Herrian egotea Frantziaren beste puntara joatea baino»\nIparralde taldearekin sasoi ona egin ondoan, Iruñeko Finisher-en sartu da Iribarne txirrindulari baxenabartarra, eta profesionaletara pasatzeko parada eskura ukanen du.\nDuela hiru urte, lagun batek prestatu zion bideko bizikletarekin hartu zion gustua Kaiet Iribarnek (Luzaide, 2005) bideko txirrindularitzari. Saliesko (Okzitania) taldearekin hasi zen lehian, gero Baionara joan zen Iparralde taldean sartu ahal izateko, eta sasoi honetan Iruñeko Finisher taldean sartu da, emaitza onen ondorioz. Talde horrekin emaitza onak kausituz geroz, profesionaletara pasatzeko parada eskura luke. Euskal Herrian jokatu diren nazioarteko lasterketa desberdinetan parte hartu du aurten, eta Kanadan podium batera ere igo zen mendiko sailean; Azpeitiko (Gipuzkoa) San Inazio lasterketa ere irabazi zuen iragan irailaren 23an. Ekonomia eta kudeaketa ikasten ari da Baionan.\nMaulen bada txirrindula talde bat, eta beste bat Baionan. Zu bien artekoa zara, Uharte-Garazikoa.\nEgia erran, ez da besterik; Saliesen hasi nintzen, lagun bat han ari baitzen. Gero, artekoetan, Baionara joan nintzen Iparralde taldean sartzeko. Geroztik han aritu naiz, eta orain Iruñean hasi naiz.\nMendiko bizikletatik bidekora heldu zara.\nMendiko bizikletarekin ez nuen batere lasterketarik egiten, plazerarentzat egiten nuen. Berdin zitzaidan mendian edo bidean aritu, eta egun batez hartu nuen lagun baten bideko bizikleta eta anitz maitatu nuen. Bat erosi eta gero hasi nintzen lasterketan. Mendiko lasterketarik aldiz ez dut ezagutu, egia erran.\nKlixea izan daiteke, baina dopinarekin lotzen da usu bizikleta mundua.\nHori da jendeek bizikletaz duten ideia bat, baina hori lehen zen, orain fini da. Denek lotzen dute bizikleta dopinari, baina ez dut soportatzen, ez da egia. Badira hiru urte bizikleta hasi nuela eta ez dut sekula entzun dopinaz mintzatzen; deus, zero! Kirol kontrolatuena da, gainera.\nKirol bakartia da?\nHori pentsatzen dute bizikletarik egiten ez duten jendeek, baina zinez talde lana da. Egin arte, jendea ez da ohartzen. Bi aldeak ditu; bai, kilometroak bakarrik egiten dira eta ez bazara ontsa zure bizikletan zu zara ontsa ez dena. Baina irabazteko, lasterketan, talde lana da inportantea. Gure taldean nehor ez da abian bakarrik.\nTalde bat profil desberdinez osatzen da orduan? Elkarren osagarri zarete?\nTalde batean batzuk entseatuko dira irabazten etapa zabalak, badira eskalatzaileak, eta usu liderrak dena egiten du. Lasterketa guztietan liderra biziki babestua da, beste guztiak haren inguruan dira. Ura edo jatekoa behar badu, autora beste norbait jautsiko da, adibidez.\nEta zein da zure profila?\nGuk pixka bat bai, baina momentuko ez gara biziki espezializatuak. Badira lider tipi batzuk, baina denek badute beren xantza.\nIparralde taldea zinez Ipar Euskal Herriko talde bat da ?\nEgia erran, ez biziki, zeren eta badira Ipar Euskal Herrikoak eta Hego Landetakoak ere: bost talde biltzen ditu talde handiago eta hobe bat egiteko, maila hobearekin; lasterketa ederragoak egiteko, gure eskualdean ez baitira lasterketa garrantzitsuak. Talde horretan eraman gaituzte Hego Euskal Herrira lasterketa ederren egitera, han biziki antolatua baita eta maila ona baita. Laguntzen du talde handiago bat izaten, klubak bilduz sosa biltzen baita, ene ustez, bide gastuak pagatzeko-eta ere. Frantziako Estatuan nahi bagenitu lasterketa ederrak egin, asteburu oroz behar litzateke Bretainiara joan, edo han gaindi, han baitira lasterketa ederrak.\nErran nahi du hemengo txirrindulari batentzat interesgarriago dela Euskal Herrira so egitera Frantzia aldera baino?\nBai, arrunt! Hurbilago eta maila biziki gora denez, hobe da Euskal Herrian egotea Frantziaren beste puntara joatea baino.\nZuk bi urte iragan dituzu bideko bizikletarekin eta badituzu lasterketak irabaziak.\nKirol munduan izan naiz beti, futbolean eta... Eta gero lasterketetan xantza ere sartzen da.\nIruñeako Finisher taldean hartu zaituzte. Amateurretan goi mailako taldea dela erran daiteke?\n18 urterekin artekoen urteak bukatu ditu, eta orain edo profesional pasatuko gara emaitza biziki onak baditugu, eta, bestela, hor egoten gara. Lau urte baditugu profesional pasatzeko; bestela, fini.\nProfesional bilakatzea duzu helburu?\nBai, eta gure taldean ontsa dena da ekipo profesional baten erreserba dela. Ona bazara, badakizu baduzula talde bat hortxe berean; urrun da, halere, jauzi handia da. Baina zerendako ez!\nErran duzu beste kiroletan ere ari izan zarela beti. Orain dena bizikleta izanen da?\nDuela hiru aste hasi garela berriz ere entrenatzen eta denetarik egiten dugu: igeriketa, muskulazioa, bizikleta, mendia... baina gero dena bizikleta izanen da, bai.\nIkasketak eta entrenamenduak segitzea kausitzen duzu?\nMomentuko, bai, baina lan pixka bat gehiago egin beharko nuke ikasketetan.\nErran nahi du ikasketei inportantzia ematen diezula?\nLehenik, ikasketak! Hori argi dut, eta beti hori errana izan zait familian: lehenik, ikasketak, eta gero, kirola.\nEuskarak zer presentzia du ibili zaren talde desberdinetan?\nIruñeko entrenatzailea enekin euskaraz ari da beti. Lasterketetan, Hego Euskal Herrian ari baikara, euskara denetan da, egia erran: lasterkarien artean, entrenatzaileen artean... Iparraldea taldean baziren euskaldun batzuk baina ez zen euskaldun giro oso bat.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000021", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Bekat'uros egunak Atharratzeko karrikara «genero disidentzia» eramanen du aurten\nJoan den urte hastapenean bi bide abiatu ziren Atharratzeko Prefosta ostatuan, paraleloki: Bekat'uros eguna, LGBTQIA+ kolektiboaren besta eguna, eta, haren barnean, Altxalili Show ikuskizuna, barnealdeko artista euskaldunen kabaret emanaldia. Altxalilik bide egin du geroztik, ezker-eskuin ibili baitira ikuskizuna ematen. Bekat'uros, berriz, apirilaren 20an izanen da, bigarrenez, bertsio handiago batean; Atharratzeko bidea moztuko dute, herriko etxearen laguntzarekin, eta harrotasuna eta «genero disidentzia» plazara aterako dituzte.\nPrefosta elkartean «emulazio» bat izan zen iragan urteko Bekat'uros egunetik landa, Jüje Thiryren arabera. Prefosta eta Altxaliliko kide da, nahiz azkenaldian Prefostan baino gehiago Altxalilin aritu den. Atharratzeko elkarteko kideak «izugarri motibatuak ziren iragan urtean ere, baina aurten izugarriko lana egin dute, Prefostakoak zinez antolaketaren motorrak izan dira», Thiryren ustez.\n«Atzematen dut gauzak ari direla aldatzen denetan, eta zerendako ez dira aldatzen ahal Zuberoan ere?». JÜJE THIRY Prefosta eta Altxalili taldeetako kidea\nLehen edizioa ere elkarlanean antolatu zuten Prefostak eta Altxalilik. Artista kolektiboak ere, geroztik, bide egin du. LoverDose festibala Baionan, EHZ, Elizondo... kabaretarekin hainbat emanaldi eman dituzte, eta ukan duten arrakastarekin harrituak izan dira, Thiryk dioenez: «Gaindituak izan gara; ontsa, baina gaindituak. Ez genuen batere espero halako ondorioa ukaitea». Aurtengo ere, sei emanaldi pentsatuak dituzte. Bekat'uros egunekoa ere desberdina izanen dela iragarri dute, ikusgarria «aldi oroz aldatzen» baitute.\nHarrotasuna karrikara\n2023ko Bekat'uros egunak jende anitz erakarri zuen. Horien artean, Thiryk oroitzen duenez, ez zen beti argi «batzuk kuriositatez jin zirenetz, beren burua galdezkatzen zutelako edo justu besta egiteko jin zirenetz». Aurten, aldiz, diferentzia handi bat ikusten du antolatzaileak, bereziki karrika itzulia eginen dutelako: «Nahi genuen harroki erran karrika gurea dela. Karrika genero disidentzien eskubidea ere bada, karrika espazio segurua izan behar da». Horregatik, espazioa «okupatuko» dute.\nEstres puntu bat sortzen duela ez du ezkutatzen Thiryk, zeren LGBTQIA+ kolektiboarentzat aldaketak ez dira hein berekoak bazter orotan: «Atzematen dut gauzak ari direla aldatzen denetan, eta zerendako ez dira aldatzen ahal Zuberoan ere?». Lexantzükoa da Thiry, eta Zuberoan ikusten duen «tradizionalismo eta kontserbadurismo handiaz» badu gogoeta eginik: «Baditu bere alde onak. Baina baditu bere pisuak ere, eskizofreniak, askatasunaren kontrako gauzak». Harentzat, «ez da gutxi» auzapezaren eta kontseilari batzuen sostenguarekin karrika itzulia egitea.\nSohütako ikastolak ere, Thiryk jakinarazi duenez, urte osoan generoaren inguruko lanketa eginen du, eta baikor izateko beste arrazoi bat da: «Bekat'urosek eragin ttipi bat ukan du, menturaz, hezkuntzan». Harro izateko arrazoia ikusten du horretan, helburua gaia «plazaratzea» baitzen hastapen batean. Oroitarazi du «jende anitzek Euskal Herritik ihes» egin duela «haien sexualitatea bizitzeko», eta jende anitz ez direla «oraino horretaz kontziente» ere. Agerian izatea zaio lehen urratsa, eta karrika hartzea «urrats bat haboro» da Altxaliliko kidearentzat.\nHorretarako usaiarik ez badu ere, Thiry harremanak sortzeko baliatzen diren sare sozialetan sartu eta ohartu zen bazirela bere inguruan profil anitz, argazkirik gabeak: «Non dira Zuberoako LGBTak? Esperientzia eginez ohartu naiz ene inguruan bazirela paketa. Existitzen dira, baina ez dira armariotik atera», argitu du. Urratsez urrats, aitzinatzeko manera ikusten du: «Lehen urratsa izan zen gaia plazaratzea. Aurtengo urratsa izanen da jendea jinaraztea publikoki gurekin, eta ez da guti».\nEgitarau aberatsa\nKarrika hetsia izanen da egunak beste dimentsio bat ukan dezan. Iragan urteko arrakastaz oharturik, kontzertuak merkatu estalian eginen dira, eta berriz ere Prefostaren egoitza, bere frontoi eta ostatu, bestaren erdigunean izanen dira. Iaz ez bezala, aurten aparkalekuak ezarriko dituzte, berriz ere Euskal Herri osotik jendea agertzea espero baitute.\nEguna aperitifarekin hasiko da, 11:30ean, eta bazkariak «Bertso Bingo» aire bat ukanen du Miren Artetxe eta Aner Euzkitze bertsolariekin. 16:30ean harrotasunaren karrika itzulia eginen dute, eta iluntzean izanen dira ikuskizun eta kontzertuak: Hor Hor, Mejillon Tigre, Altxalili Show , Ginger, DJ Linda DeMorrir eta DJ Virgin Mari.\nAntolaketa iragan urtekoa baino inportanteagoa izanik, Prefosta elkartea laguntzaile gehiago xerkatzen ari da lan txanda desberdinetan laguntzeko. Parte hartu nahi duenak bi bide ditu bere burua ezagutarazteko, @prefosta kontuko sare sozialen bidez ala posta helbidera idatziz: .", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000022", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Emazteak, etxaldeetako «zurkaitz»\nEuskal Hedabideen 'Emazte laborariak solasean' emankizunean, Iparraldeko lau emazte laborari bildu dira; etxaldeen heren baten buru izanik ere, emazte laborariak «ikusezinak» direla uste dute.\nHogeita hemezortzi emaztek erran diote ezetz, ez zutela Euskal Hedabideen Emazte laborariak solasean emankizunean parte hartuko. Hala kontatu du Pantxika Maitia Kanaldudeko aurkezleak, emankizuna prestatzen ibili denak. «Emazte laborariak argitan ezartzea zaila» izanik ere, lau izan dira parte hartzea onartu dutenak: Maite Thikoipe, Elorri Aizager, Josette Arraiet eta Jeanine Arhantzet. Ortzaizeko Asteburua ostatuan izan da saioa. Atzo arratsean hedatu zuten Euskal Hedabideek. Nahiz eta ikuspegi diferenteak izan, ados dira emazteak etxaldeetan «zurkaitz» direla errateko. Euskal Hirigune Elkargoaren Plazandere proiektuaren diru laguntza izan dute emankizuna grabatzeko.\nMaite Thikoipe: «Hatsarrean ez nekien dena egiten, baina emeki ikasi dut»\nMaite Thikoipe, beste hirurak bezala, Ortzaizeko Asteburua ostatuan, Euskal Hedabideek antolatutako saioan. PATXI BELTZAIZ\nMaite Thikoipe 2005ean plantatu zen, Ainharben, etxaldean ari zen haren anaia zendu ondoan. «Emeki trebatu nintzen, ezker-eskuin laguntza galdeginez. Hatsarrean ez nekien dena egiten, baina emeki ikasi dut», esplikatu du. Plantatu zenean, amaren laguntza izan zuen lan administratiboarekin, baina ama zenduta, zailtasun handiak izan zituen. Finean, Afog elkarteari esker, dosierrak muntatzeko laguntza ukan zuen: «Xendra bat ematen dizute lan horietan laguntzeko».\nMartxoaren 8a -emazteen eskubideen aldeko nazioarteko eguna- izan du gogoan Thikoipek, eta uste du balio duela oraino markatzeko «sistema patriarkala» dela, laborantza munduan ere. «Oraino ez da parekidetasunik gizonen eta emazteen artean; urrats anitz baditugu egiteko laborantza munduan».\nJeanine Arhantzet: «Laborarientzat ez da erraza osasun arazoen aipatzea, baina gauzak aldatzen ari dira»\nJeanine Arhantzet. PATXI BELTZAIZ\nJutsiko Jeanine Arhantzeten gurasoak ere laborariak ziren, eta hiru ahizpen erdikoa da hura; gehienak osasun arrazoi batzuengatik ezin zuen plantatu, eta, horren ondorioz, hura zen familiako etxaldean hasi, Jutsin. 250 ardi esnedun ditu, eta etxean gasnatzen du. Haragitako behiak ere baditu. Senarrarekin ari da etxaldean, baina 2011ra arte ezin izan zuten biek etxaldeburu ezarri, ordura arte ez baitzen GAEC Ustiapen Komuneko Laborantza Elkarte gisa ezartzen ahal. Baina posible denez geroztik, GAEC bilakatu dira. Plantatu denetik, Jutsin berean ez du uste etxalde kopurua beheiti ari denik. «Haatik, ez dakit denek segidarik ba ote duten. Oraingoz, emazteak, badira. Jutsin, 26 etxaldetarik hamarretan emazteak dira buru».\nMSA laborarien asurantza kutxako hautetsia ere bada Arhantzet. «Barnetik nola pasatzen zen ikusi nahi nuen», aitortu du. «Laborarientzat ez da erraza osasun arazoen aipatzea, baina gauzak aldatzen ari dira». Kontatu du MSAk batzorde berezi bat osatu duela laborarien ezinegonaren inguruan. «Ohartu gara gehienak gizonak direla arazoak dituztenak, baina emazteek -amak, arrebak edo alabak- akuilaturik heldu direla batzorde horretara».\nMSAk emazte laborariei buruz argitaratu berri duen txostena ere izan du hizpide. Frantzian egin duten inkesta da, eta 1.000 emazte galdekatu dituzte: laborariak, baita laborari alaba eta bikotekideak ere. Laborari direnek beren ofizioa «pasioz» egiten dutela dio txostenak, baina «biziki zaila» dela ere bai, eta «guti ezagutua». Gehienek ere uste dute gizonen eta emazteen arteko desberdintasun anitz badela laborantza munduan. Alta, Arhantzetek argi du emazteak etxaldeetan «beharrezkoak» direla; are gehiago, etxaldeen «zurkaitz» direla erran du.\nElorri Aizager: «Euskal Herrian beste errealitate bat dugu: bada sare bat, hazi eta hazten gaituena»\nElorri Aizager. PATXI BELTZAIZ\nElorri Aizager da lauretan gazteena, eta Ortzaizen plantatua da, familiako etxaldean. Aita laboraria zuen, eta luzaz ez du uste izan etxaldea hartuko zuenik, baina aitaren erretreta jin ahala gogoetak eginik, BPREA diploma pasatu, eta etxaldean plantatu zen. Amatu berri zen orduan, eta etxaldeburu bilakatu zen lau hilabeteko nini bat zuela. «Aitaren erretreta uste baino fiteago jin zen, paper anitz baziren, baina gauzak fite egin behar ziren; enetzat, ez zen hain berri ona hain fite egitea, baina ororen buru, egin nuen». Eta ez da damu. Ardiak eta ahuntzak baditu; urtean bost hilabetez mendira igotzen da kabalekin eta haurrekin; gero, etxean gasnatzen du.\nAizagerrek uste du laborantza munduan gizonen eta emazteen arteko desberdintasunak badirela, eta hori aldatzeko «erreferentziak aldatu behar» dira, haren arabera. MSAren txostena ikusita, ordea, uste du ez dela Ipar Euskal Herriko errealitatearen ordezkari: «Guk, halere, Euskal Herrian beste errealitate bat dugu: bada sare bat, hazi eta hazten gaituena. Jendea plantatzen da eta zailtasunetatik sorkuntzarako indarra heldu da; zentzu horretan, uste dut erreferentzia berriak ere heldu direla, eta sinetsi behar dugula gauzak aldatzen ahal direla».\nHain zuzen, egiteko manera berriak asmatzen entseatzen da. «Lana gauza inportantea da, baina denbora hartzea ere bai. Behar dira egiteko manerak aldatu, eta dependentzia txikiagoa izan behar dugu emazte laborariek etxaldearekiko».\nJosette Arraiet: «Sustut auzoko etxaldeetako emazteen laguntza ukan dut»\nJosette Arraiet. PATXI BELTZAIZ\nJosette Arraiet Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen, eta 27 urtetan etorri zen Ipar Euskal Herrira, Anhauzeko Ontzorone auzora. Senarrarekin plantatu zen, eta hastetik EARL Ardura Mugatuko Laborantza Elkarte gisa ezarri ziren, biak kogerente. «Horrek anitz lagundu ninduen, senarraren pareko nintzelako, eta horri esker izan dut segitzeko indarra», aitortu du.\n2018an senarra galdu zuen, eta ordutik etxaldean segitzen du langile batekin. Senarraren heriotzaren ondotik ez du «sekulan» dudatu segitu ala ez: «Ez da hauturik, inbestizamendu anitz eginak genituen, eta ez dut pentsatu segitu ala ez; segitu behar zen eta segitu dut». Arraietek auzoan izan dituen «sostengua eta elkarlana» eskertu ditu. «Sustut auzoko etxaldeetako emazteen laguntza ukan dut, senarra eri zenean, haurrekin lagundu naute anitz». Mendikoa kooperatibako administratzaile ere bada.\nDenbora joan ahala, beretako denbora hartzen entseatzen da Arraiet. Uste du «xantza» handia izan duela, senarra bizi zenean AEBetara urtean behin joaten ahal zelako haurrekin, eta senarra arduratzen baitzen etxaldeaz anartean. Orain, egin ahalak egiten ditu beretako denbora hartzeko, baina argi du «itzultzean lana beti hor» dela; «nehork ez du gure partez egiten».", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000023", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Lanean hiltzea ez dadin errepika\nDuela bi urte Mohamed Kichouhi garabi gidaria hil zen Baionan. LAB, CGT, FSU eta SUD sindikatuek eta Baionako Bergeret kaiko auzotarrek omenaldia egin zioten Baionan, larunbatean. Auzien esperoan dira oraindik.\nBurdin sareek babesten dute obra egiteko lekua, eta noizbait gorri izana den arrosa zimeldu bat ageri da hesietan korapilaturik, plastiko batek babesturik. Baionako Bergeret kaiko 22. zenbakian duela bi urte zendu zen Mohamed Kichouhi garabi gidaria omentzeko ezarri zuen norbaitek lore hori, eta geroztik ez da mugitu, beti hor da. Kichouhi gidatzen ari zen garabia erori zen 2022ko martxoaren 9an, arratsaldez, eta langilea berehala hil zen. Erortzean, garabiak Alsace-Lorraine etorbideko eraikin bat xehatu zuen, eta 22 lagun ebakuatu behar izan zituzten: ez zen nehor zauritu. Laneko heriotzak ez ahanzturan erortzeko, eta Kichouhiren memoria biziarazteko, omenaldi bat egin zioten ebiakoitzean CGT, LAB, FSU eta SUD sindikatuek, baita Baionako Bergeret kaiko auzotarren kolektiboak ere.\n11:00etan elkartu ziren auzotarrak eta sindikatuetako kideak obralekuaren aitzinean. Kichouhiren omenez, arrosa zuri eta gorriak ezarri zituzten obralekua babesteko hesian, eta gertatutakoa berriz ekarri zuten gogora. Hura oroitzeko plaka bat ezarri zuten loreen ondoan: «2022ko martxoaren 9an lanean hil zen Mohamed Kichouhi garabi gidariaren omenez», idatzia da. Garabi hautsi baten marrazkia ageri da, eta arrosa gorri bat ere bai. «Horrelako gertakari lazgarrien maiztasuna eta gutiestea salatzen ditugu, baita erantzuleen ezabaketa eta zigorgabetasuna ere», adierazi zuten.\nAfera 2020an hasi zen: Santizpiritu auzoko Bergeret kaiaren eta Alsace-Lorraine etorbidearen artean, eraikuntza proiektu berri bat abiatu zuen Baionako Herriko Etxeak. Hangar batzuk eta etxe bat errautsi zituzten, horren partez eraikin berri bat ezartzeko. Herriko etxeak erosi zuen lursaila, EPFL Lurraren Tokiko Erakunde Publikoaren bidez, eta bi alokatzaileren esku utzi zituzten etxebizitza proiektuak: COLen esku 30 etxebizitza, eta Domofrancen esku beste hamabost, adinekoentzako etxebizitza partekatuak egiteko. Garaian jadanik, protestak izan ziren auzoan proiektu horren kontra, uste baitzuten ez ziela auzokoen beharrei erantzuten, eta bota zuten etxea berritzea posible zela ikusten baitzuten, deus berririk eraiki gabe.\nHeriotza ahaztezina\nProtesten gainetik, obrek segitu zuten, eta 2022ko martxoaren 9an, obrak egiten ari zirela, garabi gidaria hil zen. Instalatu berri zuten garabia uzkaili zen, eta gidaria harrapatu zuen. Ondoko eraikin baten gainera erori zen garabia, eta azken estaiko etxebizitza osoki suntsitu. Egun hori gogoan du Danielle Mesple auzoko herritar eta SUD sindikatuko kideak: gidaria garabian sartu aitzin obralekuan lanean ikusi zuen.\nMesplek hunkiturik ekarri du gogora egun hartan bizi izandakoa. «Sukaldeko leihotik obralekua ikusten dut, eta garabi gidaria ikusi nuen garabiaren zangoen itzulia egiten, ikertzeko bezala. Justu momentu horretan, sukaldetik atera nintzen, eta lau minuturen buruan, sekulako harrabots bat entzun nuen. Ez nuen ikusi garabia erortzen, baina langilea lurrean, bai». Gerora jakin zuen Mohamed Kichouhi zuela izena, eta bitartekako langilea zela. Izan ere, obra egiten ari zen Lapix enpresak garabi gidari bat lortzeko beste enpresa bat azpikontratatu zuen. Goiz hartan, Kichouhi Miarritzeko aireportuan zen obrak egiten, eta azken orduan deitu zuten Baionara, Bergeret kaiko obralekura.\nHaren heriotzatik hamar bat egunera, auzotar batzuk Bergeret kaiko parkean elkartu ziren, eta eleketa hasi. Osoki xehatua izan zen etxebizitzaren jabea hor zen, eta traumatizaturik mintzatu zen. Beste auzotar batzuk ere haserre ziren gertatutakoarekin, tartean Mesple. Orduan, kolektibo bat muntatzeko ideia jin zitzaien. «Biziki hunkituak izan ginen, batzuk traumatizatuak kasik hil zirelako, eta bagenekien hil zen langileak familia bat utzi zuela gibelean», erran du Mesplek. «Gure helburua zen gauzak ez dilindan egotea: esplikazioak lortu nahi genituen. Gertatutakoari buruz, baina baita obren segidari buruz ere. Egoera horretara nola heldu ginen ulertu nahi genuen». 22 Bergeret Kaia kolektiboa osatu zuten orduan.\n«Biziki hunkituak izan ginen, batzuk traumatizatuak kasik hil zirelako, eta bagenekien hil zen langileak familia bat utzi zuela gibelean. Gure helburua zen gauzak ez dilindan egotea: esplikazioak lortu nahi genituen». DANIELLE MESPLE Baionako Bergeret kaiko auzotarra\nHandik urte batera, lehen omenaldia egin zioten Kichouhiri, eta aurten berriz ere egin nahi izan diote. «Familiarekiko elkartasunez egiten dugu omenaldia. Argi utzi nahi dugu heriotza bat ez dela ezabatzen ahal, eta Mohamed Kichouhiren memoria biziarazi nahi dugu. Obra guziak berriz hasten ahal dituzte; ez du kentzen guk ez dugula gertatutakoa ahazten».\nMesplek deitoratu du laneko istripuak gutiesteko joera badela gizartean, nahiz eta «askotan gertatu». Erraterako, iaz, bost langile hil ziren Ipar Euskal Herrian, LAB sindikatuaren arabera. «Istripu bat zela erraten du jendeak, eta hori erranez iduri du ezin dela horren kontra ezer egin. Jendeak erraten du beste zerbaitetara pasatu behar dela; ez naiz segur hildakoaren familiarentzat posible denik». Istripua «zergatik» gertatu zen ikertu behar dela iritzi dio, eta, erantzunik izan gabe, ez du uste obrak berriz hasi beharko zirenik.\nAlta, obrak berriz hasi zituzten iazko azaroan. Auzibideak oraino irekiak dira, eta auzotarrek gaitzetsi dute obrak berriz hasteko galdetu zituzten baldintzak ez direla errespetatuak izan. Besteak beste, obren inguruan oinezkoen segurtasuna bermatzeko pasabide bat ezartzea galdetu zuten, baina ez da egina izan. Beste garabi bat muntatu dute geroztik, otsailean.\nLaneko istripuak gogoan\nRobert Dannus eraikuntza arloko CGT sindikatuko ordezkariarentzat egindako omenaldiak «jendeen izpirituan lan istripuak onartezinak bilakatzeko» balio du. Iruditzen zaio gehienetan lan istripuak ez direla aipatuak ere. «Gehienez ere, labur bat eskaintzen zaie prentsan. Ez dute sekula langilearen izenik ematen, ezta enpresaren izenik ere. Gehienez ere, gertatu den herria. Jendeak uste du dena ongi doala, baina ez da hala. Eraikuntza sektoreko langile batek, goizean lanera doalarik, militar batek edo polizia batek baino ehun aldiz aukera gehiago ditu hiltzeko». Dannusen ustez, «kontzientzia» piztea inportantea da.\nBergeret kaiko lan istripuan, garabia instalazio arazo batzuengatik erori zen. Auzitara jo dute hildako langilearen familiak eta suntsitutako eraikineko biztanleek ere. Dannusek esplikatu du bi prozedura badirela: bata auzitegi penalean, eta bestea, zibilean. Istripuaren arduradunik ba ote den epaileak erabaki beharko du.\n5\nlanean hildakoak . Iaz bost langile hil ziren lanean Ipar Euskal Herrian, LAB sindikatuaren arabera. Oroitarazi dute «askoz gehiago» direla egunero zauritzen direnak.\nNolanahi ere, CGTko kideak deitoratu du obrak baldintza beretan berriz hasi izana, prozedurek ez baitute agintzen obrak behin-behinean gelditzea. «Enpresa berak segitzen ditu obrak, eta eraikuntza baimena ez dute batere zalantzan ezarri. Bitxia da. Autoarekin istripu bat baldin badut, berriz ibili aitzin, garajera eramanen dut. Nik ez dut enpresaren kontra egiten, baina erran nahi dudana da obrak berriz hasi aitzin beharko genukeela ulertu zergatik gertatu den gertatutakoa». Mesplek uste du eraikitzen ari diren etxebizitza horiek hasieratik «fite» egin nahi izan dituztela, eta hartu duten berantagatik, «are fiteago» egiteko «presioa» dutela.\nEnpresen joera\nEgoera orokorrari so egin dio Dannusek, eta «bi munduren arteko talkaz» mintzatu da: alde batetik, «bulegoetako erabakitzaileak», eta, beste aldetik, «langileak». Uste du bulegoetan «antzerki bat» jokatzen dela, eta obralekuan, berriz, «errealitate bat». Haserre mintzatu da: «Baionako Herriko Etxeak dena egin du obrak berriz fite hasteko, baina ez dute neurtzen zer biziarazten dieten langileei». Uste du eraikuntza munduan «segurtasuna zinezko erronka» dela.\nHalaber, eraikuntzaren arloko enpresa munduko arazoak ekarri ditu gogora Dannusek. Usu, obrak «ahal bezain fite» egin behar dituzte, eta «ahal bezain merke». Horrek eragiten du enpresa batzuek segurtasun neurri batzuk ez dituztela errespetatzen, eta, beraz, konkurrentzia egiten diete segurtasuna errespetatzen dutenei.\n«Kanporatu behar dira segurtasun neurriak errespetatzen ez dituzten enpresak. Neurriak errespetatu gabe ezer ez bada gertatzen, irabazle ateratzen dira, baina langileen biziaren bizkar egiten dute hautu hori». ROBERT DANNUS CGT sindikatuko kidea\n«Zinez kanporatu behar dira segurtasun neurriak errespetatzen ez dituzten enpresak. Neurriak errespetatu gabe ezer ez bada gertatzen, irabazle ateratzen dira, baina langileen biziaren bizkar egiten dute hautu hori», salatu du Dannusek. Haren ustez, egoera iraultzeko, enpresa horiek kontratatzen dituzten eragileek «eskaintza deialdi zorrotzagoak» egin behar dituzte. Autoen merkatuarekin konparatu du egoera: «Auto batek ez baditu Frantziak finkatu segurtasun neurriak betetzen, ez da salgai ezarria izanen. Gauza bera behar luke segurtasun neurriak errespetatzen ez dituzten enpresekin».\nGeroari so\nOrain, 22 Bergeret Kaia kolektiboa eta sindikatuak auzien emaitzaren beha dira. Argi dute, ordea, batzuetan mota horretako auziak ez direla bururaino joaten. Anartean, horien eskaera argia da: Kichouhiren omenez etxebizitza berri horretan «espazio» bat izateko galdetzen dute. Ez dakite zehazki zer forma hartu beharko duen, baina COL, Domofrance eta herriko etxearekin batailan ari dira hori lortzeko.\nMesplek kontatu du hori lortzeko bidea ez dela «erraza» izaten ari. «Batzuek erraten digute hor biziko direnentzat ez dela goxo izanen hil den langilearen omenezko leku bat egunero ikustea». Jarrera horri higuinduraz so egin dio Mesplek. «Jasanezina da argumentu hori baliatzea. Langile bat hil da, eta ikusezina balitz bezala jokatu beharko genuke etxebizitza horietan biziko direnei kalterik ez egiteko. Onartezina da».", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000024", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Ikasketa urte luzez ez dut emazte musikagile baten obrarik jo»\nEtxeko pianoarekin hasi zen musikan Capelier. Duela guti arte gizonek idatzitako obrak bakarrik jotzen zituela ohartu, eta emazte musikagileen lanei leku bat ematea deliberatu du.\nPianista da Flore Elise Capelier (Donibane Lohizune, 1995). Lehen notak gurasoen etxeko pianoan jo zituen, eta ibilbide oparoa egin du geroztik: Donibane Lohizuneko kontserbatorioan hasi, Baionakoan segitu; goi mailako piano ikasketak Parisen, Bruselan eta Austrian egiteraino. Ikuspegi feministatik mintzatu da inpostorearen sindromeaz eta elitismoaz.\nNoiz erabaki zenuen pianoa ogibide bilakatzea?\nEtxeko pianoarekin hasi nintzen jotzen familian musikariak bazirelako: aitatxi, aita, anaiak... Donibane Lohizuneko kontserbatorioan sartu nintzen 5 urtetan, eta gero Baionakoan segitu nuen. Lizeoan, irakasleek galdetzen ziguten zer egin nahi genuen baxotik landa, eta musikarekin zerbait egitea pentsatu nuen; ideia arras berria zen, ordura arte ez nuen batere pentsatua. Baxo ondotik, Baionan bi urtez gelditu nintzen MID Musika Ikasketen Diploma pasatzeko, eta horren ondotik lizentzia eta masterra egitera joan nintzen Parisera.\nNola izan zen Parisera heltzea?\nHeltzean, pentsatzen nuen maila bat banuela, baina ohartu nintzen besteen maila askoz hobea zela, eta berriz pasatu behar izan nuen MIDa. Ondotik, Boulogneko kontserbatorioan lizentzia egin nuen, eta Erasmus programa Austrian. Alemana ikasi nahi nuen: eskolan euskara, ingelesa eta espainola ikasiak nituen, baina alemana ikasteko gogoa nuen, musikan garrantzitsua baita: opera anitz alemanez dira. Anitzetan kantariekin lan egiten dudanez, inportantea dela iruditzen zitzaidan.\n«Musika jotzen duzularik, ez da hitzik, eta historia bat kontatzen ahal diozu zure buruari, baina hitzak badirelarik, konkretuagoa da»\nKantariekin aritzea duzu gustukoen. Zergatik?\nBetidanik ibili naiz kantarien kontzertuetan; Donibane Lohizuneko Ravel Akademian, besteak beste. Philippe Biros pianista laguntzailea ezagutu nuen, eta horretarako gustua eman zidan. Uste dut kantua ez dela bakarrik ahotsa: testua ere bada. Musika jotzen duzularik, ez da hitzik, eta historia bat kontatzen ahal diozu zeure buruari, baina hitzak badirelarik, konkretuagoa da. Aspektu literario bat bada azkenean. Ororen gainetik, ahotsa maite dut instrumentu gisa.\nPianista laguntzaile bezala aritzen zara lanean. Zer du berezi rol horrek?\nKantariek pianoaren laguntza behar dute anitzetan, eta rol hori maite dut, hor izatea beren laguntzeko. Grabaketak egiten laguntzen ditut, konkurtsoak pasatzen ere bai; estres handia da haientzat eta maite dut haiek lasaitzea. Pianoa jotzen duzularik, piano irakasle izan zaitezke, baina klaseetan ez duzu asko jotzen. Piano laguntzaile zarelarik, haatik, beti jotzen duzu, eta hori maite dut. Motibaziorako ere lagungarria zait: besteen zerbitzuko ari naiz, eta arrazoi on bat da ene burua motibatzeko.\nAnitzen irudiko musika klasikoa elitista da, zorrotza... Hala ikusten duzu zuk ere?\nGauzak aldatzen ari dira, baina, funtsean, kirolean bezala da: maila altua behar duzu, teknika ona behar duzu, lan anitz egin behar da... Kasik 30 urte ditut eta ikasketetan segitzen dut oraindik; badut lana ondoan, baina segur da familiaren laguntza beharrezkoa dela musika ikasketak egiteko, biziki ikasketa luzeak baitira. Musikari klasiko bezala, gainera, lan bat atzematea ez da erraza: anitzek masterra bukatzen dute baina ez dute baitezpada lanik lortzen. Lana lortzean ere, ikusi behar da zer baldintzatan. Bitxia da: alde batetik, elitista da, eta, beste aldetik, prekarioa.\n«Musikari klasiko bezala, gainera, lan bat atzematea ez da erraza: anitzek masterra bukatzen dute baina ez dute baitezpada lanik lortzen. Lana lortzean ere, ikusi behar da zer baldintzatan. Bitxia da: alde batetik, elitista da, eta, beste aldetik, prekarioa»\nEmazte musikagileei buruzko ikerketa proiektu bat egin duzu. Nola hasi zen?\nBruselen egin nuen piano masterrarentzat kontzertu bat egin behar nuen, eta garai hartan emazte musikagile batzuk deskubritzen ari nintzen. Ohartu nintzen ikasketa urte luze horietan ez nuela sekula emazte musikagile baten obrarik jo, ez nuela bakarra ere ezagutzen. Harrigarria da hori pentsatzea. Nola posible da hainbeste urteko ikasketen ondotik ez sekulan jo edo entzun izana emazte baten obrarik? Ez kontzertuetan, ez klaseetan... Ulertezina zitzaidan, eta xerkatzen hasi nintzen. Nadia eta Lili Boulanger ahizpak eta Mel Bonis deskubritu nituen, eta ikuspegi horrek dena aldatu du ene musikari bizian.\nTristan Mourguy musikaria zure anaia da; harekin ere aritua zara oholtzan. Ez da mundu klasikoko giro bera, eta nola bizi izan duzu jauzi hori?\nJauzia kasik beste zentzuan gertatu da: pianista profesionala izan aitzin hasi nintzen anaiarekin jotzen. Enetzat biziki aberatsa izan da hori egitea; Tristan Mourguy eta Horeba taldearekin Euskal Herriko gaztetxe anitzetan jo dugu, eta urte politak izan dira. Enetzat zaila izan da inprobisazioak egitea, normalean alderantziz egiten baitut: partiturak baditut, lantzen ditut, eta gero atzematen dut ene askatasuna.\nLehen aldiko pianista bakarlari gisa aritu zinen iaz Ziburuko Estudiantina taldearekin.\nEsperientzia ikaragarria izan da; lehen aldia zen bakarlari gisa aritzen nintzena. Deitu nindutenean, kontent eta beldur nintzen. Haiek ere beldur ziren, uste baitzuten pianista on bat nintzela, Parisen ikasten nuelako eta haiek amateurrak baizik ez zirela... Baina nik alderantziz uste nuen: ikaratua nintzen, ari nintzen pentsatzen ez nuela mailarik bakarlari gisa aritzeko, atsekabetuko nituela... Azken finean, topaketa biziki ederra izan zen.\nBeldur zinela erran duzu. Inpostorearen sindromea ote?\nNi beti jendearekin ari naiz, taldean, edo kantariak laguntzen. Ene piano solo kukutzeko manera bat da; beraz, bai, beldur nintzen toki hori hartzeaz. Duela guti arte ezinezkoa zen enetzat erratea pianista nintzela; «pianoa jotzen dut», erraten nuen. Ari naiz ikasten...", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000025", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Magneto kontzertu gela berriz zabaldu dute, Baiona Ttipian\nMagneto kontzertu gelak ateak berriz zabaldu zituen joan den asteburuan, kasik lau urtez hetsirik egon ondoan. Obra gotorrak bideratu zituen herriko etxeak Baiona Ttipiko Mosoroletako harresien peko barne hori legediaren arabera antolatzeko. La Locomotive edo La Loco elkarteak du gela kudeatzen, eta inbertsio handiak egin ditu bere aldetik gela akustikoki moldatu eta soinu-argien tresneria erosteko. Ostiral eta larunbateko kontzertu gaualdiak lehen zuzeneko entseguak izan ziren tresneria berria probatzeko. Martxo bukaera arteko kontzertu egitaraua ere iragarri du elkarteak.\nAzken prestaketa lanetan eta gela berriz pizteko gogo handiz ibili dira azken egunetan La Locomotive elkarteko langile eta boluntarioak. Horietan, xedearen kudeatzaile nagusi den elkarte zuzendaria: Daniel Rodriguez. Inbertsio handia egin dutela oroitarazi du: «170.000 euroko inbestimendua egin dugu». Laguntza kotsia bildu dute horretarako Akitania-Berritik (19.000 euro) eta Musikaren Zentro Nazionaletik (53.000 euro). Gainerakoarentzat, banku mailegua egin du La Locok.\nTresneria berriak eman du denbora heltzen, baina elkarteak urtarrilean zabaltzea erdietsi du, baimenak oro eskuraturik. Joan den astearen hondarrean sartze guziak saldurik, bete-beterik abiatu dute denboraldia. Martxo arteko lehen egitaraua epe motzean behar izan dute zutik ezarri, Rodriguezek erran duenez: «Bi hilabetez egin dugu dena: programazioa eta komunikazio guztia plantan eman. Lantaldeak lan handia egin du». Lehen hiru hilabeteetako kontzertuentzat «tokiko» taldeei eman diete lehentasuna. « Tokikoa diogularik, guretzat, Ipar Euskal Herria, Hego Euskal Herria eta Landak [Okzitania] erran nahi du». Sekula teknikoki gela ez bazen prest izan, malgutasun handiagoa ematen zien tokiko taldeekin aritzeak. Dena den, tokiko taldeei leku egin nahi die Magnetok: «Antolatuko dugun kontzertu bakoitz, beti eskualdeko talde bat izanen da».\nDaniel Rodriguez La Locomotive elkarteko zuzendaria, iaz, Baionan. I.E.\nAurtengo bigarren hiruhilekotik aitzina tokiko elkarteei ere irekiko die gunea Magnetok. Lehen ere egin izan dute gaualdi bat antolatu nahi zuen beste elkarte bati aukera ematearena. Martxoaren 21erako, jada, Baionako Unibertsitateko ikasle elkarte batekin partaidetzan antolatu dute Bulego taldearen kontzertua. Horrez gain, Baiona Ttipiko zenbait ostalarirekin berriz ere antolatuko du Baionan Bar Fest jaialdia Magnetok, otsailaren 15etik 17ra. «Berritasuna aurten da Magneton bukatzen ahalko dugula jaialdia», erran du Rodriguezek, arraiki.\nKlub Gaualdiak\nBeste berrikuntza bat izanen du Magneto zaharberrituak: Magneto Klub Gaualdiak. Hilabetean behin, oholtza utziko die DJ batzuei elektro gaualdien egiteko, barne osoa dantzatoki bihurtuz. Hilabeteko lehen larunbatetan eginen dira gaualdiak, 23:00etatik «gauaz berant bukatu arte». Gaualdi horietara sartzeko baldintza bakarra da La Locomotive elkarteko kide izatea. «Kidetze saria bost eurokoa da, eta gure Internet atarian kidetu daiteke» ( loco-motive.fr/ ).\nGunea segurtasun aldetik pikoan emana izan denez, hemendik aitzina bisitari oro errezibi ditzake Magnetok, hala nola elbarritasunen bat dutenak eta eskoletako ikasleak, besteak beste. «Azkenean, ikasle batzuk jiten ahalko dira egunez, artista batzuekin egoteko, sorkuntza lan batzuetan lan egiteko». Ez dute baztertzen arratsaldez nerabeentzat dantzaldi egiteko uztea ere. «Ez dugu nahi bakarrik La Locomotive elkarteak erabil dezan gune hau, baina denei irekirik egon dadin», adierazi du Rodriguezek.\nJendea Magneto gela itzultzeko gose zen, eta Rodriguezek aitortu du haiek ere sentitu dutela inguruko musikazaleen artean. «Gogo eta eskas bat sentitu dugu herritar batzuen artean, bai. Baina badakigu hastapen honetako gogo bat dela eta gure gain dela horren bizirik atxikitzea». Betekizun hori argi du elkarteko zuzendariak, «gauzak ez baitira sekula betiko irabaziak». Gehiago dena, elkarteak egin duen pario ekonomikoa gogoan izanik. «Espero dugu jendea ongi sentituko dela eta gozatuko duela gelaren hobekuntzekin. Gero, guri izanen da beti hobetzea».\nJoan den ostiraleko lehen gaualdian erakunde publikoetako partaideak bazituzten gomiten artean. Ostiral honetan, berriz, kultura munduko egiturentzat apailatu dute afro caribbean gaualdia; Ah Kwantou taldearekin eta Ralai Dig It DJ Setekin. «Atabal, Eszena Nazionala bezalako musika eta kultura egiturak gomitatu ditugu. Ofizioko egitura horiei gune berritua ezagutarazi nahi diegu, etorkizuneko elkarlanei begira».\nMagnetori datxekiola den eraikinean, Rock musika eskola berritzen hasia dute orain. Ez dakite zuzen noizko prest izanen den. Egiturazko lan larrienak egin ondoan, La Locok ez ditu eskolak berehala hasten ahalko. Barneen antolaketan ikasleen plantan errezibitzeko lanak bere gain izanen ditu, eta mezenasgo bidez nahi luke lortu. Ez bakarrik diruz, Rodriguezek dioenez: «Eraikuntza enpresa bat izan daiteke gure laguntzera jinen litzatekeena barneen antolatzeko».\nMagneto kontzertu gela eta Rock School egoitzak, Baionan, kanpoaldetik.\nMAGNETOKO EGITARAUA\nUrtarrilak 19, ostirala. 21:00. Ah Kwantou eta Ralai Dig It DJ Set.\nUrtarrilak 26, ostrala. 21:00. Uraken Survivors, Fistule eta Infero Lasta.\nOtsailak 3, larunbata. 23:00 . Magneto Klub: Crossover Links.\nOtsailak 9, ostirala. 21:00 . Pussy Miel eta Zetkin.\nOtsailak 24, ostirala. 21:00. Magneto Kwizz.\nMartxoak 2, larunbata. 23:00. Magneto Klub: Reflexion.\nMartxoak 9, larunbata. 21:00. Mandibula, Mortuaire eta Death From Above.\nMartxoak 21, osteguna. 21:00. Bulego. (Korrika Kulturalarekin partaidetzan).\nMartxoak 23, larunbata. 21:00. Sorotan Babies eta Harat. (Korrika Kulturalarekin partaidetzan).\nMartxoak 30, larunbata. 21:00. Purrs eta Moloch/Monolyth.\nBAIONAN BAR FEST #13\nOtsailak 15, 16 eta 17. Kalostrape, Pyrenees, Petrolette, Soinua, P'tit Pub, San Nicolas eta Sankara ostatuetan.\nBaionako Magneto kontzertu gelarako pasabidea. I.E.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000026", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Mozkinak etxetik hurbil transformatzeko\nTupin handi batean xerrikia egosten ari den bitartean, poteak odolkiz betetzen ari dira amantal txuria soinean dutela, elkarren arteko arrailerian. Ibarburu familia eta haien kideak etxeko mozkinak transformatzeko elkartu dira Senpereko Hurbil tailerrean. Berriki sartu direla esplikatu du Ramuntxo Ibarburu zerri hazleak; orain dela hilabete batzuk. «Ari gara ikasten, eta lekua ezagutzen; guretzat leku berezia da lanerako». Kolektiboki lan egiteari eman dio garrantzia, horrek sortzen duen elkartasunari. «Bertze jendeekin mintzo gara, manera desberdina da lan egiteko. Bakoitza gure txokoan aritzeak ez du gauza onik». Urruñako hazlea Aiherrara joaten zen lehenago, pribatura. «Lehen ez genuen azpiegiturarik; orain etxe ondoan da, eta merkeagoa da».\nBeste hainbat egitura bezala, etxeko mozkinak transformatzeko laborariek sortutako kooperatiba da Hurbil. Hego Lapurdi lurralde eremuko hainbat laborariren artean abiatutako gogoeta dago oinarrian. 2012an bildu zituen orduko Hirigune Elkargoak haien beharrak identifikatzeko, eta hortik sortu zen transformazio gune baten proiektua. Gerora, 2017an, Euskal Hirigune Elkargoa sortu zen, eta hark hartu zuen beregain proiektuaren gauzatzea: 2021eko uztailean kalitate labela duten etxe ekoizleen saltegi bat sortu zuten, eta zortzi hilabete beranduago, transformazio tailerra.\nMota askotariko tranformazioak egiteko aukera ematen du tailerrak: haragi freskoa moztu eta paketeteetan prestatzea, izan behiarena, ardiarena, ahuntzarena ala txerriarena -hegaztirik ez dute onartzen, osasun neurri are zorrotzagoak eskatzen dituelako-. Urdaikiak eta plater kozinatuak egiteko aukera ere badago, eta, beste leku batzuetan ez bezala, landare produktuak ere ontzen dituzte. Uda honetatik Ipar Euskal Herriko etxe ekoizleen elkartearekin ari dira elkarlanean, haien lantaldea emendatzeko xedeak bultzatuta. Bederatzi ekoizle dira gaur egun taldean, eta laborari gehiago bildu nahiko lituzkete.\n%17\nTransformatzen duten etxaldeak. Laborantza etxaldeen %17k dute transformazio jarduera da Ipar Euskal Herrian, hau da, 634 etxaldek. Azken hamar urteetan, %116 emendatu da kopurua. Esnekiak eta haragia transformatzen dituzte horietarik gehienek.\n«Horrelako tailer batek sos anitz eskatzen du, hala nola mota askotako materiala eta hozkailuak lortzeko; baldintza sanitarioak oso zorrotzak dira», esplikatu du Frantxina Laborde etxe ekoizleen elkarteko langileak. «Tailer kolektibo batean, gastu orokorrak banatuak dira, eta laborarien artean ezagutzak partekatzeko eta elkar laguntzeko parada dute. Laborari batentzat aiseago da transformazioa halako eremu batean egitea, etxean aritzea baino».\nKalitate desmartxa\nZazpi partzuerrekin hasi ziren Hurbil proiektua ontzen. Horien artean da Marie Jo Berdoulay; urdaikiak egiten ditu, saltxitxoiak eta odolkiak, bereziki: «Lehenago gelak alokatzera behartuak ginen, izan transformazio eremu pribatuak edo izan hiltegiak. Hemen material guzia eskura dugu eta harakin baten laguntza ere badugu», esplikatu du. «Kalitate desmartxa bat da, produktua hastetik buru ekoiztearen harrotasuna. Eta erosotasuna eta segurtasuna ere ematen ditu». Jakinarazi duenez, badira oraindik beren etxeko garajeetan lan egiten duten laborariak. Baldintza horietan transformatutako produktua ezin da saldu, berez, Berdoulayk ohartarazi duenez. Haatik, transformazio tailer batean norberak ekoitzi produktuak etxe ekoizpen labela du.\nXavier Bourton erlezaina ere partzuer da. Uztaritzeko oihanean ditu erleak, eta zereal barrak, espezia bixkotxak ere egiten ditu. Hasieratik parte hartu du proiektuan. «Denbora behar izan genuen abiatzeko, osasun arloko ziurtagiriak lortzeak denbora eskatzen duelako», esplikatu du. Orain, laborariak bildu nahi dituzte, bai partzuerrak eta bai bezeroak. «Beste hogei bat pertsona gehiago har ditzakegu partzuer gisa, eta bezeroak, are gehiago. Denek ez dute astero eta hilabetero transformatzen; beraz, bada denentzako lekua».\nHurbil kooperatibako partzuer bilakatu nahi duen laborariak bostehun euro ekarri behar du kapital sozialera, eta 2.000 euro kooperatibaren banku kontura. Sei hilabeteko entsegua egin behar da formalki engaiatu aitzin, eta laborariari ikastaro bat eskaintzen diote materiala erabiltzen ikasi eta higiene neurriak barneratzeko. Horrez gain, urtean zehar bestelako prestakuntzak segitzeko aukera ere ematen dute. Azaroan ate irekitzeak egin zituzten beste laborariei proiektua aurkezteko; halako gehiago egiteko xedea dutela adierazi dute.\nETXALDE TRANSFORMAZIOA\nTransformazio tresnak indibidualak edo etxaldean integratuak izan daitezke. Batzuetan, laborariek materiala mutualizatzen dute, eta tresna kolektiboak sortzen dituzte. Esnekietan, transformatzen duten etxalde gehienek beren materiala dute, baina entseatu nahi dutenentzat material mugikorra ere ematen dute laborarien eskura. Hainbat kooperatiba ere badira. Haragiari dagokionez, etxalde batzuetan transformazio guneak sortzeko inbertsioa egina dute eta herriarteko hiltegiak ere badira. Horrez gain, Hurbil kooperatibaren gisako beste proiektu batzuk ere badira transformazio tresna kolektibo gisa, hala nola Belaun kooperatiba Alduden eta Xuhito Anhauzen. Botere publikoen laguntza eskuratu dituzte horiek ere.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000027", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "'Tapas'\nTapas ... Aupa! Atzo igandearekin bururatu dute hitaz oroitzeko, hire Donibane Lohizuneko lagunek antolatu omenaldi astea.\nArrantzale maitagarri, gogoan diat hire irri, libertatez hain egarri, hautatu gure aberri.\nAste batez lau ekitalditan hitaz, hire engaiamenduaz, gure borrokaz, IKren borrokaz luze eta zabal hitz egin diagu. Zendako hi eta beste hainbeste gazte gudari bilakatu ziren laurogeiko hamarkada horretan?\nOraingo gazteek aski ditek gaurko panoramari so egitea eta zoritxarrez puntu batzuetan erran genezakek orduan bezala edo berdin larriagoa dugula egoera.\nDonibanen, besteetan bezala, euskara zaila duk entzutea karriketan. Bizpahiru mila biztanle gehiago heldu zaizkiguk urte guziz, kasu gehienetan gauza guti dakitenak zein herrialdetarat heldu diren... Donibaneko portuan arrantzale ontzi kotsia baduk oraindik baina laket portuan tinkiago zeudek... Gure aldean, laborari munduan ere odolusteak segitzen dik zonbat nahi indar eginik ere. Hik argi huen bezala, sistema kolonialista eta kapitalista jasaiten dik gure herriak oraino. Egia aitortu behar diagu! Nahiz orduan hiri tiro eginik ere ez daukute esperantzaren iturria agortu. Ezin diagu poztu, baina, Tapas , ez diagu milaka herritarrek egoera hau onartzen.\nLotuak gaituk borrokari bizi dadin Euskal Herri.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000028", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Atxik azoka ardo eta literatura engaiatuen erakusleiho izanen da\nLan egun gogor baten ondotik, ardo bat, liburu on bat eta musika pieza bat entzutea «triptiko magikoa» da Adrien Goudier Senpereko Mahatsa sotoaren eramailearentzat. Parisen ikusi zuen gisa bereko azoka bat lagun artean aipatu, eta azkenean martxoaren 30ean eta 31n gauzatuko dute hastapeneko ideia, Atxik izenekoa. Ardo ekoizleak, argitaletxeak, sukaldariak, musika taldeak eta hizlariak izanen dira Senpereko Inharrian.\nParisko azoka batetik inspiratua bada ere, Atxik argiki «markatua» da engaiamendu aldetik. Literaturaren aldera so eginez, aski da argitaletxeen zerrendari behatzea: Gatuzain, Ekintza Zuzena, NADA... Gazte literatura, feminismoa, politika eta ekologismoa izanen dira erakusmahaietan, besteak beste. «Jendeak imajinatzen du literatura engaiatua izanen dela ardoaren inguruan», baina engaiatu hitza atxiki dutela laburbildu du Goudierrek; hots, politikoki engaiatua dela azoka.\n«Jinen den jendeari pentsatu aitzin, ardo egileei eta argitaletxeei pentsatu dugu. Ardo egileek argiki erraten dute kakan direla; aurten iduri zait ardo etxalde kopuru aski harrigarria zerratuko dela».\nADRIEN GOUDIER Senpereko Atxik azokako antolatzailea\nArdo ekoizleekiko ere engaiatua izanen da, elkartasun ikuspegi batetik pentsatua izan baita, Goudierrek dioenez: «Jinen den jendeari pentsatu aitzin, ardo egileei eta argitaletxeei pentsatu dugu. Ardo egileek argiki erraten dute kakan direla; aurten iduri zait ardo etxalde kopuru aski harrigarria zerratuko dela». Ondorioz, ardo ekoizleek ez dute erakusmahaia pagatuko, eta ardo salmenta zuzena eginen dute. Mahatsa sotoan proposatzen diren ardoen ekoizleak izanen dira azokan. Goudier jakitun da aro txarra bateko, bankuen laguntzarik eza besteko, egoera zaila bizi dutela: «Gudukatzen dira, erresistentzia egiten dute, eta ez da aisa. Gure maneran lagundu nahi ditugu».\nDenetariko elikagaiak\nArdo ekoizleak 38 izanen dira orotara: anitz Euskal Herrikoak, baina Frantziako zenbait eskualdetakoak ere bai. Argitaletxeak hamazazpi, eta hor ere gehienak Euskal Herrikoak eta beste batzuk Frantziakoak. Horiez gain, hainbat hitzaldi izanen dira: Idoia Rodriguez Mondragon, Asisko Urmeneta, Olivier Maverlan, Emma eta Maialen Arestegi, Elorri Reca, Ander Lipus, Txomin Hiriart-Urruti, Mathieu Leonard eta Auxtin Zamora.\nJanari aldetik, chefak izanen dira asteburu osoan: larunbatean, Cedric Marinelo Donibane Lohizuneko Bar Basque jatetxeko sukaldaria; igandean, Vivien Durand Lormonteko (Okzitania) Prince Noir jatetxekoa; eta, asteburu osoan, sukaldaritza begetala eskaintzeko, Cristelle Gautier chefa eta Alison Arraud Angeluko onddo hazlea. Azokaren aurkezpen testuan, Atxik azokaren balioak azietara eramatea hitzematen dute, «zirkuitu laburrean lortua eta konprometitua». Sukaldaritza begetala, berriz, «haragiaren alternatiba» soilik ez, «grinaz eta sormenez prestatua» izanen dela iragarri dute.\n«Euskal Herria gune egokia da nahasketa hori egiteko», Goudierren arabera. Antolatzaileak azokan izanen den Le 5eme Art liburu dendako eramailearekin aipatuak ekarri ditu, egiten duten lana definitzeko: «Haiek eta gu ardo egile eta idazleen azken enbaxadoreak gara». Eta liburu eta ardoen arteko harmonia ez «baita zaila», haren ustez, abenturak iraun lezake. Argitaletxe eta ardo ekoizleen artean ukan dituzten erantzun baikorrak ikusirik, Goudierrek segurtatu du bigarren aldi baterako baliratekeela beste hainbeste parte hartzaile jadanik.\nPARTE HARTZAILEAK\nArgitaletxeak.\nEuskal Herria: Maiatz, Haria, Herrima, Gatuzain, Erein, Pamiela, Lapurdi 1609, Meettok, Ekintza Zuzena, Le 5ème Art.\nBesteak: Le Bas du Pavé, Nouriturfu, Editions Syllepse, Octopus, Abeille et Castor, NADA, Les Editions du Bout de la Ville.\nArdo ekoizleak.\nEuskal Herria: Bardea, Dominica, Bordaxuria, Etxondoa, Aristu, Baztango Xurie, Goienetxea, Amama, Garai Brewery, Egiazki, Herismendia eta Lizarnoa.\nBesteak: Beaujolais, Rhône, Bordele, Loire, Languedoc-Roussillon, Hego-Mendebaldea.\nMusika taldeak. Martxoaren 30ean, 19:00etan: Atxik DJ, O'o eta Latwal.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000029", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Ageri da jendeak euskal rapa entzun nahi duela»\nRTZ rap kolektiboan ari da Petriarte; euskal presoen alde Hendaian eginen den Futbol 7 ekinaldiaren karietara, kantu bat osatu du. Euskarazko rapak erreferenteak behar dituela uste du.\nHainbat munduren artean ibiltzen da Xabi Petriarte Petri (Hendaia, 1994). Ofizioz, euskara irakaslea da. Lanetik kanpo, Hendaiako Enbata gaztetxeko kide izana da, eta azken urteetan rap munduan lehen urratsak egin ditu. Orain, RTZ rap kolektiboarekin lehen disko laburra atera berri du: Konkista . Bihar Hendaian iraganen den euskal presoen aldeko Futbol 7 lagunarteko futbol txapelketarako kantu bat idatzi du, bestalde. Kantua eginik ere, bihar ez da Hendaian izanen Petri, Baionako ZUP auzoko Zuper festan kantatuko baitu RTZ kolektiboko kideekin eginen duten kontzertuan. Baionan hasi ziren rapean, eta auzo horretako rap kantariekin harremanak ehundu dituzte azken urteetan.\nRap kantu bat egin duzu euskal presoen alde Hendaian antolatzen duten Futbol 7 lagunarteko futbol txapelketaren karietara; zer errateko asmoarekin?\nUrtero egiten da presoen aldeko futbol txapelketa Hendaian, nire herrian. Gure lagunek antolatzen dute, eta azken urteetan jokalari eta laguntzaile izana naiz. Aurtengo aldiko rap kantua egiteko eskatu zidaten, eta plazer handiz egin dut. Baditugu gertukoak preso izan direnak, oraindik preso direnak, eta elkartasuna adieraztea garrantzitsua iruditzen zitzaidan. Hendaiako gaztetxearen inguruan berrikiago errepresio kasu batzuk izan dira, gainera, eta RTZ kolektiboarekin kontzertu bat egin dugu sostenguz.\nRTZ kolektiboa nondik abiatu zen? Eta zer bide egin duzue?\n2021ean sortu zen kolektiboa, Baionako Zizpa gaztetxean. Hasieran, rap tailer irekiak egiten genituen. Ber denboran, eman izan ditugu kontzertu ttipi batzuk Baionako ostatuetan, Korrikaren karietara, Herrian Bizi kantuaren karietara... Jendeak galdetzen zigun musika hori non entzuten ahal zuen, baina ez genuen deus atera plataformetan, ezta disko fisikoetan ere. Hortik, tailerrari amaiera ematea deliberatu genuen, disko labur bat ateratzeko, lau rap kantariren artean, eta horrela iritsi gara atera berri dugun Konkista albumera.\nZer harrera sentitu duzue?\nHarrera baikorra izan dela uste dut. Apirilaren 19an atera zen albuma, eta geroztik Euskal Herri osoan kontzertu batzuk egin ditugu. Anoetako zelaian (Donostia) kantatzeko lehiaketa irabazi genuen, eta iragan astean izan zen kontzertua. Ekaineko asteburu guziak beteak ditugu. Zinez pozik gara; ageri da jendeak euskal rapa entzun nahi duela. Orain dagokiguna da gure proiektua defendatzea eszena ttipi eta ez hain ttipietan.\nBi hizkuntzetan ari zarete RTZ kolektiboan: euskaraz eta frantsesez. Zuk euskara hutsean egiten duzu. Zer gogoeta izan dituzue horren inguruan?\nEgia erran, ez dugu eztabaidarik izan horren inguruan. RTZ kolektiboaren hastapenean, tailerrak ematen genituenean, etorkinekin aritu izan gara: batzuk frantsesez, besteak malinkeraz, rapa alemanez kantatzen zuen lagun bat ibili zen gurekin... Bakoitzak bere duen hizkuntzan, azkenean. Gure komunikazio tresna euskara da, eta naturaltasunez eta normaltasunez jokatzen dugu hizkuntzekin.\n«Normalean egoten ez den leku batera eramanen dugu euskara, eta biziki kontent gara euskal rapa Baionako bazter batzuetara eramateaz»\nTailerrak egitean, harremanak izan dituzue ZUP auzoko gazteekin, eta kontzertua izanen duzue bihar auzo horretako Zuper festan. Zer-nolako harremanak egin dituzue auzoko herritarrekin?\nTailerrak egin izan ditugu maiz han, eta beti harremanak izan ditugu hango hezitzaileekin. Urtero egiten duten festara gonbidatu gaituzte orain, eta guretzat plazer handia da: normalean egoten ez den leku batera eramanen dugu euskara, eta biziki kontent gara euskal rapa Baionako bazter batzuetara eramateaz.\nKonkista albumeko kantu gehienetan gai sozial eta politikoak aipatzen dituzue. Rap engaiatua egitea deliberatu duzue?\nXumeki ari gara, eta gure sentitzen ditugun gaiak aipatzen ditugu. Aski da etxeko leihoa irekitzea ikusteko zer geratzen den gure inguruan: hortik inspiratzen gara. Gure ustez, raparen indarra da errealitate bat kontatzea, eta ez gara hasiko kontatzen ezagutzen ez ditugun gauzak.\nRTZ kolektiboa, Odei... Uste duzu Ipar Euskal Herrian bide bat irekitzen ari zaiola euskarazko rapari?\nBada rapa entzun nahi duen jende anitz Euskal Herrian, baina erreferente anitz Espainian edo Frantzian dituzte. Euskal Herriko rap kantari erreferenteak falta dira, eta, argiki, guretzat Odei izan da bat. Gazteago ginenean, baziren Max edo Selektah kolektiboa. Baina segur dena da Odeik bidea errazten digula, laguntzen gaituela, materiala prestatzen, bideoak grabatzen... Erreferente eta laguntzaile bat da guretzat, eta hasi zenean ez zuen bera laguntzeko erreferenterik, agian. Gure kulturak orokorrean behar ditu erreferenteak: rapean, kirolean... Rapean ez ziren hainbeste, eta guk saiatu nahi dugu horretan gure bidea egiten, xumeki.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000030", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Euskararentzat «helburu ausartak» eta «tokiaren araberako baliabideak» eskatu ditu euskalgintzak\nMartxoaren hondarrean atera zituen Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) euskararen inguruko azken (VII.) inkesta soziolinguistikoaren emaitzak: Ipar Euskal Herriko euskaldunen proportzioa gero eta txikiagoa da. Azken hamar urteetan, 1,3 puntu apaldu da euskaldunen proportzioa, eta euskara dakitenak %20,1 dira. Egoera «kezkagarria» dela onartu zuen Antton Kurutxarri EEPko lehendakariak, eta hizkuntza politika «indartsuago» baten beharra aipatu du.\nBestalde, inkestan euskaldun direla diotenen artean, erdal elebidunen proportzioa emendatzen ari da azken urteetan. Ipar Euskal Herriko euskaldunen %46,2 sartuko lirateke kategoria horretan. Hobeki moldatzen dira erdaraz euskaraz baino.\nHilabete berean, Uda Leku haur eta gazteen euskarazko abusagailuetarako elkarteak deiadarra jo zuen. Zenbait hilabete lehenago AEK-ko langileek egin zuten gisan, Uda Lekukoek bizi duten prekaritatea salatu zuten, eta haurrak errefusatzera eta jarduera murriztera behartuak direla baliabide faltagatik. Herriko etxeei dei egin zieten dagokien diru ekarpena egin dezaten hartzen duten haur bakoitzeko. 2022an, Ipar Euskal Herriko 64 herritako haurrei egin zien harrera Uda Lekuk, baina herri horietako hamalauk baizik ez diote diru laguntza eman. Galera 200.000 eurokoa dela esplikatu dute. EEPk salbuespeneko laguntza bat dela medio tapatu behar izan duen zuloa.\nHortik laster etorri zen, apirilaren 22an, euskalgintzak deitu manifestazioa Baionan. Euskararen aldeko egituren kinka gaiztoarekin bukatzea eta azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea betetzea galdegiteko, Orain baxoa euskaraz! Euskarak trabarik ez lelopean. Ehunka jende agertu ziren, eta euskalgintzatik euskararentzat «aro berri bat» zabaltzeko aldarrikatu zuten.\nEuskalgintzak apirilaren 22an deitu manifestazioa, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.\nJardunaldiak\nUrte hondar honetan ez bada, 2024ko hastapenetan EEPk jakin behar luke daukan egitura juridikoarekin segituko duen eta zer epetarako. Horrez gain, udaberrirako trenkaturik behar luke buxeta berriak. Hain zuzen, inkesta soziolinguistikoak erakutsi egoeraren aitzinean, Euskal Konfederazioak tirrinta jo zuen urriaren hondarrean, Maider Behotegi Bardozeko auzapez eta departamendu ordezkariak Kurutxarriren lekua hartu zuen egunean EEPko lehendakaritzan. Gaur egungo erritmoan eta oraingo baliabideekin segitzea «euskara hiltzera kondenatzea» litzatekeela erran zuen euskalgintzak.\nOroitarazi zuenez, Unescok dio hizkuntza batek bizirik irauteko gutienez biztanleen %30ek mintzatu behar dutela, eta araberako politiken marraztea eskatu zien erakundeei hemendik 2050era bitartean. «[EEPko] Lehendakari berriari eskatu nahi diogu ausarta izan dadin, helburu ausartak finka ditzan, eta tokiaren araberako baliabideak ezar ditzatela estatuak, eskualdeak, departamenduak eta elkargoak».\nEuskal Konfederazioak bere deia berretsi zuen joan den abenduaren 16ko jardunaldietan. EEPri argiki galdegin dio ikerketa bat bidera dezala, jakiteko nola egin 2050ean euskaldunen kopurua %30ekoa izateko, munduan zehar gertatu diren hizkuntza politika batzuk adibidetzat harturik. Helburu hori erakunde publiko guzien erantzukizuna dela azpimarratu du: «Ez gaitezen engainatu: euskararen etorkizuna ez da euskaltzaleon afera bakarrik: jendarte gai bat da». Horretan EEPk «akuilu» izan behar duela dio Konfederazioak, «politika ausartaren bultzatzaile», eta ez gutxienekoetara mugatzeko «kontsentsu gunea» edo bakoitzak egiten duenaren «zuritzailea».\nBeskoitzeko ikastola\nUrtarrilean, Beskoitzeko ikastolak herriko etxeak egin «diskriminazioa» salatu zuen. Ikastolako hiru urteko haur batek jantegian jasan bazterketaren berri jakinarazi zuen, besteak beste.\nUrri hastapenean, burasoak prentsa aitzinean agertu ziren, Beskoitze: Ikastola baten garapena blokeatzen duen herri bakarra banderola zeukatela. Herri lurretan ikastola berria eraikitzeko baimen galdea utzia zuten Seaskatik, baina herriko etxeak «etengabeko oztopoak» jartzen dizkiela deitoratu zuten. Hamar urte ditu ikastola prefabrikatuetan egiten dela eta ikasle andana 50era heldurik; burasoek erran eta errana dute ezin dela hola segitu. Herriko etxearekin ikastola berria eraikitzeko egitasmori buruz mintzatzeko ezintasunaz etsiturik agertu ziren burasoak. 54 urteko esperientziarekin, Seaskako lehendakari Peio Jorajuriak erran zuen «lehen aldia» dela «herri batek uko egiten diona Seaskako kideekin eta arkitektoarekin biltzeari».\nDeus aldatu ez zenez ondoko asteetan, euskaltzale guziei mobilizatzera dei egin zieten burasoek, azaroaren 18rako, Beskoitzen. 2.500 lagun elkartu ziren manifestazioa egiteko Lapurdiko herrixkako karriketan. Geroztik, Euskal Elkargoko lehendakari Jean-Rene Etxegaraik hitzemana zuen bitartekaritza egingo zuela bere sorterriko hautetsiekin korapiloa deslotzeko.\nAzken gertakaria, astelehen honetakoa da, Fabienne Aientza auzapezaren kontseiluak erabaki baitu ikastolarekin zuen alokatze kontratua gelditzea. Ikastolak uztaila arte du beste aterabide baten atzemateko, Herriko Etxearen erabaki horren ondorioz kanpoa izanen baitu.\nBeskoitzeko ikastolaren aldeko manifestazioa, azaroaren 18an. GUILLAUME FAUVEAU.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000031", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Ez deus huts egiteko, beti adi nintzen»\nGazte hasi zen kazetaritza lanetan Vrigon Etxezaharreta, eta kirol kazetaritzan berezitu da urteak joan ahala. Qatarren Munduko Futbol Txapelketaren berri eman zuen: «Lehiaketa politena, herri afrusenean».\nHaren aitatxi izan zen Euskadi Irratia sortu zutenean futbol zelaitik zuzenean Reala eta Athleticen arteko partidak komentatzen zituzten bozetariko bat. Aita ere kazetaria du, France Bleu irratiko Baionako delegazioan. Ttipitik badaki zer den kazetaritza Patxi Vrignon Etxezaharretak (Hazparne, 1995), eta ogibidea bilakatu zaio orain. Kirol kazetaritza egin du gehienik; lau urte egon zen Madrilen AFP Frantziako berri agentziarentzat berriemaile lanetan. Orain, Raffut errugbiari buruzko aldizkariko erredaktore buru da, AFPn lan egiten segitzen du tarteka, eta beste kazeta batzuetan ere kolaboratzen du, hala nola Euskadi Irratian. Irailetik, klaseak ematen ditu Iparraldean sortu den kazetaritzako Unibertsitate Diploma formakuntzan.\nZerk erakarri zintuen kazetaritzara?\nEz dakit kontzienteki gertatu zen, baina ttipitik murgildua naiz mundu horretan. Aita kazetaria da, eta etxean bagenituen irrati bobinak, horiek mozteko aiztur bereziak, eta horiekin jostatzen ginen anaia eta biok. Ene aitatxik ere kirol kazetaritza pixka bat egin zuen: Euskadi Irratia sortu berria zen, eta komentatzen zituen Athletic eta Realaren partidak. Nahiko harrigarria da: Iparraldekoa zen, hemengo euskara bazuen... Lehen ikastaroak ere hedabideetan egin nituen, Ipar Euskal Herriko gehienetan ibilia naiz aski gaztetan, eta egiazko kazetaritza lanetan 17 urtetan hasi nintzen: Angeluko Hormadi izotz hockey talde profesionalaren berri ematen nuen Sud Ouest -entzat.\nAlta, lehen ikasketak ez zenituen kazetaritzan egin.\nEz. Baionan Euskal Filologia ikasi nuen. Etxepare lizeotik ateratzen nintzen, eta egia da dena euskaraz ikasirik ere Frantziako Hezkuntza Nazionaleko programak segitzen ditugula, eta falta nuen euskal historia, euskal kultura eta horren guziaren inguruko informazioa. Hirugarren urtean, lizentziarekin batean, Kazetaritza Unibertsitate Diploma formakuntza segitu nuen. Kixkun-kaxkun joan zen, bakarra nintzen Euskal Herrikoa, eta konfrontazio aski bortitz bat izan zen, ez bainintzen batere lehia giro horretan. Kazetaritza eskoletara aurkezteko konkurtsoak etorri ziren gero, lau pasatu, eta, finean, Bordeleko kazetaritza eskolan sartu nintzen.\nAFPn sartu zinen gero, Madrilen kirol kazetari. Nolako bizia da atzerriko berriemaile batena?\nLau urte egon nintzen Madrilen. Profesionalki bikaina zen, zoragarria. Kirol izar anitz gurutzatu ditut, eta biziki aberasgarria izan da. Kirol kazetaritzaren azpijoko guziak ere ikusten dituzu: futbolarien agenteen jokoa, prentsa arduradunen botere jokoak, nori galdera bat eman eta nori ez... Mundu hori deskubritu nuen, eta ez da ardura ttipia 23 urteko gazte batentzat Real Madrilen eta Bartzelonaren berri ematea. Lehen egunean zinez ene buruari galdetzen nion zer ari nintzen hor, jakin gabe non lo eginen nuen, zer-nolako lana eginen nuen...\nLana bera nolakoa zen?\nZoragarria, baina ezingo nituen hamar urte iraun. 60 edo 70 orduko lan asteak ziren, gauez lan egin behar nuen anitzetan... Ni nintzen Espainian gertatzen ziren kirol berri guzien arduraduna, eta, beraz, zerbait huts egiten banuen, ene gain zen. Ez deus huts egiteko, beti konektatua nintzen, beti adi, beti sare sozialei so, ea ez ote zen jokalari bat zauritu edo... Beti lanean nintzen. Astelehenetan Txapeldunen Ligako prentsaurrekoak nituen, bizpahiru artikulu idatzi behar nituen aurrepartidari buruz; asteartean partidaren berri eman behar nuen berandu arte; asteazkenean trena hartu behar nuen beste partida batzuk segitzera joateko; ostegunetan Europa Ligako partidak segitzen nituen... Egun guziz bazen zerbait futbolarekin. Kontent naiz lau urtez eginik, baina ezin nuen gehiago atxiki.\n«Ni nintzen Espainian gertatzen ziren kirol berri guzien arduraduna; beraz, zerbait huts egiten banuen, ene gain zen»\n2022an Qatarreko Munduko Futbol Txapelketaren berri eman zenuen. Eskandalu anitz izan ziren antolaketari buruz, langileen baldintzei buruz, eragin ekologikoari buruz... Zendako joan zinen?\nDudan egon nintzen joan ala ez. Frantzian ez zuen kirol kazetari bakar batek ere ukatu. Ene buruzagiarekin aipatu nuen, eta erran zidan hori zela gure lana, arazoak ziren tokietara joatea eta gure mikrofonoa luzatzea sufritzen duen jende horri. Konbentzitu ninduen erranez txapelketa baino sei hilabete lehenago kazetari batzuk igorriko zituztela preseski gai horiek tratatzeko: eskandalu humanitarioa, ekologikoa eta diru joko guziak. Gertatu dena da emazte zuri gazte bat igorri dutela, eta, beraz, bere lana egitea kasik ezinezkoa izan dela. Laburbiltzeko, atzematen dut izan dela munduko lehiaketa politena, munduko herri afrusenean.\nNolako esperientzia izan zen lehiaketaren berri ematea?\nFutbola ez da baitezpada ene kirol gustukoena, baina munduko kopa lehiaketa paregabea da. Mundu guziko zaleak badira, badira milaka istorio kontatzeko, mundu guziko kazetariak ezagutzen dituzu... Nahiz eta eskandalu baten ondorio zen, ukan genuen abantaila handi bat: zelai guziak elkarrengandik hurbil ziren, eta, beraz, dozena bat partida segitu ahal izan ditut. Normalki, munduko kopa batean, gehienez ere hiruzpalau segitzen ahal dituzu, igorria ziren herrikoak, eta fini.\n«Futbola ez da baitezpada ene kirol gustukoena, baina munduko kopa lehiaketa paregabea da. Mundu guziko zaleak badira, badira milaka istorio kontatzeko, mundu guziko kazetariak ezagutzen dituzu»\nKirol kazetaritza biziki mundu maskulinoa da...\nBai, eta segitzen ditugun kirolari gehienak ere gizonak dira. Nik, adibidez, behin bakarrik elkarrizketatu dut emazte bat: Pauline Peyraud-Magnin, Frantziako futbol taldeko zaindaria. Anitz erakusten du hedabideen hautuei buruz, eta gehien segitzen ditugun kirolei buruz. Futbola, gizonezkoena, eta, bereziki, Real Madril eta Bartzelona.\nKazetaritza irakasten hasi zara. Nola doa?\nInpostorearen sindromea sentitzen dut pixka bat, ez dakit pertsona egokia naizen irakasteko, baina gogotik egiten dut. Euskaraz izateak konbentzitu nau, behar hori bazen, euskal herritar batzuk euskal kazetaritzara formatzeko. Euskalduna naiz, kazetaria naiz, eta aski logikoa iruditzen zitzaidan onartzea.\nHain zuzen, kazetaria zara, euskalduna... baina gehienik frantsesez lan egiten duzu. Kontraerran bat da, ezta?\nBai, arrunt. Ni Frantziara erakartzen nauena ene bizi pertsonala da, laguna frantsesa baitut. Bidegurutze batean naiz, eta bide gurutzearen erdian egoten naiz, momentuan, Bordelen [irriak]. Behin Martxelo Otamendi gurutzatu nuen, eta erran zidan euskal kazetariek 30 urtetan behar dutela Euskal Herrira itzuli. Hitz horiek beti gogoan ditut.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000032", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Yoseikan Budo: gorputzetik heziketara\nAiziritzeko kirol gelan Yoseikan Budo topaketak antolatu ditu AMETS Arte Martzialen Euskal Taldeen Sareak biharko. Diziplina ezagutzeko parada izanen da.\nBihar, Aiziritzeko kirol gelan eginen dituzten topaketetan, Yoseikan Budo arte martzialaren erakustaldia emanen dute. Hatik, AMETS Arte Martzialen Euskal Taldeen Sarea taldearentzat argi da ez dela indar erakustaldia. Sailkapenik ez da izanen, medailarik ere ez. Aitzineko topaketetan, abantzu berrehun ikasle bildu dituzte armekin, eskuz edo lurrean borrokatzeko Yoseikan Budoak dituen modalitate desberdinetan. Borrokan eta epaile lanetan ikasleak ariko dira, AMETS sarearen pedagogia berezi bat duen seinale.\nAMETS sareko hamabi elkarte badira Euskal Herrian gaindi: Etxarri-Aranatzen, Altsasun, Berriozarren, Atarrabian, Erandion, Baionan, Urruñan, Azkainen, Bidaxunen eta Isturitzen, besteak beste. Pagolako bere etxean berean du dojoa Jose Perezek, laurogei bat ikasleren trebaketa mota desberdinak egiteko. Perezek argi dio txapelketak ez direla elkarte horietan helburu, eta topaketan antzematen dutela inportanteena zaiena: hots, «borroka lantzea manera bat» dela «karakterea edo jitea lantzeko eta beldurrei pare egiteko». Haurrik gazteenak eta kirol egokitua, goi mailako helduak eta hasi berriak, denak juntatzen dira topaketa horietan. Urtean lau antolatzen dituzte, Euskal Herri osoan.\nArmekin, esku hutsezko borroka eta lurrekoa, denetarik eginen dute Aiziritzen. Buruko kolpeak salbu, arrunt debekatu baitituzte, eta «hori negoziaezina» da, Perezen erranetan. 14 eta 18 urte bitarteko gazteetan motibatuak direnentzat, GBH (Gerriko Beltza Helburu) taldea sortu dute AMETS sarean: «Gazte horiek gero instalatuko dira, edo profesional bezala, edo boluntario bezala. Badute formakuntza teknikoa, talde inteligentziari buruzko formakuntza ere bai... Gaitasun desberdinak lantzen ditugu», zehaztu du haien irakasleak. GBH taldeko kideak izanen dira, preseski, Aiziritzeko topaketako epaileak.\nEuskal Herrian zentratuak\nBeste kiroletan ez bezala, Yoseikan Budoko euskal ordezkariek Frantziako eta Espainiako federazioetatik bereizirik garatu dute bostehun bat kideko sare zabala. «Mugaz gaindiko elkarte bat gara, eta erabaki dugu autonomian bizitzea, proiektua Euskal Herrian zentratuz», Perezek erran duenez. Euskaraz, gazteleraz eta frantsesez ari dira elkarte desberdinetan.\n«Hezkuntza sistema bat da, gorputzean oinarritua. Horregatik erraten dugu AMETS gorputz eskola bat dela».\nJOSE PEREZ Yoseikan Budo irakaslea\nNazioarteko antolaketa mailan AMETS sareak ere leku bat duela segurtatu du Perezek, Yoseikan Budo «laborategia» sortu zuen Mutxizuki familiako aholkularia baita hura, eta Gorka Perez Ihidoi, haren semea, nazioarteko pedagogia zuzendaria. Izan teknika hobetzeko ala pedagogian barnatzeko, Euskal Herriko kideek nazioarteko profesionalen arteko topaketetan parte hartzen dute urtean hiruzpalau aldiz, Yoseikan Budoa denen artean hobetzeko helburuarekin.\nLehiaketetan, AMETSeko kideak Euskal Herriko ordezkari gisa ari dira, onartzen zaienean: «Parisen arrano beltza atera genuen eta Frantziako Federazioarekin kristoren arazoak izan ziren. Eslovakian, aldiz, ez zen arazorik izan. Munduko Federazio barnean AMETS sarea ezaguna da, parte hartzen dugu, eta lehiaketa antolatzen duten herri batzuek onartzen gaituzte Euskal Herri gisa; beste batzuek, ez», argitu du Pagolako irakasleak. Baina haien kideen artean, txapelketan parte hartzen dutenak %5 inguru direla kalkulatzen du Perezek.\nGorputzetik heziketa\nPagolarrak argi utzi nahi du ez direla txapeldun sortzaileak; nahitara zorroztasun maila jaitsi zuten parte hartze zabalagoa kausitzeko: «Hezkuntza sistema bat da, gorputzean oinarritua. Horregatik erraten dugu AMETS gorputz eskola bat dela». Bere dojoan astez aste ikusten dituen laurogei bat ikasleetan, Perezek baditu kirol egokitua egiten dutenak, adin tipiko haurrak edo maila handiko borrokalariak.\nBiharko topaketa erakustaldia izanen da Yoseikan Budoaren teknika ikusi nahi duenarentzat: lehenik belaki ezpatak, esku huskako borroka gero eta lurreko borrokan ariko dira azkenik adin desberdinetako borrokalariak Aiziritzen.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000033", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Frantziak hegalaburraren kuotak gaizki partekatu zituela ebatzi du auzitegiak\nOkzitaniako Tolosako Auzitegi Administratiboak arrazoia eman die arrantzale ttipiei martxoaren 28an hartu duen delibero batekin: 2017an, Frantziako Gobernuak atun hegalaburraren arrantza baimenak ez zituen Europak inposatzen dituen irizpideen arabera partekatu, eta kuotak gaizki banatu zituen. Mediterraneoan eta Atlantikoan biltzen diren arrantzale ttipien sindikatu eta plataforma desberdinek txalotu dute erabakia, 2021ean Montpelliereko (Frantzia) epaitegiaren deliberoa konfirmatzen duela oroitaraziz.\nArrantza eskubidea, hau da, espezie bakoitzeko zer kopuru arrantzatu daitekeen, Europak finkatzen du herrialde bakoitzarentzat. Atunaren kasuan, hegalaburrarentzat, hiru herrialderentzat da kuotarik handiena: Italia, Espainia eta Frantzia. Estatu bakoitzak, gero, libertate aski handia du partekatzea egiteko, betiere Europak finkatu arau batzuk errespetatuz. Europako araudia ez betetzea egotzi diote, preseski, Frantziako Gobernuari.\nParisek Mediterraneoa eta Atlantikoa bereizten ditu, lehenari kuota handiagoa emanez: estatuan 6.693 tona hegalabur arrantzatu daitezke, eta horietatik 5.957 Mediterraneoan matrikulatuak diren ontzientzat dira; 69 tona aisialdiko arrantzarako, eta arrastakoak, 669 tona, Atlantikoan ari direnentzat. Europako arautegiko Arrantzaren Politika Bateratuaren 17. artikuluan jasota dagoenez, kuotak banatzeko, «Europako Batasuneko estatu kideek irizpide objektibo eta gardenak baliatu behar dituzte, irizpide sozialak, ekonomikoak eta ingurumenarekilakoak kontuan hartuz». Frantziako irizpideak, berriz, hiru zutabetan oinarritzen dira: ontziek aitzineko urte batean harrapatu hegalabur kantitatean, merkatuaren orientazioan eta oreka sozioekonomikoan.\nFrantziak aplikatzen duen arautegi hori 2006an moldatu zen; Europako arautegia, berriz, 2013an finkatu zuten egun duen forman. Donibane Lohizuneko Tximistarri arrantzontzian aritua da Xabi Martiarena, eta orain erretretan da; hark dioenez, «erran nahi du 2013tik 2017ra bederen, hori baita auzitegiak epaitu duen epea, gaizki egiten ari direla arrantza kuoten banaketa, eta batzuen abantailan egiten dela». Haren ustez, beti «ontzi handi eta indartsuenentzat, eta arrantzale ttipi eta artisauen kaltetan» egiten dute kuoten banaketa.\nHegalaburren populazioa\nIngurumenaren irizpidea, Martiarenaren ustez, ez da kontuan hartzen Frantziak kudeatzen dituen ontzietan. Alta, hegalaburraren populazioa lanjerrean izan da berriki arte. WWF Gobernuz Kanpoko Erakundearen arabera, 1970eko hamarkadara arte «nagusiki arrantza artisaua» ibiltzen zen hegalaburraren gibeletik; gerora, munduan ukan zuen «arrakastarengatik», arrantza presioa azkartu zen; Mediterraneoan, bereziki. 1950 eta 2010 artean, WWFren arabera, hegalaburren %80 desagertu ziren. Horren ondorioz, nazioarteko arrantza kuotak apaldu zituzten 2007an, eta, horri esker, hegalaburren populazioa berriz emendatu da.\nHorregatik, Europak finkatu dituen arauen artean, aholkatzen dute, Martiarenak erran duenez, «amuarekin ari direnak hobestea pelagikoak baino, sinpleki errateko». Hots, galdegiten dute hobesteko arrantza jasangarria. Baina Martiarenak esplikatu du Frantziako Gobernua auzitara eraman zutela alderantzizkoa egiten zuelakoan: «Hegalaburrari kalterik handiena egin diotenei ematen zaizkie kuota gehienak». Itsas hondoak karrakatzen dituen sarearen arrantzak kuoten parte handi bat izatea deitoratu du arrantzale ohiak: «Pelagikoei arrantza hori debekatu egin beharko liekete», Martiarenaren iritziz.\n«2013tik 2017ra bederen, hori baita auzitegiak epaitu duen epea, gaizki egiten ari dira arrantza kuoten banaketak».\nXABI MARTIARENA Arrantzale ohia\nEuropak oinarriak ematen baditu ere, estatu kide bakoitzak badu bere antolaketa finkatzeko manera. Hala, herrialde batzuetan kuota indibidualak banatzen dira, eta horietatik zenbaitzuk arra saltzeko zuzena dute haien jabe direnek. Frantziako Estatuan ez da hala, kuotak estatuarenak direlako. Martiarentzat, aldiz, hori teoria hutsa da: «Frantziako kuota estatuarena da, baina praktikan pribatizatu da. Anitzek erosi dituzte arrantza eskubide horiek eta pilatzen joan dira».\nSinpleki, hegalaburrak hartzeko kuotak dituen itsasontzi bat erosiz, eroslea kuota horiez jabetzen dela esplikatu du Martiarenak, eta gehitu du armadoreek ahalak dituztela ontzi zaharrak erosteko beren arrantza eskubideekin. Mediterraneoan bezala Atlantikoan ere, armadore edo enpresa handiek, emeki-emeki, kuoten parte handi bat berenganatu dute gisa horrez, Martiarenaren arabera, arrantzale lapurtar artisauak kaltetzeraino: «Hegalaburra Donibane Lohizuneko badiara sartzen da urtero, gutxi edo gehiago. Beraz, interesgarria da hemengo ontzi ttipientzat. Baina beste batzuek kuotak hartu dituztenez, ttipientzat aukera oso gutxi gelditzen da», trenkatu du.\nOndorioak Lapurdin\nHegalaburra oraino ez zelarik prestigio handikoa, Donibane Lohizune eta Ziburuko portua erreferentziazkoa zen, Martiarenak zehaztu duenez: «Historikoki, Frantzia mailan hegalaburrak estimu komertzial ttipiagoa zuenean, Donibane Lohizuneko portuak zuen ekoizpen handiena Mediterraneoa eta Atlantikoa elkartuz». Garai hartako aztarnak badira argazki artxiboetan. Hegalaburraren «eromena» zabaldu zen gero, eta bereziki Mediterraneoan kopuru handiak ateratzen hasi ziren itsasontzi handiekin.\nAtunak Donibane Lohizuneko portuan, 1960ko hamarkadan. JEAN VELEZ\nGaur egun kuoten banaketak ukan dituen eraginez ohartzeko, Tximistarri ontziko arrantzale ohiaren erranetan, «aski da ikustea Donibane Lohizune-Ziburuko portua zertan den». Uste du arrantza tradizionalean amuekin ari ziren ontzi anitzetatik bakarra gelditzen dela: Atalaia Berria ontzia. Lehen artisau arrantzan ari ziren beste ontzietatik batzuk erretretara joan ziren eta besteek ez dute gehiago hegalaburra harrapatzeko kuotarik, edo lauzpabost arrainetako kantitate sinbolikoa, gehienez ere.\nTolosako epaiak, Montpellierkoak bezala, nolanahi ere, ez du kalte ordainik aipatzen 2017an kuotarik ukan ez eta ukan behar zituzketen arrantzaleentzat. Martiarenak uste du, dena den, kaltea egina dela: «Kaltearen parte handi bat, manera guztiz, egina da, bai Mediterraneoan eta bai hemen ere: ontzi ttipi anitz ez dira berritu, erretretak hartu dira, beren ontziaren balioa galdua zuten, ez baita gauza bera eskubiderik gabe saltzea. Eta gelditzen direnek, zaila dute mantentzea», ondorioztatu du. Hegalaburraz harago ere, erran du arrantza ttipiak beste zailtasunak ere bizi dituela.\nGehiago dena, arrantza jasangarriaren segidarako panorama beltz ikusten du arrantzale ohiak. Azaldu du gazteek arrantzan hasteko zailtasunak dituztela: «Orain arrantza hasi duen batek arrantza eskubideak dituen ontzi bat erosi behar du. Gure garaian galdetzea nahikoa zen lortzeko». Oso «zail» ikusten du gazteek arrantza profesionalerako urratsa egin dezaten.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000034", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Traputzarra\nGure bulegoko traputzarra arras xirtxila da. Litsak galdu ditu, erdi pelatua da. Zola garbitzerakoan joan-jinak biderkatu behar ditugu. Zikina torratzeko ahalegin guziak egin behar ditugu. Garbiketa egiteko gure txanda etortzen den aldi oro, traputzar gaizo honek denetarik entzuten du. Alta, aldi oro lana bukatu eta zarpaila bihurtzen dugu eta zoko batean uzten, ondokoa arte. Lan burtsako garbiketa-teknikariak gure traputzarra ikusiko balu, gutaz irri eginen luke, arrazoiarekin. Honek tresna dotorea du, trapu laua eta zabala, gider luze batekin. Makurtu gabe zapia zegoan sartu, xukagailuan tinkatu eta eraikineko zorua jestu zabal eta arinez ikuzten du.\nTresna arrunt bezain funtsezkoa da trapua. Gehienetan ez diogu estimu izpirik erakusten eta ematen dizkigun zerbitzuak ez ditugu gogoan hartzen. Bazter batean egoten da luzaz, puni, geldo, ahantzia, haren beharra ukan arte. Orduan, baitezpadakoa eta baliosa bilakatzen zaigu. Bazterrak lohi direnean soilik bere lana eskertzen dugu.\nEguneroko lanerako tresna dutenentzat -gehienetan eta ustekaberik gabe emazteak-, ezin da nolanahikoa izan. Ergonomikoa izan behar du, eraginkorra baina gorputzarentzat ahalik eta gutien kaltegarria. Gorago goraipatu tramankulu bikaina bezalakoa. Alta, guti dira zola egunero oinkatu eta garbitzen dutenengan pentsatzen dutenak. Izan ere, Garaziko Osasun Erakunde Publikoko erratz hautsiak ez du zuzendaritzaren bihotza hunkitu. Langileak erremintari egokitu behar izan dira, ziliportarik egin gabe, erietxeak ez omen baitu diru idorrik.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000035", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Kantuaz gozatzeko eguna\nSenpereko Zaldubi ikastolak Hiruka'ntuz kantu bazkaria antolatu du, azaroaren 25eko. Hiru lurraldeetako kantu eta kantariak bildu nahi ditu.\nKantuzaletasuna, tokiko jakiz egin bazkaria eta jende ohatzeko barne nasaia. Hiru oinarri horiek bildurik, Hiruka'ntuz eguna antolatu du Senpereko Zaldubi ikastolak, azaroaren 25eko. Lapurdiko, Baxenabarreko eta Zuberoako kantuzaleak elkartu nahi ditu Ibarrun auzoko Inharrian. Horretarako, 160 kantuko liburuxka ondu du: zaharrak eta berriagoak, hiru lurraldeotakoak.\nLehenbiziko Hiruka'ntuz eguna 2016an antolatu zuen Senpereko lagun talde batek. 2018an egin zuten bigarren aldikoz. Orduko arrakasta gogoan, berriz ere muntatu nahi ukan dute Zaldubi ikastolako burasoek, Integrazio Batzordearen alde eginez. Aitzin lan bat ere hartu dute, Daniel Xalbadorren Alegrantzian kantuko hitzak harturik lelotzat: Kantu zaharrak ez ahantzi, eta berriak ditzagun ikasi. 160 kantu hautatu dituzte, beraz, kantutegi zaharrekoak, berriak bezala. Lurralde bakoitz 50ez goiti. Azaroaren 25eko bazkarian esku artean ukaiten ahalko den liburuxka batean bildu dituzte.\nIkastolako buraso Patxi Thikoipe, sortzez amikuztarra, antolatzaileetan da, eta aitortu du Senperen kantuzaletasun azkar bat sentitu zuela jin orduko. «Ohartu naiz gazteek ere, nahiz eta ez euskaldunak izan, nola kantua maite duten. Eta kantuak ezagutzen!, bat hasita emanen baitute bururaino». Batzuetan hain ezagunak ez diren kantuak izaten dira. «Irri egingarria da, ezen kantu militanteak ere ematen baitituzte, ez direlarik baitezpada hala».\nKantu bilgunea Integrazio Batzordea diruz laguntzeko antolatzen badute ere, Thikoipek dio ikastolaren betekizunetan dela euskal kulturari halako hats egunen ematea. «Iduritzen zaigu ikastolarekin badugula erantzukizun bat, rol bat herriaren biziarazteko eta kulturalki zerbait ekartzeko».\nKantuzaleen uzta\nKantua maite eta kantuz ibilki diren lauzpabost senpertar elkartu dira liburuxkaren osatzeko. Thikoipek esplikatu du kantu esperientzia luze baten emaitza dela: «Besta egiteko mugitzen direlarik-edo, usu kantatzen dute. Eta harremanak egin dituzte zuberotar batzuekin, Aldude ibarreko batzuekin; kantua maite duten lagunekin badituzte harremanak. Elkarren artean badute jadanik errepertorio aski inportantea eginik». Baina ez dira horretan mugatu. Ezker-eskuin galdeginez, ezagunak ez diren baina kantatzeko gogoa luketen kantu zaharren bilketa bat bezala egin dute. «Bada kantu andana ezagutzen ez ditudanak; ez airea, ez hitzak. Helburua da nahastea batere ezaguna ez dena ezagunagoa denarekin». Liburuxkak horretan du berezitasuna izanen, kantu ezagunekin zernahi liburuxka baita agerturik jadaneko.\nAitzineko edizioetan erdietsi zena errepikatu nahi dute ikastolako burasoek: hiru lurraldeetarik jin ziren kantuzaleak. «Adibidez, Zuberoatik autobus bat jin zen azken aldian». Liburuxkako kantuen kantatzeko bil daitezen nahi dute, baita liburuxkan ez direnak ere ekar ditzaten mahaira. «Urte guziz nahi genuke antolatu hori, eta, zendako ez, norbaitek kantu zahar bat ateratzen badu, ondoko urtean liburuxkan sartu».\nHanditu den ikastola\nZazpi ikaslerekin abiatu zen Senpereko Zaldubi ikastola, 1972an. Egungo egunean, 130 ikasleko ikastola gotorra da.\nThikoipek dio herriaren biztanle emendaketa zalu eta handiari lot dakiokeela, baina, bestaldetik, «leku anitzetan bezala, buraso gero eta gehiago hurbiltzen dira ikastolarat». Horietan, badira euskarari atxikiak diren euskaldunak eta «publiko erdaldun bat baikorra eta indarra egiten duena. Bada inplikazio eta nahasketa polita».\nHiru lurraldeetako kantutegi aberatsa agerian emateko\nGaur egun oraino erabilia den kantutegi aberats bat bildu dute Senpereko Zaldubi ikastolakoek. «Ainitz dira kantu herrikoiak erraten den bezala, zahar-zaharrak gehienak eta nork idatzi, asmatu, inprobisatu edo argitaratu dituen ez dakigunak (Aitorren hizkuntz zaharra, Izan niz Balenkonian, Xori errexinoletak, Artzaintsa mendian, Bihotza zerautan negarrez, Goizian goiz jeikirik, Arrainak eijer begia, Bortietako elurra, Eperra...)».\nBaina, ohiko kantuez gain, historia hurbilagoan egile berriagoak diren kantugileak ere agerian eman nahi dituzte: «Lapurdin, Manex Pagola, Zaldubi, Mixel Labeguerie, Larreko... Baxenabarren, Xalbador, Etxamendi, Etxepare, Borddel... Zuberoan, Etxahun Iruri, Attuli, Ligeix, Topet Etxahun...» .", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000036", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Hiru emazte kantari omenduko dituzte Baionan\nLagun arteko gogoeta batetik abiatu zen proiektua, eta aitzina eramatea deliberatu dute azkenean: Hiru emazte kantari gogoan gaualdia eginen dute Baionan, heldu den ostiralean, 18:30ean. 1970eko hamarkadako hiru emazte kantari omenduko dituzte: Estibaliz Robles Arangiz Estitxu , Lourdes Iriondo eta Maite Idirin. Bakoitzaren ibilbidea aipatuko dute, eta, ondotik, Maialen Alfarok, Maider Bedaxagarrek eta Naia Roblesek arra hartuko dituzte zendu diren hiru kantarien zenbait kantu. Publikoak ere kantatzeko parada izanen du, denek elkarrekin kantu bat emanen baitute bukaeran.\nJacqueline Idiart proiektuaren abiapuntuan den emazteetariko batek esplikatu du harentzat eta haren lagunentzat «beren garaia markatu duten kantari horiek oroitzea inportantea» dela. «Kantuz ari zirenean, 1970eko hamarkadan, ez zen anitz emazte ageri eszenan. Haien lana aitzinean ezartzea dugu xede, gehiago entzunak izan daitezen», erran du.\n«Egungo gazteek ez dituzte batere ezagutzen 1970eko hamarkadako kantari haiek, eta molde bat da berriz agerrarazteko».\nJACQUELINE IDIART Antolatzailea\nHorretarako, gaualdia molde berezian iraganen da, gonbidatu dituzten hiru kantariek berriz hartuko baitituzte omenduko dituztenen kantuak. Maialen Alfarok Iriondoren kantuak arra hartuko ditu; Naia Roblesek, bere ttantta zen Estitxurenak; eta Maider Bedaxagarrek, Idirinenak. Egungo kantarien parte hartzearekin, bi belaunaldiren arteko lotura egiteko xedea dute antolatzaileek. «Egungo gazteek ez dituzte batere ezagutzen 1970eko hamarkadako kantari horiek, eta molde bat da berriz agerrarazteko», esplikatu du Idiartek.\n«Aurreratzaileak»\nIdiarten arabera, Iriondo, Estitxu eta Idirin beren garaian «aurreratzaile» izan ziren. «Ipar Euskal Herrian arrakasta handia bazuten. Euskal Herrian urte beroak ziren, Hego Euskal Herrian kantatzea eta kantaldiak egitea ez zen batere erraza, eta emazte haiek gizonen artean beren lekua egin zuten», erran du. Gogoan du garaian «asteburu oroz» kantaldietara joaten zirela, eta uste du ohitura hori pixka bat «galdu» dela.\nKantaldien garaia berpizteko gaualdia Baionako Bil Txokon eginen dute, eta elkarteko kide Pantxika Hegiaphalek «ezinbestekoa» ikusten du ekinaldi kulturalak antolatzea. «Gure rola da kultura ekartzea gure elkartera, eta jendeari eskaintza hori egitea. Jendeek biziki maite dituzte gisa honetako gaualdiak». Hegiaphalek eta Bil Txokoko kideek horrelako ekinaldi «gehiago» egiteko gogoa dute, eta elkartearen «helburutzat» dute kultur eskaintza garatzea.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000037", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Mauleko errugbi taldea, nehoiz baino gorago\nMauleko gizonezkoen errugbi taldeak maila bat gorago jokatuko du heldu den denboraldian, bosgarren mailatik laugarren mailara pasatuko baita; nehoiz baino gorago. Okzitaniako L'Isle Jourdaineko taldearen kontra behin irabazirik (20-6) eta behin galdurik (21-8), aski puntu lortu ditu Mauleko taldeak Frantziako Federale 1. mailako finalerdia jokatzeko -bosgarren maila da-; hori kausiturik, heldu den sasoian gorago den Nationale 2. mailan jokatzeko lekua segurtatua du. Donibane Lohizuneko eta Angeluko errugbi taldeek lekua atxikitzea lortuko balute, Iparraldeko hiru talde ariko lirateke Nationale 2. mailan heldu den sasoian. Mauleko jokalariak «prest» dira desafioari heltzeko, baina, momentuz, Orleansen (Frantzia) kontra ekainaren 9an jokatuko duten partida dute gogoan.\nMattin Epherre Mauleko gibelarietakoari iragan igandeko eguna aldi berean «gaitz eta eder» izan zaio. «Eguna luzea izan da partida hasi arte. Lasaitzeko, gure artean mintzatu gara, eta urte honetan egin duguna jadanik ontsa zela erran». Partidaren bilan gazi-gozoa egin du: «Partida ontsa hasi dugu, eta lehen zati ona egin dugu; bigarrena gaitzago izan da guretako, eta parekoek beren indar guziak igorri dituzte. Abantzu galdu dugu, baina ahal bezala atxiki dugu. Ulertu dugularik finalerdian ginela, eta, sustut, igoko ginela, plazer handia izan da», kontatu du.\nPhilippe Hontaas taldeko entrenatzaileak bat egin du bilan gazi-gozoarekin; Maulen partida «ona» eginik ere, «zailagoa» iruditu zaio L'Isle Jourdainekoa, parekoak «fisikoki indartsuagoak» izan direlako. Dena den, «nahikoa» izan da mailaz igotzeko, eta sasoiaren hastapena ikusiz, «jokalariek bururaino atxiki» izana goraipatu du. «Helburua ez zen mailaz igotzea, baina prest gara igotze hori onartzeko».\n«Nationale 2. mailan zera gertatuko da, azken fasean atzeman ditugun zailtasunak atzemanen ditugula asteburuero».\nPHILIPPE HONTAAS Mauleko errugbi entrenatzailea\nHeldu den sasoiko desafioari begira, pausatuki mintzatu da Epherre, eta erran du lehen erronka finalerdiarena izanen dela. «Klubak ez du sekula erran goiti joan nahi zuenik, baina zelaian irabazi dugu. Ikusiko dugu nola eginen dugun. Dena den, lehen gauza finalerdia prestatzea izanen da». Fisikoki errekuperatu ondotik, Orleanseko taldeak nola jokatzen duen so eginen dute mauletarrek, kontra ukanen dituztenen «ahuleziak» eta «indarrak» aztertzeko, araberan jokatzeko.\n«Batak bestea lagunduz»\nEkainaren 9ko emaitza nolanahikoa izanik ere, heldu diren lekura heldu izana «jadanik ontsa» dela uste du Epherrek. Heldu den sasoiari begira, besteen aldean Mauleko taldea «ttipittoa» da, haren hitzetan, denak amateurrak baitira. Buxetan ere ageri da klub xumeagoa dela: 380.000 euroko buxeta du Maulek, jakinez Nationale 2. mailako klub batzuek kasik milioi bat euro ingurukoa dutela. Nolanahi ere, partida bakoitzean «edozer iragaten ahal» da, Epherren arabera, eta taldearen helburua plazera hartzea izanen da, «pase anitz eginez» eta defentsan «parekoei lotuz».\n«Zelaian ageri da lagun talde bat garela eta bata bestearendako ari garela. Aski ahul gara fisikoki, eta justuki horri aitzin egiteko arizale orok baloia pasarazten dugu, aitzindari ala gibelari izan, jokoa ontsa eginez».\nMATTIN EPHERRE Mauleko errugbi taldeko gibelaria\nMauleko taldearen eta sailkapenaren hastapenean direnen arteko oreka eskasa aipatu du jokalariak: «Sentitzen dugu azken faseak gogorrago direla eta gu baino azkarrago direla parean, hobeki prestatuak baitira. Muskulazioa egiten dute egun oroz, teknika handia badute...». Hontaasek ñabardura gehiago ikusten ditu, eta pentsatzen du Nationale 2. mailako talde ahulenen artean eta Mauleko taldearen artean ez dela «hainbesteko» desorekarik izanen. Azpimarratu du laugarren mailan diren taldeak ezagutzen dituztela: Lannemezan, Auch (Okzitania), Angelu, Donibane Lohizune... «Duela ez hain aspaldi arituak gara talde horien kontra, eta ezagutzen ditugu. Nationale 2. mailan zera gertatuko da, azken fasean atzeman ditugun zailtasunak atzemanen ditugula asteburuero». Horri aurre egiteko jokalari gehiago beharko dituztela uste du, itzulikatu ahal izateko eta egungo jokalariak ez gehiegi akitzeko.\nHalere, Epherren hitzetan, dituzten ahulezia horiek «konpentsatzen» dituzte «energia anitz» ezarriz eta «batak bestea lagunduz beti». Gibelariak uste du kirol taldea izanagatik ere «lagun taldea» direla oroz gainetik: «Zelaian ageri da lagun talde bat garela eta bata bestearendako ari garela. Aski ahul gara fisikoki, eta justuki horri aitzin egiteko arizale orok baloia pasarazten dugu, aitzindari ala gibelari izan, jokoa ontsa eginez. Errugbia maite dugu eta ontsa aritzen entseatzen gara», erran du.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000038", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Euskadi Berria Eraikitzen hausnarketa prozesuaren ondorioak aurkeztu ditu Ahal Dugu-k\nAhal Dugu-k Euskadi Berria Eraikitzen hausnarketa irekiko prozesuaren ondorioak aurkeztu ditu Bilbon egin duen agerraldi batean. Azaroan abiatutako eztabaida politiko horren bidez, beren esparru politikoa indartu eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erronkei aurre egiteko proiektu politiko berri bat osatu nahi izan dute. Orotara, 150 proposamen baino gehiago jaso dituzte, izan norbanakoenak, izan kolektiboenak, Ahal Dugu-ko zirkuluetatik eta mugimendu sozialetatik eratorriak.\nPilar Garrido Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak eta David Soto antolakuntza idazkari eta Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak egin dute aurkezpena. Sei ardatz estrategiko ditu dokumentuak: Euskadi: egoeraren diagnosia , Zerbitzu publikoak bidegurutzean , Ekonomia soziala eta berdea , Zaintzarako eskubidea , Lurralde eredua eta Herrialdea aldatuko duen bilgunerako printzipioak eta balioak . Ekonomia sozial eta berdeari dagokion atalak jaso du ekarpen gehien, bi eledunen hitzetan. Ahal Dugu-k izan beharreko posizionamendu ekonomikoari, lan merkatuari, kooperatibismoari, ekonomia berdeari eta trantsizio ekologikoari buruzkoak dira.\nHainbat bidetatik jasotako ekarpenez gain, Euskadi Berria Eraikitzen prozesuan egin dituzten topaketak ere azpimarratu dituzte. «Parte hartze oso zabala izan da prozesu osoan. Lortutako erantzuna oso garrantzitsua da, eta Euskadin aldaketarako dagoen gogoa eta bertan modu aktiboan parte hartzeko interesa erakusten du», adierazi dute Garridok eta Sotok.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000039", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Zer gara gu, nor gara gu\nZer gara gu, nor gara gu. IFen marrazkiritzia.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000040", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Iratik etorkizuneko Pirinioetako egoera galdekatzen du\nIratiko iraupen eski estazioaren hestea jakinarazi dute. Klima aldaketak eskiaren jardueraren aldaketa dakar. Iratin lan egiten duten hainbatek klima aldaketaren ondorioak azpimarratu dituzte.\nKlima aldaketaren eraginak jada nabariak dira gure inguruan. Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak (IPCC) argi utzi du bere azken txostenean industria aitzineko garaitik lurraren tenperatura 1,1 gradu igan dela. Aditu taldearen arabera, lurraren beroketa 1,5 graduraino irits daiteke 2030ean. Iratik ez ezik, Pirinioetako mendilerroak ere jasaten ditu klima aldaketaren ondorio zuzenak. Jarduera ekonomikoan ere eragiten du.\n«1949 eta 2015 bitartean, Pirinioetako batez besteko tenperaturak gora egin du, argi eta garbi: 0,2 gradu igo da hamarraldi bakoitzean», dio EPiCCren ondorioetako batek. Ibai Rico geologo eta EHUko irakaslearen hitzetan, glaziarretan ikus daiteke aldaketa handia, «prezipitazioen eta tenperaturen arteko balantzearen indikatzaileak» baitira. Ondorioz, Pirinioetan munduari konparatuz tenperaturak gehiago igaten diren heinean, glaziarrak «oso azkar» desagertzen ari dira, Ricoren erranetan: «Guk esaten genuen glaziar handienak 2050. urterako desagertuko zirela. Orain ikusten ari gara batzuk desager daitezkeela hamarkada batean». Pirinioetako glaziarren kopurua anitz jautsi da azken urteetan: «Gaur egun hemezortzi glaziar dira, baina 2020an 23 ziren; bost desagertu dira».\n«Guk esaten genuen glaziarrik handienak 2050. urterako desagertuko zirela. Orain ikusten ari gara batzuk desager daitezkeela hamarkada batean».\nIBAI RICO Geologoa eta EHUko irakaslea\nKlima aldaketaren ondorioak\nElurraren aldetik, Klima Aldaketaren Kontrako Pirinioetako Estrategiak (EPiCC) elur geruzaren jaustea ere nabaritu nahi du: «1.800 metroko garaieran, elurraren batez besteko lodiera erdira jaitsi daiteke 2050ean, egungo erreferentziaren arabera». Josy Arrosagarai Iratiko txaleten zuzendariak azpimarratu du elurra «atxikitzeko» zailtasunak dituztela Iratin. Tenperaturen igateaz gain, «haize zakar» batzuk agertu dira, eta elurra maneiatzeko zailtasunak ekartzen ditu fenomeno meteorologiko berri honek. Arrazoi ekonomikoa ere azpimarratu du Arrosagaraik, iraupen eskiak mantentze «handia» galdegiten baitu, haren ustez: «Ezin genituen gehiago pistak goizero zapaldu jakinik hortik gutira euria iragarria zela eta elurra urtuko zela». Jakina, Iratiko eski estazioak lehen-lehenik hetsi izan behar du apalena delako, eta 1.300 metroko goratasunean kokatu du.\nMaila apaletako estazioak zaurgarriagoak diren heinean eta tenperatura igateen aurreikuspenen arabera, eski estazioen hesteak azkartu daitezke heldu diren urteetan. Tenperatura bi gradu igaten bada, Pirinioetako estazioen %50 idekirik manten daitezke, Ricoren arabera. Kanoi artifizialekin bada, %70ra igan daiteke kopurua. Geologoaren ustez, lau gradu igaten bada tenperatura Pirinioetan, eski estazio batek ere ez lituzke bere ateak idekirik atxikiko. Izatekotan, mailarik gorenean diren estazioak bakarrik eta kanoi artifizialak emanez; hots, estazioen %7 eta %10 artean.\n«Ezin genituen gehiago pistak goizero zapaldu jakinik hortik gutira euria iragarria zela eta elurra urtuko zela».\nJOSY ARROSAGARAI Iratiko txaletetako zuzendaria\nArtzaintza da Iratiko jarduera ekonomiko nagusienetarikoa. Estebe eta Maritxu Ouret artzainek ere aldaketak azpimarratzen dituzte. Haien erranetan, klima aldaketa dela medio, ur maila «itsuski» apaldu da. Gasnatzeko zailtasunak ere ukan zituzten pasa den udan: «Idorte handia zela eta, Iratin dugun soto naturalean bi gradu igan da tenperatura». Mendian ziren gasnak herrira eraman behar izan zituzten aire klimatizatua behar zutelako gasnen idorketa «ona» bermatzeko. Landaredian ere aldaketa franko izan dira, Oureten ustez, «arbasoek» zenbatzen zituzten landare batzuk ez direlako ageri. Gehiago ere, EPiCCk jaso du datozen urteetan larreen banaketan, osaketan zein bazkaren kalitatean ere «eragin negatiboak» izan daitezkeela. Aditu taldeak, batez besteko tenperaturen igateengatik zuzenean animalien osagarria eta ongizatea hunkitua izanen dela deitoratu du.\nTrantsizioaren gakoak\nTrantsiziorako aroa egiteko ekosistemak ontsa egon beharko dira, eta industrializatu gabe, Ricoren arabera: «Gaur egun eskala industrialeakoak diren energia berriztagarriak arriskua dira mendientzat». Turismoaren kasuan, dibertsifikazioa «beharrezkoa» da, haren erranetan, «jarduera babestuak eskainiz zein lurraldeko plangintza garatuz». Iratiko txaletetan, Arrosagaraik bezero kopuru handia tokikoa du, eta lan «handia» eramaten ari da jendeari beste motatako proposamena eskaintzeko: «Esperientzia sinpleak nahi ditugu eskaini. Irati biziki bizia da, deskonetatzeko aukera ematen du». Elkarrekiko trukean eta ingurumenarekiko jarduerak garatuz, jendearen ezagutza «sakontzeko» aukera emanen du: «Iratin lan egiten duen jendearekin zein elkarteekin topaketak antolatzen ditugu, nolabait, ondare naturala sustatzeko». Turismo iraunkorrera trantsizioa egiteko, errespetu eta sentsibilizazio lana egiten duela erran du Arrosagaraik: «Jendeari behin eta berriz azalduz eta elkarrekiko trukean eraikiriko turismoa dugu helburu».\nAlta, Ouret artzainen ustez, bestelakoa da garatzen ari den turismoa Iratin. Geroz eta jende gehiago sumatu dute mendian, eta «arrangura handia» izan ardiekin lan egitean. Lehen baino xakur gehiago direla azpimarratu dute, eta «zailtasunak» sortzen dituela artaldeei. Oro har, artzaintzaren eta mendiko turismoaren arteko talka adierazi du, «jendeak ez duelako hemen lan egiteko modua ulertzen».\nElkarbizitzarako gakoa eraikitzeko tresnak aurkitu; dibertsifikazioan eta adaptazioan dago gakoa, Ricoren arabera, azken hamarkadetan neurtu egin denarekin «bat egiten baitute» agerturiko fenomeno desberdinek. Haren ustez, negu hobeak izan daitezke, baina joerak «neurtuak» eta «argi daude» heldu diren urteetarako.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000041", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Anitz molde badira erabilpen jabegoak sortzeko, zeinei esker etxea edo funtsa merkatutik atera daitekeen»\nLur eta etxebizitzen espekulazioaren Ipar Euskal Herriko zenbait taldek Aurelien Berlan filosofoa gomitatu dute otsailaren 16an eta 17an hitzaldi ematera. Atharratzen, Izturitzen eta Baionan egonen da.\nFilosofian doktore eta agregatua da Aurélien Berlan (Paris, 1976). Liburu andana badu idatzirik. Azkenetan: Terre et Liberté. La quête d'autonomie contre le fantasme de délivrance (La lenteur, 2021). Euskaraz: Lurra eta Askatasuna. Autonomiaren bilaketa libratzearen ameskeriaren kontra . Duela dozena bat urte, filosofo lanaz gain, erabaki zuen baserri batean bizitzea lagun batzuekin janari eta egun guzietako beharrei beren baitarik buru egiteko. Espekulazioaren kontrako kolektiboek jabegoaz mintzatzera gomitatu dute otsailaren 16an eta 17an. Atharratzen, Izturitzen eta Baionan emanen ditu hitzaldiak.\nZerk ekarri zintuen zure bizian bizigaiak zuhaurrek egin eta ondoko lan intelektuala uztartzera?\nGaztetatik lan intelektualak, gogoetak gutiziatu naute, eta, aldi berean, betidanik xintxuketan aritu naiz edo eskulanetan. Arrazoi batek baino gehiagok bizibide materialaren eta lan intelektualaren arteko oreka baten bilatzera akuilatu naute. Oreka hori galdua nuen ikasketetan sartuz geroztik; ez nuen gehiago deus egiten eskuekin, eta dena buruko lana zen. Gero, ez nintzen modelismoan hasiko; horregatik, bizitzeko doiak nihaurrek egitearena jin da.\nKontzientzia hartze bati lotua zen orduan?\n2000. urteen hastapenean, nituen engaiamendu altermundialisten bidez ulertu nuen gure bizimoldea beste batzuei eginaraztean oinarritua zela. Batzuetan etxe ondoan ziren batzuei, baina gero eta gehiago munduaren beste puntan ziren jende batzuei. Ohartu nintzen jaten nuena, supermerkatuan erosten nuen oro -arropak eta beste- baldintza ezin itsusiagoetan ekoitziak zirela, bai egileentzat, bai naturarentzat. Ardura, etxetik mila kilometrotan eginak ziren, eta ez nintzen ohartzen ere. Ikusi nuen hori ez bagenuen galdekatzen zerbait gisaz naturaren eta jendearen zapalkuntzan parte hartzen genuela. Ez zezakeen bat egin nuen etikarekin.\nBeregaintasun material hori, buruaren eta gogoeten hazkurri ere izan zaizu?\nFilosofiak beti liluratu nau. Formakuntza horretan dut. Baina beti kritikoa izan naiz goratik mintzo den filosofiarekin; kontzeptu abstraktuen goratasunetik ari dena, esaldi hanpurutsuekin. Horregatik, giza zientziei buruz joan naiz, eta tesia soziologiari buruz egin dut. Ohartu nintzen filosofia, hitzen definitzeko arte hori, biziki interesgarria dela, baina bizio bat baduela: mundutik aparte egotea hodei batean, orokortasun batzuetan geldituz. Intelektual askoren arazo bezala ikusi nuen hori, eta lurrari lotu gogoetak atera nahi bagenituen eskuak lurrean sartu behar zirela. Ez nuen nahi bere buruari gezurka ari den ele ederreko filosofia bat egin.\nJabegoaren aipatzera gomit zara Euskal Herrira. Jabego kontzeptuaren bilakaera duzu aipatuko?\nHorretaz haratago, jabegoarekin dugun harremanaz gogoetaraziko dut jendea. Hain zuzen, ez nuke elasturi handiko orokortasunetan egon nahi. Jabegoaren parean bi alde badira jendeetan. Kritikoak direnak eta erraten dutenak: «Jabegoa eskandalu bat da, zapalkuntza da, eta hori bukatu behar da!. Deus ez da jabe izatea baino sorddesagorik». Hainbestetaraino, non batzuetan debekatzen baita ene liburua, ene etxea edo ene laguna erratea; jabekeria bailitzateke. Jabetza kritikatzeko arrazoirik bada, baina hein horretaraino joatea abstraktuegia da. Denek badugu guhaurren bizilekuaren beharra. Bizitzeko, ezinbestez gauzak gureganatu behar ditugu: sagar bat jaten dudalarik, eneganatzen dut. Gure etxe bat, babesleku bat, munduko tormentetarik gerizatzeko egongia bat beharrezkoa dugu denek. Ez da horretan kokaturik egon behar, baina behar horren ukatzea zentzu komunetik eta herri klaseetatik moztea da.\nEta beste aldeko jendeak zer dio?\nKritika horren parean, bada beste jende bat diskurtso arrunt tetelea, ideologikoa, eskuinekoa, kontserbadorea duena, eta erraten duena: «Jabegoa sakratua da, ez da hunki behar». Gisa horretan, multinazionalen, miliardunen jabegoa justifikatzen dute. Jabegoa ez da sakratua. Milioiak hunkitzen eta 25 etxe baditu norbaitek, ez da gehiago nork bere egongiaren beharrari lotua. Nork bere etxea ukaitea, leku bat eta bakarrean errotua izatea eta bizitzea baita. Eta ez espekulatzea zernahi bigarren egoitzekin. Jabegoaren kritika, gaur egun, arrazoizkoa da, ezen jabego forma bat -jabego burges modernoa-, merkantzia jabegoa, Napoleon kodeak du finkatu, 1804an, eta herritar gehienen desjabetzeko mekanismo bat izan da. Gauza hori ikusten da Euskal Herrian, eta beste eskualde batzuetan: jende batzuk beren etxetik kanporatuak dira jabeak saldu nahi duelako, eta hor bizi zirenek ez baitezakete merkatuak inposatu prezioa paga.\n«Jabegoaren kritika, gaur egun, arrazoizkoa da, ezen jabego forma bat -jabego burges modernoa-, merkantzia jabegoa, Napoleon kodeak du finkatu, 1804an, eta herritar gehienen desjabetzeko mekanismo bat izan da»\nHalako desjabetzeari nola egin dakioke buru? Beste bizimolde kolektibo batzuk bilatuz, zuk bezala? Legea aldaraztea bilatuz?\nLegea aldatu behar litzateke, segur. Jabego pribatua sakratu egitea, mugarik gabeko eskubide absolutu bezala uztea zentzugabea da. Nola aldatu, ez dakit. Engaiatzen diren jendeek dute erabakiko. Bizkitartean, badira lege horien saihesteko moldeak. Adibidez, forma juridiko batzuen bidez, hala nola bizilagun kooperatibak, erabilpen jabegoak, dotazio funtsak... Anitz molde badira erabilpen jabegoak sortzeko, zeinei esker etxea edo funtsa merkatutik atera daitekeen; beraz, espekulaziotik. Funtsak ez dira berriz salduak izaten ahal; beraz, utziak dira ez merkatu logika batekin, baizik eta erabilpen logikarekin. Gizataldeek ezagutu zituzten lehen antolaketetan plantan eman ziren jabego formekin berriz bat egiteko bideak dira. Gaur egun, egiazko jabea da funtsa sal dezakeena, eta ez erabiltzen duena; hori gauza arrunt berria da jabetzaren historian. Biziki luzaz funtsaren jabegoa erabiltzen zuenarena egon zen horra arte.\nAlta, bizitegiak negozio produktuak bilakatu dira?\nBat-bedera bere etxearen jabe izatearekin ez dut arazorik. Arazoa dira, bere etxeaz gain, diru egiteko beste bizitegiak erosten dituztenak Baionan edo nik dakita non; Airbnb bezalakoen bidez alokatzen dituztenak. Onartezina da hori. Bilatu behar dira moldeak, zergen bidez-edo, halakorik ez dezaten egin. Hori eginez Baionatik jende batzuk kanporatzen baitituzte eta Baiona gune turistiko bilakatzen baitute, eta ez gehiago Euskal Herriko hiri bat.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000042", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Bi molde\nELBk, Euskal Laborarien Batasunak, joan den udan Paueko DDPP Populazioen Babeserako Departamendu Zuzendaritza okupatu zuen goiz batez, salatzeko egitura horren jokamolde errepresiboa eta mespretxagarria.\nHegazti gripearen ondorioak bietan pairatzen dituzte laborari anitzek: eritasuna bera, batetik, eta Frantziako administrazioaren araudi zentzugabeak, bestetik.\nGoiz batez, beraz, laborariek beren kexua adierazi nahi ukan zuten, baketsuki erran behar da, administrazio zentralari. Honek, gaitziturik, bere Poliziarekin ihardetsi zuen eta geroztik hainbat militantek kasketadunen jazarpena jasaten dute.\nAldiz, duela bizpahiru aste, FDSEAk Baionan itzuliño bat egin zuen... bospasei traktore baziren eta, bistan dena, ez ttipienetarik, gibeletik zituztela ongarri tornu gaitzak eta piza emateko astapitoak... Euskal Elkargoko, Baionako Herriko Etxe eta suprefeturako karrikak funditu dituzte, usaiako errota zaharrak gehituz... eta deserta bezala, ensilagea baxa hondar batzuk... Baionako herritarren eta hiriko langileen plazerarendako.\nHaatik, hor ez da polizia bat ere agertu...\nManua ukana zuketen dudarik gabe egin ahala urrun egoteko... Suprefetarengandik. Preseski, jaun honek memento horretan berean errezibitzen zituen FDSEAko buruak bere bulegoan. Frantses estatua laguntzen duen laborantza industrializazioaren lagunekin egin ahala mantso da, eta sistema suntsigarri hori kritikatzen dutenekin, aldiz, arras bortitz.\nBi laborantza molde, estatuaren bi postura!\nFDSEAk bazterrak zikintzen eta ELB / EHLGk Lurrama antolatu herritarren laguntzarekin. Norena da geroa?", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000043", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«LABen kontra eginez, FO sindikatua etsaiz tronpatzen da»\nEnpresa ttipi ttipietako bozak iraganen dira udazken honetan, eta LABek salatu du FO sindikatuak bere kontrako prozedurak abiatu dituela. Egoera deitoratu du Aramendik.\nEnpresa ttipi-ttipietako bozak iraganen dira larrazkenean, eta FO sindikatuak LABen hautagaitzaren kontrako salaketa ezarri du, argudiatuz estatutuak gaizki deklaratu dituela eta kontuen gardentasuna ez duela errespetatzen. LAB eta beste hamar bat sindikaturen kontrako salaketa ezarria du FOk; tartean, SLB Bretainiako sindikatuaren eta STC Korsikako sindikatuaren aurka. Eñaut Aramendi LABeko eledunak (Donibane Lohizune, 1970) salatu du sindikatu ttipiak «paisaiatik desagerrarazi» nahi dituela FOk. Salaketen ondorioz, auzia iragan zen maiatz hasieran, eta gaur emanen du erabakia Parisko auzitegiak.\nZer dira enpresa ttipi-ttipietako hauteskundeak?\n2008tik garrantzi handia dute. 2008ra arte, langileek bazuten bozka zuzena lan auzitegietako epaileak hautatzeko. Baina 2008ko lege aldaketa baten ondorioz, sindikatu bakoitzaren ordezkaritzaren arabera egiten da lan auzitegiko epaileen banaketa, izan patronalarena, izan langileena. Sindikatu bakoitzaren pisua neurtzeko, enpresaz enpresako hauteskundeen emaitzak, enpresa ttipi-ttipietako bozen emaitzak eta laborantza sindikatuen arloko bozak kontuan hartzen dituzte. Emaitza guziak eta sindikatu bakoitzaren delegatu kopurua programa batean sartzen dituzte, eta sindikatuen indarra zein den erraten dute horren arabera.\nMaiz salatu izan duzue bozen sistemak eragiten diela sindikatu ttipiei.\nGertatzen dena da 2008ra arte lan auzitegiko bozkak barrutika egiten zirela; Baionakoa, Pauekoa eta Oloroekoa bereiziak ziren. Baina, 2008tik, sindikatuen indarra estatu mailan, eskualde mailan eta departamendu mailan neurtzen dute, ez gehiago barrutika. Horren araberakoa da gero lan auzitegiko epaileen banaketa, eta egia da zailagoa dela tokiko sindikatuentzat.\nMaiatz hasieran, salatu zenuten FO sindikatuak LABi oztopatu nahi diola boz horietara aurkeztea.\nJakin behar da 2016an CGTk auzitan ezarri gintuela balio errepublikanoen inguruan erranez euskaraz komunikatzen genuela eta gure lana ez zela sindikatu batena, baizik eta politikoa. Auzia irabazi genuen, kasazioan. Geroztik, CGTk ez gaitu auzitan ezarri, baina aldi honetan FO sindikatuak atakatu gaitu.\nZer leporatzen dizuete?\nAntzeko logika da. Gurekin batera beste hamar bat sindikatu atakatzen ditu; tartean, SLB [Bretainiako langileen sindikatua] eta STC [Korsikako langileen sindikatua]. Gure kontrako jarrera horren harira, estaturik gabeko sindikatuen plataforman elkarlanean ari gara, eta beste sindikatu batzuekin ere bai. Gehienak antzeko arrazoiengatik salatu dituzte; batzuk, adibidez, balio errepublikanoak ez dituztelakoan errespetatzen. Gu, haatik, ez gaituzte hor sartu; bai baitakite 2016an irabazi genuela. Auzitan ezartzen gaituzte erranez gure estatutuak gaizki deklaratu ditugula eta kontuen gardentasuna ez dugula errespetatzen. Gezur hutsak dira.\n«Frantses ikuspegi nazionalista da erabat, eta nahi dute Frantzia bat eta bakarra, eta, horretan, sindikalismo bat eta bakarra. Guk hori ez dugu onartzen, eta asmoa da aurrera segitzea, gure alternatibak egunerokoan mahai gainean jarriz»\nZer erantzuten diezue FOren akusazioei?\nGure estatutuak behar den bezala deklaratuak direla eta gure aurrekontuak gure webgunean publiko direla. Ez da informazioa ez dutelako ez dela existitzen. Dena gezurra da, eta saiatzen dira gu panorama sindikaletik ezabatzen. Hola eginez, Frantziako Estatuko sindikatu ttipiak kendu nahi dituzte, haiek eta haien interesak indartsuago ateratzeko. Ez dute nehor nahi parean, ez dute alternatibarik utzi nahi.\nErran duzu STC eta SLBren kontrako salaketa ere ezarri dutela. Nazio zapalduetako sindikatuen kontrako jarrera bat dea?\nBai, begi bistakoa da. Bestela, zergatik atakatzen gaituzte? Korsikarrei erraten diete ez dutela estatu mailan presentatzerik, SLBri erraten diote sobera ttipia dela aurkezteko... Frantses ikuspegi nazionalista da erabat, eta nahi dute Frantzia bat eta bakarra, eta, horretan, sindikalismo bat eta bakarra. Guk hori ez dugu onartzen, eta asmoa da aurrera segitzea, gure alternatibak egunerokoan mahai gainean jarriz. Oraintxe, patronala ari da borroka gehienak irabazten, Frantziako Senatuan greba eskubidea suntsitu nahi dute, eta sindikatu horrek benetan ez dauka besterik egiteko? LAB eta beste sindikatuen kontra eginez, etsaiz tronpatzen dira. Gu hor gaude langile guztien aldeko borrokentzat. Utz gaitzatela bakean.\nZertan da auzibidea?\nOraingoz, zalantzan da gu aurkeztu ahal izatea. Lanaren Zuzendaritza Nagusiak gure hautagaitza onartua du; beraz, epaiketa ez da soilik gure kontrakoa, baizik eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren erabakiaren kontrakoa ere bada. Emaitza gaur emanen digute; ea zer dioten.\nEmaitzaren arabera, nola jokatuko duzue?\nIrabazten badugu -eta horretan duda guti dut-, aurrera segituko dugu, eta FOk ikusiko du zer egiten duen. Sekula galduko bagenu -baina ez dut horretan sinesten-, gure hautagaitza bertan behera utzi beharko genuke, eta kasaziora joko genuke. Prest gaude horretarako, baina, bitartean, energia, dirua eta pazientzia galduko genituzke, eta langileen aldeko borroketan parte hartu ordez hori kudeatu beharko genuke. Horrelako erasoak, finean, langileen kontrakoak dira, kendu nahi baitzaie erabakitzeko eskubidea.\nProzedura honetaz harago, zein da kanpainarako duzuen lan ildoa?\nEz dugu oraindik definitua, bozak azaroan izanen baitira. Baina Iparraldeko langileen erdiak enpresa ttipi-ttipi batean ari da lanean, eta anitzetan ez da ordezkaritza sindikalik. Guk haiei begirako sistema bat plantan ezarri nahiko genuke, lurraldez lurraldeko eta lan sektorez lan sektoreko ordezkaritzak plantan ezartzeko. Aldarrikatzen duguna da tokiko negoziazio eremuak behar direla, langileen baldintzak hobetzeko. Horretan ari gara.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000044", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "O! Pitxu, o!\nPagolako maskaradak bururatu dira... Negu guzian Zuberoako hamahiru edo hamalau herritan iragan dira, denetan jende saldoa bilduz eta oroitzapen onak utziz.\nMiresgarria iruditzen zait holako herri ttipi batek halako ikusgarria eraikitzea eta biziaraztea negu oso batez. Astez aste ateraldiak antolatzea, predikuak idaztea, gauza batzuk arrak ikustea, zuzentzea, bi emanaldien artetik.\nPagolak 250 bat herritar ditu, eta, zuzen banaiz, 30 bat jokalari badira maskaradan!\nGazteenak 10 bat urte, eta helduenek 30 bat araiz.\nEuskara edo u?skara landu behar izan dute. Dantzak, antzerki jokoa eta kantuak ikasi... Zaila dateke hemendik kanpo aurkitzea beste herrialde bat pareko zerbait antolatzeko gai denik urte guziez.\nPagolakoak ez ditu ezabatzen, prefosta, gure kulturak, hizkuntzak pairatzen dituzten zokoratzeak. Halere, apiril honetan ardura ikusten den ortzadar baten pareko zait Pagolako adibidea. Zeru ilun edo hodeitsu batean agertzen den arku liluragarria. Ez da etsitu behar. Ezker-eskuin badira ehunka, milaka borondate xume xinaurrien moldean egunero lanean ari direnak Herriko biziaren hauspotzen.\nOroitzen naiz duela berrogei bat urte nolako giroa zen Pagolan. Herria bera nola eraldatu den azken urteetan pastorala eta maskaradari esker!\nBiba zuek Pagolako gazteak... Esperantza iturri zarete.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000045", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Mendeetan egin lanaren bilketa\nEuskal Herriko lehen jatorri izen babestua sortzekotan da, sagardoarekin. Hilabeteetako lana burutzen ari dira Hego Euskal Herriko eta Ipar Euskal Herriko sagardogileak, izen berean babesteko Euskal Herriko aniztasuna.\nHeldu den urte hastapeneko, Euskal Herriak lehen jatorri izen babestua lor dezake: Euskal Sagardoarena. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sagardogileek abiatu zuten eskaera Euskal Herrikoa bilakatu da, eta halako besterik ez da Euskal Herrian: lurralde guziko ekoizpenak izen beraren pean aterpetzen dituen babesa. «Europako Batasunean lehen aldia da mugaz gaindiko arautegi bakarra egiten dela. Eder da, halere», goraipatu du Ipar Euskal Herriko ekoizleen izenean elkarrizketak segitu dituen Bixintxo Aphaulek. Gisa berean aritu da Unai Agirre EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Euskal Sagardoa izeneko ekoizleen ordezkaria: «Ilusioa egiten digu denoi izendapena zazpi lurraldeetara zabaltzeak. Zentzu handia dauka, sagardoa baita aspaldian lurralde guztietan egin den produktua».\nAurtengo sagarrak bilduak, jo edo lehertuak, tinkatuak dira, eta kupela edo dupetan sartuak. Hartzitzen hasia da zukua, azukreak alkohol bilakatzeko bidean dira, eta heldu den urte hastapenean dastatzen ahalko da sagardoa. Ba liteke ordukoz Bruselara eraman eskaerak erantzuna erdiestea.\nAraba, Bizkai eta Gipuzkoako sagardo ekoizleek 2017tik badute JIK Jatorri Izen Kontrolatua, baina urrunago eraman nahi izan zuten ezagupena, eta Europara pasatu. JIK horiek estatuko sor-markak dira. Europak, berriz, JIB Jatorri Izen Babestuak onesten ditu. Agirre Europari egin galdearen eramailea da erkidegoko hiru lurraldeetako ekoizleentzat. Iturburuko helburua sagardoari balioa bermatzea izan dela adierazi du: «Sagardoak milaka urte ditu gurekin, eta ikusten genuen kalitatezko produktu gisa saldu eta dagokion balioa emateko garaia zela». Bestalde, garrantzitsua zitzaien «bertako sagarra» gordetzea, «altxor handia daukagula- ko», Agirreren erranetan.\nAraba, Bizkai eta Gipuzkoako sagardogileak ontsa aitzinatuak ziren, eta Bruselak urte hastapen honetako aurkeztua zuten arautegia kontuan hartua zuen. Hortik zabaldu da «oposizio» egiteko epea. «Holako txosten bat aurkeztua delarik, Bruselako erakundeek epe bat uzten diete gaiarekin lotura duten guziek beren ikusmoldea ekar dezaten», esplikatu du Aphaule sagardogile baxenabartarrak.\nAphaulek arnoa eta sagardoa ekoizten ditu, baita sagar jusak ere, Garazi aldeko Jatsu herrian. Joan den udaberritik, Hego Euskal Herriko eta Ipar Euskal Herriko sagardogileen artean izan diren solas guziak segitu ditu, egitasmo bateratu eta adostu batera heltzeko. Hainbesteraino, non, Ipar Euskal Herriko ekoizleek sindikatu bat ere sortu baitute sarea antolatzeko, eta Aphaule ezarri dute buru. Joan den ekainean sortu zuten Iparraldeko Sagardoen Sindikatua jatorri-izen eskaeraren ondorio bat da. Iparraldeko sagardogileak, sagar ekoizleak eta Sagartzea tokiko sagarren kontserbategiak bilduko ditu sindikatuak. Jatorri izen babestuaren bermatzailea izateaz gain, gaurko eta biharko sagardogileentzat laguntza teknikoa ekartzeko tresna izan nahi du.\nAniztasuna alde\nHegoaldeko ekoizleek jakinarazi zieten Iparraldekoei eskaeraren berri, baina horiek ez ziren saretuak, eta ez zuten ikusten arazorik izan zitekeenik. Inaok, Frantziako Jatorriaren eta Kalitatearen Institutu Nazionalak deitu zituen arte, Aphaulek salatu duenez: «Inaok deitu duenean, erran diegu ez genuela arazorik Hegoaldekoek galde hori egiten bazuten, baina institutuak berehala ihardetsi zigun: 'Kasu emazue, zeren eta eskaera onartua bada, hortik goiti Euskal Sagardoa deituko den oro babestua izanen da haien jatorri izenaren pean bakarrik'». Hots, bazter utziko zituen Iparraldeko sagar motak, sagardo egiteko moldeak. Aphaulek argi utzi du Hegoaldetik ez zela borondate txarrik: «Anitz lan bazuten eginik, eta, sinpleki, aitzina egin zuten beren galdearekin. Jakinez, 250 ekoizle direla».\nHorri oharturik lotu zitzaizkion lanari. Aphaulek uste du Hegoaldean ere ez zutela neurtu zenbateraino hertsatzaile bilaka zitekeen izendapena. «Ez dut uste zinez ohartu zirenik». Iparraldekoek ikuspegia zabaltzera dei egin zieten orduan: «Ezin dugu gure euskal nortasuna gabe egin, gure erroak dira, gure laborantza». Aphaulek dio berehala ulertu dutela, eta elkarlanean hasi direla. Alde juridikoari lotu direlarik, bi errealitate izan dituzte parean: Europako araudia, baina oroz gainetik, bi estatuetako arau desberdinak. «Hegoaldeko euskal sagardoentzat Espainiak minkortasun airakor hein bat onartzen du, Frantzian baino aise hein goragoak; funtsean, Frantzian hein horiek ez dira onartuak», erran du Aphaulek, kontu tekniko bat azaldu nahian.\nAraberan jokatu behar izan dute, eta Aphaulek dio irizpide bat izan dutela lagun: batasunean. «Batzen gaituzten gauzetan oinarritu gara; ez ezberdintzen gintuztenetan. Ezberdintasun horiek traba gisa ikusteko partez, abantaila gisa agerian eman ditugu». Hizkuntza eta nortasun bereko lurralde ttipian aberastasun eta aniztasun handia badela goraipatu nahi izan dute. «Jatorri izen babestu baten erran nahia bera da, azkenean: lurralde bateko ekoizpenaren eta Historiaren arteko lotura hori izatea; egiazko harreman kultural bat bada sagardoarekin». Iparraldean Hegoaldean bezala, tokiko sagar motetarik egin ekoizpena da.\n200 sagar mota\nJatorri izen horren aberastasunik handiena, Euskal Herriko laborarien historiari loturik, tokiko sagar moten andana eta joritasuna da. Jatorri izenerako genetikoki sailkatu eta izendatu dituztenetan, Hegoaldean 106 badira, Iparraldean 94. Denetarat, berrehun sagar mota.\nAphaulek esplikatu du Europan harriturik zirela produktu bakarrarentzat -sagardoa-, 106 tokiko sagar mota izatea. «Horrez gain, Iparraldekook erraten diegu: 'Guk ere bilketa lana egin dugu; baditugu Hegoaldean bezalako sagar mota batzuk, baina beste 94 ezberdin gehiago ere bai'».\nSagardoetan ere aniztasun bat aurkeztu dute. Iparraldean badira Hegoaldeko sagardo batzuen egite dutenak, baina badira beste mota batekoak ere. «Sagardo familia desberdinak definitu ditu- gu», segitu du Aphaulek; «ba- tzuk bi aldeetan badira. Hortik, egin dugu Euskal Sagardoa edo Sagarnoa».\nOrain Bruselako bulegoetan da gaia. «Erro sakonak dituen egi- tasmoa da. Aitzinean ematen du hemengo jendearen lana; gaurkoena eta biharkoena». Aphaulek uste du jatorri izenak ekoizle berri batzuk akuila ditzakeela. Gainera, uste du tokiko moten aberastasunaz «harro izateko arrazoirik» badela. «Tokiari egokituak diren motak dira, ez dira eritzen, ongi ontzen dira, halako sagarrik ez da jaten beste lurralde batean, dupaldi arras desberdinak lantzen ahal ditugu aniztasun horretarik -sagardo pindartsuak, pindar gutikoak, idorrak, gozoak...-». Agirrek ere azpimarratu du aniztasun hori eta mendeetako lana badela gibelean: «Milaka urteetan sagardoak eduki duen garrantziagatik, sagar mota asko sortzeko tokia izan da Euskal Herria. Hori hemengo baserrietan mendeetan egindako lana izan da. Kalkulatzen da mila sagar mota goratik edukiko ditugula». Ez denak segurtasun guziz sailkatuak izateko gisan.\nAniztasuna kontuan hartzeko helburuarekin, sagardoi mota bat baino gehiago sartu dituzte arautegian: «Joan daiteke zoko bateko sagartze galdu batzuetarik, sagardoi landu eta hesituraino», dio Aphaulek. Jatorri izena ukaiteko baldintza da segitua eta zaindua izan dadin. «Bermatu behar da arautegian bildu sagar mota bat dela, eta zein sagardoitatik heldu den».\nInao institutuan, Akitania-Berria eta Okzitania eskualdeetako eremu zabaleko arduraduna da Laurent Fidele, eta euskal sagardoaren jatorri izen babestuaren galdea aztertzen du. «Osaketan hautagaitza originala da, Hego Euskal Herriko zein Ipar Euskal Herriko ekoizpenak bilduko dituelako», aitortu du. «Euskal sagardoak berezitasun ukaezina badu, eta bi aldetakoak familia berekoak dira». Inaoren ikuspegitik, euskal sagardoak guziz ezberdinak dira Bretainian eta Normandian egiten direnetarik; «idorragoak, bixi edo minkorragoak dira». Berezitasun hori finkatzeko «txosten ederra» zaio Fideleri.\nHeldu den urteko\nSagardo moten definizioen fintzen ari dira Bruselarako azken urratsetan. «Jada deskribatu dugu lurretik tinkatzekora nahi duguna; badakigu zer egin nahi dugun tinkatzetik botilara. Orain, ari gara deskribatzen botila horietako bakoitzean ateratzen den edari mota», azaldu du Aphaulek. Agirrek gehitu du lan hori bukatuta igortzen ahalko dutela dena: «Lan teknikoa da. Orain oso aurreratua daukagun dokumentazioa ixtea falta zaigu azken gauzekin eta Bruselara bidaltzea». Oraino bi hilabeteko lana ikusten du Agirrek. Inaoko Fidelek zehaztu du gauzak oraino ez daudela burutuak: «Hego Euskal Herriko eta Ipar Euskal Herriko ekoizleek, Madrilgo eta Parisko agintariek arautegi komun bat bururatzen ari gara. Ez da oraino bururatua».\n2024rako esperantza dute Europako Batzordearen baimena, eta, beraz, jatorri izenaren erabilpena. «Segur da bi hilabeteren buruan Europako Batzordearen erantzun bat izanen dugula», aitortu du Fidelek.\nAgirrek bururatu du jatorri izenera, Nafarroaren integratzea aipatuz. «Hurrengo pausoa Nafarroa sartzea izango litzateke. Batzuek interesa azaldu dute».", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000046", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Ustez euskararen alde ari direla diotenek ere gustatuko ez zaizkien gauzak entzun behar dituzte, eta horrela eginen dugu aitzina»\nJosu Martinezen 'Bizkarsoro' filma Euskal Herriko zazpi lurraldeetako zinema geletan estreinatuko dute, gaur.\nMenturaz, lehen aldia da osoki euskaraz egin film luze bat Euskal Herri guzian egun berean estreinatuko dena. Hala gertatuko da gaur Bizkarsoro - Frantzia sortua zen. Frantsesak sortzea falta zen bakarrik filmarekin. Gasteizen, Durangon (Bizkaia), Tolosan (Gipuzkoa), Baiona Atalanten, Donibane Garaziko Vaubanen, Altsasun (Nafarroa) eta Mauleko Maule Baithan zabalduko dute gaurtik goiti. Josu Martinez zuzendaria (Bilbo, 1986) kontent da, eta badu esperantza atarikoa izatea ondoko aldietarako.\nEuskal Herri osoan estreinatzeak zer erran nahi du?\nEsan nahi du zazpi probintzietan estreinatuko dugula.\nZertan da berezia?\nUste dut lehen aldia dela. Orain arte biziki gutitan lortu dugu hori egitea. Gehienetan, Hegoaldean ateratzen dira filmak, eta Iparraldean, berantago. Lortu dugu egun berean kontrolgunearen bi aldeetan egitea; ez da erraza izan, baina inportantea zen.\nZerk egin du lortu izana?\nFuntsean, filma gurea izateak. Eman dezagun, Irati eta horrelako filmak salduak izaten dira banatzaile handiei, eta gero zailtasunak badira. Bizkarsoro guk, Gastibeltzekin ekoiztu baitugu, eskupean genuen, eta banatu dugu. Gure asmoa bereziki Euskal Herrian erakustea izan da; beraz, ez gara joan beste gauzen xerka.\nZinema gelekin lan berezia egin behar izan duzue?\nEz, betiko lana. Baina, aldi honetan, aski kontent gara, Iparraldean usaian programatzen diren euskal filmak baino gehiago programatuko baita. Lortu dugu ez izatea gaualdi bat bakarrik leku bakoitzean, baizik eta filmari xantza bat ematea.\nAurreaurkezpenek izan dute eraginik?\nDonostiako Zinemaldian eman zen, eta, gero, Donibane Lohizuneko nazioarteko festibalean. Nik uste hor ohartu direla Xabi Garat [Donibane Lohizuneko Le Select zinema gelako zuzendaria] eta zinemetako jendeak film honek hunkitzen ahal zituela jende anitz. Aurkezpen egun horretan, Donibane Lohizuneko zinema gela betea zen, eta biziki ederra izan zen: bostehun pertsonako gela eder bat da, eta gehienak euskal herritarrak ziren, bai, baina ez euskaldunak. Biziki hunkia zen jende guzia, txoke baten gisa ukan zuen. Oroitzen naiz nola batzuek erran zuten: «Historia hori egia da!». Gizon bat, zaharra, hasi zen euskaraz mintzatu nahian, ez zen arribatzen, eta frantsesez hola erran zuen: «Film horretako haurra ni naiz!», eta negarrez hasi zen. Xabi Garatek ere ikusi zuen inportantea dela gai hau lurralde honetan ongi programatzea, balioko baitu honetaz mintzatzeko; giro euskaltzaletik kanpo jende anitz ez dela gai honetaz kontziente. Badut esperantza debatea piztuko duela.\nNolabait, jakina baina isildua den errealitatea zineman irudikaturik agertzeak sortzen baitu txokea?\nBeharbada hori da. Ez dakit aipatuak ez diren gauzak jakinak diren, zinez. Espainiako gerra zibilean gertatutako gauzak jakinak ziren beharbada, baina filmak eta historiak ateratzen hasi ziren arte halako isiltasun bat zegoen. Nire ustez, jende anitzek badu sakonki konplexu bat euskaldun izatearekin, baita euskaltzale munduan ere. Horretarako, inportantea da aipatua eta eztabaida izan dadin. Guk uste baino sakonago sartuak daude ideologia batzuk sinetsarazten digutenak badirela hizkuntza batzuk besteak baino kultuagoak, inportanteagoak. Euskararen berreskurapenean funtsezkoa da gauza horiek aipatuak izan daitezen eta lehen lerroan emanak izan daitezen.\n«Nahi genuke filma ez bakarrik jende euskaltzaleak ikustea; min horiek entzun ditzatela besteek ere, eta hortik ateratzen ahal dira, zinez, truke interesgarriak»\nBaikortasunaren eleek mugak erakutsi dituztelako?\nBeti aipatzen da euskara erakargarria, sexya eta ez dakit zer izan behar dela, sare sozialetan izan behar dela... Segur, ez da dudarik, baina ez dut uste dena horretan jokatzen den. Inportantea da jendeari bihotzera mintzatzea. Euskararekin, gramatika bat baino gehiago, kultura bat baino gehiago transmititzea. Erran nahi du euskararen zapalkuntza ere kontatzea; eta jendea zapalduen alde jartzen da. Bestela, ahaztu egiten dugu. Unibertsitatean, nire ikasleek adibidez, ez dute batere presente euskara gutxitze egoera batean denik; ohartzen direlarik, txoke bat egiten die. Iparraldean, Seaskatik kanpoko eskola batzuetan ere erakutsi dugu filma eta jendeak flipatu egiten du.\nAuzitegi batzuen «oldarraldia» Hego Euskal Herrian, Beskoitzeko ikastolaren debekua Ipar Euskal Herrian eta euskara gibel ari inkesta soziolinguistikoan. Testuinguru horretan ateratzen da Bizkarsoro . Filmak eta testuinguruak zer ekartzen diote batak besteari?\nDuela bost urte hasi ginen film hau egiten eta, orduan, aspalditik datorren ideia da. Helburua zen gaia plazan ematea: euskara ez dela fenomeno meteorologiko batengatik hiltzen ari, edo amatxi xahar bat bezala zaharra delako; euskararena ez dela heriotza naturala, baizik eta heriotza programatu bat dela. Denbora luzean estalita gelditu zen historia da, eta ahaztuta. Azkenaldian, bai Hegoaldean, bai Iparraldean izan diren gertakari batzuek berriz ere azaleratu dute errealitate hori. Beskoitzeko ikastolako gertakariak, erraterako, erakusten du Bizkarsoro -k kontatzen duen historia gaur egungoa dela. Funtsean, gibelean dago ideologia hori, non uste den hizkuntza edo hiztun batzuek beste batzuek baino eskubide gehiago dutela.\nEztabaida zinema gelara ekartzea da xedea?\nNahi nuke horretaz mintza dadin eta parada eman dezan gatazka sortzeko, edo gatazka badela erakusteko. Inkesta soziolinguistikoak agerian eman duena aipatu duzu, eta erran behar da borroka bat dela eta denek asumitu behar dituztela beren hautuak. Ezin da guztia kontsentsuz egin, eta momentu batean euskararen kontra ari direnei erran behar zaie: «Ikastolaren kontra ari zarete, zuek uste duzue frantsesa euskara baino gehiago dela». Inportantea da gauza batzuk entzun ditzaten. Gertatu delako jadanik, badakit batzuei ez zaiela filma gustatu, eta biziki kontent naiz horrekin. Horretarako ere ona izanen da, inportantea baita horretaz mintzatzea itotzen gaituen kontsentsu horretatik kanpora. Ustez euskararen alde ari direla diotenek ere gustatuko ez zaizkien gauzak entzun behar dituzte, eta horrela eginen dugu aitzina.\nEztabaida hori auziarekin lotura zuzena duten bi estatuetan barna zabaltzeko menturarik ba ote da, Bizkarsoro dela medio?\nHasiko gara Euskal Herritik, eta gero, ikusiko. Nahi genuke, bistan dena, baina ditugun ahalak ditugu. Film hau bost urtez egin dugu, herritarren laguntzari esker. Ilargi bat behar bagenuen, zurginek ekartzen ziguten Manitou bat sei-zazpi metro gora ilargi bat emateko; lurrez bete behar bagenuen plaza, zortzi laborari bagenituen lan horren egiteko. Horrela egina izan da filma, herritarren artean. Hori du bere indarra. Baina nahi genuke filma ez bakarrik jende euskaltzaleak ikustea; min horiek entzun ditzatela besteek ere, eta hortik ateratzen ahal dira, zinez, truke interesgarriak.\nHerritarrek eginik izateak gaiari zerbait ekarri dio?\nArgiki. Herri zinema da. Batetik, ez baitut deus asmatu, eta historia horiek guziek lekukotzetatik bildu baititut. Bestetik, aktore gehienak ez direlako profesionalak; haiekin lan egitea, haiek hautatzea pertsonaia bakoitza nork jokatuko zuen biziki prozesu ederra izan da. Azkenean, sentitzen zuten ari zirela beren burua errepresentatzen, eta horrek ekarri du indar bat, egiazkotasun bat.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000047", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Jean Haritxelar zena omendu eta oroituko dute gaur, Baigorrin\nDuela hamar urte zendu zen Jean Haritxelar unibertsitario eta euskaltzainburu ohia, eta, urtemuga kari, omenaldia eginen diote gaur, haren sorterri Baigorrin, Jean Haritxelar (1923-2013) Baigorriko seme - Euskararen begirale izenburupean, Plaza Xokon, 19:00etan.\nAntton Kurutxarri Baigorriko hautetsi eta Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako arduradunak mintzaldia eginen du: Jean Haritxelar, plaza gizona. Haritxelar Baigorriko auzapez egon zen 1971tik 1980ra, eta haren «ekarpena eta ibilbide oparo eta anitza» aipatuko ditu Kurutxarrik.\nAndres Urrutiak, Euskaltzaindiko gaur egungo buruak, Haritxelar euskaltzainburua oroituko du; nola «aldi latzetatik garai normalizatuagoetara, katakonbetatik aitortza ofizialera» aritu zen. Baita euskararen ikuspegi zabalean, «modu tradizionaletik molde berriagoetara, euskalkitik batura» ere. Urrutiak Haritxelarrek zuen «ikuspegi nazionala» aztertuko du: «Euskal Herri osoarentzat lanean» ari zela Euskaltzaindian, eta, «txokokeriatik gaindi, euskara eta euskal kultura partekatua euskaldun guztien artean» bilatu zuela.\nPeio Jorajuriak, Herria astekariko zuzendari ohiak, berriz, Haritxelarrek euskarazko astekari horretan utzitako uzta azpimarratuko du Baigorriko gaurko omenaldian. Gehexan Pontto izengoitiarekin izenpetzen zituen Haritxelarrek Herria-ko bere kronikak. Astekarikoek berek diotenez, «luma fina izateaz gain, administratzaile gisara ekonomikoki garrantzi handia ukan zuen astekariaren ibilbidean» Haritxelarrek.\nEtxahunen aztertzailea\nLourdes Otaegi literaturan doktore eta Gasteizko EHUko irakasle agregatuak, Haritxelarrek literatura arloan ekarri zuena azpimarratuko du, «ahozko eta idatzizko literaturaren arloko bere ikerketen ekarpenak» zein izan ziren aipatuz. Otaegik hura «unibertsitate giroan» ezagutu zuen. «Tesia egiten ari nintzela ezagutu nituen haren idatziak, eta nire poesia gaia aztertzeko baliatu nituen», gogoratu du. Otaegik doktoretza tesiko epaimahaiburu izan zuen, 1993. urtean. Ondotik, Otaegi Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa Batzordean sartu zenean, hurbilagotik ezagutu zuen, batzordea Haritxelarrek zuzentzen baitzuen.\nLourdes Otaegik Jean Haritxelarrek 1969an Pierra Topet Etxahun Barkoxe koblakariari buruz egin ikerketak eta tesia goraipatu ditu. «Lan eredugarriak dira, eta bide irekitzaileak, zeren lehen aldia zen metodologia kritiko zientifikoez aztertzen zirena bertsolari baten testuak, sakontasunez». Eta, horrez gain, «euskal metrikaren esparruko oinarriak sendotu» zituela dio.\nOxobi, Elizanburu, Arxüren lanak «oinarri metodologiko berak» baliatuz landu zituen Haritxelarrek, gero «hain lan zabala abiatu gabe» izan bazen ere. Otaegiren ustez, lan horietan «interesgarriak dira maite kantuetan islatu diren emazte maitearen irudikapenak (usoa, lorea, izarra...), edota literatura idatziko Oihenarten atsotitzetan aurkitu daitezkeen emazteen pertzepzioa, edota Etxepareren maitasun poesiako emakumearekiko begiradari buruzkoak».\n«Egiazko euskaltzalea»\nHaritxelar «egiazko euskaltzale bat» zela aipatu du Otaegik. «Literatura maite zuen bihotzetik; atsegin eta pentsakizun eragiten zizkion gisa berean arte literarioak eta, bereziki, kantuak». Kantuak leku berezia zuen Baigorriko «semearen» bizian, EHUko irakasle agregatuaren iritziz. «Kantua gure artean lagunarteko giroan egiten da, eta Jean lagun artean bere giroan zegoen, dudarik gabe».\nPantxoa Etxegoinek Frantziako telebistako INAko artxiboetan Haritxelar agertzen den zatiak erakutsiko ditu.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000048", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Irakurzaletasuna hazteko haria, euskaraz eta burasoekin\nHaria , euskal haur eta gazte literaturako liburu-harpidetza sistema sortu du Mirentxu Ibargarai Seaskako irakasle eta pedagogoak. Haria.eus Internet ataria sortu du horretarako, haur eta burasoek beren galdeak egin ditzaten. Literaturazaletasuna eta euskararekiko atxikimendua indartzea du helburu, burasoen eta haurren arteko harremana horren medioz eginez. Harpidetuko direnek hilabetean liburu bat errezibituko dute etxean, «sorpresazkoa». Ibargaraik berak hautaturik. «Ene iduriko kalitatezkoa dena izanen da», zehaztu duenez; liburu «altxorra» izateko.\nEgitasmoa sortzea «tupustean» hartu deliberoa izan duela dio Ibargaraik, baina ibilbide profesionaletik erabili pentsaketen emaitza da. «Puzzle zati batzuk gogoan nituen aspaldi honetan», aitortu du. Hogei urtez irakasle lanetan ibilirik Seaskan, badu gauza andana probaturik haurrekin. «Ikusten nuen literaturarekin zerbait pizten zela ikasleekin ari nintzelarik; etxean ere bai, haurrekin».\nLiteraturak euskararen biziberritzeko balio handia duela ikusi du Ibargaraik. «Albumak leitzen nizkielarik eta lantzen genituelarik, ikusten nuen nola hunkiak ziren, zer eztabaida sortzen zen, eta hori guzia, euskaraz. Eta funtzionatzen zuen euskara maila apala zuten haurrekin ere. Ikusi nuen bazela gako bat hor». Marrazkiak eta idatzia nahasten dituzten albumak tresna eraginkorrak direla iduritzen zaio Ibargarairi, eta «bereziki, ilustrazioa eta testua elkarrekintzan diren liburuekin».\nBurasoekin partekatzeko\nLiburuen atzemateko bidea ere erraztu nahi izan die burasoei. Ipar Euskal Herrian eskaintza «guti» zela ohartua zen, euskal haur eta gazte literatura saltzen duten liburu denda guti direlako lurraldean, «eta liburu dendara iristean ere, batzuetan, zer hauta jakiteko behar bat» bazela. Liburu dendekin mintzaturik, argi du ez dutela elkar lagunduko baizik, haurren baitan irakurtzeko tirria haziz.\nLiburuak etxeetarat helaraziz, gainera, «liburuaren inguruan burasoen eta haurren arteko harreman bat» lortu nahi luke Ibargaraik, «euskaraz». Hortik jin zaio harpidetza sistema plantan ematearen asmoa. Frantziako Estatuan arrakasta handia duen moldea da, konparazione.\n«Irakurketa ozenak baditu gako batzuk, beharbada ematen ahal ditudanak».\nMIRENTXU IBARGARAI Irakaslea\nHaurren baitan ezinegona sortzen du sorpresazko liburu bat etxeko postontzian errezibitzeak. «Hilabetero egoten da pietunaren zain, eta gero badu, beretako, objektu eder bat: liburu bat». Baina urrunago joan behar zela sentitu zuen Ibargaraik. «Alde batetik, bazen euskara ez zekiten burasoen kasua; haurrarekin zerbait partekatzeko, behar nien liburuaren audioa proposatu». Horrekin, burasoek Ibargaraik prestatu dokumentu bat ukanen dute. «Izan erdaldun edo euskaldun, esplikatzeko hautatu liburuak zer interes duen, zer gai lantzen duen, eta arrasto batzuk emateko haurrarekin solasean trukatzeko».\nLiburu berriak izanen dira aldi oro, segur izateko haurrek ez dutela jadanik etxean.\nIdazleak eta ilustratzaileak egin lanari bizi emateko audioen grabatzeak izan dezake munta. Ibargaraik, antzerkilaria ere badenez, badaki zer sortzen ahal duen adi dagoenaren baitan. «Hitz guziek badute garrantzia. Autoreek ilustratzailearekin hautu batzuk egiten dituzte, eta hitzek badute zentzua». Indarra har dezaketenak, tonua jarriz. «Irakurketa ozenak baditu gako batzuk, beharbada ematen ahal ditudanak».\nEuskararekin lotura emozionala ekartzen du irakurketa horrek, Ibargarairen ustez. «Haurrei irakurtzen diegularik, loria da, beti; edozein adinetan. Hirugarren zikloan eta kolegioan ere irakurri behar zaie euskaraz».", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000049", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Ez dugu nehor herrian errateko 'maskarada hola egin behar da'»\nUrtarrilean herriz herri ibiliko da pagolarren maskarada; kauter taldearen buru izanen da Agerre Lako, Kabana Handiaren rolean. Lehen aldiz izanen da emazte bat kargu horretan.\nJutsin sortu zen Ainara Agerre Lako (Jutsi, 2001), amaren herrian. 2012an jin zen Pagolara familiarekin, Bordaia etxerat, aitaren herrira. Agerrek dioenez, erritmo problema bat badu dantzatzeko, eta kantatzeko ere ez da on, haren erranetan. Hura izanen da heldu den urtarriletik goiti herriz herri predikuak erranen dituen Kabana Handia, Pagolako maskaradan. 2019an pastoralak herrian piztu zuen dinamika biziak ez du etenik ukan, geroztik elkarte ostatu bat sortu baitute, eta orain gazteen maskarada abiatzekotan da. «Kasik naturalki» egin da dena. Alta, lehen aldia da pagolarrek maskarada bat emanen dutena. Eta, maskarada misto batean lehen aldiz, Kabana emaztea izanen da.\nZer dinamika duzue Pagolan azken urte hauetan?\nAzken urteetako dinamika guztia pastoraletik [2019an] hasia da, Oskaxe Zolan herriko kultur elkartea sortu baitzen. Pastoralean dantzatu ahal izateko gazteak mugitu ginen, dantza eskola bat sortuz eta denak dantzan hutsetik hasiz, Pette eta Jakes Jaragoihenekin. Pastoralean sosa bildu zen, eta pentsatu genuen zer egiten ahal genuen herria oraino gehiago bultzatzeko: herriko elkarte ostatu baten ideia agertu zen, eta beste elkarte bat sortu zen herriko bost elkarteak biltzen dituena. Dinamika hori ez da sekula lasaitu, eta, beti-beti arituz, kronologia hori errazki gertatu da. Ostatua sortu eta dantza eskolak atxikirik, Oskaxe Zolan elkarteak izena eman zuen maskarada egiteko 2024an. Gazteek bagenekien bagenuela data hori helburu gisa. Joan den urtean, Xiberoko Gaü Eskolaren antena bat sortu genuen Pagolan, talde dinamiko euskaldun bat sortzeko. Nahi genuen maskarada ahal bezainbat euskaraz egin. Bi talde dira: bat zuberotarra lantzeko, ni bezala Oztibarreko ikastolatik edo beste ikastola eta eskoletatik jinik direnendako; beste taldea, batere entelegatzen ez zutenendako. Ostiral oroz biltzen ginen bi orenez, Didier Agerre eta Mirentxu Lako irakasleekin.\nNoiz hartu zenuten 2024a maskarada egiteko? Ez da konplikatua aitzinetik hitzartzea?\nPastorala egin eta gero aski fite, 2019an edo 2020an, nik uste. Oskaxe Zola zen horretaz okupatu. Gehienek kalkulatzen genuen lau urteren buruan behar genuela hemen izan maskarada bazelako. Egiteko manera kanbiatu dugu batzuek: batek, bi asteburuetatik batean laneko izan beharko zenez, urte bateko formakuntza hartu du hor izateko. 20 urtetan anitz gauza pasatzen ahal dira, baina hemen izan behar genuen. Bagara anitz, baina ez sobera. Konplikatua zen, baina buruan sartua genuen eginen genuela eta ezin zela huts egin.\nPagola bidegurutzean da, Amikuze, Oztibarre eta Zuberoa artean.\nPette Basabürü pastorala izan baitzen 1982an, behin egin baitzen, ari zara Pagola Zuberoan dela. Gero beste pastoral bat egitea errazago zen, eta pastoralaren ondotik maskarada bati lotzea pixka bat errazago. Maskarada bati lotu behar balitz hutsetik hasiz, konplikatua litzateke erratea Pagola legitimoa dela Zuberoako parte izateko edo. Baina usatuak gara bazter orotarik entzutea alde onak hartzen ditugula denetarik. Nik lau urtez egin dut libertimendua Amikuzen, Oztibarren izan nintzen ikastolan, eta Oztibarreko Egunean laguntzaile izan naiz... Batzuk sentitzen dira arras zuberotar, besteak zuberotar eta amikuztar, batzuk zuberotar eta oztibartar... baina gehienak zuberotar, halere.\nZuena izanen da Pagolako lehen maskarada. Nola egiten da belaunaldiz belaunaldi transmisiorik izan ez delarik?\nEne ustez, badu alde ona: ez dugu nehor herrian errateko «maskarada hola egin behar da», eta, orduan, gazteek gure artean hartzen ditugu deliberoak, arrunt libre gara.\nErran nahi du kodeak hautsiko dituzuela?\nEz da gure helburua kodeak haustea. Bada ikusten duzun maskarada, bada imajinatzen duzuna, eta bada nahi duzun maskarada ere. Uste dut hiruren arteko zerbait sortuko dugula.\nNola antolatu duzue maskarada? Nor da gidari?\nTaldean antolatu gara. Oskaxe Zolan elkartea hor da, baina arrunt garbiki erran digute herriko gazteen proiektua, dela eta gu gara eramaile, baina hor dira laguntzeko. Badugu alimaleko elkartasuna gure inguruan, baina luxu bat da, nahi duguna egiteko xantza baitugu. Guk eramaten dugu, baina laguntza galdegin diegu Armand Elgoihen, Dominique Bentaber, Nicolas Lekarrotz, Julie Ahaspe eta Mirentxu Lakori gure segitzeko eta rolen banatzeko.\nZuri Kabanaren kargua eman dizute. Entzunen duzu lehen emaztea izanen zarela.\nEntzuten dut jadanik. Karguak atera diren ber, neskak heldu ziren erratera bikaina zela, eta mutil batzuk ere bai. Entzun ditudan ohar txar edo arrunt positiboak ez zirenak mutikoek eginak ziren. Ez dut oraino ohar negatiborik ukan nesken partetik horri buruz. Kabana neska izatea ez zen gure erronka bat, ez dugu hori pentsatu. Baina, halere, horrek hainbeste polemika pizteak erakusten du badela problema zerbait Zuberoan. Estonatzen nau jendea estona dadin rolak osoki partekatu ahal izateaz. Eskiulan izan zen emazteen maskarada bat, ene ustez erakusteko bazela desoreka arazo bat maskaradetan, eta edozein gai dela edozein kargu egiteko. Zuberoan bada arazo hori, ene ustez: pentsatzea zinezko berrikuntza dela hori gertatzea.\nEz zoaz bandera batekin plazara?\nEz, batere. Ez naiz heldu kausa batekin buru gibelean; heldu naiz ene lagunekin maskarada bat emateko eta bizitzeko. Ni arituko naiz Kabana karguan, beste batzuek andere izanen diren bezala, edo buhame, edo gathuzain...; beste edozein kargu bezala.\nNola izaten ahal dira ohar negatiboak hasi aitzin ere?\nBatzuek erran dute ontsa zela neskak sartzea maskaradetan baina Kabanak mutiko egon behar duela halere. Rol hori pixka bat gogor dela aldatzeko. Enetako neska ala mutiko, Kabana entzun behar da. Hori lehen gauza, prediku bat egitekotan behar da entzun, eta neska entzuten bada hobe neska entzutea, besterik ez.\n«Enetako, neska ala mutiko, Kabana entzun behar da. Hori lehen gauza: prediku bat egitekotan, behar da entzun, eta neska entzuten bada, hobe neska entzutea, besterik ez».\nPresioa handia da?\nJendea hasten delarik horri buruz hainbeste eleka, pentsatzen duzu jinen direlarik maskarada ikustera kasu eginen diotela pasaia horri. Beraz, beharbada presio handiagoa da, baina niri presioak ez dit on egiten, entseatzen naiz ez anitz pentsatzen. Baina bai, beldurgarria da. Zuberoan bada pentsatzeko manera elitista bat, halere: hobe da ona izatea; bestela, ez da pasatzen. Eta berriak fite abian dira Zuberoan. Badakit jendea mintzatuko dela, baina erran dezatela nahi dutena. Ahal dudan hoberena eginen dut.\nEuskalkian ere berritasuna ekarriko duzu.\nHorrek beldur handiagoa egiten dit, bai baitakit zuberotarra ez dudala ontsa ematen. Pentsatzen dut paperarekin eta usatuz testuarekin errazago dela. Pagolarrak gara, eta bidegurutzean garenez, bortxaz euskalkietan ere nahas-mahasa nabari da. Pagolan entzuten dugularik jendea zuberotarrez mintzo, usu xuka ari dira, eta ez zuka. Xuka eta zuberotarra, nahas-mahas bat da, eta hori da etxean entzun dugun lehen zuberotarra. Enetako inportanteena euskaraz mintzatzea da, frantsesa baino ederrago izanen da beti. Ahalaz zuberotarrez, eta bestela, gure maneran.\nLibertimenduetan parte hartu izan duzu. Esperientziak balio du maskaradarendako?\nEz dut esperientzia handirik oraino, aski gazte bainaiz, baina iruditzen zait azken urte hauetan jokoak edo esketxak geroz eta gehiago agertzen direla kauteren partean. Horretan, libertimendua gauza bertsua da: zerbait salatzea, umorez eta norbaiten rolean sartuz. Ez da hainbeste Kabana bakarrik, bere papera irakurtzen, eta kauterak erdian. Pixka bat gehiago mugitzen dira, eszenan ematen, eta horretan pixka bat hurbiltzen zaio libertimenduari.\nTaldea abiatzeko prest da?\nEne ustez, lehena bizitu aitzin ezin gara biziki prest izan. Lehena egin eta aldaketa gehienak eginen ditugu, behar baldin bada. Espero azkenekoan prest izanen garela!", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000050", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Pierrette\nEzpeize-Ündüreinen da etxaldea, Xiberuan. Pierrette? Hau izen bitxia Xiberuko etxalde batentzat. Omen denboran, Pierrette batek, abizenez, erosi zuen baserri hori.\nJoan den ebiakoitzean, hantxe zeuden ehun bat behi, barrukian libro. Gu han bilduak ginen 400 lagun, haiei so eta behiak ere artetan guri begira.\nBalekite... Bai, balekite zerendako zen holako usaiaz kanpoko jende biltzea.\nBalekite hiltzerat kondenatu dituztela...\nBalekite kanpoan sendi den udaberriaren usainetik, koloretarik ez dutela aurten gozatuko...\nBasaburuko bost mendietan eta gero Biarnoko goi bortuetan. Gasconne behi zuri elegante horiek ez dira ikusiko gozo-gozoa alhan. Badira urteak administrazio sanitariokoak tematzen direla milaka behiren hiltzen tuberkulosiaren eritasuna kasatu nahiz... Frantziako Estatua haragiaren esportatzeko statut indemne harribitxia gorde nahian dabil itsuki bazter guzietan herioaren barreiatzen.\nAlta, behi horien haragia jaten ahalko da.\nAlta, aski litzateke ELBk galdegiten duen bezala behi horiek aurten etxaldean atxikitzea eta ikustea, aztertzea zer bilakatzen diren; beste protokolo bat entseatzea, hots.\nNola deabru erran behar zaie bulegoetako jaun-andere horiei beste estrategia bat behar litzatekeela beharbada pentsatu urteetako porrotaren bildumaren aitzinean!\nMilaka kabalaren hiltzaile hotz horientzat behiak... eta hauen hazleak zenbakiak baizik ez dira.\nBalekite barruki horretako behi bakoitzak izen bat duela...\nAzken momentura arte sinetsi nahi dut Mirtille, Olive eta Peluche besteak beste salbatuko ditugula. Pierrette etxaldeko hiru haurren behiak direlako... familiako haurrideak bezala.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000051", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Iparrorratza ez gal...\nELB sindikatuak eta Lurzaindiak, 2023ko udan, Ostia herritar kolektiboarekin laborantzako lurren espekulazioaren kontrako ekintza bat egin zuten zenbait astez Senpereko Olha etxaldea okupatuz.\nZoritxarrez, mobilizazio azkarra izanik ere, ezin izan dugu Telleria familiari (Donibaneko ADAM etxea) 50 hektarea lurren eta etxearen erostea geldiarazi... Argiki tratu espekulatiboa zen alta!\nHainbat aldiz bildu ginen, alta, ADAM etxekoekin ohartarazteko zenbat kalte egiten zuten Iparralde honetan hamarnaka urte hauetan daramagun lur eta etxebizitza espekulazioaren kontrako borrokari.\nHau guzia tripako minak ematekoa da, jadanik, baina zauria bilakatu da ikusi dudalarik Donibane Lohizuneko ikastolak ADAM etxearen publizitatea egiten zuela...\nEnetako espekulazioaren kontrako borroka, izan lurraren, gure ama lurraren zaintzea, etxebizitzarena, euskararena, herriaren egituratzearena... denak saski berean sartzen ditut. Abertzale mugimendua berpiztu denetik milaka gizon eta emaztek bizkarrean daramaten saskia da.\nNolaz bi sosen truke ahanzten ahal dituzte ikastola horretako arduradun batzuek borroka orokor horretan elkarri atxiki behar genizkiokeen begirunea, atxikimendua, errespetua?\nAurten oroituko gara Didier Lafitte, Donibaneko IK-ko militantea, duela 40 urte erail zuela Frantziako Poliziak. Zer errango zukeen gaurko afera honetaz?... Naski badakidan.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000052", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Tokikoa\n« Peut-on être basque sans parler basque? ». Ezin bukatuzko eztabaida, ezta? Beti gure irekidura justifikatu beharra, gure afera ez dela konturatu arte. Azkenean, euskarak ez baitu eztabaida hori bere baitan. Euskalduna eta Euskal Herrikoa berex doaz. Euskal Herrikoa izan gaitezke euskalduna izan gabe? Maluruski, bai. Baina euskalduna argiki euskaraz egiten duena da. Integrazio sistema ezin irekiagoa. Zertarako euskaradun, euskahaldun edo ezdakitzerdun hitzak? Azkenean, gure gaiak besteen hitzekin eztabaidatzeak ditu arazoak sortzen.\nDuela gutti, hizkuntza guttituetan sortu proiektu batean parte hartu dut, Frantziako Astaffort herrian. Han ginen hainbat hizkuntzatako kantariak, gure hizkuntzak nahasirik kantaldi baten sortzeko bilduak. Esperientzia polita. Jende zoragarria. Kolaborazio berrien menturak.\nBaina lehen egunetik eztabaida sortu zen (nuen): proiektua Langues de France azpititulatu zuten. Ni ez naizela frantses sentitzen, independentista naizela... Hau ez zela hitz larri bat; independente izatea edozein humanoren helburua dela; haurrak egun batean independente izateko hezten dituela burasoak. Gainera, Frantzia baino aitzinagokoak garela eta Frantziak gure hizkuntzak desagerrarazten pasatzen duela denbora. Eztabaida aitzinetik galdua...; irekiduraren izenean, beti...\nEtxeratu eta konturatu nintzen guk denominazioarena trenkatu dugula. Frantziako hizkuntza? Hizkuntza guttitua? Ez. Tokiko hizkuntza. Sinpleki. Orain segur naiz gure eztabaidak besteen hizkuntzetatik eramateak beste horien arazoetarat eramaten gaituela.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000053", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Basapiztiak\nMaiatzaren 3an Donibane Lohizuneko hotel batean emazte gazte baten hilotza aurkitu da, urtarrilaz geroztik hainbat aldiz zafratua eta laguntza eske joan zen emazte berarena. Justiziak bere bikotekidea begitan hartua omen zuen. Ez ihizian. Justiziak gauzak serioski hartu izan balitu, hilketa saihets zitekeen. Neskaren izena ez dakigu, prokuradoreak ez du erran nahi izan. Giza salbaikeria hutsaren beste biktima isil bat.\nHortik egun batzuetara, emazteei zuzendutako galdera bat itzulika ibili da sare sozialetan: «Basoan bakarrik bazaude, nahiago duzu gizon batekin edo hartz batekin topo egin?». Galderari ez diot zentzu handirik harrapatu hastapenean, erantzunek aho zabalik utzi arte. Zundatutako %78k hartz bat gurutzatzea nahiago dute. Arrazoiak anitzak dira. Zenbaitek diote hartz batek senez erasotzen duela, eta ez gozamenez. Batzuek gizon baten sexu erasoari beldur handiagoa diote hartz baten eraso hilgarriari baino. Baina asko segur eta fida daude jendarteak gehiago sinesten duela hartz baten erasoari gizon baten jazartzeari baino. Horrek errealitate sozial eta kultural beldurgarri bat adierazten du zalantzarik gabe.\nArrapostu horien aitzinean, gure basapiztiak oihanetik atera dira, hortz, aztapar eta erpe guziak kanpora. Orroaz hasi dira, erraietan gordetako izua aitortu duten emazte hauek mehatxuz eta listuz zaurituz.\n2003az geroztik 119 krimen matxista egin dira Euskal Herrian. Zenbat hartzek jendeei eraso egin ote diete? Dakidanaz, ez bakar batek ere. Nor dira egiazko basabereak? Zalantza guti dut erantzunaren inguruan.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000054", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Herri jakintza, kazetaritza, literatura, soziolinguistika eta memoria aztergai Donapaleuko Otsail Ostegunetan\nOstegunean hasi ziren Amikuzeko Otsail Ostegunak, Xamar idazlea zela lehen gomita. Ondoko lau solasaldietara Pello Zubiria, Itxaro Borda, Joxan Elosegi, Iñaki Iurrebaso eta Eneko Gorri joango dira.\nAtzo hasi ziren Donapaleuko Otsail Ostegunak. Aurten, bost hitzaldi apailatu ditu Zabalik elkarteak, bost egunez egiteko. Herriko kulturaren ondokotza, kazetaritza, literatura eta euskararen egoera izanen dira aipagaiak. Baita Arruta-Xarrikotako Zamakoitzia etxea ere, Hego Euskal Herriko errefuxiatu errepublikanoen aterpe izan zena.\nJuan Carlos Etxegoien Xamar Aezkoa Gararldako (Nafarroa) idazlea Zabalik elkarteko amikuztarren aspaldiko laguna barda jina zen Otsail Ostegunen irekitzera, plazaratu berri duen liburua aurkezt era: Biziaroak. Herri kultura . «Populu eta herri gisa elkarrekin funtzionatzeko molde batzuk asmatu dira mendeetan zehar, erritu deitzen direnak batzuetan, edo auzoen arteko harremanak», oroitarazi du Zabalik elkarteko Mattin Irigoienek liburuko gogoeta.\nOhiturak edo tradizioa izenak erabiltzen dira noiztenka herri baten kultura definitzerakoan, edo, beste gisa batean erranik, «populu guziek eraiki dutena bizi ahal izateko, elkartasuna bermatzeko, jendeen artean hein batean pasatu zedin». Ikusten da «tradizioa» deitzen dena «beti berritzen den gauza bat dela», gehitu du Irigoienek. Gizartean funtzio bat duten ibilmoldeak direla, hala nola «gazteak komunitatean sarrarazteko helburua duten erritu iniziatiko» batzuk; halaber, jendea sortzen edo hiltzen denean. Xamarrek ondokotza horri ikuspegi orokor bat ekarri dio, eta «galdekatzen du zer den kulturan, hondarrean, zer atxiki nahi dugun».\nJuan Carlos Etxegoien Xamar . Hura izan da Donapaleuko lehen hitzaldiko gomita. ANDONI CANELLADA / FOKU\nFuntsezko kazetaritza\nPello Zubiria Argia astekariko kazetari ezagunaren artikulu bilduma joria argitaratu dute Argia -koek Planeta prekarioan izenburu pean. Horren aipatzera jinen da Zubiria bera, heldu den ostegunean, Donapaleura. «Bizi baten engaiamendua da, hondarrean, kazetaritzan», laburbildu du Irigoienek. Informazioaren eta haren iturriaren zorroztasuna bilatzen duen kazetaritza bat. Kazetaritzaren «eginbehar hori non ikusten duen» erranen du Zubiriak; non duen «funtsa». Argia astekarian daraman Net Hurbil saila kazetaritza eredu horren adibidea dela erran du Irigoienek: «Inportantzia ematen dio iturrien agertzeari. Bada desmartxa bat irakurleari buruz, datuak emanez eta exijentzia bat kazetaritzari buruz, bestela ikusten den sentsazionalismoaren kontra».\nPello Zubiria. JON URBE / FOKU\nOtsailaren 15ean jinen da Itxaro Borda. Sortzez Oragarrekoa den idazle amikuztarrak bost hamarkadako bere ibilbidea izanen du aipagai. Zabaliken aurkezpenak hala ekarri du hitzaldia: «Hamabost urteetan publikatzen hasia zen jadanik gure oragartar idazlea. 50 urte aurten, eta geroztik etengabe idazten ari izana zaigu: poemak, nobelak, iritzi artikuluak, mota guzietako idazmoldeak landuak ditu».\nEuskaltzaindian sartu da berriki Borda, eta sartze ekitaldi ofiziala antolatu zioten urrian, Baionako herriko etxean. Horko mintzaldiko haritik ariko da Donapaleun ere, irigoienek erran duenez: «Diskurtso bat egin zuen Euskaltzaindian sartzean bere ibilbideari buruz, eta egin dugu menturaz interesgarria dela hori ekartzea Baionako herriko etxeko urrezko palaziotik kanpo ere». Itxaro Bordak berak esplika dezan ibilbide horretaz duen irakurketa eta bizipena. Aldi berean, irakurleari parada eman nahi zaio galdeen egiteko. «Irakurleek badukete enbeia bere literatur ibilbideaz eta bere hautuez galdetzeko». Iritzi artikulu anitz badu idatzirik Bordak, eta idazten oraino. «Probokatzaile fama» egin zitzaion atera zuen Basilika lehen liburutik. Gogoen kilikatzea laket izan du betidanik, eta «polemika bidetik» egin idatzi horietaz mintzatzeko momentua izanen da Donapaleuko hitzaldia.\nItxaro Borda. PATXI BELTZAIZ\nOndoko osteguna Arruta-Xarrikotako Zamakoitziak Euskal Herriko historian izan duen lekua aipatuko dute. Espainiako 36ko gerra Amikuzeraino jin zen, nolabait. «Bada gertakari horien harira guti ezagutzen den kapitulu bat, eta gure Amikuzeko xokoa xuxenki hunkitzen duena», dio Zabalik elkarteak aurkezpenean. Zamakoitziak, errefuxiatu errepublikanoak aterpetu zituen eta Irungo Kepa Oordoki memoria taldeko Joxan Elosegi jinen da horren aipatzera.\n[articles:2119929]\nEuskara ala ez gara\nIñaki Iurrebaso EHUko soziologoak Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa , 1.500 orriko doktoretza tesia aurkeztu zuen duela bi urte. Euskara zinez zer egoeratan den agerian eman duen lana da, gauzak doi bat haxean ezarri dituena. Horren zehaztera jinen da Donapaleura, otsailaren 29an, Plazara kolektiboko Eneko Gorrirekin.\nIpar Euskal Herriko azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak duela kasik urtea ezagutarazi zituzten. Behingoan, kinkaren goibela doi bat aitortu zen, baina Irigoienek dio guti barnatu dela, damurik. «Primaderan atera zirelarik inkesta soziolinguistikoaren emaitzak ez ziren hainbeste ikertu, aipatu, baliatu; beste aldi batzuez egin zelarik aise gehiago». Beste aldi horiek aitzineko inkesta soziolinguistikoak izan dira, beti mezu baikor batekin aipatzen zirenak, «errateko bide onean» doala kontua. Iurrebasok egin duen tesia xehe-xeheak artoski landu eta barnatu ditu inkestetako datu guziak, eta irakurketa argi eta garbia jalgi du, bestelako argazki bat ematen baitu euskarak Euskal Herrian bizi duen kinkaz.\nIñaki Iurrebaso. JON URBE / FOKU\nAzterketa horrek «genituen sentimendu batzuekin topo egiten du», dio argiki Irigoienek. Odolustea ezinikusia egiten balitzaio bezala frankori, Irigoienek kontatu du Otsail Ostegunetan berean izan dela ardura eztabaida: «Jendeak nahi du bere burua konbentzitu. Norbaitek erraten badu gibelka ari garela, beti badira hiru errateko: 'Ez, ez, ez aitzina goaz! Lehen gibelago ginen!'. Arazoa da zenbakiak eta errealitatea beste norabait joaten direla». Iurrebasoren lan zientifikoak biluzirik utzi du egoera.\nEneko Gorrik Iurrebasoren ikerketa laburbildu zuen Euskal Konfederazioak abenduan antolatu jardunaldietan, eta elkarrekin galdekatuko dute kinka erreal horren aitzinean nola joka daitekeen. «Gaur, zer defendatuko dugu, non dira lehentasunak? Hizkuntzaren hedapenean nahi bada estrategia bat muntatu diagnostiko xuxen batetik abiatzea ere ez da gaizki. Bestela, ez gara urrun joanen», bukatu du Irigoienek.\nEneko Gorri. GORKA RUBIO / FOKU", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000055", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "'Déjà vu' sentsazio bat\nUdaberriarekin batera, kirolari irudiz jantzi da herria. Egun historikoa datorrela iragarri dute. Elkartasuna , esfortzua , laguntasuna , kultura ... bezalako hitzak irakurtzen dira argazki erraldoien gainean. Su olinpikoa pasatuko omen da Hazparnetik datorren astelehenean, baita Miarritze, Angelu, Baiona eta Donibane Lohizunetik ere.\nEgun handirako, programa handia aurreikusia da: zezenak eta zapi gorriak, kantuak eta idiak, pilota erakustaldiak eta Lehen Mundu Gerrako soldaduen omenezko dantzak. Danborrada, joaldunak eta mutxikoak ere iragartzen ditu frantsesez idatzitako traktak. Gertakariak diskurtso unibertsala ekartzen duela diote hautetsiek: populuen arteko bakea, harrotasuna, anaitasuna, eta, sustut, Frantziako Errepublikaren balioak.\n«Euskal» eta «kirol munduko» dekoratu batekin eskaintzen duten antzerki merkea, Euskararen Erakunde Publikoaren aitzinkontua emendatzea errefusatu duen Pirinio Atlantikoetako departamenduak, 180.000 euro eskainirik karia horretara.\nAlta, aho handiz aipatzen ez badute ere, badakizu horrek ekarriko dituenak esklusioa, bideozaintza, polizia andana, turismoa, gentrifikazioa, enpresa babesleen moltsak betetzea, estatu zapaltzaileen irudi garbiketa eta abar luze bat direla, berriz ere... Eta Israelen Olinpiar Jokoetako parte hartzea eta Euskal Herriko kirolari olinpikoak atzerriko koloreekin ikustea...\nEz dakizu zehazki zergatik, baina, bitxiki, déjà vu sentsazio garratz bat hedatu zaizu ahoan.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000056", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Azala eta mamia\nHainbeste blokeatze, hainbeste traktore bideetan, hainbeste oihu, kexatze, negar... honendako?\nLaborantzak, laborariek erakutsi duten oldarraldiak baditu hainbat iturri. Mina barnatik heldu da. Lehenago, baserri munduaren bihotza zen, eta gorputz guzia biziarentzat zuen. Estatu frantziarrean, laborariak, 1,6 milioi ziren 1982an. Gaur egun, 400.000 petik gara.\nBizimolde bat ahultzen ari...edo hiltzen?\nSistema kapitalistak bultzaturik, laboraria nekazaritzako elikagaien industriaren esklabo bilakatua da aspaldi hontan. Exploitant agricole dela sinetsarazi diote eskolatik haste, baina esklabo modernoa da ororen buru, eta sukarraldi honetan iduri du ukatu nahi lukeen errealitate hori onartzen duela.\nEsklaboak askatu nahi baldin badu, ordea, berak pairatzen duen minaren erroetarat so egin beharko du.\nFNSEAk mugimenduaren gelditzea hitzartu du estatuarekin GNR (errepideko ez den gasolioa), norma eta diru laguntzetara mugatuz... Azaleko krema ororen buru.\nMamian dira erremedioak. Laborantzari, elikadura burujabetzaren bitartez behar zaio berriz balio bat eman.\nMerkatu libretik atera eta herritarren elikatzea lehenetsi. Egalim legea egiazki aplikatuz. Hemen bezala, Iparralde honetan, sor-marka desberdinekin kalitatearen bidea hartuz, erabakigunea hemen zainduz. Eraldaketa hemen atxikiz. Hemengo herritarren elikatzeko EHLGk finkatuak dituen ahuleziak zuzenduz... Mamia hor dugu.\nSegur naiz hemen lortzen baldin badugu mahai inguruan jartzen, gu laborariak, ordezkari politikoak eta herritarren sentsibilitate desberdinak, mamirat hel gaitezkeela.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000057", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Euskaldunen egoera agertzen da; mugako bi alderdietan nola gauden banatuak eta gureak ez diren zenbat gatazkatan ibili garen»\n'Cherche'pas à comprendre! Ez da konprenitzen ahal gerra!' liburu ilustratuaz mintzatuko da Begoña Durruti baztandarra Alduden, abenduaren 21ean. Nafarroako Erratzutik Aljeriako gerlarat joatera behartu zuten aitaren historia kontatzen du.\nBereterretxeren kanthoria marrazkiz ilustratu zuen 2017an, baina urte bat lehenago Cherche'pas à comprendre! Ez da konprenitzen ahal gerra! liburu ilustratua plazaratu zuen Begoña Durrutik (Arizkun, Nafarroa, 1968). Gregorio Durruti aitaren historia kontatzen du, nahiz eta baztandarra izan Frantziak behartu baitzuen Aljeriako gerlaren egitera. Begoña Durruti Aldudeko liburutegira gomitatu dute abenduaren 21ean, 19:30ean, liburu horren aipatzerat.\nLiburuak zuen aitaren eta familiaren historia kontatzen du. Mugako beste familia askok bizi izan duketenaren gisakoa dela erran izan duzu?\nFamilia euskaldun baten historia da, mugaren Espainiako aldean bizi dena, eta zerengatik ez dakigu -ez baitu zentzurik-, nire aitari tokatu zitzaion bertzen gerretan egotea, Aljerian. Horren ondorioak ere aipatzen ditu liburuak.\nNolaz zure aita deitu zuten Aljeriarat?\nNire aitatxi hazpandarra zen, eta eskapatu zen lehenbiziko Mundu Gerratik. Hegoaldera etorri zen, eta hantxe amatxi ezagutu zuen; ezkondu ziren, eta familia sortu zuten [Erratzun, Nafarroan]. Zazpi haurride ziren: lehenbizikoa ez zen aitatxiren semea -amatxi alarguna zen, eta ezkondu aitzinekoa zen-. Seme hori hil zen, 1935ean. Justu urte horretan sortu zen nire aita.\nAitarengandik frantses hiritartasuna bazuen?\n16 urterekin ailegatu zitzaien karta bat kontsulatura joateko eta hautatu behar zuten zer izan nahi zuten: espainol ala frantses. Aitatxik Hazparnen bazuen baserri bat eta bazituen lur batzuk; orduan, amatxik erran zion: «Egon zaitez frantses nazionalitatearekin eta lur horiek zureak izanen dira». Eta nire aita, kontent!\nHorregatik Frantziak deitu zuen gerlarat joateko?\nAilegatu zelarik tenorea soldadu joateko [20 urte zituela], lehertu zen...; bueno, lehertu... ez zioten gerra deitzen; ordena zaintza deitzen zioten. Frantziak noiz aitortu du Aljerian gerra bat egon dela? Duela gutxi. Aita ez bazen joaten, soldadu desertore izanen zen, eta azkenean deliberatu zuen joatea. Euskaldun bat zen, Hegoaldean sortua, espainolez gutti zekiena, frantsesez batere ez, eta Pauen [Biarno] pasatu zuen urte bat, han. Paraxutista gisa. Aukeren artean hori omen zen onena. Pauen urte bat egoten ziren, gero Aljerian eginen zutena ikasten. Bestela, lau egunetara Aljerian ziren lehen lerroan tiroka batere prestakuntzarik gabe.\nAitak errazki kontatu dizkizue bizipen horiek?\nEgia erran, aitak aspalditik kontatzen zuen bere istorioa, beti. Urte bat baino gehiago egon zen Elbarrietan [ospitalea], Parisen, eta han arras lagun onak egin zituen, bera bezala elbarriak zirenak [Paraxuta jauzi batean zauritu zen]. Horiek etortzen ziren gure etxera bisitan. Orduan, ilustratzaileak, kantariak, idazleak, azkenean denak gara istorio kontalariak pixka bat, eta behar nuen kontatu gure etxeko istorioa.\nEzaguna ez den eskualde batean historia horren jakinarazteko balio zukeen?\nHemen jendeak ez daki gerra bat izan zela Aljerian. Euskal Herriko, Frantzia osoko eta bere kolonietako gazteak, garai hartan, bere urterik hoberenak han pasatu zituzten eta jendeak ez daki. Ibili naiz irudi bila libururako eta ez dut irudirik aurkitu Elbarrietan. Imajinatu, Elbarrietan baziren lehenbiziko Mundu Gerrakoak, Bigarren Gerrakoak, Indotxinakoak, Aljeriakoak; batzuk aurpegi erreak, bertze batzuk hankamotzak, bertze batzuk paraplegikoak, tetraplegikoak...; ez dut lortu ezta irudi bat ere. Armadako museoa bai, soldaduak hantxe desfilatzen bai, Napoleonen hilobia ere bai, baina elbarri hauena, zero. Frantziak gordetzen du hori.\n«Euskaldun bat zen, Hegoaldean sortua, espainolez gutti zekiena, frantsesez batere ez, eta Pauen [Biarno] pasatu zuen urte bat».\nIrudiez gain, testua ere idatzi duzu libururako; nola egin zenuen?\nEz naiz idazlea; dorpea naiz idazten. Haurrendako liburu ilustratu bat egin nuen, lehen, eta Miel Anjel Elustondo etorri zen elkarrizketa egitera horren harira, Argia -rako. Nor nintzen eta gure historia kontatu nion, eta hark: «Baina, zure aitak badu beste elkarrizketa bat!». Aitari egin zion elkarrizketa eta erran zidan behar nuela hori kontatu. Aprobetxatu nuen Elustondo pasatu zela eta lagundu nau anitz. Gero, leitu nuen Fill de rojo umeendako album ilustratu bat, Ignasi Blanch katalanak egin zuena, eta formatu bera hautatu nuen. Harkaitz Canok ere aholkuren bat eman zidan, eta hola.\nZer hedapen izan du albumak?\nLiburu hau beti joan da mantso-mantso salduz; igual, eskoletan, irakasleen artean eta. Manera xume bat da gerraren esplikatzeko. Ez duzu historialaria izan behar ikusteko zer den. Edozeinendako: haur, gazte, zahar. Saiatu nintzen Elkarrekin frantsesez argitaratzea lortzen zuten, baina ez zen argitaratzerik izan. Editoreak erran dit Durangoko Azokan, orain, euskarazkoa akitu zaiola. Eta ez daki berriz atera edo ez.\nEuskaldunen historiari begira geruza bat baino gehiago ditu historia horrek?\nAnitz geruza baditu. Agertzen da Gerra Zibila, Lehen Mundu Gerra... Euskaldunen egoera zein den; mugako bi alderdietan nola gauden banatuak eta gureak ez diren zenbat gatazkatan ibili garen. Hortaz, eskoletan baliagarria da. Interesgarria da, era berean, baztaneraz egina delako; baztanera ez da sobera ikusten idatzietan.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000058", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Lurpean hidrogenorik badenez miatzeko bi baimen eskaera egin dira Zuberoan\nTBH2 Aquitaine eta 45-8 enpresek baimena eskatu dute ikerketa batzuk egiteko: Zuberoa eta Biarnoko herri batzuetako lurpeko geruzetan hidrogenorik badenez ikusi nahi dute, bakoitzak sektore batean. Lehenak baimena Frantziako Gobernuaren aldizkari ofizialean agertzea itxoiten du ikerketak hasteko, eta bigarrenaren eskaera aztertzen ari dira oraino. Auzapez zuberotar batzuk informatuak izan dira, Barkoxeko auzapez eta Zuberoako Poloko buru den Jean-Marc Barantholek Hitza -ri erran dionaz; Louis Labadot Mauleko auzapezak, aldiz, ez du deus jakin oraino bere lurretako ikerketa eskaeraz.\nBistan dena da ikertzeko baimena eskatu duten enpresek arrazoiak dituztela pentsatzeko «hidrogeno sukaldeak» izan daitezkeela lur pean, bereziki Uhaitza ibaiaren inguruko lurretan, bai eta Baxenabarreko zenbait herritan eta Biarnoko auzo herrietan ere. Oraingoz, hein industrialean baliatzen den hidrogenoaren %95 metanoa, petrolioa edo ikatza baliatuz ekoiztua da, urarekin: urean den hidrogenoa eta oxigenoa bereizten dituzte, elektrizitate anitz baliatuz. Baina, berriki, zientifikoak ohartu dira lurpean, gas formarekin, uste baino hidrogeno poltsa gehiago badirela munduan.\nBaimenarekin, ikerketan barnatzen ahalko dute enpresa horien kontu ari diren zientifikoek. 45-8 enpresak egin baimen eskaeraren partaide Eric-Claude Gaucher geokimikalariak erran du ideia dela « sukaldetik ahal bezainbat hurbiltzea». Haien hipotesien arabera, han «hidrogeno naturala formatzen da gaur egun». Gune horren xerkatzeko, gobernuak baimena ematen badie, ikerketa sismikoak, geokimikoak eta beste hainbat neurketa zientifiko eginen lituzkete, miaketa zulaketak egiten hasi aitzin. Baliteke, Gaucheren erranetan, hidrogeno poltsak lurpean 5.000 metro barna izatea.\nBaimen eskaerari segida eman ahal izateko, Frantziako Ekonomia Ministerioak hainbat irizpide betetzea galdetzen die: bilaketa eremuaren dokumentu zehatzak, egingarritasun teknikoa eta kalteen ikerketa, besteak beste. Ikerketak bizpahiru urteko iraupena luke, eta, hidrogeno iturri errentagarria iduri bazaie, ustiatzeko baimen eskaerak egin beharko lituzkete.\nEnergia ez hain berdea\nHidrogenoaren aldeko apustu argia egin du Frantziako Gobernuak, maila industrialean heldu diren hamar urteetan zazpi miliar euroko inbertsioak hitzeman baititu energia iturri berri hori garatzeko. Hidrogenoaren Kontseilu Nazionala ere sortu du proiektu hori gidatzeko; kontseilua osatzen dute, besteak beste, Total eta Engie enpresa handietako ordezkariek. Preseski, 45-8 eta TBH2 Aquitaine enpresek loturak dituzte energiako bi handiokin.\nHau da energia iturri hori hain «berdea» dela uste ez dutenen kritika nagusia: elektrizitate anitz behar denez urarekin hidrogenoa sortzeko, bortxaz kutsadura eragiten du. Hala ez izatekotan, eguzki panelen eremu erraldoiak behar lirateke energia «berdearekin» hidrogenoa ekoizteko. Behin pila batean ezarririk, hidrogenoaren aldekoek azpimarratzen dutenez, motor batek ur lurruna baizik ez du ateratzen hidrogenoa erregai gisa baliaturik.\n%95\nHidrogeno ekoiztua Hidrogeno naturala ez da abantzu ustiatua. Munduan baliatzen den hidrogenoaren %95 uretik ateratzen da, elektrizitate anitz behar duen prozesu bat dela medio.\nUretik hartzen den hidrogenoak duen kostu ekonomikoarengatik eta eragiten duen CO2 kantitateagatik, hidrogeno naturalak geroz eta interes ekonomiko handiagoa pizten du. Zuberoako eta inguruetako lurpea gas horretan aberatsa dela frogatuko balitz, TBH2 Aquitaine enpresako ordezkariek prentsan jakinarazi dutenez, ustiatze unitate «ttipiak» sortuko lituzkete, «laborantzako hangarren tamainakoak». Bestalde, enpresak azaldu du kalte apala eraginen lukeela, eta azpimarratu kilometro koadro bakoitzeko 42 biztanle baizik ez direla hautatu duten eremuan.\nIragan apirilean Baionan hidrogenoaz mintzatzeko antolatu zen hitzaldi batean, Xavier Lacoste Irisarriko auzapez eta departamenduko Energia Lurraldea Sindikatuko presidenteak gas erregaia goraipatu zuen, eta kritikatu zuen Euskal Elkargoak bere proiektuarekiko duen interesik eza: instituzioetako ibilgailuak hidrogenoarekin ibilaraztea.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000059", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Gelak ikasle kopuruaren arabera ireki behar dira, ez errektoretzaren nahien arabera»\nAmikuzeko kolegioak bi gela galduko ditu heldu den ikasturtean, ikasle gehiago izanik ere. Irakasleek eta gurasoek mobilizazioak egin dituzte, eta Akademia Ikuskaritzarekin biltzea galdegiten dute.\nDonapaleuko Amikuzeko kolegioko frantses irakaslea da Estibaliz Cledon (Donapaleu, 1985). 301 ikasle ditu kolegioak aurten, eta heldu den ikasturtean 310 izatea aurreikusten dute. Alta, errektoretzak bi gela hetsiko dituela iragarri du. Irakasleek eta gurasoek elkarretaratze bat egin zuten joan den astean, salatzeko irakasteko baldintzak okertuko direla eta hesteak behar bereziak dituzten ikasleen inklusioa oztopatuko duela.\nBi gela hetsiko dituzte heldu den ikasturtean Amikuzeko kolegioan. Zein da egoera?\nUrtarrilean, errektoretzak ondoko ikasturterako ordu kopuruak igortzen ditu urtero, eta hor gutxi gorabehera badakigu zenbat gela eta ordu kopuru izanen ditugun. Urtarrilean, beraz, jakin dugu bi gela hetsiko dizkigutela heldu den urterako, bat laugarrenean eta bestea hirugarrenean. Alta, 92 ikasle ditugu bosgarrenean; horrek erran nahi du heldu den urtean hiru gela ukanen ditugula laugarrenean, horietarik bi 31 ikaslerekin. Eta hirugarrenean, berdin: 64 ikasle ditugu, eta heldu den urterako bi gela bakarrik atxikitzen dizkigute; beraz, 32 izanen dira bakoitzean. Gehiago dena, haien kalkuluetan ez dituzte IEP Inklusiorako Egitura Pedagogikoaren barneko ikasleak kontuan hartu; laguntzaile bat duten behar bereziko ikasleak dira, eta ez dituzte haien kalkuluetan sartu. Zinez arazo larri bat bada.\nIkasle gehiago izanen dira klaseetan. Zer ondorio du horrek irakasleentzat eta ikasleentzat?\nHasteko, erran nahi du ikasgela batzuetan fisikoki ez direla ikasle guziak sartzen ahalko. Ikasketa baldintzei begira, legez, gela baten gehienezko ikasle kopurua 30ekoa da; 28tik goiti jadanik biziki zaila da guretzat, ikasle anitz baititugu maila desberdinekin. Irakasteko zinez baldintza txarrak izanen dira, eta ikasleentzat ere bai.\nAipatu duzu IEP egitasmoko ikasleak ez direla kontuan hartuak izan. Nolaz?\nJakin behar da IEP egitasmo berezi bat dela, eta ikasle horiek MDPH Elbarrien Departamenduko Etxean dosier bat osatu behar dutela laguntzaile bat ukaiteko. Helburua da inklusioan izatea, eta ahal bezain bat kurtso segitzea. Ulertzen ez duguna da beste kolegioetan ikasle horiek kontatzen badituzte ordu kopuruak trenkatzean, gurean zergatik ez den hala. Segur aski erreforma berriarentzat behar dituzten kalkuluetan ez zen ontsa erortzen.\nZer da erreforma berri hori?\nSeigarrenean eta bosgarrenean ikasleak beren mailaren arabera ezarri nahi dituzte matematiketan eta frantsesean. Urtero ateratzen dira Europako ikasleen mailari buruzko ikerketak, eta, Frantzian omen datu txarrak direla, erreforma horrek emaitzak hobetzeko balioko duela diote. Baina mailaren araberako gelak egiteak ordu gehiago behar izatea ekartzen du, eta, beraz, ordu horiek behar zituzten beste leku batetik kendu.\nZer diozu erreforma berri horretaz?\nMailaren araberako klaseak egiteak erran nahi du seigarrenean sartzen den ikasle batek hiru gela izanen dituela: gai gehienetarako gela, bere mailaren araberakoa frantsesean, eta oraino beste bat matematiketan. Laburbilduz, bi irakasgai horietan, zailtasunak dituzten guziak elkarrekin izanen dira, maila ertaina dutenak elkarrekin eta erraztasunak dituztenak elkarrekin. Jakinez zailtasunak dituztenen geletan hamabost izan beharko dutela gehienez ere: erran nahi du besteetan 30 edo gehiago izanen direla. Artetik errateko, hamabost ikasle baino gehiago dira zailtasunetan direnak. Injustizia bat da, haurrak estigmatizatuak izanen direlako; eskoletan jadanik guraso batzuk arranguratzen hasiak dira beren haurra zein mailatan izanen den jakiteko, eta ikasle batzuk jadanik hasiak dira erraten ikasle txarrak direla eta mentsekin izanen direla: estigmatizazioak konfiantza galtzea eragiten du. Beste arazoa da kolegioaren barne antolaketarentzat biziki zaila izanen dela; frantseseko klase guziak momentu berean izan beharko dira, lau gela izanen dira, baina hiru irakasle gara bakarrik, eta matematiketan hiru klase izanen dira aldi berean, baina bi irakasle dira bakarrik. Ezinezkoa da.\nZer galdegiten duzue zuek?\nGelak irekitzea ikasle kopuruaren arabera eta ez errektoretzaren nahien arabera. Heldu den urtean bederatzi ikasle gehiago izanen ditugu, eta bi gela galduko ditugu; ez da onargarria. Inklusioa ezingo dugu segurtatu baldintza horietan. Oraingoz, plantan dugunak funtzionatzen du: oraingoz, geletan 25 dira, zailtasunak dituzten ikasleak hurbiletik segitzen ahal ditugu taldeak ez direlako sobera handiak.\nMobilizatzen segituko duzue ondoko asteetan?\nBai. Tokiko hautetsiak akuilatu ditugu, eta gurasoak ere mobilizatuak dira. Badakigu Iñaki Etxaniz diputatuak gure kasua segitzen duela. Bestalde, Akademia Ikuskaritzan hitzordu bat galdegin dugu, gure kezkak kontuan har ditzaten. Berehalakoan, IEPko ikasleak kontuan har ditzatela galdegiten dugu.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000060", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Besta giroan espazio seguru bat sortzeak zinezko askatasun bat ematen digu»\nBitxi Bitxi 'queer' kolektiboko kidea da Etxegoihen, eta lehen gaualdia antolatu zuten Baionako Txalaparta lokalean ebiakoitzean; 'queer'-entzako espazio «seguruak» sortu behar direla pentsatzen du.\nBitxi Bitxi kolektibo queer -ak bere lehen gaualdia antolatu zuen martxoaren 9an, Baionako Txalapartan, Les Bascos LGTB elkartearen lokalean. Ehun bat lagun bildu ziren, eta taldea kontent da espazio «seguru» bat sortzea lortu baitute. Ana Etxegoihen (Baiona, 1993) Bitxi Bitxiko kideak uste du «heteronormatibitatetik kanpo» diren espazioak «beharrezkoak» direla.\nAbiatu berri duzue Bitxi Bitxi. Zer da?\nKolektibo queer erradikal bat da, transfeminista, antirrazista, antikapitalista eta euskalduna. Ezagun batzuen artean aipatu genuen espazio falta bat sentitzen genuela; enbeia genuen segurua izanen zen eta queer kultura ardatz izanen zuen espazio bat sortzeko. Bestak egin nahi ditugu, baina ez hori bakarrik: eztabaidak egin, queer kulturako ekitaldiak antolatu... Baionan diren queer -ek izan dezaten toki bat saretzeko eta elkartzeko.\nDefinizio anitz izaten ahal ditu, baina zuretzat zer da queer izatea?\nQueer bezainbat definizio bada, eta ez da baitezpada erraza definizio bat ematea. Enetako, heteronormatibitatetik ateratzen den edonor da queer . Izan daitezke transidentitatea, genero ezberdinak, sexu orientazio ezberdinak... Uste dut klase ikuspegia ere inportantea dela.\nLehen gaualdia egin zenuten iragan larunbatean. Zein da zuen bilana?\nEz gara oraino elkartu, baina, beroan bero, erranen nuke biziki ontsa pasatu dela. Jendea biziki uros zen, anitz dantzan aritu gara, anitz mintzatu... Gauza batzuk gutiago ibili dira; tindaketa parte hartzaile bat egin nahi genuen jendeak erran zezan zer den queer izatea Baionan. Horrekin jendea elkarren artean mintzatzera bultzatu nahi genuen. Ideia kutxa bat ezarri genuen, gure taldetik kanpo beste ideia batzuen errekuperatzeko. Ez da bere horretan hainbeste ibili, baina jendea anitz mintzatu da, eta hori anitz da. Bitxi Bitxin 22 kide gara, eta anitzek ez genuen elkar ezagutzen. Helburua zen elkar ezagutzea, gure artean saretzeko, eta harremanak sakontzeko. Alde horretatik, bikaina izan da.\nQueer identitateentzat espazio «seguru» bat behar dela erran duzu.\nBai, gure gaualdia segurua izatea biziki garrantzitsua zen, eta, horretarako, xarta bat izenpetu behar zen sartzeko momentuan. Jendeak, sartu aitzin, xarta irakurri behar zuen, eta izenpetu. Denetan kasu egin behar dugu. Kasik denek ezagutu ditugu erasoak, izan queer nortasunagatik edo emazteak garelako. Anitzek halako espazio seguruen beharra badugu; gehienetan, ez dugu nahi dugun bezala dantzatzeko posibilitaterik, bitxiki begiratuak izateko arriskua dugu... Batzuek ez dute beren orientazio sexuala goxoki bizi. Besta giroan espazio seguru bat sortzeak zinezko askatasun bat ematen digu.\n«Enetako, heteronormatibitatetik ateratzen den edonor da queer . Izan daitezke transidentitatea, genero ezberdinak, sexu orientazio ezberdinak... Uste dut klase ikuspegia ere inportantea dela»\nXarta bat bazela erran duzu. Zertara engaiatzen ziren parte hartzaileak?\nOrokorrean, gure balioak agertzen ziren: ez genuela inongo erasorik onartuko, ahozkoak ala fisikoak izan. Onespena beti errespetatzera engaiatzen ziren, eta jendearen izenordainak errespetatzera ere bai. Azkenik, norbaiti gaualditik ateratzea eskatuz gero hori errespetatzeko eskatzen genien. Norbaitek erasoren bat pairatuz gero entzuna izateko espazio seguru bat izanen zela ere adierazi nahi genien. Helburua zen aski laburra baina eraginkorra izatea, jendeak ongi barneratzeko. Sartu aitzin engaiamendu hori izenpetzea azkarra zela atzeman dugu.\nBitxi Bitxi kolektiboak zer helburu ditu, oro har?\nEz dugu Baionako giroan iraultza bat egiteko pretentsiorik. Helburu aski xumeekin ari gara, gure artean jostatzeko, elkartzeko, espazio batzuetan goxoki izateko... Gazte batzuentzat ere manera da ikus dezaten ez direla bakarrik, eta badutela goxoki izateko leku bat. Badakigu ez dugula iraultzarik eginen hasieran, eta, gainera, taldean 22 gara eta ez ditugu baitezpada ber gauzak egin nahi: batzuek ikuspegi politikoagoa dute, beste batzuek kulturalagoa... Nahiko berria da, eta ez dugu sakonki aipatua ere, baina argi dugu urtean erregularki aske sentitzeko espazioak sortu nahi ditugula.\nZein dira ondoko urratsak?\nEz dugu oraindik beste ekitaldirik prestatu. Zinez segitzeko gogoa dugu, dinamika biziki indartsua bada. Balorazio bat egin beharko dugu, eta ikusi beharko dugu nola hobetu. Ez dugu baitezpada Txalapartan egin nahi aldi oro; hasteko, zentzua bazuen gure gaualdia Les Bascosen lokalean egiteak: biziki ongi pasatu da haiekin antolaketa mailan, eta hori eskertzekoa da. Ikusi beharko dugu beste gune batzuetan egiteko aukerarik baden. Ideia anitz baditugu, eta hasiera baizik ez da!\nIpar Euskal Herrian Altxa Lili kabaret queer -a sortu zen iaz. Eragina izan du?\nBai, dudarik gabe. Bestalde, Loverdose festibala izan zen Baionan, eta bi gertaera horiek eragin handia izan dute gure proiektuan. Ipar Euskal Herrian bada oraindik lana egiteko: luzaroan eraman nahi badugu, ez dugu handiegi ikusi behar, gure heinean aritu behar dugu. Eta gogotsu ari gara.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000061", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Imus Pirenaeusek badu zer konta oraino\nAranzadi zientzia elkarteak euroeskualdeko diru laguntza erdietsi du Donazaharreko kanpamentu erromatarrean indusketen egiteko. Aurizko eta Donazaharreko herriko etxeak egitasmoaren partaide dira.\nIkerketa arkeologikoak berriz abiatu dira Donazaharreko kanpamentu erromatarrean. Lehen aldikoz, Euskal Herriko erakunde arkeologiko batek ditu eramaten: Arantzadi zientzia elkarteak. Urri hondarrean, SOT enpresarekin azterketa geofisikoak egin zituzten. Euroeskualdeak diruztatu Pirenaeus programaren medioz hasi dira. Arantzadik espero du heldu den udan miatu gabe egon diren eremuko parteen ikertzen hasten ahalko direla.\nJean-Luc Tobie Bordeleko (Okzitania) arkeologoak hasi zituen 1970eko eta 1980ko hamarkadetan Donazaharreko erromatarren termetako miaketak, Frantziako Kultura Ministerioarendako, Donazaharreko orduko gazteek lagundurik. Geroztik, lo egon da luzaz, nahiz bisitak egiten diren eta museo ttipi bat badagoen ondoan. Aitzineko Herriko Etxeko gehiengoek utzi zuten horrela. Zoritxarrez, laparrak garbitu nahiz, sua ere ezarria izan da aparteko gune historiko horretan.\nArantzadik berriz miatu nahi du Donazaharreko, horre iduriko hiribildu erromatarrak artoski landuak baitituzte Nafarroa Garaian. Arantzadiko Oihane Mendizabal Sandonis arkeologoa da miaketen zuzendaria, eta Donazaharreko egitasmoaren eramailea eta xehetasun zenbait eman ditu.\nArantzadik Ipar Euskal Herrian arkeologian abiatu duen lehen proiektua izanen da Donazaharrekoa. Elkarteko arkeologia saila 2011n hasi zen Pirinioak zeharkatzen zituen galtzada erromatarraren ikertzen, Nafarroa Garaian. Frantziako eta Espainiako estatuek ezarri mugak, alabaina, ez du kanorerik erromatarren bide horren ikusteko, Donazaharretik Nafarroa zolara joaten baitzen mendialdea zeharkatzeko. «Lantaldeko kideek galtzadako ibilbidea osatu zuten, hasita Donazaharren, gaur egungo Nafarroa Garaiko mugaraino -Zangoza inguruko eremuraino-», erran du Oihane Mendizabalek, Aranzadik bide hori azaleratzeko egin lana aipatzean. Bidearen inguruko erromatarren egonleku inportanteak miatzen hasi ziren Urkuluz haraindian; hala nola, Nafarroa Garaiko Aurizko Zaldua hiri erromatarra eta Artzibarko Artzi hiribildua.\nErromatar galtzada.\nArantzadiri galtzadaren beste puntan miatzea falta zitzaion Donazaharreko uretako kanpamentu erromatarra. Horretarako, euroeskualdeari diru-laguntza galdera egin dio Aurizko eta Donazaharreko Herriko Etxeak lotuz xedeari, eta erdietsi. Mendizabalek espero du aitzina egiten ahalko dutela, Jean-Luc Tobierekin hasi zen lanari segida eman eta urrunago joateko: «Pixka bat eguneratzeko lehenik egina zegoena, eta Nafarroa Garaian ikus ditugun hipotesiak eta datuak alderatzeko, eta Donazaharren sakontzeko».\nAzterketa geofisikoa\nHiru alditan pentsatua da lana. Lehena, duela hilabete inguru, urri hondarrean egin zuten: Donazaharreko kanpamentu erromatarraren inguruen gaineko azterketa geofisikoa. Haietarik atera informazioen arabera balizko lurpeko miaketen programatzea da bigarren urratsa. Eta, azkenik, atera informazioak herritarrei ezagutaraztea.\nAzterketa geofisikoak tresna elektromagnetikoak eta radarrak lur gainetik pasatuz egiten dituzte. Horri esker, jakin dezakete lur azpian, metro bat eta erdiraino, zerbait miatzeko badenetz. Donazaharrekoak eman duena ari dira ikuskatzen orain. Emaitza osoak urte hondarreko behar lituzke Arantzadik, baina, Mendizabalek salatu duenez, gauza batzuk jakin dituzte jadanik. «Gaur egun agerian den termen eraikinaren inguruan ikusi dugu bazeudela beste eraikin batzuk».\nTobiek zioena baieztatu da, Arantzadiko kideak dioenez: «Jean-Luc Tobiek zioen bezala, eraikin batzuk ikertu ziren, baina hori baino askoz gehiago egongo da lurpean». Azterketa geofisikoaren emaitzek erakutsiko die non balio dezakeen zulatzea. Beste eraikinak eta eraikinen arteko iragan bideak induskatzeko.\nPierre Eiherabide Donazaharreko auzapeza mintzatu zen urri hastapenean Irulegiko Irratian Pirenaeus egitasmoaz. Argiki erran du bere arrangura lurren berreskuratzea dela etxe berri egiteko, baina horretarako baimenak behar dituela. Frantziako Gobernuak esku hartuko du noizbait etxe egiteko baimenen emateko, dela Kultura Ministerioko DRAC zuzendaritzaren bidez, dela INRAP prebentziozko ikerketa arkeologikoen institutu nazionalaren bidez. «Aberastasun bat da, baina zenbait aldiz zailtasuna da etxe berrien egiteko», zioen Eiherabidek.\nAzterketa geofisikoetarik jakin behar lukete administrazioak non utziko dien etxe egiten eta non ez, interes historiko handiko eremuan. «Funtsezkoa da oreka bat topatzea bi interesen artean», erran du Aranzadi elkarteko Mendizabalek. Gune «mamitsuenak» edo «ikerketan emankorragoak izan daitezkeen» eremuak miaketa xehetarako begiratuz, eta etxe egiteko baliatuko diren lurren azpian dagoena, zalu bada zalu, aztertzea eta biltzea informazio osoagoa izateko.\nArantzadik itxaropena badu heldu den udan, zergatik ez, lur mugitzen hasi eta emeki-emeki Donazaharrek salatzekoak dituenen bilatzeko. Lehen aldia litzateke, hain segur, Frantziako kultur administrazioak, berea ez duen egitura bati halako baimen baten ematea. Are gehiago Hego Euskal Herrikoari. Azken asteetan Bordeleko arkeologia teknikari batzuekin solasean aritu da Arantzadi, ikusteko baimen horiek nola ukan. Ipar Euskal Herriko beste egitura baten bidez izan daiteke. «Bai niretzat, bai Arantzadirendat, erronka oso handia da», aitortu du Mendizabalek. Alabaina, Aurizkoa zuzendu du, eta anitz gauza badakizkite handik. Donazaharrekoa jakinduria horren osatzera jinen litzateke.\nMendizabalek erran duenez, Donazaharreko Herriko Etxeak ere badu interesa terma erromatarren hektarea bateko eremu horretan gauza gehiago agerrarazteko. «Badugu amankomuneko gune bat hor udalarentzako ere bihur daitekeena interesgune, termen aztarna horiek osatuko dituena». Gaur egun jada bisita daitekeena aberastuko lukeelako.\nArkeologiatik jakin-mina\nDuela 2.000 urte inguru erromatarrak Euskal Herrian plantatu ziren aro hari buruz gehiago jakiteko parada izan daiteke Arantzadirentzat. «Pirinioen inguruko erromatartze prozesua ulertu nahiko badugu, kontuan hartu behar ditugu bi isurialdeak», adierazi du Mendizabalek.\nJadanik ohartuak dira Zangoza aldeko Artzi eremuan eta Donazaharren oinarri ber-bera duten termak direla. «Erakusten du nola bidea ez zen bidea soilik, baizik eta bideari zerbitzu emateko azpiegitura batzuk plan orokor baten barnean eraiki zituztela».\n«Eraikinak nola garatu ziren, bertako biztanleen jarduerak nolakoak ziren ulertu nahi badugu era orokorrean, osoan ikertu beharra dago». Tobiek Donazaharren atzeman zituen orduko materialak aztertu ditu Mendizabalek, eta ikusi du Auritzen ere berdinak kausitu dituztela. «Horrek erakusten du komunikabide garrantzitsu baten ertzean zeudela. Auriztik pasatzen ziren pertsonak Donazaharretik ere ibiliko ziren».\nOihane Mendizabal Aranzadi zientzia elkarteko kidea.\nGehiago dena, nork daki ez den lurpean erromatarren eta orduko euskaldunen arteko harremanen berri emanen lukeen gauzarik atzemanen. Aurizko Zalduan halakoak ikusi baitituzte jadaneko. «Zalduan ikusi dugu badela nahasketa bat bertako biztanleen objektuen eta erromatar inperioko beste eremu batzuetatik etorritakoen artean». Eta objektuekin gertatu bazen, Mendizabalek dio pentsatzekoa zela nahasketa hori urrunago zihoala; «bai hizkuntzekin, bai sinesmenekin horrelako nahasketa moduko bat sortuko zela. Ez zela ez zuria ez beltza izango eta identitate berritu bat sortuko zela». Azken hamarkada hau arte ez da zinez ikertua izan ikuspegi horretarik.\nErromatarrek euskara ere zizelkaturik utzi zuten orduko antzinako euskararen hedadura handiko eremu zabalean. Mendizabalek ez du baztertzen egun batez halako altxor baten aurkitzea. «Zergatik ez? Azkenean, indusketa bat planteatzen dugunean ez dakigu zer topatuko dugun». Horretarako, baimenak lortu behar dira miatzen uzteko. «Aurreikuspen guztiak ongi baldin badoaz, datorren udaran indusketa txiki batzuekin hasiko ginateke bertan».", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000062", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Egun bat Che Guevara komuna sozialistan\nGoizean goiz jaiki eta zeruan lainoak ageri diren arren, beroa pisua da, sapa. Gosaria zain dugu Yeini eta Feliperen etxean: arepak gasnarekin. Haurrak ez dira urrun, eta beste herritarrak ere ez, etxeko atea beti irekia baita hemen. Feliperekin elkarrizketak orenak iraun ditzake. Bere ikuspegia ematen digu Venezuelako eta munduko egoerari buruz. 20 urte dira bolibartar iraultza hasi zela, eta zailtasunak zailtasun, Felipe bezalako militanteei esker eta Che Guevara komuna bezalako proiektuei esker, aitzinatzen da. Euskal Herriari buruz ere ikuspegi zinez zorrotza du. Notak hartzen saiatzen naiz.\nAstelehena da Maracaibo lakuaren hegoaldeko Merida estatuko herri ttipi, bero eta urrundu honetan. Urrundu diot, azken uholdeengatik ibaiak gainezka egin zuenetik, herrira iristeko bide bakarra suntsitua baita. Oinez bakarrik pasa gaitezke momentuz, baina auzolanean ari dira herritarrak berriz eraikitzen. Gaur astelehena izanik, kafe kooperatibako kideak elkartuko dira lan komunitarioa egiteko goizean, eta asanbladan arratsaldean. Gaur, horietan parte hartzeko xantza dugu guk ere. Colimir kooperatiba 2004an sortu zuten, ordura arte kafe ekoizpenik ikusi ez zuen mendialdeko eskualde honetan. 2013an kafea prozesatzeko baliabideak eskuratu zituzten. Zailtasun handiena merkaturatzea dute gaur egun. Kooperatibak, ekoizpen guneez gain, auditorium bat eta logela bat eraiki ditu herrian; bertan errezibitu gaituzte Euskal Herritik Askapenaren brigadan parte hartzen dugun kideak. Aurten ere abiatua da brigaden kanpaina, elkartasun internazionalista antolatzeko.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000063", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Zamakoitzia, 1936ko euskal iheslari errepublikanoen aterpea, Arrueta-Sarrikotan\nArrueta-Sarrikotako Zamakoitzia etxeaz bazuten zerbait entzunik Amikuzen, baina deus guti. Urtarrilean, Irungo (Gipuzkoa) Kepa Ordoki memoria taldearen bisita ukan zuten, eta bertara joan ziren. Zabalik elkarteko lagunekin gertatu edirete horretarik sortu da Donapaleuko laugarren otsail osteguneko aipagaia.\nHola baitute jakin Amikuzeko euskal kultur elkartekideek Espainiako 36ko gerra ondoan, «1937 eta 1940 artean, ehun bat iheslari hor aterpetu» zirela, Arrueta-Sarrikota Zamakoitzian. Francoren diktaduratik ihesi joatera beharturik, euskal errepublikanoak ziren, «gehienak Hondarribi eta Irun aldekoak». Hala dio Zabalik elkartean otsailaren 22an Kepa Ordoki taldeko Joxan Elosegik eginen duen hitzartzea aurkezterakoan.\nZamakoitziako denbora hori ezagutu zuten guziak zenduak dira, eta «alabaina, ez dute kontatu», esplikatu du Mattin Irigoienek. «36ko gerlatik eta gerla guzietarik landa anitz gauza galtzen» baitira, «protagonistek ez baitute kontatzen ahal; sustut galtzaileek». Ez du kentzen Kepa Ordoki taldeak orduko berri jakiteko lana eraman duela eta badela informazio zabaltzeko.\nJaurlaritzaren gerizpean\nIrun eta Hondarribiko frontean errepublikanoen aldean ari izanak ziren ehun bat euskaldun horiek «eskapatu behar izan zuten, ez hiltzeko» eta Arrueta-Sarrikota Zamakoitzian ukan zuten aterpea.\nIhesean zen orduko euskal gobernuak «Eusko Jaurlaritzak laguntzen zituen pixka bat», jarraitu du Irigoienek, «alokairua behar baitzuten pagatu». Komunitate bizi bat bezala plantan eman zuten Zamakoitzian, «beren buruzagiarekin eta asanblada istorio». Eusko Jaurlaritzarekin harremana atxikitzen zuten.\nInguruko amikuztarrekin ere harremana sortu zen, nolaz ez, «jatekoa behar baitzuten, eta lanean». Horretarako eskubiderik ez baitezpada ukan gabe ere, «etxe batzuetan bazituzten obra batzuk eginik», Irigoienek jakin duenez, «esku langileak baitziren».\nErrefuxiatu horien artean bertsolari ezagun bat ere bazen: Joxe Mari Lopetegi (1875-1942). Zamakoitzian berean hil zen Lopetegi. 1940an hustu zuten etxea, «baina bizpalau gelditu ziren Zamakoitzian, eta hor berean ehortziak izan zirenak». Lopetegi ezaguna egin da, besteak beste Joseba Tapiaren medioz, Agur Intxorta maite diskoko bi bertso andana harenak baitira. «Lehena partikularki ederra eta interesgarria da».\nZabalik elkarteak ez du amore eman, eta Arrueta-Sarrikota aldeko adineko zenbait jenderekin dakiten apurra kontarazi nahi die, 1937ko garaian lauzpabost urte baitzituzten. «Auzo bezala, haiekin bi solas egin nahi ditugu jakiteko zer ikusi duten eta zer entzun». Otsailaren 22ko gaualdian zerbait aurkezteko esperantza dute. Lopetegi familian bada oraino bertsotan ari den bat, eta etorriko da gaualdira. «Arrutan ere badugu bertsolari bat», salatu du Irigoienek, «eta menturaz bizpahiru bertso eman dituzte bukaeran Irun eta Sarrikota arra lotzeko».\nJoxe Mari Lopetegi.\nAmikuzeko memoria\nMemoria lan horrek guziz bat egiten du Zabalik-ek aspaldiko urte hauetan daraman lanarekin. «Etxetiargoaz ala Nafarroako historiaz eginkizun hori hartua dugu bulta honetan; Amikuzen izan duten inportantziaz». Baxenabarren, Donibane Garaziko Zitadelan egon ziren 1936ko errefuxiatuen kasua ezagunagoa da. Gursko (Okzitania) kanpamentura igorriak izan ziren franko. «Badugu lekukotasun bat, baño, Gurstik berriz jin zela Sarrikotarat», jakinarazi du Irigoienek. Ikustekoa litzateke, bestalde, erbesteko Eusko Jaurlaritzaren artxiboetan ala beste, Zamakoitziako herexarik agertzen denetz.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000064", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Filosofia gaiak euskaraz hausnartzeko gomita gaur, Baionako Biltxokon\nBilboko kafe filosofikorako gomita ukan zuelarik ezagutu zuen formatua Beñat Castorenek. Simone Weilen Askatasun erroak euskaratu zuen Castorenek, eta kafe filosofikoaren proposamena aitzina eraman dute Maiatz argitaletxeko Lucien Etxezaharretarekin. Lehen hitzordua gaur izanen da, 18:30ean, Baionako Bil Txokon. Lekuaren izenarekin hitz jokoa eginez, Filo Txoko deitu dute eztabaidarako lekua.\nFormatuaren interesa bikoitza zaio Castoreneri. Batetik, publiko zabalari filosofiara hurbiltzeko manera «ederra» zaio, Bilbon ikusi baitzuen «adin eta klase guztietako jendea, giro sinpatikoan, libreki hitz egiten, eta gustua hartzen zuten ariketa horretan», haren erranetan. Bestalde, gai filosofikoak euskaraz jorratzeko urratsa aipatu du idazleak: «Iduritzen zaigu euskarazko filosofiaren praktika beharrezkoa dela euskaraz pentsatzen berriz ikasteko».\nFilosofiak jende anitz uzkurtzen duen jakitun, izua gainditzera gomitatu nahi du Castorenek: «Egia da filosofia hitzak jendea izutzen duela, baina pena da, zeren azkenean denak gara filosofo. Bizi guztia pasatzen dugu filosofia egiten, ohartu gabe. Aldiz, interesgarria da sakontzea». Gaur iraganen den lehen hitzorduan, preseski «beldur hori kentzeko» mintzatuko da, gaia bera jorratzen hasi aitzin, filosofia irakasle izana den Piarres Aintziart.\nAipagai nagusia, aldiz, Castoreneren itzulpenetik jalgia izanen da, Simone Weilen testu batekin. «Testu sakona da, interesgarria, eta euskaraz. Testua sakonduko dugu, eta hori filosofiara hurbiltzeko manera bat da, nahiko erraza eta interesgarria», zehaztu du itzultzaileak. Charles de Gaullek, Frantziako estatuburu izan aitzin, Weili manatu zion testu baten zati bat da Castorenek Filo Txokora eraman nahi duena, «oinarri filosofiko bat emateko erresistentziari eta eraiki nahi zuen gobernuarentzat».\n«Iduritzen zaigu euskarazko filosofiaren praktika beharrezkoa dela euskaraz pentsatzen berriz ikasteko».\nBEÑAT CASTORENE Filo Txokoren antolatzailea\nErreforma desberdinak egin beharraz ari da Weil idazki horretan, eta Castorenek makina industrialak aipagai dituen zatia hautatu du: «Makina industrialen kontzepzioa aipatzen du: makina horiek eginak dira etekin gehiago ateratzeko, prezioa beheititzeko kontsumitzaileentzat, baina ez dira pentsatuak lana bihurtzeko atsegingarri langilearentzat». Filosofiak gauza «konkretuetara» eraman dezakeela erakutsi nahi du Castorenek testu hori hautatuz lehen hitzordurako.\nOndokoak libre\nEgitasmoaren abiarazleek lehen hautua egin dute, testua zabaldu ahal izateko lehen juntarako. Baina ondoko aldietarako parte hartzaileen araberako hautuak eginen direla uste du antolatzaileak. «Nik anitz maite ditut akzioaren filosofoak, baina hori gustu pertsonala da. Sail horretan bada anitz egiteko Simone Weilekin, baina atzematen ahal dira akzioaren filosofoak Euskal Herrian ere», erran du Beñat Castorenek.\nKafe filosofiko bat abiarazi dute, halere, «nahi duenak bere ikusmoldea eman dezan», eta horregatik uste dute gaurtik aitzina aipatuko direla ondokoetarako gogoeta iturri posibleak. Filosofiaz euskaraz mintzatzeaz gain, ez dute baztertzen Euskal Herriko filosofo euskaldunak hautatzea ondoko hitzorduetarako. Castorenek izen bat bota du airean: Joxe Azurmendi. «Behar genuke Azurmendiren lana aipatu, ene ustez».", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000065", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Hizkuntza batek badu balio eta zilegitasun handiagoa besteak baino»\nAmikuzeko euskararen egoeraren bilakaera, lekuko euskalgintzaren ibilbidea eta geroko erronkak aipatu zituen atzo Mattin Irigoienek EHZ festibalak antolatu hitzaldian.\nEuskal Herria Zuzenean festibalaren eskariz, hitzaldia eman zuen atzo Mattin Irigoienek (Ainhize-Monjolose, 1964) Amikuzeko ikastolan: Nola ezar euskara gal-bidean, ahal-bidean, zabal-bidean? Zabalik euskara taldeko kideak Amikuzeko euskararen egoeraren bilakaera historiako elementuekin argitu zuen lehenik, gaurko egoera aipatzeko ondotik.\nEuskalgintzak zer garapen ukan du Amikuzen?\nOtsail Ostegunetara [Zabalik elkarteak antolatzen duen hitzaldi zikloa] aurten Iñaki Iurrebaso soziologoa jinarazi dugu. Haren arabera, arazoa da jendeak ez duela maila nahikoa euskaraz mintzatu ahal izateko; esplikatzen duenez, arazoa ez da jendeak euskara jakinik ere ez duela erabiltzen. Hori du ondorioa, labur-labur erranda. Jendea biziki atxikia da euskarari, matematikak erakusten duena baino gehiago. Gure mugimenduaren garapenean jin dira elebitasun eta multikulturalismo kontzeptuak, faltsukeria anitz ekartzen dutenak: ni elebidun naiz, baina egoera ez da sekula elebidun, jendartean egoerak ez dira elebidunak. Nahiz eta bi hizkuntzak entzun, batek hegemonia badu, eta bestea da beste soinu bat barne horretan. Multikulturalismoarekin ber gauza gertatzen da.\nZer erran nahi duzu horrekin?\nHegemonia duen hizkuntzak dibertsitate bat onartzen du, bere peko den ber. Hori ez dugu aski arraberritzeko edo irauteko. Lehen ez zen atxikimendu beharrik euskararendako, eta batzuk kontra ere baziren, nahiz euskaraz ari. Gaur hain guti gara euskaraz ari eta inkestetan iduri luke atxikimendua alimalea dela; hor bada paradoxa bat. Gure erronka da arnasguneak edo arnasuneak sortzea. Euskaldun kontziente izateko bere hizkuntzarekiko, hautu kontziente eta nahitarakoa baita. Hor heldu da hiztun oso kontzeptua: nola egiten dugu giro bat sortzeko komunitate sentimendua izan dadin, eta hiztun oso izatera heltzeko? Pilak baliatzen direlarik, husten dira; aldiz, hizkuntza baliatzen delarik da kargatzen. Elebidun diglosikoak gara, hizkuntza batek badu balio eta zilegitasun handiagoa besteak baino.\nArnasune horiek sortzea bermatzen du Zabalik elkarteak?\nEz badugu gaur lantzen gure artean komunitate sena, hori ez du frantsesak eginen. Otsail Ostegunak zikloa 1997an hasi zen, gero Kitzikazank antzerki taldea, libertimenduak... Hor bada komunitatearen ideia hori. Antton Lukuk argitaratu zuen modeloa: ideia zen sistematik arrunt kanpoko zerbait sortzea komunitatea biltzeko, euskaraz, gazte belaunaldiekin. Hiztun gisaa, esperientzia bat izatea. Badira hamabost urte Zabalik euskara elkarte gisa planteatzen dugula; hastapenean ez genuen pretentsio hori. Ekintza xumeak egiten ditugu; Amikuzen, arreta hiztunengan eta erabileraren gainean emanez. Zerbait egiten dugularik, behar da landu euskaldun kontziente izate horrena ere. Gogoetan, trebakuntzan, soziolinguistika legeak... Landu behar da hori. Hain gara hein apalean eremuak irabaztea baizik ez dugula egiten ahal.\nNola ikusten duzu egoera?\nEkintzak hor dira, baina hortik harago da nola transmititzen dugun arazoaren azterketa. Helburua hiztun oso izatea da, komunitate bat sortzea, eta definitzea nola eginen dugun beti irabazteko eguneroko eta gune orotako hizkuntza euskara izan dadin. Iduri zait giroa aldatu dela, eta indartuko garelarik kontrako indarrak ere agertuko direla, baina giroa aldatzean dinamika bat sortzen da, eta hori da helburua.\n«Uste dut lortzen ari garela euskaldunen komunitate kontziente, enbrioi edo sare horren biziarazten»\nGazte belaunaldientzat iduri zaizu EHZ bezalako festibal bat Amikuzera jiteak zerbait ekar lezakeela bide horretan?\nHipotesi batzuk egiten ditugu denek, ustekeriak. Festibal bakoitzak baditu bere helburuak, eta festibaletara doazenek ere badituzte berenak. Bizian diren tranpa guztiak badira ekintza guztietan ere; uste dut festibalen arreta izaten ahal dela artistengan ezarria ere, mundu libre bateko ateak irekitzen balitu bezala. Badira gisa horretako festibalak, eta arriskua bada. Uste dut EHZn garaiak izan direla, baina gaurko EHZ ikusten dut laguntzaileen figuraren gainean finkatua. Erran nahi baita belaunaldi batek egiten duela gauza bat, eta hor ezartzen dituzte gaurko gaiak eta hizkuntzarena barne da. Amikuzera jiten direnak ikusten ditugu, eta uste dut kontzientzia argikoak direla. Agian, gu haien adinean baino biziki argiagoak dira gai horien inguruan. Esperientzia biziki polita da, eta uste dut egokiera biziki ederra dela Amikuzerentzat, bide horretan menturaz gazteria bat bilduko baita aiseago, eta laneko manera badela. Ez du ekintzak egiten aterabidea; beti behar dugu izan adi zein den helburua, zein den egoeraren azterketa.\nHain zuzen, Zabalik elkartean gazteak biltzen dira?\nDuela hamabost urte ber fundazio bat izan zen eta hiru helburu finkatu genituen: euskararen erabileraren arretagunea, Amikuzeko euskalgintzako elkarteen saretzea, eta jendartean sentsibilizazio lana egitea eta aliantzak xerkatzea. Uste dut lan egin dugula hiru sail horietan. Heltzen gara momentu batera non saretze lan hori egina den: Zabalik elkartean berean indarrak ahulak dira, bospaseiren artean eramaten dugu egunerokoa. Baina abiatu dugu gogoeta lan bat, gure jarrera arra finkatzeko: zer zen duela hamabost urteko egoera eta zer den gaurko egoera, zer diren erronkak. Ideia da ikustea zein estrategia diseinatuko dugun ondoko bost edo hamar urteentzat. Gogoeta horretan biltzen gara hogei bat lagun: hor dira gaztetxekoak, ikastolakoak, belaunaldi guztiak. Uste dut lortzen ari garela komunitate kontziente, enbrioi edo sare horren biziarazten. Bakoitza bere kapera defendatzen baino gehiago, ari garela ideia horren barnatzen. Bada giro hori.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000066", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Frantzia eta lana\nUgutz Robles zenak beti erraten zidan: «Norbaitek ontsa hizanez galdegiten badauk, baietz errakok beti! Laguna baldin baduk hiretzat kontent duk, eta etsaia baldin baduk kakinarazten duk baikorki erantzunez!». Ugutzen beste irakaspenetariko bat ... (faltan sumatzen zaitugu, Ugutz, Hazparnen gaindi).\nEta berriz ere nire egin ez dudan irakaspen bat. Gaizki sentitzen naizen bakoitzean batek «Joan de?» botatzen dadit, nik egia errateko gogoa. Eta zuri ere irakurle (baten batek irakurtzen banau behintzat!).\nGarai hauetan, duda handitan nabil ene geroaz kultur mundu honetan. Zer da ene lekua, ene eginbeharra, eta abar... Ez dut deus ulertzen eraikitzen omen ari garen biharko munduan, Arantxa Ididederrek deitzen dituen sare zozola horietan, kultur erakundeek galarazten diguten ordu guzietan (kantu bat idatzi berri dizuet oi erakunde maitiak!). Artista mundua otsoz betea ikusten dut eta denak betan uluka ari d(g)irenez haragi puska bat harrapatu nahian, ahaide ederrenak apenas iristen zaizkigu otsoen kako(a)foniaren artetik.\nHots, krisi existenzial zikliko bat trebeskatzen nuen urte hondar honetan, erantzuna frantses bankero estatu buruaren gobernu tx(z)arraren azken ideiatik erori zaidalarik.\nIntermittent sisteman garen Frantziaren menpeko artista guziak bezala, Pôle Emploik pagatzen dit ene soldataren parte bat. Hara non izenez kanbiatu eta France-Travail deitzea deliberatu duten eneak ez diren bi kontzeptu izen berean uztartuz!\nEraikitzen ari den/dugun mundu honetatik ihes egiteko keinua, dudarik gabe.\nIrus lanari eta Frantziari nik diot mus...", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000067", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Bizilagunen kooperatibak, ezagupen eske\nEuskal Hirigune Elkargoko azken batzordean, bizilagun kooperatiben egoera plazaratu zuen Nicole Etxamendi hautetsi itsasuarrak; etxebizitza kolektibo horiek garatzeko bidean, urrats handia litzateke instituzioaren ezagupena.\nMartxoaren 23ko Euskal Hirigune Elkargoaren batzordean, trantsizio energetikoaren eta etxebizitza politikaren eztabaidaren harira, bizilagunen kooperatiben gaia agertu zen. Zehazki, Nicole Etxamendi Itsasuko hautetsiak plazaratu zuen etxeak kolektiboki biziarazteko formula horren inguruko galdera beste ordezkarien aitzinean: etxebizitza pribatuaren arautegi aldaketaz baliatu nahi zuen galdetzeko kooperatiba horien ezagupena onar dezala elkargoak. Irisarrin sortu zen Ipar Euskal Herriko lehena, baina badira gehiago sortze bidean, eta elkargoaren ezagupenak erraztu dezake haien garapena.\n«Kooperatibak ondasuna arrunt babesten du: erran nahi du espekulaziotik kentzen dela».\nJOKIN ZALDUNBIDE Bizilagun kooperatibako kidea\nEuskal Herrian etxeak izan duen «funtsari» lotzen dira kooperatiba horietan, Etxamendik batzordean erran zuenez: «Ez AEBetatik ekarri etxe indibidualaren ideiari, baizik eta etxebizitza partekatuari, zeinetan belaunaldi desberdinak eguneroko aktibitateetan elkartasunean bizi ziren». Etxebizitza xede kolektibo horiek, Bordeleko (Okzitania) eskualdean adibidez, ezagupen ofiziala badute; elkargoaren etxebizitza arautegiak ezagupena ematen badie, kooperatiba horiek gaur egun ez dituzten laguntzak kausi litzakete.\nElkargoaren ezagupena\nIrisarriko Etxegoinberria aipatu zuen hautetsi itsasuarrak elkargoko hitzaldian: bizilagunen kooperatiba horretan, lau familiaren artean etxalde bat erosi, eta berritu zuten. Horietan da Jokin Zaldunbide, eta gogoan du elkargoko hautetsi zenbaitengana jo zutelarik, kooperatibaren printzipioa ez zela ulertu: «Halako muntaketa batek ondasuna arrunt babesten du: erran nahi du espekulaziotik kentzen dela kooperatibari esker. Ezin da pertsonalki irabazirik egin. Horretan dugu borroka handia, behar diegu esplikatu nolaz gure proiektuak hori babesten duen».\n2014ko Alur legearekin , Frantziako Gobernuak ezagupena eman zien bizilagunen kooperatibei. Bankuan mailegu bat egiteko ala etxeak berritzeko ematen diren diru laguntzen eskubidea ukaiteko, berriz, elkargoak ere ezagupen instituzionala onartu behar lieke.\nBestalde, Zaldunbidek uste du etxebizitzaren krisiaren garaian, alternatiba egokia izan daitekeela. «Barnealdean segidarik ez duten etxaldeentzat aterabide bat izan daiteke: etxaldea zatikatzen ahal da lau edo bost apartamentutan, jabeek xoko bat atxikitzen ahalko lukete, lurrak zatitu eta gazteei instalatzeko aukera eman».\nBaina elkargoko ordezkarien artean ezezagutza nagusi dela baieztatu du Etxamendik ere. Alta, ez du dudarik Ipar Euskal Herriko etxebizitza politikarako markatu ildoarekin bat egiten duela formula horrek. «Etxebizitza soziala eta inklusiboa izatea, espekulazio merkatutik ateratzea eta lur horietan eraikin berriak ez egitea» bermatzen du, haren ustez, «elkartasun izpiritu» bat atxikiz. Kooperatiba bilakatzen da eraikinaren jabe, bizilagunek hilabete sari bat pagatzen diote kooperatibari, eta proiektu kolektiboak porrot egin behar balu ere, etxea babestua da, Zaldunbidek zehaztu duenez: «Likidazioa gertatzen bada, ez dugu haizu horren ondotik izanen diren irabaziak gure artean partekatzea, kooperatiben sarean egonen baita».\n«Beldur naiz beha egon beharko dela oraino ez dakit zenbat urtez iniziatiba horiek lagunduak izateko».\nNICOLE ETXAMENDI Itsasuko hautetsia\nFrantziako Estatuko Habicoop Bizilagunen Kooperatiben Federazioaren eta haren Akitania Berriko Atcoop adarraren sarean dira Etxegoinberrikoak. Abiatzekoak diren xedeak ere, bi egitura horiekin harremanetan dira. Preseski, Habicoop federazioaren webguneko aurkezpenean argitzen dute kooperatiba horietan zer izpiritu den: «Etxebizitzaren beste eredu ekonomiko bat sortzen da, higiezinen merkatuaren alternatiba bat eskainiz».\nXede berriak laguntzeko\nEskualde berean beste kooperatiba bat abiatzekotan da Camille Vignerot, etxe batean bost apartamentu egiteko intentzioa duen lagun talde batekin. Elkargoaren ezagupenak haien proiektua sustatu lezakeela dio: «Lurralde batzuetan, instituzioetan berme gisa sartzen dira banku mailegu bat segurtatzeko. Hori laguntza handia izaten ahal da proiektu bat gauzatzeko». Haien kasuan, maileguarentzat esperantza txikia dute, etxea xerkatzen ari baitira jadanik, baina Vignerotek gehitu du etxeak berritzeko ematen diren laguntzen zuzena ukaiteko ere ezinbestekoa dela elkargoaren ezagupena: «Instituzio baten bermearekin etxea berritzeko diru laguntzen eskubidea irekitzen bazaigu, zinez lagungarria izanen da gure proiektua gauzatzeko».\n«Edonor sartzen ahalko litzateke, kalitatezko etxebizitza bat edonorentzat eskuragarri litzateke».\nCAMILLE VIGNEROT Kooperatiba xede baten eramailea\nBizilagunen kooperatibak elkargoko arautegian sartzearen garrantzia esplikatzeko, Etxamendik konparazio bat egin du etxebizitza arrunten egoerarekin: «Sistema klasikoan etxe bat erosten baduzu eta berritu eta alokatu nahi baduzu, laguntza pila bat ukanen duzu». Kooperatibentzat, haatik, hori ezinezkoa da berme instituzionalik gabe.\nLaborantzarekin ere parekatu du egoera: gaur egun zirkuitu laburra «ideia ikaragarria» da denen ahotan, baina Euskal Herrian aspalditik baliatzen da, itsasuarraren erranetan: «Beldur naiz beha egon beharko dela oraino ez dakit zenbat urtez iniziatiba horiek lagunduak izateko. Horregatik elkargoan erran nuen prest izan behar dugula, eta, araiz, tenorez». Martxoaren 23ko batzordean Roland Hirigoien Mugerreko auzapez eta Euskal Elkargoko etxebizitza arloko arduradunak Etxamendiri hitzeman zion ondoko lan batzorde batean gai hori eztabaidatuko dela.\nEpe luzera begira\nIrisarriko etxean bezala, Vignerotek epe luzeko xede gisa ikusten du proiektu kolektiboa: «Ideia da etxe bat merkatutik kentzea espekulazioa elikatu gabe, eta, bukaeran, mailegua pagatua izanen delarik, edo alokairu ahal bezain apalak ezartzea edo hastapenean ekarriak izan diren sosak kide bakoitzari itzultzea emeki-emeki. Bukaeran, kooperatibak ez dio nehori deus zor. Eta hor, edonor sartzen ahalko litzateke sosik ekarri gabe. Kalitatezko etxebizitza bat edonorentzat eskuragarri litzateke».\nEtxebizitzaren inguruko zailtasunak oroitarazi eta gisa horretako alternatiben balioa berretsi du Etxamendik: «Hautetsiek beti erraten dugu barnealdean etxe hutsen problematika badugula, berritzeko kario direla, eta, ondorioz, alokatzaile sozialek ez dutela jin nahi. Hor badugu alternatiba bat problematika horrentzat. Ene ustez, ez da hobeki sartzen ahal gure etxebizitza politikaren ildoan».\nOraingoz, barnealdea aipagai bada ere, hirian ere garatzeko parada ukan lezakete bizilagun kooperatibek, Bordele inguruan eta beste hainbat gunetan bezala. Zaldunbiderentzat, gauza bera da, baina eskala handiagoan: «Proiektu urbanoak handiagoak dira, 20 edo 25 etxebizitzakoak, eta horietan gauza bera da: aski alokairu apalak dituzte, elkartasun mota bat bada gutxien eta gehien irabazten dutenen artean... Dirurik ez duena ere sartzen ahal da halako etxebizitza batean ekarpen handirik egin gabe».\nIrisarriko aitzindariek hautetsiekin bizi izan zuten ezintasuna gibelean utzirik, Zaldunbide baikor mintzo da geroaz, sortzen ari diren kooperatiba xedeak gogoan, bere ustez ez baita gauza bera «lau familia bakarrik izatea ala hamar bat, presioa egiteko». Vignerot ere motibatua da ezagupen instituzionalaren batailarako: «Bidea irekitzen ahal bada besteentzat, geroko, pentsatzen dut balio duela. Gure proiektua badugu, baina orokorrean eredu berri horretan ere sinesten dugu, eta, beraz, inplikatzen ahal gara pixka bat horren garatzeko».", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000068", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Gehienetan ikusten dira neskak oholtza aitzinean, hori baita gure nahia»\nZetkin punk talde feministak presentzia badu oholtzan. Bideoklip bat plazaratua du, eta Mari Laganek dio ekainean aterako dutela lehendabiziko diskoa.\nBekat'uros egunean boluntario izatera joan zen Atharratzera Mari Lagan (Baiona, 1987) Zetkin punk talde feministako kantaria, iragan larunbatean. Haren taldeak Clara Zetkin (Alemania, 1857-1933) emazte langileen aldeko borrokan jardun eta Martxoaren 8a borroka egun bilakatu zuen militanteari hartu zion izena; borroka feminista oholtzara eramaten dute punk doinuekin.\nZer da Zetkin?\nTalde proiektu bat da. Askotan uste da nik dudala muntatu, baina ez da hala; talde proiektu bat da. Punk feminista jotzen dugu. Proiektua hasi zen lagunak garelako gehienak; kontzertuetara joaten ginen, eta ohartzen ginen emazte guti bazirela, baina mezu politiko feminista guti ere bazirela oholtzan. Bada toki bat hartzeko, eta saiatu behar genuela pentsatu genuen.\nMilitantzia feminista da abiapuntua, ala musika?\nTaldea aldatu da, baina elementu sendoetan bagara Nathalie [Riobe Gorostiaga] eta ni; badira hamabost edo hogei urte ari garela gogoetan, lehenik abertzaletasunaz, eta gero feminismoa horretan sarturik. Hori partekatzen duten beste lagunekin kontzertuetara joanez, pentsatu genuen musikak izan behar duela mezu horien pasatzeko molde bat. Emazte eta mezu feminista guti bada oholtzan, eta guk zer eredu dugu oholtzan emazte eta feminista gisa? Taldearen eta lehiaren inguruko gogoeta ere bada: emazteak usu lehian heziak gara, eta talde misto izateak indarra ematen digu, oholtzara joateko eta mezuak indarrez pasatzeko.\nZer erreferentzia zenuten oholtzan?\nAzkenean, aski guti, punka egitea hautatu dugulako. Agian, beste musika estilo bat hautatu bagenu, erreferentzia gehiago ukaiten ahalko genituen: Euskal Herrian punka edo rocka egiten duten emazteak... Baditugu Bikini Kill taldearen gisako erreferentziak nazioartean. Baina bazen beste prisma bat: klase borrokarena, punk zikinarena, 1980ko eta 1990eko hamarkadetakoa. Batzuek ez genekien musika jotzen hastapenean; zilegi sentitzearen bila joan gara. Esparru desberdinetan kontzientzia hartze bat izan zen.\nZer ikusten da oholtza gainetik?\nJotzen dugun tokiaren arabera da hori. Gehienetan ikusten dira neskak aitzinean, hori baita gure nahia: emazteei eta aliatuei ematea lehen toki hori. Baina, era berean, ikusten dira, maleruski, tipo batzuk ez dutenak politikoki kontzientzia; batzuetan 45 minutuz posible da haien plazera ez lehenestea eta tokia uztea besteei. Holakoetan gure artean argi dugu kontzertua mozten dugula eta gauzak berriro argi uzten ditugula. Bideoklip bat egin dugu emazteekin; hiru gizon baziren eta 50 pertsona orotara, eta neska batzuentzat kristorena izan zen. Ez zen pogo berdina: indarra, sedukzio harremana, gorputza hunkitzea, hori guztia kanpo izan zen.\n«Badakigu 40 urte ditugula, ile zuriak, gorputzak ez ditugula hogei urtekoak... Hori ere borroka politikoa da»\nKorrikaren bestan kontzertua gelditu zenuten momentu batean. Errespetua sortzen du?\nKorrikan funtzionatu zuen, mezua euskaraz pasatu genuelako, baina Baionako bestetan ez zuen hainbeste funtzionatu. Emazteak nola ikusiak diren eta punka jotzea, bostetatik hiru emazteak izatea, garrasi egitea, ez garela gazteak... horrek mozten du itxura bat. Eta gure adina ukanik, badugu halako konfiantza bat, ez genukeena beharbada 20 urtetan hasi bagina. Publikoan baditugu lagunak eta aliatuak ere, eta haiek ere eskertzen dute kontzertua moztea, lehen lekua emazteei emateko.\nKontzertu denboran lan politikoa egiten duzue azkenean?\nArrunt, horregatik igo ginen oholtzara. Mezuak pasatzen ditugu kantuen artean, emazteak gara oholtzan eta oholtza aitzinean, klase soziala eta euskara lehenesten ditugu. Gu ere heziak izan gara jendarte hetero zis patriarkatu batean, eta badakigu emazte gisa oholtzara igotzean zure gorputza epaitua dela zentzu guztietan. Badakigu 40 urte ditugula, ile zuriak, gorputzak ez ditugula hogei urtekoak... Hori ere borroka politikoa da, musikan trebe izan edo ez.\nZer da segida Zetkinentzat?\nEgia erran, ez genuen espero hainbeste deituak izanen ginenik jotzeko. Egunez egun ikusten dugu nola aitzinatu, eta egiten ditugun topaketekin aitzinatzen gara. Lehen bideoklip bat genuen Martxoaren 8rako, eta beste bat aterako da laster. Sabina Hourcadekin lan egiten dugu bideoklipetan, emaztea delako, baina baduelako bere ikuspuntua ere. Laster album bat aterako da, hemendik ekainera. Hego Euskal Herrira gehiago joan nahiko genuke; badituzte erasoen kontrako protokoloak aspalditik, eta ikastekoa badugu.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000069", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Berrogei urte joanik, Didier Lafitte gogoan\nPoliziak hil zuen Iparretarrak taldeko kidea, 1984ko martxoaren lehenean. 40. urteurrenean, omenaldi aste oso bat antolatu du Didieren Lagunak elkarteak.\nArrantzale maitagarri gisa izendatu zuen Guk taldeak Didier Lafitte, haren omenez egin kantuan. 22 urte zituelarik, Frantziako Poliziak tiroz hil zuen Lafitte Donibane Lohizuneko gaztea, Iparretarrak (IK) taldeko kidea. Berrogei urte joan dira 1984ko martxoaren lehen hartatik, eta, heldu den astean, Didieren Lagunak elkarteak aste oso batez omenduko du haren memoria, Donibane Lohizunen.\nBaionako zezen plaza inguruan gertatu zen hilketa. Polizia judiziala jakitun zen garai hartan Iparretarrak taldeko kide klandestino Gabi Mouescak hitzordu bat zuela, Errepresioaren Kontrako Komiteak txosten batean zehazten duenez, «salatari» batek eman informazioaz jabeturik. Poliziaren presentziaz ohartzean, Mouesca ihesean abiatu zen Lafittek gidatzen zuen autoan, eta, eskapatzekotan zirelarik, Adolphe Martinez inspektoreak tiroz hil zuen Lafitte. Bi bertsio zabaldu ziren orduan: Poliziaren arabera, tiroketa bat gertatu zen; Mouescaren arabera, berriz, tiro bakarra izan zen, «eta tiro horrek hil zuen Didier. Ez da beste lekukotasunik izan errateko tiro gehiago izan zela», gehitu du Mouescak.\nTentsio garaiak\nIpar Euskal Herriko giro politikoa beroa zen 1984an. GALen atentatuak gertatzen ari ziren, eta, egun berean, 1984ko martxoaren lehenean, Jean Pierre Leiba tren langilea hil zuen Hendaian, ustez ETAko kidea zena. Iparretarrak talde armatuak ekintzak egiten zituen; Mouescak gogoan du tentsio handian bizi zirela, eta jakin zutela GIGN taldeko komandoak atzetik zituztela: «Dobermanaren estrategiarekin ari zirela erran zuten: atzeman eta hil. Beldurgarria zen, eta militanteak presio horretan bizi ginen».\n«Gutxiengo bat ginen borroka armatuan, baina halako momentuetan ikusten duzu zure sarea handia dela» . GABI MOUESCA IK taldeko kide ohia\n1985eko agorrilean, Martinez inspektoreari zigorra kendu zioten. «Gero Tolosara [Okzitania] joan zen, eta armarik gabe lan egitera baizik ez zuten zigortu», Mouescaren erranetan. Auzi horri ez zitzaion dei egin, eta, Paxkal Lafitte hildakoaren anaiaren arabera, «ez zen barkamen eskaerarik izan. Ez epaileen aldetik, ez Poliziaren aldetik, deus», baina oroitu da Donibane Lohizuneko karriketan poliziak gurutzatzean, hilketaren ondotik, ez zutela «begietara begiratzen». Berrogei urte joan direlarik, Lafitte familiak sekula ez du «berririk izan Poliziaren edo justiziaren partetik».\nDidier Lafitte zena.\nLehen hilketa\nLau urte goizago, 1980ko martxoan, Ramuntxo Arruiz eta Txomin Olhagarai IK taldeko kideak hil ziren, egiten ari ziren lehergailua zartatu zelarik. Baina Didier Lafitte izan zen Poliziak hil zuen IK taldeko lehen kidea, eta Mouescarentzat mugarria izan zen: «Pertsonalki eta kolektiboki, gertakari biziki latza izan zen», trenkatu du hilketaren egunean atxilotua izan zen IK taldeko kide ohiak.\nEhorzketa eguna oraino gogoan du Paxkal Lafittek, «lagun batzuek nahi zutelako hilkutxa eraman elizatik hilerrira, baina normalki debekatua zen». Paxkal Lafittek berak hitzeman zion herriko etxeko axuant bati «pataskarik» ez zela izanen, eta gehitu du 3.000 pertsona inguru izan zirela Didier Lafitteri azken agurra egiteko egun hartan. Mouescaren ikuspegitik, sostengu azkarraren erakustaldia izan zen, nahiz presondegitik bizi izan zuen: «Egiazko elkartasuna bizi izan genuen. Gutxiengo bat ginen borroka armatua eramaten genuenak, baina halako momentuetan ikusten duzu zure sarea handia dela, ez zarela bakarrik. Hor ikusten da oinarri sozial aski azkarra bazela».\nOmenaldiak, urtez urte\nDidier Lafitteren memoria biziarazteko, beste kide hilen kasuan bezala, urtez urte markatu ohi da eguna. «Urte guztiz martxoaren lehenean, [Donibane Lohizuneko] portuaren ondoko oroitarrian lore txiki batzuk badira», erran du Paxkal Lafittek. Aurtengoa zenbaki borobila denez, Didieren Lagunak elkarteak aste osoko egitaraua prestatu du, heldu den astelehenean hasiz, eta gero, besteak beste, martxoaren 1ean omenaldia eginez eta 3an bukatuz, besta batekin. «40. urteurren honetan, memoria hori plazara ekartzeko eginen ditugu gauzak», laburbildu du Mouescak.\nBelaunaldi gazteekin mintzatzean, Mouescak argi ikusten du historia hurbil hori ezezaguna dela, eta «penagarria» zaio: «Gure falta ere bada: erran nahi du ez dugula behar zena egin memoria pasarazteko». Heldu den asteazkenean, preseski, 1980ko eta gaur egungo gazteriak aipagai izanen dituzte omenaldi astean antolatu mahai inguruan, belaunaldien arteko trukaketak barnatzeko asmoz.\n«Lotu gaiten borrokari, bizi dadin Euskal Herri», kantatzen zuen Guk-ek Lafitteren omenezko kantuan. Paxkal Lafittek bere inplikazio politikoarekin oihartzun egiten dio kantuari: «Bertze gisa batez eramaten ditut Didierren ideiak. Bertze molde batez, armarik gabe. Uste dut ez duela bertze militanterik erori beharko ideiengatik, baina ideiak atera beharko dira, eta badira bertze manerak eramateko».\n«Uste dut ez duela bertze militanterik erori beharko ideiengatik, baina ideiak atera beharko dira».\nPAXKAL LAFITTE Didier Lafitteren anaia\nMouesca, berriz, garaiko militantziak ekarri ondorioez mintzatu da: «Bistan da tristea dela militanteak bide bazterrean uztea, baina geroztik gauzak aitzinatu egin dira. Gauza batzuk, atzo proiektuak zirenak, gaur egun errealitateak dira. Seriosa den nehork ez du kontrakoa erraten ahal: IK taldearen ekintzen fruituak dira gauza batzuk. Ez bakarrik guk, baina guk ere parte hartu dugu Ipar Euskal Herriko aldaketetan», trenkatu du. Geroari begira, borrokarako deia berretsi du: «Gure populua eta hizkuntza finitu nahi dute estatuek, ohartu behar baita Frantziako Estatuak ez duela behar dena egiten gure hizkuntzari duintasuna emateko, eta onartu behar da erresistentzia izpirituan segitu behar dela. Ez da bakarrik izpiritu bat: egiteko manera bat da».\nAurten, beraz, 1984tik joan diren hamarkada bakoitzarentzat egun berezi bat izanen da Lafitteren omentzeko, aste batez. Memoria lantzeko parada berezia eskertzen badu ere, Paxkal Lafitterentzat «datorren urtean 41. urteurrena izanen da».\nAteka aldizkariaren azala (1984ko martxoa).\nAteka aldizkariaren editoriala (1984)\nEGITARAUA\nOtsailak 26. Film proiekzioa: Génération Autonomistes Basques filma eta hitz trukaketa filmeko protagonista batzuekin. 21:00etan, Donibane Lohizuneko Le Select zinema gelan.\nOtsailak 28. Mahai ingurua: 1980ko gazteria eta gaurkoa. 20:30ean, Donibane Lohizuneko erretegian.\nMartxoak 1. Omenaldia: hilketaren 40. urtebetzea kari, Didier Lafitteri omenaldia, 19:00etan, Donibane Lohizunen, Luis XIV.a plazan.\nMartxoak 3. Arrantzale maitagarri eguna, Donibane Lohizunen, Luis XIV.a plazan: 11:00etan hasirik, dantza eta musika: Bost Axola eta Guk. 14:00etan, bazkaria Ziburuko parrokia gelan, eta 18:00etan, plazan, Andoni Oilokiegi eta Kaxkatu.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000070", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Frantziako eta Espainiako estatuek inposatzen diguten koadro legalean euskara hiltzen da»\nHerribiltza kolektiboaren 'Euskal Herrian lehentasunez euskaraz' kanpainaren karietara egindako ekintza batzuen harira epaituko dute Torre, martxoaren 26an.\nHerribiltza kolektiboak Euskal Herrian lehentasunez euskaraz kanpaina abiatu zuen duela hiru urte. Karia horretara, ekintza desberdinak egin dituzte, eta, hain zuzen ere, bi ekintzarengatik epaituko dute Gorka Torre (Behorlegi, 1974). Donibane Garaziko osasun etxe publikoan euskarazko seinaleak egiteko tindaketak egin zituen Herribiltzak: andeatze arinak leporatzen dizkiote Torreri, baita hatz markak emateari uko egin izana ere. Epaiketaren egunean elkarretaratze bat eginen dute Baionako auzitegi aitzinean, 13:30ean; Euskal Konfederazioak deialdiarekin bat egin du.\nMartxoaren 26an epaituko zaituzte Baionako Auzitegian. Zer leporatzen dizute?\nBi ekintzetan parte hartu izana: 2023ko irailaren 21ean eta 27an Donibane Garaziko ospitaleko kanpoko hormetan tindaketak egiteagatik. Zehazki, ekintza horretan seinaleetan lehentasuna euskarari eman genion.\nNola prestatzen duzu auzia, zer defentsarekin?\nAbokatuaren bidez, auzia euskaraz egin ahal izatea galdegin diogu auzitegiari. Guk aldarrikatuko dugu Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugula, horrek erran nahi duen guziarekin; gure eguneroko ekintza guzietan, aktibitate guzietan, esparru guzietan euskaraz egiteko posibilitatea izan nahi dugula. Baita zerbitzu publikoetan ere, hala nola ospitalean.\nKanpaina orokorrago batean sartzen dira bi ekintza horiek.\nEuskal Herrian lehentasunez euskaraz duela hiru urte abiatu dugun kanpaina da, eta hainbat ekintza egin ditugu horren karietara. Euskalgintzaren hainbat urtetako borrokaren ondorioz lortu dugu euskararen presentzia bat hainbat esparrutan; gehiago, beharbada, idatzian ahozkoan baino. Alegia, ospitalean berean, seinaleetan euskararen presentzia ikus daiteke pixka bat, paneletan gauza bera, erakunde edo elkarte ezberdinetan ere bai. Baina euskara hain kinka txarrean da, non gaur egun euskararen alde instituzioek egiten dutena ez den inolaz ere aski euskararen biziraupena bermatzeko.\nZer behar litzateke?\nKontua ez da euskara seinaleetan sartzea, edo euskararen irakaskuntza garatzea edo ahozko erabilpenean lau hitz euskaraz egitea. Kontua da euskarak bizirauteko zer behar duen argiki zehaztea. Gure abiapuntua hori da: euskarak bizirauteko zer behar du? Argi da hizkuntza batek lurralde bat behar duela bizirauteko, non herritarrek hizkuntza hori lehentasunez erabiltzen duten. Lehentasunez hitzak, euskaraz dituen bi erranahiekin: erran nahi du lehenik erabiltzen dela, eta erran nahi du gehienik erabiltzen dela. Biak. Hori bermatua ez den bitartean euskararen geroa ez da bermatua izanen.\n«Argi da hizkuntza batek lurralde bat behar duela bizirauteko, non herritarrek hizkuntza hori lehentasunez erabiltzen duten»\nNolakoa da, zuen ustez, euskararen gaur egungo egoera?\nGu abiatu gara azken urteetan atera diren inkesta soziolinguistikoen emaitzetatik: argiki adierazten dute Euskal Herrian zortzi herritarretatik bakarrak euskaraz hitz egiten duela. Euskara galbidean da; gauzak argiki erran behar dira. Nahiz eta lan ikaragarria egiten den euskararen alde, ez da aski. Euskararen aldeko borrokaren izaera kualitatiboki aberastu behar dugu. Frantziako Estatuak eta Espainiakoak inposatzen diguten koadro legalean euskara hiltzen da. Koadro legal hori -konstituzioak eta beren legedi osoa- salatzen dugu, gure hizkuntzaren hiltzailea baita.\nOstiako lau kide epaitu zituzten iragan astean. Duela bi aste, berriz, sei gazte atxilotu zituzten; besteak beste, uztailaren 14an egindako ekintza batzuk leporatuta. Orain, zu epaituko zaituzte. Errepresio kasu horiek lotuak direla uste duzu?\nBidegabea den legezkotasunaren parean makurtzen ez direnek errepresioa pairatzen dute. Bagatoz hamarkada batzuetatik, non ikaragarrizko errepresioa izan den herri honetan. Euskal Herriak beti pairatu du errepresioa aurre egin dielarik estatuen lege bidegabeei. Gure legedia guhaurek herri independente gisa ez dugun bitartean, hala segituko du.\nHerribiltzan zer balorazio egiten duzue zuen ibilbideaz?\nBi gauza atxikitzen ditugu, bereziki. Lehentasunez euskaraz kontzeptua sarrarazi dugula uste dugu, beste batzuek berriz erabiltzen duten kontzeptua baita. Euskararen aldeko borrokan, bestalde, orain arte egindakoarekin ikusi dugu salto kualitatibo bat beharrezkoa dela. Biziki argi da gaurko esparru legalarekin segituz euskararenak egin duela. Eta esparru legala aldatzea aipatzen dugularik, ez gara Frantziari enegarren aldiz konstituzioa alda dezan eskatzeari buruz ari. Aldatzea erraten dugularik, Euskal Herriaren independentziaren perspektiba batetik ari gara; herri gisa independentzia eraikitzeko perspektiban ezarri behar dugu.\nZer asmo duzue auzitik landa?\nAldaketa batzuk egitera goaz gure jardunean, beste era batera arituko gara; euskararen aldeko kanpainak forma berri bat hartuko du auzitik aitzina.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000071", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "5G antenen garapenean, ezinezko oposizioa\nJoan den astean salaketa egin zuten 5G hedagailuen kontrako sei herritar kolektibok, CADE ingurumena babesteko elkarteak lagundurik: Mugerre, Arrangoitze, Bidarte, Akamarre, Bokale eta Ondres (Okzitania) herrietan, hedagailu horiek plantan emateko telefonia operadoreek baliatzen duten estrategia berria ezagutarazi nahi zuten, kontra direnen mugimenduak oztopatzen dituelakoan.\nOhiko prozeduran, operadore batek, antena bat altxatu aitzin herriko etxeari informazio txosten bat helarazten dio antenaren parametro anitzekin, hedagailuaz ere xehetasunak emanez. Sei herri horietan agertu diren antenen kasuan, berriz, ez dute hala egin: «Lehenik aitzin-eskaera egiten dute; antena instalatzeko eskaera bat da, baina ekipamendu elektronikorik gabe», CADE elkarteko Jose Lavictoirek argitu duenaz.\n5G hedagailuen kontra diren herriko etxeen kasuan, salaketa prozedura bat abiatzen badute: soilik urbanizazio kodea hunkitzen duten kasuak bilakatzen dira, Lavictoirek zehaztu duenez, «ez baita elektronikarik aipatua». Salaketak Paueko (Okzitanla) Administrazio Auzitegira eramatean, CADEko kidearen erranetan, «orokorki, arrazoia operadoreei ematen zaie». Operadoreek bigarren eskaera bat eginen dute, berantago, telefonia ekipamendu elektronikoa instalatzeko, baina antena plantan dela.\nKontrakoen ezina\nAipatu sei herrietan gisa horretako instalazioak gertatzen ari dira, eta horien kontra altxatu nahi duten herritarrak mugatuak direla salatu du Lavictoirek: «Arrazoi desberdinengatik kontra dira herritar kolektiboak, baina, funtsean, prozedura administratiboan arrunt baztertuak dira. Instalazio berri guztien kasuan, normalki, herritarrak hein bat abisatuak izan behar lirateke».\nSei kasu horietan, batzuk sinesgaitzak zaizkio CADE elkartean gaiaz berezitua den kideari: Bokalen hedagailua biztanleetarik hamabost bat metrora baizik ez dute ezarri nahi, eta gune babestu batean. Bidarten, berriz, bigarren operadore batek beste hedagailu baten ondoan ezarri nahi du berea, «eta biek estaldura bera ukanen dute», zehaztu du Lavictoirek. Lehenik antena deklaratuz eta ondotik ekipamendua, oztopo handirik gabe aitzinatzen dira operadoreak.\nGeroan hedagailu gehiagoren agertzea saihetsezina dela argitu du CADEko kideak: «Hedagailu horien helmena arrunt mugatua da, eta 5G teknologia garatzeko ezinbestekoa da antena horiek ugaritzea». 3,5 giga-hertzeko uhin elektromagnetikoek, BAM aldean batzuetan 26 giga-hertzekoak direnek, «eragin geroz eta handiagoa ukanen dute», Lavictoiren ustez.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000072", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Erronka da euskara zerbait dakiten horiek aktibatzea»\nInkesta soziolinguistikoa ikusirik, Beiriek uste du beharrezkoak direla euskara ikasi duten baina naturaltasunez erabiltzen ez dutenei begirako estrategiak.\nAEK-ko irakaslea da Amaia Beirie (Kanbo, 1977). Ipar Euskal Herrian AEK-k ezinbesteko funtzio bat betetzen duela argi du, eta, haren ustez, hizkuntza politika publikoak erronka gisa hartu behar du helduen euskalduntzea.\n[articles:2120457]\nHerritarren artean euskaldunen proportzioa apaltzen ari den honetan, zer-nolako erronka da helduak euskalduntzea?\nInkesta soziolinguistikoan agertzen da Iparraldean herritarren %20 direla euskara ulertzeko eta emateko gai; gehienak adin piramidearen bi muturretan, hots, adineko jendea eta gazte belaunaldia. Azken urteetako hizkuntza politikaren erakusle da, batez ere eskoletan egin den lanari esker badelako berreskuratze bat. Seinale ona da, baina erran nahi du helduen partea dela euskara galdu duena. Segitu behar da haurrekin lanean, baina ez da neholaz ere aski izanen.\nZergatik?\nHaurrek helduen artean erreferentziak behar dituztelako. Eskolatik kanpo mundua erdaraz ari bada, haur horiek ez dute beren heldu bizian euskararekin segituko. Kurtsorea helduen euskalduntzean kokatu behar da. Badira urteak erraten dugula euskara salbatzea ez dela soilik haurren lana, baina orain inkestek ere agerian ezartzen dute.\n1.243\nIparraldeko gau eskoletako ikasle kopurua Urtero doi bat emendatzen den kopurua da. Ikastaldietan 360 ikasle ibiltzen dira, formakuntza profesionaletan 150 bat, eta ikastaldi intentsiboetan 53.\nNola egin behar da ez dadin bakarrik haurren lana izan?\nGure zailtasuna da, eskoletan ez bezala, AEK-ko eskoletara etortzea ez dela derrigorrezkoa. Hizkuntza batek hainbat funtzio betetzen ditu, espazio desberdinetan: familian, lagunartean, aisian, lan munduan, eremu publikoan... Eta toki horietan guzietan heldu euskaldunak falta dira. Biziki eremu zabala da, eta AEK kasik bakarrik ari da jende horiek hunkitu nahian. Orain, pixkanaka, hizkuntza politika publikoa hasten da inplikatzen helduen euskalduntzean; adibidez, Euskal Hirigune Elkargoak egin du sentsibilizazio kanpaina biziki arin bat. Baina beste guzia historikoki AEKren gain gelditu da.\nEta nola eragiten duzue zuek?\nGuk eragiten dugu ikastean; gure funtzioa irakastea da. Euskararen behar legalik ez denez Ipar Euskal Herrian, motibazioa ere landu behar dugu. Ikasle batek behar du ukan motibazio bat edo euskararekiko atxikimendu bat, hori galtzen badu ez baitu ikaste prozesua bururaino eramaten.\nAukera guti dira, ordea, euskaraz egiteko eguneroko bizian Ipar Euskal Herrian...\nBai, eta, erabiltzen ez badute, ez dute segitzen ikasten. Ikasle batek bere herrian ezin badu ikasi duena erabili, oso teorikoa gelditzen da, eta ez du asimilaziorik egiten.\nNola sustatzen duzue erabilera?\nGau eskoletan sare bat sortzen dugu, eta egiten dira ateraldiak, mintza praktikak... Baina hortik kanpo, zaila da, eta gune batzuetan bereziki konplikatua da. BAM eremuan, adibidez, %8 dira euskaldunak; beraz, naturalki euskaraz aritzeko toki bat atzemateko zaila da. Biziki militantea izan behar da egun euskara ikasten duzularik sare euskaldun bat atzemateko.\nKorrikak ba ote du eraginik?\nIkastoletan erraten digutenaren arabera, Korrika urte bat delarik, haurrek gehiago egiten dute euskaraz beren artean. Korrikak energia berezi bat sortzen du, eta aurtengo leloak, Harro Herri leloak, harrotasunetik aritzearen garrantzia azpimarratzen du. Ez gara bigarren mailako herritarrak, plazara atera behar dugu, ahal bezain ausart, eta Korrikak gogo hori hauspotzen du. Euskara doi bat dakitenak mintzatzera bultzatzeko aukera ere sortzen du.\nEuskaraz dakitenak baina erabiltzen ez dutenak aipatu dituzu. Hizkuntza politikaren jomugan beharko lukete?\nGuk ikusten dugun erronka da -laster larrialdi fase batean sartuko garelako- zerbait dakiten horiek aktibatu behar direla. Gauza bat da jendea erakartzea, baina bada jende multzo zabal bat euskara ikasia duena baina ez duena erosotasunik euskal hiztun aktiboa izateko. Horiek euskaldunduko bagenitu, behar bada zerbait eragiten ahalko genuke.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000073", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Tangoa dantzatzen\nIrudian bi emazte ageri dira tangoa dantzatzen, Katatxu ostatuan. Konplize dira, biak errientsak, euskaldunak eta feministak. Ez dakigu tango dantzaldi hori egiazki gertatu zen edo asmatua den. Komikia ezagutu duzue, beharbada, Asisko Urmenetaren Gora Euskal Herrientsak irakurri baduzue. Emazteetan lehena Malena Jauregiberri Erbin da, Alozen sortua, 1884an. Irakaslea, idazlea, euskaltzaina, Begiraleak euskal emazte abertzaleen taldeko lehendakaria... Bestea, Jule Fernandez Zabaleta. Liburuko orrietatik tiraka aritu naiz emazte horiengana hurbiltzen saiatzen. Hasi, eta minutuak oharkabean pasatzen zaizkit. Jule Fernandez Zabaleta Iruñean sortu zen, 1898an. Irakasle ikasketak egin zituen eta pedagogia berritzaileak landu zituen. Harrigarria badirudi ere, Bartzelonara joan zen Maria Montessoriren ikastaro batean parte hartzera. Emazte engaiatua, abertzalea eta feminista. Emakume Abertzaleen Batzako Nafarroako burua izan zen, besteak beste. 1924an (duela 100 urte!), diskurtso feminista bat eman zuen Euskaltzaindiak antolatu egun batean: «Hau eskatzen du feminismoak premiaz: emakumeentzat lana, ongi ordaindutako lana, haien duintasunaren zaintzailea izango den lana. Ez ezazue esan gizonak bezala ezin estudiatu dezakeela. Ogibide batzuk ezegokiak iruditzen zaizkizue, baina ez dira. Medikuntza, esate baterako».\nZenbat istorio, zenbat pertsona, zenbat erreferentzia eskapatu zaizkigu edo ezabatu dizkigute? Nola berreskuratu gure historia, herri eta pertsona zapalduona?\nHasteko, poz handiz entzun dut Iruñean pastorala prestatzen ari direla aurtengo maiatzerako, Jule Fernandez Zabaletaren omenez.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000074", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "970.000 bidaiari izan ziren iaz Miarritzeko aireportuan, eta milioi batera heldu nahi dute aurten\nKerosenoa da gehien kutsatzen duen erregaia: keroseno kilo bat erretzean, hiru kilo karbono dioxido isurtzen dira atmosferara. Horrek eragin zuzena du klima aldaketan; are gehiago, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernuarteko Taldearen ustez, klima aldaketaren %3,5 hegaldi zibilen ondorioa da. Alta, hegazkinen erabilera ez da ttipitzen ari, eta horren lekuko da Miarritzeko aireportua. Bidaiari kopuruak gora egin du: 970.000 izan ziren 2023an, aitzineko urtean baino %4 gehiago. Aurtengo, gainera, kopuru hori emendatzea espero du aireportuko lehendakari Patrick Chasseriaudek: helburutzat du 1,2 milioi bidaiari erakartzea. «Kopuru hori behar dugu aise funtzionatzeko».\nAireportuko datuak begi onez ikusten ditu Chasseriaudek, eta egindako lana txalotu du: «2018a da gure erreferentziazko urtea, ondotik G7koen goi bilerak eta pandemiak baldintzatu baitzuten gure funtzionamendua. Hori kontuan harturik, erran daiteke krisitik atera garela: gure trafikoaren %80 berreskuratu dugu; zinez kontent gara. 2023an atera gara krisitik». Oroz gainetik, nazioarteko hegaldietan ibili da jende gehiago; orotara, 276.000 (+%24), eta Londresekilako loturak izan du «arrakastarik» handiena. Iaz izan ziren 28.000 hegaldietarik, %40 turismorako izan ziren, %30 familia bidaietarako eta %27 negoziorako. 2018an, 34.000 hegaldi izan ziren. «Krisi aitzineko heina kasik errekuperatua dugu; berri ona da», trenkatu du Chasseriaudek.\nPascal Geraudie Miarritzeko aireportuko zuzendariaren irudiko, hegaldi kopuruaren apaltzea pandemia ondorengo «usaia aldaketen» ondorioa da, eta hori esplikatzeko hiru arrazoi nagusi ikusten ditu: telelana, trena eta ingurumena. «Hasteko, telelanaren eraginez negoziorako bidaia kopurua azkarki apaldu da. Bigarrenik, Parisko Orly aireportuarekin dugun loturan jende aise gutiago ibili da, trenaren alternatiba interesgarria delako: lau oren eta laurden, eta zuzenean Paris zentrora heltzen da. Azkenik, jendeak geroz eta arduratsuago jokatzen du ingurumenari dagokionez». Halere, Chasseriaudek ez du baztertu trenak eskaintzen duen alternatibari lehia egitea. Uda honetan, Parisen beste metro linea bat irekitzekoa dute, Orly aireportutik Paris zentrora joanen dena, oren erdiz. «Egungo tren alternatibaren ondoan, interesgarria izanen da. Gainera, linea hori automatikoa izanen da, gidaririk gabekoa; beraz, greben ondoriorik ez du jasanen. Aukera ona da guretzat», erran du Chasseriaudek.\nGaratzeko xedez\nAireportua «garatzen» segitzeko, beste hiru helmugatara joaten ahalko dira bidaiariak aurten Miarritzeko aireportutik: Marseillara (Okzitania), Milanera (Italia) eta Edinburgora (Eskozia). Geraudiek esplikatu du «lorpen handia» dela, «biziki zaila» baita hegaldietarako bide berrien irekitzea. «Konpainiek interes ekonomikoari behatzen diote. Segur izan behar dute irekitzen duten bidearekin irabaziak izanen dituztela. Guretzat lan handia da haien konbentzitzea, arrisku ekonomiko handia hartzen baitute». Aireportuak, denetara, 900.000 euro eman dizkie konpainiei, hegaldietarako bideak sor ditzaten.\nHelmuga berriak hautatzeko «datu bereziak» dituztela esplikatu du Geraudiek. «Interneteko datuak biltzen dituzten operadore batzuekin egiten dugu lan. Adibidez, gai dira errateko jendeak zenbat klik eta bilaketa egiten dituen helmuga batera joateko. Datu horiekin egiten dugu lan gero, konpainiak konbentzitzeko».\n«Interneteko datuak biltzen dituzten operadore batzuekin egiten dugu lan. Adibidez, gai dira errateko jendeak zenbat klik eta bilaketa egiten dituen helmuga batera joateko. Datu horiekin egiten dugu lan gero, konpainiak konbentzitzeko». PASCAL GERAUDIE Aireportuko zuzendaria\nNolanahi ere, Chasseriaudek azpimarratu du Miarritzeko aireportua «inportazio aireportua» dela sustut. Hots, partitzen den baino jende gehiago etortzen dela Miarritzera; orotara ibiltzen diren bidaiarien %67. «Miarritze eta Euskal Herria argumentu onak dira konpainiek honat heltzen diren bideak ireki ditzaten, zinez erakargarria zaie. Ez da ahantzi behar lurraldearentzat interes ekonomiko handia duela aireportuak, turismoa anitz laguntzen baitu».", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000075", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Negarra begian\nKontzertu baten ondotik, lagun bat ene negarretarako joeraz trufatu zen. Adeitasunezko txistea edo egiazko neke baten seinale, ezin neurtu. Gaia bere horretan utzi bagenuen ere, ni haatik, dudarekin etxeratu. Zer erran nahi zidan ote? Negartiegia naiz? Hau ere ez al da gehiago haizu? Negarrak ez al du lekurik gurean? Moda xaharrekoa? Egia iraganeko kantutegikoa dela Negarrez sortu nintzen kanta. Berdin deserturat negarrez urtzera doan maitalearena. Desertua zergatik ote? Bakartasuna helburu, negarrez gordeka ibiltzeko?\nGarai hauetan, baikor eta irrifartsu izan gaiten. Bestela...\nIrria desesperatuen arma...\nEuskara hiltzera doa, Donapaleuko otsail ostegunetan berriz ere kontatu digutenez. Zenbakien irakurtzeko molde berriak, haatik. Egoera pentsatzen genuen baino okerragoa dugu. Hiltzera goaz baina negarrik ez! Baikor izan gaiten! (ah! ah! ah!)\nIrria, desesperatuen arma?\nAlta, negarrez urtzeko arrazoirik ere bada.\nPalestina eta beste hainbat herri, bortizkeria mota guziak, askoren miseria...\nAzken negarra kantu tailer bateko neska batek isurarazi zidan, kantuz entzun eta.\nKorrika dugula, (hemen jadanik aipatu dudan) Ugutz dut gogoan. Elkar ikusi genuen azken aldietakoa. Hazparnek azken Korrika itxoiten zuen, denak bizkarrekoa soinean, herriko plaza mukuru betea. Ugutz bere betiko janzkera elegantean, ahizparen txakur ttipia sokaren puntan. Ez dut ahantziko irria eta umorea urteetan gora eraman duenaren begi tristea erraten: «Gaur denak euskararen alde; plazera duk... Baina bihar, nor izanen duk plaza honetan enekin bi hitz euskaraz partekatzeko?».", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000076", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Etxeko erritualak euskararen berme\nBuraso eta haurren arteko hizkuntza harremanak duen inportantzia aztertu zuten Ortzaizen, astelehenean. Plazara-ko Xan Airek eta Elorri Garat psikologoak alor horretako ezagutzak eta esperientziak partekatu zituzten etorri ziren burasoekin.\nOrtzaizeko ikastolako eta eskola publikoko buraso batzuk joan ziren Euskaltzaleen Topaguneak astelehen arratsean Ortzaizen antolatu gaualdira. Euskara biziberritzea helburu, burasoen eta haurren arteko hizkuntza usaietan nola joka daitekeen aztertzea zen xedea. Horretarako, Plazara kooperatibako Xan Aire eta Elorri Garat psikologoa juntatu zituzten.\nXan Airek oroitarazi zuen halako gaualdia aita-amek berek bizi duten grina baten ondorioa dela: «Buraso bezala ez dugu beti gure tokia errexki atzematen, eta ez dakigu beti zer egin». Galdera baita haurrekin nola joka euskara ez dadin arrunt bazter egon. Aire lanean aritua da Seaskan Elorri Garat psikologoarekin, korapilo horien inguruan. «Ikusi genuen ezin zirela euskara alde batetik eta haurraren garapen emozionala bestaldetik hartu; sekula gurutzatzen ez diren bi zutabe balira bezala», aipatu zuen Garatek, lan horietarik jalgi ondorio gisa.\nAutoestimua\nAbiatzeko, Airek lan ttipi bat eman zien egiteko jinak ziren entzuleei. Paper zuri batean bat-bederak bere bizian, baita lanean ere, euskararekin nolako ibilbidea ukan duen behar zuen irudikatu marrazkiz. Horretarako, ibaiaren metafora zuten oinarria. Ur anitzeko ibilbidea izan zenez ala desertu erdiko ur liska; ur-jauzi nasaia ala xirripa, eta abar. Marrazkia saihetseko lagunari erakutsi eta esplikatzeko, gero.\nDenetarik atera da. Harreman guti batetik emendatuz joan dena, horren kontrakoa, joaira handiagoko ibilbide erregularra. «Ariketa hau eginarazten dugu gaian sartzeko; geure burua euskararekiko berriz kokatzeko», erran zuen Airek. Baita autoestimurako puntu baten egiteko ere. «Gai gara errateko gaur arte iraun dugula».\nEuskarak bizi duen kinka zailari buru egiteko autoestimua berriz lantzeak badu munta, bakoitzaren autoestimua kolektiboarena bezala. Horretarako, euskal kultur eragile ezagun batzuen aipuak ekarri zituzten: Koldo Mitxelena, Kike Amonarriz, Maialen Lujanbio eta Juan Carlos Etxegoien Xamar. Euskarak orain arte iraun duela, eta iraun badu, hain segur euskaldunek garai bakoitzari egokitzen eta olde berrien integratzen jakin dutelako dela, diote. Hori, euskaldunek beren burua izendatzeko izan daitekeen definiziorik irekiena ukanez: nornahi bilaka daiteke euskaldun, euskara ikasten duen ber. Eta horri esker iraun dutela. «Mito bat da populu biziki hetsi eta isolatua izan garela», dio Xamarrek. «Ezinezkoa da, Europa mendebaldeko autopista nagusi batean baikara».\nHori guzia erakusteko, haurren hizkuntza ibilbidea landu daitekeela, goxotasunean. «Gure haurrak euskaraz ariko baldin badira etorkizunean -horiek ere beren ibaia baitute eramateko-, elkarrekin prestatua izanen dugulakoz da», erran zuen Airek. Argi ukanik euskara mintzaira gutiagotua dela, tokiak murriztuak zaizkiona. «Espazio guti dugularik, erakutsia izan da hiztunak galtzen ditugula». Biziberritze eginahalak espazioen berreskuratzea du xede.\nBurasoak eragile\nGaratek dio biziberritze hautu hori tresna arras baikorra dela haurrei buruz. «Esplikatu behar diegu haurrei zendako egiten dugun euskararen hautua. Haurrek badute malgutasun sozial bat, eta biziki ohartzen zaizkie gauza horiei».\nGehiago dena, hizkuntza gutiagotuko haurrek hizkuntzari lotu emozioak bizi dituzte, helduen gisan. Emozio horiek hitzetan ezarri behar direla dio Garatek. Euskararekin den harremanak, gainera, ezinbestez familiako historiaren aipatzerat ekartzen duela dio. «Aitzakia bat gehiago esplikatzeko zergatik mozturak izan diren. Haurrak kontzienteago izateko». Aipatzea bera hezkuntza tresna bilakatzen da, «zeren-eta emozioak lantzen dira, arrazoinamenduan aberatsago dira, eta malgutasuna lortzen dute». Garatek haste-hastetik hitzetan ezartzea gomendatzen du, haurrak denborarekin barneratuko badu ere.\nAirek, buraso-haur harremanean eta ingurugiroan baliagarria izan dakiekeen eskema bat erakutsi zuen ondotik: «Bainua», «mintzoa» eta «helduak» hirukotearen arteko plomuaren eskema. Paula Kasaresen eta Jone Miren Hernandezen ikerketa lanak ditu oinarrian. Biek esplikatu dute hizkuntza baten biziraupena ez dela bakarrik belaunaldi batek besteari pasatzearen afera. «Ez da bakarrik transmisio istorio bat, baina bada sozializazio istorio bat ere», laburbildu zuen Airek. Kasaresek eta Hernandezek aztertu dute zergatik haur batzuk sozializatuagoak diren euskaraz beste batzuk baino, alta «eskola berean eskolatuak» direlarik, «murgiltze ereduan» izanik ere. Azterketa horretarik jin da hirukoaren eskema.\nLehenik «hizkuntza bainu bat segurtatzea» inportantea dela diote: «Zer liburu dugun, zer musika entzuten, zer bainu kultural dugun». Munta handia du helduek zer kultur irudimen ekartzen duten egunerokoan euskararekin. Bainu horri mintzoa gehitu behar zaio. «Bainuak ekartzen ahal du haurra euskaraz igeri egitera, baina igeriketa hori lantzen da etxean ere». Denen arteko euskarazko mintzo hori funtsezkoa da jokoan, kirolean, apairuetan. Dena da mintzo hori nola sortu eta bermatzen ahal den haurren artean, haur eta helduen artean. Ekosistemak funtziona dezan, helduek hartzen dituzten usaiek munta handia dute. «Haurrak handitu ahala, geroz eta kontzienteagoak dira helduak zer hizkuntzatan ibiltzen diren».\nDenbora eta erritualak\nBainu, mintzo eta helduen arteko jokoan, denborak garrantzia badu, Kasares eta Hernandezen arabera. Gauzak, molde iraunkorrean pentsatzeak, hots, Airek esplikatu duenez: «Gauzak gehiago erritualizatzea gomendatzen dute. Gauza sinpleak iraunkorki egitea».\nGaratek zehaztu du egun guzietako erritual horiek zer ondorio dituzten haurraren eraikuntzan. «Erritualak antolatzen ditugularik gure haurrekin, horien segurtasun psikikoa dugu xerkatzen; momentu goxo bat, gogoetatua dena, lasaitasun bat eskaintzen duena». Euskararen biziberritzean sekulako inportantzia dute erritual ttipi horiek. «Erritualen errepikatze sistemak goxotasuna ekartzen duten usaiak sortzen ditu. Haur-buraso harremana sendotzen dute, eta euskaraz egiten delarik, lasaitasun bat sendotzen da, eta harekin, hizkuntza horrekiko lotura emozionala».\nEtxekoen arteko aldiek duten munta azpimarratzeko datu bat eman du Airek: Europan, haurrek ikasgelan pasatzen duten urteko denbora %15 da. Aise denbora gehiago pasatzen dute, beraz, lagunekin eta inguruko helduekin.\nEgoeren araberako galdeak\nAirek eta Garatek etorri ziren burasoei galderen egiteko arte zabala utzi zieten bururatzeko. Etxeko hizkuntza egoeren araberako arrangurak aipatu zituzten.\nBi burasoetan euskaldun bakarra zen ama batek «sistema desorekatua» bizi duela zioen, dena beren gain zuelako eta «beti frantsesera lerratzen» direlako. Beste batek laguna euskaldun berria duela, eta haurra handitzearekin «mugak aski fite heldu» zitzaizkiola lagunari, haurraren euskara maila goratzearekin. Holako egoeran diren burasoak, haurra «ama eskola sisteman delarik ari dira euskaraz, baina haurra handiagoa delarik frantsesera lerratzen dira», gehitu zuen.\nBeste buraso batek, haatik, zioen ama eta aita biak erdaldun hutsak direla etxean, eta tresnak falta dituztela euskaraz harreman bat egiteko haurrarekin.\nAirek esplikatu zuen hizkuntzaren erabilpena bi ardatzeri lotua zela: ezagutza eta motibazioa. Batak bestea bazkatzen duela. Dena da buraso gisa «zer motibazio sustatzen segitzen ahal dugun», zioen. «Buraso erdaldunak nola motibatuko duen haurra euskaraz segi dezan». Horretan, zioenez, erritual ttipiek ekarpen handia egin dezakete.\nAzkenik, ikastolako buraso batek beste arrangura bat partekatu zuen: buraso batzuen grinarik eza euskararekin; ikastolaren gain utzi dutela haurraren euskalduntzea, haiek frantsesez aritzeko. Hizlariek azpimarratu zuten burasoei mezu argiak hedatu behar zaizkiela berriz, hastapenetik, «ikastolak ez zaitu sekula ordezkatuko buraso gisa» erranez, haur eta nerabeentzat, helduen koherentziak duen inportantzia gogoratuz.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000077", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Isiltasunaz\nElias Sanbar palestinarraren entzuteko ohorea izan dut, Gernikaren bonbardaketaren urtemuga kari, Hiriburun, EH Bai alderdiak gomitaturik (Sanbar gomitaturik, ez ni, noski!). Ohorea diot, Sanbar jauna, hitza ez bazaizu gustatzen ere. Nik ohoretzat hartzen dut idazle, diplomata, Mahmoud Darwich poetaren frantsesezko itzultzaile izan zarenaren ahotsa eta diskurtso argia entzun ahal izana. Bi orduz, 1947tik geroztikako etapa eta estrategiak aipatu dizkiguzu ezin argikiago. Zuk Hiriburun erranak ni baino aztertzaile politiko adituago batek aipatuko ditu, hain segur, noizbait.\nNik zure azken hitzari oihartzun egin nahiko nioke hemen, xumeki, ene musikari izatetik. Gure arretaz eskertzeko erran diguzu: «Badakizue, isiltasuna entzuten da; eta gaurko zuenak bihotza berotu dit. Zuen artean onartua sentitu naiz».\nIsiltasuna... Musikaren abiapuntua. Musikari eta pedagogo izaten saiatzen naizen hori malkoetaraino hunki duzu zure azken erranaldi horrekin.\nBai, jauna, entzuleria baten isiltasuna entzuten da. Eta, funtsean, isiltzen garenean baizik ez gara entzuten hasten. Gaurko mundu politiko, mediatiko, sozial eta kultura kakofonikoan, isiltasunaren onuren oroitaraztea beharrezkoa zait. Gabriel Arestik aspaldian idatzi zuen:\n«Ezer ez naiz, ez naiz ezer, ezpada\nNaizena.\n(...)\nBidean nago (hain lege gogorra,\nhain ordenamendu eskapu gabekoa),\nbukaera batera.\n(...)\nEta hau da, bai eta ez, orain eta beti eta lehen,\nnik diodana,\nez naizena eta\nisiltzen dudana».\nNork daki? Isiltzen ikasiz geroz, urriaren 7tik geroz israeldarren desmasien ondorioz hil diren 14.000 haurren isiltasuna entzungo genuke, denek.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000078", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Emazteen kontrako indarkeria eta kartzela, gogoetagai\nMathieu Palain kazetari eta idazlearekin eta Prune Missoffe OIPko langilearekin topaketa eginen dute gaur, Baionako mediatekan, 18:15ean. Emazteen kontrako bortizkeria kasuetan presondegiak duen eraginkortasunaz hausnartuko dute. Gizarte arazo horren hein\nBaionako mediatekak emazteen kontrako bortizkeriaren inguruko topaketa bat antolatu du OIP Presondegien Nazioarteko Behatokirekin eta Gurutze Gorriarekin, galdezkatzeko presondegia aterabide ona ote den. Bi hizlari gomitatu dituzte: Mathieu Palain kazetari eta idazlea, eta Prune Missoffe, gai horretaz dosier bat landu duen OIPko langilea. Sarri izanen da, 18:15ean, Baionako mediatekan.\nFrantziako Estatuan, Me Too mugimenduak azaleratu zuen maila judizialean emazteen kontrako bortizkeriaren inguruko auzia; fenomeno hori 2017an garatu zen, sare sozialetan, eraso eta jazarpen matxistak salatzeko. 2017. urtetik goiti gizonen kondena kopurua goiti joan dela agerikoa da; gaur egun, kondena batengatik preso direnen %30 emazteen kontrako bortizkeriagatik dira kartzelan.\n2015ean, segida judiziala ukan zezaketen aferen %55k ondorio penalak ukan zituzten. 2021ean, berriz, %63k. Missoffen erranetan, «epe laburreko» logika batean pentsatuak dira bortizkeria kasuengatik presondegiratzen diren gizonen epaiak: «Gaur egun soilik angelu penala hartzen da kontuan, ez da ikuspegi globalik; sentsibilizazioa, prebentzioa eta, oro har, gizartearen kultura ez dira kontuan hartuak».\nGizonen bozaren lekukoa\nBaionako topaketan parte hartuko duen kazetari eta idazle Mathieu Palainek ezohiko lekukotasunak ukanen ditu aipagai; emazteen kontrako bortizkeriagatik kondenatuak izan diren gizonenak, hain zuzen. Presondegiaz bazituen lan mamitsuak eginak, baina, onartu duenez, Me too fenomenoa hasi arte sekula ez zitzaion interesatu emazteen kontrako bortizkeria. Hortik aitzina, aldiz, bai: «Podcast bat egin nuen sekula entzun ez diren lekukotasunekin: gizon batzuek zergatik jo dituzten beren emazteak, nola gertatu den, haien harremana bortizkeriarekin, bikote harremanarekin...».\nFrance Culture irratiaren webgunean entzungai dira podcast horren sei atalak, Des hommes violents (Gizon bortitzak) izenburupean. Frantziako Estatuko sistema judizialaren erantzun nagusia presondegia bada ere, salbuespen gisa, gizon batzuk behartuak dira taldean mintzatzera, terapia gisa. Lyonen halako talde bat sei hilabeterako osatu zenean, kazetaria haien artera murgildu zen. Geroztik, gaia barnatu eta Nos pères, nos frères, nos amis. Dans la tête des hommes violents (Gure aitak, gure anaiak, gure lagunak. Gizon bortitzen buruetan) liburua argitaratu du.\nHastapenean, haien hitza alkoholiko anonimoen parekoa izanen zela uste zuen kazetariak, gaitz batez jabeturik eta sendatu beharrez. Azkenean, ez zuen halakorik entzun Palainek: «Lehenik ukatze aski azkarra nagusitu zen, erraten baitzuten ez zutela deus egin. Aski berezia da hori». Ezinago ontsa ilustratzen du hori podcastaren bigarren atalak, mahai inguruan diren gizonek ukatzen baitute justizia aitzinera eraman dituen bortizkeria.\nDistantzia hartu, eta zergatietara ere jo du Palainek bortizkeriaren iturburuen bila: «Ez da hain harrigarria ikusirik nondik heldu garen: bizi gara gizarte batean aspalditik antolatua dena desoreka handi batean. Gizonak emaztea dominatzen du bikotean eta gizarte mailan, eta ideia hori gure baitan sartzen da. Bikotearen ikusmolde hori gure baitan da, etxeko nagusiaren figura patriarkalarekin», zehaztu du.\nBildu dituen lekukotasunetan zera da deigarria, bortitz izateagatik zigortuak izan diren gizonek diotela haiei egin dietela eraso. «Gizon gisa boterea duela estimatzen duenaren ganik gauza anitz eraso gisa kontsideratuak izaten ahal dira. Gizon batek kontsideratzen du bere emazteak eraso egin diola erantzun diolako, berant iritsi delako, edo sobera edan duelako... Gainera, gizontasun mito batean heziak garenez, gizon batek ez duela negar egin behar, ez dituela emozioak erakutsi behar, borrokatzen jakin behar duela... Horrek guztiak bortizkeria eragin lezakeen koktel bat egiten du», argitu du Palainek.\nErantzun nagusia, penala\nEmazteekiko bortizkeria mahai inguruan aipatzera behartzen duten epaiak, haatik, arrunt puntualak dira. Salaketa batek bide judiziala segitzen duelarik, berehalako epaiketa batean presondegi zigorra ezartzea izaten da ohikoena. Kartzelen behatokian ari denez geroz, Missoffek ongi ezagutzen du mundu hori, eta argi du beretzat ez duela zentzurik: «Azkenean, bortitz izateagatik gizonak kondenatzen ditugu ingurune zinez bortitz batera». Gobernuaren hautua kritikatu du Missoffek, zigorrak ez baitu mamian eragiten, haren ustez: «Presondegi kondena bat ezartzen delarik, ez dira batere lantzen gizon bat bortizkeria horretara eraman duten faktoreak. Zigor hutsa da».\nFrantziako Gobernuak erantzun penala hobetsi duela erakusten dute datuek: 2016an 22.081 gizon zigortu zituzten bortizkeria fisiko, psikologiko edo sexualengatik; 2021ean berriz, 41.275. OIPk, bestalde, ongi daki presoak zer baldintzatan bizi diren: «Presondegiak usu %140ean beteak dira, tentsioak aski dramatikoak dira. Bortizkeria kasu anitzetan alkohol edo droga faktorea sartzen da, eta presondegian ikuspegi hori ez da batere lantzen», zehaztu du Missoffek.\nKondenatuen jarraipen terapeutikoa, psikologikoa edo adiktologikoa lantzeko urrats esperimental eta puntualak baizik ez dira proposatzen oraingoz han-horka, Missoffek dioenez: «Ez da egituratu nola segitu behar diren bortizkeria horien egileak. Badira egiten diren gauzak, baina puntualak eta marjinalak dira: ardura hartzeko sentsibilizazioa, adibidez, kanpoko elkarteen esku uzten da, eta ez du leku handirik hartu oraino. Jarraipen psikologikoa ere arrunt ahula da; are ahulagoa presoen gain populazioaren arazoa badelarik».\nPresondegiaren ondorioak\nArrazoi berdinengatik uste du Palainek presondegiak ez duela arraposturik ekartzen arazoari aterabide iraunkor bat xerkatzeko: «Gizon horiek presondegian sartzeak soilik ekartzen du herrarekin aterako diren segurtamena, mendeku gosez. Ulertu behar da hastapenean ukatzen dutela haien hobena, eta lan terapeutiko bat egin behar dela emeki-emeki onartu eta aldaketak eragiteko». Gehitu du salbuespenak badirela, halere, eta batzuek «egin dutenaz pentsatzeko» denbora hartzen dutela, baina kartzelak ez dituela ezartzen «horretarako baldintzak», haren ustez.\nFrantziako Gobernuarentzat «presondegi politika erakusleiho politiko bat da», Missoffen ustez, eta usu hobesten da «epe laburreko erantzuna, pertsona gizartetik baztertuz». Baina OIPko langileak erantzun penalaren alde ezkorrak aipatu ditu, besteak beste, Belgikan egin ikerketa baten emaitzak aipatuz: «Azpimarratzen du emazteen kontrako bortizkerien kasuan berrerortze tasa handiagoa dela kondenatuak izan direnen partetik». Gehitu du ikerketa gehiago egin behar liratekeela presondegiak dituen ondorio ezkor horiei buruz.\nGobernuak erantzun penalak justifikatzeko biktimen hitza baliatzea ere kritikatu du OIPko langileak: «Erantzun penala inposatzen da, usu biktimen ahotan ezarriz hori galdetu dutela, baina ez ditugu entzuten. Ikerketa baten arabera, emazte batzuei salaketarik ez jartzeko arrazoia ematen die, ez dutelako gisa horretako erantzunik nahi, baina ez dute beste hauturik esku artean».\nGogoetaren beharra\nGaur Baionako mediatekan gogoetak plazaratuko dituzten bi hizlariak presondegiaren eraginaz ariko badira ere, argi dute emazteen kontrako bortizkeriak prisma zabalagoa merezi duela. Missoffen iduriko, oraingoz anekdotikoak diren ekinbide batzuek bultzada behar lukete Frantziako Estatuan: «Zentro berezitu batzuk badira, presondegi sistematik kanpo direnak, baina horien garapenaren hastapenean gaude; oraingoz, guti dira», ondorioztatu du.\nArazoaren muinera joan nahian, Palainek hezkuntzara jo du: «Dena hezkuntza kontu bat da. Gizon bortitz andana batek harremana moztu du aitarekin, jasangaitza zitzaielako, bortitza zelako.... alta, ber egoeran dira orain; beldurgarria da. Karikatura da erranen dudana, baina beste hezkuntza mota bat behar dugu: ez duena sustatzen mutila bortitz izatea eta neska menperatua izatea. Karikatura da, baina hori da gaia».\nBortizkeria horrek gizartean duen proportzioaz ohartarazi dute bi hizlariek. Salaketak egiten diren momentutik hasten dira datu azterketak, baina, estimazioen arabera, bortizkeria kasuen %70etan edo %80etan biktimek ez dute salaketarik ezartzen, arrazoi desberdinengatik. Salaketaren urratsa egiten dutenen artean ere, Frantziako Estatuan beti, auzitegietara heltzen diren 99.510 kasuetatik %64k segitzen dute bide judizialean, eta besteak baztertuak dira, Frantziako Berdintasun Ministerioaren datuen arabera.\nMathieu Palain eta Prune Missoffe Baionako mediatekan izanen dira sarri mahai inguruan, 18:15ean, eta denei irekia eta dohainik izanen da.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000079", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Eta anartean, gu trankil\n'Eta anartean, gu trankil' - Galtzagorri", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000080", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Mugerreko pleita gunea hezeguneetan handitzeko xedearen kontrako bozak altxa dira\nMugerre eta Lehuntze arteko pleita gunea, hastapenetik, ehun hektareako eremuan egitea pentsatua zen. 1988an marraztu zuten eremua mapa batean, baina egun arte 88 hektarea dira baliatuak izan. Hezegunea denez, lurkatu zituzten gaur egun baliatuak diren lurrak, eta hala egin beharko litzateke oraino baliatua ez den eremuaren parte batekin ere, bost hektarea jadanik lurkatuak baitira, enpresa berrientzat baliagarri izan daitezen. CADE eta Bizi ingurumenaren babes taldeak, besteak beste, Euskal Hirigune Elkargoak bultzatzen duen moldaketa horren kontra altxatu dira. Haien arabera, hamabi hektareako hezegunea 58 bat espezieren babesleku da, eta baita Lehuntzeko uholdeak saihesteko gune garrantzitsua ere.\nAre gehiago, bi elkarteak ohartu dira SAGE Ur Kudeaketaren Antolaketa Eskemaren arabera, eremu hori lehentasunezko hezegune gisa sailkatua dela, eta horren ondorioz legez kanpokoa dela edozein antolaketa lan. Ez dute baztertzen auzitara jotzea. Goiz honetan prentsaurrekoa eginen dute bi elkarteek horri buruz.\nNolanahi ere, iragan urtarrilaren 30ean, Roland Hirigoien Mugerreko auzapezak eremu berria egokitzeko baimena izenpetu zuen. Baina ehun hektareako eremu osoaren legezko antolaketa baimenak -uraren legearen inguruko baimena eta prefeturako erabakia- 2000tik eta 2001etik emanak izan ziren. Lehenik, Mugerren pleita gunea egin zen; gero, Lehuntzeko partean aktibitate zabalagoen zona; eta «orain abiatuko da hirugarren partea», Alain Iriart Elkargoko ordezkari gisa pleita gunearen ardura duen hautetsiaren arabera. Aspalditik abiatu planaren segida da, funtsean.\nAktibitate gehiago\nPleita gunean burdinbideko merkantzien garraioan ari diren bi operadorek aktibitatea handitu nahi lukete: Ambrogio eta Novatrans enpresek. Sektore bereko Brittany Ferries ere eremu berrian plantatzekoa litzateke, Irlandaren eta Espainiako Estatuaren arteko merkantzia burdinbidetik garraiatzeko. Kamioiak trenetan ekarriko lituzkete Cherbourgetik (Frantzia), eta bidea hartuko lukete Mugerretik goiti. «Inportanteena da bideetan zena trenetan ezarria izan dadin, nahiz eta Brittany Ferriesen kasuan Cherbourg eta Mugerre artean baizik ez izan», Iriarten ustez.\nBeste enpresa batek 3,3 hektarea okupatuko lituzke eremu berrian: AEBetako Enovisek -berriki arte DJO izena zuen-, medikuntzako materiala egiteko lantoki zabalagoa eraikitzeko. Enpresa hori Lehuntzeko lurretan da oraingoz, eta «garatzen ari da, baina ezin du handitu orain den lurretan, jadanik berrehun langile dituen gunean», zehaztu du Iriartek. CADE elkarteak egin dituen salaketen artean zen Enovisek ez duela «zerikusirik pleita gunearen hastapeneko xedearekin», Martine Bouchet CADEko kidearen erranetan, ez da trenbideari lotua; alta, prefetak hezegunea aktibitate ekonomikora moldatzeko eman baimena baldintzatua da trenbideko garraioarekin lotura ukaitera, «interes publiko gorenaren» izenean.\nProtestak\nCADE eta Bizi mugimendua, beraz, pleita gunearen ondoko hezegune naturalaren defentsan ari dira. Otsailaren 8an, Bizik ohikoa zaion agerraldi ikusgarri batean salatu zuen hamabi hektareako hezegunea aktibitate ekonomikoetara egokitzeko egin behar litzatekeen lurkatze lana; mugimenduko hamar bat kidek hiru metro kubiko lur eraman zituzten Mugerreko herriko etxe aitzinera, bi kamioitan, hezegunea moldatzeko beharko liratekeen 160.000 eta 180.000 metro kubikoak irudikatzeko, eta Mugerreko auzapezari «gibel egitea» galdetzeko. Gaelle Vincens Biziko bozeramailearentzat, zentzugabea da hezegunea lurkatzea: «Nehondik ere ezin da utzi Mugerreko Herriko Etxea baimentzen 14.000 kamioi hezeguneetako hamabi hektarea hauek artifizializatzen. Hezeguneok suntsitzeak gure klima segurtasun sareak ahultzen ditu, eta arriskuan ezartzen gaitu», trenkatu du. Bouchetek gehitu du «harrigarria» dela eremu hori SAGEn arabera lehentasunezko hezegune dela ez kontuan hartu izana.\n«Nehondik ere ezin da utzi Mugerreko Herriko Etxea baimentzen 14.000 kamioi hezeguneetako hamabi hektarea hauek artifizializatzen. Hezeguneok suntsitzeak gure klima segurtasun sareak ahultzen ditu, eta arriskuan ezartzen gaitu».\nGAELLE VINCENS Bizi mugimenduko kidea\nCADE elkarteak herritarrei informaziorik eman ez izana salatu du. Kontsulta «elektroniko» bat egin da, aldiz, eta elkarteko kide Bouchetek Interneten bildu ditu proiektua zehazten duten zenbait informazio: «Ohartzen gara lurkatze berri horiekin uholdeak hamar zentimetro igoko direla Lehuntzen, Aturriko urak gainditzen baldin badira».\nUholdeei buruz, Iriarten erranak arrunt bestelakoak dira, pleita guneko lehen eremuen moldaketa lanetan ur atxikitzea ziurtatu zelakoan: «Gaur egun 183.000 metro kubikoko uraskak badira; besteak beste, pleita guneko bigarren obretan egin ziren lanei esker. Lehenago, hezegune berrietako auzoan uholdeak baziren; geroztik ez dira gehiago izan», erran du. Iriartek gehitu du arauak betetzeko oraino 17.000 metro kubiko ur atxikitzeko lanak egin beharko dituztela. «Zentzu oneko betebeharrak dira, eta errespetatuko ditugu».\nBiziren protesta, otsailaren 8an, Mugerren, pleita gunea handitzearen kontra. PATXI BELTZAIZ\nProtestak egiteaz gain, ingurumenaren defentsa elkarteek proposamenak ere egin dituzte. Enovis enpresa hezegune naturalak hunki gabe planta dadin, adibidez, alfer utzia den hurbileko industriagune bat proposatu du CADEk, gatz meatze ohietan, pleita gunetik hurbil. Biziko kide Vincensen ustez, egoera oraino «ulergaitzagoa da beste aterabideak badirelarik egitura horiek plantan emateko lurraldea babestuz».\n«Gaur egun 183.000 metro kubikoko uraskak badira; besteak beste, pleita guneko bigarren obretan egin ziren lanei esker. Lehenago, hezegune berrietako auzoan uholdeak baziren; geroztik ez dira gehiago izan». ALAIN IRIART Pleita guneko hautetsi arduraduna\nIriartek argitu du elkargoak ahalak ezarri dituela industriagune hori erosi eta kutsadura arazoak konpondu ondotik «aktibitate ekonomiko bat segurtatzeko hor ere», baina dio xedea ez doala «tempo onean».\nKontsulta publikoa\nLehuntzek, balizko uholdeen gorakada jasateaz gain, bide berri bat ere ukanen luke bere lurretan. Hala agertu zen hezegune moldaketarekin bortxaz egin beharreko publikoaren kontsulta digitalean, hainbat txosten tekniko zabaldu zirelako abenduaren lehenetik urtarrilaren 2ra iraun zuen epean, Interneten. Herriko etxean aho batez adostu ekarpena egin zion Lehuntzek publikoaren kontsulta digitalari, bide hori egiteko «nehork galdetu ez dion baimena ez duela ematen zehazteko», Bouchetek dioenez. Publikoaren kontsulta luzatzea ere galdetu zion Lehuntzek Mugerreko herriari, baina legeak behartu epea bukatzean itxi zen ekarpenak egiteko parada.\nPublikoaren parte hartzea bermatzen zuen kontsulta digitala itxi zelarik urtarrilaren 2an, ekarpenak oro saretik kenduak izan ziren. Ramdam agerkari digitalak zenbatu zituen ekarpenak: 70 orotara. Horietarik anitz Lehuntzeko herritarrek eginak dira, eta hiru soilik ziren proiektuaren aldekoak.\nZifrak\n58\nEspezie babestu. CADE elkartearen arabera, pleita gunea handitzeko xedeak hunkitzen duen hezegunean, 58 espezie babestu zenbatu dira. Gainera, eremu horretan saldu nahi ez duen jabe baten etxea ere bada.\n16,6\nmilioi euro . Enovis enpresak Mugerren dituen berrehun langileekin duen aktibitatea garatu dezan, Elkargoak eta pleita guneko kudeatzaileak 16,6 milioi euroko eraikin bat egin nahi lukete 3,3 hektareako eremuan.\n12\nhektarea . Pleita gunea handitzeko xedeak hamabi hektarea hezegune lurkatzea ekarriko luke. Aitzin-inkestaren arabera, eremu hori eraikuntzarako moldatzeko, 180.000 bat metro kubiko lur beharrezkoak izanen dira.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000081", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Bipolaritatea aipagai BIK irakurle taldean\nBIK irakurle taldeak Maialen Hegi-Luku idazlea gomitatu du gaur Larzabaleko Espelleteneara ,'Girgileri Anderea' eleberria aurkeztera. Liburuaren gaia barnatzeko, psikiatriako erizain batek bere esperientziaren berri emanen du, bipolaritatea baitu ardatz.\nBaipeleteneko Irakurle Klubak (BIK) Maialen Hegi-Luku gomitatu du gaur Larzabaleko Espelletenea ostatura Girgileri Anderea (Elkar, 2018) eleberria aurkeztera. Sarri izanen da, 19:30ean. 2018an plazaratu zuen liburua, eta iazko urte hondarrean frantsesezko itzulpena argitaratu zuen ( Madame Pacotille ), baina gaur euskarazko bertsioaz ariko da, psikiatriako erizain baten lekukotasunaz lagundurik, eleberriaren gai zentrala bipolaritatearen eritasuna baita.\nEz da liburu berria, baina interesa pizten du oraino. Frantsesezko bertsioaren aurkezpenen artean, idazlea «biziki kontent» agertu da Larzabaleko gomitarekin, eta gehiagotan aurkezteko prest dela ziurtatu du. 2018az geroztik, parada guti ukan ditu irakurle taldeekin liburua aipatzeko; bi aldiz egin du ariketa hori: Seguran (Gipuzkoa) eta Baionan. AEK-ko langilea denez, ikasleekin ere aurkezteko paradak ukan ditu. Hegi-Lukurentzat, Segurakoa biziki «hunkigarria» izan zen. «Aukera ederra izan zen liburua irakurri zuen jende batzuekin solastatzea horri buruz. Gainera, Gipuzkoan zen, eta plazer egiten zuen ikustea hango jende batzuk irakurtzen lapurtar baten liburua».\nEritasuna aipagai\n2016an zion gaiak idazteko motibazioa piztu: «Nahi nuen erreferentzia bat edo errepresentazio bat sortu eritasunaren inguruan, bipolaritatea pairatzen zuen pertsonaia batekin. Inporta zitzaidan gai hori aipatua izatea beste edozein gai bezala», zehaztu du idazleak. Irakurle taldeekin bildu izan delarik, preseski, gogoan du gaiak interes berezia sortu izan duela, «galdera franko» izan baitira gehienetan, eta «isiltasun uneak» ere bai batzuetan. Hegi-Lukuk liburua agertu berritan zehaztu zuen inguruko jendea hunkia izateak eta hura bera ere diagnostikatua izateak ekarri ziotela idazteko gogoa. Oraino ere, BIKek antolatu solasaldian bezala, «gai hori aipatzen segitzea eta edozein gai euskaraz aipatu ahal izatea» inportantea zaio.\n«Nahi nuen erreferentzia bat edo errepresentazio bat sortu bipolaritatearen eritasunaren inguruan».\nMAIALEN HEGI-LUKU Idazlea\nAEKren koadroan egin aurkezpenetan, Hegi-Lukuren erranetan, lekukotasunak ere izan ziren eleberriaren aipamenari lotuak: «Galdera anitz, lekukotasunak ere bai, jende frankok ezagutzen zuelako ahaide edo ezagun bat hunkitua zena». Beraz, liburua idazteko motibazio argia zen gaia ezagutaraztea. Irakurle taldeekin ukan trukaketek neurria hartzeko balio izan diote, eta gehienetan ezezagutza nagusi dela irudi zaio, gaia ez dela «hain ezaguna, orokorrean». Erreakzio «seriosak eta hunkituak» oroitzen ditu, bereziki, «jendea aski durduzatua» izaten ahal baita gaiarekin, idazlearen ustez.\nIragan apirilaren hondarrean, frantsesezko bertsioa aurkeztean Mauleko Tandem liburu dendan, Bipolaires 64/40 elkarteko kideak ukan zituen ondoan: «Haiek galdera teknikoei erantzun zieten», zehaztu du idazleak. Esperientzia hori euskarara ekartzeko, BIKeko kideek psikiatriako erizain bat gomitatu dute gaurko hitzaldirako, bere esperientziarekin «umilki» osa dezan eritasunaren inguruko mahai ingurua.\nGaztelumatik idazle\nIdeia ukan bezain sarri eleberri bat idazteko plana marraztu bazuen ere, eta aitzinetik itzultzaile gisa egin lanetan idazketa landurik ere, Hegi-Lukuk ez zuen idazle gisa bere burua «batere zilegi sentitzen» 2016an. Gero, Gazteluma saria irabazi zuen. Saria urrats handi bat izan zela erran du «geroztik idazle sentitzen» denak: «Horrek eman zidan zilegitasun zerbait idazle bezala pausa bat egiteko eta idazketa lantzeko, sormenaren aldetik ere urrats batzuk egiteko».\n2021. urteaz geroztik Elkar-EKE literatura beka bilakatu da Gazteluma saria, eta hori ere bi urtetik behin egiten da deialdia. 2023ko azaroan Idoia Rodriguez Mondragonek aurkeztu proiektua laguntzea deliberatu zuen epaimahaiak, eta heldu den udaberrian argitaratuko da haren lana.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000082", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Anitzetan, bigarren irakurketa bat bada Margaritaren antzerkietan»\nMargarita Nafarroakoaren antzerki batzuk euskaratu ditu Exeberriak, baita Joana Albretekoa alabarekin zuen korrespondentzia ere.\nMargarita, Nafarroako erregina (1492-1549) liburua aurkeztu berri du Ixabel Etxeberriak (Urruña, 1960), Euskaltzaindiaren bilduma sailean. Nafarroakoa bilakatu zen Angulemako Margaritak idatzi hiru antzerki profano euskaratu ditu, bakoitzarentzat azalpenak ezarriz. Margaritak Joana Albretekoa bere alabarekin trukatu gutunak ere ekarri ditu idazlan horretara.\nZergatik interesatu zara Margarita Nafarroako erreginaz?\nLehenik, antzerkiaz interesatzen naizelako. Joan naiz antzerkia landuz garai desberdinetan, eta pizkundera heldu naiz. Pizkundean aldaketa handiak badira antzerkigintzan; antzerki mota berriak sortzen dira. Hortik, ikusi dut Nafarroako erreginak antzerkiak ere idatzi zituela. Begiratu dut zer antzerki mota zen, loturarik bazenez pastoralekin eta abar, eta ohartu naiz antzerki profanoak ere idatzi zituela. Ohargarri da garaiko, bakarrik Heptameron lanarengatik ezaguna zen idazlearen aldetik.\nZer dute ohargarri antzerki profano horiek?\nNahiko interesgarriak eta garaikideak dira. Osasuna eta maitasuna lantzen ditu, eta badu finezia handia bere testuetan. Bertzaldetik, ez baitugu gure historia lantzeko aukerarik izan; garai hori nahiko korapilatsua da, eta Nafarroaren historiaz, bereziki gazteek egiten duten lan onari esker, argi zen Iparraldean eta Frantziari lotutako historia horretan ez genuela gauza handirik ezagutzen. Orduan, garaia landu dut; lehenik, nik ulertzeko zer pasatzen zen eta nola. Hor ere Nafarroaren garrantzia agerikoa dela ikusi dut. Gauza asko ulertu ditut. XVI. mendea hain da inportantea aldaketen aldetik: kulturan, teknikan, lurralde berrien konkistan. Nafarroak ere badu bere tokia horretan, eta kontatu nahi nuen.\nHaatik, Margaritak bakarrik frantsesez idazten zuen.\nFrantsesez soilik, bai. Euskaraz ez zekien. Aristokrazia frantsesekoa zen, eta bakarrik interes politikoengatik [Francois Ier] anaiak eskatu zion Henrike II.arekin ezkontzea. Hala, kontrolpean atxikitzen zuen Nafarroako Henrike. Segur aski, Nafarroarekiko interesa handia bazukeen, zeren eta anitzetan etortzen zen Neracerat [Okzitania], Cautereteraino -eremu horiek senarrarenak ziren-.\n«Osasuna eta maitasuna lantzen ditu, eta badu finezia handia bere testuetan»\nZer forma eta bizitasuneko antzerkiak dira eta emanak izan zirea, orduan?\nEmaten ziren, bai. Antzerkiak antolatzen zituen bere gortean, bere jauregietan; aktoreak biltzen zituen, eta emanarazten zituen. Bertsotan idatzitako antzerkiak dira -itzulpenerako ez da sinple-. Pertsonaiak biziki biziak izaten dira, eta emazte andana bat bada antzerki horietan; emaztearen papera biziki handia da, bere bizian emazteek beti garrantzi handiko papera izan baitute. Anitzetan, bigarren irakurketa bat, mezu bat badu haren antzerkiak. Ez dira bakarrik jostatzeko. Bere erlijio edo sinesmenen pasarazteko ere badira. Baina ohargarria da ideia berriak ezagutzen zituela eta ezagutarazi nahi zituela.\nZer ideia berri?\nAdibidez, eritasunaren inguruan, gaur egun ditugun debate batzuk badira. Badituzu pertsonaiak medikua ordezkatzen dutena, beste batzuk belarrekin zaintzen dutena, badira pagatzen dutenak sendatuak izateko, eta beste pertsonaia bat jainkoaren baitan sinetsi behar dela erraten duena. Portreta nahiko zabalak dira, eta ikuspuntu desberdinak agertzen dira. Nolabaiteko eztabaida baduzu antzerkian. Nahiko modernoa da, eta gaur egun oraindik hala pasatzen da.\nPizkunde horretan, Nafarroako gorteak Europako pentsalari bat baino gehiago aterpetu zituen?\nErreformaren garaia zen. Erreformako pertsona nagusia pertsegituak ziren, eta hark babestu zituen. Neracen atxiki zituen batzuk. Margarita pertsona umila zen, baina oso dinamikoa. Italiatik ekartzen zituen antzerkilariak Neracen antzerkiak emateko. Goi mailako kultura zen jendeari ezagutarazteko. Ez zuen maite Frantziako gortea; luxu eta harrokeria handiko gortea zen.\nAntzerki itzulpenez gain, azalpenak ere idatzi dituzu liburuan?\nAntzerki guziak esplikatzen ditut, baita garaia ere: Margaritaren bizitza, garaiko antzerki mota desberdinak.\nZer ondorio atera duzu lan horretarik?\nGure historia ezagutuz, gure mundua ulertzen laguntzen du. Horregatik joan naiz garai horretara.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000083", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Lurren eta etxebizitzen auzia, pil-pilean\nSenpereko Olha etxaldearen salmenta espekulatiboak eta horren salatzeko etxezain ohien etxearen okupazioak markatu dute 2023ko urtea lurren eta etxebizitzen auzian. Halaber, Alda mugimenduak ekintza andana egin du alokairuen inguruko iruzurrak salatzeko.\nLaborantza lurren salerospenetan, notarioekin eskuz esku, Lurzaindia gozamenik gabe jabego soila saltzeko jokoen salatzen ibili da. Urtarrileko lehenbiziko egunetan Bidarraiko salmenta bat geldiarazi zuen.\nAfera larriagoa izan zen udaberrian: Senpereko Olha etxaldearen 1,3 milioi euroko salmenta «espekulatiboa». Lehen etxezainen etxe ttipia eta 50 hektareako eremua prezio horretan erostera abiatua zen Donibane Lohizuneko Adam makarroi saltegien jabe Telleria familia. Senpereko herritar talde batek salatu zuen salmenta. Lurzaindia eta ELB lotu zitzaizkion salaketari.\nSafer erakundeak 200.000 eurotan estimatu zituen Olhako funtsak. Ikusiz saltzaile eta erosgaiak ez zirela kantitzen salmenta preziotik, senpertarren kolektiboak, Lurzaindiak, ELBk eta Ostia mugimenduak etxearen okupatzea deliberatu zuten ekainaren 27an. Uda osoa iraunen zuen okupazioak. Eztabaida piztu zuen okupazioak, erosleak «tokikoak» baitziren. Dominique Ameztoi Lurzaindiko laborariak argiki ihardetsi zuen: «Gu ez gara kanpotik heldu direnen kontra ari: espekulatzaileen kontra ari gara. Hemengoek paristarrek bezainbat kalte egin dezakete». Azkenean, Olha saldu egin da, eta okupazioa agorrilaren 29an bukatu zuten.\nAldaren ekintzak\nAlda mugimenduak alokairuak eteteko iruzurrak salatu zituen urte hastapenetik. Frantziako Estatuko legedian etxejabeak alokatze kontratu bat eteteko aukera izan dezake beretako bizitegia berreskuratu nahi badu edo saldu. Arazoa da batzuek aukera hori baliatzen dutela garestiago alokatzeko edo turismorako erabiltzeko, eta ez bizitegia berreskuratzeko.\nBestalde, Euskal Elkargoak bozkatu zuen konpentsazio arau urratze bat salatu zuen Aldak ekainaren 19an; Miarritzen araua urratzen zuen jabe baten apartamentu bat okupatu zuen. «Jabeak ez du eskubiderik bizitegi hori epe laburreko turismorako etxebizitza gisa alokatzeko», erran zuen, argiki.\nUrrian, beste berri bat etorri zen: Frantziako Gobernuak onartu du etxebizitza hutsen gaineko zerga Ipar Euskal Herri osora hedatzea.\nAlda mugimenduaren ekintza bat, Miarritzen, 2023ko ekainaren 19an. HITZA\nMaurizia eta Ttattola\nEtxebizitzen auzian beste bi gertakari azpimarratu daitezke 2023an. Gazte talde batek diru publikoarekin erosi eta hutsik dagoen eraikin bat okupatu zuen Baionan, Athurri hegian, maiatzean. Maurizia egitasmoa plantan ematen hasi ziren han, Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapez eta elkargoburuak Polizia bidali zuen arte, kanporatzeko.\nBestetik, iaz, urteetan hutsik zen Davidenea etxea kolektiboki okupatu ondoan, Hazparneko Ttattola gaztetxeko kide bakar bat auzitan iragan zen maiatzaren 26an, eta ekainean 6.000 euro pagatzerat kondenatu zuen Baionako Auzitegiak, okupazioagatik.\nBaionako Maurizia eraikin okupatua husteko muntatu polizia operazioa, ekain hastapenean. GUILLAUME FAUVEAU", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000084", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Barnealdeko osasungintzako profesionalak saretzeko elkartea sortu da\nBaziren bi urte aipagai zela, eta azkenean martxo hondarrean sortu zuten elkartea: OPLK, Osasungintzako Profesionalen Lekuko Komunitatea -CPTS frantsesezko sigletan-. Izenak argitzen duen gisan, osasungintzako profesionalak saretzeko elkarte bat da berez, baina lurralde eskala bereziarekin: Garazi, Baigorri, Oztibarre, Irisarri, Amikuze, Atharratze, Maule eta Salbaterra (Biarno) biltzen ditu egitura sortu berriak. 2022an gisa bereko elkarte bat sortu zuten Hego Lapurdin, eta barnealdekoa bigarrena da Ipar Euskal Herrian.\nEskualdeko Osasun Agentziak bultzatu du elkartearen sortzea, eta herritarren joan-jinen azterketa baten ondorioz finkatu zuten osasun lurralde berria, OPLK-ko koordinatzaile Jenofa Lamarque erizainaren erranetan: «Jendea errazki mugitzen da lurralde horien artean». Ibar bakoitzeko ordezkariek osatzen dute administrazio kontseilua, «profesionalen artean komunitate bat sortzea» helburu.\nEremu berezia marraztu da azkenean. Izan ere, bi lurralde administratibotako osasun langileak bilduko ditu elkarteak: Euskal Hirigune Elkargokoak eta Salbaterrako Herri Elkargokoak. Osasun egiturei dagokienez, bi lurraldetakoak barne hartuko ditu: Baionako eta Paueko gizarte segurantzak. Gainera, ospitale batekin baino gehiagorekin aritu beharko dute: Baionako ospitaleak kudeatzen ditu Donapaleu eta Donibane Garaziko adarrak, eta Paueko ospitaletik kudeatzen dituzte Orthezeko (Biarno), Oloroeko (Biarno) eta Mauleko adarrak. Lamarquek onartu du hostopil horrek «zailtasunak edo oztopoak» ekarriko dituela, baina erran du aztertu duten jendeen «mugikortasunaren arabera pentsatua izan» dela.\nInteresa pazienteena izanen dela argi du, baina, profesional gisa, Lamarquek uste du osasungintzako ofizio eta eremu desberdinetako langileen artean «informazioa, jakintzak, esperientzia eta problematikak trukatzeko» tresna izanen dela OPLK. Erizainari, barnealdean bereziki egokia irudi zaio eremu zabalagoan antolatzea: «Hiritik kanpoko eskualdeetan bereziki, elkarlana bultzatzeko beharra sentitzen da, informazioa ukaiteko zailtasunak badirelako eta pixka bat bakartuak gaudelako».\nArtikulazioa martxan\nElkartearen administrazio kontseiluan hamabi kide dira; horiek horrela, azpilurralde bakoitzeko kideak izanen dira denen ordezkaritza bermatzeko. Horrez gain, arlo desberdinetako profesionalak ordezkatuak izanen dira: medikuak, erizainak, fisioterapeutak... «Azpilurralde guztiak kontuan hartuak dira, eta, profesionalen artean, ez dira bakarrik medikuak izanen», Lamarquek zehaztu duenez. «Osasun lurraldea» antolatzeko bidea da hasi nahi luketena; horretarako, koordinatzaileak profesionalei haien beharrak aztertzeko inkesta bat igorri die, eta herritarren iritzia ere bilduko du ondoko asteetan, lehentasunak finkatzen hasteko.\n«Helburu bat izanen da lurraldea erakargarriago izan dadin mediku eta erizain berriak jinarazteko».\nJENOFA LAMARQUE Erizaina, OPLK-ko koordinatzailea\nHastapena da, baina profesionalen saretzeak pazienteak hobeki artatzeko manera ekar lezakeela uste du erizain amikuztarrak. Medikuentzat eri bat ospitalera igortzea zaila izan daitekeela jakitun, pazienteen «ibilbidea» beste gisaz finkatzea ekarriko du OPLKren lanak, Lamarquen ustez: «Elkarteak xede hori du: eritasun berezi batzuentzat osasun ibilbide berriak sortzea; etxetik medikuarengana, eta medikuarenetik ospitalera, hausturarik izan gabe, eta erraztasun gehiagorekin».\nXedea aurkezteko lehen bilkura publikoa Donapaleun egin zuten, apiril hondarrean, laurogei bat herritar eta osasungintzako profesionalen artean. Elkartearen «interesa» ulertarazteko balio izan zuen. Hilabete batzuen buruan, profesionalen eta herritarren beharrak aztertu ondoan, elkarteak proiektu bat muntatu eta Eskualdeko Osasun Agentziari eta gizarte segurantzari aurkeztuko die, bi egitura horiek baitute diruz lagunduko.\nArazo batzuk identifikatuak dituzte jadanik, hala nola medikuen eskasia: «Medikuak eskas dira; erizainak eta beste profesionalak ere bai. Behar handi bat da, oztopo anitzen iturburua. Helburu bat izanen da lurraldea erakargarriago izan dadin mediku eta erizain berriak jinarazteko», argitu du Lamarquek. Frantziako Estatuko lurralde batzuetan, preseski, arazo horri aterabideak atzeman dizkiote gisa bereko elkarteetan.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000085", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Kulturaldia eginen dute Baigorriko eskualdean, maiatzaren 1era arte\nIturri zaharretik ur berria heldu den bezala, tradizionala izanagatik ere euskal kultura etengabe berritzen dela uste du Baigorriko Basaizea elkarteak. Horren seinale da Kulturaldiaren karietara antolatu duen programa. «Afixak ongi erakusten du gure ideia: estatuak ageri dira, eta mugimendua gehitu zaie, freskotasuna ekarriz, berrituz eta modernotasuna gehituz. Gure kultura ez dugu museifikatu nahi; beti mugimenduan izan dadin nahi dugu». Horrela laburbildu du Gilen Zaldunbide Basaizea elkarteko kideak aurtengo aldiaren izpiritua. Egun hasiko da Kulturaldia, migrazioaren inguruko eztabaida batekin, eta maiatzaren lehenera arte iraunen du; arras finitu aitzin, urtero antolatzen duten Nafarroaren Eguna ospatuko dute apirilaren 28an.\nBasaizeako kideek, Kulturaldia aurkezteko agerraldian euskal kulturaren folklorizazioa gaitzetsi dute, eta mugimenduan den kultura bat aldarrikatu dute: «Kanpotik, anitzetan, gure iturria museoko pieza bihurtu nahi dute: euskara bera zapalduz eta geroz eta lanjer handiagoan emanez. Erakusleihoetan harro agertzeaz gain, irizpide seduzitzailea ere zabaltzen dute, iturri zaharreko isuria geldiaraziz: ura harri bihurtuz». Are gehiago, Zaldunbidek uste du euskara «marketin» produktu bat bilakatzen ari dela. «Egun biziki modan da, baina horrek arriskuak baditu, eta horren inguruan hausnartu nahi izan dugu».\nEuskal Herriaren eguna\nEgitaraua hasteko, egun, hitzaldi bat antolatu dute Izpegiko Bereko bentan. Migrazioaren inguruan mintzatuko dira errefuxiatuen laguntzarako elkarteak, abokatu bat eta errefuxiatuak, 19:30ean. Ondoko topaketa bihar izanen da, Anche et Cie orkestrarekin: kontserbatorioko gaita, oboe eta basoi ikasleen orkestrarekin. Baigorriko Biletxean izanen da kontzertua, 16:00etan. Apirilaren 11n, Josu Martinezen Mirande, film bat egiteko zirriborroa hedatuko dute Baigorriko Biletxean: filmaren egilea hor izanen da, eta Joseba Sarrionandia idazlea eta Nora Arbelbide kazetari eta liburuzaina ere bai. Apirilaren 12an, Gora Euskal Herrientsak aurkeztuko du Asisko Urmeneta marrazkilariak, Urepeleko Amerikanoenean, 20:00etan.\nDuela urte zenbait antolatu ez den ekimen bat ere berreskuratu nahi izan dute aurten Basaizeako kideek: apirilaren 20an Euskal Herria eguna ospatuko dute. Zaldunbidek esplikatu du zazpi probintzietatik «herri bat biltzea» dela asmoa, eta egun osoko «trukaketa» bat sortzea. «Basaizea elkartearekin azken urteetan parte hartzen genuen topaketa horretan, eta ttipitu zenez berriz hasteko beharra ikusten genuen. Harremanak egitea betidanik izan da Basaizearen ildo nagusietariko bat, eta Euskal Herria eguna antolatuz hori egiteko parada ikusten dugu». Herri batzuk egitasmoaren partaide dira, eta Zaldunbidek esplikatu du urtero horietako batek antolatzen duela Euskal Herriaren eguna; heldu den urteetarako, beraz, beste herri batek antolatuko duela espero dute, egitasmoa berriz martxan jar dadin.\nApirilaren 27an, Nafarroaren Egunaren bezperan, Ai gure Juaneteak antzerki musikatua izanen da Baigorriko Biletxean, 20:30ean. Nafarroaren Eguna hilaren 28an izanen da: «Euskararen inguruan Euskal Herri osoa biltzeko eguna» izanen da, Zaldunbideren hitzetan. Kulturaldia finitzeko, maiatzaren 1ean, Arrosako Elgenian, Mejillon Tigre emanen dute Hitz Esan konpainiakoek.\nNAFARROAREN EGUNA, Apirilak 28\n09:00. Askaria, ikastolan.\n11:00. Desfilea.\n11:30. Elitaldia, gaineko plazan eta larrain dantza.\n14:00. Ikastolaren bazkaria, Plaza Xokon.\n15:00. Bertso musikatuak. Amets Arzallus, Xalbat Illaregi, Ane Labaka eta Miren Amuriza, Familien Xokoan.\n16:30. Dantza ikusgarria, behereko plazan.\n17:30. Mutxikoak Kiki Bordatxorekin, behereko plazan.\n20:00. Cumbian Bero, behereko plazan.\n22:30. Belako, behereko plazan.\n00:00. DJ Üzkülüz, behereko plazan.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000086", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Herri hazien biziarazteko sarea\nBLEk Hazi sarea sortu du; tokiko herri hazien inguruan laborariak, etxeko baratzegileak eta herritarrak saretzea da asmoa, herri hazien begiratzeko, trukatzeko eta ugaritzeko.\nHemezortzi hilabetez etxeko lanak eginik, Biharko Lurraren Elkarteak Hazi sarea aurkeztu du. Gero eta beregainago den herri laborantza helburu, tokiko hazi motak ezagutu, trukatu eta ugaritzea da asmoa. Horretarako, diru asmorik gabe, ofizioko laborariak eta baratzegile amateurrak sarean ezartzen hasi da BLE jakintzak partekatzeko eta aholku teknikoak zabaltzeko. Horrekin batean, jada landuak diren herri hazien biltzen hasia da, eta etxean tokiko hazi bat begiratu duen oro gomit da ezagutaraztera.\nHazien inguruko ezagutza eta trukea berriz eskuratzeko gutizia FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak eman zenbaki «arranguragarri» batetarik heldu dela azpimarratu du Nicolas Mendiburuk, Irisarrin baratzezain eta BLEko bulegoko kide denak: «XX. mende hastapenetik hona, munduko landare hazien %75 galdu dira». Ondorioa da hazkurri gisa jendeak garatu aniztasuna galtzera doala, «eta harekin zeraman aniztasun genetikoa».\nGaltze horren gibelean esplikazio bat baino gehiago bada. Laborantza industrialaren orokortzearekin, «industria batek bizidunak berbeta bidez bereganatzea» bada, negozio egiteko. F1 motako hazi hibridoak inposatu ditu industria horrek mundu zabaleko laborarien artean, baita GEO genetikoki eraldatu organismoak ere. Legeak murriztu hazi trukerako zuzena ere bada, bestalde, arrazoietan.\nAspaldiko xedea du BLEk tokiko herri hazien salbatzea eta garatzea kinka horri buru egiteko. 2003an abiatu zuen gogoeta, baina duela lau urte, biltzar nagusiaren karietara, deliberatu zuen haziei eta landutako aniztasunari buruzko lanen barnatzea. 2022an animatzaile bat hartu du lan horren eramateko: Manon Mercier. Urte bat eta erdiz laborari, baratzegile eta herritar nahiant oro biltzeko bilkura andana bat egin ditu, geroztik eta sarea egituratu du. 70 laborari eta berrehun etxe baratzegile hurbildu dira egitasmora. Aurten sarearen gidaritza batzordea sortu dute, eta herri hazien bilketa eta sailkatze lanari lotu zaizkie sarekideak.\nOrain arte egin lanak eta finkatu betekizunak laburbildu ditu Manon Mercierrek: herri haziei buruz sentsibilizazio lana egitea laborariekin eta herritarrekin. Horretarako, zine-eztabaidak, erakusmahaiak eta eskoletan hitzartzeak egin eta eginen ditu Hazi sareak. Hazien trukatzeko egunak ere egitekoak ditu. Bata otsailaren 24an Lakarran eginen den Hazi Azoka izanen da. Horrez gain, formazioak emanen dituzte, Mercierrek adierazi duenez, «herri haziak ugaldu eta berriz erabiltzen ikasteko». Horrekin, sailkatu hazi edo landare bakoitzaren orri teknikoak osatuko ditu hari buruzko xehetasunekin; «baliabide horiek bildu nahi ditugu ahal bezainbat zabaltzeko, landu bioaniztasunari buruzko informazioak zabaltzeko».\nHerri hazien bilketa\nHibrido industrialak eta GEOak ez bezala, «herri haziak libreak dira eskubidez eta jabegoz, naturalki hautatuak dira herriko etxalde eta baratzeetan; azkarrak dira, eta ongailu guti aski dute», zehaztu du Mendiburuk. Hazi edo landare horiek lurraldeari egokituak dira, eta genetika guziz aberatsekoak dira.\nHorregatik, eginahala hazi zerrendatu nahi ditu Hazi sareak, baina ez erresalbuan atxikitzeko, Mercierrek erran duenez: «Kontserbazio dinamikoa deitzen diogu horri, helburua ez baita hozkailu batean atxikitzea, baizik eta urte guziz berriz ereitea, klima aldaketei eta lurrari etengabe egokitzen diren landareak direnez, segi dezaten urtez urte egokitzen».\nHazi sarearen hazi batzuk, abenduaren 7an, Baionako prentsaurrekoan. I.E.\nSarearen sortzaileek argi dute beren baratzeko haziak baliatzen dituzten eginahala jenderengana heltzea funtsezkoa dela. Hazi guzien berri ukaiteko, eta aberastasun hori «atxikitzeko». Horretarako dute hazi motaren deskribatzeko orria apailatu, Mendiburuk jakinarazi duenez, «ezagutza tekniko berezirik ukan gabe ere, bat-bederak sarean parte har dezan». Bidenabar, baliatu nahi dute hazien inguruko jakintza eta trebetasunen berreskuratzeko. «Gure nahikaria da jendeari gogoa ematea herri hazien begiratze programa horretan parte hartzeko».\nJean-Claude Lopez baratzezaina da Larzabalen, eta BLEko kidea, eta argiki erran du denek beren lekua dutela Hazi sarean, «baratze egiten hasiberriak izan ala zorituagoak izan». Jarri dituen helburuei ihardesteko sareak denen beharra duela gehitu du Lopezek. «Haziek ez dute multinazional bakar batzuen eskuetan egon behar; denen ontasun gisa biziarazi behar ditugu». Baratzezainek ongi dakite zer den hazien menekotasuna, kanpoan erosi behar izan baitituzte orain arte. «Funtsezkoa zaigu hazi saltzaile handien menekotasunetik ateratzea», segitu du Lopezek. «Hazi biologikoen hiru laurdenak Monsantorenak dira».\nMendiburuk aitortu duenez, baratzezainentzat barazki ekoiztea, gehi hazien berreskuratzea berriz ereiteko, zaila ikusten zuten zenbait urte oraino. Gaur egun, franko «alaia» iduritzen zaio beregainagoak bihur ditzakeen bide horretan sartzea. «Ekoizpen bururaino joatea» gogobetegarria zaio. «Egiten duguna bere osotasunean eta beste gisan ikusten dugu, heldu den urtean ekarriko duen kalitatearengatik ere».\nJakinez estatuetako legeak hertsatzaileak direla laborarientzat. «Saldua izateko, hazi batek katalogo ofizialean agertu behar du; beraz, patente baten pean da, eta kostu bat badu», azaldu du Mercierrek. Gainera, katalogoan agertzeko, haziak homogeneoa izan behar du, «eta ez du deus ikustekorik herri haziekin». Horiek hola, deusek ez die debekatzen laborari edota baratzegileei etxeko hazien trukatzea beren artean. Legea doi bat aldatu da berriki, Mercierrek erran duenez: «2023ko urtarrilaz geroztik, laborantza biologikoan haziak saltzen ahal dizkiete batak besteari». Baina Hazi sarearen helburua ez da negozio bat sortzea, baizik eta maila guzietako trukea.\nHAZI SAREA ZENBAKITAN\n25\nzenbat hazi mota lantzen dituen.\n70\nzenbat laborari diren inplikatuak.\n200\nzenbat baratzegile amateur hunki dituen.\nMota zaharren indarra\nOrain arteko lana emankorra izan da. Iazko lehenbiziko biltzarretarat baratzegile anitz agertu ziren. Mendiburuk erran du sorpresa ederrak izan direla: etxean baratzea duten jende batzuk ezagutu dituzte, haziekin lan ederra egin dutena. «Gogoan dut baratzegile gazte bat», erran du Mendiburuk; «lagun batzuen baratzeetan bi ilar biribil mota berreskuratu ditu. Eta gai da errateko 1940ko hamarkadaz geroztik segurik erabili haziak direla, urtez urte atxikiak izan direnak».\nLaborari batzuek herri hazien begiratzeko eginiko eginahala ere azpimarratu du Mendiburuk, hala nola ogi eta arto haziekin. Barazkietan bat bada ikur bilakatu dena, desagertzear zena: Mendigorria tomatea. «Hemengo lurrari oso ongi jarria den tomatea da, eta Heletako Ramuntxo Lako baratzezainak merkatu batean aurkitu zuen. Identifikatu zuen, eta berriz erein. Geroztik, garatu du, eta Heletako giroari jarri da. Eta iaz bere sorterrira ekarri du berriz: Mendigorrira [Nafarroa]».\nHaziak urte batetik bestera baliatzen segitzea denez helburua, Hazi Sareak ez du gaur egun hazitegi baten edo gune baten beharrik sentitzen hazien altxatzeko. Sarea bera antolatzea du xede. Harremanetan da, bestalde, Euskal Herriko beste hazi biltzaile batzuekin, hala nola Beizamako (Gipuzkoa) Aleka elkartearekin eta Gasteizko Euskal Herriko Hazien Sarearekin. Azken horrek esperientzia luzea du: 25 urtez 1.500 fruitu eta zuhaitz mota atzeman dituzte, eta bostehun baratzekari eta zereal motaz goiti. BLEren Hazi sareak gidaritza batzorde bat plantan eman du; sustatzaileak, laborariak eta baratzegile kideak biltzen ditu. Sareko kide egin nahi bada, BLEko kide egitea aski da.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000087", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Niretzat, jaso dudana itzultzeko molde bat da idaztea»\nBigarren eleberria plazaraturik, euskararen egoeraren inguruan arranguraturik agertu da Bea Salaberri. Halere, horretan dihardu, bai literaturaren bidez, eta baita irakaskuntzaren bidez ere.\nHilabete bat eta erdi pasatu da Bea Salaberrik (Donamartiri, Baxenabarre, 1979) bere bigarren liburua aurkeztu zuenetik: Mesfida zaitez (Txalaparta). Bere etxeko mahaian jarririk, liburutegi handia agertzen zaio gibelean. Apal denak ala kasik euskarazko liburuez beteak dira, ongi eta zehatz bilduak. Horien artetik zenbait hark idatziak dira, gainera: bi eleberri eta bi irakurgai mailakatu. Kafea godaletera isuririk, bere ibilbidearen inguruan aritu da.\nMesfida zaitez aurkeztu zenuen joan den hilabete hatsarrean. Zure bigarren eleberria da. Nolako harrera ukan du orain arte?\nNire inguruan jendeak irakurri du, eta aipatu didate gustatu zaiela: giro bat berriz sentitu dutela garai horiek ezagutu dituztenek, leku horiek...\nHain zuzen, Baionan gertatzen da istorioaren gehiena. Lehen liburua, jadanik, Baionak ez daki deitu zenuen. Baionarekin zerbait bada, hor...\nBaiona, enetako, eta pentsatzen dut hala zela historikoki, izan da mugimendu politikoen epizentroa. Bazen hor zerbait aski burbuilatsua. Beharbada, atzematen ahalko zena, Donibanen garai batez, 1970eko hamarkada hortik, baina Baiona mugimendu abertzalean leku biziki zentral bat izan da.\nBaionak nola elikatzen du zure idazkera?\nLotua da lekuaren sentitzeko beharrari. Baionan berean izanik, eta Baiona Ttipian urteak eta urteak, karrika guziak ezagutzen ditut gogoz. Emeki-emeki ohartu naiz zer zen non, gauzak nola aldatzen diren, zerk ordezkatu duen denda bat edo ostatu bat. Beti idazten dut naizen leku batetik.\nIstorioa idazten nuelarik, Baionan ibili nintzen, eta ohartu garai bateko leku anitz desagertu zirela. Pasatzen zarelarik, adibidez, Kayetenia ostatuaren aitzinean, ez zara gehiago ohartzen ahal hori ostatu bat zenik. Ez da aztarnarik. Baiona Ttipiak bizitzen dituen aldaketa horietan, bada joera bat arrunt ezabatzeko lehenago zena. Eta ariketa bat egin nuen berriz zerrendatzeko zein ostatu ziren, non ziren... Girotzen du liburua, baina memoria lan batendako ere egin nuen; idatziak dira, eta, orduan, geldituko dira hor.\nMusikarekin berdintsu aritu zara.\nMusika, literatura bezala, biziki fite pasatzen da: hiru hilabete, eta jadanik biziki zaharra izanen da. Lekuena bezala, ekartzen du zerbait. Bazen garai horietan kantuen idazteko gaia. Fermin Muguruzak, adibidez, ateratzen zuen disko bat urtean, eta beti bazen gertakari bat probokatzen zuena Muguruzaren disko bat. Beste taldeak ere bai. Berri Txarrak orduan hasi zen. Baziren kantu horien gaietan bizki lotuak zirenak gizarte baten ezinegonei.\n«Ariketa bat egin nuen berriz zerrendatzeko Baiona Ttipian zein ostatu ziren, non ziren... Girotzen du liburua, baina memoria lan batendako ere egin nuen»\nLiburuko pertsonaia nagusia Baxenabarretik Baionara doa ikastera; 2000. urteko inguru horretan 20 bat urte ditu. Zu bezala, azkenean: Donamartiritik Baionara ikastera joan zinen, eta urte horietakoa zara. Badea hor parekotasunik interpretatu behar denik?\nEz, fikzioa da. Baina egia da pertsonaia bera ez, baina lekuak, erran bezala, eta gertakariak... Laguntzen zaitu, ikusi dituzularik egiazki, istorioa garatzen. Errotzen duzu nonbait: dekoratu bat bada, giro bat. Errazagoa zait funtzionatzea leku errealekin. Gero, pertsonaia hori ez nuen nahi Baionan bakarrik kokatu. Nahi nituen aipatu, barnealdea ekarririk, beste problema batzuk hiritarrak ez direnak: naturaren suntsiketa, laborantzaren gainbehera, langabezia...\nOraino Baxenabarren bizi zinelarik, antzerkian ibili zinen Antton Lukurekin.\nGibelapenarekin, ohartzen naiz: gu familia euskaldun batetik heldu ginen, bazen irratia, bagenuen Herria , baina beste biziki gauza guti, biziki etxeko gauza zen. Eta antzerki kurtso horietan, aski harrigarria da gertatu dena: balitzateke lan bat egitekoa belaunaldi horiei buruz. Garaziko antzerki talde horietan pasatu diren jendeak gaur egun irakasle dira, kazetari, kulturan... Nik uste sortu duela zerbait, kontzientzia bat, atxikimendu bat hizkuntzarekiko, gustu bat. Orduan genituen irakurri lehen aldikoz Saizarbitoria, Itxaro Borda, Sarrionandia... Idazle horiek guziak lantzen genituen klasean. Nik uste markatu duela anitz jende horien bidea.\nEta Baionara noiz heldu zinen? Nola izan zen?\nNi arribatu naiz biziki gazte; 18 urte inguru nituen. Hiria errepresentatzen zuen. Eta ekartzen zuen anonimatu bat ere: zure iritziak eta bizimoldea egiten ahal zenuen. Asktasun bat izan zen, beste giro bat, eta posibilitatea jende anitz gurutzatzeko, gauza anitz egiteko lekuan berean.\nGaur egun, euskara irakasle eta didaktikari gisa aritzen zara Ipar Euskal Herriko AEKn. Liburuko pertsonaia nagusiak ere euskara kurtsoak ematen ditu.\nPertsonaiaren kasuan molde bat da, beharbada atzeman duen bakarra, zerbait egiteko bere askapen gogo horretan, hartu duena bide bat segitzeko militantzia mota bat. Bai euskararen irakastea eta bai euskaraz idaztea hautu bat da, eta ez da, nire ustez, batere bide errazaren hautatzea. Baina, enetako, bizi hautu bat da, eta inportantea da.\nHautu errazena ez bada, zerendako hautu hori egin duzu zuk?\nNiretzat, idaztea, adibidez, molde bat da itzultzeko jaso dudana. Gu euskaldunak ginen etxean, baina nire bidean beti gurutzatu ditut jende bereziak... Adibidez, Antton Lukurekin antzerkian ari izana naiz, Euskal Ikasketak egiten genituelarik gurutzatzen genituen idazleak, eta herri mugimenduan ere hainbat jende. Beti kontsideratzen dut aukera anitz ukan dudala, xantza handiak, aberastasun bat. Nonbait zerbait idatzi eta publikatzea nire indar bat da zerbait egiteko eta jendeari itzultzeko.\nZer analisi egiten duzu euskararen egoeraz?\nEz naiz batere baikorra. Familian, adibidez, ahalegintzen gara euskaraz aritzen, baina gure haurrek ezin dute egin nahi duten aktibitatea euskaraz. Zangoa atera, eta bizki konplikatua da. Nire lanean ikusi dut, azken urteetan, motibazioa aldatu dela, eta jendea gero eta gehiago heldu dela lan bat ukaiteko perspektiban. Lehenago ez zena: euskara ez zen instrumentala. Aitzinamenduak badira, baina sobera anekdotikoak dira, enetako. Azken hogei urteetan izan den bilakaera, enetako, ezkorra da. Badakit diskurtso ezkorrek ez dutela fitsik konpontzen, baina bizipena holakoa da.\nNire lankide batek erabiltzen du tomatearen irudia, lurrik gabe pusatzen dena: tomate horiek ez dute fitsik, ura botatzen zaie, baina ez dute gusturik. Bada irudi horretan zerbait. Zenbait euskaldun, euskaldun dira, curriculum batean jartzen ahal dute, baina gero galtzen da gauza anitz. Bai erreferentzia kulturaletan eta bai saretzean, ez dira komunitate baten kide baitezpada; nukleo batzuk dira biziki barreatuak.\nEgoera okertuz doa, beraz?\nKonplikatua da ikustea gauzak ez direla behar bezainbat hobetzen, eta nonbait denek badugula ardura bat horretan, baina zer egin gehiago? Hizkuntza politika biziki eskasa da. Euskarari egiazki bere lekua egiten dion politikarik ez da. Badira lorpen ttipi batzuk: aldekotasuna handitzen da, hiztun kopuruaren ttipitze hori iduriz frenatzen da... Baina hortik irakurketa positiboak egitea? Konplikatua da. Nik uste dut euskararen hautua beti gelditzen dela, oraino, hautu militante batean.\nBea Salaberri antzerkian aritua da gaztetan; Antton Lukuren tailerrekin hasi zen, Donibane Garazin. Argazkian, Salaberri, 2017an, Zarautzen (Gipuzkoa). GORKA RUBIO / FOKU\nAlta, liburuan aipatzen duzunez, militantzia eredua ere aldatu da, hizkuntzaren egoera aldatu den ber.\nDena da bat. Hori ez dut nik erraten. Hizkuntzaren biziraupena eta kulturarena hertsiki lotuak dira, eta gero eta gehiagotan agertzen da hori lotua dela gizarte eredu bati ere. Dena da lotua: euskararen bilakaera, lurraren eta eremuen auzia, turistifikazioa...\nMugimendu abertzalean aldarrikapenak aldatu dira: alderdien komunikatzeko hizkuntza aldatzen da, geografia aldatzen da, hiritartzen dira euskaldunak... Berrogei bat urteren zerean, izan da horrelako lerratze bat. Estrategiak aldatzen dituzte, beharbada; baina estrategiak aldatzen dituzularik, erran nahi du onartzen dituzula gauza batzuk lehen onartzen ez zenituenak.\nEta literaturak zer ekarpen egin diezaioke euskarari, zure ustez?\nNik uste hizkuntza guziek behar dutela beren kultur espresioa. Euskarak behar du berea. Literaturak ematen du aukera gai historikoen, sozialen aipatzeko: nonbait gizarte baten irudiaren islatzeko. Ematen du hizkuntzaren aldetik ere aberastasuna.\n«Euskarari egiazki bere lekua egiten dion politikarik ez da. Badira lorpen ttipi batzuk, baina hortik irakurketa positiboak egitea? Konplikatua da»\nErran duzu ez dela hautu erraza euskaraz lan egitea. Eta idaztea?\nIdaztea bide luze bat da eta behar duzu egin lana, eta gero zure betiko gauzak, eta gero gauaz, ebaska... Gero behar duzu argitaletxeetara joan, berriz hunki... Gauza gehiago eginen litzateke idazleen baldintzak hobeak balira. Zeren, idaztea egiten duzu plazer hutsa delako; hastapenean zuretako, eta gero publikatzen duzu. Idazlea da gutien aberasten dena literaturatik. Holako liburu batek [ Mesfida zaitez aipatzen du], hogei euro kostatzen duela uste dut, eta hunkituko ditut 1,5 euro. Bide hori egiten duzu enbeia duzulako egiteko, eta ez interes bat badelako gibelean.\nLiburuan bada erranaldi bat, protagonistaren anaiak erasiatzen baitio protagonistari berari -Laurendiari, hots-, «baskoi horietarik izatea, inutil eta ments, alfer galduak». Baskoia izatea Laurendia bezalakoa izatea bada, baskoia zara?\nBai, bestenaz ez nuen inoiz liburu hori idatziko. Ez nuen eginen egin dudan indar hori, ez nituen hainbeste oren inbertituko, hainbeste denbora pasatuko hemerotekak irakurtzen... Gai horretaz hitz egiteko, segur da, behar duzu abertzalea izan. Abertzaleak eta euskaldunak maite ditugu egoten direino koadro batean, eta koadro horretatik kanpo joaten direlarik, orduan berriz oroitaraziko ditugu. Balio du maila politikoan eta gizarteko edozein eremutan.\nMOTZEAN\nDonamartiri ala Baiona?\nBai bata, bai bestea.\nGarai bat hautatu beharko bazenu, zein litzateke?\n1970 eta 1980ko harmakadak, kultur mailako aberastasunagatik.\nBeste libururik idazteko gogoz?\nGogoz bai, baina ez naiz oraino hasia.\nLaburki, zer adjektiborekin definituko zeure liburua?\nEpopeia domestikoa.\nNor da Laurendia zuretzat?\nIsilean egon diren emazte horiek guziak; haien lekuko izan nahiko luke.\nMusika talde bat ?\nFermin Muguruzaren disko guziak.\nLiburu bat?\nEhun metro , Michele Manasserengatik.\nMesfidatu ala aitzina egin beldurrik gabe?\nAitzina egin, baina beti mesfidatu.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000088", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Enddurtu\nGoizeko kafea momentu garrantzitsua zait. Kafea bakarrik etxean edo lan eremuko kafe makinatik hartuak ez nau asetzen. Ostatukoa behar dut.\nBainan azken urte hauetan, gustuko kafe girorik ez dut aurkitzen herrian. Ondoko herri batetara erbesteratzera eraman nau horrek. Ezin erran norat, espazio xume hau ez baita publizitaterako egina.\nLehengo ixtorio, oraiko aktualitate jorratze, kitzika, txiste (on eta tzar nahaste), eguna abiatzeko mentura ezin hobea! Eta hori guzia (gehienbat...) euskaraz.\nNi bezalako euskaldun eskalapoi edo herrementa batentzat, paradisua. Euskararen edertasunaz gozatzeko unea.\nDuela gutti, ezin salatuzko ostatu hartan nuen, lehen aldikotz, enddurtzea hitza entzun.\nEuskaldun guziek badakikete zer erran nahi duen. Ttikitu, hertsatu. Ttipulak zartainan enddurtzen dira ... jendeak ere, omen, adinarekin.\nPalestinan, palestinarren eremuak endurtzen ari direla dudarik ez. Eta euskararen eremua? Baikorrenek (edo itsuenek) ez dela hain gaizki erraiten dizutelarik, begiratzen duenak ikusiko du arnasgune deitzen ditugun espazioak enddurtuz doatzila.\nKazeta idekitzen duena munduko herritar gehienei eskubideak enddurtzen zaizkiela ohartuko da. Gure ama lurraren lehen ekaiak, berdin.\nInterneten bi klik egin eta munduko jakitate guzia begipean dugularik, zer pentsa jakitate pertsonalaz ? Enddurtuz ari ?\nGure bizi soziala makrogertakariez betetzen dugu (feria, kontzertu, festibal, salgune, kirol gertakari erraldoi ) baina harremantze sinplea enddurtzerat uzten.\nGiro goxo eta herrikoian bizi ditugun ostatu eta kafe uneak enddurtzetik begira ditzagun!\nOxala", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000089", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Trantsizioak sustatzen segitzeko diru bilketa egiten du EHLGk\nEuskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG), 2005. urtean sortu zenetik, laborantza herrikoi eta iraunkorra sustatzea ukan du beti lan ardatz nagusietan. Azken urteetan, laborarien praktikak klima aldaketari egokitzea, etxaldeak autonomoagoak bilakatzea eta trantsizio energetikoaren bidean ezartzea lehentasunen zerrendan kokatu dituzte Ainhize-Monjoloseko bulegoetan. Lan hori ezagutarazi eta egonkortzeko, aurtengo emaitza kanpaina trantsizioekin lotu dute.\nKlima aldaketarekin, laborantzako praktiken aldaketak ezinbestekoak bilakatu direla uste du Francis Poineau Mitikileko laborari eta EHLGko bulegoko kideak: «Murru baten parean garenez, ezin dugu lehen bezala segitu», dio. Aldaketa edo trantsizio horietan, Ainhize-Monjoloseko langileek sostengu teknikoa ekartzen diete laborariei, hainbat alorretan.\nTrantsizioen teknikariak\nLaborantza ganberak bide desberdinak ireki ditu trantsizio desberdinetan laguntza teknikoa ekartzeko, eta, gehienetan, laborari talde baten interesetik abiaturik. Kabalen hazkuntza nagusi den lurraldean, lurren %85 soroz osatuak direla ohartarazi du Poineauk belarrekin egiten duten lana iragartzeko: «Soroan da kabalen oinarrizko bazka. Baliabide hori hobeki baloratzea esperimentazioetan eta entseguetan oinarritzen da; adibidez, ongarri mineralen kantitatea tipitzea edo desagerraraztea».\nGisa horretako esperimentazio lanetan, etxalde jakin batzuetan entseguak egin eta teknikariek segitzen dute bilakaera, ondorioak ateratzeko. Belarren kalitatea hobetzeko alhapideak itzulikatzea ere lantzen dute, kabalak eremu tipietan zerratuz, eta gunez aldatuz, «belarra hobeki pusa dadin, eta haren balorea goratzeko», zehaztu du Poineauk. Gehitu du «nahigabean belarra gastatzen ahal» dela, eta hori gerta ez dadin ari direla lanean.\nEHLGko teknikariek lurren diagnostikoak egiten dituzte; besteak beste, landare bioerakusleak aztertuz. Produktu fitosanitarioak edo pozoiak erosi eta baliatzea saihesteko, berriz, hainbat ildotako ikastaldiak antolatzen dituzte laborantza ganberako langileek. Poineauren erranetan, «ikastaro edo formakuntza horiek guztiek helburu dute laborariak laguntzea haien gogoetetan».\nBelarrak produktu kimikoekin kentzeko partez, adibidez, hainbat tresna aurkeztu eta sustatzen dituzte laborarien artean, haien abantailak eta desabantailak kontuan hartuz, Poineauk dioenez: «Material garestia izan daiteke, eta kooperatiba kolektiboekin eskuratzea hobe da. Segur da belar kentze kimikoa baino konplikatuago dela; behaketa lan gehiago galdegiten du, eta aitzinetik ikustea noiz kendu behar diren. Baina pozoiekiko dependentzia gutiago bada eta lurrak babesten dira, ingurumenean ere eragin anitzez ere gutiago badu».\nArtoa nagusitu den lurraldean, bestalde, ogi sailaren inguruko gogoetan ere sartua da EHLG, trantsizioari zentzu ekonomikoa ekarriz, Poineauren ustez: «Normalki laboraria aldagaia da sail gehienetan, ematen zaio ahal dena edo gelditzen dena. Ogiarekin, gogoeta alderantziz egin da, lehengaia baloratzea baita abiapuntua, laborariak bere lanetik irabaz dezan, eta ondokoek haien partea hartzen dute, baina saila eraikia da laboraria bere lanetik bizi ahal izan dadin».\nEtxaldeetan zuhaitzak eta hesiak ukaitearen interes desberdinak ere ikertu eta promozionatzen dituzte. Azken urteetan, gainera, «kalitate hobeko» gorotza kausitzeko etxaldean berean atzeman daitezkeen mikroorganismoekin entseguak egiten dituzte laborari batzuek, EHLGko teknikariekin. Poineauk ez du dudarik aitzindariak behar direla gisa horretako bideak irekitzeko: «Behar dira gauzak hasi nonbaitetik, itxoin gabe bakarrik jin daitezen, edo itxoin gabe egun batetik bestera aldaketak gertatzea erabaki inposatuekin».\nSos bilketa, urte oroz\nEHLGk ulertzen dituen trantsizioen zentzuan doazen erabaki inposatuak, preseski, ez dira berehalakoak: berriki protestak izan dira Europako laborantzarako diru laguntzetan neurri agro-klimatikoen sailean baitira pagatzeko berantak, eta, gainera, hitzeman ziren laguntza heinak ez baitira segurtatuak. Poineauren ustez, zentzugabekeria da: «Alderantzizkoa da egin behar litzatekeena: ahal gehiago eman eta jendea sustatu horretara buruz joan dadin, egiazki mobilizatzeko».\nEHLGk egin duen lanak ere ez du instituzioen laguntza ekonomiko handirik, uraren agentziaren partetik salbu. «Ez gara instituzio bat, Euskal Herriko laborantza panoraman inposatu gara alternatiba sortzen dugulako, baina ganbera ofizialek zergen sosa badute, guk ez», argitu du laborariak. Alta, Poineaurentzat bistakoa da emaitza egiteko kanpaina norbanakoei bezala enpresei ere zuzentzea logikoa dela, denen interesean delakoan: «Lurra, ura... biziaren oinarri dira, eta laborariek horiekin lan egiten dute. Denen interesa da ingurumena zaintzea, denen interesa da laborariak zentzu horretara joan gaitezen».\nAhal mugatuekin ere, aitzina segitzeko arrazoiak sobera ikusten ditu Poineauk: «Gure analisia eta determinazioa alde ditugu zentzu onera joateko. Zientzialarien analisiak bat egiten du gurearekin, eta gizartearen aspirazioa ere zentzu horretara doa».", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000090", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Kuxkuxtu txarangari buruzko dokumentala estreinatuko dute otsailaren 23an\nKuxkuxtu txarangari buruzko dokumental bat estreinatuko dute otsailaren 23an, Urruñan. Ideia, Iparra-Hegoa elkarteko Peio Aranzabalek ukan zuen, eta Mondragon Unibertsitateko ikasle Arri Iraetak du egin. Dokumentala azken muntaketa eta orrazketa lanetan da.\n«Hamabi urte egon nintzen hemen muga pasatu gabe, eta San Tomas egun batez bueltatu nintzen, eta Donostian entzun nuen Kuxkuxtu». Kuxkuxturekin ukan zuen lehen emozio hori kontatu du Aranzabalek. Ipar Euskal Herriko musika talde bat zen -gainera, Aranzabal bera bizi zen Urruña herrikoa-, eta ahoa bete hortz utzi zuen: «Bazeuden hirurehun bat jende beraiekin kantuz». Haiekin mintzatzean ohartu zen bere baitarik jinak zirela, ez herriko etxeak, ez nehork deiturik; karrikan musikan eta kantuz kitorik ari zirela, hots. Esplikazioa ere izan zuen Kuxkuxtuko Beñat Elizondoren ahotik: «Hona etorri ginen lehenengo urtean, sumatu genuen bazegoela kantu egarri bat, eta ikusi genuen jende bat kantuz eta negarrez. Hor egin genuen: 'Urtero joan behar gara besta horretara'». Geroztik, urte guziz gertatzen da ediretea. «Donostian, goiz horretan dagoen ekitaldirik garrantzitsuena da», dio, deblauki, Aranzabalek.\nUrteak joan dira, geroztik, eta Aranzabalek joanago eta argiago zuen, Kuxkuxtu taldea egun batez gelditu aitzin, halako herri txaranga baten historia kontatu behar zela. «Utzi behar zuten zerbait, herri honek jakin dezan izan dela txaranga hau. Kantua erabili du transmisiorako, sentimenduak pizteko, bestarako; eta egin du modu militantean». Iparra-Hegoako lagunei aurkeztu egin zien dokumentalaren egitasmoa. «Iparra-Hegoa bera sortu zen Kuxkuxtu txarangarekin elkar aurkitu zutelako segurar batzuek Baztandarren Biltzar batean».\n«Utzi behar zuten zerbait, herri honek jakin dezan izan dela txaranga hau. Kantua erabili du transmisiorako, sentimenduak pizteko, bestarako; eta egin du modu militantean».\nPEIO ARANZABAL Iparra-Hegoako kidea\nAranzabalek argi du estatuek, komunzki, baliatzen dituztela adierazpide artistiko franko beren zabalkunderako, eta Euskal Herrian ez dela dudatu behar gauza bera egiteko. «Edozein estatuk erabiltzen du edozein espresio artistiko indartzeko bere nortasuna. Estaturik ez dugunez, funtzio hori artistek eta herriak betetzen dute, eta behar dira horrelakoak». Herritik sortu halako dinamikaren lekukotasuna nahi zuen begiratu.\nMondragon Unibertsitatearekin\nKutxa Bira ekimenaz geroztik, Iparra-Hegoak harremana egina du Mondragon Unibertsitateko ikus-entzunezkoen sailarekin, eta urte guziz elkarteek proposatzen ahal dizkiete azken urteko ikasleei dokumentaletarako ideiak. Aranzabalek ez zekien Kuxkuxturen historiak interesik piztuko zienik, eta Arri Iraeta zumarragarra (Gipuzkoa) gertatu zen jakin-min horrekin. «Arri musikaria da. Esplikatu nion kantua dela Kuxkuxturen tresna; Euskal herri mugimenduko eta euskalgintzako soinu banda hauek direla, beste batzuen artean». Gustatu zitzaion filmegile gai gazteari.\nHortik hasi ziren mintzatzen zer eta nola finkatu gauzak kamera bidez. «Nola egiten dituzten gauzak, zer ondo pasatzen duten elkarrekin eta zein lagunak diren beren artean; eta zer ekarpena egiten dioten herri honi, isilean, oharkabean». Kuxkuxturen irudi arras guti badela ohartu ziren. Direnak, lagunek sakelako telefono batekin hartuak direla eta holako. Kuxkuxtuk jotzen zuen lekuetara joan da, beraz, Iraeta kamerarekin. «Ibili da sanferminetan, Santomas egunean, sagardotegian Kuxkuxturekin», erran du Aranzabalek.\nArri Iraetak berak aitortu du grabaketetan Kuxkuxturen izpiritu hori sentitu duela: «Inpresioa eman dit gaur egun oso ohikoa ez den musika maitatzeko modu bat daukatela. Kuxkuxtun jotzen dute benetan nahi dutelako. Horrek betetzen ditu. Bihotzetik ateratzen zaien proiektua da». Gehiago dena, oren batez petiko dokumental batean biltzeko zaila dela dio: «Dokumental batean oso zaila da transmititzen duten hori guztia jasotzea». Kuxkuxtu karrikan ari delarik jendearen artean, gauza franko lotzen baitira. «Arratsalde oso bat haiekin egoten bazara, ikusten duzu daukaten arima berezia. Ikusten duzu nola bat-batean trikitilari batzuk etortzen diren, haiekin ezer hitz egin gabe nola haien abestia jarraitzen hasten diren. Hor, publikoarekin sortzen den konexio berezi hori...», bukatu du Iraetak.\n«Arratsalde oso bat haiekin egoten bazara, ikusten duzu daukaten arima berezia».\nARRI IRAETA Dokumentalaren egilea\nAranzabalek antolaketan lagundu du, baita Mondragon Unibertsitatean lan horretarako tutore den Eneko Bidegainek ere. «Tutoreak, azkenean, egiten du produkzio lana», zehaztu du Aranzabalek. «Toki egoki bat bilatu elkarrizketen egiteko, baimenak eskatu, elkarrizketatuak lotu» eta holako, filmegilea bera «karga horrekin ez ibiltzeko».\nKuxkuxtukoen lekukotasunak bildu ditu Iraetak dokumentalean, bizi dutena konta dezaten. Baina beste bi pertsona ere agertuko dira: Odei Barroso bertsolari eta raplari urruñarra eta Josu Txapartegi Aramendi Txapas akordeoi jotzaile, idazle, musika irakasle eta abesbatza zuzendari zarauztarra (Gipuzkoa).\nLehena, Xaian\nOtsailaren 23an erakutsiko dute lehen aldiz dokumentala Urruñan berean, Xaia ostatuan. Hastapen batean, Urruñako Itsas-Mendi zinema gelari proposatu zioten, baina ez ziren ados jarri. Gauza bera gertatu zitzaien Hendaiako zinema gelarekin. «Xaia da Kuxkuxturen etxea; zergatik ez dugu hau zinema gela bihurtzen?», galdetu zuen Aranzabalek. Eta hala egiteko plantatu dira. Iparra-Hegoako lehen ekitaldia izanen da. Ondotik, gogoko lukete Kuxkuxturekin lotura berezia duten Segura, Ordizia eta Usurbil (Gipuzkoa) edo Iruñea bezalako herrietan zabaltzea.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000091", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Etxahun Iruriren 'Matalaz' pastorala taularatuko dute\nOilarrak abesbatzaren 30. urtebetetzea ospatzeko, ez du bere ibilbidean ohikoa izan den maneran ospatuko; kantuz bai, baina pastoralaren formatuan. Musik'alde musika taldearekin bat egin dute Etxahun Irurik idatzi zuen Matalaz pastorala eskaintzeko. Bi taldeak juntatzea ez da gauza berria, halere, «Musik'alde talde erdia Oilarrak taldean ari baita, kantatzen ala soinu egiten», Battitta Berrogain pastoraleko errejenta edo taula zuzendariaren erranetan. Martxoaren 23an eta apirilaren 6an eta 13an eskainiko dute, Urdiñarben, Mitikilen eta Baigorrin, hurrenez hurren.\nIdeia Berrogainek ekarri zien taldekideei, aspalditik gogoan baitzuen pastorala hori egun batez taularatzea: «Bekatu atzematen dut, Zuberoan behin baizik ez baita emanik izan; badu orain 70 urte. 1964an Parisen emana izan zen, Parisko euskaldunek emanik». Berrogainek esperientzia badu pastoraletan, errejent eta idazle gisa eraman baititu pastoral desberdinak. Baina taldekideetan ez da esperientzia duen bakarra; besteak beste, lau pastoraletako sujet edo pertsonaia nagusi izan zirenak ariko dira aldi honetan.\nAdiskide artean\nFormatu bereziko pastorala izanen da martxoaren 23an Urdiñarben lehen aldiz emanen dutena. Etxahun Irurik idatzi zuen, 1955ean, Eskiulako herriak eman zuen Matalaz pastorala, eta, gero, Frantziako hiriburuan ere eman zuten. «Denbora haietan aktore guti zen; haboroxetik 30 bat. Aktore gutirendako idatzia izan zen». Bi taldeen artean berrogeitara heltzen» zirenez, egokia zen Oilarrak eta Musik'aldeko kideen artean eskaintzeko, Berrogainen ustez.\nErrejent gisa, udan herri batek eskaintzen duen pastorala prestatzeko, Berrogainek abantzu ehun pertsonako taldeak kudeatzea zer den badaki. Aldi honetan, arrunt bestelako esperientzia bizitzen ari da: «Hor errejent naiz, baina ber denboran aktore ere bai. Biak joanaraztea ez da aisa, baina talde ttipi batean aritzea goxoago da, hori segur». Pastoral bat izanik ere, «antzerki giro batean» emanen dute Beñat Goihenetxe Matalaz -en historia, leku mugatuak ukanen dituzten hiru emanaldietan. «Uste dut bi taldeei on egin diela proiektu kultural bat inguruan arra tinkatzea; zinez, baikor da», ondorioztatu du Berrogainek.\n«'Matalaz' ez zen zaldun zuri bat, baina denborak halakoak ziren: gaitzak, eta bortizkeria egun orotakoa zen».\nBATTITTA BERROGAIN Pastoral errejenta\n'Matalaz', «ezezaguna»\nBeñat Goihenetxe Matalaz mitikildar erretorea, errejentaren ustez, «ez da batere ezagutua», bereziki gazteen artean. XVII. mendean lekuko jaunttoen pribilegioen kontra zuberotarren altxamendua gidatu zuen pertsonaia haren alde desberdinak agerian ezartzeko nahia agertu du Berrogainek: «Ez zen zaldun zuri bat, baina denborak halakoak ziren: gaitzak, eta bortizkeria egun orotakoa zen... Ez dugu guk jujatuko, kontatuko baizik», iragarri du.\nPastoraletan usu historiaren momentu eta pertsonaiak ezagutarazten direnez, Etxahun Iruriren testuan atzeman du errejentak beste gisaz ikusten ez zuen parada, Matalazen inguruko gertakariak oroitarazteko: «Pastoraletan ez nuen ikusten Matalaz aipaturik nehon ere, eta ez nuen ikusten Matalaz pastoralik jiten», zehaztu du.\nZuberoak pastoral arizaleak dituen bezala, publikoa ere handia da; lehen bi emanaldietarako lekuak amaituak dira. Azkena, apirilaren 13an Baigorrin emanen da, Irulegiko Irratiak antolaturik. Horren ondotik, Berrogainek ziurtatu duenez, kantaldien formatura itzuliko dira.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000092", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Nola asmatu ipuin bat\nIpuin bat asmatzeko, irakatsi ziguten bost atal nagusi behar direla: hasierako egoera, arazoa edo gertaera, peripeziak, ondorioa eta bukaera. Gaurko ipuinean, ez gara printzesen salbatzera heldu den printze urdinaz arituko, ezta otso beldurgarriaz eta amatxi gaixoaz ere...\nGaurko ipuinean, demagun, hasiera gisa hartzen dugula demokrazia baketsu eta lasaian bizi den herri zoriontsu bat. Halako herri ideal bat, non gatazkarik eta zapalkuntzarik ez den.\nOndotik, gure ipuinean problematika bat behar genuke egoera lasai horren eteteko eta animazio pixka bat ekartzeko: zergatik ez, herriko kontseilua oztopatzera heldu diren laborari euskaldun gaizto eta bortitzak, higiezin proiektu baten kontra protestatzen dutenak eta herriko ongizate eta lasaitasun hori hausten dutenak. Pentsa ezazue noraino doan gure ipuineko afera, poliziarekin bultzadak izan, eta auzapeza zauritu baita, ospitalean bukatzeraino. Jakin nahi duzue nola segitzen duen gure istorioak? Erreakzio zaparradarekin: hautetsiak, kazetari ezagunak mintzo dira eta polemika badoa puzten eta puzten. Hala ere, ondorioetara iritsi beharko dugu pixkanaka.\nOndorioetan, besteak beste, izan litezkeen batzuk: indar errepresiboen interbentzioak, kameren gehitzea, segitzeak, bide judiziala edo asma nahi dituzun ondorio guziak. Eta horrela, gure ipuinean bukaera lasai batera iritsiko ginatekeela konda genezake.\nEz dakit urrunegi noan edo ea batzuek sare sozialetan edo hedabideetan zabaldu dituzten ipuinak ez ote diren fikzio honen antzekoegiak.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000093", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Sorkuntzatik merkatura\n2018an kasketak sortzen hasi ziren Juana eta Ddiddue Etxeberri anai-arreba urdiñarbetarrak. Orain, Owantshoozi markarekin, eskaintza zabalagoa dute, baina beti hondakinak lehengai harturik.\n2018an kasketak egiten hasi ziren Juana Etxeberri jostuna eta Ddiddue Etxeberri diseinatzailea. Anai-arreba urdiñarbetarrek hondakinak lehengai gisa harturik egin zituzten sorkuntzak. Hyèreko (Okzitania) moda, argazkilaritza eta modako osagarrien nazioarteko festibalera aurkeztu, eta irabazle atera ziren, moda osagarrien sailean. Chanel eta Hermes modako marka ezagunekin lan egin zuten gero. Gaur egun, haien bidea segitzen dute, eta lan prozesua publikoari erakutsiko diote bihar, Urdiñarben, lantegiko ateak irekitzeko egunean.\nKasketekin hasi ziren, eta, sorkuntzaz sorkuntza, eremu zabalagora eraman dituzte hondakinak: zakuak eta txori etxolak ere egiten dituzte orain. «Zenbaitzuek arte obra baten gisa erosten dute, objektuak maite dituztelako, haien pertzepzioa delako», onartu du Juana Etxeberrik, baina ez du bere burua artista gisa aurkezten: «artisaua» da.\nJuana eta Ddiddue Etxeberriren Owantshoozi markako zakuak. HITZA\nLan prozesua ikusgai\nObjektu bakoitzaren iturburua sorkuntza da, halere. Industriak akatsak dituztelakoan baztertzen dituen materialekin zer egin ikertzea du bereziki gustukoa Ddiddue Etxeberrik, badirelako bi egiteko manera, haren ustez: «Edo lan egiten duzu material nobleekin eta forma ematen diezu, edo, guk bezala, balio guti duten materialak hartu, eta balioa ematen diezu sublimatzeko iragaten duzun denborarekin». Sekretuen parte batzuk erakutsiko dituzte bihar, lan prozesu osoa erakutsiz, ez dutelako «deus gordetzeko».\nHasi zirenetik ukan dituzten harremanetan, usu ohartu dira ez zela beti begi bistakoa objektu bakoitzak gibeletik duen lan guztia. «Anitzek uste dute oihala hola erosten dugula eta guk justu mozten dugula. Egiazki bada beste prozesu bat, eta ontsa da erakustea», trenkatu du Juanak, parapente oihalekin egin zaku bat eskuan harturik. Alde pedagogiko bat ere ikusten dio jostunak ateleria publikoari irekitzeari: «Artisau mundua ez da fini, eta nahi dugu erakutsi zer egiten ahal den eskuekin. Gazteak ere gomitatzen ditugu ikustera zer posible den egitea».\nLekuan lekukoa\n«Hemen egina da, hemengo materialarekin. Hori da guretako inportanteena. Egun nahi bada Maulen zerbait erosi, ez da hainbeste gauza hemen eginik, salbu espartinak, menturaz», azaldu du Ddidduek. Hurbileko materialak lantzen dituzte Urdiñarben, baina onartu dute «prezio goregiak» dituztela lekuko bezeroekin soilik aritzeko. Saltzea ez dute ofizioa, eta ikasten ari dira. Hastapenean, luxuzko saltegiekin ari ziren, prezioak hiru aldiz biderkatuz halabeharrez. Inguruko bezeroak galdu zituzten garai hartatik, gogoeta egin, eta orain dena zuzenka saltzea deliberatu dutela kontatu du Juanak: «Ez da zaku bat egun oroz erosten, baina sosa baztertzez eskaintzen ahal da urteburu batentzat. Nahiago dugu hori, ezagutzen ez dugun jendearekin aritu baino».\nIragan astean hiru eguneko sortzaile merkatu batean egon ziren Angelun, zuzenka saltzea ez baita haien webgunera mugatzen. Jendeekin, denbora anitz pasatzen dute lan prozesua esplikatzen, Ddidduek zehaztu duenez: «Hezkuntza bat da. Jende anitzen lana ez dut ezagutzen baina haiek ez dute nirea ezagutzen. Kontzientzia harrarazi behar da zer lana den, zer sorkuntza den».\nBihar, Urdiñarbeko tailerrean ateak irekiko dituzte 10:00etatik 19:00etara, lan prozesua erakutsiko duen ibilbide batekin. Behin baino gehiagotan entzun baitute «hondakinekin hain gauza karioak» egiten dituztela, agerian ezarri nahi dute lehengaitik Owantshooziko ekoizpenetara badela bide luzea. Lekuan bertan salgai izanen dira etxeberritarren produktuak.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000094", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Talde feministak elkar ezagutzeko eta saretzeko tresna bat badugu»\nManifeminista kolektiboko kideak dira Sarria eta Kintana, eta Baionako gaurko manifestazioaren prestalanetan dabiltza. Gazte, feminista eta abertzale dira, eta zapalkuntza guzien kontra borrokatzeko «prest».\nEmazteen eskubideen aldeko nazioarteko egunaren karietara, manifestazioa izanen da egun Baionan, 18:00etan. Manifeminista kolektiboa ibili da egitaraua antolatzen; elkar ezagutzen ez zuten taldeen bilgunea izan da. Ana Sarria (Senpere, 1998) eta Maddi Kintana (Donostia, 1999) Manifeministako kolektiboko kideak dira, baita Ihurtzuri sortu berri den abertzale feministen taldeko kideak ere.\nNola sortu zen Manifeminista kolektiboa?\nANA SARRIA : Nous Toutes taldekoak hasi ziren azaroaren 25eko manifestazioa antolatzen [Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da], eta hortik aitzina zerbait kolektiboa egitea pentsatu genuen. Parte hartu genuen manifestazio horretan, eta Nous Toutesekoek ikusi zuten hor ginela, banderola batekin, motibatuak, eta gurekin harremanetan sartu ziren haiekin batean antolatzeko. Afera da badugula talde bat, duela zenbait egun ezagutarazi duguna: Ihurtzuri. Urte bat bada elkartzen garela; Ipar Euskal Herriko gazte abertzale feministen taldea da, eta horren izenean parte hartu dugu Manifeminista kolektiboan.\n«[Ihurtzuri taldekoak] Urte bat bada elkartzen garela; Ipar Euskal Herriko gazte abertzale feministen taldea da, eta horren izenean parte hartu dugu Manifeminista kolektiboan».\nANA SARRIA\nMADDI KINTANA : Bagaude hainbat kolektibo eta talde feminista ez gaudenak Nous Toutesen barruan, eta beharra sentitzen genuen zerbait zabalagoa egiteko. Lortu dugu horren barruan leku anitzetako jendea izatea: Planning Familialekoak, L'Armadame Landesetako talde feminista bat ere... Modu asanbleario batean funtzionatu dugu.\nZer antolatu duzue arrats honetako manifestaziorako?\nSARRIA : Manifestazioa diskurtso batekin hasiko da Baionako Herriko Etxeko plazatik. Gero, emazte desberdinen lekukotasunak irakurriko ditugu: euskaldun, frantses, gazte, zahar... Egunerokoan bizi dituzten zapalkuntzak esplikatzeko. Jendarte zis-hetero-patriarkalaren epaiketa ere eginen dugu, eta bukaeran berriz diskurtso bat izanen da, Koraltxa koralarekin, antzerki bat, su ikusgarri bat, batukada feminista... 21:00etatik aitzina kontzertuak izanen dira gaztetxean.\nGrebarako deialdia hedatu ere egin duzue. Zer greba mota izanen da?\nKINTANA : Frantzian greba deialdia bada, eta guk Ipar Euskal Herrira hedatu dugu. Ez da soilik lanuztea, bada etxeko lanak ez egitea ere, zaintza lanak ez egitea. Borrokorako dei bat da, azkenean. Denentzat da greba: gizonek ere egin dezakete.\nZer harreman duzue Hego Euskal Herriko feministekin?\nSARRIA : Manifeminista kolektiboarekin ez dugu harremanik Hegoaldeko taldeekin. Gu euskaldunak gara, baina Manifeminista kolektiboan badira frantsesak sentitzen direnak, eta erabaki genuen gure eremuan aritzea: Ipar Euskal Herrian.\nKINTANA : Baina gazte abertzale feminista gisa, baditugu harremanak Hegoaldeko gazte feministekin. Haiek transmititu digute guri, eta haiengandik ikasten dugu.\nIpar Euskal Herriko mugimendu feminista azken urteetan pixka bat zatikatua da: batzuek Hego Euskal Herriko mugimenduari so egiten diote, eta, beste batzuek, berriz, Frantziako agendari. Nola ikusten duzue hori?\nKINTANA : Azkenean, balantza bat da. Guk negoziatu dugu dena euskaraz egitea lehenik, eta kolektibo gisa Ipar Euskal Herriaz eta Euskal Herriaz hitz egiten dugu. Baionako deialdia Euskal Herriko mugimendu feministaren egitarauan sartua da, eta Frantzian Nous Toutesek ere sartu du berean, badirelako Nous Touteseko batzuk kolektiboan.\nSARRIA : Nazio ikuspegiari begira, guk euskal nazioa ikusten dugu, eta beste batzuek, Frantzia. Akordio bat zen, azkenean, Ipar Euskal Herriaz hitz egitea. Halere, guk Euskal Herritik eta euskaraz egiten ditugu gure gogoetak.\nZer aldarri nagusi izanen duzue egungo manifestazioan?\nKINTANA : Antolatzeko deia zabalduko dugu. Ez dugu nahi mobilizazioa geldi dadin Martxoaren 8ko eta Azaroaren 25eko manifestazioetan. Hortik harago ere bildu nahi ditugu Iparraldeko feministak. Salatuko dugu sistema zis-hetero-patriarkalak eragiten digun guzia eta bizitzen ditugun zapalkuntzak. Gogoan izanen dugu abortu eskubidea ere; Frantziako Konstituzioan sartu berri dute, eta horri buruzko gogoetak zabalduko ditugu.\n«Ez dugu nahi mobilizazioa geldi dadin Martxoaren 8ko eta Azaroaren 25eko manifestazioetan. Hortik harago ere bildu nahi ditugu Iparraldeko feministak».\nMADDI KINTANA\nSARRIA : Erakutsi nahi dugu borroka egun bat dela. Emazteen eskubideen lortzeko borroka egun bat da, eta hori ez da egun bakarreko kontua. Bizitzen ditugun gauza guzien parean, neska* guziek antolatu behar dugu elkarrekin.\nBi neska gazte euskaldun zarete, Ipar Euskal Herrian bizi zaretenak. Kontra egiten diozuen sistema horrek, zer eragiten dizue?\nSARRIA : Emazte euskaldun gisa, manifestazioaren antolaketari begira jadanik, ohartu gara hasieran dena frantsesez zela. Hori bera zapalkuntza neokoloniala da, gure hizkuntza eskubideak zapalduak direlako. Egunerokoan, betikoa: gona bat duzunean mutikoek gehiago begiratzen zaituzte, besta batetik sartzean gizonek segitzen zaituzte...\nKINTANA : Askotan, justifikatu behar dugu zergatik egin behar diren gauzak euskaraz. Halere, uste dut mugimendu feministan den jendea nahiko irekia dela eta ulertzen duela behin azalduta. Baina beti pedagogia lana egin behar dugu, eta nekagarria da. Aurten salatuko dugu emazte euskaldun gisa bi aldiz zapalduak garela.\nSARRIA : Bai. Beste adibide bat: ezin dugu euskaraz abortatu. Abortatzea ez da baitezpada erraza, eta, gainera, ez bazara zure ama hizkuntzan ari, oraino deserosoagoa da.\nZapalkuntzak metatzen direla, alegia...\nKINTANA : Bai, eta hori da intersekzionalitatea, azkenean. Demagun pertsona bat euskalduna dela, queer, prekarioa... Beraz, zapalkuntza anitz bizi ditu, eta denek eragiten diote. Guk onartzen dugu feminismo mota anitz badirela, baina denak borroka bera dugu azkenean: guztion askapena.\nEta gaurtik landa, zer?\nKINTANA : Talde feministak elkar ezagutzeko eta saretzeko tresna bat badugu orain, eta uste dut baliagarria izanen dela manifestazioetatik harago ere.\nSARRIA : Manifeminista kolektiboa manifestazioak antolatzeko da. Gero, urtean zehar, bakoitzak bere taldearekin lanean segituko dugu.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000095", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Greba feminista orokorra\nAzaroaren 30ean Hego Euskal Herrian jendarte osoa grebara deitua da. Karrikara jaustera deituak dira denak: emazteak, gizonak, ez-binarioak. Langileak, ikasleak, erretretadunak, langabeak. Urte beteko hausnarketa eta lanketa gogor bat behar izan da greba orokorraz erditzeko, Euskal Herriko Mugimendu Feminista osatzen duten eragileen esku sartzeari esker.\nKarrikara aterako dira zainketa-sistema publiko eta komunitario baten aldarrikatzeko, zainketarako. Karrikara aterako dira emazteak egoera onartezinean mantentzen dituzten pribatizazioaren eta merkantilizazioaren salatzeko. Karrikara aterako dira zainketa-lanak, musu truk ala bi sosen kontra, osoki emazteen gain uzten dutenei kontuak galdegiteko. Ororen buru, greban jarriko dira bizitza duinen alde: bizitza osoan zehar edonor behar bezala zaindua izateko eskubidearen alde, baita zaintza lanak bermatzen dituztenen lan baldintza zuzenen alde ere.\nAzaroaren 6az geroztik, emazteok doan lan egiten dugu urte bukaera arte. Kalkulua emazte eta gizonen arteko soldata-ezberdintasunari buruzko Europako estatistiketan oinarritzen da: batez beste, %15eko aldea. Bi sexuek okupatzen dituzten lanbideek eta maila hierarkikoek azaltzen dute ezberdintasuna. Soldata arrakalak amei eragiten die bereziki, arraila handitu egiten da haur kopuruarekin.\nAzaroaren 30ean Ipar Euskal Herriko emazteok ez gara greban jartzen ahalko, Frantzian ez dagoelako greba abisurik. Baina egun horretan, ahal dugunok, Donostiara joanen gara. Karriken betetzera, greba feminista orokorrari gure ekarpena egitera, eta hortaz elikatzera.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000096", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Ingeniaritza zientziak emazte bila\nNeskak eta Zientzia jardunaldia egin dute Bidarteko Estia ingeniaritza eskolan; kolegioetako eta lizeoetako 150 bat neskak hartu dute parte. Helburua da genero estereotipoak gainditzea, eta neska gazteak zientzietara eta teknologiara erakartzea.\nMutikoak «ausart», «indartsu» edo «adoretsu». Neskak «goxo», «polit» edo «artatsu». Mutikoei baloia, auto ttipia, eta eraikuntza jokoa. Neskei arkatzak, panpinak eta sukaldeko tresna ttipiak. Ttipitik genero estereotipoek baldintzatzen dituzte norbanakoak, eta badute eragina hautuak egiteko momentuan. Badute eragina orientazio profesionala hautatzean ere. Hala esplikatu du Isabelle Etxeberri Bidarteko Estia ingeniaritza eskolako psikologia doktoreak. Oro har, neska gutiago doaz lanbide zientifikoetara buruz; eta, hala delarik ere, artaren arloan ari dira neska gehienak -medikuntzan, erraterako-. Ingeniaritzan eta teknologiaren arloan, haatik, aise gutxiago dira. Aski da Estia eskolako datuei so egitea: ikasleen %18 baizik ez dira neskak.\nErrealitate horrek kezkaturik, neurriak hartu nahi izan ditu eskolak, eta, aurten, bigarren aldiko Neskak eta Zientzia jardunaldia antolatu dute inguruko bost kolegio eta lizeotako neska gazteekin. Atzo izan zen egun berezia, eta emazte zientzialari anitzek parte hartu zuten, baita Estiako emazte ikasleek ere. 11 eta 17 urte arteko 150 bat neska gazte ibili ziren ingeniaritza eskolan egun guzian.\nAudrey Abi Akle Estiako irakasle eta ikerlaria emazteen eta gizonen arteko desberdintasunen arloko arduraduna da eskolan, Neskak eta Zientzia jardunaldiaren sustatzailea, eta nesken motibazioan eragin nahi du: «Guk kolegioetako eta lizeoetako neska gazteei erakutsi nahi diegu dena dela posible, dena egiten ahal dutela. Gutienez, ulertarazi nahi diegu neska izateagatik ez dutela beren burua oztopatu behar, eta gizarteko estereotipoen gainetik beren ildoa segitu behar dutela».\nEstereotipoen pisua\nEgun berezi horretara neskak baizik ez dituzte gonbidatzen, eta horren arrazoia «sinplea» da, Abi Aklen ustez. «Mutiko gazteek sostengua badute beste gisan ere zientzia teknikoei buruzko ikasketak egiteko; neskek, aise gutiago. Zinezko deseraikitze prozesu bat bada egiteko haiekin». Horretarako, neska gazteak soilik etorrarazteko hautua egin zuten, «mutikoak gabe hitza errazkiago libratzen» dutela uste baitute.\n«Mutiko gazteek sostengua badute beste gisan ere zientzia teknikoei buruzko ikasketak egiteko; neskek aise gutiago. Zinezko deseraikitze prozesu bat bada egiteko haiekin». AUDREY ABI AKLE Bidarteko Estia ingeniaritza eskolako irakaslea\nEtxean ere badu hori ikusirik. Kontatu duenez, haren alabaordea kolegioan zen garaian, matematiketan «biziki txarra» zela erraten zuen beti. Alta, beti erantzun zuzena ematen zuen, baina atzeman orduko, matematikak ez zirela «beretzat eginak, mutikoen gauza» zela erraten zuen. «Harrigarria iruditzen zitzaidan: biziki azkarra zen matematiketan, teknologian ere bai, baina uste zuen gai horiek ez zirela beretzat eginak». Estereotipoen pisuen ondorioak azalpen zientifikoa du, Isabelle Etxeberri psikologoaren arabera: «Psikologia ikerketek frogatzen dute estereotipoek gure hautuak ez ezik gure emaitzak ere bideratzen dituztela. Etengabe pentsatzen baduzu hori ez dela zuretzat egina, sinesten duzu».\nIkerketa psikologiko horiek, hastapenean, jatorri etnikoaren inguruan egin zituzten Ameriketako Estatu Batuetan. Afroamerikarren eta amerikar zurien artean frogatu zuten estereotipoek bazituztela ondorioak lanbidea hautatzeko momentuan. Gauza bera ikertu zuten gero genero aldagaiarekin. «Neskek barneratzen dute mutikoak baino emaitza okerragoak lortzen dituztela matematiketan. Alta, ez da batere hala maila akademikoari so egiten badiogu».\n«Neskek barneratzen dute mutikoak baino emaitza okerragoak lortzen dituztela matematiketan. Alta, ez da batere hala maila akademikoari so egiten badiogu».\nISABELLE ETXEBERRI Psikologia doktorea\nNolanahi ere, talde baten inguruan beste talde batek dituen sinesmenak dira estereotipoak, eta «denek» dituzte. Genero estereotipoak, bereziki, «hezkuntzarekin lotuak» direla uste du, eta horiek dute orientazio profesionala ere bideratzen. «Neskei lan xeheagoak kontseilatzen zaizkie, edo artaren ingurukoak. Baina mutikoek neskek bezainbat balio dute lan horiek egiteko ere».\nBi aldiz indar handiago\nEstereotipoak zer den ongi daki Amaelle Diop Estia eskolako bigarren urteko ikasleak. Halere, haren ustez, ez dute eraginik izan orientazioa hautatu zuenean. «Senegaldarra naiz, eta nire familia biziki irekia da: beti sostengatu gaituzte gure hautuetan eta lagundu gaituzte gizartearen usteen kontrako hautuak ere egiten». Diopek ttipitik izan du zientzialari izateko gogoa: 11 urtetan hasi zen bereziki informatikari interesatzen eta lehen webguneak muntatzen; interesari jarraikiz, Senegalgo eskola berezituetan hasi zen trebatzen, eta goi mailako ikasketak egiteko iritsi zen Estiara, informatika berezitasuna egiteko. Hautuaz ez da damu: «Eskola horretan gustuko dudana da arlo anitzetan aritzeko parada dugula: informatikan, robotikan, aire eta espazio teknologian...».\n«Gai naizela bi aldiz gehiago frogatu behar dut, ene lekua egiteko ene burua gehiago inposatu behar dut. Halere, usu gertatzen da arzalpena jasan behar izatea; hau da, arlo baten inguruan ni baino gutiago dakiten mutikoek esplikatzea arlo horretako kontzeptuek nola funtzionatzen duten».\nAMAELLE DIOP Bidarteko Estia ingeniaritza eskolako ikaslea\nDiopek argi du, dena den, neska eta beltza izanagatik «oztopo bikoitza» gainditu behar duela aitzinatzeko, eta eskolan, partikularki, «ingeniari profil klixea baino indar handiagoa egin behar» duela. «Gai naizela bi aldiz gehiago frogatu behar dut; ene lekua egiteko ene burua gehiago inposatu behar dut. Halere, usu gertatzen da arzalpena jasan behar izatea; hau da, arlo baten inguruan ni baino gutiago dakiten mutikoek esplikatzea arlo horretako kontzeptuek nola funtzionatzen duten. Entzunak izateko azkarrago mintzatu behar dugu». Oraindik ez du zailtasun berezirik pairatu ikastaroak edo hautagaitzak ezartzeko tenorean, baina uste du «diskriminazio positiboaren ondorioa» dela.\nKolegioetako eta lizeotako neskei «ausartzeko» mezua pasarazi nahi die Diopek. Uste du zientzietan aritzea «zaila» dela, goi mailako eskoletarako prestakuntza «zaila» dela, emazte izatea «zaila» dela, baina «hautua egin eta, ausartu eta bururaino joan behar» dela.\nIngeniaritzara erakarri\nNolanahi ere, ikasleak Bidarteko eskolara erakartzeko parada da Neskak eta Zientzia jardunaldia. Horretarako, Estiako ikasleak, ikasle ohiak eta irakasleak ezagutzeko aukera eman diete neska gazteei. Aurten, gomita berezi bat izan dute: Leila Perie ingeniari agronomo eta immunologia doktorea. Ikasleei konferentzia zientifiko bat eman die odoleko zelulei buruz. «Zientzien arloan bada norbait Perie, eta Ikerketa Zientifikoaren Frantziako Zentroko zuzendaria da. Etorri diren gazteei erakutsi nahi diegu emazteak badirela ardura postuetan ere», esplikatu du Abi Aklek. Periek ez ezik, hamalau zientzialarik eta ikasle ingeniarik ere hartu dute parte beren lan arloa esplikatzeko.\n%18\nEstian zenbat diren neska ikasleak Bidarteko Estia ingeniaritza eskolako ikasle gehienak mutilak dira; neskak %18 dira. Egoera kezka iturri da, eta, hori iraultzeko asmoz, neska gazteen orientazio hautuetan eragin nahi dute, estereotipoetatik libratu daitezen.\nCampusa bisitatu dute bisitariek finitzeko. Abi Aklen arabera, bisitak balio du ingeniaritzari buruzko «misterioak» desmitifikatzeko. Anitzentzat zaila da irudikatzea ingeniaritzaren mundua nolakoa den, eta, hain zuzen ere, «eskuragarria» dela erakutsi nahi dute Estiakoek. Genero arrakalari begira, bestalde, erakutsi nahi diete ez dela «mutilentzako eskola» bat. «Bisita egin, eta helburua da neskak beren lekuan senti daitezen, eta uler dezaten ez dela bakarrik mutikoentzat egina».", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000097", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Eskola inklusiboaren erreforma baliabide gehigarririk gabe eginen dela uste dute\nKolegioetako erreforma ez da arrunt zehaztua, baina eskola inklusiboaren inguruan Frantziako Gobernuak iragarri neurriek kezka sortu dute; bereziki, ez delako baliabide gehigarririk aipatu oraino. Atharratzeko kolegioan gela bat eta Amikuzekoan bi gela zerratzeko iragarpenek profesionalen kezkak handitu dituzte, irakasleei lan gehiago galdetuko dietelako gela handiagoetan. Beraz, uste dute zailtasunak dituzten ikasleak segitzeko baldintza gogorragoak izanen direla.\nEskola inklusiboaren egituraketan, gaur egun, eskola publikoan eta pribatu katolikoan Ulysse eta Seaskan Iep (Inklusiorako Egitura Pedagogikoa) dispositiboek leku handia dute kolegioetan. Administrazioak hala deliberatzen duelarik, laguntza berezia behar duten ikasleek dispositibo horren barruan atzematen dute, behar dutenean, laguntza pertsonalizatua. Baina «ideia da klaseetan egon daitezen ahal bezainbat besteekin», zehaztu du Kattalin Intzagarai Mauleko Argia kolegioko Ulysse koordinatzaileak. Seaskako pedagogia arduradun Egoitz Urrutikoetxeak gehitu du «zailtasun gehiago dituzten ikasgai horietan buruz buruko saioak edo aparteko laguntza» dutela egitura horri esker, «ez daitezen galduak izan eta beren lekua atzeman dezaten besteekin».\nZailtasunak dituzten ikasleei laguntza emateko, eskola laguntzailearen, Iep edo Ulysse egiturako koordinatzailearen eta irakasleen lana artikulatzen da, baina horretarako ahalak eskas direla begi bistakoa zaio Intzagarairi: «Irakasleek ere ez dute denborarik ikasleak aipatzeko, lan orenez kanpo egin behar dugu», zehaztu du.\nMailaka bereiziak\nKritikak ez dira erreformaren iragarpenekin isilduko: matematika eta frantses klaseetan ikasleak mailaren araberako taldeetan biltzea aipatu du Frantziako Hezkuntza Ministerioak. Hots, errazki ari direnak errazki ari direnekin, eta zailtasunak dituztenak zailtasunak dituztenekin. Urrutikoetxearen ustez, «jendarte banaketaren erreprodukzio bat» litzateke, «egoera sozial zaurgarrietan direnek eskolan zailtasun gehiago ukaitea» baita ohikoena, haren erranetan. «Bada kezkatzekoa».\nSeaskan gogoeta betean dira hezkuntza ereduaren inguruan, eta «inklusioa zentroan» ezarri nahi dute, pedagogia arduradunaren arabera. Praktikan ere, kolegioetan, aste bereziak egiten dira seigarrenetik hirugarrenerako ikasleak nahasiz. «Eragin baikorra baduela ikusten da», Urrutikoetxeak dioenez. Ikastoletako norabidea eta erreformarena, haren erranetan, «filosofian, bi muturretan» kokatzen dira. «Gogoeta norabide horretan eraman nahi dugu, eta erreformak beste puntara eramaten ditu».\nMailaren araberako taldeak gauzatzea behartuko zaienez ez badakite ere, Urrutikoetxeak argi du baliabideak ez direla hobetuko: «Atharratzen gela bat kenduko dute, Amikuzeko kolegioan bi gela kenduko dituzte, eta baliabide horiekin egin beharko dute mailakatze hori. Aski deigarria da». Intzagaraik, lehenik, azpimarratu du ez dela argitua izan plantan nola ezarria izanen den, baina eskola mailaren araberako taldeak egitearen eragina argi ikusten du: «Konfiantzarentzat eta autoestimarentzat, katastrofikoa izanen da!».\nLaguntzaileen egoera okerrera\nIragarri den beste neurrietarik bat elbarritasun bat duten haurren eskola laguntzaileen -AESH frantsesezko sigletan- antolaketari lotua da. Zuberoan, 27 ikasle segitzen dituzten hamahiru eskola laguntzaileren ordutegia antolatzeaz axolatzen da Intzagarai, baina heldu den urtean utziko du, administrazioaren logika ez duelako bere egiten: «Baionan erraten didate oren sobera ematen dudala ikasle bakoitzeko. Idauzen hamalau oren ezarri ditut, adibidez, laguntzailerik gabe egoten ahal ez den ikasle batentzat». Marraztu duen egoera okerrago izateko lanjerra ikusten du Ulysse koordinatzaileak: «Eskola inklusiboa ontsa da, baina kalitatezkoa behar du. Ororendako denez, ez naiz segur», trenkatu du praktikari so eginez.\nJoanago eta ikasle gehiago geletan, zenbait ikasle laguntzailearekin... Borondate onarekin ere ikasle guztiei egokitzea zaila ikusten dute, baldintza horietan, hezkuntzako bi profesionalek. Beharrezkoak liratekeen baliabideen aipamena egin du Urrutikoetxeak: 30 ikasleko klase batean bi irakasle izatea. «Hori litzateke ideala, eta ikasleek dituzten beharren araberako esku hartzeak bideratzea».", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000098", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Artzaina, bortutik etxaldera\nMaina Chasseventek artzain soil izatetik etxaldean plantatzeko egiten duen bidea erakusten du 'Artzain soil' filmak. Lucie Francini eta Sabina Hourcadek zuzendu dute. Urte eta erdi bateko filmaketa izan da.\nBi pertsonaia nagusi ditu Artzain soil dokumentalak: Maina Chassevent artzain soila, batetik, eta Remi haren laguna, bestetik. Protagonistak lurrik gabeko artzain izatetik etxalde batean plantatzeraino egiten duen bidea kontatzen du filmak, ofizioari lotu irudi ederrez ilustraturik. Bi zuzendari dira: Lucie Francini eta Sabina Hourcade. Proiektua abiatu zutelarik, bi zuzendarien ideia zen beste bi pertsonaiarekin abiatzea: lurrari lotua den bat eta itsasoari beste bat. Badira lau urte ideia hura ukan zutela, eta dokumentala errealitate desberdinei egokitu behar izan dute bi egileek. Heldu den astean izanen da estreinaldia Ipar Euskal Herrian.\nLehen ideian, elikagaien katean oinarrizko ofizioetan den prekaritatea erakustea zuten xede. Baina dokumentalgintza ere prekarioa delako, aldatu egin behar izan zuten hastapeneko proiektua, Sabina Hourcade zuzendariaren erranetan: «Arrantzale anitzekin bildu eta gero, batekin abiatu ginen, baina zaila zen filmaketa oro, azken momentuan hitzartu behar zirelako. Lau urte iraun du lanak, eta dokumentalaren mundua ere prekarioa da: lau urteko lan hori ez da pagatua izan». Dokumentalak zenbait laguntza ukan ditu geroztik, baina bi zuzendariek beren ofizioa egin behar zuten, film xedeaz gain. Artzaina da protagonista azkenean, eta filmaketa epe luzean egin da, urte bat eta erdiz bizpahiru aste oroz joan baitira Chasseventengana haren ibilbideari segitzera.\n«Gai bat barnatzeko ber borondatea eta filmaren norabidearen ideia bera genuen; arrunt osagarriak gara».\nLUCIE FRANCINI KFilm zuzendaria\nHastapeneko ideiatik heldu den astean erakutsiko duten dokumentalera izan diren egokitzapenak normalak dira, Hourcaden arabera, idazketa hiru alditan egiten dela erran ohi baita: «Filmaketa abiatu aitzin, filmaketa denboran gertatzen diren ezustekoekin, beste behin, eta muntaketa denboran, azken aldi batez». Artzain soil filmatzen hasi zirenerako, artzainaren bikotekidea agertu berria zen, adibidez; haur bat sortu zen gero...\nMaina Chassevent, artzaina, Artzain soil dokumentaleko protagonista nagusia. HITZA\nBinaka aritzea aberastasuna izan da zuzendarientzat, nahiz «orokorki ekoizpen enpresak uzkur izaten diren bi zuzendari direlarik», Hourcadek dioenez, arazoak sortzen ahal baitira «filmari buruz bi begirada desberdin sor daitezkeelako, edo ego arazoak izan daitezkeelako». Haien proiektuan, alderantziz, aberastasuna izan da, Franciniren ustez: «Gaia barnatzeko ber borondatea eta filmaren norabidearen ideia bera genuen; arrunt osagarriak gara. Ni ez naiz Euskal Herrikoa, eta horrek ere beste begirada bat ekartzen du. Momentu zailak zirelarik, bat hor zen bestea akuilatzeko».\nEtxaldean plantatzea\n2020ko maiatzean zuzendariek eta artzainak elkar ezagutu zutelarik, artzain soila zen Chassevent. Orduan hasi zen aipatzen etxalde batean plantatzeko xedea zuela, eta zinemagileek hori gai nagusitzat hartzea deliberatu zuten. Laborantzako belaunaldien segida, lurrak atzemateko zailtasuna, etxebizitzaren inguruko arazoak...; elkarrizketa eta off bozik gabe ere, gai horiek markatzen dute Chasseventen instalaziorako ibilbidea.\nZuzendariek artzainarekin garatu dute kontakizuna, elkarrekin deliberatu dute zer erakutsi ere, etxebizitzaren kasuan korapilo bat izan delako jabearekin, Francinik oroitzen duenez, jabeak alokatu bai baina etxea ez duelako saldu nahi izan: «Gaur egunean ere egoera berean dira, eta eztabaidak ukan ditugu, hori erakutsi behar zenez, ez zenez haren kalterako izanen...». Gogoeta luzeek ekarri dute, azkenean, gaia plazaratzea. «Mainak eta Remik filma ikusi dute, eta kontent dira», Francinik argitu duenez. Bi zuzendariek nahi zuten, Franciniren erranetan, erakutsi instalazioa ez zela «istorio eder bat bakarrik».\n«Nahi dugu filma tresna bat izan dadin laborantza, transmisioa eta instalazioa aipatzeko».\nSABINA HOURCADE Filmaren zuzendaria\nIstorioa ez da etxaldean plantatzeko zailtasunetan soilik zentratzen; ardiak eskuz jeztea, kabalak bortura eramatea, gasnaren ekoizpena, etxaldearen transmisioa edo Remi bikotekidea eskukaldiak ematen ageri dira, aldian aldi, musikaren eta isiltasunen erritmoan. Gero, haurdunaldiak eta haur baten sortzeak, pertsonaia berri bat gehitu du artegiko planoetan.\nProiekzioak eta eztabaidak\nArtzain soil dokumentala heldu den ostegunean estreinatuko dute Baionako Atalanten, topaketa berezia antolatuz: 20:00etan, filmaren musika egin duten konpositore eta musikariek kontzertua emango dute; 21:00etan, filma bera erakutsi ondotik etxaldeen transmisioaren inguruko eztabaida izanen da, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen parte hartzearekin; eta 23:00etan musikariak berriz ariko dira Zizpa gaztetxean. Urruña eta Donibane Lohizuneko emanaldietan, berriz, bi zuzendariekin mintzatzeko parada izanen da proiekzioen ondotik.\nBeste diru iturrien artean, filmak Akitania Berriko, CNC edo Kanalduderen laguntza ukan badu ere, Francini eta Hourcade zuzendariek ez dute oraino bukatu duela lau urte hasi lana, haien esku izanen baita hedapenaren parte handi bat. Ipar Euskal Herriko zinema geletako proiekzioak, adibidez, haiek antolatu dituzte. EHLGrekin eta beste parte hartzaile batzuekin eztabaidak antolatzea ere beren gain hartu dutela zehaztu du Hourcadek, nahi dutelako «filma tresna bat izan dadin laborantzaren egoera aipatzeko; bereziki, transmisioa eta instalazioaren ikuspuntutik».\nZuzendariek ez dakite oraino beste proiektu batean abiatuko direnez elkarrekin. Hourcadek, halere, argi du gogoetatu beharko litzatekeela diru iturrien eredua, «finantzaketek hautu artistikoak mugatzen ahal dituztelako».\nTrailerra hemen ikusgai\nPROIEKZIOEN DATAK\nMaiatzak 12. Maiatzak 2: Baiona, Atalante zine-gela.\nMaiatzak 13: Urruña, tsas-Mendi zinemagela.\nMaiatzak 14: Hazparne, Haritz Barne zinemagela.\nMaiatzak 15: Hendaia, Ls Variétés zinemagela.\nMaiatzak 16: Maule, Maule-Baitha zinemagela.\nMaiatzak 21: Donapaule, Saint-Louis zinemagela.\nMaiatzak 23: Kanbo, L'aiglon zinemagela.\nMaiatzak 28: Donibane Lohizune, Le Sélect zinemagela.\nMaiatzak 29: Donibane Garazi, Le Vauban zinemagela-Garazikus.\nBaionakoa 21:00etan hasiko da, eta besteak, 20:30ean. Proiekzio batzuetan eztabaidak izanen dira. Informazio guztiak Luciefrancini.com/artzainsoil helbidean.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000099", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Haize berriak Gamere-Zihigan\n'Ligetx koblakaria(k)' pastorala emanen dute Gamere-Zihigako herritarrek, Beñat Larrorik idatzia eta Xantiana Etxebestek zuzendua; biak lehen aldiz ariko dira lan horietan.\nJunes Casenaveren Eñaut Elizagari pastorala izan zen Gamere-Zihigako azkena, 2007an. Aurten berriz pastorala bat taularatzeko lanetan hasi dira laurogei herritar, eta antolatzaileek berritasunen xerka joan dira: idazle berria eta errejent berria. Iragan urtean pastoral idazle berria plazaratu zen Urdiñarben; duela bi urte, errejent berria Muskildin. Aurten biak berriak izanen dira: Beñat Larrori iruritarrak idatzi du Ligetx koblakaria(k) pastorala eta Xantiana Etxebest sohütarra izanen da taula jokoa zuzenduko duen errejenta. «Antolatzaileetan, zuzendaritzan direnak gazteak dira, 30 eta 40 urte artekoak. Errejent izateko egin zuten zerrendan ere gehienak gazteak ziren», Beñat Ager Zoe antolatzailearen arabera.\nGamere-Zihigako pastoralaren mustraka edo errepika, otsailaren 2an. HITZA\nXiberoko Botza irratiko kazetaria da Larrori. 2023an, Xilaba taldekako bertsolari txapelketan parte hartu zuen lehen aldiz. Azken elementu horrek agerian uzten du bertsogintza edo koblarekiko duen interesa, Luis Ligetx koblakari larraintarraren biziaz pastoral bat idaztera bultzatu duena: «Bazuen aspaldi koblari interesatzen nintzela, baina COVID-19aren denboran Xiberoko Koblakarien Alkarteak atera zuen Ligetxi buruzko liburu-diskoa arra behatu nuen. Hitzei haboro interesatu, eta atzeman nuen izugarrizko hitz interesgarriak zirela». Lagunartean, «arrailerian» erraten omen zuen pastoral bat idaztea ez dela «konplikatua», eta azkenean berea gamerearrei proposatu zien.\nLarrainen sortua da Luis Ligetxe, 1901ean, eta Gamere-Zihigan ezkondua; haren izena baino ezagunagoak dira beharbada haren kantuak; horietan dira Buneta eta txapela , Oihan beltzean edo Espos esposen kantorea .. Bere bizian barnatuz ondu zen Larroriren pastoral ideia: «Zerbaitek hunki nau hor. Buneta eta txapela kantatzen dut txipitik baina ez nekien Ligetxek zuela egin. Gero irakurri dut gauza anitz, Zuberoako historian koblakari hoberena izan dela, eta euskaldunen artean ere denbora horietan hoberenetan zela. Horrek interesa piztu dit anitz», zehaztu du.\nIdazketan, Larrorik uste du bere nortasunaren «herexa» batzuk utzi dituela, eta gogoko dituen erran batzuk ere bai: «Entseatu naiz isurtzen hitz elibat, usu etxean entzuten nituenak edo entzun ditudanak ezker-eskuin eta gustuko ukan ditudanak... Allande Sokarrosenak ere bai; usu harekin nintzen eta haren erranmoldeak ere sartu ditut». Pastorala mezu bat iganarazteko tresna denez galdeturik, ihardetsi du espero lukeela «jendeek koblaka gehiago maita dezaten».\n«Zerbaitek hunki nau hor. 'Buneta eta txapela' kantatzen dut txipitik, baina ez nekien Ligetxek zuela egin». BEÑAT LARRORI Pastoral idazlea\nErrejenta, «zentzuarekin»\nIdazle bezala, errejenta ere lehen aldiz ariko da taula zuzendaritzan; idazlea bezala, Xantiana Etxebest ere pastoral desberdinetan aritu da: 2004an Maulen, 2006an Mauleko San Frantses ikastetxeko pastoralean, 2012an Arrokiagan eta 2013an Xiru festibalean eman zen Ederlezi pastoralean. Azken horretan, Nicole Lougaroten zuzendaritzapean, errejent karguaz interesatzen hasi zen Etxebest: «Gure artean genituen jelkaldiak asmatu eta hark erraten zuen bai ala ez. Zentzuarekin ari da. Zinez, hori anitz maitatu nuen, pentsatzen hasi nintzen zertarako hola egiten zen». Gamere-Zihigako lagun batek galdetu ziolarik bere burua errejent gisa ikusten zuenez, baietz ihardetsi zuen, «arrailerian» berak ere.\nAzkenean Larrorirekin bildu eta baiezkoa eman zuen, baldintza batzuk betetzen zirela ikusirik: «Gauza batzuk kanbiatzeko galdegin nion; gauza batzuk onartu ditu, besteak ez, azkenean haren idatzia baita, haren hautua da». Aldarazi dizkion elementuen artean da emazte kargu gehiago ezartzea. Larrorik berak onartu du Madalena, Luis Ligetxen arrebaren rola moldatu duela errejentaren eraginez: «Ez nuen kanpoko sorik, eta Etxebestek ekarri dit. Banuen Ligetxen arrebaren pertsonaia hori, baina Xantianak ikusi du ez zela aski emazte kargurik». Arreba ere koblakari gisa agertuko da tauladan azkenean, fikzio zerbait gehituz artxiboetan ageri ez den kontakizunari. Horregatik eman dio izen hori pastoralari: Ligetx koblakaria(k) .\nIdazleak behin eta berriz dio pastorala «trajeria bat» dela, eta bere testuan bat baino haboro elkartu dituela. Madalena Ligetxen trajeria, batetik: «Asmatu dut enbeia duela koblaka aritu, baina ez duela ahal». Euskararena, bestalde, Larroriren erranetan, «hartako baita desagertu koblaka Zuberoan, ez baita aski euskaldunik». Irratiko eguneroko lanean ikusten duen panoramak arrunt ikuspegi ezkorra eman dio: «Ez da entzuten euskararik serios den guneetan. Irri egiteko delarik ez gara euskaraz ariko! Errugbian aritzeko euskaraz ez, errugbian ari gara. Ez da sekula gune ona».\nIragan ostiral gauean, gamerearren mustrakan, euskara zen hizkuntza bakarra errejentaren ahoan. Banaka ala talde ttipian makilarekin ibiltzea eta bertsetak kantatzea galdegiten die arizaleei azken aldietan; martxoan jakinaraziko du taula zuzendariak nor ariko den kargu edo rol bakoitzean, baina «denbora hartuko» du hautu horien egiteko. Gero antzerkiari zer forma emanen dion aldiz, jadanik pentsatua du, eta Etxebestek badaki «asumitzea» dela «gaitzena»; «hargatik egiten ditudan hautu guztiak ene buruari esplikatu behar dizkiot».\n«Asumitzea da gaitzena; hargatik, egiten ditudan hautu guztiak ene buruari esplikatu behar dizkiot».\nXANTIANA ETXEBEST Errejenta\nKargu emateak martxoan\nOraino joanen dira zenbait mustraka iragan ostiral gauekoaren parekoak. Gamere-Zihiga herri ttipia izanik ere, laurogei arizaleetan gehienek elkar ezagutzen badute ere, bada tentsio zerbait airean. Aitzineko pastoral batean sujeta edo pertsonaia nagusia izan zena edo boz apalarekin kantatzen duenak, bakoitzak bere rola ukanen du. Errejentak du azken hitza ukanen, eta jokoan da parametro «soziala» ere, Etxebesten hitzetan: «Zinez, horko ez direnak guti dira, baina gaitz da kanpoko norbaiti kargu handi bat ematea eta herria biziarazten duen norbaiti ez ematea. Sozialki zerbait jokatzen da». Beste parametro bat hizkuntzarena da, errejentak ez baitu uste euskaldun ez den bati kargu «handirik» ematen ahalko diola, ez baitzaio «galdegiten ahal bost kantu eta hogei bertset gogoz ikastea» hizkuntza ukan gabe.\nErrejentaren ondoan ariko da, kantuen zuzendaritzan, esperientzia handiko bikotea: Pascale Aranburu eta Jean-Louis Bidabe. Dantza irakasle lanetan, berriz, Bettan Ager eta Petti Etxegoihen. Ostiral iluntze oroz elkartuko dira herritarrak, heldu den uztailaren 28an prest izateko lehen emanaldiarendako. Bigarrena eta azkena, agorrilaren 3an emanen dute, Gameren.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000100", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Andaluziako musika arabiarra ekarriko du aurten Xiru festibalak, formatu murriztuan\nGotaine-Irabarneko Xiru festibalak formatu ttipiagoa ukanen du aurten. Xiru-tto deitu dute 34. aldia, hiru eguneko festibala zena egun bakarrekoa izanen baita aurten, martxoaren 30ean. «Dudan egon ginen jarraiki edo utzi, eta azkenean bien arteko hautsi-mautsi bat atzeman dugu», laburbildu du Mixel Etxekopar antolatzaileak. 1990ean lehen aldia egin zenetik, urtez urte, beti ber laguntzaileak ari izan dira festibal «xume» hori antolatzen, eta doi bat higatu direla ulertarazi du Etxekoparrek: «Irauten duen gauza orotan bezala, bada gora eta bada behera; uhinetan bezala, marea gora eta marea behera». Hala, hiru egunen partez, egun bakarra izanen da aurten, eguerditik gauerdira. Aurten, Andaluziako (Espainia) musika arabiarra ekarriko dute.\nAntolaketaren lan eta pisuak bazter utzirik, haatik, alde artistikoan ez da akidurarik; sentitzen da, preseski, proposamen artistikoak egiteko nahiak ekarri duela segitzeko indarra. Xiru plaza berezia da sorkuntza desberdinak eta kanpoko kulturak ekartzeko, Etxekoparren ustez: «Badugularik ideia bat, badakigu badugula espazio bat, gune bat eta une bat presentatzeko». Ideia, aurten, Erdi Aroko Nafarroa eta Al-Andalus erresumaren arteko «hari bat» da, lotura bat denboran eta espazioan.\nZuberotarrak arabieraz\nGaiaren hautua ez da kasualitate hutsa, antolatzaileak dioenez, mundu arabiarrak oro har bizitzen dituen «pataskak» kontuan hartu baitituzte: «Palestinan bada masakrea, eta sarraskia, baina hemen ere iduri zait arabiar munduak Errenazimentuan bezala beldurra ematen duela». Camille Vidalain, Tahar Hacini eta Maika Etxekoparrek kantu arabiarrak eta Euskal Herrikoak emanen dituzte Mauleko Plaza Gizon ostatuan, martxoaren 30ean, 12:00etan hasirik. Horietarik batzuk, arabieraz izanagatik, Euskal Herrian idatziak izan ziren, Etxekoparren erranetan: «Adibide bat emateko, Maika Etxekoparrek kantatuko du XII. mendean Tuterako itsua deitzen zen poetak arabieraz izkiriatu zuen kantua».\nErdi Aroko musika ekartzeko, Begoña Olavide Arizkun kantari eta musikari andaluziarra gomitatu dute. «Arabiar kultura nagusi zeneko musika piezak biltzen ditu, dokumentu zaharretan miatuz», esplikatu du Etxekoparrek. Carlos Paniaguak egiten dituen musika tresnak jotzen ditu Olavidek. Biak agertuko dira Xirura: lehena, kantu eta musika emanaldi bat egiteko Gotaineko elizan, 21:00etan; bigarrena, musika tresnen inguruko hitzaldi musikatu bat emateko Irabarneko elizan, 15:00etan.\nXV. mendearen hondarrean musulmanak Andaluziatik uxatuak izan zirenez, Erdi Aroko musika arabiarraren arrastoak Marokon xerkatu behar izan ditu Olavidek. Han bizi izan zen bost urtez, justuki musika hori ikertu eta praktikatzeko. Eta Xiru festibalaren izpiritua beti trukatzea denez, «modu xumean, baina elkarrekin» emanen duten parte bat ere prestatzen ari dira andaluziarrak eta euskal kantariak: Xendarineko Ahizpak, batetik, eta Idoia Tapia eta Mila Jaurrieta jota kantariak, bestetik.\n«Ene herriko musiketan atzematen dut berria edireten dugula, eta ustez berria den horretan, betikoa».\nMIXEL ETXEKOPAR Xiru festibaleko antolatzailea\nAntolatzaile haboro baditu Xiruk, baina Etxekopar da nahasketa horien hobendun nagusia, «txülüla batekin munduan zehar komunikatzeko xantza» duen artista. Hastapenean, Xiru Euskal Herriko zazpi probintzietako tresna zaharrekin abiatu zen, baina «kanpoko haizea sarraraziz baikorki kutsatzen» zela ohartu zen laster. Lehengoa eta oraingoa, tradizionala eta garaikidea, usu nahasten ditu Etxekoparrek: «Ene herriko musiketan atzematen dut berria edireten dugula, eta ustez berria den horretan, betikoa».\nBide bat dantzatua\nLarunbat eguerdi partean, Maulen, Plaza Gizon ostatuan, bide bat marraztuko da dantzaz. Kongoko dantzari profesional batek, Fiston Bidiefonok, bere ibilbidea dantza sorkuntza batera ekarriko du. Dantza ibilbide oparoa eta administrazioarekin elkartu zenekoa taularatuko ditu, eta hortik dituen trabak ere ikusgarrira ekarri.\nIragan aldian bezala, bestalde, Gotaine-Irabarneko lau guneren historia agerian ezarriko du Xiruk. Iaz Gotainen bezala, aurten Irabarnen lau guneren iragana argazkiekin ilustratuko dute; besteak beste, «espartingintzak presentzia handia ukan» duela oroitarazteko, Etxekoparrek argitu duenez. Eguna finitzeko, Gotaineko kirol gelan, Dantzabal taldea ariko da ostatuan.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000101", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Ez da merkatuaren esku utzi behar euskal zinemaren garapena»\nJoan den abenduan defendatu zuen Irigaraik doktore tesia Bilbon, EHUn. Ipar Euskal Herrian euskal zinemaren azken urteetako garapena eta politika publiko baten hastapenak aztertu ditu lanean.\nTesia defendatu berri du Graxi Irigaraik (Baigorri, 1990). Historian lizentziatua (2011) eta masterra politika kulturalen arloan eginik (2013), azken lau urteetan eramaniko ikerlanean hizkuntza gutxituak eta ikus-entzunezkoak jorratu ditu.\nZergatik hautatu zenuen zinema ikergai gisa?\nKasualitatea izan da. Ikasketak egin nituen kulturaren arloan lan egiteko. Masterraren ondotik, AEKn sartu nintzen klaseak emateko, eta 2018an nahi izan nuen kulturaren arlora berriz itzuli. Bere garaian, kultur elkarteetan sartu berria nintzen, eta ezagutza batzuk egin nituen. Gastibeltza ekoiztetxea sortu berri zuten, eta ni hasi nintzen arlo horretan lanean. Horrela hasi ziren lehen galderak azaleratzen.\nNola definitzen duzu euskal zinema terminoa?\nEuskal zinema terminoaz hainbat eztabaida izan dira. Funtsean, euskal zinema definitu daitekeelako zinemagilearen jatorria kontuan harturik eta, batez ere, ekoiztetxearen kokapena ikusiz. Argi nuen ideia hizkuntzari lotua izanen zela, euskaraz denari. Euskarazko ikus-entzunezkoetan ohar gaitezke aukera guti ditugula, nolabait hizkuntza hegemonikoek hartzen baitute leku handia. Euskaraz sortzen denari eta euskarazko edukian arreta jarri dut, euskal zinema izan daitekeelako, ene kasuan, Eugene Greenen Atarrabi eta Mikelats filma ere, nahiz eta filmaren egilea euskalduna ez izan, euskaraz delako edukia.\nZer garrantzi luke hizkuntza minorizatu batentzat zinema industria sendo bat ukaiteak?\nIkus-entzunezkoak eta zinemak ikaragarrizko lekua hartzen dute gure gizartean. Batez ere, irudiak. Biziki garrantzitsua da, batez ere hizkuntza gutitua delarik, esparru guzietan izatea. Gaur egun nolako kontsumoa den ikusirik, eta beti eta leku gehiago hartuko duenez, oraino garrantzi handiagoa hartzen du euskarazko zinema garatzeak. Lan hau erronka kultural gisa ere ikusi nuen. Hazkunde handiko arloan, gure hizkuntzan ekoizpenak ikusteko oztopoak eta garapenerako tresnak ere ikertzea izan baita ene eginkizuna.\nNolako sarea sortu da Ipar Euskal Herrian?\nSistema oso bat sortu da. La Fidele Production ekoiztetxea sortu zen lehenik, eta Gastibeltza Filmak ekoiztetxea 2018an. Ez da bat-batekoa izan; lanketa sakona izan da gibeletik. Kanaldude telebistak ere hitzarmena sinatu zuen Akitania Berriarekin. Ondorioz, dokumentalak eta fikzio laburrak ekoizteko gaitasuna lortu du. Bata bertzearen gibeletik, gauzak hobetzen joan dira, nolabait sektorea profesionalizatuz. Hala ere, momentuz biziki urrun gara Hego Euskal Herriko sormen eta ekoizpen gaitasunetik edota Bordeleko edota Parisko ekoizpenaz. Gauzak hobetu dira, baina ez da batere egoera egonkortua, ene ustez.\n«Presentzia handia du merkataritzak zineman. Banaketa eskubideak estatu bakoitzean negoziatzen dira»\nIpar Euskal Herrian nolako garapena ukan du euskarazko zinemak?\nIpar Euskal Herria filmaketa lurraldea izan da, gehienetan kanpoko film egileek eramaniko proiektuen bidez. Ez zen sekula sortu lekuan lekuko ekoizpenik, edo modu amateurrean noizbehinka, baina guti. Beste arazoa da Hego Euskal Herrian ekoitzitako filmak ez direla errazki heltzen Ipar Euskal Herriko pantailetara. Banaketaz gogoeta aunitz eramanak izan dira. Zinema aretoen eta Euskal Kultur Erakundearen artean [EKE] Gabarra proiektua sortu zen. Saiatzen ziren euskarazko film bat edo bi proposatzera. Gastibeltza Filmak sortu zelarik, banaketa lana eraman genuen. Hala ere, arazoa beti hor da. Irati filma adibide gisa harturik, Hego Euskal Herriko aretoetan arrakasta handia ukanik, oraindik ez da Ipar Euskal Herriko pantailetara heldu.\nNola azaldu daiteke banaketaren arazoa?\nBiziki komertziala da gaia. Presentzia handia du merkataritzak zineman. Banaketa eskubideak, nolabait, estatu bakoitzean negoziatzen dira. Irati- ren kasuan, Frantziako banatzaile bat xerkatzen da, zeinetan diru kopuru handia jokoan emana den. Ipar Euskal Herrian bakarrik nahi bagenu zabaldu, ez litzateke batere errentagarria. La Fidele Production ekoiztetxearen kasuan, koprodukzioak egiten ditu. Horrek bideak irekitzen ditu: Akelarre filma hartuko bagenu, La Fidele Production zein Bretainiako ekoiztetxe batek rol handia jokatu dute filmaren banaketan. Kasu horretan, lanketa bat eraman baitzen, Frantziako Estatuan banatzaile bat atzemateko.\nNolakoa da Hego Euskal Herriko zinemagintza?\nZaila da konparatzea. Ez dut maite konparazio egitea, ez baikara egoera eta lurralde beraz mintzo. Izan da egiazko politika bat zinemaren alde. Ez bakarrik sormena bultzatuz, industria ikuspegitik ere politikoki eragin da: ekoiztetxeak erakarri eta egonkortu dira. Horrez gain, EITB ere aktore garrantzitsua da, ontsalaz sistema hori guzia sostengatzeko.\nIkerketa-ekintza metodologia erabili duzu. Zertan datza?\nEsperimentazio lan bat eraman dut terrenoan. Helburua zen problematika bati aterabidea atzematea eta, esperimentazioaren bidez ikerketarako datuak ere sortzea. Gastibeltzarekin banaketa esperimentazio bat eraman dut hiru urtez, Hego Euskal Herrian ekoitzitako filmak Ipar Euskal Herriko zinemei proposatuz. Orotara, hamaika film banatu ditugu: dokumentalak eta fikzioak, besteak beste.\nZer aberastasun ekarri dizu landa lanak?\nBiziki aberasgarria izan da, teoriatik ateratzen zaituelako. Banaketaren kasuan, ikusi dut zer zen film baten eskubideak negoziatzea. Biziki argiki ikusi dut gauzak ez direla jendeak uste duen bezain erraz. Bakoitzak bere erronka ekonomikoak ditu: ekoizlea behartua da bere eskubideak saltzera nahi badu filma zabaldu eta ekoizten segitu. Ondorioz, horregatik zaila da Ipar Euskal Herriarentzat eskubideak negoziatzea. Zinema aretoekin negoziatu izan dudalarik, haien arazoekin ere topo egin nuen, banatzaile handien eskakizunei erantzun behar baitiete. Gainera, behar dute ekonomikoki bermatu sartze minimo bat izanen dela: film bakoitzarentzat behar izan dira konbentzitu.\nOrduan, zinemak ez du mugaz gaindiko politikarik?\nEuskal zinemaren kasuan, espero bada merkatutik jinen dela erantzuna, hots, berez erregulatuko dela sistema, ezinezkoa izanen litzateke. Honi aurre egiteko, politikoki beharko da eragin. Koprodukzioak bide interesgarriak irekitzen ditu aterabidea atzemateko. Nahi bada Ipar Euskal Herrian zinema garatu, bide biziki ona izan daiteke koprodukzioak garatzea. Ez dira merkatuaren esku utzi behar problematika horiek.\n«Urrunago joan behar dugu. Bide arruntetik ere filmak egitea posible bihurtzeko laguntza beharko da»\nEraman dituzun elkarrizketetan, zer problematika amankomun ateratzen dira?\nElkarrizketak ekoizle, teknikari, filmegile, zinema aretoen kudeatzaile eta mediatzaileekin egin ditut. Euskal filmen sortzean eta banaketan aurkitu dituzten arazoak eta Hego Euskal Herriarekiko harremana zein den ulertzea zen helburua. Ohartu naiz Ipar Euskal Herriak indarguneak dituela, Frantziako Estatuko zinema politikaren eraginez. Nola protekzionista izan den salbuespen kulturalaren harira, horren ondorioz ditugu hainbat zinema gela Ipar Euskal Herrian. Frantziako sistema ez bada baztertzailea paperean, eta filmegile berriei filmak egiteko aukera uzten badie ere, ez da inklusiboa. Oligopolio mugatu baten esku da. Era berean, biziki zentralista da eta ez du aniztasuna islatzen. Pantailetan biziki guti agertzen dira gutiengoak. Filmegileek etengabe behar dute haien hautu linguistikoa justifikatu. Oztopo glotofoboak badira.\nFrantziako Estatuko beste hizkuntza gutxituetan zinema ekoizten da?\nBretainian Brezhoweb webtelebista badute eta, beraz, ekoiztetxeak badira telebistarako, baina ez da zinemarik. Korsikan, ez dut lortu hainbeste informaziorik ukaiten, baina Korsikako deialdi publikoetan nabarmentzekoa da korsikeraz eginiko filmek diru kopuru gehigarria ukan dezaketela. Berriki, La Seria atera da okzitanieraz, France TVk ekoitzia. Azpimarratzeko berritasuna da.\nNola ikusten duzu euskal zinemaren etorkizuna Ipar Euskal Herrian?\nAldaketa garrantzitsuak eman dira: ekoiztetxe batzuk badira, Bizkarsoro atera berri da, Itziar Leemansek bere film laburra estreinatu berri du... Urrunago joan behar dugu. Bide arruntetik ere filmak egitea posible bihurtzeko laguntza beharko da. Azkenean, gaitasun gorakada handia izan dugu, eta ez dugu dinamika hori erretzen utzi behar.\nmotzean\nFilm bat? Brainwashed (Nina Menkes, 2022).\nAktore bat? Lea Campistron.\nFilmaketarako toki apropos bat ? Arrola mendia.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000102", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Euskal txirrindularitzak segituko du, baina lotuago izanen da formakuntzarekin»\nEuskal Herriko Itzuliak bi etapa izanen ditu Ipar Euskal Herrian. Larreren ustez, Iparraldean txirrindularitza berpiztu da azken urteetan, eta gazteen formakuntza zinezko erronka da.\nEuskal Herriko Itzulia Ipar Euskal Herritik pasatuko da heldu den astean, apirilaren 2an eta 3an: Irundik (Gipuzkoa) Kanbora lehenik, eta Ezpeletatik Altsasurako (Nafarroa) gero. 36 urte dira ez dela etaparik bukatu Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan; hamar urte, berriz, ez dela pasatu. Txirrindularitzan aditua da Ximun Larre kazetaria (1975, Baigorri), eta uste du txirrindularitza indarra berreskuratzen ari dela Iparraldean. Ttipitan telebistan Frantziako Tourra so egiten hasi, berehala zaletu, eta orain liburu bat ere badu idatzia Iparraldeko txirrindularitzaren historiari buruz, Francis Lafargue iaz zendu zen txirrindulariarekin batean.\nZer ezaugarri dituzte Ipar Euskal Herritik pasatuko diren Itzuliko bi etapek?\nIrundik Kanborako etapa ez da biziki zaila kirol ikuspegitik, ez da mendirik, ez leporik. Baina egia da Irisarri, Hazparne eta Baionatik pasatuz beti gora eta behera ibiliko direla. Euskal Herriko Itzuliko etapak ez dira ardura esprintean finitzen, etapa zailak baitira, baina hor, gerta daiteke. Normalki ihesaldi bat izanen da, eta nola antolatzen diren ikusi beharko da, baina ez litzateke harrigarria esprintean finitzea.\nEta ondoko etapa nolakoa izanen da?\nPixka bat zailagoa da, mendi gehiago baita. Otsondoko lepotik pasatuko dira, eta Altsasu aldean ere badira zailtasun batzuk. Baina Itzuliko zailtasun nagusia Eibarren izanen da, azken etapan, mendi gogorrak baitira.\n36 urteren ondotik, etapa bat Ipar Euskal Herrian bukatuko da: Kanbon. Nola ikusten duzu hori?\nAzken urteetan kritikatua izan da Ipar Euskal Herritik ez batere pasatzea. Antolatzaileak hasiak ziren erraten etorri nahi zutela, baina problema da hemengo hautetsiek ez dutela bizikleta ongi ezagutzen: Frantziako Tourrarekin kontent dira, baina ez doa baitezpada urrunago. Gogoan dut behin hautetsi bati esplikatu niola Euskal Herriko Itzulian munduko hoberenak direla, eta zinez estonatua zen. Bada ezezagutza pixka bat. Nire ustez, inportantea da hemengo jendeak ikus dezan badela lasterketa hori, giroa ere bai sentitzeko... Eta biziki inportantea izanen da ondoko urteei begira; uste dut jadanik hasiak direla aipatzen berriz ere etapa bat egitea Deba eta Kanboren artean... Agian.\nLehen pasatzen zen.\nHastapenean, 1924an, egiazko Euskal Herriko Itzulia zen, denetatik pasatzen zelako. Lehenbiziko urteetan Iparraldetik pasatzen zen, baina ez zen gelditzen. Gero, 1935ean, Baionan etapa bat izan zen: irabazlea gazte italiar bat izan zen, Gino Bartali, eta gerora bi aldiz irabazi zuen Frantziako Tourra.1936an, Espainiako Gerrarekin gelditu zuten. 1969an sortu zen berriz, eta kokatu zuten gehiago Hegoaldean. 1978an azkeneko aldiz etapa bat izan zen Iparraldean: Miarritzen. Antolatzaileek usaia txarrak hartu zituzten, segur dena da aiseria batean sartuak zirela eta absolutuki hori hautsi behar zela. Hala egin dute aurten, ehun urteen karietara, eta gauza ona da.\nItzulitik kanpo, zein da txirrindularitzaren historia Ipar Euskal Herrian? Liburu bat baduzu horretaz idatzia...\nBai, iaz argitaratu genuen, oroitarazteko Ipar Euskal Herrian ere badela afizioa. Euskal Herriko txirrindularitza aipatzean, beti Hego Euskal Herrikoa jiten zaigu gogora, baitakigu zer afizio den, zer giro sortzen duen. Iparraldean, jendeak ahantzia du, baina txirrindularitzak leku inportante bat izan du. Momentu batez peko errekan ziren txirrindularitza lehiaketak, eta sentitzen dut orain berriz abiatzen ari direla: taldeak sortu dira -besteak beste, Team Iparralde-, eta lan ederra egiten dute. Gauzak ilunago ikusten nituen duela hamar bat urte, baina orain berpiztu da, eta bizirik da, ez da desagertuko.\nTalde berriak aipatu dituzu, eta Team Iparralde bereziki. Zer da? Zer gogoeta izan zuen abiaburu talde horrek?\nMomentu batez, Iparraldean bi talde baizik ez ziren: Maule eta Baiona. Fite ikusi zuten ez bazuten zerbait elkarrekin egiten gazteekin, ba, fini zela. Beraz, biek elkarrekin talde bat sortu zuten junior mailan; geroztik Maule joan da, baina beste talde batzuk sartu dira. Afera da junior mailan bazela arazo bat, lehiaketak egiteko behar baitzuten Frantziara joan, urrun. Hor, taldearen filosofia da Hegoaldean egitea lehiaketak. Helburua da urtero gazte bat edo bi goi mailako talde amateurretara igortzea Hegoaldera. Badira hiruzpalau pasatu direnak; azkena, Kaiet Iribarne. Ni segur naiz ondoko bospasei urteetan profesional bat aterako dela hortik, eta hori biziki inportantea da. Baduzularik profesional bat herri batean, giro bat sortzen du, gazteei enbeia ematen die bizikleta egiteko, eta hori falta dugu. Hori da Team Iparralderen xedea, eta lan ederra egiten dute.\n«Baduzularik profesional bat herri batean, giro bat sortzen du, gazteei enbeia ematen die bizikleta egiteko, eta hori falta dugu. Hori da Team Iparralderen xedea, eta lan ederra egiten dute»\nUCI txirrindularitza profesionala kudeatzen duen egitura da. Luzaz, Euskaltel-Euskadi bazen hor, baina desagertu denetik ez da gehiago euskal talderik UCIn. Zergatik?\nEuskaltel 2013an desagertu zen ez zutelako aski diru goi mailako talde bat ukaiteko. Bizikleta luzaz Europa Zaharreko bospasei herrialderen esku zen, baina mundializazio bat gertatu zen, amerikanoak eta ingelesak sartu baitziren diru anitz ezarriz. Euskaltel bezalako talde batek nekez segitzen zuen mugimendu hori jadanik. Azken urteetan, gainera, bigarren globalizazio handi bat izan da, eta hori arrunt lotua da geopolitikarekin; orain sosa heldu da Golkoko herrialdeetatik. Eta Euskaltel bezalakoek ez dute aski dirurik segitu ahal izateko. Ez dut pentsatzen ikusiko dugunik lehengo Euskaltel berriz ere, ez baitute aski diru segitzeko talde handien mugimendu hori. Euskal txirrindularitza bigarren edo hirugarren mailako taldeekin egotera kondenatua da. Euskal txirrindularitzak segituko du, baina lotuago izanen da formakuntzarekin.\nErronka formakuntzan ikusten duzu, beraz.\nBai. Hegoaldean gauza batzuk aldatu dira arlo horretan. Zinez gai dira gazte batzuk formatzeko eta ateratzeko. Txirrindularitza piramide bat da: oinarrian, gehienak talde amateurrak dira, eta, gorago badira hiru talde profesional bigarren mailakoak. Baina oinarriak egiten du piramideak atxikitzen duela. Behar da borondate bat ere instituzioen partetik. Frantziako Tourra pasatzeko sekulako dirutza eman zuten, baina gero, talde amateurrak sustengatzeko ez da gauza bera. Eztabaida handia piztu zuen horrek iaz; lehiaketa batzuk ezeztatu behar izan zituzten ez zelako aski diru... Basque Country biziki ongi da, baina ez baduzu sostengatzen piramidearen oinarria... Konplikatua da.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000103", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Funtsezkoa da hizkuntza politika tokiko eragileekin eta herritarrekin eramatea»\nFilipe Aramendi auzapezarekin eta Pruden Sudupe hizkuntza politikarako hautetsi delegatuarekin, Urruñako marraztu duten euskara plana aurkeztu du herriko etxeak. Ione Josie euskara teknikariak eraman du planaren egituratze lana.\nEuskal Konfederazioan, Kontseiluan eta UEMArekin, hamabost urtez euskalgintzan ibili zen lanean Ione Josie (Donibane Lohizune, 1976). Gero, euskara teknikari bilakatu zen; lehenik, Errobiko garaiko herri elkargoan, eta ondotik, Euskal Hirigune Elkargo sortu berrian. Gaur egun, Urruñako Herriko Etxeko euskara teknikaria da, eta, esperientzia guzia metaturik bizkarreko zakuan, gaur egungo udal gehiengoarekin, buru Filipe Aramendi auzapeza eta Pruden Sudupe hizkuntza politikarako hautetsi delegatua direla, pikoan eman du aurkeztu berri duten ondoko bost urtetarako euskara plana.\nEuskara planaren aitzinsolasean oroitarazten duzue euskara eguneroko komunikazio hizkuntza dela euskaldunentzat eta, aldi berean, integratzailea. Inportantea zen printzipio batzuen argitzea?\nAtera behar dugu Europako hizkuntza zaharrenaren ikuspegi horretatik. Guk euskaraz bizi nahi dugu, euskara biziarazi nahi dugu; eguneroko hizkuntza bat da, eta nahi dugu hala izan dadin. Plazako hizkuntza da, eta eman behar diogu irudi hori. Integratzailea ere bada, zeren eta hizkuntza politika bat ez da bakarrik euskaldunentzako egina. Hitz egin behar dio euskara ikasten duenari, ausartzen ez den euskaldun zaharrari, euskaraz bizi nahi duenari, baita euskara ez dakienari ere, hark ere bere rola baitu hizkuntzaren berreskurapenean. Jende hori nahi dugu hurbilarazi, eta atera inposaketaren diskurtsotik. Hizkuntzak elkarbizitzarako gakoa izan behar du.\nOroitarazi duzue euskararen gaur egungo egoera politika baten ondorioa dela, eta ez naturala.\nBadakigu bilakaera zein izan den. Bizkarsoro bi aldiz ikusi dut, eta oso ongi agertzen da XX. mendeko egoera, baina aitzinagotik heldu den erabaki politikoa izan da; hala nola Gregoire apaizaren manifestua. Frantziako Estatuaren edo konderrien historian gureak bezalako hizkuntzak desagerrarazteko erabakiak izan dira. Ondorioa hor da: prestigioa galdu du, ez da transmititu, eta bigarren planoan egon da. Beharrik, 1980ko hamarkada baino pixka bat lehenago euskalgintza mobilizatu da. Azkenean, beti egiten da hizkuntza politika: euskararen alde egiten denean, baita euskararen aldeko erabakirik hartzen ez delarik ere, eta holakoetan kontra egiten du.\nGogoratu duzue, bestalde, Euskal Hirigune Elkargoak bozkatu norabideen barnean ari zaretela. Zergatik?\nBakarrik ezin dugu aritu. Urruñak baditu bere berezitasunak: biziki hedatua da, baditu sei auzo oso desberdinak -itsasaldekoak, mendialdekoak, mugaldekoak-, herritar mota desberdinak eta bizimolde desberdinak. Arras desberdina baita Zokoan edo Pausun bizitzea; Olhetan edo hiri barnean. Bi erakunde nagusi baditugu: Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Elkargoa. Biek hizkuntza politika bat definitua dute, eta guk bat egin behar dugu. Sinisten dut dinamika bakar batean aritzen ahal garela. Lurraldeko erronka hori aipatu dugu, baina, zabalago, Euskal Herrikoa ere bai. Azken urteetan, mugaz gaindiko harremanak erori dira arlo horretan. Gure erronka da harreman horiek berriz bultzatzea. Azkenean, hizkuntza bera eta bakarra dugu, eta herri egiten gaituena hizkuntza da.\n«Hizkuntza politikak hitz egin behar dio euskara ikasten duenari, ausartzen ez den euskaldun zaharrari, euskaraz bizi nahi duenari, baita euskara ez dakienari ere, hark ere bere rola baitu hizkuntzaren berreskurapenean».\nNola berriz bultzatu harreman horiek?\n2023an, jadanik, Udalbiltzako Geuretik Sortuak proiektuan sartu ginen auzoko herriekin: Bera eta Lesaka [Nafarroa]. 2024ko, Euskarabentura txiki baten proiektua dugu: mugaldeko gazteendako egonaldi ibiltari bat Oiartzun [Gipuzkoa}, Sara, Bera eta Lesakarekin. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko teknikariekin berriz harremanetan sartua naiz esperientzien trukatzeko.\nEuskara plana zutik ezartzeko urratsetan, frankotan aipatu duzue «kontzertazioak» izan duen lekua.\nAlde batetik, bada herriko etxeko talde honen hari nagusia demokrazia parte hartzailea dela. Bestetik, bi aldeak ikusi ditut: hamabost urtez euskalgintzan egon naiz -batzuetan, administrazioaren jarrera kritikatzen-, eta orain mirailaren beste aldean naiz, administrazioaren parte. Nahi izan dut konplizitatetik lan egin, hizkuntza politika bat ezin baita bakarrik eraman, berriz erranik. Funtsezkoa da tokiko eragileekin eta herritarrekin eramatea.\nNola egin duzue?\nHerriko etxeko zerbitzu guzietara joan naiz buruz buruko bilkuren egitera. Sinesten dut landako lanean; energia da, baina joan behar da jendearengana. Harriduraz hartu dut zer harrera ukan dudan: zenbat euskaldun baden eta zenbat proposamen igo diren. Denak sartu ditugu planean. Bestalde, tailer bat egin dugu hautetsiekin; inportantea zen, uler dezaten zer den hizkuntza politika bat. Plazara-rekin eraman dugu eta biziki emankorra izan da. Oposizioa ere gomit zen, euskara denena baita, herritar guziena; euskarak ez du kolore politikorik, eta hainbat hobe oposiziokoek bat egiten badute, nahiz ez diren denak etorri. Hirugarrena izan da eragileekiko lana. Galdetegi bat egin dugu, eta hortik diren atera beharrak bildu ditugu. Hurbilenak diren elkarteak ikusi ditugu, eta helburua da denengana joatea ekaina bitartean. Eta eskolekin badugu harreman aski erregularra.\nEuskara zerbitzuetan garatu, ikusgarri egin eta aldeko giro bat sortzea aipu duzue planean. Nola heldu horretara?\n2021ean Urruñako Herriko Etxeak, beste berrogeita hamar bat herrik bezala, Euskal Konfederazioak bultzatu tokiko kolektibitateen ituna izenpetu zuen. Gure asmoa ez da sinbolikoa gelditzea. Euskal Elkargoarekin ere badugu hitzarmena euskara zerbitzua sortzeko. EEPren hizkuntza politika, gure kasuan, gehiago hezkuntzari lotua da. 2023ko sartzean kasik zortziehun ikasle genituen, sei eskoletan eskolatuak eta %72k euskaraz ikasten dute -bi eskola murgiltzean dira-. Klase idekitzeak baino gehiago, gure erronka burasoen sentiberatzea da, haur horiek guziak eskolatik kanpo ere erabilerara pasatzeko. Hor dugu akats bat; ez dugu eskaintza handirik aisian.\nHelduen erabilerarako zer pentsatu duzue?\nAlde batetik, gure zerbitzuen eskaintzan lehentasunetan eman dugu herritarrenganako zerbitzuetan euskara garatzea, ahozkoan zein idatzian. Horretarako, gaur egun hamabost bat langile baditugu formakuntzan. Baina aise gehiagok galdegin dute. Ari gara aterabide bat xerkatzen beste langileei ere eskaintza bat proposatzeko. Diagnostikoa egin zelarik, langileen herenak galdegin zuen formakuntza [150 langile dira orotarat]. Zinez behar batetik heldu da galdea, agintaldi erdian gaudenez. Gero, badira eragile pribatuen erabilera espazioak. Hor dugu zailtasun nagusia, arlo pribatuan ez baitugu eskumen handirik. Sakonkiago landuko dugu gai hori.\n11.000 biztanle ditu Urruñak. Hein interesgarria da halako euskara plana esperimentatzeko?\nBai. Maila orotako herriekin lan egin izan dut. Beti aholkulari gisa aritu naiz orain arte, eta erraza da kanpotik plan bat egitea. Falta zitzaidan alde operazionala: aholkatzen nuena nola praktikan ezarri? 11.000 biztanlerekin Urruña herri gotorra da, soziologikoki herritar mota desberdinekin, baina, horrez gain, bada babes politiko osoa -herriko etxe honek zinez nahi du euskararen alde lan egin-, eta badira baliabideak. Esleitu zaio aitzinkontu bat euskarari, eta hori beste herri batzuetan ez da gertatu. Enetzat, aukera izan da hutsetik kasik abiatzeko, sortzeko eta esperimentatzeko, esperimentaziorako askatasun eta babes horrekin. Plangintza lehen epealdi batekoa da.\nZuhurki, baina urrats sendoz aitzinatzeko?\nErraten dugu ez dugula euskara bost urtez salbatuko. Beharbada bost urteren buruan lehen fruituak ikusiko ditugu. Hori ere ikasi dut: denbora behar dela. Segur aski, akatsak eginen dira eta berriz hartuko dugu zuzentzeko. Hori ere interesgarria da herri ertain horretan praktikara pasatzean.\n«Enetzat, aukera izan da hutsetik kasik abiatzeko, sortzeko eta esperimentatzeko, esperimentaziorako askatasun eta babes horrekin».\nNahi izan duzue herriko etxeko zerbitzu guzietan zeharkako politika izan dadin?\nZehar-lerrokotasuna garrantzitsua zaigu. Barnean, zerbitzu guziek integratu behar dute hizkuntza politika. Ez naiz ari bakarrik. Komunikazioko lankideek zaintzen dute edozein euskarri beti ele bitan ateratzea. Eskakizun bat bakarrik frantsesez baldin bada, berehala abisatzen dute. Baditut beste zerbitzuetako nire zaindariak, eta proiektuak ere beste zerbitzuekin betan sortzen ditugu.\nLehen helmuga 2028ra artekoa jarri diozue planari. Engaiamendua ez dadin agintaldi honetako gobernantzarekin geldi?\nHori da. Hizkuntza politika batek behar ditu plangintza bat, erabaki bat, baliabideak eta epeak. Usu egin dira eperik gabeko politikak, eta hortik ikasi da. Epe ertain baterako begirada inportantea zen. Lauzpabost urtekoa jarri dugu, preseski deslotzeko agintaldi honetatik, hizkuntza politikak behar duelako epe luzeagoa. Ez da gelditzen hauteskundeekin.\nHorri loturik da urrats bakoitza jarraitzeko betekizuna.\nHorretarako badugu gehiengo eta oposizioko hautetsiz osatu misio talde bat. Ber denboran neurgailuak finkatzen ditugu. Neurgailu horiek findu nahi ditut aurten. Helburuak izan behar dira beti neurgarriak eta lorgarriak. Amestu behar da euskara, baina neurtu ere bai zertan garen.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000104", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Bi etxeren salmentak ardatz harturik, espekulazioa salatu dute Arberoan\nBi etxe salmenta salatzeko, Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak laurogei bat pertsona bildu zituen Hazparneko Puyo etxe agentziaren aitzinean iragan larunbatean: Donoztiriko Larrearena batetik, eta Aiherrako Etxexuriarena bestetik. Iaz protestak egin zituzten bi etxeen salmentak salatzeko: lehena 1.300.000 euroan ezarri zuten salgai; bigarrena, 1.600.000 euroan. Aiherrako etxearen salmenta kudeatzen duen Puyo etxe agentziaren aitzinean bildu ziren bigarren aldiz, kolektiboak deiturik.\n[articles:2125513]\nKolektiboak protesta egin zuen Donoztirin iragan urteko maiatzean, Larrea etxearen «salmenta espekulatzailea salatzeko». Urte hastapen honetan jakin zuten Kaliforniako (AEB) erosle potentzial bat ukan zezakeela etxeak, eta harekin harremanetan sartu ziren: gutun bidez lehenik, telefonoz gero, ELB eta Lurzaindiaren laguntzarekin. Kolektiboko Xabi Thikoiperen erranetan, «giro lasaian bere erabakia aldatzeko» eskatu zioten eroslegaiari, egungo «etxebizitzaren krisia» aipatuz, besteak beste. Ustez, kausitu zuten, aste batzuk berantago Larrea berriz salgai ezarria izan baitzen, 999.000 euroan, eroslegaia erretiratu zelako. «Horrek poztu gintuen, pentsatu baikenuen gure urratsek fruitu ekarri zutela», adierazi zuen Thikoipek iragan asteko agerraldian.\nErosle bera bietan\nHaatik, iragan apirilean ohartu ziren Kaliforniako pertsona berak Aiherrako Etxexuria erosteko nahia agertu zuela; etxe hori 250.000 euroan erosia izan zen 2017an, eta 2023an 1.600.000 euroan salgai agertu, artean obra batzuk eginik eta «laborantzako funtzioa galdurik», kolektiboak salatu duenez. Iragan abenduan, salmenta hori salatzeko Etxexurian protesta egin zuten, eta joan den urtarrilean, berriz, salmenta kudeatzen duen Puyo etxe agentziaren aitzinean. «Laurogei pertsona modu baketsuan agentzian sartu ziren, hango arduradunei gure aldarrikapenak eta arrangurak azaldu zizkieten, ohartuz ez direla gure ber munduan bizi», erran zuen Thikoipek, kolektiboaren izenean.\n1,6\nZenbat milioi euroan den salgai Etxexuria. Aiherrako Etxexuria 1.600.000 euroan salgai ezarri dute jabeek. 2017an, 250.000 euroan erosi zuten. Arberoako Lurra eta Etxebizitza kolektiboak salmenta prezio espekulatiboa dela gaitzetsi du.\nMobilizazio horren ondorioz, bi pertsona deituak izan ziren Jendarmeriara, agentziak salaketa ezarri zuelako. Arrazoia umorez argitu zuten kolektiboko kideek iragan larunbatean: agentzian sartu ziren egunean, aire girotuko sistemaren kontrolagailua desagertu zen. Hedexuriek «inkesta handia» abiatu zutelakoan kontrolagailua atzemateko, bi pertsona deitu zituzten; horietarik bat, Arño Gaztanbide Aiherrako auzapeza. Piko bat baino gehiago izan ziren inkestaren inguruan. «Gure herria saltzen segitu nahi luke, sobera izerditu gabe», zioten salaketa ezarri zuenari buruz, aire girotuari erreferentzia eginez.\nUmoretik salaketara pasatu zen kolektiboko kidea agiria irakurtzean, haien «uzkurtzeko» metodoak salatuz: «Ez dugu onartzen rolen alderantziz ezartzeko entsegu hori: agenteak, saltzaile espekulatzaileak eta erosle dirudunak ez dira biktimak, gaur egun bizi dugun etxebizitza eta lur krisiaren hobendunak baizik». Bi etxe salmenta horien adibidetik harago, kolektiboak argi du «beste salmenta batzuk, aise merkeago izanik ere, espekulazio kasuak» direla. Bat egin zuten Marieneko proiektua geldiarazteko Kanbora joateko deialdiarekin.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000105", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Euskara lagundu, ongi janez\nErrigora proiektuaren bidez, Nafarroko elikagaiak manatzen ahal dira martxoaren 13ra arte, eta banaketa maiatzean eginen dute Ipar Euskal Herrian. Etekinekin Nafarroako euskalgintzako elkarteak laguntzen dituzte.\nHarri batez bi txori: euskara sustatzea eta elikadura burujabetza. Horiek dira Errigora egitasmoaren helburuak. Oliba olioa, barazki kontserbak, arnoa, lekaleak, irrisa eta pastak manatzen ahal dira, eta bakoitzak nahi duen bezala osatzen ahal du bere zarea. Udaberriko kanpaina hasia dute, eta manatzea posible izanen da martxoaren 13ra arte. Banaketa, gero, maiatza hastapenean eginen dute Ipar Euskal Herrian, partaide diren 25 guneetan.\nErrigorako mozkin guziak Nafarroako 23 laborarirenak dira, eta laguntzaile sare handi bati esker Euskal Herri osoan banatzen dituzte elikagaiak. Irabaziekin, Nafarroa hegoaldeko euskalgintza laguntzen dute: ikastolak, AEK, Sortzen sare publikoko irakasle eta guraso euskaltzaleen elkartea, eta Agerraldia euskaltzaleen sarea.\n«Errigoran partaide diren laborariak euskararekiko konpromiso bat hartzen dute. Segurtatzen dugu euskara plan bat martxan ezarri duela produktua ekoiztu duen ekoiztetxeak».\nXANTI KIROGA Errigorako langilea\nXanti Kiroga Errigorako langileak esplikatu du «euskararen aldeko tresna» izan nahi duela elkarteak, euskararen ezagutza apala den lurraldeetan sustut. «Errigoran partaide diren laborariek euskararekiko konpromiso bat hartzen dute. Segurtatzen dugu euskara plan bat martxan ezarri duela produktua ekoiztu duen ekoiztetxeak». Aldi berean, mozkinak manera arduratsuan ekoizten dituzten laborariak laguntzen dituzte, «espekulaziorik gabeko prezioekin», ez baita ekoizlearen eta kontsumitzailearen arteko bitartekaririk.\nIparraldean, gora\nIpar Euskal Herrian ere laguntzaile sare bat bada, eta horien artean da Bernadette Berra azkaindarra. Harendako, auzolanak egiten du Errigora: «Helburu nagusia euskara laguntzea da, laborariak prezio duin batean ordainduz, ekoizpen baldintzak kontuan hartuz eta segurtatuz jendearen errespetuan egiten direla gauzak. Hori guzia auzolanean egiten da, elkar lagunduz. Boluntario anitz ibilki gara inguruan». Berrak Seaskaren bitartez ezagutu zuen Errigora duela zenbait urte, eta, ordutik, Ipar Euskal Herrian proiektua garatzen ikusi du. «Pixkaka-pixkaka banaketa tokien kopurua handitu da. Eta gero eta gehiago dira parte hartzaileak. Jendeak behin hartu duelarik, errepikatzen du, produktu onak direlako. Batak bertzeari aipatuz, gero, sarea handitzen ari da».\n«Pixkaka-pixkaka banaketa tokien kopurua handitu da. Eta gero eta gehiago dira parte hartzaileak. Jendeak behin hartu duelarik, errepikatzen du, produktu onak direlako. Batak bertzeari aipatuz, gero, sarea handitzen ari da».\nBERNADETTE BERRA Errigorako laguntzailea\nKirogak erran du Ipar Euskal Herrian Errigorak duen harreraz biziki kontent direla, azken urteetan urtero emendatu baita manatze kopurua. Hasieratik, tokiko eragileekin partaidetzan aritu dira: ELBrekin eta Seaskarekin, batez ere, eta, berantago, Iparraldeko AEK ere sartu zen proiektuan, baita herri elkarte anitz ere. Elkarlan horri esker, 25 banaketa gune ere izan zituzten iaz.\nOrotara, 767 olio bidoi, 987 kontserba lote, eta 214 irrisa eta pasta lote saldu zituzten 2023an Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Hiru urtez, manatze kopurua doblatu da, eta Kirogak uste du oraino emendatzen ahal dela. 2020 eta 2021 artean izan zen emendatzerik handiena: %37koa. 2022an, %14 emendatu zen, eta, iaz, %7. «Sekulako igoera izan dugu Ipar Euskal Herrian, eta hazten segitu nahiko genuke. Ikusten dugu BAM [Baiona, Angelu, Miarritze] eremuan garatzeko aukerak badirela, eta hor banaketa gune gehiago lortzen ahal genituzkeela».\nManatzeko, Interneten\nMartxoaren 14ra arte posible da Ipar Euskal Herriko herritarrentzat saskiak manatzea. Horretarako, Errigora.eus webgunera sartu behar da, eta bakoitzak nahi dituen mozkinak hautatzea aski da. Ondotik, etxetik hurbilen den banaketa lekua zehaztu behar da, eta banaketa egunean bila joan. Berrak zehaztu du «hobe» dela webgunean berean pagatzea, Interneten bidez, eta 150 eurotik gorako otarreentzat posible dela bi alditan pagatzea. Maiatzaren 2an izanen da banaketa Zuberoan eta Nafarroa Beherean, eta, maiatzaren 3an Lapurdin.\nBanaketa leku bilakatu nahi duten elkarte edo eragileentzat, egokiena laguntzaileekin harremanetan sartzea da, Kirogaren hitzetan. «Lekuko laguntzaile sare bat prest baldin badago banaketa lekua kudeatzeko, ez dago arazorik».", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000106", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Eskolako Historia liburu bat atera du Ikas-ek, Euskal Herritik ikusirik\nMaite Urmeneta Historia-Geografia irakasleak XIX. mendeko Historia liburua argitaratu du Ikas Euskal Pedagogia Zerbitzuarekin. Kolegioko laugarren mailako ikasleen programarako pentsatua da, eta Euskal Herriko erreferentziekin egina. Horrez gain, ustiapen pedagogikorako tresna bat baino gehiago pikoan eman dituzte irakasleentzat.\n«Frustrazio luze baten ondorioa» izan dela salatu du Maite Urmenetak. Frantziako Hezkuntza Ministerioak ditu programak finkatzen. Azkenean, Historia, Frantziako Estatuaren ikuspegitik ekarria zaie ikasleei irudimenean. Urmenetak erabaki zuen lanari lotzea, Euskal Herriko ikuspegira ekartzeko. «Ohartu naiz nehork ez zuela eginen; guhaurrek egin behar genuela». Urteetako buruhaustea zuen, gainera: «Nola uztartu programa ofiziala eta gure Historia?». Lortu du, eta Frantziako Hezkuntza Ministerioko ordezkariak ontzat eman du. «Ikuskariak prezatu du, eta begi onez ikusi. Hemendik goiti, ikusiko».\nMendeari lotuak zaizkion Euskal Herri guziko elementuak sartu ditu, horra arte Ipar Euskal Herriko ikasleei erakusten ez zitzaizkienak: «Eman dezagun, XIX. mendean, karlistaldiak; hemen ez dira ikasten».\nIndustria, nazionalismoa\nIndustrializazioaren garapen mendea da XIX.a. Euskal Herriak ere ezagutu du, nahiz desberdintasun handiak izan Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren artean. Halere, Hazparneko eta Mauleko zapatagintza, Baionako olak eta Bizkaiko meatzegintza elkartu ditu liburuan Urmenetak. «Bistan da Iparraldeak ez duela Europa mailako eta Bilboko industrializazio maila ukan, baina, halere, Hazparneko zapatagintza biziki inportantea izan da hemengo».\nOrduko beste errealitate bat aipatzen da liburuan, adin bertsuko ikasleentzat gogoetagai izan daitekeena: haurren lana. Hor ere, Euskal Herriko irudiak bildu ditu. «Betidanik banuen irudi klasikoa, liburuetan agertzen dena: Ingalaterrako eta Eskoziako haurrak ehungintzan lanean ari, ortutsik». Euskal Herriko irudiak xerkatzean, laster ohartu da ez zela hain urrun joaterik, Zuberoan eta Bilbon ere bazirela argazkiak. «Ohartu naiz aski errazki idealizatzen dugula norberak bere Historia. Badira errealitate gordina erakusten duten puntu batzuk». Gainera, Frantziako Hezkuntza Ministerioak behartu programetarik irudimena handik ekarria da liburuetara. Euskal Herriko irudimen bat ekarriz, gaia ez du «erakargarriago» baizik egiten. «Ez da batere gauza bera; bestenaz iruditzen zaigu dena biziki urrun gertatu dela».\nXIX. mende erditsuan gizarte oldartzeak gertatu ziren Europan gaindi. Karlistaldiei buruzko atala sartu du liburuan egileak, Euskal Herria ez baitzen oldarraldi horietarik aparte bizi. «Nihaur ohartu naiz zentzua zuela Frantziako Iraultzatik landa aipatzea. Frantziako Iraultzak Frantziako Historian leku anitz hartzen du, eta, azkenean, horren segida da; ez da, esplikatu ziguten bezala, errege ondorengoan kalapita bat. Europako mugimendu orokorrago batean sartzen da», ondorioztatu du Urmenetak.\nKapitulu berean, Agosti Xahoren eta Sabino Arana Goiriren figurak ekarri ditu; Europa zeharkatu zuten nazionalismoen inguruko gogoeten seinale. «Gaurko nazionalismoa eta egoerak ulertzeko horraino joan behar da; ikusteko noiz galdu ditugun gure antolaketa propioak, eta noiztik hasi ziren horien aldarrikatzen».\nEuropatik kanpoko inperioen kolonizazioak ere aipagaietan dira. Irakasleen arabera, ezberdina izan daiteke aipua. «Gehiago sartu naiz konkistan eta horren ondorioetan», esplikatu du Maite Urmenetak. Gaur egungo itxuratze batzuk baliatzeko parada izan zaio liburua, gainera, «jakin-mina pizteko». Jean-Louis Davantek idatzi eta berriki eman den Abdelkader pastoralaren azala jarri du kolonizazioaren ilustrazioetan. «Historia ondarearen balorizatzea ere bada, eta saiatu naiz ahal den guzietan lotura egitea aktualitatearekin, kultur eragileekin; interesa pizten ahal duen kasu guztiekin». Ber gisan egin du euskararen debekatzea aipatzeko atalean, Josu Martinezen Anti film laburreko irudi bat txertatuz. «Gure ikasleek halakoak ikusten dituztelako».\nLiburua ezagutarazi\nOrain, bigarren mailako Historia-Geografia irakasleei ezagutarazi behar die liburua Ikas-ek. Urmenetak ez du baztertzen formakuntza edo aurkezpen egun bat egitea erakusteko. Azpimarratu du berrikuntza bat dela liburuarekin proposatuak diren euskarriena. «Liburua paperean edo formatu digitalean badute, eta horrekin ustiapen pedagogikoa, gehi bideo batzuk, irudi bankua. Gaur egun, irakasle batentzat frantses munduan diren erraztasun horiek guziak Historian ez ziren orain arte, euskaraz».\nEz dira horretan gelditzekoak Urmeneta eta Ikas, XIX. mendearen ondotik, XX. mendeari lotuko baitzaizkio urte hondar honetarik goiti. «Abentura handia izan da, eta pentsatzen du fiteago joanen dela aldi honetan».\nLiburuaren aurkitegia\nEuropa eta Industria Aroa. Industriaren hastapenak; garraioen iraultza; kapitalismoa; ideologia berriak; emigrazioa; ingurumenaren suntsiketa hasten; industrializazioa Euskal Herrian.\n1848ko udaberria. Herrien udaberria; Frantziako II. Errepublika; karlistaldiak; Xaho eta Arana.\nKolonizazioa. Mundua Europaren mende; kolonien konkista; gizarte kolonialak; esplorazio zientifiko eta kulturalak.\nFrantziako III. Errepublika. Hasiera zailak eta Parisko Komuna; nazio laikoaren eraikuntza; Euskararen debekua; emazteen eskubideen aldeko borroka; Dreyfus afera.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000107", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Igandean, Korrikaren besta Baionan\nMartxoaren 14an abiaturik eta 2.000 kilometroz goiti kurriturik, igandean Baionan ukanen du helmuga 23. Korrikak. Kari horretara, egun osoko besta handia prestatu dute, kontzertuak eta beste, hiriko zenbait gunetan. Korrikak 12:30erako ailegatu behar luke helmugara, Askatasunaren plazara, eta orduan plazaratuko da lekukoak garraiatu duen mezua, egileak irakurriko baitu.\nKORRIKA LApurdin, etzi\nGoizean hasirik eta gauera arte, animazio anitz izanen dira Baionako karriketan gaindi. Eguerdian, Euskal Herriko Laborantza Ganberak prestaturiko zikiroa izanen da Xaho plazan, 25 euroan; lekuak Korrikaren webgunean eros daitezke. AEK-ko arduradunek, ahal den heinean, garraio publikoa baliatzeko aholkatu dute.\nHendaiatik Baionara doan Txik Txak sareko 3. linea oren erdian behin ibiliko da, eta Baiona hiriguneko T1 eta T2 linea nagusiak indartu eginen dituzte. Autoz iritsiko direnentzat, Ametzondo merkataritza guneko aparkalekua irekia izanen da egun osoan, dohainik. Handik besta gunera joateko eta itzultzeko, autobusak izanen dira egun osoan hamabost minutuan behin, gauerdira arte. Joan-jina 2,40 euroan izanen da bidaiari bakoitzeko; 6,20 euroan bost laguneko taldeentzat.\nEraso sexista, arrazista eta homofoboen kontrako protokoloa ere plantan ezarri dute, erasorik gabeko gune bat sortzeko xedez. Prebentzio lana ziurtatuko du protokoloak, eta, erasorik gertatuko balitz, horiei erantzutea.\nAzken kilometroak baionan\n12:07: San Leon biribilgunea: Gure Esku-k hartuko du lekukoa.\n12:09: Paulmy etorbidea: Etxerat, Bake Bidea.\n12:11: Euskaldunen plaza: Errigora.\n12:13: Suprefetura: alderdi politikoak.\n12:15: Zubi gorrira igotzeko bidea: sindikatuak.\n12:17: Henri Grenet zubia: UEMA, Udalbiltza.\n12:18: Autobus geltokia: Hekimen.\n12:21: Lesseps kaia: hezkuntza eragileak.\n12:23: Didam aitzina: Azterketak Euskaraz.\n12:25: Errepublika plaza: Euskal Konfederazioa, Kontseilua.\n12:27: San Izpiritu zubia: AEK.\n12:30: Askatasunaren plaza. Bukaera ekitaldia.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000108", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Herri guztietara eramaten ditugu besteen kontakizunak»\nAbokatua ofizioz, Rouget Ipar Euskal Herriko teknikari gisa sartu zen Udalbiltzan 2021ean. Orain, lan ardatz berriekin ari da instituzio hori, eta hango zuzendaria da Rouget.\nIragan asteburuan Udalbiltzak batzar orokorra egin zuen. Lehen, pertsona berak lehendakari eta zuzendari karguak bazituen, baina iragan ekainetik Clara Rouget (Lilles, Frantzia, 1983) da zuzendari berria, eta Haritz Alberdi Arrillaga Getariako (Gipuzkoa) auzapeza lehendakaria. Rouget abokatua izan zen Donibane Lohizunen; bereziki, euskal presoen auzietan. Hirugarren haurra ukaitearekin, eta pandemiaren testuinguruan, lana uztea deliberatu zuen. 2021ean Udalbiltzan sartu zen, Ipar Euskal Herriko teknikari gisa, eta iragan ekainaz geroztik zuzendari nazionala da.\nAbokatu lanak lotura badu Udalbiltzako lanarekin?\nBerez, bai. Zuzenbide desberdina da zuzenbide publikoa. Nahiz eta batzuetan lotura aski ttipia izan, badu, halere, eta laguntzen du; nik, berez, ikasketak zuzenbide publikora bideratu nituen. Penala erdipurdikoa da, ez da ez pribatua, ez publikoa. Baina zuzenbide penitentziarioa bai da publikoa, eta lotura hori edukitzea interesatzen zitzaidan. Egia da anitz ez dudala egin, baina beti zerbait. Xerkatzen zuten profil juridikoa zuen norbait, eta horrekin kolatzen zuen.\nEstatu bakoitzak jurisdikzio desberdina du.\nNi, berez, Frantziako Estatuan ari nintzen. Europako Batasuna dela eta, hainbat estatutan aritzen ahal zara; hala ere, Espainiako Estatuan sekula ez naiz aritu, eta bi zuzenbide arrunt desberdinak dira: funtzionamendu eta logika arrunt desberdinak dituzte. Nire lanaren bidez ezagutu izan ditut gauza batzuk eta egiten ahalko litzateke, baina formakuntza handia eskatuko luke, bereziki Frantziako Estatutik Espainiakora joateak abokatu gisa. Oraindik oztopo administratiboak badira, gainera.\n«Udalbiltza 1999an sortu zen, testuinguru politiko biziki berezi batean, Lizarra-Garazirekin eta EAJrekin batera».\nUdalbiltzako zuzendari gisa jurisdikzio batetik bestera pasatzen jakin behar da?\nZuzendari gisa ez ditut nik egiten ikerketa juridikoak. Horretarako badugu idazkari kontu hartzailea: pertsona zentrala da, Euskal Herriko herriko etxeetan ere baden figura, Udalbiltzan ere badena. Nik zuzenbidea ikasi dudanez, gauza batzuk fite ulertzen ditut, baina gauza anitz ez ditut kontrolatzen. Figura honek laguntzen nau Hego Euskal Herriaz gauzak ikasten, nik laguntzen dudan bezala Ipar Euskal Herriaz gauzak ulertzen.\nUdalbiltzari nola eragiten dio lurralde berean hiru entitate izateak?\nErrealitateak, aurrekontuak, funtzionatzeko moldeak, eskumenak desberdinak dira. Proiektu bat garatu nahi baduzu hiru entitateen artean, bortxaz, badituzu oztopo legalak, eta ikusi behar duzu zer den posible eta zer ez. Egunerokotasunean oztopo bat da, zalantzarik gabe.\nZertan da Udalbiltza orain?\nUdalbiltza 1999an sortu zen, testuinguru politiko biziki berezi batean, Lizarra-Garazirekin eta EAJrekin batera, eta aurten 25 urte beteko ditu. Zatiketa izan zen, ilegalizazioak, espetxeratzeak, auziak. Udalbiltzak EHNA [Euskal Herriko Nortasun Agiria] egiten zuen; hortik heldu gara. 2011n absoluzioa izan zelarik, gogoeta bat hasi zen, 2017an sakondu zena. Udalbiltza norabide berri bat marrazten ari da, eta hortik doa Geuretik Sortuak asmoa. 2019an ikusi genuena 2020an Ipar Euskal Herriko herri bozetan eta 2023an Hego Euskal Herrikoetan baieztatu eta indartu zen: proiektu eraldatzaile eta berritzaileak bultzatzen dituzten herriko etxeak geroz eta gehiago dira. Behar tekniko eta juridikoa bada proiektuak garatzeko momentuan, eta gero proiektu horiek herritik Euskal Herri mailara nola eramaten ditugun ikusi behar da. Hor bada behar bat, gabezia bat, hutsune bat, eta Udalbiltza tresna ona izan daiteke hori egiteko. Hausnarketa hori partekatu dugu gure partzuergo kideekin, eta ikusi dugu beharra badela. Udalbiltza prestatu dugu erronka horiei aurre egiteko.\n«Memoria duen herri bat eraiki nahi dugu; jasangarria, zaintzailea, hezitzailea, euskalduna eta plurala».\nIragan asteburuan batzar orokorra egin zenuten. Zein da atera den lan ardatz nagusia?\nMemoria duen herri bat eraiki nahi dugu; jasangarria, zaintzailea, hezitzailea, euskalduna eta plurala. Herri hori eraikitzeko ikusi behar dugu nola egiten dugun, bai herrietan eta bai Euskal Herrian. Guti gorabehera hori da: herrietan behar duten laguntza teknikoa eta juridikoa jorratzea, eta funtzionatzen duten proiektuak Euskal Herri mailara eramatea, errealitate desberdinak eta oztopo legal desberdinak izanik.\nMugak oraindik pisu handia duela sentitzen duzu?\nBai, mugak oraindik hor dira buruetan eta fisikoki. Horregatik bultzatu eta indartu behar ditugu halako proiektuak. Geuretik Sortuak egitasmoarekin sortzaileak bidaltzen ditugu herrietara. Mugak badira Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren artean, baina Nafarroaren puntan den herri bat gutik ezagutzen dugu. Herri guztietara eramaten ditugu besteen kontakizunak, eta horrek beharbada lagunduko du, herritarrengan ere, pixkanaka-pixkanaka mugak desagerrarazten. Baina lana bada, mugak oraindik hor dira.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000109", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Lapurdiko, Nafarroako eta Gipuzkoako haurrak saretzeko udalekua eginen dute\nEuskara izanen du ardatz Mugalde udalekuak, eta uztailean eginen dute lehen aldiz. Bortzirietako (Nafarroa), Oiartzungo (Gipuzkoa), Sarako eta Urruñako gazteen arteko topaketa izanen da, eta xedea da elkarren arteko harremanak ehundu ditzaten. Uztailaren 15etik 20ra eginen dute egonaldia, Oiartzundik Urruñara, eta 2009an eta 2010ean sortutako gaztetxoentzat izanen da. Gaur da izena emateko azken epea: orotara, berrogei gaztetxok parte hartzen ahalko dute. Antolatzaileek zehaztu dute posible dela izena binaka ematea, lagun batekin egin ahal izateko egonaldia. Izen emate gehiegi baldin badituzte, zozketa eginen dute.\nOiartzungo Ttur Ttur elkarte euskaltzalea izan da proiektuaren abiapuntuan, eta partaide izanen diren herriko etxeekin lankidetzan ondu dute proiektua. Ttur Tturreko kide Aitzol Perez de San Romanek azaldu du Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean «harremanak sendotu» beharra ikusi zutela. Oiartzungo Herriko Etxearekin egin zuten bilkura batean udalekuen ideia atera zen, eta proiektua garatzen ibili dira azken hilabeteetan.\n«Herriko haurren %70ek euskararekin harremana badute eskolan, baina garrantzitsua eta logikoa iruditzen zaigu euskaraz pasatzen duten denbora luzatzea, eta denbora hori ludikoa izatea».\nIONE JOSIE Urruñako euskara teknikaria\nIone Josie Urruñako Herriko Etxeko euskara teknikariak esplikatu du gisa horretako proiektuek bat egiten dutela herriko etxeak diseinatu duen euskara planarekin. «Transmisioaren alorra biziki inportantea da. Herriko haurren %70ek euskararekin harremana badute eskolan, baina garrantzitsua eta logikoa iruditzen zaigu euskaraz pasatzen duten denbora luzatzea, eta denbora hori ludikoa izatea».\nMuga gainetik\nJosierentzat bezala, Perez de San Romanentzat beharrezkoa da gazteek euskararekin duten harremana eskolatik kanpokoa ere izatea: «Helburu desberdinak ditu Mugaldeko udalekuak, baina horietako bat da gazteen arteko sare bat sortzea, euskaraz eraiki ditzaten harremanak, aisialdiaren bitartez». Harri batez bi txori, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko «distantzia ttipitzeko» balioko duela espero dute antolatzaileek. «Hurbil izan arren, batzuetan elkarrengandik urrun sentitzen gara, eta are agerikoagoa da belaunaldi berriekin». Uste du geroz eta harreman gutxiago dituztela Hego eta Ipar Euskal Herriko gazteek, eta «kezka» hori konpontzeko bideak atzeman behar direlakoan da.\nProiektua gauzatzeko, Ttur Ttur elkartea Oiartzungo Udalaren bitartez, Sarako eta Urruñako herriko etxeekin eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatearekin harremanetan ezarri zen. Gero, herriko etxe bakoitzak bere gain hartu du antolaketa, eta, Perez de San Romanen arabera, «elkarlan polita» izan da.\nUdaleku ibiltaria izanen da: Oiartzundik Lesakara joanen dira lehen egunean; ondotik, Berara, Sarara, eta, azkenik, Urruñara. Herri bakoitzaren esku izan da gazteek bertan pasatuko duten eguna eta gaua antolatzea. «Urruñan, Ibardingo lepoaren inguruko historiari buruzko tailer bat eginen dute gaztetxoek, jokoen bidez, Ioritz Larraza Urruñako historialariarekin. Mitologia eta natura ere landuko dituzte», esplikatu du Josiek. Euskaraz aritzeko parada izateaz gain, bizi diren ingurumena ezagutarazteko parada eman nahi die gazteei Mugalde udalekuak.\n«Lehenengo aldia izanen da, eta buruan dugu zerbait xumea egitea. Halere, errepikatzeko gogoz gaude, eta ikusi beharko da zer-nolako segida ematen diogun proiektuari».\nAITZOL PEREZ DE SAN ROMAN Oiartzungo Ttur Ttur elkarteko kidea\nLehen aldia izanen bada ere, jadanik gerora begira berriz egiteko xedea dutela erran du Perez de San Romanek: «Lehenengo aldia izanen da, eta buruan dugu zerbait xumea egitea. Halere, errepikatzeko gogoz gaude, eta ikusi beharko da zer-nolako segida ematen diogun proiektuari». Mugalde udalekuaz gain, Urruñako Herriko Etxeak euskararen presentzia aisialdian garatzeko plana abiatu du. Josiek azaldu duenez, Urruñako aisialdi zentroan euskarazko sail bat osatu dute, eta esperimentazioa zabaltzeko asmoa badute. «Euskarazko aisialdia garatzeko indar handiak egin behar dira, hori baita erronka nagusietariko bat».", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000110", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Ama esnearen emaitza, goizegi sortu ninientzat hil ala bizikoa\nAma esnearen erreserbak apal dira, eta goizegi sortu diren ninientzako kaltegarria da esne industriala goizegi hartzea. Baionako ospitaleko neonatologian, egoera nahiko ona izanik ere, eskasia sentitzen hasi dira.\nEzagunagoa da odol emaitza, baina ama esnearen emaitza ere egiten da. Beren niniarendako esne aski, eta soberakina ematea deliberatzen ahal dute bularra ematen duten amek. Ama esnea, gero, goizegi sortu diren niniei ematen zaie ospitalean, ez baitute esne industrialik edaten ahal, beren digestio sistema ez baita aski garatua. Hala, baitezpadakoa da nini horientzat ama esnea edatea. Batzuetan, ordea, beren amek ezin dute edo ez dute nahi bularrik eman; kasu horretan da beharrezkoa beste ama baten emaitza. Baionako ospitalean esne banku bat bada, barne erabilerarako. Ipar Euskal Herrian emaitza anonimoa egitea posible da, eta Marmandeko (Okzitania) esne bankua arduratzen da bilketa egiteaz. Erreserbak arrunt apal dira, eta Baionako ospitaleko neonatologia zerbitzuko pediatra buru Gael Mazeirasek adierazi du eskasia sentitzen hasiak direla: behartuak izan dira niniei esne industriala eman ahal izateko adina pixka bat aitzinatzea.\nMazeirasek esplikatu du ama esnea besterik ez dutela edaten ahal goizegi sortu niniek, eta, gainera, onura handiak dituela horien indartzeko. «Hasteko, heste sistemarentzat digeritzeko errazagoa da. Gainera, elikadura izateaz gain, defentsa immunitarioak baditu ama esneak: antigorputzak, hesteen immunitatea laguntzen duten proteinak, eta probiotikoak ere bai. Zinez lagungarria da nini hauskorrenentzat». Goizegi sortzen diren niniek ezin dute bularra zuzenean hartu, ez baitute aski indarrik. Elikatzeko, zunda bat beharrezkoa dute, eta hortik pasarazten dute esnea neonatologian.\nBular ematean aditua den puerikultore laguntzailea da Mariama Seugnet, eta amak laguntzen ditu bular emateko prozesuan, Miarritzen duen bulegoan. Esplikatu du esnearen osagaiak ikusirik sentsibilizatzen dituztela goizegi erditzen diren amak beren niniari bularra eman diezaioten. «Amak goizegi erditzen direnean, shock egoeran dira anitzetan, eta ez dakite beti ea bularra eman nahi duten ala ez. Inportantea da informazio lana egitea, jakin dezaten beren esnea dela beren niniarendako egokiena. Goiz erditzen direlarik, esneak gluzido gehiago ditu, eta oraino egokiagoa da ninientzat».\nArau zorrotzak\nNahi izanik ere, ez du edonork esne emaitzarik egiten ahal. Izan ere, odol azterketak egin behar dira emaitza bat egin aitzin. Mazeirasek adierazi du birus batzuek esne emaitza oztopatzen dutela, esnearen bidez transmititzen ahal baitira. «Derrigorrezkoa da amari odol azterketak egitea, segurtatzeko ez dituela birus horiek. Kasu gehienetan, zitomegalobirusarekin sortzen dira arazoak kilo bat azpitik diren ninientzat. GIBarekin ere ezinezkoa da emaitzak egitea».\nSeugnetek erran du, bestalde, «esne gehiegi» duten amek baizik ez dutela egiten ahal emaitzarik. «Lehentasuna da bere niniaren beharrak asetzea, baina esne gehiegi izanez gero emaitza anonimo bat egitea posible da». Esne gehiegi den jakiteko, dena den, gutienez sei aste itxoin behar direla erran du, eta, ondotik, gehiegizko esnerik ba ote den ikusteko seinale batzuk zerrendatu ditu: titiak etengabe beteak izatea, edo titi bat ematean bestaldean esnea etengabe isurtzea.\n«Emaitza bat denez, helburua da amentzat diru gasturik ez izatea. Horregatik, esnea tiratzeko makina, biberoiak eta behar den guzia prestatzen diete, eta hastetik buru arduratzen dira bilketaz». MARIAMA SEUGNET Bular ematean aditua\nHalako egoeran izanez gero, Ipar Euskal Herrian, Marmandeko ospitaleko esne bankuko osasun langileak arduratzen dira bilketa egiteaz, eta emaitzak egin nahi dituzten amei material guzia prestatzen diete. «Emaitza bat denez, helburua da amentzat diru gasturik ez izatea. Horregatik, esnea tiratzeko makina, biberoiak eta behar den guzia prestatzen diete, eta hastetik buru arduratzen dira bilketaz», erran du Seignetek.\nErreserbak, apal\nBaionako ospitalean, iaz, 777 litro ama esne bildu zituzten. Parterik handiena zuzenean amek niniei emandakoa izan da, pasteurizatua izan gabe. Beste partea pasteurizatzen dute, eta beste esne banku batzuetara eramaten dute. Halere, erreserbak nahiko apal dira Frantziako Estatuko esne banku gehienetan, eta, Baionako ospitaleko egoera «nahiko ona» izanik ere, Mazeirasek esplikatu du behartuak izan direla esne industriala emateko adina doi bat aitzinatzea. «Neonatologia adituek arbitrarioki definitua dute adin bat, zeinaren azpitik ezin baitugu esne industrialik eman. Ama esne erreserba apalengatik, ordea, behartuak izan gara hein hori pixka bat apaltzea eta esne industriala pixka bat goizago ematea».\n«Neonatologia adituek arbitrarioki definitua dute adin bat, zeinaren azpitik ezin baitugu esne industrialik eman. Ama esne erreserba apalengatik, ordea, behartuak izan gara hein hori pixka bat apaltzea eta esne industriala pixka bat goizago ematea».\nGAEL MAZEIRAS Baionako ospitaleko pediatra\nMazeiras, halere, arranguratua da, eta sentsibilizazio lana egitea beharrezkoa dela uste du. Baionako amategiko familia guziei ama esnearen emaitzari buruzko informazioa pasatzeko kanpaina abiatu dute horretarako, eta pediatra sareetan ere informazioa zabaldu dute, bulegoetan afixak ezar ditzaten.\nSeugneten ustez, ama esnearen emaitza oraino «ezezaguna da», nahiz eta «biziak salbatu». Uste du jendeak higuinez egiten diola so ama esnearen emaitzari, «tititik ateratzen delako»; emazteen eta bereziki bularren «sexualizazioarekin» lotu du. «Bular ematea sexualizatua da oraino, eta, horregatik, jendeak badu arazo bat esne emaitzarekin».", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000111", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Egin den lanketarengatik egin zaigu hain natural oholtzara ateratzea»\nBelaunaldi berekoak, bertsolariak, hainbat lehiaketaren irabazleak... Lehian usu parekatuak izanik ere, bertsokideak dira Haira Aizpurua eta Irantzu Idoate.\nAzken urteetan, Ipar Euskal Herriko hainbat gazte lehiaketatan lehen eta bigarren izan ohi dira bata eta bestea. Haira Aizpurua Ibargarai (Sara, 2006) Baionako Bernat Etxeparte lizeoan da, Terminalean; Irantzu Idoate Funosas (Hazparne, 2005) Antropologia ikasle da Donostian. Lehena Xilaba gazteen Ipar Euskal Herriko eskolarteko finalean ariko da bihar, eta bigarrenak Hernandorena gazte sariketa irabazi zuen maiatzaren 11n.\nBatak nola ikusten du bestea bertsolari gisa?\nHAIRA AIZPURUA IBARGARAI: Irantzu eskolarteko txapelketari esker ezagutu nuen. Konfinamenduaren ondoren hasi ginen taldean elkartzen bertso eskola batzuk egiteko, eta elkarrekin aritu gara eskolartekoetan. Laguntza bat izan da, goxo baita izatea holako kide baten laguntasuna.\nIRANTZU IDOATE FUNOSAS: Enetzat ere, eskolartekotik, Haira bidelaguna da. Bertsolari ona biziki, lagungarri zait oholtza gainean, eta ona da, ausarta. Nik ausardiarik ez nuen garaietan beti miretsi dut bere ausardia.\nBertsotan gazte hasi zineten eta maila ona erakutsi duzue. Hain gaztetatik sariketak eta txapelketak irabazteak presio bat ekartzen du?\nIDOATE: Erranen nuke presioa sentitu izan dudala, nahi ala ez, oraindik ere bertso mundua bideratua delako lehia horretara eta garaipen pertsonaletara. Bereziki, eskolarteko garaietan nabaritu nuen anitz, Hairarekin bazelako joko bat, ea nork irabaziko zuen. Buruan duzu etengabe azkenean txapel batek ekarriko dizkizula beste saio batzuk, edo ez. Horren arabera jokatzen da, oro har, zure ibilbidea. Egia da maila horretan presioa sentitu dudala, neure buruari jarria baina kanpotik ekarria ere bai. Azken urte parean lanketa bat egin dut horren inguruan, eta uste dut presio txikiagoa ematen diodala neure buruari eta beste gauza batzuetan zentratzen naizela. Beti pozgarri da irabaztea, hori hola da, baina beste helburu batekin ari naiz, ez hain itogarria.\nAIZPURUA: Eskolartekoen hasieran biziki gazteak ginen, eta lehen aldia delarik eta ez zaituelarik nehork ezagutzen, ez duzu batere presiorik. Badituzu zu baino handiagoak zurekin, eta trankil hartzen da. Lehen txapelaren ondoren bai, baina erranen nuke ez nintzela baitezpada ohartu. Orain ohartzen naiz. Beharbada lehenago ez zen hala ez nuelako nahi, ez nuelako gogorik presioa ukaiteko. Kanpotik nahi dute gure maila onena ematea, baina guk ere geure buruari ematen diogu presioa eta batzuetan geure buruari galdetzen diogu ahal dena baino gehiago. Gaur egun nik ere uste dut beste manera batez ikusten ditudala gauzak; lasaiago hartzen ditut txapelketak, eta beste ikuspegi batetik.\n«Ene ustez, deus baino gehiago xantza bat da ukaitea adinkide bat ber ideiak dituena, elkar elikatzeko manera bat izaten ahal delako horren kontzientzia duzularik». HAIRA AIZPURUA IBARGARAI\nSentitu izan duzue bien arteko lehia batean kokatu izan zaituztetela?\nAIZPURUA: Uste dut jendea joaten delarik txapelketa batera eta uste dutelarik bi bertsolarik irabazteko xantza ukanen luketela irabazteko, naturalki joaten direla saltsa horretara. Hori txapelketan; gero tokatu zaizkigu saio batzuk ez zirenak batere errazak. Txapelketakoak ez diren saioetan ez nuke erranen jendea joaten dela ikustera ea nor den hoberena. Larresoron ukan genuen saio batean, bi gazteenak ginen, eta bidea elkarrekin egiten duten bi gazte ginen azkenean. Inguruak oraino gehiago lehian nahi gaitu; hoberena izan behar da, eta, beraz, bestea baino gehiago. Ene ustez, deus baino gehiago xantza bat da ukaitea adinkide bat ber ideiak dituena, elkar elikatzeko manera bat izaten ahal delako horren kontzientzia duzularik. Ez baduzu kontzientzia hori, erortzen ahal zara lehiaren tranpa horretan.\nIDOATE: Lehiarena sentitu eta aipatu izan dugu gure artean ere. Hasi ginen zinez momentu berean, lehen eskolartekoa biek egin genuen elkarrekin... Uste dut ahalegin aktibo bat dela haustea lehiakortasun eta kontrakotasun hori. Azkenean, biak gazte izatea, biak plazetan aritzea, biak neska izatea... Gauza askoz gehiago dira elkartzen gaituztenak banatzen gaituztenak baino. Horri lotzea komeni zaigu. Hairak istante fini du eskolartekoarekin, bukatu da garai hori, eta orain beste fase batean gaude. Uste dut ahalegin aktibo bat dela haustea lehiakortasun eta kontrakotasun hori. Bidelagun izateko prozesuan gara gehiago, Haira kide bat da, eta elkarrekin kantatzeak on egiten digu.\nNola ikusten duzue zuen belaunaldia? Bertsotan hasi eta segitzen dutenen artean jendea galtzen da?\nIDOATE: Azken bost urteetan erranen nuke alimaleko loratzea izan dela. Kolpe batez, eskolartekoan, izan ziren parte hartzaile anitz, eta oraino atxikitzen da parte-hartzaile kopuru jakin bat. Zerbaiten seinale da: bertso eskolak indartsu direla, eta abar. Baina badakigu eskolartekoa bukatzean iristen dela hutsune bat bertsolari gazteentzako. Oraindik, nahi ala ez, hautaketa bat egiten da edo ikusiak direnak deitzen dira. [Bertsularien Lagunak] elkartetik lan bat egiten da bertsolari horiei plazak eskaintzeko, Haizea dator egitasmoarekin bezala, zeinak lizeoko eta bertsolari gazteak elkartzen dituen, eta badira beste plaza batzuk taldekako txapelketarekin. Baina bidean galtzen ahal dira bertsolari batzuk, bertsolari on anitz.\nAIZPURUA: Eta ez bazara baitezpada sartzen bertsolaritzaren zurruntasun horretan, ez badituzu eskolartekoak irabazten eta ez bazaituzte deitzen, ez da baitezpada erraza. Haizea dator bezala, kolegioan edo lizeoan garelarik, eskoletara joaten gara bertso irakasleekin; hor baduzu parada zure eskolakoekin kantatzeko besteen aitzinean, eta momentu onak izaten dira. Azken urteetan Lapurdiko anitz ginen, baina baxenabartar eta zuberotar guti. Aurten, Nahia Etxeberri ari da kantatzen; beraz, bada baxenabartar bat.\n«Etxepare lizeotik pasatu diren guztiek gauza bera erranen luketela uste dut: biziki espazio goxoa eta aberasgarria da».\nIRANTZU IDOATE FUNOSAS\n2012ko Xilabako finalean, Maddi Sarasuak agurrean Bernat Etxepare lizeoko bertso eskola aipatu zuen. Zuentzat zer leku du edo izan du lizeoak?\nAIZPURUA: Kolegioan ginelarik, bazen bertso eskola bat, baina parte hartzen genuenak ez ginen berdin ikusiak; kasik gutxietsiak ginen bertsolariak. Aldiz, lizeoan ez zen gauza bera: sumatu nuen bertsoak bazuela inportantzia handiagoa eta eskertzen zela bertso bat kantatzea egitasmo batean. Integratua sentitzen zara, ez gehiago, baina integratua bai. On egiten du ikasten duzun lekuan zure aktibitateak lekua ukaiteak eta onespena ukaiteak. Ni ez naiz izan lizeoko bertso eskolan, baina beti harremana ukan dut bertso eskolakoekin, eta hortik harremanak sortzen dira.\nIDOATE: Egia da; agian, adin tartea desberdina delako, nabaritzen da interesa desberdina dela. Egunerokoan txertatuagoa da bertsoa. Lizeotik pasatu diren guztiek gauza bera erranen luketela uste dut: biziki espazio goxoa eta aberasgarria da. Helduagoa zara, beste interes batzuk dituzu, eta harreman politak sortzen dira hor. Gero uste dut laguntzen duela ikusteak zure klasekidea ari dela bertsotan eta ez dela urruneko zerbait; ahalbidetzen du gazteak hurbiltzea bertsolaritzara, entzule modura bada ere. Rol bat jokatzen du bertso eskola hain ikusgarria izateak Etxeparen ere.\nDuela zenbait urte entzuten zen neska anitz hasten zirela bertso eskoletan baina gutik jauzi egiten zutela plazara. Urrats eta gogoeta anitz izan dira geroztik. Zuen kasua salbuespen bezala ala aldaketa baten seinale gisa ikusten duzue?\nIDOATE: Ez dut uste salbuespena denik batere, gure belaunaldian aski argiki ikusten baita zenbat emazte ateratzen ari den plazetara, zaharragoetan ere bai. Bada lanketa eta prozesu baten seinale. Uste dut gu hasieratik murgilduak izan garela babes horretan. Bada egiazko gogoeta aktibo bat eramaten dena bertso munduan, eta horrek ditu fruituak ematen, ene ustez. Ez da naturalki gertatzen den zerbait; ondoan egiten den lanketa horrengatik egin zaigu guri hain natural oholtzara ateratzea. Nik hasieratik sentitu dut zaharragoek zaindu nautela eta zerbaiten parte naizela.\nAIZPURUA: Azkenean lagun talde bat sortu da, eta nik ez dut sekula pentsatu nire generoarengatik oztopo bat ukanen nuela. Eskolartekoak aski espazio seguruak dira, ene ustez, ezagutzen baitugu jendea. Ez dakit gerora nola izanen den. Ahalduntze bertso eskolak ekartzen du sentitzea talde baten parte, eta ez, justuki, neskak elkarren kontra aritzea. Ene ustez, aldaketak izan dira; ezin da konparatu duela zenbait urterekin, baina ez da bakarrik bertsoan gertatzen.\nHonek ez zaituzte definitzen, baina zuen bien aitak bertsolariak dira. Hori laguntza izan zaizue ala pisu bat?\nAIZPURUA: Nire kasuan, bertsolaritzari irekidura horrek dit eman. Pertsona batzuentzat beti izanen gara haien alabak; beste batzuentzat, ez. Hor ikusten da noiz den pisu eta noiz ez.\nIDOATE: Badakigu nahi ala ez batzuentzat beti izanen garela X-ren alabak, anitzi gertatzen zaien bezala. Nahiz eta hasieratik izan lotura hori bertsoarekin eta aitarekin, luzaz ez nintzen bertsotan aritzen aitarekin. Taldekakoarekin pixka bat hautsi dugu hori, aritzeko elkarrekin, baina banatu izan dut eta ez dut izan hainbeste presio horrekin.\n2025ean bakarkako Xilaba izanen da. Dudak dituzue, ala parte hartzea begi bistakoa da?\nAIZPURUA: Erabakiak ez dira hola hartzen, ez baitakigu zer gertatuko den izen ematera arte. Hala ere, nik uste dut oraingoz baiezkoarekin joaten naizela. Behar dudana gogoetatu da gehiago zertara eta nola joan nahi dudan. Gu gazteen multzo horretan izanen gara, eta jendeak nola hartuko gaituen, zer heinetarako presioa izanen den oholtzan... Lehen eskolartekoan ongi sentitu nintzen, eta gure lehen bakarkakoa ere lasai hartu nahiko nuke.\nIDOATE: Nik ere parte hartzeko asmoa dut. Badakigu gure ibilbidean kasik beharrezkoa dela; beraz, ez dakit zenbateraino dugun askatasuna erabakitzeko ere. Inkontzienteki, uste dut badakigula hor egon beharko dugula. Badu urte batzuk ez garela gehiago lehian, eta Xilaban ikusten dut arriskua berriz gertatzeko Haira eta ene arteko lehia hori, eta beste gazteekin ere bai, ea gazteetan zein gailentzen den...; bagarelako multzo polita eta maila onekoa, nik uste. Ongi eramaten bada maila pertsonalean, ikusten dut parada, halere, taldea egiteko, norbere erronkak finkatzeko eta aitzakia ona trebatzeko.\nAIZPURUA: Parada ukanen dugu gure belaunaldiko taldearekin berriz elkartzeko, eta gogoa ematen du ikusteak bagarela eta elkar laguntzen ahalko dugula.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000112", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "'Pole dance', ahalduntzen ikasteko\n'Pole dance' egiteko barra bat ezarria dute Hendaiako Enbata gaztetxean. Lagun arteko saioak egiten dituzte gehienik, eta Oneka Jauregik esplikatu du kirol horrek ahalduntzeko balio izan diola.\nGaztetxe batek badu ostatua, badu dantzalekua, taula bat batzuetan, eta komunak gehienetan. Gutik dute pole dance egiteko barra, eta horietako bat da Hendaiako Enbata gaztetxea. 2020an ezarri zuten, konfinamendutik landa. Izan ere, Oneka Jauregi gaztetxeko kideak Donostiako eskola batean egiten zuen pole dance garai hartan, baina pandemiaren ondorioz ez zuen segitu ahal izan, etxean ez baitzuen barra bat ezartzeko baliabiderik. Lagun artean erabaki zuten orduan Hendaiako gaztetxean barra bat ezartzea, eta, geroztik, lagun arteko jardunaz aparte, publikoari zabaldutako iniziazio bat egin dute. Aurreiritziak gainditu behar direla uste du Jauregik, eta argi du pole dance «ahalduntzeko» modu bat izan dela beretzat.\nPole dance kirol eta arte mota bat da, dantza bat, finean. Dantza horren jatorriari buruz hainbat teoria badirela esplikatu du Jauregik. Batzuen arabera, Indiako eta Afrikako herrialde batzuetako dantza mota batzuetatik heldu da. Beste batzuen arabera, zirkuarekin lotura du gehiago; zirkuak egiteko baliatzen diren karpa handietako barretan striptease egiten hasi ziren garai batez, eta hortik akrobaziarekin lotura izan du.\nEgun, hiru arlotan banatzen den diziplina da: pole art , pole sport , eta pole exotic . Jauregiren arabera, pole exotic diziplina da aurreiritziekin gehien lotzen dena: takoi handiekin egiten da, eta sentsualitatea lantzen da. Pole art , dantzarekin lotuagoa da, eta , pole sport , akrobaziarekin. Jauregik azken diziplina hori lantzen du gehienik. «Hirurek beren zailtasunak badituzte, hirurentzat indarra behar da, eta estetika landu behar da. Baina oinarrian gauza berak ikasten dira hirurentzat», azaldu du.\nAurreiritziak gaindituz\nJauregik uste du dantza mota horren inguruan aurreiritzi anitz badela, «jendeak striptease- arekin lotzen» baitu, «gauza txar bat balitz bezala» ikusiz. «Jendeak uste du kirol hori beste norbaitentzat egiten dela, niretzat egiten ez banu bezala. Ohikoa da pole dance egiten dutenei erratea 'eginen didazu dantza bat'. Nik ez dut halakorik jasan, baina egia da hasieran ez niola edonori kontatzen pole dance egiten nuela». Geroztik, erabat asumitzen du, eta «errazkiago» aipatzen du. «Saiatzen naiz jendeari esplikatzen zer den eta pole dance mota desberdinak erakusten, baita egiten duen jende desberdina erakusten ere: formak dituzten emazteak, gizonak...».\nAurreiritzien gainetik, Jauregik argi du «kirol zail» bat dela, eta balio izan diola bere baitan konfiantza hartzeko: «Aurreiritziei aurre egiteko, jendeari kontatzen diot nolako konfiantza irabazi dudan, zenbat indar eta nolako malgutasuna irabazi dudan». Gorputzarekin duen harremana ere aldatu zaio. «Jendeak dantza hori lotzen du biluztasunarekin ere. Egia da oso jantzi gutxirekin egiten dela, baina ez da gorputza erakusteagatik. Arrazoia da barra kromozkoa dela eta irristatzen duela jantziekin. Azalak hobeto atxikitzen du».\n«Emakume gisa hainbeste gauza sartzen dizkigute buruan gure gorputzari buruz... Nik baditut nire kiloak, nire formak, baina, halere, badut indarra, eta lortzen dut pole dance egiten. Ez da baitezpada fina izan behar kirol hori egiteko; edonork ikasten ahal du».\nONEKA JAUREGI Dantzaria\nKonfiantza irabazirik ere, «emakume gehienek bezala» bere gorputza maitatzeko bidea badu egiteko, baina uste du pole dance horretarako tresna egokia dela. «Emakume gisa hainbeste gauza sartzen dizkigute buruan gure gorputzari buruz... Nik baditut nire kiloak, nire formak, baina, halere, badut indarra, eta lortzen dut pole dance egiten. Ez da baitezpada fina izan behar kirol hori egiteko; edonork ikasten ahal du», erran du. Donostiako eskola batean ikasten du orain Jauregik, eta klase denboran «elkartasuna» sentitzen du. «Gehienak emakumeak gara, baina badira gizonak ere, eta pertsona ez binarioak. Kodeak hausteko balio du».\nDena den, aitortu du batzuetan «zailtasun» handiagoarekin egiten duela, ez baita «beti erraza» gorputzarekiko harremana. «Klasera joaten naizenean, batzuetan bada ezagutzen ez dudan jendea, eta hor gara erdi biluzik, ispiluz inguratua... Baduzunean momentu bat non zure gorputzarekin ez zaren hain eroso, ez da erraza», erran du.\n«Etxekoa»\nHendaiako gaztetxean barra bat ezartzea deliberatu zutenean, ez zen baitezpada «helburu zehatzik», Jauregik azaldu duenez. Entrenatzeko toki bat behar zuen, eta horretatik abiatu zen asmoa. Hiruzpalau lagun bildu ziren gero, ikasteko. «Pixkanaka lagun gehiago animatu ziren eta erakasten segitu nuen. Iniziazio txiki batzuk ere egiten genituen, baina hasieran ez zen publikoari begirako ezer». Iaz lehen aldiz publikoari zabaldutako iniziazio tailerra egin zuten Hendaiako Mintzaian elkartearekin. «Lau barra jarri genituen, eta hamar bat ikasle bildu ziren. Eremu guzietan bezala, aukera bada molde alternatiboan egiteko, etxekoa egiteko. Jendeak ez baldin badu ordaintzeko ahalik, elkar lagunduz egiten dugu», trenkatu du.\nGeroztik, gaztetxean «anekdota politak» gertatu direla kontatu du. Lagun artean edo jende gutxi zenean, barra ezarririk uzten zuten, eta gogoan du nola denek entseatzen zuten. «Gizon, emakume, heldu, haur... Aurreiritzien aurka eraginkorra da ikustea denek egiten ahal dutela».", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000113", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Bizitegi sozialak alokatzaileen artean trukatzeko tresna sortu dute\nZentzu oneko neurri bat. Hala definitu du Alda elkarteak Alokatzaile Sozialen Konferentziak plantan ezarri berri duen neurria: alokatzaileek aukera izanen dute elkarren artean etxebizitza trukatzeko beren beharren arabera, eta, horretarako, webgune bat ezarri dute plantan. Hots, familia batek beste logela bat behar badu, eta beste batek bat gutxiago, bi familia horiek etxebizitza trukatzeko tresna izanen dute hemendik aitzina, webgune berriaren bidez. Atari horretan sartzeko, bizitegi sozial baten alokatzaile izan behar da, eta www.bel-nouvelleaquitaine.fr webgunean izena eman.\nOrotara, Aldak zenbatu duenez, 3.000 familia dira kasu horretan Ipar Euskal Herrian. Orain arte, administrazioaren pisuaren ondorioz, trukaketa bat egiteko urteak behar izaten ziren kasu gehienetan. Lea Dalleman Aldako permanenteak esplikatu du egiturazko problema bat zela ohartu zirela fite, familia pareak heldu zitzaizkielako, trukatu nahi baina ezin. «Galde anitz bagenituen, eta, Aldan anitzetan gertatu den bezala, ohartu ginen arazo indibidual batzuetatik abiatuz egiturazko arazo bat badela».\n«Arazoa da dagoeneko etxebizitza sozial batean direnen eskaerak ez direla lehentasunezkoak administrazioarentzat. Alta, larrialdiko egoerak izan daitezke, besteak beste etxebizitza gainpopulatua baldin bada».\nLEA DALLEMAN Aldako permanentea\nAterabide bila hasi ziren, eta Dallemanek azaldu du Frantziako leku zenbaitetan jadanik martxan dela prozesu hori egin ahal izateko tresna bat; horren lortzeko lanean hasi ziren alokatzaile sozialekin. «Arazoa da dagoeneko etxebizitza sozial batean direnen eskaerak ez direla lehentasunezkoak administrazioarentzat. Alta, larrialdiko egoerak izan daitezke, besteak beste etxebizitza gainpopulatua baldin bada; haurrak sortu badira, adibidez». Dallemanek administrazioak sor ditzakeen «egoera zentzugabeak» gaitzetsi ditu: «Ez genuen ulertzen nolaz hain sinple iruditzen zitzaigun aldaketa bat hainbeste luzatzen zen arazo administratiboengatik».\nAldatzeko zain\nEtxebizitza trukatu nahi izateko arrazoi bat baino gehiago izan daitezke: logela aski ez izatea, lekuz aldatu nahi izatea, merkeago pagatu nahi izatea, toki ttipiago baten beharra... Kasu horietako batean da Melissa Paris, 3 urteko semearekin. Angelun bizi dira, logela bakarra duen apartamentu batean; biren beharra zuela eta, etxebizitza handiago baten eskaera egin zuen. Erantzunik ez zuen ukan. «Aldarengana jo nuen, ikusten nuelako ene alokatzaile sozialak ez zuela kontuan hartzen ene eskaera. Erran zidaten trukatzeko sistema bat plantan ezartzen ari zirela, eta, anartean Aldara jo zutenen artean ikusiko zutela ea trukatzeko manerarik bazen».\nIzan ere, Aldan kolektibo berezi bat martxan ezarri dute trukatze horiek kudeatzeko. «Helburua da zerrendak egitea, eta bi familiaren artean aldaketa posible dela ikustean, prozesu horretan laguntzea», argitu du Dallemanek.\n3.000\nfamilia . Alda elkarteak zenbatu duenaren arabera, Ipar Euskal Herrian bizitegi sozialetan diren 3.000 familiak etxebizitza trukatu nahiko lukete..\nOraingoz, Parisek ez du trukatzeko prest den familiarik atzeman, baina espero du bere egoera fite hobetuko dela webgune berriari esker. «Desmartxak erraztuko ditu. Gainera, badakigu alokatzaile sozialak zinez lanpetuak direla, galde asko baitituzte. Bederen, gure kasuan direnen eskaerez arinduak izanen dira tresna horri esker».\nEgitura artekoa\nEtxe ttipiago bat behar du Danielle Marcelek. Bidaxunen bizi da, hiru logela dituen etxe batean. Hainbat arrazoirengatik, bizitzeko leku ttipiago bat nahi du, Baionatik hurbilago. «Orain arte, alokatzaile sozial berekoekin baizik ezin ziren trukaketak egin, eta horrek ere sekulako pisu administratiboa zuen», deitoratu du.\nTresna berriak modua emanen du alokatzaile sozialen egituren artean ere trukatzeko. Hasieran, iragarki bat ezarri zuen Marcelek interesatzen zitzaizkion alokatzaile sozial bereko etxebizitzen atarian. «Ene etxearen deskribapena egiten nuen iragarkian, norbait horrelako bizileku baten bila zegoelakoan». Bi familia atzeman zituen trukatzeko prest, baina oztopo administratiboengatik ezin izan zuten aldaketa egin. «Espero dut webgune berriaren bidez aterabide bat atzemanen dugula».\nNahiz eta iragan astean martxan ezarri zuten webgunea, momentuan ez da arras pikoan. Halere, Danielle Marcelek eta Melissa Parisek zehaztu dute Alda lanean ari dela alokatzaile sozialekin behar bezalako eguneraketak egin ditzaten. Parisek martxan jarri zuten egunean begiratu zuen webgunea, eta, oraingoz, ezin izan du bere etxebizitza deskribatzeko iragarkirik ezarri. Marcelek bai, baina ez du bilaketarik egiten ahal. Hori kudeatzen duen egiturarekin harremanetan dira, dena den, gauzak ahal bezain fite konpon ditzaten.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000114", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Aresti Maulen, Xaho Bilbon\nXiberoko Irakurle Taldeak Karmelo Landa EHUko irakasle eta Bilbon Dabil Gabriel Aresti liburuaren egilea gomitatu du gaur Mauleko Henbentikenerat. Arestiren pentsamendua eta idatzi duen liburua aurkeztuko ditu. Baina edireteak bigarren aldi bat izanen du otsailaren 23an. Liburuari jarraikiz, Arestiri lotuak diren guneetarik ibiliz bisita gidatua eginen dute Bilbon, egun hartan.\n2021ean argitaratu zuen Landak (Ea, Bizkaia, 1952) Bilbon Dabil Gabriel Aresti liburua. Aresti idazle zenak lan franko eraman zituen, eta herriari buruz erabili zituen pentsaketa sakonek gaur egun duten oihartzuna hedatu nahi izan du Landak. Horregatik, ez zuen nahi «apalategi batean gordetzen den» liburua izatea, baizik eta «nazio kontzientzia eta kontzientzia soziala, biak mugiaraztea».\nBelaunaldi berrietan, bereziki «nazio kontzientziaren galtze» bat sentitzen du Landak, transmisioa ez delako baitezpada «modu egokian hedatu». Uste du bi kontzientzia horiek, hain zuzen, Gabriel Arestik «oso modu sakonean» landu zituela. «Ez da izan ohiko idazlea, bere curriculum literarioa landuz joan dena», gehitu du Landak. Arestik literatura genero orotarik baliatu duelako, eta euskaldun berri izatetik euskaltzain izatera egin bidean euskara artoski landu zuelako, «euskara bera prestatu zuen literatura hizkuntza» izateko.\nHorretarako, Euskara Batua adosteko tenorea baino lehen jada landua zuela oroitarazi du Landak. 1959an argitaratu Maldan Behera Arestiren bilduma famatua lekuko. «[Federiko] Krutwig, [Jon] Mirande eta [Jose Luis Alvarez Enparantza] Txillardegik bezala ikusten zuen euskara literarioa ezinbestekoa dela kultura propioa garatzeko gizartean».\nKontzientzia soziala\nBilbotarra zen Aresti, eta Bilboko portuan aritu zen lanean. Hango langileria ezagutu -«batzuk etorkinak, besteak euskaldunak jatorriz, baina biak zapalkuntza beren menpe»- eta haien bizi baldintzak ikusi zituen -«25.000-26.000 pertsona bizi ziren Bilbo inguruan beraiek egindako egurrezko txaboletan». Eta idatzi.\nProletarioen kinka nazio kontzientziarekin lotu zuen Arestik. Bi zapalkuntzak lotuz. «Euskara debekatua zen frankismoan, eta Euskal Herria bera zatikatua eta debekatua», jarraitu du Landak. Gainera, Arestik zapalkuntza horien kontzientzia Bilbotik Euskal Herri osora zabaltzea bilatu zuen.\n«Oso inportantea da euskaldunok ulertzea behar dugula kultura polisistema integral bat».\nKARMELO LANDA EHUko irakasle eta idazlea\nLiburuarekin batean, Gabriel Aresti kultura elkartearen laguntzaz, Landak araberako Bilboko bisita pentsatu du. Arestik ezagutu dituen guneetarik ibiliz herri oso baten historia eta oraina hunkitzeko. Bilbo inguruko jendearekin, jadaneko, berrogei bisitaz goiti badituzte eginik. Euskal Herri guzitik ere hasia da jiten jendea, orain, bisita horren egitera. Zuberotarrak joatekoak diren bezala, Baionako Beñat Etxepare lizeoko ikasle batzuek ere egina dute bisita Bilbon. Adin orotako jendea ibiltzen da horietan.\nAresti bera sortu zen etxetik abiatzen dituzte bisitak. Haren aitaren etxea zen eraikinetik. « Nire aitaren etxea da haren poemarik ezagunena». Ibilaldia, nolaz ez, porturaino joaten da, Euskalduna lantegia zegoen tokira; gero, Zazpikaleetara, Euskaltzaindiaren egoitzara. «Bilboko geografia arestiarra egiten dugu».\nPentsamendu beti oraingoa\nLandak azpimarratu du Arestiren pentsamenduak gaurkotasun handia duela. Maulera etorriko den egunean, hain zuzen, pentsamendu horren «hezurdura» aurkeztuko du.\nGabriel Arestik poesia, antzerkia, hitzaldiak, eleberriak, ipuin laburrak, «denetarik» landu zuen. Horrez gain, euskara landu bat ekartzera «tematu» zen. «Zergatik?», galdetu du Landak. «Polisistema osatu beharra planteatzen aritu baita». Polisistemaren kontzeptu hori garatuko du Maulen Landak. «Oso inportantea da euskaldunok ulertzea behar dugula kultura polisistema integral bat».\nHistoria landu zuen Arestik, baita euskal literatura klasikoa ere, eta polisistema horretarako baliatu zuen. «Arestiren poema nagusietan - Euskal Harria , Nire aitaren etxea , Zorrotzako portuan aldarrika , Bilboko kaleak - dauden elementu sinboliko nagusiak historiatik eta euskal literatura zaharretik hartutakoak dira». Arestiren erreferentzien artean Axularren «sagarroiaren» irudia aipatu du Landak, ondotik beste idazle batzuek -Sarrionandia, Atxaga- hartu dutena. Halaber, Milia Lasturkoaren XV. mendeko balada batean oinarria duen Zerutik erori gabeko harria, Arestiren Euskal Harria olerkian. «Aresti oso sakon ezagutuz eta landuz Euskal Herria bere sakonera osoan azter dezakegu».\nZuberotarrak otsailaren 23an joanen dira Bilbora bisita arestiarraren egitera. Molde berezian egin nahi dutela erran du Landak parada bali. «Gabriel Arestiren parean nahi dugu Agosti Xaho jarri». Atharratzeko XIX. mendeko idazle eta politikariak Arestirekin «parekotasunak» badituela gehitu du. «Arestik berak aipatu zuen hori».\nBaionarat ere jitekoak dira ondoko asteetan Karmelo Landa eta haren lagunak. Hor ere, Lapurdiko idazle bat edo batzuk hautatuko dituzte «zubiak» egiteko asmoz.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000115", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Atzerritarren hetsaldia, laguntzen dituztenen ahotik\nHendaiako atxikitze zentroko CIMADEko langileek gaualdi bat antolatu dute hetsaldien «indarkeria» agerian ezartzeko asmoz. Arrats honetan izanen da 'Crash' antzerkia, Hendaiako Borderline fabrikan.\nPaperik gabeko atzerritarrak paperik gabe izateagatik hetsirik atxikitzeko baliatzen ditu Frantziako Estatuko administrazioak atxikitze zentroak. Hendaian bada gisa horretako zentro bat, eta 30 gizon atxikitzeko lekua du. Hetsirik diren tartean, prefeturak kanporatze agindu bat ezartzen die, eta administrazioaren gain da sorterrira kanporatzea. Berez, kanporatuak izan arte egoteko lekua da. Alta, atxikiak direnetarik, erdiak baino gehiago ez dituzte estatuko mugetatik kanpo ezartzen hainbat arrazoirengatik; horiek horrela, 30 bat egunez giltzapeturik egoten dira, libratuak izan aitzin. Egoera administratiboa ez zaie konpontzen, eta berriz atxikiak izateko arriskua dute. Errealitate horren berri emateko, gaualdia antolatu du CIMADE errefuxiatuen laguntza elkarteak gaurko, Hendaiako Borderline fabrikan, 18:30etik goiti.\nIaz, Frantziako administrazioak 351 pertsona atxiki zituen Hendaiako atxikitze zentroan; aitzineko urtean baino %34 gehiago. Egoera horren berri eman dute Hendaiako atxikitze zentroan lan egiten duten CIMADEko langileek. Hetsirik direnei laguntza juridikoa ematea da haien zeregina, eta, bide beretik, atxikitze zentroetako egoera zaintzen dute langileek.\nCIMADEk apiril hondarrean antolatu prentsa agerraldian azaldu zuenez, 2023an «gakotze gehiago eta egonaldi luzeagoak» izan ziren. Etorkin gehiago atxilotu zituzten, eta zentroan atxiki, baina gutiago kanporatu zituzten. Hetsaldien luzetasunari begira, administrazioak, batez beste, 31 egunez atxiki ditu jendeak gakoturik Hendaiako zentroan; urte bakarrean bi egun luzatu da egonaldien batez besteko epea.\n%34\nZenbat emendatu den atxikitze kopurua. Iaz, 351 pertsona atxiki zituzten Hendaiako atxikitze zentroan, CIMADEn arabera; 2022an, 261 izan ziren. Horiek horrela, 2023ko atxikien kopurua %34 emendatu zen.\nDatu horiek emateko, prentsaurrekoa egiten dute urtero CIMADEko langileek, baina aurten «urrunago» joateko asmoa agertu dute. Maite Etxeberri elkarteko langilearen ustez, antolatu duten gaualdiak balio du «urtean behin baino gehiagotan aipatzeko» atxikitze zentroetako egoera. Gaualdiaren bidez, bestalde, eragile eta elkarte zenbaitekin loturak sakondu nahi dituzte, eta publikoari atxikitze zentroetako egoeraren berri eman.\nAntzerkia, salatzeko\nGaualdiaren karietara, Bordeleko (Okzitania) atxikitze zentroko CIMADEko langileak jinen dira Borderline fabrikara, landua duten Crash antzerkia ematera. Cecile Roubeix CIMADEko langile eta antzezlaneko parte hartzaileetarik batek esplikatu du rol joko baten moduan prestatu dutela emanaldia. «Atxikitze zentroko eragile guziak ordezkatu nahi izan ditugu gure antzerkian: atxilotua, polizia, elkarteak, auzitegi medikuak, epaileak, abokatuak, interpreteak... Atxikitze baten lehen 48 orenak nola pasatzen diren erakustea dugu helburu». Roubeixek uste du rol jokoa «tresna eraginkorra» dela publikoak uler dezan zer gertatzen den momentu horretan.\nUrte anitzetako lanaren emaitza da Crash ikusgarria. Hasieran zuen formatik egokitu behar izan zuten, «bortitzegia» zelakoan. Erraterako, Roubeixek erran du hastapenean publikoko jendeari parte harrarazten ziotela, atxilotuaren lekuan, eta pertsona bakarrarentzat pentsatua zela rol jokoa, ez publiko aitzinean emateko. «Hasieran, tresna hori baliatzen genuen erakusketak edo hitzaldiak bagenituelarik, jendeak askotan zailtasunak baititu irudikatzeko zer gertatzen den. Baina, gerora, moldatu dugu emateko manera, publiko zabal bati emateko gisan, eta, horretarako, antzerkigintzako kode batzuk sarrarazi ditugu».\n«Ez zaie erakusten non lo eginen duten, non diren dutxak, non diren komunak... Deus ere ez. Pentsa zer egoera zaila den, beste dozenaka gizonen artean bere lekua atzeman behar izatea, jakin gabe ere non lo eginen duzun eta zergatik zaren hor». CECILE ROUBEIX CIMADEko langilea\nRoubeixen arabera, «izugarri bortitza» da Crash , errealitatetik «ahal bezain hurbil» egoten saiatzen direlako. «Hain zuzen ere, helburua hori da, atxikitze zentroetako bortizkeria jendeari ulertaraztea». Zehaztu du ez dutela sekula ikusgarri hori ematen atxilotuak diren edo atxilotuak izateko arriskua duten jendeen aitzinean. «Traumatismoak ez ditugu berpiztu nahi, eta ez dugu traumatismorik eragin nahi ere».\nIndarkeria askotarikoa\nAtxikitze zentroetako «indarkeria» hainbat egoeratan errepikatzen dela dio CIMADEko langile Roubeixek. Atxilotzetik beretik hasita, egoera bortitzak gertatzen direla esplikatu du. «Nortasun kontrol baten ondotik atxilotua izatea bortitza da: kriminalen gisa tratatuak dira, paperik ez dutelako». Gero, zentrora arribatzen direnean, «dena biziki fite» pasatzen da, eta, haren hitzetan, «atxikiak direnek anitzetan ez dute ulertzen zergatik diren hor». Heldu eta berehala Poliziak azaltzen die zein eskubide dituzten, eta beren ber utziak dira zentroan. «Ez zaie erakusten non lo eginen duten, non diren dutxak, non diren komunak... Deus ere ez. Pentsa zer egoera zaila den, beste dozenaka gizonen artean bere lekua atzeman behar izatea, jakin gabe ere non lo eginen duzun eta zergatik zaren hor. Pertsona horren lekuan ezartzeko ariketa eginez ohartzen gara zein bortitza den».\nRoubeixek aitortu du CIMADEren gisako elkarteetako kideen aitzinetik pasatzea ere «indarkeria mota baten gisa bizitzen ahal» dutela atxikiak direnek. «Berriz behartuak gara haien egoerari buruzko galderak pausatzera, ahal bezain molde eraginkorrean laguntzeko, baina batzuentzat ez da baitezpada erraza berriz haien ibilbidea kontatzea». Etxeberrik zehaztu du CIMADEko langileen rola laguntza juridikoa ematea dela, baina «zuzenbidea gaur egun den bezala, aukerak biziki murriztuak» direla. Gainera, helegiteak egiteko «geroz eta aukera gutiago» dute.\n«Bortizkeria ez da bakarrik kolpe bat biltzea. Atxikitze zentroei dagokienez, bortizkeria da leku eta sistema absurdo batean sartzea, paperik gabe izateagatik». MAITE ETXEBERRI CIMADEko langilea\nAre gehiago, epailearen aitzinetik pasatzea ere bortitza dela uste du Roubeixek, prozeduraren bizkortasunarengatik. «Bost minutuz epaileak erabakitzen du kanporatuak izanen diren ala ez, usu interprete bat behar izaten du... Bost minutuko afera da, baina haien bizia da jokoan. Prozedura izenak, zuzenbide hiztegia eta kanporatuak izateko arriskua», laburbildu du.\nEtxeberriren arabera, Crash antzerkiak balio du, datuez harago, atxikiak diren pertsonei zer gertatzen zaien ulertzeko. «Immigrazioaz hitz egiten denean, inork ez daki zein den egiazko egoera. Antzerkiari eman dioten formari esker ulertzen da zer indarkeria bizi duten, eta nolakoak diren atxikitze zentro batera heltzen direneko bi lehen egunak». Indarkeriak forma bat baino gehiago dituela erran du Etxeberrik: «Bortizkeria ez da bakarrik kolpe bat biltzea. Atxikitze zentroei dagokienez, bortizkeria da leku eta sistema absurdo batean sartzea, paperik gabe izateagatik». Haren ustez, hain zuzen ere, antzezlanak ongi agerian ezartzen du errealitate «absurdo» hori.\n«Presondegia»\nRoubeixek eta Etxeberrik pentsatzen dute, izena hala ez badu ere, atxikitze zentroak presondegien parekoak direla. «Ez da zentro bat, presondegi bat da, eta hitzek ezin dute errealitate hori aldatu», laburbildu du Etxeberrik. Gauza bera erran du Roubeixek, hots, «hitz bera ez izanik ere, presondegi bat» dela; «presondegi bat, atzerritarra izateagatik eta paperik ez izateagatik, pertsonak gakoturik atxikitzen dituena», gehitu du.\nHendaiako atxikitze zentroko panoptikoa, polizia batek behaturik, 2022ko azaroan. GUILLAUME FAUVEAU\nEtxeberrik adierazi du «zango bat hemen, zango bat han» izateko sentsazioa dutela maiz gakotuak diren pertsonek, eta hala erraten diotela maiz. Kanporatuak izateko arriskua dutenez, «ziurgabetasun» egoeran dira, eta «denbora biziki poliki» pasatzen da «barnean direnentzat». Horrelakoetan, laguntza juridikoa baino gehiago, «errateko dutena entzutea» da CIMADEko langileen rola.\nEgoera bortitzak eta «absurdoak» gertatu arren, biek uste dute, oro har, jendeak ez dakiela «batere» nolakoa den atxikitze zentroetako egoera. «Batzuek uste dute paperik gabekoentzako aterpe bat dela. Ez da batere hala: ez dute deliturik edo krimenik egin, baina askatasuna kentzen zaie paperik ez dutelako». Atxikitze zentroak Frantziaren migrazio politikaren «tresna nagusia» direla iruditzen zaio Roubeixi.\n31\nZenbat egun pasatzen duten atxikirik. Hendaiako atxikitze zentroan, batez beste, 31 egun pasatzen dituzte giltzapeturik paperik gabe direnek.\nAntzerkiaren ondotik, publikoak egoeraren berri «hobeto» jakingo duela espero du Roubeixek, baina argi utzi du kasu handiz arituko direla, antzerkiak shock bat eragiten ahal baitu. «Bururatzen dugularik, eztabaidatzeko eta mintzatzeko tarte bat hartuko dugu publikoarekin, inportantea dela iruditzen baitzaigu ikusi dutenari buruz hausnartzea elkarrekin eta bizi izan dutena esplizitatzea».\nAntzerkiaren ondotik gaualdiak joko batekin segituko du: Charter awards, charter hegaldien lehiaketa antolatu dute «prefeturarik okerrenen sailkapena» egiteko. Finitzeko, DJ bat izanen da.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000116", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Herritarren aurrezkiarekin enpresa gazteei maileguak egiteko kanpaina berria\nGazteen Aurrezkirako Lekuko Taldea (GALT) Zuberoan abiatu zen lehen, 2000. urtean, Azia elkarteak bultzaturik. Orduz geroztik, dozenaka gazte lagunduak izan dira enpresak sortzeko lehen urratsetan; zehazki, 75 proiektu lagunduak izan dira, 262.665 euroko maileguekin orotara. Urtean 180 euroko ekarpenak eginez emaileek osatu kutxarekin, interesik gabeko mailegu tipiak egiten ditu GALTek, eta aurtengoa bederatzigarrena izanen da.\nAzia elkarteak abiarazi zuen dinamikak herritarren ekarpenak biltzen ditu urtez urte, GALT bakoitzaren kutxa osatzeko. «Gure kutxa 40.000 euro ingurukoa da, eta, dena prestatua delarik, gelditzen da», zehaztu du Sylvie Geneze elkarteko diruzainak, GALT Bederatzü aipatuz. 2016an hasi zen zazpigarren GALTaren segida da aurten abiatu dutena; zortzigarrena ere bada, baina maileguak egin dira, eta proiektu eramaileak ukan duten diru laguntza itzultzen ari dira. Diru guztia aktibitate ekonomiko berriak sostengatzeko prestatua delarik, GALT berri bat abiatzen dute.\nBankuen osagarri\nGeneze bankuko langilea denez, badaki zehazki zer interes ukaiten ahal duen GALT baten maileguak; erran du «osagarria» dela: «Laguntza gehigarri bat da aktibitate bat abiatzeko». Haren ustez, «positiboa da bankuentzat, erakusten duelako jadanik badela jendea laguntzeko prest dena». Diru kopuruak ez dira ikaragarriak: 3.000 eta 6.000 euro artekoak izan ohi dira, baina «konfiantza berme bat» direla azpimarratu du elkarteko idazkariak, izan proiektu eramailearentzat ala bankarientzat.\nGALT baten dirua osagarria da bankuen maileguekin, bateragarria delako. «Posible da mailegu desberdinak metatzea. Banku batentzat baikorra da ikustea talde batek onartu duela garantiarik gabeko mailegu bat egitea. Gaur egun anitz laguntzen du», segurtatu du Genezek. Haren lanean, adibidez, enpresa baten sortzeko mailegu eskaerak agentzian berean aztertzen dira jadanik lagunduak direnentzat; besteen kasuan, berriz, agentziatik kanpo hartzen da mailegua egitearen erabakia.\nEkarpen fidelak\n7. GALTeko kutxa osatzeko, 247 emaileren ekarpenarekin, 44.460 euro banatu zituzten hamahiru proiekturen artean. Emaileei hautua ematen zaie, GALT bakoitza bukatzean, ezarri dirua berreskuratu ala GALT berri batean ezarri nahi dutenetz. Eta, Genezen erranetan, «%95ek bere ekarpena GALT batetik bestera pasarazten dute». Zortzigarrena oraino ere bidean denez berri hau abiatzean, halere, ekarpen berriak egiteko kanpaina abiatu dute, aitzinekoan prestatu sosak itzuli artean. Ekarpena egiten dutenek ez dute dosierrak aztertzeko ahalik.\nHainbeste urtez ekarri laguntzek ezagutarazi dute GALT Zuberoan. Saltegiak, ofiziale desberdinak, ostatuak edo hegazkingintzaren inguruko enpresa berriak lagundu dira, besteak beste. Kasu batzuetan, maileguaren kantitatea handia da kopuru globalean; beste batzuetan, gehiagorako akuilu. «Kopuru tipiak dira, baina ez da soilik sinbolikoa, egiazko laguntza bat da», trenkatu du Genezek.\n75 proiektu lagundu ditu GALTek orain arte\nLehen GALTetik bederatzigarrena hasi arte, 75 enpresa gazte lagundu dituzte, bi baldintza ezarriz: eskaera egileak 18 eta 35 urte artean ukaitea eta aktibitatea Zuberoan garatzea. Sektore anitzetatik ukan dituzte eskaerak: komertzioa, industria, zerbitzuak, eraikuntza... GALT Zazpirekin, laborantzako xedeak ere onartzen hasi ziren, lehen aldiz.\nKopuru tipiak ematen dira, «ideia ahalik eta jende gehien laguntzea» delako, Sylvie Geneze GALTeko idazkariaren arabera. Bi baldintzak betetzen dituzten eskaerak aztertzen dituzte, kasuan-kasuan: «Mailegu kantitate bat eta itzultzeko epeak aurkezten dituzte, dosier bat egina dute Azia elkartearekin, eta guk erantzun bat ematen dugu», argitu du Genezek. Enpresa berriak sortzeko ala enpresak garatzeko egin daiteke eskaera.\nOrain arte lagundu dituzten enpresen artean, gehienak etxegintzaren sektorekoak (%39), komertzio desberdinak (%30) eta zerbitzuak (%19) izan dira. Xede gutiago izan dira industriaren (%6) sektorean, eta laborantzan (%7) hasi berriak dira laguntza ekartzen. Lagunduak direnen adinaren batezbestekoa 28 urtekoa da, eta gehienak gizonak izan dira (%64).\n2016 eta 2019. urteen artean, GALT Zazpirekin, hamahiru enpresa lagunduak izan ziren: ile apaindegi bat, lore saltegi bat, autoen kontrol tekniko bat, harategi bat eta bi laborari, besteak beste.\nElkartearen kutxa osatzeko ekarpena egiten dutenek ez dute sekula interesik eskuratzen; mailegua ukaiten duenak ere ez du interesik pagatzen.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000117", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Deus ez da galtzen, eraldatzen baizik\n'Deus ez da galtzen, eraldatzen baizik', If", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000118", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Unescoren kultur ondare immaterialean sarturik, transhumantzia babestu nahi dute\nTranshumantzia Unescoren kultur ondare immaterialean sarrarazi nahian, Grezia, Italia eta Austria izan ziren lehenak hari eskaera egiten; gero juntatu ziren Albania, Kroazia, Errumania, Andorra, Luxenburgo eta Espainia eta Frantziako estatuak. Frantziakoan, besteak beste, Ipar Euskal Herriko eragileak lanean aritu dira horretan. Iragan abenduaren 5ean ukan zuten Nazio Batuen Erakundearen baiezkoa.\nIkur bat da sailkapena; sinbolikoa, hein batean. Sinbolikoa soilik ez ote zenetz ikertu zuten eskaera lantzen hasi aitzin, Claude Soulas Urdiñarbeko Ardi Zentroko zuzendari ohiaren arabera: «Galdera hori genuen buruan, ea soilik balio sinbolikoa zuenetz, ea babes neurri zorrotzak ekartzen zituenetz. Frantziako Laborantza Ministerioko ordezkari batek esplikatu zigun zer ekartzen zuen, eta hortik hartu genuen eskaera egiteko deliberoa».\nPalanka politikoa\nMaila lokalean, mahai inguruan ziren Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko ardi eta behi arrazen elkarteak, eta soldatapeko artzainen elkarteak. Soulasek dioenez, ulertu zuten ezen, kultur ondare materialean izateak «zinez kontserbaziora bideratzen» badu ere, arrunt desberdin gertatzen dela kultur ondare immaterialarekin: «Interesgarria da hori ukaitea, politikoki, aktoreen komunitatea mobilizatzeko jakintza baten inguruan».\nEskaera egiteko, bi ardatz landu dituzte. Batetik, artzaingoaren inguruko jakintzak zehaztea. Alde horretatik, «jadanik idatziak ziren gauza anitz», eta bilketan aritu direla argitu du Soulasek. Bestaldetik, ofizioa lanjerrean ezar lezaketen parametroak aztertu dituzte: ofizioaren transmisioan diren hutsuneak, kasu batzuetan belaunaldi berriek ofizioaren inguruan duten interes mentsa, errentagarri ez izateko arriskua eta mendietako espazioei lotu arriskuak, Soulasek xehatu duenez: «COVID-19aren ondotik, espazioaren erabilpena areagotu da, bereziki kodeak ez zituen jende anitz mendira joan delako, eta posible da erabilpenaren inguruko gatazkak sortzea». Soulasek argitu du arrisku hori agerikoagoa dela, adibidez, Alpeetan Ipar Euskal Herrian baino.\n«Artzaingoak bere lekua birnegoziatu behar duelarik, interesgarria da politikoki».\nCLAUDE SOULAS Eskaera egin duen taldeko kidea\nPalanka politikoaren efektua zenbait mailatan izan daitekeela erran du Soulasek. Ofizioaren defentsarako tresna izan daiteke Unescoren izendapena, haren ustez: «Artzaingoak bere lekua birnegoziatu behar duelarik, interesgarria da praktikoki eta politikoki». Bestalde, lekuko dinamika batzuei indar emateko; adibide gisa hartu du Buru Beltza elkarteak artzainak laguntzeko plantan ezarri duen diru laguntza: «Ez dituzte behar diren ahalak, baina pentsa daiteke Unescoren ezagupenarekin diru iturriak negoziatzen ahalko dituztela. Proiektu global bat da, eta jakintzen transmisioa du bihotzean».\nHezkuntzarako jauzia\nFormakuntza lan ardatz nagusietarik bat izanen da ikurra kudeatuko duen lantaldearentzat. Jadanik abian diren dinamikak sostengatzeaz gain, urrats gehiago egin nahi lituzkete formakuntza ziklo luzeak abiatzeko. Gazteenekin hasteko, eskoletan ofizioa ezagutarazteko, Unescoren izendapenak berak irekitzen du atea, eskolen programan sarrarazten ahal delako erakundeak kultur ondare izendatzen duen oro. Ikasmaterial berezia prestatuko dute, beraz, laborantza eskoletarako, eta ziklo orokorretako kolegio eta lizeoetako ikasleentzat ere bai.\nBeste lan ardatzak ere finkatu dituzte: juridikoki indartzea transhumantziaren praktikak, eta ofizioaren behatoki bat martxan ezartzea, «datu anitz eskas» direlako, Soulasen erranetan. Eskaerak ukan duen arrapostu baikorraz zinez kontent bada ere, hark azpimarratu du izendapena, «helmuga baino gehiago, hastapena» dela.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000119", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Jolastokian euskara sustatzeko proiektua abian\nEuskarazko murgiltze eredua da Seaskaren oinarria, baina egoera diglosikoaren ondorioz jostalekuan frantsesaren erabilera garatu dela ohartuak dira azken urteetan. Egoera horri itzulia eman nahi diote, eta Bizijolas elkartearekin esperimentazio bat abiatua dute duela urte zenbait, haurrak euskaraz harremantzera bideratzeko. Ortzaizeko ikastolan plantan ezarri dute proiektu hori 2019tik, eta berritzeko beharra ikusten dute partaideek. Beste ikastoletara zabaltzeko asmoa ere badute.\nIkastolen Elkarteko aisialdi arloko egitasmoa da Bizijolas, eta Jon Unasobizkaik talde horretan lan egiten du; zehazki, kirol heziketa egiten du Ipar Euskal Herriko ikastoletako haurrekin. «Haurren garapen integrala lantzea dugu helburu. Gure ikuspegia da haur anitz badirela eta denak desberdinak direla; aniztasun horri erantzuteko xedea dugu». Hori gauzatzeko tresna nagusia jokoa da, eta Bizijolasekoei baitezpadakoa zaie jarduera ludiko horiek euskaraz egitea. «Euskararekiko atxikimendu azkarrago bat sustatzen saiatzen gara jokoen bidez», zehaztu du.\nIkastoletan ibili ahala, ohartu ziren saioen ondotik, haurrak jostalekuan libreki ari zirelarik, saioetan transmititzen saiatzen ziren balio horiek galtzen zituztela. «Ez zituzten baitezpada jokoak egiten, eta futbolak sekulako tokia hartzen zuen. Euskararen erabilera ere ttipitzen zen». Hortaz, «esku hartzea jostalekura zabaltzeko beharra» ikusi zuten.\nOrtzaizeko ikastolan\nGogoeta luze bat egin zuten Bizijolas taldekoek, egoera hobetzeko asmoz. «Sekulako lana zela bagenekien, eta bagenekien angelu bat hautatu beharko genuela», esplikatu du Unasobizkaik. Egitasmoaren lehen ardatza, beraz, jostalekuaren antolatzea izan da, lekua fisikoki eraldatzeko. Ikastola bat beharrezkoa zuten esperimentazioa egiteko, eta esplikatu du Ortzaizeko irakasle taldeak interesa bazuela, kezka horien inguruan hausnartzen zutelako haiek ere. «Irakasleek ere kezka horiek zituzten kanpoko tenoreei buruz; futbolak leku anitz hartzen zuela ohartu ziren, eta hortik gatazka anitz sortzen zirela ikasleen artean. Eta ohartuak ziren futbolean aritzean haurrak frantsesera lerratzen zirela errazkiago».\n«Irakasleek ere kezka horiek zituzten kanpoko tenoreei buruz; futbolak leku anitz hartzen zuela ohartu ziren, eta hortik gatazka anitz sortzen zirela ikasleen artean. Eta ohartuak ziren futbolean aritzean haurrak frantsesera lerratzen zirela errazkiago». JON UNASOBIZKAI Bizijolas taldeko langilea\n2019ko ikasturtean abiatu zuten proba. Jostalekua fisikoki eraldatzeko, lehenik, sexu eta adin nahasketa sustatu nahi izan dute. Hastapenetik, beraz, «prozesu parte hartzaile bat» izan da, ikastolako komunitate guzia kontuan hartu baitute: gurasoak, langileak, irakasleak eta haurrak. Helburua izan da haurren beharrak eta haien ideiak gauzatzea, eta, horretarako, diagnostiko bat egin zuten. Bizijolasek eta Ortzaizeko irakasleek, haurren laguntzarekin, mapa bat egin zuten zenbait faktore kontuan hartuz: haurrak non egoten ziren adinaren arabera, sexuaren arabera, eta euskararen erabilera eremu bakoitzean nolakoa zen. Unasobizkaik azaldu du horri esker dinamikak aldatzeko bideak diseinatu ahal izan dituztela.\nIkastolako jostalekua, gero, haurren gustuko eremuekin diseinatu zuten: arte xokoa, kirol gunea, lasaitasun gunea... «Haurrek beren ametsetako kanpoko eremuaren maketa bat diseinatu zuten irakasleekin batean. Horren arabera, gero, gurasoek lagundu zituzten plantan ezartzen». Unasobizkaik eta Bizijolas taldeak egin zuten koordinazio lana.\nEmaitza onak\nUnasobizkaik argi du lehen proba izanik gauza batzuk zuzendu beharko dituztela, baina, oro har, emaitza onak izan dituzte. «Kanpoaldea haurrek gustuko zituzten eremuen arabera antolatzeak eragin ona izan du adin eta genero nahasketan, eta nahasketa horrek euskararen erabilera sustatzen du».\nHalere, orain, gazteago diren haurrak heldu dira, hastapeneko proiektuan parte hartu ez dutenak, eta emeki-emeki nahasketa ttipitzen ari da berriz. Hortaz, irakasleek beharra sentitu dute proiektua berriz abiatzeko, haur belaunaldi berria inplikatzeko. Gainera, helburua lukete egitasmoa beste ikastoletara hedatzeko.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000120", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Izokinak gizakiaz anitz dio\nInoiz baino izokin gutxiago kontatu dituzte aurten Urdazurin. Kutsadurak, itsas arrantzak eta ur beheititzeak pairatzen dituzte arrainek, baina errekazainak xede hidroelektrikoek dituzte asaldatzen azkenaldian.\nAurten 21 izokin baizik ez dituzte kontatu Urdazuri errekan ikerlariek. Sekula baino gutxiago. Duela hogei urte, oraino, berrehun inguru kontatzen zituzten urtean. Europa mendebaldeko leku bakarrenetarik zen, orain arte, Euskal Herria, arrain gerizatu hori atxiki zuena eta gizakiaren jardunek desagerrarazi ez zutena.\nOlivier Briard Urdazuriko AAPPMA Arrantza eta Erreka Uren Babes Elkarteko lehendakaria da, Senperen, eta izokinaren bilakaera lurraldeko uren bilakaeraren seinalea dela dio. «Izokina markatzaile biologiko inportantea da. Uraren kalitatearen berme erakuslea da». Izokinaren eta beste arrain migratzaileen gainbeherak arrazoi bat baino gehiago du. Hidroelektrikarako urtegiak eta bestelakoak, itsasoko arrantza, kutsadura, eta orain ur eskasteak. Gure gizarte hautuen erakusleihoa zaio erreka. «Izokinaren babesteari uzten badiogu, erran nahi du uraren kalitateaz ontsa futitzen garela».\nMathieu Buoro eta Etienne Prevost Laborantza, Elikadura eta Ingurumenerako Ikerketa Institutu Nazionaleko (INRAE, frantsesez) zientzialari-ikerlariak dira, Senperen. Urdazurin egiten dituzte arrain migratzaileei buruzko ikerketak -aingira, amuarraina, izokina eta alosa-, baina ikerketa horien nazioarteko ikerketa sare zabalagoan sartzen dira. Europako Itsasoaren Miaketa Batzorde Internazionalean, bada talde bat izokinari zuzentzen zaiona. Europako aditu guzien ikerketak biltzen ditu, Senperekoenak barne. «Horri esker, izokin saldoak neurtzen ahal ditugu, eta bilakaerak ikusten ahal Europan eta Ipar Amerikan», esplikatu du Mathieu Buorok. Talde zientifiko horrek aholkuak ematen dizkie nazioarteko erakundeei arrantza politiketan, konparazione.\nEtienne Prevostek baieztatu du izokina bereziki segitua den arrain babestua dela. Enblematikoa da. Oroitarazi du desagertua bezala zela 1970eko hamarkadan, gizakiaren eraginez. Hidroelektrikarako eta garraiorako barradera edo urtegiak eta zentralak dira hobendun nagusiak, baita kutsadura guziak eta itsasaldeko arrantza masiboa ere. «Mirakulu aski handia da hemen izokina oraino hor izatea. Errobi, Urdazuri, Bidasoa gune arraroak dira horretan, Bretainiako eta Saint-Michel mendiko arroen gisan», aitortu du Prevostek. Hain zuzen, horregatik iduritzen zaio ardura are handiagoa duela lurralde honek. «Espeziea arrain basa bezala oraino bizi den gune batean gara; beraz, lurralde hau gainditzen duen erantzukizuna da gurea».\nDuela berrogei bat urte, errekazainen eta zientzialarien lanari esker berpizten hasi zen izokina. Aurten, izokin saldorik apalena kontatu dute. Egoera berdintsua da Atlantiko aldeko beste erreketan ere. Gizakiaren aktibitateen ondorio kaltegarriei beste gauza bat gehitu zaio azken urteetan: klima aldaketa eta ur heinen beheititze azkarra. Gehiago dena, 40 urtez, izokinak izariz eta pisuz ttipitu eta arindu dira. «Hain segur, uretan hazteko baldintzak txartu direlako», erran du Buorok.\nKutsadurak eta itsas arrantza\nAAPPMA elkarteak Errobiren arroan, Urdazurirenean bezala, Frantziako Estatuak eman betekizuna du uren kalitateen zaintzea, uretako arrainen eta gainerako bizidunen osagarria zaintzeaz gain. Kutsadura bat gertatu aldikal erakunde publikoei jakinarazi behar die. Eta hala egiten du. Olivier Briard Urdazuriko AAPPMA elkarteko lehendakaria da hamabost urte hauetan, eta ur hori aztertu du azken 30 urteetan. Hark dioenez, ur araztegiak eraikirik oro har uraren kalitatea hobetu da, baina euri uhar handietan araztegiak gaindikatzen dira, eta Urdazuri kutsatua da, maiz. «Euri erauntsiak direnean, erregularki, ur zikinak gaindikatzen dira, eta Urdazurirat isurtzen. Elkargoa abisatzen dugu behin, bi aldiz; hirugarren aldian, salaketa ezartzen dugu». Arazoa da salaketa ezarri eta sekulako denbora behar duela aitzina egiteko. Salaketa kutsaduraren iturria den enpresa baten kontrakoa ere izan daiteke.\nSenpereko INRAEko ikerlariak, izokinaren behaketa lanetan, Urdazurin. HITZA\nEuropak laguntzen ditu azkarki diruz ur zikinen araztegiak, baina biztanleria zalu emendatzen den lurraldean, eta, udan jende andana doblatzen denean, araztegiak ttipiegi gertatzen dira. Urdazuriko arroan araztegi berri eta handia egitekoa dute orain. Bizkitartean, Briardek dio ur zikinak garraiatzeko hoditeria hertsiegia eta andeatua dela guneka. «20.000 biztanlerentzat eginak ziren hodi horiek egun 40.000rentzat behar lukete izan». Artetik errateko, Briardi adierazgarria zaio Elkargoak Uhabia errekan arazoari eman dion erantzun bat, tapa ateak ezarririk: ur zikinak direnean tapak hetsi, ur zikinak itsasoan urrunago botatzeko hondartza bazterrean bainatzeko baimenak atxikitzeko gisan. «Zortzi milioi euro gosta dute tapa horien obrek, Uhabiako ur zikinak urrunago botatzeko udatiarrak ez daitezen jenatuak izan bainatzeko». Uhabia kutsatua dela jakina da, eta arazoa kontraka kudeatu dela dio Briardek. «Turismoaren ekonomia da jokoan, eta, arazoa bere iturritik konpontzeko partez, kontrakoa egin da, urrunago igorriz».\nIzokinaren gainbeherak beste esplikazio bat badu, Briarden ustez. Donibane Lohizunen duela hogei urte abiatu zuten arrantza mota bat. Guneka sareak ezarriz, arrain migratzaileak ere harrapatzen dituztela dio, eta desmasia handia dela. «2003a baino lehen, bana beste berrehun bat izokin bagenituen urtean. 2003tik landa, 70etara erori zen; eta urterik txarrena aurtengoa da: 21 izokin». Berrogei urtez egin lana suntsiturik bezala ikusten du erreken zaintza elkarteko buruak. «Dramatikoa da. Babestuak diren espezieen atxikitzeko egin ditugun indar guziek funtzionatu zutelarik».\nBaina izokinaren eta ureko izaki babestuen zaintzaileek beste suntsiketa eragile bat begitan dute aspaldian, izokinaren erreketako arrantzari frankok bezala funtsean: zentral hidroelektrikoak eta barraderak.\nHidroelektrika hiltzaile\nIzokin arrantzariek aspaldian salatzen dute zentral hidroelektrikoetako turbinek xirtxikaturik uzten dituztela izokin gazteak, eta barraderak ezin dituztela gainditu.\nIpar Euskal Herriko hidroelektrikariek lobby lana eraman dute azken urte hauetan, ingurumen debekuen kentzeko. Euskal Elkargoa ere Corinne Lepage abokatu ezagunaren bila joan zen tokiko erreketan energia berriztagarri hori garatzeko aholku ikerketa egin zezan. Sail horren aldeko olde horrek arranguratzen du azkarki AAPPMA elkarteko burua. Baita INRAEko zientzialariak ere.\nBriardi, gainera, zentzugabekeria zaio hidroelektrikaren garapena Ipar Euskal Herriko erreketan, uren heinak urtez urte beheiti baitoaz, eta ez baita joaira aski handirik izanen zentral horien itzulikarazteko. Athurri-Garona ur agentziak egin Athurri 2050 prospektibak dio uren heinak %40 apalago izanen direla 2050erako. Briardek dio geroztik beste ikerketa bat izan dela: «Ez da Athurri 2050, baizik eta Athurri 2030. Ur heinak erdira jautsiak izanen dira bihar berean. Hidroelektrikariek tokiko hautetsiak engainatzen dituzte».\nINRAEko zientzialariek ere kezka bera dute, ikusten dutelarik Elkargoak hidroelektrika garatzeko xede baduela zentral jabeekin batean. «Segur da kaltegarria litzatekeela izokinarentzat, eta gibelera egite handia litzatekeela. Ez da karbono gutiko energia delako ingurumenarentzat eta bioaniztasunarentzat ona dela. Barraderak izugarri kaltegarriak dira arrain migratzaileentzat eta erreka uren bioaniztasunarentzat», erran du, garbiki, Prevostek.\n«Betikoa, ekonomia ezartzen da ingurumenaren aitzinetik», segitu du Briardek. «Zer Euskal Herri nahi dugu? Elektrika ekoizteko gaitasuna duena, ingurumenari kasurik egin gabe, edo ibai eta itsas ur sanoak dituena?». Energia alorrean lehentasunak beste nonbait ikusten ditu: beti berdin ekoizteko partez, kontsumoa ttipitzea. «Azkenean, energia kontsumoa zuhurtzeari buruz itzulikatuko ginateke, arren, koherenteak izateko gure bizitzetan».\nGainerat, uren apaltzeak beste arrangura bat ekarri du: edateko uraren eskastea. Ur agentziaren iragarpenek ez dute mentura onik ekarri, eta Briardek uste du fite egina dela lehentasunezko hautua edateko uraren eta elektrika eskasaren artean: «Edateko ura ukaiteko zinezko arazoak ditugun egunean, ageriko. Elektrika eskasten bazaigu, trabak izanen ditugu, baina bizitzen ahalko gara; elektrizitatea ez da edaten».\nKlima aldaketaren ondorio horiekin ez zuten erreketako bizidunek hidroelektrikaren asmoen beharrik, errekazainen ustez. Arrain migratzaileek ibarretan gorago joateko pasaia dutenean, xantza handiagoa dutelako bizirauteko, Buorok azaldu duenez: «Erreken gainaldeak babeslekuak dira, ura freskoago delako eta ugalketarako gune onak direlako».\nBankako Minaberriko zentral hidroelektrikoa. HITZA\nUrruteniako urtegia\nEsperantza berriz bildua zuten, AAPPMAk berriki Dantxarinea (Ainhoa) Urruteniako urtegi zaharra desegitea erdietsi baitzuten. Izokinek, amuarrainek, aingirek ez zezaketen gainditu horraino.\nEihera izan zen Frantziako iraultza baino lehen, eta gero arraintegia bilakatu zen. Ura eskastearekin, ez zen gehiago erabilia aspaldian. Frantziako arrantzarien fundazioarekin erosi dute, hondarrean, desegiteko. Briard biziki kontent da, ezen Nafarroako aldean arrainak errazki igaiten ahalko baitira. «Nafarroan barraderak kendu dituzte, eta arrainek dena gaindi dezakete. Aspaldian eginak dituzte obrak. Guk 25 urte behar izan ditugu igurikatu». Buoro zientzialaria ere pozik da: «Arrainak igaiten ahalko dira, eta izokinak ugaltzen ahalko dira Nafarroako partean». INRAEkoek, gainera, partaidetza lan bat abiatua dute Nafarroako Gobernuko uren zerbitzuekin, Urdazuri eta Bidasoko bizidunen zaintzarako.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000121", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Diabetesaren zama arintzeko sarea lanean\nHaurren diabetesari buruzko sentsibilizazioa egiten du Goxokiak elkarteak; diabetesa duten haurren familien elkartea da, eta kanpaina bat abiatu berri dute, diabetesa goiz detektatzen laguntzeko.\nAurreiritzi anitz badira diabetesaren inguruan; azukre gehiegi jaten dutenen eritasuna dela uste dute anitzek, kutsakorra izan daitekeela beste anitzek; ez da hala, ordea. Diabetes mota bat baino gehiago badira, eta haurrek ere izaten ahal dute. Gehienetan, eritasun autoimmunea den 1 motako diabetesa dute haurrek: intsulina produzitzen duten zelulen desegite autoimmunea gertatzen da orduan. Horren ondorioz, intsulina kanpotik ekarri behar zaie, gluzemia tasa erregulatu ahal izateko. Ipar Euskal Herrian diabetesa duten haurren familien elkartea da Goxokiak, 2010ean sortua, eta sentsibilizazio kanpaina bat abiatu berri du, diabetesa ahalik eta goizena detektatzen laguntzeko helburuarekin. Egun, Baionako ospitalean 120 haur tratatzen ditu pediatria zerbitzuak 1 motako diabetesarengatik.\nSintomak bortitzak eta hainbat motatakoak izaten ahal dira, tratamendua plantan ezarri aitzin: usu pisa egiteko gogoa, gauean pisa ohean egiten berriz hastea, ohiz kanpoko egarria sentitzea, normalki janik ere mehatzea eta nekea.\n4 urte zituenean atzeman zioten 1 motako diabetesa Jokin Mugika Uhalderi. Egun, 13 urte ditu, eta eritasun horrekin bizitzen ikasi du geroztik. «4 urte nituen, beraz ez naiz ongi oroitzen, baina badakit ez nintzela ongi», kontatu du Mugika Uhaldek. Haren amak, Brigitte Uhaldek, ongi gogoan du nola gertatu zen dena. «Ospitalera joan ginen, gure semea ez zelako batere ongi. Lehenik, suspertze zerbitzuan egon zen zenbait egunez, eta, ondotik, arta intentsiboetan. Hamar egunez ospitalean egon behar izan genuen».\nDiagnostikoa\nIzan ere, diabetesa artatu gabe denean, muturreko egoerak gerta daitezke, eta Uhaldek uste du semearen egoera larria izatera heldu zela, ez baitzekiten eritasunak zer sintoma eragiten zituen. «Ez genekien zein ziren sintomak, eta ez genekien zer zen 1 motako diabetesa. Gero, ospitalean erran ziguten 1 motako diabetesa zuela Jokinek. Hasieran, ez genuen ulertzen; guk uste genuen zerbait huts egin genuela janariarekin, gaizki jatera eman geniola, baina fite ulertu genuen ez zuela deusik ikustekorik. Eritasun autoimmune bat da».\nHasieran hala uste bazuen ere, medikuen esplikazioekin ulertu zuen ez zela haurrari emandako elikadurarekin lotua. «Eritasun autoimmune guzietan bezala, gorputza tronpatzen da, eta sistema immunitarioa gorputzaren kontra itzultzen da. Diabetesarekin, globulu zuriek intsulina ekoizten duen pankrearen zati bati atakatzen diote; beraz, intsulina beheititzen da, eta kanpotik ekartzea beharrezkoa da. Intsulina beharrezkoa da, energia eramaten duelako denetara», zehaztu du Brigitte Uhaldek.\n120\n1 motako diabetesa duten haurrak. 1 motako diabetesa duten 120 haur tratatzen ditu Baionako ospitaleko pediatria zerbitzuak. Goxokiak guraso elkartearekin, sentsibilizazio kanpaina bat antolatu dute orain.\nEgoera horiek saihesteko, Goxokiak elkartekoek baitezpadakoa ikusten dute sentsibilizazioa egitea, sintomak agertu orduko diabetesa dela atzematen laguntzeko. Orain, sintomak ezagutarazteko kanpaina bat abiatu du elkarteak, Baionako ospitalearekin partaidetzan. Afixa berezi bat prestatu dute, sintoma desberdinak zerrendatzen dituena. Haurrak hartzen dituzten toki publikoetan, eta medikuen kabineteetan banatu dituzte, ahal bezainbat jendek ikus ditzan. «Anitzetan, haurrak sobera gaizki direlarik heldu dira ospitalera, ez baitute aski goiz ikusi diabetesa badutela. Sentsibilizazio kanpaina egin dugu, gurasoek jakin dezaten zein diren sintomak, eta, horrela, haien haurrek sintomak baldin badituzte, medikuak pikura bat egiten ahal die gluzemia tasa neurtzeko», esplikatu du Mugika Uhaldek.\n«Sentsibilizazio kanpaina egin dugu, gurasoek jakin dezaten zein diren sintomak, eta, horrela, haien haurrek sintomak baldin badituzte, medikuak gluzemia ikusteko pikura bat egiten ahal die».\nJOKIN MUGIKA UHALDE Diabetesa duen nerabea\nDiabetesa eragiten duten arrazoiak, ordea, ez dira baitezpada ezagutuak. Zientzialarien arabera, «terreno genetiko» bat beharrezkoa da eritasuna garatzeko, baina, ikerketek diotenez, ez da faktore bakarra. Inguruneari lotutako faktoreak ere izan daitezke arrazoien artean, baina ez dute oraindik argitu zein diren zehazki. «Susmoa bada perturbatzaile endokrinoek eragiten dutela, baina ez dakigu, ez da segurtatzen ahal. Dena den, behar da terreno genetiko bat eritasun hori garatzeko», segurtatu du Uhaldek.\nTratamendua barneratzen\nIntsulina bidezko tratamenduari esker, odolean den gluzido kopurua erregulatzea posible da. Jokin Mugika Uhaldek ongi daki nola funtzionatzen duen tratamenduak: «Hasieran ospitalean gluzidoak kalkulatzeko liburuxka bat eman ziguten, elikagaien gluzido kopurua emanez. Ttipitan gurasoek egiten zuten, baina handitzean nik ere ikasi dut kalkulatzen. Afera da tratamendua ez dela lehen kolpetik atzematen ahal, behar baitzaio bakoitzari egokitu bere gorputzaren aktibitatearen arabera». Haurren kasuan, tratamendua kudeatzea «zailagoa» da helduen kasuan baino, haurrek egun osoan egiten dituzten aktibitateak ez direlako beti berdinak, eta ez direlako beti aurreikusiak.\nGoxokiak elkarteko lau haur, jostatzen, intsulina neurtzeko gailua agerian. GOXOKIAK\nHorren ondorioz, denbora pixka bat har dezake bakoitzari dagokion tratamendua plantan ezartzeak. «Haur bat aritzen ahal da futbolean, bost minutu geroago kaniketan, eta ondoko segundoan emozio azkar bat ukan. Horren guztiaren arabera aldatzen da beharrezkoa duten intsulina kopurua», esplikatu du Uhaldek. Bi gauza kalkulatu behar ditu Jokin Mugika Uhaldek egunero: jan gabe bizitzeko beharrezkoa duen intsulina kopurua, eta jaten duenaren eta bere gorputzak duen jardueraren arabera beharrezkoa duen intsulina kopurua.\nOro har, eritasuna kudeatzen ikasi du 13 urteko gazteak, nahiz eta batzuetan aspergarria zaion. «Ikastolan nintzenean, beti irriz ari ginen ene diabetesaren inguruan lagunekin, baina kolegioan aspergarriagoa zait. Badudalarik arazotxo bat ene diabetesarekin, behar dut ene gauza egin, eta horrek erran nahi du lagunekin momentu bat saltatzen dudala, eta hori ez da goxo».\nTrukatzeko parada\nBehin diagnostikoa ukan eta elkarren artean partekatzeko espazioa da elkartea; bai gurasoentzako, baita haurrentzako ere. Urte osoan hainbat ekinaldi antolatzen dituzte, haurrak eta familiak elkartzeko. «Diabetesari buruz ditugun informazioak partekatzeko balio du, baita familia berriei beren emozio guziak ateratzeko espazio bat eskaintzeko ere», esplikatu du Brigitte Uhaldek.\n«Guraso gisa, diagnostikoa ukaiten duzunean ezin duzu deus entzun: ez ongi joanen dela, ez ongi bizi dela eritasunarekin ere. Gure lehen egitekoa, momentu horretan, emozioak heldu diren gisan hartzea da: haserrea, tristezia...».\nBRIGITTE UHALDE Goxokiak elkarteko kidea\nHaren ustez, elkarteak antolatzen dituen ateraldien bidez diabetesa dutela jakin berri duten haurrek eta haien familiek parada dute ulertzeko «ongi bizi» daitekeela eritasunarekin. «Ttipienek handiagoak ikusten dituzte ongi bizitzen, kirola egiten, zozokeriak egiten; hots, haur bizi bat ukaiten. Segur dena da diabetesarekin bizia aldatzen dela, baina neholaz ere ez da gelditzen».\nUhaldek dio «zaila» dela beren haurrak diabetesa duela jakin berri duten gurasoak lasaitzea, hasieran. «Guraso gisa, diagnostikoa ukaiten duzunean ezin duzu deus entzun: ez ongi joanen dela, ez ongi bizi dela eritasunarekin ere. Gure lehen egitekoa, momentu horretan, emozioak heldu diren gisan hartzea da: haserrea, tristezia...». Lehen denbora horretan «laguntza teknikoa» ematen diete, tratamenduak eta gailuek nola funtzionatzen duten esplikatzeko, besteak beste.\nBestalde, diabetesa duten haurren arteko elkartasuna sustatzen du elkarteak. Jokin Mugika Uhaldek esplikatu du haur ttipiei hipergluzemia edo hipogluzemia gertatzen zaienean elkarteko zaharragoek laguntzen dituztela egoera kudeatzen. «Erakusten diegu guri ere gertatzen zaigula, eta entseatzen gara haiek lasaitzen». Elkarren artean eritasunaz irri egiten ere ikasten dute: «Gure artean gluzemia kopurua konparatzen dugu, edo bakoitzak duen materiala. Txapelketak egiten ditugu ikusteko nork duen gluzemia handiena...», erran du, irriz, Mugika Uhaldek.\nHiriburuko Ametzondo merkataritza gunean izanen dira Goxokiak elkarteko kideak maiatzaren 20ra bitarte, asteazkenetan eta larunbatetan, sentsibilizazioa egiteko.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000122", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "'InpAkta' aldizkari berriak zientzia ikerketak helarazi nahi dizkio gizarteari\nInpaktu soziala izan dezaketen zientzia ikerketak jendartera hedatzeko asmoz sortu dute InpAkta aldizkaria. Urtean bi aldiz aterako da, eta alor orotako artikuluak aterako ditu ingelesez eta euskaraz. Euskal Herri guziko unibertsitate eta ikerketa zentroak bildu ditu proiektuak.\nSortzaileetan dira Ugo Mayor EHUko (Leioa, Bizkaia) irakasle eta Ikerbasque zientzia fundazioko ikerlaria, Miren Estensoro Deustuko (Bilbo) Orkestra ikerketa zentroko ikerlaria, Arantza del Pozo Vicontech ikerketa enpresako zuzendaria (Donostia), eta Urtzi Etxeberria Baionako Iker hizkuntzalaritza zentroko (UPPA, CNRS) zuzendaria. Hain zuzen, Etxeberriak esplikatu du hainbeste erakunderen elkarretaratzeak baduela munta. «Interesgarria da, zeren eta badaude Nafarroako, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Akitania Berriko erakundeak. Boiseko Unibertsitateak ere [AEB] parte hartzen du. Nahiko orokortua da erakunde aldetik, eta horrek badu garrantzia».\nCOVID-19aren pandemiatik heldu da ideia. Eramaileak ohartu ziren ikerlariak franko agertu zirela plaza publikora orduan, eta zientzia herritarrengana helarazteko beharra ikusi dute. «Aldizkari honen sorrerako harra», Etxeberriaren arabera, gehienbat «zientzia eta ikerketa egiten zutenek beren lanak plazaratzea izan da, eta jendeak uler zezan». Eta hainbeste erakunde elkartzeak «erakusten du zientzia gizarteratzeak baduela garrantzia» haientzat. Unibertsitate mundutik atera dadin ikerketetarik sortu jakintza, «artikuluak ez bakarrik akademian erakutsaraztea, eta jendeak irakurtzea».\nZientzia aldizkariak badira jadanik franko mundu mailan. Euskal Herrian ere bai; Elhuyar aldizkaria hor da, euskaraz. Bizkitartean, Etxeberriak dio gizartean eragin dezaketen ikerketen ezagutaraztea dela xedea, eta orain arte agertu ez dena ekarri nahi dutela. «Asmoa ez da besteei tokia kentzea, baizik eta zerbait berri ekartzea».\nHastetik, artikuluak ingelesez eta euskaraz agertzea deliberatu dute. «Hemen bertan sortua denez, hemen bertako zerbait izan dadin, euskara hor izango dugu. Eta, aldi berean, interes orokorreko artikulu bat norbaitek gurean publikatzea da asmoa, ingelesez baldin bada ere». Momentuko, ingelesari eman zaio lehentasuna. 0 zenbakian gehien-gehienak ingelesez dira artikuluak, eta bakar batzuk euskaraz. Hondarrean, xedetzat daukate denak itzultzea eta bi hizkuntzetan ukaitea.\nLehenbiziko artikuluak martxotik goiti errezibitzekoak baldin bazituzten ere, Etxeberriak salatu du jadanik hasiak direla eskuratzen. «Badago interesa», erran duenez. Unibertsitate eta zientzia erakunde anitz izanik egitasmoaren sortzaileetan, sare zabala osatzen du, eta «laguntzen du zabalkundean».\nZientzia eta gizartea\nPandemia denboran, COVID-19ari edo SARS-CoV-2 birusari buruzko jakitateak astez aste aitzina egin arau zabalkunde bat bazuen, mundu guzia hunkitzen baitzuen gaiak. InpAkta aldizkariak inpaktu soziala duten ikerketak zabaldu nahi ditu. Ez du erran nahi orduan bezala aktualitatearen meneko egon nahi duenik. «Pentsatzen dut aktualitatea ekartzen duten gaiek interes handiagoa piztuko dutela irakurleengan, baina iduritzen zait edozein gai izan daitekeela aktualitatekoa».\nHizkuntzalaritzan lan egiten du Iker zentroak. Halako sail oso berezituan, araberako hiztegi hertsikoa jendarteratzeko, artikuluak araberan landu behar dira. «Lanketa bat egin behar da, hitz teknikoak modu lasaiago eta argiagoan azaltzeko», laburbildu du Etxeberriak. Horregatik, InpAkta aldizkariak metodo bat hautatu du lehen urrats horietan: «Artikulu guztientzako egin dugu laburpen ez hain teknikoa bat. Artikulu hasieran, beti bada orri bateko laburpena gaia irakurterrazago egiten duena».\nJendearengana heltzeko xedez, beti, luzerat artikulu guziak euskaraz irakurtzeko gisan izatea nahi lukete. «Horretarako, itzultzaile automatikoak erabiliko ditugu», zehaztu du Etxeberriak. Baina, tresnekin aitzinamendu handiak egin badituzte ere, hiztegi teknikoarentzat gauzak bideratu nahi dituzte oraino. «Euskara teknikoa landuko duen atal bat izanen da aldizkariaren barnean. Egia esan, oraindik lantzeko zerbait da, eta lan ikaragarria da».\nNahiz eta horren neurtzea ez den hain aise ere, ikerketa lan baten inpaktu soziala neurtzeko moldeak bilatu dituzte aldizkariaren eramaileek. Inpaktu horren definizio bat ere eman dute webgunean: «Ikerketa lanek inpaktu soziala dutela esan daiteke gizarteari, kulturari, ingurumenari edo ekonomiari nolabaiteko ekarpena egiten badiote gure lurraldeko erronkei erantzuteko, edota nolabaiteko ekarpena egiteko potentziala badute». Eragiteko gaitasun hori izartzeko molde bat ere badute. «Jasotako ikerketa lanen inpaktu soziala ebaluatzeko eta kuantifikatzeko tresna azkarra ere sortu dugu», diotenez. Puntuazio baten bidez egiten dute, betetzekoa den taula bat dela medio.\nInpAkta aldizkaria urtean bi aldiz aterako da. Kitorik izanen da. Artikuluak Inpakta.eus atarian irakurtzen ahalko dira, eta paperezko bertsioa ere izanen du. Lehen zenbakia uda gabe nahi lukete plazaratu, baina hartu artikuluen arabera izanen da.\nGiltzak\nInpAkta -k zer gai landuko dituen: ekologia, ekonomia, medikuntza, osasun publikoa, bioetika, antropologia, ingeniaritza, geologia, hidrologia, hezkuntza, komunikazioa, inteligentzia artifiziala, albaitaritza, immigrazioa, soziologia, genero ikasketak, hizkuntza, digitalizazioa, demografia, jasangarritasuna, elikagaiak, kimika analitikoa eta abar.\nEgitasmoa babestu duten erakundeak: Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Mondragon Unibertsitatea, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa (UPNA), Deustuko Unibertsitatea, CNRS IKER-UMR 5478, Agirre Lehendakari Centre, Arantzazulab, Telesforo Monzon eLab, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutua, Bordeleko Unibertsitatea, Bordele-Montaigne Unibertsitatea, Basque Research and Technology Alliance, Aditech, Elhuyar fundazioa, Eusko Ikaskuntza, Centre for Basque Studies - Reno, Boise State University Basque Studies, Udako Euskal Unibertsitatea (UEU), Cenarrusa Foundation for Basque Culture eta Soziolinguistika Klusterra.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000123", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Desafioei buru egiteko, laborantza da kanore duena»\nLa Via Campesina munduko ehunka laborantza mugimenduren sindikatuko bozeramailea da Ody. Asteburu honetako Lurrama azokako ugazama da. Munduko desafioen aitzinean herri laborantzak duen indarra azpimarratu du.\nMunduko laborantza sindikaturik handiena da La Via Campesina. Afrikako, Asiako, Ameriketako eta Europako 182 antolakunde biltzen ditu, eta berrehun milioi laborari ordezkatzen ditu. Morgan Ody (Laval, Frantzia, 1979) Bretainia Morbihan aldeko baratzezaina da mugimendu horren bozeramailea gaur egun. Gaur hasi da Lurrama azoka, Biarritzen, eta bertako ugazama izanen da Ody. Ciaran galernak etxaldean egin kalteen konpontzen ari zela mintzatu da.\nEtxeko segida hartuz bilakatu zinen laborari, edo berantago?\nDoi bat bietarik. Etxalde batean handitu nintzen, baina ez nuen etxondoko segida hartu. Gero, bidaia anitz egin dut; besteak beste, Asia Hego-ekialdean. Han, bizimolde modernoaren desmasiak ikusi nituen, eta etxera sartzerakoan pentsatu nuen laborari izatea zela aldaketa positibo baten alde egiteko molderik hoberena.\nZerk ekarri zaitu sindikalismorat, gaur egungo Via Campesinako bozeramaile izateraino?\nLaborantza sindikalismoaren biberoian hazia izan naiz, aita Confederation Paysannen baitzen. Duela hogei bat urte ezagutu nuen Via Campesina, itzultzaile boluntario gisa. Emozioen aldetik ere hunki ninduen azkar, ohartu bainintzen mundu osoan, laborariak hizkuntza orotakoak izanagatik, molde ezberdinetan beztituak izanagatik, laborantzak oinarri-oinarrira ekartzen gintuela denak: denek jan behar dugu. Azotaren zikloa denetan bertsua da; denetan lurra, ura eta airea behar da landareen jinarazteko.\nVia Campesina oso indartsu gogoratzen du jendeak topaketa altermundialista handi batzuetan. Gaur egun zertan da?\nEskuinean, ezkerrean bezala, anitzek uste izan dute laborariak ez zirela gai gizarte aldaketa baterako indar bat zabaltzeko. 1993an Via Campesina agertu zelarik, anitzek duda handiak zituzten. 30 urte bete ditugu, eta Via Campesina munduko gizarte mugimendu nagusia da; hala aitortzen du Nazio Batuen Erakundeak ere. Ez dut uste munduan beste mugimendurik badenik hainbesteko aniztasuna garraiatzen duenik. Via Campesinan, batasuna aniztasunean errateak badu zinez kanore.\nEgitasmo politiko hori zein litzateke?\nJanari beregaintasuna, agroekologia, laborarien eskubideak, laborari feminismoa, laborantza erreformak eta partekatze zuzenak. Via Campesinako antolakunde guziek bat egiten duten balioak dira.\nLaborarien gutitzea, lurren galtzea, laborantza industrialaren nagusitasuna; laborariek arazo berei buru egiten ote diete mundu guzian?\nArazo batzuk zinez elkarren idurikoak dira: belaunaldi berrikuntzaren arazoa, adibidez. Afrikako, Asiako eta Latinoamerikako lagunekin aipatzen dugularik, erraten digute ez dela aise gazteen atxikitzea baserrialdean; diru sartzeak hirian baino aise apalagoak direlako, denetan bezala. Bestalde, mundu guzian herri laborantzek industriaren jazarpena pairatzen dute; industriak lurrak bereganatzen ditu. Helburu espekulatibo batekin egin bereganatzeak dira; karbono merkatuekin, gero eta gehiago badira. Finantza enpresa batzuek lurrak beretzen dituzte karbono kredituak saltzeko gero. Horretarako, bertan bizi ziren herritarrak kanporatzen dituzte. Franko arranguratzen gaitu, baina kolektiboki borrokatzen gara.\nEmazteak dira aitzinean ezarri aurtengo Lurraman. Gauzak aldatzen ari direlako, edo feminismoaren lanaren ondorioz?\nBiak batera, hain segur. Laborantza feminismo herrikoia lantzen dugu, ekofeminismotik hurbil diren ideiekin. Naski, mugimenduek antolaketa biziki patriarkal batetik ateratzeko gogoa dute. Molde bertikalak baitziren, ar dominatzaile batzuen ego handien menekoak. Eraman nahi dugun egitasmo politiko-sindikalarekin ez du bat egiten eredu patriarkal horrek. Balio kolektiboak eraman nahi ditugu: elkar zaintzea, dimentsio emozionalak berriz ekartzea; sakonki lotua da gure eremu eta lurraldeekin dugun harremanaren aldaketekin; naturan jaun eta jabe diren gizonen ideia oso kartesiar horretarik ateratzen ari gara.\nNolakoa litzateke lurraldeari lotu harreman aldaketa hori?\nGure lurraldeetan bizitzea, horien zaintzea, horiekin elkarbizitza harmoniatsuagoan izanez, eta ez hainbeste dominazioan. Feminizazioarekin, beste balio batzuk aldatu dira mugimenduan, ikuspegi ekologikoago batekin. Modernitatearekin dugun harremanari lotua da. Naturari, baita emazteei ere, anitz kalte egin die XVI. eta XVII. mendeetan eraiki den modernitateak -gizon zuri zientifiko dominatzailearena-. Laborantza feminista eta herrikoiaren mugimenduan elkarrekin egitean oinarritzen diren balioei lotzen gatzaizkie.\nAr dominatzailea ez ote da oraino azkarki plantatua etxaldeetan, eta berdintasunerako bidea ez ote da luzatzen ari?\nBai, luze da. Baina uste dut emazte gisa beste leku bat atxiki nahi dugula. Goiz honetan bezala, eguna oiloak bazkatuz hasi dut, hurbilekoen zaintzeko espazio bat atxiki nahi baitut. Ez dut enbeiarik gizonak izan daitezkeen bezalako emazte sindikalista izateko, zeinetarik batzuek familia bereber utzi baitute sindikatuari dedikatzeko, halako sakrifizio alde batekin. Guk ez dugu emazte lider bat ezarri nahi gizon lider baten lekuan. Kolektiboki antolatzeko moldea dugu kanbiatu nahi, bakoitzak bere lekua ukan dezan, gizonek ere denbora har dezaten hurbilekoen zaintzeko.\nZer mezurekin heldu zara Lurramara?\nEsperantza mezu batekin, biziki zaila den mundu batean. Hondamendia aitzinaturik ikusten dugu begien bistan: gosea goiti doa munduan -Frantzian ere bai-; hondamendi ekologikoa -joan den eguneko ekaitza lekuko-; gerlak aitzina doaz -zur eta lur uzten nau genozidio bat egiten ari direla ikusteak, eta iduriz jende guti grinatzen duela Frantzian-. Laborantza mugimenduaren aldean ez da egitasmo sinesgarri handirik. Feminismoarekin zaintza aitzinean ematen duen herri laborantza xede horrek jatera eta bizi baldintza duinak eman ditzake munduko gizaki guziei, elkartasun eta berdintasun gogo batekin. Desafio guziei buru egin nahi badiegu bihar, laborantzaren xedea da kanore duen bakarra.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000124", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Stockholmgo sindromea\n«1977ko Martxoaren 8an Euskal Herrian Emakumearen Egun Internazionala lehen aldiz ospatu da, egun honetan emakumeek aurrerantza eraman behar dugun eguneroko borroka gogoratzen dugu gure zapalkuntza eta sozial bazterketaren kontra». Bilboko aitormenaren sarhitza zen. Geroztik Euskal Herriko emazteak nazioarteko egun horretaz jabetu gara, urtero ozenkiago gure berdintasun gosea orrokatuz.\n2018az geroztik mobilizazio eguna greba egun bilakatu da pixkanaka. Urtero munduko biztanleriaren erdia lana uztera deitua da, eskubideak dituela mailukatzeko mundua kontrolatzen duen beste erdiari.\nAskorentzat lanuztea ekintza antzua da, alferrikako denbora edo diru galtze bat besterik ez. Kontrakoa uste dut, hots, lanerako maitasuna erokeria dela, lanerako grinak bizi-indarrak agortzen dizkigula. Ororen buru, hilinki izatea nagusikeriaren aurkako tresna ikaragarria da. Alta, emazteok segitzen dugu irmo lanean, Sisiforen gisan, sekula amaitzen ez den eginbehar bati kateatuta. Musu truk bete beharrekoa zein kontratupekoa, gure kontu ala agintepekoa.\nEnargiako langileek eta zuzendariak lana utzi zuten otsailean, zuzendari honen kargugabetzea salatzeko eta 7.000 euroko lansari nahia defenditzeko. Emazte langileek beren lansariari uko egin dute zenbait astez, nagusi jaunaren onurako. Stockholmgo sindromeaz sufritzen dutela dirudi, bahitzailearekin konplizitate harreman azkar bat garatu bazuten bezala, honi sustengu hutsezina adieraziz. Greba gelditu dute martxoaren 8an, emazteentzat gizonen pareko eskubideak aldarrikatzen ditugun egunean. Estilo hutsa.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000125", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Igandeaz\nEuskal Hirigune Elkargoko azken Kontseiluan igandeko lanaren ebazpenari buruzko eztabaida piztu da urtero bezala. Herri bakoitzak igandeko atsedenaldiaren araua urratzeko erabakia har dezake xehekako saltegientzat, 12 igandez urtean. Lehen 5 igandeak auzapezak libroki hautatzen ahal baldin baditu, gaineratikoak Elkargoaren adospenaren ondotik erabaki ditzazke.\nSoldatapeko langile batek ezin du astean 6 egun baino gehiago lan egin. Gutienez atseden-egun bat eman behar zaio, ontsalaz igandean. Igandea atseden-egun gisa hautatzea tradizio judu-kristauaren ondorio da. Alta legebiltzar errepublikano eta apezjale batek bozkatutako legeak du behin betiko atseden-egun gisa finkatu 1906an, Courrieres-eko meatze hondamendiaren ondoren.\nIgandeko pausa funtsezkoa gelditzen da, bi balio nagusitan errotua baita: atsedena eta familia. Gorputzen eta buruen indarberritzeko uneak behar ditugula jakina da, fisiologikoa da. Harremanei dagokienez, eskolarik gabeko egun horrek senideei elkartzeko aukera eskaintzen die. Haratago, lagunekin eta auzoekin biltzeko, elkarbizitza ehuntzeko astia ematen digu. Igandeetako lanak soziabilitate galera bat eragiten du.\nLangile ikuspuntutik, ez gara petzero. Hertsapen ekonomikoek bultzatzen gaituzte igandeko lanarendako «boluntario» izatera. Lansari duinak izanez gero, ez genuke ordu gehigarrien ondotik ibili beharko. Erosleei begira, ezin atxikizko beharrei erantzutea da helburua: egunero kontsumitzea premiazkoa dugulako, igandeetan ere bai. Larrialdi klimatiko gorrian ere.\nAzkenean eta ustekaberik gabe, batzarrak neurriaren alde egin du.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000126", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Masa gizartean soluzioak beti erraz\n'Masa gizartean soluzioak beti erraz' - Galtzagorri", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000127", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Libertimendu, kabalkada eta maskaradetan herritarrek euskaraz hartu dute plaza\nCOVID-19ak plazak konfinatu ondoko aroak lili berriak ekarri ditu Ipar Euskal Herriko plazetara, izan inauteri garaian ala udako kabalkadetan, herritarren parte hartzearekin. Batzuetan gatazka iturri izan bada ere, euskarari plaza ireki zaio egun horietan.\nKabalkadak\nArrosan, Heletan, Mehainen eta Luhuson egin ziren kabalkadak iragan udan. Heldu den urteko iragarria da Lekornekoa, eta geroko Irisarrin eta Aiherran eginen direla ere aipatu da. Arrosan 120 herritar bildu ziren ikuskizuna prestatzeko, eta, Mirentxu Bizkaixipi antolatzaile eta antzerkilariaren erranetan, herritarrak juntatzeko parada berezia izan zen: «Edozein pentsamendutako jendeak bateratu ditu helburu jakin beraren inguruan. Jendeak urteetan batak besteaz zituen aurreiritzi batzuk jauzarazi ditu». Euskararen erabilpena ez zen, hastapen batean, berez nagusitu antolatzailearen arabera, nahiz gerora aldatu: «Emeki-emeki, jendea ohartu da euskarak zuela dinamika hori sortuko. Beraz, edo pikoan jarri behar zuten lehen urratsak eginez, edo kanpoan utziko zuten beren burua. Euskara izan da irabazle, halere. Bederen, kontzientzia hartzean».\nLibertimenduak\nAntton Lukuk Garaziko libertimendua berpiztu zuenetik hemezortzi urte joan diren urtean, libertimenduen zerrenda handia izan da: Añorgan (Donostia), Baigorrin, Bunuzen, Donapaleun, Donibane Garazin, Hazparnen, Iruñean eta Lekornen (Baigurakoa) egin da aurten, otsailean eta martxoan. Preseski, Lukuren Libertitzeaz liburua ikerturik, duela bost urte hutsetik sortu zuten Iruinkokoa izeneko erritua Iruñean, urtez urte garatzeko ideiarekin, Ihitz Iriarten erranetan: «Beti gogoan izanda inauteriak behar duela jende kopuruan neurrian egon». Jende berria bildu dute, halere, urtez urte.\nBaigorrin, bigarren libertimendua zuten aurten. Batetik bestera, hor ere, jende berria agertu dela zioen Santi Dupuy zirtzilak: «Espero dugu ohitura gisa ezartzea. Bikaina da libertimendua, euskal kulturaren parte bat da, eta giro handiagoa ekartzen dio herriari urtean zehar».\nMaskaradak\nIragan neguan Mauleko gazteria ibili zen herriz herri, Zuberoako hiriburuan 2018ko pastoralak ( Belako zaldüna ) sortu giro kulturalari segida emanez. Heldu denari so, Pagolan prestatzen hasiak dira urte hatsarrean lekukoa hartzeko, eta, gazteek dakitenez, herriko lehen maskarada izanen da. Euskarari inportantzia berezia eman diote aitzinetik, hilabeteak baitira herriko gazteak AEK-ko kurtsoetan ari direla, batzuk lehen urratsetan eta besteak zuberotarra hobetu nahian.\nEz da ohikoa Kabana Handia emaztea izatea ere, behin baizik ez baitzen gertatu hori, Eskiulan, emazteen maskarada bat plantatu zutelarik. Ainara Agerre Lakok Ipar Euskal Herriko Hitza -n erran zuenez, ez zuen, halere, halako oihartzunik izatea espero: «Kabana neska izatea ez zen gure erronka bat. Halere, horrek hainbeste polemika pizteak erakusten du badela problema zerbait Zuberoan. Estonatzen nau jendea estona dadin rolak osoki partekatu ahal izateaz».", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000128", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Bakea, zer da bakea?\nOdisearen interpretazio musikala eta poetikoa proposatu nuen duela zenbait urte. Aitortu behar dut berriz ere herritar gutti interesatu zituen enegarren proiektua izan zela.\nAlta, garaiari egokiak zitzaizkion galderak jorratzen saiatu nintzen. Odiseak, Ulisesen Troiako gerlatik landako hamar urteko etxeratzea kontatzen du; hots, gudua, etsaia, bakea, erbestea, damua, barkamena, generoen arteko harremanak, transmisioa... Hori guzia jorratzen saiatu nintzen, euskal poetak tarteko.\nOdisean, mendebaldeko zibilizazioaren testu fundatzaileetarikotzat ematen duten horretan, gerla irabazi ondoan, Ulises etxera sartu eta bere herria eta Penelope emaztea enganatzen saiatu diren guziak erailtzen ditu. Hori dio Homeroren Odisearen XXII. kantuak. Hori da Ulises mendebaldeko heroiaren etxeratze ondoko lehen ekintza.\nKonparatu gabe ezin egon. Ez ote da menperatzaileek euskaldunen kontra beti izan duten postura? Azken hilabete hauetako prentsa begiratzea aski da: Ostiakoen atxiloketak, bakegileen auzia, Gorka Roca Torreren kontrako auzia, eta abar...\nAzken Indioa akabatu arte, bakerik ez...\nEz badugu gehiago (batzuek diotenez) «etsaitasun orokorturik pairatzen» ere, aitortuko duzue, ez garela aske eta lasaitasun osoan bizi!\nGandiagaren bertso hau oroitarazten dit: «Bakea ez da legea. Bakea legezkoa da, ordea».\nItxuraz, ez dugu denek bakearen definizio berdina. Nik behintzat, ez dut ez espainol ez frantsesik entzuten gure herriari mendeetan jasanarazi dionaz damutzen denik, ezta egindakoarengatik barkamena eskatzen digunik ere.\nOdiseari fidel darraikiote inperialistek.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000129", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Nahi dugu erakutsi ez dugula guk bakarrik ikastola bat nahi»\nUrteetan saiatu dira Beskoitzeko ikastolako gurasoak, Seaskarekin, etxe prefabrikatuak baino baldintza hobeak kausitzen haurrentzat. Bihar, manifestazioa eginen dute herriko etxeak ezarri oztopoak salatzeko.\n2013an, lau haurrekin sortu zen Beskoitzeko ikastola, guraso baten etxean; handik urte batera lur publikoetan eraikin prefabrikatu bat ezarri eta haur kopuruak etengabe goiti jo zuen. 2018an lehen aldiz, lur horretan eraikin bat altxatzea aipatu zuten gurasoek, haur kopurua goiti zihoalako eta baldintza hobeak ukan nahian. Seaskak, herriko etxeak ez zuelako laguntzeko borondaterik agertu, gastuak bere gain hartzea proposatu zuen urte batzuk berantago, baina saiakera anitzen ondotik, eraikitzeko baimen eskaera ezeztatua izan zaie aurten. 51 ikasle dira orain, eta prefabrikatuetan segitzen dute. Herriko etxeak laguntzeko borondaterik ez duela agertu salatu dute Julen Jauregik (Lehuntze, 1987) eta Manu Diribarnek (Bardoze, 1987); lehena gurasoen presidente ohia da, eta bigarrena, Cyril Fesquinnekin ko-presidentea gaur egun. Manifestazioa eginen dute Beskoitzen bihar, 11:00etan, herriko etxeak ezarri oztopoak salatzeko.\nManifestazioa izanen da bihar. Zer helbururekin eginen duzue?\nJULEN JAUREGI: Euskal herritar guztien laguntza ukaiteko. Guk ez dugu hauturik; aurten baditugu 51 haur, eta ez da posible gehiago halako egoeran atxikitzea gure haurrak. Behar dugu geroari pentsatu, ez dugu itxoiten ahal gehiago. Prefabrikatu horietan, zinez, baldintzak ez dira onenak. Euria delarik, behar da ikusi zer harrabotsa den. Horregatik, Seaskak deialdia egin du manifestaziorako, denen laguntza ukaiteko: ez da bakarrik Seaskaren sareko deialdi bat, euskararen mundukoa da. Nahi dugu erakutsi ez dugula guk bakarrik ikastola bat nahi, denek nahi dutela. Ez dugu lortu haiekin mintzatzea, baina egun eder eta alaia egin nahi dugu aitzina joateko, guk ere ikus dezagun segituak garela.\nMANU DIRIBARNE: Herriko etxeari erakutsi nahi diogu inportantea dela, eta ez soilik guretako. Ongi pasatzea nahi dugu, zinez familia giroko manifestazioa izatea, eta ongi joan dadin. Ez da indar erakustaldi bat; modu baketsuan erakutsi nahi dugu ez gaudela bakarrik.\nHerriko etxeak ez du zuen kontrako posiziorik agertu, baina mespretxuz jokatu duela erranen zenukete?\nDIRIBARNE: Iduri luke badela zerbait gibeletik; mespretxua balitz, ene ustez, ez lukete sekula publikoki erantzunen, eta are gutiago errateko ikastolaren alde direla. Hor erantzuten dute, baina haien ekintzek ez dute diskurtso publikoa baieztatzen. Oraino okerrago iduri zait. Segur dena da ez gaituztela serioski hartzen, ez baita batere elkarrizketarik.\nJAUREGI: Guk beti entzun dugu ikastola soberakina zela Beskoitzen. Herriko etxeak erraten du bakarrik beskoiztarrak izan behar liratekeela ikastolan, baina ez du ulertu ezin direla bakarrik lekuko haurrak izan. Bistan da mespretxua dela: erran ziguten eraikitzeko baimen eskaera egiteko, eta ez digute eman! Ez dute ikusten haurrak direla erdian. Gure egoera ezagutzen dute hastapenetik, baina sekula ez dugu lortu haiekin egiazko elkarrizketa bat ukaitea.\nAldizkari batean, ikastolaren egoeraren berri eman diezue herritarrei. Nolako oihartzuna ukan du? Sostengua baduzue?\nJAUREGI: Bai, sostengua badugu. Jakin behar da ikastolako guraso eta haurrak inplikatuak direla Beskoitzeko elkarteetan. Partekatzen ditugu gauzak Oinak Arin elkartean, euskal dantzan aritzeko. Denak elkarrekin bizi gara, eta badugu sostengua eskola publikotik eta eskola pribatutik; hori segur da. Harritzen dira ikusirik zer egoeratan garen eta nola pasatzen den.\nDIRIBARNE: Aldizkaria banatzeko ikastolako guraso anitzek parte hartu dute, eta ikusi ditugun Beskoitzeko jendeen artean anitz badira sostengatzen gaituztenak eta herriko etxearen postura ulertzen ez dutenak. Inpresio bera ukan dugu Lurraman banatu dugularik ere. Badugu sentsazioa jende anitz badela ikastolaren alde.\nGuraso gisa, zer dakarkizue eraikin bat kausitzeko bataila hori eramateak?\nJAUREGI: Gurasoak gara, laguntzaileak gara ikastola batean, dena egiten dugu gure haurrentzat. Ikastoletan dena diruztatzen dugu: haurrak kantinara eramateko, gurasoek bi langile kontratatu eta pagatzen ditugu. Baditugu gauza anitz egiteko, geroari pentsatu dugu. Bistan da nahi genuela beste maneraz pasatzea eta Seaskarekin azken momentua itxoin dugula mobilizazio bat egin aitzin. Gure nahia zen 2018tik zerbait ateratzea. Pentsa zenbat momentu baziren zerbait egiteko, baina orain ez dugu beste aukerarik; ez gara mintzatzen ahal ere herriko etxearekin. Edo mugitzen gara edo hiltzen gara.\nDIRIBARNE: Akituak gara borroka luze honekin; egunero mintzo gara telefonoz, abantzu egunero elkartzen gara, akigarria da.\nZer espero duzue?\nDIRIBARNE: Nahi genuke biharko manifestazioarekin edo iragan asteartean izan zen danborradarekin herriko etxeak entzutea. Azkenean, behar dira ohartu jende anitzek ikastola hori nahi duela. Gainera, opari ederra litzateke Beskoitzerentzat, eraikin publikoa bilakatuko litzatekeelako.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000130", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Antibiotikoak gaizki erabiltzea osasun publikoko arazo «larria» da\nEztula, mukiak, zintzurreko mina, sukarra... Sintoma horiek eragiten dituzte birus batzuek, hala nola gripeak eta COVID-19ak. Horien kontra, ordea, antibiotikoek ez dute deusetako balio: debalde dira. Izan ere, bakterioen kontrako erremedioa da antibiotikoa, eta bakterio bidezko infekzioen kontra baizik ez dira erabili behar. Baionako CPAM Erien Asurantza Kutxak alarma piztu du: Ipar Euskal Herrian ere antibiotikoen erabilera gehiegizkoa da, eta horrek osasun publikoko arazo bat sortzen du, bakterio batzuek antibiotikoen kontrako erresistentzia garatu baitute. Horrek eragiten du orain arte artatzeko errazak ziren infekzio batzuk ez gehiago artatu ahal izatea. Antibiotikoak egoki erabiltzea galdegin dute: bakterio bidezko infekziorik dagoenean bakarrik, eta, beti, medikuaren gomendioa segituz.\nIpar Euskal Herria barne duen Pirinio Atlantikoetako departamenduko datuen arabera, herritarren %41ek hartzen dituzte antibiotikoak gutienez urtean behin. Mediku orokorrak dira gehien preskribatzen dituztenak, 0 eta 10 urte artekoei eta 75 urtetik gorakoei bereziki. Delphine Dauzier Erien Asurantza Kutxako zuzendari laguntzailearen arabera, «biziki handia» da antibiotikoak hartzen dituztenen kopurua, eta baitezpadakoa ikusten du prebentzio lana egitea. «Datuak baditugu, eta badakigu herritarren artean nork dituen gehien kontsumitzen; pedagogia lana bereziki horiei begira eraman behar dugu. Helburua da erabilera apaltzea, beharrezkoa delarik baizik ez daitezen erabiliak izan».\nOsasun publikoa jokoan\nMartine Cibrario Soula Erien Asurantza Kutxako medikua arranguraturik mintzatu da, hark ere uste baitu gehiegizkoa dela antibiotikoen erabilera. «Osasun publikoarentzat zinezko arazo bat da antibiotikoak debalde erabiltzea, edo gaizki erabiltzea, medikuaren gomendioak segitu gabe. Gorputzean patogenoak ez diren bakterioak baditugu, baina, horiek gehiegitan antibiotikoak topatzen badituzte, horiekiko erresistentzia garatuko dute. Bakterio bidezko infekzio bat izatean, gero, antibiotikoak ez du eraginik izanen». Erresistentzia horiek gainditzeko gai diren antibiotiko azkarragoak erabiltzera behartuak direla jakinarazi du. «Eta, batzuetan, horiek ere ez dute funtzionatzen. Beraz, badira bakterio bidezko infekzio batzuk ezin ditugunak artatu, duela zenbait urte aise artatzen genituelarik». Cibrario Soulak argi utzi du hori osasun publiko arazo biziki larria dela, bakterio artaezinak sortzen baitira, eta horrek heriotzak eragiten baititu.\nAntibiotikoekiko erresistentzia apaltzeko, ez da «berantegi». Cibrario Soulak esplikatu duenez, herritarrek antibiotikoak behar bezala eta beharrezkoa denean bakarrik erabiliz gero, egoera zinez hobetuko litzateke, «zuzenki lotua baita». Ikerketa zientifikoak, gainera, ez du baitezpada erresistentziak gainditzen ahal dituzten antibiotikoak garatzeko ahalik. «Ezin dugu antibiotikoekiko erresistentzia gainditu ez badugu horien erabilera apaltzen, eta ez baditugu egoki erabiltzen».\n«Datuak baditugu, eta badakigu herritarren artean nork dituen gehien kontsumitzen; pedagogia lana bereziki horiei begira eraman behar dugu. Helburua da erabilera apaltzea, beharrezkoa delarik baizik ez daitezen erabiliak izan». DELPHINE DAUZIER Erien Asurantza Kutxako zuzendari laguntzailea\nAntibiotikoak ongi erabiltzeko «ongi preskribatuak» eta «ongi erabiliak» izan behar dutenez, prebentzioa egitea da gakoa, Cibrario Soularen arabera. Medikuek badituzte horretarako tresnak, hala nola bakterioa ala birusa den detektatzeko probak, eta horiek erabiltzea gomendatzen du Erien Asurantza Kutxak. Bakterioa bada, eta pazienteak antibiotikoak hartzeko medikuaren ordenantza badu, posologia eta tratamenduaren iraupena errespetatu behar ditu. «Nahiz eta lehen egunetan pazientea hobeki sentitu, tratamendua bururaino hartu behar du. Bestenaz, erran nahi du bakterioa antibiotikoarekin harremanetan izan dela, baina ez aski luzaz garaitua izateko. Horrek ere antibiotikoekiko erresistentzia handituko du».\nPedagogia\nDauzierek pentsatzen du medikuen gehiegizko preskripzioa pazienteek medikuei egiten dieten «presioak» esplika dezakeela partez; horregatik, hain zuzen ere, beharrezkotzat jo du pedagogia. «Bakoitzak molde arduratsuan jokatu behar du bere eritasunarekin, eta onartu behar da birusen kasuan anitzetan denbora dela erremediorik eraginkorrena». Cibrario Soularen iritziz, pazienteek joera izan dezakete erremedioak bakarrik hartzeko, eta hori ez egiteko erran du. «Usu gertatzen dena da paziente batek sukarra duelarik ez duela baitezpada medikura joko; haatik, aitzineko aldi batean eman zion antibiotiko bat hartuko du, ustez eta aitzineko aldian eraginkorra izan zela. Problema da antibiotiko baten preskripzioak bakarrik balio duela diagnostiko konkretu baterako. Aitzineko aldian bakterio bidezko infekzioa izan zitekeena ondokoan birus batek eragindakoa izaten ahal da».\n«Problema da antibiotiko baten preskripzioak bakarrik balio duela diagnostiko konkretu baterako. Aitzineko aldian bakterio bidezko infekzioa izan zitekeena ondokoan birus batek eragindakoa izaten ahal da».\nMARTINE CIBRARIO SOULA Medikua\nDauzierek erran du hori eragozteko garrantzitsua dela preskripzio baten ondotik erabili gabeko antibiotikoak farmaziara itzultzea. Helburua da automedikaziorik ez egitea, «ondorio katastrofikoak baititu». Jendea sentsibilizatzeko lanetan ari da Erien Asurantza Kutxa, eta talde berezi bat osatu du horretarako, Baionako ospitaleko medikuekin partaidetzan. Talde horrek mediku orokorrei gomendioak emanen dizkie, eta antibiotikoak egoki preskribatzen lagunduko ditu, bereziki, artatzeko konplikatuak diren infekzioen kasuan, ospitaleko mediku berezituen laguntza ukaiten ahalko dute edonoiz. Aldi berean, herritarrenganako prebentzioa ere eginen dute, besteak beste komunikazio kanpaina bortitz baten bidez.\nDauzierek argi du egitasmo hori beharrezkoa dela jendeak kontzientzia har dezan: « 2050ean angina batek hilko nau dioen emazte gazte baten afixa hedatuko dugu. Errealitatea hori da, antibiotikoekiko erresistentziak hori eragiten ahalko du ez badugu indar kolektiborik egiten. Arrazoi horregatik hiltzen direnen kopurua anitz emendatuko da, eta parekatzen ahalko da minbiziak eragindako heriotza kopuruarekin. Larria da, eta fite eragin behar dugu». Konfiantzaz mintzatu da Cibrario Soula, uste baitu pedagogia lanari esker herritarrek beren usaiak aldatuko dituztela eta egoera konpontzen ahal dela.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000131", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Euskarazko liburu eta disko azoka izanen da bihar Ziburun\nEuskararentzat eta euskaldunentzat «arnasune eta arnasgune» izanen da Ziburuko liburu eta disko azoka; hala izatea nahi lukete, behintzat, antolatzaileek. Bosgarren aldia izanen du bihar euskarazko ekoizpenen azokak, Baltsan elkarteak eta Argia astekariak partaidetzan antolaturik. Plazan izanen da azoka. 10:00etan hasiko da, eta 19:00ak arte iraunen du -13:00etatik 15:00etara hetsia izanen da-. Aurten, Daniel Landart idazlea omenduko dute, «euskararen etengabeko militantea». Ladix Arosagarai azokaren antolatzaileetarikoak argi du «euskarak galdutako plaza berreskuratzeko» parada izanen dela azoka. «Denen agerian izateak laguntzen gaitu ausartago izaten, euskararen eremua errekupera dezagun».\nProgramazio trinkoa izanen da: sei liburu aurkezpen eta lau kontzertu, baita haurrentzako tailerrak ere. Denbora eta espazio aldetik mugatuak zirelakoan, aurten lehen aldiko Azokaldia egin dute maiatzean, inguruko herrietako elkarte batzuekin batean, azoka denboran hedatzeko asmoz. «Inguruko herrietako euskaldunek azokari ekarpen handia egiten diote. Azoka euskaraz arnasa hartzeko parada bat da, frantsesaren edo espainolaren inposaketaren interferentziarik gabe; aukera hori zabaldu nahi genien inguruko herriei ere», esplikatu du Arosagaraik. Lau topaketa egin dituzte maiatzean, eta heldu den urtean errepikatuko duten oraindik ez badakite ere, uste dute «baikorra» izan dela.\nLandart, «ebidentzia bat»\nAzokak, euskarazko sortzaileentzat erakusleiho izateaz gain, euskararen aldeko jardunean ibiltzen den jendea omentzea du helburu. Aurtengo omendu Landart «ebidentzia bat» izan da, Ipar Euskal Herrian «euskalgintzan eta herriaren alde» ari delako, Arosagarairen hitzetan. «Kantagintzan eta antzerkigintzan sekulako lana egin du, idazlea da, Euskal Kultur Erakundearen zuzendari izandakoa... Militantzia handia badu euskalgintzan, eta espanturik gabekoa da. Argi genuen ohoratu behar genuela egin duen ekarpena», zehaztu du.\n«Azoka euskaraz arnasa hartzeko parada bat da, frantsesaren edo espainolaren inposaketaren interferentziarik gabe». LADIX AROSAGARAI Ziburuko azokaren antolatzailea\nAzokaren irekitzearekin batean eginen diote omenaldia Landarti, goizeko hamarretan. Diskurtso bat irakurriko diote lehenik, eta hitza utziko diote ondotik. 10:10ean, mahai ingurua eginen du Landartek, Arantxa Hirigoien antzerkilariarekin batean. «Transmisio lan bat egiten saiatu nahi dugu mahai inguru horren bidez; horretarako, gazte belaunaldiko norbaitekin elkartuko dugu Landart. Euskal antzerkigintzaz ariko dira solasean, lehengoaz eta oraingoaz, bien arteko loturak egiteko», erran du Arosagaraik.\nMusikari leku berezia\nLiburu azokek idazleei lekua egiteko xede dute, baina Ziburukoa disko azoka ere baden heinean, musikariei eta diskoetxeei leku berezia egiten die. Erraterako, Euskal Herriko lau diskoetxek izanen dute lekua: Xofaldiak, Mukuruk, Usopopek eta Balio Dutek. «Hasieratik gure azoka liburu eta disko azoka da. Diskoarentzat garaiak ez dira biziki onak; jende anitzek musika kontsumitzen du - ez entzuten, baizik eta kontsumitzen -, eta musika Interneten deskargatzen dute», deitoratu du Arosagaraik. Sortzaileentzat «izugarri zaila» dela uste du, «bizitzeko baldintza duinik ez badute, sortzetik gelditu beharko» dutelako. «Euskara hizkuntza zapaldua den heinean, gainera, erosle potentzialak gutxiago dira. Arriskuan da kultur sorkuntza mota hori. Baina herri izan nahi badugu, kultur sorkuntza orotarikoa behar dugu», trenkatu du Arosagaraik.\nEkhi Lambert kantari eta gitarristak, hain zuzen ere, bere diskoak salduko ditu bihar Ziburun. Inbasioak lana plazaratu du aurten, eta diskoa erosteko aukera izanen da bihar. Lambertek «maite» du diskoa objektu gisa, baina duda du ez ote zaion «pasatua den formatu bati atxikia». Nolanahi ere, argi du ekonomikoki interes urrikoa dela disko salmenta, eta uste du «promoziorako tresna» bat dela gehiago. «Bisita karta bat bezala da: ez dugu dirurik irabazten horrekin, baina balio du promozio lana egiteko».\nLambertentzat, azokak «ikusgarritasun» bat ematen die sortzaileei, eta leiho bat da «diskoaren lana agerian ezartzeko». Azoketan bereziki gustuko duena jendearekilako harremana da: «Publikoarekin eta beste artistekin mintzatzeko parada ematen digute azokek; kontzertuetan, normalean, distantzia handiagoa bada, baina hor parada izaten dugu trukatzeko».\nEGITARAUA\n10:00. Irekitze ekitaldia eta Daniel Landarten omenaldia.\n10:10. Zubiburu mahai ingurua: Daniel Landart eta Arantxa Hirigoien.\n11:00. Kiribil iturri zaharrean , haurrentzako ipuin kontaketa.\nPelaxen kontzertua.\n11:30. Irritaia . Mattin Martiarena, komiki aurkezpena.\n12:00. Etxe bat norberarena . Yolanda Arrieta, liburu aurkezpena.\n12:30. Zirriborroka , bertso marrazkien dema. Mattin eta Amane Apalategi; Maddi Ane Txoperena eta Maddi Sarasua.\n13:00etatik 15:00etara hetsia izanen da azoka.\n15:00. Bloñ, kontzertua.\n15:30. Umore saioa. Ion Martinez Txiki . 40 urte eta maldan behera niek .\nHaiku idatz tailerra, 7 urtetik goiti.\n16:00. Mikroipuinak . Idoia Torregarai eta Zaldieroa.\n16:30. Hegazkinen kontzertua.\n17:00. Riqfa . Mohammed El Kurd, liburu aurkezpena.\n17:30. Manttalingo alaba. Mikel Etxaburu, liburu aurkezpena.\n18:00. Mesfida zaitez. Bea Salaberri, liburu aurkezpena.\n18:30. Lumiren kontzertua.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000132", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Mobilizazio egun bat, segida iragartzeko\nSegur dira Kanboko Marieneko lurretan Bouygues promotoreak duen etxebizitza proiektuaren kontrako borroka irabaziko dutela. Baina biharko antolatu duten «borroka» egunak, preseski, helburu du erakustea kolektiboak zertara bideratuko diren proiektuak aitzina segituz gero: okupaziora, besteak beste. Batere ñabardurarik gabe mintzatu da ELB Gazte taldeko Bruno Junquet baratzezain kanboarra: «Irabazten ahal da eta irabaziko dugu; ez dugu laxatuko, hori segur da». Biharko eguna balizko okupazio baten prestaketa gisa iragarri du, gainera: «Tailer batzuk eginen ditugu okupazioa antolatzeko publikoki».\n[articles:2125514]\nELB Gazte taldearekin, antolatzaileetan dira CADE, ELB, Lurzaindia, Nahi Dugun Herria eta Ostia sarea ere. Biharko deialdian, «hamabi ordu Marieneko borroka elkarrekin irabazteko» erranaldia irakur daiteke; borroka luze bat oroitarazteko mahai ingurua izanen da, eta segidarako pistak aipatzeko zenbait eztabaida eta tailer prestatu dituzte, Marieneren defentsan aritzeko urrats jakinak aipatzeko.\nIndar harreman betean\nBorroka luzea izanagatik, azken aste eta hilabeteetan intentsitate handikoa izan da Marieneko xedearen kontrakoentzat. Bouygues taldearen egoitzan Marieneko proiektuaren maketaren gainera lurra botatzeagatik, Ostia sareko lau kide auzipetuak eta isunekin zigortuak izan dira berriki: bakoitzarentzat 500 euroko isuna gibelapenarekin, eta, lauren artean pagatzeko, 5.900 euroko kalte ordainak eta 800 euroko abokatu gastuak. DNA eta hatz markak egitea ukatzeagatik, berriz, zurituak atera ziren maiatzaren 14ko epaian. «Kapitalismoa zalantzan jartzen duen herri iniziatiba orok jasaten ditu errepresioa eta difamazioa», laburbildu du Hartzea Lopez Ostiako kideak.\n«Marienea hiriaren kanpoan da, eta hiriaren handitzea ekarriko luke; beraz, sinbolo inportantea da».\nBRUNO JUNQUET ELB Gazteko kidea\nApirilaren 10eko Kanboko herriko kontseilu zalapartatsuan proiektuaren kontrakoak sartu, eta bukaeran Christian Deveze Kanboko auzapeza erori izanak ere oihartzun handia izan du; mediatikoa eta politikoa. Jean-Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak Errobi lurraldeko ordezkaritza kendu zion maiatzaren 15ean Peio Etxelekuri, sei auzapezek igorri gutunaren ondorioz. Kanboko auzapeza bera gutunaren sinatzaileetan zen, baina ez die Hitza -ren galderei erantzun nahi izan; halere, zenbait iturriren arabera, Etxegarairen deliberoa zuzenki lotua litzateke Etxelekuk apirilaren 10eko manifestariak irmoki ez kondenatu izanarekin. Gertakarien ondotik, Etxelekuk adierazi zuen Kontseiluan agitua ezin zela ulertu «Marieneko dosierraren mamia aipatu gabe».\n«Ikusi genuen lekuko hautetsi batzuek, elkargoko lehendakaria barne, errekuperazio saiakerak egiten zituztela Frantziaren batasuna defendatzeko eta herritarren gogoen kontra egiteko», adierazi du Lopez Ostiako kideak. «Arrakasta eta duintasun txikiko maniobrak dira, Peio Etxelekuri egin dioten zangotraba lekuko».\nSinbolo azkarra\nMarieneko lurren izendapen aldaketak sortu zituen lehen arrangurak 2009. urtekoak dira, eta 2020ko urrian Bouyguesek eraikitze baimenaren eskaera egin zuen. Urte horietan guztietan, Marienea lurren inguruko espekulazioa borrokatzen dutenen sinbolo bilakatua bada ere, Junquetek argitu du «gatazka guztientzat lan hori» egiten dutela. Halere, sinbolo azkarra denik ez du ukatzen ELB Gazte taldeko kideak: «Behar ditugu lur horiek ere defendatu, lur leunak direlako; gainera, hiriaren kanpoan da, eta hiriaren handitzea ekarriko luke. Beraz, sinbolo inportantea da». Berdin pentsatzen du Lopezek: «Ipar Euskal Herrian bizi dugun lurraren eta etxebizitzaren egoera dorpearen adibide da».\n«Hautetsi batzuen partetik errekuperazio saiakerak ikusi genituen, Elkargoko lehendakariarena barne». HARTZEA LOPEZ Ostia sareko kidea\nLaborantzaren panorama ikusirik, «lurrak galtzea bertze problema bat» dela erran du Junquetek, jakina baita laborarien erdiak erretretara joatekoak direla. Kanboko eta inguruko herrietako panoramaz arrunt deskripzio ezkorra egin du laborariak: «Badira laborari gazteak lurrak xerkatzen dituztenak, eta ez dituzte atzematen. Baratzezaintzan bai, baina hazkuntzan behar dira lur gehiago, eta oraino zailago da atzematea etxalde bat hutsa edo lur baliagarri bat».\nTailerrak borrokarako\nBihar gogoetarekin hasiko dute eguna, Kanboko Bernadette Jougleux merkatu estalian, 11:00etan hasiko den mahai inguruarekin, Marieneko proiektuarekin zertan diren eta «nola irabazi» aipatzeko. Bazkaritik landa, 15:00etan, tailer desberdinetan bereiziko dira: herri laborantzaz eta laborantza iraunkorraz ariko dira batzuk, mobilizazio sozialetan eta ekologikoetan zer eskubide diren ikusiko dute besteek, eta beste talde bat «borrokaren segida nola antolatu» hausnartzen ariko da. Eskulanak eta haurrentzako tailerrak ere izanen dira.\nLopezek argitu du Ostiaren ekarpena «okupazioa eta ekintza zuzena» direla talde desberdinen koordinazioan. Baina, gehitu duenez, «ekimen soil horiek ez dira aski, taktiken arteko konbinazioak emaitza baikorrak» ekarriko baititu, haren ustez.\nKronologia\n2009: Marieneko laborantzarako lurrak 1AU izendaturik, epe laburrean eraikiak izan zitezkeen.\n2014: Kanboko hirigintza planaren (PLU) berrikusketa orokorra abiatu zen, Vincent Bru auzapez zelarik.\n2015: prefetak aldaketak finkatutzat jo zituen, aitzinetik Nahi Dugun Herria (NDH) oposizio taldeak salaketak eginik ere.\n2018: Kanboko kontseiluak hirigintza plana onartu zuen, NDHren kontrako bozekin eta, besteak beste, gehiengoan zen Peio Etxelekuren abstentzioarekin.\n2019: Euskal Hirigune Elkargoak hirigintza plana baieztatu ondotik, protestak izan ziren Baionan, otsailean. Martxoan errekurtso zenbait egin ziren.\n2020: Bouygues promotoreak eraikitze-baimen eskaera egin zuen urrian. 2021eko ekainean, herriko etxeak eskaera onartu zuen; errekurtso zenbait egin ziren gero.\n2021: azaroan, Ostia sarearen lehen bilkura Kanbon. Abenduan, manifestazioa hirurehun pertsonarekin.\n2022: apirilean, manifestazioa, 1.200 pertsonarekin. Ekainean, Paueko Auzitegian hirigintza planarekiko errekurtsoa galdua. Urrian, Marienearen okupazioa bi egunez. Abenduan, ekintza Bouyguesen bulegoan, lurra botaz proiektuaren maketara.\n2024: martxoan Ostiako lau kideren auzia; deliberoa, maiatzaren 14an: isunak. Apirilaren 10ean, laborariek antolaturik, laurogei bat pertsona sartu ziren Kanboko kontseiluan, eta hedexuri, oposizio eta hautetsien arteko bultzadetan, Christian Deveze auzapeza erori eta arinki zauritu zen.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000133", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Haize kontra ari gara oinarrizko eskubideak defendatzen»\nSionismoaren kontrako boza entzunarazten dute Bakearen Aldeko Frantziako Batasun Juduko kideek. Pierre Stambul bozeramailea Baionako Epaiskan izan zen atzo, eta Maulen hitzaldia emanen du bihar.\nBakearen Aldeko Frantziako Batasun Judua (UJFP frantsesezko sigletan) sionismoa salatu eta arrazakeria borrokatzeko sortu zen, Parisen, 1994an. Palestinaren eta Israelen arteko gatazka, erakunde haren arabera, soilik konpondu daiteke «populazio batek bestea dominatzea bukatuz gero». 2023ko urriaren 7an Hamasek egin erasoaz geroztik, haien bozak «pixka bat gehiago» entzunak dira. Baiona eta Maulera gomitatu dute Pierre Stambul erakundeko bozeramailea; Baionan atzo izan zen, eta, bihar, Mauleko Tokia antzerki taldearen egoitzan izanen da, 10:30ean.\nZer da Bakearen Frantziako Batasun Judua?\n1994az geroztik existitzen gara, hastapen batean Krimenik ez gure izenean aldarriaren inguruan. Laster, Israel palestinar herriaren kontra egiten ari den gerraren errealitateak jarrera hartzera behartu gintuen. Han gertatzen denak izenak ditu: gerra krimenak, gizateriaren kontrako krimenak, apartheida, genozidioa, supremazismoa... Antisionistak gara, sionismoa palestinarren kontrako krimena delako, eta gure memoriari, historiari eta nortasunari irain egiten diolako. Juduentzat ideologia suizida da, gainera. BDZ boikot kanpainaren parte gara, eta, beraz, Israelen boikotaren aldekoak. Ni haur bi aldiz egon naiz Gazan, 2013an eta 2016an. Gainera, arrazismoen kontrako elkartea gara: ez dugu antisemitismoa aparte tratatzen; arrazismo guztiak borrokatzen ditugu.\nPalestinako aktualitatea ikusirik, pentsa daiteke zuen boza gehiago entzuteko parada izan daitekeela. Hala gertatzen da?\nDoi bat gehiago. Noizean behin, baina zinez gutitan, mainstream hedabideek entzuten gaituzte. Izan [Frantziako] hedabide pribatuak, bederatzi aberatsen eskuetan direnak, edo izan hedabide publikoak, menperatzaileen aldean direnak. Haientzat praktikoena da erratea erlijio gerra bat dela eta arabiarrak Palestinarekin direla eta juduak Israelekin. Boz batek erraten duelarik gerra koloniala dela, oinarrizko giza eskubideak jokoan direla, orduan interes apala dute. Baina ministro baten egutegia dut oraintxe, hitzaldiz hitzaldi ari bainaiz. Sentitzen dut iritzian aldaketa bat gertatzen ari dela, eta uste dut gure agintariek ere sentitzen dutela: agintari israeldarrak ez dira soilik palestinarrak suntsitzen ari: nazioarteko zuzenbidea ere hiltzen ari dira. Agintariak arranguratuak dira, ez nazioarteko zuzenbidearen defendatzaile sutsuak direlako, baizik eta hori gabe basakeria nagusitzen delako.\nZerbait espero duzue?\nZerbait aldatzen hasi dela sentitzen da, eta espero dut su eten bat inposatzea kausituko dela. Arte horretan, bi frontetan segitzen dugu: Palestinako gizarte zibilak zutik atxikitzen laguntzeko ahaleginean -Gazara dirua igorriz, adibidez-, eta hemengo gobernu konplizeak behartu nahian politikaz aldatu eta Israel zigor dezaten. Antolakunde judu gisa, parean ditugun gizatzarrei zailago zaie antisemitismoaren argumentua baliatzea gure kontra. Ontsa dakigu sionismoa dela antisemita.\n«Antisionistak gara, sionismoa palestinarren kontrako krimena delako, eta gure memoriari irain egiten diolako»\nIsrael aipatzea, zuek egiten duzuen bezala, zaila ote da bereziki garai hauetan?\nBadira bi gauza. Bada antisemitismoaren lotsagabeko instrumentalizazio bat. Gure elkartean anitz gara nazien genozidioaren biktimen oinordekoak. Ene aita izan zen Manouchian [erresistentzia] taldeko 67 kide atxilotuetatik bizirik atera zen bakarrenetarikoa; 1943ko azaroan atxilotua eta deportatua izan zen Buchenwaldera [Alemaniako kontzentrazio esparrua], baina bizirik itzuli zen. Gaur egun masa krimen horren memoria erregimen arrazista eta supremazista batek ustiatzea, guretzat, ahalkegarria da. Gure boza ez da entzuna, bestalde, Israel bihurtu baita munduko menperatzaileen estatu nagusia, mundu mailako laborategi bilakatu baita errepresioan, arriskutsuak omen diren populazioen preso atxikitzean, puntako teknologietan...\n«Parean ditugun gizatzarrei zailago zaie antisemitismoaren argumentua baliatzea gure kontra»\nEkialde Hurbila atxikitzeko, Israel beharrezkoa da, eta behar dira golkoko estatu feudal, patriarkal eta esklabistak, Abrahamen Akordioetan elkartu direnak. Haize kontra ari gara oinarrizko eskubideak eta herrien eskubideak defendatzen. Pentsatzen dut gertatzen ari denak zerikusia baduela Frantzian nagusitzen den arrazismoarekin, immigrazioaren legearekin ... Gure menderatzaileek kontuan hartzen dute palestinarrak arabiarrak direla.\nNolakoa iduri zaizu, azken hilabeteetan, Palestinarekiko elkartasuna?\nPanorama askotarikoa da, eta usu lekuko historiaren emaitza izaten da. Irlandan, adibidez, Europako elkartasunik handienetakoa bada, eta bistan da irlandarrek larrutik dakitela zer den populu baten eskubide eta izateak ukatuak izatea. Beste alde batetik, Frantzian eta Alemanian izan da Palestinarekiko elkartasunaren kriminalizaziorik handiena, eta hori ere historiari lotua da. Frantzian zailagoa da elkartasuna adieraztea; gure elite politiko guztiak tarrapatan joan ziren Netanyahu [Benjamin, Israelgo lehen ministroa] laguntzera urriaren 7aren biharamunean. Alemanian, gure gisa bereko elkarteari kontu korronteak itxi dizkiote, sionismoaren kontra eta boikotaren alde delako.\nIazko urriaren 7ko gertakariek zatiketa batzuk sortu zituzten elkartasun mugimenduetan, Hamasen ekintzak kondenatzearen harira.\nSindikalista naiz, eta argiki ikusi dut sindikatuak nolako herabetasunean sartu ziren, sistematikoki parekatu nahian Hamas eta Israelgo Gobernua. Ni Gazan izan nintzen, eta alderdi guztietako politikariekin egon nintzen, Hamasekoak barne. Pertsona horiek munstro bilakatzeak ez du zentzurik Gazako egoera ezagutzen denean. Gero, konparatu behar bada urriaren 7koa beste zerbaitekin, 1954ko azaroaren lehenarekin konparatu behar da: Aljeriako gerraren hastapenean, FLNk berrehun pertsona hil zituen; horietan, mediku, farmazialari eta irakasle frantsesak. Gizarte kolonial batean, ezin da pentsatu gizarte zibila beti bazter egonen dela; beti jarrera hartu behar da. Israelen eta Palestinan, batetik badira zazpi milioi pertsona: israeldar juduak, eskubide guztiak dituztenak, eta beste zazpi milioi palestinar, batere eskubiderik gabe direnak. Guk mirespen zinez handia dugu israeldar antikolonialistentzat, eta urriaren 7az diotena argi da: badituzte lagun eta senideak urriaren 7an hilak edo bahituak izan direnak, baina afera horren erantzukizun osoa Israelgo gobernu arrazista eta supremazistarena da. Sekula ez ditugu ber mailan ezarriko okupatzailearen eta okupatuaren biolentziak.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000134", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Donibane Garaziko VVF bakantza gunea saltzeko xedeak polemika piztu du\n11.000 metro koadro eta berrogei etxebizitza dira Donibane Garaziko VVFan (Familien Bakantza Herrixka, frantsesezko sigletan). Azken hiru hamarkadetan herriko etxearena den eremu hori alokatua zitzaion VVF elkarteari, turismora bideratzeko. Orain, alokairu kontratua bukatzekotan denez, Laurent Intxauspe auzapezak eremua saldu nahi lioke VVFri, baina oposizioa arrunt kontra agertu da.\nIntxausperentzat, salmenta horrek herriari dirua ekarriko lioke beste proiektu batzuetarako: «Ez dakit oraino VVFren salmentak zenbat diru ekarriko digun, baina, normalki, etxebizitza proiektu berrietarako eredu ekonomikoa orekatzen lagunduko gaitu». Alokairu kontratua urte batez luzatu dute, arte horretan gunearen balioa estimatu eta tratua zerratzeko gisan.\nOposizioa asaldatu da. Batetik, «auzapezak egin nahi duen plaza berria finantzatzeko» litzatekeelako tratu hori, Xabi Larre hautetsiaren erranetan, auzapezak hori ukatzen badu ere. Larrek damu du salmentaz bestelako proposamenik ez dela plazaratu eztabaidatzeko. VVF elkarteak erran luke apartamentuetan berritze lanak egiteko 1,5 milioi euroko inbertsioa egiteko prest litzatekeela; Larreren ustez, argi da «gastu hori herriak bere gain» hartzen ahal lukeela, «jakinez gero alokairua emendatzen ahal lukeela».\nBerrogei etxebizitza\nBakantza herrixkako apartamentuak etxebizitzaren arazoari aurre egiteko baliatzea proposatu zuen Donibane Garaziko oposizioak. Intxauspek ihardetsi die sail horretan ere ari dela: «Lanean ari naiz alokatzaile sozialekin, berrogei etxebizitza eraikitzeko; konkretua da. Uste dut oposiziokoek nahitara nahasmena sortu nahi dutela». Legeak herriak behartzen ditu lau edo bost etxebizitza sozial eraikitzera, eta horiek baino gehiago eginen dituela argudiatu du auzapezak.\nEraikuntza xede horietarik bat kritikatu du Larrek, Intxauspek uholde arriskuan diren lurretatik hurbil egiteko ideia lukeelako. Beste proiektuekin ere dudak dituela jakinarazi du Larrek: «Saltzekoak izanen diren etxebizitzetan, ikusi behar da ez dutenez gero gainbalioa ekarriko jabe horiei. Hori gertatzen da batzuetan alokatzaile sozialekin», trenkatu du.\nTurismoa mantentzea ere Intxausperen argumentua da, VVF elkarteari baliatzen dituen egoitzak saltzeko: «Departamenduko datuen arabera, urtean 900.000 bisitari genituzke, eta horietan 65.000, beilari. Turismo gehiegikeriaz urrun gaude, eta anitzen onerako da: komertzioak, artisauak...». Urbanizazio planean, dena den, turismorako izaera mantenduko diote gune horri.\nLarreren erranetan berriz, bisitarien «%80, bakarrik egun batentzat» heldu dira. «Ez dut uste eraikuntza gehiagorekin jende gehiago ekarriko denik».", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000135", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Gazte gune handi bat egin nahi dute Donazaharreko Salha jauregian\nGarazi-Baigorriko poloaren egitasmoari jarraikiz, Euskal Hirigune Elkargoak Donazaharreko Salha jauregia erosi zion iaz Michel Intxauspe bankari zenaren familiari. Gaur egun Iparralai eskualdeko musika eskolak erabiltzen du, musika, dantza eta antzerki eskolen emateko. Hori Donibane Garazin eraikitzekoa duen kulturgunera joanen da egina izanen denean, eta Salha jauregian gazte gune nagusi bat egin nahi dute tokiko hautetsiek. Gazte gunearen egitasmoak hiru ardatz ditu, momentukoz: LGE Langile Gazteen Etxearekin hamalau bizitegi egitea, Garazi aldeko aisialdi zentroa eta Apetipa haurtzain etxea. Ondoko hilabeteetan zehaztuko dute xedea, horretarako izendatu programatzaile bat lagun.\nMichel Intxauspe zenak erosi zion Donibane Lohizuneko parrokiari Salha jauregia, 2010ean. 2015ean, Iparralai musika eskola han plantatu zuen orduko Garazi-Baigorriko herri elkargoak, alokairu baten truke. Michel Intxauspe 2011n zendu zen, eta, haren emaztea oraino bizi zela, Elkargoarekin hautsi-mautsi bat aurkitu zuten jauregia erosteko, Gilbert Ozafrain Aintzilako auzapez eta Garazi-Baigorriko poloko hautetsi koordinatzaileak gogoratu duenez. «300.000 eurotan saltzeko proposamena egin zen orduan. Ama zendu zen, eta haurrideek diru gehiago galdegin dute jauregia saltzeko. Hautsi-mautsia 450.000 euroan lortu dugu». Haurride horien artean da Donibane Garaziko auzapez Laurent Intxauspe.\nGazte bizitegiak\nGazte langileentzat hamalau bizitegi egiteko xedea badute Salha jauregiko saihetsean den erakinean. Horretarako, Elkargoak eta Langile Gazteen Etxeak Office 64 alokatzaile publikoari dei egin diote egitasmoa marraztu eta eramateko. Ozafrainek esplikatu duenez, bizitegi horien ideia Garapen Kontseiluak egin ikerketa batetik dator. «Ikerketa horrek agerian eman zuen Garazi aldean behar handiak bazirela gazte sasoilarien, aprendizen aterpetzeko». Bizitegi eskasia horretan Donejakue bideko beilarien oldeak eragina baduela adierazi du Ozafrainek, «presio» bat ekartzen baitu. «Jendeek beilariei anitz alokatzen diete; ondorioz, bizitegi gutiago dira langile gazteentzat».\nLehen lanbide batean sartzen diren 30 urtez petiko gazteentzat lirateke bizitegiak. Alabaina, ikusi dute turismoari lotu lanetako sasoilarientzat beharrak badirela. «Entzuten dugu langile eskasia badutela ostatu-jatetxeetan, eta, maiz, lotura bada aterpetzearekin, ez baitute gaitasunik bizitegia eskaintzeko». Gazte bizitegi beharra seinalatu zaie, bestalde, laborantzako eta hazkurri industriako sasoilarientzat.\nOffice 64 erakundeak hasia du azterketa. Hautetsiek gidaritza batzordea plantan emana dute egitasmoan jarraitzeko. Gazte etxebizitzak eginen dira, lehenik. Berantago, kulturgunea egina izanen delarik Donibane Garazin -obrak 2025 hondarreko abiatzea aitzinikusi dute-, aisialdi zentroa eta haurtzainak jauregian sartzeari lotuko dira. Arte horretan, argituko dute jauregiko parte guziak nola eta norentzat antolatu nahi dituzten. Horra arte, Iparralai musika eskolak Salhan jarraituko du.\nGarazi-Baigorrikoa ez da Langile Gazteen Etxearen xede bakarra barnealdean, Ozafrainek aitortu duenez. «Amikuzek eta Zuberoak ere pentsaketak eramaten dituzte», ezen Frantziako Estatuak hogeita hamar bat tokiren irekitzeko baimenak emanak baitizkio denetarat LGEri Baxenabarre eta Zuberoa artean.\n«Jendeek beilariei anitz alokatzen diete; ondorioz, bizitegi gutiago dira langile gazteentzat».\nGILBERT OZAFRAIN Garazi-Baigorriko Elkargo poloko hautetsi koordinatzailea\nAisialdi zentroa\nSalha jauregia Joko aisialdi zentroarentzat aterabide gisa ikusi dute Garazi-Baigorriko hautetsiek. 130 haur errezibitzen ditu udako bakantzen denboran, eta leku finkorik ez dauka oraino.\nOzafrainek dioenez, aisialdi zentroari aterpe bat atzemateko «borroka» bat da bakantza guziz. «Eman dezagun, ondoko bakantzetan [otsailekoak] Donibane Garaziko eskola publikoan eginen da. Heldu den udan Nafarroako lizeoan izanen da, eta Omiasainduko ez dugu batere aterabiderik orainokoan, eskola guziek ezetza eman baitute. Arazoa da aldiro eskolak hustu behar direla». Salha jauregiko egitasmo osoa argitu artean, nahi lukete jauregia bera jadaneko baliatu aisialdi zentroarentzat, Iparralairekin partekatuz. Horretarako baldintza Donazaharreko jantegiaren erabiltzea izanen da. Erantzun baten beha dira.\nDonazaharreko Apetipa haurtzain etxeak interesa erakutsi du bere aldetik jauregian barne batzuen alokatzeko. Lau haurtzain biltzen ditu gaur egun, hamasei haurren errezibitzeko ahalarekin. Izendatu programazio egilearekin argituko dute, orain, jauregian zer oha daitekeen. «Ikusi beharko da aisialdi zentroak zenbat toki hartuko duen eta haurtzain etxeak berdin; ondotik, aztertzeko besterik sar daitekeen gelditu eremuaren arabera», erran du Aintzilako auzapezak.\nKulturgunea\nMusika eta arteen irakaskuntza etxe berria edo Garazi aldeko kulturgunea egiteko egitasmoa badute Garazi-Baigorriko hautetsiek. Horretarako, Donibane Garazin lur bat badute begiztatua: suhiltzaileen egoitza berriaren ondoan da, eta han eraiki dezakete.\nIparralai musika eskolaren egoitza izateaz gain, Ipar Euskal Herriko Kontserbatorioko adarra ere bilakatuko litzateke. Ozafrainek salatu duenez, solasak eraman dituzte bi egituren artean bata bestearen betekizunen argitzeko: «Iparralaik eta kontserbatorioak behar izan dute mintzatu ados jartzeko, ibilmolde ezberdinak dituztelako. Mihiztadura ongi egin nahi da elkarren osagarri izan daitezen, batak bestea jan gabe».\nAntton Kurutxarri Baigorriko auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariordea Kontserbaorioko burua da, Elkargoko Kultur Sailaren hautetsi arduraduna delakoan, eta Irulegiko irratian baieztatu berri du kulturgunearen funtzioa: «Ideia da Iparralai musika elkarteak ukan dezan bere zentroa, bere gelekin, eta izanen da Ipar Euskal Herriko Kontserbatorioaren adar bat ere, barnealdean». Gehiago dena, ideia bera bidean dute Hendaian, eta biak batean eginen dira. Garaziko kulturgunearentzat 2,6 milioi euroko aitzinkontua estimatu dute. «Baina jadanik badakigu gaindituko dela», erran du Kurutxarrik.\nGarazi-Baigorri poloko egitasmo nagusiak\nArrosan , Gurea kooperatiba ohian: Enpresa hotela , enpresen abiatzen laguntzeko. Arrosako herriak Euskal Hirigune Elkargoari salduko dio. ( 5 milioi euro ).\nBaigorrin , Nafarroa eskubaloi taldearen kirol gela (lurraldeko emazte talderik gotorrena). ( 3,8 milioi euro ).\nDonibane Garazin , musika eta arteen irakaskuntza gunea , Ipar Euskal Herriko Kontserbatorioarekin partaidetzan ( 2,6 milioi euro ).\nBankan , Olha langune partekatua : Kinto Zerri sor-markaren egoitza, AIBA ibarreko elkartearen egoitza, langune partekatu bat) (1,9 milioi euro ).\nDonibane Garazin , gizarte zerbitzuen gune berria esnetegi ohian: CIAS, Herriarteko Gizarte Ekintza Zentroa, hazkurri salgune soziala, bi bizitegi sozial. Martxoan bukatuko dira obrak (1,3 milioi euro) .\nDonazaharreko Salha jauregian, haur eta gazteen gunea : langile gazteentzat 14 bizitegi (Office 64 eta Langile Gazteen Etxearekin); Joko aisialdi zentroa, Apetipa haurtzain etxea.... Euskal Elkargoak Intxauspe familiari erosi dio jauregia, 450.000 euroan.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000136", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Duintasun bat\nJoan den uztailean Euskarabenturan parte hartzen zuten 15-17 urteko gazteek momentu berezia bizi izan zuten Baionako Zizpa gaztetxean, bisitari baten sorpresak saltoka eta dantzan ezarri baitzituen eta ainitzi malkoak ere igo baitzitzaizkien bera ikustean. Ez zen musika izar bat, ez nazioarteko artista bat, ez youtuber bat, ezta tiktoker bat ere. Porrotx zen! Bera bakarrik, bere kantuekin, muxuekin eta sudur gorriarekin. Berriz ere frogatu zigun belaunaldi guziekin konektatzeko gai zela!\nGaldeketa bat egingo bagenu, ez dut dudarik euskaldunen pertsona publiko maiteenen artean, maiteena ez bada, izanen litzatekeela Joxe Mari Agirretxe ( Porrotx ). Eta zerrenda horretan segur naiz Itziar Ituño ere ez litzatekeela urrun. Biek duten ibilbideagatik, erreferentzialtasunagatik, erakusten duten mailagatik eta horrez gain, beti hor direlako injustiziak salatu behar direlarik, ahoan ez dutelako bilorik herri honen egoera aipatzean, preso politikoen alde agertzean, eta eredugarriak direlako beren proiektuetan eta bizitzan.\nBeharbada horregatik egiten dute haien kontra behin eta berriz Espainiako biktimen elkarteek eta makineria judizialek, kontrako salaketak eta boikot kanpainak muntatuz. Hau ez da lehen aldia eta ez da azkena izanen. Baina horren parean, biek erakutsi izan dute beti ez dituztela isilaraziko, eta guk eskertzen ditugu. Komunikabideak eta sareak elkartasun eta maitasun mezuz bete dira azken asteetan, Porrotxen eta Itziarren duintasunari esker onez. Duintasun bat.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000137", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Palestinari elkartasuna, Zuberoatik Lapurdira\nIragan urriaren 7az geroztik, Israelen eta Palestinaren arteko gatazkak beste neurri bat hartu du. Ipar Euskal Herrian Palestinarekiko elkartasun mugimendua berria ez bada ere, data horretatik goiti talde berriak agertu eta doi bat desaktibatuak zirenak berpiztu dira, Zuberoan bezala. Atzo, Lapurdiko Palestinarekin Elkartasun Taldeak (PEK) Pierre Stambul Bakearen Aldeko Frantziako Batasun Juduko kidearen hitzaldia antolatu zuen Baionako Epaiskan; bihar, 10:30ean, Mauleko Tokia antzerki taldearen egoitzan izanen da Stambul. Zuberoako eta Lapurdiko bi kolektibok elkarrekin antolatu dute, baita Carrefourren aurkako ekinbide bat ere.\nZiburun, berriz, apirilaren 5ean Zetaren Bideetako Musika Hariak zinema ikuskizuna antolatu dute, Itxaro Bordaren parte hartzearekin, Palestinako osasun laguntza sostengatzeko.\n«Genozidioaren» kontra\nHistorikoak desberdinak dira. Zuberoan, baziren urteak BDZ kanpainari (boikota, desinbertsioa eta zigorrak Israeli) oihartzun egiten ziola talde batek. Azken denboretan erritmoz apaldua zen, baina joan den urtearen bukaeran Palestina Askatü kolektiboak erreleboa hartu zuen, taldeko kide Johanne Foirienen erranetan: «Ageri da badirela jendeak nahi dutenak elkartasuna adierazi Palestinari, eta, bereziki, orain gertatzen ari dena salatu». Iragan urriaren 13an elkarretaratze bat antolatu, eta, geroztik, larunbat goiz oroz biltzen dira Mauleko merkatuan Palestinari elkartasuna adierazi eta Israelen «sarraskia» salatzeko.\n«Antolaketa lan handia behar da aste oroz elkarretaratzeak egiteko, eta jende gehiago behar genuke».\nJOHANNE FOIRIEN Palestina Askatü kolektiboko kidea\nLapurdin azken gertakariek ekarri zuten, Amaiur Etxeberrek dioenez, PEK taldearen sortzea: «Lagunartean elkartzen ginen aipatuz urriaren 7aren ondokoa genozidio bat dela eta behar zela zerbait egin, ezin ginela deus egin gabe egon». Manifestazio batzuk antolatu, eta Angeluko BAB2 merkataritza guneko Carrefour saltegiaren aitzinean boikot deialdia ere egin zuten. Mauleko Carrefourren aitzinean ere elkartu ziren, salatzeko saltegi horrek «konplizitatea duela Zisjordaniako okupazioan, eta paketeak eskaintzen dizkietela genozidioa egiten ari diren soldaduei».\nSaretu nahian\nElkartasun dinamika horien eramaileek onartzen dute mobilizazio heina ez dela nahi luketen bezain handia; BAB2ko Carrefourrean egin protestan, adibidez, berrogei bat pertsona izan ziren, Etxeberren erranetan: «Eguberriz nahi genuen boikotari bultzada bat eman, nehor ez joateko Carrefourrera, baina ez da sobera martxan». Mauleko elkarretaratzeetan ere larunbatez larunbat parte hartzaileen kopurua ttipituz joan dela baieztatu du Foirienek: «Hastapenetik bagenekien denborarekin hatsankatuko zirela. Antolaketa lan handia behar da, eta jende gehiago behar genuke antolatzaileetan», ondorioztatu du. Donibane Garazin ostiral iluntzeetan biltzen hasi dira azken asteetan, elkartasuna adierazteko.\n«Mobilizazioak oro debekatu dira, eta identifikazioak izan dira. Hori kolektiboki asumituko dugu».\nAMAIUR ETXEBER Palestinarekin Elkartasuna Kolektiboko kidea\nFoirienek ez du ahantzi hastapeneko mobilizazioak debekatuak zirela, eta Poliziaren presentzia handia zela: «Inportantea zen horri erresistentzia egitea ere. Azkenean, utzi gintuzten». PEK taldeak antolatu mobilizazio guztiak debekatuak izan dira, Etxeberrek oroitarazi duenez. «Identifikazioak izan dira, baina hori kolektiboki asumituko dugu», gehitu du. «Gauzak egitera» abiatu dira, eta, bi taldeen arteko harremanek Pierre Stambulen hitzaldiak antolatzea ekarri duten bezala, elkarlan handiagoa espero dute bi aldeetatik.\nZuberoako dinamikan, aipagarria da Mauleko Herriko Etxea Xiberoa-Palestine kolektiboaren bultzatzailea zela iragan urriaren 7ko gertakariak arte. Prefetak, erraterako, agindu zuen kentzeko Mauleko herriko etxean zintzilikatua izan zen Palestinako bandera. Geroztik, hautetsiek Palestinarekiko elkartasun keinu gutxiago egin dituzte. Hamasen urriaren 7ko erasoaren interpretazio desberdinak egin ziren kolektiboetan. «Guretzat begi bistakoa zen urriaren 7ko gertakariak azken 75 urteetako indarkeria kolonialaren ondorio izan zirela», zehaztu du Foirienek.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000138", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Duela hogei urte afektibitatea ez zen aipatu behar, hori era batez aldatu da»\nArberoako ikastolak hamabost urte ospatuko ditu. Sortzaileetakoa izan zen Maialen Etxart Salaberri, eta gaur egun bertako irakaslea da. Arberoa euskaldun gelditzea du amets, eta euskara ez dadin ikasgelako hizkuntza geldi.\nArberoako ikastolak (Nafarroa Beherea) 2008ko sartzean zabaldu zituen ateak, lau ikaslerekin, buraso batzuen iniziatibari esker. Hamabost urteren ondotik, gaurkoan, 55 ikaslek eta bost irakaslek osatzen dute ikastola. Maialen Etxart Salaberri (Baiona, 1978) izturiztarra izan zen ikastolaren sortzaileetariko bat. Egun, bertan irakaslea da, eta, horrez gain, komunikazio ez-bortitzeko formakuntzak eskaintzen ditu. Ikastolaren sorrera, ikastolaren pedagogia eta komunikazio ez-bortitza aipatu ditu Etxartek.\nArberoako ikastolaren sortzaileetariko bat izan zinen. Zergatik erabaki zenuten ikastola sortzea? Zer ziren zuen motibazioak?\nHastapenean, zenbait pertsonaren artean muntatu zen proiektua, eta, segur aski, beste sortzaileek motibazio ezberdinak zituzten; inportantea da hori azpimarratzea. Ni haurdun nintzen, lehen haurraz, eta hezkuntza idealak banituen; adibidez, komunikazio ez-bortitzaren inguruan edo beharren errespetuaren ingurukoak. Beraz, niretzat, motibazioetariko bat zen pedagogikoki zerbait berria entseatzea. Horrek ez du kentzen garai hartan Hazparneko ikastola hemendik hurbilena zela ere; beste eskualdean bazen Amikuzekoa eta Ortzaizekoa. Orduan, bazen guk gaztetan bagenuela «herri bat, ikastola bat» ideal hori; beraz, guretzat, hobe zen denetan dena ikastola ttipi sortzea, hurbiltasuna sortzeko eta jende berria ekartzeko euskara ikastera.\nArberoako ikastolak zer bilakaera ukan du 2008tik gaur egunera? Hastapenean zenituzten helburuak bete dituzue?\nBilakaera baikor bat izan dela erranen nuke. Frogatu da garai hartan guk uste genuena: kontatzen badira gaur egun Baigurako, Arberoako, Beskoitzeko eta Hazparneko ikasleak, ez zen sekula kopuru hori lortuko bakarrik Hazparneko ikastola atxikiz. Orduan, sinesten dut gure ikastolen hurbiltasunak ekarri duela kopuru emendatze bat Seaskan.\nKomunikazio ez-bortitzean aditua eta hezitzailea zara. Zer da komunikazio ez-bortitza?\nMarshall Rosenberg estatubatuarrak zuen plantan eman. Ez zuen hark osoki sortu, noski; inspiratu zen aitzin eginak izan ziren lanetan. Erranen nuke komunikazio ez-bortitzaren helburua dela norberaren ongizatea eta bestearena lortu nahi izatea lehentasunez. Eta hori sortzetik naturala baldin bada ere, berantago, bizian hori berriz ikasi behar da, gure hezkuntza edo kulturarengatik, gure gaurko sistema orokorrak ez baitu hola funtzionatzen.\nArberoako ikastola ezaguna da komunikazio ez-bortitza erabiltzeagatik. Zergatik egin zenuten hautu hori? Zergatik da garrantzitsua?\nMetodo hau ikastola baten erdigunean ematearen interesa, niretzat da lehentasunez denen ongizatea xerkatzea, izan haurrena, lan egiten duten helduena, irakasleena edo burasoena. Horrek bestea entzutea eskatzen du, gauzak adierazten ikastea, eta desadostasunak direlarik elkarrekin hitz egitea konponbide bat aurkitu arte. Boterea ukan ordez bestearen edo haurraren gain, gure ikastolan denek elkarrekin boterea sortzen dugu.\n«Boterea ukan ordez bestearen edo haurraren gain, gure ikastolako kasuan denek elkarrekin boterea sortzen dugu»\nNola ematen da plantan komunikazio ez-bortitza eskola batean?\nAnitz molde badira, eta hemen urtez urte ere aldatu da. Lehenik, ikastolako ttipiekin da haien bizipenen eta emozioen gainean guk hitzak ematea, gero haurrek ikas dezaten mimetismoz, adibidez. Ondotik, aski fite, enpatia ezagutaraztea eta ulertaraztea da: besteaz interesatzea, parekoaren aurpegia begiratzea, nola sentitzen den ikusteko. Eta, ondotik, hasten ahal dira bitartekaritza ttipi batzuk proposatzen gatazkak direlarik, besteak erran duena birformulatzen, besteari erakusteko entzuna izan dela, eta abar. Ikastola osoak jasaten dituen gaiak tratatzeko biltzarrak antolatzen ditugu ostiralero, elkar entzuteko eta konponbideak atzemateko. Deia gertatu zaigu burasoen arteko kalapitak konpontzea ere.\nKomunikazio ez-bortitzaren metodoa eskoletan baliatzea berria ote da?\nNire ustez, bai, aski berria da. Biltzarraren ideia aspaldikoa da, hori ikastoletan kasik tradizionala da, baina arrunt beste mota batekoak ziren. Aldiz, uste dut emozioen lanketa, enpatia, beharrak entzutea zinez berria dela. Hasi nintzelarik duela hogei urte, afektibitatea ez zen sobera aipatu behar, eta hori era batez aldatu da. Orain ikusten da nola liburutegi oso bat garatu den. Gaur badira liburuak haserreaz, tristuraz, pozaz; orain ongizatea komertzio bat bilakatu da.\nEtorkizunari begira, nolako bilakaera ikusten duzu? Zer opa diozu ikastolari?\nHeldu zaidan lehen gauza da badakigula demografikoki apaltze bat badela; beraz, ikusten dut nahi eta nahi ez ikastolaren ttipitze bat, ez dudana traba baten gisan kontsideratzen. Baina nik nahiko nukeena da zinez euskara geldi dadin erdian. Nahi nuke Arberoa gelditzea euskaldun, ez bakarrik gelako hizkuntza baina kanpoan ere egon dadin euskaldun, haurrek beti euskaraz egitea haien artean. Badakit ezingo nukeela haurrekin lan egin euskaraz hitz egiten ez duten eskola batean. Xantza badut Arberoan hori bizitzea.\nlotsabako\nIdazle bat? Maria Montessori [1870-1952], irakasle on gisa.\nMaite duzun xoko bat? Su bazterra, baina udan bagina ez nuke hori erantzunen.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000139", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Sistiagaren artearen muina Ziburun\nGaleria ttipia da Arte Bideak, baina bata bestearen ondoan ezarriak diren margolanek balio dute Jose Antonio Sistiagaren ibilbidea ulertzeko. Iragan astean estreinatu zuten, eta maiatzaren 26ra arte ikusten ahalko da 'Sistiagari omenez' erakusketa.\nJose Antonio Sistiaga (Donostia, 1932-Ziburu, 2023) margolariak Ziburun pasatu zuen bere biziaren parte handi bat, eta han hil zen iazko ekainean. Bizi izan zen etxetik hurbil kokatua da Arte Bideak galeria, eta han erakutsiak dira haren obrak. Izan ere, Sistiagari omenez erakusketa estreinatu zuten iragan astean, eta artistaren dozena bat obra ikusgai izanen dira maiatzaren 26ra arte. «Haren ibilbide artistikoaren muina erakutsi nahi izan dugu, eta izan duen ibilbide oparoa omendu», esplikatu du Pierre Bidegain galeriaren eramaileetariko batek.\nZazpi urte dira Bidegainek galeria eramaten duela, Anne Marie Bidegain andrearekin batean. Bikoteak 2020an ezagutu zuen Sistiaga, eta adiskidetu ziren berehala. «Ziburutar gisa eredugarria izan den artistaren omenaldia ezin genuen huts egin. Sistiagak ez du sekulan artearen merkatua gustukoa izan, baina berehala onartu zuen 2020an bere obrak erakuts genitzan. Ulertu zuen gure helburua zein zen». Esker onez mintzatu da Pierre Bidegain, margolariaz: «Galeria ttipi bat dugu, eta guretzat haren obrak izatea zinez bultzada bat izan da. Biziki hunkitua naiz orain omenaldi hau egin ahal izateaz. Margolan gutti izanik ere, haren obra oparoa ageri da. Denak lotzen dituena jestua dela argi gelditzen da».\nZubi lana\nErraterako, Bidegainek argi du Euskal Herriko artista garaikideen erakusleiho izan nahi duela galeriak, eta «Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko zubi lana» egiten entseatzen dela. Haren ustez, Iparraldeko jende anitzentzat «ezezagunak» dira Hegoaldeko artistak, «eta alderantziz ere bai». Ildo horretan, uste du mugak eragina baduela: «Pena da horrela erratea, baina muga bat bada; beste arloetan ez dakit, baina artearen arloan eragiten duela, segur».\n«Galeria ttipi bat dugu, eta guretzat haren obrak izatea zinez bultzada bat izan da. Biziki hunkitua naiz orain omenaldi hau egin ahal izateaz. Margolan gutti izanik ere, haren obra oparoa ageri da».\nPIERRE BIDEGAIN Ziburuko Arte Bideak galeriako jabea\nErakusketa osatzeko, Sisitagaren seme-alabengana jo dute Anne Marie eta Pierre Bidegainek. «Oso ongi ezagutzen dugu haren obra, eta bagenekien gutxi gorabehera zer nahi genuen. Zailtasuna da galeria ttipia dela eta obra anitz ez direla sartzen, baina saiatu gara haren ibilbidea nolakoa izan den erakusten. Milaka obra egin dituen artista da; egunero-egunero tindatzen zuen». Nahiz eta ibilbide oparoa izan, Bidegainen arabera, «Sistiagak ez du sekula obrak saltzea gustukoa izan».\nTinta, zira eta olioa\n«Orotariko berrikuntza artistikoa» ekarri zuen artista gisa definitu du Sistiaga. Aski da galeriako sartzearen parean den margolan handiari so egitea zer erran nahi duen ulertzeko. Itsasoan izena du obrak: zira urdin argia kartoi gainean, eta uhinak marraztuak dira. Sistiaga 1973an Bordatxoa izeneko ontzi batean egon zen, itsasoan gaindi, zazpi hilabetez; bidaia denborako obra da, eta Ziburuko erakusketako handiena. Esperimentazio bereziak egitea izan da, besteak beste, Sistiagaren artearen oinarria. Zirrara handiz mintzatu da Bidegain margolanari buruz: «Zinez harrigarria eta liluragarria da, sinestezina!».\n'En el agua' (1965) ezkerrean, eta 'En su sitio' (1963) eskuinean, Sistiagaren obrak. PATXI BELTZAIZ\nOndoko paretan, artistak 1959an tindatutako obra bat ageri da, Txinako tintarekin egina: Ekintza dinamikoa. Eta horren eskuinean, 2009an tindatu zuen bat , Abiadura, argia, kolorea seriekoa . Olioa baliatu zuen kartoiaren gainean, eta kosmosa iduri duen taula bat marraztu. «Kasik bizi oso bat bada bi margolan horien artean, alta, jestua bera da», erran du, bi obrei so, Bidegainek, eskuarekin goitik beherako eta behetik gorako keinu bat eginez. «Zinez, ezohiko gauzak egin dituen artista da, eragin handikoa».\nBidegainek detaile bat atera du obra guziei so eginik: obra gehienetan, artistaren sinadura ez da kasik ageri. «Beti margolanaren barnean kukutua da, edo eremu ilun batean, edo marra batean disimulaturik. Artearen merkatua ez du sekula maite izan, eta manera bat da errateko ez dela hori inportanteena, artea bera baizik».\n'Reflexions dans mon jardin' (1977), Sistiagaren margolana.\nSistiaga aitzindaria izan zen gauza anitzetan. 1966an, beste artista batzuekin batean, Gaur artisten elkartea sortu zuten: Eduardo Txilida, Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea, Jose Luiz Zumeta, Rafael Ruiz Balerdi, Remigio Mendiburu eta Amable Ariasekin batean. Euskal Herriko artisten artean abangoardia bat sortzea zuten helburu, esperimentazioak eginez. «Frankismo garaian erakutsi nahi zuen haustura bat posible zela arte tradizionalarekin», esplikatu du Pierre Bidegainek. Horren lekuko izan da Sistiagaren zinemagintza ere; sustut, Ere erera baleibu izik subua aruaren egin zuen filma esperimentala: kamerarik gabe, zeluloideak tindatuta.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000140", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Marrazkirri berpiztu da\nMarrazkia eta irria lotzen dituen egitasmoa iragan ostiralean berpiztu zen, marrazki, musika eta bertso artean. Marrazki erakusketa Larzabale Espelletenian izanen da hilabetez.\nEspelleteniako jangela nagusia handia da, eta mahaiak mukuru bete ziren Marrazkirriren berpizte gaualdirako, iragan ostiral arratsean. Hamabost urte joan dira Izurako Haize Berri kultur elkarteak azken aldiz antolatu zuenetik marrazkilaritza bestaren erdian kokatzen duen egitasmo berezi hori. Hastapenetik ideia partiarazi zuten bi marrazkilari izan dira, Asisko Urmenetarekin batean, aurten Marrazkirri berriz abiarazteko ekimena hartu dutenetan: Piarres Erdozaintzi eta Alain Pessans. Teknikari lanetan, Xuburu. Beste marrazkilari anitzez inguratuak ziren joan den ostiraleko bestan, eta gehiagok parte hartzen dute erakusketan.\nBota zank . Gai hori hautatu zuten antolatzaileek, eta marrazkilari anitzen ekarpenak ukan dituzte ordainean. Marrazkirriren hastapenetan, Asisko Urmeneta gomita gisa joaten zen Iruñetik Izurara; gaur egun antolatzaile denak uste du aurten parte hartu duten gehienak «Marrazkirri ezagutu dutenak eta haien seme-alabak» direla: «Euskal Herri osoko marrazkilariak joaten dira, baina lekuko anitz ere bai, eskualdean zerbait izan zelako Marrazkirri bere momentuan, eta utzi zuelako bere herexa. Horretatik etorri dira oraingoak ere».\nAntolaketan Haize Berri elkarte desagertuaren segida hartu duten artistek naturalki jo dute Larzabalen bi urte bete dituen ostatura; barnealdean ohikoena da ostatu zerratzeen berri ukaitea, baina Espelletenia «gazte euskaldunek» hartu izanaz pozik da Urmeneta: «Ostatua, pixka bat gaztetxea bezala, Unescok babestu beharreko gune sozial bat da. Berri ona da Espelletenia ez dela hetsi eta segida hartu dutela gazte euskaldun batzuek, gune berezi bat egiteko».\nMarrazkirri, Larzabaleko Espelletenia ostatuan, 2024ko otsailaren 9an\nParte hartze zabala\nHilabetez ikusgai izanen den erakusketa plantatu dute Larzabaleko ostatuan, joan den ostiraletik, gai bat ardatz harturik: Bota zank . Urmenetaren erranetan, gaiak balio du «nolabaiteko koherentzia emateko osotasunari», baina ez du kentzen gero norberak bai estiloan eta bai mezuan erabateko askatasuna izatea, eta erakusketaren aniztasuna da horren lekuko; haur, gazte eta helduen marrazkiak badira nahas-mahas, eta estiloak, arrunt diferenteak. «Batzuek politikoago, beste batzuek komikoago, beste batzuek artistikoago hartu dute gaia», erran du Urmenetak. Iragan ostiraleko afarian, bertsoez gain, marrazki eta karikaturak bota zituzten bat bestearen gibeletik, hain zuzen, gaiari jarraikiz.\nBi marrazkilari aritu ziren, bertsolariak balira bezala, gaien arabera marrazten inprobisazioan: Eider Eibarrek eta Adur Larreak behar izan zuten asmatu zertarako ziren laborantzako tresna zenbait; zertarako ziren asmatu bainoago, funtzio berriak asmatu zituzten marrazkiz marrazki. Karikaturak egiteko, berriz, artista banda zabalagoa zutitu zen: mahai inguruetara joan, eta parte hartzaile anitz beren potretarekin itzuli ziren etxera. Marrazkiek eta irriek bat egin zuten.\nGelaren bazter batean, Bota zank gaiak inspiratu lan guztiak zintzilikatuak ziren, eta han egonen dira hilabetez. «Adin, lanbide, jatorri arrunt anitzetako jendeak» egin marrazkien artetik, horietako batzuen aipamena egin du Urmenetak. Gari Otamendi bergararraren marrazkiak ditu lehenik begi aitzinean; laboraria eta zizelkaria da Otamendi, eta marrazten duelarik «abereen bidez aipatzen du aktualitatea eta kultura», Urmenetak argitu duenaz.\nOndoko paper zurietan, berriz, Palestinaren koloreak Alain Pessansen marrazkietan. Marrazkirriren sortzaileetarik bat aipatzeko gelditu da Urmeneta: «Alainen [Pessans] estiloa zoragarri egiten zait. Garai bateko Txiki eta Nornahi anai-arrebak ziren, eta marrazki biziki modernistak egiten zituzten; kaligrafia izugarria, estiloa... eta aktualitatea Palestinarekin». Dani Fano izen ezaguna ere ageri da erakusketa berean. «Hark ere heldu dio gaiari, kulturaren ikuspegitik, Beskoitzeko ikastolaren aldeko aldarriarekin», zehaztu du Urmenetak. Iragan ostiralean ere, preziatua izan zen afari ondoko karikatura egile gisa.\nBadira izen ezagunak, haur edo gazteek sinatu marrazkiak, eta baita izenperik gabekoak ere. Urmenetak komiki batekin alderatu du erakusketa. «Komiki argentinar bateko pertsonaiak, zakurrak, bere nagusiari: kantatuko balute bakarrik ahots oneko txoriek, oihana isilik egonen zitekeen. Hola ikusten dut hau: hau oihan bat bada, eta badira xitoak, badira bele zaharrak, badira erresiñolak... bada denetarik».\nIpar Euskal Herriko umorea\nBadira, gainera, Piarres Erdozaintzi eta Alain Pessansen gisa, Marrazkirriren hastapenetik hor diren artistak; horietan da Irene Borda ere. Urmenetak, preseski, Marrazkirrin ezagutu zuen, eta haren ekarpena irri artean deskribatu du: «Arras manera irrigarrian kontatzen du denboraren pasaia eta orain marrazkilari heldu batentzat zer den Marrazkirri». Bordak, bere marrazkietan, esplikatu du zergatik ez duen Marrazkirrirako deus berezirik eginen.\nBordak bere buruaz irri egiteko duen maneragatik, Ipar Euskal Herriko umorea orokorki «ausartagoa» dela uste du Urmenetak: «Gurea, askotan, panfletoan gelditzen da, kritikatuz urrunekoa edo Polizia, sekula gurekin poteatuko ez duen bat. Irenek [Borda], berriz, edo Alainek [Pessans], edo Piarresek [Erdozaintzi], kitzikatzen dute auzoa, baina beren burua ere bai. Konfirmatu zait aurten ere: Dani Fanok egin du Beskoitzeko alkatesa, eta nik Behobiako txakurrak... Irenek bere burua, Alainek bere mundua...».\nErakusketak eta joan den asteko gaualdiak garrantzi handia hartuko dutela uste du Urmenetak: «Zabalik egonen da hilabetez; jendea pasatuko da eta ikusiko du, miretsiko du, irri eginen du agian... baina gaualdi hori da inportantea, nik uste. Irriaren bidez gurutzatzea eta irri egitea».", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000141", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Sionista Antisemitak beti hor\nSionista Antisemitak beti hor - Galtzagorri", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000142", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Egun Antifaxista antolatu dute larunbaterako, Baionan\nIpar Euskal Herriko, Parisko eta Okzitania Tolosako talde antifaxistek, Ipar Euskal Herriko GKS eta Kontseilu Sozialistarekin batean, Egun Antifaxista antolatu dute biharko, abenduaren 9rako, Baionan. Faxismoaren hedatzeaz, gaur egun hartu dituen itxura desberdinez eta horri buru egiteko moldeez mintzatzeko xedez, tailer bat eta mahai inguru bat eginen dituzte, Oreka zirkuaren egoitzan. Eguna Baionako errepresioaren kontrako taldearen aldeko gaualdi batekin bukatuko dute, Epaiskan.\n«Eskuin muturra normalizatzen eta indartzen ari den testuinguruan» antolatu dute Egun Antifaxista, Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako kide Oier Urreiztik aipatu duenez. Gehitu duenez, gobernuetara heldua ez den lekuetan ere «politikak eta agenda politikoa baldintzatzeko gaitasun ideologiko handia erakusten du. Frantziako RN eta Reconquete mugimenduen adibidea eman du.\nFaxismoak betiko «elementu tradizionalak» atxikitzen baditu ere, bere itxuraren «des-deabrutzea» erdietsi duela uste du Urreiztik, «XX. mendeko esperientzietatik desberdinduz bere burua», eta gaur egun «bisaia berriak» dituela. Baina ez duela kentzen «funtsezko programa nazionalista eta erreakzionarioa beti bera» duela. Urreiztiri egokiagoa zaio, ondorioz, «bisaia zaharberrituak» aipatzea.\nEragin hori karrikan ere ageri dela gehitu du, «proletariotzaren gaineko ondorio latzak dituzten adierazpen jakin batzuk» erabiliz. Egitate horiek hedatzeak «kezkatzen» ditu biharko egunaren antolatzaileak, ikusten baitute «gutxiengo zaurgarrien edo aktibitate politiko bat libreki garatu nahi duten militante iraultzaileen kontrako eraso zuzenak» biderkatzen ari direla, Urreiztik erran duenez.\nBeste garai batzuetan hedatu zen faxismoa, eta Kontseilu Sozialistako kideak ez du aldi «bakan» gisa ikusten, baizik eta «krisi kapitalistari» lotua den oldea bezala; faxismoa berriz agertzeko baldintzak «dinamika sozial kapitalistaren barruan» ikusten dituzte. Zehaztu dutenez, klase ertainak rol berezia du halako garaietan. «Klase ertainak bere baldintzak nolabait kaxkartzen ikusten ditu, eta bere estatus soziala mantentzeko aterabide potentzial gisa ikusten ahal du faxismoa». Are gehiago, Urreiztik azaldu duenez, «agortzen ari den sistema erreformistaren» parean «proiektu alternatibo errealik ez delarik». Klase ertainaz gain, gehitu du langileriaren zati bat ere horretan eror daitekeela, «bere momentuko interesak ustez faxismoan ordezkatuak ikus ditzaketelako».\nHorretan ikusten du faxismoak egiten duen tranpa, zerbait gisaz. «Antagonismo soziala ezabaraziz eta komunitate nazionalaren etsai komun bat zehazten duen programa bat» aurkeztuz eraikitzen du tranpa faxismoak, Kontseilu Sozialistakoaren erranetan. Tranpa horren bidez «faxismoak kapitalismoa betikotzen laguntzen» duela trenkatu du. Beraz, «burgesiaren interesei mesede egiten dien mundu ikuskera bat da».\nBuru egiteko estrategiak\nBiharko mahai inguruari Faxismoaren bisaia berriak. Zein estrategia antifaxista erabili gaur egun izenburua jarri diote antolatzaileek. «Faxismoa betiko desagerrarazteko, dinamika sozial kapitalista behar da bukatu», adierazi du Urrezitik, Kontseilu Sozialistarentzat faxismoari buru egiteko bidea zein den laburbilduz. Bestela, sistema kapitalistak «langileria etengabeko kontrakotasunean eta konkurrentzian» ezartzen du, eta «zatiketak zein zapalkuntzak betikotzen».\nOndorioz, faxismoa «antolakuntza komunistaren bitartez» borrokatu behar dela erran du Urreiztik. Horrekin, langileriaren autodefentsa antolatuz eta faxismoa «agertzen den esparru guzietan borrokatuz». Horretarako, mugimendu antifaxista handi baten beharra ikusten du, «joera politizatzailea duena eta munduaren ikuskera antifaxista zabaltzen duena».\nHaatik, iduritzen zaio mugimendu handi horrek ez dituela muga batzuk pasatu behar; «adibidez, talde erreformistekin aliatzea». Talde erreformistek «errealki ez baitituzte faxismoa eta kapitalismoa bukatu nahi, edo ez baitute horiek bukatzeko gaitasunik; adibidez, Espainiako Estatuan PSOErekin ikusten ahal dugun bezala».\nParisko, Tolosako eta Baionako talde antifaxistekin antolatu dute Egun Antifaxista, eta harremanak jada eginak zituzten. Pariskoek han egin zen Nazioarteko Jardunaldi Antifaxistetara gomitatu zituzten Kontseilu Sozialistakoak. Urreiztik adierazi du ohartu zirela anitz gauza partekatzen dituztela. Hark dioenez, Parisko talde antifaxistek «lortu dute kultura antifaxista mantentzea». Are, «beren biziak lanjerean ezartzeraino lortu dute faxismoa borrokatzen».\nEGITARAUA\n15:30: Autodefentsa tailerra, 3, Albert Thomas karrikan.\n17:00: Mahai ingurua: Faxismoaren bisaia berriak. Zein estrategia antifaxista erabili gaur egun? , Oreka zirkuaren egoitzan.\nOndotik: Gaualdia, Pannecau karrikako Epaiskan, Iparraldeko Errepresioaren Aurkako Kolektiboaren sustenguz.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000143", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Baserriak berritu zurginak trebatuz\nEuskal Herrian, baserri anitz segidarik gabe gelditu eta bazter utziak izan dira. Halakoak arraberritzeko proiektu bat abiatu dute orain, Ipar eta Hego Euskal Herriko langabeak zurgintzan trebatzeko.\nBaserri zaharrak berritzeko kostua biziki handia izan daiteke, eta, anitzendako, ezinezkoa da hori diruztatzea. Gero eta baserri gehiago galtzen dira horrela; anitz arraberritu gabe dira, eta andeatzen ari dira. Gipuzkoako, Lapurdiko eta Nafarroako mugaldean, anitz etxe dira kasu horretan. Hori izan da Baserriberri proiektuaren abiapuntuan den gogoeta, eta, orain, aterabide bat plantan ezartzea lortu dute hainbat eragilek, Europako Poctefa Mugaz Gaindiko Lankidetza Programaren laguntzari esker. Heldu den irailetik goiti, Ipar eta Hego Euskal Herriko hamabi langabe zurgintzan trebatuko dituzte Urdazubiko (Nafarroa) Tomasenea baserria berrituz. Proiektu pilotua izanen da, eta, lehen deialdiak 2026ra arte iraunen du, 30 hilabeterako diruztapena lortu baitute.\nPartaide anitz bildu dira proiektuaren inguruan: Peio Martikorena fundazioa, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Ipar Euskal Herriko Misio Lokala, Oarsoaldea Garapen Agentzia, Angeluko Goi Ofizialeen Formakuntza Zentroa ( CFA des Compagnons ), Irungo Bidasoa campusa, Donostiako Easo Politeknikoa eta Iruñeko Donibane Lanbide Heziketa Institutua. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) proiektuaren %65 diruztatu du, Poctefaren bidez.\nLangabeez gain, partaide diren eskoletako aprendizek ere proiektuan parte hartuko dute, ateraldi bereziak eginez. Martxoan aurkeztu zuten egitasmoa, «epe luzeko lankidetza baten hasiera gisa». Gerora begira, eta proiektu hori abiapuntua izanik, mugaz gaindiko formakuntza gune bat sortu nahi dute partaideek, lan merkatuaren errealitatera egokituz.\nLangabeei zuzendua\nZigor Goieaskoetxea Ipar Euskal Herriko Misio Lokaleko hezitzaileak adierazi du, hasteko, Baserriberri proiektuaren helburua langabeak laneratzeko metodologia bat plantan ezartzea dela, zeinak mugaz gaindiko errealitateentzat balioko duen. «Hego eta Ipar Euskal Herriko langabeen jarraipena egiteko metodologia bateratu bat plantan ezarri nahi dugu gauden partaideen artean. Hari gorria baserri bat arraberritzea izanen da, eraikuntza obra formatzaile baten bidez».\nFormakuntza egin ondotik, diploma bikoitza eskuratuko dute hamabi gazteek: Hegoaldekoa eta Iparraldekoa. «Gazte horiei aukera eman nahi diegu lan egiteko bi aldeetan», zehaztu du Goieaskoetxeak. Misio Lokalaren ekarpena, bestalde, langabeak formakuntzaren bururaino joanen direla segurtatzea izanen da, eta, ondotik, lana bilatzen laguntzea.\nZurgintza ardatz\nZehazki, zurgintza eta teilatugintza ikasiko dituzte formakuntza denboran. Iban De la Fuente Angeluko Goi Ofizialeen Formakuntza Zentroko zurgintzako goi ofiziale eta formatzaileak esplikatu du ikasleek egurrezko egiturak egiten ikasiko dutela, baserria arraberrituz. «Gure ondareak berriztatzea da helburua, eta galdu diren gure lanbide horiek berreskuratzea. Ikasleek obrak egiten dituzten bitartean ikasiko dute». Proiektuaren aurkezpenean azaldu zutenez, erraterako, geroz eta baserri gehiago bazter utziak dira. Arrazoi bat baino gehiago badira horren gibelean: landa eremuak jendez husten ari dira, laborari geroz eta gutxiago bada, eta baserriak arraberritzeak kostu handia du. Gainera, obra mota horiek egiteko espezializatuak diren ofizialeak eskas dira.\n«Gure ondareak berriztatzea da helburua, eta galdu diren gure lanbide horiek berreskuratzea. Ikasleek obrak egiten dituzten bitartean ikasiko dute».\nIBAN DE LA FUENTE Zurgintzako goi ofizialea\nDe la Fuentek uste du sustut Hego Euskal Herrian egurrezko egituren egiteko lanbideak galdu direla: «Altzarigintza oraindik egiten da; teilatugintza, haatik, ez». Proiektuaren bidez, lanbide horiek «berriz sustatu» nahi dituzte. Aldi berean, zurgintzaren arloan Hego Euskal Herrian eskulan beharra badela esplikatu du De la Fuentek, eraikuntzaren arloa garatzen ari baita. Mugaz gaindiko proiektua denez, parte hartzen duten beste lanbide-heziketa eskolekin batean, euskaraz, frantsesez eta gazteleraz izanen diren klaseak prestatzen ari dira ikasleak trebatzeko. Gero testuliburu bat argitaratzea da asmoa, hiru hizkuntzetan erabili ahal izanen dutena.\n«Eraikuntza obra bidezko formakuntzari esker, lanbidea ikasiko dute aldi berean praktikak eginez. Produzituko duten horretan oinarrituko da haien ikasketa prozesua».\nZIGOR GOIEASKOETXEA Hezitzailea\nFormakuntzaren gauzatzeko moldeak «alde onak» dituela uste du Goieaskoetxeak. «Eraikuntza obra bidezko formakuntzari esker, lanbidea ikasiko dute aldi berean praktikak eginez. Produzituko duten horretan oinarrituko da haien ikasketa prozesua». De la Fuentek argi du «teoria praktikan» ezartzeko balioko duela egitasmoak.\nOndarea berreskuratu\nBaserriberri proiektuak badu aurrekaririk. Erraterako, Gaztegur proiektuan parte hartu zuten jadanik formakuntza zentro batzuek; tartean, Angeluko Goi Ofizialeen Formakuntza Zentroak. Gaztegur proiektuan, Pasaiako (Gipuzkoa) Albaola itsasontzia eraikitzen ari diren lekuan, zurezko jangela eraiki zuten aprendizek. «Horren ondorio ere bada Baserriberri proiektua, eta, bietan, arkitekto bera da: Jabier Lekuona».\nLehen urratsa Tomaseneko obrak egitea izanen da, baina, epe luzera, helburu dute baserri horretan gazteak bizi ahal izatea. Tomasenea lehen esperientzia izanen da, baina De la Fuentek espero du gerora segituko duela egitasmoak eta ezinean diren laborari batzuei ere aukera emanen zaiela ondare hori berritzen laguntzeko. Bestalde, Albaolako itsasontzia berritzeko obretan egiten ari diren bezala, Tomaseneko obrak bisitariei irekitzeko asmoa dute. Pasaian bezala, baserriaren ondoan obrak prestatzeko atelier bat muntatuko dute, eta, ahalaz, parte hartzaileentzako lo egiteko toki bat.\nTrukea\nLangabeei formakuntza bat emateaz gain, «proiektu kultural bat» ere bada, De la Fuenteren ustez, Euskal Herriko ondare bat berreskuratzeko lan eginen baitute, baita lanbide bat berreskuratzeko ere. Hilabete guziz ateraldiak antolatuko dituzte langabeek partaidetzan diren ikastetxeetako ikasle aprendizekin batera. «Alde bateko eta besteko lantegiak, eskolak eta erakustokiak ezagutzeko izanen dira ateraldi horiek, gazteek elkar ezagutzea sustatzeko eta harremanak indartzeko», esplikatu du Goieaskoetxeak. De la Fuentek zehaztu du ateraldiek ondarearen ezagutzarekin lotura izanen dutela, eta «praktikoak eta ludikoak» izanen direla.\n12\nLangabe partaideak. Baserriberri proiektu pilotua izanen da, aurtengo irailetik goiti. Hasteko, hamabi gazte langabek parte hartuko dute: Iparraldeko lauk eta Hegoaldeko zortzik. Zurgintza diploma bikoitza eskuratuko dute formakuntzaren bukaeran.\nGazteen arteko harremanak bai, baina eragileen artekoak ere garatu nahi dituztela esplikatu du Goieaskoetxeak. Batez ere, Misio Lokalak bezala laneratzearen arloan lan egiten duten Hego Euskal Herriko eragileekin lankidetza garatzea espero du. «Laneratze eragileen arteko partaidetza indartzea ere izanen da helburua. Elkarrekin lan bateratu bat eramaten ahal dugu, eta gauzak garatzen ahal ditugu, langabeek Euskal Herri osoan lan egiteko aukera izan dezaten. Hiru administrazio izanik ere, lurralde bakarra da».\nMugaz gaindiko proiektua izanen den heinean, «trabak gainditzeko» aukera gisa ikusten du De la Fuentek proiektua. Egungo egoera hobetzeko balioko duela esperu du: «Ematen du ezetz, baina traba anitz badira Hego Euskal Herriko ikasle bat Ipar Euskal Herrira ikastera etortzeko».", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000144", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Biarnoko xede industrialak euskal ekologistak mobilizatu ditu\nGisa horretako xedeak abiatu aitzin legez egin behar den eztabaida publikoa iragan urriaren 17an hasi zen, eta 2024ko urtarrilaren 17an bukatuko da: xedearen ildo nagusia karbono kantitate apaleko molekulak sortzea da, energia iturri gisa; metanola eta kerosenoa, bereziki, bai eta hidrogenoa ere. Energia «berdea», eramaileen arabera. E-CHO proiektua 2027. urtean abiatzekoa litzateke, Biarnoko Lacq (Okzitania) gune industrialean; eramaileak lirateke Elyse Energy eta RTE Frantziako elektrizitatearen garraio kudeatzailea. Sustatzaile nagusia Frantziako Gobernua da, eta miliar bat euroko inbertsioa iragarri du. Biarnon plantatzekoa bada ere, Ipar Euskal Herriko hainbat talde ekologista xedearen kontra altxatu dira jadanik, besteak beste, beren lurretako oihanak ere hunkiak liratekeelako. CADE, Bizi, Lurzaindia, Aiherra Bizirik edo Su Aski oposizio taldean dira, talde gehiagorekin batean.\nEkologistak oraino ere proiektuaren kontrako txostena lantzen ari dira, eztabaida publikoan aurkezteko, baina datu batzuk eman dizkiote Hitza -ri; bereziki, oihanei lotuak. E-CHOren xedeak hiru lantegi sortuko lituzke; horietarik bat, BioTJet, oihanetan hartu zuhaitzekin eta biomasarekin kerosenoa ekoiztuko lukeena, hegazkinen erregai gisa baliatua izateko gero. «Hainbeste egur behar dute, hemen ere eremu horretan gaude. Akitania Berria eta Okzitania aipatzen dituzte haien dokumentuetan, Hendaiatik Meditarreno bazterreraino. Hunkiko duten perimetroa erakusten du», erran du CADE elkarteko Victor Pachonek; hark zentralizatzen ditu biltzen ari diren datuak.\nFlorian gogoan\nBioTJet lantegia, konkretuki, 2027an irekitzea pentsatu dute xedearen eramaileek, baina hastapenetik lituzkeen egur eta biomasa beharrak zehaztu dituzte jadanik: industrialen arabera, ekoizpenaren lehen bost urteetan 114.000 hektarea oihan moztuko dira, eta ondoko urteetan, 1.040 hektarea urte bakoitzeko. Pachonek ez du dudarik 2019ko proiektu batekin parekotasuna egin daitekeela, Lannemezanen (Okzitania) Florian multinazionalak segeria industriala egin nahi zuenekoa: «Lannemezango proiektuak porrot egin zuenez, karta berri hau atera dute, keroseno berdez eta usaiako aitzakiez jantzirik. Antzekotasuna bada». Florianen xedeak Pirinioetako pagadiak mehatxatzen zituelako altxatu zen kontrako fronte bat, eta segeria ez zen egin azkenean.\nVictor Pachon CADE elkarteko kidea.\nOihanaren kudeaketa aldetik, Florian multinazionalaren «ber logika da, oraingoan ere», Pachonen ustez. Oihana berrituko dutela sinetsirik ere, «landatuko denaren emaitza ez da ikusiko hamarkadetan», CADEko ordezkariak dioenez. Urte batean 77.500 hektarea mozten dira jadanik Akitania Berriko eta Okzitaniako oihanetan.\nE-CHO proiektuan, BioTJetez gain, beste bi fabrika sortzeko asmoa dute ber gunean: HyLacq hidrogenoa egiteko eta e-MLacq metanola ekoizteko. «Karbono neutraltasuna helburu» dute erregai berdeen ekoizpen horrekin, proiektuaren aurkezpenean irakur daitekeenez. Oposizioko kideentzat zentzugabekeria da, Pachonek gehitu duenez: «Frantziako Gobernuak du sustatzen proiektu berri hau, oihana industrializatzeko nahiarekin. Gobernua gose da arazo guztiei erantzunak dituzten aterabide zientifikoekin: hidrogenoa ugari, karbonorik gabeko nuklearretik datorren energia elektrikoa hidrogenoa ekoizteko... Ikusmolde absurdoa da. Helburua da sinetsaraztea mirakuluzko aterabidea atzeman dela, lehen bezala kontsumituz».\n1.040\nHektarea urtean . BioTJet industriak, lehen bost urteetan, Akitania Berriko eta Okzitaniako oihanetan 114.000 hektarea moztuko lituzke. Ondotik, 1.040 hektarea urte bakoitzeko.\nOraino datu ikerketan eta kalkuluetan ari dira talde ekologistak, berantago proiektuaren kontrako txosten oso bat aurkezteko; uraren gaia ez dute oraino barnatu, adibidez, eta xedearen eramaileek iragarri dute urtean zortzi milioi metro kubiko ur hartuko dituztela Lacqeko ibaian. Ikertuko dute, besteak beste, prozesu industrialean erabili ondotik berriz ibaira isuriko duten ura zein baldintzatan itzuliko den ingurumenera.\nLegeak behartzen duen kontsulta publikoan fede guti du Pachonek. Haren erranetan, bilkura bat izan zen «publikoari eta kazetariei debekatua, irekia behar zuelarik».", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000145", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Euskara hutsean diren ekoizpenei lekua egitea beharrezkoa da»\nAzkaineko irakurle taldeko kidea da Iratzoki; Ziburuko euskarazko disko eta liburu azokak antolatu duen Azokaldian parte hartu du taldeak. Bestalde, 'Ihesi' antzerkian ari da, Maider Beheran eta Ainhoa Elizondorekin batean.\nEuskarazko disko eta liburuen azokari harrera eginen dio ekainaren 1ean Ziburuko pilota plazak. Lekua ttipi gelditzen ari da, ordea, eta, pilota plaza ezin denez handitu, azoka denboran hedatu nahi izan dute antolatzaileek maiatzean Azokaldia antolatuz. Horretarako, inguruko herrietako eragileak proiektuan sartu dituzte, eta Azkainen irakurle taldearengana jo dute. Taldeko kide Bernadette Iratzoki (Azkaine, 1959) azokaren garrantziaz mintzatu da. Azokaldiko ondoko hitzordua Urruñan izanen da: maiatzaren 17an, irakurraldi musikatua eginen dute Iban Zalduak eta MICEk. Azkaineko irakurle taldeko kide izateaz gain, antzerkilaria ere bada Iratzoki. Orain, Ihesi antzerkia ematen ari da, Maika Etxekoparrek zuzendurik.\nZer da Azkaineko irakurle taldea?\nDuela bi urte eta erdi sortu zen. Euskaraz irakurtzea genuen helburu. Urtean lau liburu hautatzen ditugu, Azkaineko irakur dendara ekarrarazten ditugu, eta, behin irakurri eta gero, solasaldi bat egiten dugu idazlearekin. Azkaineko Herriko Etxeak laguntzen gaitu idazlearen etorrera eta hamar libururen prezio erdia pagatuz.\nAsteartean,Ziburuko disko eta liburu azokak antolatutako Azokaldiaren karietara solasaldi bat izan zenuten.\nHamaikagarren solasaldia genuen. Azokaldiaren barnean sartu gara, antolatzaileek nahi izan baitituzte inguruko herriak parte harrarazi. Egia da jendea inguruko herrietatik azokara joaten dela, eta parada dela denbora gehiago hartuz beste ekinaldi batzuk egiteko. Hor, Ander Lipusen Antzerkiaren labirintoan liburua hautatu genuen, eta idazlea ekarrarazi dugu horren aipatzeko. Azkaineko irakurle taldeak ez ezik, Urruñako ikastolako Euskaraz Bizi taldeak ere parte hartuko du, baita Donibane Lohizuneko AEK-k ere. Heldu den astean, Iban Zalduak irakurraldi musikatua eginen du MICErekin Urruñako Berttolin [maiatzaren 17an, 19:00etan], eta maiatzaren 23an Maitena Duhaldek hitzaldi bat emanen du Lapurdi itsas hegiko euskarari buruz [Donibane Lohizuneko mediatekan, 19:00etan].\n«Ziburuko Azokaldiaren barnean sartu gara, antolatzaileek nahi izan baitituzte inguruko herriak parte harrarazi. Jendea inguruko herrietatik azokara joaten da, eta parada da denbora gehiago hartuz beste ekinaldi batzuk egiteko»\nOsoki euskaraz den literaturari eta musikari leku bat ematen dion azoka bakarretakoa da Ziburukoa. Zuretzat, zer da, oasi bat basamortuan?\nBeharbada, bai, hala da: oasi bat basamortuan. Tinko atxikitzen dute euskara hutsean diren ekoizpenei lekua egitea, eta hori biziki beharrezkoa da. Denendako literatura eskaintzen dute, eta literaturari buruzko eskaintza askotarikoa da; biziki aberatsa da.\nLiteraturazalea izateaz gain, antzerkilaria ere bazara. Noiz eta nola hasi zinen antzerkian?\n2010ean Senperen bildu zen Lapurdi 1609 taldea, eta 1609ko gertakarien inguruan zerbait egin nahi zuten: liburu bat atera zuten, eta antzerki baten ideia bazuten. Dei bat egin zuten proiektua aurkezteko, eta hola abiatu nintzen. Geroztik taldeak segitu du beste hiru antzerki emanez: Hazparneko Anderea , Telesforo ez da Bogart eta Herriko bozak .\nTaula gainera igo zara berriz Ihesi antzerkiarekin...\nBai. Eman genituen hiru antzezlanen ondotik pandemia izan zen, taldeko batzuek utzi nahi zuten... Pixka bat geldirik zen afera. Maider Beheranek, aldiz, bazuen aspalditik buruan Pierre Palmadek idatzitako Les Fugueuses bi antzezlerentzako antzerkia. Proposatu zidan ea berekin batean egin nahi nuen; beti prest naiz esperientzia berriak egiteko. Ainhoa Elizondo gure taldean ibilia den musikaria ere ari da, eta gu zuzentzeko Maika Etxekopar gonbidatu genuen. Hark ere onartu zuen, formatu ttipi horretan aritzeak interesatzen zuelako. Urtarriletik goiti hasi ginen publiko aitzinean ematen.\nZer kontatzen du antzerkiak?\nMaddi Zubeldiak itzuli eta egokitu zuen testua, eta biziki ederra atera da. Bi emazteren ihesa kontatzen du: gazteenak, 18 urteko alaba eta senarra utzirik, etxetik ihes egiten du, aspertua baita amatasunak duen pisu itogarriaz. Bide bazterrean gurutzatzen du emazte zahar bat, zahar etxetik ihes egin duena; semeak egoitzan ezarri zuen, baina segitu nahi du bizitzen. Bien arteko laguntasuna aipatzen ditu antzerkiak. Jokoan bada tragedia pixka bat, baina aski irrigarria da. Arrakasta badugu orain arte, hamahiru emanaldi emanak ditugu, eta publikoa irriz eta kontent ikusten dugu. Guk ere plazer handia hartzen dugu. Ondoko emanaldia ekainaren 2an izanen da, Andoainen [Gipuzkoan], eta Iparraldera itzuliko gara ekainean: 14an, Irisarrin, eta, 16an, Baigorrin.\n«'Ihesi' antzerkiarekin arrakasta badugu orain arte, hamahiru emanaldi emanak ditugu, eta publikoa irriz eta kontent ikusten dugu. Guk ere plazer handia hartzen dugu»\nZer duzu gustuko antzerkigintzan?\nPlazera hartzen dut, maite dut beste pertsonaia bat antzeztea; finean, ene egunerokotasunetik ateratzea. Talde batean aritzea gustatzen zait, besteekin batean, protagonismorik hartu gabe. Baina, batez ere, euskaraz egitea premiazkoa da enetzat; euskararen transmisioan aktore izan nahi dut ene heinean.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000146", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "«Gaur egun, nahi baduzu goi mailako pilotaria izan, behar duzu norbait zurekin»\nArño Harotzarenek esku huskako amateurren binakako txapelketa nagusiko finala jokatuko du, igandean. Asteartean finalerdia irabazi zuen Senpereko trinketean, Elgartekin. Olivier, aita, pilotari ohia, trebatzaile eta aholkulari du.\nAitatxi pilotaria zen. Aita pilotaria da. Semea pilotaria da. Aita zurgina da; semea zurgina da. Aita-semeak Aho Zakil Konekxion taldean ari dira. Aita gitarran, semea baxuan. Olivier Harotzarene (Senpere, 1971) eta Arño Harotzarene (Senpere, 1999) Donibane Garaziko Garateneko berezkoen partida bati ordenagailuan so zeudela aurkitu ditu Ipar Euskal Herriko Hitza -k, Olivierren zurgin lantegian. Arñok, Bixente Elgart pare kidearekin Iparraldeko Pilota Batzordearen binakako txapelketa irabazi ondoan, txapelketa nagusiko binakako finala jokatuko du, igandean, Arrangoitzen. Gibeleko jokalaria da Arño.\nEsku pilotari askazia duzue etxean. Nondik heldu da zaletasun hori?\nOLIVIER HAROTZARENE: Ttikitik ikusi dut aita [Paxkal] pilotan ari. Gustua segidan hartu nuen. Hori nuen bihotzeko kirola. Aitak etxean pilota plaza ttiki bat egin zuen, eta beti ari ginen hor.\nARÑO HAROTZARENE: Niretzat pixka bat berdin da. Aita ari zen, eta aski goiz hasi nintzen. Baina, gero, errugbia etorri da, eta etorri da momentua non hautu bat egin behar nuen. Pilota hautatu nuen.\nOLIVIER: Aita-semeak erraten da, baina egia errateko amarekin hasi zen pilotan Arño, sukaldean, pareta bati kontra, teniseko pilota batekin.\nOlivier, zu berezkoen mailara ez zinen sartu?\nOLIVIER: Ez nuen nahi ukan. Banekien sekula ez nintzela ariko hoberenekin. Azkenean, nola amateurretan maila ona nuen, lehiaketetan haiekin aritzen nintzen, eta hola gozatzen nuen. Eta nola berant hasia nintzen, adinarekin sobera aitzinatua nintzen berezkoetara pasatzeko.\nGiroa aldatua da gaur?\nOLIVIER: Aldatu da, bai. Lehen ez zen gaur bezainbat lehiaketa. Orain gauzak hobeki antolatuak dira, saiatzen dira gazteak sartzea. Lehen, maiz hartzen zituzten hoberenak.\nZuk Arño gogoko zenuke?\nARÑO: Bai, helburu bat da; amets bat da. Ikusi dut uda honetan gazte batzuk pasatu direla, eta motibatu nau. Trebatzen naiz horretarako, eta, beharbada, egun batez etorriko da.\nPrestakuntza handiagoa dute puntako pilotariek gaur egun. Zuk zertan hobetu nahi zenuke?\nARÑO: Dena ukan behar da ongi aritzeko: indarra, teknika... Zaila da.\nE sku pilotakoek diote trinketeko ezkerra landu behar dela.\nOLIVIER: Hor pasatzen dena da ttipitik erraten zigutela ezkerrarekin aritzea gaizki zela, beti eskuin ematen baitzen. Ez zuten pentsatzen ezkerrarekin beste zerbait egiten ahal dela, orain ikusten dugun bezala. Hegoaldekoak aritu dira ezkerparetan, eta usaia dute ezkerra erabiltzeko, eta min ematen dute hemen; azkenean, gu ez baikara hain usatuak.\nARÑO: Berdin da apuñoarekin. Peio Larraldek, adibidez, usu erabiltzen du, eta guri ez digute batere ikasi. Alta, aldatzen du jokoa.\nOLIVIER: Jokalariek anitz hobetu dute fisikoa, eta, orduan, pilotak abiadura handia hartzen du. Eta gehiago prestatuak direnez, hartzen dute ezkerrez, edo airetik edo sotamanoz. Lehen, behar zen beti punpa utzi. Gaur egun, gazte batendako dena landu behar da.\nZ er harreman duzue? Olivier, anitz jarraitzen duzu Arño bere partidetan?\nOLIVIER: Trinketeko trebakuntza egiten dugu elkarrekin. Partidetan egoten naiz aholkuak emateko edo hor izateko, sustengatzeko.\nLagungarri zaizu Arño?\nARÑO: Bai, zinez. Partida zailetan laguntza bat da. Gero, ez da beti erraz, baina balio du.\nZertarako balio du, konfiantza sentitzeko partidako momentu gakoetan?\nARÑO: Badira momentu gako batzuk, bai, kontseilu batzuk emateko edo burua pausatzeko.\nOLIVIER: Partidetan badira pasaia txarrak, eta behar da saiatu zure jokalariak burua atxiki dezan; hitz onak harrapatu behar dira. Ez da aski «Are, are, are!» erratea. Nekadurarekin ere ez dugu beti dena ikusten. Gaur egun, nahi baduzu goi mailako pilotaria izan, behar duzu norbait zurekin.\nIparraldeko Batzordearen finala irabazi zenuten. Txapelketa nola bizi duzue?\nARÑO: Zinez zaila izan da. Bixenterekin ez genuen elkar ezagutzen jokoan, eta lehen partida galdu genuen, ez ginen batere ongi. Pixkanaka hartu dugu erritmoa, ongi moldatu gara, eta etorri da. Bigarren fasean hobe oraino, eta finaleraino joan gara, eta [Ipar Euskal Herriko] txapelketa irabazi.\nIgandeko finalerako zer hobetu nahi zenuke?\nARÑO: Estresa hobeki kudeatzea. Gero, jokoan azkar jokatzea, gehiago tiratzea.\nOLIVIER: Burua ongi atxiki, eta haien jokoa egin. Bertzeek ere badute maila irabazteko, baina konfiantza osoa dut. Burua ez badute galtzen, zerbait egiten ahal dute.\nArño, zein dituzu puntu azkarrak jokoan?\nARÑO: Taula onak ematen ditut, uste dut. Defentsa badut.\nOLIVIER: Eta galtzen ez duelarik: burua. Sakeak ongi eramaten ditu, eta biziki inportantea da. Eta fisikoa badu, mugimenduan izateko, hanka onak ditu, eta luzaz irauten du. Badu jokoa; hobetzen ahal du, baina nahasten du jokoa, eta ez da erraza bere jokoa irakurtzea.\nOlivier Harotzarene eta Arño Harotzarene, Senperen, astelehenean. IÑAKI ETXELEKU\nEsku pilotak ezarri gazte akademiak haserrea piztu zuen; besteak beste, lehentasuna trinketari ematen baitzaio plaza laxoaren kaltetan. Zer diozue plaza laxoaren garrantziaz?\nARÑO: Plaza laxoa inportantea da, zeren eta partida luzeak dira, puntua atxiki behar da, eta jokoa gogortzeko ona da.\nOLIVIER: Berria trinketeko formakuntza gunea proiektu polita da, badu alde ona, baina txarra ere bai. Ari dira beti elkarrekin, eta txapelketan harrapatzen badute zahar talde bat, dena galtzen dute. Plaza laxokoak inportantzia handia du, zeren eta edozein adinetakoak aurkitzen dituzu, partida luzeak dira, eguzki pean, eta borrokatu behar zara; eta anitz lantzen da burua, gogortasuna. Zaharragoen kontra ari badira, pilota beti berriz heldu da, eta gazteek ez dute horren usaiarik; burua galtzen dute, eta maiz partidak ere bai.\nIparraldetik jende franko joaten da Hegoaldera ezkerparetetako giroetara. Gazte batzuek diote trinketeetan ere behar litzatekeela giro bero hori gazte gehiago etortzeko. Zer diozue?\nOLIVIER: Maleruski, hemen trinketa eliza bat da. Ni Hegoalderat banoa, eta aldatzen du dena. Bistan da, bada telebista, eta jende gehiago harrapatzen ditu. Baina ezkerparetak badu beste gai bat: trago bat hartzen ahal duzu, eta partida begiratu. Sortzen da giroa, jendea bero da, eta partida festa pizten da.\nARÑO: Hemen partida batzuetan harrabots pixka bat egiten baduzu, auzoak berehala begiratzen zaitu. Baina beharbada aldatuko da.\nOLIVIER: Hori belaunaldi batena da. Agian, gazteak gehiago sartuko dira trinketetan eta aldatuko da.\nMusika lagungarri da pilotaren ondoan, oreka bat ekartzeko?\nARÑO: Bai, ona da burua freskatzeko. Batzuetan moldatzeko zaila da gauean kontzertu bat eta biharamunean pilota partida duzunean. Baina egiten da.\nOLIVIER: Kontzertu data hartzean, kasu egiten dugu pilotarekin ez gertatzea.\nNor da mintzo hor trebatzailea edo musika talde kidea?\nOLIVIER: Aita!... Ez, baina goi mailan zarelarik, on da bertze zerbait izatea ondoan, burua ateratzeko mundu horretatik. Bestela, pasatzen duzu aste osoa horrekin eta ona da partida bat huts egiteko. Haatik, musika eginez bi orenez dena ahanzten duzu eta bertze zerbait baduzu buruan. Lana eta gero korrika joaten zarenean bezala, dituzun energia txarrak botatzen dituzu.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000147", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Egunero bezala, emazte langile baten egunerokoa\nGoizeko 6:00etan jo du alarmak.\nSegidan jaiki eta egunean beretzat duen oren erdiaz gozatu du: dutxa eta gosaria. Egunari aurre egiteko prest. Haurrak iratzarri, prestatu. Etxea ahal bezainbat bildu, gosariko gauzak garbitu eta erratz ukaldi bat sukaldean. «Ama, non da nire boneta?» Bazkaria hartu hozkailutik. Haurrak eta puskak autoan sartu eta ikastetxera bidea.\nEuria ari du gaur ere. Haurrak utzi eta Michelen etxera, beranta pixka bat du gaur ere, espero zuzendariek ez diotela aurpegiratuko. Egun on! Gosaria prestatzen dio. Goserik ez, gaur ere. Garbitzera eraman du eta jantzien aldatzera. Ondotik, egunkaria irakurriko dute elgarrekin eta bizpahiru kalaka trukatu, egunero bezala. Batzuetan, kinea edota ortofonista jiten dira eta plazer egiten dio beste profesional batzuekin gurutzatzea, berak ez baitu bere lankiderik sekula gurutzatzen. Pentsatzen du pena dela, gauza anitz lituzketelako trukatzeko, azken finean, pertsona berak zaintzen ari dira.\nEtxea garbitzen du, egunero pixka bat. Bazkaria prest da, Michel mahainean ezartzen du. Berak ere bere bazkaria berotzen du. Ondotik, pausarako momentua. Tarte horretan, bizpahiru dei pasatzen ahal ditu: hitzordu bat hartu dentistan senarrarentzat, burasoak deitu erosketak eginen dituenez, zerbait behar duten galdetzeko...\nArratsaldea joan da eta ilundu du Michel agurtu duenerako. Jendeak eta instituzioek behin eta berriz gutxiesten dute bere lana, alta denok behar dugu zaintza bizitzako hainbat momentutan. Erosketak ahal bezain fite egin ditu jendez lepo den supermerkatuan eta etxeratu da, familiarekin elkartzera. Orain afaria bada prestatzeko eta haurren etxeko lanak. Gaur ere ez du denborarik izan jantzien garbitzeko, bihar egin beharko. Facebook ireki eta joan den asteko greba feminista aipatzen dela ikusi du, zaintza omen zen ardatzetako bat, behingoz artikulu bat irakurtzeko denbora hartuko du.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000148", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Mendiko eskualdea diruz laguntzeko bost urteko plana aurkeztu dute\nPirinio Atlantikoetako Departamenduko, Akitania Berriko eta Frantziako Estatuko ordezkariek Santa Grazin aurkeztu zuten, iragan astean, mendiko bigarren plana, bost urtekoa; instituzio horiek dira Ipar Euskal Herrian eragina dutenak, baina mendi plana zabalagoa da, Pirinioak baitira Okzitania eskualdea eta beste departamenduak ere.\nLehen plana bukatu berri delako aurkeztu dute bigarrena. Aitzineko urteetako planarekin, sei urtez, 120 proiekturen artean ehun bat milioi euro partekatu zituzten hiru instituzioen artean. Zernahi alor izanik ere, mendi eskualdean kokatzen diren ber, laguntza eska daiteke, Akitania Berriko kontseiluko hautetsi Andde Sainte-Marieren arabera: «Fokusa, mediatikoki, usu proiektu potoloei buruz emana da, San Martiko Harria edo Gourette eski estazioak aipatuz, baina sei urtez dozenaka proiektu xumeago lagundu ditugu, artzaingoari lotuak, kultur arloko dosierrak, ekonomia arlokoak, edo ofizialgintzari lotuak».\nElkarlanean ari direnez, hiru instituzioetako teknikariek osatu batzorde batek aztertzen ditu, lehenik, diru-laguntza eskaerak, eta, ondotik, ordezkari desberdinez osatu mahai politikoak du azken hitza. Baldintza da mendi eskualdean izatea; Sainte-Mariek dioenez, mendialdea biziaraztea da xede nagusia: «Mendi eremuan direnez gain, ofiziale batek nahi badu bere lantegia handitu edo hobetu, edo lana sortu, hori proiektu bat bilakatzen da guretzat. Ez dira ehunka milioi eurokoak, baina funtsezkoak dira mendiko eskualdea biziarazteko».\nKlima berotzea kontuan\nPlan horrekin handizki lagundu izan dituzte Pirinioetako eski estazioak aitzineko urteetan. Elkarlana izanik ere, halere, ez dituzte irizpide berak erakunde batetik bestera. Akitania Berriko eskualdeak, adibidez, ez du gehiago elur artifizialik diruz laguntzen, baina departamendua eta estatua ez dira hein berean. «Baditugu zailtasunak hori ulertarazteko departamenduari, eta batzuetan, estatuari ere bai», onartu du Sainte-Mariek.\nHalere, halabeharrez klima berotzea kontuan hartzeko bidean direla argitu du Akitania Berriko kontseiluko hautetsiak: «Departamenduak lehenesten bazituen ere turismorako hainbat proiektu potolo, azken urte hauetan ikusten da elur geroz eta gutxiago egiten duela, eta, adibidez, eski aktibitateak apaltze nabarmena duela. Horrek guztiak bortxatzen gaitu instituzioetan gauzak molde desberdinez ikustera, eta segur aski gure DNA politikoa nolabait mugiaraztera eta ikustera lehentasunak beste nonbait direla».\nTurismoaren aldetik, elur eskasia agerian denez, Sainte-Mariek iragarri du logika aldaketa bat heldu dela instituzioetara: «Orain arte, ikusmolde aski sinplista batean, mendiko aktibitate turistikoa ikusten zen neguko prisma batetik, eskiatzearen inguruan. Ari gara lehenetsi nahian lau sasoiko turismoari dagozkion hainbat proiektu». Akitania Berriko hautetsiak gehitu du mendiko bigarren planean argiki logika horretan diren proiektuak «bultzatu eta lehenetsiko» dituztela.\nProiektu batzuk hiru instituzioek lagunduko dituzte. Beste batzuk, biren artean, eta bakar baten diru laguntza ukanen duenik ere izanen da; instituzio bakoitzaren eskumenek dute partekatze hori eginen. Eskualdearen kasuan, irizpide ekologikoa finkatua dela ziurtatu du Andde Sainte-Mariek: «Klima eta energia aldaketari begira, gure bide orria badugu eskualdean, eta azkartuko dugu. Arlo guztietako laguntzen mailak bide orriarekiko duten errespetuaren arabera baldintzatzen ditugu».\nGazteriak lehentasuna\nProiektu deialdia ez bada ere sektoreka mugatua, lan ardatz batzuk finkatu dituzte; hala nola gazteriaren inguruko xedeak garatzen laguntzea. Gazteen instalazioa bultzatzea xede duten proiektuekiko arreta berezia ukanen dutela erran du Sainte-Mariek, izan laborantzan, izan beste sail ekonomikoetan. «Mendi gunera gazteak erakartzeko xedeekiko ere» interes berezia ukanen dutela gehitu du.\nSanta Grazin aurkeztu zuten plan berria, eta deus ofizialik ez bada ere, Kakuetako arroila berriz irekitzeko egin beharko diren moldaketak laguntzeko xedea ere ez dute gorde instituzioek.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000149", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Elkargoko talde politikoak baliabideekin hasiak dira lanean\nEuskal Elkargoak aurrekontu eztabaidatsuak izan ditu aurten, eta Bil Gaiten eta Elkarrekin Herriarentzat talde politiko berriei baliabideak jari zaizkie. Elkargoak otsailaren 4an egin zuen urteko lehen batzar orokorra. Eztabaida piztu zen orduan, hilabete bat berantago, hots, martxoaren 4an bozkatuko zuten erakundearen aurrekontuen gaiarekin. Hautetsi batek baino gehiagok argitasun falta deitoratu zuten, eta lurraldekako ikuspegi bat galdegin berriz ere, jakiteko Elkargoak zenbat diru inbertitzen zuen eremuka. Jean-Rene Etxegarai Elkargoko lehendakaria «konfiantza faltaz» pleinitu zen, baina, Kotte Ezenarrok buxeta lehendakariordeak jada egin zuen bezala, hitzeman zuen lurraldekako kalkulu horiek ezagutaraziko zituztela. Ez da etorri. Urrian, BERRIAri eman elkarrizketan berretsi zuen zina Etxegaraik: «Ondoko asteetan, berantenik hilabeteetan, aurkeztuko dugu».\nMartxoaren 4an bozkatu zuen, beraz, Elkargoak aurrekontua: 516 milioi eurokoa. 304 milioi, funtzionamendurako, eta 212 milioi, inbertsioetarako. 133 hautetsik alde bozkatu zuten, 22k kontra, eta 55 abstenitu ziren. Lehen aldia zen aurrekontuekin hein horretako oposizioa agertu zela. Kari horretara, joan den urte hondarrean sortu bi talde politikoek -Bil Gaiten eta Elkarrekin Herriarentzat- baliabideak eskatu zituzten araudiak onartzen dien gisan, baina ez zen halakorik agertu buxetaren lerroetan. Baliabide horiek berantago jinen ziren urtean.\nZehazki, maiatz erditsutan bozkatu zuen Elkargoko batzarrak baliabideen atala. Bil Gaiten eta Elkarrekin Herriarentzat taldeek 85.000 euroko diru saila izan dute kolaboratzaile bana enplegatzeko. Etxegarairen inguruko hautetsiengandik agertu ziren berriz ere kritikak talde politiko horiei buruz, bozka egin aitzin. Etxegaraik berak ez zituen begi onez ikusi talde horiek, eta BERRIAko elkarrizketan berretsi zuen ez zuela prezatzen Elkargoari egiten zitzaion zentralismo oharra. Beste gobernantza bat eskatzen duten hautetsien oharrei buruz, gehitu zuen «entzuten» dituela kritikak, baina «batzuetan» ezin dituela «jasan, bereziki batzuengandik heldu direnean».\nBagira-k martxoaren 25ean Itsasun egin Aberri Egunaren aurkezpena. GUILLAUME FAUVEAU.\nBagira prozesua\nBagira prozesua abiatu zuten urte hastapenean. XXI. mendeko «mugimendu abertzalearen» birdefinitzea hartu du xedetzat. Bilkura publikoak eta tailerrak antolatu dituzte bultzatzaileek, eta aurkezpenaren lehen fasea apirileko Aberri Egunean bururatu zuten, Itsasun.\nBagira prozesuko animatzaile Txomin Povedak 2024ko Aberri Eguna arteko epea eman zuen mugimendua birdefinitu eta egituratzeko. «Ukan nahiko genuke mugimendu bat, bere aniztasun guziekin, baina mugimendu gisa pentsatzen duena. Bide orri batekin atera nahi genuke, eta ondotik hori martxan eman».\nUdaberrian inkesta bat eraman zuten birdefinitze hori helburu. Galdetegi bat zabaldu zuten eta «XXI. mendeko abertzaletasuna» definitzeko zortzi aukera proposatu zituen Bagira-k, 10en gain zenbaki bat jarriz: euskarak 9,4 emaitza atera zuen; burujabetza politikoak, 8,7; Euskal Herriarekiko atxikimendu sentimentalak, 8,6; burujabetza energetikoal, elikadurakoak, hedabideetakoak..., 8,5; euskal nazioa, zazpiak bat -ek, 8,3; ekologismoak, 8,2; feminismoak, 8; eta sozialismoak, 7,7. Deigarria da ikustea galderak erantzun dituztenen %10,5 Euskal Herriaren independentziaren kontra direla.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" }, { "id": "IPARRALDEA_HITZA_0000150", "periodico": "IPARRALDEA_HITZA", "lugar": "", "dominio": "", "texto": "Iparraldeko Pilota Batzordea kargualdi berriari buruz ariko da igandeko biltzar nagusian\nIparraldeko Pilota Batzordeak urteko biltzar nagusia eginen du igandean, Hendaian. Lau urteko kargualdiaren bururatzeko azkena izanen da, eta kargualdi berrirako menturen aipatzekoa. Hain zuzen, Jean-Mixel Garaiar gaurko lehendakariaren azken biltzar nagusia izanen da, kargua utziko baitu. Talde berritu bat aurkeztuko du egungo zuzendaritzak heldu den buruilaren 14an, kargudun berriak bozkatuko dituzteneko.\nHenri Errandonea Ipar Euskal Herriko Pilota Batzordeko idazkari nagusi saratarrak dioenez, herrietako pilota batasunetatik jin belaunaldi berriko jendea sartuko da zuzendaritzan eta lan batzordeetan. «Orain arte 33 ginen, eta orain berrogeitarat hupatuko garela pentsatzen dut». Talde berritu horretan «gutti gorabehera hamar bat lagun berri» sartuko dira.\nBigarren lau urteko kargualdia du Errandoneak. «Halere, erran zidatenl lau urteko denboraldi oso bat behar zela, sistema ulertzeko eta garapena gogoetatzeko; tresna bat martxan ezartzeko». Duela zortzi urte IPB Iparraldeko Pilota Batzordearen giderrak eskuetan hartu zituztenek egin zuten parioaren emaitzak bildu dituzte geroztik. Azken urteetan, zortziehun lizentziadun gazte berri sartu dira pilota batasunetan.\nErrandoneak dio 2020tik ikusi dituztela ondorioak. Elkartea garatu dute azkar. Hiru hezitzaile baditu Ipar Euskal Herri osoan ibilki direnak eskoletan pilotaren dasta emateko. Partaidetzak egin dituzte erakunde publikoekin, eta haur eta gazte pilotariei azkarki balioa eman diete, herrietako pilota batasunekin eskuz esku eraman lanaren berri zabalduz zernahi komunikazio bide direla medio: Internet ataria, kolorezko aldizkaria, sare sozialak, bideoak eta abar.\nPilota heziketa metodo eta programa landua plantan eman zuen IPBko eramaile taldeak hastapenetik. IPBko hezitzaileek 3 eta 5 urte arteko haurrei Nini pilota programa eginarazten diete: «Ez dute pilotan ikasten, baizik eta mugitzen, jokoak, trinketa batean eta dena pilota batekin». Ondotik, herriko pilota batasunean sartzen dira haur horiek, eta IPBk herrietako elkarteei galdegiten die eskaintza zabal batekin segitzea eta ez helduek nahi luketen berezitasun bakarra behartzea. «Hola, haurrak dena entseatuko du, eta bere baitarik ikusiko du zer maite duen, zertan den trebea». Beti aise ez bada ere, gauzak aldatzen ari dira heziketari buruz pilota batasunetan ere. «Bada arduradun belaunaldi berri bat heldu dena», azpimarratu du Errandoneak. Adierazgarria zaio gero eta emazte lehendakari gehiago badela batasunetan.\nFormakuntza\nOndoko adin tartea dutelarik, haurrak ez dituzte txapelketa egiten ezartzen, baizik eta «topaketak» eginez elkartzen ezkerparetetan, hiru hilabetez. Bukaeran, denak biltzen dituzte, zuriz beztirik aritzeko. «Jostatzeko da eta pixkanaka-pixkanaka sartzen dira pilotaren munduan, goxoki, errespetua atxikiz». Hori egiten dute bai esku huskan, bai joko garbian.\nErrandoneak dio batasunei lagungarri zaiela metodoa. IPBk boluntarioak formatzen ditu, gauzak nola eraman jakin dezaten: «Adibidez, topaketa nola animatu behar den. Hola, Mauleko arduradun batek eginen du Hazparneko edo Miarritzeko batek bezala. Bada halako batasun bat eta erraztasun bat arduradunentzat».\nHenri Errandonea Ipar Euskal Herriko Pilota Batzordeko idazkari nagusia.\nHorri esker ohartu dira haurrak 9-11 urtera heltzen direnean «prest» direla trinketean aritzeko, adibidez. «Haurrari astia eman behar zaio jostatzeko, ikasteko». Ondotik, haurrak ez daitezen txapelketako presioen pean aritu, IPBk mintegiak antolatzen ditu final-laurdenetarat heltzen diren gazteekin. «Denak biltzen ditugu eta nahasten; Baigorriko bat arituko da Sarako batekin. Trebatzailea bertze bat izanen dute; erran nahi du diskurtso berri bat, motibazio berri bat». Usaiako ingurutik kanpo gauzak bere gain hartzen dituzte gehiago pilotari gai gazteek. «Hor ikusten da hilabete batez igotzen direla laster kalitatean», ondorioztatu du batzordeko idazkari nagusiak.\n«Helburua da herrietako elkarteak laguntzea eta boluntarioek ez dezatela pentsa bakarrik direla». HENRI ERRANDONEA Ipar Euskal Herriko Pilota Batzordeko idazkari nagusia\nTeknika, gorputza eta burua hobetzeko ikastaroak ere proposatzen dizkie IPBk pilotari gazteei. Horrez gain, berrehun bat pedagogia orri eskuragarri jartzen dizkie batasunetako boluntarioei bere Internet atarian. «Hor esplikatuak dira ariketak, zure joko zelaia nola antolatu, zer animazio egiten ahal duzun». Azken urte hauetan bideoak ere gehitu ditu batzordeak, Kanalduderekin eginak. «Helburua da herrietako elkarteak laguntzea eta boluntarioek ez dezatela pentsa bakarrik direla».\nOhizko jokoak atxiki\nPilota batasunak dituzten Euskal Herritik kanpoko eskualdeetan ez bezala, Ipar Euskal Herrian oraino jokatzen dira ohizko joko batzuk, eta ez baitezpada nazioarteko federazioak onartu eta garatu nahi dituen joko mota berriak: frontenis, goma hutsa eta frontball bezalakoak. IPBk joko zaharrago horien atxikitzeko eta garatzeko lana ere badauka betekizunetan.\nJoko garbia, pasaka, sare jokoa eta atxiki handia dira, nagusiki, azkartu nahi lituzkeenak. Joko garbian badira batasun batzuk oraino trebe direnak, baina bakar batzuen esku da, eta arizale kopurua ez da mugitzen. Pasakan are larriagoa da egoera. Sarean ere beheiti ari da, eta desagertzeko lanjera izan dezake hala segituz gero. «Sarean, maila guziak hartuz, aurten 50 talde badituzu; eta horietatik, 35 talde hiru elkartetarik heldu dira», argitu du Errandoneak. «Itzali da zenbait pilota elkartetan non aritzen zen sarean, edo non aritzen den joko garbian. Han behar da berpiztu». Ez du kentzen nazioarteko joko berriak ere garatu behar direla iduritzen zaiola Errandoneari.\nBeste desafio bat ikusten du IPBko idazkari nagusiak: pilotaleku aski izatea bihar. «Trinketa guziak beteak dira, ezkerpareta guziak beteak dira». 6.000 lizentziadun dira pilotan Ipar Euskal Herrian gaur egun. Azken urteetako garapenak segitzen badu, ez litzateke joko eremurik aski 7.000 lizentziadunentzat. Ondorioz, IPBk joko eremuak sortzeko bideak aztertzen ditu.\nZaharrer Segi batasunaren 100 urteak\nEhun urte eginen ditu aurten Baigorriko Zaharrer Segi pilota batasunak. Urte osoko egitaraua pentsatu du urtemuga ospatzeko. Orotarik izanen da: ohiz kanpoko pilota partidak, pilota lehiaketak, kantaldiak, dantza emanaldi bat eta beste.\n1924ko azaroaren 24an sortu zen, ofizialki, Zaharrer Segi batasuna, haren izena Mauleko suprefeturan pausatu zutelarik sortzaileek. Luzean eta joko garbian aritzea jarri zuten helburu gisa, ordukoz baitzuten luzeko taldea, ondoko jokalariekin: Arnaud Haritxelar, Leon Cabillon, Gratien Harizpe, Firmin Zuburu eta Jean Alfaro.\nGaur egun Zaharrer Segik 303 kide ditu, pilota joko frankotan ari direnak; 198 gizon eta 105 emazte. Baigorri ibarreko herrietan trebatzen dira: Aldude, Anhauze, Arrosa, Baigorri, Banka, Bidarrai, Irulegi, Ortzaize eta Urepele.", "licencia": "cc-by-sa 4.0" } ]