date stringdate 2012-09-20 00:00:00 2023-12-01 00:00:00 | url stringlengths 47 182 | category stringclasses 10
values | title stringlengths 3 140 | subtitle stringlengths 0 1.17k | summary stringlengths 5 1.18k | text stringlengths 2 35.8k |
|---|---|---|---|---|---|---|
2021-2-19 | https://www.berria.eus/albisteak/193897/euskal-liga-antolatu-dute-ofizialtasuna-aldarrikatzeko.htm | Bizigiro | Euskal Liga antolatu dute, ofizialtasuna aldarrikatzeko | PlayStation 4 plataforman arituko dira martxoaren 1etik aurrera, eta apirilaren 4an finala jokatuko da, Aberri Egunarekin, eta zuzenean ikusi ahalko da Hamaika Telebistaren webgunean. | Euskal Liga antolatu dute, ofizialtasuna aldarrikatzeko. PlayStation 4 plataforman arituko dira martxoaren 1etik aurrera, eta apirilaren 4an finala jokatuko da, Aberri Egunarekin, eta zuzenean ikusi ahalko da Hamaika Telebistaren webgunean. | Kirol elektronikoek etxeko sofa konkistatu zuten aspaldi, eta, orain, plaza ere hartu nahi dute. Game Erauntsia Elkarteak, Gu Ere Bai ekimenak eta Hamaika Telebistak FIFA 21 Euskal Liga aurkeztu dute Bilbon.
Alaves, Athletic Club, Eibar, Reala eta Osasunaren gizonezkoen taldeak erabiliko dituzte partidetan. Azaldu dutenez, ezin dira emakumezkoen taldeak erabili, FIFA 21 bideo jokoa egiten duen Electronic Arts etxeak oraindik ez duelako emakumezko taldeekin jokatzeko aukerarik eskaintzen, selekzioak kenduta.
Edonork har dezake parte ligan, eta izena emateko epea otsailaren 25era arte egongo da zabalik, Game Erauntsiaren webgunean. Han daude jarrita arauak. Jokalariek PlayStation 4 kontsola, FIFA 21 jokoa eta Interneterako konexioa eduki beharko dute.
Finala apirilaren 4an jokatuko da, Aberri Egunarekin, Hamaika Telebistaren Bilboko estudioetan, eta hamaika.eus webgunean zuzenean emango dute, LTDko Hamaikaren kanalean eta Euskaltelen telebista zerbitzuan, Hamaikako Ainhoa Jauregik azaldu duenez.
Olatz Foruria eta Beñat Zarrabeitia kazetariek kontatuko dute finala. Euskara hutsez jokatuko da liga osoa. Irabazleek sariak jasoko dituzte.
«Euskal kirolaren alde, eta gure selekzioek nazioartean parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatzeko beste modu bat iruditzen zaigu Euskal Liga hau, gure herriko kirolariekin batera, bideo jokoetan eta ahal den bezala gure aldarrikapenak aurrera eramateko», esan du Gu ere bai! ekimeneko komunikazio idazkari Patxi Gaztelumendik.
«FIFA21 Euskal Liga euskaraz bideo jokoetan gozatzeko aukera berri bat da», adierazi du Game Erauntsia elkarteko Garikoitz Larrañagak. «Pozik gaude Gu Ere Bai! eta Hamaika Telebistaren laguntza izateaz gure elkartearen helburu nagusia betetzeko: euskara eta bideo jokoak uztartzea».
Iaz egin zuten lehenengo FIFA jokoko Euskal Liga. 150 zalek eman zuten izena, eta 100 partida baino gehiago jokatu zituzten. Orduan ere Hamaika Telebistak finala zabaldu zuen, eta, antolatzaileen arabera, «historian lehenengo aldiz, telebista batek euskaraz eta zuzenean kirol elektronikoen txapelketa bat eman zuen».
Aurtengo FIFA txapelketak iazkoak eduki zuen «harrera bera izatea espero dugu», esan du Larrañagak. «Bideo jokoak gure bizitzaren parte dira, eta garrantzitsua da euskaraz bizi izateko aukera izatea ». |
2021-2-19 | https://www.berria.eus/albisteak/193898/gorputzak-dituen-askotariko-harremanak-ikusgai-guggenheimen-alex-reynolds-en-bideogintzaren-bidez.htm | Kultura | Gorputzak dituen askotariko harremanak ikusgai Guggenheimen, Alex Reynolds-en bideogintzaren bidez | Artista bilbotarraren hiru pieza biltzen ditu Film & Video programako urteko lehen erakusketak: ‘Bada lege bat, esku bat, abesti bat’. Ekainaren 20ra arte bisitatu ahal izango da. Ikus-entzunetako bat, ‘Eskua kantari’, museoak koproduzitu du | Gorputzak dituen askotariko harremanak ikusgai Guggenheimen, Alex Reynolds-en bideogintzaren bidez. Artista bilbotarraren hiru pieza biltzen ditu Film & Video programako urteko lehen erakusketak: ‘Bada lege bat, esku bat, abesti bat’. Ekainaren 20ra arte bisitatu ahal izango da. Ikus-entzunetako bat, ‘Eskua kantari’, museoak koproduzitu du | Enbor baten xehetasun plano estatikoak hasieran, eta, hondoan, xuxurlak eta txorien doinuak, besteak beste. Esku baten plano itxiak ondoren, soinu horien erritmoan hatzen koreografia bat finkoa izateari utzi dion kamara batek grabatua. Gisa horretako xehetasunek ardazten dute Alex Reynolds-en Eskua kantari pieza, Guggeheim museoan dagoeneko bisitatu daitekeena. Aretoaren sarreran kokatutako Palais ikus-entzunezkoak eta Justine soinu piezak biribiltzen dute Bada lege bat, esku bat, abesti bat erakusketa. Museoko Film & Video programaren aurtengo lehen proposamenak dira artista bilbotarraren hiru obra berri horiek, eta ekainaren 20ra bitarte egongo dira ikusgai.
Reynolds-en lana museoan erakutsi ahal izateak «poz berezia» eragiten diola adierazi du Juan Ignacio Bidarte zuzendariak. Artistaren lanaren oinarrian dago «lengoai zinematografikoaren bidez harreman eta afektu moduak azaltzea», Bidartek azaldu duenez, eta hiru obra horiekin ere beste horrenbeste erdietsi du bilbotarrak. Pieza bakoitzak erakusten dituen harremanez gain, lanen artean ere gisa horretako loturak sortzen dira; «soinuak batzen ditu bereziki» obrok, Alex Reynolds-ek jakinarazi duenez. Hala, nahiz eta euskarri digitalean erakutsitako lanak izan, aurrez aurreko esperientzia «ezinbestekoa» deritzo Manuel Cirauqui komisarioak. «Ezin da online ikusi, energiak eta bibrazioak kutsatu egiten baitira aretoan».
2020an ondu zituen Reynolds-ek Palais ikus-entzunezkoa eta Justine soinu pieza, eta aurtengoa da, berriz, Eskua kantari. Guggenheimek koproduzitu du azken hau, eta estreinakoz ikusi ahal izango da erakusketan, «mirariz» bada ere, artistak onartu duenez. Alma Sodeberg koreografo suediarrarekin elkarlanean sortu du lana Reynolds-ek, baina joan-etorrien mugek zaildu egin diete bideoaren ekoizpena. Bruselan bizi da Reynolds, baina pieza osoa Extremaduran (Espainia) grabatzea zuen asmoa; azkenean, bizitokian ere grabatu behar izan du. «Ezin izan gara batu editatzeko. Lorpena izan da pelikula bukatu ahal izatea».
Oztopoak oztopo, obra «argitsua eta musikala» erdietsi dutela nabarmendu du artistak. «Txikitasunean jartzen du arreta, harremanetara ireki ahal izateko», dio. Komisarioak ere piezaren «detaile maila altua» azpimarratu du. «Osagai sofistikatuak ditu, soinuaren pertsonifikazioa egiten du kasik. Kalitate eta ezaugarri bereziak ditu». Halaber, bideoaren muntaketa «zehaztasun handiarekin egin» da, Cirauquiren arabera, «Reynolds-ek ohi duen bezala». Bestalde, sorkuntzak izan dituen kolaborazioak «obraren alde kolektiboaren ospakizuna» iruditu zaizkio komisarioari.
Piezak batuta
Justine «etengabe bibratzen ari den objektu batek osatutako pieza» da, artistak azaldu duenez, eta bi ikus-entzunezkoen arteko «giltzarria» ere bada. Reynolds-en lagun baten «soinu bidezko erretratua» dela zehaztu du komisarioak, haren ahots tonuaren arabera bibratzen baitu objektuak, hau da, diapasoiak. «Normarekin» zerikusia duela nabarmendu du Reynolds-ek, diapasoia instrumentuak afinatzeko gailua baita; alegia, «ezerk gozakaiztu ez dezan arau bat ezartzen duen tresna». Artistak azaldu duenez, garai batean diapasoiaren bibrazio estandarra igotzen hasi ziren, baina, langa berrietara ezin helduta, kexatu egin ziren abeslariak; ondorioz, egungo 440 hertziotan ezarri zuten estandarra. «Legeak gorputzekin duen harremanen adibide bat da», Reynolds-en arabera.
Justine-ko diapasoiak, ordea, 422 hertzioetara bibratzen du. Hori lortzeko, Reynolds-ek objektua «limatu, moztu eta beste zenbait modutan aldatu du», Cirauquik azaldu duenez. Dena den, norma estandarretik aldentzen dela begitandu arren, beste arau bat ezartzeko saiakera ere bada, artistak dioenez: «Erretratu samurra da, alde batetik, baina, bestetik, tiranikoa da pertsona bakar batetik abiatuta arau bat sortu nahi izatea. Pieza anbibalentea da».
Normaz dihardu, halaber, Palais bideoak. Bruselako Justizia Jauregian filmatuta dago, hango korridore eta ertzetatik barrena aritu baitzen Reynolds «ezkutatuta» zeraman kamera batekin. Komisarioaren hitzetan, «espazio normatiboei buruzko oharra» da lana, baita «burokraziaren aberrazioaren karikatura» ere, artistak gaineratu duenez: «Eraikinak konfusioa eta ezinegona eragiten du gorputzean. Toki izugarriak ditu. Atal zinematografikoari dagokionez, bideoa berez editatzen da: plano sekuentzia oso luzeak ditu, baina eraikinak eskaintzen ditu mozketak, tokiak oso aldakorrak baitira». Ezaugarri horiek «beldurrezko pelikularen» kutsua ematen diote Reynolds-en obrari, Cirauquiren iritziz. |
2021-2-20 | https://www.berria.eus/albisteak/193899/fiskalak-auzitegi-nazionalari-igorri-dio-gonzalezen-aurkako-salaketa-datu-berri-batzuetan-oinarrituta.htm | Politika | Fiskalak Auzitegi Nazionalari igorri dio Gonzalezen aurkako salaketa, datu berri batzuetan oinarrituta | Juan Kalparsororen idatziaren arabera, GALen auzian «oraindik epaitu ez diren pertsona batzuen balizko parte hartzea» ondorioztatzen da salaketatik. | Fiskalak Auzitegi Nazionalari igorri dio Gonzalezen aurkako salaketa, datu berri batzuetan oinarrituta. Juan Kalparsororen idatziaren arabera, GALen auzian «oraindik epaitu ez diren pertsona batzuen balizko parte hartzea» ondorioztatzen da salaketatik. | Urtarril hasieran, Pili Zabalak, Joxi Zabala zenaren arrebak, eskaera bat egin zion Gipuzkoako Fiskaltzari, iker zezan zer lotura izan zuen Espainiako presidente ohi Felipe Gonzalezek GALekin. Aurkeztutako egitasmoarekin, Zabalak eskatu du ikerketa ekinbide bat hasteko, argitu dadin ea Felipe Gonzalezen aurkako salaketa bat jar daitekeen, «ustez GALen bidez atentatuak eta desagertze behartuak egitea eragiteagatik». Juan Kalparsoro Gipuzkoako fiskalburuak gaiaz emandako idatzia eskuratu du BERRIAk. Otsailaren 5eko data dauka, eta, idatziaren arabera, Gipuzkoako fiskalburuak Auzitegi Nazionaleko fiskalari bidali dizkio tramiteak, aintzat hartuta dokumentazio berria aurkeztu dela auziaren inguruan.
Dokumentazio hori zerrendatu du fiskalak bere idatzian: batetik, CIA Ameriketako Estatu Batuetako Inteligentzia Agentzia Zentralaren 1984ko txosten bat, iazko ekainean zabaldutakoa, Felipe Gonzalezek «terroristei legetik kanpo aurre egiteko mertzenario talde bat sortzea adostu» zuela dioena. Bestetik, GALen lehen ekintzen aurretik Bilboko Ercilla hotelean eginiko afari bati buruzko informazioa, Pilar Cernuda kazetariak El Presidente liburuan argitaratua; horretan, Gonzalezek esan zuen «terroristak beren arma berberekin txikitu» behar zirela.
Horrez gain, Robert Pandraud 1986 eta 1988 bitartean Frantziako Segurtasun ministro delegatua izandakoaren adierazpen batzuk ere jaso dituzte, 1990ean elkarrizketa batean eginak; horietan, Pandraudek Gonzalezekin eta Jose Barrionuevo Espainiako orduko Barne ministroarekin eginiko bilera bat aipatu zuen, eta azaldu bilera horren ondorioz jo zela amaitutzat GALen jarduera. Era berean, CESIDen 1983ko uztaileko bulego ohar batzuk ere aurkeztu zizkion Zabalak Kalparsorori. Horietan idatzita ageri da ETAri aurre egiteko modu «gomendagarriena» zela «bahiketa bidez desagerraraztea».
Idatzian, fiskalak adierazi du «datu eta informazio berriak» aurkeztu dituela Zabalak, eta haren salaketatik ondorioztatzen dela GALen auzian «oraindik epaitu ez diren pertsona batzuen balizko parte hartzea». Prozedura Kriminalaren Legearen 773.2. artikuluari erreferentzia egin dio Kalparsorok salaketari bide emateko; horren arabera, fiskalak «jardunaren artxiboa dekretatuko du, egitateak delitu ezaugarriak ez dituenean [...]. Bestelako kasuan, instrukzio epaileari kasuan kasuko prozedura hasteko eskatuko dio, eta, horretarako, jardun osoa igorriko dio». Auzia artxibatu beharrean, Kalparsorok Auzitegi Nazionaleko fiskalari igorri dio informazioa, argudiatuta auzitegi hori dela gisa horretako delituak ikertzeko organo eskumenduna, eta hura izan zela GALen eta Joxi Zabala eta Joxean Lasaren torturen, bahiketen eta hilketen auzia ikertu zuena, eta, beraz, hari dagokiola salaketa berria aztertzea.
Fiskalari bidalitako eskarian, Zabalak azaldu zuen dokumentu horiek zera adierazten dutela: Frantziako eta Espainiako inteligentzia zerbitzuek informazioa daukatela Felipe Gonzalezek GALen «sustapenean edo, gutxienez, sorreraren onespenean» parte hartu izanaren inguruan. Delitu horiek preskribatuta daudela ondorioztatuz gero, eta horrek prozesu berri bat irekitzea eragotziko balu, Zabalak eskatu du Juan Carlos Garcia Goenaren hilketaren kasura gehitzeko. Garcia Goena 1987an hil zuen GALek, Hendaian, haren autoan lehergailu bat jarrita, eta kasua irekita dago oraindik. Atentatu haren atzean Espainiako Barne Ministerioa zegoela adierazi zuen Jose Amedo GALeko buru izandakoak. |
2021-2-20 | https://www.berria.eus/albisteak/193900/gaur-hemezortzi-urte-euskaldunon-egunkaria-itxi-zutenetik.htm | Gizartea | Gaur hemezortzi urte 'Euskaldunon Egunkaria' itxi zutenetik | Joan Mari Torrealdairen heriotzak markatu du aurtengo urteurrena, baita gertatutakoa gogoratzeko eta aztertzeko sortu diren antzerki eta ikus-entzunezko lanek ere. | Gaur hemezortzi urte 'Euskaldunon Egunkaria' itxi zutenetik. Joan Mari Torrealdairen heriotzak markatu du aurtengo urteurrena, baita gertatutakoa gogoratzeko eta aztertzeko sortu diren antzerki eta ikus-entzunezko lanek ere. | Hemezortzi urte. 2003ko otsailaren 20 ilun haren inguruan jaiotako haurrak adinez nagusiak dira dagoeneko, eta garaia da gertatutakoa perspektiba historikoaz aztertzeko. Izan ere, egiten ari dira.
Duela hemezortzi urteko goiz hotz hartan, Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria-ren egoitza itxi zuen, eta, horrekin, urte luzeko lanari esker sortutako euskara hutsezko kazeta bakarra desagerrarazi zuen, egun batetik bestera.
Andoaingo Martin Ugalde parkeko egoitzan eta Gasteizko, Iruñeko eta Bilboko ordezkaritzetan giltzarrapoa jarri zuen Guardia Zibilak. ETArekin lotura zuela argudiatuta itxi zuten kazeta, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen baimenarekin. Operazioan, preso eraman zituzten zituzten Xabier Alegria, Txema Auzmendi, Inma Gomila, Luis Goia, Fermin Lazkano, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Pello Zubiria, Madrilera.
Euskal gizartearen zati handi batek ez zuen gezurra sinistu, eta euskaldunen eskubideen zapalketa salatzera, eta egunkariari, langileei eta atxilotutakoei babesa ematera atera zen kalera. Donostian manifestazio erraldoia egin zuten.
Langileek kemenez erantzun zioten itxierari: Egunero kazeta argitaratu zuten itxieraren hurrengo egunetik aurrera. Eta udan, BERRIA egunkaria jaio zen.
Del Olmo epaileak baldintzarik gabe bidali zituen espetxera Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Xabier Oleaga eta Xabier Alegria; aldiz, bermea ezarrita libre utzi zituen Martxelo Otamendi, Fermin Lazkano, Inma Gomila eta Luis Goia. Pello Zubiria erietxetik espetxera bidali zuen gero.
Guardia Zibilaren eskuetan pairaturiko torturen berri eman zuen Otamendik : «Nahi dutena egiten dute: arratoiak bezala tratatu gaituzte». Beste atxilotuetako batzuek ere torturak salatu zituzten.
Hurrengo zazpi urteak ez ziren samurrak izan. Urte askoko kartzela zigorren ezpata buru gainean zutela bizi behar izan zuten akusatuek, eta epaiketa luzea izan zen. Errugabetu egin zituzten, azkenean. ETAren eta Egunkaria-ren arteko ustezko lotura Guardia Zibilaren irudimenean baino ez zegoen.
2014ko urrian, egunkariaren kontra zabalduriko bigarren auzia, auzi ekonomikoa deiturikoa, artxibatu zuen epaitegiak. Prozesu haiek gogoratzeko, Egunkaria auzia webgunea prestatu zuen BERRIAk.
Hemezortzi urte, eta oraindik inork ez du barkamenik eskatu eginikoarengatik, eta euskal gizarteari, eta biktima zuzenei, ez diete kaltea erreparatu.
Hemen, itxieraren 15. urteurrenaren harira eginiko bideoa:
Aurtengo urteurrenean, izen bat da nabarmentzekoa: Joan Mari Torrealdai. Euskaldunon Egunkaria-ren administrazio kontseiluko kide eta lehendakaria izan zena 2020ko uztailaren 31n hil zen, minbiziak jota. Euskal kulturaren erreferente eta eragilearen heriotzak iritzi eta omenaldi zaparrada eragin zuen.
Egunkaria itxi zutenean gertatutakoaren tamainaz jabetzeko gazteegia zen belaunaldiak ere ariketak egin ditu egunotan, kazetaren itxieraren inguruan hausnartzeko. Joan zen azaroan, Sisiforen paperak antzezlana estreinatu zuen Tanttaka konpainiak. Euskaldunon Egunkaria-ren itxieran oinarritutako lana da, Harkaitz Canok idatzitakoa, eta Fernando Bernuesek zuzendutakoa. Eta, aste honetan bertan, Paperezko hegoak dokumentala estreinatu dute Samara Veltek eta Josu Martinezek, itxieraren inguruan zerbait berria eskaintzeko asmoz.
Hemezortzi urte dira gaur; denbora aurrera doa, baina oroitzapena gaztetzen ari da. |
2021-2-20 | https://www.berria.eus/albisteak/193932/zuhurtziaz-diot-baina-auzia-ireki-daitekeela-erakusten-du.htm | Politika | «Zuhurtziaz diot, baina auzia ireki daitekeela erakusten du» | Pili Zabala zuhurra da urtarrilean Gipuzkoako Auzitegiko Fiskaltzan jarri zuen salaketari fiskalburuak eman dion erantzunari buruzko interpretazioan, baina irmo dio: «Ez dut amore emango». | «Zuhurtziaz diot, baina auzia ireki daitekeela erakusten du». Pili Zabala zuhurra da urtarrilean Gipuzkoako Auzitegiko Fiskaltzan jarri zuen salaketari fiskalburuak eman dion erantzunari buruzko interpretazioan, baina irmo dio: «Ez dut amore emango». | Gipuzkoako fiskalburuak, Juan Kalparsorok, Auzitegi Nazionalera igorri du zuen eskaera, aurkeztu duzuen informazio berrietan oinarrituta, eta esanez salaketatik ondorioztatzen dela orain arte auzian epaitu ez diren pertsona batzuen ustezko parte hartzea azaleratzen dutela. Eta Felipe Gonzalez aipatzen du. Zer interpretazio egiten duzu?
Zuhurtziaz erantzun nahi nizuke, baina, nire iritziz, Lasa-Zabala auzia ireki daitekeela erakusten du. Aukera hori aztertzen ari gara hainbat aditurekin.
Fiskal batek dio zuk jarritako sa-laketaren arabera datu berriakdaudela Felipe Gonzalez GALauzian egon zen ikertzeko. Zer interpretazio egin diozue fiskalaren azalpenari?
Testuinguru soziopolitikoa aldatu den seinale da. Duela bi hamarkada ezinezkoa zirudiena orain posible izan daitekeelakoan nago. Baina Kalparsoro haratago doa; jakinarazi dit salaketa jar dezakedala Auzitegi Nazionalaren instrukzioko epaitegian.
Auzitegi Nazionalaren esku geratuko da orain auzia. Zer espero duzue?
Fiskaltzak benetako independentzia balu, ikerketarako diligentziak irekiko lituzke argi eta garbi. Hala ere, zaila ikusten dut, baina esperantzara kondenatuta egotera behartzen dut neure burua. Ea zer erantzuten diguten. Dena den, ezetza jasoz gero, beste bide batzuk esploratzen jarraituko dugu. Ez dut amore emango.
Galindo hiltzearekin batera harrotu dira hautsak, eta Kongresuan egin dute eskaera zenbait dokumentazio sekretu kentzeko. Uste duzue egingo dela biderik?
PSOEk Sekretu Ofizialen Legeari buruz duen jarrera ikusita, gauza gutxi espero dugu. Hori alde batera utzita, isilpeko datu bat ezinbestekoa izango balitz epaile batentzat penalki erabakitzeko norbaiten erruduntasuna edo errugabetasuna, benetako zuzenbide estatu batek automatikoki eskuragarri jarriko lioke behar duen dokumentua. Beste herrialde batzuetan hori egiten da; botere banaketa deitzen zaio.
Zer urrats aurreikusten duzue aurrerantzean?
Pausoz pauso. Jasotzen ditugun erantzunen arabera, joango gara aztertuz zein den hurrengo urrats egokiena. Bitartean, GAL ikertzeko sortu dugun plataformaren barruan, saiatuko gara ebidentzia gehiago eskuratzen. Dena den, argi dago agian beste estatu aurreratu batzuetara jo beharko dugula, Frantziakora adibidez, eta, bestela, hor dago justizia unibertsala ere. |
2021-2-20 | https://www.berria.eus/albisteak/193933/bost-informazio-fiskalarentzat.htm | Politika | Bost informazio fiskalarentzat | Donostiako Lurralde Auzitegiko Juan Kalparsoro fiskalaren idatziak hainbat «datu eta informazio berri» aipatzen ditu, Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburu ohiak GALen izandako inplikazio eta ardura posibleak ikertzeko bidea eman dezaketenak. | Bost informazio fiskalarentzat. Donostiako Lurralde Auzitegiko Juan Kalparsoro fiskalaren idatziak hainbat «datu eta informazio berri» aipatzen ditu, Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburu ohiak GALen izandako inplikazio eta ardura posibleak ikertzeko bidea eman dezaketenak. | Pili Zabalak aurkeztutako salaketan jasotako «datu eta informazio berriak» aipatzen ditu Juan Kalparsoro fiskalak bere idatzian. Bost dira informazio horiek, eta bostak jaso ditu Kalparsorok bere idatzian.
1. CIAren 1984ko txostena
Gonzalezek ETAren aurka mertzenarioak erabiltzea onartu zuela idatzi zuen AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentralak, 1984an, GAL sortu eta gutxira. CIAren agiriek ez dute argitzen mertzenario talde hori eta GAL gauza bera diren. Hau da esaldi zehatza: «Irudi du [Espainiako] gobernuak erabakita daukala ETAren aurkako borrokan estrategia ez-ortodoxo bat erabiltzea. [Ezkutatutako esaldi motz bat] Gonzalez ados dago armadak kontrolatutako mertzenario taldeak osatzearekin, terroristak legez kanpo borrokatzeko. [Ezkutatutako beste esaldi bat] Mertzenarioek ez lukete derrigorrez espainiarrak izan behar, eta haien misioa litzateke ETAren liderrak hiltzea Espainian eta Frantzian».
CIAk ez ditu mertzenario taldea eta GAL zuzenean lotzen, baina jarraian aipatzen du GAL izeneko talde bat ari dela atentatuak egiten, eta talde hori «gobernuak aurreikusitako eskuadroien izaera berekoa» dela. «GALek ondo ezagunak diren ETA(m)-ko bi ekintzaile hil ditu Frantzia hegoaldean, eta Espainiako negozio gizon bat bahitu Hendaian». Ramon Oñederra Kattu eta Mikel Goikoetxea Txapela ziren hildako biak, Lasa eta Zabalaren heriotza baieztatu arte GALen lehen biktimak izan zirenak; eta Segundo Marey enpresaria zen Hendaian bahitutakoa.
«Madrilen ustezko inplikazioa baieztatuko balitz, Espainiako Gobernuaren eta Alderdi Sozialistaren kredentzial demokratikoak oso serioski zikinduko lirateke», dio CIAren agiriak, bien arteko erabateko lotura inola ere baieztatzen ez duen arren.
CIAren agiria 1984koa den arren, 2020ko ekainean atera zen argitara, AEBetako gobernuak agiriak desklasifikatu eta lau urtera, La Razón egunkariak argitaratu zituenean.
2. 1983ko uztailaren 6ko CESIDen bulego oharra
Kalparsorok CESIDen 1983ko uztailaren 6ko Bulego Oharra ere aipatzen du bere idatzian. Agiri hau ez da berria. 1997ko apirilean altxatu zuten dokumentu horren gaineko sekretua, Espainiako Auzitegi Gorenaren aginduz, eta ordutik dokumentu hori GALen «sortze agiritzat» jo dute. Gerra zikina berriro abiatzeko erabakiari buruzko lehen froga dokumentala ere bada. Ekintzak Frantzian dio dokumentuaren tituluak, eta, besteak beste, hauxe dio ekintzak hasteko erabakiaz: «Soilik terrorismoaren kontrako borroka bere osotasunean gidatzen duen horrek erabaki ahal izango du mota honetako ekintzak abiatzea edo ez abiatzea». Borroka hori bere osotasunean gida zezakeen bakarra Gonzalez zela ulertu izan da beti. Izan ere, ETAren kontrako jardunean CESID, Espainiako Polizia eta Guardia Zibila zebiltzanez, bi ministerio inplikatzen zituen —Barne eta Defentsa ministerioak—, eta horien koordinazioa Gonzalezek baino ezin zezakeen egin.
Aldeko eta kontrako faktoreak aztertzen ditu, halaber, oharrak. «Inork ez luke sinistuko halako ekintza konplexu bat inkontrolatuen esku egon daitekeenik. Beraz, honako hauek espero litezke: gobernuaren kontrako salaketak (eztabaida parlamentarioa); Frantziako diplomaziaren erantzuna; Zerbitzu Sekretuak eta erakunde ofizialak ekintza horien atzean dauden ziurtasuna. Beharrezko azpiegiturak euren esku dituzten mertzenarioen erabilera litzateke modu egokiena helburu honetarako».
Bulego oharra GALen sorrerarekin lotzea eragin duen puntu esanguratsuena oharreko azkena da: «Egoera edozein dela ere, ekiteko modu gomendagarriena bahiketa bidezko desagerraraztea dela pentsatzen da».
CESIDen agiri hau dagoeneko sekretupetik aterata zegoen Auzitegi Gorenean Marey kasua eta Auzitegi Nazionalean Lasa-Zabala auzia epaitu zirenean. Barne Ministerioko hainbat goi kargudunohi auzipetu edo zigortu ere egin zituzten auzi horietan, baina akusazioak ez ziren inoiz Felipe Gonzalezenganaino iritsi.
3. Ercilla hotelean 1983an egindako afaria
Pilar Cernuda kazetariak 1994an kaleratu zuen Gonzalezi buruzko El Presidente (Presidentea). Hango pasarte bat jasotzen du Pili Zabalaren salaketak. «Guztiz egia da, GALen jarduerak ezagutzen hasi baino aste batzuk lehenago, eta lehen biktimak gertatu baino lehen, Bilboko Ercilla hotelean egindako afari batean, Felipe Gonzalez jaunak, duela gutxiko atentatu baten berri izan zuenean, hunkituta, amorruz, esanzuela terroristak txikitzeko haiek erabiltzen dituzten arma berberak erabili behar direla, terrorismoaren armak, alegia». Kazetariak, dena den, Gonzalezek gerra zikina abiatzeko agindurik eman izana ukatzen du.
4. Eduardo Serraren adierazpenak telebistan
Jose Maria Aznar Espainiako presidente zela, Defentsa ministro izan zen Eduardo Serra, eta haren adierazpenak Gonzalezen kontrako froga gisa aurkeztu ditu Zabalak. La Sexta kateko Salvados saioan egin zituen adierazpenak Serrak, Jordi Evole aurkezleak galdetuta, eta Garbiñe Biurrun epailea eta Iñaki Gabilondo kazetaria aldame-nean zituela, 2014an.
«Inteligentzia zerbitzuetako agiriak ez desklasifikatzearen protagonista» izateaz harro hitz egin zuen. «Ez desklasifikatzea nik proposatu nuen, orduko gobernuaren gehiengoaren iritziaren kontra; [agiri horiek] ustez, gobernuko aurreko presidentea inkulpatzen zuten, ETAren aurkako borrokan legetik at jardutearen kolaboratzaile izateagatik». Serraren hitzetan,«Espainiar guztiona zen ondasunbat» babestu nahi izan zuen horrela, «terrorismoak hondamendiak egiten jarrai dezan eragotziz».
5. Robert Pandraud ministroarekin bilera
ETAren santutegia deitzen zioten Ipar Euskal Herriari 1983an, GALen jarduna hasi zenean. Eta gerra zikinari ekiteko helburua babesleku hori suntsitzea izan zen, horretarako Frantziako Gobernuaren inplikazioa bilatuz. Frantziako Estatuaren lurretan joz, gobernua mugiarazi nahi zuten. Frantziako Gobernua errefuxiatuak atxilotu eta Espainiaratzen hasi zenean bukatu zen GAL.
Robert Pandraud terrorismoaren kontrako politiken arduradun nagusia izan zen Jacques Chirac presidentearen garaian; 1986tik 1988ra aritu zen, GALen amaierako urteetan, hain zuzen. 1990ean France Presseko bi kazetarik elkarrizketatu zuten, eta 1986ko abuztuaren 5ean Felipe Gonzalezekin eta Jose Barrionuevo Barne ministroarekin Madrilen izandako bilera bat aipatu zien. Gonzalezek bere oporraldia eten zuen bilera horretara joateko. «Nik daukadana emango dizuet, eta estradizioekin hasiko naiz, baina dena geldituko dut Frantzian GALen atentatu antindependentista gehiago gertatzen badira». Pandrauden esanetan, hori izan zen, hitzez hitz, bileran esandakoa. «Akordio bat» itxi zutela esan zuen.
Frantziako enbaxadak garai hartan filtratutako informazioen arabera, bilera hartan «Frantzian errefuxiatutako euskal separatisten zerrenda bat» aztertu zuen Pandraudek. Segidan hasi ziren errefuxiatuen estradizioak, eta GALen atentatuak gelditu egin ziren.
Atentatu bakar bat gehiago egin zuen GALek: 1987an, Juan Carlos Garcia Goena hil zuen. Jose Amedo poliziaren abisu edo mendekutzat jo izan da atentatu hura. Egun, auzi hori da GALekin lotuta irekita dagoen bakarra. |
2021-2-20 | https://www.berria.eus/albisteak/193934/hezkuntza-lege-propio-eta-burujabeak.htm | Iritzia | Hezkuntza Lege propio eta burujabeak | Hezkuntza Lege propio eta burujabeak. | Heziberri 2020 planaren baitan, Hezkuntza Lege berri bat erdiesteko Hezkuntza Ituna lantzeari ekin zion 2017-2018an EAEko Hezkuntza Sailak. LABek Hezkuntza Ituna beharrezkotzat jotzen zuen; izan ere, hezkuntza komunitateko eragileon artean adostasun zabalak lortzeko aukera paregabea zen. Alta, beste bide bat hartu zuen itunak, batez ere patronalak asebetez eta langileon hitza guztiz baztertuz. Ituna EAEko Hezkuntza Legearen aurrekari gisa saldu ziguten.
LABetik EAEko Hezkuntza Sailari erantzun argia eman genion: ez genuen itun proposamen hori babesten. Eta argi diogu berriz ere, hezkuntza-eragile ezberdinon arteko adostasunetatik etorri behar da EAEko Hezkuntza Lege berria. Hezkuntza eskumen osoa behar dugu, gure herriaren behar, erronka eta interesei bide eman ahal izateko. Espainiar Estatututik ezarri dizkiguten hezkuntza lege organiko guztiek interes arrotz neoliberal heteropatriarkalei egin diete mesede eta horrela ezinezkoa da kalitatezko hezkuntza sistema propioa eraikitzea.
Egungo hezkuntza sistema eta 93ko EAEko Euskal Eskola Publikoaren Legea guztiz agortuta daude:
—Espainiar estatuan dagoen sistema dualean oinarritua dago 93ko legea. Kontzertazio unibertsala berresten duen sistema dual hori gainditze bidean jarri behar da. Desorekak eta bereizkeriak erreproduzitu eta iraunarazi besterik ez du egiten.
—Hizkuntza, jatorri, arraza, klase, genero, gaitasun zein erlijioagatik bereizten duen sistemarik ez dugu nahi. Administrazioari beste politika batzuk exijitu behar dizkiogu, segregazioei aurre egiteko hezkuntza sistema eraldatu beharra dago.
—28 urteren ondoren, EAEko hezkuntza sistema ez da gai izan guztiz euskalduntzen duen hezkuntza sistema antolatzeko. Gaur-gaurkoz, euskararen murgiltze eredua ez da ikastetxe guztietako errealitate, eta zenbaitetan ez da euskaraz ikasteko eskubidea bermatzen. Horretaz gain, ikasle guztien harrera hizkuntza bilakatu behar da euskara, ikasle eleaniztunak hezteko berariazko harrera-planak ezinbestekoak izanik.
—Euskal Curriculumak ez du garatze eta ezartze orokorrik izan. Madriletik inposaturiko hezkuntzako lege organiko bakoitzaren curriculumaren egokitzapena besterik ez dugu izan gurean. Azkena, Heziberri. Bertan proposatutako curriculum dekretuen bidez, euskal kulturaren transmisioa garatu gabe geratu zen, eta euskararen normalizazioranzko urratsak egin baino sistema mantentzearen aldeko apustua egin zen. Orain arteko Jaurlaritzen proposamena inposaketak onartu eta zentralizazioari alfonbra gorria jartzea izan da. Azkena LOMLOEk ezarri du, ebaluazioa %100ean estatuaren konpetentzia izango da.
—Generoari dagokionez, ikastetxe eredu mistoa ezarri zen arren, oso aurrerapauso gutxi eman du hezkidetzan. Egungo jendarteak pedagogia feminista curriculumean txertatu beharra eskatzen digu, Skolae gisako programen ezarpena orokortuz.
—Eskola inklusiboak behar ditugu, pluralak, ghettorik sortu gabe. Aniztasunari erantzunez, ikasleen matrikulazioa beste era batera antolatzea badago, eskola-mapak berreginez eta tokiko hezkuntza-mahaietatik bideratuz.
—Pribatizazio eta merkantilizazio prozesuek, 2008ko krisiaren ondotik azeleratu direnek, murrizketak eta hezkuntzaren kalitatean atzerapausoak eragin dituzte. Hezkuntza eremuan ere, azpikontratazioak —garbiketa eta jangelan bereziki— eskulan merkea eta prekarizazioa ekarri ditu. Bereziki, langile laboralak dira krisiaren ondorioak pairatu dituztenak, eremu feminizatuetakoak, alegia.
—Oraindik orain, garaiko murrizketek gainditu gabe jarraitzen dute, ratioak gehiegizkoak dira langile kolektibo guztietan, lan zamak arindu ezean, areagotu dira, eta bien bitartean langileen behin-behinekotasuna izugarri igo da. Ikastetxeetan nekez dago lantalde egonkorrik. Gainera, eskola publikoan behin betiko lanpostuak lortzeko oposizio prozesuetan, Madrilek inposatzen jarraituko du zeintzuk edukiren arabera eta nola baloratuko den zein hautagai den egokiena haur eta nerabeak hezteko.
—Merkantilizazioa aipatuta, ezin esan gabe utzi kapitalismoaren ikur diren multinazionalek zein botere korporatiboek hezkuntzan izan duten sarbide zuzena, testu liburuen bitartez, digitalizazio prozesuen bidez zein lan merkatuaren beharren araberako selekzio-prozesuak indartuz.
—Hezkuntza sistemak finantzaketa hobea behar du (BPGaren %6). Kalitatea eta aniztasunaren trataera bermatu ahal izateko, langileen ratioak jaitsi eta baliabideak handitu beharra dago.
Aurretiaz aipaturiko erronkei erantzungo dien EAErako Hezkuntza Lege propioa beharrezkoa dugu, gurea den eredua eraikitzeko urratsak egitearekin batera. Hemen proposamenak:
—Bi hezkuntza-sareen sistema gaindituko duen eskola sare bakarrerantz joateko ibilbidea abiatu behar dugu. LAB sindikatuan Euskal Eskola Publiko Komunitarioa izena eman diogu, askotariko auzo eta herri eskola autogestionatuz osatuko litzatekeena.
—Sare bakar hori Euskal Herrirako beste publikotasun eredu batean oinarritu beharko litzateke, eredu herritar, burujabe, autogestionatu eta komunitarioan. Diru publikoz osoki finantzatua familia guztientzat, jaiotzetik hezkuntza-prozesu osoan.
—Trantsizio fase honetan, sare bakarraren parte izan nahi duten ikastetxeek diru publikoa jaso dezaten baldintza batzuk ezarri behar dira: euskarazko murgiltze eredua bultzatzea, laikotasuna, inklusiboak izatea (segregazioei aurre eginez), pedagogia feminista bultzatzea, doakotasun erreala eta erabatekoa (kuotak desagertzera joz), langileen kontratazioa batzordeak ezartzea (berdintasunean, merituan eta ahalmenean oinarrituriko hautaketa prozesuak eginez) zein kudeaketa eredu parte-hartzaileak eta gardenak, besteak beste.
—Euskal Herri osorako hezkuntza esparru komuna izan beharko luke mugarri, hezkuntzako eragileen partaidetzaren bitartez etengabe eguneratzen den Euskal Curriculum komuna oinarri izanik. Ikasle euskaldun eleaniztunak feminismoan, aniztasunean, inklusibitatean, kritikotasunean eta justizia sozialean heziz.
—Hezkuntza administrazioen kudeaketa zentralizatua zein patronalen kudeaketa korporatibista baztertu eta egitura deszentralizaturantz jo beharko luke sistemak, ikastetxeen titularra udala zein mankomunitateak izanik, eta hezkuntza egitasmoarena, aldiz, hezkuntza komunitatea.
Bukatzeko, esan Hezkuntza sistema eraldatzeko prest zaudeten guztion bidelagun izango dela LAB sindikatua! Badugu aukera!.
BIHAR:
Miren Zubizarreta (ELA): 'Gure hezkuntza sistemaren atzean erabaki politikoak daude'.
Ikusi hemen Hezkuntza bidegurutzean seriean argitaratutako artikulu guztiak. | |
2021-2-20 | https://www.berria.eus/albisteak/193935/bere-etxean-eskopeta-batekin-lubakitu-den-gizon-bat-hil-da-bart-gasteizen.htm | Gizartea | Bere etxean eskopeta batekin lubakitu den gizon bat hil da bart Gasteizen | Hildakoaren bikotekideak deitu dio Ertzaintzari, gizonak bideo baten bidez mehatxatu egin duelako. Polizia gauerdia baino lehentxeago sartu da etxean, eta gorpua topatu du. Bere buruaz beste egin duela dirudi. | Bere etxean eskopeta batekin lubakitu den gizon bat hil da bart Gasteizen. Hildakoaren bikotekideak deitu dio Ertzaintzari, gizonak bideo baten bidez mehatxatu egin duelako. Polizia gauerdia baino lehentxeago sartu da etxean, eta gorpua topatu du. Bere buruaz beste egin duela dirudi. | Bart gauean, Gasteizen, gizon bat hil zen bere etxean, ustez, bere buruari tiro bat jota. Gaueko hamarrak aldera hasi zen mugimendua Foronda kaleko etxearen inguruan: arratsaldeko zazpietan hildakoaren bikotekideak salaketa jarri zuen Ertzaintzan gizonak mehatxatu egin zuelako bideo baten bidez, eta Poliziak iristean etxean lubakitu zen hildakoa eskopeta batekin.
Gizonak hainbat ordu eman zituen etxean, bakarrik, bere buruaz beste egingo zuela mehatxatuz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera. Bitarte horretan tiro bat edo beste ere jo zuen. Azkenean, Ertzainak gauerdia baino lehentxeago sartu ziren etxebizitzara, eta gizonaren gorpua topatu zuten. Autopsiaren emaitzen zain daude, baina bere buruaz beste egin zuela dirudi.
Emakumeak Ertzainei erakutsitako bideoan hildakoa ageri da eskopetarekin emakumeari mehatxuak eginez. |
2021-2-20 | https://www.berria.eus/albisteak/193936/itxia-baina-ez-isildua.htm | Gizartea | «Itxia, baina ez isildua» | Gaur bete dira 18 urte Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik, eta erreakzio andana eragin ditu urteurrenak. Sare sozialetako erabiltzaileek hizpide izan dituzte egun haietan sentitutako beldurra, torturaren aurkako eta adierazpen askatasunaren aldeko aldarriak eta itxieraren inguruan sortutako egitasmoak, besteak beste. | «Itxia, baina ez isildua». Gaur bete dira 18 urte Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik, eta erreakzio andana eragin ditu urteurrenak. Sare sozialetako erabiltzaileek hizpide izan dituzte egun haietan sentitutako beldurra, torturaren aurkako eta adierazpen askatasunaren aldeko aldarriak eta itxieraren inguruan sortutako egitasmoak, besteak beste. | «Gaur 18 urte beldurrak esnatu gintuen. Guardia Zibilak, Euskaldunon Egunkaria itxi, eta lankide eta lagunak eraman zituen atxilo. Otsailaren 20 bakoitzean ezin izaten dut saihestu egun hartako bizipenen zirrara sentitzea». Hala txiokatu du Eider Goenaga Lizaso egun BERRIAko kazetaria denak gaur goizean, Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren hemezortzigarren urteurrena betetzen den egunean.
Goenagaren hitzek laburbiltzen dute egun hartan Egunkaria-ko langileek sentitutakoa, baina gertakari hark ez zien kazetako langileei soilik eragin, eta hala erakusten dute hemezortzi urte geroago ere urteurren horrek eragiten dituen erreakzioek. Sare sozialetako erabiltzaileek hainbat norabidetan gogoratu dute 2003an jazotakoa, eta askok gertatua ez dutela ahazten gogorarazi dute.
Beste batzuek, berriz, adierazpen askatasunaren aldeko aldarria egin dute, edo Euskaldunon Egunkaria itxi ondorengo egunetako gertakariak izan dituzte hizpide: torturak, manifestazioak...
Azken hilabeteetan estreinatu dira, besteak beste, itxiera hizpide izan duten Sisiforen paperak antzezlana eta Paperezko hegoak dokumentala. Garai hartan ere, ordea, izan ziren itxieraren aurkako aldarriak kulturaren munduan. Ruper Ordorikaren Zaindu maite duzun hori abestia edo Fermin Muguruzak Espainiako Musikaren sarietan egindako aldarria gogoratu dituzte sare sozialetako erabiltzaileek.
Egunkariaren itxieraren ostean, ordea, BERRIA sortu zen. Eta, Eneko Fernandezek gogorarazi duen moduan, «Euskaldunon Egunkaria bizi-bizirik dago BERRIAn». |
2021-2-20 | https://www.berria.eus/albisteak/193937/euskal-herriaren-independentzia-aldarrikatuko-du-aurrerantzean-euskal-herrian-euskaraz-ek.htm | Gizartea | Euskal Herriaren independentzia aldarrikatuko du aurrerantzean Euskal Herrian Euskaraz-ek | «Euskararen lehentasunezko estatusa eraikitzeko» eta «normalizazio osoa erdiesteko beharrezko duen hizkuntza politika burujabea bultzatu ahal izateko» galdeginen du Euskal Herriaren askatasuna euskararen aldeko taldeak. Ikusmira adierazpena aurkeztu dute taldeko kide zahar eta berriek, Usurbilen. | Euskal Herriaren independentzia aldarrikatuko du aurrerantzean Euskal Herrian Euskaraz-ek. «Euskararen lehentasunezko estatusa eraikitzeko» eta «normalizazio osoa erdiesteko beharrezko duen hizkuntza politika burujabea bultzatu ahal izateko» galdeginen du Euskal Herriaren askatasuna euskararen aldeko taldeak. Ikusmira adierazpena aurkeztu dute taldeko kide zahar eta berriek, Usurbilen. | «Diglosia egoeraren oinarrian dagoen hizkuntza asimilazioari» aurre egiteko «jauzi» baten beharra ikusi du Euskal Herrian Euskaraz taldeak (EHE), eta erabaki du aurrerantzean Euskal Herriaren independentzia «argi eta garbi» aldarrikatuko duela: ez helburu gisa, baizik eta euskararen normalizaziorako «bitarteko» modura. Honela adierazi dute gaur Usurbilen (Gipuzkoa) Euskal Herrian Euskaraz-eko kide zahar eta berriek aurkezturiko Ikusmira adierazpenean: «EHEk Euskal Herriaren independentzia eskatzen du, euskararen lehentasunezko estatusa eraikitzeko, eta normalizazio osoa erdiesteko beharrezko duen hizkuntza politika burujabea bultzatu ahal izateko». Era berean, beharrezkotzat jo du Euskal Herriko biztanleen «deskolonizazioa», «euskaldun eta burujabe, mendeko hizkuntza praktika gainditu eta euskaraz bizitzearen aldeko hautua» egiteko.
Kontxi Erro EHEko sortzaileetako batek eta Ane Aizpurua gaur egungo EHEko kideak aurkeztu dute dokumentua Usurbilen, eta ondoren argazkia atera dute EHEko kide zahar eta berriek Zumetaren muralaren aitzinean, Mikel Laboa plazan. 1979an euskararen aldeko taldea sortu zenean zituzten «kezka eta ametsak» azaldu ditu Errok, eta Aizpuruak aitortza egin die orduan euskararen aldeko borroka abiatu zutenei: «Ziur gaude euskararen egoera askoz ere larriagoa litzatekeela EHE existitu ez balitz, EHEtik igaro diren ehunka euskaltzaleren ekarpen zintzo eta eskuzabalik gabe». Adierazi du, ordea, oraindik «bidea» dagoela «Frantziako eta Espainiako estatuen inposizio linguizidari aurre egiteko». Hori dela eta, gogoeta prozesu baten ondoren, EHEren sorrera agiria eguneratzea erabaki dute: gaur aurkeztu duten Ikusmira adierazpena, hain zuzen.
Euskal Herri euskalduna helburu
Independentziaren aldarria gehitzea izan da berritasun nagusia, eta, hortik harago, bat egin dute EHEren orain arteko oinarriekin: euskaldun eleanitzez osaturiko Euskal Herri euskalduna lortzea eta euskararen erabilera lehentasunezkoa izatea izanen ditu helburu nagusiak taldeak, orain arte gisan. Taldearen ustez, hain zuzen, «ezinbestekoa» da euskarak lehentasuna izatea, eta horretarako «bai ahozko erabileran, bai eremu funtzional eta geografiko guztietan hegemoniko» bilakatu behar du euskarak.
Adierazi dute, halaber, ikuspegi intersekzionala duela EHEk, euskarak jasaten duen zapalketa «estatu linguiziden, Europaren eta patriarkatu kapitalistaren ondorio» baita: «Horregatik, EHE solidarioa da nolabaiteko zapalketa jasaten duen norbanako eta kolektibo ororekin». Instituzioei deia egin diete hizkuntza politika «eraginkorra» egitera, haien «ardura» baita. Eta, azkenik, jakinarazi dute EHEren jardueraren «bereizgarri nagusiak» desobedientzia eta aktibismoa izanen direla aurrerantzean ere, jakinik «euskaldunok egin dezakegun ekintzarik desobedienteena ahaldundu eta ukazio eta bazterkeria guztien gainetik euskaraz bizitzea» dela.
Aurkezturiko puntuekin bat egiten duten euskaltzaleei EHEren komunitatearekin bat egiteko deia egin diete: «Euskal Herria berreuskalduntzeko prozesuak beharrezko duen jauzia egiteko EHE indartsua behar dugu, euskaltzale guztien ekarpena behar dugu». |
2021-2-20 | https://www.berria.eus/albisteak/193938/memoria-gara-k-adierazi-du-orain-proiektua-zehaztubehar-dela.htm | Politika | Memoria Gara-k adierazi du orain proiektua «zehaztu» behar dela | Biktimen Oroimenezko Zentroaren balorazioa egiteko agerraldia egin du Memoria Gara ekinbideak, Gasteizen. Bilera bat egin zuten instituzioekin urtarrilaren amaieran, eta ekinbideak dokumentu bat aurkeztu die. | Memoria Gara-k adierazi du orain proiektua «zehaztu» behar dela. Biktimen Oroimenezko Zentroaren balorazioa egiteko agerraldia egin du Memoria Gara ekinbideak, Gasteizen. Bilera bat egin zuten instituzioekin urtarrilaren amaieran, eta ekinbideak dokumentu bat aurkeztu die. | Memoria Gara ekinbideak agerraldi bat egin du gaur goizean, Gasteizko San Frantzisko elizaren alboan, Zaramaga auzoan. 1976ko martxoaren 3an, Poliziak bost langile hil eta ehunka zauritu zituen bertan, eta, gertakari eta biktima horiek oroitzeko asmoz, Biktimen Oroimenezko Zentroa eraikitzeko akordio bat sinatu dute asteotan instituzioek. Nerea Martinez eta Josu Santamaria Memoria Garako kideek balorazioa egin dute gaurkoan, eta azpimarratu dute «ospatzeko» egun bat dela, baina «lehen urrats bat baino» ez dela. Hain zuzen, orain proiektua «zehaztu eta adostu» behar dela uste dute, hala nola baliabide ekonomikoak esleitzeko eta lan egutegi bat ezartzeko: «M3a ezin izango da inoiz izan memoria gentrifikatzeko plataforma bat; ez dugu nahi eraikin huts bat den zentro bat, objektuz betetako edukiontzi huts bat».
Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Gasteizko Gotzaindegiak ostegunean sinatu zuten akordioa. Haien arabera, zentroa sortzeko «lekurik egokiena» da eliza, eta azpimarratu zuten «historikoa» izan zela akordioa lortzea, besteak beste «egun hartako gertakariekin eta biktimekin duten zorra kitatzen hasteko». Fundazio bat sortzea da asmoa, eta, horretarako, Elizbarrutiak eliza utziko dio. Jakinarazi zuten ekinbideak instituzioen «lidergoa» izango duela, baina gizarte eragileekin ere jardungo duela, soilik era horretan izango baita posible biktimen «memoria» errealitate bihurtzea. Hala ere, erantsi zuten zentroaren sorreran «zuhurrak» izatea beharrezkoa dela, eta oraindik lan «handia» dagoela egiteko. Dena dela, aurreratu zuten zentroa «urtebete barru» martxan egon daitekeela.
Memoria Gara-k, bide beretik, zentroa eliza horretan sortzearen garrantzia azpimarratu du. «Eliza hau betiko egongo da lotuta Martxoaren 3 hartatik aldarrikatzen diren eta oraindik lortu gabe dauden egiarekin, justiziarekin, erreparazioarekin eta ez errepikatzeko bermearekin». Bozeramaileek zehaztu dutenez, orain dela bi urte aurkeztu zuten ekinbidea, eta Elizbarrutiari eskaera egin zioten memoria gune bat bertan ezartzeko, eta baita erakundeei proposamen hori babesteko eta elkarlanean aritzeko ere. «Tenpluan sarraskiaren biktimen memoriarekin lotutako proiektu bat aurrera eramatea aldarrikatzen genuen, borroka horiei jarraipena emango ziena, eta, aldi berean, beste memoria batzuk garatzeko balio zezakeena». Gasteizko «memoria inklusiboa» bizirik mantentzen jarraitzeko asmoz, beraz, atxikimenduak batzen hasi ziren, eta ohartarazi dute bi ildo nagusitan hasi zirela lanean: batetik, proposamenak gizarteratu nahi zituzten; eta, bestetik, edukiei, espazioko esku hartzeari eta haren kudeaketari buruzko oinarrizko ezartzen aritu ziren, proiektua diseinatzeko.
Bilerak ere egin dituztela adierazi dute ekinbideko kideek, besteak beste akordioa sinatu zuten instituzioekin. Urtarrilaren 29an elkartu ziren lehen aldiz, eta, bozeramaileek azpimarratu dute orduan jakinarazi zietela Gasteizek memoria gune bat izango zuela. «Guk lehen eskuko informazioa izateko konpromisoa hartu zuten, baina prentsaren bidez jaso genuen hurrengo berria».
Proiektu propioa
Memoria Gara-k adierazi du dokumentu bat aurkeztu zietela instituzioei urtarrilaren amaieran eginiko bilera hartan, M3 San Frantzisko memoriarako espazioa izenpean. Bozeramaileen arabera, horrek memoria gune bat eraikitzeko oinarriak barnebiltzen ditu, eta, zehazki, 2020ko otsailean eginiko Martxoaren 3a, Memoria(k), Espazioa(k) eta Kolektiboa(k) jardunaldietan ateratako ondorioen laburpen bat da. Hainbat adituren hitza jaso zuten egun horietan, eta tailer irekiak eta elkarrizketak ere egin zituzten jardunaldiak eta oinarriak zehaztu ahal izateko. «Helburua eliza honetan etengabe aldatuko den espazio didaktiko bat sortzea da, bere funts propioa izango duena, ikerketa sustatuko duena eta biktimei ahotsa emango diena», azaldu dute Martinezek eta Santamariak.
Ekinbideko kideei, beraz, «ezinbestekoa» iruditzen zaie dokumentu horretan jasotakoa gogoan izatea zentroa sortzerako orduan, eta, era horretan, «biktimen eta gizarte zibilaren» esku hartzea bermatzea. Euskal Herriko eta kanpoko beste gune batzuetako adibideak aztertzea ere garrantzitsua dela uste dute. «Ez dugu onartuko proiektuari ekarpenik egiten uzten ez diguten agertokirik, hala izan baita beti munduaren luze-zabalean antzeko beste memoria proiektuetan ere». Hala ere, aitortu dute pozik daudela, eta «herri oso baten borroka nekaezinaren» emaitza izan dela lortutako akordioa, hala nola «martxoaren 3ko memoria ahanzturan» geratu ez dadin. «Ezinezkoa zela esan ziguten eta hemen gaude». |
2021-2-20 | https://www.berria.eus/albisteak/193939/berako-eta-larhungo-suteak-kontrolik-gabe-ari-dira-hedatzen-haizeak-lagunduta.htm | Gizartea | Berako eta Larhungo suteak kontrolik gabe ari dira hedatzen, haizeak lagunduta | Irungo Bidasoa auzora, Lesakara, Biriatura, Azkainera eta Urruñara ere hedatu da sua, eta hainbat etxebizitzaren inguruan daude garrak. Nafarroako Gobernuak adierazi du neguko suterik handiena dela gaur pizturikoa. Baionako suprefetaren arabera, bi foku daude: Berakoa eta Larhungoa. Bentetan eta mendian zebiltzan 68 lagun sokorritu dituzte, eta etxebizitza batzuk hustu dituzte Irunen eta Ibardinen. | Berako eta Larhungo suteak kontrolik gabe ari dira hedatzen, haizeak lagunduta. Irungo Bidasoa auzora, Lesakara, Biriatura, Azkainera eta Urruñara ere hedatu da sua, eta hainbat etxebizitzaren inguruan daude garrak. Nafarroako Gobernuak adierazi du neguko suterik handiena dela gaur pizturikoa. Baionako suprefetaren arabera, bi foku daude: Berakoa eta Larhungoa. Bentetan eta mendian zebiltzan 68 lagun sokorritu dituzte, eta etxebizitza batzuk hustu dituzte Irunen eta Ibardinen. | Goizean goizetik indartsu dabil haizea Euskal Herrian, eta Nafarroan emana zuten abisua: handia zen suteak izateko arriskua. Suteetako bat Nafarroaren, Lapurdiren eta Gipuzkoaren arteko mugan piztu da indartsu, Berako Antzuzelaiko parajean, Irungo Bidasoa auzorako bidean, N-121-A errepidetik eta Bidasoa ibaitik hurbil. Haize handia dago han, eta sugarrek berehala hartu dute indarra. Hori dela eta, Foruzaingoak N-121-A errepidea moztu du goizean, 66. kilometroan, kearengatik; baina, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, bidea berriro ireki dute arratsalde hasieran. BERRIAk jakin ahal izan duenez, ordea, ertzainek moztuta daukate errepidea Behobian: ez dute uzten Nafarroarantz joaten, eta Bidasoa ondotik doan bide berdea ere itxita daukate. San Martzial mendiko errepidea ere itxita dute udaltzainek.
Lesakara, Biriatura, Urruñara eta Azkainera (Lapurdi) ere hedatu da sutea. Ke laino batek hartuak ditu inguru horiek guztiak. Sua baserri, borda eta etxebizitzetara ere gerturatu da. Azkaine eta Urruña artean suhiltzaileek 68 lagun sokorritu dituztela jakinarazi du Philippe Le Moing-Surzur suprefetak: horietako 40 bentetan atzeman dituzte, bertze hogei mendian eta azken zortziak Larhungo trenean jaitsi dituzte. Suprefetaren hitzetan, bi sute dira pizturikoak: bata Berakoa eta bertzea Larhun mendikoa. Filipe Aramendi Urruñako auzapeza Azkaine eta Urruña arteko Oleta auzora hurbildu da arratsaldean, eta kezka adierazi du dabilen haizeagatik. Suprefetak ere bai: «Haizea gaizto dabil, eta zaila da jakitea egoeraren garapena zein izanen den». Jakinarazi duenez, halere, oraingoz ez dute etxebizitzarik hustu behar izan Lapurdiko aldean: etxebizitza batzuk babesten ari dira, dena den, badaezpada. 96 suhiltzaile ari dira lanean Lapurdiko aldean.
Nafarroako Suhiltzaileek hainbat etxe hustu dituzte Ibardinen, eta Nafarroako Gobernuak jakinarazi du neguko suterik handiena dela gaur piztutakoa. Ez da bakarra, ordea: atzo gauean Oteitzoianan (Narbarte) eta Gorostapolon (Erratzu) ere piztu ziren suak —gauean zehar itzali dituzte suhiltzaileek—, eta jakinarazi dute oraindik bi foku piztuta daudela Alkurruntzen eta Oronozen.
Handia izan da larrialdi zerbitzuen dispositiboa: Basoko Suteen Arrisku Planean aurreikusitako bigarren fasea ezarri du Nafarroako Gobernuak. Foru erkidegoaren baliabide propioak nahikoa ez eta Espainiako Gobernuari laguntza eskatzen zaionean ezartzen da fase hori. Zehazki, Cordovilla eta Oronozko parkeetako suhiltzaileak, Bera eta Lesakako suhiltzaile boluntarioak eta basozainen zerbitzuko suhiltzaileak aritu dira lanean, goizean goizetik.
Haize ufada bortitzen ondorioz, baina, ezin izan dituzte helikopteroak erabili. Horren ordez, suteen aurkako hidrohegazkin bat eta Kamov helikoptero astun bat bidaltzeko galdegin dio Maria Txibiteren gobernuak Espainiako Armadari. Horiek ere ez dira iritsi, ordea: Torrejongo base militarretik aterata (Espainia), haizeteak eragindako turbulentziak «arriskutsuegiak» direla ondorioztatu eta bide erdian buelta eman dute Espainiako Armadaren ibilgailuek.
Gipuzkoara ere hedatu da sutea Endarlatsatik. eta, hortaz, Gipuzkoako Foru Aldundiak dozena bat ibilgailu eta hogei bat suhiltzaile mobilizatu ditu hori itzaltzen ahalegintzeko. «Gipuzkoan 100 bat hektarea erre ditu suteak, eta erabaki dugu, badaezpada ere, Irungo Bidasoa auzoko 20 bat baserri hutsaraztea», jakinarazi du Eider Mendoza Gobernantza diputatuak, komunikatu batean. Foru aldundiak aginte postua ezarri du Irungo Zaisa poligonoan, eta handik ari dira egiten jarraipena. Legazpi, Zarautz eta Irungo parkeetako suhiltzaileak dira.
Antxeta Irratiak aipatutako iturri ez-ofizialen arabera, suhiltzaileek egiaztatu dute sutea nahita piztua izan dela, Berako Sarriako meategien inguruan. Baionako suprefetak, ordea, erran du ezezaguna dela suteen jatorria, oraingoz.
Antxeta Irratiak jakinarazi duenez, hego haizeak Lapurdi aldera darama haizea, eta irudi ikusgarriak uzten ari da kostaldean. Irungo Bidasoa auzoko hainbat baserri eta jatetxe bat hustu egin dituzte, halaber. Jose Antonio Santano Irungo alkateak sare sozialetan jakinarazi du suaren ondorioz hustu dituztela. Adierazi du kezkaz jarraitzen ari dela suaren hedadura: «Haizea da gure etsairik handiena». |
2021-2-20 | https://www.berria.eus/albisteak/193940/545-positibo-atzeman-dituzte-hego-euskal-herrian.htm | Gizartea | 545 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian | Positibo tasak %5etik behera egoten jarraitzen du, eta positiboen kopurua ere beheranzko joerari eusten ari da. Beste 61 ospitaleratze egon dira, eta ZIUetan 169 pertsona daude. | 545 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Positibo tasak %5etik behera egoten jarraitzen du, eta positiboen kopurua ere beheranzko joerari eusten ari da. Beste 61 ospitaleratze egon dira, eta ZIUetan 169 pertsona daude. | Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eskainitako datuen arabera, 11.350 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian, eta 545 positibo atzeman dituzte. Proba egin dutenen artean positibo tasa %4,8 izan da, eta, beraz, aurreko egunetako joerari jarraituz, kopuruak OME Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako mugatik behera egoten jarraitzen du. Zehazki, %5ean du ezarria izurritea kontrolpean edukitzeko muga. Horrez gain, positiboen kopurua ere beheranzko joerari eusten ari da, hilaren lehenean kutsatutakoen kurba beherantz egiten hasi zenetik.
Lurraldeetako datuei dagokienez, Bizkaian detektatu zituzten positibo gehien atzoko probetan: 301. Gipuzkoan, 113 izan ziren; Araban, 70, eta Nafarroan 58. Gainontzeko hiru kasuak, berriz, EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean atzemandakoak dira, Jaurlaritzak ohartarazi duenez.
Erietxeetan ospitaleratutako gaixoen kopurua ere beherantz egiten ari da. Ospitaleratze berriei dagokienez, esate baterako, otsailaren 5ean, eta hamalau eguneko batez bestekoa oinarri hartuta, Hegoaldeko erietxeetan 91,86 ospitaleratze zeuden, eta ordutik beherantz egiten ari da kurba. Azken eguneko datuei dagokienez, berriz, beste 61 ospitaleratze egon dira, eta ZIU zainketa intentsiboetako unitatean, guztira, 169 ospitaleratu daudela ohartarazi dute gobernuek. Hala ere, Jaurlaritzaren kasuan, bederen, astelehenean eskainiko ditu datu gehiago.
Nafarroan lau hildako
Nafarroako Gobernuak egunero eskaintzen du hildakoen kopurua, eta jakinarazi du atzo beste hiru pertsona hil zirela COVID-19arekin: 75 eta 92 urteko bi emakumezko eta 82 urteko gizonezko bat. Horrez gain, aurreko egunetako beste heriotza baten berri ere eman du: 92 urteko emakumezko bat, hain justu. Zahar etxeei dagokienez, Bizkaiko Foru Aldundiak datuak eskaini ditu, eta, haren arabera, beste bi egoiliar hil dira lurraldeko erresidentzietan. Hala ere, erantsi du, gaur-gaurkoz, zortzi adineko pertsona daudela birusarekin kutsatuta, eta behera egin duela kopuruak aurreko egunekin alderatuz gero. |
2021-2-20 | https://www.berria.eus/albisteak/193941/gizonezko-bat-hil-da-alona-mendian-onatin.htm | Gizartea | Gizonezko bat hil da Aloña mendian, Oñatin | Malda batetik behera erori ostean hil da mendizalea, 14:00ak aldera. | Gizonezko bat hil da Aloña mendian, Oñatin. Malda batetik behera erori ostean hil da mendizalea, 14:00ak aldera. | Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gizonezko bat hil da Aloña mendian, Oñatin (Gipuzkoa), 14:00ak aldera. Adierazi dutenez, malda batetik behera erori da. Ertzaintza eta suhiltzaileak bertara gerturatu dira gorpua jasotzera. |
2021-2-20 | https://www.berria.eus/albisteak/193943/eibarren-porrot-mingarria.htm | Kirola | Eibarren porrot mingarria | Jose Luis Mendilibarren taldeak ez du partida ona jokatu, eta 1-0 galdu du Elxen zelaian. Estutu egin beharko du jaitsiera postuak atzean uzteko. | Eibarren porrot mingarria. Jose Luis Mendilibarren taldeak ez du partida ona jokatu, eta 1-0 galdu du Elxen zelaian. Estutu egin beharko du jaitsiera postuak atzean uzteko. | Ez da komeni izaten arazoetan sartzea. Aukeran, hobe da haietatik ahalik eta urrutien ibiltzea. Orain dela jardunaldi batzuetatik Eibar jaitsiera postuetatik gertu ibili da. Aukera dezente izan ditu bertatik urruntzeko, baina ez ditu baliatu. Orain, bete betean sartu da horietan, atzo Elxen aurka 1-0 galdu eta gero. Porrot kezkagarria Jose Luis Mendilibarrek zuzendutako taldearentzat.
Norgehiagokaren garrantzia ikusita, eskarmentu handiko jokalariak zelairatu ditu Mendilibarrek. Azkenaldian asko jokatzen ari diren Arbillari eta Sergi Enrichi, Pedro Leon eta Jose Angel Cote gehitu zaizkie.. Azken horrek aurreko jardunaldian izan zituen denboraldiko lehen minutuak, eta sasoi onean zela ikusi eta gero, Mendilibarrek ez du zalantzarik izan hain partida garrantzitsu batean titular jartzeko. Horrek ezker hegalekoak taldean duen garrantzia erakusten du.
Erritmo altuarekin hasi da partida, baloiaren jabetza lortzeko borroka askorekin. Minutuek aurrera egin ahala, bisitariek hartu dute norgehiagokaren gidaritza. Baloia ahalik eta azkarren hegaletara eraman, eta handik erdiraketen bidez min egiten ahalegindu dira, Pedro Leonen eskuin hanka baliatu nahian. Defentsa lanetan sendo aritu dira, eta presio altuaren ondorioz, etxekoak apenas iritsi dira Dmitrovicek zaindutako atera. Garaipenerako bide zuzenean ziren Mendilibarrenak.
Baina Elxek sartu du partidako gol bakarra, 32. minutuan. Cote-k korner bat oparitu du, eta Escribarenek ondo baino hobeto baliatu dute. Dmitrovicen atea zulatu du Dani Calvok. Etxekoen lehen gol aukera zen. Eibarrek ez ditu eskuak jaitsi, eta partidaren aginte makila izaten jarraitu du. Hainbat aukera izan ditu geldikako jokaldietan lehia berdintzeko, baina ez du asmatu.
Bigarren zatian, 1-0eko errenta baliatuta, Elxek pauso bat atzera eman, eta baloiaren jabetza Eibarri eman dio. Baina arriskua sortzeko arazo gehiago izan ditu, etxeko taldea ondo kokatuta baitzegoen. Partidako ordubetea igarota, eibartarrak pixkanaka-pixkanaka beherantz joan dira. Hori ikusita, etxeko taldeak Mendilibarrek partida atarian esandakoa egin du: kontraerasoan atera. Lau gol aukera izan ditu errenta handitzeko.
Golik sartu ez badute ere, oso eroso egon dira soropilean. Mendilibarrenei ez zaie ezer atera. Bryan Gil izan da horren adibide argia. Hegalekoa apenas agertu da, eta txartel horia ikusi du partida hondarrean, ezintasunaren poderioz aurkari bati ostikoa emateagatik. Eibarrek bere esentzia eta bere jokoa berreskuratu beharko ditu arazo are larriagoak izan nahi ez baditu. Izan ere, aukari zuzenen kontra izan ditu azken bi lehiak, eta puntu bakarra batu du Mendilibarren taldeak. |
2021-2-20 | https://www.berria.eus/albisteak/193944/gizon-bat-atxilotu-dute-azagran-bere-bikotekideari-eraso-egitea-leporatuta.htm | Gizartea | Gizon bat atxilotu dute Azagran, bere bikotekideari eraso egitea leporatuta | Gizon bat atxilotu dute Azagran, bere bikotekideari eraso egitea leporatuta. | Foruzaingoak gizonezko bat atxilotu du, gaur, Azagran (Nafarroa), bere bikotekideari «bortizki» eraso egitea leporatuta. Erasoaren ondorioz Nafarroako Ospitalera eraman dute biktima, helikopteroz. Atxilotua izan aurretik, Lizarrako komisariara jo du gizonak, adieraztera uste zuela beren bikotekidea hil duela. | |
2021-2-20 | https://www.berria.eus/albisteak/193945/istiluak-irunean-haselen-aldeko-mobilizazio-batean.htm | Politika | Istiluak Iruñean, Haselen aldeko mobilizazio batean | Polizia oldartu egin zaie parte hartzaileei | Istiluak Iruñean, Haselen aldeko mobilizazio batean. Polizia oldartu egin zaie parte hartzaileei | Iruñerriko GKS Gazte Koordinadora Sozialistak deituta, Pablo Hasel rap kantariaren atxiloketa salatzeko mobilizazioa egin dute, gaur, Iruñean, eta, amaieran istiluak izan dira. Recoletas plazatik abiatu da ia mila bat lagun bildu dituen manifestazioa, eta Sarasate pasealekuan bukatu da. Hain zuzen, amaieran gertatu dira istiluak. Espainiako Polizia manifestariei oldartu zaie. Poliziaren arabera, manifestariek hainbat kontainer erre dituzte. |
2021-2-21 | https://www.berria.eus/albisteak/193983/hezkuntza-sistemaren-gabezien-atzean-erabaki-politikoak-daude.htm | Iritzia | Hezkuntza sistemaren gabezien atzean erabaki politikoak daude | Hezkuntza sistemaren gabezien atzean erabaki politikoak daude. | Hezkuntza lege berri bat bultzatzeko asmoa jaso du Eusko Jaurlaritzak bere legegintzaldi honetarako programa legegilearen barnean. Bitartean, Estatu espainiarrean, praktikoki onartuta dagoen LOMLOEk gure hezkuntza eskumenak inbaditzen eta, beraz, gure hezkuntza sistema propioa eraikitzeko aukerak mugatzen jarraitzen du.
Aurreko legegintzaldirako ere iragarri zuen hezkuntza lege berri baterako asmo hori Eusko Jaurlaritzak. Orduan egindako ibilbideak erakutsi zigun egungo hezkuntza sistemak dituen korapilo eta arazo estrukturalei heltzeko eta aldaketa sakonik egiteko asmorik ez daukala gaur-gaurkoz, eta seguru aski egungo sistemari onespena emateko helburua zuela egitasmoak. Izan ere, hezkuntza lege berri baten eztabaidan sindikatuaren ustez alboraezinak liratekeen hainbat gai eztabaidatik kanpo uztea erabaki zuen orduan Hezkuntza Sailak, besteak beste hezkuntza inbertsioaren afera, Madriletik ezartzen diren oinarrizko legedien eskumen injerentziari aurre egiteko mekanismoen eztabaida, edota itunpeko sarearen finantzaketaren inguruko hausnarketa.
Edonola, testuinguru honek hezkuntzako eragile desberdinok gure herrirako nahiko genukeen hezkuntza eredua irudikatzeko ariketa egitera eta azaleratzera garamatza. ELAk hezkuntza sistema propio bat irudikatzen du Euskal Herri osoarentzat, estatu desberdinetako maila guztietako injerentzietatik at egongo dena, hezkuntza publikoa ardatz izango duena, integratzailea, inklusiboa eta ekofeminista, negoziazio kolektibo errealaren bidez langileen lan baldintza onak eta enplegu egonkorra bermatuko dituena, doakoa etapa guztietan, laikoa, inbertsio nahikoa izango duena dituen erronkei aurre egiteko, euskalduna eta euskal kulturaren ezagutza eta hedapena bermatuko duena eta pedagogia berritzaileak eta aktiboak bultzatuko dituena. Kohesio sozialerako tresna eraginkorra eta ikasleen garapen integrala bultzatuko duena.
Ariketa hori egitea ezinbestekoa eta beharrezkoa da noski, bakoitzaren iparra non dagoen finkatzen duelako. Baina nagusiki, gure hezkuntza sistemak, gure agintariak sine die erantzunik gabe mantentzen ari diren arazo estruktural ugari dituela berrestera garamatzalako. Erabaki politiko konszienteen ondorio direnak eta, irudikatzen dugun hezkuntza sistema horretara gerturatu ordez, sistema horretatik gero eta urrunago kokatzen gaituztenak.
Urteak daramatzagu hezkuntza eskumen osoaren egikaritza praktikoa, azpikontratazio politika gelditzea, ratio txikiagoak, hezkuntza inbertsioa zabalagoa, hezkuntzaren desmerkantilizazioa, langile gehiago eta egonkorrak, espazio egokiak, garatutako plataforma digital propioak, segregazioari mugak jartzeko matrikulazio politika egokiak, euskalduntze erreala ahalbidetuko duen murgiltze eredua edota baliabide material gehiagoren beharra mahai gainetako eztabaidetan zein kaleetako mobilizazioetan gure gobernuei aldarrikatzen.
Pandemiak bustitako ikasturte berezi honek agerian utzi eta areagotu egin ditu estrukturalak diren gabezia horiek. Baita zenbait gai oraindik eta gehiago nabarmendu ere, besteak beste, gure gobernuek hezkuntzari dagozkion erabakiak hartzerakoan irizpide ekonomizistak eta aurreztea lehenesten dutela kalitatezko hezkuntza bermatzearen kaltetan, edota aurrez aurreko eskolaratze segurua bermatu bada zuzendaritza talde eta langileen inplikazio eta gain-esfortzuari esker izan dela.
Testuinguru honetan, aurreko krisi ekonomiko-finantzarioaren testuinguruan hartutakoen ildotik doazen erabaki politikoak hartuz gero, berriro ere gure hezkuntza sistema ahulduta aterako da. Eta erabakiak hartzen ez ditugun langileok, ikasleok eta familiok pairatuko ditugu ahultze honen ondorioak.
Gure gobernuek aurrean jarri(ko) dizkiguten lege egitasmoak, hezkuntza sistema osatzen dugunon arteko talka eta polarizaioa elikatzeko eta talka horretan oinarrituta, egungo sistemak dituen sakoneko arazoen gaineko bere ardurak lausotzeko erabiliak izateko arrisku serioa daukagu; hezkuntza komunitatea osatzen dugunok adi eta mobilizaziorako prest ez bagaude, beraz, gobernuek berriro ere osasun krisi gisa hasi eta krisi ekonomiko bihurtu den hau, gure hezkuntza sistema ahultzeko, baliabidez husteko, lanpostuak suntsitzeko, dituen berebiziko arazoak erantzun eraginkorrik gabe uzteko, zein lan baldintzen hobekuntzari ez eusteko edota kaskartzeko aitzakiatzat hartu eta erabiltzeko arrisku serio baten aurrean gaude.
Aitzitik, ELAk krisi egoera hau hezkuntza sistema hobetzeko eta indartzeko aukera gisa baliatu behar dela uste du. Egoera gogor honetatik, zein 2008ko krisialdiaren aitzakiapean aplikatutako politika murriztaileen kontrako mobilizazio dinamiketatik irakasgaiak atera, diagnosi egokien bidez hezkuntza sistemaren gabezi eta beharrak identifikatu, aldarrikapen bihurtu eta gure agintari zein alderdiei zuzendutako interpelazio zuzena gauzatu eta estrukturatu nahi du. Zentzu horretan ezinbestekoak dira:
—Hezkuntza inbertsio publikoa gehitzea, egun EAEn BPGren %3,5ean gaude Unescok aholkatzen duen %6tik oso urrun.
—Egungo segregazio egoera bideratzeko, maila sozioekonomiko desberdina duten ikasleen banaketa orekatu bat ahalbidetuko duten neurri eraginkorrak finkatzea eta praktikara eramatea.
—Ratioak jaitsiz gure ikasleek jasotzen duten hezkuntza hobetzea eta osasuna bermatzea.
—Ikastetxeetako hezkuntza proiektuei egonkortasuna emanez eta urteetako lanaren bitartez pilatu duten ezagutza probestuz ikastetxe publikoetan behin-behineko gisa lanean ari diren langileen enplegua kontsolidatzea.
—Behar bereziak dituzten ikasleentzat baliabideak gehitzea ahalbidetuko duten irizpideak adostasunez ezartzea.
—Hezkuntzaren merkantilizazioan sakontzen duten mekanismoak gelditzea.
—Azpikontratazio politika amaitzea.
—Euskara ezagutu eta erabiliko duten ikasleak sortzeko, egungo hizkuntz ereduen markoa gaindituz murgiltze eredua finkatu zein beharrezko baliabideak zehaztu, adostu eta beharrezko inbertsioaz hornitzea.
ELAk, erronka hauek bere gain hartu eta erantzun egoki bat izan dezaten, beharrezko ikusten du hezkuntzako langile zein gainerako komunitatearen mobilizazio eta aktibazio erreala eta iraunkorra. Bestela, ez dugu gure agintari politikoen irizpide ekonomizisten eta merkantilisten araberako hezkuntzaren inguruko erabakiak aldatzeko aukerarik izango.
Horregatik, datozen hilabeteetan eta garaietan ere, ELAk, irudikatzen dugun hezkuntza eredu horretara gerturatuko gaituzten aldarrikapenak identifikatu eta mobilizazio eta interpelazioaren bidez aldarrikapen horiek lortzeko bidea jorratzen jarraituko du.
ASTEARTEAN:
Peio Jorajuria (Seaska).
Ikusi hemen Hezkuntza bidegurutzean serieko iritzi artikulu guztiak. | |
2021-2-21 | https://www.berria.eus/albisteak/193984/loratuz-lotu-elkartea-sortu-berri-dute-transexual-helduei-eta-haien-ingurune-sozialari-laguntzeko.htm | Gizartea | Loratuz Lotu elkartea sortu berri dute, transexual helduei eta haien ingurune sozialari laguntzeko | Loratuz Lotu elkartea sortu berri dute, transexual helduei eta haien ingurune sozialari laguntzeko. Transexualen alboan egon nahi dute haien prozesuak iraun bitartean, «ahaldunduta eta indartuta» gizarteratu daitezen identitate berriarekin. | Loratuz Lotu elkartea sortu berri dute, transexual helduei eta haien ingurune sozialari laguntzeko. Loratuz Lotu elkartea sortu berri dute, transexual helduei eta haien ingurune sozialari laguntzeko. Transexualen alboan egon nahi dute haien prozesuak iraun bitartean, «ahaldunduta eta indartuta» gizarteratu daitezen identitate berriarekin. | Andoaingo Leitzaran institutuan Gizarteratzea zikloko ikasketak egin zituzten iaz Brayan Altimasberesek (Hernani, 1996) eta Mash Elizaldek (Iruñea, 1999). Altimasberesek euskarazko taldean, eta Elizaldek gaztelaniazkoan. Biak dira mutil transexualak, eta biek egin dute trantsizioa helduaroan, baina, ikaskideak izan arren, oraintsu arte ez dute izan elkarren berri. «Erreferenterik gabe eta bakarrik egin behar izan dugu bidea», esan du Altimasberesek. Egoera berean egon daitezkeen pertsonek prozesua lagunduta egin dezaten sortu dute Loratuz Lotu Euskal Herri mailako elkartea.
Ikasketek emandako aukera baliatu zuten aurreko ikasturtean azterketa bat egin eta gizarte arloko proiektuaren oinarriak finkatzeko. «Ikusi genuen haur eta nerabeentzat Naizen elkartea badagoela, baina helduaroan trantsizioa egitea erabakitzen duten pertsonek ez dutela izaten inongo elkarteren babesik», esan du Elizaldek. Ikasketak amaituta, beraz, elkartea sortzeari ekin zioten, ikaskideekin batera. Altismaberes, Elizalde eta Gilen Larrañaga dira, gaur egun, Loratuz Lotu elkartearen arduradunak.
«Interneten izugarrizko aurrerapena egin da azken urteotan, sare sozialetan aise topatu daitezke erreferenteak, baina garrantzitsua iruditzen zitzaigun trantsizioa egiten ari diren horiek harremanetan jartzea», adierazi du Elizaldek. «Gureak bilgune bat izan nahi du, esperientziak saretzeko espazio bat». Elkartea ezagutzak partekatzeko helburuarekin sortu dutela esan du Altismaberesek, haren hitzetan hori baita beldurrak uxatzeko modurik errazena: «Ezezaguna denak eragiten digu ezinegona, baina bide hau egina duten pertsonak ezagutzen dituzunean konturatzen zara badagoela trantsizioa modu osasuntsuan egiterik, zeure buruarekin eta ingurunearekin bakean».
Horregatik aukeratu dute Loratuz Lotu izena. «Hainbeste denboran gure identitatea ezkutuan bizi izan ondoren, geure burua onartzen dugunean, loratzen hasten garenean, orduan lotzen gara besteekin». Harreman osasuntsu eta parekideak izatea ez dago soilik norberaren burua onartzearen mende, Elizaldek esan duenez: «Ulertzen dugu ez dela erraza mundura identitate berri batekin ateratzea. Arazoa ez da gure gorputza, jendearen begirada baizik. Ingurunean eragin beharra dago, trantsizio hori modu naturalagoan eta lasaiagoan egin dezagun».
Gizarteratzeko lana
Behin ikasketak amaitu eta elkartea formalki eratu bitarteko denbora, berriz, euren asmoak ezagutarazteko baliatu dute elkarteko kideek. Aurreko urteko konfinamendu garaian Instagram bitartez transexualitatean aditu diren pertsonekin eta hainbat tokitako transekin zuzeneko solasaldiak izan zituzten. Irailetik hona, bestalde, hainbat ikastetxetan aritu dira azalpenak ematen, eta egin dieten harrerarekin «oso pozik» daude Altismasberes eta Elizalde.
Hezkidetzari garrantzi handia ematen diote biek. «Nabari dugu pixkanaka generoen arteko muga zurrun hori lausotzen ari dela, belaunaldi berriek beste ikuspegi bat dakartela, eta hori, neurri handi batean, Naizen bezalako elkarteek egindako lanari esker lortu da». Altimasberesek zehaztu du, ordea, trantsizioa egiteko ez dagoela adin egokirik. «Norberak erabaki behar du zein den horretarako momentua, eta bide hori egiteko babesa eskaini behar dugu besteok».
Berriki izan diren eraso transfoboak gogoan hartu dituzte Loratuz Lotu elkartekoek. Salaketa argia egin du Elizaldek: «Askotan galdetzen digute nola ote gauden prest gure gorputzarentzat kaltegarriak izan daitezkeen tratamenduak hartzeko eta ebakuntzak egiteko, baina inor gutxik galdetzen du zenbat indarkeria pilatzen den genero arauarekiko disidenteak diren horiengan».
Pertsona ez-binarioak, trantsizio soziala nahiz fisikoa egin dutenak eta pertsona horien gertuko ingurunea artatu nahi ditu elkarteak. «Aholkularitza emango diegu, aukera ezberdinak eskaini; laguntza ematea gure esku ez badago, behar den tokira bideratuko ditugu, baina bakarrik ez ditugu utziko», azaldu du Altimasberesek. Elkarteak ibilbidea hasi berria duen arren, kontsulta egitera gerturatu zaizkie jada lehenengo herritarrak.
Sare sozialen bitartez —Instagram, Facebook, Twitter eta Youtube— egin daiteke harremana Loratuz Lotu elkartearekin, eta loratuz.lotu@gmail.com helbidean ere bai. Hernaniko Udalaren Plaza Feminista baliatzen dute kideek lanerako eta bilkurak egiteko, eta esker on hitzak dauzka Altimasberesek: «Herri honetan lanketa handia egin du mugimendu feministak, eta Aimar Elosegi Moio gaztearen kasuak ere arrastoa utzi du». Vicente Vadillo Francis transexualarena da Euskal Herriko memoria historikoan iltzatuta geratu den beste erailketa bat. Errenterian hil zuen polizia batek, 1979an. Bertan bizi da gaur egun Elizalde. «Francisen eta Moioren lekukoa hartu, eta haiengatik jarraituko dugu guk borrokan». |
2021-2-21 | https://www.berria.eus/albisteak/193985/beti-bultzaka-atea-zabal-dadin.htm | Gizartea | Beti bultzaka, atea zabal dadin | Mendigorria izanen da eskolan D eredua ezarriko duen hamalaugarren herria, eremu euskaldunetik kanpo. Herriko gurasoen ahaleginari esker lortu dute, euskaraz ikasteko aukera ez baita Nafarroa osoan bermatua, oraindik ere, ustez legeak horretarako bidea ematen duen arren. | Beti bultzaka, atea zabal dadin. Mendigorria izanen da eskolan D eredua ezarriko duen hamalaugarren herria, eremu euskaldunetik kanpo. Herriko gurasoen ahaleginari esker lortu dute, euskaraz ikasteko aukera ez baita Nafarroa osoan bermatua, oraindik ere, ustez legeak horretarako bidea ematen duen arren. | Lortu dute: Mendigorriko haurrek euskaraz ikasi ahal izanen dute herriko ikastetxe publikoan, datorren ikasturtetik aurrera. 2015ean aldatu zuten Nafarroako Euskararen Legea azkenekoz, eta, geroztik, eremu misto eta ez-euskaldunean publikoan D eredua ezarriko den hamalaugarren herria izango da Mendigorria. Gurasoen ahaleginak lortu du euskarari bidea egitea, ustez legeak horretarako aukera jaso arren, eskubide hori dutela aldarrikatu behar izan dutelako, behin eta berriz: atea ez zegoen itxita, baina gogor egin behar izan dute bultza zabal dadin.
Eremu euskaldunetik kanpoko egoeraren adierazgarri da Mendigorriko gurasoek hilaren 6an Iruñean egindako agerraldian gertatu zena: herritarrak «hagitz kontent» agertu ziren D eredua ezartzea lortu dutelako, baina Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak, berriz, kezka bat jarri zuen erdigunean: «Eskola mapa aldatzea falta da». Horri buruz galdetuta, Gaubekak garbi erran du ez zirela fidatzen. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak eskola mapa berria argitaratu du, azkenean, eta jendaurrean erakutsi eta gero onartuko dute behin betiko.
«Tamalez, oinarrizko arazoa ez da aldatu», erantsi du Gaubekak. «Gaztelaniaz ikasteko aukera ikastetxe guztietan dago bermatua; euskaraz ikasteko, berriz, erreferentziazko zentroak ezarri dituzte». Hau da, herri guztiei ez diete, berez, eskubidea onartzen; eskola mapan agertu behar dute horretarako. Prozesua ez da erraza, herri bateko zein bertzeko esperientziek erakutsi dutenez. «Gurasoek egin behar dute beti ahalegin berezi bat, nork bere herrian euskaraz ikastea kapritxo bat balitz bezala. Seinalatu egiten dituzte, nolabait», dio Behatokiko zuzendariak.
Sortzen-eko Nafarroako koordinatzaile Marta Diez Napalek ere garbi du Hezkuntza Departamentuak ez duela erraztasunik ematen. «Villatuertan eta Oteitzan D eredua ezartzeko gogoz direla badakigu, baina, segur aski, izanen dira gehiago. Arazoa da ez zaiela bidea batere errazten. Iruñerrian hamasei haur eskoletatik bakarrak eskaintzen badu murgiltze eredua, zer ez da gertatuko eremu diskriminatuan?».
Gurasoen ondoan egon nahi dute Sortzen-eko kideek, eta euskaraz ikasteko eskubidea gauzatzeko bidean haiekin batera bultza egin. Herrien egunerokoan ere eragin nahi dute, eta ludotekak jarri dituzte martxan, adibidez, Sesman, Lodosan, Allon eta Castejonen. «Erriberrin, Caparroson, Azkoienen eta Garinoianen ere zabaltzeko zain dira. Eskolatik kanpo, euskaraz aritzeko espazioak eman nahi dizkiegu haurrei», kontatu du Diez Napalek.
Eremu euskaldunetik kanpo D eredua ezartzea lortu duten gurasoek, berriz, beren esperientziak jarri nahi dituzte urrats bera egin nahi dutenen esku. 2015etik, hamalau izan dira, eta guztietan nabarmendu dute ahalegina handia izan arren merezi izan duela. Ondokoak dira Mendigorriko, Castejongo, Erriberriko, Lodosako eta Caparrosoko herritar batzuen kontakizunak:
Josu Goñi, Mendigorriko gurasoa
«Ez da samurra gobernuaren aurka egitea, baina merezi du»
Josu Goñiren alaba izanen da 2021-2022ko ikasturtean Mendigorriko D ereduan hasiko diren haurretako bat. «Zoritxarrez, gogor borrokatu behar izan dugu hori lortzeko. Ez da bide erraza izan; ez da samurra [Nafarroako] gobernuaren aurka egitea, baina garbi dugu merezi duela. D eredua nahi dugu, gure herrian», erran du Goñik.
D eredua herrian ezartzeak Mendigorriari ere mesede eginen diola argi du Goñik: «Gurea landa eskola bat da. Euskaraz ikasi nahi dutenek Garesera joan behar badute, eskola ere gal dezakegu». Goñik oroitu du aurreko urtean gurasoen %53k egin zutela D ereduaren alde seme-alabentzat. Sei haur baziren euskaraz ikasten hasteko zain, baina Hezkuntza Departamentuak ez zien aukera eman. Ikasturte berrian izanen dute.
Oraindik euskaraz ikasteko aukera ez duten herritarrak lan egitera deitu ditu Goñik. Halere, garbi du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak bidea erraztu beharko lukeela. «Ez ditzatela beste herrietako gurasoek guk izandako oztopoak aurkitu; izan dadila errazagoa besteentzat».
Raul Malo, Castejongo gurasoa
«Pandemiak betean harrapatu arren, hagitz kontent gaude»
Castejonen 2019-2020ko ikasturtetik badute D eredua herriko eskola publikoan. Raul Maloren seme zaharrenak sei urte ditu, eta A ereduan dago. Lau urteko gazteena, berriz, D ereduan. «Lehen promoziokoa da; lehen urtean 11 umerekin hasi ginen», azaldu du.
Martxan jarri aurreko lana oroitu du Malok: «Hitzaldiak egin genituen, guraso batzuekin eta bertzeekin hitz egin genuen; Sortzen-eko eta Euskarabideko kideen laguntza ere izan genuen».
Castejongo ikastetxean PAI programa dute: ingelesez ikasteko programa, alegia. «2019an, eskolako arduradunek erran ziguten D ereduak ere PAIrekin behar zuela derrigorrez», kontatu du Castejongo gurasoak. Handik sei hilabetera, ordea, eskolak berak eskatu zion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari PAItik ateratzea.
2020ko otsailean ezezkoa jaso zuten Castejongo eskolan. Orain, bigarrenez egin dute eskaera. «Nafarroako Gobernuak baiezkoa emanen duela espero dut; eskolako kideak ere ohartu dira PAIk ez duela funtzionatzen».
Malok onartu du Castejonen gisako herri batean «euskararen inguruko mitoen aurka» lan egin behar dela, baina ontzat eman du D ereduan egindako bidea. «Pandemiak bete-betean harrapatu arren, hagitz kontent gaude».
Hugo Bustamante, Erriberriko gurasoa
«Euskara inposatzen ari garela entzun behar izan dugu»
Erriberrin ere euskararen inguruko «aurreiritziei eta gezurrei» egin behar izan diete aurre, Hugo Bustamantek nabarmendu duenez. «Euskara inposatzen ari garela entzun behar izan dugu; gure eskubidea da Tafallara joan behar ez izatea euskaraz ikasteko; euskaraz ikasi nahi ez duenak badu aukera, libre da».
2017-2018ko ikasturtean ezarri zuten D eredua herri horretan. Zortzi umerekin jarri zen eredua martxan. «Nire semerik gazteena iaz hasi zen. Adin ezberdinetakoak batera aritzen dira, baina hori biziki aberasgarria da haurrentzat».
Bustamante kolonbiarra da, eta beti izan du garbi haurrek herrialdeko hizkuntzan ikasi eta hizkuntzari lotutako kultura jaso behar zutela. «Hasieratik egokitu zaigu lan egitea; informazioa zabaltzeko eta gurasoekin hitz egiteko ahalegina egin behar izan dugu beti. Finean, lehen eskuko lekukotzak eskertzen ditu jendeak». Ereduak denbora behar duela erantsi du, sendotzeko eta denek ohikotzat hartzeko. Ez du zalantzarik: «Hagitz kontent gaude».
Alicia Aramendia Marzo, Lodosako gurasoa
«Gero eta gauza gehiago egiten dira euskaraz, baina ez da erraza»
Aspaldiko arantza bat atera ahal izan zuen Alicia Aramendia Marzok, Lodosan D eredua ezarri zutenean: «Gure amak beti erraten zuen pena handia zuela euskaraz ez genekielako; orain dugu haren ametsa betetzeko aukera».
Lodosan 2016-2017ko ikasturtetik dago euskaraz ikasteko aukera ikastetxe publikoan. Aramendia Marzoren semea da euskaraz ikasten ari diren ikasleetako bat. Ama ere ari da, bertze hainbat gurasorekin batera, AEKn. Tristuraz onartu du semeak ez diola euskaraz egiten. «Hizkuntza eskolarekin lotzen du. Gero eta gauza gehiago egiten dira herrian euskaraz, baina ez da erraza».
Zortzi umerekin jarri zuten Lodosan D eredua martxan. «Egun, 36 ari dira. Hagitz kontent gaude. Badakigu bide luzea dugula, eta lanean jarraitu behar dugula, baina egindako hautuaz seguru gaude».
Naiara Erdozain, Caparrosoko gurasoa
«D eredua ez da oztopo, inondik inora, haurrek ingelesa ikasteko»
Naiara Erdozainen etxean beti izan dute garbi D ereduaren alde eginen zutela apustu: «Nire senarra bilbotarra da, eta beti erran dit nahi zuela semeak euskaraz ikastea. Nik ere bai; gure hizkuntza da».
2016an ezarri zuten D eredua Caparrosoko eskolan. Ordura arte, herrian euskaraz ikasi nahi zutenek Tafallara jo behar zuten. «Arazo bat zen hori, biok lanean egonda zaila izanen litzatekeelako haurra herri batetik bertzera mugitzen aritzea. Herrian ikasteko aukera izan genuenean, ez genuen zalantzarik egin», kontatu du Erdozainek.
Garbi utzi du Caparrosoko giroa ez dela eremu euskalduneko edozein herritan egon daitekeena. «Gutxiengo bat gara euskararen alde egin dugunak, eta bertzeentzat herriko arraroak gara». Hasieran «lau katu» zirela onartu du Erdozainek, baina D eredua bere bidea egiten ari dela ikusita, erantsi du herritarrak hasi direla euskarazko ereduarekin ohitzen. Auzi bat garbi utzi nahi izan die herriko gurasoei: «D eredua ez da oztopo, inondik inora, haurrek ingelesa ikasteko».
Arazo nagusia da eskolatik at euskaraz aritzeko espazioak lortzea. Horixe nabarmendu du Caparrosoko amak. Helburu horrekin sortu zuten haurrekin emozioak lantzeko espazio bat, eta xede bera du Sortzen-en laguntzarekin martxan jarri nahi duten ludotekak ere. «Pandemiaren erruz atzeratu behar izan dugu; herriko haur guztientzat zabaldu nahi dugu». |
2021-2-21 | https://www.berria.eus/albisteak/193986/hasel-askatzeko-protesten-ostean-manifestari-bat-atxilotu-du-ertzaintzak-bilbon.htm | Politika | Hasel askatzeko protesten ostean manifestari bat atxilotu du Ertzaintzak Bilbon | Pablo Hasel rap kantaria aske uztea eskatzeko mobilizazio ugari egin dituzte asteburuan, eta istiluak ere izan dira manifestarien eta polizien artean. Igandean, Bilbon manifestari bat atxilotu du Ertzaintzak, eta larunbat gauean, Iruñean, beste bi Espainiako Poliziak. | Hasel askatzeko protesten ostean manifestari bat atxilotu du Ertzaintzak Bilbon. Pablo Hasel rap kantaria aske uztea eskatzeko mobilizazio ugari egin dituzte asteburuan, eta istiluak ere izan dira manifestarien eta polizien artean. Igandean, Bilbon manifestari bat atxilotu du Ertzaintzak, eta larunbat gauean, Iruñean, beste bi Espainiako Poliziak. | Pablo Hasel rap kantaria askatzeko manifestazio bat egin dute igande eguerdi honetan Bilbon, Bilboko kolektibo eta talde ugarik bat eginda eta Bilbo Antifaxista plataformak antolatuta. 2.000 lagun inguru elkartu dira, udaltzainen arabera. Plaza Eliptikoan bukatu da protesta, eta antolatzaileek agiri bat irakurri dute, Haselen kartzelatzea salatzeko eta Espainiako estatu faxistak» herritarrak isilarazi nahi dituela ohartarazteko.
Ekitaldia bukatu denean, istiluak hasi dira. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren eraikinaren aurrean jarrita zeuden ertzainak. Manifestariei oldartu zaizkie, eta Kale Nagusian 41 urteko gizonezko bat atxilotu dute, istiluak sortzea leporatuta. Kontainerrak bidera bota eta erre ere egin dituzte. Istiluak Bilboko Alde Zaharrean jarraitu du, 15:00 inguru arte.
Deia egunkariak, berriz, jakinarazi du argazkilari bati eraso egin diotela istiluen berri ematen ari zenean. Muturreko bat eman dio burua estalia zuen pertsona batek.
Larunbat gauean, berriz, Iruñean egin zuten Haselen kartzelatzea salatzeko protesta, Iruñerriko GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak deituta. Protestaren amaieran hasi ziren istiluak. Espainiako Poliziak gaur jakinarazi duenez, bi lagun atxilotu zituzten, eta hiru agentek zauri leunak dituzte.
Iluntzean, Recoletas plazatik abiatu zen ia mila lagun bildu zituen manifestazioa, eta Sarasate pasealekuan bukatu zen. Manifestazioan, adierazpen askatasunaren aldeko eta polizia indarren aurkako aldarriak egin zituzten. Amaieran gertatu ziren istiluak. Arratsaldetik zen handia Espainiako Poliziaren presentzia Iruñeko alde zaharrean, eta, azkenean, manifestariei oldartu zitzaizkien poliziak. Manifestariek kontainer batzuk erre zituzten, eta poliziei harriak ere bota zizkieten.
Iruñerriko GKSk gaur goizean argitaratu du gertatutakoari buruz egin duten interpretazioa. Salatu dutenez, atzo, Poliziaren presentzia arratsaldetik izan zen «itogarria», eta agenteek hasieratik jarrera oldarkorra eta probokatzailea izan zuten, «ondoren gertatuko zenarentzat testuingurua prestatuz».
Aldi berean, parada baliatu dute Pablo Hasel aske uztearen aldeko protestak «detonatzaile modura» ikusten dituztela azaltzeko: «Ulertzen dugu mobilizazioak oinarrizko askatasunen urraketaren eta hondamendi ekonomiko zein sanitarioak eragindako ezinegonaren ondorio direla». Azkenik, «masa komunikabideen desitxuraketa eta kriminalizazioa» salatu dituzte, eta askatasun politikoen alde lanean jarraituko dutela hitzeman dute.
Iruñean ez ezik, GKSk elkarretaratzeak antolatu zituen Lezaman, Basaurin, Lekeition, Ondarroan (Bizkaia), Lizarran, Altsasun (Nafarroa), Laudion (Araba), Tolosan, Hernanin eta Zumaian (Gipuzkoa).
Istiluak Gernika-Lumon ere
Bestalde, Gernika-Lumoko Gazte Asanbladak eta Busturialdeko GKSk salatu dutenez, larunbatean istiluak izan ziren Gernika-Lumon (Bizkaia) ere. Tabernak itxi ostean, Gernikako auditoriumean zeuden gazteen aurka oldartu zen Ertzaintza —han ez zen Haselen aldeko manifestaziorik izan—, eta, BERRIAk jakin ahal izan duenez, hainbat lagun zauritu zituzten: haietako bati tinpanoa hautsi diote, eta beste batek hankan bost puntuko zauria du.
Horretaz gain, ospitalera jo behar izan zuten gazteei ertzainek bertan itxaron zietela ere gaitzetsi dute. Gertatutakoa salatzeko, bi gazte asanbladek eta GKSk elkarretaratzea egin dute, 19:00etan. |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/193987/itzalitzat-jo-dute-bidasoko-sutea.htm | Gizartea | Itzalitzat jo dute Bidasoko sutea | Nafarroako Gobernuak esan du orain «ikertzea eta Foruzaingoari bere lana egiten uztea» tokatzen dela. Gipuzkoako Foru Aldundiak esan du nahita piztutakoa dela ematen duela. 2.000 hektarea baino gehiago erre dira. | Itzalitzat jo dute Bidasoko sutea. Nafarroako Gobernuak esan du orain «ikertzea eta Foruzaingoari bere lana egiten uztea» tokatzen dela. Gipuzkoako Foru Aldundiak esan du nahita piztutakoa dela ematen duela. 2.000 hektarea baino gehiago erre dira. | Egonkortu da Nafarroaren, Gipuzkoaren eta Lapurdiren arteko mugan 2.000 hektarea baino gehiago erre dituen sutea. Goizean larrialdietarako mahaiak egindako bileran baieztatu dute egonkortuta zegoela, nahiz eta Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan, Lesakako lurretan batez ere, oraindik «puntu beroak» bazeuden. Haizea erabat gelditzeko eta iragarritako euria hasteko esperantzan ziren goizean, sutea erabat itzaltzeko, eta hala gertatu da gauean. Aurreneko kalkuluen arabera, 900 hektarea erre ditu suak Nafarroako lurretan, baina airetik aztertu arte kalteen balantze zehatza ezingo dela egin zehaztu dute.
Kalteak neurtzeko daude, eta hipotesiak aztertzeko, baina, Berako alkate Aitor Elexpuruk Erran.eus-i adierazi dionez, «baieztatzen ahal da norbaitek nahita eman ziola su mendiari». Suak ia aldi berean, larunbateko 09:30 aldera, elkarrengandik aparte dauden bi puntutan piztu zirela nabarmendu du. Elexpuruk BERRIAri esan dionez, norbaitek «kalte egiteagatik» piztu zuen sua. Gainera, sua aldi berean bi puntutan piztu zela dioten lekukoak dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere ildo beretik jo du. Eider Mendoza bozeramaileak Radio Euskadin esan duenez, ematen du sutea nahita piztutakoa dela.
«Orain, ikertzea eta Foruzaingoari bere lana egiten uztea tokatzen da». Hala nabarmendu du Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Itziar Gomezek. Azaldu duenez, bi lantalde osatu dituzte —bat Bera-Ibardin hegalean eta bestea Lesaka-Irun hegalean—, sutearen eragina zenbatekoa izan den lekuan bertan baloratzeko. «Oso garrantzitsua da balorazio oso zehatza egitea, eta bukatutakoan tokiko erakundeei jakinaraziko zaie, eta, gero, komunikabideei». Ez du zehaztu zenbat hektarea erre diren.
Gomezek haizearen eragina azpimarratu du, horren ondorioz ezin izan dutelako erabili sua itzaltzeko aireko baliabiderik, eta «izugarri azkar» zabaltzen zelako. Sutea itzaltzeko lanetan aritu direnak gogoan izan ditu Gomezek: «Baldintza horietan arriskua oso handia da itzaltze lanetako langileentzat». Aldi berean, gogorarazi du horrelako egoeretan debekatuta dagoela larreak erretzea, eta «ardura» izateko eta indarrean dauden neurriak betetzeko eskatu du.
Igande goiz honetan zabaldu dute atzo kearen ondorioz itxi zuten N-121-A errepidea, bestalde. Kamioiak geldiarazi zituzten, baina goizetik zirkulazioa normalizatu dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Eider Mendozak jakinarazi duenez, «azken hamarkadan Gipuzkoan izandako suterik handiena» izan da asteburukoa. Orotara, 400 hektarea erre dira, eta, suak baserririk edo bordarik harrapatu ez badu ere, Mendozak nabarmendu du erretako zatirik handiena baso autoktonoa zela, eta ondare naturalaren galera «izugarria» izan dela. Ikerketari dagokionez, Nafarroako Gobernuaren esku dagoela esan du «han hasi zelako eta zuzendaritza teknikoa han egon delako». Halere, Gipuzkoako Foru Aldundia elkarlanerako prest agertu da.
Lapurdin ere egoera kontrolpean dutela baieztatu dute. 800 hektarea erre ditu suak han, hiru fokutan: Biriatun, Urruñan eta Azkainen. Dena den, suhiltzaileak Olhetako koordinazio gunetik mendira abiatu dira igande goiz honetan ere, su guztiak behar bezala itzalita daudela baieztatzeko.
BERRIA egunkariko kazetari Maddi Ane Txoperena sutearen ondorioen berri ematen ari da bertatik bertara. Nabarmendu duenez, suhiltzaileek jakinarazi dutenaren arabera, basozainak zenbatzen ari dira zenbat azienda kaltetu ahal izan diren. Dirudienez, Berako lurretako animaliek jasan dituzte kalterik handienak.
Suak nahita piztutakoak ote diren galdetu diote Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeari ere, baina hark esan du une honetan halako hipotesi bat ematea «oso ausarta» dela. Ikerketa, gainera, Nafarroako zerbitzuek egin beharko dutela gehitu du, sua han hasi zelako. Dena den, pozik agertu da, sutearen inguruan lanean jardun duten instituzio guztiak elkarlanean aritu direlako.
Larunbatean, eguerdi partean hasi zen sutea Beran (Nafarroa). Haizea zakar zebilen goizean goizetik, eta Nafarroan emana zuten abisua: handia zen suteak izateko arriskua. Nafarroaren, Lapurdiren eta Gipuzkoaren arteko mugan piztu zen txinparta: Berako Antzuzelaiko parajean (Nafarroa), Irungo Bidasoa auzorako bidean, N-121-A errepidetik eta Bidasoa ibaitik hurbil.
Sugarrek berehala hartu zuten indarra, eta ke laino trinko bat barreiatu zen eremu zabal batean. Hori dela eta, Foruzaingoak N-121-A errepidea moztu zuen larunbat goizean, eta Ertzaintzak gauza bera egin zuen arratsaldean, Behobian. San Martzial mendiko errepidea eta Bidasoa ondotik doan bide berdea ere itxi egin zituzten. Larunbat gauean egoera «kontrolatu ezinik» zebiltzala jakinarazi zuten Nafarroako, Gipuzkoako eta Lapurdiko arduradunek, baina egoerak nabarmen egin du hobera igande goizerako.
Biriatura, Urruñara eta Azkainera (Lapurdi) ere hedatu zen sutea, baserri, borda eta etxebizitzetatik hurbil. Azkaine eta Urruña artean suhiltzaileek 68 lagun sokorritu zituztela jakinarazi zuen Philippe Le Moing-Surzur suprefetak: horietako 40 bentetan atzeman zituzten; bertze hogei, mendian; eta azken zortziak Larhungo trenean jaitsi zituzten. Suprefetak azaldu zuenez, egoera ez zen sute bakarraren ondorio izan, bi foku piztu baitziren: bata, Beran sorturikoa, eta bertzea, Larhun mendikoa.
Lapurdiko aldean, 96 suhiltzaile aritu ziren sutea amatatzeko ahaleginetan. Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, dozena bat ibilgailu eta 40 bat suhiltzaile eta basozain mobilizatu zituen. Foru Aldundiak aginte postua ezarri zuen Irungo Zaisa poligonoan.
Nafarroan ere handia izan zen larrialdi zerbitzuen dispositiboa: Basoko Suteen Arrisku Planean aurreikusitako bigarren fasea ezarri zuen Nafarroako Gobernuak larunbatean. Foru erkidegoaren baliabide propioak nahikoa ez eta Espainiako Gobernuari laguntza eskatzen zaionean ezartzen da fase hori. Zehazki, Cordovilla eta Oronozko parkeetako suhiltzaileak, Bera eta Lesakako suhiltzaile boluntarioak, eta basozainen zerbitzuko suhiltzaileak aritu ziren lanean, goizean goizetik. Haize ufada bortitzen ondorioz, baina, ezin izan zituzten helikopteroak erabili. Horren ordez, suteen aurkako ur hegazkin bat eta Kamov helikoptero astun bat bidaltzeko galdegin zion Maria Txibiteren gobernuak Espainiako armadari. Horiek ere ez ziren iritsi, ordea: Torrejongo base militarretik aterata (Espainia), haizeteak eragindako turbulentziak «arriskutsuegiak» zirela ondorioztatu eta bide erdian buelta eman zuten Espainiako armadaren ibilgailuek. |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/193988/realak-ez-dio-aukerarik-eman-alavesi.htm | Kirola | Realak ez dio aukerarik eman Alavesi | Isakek hiru gol sartu ditu, eta Portuk errematatu du partida. | Realak ez dio aukerarik eman Alavesi. Isakek hiru gol sartu ditu, eta Portuk errematatu du partida. | Manchester Uniteden aurkako partidan jasotako kolpeari sendo erantzun dio Realak asteburuan. Talde txuri-urdinak ez zion aukerarik eman Alavesi, eta Isakek erakutsitako goseak bosgarren postua sendotzeko balio izan dio: 4-0.
Alavesek defentsan indartsu hasi zuen partida, eta Realari zail jarri zion jokoan sartzea. Hala, lehen aukerak Gasteizko taldearentzat izan ziren. Deyversonek, lehenik, eta Joseluk, gero, ez zuten, baina, ate aurrean asmatu. Garesti atera zitzaien. Atsedenaldia iristeko hiru minutu falta zirela, Merinok jarritako baloia sareetara bidali zuen Isakek, seigarren jardunaldiz jarraian.
Bat ez zen nahikoa, ordea, eta bigarren zatian ere protagonismo osoa bereganatu zuen aurrelari txuri-urdinak. Pachecori izkin egin, eta bigarrena sartu zuen, hasi bezain laster. Alavesek ez zuen erantzuteko gaitasunik izan, eta Isakek arratsaldeko hirugarrena egiteko baliatu zuen. Silvaren eta Oiartzabalen arteko jokaldia bikain errematatu zuen. Alaves etsita, kontraeraso bat baliatu zuen Portuk laugarrena egiteko.
Reala: Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Monreal; Illarramendi (Gebara, 56. min), Merino (Guridi, 65. min), Silva (Merquelanz, 80. min); Portu, Isak (Jon Bautista, 65. min) eta Oiartzabal (Januzaj, 80. min). Alaves: Pacheco; Laguardia, Lejeune, Tachi, Agirregabiria; Manu, Edgar (Burgui, 70. min), Pina (Pere Pons, 70. min), Cordoba (Pellistri, 57 min.); Joselu (Guidetti, 80 min.) eta Deyverson (Lucas Perez, 57 min.). Golak: 1-0, Isak (40. min); 2-0, Isak (48. min); 3-0, Isak (63. min); 4-0, Portu (73. min). |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/193989/athleticek-berdinketa-bat-eskuratu-du-vila-realen-aurkako-partidan.htm | Kirola | Athleticek berdinketa bat eskuratu du Vila-realen aurkako partidan | Saiatu da Athletic, baina ezin izan du Asenjo behin baino gehiagotan gainditu. Bana amaitu da zuri-gorrien eta Vila-realen artekoa. | Athleticek berdinketa bat eskuratu du Vila-realen aurkako partidan. Saiatu da Athletic, baina ezin izan du Asenjo behin baino gehiagotan gainditu. Bana amaitu da zuri-gorrien eta Vila-realen artekoa. | Saiatu da, baina ezin izan du gehiago lortu. Athleticek atzetik hasi zuen partida, ordu laurden behar izan baitzuen Gerard Morenok partidako lehen gola sartzeko. Atsedenaldia iritsi aurretik berdindu zuen norgehiagoka zuri-gorriek. Bigarren zatian, izan zituen aurretik jartzeko aukerak, baina markagailua ez zen mugitu.
Partida hasi eta berehala izan zituen lehen aukerak Athleticek. Raul Garciak eta Unai Lopezek egin zituzten jaurtiketek, baina, Asenjo topatu zuten atepean. Bilboko taldea eroso ari zela zirudienean, ordea, Vila-realek kontraeraso bat baliatu zuen aurretik jartzeko. Pedraza aise iritsi zen hegaletik, baloia Gerard Morenori jartzeko. Area ertzetik eginiko jaurtiketak Yeray ukitu zuen, eta Unai Simonek ezin izan zuen ezer egin. Hortik aurrera, Vila-real eroso aritu zen.
Atsedenaldirako minutu bat falta zela, baina, Muniainek baloi eder bat jarri zion Yuriri. Hark erdiratu, eta Berenguer iritsi zen banakoa egiteko. Bigarren zatian, Athletic hobeto atera zen, eta izan zituen aurretik jartzeko aukerak. Garbiena Williamsek izan zuen, 73. minutuan. Buruz errematatu zuen area txikian, bakar-bakarrik. Adi zebilen, ordea, Asenjo. Hortik aurrera, aukera gutxi bi taldeentzat.
Athletic: Unai Simon; De Marcos, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Berenguer (Capa, 78. min.), Dani Garcia, Unai Lopez, Muniain; Raul Garcia (Villalibre, 83. min.) eta Williams. Villarreal: Asenjo; Foyth, Albiol, Pau Torres, Pedraza (Jaume Costa, 85. min.); Capoue (Chukwueze, 85. min.), Parejo, Trigueros (Yeremi Pino, 62. min.); Gerard Moreno, Moi Gomez (Estupiñan, 70. min.) eta Paco Alcacer (Fer Niño, 62. min.). Golak: 0-1, 16. min.: Gerard Moreno. 1-1, 44. min: Berenguer. |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/193990/aukerarik-eman-gabe-nagusitu-dira-elezkano-eta-zabaleta.htm | Kirola | Aukerarik eman gabe nagusitu dira Elezkano eta Zabaleta | Elezkano II.ak eta Zabaletak 22-8 gainditu dituzte Ezkurdia eta Galartza. | Aukerarik eman gabe nagusitu dira Elezkano eta Zabaleta. Elezkano II.ak eta Zabaletak 22-8 gainditu dituzte Ezkurdia eta Galartza. | Geldiezina dirudi Elezkano II-Zabaleta bikoteak. Partida bakarra galdu zuten lehen itzulian, eta garaipen batekin hasi dute bigarrena ere: 8-22. Beste zazpi partida geratzen dira oraindik, baina gero eta gertuago dute finalerdietarako sailkatzea. Zailago dute Ezkurdiak eta Ladis Galartzak.
Eibarko Astelena frontoian, hasi eta berehala aurreratu ziren urdinak: 0-5, 1-8... Asmatu ezinda ari ziren Ezkurdia eta Galartza, eta horrek are gehiago animatu zuen Elezkano-Zabaleta bikotea. Atzelaria dejadak egitera animatzeraino.
Zabaleta nagusi zen atzeko koadroetan, eta Elezkanok aurrean baliatu zuen bikotearen lana. Ezker-eskuin mugitu zuen Ezkurdia. Horri defentsa on bat gehituta, gorrien ezintasuna izan zen emaitza. Hala, bigarren atsedenaldi luzerako aldea hamalau tantorena zen: 5-19. Orduan izan ziren gorriak lehen aldiz bi tanto jarraian egiteko gai, baina erreakzio saiakera horrek ez zuen gehiagorako eman. Azken emaitza: 8-22.
Gauzak hala, Elezkano eta Zabaleta sailkapeneko buruan dira, Altuna III-Mariaezkurrena II bikotearekin berdinduta. Ezkurdiak eta Galartzak, berriz, hiru punturekin jarraituko dute, seigarren postuan.
Promozio mailako partidan, Larrazabal-Eskiroz bikoteak 22-21 irabazi zien Arteaga II.ak eta Elizegik osatutakoari. |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/193991/jaurlaritzak-400000-euro-ordaindu-beharko-dizkio-san-mamesen-hildako-ertzainaren-familiari.htm | Ekonomia | Jaurlaritzak 400.000 euro ordaindu beharko dizkio San Mamesen hildako ertzainaren familiari | Duela hiru urte hil zen, tronboenbolismo baten eraginez, Athleticen eta Moskuko Spartaken zaleen arteko istiluetan. Agenteak osasun arazoak eduki arren, Ertzaintzak ez zion lanaldia egokitu, auzitegiak ebatzi duenez. | Jaurlaritzak 400.000 euro ordaindu beharko dizkio San Mamesen hildako ertzainaren familiari. Duela hiru urte hil zen, tronboenbolismo baten eraginez, Athleticen eta Moskuko Spartaken zaleen arteko istiluetan. Agenteak osasun arazoak eduki arren, Ertzaintzak ez zion lanaldia egokitu, auzitegiak ebatzi duenez. | EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Bilboko Gizarte Arloko Auzitegiak aurretik emaniko ebazpena. Eusko Jaurlaritzak 400.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio Inocencio Alonso ertzainaren sendiari.
2018ko otsailaren 22an hil zen Alonso, gaur duela hiru urte, Athleticen eta Spartaken partidaren aurretik San Mameseko zabalgunean gertaturiko istiluen erdian. Ertzainak 51 urte zituen, eta autopsiak ondorioztatu zuen tronboenbolismo baten eraginez hil zela. Lankideek salatu zutenez, agenteari ebakuntza bat egina zioten, eta, halere, ordu luzeko lanaldiak egiten jarri zuten hil aurretik. Ertzaintzaren Brigada Mugikorreko kidea zen Alonso.
EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi duenez, Segurtasun Sailak ez zuen «aurreikusteko lanik» egin, eta «irizpide orokorrak erabili zituen, langilearen egoera bereziari jaramonik egin gabe».
Izan ere, bi urte lehenago giltzurrun bat kendu zioten, eta 2017ko uztailera arte ez zioten sendagiria eman. 2018ko otsailaren 19aren eta 22aren artean, hau da, hil aurreko egunetan, 62 ordu egin zituen lanean. 22an, 14 ordu jarraituko lanaldia egina zuen, lurrera ziplo erori aurretik.
Ebakuntzaren ondoren, bitan azaldu zion Alonsok bere egoera Segurtasun Saileko prebentzio zerbitzuari: ebazpenaren arabera, hitzez eta idatziz eman zion bere osasunaren berri 2017ko otsailean eta apirilean. Beste hitzordu bat ezarri zioten, baina ez zen bilerarik egin, eta ertzaina lanean jarri zuten. Irailean tronbo bat atzeman zioten. Beste tratamendu bat jarri zioten 2018ko urtarrilean.
Hil baino bi egun lehenago egon zen, azken aldiz, erietxean. Ebazpenak nabarmendu duenez, polizian 27 urte igaro arren, Ertzaintzak «11 osasun azterketa» baino ez zizkion egin, eta, azkena, hil baino hamar urte lehenago. |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/193992/malcolm-x-ren-hilketaren-ikerketa-berriz-irekitzeko-eskatu-dute-haren-alabek.htm | Mundua | Malcolm X-ren hilketaren ikerketa berriz irekitzeko eskatu dute haren alabek | Ordu hartan eskubide zibilen aldeko mugimenduan infiltratuta zegoen polizia agente baten gutunak FBI eta New Yorkeko Polizia Departamentua lotzen ditu heriotzarekin. | Malcolm X-ren hilketaren ikerketa berriz irekitzeko eskatu dute haren alabek. Ordu hartan eskubide zibilen aldeko mugimenduan infiltratuta zegoen polizia agente baten gutunak FBI eta New Yorkeko Polizia Departamentua lotzen ditu heriotzarekin. | 1965eko otsailaren 21ean hil zuten Malcolm X ekintzailea. Orain, 56. urteurrena baliatu du haren familiak ikerketa berriz irekitzeko eskatzeko. Adierazi dutenez, FBI Ikerketa Bulego Federala eta New Yorkeko Polizia hilketarekin lotzen dituen «froga berri bat» jaso dute; polizia agente ohi batek hil aurretik utzitako gutuna. Hala, hamarkadetako zalantzen ostean, informazio gehiago eman dezakeen edozein froga «sakonki aztertzeko» exijitu dute.
Aktibistaren alabek azaldu dutenez, Raymond Wood izeneko New Yorkeko polizia agente ohi batek hil aurretik aitortza gutun bat utzi zuen. Gutun horren arabera, agenteak eskubide zibilen aldeko mugimenduan infiltratzeko eta liderrak delituak egitera bultzatzeko agindua jaso zuen. Haren senide batek ezagutarazi du idatzia, eta, adierazi duenez, hiriko poliziak eta FBIk eman zioten agindua, mugimendua «ahultzeko» asmoz. «Deitoragarriak eta nire jende beltzarentzat kaltegarriak izan ziren ekintzetan hartu nuen parte. New Yorkeko Polizia Departamentuaren izenean egin nituen ekintzak beldurraren eta mehatxuen pean eginak izan ziren», aitortzen du gutunean.
2011n idatzitako testuan, polizia agenteak onartzen du «jarduera kriminalen frogak aurkitzea» zuela bere eginbeharra, FBIk mugimenduko kiderik entzutetsuenen «izen ona belztu» zezan eta atxilotu zitzan. Hala, azaltzen du, bere nagusien «zuzendaritzapean», gizarte mugimenduetako kideak delituak egitera bultzatu zituela. Besteak beste, Woodek idatzita utzi zuen Malcolm X-ren bi bizkartzain atxilotzen lagundu zuela, hark Audubon Ballroom antzokian —han hil zuten— emaniko hitzaldia baino egun batzuk lehenago. Haren lana omen zen egun hartan ekintzaileak bizkartzainik ez izatea. Horrez gain, Woodek gutunean adierazten du hilketaren xehetasunak ezkutatu zituela Poliziak.
Malcolm X-ren hilketagatik, Islamaren Nazioa taldeko hiru kide akusatu zituzten, eta heriotza zigorra ezarri zitzaien: Khalil Islam 2009an hil zen, eta Mujahid Aldul Halim eta Muhammad Abdul Aziz baldintzapean aske daude. Malcolm X mugimendu hartako kiderik ezagunenetako bat izan zen, baina hilabete batzuk lehenago utzi zuen taldea, eta zenbait mehatxu eginak zizkioten hainbat kidek.
Kasuak, ordea, ertz gehiago ditu, eta, duela urtebete inguru, Manhattango fiskaltzak adierazi zuen gertatutakoa gainbegiratzen ari zirela, Netflix plataformak zabaldutako dokumental sorta baten ondorioz. Lan horiek zalantzan jarri zituzten zigortutako kideetako biren ustezko egiletzak. Fiskaltza Innocence Project taldearekin bildu zen, orduan. Talde hori AEBetako justizia sistemaren hutsen eta polizia azpijokoen eraginez kartzelatutako lagunen defentsan aritzen da.
Asteburuan, Malcolm X-ren sendiak eginiko agerraldiaren ostean, ikerketak martxan jarraitzen duela jakinarazi du fiskaltzak. |
2021-2-23 | https://www.berria.eus/albisteak/193994/laquoeskua-joan-zaieraquo.htm | Politika | «Eskua joan zaie» | Mikel Zabalza Intxaurrondon torturatuta hil zela baieztatzen duen audio elkarrizketa bat argitaratu du 'Público'-k. Grande-Marlaskak agerraldi bat egin dezala eskatu du Geroa Baik, eta EH Bilduk Espainiako Kongresuan galdetuko dio Pedro Sanchezi. | «Eskua joan zaie». Mikel Zabalza Intxaurrondon torturatuta hil zela baieztatzen duen audio elkarrizketa bat argitaratu du 'Público'-k. Grande-Marlaskak agerraldi bat egin dezala eskatu du Geroa Baik, eta EH Bilduk Espainiako Kongresuan galdetuko dio Pedro Sanchezi. | Gordina da elkarrizketa, Alberto Perote CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako buruaren, eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren artekoa. Bien elkarrizketak baieztatzen du Mikel Zabalza Intxaurrondoko kuartelean hil zela, torturatuta. Elkarrizketa horren transkripzioa argitaratua zuen El Mundo egunkariak, baina sekula entzun gabea zen audioa. Orain, Non dago Mikel? dokumentala egiteko prozesuan, audioa eskuratu dute Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas Pitu dokumentalaren egileek, eta Público egunkariak argitaratu du ahots dokumentua.
Elkarrizketan entzun daitekeenez, Gomez Nietok Peroteri esan zion bere ustez Zabalza galdekatu zutenei «eskua joan» zitzaiela: «Itaunketan bertan gelditu zaie». Perotek galdetu: «Uste duzu Intxaurrondon bertan geratu zaiela?». Eta Gomez Nietok erantzun: «Bai, nire irudipena da galdeketan bihotzekoak emango ziola poltsa buruan jartzearen ondorioz. Hori da nire irudipena. Huts asko egin zituzten: ondoko gelan senideak zeudela galdekatu zuten. Medikuak zioen osasunez gaizki zegoela, azken urtean hiru ebakuntza egin dizkiotela Zabalzari».
Azalpen gehiago ematen dizkio Gomez Nietok Peroteri: «La Madrek dio kaputxarekin ikusi zuela, eta, tira, nik uste dut bertan geratu zaiela. Guri ia bertan geratu zitzaigun herrialdeburua, Martin Barriosen heriotzan parte hartu zuen komandoko burua; ia bertan geratu zitzaigun Pindado kapitainari eta niri». Peroteren zehaztapena: «Baina kaputxarekin». Eta Gomez Nietoren baieztapena: «Kaputxarekin. Momentu batean, arnasten ari dena bere karbono monoxidoa da, eta ito egiten da». Xehetasun gehiago ere eman zizkion: «Tipoa begira genuen, zeren kontu horren mamia ez baita tipoak ez duela ezer ikusten; funtsean, puntu batean murgilduta balego bezala da, bestela ez... kaputxak gardena izan beharra dauka, berak bizitza ikus dezan, eta heriotza sentipena izan dezan».
Bertsio ofiziala eta aitortza
Non dago Mikel? dokumentalean ez dute jaso audioa bera. Otsailaren 23an aurkeztuko dute, eta ostiraletik aurrera egongo da zinema aretoetan. Perotek lehendik esana zuen Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko sarjentu ohiak adierazi ziola Mikel Zabalza Intxaurrondoko kuartelean torturatuta hil zutela. Perotek epaileari 1997an egin zion aitorpena, baina Gomez Nietok ukatu egin izan du. 2004ko bukaeran, El Mundo-ko kazetariek audio artxiboa eskuratu zuten, eta epailearen esku utzi. Ikerketa berriak abiatu zituzten, baina azkenean ebatzi zuten audioak ez zuela nahikoa kalitaterik froga gisa kontuan hartzeko.
Perote CESIDetik bota zuten 1991n. Agiri konfidentzialak lapurtzea leporatu zioten, CESIDeko agiriak. Espetxeratu egin zuten horregatik. Gomez Nieto auzipetu egin zuten Lasa eta Zabalaren auzian, baina 1997an saritu egin zuten, kapitain izendatuta.
Zabalza (Orbaizeta, Nafarroa, 1952 - Endarlatsa, Nafarroa, 1985) 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta haren gorpua hiru aste geroago agertu zen, Bidasoa ibaian, Endarlatsa inguruan. Bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilek Endarlatsara eraman zuten Zabalza, ustezko zulo baten bila, eta ihes egin zuen, Bidasoa ibaira salto eginez.
Erreakzioak
Grabazioa Zabalzearekin hasi dira erreakzio politikoak. Esaterako, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak agerraldia egin dezala eskatu du Koldo Martinez Geroa Baiko senatariak, eta Uxue Barkos koalizioko bozeramaileak iragarri du Nafarroako Gobernuari galdetuko diola zer-nolako jarduerak abiatuko dituen gaiaren inguruan.
EH Bilduk, berriz, galdera bat erregistratu du Espainiako Kongresuan, Pedro Sanchez gobernuburuarentzat: «Espainiako Gobernuko presidente gisa, indar armatuek eginiko torturak aitortzen dituzu?». Ez da EH Bilduren erreakzio bakarra izan. «Guztiok bagenekiena baieztatu da: Mikel Zabalza Intxaurrondoko kuartelean egin zizkioten torturengatik hil zen. Beste milaka euskal herritarrek jaso genituen torturak kuartel horretan. Alde hemendik!», idatzi du Arnaldo Otegi koordinatzaileak.
Mikel Buil Ahal Dugu-ko Nafarroako Parlamentuko bozeramailea ere mintzatu da grabazioaz: «Bagenekien Zabalza Intxaurrondon torturatuta hil zela, baina hunkigarria da Guardia Zibilaren agintariak hainbesteko naturaltasunez entzutea nola gauzatzen zuten tortura hori».
Foro Sozialak, berriz, nabarmendu du grabazioak «beldurgarriak» direla: «Gure herrialdean oso zabalduta dagoen egia sozialari ahotsa jarri diote. Beharrezkoa da estatuak eta garai hartako arduradun politiko eta polizialek, behingoz, egindako kaltea onartzea». |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/193995/martxoaren-8an-zabalduko-dituzte-eskolak-erresuma-batuan.htm | Mundua | Martxoaren 8an zabalduko dituzte eskolak Erresuma Batuan | Murrizketak nola arinduko dituzten iragarriko du Boris Johnson lehen ministroak. Eskolak itxi eta hiru astera, sei lagunerainoko taldeak elkartu ahal izango dira, egoerak hobera egiten jarraitzen badu. | Martxoaren 8an zabalduko dituzte eskolak Erresuma Batuan. Murrizketak nola arinduko dituzten iragarriko du Boris Johnson lehen ministroak. Eskolak itxi eta hiru astera, sei lagunerainoko taldeak elkartu ahal izango dira, egoerak hobera egiten jarraitzen badu. | Uztailaren amaierarako COVID-19aren aurkako lehen txertoa hartuta beharko lukete Erresuma Batuan bizi diren 50 urtetik gorako herritar guztiek. Hori da Londresen asmoa, behintzat. Txertaketa kanpaina ondo doa herrialdean. Azken datuen arabera, egunean 334.000 lagunetik gora txertatzen dituzte, eta kutsatzeek nabarmen egin dute behera: egunean 9.834 kasu berri atzematen dituzte —joan den astean baino 1.138 gutxiago—. Datu horiek aintzat hartuta, murrizketak arintzeko plana aurkeztekoa da gaur iluntzean Boris Johnson lehen ministroa.
Egitasmoa bera ez dute ofizialki aurkeztu, baina Erresuma Batuko komunikabideek aurreratu dituzte puntu nagusiak. Horien arabera, martxoaren 8an zabalduko lituzkete eskolak, eta haiekin batera eskola kirola. Hiru aste geroago, Aste Santuko oporren garaian, gehienez sei pertsonako bilerak baimenduko lituzkete, beti ere aire zabalean; eta apur bat lehenago, martxoaren 29an, kirol profesionalean aritzen direnak hasiko lirateke, besteak beste tenisean eta saskibaloian aritzen direnak.
Nadhim Zahawi txertaketa kanpainako arduradunak baieztatu du kanpaina bide onetik doala: «Ez ginateke murrizketak arintzeaz hitz egiten ariko kanpaina bide onetik joango ez balitz eta txertoek eragina dutela ikusiko ez bagenu». Oposizioak, baina, salatu du eskolak zabaltzerako prest eduki beharko luketela plan bat ikasleei probak egin eta irakasleak txertatzeko. «Ezin ditugu eskolak ireki eta bi astean berriz itxi. Behin irekita, aurrerantzean ere zabalik egongo direla bermatzeko gai izan behar dugu», ohartarazi du Jon Ashworth laboristak. |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/193997/euskal-nazioaren-egoera-aztergai-asteazkenean.htm | Politika | Euskal nazioaren egoera aztergai asteazkenean | Hamaika Gara egitasmoaren lehenengo solasaldian, besteak beste Naziometroaren emaitzak aztertuko dituzte Arkaitz Fullaondok, Xabier Barandiaranek, Roberto Uriartek, Floren Aoizek eta Zelai Nikolasek. 'Berria.eus'-en ikusi ahalko da, zuzenean, 18:30ean. | Euskal nazioaren egoera aztergai asteazkenean. Hamaika Gara egitasmoaren lehenengo solasaldian, besteak beste Naziometroaren emaitzak aztertuko dituzte Arkaitz Fullaondok, Xabier Barandiaranek, Roberto Uriartek, Floren Aoizek eta Zelai Nikolasek. 'Berria.eus'-en ikusi ahalko da, zuzenean, 18:30ean. | Naziometroa: termometro eta iparorratz solasaldia ikusi ahalko da asteazkenean, 18:30ean, Berria.eus atarian eta Hamaikagara.eus webgunean. Horrekin hasiko da Hamaika Gara egitasmoak burujabetza eta erabakitzeko eskubidearen inguruan antolaturiko solasaldi zikloa. Denera zazpi mahai inguru egingo dituzte.
Parte Hartuz ikerketa taldeak eta Telesforo Monzon eLaborategiak eginiko ikerketa da Naziometroa. 1.289 elkarrizketa egin zituzten udazkenean Euskal Herriko lurralde guztietan. Ondorioztatu dutenez, Hiru euskal herritarretik bik (%63k) uste dute beren etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea izan beharko luketela. Euskal Autonomia Erkidegoan, herritarren %64 dira erabakitzeko eskubidearen aldeko; Ipar Euskal Herrian, %58; eta Nafarroan, %63. Sei hilabetetik behin egingo dute galdeketa, horren bidez joerak aztertu ahal izateko.
Solasaldian, galdeketaren ondorioak eta emaitzak laburtuko ditu Arkaitz Fullaondo ikerketaren batzorde zientifikoko kideak. Azalpenak entzun ostean, solasaldia egingo dute Xabier Barandiaran EAJko Euzkadi Buru Batzarreko kideak, Roberto Uriarte Unidas Podemoseko diputatuak eta Floren Aoiz Iratzar fundazioko buruak. Zelai Nikolas Eusko Legebiltzarreko legelariak zuzenduko du eztabaida.
Ekainera arte egingo dituzte zikloko gainerako eztabaidak, hurrenkera honetan:
Martxoak 17: Hizkuntza eta politika. Normalizazioa helburu.
Apirilak 14: Hezkuntza sistema propio eta burujabe baterantz.
Maiatzak 12: Galeusca. Hiru herri erabakitzeko bidean.
Maiatzak 26: Ongizate krisia. Salbuespen egoeraren aurrean, erantzun berri bila.
Ekainak 16: Nork erabakitzen du (eta nork ez)? Gobernantza eredu berri baterantz.
Ekainak 30: Espetxe politika: aro berria, oztopoak eta transferentziak.
«Herri eztabaida» sustatzeko beharra aipatu zuten zikloaren bultzatzaileek aurkezpenean. Han izan ziren Amalur Alvarez (Gure Esku), Mikel Olaiz (OlatuKoop), Ainhoa Olaso (Bilgune Feminista), Koldo Tellitu (Ikastolen Elkartea) eta Martxelo Otamendi (BERRIA). «Burujabetza modu transbertsal batean» landu nahi dutela adierazi zuen Alvarezek.
Maiatzaren 12an, erabakitzeko eskubidearen inguruko mahai ingurua egingo dute: Galeusca: Hiru herri erabakitzeko bidean izenburupean. Marcel Mauri Kataluniako Omnium Culturaleko ordezkariak, Maria Xose Bravo Via Galega taldeko kideak eta Amalur Alvarez Gure Eskuko bozeramaileak hartuko dute parte horretan. |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/193998/omek-gomendatu-du-covid-19aren-lehen-kutsatuaren-aztarnak-sakonago-aztertzeko.htm | Gizartea | OMEk gomendatu du COVID-19aren lehen kutsatuaren aztarnak sakonago aztertzeko | OMEk birusaren jatorria aztertzera bidalitako aditu taldeak ondorioztatu du Wuhango lehen kutsatuarekin harreman zuzena izan zutenen aztarnei sakonago erreparatu behar ditetela. Huanango itsaski merkatua ere aztertzeko gomendatu du, birusaren jatorrian garrantzia izan zuelakoan. | OMEk gomendatu du COVID-19aren lehen kutsatuaren aztarnak sakonago aztertzeko. OMEk birusaren jatorria aztertzera bidalitako aditu taldeak ondorioztatu du Wuhango lehen kutsatuarekin harreman zuzena izan zutenen aztarnei sakonago erreparatu behar ditetela. Huanango itsaski merkatua ere aztertzeko gomendatu du, birusaren jatorrian garrantzia izan zuelakoan. | OMEk koronabirusaren jatorria aztertzeko bidalitako aditu taldea Txinara heldu eta hilabetera, ikerketa argitzea asmo duten gomendioak eman dituzte. Munduan atzeman zuten lehen positiboarekin harremanetan egon zirenen inguruan egindako arakatze lanak «sakonagoak» izan daitezen eskatu dute. Horrez gain, Huanan hiriko itsaski merkatuko dozena bat saltzaileren hornikuntza sareei buruzko informazio gehiago ere eskatu dute, lehen kutsatuak merkatu horretan egondako jendearekin egon zela adierazi baitu.
2019ko abenduaren 8an jakinarazi zuen Txinak birusaren lehen kutsatua. OMEko aditu taldeak aurtengo otsailaren 9an baztertu du birusa laborategi batean sortua izan zela dioen teoria. Baina oraindik jatorriaren bila ari da, eta, horretarako, uste du ikerketaren oinarrizko bi gidalerro direla lehen kutsatuaren harremanak eta merkatuko elikagaien jatorria aztertzea. Izan ere, birusaz kutsatu zen lehen txinatarrak azaldu du ez zuela bidaia exotikorik egin, eta ez zuela izan harremanik aurretik kutsatutako inorekin. Hala ere, bere gurasoak Wuhango produktu freskoen merkatu baten izan zirela adierazi du. Bere gurasoek birusaren proban negatibo eman zutela baieztatu du Peter Daszak OMEko ikerlarietako batek, baina ez zituzten haien kontaktuak aztertu.
Txinaren kudeaketari kritikak
AEBetako CNN telebista katea izan da albistearen berri ematen lehena. Berak elkarrizketatu dituen beste zenbait ikerlari kritiko azaldu dira, Txinak ez duelako abiatu birusaren jatorriaren ikerketarik, eta gehitu dute «harrigarria eta sinesgaitza» dela ikerketarik ez egotea. AEBetako Gobernuak ere salatu du Txinako Gobernuak ez duela «behar besteko daturik» eman birusaren jatorriari eta hedapenari buruz. |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/194000/maskara-garden-batzuk-merkatutik-kentzeko-eskatu-du-kontsumobidek.htm | Gizartea | Maskara garden batzuk merkatutik kentzeko eskatu du Kontsumobidek | Maskara horien ezaugarriak etiketan adierazitakoarekin bat ez datozela ondorioztatu dute. Zehazki, bakterioen iragazketak soilik %15eko eraginkortasuna duela egiaztatu dute, eta enpresak maskara horiek saltzeari utzi beharko dio. | Maskara garden batzuk merkatutik kentzeko eskatu du Kontsumobidek. Maskara horien ezaugarriak etiketan adierazitakoarekin bat ez datozela ondorioztatu dute. Zehazki, bakterioen iragazketak soilik %15eko eraginkortasuna duela egiaztatu dute, eta enpresak maskara horiek saltzeari utzi beharko dio. | Eusko Jaurlaritzako Kontsumo Sailak ohar batean jakinarazi duenez, Kontsumobidek maskara saredun edo gardenen eraginkortasuna aztertu du laborategi batean, gisa horietako maskarek sortutako «zalantzak» argitzeko. Laborategian maskara mota horien arnasgarritasun eta iragazpen baldintzak etiketan adierazitakoarekin bat ote datozen aztertu dute; hau da, BFE Iragazketa Bakterianoen Efikazia eta arnasgarritasunak etiketan adierazitako UNE-0065: 2020 egiaztagiriarekin bat ote datozen aztertu dute. Analisien arabera, aztertutako maskara gardenek o iragazteko duten gaitasuna %15,3 da. Haatik, UNE-0065 arauaren arabera, ezinbestekoa da eraginkortasuna %90 edo hortik gorakoa izatea. Kontsumobidek ondorioztatu du aztertutako maskara gardenek ez dutela araudia betetzen. Produktua fabrikatzen duen enpresarekin bildu da txostenaren emaitzen berri emateko, eta enpresak maskara horiek saltzeari utziko dio. BERRIAk joan den urtarrilean argitaratu zuen maskara gardenen inguruko erreportajean hainbat adituk ohartarazi zuten maskara horiek ez direla seguruak, eta ez dutela balio COVID-19tik babesteko.
Hilaren 12an Espainiako Kontsumo Ministerioak maskara higienikoak merkaturatzeko eta informazioa emateko baldintza berriak zehaztu zituen. Agindu horren arabera, enpresek 30 eguneko epea dute xedapen berrietara egokitzeko, eta epe hori amaituta, Kontsumobidek maskara gardenak aztertzeko kanpaina bat abiatuko du, eta zigorrak ezartzeko ahalmena izango du. |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/194003/espetxeetako-komunikazioen-blokeoa-salatu-dute-etxerat-ek-eta-sarek.htm | Politika | Espetxeetako komunikazioen «blokeoa» salatu dute Etxerat-ek eta Sarek | Hileko azken ostiraleko mobilizazioetan parte hartzera deitu dute. | Espetxeetako komunikazioen «blokeoa» salatu dute Etxerat-ek eta Sarek. Hileko azken ostiraleko mobilizazioetan parte hartzera deitu dute. | Espainiako Estatuko presondegietan dauden euskal presoek ia hilabete daramate komunikazioak eta lekualdatzeak etenda, eta «blokeo» hori salatu dute Patricia Velez eta Joseba Azkarraga Sare plataformako eta Etxerat presoen senide eta lagunen elkarteko bozeramaileek. Bien esanetan, «presoen eta haien ingurukoen eskubideen aurkako benetako erasoa» da hori, baina ohartarazi dute «eskubide urraketa» hori ez dela berria: «Orain dela urtebete alarma egoera ezarri zenetik urratzen dira presoen eskubideak; harrezkero, itxiera perimetralak egon dira, bertan behera utzi dira familiako komunikazioak eta bisitak mintzalekuan. Badira hilabete asko Frantzian eta Espainian preso dauden zuzeneko senideak ikusten ez dituzten adingabeak; etsi egin duten adineko senideak».
Velez eta Azkarragaren iritziz, estatuek «espetxe barruan beste espetxe bat eraikitzea» erabaki dute, espetxeak itxita: «Neurriz kanpokotzat jotzen dugu hori, kontuan hartuta barruko kutsadura maila eta krisiari aurre egiteko modu hau tentsio handia sortzen duela; egoera ahal den neurrian arintzeko neurriak duela denbora asko hartu behar zituztenean».
Gainera, azaldu dute presoak arrisku taldean daudela eta oraindik ere ez dituztela ezarri haien osasuna «ahalik eta gehien» babesteko neurriak, «hala nola, kalitatezko musukoak emanez; kopuru egokian, bai eta txertoa jartzeko orduan presoei ere lehentasuna emanez, funtzionarioei ematen zaien bezala».
Edonola ere, eta izurriaren egoera ere aintzat hartuta, gogorarazi dute egoera «asko hobetuko» litzatekeela «preso asko, osasunerako eta bizitzarako duten eskubideagatik, libre utziko balira». Horien artean aipatu dituzte gaixotasun sendaezinak dituzten hamazazpi presoak, 65 urtetik gora dituzten hemezortziak, hogei urte baino gehiago giltzapean daramatzaten 53 presoak eta zigorraren hiru laurdenak beteak dituzten 60ak.
Horregatik, «eskubideen urraketa desblokeatzeko, espetxeetan espetxe gehiago eraikitzeari utzi eta presoen askatasuna eskatzeko», datorren ostiralean herrietan egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu dute. |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/194004/jaurlaritzak-500-milioi-euroren-finantzaketa-eskainiko-die-ete-ei-eta-autonomoei.htm | Ekonomia | Jaurlaritzak 500 milioi euroren finantzaketa eskainiko die ETE-ei eta autonomoei | Maileguak itzultzen hasteko epea urtebetetik bira luzatu du, eta lautik seira dena itzultzekoa. | Jaurlaritzak 500 milioi euroren finantzaketa eskainiko die ETE-ei eta autonomoei. Maileguak itzultzen hasteko epea urtebetetik bira luzatu du, eta lautik seira dena itzultzekoa. | Koronabirusak eragindako krisiak arrasto sakona utziko duela ikusita, Eusko Jaurlaritzak erabaki du aurten ere finantzaketa lerro berezi bat indarrean jartzea maileguen beharra duten enpresa txiki eta ertainei (ETE), eta langile autonomoei.
500 milioi euroren finantzaketarekin lagunduko du Gasteizko gobernuak, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak azaldu duenez. Horietatik lehen 250 milioi euroak martxoko bilera batean onartuko ditu, eta besteak, aurrerago.
Maileguek Elkargiren bermea izango dute, eta Jaurlaritzak bere gain hartuko ditu sortuko duten interesa eta mailegua egitearen kostua. Iazko finantzaketa lerroarekiko lehen aldaketa interesean gertatuko da: Euriborra gehi %0,5 izan zen 2020koa, eta Euriborra gehi %0,75 orain. Indize hori -%0,505ean dago gaur, eta, hortaz, mailegua ematen duen bankuak %0,25eko interes erreala jasoko du.
Beste aldaketak maileguak itzultzeko epeetan egin ditu Jaurlaritzak. Horrela, urte batetik bira luzatu du gabealdia, hau da, mailegua itzultzen hasteko epea. Amortizazio epea, berriz, lau urtetik sei urtera handitu duenez, enpresek eta autonomoek denbora gehiago izango dutela maileguan jasotako dirua itzultzeko.
Gainera, 2020ko apirilean eta maiatzean abian jarritako finantzaketa programan dirua jaso zutenek aukera izango dute beren mailegua berritzeko.
121,5 milioiren kostua
Programako maileguen interesak eta bermeek 64 milioi euroren kostua izan dute Jaurlaritzarentzat. Horri gehitu behar zaio maileguak finantzatu ahal izateko egin beharreko horniduren kostua: 57,5 milioi eurorena.
Langile autonomoek 5.000 eta 100.000 euro arteko maileguak eskatu ahal izango dituzte; ETE-ek, berriz, 5.000 eta milioi bat euro artekoak.
«Pandemian gehien kaltetutako kolektiboen likidezia eta zirkulatzailea finantzatzeko beharrei azkar eta premiaz erantzutea da helburua», adierazi du Azpiazuk.
Aurreko programari dagokionez, abenduaren 31 arte 725 milioi euroren maileguak eman zituzten, 8.313 eragiketatan. Zenbateko horren %35 industriara bideratu zen 2020an, eta ondoren etorri ziren merkataritza (%24), zerbitzuak (%15), eraikuntza (%10) eta ostalaritza (%8); gainerako %8 garraioetarako, kulturarako eta lehen sektorerako izan zen. |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/194006/positiboen-ehunekoa-465-da-hego-euskal-herrian.htm | Gizartea | Positiboen ehunekoa %4,65 da Hego Euskal Herrian | Azken bi hilabeteetan erregistratutako kasu kopururik apalena izan da Hegoaldean: 360. Dena dela, ohi denez, astegunetan baino proba gutxiago egin dira igandean, eta antzeko mantendu da positiboen portzentajea. | Positiboen ehunekoa %4,65 da Hego Euskal Herrian. Azken bi hilabeteetan erregistratutako kasu kopururik apalena izan da Hegoaldean: 360. Dena dela, ohi denez, astegunetan baino proba gutxiago egin dira igandean, eta antzeko mantendu da positiboen portzentajea. | Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Osakidetzak eta Osasunbideak COVID-19a atzemateko 7.737 test egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian, eta horien %4,65ek eman zuten positibo: 360k, zehazki. Hala, abenduaren 28az geroztik zenbatu den kopururik txikiena da Hegoaldeko osasun agintariek gaur jakinarazitakoa.
Azken datuen arabera, zehazki, Bizkaian 166 kasu zenbatu dira; Gipuzkoan, berriz, 85; Nafarroan, 57, eta Araban, 46.
Bestalde, Hegoaldeko ospitaleen egoerari buruzko informazioa eguneratu dute Nafarroako Osasun Departamentuak eta Jaurlaritzako Osasun Sailak. Herenegun 29 pertsona erietxeratu zituzten COVID-19aren sintomak larriagotuta. Halaber, oraintxe bertan 474 lagun daude ospitaleetako gela arruntetan gaitzarekin, eta 166 daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/194007/dublingo-udalak-oroigarria-jarri-nahi-dio-mussolini-tirokatu-zuen-emakumeari.htm | Mundua | Dublingo Udalak oroigarria jarri nahi dio Mussolini tirokatu zuen emakumeari | Violet Gibson emazteak sudurrean jo zuen diktadore faxista eta Francoren aliatua. Eroetxe batean sartu zuten, hil arte. Irlandako emakumeen historian «dagokion lekua» eman nahi diote oroigarriarekin. | Dublingo Udalak oroigarria jarri nahi dio Mussolini tirokatu zuen emakumeari. Violet Gibson emazteak sudurrean jo zuen diktadore faxista eta Francoren aliatua. Eroetxe batean sartu zuten, hil arte. Irlandako emakumeen historian «dagokion lekua» eman nahi diote oroigarriarekin. | Joan zen astean eginiko proposamenari baiezkoa eman zion Dublingo Udalaren bilkurak, eta horrekin lehen urratsa egin du. Mannix Flynn zinegotziak eskatu zuen Violet Gibsoni oroigarri bat jartzeko hirian. Historian itzalpean ezkutaturiko emakumezko nabarmen horietako bat da Gibson, haren arabera.
1926ko apirilaren 7an, Benito Mussolini diktadore faxistak Erromako Campidoglio enparantza gurutzatu zuen, jarraitzaileen artean. Ordurako, baziren hiru urte agintean zegoela. Inork ez zuen susmatu jende artean zegoen 50 urteko emakume batek, arropan pistola bat zeukala ezkutatuta, eta harri bat, Mussoliniren autoaren kristala hausteko beharra edukiz gero ere. Gibsonek, tiranoari apuntatu, eta tiro egin zuen, baina hark burua mugitu zuen une horretan, eta balak gutxigatik ez zuen jo buruan: sudurrean jo zion. Bertsio baten arabera, emakumearen pistola trabatu egin zen orduan. Beste baten arabera, bi tiro egin ahal izan zituen.
Mussoliniren jarraitzaileek emakumea jipoitzen saiatu ziren, baina Poliziak erreskatatu egin zuen, eta atxilo eraman zuen.
Italiako agintari faxistek emakumea Ingalaterrara estraditatu zuten, ez zutelako epaiketa Italian egiterik nahi, eta emakumea heroi eta martiri bihurtu.
Northamptongo eroetxean —Ingalaterrako erdialdean— sartu zuten emakumea, eta han bizi izan zen 1956. urtean hil arte. Askotan eskatu zuten hura askatzeko, alferrik.
«Bada garaia Violet Gibson plazan aurkezteko, eta Irlandako emakumeen historian eta Irlandako nazioaren eta herritarren historian dagokion lekua emateko», adierazi zuen Flynn zinegotziak eskaeran. Gibson «antifaxista sutsu» gisa deskribatzen du testuak, eta gaineratzen du Erresuma Batuko Gobernuari eta emakumearen familiari komeni zitzaiela hura erotzat jotzea ekintzaile politikotzat jo beharrean. «Auskalo zergatik, Irlandako establishment-ak, eta, noski, Erresuma Batukoak, hura erabat ahaztea erabaki dute. Ausardiarengatik ikaragarri sufritu zuen emakumeak».
Iaz, Violet Gibson, The Irish Woman Who Shot Mussolini filma (Violet Gibson, Mussolini tirokatu zuen emakume irlandarra) estreinatu zuen Barrie Dowdall zuzendariak. «Hura gizonezko batek egin izan balu, estatuaren bat edo zeozer egongo zen jarrita. Baina emakume bat zenez, eroetxean giltzapetu zuten».
Oroigarria jartzeko eskaera Dublingo Udaleko batzorde batera bidali dute, eta han aztertuko dute martxoan. Onartzen badute, litekeena da Dublingo Merrion plazan jartzea oroigarria, Gibsonen txikitako etxean. |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/194008/lan-erreforma-indargabetzeke-dagoela-gogoratu-dute-ela-cig-eta-csc-sindikatuek.htm | Ekonomia | Lan erreforma indargabetzeke dagoela gogoratu dute ELA, CIG eta CSC sindikatuek | Kaleratze kolektiboak errazten dituzten arauak eta nazio bakoitzeko hitzarmenak ahultzen dituztenak salatu dituzte bereziki. Mobilizaziora deitu dute martxoaren 26rako. | Lan erreforma indargabetzeke dagoela gogoratu dute ELA, CIG eta CSC sindikatuek. Kaleratze kolektiboak errazten dituzten arauak eta nazio bakoitzeko hitzarmenak ahultzen dituztenak salatu dituzte bereziki. Mobilizaziora deitu dute martxoaren 26rako. | Martxoaren 25a mobilizazio eguna izango da Euskal Herrian, Katalunian eta Galizian, edo hala nahi dute behintzat ELAk, CIG Galiziako sindikatuak eta CSC Kataluniakoak. Espainiako lan erreforma oraindik indargabetzeke dagoela salatu dute hirurek, eta egun horretan kalera irtengo direla lege aldaketa «martxan jartzeko» asmoz. «Ziurgabetasun ekonomikoan gaude, eta beharrezkoak diren neurriak hartu behar dira», aldarrikatu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak.
Hiru sindikatu subiranistek agerraldi bateratua egin dute, eta, Lakuntzak azaldu duenez, lege erreforma osoa indargabetu ezean, bi puntu dira «kaltegarrienak», eta horietan jarri du arreta: «Kaleratze kolektiboak errazten dituzten neurriak», eta nazio bakoitzeko hitzarmen sektorialak ahultzen dituztenak: «Marra gorri bat da hori. Hitzarmen estatalek baldintzak okertzen dituzte, eta nazio bakoitzeko sindikatuak ez gara mahai horietan egoten».
PSOEri leporatu diote egoera «onartezina» izatea, eta pandemia ezin dela izan, hain zuzen, egin behar ez diren erreformak egiteko «zurigarri» bat. Alde horretatik, martxoaren 25eko mobilizazioez gain bilera sorta hasiko dute; batetik Yolanda Diaz Espainiako lan ministroari eskatuko diote, eta bestetik bere garaian indargabetzeko prest agertu ziren alderdiekin. |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/194009/emakumezkoen-euskal-herriko-itzuliak-bertan-behera-utzi-du-bere-lehen-aldia.htm | Kirola | Emakumezkoen Euskal Herriko Itzuliak bertan behera utzi du bere lehen aldia | Donostiako Klasikoaren lekua hartu behar zuen lasterketa berriak, baina, Tourra egingo ez dela ikusita, Klasikoari eustea erabaki dute. | Emakumezkoen Euskal Herriko Itzuliak bertan behera utzi du bere lehen aldia. Donostiako Klasikoaren lekua hartu behar zuen lasterketa berriak, baina, Tourra egingo ez dela ikusita, Klasikoari eustea erabaki dute. | 2021ak behar zuen emakumezkoen Euskal Herriko Itzuliaren debutaren urtea, baina antolatzaileek jakinarazi dute ez dela halakorik egingo. Donostiako Klasikoaren lekua hartu nahi zuen itzuli berriak, Frantziako Tourrak bere lasterketa Klasikoaren egun beretan jarri eta gero: «Izugarrizko lana egin da itzulia egutegian mugitzeko eta egun kopurua luzatzeko, Itzulia Women sortuz. Hala ere, aurten ez denez Emakumeen Tourra jokatuko, Emakumeen Klasikoari eutsi egingo diogu». Hala jakinarazi du bi lasterketen antolatzaile den OCETA taldeko presidente Julian Erasok.
Gauzak hala, emakumezkoen Donostiako Klasikoa uztailaren 31n egingo dute, gizonezkoen egun berean. Antolakuntzak gauza bera egin zuen duela bi urte ere —iaz ez zen egin, koronabirusaren eraginez—. Lehen aldi hartan, Lucy Kennedyk eskuratu zuen garaipena. Aurtengo saioan ere, gizonezkoen eta emakumezkoen lasterketek ibilibidearen zati bat partekatuko dutela azaldu du Erasok, baina balitekeela aldaketak egitea, duela bi urteko lasterketarekin alderatuz gero. Donostiakoa «txirrindularitzaren festa» izatea espero dute antolatzaileek, eta «osasun arloko neurri guztiak» kontuan izanik prestatuko dutela.
Itzuliari dagokionez, berriz, antolakuntza baikor agertu da, eta esan du agian datorren urtean egiteko «esperantza» dutela. Halere, gakoa aurtengo bera izango da: ea Emakumeen Tourrak eta Klasikoak egutegian bat egiten duten edo ez. «Anbizio handiko» proiektutzat jo du Erasok, eta berretsi lanari ekingo diotela «lortu arte». |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/194010/italiaren-kongoko-errepublika-demokratikoko-enbaxadorea-hil-dute.htm | Mundua | Italiaren Kongoko Errepublika Demokratikoko enbaxadorea hil dute | Luca Attanasio eta karabinero bat erail dituzte NBEren konboi baten aurkako eraso batean, Ipar Kivun, Italiako Atzerri Ministerioak jakinarazi duenez. | Italiaren Kongoko Errepublika Demokratikoko enbaxadorea hil dute. Luca Attanasio eta karabinero bat erail dituzte NBEren konboi baten aurkako eraso batean, Ipar Kivun, Italiako Atzerri Ministerioak jakinarazi duenez. | Italiaren Kongoko Errepublika Demokratikoko enbaxadore Luca Attanasio eta karabinero bat hil dituzte NBE Nazio Batuen Erakundearen konboi baten aurkako erasoan, Italiako Atzerri Ministerioak jakinarazi duenez. Bahiketa saiakera batean gertatu da, Ipar Kivuko Kanyamahoro herriaren inguruan.
Attanasio eta karabineroa Monusco Kongoko Errepublika Demokratikorako Nazio Batuen Misioaren konboi batean zihoazen erasotzaileak agertu direnean. «Eraso basati honen nondik norakoak oraindik ez ditugu ezagutzen. Gertaturikoa argitzeko, ahaleginik xahutu gabe arituko gara», adierazi du Luigi Di Maio Italiako Atzerri ministroak.
Virunga parke nazionalak, berriz, adierazi du beste pertsona bat ere hil dutela; ibilgailuaren gidaria litzateke. Oraingoz, inork ez du bere gain hartu erasoa, eta agintariek ez dute zantzurik eman ustezko egilearen inguruan. Attanasio 2017tik zen Monuscoren burua, eta 2019tik bere herrialdeko enbaxadorea.
Parke nazionala Ipar Kivuren ekialdean dago —7.200 kilometro koadrokoa da—, Ruandako eta Ugandako mugetatik gertu. Talde armatu asko daude eremu horretan, eta erasoak ohikoak dira; iragan hilabetean, esaterako, gorilen sei basozain hil zituzten.
Gainera, Kongoko Errepublika Demokratikoko armadak 2014an hasi zuen lehen erasoaldi handia Ugandako ADF-NALU Indar Demokratikoen Aliantza-Uganda Askatzeko Armada Nazionala miliziaren aurka, eta, ordutik, milaka herritar desplazatuta bizi dira. |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/194011/fiskaltzak-ez-du-ez-herri-akusaziorik-ez-akusazio-partikularrik-nahi-ingurumenaren-aurkako-delituaren-auzian.htm | Gizartea | Fiskaltzak ez du ez herri akusaziorik, ez akusazio partikularrik nahi ingurumenaren aurkako delituaren auzian | Fiskaltzak ez du ez herri akusaziorik, ez akusazio partikularrik nahi ingurumenaren aurkako delituaren auzian. | Zaldibarko zabortegian (Bizkaia) ingurumenaren aurka deliturik egin ote den ikertzeko kausan hainbat entitate herri akusazio gisa onartu zituen Durangoko Instrukzioko 1. Epaitegiak, urtarrilaren amaieran. Baina, BERRIAk jakin ahal izan duenez, fiskaltzak ez du ez herri akusaziorik, ez akusazio partikularrik nahi auzian, eta horren aurkako helegitea jarri du. Verter Recycling 2002 SM zabortegiaren jabeak ere prozedura judizialetik kanpo nahi ditu entitate guztiak, Joaquin Beltran luiziaren ondorioz oraindik desagertuta dagoen langilearen senideak izan ezik. Horiek dira akusazio partikularra.
Hain zuzen, GuraSOS; Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna; Zaldibarko, Ermuko (Bizkaia), Eibarko eta Elgetako (Gipuzkoa) udalak; Interbiak Bizkaia SA sozietatea eta ;Allianz Seguros ;dira herri akusazioak, eta, BERRIAri adierazi diotenez, fiskaltzak eta zabortegiaren jabeak hartutako erabakiaren kontra daude.
Zaldibar Argituk eta Eskubide Sozialen Gutunak joan den astean jakinarazi zutenez, dirua bilduko dute prozedura judizialaren gastuei aurre egiteko. Herritarrengana joko dute laguntza ekonomiko eske, aurrean duten «lan eskergarako» baliabideak lortu nahian. Talde juridikoa eratu dute jadanik, eta lanean hasi da «erantzukizunak» argitu eta «egia eta justizia» erdiesteko.
Bestalde, Sofia Sanchez Ortega instrukzioaren epaileari laguntzaile bat jarri diote. Iturri juridikoek orain aste batzuk BERRIAri esan ziotenez, epaileak aspalditik egina zuen baliabide gehiago edukitzeko eskaera. | |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/194012/josu-urrutikoetxearen-epaiketa-bat-irailaren-13-14ra-gibelatu-dute.htm | Politika | Josu Urrutikoetxearen epaiketa bat irailaren 13-14ra gibelatu dute | 2005-2006ko prozesuagatik ziren gaur-biharretan epaitzekoak, Parisen. | Josu Urrutikoetxearen epaiketa bat irailaren 13-14ra gibelatu dute. 2005-2006ko prozesuagatik ziren gaur-biharretan epaitzekoak, Parisen. | Parisko Dei Auzitegia gaur-biharretan zen Josu Urrutikoetxea epaitzekoa 2005-2006ko bake elkarrizketekin lotuta, baina irailaren 13-14ra gibelatu dute epaiketa. Ez da lehen aldia, hasiera batean iazko urrian zirelako Urrutikoetxea epaitzekoak, baina otsailera atzeratu zuten, osasun egoerak lekukoen presentzia arriskuan jar zezakeelakoan.
2010ean sasian zela egin zioten epaiketa bategatik epaituko dute Urrutikoetxea, etakidetzat jo, eta, ofizialki 2006an hasi ziren elkarrizketak prestatzeko, 2002 eta 2005 bitartean ETArekin harremanak izatea leporatuta. Urrutikoetxeak epaiketa berriro egiteko eskatu zuen, 2019an atzemana izan ondoren.
Parisek beste epaiketa bat ere egingo dio: 2011-2013an Osloko elkarrizketa mahaian ETAren ordezkaritzako kidea izatearen akusaziogatik. Aurten dira egitekoak.
Madrilen eskariz, beste lau auzibide ditu zabalik Urrutikoetxeak. Joan den astean, Herriko tabernen eta Luis Herguetaren aferetan auzipetuko dutela jakinarazi zion Espainiako Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak. Iazko azaroan berretsi zuen Frantziako Kasazio Auzitegiak Urrutikoetxearen Espainiaratzea herriko tabernen auziagatik. Herguetaren kasuan, haren kontrako estradizio eskaera ontzat jo zuen Dei Auzitegiak. |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/194013/lau-pertsona-espainiako-poliziaren-komisariara-eraman-dituzte-deklaratzera-bilbon.htm | Ekonomia | Lau pertsona Espainiako Poliziaren komisariara eraman dituzte deklaratzera Bilbon | Langile Autodefentsa Sareko kideak dira laurak, eta derrigortze delitua leporatu diete. | Lau pertsona Espainiako Poliziaren komisariara eraman dituzte deklaratzera Bilbon. Langile Autodefentsa Sareko kideak dira laurak, eta derrigortze delitua leporatu diete. | Espainiako Poliziak gaur goizean lau pertsona atxiki ditu Bilbon, eta Indautxun duen komisariara eraman ditu deklaratzera. Langile Autodefentsa Sareko kideak dira laurak, eta derrigortze delitua leporatzen diete, Limpiezas Arana garbiketa enpresaren aurka egiten ari diren protesta dela eta.
Enpresa horren lan baldintzak eta «gehiegikeriak» salatzeko hainbat bilkura egin ditu Langile Autodefentsa Sareak, eta larunbatean manifestazio bat egin zuten. Lan baldintzak salatzeaz gain, langile ohi bati dirua zor diola ere salatu dute, eta diru hori emateko eskatu diote protesta horien bidez. Langile ohi hori gaur deklaratzera eraman dituzten lau kideetako bat da.
Laurek uko egin diote Espainiako Poliziaren aurrean deklaratzeari, eta bik jaso dute ostegunean Bilboko epaitegietan deklaratzera joateko deia. Indautxuko komisariaren kanpoaldean 30 lagun inguru egon dira gaur goizean, lauren zain, eta Langile Autodefentsa Sareak bilkura egingo du epaitegiaren aurrean, Albiako lorategian, 11:00etan.
Autodefentsa Sareak BERRIAri adierazi dionez, Limpiezas Arana enpresan lanean ari diren 40 langileak «kontraturik gabe ari dira, lanordu oso aldakorrak dituzte, gaixo egonda lan egitera behartzen dituzte, eta, zerbait gaizki eginez gero, dirua kendu egiten diete». |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/194014/eratu-da-hidrogenoaren-euskal-korridorea.htm | Ekonomia | Eratu da Hidrogenoaren Euskal Korridorea | 78 erakundek egin dute proiektuarekin bat, eta horietatik 58 dira enpresak.1.300 milioi euroko inbertsioarekin, sei urtean zuzenean 1.340 enplegu eta zeharka 6.700 inguru sortzea espero dute. Hidrogenoarentzako gasbidea egin nahi dute Bilboko Portutik Zorrotzaurreraino, ibaiaren azpitik. | Eratu da Hidrogenoaren Euskal Korridorea. 78 erakundek egin dute proiektuarekin bat, eta horietatik 58 dira enpresak.1.300 milioi euroko inbertsioarekin, sei urtean zuzenean 1.340 enplegu eta zeharka 6.700 inguru sortzea espero dute. Hidrogenoarentzako gasbidea egin nahi dute Bilboko Portutik Zorrotzaurreraino, ibaiaren azpitik. | BH2C Hidrogenoaren Euskal Korridoreak mugarri izango duen pausoa eman du gaur Bilbon, Euskalduna jauregian egin den Elkarlanerako Memorandumaren sinadura ekitaldiarekin. 78 erakundek sinatu dute agiria, formalki erakutsiz zer parte hartzea duten proiektu handi honetan. Horietako sei erakundeak dira, hamabi zentro teknologiko eta garapen zentroak, eta gainerako 58ak enpresak dira, proiekturen batean edo batean baino gehiagotan parte hartzeko asmoa dutenak.
BH2C egitasmo handia da, 1.300 milioi euro inguruko inbertsioa egingo baitu 2020 eta 2026 bitartean. Zuzenean gutxienez 1.340 enplegu eta zeharka beste 6.700 sortu nahi ditu. Asmoa da urtean 20.000 tona hidrogeno ekoiztea, eta karbono dioxido isuriak urtero milioi eta erdi tona murriztea.
«Industriaren aldeko apustua da», esan du Emiliano Lopez Atxurrak, «elkarrekin egin beharrekoa». Petronorreko presidenteak azpimarratu du ez dela lan erraza hidrogenoaren inguruko ekonomia bat sendotzea, ahalegina eta bultzada publikoa eskatuko duela. «Ez da marketin distiraldi bat», esan du, «eta ez gara ekonomia finantzarioaz ari». Lopez Atxurraren arabera, «kontziente izan behar dugu kokapen geografiko pribilegiatua dugula. Atlantikoko euroerregio baten ardatz teknoindustriala gara».
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuak ere azaldu du Euskal Hidrogenoaren Korridorea Europan gertatzen ari den mugimenduaren parte gisa ulertu behar dela. Europako funtsetarako hautagai sendoa da BH2C, «eta hortik dirua badator, ondo etorriko da aurrera bizkorrago egiteko, baina «egin egingo da, dirurik ez badator ere».
Hala ere, Europako funtsen inguruan baikortasunerako arrastoak eman ditu Raul Blanco Espainiako Industriako idazkari nagusiak, bideo bidez egin duen hitzaldian. Haren ustez, Euskal Korridorea «mugarri bat» da, eta «lehen lerroan» egongo da, «hurrengo urteetan eta hilabeteetan Errekuperazio, Eraldatze eta Erresilientziarako Planaren esparruan gertatuko den guztian. |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/194015/proiektuen-zerrenda-zabala.htm | Proiektuen zerrenda zabala | Proiektuen zerrenda zabala. | Oraindik itxi gabeko zerrenda da. Hidrogenoaren korridorearen egitasmora «aktiboki»78 erakunde batu dira dagoeneko, baina BH2Cren koordinatzaile Jose Ignacio Zudairek azaldu duenez, beste 50 bat enpresa «gogoeta fasean» daude oraindik, haien estrategietan hidrogenoa garrantzitsua izan daitekeen aztertzen.
Momentuz 34tik gora proiektu zehatz batzen ditu BH2Ck, eta hein handi batean guztiak daude elkarlotuta, baita enpresa eta erakundeen parte hartzeak ere.
Hidrogeno ekoizpena
Petronorren beraren hiru proiektu handiak daude korridorearen proiektuaren atal horretan: hidrogeno berriztagarriaren ekoizpena, bai elektrolisi bidez (hiru elektrolizagailurekin), bai hondakinen pirolisi bidez. Eta erregai sintetikoen ekoizpena frogatzeko lantegia. Elektrolizagailuak Muskizko findegian egongo dira, beste bi plantak, berriz Bilboko portuan.
Mugikortasuna eta banaketa
Ibilgailuentzako hidrogenoaren banaketarakoa abiaburua Abantoko parkean egongo litzateke, non hidrogeno kargaleku bat jarriko luketen, «gero beste lurraldeetan kokatuko liratekeen hiru kargaleku zerbitzatzeko asmoarekin». Aldundiek hidrogenozko autobusak erosiko dituzte.
Abantoko kargalekuaren proiektua, gainera, laborategi modukoa ere izango da, presio handiaren teknologiaren faseen entsegurako. Bilboko portuan egongo da mugikortasun eta banaketari lotutako korridorearen beste gune garrantzitsua, asmoa delako itsasontzien argindarra hornitzea, hidrogenozko erregai pilak eta hidrogenoa bera erabiliz. Aireportuan ere badago proiektua, hango makineriak erregai pilak erabiltzeko. Eta Loiun ere aukera aztertu nahi dute, aire lineek erregai sintetikoak erabiltzeko hasteko.
Industriaren eta berokuntzaren deskarbonizazioa
Petrolioa fintzeko prozesua deskarbonizatzen joan nahi du Petronorrek, hidrogeno berdearekin eta pirolisitik aterako emisio txikiko hidrogeno berriztagarriarekin. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gas sarearen deskarbonizaziorako plan estrategiko bat ere egingo du Energiaren Euskal Erakundeak, hain zuzen, hidrogenoak horretarako ematen dituen aukerak aintzat hartuta. Elektrolisi bidez ekoitzitako hidrogenoaren konpresioa egin eta hura pieza sinterizatuen ekoizpen prozesuan erabiltzeko modua ere aztertuko du beste proiektu batek.
Azpiegiturak
Zudaireren hitzetan, hau da Korridorearen «parte fisikoa», beste beste, tutueria berriak aurreikusten direlako hidrogenoarentzat, kanalizazio bat lotzeko Petronorren findegia, Abantoko parke teknologikoa, Bilboko Portua eta Zorrotzaurre, non hidrogenoaren etxebizitzetarako erabilpenak aztertu nahi dituzten.
Hidrogenoak gas banaketarako sareetan izan dezakeen portaera aztertzeko proiektu bat ere badago, besteak beste, nola nahastu daitezkeen gasak eta hidrogenoa.
Garapen teknologikoa eta industriala
Zerrenda honetan dauden BH2Cko egitasmoen ia erdia, 17 egitasmo. Elektrolizagailuen fabrika handi bat; industria aplikazioetarako belaunaldi berriko elektrolizagailuen garapena eta eskalatzea; tokian hidrogenoa ekoizteko sistemak garatzea; bioerregaietarako erreformagailu bat, metanotik hidrogenoa sortzeko (adibidez itsasontzietan); hidrogenoa garraiatzeko proiektuak; ibilbide luzeetarako erregai piletan oinarritutako autobusak; trenak, ibaietarako itsasontziak; hidrogenoaren aplikazioak altzairugintzan, eta aplikazioak labe industrialetan...
Ekinbide eragileak
Hidrogenoaren Euskal Korridorea ekimenean erreferentzia dauden Abantoko Parke Teknologikoa, Energiaren Klusterreko Hidrogenoaren Sektore Foroa, Hidrogenoaren Zentro Teknologiko birtuala eta Hidrogenoari buruzko ikastegia ere. Korridorearentzako oso garrantzitsua izan daitekeen tresna bat, hori bai, azterketa fasean dago oraindik: Hidrogenoaren Haranaren Garapenerako Funtsa, zeina tresna finantzatzaile bat litzatekeen batez ere enpresa ertain eta txikiei euren proiektuekin laguntzeko | ||
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/194016/erakundeak-eta-enpresak.htm | Erakundeak eta enpresak | Erakundeak eta enpresak. | ERAKUNDEAK
BILBOKO UDALA
ENARGI ARABA
EVE
GARBIKER
LURRALDEBUS
MUBIL
EUSKADIKO PARKE TEKNOLOGIKOAK
BILBOKO PORTU A
EZAGUTZA ETA TEKNOLOGIA ZENTROAK
CENTRO NACIONAL DE H2
CF SOMORROSTRO
CIC ENERGIGUNE
CIDETEC
ENERGIAREN EUSKAL KLUSTERRA
EUSKAL ITSAS FOROA
FUNDACIÓN HIDRÓGENO DE ARAGÓN
TEKNIKER FUNDAZIOA
IKERLAN
MONDRAGON UNIBERTITATEA
TECNALIA
EHU
ENPRESAK
AENA
AERNOVA
AJUSA
ALSA
AMPO
ARCELORMITTAL OLABERRIA-BERGARA.
ARIZAGA BASTARRICA Y CÍA, S.A
ASTILLEROS DE MURUETA, S.A.U.
AVANZA
BALEARIA
BEFESA ALUMINIO, S.L.
BILOGISTICS
CAF
CALDERYS
CALVERA
CELSA
COMPAÑÍA DE REMOLCADORES IBAIZABAL
DNV GL SERVICES SPAIN
EDAIR
ENAGAS
ERREKA
FIDEGAS
GHI
GIROA-VEOLIA
H2SITE
IDOM
INGETEAM, S.A
INTEGRALIA MOVILIDAD SLU
INTERNACIONAL HISPACOLD, S.A.
IRIZAR
IRIZAR EMOBILITY
JEMA ENERGY, SA
LECITRAILER
MFS
NAVIERA MURUETA S.A.
NIPPON GASES ESPAÑA, S.L.U.
NORTEGAS
OLIVER DESIGN
OPTIMUS 3D
ORKLI
PETRONOR
PINE INSTALACIONES Y MONTAJES, S.A.
REPSOL
REPSOL MOVILIDAD
REPSOL TECHNOLOGY LAB
SAUDI ARAMCO
SARRALLE
SENER
SIDENOR ACEROS ESPECIALES S.L.U.
SIEMENS
SKANDIAVERKEN, S.L.U.
SOLARIS-CAF
TALGO
TCR GROUP
TECNICAS REUNIDAS
TUBACEX, S.A
TUBOS REUNIDOS
WARTSILA | ||
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/194017/epaileak-espetxera-bidali-du-azagran-bikotekideari-eraso-egin-zion-gizonezkoa.htm | Gizartea | Epaileak espetxera bidali du Azagran bikotekideari eraso egin zion gizonezkoa | Epaileak hilketa delituak, etxeko indarkeria, bortizkeria matxista, lesioak eta tratu txarrak egotzio dizkio erasotzaileari. Emakumezkoa Nafarroako Ospitalean dago, «oso larri». | Epaileak espetxera bidali du Azagran bikotekideari eraso egin zion gizonezkoa. Epaileak hilketa delituak, etxeko indarkeria, bortizkeria matxista, lesioak eta tratu txarrak egotzio dizkio erasotzaileari. Emakumezkoa Nafarroako Ospitalean dago, «oso larri». | Joan den larunbatean, Foruzaingoak gizonezko bat atxilotu zuen Azagran (Nafarroa), bikotekideari «bortizki» eraso egitea leporatuta, eta Lizarrako Lehen Auzialdiko eta 2. Instrukzio Epaitegiko epaileak behin-behineko espetxe zigorra ezarri dio. Epaileak hilketa delitua, etxeko indarkeria, bortizkeria matxista, lesioak eta tratu txarrak egotzi dizkio erasotzaileari. Hala ere, helegitea jartzeko aukera dago.
Emakumezkoa Nafarroako Ospitalera eraman zuten erasoaren ondorioz, helikopteroz, eta jakinarazi dute «oso larri» dagoela. Zehazki, gizonezkoak eman zuen erasoaren berri; Lizarrako polizia etxera joan zen, bikotekidea hil zuela uste baitzuen. |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/194018/aita-mari-ontziak-erreskatatutakoak-porturatu-dituzte-italian.htm | Gizartea | 'Aita Mari' ontziak erreskatatutakoak porturatu dituzte Italian | 102 migratzaileek berrogealdia egin beharko dute ferry batean, Augustako portuan | 'Aita Mari' ontziak erreskatatutakoak porturatu dituzte Italian. 102 migratzaileek berrogealdia egin beharko dute ferry batean, Augustako portuan | Aita Mari itsasontziak joan den ostiralean Mediterraneoko uretan erreskatatutako migratzaileak porturatzeko baimena eman dute Italiako agintariek, eta horiek porturatzen hasi dira, gaur eguerdian, Augustan, Siziliako kostaldean. 102 dira guztira. Itsas Salbamendu Humanitarioa GKE gobernuz kanpoko erakundearen arabera, etorkinak portuan dagoen ferry batera eramango dituzte, bertan berrogeialdia egin dezaten. Behin operazioa bukatuta, Italiako agintariek esandakoari jarraituko dio euskal GKEaren ontziaren eskifaiak.
Italiako agintariek larunbat gauean jakinarazi zioren Aita Mari-ri erreskatatutakoak Augustan porturatu zitzakeela, baina, gaur arte, ez dio horretarako baimenik eman. Atzo, nolanahi ere, bi migratzaile ebakuatu zituzten: itsasoko uraren eta erregaiaren arteko nahasketaren ondorioz, erredurak zituzten azalean.
Itsas Salbamendu Humanitarioaren ontziak egurrezko ontzi batetik erreskatatutako migratzaileen erdiak adingabeak dira, eta tartean daude zortzi hilabeteko haur bat eta haurdun dauden bi emakumezko. Somaliarrak dira gehienak. COVID-19aren aurkako neurriek ezarritako protokoloei jarraituz, antigeno testak egin dizkiete denei, eta hamahiruk eman dute positibo. Azken orduetan bakartuta eduki dituzte ontzian.
Aita Mari ontzia joan den otsailaren 12an abiatu zen Adratik (Almeria, Espainia). Ontzia hilaren hasieran zen handik Libiako kostaldera abiatzekoa, baina ezin izan zuen itsasoratu, «ikuskaritza zorrotzak» egin zizkiotelako. |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/194019/baionako-prokuradoreak-ikerketa-hasi-du-su-bidezko-suntsiketagatik.htm | Gizartea | Baionako prokuradoreak ikerketa hasi du su bidezko suntsiketagatik | 792 hektarea erre ditu Lapurdin asteburuan izandako suteak. Azkainen eta Biriatun bi borda eta etxebizitza bat kiskali dira. | Baionako prokuradoreak ikerketa hasi du su bidezko suntsiketagatik. 792 hektarea erre ditu Lapurdin asteburuan izandako suteak. Azkainen eta Biriatun bi borda eta etxebizitza bat kiskali dira. | Asteburuan Larhun mendiaren aldean izandako suteen jatorria aztertzeko ikerketa abiatu du Baionako Jerome Bourrier prokuradoreak, su bidezko suntsitzeagatik. Baionako Jendarmeriaren esku utzi dute afera. Bourrieren arabera, suteak jasan dituzten Lapurdiko herrietako auzapezek ez dute oraindik salaketarik jarri, baina Urruñako eta Azkaineko (Lapurdi) herriko etxeek salaketa ezartzeko asmoa dute; datozen egunetan erabakitzekoa dute zer prozedura eginen duten zehazki.
Baionako Philippe Le Moing-Surzur suprefetak baieztatu du guztira 792 hektarea erre zituela suteak. Lau sute berezi dituzte Lapurdin. Biriatu (Lapurdi) eta Urruña artekoa Nafarroatik etorritako txinpartek piztu zutela erran du: sute horrek borda bat kiskali zuen Biriatun, larunbatean. Beste hiru suteak Azkaine eta Ziburuko herrietan gertatu ziren, baina oraindik ez dakite nola piztu ziren. Horietako batengatik arditegi bat eta etxebizitza bat erre ziren, Azkainen. Larunbatean, orotara, 200 bat pertsona sokorritu zituzten suhiltzaileek: horietako 40 bat Ibardingo bentetatik, eta beste 150 bat ibiltari, Larhundik.
Le Moing-Surzurek adierazi du oraingoz Baionako Jendarmeriaren esku dagoela aztertzea ea laborantza suteak egiteko baimen eskaerarik pausatu zen astebururako. Izan ere, mendiko laborantza suteak egiteko, herriko etxearen eta suhiltzaileen baimena lortu behar da. Prefeturak ez du debekurik ezartzen, eguraldiak hala eskatzen ez badu. Halere, larunbatean izandako haize ufadengatik eta larunbat goizean piztutako suteengatik hartu zuen horiek debekatzeko erabakia, larunbat eguerdian. Suhiltzaile eta Urruñako axuanta den Nikolas Regeratek azaldu duenez, ordea, ez zen mendiko laborantza surik iragarririk iragan astebururako. Horrenbestez, «zantzu guztiek adierazten dute gizabanakoak nahitara eragindakoa» izan zela.
Regeratek azaldu du suhiltzaile profesional eta boluntarioak mobilizatu behar izan zituztela asteburuan. Ipar Euskal Herrikoez gain, Landetako eta Pirinio Garaietako langileak etorrarazi zituzten, suhiltzaile taldea suaren handitasunera egokitze aldera. Horiek horrela, suhiltzaileak larunbat goizetik igande gauera arte izan ziren lanean. Izan ere, Regeratek baieztatu du larunbat gauerako sutea ia itzalia zegoela, baina kontrolatzeko zailak ziren hainbat lekutan iraun egin zuela. Gauean haizeak egin zuen lanaren ondorioz, igandean bazen oraindik zer itzalia. Horretarako, laurogei suhiltzaile izan ziren igandean mendiak zaintzen, arratsaldeko zazpiak inguruan sutea itzalitzat eman zuten arte.
Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiek egoeraren bilana egiteko prentsaurrekoa eginen dute bihar arratsaldean. Battitta Laborde mendien ardura duen elkargoko hautetsi eta Sarako (Lapurdi) auzapeza, Eneko Aldana Ziburuko auzapeza, Filipe Aramendi Urruñako auzapeza, Solange Demarcq-Egiguren Biriatukoa, eta Jean Louis Fournier Azkainekoa izanen dira bertan. |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/194020/jaurlaritzak-diru-laguntza-gehiago-iragarri-ditu-kulturgileentzat.htm | Kultura | Jaurlaritzak diru laguntza gehiago iragarri ditu kulturgileentzat | Iaz 150.000 euro eman zizkien museoei, euskal artisten lanak erosteko. Horri esker, Gasteizko Artiumek, Donostiako Tabakalerak eta Bilboko Arte Ederren Museoak 24 artistaren 42 obra eskuratu dituzte. | Jaurlaritzak diru laguntza gehiago iragarri ditu kulturgileentzat. Iaz 150.000 euro eman zizkien museoei, euskal artisten lanak erosteko. Horri esker, Gasteizko Artiumek, Donostiako Tabakalerak eta Bilboko Arte Ederren Museoak 24 artistaren 42 obra eskuratu dituzte. | Eusko Jaurlaritzak diru laguntza gehiago iragarri ditu kulturgileentzat. Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, Gasteizko Gobernuak 13 milioi euro jarriko ditu sektorearen eskura pandemiak eragindako kalteei aurre egiteko. Zehaztu duenez, Kultura Sailak 23 deialdi aurkeztuko ditu aurki horri lotuta. 1.100.000 euro autonomoentzat, enpresentzat eta erakundeentzat izango dira.
Pasa den urtean 4,5 milioi euro jarri zituen Jaurlaritzak sortzaileei nahiz enpresa txiki eta autonomoei laguntzeko, eta beste 150.000 euro eman zizkien museoei, bizirik dauden euskal artisten lanak erosteko. Horri esker, hain zuzen, Gasteizko Artium museoak, Donostiako Tabakalera zentroak eta Bilboko Arte Ederren Museoak 24 sortzaileren 42 obra eskuratu dituzte. Gaur aurkeztu dute bilduma partekatu hori, Gasteizen, eta bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta hiru museoetako arduradunak.
Hiru erakundeek elkarrekin kudeatu dute erosketa prozesua, eta iazko bigarren seihilekoan eskuratu zituzten lanak. Hautatutako piezen artean margolanak, eskulturak, bideoak, instalazioak, marrazkiak eta lan grafikoak daude: 34 artelanek eta edizio grafikoko 8 alek osatzen dute funtsa. Obrak Artium museoaren bildumaren parte izango dira aurrerantzean, eta bilduma partekatuak epigrafean katalogatuko dira. Museoan bertan gordeko dira. Lorea Alfaro, Gerardo Armesto, Txaro Arrazola, Gema Intxausti, Maider Lopez, Alex Mendizabal, Ediciones Lataller eta Lucia Onzain artisten obrak dira, besteak beste.
Artelanak aukeratzerakoan hainbat irizpide hartu dituzte kontutan, Jaurlaritzak adierazi duenez: hala nola artistek «interesa» izatea hiru museoen programetan; segmentu eta ibilbide desberdinei arreta ematea; adin guztietako sortzaileak izatea, eta genero aldetik parekoak izatea; lanak oraintsukoak nahiz zaharrak izatea; eta arte sistema osatzen duten galeria eta beste eragile batzuekin ere lan egitea. Modu horretan, museoei ez ezik, sortzaileei eta bestelako eragileei ere lagundu nahi izan diete.
Laguntzak, «lehenbailehen» Lehendakariaren hitzetan, «berritzailea eta ikusgarria» da ekinbidea. «Aurkezten dugun mezenasgo publikoko jarduera hau kulturaren eta artearen aldeko ahalegin kolektiboaren eta determinazioaren adibide bat da», adierazi du. Eta eskerrak eman dizkie hiru museoko arduradunei, krisi garaiotan pandemiaren ondorioak nozitzen ari diren esparruei «leiho bat» zabaltzeagatik.
Halere, koronabirusak eragindako krisiak kultur sektorean uzten ari den arrastoa ikusita, lehendakariak adierazi du Jaurlaritzak «lehenbailehen» zabaldu nahi duela laguntza lerro berria. Erantsi du eskatzaileei «erraztasun gehiago» eman nahi dizkietela laguntzak jaso ahal izateko; azaldu duenez, jaso beharreko kopuruaren hiru laurdenak laguntza esleitzerakoan ordainduko zaizkie.
Urkulluk azpimarratu du Jaurlaritzaren xedea «ahal den guztia» egitea dela, kultur ekoizpena suspertu eta aurrez aurreko jarduerari eutsi ahal izateko, eta antzokiek, museoek, liburutegiek eta artxiboek irekita jarrai dezaten. «Osasun krisiaren eta pandemiaren ondorio ekonomikoak eta sozialak gainditzeko ezinbesteko lanabesa da kulturgintza. Garapen ekonomikoaren eta sozialaren eredu orekatu eta iraunkor bat lortu nahi badugu, nahitaezko bidelagun izan behar ditugu kulturgintza, kultur ondarearen zaintza eta bere zabalkundea», adierazi du. |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/194021/boeingek-gomendatu-du-777-modeloko-128-hegazkin-lurrean-uztea.htm | Mundua | Boeingek gomendatu du 777 modeloko 128 hegazkin lurrean uztea | Hiru aire konpainiak utzi egin diote mota horretako airekoak erabiltzeari, larunbatean AEBetan motor batean su hartu zuen zuen hegazkinaren kasua argitu arte. Azken bi urteak beltzak izan dira enpresarentzat. | Boeingek gomendatu du 777 modeloko 128 hegazkin lurrean uztea. Hiru aire konpainiak utzi egin diote mota horretako airekoak erabiltzeari, larunbatean AEBetan motor batean su hartu zuen zuen hegazkinaren kasua argitu arte. Azken bi urteak beltzak izan dira enpresarentzat. | Ustekabe beldurgarria eduki zuten joan zen larunbatean Denverko aireportutik (AEBetan) aireratu ziren bidaiariek. Boeing 777 hegazkinaren motorretako batek su hartu zuen. Lurrean zeuden asko ere izutu egin zituen gertakariak, motorretako pieza batzuk hiriko hainbat auzotako etxeen artean erori baitziren. Zorionez, pilotuek beste motorra erabili ahal izan zuten hegazkina berriz aireportura eramateko, eta inork ez zuen minik hartu gertaeran. 231 bidaiari zeramatzan hegazkinak, eta horietako batek bideoan hartu zuen sutea.
Konpainiak berak gomendatu du mota horretako motorrak dituzten 777 hegazkin guztiak lurrean uzteko, ezbeharraren arrazoiak argitu arte. Konpainiaren arabera, 128 hegazkin dira denera. AEBetako United Airlines konpainiak eta Japoniako bi hegazkin konpainia nagusiek erabaki dute motor hori daukaten 56 hegazkin ez erabiltzea.
«Ikertzen ari diren bitartean, gomendatzen dugu ez erabiltzeko Pratt & Whitney 4000-112 motordun hegazkinak, lanean ari diren 69, eta gordeta dauden beste 59», adierazi du konpainiak.
Hegazkinaren turbinako pieza bat etxe batzuen ondoan erori zen larunbatean. Broomfield Police Department / H / EFE
Larunbatean bertan beste ezbehar bat eduki zuen Boeingen hegazkin batek, baina Herbehereetan. Masstricheko aireportutik aireratu zen Boeing 747-400 zama hegazkinaren zatiak askatu eta Meerssen herriaren gainera erori ziren. Kalteak sortu zituzten, eta emakume bat zauritu. New Yorkera joateko aireratu zen hegazkinak Pratt & Whitney motorrak zituen, AEBetan hondaturikoa baino modelo txikiago batekoak. Herbehereetako istripuan ere turbinaren palak izan ziren protagonistak. Metalezko puskek autoak eta etxeak kaltetu zituzten.
Boeingen urte beltzak
Hegazkinak eraikitzen dituen AEBetako konpainiarentzat beste kolpe bat da larunbatean gertaturikoa. Izan ere, 2018 eta 2019 urteen artean, bost hilabeteko tartean, bi istripu eduki zituzten enpresaren 737 Max 8 hegazkin modelo berriek. 2018ko urrian 189 pertsona hil ziren mota horretako hegazkin bat itsasora erori zenean, Indonesian. Hurrengo urtean beste bat amildu zen Etiopian, eta beste 157 pertsona hil ziren. Zenbait ikerketaren arabera, hegazkinaren MCAS sistema informatikoak eragin zituen istripuak. Teorian, pilotuei hegazkina gidatzen laguntzeko jarri zituzten sistema horiek. Ikertzaileek uste dutenez, konpainiak ez zituen ongi kalibratu.
Boeingek 2017an sortu zituen modelo berriok, eta horietako 358 hegazkin zebiltzan hegan munduan, aire konpainiek horiek erabiltzeari utzi arte.
Boeingek galera handiak eduki zituen Wall Streeten. Konpainiaren zuzendaritzak espero zuen modelo horiek diru sarreren %33 ekartzea hurrengo bost urteetan. Izan ere, 4.636 hegazkin egiteko eskaera zeukan.
Azkenean, 18 hilabete lurrean egin ondoren, hegazkinak erabiltzea onartu zuten, sistema informatikoak doitu ostean. Edonola ere, konpainiak salaketa askori egin behar izan die aurre auzitegietan.
Horri gehitu behar zaio hegazkingintzaren industria, oro har, krisi handia pairatzen ari dela, koronabirusaren pandemiak aire garraioa asko murriztu baitu azken urtean, mundu osoan. |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/194022/lab-elak-uko-egin-dio-autodeterminazioa-gauzatzeko-estatuarekin-liskartzeari.htm | Ekonomia | LAB: «ELAk uko egin dio autodeterminazioa gauzatzeko, estatuarekin liskartzeari» | Eremu pribatuan «patronalarekin ere liskartzeari uko egin dio ELAk», sindikatu abertzalearen arabera. Oso haserre azaldu da lan erreformaren aurkako borrokan, Euskal Herriak, Galiziak eta Kataluniak iaz egindako adierazpenetik «baztertu» duelako ELAk. | LAB: «ELAk uko egin dio autodeterminazioa gauzatzeko, estatuarekin liskartzeari». Eremu pribatuan «patronalarekin ere liskartzeari uko egin dio ELAk», sindikatu abertzalearen arabera. Oso haserre azaldu da lan erreformaren aurkako borrokan, Euskal Herriak, Galiziak eta Kataluniak iaz egindako adierazpenetik «baztertu» duelako ELAk. | LABekin adostutako «beste elkarlan eremu bat» hautsi du ELAk, sindikatu abertzaleak salatu duenez, ohar batez bidez: «Lan erreforma baliogabetzeko ahaleginetik LAB baztertu egin du ELAk; Euskal Herria, Katalunia eta Galiziako lau sindikatu subiranistok joan den urtean eginiko adierazpenaren garapena zapuztu du». Gaur, lan erreforma indargabetzeko ekitaldi bat egin dute ELA, CIG eta CSC sindikatuek, eta mobilizazioetara deitu dute.
Garbiñe Aranburu idazkari nagusi duen sindikatuak azaldu du ez dela erabaki bat besterik gabe; «aitzitik, azken hilabeteotan LAB-ELA elkarlanaren kontrako hainbat erabaki hartu ditu. Bere eredua eta erabakiak inposatu nahi ditu, eta, hori egin ezin duenean, aldebakarreko erabakiak hartzen ditu, edo LAB ekimen batetik kanpo uzten du».
ELAren jokaera hori «ohiko» bilakatzen ari dela dio LABek. Izan ere, sindikatu abertzaleak uste du jokabide horrek euskal langileen interesei kalte egiten diela, elkarlana sendotzearen alde egin behar den honetan. LABen ustez, bi aldagai daude ELAren jarreraren atzean. «Lehena da eremu publikoan eta azpikontratatuan bai, baina eremu pribatuan patronalarekin liskartzeari uko egin dio ELAk». Sindikatu abertzaleak esplikatu du iazko urtarrilaren 30eko greba orokorraren harira, Confebaski eta CENi elkarrekin exijitu ziotela 1.200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lan astea, emakumeen aurkako soldata arrakalaren ezabaketa eta subrogaziorako bermeak, besteak beste. «Beren ezezkoen aurrean mobilizazio berriak antolatu ordez, Adegirekin eta Confebaskekin elkarlan giroa sustatu du ELAk».
«Confebask eta ELAk harreman onak dituzte»
Elkarlan giro horren adibide batzuk aipatu ditu LABek: Aldi Baterako Erregulazio Espedienteen osagarriak eta Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena, «borrokarik gabe sinatua». Hala, LABek leporatu dio ELAri oso harreman onean dagoela patronalarekin: «Confebasken eta ELAren arteko harreman on hauek baieztatu dituzte erakunde bietako bozeramaileek». Kexu da sindikatu abertzalea, enplegu duinaren aldeko borroka indartzeko bere proposamenak bazter utzi dituelako gehiengo sindikalaren beste hankak. «Urtarrilean, enplegua defendatzeko harresi bat osatzea proposatu genion hala ELAri eta gainontzeko sindikatuei. Baina ELAk uko egin dio behin eta berriro borroka elkarrekin egiteari».
Bi sindikatuen arteko elkarlana baztertzeko, berriz, ELAk zein beste arrazoi izan lezakeen ere esplikatu du LABek: «ELAk uko egin dio Euskal Herriaren autodeterminazio prozesua gauzatzeko beharrezkoa den Estatuarekiko konfrontazio demokratikoa sustatzeari. 2017ko irailean, aldaketa soziala ahalbidetuko duen burujabetza prozesuaren alde egin genuen bi sindikatuok, baina adierazpena plazaratu eta gutxira utzi zuen bertan behera ELAk, koiuntura politikoa desegokia zela argudiatuta. Ordutik koiuntura politikoa aldatu den arren, ez da sumatzen ELAren aldetik adierazpen hartan hartutako konpromisoei heltzeko inolako interesik».
Jarrera hori aspaldikoa dela ere erantsi du LABek. «Zoritxarrez, horrela izan da azken hamarkada honetan: koiuntura politikoak aldatu dira, aldatu direnez, baina ELArentzat, ez da inoiz heldu une egokia autodeterminazio prozesuaren aldeko konpromisoak hartzeko. Are, euskal harremanetarako eta babes sozialerako esparruaren aldarrikapenak gero eta leku gutxiago dauka ELAren diskurtsoan». ELA Madrilera begira dagoela ere gaineratu du Garbiñe Aranburu idazkari nagusi suen sindikatuak, «langileen interesak bertatik defendatuko dituelakoan».
Horregatik, guztiagatik, LABek uste du «ELAk ez duela inolako asmorik egungo marko juridiko-politikoaren mugak gaindituko duen ekimenik sustatzeko». Sindikatu abertzaleak «beharrezkotzat» jo du euskal langileriak eta Euskal Herriak egoera zein den jakitea. «Hala ere, LABek ez du amore emango eta elkarlana garatzeko ahaleginean jarraituko du, posible den eremuetan, bai ELArekin baita bestelako euskal eragile sozial, sindikal eta politikoekin». |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/194023/irango-parlamentuak-presidentea-zigortzeko-eskatu-du-iaearekin-egindako-akordio-batengatik.htm | Mundua | Irango Parlamentuak presidentea zigortzeko eskatu du, IAEArekin egindako akordio batengatik | Diputatuek diote gainbegiratze nuklearrei eusteko ituna «legez kanpokoa» dela. Gobernuak erantzun du adostasunak legedia errespetatzen duela, eta ez diela «kontzesiorik egin» AEBei. | Irango Parlamentuak presidentea zigortzeko eskatu du, IAEArekin egindako akordio batengatik. Diputatuek diote gainbegiratze nuklearrei eusteko ituna «legez kanpokoa» dela. Gobernuak erantzun du adostasunak legedia errespetatzen duela, eta ez diela «kontzesiorik egin» AEBei. | Kontserbadoreen kontrolpean dagoen Irango Parlamentua haserre agertu da berriz ere herrialdeko gobernu erreformistarekin, oraingoan auzi nuklearraren inguruan IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziarekin egindako akordio batengatik. Bi aldeek asteburuan adosturikoaren arabera, erakundearen gainbegiratzeak mantenduko dituzte gehienez hiru hilabetez, baina epe horretan ez da «bisita sorpresarik» izango, itun nuklearreko Protokolo Gehigarriak ahalbidetzen duen bezala. Diputatuentzat, ordea, aldaketa hori ez da nahikoa izan; are, «legez kanpokotzat» jo dute, eta, horregatik, Hassan Rohani Irango presidentea zigortzeko eskatu dute.
Saeed Khatibzadeh Atzerri Ministerioko bozeramaileak azaldu du akordioa «alde bikoa, teknikoa eta behin-behinekoa» dela, eta ez dietela «kontzesiorik egin» AEB Ameriketako Estatu Batuei: «Ganberak onarturikoa errespetatzen du». Joe Bidenek presidentetza hartu aurretik, hari presio egiteko, Irango Parlamentuak programa nuklearra garatzeko lege proposamen bat onartu zuen, itun nuklearrak dioenari kontra eginez; hain justu, lau egun lehenago, Mohsen Fakhrizadeh Irango zientzialari nuklear nagusia hil zuten, ustez Israelek.
Diputatuek adosturikoaren arabera, aurretiaz abisatu gabeko IAEAren gainbegiratzeak bihar amaituko dira, eta nabarmen murriztuko dira, baina Rohaniren gobernuak horiek mantentzeko akordioa egin du erakundeko zuzendari orokor Rafael Grossirekin izandako bilkuran. «Lortu duguna akordio bideragarri bat da, baliagarria ditugun desadostasunak gainditzeko. Egoera salbatzen du, oraingoz», Grossiren ustetan.
Hori bai, Irango Gobernuak kamerek grabatzen dutena ezkutatu ahalko du bere azpiegituretako batzuetan, eta, hortaz, horrek zaildu egingo du IAEAren lana, nahiz eta ikuskatzaile kopuruan ez den aldaketarik egongo; izan ere, Teheranek ez du jakinarazi zein eraikinetan egingo duen hori. Finean, IAEAren zuzendari orokorrak azaldu duenez, «sarrera gutxiago» izango dute, baina, halere, «nahikoa eta beharrezkoa».
Mohammad Baqer Qalibaf parlamentuko presidentea da gobernuaren erabakiaren aurka gogorren hitz egin duten politikarietako bat. Asteburuko itunaren edukia edozein dela ere, Qalibafek berretsi du Protokolo Gehigarria ez dela indarrean egongo bihartik aurrera, eta, hortaz, IAEAko ikuskariak ezingo direla azpiegituretara lehen bezala sartu. Gobernuaren eta diputatuen arteko talka erabatekoa da, azken horiek akordioren azterketa juridikoa eskatu baitute: «Ez dugu onartuko lege urraketa hori», ohartarazi du parlamentuko presidenteak.
Bien bitartean, itun nuklearra kolokan dela, Iranek azpiegiturak eraikitzen jarraitzen du. Azkenaren berri iragan abenduan eman zuten hedabideek, satelite bidezko irudiei esker: berritasuna ipar-ekialdeko Fordow izeneko lur azpiko gunean izan zen, eraikitze lan berriak abiatu baitzituzten han; Teheranek ez zuen eman obra horien berri, eta horrek agerian utzi zuen gobernua akordio nuklearrean finkaturikoa ez errespetatzekotan dela oraindik ere.
Zigorrak kentzea
Islamiar errepublikak hainbatetan esan du AEBek zigor ekonomikoak kentzea dela itun horretara itzultzeko lehen pausoa. Hiru hilabeteko epean halakorik egiten badu, Iranek ezkutaturiko datuak partekatuko ditu IAEArekin, Kazem Gharibabadi Teheranen Nazio Batuen Erakundeko enbaxadoreak Twitter sare sozialean esan duenez: «Hori egiten ez badute, dena ezabatuko dugu».
Bide beretik jo du Khatibzadehk, adierazita akordiora itzultzeko bidea «argia» dela: «Lehenik, [AEBek] itun nuklearreko betebeharrak errespetatu behar dituzte, eta, bigarrenik, tranpak kendu behar dituzte, hau da, zigor ekonomikoak».
Iranek 2015ean sinatu zuen itun nuklearra AEBekin, Txinarekin, Errusiarekin, Erresuma Batuarekin, Frantziarekin, Alemaniarekin eta Europako Batasunarekin. Akordioan, bere plan nuklearra mugatzea onartu zuen Teheranek, nazioarteko zenbait estatuk eta erakundek haren aurkako zigor ekonomikoak bertan behera uztearen truke.
Ituna kolokan utzi zuen 2018ko maiatzean AEBek akordiotik irteteko hartu zuten erabakiak; Donald Trump zen presidente garai hartan. Segidan, Irango ekonomia estu hartu duten zigor ekonomikoak ezarri zizkion Washingtonek Teherani. Horren ondorioz, akordioko konpromisoak progresiboki ez betetzen hasi zen Iran, eta AEBen zigorrak konpentsatzeko, urratsak eskatu zizkien gainerako sinatzaileei.
Itunak beste kolpe latz bat hartu zuen iazko urtarrilean, AEBek Qassem Soleimani Guardia Iraultzaileko jenerala eraso batean hil zutenean. |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/194025/daft-punk-taldea-banatu-egin-da.htm | Kultura | Daft Punk taldea banatu egin da | Bikote paristarrak 'Epilogue' izeneko zortzi minutuko bideo batekin iragarri du albistea. 28 urteko ibilbidea egin dute. | Daft Punk taldea banatu egin da. Bikote paristarrak 'Epilogue' izeneko zortzi minutuko bideo batekin iragarri du albistea. 28 urteko ibilbidea egin dute. | Dance eta pop abesti arrakasatsu andana sortutako bikoteak amaiera eman dio ibilbideari. Epilogue izeneko zortzi minutuko bideo batean zabaldu dute albistea, 2006ko Daft Punk's Electroma filmetik ateratakoa. Kathryn Frazier taldearen publizistak Pitchfork agerkariari baieztatu dio erabakia, baina ez du arrazoirik eman, eta ez du zehaztu musikariek jarraituko ote duten bakoitzak bere aldetik konposatzen, edo ibilbidea burututzat eman duten.
Thomas Bangalter eta Guy-Manuel de Homem-Christo musikariek 1993an sortu zuten taldea, Parisen. Urte hartan, musika elektronikoko festa batean, Soma Quality Recordings diskoetxeko Stuart Macmillan ezagutu zuten, eta maketa bat eman zioten; 1994an, The New Wave izenburuarekin publikatu zuten, eta hori izan zen haien estreinako singlea. 1995eko maiatzean estudiora itzuli ziren, Da Funk kantua grabatzera, gerora lehen diskoan sartuko zutena, eta abestiak arrakasta handia izan zuen. Hiru urte geroago kaleratu zuten diskoa, Homework, dance musikaren «maisulantzat» hartua izan zena. Disko horretan zegoen Aroun The World arrakastatsua ere.
2001ean, Discovery diskoa eman zuten, One More Time edo Harder, Better, Faster, Stronger eta halako kantu arrakastatsuekin, eta robotez mozorroturik aurkeztu zuten; gerora, eszenaratze hori haien bereizgarri bihurtu zen. 2005ean, Human After All argitaratu zuten, baina ez zuten arrakasta handirik izan. Ordea, hurrengo diskoa –eta azkenekoa–, Random Access Memories (2013), oso txalotua izan zen. Lan hartan, Nile Rodgers eta Pharrell Williamsekin kolaboratu zuten, eta hainbat Grammy sari irabazi zituzten.
Harrezkero, ez dute diskorik argitaratu, baina lan eta kolaborazio nabarmenak egin dituzte. Esaterako, 2010ean Tron: legacy filmaren soinu banda grabatu zuten, eta 2013an Kanye Westen Yeezus estudioko seigarren albumaren ekoizpenean parte hartu zuten. 2015ean, Pharrell Williamsen abesti batean kolaboratu zuten, eta 2016an, The Weekenden bi abestitan.
Taldeak pop kulturan utzi duen arrastoa haren abestietatik harago doa; haren nortasunak, estetikak eta estiloak eragin nabarmena izan du beste artista askorengan. |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/194026/miren-larrionek-dimisioa-aurkeztu-du.htm | Politika | Miren Larrionek dimisioa aurkeztu du | EH Bilduk ohar baten bidez jakinarazi du koalizioaren kode etikoa urratu duela. Larrion EH Bilduren bozeramailea izan da Gasteizko Udalean. | Miren Larrionek dimisioa aurkeztu du. EH Bilduk ohar baten bidez jakinarazi du koalizioaren kode etikoa urratu duela. Larrion EH Bilduren bozeramailea izan da Gasteizko Udalean. | Miren Larrion EH Bilduko Gasteizko Udalean duen bozeramaileak aurkeztutako dimisioa onartu duela jakinarazi du EH Bilduk ohar batean. Bere eremu pertsonalari lotuta dauden gertakari batzuengatik aurkeztu du dimisioa.
EH Bilduk zabaldu duenez, gertakari horiek ezkerreko subiranismoaren kargu publikoek eta organikoek sinatzen duten kode etikoa urratuko lukete.
Ingeniaritza Industrialeko eta Ingurumen Ingeniaritzako doktorea da Larrion, eta Euskal Herriko Unibertsitatean irakasten du. 2015ean EH Bilduren zerrendaburua izan zen Gasteizko Udalerako hauteskundeetan, eta botoen %19,6 eta sei eserleku lortu zituen. Emaitza bera lortu zuen 2020ko hauteskundeetan ere, boto are gehiago lortuta. 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundetan Arabako zerrendaburua izan zen. |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/194027/asteburuan-izandako-istiluen-aurka-egin-dute-alderdiek-eta-erakundeek.htm | Politika | Asteburuan izandako istiluen aurka egin dute alderdiek eta erakundeek | Urkulluk kale istiluak gaitzetsi ditu. EH Bilduk eta Podemos-ek istiluak arbuiatu dituzte eta adierazpen askatasunaren auziari heldu diote | Asteburuan izandako istiluen aurka egin dute alderdiek eta erakundeek. Urkulluk kale istiluak gaitzetsi ditu. EH Bilduk eta Podemos-ek istiluak arbuiatu dituzte eta adierazpen askatasunaren auziari heldu diote | Hainbat mobilizazio egin dituzte asteburuan Pablo Hasel kantaria bere abestien letrengatik espetxeratu dutela eta, espetxeratze hori salatzeko eta adierazpen askatasuna defendatzeko. Zenbait tokitan kale istiluak izan dira. Igandean, Bilbon, Moyua plazaren inguruan hainbat manifestarik edukiontziak gurutzatu zituzten eta botilak jaurti zizkieten ertzainei. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «irmo» gaitzetsi ditu istiluak: «Erantzun eraikitzaileak, berritzaileak eta kultura behar dugu bizi dugun krisi egoerari aurre egiteko. Atzo bizi izandako gertaerek islatzen dutenaren justu kontrakoa», Urkulluren arabera. «Giza duintasunaren zentzua iraintzen dute eta suntsitu baino ez dute egiten», bere iritziz. Ildo beretik egin du Juan Maria Aburto Bilboko alkateak ere. Istiluak gaitzestearekin batera, eraso egin zioten argazkilariari babesa igorri dio. Aburtoren ustez,«kontraesan handi bat da adierazpen askatasuna defendatzea eta gero bere lana egiten ari den hedabide bateko profesional bati eraso egitea». Bilboko EH Bilduk ere arbuiatu egin ditu istiluak, «lekuz kanpo daudela» uste du. Eta gaineratu du eztabaida bat dagoela egiteko Espainiako Estatuan: «Bere burua demokratikotzat daukan estatu batek indarrean dituen arauek adierazpen askatasuna mugatzen badute, egokitu egin behar ditu». Halaber Bildur ere babesa agertu dio argazkilariari.
Izan ere, Jose Mari Martinez Deia-ko argazkilaria kolpatu zuten igandean, manifestazioaren amaieran, Bilbon. Martinezen hitzetan, «baketsua eta ondo antolatutako manifestazio» bat egon zen, eta amaieran «lau astakirten edukiontziak erretzen hasi ziren eta irudiak hartzen hasi nintzenean, iraindu eta kolpatu ninduten». Onik dago argazkilaria. Euskal Kazetarien Elkartearen babesa ere jaso du. Adierazpen askatasunaren aurkakotzat jo du elkarteak argazkilariaren kontrako erasoa.
Podemos-Ahal Dugu-k ohar bidez arbuiatu ditu istiluak, eta adierazpen askatasunaren alde egin du. «Babesten ditugu adierazpen askatasunaren alde egiten ari diren mobilizazio guztiak. Hala ere, manifestari batzuek indarkeria erabili izana arbuiatzen dugu, adierazpen askatasuna aldarrikatzearen kontra doalako». Ahal Dugu-k gaineratu du istilu «deitoragarri» horiek erabiltzea Podemosen aurka egiteko: «Ezin da normaltasun demokratikorik egon musikari bat espetxeratzen denean bere abestietan monarkia kritikatzeagatik».
Iruñean larunbatean izan zen adierazpen askatasunaren aldeko manifestazioa, eta amaieran, zenbait manifestarik edukiontziak erre zituzten. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu ditu istiluak, baina ez du lortu adostasunik adierazpen bateratu baterako. Navarra Sumak aurkeztu du. Istiluak gaitzestearekin batera, poliziaren lana txalotu eta babesten zuen koalizioaren proposamenak, eta PSNren babesa baino ez du lortu. Iruñeko Udaleko alderdiek ere istiluen kontra egin dute. |
2021-2-22 | https://www.berria.eus/albisteak/194028/hutsek-kondenatu-dute-berriro.htm | Kirola | Hutsek kondenatu dute berriro | Talde gorritxoak galdu egin du Sadarren, Sevillaren aurka. Etxeko taldeak huts larriak egin ditu defentsan, eta eraginkortasunik gabe aritu da erasoan. | Hutsek kondenatu dute berriro. Talde gorritxoak galdu egin du Sadarren, Sevillaren aurka. Etxeko taldeak huts larriak egin ditu defentsan, eta eraginkortasunik gabe aritu da erasoan. | Sevillak eten egin du Osasunak zeraman bolada ona. Azken bi partidak irabazi eta gero, gorritxoek galdu egin dute gaur Sadarren: 0-2. Julen Lopetegik entrenatutako taldeak agerian utzi du zergatik dagoen hirugarren postuan Espainiako Ligan: sendo aritu da atzean, eta eraginkor aurrean. Oso bestelako lana egin du etxeko taldeak: huts larriak egin ditu defentsan, eta erasoan, antzu aritu da berriz ere. Ondorioa: Sevillak nagusitasunez irabazi dio.
Indartsu ekin dio Osasunak partidari. Moncayolak izan du lehen aukera hasi eta berehala, baina haren jaurtiketa kanpora joan da. Minutu eskas bat geroago, Oierrek gertu izan du gola, baina zutoinera bota du baloia, buruz. Bizi-bizi ari zen etxeko taldea, Bonoren ate ingurura arriskuz iristen. Baina Sevilla ez da urduri jarri. Baloia lasai mugitu nahi izan du, partidaren erritmoa moteltzeko. Eta helburua lortu du, eta pixkanaka-pixkanaka etxekoei nagusitzen hasi da. Eta izan duen lehen aukeran gola sartu du. Joan Jordanek kornerra jaurti du, eta Diego Carlosek aurrea hartu die David Garciari eta Aridaneri, eta buruz sartu du gola. Gola kolpe gogorra izan da, baina, hala ere, Osasunak ez du amore eman, eta gogoz saiatu da. Baina ez du asmatu ate aurrean.
Atsedenalditik bueltan utzi du erabakita neurketa Lopetegiren taldeak. Lucas Torrok baloia galdu du zelai erdian, Fernandok hartu du, eta haren pasea bikain baliatu du De Jongek 0-2koa sartzeko. 49. minutua zen, eta Sevillak oso bideratua zuen garaipena. Jagoba Arrasatek aldaketak egin ditu, baina alferrik. Bisitariek une oro izan dute kontrolpean neurketa, eta ez dute inongo momentutan arriskuan izan garaipena.
Galdu arren, Osasuna ez dago egoera kezkagarrian. Hamahirugarren postuan dago sailkapenean, jaitsiera postuetatik lau puntura. Baina nahi baino gehiagotan ari da garesti ordaintzen hutsak. Hori konpondu behar du lehenbailehen, berriz ere estu eta larri egon ez nahi badu. |
2021-2-23 | https://www.berria.eus/albisteak/194054/gomez-nieto-lasa-eta-zabalaz-bi-tiro-buruan-kaputxarik-gabe.htm | Politika | Gomez Nieto, Lasa eta Zabalaz: «Bi tiro buruan, kaputxarik gabe» | Mikel Zabalzaren torturen eta hilketaren kontura Alberto Perotek eta Pedro Gomez Nietok izandako elkarrizketaren bertsio zabalago bat zabaldu du Ahotsa.info-k. | Gomez Nieto, Lasa eta Zabalaz: «Bi tiro buruan, kaputxarik gabe». Mikel Zabalzaren torturen eta hilketaren kontura Alberto Perotek eta Pedro Gomez Nietok izandako elkarrizketaren bertsio zabalago bat zabaldu du Ahotsa.info-k. | Mikel Zabalzaren torturen eta hilketaren auzian, Alberto Perote CESIDeko koronelaren eta Pedro Gomez-Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketaren grabazioa argitaratu zuen atzo Público egunkariak. Dokumentua Non dago Mikel? Dokumentala egiteko ikerketa lanean zehar eskuratu zuten egileek —Amaia Merino zinemagileak eta Miguel Angel Llamas Pitu Ahotsa.info-ko kazetariak—, eta atzo bertan soka politikoa eragin zuen grabazioaren hedapenak; Geroa Baik eta EH Bilduk Espainiako Gobernuko Barne eta Defentsa ministroen agerraldia eskatu dute, eta ezkerreko subiranistek gaiaz galdetuko diote bihar Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari.
Atzo argitaratutakoa, ordea, elkarrizketa luzeago baten parte da. Horretan, Perotek eta Gomez Nietok hizpide dituzte Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren hilketak ere. Horrela dio elkarrizketak:
Perote: Uste duzu Intxaurrondon hil zitzaiela?
Gomez Nieto: Bai, nire irudipena da galdeketan bihotzekoak emango ziola poltsa buruan jartzearen ondorioz. Hori da nire irudipena. Huts asko egin zituzten: ondoko gelan senideak zeudela galdekatu zuten. Interesatzen zaizu? Gai horretarako hots egin didazu? Hain interesgarria eta hain inportantea al da «Etxearentzat»?
Perote: Izan ere, Zabala eta beste hura hil zituztenean… Zein zen?
Gomez Nieto: Lasa? Hori bi tiro izan ziren buruan.
Perote: Bi tiro?
Gomez Nieto: Bi tiro buruan, kaputxarik gabe.
Perote: Bi tiro eta… Ez kaputxarik ez ezer?
Gomez Nieto: Ez, ez, bi tiro izan ziren.
Perote: Alegia, hil egin zituztela; ez zitzaizkien hil.
Gomez Nieto: Lehenbizi, zuloak eginarazi zizkieten, zuloak eginarazi genizkien.
Perote: Joder!
Pluralaren lehen pertsonan mintzo da Gomez Nieto. Lasa – Zabala auzia zabaldu zenean, auzipetu egin zuten Gomez Nieto, baina, espetxean hiru hilabete igaro ondoren, 1996ko urrian auzipetzea kendu zioten, CESIDen paper sekretu batzuetan oinarrituta zegoelako.
Lasa eta Zabala 1983ko urriaren 15ean desagerrarazi zituzten Baionan. Horien arrastoak Busoten (Alacant, Herrialde Katalanak) 1985ean agertu ziren, baina hamar urte geroago identifikatu zituzten. Zabalza (Orbaizeta, Nafarroa, 1952 - Endarlatsa, Nafarroa, 1985), berriz, 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta haren gorpua hiru aste geroago agertu zen, Bidasoa ibaian, Endarlatsa inguruan. Bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilek Endarlatsara eraman zuten Zabalza, ustezko zulo baten bila, eta ihes egin zuen, Bidasoa ibaira salto eginez. Non dago Mikel? filmak kronologikoki kontatzen du Zabalza desagertu zenetik haren gorpua agertu zen arte igaro ziren hogei egunak, eta ostiraletik aurrera egongo da zinema aretoetan ikusgai. |
2021-2-23 | https://www.berria.eus/albisteak/194057/ertzaintzak-gutxienez-bi-pertsona-atxilotu-ditu-tubacexeko-langileen-protestan.htm | Ekonomia | Ertzaintzak gutxienez bi pertsona atxilotu ditu Tubacexeko langileen protestan | Enpresak 150 langile kaleratu nahi dituela salatzeko, bilkura egin dute beharginek lantegien aurrean, eta poliziak haien kontra jo du. Greba mugagabearen bigarren astean daude langileak. | Ertzaintzak gutxienez bi pertsona atxilotu ditu Tubacexeko langileen protestan. Enpresak 150 langile kaleratu nahi dituela salatzeko, bilkura egin dute beharginek lantegien aurrean, eta poliziak haien kontra jo du. Greba mugagabearen bigarren astean daude langileak. | Aiaraldeko Sortuk zabaldu duenez, gutxienez bi pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak gaur goizean, eta beste hainbat identifikatu, Laudion (Araba), Tubacexeko langileen kaleratzeen aurka eginiko protestetan. Enpresak 150 langile kaleratu nahi ditu Amurrion eta Laudion dituen bi lantegietan, Araban; hau da, lantaldearen ia %20. Horrez gain, gainerako langileei aldi baterako erregulazioa ezarri nahi diete.
Greba mugagabea egiten ari dira langileak, eta dagoeneko horren bigarren astean daude. Atzo, enpresaren aurrean «pikete handia» egitera deitu zuten, eta gaur goizaldean jendetza elkartu da Laudion. Langileen buzo gorria bihurtu da gatazkaren ikur, eta horietako dozenaka ikusi dira protestan. Langileak lantegiaren aurreko errepidean eseri dira, ertzainen aurrean. Aiaraldeko Sortuk adierazi duenez, ertzainek esan dute «oldartzeko agindua» dutela. «Langileren bat mehatxatu eta bultzaka ibili dira».
Tirabira horietan gutxienez bi langile atxilotu dituztela adierazi dute.
Aiarako Udalak sostengua eman zien atzo Tubacexeko eta Valvospain enpresetako langileei. Elkarrekin Podemosek atzo adierazi zuen Tubacexeko enpresa batzordearekin elkartu zela, haiei sostengua adierazteko. «Gelditu egin behar ditugu enpresaburuen portaera mota hauek, lanpostuak suntsitzen dituztena, milioiak irabazi arren».
Tubacexek 800 langile baititu Aiaraldea eskualdeko bi fabriketan: TTIn eta Aceralavan. Kaleratzeak justifikatzeko, enpresak argudiatu du eskariak gutxitu zaizkiela, pandemiaren ondorioz. «Egiturazko arazoak» dituela esan du zuzendaritzak, azken sei urteetan gasaren eta petrolioaren sektorean jarduera %50 murriztu delako, eta ez duela espero epe motzean lehengoratuko denik.
Langileen ustez, ordea, krisia «behin-behinekoa» da, pandemiari lotutakoa, eta adierazi dute ez dutela kaleratze bakar bat ere onartuko. Grebaren bigarren astean sartu ziren atzo. |
2021-2-23 | https://www.berria.eus/albisteak/194058/larrionek-onartu-du-laquoakats-batraquo-egin-duela.htm | Politika | Larrionek onartu du «akats bat» egin duela | Ertzaintza Larrion ikertzen ari da ustez identitatea ordezteko delitu bat egiteagatik. Banketxe batean besteren nortasun agiri batekin kontu korronte bat irekitzea egozten diote. | Larrionek onartu du «akats bat» egin duela. Ertzaintza Larrion ikertzen ari da ustez identitatea ordezteko delitu bat egiteagatik. Banketxe batean besteren nortasun agiri batekin kontu korronte bat irekitzea egozten diote. | El Correo egunkariak jakinarazi duenez, Ertzaintza Miren Larrion ikertzen ari da hark ustez identitatea ordezteko delitu bat egiteagatik. Kazetaren arabera, Larrion banku bateko kontu bat zabaltzen saiatu zen, hurbilekoa ez duen bertze pertsona baten nortasun agiria erabilita. Atzo goizean bertan egon zen deklaratzen EH Bilduko eledun ohia Ertzaintzaren komisarian, eta alderdiak arratsaldean eman zuen haren dimisioaren berri. Euskadi Irratiak baieztatu duenez, dagoeneko jasoa du Larrionek epailearen aurrean azaltzeko zitazioa.
Larrionek gaur azaldu du jazotakoa, Twitter bidez zabaldutako mezu batean. Esan du «akats bat» egin zuela. «Une pertsonal zail batean, hasieratik okerra zen irtenbide bat bilatu nuen: kontu korronte bat ireki dut kide baten txartelarekin, estualdi bat izanez gero, dirua sartzeko». Adierazi du bere alderdikideari arrazoiak azaltzeko asmoa zuela, hark ulertuko zuelakoan.
Larrionen arabera, berea zuen diru kopuru txiki bat sartu zuen «kontu pertsonal» baterako, eta zergatiak aurrerantzean garatuko den prozesu judizialean azalduko dituela esan du. Bestalde, adierazi du ez duela nahi bere hutsegiteak EH Bilduren proiektu politikoari eragitea, ezta Gasteiz herriari ere: «Nire gain hartzen dut ordezkari publiko gisa dudan erantzukizuna, inolako aitzakiarik gabe».
Alderdi subiranistak atzo arratsaldean jakinarazi zuen Miren Larrion Gasteizko Udaleko EH Bilduko bozeramailearen dimisioa. EH Bilduk zabaldutako oharrean zehaztu zuen Larrionek bere eremu pertsonalari lotuta dauden gertakari batzuengatik aurkeztu zuela dimisioa, eta alderdiak onartu egin ziola. EH Bilduk zabaldu zuenez, gertakari horiek ezkerreko subiranismoaren kargudun publikoek eta organikoek sinatzen duten kode etikoa urratuko lukete. BERRIA EH Bildurekin harremanetan jarri da, baina koalizioko iturriek ez dute argibide gehiagorik eman nahi izan, eta Segurtasun Sailak esandakora mugatu dira. EH Bilduk ez du azalpen gehiagorik emateko asmorik, eta gaurko ez du aurreikusi agerraldirik gaiari buruz hitz egiteko.
Radio Euskadik duela gutxi jakinarazi ditu gaiari buruzko xehetasun gehiago: irratiak zabaldu duenez, EH Bilduko beste kide batena da Larrionek ustez banku bateko kontu bat zabaltzeko erabilitako nortasun agiria. Iturri horien arabera, EH Bildun aholkularitza lanetan aritzen da kide hori, eta duela hilabete batzuk salatu zuen diru zorroa galdu zuela.
Ingeniaritza Industrialeko eta Ingurumen Ingeniaritzako doktorea da Larrion, eta Euskal Herriko Unibertsitatean irakasten du. 2015ean EH Bilduren zerrendaburua izan zen Gasteizko Udalerako hauteskundeetan, eta botoen %19,6 eta sei eserleku lortu zituen. Emaitza bera lortu zuen 2020ko hauteskundeetan ere, boto are gehiago lortuta. 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Arabako zerrendaburua izan zen.
EAJk azalpenak eskatu ditu
Andoni Ortuzar EAJren EBBren presidenteak EH Bilduri eskatu dio azal dezala zer gertatu den Miren Larrionekin. Ortuzarrek Radio Euskadin adierazi du «arraroa» dela Larrionekin gertatu dena: «Harritu egiten gaitu gertatutakoak, eta gaiari buruzko argibiderik eta azalpenik ezak. Ez dut espekulatu nahi. Guk Bilduren erasoak pairatu behar izaten ditugu gure afiliatuekin edo kargudun publikoekin zerbait gertatzen denean». Hala, EH Bilduri exijitu dio bete ditzala gutxienez EAJri eskatu ohi dizkion «irizpideen erdiak».
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, berriz, adierazi du abian jarritako ikerketak ondorioztatzen badu Larrionek delitu bat egin duela hark «justiziaren aurrean erantzun beharko duela». Errugabetasun presuntzioa errespetatzeko ere eskatu du. Gauza bera galdegin du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ere, eta zehaztu ez dutela ikerketaren inguruko xehetasun gehiagorik. |
2021-2-23 | https://www.berria.eus/albisteak/194059/jean-grenet-baionako-auzapez-ohia-hil-da.htm | Politika | Jean Grenet Baionako auzapez ohia hil da | Baionako auzapeza izan zen 1993tik 2014 arte, eta Frantziako Legebiltzarreko diputatua 2002tik 2012ra. Gaur goizean zendu da, 81 urterekin. | Jean Grenet Baionako auzapez ohia hil da. Baionako auzapeza izan zen 1993tik 2014 arte, eta Frantziako Legebiltzarreko diputatua 2002tik 2012ra. Gaur goizean zendu da, 81 urterekin. | Jean Grenet Baionako auzapez ohia zendu da, 81 urterekin, eri luzaroan egon eta gero. Henri Grenet Baionako auzapez ohiaren semea, Ipar Euskal Herriko politikagintzako pertsona garrantzitsuetako bat izan da azken hamarkadetan. Baionako auzapeza izan zen 1993tik 2014 arte, eta Frantziako Legebiltzarreko diputatua 2002tik 2012ra. Mugimendu abertzalearen aurkari sutsua, kritika eta polemika andana eragin izan du urteetan zehar. Elkarrizketa egin zion BERRIAk 2018an: «Euskaldunak gaur zurekin izan behar dituzu, koipea eman, baina nik ez dut inoiz horrela funtzionatu»
Kirurgialaria zen ikasketaz, eta aitak sortutako Paulmy klinikan aritu zen lehenbizi. 1989an sartu zen politikan, Baionako herriko hautetsi gisa, Henri Grenet aitarengandik Lapurdiko hiriburuko alkatetza jaso arte, 1995ean. Ordurako 36 urte ziren grenetarrek Baionan agintzen zutela, eta Jeanek 20 hogei urtez eutsi zion aitak emandako aginteari. Guztira, 56 urtez izan da Grenet bat Baionako alkate. 2002. urtean Frantziako Asanbleako diputatu ere izan zen, Pirinio Atlantikoetako 5. barrutian. 2012an, Colette Capdevielle sozialistak kendu zion lekua, legebiltzarreko hauteskundeen bigarren itzulian gailenduta. Alderdi erradikaleko presidenteorde izan zen.
Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Greneten lehen auzapezordea izan zen hogei urtez. Haren heriotzak «galera handia» eragin duela aipatu du sare sozialetan. «Harro nago haren ondoan egon izanaz, ongizate komunaren bilatzean».
Mugimendu abertzalearekiko harremana
Antieuskalduna izatea egotzi zaio maiz Greneti, euskal aurrizkia zuen ororen kontrako borrokalari sutsua zelakoan boterean zegoelarik. Honela adierazi zion BERRIAri 2018an: «Kasu egin behar da beste lekuetan zer gertatzen den ikusirik; Kataluniari buruz pentsatzen dut, batez ere. Gaztelaniaz baino gehiago katalanez ikasten dutelako dira gaur egungo arazoak. Belaunaldi horiek hizkuntza propioa dute normaltasun osoz. Horrek identifikazio eta aitorpen behar bat sortzen du, independentzia saiakera dakarrena. Geroa ez da Europa federala, ez dut inondik ere sinesten. Kontserbadorea naiz, baina zinez sinesten dut Frantzia hexagonalarentzat frantsesa dela hizkuntza naturala».
Azken urteetan, Euskal Herriko gatazka armatuaren konponbidean urratsak egitearen alde agertu zen. Euskal presoen hurbiltzearen alde agertu zen 2012an, Frantziako Asanblean. «Urrats oso garrantzitsua da, argi uzteko orria itzultzen ari dela, eta erakusteko bi aldeetan dagoela bakea lortzeko nahikeria».
Kritikak eta polemikak
Kritika zein polemika ugari eragin izan ditu Jean Grenetek hogei urteko jardunean. Besteak beste, Baionako zezen plazan izandako zezenketen galera ekonomikoa diru publikoarekin tapatu izana leporatu zioten, baita bere hurbileko Peñak lokal publikoak lortzen lagundu izana ere. 2007an, Ebaki musika elkartea kanporatu zuen haren egoitzatik. Era berean, Baionako festen masifikazioaren erantzule nagusi gisa kontsideratzen da.
2005ean polemika handia sortu zuen Baionako bestetan gertatutako bortxaketen harira egindako adierazpenengatik. «Goizeko hiruretan gainekoa kenduta eta tangarekin dantza egitean errazago gertatzen dira bortxaketak», erran zuen. Mugimendu feministak barkamena eskatzeko eskatu zion. Honela azaldu zituen adierazpen haiek 2018an: «Uste dut edozein gizarte eredutan izan direla harrapariak, eta beti existituko direla. [...] Guraso banintz, eta alaba nerabe bat banu, janzkera batzuk ez nituzke aholkatuko». |
2021-2-23 | https://www.berria.eus/albisteak/194061/perseverance-nola-marteratu-zen-bideo-ikusgarri-batean.htm | Bizigiro | 'Perseverance' nola marteratu zen, bideo ikusgarri batean | NASAk argitaratu egin du 'Perseverance' ibilgailua Marteren azalera eramateko azken minutuen bideoa, gailuaren kamerek harturiko irudiekin eginikoa. Lehen aldiz jaso da planeta gorrian eginiko lurreratze bat bideoan. | 'Perseverance' nola marteratu zen, bideo ikusgarri batean. NASAk argitaratu egin du 'Perseverance' ibilgailua Marteren azalera eramateko azken minutuen bideoa, gailuaren kamerek harturiko irudiekin eginikoa. Lehen aldiz jaso da planeta gorrian eginiko lurreratze bat bideoan. | NASA AEBetako Espazio Agentziak inoiz ikusi gabeko bideo bat argitaratu du. Horretan, gertatu ahala eta kalitate handiz ikusten dira Perseverance ibilgailua Marteren azalera eramateko prozesuaren azken minutuak. Gailuaren kamerek harturiko irudiak dira.
Jaitsieraren urrats guztiak ikusten dira: jausgailua nola zabaltzen den, Marteren atmosferan abiada handiz sartzeak sortzen duen bero handitik ibilgailua babesteko pieza nola askatzen den, nabigazio sistema automatikoak zer mugimendu egiten dituen lurreratzeko leku egoki bat bilatzeko eta gailua hara eramateko... Eta, azkenean, motorrak nola pizten diren, gailua geldotzeko, eta ibilgailua kable sistema batekin zein leun jaisten den, Marteren azalean uzteko.
Otsailaren 18an heldu zen ibilgailua planeta gorrira. Hura zeraman espaziontzia orduko 19.500 kilometroko abiaduran iritsi zen Marteko atmosferara; atmosferan sartzean, 1.300 gradu inguruko tenperatura jasan behar izan zuen. Azkenean, orduko 2,7 kilometroko abiaduran lur hartu zuen.
Gailuak eginiko lehenengo argazkia heldu eta minutu gutxira ikusi ahal izan zen, baina bideoa bidaltzeko askoz denbora gehiago behar izan du, askoz datu gehiagorako transmititu behar direlako bideo bat osatzeko. Martetik bidaltzen duen informazio unitate bakoitzak 11 minutu eta 22 segundo behar ditu Lurrera iristeko.
Gailuak Marte ikertuko du datozen hilabeteetan; besteak beste, han inoiz bizia egon ote den. |
2021-2-23 | https://www.berria.eus/albisteak/194062/korrikaren-galerari-aurre-egiteko-diru-ekarpenak-jasotzeko-kanpaina-bat-abiatu-du-aek-k.htm | Gizartea | Korrikaren galerari aurre egiteko, diru ekarpenak jasotzeko kanpaina bat abiatu du AEK-k | Martxoaren 28rako gutxienez 45 ekitaldi antolatuko ditu euskaltegien sareak. | Korrikaren galerari aurre egiteko, diru ekarpenak jasotzeko kanpaina bat abiatu du AEK-k. Martxoaren 28rako gutxienez 45 ekitaldi antolatuko ditu euskaltegien sareak. | 2021. urteak Korrikarena izan behar zuen, baina iazko urrian aurreratu zuten urtebete atzeratuko zela euskararen aldeko ekitaldia. Baina Korrika ez da euskara sustatzeko ekinbidea soilik, AEKrentzako finantza iturri ere bada, eta aurten ekarpen hori gabe geratzea kolpe itzela izango zela esan zion Asier Amondo Korrikaren koordinatzaileak BERRIAri. Galera horri aurre egiteko, herritarren diru ekarpenak jasotzeko kanpaina bat abiatu du euskaltegien sareak: Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! leloa izango du kanpainak, eta dagoeneko ekarpenak egiteko aukera dago.
Horrez gain, AEK-k 45 herritan ekitaldi zenbait antolatu ditu martxoaren 28rako. Korrika egun horretan amaituko zen, pandemiak atzerapen horretan eragin izan ez balu. Oraindik ez dute argitu zein motatako ekitaldiak izango diren horiek, eta saio gehiago ere izan daitezkeela ere esan du Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak. Martxo erdialdean zehaztuko dituzte ekitaldi horiek non egingo diren eta nolakoak izango diren. Hala ere, zehaztu du unean uneko osasun egoerara egokitutakoak izango direla. «Xumeak izango dira, eta ezingo dugu nahiko genukeen jende kopurua bildu». Baina Korrikaren hutsunea, nolabait estaliko dute ekitaldi horiek.
Azkenik, Euskal Herriko hiru administrazioei ere gutun bana bidaliko die AEK-k apirilean. Duela 55 urte Rikardo Arregik Euskaltzaindiari helarazi zion gutunaren oinarria gogoratu du Iribarrenek. Orduko hartan, helduen alfabetatzearen eta euskalduntzearen garrantziaz ohartarazi zion Arregik akademiari, eta arlo hori sustatzeko premia nabarmendu. Gutun hori ardatz hartuta, hiru erakundeei gogoraraziko die AEK-k euskalduntze prozesuaren normalizazioan urratsak egiteko garaia dela. Iribarrenek ez du aurreratu nahi izan zein izango den gutun horren edukia, baina oinarri hori izango duela esan du.
AEK-ren funtzionamendurako diru ekarpena
Pandemiak arlo guztietan izan du bere eragina, baita AEKn ere. Euskaltegien sareak, bere egunerokoan aurrera egin ahal izateko, banku finantzabide bat eskatu behar izan du. Hau da, ikasturteari aurre egiteko zorpetu egin behar izan dute. Korrikak eskaini ohi dien diru iturria izango ez dutenez, erabaki dute herritarrei ekarpenak eskatzea. «Jasotzen ditugun diru laguntzak ez dira nahikoak». |
2021-2-23 | https://www.berria.eus/albisteak/194063/arma-industriak-sortzen-du-munduko-co2-isurketen-6.htm | Mundua | Arma industriak sortzen du munduko CO2 isurketen %6 | Arma industriak eragindako isurketa horien %67 munduko 23 potentzia nagusiek eragindakoak dira. Klima aldaketak migrazioan duen eraginaz ohartarazi du Bakearen Aldeko Ikerketa Zentroak egindako ikerketa batek. | Arma industriak sortzen du munduko CO2 isurketen %6. Arma industriak eragindako isurketa horien %67 munduko 23 potentzia nagusiek eragindakoak dira. Klima aldaketak migrazioan duen eraginaz ohartarazi du Bakearen Aldeko Ikerketa Zentroak egindako ikerketa batek. | Munduko CO2 isurketen %6 arma industriak sortutakoak dira. Hala ondorioztatu du Bakearen Aldeko Ikerketa Zentroak arma sektorearen eta klima aldaketaren loturen inguruan egindako ikerketa batek. Arma industriak sortzen duen CO2aren %67, berriz, munduko 23 arma potentziarik garrantzitsuenek bakarrik sortzen dute.
Datu argigarri gehiago ere ekarri ditu ikerketak: 23 herrialde horiek munduko biztanleriaren % 35a bakarrik ordezkatzen dute, baina munduko gastu militarren %82 sortzen dute. Gainera, herrialde horiek dira munduko arma esportatzaile nagusiak: mundu osoko armen %97 igarotzen da haien eskuetatik.
Armak egiteak ez ezik, ordea, bertzelako mugimendu batzuek ere sortzen dute CO2aren zati handi bat: bertzeak bertze, armen energia gastuak, garraioen mobilizazioak, armek sortzen duten hondakin toxikoen kopuruak, eta gerrak suntsitutako azpiegiturak berregiteko egin beharreko lanek. Egun, CO2aren %6a dagokio arma industriari, sektorea garatu ahala, ordea, kopuru hori oraindik eta gehiago haziko dela aurreikusten du ikerketak. Izan ere, klima aldaketaren ondorioek herrialdeek gastu militarrean duten igoera justifikatzeko balio du, ikerketaren arabera.
Ipar hemisferioan daude munduko arma potentzia nagusiak. Eta hegoaldeko herrialdeetako gobernuei ez ezik, bertzelako miliziei ere saltzen dizkiete armak. Hain zuzen, munduko hegoaldean dauden herrialdeek pairatzen dituzte arma horien kalteak. Klima aldaketarekin ere badu lotura horrek; baliabide naturalen galerak, izan ere, horiek lortzeko borrokak eta gerrak eragiten ditu. Ez da kasualitatea klima aldaketa gehien pairatzeko arriskua duten hamaika herrialdeetan gatazka armatuak egotea: Somalian, Afrika Erdialdeko Errepublikan, Hego Sudanen, Afganistanen, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Txaden, Yemenen, Nigerren, Burundin, Kamerunen eta Burkina Fason.
Klima aldaketa eta migrazioa
Ingurumen arazoen militarizazioa klima aldaketarekin lotutako migrazio mugimenduen hazkundean ere antzeman daiteke. Egun, gero eta gehiago dira klima aldaketak eragindako kalteak direla medio beren herrialdeak uztea erabakitzen dutenak. 2050erako, horiek 200 milioitik gora izango direla aurreikusten du ikerketak. Argitalpenaren arabera, urteko gastu militarraren %10arekin – 0,18 bilioi dolar – klima aldaketarekiko hamaika herrialde ahulenek azpiegiturak garatu ditzakete klima aldaketak sortzen dituen muturreko baldintza meteorologikoen aitzinean babesteko.
Klimaren aldaketek eragindako urritasunak errefuxiatu berrien agerpena erraztu du, eta, herrialdeetatik irtetean, militarrek itxitako mugekin egiten dute topo. Txostenak, erraterako, zehazten du AEBen eta Mexikoren artean dagoen harresiak eragotzi egiten duela lehorteetan kaltetutako Erdialdeko Amerikako migratzaile askok iparralderako ibilbideak amaitzea.
Txostenak ondorio argia utzi du: pertsonen segurtasuna ezin izango da bermatu militarizazioak markatutako klima eraldaketaren testuinguruan. Ikertzaileen arabera, larrialdi egoera horren konponbideak «harrera eta zaintza politikak» dira, eta ez armen erabilera. |
2021-2-23 | https://www.berria.eus/albisteak/194064/485-covid-19-kasu-zenbatu-dituzte-hegoaldean.htm | Gizartea | 485 COVID-19 kasu zenbatu dituzte Hegoaldean | Osakidetzak eta Osasunbideak astelehenean egindako testen %4,4k eman dute positibo. 154 pertsona daude Hegoaldeko ZIUetan; azken hilabeteko gutxien. | 485 COVID-19 kasu zenbatu dituzte Hegoaldean. Osakidetzak eta Osasunbideak astelehenean egindako testen %4,4k eman dute positibo. 154 pertsona daude Hegoaldeko ZIUetan; azken hilabeteko gutxien. | Birusaren transmisioari buruzko informazioa eguneratu dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak: jakinarazi dutenez, atzo 485 positibo atzeman ziren Hego Euskal Herrian egindako testetan. Zehazki, Osakidetzak eta Osasunbideak 10.891 proba egin zituzten astelehenean; beraz, %4,4 da positiboen ehunekoa. Bezperan, berriz, 360 kasu atzeman ziren. Dena dela, nabarmen txikiagoa izan zen egunean egindako proba kopurua: 7.737.
Hegoaldeko lurraldeak banan-banan aztertuta, Bizkaian zenbatu dute positibo gehien, beste behin. Zehazki, 265 kasu izan dira herrialde horretan. Bestalde, Gipuzkoan 106 kasu izan dira; Araban, 57; eta Nafarroan, 57. Foru erkidegoan, azken asteko datuei so, egonkortzea nabaritu daiteke egun bakarrean detektatutako positiboen zenbatekoan; izan ere, azken bi asteetan eguneko positiboek ez dute inoiz gainditu 100 kasuren langa.
Gainera, ospitaleen egoerari dagokionez, Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dutenez, atzo 48 pertsona ospitaleratu zituzten gaitzaren sintomak larriagotuta Hego Euskal Herrian. Halaber, oraintxe bertan 436 lagun daude erietxeetako gela arruntetan, bezperan baino 38 gutxiago. Gainera, azken datuen arabera, 154 daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan; hain zuzen, urtarrilaren 25az geroztik erregistratu den daturik apalena da. |
2021-2-23 | https://www.berria.eus/albisteak/194065/subiranistek-eskatu-dute-laquoguztizraquo-argitu-dadila-o-23an-gertatutakoa.htm | Politika | Subiranistek eskatu dute «guztiz» argitu dadila O-23an gertatutakoa | 1981eko estatu-kolpe saiakera gogoratzeko asmoz Espainiako Kongresuan egin duten ekitaldi instituzionala kritikatu dute EH Bilduk, ERCk, JxCk, CUPek, PDeCATek eta BNGk. | Subiranistek eskatu dute «guztiz» argitu dadila O-23an gertatutakoa. 1981eko estatu-kolpe saiakera gogoratzeko asmoz Espainiako Kongresuan egin duten ekitaldi instituzionala kritikatu dute EH Bilduk, ERCk, JxCk, CUPek, PDeCATek eta BNGk. | Indar independentistei iruditzen zaie 1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpe saiakera «estatu operazio bat» izan zela, eta helburu zuela «78ko erregimena indartzea». Horregatik, besteak beste, O-23a gogoratzeko asmoz Espainiako Kongresuan gaur egindako ekitaldi instituzionala kritikatu dute. EH Bilduk, ERC Esquerra Republicanak, JxC Junts per Cartalunyak, CUPek, PDeCATek eta BNGk agerraldi bateratua egin dute Kongresuko prentsa aretoan, eta salatu 78ko erregimena «giltzarrapo bat» dela «aurrerapauso demokratikoak» emateko orduan. EAJk ez du parte hartu ekitaldi instituzionalean, eta ez du bat egin subiranisten adierazpenarekin.
Subiranistek eskatu dute «guztiz» argitu dadila zer gertatu zen duela 40 urte, «egia ofizialetik haratago». Iruditzen zaie orduan gertatutakoak sendotu egin zuela «gaizki 'trantsizio demokratiko' deiturikoa», eta Espainiako errege zena —Juan Carlos Borboikoa egungo errege emeritua, Espainiatik alde eginda dagoena— eta armada izan zirela kolpe saiakera hura «babestu» zutenak. Hain zuzen, Felipe VI.a Espainiako erregea mintzatu da gaur Kongresuko hemizikloan.
Independentistek uste dute «zutabe antidemokratikoak» jarrita jaiotzen direla «errepresioa, berdintasunik eza, injustizia, ustelkeria edo askatasunen murrizketak». Nabarmendu dute horiek indarrean jarraitzen dutela egun ere. Mertxe Aizpuruak (EH Bildu) euskaraz irakurri ditu manifestuaren pasarteetako batzuk, eta azpimarratu du «faltsukeria» dariola Kongresuak efemeridea «ospatzeko» aukeratutako moldeari. «Saldu nahi digute Espainiako Estatuaren demokraziaren garaipen baten gisara, baina ez da horrela izan». Koalizio independentistaren eledunaren esanetan, gaurko eguna egokia izango litzateke zenbait dokumentu «desklasifikatzeko» eta 1981eko otsailaren 23an zer gertatu zen jakiteko. «Herritarrei zor zaien zerbait da».
EH Bildukoaren hitzetan, independentistek eta subiranistek «askatasuna, berdintasuna eta demokrazia» aldarrikatzen dituzte, hau da, «balio errepublikazaleak», horien bidez «benetako demokratizazioa» lortzeko, eta «eskubideak eta askatasunak eta pluraltasun sozial eta nazionala errespetatzeko».
Baina dokumentua sinatu duten indarrek uste dute, Aizpuruaren arabera, «normaltasun demokratikorik» ez dela egongo, eta Espainiako Estatua ezingo dela «erabateko demokrazia» bat kontsideratu, «Espainiako Estatuak duela 40 urteko estamentu politiko, judizial, polizial eta monarkikoekin jarraitzen badu, autodeterminazio eskubidea aitortzen ez bada, eta jarraitzen badugu preso politikoez, erbesteratuez eta errepresioaz hitz egiten».
Manifestua sinatu duten talde parlamentarioetako bozeramaile guztiek hartu dute hitza, eta, esaterako, Jaume Alonso-Cuevillasek (JxC) esan du «inpunitatea» nagusi den estatu batean «harrigarria» ez dela «gardentasun gabezia» egotea.
EAJren iritzia
EAJk ez du parte hartu Espainiako Kongresuak antolatutako ekitaldi ofizialean, uste baitu ez zuela «edukirik» eta «artifiziala» dela. Hori adierazi du Andoni Ortuzar EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, gaur, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean. Gogoratu du 40 urte pasatu direla estatu-kolpe saiakeratik eta «%100» ez dela argitu zer gertatu zen. «Abagunea kontuan hartuta, batzuen zein besteen irudia garbitzeko ekitaldi bat dirudi».
Aitor Esteban jeltzaleen Kongresuko bozeramaileak prentsa agerraldia egin du Madrilen, eta azaldu oraindik ez direla ezagutarazi O-23an gertatutakoaren «detaileak». «Ez da aldatu nahi Sekretu Ofizialen Legea, eta garai hartako dokumentazioaren gainean dagoen estalkia ez altxatu nahi». Esan zuen, bide batez, talde parlamentarioekin hitz egin gabe antolatu dutela Kongresuko ekitaldia.
Kazetariek galdetu diote Estebani ea EAJk zergatik ez duen bat egin alderdi subiranistek izenpetutako manifestuarekin. «Gu ez gara identifikatzen agirian erabiltzen den hizkerarekin, ezta egiten diren zenbait baieztapenekin ere», erantzun du. |
2021-2-23 | https://www.berria.eus/albisteak/194066/georgiako-oposizioko-burua-atxilotu-du-hango-poliziak.htm | Mundua | Georgiako oposizioko burua atxilotu du hango Poliziak | Georgiako epaitegiek joan den astean eman zuten Nikanor Melia Mugimendu Nazional Batuaren burua atxilotzeko agindua, 2019ko ekaineko istilu batzuekin lotuta. Beste 21 lagun ere atxilotu dituzte, atxiloketa oztopatzen saiatzeagatik. | Georgiako oposizioko burua atxilotu du hango Poliziak. Georgiako epaitegiek joan den astean eman zuten Nikanor Melia Mugimendu Nazional Batuaren burua atxilotzeko agindua, 2019ko ekaineko istilu batzuekin lotuta. Beste 21 lagun ere atxilotu dituzte, atxiloketa oztopatzen saiatzeagatik. | Atxilotu dute Nikanor Melia, Georgiako Mugimendu Nazional Batuaren burua. Epaitegiek joan den astean eman zuten hura atxilotzeko agindua, eta erabakiak eragin nabarmena izan du herrialdeko politikan: Melia atxilotuko zutela jakin zenean, Giorgi Gakharia Georgiako lehen ministroak dimisioa eman zuen. Gaur, Meliaz gain, Mugimendu Nazional Batuaren egoitzan beste 21 lagun atxilotu ditu Poliziak, haren atxiloketa oztopatzen saiatzeagatik. Alderdiko kideak eta ekintzaileak dira gehienak.
Melia 2019ko ekaineko istilu batzuengatik atxilotu dute. Errusiaren ordezkaritza batek Tiflisera egin zuen bisita batek protestak piztu zituen; 200 lagun baino gehiago zauritu zituzten, eta Irakli Kobajidze presidentearen dimisioa ekarri zuen krisi hark. Protesta horien auzian 10.000 euroko bermea eskatu zuten Meliarentzat, eta ordaindu ez duelako atxilotu dute. Bederatzi urteko kartzela zigorra eskatzen dute harentzat.
Gakhariaren dimisioaren ostean, epaitegiek emandako atxiloketa agindua bertan behera utzi zuen Georgiako Barne ministroak. Atzo, ordea, gobernu berria eratu duen Amets Georgiarra alderdiak berriz ere martxan jarri zuen atxilotzeko prozesua. Azkenean, gaur, alderdiaren egoitzan sartu da Georgiako Polizia. Agenteek negar gasak jaurti dituzte eraikinaren kanpoaldean.
Dimisioa eta gobernu berria
Dimisioa aurkeztu zuenean, Gakhariak argudiatu zuen bere gobernuan ez zuela lortu denek elkar ulertzea: «Espero dut pauso honek gure espazio politikoan zatiketa murrizten laguntzea, uste baitut zatiketa eta liskarra direla gure herriak eta garapen ekonomikoak dituzten arriskurik handienak». Gehitu zuen oposizioburuak ez zuela inoiz legea errespetatu eta protesta horietan parlamentuan sartzera deitu zituela herritarrak, baina gaineratu zuen atxiloketak arriskuak dituela eta krisi ekonomikoaren eta pandemiaren kudeaketa zailtzen duela.
Georgiako Parlamentuak atzo onartu zuen Amets Georgiarra alderdiaren gobernu berria, lehengoaren antzekoa. Irakli Garibashvili da lehen ministro berria, eta 11 ministeriotatik bederatzitan pertsona bera da oraindik ministro. Meliaren alderdiak boikota egin zuen, eta ez zuen bozketan parte hartu.
AEBetako enbaxadak gogor kritikatu du Georgiaren jokabidea, eta gaitzetsi egin du AEBek eta nazioarteko hainbat herrialdek egindako «elkarrizketarako deia» baztertu izana: «Georgiak, gaur, atzerapauso bat eman du demokrazia indartsu bat bilakatzeko bidean». |
2021-2-23 | https://www.berria.eus/albisteak/194067/jaurlaritzak-25-txertaketa-eremu-jarriko-ditu-100-urtetik-gorakoak-txertatzeko.htm | Gizartea | Jaurlaritzak 25 txertaketa eremu jarriko ditu 100 urtetik gorakoak txertatzeko | BIhar hasiko dira 100 urtetik gorakoak txertatzen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 25 txertaketa eremuez gain, herrialde bakoitzean autotik atera gabe txertatu ahal izateko eremu bat jarriko dute. | Jaurlaritzak 25 txertaketa eremu jarriko ditu 100 urtetik gorakoak txertatzeko. BIhar hasiko dira 100 urtetik gorakoak txertatzen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 25 txertaketa eremuez gain, herrialde bakoitzean autotik atera gabe txertatu ahal izateko eremu bat jarriko dute. | Txertaketa planeko bosgarren taldea txertatzen hasiko da bihar Eusko Jaurlaritza. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 100 urtetik gorako biztanleriak asteazkenetik aurrera izango du txertatzeko txanda. Prozesua«era mailakatuan» egiteko asmoa duela azaldu du Jaurlaritzak, eta, horretarako, 25 txertaketa eremu prestatu dituzte hiru herrialdeetan. Horrez gain, lurralde bakoitzean autotik atera gabe txertatzeko eremu bat prestatuko dute. Dena den, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi duenez, beharrizanen arabera, eremu horiek gehitu egingo dira.
Txertaketa fase berriaren nondik norakoak izan ditu hizketagai Sagarduik. «Osakidetzak deituko die eta esango die non jarriko dieten txertoa», azaldu du. Azpimarratu du «hobe» dela txertaketarako prestatutako eremuan txertatzen badira, eta mugitzeko modurik ez badute, etxera joango zaizkie. Dena den, herrialde bakoitzean autotik atera gabe txertatu ahal izateko eremuak prestatuko dituzte, eta, hori «eraginkorra» bada, eremu gehiago jartzea aurreikusi dutela gehitu du. Donostiako ospitalea, Gasteizko Santiago ospitalea eta Mungiako (Bizkaia) osasun zentroa izango dira autoan txertatzeko hiru eremuak.
Adinekoen txertaketarekin batera, arlo soziosanitarioko eta Osakidetzako langileen bigarren dosiak banatzeko asmoa adierazi du Sagarduik. Haren esanetan, Osakidetzako lehen lerroko langileak jada txertatuta daude, eta profesionalen «herenak baino gehiagok» immunitatea lortu dute. Aurrera begira, osasungintza pribatuko lehen lerroko langileak eta ertzainak, suhiltzaileak eta bestelako oinarrizko langileak txertatzen jarraitzeko helburua dutela gehitu du. |
2021-2-23 | https://www.berria.eus/albisteak/194068/aurrez-aurre-zein-online-ikusi-ahal-izango-da-aurten-zinegoak-jaialdia.htm | Kultura | Aurrez aurre zein 'online' ikusi ahal izango da aurten Zinegoak jaialdia | Besteak beste, genero identitatea, amatasun lesbikoa eta talde zaintza jorratuko dituzte Gay-Lesbo-Trans Zinemaren eta Arte Eszenikoen Bilboko 18. Jaialdi Nazioartekoan. Lekeitio ere egoitza ofiziala izango da lehen aldiz, eta, ondoren, 40 udalerritara hedatuko da festibala. | Aurrez aurre zein 'online' ikusi ahal izango da aurten Zinegoak jaialdia. Besteak beste, genero identitatea, amatasun lesbikoa eta talde zaintza jorratuko dituzte Gay-Lesbo-Trans Zinemaren eta Arte Eszenikoen Bilboko 18. Jaialdi Nazioartekoan. Lekeitio ere egoitza ofiziala izango da lehen aldiz, eta, ondoren, 40 udalerritara hedatuko da festibala. | «Antolatu ahal izatea da aurten arrakasta». Jaialdi batek behar duen hilabeteetako lanaz gain, egoerak eragindako «ezjakintasunari» egin behar izan diote aurre aurten Zinegoak jaialdiko antolatzaileek, Pau Guillen zuzendariak azpimarratu duenez. Neurrien ezarpenak eta gogortu zitezkeelako mehatxuak izan dituzte bidelagun 18. jaialdia prestatzeko prozesuan, baina, azkenik, datorren astelehenean emango diote hasiera Bilboko gaylesbitrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen festibalari. Martxoaren 14ra bitarte hamazortzi film luze eta film laburreko sei ziklo emango dituzte, beste egitasmo batzuen artean, eta horiek guztien lehenengo emanaldia aurrez aurre ikusi ahal izango da. Ondoren, piezok online ikusteko tartea zabalduko dute Filmin plataformaren bidez. Martxoaren 5etik aurrera, hiru film sareratuko dituzte egunero, eta 72 orduz baino ez dira ikusgai egongo, «jaialdi bateko tentsioa Filminera ere eramateko», zuzendariak adierazi duenez.
Egoera gorabeheratsua izan arren, «argi» zuten aurrez aurrekotasunari eutsi beharra ziotela, Julen Nafarrate prentsa arduradunak nabarmendu duenez. «Urte hauetan guztietan lagundu gaituen publikoarengatik, batez ere», zehaztu du Guillenek, eta, kultur agente diren heinean, «aurrez aurre egingo den itxaropenarekiko erantzukizuna» ere baitutelako. Hala, ahalik eta agerikoen egin dute seta hori, leloan islatu baitute: Zalantza izpirik gabe. Baina, era berean, esaldiak Zinegoaken aurtengo zutabeetako bati ere egiten dio erreferentzia, zuzendariaren hitzetan: «Oraingo belaunaldiek erreferentzia eta tresna gehiago dituzte pertsona gisa eraikitzeko. Programazioaren zati handi batek horretaz dihardu: euren buruak beste tresna batzuekin eraikitzen ari diren gazteez». Prozesu berean murgilduta dauden LGTB+ pertsona helduagoez ere mintzo dira aurtengo filmetako hainbat. «Osorik sentitu ez diren bizitza baten ondoren, gizarteak ez dielako garatzen utzi», zehaztu du zuzendariak.
Genero identitatearen eraikuntzaz gain, badira programazioan pisu nabarmena hartu duten beste gai batzuk ere. Esaterako, amatasun lesbikoa jorratuko da «kopuru handiago batean», zuzendariak azaldu duenez. Honen adibide dira, besteak beste, Her Mothers edo Maes do Derick dokumentalak. Hungariako eta Brasilgo istorioak kontatzen dituzte, hurrenez hurren: batak ama bikote batez dihardu, eta besteak, berriz, talde zaintza egiten duten lau andre ditu protagonista. Batean zein bestean, «aurkako ingurune» bati aurre egin beharko diote emakumeek, Guillenek azpimarratu duenez.
DOK —dokumentalak— sail ofizialaren parte da Her Mothers. Beste bi sail ofizialek osatzen dute jaialdia: FIK —fikzioa— eta KRAK—narratiba berriak—. Hamazortzi ekoizpen daude banatuta hiru arlo horietan, eta horietako bederatzi lehenbiziko obrak dira. Zuzendariak nabarmendu duenez, «gehienak emakumeak zuzendurikoak dira». Bilboko Azkuna zentroko Golem zinema aretoetan ikusi ahal izango dira jaialdiaren lehenengo astean. Bestalde, Bilboko Bilborock-ek film laburrak hartuko ditu, doako sarrerarekin. Haurtzaroari eta nerabezaroari, emakumeek zuzendutako lanei eta euskal zuzendarien obrei eskainitako urteroko zikloez gain, adineko LGTB+ pertsonen bizitzen inguruko zikloa ere berreskuratuko dute, eta bi berri izango dituzte: Erresilientziak eta Drag Life. Guztira, 30 film labur emango dituzte.
Maes do Derick, aldiz, Brasil transbertsala ziklo berezian emango duten filmetako bat da. Bolsonaroren Brasilen bizi diren trans pertsonen egoeraz ari diren lanak biltzen ditu zikloak, eta Bilbo Arte izango du egoitza. Bertan emango da, halaber, Zinegoak 2021 Ohorezko saridun Sebastien Lifshitzen atzera begirakoa. Nahiz eta jaialdia ofizialki datorren astean hasi, ostiraletik igandera hainbat ikus-entzunezko ikusteko aukera egongo da Bilboko Guggenheim museoan.
Publiko zabal batentzat
Jaialdiaren egoitza ofiziala Bilbo den arren, lehen ediziotik egin izan dute handik harago eramateko saiakerak. Bilboko programazioa bukatuta, lau udalerritatik erakutsi zituzten Zinegoakeko edukiak lehen edizioan, eta, hamazortzigarrenean, 40 izango dira dagoeneko jomugak. Aurten, ordea, bigarren egoitza ofiziala izango du jaialdiak: Lekeitio (Bizkaia). Hiru egunez, Bilboko eduki berak emango dira han, eta, proiekzioak bukatutakoan, zuzendariei galderak egiteko aukera izango dute bertaratutakoek. Hedapenean «urrats bat gehiago» dela adierazi du Nafarratek: «Asmoa genuen Bilbotik kanpo egoitza izateko, ez soilik hedapena».
Urteen poderioz, Bilbotik kanpoko ikusleak egonkor bihurtu zaizkie, baina hazkundea ez da soilik geografikoa izan, zuzendariak azaldu duenez. Izan ere, jaialdiaren ardatza LGTB+ pertsonen bizipenak izan arren, dagoeneko «espazio komuna» sortzea lortu dutela dio Guillenek, «geroz eta publiko orokor gehiago» baitute. «Arrakasta» da hori, zuzendariaren iritziz. «Sexu aniztasunak gizarteko jende guztia zeharkatzen du, ez da soilik LGTB+ kolektiboaren kontua». |
2021-2-23 | https://www.berria.eus/albisteak/194069/europako-batzordeari-galdetuko-diote-mikel-zabalzaren-torturez.htm | Politika | Europako Batzordeari galdetuko diote Mikel Zabalzaren torturez | Espainiako Kongresuan torturez galdetzeari betoa jarri diote PPk eta Voxek. «Espainiako Gobernuko presidente gisa, indar armatuek eginiko torturak aitortzen dituzu?» galdera erregistratu zuen EH Bilduk biharko saiorako. | Europako Batzordeari galdetuko diote Mikel Zabalzaren torturez. Espainiako Kongresuan torturez galdetzeari betoa jarri diote PPk eta Voxek. «Espainiako Gobernuko presidente gisa, indar armatuek eginiko torturak aitortzen dituzu?» galdera erregistratu zuen EH Bilduk biharko saiorako. | Mikel Zabalzaren tortura eta hilketari buruzko grabazio bat zabaldu eta gero, auzia Europako erakundeetara iritsi da. Zazpi eurodiputatuk Europako Batzordeari galdetuko diote gaiaz; zehazki, gaia ezagutzen duen eta zer iritzi duen horren aurrean, eta zein mekanismo dituen Espainiako Estatuak Oinarrizko Eskubideen Europako Kartaren 4. artikulua —torturak debekatzeari buruzkoa— betetzeko.
Azalpenean, zazpi eurodiputatuek gogora ekarri dituzte azken egunotan zabaldutako grabazioak, 4.113 tortura kasu jaso zituen txostena eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak torturen harira Espainiari ezarritako zigorrak. Azken horri lotuta, europarlamentariek batzordeari galdetu diote egokia iruditzen zaion Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministro izatea, aintzat hartuta hura izan zela epaile instruktorea Estrasburgok ebatzitako tortura auzietatik zazpitan.
Hauek dira zazpi europarlamentariak: Pernando Barrena (EH Bildu), Izaskun Bilbao (EAJ), Diana Riba, Jordi Sole (ERC), Toni Comin, Clara Ponsati (Junts Per Catalunya) eta Miguel Urban (Podemos).
Betoa kongresuan
Bestalde, EH Bilduk galdera erregistratu zuen atzo Espainiako Kongresuan, gobernuaren biharko kontrol saioan erantzuteko. «Espainiako Gobernuko presidente gisa, indar armatuek eginiko torturak aitortzen dituzu?» zen galdera, eta, hura txertatzeko, agenda aldatu beharra zegoen.
Tramite bat izan ohi da, kongresuko mahaiko kide guztiek onetsi beharrekoa, eta hor, eguneko gai zerrenda aldatzearen aurkako botoa eman dute PPk eta Voxek. EH Bilduk aurrez erregistratua zuen Oskar Matuteren galdera bat gazteriaren prekaritateaz, baina hori aldatzeko eskaera erregistratu zuen, eta horri eman dio ezezkoa eskuinak.
Halere, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari bihar gaiaz galdetzeko asmoa du indar subiranistak, galderen aurretik Sanchezek egingo duen agerraldian. 09:00etan hasiko da biharko osoko bilkura.
Atzo eta gaur zabaldutako grabazioek agerian uzten dute Mikel Zabalza orbaizetarra torturatuta hil zutela Intxaurrondoko kuartelean, bertsio ofizialak esan bazuen ere ihes egin zuela eta Bidasoa ibaian itota hil zela. Alberto Peroteren eta Pedro Gomez Nietoren arteko elkarrizketan ere aipatzen da nola hil zituzten Joxean Lasa eta Joxi Zabala.
Bestalde, Imanol Landa EAJko senatariak Dolores Delgado Espainiako fiskal nagusiari galdetu dio zer neurri hartuko dituen «Mikel Zabalzaren heriotzaren inguruko egia» ikertzeko. Senatuko Justizia Batzordean izan da Delgado, eta, zehazki, Landak galdetu dio ea «egiatasun zantzurik» ematen dion grabazioari. Grabazioan jasotako hitzen inguruan, Landak galdetu du ea neurririk hartuko duen ikerketa judiziala ahalbidetzeko. Halaber, Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren hilketen inguruan ere galdetu du, buruan bi tiro emanda hil zituztela esaten baita grabazioan. EAJren hitzetan, Delgadok gaiari «izkin egin» dio, eta adierazi du argitaratutako informazioek «garrantzi penalik izango balute, kide fiskalek kontuan hartuko» lituzketela: «Profesionalen balorazio gaia da». |
2021-2-24 | https://www.berria.eus/albisteak/194070/argazkia-interpretatuz.htm | Politika | Argazkia interpretatuz | Burujabetzari buruzko barometroak emandakoaz mintzatu dira Floren Aoiz, Xabier Barandiaran eta Roberto Uriarte, Hamaika Gara egitasmoak eta BERRIAk antolatutako hitzaldian. | Argazkia interpretatuz. Burujabetzari buruzko barometroak emandakoaz mintzatu dira Floren Aoiz, Xabier Barandiaran eta Roberto Uriarte, Hamaika Gara egitasmoak eta BERRIAk antolatutako hitzaldian. | Zelai Nikolas Naziometroa: termometro eta iparrorratz mahai inguruaren moderatzaileak galdera argi bat egin die, hiru hizlariei: «Nola lor daiteke erreferendum adostu bat?». Eta Roberto Uriarte UP Unidas Podemosek diputatuak erantzun dio. «formula magikorik» ez dagoela horretarako. Telesforo Monzon Laborategiak eta Parte hartuz Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa taldeak ondutako Naziometroa burujabetzari buruzko barometroaren emaitza nagusietako bat da, bederen, hiru euskal herritarretik bik uste dutela beren etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea izan beharko luketela (%63). Hori da Euskal herriko zazpi lurraldeak aintzat hartuta ateratako «argazkia», Arkaitz Fullaondo ikerketaren batzorde zientifikokoko kidearen hitzetan. Floren Aoiz Sorturen Iratzar fundazioaren zuzendariak sei hilabetez behin egin asmo den inkestaren «garrantzia» nabarmendu du, baina uste du argazkia «tentu handiz»interpretatu behar dela. Xabier Barandiaran EAJren EBB Euskadi Buru Batzarreko kidea areago joan da bere hausnarketan: «Adierazten denaren, pentsatzen denaren, eta egiten denaren arteko distantzia geroz eta handiagoa da atomizatutako gizarte postmoderno batean».
Uriarteren ustez, aurren-aurrenik zehaztu behar da erabakitzeko eskubidea zer den. «Denontzat esanahi bera dauka? Zer berdintasun eta zein ezberdintasun daude erabakitzeko eskubidearen eta autodeterminazioaren artean? Zein da subjektua?». Iruditzen zaio kontzeptuak «argitu» behar direla. Barandiaran ados agertu da Uriartek planteatutakoarekin, bestela «nahasmena» sor daiteke eta; pentsatzen du, dena den, hori nahasmen hori «interesatua» dela. «Erabakitzeko eskubidea, zentzu politikoan, autodeterminazio eskubidearekin parekatu behar da», azaldu du EAJkoak.
Barometroak naziogintzaren ikuspegitik adierazten duena azpimarratu du Aoizek: «Naziogintzaren ikuspegitik badago taupada historiko bat indartsu dagoena; oinarriak badaude naziogintzaren eraikuntzan». Barandiaranek, ordea, ez du hain argi ikusten, iruditzen baitzaio «abertzaletasunak eta aberrigintzak» behera egin dutela Euskal Herrian: «Erabakitzeko eskubidearen inguruko inkestetan agertzen dira errealitate batzuk, baina gero, praktikan, asko kostatzen da horiek dekodifikatzea».
UPko diputatuarentzat, «zubi lanka» egingo dituzten pertsonak behar dira, «tribuen hitz egiteko moduak» itzultze aldera. Halere, errealitateari begiratu, eta ez du «erraz» ikusten erreferendum adostu bat egitea: «Nola lor daiteke erreferendum adostu bat, parlamentuan ez bagara ados jartzen gutxienekoetan...». Eskoziako adibidea aipatu du Nikolasek, Eusko Legebiltzarreko legelariak: 2014an bat egin zuten Erresuma Batuko Gobernuarekin adostuz, eta Eskoziako Gobernua beste bat planteatzekotan da. «Alde batetik», gustatzen zaio, bai, Aoizi. Baina zehaztapen bat egin zuen, lurraldetasunaren auziari erreparatuz: «Eskozia mapan non hasten den eta non bukatzen den, ez dago zalantzarik. Euskal Herria zer den ez da dago kontsentsuatuta», adierazi du.
Pandemiak eragindako abaguneari begiratu ,eta «erronkak» mahai gainean jarri ditu Barandiaranek: «Gure naziogintza ez bada digitalizatzen, ez badugu herri estrategia bat komunikazioan, ez dugu zer eginik».
Hamaika Gara egitasmoak eta BERRIAk burujabetzari eta erabakitzeko eskubideari buruzko antolatutako hitzaldi zikloko aurrenekoa izan da gaurkoa. Martxoaren 17an izango da hurrengo hitzaldia: Hizkuntza eta politika. Normalizazioa helburu. |
2021-2-23 | https://www.berria.eus/albisteak/194071/euskaldun-gisa-identifikatzea-ongizatearekin-lotuta-dagoela-ondorioztatu-du-ikerketa-batek.htm | Gizartea | Euskaldun gisa identifikatzea ongizatearekin lotuta dagoela ondorioztatu du ikerketa batek | Afro-amerikarrak aztertzeko erabili izan ohi diren testak euskaldunekin baliatu ditu Psikologia Fakultateko Kultura, Kognizioa eta Emozioa ikerketa taldeak. Ikusi dutenez, gutxiengo izatearen sentipenaren kalteak orekatu egiten ditu euskaldungoaren parte izatearen sentipenak. | Euskaldun gisa identifikatzea ongizatearekin lotuta dagoela ondorioztatu du ikerketa batek. Afro-amerikarrak aztertzeko erabili izan ohi diren testak euskaldunekin baliatu ditu Psikologia Fakultateko Kultura, Kognizioa eta Emozioa ikerketa taldeak. Ikusi dutenez, gutxiengo izatearen sentipenaren kalteak orekatu egiten ditu euskaldungoaren parte izatearen sentipenak. | Hainbat giza talderekin egin izan dira identitate etnikoak norberaren ongizatearen mailarekin duen harremana aztertzeko ikerketak, batez ere, AEBetako afroamerikarrekin. Orain, ikerketa horietan erabili diren test psikologiko eta bestelako tresnak Euskal Herrira eta euskaldunetara moldatu ditu EHUko Kultura, Kognizioa eta Emozioa ikerketa taldeak. Ondorioztatu dutenez, euskal identitate sendoa izateak eta euskaldun gisa ahaldunduta sentitzeak lagundu egiten dio gizabanakoari ongizate handiagoa sentitzen.
«Euskaldunek oro har egoera sozioekonomiko ona badute ere eta hizkuntzarekin lortu dituzten aurrerapausoak kontuan izanik ere, litekeena da bai munduan bai Euskal Herrian gutxiengo linguistikoa izatearen kontzientzia lagungarri izatea euskaldunekiko identifikazioak eta, bereziki, ahalduntzeak faktore oso garrantzitsu gisa joka dezaten banakoen ongizaterako», adierazi du Jon Zabala ikertzaileak.
AEK Euskalduntze Alfabetatze Koordinakundeak antolatzen duen Korrika ekinbidearen harira egin dute ikerketa. Euskararen aldeko lasterketan parte harturiko 748 pertsonak hartu dute parte ikerketan, %63 emakumezkoak eta %36,2 gizonezkoak. Horiei galdetegi bat eman zieten, besteak beste norbanakoaren eta norberaren taldearen arteko harremana deskribatzeko eta neurtzeko erabiltzen diren galderekin. Esaterako, galderetako batean zirkuluekin adierazten da zein harremana duen galdekatuak gainerako euskaldunekin: bi zirkuluak gero eta lotuago agertzen badira, orduan eta handiagoa da norberaren eta taldearen arteko identifikazioa.
Horrez gain, euskaldungoak gizartea aldatzeko duen ahalmena neurtzeko galderak egin dizkiete, eta euren ingurunea zein euskalduna den neurtzekoak. Azkenik, norberaren eta gizartearen ongizatea edo zoriona neurtzeko eskalak aurkeztu dizkiete, eta norberak komunitatean duen parte-hartzea zenbaterainokoa den ebazteko galderak.
«Ikusi dugu euskaldunekin oso identifikatuta edo fusionatuta sentitzen diren eta ahalduntze maila handia duten banakoek ongizate pertsonaleko eta sozialeko eta parte hartze komunitarioko indize handiak dituztela; berez, handiagoak dituzte fusiorik sentitzen ez duten eta ahalduntze maila apala duten pertsonek baino».
Baina zer gertatzen da egoera askotan gutxiengo bateko kide izatearen sentipenak eta, esaterako, hizkuntza estresak sortzen duten segurtasunik ezarekin eta nahigabearekin? Zabalak eta haren taldeak ondorioztatu dutenez, «identifikazio sozialak orekatu egiten du taldea gutxiengo linguistiko gisa sentitzeak eragiten dituen alderdi negatiboak». Fenomenoa harago doa, gainera, psikologoek atzeman dute ingurune erdaldunetan bizi diren euskaldunentzat «are garrantzitsuagoa dela euskaldunekiko identifikazioa sentitzea beren ongizaterako».
Euskal kulturak eta hizkuntzak aurrerapenak egin dituela sentitzeak indartu egiten du gizartea aldatzeko eta beren helburuak lortzeko euskaldunen kolektiboak duen boterearen pertzepzioa.
Ahultasunak
Edonola ere, Zabalak ohartarazi duenez, «oraindik ere badira hainbat ahultasun adierazle, hala nola euskararen egoera hauskorra eta egoera batzuetan hizkuntzari egiten zaizkion bereizkerien zenbait adierazle, zeinak euskararen eta, beraz, euskal identitatearen iraupenerako mehatxu gisa har baitaitezke». Psikologoaren arabera, gutxiengo izatearen kontzientzia lagungarri izaten zaio norbanakoari euskaldungoarekin identifikatzeko, «eta, bereziki, ahalduntzeak faktore oso garrantzitsu gisa joka dezake banakoen ongizaterako».
Ikertzaileak «harritu» egin dira ikusita euskaldunen kasuan ahalduntze kolektiboak zein indartsu dagoen lotuta norberaren ongizatearekin.
Esan bezala, halako ikerketak batez ere afro-amerikarrekin egin dituzte, eta ikertzaileek uste dute euskaldunekin eginikoa baliagarria izan daitekeela munduko beste hainbat talderekin. Edonola ere, ohartarazi dute ikerketarako aukeratutako pertsona taldea —korrikazaleak— ez dela Euskal Herriko populazio orokorra ordezkatzeko moduko lagina, euskaldungoarekiko identifikazio eta gizartean parte hartzeko joera handiagoa duelako.
Ikerketa osoa hemen irakur daiteke (ingelesez): Basque Ethnic Identity and Collective Empowerment: Two Key Factors in Well-Being and Community Participation. |
2021-2-23 | https://www.berria.eus/albisteak/194072/unibertsitateko-ikasleek-dohainik-izango-dituzte-hilekorako-produktu-higienikoak-ipar-euskal-herrian.htm | Gizartea | Unibertsitateko ikasleek dohainik izango dituzte hilekorako produktu higienikoak Ipar Euskal Herrian | Hurrengo asteetan makina batzuk jarriko dituzte ikasle egoitzetan eta unibertsitateetako osasun zerbitzuetan, produktu horiek lortzeko. Datorren ikasturterako «erabat doakoak» izatea espero dute. | Unibertsitateko ikasleek dohainik izango dituzte hilekorako produktu higienikoak Ipar Euskal Herrian. Hurrengo asteetan makina batzuk jarriko dituzte ikasle egoitzetan eta unibertsitateetako osasun zerbitzuetan, produktu horiek lortzeko. Datorren ikasturterako «erabat doakoak» izatea espero dute. | Unibertsitatean ikasten duten Ipar Euskal Herriko ikasleek dohainik izango dituzte hilekorako produktu higienikoak. Hala iragarri du Frederique Vidal Frantziako Goi Irakaskuntza eta Berrikuntza ministroak, Poitiersera (Frantzia) egin duen bisita batean.
Doakotasuna bermatze aldera, iragarri du hurrengo asteetan makinak jartzen hasiko direla ikasle egoitzetan eta unibertsitateetako osasun zerbitzuetan, produktu higieniko horiek lortzeko. Guztira 1.500 makina jartzea espero du Vidalek, eta datorren ikasturterako «erabat doan» izatea bermatu nahi du. Neurri horren bidez, pobrezia menstrualari aurre egin nahi dio Vidalek. Izan ere, hainbat taldek egindako ikerketa baten arabera, ikasleen herenak laguntza behar dute produktu horiek erosteko.
Frantziako Gobernua ez da gisa bereko erabakia hartzen lehena. Eskoziako Parlamentuak, joan den azaroan, aho batez onartu zuen hilekoari lotutako produktuak doan izan zitezela. Orain, eskualdeen eta udalen ardura da bermatzea tanpoiak eta konpresak, besteak beste, eskura egongo direla «behar dituzten guztientzat». Erabaki hori hartu zuen lehen herrialdea izan zen. Lehenago ere, Eskozia munduko lehen herrialdea izan zen menstruazio produktuak doan jartzen eskoletan eta unibertsitateetan.
Antzeko neurria iragarri berri du Zeelanda Berriak ere: ekainetik aurrera ikastetxeetan dohainik banatuko dituzte produktu higienikoak. Azaldu dutenez, pobrezia menstrualari aurre egin nahi diote horrela. |
2021-2-23 | https://www.berria.eus/albisteak/194073/laminaren-ilargi-esnezko-errekan-bisitan.htm | Bizigiro | Laminaren ilargi esnezko errekan bisitan | Espeleologo eta geologo talde bat Aizarnako Zabale Zulotoaren hondoan dagoen ilargi esnezko erreka ikusten egon da, eta bideo batean kontatu dute esperientzia. Munduan egoera likidoan dauden bakarrenetakoa da. | Laminaren ilargi esnezko errekan bisitan. Espeleologo eta geologo talde bat Aizarnako Zabale Zulotoaren hondoan dagoen ilargi esnezko erreka ikusten egon da, eta bideo batean kontatu dute esperientzia. Munduan egoera likidoan dauden bakarrenetakoa da. | Zabale Zulotoa Hernio magalean dago, Aizarnatik gertu. Inguruko herritarren kondaira baten arabera, ilargi betearekin lamina bat ateratzen zen, eta ilargi esnetan bainatzen zen.
Kondairak egiatik bazuela egiaztatu zuen Aranzadi zientzia elkarteak 2004. urtean. Han aurkitu zuten Aizarnako lehen ilargi esnea, munduan likido dauden bakanetakoa. Isuria zuria eta distiratsua da, eta karbonatoa, kaltzioa eta magnesioa dira haren osagai nagusiak. Ordura arte egoera solidoan bakarrik aurkitua zuten, eta zentimetro koadro txikian. Ernioko errekako ilargi esnea, berriz, egoera likidoan dago, eta, gainera, 150 metroko meazulo bat zeharkatzen du.
Ilargi esnezko erreka bisitatzen egon da talde bat asteburu honetan. Tartean ziren Iñaki Alonso Indio Akerbeltz espeleologia taldeko kidea eta Asier Hilario geologo tolosarra. Ataria Irratiak bizitakoa eta ikusitakoa kontatu du, eta bideo bat osatu. |
2021-2-23 | https://www.berria.eus/albisteak/194074/salmondek-bere-laquoizen-onari-kalte-egin-nahi-izatearaquo-egotzi-die-sturgeonen-gertukoei.htm | Mundua | Salmondek bere «izen onari kalte egin nahi izatea» egotzi die Sturgeonen gertukoei | Eskoziako Parlamentuak argitara atera du lehen ministro ohiak emandako alegatuen dokumentu sorta, egungo kargudunak sexu jazarpenen ikerketan ustez esandako gezurren auzian. | Salmondek bere «izen onari kalte egin nahi izatea» egotzi die Sturgeonen gertukoei. Eskoziako Parlamentuak argitara atera du lehen ministro ohiak emandako alegatuen dokumentu sorta, egungo kargudunak sexu jazarpenen ikerketan ustez esandako gezurren auzian. | Hainbat aste iraun duen borroka judizialaren ostean, Eskoziako Parlamentuak argitara atera du Alex Salmond lehen ministro ohiak ikerketa batzordeari aurkeztu dizkion alegatuen dokumentu sorta, Nicola Sturgeon egungo kargudunak sexu jazarpenen ikerketan ustez esandako gezurren auzian. Orain arte bezala, Salmond horietan ere gogor mintzatu da Sturgeonen eta SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren aurka, bere «izen onari kalte egin nahi izatea» egotzi baitie; batez ere Sturgeonen gertukoei, «asmo txarrez eta era koordinatuan» aritu direlakoan.
Dokumentu sorta argitara ematea zen Eskoziako lehen ministro ohiaren baldintza bihar parlamentuaren ikerketa batzordean deklaratzeko, eta eguerdi aldera bideak egina zirudien, fiskaltza agertu den arte. Dokumentuetako batean, Salmondek dio Sturgeonek gezurra esan ziola batzordeari, eta, hortaz, Ministroen Kodea hautsi zuela; fiskaltzak uste du epaitegien agindu bat urratu dutela testu hori argitara ateratzeak, eta parlamentuari bere webgunetik kentzeko eskatu dio, horren harira. Gerora berriz jarri dute, baina moldatuta. Horren ondorioz, zalantza sortu da Salmondek bihar agerraldia egingo ote zuen, eta azkenean jakinarazi du ez duela adierazpenik emango; agian ostiralean joango da batzordera, bere abokatuen arabera.
Gobernuburu izandakoaren iritziz, dokumentu sorta hori argitara ateratzea da gertaturikoaren bere bertsioa herritarrei helarazteko modua; berez, ikerketa batzordeko diputatuek hori argitara eramatearen aurka bozkatu zuten bitan, baina parlamentuko administrazioaz arduratzen den taldeak adierazi zuen hori egin zitekeela, eta, borroka judizial baten ostean, hala gertatu da.
Ikerketa batzordearen lana da ebaztea gobernuak nola kudeatu zituen sexu jazarpenengatik lehen ministro ohiaren aurka egindako salaketak. Iragan urtearen hasieran, Eskoziako Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen Salmond errugabea zela, eta, bien bitartean, hark auzitara eraman zuen gobernua, kudeaketa hori legez kanpokoa izan zela iritzita. Epaileak arrazoia eman zion, Edinburgo hari 565.000 euro ordaintzera behartzearekin batera —diru publikotik—.
Ebazpen horrek eragin du ekaitz politikoa: parlamentuak barne ikerketaren lana ikertzeko batzorde bat eratu zuen, eta hor deklaratu zuen Sturgeonek, erantzunak idatziz bidalita. Bada, gobernuburu ohiaren iritziz, egungo kargudunak «hainbatetan engainatu» zituen batzordea osatzen duten diputatuak, informazio faltsua emanez.
Hala, lehen ministroak esandakoetan eta ez esandakoetan dago jarria arreta; Ministroen Kodearen arabera, gezurra esatea kodea ez errespetatzea da, eta, hortaz, Sturgeonek dimisioa eman beharko luke hori egin duela frogatzen badute. Haren senar eta SNPko zuzendaritzako kide Peter Murrel ere ikerketapean dago, besteak beste, Salmonden aurkako karguak aurkeztu zituztenean mezu hau bidali zuelako: «[Salmondek] Borrokatzeko zenbat eta fronte gehiago izan, orduan eta hobeto».
Hain justu, gobernuburu ohiak Murreli eta Sturgeonen taldeko beste hiru gertukori egotzi die haren aurka aritzea, eta hura «kartzelatzeko konspirazio baten parte» izatea: «Badira gehiago, baina, arrazoi juridikoengatik, ezin ditut izendatu», dio ikerketa batzordeari emandako dokumentu sortan.
Horretan ere berretsi du bere abokatuek hilabeteotan esandakoa: gobernuak eta fiskaltzak ez dizkiotela batzordeari eman bere barne ikerketari buruzko dokumentu guztiak.
Aliantza baten haustura
Garai batean, SNPko buruzagi eta buruzagiorde gisara, bi protagonistak mugimendu nazionalistaren liderrak izan ziren, aliantza sendo bati eta gertuko harreman bati esker. Horren harira hartu zuten Sturgeon Salmonden ordezko naturaltzat, eta hala eskuratu zuen hark independentismoaren gidaritza. Urte horietan sortutakoa, ordea, erabat hautsi da, gobernuburu ohiaren aurkako salaketek sortu duten egoeragatik.
Lehen ministro izandakoaren bertsioa plazaratu ostean, Sturgeonek BBCri adierazi dio dena gezurra dela, eta akusazioak frogarik gabekoak direla: «Iradokitzen ari da bere kontrako kanpaina koordinatu bat dagoela, baina horren ebidentziarik gabe. Orain aukera du hilabeteotan entzun duguna frogekin ordezkatzeko». Salmondek bihar deklaratzen badu, lehen ministroaren txanda izango da datorren astean.
Inkesten arabera, gobernua eta SNP aspaldidaniko egoerarik hoberenean daude, inoizko onenean ez esatearren, nahiz eta pandemia betean gobernatzen ari diren; are, alderdiak maiatzeko bozetan gehiengo osoa berreskuratuko luke.
Gobernuburuaren sendotasuna, ordea, dirudien baino ahulagoa da, alderdiko sektore bat zalantzan jartzen ari baita independentziarako haren estrategia. Baina, oraingoz, arriskua ez dator hortik, sexu erasoengatiko salaketen harira hasitako gatazkatik baizik. |
2021-2-23 | https://www.berria.eus/albisteak/194075/hong-kongeko-bozetara-aurkezteko-txinari-fideltasuna-azaldu-beharko-zaio.htm | Mundua | Hong Kongeko bozetara aurkezteko, Txinari fideltasuna azaldu beharko zaio | Gobernuak datozen bost urteetarako lege proiektu bat aurkeztuko du martxoan, eta han biltzen den neurrietako bat da politikariek Pekini leialak izango direla zin egin beharko diotela. Helburua da «ziurtatzea Hong Kong abertzaleek gidatzen dutela». | Hong Kongeko bozetara aurkezteko, Txinari fideltasuna azaldu beharko zaio. Gobernuak datozen bost urteetarako lege proiektu bat aurkeztuko du martxoan, eta han biltzen den neurrietako bat da politikariek Pekini leialak izango direla zin egin beharko diotela. Helburua da «ziurtatzea Hong Kong abertzaleek gidatzen dutela». | Aurrerantzean, Txinari leialak izan beharko zaizkio Hong Kongeko hauteskundeetara aurkezten diren hautagaiak. Edo, gutxienez, hala zin egin beharko dute. Ez badute hala egiten, kanporatu egingo dituzte, eta bost urterako inhabilitazio bati egingo diote aurre. Hala zehazten du Hong Kongeko gobernuak datorren hilean aurkeztuko duen lege proiektuak. Helburua da «ziurtatzea Hong Kong abertzaleek gidatzen dutela».
Erabaki hori babestu du gobernuko batzorde exekutiboak, eta hala jakinarazi du Erick Tsang Hong Kongeko Gai Konstituzionaletarako idazkariak: «Hautagaiak abertzalea dela baldin badio, baina Txinako Errepublika buru duen gure sistema eta haren ezaugarriak errespetatzen ez baditu, ez da onargarria. Abertzalea bazara, Txinako Alderdi Komunistak herrialdea gidatzea onartu behar duzu», adierazi du.
Txinak ez du asmorik Hong Kongen ahots disidente gehiago onartzeko. Iaz segurtasun nazionalerako lege bat ezarri zuen Txinak; Pekinek neurriak hartu zituen behar bezain leialak ez ziren agintariak kanporatzeko, eta oposizioko buruak atxilotu zituzten, legez kanpoko batzarrak egitea eta atzerriko herrialdeekin bat egitea egotzita.
Lege horrek, besteak beste, sedizioa, sezesioa eta atzerriko esku hartzea zigortzea du helburu, baina eztabaida gehien eragin zuen puntua da horri esker Txinako segurtasun indarrek hainbat eskumen dituztela Hong Kongen, eta askatasun handiagoz jokatu ahal dutela.
Pekinen kritikoek eta nazioarteko hainbat herrialdek Txinari egotzi diote herrialde bat, bi sistema printzipioa amaitu nahi izatea. Txinak 1998an hartu zuen Hong Kongen kontrola —aurrez Erresuma Batuaren kolonia zen hiria—, baina 50 urtez hango biztanleen eskubideak, askatasunak eta sistema errespetatuko zituela hitzeman zuen.
Atzera begirako legea
Martxoan aurkeztuko duten legea atzera begirakoa izango da, eta, beraz, 2019tik karguan dauden politikariei ere eragingo die; orduko hauteskundeetan, «demokraziaren aldekoak» gehiengoa izan ziren, nabarmen. Zina apurtzen duen edo apurtu duen edonor kargutik kendu ahal izango dute, eta politikari horrek epaiketa bati egin beharko dio aurre geroago. Tsangek inhabilitazioa ezartzeko erabili ahalko dituzten arrazoien artean aipatu ditu Hong Kongen independentziaren alde egitea, edo Txinak Hong Kongekiko duen subiranotasuna ez onartzea.
Leialak diren edo ez epaitzeko, kontuan hartuko da hautagaiek iraganean izandako jokabidea ere. Hori dela eta, litekeena da 2019ko hauteskundeetan karguak eskuratu zituzten asko inhabilitatzea, haietako hainbat atxilotuak izan baitziren iazko istiluetan. Hori hala izango dela baieztatu du Tsangek: «Dena den, pertsona baten iraganeko ekintzak epaituko ditugun ala ez, hori bakoitzaren kasuaren araberakoa izango da». Gehitu du zin egitearena «serio hartzen dutenek» ez dutela arazorik izango.
Lege proposamena Hong Kongez eta Makaoz arduratzen den Txinako Gobernuaren ordezkariak aurkeztu zuen, Xia Baolongek. Baolongen arabera, Hong Kongeko hauteskundeak «hobetzeko» lanean ari dira, eta gehitu zuen instituzioek ezin dutela onartu «antisistemak» politikan sartzea.
Oposiziorik ez
Gaur egun ez dago oposizioko talderik Hong Kongeko Parlamentuan, demokratek han egoteari uko egin baitzioten iaz, haietako lau kide inhabilitatu zituztenean: eskualdeko gobernuak kargutik kendu zituen «demokraziaren aldeko» lau parlamentari, segurtasun nazionalerako arrisku bat izatea egotzita, eta beste hamabost ordezkarik kargua utzi zuten protesta modura. Orduan esan zutenez, Hong Kongek «jada ezin dio munduari esan herrialde bat, bi sistema printzipioa indarrean denik» |
2021-2-23 | https://www.berria.eus/albisteak/194076/unai-iparragirre-izango-da-etbko-zuzendaria.htm | Bizigiro | Unai Iparragirre izango da ETBko zuzendaria | Euskadi Irratiko zuzendaria Gorka Etxebeste izango da; Ander Arzakek, Radio Euskadi utzi, eta Euskadi Irratiko albistegiak zuzenduko ditu; Xabier Garcia Ramsden Radio Euskadira itzuliko da, Boulevard aurkezteko; Radio Euskadiko albistegiak Dani Alvarezek zuzenduko ditu. EITB talde osoko albistegien arduradun "transbertsala" Arantza Ruiz izango da. | Unai Iparragirre izango da ETBko zuzendaria. Euskadi Irratiko zuzendaria Gorka Etxebeste izango da; Ander Arzakek, Radio Euskadi utzi, eta Euskadi Irratiko albistegiak zuzenduko ditu; Xabier Garcia Ramsden Radio Euskadira itzuliko da, Boulevard aurkezteko; Radio Euskadiko albistegiak Dani Alvarezek zuzenduko ditu. EITB talde osoko albistegien arduradun "transbertsala" Arantza Ruiz izango da. | Unai Iparragirre izango da hemendik aurrera ETBko zuzendaria, Edu Barinagaren ordez —zazpi urtez bete du kargua Baleukoko ekoizle ohiak—. 1990eko hamarkadaren bukaeran ETBko aurkezlea izan zen Iparragirre, besteak beste, Jaiak, Superbat, Galdestreet eta Egun ero saioetan; aurretik, telebistako lehen pausoak Arrasate telebistan (Gipuzkoa) eman zituen Kukaratxa motel saioan. 2005etik, ordea, Discovery katearentzat egin du lan, Londresen. ETB1eko Gure kasa saioan 2019an kontatu zuenez, azkenaldian lan honetan ari zen: «Audientzian ondo ez doazen kateen estrategia martxan jartzen». Discoveryko produktuak garatu eta berritzeko presidenteordea izan da. Taldearen Turkiako kateak ere gidatu ditu.
EITBko administrazio kontseiluko bileran eman dute, gaur, taldearen izendapen guztien berri. Azkeneko urteetan Euskadi Irratiko emisioen eta produkzioaren burua izan eta gero, Gorka Etxebeste kazetaria euskarazko irrati publikoaren zuzendari izango da. Ibilbide luzea egin du Etxebestek Euskadi Irratian: albistegietako kazetari gisa lehen urteetan, eta ardura postuetan gero. EITB Musikako zuzendaria ere izango da Etxebeste. 2013. urtetik hona, ez da egon Euskadi Irratiko zuzendari eta Radio Euskadiko zuzendari kargurik; urte horretan, EITBko irratien zuzendari nagusi Odile Kruzeta izendatu zuten. 2019ko udan erretiroa hartu zuen, eta haren kargua Urko Aristik hartu zuen —irratien zuzendariordea zen lehen—. Aurrerantzean ere kargu berean jarraituko du Aristik, EITBko irratien buru. Orain arte bezala, irratien edukien ardura osoa Aristirena izango da. Euskadi Irratiko eta Radio Euskadiko zuzendari berriek planifikazioaren eta baliabideen ardura izango dute. Radio Euskadiko zuzendari Jon Osa izendatu dute. Gazteako zuzendaria, bestalde, Xabier Doncel izango da.
Euskadi Irratiko albistegiburu berria, bestalde, Ander Arzak izango da —azkeneko denboraldian Radio Euskadiko Boulevard saio nagusia gidatu du, eta ETBko albistegietan ere aritua da—. Radio Euskadiko albistegietako zuzendari berria Dani Alvarez izango da —hamar urtez Boulevard aurkeztu zuen, iazko uda arte; eta ETB2n El lector de huesos aurkeztu zuen—. Bestalde, EITB taldeak albistegien zuzendari orokor bat izango du, hedabide guztientzako «transbertsala» izango dena. Arantza Ruiz kazetariak beteko du kargu hori; urteetan Radio Euskadin aritu zen, eta azkenaldian ETB2ko saioetan aritu da aurkezle.
Arzaken tokia Xabier Garcia Ramsdenek hartuko du aurrerantzean Boulevard-en. 2011tik 2018ra, irrati bereko Ganbara saioa gidatu zuen Garcia Ramsdenek. Orain, berriz, ETBko asteburuetako albistegien editore ari zen. Irratira itzuliko da orain. Maite Amundarainek beteko du ETBko albistegien zuzendari kagua, eta Estibaliz Cosanok zuzendariordearena.
EITB taldeak kirolen arduradun nagusi bat ere izango du, albistegiekin gertatzen den moduan. Joseba Urkiolak beteko du kargu hori, gaur egun ETBko Kiroletako zuzendaria denak (zenbait pilota partidaren kontakizuna ere egiten du). EITBko Kiroletako zuzendariorde Iratxe Etxebarria izendatu dute. Miriam Anitua operazio eta produkzio zuzendari izendatu dute; eta Jose Luis Roman, arlo komertzialekoa.
EITB Nahieran aplikazioa eta EITBLab laborategia
EITB taldeak gailu eramangarrietarako aplikazioak indartu ditu. Bereziki nabarmena da EITB Nahieran aplikazioa, webguneko zerbitzua baino erabilgarriagoa. Taldeko irratien eta telebisten saio guztiak ikus daitezke bertan; telebistako edukiek bilatzaile bat dute, eta hizkuntzaren eta generoaren arabera daude sailkatuta: filmak, telesailak, albistegiak, kirolak, kultura, musika, umorea, dibulgazioa, dokumentalak… Irratiko edukiak, berriz, irratiaren eta programaren arabera daude antolatuta. Nire zerrenda ere egin daiteke, erabiltzaile bakoitzaren irrati eta telebista programa gogokoenen hautaketa pertsonalizatua. EITB Albisteak aplikazioa, bestalde, berritu egin dute: albiste nagusiak eskaintzen ditu atalka, eta azken albistegiak ere ikus daitezke.
Gainera, EITBLab sortu dute: formatu berrietarako eduki eta ideia laborategi bat izango da, eta Miramongo produkzio faktorian egongo da. Jon Lamarkak zuzenduko du. Lamarca Gazteako koordinatzailea izan da azken 13 urteetan, eta, besteak beste, gidoilaria eta albistegien eta entretenimenduzko saioen zuzendaria ere izan da telebistan. Miramongo zentroko arduraduna Maite Iturbe izango da —Andoni Aldekoaren aurretik EITBko zuzendari nagusi izan zena 2013tik 2020ra—. |
2021-2-23 | https://www.berria.eus/albisteak/194077/puigdemonti-immunitatea-kentzeko-urratsa-eman-du-europako-parlamentuak.htm | Mundua | Puigdemonti immunitatea kentzeko urratsa eman du Europako Parlamentuak | Kataluniako presidente ohiari eta Toni Comin eta Clara Ponsati kontseilari ohiei babes juridikoa kentzea proposatu du parlamentuko Auzi Juridikoen Batzordeak. Afera parlamentuko osoko bilkurara igaroko da, eta hark izango du azken hitza, martxoaren 8an. | Puigdemonti immunitatea kentzeko urratsa eman du Europako Parlamentuak. Kataluniako presidente ohiari eta Toni Comin eta Clara Ponsati kontseilari ohiei babes juridikoa kentzea proposatu du parlamentuko Auzi Juridikoen Batzordeak. Afera parlamentuko osoko bilkurara igaroko da, eta hark izango du azken hitza, martxoaren 8an. | Europarlamentari akta izateak ematen dien immunitatea galtzetik hurbilago daude Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemont, eta Toni Comin eta Clara Ponsati kontseilari ohiak, Europako Parlamentuko Auzi Juridikoen Batzordeak haien kontrako suplikatorioaren alde egin ostean. Atzo eztabaidatu zuen batzorde horrek immunitatea kentzeko proposamenaren inguruan, eta gaur egin dute bozketa: aldeko hamabost boto jaso ditu; aurkako zortzi, eta bi abstentzio. Modu horretan, Espainiako Auzitegi Gorenak eskatutakoaren alde egin du batzordeak. Puigdemonti, Comini eta Ponsatiri europarlamentari akta kentzea nahi du auzitegi horrek, eta Espainiaratzeko eskatu, 2017ko urriaren 1eko erreferenduma antolatzeagatik epaitzeko.
Prozedura ez da amaitu, ordea, eta hiru politikariek ez dute galduko immunitatea oraindik. Izan ere, batzordeak onartutakoa Europako Parlamentuak berretsi beharko du, osoko bilkuran. Martxoaren 8an izango dute bozketa. Orduan ere gehiengoak txostenean jasotakoaren alde egingo balu, hiru europarlamentariek ez lukete diputatu akta galduko, eta kargu horretan jarraituko lukete. Egoera juridikoan eragingo lieke, ordea, Europako Parlamentuak baimenduko lukeelako haiek epaitzea.
Euroaginduak aktibatu nahi ditu Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarenak, eta Bruselak ez dio jarriko oztoporik horretarako, gaur hamabost egingo duten legebiltzarreko saioan gaurko erabakia berresten badute. Litekeena da hala egitea, ordezkaritza handiena duten talde parlamentarioetako diputatu gehienek horren aldeko posizioa agertu baitute orain arte.
Hala balitz, Puigdemontek, Cominek eta Ponsatik Belgikako Justiziaren aurrean deklaratu beharko dute, haien aurkako euroagindu eskaerak eginak baititu Espainiak —sedizio delitua egozten diote Ponsatiri, eta sedizioa eta diru publikoaren erabilera bidegabea Puigdemonti eta Comini—. Eskaera horiek onartuz gero, Espainiaratu egingo lituzke Belgikak, han epaitzeko. Horri uko egitea ere bada aukera bat, ordea, argudiatuta Espainian ez dutela edukiko bidezko epaiketa bat izateko bermerik. Argudio hori bera erabilita, Belgikako auzitegi batek ez zuen onartu Lluis Puig Kataluniako kontseilari ohia estraditatzeko eskaera, joan den abuztuan.
Gaurkoa, esperotakoa
Angel Dzhambazki Bulgariako VMRO alderdiko politikariak egindako txosten baten edukia da gaurko saioan bozkatu dutena. Europako Parlamentuko Europako Kontserbadoreen eta Erreformisten taldeko kide da VMRO, besteak beste, Legea eta Justizia, Vox eta Italiako Anaiak eskuin muturreko alderdiekin batera. ABC egunkariak joan den astean aurreratu zuen Dhzambazkik egindako txosten hori Junts per Catalunyako kideei immunitatea kentzearen aldekoa zela. Espainiako Justiziak egindako eskariei men ez egiteko arrazoirik ez dagoela zioen txostenak, argudiatuta Puigdemont, Comin eta Ponsatiri egozten dizkieten delituak europarlamentari izan aurrekoak direla, eta ez dutela zerikusirik kargu horretan egindako lanarekin.
Txostenaren inguruko bozketa egitea zegokien batzorde juridikoko kideei gaur, baina espero zen haren alde egingo zutela. Izan ere, batzordea osatzen duten 25 diputatuetatik zortzi Espainiako alderdietako diputatuak dira, eta eta Ciudadanoseko Adrian Vazquez da batzordeko presidentea. Gainera, popularrak, liberalak eta sozialistak gehiengoa dira, eta ziurtzat jotzen zen immunitatea kentzearen alde egingo zutela.
Gaurko bozketara arteko prozeduran izandako irregulartasunak salatu dituzte azken egunetan Puigdemonten, Cominen eta Ponsatiren abokatuek. Konfidentzialtasunerako zina egina zuten eurodiputatuek, baina zenbaitek hori urratu dutela agerian geratu da. PPko diputatu Esteban Gonzalez Ponsek publikoki adierazi zuen batzordearen gehiengoak immunitatea kentzearen alde egingo zuela, lehenik, eta, pasa den astean, ABC-k txostenaren edukia zabaldu zuen. Filtrazio hori ikertzeko eskatu zioten abokatuek David Sassoli Europako Parlamentuko presidenteari. |
2021-2-24 | https://www.berria.eus/albisteak/194078/tiger-woodsek-auto-istripu-larria-izan-du-laquoabiadura-handianraquo-zihoala.htm | Kirola | Tiger Woodsek auto istripu larria izan du, «abiadura handian» zihoala | Eskuineko hankako orkatilan, tibian eta peronean egin diote ebakuntza. Atzo izan zuen istripua Woodsek, Los Angelesen. | Tiger Woodsek auto istripu larria izan du, «abiadura handian» zihoala. Eskuineko hankako orkatilan, tibian eta peronean egin diote ebakuntza. Atzo izan zuen istripua Woodsek, Los Angelesen. | Auto istripu larria izan zuen atzo Tiger Woods golf jokalari ezagunak. Lesio larriak eragin zizkion istripuak, batez ere eskuineko hankan, eta erietxean «luze» aritu zitzaizkion atzo ebakuntza egiten. Hala jakinarazi du bere komunikazio taldeak Twiterren zabaldutako mezuak: «Woodsi eskuineko hankako orkatilan, tibian eta peronean egin diote ebakuntza». Ebakuntza eginda, golf jokalaria dagoeneko esna eta suspertze bidean dagoela jakinarazi dute.
Atzo izan zuen istripua Tiger Woods golf jokalari ezagunak, Los Angeles ondoko Rancho Palos Verdes hirian. Poliziaren arabera, autoa, errepidetik irten, eta irauli egin zen. Suhiltzaileek eta larrialdi zerbitzuek atera zuten Woods autotik, eta Harbor-UCLA erietxera eraman zuten. Polizia iturrien arabera, Woodsen autoa «abiadura handian» zihoan.
Woods zelaietatik kanpo aritu da azken boladan, beste ebakuntza bat egin diotelako berriki bizkarrean. Augustako Mastersa jokatzeko asmotan zen apirilean. |
2021-2-23 | https://www.berria.eus/albisteak/194079/rafael-gurrea-hil-da-nafarroako-parlamentuko-presidente-ohia.htm | Politika | Rafael Gurrea hil da, Nafarroako Parlamentuko presidente ohia | UPNko kidea, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde izan zen Miguel Sanzen garaian. 80 urterekin zendu da. | Rafael Gurrea hil da, Nafarroako Parlamentuko presidente ohia. UPNko kidea, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde izan zen Miguel Sanzen garaian. 80 urterekin zendu da. | Rafael Gurrea Indurain hil da, UPNko politikari ohia eta Miguel Sanzen garaian Nafarroako Gobernuko lehendakariorde izandakoa.
Gurrea 1940an jaio zen, Irunberrin (Nafarroa). 1974an Burlatako alkate egin zen (Nafarroa), eta 1979an sartu zen Nafarroako Parlamentuan, parlamentari. 2003 eta 2007 bitartean Nafarroako Parlamentuko presidente izan zen. UCD alderdiarekin hasi bazen ere, UPNra pasatu zen gero, eta alderdiaren barnean ere ardura postuak izan zituen: idazkari nagusi eta lehendakariorde izan zen. 80 urterekin zendu da. |
2021-2-24 | https://www.berria.eus/albisteak/194105/zaballako-kartzelara-ekarriko-dute-inaki-urdangarin.htm | Mundua | Zaballako kartzelara ekarriko dute Iñaki Urdangarin | Urtarriletik hirugarren graduan dago Urdangarin. Zaballako kartzelan, delitu ekonomikoak egin dituzten presoentzako programa batean hartuko du parte. | Zaballako kartzelara ekarriko dute Iñaki Urdangarin. Urtarriletik hirugarren graduan dago Urdangarin. Zaballako kartzelan, delitu ekonomikoak egin dituzten presoentzako programa batean hartuko du parte. | Urtarrilean onartu zion hirugarren gradua Iñaki Urdangarin Espainiako Errege Etxeko kide ohiari eta Palmako duke izandakoari Gaztela eta Leongo espetxe zaintzako lehen epaitegiak. Orain artean, Madrilgo Alcala de Henaresko gizarteratze zentroan bete du zigorra Urdangarinek. Datorren astean, ordea, Zaballako (Araba) kartzelara lekualdatuko dute. Horretarako baimena eman dio Espetxe Zuzendaritza Nagusiak.
Zaballako kartzelan, delitu ekonomikoak egin dituzten presoentzako programan hartuko du parte Urdangarinek. Hirugarren graduan dagoenez gero, aste barruan, lan egitera joateko utzi ahal izango du Zaballako kartzela, eta lotarako itzuli beharko du. Asteburuak, berriz, zentrotik kanpo igaro ahalko ditu osorik.
Urdangarin bost urte eta hamar hilabeteko kartzela zigorra betetzen ari da, Noos auziarengatik. Zerga delituak, prebarikazioa, iruzurra, diru publikoaren erabilera bidegabea eta influentzia trafikoa delituen errudun zela ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak, 2018ko ekainean. Epaileek frogatutzat jo zuten Balearretako gobernuak hainbat kontratu publiko esleitu zizkiola Urdangarinen Noos institutuari, hura Errege Etxeko kidea zelako. Gorenak adierazi zuen Urdangarinek bere «posizioaz abusatu» egin zuela, «era inplizitu baina ulergarrian», kontratu publikoak eskatzeko eta «tratu pribilegiatua» jasotzeko.
Avilako Brieva herrian dagoen emakumeen kartzelan egin zituen lehen hilabeteak preso Urdangarinek. Iazko abenduan aldatu zuten Alcala de Henaresko gizarteratze zentrora. |
2021-2-24 | https://www.berria.eus/albisteak/194106/raul-garciak-2022ra-arte-berritu-du-kontratua-athleticekin.htm | Kirola | Raul Garciak 2022ra arte berritu du kontratua Athleticekin | Zenbait helburu lortuz gero, erdilari nafarrak aukera izango du lan hitzarmena beste urtebetez luzatzeko. Seigarren denboraldia du talde zuri-gorrian. | Raul Garciak 2022ra arte berritu du kontratua Athleticekin. Zenbait helburu lortuz gero, erdilari nafarrak aukera izango du lan hitzarmena beste urtebetez luzatzeko. Seigarren denboraldia du talde zuri-gorrian. | Bolo-bolo zebilena baieztatu da gaur goizean: Raul Garciak (Zizur Nagusia, Nafarroa, 1986) beste urtebetez jarraituko du Athleticen. Erdilari nafarrak 2022ra arte berritu du kontratua talde zuri-gorriarekin, eta. zenbait helburu lortuz gero, aukera izango du hitzarmen hori beste sasoi batez luzatzeko.
34 urteko jokalariak seigarren denboraldia du Athleticen. Funtsezkoa izan da entrenatzaile guztientzat, eta konfiantza hori lan bikaina eginez ordaindu die. Horren erakusle dira orain arte pilatu dituen estatistikak: 238 partida jokatu ditu, eta 70 gol sartu. Aurreko sasoian egin zituen gehien, hamabost, 42 neurketatan. Denboraldi honetan, berriz, zazpi sartu ditu, 27 norgehiagokatan.
Lan on horren saritzat hartu du jokalariak kontratua berritzea: «Oso pozik nago, esan nahi duelako lanari eta konstantziari emandako saria dela», adierazi du Athleticen sare sozialetan egindako adierazpenetan. Denboraldi amaieran taldeari geratzen zaiona ere hizpide izan du, zaleak gogoan: «Final bat jokatuko dugu hemendik gutxira [Espainiako Kopakoa, Realaren aurka, apirilaren 3an], eta beste batera sailkatzeko aukera daukagu [Levante menderatu behar denboraldi honetako Kopako finalerdietan, martxoaren 4an]. Gogotsu nago zaleei poz horiek emateko, merezi dute eta».
Marcelino Garcia Toralentzat funtsezko jokalaria da. Hark taldearen ardura hartu zuenetik, bigarren aurrelari gisa ari da jokatzen, entrenatzaileak hain gustuko duen 1-4-4-2 sisteman. Baina punta-erdi lanak ere egiten ditu, eta nafarraren ekarpena ezinbestekoa da hiru alor hauetan, batez ere: kontraerasora ateratzeko erreferentzia da, bizkarrez baloia ukitu eta taldeari irteera emateko; jokoa gehiago landu behar denean, ederki orekatzen ditu lekuak bi euskarriekin, taldea hauts ez dadin atzeko jokalarien eta aurrekoen artean: eta geldikako jokaldietan erabat zitala da aurkarientzat.
Lehiakorra da oso, odol berokoa, eta abila aurkariak bere onetik ateratzen. Horri gehituz gero epaileen errespetua irabazia duela bere izaera beroa ateratzeko, aurkari bainoago norbere taldean edukitzeko askoz hobeak diren jokalari horietako bat da. Hala erakutsi izan du bere ibilbide osoan: Osasuna (2004tik 2007ra, eta 2011-2012); Atletico Madril (2007tik 2012ra); eta Athletic (2015etik). |
2021-2-24 | https://www.berria.eus/albisteak/194107/miguel-de-los-toyosek-eibarko-alkatetza-utzi-du.htm | Politika | Miguel de los Toyosek Eibarko alkatetza utzi du | Jon Iraola PSE-EEko zinegotziak hartuko du kargua. De los Toyos Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolaketarako sailburuordea izango da aurrerantzean. | Miguel de los Toyosek Eibarko alkatetza utzi du. Jon Iraola PSE-EEko zinegotziak hartuko du kargua. De los Toyos Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolaketarako sailburuordea izango da aurrerantzean. | Miguel de los Toyos Eibarko (Gipuzkoa) alkateak dimisioa eman du, 2023ko udal hauteskundeei begira erreleboa emateko. Agerraldi batean, azaldu du Jon Iraola PSE-EEko zinegotzi eta PSE-EEren udal taldeko egungo bozeramaileak hartuko duela alkatetza, bi urte barruko hauteskundeetan hura izan dadin hautagaia. Aurrerantzean, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolaketarako sailburuordea izango da; hain zuzen, Arriola sailburu eta Eibarko alkate ohiaren azpikoa.
Iraolak azaldu du «erronka bat» dela udalaren buruan jartzea, baina «gogoz, arduraz eta, batez ere, errespetuz» hartzen duela: «Nire onena emango dut eibartarrak merezi duten bezala ordezkatzeko».
Toyosek sare sozialetan zabaldutako mezu batean aitortu duenez, ez da «erabaki erraza» izan: «Ez da erraza nire sentimenduak lerro gutxi batzuetan laburtzea. Baina nabarmendu nahi dut nire bizitzaren aro hau oso eskertuta amaitzen dudala».
De los Toyosek hamahiru urte egin ditu Eibarko alkatetzan, 2008an Iñaki Arriolaren lekukoa hartuta, eta 26 guztira udalean. 1968an sortua da, eta 1995ean sartu zen zinegotzi, Arriola bera alkatea zela. 2003an, berriz, udal gobernuaren bozeramaile lanetan aritu zen.
Haren agintepean, PSE-EE lehen indarra izan da Eibarren, 2011, 2015 eta 2019ko hauteskundeetan botoen %30-%33 eskuratuta. Hain zuzen, Eibarko alkatetza izan da sozialistek azken urteetako apalaldiaren testuinguruan alkatetzari eustea lortu duten udalerrietako bat.
Aurten, Eibarko Udala izan da interesguneetako bat aurrekontuen eztabaidan, PSE-EEk eta EAJk EH Bildurekin adostu dutelako 2021erako aurrekontu proiektua. |
2021-2-24 | https://www.berria.eus/albisteak/194108/iberdrolak-3610-milioi-euro-irabazi-zituen-iaz-inoiz-baino-gehiago.htm | Ekonomia | Iberdrolak 3.610 milioi euro irabazi zituen iaz, inoiz baino gehiago | Inbertsioak ere handitu dituenez, 2025erako 5.000 milioi irabaztea espero du. | Iberdrolak 3.610 milioi euro irabazi zituen iaz, inoiz baino gehiago. Inbertsioak ere handitu dituenez, 2025erako 5.000 milioi irabaztea espero du. | Koronabirusaren krisia potentzia galdu gabe igarotzen ari da Iberdrola. Iaz, inoizko irabazirik handienak lortu ahal izan zituen, 3.610 milioi euro (+%4,2), nahiz eta iaz argindar eskaria %5etik gora jaitsi zen haren merkatu nagusietan, Espainian eta Erresuma Batuan. Merkatu kapitalizazioan munduko argindar konpainia handienetan hirugarrena da dagoeneko Iberdrola; 66.800 milioi euroren balioa du gaur egun.
Markak hautsi arren, Iberdrolak azaldu du hark ere jasan duela koronabirusaren krisia: 238 milioi euro gutxiago irabaztea ekarri dio. Horren arrazoietako bat da hornidurak handitu behar izan dituela, 499 milioi euroraino, krisiaren ondorioz berankortasuna handitu delako haren bezeroen artean.
Irabaziak handitu izanaren arrazoi bat da iazko kontuetan zenbatu dituela Siemens Gamesaren akzioen %8ren salmenta. 485 milioi euroren gainbalioa lortu zuen akzio horiek salduta.
Aurten, gehiago
Aurten zail izango du halako etekina eman dion operaziorik egitea, baina, hala ere, irabaziak handituko dituela kalkulatu du Bilboko argindar konpainiak: 3.700 eta 3.800 milioi bitarte espero ditu. Horri esker, akzio bakoitzeko 0,44 euroren dibidendua banatuko duela uste du, 2020ko irabazien kontura banatuko duen 0,42 euroren irabaziaren gainetik. Kopuru horiek txiki gera daitezke urte gutxian, baldin eta Ignacio Sanchez Galanen zuzendaritza taldeak bere helburuak lortzen baditu, hau da, 2025ean 5.000 milioi irabaztea eta 2030ean 7.000 milioira iristea. Horretarako bidea inbertsioak handitzea dela dio Iberdrolak, eta horretan ere markak hausten ari da: 2020. urtean 9.246 milioi euroren inbertsioak egin zituen (+%13).
Horietatik %91 energia berriztagarrietara eta banaketa sareak berritzera bideratu ditu. Itsasoko energia eolikoa bultzatzera joan da diru horren zati bat. Gaur egun 1,3 gigawatt ditu instalatuta, baina beste 2,6 GW jartzen ari da. Enpresak erosten ere oso aktibo izan zen iaz Iberdrola. AEBetan egin zuen erosketarik handiena: PNM Resources New Mexicoko argindar enpresa erosi zuen, 3.600 milioi euroren truke. Urrian iragarri zuen operazioa Iberdrolak, eta otsail honetan eman diote oniritzia PNMko akziodunek. Maiatzean, Aalto energia berriztagarrien Frantziako enpresaz jabetu zen, 100 milioiren truke; ekainean, berriz, Australiako Infigen enpresaz: hura ere energia berriztagarrietan aritzen da.
Iberdrolaren irabaziak oso handiak izan arren, horien zati txiki bat baizik ez da geratzen Bizkaiko Ogasunen kutxetan. ELAk duela bi aste azaldu zuenez, 2019an 36 milioi euro baino ez zizkion ordaindu Bizkaiko Ogasunari sozietate zergan. Iberdrolak zerga sistema arduratsuari buruz urtero kaleratzen duen txostenak dio 2019an 797 milioi pagatu zituela sozietate zergan, horietatik 367 milioi Espainiako Ogasunari eta Bizkaikoari.
Dominion, %65 gutxiago
Kopuru apalagoak dira Dominionek darabiltzanak, iaz hamabi milioi euro irabazi baitzituen. Nahiz eta aurreko urtean baino %65 gutxiago den, Bizkaiko konpainiak ziurtatu du bere aurreikuspenak gainditu dituela, urte amaieran krisi aurreko jarduera berreskuratu ahal izan duelako. Energia, azpiegitura, industria eta telekomunikazio sektoreetan zerbitzuak ematen dituen enpresa bat da Dominion. Bazkide baten bila ari da energia berriztagarrietan inbertsioak handitu ahal izateko. |
2021-2-24 | https://www.berria.eus/albisteak/194109/garamendik-dio-espetxe-eskumenaren-negoziazioa-nahikoa-aurreratuta-dagoela.htm | Politika | Garamendik dio espetxe eskumenaren negoziazioa «nahikoa aurreratuta» dagoela | Espetxe eskumenak «lehenbailehen» eskualdatzea espero du Jaurlaritzak, «letra txikia» negoziatzen ari direlako. Gainera, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldea «aurki» berrosatuko dela aurreikusi du Autogobernu sailburuak. | Garamendik dio espetxe eskumenaren negoziazioa «nahikoa aurreratuta» dagoela. Espetxe eskumenak «lehenbailehen» eskualdatzea espero du Jaurlaritzak, «letra txikia» negoziatzen ari direlako. Gainera, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldea «aurki» berrosatuko dela aurreikusi du Autogobernu sailburuak. | Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak espero du espetxe eskumenak «lehenbailehen» eskualdatzea, Espainiako Gobernuarekiko negoziazioak «nahikoa aurreratuta» daudelako. Hala azaldu du Onda Vasca irratian eginiko elkarrizketan.
1979ko estatutuan jasota baina oraindik eskualdatu gabe dauden eskumenak transferitzeko egutegia eguneratu zuen urrian Espainiako Gobernuak, eta proposamen berria igorri zion Eusko Jaurlaritzari. Plan berriaren arabera, bi gobernuek martxorako itxiko dituzte bigarren blokeari buruzko elkarrizketak: besteak beste, espetxeetako eskumena dago zerrenda horretan. Gobernuek abenduaren 30ean adostu zuten zirriborro bat.
Garamendik azaldu duenez, «bereziki» ari dira lanean espetxe eskumenaren transferentzian, «oso konplexua» delako: «Espetxeen gaiaz ari garela, sakonean izan dezakeen oinarri politiko sinbolikoaz harago, pertsona, azpiegitura eta ekipamendu askori eragiten dien eskualdatze bati buruz ari gara, eta, beraz, segurtasun juridiko eta kontu handiarekin egin behar da». Gaineratu du «gai guztien letra txikia» lantzen ari direla.
Edozein modutan, gogorarazi du espetxe legeria Espainiako Gobernuari dagokiola, eta hala jarraituko duela eskumena transferitzeko orduan ere: «Beste kontu bat da espetxe eskumenen eskualdaketak Euskadira ekarriko dituela kartzelen antolaketa eta funtzionamendua, eta ahalbidetuko duela lan hezkuntzari edota presoen birgizarteratzeari buruzko gaiei heltzea» .
Espainiako Gobernuko Lurralde Antolaketako Ministerioa da Jaurlaritzaren solaskidea, baina ministerioan aldaketa izan da berriki; Carolina Dariasek Osasun ministro kargua hartu duelarik, Miquel Iceta da orain Lurralde Antolaketako ministroa. Garamendik azaldu du harekin «harreman ona» izatea espero duela.
Autogobernu Lantaldea, «aurki»
Bestalde, esan du espero duela Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak «aurki» berrekitea bere zereginari, «Gernikako Estatutuaren eguneratzea gai garrantzitsua delako gure komunitatearentzat. Estatutuak baditu urte batzuk, gizarteak eboluzionatu egin du, eta eman beharreko pausoa da». Hala ere, Jaurlaritzak ez du esku hartuko lan horietan, eta «lagundu» egingo du hala eskatzen badiote. Sailburuak itxaropena azaldu du talde parlamentarioek akordio zabal bat lortzeko. |
2021-2-24 | https://www.berria.eus/albisteak/194110/hamabost-urteko-kartzela-zigorra-ezarri-diote-daphne-caruana-kazetaria-hiltzeaz-akusatuetako-bati.htm | Mundua | Hamabost urteko kartzela zigorra ezarri diote Daphne Caruana kazetaria hiltzeaz akusatuetako bati | Vincent Muscatek aitortu du kazetaria hil zuela, eta ezin izango dio epaiari errekurtsorik jarri. Caruana Galiziak Panamako paperak ikertu zituen, eta herrialdeko hainbat goi kargudunek zituzten ustelkeria kasuak argitaratu. | Hamabost urteko kartzela zigorra ezarri diote Daphne Caruana kazetaria hiltzeaz akusatuetako bati. Vincent Muscatek aitortu du kazetaria hil zuela, eta ezin izango dio epaiari errekurtsorik jarri. Caruana Galiziak Panamako paperak ikertu zituen, eta herrialdeko hainbat goi kargudunek zituzten ustelkeria kasuak argitaratu. | Bonba-auto bat lehertuta hil zuten Daphne Caruana Galizia Maltako kazetaria, 2017ko urriaren 16an. Epaiketa hasi eta hiru urte pasatu ondoren, Caruana Galizia hiltzeaz akusatutako hiru gizonezkoetako batek, Vincent Muscatek, erasoa egin zuela aitortu du, eta 15 urteko kartzela zigorra bete beharko du. George Degiorgio eta Alfred Degiorgio dira Caruana Galizia hiltzeaz akusatutako bertze biak. 2017ko abenduan atxilotu zituzten hirurak.
Urtarrilean,Muscatek indultua eskatu zuen, eta, auzitegiak hori ukatu ondotik, fiskaltzarekin kolaboratzeari ekin dio. Orain arteko defentsa estrategiari uko egin, eta akusazioa onartu du Muscatek: 15 urteko kartzela zigorra bete beharko du, eta 42.930 euro ordaindu beharko ditu kostu judizialengatik. Gainera, akusatuak uko egin dio sententziari errekurtsoa jartzeko aukerari, eta berehala sartuko da kartzelan.
2019ko azaroan, Maltako Gobernuak indultua eman zion ustez Caruala Galiziaren hilketaren berri zuen herritar bati. Indultua eman eta hurrengo egunean, herrialdeko Poliziak Yorgen Fenech enpresaria atxilotu zuen, hilketarekin zerikusia zuelakoan. Ez zen hori atxiloketa bakarra izan, handik egun batzuetara atxilotu baitzuten Keith Schembri, Joseph Muscat lehen ministroaren kabineteburua. 12 egun geroago dimisioa eman zuen Muscatek.
Caruana Galiziaren familiak hasieratik salatu zuten hilketaren atzean arrazoi ilunak zeudela. Panamako paperak aktiboki ikertzen aritu ziren kazetarietako bat zen Caruana Galizia, eta Maltako gobernuko goi kargudunen ustelkeria kasuak argitaratu zituen. Caruana Galiziak argitara ekarritako eskandaluen artean, besteak beste, salatu zuen Maltako lehen ministro Joseph Muscaten gertuko batzuek negozio iluneko enpresa sekretuak zeuzkatela Panaman. Besteak beste, haren emazte Michelle Tanti, haren kabineteburu Keith Schembri eta Turismo ministro Konrad Mizzi. Kasu horiek guztiak Panamako paperetan filtratutako informazioaren ondorio dira. |
2021-2-24 | https://www.berria.eus/albisteak/194111/ostalarientzat-laguntzak-iragarri-ditu-pedro-sanchezek.htm | Ekonomia | Ostalarientzat laguntzak iragarri ditu Pedro Sanchezek | Espainiako Gobernuak 11.000 milioi euro banatuko ditu «enpresak indartzeko». Ez du argitu zuzeneko laguntzak izango diren ala zerga murrizketak. | Ostalarientzat laguntzak iragarri ditu Pedro Sanchezek. Espainiako Gobernuak 11.000 milioi euro banatuko ditu «enpresak indartzeko». Ez du argitu zuzeneko laguntzak izango diren ala zerga murrizketak. | Iazko udaberriko konfinamenduaren lehen urteurrenerako bi aste baizik falta ez direla, Espainiako Gobernuak laguntzak iragarri ditu itxialdiak zuzen-zuzenean pairatu dituzten sektore ekonomikoentzat.
Kongresuan egindako agerraldian, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak iragarri du 11.000 milioi euro banatuko dituela «enpresen eta autonomoen artean». Diruaren zatirik handiena ostalarientzat eta turismo sektoreko beste enpresentzat izango dela azaldu du. «11.000 milioi euro izango dira haien balantzeen kaudimena sendotzeko eta jarduerara itzuli ahal izateko, beharrezko inbertsioak egiteko eta behar dituzten langileak kontratatzeko».
Sanchezek, ordea, ez du azaldu nola banatuko dituen diru horiek. Zuzeneko laguntzak eskatu dituzte patronalek eta autonomoen elkarteek, baina zerga murrizketen bitartez egiteko aukerak indar handia du. Hori hautatuko balitz, eragin txikiagoa izango luke Hego Euskal Herrian, zerga sistema propioa baitu. Nafarroako Gobernuak, esaterako, zuzeneko laguntzak banatu dizkie ostalariei, 2019an aitortutako diru sarreren araberakoak.
Koronabirusaren krisiaren kalteei aurre egiteko ezer gutxi egin duela leporatu diotenei, berriz, erantzun die Espainiako BPGa halako %20 jarri duela gobernuak, hots, 200.000 milioi eurotik gora. Diru horren zatirik handiena joan da ABEE aldi baterako enplegu erregulazioak ordaintzera eta enpresei maileguak emateko ICO kreditu institutuaren bitartez emandako bermeetara.
Horien bitartez eragotzi dute enpresa askok porrot egitea bat-batean diru sarrerarik gabe geratu zirelako, baina orain haietako askoren arazoa desberdina da: hainbat hilabetez fakturazio apalak izan ondoren, enpresaren kaudimena dago arriskuan, haien errentagarritasuna. Eusteko moduan daudenetako batzuk hurrengo urteotan gerrikoa estututa ibiliko dira, inbertsiorik eta kontrataziorik egin gabe, eta horrek krisia luza dezake. |
2021-2-24 | https://www.berria.eus/albisteak/194112/loraldia-festibal-indarberritua-antolatuko-dute-martxoaren-9tik-28ra-bitarte.htm | Kultura | Loraldia festibal «indarberritua» antolatuko dute martxoaren 9tik 28ra bitarte | Askotariko diziplinak taularatuko dituzte jaialdiko parte hartzaileek, eta, berrikuntza bezala, rol jokoak eta kabareta ere jorratuko dira. Ikuskizun gehienak aurrez aurrekoak izango dira, eta hiru ekitaldi emango dituzte ‘online’. | Loraldia festibal «indarberritua» antolatuko dute martxoaren 9tik 28ra bitarte. Askotariko diziplinak taularatuko dituzte jaialdiko parte hartzaileek, eta, berrikuntza bezala, rol jokoak eta kabareta ere jorratuko dira. Ikuskizun gehienak aurrez aurrekoak izango dira, eta hiru ekitaldi emango dituzte ‘online’. | Loraldia festibalaren seigarrena zatika antolatu behar izatea eragin zuen pandemiak iaz, baina ez du zazpigarrena bertan behera uztea lortu. Martxoaren 9tik 28ra bitarte egingo dute, eta, neurriak neurri, nagusiki aurrez aurrekoa izango den programazioa ondu dute jaialdiko antolatzaileek. Bilboko hamahiru areto eta gunetako oholtzetan askotariko diziplinak agertuko ditu aurten ere Loraldia festibalak: literatura, bertsolaritza, musika, dantza eta bestelako moldeak batu eta nahastuko dituzte hamaika sortzailek, eta, aurten, kabareta eta rol jokoak gehituko dizkiote eskaintzari. Hala, euskal kulturaren «adierazpenik berritzaileenak» ikusi ahalko dira aurten ere, antolatzaileek diotenez. Gainera, aurten jaialdi «indarberritua» ondu dutela nabarmendu dute.
Antolatzaileek adierazi dutenez, hiru helburu izan du aurten jaialdiko programazioak: «euskal sortzaile gazteak nabarmentzea, emakumeak oholtzara ekartzea, publiko berrietara heltzea eta memorian sakontzea». Horiek horrela, Olatz Salvador, Antxiñe Mendizabal, Haizea Martiartu edota Ainhoa Urgoitia ikusi ahal izango dira, Zetak taldeak ere ikuskizuna eskainiko du, eta euskal kulturako zenbait «erreferente» ere gogoan izango dira, hala nola Xabier Lete, Joseba Sarrionandia eta Agustin Xaho. Mikel Ayllon idazleak emango dio hasiera jaialdiari Zoriontsuak izatea aukeratu genuen azken liburuaren antzezlan eta solasaldiarekin, eta Opeileko erlea ikuskizunarekin bukatuko da festibala. Literatura, bertsolaritza eta musika uztartuko ditu horrek, Unai Elorriaga, Fernando Velazquez, Oihana Iguaran, Jone Uria eta Joseba Santxoren elkarlanari esker.
Internet bidezko eskaintza
Iazko edizioari berriro ekin ziotenean bezala, oraingo honetan ere esperientzia digitala eskainiko du jaialdiak. Zehazki, lau ekitaldi emango dituzte online: martxoaren 7an, Haatik dantza konpainiak Sustrai Colina, Xalbador edota Uxue Alberdiren bertsoak dantzatuko ditu, eta, martxoaren 20an, emakumeak eszenan duen tokiaren inguruan hitz egingo dute Olatz Salvador eta Idoia Azurmendi musikariek, Maddalen Arzallusen gidaritzapean, eta, solasaldia bukatu ondoren, biek batera abestuko dute. Bi horiek aurrez aurre ikusteko aukera ere egongo da. Beste bi emanaldiak, aldiz, Internet bidez baino ezin izango dira ikusi: martxoaren 13an, tradizioaz eta dantzaz diharduen mahai ingurua emango dute Oier Araolazak, Pantxika Telleriak eta Patxi Labordak, Iosu Garate moderatzaile dutela, eta, jaialdiak irauten duen bitartean, paseo dramatizatu bat ere eskainiko dute Arriaga antzokitik Isozaki dorreetara. Ikuskizunak Loraldiaren eta EITB-ren webguneen bitartez emango dituzte. |
2021-2-24 | https://www.berria.eus/albisteak/194113/emakundek-zaintza-lanei-buruz-hausnartu-nahi-du-martxoaren-8ko-kanpainaren-bidez.htm | Gizartea | Emakundek zaintza lanei buruz hausnartu nahi du Martxoaren 8ko kanpainaren bidez | Nork zaintzen du? izango da aurtengo Martxoaren 8ko leloa, eta Eusko Jaurlaritzak eta Emakundek uste dute «beharrezkoa» dela agerian uztea lan horiek nork egiten dituen. Landaidak azpimarratu du egoera horiek «ikusarazi» egin behar direla. | Emakundek zaintza lanei buruz hausnartu nahi du Martxoaren 8ko kanpainaren bidez. Nork zaintzen du? izango da aurtengo Martxoaren 8ko leloa, eta Eusko Jaurlaritzak eta Emakundek uste dute «beharrezkoa» dela agerian uztea lan horiek nork egiten dituen. Landaidak azpimarratu du egoera horiek «ikusarazi» egin behar direla. | Emakundek Martxoaren 8ari begira egingo duen kanpaina aurkeztu du gaur goizean, Gasteizen, Nork zaintzen du? lelopean. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria egon dira aurkezpenean, eta, hain zuzen, adierazi dute zaintza lanen gaineko hausnarketa bat egin nahi dutela kanpainaren bitartez. Horregatik erabaki dute lelo nagusia ere galdera gisa aurkeztea.
Haien arabera, beharrezkoa da agerian uztea zaintza lanak nork egiten dituen, eta baita lan horiek «ikusaraztea, baloratzea eta gizarte osoaren artean» banatzea ere. Horrez gainera, uste dute pandemiaren ondorioz, «inoiz baino nabarmenagoa» izan dela zaintza lanek «bizitzari eusteko duten funtsezko garrantzia», eta, beraz, beharrezkotzat jotzen dute «zaintzarekin konprometitzea». Bide horretan, Artolazabalek erantsi du Eusko Jaurlaritzak ere baduela konpromisoa, hala nola zainketa instituzionalak indartuta, kontziliazio eta berdintasun planak enpresetan bultzatuta, soldata arrakalaren aurkako euskal estrategia bat garatuta eta Berdintasun Legea aldatuta.
Landaidak, berriz, zaintzaren zenbait aspektu azpimarratu ditu, kanpainako leloa eta irudia oinarri hartuta. Batetik, nabarmendu du zaintzaren garrantzia «funtsezkoa» dela gizartearen iraupenerako eta funtzionamendurako, baina «ikusezina» dela. Eta kanpainan hori islatu nahi izan dute: «Kanpainako planteamendu grafikoan indartutako ideia bat da zaintza lanen ikusezintasuna; ez dira pertsonak ageri, baina zaintzarekin lotura duten elementuak jaso ditugu». Bestetik, erantsi du lan horietan «gizonen eta emakumeen arteko banaketa desorekatua» ere badagoela, eta horrek zenbait egoerari ematen diela bide: «Banaketa horrek emakumeen desabantaila sozioekonomikoa indartzen du, hezkuntzarako, osasunaren arretarako, bizitza publikorako eta ordaindutako enplegurako duten sarbidea mugatuz».
Emakundeko zuzendariaren arabera, beraz, gizarte batek «ezin du onartu» andreek beren gain hartzea zaintza lanen gehiengoa, «pertsona guztien ongizaterako eta jarduera sozial eta ekonomikoari eusteko behar-beharrezkoa denean». Hala, zaintza lanak ikusaraztearen aldeko aldarria egin du, besteak beste «emakumeen eta gizonen, erakundeen eta gizarte osoaren artean» banatu behar direla nabarmenduta.
Zaintza erdigunean
Landaidak azpimarratu du zaintza erdigunean jartzearen beharra feminismoaren aldarrikapen nagusietariko bat dela, baina beste eremu batzuetan ere jasotzen dela, hala nola nazioarteko planetan. «Zaintza horiek balioesteko eta modu orekatuan banatzeko beharra hainbat esparru programatikotan jasotako helburua da». Emakundeko zuzendariak, batetik, 2030 Agendako puntuetako bat aipatu du: «Bertan botere publikoei eskatzen zaie ordaindu gabeko zaintzak eta etxeko lanak aitortzeko eta baloratzeko». Bestalde, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako zazpigarren planean jasotzen dena izan du oinarri. Esan du, hain zuzen, plan horren arabera zaintza lanak birbanatuko dituen gizarte antolaketa berri bat behar dela. |
2021-2-24 | https://www.berria.eus/albisteak/194114/gerard-depardieu-aktorea-inputatu-dute-sexu-erasoa-eta-bortxaketa-egotzita.htm | Kultura | Gerard Depardieu aktorea inputatu dute, sexu erasoa eta bortxaketa egotzita | Biktimak 2018an salatu zuen erasoa. Epaileak auzia itxi ondotik, iazko udan ireki zuten berriro. | Gerard Depardieu aktorea inputatu dute, sexu erasoa eta bortxaketa egotzita. Biktimak 2018an salatu zuen erasoa. Epaileak auzia itxi ondotik, iazko udan ireki zuten berriro. | Gerard Depardieu aktorea inputatu dute, sexu erasoa eta bortxaketa egotzita. 2018ko abuztuan izan zen erasoa Gerard Depardieu aktore frantsesaren etxebizitzan. Biktimak salaketa aurkeztu zuen polizia etxean, baina 2019an fiskaltzak auzia itxitzat eman zuen, nahiko proba ez zegoela argudiatuta. Iazko abuztuan, biktimak salaketa aurkeztu zuen berriz, eta, epailez aldatuta, berriz ireki zuten auzia. Abenduan inputatu zuten Depardieu, sexu erasoa eta bortxaketa egotzita.
Depardieuren abokatuak jakinarazi du aktoreak ukatu egiten dituela akusazioak, eta abenduan epailearen aitzinetik pasatu ondotik aske utzi zutela inolako kontrol judizialik betetzeko premiarik gabe.
Azkenaldian, zinema munduko Luc Besson zinemagilearen eta Christophe Ruggia errealizadorearen kontrako salaketak ere aurkeztu dituzte. Horrez gainera, duela gutxi, Dominique Boutonnat Zinema Zentro Nazionaleko presidenteari ere sexu erasoa eta bortxaketa saiakera egotzi diote. |
2021-2-24 | https://www.berria.eus/albisteak/194115/zaintza-oroimena-eta-borroka-aldarrikatuko-dituzte-martxoaren-3an.htm | Politika | Zaintza, oroimena eta borroka aldarrikatuko dituzte Martxoaren 3an | 45 urte igaro dira Poliziak Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan bortz langile hil zituela. Omenaldia eta manifestazioa eginen dituzte Martxoaren Hiruaren plazan, ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek deituta. | Zaintza, oroimena eta borroka aldarrikatuko dituzte Martxoaren 3an. 45 urte igaro dira Poliziak Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan bortz langile hil zituela. Omenaldia eta manifestazioa eginen dituzte Martxoaren Hiruaren plazan, ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek deituta. | 1976ko martxoaren 3an Poliziak tiroz hil zituen Pedro Martinez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda langileak, Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan izandako istiluetan. Langileek deituriko batzar bat egiten ari ziren elizaren barnealdean, eta hura hutsarazteko erantzun bortitza eman zuen Poliziak: bortz langile hil eta bertze ehunka zauritu zituen.
Aurten 45 urte beteko dira gertakari lazgarri haietatik, eta, gertaera oroitzeko, «zaintza, oroimena eta borroka» aldarrikatuko dituzte ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek: Zaindu gintuztelako, zainduko ditugu lelopean eginen dituzte omenaldia eta manifestazioa heldu den asteazkenean, Gasteizko Martxoaren Hiruaren plazan. 18:00etan eginen dute omenaldia, eta ordu erdi geroago abiatuko da protesta.
Sindikatuek gaur goizean ekitaldien berri emateko egin duten agerraldian azaldu dutenez, gertaturikoaren memoria «bizirik» dago oraindik, eta belaunaldiz belaunaldi transmititu dira «justizia sozialaren, antifaxismoaren eta klase borrokaren» balioak, «frankistek irudi kolektibotik ezabatu nahi izan zituztenak». Azpimarratu dutenez, martxoaren 3rako hautaturiko leloarekin zaintza sistema publikoa aldarrikatu nahi dute, sektore prekarioa baita, eta eremu pribatuan gelditzen dena: «Erdigunean jarri nahi dugu zerbitzu publiko hobeak garatzeko premia». Azpimarratu dute osasun langileen alorrean, zaintzan eta hezkuntzan dagoela behar hori, eta horietan diharduten langileen lan baldintzak hobetzea galdegin dute: «Hobekuntza horiek aldarrikatzen dituzte zerbitzuetako langileek ere, batez ere emakumeek eta, askotan, emakume migratuek. Pandemiaren hasieratik ari dira borrokan, agerian gelditu baita azken hamarkadetan pairatu ditugun gobernu neoliberalen abandonua eta erantzukizun falta».
Memoria guneari kritika
Sindikatuek salatu dutenez, San Frantzisko elizan eraiki nahi duten memoria gunearen prozesua «aldebakarrekoa» izan da eta ez dute kontuan hartu Euskal Herriko gehiengo sindikalaren parte hartzea: «Propaganda politikoko ekintza bat dela uste dugu, prozesu horretan parte hartu duten administrazioak beraiek baitira langileen eskubideak egunerokotasunean gaitzesten dituztenak». |
2021-2-24 | https://www.berria.eus/albisteak/194116/urtarriletik-koronabirusak-jota-jende-gutxien-hil-den-astea-izan-da-aurrekoa-hegoaldean.htm | Gizartea | Urtarriletik koronabirusak jota jende gutxien hil den astea izan da aurrekoa Hegoaldean | 90 pertsona hil dira koronabirusak jota azken astean Hegoaldean, iragan astean baino 33 lagun gutxiago. Urtarril hasieratik erregistratu den daturik apalena da heriotzei dagokienez. Beste 468 COVID-19 kasu detektatu dituzte Hego Euskal Herrian, ia 12.000 test eginda. | Urtarriletik koronabirusak jota jende gutxien hil den astea izan da aurrekoa Hegoaldean. 90 pertsona hil dira koronabirusak jota azken astean Hegoaldean, iragan astean baino 33 lagun gutxiago. Urtarril hasieratik erregistratu den daturik apalena da heriotzei dagokienez. Beste 468 COVID-19 kasu detektatu dituzte Hego Euskal Herrian, ia 12.000 test eginda. | Astebetean gaitzarekin hil direnen kopuruak nabarmen egin du behera Hego Euskal Herrian. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, joan den igandera arte 90 lagun hil ziren astebetean birusak jota. Hau da, otsailaren 15tik 21era arteko egunetan izandako heriotzen zenbatekoari dagokio datua. Zehazki, horietako 80 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zendu dira, eta gainerako hamarrak, berriz, Nafarroakoak dira. Azken zazpi asteetan Hegoaldean erregistratu den daturik apalena da. Urtarrilaren 4tik 10era bitarteko astetik aitzina, kopurua beti izan da handiagoa.
Bestalde, birusaren transmisioari dagokionez, Osakidetzak eta Osasunbideak guztira 11.916 proba egin zituzten atzo COVID-19a atzemateko, eta 470 kasu positibo detektatu zituzten. Hala, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, asteartean egindako testen %3,9k eman zuten positibo Hego Euskal Herrian. Kutsatuen datuak lurraldeka aztertuta, positiboen ehunekoa Nafarroan da apalena: %2,65.
Egun bakarrean zenbatutako kasuak herrialdeka aztertuta, Bizkaian 233 kasu zenbatu dituzte asteartean; Gipuzkoan, 103; Araban, 65, eta Nafarroan, 63. Horrez gainera, intzidentzia tasa etenik gabe ari dira beheraka. Azken datuen arabera, Bizkaian 100.000 biztanleko 359 laguni atzeman diete birusa azken hamalau egunetan. Araban, 278 da tasa; Gipuzkoan, 231; eta Nafarroan, 140.
Kasu gutxiago ospitaleetan Gutxika-gutxika, Hegoaldeko erietxeetan ere hasia da arintzea nabaritzen. Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dutenez, atzo 49 lagun eraman zituzten ospitalera gaitzaren sintomak larriagotuta. Oraintxe bertan, 558 pertsona daude erietxeetan. Paziente horietako 405 zentroetako gela arruntetan daude, eta 153 daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan, bezperan baino bat gutxiago, alegia. Hain zuzen ere, beste behin, azken hilabetean izandako kopururik apalena da osasun agintariek gaur jakinarazitakoa. |
2021-2-24 | https://www.berria.eus/albisteak/194117/mubil-mugikortasun-zentroa-ireki-dute-tolosan-behin-behinean.htm | Ekonomia | Mubil mugikortasun zentroa ireki dute, Tolosan behin-behinean | «Gipuzkoa eta Euskadi» mugikortasun berriaren abangoardian kokatzea du helburu, lurraldeko enpresekin elkarlanean. Hiru urte barru, Donostiako (Zubieta) Eskuzaitzetan izango da behin betiko egoitza. | Mubil mugikortasun zentroa ireki dute, Tolosan behin-behinean. «Gipuzkoa eta Euskadi» mugikortasun berriaren abangoardian kokatzea du helburu, lurraldeko enpresekin elkarlanean. Hiru urte barru, Donostiako (Zubieta) Eskuzaitzetan izango da behin betiko egoitza. | Mubilek, Gipuzkoako Foru Aldundiko proiektu kutunak, hiru urte itxaron beharko du behin betiko egoitza izateko, Eskuzaitzetan (Zubieta, Donostia), baina, mugikortasunaren alorrean Europako erreferentzia bilakatzea helburu duenez, zentro gisa abiarazteko garaia zuela erabaki du aldundiak; hala, Tolosako Usabal industrialdean ireki ditu ateak, betiere sektoreko enpresei zerbitzua eskainiz, eta elkarlan publiko-pribatuaren bidez, polo bat eratzen hasteko mugikortasun adimentsu eta jasangarriaren alorrean.
Gipuzkoako eta EAEko agintari gorenen eta lurraldeko enpresa garrantzitsuenen zuzendariak izan ziren Tolosan Mubil abiarazteko ekitaldi ofizialean. «Punta-puntako azpiegitura dauka, bakarra Europako hegoaldean», esplikatu zuen ahaldun nagusi Markel Olanok. Energia biltegiratzeko teknologia garatzeko laborategia eskaintzen du Mubilek, Cidetec konpainiak kudeatzen duela, eta, Olanoren esanetan, Alemanian (ZSW) eta Frantzian (CEA) baino ez daude haren parekoak.
156 milioi euroko aurrekontua dauka Mubilek, eta Europako funtsetatik finantzaketa jasotzeko Jaurlaritzaren hautagaietako bat da; 86,5 milioi euro nahiko lituzke Europako tartatik. Baina, gaur-gaurkoz, Mubilek jabe bakarra dauka: Gipuzkoako Foru Aldundia. Eusko Jaurlaritzak ere ekarpen ekonomikoa egin dezakeela aditzera eman dute, dena den, Mubileko iturriek. Azken helburua, ordea, kapital pribatua ere sartzea da; hau da, mugikortasunarekin lotura duten euskal enpresak, esaterako, CAF eta Irizar. Bi konpainia horien lehendakariak izan ziren ekitaldian, hain zuzen, beste zenbaitekin batera: adibidez, Mondragon Taldeko presidente Iñigo Uzinekin batera.
Tolosan martxan jarri duten azpiegitura probaleku bat da enpresentzat, labur esanda, «beren prototipoak» testatzeko, bateriak direla edo beste. Olanok esplikatu du hiru ardatz dituela Europako erreferentzia izan nahi duen zentro horrek: «Espezializazioa, bikaintasuna eta lankidetza dira ardatzak. Garraioari, autogintzari eta mugikortasunari lotutako industria bideratu nahi du, mugikortasun elektriko, konektatu, partekatu eta autonomo baterantz; hau da, mugikortasun berriak dakarren aukera ustiatzen saiatuko da».
Enpresa berriak sortu
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk «herri proiektuaren» izaera nabarmendu du Mubil zentroa zer den azaltzean. «Erakundeek eta enpresek partekatzen dugun etorkizuneko bi eraldaketa uztartzen ditu: teknologiko-digitala eta energetiko-ekologikoa», esan du. Eta Mubilen helburu nagusia ere zein den garbi esplikatu du: «Euskadi Europako mugikortasun berriaren abangoardian kokatzea».
Diru publikoko proiektua den arren, erakundeek kapital pribatua mugiarazi nahi dute haren bidez. «Negozio eredu berriak, ekintzailetza eta kalitatezko enplegua bultzatzeko xedea du», jarraitu du Urkulluk; finean, «inbertsioa eta talentua» erakarri nahi dute Gipuzkoara, «nazioarteko erreferente bat eratzeko». Eta erreferente hori, Jaurlaritzak banderatzat duen lankidetza publiko-pribatuari esker sortzea espero dute: «Lankidetza behar dugu mugikortasunari lotutako teknologietan gertatzen ari den eraldaketaren dimentsioaren aurrean. Enpresen, berrikuntza-zentroen eta erakundeen arteko elkarlana beharrezkoa da, lehiakortasuna bultzatzeko».
Etorkizuna Eraikiz programaren barruan sortutako proiektu bat da Mubil, 2018an abiatu zena estrategia zehatz gisa. Urtebete geroago sortu zuen aldundiak Mubilen fundazioa, eta atzodanik zabalik dago egoitza, Tolosan, behin-behienean bada ere, Ane Insausti zuzendaritzan dela. Eskuzaitzetara (Zubieta, Donostia) aldatuko da zentroa hiru urte barru, errauskailutik oso gertu, eta, ordurako, mugikortasunaren sektoreko enpresek zentroaren gaitasunari eta baliogarritasunari buruzko balorazio osoago bat izango dute. Beharbada, batek edo bestek beren ekarpena egiteko urratsa egin dezake.
Gipuzkoako ahaldun nagusiak gogoratu du lurraldeko BPGaren %40 mugikortasunarekin lotuta dagoela, eta Mubil aukera paregabea izango dela hala enpresentzat nola lurraldearentzat. Etorkizuneko egoitzak 10.000 metro koadro izango ditu, hainbat laborategi eta bulego hartu ahal izateko, baina beste 40.000 metro koadro prestatuko dituzte nahi duten enpresek beren azpiegiturak han kokatzeko. Sinergiak aprobetxatu, eta proiektu eta enpresa berriak sortzea baita azken helburua. |
2021-2-24 | https://www.berria.eus/albisteak/194118/polinesia-frantseseko-proba-nuklearren-eta-minbizi-kasuen-arteko-laquolotura-ezin-da-egin-oraingozraquo.htm | Mundua | Polinesia Frantseseko proba nuklearren eta minbizi kasuen arteko «lotura ezin da egin, oraingoz» | Osasunaren eta Ikerketa Medikoaren Frantziako Institutu Nazionalaren txostenak haserrea eragin du Ozeaniako uhartedian. 193 taldeak «negazionismoa» egotzi dio erakundeari. | Polinesia Frantseseko proba nuklearren eta minbizi kasuen arteko «lotura ezin da egin, oraingoz». Osasunaren eta Ikerketa Medikoaren Frantziako Institutu Nazionalaren txostenak haserrea eragin du Ozeaniako uhartedian. 193 taldeak «negazionismoa» egotzi dio erakundeari. | Egun dauden frogak kontuan harturik, «ezin da loturarik egin» Polinesia Frantseseko proba nuklearren eta minbizi kasuen gorakadaren artean, «oraingoz». Ondorio horretara iritsi da Inserm Osasunaren eta Ikerketa Medikoaren Frantziako Institutu Nazionala erakunde publikoa, argudiatuta txosteneko emaitzak ez direla nahikoa bien arteko harremana «modu sendoan» finkatzeko.
Insermeko hamar adituk 1.150 dokumentu eta ikerketa hartu dituzte kontuan ondorio horretara iristeko, baina ohartarazi dute «azterketa osoak» falta direla Polinesia Frantseseko proba nuklearrek eragindakoaren inguruan: «Emaitzok eta datuen arrarotasunak justifikatzen dute beste hurbiltze bat egin beharra dagoela Polinesia Frantsesean egindako proba nuklearren osasun ondorioak aztertzerakoan».
Horri begira, aitortu dute ikerketa epidemiologiko bakanek ez dutela «baztertzen gaur egun arte oharkabean pasatu diren osasun ondorioen existentzia». Txostena Defentsa Ministerioaren 2013ko eskari baten ondorio da, baina, oraingoz, ez du zehatz adierazten proben eta minbizi kasuen arteko lotura. Hori bai, adituek aitortu dute tiroideko minbiziaren intzidentzia handia dagoela Polinesia Frantsesean: «1998-2002ko epean, munduko handiena izan zen, Kaledonia Berrikoarekin batera».
1966tik 1996ra, Frantziak 193 proba nuklear egin zituen Mururoako eta Fangataufako atoloietan, eta horiek ondorio negatiboak izan zituzten uhartediko biztanleengan; horren harira, Morin Legeak kalte ordainen sistema bat finkatu zuen 2010ean, baina, proben ondorioz gaixotasunak dituzten beteranoen elkarteen iritziz, sistema «murriztailea» da —minbizia duten hogei bat polinesiarrek soilik jaso dituzte kalte ordainak—.
Nuklearraren kontrako Polinesia Frantseseko talde nagusiak, 193k, gogor kritikatu du txostena, eta «negazionismoa» egotzi dio Insermi. Auguste Uebe-Carlson taldeko presidentearen iritziz, «ez dute nobedaderik eman, negazionismoaren jarraipena» baita: «193 proba nuklear Hiroshimako 800 bonbaren baliokidea da. Ondoriorik izan ez duela esatea negazionismoa da».
Ozeaniako uhartediko Tavini Huira'atira-FLP (Polinesiar Herriaren Zerbitzuan-Polinesia Askatzeko Frontea) alderdi independentistako diputatu Moetai Brothersonek ere gaitzetsi ditu erakundearen ondorioak, argudiatuta azterturiko dokumentu batzuk «armadak proba nuklearraz dena kontrolatzen zuen urteetakoak» direla.
Insermek esandakoa ez dator bat beste ikerketa batzuekin, tartean CRIIRAD Radioaktibitateari Buruzko Ikerketa eta Informazio Independenteen Batzordearena; izan ere, CRIIRADek, dokumentu berak aztertuta, kontrako ondorioa atera zuen.
Gainera, 2016ko otsailaren 22an, urte horretan Frantziako presidente zen François Hollandek aitortu zuen, Polinesia Frantseseko ordezkarien aurrean, proba nuklearrek eragina izan zutela bost uhartedietan eta hango herritarren osasunean.
Salaketa nazioarteko auzitegian
2018ko urrian, Oscar Temaru Polinesia Frantseseko presidente ohiak eta Tavini Huira'atira-FLPren buruzagiak jakinarazi zuen Frantziaren aurkako salaketa bat aurkeztu zutela NZA Nazioarteko Zigor Auzitegian, Parisek 30 urtez Ozeaniako uhartedietan egindako proba nuklearrengatik.
Independentistek gizateriaren kontrako krimenak egotzi zizkioten Frantziako Gobernuari, eta probak hasi zirenetik «Frantziako presidente izandakoei azalpenak eskatzea» zen helburuetako bat. «Kolonialismo nuklearraren ondorioz hildako guztiei zor genien. Guretzat, proba nuklearrak kolonialismoaren emaitza zuzenak dira», adierazi zuen Temaruk.
Halere, hasieratik zail izan dute ezer lortzea, 2002tik aurrera soilik NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak eskatuta egin ditzakeelako ikerketak NZAk; Frantzia kontseiluko kide denez, eta beto eskubidea duenez, aukera horrek zaila dirudi.
Pazifikokoa Frantziaren kolonia da, eta TOM itsasoz haraindiko herrialdearen estatusa du. 1946tik 2003ra TOM itsasoz haraindiko lurralde izan zen, eta, Frantziako Konstituzioan aldaketa bat egin ondoren, autonomia estatus berria onartu zioten Polinesia Frantsesari, autonomia handiagoa izan zezan.
2013an, Polinesia Frantsesa berriz sartu zuten autonomoak ez diren eta deskolonizatu egin behar diren eremuen NBEren zerrendan —Frantziak handik atera zuen 1963an, proba nuklearrak hasi baino hiru urte lehenago; aldebakarreko erabakia izan zen—, eta horrek atea ireki dio independentzia galdeketa bati; Paris, ordea, aukera horren aurka agertu da. |
2021-2-24 | https://www.berria.eus/albisteak/194119/alemaniak-siriako-zerbitzu-sekretuetako-kide-ohi-bat-kondenatu-du-torturengatik.htm | Mundua | Alemaniak Siriako zerbitzu sekretuetako kide ohi bat kondenatu du torturengatik | Lau urte eta erdiko zigorra ezarri diote Eyad Alghareib Siriako zerbitzu sekretu militarreko kide ohiari. Nazioartean Al-Assaden agintepean egin diren krimenak epaitzen diren lehen aldia da, eta aurrekaria sor dezake. | Alemaniak Siriako zerbitzu sekretuetako kide ohi bat kondenatu du torturengatik. Lau urte eta erdiko zigorra ezarri diote Eyad Alghareib Siriako zerbitzu sekretu militarreko kide ohiari. Nazioartean Al-Assaden agintepean egin diren krimenak epaitzen diren lehen aldia da, eta aurrekaria sor dezake. | Koblenzako Auzitegiak torturen konplize izatea egotzi dio Eyad Alghareid Siriako zerbitzu sekretu militarreko kide ohiari. Lau urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote. Alemaniak prozesu horretan jakinarazi duen lehen epaia da gaur eman duena, eta, beraz, nazioartean Baxar Al-Assaden aginte garaian egin diren krimenak epaitzen diren lehen aldia ere bai. Alghareidekin batera epaitzen ari dira Anwar Raslan Siriako zerbitzu sekretuetako kide ohia ere, eta datozen hilabeteetan jakinaraziko dute zer zigor ezarriko dioten hari.
Aurrekaria sor dezakeelako da garrantzitsua epaia. Etorkizunean nazioarteko epaitegi batek Al-Assad epaitzen badu, orain Alemanian erabili dituzten frogak erabili ahalko ditu Siriako presidentearen aurka. 2015. urtetik, milioi bat errefuxiatu politiko baino gehiago heldu dira Alemaniara, gehienak Siriatik, eta Poliziak eta fiskaltzak haiek jasandako torturen testigantzak eta frogak bildu izan dituzte.
Alghareibi, zehazki, egozten diote 30 atxilotu Siriako zerbitzu sekretuen espetxe batera eraman izana 2011. urtean, non sistematikoki torturatzen zituzten gatibu zituzten pertsonak. Fiskaltzak bost urte eta erdiko zigorra eskatzen zuen, eta defentsak, berriz, absoluzioa. Epaituaren abokatuaren arabera, Alghareibek bere nagusien aginduak betetzen zituen, eta haiek betetzeari uko egiten bazion, desertzioa egotziko zioten. Delitu hori heriotza zigorrarekin ordaintzen da Sirian.
Alghareib 2018. urtean heldu zen Alemaniara, eta Raslan, 2014an. Asilo politikoa eskatuta heldu ziren biak. Herrialdera iritsitakoan, ordea, beste errefuxiatu batzuek zerbitzu sekretuetako kide gisa identifikatu zituzten; jarraian, ikerketa hasi zuen Alemaniako Fiskaltzak, eta, azkenik, bien aurkako akusazio bat aurkeztu zuen torturengatik. Bakoitza bere aldetik epaitzen aritu dira gaur arte, eta horrek eragin du Alghareibi dagokion epaia Raslanena baino azkarrago plazaratzea.
Izan ere, Raslanen aurkako ebazpena atzeratzen ari da egozten dizkioten kargu guztien ondorioz; gutxienez, urrira arte itxaron beharko da hari dagokion epaiaren berri izateko. Zehazki, 58 hilketa eta 4.000 tortura kasu egozten dizkiote. Auzitegiaren arabera, hori da Raslan Damaskoko Al-Jatib espetxearen arduradun zela —2011ko apiriletik 2012ko irailarera— han hil ziren edo torturatu zituzten pertsonen kopuru osoa. Fiskaltzak dioenez, hura zen espetxe hartan egiten zena diseinatu eta gainbegiratzeko arduraduna, baita torturena ere.
Amnesty International erakundearen arabera, «urrats historikoa» da gaur Alemanian egin dutena. Lynn Maalouf erakundeak Ekialde Hurbilean duen ordezkariaren arabera, «epaiketa hori ezinbestekoa da Siriako Gobernuak ilegalki atxilotu, torturatu eta hil dituen lagunentzat justizia lortzeko». Horrez gain, eskerrak eman dizkie bizirik atera eta euren testigantza eman duten siriarrei, «haiek gabe ezinezkoak bailirateke halako epaiak».
Alemaniako EIren burua ere, zigortua
Alemaniako beste epaitegi batek gaur jakinarazi du hamar urte eta erdiko zigorra ezarri diola Abu Ualari, ustez Estatu Islamikoak Alemanian zuen liderrari. Epaitegiaren arabera, Abu Uala elizgizona zen bere sarearen bidez Alemanian zeuden EIko kideak Siriara eta Irakera bidaltzeko arduraduna, han borrokatu zitezen. Prozesu berean epaitu dituzten beste bi laguni ere zortzi eta sei urteko zigorrak ezarri dizkiete.
Hiru urte baino gehiago iraun du prozesuak. Akusatuen defentsak zioenez, Abu Ualak eta beste bi kideek Koranaren muturreko irakurketa egiten zuten, eta EIren ideiak babesten zituzten, baina sekula ez zuten talde armatuarekin hartu-emanik izan. |
2021-2-24 | https://www.berria.eus/albisteak/194120/bizikidetza-demokratikoari-buruzko-hitzaldi-ziklo-bat-antolatu-du-foro-sozialak.htm | Politika | Bizikidetza demokratikoari buruzko hitzaldi ziklo bat antolatu du Foro Sozialak | Donostian, Iruñean, Gasteizen eta Bilbon eginen dituzte solasaldiak, martxoko lehen lau astearteetan, bizikidetza hainbat arlorekin lotuta: hala nola komunikabideekin, Elizarekin, kulturarekin eta gizarte mugimenduekin. | Bizikidetza demokratikoari buruzko hitzaldi ziklo bat antolatu du Foro Sozialak. Donostian, Iruñean, Gasteizen eta Bilbon eginen dituzte solasaldiak, martxoko lehen lau astearteetan, bizikidetza hainbat arlorekin lotuta: hala nola komunikabideekin, Elizarekin, kulturarekin eta gizarte mugimenduekin. | Joan den urrian abiatu zuen Foro Sozial Iraunkorrak Bizikidetza demokratikoaren eraikuntzarekiko konpromiso soziala dinamika, eta, bide horretan «gizarte zibila» aktibatzeko asmoz, Bizikidetza landuz hitzaldi zikloa antolatu dute martxoan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan: martxoaren 2an Donostian, 9an Iruñean, 16an Gasteizen eta 23an Bilbon eginen dituzte solasaldiak, aldiro bizikidetza gizarteko bertze gai batekin lotuta.
Donostiakoan, komunikabideak eta bizikidetza uztartuko dituzte, eta Danilo Albin, Gorka Landaburu eta Iñaki Soto kazetariek parte hartuko dute. Iruñekoan Eliza eta bizikidetza lotuko dituzte, Mikel Garciandia, Nafarroako gotzaindegia eta Juana Indurain gonbidatuta. Gasteizen, kultur esparrutik landuko dute bizikidetza, Jon Maia bertsolaria eta Ander Zurimendi kazetaria lagun. Eta, azkenik, Bilbon gizarte mugimenduak eta bizikidetza izanen dituzte hizpide, Yolanda Jubeto eta Irantzu Varela mugimendu feministako kideak hizlari direla. 18:30ean hasiko dira Donostiako, Gasteizko eta Bilboko solasaldiak, eta ordu erdi geroago Iruñekoa, 19:00etan. Osasun neurriak direla eta, hitzaldietan parte hartzeko beharrezkoa izanen da aitzinetik izena ematea. Streaming bidez ere emanen dituzte.
Eneko Callek eta Mikel Casadok eman dituzte hitzaldi zikloaren xehetasunak, gaur, Bilbon, eta gogoratu dute bizikidetzaren eraikuntzaren prozesuaren «erraztaile eta dinamizatzaile» papera hartu duela Foro Sozialak. Herritar guziei irekitako «postontzi» bat sortzea sustatu dute, haien hitzetan, herritarrek gogoeta prozesuan parte har dezaten. Gogoratu dutenez, BERRIAn, Gara-n eta Noticias eta Vocento taldean ere «gizartean erreferente diren pertsonen» iritzi artikuluak argitaratzen ari dira, eta eragile sozialekin «harreman erronda aberatsa» egiten ari direla jakinarazi dute.
Hitzaldi zikloak horri guziari eginen dio ekarpena, «bizikidetza modu integralean ulertuta bakea eraikitzea helburu duten gizarte zibileko hainbat sektoreren eztabaidak eta proposamenak» jasotzeko bidean. Oroitarazi dutenez, bestalde, heldu den maiatzaren 16an, Bakezko Bizikidetzaren Nazioarteko Egunean dinamikan zehar jasotako ondorio eta ekarpen nagusiak aurkeztuko dituzte. |
2021-2-24 | https://www.berria.eus/albisteak/194121/espainiako-eurodiputatuek-egindako-presioa-salatu-du-puigdemontek.htm | Mundua | Espainiako eurodiputatuek egindako presioa salatu du Puigdemontek | Immunitatea kentzeko Europako Parlamentuko Auzi Juridikoen Batzordeak egindako urratsa espero zutela onartu du, baina «penagarria» dela adierazi. Espainiako alderdiek erabakia txalotu izanak euren kontrako auzia «politikoa» dela erakusten du, Generalitateko presidente ohiaren arabera. | Espainiako eurodiputatuek egindako presioa salatu du Puigdemontek. Immunitatea kentzeko Europako Parlamentuko Auzi Juridikoen Batzordeak egindako urratsa espero zutela onartu du, baina «penagarria» dela adierazi. Espainiako alderdiek erabakia txalotu izanak euren kontrako auzia «politikoa» dela erakusten du, Generalitateko presidente ohiaren arabera. | Europako Parlamentuko Auzi Juridikoen Batzordeak Carles Puigdemont, Toni Comin eta Clara Ponsati Kataluniako politikari erbesteratuei immunitatea kentzearen alde bozkatu zuen atzo, eta erabaki hori salatu dute hirurek gaur, agerraldi bateratu batean. Erabakia «espero izatekoa» zela adierazi du Puigdemontek, baina, edonola ere, «penagarria» dela. Beren aurkako jazarpen politikoaren jarraipentzat hartu du atzoko bozketaren emaitza Kataluniako presidente ohiak, eta horren adibide gisa jarri du Espainiako alderdiek adierazitako poza: «Alemanian atxilotu nindutenean, antzeko ospakizunak egin zituzten».
PSOEk eta Voxek auzi honetan helburu bera dutela esan du Puigdemontek: «Gu hirurok kartzelara eramatea». Asmo horren parte izan ala ez erabakitzea Europako Parlamentuari dagokiola esan du, hark izango baitu azken hitza immunitatea kentzeko erabakiaren inguruan, martxoaren 8an hasiko den osoko bilkuran. «Espainiak disidentzia politikoaren aurka egiten duen presioa onartzen duen erabaki beharko du», adierazi du. Halaber, nabarmendu du ezen, presio horri men egin eta lege babesa ukatzen badiete, Europako instituzioek «aurrekari oso negatiboa» ezarriko dutela «disidentzia politikoaren eta gutxiengo nazionalen ordezkaritzaren aurka». Bruselaren eginbeharra beste bat dela esan du: «Ordezkaritza hori bermatzea eta babestea».
Dena den, normalena parlamentuak erabakia berrestea dela aitortu du Puigdemontek. Kasu horretan, haien aurkako prozedura azkeneraino eramatearen alde mintzatu da, ordea, eta ziurtatu du Europako Justizia Auzitegira joko dutela.
Espainiako alderdiek erabakian izandako esku hartzea kritikatu du Cominek. Azaldu du Espainiako eurodiputatuek «sekulako presioa» egin dutela suplikatorioa Auzi Juridikoen Batzordean onar zedin, eta bozketari «beldurra» ziotela. Europako instituzioak euren izaera morala eta demokratikoa galtzen ari direla gaitzetsi du Cominek, eta adibidetzat jarri du batzordean Espainiako alderdietako ordezkariek zuten presentzia ohi baino handiagoa. Diputatu horiek gabe emaitza aldeko zortzi eta aurkako zortzi botokoa izango zela gogoratu du El País-eko kazetari batek.
Horri erantzun dio Ponsatik, ordea, esanez badakitela kontatzen, eta zaila izango dela atzo bozkatutakoari osoko bilkuran buelta ematea. Horretan ahaleginduko direla nabarmendu du, hala ere. Baita Puigdemontek ere: «Inoiz ez dugu borroka bat galdutzat ematen, eta ez dugu oparirik egingo. Bozketa oinarrizko eskubideen eta askatasunaren ingurukoa bada, irabazi dezakegu». |
2021-2-24 | https://www.berria.eus/albisteak/194122/plateruena-berrabiarazteko-prozesu-parte-hartzailea-abiatuko-du-durangoko-udalak.htm | Kultura | Plateruena berrabiarazteko prozesu parte hartzailea abiatuko du Durangoko Udalak | Herriko eragileekin eta elkarteekin elkarlanean osatuko dute prozesua, eta ekainerako prest izatea espero dute. | Plateruena berrabiarazteko prozesu parte hartzailea abiatuko du Durangoko Udalak. Herriko eragileekin eta elkarteekin elkarlanean osatuko dute prozesua, eta ekainerako prest izatea espero dute. | Urtarrilean itxi zituen ateak Durangoko (Bizkaia) Plateruena kafe antzokiak, eta, dagoeneko, hasiak dira hura berriro ere martxan jartzeko lanean. Izan ere, Durangoko Udalak ekainera arte iraungo duen prozesu parte hartzailea abiatuko du martxo amaieran. Udalak sortutako «talde motorra» kultura teknikariek, udal teknikariek eta zinegotziek osatuko dute, eta, horiekin batera, Emun Aholkularitza taldearen laguntza ere jasoko dute.
Hausnarketa prozesu horri hasiera emateko, mintegi eta bilera batzuk antolatuko dituzte herriko zenbait eragilerekin eta elkarterekin elkarlanean. Besteak beste, etorkizuneko Plateruenaren oinarriak zeintzuek izan behar duten zehazteko. Lehenengo saioa apirilean izango da, eta, bertan, bost tailer egiteko asmoa dute. Maiatzean, berriz, mintegi bat antolatu dute, eta, azkenik, eredu berria zehaztuko duen txostena idatziko dute. Txerra Rodriguez Emun Aholkulariak taldeko kideak, horrela laburtu du prozesua: «Lehen zatian, proposamenak jasoko lirateke; bigarrenean, jasotako ideia horiek antolatu, eta, azkenik, txostena itxiko litzateke».
Durangoko Udalarentzat Plateruenako gunea berriro ere martxan jartzea «lehentasunezkotzat» dutela azaldu du Julian Rios alkateordeak: «Gune oso garrantzitsua da, ez Durangorentzat bakarrik, baita Euskal Herriarentzat ere, eta ahalik eta bizkorrena zabaltzea gustatuko litzaiguke». Horrekin batera, Plateruena eta gero zer? herri ekimenarekin harremanetan daudela argitu dute. |
2021-2-24 | https://www.berria.eus/albisteak/194123/ondare-oficina-aurkeztu-dute-euskal-musika-ondarea-ezagutarazteko-ekimena.htm | Kultura | OndarE Oficina aurkeztu dute, euskal musika ondarea ezagutarazteko ekimena | 20tik gora konposizioren edizio kritikoak eta disko bat argitaratu ditu dagoeneko ekimenak. "Proiektu zirkularra da hau. Eskuizkribuak aztertzetik partiturotako musika programatzerainoko ibilbidea proposatzen du", adierazi du enpresaren sortzaileak, Josu Okiñena musikariak. | OndarE Oficina aurkeztu dute, euskal musika ondarea ezagutarazteko ekimena. 20tik gora konposizioren edizio kritikoak eta disko bat argitaratu ditu dagoeneko ekimenak. "Proiektu zirkularra da hau. Eskuizkribuak aztertzetik partiturotako musika programatzerainoko ibilbidea proposatzen du", adierazi du enpresaren sortzaileak, Josu Okiñena musikariak. | "Proiektuaren helburua da garai guztietarako euskal musika editatzea, berreskuratzea eta ezagutaraztea. Proiektu zirkularra da hau, eta bere 360 graduetan ulertu behar da. Partiturak editatzea ezinbesteko oinarria da guretzat, baina, behin hori eginda, piezok entzungai jarri behar dita". Hori da OndarE Oficina ekimenaren funtsa, Josu Okiñena pianista, ikerlari eta irakaslearen esanetan. Bera da egitasmoaren sortzailea, eta, erantsi duenez, zirkulartasun horren baitan sortu dute Ondare Music zigilua: paperera pasatutako musika piezak audioan grabatzeko, "hori ere argitaratzeko modu bat baita".
Eta piezok jandeurrean interpretatzeko kontzertuak programatzerakoan, ahal dela, nazioarteko izen handien ondoan kokatzen dituzte euskal egileak. "Euskal musikaren benetako balio unibertsala ezagutaraztea baita proiektu honen azken helburua. Oraindik ez gara jabetzen herri honek eman digun musikari mailaren norainokoaz. Gu bitartekariak gara". Okiñenak nabarmendu duenez, proiektuak lan eta jakintza eremu asko biltzen ditu, musika arlokoez haratago, aztertutako eta editatutako piezok argitaratzeko eskubideen inguruko kontu guztiak argitu eta zehaztu egin behar direlako. "Osagarri asko dira, beraz, kontuan hartu behar direnak, lan hau egiteko. Eta oinordekoen baimena ezinbestekoa da, jakina. Guk zerbitzu bat eskaintzen diegu, beraiek kudeatzen dituzten obrak argitaratzeko, grabatzeko eta programatzeko".
Abiapuntua
Eresbil Musikaren Euskal Artxiboa da ekimenaren zirkulua marrazten hasteko ezinbesteko puntu bat, Okiñenaren arabera, bertan "milaka eta milaka" pieza gordetzen baitituzte, aztertuak, sailkatuak, argitaratuak izateko zain. Ez da hori eskuizkribuak eskuratzeko eta aztertzeko gune bakarra, "baina Eresbil egiten ari den lan eskerga horretatik abiatuta" da posible duela hainbat urte sortu zitzaion beharrari erantzutea. Zein zen behar hori? Euskal konpositoreen partituren edizioa. Atzerrira kontzertuak ematera joan, euskal musiakien piezak jo eta piezon partiturak eskatzen hasi zitzaizkionean hasi zen sentitzen behar hori: "AEBetako, Latinoamerikako, Japoniako musikariek errepertorio hori eduki nahi zuten, jotzeko, eta orduan konturatu nintzen ez zeudela eskura, ez zegoela aukerarik euskal kultura zabaltzeko".
Gabezia horren kontzientziatik sortu da OndarE Oficina, beraz. Proiektua lan kolektiboan oinarritzen dela birritan esan du, baina, pianistak: "Ikerlariak eta eragile ezberdinak ari dira hemen". Horren berresteko, gaurko prentsaurreko mahaian Enrique Azurza egon da, Euskal Herriko Abesbatzen Elkartearen izenean. "Beti esaten diot Josuri pitin bat erotuta dagoela, eta baietsi egiten naiz proiektu hau ikusita, ez delako erronka erraza; beharrezkoa da, hala ere. Kalitateko edizio hauek ekarpen handia egiten dute, baina proiektu hau harago doa, ikerketan, edizioan, grabaketan eta interpretazioan zentratuko baita. Gure konfederazioa lan horretan parte hartzeko prest dago".
Lan ildoak
Orain arteko lanaren emaitza dira OndareA Oficinak dagoeneko argitaratu dituen Tomas Garbizuren (Lezo, Gipuzkoa, 1901 - Donostia, 1989), Aita Donostiaren (Donostia, 1886 - 1956), Palcual Aldaberen (Lesaka, Nafarroa, 1924 - Donostia, 2013) zein Gabriel Erkorekaren (Bilbo, 1969) konposizioak; 20tik gora guztira.
Ondare Music zigiluarekin, berriz, Aita Donostia. Gabon kantak diskoa aurkeztu zuten joan den hilean. Okiñenak berak eta Gillen Mungia tenorrak interpretatutako 38 pieza bildu zituzten lan horretan —horietatik 25, argitaragabeak—. "Lan ildo bakoitzean talde bat ari da: batean sei, bestean hamar, bestean hiru", Okiñenaren hitzetan. Eta abian dauden proiektuen artean, bi nabarmendu ditu: Aldaberen obra osoa editatu nahi dute haren jaiotza mendeurrenerako —"Akelarre obra editatzen bukatzen ari gara oraintxe bertan"—; eta Garbizuren lan osoa ere argitaratzeko asmoa dute, Jon Makuso ikerlari eta biolinista haren obraren inguruan egiten ari den ikerketa lana oinarri hartuta.
Makuso entzuleen artean zegoen gaurko prentsaurrekoan, hain zuzen ere, eta baita Erkoreka konpositorea, Koldo Saragueta kaputxinoa —Aita Donostiaren ordezkari gisa— eta Pascual Aldaberen eta Tomas Garbizuren oinordekoak ere. "Oinordeko guztiei esker bereziak eman nahi dizkiet, proiektu honekin izan duten konfiantzagatik", azpimarratu du Okiñenak.
Eusko Jaurlaritzari ere esker bereziak eman dizkio, Kultura Sailaren deialdi publikora aurkeztu ostean jasotako laguntzagatik. Laguntza hori ematea beren lana dela erantzun dio Bingen Zupiria sailburuak: "Bizia behar du izan ondareak. Okiñena maisuaren eskutik aurkezten dugun proiektu hau horren erakusgarri on bat dela uste dut. Musika sisteman, tresna ezinbestekoa da, gure musika historiako lanak berreskuratu eta hemen bertan eta mundura zabaldu ahal izateko. Jaurlaritzari honelakoak laguntzea dagokio". |
2021-2-24 | https://www.berria.eus/albisteak/194124/hasi-dira-100-urtetik-gorakoak-txertatzen-araban-bizkaian-eta-gipuzkoan.htm | Gizartea | Hasi dira 100 urtetik gorakoak txertatzen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan | 90 eta 100 urte bitartean daudenak izango dira txertoa jasotzen hurrengoak: 39.000 pertsona inguru. Gotzone Sagarduik jakinarazi du aurki txertatzen hasiko direla tutoretzapeko pisuetako eta etxebizitza komunitarioetako adineko pertsonak, eguneko zentroetako erabiltzaileak, eta etxean dauden menpekotasun handiko pertsonak eta desgaitasunen bat dutenak. | Hasi dira 100 urtetik gorakoak txertatzen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 90 eta 100 urte bitartean daudenak izango dira txertoa jasotzen hurrengoak: 39.000 pertsona inguru. Gotzone Sagarduik jakinarazi du aurki txertatzen hasiko direla tutoretzapeko pisuetako eta etxebizitza komunitarioetako adineko pertsonak, eguneko zentroetako erabiltzaileak, eta etxean dauden menpekotasun handiko pertsonak eta desgaitasunen bat dutenak. | Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak COVID-19aren aurkako txertaketa prozesuan urrats berri bat egin du, eta adineko egoitzetan bizi ez diren 80 urtetik gorako pertsonak txertatzen hasi. Zehazki, etxean bizi diren 100 urtetik gorako pertsonak txertatzeari ekin dio gaur. Guztira, 25 txertaketa gune ezarri ditu hiru lurraldeetan, eta horietako hirutan, ibilgailutik atera gabe txertatzeko eremu bana prestatu du. Zehazki, Donostiako ospitalean, Gasteizko Santiago ospitalean eta Mungiako (Bizkaia) osasun zentroan kotxetik jaitsi gabe txertoa jasotzeko guneak ezarri ditu, eta, gaur, hitzordua hartua zuten 100 urtetik gorako lehen pertsonak joan dira txertaketa guneetara lehen dosia hartzera. Joan den ostiraletik Osakidetza telefonoz harremanetan jartzen ari da 100 urtetik gorako pertsonekin, osasun-zentroen bidez, txertaketarako hitzordua planifikatzeko. Goizez, arratsaldez eta asteburuetan jarriko zaie txertoa 100 urtetik gorakoei, eta mugikortasun arazoak dituztenek, berriz, etxean jaso ahal izango dute. Ibilgailutik irten gabeko txertaketa ongi badoa, Osasun Sailak ez du baztertzen metodo hori erabiltzea beste kolektibo batzuei txertoa jartzeko. Osasun Sailaren asmoa da adineko pertsonen txertaketa prozesua era mailakatuan egitea. Izan ere, zabala da oso 80 urtetik gorako pertsonen kolektiboa– adin tarte horretan 162.000 lagun daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan– eta hori dela eta, txertoa adin tarteen arabera mailakatu du Osasun Sailak. Zaharrenetatik hasi da, hau da, 100 urtetik gorako pertsonetatik. 1.800 pertsona inguru daude adin tarte horretan hiru lurraldeetan.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur iragarri du adin tarte ezberdinak zehazten joango direla Pfizer txertoen dosiak iristen diren neurrian. Hala ere, jakinarazi du 90 eta 100 urte bitartean daudenak izango direla txertoa jasotzen hurrengoak; 39.000 pertsona inguru. Jakinarazi du, halaber, aurki txertatzen hasiko direla tutoretzapeko pisuetako eta etxebizitza komunitarioetako adineko pertsonak, eguneko zentroetako erabiltzaileak, eta etxean dauden menpekotasun handiko pertsonak eta desgaitasunen bat dutenak. Halaber, azaldu zuen anbulantzietako langileei aste honetan bertan deituko zaiela txertoa jartzen hasteko.
Nafarroan, datorren astean
Nafarroako Gobernuak datorren astean hasiko da egoitzetan ez dauden adineko pertsonak txertatzen, Javier Remirez gobernuko lehendakariordeak jakinarazi duenez. Litekeena da astelehenean bertan hastea 90 urtetik gorako pertsonak txertatzen, eta adinaren arabera joango dira gainerakoak txertoa jasotzen: 70 eta 80 urte artekoak, 60tik 69ra urtera bitartekoak, eta arrisku taldean daude 60 urtetik beherakoak izango dira, hurrenez hurren. |
2021-2-24 | https://www.berria.eus/albisteak/194125/jaialdiaren-lehen-urteei-ertzetatik-begira.htm | Kultura | Jaialdiaren lehen urteei ertzetatik begira | Donostiako Zinemaldiaren 1953tik 1970era bitarteko 30 argazki ikusgai daude Tabakaleran. Generoari, klaseari eta politikari lotutako «tentsioen» isla diren irudiak hautatu dituzte erakusketarako. | Jaialdiaren lehen urteei ertzetatik begira. Donostiako Zinemaldiaren 1953tik 1970era bitarteko 30 argazki ikusgai daude Tabakaleran. Generoari, klaseari eta politikari lotutako «tentsioen» isla diren irudiak hautatu dituzte erakusketarako. | Etxerik gabeko pertsona bat Maria Kristina hotelaren inguruetan. Militar frankistak ekitaldi ofizialetan. Emakume zinemagile gutxi batzuk, gizonek inguratuta. Herri xehea alfonbra gorriaren bazterretan. Donostiako Zinemaldiak irudi ugari utzi ditu ia zazpi hamarkadako ibilbidean, eta horien artean badira ohiko iruditeriatik kanpo geratu direnak ere. Horiei erreparatu diete Lehen urratsak. Beste begirada batzuk Donostia Zinemaldiaren historia bisualari (1953-1970) erakusketan. Jaialdiaren lehen urteetako 30 argazki bildu dituzte, aldi haietako «tentsioak» aztertzeko: politikari, generoari eta klaseari lotutakoak. Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan jarri dituzte guztiak ikusgai, apirilaren 25era bitarte.
Zinemaldiak, Kutxa Fundazioak eta Elias Kerejeta Zine Eskolak ondu dute erakusketa, eta Zinemaldia 70: historia posible guztiak (Z70) proiektuko lantaldeak egin ditu komisario lanak, Pablo La Parraren gidaritzapean. Hain zuzen, Z70 egitasmoaren lehen emaitza publikoa da. Iaz jarri zen martxan proiektua, jaialdiari lotutako ondarea ikertu, kontserbatu, katalogatu eta ezagutarazteko xedearekin. Zinemaldiaren eta Kutxatekaren argazki funtsetan arakatu dute, eta garai hartako 11.000 irudiren artetik 30 hautatu dituzte, «irakurketa kritiko bat» plazaratzeko asmoz. La Parra: «Asmoa ez da jaialdiaz jada dakigun hori kontatzen segitzea, baizik eta ikerketari esker istorio berriak kontatzea, ertzetan geratu diren alderdiei argia ematea».
Argazkien aukeraketak, beraz, «izpiritu kritiko» horretatik edaten du, La Parraren hitzetan. «Jabetu ginen jaialdiaren lehen urteetako historia irudi sorta oso mugatu baten bitartez kontatu dela, guztioi burura datozkigun irudi ikonikoen bidez: zuzendari esanguratsuen erretratuak hiriko leku desberdinetan, izarrak alfronbra gorrian, pertsona entzutetsuz betetako festak...». Hala, begirada kritiko batetik, iruditeria horretan «arrakala txikiak» sortu nahi izan dituzte, «arreta jarri ahal izateko generoari, klaseari eta politikari lotutako tentsioetan, ziurrenik oharkabean pasatu direnak».
Generoari lotutako begirada kritikoa lantzea izan da ardatzetariko bat, eta garaiko errealitate sozial eta politikoari lotutakoa bestea; horren erakusle dira erakusketan bildutako irudiak.
Solntseva, Lioznova, Elek
Ikerlariak jabetu ziren emakumearen inguruko iruditeria argazki multzo «oso mugatu» baten bidez eraiki dela; alfonbra gorriko izar moduan ageri dela erretratatua gehienetan, «objektu bilakatzen duen begirada patriarkal batetik». Iruditeria horretatik kanpo utzitako irudietan arreta jarri, eta andrazko zuzendari, gidoilari zein beste lanbide batzuetakoak eraman dituzte aretora. Hor dira, adibidez, urte haietan Sail Ofizialeko lehian izan ziren andrazko zuzendari bakarrenak: Julia Solntseva (1965), Tatiana Lioznova (1966) eta Judit Elek (1969).
Baina emakumeak zinema izar eta objektu bihurtzeko mekanismoak zein ziren ere aztertu dute hainbat irudiren bidez. Horietan, kazetari eta argazkilarien aurrean ageri dira aktore andrazkoak: besteak beste, Pepa Flores Marisol –1960an 12 urte baino ez zituen–.
Garaiko giro politiko eta sozialari lotuta, Zinemaldiaren bestelako irudi bat erakusten dute beste hainbat argazkik ere. Izan ere, herritarren parte hartzea egungo jaialdiak duena izatetik urrun zegoen artean, eta pixkanaka garatutako «lorpen demokratiko» baten isla dira zenbait irudi. Egun ohikoak badira ere, garai hartako argazki gutxik erakusten dituzte alfonbra gorriaren ertzetako herritarrak, eta hainbat jarri dituzte ikusgai. Horietako bitan, denak dira emakumeak eta haien kargu dauden haurrak. Herri klasearen ikusminarekin kontrastean daude, halaber, ekitaldi gehienetako elitismoa erakusten dutenak. Eta klase arrakalaren adibide da erakusketa aurkezteko hautatu duten irudia ere, Arturo Delgado argazkilariarena: gizon trajedun bat ageri da Maria Kristina hotelaren alboko banku batean eserita, jaialdiko egunkaria irakurtzen, eta, ondoan, etxerik gabeko lagun bat.
Frankismoak festibala propaganda tresna gisa erabili zuela erakusten dute beste hainbat argazkik: adibidez, diktadorearen emazte Carmen Polo izar plantak egiten agertzen denak, eta agintari frankistak erretratatzen dituenak 1968ko jaialdiaren aurkezpenean. Azken horren alboan, oso bestelako errealitate bat bistaratzen duen irudi bat jarri dute, urte berekoa: Ama Lur filmaren emanaldiko ikusleak txaloka ageri dira, zutik, Astoria zineman. |
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.