date stringdate 2012-09-20 00:00:00 2023-12-01 00:00:00 | url stringlengths 47 182 | category stringclasses 10
values | title stringlengths 3 140 | subtitle stringlengths 0 1.17k | summary stringlengths 5 1.18k | text stringlengths 2 35.8k |
|---|---|---|---|---|---|---|
2020-10-9 | https://www.berria.eus/albisteak/188116/beste-lurrikara-bat-atzeman-dute-irunerrian.htm | Gizartea | Beste lurrikara bat atzeman dute Iruñerrian | 3,1 gradukoa izan da, eta Lizoain izan du epizentro. | Beste lurrikara bat atzeman dute Iruñerrian. 3,1 gradukoa izan da, eta Lizoain izan du epizentro. | Lurrikara berri bat detektatu dute Iruñerrian, 12:44 aldera. Espainiako Geografia Institutuaren arabera, Lizoain (Lizoainibar-Arriasgoiti, Nafarroa) izan du epizentro, eta Richter eskalako 3,1 gradukoa izan da.
Mugimendua Lizoainen soilik ez, Atarrabian, Aoizen, Uharten, Noainen, Zizur Nagusian eta Iruñean sentitu da, besteak beste. Hilabete hasiera honetan ugari izan dira eskualdean atzemandako lurrikarak. Urriaren 3an hogei inguru atzeman zituzten. Kasu hartan ere, gehienek Lizoain zuten epizentroa. Halere, indartsuenak pare bat egun lehenago detektatu zituzten: 4,6 graduko lurrikara bat eta eta 4,4ko beste bat. |
2020-10-9 | https://www.berria.eus/albisteak/188119/ehuren-engranajea-ahalik-eta-onena-izatea-jarri-du-xede-eva-ferreirak.htm | Gizartea | EHUren «engranajea ahalik eta onena izatea» jarri du xede Eva Ferreirak | Euskal Herriko Unibertsitateko errektoregai izango dela baieztatu du. Azaroaren 26an egingo dituzte bozak, eta oraingoz Ferreirarena da hautagaitza bakarra. | EHUren «engranajea ahalik eta onena izatea» jarri du xede Eva Ferreirak. Euskal Herriko Unibertsitateko errektoregai izango dela baieztatu du. Azaroaren 26an egingo dituzte bozak, eta oraingoz Ferreirarena da hautagaitza bakarra. | EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektore izaten saiatuko dela berretsi du Eva Ferreirak. Agerraldia egin du gaur goizean Bilbon, ofizialki jakinarazteko hautagaitza aurkeztuko duela, «EHUko komunitatean dudan konfiantzak bultzatuta». Bere egitasmoari eta lantaldeari buruzko xehetasunik ez du eman oraindik, baina nabarmendu du ondo ezagutzen dituela unibertsitatea eta haren funtzionamendua: «Badakit pieza oso onak ditugula, eta nire helburua da engranajea ahalik eta onena izatea: ondo dabilena egiten jarraitzea, eta nahi dugun mailan funtzionatzen ez duena hobetzen saiatzea».
Azaroaren 26an egingo dituzte EHUko hauteskundeak; momentuz, Ferreirarena da ofizialki aurkeztutako hautagaitza bakarra, eta ez da espero besterik izatea. Hain justu, azken urteetako errektoreen ildo berekoa izango da Ferreiraren hautagaitza, egitasmo horietan parte hartu izan baitu errektoregaiak: 2004-2008 artean, Juan Ignacio Perez Iglesias errektore zela, Akademia Antolakuntza eta Koordinazioko errektoreorde izan zen Ferreira, eta, ondoren, Iñaki Goirizelaiaren agintaldian, idazkari nagusia izan zen. Azken urteetan Unibasq erakundeko zuzendaria izan da, EAEko unibertsitateetako kalitate agentziako zuzendaria, baina joan den urrian utzi zuen postua.
Ferreira Barakaldon (Bizkaia) jaioa da 1963an; Ekonomia Aplikatuko katedraduna da EHUn, eta, besteak beste, ikergai izan ditu genero arrakala eta emakumeen kristalezko sabaia. Ingelesez eta gaztelaniaz garatu du ikerketa ibilbidea, eta azken urteetan ikasi du euskara. Gaztelaniaz erraztasun handiagoz mintzo den arren, elebitan irakurri du gaurko mezua, euskaraz eta gaztelaniaz, edukirik errepikatu gabe. Eta Immanuel Kant filosofoaren aipu batekin abiatu du hitzaldia: «Giza adimena ziurgabetasuna kudeatzeko gaitasunaren arabera neurtzen da».
Izan ere, bozak irabaziz gero, pandemia garaia kudeatzen segitzea egokituko zaio Ferreirari. Aitortu du osasun krisia «azken hamarkadetako esperientziarik zail eta gogorrenetako bat» dela, baina nabarmendu du EHU aurrera egiten ari dela, unibertsitate komunitatearen lanari esker: «Eguzkia ateratzen denean garbiketa lanak hasten dituztenen lanari esker, administrazio eta zerbitzuetako langileen eguneroko lanari esker, irakasle eta ikertzaileen lanari esker, zuzendaritza taldeen lanari esker eta ikasle bakoitzaren erantzukidetasunari esker. Euskal Herriko Unibertsitatea erakusten ari da aldeko egoeretan oso ona dela, baina egoera txarretan, are hobea».
Era berean, bere ibilbidea aipatu du, goi ikasketen publikotasunaren garrantzia azpimarratzeko: «Galiziar immigranteen alaba eta familia ugariko kidea naiz: merkatuko prezioan ikastea ez zen aukera bat gure etxean. Baina EHUn matematika ikasteko aukera izan nuen, eta, ondoren, arlo horretako institutu ospetsuenetako batean master bat egitekoa. Han konturatu nintzen zein prestakuntza ona jaso nuen». Erronka sozialei ere erreparatu die: «Garapen iraunkorreko helburuek eta 2030 agendak helburu berri bat eransten dute gure unibertsitatean: euskara eta euskal kultura bultzatzea». |
2020-10-9 | https://www.berria.eus/albisteak/188120/zamaketari-guztiek-egin-dituzte-lanuzteak-bilboko-portuko-lehen-greba-egunean.htm | Ekonomia | Zamaketari guztiek egin dituzte lanuzteak Bilboko portuko lehen greba egunean | Bi orduko etenaldiak egin dituzte txanda bakoitzean eta hamahiru ontzi egon dira zain. Asteburuan egun osoko lanuzteak hasiko dituzte. | Zamaketari guztiek egin dituzte lanuzteak Bilboko portuko lehen greba egunean. Bi orduko etenaldiak egin dituzte txanda bakoitzean eta hamahiru ontzi egon dira zain. Asteburuan egun osoko lanuzteak hasiko dituzte. | Bilboko portuko zamaketarien langile batzordeak «arrakastatzat» jo du hamasei eguneko grebaldiko lehen eguna. Hala jo du behintzat Israel Ruiz UGTko kideak. Zamaketari guztiek egin dute goizeko txandako greba —09:00etatik 11:00etara—, eta arratsaldekoan beste hainbeste espero da. Langile batzordeko sindikatu guztiek deitu dute grebara, ELAk izan ezik, baina haien afiliatuek ere egin dituzte lanuzteak. Grebaren ondorio hamahiru ontzi egon dira zain portuan.
Hamasei eguneko greba da, eta lau eta hogeita lau orduko lanuzteak txandakatuko dituzte hilaren 5era arte. Urriaren 13a, 19a eta 20a ez beste egun guztietan hogeita lau orduko grebaldiak egingo dituzte. Zamaketariek urtebete egin dute lan hitzarmen berria negoziatzen, eta azken bi hilabeteetan enpresak atzerapausoak eman dituelako antolatu dute greba. Azken eskaintza asteazkenean jaso zuten, baina aldaketa txikiak ziren, eta ez zituen langileak asebete.
Zamaketariek, besteak beste, egutegiari eta atseden sistemari buruzko eskakizunak dituzte. Jarduna liberalizatu berri da, eta portuan lan egiteko modua birrantolatu behar dute. Zortzi urte dira ez dietela soldata eguneratzen, baina sindikatuek esan dutenez hori ez da punturik gatazkatsuenetako bat. Ez da berdin gertatzen langile berrien kontratazioarekin. Hamabi urte BilboEstiba portuko zamaketariak kudeatzen dituen enpresak ez duela kontratu finkorik egiten, eta tarte horretan, erretiroen eta heriotzen poderioz, langile finko multzoa 405etik 320ra murriztu da. Behin-behinekoen kopurua, aldiz, iaz bikoiztu egin da: 60tk 116ra. Tartean badago hamabi urte behin-behineko kontratupean egin duenik.
Greba egingo dute bai, baina portuko agintaritzak gutxieneko zerbitzu handiak ezarri ditu —gaur bertan ezagutu dituzte—: %100 pertsonen, eta merkantzia galkor eta arriskutsuetan, eta %50 beste oinarrizko zerbitzu batzuetan. Lehiaren Euskal Agintaritzak ere ohartarazi ditu deitzaileak lehiari eragiten dioten ekintzarik ezin dutela egin. Sindikatuak kexu agertu dira agintaritzaren oharra ez delako batere argia eta ez duelako zehazten zeintzuk diren zerbitzu horiek. |
2020-10-9 | https://www.berria.eus/albisteak/188121/protestekin-hartu-dute-espainiako-erregea-katalunian.htm | Mundua | Protestekin hartu dute Espainiako erregea Katalunian | Kataluniako azken hiru presidente kargugabetuek agerraldia egin dute elkarrekin Perpinyan, Felipe VI.aren bisita salatzeko. | Protestekin hartu dute Espainiako erregea Katalunian. Kataluniako azken hiru presidente kargugabetuek agerraldia egin dute elkarrekin Perpinyan, Felipe VI.aren bisita salatzeko. | Felipe Borboikoa Espainiako erregeak bisita labur bat egin du Bartzelonara. Ordu bat inguru besterik ez du iraun, baina aski izan da protesten oihartzuna entzuteko. Bartzelona New Economy Week deiturikoaren sariak banatzeko ekitaldira joan da Borboikoa, Kataluniako hiriburuko Frantziaren Geltokira. Leku hori aukeratu dute monarka protestetatik urrundu eta bakartu ahal izateko.
Izan ere, Kataluniako hainbat gizarte mugimenduk manifestazio eta bestelakoak antolatu dituzte Espainiaren ordezkari gorenaren bisitaren kontra, Kataluniak ez du erregerik lelopean.
Dozenaka mossok itxi egin dituzte geltokira heltzen diren kale guztiak. Eta, Espainiako Errege Etxeak eskatuta, bisitaren aurkako pankarta bat kendu dute ekitalditik gertuko balkoi batetik: Juan Carlos Lehena, Felipe Azkena zen pankartaren mezua.
Monarkak Espainiako gobernuburu Pedro Sanchez agurtu du geltokiaren sarreran. Espainiak Katalunian dituen ordezkaritzako hainbat kidek hartu dute parte ekitaldian, eta enpresaburuen ordezkariEk. Baita PSC alderdiko buru Miquel Icetak ere. Baina Kataluniako Generalitateko kiderik ez da egon ekitaldian, eta Bartzelonako alkate Ada Colauk ere muzin egin dio.
Hogei minutu eskas iraun du ekitaldiak.
Kalean hainbat protesta ekitaldi egin dituzte. Horietako ikusgarrienean, Espainiako erregearen argazki handi bat erre dute. Kataluniako Asanblea Nazionalak antolatu du ekitaldia, eta haren presidente Elisenda Paluziek eman dio su irudiari. Aurretik azaldu duenez, Europako justiziak ebatzita du adierazpen askatasunak babesten duela Espainiako erregearen irudiak erretzea. Hori hainbat ekintzaileren lanari esker lortu dela gaineratu du: «Desobedientzia zibilak eskubideak zaindu dizkigu».
Presidenteen agerraldia
Kataluniako Generalitateko azken hiru presidenteak elkarrekin agertu dira Perpinyan (Herrialde Katalanak), Espainiako erregeak Bartzelonara eginiko bisitari erantzunez. Artur Mas, Carles Puigdemont eta Quim Torra presidente ohiek salatu dute azken urteotan Kataluniako gobernuburuek pairatu duten «errepresioa», eta nazioarteari laguntza eskatu diote, manifestu baten bitartez. «Giza eskubideen Europa ez da bateragarria zapaltzera dedikatzen den herrialde batekin», adierazi dute manifestuan.
«Felipe VI.aren sei urteotan, Generalitateko presidente guztiak kargugabetu dituzte», esan du Puigdemontek. Gobernuburu ohiek galdetu dute «normala» ote den Europako Batasuneko lurralde batean presidenteak agintetik kentzea ideiak defendatzeagatik edo ekintza ez-bortitzengatik, eta «etikoa» ote den «Kataluniak hiru presidente jazarrita edukitzea, eta preso politikoak, Espainiako errege ohiak estatuaren laguntzarekin ihes egin duenean».
Salatu dute eurek agerraldia Perpinyan egin behar izana, Espainiako erregea Bartzelonan den bitartean. Monarkak «enpresen ihesa bultzatuz, kataluniarren interesei kalte» egin ziela gogoratu dute. «Independentismoa gauzak aldatu asmo ditu modu erabat demokratikoan», esan du Torrak. «Orain hiru [presidente] gara, baina auskalo zenbat gehiago izan ahalko diren». Etorkizuneko presidenteei eskatu die bidean topatuko dituzten «pareten gainetik egiteko». |
2020-10-9 | https://www.berria.eus/albisteak/188122/gure-esku-k-euskal-kulturgintza-sustatuko-du-tripontziarekin.htm | Gizartea | Gure Esku-k euskal kulturgintza sustatuko du Tripontziarekin | 'Tripontzia: Burujabetzara bidean' komiki digitala eta urteberriko zozketa aurkeztu dituzte. Guztira, 52.000 euro banatuko dituzte. | Gure Esku-k euskal kulturgintza sustatuko du Tripontziarekin. 'Tripontzia: Burujabetzara bidean' komiki digitala eta urteberriko zozketa aurkeztu dituzte. Guztira, 52.000 euro banatuko dituzte. | Gure Esku-k Tripontzia: Burujabetzara bidean komiki digitala eta urteberriko zozketa aurkeztu ditu gaur goizean, Donostian. Tripontzia istorio sorta erosten duten guztien artean 52.000 euro zozkatuko dituzte, eta urtarrilaren 18an egingo dute zozketa.
Aurtengoan Tripontziak helburu ekonomikoa eta kulturala izango dituela zehaztu dute. Gure Esku-ren bozeramaile Amalur Alvarezek azaldu duenez, Tripontzia «autogestiorako» tresna bat da taldearentzat, eta aurtengo krisiak Gure Esku ere jo duen arren, herritarrek Tripontzia erosten jarraituko dutela uste du: «Gu sinetsita gaude une latzetan inoiz baino gehiago, komunitatea dugula babesgune».
Baina aurtengoan, ohiko helburuetatik harago joatea erabaki dute, eta jasotzen duten diruaren zati bat kulturgintzari lotutako proiektu batera bideratuko dute: «Helburua da euskal kultur ekosistema artikulatzea; epe motzera, sektoreak bizi duen larrialdi egoerari erantzuteko, eta epe ertain-luzera, ikuspegi estrategiko batekin urratsak egiteko». |
2020-10-9 | https://www.berria.eus/albisteak/188123/negoziazioak-hasteko-langileen-15-kentzeko-eskatu-du-iberdrolak.htm | Ekonomia | Negoziazioak hasteko, langileen %15 kentzeko eskatu du Iberdrolak | Kaleratze gordinen ordez, erretiro aurreratuak eta borondatezko irteerak negoziatu nahi ditu. 2.000 langiletik gora ditu Euskal Herrian. | Negoziazioak hasteko, langileen %15 kentzeko eskatu du Iberdrolak. Kaleratze gordinen ordez, erretiro aurreratuak eta borondatezko irteerak negoziatu nahi ditu. 2.000 langiletik gora ditu Euskal Herrian. | Mahaian kolpe bortitz bat jota hasi du Iberdrolak datorren urteotarako lan hitzarmenaren negoziazioa. Argindar konpainiak iragarri du Hego Euskal Herriko eta Espainiako adarrean lantaldearen %15 kendu nahi duela. Ez lirateke kaleratze gordinak izango, baizik eta aldez aurretiko erretiroak eta borondatezko irteerak. Sindikatuek oso gogor salatu dituzte enpresaren asmo «onartezinak», eta gogorarazi dute irabazi mardulak dituela Iberdrolak: iaz 3.406 milioi euro irabazi zituen, eta koronabirusak ez dio askorik eragin, aurtengo lehen sei hilabeteetan gai izan baita mozkinak %12 handitzeko, 1.845 milioi eurora arte.
Iberdrolak 2.000 langiletik gora ditu Hego Euskal Herrian, horietako asko Bilboko Iberdrola dorreko egoitza nagusian.
Ikusteko dago, ordea, hori gertatuko ote den, negoziazioaren hasiera baizik ez da eta. Baina zuzendaritzaren mugimenduak eragin dezake sindikatuak defentsa lana egin behar izatea, ahalik eta lanpostu gehien defendatzeko. Ez zen, ordea, beren asmoa. Izan ere, langileen lan baldintzak hobetzeko proposamenak egin dituzte, enpresaren une goxoa baliatuz.
Horrela, soldatak %1,5 eta %3,7 artean handitzea eta irabazien araberako %1,5 eta %3,25 arteko sari gehigarria eskatu dute. Gainera, lanaldia %7 txikitzea nahi dute, pentsio planerako enpresaren ekarpena handitzea, opor egunak handitzea antzinatasuna duten langileei, lanaldia malgutzea...
«Ulertezina»
Iberdrolako euskal langileen artean, ELAk du ordezkari gehien, eta horregatik eskatu du Hego Euskal Herriko langileek beren aldetik negoziatu ahal izatea, eta ez Espainiako adarraren barruan (9.500 langile). Beste sindikatuek ez dute eskaera hori onartu.
ELAren iritziz, enpresaren proposamenak «ez du ez hankarik, ez bururik», enpresaren emaitzak «oso onak» direlako.
«Ulertezina izango litzateke lan baldintzek behera egitea konpainia gorantz doanean», azaldu du, berriz, UGTk, eta berretsi du enpresaren emaitzetan «parametro bakar batek ere» ez duela justifikatzen lantaldea murriztea eta lan baldintzak okertzea.
Ez da lehen aldia Iberdrolak erretiro aurreratuen bidea hartu duela lan taldea txikitzeko. Aurrekoetan eskaini du langileak soldataren %80 jasotzea erretiroaren adinera iritsi artean, eta gizarte segurantzaren kotizazioak bere |
2020-10-9 | https://www.berria.eus/albisteak/188124/demareren-hirugarrena.htm | Kirola | Demareren hirugarrena | Groupama FDJko txirrindulariak irabazi du Giroko zazpigarren etapa, berriz ere esprintean. Joao Almeidak segitzen du lider, eta Pello Bilbaok bigarren postuari eutsi dio | Demareren hirugarrena. Groupama FDJko txirrindulariak irabazi du Giroko zazpigarren etapa, berriz ere esprintean. Joao Almeidak segitzen du lider, eta Pello Bilbaok bigarren postuari eutsi dio | Aseezin ospea dute esprinterrek. Hori berresten duten adibideak asko dira: Mario Cipollini, Erik Zabel, Mark Cavendish, Alessandro Petacchi, Peter Sagan... Bada, molde horretako txirrindularia dela erakusten ari da Giro honetan Arnaud Demare (Groupama FDJ). Zazpigarren etapa ere hark irabazi du; nola ez, esprintean. Hirugarrena du lasterketan, eta hamahirugarrena denboraldi honetan. Une honetan tropeleko txirrindularirik bizkorrena dela erakusten ari da. Haize babesek markatutako etapa izan da. Pello Bilbaok (Bahrain) bigarren postuari eutsi dio.
Giroko historiako etaparik bizkorrena izan da. Batez besteko abiadura orduko 51,230 kilometrokoa izan da. Aurreko marka 49,420 kilometroan zegoen. 2012ko Giroko 18. etapan izan zen. Andrea Guardinik irabazi zuen orduan. Ia abiatu bezain laster osatu da eguneko lehen ihesaldia. Lau txirrindularik egin dute aurrera: Thomas de Gendtek (Lotto Soudal), Josef Cernyk (CCC), Marco Frapportik (Vini Zabu), eta Simon Pellaudek (Androni).
Haizea espero zen, eta aurreikuspena bate egin da. Horrek urduritasuna eragin du tropelean: Jumbo Visma eta Deceuninck tiratzen hasi dira, eta haize-babesak sortu dira. Ondorioz, 30 bat txirrindulari baino ez dira geratu tropel nagusian. Faboritoak eta aurrean sailkatutakoak bertan ziren. Baina, bigarren saiakeran, hainbat txirrindulari garrantzitsu geratu dira atzean. Tartean Bilbao, Jakob Fuglsang (Astana), Rafal Maijka (Bora) eta Simon Yate (Mitchelton).
Haize-babesek tropelean jarritako erritmoaren ondorioz, iheslariek ez dute bide luzea egiteko aukerarik izan. Bilbaoren taldeak, berriz, tropelarekin bat egitea lortu du, 96 kilometro falta zirenean. Lehen kilometro zoroen ostean, eta behin aurrekoak harrapatu ostean, lasterketako erritmoa zertxobait baretu da. Baina 45 kilometro falta zirenean, berriro ere urduritasuna agertu da. Izan ere, eroriko batek hainbat multzotan banatu du tropela.
Hortik aurrera, hasieran gertatu bezala, erritmoa bizia izan da helmugara bitarte. Azken kilometroetan Bora, Groupama, eta Deceuninck izan dira lasterketa burua agertu diren taldeak. Groupamak ondo lagundu dio Demareri. Hark Saganen gurpila hartu du, eta nahi izan duenean jo du kolpea; hala, hirugarren garaipena poltsikoratu du. |
2020-10-9 | https://www.berria.eus/albisteak/188125/pandemia-garaira-moldatutako-dantzak.htm | Bizigiro | Pandemia garaira moldatutako dantzak | Dantzaldiak bertan behera gelditu dira koronabirusaren ondorioz; beraz, eskoletara, entseguetara eta ikuskizunetara mugatu da dantza. Denek egokitu behar izan dute egoera berrira. Pandemiak dantzaren munduan nola eragin duen aztertzen duen erreportaje bat argitaratuko du bihar BERRIA-k 'Bizigiro' sailean. | Pandemia garaira moldatutako dantzak. Dantzaldiak bertan behera gelditu dira koronabirusaren ondorioz; beraz, eskoletara, entseguetara eta ikuskizunetara mugatu da dantza. Denek egokitu behar izan dute egoera berrira. Pandemiak dantzaren munduan nola eragin duen aztertzen duen erreportaje bat argitaratuko du bihar BERRIA-k 'Bizigiro' sailean. | Distantziak, maskarak, gelak eta jende kopurua zein espazioa mugatzea; pandemia garaian dantzatzeko neurriak dira denak. Egoera berrira egokitu edo dantzatzeari utzi, beste aukerarik ez zen, beraz, dantzan jarraitzea erabaki dute dantzariek. Distantzia hartzeko garaietan, osasun neurriekin bateraezinak dirudite tangoak, swingak, saltsak, bachatak, baltsak edo mazurkak. Berdin taldeetan egiten diren dantzak, jendea elkartzeko mugak indarrean baitaude. Oztopo horiek gainditu behar izan dituzte dantzaren alor guzietan aritzen direnek: profesionalek zein zaleek.
Hala ere, dantzaren alor soziala da birusak gehien murriztu duena: ez dago jaialdirik, ez dantzaldirik, ezta dantzalekurik ere. Dantza aretoak itxita luzaz mantentzerik ez dela salatu dute dantzalekuetako jabeek, eta dantza zale asko dantza irrikaz dabilela. Horrekin batera, desagertu dira erromeriak, bestak, eskeak eta soka-dantzak, harremanak egiteko eta komunitatea osatzeko elementuak. Horiei heldu beharra nabarmendu dute dantzariek.
Euskal dantza tradizionalarena da zalantza gehien dituen sektoreetako bat, normalki ez baita profesionalizatutako alorra. Dantzariak eta taldeak galdu litezkeela ohartarazi dute euskal dantzariek. Bestalde, bikotekako dantza eskoletan kontent dira irekitzeko aukera izan dutelako. Hala ere, norberak bere espazioa eta bere bikotea du, ezin da leku edo bikote aldaketarik egin. Profesionalki ari direnak malguago dira maskarekin eta distantziekin, baina, dantza aretotik kanpo zuhur jokatzera behartzen ditu horrek.
Bestelako gaiak
Zinema orrian Ane filmari buruzko artikulua izanen da. Kritikarien eta zinema munduan lan egiten duen jendearen artean harrera ona izan du, eta heldu den astean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian. Irizar saria jaso zuen Donostiako Zinemaldian.
Telesailei dagokionez, The Haunting telesailaren itzulera izanen da hizpide. Telesailaren jarraipen eskariak asetzeko, gidariek antologiaren alde egin dute: amaiera propioa duen istorio bat denboraldi bakoitzeko. Hill House etxea atzean utzita, Bly Manor da sorginkeriaren egoitza berria. Hala, The Haunting of Hill House izenarekin itzuliko da telesaila.
Gastronomiaren tartean Andoni Luis Aduriz Mugaritz jatetxeko sukaldariari egindako elkarrizketa izanen da irakurgai. Gaitzak sukaldaritzan eta bizitzan utzitako ondorioez ariko da: urte sabatiko bat, amaren heriotza, eta gogoetak.
Azkenik, Jean de Jaurgain zuberotar historialari, kazetari, idazle eta genealogian eta armarrietan adituari so eginen dio Bizigirok, haren omenaldiari buruzko erreportajea kaleratuko baitu bihar. Urri osoan ikusgai ezarri dituzte bere obrak Mauleko Ondarearen etxean, eta hitzaldiak eskainiko dituzte. |
2020-10-9 | https://www.berria.eus/albisteak/188126/gutxienez-22-langilek-positibo-eman-dute-tolosako-asuncion-klinikan.htm | Gizartea | Gutxienez 22 langilek positibo eman dute Tolosako Asuncion klinikan | Azken egunetan positibo ugari agertu dira zentroan, eta ohiko jarduna etetea erabaki dute. Pazienteek ez dute bisitarik jasoko, eta inor gehiago ospitaleratu behar izatekotan, Bidasoko ospitalera eramango dute. BERRIAk jakin duenez, espero dute datorren asteartean edo asteazkenean ohiko jarduerara itzultzea. | Gutxienez 22 langilek positibo eman dute Tolosako Asuncion klinikan. Azken egunetan positibo ugari agertu dira zentroan, eta ohiko jarduna etetea erabaki dute. Pazienteek ez dute bisitarik jasoko, eta inor gehiago ospitaleratu behar izatekotan, Bidasoko ospitalera eramango dute. BERRIAk jakin duenez, espero dute datorren asteartean edo asteazkenean ohiko jarduerara itzultzea. | Osasun zerbitzua eten egin dute Tolosako (Gipuzkoa) Asuncion klinikan. Zentroko iturrietatik BERRIAk jakin duenez, azken egunetan positibo ugari azaldu dira klinikako langileen artean, eta, egoera ikusita, zerbitzua etetea erabaki zuten atzo arratsean. Espero dute datorren asteartean edo asteazkenean ohiko jarduerara itzultzea.
Aste hasieran hasi ziren koronabirus kasuen berri izaten Asuncion klinikan: hiru medikuk eta administrazioko langile batek eman zuten positibo. Egoera ikusita, PCR probak egin dizkiete klinikako langileei, eta positibo gehiago azaldu dira. Kutsatze katea ikertzen ari dira, eta langileei probak egingo dizkiete berriro, positibo gehiago baden jakiteko. Oraingoz, 22 langilek eta bi gaixok positibo eman dute. Guztira, 350 langile ditu Asuncion klinikak.
Lehen positiboen berri izatean, erabaki zuten bisitak etetea, klinikan dauden pazienteek bisitarik ez jasotzea. Izan ere, BERRIAk jakin duenez, klinikako zuzendaritzak langileei adierazi die uste dutela gaixo baten bisitariak eragin duela fokua. Arazoaren larritasuna ikusita, aparteko beste neurri batzuk hartu dituzte orain, eta bertan behera utzi dute zerbitzu gehiena. Soilik larrialdiak artatuko dituzte, eta ez da izango ebakuntzarik eta kontsultarik. «Zubi honetan zehar, larrialdiek eta ospitaleratze solairuek ohiko moduan funtzionatuko dute», jakinarazi dute ospitaletik. Gainera, gaixoak birkokatu dituzte, gela bakoitzean gaixo bakarra egon dadin.
Jadanik Asuncionen dauden pazienteek bertan jarraituko dute, zaintzapean. Beste norbait erietxeratu behar izatekotan, berriz, ez dute klinikan artatuko: Bidasoko ospitalera bideratuko dute, Irunera.
Beste prebentzio neurri bat ere hartu dute lau asterako: zazpi egunetik behin koronabirusaren test bana egingo zaie Asuncionen dauden gaixo eta langile guztiei. Zuzendaritzak langileei esan dienez, beste hainbat neurri ere bete beharko dituzte: kafetegira gehienez binaka joango dira; langileentzako jantokia itxiko dute, fisikoki guardian egon behar duten medikuentzat izan ezik; ospitale barruko mugimenduak ahalik eta gehien ekidin beharko dituzte; bertan behera utziko dituzte hiru pertsona baino gehiagoko bilerak; eta abar. Ospitaletik nabarmendu dute neurri guztiak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin adostu dituztela.
Klinika pribatua da Asuncion, baina zerbitzu publikoa ematen du Tolosaldean, Osakidetzarekin hitzarmena egina baitauka.
Tolosako Udalak lasaitasun mezua helarazi nahi izan die herritarrei: «Protokoloak azkar jarri dira martxan, eta beharrezkoak diren neurri guztiak hartu dira».
EH Bildu, argibide eske
EH Bilduk ohar bidez jakinarazi duenez, Ibai Iriarte legebiltzarkideak ofizialki argibideak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari klinika «konfinatzeko» arrazoien eta hartutako erabakien inguruan: «Oso larria da klinikaren itxiera honen inguruan oraindik inongo azalpen ofizialik ez izatea, eta dakiguna prentsaren zein bestelako iturrien bidez jakin izana». Osasun Sailaren nahiz Asuncion klinikaren «gardentasun falta» nabarmendu du, eta herritarrentzako «ondorio negatibo argiak» izan ditzakeela ohartarazi: «Pazienteren bat ospitaleratu behar izatekotan, nora eta Irungo ospitalera bideratuko dute». Iriartek gogorarazi du Donostia ospitalea gertuago dagoela, eta Asuncion klinikarekin hitzarmena sinatu aurretik eskualdeko erreferentziazko ospitalea zela.
«Ospitaleetan bete beharreko protokoloak oso zorrotzak dira, eta pentsatzekoa da klinika horretan zerbait gaizki egin dela». Hala izan bada erantzukizunak hartu beharko dituztela esan du Iriartek. Gertatutakoak EH Bilduren iritzia berresten duela ere azpimarratu du: «Osasun zerbitzu publikoak ezin dira esku pribatuetan utzi». Tolosaldeko herritarren osasun arta hobetu beharra dagoela esan du, baita ospitale publikoa behar dela ere: «Hau Tolosaldean gertatu izana ez da kasualitatea, eta bertako herritarrek jasaten duten bigarren mailako osasun arretaren erakusle dela frogatzen du». |
2020-10-10 | https://www.berria.eus/albisteak/188160/euskarazko-irakaskuntzaren-aldeko-giza-kate-bat-egin-dute-baionan.htm | Gizartea | Euskarazko irakaskuntzaren aldeko giza kate bat egin dute Baionan | Rene Cassinen sortetxearen eta suprefeturaren artean elkartu dira herritarrak, euskalgintzako eragileek deituta. Horrez gain, 22 protesta egingo dituzte Frantziaren meneko lurraldeetan, Pour Que Vivent Nos Langues kolektiboak deituta. | Euskarazko irakaskuntzaren aldeko giza kate bat egin dute Baionan. Rene Cassinen sortetxearen eta suprefeturaren artean elkartu dira herritarrak, euskalgintzako eragileek deituta. Horrez gain, 22 protesta egingo dituzte Frantziaren meneko lurraldeetan, Pour Que Vivent Nos Langues kolektiboak deituta. | Hiriburuko (Lapurdi) Baste Quieta eskola publikoan euskara hutsezko esperimentazioa abiatzea errefusatu zuen Bordeleko errektoretzak uztailean, derrigorrezko irakaskuntza frantsesez egin behar dela argudiatuta, eta gatazka irekia da. «Biziki kolpe gogorra» da euskarazko irakaskuntzarentzat, euskalgintzaren hitzetan, eta «lanjerra» sentitzen dute sail katoliko eta ikastolentzat ere. Hori salatzeko, giza kate bat egin dute Baionan.
Ipar Euskal Herriko hautetsiek euskarazko irakaskuntza defenditzeko bilkura bat egin zuten abuztuan. «Haiek ezarritako legeen arabera osatu dugu dosierra, baina ukatu digute hala ere. Partidaren legeak ez dira joko denboran aldatzen», salatu zuen orduan Alain Iriart Hiriburuko auzapezak.
BERRIAn egindako elkarrizketa batean, eskola publiko elebiduneko Biga Bai guraso elkarteko buru Marie Andree Ouretek adierazi zuen egoera larria dela, eta protestan jarraitu behar dutela: «Estatuak Hiribururako hartu duen erabakia aldatu arte, bururaino eraman behar dugu borroka hori. Segur gara ez dugula laxatu behar. Laxatuko bagenu, biziki berri txarra litzateke euskararen irakaskuntzarako».
Oureten esanetan, zaila da gurasoak mobilizatzea gaiaren inguruan: «Esplikatzen zaielarik, bereziki murgiltzea jadanik bizi duten gurasoei, uste dute bizi dutela zuzena ez den erabaki bat bezala. Nolaz ukatzen ahal den orain arte ukan ahal izan dugun irakaskuntza mota bat, zinez denek biziki ona eta eraginkorra atzematen dutena».
Frantziako Hezkuntzak frantsesari eta zentralismoari inportantzia gero eta gehiago ematen diela adierazi zuen Ouretek, ez dutela «irensten ahal» eskola batzuetan osoki hizkuntza batean irakastea, publikoan. «Ez dute onartu nahi; arrasta ukaldi bat eman nahi diote».
Hori salatzeko, Baionan ez zik, protestak egingo dituzte gaur Frantziaren meneko lurraldeetan, Pour Que Vivent Nos Langues kolektiboak deituta. 22 mobilizazio izango dira denera. |
2020-10-10 | https://www.berria.eus/albisteak/188161/otegik-dio-elkarbizitza-lehia-esparrutik-atera-behar-dela.htm | Politika | Otegik dio elkarbizitza «lehia esparrutik» atera behar dela | EH Bilduk ohiko batzarra egin du gaur goizean, eta Otegik bertan esan du «norabide politikoa» aldatzeko akordioak behar direla. | Otegik dio elkarbizitza «lehia esparrutik» atera behar dela. EH Bilduk ohiko batzarra egin du gaur goizean, eta Otegik bertan esan du «norabide politikoa» aldatzeko akordioak behar direla. | EH Bilduk ohiko batzarra egin du gaur goizean, kurtso politikoaren ildo nagusiak zehazteko. Bertan, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak kritikatu egin ditu elkarbizitza «lehia esparrua» bilatzeko interesa dutenak, eta ohartarazi EH BIlduk ez duela gai hori «lehia esparruan» kokatuko; elkarlanerako eskua luzatu du arlo horretan akordioak lortzeko. Besteak beste, euskal presoen askatasuna eta iheslarien itzulera jarri ditu elkarbizitza lortzeko lehentasunen artean.
Bestetik, «konfiantza» mezu bat igorri dio euskal gizarteari, koronabirusaren pandemiak sortutako egoera «latzaren» inguruan: «Euskal Herriak askotan pasa ditu oso egoera zailak, eta gure herriak sarritan erakutsi du egoera zailenetatik ateratzeko ere badaukala energia intelektual, ekonomiko, instituzional eta sozial nahikoa». Otegik nabarmendu du izurriteak «larriagotu» egin duela lehendik zegoen krisialdia, eta orain beharrezkoa dela «denen arteko akordioak» lortzea egoera honetatik atera ahal izateko. Akordioek, baina, «norabide politikoa» aldatu behar dutela izan ohartarazi du: «Politika publikoak eta fiskalak aldatu egin behar dira. Zintzoak izan behar dugu: ekoizpen, kontsumo eta bizitza eredua aldatu ezean, ez dugu ongizate estatusik lortuko herritarrentzat».
Ildo horretan, «bestelako gobernantza eredu» bat ekarriko duen jardun politiko bat aldarrikatu du Otegik. EH Bildu horren eredu dela esan du, eta adibide gisa jarri ditu Madrilen, Nafarroan, EAEn zein udaletan lortutako akordioak. Subiranotasunaz hitz egiteko garaia ere badela gaineratu du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak: «Guk hemen erabaki nahi dugu dena, Euskal Herrian bizi eta lan egiten dutenekin». |
2020-10-10 | https://www.berria.eus/albisteak/188162/bigarren-olatuko-positibo-kopururik-handiena-zenbatu-dute-hegoaldean-1074.htm | Gizartea | Bigarren olatuko positibo kopururik handiena zenbatu dute Hegoaldean: 1.074 | Bezperan baino 146 kasu gehiago atzeman dituzte. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %5,6ra igo da positibo tasa, eta Nafarroan, %17,9ra. Nafarroan hiru lagun hil dira koronabirusagatik. | Bigarren olatuko positibo kopururik handiena zenbatu dute Hegoaldean: 1.074. Bezperan baino 146 kasu gehiago atzeman dituzte. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %5,6ra igo da positibo tasa, eta Nafarroan, %17,9ra. Nafarroan hiru lagun hil dira koronabirusagatik. | Aspaldiko positibo kopururik handiena zenbatu dute Hego Euskal Herrian: 1.074. Bigarren olatuko positibo kopururik handiena da hori. Mila kutsaturen langa gainditu zen azken aldia abuztuaren 29a izan zen: orduan 1.027 positibo atzeman zituzten. Bi egun lehenago ere, abuztuaren 27an, gainditu egin zen mila positiboren muga, 1.017 kasu zenbatuta. Abuztuaren 29tik ez da mila kutsaturen muga gainditu, gaur arte.
Lurralde guztietan egin dute gora positiboek. Nafarroan 463 kasu detektatu dituzte, bezperan baino hamalau gehiago; Bizkaian 260 izan dira positiboak, bezperan baino 61 gehiago; Gipuzkoan 243 positibo atzeman dituzte (52 gehiago), eta Araban, 80 (19 gehiago). EAEtik kanpo bizi den herritar batek ere positibo eman duela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak. Osasun Sailak astelehenean emango ditu herriz herriko datuak. Guztira, 12.849 PCR test egin dira Hegoaldean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ia 800 PCR gehiago egin dituzte: guztira 10.261. Nafarroan, berriz, 620 PCR proba gutxiago egin dituzte: 2.588 guztira.
Bigarren olatuko positibo kopururik handiena zenbatzeaz aparte, positibo tasak ere gora egin du. Nafarroako datuak dira, berriro, larrienak. Lurralde horretan %17,9koa da tasa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, %5,6ra igo da tasa hori. Nafarroako egoera kezkagarriak direla-eta, Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak mezu bat bidali die herritarrei esanez harreman sozialak gutxi ditzatela eta joan-etorriak ahal den gehien murriztu ditzatela. Gainera, bihar baheketa bereziak egingo dituzte Valtierran eta Cadreitan.
Ospitaleetara begira jarrita, COVID-19a zuten hiru lagun hil dira Nafarroan, eta ospitaleetan 256 lagun daude ingresatuta birusarekin; horietatik 32, ZIUetan (bezperan baino bi gehiago). Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, berriz, beste 40 lagun ospitaleratu behar izan dituzte –37 izan ziren bezperan–, eta 45 gaixo daude ZIUetan –atzo baino zazpi gutxiago–. |
2020-10-10 | https://www.berria.eus/albisteak/188163/instituzioei-kultura-babesteko-neurri-eraginkorrak-eskatu-dizkiete-durangon.htm | Kultura | Instituzioei kultura babesteko neurri «eraginkorrak» eskatu dizkiete Durangon | Dozenaka herritarrek elkarretaratze bat egin dute Plateruena kafe antzokiaren aurrean, Euskal Herrian Euskaraz-ek deituta. Kulturgunea ixtea «kaltegarritzat» jo dute. | Instituzioei kultura babesteko neurri «eraginkorrak» eskatu dizkiete Durangon. Dozenaka herritarrek elkarretaratze bat egin dute Plateruena kafe antzokiaren aurrean, Euskal Herrian Euskaraz-ek deituta. Kulturgunea ixtea «kaltegarritzat» jo dute. | Durangoko (Bizkaia) Plateruena kafe antzokiak arrastaka zeraman arazo ekonomikoak azken kolpe bat hartu du aurten, eta kooperatiba osatzen duten kideek erabaki dute elkartea desegin eta kulturgunea ixtea. Hori «kolpe bat» izango da euskal komunitatearentzat, Euskal Herrian Euskaraz elkartearen esanetan, «gune erreferentzial bat» galduko dutelako.
Itxieraren harira, kexu agertu dira erakunde publikoek ez dutelako behar adina babestu kulturgunea, eta kontzentrazio bat egin dute gaur goizean Plateruenaren kanpoan. Adierazi dute koronabirusaren krisiak areagotu egin duela lehenagotik zetorren «egiturazko eraldaketa sozial, kultural, teknologiko, ekonomiko eta politikoa», eta, horri aurre egiteko, «euskararen eta euskal kulturaren aldeko neurri eraginkorrak» hartzeko eskatu diete instituzioei.
Beñat Gaztelurrutia Plateruenako kideak BERRIAri esan zion proiektuak ez duela «merezi eta behar izan duen aitorpenik» jaso instituzioen aldetik. Harentzat, Plateruenan antolatu duten ekintza bakoitza «ahalduntze saio ikaragarria» izan da. «Gauzak egiteko modu ezberdin bat utzi du leku honetan», esan zuen. |
2020-10-10 | https://www.berria.eus/albisteak/188164/alex-dowsettek-irabazi-du-zortzigarren-etapa.htm | Kirola | Alex Dowsettek irabazi du zortzigarren etapa | Eguneko ihesaldia baliatu du garaipena lortzeko. Simon Yatesek positibo eman du COVID-19an, eta lasterketa utzi du. | Alex Dowsettek irabazi du zortzigarren etapa. Eguneko ihesaldia baliatu du garaipena lortzeko. Simon Yatesek positibo eman du COVID-19an, eta lasterketa utzi du. | Talde estrategia ondo baino hobeto atera zaio gaurko etapan Israel taldeari. Bi aukera zituen taldeak eguneko ihesaldian sartuta, eta ez du hutsik egin. Matthias Brandle eta Alex Dowsett (Israel) lasterketa buruko sei txirrindularien artean izan dira etapa osoan. Dowsettek talde estrategia baliatu, eta zortzigarren etapa irabaztea lortu du. Giroan estreinako garaipena da Israelentzat; Ingalaterrako txirrindulariarentzat, baina, bigarrena da, 2013an erlojupeko bat irabazi baitzuen Italiako itzuli handian. Ekitaldi hartan ere zortzigarrengo etapan izan zen garaile.
Lasterketaren lehen kilometroetan sortu da eguneko ihesaldia. Sailkapen nagusirako arriskutsuak ez zirela ikusi, eta arazorik gabe alde egiten utzi dio tropelak aurrean osatutako sei txirrindularien taldeari. Ondo baino hobeto ulertu dira lasterketa buruan, eta ia ibilbide osoan hamar minutuko errenta izan dute tropelarekiko. Esprinterrak etapa garaipenetik urrun izan dira.
30 kilometroren faltan elkar erasoka hasi dira lasterketa buruan. Lehendabiziko mugimendua Israel taldeko bi txirrindulariek egin dute. Erritmoa bizitu dute eta taldea haustea lortu. Handik gutxira, bost kilometro eskasera, Pucciok (Ineos) igoera batean erasoa jo, eta ihesaldiko taldea murriztu egin du: hiru txirrindulari geratzen ziren. Dowsettek, Brandlek eta Rosskopfek (CCC) ezin izan diote italiarrak ezarritako erritmoari jarraitu. Ordekan, baina, erasoari jarraipenik eman ez, eta atzean geratutako hiruak taldera bueltatu dira.
Azken kilometroetan, taldean elkar ulertzen ez zirela ikusi, eta Downsettek bakarrik alde egitea erabaki du, helmugatik hamazazpi kilometrora. Atzean akordiorik ez da izan, eta Ingalaterrako txirrindulariak 55 segundoko tartea ateratzea lortu du. Rosskopf, Puccio eta Holmes (Lotto) saiatu dira Dowsett harrapatzen, baina horretan geratu da dena: saiakera hutsean. Hamar kilometroren faltan, eguneko azken aldapan, erritmoa bizitu dute hiru txirrindulari horiek, baina ez da nahikoa izan lasterketa burura ailegatzeko.
Sailkapen nagusiko txirrindulariak ez dira azaldu etapan, ezta aparteko arazorik izan ere lasterketa amaitzeko. Jakob Fuglsangek (Astana) bakarrik izan dun ezbeharra. Danimarkako txirrindulariak zulatua izan du gurpilean, eta tropeletik atzera geratu da. Hori ikusita, Vincenzo Nibaliren (Trek) taldekideak tropeletik tiraka hasi dira, Astanakoa atzean uzteko asmoz. Lasterketa mugitua izan behar zela ematen zuen, baina Trekek erritmoa jaitsi, eta Fuglsang, bere taldekideen laguntzarekin, tropelera bueltatu da.
Simon Yates, positibo Simon Yatesek (Mitchelton Scott) positibo eman zuen atzo egindako PCR proban, eta ez da irten etapan. Giroa irabazteko hautagai nagusienen artean bazegoen ere, sailkapen nagusian 21. postuan zen, lidergotik ia lau minutura. Itzuli handi batean txirrindulari bati gaitza atzematen dioten lehen aldia da. Mitchelton Scotteko gainerako txirrindulariek negatibo eman dute. |
2020-10-10 | https://www.berria.eus/albisteak/188165/alvaro-uribe-askatzeko-agindu-du-epaile-batek.htm | Mundua | Alvaro Uribe askatzeko agindu du epaile batek | Ebatzi du ezin dutela atxilo hartu karguak egotzi gabe | Alvaro Uribe askatzeko agindu du epaile batek. Ebatzi du ezin dutela atxilo hartu karguak egotzi gabe | Bogotako bermeen kontrolerako epaile batek Alvaro Uribe Kolonbiako presidente ohia etxeko atxiloalditik askatzeko agindua eman du gaur, argudiatuta ezin dutela preso hartu karguak egotzi gabe. Abuztuaren 4tik dago Uribe etxeko atxiloaldian, Auzitegi Gorenak emandako agindu baten harira. Fiskaltzak aste honetan eskatu du hura aske uzteko. Presidente ohiari prozesu iruzurra eta lekukoen eroskeria leporatzen dizkiote.
Uriberen atxiloketak 2012an du jatorria. Bloque Metro izeneko talde paramilitarreko kide izateagatik kondenatua izan zen Uriberen lursail bateko langile ohi batek presidente ohiari eta haren anaiari leporatu zien Bloque Metroren sortzaile izatea.
Uribek akusazioak ukatu zituen, eta ikertzaile pribatu batek eginiko txosten bat aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean. Txosten horretan, hainbat lekukoren testigantzak bildu zituen, informazioa argitaratu zuen Ivan Cepeda senatariak Uriberen kontra deklaratzeagatik diru eskaintzak egin zizkiela ziurtatuz. Auzitegi Gorenak, Cepedaren aurkako salaketa baztertu, eta Uribe ikertzeari ekin zion 2018an.
Uriberi Auzitegi Gorenaren epai baten ondorioz ezarri zioten etxeko atxiloaldia, senatari gisa, eta 2018az geroztik 600 Legearen bidez ikertzen ari dira. Hala ere, Uribek eserlekuari uko egin ostean, Gabriel Ramon Jaimes Duran fiskaltzaren ordezkariak esan zuen 906 legeriarekin arautzera pasatu behar dela kasu hori. Hori babestu du epaileak, eta ebatzi du modu horretan askatasuna gabetzeko beharrezkoa dela aldez aurretik karguak egozteko entzunaldia egina izatea. Hori ez da betetzen, eta, beraz, Uribe aske uzteko agindu du. |
2020-10-11 | https://www.berria.eus/albisteak/188201/eztabaida-sortu-du-abiadurak.htm | Gizartea | Eztabaida sortu du abiadurak | Bilboko Udalak orduko 30 kilometroko muga hiri osora zabaldu zuenetik, etenbakoak izan dira kritikak. Ekologistek neurriaren aurkakoen argudioak gezurtatu dituzte | Eztabaida sortu du abiadurak. Bilboko Udalak orduko 30 kilometroko muga hiri osora zabaldu zuenetik, etenbakoak izan dira kritikak. Ekologistek neurriaren aurkakoen argudioak gezurtatu dituzte | «Bilboko Udalak zergatik ez du isunik jarri oraindik?». RACVN auto gidarien elkarteak egindako galdera da. Orduko 30 kilometroko abiadura muga hiri osora hedatu zenetik aste bi igaro direnean, elkarteak erabakiaren aurkako mezua zabaldu du berriz ere. Martxan jarri aurretik adierazi zuten ezinegona, eta orain ostera egin dute protesta. Mario Garcia bozeramaileak argi du erantzuna: «Ez da isunik egon, arau berria betetzen ez den arren, gidariak oso haserre daudelako». Uste du giroa baretzen denean Udaltzaingoa arau haustea zigortzen hasiko dela «masiboki». Izan ere, haien arabera, «gehiengoa» dira hiriburuko sarbideetan eta auzoen arteko lotuneetan orduko 30 kilometroko abiadura gainditzen dutenak. Oraindik eztabaidak pil-piliean jarraitzen du Bilbon. Asteotako ohiko gidarien, autobus gidarien, taxi gidarien eta banatzaileen protesteei, eragileenak batu zaizkie. Baina aldeko iritzirik ere egon da, noski; ekologistena, besteak beste: neurriak jasotako kritika guztiei erantzun diete, muga berriaren onurak zein diren azalduz.
Garciak gogoratu du neurria Europako Mugikortasunaren Astean sartu zela indarrean; horregatik uste du udal gobernua «titular bila» ibili dela: «Hiri modernoa eta aitzindaria dela saldu nahi izan dute». Baina eurek argi dute erabaki okerra izan dela: «Abidura muga berriak modu artifizialean gidatzea dakar, eta, praktikan, hainbat kaletan ezinezkoa da betetzea».
BAT Bizkaiko Automozio Tailerrak mekanikoen elkarteak ere oharra plazaratu du. Gidarien elkarteak bezala, ibilgailuentzat kaltegarria dela ohartarazi du. Eta iruditzen zaie ez dela lortuko gutxiago kutsatzeko helburua. «Orduko 30 kilometroko abiadura etengabe mantendu behar denez Bilbo osoan, ibilgailuak martxa laburragoan gidatu beharko dira. Eta martxa luzean baino gas kutsagarri gehiago isurtzen dituzte martxa laburrean doazenen ibilgailuek. Hau da, kutsadura hazi egingo da», ohartarazi du Eli Ceballos BAT elkarteko presidenteak. Bizkaiko mekanikoek belaontzi estiloan gidatzea gomendatu dute, kutsadura murriztea lortu gura bada. «Erraza da: martxa eskuz aldatu behar zaien ibilgailuei inertziaz jarrai dezatela utzi behar zaie, baina martxa engranatuan eta azeleragailua zapaldu gabe, hurrengo semaforora, Stop seinalera edo auto ilarara irisi arte. Balazta eta azeleragailua zapaldu gabe aldatzen da martxa, eta posible bada, lehen martxan, lozagia eta balazta soilik gelditzeko sakatuta».
Ceballosen esanetan, horrela, ez da erregaia kontsumitzen eta balaztak ere ez dira gastatzen; beraz, «gutxiago» kutsatzen da. Gaineratu du, egungo ibilgailu gehienek Start/Stop sistema dutela. «Semaforo edo zebrabide arteko tartea luzea den hirietarako oso egokiak dira, baina ez da Bilboren kasua izango, abiadura motelagoan semaforo gehiagotan gelditu beharko delako. Motorra gehiagotan piztu eta itzalita, gehiago kutsatuko da, ezinbestean». Haren ustez, neurri hauen «helburu bakarra gidariei trabak jartzea» da, autoaren ordez garraio publikoa edo bizikleta erabili dezaten. «'Zenbat eta ibilgailu gutxiago, kutsadura gutxiago', uste dute. Baina ez dituzte herritarren beharrak eta egoerak kontuan hartu. Badira garraio publikoak premiak asetzen ez dizkietenak; badira zailtasunak dituztenak».
Besteentzat eredu
Hainbeste kritikaren aurrean, Ekologistak Martxan taldeak abiadura neurri muga berria babestea erabaki du. Europako hainbat hirik muga bera ezarrita dutela ekarri du gogora, nahiz eta Bilbo izan bere eremu osora zabaldu duen 300.000 biztanletik gorakoetan lehena. «Eredua», taldearen arabera. Iaz ipini zen muga hori Bilboko kale gehienetan, baina ez printzipaletan. Harrezkero igaro diren 16 hilabeteetan lortutako onurak zein diren gogoratu du Ekologistak Martxan-ek: «Lehen araudi horren aurretik, hiriko batez besteko abiadura orduko 30 kilometro baino txikiagoa zen, 29,6 kilometro, hain zuzen ere. Ezarri ondoren, abiadura %5 murriztu da, orduko 28,2 kilometrora».
Gogoratu dute Bilboko joan-etorri gehienak —%61— oinez egiten direla. «Biztanleriaren %10a bakarrik mugitzen da autoz. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, ibilgailu batek oinezkoa edo txirrindularia orduko 50 kilometroko abiaduran harrapatuz gero, hilgarria izateko arriskua 30eko abiaduran baino zortzi aldiz handiagoa da». Azken hamasei hilabete hauetan, biktimak izan dituzten istripuak %10 murriztu direla zehaztu dute talde ekologistako kideek. «Iazko bigarren seihilekoan 356 istripu izan ziren; epe berean, berriz, 397». Beraz, segurtasunean mesedegarri dela uste dute.
Ekologistak Martxan-ek erabat ukatu ditu beste eragileek kutsaduraren inguruan emandako argudioak. Datuak eman ditu horretarako. Izan ere, sinetsita daude orduko 30 kilometroko abiadurak klima aldaketa murrizten laguntzen duela, abiadura txikiagoak karbono dioxido gutxiago isurtzen duelako. Azaldu dute hori ibilgailuek bideetatik igarotzean altxatzen dituzten partikula esekien murrizketarekin lotuta dagoela. Gainera, esan dute abiadura txikiagoak energia aurrezten duela, erregai kontsumoa murriztu eta gidatzeko ohiturak aldatzen baititu. «Iazko uztailetik hona, Bilbon ez da 2016an eta 2017an neurtu ziren berotegi efektua eragiten duten gasen gehiegizko isurketarik berriro gertatu; hau da, ez da NBEk gomendatutako kopuruen gainetik neurtu harrezkero». Kutsadura akustikoa arazo handia da Bilbon, eta batez besteko zarata hiru dezibelio jaitsi da iaztik hona.
Sindikatuek autobus gidarien izenean egindako kritikak ere «zentzugabeak» direla uste du Ekologistak Martxan-ek. «Bilbobusen batez besteko abiadura orduko 11 kilometrokoa da. Zergatik? Eurentzako bakarrik diren bideetan sartzen diren autoengatik eta ilarengatik. Paradoxikoki, abiadura 30era murrizteak trafikoaren arintasuna hobetzen du, autoak abiadura uniformeagoetan ibiltzen baitira». Eta bizikletaren erabilera ere %30 hazi da muga berria kale gehienetan ezarri zenetik. «Aldaketak soilik kaleen %13ari eragin die. 30eko muga aspalditik zegoen, eta argi dago onurak baino ez dituela ekarri. Zergatik sortu da orain eztabaida? Nori egiten dio mesede?». |
2020-10-11 | https://www.berria.eus/albisteak/188202/ibon-munoa-presoa-aske-utzi-dute-hogei-urte-espetxean-egin-eta-gero.htm | Politika | Ibon Muñoa presoa aske utzi dute, hogei urte espetxean egin eta gero | Igandean utzi du Cordobako kartzela. 2000Ko urrian espetxeratu zuten. | Ibon Muñoa presoa aske utzi dute, hogei urte espetxean egin eta gero. Igandean utzi du Cordobako kartzela. 2000Ko urrian espetxeratu zuten. | Ibon Muñoa euskal preso eibartarra aske utzi dute gaur. Cordobako espetxean (Espainia) zegoen, eta zenbait lagun kanpoan zituen zain atera denean.
Espainiako Poliziak 2000. urteko urrian atxilotu zuen Muñoa, «ETAri laguntzea» egotzita. |
2020-10-11 | https://www.berria.eus/albisteak/188203/nafarroako-gobernuak-neurri-murriztaileak-ezarriko-ditu-lurralde-osoan.htm | Gizartea | Nafarroako Gobernuak neurri murriztaileak ezarriko ditu lurralde osoan | Txibite lehendakariak adierazi du «funtsezkoak ez diren jarduera guztiak etetea» dela helburua. Edukierak gehiago murriztuko dituzte, tabernek 22:00etan itxi beharko dute, eta ezingo dira sei pertsona baino gehiago elkartu. | Nafarroako Gobernuak neurri murriztaileak ezarriko ditu lurralde osoan. Txibite lehendakariak adierazi du «funtsezkoak ez diren jarduera guztiak etetea» dela helburua. Edukierak gehiago murriztuko dituzte, tabernek 22:00etan itxi beharko dute, eta ezingo dira sei pertsona baino gehiago elkartu. | Nafarroako datuek okerrera egin dute azken asteetan, eta Nafarroako Gobernuak neurri murriztaileak ezarriko ditu lurralde osoan birusaren hedatzeari aurre egiteko. Urriaren 13an jarriko dituzte indarrean, gauerdian. Maria Txibite lehendakariak, goizean egindako agerraldi batean, adierazi du egoera «txarra» dela, eta, hamabost egunen buruan intzidentzia gutxitzen ez bada neurri zorrotzagoak hartuko dituztela.
Txibiteren esanetan, kutsatze foku nagusiak «eremu pribatuan eta aisialdian» gertatzen dira, eta esparru horretan eragingo dute zuzenean gaur azaldu dituen neurriak. Ostalaritzan, edukiera %30era jaitsiko dute; terrazetan, %50era; eta tabernek eta jatetxeek 22:00etan itxi beharko dute. Merkataritza gune handietan, gehienezko edukiera %40koa izango da, eta zinema areto, antzoki eta kulturguneetan, %30ekoa. Elkarte gastronomikoak itxi egingo dituzte, eta ezingo da alkoholik saldu 22:00etatik aurrera. Udalek eskumena izango dute neurri murriztaileagoak ezartzeko.
Izan ere, kezkatzekoa da Nafarroako egoera, okerrera egin baitu azken asteetan. Bigarren olatuko positibo kopururik handiena zenbatu zuten atzo: 463. Horrekin batera, positibo tasak ere bigarren olatuko ehuneko makurrena izan zuen, alde handiz: egindako proben %17,9k eman zuten positibo. Nafarroako Gobernuak ezarritako helburutik urrun dago tasa hori, eta kontuan hartzekoa da OME Osasunaren Mundu Erakundeak %5ean jarria duela gehienezko tasa.
Gaur datuak pixka bat apaldu diren arren, kopuruak larriak dira oraindik. Azken orduetan, beste 427 positibo detektatu dituzte, eta COVID-19a zuten lau pertsona hil dira. Positibo tasa %14 da.
Kasuen ugaritzeak ezinegona eragin du, eta Txibite lehendakariak herritarrei errepikatu die harreman sozialak gutxitzeko eta joan-etorriak «ahal den gehien murrizteko», nahiz eta debekurik ez duten ezarri oraingoz. Are, herritarrei «ia erabat autokonfinatzeko» eskatu zien Carlos Artundo Osasun zuzendariak. Atzotik, gainera, neurri murriztaile gehiago ezarri dituzte Erriberako zazpi herritan: Alesbes, Valtierra, Cadreita, Zarrakaztelu, Castejon, Cintruenigo eta Fustiñanan. Cadreitan dute intzidentzia tasarik handiena —100.000 biztanleko 2.698 kasu—, eta, hain justu, gaur baheketa berezi bat egingo dute han. |
2020-10-11 | https://www.berria.eus/albisteak/188204/inoizko-covid-19-kasu-gehien-atzeman-dituzte-gipuzkoan.htm | Gizartea | Inoizko COVID-19 kasu gehien atzeman dituzte Gipuzkoan | Hego Euskal Herrian 989 pertsonak eman dute positibo PCR proba eginda azken egunean. Nafarroan, gaitza zuten lau lagun hil dira. | Inoizko COVID-19 kasu gehien atzeman dituzte Gipuzkoan. Hego Euskal Herrian 989 pertsonak eman dute positibo PCR proba eginda azken egunean. Nafarroan, gaitza zuten lau lagun hil dira. | Gorakada orokorra izan da azken asteetan, baina bigarren olatuak indar handiagoa hartu du Nafarroan gainontzeko lurraldeetan baino. Maria Txibite lehendakariak adierazi du neurri murriztaileak ezarriko dituztela datozen bi asteetan joera makurtzeko asmoz. Osasun Departamentuak gaur emandako positiboen kopuruarekin kurba beheratu egin da, ez egoera arindu delako, azken egunetako gorakadaren tamainarengatik baizik. Azken orduetan, beste 427 positibo detektatu dituzte. Positibo tasa %14koa da.
Nafarroa da Euskal Herriko arreta gune nagusia, baina Gipuzkoan positiboen kopuruak handitzen jarraitzen du. Larunbatean emandako datuetan, orain arteko marka berdindu zuen, eta gaur, berriz, hura gainditu du. 263 kasu atzeman dituzte, bezperan baino hogei gehiago.
Araban eta Bizkaian, gutxitu egin dira egun bakarrean atzemandako positiboak. Araban, 55 detektatu dituzte azken orduetan, bezperan baino 25 gutxiago; eta Bizkaian, 244, bezperan baino hamasei gutxiago.
Denera, COVID-19 gaitza zuten 39 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Hegoaldean. Egun, 80 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan.
Gainera, gaitza zuten beste lau lagun hil dira Nafarroan. 97 eta 82 urteko bi emakume, eta 92 eta 89 urteko bi gizon. |
2020-10-11 | https://www.berria.eus/albisteak/188205/athleticek-sevillari-irabazi-dio.htm | Kirola | Athleticek Sevillari irabazi dio | Lucia Garciak bi gol sartu ditu partidaren lehenengo zatian. Bigarren zatia bizia izan da, eta bi taldeek izan dituzte aukerak. | Athleticek Sevillari irabazi dio. Lucia Garciak bi gol sartu ditu partidaren lehenengo zatian. Bigarren zatia bizia izan da, eta bi taldeek izan dituzte aukerak. | Athleticek berehala hartu du aurrea markagailuan, Nekane Diezek egin duen jokaldi bati esker. Hark Lucia Garciari egin dio asistentzia, eta Garciak ez du hutsik egin. Bosgarren minutua zen. Ondoren, Sevilla saiatu da aurre egiten, baina Bilboko taldeak partida erabakita utzi du atsedenera joan aurretik, 38. minutuan, Garciaren beste gol batekin. Zelaiaren erdian hasi dute jokaldia, eta Leyre Monentek egin dio asistentzia.
Claudia Pina zelaira atera du Sevillak, eta hari esker indar handiagoz ekin dio bigarren zatiari. Izan dituzte gol aukera batzuk Zenatha Colemanek, Toni Paynek eta Isabella Echeverrik, baina Andrea de la Nava atezainak lan ona egin du haiek jaurtiketak gelditzen.
Partidaren azken jokaldietan, bi taldeak aurrera eta atzera aritu dira korrika, eta bi taldeek izan dute golen bat egiteko aukera. Athleticek hobeto jokatu du, dena den, eta harena da garaipena. Sevillan irabazita, taldeak sei puntu ditu ligan, jokatutako bi partidak irabazita, eta lasai dago sailkapenaren goikaldean. |
2020-10-11 | https://www.berria.eus/albisteak/188206/realak-irabazi-egin-du-ligako-estreinako-partida.htm | Kirola | Realak irabazi egin du ligako estreinako partida | Tejadak sartu du lehenengo gola, eta Barbarak bigarrena. Quiñonesek Deportivoren penalti bat gelditu du. | Realak irabazi egin du ligako estreinako partida. Tejadak sartu du lehenengo gola, eta Barbarak bigarrena. Quiñonesek Deportivoren penalti bat gelditu du. | Realak irabazi egin dio Deportivori Espainiako Ligan denboraldi honetan jokatutako lehenengo partida. Lehenengo zatian erabaki dute partida, Reala hobeto aritu baita Deportivo baino. Partida hasi eta ordu laurdenera sartu du Realak lehenengo gola, Nuria Rabanoren erdiraketa bat Tejadak errematatuta.
Noelia Bermudez Deportivoko atezainak lortu du gol aukera batzuk ezereztea, eta Deportivok ia partida berdindu du Stephannie Blancok urrunetik egindako jaurtiketa batekin. Baloiak langa jo du. Realak, baina, beste gol bat sartu du atsedenaren aurretik. Barbarak aurrez aurre garaitu du Bermudez.
Deportivok hobera egin du bigarren zatian, baina penalti bat botata ere ez dute golik sartzea lortu. Atheneari egindako penaltia bota du Pekek, eta Quiñones atezainak hartu du baloia. |
2020-10-12 | https://www.berria.eus/albisteak/188207/sortze-gaitasuna-garatua-duen-pertsona-askeagoa-da.htm | Kultura | «Sortze gaitasuna garatua duen pertsona askeagoa da» | Goikoetxea irakaslea da ogibidez, eta sortzailea afizioz, baina Nafarroako Gobernuko Bizikidetza alorrean ari da lanean egun. «Uste dut puzzleak garela, eta bizitzan zehar piezak sartzeko lanean aritzen garela», dio. Uste du aukerek aberastu egiten dutela. | «Sortze gaitasuna garatua duen pertsona askeagoa da». Goikoetxea irakaslea da ogibidez, eta sortzailea afizioz, baina Nafarroako Gobernuko Bizikidetza alorrean ari da lanean egun. «Uste dut puzzleak garela, eta bizitzan zehar piezak sartzeko lanean aritzen garela», dio. Uste du aukerek aberastu egiten dutela. | Irati Goikoetxeak (Beasain, Gipuzkoa, 1984) irakasle izan nahi zuen, eta Matematika gradua ikasi zuen. Zenbakiak eta letrak ez dira kontrajarriak harentzat, matematikek asko baitute abstrakziotik eta letretatik. Horiek dira haren bi zaletasunak: zenbakiak ofizio ditu, eta letrak, afizio. Komunikazioa da haren jolasa.
«Matematika irakaslea, irrati esataria, mendizalea, saskibaloi jokalaria, jostaria, ameslaria, ameslaria, ameslaria... idazlea?» zarela jartzen du zure blogean. Medailaren bat falta da?
Ez nuke esango medailak direnik, inondik inora ere ez, baina bai nor naizen eta zer gustatzen zaidan adierazteko zenbait ezaugarri. Halako deskripzioak oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit, norbera ezagutzeko eta besteei ezagutarazteko. Uste dut garrantzitsua dela halako leiho baten atzean zein dagoen erakustea. Sarri, argazki bat bakarrik jartzen dugu, baina argazkia azaleko irudia da. Irudien garai honetan, arriskua dago azalean gelditzeko.
Duela hamar urte sortu zenuen bloga. Beste deskripzio bat egingo zenuke orain?
Uste dut puzzleak garela, eta bizitzan zehar piezak sartzeko lanean aritzen garela. Hamar urte asko dira, eta urte hauetan nire izateari pieza gehiago gehitu dizkiot: bat gehitzekotan, nire bizitzan eragin handia izan duelako eta oso esperientzia ederra izaten ari delako, ama gehituko nuke. Ez dut uste medaila bat denik, izateko beste era bat baizik.
Eta pieza bakarrarekin gelditu beharko bazenu, zein?
Sortzailea eta konprometitua. Matematika klaseak ematerakoan, klaseak sortu egiten nituen, bat-batean edo bezperan lantzerakoan; irrati esataria izanik, solasaldiak sortzen ditut; mendira noanean, bide berriak sortzea eta aurkitzea gustatzen zait; amak bizitza sortzen du; ameslariak gauzatu nahi dituen erronkak sortu behar ditu... Esplizituki ez dagoen arren, sortzailearen pieza inplizituki badago. Eta irakasle, ama, ameslari... izatearen atzean konpromisoa ere badago.
Sorkuntzari garrantzi handia ematen diozu?
Jaiotzen garenean, denok ditugu sortzaile izateko gaitasunak. Kontua da hezkuntza sistemak, familia sistemak, gizarte sistemak... zenbateraino laguntzen digun sortzaile gaitasun hori garatzen. Sormen guneak behar ditugula aldarrikatu nahiko nuke, sortze gaitasuna garatua duen pertsona askeagoa baita.
Txikitan, zer izan nahi zenuen heldutakoan?
Oso jolastia izan naiz, eta gaur egun ere banaiz. Bere garaian, inguruan nituen panpinak hartu, eta irakasle lanetan jartzen nintzen, zerbait irakatsiz. Ez dakit berbalizatzen nuen handitan irakasle izan nahi nuela, baina egiten nuen horrek islatzen zuen. Bada bide bat gustuko dudana, eta txikitatik argi izan dudana, nahiz eta aukeratzea zaila egiten zitzaidan, azken unera arte duda egin bainuen. Gainera, aita ere irakaslea dut, eta ikusten nuen gozatu egiten zuela. Halako ereduak garrantzitsuak dira.
Helduak jolasean ibiltzea ez da ohikoa izaten.
Edozein momentutan, baloi bat hartu eta entretenitu egiten naiz, izan semearekin edo inguruan dudan edonorekin. Baita naturarekin ere: harri koxkor batekin, adar batekin... Denborapasa jolas bihurtzea gustatzen zait. Ez naiz inoiz izan tabernazalea. Balioa ematen diet momentu horiei, solasean jarduteko aitzakia ederra direlako, baina beste jolasgune batzuetan ere badaude eremuak elkar ezagutzeko, hausnartzeko eta eztabaidatzeko.
Irakasle izatea hautatu zenuen arren, egun, Nafarroako Gobernuko Bizikidetza alorreko burua zara ogibidez. Iruñean bizi zara.
Tira, ogibidez irakaslea naiz. Baina egia da oraintxe Nafarroako Bizikidetza atalean ari naizela lanean. Hamar bat urte egin ditut irakaskuntzan, eta, une honetan Nafarroako Gobernuan lan egiten dudan arren, pentsatzen dut irakaskuntzara itzuliko naizela, lan ibilbide luzea dudalako aurretik.
Nafarroako Gobernuan lan egiteak asebetetzen zaitu?
Faltan sumatzen dut klaseko adrenalina, baina asebetetzen nau. Akaso, errazena beti egin dudan hori egiten jarraitzea zen, baina, halako aukera bat iristen denean, pauso bat aurrera emateko joera dut, nahiz eta erabaki horrek nire momentuko egoera zailtzen duen. Denoi kostatzen zaigu egoera berrietara egokitzea, baina aberasten gaituzten aukerak dira. Beti da ederra jendea ezagutzea, proiektu berrien atzean zer dagoen ezagutzea...
Sormenarentzako lekurik baduzu oraingo lanpostuan?
Lanaren zati handi bat kudeaketa lana da, administrazioa. Baina, zorionez, ideiak eta proiektuak sortzeko gune aske bat daukat, eta oso eroso sentitzen naiz. Oso proiektu ezberdinak ditugu esku artean, eta horietako bat hezkuntzarekin lotua da: gure gazteak hezi ditzagun memoria, bake, bizikidetza, giza eskubide... balioetan. Eta eremu horretan, pribilegio handia da zer bururatu hori egiteko aukera izatea; buruari eragin eta ideiak martxan jartzeko aukera izatea.
Beharrezkoak dira halako planak? Gorrotoa elkartasuna baino hedatuago dago?
Beharrezkoak dira, baina ezin dira paper hutsean gelditu. Ez nuke esango balantza kontua denik; kopuru kontua denik. Uste dut herri honek elkartasunetik asko duela, baina urteetako gorrotoa pilatuz joan da, eta horrek baditu bere ondorioak. Elkartasuna badago, baina gorroto pixka bat egote hutsak zutabeak dardarka jartzen ditu.
Herriak ez du barkatuko eleberria kaleratuko duzu hilabete batzuen buruan. Oihana izango da protagonista. ETAk aita hil zion 22 duela urte, eta, orain, Katti alabak egiten dizkion galderen ondoren, jabetuko da barruko minak baretzeko zerbait egin behar duela. Erraz idatzi duzu?
Nire lehen lan luzea izan da, eta ez da erraza izan. Diziplina handia behar da eleberri bat idazteko, eta burua kokatu egin behar duzu haria ez galtzeko; eduki aldetik ere ez da erraza izan. Mina eta sufrimendua dituen istorio bat da, baina txikitatik hezi naute giza eskubideen balioetan eta indarkeriaren aurka, eta sentitzen nuen zerbait esateko gogoa eta beharra nuela. Erronka handia izan da, baina gogotsu idatzi dut. Eta irakurri dutenek esan didate nabaritzen dela.
Orgasmus bildumarekin bestelako erregistroetan ibili zinen: erotika, sexua, plazera...
Sexua ez da beti plazera; min asko ere badago. Uste dut sexu heziketan ez garela asmatzen ari. Gure gurasoak oso garai itxi batetik datoz, eta gure belaunaldikook hutsune horrekin hezi gara. Jakitun gara hutsune hori estali behar dela, baina ez dakit asmatzen ari ote garen.
Ez zaizu iruditzen sexua oso presente dagoela, baina, aldi berean, tabua dela? Beldurrik edo lotsarik izan zenuen idazterako garaian?
Aurrez aurre hitz egitea zailagoa da paperean egitea baino. Gainera, paperak dena eusten du. Idazterakoan, ez nuen beldurrik izan, eta uste dut literaturak sexua normalizatzen lagun dezakeela.
Herriak ez du barkatuko, solte idatzi zenuen?
Bai, hor dago gakoa. Elkarbizitza eraikitzeko, lasai hitz egin behar da alde guztien artean.
Eleberria Igartza literatura bekari esker aterako da. Idazle hasiberrientzat beharrezkoak dira halako laguntzak?
Gazte hasiberrientzat bekak motibagarriak dira. Zure lana kalean ikusteko aukera ematen dizute. Argitaletxeak desagertu egiten dira, baina berriak ere agertzen dira. Liburuak kaleratzen jarraitzen dute, eta idazle berriak ere badatoz atzetik. Euskarari ekarpen ederra egiten diote denek. Baina liburuei bizia eman behar zaie; irakurri egin behar dira, hausnartu, hitz egin..., eta horretarako tresnak jarri behar dira.
Badago irakurtzeko ohiturarik?
Ez dut daturik, eta ausart samarra da baietz edo ezetz esatea... Ni Beasaingo eta Ordiziako irakurle taldeetako dinamizatzailea naiz, eta balioa eman nahi nieke. Liburuek atzean kontu sozial asko dituzte, eta irakurle taldeak tertulia talde bilakatzen dira. Irakurleak asko biluzten dira, eta tresna oso indartsuak dira herritarren arteko harremanak estutzeko, gai ezberdinak lantzeko eta eztabaidatzeko, nork bere burua besteen aurrean ezagutzeko. Tertulia guneak ezinbestekoak dira jendarte ederragoak eraikitzeko, eta hori liburu bat aitzakiatzat hartuta egiten bada, are ederragoa iruditzen zait.
Irratian ere ibiltzen zara. Segura Irratiko Itaka saioa gidatzen duzu, eta Euskalerria Irratiko kolaboratzailea ere bazara.
Hemezortzi urte daramatzagu Segura Irratian, eta pertsona bezala hazteko balio izan dit.
Mikrofonoa ala boligrafoa, zer duzu nahiago?
Dena oso nahastuta dago. Irratsaioen aurretik programak idatzi egiten ditut, eta idatzitakoa ahots gora irakurtzen dut. Doinua gustatzen ez bazait, berriz idazten dut.
Eroso sentitzen zara mikrofono aurrean?
Itaka saioan, literatura izaten da ardatz. Gustatzen zaigunetik abiatuta, oso elkarrizketa naturalak sortzen dira. Esateko zerbait duenarekin askatasunez hizketan aritzea sekulako pribilegioa da. Askotan, ez dugu jakiten ea inor entzuten ari ote den edo ez, eta horrek beste patxada bat ematen dizu; biluzteko aukera ematen du, bai galderak egiten dituenari, eta bai erantzuten duenari.
Bertsotan ere ibilitakoa zara.
Hamabost edo hamasei urte arte ibili nintzen bat-batekoan. Ataungo lau bertsolari lagunekin gazte mailako txapela lortu genuen, eta eskolarteko final batera ere heldu ginen. Baina oholtza gainean sufritu egiten nuen. Sormenari beste genero batzuetatik heltzea erabaki nuen. Beno, erabakia bainoago ondorioa izan zen.
Lehiatzea ez zaizu gustatzen?
Nire onena emateko aukera ematen badit, gustatzen zait, baina, garai hartan, bertigo handiegia ematen zidan. Idatzizkoan, gerora ere bertsoren batzuk sortu ditut, baina nahiago ditut poesia eta prosa, askatasun handiagoa ematen didatelako errima aldetik, neurriagatik eta abar.
Orain ez duzu egiten?
Hiru urteko semearekin aritzen naiz. Bertso zaharrak elkarrekin ikasi eta abesten ditugu, eta bertso berriak elkarrekin sortzen aritzen gara. Euskararekin eta kantagintzarekin jolasteko tresna ederra da bertsoa.
Etorri handiko emakumea zara?
Langilea naizela esango nuke, etorri handiko emakumea baino gehiago. Etorriari tira eta bultza egiten diot. Ideiak ez zaizkit besterik gabe etortzen, eta bila joateko joera daukat. Eseri, aurrean paper zuria, eskuan boligrafoa... Jarri naizen horretan dago errota martxan. Sormen lan propio bat egiteko, propio jarri behar naiz, eragin egin behar diot buruari. Halere, proiektu berrietarako burutazioak izaten dira, ideiak baino gehiago. |
2020-10-12 | https://www.berria.eus/albisteak/188208/agintaldi-hastapena-euskarari.htm | Gizartea | Agintaldi hastapena, euskarari | Ortzaizeko herriko kontseilua osoki berritu zen azken hauteskundeetan, hamabost kontseilarirekin, eta, lehen neurrietan, euskararen aldeko eragileak laguntzea deliberatu dute; euskal hedabideak, besteak beste. | Agintaldi hastapena, euskarari. Ortzaizeko herriko kontseilua osoki berritu zen azken hauteskundeetan, hamabost kontseilarirekin, eta, lehen neurrietan, euskararen aldeko eragileak laguntzea deliberatu dute; euskal hedabideak, besteak beste. | Batzuetan, intentzioak ele hutsez iragartzen dira; beste batzuetan, gauzatuz ezagutarazten dira. Ipar Euskal Herriko Hitza-k mezu elektroniko bidez ukan zuen Ortzaizeko Herriko Etxearen delibero baten berri: batere galdetua izan ez zen diru laguntza bat eskaintzen zion astekari horri, euskarazko beste hedabideei bezala. Zerrenda bereko hamabost hautetsi berrik osatzen duten kontseilu berrituak nahi zuen «lehen urtetik hasi erakusten sostengua euskaraz ari diren eragileei; lekuko prentsari ere nahi genion sostengua erakutsi», Xantxo Lekunberri zinegotziaren erranetan, ideia hori «naturalki jin» zaie.
Euskal hedabideekin egin bezala, euskarazko irakaskuntzan ari diren zenbait egiturari ere laguntza eman die Ortzaizek: Euskal Haziak, Ikas-Bi, Seaska. Oraingoan lagundu dituzten hedabide gehienek bezala, irakaskuntzako eragile orok ez zuten aitzineko herriko etxearen laguntza ukaiten: hedabideetan Irulegiko Irratiak eta irakaskuntzan Ikas-Bik soilik eskuratzen zuten herriaren ekarpena.
Aurtengo urratsa elkarteen arteko «harmonizazio» gisa definitzen du Lekunberrik. Diru aldetik, oreka bat bilatu dute; aitzineko urteetan, adibidez, Izpurako klinikaren kudeatzaile zen Luro fundazioari eskaintzen zitzaion «aski emaitza handia» ez da berritu, ospitale publikoa bilakatu baita. Hor eman ez den dirua beste elkarteei eman diete, besteak beste.
Kontseilu berritua da, Jean-Marc Ozafrain buru duena, aitzineko auzapeza eta haren zerrenda osoa «uzkaili» eta hamabost kontseilari berriek osatua. 2020ko diru laguntzak hauteskundeetatik landa —martxo hondarrean— bozkatzekoak zituzten hastapenean, baina konfinamendua gertatu da. Aitzinetik finkatua zen aitzinkontua baliatu dute, baina banaketa manera desberdinez antolatuz.
«Emeki-emeki» hasi dira herriko etxearen ibilmoldean sartzen, eta sortu dituzten batzordeen artean elkarteez arduratzen den bat da, herriko eta kanpoko elkarteen artean diru laguntzak banatu dituena. Batzordeko kide Xantxo Lekunberrik dio orain arteko laguntzak berriz ikusi dituztela. «Orain arte ez zen baitezpada irizpide finkorik; ematen zen hola, nahi zen elkarteari. Aurten bide bertsua segitu dugu, salbu gehitu ditugula sostengatu nahi genituen elkarteak».
Ildo politiko baten seinalea
Ildo politikoa aski argi da, hizkuntza aldetik bederen. «Zinez euskararen alde ari diren arlo guztietan entseatu gara, batzuetan sinbolikoa bada ere, erakusten herriko etxeak sostengatzen dituela», erran du Xantxo Lekunberrik. Kanpainatik jadanik talde berriaren kolorea iragarria zenez, hautetsiaren arabera «ez zen sorpresa bat» halako deliberoak hartzea, laguntzarik galdetu ez duten egitura batzuentzat hala izan bada ere.
Baina «argi eta garbi da Ortzaizeko herriko etxe berriaren hizkuntza euskara dela: hautetsi bat izan ezik, denak euskaldunak dira, eta batzorde guztietan euskarak «badu bere lekua, frantsesak bezala», gehitu du hautetsiak. Egiten ari diren webgunea ere elebiduna izanen dela iragarri du, bide beretik.
Erabileraz eta diru laguntzez harago ere, euskararen alde egin daitezkeen urrats gehiago egiteko manera ikertzen ari dira ortzaiztarrak, beste herri batzuekin batean: aitzineko agintaldietatik jadanik euskaltzaleak ziren herriekin eta azken hauteskundeetan agertu berriekin; Itsasurekin, adibidez. Berriki Uztaritzen juntatu ziren herri horiek, beste batzuetako ordezkariekin, Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna zer heinetan plantan ezartzen ahal duten aipatzen hasteko. Abiapuntua baizik ez da, Lekunberriren erranetan: «Gogoetetan hasiak gara; zer eginen dugun zuzen ezin dugu erran, ez baitugu gaia aski jorratua, baina eginahalak oro eginen ditugu herrian euskarari behar duen lekuaren emateko». |
2020-10-12 | https://www.berria.eus/albisteak/188209/orok-ezagutzen-dute-hartza-baina-ez-euskal-hartza.htm | Gizartea | «Orok ezagutzen dute hartza, baina ez euskal hartza» | Irakasle izateko ikasketetan egin beharreko memorian, hartza hartu zuen gaitzat Üthürraltek. Lehen parte teorikoa Dakit argitaletxeak plazaratu berri du; bigarren parte pedagogikoa argitaratu nahiko luke. | «Orok ezagutzen dute hartza, baina ez euskal hartza». Irakasle izateko ikasketetan egin beharreko memorian, hartza hartu zuen gaitzat Üthürraltek. Lehen parte teorikoa Dakit argitaletxeak plazaratu berri du; bigarren parte pedagogikoa argitaratu nahiko luke. | Ziunta jokoaren galdera batek piztu zion hartzaren inguruko kuriositatea. Informazio doi bat bilatu kuriositatez, eta, azkenean, ikasketetako memoriaren gaitzat hartu zuen hartza Iker Üthürraltek (Mitikile, 1997). Lehen parte teorikoa liburu bilakatu du Dakit argitaletxeak: Hartzaren figura euskal kulturan (Dakit). Bigarren partea praktikara eraman zuen bere ikasleekin, sekuentzia pedagogikoa baita, eta laster argitaratu nahi luke.
Hartza polemika iturri delarik, zergatik hautatu duzu gai gisa memorioa idazteko?
Duela bizpahiru urte Esloveniako hartzak berriz sartu baitituzte, segur egoera ez dela aisa, baina hatsarretik nahi nuen hartza ikertu kulturalki. Ez nuen sartu nahi oraingo gatazka edo tentsio horietan, hori ez zen helburua; bakoitzak baditu bere ideiak, eta ni laborantza mundutik aski hurbil naizenez aitama aldetik... XX. mendean gelditu naiz, hortik aitzineko hartz istorioak bazter uzten ditut, badaezpada ere...
Liburuan erraten dudan bezala, ziunta jokoan galdera bat ikusi nuen duela bizpahiru urte: santagraztarrek nola deitzen dute hartza? Eta arrapostua «aitañi» [aitatxi] zen. Geroztik, kuriositatea piztu, eta jakin nahi nuen zergatik deitzen zuten hala, baina sobera barnatu gabe... Gero Roslyn Franck amerikarrak egin tesia atzeman nuen: loturak egiten zituen hartza gure arbaso gisa eta Sardeiniako populu batzuekin. Iragan urtean memoria bat egin behar nuenez, gaia xerkatzen ari nintzelarik hartzaren ideia jin zen berriz. Ikusten nuen hartza eskoletan guti aipatzen dela, ikusiz hartzari buruzko istorio anitz itzulpenak direla. Euskarazko jatorria duten dokumentu edo testuak ez dira hainbeste haurrei egokituak. Memoriaren lehen parte teorikoan ikerketak egin ditut, eta bigarren partean sekuentzia pedagogikoa sortu dut hartzari buruz. Ahetzen irakasle bainintzen eta inguruko inauteriek hartzaren pertsonaia baitute, proiektu handi bat muntatu nuen ikasleekin.
Hartzarekiko harreman kulturala kanbiatu da?
Segur ere, bai. Orain, Euskal Herrian, ene ustez nehork ez du sinisten hartza gure arbasoa dela. Baina, ene liburuan atzematen ahal den bezala, gai hori Txomin Peillenek ikertu zuen. Halere, 1980ko hamarkadan santagraztarrek istorio hori aipatu zuten; oraino sinisten zutela ez dut erraten ahal, ene ustez ez, baina ez du hain aspaldi hartzak bazuen lotura bat euskaldunekin. Aspaldidanik ukan du, eta herexak utzi ditu, inauterietan bezala. Baina herexa guti baratzen da, halere.
Zure lanaren bigarren partea xede pedagogikoa da.
Ikasgai anitzeko sekuentzia pedagogiko bat sortu dut, proiektu bat. Erran nahi du hartza, bi hilabetez, egun oroz eta bazter orotan aipatzen entzunen dutela. Beharbada pisu izaten ahal da zenbaitendako... Artean, zientzietan, historian eta geografian, euskaran —literaturan eta testu dokumentuak aztertuz—, numerikoan... landu dugu.
Erran nahi du teoriatik praktikara eraman duzula?
Halako proiektuekin hastapenetan interesgarriena da haurren jakitateetatik partitzea. Galdegin nuelarik zer zekiten hartzari buruz, ez gauza handirik: prefosta eztia maite duela, Winnie hartzaren moduko erreferentziak, handia dela... Haientzat ez zen hurbileko kabala; alta, Ahetzetik 150 edo 200 kilometrora hartzak badira. Banekien batzuk Biarnoko [Okzitania] bortuetara joaten direla eskiatzera, Cauteretsen hartz eraso batekin lotura egin nuen, eta hori bazekiten. Baina ez zuten inauterietako hartza ezagutzen; euskarazko testuetan —guti dira—, ez dute ezagutzen, ez kantu batean, ez deus ere. Hartza orok ezagutzen duten kabala da, baina euskal hartza ez zuten ezagutzen.
Inauterietan agertzen den hartza ere proiektura ekarri duzu.
Bai, Ahetzeko inauterietan ez dute hartzaren pertsonaia, baina ondoko herrietan bai: Arbonan, Donibane Lohizunen, Uztaritzeko inauteriak Hartzaro deitzen dira... Hartzaren eguna bazter orotan da, eta ari nintzen nolaz ez zuten ezagutzen.
Laborari seme zara, maskaradetan parte hartu duzu hartzak presentzia bazuelarik... Hartzaz zer zenekien, eta ikerketa egitean zer ikasi duzu?
Banuen zerbait informazio, baina segur halako ikerketa batekin barnatzen dituzula ezagutzak. Laborantzaren aldetik ez dut barnatu, inguruan aski entzuten dut aipatzen. Kulturalki segur aldiz gauza anitz ikasi dudala; Zuberoako hartzaren inguruan ezagutza anitz banuen, baina ez hainbeste inguruko hartzei buruz, entzuna banuen ere hartza bazela Lapurdin, eta Arizkungoa eta Iturengoa [Nafarroa] famatuak dira. Zuberoako maskaradetan ez da bortxaz interesgarriena, irri eginarazteko pertsonaia baita oroz gainetik.
Beste inauterietatik zer da gehien interesatu zaituena?
Ikustea jadanik hartza zenbat herritan baden, hainbeste urruntasunekin Bizkaia, Nafarroa, Lapurdiko inauterietan edo Zuberoako maskaradetan, nolaz hartza orotan baden? Hori da gauza. Arizkunen inauterietako pertsonaia nagusia da, hartzaren iratzartzearekin. Oinarrizko gauzetara itzultzen gara: erran nahi baita inauteriak direla bedatsearen heltzea eta negua gibel uztea, bizia arra partitzen da hartza bere loalditik iratzartzen den ber denboran. Inauterietan hori da hartza, eta interesgarri da ikustea oraino badela bazter orotan. Zuberoan ez dakit izan denetz lehen edo ez, hori ez dakigu, baina hartzak ez du haboro rol hori. Agosti Xahok xehetasun batzuk utzi zituen, erranez hartzaren pertsonaia bazela, baina herexa guti da.
Haurrei hartzaren inguruko sinboloak interesatzen zaizkie?
Maite dute bai sinboloa eta bai mitologia. Mundu magiko bat bezalakoa da; ez da errealitatea edo egun orotako gauzak, istorioak dira. Mitologia eta sinesmenak usu maite dituzte. Ene ustez, behar litzateke Euskal Herriko dokumentu zaharretan bermatu eta zerendako ez haurrendako liburu edo tresnak sortu. Ene ustez, materiala falta da, domaia da. Erran didate ene sekuentzia interesgarria dela, zeren hartza ez baita hainbeste zabaldua. Nik sortutakoan bermatuz beste zerbait sortzea nahi nuke: irakaskuntza liburu bat hartzari buruz, eta, zerendako ez, esperimentazio bat eginez gela batean. Nik egin dut, baina erdizka, COVID-19arengatik. Moztua izan nintzen interesgarriena heldu zelarik: Junes Cazenaven ipuina egokitu nuen batura; parte hori ez dut praktikan ezarri ahal izan. Beste irakasle batek landu nahi badu, nahi nuke libre utzi. |
2020-10-12 | https://www.berria.eus/albisteak/188210/eh-bildu-laquoeuskal-herriak-urriaren-12an-ospatzeko-ezer-ez-duraquo.htm | Politika | EH Bildu: «Euskal Herriak urriaren 12an ospatzeko ezer ez du» | EH Bilduko Mahai Politikoak agiri bat kaleratu du Hispanitatearen Egunaren inguruan. Elkartasuna adierazi die kolonialismoa jasan duten herriei. | EH Bildu: «Euskal Herriak urriaren 12an ospatzeko ezer ez du». EH Bilduko Mahai Politikoak agiri bat kaleratu du Hispanitatearen Egunaren inguruan. Elkartasuna adierazi die kolonialismoa jasan duten herriei. | «Hispanitatearen Eguna deiturikoaren esanahi historiko, kultural eta politikoa (hamarkadetan zehar Arrazaren Eguna bezala ezagutua izan zena) soilik interpretatu daiteke jarrera demokratiko eta aurrerabidetik data lotsagarri bezala». EH Bildu alderdiak horrela gaitzetsi du urriaren 12ko jaia. Mahai Politikoak salatu egin du «kontinente oso baten genozidio kulturala eta aberastasun arpilaketa», eta adierazi du gaur egungo sistema «Espainiako oligarkiek ezarritako menderatze-sistema proiektu» haren jarraipena dela.
Agirian adierazi dute urriaren 12ko jaia sistema «inperialistaren» zati bat dela, eta sistema horrek berak nazio batzuen existentzia ukatzen duela. Horregatik, koalizio independentistak bere konpromisoa adierazi du «autodeterminaziorako eskubidearekin, gatazken konponbide baketsuarekin eta gizarte askeak, bidezkoak eta berdintasunezkoak eraikitzearekin».
Iruñean, Sorturen protesta
Sortuk, EH Bilduren parte denak, protesta bat egin du Iruñean gaur eguerdian, Nafarroako Gobernuaren egoitza aurrean. Felipe VI.a Espainiako erregearen eta Cristobal Colonen estatua bana jarri ditu. Monumentuei soka lepora bota eta eraitsi egin dituzte. Aldi berean, Gora herriak zioten kartelak atera dituzte.. Ekintza horrekin, Sortuk salatu nahi izan du «espainiar erreinuaren izaera inperialista».
Protestak Nafarroako eskuinaren haserrea eragin du. Javier Esparzak ohar bat kaleratu du, eta gaitzetsi du «onartezina» dela ezker abertzaleak Espainiako erregeari egin dion erasoa. Navarra Sumako eledunaren arabera, «eraso instituzional larria» da eta «indarkeriaren apologia» egiten du. Eskuineko koalizioko arduradunaren aburuz, gutxiengo batek bere ideiak inposatu nahi ditu «indarkeriaren bidez», eta eskaera zehatza egin dio alderdi sozialistari: «Eskatzen diogu EH Bildurekin duen aliantza berraztertu dezala, Espainiari eraso egitea eta elkarbizitza suntsitzea bilatzen duelako.
Ildo beretik jo du PPko Ana Beltranek, eta erakundeak umiliatzea egotzi dio EH Bilduri. «Ezin dute beste aldera begiratu Bilduk erregeari eraso egin eta gorrota sustatzen duten bitartean», zuzendu zaio alderdi sozialistari. |
2020-10-12 | https://www.berria.eus/albisteak/188211/nadalek-roland-garros-irabazi-du-eta-federer-berdindu-grand-slametan.htm | Kirola | Nadalek Roland Garros irabazi du, eta Federer berdindu Grand Slametan | Aise irabazi dio Djokovici Parisko finalean (6-0, 6-2 eta 7-5), eta hamahirugarren Roland Garros txapelketa lortu du. Federerren marka historikoa berdindu du: hogeina Grand Slam dituzte. | Nadalek Roland Garros irabazi du, eta Federer berdindu Grand Slametan. Aise irabazi dio Djokovici Parisko finalean (6-0, 6-2 eta 7-5), eta hamahirugarren Roland Garros txapelketa lortu du. Federerren marka historikoa berdindu du: hogeina Grand Slam dituzte. | Rafael Nadalek egun biribila izan zuen atzo Parisen. Bere ehungarren garaipena lortu zuen Roland Garros lur zanpatuko txapelketan, hamahirugarren titulua eskuratu zuen han, eta hogeigarren Grand Slama. Novak Djokovicen aurka jokatu zuen finala, eta serbiarrak ez zuen ezer egiterik izan Nadalen nagusitasunaren aurrean. Bi ordu eta 41 minutu iraun zuen partidak.
Lehen setean 6-0 egin ondoren, Djokovicek bere jokoa berreskuratu zuen tarteka, baina bi jokalarien artean alde handia egon zen partida osoan. 6-2 amaitu zuten bigarrena, eta 7-5 hirugarrena.
Nadalen garaipena, gainera, berezia izan da, Roger Federer jokalariaren marka berdindu duelako. Orain arte, hura zen gizonezkoen tenisean txapelketa handi gehien irabazi duen jokalaria: hogei. Aurretik, hiru emakume dituzte: Steffi Graf (22), Serena Williams (23) eta Margaret Court (24).
Egun, Djokovic da lehena ATP Gizonezko Tenislari Profesionalen Elkarteko sailkapenean. Nadal bigarrena da, eta Federer, hirugarrena. |
2020-10-12 | https://www.berria.eus/albisteak/188212/lakersek-hamazazpigarren-aldiz-irabazi-du-nba.htm | Kirola | Lakersek hamazazpigarren aldiz irabazi du NBA | Los Angelesko taldea nagusi izan da hasieratik, eta Heatek ez du hari eusterik izan. Seigarren partidan erabaki da finala. | Lakersek hamazazpigarren aldiz irabazi du NBA. Los Angelesko taldea nagusi izan da hasieratik, eta Heatek ez du hari eusterik izan. Seigarren partidan erabaki da finala. | Los Angeles Lakers taldeak 106-93 irabazi dio Miami Heati bart, NBAko finalen seigarren partidan. Finaletako lau partida irabazi ditu Lakersek, eta bi Heatek. Hamazazpigarrenez irabazi dute liga, lehenengoz 2010az geroztik, eta Boston Celticsen marka berdindu dute.
LeBron Jamesek 28 puntu sartu ditu, hamalau errebote hartu, eta hamar asistentzia egin. Hark laugarren aldiz irabazi du NBA, hirugarren taldearekin. Bi irabazi zituen Heatekin, eta behin Cleveland Cavaliersekin. Hamar aldiz jokatu ditu finalak.
Lakersek oso ondo hasi du partida, eta 28-20 amaitu dute lehen laurdena. Finaletako aurreko bi partidetan baino indartsuago aritu dira. Bam Adebayo Heateko pibotak aurre egin dio Lakersi, eta datu txukunak lortu ditu: 25 puntu, hamar errebote, bost asistentzia eta bi tapoi.
Partida erabakita geratu da lehenengo zatian, eta Heatek ez du erantzun bigarrenean. Amaieran, Lakersek titularrak kendu ditu zelaitik, eta defendatzeari utzi dio. Horrek arindu du markagailuan bi taldeen artean izan den aldea. |
2020-10-12 | https://www.berria.eus/albisteak/188213/nafarroan-laquodaturik-txarrenakraquo.htm | Gizartea | Nafarroan, «daturik txarrenak» | 546 positibo atzeman dira azken 24 orduetan: egindako PCRen %17,6. «Datu txarrak dira, pandemia hasi zenez geroztik datu txarrenak ditugu gaur», iragarri du Nafarroako Gobernuko lehedakariak Ser irrati katean. | Nafarroan, «daturik txarrenak». 546 positibo atzeman dira azken 24 orduetan: egindako PCRen %17,6. «Datu txarrak dira, pandemia hasi zenez geroztik datu txarrenak ditugu gaur», iragarri du Nafarroako Gobernuko lehedakariak Ser irrati katean. | Atzo, Nafarroako Gobernuak neurri murriztaileak hartu zituen, eta bihar sartuko dira indarrean. Azken egunetan positibo ugari izan ditu, baina azken 24 orduetako kopuruek marka txar bat hautsiko dute: Nafarroako Gobernuak iragarri du 546 positibo atzeman direla.
Ordu batzuk lehenago, goizean, Ser irrati kateari eskainitako elkarrizketan, Maria Txibitek aurreratu du «600dik gora kasu» izango direla. «Horrek berretsi baino ez du egiten atzo hartutako neurriak», arrazoitu du. Hala ere, lehendakariak datu hori eman arren, azkenean gutxiago izan dira.
Dena den, aurreko asteko goranzko joera berretsi da, eta, are gehiago, igandeko datuetan jauzi kualitatibo bat izan da. Bigarren olatuan ez da 500 kasuren langa gainditu, eta azken datuak pandemia hasi zenez geroztiko txarrenak dira. Azken asteetako joerarekin bat eginez, 3.094 PCR egin dira osasun sisteman, eta horietatik %17,6k eman dute positibo (adituek gomendatzen dute %5etik behera egon behar luketela positiboek).
Koska bat harago
Iragan astean, lau egunez 400 kasutik gora izan da Nafarroan, urriaren 7tik 10era. Lau egun horietan, 12.081 PCR egin ziren, eta, horrenbestez, egindako probetatik %14,4 positiboak izan ziren, erreferentzia gisa hartu beharreko %5eko langatik oso gora. Alta, Txibitek berak gaur eman duen datu horrek agerian uzten du datuak okertzera doazela asteon.
Egoera ikusita, Nafarroako Gobernuak neurri gehiago iragarri zituen lurralde osorako, atzo. Funtsezkoak ez diren jarduerak etengo ditu gobernuak, koronabirusa heda ez dadin. Ostalaritzan, edukiera %30era murriztuko dute; terrazetan, %50era; eta tabernek eta jatetxeek 22:00etan itxi beharko dute. Merkataritza gune handietan, edukiera %40koa izango da, eta zinema areto, antzoki eta kulturguneetan, %30ekoa. Elkarte gastronomikoak itxi egingo dituzte, eta ezingo da alkoholik saldu 22:00etatik aurrera. Udalek eskumena izango dute neurri murriztaileagoak ezartzeko.
Txibiteren adierazpenak
Gaurko elkarrizketan Txibitek baztertu egin du Nafarroa ixtea eta ukatu du Espainiako Osasun Ministerioak halako proposamenik egin duela. «Neurriok ditugu mahai gainean, eta espero dugu neurri eraginkorrak izatea». Txibitek azpimarratu du hartutako neurriak gogorrak direla, «beste erkidegoetan hartutakoak baino gogorragoak».Atzo adierazi bezala, hainbat herritan neurri berak hartu direla eta funtzionatu duela adierazi du. Beharrezkotzat jo du herritarrek emandako aginduei men egitea: «Guk bakarrik ezin dugu egin».
Dena den, ez du baztertzen neurri gogorragoak hartu behar izatea: «Neurri murriztaileak hartu behar baditugu, irmo jokatuko dugu». |
2020-10-12 | https://www.berria.eus/albisteak/188214/rezolak-aldi-baterako-erregulazioa-kendu-du.htm | Ekonomia | Rezolak aldi baterako erregulazioa kendu du | LABek akordioa lortu du porlan enpresako zuzendaritzarekin, epaiketa baten aurretik. | Rezolak aldi baterako erregulazioa kendu du. LABek akordioa lortu du porlan enpresako zuzendaritzarekin, epaiketa baten aurretik. | Cementos Rezolako zuzendaritzak eta LABek hitzarmena egin dute enpresak apirilean ezarri zuen aldi baterako erregulazioa kentzeko. Horrenbestez, langile guztiak itzuliko dira beharrera: 106 dira Añorgan (Donostia), 94 Arrigorriagan (Bizkaia), eta 130 Malagan (Andaluzia, Espainia). Gainera, Cementos Rezolaren jabeak, Heidelberg Cement Group izenekoak, jakinarazi du gauza bera egingo duela bere kontrolpeko zortzi fabriketan.
LABek azaldu duenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak gaia aztertu behar zuen egun berean lortu du akordioa porlan enpresako zuzendaritzarekin, eta sindikatuak kendu egin du salaketa.
LABen arabera, aldi baterako erregulazioak ez zuen «inolako oinarririk», eta koronabirusaren ondorioz jarritako erraztasunagatik aurkeztu zuen enpresak. Horrela, sindikatuak salatu du Rezolak beste behargin batzuk azpikontratatu dituela etxera joandako langileen lana egiteko .
Etxean geratu diren egunetan galdutako soldataren zati bat konpentsatuko die enpresak.
Pozik agertu da LAB: «Aldi baterako erregulazioaren kontrako borrokak eta zuzendaritzaren gehiegikeriaren kontra LABek egindako lan juridikoak ekarri dute albiste pozgarri hau. Akordioa garaipen handia da Cementos Rezolaren langile guztien eskubidearen defentsan». |
2020-10-12 | https://www.berria.eus/albisteak/188215/victoria-barrera-arabako-batzarkidea-hil-da.htm | Politika | Victoria Barrera Arabako batzarkidea hil da | PPko batzarkidea zen, eta gaixotasun baten ondorioz hil da. | Victoria Barrera Arabako batzarkidea hil da. PPko batzarkidea zen, eta gaixotasun baten ondorioz hil da. | Victoria Barrera Arabako PPko batzarkidea hil zen atzo, gaixotasun baten ondorioz. 2019ko maiatzeko hauteskundeen ostean izendatu zuten batzarkide, baina apenas jardun ahal izan duen karguan, urtebete inguru eman baitu gaixo. Zuzenbideko lizentziaduna zen Barrera, eta bi alaba zituen.
PPko kideek dolumin mezuak zabaldu dituzte sare sozialetan. Iñaki Oiarzabal Arabako PPko buruak, esaterako, "dolumina eta gertutasuna" azaldu dizkie haren senideei. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuko ordezkari ohia zen Barreraren bikotekidea. Carlos Iturgaiz PPko Euskal Autonomia Erkidegoko presidenteak, berriz, nabarmendu du "emakume, ama eta lagun handia" zela: "Haren oroimena betiko geratuko da Euskadiko PPren familia osoan". |
2020-10-12 | https://www.berria.eus/albisteak/188216/guztira-910-positibo-atzeman-dituzte-hegoaldean.htm | Gizartea | Guztira 910 positibo atzeman dituzte Hegoaldean | Egoera bereziki kezkagarria da Nafarroan, bigarren olatuan positibo gehien baieztatu duten eguna izan baitzen atzo: 546. Bizkaian eta Gipuzkoan nabarmen egin du behera positibo kopuruak, baina baita egindako PCR kopuruak ere. | Guztira 910 positibo atzeman dituzte Hegoaldean. Egoera bereziki kezkagarria da Nafarroan, bigarren olatuan positibo gehien baieztatu duten eguna izan baitzen atzo: 546. Bizkaian eta Gipuzkoan nabarmen egin du behera positibo kopuruak, baina baita egindako PCR kopuruak ere. | Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 910 positibo atzeman zituzten atzo. Egoera bereziki kezkagarria da Nafarroan, bigarren olatuan positibo gehien baieztatu duten eguna izan baitzen atzo: 546. 3.094 PCR egin zituzten atzo Osasunbidean. Egoerari aurre egiteko, Maria Txibiteren gobernuak neurri sorta bat iragarri zuen atzo, urriaren 13ko gauerditik aurrera ezarriko dena.
Beste hiru lurraldeen artean, Araba izan da positibo kopuruak gora egin duen lurralde bakarra: 70 kasu detektatu dituzte, herenegun baino 15 gehiago. Gipuzkoan eta Bizkaian, berriz, kasuek nabarmen behera egin dute. Gipuzkoan, 154 kasu atzeman dituzte, larunbatean baino 104 gutxiago; eta Bizkaian, 140 izan dira positibo eman dutenak, herenegun baino 104 gutxiago.
Haietan positiboen kopuruek behera egin izanak, ordea, lotura zuzena du egindako PCR probak ere gutxiago izatearekin. Hain zuzen, 6.872 proba egin ziren atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoa, larunbatean baino 3.050 gutxiago. Izan ere, igandeetan beti egin ohi dira proba gutxiago, lehen arretako zerbitzuak itxita daudelako, besteak beste.
Ospitaleetako egoerari dagokionez, erakundeek emandako datuen arabera, beste 49 pertsona ospitaleratu zituzten atzo —horietatik 27 Nafarroan—, eta ZIU zaintza intentsiboetako unitateetan 81 pertsona daude. |
2020-10-12 | https://www.berria.eus/albisteak/188217/41-lagunek-eman-dute-positibo-asuncion-klinikan.htm | Gizartea | 41 lagunek eman dute positibo Asuncion klinikan | 35 behargin eta sei paziente daude kutsatuta. | 41 lagunek eman dute positibo Asuncion klinikan. 35 behargin eta sei paziente daude kutsatuta. | Ostiral iluntzean zabaldu zen Tolosako Asuncion klinikan (Gipuzkoa) COVID-19aren agerraldi bat zegoela; harrezkero, kutsatuta daudenen kopurua goraka doa. Gaur zortzi, sendagile batek eman zuen positibo, eta, harekin kontaktuan egondakoei PCR probak egin eta gero, hiru ziren kutsatuak. Astebururako, berriz, 22 ziren kutsatutako langileak, eta bi pazienteak. Gaurko datuen arabera, gutxienez 41 dira PCR proban positibo eman dutenak: 35 langileak dira, eta gainerako seiak, pazienteak.
Hala ere, positibo eman dutenak ondo daude osasunez, oro har. Horietako bat artatu behar izan dute erietxean bertan, baina haren eboluzioa ona da, eta gainerakoek ez dute artarik behar izan. Joan den astean, paziente bat hil zen koronabirusak jota. Agerraldi gehiago saihesteko neurri gisa, larunbatean jakinarazi zuten beste inor ez dutela erietxeratuko Asuncion klinikan, eta inork arta hori behar izatekotan Bidasoko ospitalera bideratuko dutela.
Badaezpadako neurri gisa, klinikako zuzendaritzak erabaki du astearteko eta asteazkeneko jarduera kirurgikoa etetea, klinikak berak jakinarazi duenez. Hala ere, espezialitate guztietako kanpo kontsulta denak mantenduko dituzte, bai ospitalean eta baita Andoaingo, Ordiziako eta Belateko guneetan ere. Larrialdietara joaten diren pazienteak ere artatuko dira, baina ospitaleratzea eskatzen duten kasuak Bidasoko Eskualdeko Ospitalera bideratuko dituzte.
Langile Batzordeak larunbatean salatu zuen giza baliabideen eta materialaren falta dutela. Inma Arroyo batzordeko kideak BERRIAri azaldu dionez, beste erietxeratzerik ez egoteak arindu egin du behargin batzuen lan zama, orain paziente gutxiago dituztelako behargin bakoitzeko. Egoera ez da hobetu, ordea, garbitzaileentzat. Izan ere, arlo horretako langileek berdin garbitu behar dituzte ospitaleko gune guztiak, eta estu dabiltza jendez; bederatzi garbitzaile dira, eta bost konfinatuta daude. Guztira, 350 langile inguruko taldea du klinikak. |
2020-10-12 | https://www.berria.eus/albisteak/188218/lukaxenko-zigortzea-adostu-dute-ebko-estatu-kideek.htm | Mundua | Lukaxenko zigortzea adostu dute EBko estatu kideek | Josep Borrell EBko diplomaziaburuaren esanetan, Bielorrusiako presidentea zigortzea erabaki dute herrialdeko agintariek ez dutelako elkarrizketaren aldeko inolako keinurik egin. | Lukaxenko zigortzea adostu dute EBko estatu kideek. Josep Borrell EBko diplomaziaburuaren esanetan, Bielorrusiako presidentea zigortzea erabaki dute herrialdeko agintariek ez dutelako elkarrizketaren aldeko inolako keinurik egin. | Bielorrusiako 40 goi agintariri zigorrak ezartzea onartu zuen EB Europako Batasunak urriaren 2an, eta, gaur, zigor horiek berresteaz gain, goi agintari gehiagori ere zigor horiek hedatzea adostu dute 27 estatukideek. Agintari zigortu horien artean dago Alexander Lukaxenko Bielorrusiako presidentea.
Alemaniak proposatu du zigorrak areagotzeko, eta gainerakoen baiezkoa lortu du, Atzerri Gaietarako Europako Kontseiluaren bilkuran.
Kontseiluak adierazpen batean jaso du zer jarrera duen EB Europako Batasunak herrialde haren krisi politikoaren inguruan. Batasunak orain arte egin dituen salaketak berretsi ditu oharrean, eta gaineratu du «prestasun» osoa duela «neurri murriztaile» gehiago hartzeko Bielorrusiako «erakunde eta goi kargudunen kontra, Alexandr Lukaxenko [Bielorrusiako presidentea] barne».
Bileraren ostean, Josep Borrel EBko diplomaziaburuak hedabideei adierazi die Bielorrusiako estatuburuari zigorrak ezarriko dizkiola batasunak. Borrellen esanetan, Bielorrusiako agintariek ez dute «inolako keinurik» egin herrialdeko krisi politikoaren aurrean elkarrizketa sustatzeko. Beraz, lehen zigorrak ezarri eta hamar egunera, jarrera gogortzea erabaki du EBk. Beraz, zigorrak prestatzeko lanak hasiko dituzte Kontseiluko lantaldeek, eta egun gutxiren buruan Bielorrusiarentzako bigarren zigor sorta prest izatea espero da.
EBk berriz baztertu ditu abuztuaren 9an Bielorrusian egin ziren bozen emaitzak. «Hauteskundeak ez ziren libreak izan, ezta garbiak ere», jaso du adierazpen idatzian. Lukaxenkoren presidentetzak «zilegitasun demokratiko gabeziak» dituela nabarmendu du. Horrez gain, Kontseiluak gaitzetsi egin du Lukaxenkoren gobernuak «manifestari baketsuen kontra» erabili duen «indarkeria», eta «arbitrarioki atxilotutako» pertsonak aske uzteko exijitu du; horien artean, «preso politikoak».
Bielorrusiako berrogei norbanakoren kontrako zigor neurriak hartu zituen EBk urriaren 2an, «presidentetzarako hauteskunde iruzurrezkoen eta protesta baketsuen aurkako indarkeriazko erantzunaren arduradun» izatea egotzita.
Bielorrusiako agintariekin duen elkarlana apalduko duela ere iragarri du Europak, eta herrialde horretara bideratutako finantza laguntza egokituko duela. Aldiz, Bielorrusiako herritarrentzako eta gizarte zibilarentzako «babesa handitu» egin nahi du. Bide horretan, «finantza baliabideak» ematea hitzeman du «indarkeriaren biktimentzat, gizarte zibileko erakundeentzat eta hedabide independenteentzat».
Kontseiluaren esanetan, EB prest dago Bielorrusiarekiko elkarlana areagotzeko, baldin eta herrialdeko erakundeek «demokraziaren printzipioak, zuzenbide estatua eta giza eskubideak» errespetatzen badituzte. Europak «errepresioa eta abusuak» eteteko eskatu dio Minski, eta hauteskunde «askeak» eta «garbiak» antolatzeko eskatu dio, «ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundearen ikuskaritzapean». EB prest agertu da «trantsizio demokratiko baketsu bat» babesteko.
Zazpiehun atxilotu
Azken asteetako igandeetan bezala, protesta jendetsuak izan ziren atzo ere Bielorrusiako hainbat hiritan, Lukaxenkok dimititzea eta hauteskundeak berriz egitea exijitzeko. Bielorrusiako Barne ministerioak jakinarazi duenez, zazpiehunlagun baino gehiago atxilotu zituzten.
Protestak abuztuaren 9an lehertu ziren. Egun horretan egin ziren hauteskundeetako emaitzak iruzurra izan zirela salatzera irten ziren milaka herritar kalera. Ordutik, protestek indarra galdu dute, baina oposizioak hasierako eskariei eutsi die: bozak berriz egiteko, manifestarien kontrako indarkeriaren arduradunak zigortzeko eta atxilotuak aske uzteko eskatzen diote gobernuari.
Barne Ministerioaren arabera, 11.000 manifestari izan ziren atzo Bielorrusiako hainbat hiritan egin ziren mobilizazioetan. Manifestari kopuruak behera egin duela adierazi arren, «indarkeria handiagoa» izan zela nabarmendu zuen.
Lukaxenkok Bielorrusiako Konstituzioa aldatzea proposatu du, krisiari irtenbidea emateko, nahiz eta aurreratu duen ez duela murriztuko presidenteari egun dagozkion eskumenak. |
2020-10-12 | https://www.berria.eus/albisteak/188219/carrek-irabazi-du-ordizian.htm | Kirola | Carrek irabazi du Ordizian | Delko Marseilleko txirrindulariak atzean utzi ditu berarekin zihoazen sei txirrindulariak Abaltzisketako igoeran, eta estreinako garaipena lortu du profesionaletan. | Carrek irabazi du Ordizian. Delko Marseilleko txirrindulariak atzean utzi ditu berarekin zihoazen sei txirrindulariak Abaltzisketako igoeran, eta estreinako garaipena lortu du profesionaletan. | Simon Carrek (Delko Marseille) irabazi du Ordiziazko klasikoa. 22 urteko txirrindulari gazteak profesionaletako lehen garaipena poltsikoratu du. Bigarren izan da Klyle Murphy (Rally), 36 segundora, eta hirugarren, Jefferson Cepeda (Caja Rural), 50era. Hotza eta euria egin du egun osoan, eta, ihesaldi saiakerak etengabeak izan diren arren, azken-aurreko itzulira arte ez da lasterketa erabakitzen hasi.
Itzuli horretan, Caja Rural lasterketa mugitzen hasi da; Abaltzisketako igoeran izan da, hain zuzen ere. Cepedak erasoa jo du, baina Arkea adi egon da, eta ondo erantzun du Winner Anacona eta Kevin Ledanoisekin. Horren ostean, boskote bat osatu da aurrean, baina hori ere ez da ahalegin erabakigarria izan. Gero, sei txirrindularik aurrera egin dute: Cepeda eta Julen Amezketa Caja Ruralekoak, Arkeako Anacona eta Matias Louvelek, Unai Cuadradok (Euskaltel Euskadi) eta Murphyk eta Carrek berak.
Abaltzisketako azken igoeran, erasoa jo du Carrek, eta atzekoek ezin izan dute erantzun. Hala, beste hiru txirrindulari geratu dira: Murphy, Anacona eta Cepda. Saiatu dira Ordiziarako jaitsieran aldea murrizten. Baina ezinezkoa izan da, eta Carrek lortu du garaipena. |
2020-10-12 | https://www.berria.eus/albisteak/188220/bangladeshek-heriotza-zigorra-onartu-du-bortxatzaileentzat.htm | Mundua | Bangladeshek heriotza zigorra onartu du, bortxatzaileentzat | Joan den astelehenetik, protesta jendetsuak izan dira egunero, indarkeria matxistaren kontrako neurri eraginkorrak eskatzeko. | Bangladeshek heriotza zigorra onartu du, bortxatzaileentzat. Joan den astelehenetik, protesta jendetsuak izan dira egunero, indarkeria matxistaren kontrako neurri eraginkorrak eskatzeko. | Bortxaketagatik kondenatuak direnei heriotza zigorra ezarri ahal izango diete Bangladeshko epaileek. Gobernuak eman du horretarako bidea. Heriotza zigorra onartu du, gaur, bortxaketagatik errudun epaituak direnentzat. Mobilizazio jendetsuak egiten ari diren testuinguru batean hartu du erabakia gobernuak. Joan den aste osoan, milaka herritar irten dira egunero protestara, talde bortxaketa baten bideoak eragin duen suminaren ondorioz. Manifestariek salatu dute agintariek ez dutela hartu indarkeria matxistari aurre egiteko neurri eraginkorrik.
Gobernuaren erabakia bihar sartuko da indarrean, Anisul Haque Justizia ministroak jakinarazi duenez. «Emakumeen eta Haurren Kontrako Krudelkeriaren Legea zuzentzeko proposamena onartu du kabineteak, eta bortxaketagatik ezarritako zigorra heriotzara edo bizi guztiko espetxera gogortuko du. Aurrekoak bizi guztiko espetxealdia aurreikusten zuen bakarrik».
Gobernuaren aldaketaren aurretik, legeak heriotza zigorra jasotzen zuen baldin eta erasotzaileak biktima hiltzen bazuen.
Hilaren 4an, emakume baten bortxaketaren bideoa hedatu zen sare sozialetan. Talde bortxaketa baten grabazioa zen. Erasoak haserrea eragin du gizartean, eta, aurreko astelehenaz geroztik, manifestazio jendetsuak izan dira egunero Bangladeshen, indarkeria matxistaren kontrako neurri eraginkorrak eskatzeko.
Gobernuak iragarritako neurriak ez ditu desagerrarazi protestak. Eragile batzuek adierazi dute ez dutela inorentzako heriotza zigorra eskatzen. «Biktima guztientzako justizia eskatzen dugu», adierazi dio Arif Noor Udichi kultur taldeko kideak Efe albiste agentziari.
Bangaldeshen, 975 emakume bortxatu dituzte aurten, urtarriletik irailera bitartean, Ain O Salish Kendra giza eskubideen aldeko elkartearen arabera. Horietatik 208 taldean bortxatu zituzten. 43 bortxatzaileek eragindako zauri fisikoen ondorioz hil ziren, eta hamabik bere buruaz beste egin zuten.
Amnesty Internationalek, berriz, salatu du 2001etik Emakumeen eta Haurren Kontrako Krudelkeriaren Legearen babesean aurkeztu diren salaketen %3,5ek bakarrik izan duela sententzia bat, eta kasuen %0,37etan izan zela zigor bat. |
2020-10-13 | https://www.berria.eus/albisteak/188221/elak-salatu-du-europaren-diru-laguntzak-betikoei-mesede-egiteko-direla.htm | Ekonomia | ELAk salatu du Europaren diru laguntzak «betikoei» mesede egiteko direla | Eusko Jaurlaritzak aurkezturiko lehen zerrendan «nepotismo zantzuak» ikusi ditu sindikatuak; «xantaiatzat» jo ditu Europak funtsen trukean jarritako baldintzak | ELAk salatu du Europaren diru laguntzak «betikoei» mesede egiteko direla. Eusko Jaurlaritzak aurkezturiko lehen zerrendan «nepotismo zantzuak» ikusi ditu sindikatuak; «xantaiatzat» jo ditu Europak funtsen trukean jarritako baldintzak | ELA sindikatuak gogor kritikatu du Eusko Jaurlaritzak Europako Next Generation (NGEU) planeko diru laguntzak lortzeko eginiko lehen zerrenda. Aurreproiektu horiek «enpresa jakin batzuei» diru publikoa emateko direla uste du, eta ez dutela balio trantsizio ekologikorako, ezta pandemiaren ondorioei aurre egiteko ere.
Kritikan sakonduz, zerrendan «nepotismo zantzuak» ikusi dituztela esan du, eta funtsei loturiko baldintzetan gutxi sakondu dela nabarmendu: «Funtsak eta murrizketak eskutik doaz. Europak, lehen, beltzezko gizonak bidaltzen zituen; orain, aldiz, beste estilo bat du. Gastu publikoaren murrizketa eskatuko du», azaldu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak.
Lakuntzaren ustez, «oso agerikoa» da Jaurlaritzaren zerrendaren atzean zer helburu dagoen: «Betikoei diru laguntzak ematea da. Ez da eredu aldaketa; enpresa jakin batzuei dirua emateko da, dagoeneko martxan dauden proiektu batzuetarako». Sindikatuak Europako funtsen tranpa deritzon txosten bat idatzi du, eta Lakuntzak txostenaren aurkezpenean argudiatu zuen bere iritzia.
Haren arabera, balizko funtsen laurdenak AHTarentzako lirateke, eta beste laurdenak Petronor eta Iberdrolaren proiektuentzat. «Lotsagarria da AHTaren moduko proiektu batek hainbesteko tartea hartzea [ELAk dio 2.712 milioi euro direla], Europako Batasunak berak ezbaian jarri duela kontuan harturik. Azken txostenetan adierazi du kostuaren gainetik ari dela eta errentagarritasun sozial urria duela.
Iberdrolaren eskaerari buruz ere gogor mintzatu da: «Irabazien errekorra hobetu duen urte berean 1.400 kaleratze egingo dituela iragarri duen enpresa bat da, eta, gainera, zerrendan sartu dute». Salaketa zorrotzenetakoa, dena den, nepotismoarena da, hau da, erakunde publikoek agintarien familiakoei nahita laguntzea. «Jaurlaritzaren zerrenda Price Waterhouse Coopers aholkularitzak egin du, eta Espainiako iparralderako haren burua Asier Atutxa da. Bada, zerrendan 26 milioi euroko laguntza ezarri dute Bizkaia Dorrerako, eta jakina hark kudeatuko duela dorrea». Juan Mari Atutxa barne sailburu izandakoaren semea da.
«Ziria sartzeko modua»
Jaurlaritzaren banaketaz haratago, funtsen izaera ere ezbaian jarri du sindikatuak. «Ez dute balioko larrialdi egoera honetako kalteak konpontzeko, eta ez dira Jaurlaritzaren edo Nafarroako Gobernuko aurrekontuetan sartuko; beraz, ez dituzte horiek orekatuko». Lakuntzaren ustez, ez da arreta handia jarri funtsen baldintzen hizki txikian: «Funtsak lortzeko baldintzak eskatzen dituzten estatuei xantaia egiteko mekanismo bat dira». Zergatik? ELAk txostenean aletu ditu arrazoiak: «Europako Batasunaren agiriak argi dio funtsak eta erreformak guztiz lotuta joango direla. Ez dute intentziorik ezkutatu. Honelako erreformak izan daitezke: pentsioena, lan merkatuarena, eta austeritate aurrekontu-politikak».
Baldintzak horiek direla ikusita, ELAk dei egin dio ezker politikoari: «Harrituta gaude ezkerreko politikari batzuek aukera gisa aurkezten dutelako; funts hauek zerbaitetarako aukera badira, agenda neoliberalean sakontzeko aukera dira». Euskal Herriko alderdiei gogoratu zien ezkerrak ez duela Europan agintzen, eta funtsen atzean dagoen logika dela zalantzan jarri behar dena. «Ziria sartzeko modu bat da hau, eta ezin dute onartu. Eztabaida ezin da izan zer proiektuk jasotzen duen dirua eta zeinek ez, baizik eta funtsa bera jarri behar da auzitan».
Horiek horrela, eta aurrera begira jarrita, ELAk argi du funtsa ez dela «milioi zaparrada bat» izango, eta pandemiaren krisiaren konponbidea bertan dagoela: «Gure herrialdera begiratu behar dugu, eta funts propioak bilatu». Alde horretatik, sindikatuak azken hilabeteetan egin zuen aldarria errepikatu zuen Lakuntzak; zerga erreforma beharrezkoa dela, «egiteko aukera dagoelako». Horregatik, eskaera egin zien Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari: ez dezatela «despistera» jokatu, funtsen inguruko «egia osoa» kontatu dezatela, eta «erreakzionatu» dezatela funts propioak aktibatuz. |
2020-10-12 | https://www.berria.eus/albisteak/188222/ebk-zigorrak-ezarriko-dizkie-errusiako-zenbait-herritarri-navalni-pozoitzeagatik.htm | Mundua | EBk zigorrak ezarriko dizkie Errusiako zenbait herritarri, Navalni pozoitzeagatik | Frantziaren eta Alemaniaren proposamen bateratua onartu dute EBko gainerako estatukideek. Zehazteko dago zigorrak nori ezarriko dizkieten. | EBk zigorrak ezarriko dizkie Errusiako zenbait herritarri, Navalni pozoitzeagatik. Frantziaren eta Alemaniaren proposamen bateratua onartu dute EBko gainerako estatukideek. Zehazteko dago zigorrak nori ezarriko dizkieten. | Alexei Navalni Errusiako oposizioko buruzagia Novitxok delako gai kimikoarekin pozoitzea eta hura hiltzen ahalegintzea egotzi dio EB Europako Batasunak Errusiari. Hori dela eta, eraso horren arduradun jotzen dituen Errusiako herritarren kontrako zigorrak hartuko dituela adireazi du Josep Borrell EBko diplomaziburuak, Europako Atzerri Gaietarako Kontseiluaren ostean. «Akordio politiko bat dago neurri murriztaile horiek ezartzeko».
Borrellek azaldu du «erabateko adostasuna» izan dela estatukideen artean, eta Frantziaren eta Alemaniaren proposamenak auziari buruzko «ebidentziak» jarri dituela mahai gainean.
Oraindik zehaztu gabe dago zigor horiek Errusiako zein herritarri ezarriko dizkieten. Dena den, Borrellek argitu du Navalni «hiltzeko saiakerak» ez duela Moskurekin elkarrizketa etetea ekarriko. «Errusiarekiko harremanak beste dimentsio bat du. Zigorrak ezarriko ditugu gertaera zehatz batengatik, baina, aldi berean, Minskeko akordioen gauzatzeari buruz hitz egin beharra daukagu, gure erresilientzia indartu, interes bateragarriak ditugun atzerriko politika jakin batzuetan era selektiboan konpometitu». |
2020-10-13 | https://www.berria.eus/albisteak/188249/laquoazalpenik-gabeko-gaixotasun-batekraquo-txerto-baten-probak-geldiarazi-ditu.htm | Gizartea | «Azalpenik gabeko gaixotasun batek» txerto baten probak geldiarazi ditu | Johnson & Johnson AEBetako farmazia industriak sortu duen txerto baten probak eten ditu oraingoz, parte hartzaile bati gaixotasun arraro bat atzeman diotelako. Gaixotasuna aztertzen ari dira. | «Azalpenik gabeko gaixotasun batek» txerto baten probak geldiarazi ditu. Johnson & Johnson AEBetako farmazia industriak sortu duen txerto baten probak eten ditu oraingoz, parte hartzaile bati gaixotasun arraro bat atzeman diotelako. Gaixotasuna aztertzen ari dira. | Johnson & Johnsonek eten egin ditu COVID-19aren aurka sortzen ari zen txertoaren probak. Txertoa hirugarren fasean zegoen jada, probatzekoan, baina parte hartzaile bati «azalpenik gabeko gaixotasun bat» atzeman diote, eta ikerketa bertan behera utzi behar izan dute oraingoz.
Ameriketako Estatu Batuetako konpaini horrek argitu nahi izan du ikertzen ari direla gaixotasun hori, bai euren medikuak, baita erakunde independenteak ere. Zehaztasun asko, ordea, ez du eman, «gaixotu den boluntarioaren pribatutasuna errespetatu» behar delako: «Gaixotasun berri horren inguruan ikasten ari gara oraindik, eta garrantzitsua da datu guztiak esku artean izatea informazio gehiago zabaldu baino lehen».
Enpresak lasaitasun mezu bat igorri nahi izan du, eta azpimarratu du ez direla gauza bera ikerketaren eten bat eta proba kliniko bat legez atxikitzea: «Ikerketaren etena protokoloaren parte da, ohiko prozedura bat». Proba kliniko bat legez atxikitzeko eskumena, berriz, AEBetako gobernuak du.
60.000 boluntario
AEBetako Osasun Institutu Nazionalak irailaren 23an jakinarazi zuen boluntario bila zebiltzala hirugarren fasean zegoen COVID-19aren aurkako txerto baten laugarren proba egiteko. Helburua zen 215 lekutako 60.000 pertsona biltzea, AEBetakoak zein nazioartekoak: Brasilgoak, Perukoak, Mexikokoak eta Hegoafrikakoak, besteak beste.
Johnson's xaboi ospetsuen egileak asmoa erakutsi du txertoa 2021. urtearen hasieran kaleratzeko. |
2020-10-13 | https://www.berria.eus/albisteak/188250/koronabirusaren-gakoak-txertoaren-itxaropena.htm | Gizartea | Koronabirusaren gakoak: txertoaren itxaropena | COVID-19aren aurkako txertoaren inguruko galderei erantzun die Ana Galarraga zientzia dibulgatzaileak. | Koronabirusaren gakoak: txertoaren itxaropena. COVID-19aren aurkako txertoaren inguruko galderei erantzun die Ana Galarraga zientzia dibulgatzaileak. | COVID-19aren aurkako txertoari buruz galdera asko dago. Izango al da benetan txertorik? Eta zer garapen puntutan dago etorriko den hori? Nolakoa izango da? Zer mugarri edo fase gainditu behar ditu? Galdera horiei erantzun die Ana Galarraga zientzia dibulgatzaileak Teknopolis saioko bideo honetan. |
2020-10-13 | https://www.berria.eus/albisteak/188251/euskararen-ezagutzaren-unibertsalizazioari-buruzko-jardunaldiak-egingo-dituzte.htm | Gizartea | Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioari buruzko jardunaldiak egingo dituzte | Eusko Jaurlaritzak eta Kontseiluak jardunaldiak antolatu dituzte azaroaren 12rako eta 13rako, Euskararen herria euskal hiztun lelopean. Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioan lankidetzak duen garrantzia azpimarratu dute. | Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioari buruzko jardunaldiak egingo dituzte. Eusko Jaurlaritzak eta Kontseiluak jardunaldiak antolatu dituzte azaroaren 12rako eta 13rako, Euskararen herria euskal hiztun lelopean. Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioan lankidetzak duen garrantzia azpimarratu dute. | Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioaren eta etorkizuneko gakoen inguruan hausnartzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak jardunaldiak antolatu dituzte azaroaren 12an eta 13an, Bilboko Bizkaia aretoan, Euskararen herria euskal hiztun izenpean. Gaur goizean egin dute aurkezpena, eta hizkuntzaren normalizazioan hiztunak sortzeak duen garrantzia azpimarratu dute, transmisioaren eta hezkuntzaren eremuak oinarri hartuta, besteak beste.
Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea agerraldian izan da, eta adierazi du euskal gizartea «hizkuntzaren biziberritze prozesu etengabe batean» murgilduta dagoela. «Gizarte mugimenduek eta azken hiru hamarkadetako datuek erakusten dute euskararen egoera onbidean jartzeko ahalegin instituzional eta sozial ugari egin direla, eta emaitza baikor eta esanguratsuak lortzen ari garela». Hitz horiek oinarri hartuta, Paul Bilbao Kontseiluko idazkariak jardunaldien garrantzia azpimarratu du, baina aitortu du egungo testuinguruak «albo kalteak» ere sortu dituela, eta «epe laburrera» eragina izango duela euskararen ezagutzaren unibertsalizazioan.
Gai horren inguruan hausnartzeko, adituen, instituzioen eta eragileen ahotsa entzun nahi dute antolatzaileek, eta, horretarako, 11 saio izango dituen egitarau bat antolatu dute. «Transmisioa, hezkuntza eta helduen euskalduntzea oinarri hartuta, instituzioetan eta eragileetan lanean diharduten zenbait eragileren gogoetak entzuteko eta partekatzeko aukera izango dugu, mahai inguru, elkarrizketa eta hitzaldi formatuetan», adierazi du Bilbaok. Saioetan parte hartuko du, besteak beste, Xavier Vila soziolinguistika adituak. Hitzaldi bat emango du, Ezagutzaren unibertsalizazioaren hari-muturrak ikuspegi soziolinguistikotik izenpean. Hala ere, egitarau osoa eskuratu nahi duenak Kontseiluaren webgunera jo dezake. Gainera, jardunaldiak doakoak izango dira, eta izen ematea irekita dago jadanik. Segurtasun eta osasun protokolo bat ere garatu dute.
Lankidetzaren beharra
Jaurlaritzak eta Kontseiluak lankidetzan antolatutako jardunaldiak izango dira, eta antolatzaileei garrantzitsua iruditzen zaie. «Bakoitzak bere bidea jorratu du ezagutzaren unibertsalizazioaren esparruan, baina badaude biok ditugun kezkak ere; biok ikusi dugu gisa honetako foro bat antolatzeko beharra eta interesa», azaldu du Bilbaok. Dobaranen arabera, berriz, halako gaietan «inportantea» da erakunde publikoen eta gizarte eragileen arteko lankidetza egotea. |
2020-10-13 | https://www.berria.eus/albisteak/188252/eskubideak-kartzeletan-ere-betetzeko-eskatu-dute-300-bat-legelarik.htm | Politika | Eskubideak «kartzeletan ere betetzeko» eskatu dute 300 bat legelarik | Sareren ekimenez egindako agiri batean salatu dutenez, COVID-19aren kontra espetxeetan abiarazitako neurriek ez dituzte aintzat hartu presoen eta senideen eskubideak. | Eskubideak «kartzeletan ere betetzeko» eskatu dute 300 bat legelarik. Sareren ekimenez egindako agiri batean salatu dutenez, COVID-19aren kontra espetxeetan abiarazitako neurriek ez dituzte aintzat hartu presoen eta senideen eskubideak. | «Ideologia askotako eta hainbat lekutako legelariek» izenpetutako agiri bat aurkeztu du Sarek jende aurrean. Legelariak demokraziaren alde, eskubideak espetxean ere bai du izenburua aipatutako agiriak, eta horren asmoa da espetxean gertatzen diren eskubide urraketak salatzea, COVID-19aren izurriaren ondorioz urratze horiek areagotu egin direla ohartaraztea, eta instituzioei arlo horren inguruko zenbait eskaera zehatz egitea.
Sarek hedabideei banatutako agirian, 231 legelariren izenak agertzen dira, Euskal Herrikoak eta kanpokoak, baina Sareren bozeramaile Joseba Azkarragak esan duenez, geroztik ere jarraitu dute atxikimenduak jasotzen, eta jadanik 300 inguru dira adierazpena babestu duten abokatu eta legelariak.
Azkarragak azaldu duenez, Sareren ekimenez prestatu dute agiria: «Gure zeregina gizartea giza eskubideen alde aktibatzea da, eta oraingoan zuzenbidean aritzen direnen sektorea aktibatu nahi izan dugu», esan du. Gogorarazi du euskal gizarteak «urteak» daramatzala aktibazio horretan mobilizazio jendetsuak egiten, baina espetxeetan norabide horretan egin diren urratsak «ñimiñoak» izan direla.
Iñaki Lasagabaster EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko katedradunak eta Amaia Goirigolzarri abokatuak aurkeztu dituzte agiriaren edukiak. Esan dutenez, politika ezin da ulertu eskubiderik gabe: «Politikek eskubideak gauzatzeko tresna izan behar dute, baina, aldi berean, eskubideak dira politiken muga», azaldu dute. Hala ere, pentsatzen dute espetxe politika praktikan ari dela eskubide horiek ukatzen.
Presoek beren familia ingurunetik hurbil dauden espetxeetan egoteko duten eskubidea hartu dute hizpide: «Administrazioak ezin du bere kabuz erabaki kondenatuen banaketa; legeak ezarritako muga eta betebehar batzuk errespetatu behar ditu». Halaber, Goirigolzarrik azaldu duenez, uste dute Igor Gonzalez Sola presoaren heriotzak erakusten duela «beste eskubide batzuk» ere ez direla errespetatze ari: osasunerako eskubidea, gradu progresiorako eskubidea, beste espetxe onura batzuez baliatzekoa, gaixotasun batzuen ondorioz baldintzapean aske geratzeko eskubidea eta abar.
Agiriaren sinatzaileen arabera, pandemiak larriagotu egin du egoera hori, presoen konfinamendua eta bisiten etenaldia ekarri baititu. Pandemiaren aurrean «bide errazena» aukeratu da, hau da, «espetxeak ixtea eta bisitarik ez egotea, edo bisitak egiteko baldintza ankerrak eta bete ezinak ezartzea».
Sinatzaileek sei eskaera zehatz egin dizkiote administrazioari: presoak gerturatzea, gaixotasun larriak dituztenak askatzea, pandemiari aurre egiteko «presoen oinarrizko eskubideak errespetatzen dituzten neurriak» hartzea, familia bizitzarako eskubidea ahalbidetzea, erregimen irekiak, kondena etxean betetzeko aukera eta baldintzapeko askapenak azkartu eta ahalbidetzea, eta, finean, presoen oinarrizko eskubideak errespetatzea. Azkarragak esan du Euskal Herriko erakundeei, Espainiakoei, Espainiako Kongresuko talde parlamentario guztiei eta euskal presoei igorriko dietela agiria. |
2020-10-13 | https://www.berria.eus/albisteak/188253/nafarroako-egoitzetan-155-kasu-aktibo-daude.htm | Gizartea | Nafarroako egoitzetan 155 kasu aktibo daude | Uztailaren 1etik, 25 egoiliar hil dira Nafarroan COVID-19arekin. Orain, hemezortzi daude ospitaleratuta. | Nafarroako egoitzetan 155 kasu aktibo daude. Uztailaren 1etik, 25 egoiliar hil dira Nafarroan COVID-19arekin. Orain, hemezortzi daude ospitaleratuta. | COVID-19a dutenen kopurua egonkor mantentzen ari da Nafarroako egoitzetan. Gaur eman du datuon berri Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen Departamentuak: atzo 155 kasu aktibo zeuden zahar etxeetan, eta joan den astearen amaiera aldera, 158. Koronabirusa atzeman dieten langileak, berriz, 58 dira.
Atzemandako kasuetatik hemezortzi erietxeetan daude, 64 egoitzetan sintomekin eta gainontzeko 53ak ere egoitzetan, baina sintomarik gabe. Uztailaren 1az geroztik zahar etxeetako 25 egoiliar hil dira Nafarroan COVID-19arekin, horietatik hemezortzi erietxe batera eramanak izan ostean.
Txibiteren gobernuak hartutako azken neurriak direla eta, gogortu egin dira baldintzak egoitzetako bisitentzat ere. Salbuespen batzuk mantendu dituzte: ustez hilzorian daudenek jaso ditzakete bisitak, euren egoera hobetzeko beharrezko dituztenak ere bai, eta egoera asko okertu zaienek ere bai. Zentroen inguruko «ibilbide seguruetan» ere paseatu daitezke egoiliarrak.
Atzemandako kasuen kopurua behera egiten ari da desgaitasunak dituztenen zentroetan. Han bederatzi kasu aktibo daude —hamabi ziren joan den aste amaieran—, eta bi daude ospitaleratuta. Hemeretzi dira kasu aktiboak dituzten langileak. |
2020-10-13 | https://www.berria.eus/albisteak/188254/grebara-deitu-dituzte-itpko-langileak.htm | Ekonomia | Grebara deitu dituzte ITPko langileak | Langileen batzordeak salatu du «proposamen onargarri» bat aurkeztu diola zuzendaritzari, baina hark ez diola erantzun. | Grebara deitu dituzte ITPko langileak. Langileen batzordeak salatu du «proposamen onargarri» bat aurkeztu diola zuzendaritzari, baina hark ez diola erantzun. | Zamudioko (Bizkaia) ITPko langileak grebara deituta daude, bihar hasi eta ostiralera arte, eta ez dute baztertzen astebeteko beste lanuzte bat egitea ere. Hala jakinarazi du langileen batzordeak (ELA), zuzendaritzarekin izandako bileretan egiaztatu ondoren kaleratzeekin aurrera jarraitu baino ez duela nahi.
Duela ia hilabete hasi ziren elkarrizketak. Ordutik, langileek sei greba egun eta hainbat mobilizazio egin dituzte. Enpresak 194 langile kaleratzeko espedientea aurkeztu du, antolaketa eta produkzio arloko arazoak argudiatuta. Langile batzordearen arabera, baina, ITPk ez ditu «behar bezala» egiaztatu arrazoi horiek: «Ez du hori justifikatzen duen frogarik aurkeztu, eta bere planteamenduaren oinarri diren etorkizuneko aurreikuspenak oso epe luzekoak dira».
ELAk azaldu duenez, aurreko astean, lan karga txikiko egoerari aurre egiteko proposamen bat aurkeztu zion zuzendaritzari. Sindikatuaren arabera, horrekin enplegu guztiak mantendu ahalko lirateke —kontratu mugagabeak eta aldi baterakoak—, eta enpresak irailaren erdialdera arte aplikatu dituen erretiro aurreratuen planarekin jarraitzea ahalbidetuko luke, eta aldi baterako lan erregulazioetan eta hitzarmen kolektiboan jasotan dauden lanaldiak malgutzeko aukera baliatu ahalko luke zuzendaritzak. «ELAk badaki bere proposamena guztiz onargarria dela enpresarentzat, eta, aldi berean, enpleguari eusten diola eta enpresaren jarduerari baldintza hobeetan jarraitzeko aukera ematen diola». |
2020-10-13 | https://www.berria.eus/albisteak/188255/jumbo-vismak-eta-mithcelton-scottek-giroa-utzi-dute-koronabirusarengatik.htm | Kirola | Jumbo Vismak eta Mithcelton Scottek Giroa utzi dute koronabirusarengatik | Zortzi kasu agertu dira antolakuntzak egindako PCR probetan. Tartean Kruijswij eta Matthewsena. Bi txirrindulariek proba utzi dute. | Jumbo Vismak eta Mithcelton Scottek Giroa utzi dute koronabirusarengatik. Zortzi kasu agertu dira antolakuntzak egindako PCR probetan. Tartean Kruijswij eta Matthewsena. Bi txirrindulariek proba utzi dute. | Tourrean gertatu ez bezala, koronabirusa eragina izaten ari da Italiako Giroan. Bi taldek, Mithcelton Scottek eta Jumbo Vismak, lasterketa utzi dute. Atseden eguna baliatuz antolakuntzak 571 PCR proba egin ditu, eta zortzi positibo azaldu dira. Horietatik bi txirrindularienak izan dira: Steven Kruikswijena (Jumbo Visma) eta Michael Matthewsena (Sunweb). Hala, bi txirrindulariek lasterketa utzi dute. Beste kasuak taldeetako langileenak dira. Besteak beste, AG2Rn eta Ineosen argertu dira positiboak.
Kruikswij lasterketa irabazteko hautagaietako bat zen..Liderrarengandik 1.24ra zegoen sailkapen nagusian. "Penatuta" dagoela azaldu dute taldeko ordezkariek, Izan ere, ez du sintomarik. Ezta Matthewsek ere.
Mitcheltonen, ostiralean, Simon Yatesek utzi zuen lasterketa. Baina kasu gehiago agertu dira taldean, eta horregatik hartu du erabakia. Honela jakinarazi du: "Zoritxarrez taldean positibo kasu gehiago ditugu, eta gizartearekin, lasterketarekin eta gure txirrindulari zein langileekin dugun ardura tarteko, Giroa uzteko erabakia hartu dugu". |
2020-10-13 | https://www.berria.eus/albisteak/188256/positibo-kopurua-apaldu-egin-da-nafarroan-ia-200-gutxiago-zenbatu-dituzte.htm | Gizartea | Positibo kopurua apaldu egin da Nafarroan: ia 200 gutxiago zenbatu dituzte | Beste 891 kasu zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian, eta 30 lagun ospitaleratu dituzte COVID-19arengatik. 85 pertsona daude ZIUetan. | Positibo kopurua apaldu egin da Nafarroan: ia 200 gutxiago zenbatu dituzte. Beste 891 kasu zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian, eta 30 lagun ospitaleratu dituzte COVID-19arengatik. 85 pertsona daude ZIUetan. | Joan den egunean baino hemeretzi positibo gutxiago atzeman dituzte Hegoaldean: 891. Igandean erregistratutako datu makurraren ondotik, apaldu egin da egun bakarrean detektatutako positibo kopurua. Hala eta guztiz ere, kontrako bi joera daude zifra horren atzean: Nafarroan, astelehenean nabarmen egin du behera kasu kopuruak, igandean bigarren olatuko kutsatu kopururik handiena atzeman ondotik: ia 200 kasu gutxiago izan dira azken egunean. Osakidetzak, ordea, ia 200 kasu gehiago zenbatu ditu, Gipuzkoan eta Bizkaian izandako gorakada dela eta.
Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak jakinarazi duenez, 362 kasu zenbatu dituzte azken egunean. Bezperan, berriz, 529 positibo izan ziren, hau da, testen %17,6. Hori horrela, beherakada aski nabaria izan da positibotasun tasari dagokionez ere: 3.067 proba egin zituzten atzo foru erkidegoan, eta horien guztien %11,8k eman dute positibo.
Hegoaldeko gainerako lurraldeetan, kasuak nabarmen ugaritu dira. Bizkaian, 255 positibo atzeman dituzte, bezperan baino 117 gehiago. Gipuzkoan ere gorakada izan da kutsatuen kurban; zehazki, 224 kasu zenbatu dituzte, joan den egunean baino 74 gehiago. Araban, berriz, bezperan baino positibo gutxiago zenbatu dituzte azken orduetan: 44 izan dira, 26 gutxiago. Osakidetzak 6.763 PCR proba egin ditu azken egunean, eta horien %7,8k eman dute positibo guztira. Hain zuzen ere, azkenaldian erregistratu den daturik makurrena da atzo egindako testen gainekoa. Izan ere, egun bakarrean egindako PCR kopurua berdintsua izanagatik ere, ia 200 kasu gehiago zenbatu ditu Osakidetzak.
Halaber, nabarmentzekoa da intzidentzia tasak Gipuzkoan izandako gorakada: oraintxe bertan, herrialde horretan 100.000 biztanleko 330i atzeman diete birusa hamalau egunean. Aurreko astean, Nafarroak salbu, Hegoaldeko gainerako lurraldeetan batek ere ez zuen gainditzen 300en langa. Gainera, herrikako zenbaketei buruzko informazioa argitaratu du Eusko Jaurlaritzak, eta, datu horiei erreparatuta, Zegamak erregistratu ditu kopururik makurrenak intzidentziari dagokionez: 100.000 biztanleko 2.545 positibo zenbatu dituzte hamalau egunean.
Ospitaleen egoera aztertuta, Osasunbideak eta Osakidetzak jakinarazi dutenez, azken orduetan 30 lagun ospitaleratu dituzte birusagatik, bezperan baino hamar gutxiago. Oraintxe bertan, 551 gaixo daude ospitaleratuta; zehazki, Nafarroakoak dira horietatik 291. Gainera, 85 pertsona ZIUetan daude; hau da, aurreko egunean baino bost gehiago.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, azken egunean bi pertsona zendu dira foru erkidegoan gaitzarengatik: 83 urteko emakumezko bat eta 79 urteko gizonezko bat. Gainera, gobernuak jakinarazi du azken egunetan beste bost pertsona ere hil dituela birusak. Zehazki, hiru emakumezko (83, 86 eta 89 urte) eta bi gizonezko (87 eta 94 urte). |
2020-10-13 | https://www.berria.eus/albisteak/188257/sexuen-araberako-soldaten-erregistro-bat-egin-beharko-dute-enpresek.htm | Ekonomia | Sexuen araberako soldaten erregistro bat egin beharko dute enpresek | 50 langiletik gorako lantegietan izango da derrigorrezkoa. Sei hilabeteko epea dute horretarako. | Sexuen araberako soldaten erregistro bat egin beharko dute enpresek. 50 langiletik gorako lantegietan izango da derrigorrezkoa. Sei hilabeteko epea dute horretarako. | Espainiako Gobernuak laneko genero desberdintasunaren aurkako bi dekretu onartu ditu astearte honetan eginiko Ministroen Kontseiluan. Berritasun nagusia da enpresak behartuta egongo direla sexuaren aldagaia kontuan hartuta soldaten erregistroak sortzera, lanpostuak baloratzeko sistema bat ezartzera eta ordainsarien auditoria bat egitera (50 langile baino gehiagokoek). Horrez gain, enpresetan berdintasun planak garatzeko aurreko dekretua zabaldu du gobernuak. Bi testuak Lan eta Gizarte Ekonomia eta Berdintasun ministerioek eta CCOO eta UGT sindikatuek adostu dituzte.
Erregistroak langile guztiek jasotzen dituzten ordainsarien informazioa jaso beharko du, sexuen arabera bereizita, zuzendaritzako langileak eta goi kargudunenak barne, lanbide sailkapenaren eta balio bereko lanen arabera banakatua eta batezbestekoa eginda, eta oinarrizko soldatak, soldata osagarriak eta soldataz kanpoko ordainsariak jasoz.
Enpresek sei hilabeteko epea izango dute erregistroa garatzeko, eta Lan eta Berdintasun Ministerioak emango dizkie horretarako bitartekoak.
Berdintasun planak
Horrekin batera, bigarren dekretuak zabaldu egiten ditu 50 langiletik gorako enpresetan berdintasun planak egiteko eta aplikatzeko betebeharra ezartzen duen 6/2019 Errege Lege Dekretuaren eskakizunak. Iragan martxoaren 7tik aurrera, 150 langile baino gehiago dituzten konpainiek berdintasun plan bat izan beharko dute. 100 eta 150 langile bitarteko enpresek urtebete gehiago izango dute horretarako, eta 50 eta 100 langile artekoek, berriz, 2022ko martxotik aurrera egin ahal izango dute.
Arau hori ez betetzeak zigor larriak ekarriko dizkie enpresei, eta 626 eurotik 6.250 eurora bitarteko isunak ezarri ahal izango zaizkie. Gainera, administrazio publikoekin egiten diren kontratazio prozesuetan parte hartzen duten enpresek arreta berezia jarri beharko dute, betebehar hori ez betetzeak eragin kaltegarria izan baitezake lehiaketa publiko horietan parte hartzeko orduan. |
2020-10-13 | https://www.berria.eus/albisteak/188258/asuncion-klinikako-agerraldia-laquokontrolatutzatraquo-eman-dute.htm | Gizartea | Asuncion klinikako agerraldia «kontrolatutzat» eman dute | Klinikak BERRIari jakinarazi dionez, ez dute positiborik atzeman atzotik, eta espero dute ostegunean ohiko jarduerara itzultzea. Langileek eta herritarrek Tolosaldeko osasun arreta publikoa izatea eskatu dute, eta larunbatean manifestazioa egingo dute, 12:30ean hasita. | Asuncion klinikako agerraldia «kontrolatutzat» eman dute. Klinikak BERRIari jakinarazi dionez, ez dute positiborik atzeman atzotik, eta espero dute ostegunean ohiko jarduerara itzultzea. Langileek eta herritarrek Tolosaldeko osasun arreta publikoa izatea eskatu dute, eta larunbatean manifestazioa egingo dute, 12:30ean hasita. | Tolosako (Gipuzkoa) Asuncion klinikan izandako COVID-19aren agerraldia «kontrolatutzat» eman dute, klinikak BERRIAri jakinarazi dionez, ez baitute beste positiborik atzeman atzotik. Horrenbestez, egoerak horrela jarraitzen badu, ohiko jarduerara itzuliko dira ostegunean; hau da, jarduera kirurgikoari ekingo diote, eta ospitaleratzea behar dutenak Asuncionen bertan artatuko dituzte, Bidasoko ospitalera bideratu beharrean —horrela egin dute aurreko astetik—. Oraingoz, 41 pertsona kutsatu dira Asuncion klinikako agerraldian: 35 langileak dira, eta gainerako seiak, pazienteak.
Segurtasuna bermatze aldera, gaur klinika osoa desinfektatu dute, eta egunotan hartutako hainbat neurri mantenduko dituzte, besteak beste, gaixo bakarra egongo da gela bakoitzean.
Datuok ezagutu aurretik, klinikako hainbat langilek eta herritarrek agerraldia egin dute Tolosan. «Ez da kasualitatea. Asuncion Klinikan COVID-19a jasaten ditugun lan baldintza txarren ondorioz zabaldu da. Hori gertatzen da, argi eta garbi, klinika honen jabeen helburua osasun arreta baino gehiago irabazi ekonomikoak direlako». Argi hitz egin du Ainhoa Ortizek Tolosako (Gipuzkoa) Asuncion klinikako langileen izenean. Egoera salatzeko, larunbatean manifestazioa egingo dute, 12.30ean hasita. Gainera, bihar babes argazkia aterako dute, 18:00etan, Tolosako Zerkausian.
Asuncion klinika pribatua da, baina, Osakidetzarekin duen hitzarmen baten bidez, zerbitzu publikoa eskaintzen du eskualdean. Langileak ez daude eredu horrekin ados, ordea: «Ez da kasualitatea konfinamendu hau Tolosaldean eta Asuncionen gertatu izana; beste eskualdeetan ez bezala, hemen ospitale pribatu batek eskaintzen du arreta, eta horrek zuzeneko eragina izan du». Beraz, osasun arreta publikoa eskatu dute: «Irtenbidea osasun arreta publikoa da, %100 publikoa, beste eskualdeetan bezala».
Eskainitako zerbitzua duina izan dadin, langileek lan baldintza duinak eskatu dituzte, eta orain arte bizi izan duten egoera salatu dute: «Ez dugu maskara egokirik izan orain arte, ezta babes neurririk ere». Haien iritziz, horrek ekarri du klinika ixtea eta langileak kutsatzea. «Interes ekonomikoak osasun arretaren gainetik jartzearen ondorio da egoera hau». |
2020-10-13 | https://www.berria.eus/albisteak/188259/luze-joko-du-suspertzeak.htm | Ekonomia | Luze joko du suspertzeak | Pandemiak ekonomian aurretik uste zen baino erorialdi txikiagoa eragin duela uste du NDFk, eta errebotea uste baino bizkorrago etorri dela. Baina, hala ere, luze joko du gaitzaren aurreko hazkunde mailetara itzultzeak. | Luze joko du suspertzeak. Pandemiak ekonomian aurretik uste zen baino erorialdi txikiagoa eragin duela uste du NDFk, eta errebotea uste baino bizkorrago etorri dela. Baina, hala ere, luze joko du gaitzaren aurreko hazkunde mailetara itzultzeak. | COVID-19ak ekonomia globalean eragindako amiltzea uste baino txikiagoa izan da, eta barne produktu gordinaren suspertzea, aldiz, uste baino azkarrago iritsi da. Baina 2021ean ekonomiak errebotea izango duela uste arren, urrunago begira hodei ilunak ikusten ditu Nazioarteko Diru Funtsak.
Hainbat sektoretan eta herrialdeetan orbain sakonak utziko ditu pandemiak. Gaitza iritsi aurretik bosturteko honetarako aurreikusita zeuden hazkundeen oso behetik izango da munduko ekonomia 2025. urtean. «Ekonomia globala bueltan dator, baina igoerak luze joko du, desberdintasun sozialekin, eta ziurgabetasunekin».
Kontsolamendurako balio dezake, agian, NDFren ustez gauzak okerragoak izan zitezkeela. «Suspertzea askoz ahulagoa izan zitekeen ez balira inoiz ez bezalako neurri fiskal, monetario eta erregulatzaile garrantzitsu eta bizkorrak hartu familien diru sarrerak mantentzeko, enpresen likideziari eusteko, eta kreditu hornidura sustatzeko. Ekintza horiekin guztiekin batera, eragotzi egin da 2008-2009ko finantza hondamendia berriz gertatzea». Beharrezkoa da, hori bai, politika horiekin jarraitzea, ez kentzea bizkorregi, hori baita, erakundearen aburuz, atzerakada gehiago prebenitzeko modua.
Errebotea eta hazkunde pattala
Pandemiaren goraldi berriak gorabehera, Funtsak aurreikusi du munduko barne produktu gordina uste zuen baino gutxiago amilduko dela 2020an, -%4,4; baina 2021eko suspertzea ere uste baino motelagoa izango da, %5,2ko hazkundearekin.
Eurogunean ekonomia aurten %8,3 eroriko dela dio NDFk (ekainean -%10,2 zioen), eta 2021ean BPG %5,2 haziko dela (ekainean iragarri baino zortzi hamarren gutxiago). Europako herrialdeen zerrendan deigarriak dira bi digitutik gorako eroriko batzuk: Portugalena (-%10), Italiarena (-%10,6) eta Espainiarena (-%12,8) .
Italiako barne produktu gordinaren errebotea %5,2koa izango da 2021ean, eta Espainiakoa, %7,2koa. Hori bai, Funtsak %16,8ko langabezia tasa iragarri dio Espainiari 2020rako eta 2021erako ere. Frantziako ekonomiak ere erorialdi handia izango du aurten (-%9,8), eta %6 haziko da datorren urtean, baina langabeziak ere gora egingo du, %10,2ra.
Epe ertainera, hazkunde globala %3,5ekoa izango da; mugatua oso, pandemia aurretik iragarritako hazkunde erritmoa harrapatzeko. «Atzerakada larria da bizitza estandarretan herrialde guztientzat iragarritako hobekuntza. Pobrezia globala murrizteko 90eko urteetatik egindako aurrerapausoak lehengoratu ditzake, eta gizarte desberdintasunak handitu». NDFren aburuz, 90 milioi pertsona inguru eroriko dira aurten muturreko pobrezian, eguneko diru sarrerak 1,90 dolarren azpikoak izatera.
Arriskuak, hor
Iragarpenak egitean, ez da harritzekoa egileak ziurgabetasunak aipatzea, baina oraingoan, NDFren ustez, arrisku posibleak eta haien eraginak bereziki zailak dira neurtzen. Batetik, pandemiaren ibilbidea bera dago, eta hari nola erantzun beharko zaion osasungintzaren eta jarduera ekonomikoaren esparruetan. Bestetik, aintzat hartu beharko da, era berean, eskaera apalak, turismo ahulagoak eta ordainketa txikiagoek dakarten segurtasun gabezia. Finantza merkatuen «sentimendua» ere arriskutsua izan daiteke.
Zorra bai, baina...
Txertoetan eta tratamenduen hobetzean ez ezik, aurrerabidea kontraneurri fiskaletan ere ikusten du Funtsak, eta 2021ean ere horiei eutsi behar zaiela dio. «Horrek altxa dezake hazkundea aurreikusitako mailatik».
Politika fiskalen barruan, zorpetzea edo zorpetzea areagotzea aukera egokitzat ikusten du NDFk, hainbat herrialde ikusten dituelako herritarrak laguntzeko eta jarduera ekonomikoari eusteko zailtasunetan, «zor publiko handia dutelako, eta krisiak handitu egin dizkielako gastuak, aldi berean zerga bilketei kalte eginda». Diru politikak ere badu zereginik horretan: «Inflazio aurreikuspenak helduta dauden tokietan diru politika malguak lagundu dezake trantsizioan maileguen kostuei eusten».
Hori bai, krisi ostean eta epe ertainera gradualki kontsolidaziora itzultzeko konpromisoa eskatu die Funtsak herrialdeei.
Zergak igotzea
Eta kontsolidazio horretarako arlo publikoaren diru sarrerak ere egokitu behar direla uste du NDFk. Alegia, zerga batzuk igo behar direla. «Nahiz eta krisietan zaila izan sarrerak igotzeko neurriak hartzea, gobernuek aintzat hartu behar dute zerga progresiboak igotzea norbanako aberatsenen eta krisiak gutxien kalte egindakoen gainean (sarrera handienen zerga tarteetan, goi mailako ondareetan, kapital irabazietan eta aberastasunean), baita aldaketak egitea ere sozietateen gaineko zergetan, ziurtatzeko enpresek beren errentagarritasunari dagozkien zergak ordaintzen dituztela». |
2020-10-13 | https://www.berria.eus/albisteak/188260/eh-bilduk-alokairuen-prezioa-mugatzeko-lege-proposamen-bat-aurkeztu-du.htm | Gizartea | EH Bilduk alokairuen prezioa mugatzeko lege proposamen bat aurkeztu du | Jakinarazi dutenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 115.000 familia bizi dira alokairuan, eta prezioek «etengabe» egin dute gora azken urteotan. Eusko Legebiltzarreko beste alderdiekin elkarlanean aritzeko prest daudela gaineratu dute. | EH Bilduk alokairuen prezioa mugatzeko lege proposamen bat aurkeztu du. Jakinarazi dutenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 115.000 familia bizi dira alokairuan, eta prezioek «etengabe» egin dute gora azken urteotan. Eusko Legebiltzarreko beste alderdiekin elkarlanean aritzeko prest daudela gaineratu dute. | EH Bilduk alokairuen prezioa mugatzea helburu duen lege proposamen bat aurkeztu du gaur Eusko Legebiltzarrean, Gasteizen. Jakinarazi duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 115.000 familia bizi dira alokairuan, eta prezioek «etengabe» egin dute gora azken urteotan. Uste dute egoera «oso kezkagarria» dela hiriburuetan eta hainbat udalerritan, eta, besteak beste, gazteentzat eta emakumeentzat ia ezinezkoa dela etxebizitza bat eskuratzea. Hain zuzen, eskainitako datuen arabera, %22 igo da alokairuen batezbestekoa 2013tik. Areago, alderdiak ohartarazi du egoera hau orokortua dela, eta beste leku batzuetan dagoeneko hartu dituztela alokairuak mugatzeko legezko neurriak, hala nola Katalunian.
Planteamendua praktikan jarri ahal izateko, EH Bilduk Euskal Zuzenbide Zibila jarri du oinarrian. Haren arabera, lege horretan alokairua araututa dago, baina landa eremuetako etxebizitzei dagokienez soilik. Urrats bat gehiago egitea proposatu du: «Landa eremuetara mugatu beharrean, Euskal Zuzenbide Zibila hiri errentamenduaren eremua ere arautzeko erabiltzea proposatzen dugu». Koalizioaren ustez, era horretan posible izango litzateke azken urteotan alokairuen prezioak igo diren eremuetan alokairuen prezioen erreferentzia indize bat zehaztea, gune horietako alokairuen batez besteko prezioa eta etxebizitzaren ezaugarriak oinarri hartuta. «Erreferentzia indize hori alokairu kontratu berrietan gainditu ezin izango litzatekeen gehienezko prezioa litzateke», zehaztu dute.
Eremu horiek zehazteko, lege proposamenak azken bi urteotan alokairuen prezioa %8 baino gehiago igo den hiriburuetako auzoak barneratzen ditu, EH Bilduk adierazi duenez. Besteak beste, Bilboko Alde Zaharra, Donostiako Gros auzoa eta Gasteizko Judimendi auzoa dira jasotzen diren lekuetako batzuk. «Jaurlaritzak auzo horietan prezioen erreferentzia indizea ezarri beharko luke, eta ezinezkoa litzateke alokairuak hortik gora igotzea», gaineratu dute.
Proposamenak lantzeko prest
EH Bilduk adierazi du legealdia hasi zenetik bost lege proposamen aurkeztu dituztela, herritarren bizi baldintzak hobetzen «tematuta» daudelako. Hori lortzeko, gaineratu du proposamenak gobernuko alderdiekin elkarlanean lantzeko prest daudela, eta horretarako borondatea badutela. «Gure lege proposamenak aintzat hartuko dituztela espero dugu». |
2020-10-13 | https://www.berria.eus/albisteak/188261/lau-preso-hurbilduko-dituzte-eta-bertze-bi-madrilera-mugitu.htm | Politika | Lau preso hurbilduko dituzte, eta bertze bi Madrilera mugitu | Espainiako Espetxe Erakundeek jakinarazi dutenez, Antton Troitiño, Mikel Arrieta, Andoni Otegi eta Aitzol Maurtua Soriara, Dueñasera eta Logroñora hurbilduko dituzte. Victor Franco eta Agustin Almaraz, berriz, Andaluziatik Madrilera mugituko dituzte. | Lau preso hurbilduko dituzte, eta bertze bi Madrilera mugitu. Espainiako Espetxe Erakundeek jakinarazi dutenez, Antton Troitiño, Mikel Arrieta, Andoni Otegi eta Aitzol Maurtua Soriara, Dueñasera eta Logroñora hurbilduko dituzte. Victor Franco eta Agustin Almaraz, berriz, Andaluziatik Madrilera mugituko dituzte. | Bertze sei mugimendu iragarri dituzte Espainiako Espetxe Erakundeek: lau preso Euskal Herritik 250 kilometroko distantziara hurbilduko dituzte, eta bertze bi Andaluziatik Madril ingurura mugituko dituzte. Antton Troitiño, Mikel Arrieta, Aitzol Maurtua eta Andoni Otegi dira gerturatuko dituztenak: Troitiño Estremerako espetxetik (Madril) Soriara eramanen dute, Mikel Arrieta Algecirastik (Andaluzia) Soriara, Andoni Otegi Almeriatik (Andaluzia) Logroñora eta Aitzol Maurtua Huelvatik (Andaluzia) Dueñasera (Palencia).
Madril aldera mugituko dituzten presoak Victor Franco eta Agustin Almaraz dira. Huelvako (Andaluzia) espetxean dago; Franco, eta Puerto de Santamarian Almaraz (Cadiz, Andaluzia). Estremerako espetxera eramanen dituzte biak.
ETAko kide izatea egotzita daude guztiak espetxean.
Espetxe legedia onartuta
Espetxe Erakundeek jakinarazi dutenez, kartzelako legedia onartu dute presoek, eta gehienek beteak dituzte zigorraren hiru laurdenak. Troitiñok maiatzean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak, eta Espetxe Erakundeen arabera, lehen graduan segituko du, baina 100.2 artikulua ezarriko diote. Bortz urte eta 11 hilabeteko zigorra du, ETAko kide izatea leporatuta: 2017tik dago preso. Almarazek 2014an bete zituen zigorraren hiru laurdenak —1995etik dago preso, eta 30 urteko zigorra du, hainbat hilketa egotzita—.
Arrietak uztailean bete zituen hiru laurdenak: hura ere 30 urteko zigorra betetzen ari da, hilketak egotzita. Maurtua 2002tik dago espetxean, eta 20 urteko zigorra du, ETAko kide izatea eta lehergaiak edukitzea leporatuta. Francok 2017ko azaroan bete zituen zigorraren hiru laurdenak —20 urteko zigorra betetzen ari da—. Otegik 2031n beteko lituzke kondenaren hiru laurdenak: hainbat atentatu eta Jose Ramon Rekalde Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Justizia sailburu ohiaren hilketa saiakera leporatuta dago espetxean. |
2020-10-13 | https://www.berria.eus/albisteak/188262/aebek-boeingi-emandako-laguntzak-legez-kanpokotzat-jo-ditu-mmek.htm | Ekonomia | AEBek Boeingi emandako laguntzak legez kanpokotzat jo ditu MMEk | Europako Batasunak baimena du AEBei 4.000 milioi dolarreko muga zergak ezartzeko. | AEBek Boeingi emandako laguntzak legez kanpokotzat jo ditu MMEk. Europako Batasunak baimena du AEBei 4.000 milioi dolarreko muga zergak ezartzeko. | Bana egin dute EB Europako Batasunak eta AEB Ameriketako Estatu Batuek. Iazko urrian, MME Munduko Merkataritza Erakundeak arrazoia eman zion Washingtoni, eta ebatzi zuen EBk Airbusi emandako laguntza batzuk legez kontrakoak zirela. Gaur, berriz, EBk kolpea itzuli ahal izan die AEBei, hango gobernuak Boeingi emandako laguntza batzuk ere MMEren arauen kontrakotzat jo baitituzte.
Horrenbestez, Bruselak 4.000 milioi dolarrerainoko muga zergak jarri ahal izango dizkie AEBetatik kontinente zaharrera doazen produktu batzuei.
Azken hilabeteetan, 7.500 milioi dolarren EBren inportazioak zergapetu dituzte AEBek, batasuneko hainbat gobernuk Airbusi emandako mailegu merkeak direla eta. Udan, ordea, merkataritza gerra ez handitzea erabaki zuen Donald Trumpen gobernuak. |
2020-10-13 | https://www.berria.eus/albisteak/188263/gipuzkoako-metalgintzaren-ituna-egiteko-akordioa-oso-gertu-dago.htm | Ekonomia | Gipuzkoako metalgintzaren ituna egiteko akordioa oso gertu dago | Adegik mahaira deitu ditu sindikatuak biharko, bere azken proposamenean gehigarriren batzuk sartu dituen seinale, eta Gipuzkoako itunik handiena adosteko nahiko izan daiteke. ELAren baietza badu patronalak, eta beste hiru sindikaturen batena baizik ez da behar eragin orokorreko ituna egiteko. | Gipuzkoako metalgintzaren ituna egiteko akordioa oso gertu dago. Adegik mahaira deitu ditu sindikatuak biharko, bere azken proposamenean gehigarriren batzuk sartu dituen seinale, eta Gipuzkoako itunik handiena adosteko nahiko izan daiteke. ELAren baietza badu patronalak, eta beste hiru sindikaturen batena baizik ez da behar eragin orokorreko ituna egiteko. | Adegi patronalak Gipuzkoako metalgintzako mahaira deitu ditu sindikatuak biharko, eta datozen orduetan egingo duten batzar hori giltzarri izango da herrialde horretako sektorerik handienean lan hitzarmen berri bat egon dadin. Adegik mahairatutako azken proposamena soilik ELAk onartu du, eta beste sindikaturen baten babesaren zain geratu da, ELAren ordezkaritzarik handiena izan arren (ia %49), ez delako nahikoa hain eragin orokorreko akordio bat egiteko. LABek, CCOOk eta UGTk ez dute nahikotzat jo agiria, gabezia batzuk ikusten dituztelako. Bihar bertan egingo duten bilerak jarrerak alda ditzake, ordea, Adegik berritasun batzuk eskainiko dituelako, BERRIAk jakin duenez.
Adegik uste du eskain dezakeen akordiorik onena eskaini duela, iritsi dela mugara, eta pilota sindikatuen teilatuan dagoela. Baina orain mahaira deitu du, eta horrek esan nahi du berritasunak egon badaudela, beharbada sindikaturen batekin negoziatu ondoren azken egunetan. Genero berdintasuna dago LABek, CCOOk eta UGTk aipatu dituzten gabezien artean, eta atal horretan hobekuntzarik bada, Gipuzkoako metalgintzaren ituna bete daiteke aste honetan bertan. Enpresek legez nahitaezkoa den baino informazio gehiago emateko derrigortasuna jaso du itun proposamenak, berdintasunari dagokionez. Bizkaiko metalgintzako itunak, ordea, batzorde bat eratzea jaso zuen alor hori jorratzeko iazko hondarrean, eta proposamen hori Gipuzkoara ekartzeak ez du zertan zaila izan.
Agiriaren edukiak
Adegik proposatutako agiriak islatzen ditu %8,8ko soldata igoera 2019ra arte —atzerako eraginez—, baita dietetan, bidaietan eta abarretan ere; eta %0,8koa 2020. urterako. 2021erako eta 2022rako, berriz, KPIa bermatzen du sektoreko enpresa guztientzat. Ez litzateke dirurik itzuliko KPIa negatiboa balitz. Horrez gain, lan erreformaren aurkako blindatze klausulak daude, baita aurrerako eragin mugagabea ere. Azken aldagai horrek ibilbide oso luzeko akordio bihurtuko luke itun hori.
Gainera, Adegik azpikontratatuentzako subrogazioa onartu du, mantentze lanetan, biltegian eta logistikan, garbiketa industrialean eta telefono instalazioetan. «Enpresa nagusitik kanpoko milaka langileri lan egonkortasuna emango die horrek», azaldu du ELAk. Eta finkatu dute gehienez ere urtebetekoa izango dela aldi baterako lanerako enpresen bidezko kontratazioa. Hiru egunetik bostera pasatuko da aurreabisuen epea, eta soldata aldaketa kolektiboak akordio bidez bakarrik aplikatu ahal izango dira. Gainera, espresuki jaso dute Gipuzkoako hitzarmena aplikatzeko lehentasuna ere, Espainiakoaren gainetik.
Pandemiaren atarian izan zuten sindikatuek eta Adegi patronalak Gipuzkoako metalgintzaren lan hitzarmena berritzeko lehen bilera. Negoziazioak hasiko zirela ofizialtzeko baizik ez zen izan lehen kontaktu hura, otsailaren amaieran. Udaz geroztik hasi dira berriz aldeen arteko negoziazioak, betiere Bizkaiko metalgintzan lortutako akordioaren itzalpean. ELAk Adegiren azken proposamena onartu eta «akordio historiko bat» egiteko prest dagoela azaldu zuen irailaren hondarrean. Datozen orduetan ikusiko da akordioa ba ote dagoen, Adegik deitutako bilera argigarria izango baita. |
2020-10-13 | https://www.berria.eus/albisteak/188264/baheketa-selektibo-bat-egingo-dute-azpeitian.htm | Gizartea | Baheketa selektibo bat egingo dute Azpeitian | Azken egunetan atzemandako positibo kopuruaren gorakada da arrazoia. 17 eta 40 urte arteko herritarrei egingo diete proba. | Baheketa selektibo bat egingo dute Azpeitian. Azken egunetan atzemandako positibo kopuruaren gorakada da arrazoia. 17 eta 40 urte arteko herritarrei egingo diete proba. | Gasteizko Sansomendi auzoan eta Azkoitian (Gipuzkoa) egin bezala, baheketa bat egiten hasiko dira Azpeitian (Gipuzkoa) ere. Hala adierazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, azken egunetan COVID-19aren positibo kopuruak gora egin ostean. Azken orduetan, hemezortzi positibo baieztatu dituzte herrian, bezperan baino hamar gehiago. Hala, 71 dira azken astean baieztatutako positiboak. Halere, aurrez eginiko baheketetan bezala, parte hartzea ez da derrigorrezkoa izango.
Ostegunean hasiko dira PCR probak egiten. Bada, ordea, aldaketa bat, Azkoitian eta Sansomendin eginikoekin alderatuz gero. Kasu honetan, 17 eta 40 urte arteko lagunei egingo dizkiete probak, eta ez 60 urte bitartekoei. Horren arrazoia da kasu gehienak adin tarte horietakoen artean atzeman direla, Osasun Saileko Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaile Ignacio Garitanoren esanetan.
Azkoitian, 3.069 emaitza jaso dituzte prozesu horren bidez, eta 35 positibo detektatu. Sansomendin, berriz, eskuratu dituzten 1.846 emaitzetatik 18 dira positiboak. Azken kasu horretan, bizilagunek ostiralera arteko epea izango dute Lakuako gizarte etxera joan eta PCR proba egiteko. |
2020-10-13 | https://www.berria.eus/albisteak/188265/lau-langile-kutsatu-dira-baionako-presondegian.htm | Gizartea | Lau langile kutsatu dira Baionako presondegian | Espetxe Zaindarien Sindikatuak jakinarazi du lau langilek positibo eman dutela PCR proban. Hurbileko kontaktuak bakartu dituzte, horiek ere langileak. | Lau langile kutsatu dira Baionako presondegian. Espetxe Zaindarien Sindikatuak jakinarazi du lau langilek positibo eman dutela PCR proban. Hurbileko kontaktuak bakartu dituzte, horiek ere langileak. | Espetxe Zaindarien Sindikatuko bozeramailea da Olivier Bitte, eta Baionako presondegiko egoera salatu du: «Lau langile kutsatu dira; eta hainbat lankide bakartuak ditugu. Ulertezina da, aleatorioa da guztiz: denak izan gara kontaktuan, baina ez gaituzte denak bakartu». Langile zenbaitek PCR proba egin dute sintomak zituztelako, eta emaitzen zain dira.
Oraingoz, ez da presorik kutsatu, baina, Bitteren ustez «saihetsezina da». Kartzelara iristen diren presoek aste bateko itxialdia egin behar dute, baina ez du preso bakar batek ere PCR proba egin. Bakartua izateak eguneko aire hartzea egiteko arazoak sortzen ditu. Bitte: «Hamaika preso itxialdian dira oraingoz, eta bakarrik egin behar dute dena. Arazoa da airea hartzeko hiru ordutegi soilik badirela egunean zehar. Batzuk atera gabe egoten dira bi edo hiru egunez».
Presondegiko egoera sanitarioaren kudeaketarekin «haserre» agertu da Espetxe Zaindarien Sindikatuko kidea. «Baionako kartzelan gauden guztiok kontaktuan gara, etengabe. Gainera, kanpoko parte hartzaileak etortzen dira. Kudeaketa ez badute aldatzen, denak kutsatuko gara», deitoratu du. |
2020-10-13 | https://www.berria.eus/albisteak/188266/sagan-aspaldiko-partez.htm | Kirola | Sagan, aspaldiko partez | Hamargarren etapa irabazi du eslovakiarrak. Eguneko ihesaldian sartu da, eta bakarrik helmugaratu da, erakustaldia emanez. 417 egun zeramatzan garaipenik gabe. Faboritoen artean, mugimenduak egon dira, eta Pello Bilbaoren saiakera izan da indartsuena. | Sagan, aspaldiko partez. Hamargarren etapa irabazi du eslovakiarrak. Eguneko ihesaldian sartu da, eta bakarrik helmugaratu da, erakustaldia emanez. 417 egun zeramatzan garaipenik gabe. Faboritoen artean, mugimenduak egon dira, eta Pello Bilbaoren saiakera izan da indartsuena. | Nork esan behar zuen Peter Saganek (Bora) 417 egun egingo zituela besoak altxatu gabe. Urtebete pasatxo, nork eta gaurkoarekin 117 garaipen dituen eslovakiarrak. Tokitan dago iazko Frantziako Tourrean irabazi zuen etapa hura. Lehortea Adriatiko itsasoaren ondo-ondoan busti du, Italiako Giroko hamargarren etapan. Hura izan da azkarrena Lanciano eta Tortoreto lotu dituen etapan, 177 kilometroko ibilbide gorabeheratsuan.
Nork esan behar zuen Sagan esprinterrak abiadurarik gabeko amaiera batean irabaziko zuenik etapa bat. Bada, lortu du hori ere. Azkenaldian, ez da azkarrena esprintetan. Pelotoian badira biziagoak orain, eta talde txikietan egindako saialdietan ere aurrea hartu izan diote. Horrelako ihesaldi batean sartu du gaur bere burua. Etapa ehiztari zebilen, eta beharko sartu halakoetan. Garaipenak akaberan lortzen dira askotan, baina aurretik lana beltz egin beharra izaten da sarri askotan. Horixe egin dute Saganek eta gainerako iheskideek: Jonathan Restrepo (Androni), Simon Clarke (EF Pro), Dario Cataldo (Movistar), Davide Villella (Movistar), Filippo Ganna (Ineos), eta Ben Swift (Ineos). Izan ere, pelotoi buruan tiraka ibili da FDJ taldea, indartsu gainera. Sokari tira behar horretan, iheslariak izan dira garaile gaur.
Lortu dute alde ona: lau minututik gora 63 kilometro falta zirenean. Baina atzetik beste talde batek hartu du gidaritza: Domenico Pozzovivoren NTTk. 30 kilometro geratzen zirenean, minutua pasatxora jaitsita zeukan aldea pelotoiak. Orduan pentsatu du Saganek martxa horretan gaur ere jai izango zuela, eta erasora jo du 19 kilometro faltan. Swiftek bakarrik heldu dio eslovakiarraren joari.
Atzean, orduan hasi dira mugimenduak, eta mugitzen indartsuena Pello Bilbao (Bahrain) izan da. Aldapa behera jo du erasoa, euripean, eta berehala hartu ditu 20 bat segundo Joao Almeida (DQT) liderrarekiko eta gainontzeko faboritoekiko. Ordurako Pozzovivo atzean geratua zen zulatu batekin, baita berriz ere taldean sartua, indar erakustaldia eginez. Ibilbide malkartsuan, gora eta behera, dotore moldatu da Bilbao. Harrapatu ditu Sagnan eta Swift ez beste guztiak, eta aurreneko bien bila abiatu da. Zortzi segundora ere gerturatu zaie, baina ezin bat egin. Azkeneko maldan, %18ko tarteekin, Saganek ospa egin dio Swifti; atzetik zetorren Bilbao. Atzetik, Almeida berak jo du erasoa, maglia arrosa defendatuz. Pozzovivok ere bai. Erasoek bizitu egin dute abiadura, eta jan Bilbaoren aldea.
Bitartean, Sagan aurretik zihoan, eta atzetik, tropeltxoan, Jacob Fulgsangek (Astana) zulatua izan du. Taldekide baten zain egon da, bizikleta aldatzeko, eta atzean geratu da. Ez diote barkatu gainontzeko txirrindulari indartsuek. Hori ere Bilbaoren kalterako. Azkenean, 4,4 kilometro falta zirela harrapatu dute Bilbao. Ordurako Sagan dastatzen ari zen etapa garaipena. Gozatu egin du azkeneko zuzengune handian. 19 segundora sartu da Brandon McNulty (UAD), eta hirugarren Almeida liderrak egin du, 23ra; horrenbestez, gainsariak lortu ditu portugaldar gazteak. Bilbao hamargarren sartu da. Fulgsangek 1.38 galdu ditu. Sailkapen nagusian, Almeidak 34 segundo ateratzen dizkio Wilco Keldermani (Sunweb), eta 43 Bilbaori. Astanako daniarra 11garrena da orain, 2.20ra.
BIhar 11. etapari egin beharko diote aurre: Porto Sant'Elpidio - Rimini, 182 kilometro. Egokia da esprinterrentzat. |
2020-10-14 | https://www.berria.eus/albisteak/188292/bidenek-17-puntu-ateratzen-dizkio-trumpi-galdeketa-baten-arabera.htm | Mundua | Bidenek 17 puntu ateratzen dizkio Trumpi, galdeketa baten arabera | Floridako adinekoen botoak eskuratzeko borrokan murgildu dira bi hautagaiak. | Bidenek 17 puntu ateratzen dizkio Trumpi, galdeketa baten arabera. Floridako adinekoen botoak eskuratzeko borrokan murgildu dira bi hautagaiak. | Opinium etxeak eta Erresuma Batuko The Guardian egunkariek eginiko azken galdeketaren arabera, Joe Biden hautagai demokratak inoiz baino tarte handiagoa ateratzen dio Donald Trump egungo AEBetako presidenteari, hiru aste barru izango diren hauteskundeei begira.
Galdeketak ondorioztatu duenez, boto emaileen %57k Bideni bozkatzeko asmoa dute, eta bakarrik %40k esaten dute Trumpen alde egingo duela. AEBetako CNN telebistak beste galdeketa bat egin zuen hilaren hasieran, eta horretan bi hautagaien arteko tartea 16 puntukoa zen, Bidenen alde. Beraz, Opiniumen galdeketak orain arteko abantailarik handiena ematen dio hautagai demokratari.
Irailetik hona, bost puntu irabazi ditu Bidenek, itaunketaren arabera. Horrez gain, badirudi demokratak lortu duela bere aldekoak boto emateko mobilizatzea: orduan, %75k zuen asmoa bozkatzeko, eta hil honetan, %82k. Trumpen gai gogokoenetan ere nagusi da Biden, inkestatzaileen arabera: ekonomiaren inguruan, %45 Bidenen aldekoa da, eta %43 Trumpen aldekoa.
2016ko hauteskundeekin konparatuta, orduko hautagai demokrata Hillary Clinton ere gaizki ikusten zuten boto emaile gehienek. Haatik, Bidenen onarpen tasa %18 inguru da, positiboan (Trumpena, %11, baina negatiboan). Bozkatzeko eskubidea dutenen artean, %52k begi onez ikusten du Bidenen kanpaina. Demokrata Trump baino zaharragoa da (77 urte Bidenek, 74 urte Trumpek), baina galdetutako gehienek (%48) uste dute egungo presidentea baino sasoitsuago dagoela buruz.
Floridako bataila
Galdeketak galdeketa, baliteke AEBetan oro har nagusi den hautagaiak presidentetza galtzea, herrialdeko kongresukide banaketak eraginda. Hala gertatu zitzaion Hillary Clintoni 2016. urtean: boto gehiago jaso zituen, baina gako diren estatuetan galdu zuen. Esaterako, Kaliforniak 39,5 milioi biztanle ditu, eta 55 kongresukide hautatzen ditu. Floridak, berriz, biztanleen erdiak ditu, baina 29 ordezkari. Horregatik, azken asteotan, batez ere gako diren estatu horietan arituko dira hautagaiak. Adineko estatubatuar askok Florida aukeratzen dute erretiroa bizitzeko leku gisa, eguraldi gozoarengatik. Aste hasieran, Floridan eman zuen Trumpek COVID-19 gainditu osteko lehen mitina. Sasoitsu dagoen eta birusari irabazi dion gizon sendo gisa agertu nahi izan zuen horien aurrean; esan zien «Superman» sentitzen zela koronabirusaren tratamenduaren ostean. Besteak beste, esteroideak (dexamethasona) eman zizkioten medikuek.
Bidenek ere adinekoak hartu ditu gogoan atzo Floridan eginiko ekitaldian. Trump presidenteak adinekoak «zakarretara botatzeko modukotzat, ahazteko modukotzat» dituela esan zien Bidenek. «Trumpi axola zaion adineko bakarra, antza, bera da». Haren ekitaldietan errepublikanoak maskararik gabe eta elkar besarkatzen ibili direla salatu du Bidenek, aitona-amonek bilobak ikusteko aukerarik ez duten bitartean.
Baina Trumpek Bideni barre eginez erantzun du. Twitterren irudi bat argitaratu du: horretan, fotomuntaketa batean agertzen da Biden, gurpil aulki batean, Biden presidenterako mezua Biden erresidentziarako bihurtuta. Adineko jendeari barre egitea egotzi diote Trumpi. Galdeketen arabera, Biden 3,7 puntu ateratzen dizkio Trumpi Floridan. |
2020-10-14 | https://www.berria.eus/albisteak/188293/esako-urtegiko-lanak-geldiarazi-dituztela-ukatu-du-teresa-riberak.htm | Gizartea | Esako urtegiko lanak geldiarazi dituztela ukatu du Teresa Riberak | Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministroak adierazi du ingeniari eta adituekin ziurtatuko duela segurtasuna «edozein urrats egin aurretik» | Esako urtegiko lanak geldiarazi dituztela ukatu du Teresa Riberak. Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministroak adierazi du ingeniari eta adituekin ziurtatuko duela segurtasuna «edozein urrats egin aurretik» | Teresa Ribera Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako ministroak gaur Kongresuan esandako hitzek nahasmena eragin dute. Kontrol saioan, adierazi du Esako urtegia handitzeko lanetan ez dutela urrats bat aurrera egingo harik eta bideko ingeniariekin azpiegitura handitzea «erabat segurua» dela ziurtatu arte:
Adierazpenon aurrean, Esa-ez plataformak ondorioztatu du obrak gelditu egingo dituela Espainiako Gobernuak eta hala nabarmendu dute sare sozialetan. Haatik, Teresa Riberak berak erantzun egin dio interpretazio horri: «Ez da egia. Aldiz, bai da egia gure konpromisoa segurtasunarekin, zaintza iraunkorrarekin eta txosten teknikoei ematen diegun arretarekin, tartean Bideko Ingeniarien Elkargoaren ikuskaritzarena».
Kontrol saioan, Riberak aipatu du 2018ko uztailean hartu zuten lehen erabakietako bat izan zela lanen segurtasunari buruzko txosten bat eskatzea Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoari, «Ez dugu urrats gehiago eginen haiekin kontrastatu arte erabat segurua dela bide berean segitzea», esan du hitzez hitz.
Espainiako Kongresuan egin ditu adierazpenok, gaurko kontrol saioan. EH Bilduk eta EAJk galdera sorta bana erregistratu zuten gaiari buruz, Uraren Kultura Berria erakundeak argitaratutako azken txostenak lanen segurtasuna auzitan jarri ostean. |
2020-10-14 | https://www.berria.eus/albisteak/188294/inflazioak-negatibo-jarraitzen-du-hego-euskal-herrian.htm | Ekonomia | Inflazioak negatibo jarraitzen du Hego Euskal Herrian | Azken urtean %0,3 jaitsi dira prezioak, batez ere erregai eta energia merkeagoen ondorioz. | Inflazioak negatibo jarraitzen du Hego Euskal Herrian. Azken urtean %0,3 jaitsi dira prezioak, batez ere erregai eta energia merkeagoen ondorioz. | Kontsumo prezioen indizea %0,2 igo zen irailean Hego Euskal Herrian, INEk gaur emandako datuen arabera. Batez ere oinetakoak eta jantziak garestitu dira: %6,4 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %5,6, berriz, Nafarroan. Halaber garestitu dira etxebizitzarekin lotutako gastuak, hala nola argindarra, ura eta gasa: %0,6 Nafarroan eta %1 beste hiru lurraldeetan.
Azken atal horrek, ordea, beherantz tira egin die prezioei azken urtean —Nafarroan, -%3,4, eta EAEn, -%0,9—, oro har argindarra merkeagoa izan delako aurten. Edonola ere, sektore anti-inflazionista nagusia erregaiak dira, koronabirusaren krisiak eta konfinamenduak petrolio kontsumoa asko jaitsi dutelako eta horrekin batera prezioak iazkoen behetik daudelako. Zehazki, -%4,7 EAEn, eta -%5,6 Nafarroan. |
2020-10-14 | https://www.berria.eus/albisteak/188295/uxue-alberdik-euskadi-saria-irabazi-du-kontrako-eztarritik-saiakerarengatik.htm | Kultura | Uxue Alberdik Euskadi saria irabazi du 'Kontrako eztarritik' saiakerarengatik | Idoia Santamariak itzulpengintza saria jaso du, Ingeborg Bachmannen 'Aldibereko' lana euskaratzeagatik | Uxue Alberdik Euskadi saria irabazi du 'Kontrako eztarritik' saiakerarengatik. Idoia Santamariak itzulpengintza saria jaso du, Ingeborg Bachmannen 'Aldibereko' lana euskaratzeagatik | Joan zen astean jakinarazi zituzten aurtengo Euskadi Literatura sarien irabazleetako lau, eta gaur zabaldu dituzte saiakerari eta itzulpengintzari dagozkionak. Uxue Alberdik saiakera saria irabazi du, Kontrako eztarritik lanarengatik. Idoia Santamariak itzulpengintza saria jaso du Ingeborg Bachmannen Aldibereko lana euskaratzeagatik.
Bestalde, Aixa de la Cruz idazleak irabazi du gaztelerazko literaturako Euskadi saria, Cambiar de idea lanagatik; eta Borja Barraguek gaztelerazko saiakerakoa, Larga vida social a la democracia saioagatik.
Emakume bertsolarien bizipenak jaso zituen Alberdik Kontrako eztarritik (Susa) liburuan. Hamabost bertsolarirekin mintzatu zen, tartean Amaia Agirre Arrastoa, Ainhoa Agirreazaldegi Rekondo, Maialen Akizu Bidegain, Miren Amuriza Plaza, Maider Arregi Markuleta, Miren Artetxe Sarasola, Maddalen Arzallus Antiarekin. Haien testigantzetan oinarrituta, emakume bertsolarien jarduna mugatzen duten hainbat mekanismo zerrendatu zituen: akatsa barneratzea; gizonen "kidetzat", ez-emakumetzat hartuak izatea; itxuragatik epaituak izatea; infantilizazioa, aitakeria eta aitapontekotza; bazterkeria, ikusezintasuna eta gizonen arteko aliantzak; gutxiespena; desautorizazioa...
«Emakume modura irakurria izateak eragin al dizu? Eta eragin badizu, nola eragin dizu bertsotan egiteko orduan?». Galdera hori egin zien Alberdik hamabost solaskideei. «Garai diferenteetan plazaraturiko bertsolarien ahotsak biltzen saiatu naiz, ahalik eta adin tarte zabalena barnebiltzen, eta jende aurreko esperientzia luzea edo esanguratsua izan duten bertsolariak jasotzen. Lagin esanguratsua da, eta lagin horrek jasotzen du emakume bertsolarien kontakizuna, denen artean josten dutena», esan zuen Alberdik.
Bachmann narratzaile
Ingeborg Bachmann poeta gisa ezagunagoa bada ere, narratiban ere aritu zen. Santamariak haren Aldibereko ipuin sorta itzuli zuen. Bost ipuin dira, eta bakoitzak emakumezko bat du protagonista. Pertsonaia horiek eratzeko eta taxutzeko modua nabarmendu dute. |
2020-10-14 | https://www.berria.eus/albisteak/188296/petxarromanek-ezezagunerako-bidaia-mundua-klima-eta-ekologia-krisian-liburua-aurkeztu-du.htm | Gizartea | Petxarromanek 'Ezezagunerako bidaia. Mundua, klima eta ekologia krisian' liburua aurkeztu du | Larrialdi klimatikoari buruzko kazetaritza liburua idatzi du BERRIAko kazetariak, eta hainbat gai landu ditu: historia, ingurumenaren egungo egoera, Euskal Herriko politikak, COVID-19ak izandako eragina... BERRIAk, Jakin-ek eta Elkarrek bultzatutako Aleka bildumako hamargarren lana da. BERRIA dendan eskura daiteke liburua. | Petxarromanek 'Ezezagunerako bidaia. Mundua, klima eta ekologia krisian' liburua aurkeztu du. Larrialdi klimatikoari buruzko kazetaritza liburua idatzi du BERRIAko kazetariak, eta hainbat gai landu ditu: historia, ingurumenaren egungo egoera, Euskal Herriko politikak, COVID-19ak izandako eragina... BERRIAk, Jakin-ek eta Elkarrek bultzatutako Aleka bildumako hamargarren lana da. BERRIA dendan eskura daiteke liburua. | «Munduko arazo globalena da, denoi eragiten diguna, gizakiok eta azken hamarkadetako sistema ekonomikoak eragindakoa». Xabier Eizagirre Jakin argitaletxeko editoreak horregatik uste du ezinbestekoa dela ingurumenaren gaia Aleka kazetaritza kroniken bilduman egotea, eta hala azaldu du gaur sortako hamargarren zenbakiaren aurkezpenean: Iñaki Petxarroman BERRIAko kazetariaren Ezezagunerako bidaia. Mundua, klima eta ekologia krisian.
Sei atal ditu lanak, eta Petxarromanek hurrenez hurren azaldu ditu aurkezpenean. Lehen atalean aferaren historia landu du, arreta, nagusiki, dena ukatzeko izan diren saiakeretan jarrita; bigarrenak, berriz, antropozenoaren gaia du hizpide, eta aztertzen du gizakiaren jardunak nola eragin duen bizi dugun garai geologikoan. Hirugarren atalean egungo egoera aztertu du Petxarromanek: tenperaturen igoera, deforestazioa, CO2 isurketen gorakada, natur hondamendien hazkundea...
«Eta, Euskal Herrian? Zer egiten ari gara ondo, zer gaizki?». Hori da laugarren atalaren gaia, eta ondorioa argi du kazetariak: «Europako bagoiaren atzealdean gaude». Horregatik, etorkizuneko erronkak landu ditu bosgarren atalean, eta seigarrenean, azkenekoan, COVID-19ak eragindako egoera bereziak larrialdi klimatikoan izandako eraginei buruz idatzi du.
Idazleak espero du liburuak gogoetarako balioko duela, eta argi du aldaketak ahalik eta azkarren egin behar direla «mundu hobe batean bizi ahal izateko».
Urteetako lanaren emaitza
Petxarromanek urteak daramatza kazetaritzan, lehenik Euskaldunon Egunkarian, eta, ondoren, BERRIAn; hango zuzendariorde ere izan da zortzi urtez. Bere ibilbideko azken urteetan ingurumenaren auzian espezializatu da nagusiki, eta lan horretan landutako edukien emaitza da gaur aurkeztu duen liburua.
Datorren ostegunean Martin Ugalde Foroan izango da Petxarroman, Andoainen (Gipuzkoa), parte hartu duten hainbat aditurekin batera. Ezezagunerako bidaia. Mundua, klima eta ekologia krisian liburua BERRIA dendan eskura daiteke.
«Klima aldaketa ez ezik, bioaniztasunaren galera ere eten egin behar da» |
2020-10-14 | https://www.berria.eus/albisteak/188297/osakidetzan-hiru-egunetarako-greba-deialdia-egin-dute-sindikatuek.htm | Gizartea | Osakidetzan hiru egunetarako greba deialdia egin dute sindikatuek | Araban, greba urriaren 29an izango da, osasun etxe guztietan eta langile guztientzat; Gipuzkoan, azaroaren 5ean, eta Bizkaian, berriz, azaroaren 12an. | Osakidetzan hiru egunetarako greba deialdia egin dute sindikatuek. Araban, greba urriaren 29an izango da, osasun etxe guztietan eta langile guztientzat; Gipuzkoan, azaroaren 5ean, eta Bizkaian, berriz, azaroaren 12an. | Osakidetzako sindikatu guztiek –ELAk, SATSEk, SMEk, LABek, CCOOk, UGT-k, ESK-k, FAEk eta UTEFEk– greba deialdia egingo dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zentro guztietan, osasun publikoak pairatzen dituen «sakoneko eta egiturazko arazoetarako» konponbidea eskatzeko. Araban, greba deialdia urriaren 29an izango da; Gipuzkoan, azaroaren 5ean, eta Bizkaian, azaroaren 12an.
Sindikatu guztien izenean, ELAko Esther Saavedrak eta eta SATSEko Amaia Mayorrek azaldu dute Osakidetzak «gabezia larriak» dituela, eta sindikatuek urteak eman dituztela horiek salatzen eta neurriak eskatzen: «Pandemiak larriagotu ditu Osakidetzaren sakoneko eta egiturazko arazoak, baina arazo horiek ez dira birusarekin agertu, eta ez dira birusarekin batera joango», esan dute.
Arazo horien artean, lan gainkarga —bereziki nabarmena lehen arretako zerbitzuan, baina ospitaleetan eta osasun mentaleko zentroetan ere agerikoa dena—, langileen «akidura», behin-behinekoen tasa handia, pribatizazioak eta beste zenbait aipatu dituzte. «Ez da asmo oneko adierazpenak egiteko garaia, ekitekoa baizik», erantsi dute.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu berriaren jarrerari dagokionez, sindikatuek esan dute haren asmoa izan dela sindikatuekin banakako bilerak egitea, «elkar ezagutzen hasteko». «Guk erantzun diogu egoera larria dela, premiazkoa dela irtenbideak mahai gainean jartzea, eta horretarako hobe zela sindikatu guztiekin batera biltzea», esan dute, «baina, hala ere, onartu dugu haren proposamena». Sindikatuen arabera, bilera horietan sailak ez du neurririk azaldu: «Egoera bitxia da; sailburua berria da, baina Osakidetzako zuzendaritzako gainerakoak ez, eta ondo dakite zeintzuk diren gure aldarrikapenak, aspaldikoak direlako».
Sindikatuek esan dute orain arte «arduraz» jokatu dutela, eta hala egingo dutela aurrerantzean ere: «Alarma egoera amaitu arte itxaron genuen mobilizazioei ekin aurretik, eta orain ere itxaron dugu bigarren olatuko datuak apaldu arte. Egoera larriagotuko balitz, prest geundeke greba deialdiak atzeratzeko. Baina administrazioak ere arduraz jokatu behar du, eta soluzioak proposatu». |
2020-10-14 | https://www.berria.eus/albisteak/188298/uztailetik-bi-pertsona-hil-dira-koronabirusagatik-baionako-ospitalean.htm | Gizartea | Uztailetik bi pertsona hil dira koronabirusagatik Baionako ospitalean | Epidemia hasi zenetik, 15 dira Baionako ospitalean hildakoak. Positibo eman duten 22 paziente artatzen ari dira, horietarik lau suspertze zerbitzuan. | Uztailetik bi pertsona hil dira koronabirusagatik Baionako ospitalean. Epidemia hasi zenetik, 15 dira Baionako ospitalean hildakoak. Positibo eman duten 22 paziente artatzen ari dira, horietarik lau suspertze zerbitzuan. | Osasun krisia hasi zenetik, zaila izan da Ipar Euskal Herriko datuak jakitea, Eskualdeko Osasun Agentziak Pirinio Atlantikoetako zenbakiak eman baititu, Ipar Euskal Herrikoak zein diren zehaztu gabe. Goizean, Baionako ospitaleko Michel Glanes zuzendariak zenbaki zenbait eman ditu France Bleu irratian. Martxotik, guztira, hamabost izan dira Baionako ospitalean koronabirusagatik hil direnak; horietarik bi uztailetik. Atzo, 22 paziente zeuden kutsatuta ospitalean, horietarik lau suspertze zerbitzuan. 53 eta 66 urte artean dituzte suspertze zerbitzuan direnek.
«Udaberrian» 326 paziente artatu dituzte, eta 23 egon dira suspertzean garai hartan. Azpimarratzekoa da Glanesek ez duela epidemiaren garapen zehatzik eman; hala, ezinezkoa da zenbakien bilakaera lortzea. Bestalde, ospitaleko PCR proba gunean positibo tasa %12 da: osasun arloko langileek eta pertsona zaurgarriek dute lehentasuna gune horretan.
Guztira 110 langile baino gehiago geldituak dira ospitalean, hurbileko kontaktu izan direlako, haurdun direlako edo zaurgarri direlako.
Oraingoz, lehen fasean segitzen du ospitaleak. Ez dute egin beharreko operaziorik gibelatu, eta aurreikusitako harrera egiten ari dira, betiere protokolo sanitarioa aplikatuta. |
2020-10-14 | https://www.berria.eus/albisteak/188299/australiako-koral-hesi-handiak-koralaren-erdia-galdu-du-1995-urtetik.htm | Mundua | Australiako Koral Hesi Handiak koralaren erdia galdu du 1995. urtetik | Queenslandeko ikertzaileek ondorioztatu dute galerarik handiena 2016 eta 2017 artean gertatu zela, eta planetaren berotzearekin lotu dute. | Australiako Koral Hesi Handiak koralaren erdia galdu du 1995. urtetik. Queenslandeko ikertzaileek ondorioztatu dute galerarik handiena 2016 eta 2017 artean gertatu zela, eta planetaren berotzearekin lotu dute. | Australiako ipar-ekialdeko kostako Koral Hesi Handiak 2.300 kilometro ditu, eta 34.870.000 hektarea inguruko azalera. Unescok gizateriaren ondare izendatu zuen 1981. urtean, baina azken boladan biotopoak pairatzen duen egoeraz ohartarazi dute mundu osoko hainbat zientzialarik. Orain argitaratu duten ikerketa baten arabera, uharriak koralaren erdia baino gehiago galdu du azken 25 urteotan.
«Uste izan dugu Koral Hesi Handia babestuta zegoela tamaina ikaragarria duelako, baina gure emaitzek erakusten dute munduko uharri sistemarik handiena eta gutxi gorabehera ongi zaindurikoa arriskuan dagoela, gero eta gehiago, eta gain behera», idatzi dute Queenslanden (Australia) ARC koral uharriak aztertzen dituen institutuak. Gainbehera horren arrazoia klima larrialdia dela adierazi dute zientzialariok. «Ezin dugu denbora galdu», gaineratu dute: «Berotegi efektua eragiten duten gasen isurketa murriztu behar dugu ahalik eta lasterren».
Koralek kolorea galdu dute azken mende erdian, itsasoaren tenperatura igo egin delako. Hala gertatzen zaie tenperaturaren igoerarengatik zooxanthellae izeneko itsas belarra kanporatzen dutenean. Itsas belar txiki horiek oxigenoa —eta, bide batez, kolorea— ematen diete koralei. Izan ere, uharria sistema konplexua da, espezie asko dituena: 400 koral mota, 4.000 molusku espezie eta 1.500 arrain espezie.
Gehienbat orein adar koralak eta lauak galdu dira, ikerketaren arabera. Batez ere 2016an eta 2017an galdu zuen kolorea uharriak.
Ikertzaileek urte luzez pentsatu dute uharriak bere onera itzultzeko ahalmena zuela. Baina azken boladan gero eta ezkorrago daude: «Gure emaitzek erakusten dute Koral Hesi Handiak berriz sendotzeko ahalmen txikiagoa duela lehen baino, kume gutxiago daudelako, eta kumeak egiten dituzten heldu gutxiago», idatzi du Andy Dietzel ikertzaileak, James Cook Unibertsitatekoak.
Industrializazioaren aurreko garaiarekin parekatuta, planetaren batez besteko tenperatura gradu bat igo da, eta Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du beste gradu erdi bat igotzen bada munduko koralen %90 galduko direla.
Uharriaren balio ekologikoaz gain, Queenslanden ekonomiaren bultzatzaileetako bat da, turista asko erakartzen dituelako. |
2020-10-14 | https://www.berria.eus/albisteak/188300/espetxe-zaintzaren-kudeaketa-oso-eskasa-dela-salatu-dute-nafarroan.htm | Politika | Espetxe Zaintzaren «kudeaketa oso eskasa» dela salatu dute Nafarroan | Etxerat-ek, Salhaketak, Sarek eta Altsasuko Gurasoek kritikatu dute pandemian murriztu egin zaizkiela eskubideak, konfinamenduan zein ondorengo hilabeteetan, Iruñeko espetxean diren 264 presoei zein Nafarroatik kanpo diren 184ei. | Espetxe Zaintzaren «kudeaketa oso eskasa» dela salatu dute Nafarroan. Etxerat-ek, Salhaketak, Sarek eta Altsasuko Gurasoek kritikatu dute pandemian murriztu egin zaizkiela eskubideak, konfinamenduan zein ondorengo hilabeteetan, Iruñeko espetxean diren 264 presoei zein Nafarroatik kanpo diren 184ei. | Konfinamenduan kartzelak itxi ziren, eta egungo egoeran komunikazioak eta jarduerak murriztu dira, eta bakartzea erabiltzen da osasun neurri gisa. Iruñeko espetxean, kasurako, presoei ez zaie maskararik banatu, eta funtzionarioen artean hainbatek ez dute erabiltzen. Etxerat-ek, Salhaketak, Sarek eta Altsasuko Gurasoek Nafarroako Gobernuari eskatu diote espetxeetako osasunaren ardura hartzeko, eta Espainiako Espetxe Zaintzari, presoen eskubideak errespetatzeko, «kudeaketa oso eskasa» izan baita.
Lau erakundeok #SOSpresoakCovid-19 agiria kaleratu zuten apirilean, konfinamenduak espetxeetan izandako ondorioak kritikatuz. Maiatzaren erdialdean espetxeetako ateak berriro irekitzen hasi baziren ere, egoera ez da hobetu. Gaur, egoerari buruzko agerraldia egin dute.
Iruñeko espetxeko egoera
Iraileko azken datuen arabera, Iruñeko espetxean 264 preso daude (apirilean 307 zeuden). Maiatzaren erdialdean hasi ziren irteteko baimenak ematen, itzultzean hamalau eguneko bakartzea onartzeko konpromisoarekin. Egun, Espetxe Zaintzaren agiri baten arabera, bakartzea soilik COVID-19arekin lotutako arriskuekin bete behar da, baina, egiazki, sistematikoki egiten da. Presoek bakartzea ziegan egiten dute, eta ez osasun eremu batean. «Ez dago irizpide finkorik. Batzuek bi egun egiten dituzte, eta beste batzuek, hamar», azaldu du Libertad Francesek, Salhaketako ordezkariak.
Erakundeon arabera, oso zaila da espetxe barruko informazioa izatea, baina, jakin dutenaren arabera, ez da segurtasun neurririk betetzen. Francesen arabera, presoen artean ez da maskararik banatu, eta hainbat funtzionariok ere ez dute erabiltzen. Maskara bisean biseko komunikazioetarako soilik ematen zaie presoei, eta maskara bakar hori hamar egunetarako izaten da (abuztu erdialdetik, baina, bisean biseko komunikazioak etenda daude).
Halaber, mediku gabezia dagoela salatu dute. Pandemia hasi zenean, Nafarroako Gobernuak orduka kontratatutako mediku bat soilik zegoen: oraintxe bertan hiru mediku daude, baina «eurek ere aldarrikatzen dute ez dela nahikoa», Francesen arabera. «Osasun krisia etorri aurretik ere espetxe guztietan mediku defizit handia zegoen».
Egun, azaldu dutenez, kristaleko komunikazio bidez dute harremana presoek euren senideekin eta lagunekin. Bisean biseko komunikazioei berrekin arren, abuztu erdialdera eten ziren, eta hala jarraitzen dute Iruñean. Espetxe Zaintzako zuzendaritzak webgunean iragartzen du bideo deiak egiteko aukera eman dutela, baina, lau erakundeon arabera, «Iruñean bideo deiak egiteari utzi zitzaion kristal arteko komunikazioak berrezarri zirenean». Datu gisa, adierazi dute espetxe zaintzak komunikazioak errazteko sakelakoak banatzeko asmoa adierazi zuela: Espainiar estatuan diren 50.000 presoren artean 200 sakelako banatu ditu.
Bi preso hil dira
Barruko jarduerak ere eten egin direla salatu dute erakundeok, eta horietako batzuk oso garrantzitsuak direla deritzote. Adibidez, hezkuntza etenda dago, eta droga menpekotasunaren zein buruko osasunaren tratamendua ere bai. Libertad Francesek jakinarazi du hilabeteotan bi preso hil egin direla Iruñean, «nahiz eta ez den albiste izan». Horri gaineratu behar zaio Zaballan, adibidez, urte hasieratik lau preso hil direla.
Nafarroatik kanpo, 184 preso nafar daude 42 kartzeletan banatuta. Horietatik 33tan ez dago bisean biseko komunikaziorik, eta zortzitan, aldiz, bai. Etxerat-eko Gorka Garciak nabarmendu du preso horien egoera hobetu egingo litzatekeela baldin eta gertuko kartzeletara hurreratuko balituzte.
Gaurko agerraldian gogorarazi dute nazioarteko erakundeek gomendatzen dutela presoen eskubideak errespetatuko dituzten neurriak hartzeko, baina, lau erakundeon arabera, Espetxe Zaintzak kartzelak ixteko eta eskubideak urratzeko bidea hartu dute Espainian. Beste alternatibak badirela gogorarazi dute, eta Nafarroako Gobernuari eskatu diote osasun arloko eskumenak hartzeko kartzelatan. |
2020-10-14 | https://www.berria.eus/albisteak/188301/zarrakaztelu-eta-cadreita-konfinatu-egingo-dituzte.htm | Gizartea | Zarrakaztelu eta Cadreita konfinatu egingo dituzte | Astebetean 65 lagun hil dira COVID-19arengatik. Guztira, 786 kasu atzeman dituzte Hegoaldean. | Zarrakaztelu eta Cadreita konfinatu egingo dituzte. Astebetean 65 lagun hil dira COVID-19arengatik. Guztira, 786 kasu atzeman dituzte Hegoaldean. | Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak jakinarazi duenez, Zarrakaztelu eta Cadreita itxiko dituzte ostegunetik ostiralerako gauerdian, eta konfinamenduak astebete iraungo du, luzatzeko aukerarekin. Oraingoz, ez dute zehaztu zein arrazoirengatik sartu eta atera ahal izango den herri horietatik. Herri horietan positibo ugari atzeman dituztelako hartu dute erabakia; hain zuzen, Zarrakaztelun, 100.000 biztanleko 4.289 kasu dituzte, eta Cadreitan, 4.328. Iruñeari dagokionez, 100.000 biztanleko 779 kasu daude. «Oso gertutik kontrolatzen ari gara Iruñeko egoera, adierazleak eta intzidentzia».
Hegoaldeko datuak hartuta, berriz, jaitsiera bat ikus daiteke azken egunetan. Beste 786 kasu atzeman dituzte: Nafarroan, 376; Gipuzkoan, 186; Bizkaian, 179; eta Araban, 39. Gaur emandako datuak joan den asteazkenetik —681 izan ziren orduan— jakinarazitako txikienak da. Positibo tasa ere bide beretik jotzen ari da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan — %7,8koa zen atzo emandako emaitzetan, eta %5,5ekoa gaurkoetan—: Nafarroan, ordea, %11,8tik %12,5era igo da. Horrenbestez, Indurainen hitzetan, Nafarroako datuak «handiak, txarrak eta arduratzeko modukoak» dira: «Ez dugu ezkutatzen».
Joan den astean COVID-19arengatik hil ziren pertsonen kopurua ere jakinarazi dute: beste 61 lagun hil dira gaitzaren eraginez. Osakidetzak ez du oraingoz horiei buruzko beste daturik eman, eta bihar aztertuko dituzte, prentsaurreko batean. Nafarroako Gobernuak erantsi du atzo beste bi hildako izan zirela.
Pandemiaren eraginaren berri izateko, gakoak dira ospitaleratzeak, baita gaixo horien egoera ere. Ospitaleratzeek goia jo dute Hegoaldean, eta atzo beste 53 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten Hegoaldean; orotara, 545 gaixo daude ospitaleratuta. Horien osasunari dagokionez, 81 daude ZIUetan. |
2020-10-14 | https://www.berria.eus/albisteak/188302/atzeratu-egin-dute-xabier-lete-gezur-eta-egia-gurea-ekitaldia.htm | Kultura | Atzeratu egin dute 'Xabier Lete: gezur eta egia gurea' ekitaldia | Parte hartzaile batek positibo eman du koronabirusean. Datozen egunetan esango dute noiz egingo duten ikuskizuna. | Atzeratu egin dute 'Xabier Lete: gezur eta egia gurea' ekitaldia. Parte hartzaile batek positibo eman du koronabirusean. Datozen egunetan esango dute noiz egingo duten ikuskizuna. | Aurten dira hamar urte Xabier Lete hil zela, abenduaren 4an. Haren obra eta figura aztertu dituzten lanen sokan heltzekoa da Xabier Lete: gezur eta egia gurea ekitaldia. Bihar egin behar zuten aurkezpena, Donostian. Izan ere, Donostia Kulturaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren bultzada izan du proiektuak, eta 30 kulturgilek baino gehiagok hartuko dute parte omenaldian, Frantxis Lopez Landatxek osatu duen gidoiari jarraituta. Parte hartzaile horietako batek positibo eman du koronabirusean, eta biharko aurkezpena atzeratzea erabaki dute. Datozen egunetan adieraziko dute noiz egingo duten.
Nagore Plazaola izan da lanaren ekoizlea, eta Fernando Bernues arduratu da zuzendaritza artistikoaz. Bernuesek egin zion gidoiaz arduratzeko proposamena Lopez Landatxeri, zeinak Gipuzkoako Aldundiak lanean hatsean ezagutu zuen kantaria eta poeta, aspaldi. «Sartu berriak ginen Imanol Murua [Gipuzkoako kultura diputatua orduan], Xabier eta hirurok. Urte horietan ezagutu genuen elkar, eta hortik aurrera lagun egin». Haren izaera «anitza» gogoan hartuta aritu da omenaldiko ekitaldia atontzen orain. «Xabierrek bazuen biluzteko erraztasun handia; lotsatia izan arren, bere poesian eta kantuetan egiten zuen hori».
Musikariak, olerkariak, bertsolariak, idazleak eta dantzariak izango dira ikuskizunaren parte. Luzea da zerrenda: Bernardo Atxaga, Pier Paul Berzaitz, Itxaro Borda, Eñaut Elorrieta, Igor Estankona, Luis Garde, Aintzane Galane, Pascal Gaigne, Jon Gerediaga, Karmele Jaio, Mariasun Landa, Oihana Lekuona, Anjel Lertxundi, Jon Martin, Alaia Martin, Jabier Muguruza, Pello Ramirez, Olatz Salvador, Asier Serrano, Antton Valverde, Argia dantza taldeko kideak eta beste. |
2020-10-14 | https://www.berria.eus/albisteak/188303/arabako-bizkaiko-eta-gipuzkoako-lurzoru-eta-ibai-ugaritan-dago-lindanoa.htm | Gizartea | Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurzoru eta ibai ugaritan dago lindanoa | Nerbioi eta Ibaizabal ibaien arroetako (Bizkaia) sei gunetan legez onartutakoa baino lindano kantitate handiagoa atzeman dela jakinarazi du Ekologistak Martxan talde ekologistak. | Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurzoru eta ibai ugaritan dago lindanoa. Nerbioi eta Ibaizabal ibaien arroetako (Bizkaia) sei gunetan legez onartutakoa baino lindano kantitate handiagoa atzeman dela jakinarazi du Ekologistak Martxan talde ekologistak. | Ekologistak Martxan erakundeak ohartarazi duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurzoru eta ibai ugari lindanoarekin kutsatuta daude. Talde ekologistak aurkeztu berri duen txosten batean jasota dago salaketa hori; Lindano: ondare toxiko baten gaurko egoera izena du azterlanak, eta bertan 2017. eta 2018. urteetan egindako lindano analisien ondorioak jaso dituzte. Talde ekologistarentzat, «bereziki kezkagarria» da Nerbioi eta Ibaizabal ibaien arroen inguruko (Bizkaia) sei gunetan atzeman den lindano kopurua: 2017an eta 2018an substantzia toxiko horren urteko kantitatea legez onartuta dagoen mailatik gora egon zen sei eremutan. Bildutako datuak Uraren Euskal Agentziak egindako 1.667 analisitatik atera ditu Ekologistak Martxan-ek.
Horrez gainera, talde ekologistak jakinarazi du 2017an Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurzoru eta ibaietan egindako analisien %,1,4k gainditu zutela legez onartutako lindano kantitatea, eta «bereziki kezkagarria» dela 2018ko datua, aztertutako lurzoru eta ibaien %11,9k gainditu zutelako legez onartutako muga.
Ekologistak Martxan-ek gogoratu du lindanoa substantzia oso arriskutsua dela, eta hainbat kalte eragin diezazkiela bizidunei. Pestizida gisara erabili izan da, eta OME Osasunaren Mundu Erakundeak minbizia eragin dezaketen produktuen zerrendan sartu zuen 2015ean. Lindano hondakinen kudeaketa falta dago auzi honen atzean, Javier Vazquez Ekologistak Martxan taldeko ordezkariaren iritziz: «Agintariek ez dituzte behar bezala kudeatu hondakin horiek, eta herentzia hori jasotzen ari gara orain».
Taldeak eskatu du lindanoa desagerrarazteko, eta administrazioei eskatu die neurriak ezartzeko kontrolatuta ez dauden isuriak detektatzeko eta hondakinen, lurzoruen eta uren deskontaminazioa egiteko. |
2020-10-14 | https://www.berria.eus/albisteak/188304/enrichek-eta-lunak-bideoa-grabatu-zutela-onartu-dute.htm | Kirola | Enrichek eta Lunak bideoa grabatu zutela onartu dute | Silvestreri egotzi diote bideoa zabaltzea bi futbolariek. Lunak eta Enrichek damua azaldu dutenez, eta kalte-ordaina emango diotenez biktimari, akusazioak eta fiskalak bi urtera jaitsi dute zigor eskaria. Silvestrerentzat bi urte eta egun bateko zigorra eskatu du fiskalak, eta hiru urtekoa akusazioak. | Enrichek eta Lunak bideoa grabatu zutela onartu dute. Silvestreri egotzi diote bideoa zabaltzea bi futbolariek. Lunak eta Enrichek damua azaldu dutenez, eta kalte-ordaina emango diotenez biktimari, akusazioak eta fiskalak bi urtera jaitsi dute zigor eskaria. Silvestrerentzat bi urte eta egun bateko zigorra eskatu du fiskalak, eta hiru urtekoa akusazioak. | Gaur hasi da, Donostian, Sergi Enrich Eibarko jokalariaren eta Antonio Luna jokalari ohiaren aurkako epaiketa. 2016an emakume batekin sexu harremanak izaten ari zirela baimenik gabe bideo bat grabatu eta zabaltzea egotzita, bost urteko espetxe zigorra eskatzen zuten harentzat. Bi urte eta erdi eta hiru artekoa Eddi Silvestre jokalariarentzat bideoa zabaltzeagatik. Enrichek eta Lunak bideoa grabatu izana onartu dute, baina Silvestreri leporatu diote zabaldu izana. Halaber, damua azaldu dute egindakoagatik. Hala, fiskalak eta akusazioak bi urtera jaitsi dute haientzako zigor eskaria. Silvestreren kasuan, fiskalak bi urte eta egun bateko zigorra eskatu du, eta akusazioak, hiru urtekoa. Defentsak Enrichen eta Lunaren aurkako zigor eskariak onartu ditu. Biktimak 110.000 euroko kalte-ordina jasoko du, eskatzen zen baino handiagoa. Horrek ere ekarri du zigor eskaria jaistea.
Enrichek eta Lunak deklaratu dute "onartutako sexu harremanak" izan zituztela neskarekin. Kontatu dutenez, Lunak Enrichen telefonoarekin grabatu zuen bideoa. Gero Eddie Silvestre jokalariari pasatu ziotela gaineratu dute, eta hark zabaldu zuela. Silvestrek, haatik, adierazi du ez dela gogoratzen Enrichek bidali zionik bideoa, eta uste duela taldeko Whatsappetik jaso zuela. Halaber, nabarmendu du Enrichek askotan jartzen zituela halako bideoak, eta ez ziotela esan baimenik ez zuenik bideoa zabaltzeko. Gaineratu du bideoa jaso bezain laster ezabatu egin zuela, eta ez ziola inori bidali.
Lekukoen artean izan dira Pedro Leon eta Dani Garcia futbolariak. Pedro Leonek Eibarren segitzen du, eta Dani Garcia Athleticeko jokalaria da orain. Biek ukatu dute bideoa taldearen Whatsappean jarri zela. Biktimaren lagun batek ere deklaratu du, eta adierazi du berak esan ziola bideoa zabaltzen ari zela, eta hark berehala deitu ziola Enrichi, hura geratzeko eskatuz, eta telefonoa eskegi eta salaketa jartzera joan zela. |
2020-10-14 | https://www.berria.eus/albisteak/188305/estatutua-eguneratzea-aurreikusten-ez-duen-gobernu-programa-bat-aurkeztu-du-jaurlaritzak.htm | Politika | Estatutua eguneratzea aurreikusten ez duen gobernu programa bat aurkeztu du Jaurlaritzak | 2016ko gobernu programan, Jaurlaritzak berariaz lehentasunen artean sartu zituen Gizarte Segurantzaren Araubide Ekonomikoaren eskumenen transferentzia. Orain, ez dira lehentasunen artean ageri. | Estatutua eguneratzea aurreikusten ez duen gobernu programa bat aurkeztu du Jaurlaritzak. 2016ko gobernu programan, Jaurlaritzak berariaz lehentasunen artean sartu zituen Gizarte Segurantzaren Araubide Ekonomikoaren eskumenen transferentzia. Orain, ez dira lehentasunen artean ageri. | Eusko Jaurlaritzak atzo aurkeztu zuen 2020-2024 legealdirako gobernu programa, eta hura Eusko Legebiltzarraren esku utzi eta gero egin da publiko. 131 orrialdeko dokumentu batean jaso ditu datozen lau urteetarako asmoak: hamar helburu eta 149 konpromiso.
Horien artean nabarmendu daiteke Euskal Autonomia Erkidegoaren autogobernuaren atalak izan duen bilakaera. Duela lau urte, EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernuak propio jasotzen zuen "estatutu ituna eguneratzeko" konpromisoa, eta, besteak beste, legebiltzarreko batzorde txostengilearekin "lankidetzan" aritzeko asmoa azaldu zuen itun hori eguneratzeko. "Eusko Jaurlaritza, PNVren eta PSEren artean lortutako gobernu akordioarekin bat etorrita, autogobernuaren batzorde txostengilearen esanetara jarriko du, eskatu beste informazio, aipatutako batzordearen helburuak betetze aldera", erantsi zuen 2016ko dokumentuan, eta hala egin izan du azken legealdian, zenbait dokumentu Autogobernu Lantaldearen esku utzita.
Haatik, estatutua eguneratzeko asmoei ez zaie erreferentziarik egiten 2020-2024 aldirako programan, azken zortzi urteetan gaiak gobernu programetan izandako lekua galduta. Autogobernuaren alorrean, "lortutako autogobernuaren defentsa" egingo du Jaurlaritzak, eta berriro ere jaso du 1979ko estatututik transferitzeke dauden eskumenen zerrenda.
Hor bada ñabardura bat. 2016ko agirian, zerrenda osoa sartzeaz gain, bi eskumen eskualdatzeari lehentasuna eman zien Jaurlaritzak: espetxe eskumenari eta Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoari. Orain, Jaurlaritzak giza eskubideen atalera eraman du eskumen horren transferentzia lortzeko helburua. Gainera, espetxe eskumenaren atalean, euskal presoak euren "familia ingurunetik hurbilago dauden espetxeetara lekuz aldatzea" babestuko du gobernuak, "[Espainiako] Konstituzioak eta espetxe legeriak orientatutako terminoetan".
Gizarte Segurantzaren transferentzia, berriz, ez du espresuki aipatu, eta gaiaren inguruko "azterlanak abiatzea" izango da egitekoa.
Eskola publikoa, "funtsezkoa"
Oro har, duela lau urteko programan baino bost helburu gutxiago zehaztu ditu Jaurlaritzak -hamabostetik hamarrera-, eta, horietan, aurreko helburu batzuei eusten die gobernuak: langabezia tasa %10etik behera jaistea, esaterako.
Beste atal batzuei dagokienez, hezkuntzan esaterako, Jaurlaritzak Hezkuntzaren Lege bat onestea jarri du xede, "eskola publikoaren funtsezko papera eta izaera laikoa aitortu eta sustatzeko eta aukera berdintasuna bultzatzeko irakaskuntza maila guztietan ikasteko, pertsonen bizitokia, egoera pertsonala, soziokulturala eta ekonomikoa edo eskolatuta dauden zentroa gorabehera, hezkuntza zentro guztien bikaintasuna bilatuz".
Azpiegituren arloan, Jaurlaritzak 34. konpromisoan jaso du euskal Y-a amaitzea Donostian, Irun, Ezkio (Gipuzkoa), Bilbo eta Gasteizko estazioak eraikita, eta Donostiako metroaren obrak amaitzea.
Hondakinen eremuan, berriz, gobernuak 131. konpromisoan jaso duenez, "arriskutsuak ez diren hondakin industrialen gaikako bilketarako, karakterizaziorako, biltegiratzeko eta balorizaziorako kudeaketa publikoko zentro bat abian jartzea sustatuko" du, "puntako zentro europar bat izan dadin".
Aurrez iragarri bezala, Jaurlaritzak gobernu programan jaso du legealdian osasun arloko 4.000 langile kontratatzeko asmoa. Dokumentuaren arabera, horiei "hautaketa edota promozio prozesu eredu berriak" ezarriko dizkiete, "Eusko Legebiltzarrak onetsitako eta proposatutako neurriak gehituz, gardentasuna, justizia eta zuzentasuna bermatze aldera".
"Uko egitea"
EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriartek kritika egin dio Jaurlaritzari, gobernu programan estatus berriaren inguruko aipamenik egiten ez duela-eta. “Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatus politiko berri bat lortzeari uko egitea” egotzi die Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari zein EAJri: “Ez dugu ulertzen estatus berriari uko egitea, gai hori EAJk eta Urkulluk urteetan defendatu duten oinarrietako bat izan denean, kontsulta habilitantea bezala, baina hori ere baztertu zuten”.
Gernikako Estatutua "osorik betetzearekin konformatzea" leporatu dio Iriartek Urkulluri: "Baina gaur egun pentsaezina da 40 urte dituen lege hori nahikoa izango dela herri honek aurrean dituen erronkei erantzuteko”. Bada, Iriarteren hitzetan, “EAJk eta Urkulluk euskal herritarrei azaldu behar diete zergatik erabaki duten burujabetzaren bidea alde batera uztea, zergatik estatus berria ez den orain beharrezkoa herri honen interes politiko, ekonomiko eta sozialak babesteko”. |
2020-10-14 | https://www.berria.eus/albisteak/188306/gizonezko-bat-atxilotu-dute-azpeitian-alemanian-hilketa-bat-egitea-egotzita.htm | Gizartea | Gizonezko bat atxilotu dute Azpeitian, Alemanian hilketa bat egitea egotzita | 50 urteko gizonezko bat da, eta Europako atxilotze agindu bat zuen. | Gizonezko bat atxilotu dute Azpeitian, Alemanian hilketa bat egitea egotzita. 50 urteko gizonezko bat da, eta Europako atxilotze agindu bat zuen. | Ertzaintzak 50 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur Azpeitiko (Gipuzkoa) hotel batean, Alemanian hilketa bat egitea egotzita. Ertzaintzak gizonezkoa identifikatu, eta, ihes egindako pertsona bat izan zitekeela susmatu ostean, atxilotu egin du. Hain zuzen, Europako atxilotze agindu bat zuen.
Atxilotua polizia etxera eraman dute, eta gaur eguerdian gelditu da epailearen esku. |
2020-10-14 | https://www.berria.eus/albisteak/188307/pertsona-bat-hil-da-istripu-batean-almandozen.htm | Gizartea | Pertsona bat hil da istripu batean, Almandozen | Istripua izan dute auto batek eta kamioi batek, eta autoaren gidaria hil da. Beste pertsona bat zaurituta eraman dute ospitalera. | Pertsona bat hil da istripu batean, Almandozen. Istripua izan dute auto batek eta kamioi batek, eta autoaren gidaria hil da. Beste pertsona bat zaurituta eraman dute ospitalera. | Kamioi baten eta auto baten istripua gertatu da gaur eguerdian N-121-A errepidean, Almandozen (Nafarroa), eta autoaren gidaria hil egin da. Autoan beste pertsona bat ere bazegoen, eta «oso larri» zaurituta eraman dute Nafarroako ospitalera. Anbulantziak, suhiltzaileak eta inguruko medikuak joan dira istripua gertatu den tokira. |
2020-10-14 | https://www.berria.eus/albisteak/188308/lortu-dute-akordioa-gipuzkoako-metalgintzan.htm | Ekonomia | Lortu dute akordioa Gipuzkoako metalgintzan | UGTk ez beste sindikatu guztiek eman diote baietza hitzarmenari. ELAren baietzaren ostean, beste babes bat falta zen, eta LABek akordioarekin bat egitea erabaki du patronalak berdintasun batzorde bat martxan jartzea eskaini ondoren | Lortu dute akordioa Gipuzkoako metalgintzan. UGTk ez beste sindikatu guztiek eman diote baietza hitzarmenari. ELAren baietzaren ostean, beste babes bat falta zen, eta LABek akordioarekin bat egitea erabaki du patronalak berdintasun batzorde bat martxan jartzea eskaini ondoren | Gipuzkoako itunik handienean, metalgintzan (40.000 langile inguru), hitzarmen berria adostu dute sindikatuek eta patronalak. Patronalak mahairatutako azken proposamena ELAk bakarrik onartu zuen, eta beste sindikaturen baten babesaren zain zegoen, hark ordezkaritza handiena duen arren —ia %49— ez baitzen nahikoa eragin orokorreko akordio bat egiteko. Hala, gaur LABek eta CCOOk ere baietza eman diote akordio berriari, Adegik eginiko berritasunak direla medio, eta itxi dute negoziazioa. Nahiz eta UGTk ez duen nahikotzat jo. Hitzarmenak 40.000 lagun ingururi eragiten die.
Gipuzkoako patronalak adierazi zuen eskain dezakeen akordiorik onena eskaini duela, iritsi dela mugara, eta pilota sindikatuen teilatuan dagoela. Baina hori helarazi eta egun gutxira, mahaira deitu zituen. Genero berdintasuna zegoen LABek aipatutako gabezien artean, esaterako, eta Adegik alor horretan mugitu du fitxa. Berdintasun batzorde bat jarriko dute martxan, edukiarekin eta egutegi batekin; izan ere, 2009ko ituna egin zutenetik, adostuta zegoen berdintasun batzordea eratzea. Kontua da urteotan ez dela batzarrik egin. Orain, berriro martxan jarriko dute. Gainera, langileen osasun azterketak lanordu gisa zenbatuko dira aurrerantzean. «Gehiago» lor zitekeela uste du sindikatu abertzaleak, baina itunari ateak irekitzea deliberatu du. CCOOk gauza bera egin du, sindikatu abertzaleen gehiengoa lortuta zegoela jada. UGTk ez.
%8,8ko igoera
Bestela, Adegiren proposamenak 2011tik 2019ra arteko %8,8ko soldata igoera jasotzen du —atzerako eraginez—, baita dietetan, bidaietan eta abarretan ere; eta %0,8koa 2020. urterako. 2021erako eta 2022rako, berriz, KPIa bermatzen du sektoreko enpresa guztientzat. Ez litzateke dirurik itzuliko KPIa negatiboa balitz. Horrez gain, lan erreformaren aurkako blindatze klausulak daude, baita ultraaktibitate mugagabea ere. Azken aldagai horrek ibilbide oso luzeko akordio bihurtuko luke itun hori.
Gainera, Adegik azpikontratatuentzako subrogazioa onartu du, mantentze lanetan, biltegian eta logistikan, garbiketa industrialean eta telefono instalazioetan. «Enpresa nagusitik kanpoko milaka langileri lan egonkortasuna emango die horrek», ELAren ustez. Eta finkatu dute gehienez ere urtebetekoa izango dela aldi baterako lanerako enpresen bidezko kontratazioa. Gainera, soldata aldaketa kolektiboak akordio bidez bakarrik aplikatu ahal izango dira. Eta, espresuki jaso dute Gipuzkoako hitzarmena aplikatzeko lehentasuna ere, Espainiakoaren gainetik.
Pandemiaren atarian izan zuten sindikatuek eta Adegik metalgintzaren ituna berritzeko lehen bilera, otsailaren amaieran. Udaz geroztik hasi ziren berriro aldeen arteko negoziazioak, betiere Bizkaiko metalgintzan lortutako akordioaren itzalpean, iazko abenduan. ELAk Adegiren azken proposamena onartu zuen. Eta gaur gauza bera egin dute LABek eta CCOOk. |
2020-10-14 | https://www.berria.eus/albisteak/188309/indarrez-ere-badaki-irabazten.htm | Kirola | Indarrez ere badaki irabazten | Arnaud Demarek laugarren aldiz gailendu aurtengo Giroan. Porto Sant'Elpidio eta Rimini arteko etapan, berriz ere hura izan da bizkorrena esprintean. Sasoiko hamalaugarrena du. Joao Almeidak lider segitzen du. | Indarrez ere badaki irabazten. Arnaud Demarek laugarren aldiz gailendu aurtengo Giroan. Porto Sant'Elpidio eta Rimini arteko etapan, berriz ere hura izan da bizkorrena esprintean. Sasoiko hamalaugarrena du. Joao Almeidak lider segitzen du. | Peter Saganek (Bora) hainbeste desio zuen garaipena lortu eta gero, berriro ere Arnaud Demareren nagusitasuna bueltatu da Giroko esprintetara. Groupama FDJko txirrindulariak irabazi du Porto Sant'Elpidio eta Rimini arteko etapa, eta laugarren garaipena lortu du aurtengo lasterketan. Sasoi honetan hamalaugarrena du frantziarrak. Igandetik aurrera errepidea malkartzen hasi bitarte, hura da Giroko protagonista. Abiaduragatik ez ezik, indarragatik ere irabazten duela erakutsi du oraingo honetan.
Atzo Giroa hankaz jarri zen, koronabirusagatik Jumbo Vismak eta Mitchelton Scottek lasterketa utzi baitzuten. Oraingoan, lasaiago izan da eguna. Etapa Giroko hamaikagarrena zen, Emilia Romagna probintziaren barruan. Esprintean amaitzea espero zen, salbu eta ihesaldi batek aurrera egin. Horretan ahalegindu dira bost txirrindulari: Mattia Bais (Androni), Fabio Mazzucco eta Francesco Romano (Bardiani), Sander Armee (Lotto Soudal) eta Marco Frapporti (Vini Zabu). Gehienez hiru minutu eta erdiren aldea lortu dute.
Groupama FDJk, Cofidisek eta UAEk egin dute kontrol lana, eta iheslariak harrapatuz joan dira. Armee izan da eutsi dion bakarra. Hortzak ondo estutu, eta sei kilometro falta ziren arte ez dute harrapatu. Etapa espero bezala amaitzear zegoen: esprintean. Ohi bezala, Ignatas Konovalovas eta Jacopo Guarnieri taldekideek ondo babestu eta kokatu dute Demare, eta, hanketan duen indarra eta abiadura erakutsiz, garaipena lortu du. Bigarren izan da Sagan, eta hirugarren izan da Alvaro Jose Hodeg (Deceuninck). Haren taldekide Joao Almeidak lider segitzen du. |
2020-10-14 | https://www.berria.eus/albisteak/188310/etxeratze-agindua-izanen-da-paris-inguruan-eta-beste-zortzi-metropolitan.htm | Mundua | Etxeratze agindua izanen da Paris inguruan eta beste zortzi metropolitan | Larunbatetik aitzina, sei astez, ezingo da kalera atera 21:00etatik 06:00ak arte. Ipar Euskal Herrian, sei lagun elkartzen ahalko dira gehienez. | Etxeratze agindua izanen da Paris inguruan eta beste zortzi metropolitan. Larunbatetik aitzina, sei astez, ezingo da kalera atera 21:00etatik 06:00ak arte. Ipar Euskal Herrian, sei lagun elkartzen ahalko dira gehienez. | Emmanuel Macron Frantziako presidenteak neurri murritzaileak ezarri ditu «birusa aktiboen dagoen» lekuetan. Ile-de-France eskualdeak, eta beste zortzi hiri nagusik etxeratze agindua bete beharko dute, 21:00tatik 06:00ak arte, larunbatetik aitzina. Sei astez iraungo du neurriak osasun larrialdian dauden hirietan: Grenoblen, Lillen, Lyonen, Rouenen, Saint- Etiennen, (Frantzia) Aix-Marseillan, Tolosan, eta Montpellieren (Okzitania).
Etxeratze agindua indarrean dagoen ordutegietan, ostatuek hetsirik egon beharko dute, publikoa hartzen duten beste egitura guztiek bezala. Egunotan zehaztekoa du Macronek zein izanen diren etxeratze agindua gainditzeko «salbuespen egoerak», hala nola lana eta osasun arrazoiak.
Zehaztu du Frantziako Poliziak kontrolak eginen dituela, eta agindua errespetatzen ez duenak 135 euroko isuna ordaindu beharko du. Neurri horrek gehien hunkitzen dituen lan sektoreek «egoeraren araberako diru laguntzak» ukanen dituztela segurtatu du, eta langabezia partziala berriz aktibatuko dutela. Telelana bultzatzeko erabakia enpresen eta lantegien esku utzi du Macronek.
Bestalde, ez da izanen Frantziako Estatuko eskualde batetik bestera mugitzeko neurri murritzailerik. Omiasainduko bakantzak heldu direla eta, debekurik ez du iragarri, baina «arduraz jokatzeko» eskatu du.
Neurri «arinagoak»
Etxeratze agindua ez den lekuetan eta, beraz, Ipar Euskal Herrian, hamar pertsonatik sei pertsonara murriztu ditu Macronek elkarretaratzeak, ostatuetan eta leku publikoetan. Horrez gain, maskara ezartzen, probak egiten eta distantziak errespetatzen segitu beharko dute herritarrek. |
2020-10-15 | https://www.berria.eus/albisteak/188339/eskoziarren-58k-independentziaren-alde-bozkatuko-lukete-orain.htm | Mundua | Eskoziarren %58k independentziaren alde bozkatuko lukete orain | AEBetako enpresa batek eginiko galdeketaren arabera, Erresuma Batutik bereiztea da eskoziar gehienen «asmo finkatua». | Eskoziarren %58k independentziaren alde bozkatuko lukete orain. AEBetako enpresa batek eginiko galdeketaren arabera, Erresuma Batutik bereiztea da eskoziar gehienen «asmo finkatua». | Inoizko gehiengorik handiena lortuko luke Eskoziaren independentziaren aldeko aukerak beste erreferendum bat egitekotan. AEBetako Ipsos Mori enpresak eginiko galdeketaren emaitzen arabera, independentzia eskoziarren %58ren «asmo finkatua» da gaur.
SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko buru Keith Brownek esan du datorren urteko bozetatik independentziaren aldeko alderdien gehiengo argia ateratzen bada Londresek ezingo duela galarazi bigarren erreferenduma egitea. 2014. urtean egin zuten lehen erreferenduma Eskozian independentziaren inguruan, eta ezetzak irabazi zuen, botoen %55rekin. Baina Erresuma Batuak Europako Batasunetik ateratzeko harturiko erabakiak eragin handia eduki du eskoziarren iritzian, haietako gehienek EBn geratzearen alde bozkatu baitzuten.
Galdekaturikoen %64k adierazi dute Erresuma Batuko Gobernuak beste erreferendum bat egiteko baimena eman beharko lukeela SNPk gehiengoa lortzen badu datorren urteko Eskoziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan.
Halere, ez du ematen Londres prest dagoenik galdeketa egiteari oniritzia emateko. Inkestaren inguruan galdetu zioten atzo gobernuko eledun bati, eta hark esan zuen 2014ko erreferendumak belaunaldi oso baterako lotzen zuela, hau da, 30 bat urterako.
Galdeketaren arabera, SNP nagusi da boto asmoan (%47-58), eta Eskoziako Berdeek beste %9 aterako dute.
«Galdeketak bultzada emango die abertzaleei, eta panorama beltza jartzen die unionistei», esan du Ipsos Moriko zuzendari Emily Grayk. |
2020-10-15 | https://www.berria.eus/albisteak/188340/pentsioak-09-igotzeko-asmoa-du-espainiako-gobernuak.htm | Ekonomia | Pentsioak %0,9 igotzeko asmoa du Espainiako Gobernuak | Kopuru hori aipatu du Bruselara bidalitako aurrekontu planean, baina negoziagarria da. Erretiro aurreratuak gehiago zigortzeko proposamena salatu dute sindikatuek. | Pentsioak %0,9 igotzeko asmoa du Espainiako Gobernuak. Kopuru hori aipatu du Bruselara bidalitako aurrekontu planean, baina negoziagarria da. Erretiro aurreratuak gehiago zigortzeko proposamena salatu dute sindikatuek. | Estutasunak gorabehera, Espainiako Gobernuak ez du asmorik pentsioak izozteko. Europako Batzordera bidaliko duen aurrekontu planean aipatu du 2021ean %0,9 igoko dituela pentsio publikoak. BPGaren deflatorearen ehuneko bera da hori, hau da, espero duen inflazioaren adinakoa. 2020an ere %0,9 handitu zituen pentsioak Pedro Sanchezen gobernuak, eta, horri esker, erosteko ahalmena handitu zaie aurten Hego Euskal Herriko pentsiodunei. Izan ere, koronabirusaren krisiak eraginda, prezioek beheranzko bidea hartu dute azken hilabeteetan, eta urtea maila negatiboan bukatzeko aukera handia dago. Irailera arte, urte arteko inflazioa -%0,3 da Hegoaldean.
Bruselari kopuru bat aipatzeak ez du derrigorrez esan nahi hori izango denik azkenean aplikatuko dena, Espainiako Gobernuan dauden bi talde politikoek, PSOEk eta Unidas Podemosek, ez dutelako gehiengorik Espainiako Gorteetan, eta talde txikiagoen babesa beharko dutelako aurrekontu proiektua onartzeko. Baina kopuru horrek erakusten du Madrilek ez duela asmorik pentsioak eguneratzeko egungo legeak dioena zorrotz betetzeko. Izan ere, PP agintean zegoen garaian indarrean jarritako lege horrek dio pentsioak %0,25 handitu behar direla Gizarte Segurantzak defizita badu. Defizit hori handitu egingo da aurten, langabeziaren hazkundea kotizazioetan bildutakoa murrizten ari delako.
Eguneratzeko indizea oraindik indarrean dago, baina ez da bete 2017tik, eta pentsioen erreforma aztertzen ari den diputatuen taldean, Toledoko Itunean, dago indizea bertan behera uzteko, eta KPIari lotutako indize berri bat ezartzeko.
Hain zuzen ere, pentsio sistemaren erreforma lantzen ari da Espainiako Kongresuko lantalde bat, eta hark aurki amaituko ditu bere egitekoak, eta bere gomendioak Pedro Sanchezen gobernuari igorriko dizkio. Era berean, aste honetan bertan, gobernua bilerak egiten hasia da Espainiako sindikatu eta patronal nagusiekin (CCOO, UGT eta CEOE) , erreformari heltzeko. Pentsioak eguneratzeko indize berria zehazteaz gain, erretiro adina atzeratzeko pizgarriak eta aurreratuentzako zigorrak jarri ditu gobernuak mahai gainean, sindikatuek jakinarazi dutenez.
2011ko erreformaren arabera, erretirorako legezko adina 65 urtetik 67ra igoko da 2027an, eta bere asmoa da benetako adina ahalik eta gehiena hurbiltzea legezkora. UGTk salatu duenez, horretarako, beste %8ko murrizketarekin zigortu nahi ditu erretiro aurreratuak. Ostegun honetan kaleratutako ohar batean gogoratu du pentsiodun askok jada % 40rainoko beherapena jasaten ari direla horregatik, eta salatu du «astakeria» bat litzatekeela kopuru hori are gehiago handitzea.
Sindikatuak nabarmendu du egoera horretan daudenen %80k enpresek behartuta hartu duela erretiroa, eta ohartarazi du kolektibo hori nabarmen haziko dela datozen urteetan: langabezian daudenen artean 55 urtetik gorakoen kopurua 2007an zeudenena halako hiru direla azpimarratu du.
Langile publikoak
Langile publikoen soldatari dagokionez, berriz, ikusteko dago zer erabakiko duen Espainiako Gobernuak. Soldata horiek izozteko aukera zegoela aipatu zuten gobernutik gertuko hainbat iturrik, baina neurri horren defendatzaileetako batek, Nadia Calviño Ekonomia ministroak, azken asteetan iradoki du inflazioa adina igotzeko asmoa dutela, erosteko ahalmena gal ez dezaten. Aurten %2 handitu dira soldata publikoak, eta %2,5, berriz, 2019. urtean. |
2020-10-15 | https://www.berria.eus/albisteak/188341/astekaria-buletina-argitaratuko-du-berriak-datorren-astelehenetik-aurrera.htm | Bizigiro | 'Astekaria' buletina argitaratuko du BERRIAk datorren astelehenetik aurrera | Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletin berria abian jarriko du BERRIAk datorren astelehenean. Izen bereko aplikazioa ordezkatuko du. | 'Astekaria' buletina argitaratuko du BERRIAk datorren astelehenetik aurrera. Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletin berria abian jarriko du BERRIAk datorren astelehenean. Izen bereko aplikazioa ordezkatuko du. | Astekaria buletina irakurri gabe utzi ezin diren artikuluak berreskuratzeko tresna bat izango da: aurreko astean argitaratutako ezinbesteko artikuluak hautatu, eta, posta elektronikoaren bidez, irakurlearen eskura jarriko ditu BERRIAk, astelehenero.
Buletinak lau eduki mota izango ditu. Batetik, asteko erreportaje sakonak bilduko dira, aktualitatearen gakoak lantzen dituztenak. Beste batetik, elkarrizketak eta lekukotasunak. Hirugarrenik, iritzi artikuluak eta analisiak. Azkenik, bestelako erreportaje eta kronikak. Azken batean, iraungitzen ez den artikulu bilduma bat osatuko da, asteburua eta aurreko astea errepasatzeko balia daitekeena, eta, nola ez, irakurgai interesgarriak deskubritzeko ere bai.
Buletina norberaren posta elektronikoan astelehenero jasotzeko, harpidetu besterik ez da egin behar: formularioan helbide elektronikoa idatzi, eta bidali. Astekarira harpidetzeko formularioa albiste buletinen atalean dago, gainerako buletinekin batera. BERRIAren webgunea eta sare sozialak kudeatzen dituzten kazetariek egingo dute aukeraketa.
Bost buletin
Astekaria buletin berria kontuan hartuz, bost buletin eskaintzen ditu BERRIAk. Goizero (astelehenetan izan ezik), BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen dituen buletin bat bidaltzen da. Arratsaldero, berriz, webgunean gehien irakurritako artikuluen bilduma bidaltzen da. Astelehenetik ostiralera, koronabirusaren krisiaren jarraipena egiten duen buletina bidaltzen da arratsaldeetan. Azkenik, ostiralero, euskal musikaren azken kantu, azken bideo, azken podcast, azken zerrenda eta azken berriekin osatutako buletina bidaltzen da. Buletin bakoitza independentea da, eta norberak aukeratzen du zein jaso nahi duen posta elektronikoan.
Astekaria albiste buletinak izen bereko aplikazioa ordezkatuko du. Astekaria aplikazioa 2015eko urrian kaleratu zuen BERRIAk, sakelako kontsumora bideratuta. Kontzeptua oso antzekoa zen: asteko artikulu hautatuen bilduma eskaintzea, sakelako aplikazio baten bidez. Baina aplikazioen mundua korapilatsua da, eta erabiltzaileen joera nagusia aplikazio kopuru mugatua erabiltzea da. Gaur egun Astekaria aplikazioa zenbat erabiltzen den ikusita, aplikazioa bertan behera uztea erabaki du BERRIAk, ahalegina beste proiektu batzuetara bideratzeko. |
2020-10-15 | https://www.berria.eus/albisteak/188342/espetxeetako-kudeaketa-martxorako-eskualdatuko-dio-madrilek-eusko-jaurlaritzari.htm | Politika | Espetxeetako kudeaketa martxorako eskualdatuko dio Madrilek Eusko Jaurlaritzari | Espainiako Gobernuak eskumenen transferentzien egutegi berria bidali dio Eusko Jaurlaritzari: martxoan abiatuko dituzte bigarren blokeari buruzko negoziazioak. | Espetxeetako kudeaketa martxorako eskualdatuko dio Madrilek Eusko Jaurlaritzari. Espainiako Gobernuak eskumenen transferentzien egutegi berria bidali dio Eusko Jaurlaritzari: martxoan abiatuko dituzte bigarren blokeari buruzko negoziazioak. | 1979ko estatutuan jasota dauden baina oraindik eskualdatuta ez dauden eskumenen transferentzien egutegi berri bat igorri dio Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari. Carolina Darias Espainiako Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroak gaur helarazi dio egutegi berriaren proposamena Jaurlaritzari, eta hark ontzat eman du proposamena, Josu Erkoreka lehendakariordearen eta Idoia Mendia bigarren lehendakariordearen ahotik. Hori horrela, martxoan abiatuko dituzte bigarren blokeari buruzko negoziazioak: besteak beste, espetxeetako eskumena dago zerrenda horretan.
Koronabirusaren pandemiak baldintzatu egin ditu bi gobernuen arteko negoziazioak, eta hasiera batean aurreikusitako epeak luzatu ditu. Espainiako Gobernuak egutegia aldatu du, nahiz eta negoziatzeko dauden transferentzien hiru blokeak bere horretan utzi ditu, bi gobernuek aurretik adostu zuten bezala. Erabakitzeko dagoen bigarren multzoan jaso dituzte 11 eskumen, eta horien artean dago espetxeen kudeaketa. Hasiera batean aurtengo abendurako eskualdatzea hitzartu zuten bi gobernuek, baina, egutegi berriaren arabera, 2021eko martxorako transferituta legoke. Iaz hitzartutako egutegian jasotako transferentzia multzoen arabera, bloke horretan daude eskumen hauek: aseguruak, segurtasuneko zerbitzu pribatuak, meteorologia, nekazaritza aseguruak, errepideko garraioa eta itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa.
Hirugarren multzoa, berriz, 2021eko urrian eskualdatuko litzateke, eta, besteak beste, honako hauek egongo lirateke: kreditu ofiziala, kreditua eta bankua, balioen merkatua, ikerketa eta laguntza teknikoko zentroak, hidrokarburoak, itsasoko laguntza, estatuko sektore publikoa, erakunde administrazioa (laguntza ETE eta berrikuntza teknologikorako), aldiriko trenen garraioa, aireportuak, interes orokorreko portuak, immigrazioa eta arrantza ikuskaritza.
Laugarren multzoari dagokionez, 2021eko azaroan hasiko lirateke negoziazioak eta 2022ko maiatzean amaitu. Multzo honetan, «Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoari lotutako gaiak aztertzen hastea» adostu zuten bi gobernuek.
Eusko Jaurlaritzak begi onez jaso du Espainiako Gobernuaren proposamena, eta garrantzia kendu dio egutegian aldaketak egiteari. Erkorekak gaur goizean azpimarratu du estatutua osorik betetzeko abiatutako bidea «berreskuratu» dela: «Hau da bidea». Erkorekak esan du Gernikako Estatutua osorik betetzeko aurrerapausoa dela, eta, helburu hori lortutakoan, autogobernuan «bestelako helburuak» ezartzen hasiko dela Jaurlaritza. Idoia Mendia Jaurlaritzako bigarren lehendakariordearen ustez ere «albiste ona» da bi gobernuek kronograma berria adostu izana, eta «elkarlanaren eta elkarrizketaren» isla dela esan du. |
2020-10-15 | https://www.berria.eus/albisteak/188343/frantziako-hainbat-kargudunen-etxeak-miatu-dituzte-jendarmeek.htm | Mundua | Frantziako hainbat kargudunen etxeak miatu dituzte jendarmeek | «Krisi sanitarioan ez esku hartu izanaren» akusaziopean ari dira egiten ikerketa, eta etxeak eta bulegoak miatu dizkiete Philippe lehen ministro ohiari, Veran Osasun ministroari, Buzyn Osasun ministro ohiari, Ndiaye gobernuko bozeramaile ohiari eta Salomon osasun arloko goi zuzendariari. | Frantziako hainbat kargudunen etxeak miatu dituzte jendarmeek. «Krisi sanitarioan ez esku hartu izanaren» akusaziopean ari dira egiten ikerketa, eta etxeak eta bulegoak miatu dizkiete Philippe lehen ministro ohiari, Veran Osasun ministroari, Buzyn Osasun ministro ohiari, Ndiaye gobernuko bozeramaile ohiari eta Salomon osasun arloko goi zuzendariari. | Olivier Veran Frantziako Osasun ministroaren, Jerome Salomon osasun arloko goi zuzendariaren, Agnes Buzyn Osasun ministro ohiaren, Sibeth Ndiaye Frantziako Gobernuaren bozeramaile ohiaren eta Edouard Philippe lehen ministro ohiaren etxeak eta bulegoak miatu dituzte goizean. Osasun Publikoaren eta Ingurumenaren Kalteen Kontrako Erakundeko jendarmeek egin dute operazioa. Ikerketa bat egiten ari dira krisi sanitarioan izandako «kudeaketa faltagatik».
Errepublikaren Justizia Auzitegiaren aitzinean —Frantziako ministroak epaitzen ahal dituen auzitegi bakarra da— salaketak ezarri zituzten hainbat pertsona eta eragilek; tartean, medikuak, abokatuak, presoak eta Koronabirusaren Biktimen Frantziako Elkartea. Auzitegiak bederatzi salaketa atxiki ditu guztira, eta ikerketa abiatu du. Salaketa jarri dutenek «krisi sanitarioa gaizki kudeatu izana» leporatzen diete Frantziako ministro eta ministro ohiei. «Arau hauste penalik» egin ote duten ala ez ikertzen ari dira. Bi urteko kartzela zigorra eta 30.000 euroko isuna arriskatzen dituzte.
Osasun ministroa bera eta Jean Castex lehen ministroa eguerdi aldera atera dira prentsaurrekora, baina bezperan Emmanuel Macron presidenteak jakinarazitako neurriez aritzeko. Macronek, etzitik aurrera, Paris hiribururako eta beste zortzi metropolitarako agindu du etxeratze agindua, Frantziako Estatu osoa osasun larrialdi egoerara itzultzeko agintzeaz gain.
Horrekin batera, Veranek eta Castexek adierazi dutenez, festa pribatuak debekatu egingo dituzte, eta jatetxeetara joatean izen-abizenak jakinarazi beharko dira, aztarnei kasu egiteko lanak errazteko.
France Info irratiari emandako elkarrizketa batean, Gabriel Attal gobernuaren eledunak gehitu du urtea amaitu baino lehen edo 2021.aren hasieran erabakiko dutela ea eutsiko dieten datorren urteko martxoko departamenduetako eta eskualdeetako hauteskundeei. |
2020-10-15 | https://www.berria.eus/albisteak/188344/osakidetzak-700-pcr-egingo-ditu-beasaingo-txindoki-institutuan.htm | Gizartea | Osakidetzak 700 PCR egingo ditu Beasaingo Txindoki institutuan | Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuak esan du «kasu batzuk» atzeman dituztela ikasleen eta irakasleen artean, eta birusaren hedapena eragoztea dela helburua. Gaur arratsaldean eta bihar goizean egingo dituzte probak. | Osakidetzak 700 PCR egingo ditu Beasaingo Txindoki institutuan. Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuak esan du «kasu batzuk» atzeman dituztela ikasleen eta irakasleen artean, eta birusaren hedapena eragoztea dela helburua. Gaur arratsaldean eta bihar goizean egingo dituzte probak. | «Egoera kezkagarriena Gipuzkoakoa da». Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak hala adierazi du gaur Euskadi Irratian, eta horren adibide da eman duen albistea: Osakidetzak Beasaingo (Gipuzkoa) Txindoki institutuko 700 ikasleri PCR probak egingo dizkie gaur eta bihar. Sailburuak azaldu du «kasu batzuk» atzeman dituztela ikasleen eta irakasleen artean, eta birusaren hedapena eragoztea dela helburua, kasu asintomatikoak ere bakartzea.
Ikasleen gurasoek atzo gauean jaso zuten ikastetxeko zuzendaritzaren mezu bat, azalduz Beasaingo osasun etxearen kanpoaldeko gunean PCRak egin beharko dituztela ikasleek. Ikasleei proba egin bitartean bakartzeko eskatu diete. Osakidetzaren txostenen arabera, azken bi egunetan 36 positibo atzeman dira Beasainen, eta kontuan izan behar da Txindoki institutuan inguruko herrietako ikasleak ere batzen direla.
Sagardui Goierriko eta Urola garaiko alkateekin bilduko da bihar, eskualdeko egoera epidemiologikoa aztertzeko. Sailburuak esan du «printzipioz» ez dutela uste bilera horretan neurri zorrotzagoak adostuko direnik, baina aitortu du kezkagarria dela egoera. Osasun Sailak duela bi egun eman zuen Azpeitian (Gipuzkoa) egiten ari diren baheketaren berri ere.
«Garaiz gaude oraindik»
Osasun sailburu berriak ardura eskatu die gaur herritarrei, «egoera kezkagarria bihur daitekeelako datuak hobetzen ez baditugu». Oraindik garaiz daudela uste du. Azpimarratu du «bizitza sozialean lasaitzen bagara» ez dela helburu hori lortuko, eta gogorarazi du kutsatze gehienak ospakizunetan eta lagunen edo senideen arteko topaketetan gertatzen direla.
Sagarduik hitzeman du berehala hasiko direla antigenoen testak erabiltzen, «oso baliagarriak direlako sintomak dituztenekin erabiltzeko». Ospitaleen egoera oraingoz ona dela esan du. |
2020-10-15 | https://www.berria.eus/albisteak/188345/hiriburuko-eskolako-esperimentazioa-onartu-du-frantziak.htm | Gizartea | Hiriburuko eskolako esperimentazioa onartu du Frantziak | Esperimentazioekin segitzeko borondatea erakutsi du Anne Bisagni-Faure Bordeleko akademia errektoreak, baina garapenaren baldintzak zehazteko beharra azpimarratu du. Euskarazko irakaskuntzarentzat koadro bat aurkitzeko gogoeta fase bat hasiko dutela ere iragarri dute. | Hiriburuko eskolako esperimentazioa onartu du Frantziak. Esperimentazioekin segitzeko borondatea erakutsi du Anne Bisagni-Faure Bordeleko akademia errektoreak, baina garapenaren baldintzak zehazteko beharra azpimarratu du. Euskarazko irakaskuntzarentzat koadro bat aurkitzeko gogoeta fase bat hasiko dutela ere iragarri dute. | «EEP salbatzea lortu dugu». Hitz horiekin bukatu du prentsaurrekoa Antton Kurutxarrik, «lasaitua» hartuta. Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordea EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari izendatu dute gaur arratsaldean, baina, ez da hori izan gehien poztu duen berria. Hiriburuko (Lapurdi) Baste Quieta eskola publikoan euskara hutsezko esperimentazioa baimenduko dutela iragarri du Anne Bisagni-Faure Bordeleko akademia errektoreak gaur arratsaldeko biltzar nagusia hasi eta berehala, uztailean abiatu zen krisiari bukaera emanez. «Finkatu behar dugu noiz hasiko den esperimentazioa», zehaztu du Kurutxarrik. «Gu denek nahi genuke ahal bezain fite izan dadin; haurrentzat inportantea da ahal bezain fite izan dadin». Azaroko oporren ondorena aipatu du: «zazpi eginahalak eginen ditugu».
Tentsioa espero zen biltzar nagusian, eta, bilkura aitzin, Frantziako estatuko ordezkariei harrera egin diete euskalgintzako kideek, euskarazko irakaskuntzaren aldeko pankartak eskuan. Baina bilkura «baikorra» izan dela erran dute Bisagni-Faurek eta Kurutxarrik. Hiriburuko esperimentazioa onartzeaz gain, Bordeleko errektoreak iragarri du etorkizuneko esperimentazioak ez dituztela errefusatuko, baina gauzapenaren baldintzak zehaztu nahi ditu Frantziako Hezkuntza ministerioak. Ondoko asteetan eginen dute lan hori. Halaber, euskarazko irakaskuntzarentzat koadro bat aurkitzeko gogoeta fase bat hasiko dutela ere iragarri dute, ama eskolatik lizeoraino, haurrek zinezko ibilbide bat izan dezaten.
Uztailean lehertu zen egoera, Frantziako Hezkuntza Ministerioak Baste Quieta eskola publikoan euskara hutsezko esperimentazioa hasteko eskaerari eman errefusarekin, eta ordutik ez da konpondu, gaur arte. Lau zango ditu EEPk: Euskal Hirigune Elkargoa, Pirinio Atlantikoetako departamendua, Akitania Berria eskualdea eta Frantziako Estatua. Euskarazko irakaskuntza eskaintza garatzeko 2017an adostu zuten hitzarmena betetzearen aldekoak dira lehen hirurak; estatuak, arrasta kolpe bat ematea erabaki zuen. Azken hilabeteetan, elkarrizketa eta mobilizazio andana izan dira Frantziari posizioa alda dezala eskatzeko; azkena, asteartean Ipar Euskal Herriko ordezkaritza batek Frantziako Hezkuntza Ministerioan egin zuen bilkura. Frantziaren blokeoak EEPren jarduna baldintza zezakeen. «Idatzi ez dugun eszenario bat da», aitortu zion BERRIAri, asteartean, Antton Kurutxarri Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordeak BERRIAri.
2008an hasi zen EEP ama eskola publikoetako sail elebidunetan euskara hutsezko esperimentazioak bultzatzen. Gaur egun, 38 esperimentazio daude orotara: 19 eskola publikoan eta beste 19 pribatu katolikoan. 2018an, oinarri-hitzarmena izenpetu zuten EEP osatzen duten lau erakundeek 2022 arte euskarazko irakaskuntza eskaintza garatu eta egituratzeko helburuarekin. Bertan, euskara hutsezko esperimentazioa bultzatu eta laguntzea adostu zuten. Olivier Dugrip garaiko Bordeleko akademia errektoreak izenpetu zuen Frantziako Hezkuntza Ministerioaren izenean. Alabaina, 2019ko ikasturte hasieran esperimentazioa abiatzeko eskatu zuten hiru eskolari ezezkoa eman zien Frantziako Hezkuntza ministerioak —G7koen goi bileraren giroan, eskaerak onartu zituen azkenean—. Aurten, Hiriburuko eskaera errefusatzea erabaki dute. Bordeleko errektoreak emandako argudioek sortu dute asaldura gehien orain arte, Izan ere, Alain Iriart Hiriburuko auzapezari bidalitako gutunean azaldu zuen 2019ko uztailaren 26ko Hezkuntza Legearekin irakaskuntza derrigorrezkoa dela 3 urtetik aitzina, eta, Frantziako 1958ko Konstituzioaren arabera, derrigorrezko irakaskuntza frantsesez egin behar dela, «Errepublikako hizkuntzan». Ondorioz, ez zuela gehiago onartuko «murgiltze ereduaren» esperimentaziorik.
Ordutik, elkarrizketa eta mobilizazio bat baino gehiago izan dira. Urriaren 10ean, ehunka pertsona bildu ziren Baionan euskalgintzak deitutako giza katean. Asteartean, Ipar Euskal Herriko hautetsiz osatutako ordezkaritza batek bilkura egin zuen Parisen. Kurutxarrirekin batera, Mathieu Berge eta Benedicte Luberriaga joan ziren, hurrenez hurren, eskualdeko eta departamenduko ordezkariak EEPn, baita Vincent Bru Modemeko diputatua eta Max Brison eta Frederique Espagnac LR eta PSko senatariak ere. Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroaren kabinetean afera pedagogikoen ardura duen David Bauduin kontseilariarekin bildu ziren. |
2020-10-15 | https://www.berria.eus/albisteak/188346/zergetan-2000-milioi-euro-gutxiago-bilduko-dute-ogasunek.htm | Ekonomia | Zergetan 2.000 milioi euro gutxiago bilduko dute ogasunek | Datorren urtean aurten galdutakoaren erdia baino gutxiago berreskuratuko dela kalkulatu du Finantzen Euskal Kontseiluak. | Zergetan 2.000 milioi euro gutxiago bilduko dute ogasunek. Datorren urtean aurten galdutakoaren erdia baino gutxiago berreskuratuko dela kalkulatu du Finantzen Euskal Kontseiluak. | Zenbaki txarrak jarri ditu mahai gainean Finantzen Euskal Kontseiluak. Aurten zerga bilketa %13,3 galduko dela kalkulatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek. Zenbaki osoetan, iaz baino 2.058 milioi euro gutxiago.
Eroriko handia da, historikoa, baina duela hilabete batzuk kalkulatutakoa baino hobea, bilketa 3.000 milioi edo %20 jaitsiko zela esan baitzuten krisiaren hasieran. Kopuru horiek apalduz joan dira azken hilabeteetan, besteak beste, errenta kanpaina ongi joan delako eta udan kontsumoak gorakada izan duelako.
Datorren urtean bilketak gora egingo duela uste dute ogasunek, baina ez aurten galdutakoa adina. Izan ere, 14,.250 milioi bilduko direla uste dute orain, aurten jaso daitezkeenak baino 838 milioi gehiago. Kopuru erlatiboetan, %6,25 handituko da bilketa.
Aurten gehien uzkurtu diren zergak dira datorren urtean gehien suspertzea espero denak. Kontsumoari lotutako zergak dira, hain zuzen ere. Horrela, BEZaren bilketa %11,3 handitzea espero dute Jaurlaritzak eta aldundiek (+560 milioi), eta zerga bereziena, berriz, %9,8 (+130 milioi). Igoera apalak espero dituzte, berriz, sozietate zergan (+%4,75) eta, batez ere, errenta zergan (+%1,3).
Duela urtebete egindako iragarpenetatik oso urruti geratuko da aurten bildutakoa. Aurreikuspen baikorra egin zuten duela urtebete Jaurlaritzak eta aldundiek, aurten 15.386 milioi euro jasoko zituztela iragarri baitzuten.
Zerga erreformarik ez
Bilketa asko jaitsi arren, Jaurlaritzak eta aldundiek nabarmendu dute ez dela zerga erreforma bat egiteko garaia, horrek jarduera ekonomikoari kalte egingo liokeela uste baitute.
Zorraren bitartez jasoko dute zergetan bildu ez duten dirua. Jaurlaritzak, esaterako, espero baino 1.600 milioi gutxiago izango ditu aurten. Horretatik 1.400 milioi inguru zor gehiago jaulkita lortuko dutela aipatu du Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak, eta gainontzekoa iazko kontuetan zeuden soberakinen bitartez estaliko dute. Azken urteetan, zorra nabarmen txikitu du Gasteizko gobernuak, eta merke zorpetzeko aukera duela nabarmendu du Azpiazuk. |
2020-10-15 | https://www.berria.eus/albisteak/188347/cafek-58-milioiko-lan-kontratuak-sinatu-ditu-estonian-eta-polonian.htm | Ekonomia | CAFek 58 milioiko lan kontratuak sinatu ditu Estonian eta Polonian | Solaris filialaren bidez, gas naturaleko 100 autobus elektriko egingo ditu Tallinnerako, 28 milioi euroren truke, eta beste 50 Poloniako lau hiritarako, 30 milioi eurorengatik. | CAFek 58 milioiko lan kontratuak sinatu ditu Estonian eta Polonian. Solaris filialaren bidez, gas naturaleko 100 autobus elektriko egingo ditu Tallinnerako, 28 milioi euroren truke, eta beste 50 Poloniako lau hiritarako, 30 milioi eurorengatik. | Tallinnen iaz egin zuen kontratua luzatzea lortu du CAFek, Solaris filialaren bidez. 2019aren amaieratik orain arte, gas naturaleko 80 autobus entregatu dizkio Estoniako hiriburuko Linnatranspordi as (TLT) enpresari, eta beste 20 unitate amaituko ditu urtea amaitu baino lehen. Guztira, beraz, 200 autobus salduko dizkio bi urtean.
Hamalau herrialdetan daude gas natural konprimatuarekin funtzionatzen duten Solaris Urbino modeloko ibilgailuak: Europan halako 1.300 autobus baino gehiago saldu ditu: besteak beste, Polonian, Alemanian, Norvegian, Suedian, Txekiar Errepublikan, Herbehereetan, Espainian, Frantzian eta Italian.
Estoniako eskaeraz gain, Poloniako Sosnowiec, Radom, Torun eta Szczecin hiriek ere beren autobus flotak handitzea erabaki dute, Solarisen modelo elektrikoekin: guztira 50 ibilgailu egingo ditu CAFek, eta kontratu horien bolumena 30 milioi eurotik gorakoa izango da. Horiek ere 2021ean entregatuko ditu.
Autobusen aldeko apustua
CAFek trenak ekoizten ditu nagusiki, baina, azken urteetan sektorean daukan konpetentzia izugarria dela-eta, negozioa dibertsifikatu behar izan du. Azken urteetan apustu handia egin du autobusen produkzioan, elektrikoetan bereziki, eta egun bere salmenten %25 da —%8 zen 2018an—: kontratuak ditu 70 hiritan. Urratsik handiena 2018an egin zuen, Poloniako Solaris autobus enpresa handia erosi zuenean, 300 milioi euroren truke.
Beasaingo (Gipuzkoa) multinazionalak urte hasiera txarra izan du: 35 milioi galdu ditu lehen seihilekoan, COVID-19aren eraginengatik. Martxoan eta apirilean produkzioa gelditu behar izan zuen aste batzuez, eta hainbat herrialdetan dituen mantentze zerbitzuak eten, eta gerora ere esportazioak eta lan kontratu berriak ez dira lehengora itzuli. Itxaropenak jarrita zituen urtea amaitu baino lehen Renfek esleitu asmo duen aldirietako trenak berritzeko kontratu handian (2.726 milioi euroko eskaera), baina horrek ihes egingo dion susmoa dauka.
Horrez gain, Castejonen (Nafarroa) duen lantegia (Trenasa) ixteko erabakia hartu du. |
2020-10-15 | https://www.berria.eus/albisteak/188348/bigarren-olatuko-kutsatu-kopururik-handiena-atzeman-dute-hegoaldean.htm | Gizartea | Bigarren olatuko kutsatu kopururik handiena atzeman dute Hegoaldean | 1.123 positibo detektatu dira azken orduetan Hego Euskal Herrian; egindako test horien %7,5ek eman dute positibo. Nafarroan dago egoerarik larriena, eta Gipuzkoan ere okerrera doa. | Bigarren olatuko kutsatu kopururik handiena atzeman dute Hegoaldean. 1.123 positibo detektatu dira azken orduetan Hego Euskal Herrian; egindako test horien %7,5ek eman dute positibo. Nafarroan dago egoerarik larriena, eta Gipuzkoan ere okerrera doa. | Nabarmen egin dute gora positiboen kopuruek azken orduetan Hego Euskal Herrian, eta bigarren olatuko kutsatu kopururik handiena atzeman da; guztira, 1.123 positibo. Herenegun, 786 kasu egon ziren. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, 14.481 PCR proba egin ziren atzo, eta test horien %7,75ek eman dute positibo. Zentzu txarrean, Nafarroa nabarmendu da ehuneko horretan, azken 24 orduetan egindako PCRen %12,6k eman baitu positibo (Munduko Osasun Erakundeak gomendatutako %5etik oso gora).
Lurraldez lurralde, Nafarroan erregistratu dituzte kasu gehienak: 444. Gipuzkoan ere egoerak okerrera jarraitzen du, 303 positibo egon baitira azken orduetan. Bizkaian 291 izan dira, eta Araban, 77. Gainontzeko zortziak EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean atzemandakoak direla jakinarazi du Osakidetzak.
Positibo tasa handia pilatzen ari da eremu batzuetan, eta gaurko txostenetan eremu batzuen egoeraz ohartarazi dute. Gipuzkoako eskualde batzuetan joera kezkagarria dute egunotan, eta Osakidetzaren txostenean gorriz seinalatuta ageri dira osasun eremu hauek: Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Ordizia, Alegia eta Tolosa. Hain justu, horietako bi herritan, Beasainen eta Azpeitian, baheketak egiten hasi dira. Araban, Gasteizko Sansomendi auzoan sumatu dute tasa handia azken bi asteetan, eta Bizkaian, Abadiño-Elorrio-Berriz osasun eremuan eta Markina-Xemeinen.
Nafarroan, positiboak pilatzen ari dira jende gehien bizi den eremuetan: Iruñerrian, Erriberan eta Arga-Aragoiko erriberan. Azken asteetan, hala ere, horietan ez ezik, positibo tasa handia izan dute Baztanen, Sakanan eta Erronkari-Zaraitzun ere. Erriberan, atzo, Zarrakaztelu eta Cadreita itxi zituzten. Asteburu honetan, Zarrakazteluko 1.800 herritarri PCR proba egingo diete. Oraingoz Iruñea ixteko asmorik ez dutela ohartarazi du Santos Indurain Osasun kontseilariak.
Ospitaleratuta daudenen kopurua egonkorragoa da. Oraintxe, 545 pertsona daude ospitalean, eta, hain zuzen, herenegun erregistratutako datu berbera da. Zainketa intentsiboetako unitatean ospitaleratuta daudenen kopuruak, ordea, gora egin du azken orduetan, eta, oraingoz, 86 pertsona daude ospitaleratuta, herenegun baino bost gehiago. Horietatik, lau Nafarroan izan dira, larrialdietan direnen kopurua 31etik 35era igo baita. Halaber, bost lagun hil dira azken 24 orduetan foru erkidegoan.
Adinaren araberako banaketa
Osakidetzak adinen araberako banaketa bat ere egin du. Jakinarazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, batez ere 40 eta 64 urte arteko pertsonak kutsatu direla azken orduetan; zehazki, 262 izan dira. 19 eta 39, eta 0 eta 18 urte artekoengan atzeman dituzte ostean positibo gehienak, hurrenez hurren. 80 urtetik gorako pertsonak dira gutxien kutsatu direnak.
Hala ere, txosteneko datuetan oinarrituta, 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa metaturik handiena 19 eta 39 urte arteko gazteengan atzeman dute: 340,7 pertsona. Gutxien, 65 eta 79 urte arteko helduengan. |
2020-10-15 | https://www.berria.eus/albisteak/188349/kubati-eta-latasa-errugabetzat-jo-dituzte-1986ko-bi-guardia-zibilen-hilketaren-auzian.htm | Politika | Kubati eta Latasa errugabetzat jo dituzte 1986ko bi guardia zibilen hilketaren auzian | Antton Lopez Ruiz eta Jose Miguel Latasa Getaria preso ohien aurkako «froga zuzenik» ez dagoela adierazi du Espainiako Auzitegiak. Joan zen astean epaitu zituzten. | Kubati eta Latasa errugabetzat jo dituzte 1986ko bi guardia zibilen hilketaren auzian. Antton Lopez Ruiz eta Jose Miguel Latasa Getaria preso ohien aurkako «froga zuzenik» ez dagoela adierazi du Espainiako Auzitegiak. Joan zen astean epaitu zituzten. | Antton Lopez Ruiz Kubati eta Jose Miguel Latasa Getaria preso ohiak epaitu zituzten joan zen astean Espainiako Auzitegi Nazionalean, 1986an Aretxabaletan (Gipuzkoa) izandako atentatu batean parte hartu zutelakoan. Eraso hartan bi guardia zibil hil zituen ETAk. Gaur heldu da epaia: bi akusatuak errugabetzat jo ditu auzitegiak, haien kontrako «froga zuzenik» ez dagoela argudiatuta.
Epaileek adierazi dutenez, akusatuen kontrako froga bakarra erasoan erabilitako PVCzko hodi batzuetan haien hatz markak agertu izana da. Ez dago, haatik, «beste zantzurik, eta are gutxiago froga zuzenik» esateko ezen Kubatik eta Latasak, hodiak ukitzeaz gain, erasoan parte hartu zutela. Izan ere, ez zuten topatu haien hatz markarik erasoan erabili baina lehertu ez ziren lehergailu batzuetan. Hori «bitxia» dela adierazi dute epaileek. Gainera, nabarmendu dute akusatuei zigorra jarri zaiela uztailaren 25eko gau berean beste eraso batean parte hartzeagatik, Guardia Zibilak Ordizian zuen kuartelaren kontrako eraso batean.
Lopezek eta Latasak epaiketan azaldu zuten ez zutela parte hartu Aretxabaletako atentatuan; bai, ordea, Ordiziakoan. Bi guardia zibil zauritu zituzten horretan.
Fiskalak 66 urteko zigorrak eskatzen zituen akusatuan aurka.
Epaiketan, Lopezek ETAren biktimen «oinaze handia» aitortu zuen, eta erantsi zuen bere buruarekin «bakean» dagoela. «Ez dut ezer erantzuteko beldurrik. Zuri eta biktimen abokatuei erantzuten dizuet errespetuagatik, beste fase batean gaudelako eta koherenteak izan behar dugulako». |
2020-10-15 | https://www.berria.eus/albisteak/188350/laquoarraroaraquo-izan-da-binakakoaren-finalerako-pilota-aukeraketa.htm | Kirola | «Arraroa» izan da binakakoaren finalerako pilota aukeraketa | Finala igandean jokatzekoak dira, baina bi zalantza handi daude oraindik argitzeko: batetik, epaileak jokatzeko baimena emango duen ala ez, eta, bestetik, jokatzekotan, Martija han izango den ala ez. | «Arraroa» izan da binakakoaren finalerako pilota aukeraketa. Finala igandean jokatzekoak dira, baina bi zalantza handi daude oraindik argitzeko: batetik, epaileak jokatzeko baimena emango duen ala ez, eta, bestetik, jokatzekotan, Martija han izango den ala ez. | Zalantza askoren artean egin dute gaur Binakako Txapelketako finalerako pilota aukeraketa Bilboko Bizkaia frontoian. Han izan dira finala jokatuko duten lau pilotarietatik hiru, Ezkurdia, Olaizola eta Urrutikoetxea, eta gauza bera esan dute hirurek: arraroa dela egoera. Izan ere, oraindik ez dakite ziur igandean finala jokatuko duten ala ez. Hala nahi dute enpresek, baina, ELAk eskatutako kautelazko neurriak medio, epaile batek hartuko du azken erabakia, eta, printzipioz, bihar jakinaraziko du.
Argi ez dagoen beste kontua zera da, zein izango den finalean jokatuko duen laugarren pilotaria, Ezkurdiaren atzelaria. Martija da Arbizukoaren bikotea, baina etxean dago konfinatuta, eta posible da larunbatera arte ez jakitea jokatzea posible izango duen ala ez. Martijak ezin badu Bilbon izan, Zabaletak hartuko du haren lekua.
Pilotak bizi duen egoeraz ere gauza bera esan dute hiru pilotariek: tristea dela azken hiruzpalau asteetan gehiago hitz egin izana kirolaz haratagoko gaiez Binakako Txapelketaz baino. Izan ere, greban jarraitzen dute Baiko enpresako pilotari guztiek, Imazek, Olaizolak eta Urrutikoetxeak izan ezik. Dena den, igandeko finala jokatuko dutelakoan daude, eta argi dute eurek horri begira izan behar dutela burua. Ezkurdiak argi esan du: «Burua ez badugu finalean, ez dugu inongo zereginik bi hauen aurka».
Ezkurdiak, gainera, Martijarekin jokatuko duela uste du, eta pilotak ere horretarako egokienak direlakoan hautatu ditu; argi utzi du harekin jokatu nahi duela. Gehitu du azkenean Zabaletarekin jokatu behar badu hala egingo duela, baina ez duela horretan pentsatu ere egin nahi: «Gainera, Zabaletak pilota guztiekin jokatzen du ondo».
Olaizolak eta Urrutikoetxeak ere uste dute Martijak jokatuko duela. Aurrelariak esan du, gainera, hark merezi duela jokatzea eta pena emango liokeela azkenean hala ez izateak. Zabaletak jokatzen badu, Baikoko bikoteak egunean bertan planteatuko du ea norgehiagoka beste era batera jokatu behar duten ala ez.
Materialarekin gustura
Materialarekin oso gustura agertu dira pilotariak. Ezkurdiak aitortu du euren pilotak biziagoak direla, baina gustatu zaizkiola, jokatzeko aproposak direla. Arbizukoak argi du eurek erasokor jokatu beharko dutela, eta ideiak garbi izan beharko dituztela: «Labriten Jakaren eta Zabaletaren aurka jokatu genuen moduan, ligaxkako lehen neurketan».
Ezkurdiak uste du bestela oso zaila izango dutela, teorian hobeto baitago Baikoko bikotea, are gehiago kontuan izanda Martija ez dela nahi bezala entrenatzen ari. Dena den, Ezkurdiak esan du konfiantza handia duela atzelariarengan, eta norgehiagoka luzatzea ez dela arazoa izango.
Olaizolak eta Urrutikoetxeak, berriz, bi bikoteak elkarren aurka jardun zuten azken lehia errepikatu nahi dute, nahiz eta badakiten beti ez direla horrelako neurketak ateratzen. Olaizolak aitortu du agian bere azken finala izango dela, baina gehitu du hori ez dela presioa, eta sari baten moduan hartzen duela. Jokatu dituen azken partidetan jasandako txistuei buruz, berriz, leitzakoak esan du ez dela lehen aldia, baino ez diola garrantzirik ematen: «Garrantzitsua izango litzateke frontoi osoak egingo balit. Finalean seinale ona ere izan daiteke, normalean ez baitiote txistu egiten atzetik doanari».
Urrutikoetxeak, berriz esan du txapel berezia izango litzatekeela berarentzat. Lau eta erdikoa lesio baten ondorioz utzi zuen, gero kosta egin zitzaion erritmoa hartzea. Etxean ere momentu zailak izan zituen, eta berarentzat «balio handiko lorpena» izango litzatekeela aitortu du
Ondo bidean, seiehun pertsona izango dira Bizkaia Frontoian igandean. Ezkurdiak esan du arraroa izango dela horren ikusle gutxirekin jokatzea, baina ez daudela kexatzeko. |
2020-10-15 | https://www.berria.eus/albisteak/188351/hiru-gazte-atxilotu-dituzte-dulantzin-voxeko-hautagai-baten-autoari-eraso-egitea-egotzita.htm | Politika | Hiru gazte atxilotu dituzte Dulantzin, Voxeko hautagai baten autoari eraso egitea egotzita | Gazteek 18 eta 21 urte bitartean dituzte, eta Espainiako Poliziak atxilotu ditu Dulantzin (Araba). «Motibazio ideologikoagatik kalteak» eragitea leporatu diete. | Hiru gazte atxilotu dituzte Dulantzin, Voxeko hautagai baten autoari eraso egitea egotzita. Gazteek 18 eta 21 urte bitartean dituzte, eta Espainiako Poliziak atxilotu ditu Dulantzin (Araba). «Motibazio ideologikoagatik kalteak» eragitea leporatu diete. | Espainiako Poliziak 18 eta 21 urte bitarteko hiru gazte atxilotu ditu gaur Dulantzin (Araba), ustez herri horretako Voxeko hautagai baten autoari eraso egiteagatik. «Motibazio ideologikoagatik kalteak» eragitea leporatu diete, ustez joan den abuztuaren 3an Jonathan Romero Voxeko udal hauteskundeetarako hautagai izandakoaren autoari eraso egin ziotelako. Espainiako Poliziaren arabera, atxilotutako hiru gazteek harremana dute «biktimaren ideologiaren aurka dauden hainbat talderekin», eta baita «kirol talde erradikalekin» ere.
Hiru gazteak polizia etxera eraman dituzte, eta, han deklarazioa hartu ostean, aske geratu dira. Epaitegira aldian-adian joan beharko dute, hala ere. |
2020-10-16 | https://www.berria.eus/albisteak/188352/goizero-otoitz-egiten-dut-aita-etxera-itzul-dadin-irabaziko-dugu.htm | Mundua | «Goizero otoitz egiten dut aita etxera itzul dadin. Irabaziko dugu» | Karabakh Garaiko krisiak ondorio latzak ekarri dizkie Stepanakerteko biztanleei. Hainbat testigantza bildu ditu BERRIAk hiri horretan, tartean, etxea galdu dutenena eta senideak gerrak dituztenena. | «Goizero otoitz egiten dut aita etxera itzul dadin. Irabaziko dugu». Karabakh Garaiko krisiak ondorio latzak ekarri dizkie Stepanakerteko biztanleei. Hainbat testigantza bildu ditu BERRIAk hiri horretan, tartean, etxea galdu dutenena eta senideak gerrak dituztenena. | Abuztu |
2020-10-16 | https://www.berria.eus/albisteak/188353/2021eko-korrika-urtebete-atzeratuko-da.htm | Gizartea | 2021eko Korrika urtebete atzeratuko da | 22. Korrika ez da 2021eko martxoan egingo, eta 2022an egingo da: «Beharrezkoagoa da Korrika denok desiratzen dugun baldintzetan egitea, une honetan ez baitugu Korrikaren ordezko eskas bat nahi», argudiatu du AEK-k gaur goizean egin duen agerraldian. | 2021eko Korrika urtebete atzeratuko da. 22. Korrika ez da 2021eko martxoan egingo, eta 2022an egingo da: «Beharrezkoagoa da Korrika denok desiratzen dugun baldintzetan egitea, une honetan ez baitugu Korrikaren ordezko eskas bat nahi», argudiatu du AEK-k gaur goizean egin duen agerraldian. | 2021. urteko Korrikaren nondik norakoak aurkezteko ekitaldia behar zuenak bestelako albistea ekarri du: euskararen aldeko mobilizazioa ez da datorren urtean egingo, egoerak hala baldintzatuta. Martxoan Gasteizen zen hastekoa 22. Korrika, baina antolatzaileek erabaki dute 2022ra atzeratzea. Uda aurretik esana zuten datorren urtekoari eutsiko ziotela, baina ezin izan da horrela izan: «Bizi dugun egoerak argi erakutsi digu apalak eta zuhurrak izan behar dugula, eta, beraz, erabakirik onena delakoan gaude». AEK-k ez du aurreikusten epe motz zein ertainean osasun egoera kontrolatuta egongo denik, eta horregatik jendetza batzen duen ekitaldia atzeratzea erabaki dute, «pandemiaren transmisioa ahalik eta gehien murrizteko». Bideoa: urtebete atzeratuko dute Korrika (Lara Madinabeitia, BerriaTB).
Asier Amondo Korrikako arduradunak eta Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak Donostiako San Telmo museoan egindako ekitaldian eman dute erabakiaren berri, eta onartu Korrika atzeratzeak hutsunea sortuko duela: «Erabaki latza da, euskararen aldeko ekitaldirik jendetsuena eta zirraragarriena ez dugulako orain izango, eta badakigulako euskararen aldeko bultzada ezin dela apaldu». Areago, Korrikak berak duen garrantziaz jakitun dira antolatzaileak, eta horregatik esan dute beharrezkoagoa dela Korrika denek desiratzen duten baldintzetan egitea, eta ez ordezko eskas bat. «Izan ere, euskarak bezala, Korrikak kalea behar du, bizia, mugimendua; eta hori errepidera ateratzen direnek ematen digute, kalera ateratzen direnek».
AEKrentzako ere kolpe handia izango dela esan dute, euskaltegietako lana ekonomikoki babesteko balio baitu Korrikak. Horregatik, agerraldia aprobetxatu dute helduen euskalduntzean egin beharrekoak aldarrikatzeko. «Inbertsioak areagotu behar dira. Administrazioari dagokionez, euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindik ez dira nahikoak, urratsak egin badira ere norabide egokian».
2021eko Korrikarik ez da egingo, eta orain AEK-ko kideek denbora gehiago hartuko dute normaltasun berria nondik nora doan ikusteko, eta era horretan jakiteko nola antolatuko duten 2022ko lasterketa. Korrikaren faltan, euskararen aldeko egitasmoen babesa berretsi dute AEKko ordezkariek, eta Euskaraldian parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Bideoa: 2019ko Korrikaren amaiera ekitaldiari buruzko Korriklika BERRIAren saio berezia (Lara Madinabeitia eta Julen Aperribai, BerriaTB). |
2020-10-15 | https://www.berria.eus/albisteak/188354/ez-dute-ehunmiliak-lasterketarik-egingo-2021ean.htm | Kirola | Ez dute Ehunmiliak lasterketarik egingo 2021ean | Antolatzaileek bertan behera utzi dituzte hiru probak, «gizartearekiko erantzukizunagatik»: Ehunmiliak ultratraila, Goierriko 2 Handiak eta Marimurumendi maratoia. | Ez dute Ehunmiliak lasterketarik egingo 2021ean. Antolatzaileek bertan behera utzi dituzte hiru probak, «gizartearekiko erantzukizunagatik»: Ehunmiliak ultratraila, Goierriko 2 Handiak eta Marimurumendi maratoia. | Ehunmiliak mendi lasterketan izena emateko epea ireki ohi zuten urte sasoi honetan, baina antolatzaileek erabaki dute datorren urtean probarik ez egitea, ardurarengatik. Adierazi dute mediku taldearen gomendioei jarraitu dietela egungo ziurgabetasun egoeran, eta, segurtasunik bermatu ezin dutenez, «arriskurik ez hartzea» erabaki dutela.
Hortaz, 2021. urtean ez dute egingo ohiko hiru probetako bat ere: Ehunmiliak ultratraila, Goierriko 2 Handiak eta Marimurumendi maratoia bertan behera utziko dituzte, hurrengo urtean berriz egiteko asmoz. «Garai hauetan, gure laguntza osoa eskaini behar dugu arazorik ez dagoen tokian arazorik ez sortzeko. Bolada batean, agian, mendiaz beste modu batean gozatzea tokatuko zaigu, Ehunmiliak bezalako lehiaketa batek ematen duen gogo, berotasun eta zirrararik gabe», adierazi dute ohar batean. |
2020-10-15 | https://www.berria.eus/albisteak/188355/enekuriko-etxebizitza-okupatu-dutenek-mehatxuak-salatu-dituzte.htm | Gizartea | Enekuriko etxebizitza okupatu dutenek «mehatxuak» salatu dituzte | Bilboko Okupazio Bulegoaren ustez, okupazioaren kontrako «kanpaina mediatikoa» jarri da abian, eta horren atzean «interes politiko eta ekonomikoak» daude | Enekuriko etxebizitza okupatu dutenek «mehatxuak» salatu dituzte. Bilboko Okupazio Bulegoaren ustez, okupazioaren kontrako «kanpaina mediatikoa» jarri da abian, eta horren atzean «interes politiko eta ekonomikoak» daude | Duela zenbait aste gazte batzuek Enekurin (Erandio, Bizkaia) okupatutako etxebizitzaren auziak zeresan handia eman du azken egunotan. Joan den astean, gazteek ohartarazi zuten ustez jabeak bidalitako pertsona batzuk ari zirela etxebizitzaren inguruan okupatzaileak kikildu nahian; beste aldetik, zenbait hedabidek oihartzun handia eman diote okupazioari, eta, okupatzaileen ustez, zuzenak ez diren zenbait datu plazaratu dituzte. Hori dela eta, Bilboko Okupazio Bulegoak agerraldia egin du etxearen aurrean, eta berretsi du «mehatxuak eta hertsatze saioak» egon direla.
Okupazio Bulegoak nabarmendu du mehatxuak eta indarkeria erabiltzea ez dela bide egokia horrelako arazoak konpontzeko: «Orain, jabeak salaketa jarri du; hasiera-hasieratik auzitara jo izan balu jazartzeari ekin beharrean, orain berdin-berdin egongo litzateke, baina diru gehiago eta arazo gutxiago izango lituzke». Bulegoko abokatuak gogorarazi du inori jazarri eta mehatxu egitea okupatzea baino delitu larriagoa dela, eta hizpidera ekarri du desokupatze zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresen jarduna: «Horrek ez du funtzionatzen; ez da egia bide hori azkarra eta segurua dela».
«Errealitate asmatu bat»
Bilboko Okupazio Bulegoaren aburuz, aspaldi honetan bolo-bolo dabiltza hedabideetan okupazioaren inguruko albisteak, eta «errealitate asmatu bat» zabaltzen ari dira horien bidez: «Okupazioen %95 banku, inbertsio funts eta jabe handien etxebizitza hutsenak izaten dira. Ez dago norberaren etxea okupatua izateko benetako arriskurik».
Bulegoaren ustez, okupazioaren kontrako kanpaina honen atzean «interes ekonomiko eta politikoak» daude: alde batetik, segurtasun arloko enpresek «beldurra» hedatu nahi dute, eta, beste alde batetik, «elite ekonomikoek» aldaketak sartu nahi dituzte legerian, «COVID-19aren krisiaren ondorioz etxegabetzeak ugaritzea aurreikusten dutelako». |
2020-10-15 | https://www.berria.eus/albisteak/188356/eajk-eta-eh-bilduk-ez-dituzte-voxen-ekinbideak-eztabaidatuko-aurrerantzean.htm | Politika | EAJk eta EH Bilduk ez dituzte Voxen ekinbideak eztabaidatuko aurrerantzean | Gaur Voxen lehen lege proposamena eztabaidatu dute Eusko Legebiltzarreko saioan, eta PP-C´s-ek ez beste taldeek uko egin diote parte hartzeari. | EAJk eta EH Bilduk ez dituzte Voxen ekinbideak eztabaidatuko aurrerantzean. Gaur Voxen lehen lege proposamena eztabaidatu dute Eusko Legebiltzarreko saioan, eta PP-C´s-ek ez beste taldeek uko egin diote parte hartzeari. | EAJk eta EH Bilduk iragarri dute ez dutela eztabaidatuko Voxeko legebiltzarkideak Eusko Legebiltzarrean aurkezten duen ekinbiderik. Bi alderdiok adierazi dute ez dutela asmorik alderdi ultraeskuindarrarekin liskarretan hasteko, eta aurrerantzean «bizitza politikoa garrazten duten eztabaida politikoetan parte hartzeari uko» egingo diotela esan dute. Asmo horrekin bat egin dute Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk, baina ñabardura batekin: Voxen proposamen bakoitzaren edukiaren arabera erabakiko dute hitza hartu ala ez. Gaur, Voxen lehen lege proposamena eztabaidatu dute osoko bilkuran, eta PP-C's-ek baino ez du parte hartu eztabaidan. |
2020-10-15 | https://www.berria.eus/albisteak/188357/narvaez-nagusi-cesenaticon.htm | Kirola | Narvaez nagusi Cesenaticon | Ineoseko ekuadortarrak irabazi du Giroko 12. etapa, ihesaldia borobilduta. Padunen matxura probestu du azken kilometroetan. Faboritoen artean ez da zalapartarik izan, Pozzovivoren saiakera hutsalaz harago. | Narvaez nagusi Cesenaticon. Ineoseko ekuadortarrak irabazi du Giroko 12. etapa, ihesaldia borobilduta. Padunen matxura probestu du azken kilometroetan. Faboritoen artean ez da zalapartarik izan, Pozzovivoren saiakera hutsalaz harago. | Jhonatan Narvaezek hirugarren garaipena eman dio Ineos taldeari Marco Pantaniren sorterrian hasi eta bukatu den etapan. Ekuadortarra ihesean nagusitu da, azken jaitsieran Mark Padunek (Bahrain) izandako zulatua baliatuta. Aurtengo Giroan helmugara arrakastaz iritsi den seigarren ihesaldia izan da, tropelean dagoen gaitasun ezaren erakusgarri. Faboritoen taldeak ez dira gai kontrol zorrotza egiteko, eta horri Narvaezek atera dio etekina gaur. Jazarpen estua izan du Padunekin azken kilometroetan, baina ukrainarra ito egin da esfortzuan, eta 1.08ra helmugaratu da azkenean. Simon Clarke (Education First) izan da hirugarren, 6.50era. Hautagaiak 8.25era iritsi dira, denak batera.
Lau izarreko etapa zen, eta izarrak ikusi dituzte txirrindulariek. Alde batetik, ibilbidearen gogortasuna zegoen: bost mendate puntuagarri eta guztira bederatzi muino igo behar ziren 204 kilometroko saioan. Ziklistek 4.000 metrotik gorako desnibel metatua pilatu dute hanketan. Eta hori gutxi balitz bezala, euripean egin dute etapa ia guztia. Elastiko gutxi eta zira asko ikusi da, eta etengabeak izan dira ziklisten joan-etorriak taldeko autoetara. Giroa oso petrala zen, baina aldi berean, aproposa zen epikaren bidetik Pantaniren oroipena goratzeko. NTT taldea borondatetsu aritu da Domenico Pozzovivoren erasoa prestatzen, baina italiarrak ez du benetako surik piztu. Gainontzeko hautagaiek ez dute imintziorik txikiena ere egin.
Hamalau ziklista sartu dira eguneko ihesaldian, eta hamahiru minututik gorako aldea izan dute tropelarekin. Aurrekoen arrakastak ziurra zirudien, baina NTTk oso urrutitik abiatutako lanak lau minutura hurbildu du tropela, helmugarako 50 kilometro gelditzen zirela. Oso aletuta zihoan onenen multzoa; hogei ziklista eskas besterik ez ziren gelditzen. Ordea, hanka altxa dute azken mendatera bidean, eta ihesaldiak tartea ireki du berriro. Buruan Narvaez eta Padun ziren, gainontzeko iheskideak atzean utzita. Etapa haien artean jokatu behar zuten, baina ukrainarrak matxura izan du 24 kilometroren faltan. Gogotik jo du lasterketa burura itzultzeko, eta bederatzi segundora gerturatu zaio ekuadortarrari, baina amildu egin da azkenerako.
Onenen artean, Pello Bilbaok (Bahrain) bizikleta aldatu behar izan du, baita Jakob Fuglsangek (Astana) ere, baina arazorik gabe itzuli dira taldera. Bertan iraun dute Pozzovivok azken maldetan erritmoa bizitu duenean, gainontzeko hautagaiek bezala. Hori horrela, beste egun batez lidertzari sendo eutsi dio Joao Almeidak (Deceuninck). Bigarren Wilco Keldermanek (Sunweb) jarraitzen du, 34 segundora, eta hirugarren Bilbaok, 43ra. Bihar 192 kilometroko etapa laua jokatuko da Cervia eta Monselice artean. |
2020-10-15 | https://www.berria.eus/albisteak/188358/kamiolari-bat-hil-da-ap-8-autobidean.htm | Ekonomia | Kamiolari bat hil da AP-8 autobidean | Segurtasun Sailaren lehen ikerketaren arabera, osasun arazo bat izan du, eta, kamioi gelditu ondoren, kabinan bertan hil da. | Kamiolari bat hil da AP-8 autobidean. Segurtasun Sailaren lehen ikerketaren arabera, osasun arazo bat izan du, eta, kamioi gelditu ondoren, kabinan bertan hil da. | Kamioilari bat hil da asteazken honetan, lehen zantzuen arabera, gidatzen ari zela osasun arazo bat izan eta gero. Ezbeharra 17:30 aldera gertatu da, AP-8 autobideko 20. kilometroan, Bilborako noranzkoan. Kamioia errepidetik atera da, eta bazterbidean gelditu da, bionda edo uhinbikoa jota. Suhiltzaileak eta Ertzaintza bertaratu dira eta gidariaren gorpua aurkitu dute kabinaren barruan.
Autopsiak zer esango zain, lehen ikerketek diote gidaria ondoezik sentitu dela errepidetik irten aurretik; Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, kabinak ez zuen kalterik eta gorpuak ez zuen ageriko zauririk.
Sindikatuen zenbaketaren arabera, aurten lan istripuan hildako 53. behargina izango litzateke. |
2020-10-16 | https://www.berria.eus/albisteak/188393/tokiok-milioi-bat-tona-ur-erradioaktibo-botako-ditu-itsasora.htm | Mundua | Tokiok milioi bat tona ur erradioaktibo botako ditu itsasora | Fukushiman hondamendia eragin zuen zentral atomikoaren nukleoak hozteko erabili duten ura Ozeano Barera botatzeko erabakia hilaren amaieran iragarriko dute ofizialki, Kyodo agentziaren arabera. Arrantzaleek protesta egin dute. | Tokiok milioi bat tona ur erradioaktibo botako ditu itsasora. Fukushiman hondamendia eragin zuen zentral atomikoaren nukleoak hozteko erabili duten ura Ozeano Barera botatzeko erabakia hilaren amaieran iragarriko dute ofizialki, Kyodo agentziaren arabera. Arrantzaleek protesta egin dute. | Urriaren amaierako erabakiko du Japoniako Gobernuak Fukushima Daiichi zentral nuklearrean pilatua duen ur erradioaktibotik milioi bat tona itsasora botatzea, herrialdeko Kyodo albiste agentziak zabaldu duenez.
Tokio urte luzez ibili da pentsatzen zer egin hondamendia eragin zuen zentralean pilaturiko ur kutsatuarekin. Irailerako, 1,23 milioi tona ur erradioaktibo zeuden bilduta 1.044 biltegitan. Egunero, beste 150-170 tona pilatzen dira. Adituek kalkulatu dutenez, pilatzeko leku guztia beteta egongo da 2022ko udarako.
Albisteak Japoniako arrantzaleen haserrea piztu du berriz ere, erabakiak arriskuan jartzen duelako euren bizimodua, uste baitute herritarrek ez dituztela euren arrainak erosi nahiko, kutsaduraren beldur.
Iazko irailean, mundua asaldatu zuen Japoniako Gobernuak, aukera hori aztertzen ari zela plazaratu zuenean.
Fukushima prefekturako Daiichi (Bat) zentral nuklearrean gertatu zen historiako istripu nuklearrik larrienetan bigarrena, 2011ko martxoaren 11n. Egun hartan, Japonian inoiz neurturiko lurrikararik handienak 40,5 metrorainoko olatuak sortu zituen itsasoan. Lurrikararen eraginez, zentral nuklearra kanpoko argindarrik gabe geratu zen. Handik minutu gutxira, olatuek suntsitu egin zituzten larrialdietarako sorgailuak. Ondorioz, erreaktoreak hozteko erabilitako ur ponpak itzali egin ziren, eta nukleoak urtu egin ziren zentraleko lau erreaktoreetatik hirutan. Hidrogeno leherketek hiru erreaktoreon eraikinak suntsitu zituzten, eta kutsadura erradioaktiboa barreiatu egin zen hurrengo egunetan.
Oraindik ere egunero 170 bat tona ur bota behar dute erreaktoreen hondakinen gainera, erregai urtua hozteko, eta leherketa larriagorik izan ez dadin. Ur hori gai erradioaktiboz kutsaturik dago, eta zentralean bertan pilatzen ari dira, ehunka biltegi handitan, harekin zer egin asmatu arte.
Ura itsasora botatzearen hainbat defendatzaileren arabera, tritioa besterik ez dago ur horretan. Hidrogenoaren isotopo bat da tritioa, eta ez da estrontzioa edo plutonioa bezain arriskutsua. Baina ekologistek ohartarazi dute urotan estrontzio-90a, iodo-129a eta beste erradionukleido batzuk daudela, itsasora botatzeko mugetatik goiti.
Teorian, zentrala kudeatzen duen Tepco konpainiak onartu du prozesaturiko uraren %80k (750.000 metro kubo orduan) ehun aldiz gainditzen duela segurtasun arauek baimentzen duten kutsadura maila, eta hainbat ur biltegik, 20.000 aldiz.
Tritio erradioaktiboaren zati bat organikoki lot daiteke bizidunetan, eta, horren bidez, animalien eta gizakien zelulei.
Beraz, arazoak zerikusi zuzena du diruarekin, eta hala da hasieratik, Fukushimako Daiichiren kasuan. Zentrala itsas maila baino 35 metro gorago eraikitzeko planifikatu zuten, baina, eraikitzen hasi aurretik, 1960ko hamarkadaren amaieran, maila hori 10 metroan utzi zuten, askoz merkeago aterako litzaiekeelako gero erreaktoreak hozteko itsasoko ura altuera txikiagora ponpatzea. Horrez gain, hamalau metro beherago jarri zituzten ponpa horiek larrialdi batean mugitzeko diesel sorgailuak. Tsunamiaren hamalau metroko olatuak dena hartu eta suntsitu zuen. Gaur ere, lurpeko ura sartzen da oraindik erreaktore suntsituetan, altuera txiki horrengatik.
Kalkulatu dute ur kutsatua tratatzea 36.000 milioi euro kostatuko dela. Ekonomia Ikertzeko Japoniako Institutuak eginiko aurreikuspenak betetzen badira, historiako istripu industrialik garestiena izango da Fukushimakoa. |
2020-10-16 | https://www.berria.eus/albisteak/188394/josu-urrutikoetxeak-dio-gatazkaren-konponbidearen-alde-egin-zuela-lan.htm | Politika | Josu Urrutikoetxeak dio gatazkaren konponbidearen alde egin zuela lan | Marianne aldizkariak elkarrizketa egin dio. Urrutikoetxeak aitortu du «lan handia eta arriskutsua» izan zela, eta Frantziaren jarrera salatu du. «Justizii trantsizionalaren» alde azaldu da. Datorren asteko epaiketa bat atzeratu egin du Parisek. | Josu Urrutikoetxeak dio gatazkaren konponbidearen alde egin zuela lan. Marianne aldizkariak elkarrizketa egin dio. Urrutikoetxeak aitortu du «lan handia eta arriskutsua» izan zela, eta Frantziaren jarrera salatu du. «Justizii trantsizionalaren» alde azaldu da. Datorren asteko epaiketa bat atzeratu egin du Parisek. | 2002an sasira jo zuenetik lehen elkarrizketa eman du Josu Urrutikoetxeak, zehazki Marianne Frantziako aldizkarian, eta esan du euskal gatazkaren konponbidearen alde jardun izan zuela lanean. «2002tik, klandestinitatera igaro nintzenetik, buru-belarri aritu naiz lanean gatazka amaitzeko, ondorengo belaunaldiei ez uzteko». 2005-2007ko prozesuaz datorren astean epaiketa bat zeukan Urrutikoetxeak, baina otsailera atzeratuko dute, pandemiak sortutako egoera dela eta. Parisen jarrera deitoratu du hark, elkarrizketan: «Diplomaziaren oinarrizko legeen gainetik, Frantziako Estatuak ni auzipetzea erabaki du. Ikuspegi penala lehenesten du, eta ez du aitortu nahi gatazka bortitzetik ateratzeko egindako ahalegina». Prozesuetako mintzaideen «segurtasuna» arriskuan jarri izana salatu du.
ETAk 2011ko urrian jakinarazi zuen betiko bukatu zuela jarduera armatua, eta duela bi urte desegin zen. Urrutikoetxeak esan du «lan handia eta arriskutsua» egin behar izan zela; «sarri neure aldeko jendea konbentzitzea zen egin beharrekoa». Euskal Herriko eta nazioarteko eragile askorekin ere bildu zela adierazi du.
2005-2007ko eta 2011-2003ko prozesuetan parte hartu zuen Urrutikoetxeak (Ugao, Bizkaia, 1950), ETAren ordezkari gisa, eta nazioartearen anparoan. «Ofiziala izan zen guztia, baina sekretupekoa». Jakinarazi du lehen prozesuan —hura 2005ean eta 2006an aritu zen bileretan— «akordioa» lortu zutela Espainiako Gobernuaren ordezkaritzarekin, Norvegian. «Puntuz puntu negoziatu genuen».
ETAko kide ohi eta euskal preso ohiak azaldu du «alde denetako biktimak» izan direla, eta «oraindik ere biktima gehiegi» daudela. «Benetan sentitzen dut eragin izan den sufrimendu guztia». «Justizia trantsizionalaren» alde mintzatu da Marianne-ko elkarrizketan, zuzenbide estatuaren «malgutasunaz». Halaber, «gatazkak jarrai ez dezan memoria lan bat» egiteko beharra ikusten du.
Frantziaren bi epaiketa
Frantziako Dei Auzitegiak atzeratu egin du Urrutikoetxearen aurka datorren astelehenean eta asteartean Parisen egitekoa zen epaiketa, osasun egoerak lekukoen presentzia arriskuan jar dezakeelakoan. Baliteke otsailean izatea; astelehenean ezagutaraziko noiz izango den. 2010ean sasian zenean egin zioten epaiketa bategatik epaituko dute, etakidetzat jo eta, ofizialki 2006an hasi ziren elkarrizketak prestatzeko, 2002-2005 artean ETArekin harremanak izatea leporatuta. Urrutikoetxeak epaiketa berriro egiteko eskatu zuen iaz atzemana izan ondoren.
Asteazkenean eta ostegunean beste epaiketa bai eginen dute Auzitegi Korrekzionalean, Parisen, ordurako ez baita aurreikusten lekukorik. 2011-2013an Osloko elkarrizketaren mahaiaren garaian ETAren buru izatea leporatu zioten 2017ko epaiketako epaian. Kasu horretan ere berriro epaitzeko eskatu zuen, iaz.
Espainiaren eskaerak Parisi
Espainiako Gobernuak Urrutikoetxearen aurkako bi estradizio eskatuak dizkio Frantziari: Luis Herguetaren eta Zaragozako kuartelaren auziengatik; eta Auzitegi Nazionalak, bi euroagindu: Madrilgo Barajasko aireportuaren eta herriko tabernen auziengatik (lau kasuen azterketa). Parisko Dei Auzitegiak onartuak ditu Zaragozako eta herriko tabernen eskaerak, baina defentsak helegitea aurkeztu du Kasazio Auzitegian. Aldiz, Dei Auzitegiak baztertu egin zuen Barajasko eskaera.
Urrutikoetxearen beste elkarrizketa batzuk
AP News
Sud Ouest |
2020-10-16 | https://www.berria.eus/albisteak/188395/finala-ez-dute-igandean-jokatuko.htm | Kirola | Finala ez dute igandean jokatuko | Epaileak bertan behera utzi du, ELAk kautela neurriak eskatu ondoren. Baikok beste bilera batera deitu ditu pilotarien ordezkariak, datorren astearterako. | Finala ez dute igandean jokatuko. Epaileak bertan behera utzi du, ELAk kautela neurriak eskatu ondoren. Baikok beste bilera batera deitu ditu pilotarien ordezkariak, datorren astearterako. | Ez da finalik jokatuko igandean. Ez dira ariko Olaizola II.a-Urrutikoetxea eta Ezkurdia-Martija Bilbon, Miribilla pilotalekuan, binakakoaren txapela irabazi nahian. Epaileak onartu egin ditu ELA sindikatuak Baikoko hamabost pilotariren izenean eskatu zituen kautela neurriak, eta bertan behera utzi du binakakoaren finala.
ELAk salaketa jarri zuen asteartean Eskuz Pilotako Enpresen Ligako (EPEL) Lehiaketako epaile bakarrak joan den larunbatean hartutako erabakiaren aurka: Baikoko hamabost pilotarik deitutako greba egiteagatik, Asier Agirreri eta Jon Ander Albisuri galdutzat eman zien Joseba Ezkurdiaren eta Iñigo Bikuñaren aurkako finalerdietako ligaxkako partida erabakigarria: 22-0.
Sindikatuaren arabera, erabaki hori hartuta, Enpresen Ligak greba eskubidea «urratu» zuen. Baina, epaileak salaketa horren inguruko epaia eman arte asteak igaro zitezkeenez, kautela neurriak eskatu zituen, epaia iritsi artean finala ez zedin jokatu, eta kalteak ez zitezen handiagoak izan.
Eta EAEko Auzitegi Nagusiak onartu egin dio kautela neurri horiek, eta, joan den larunbateko neurketaren inguruko salaketa argitu arte, finala ez jokatzea ebatzi du. Hiru epailek aztertu dute eskaera: bi alde azaldu dira, eta bat kontra. Hark boto partikularra eman du erabakiaren aurka, horretarako presarik ez dagoela argudiatuta. Hala ere, beste bi epaileek bezala, hark ere greba eskubidearen «urraketaren zantzuak» daudela dio. Autoak dioenez, ezin da helegiterik jarri erabakiaren aurka.
ELAk dioenez, sindikatuak eta langileek «pozez» hartu dute erabakia, baina berriro utzi nahi izan dute argi gatazkaren konponbidea ez dagoela epaitegietan, negoziazio mahaian baizik. «Egoera hau ez da erosoa inorentzat, eta argi utzi nahi dugu gure ateak beti daudela irekita, betiere fede onez negoziatu nahi bada. Baikori eskatzen diogu utz ditzala grebaren eta langileen aurkako jarrerak, eta eser dadila negoziatzera, akordio bat lortu arte».
Enpresen Ligak, berriz, salatu du EAEko Auzitegi Nagusiak erabakia hartu duela aukerarik eman gabe «euren interesak defendatzeko alegazioak eta frogak» aurkezteko. Epaile batek urgentziarik ez zegoela esan izana ere nabarmendu du, eta «beharrezkoak diren ekinbideak» egingo dituela iragarri du. «Pena handiz» hartu du finala bertan behera uzteko erabakia, eta hurrengo egunetan argituko du zer egingo duen bertan behera geratutako jaialdiekin eta nola itzuliko duen sarreren dirua.
Atzo egin zuten finalerako pilota aukeraketa Ezkurdiak, Olaizola II.ak eta Urrutikoetxeak; finala jokatuko den edo ez jakin gabe aukeratu zituzten pilotak. Hirurek esan zuten «arraroa» dela giroa, baina hirurek azpimarratu zuten «igandeari begira» daudela. «Ezinezkoa da gertatzen ari denari bueltak ez ematea, gehiago ari baita hitz egiten horretaz binakakoaz baino. Baina profesionala izan beharra dago, eta igandeko finalean burua izan. Burua beste nonbait izanez gero, ez dugu aukerarik izango Aimarren eta Urrutiren aurka», esan zuen Ezkurdiak.
Gainera, Arbizuko aurrelariak ez zekien Julen Martijarekin jokatuko zuen ala ez, baina azkenean ez du asko axolako: ez batek eta ez besteak ez dute jokatuko. Martijak astebete pasatxo darama etxean, bakartuta, PCR proba batean koronabirusean positibo eman ondoren. Beste proba bat egin, eta emaitzaren zain zegoen Aspeko atzelaria, joka zezakeen jakiteko. Bestela, Jose Javier Zabaleta zen haren lekua hartzekoa.
Jaialdiekin gora eta behera
Igandean ez da izango ez finalik eta ez jaialdirik Bilbon. Gaur ere ez da egongo jaialdirik toki berean, nahiz eta Baikok hori egiteko asmoa duen. Hiru partidako jaialdi bat antolatu du, eta greban dauden zortzi pilotari aukeratu ditu, jaialdiko guztiak: Asier Agirre, Aitor Aranguren, Oinatz Bengoetxea, Ibai Zabala, Joanes Bakaikoa, Jon Ander Albisu, Beñat Urretabizkaia eta Ruben Salaverri. Bakar bat ere ez da aurkeztuko.
ELAk salatu duenez, «sekula» ez da horrelakorik ikusi. «Guztiz ezohikoa da bai Baikok jaialdi bakar batean hiru partida programatzea, bai ostiralean egitea, bai enpresa bereko zortzi pilotarirekin betetzea. Eta are harrigarriagoa da kontuan izanda programatutako pilotari guztiak grebalariak direla». Sindikatuaren arabera, «deigarria da enpresak greba egoera aprobetxatzea jaialdi bakar batean hainbeste partida programatzeko. Jarrera horrek ez du inondik inora gatazkari irtenbide bat ematea ahalbidetuko, eta langileek mobilizazioak egiteko benetako arrazoiak zituztela berretsi baino ez du egiten».
Horregatik, aztertu egingo du zer bide juridiko hartu enpresaren ekintza horren aurka. «Uste dugu beste behin ere enpresa grebarako eskubidea urratzen ari dela. Hala ere, azken egunetan esandakoa errepikatzen dugu: enpresak ez luke gatazka hau are gehiago korapilatu behar, konponbidea ez baitago epaitegietan. Fede ona negoziazio mahaian erakusten da, ez komunikabideetan».
Gaur Bilbon jazotakoa berriro gertatuko da bihar arratsaldean, Etxeberrin (Bizkaia), Baikok bi partidako jaialdia antolatu baitu, eta aukeratu dituen sei pilotarietatik bost baitira grebalariak: Jon Erasun, Bengoetxea VI.a, Andoni Aretxabaleta, Agirre eta Mikel Larunbe. Iraitz Zubizarreta da salbuespena. Ez da jaialdia jokatuko. ETB1ek emango zuen. Baina telebistak izango du zer eskaini, Aspek gaur iragarri baitu jaialdia antolatu duela biharko, Tolosan (Gipuzkoa), 17:30ean. Aspeko zortzi pilotari ariko dira: Elordi-Garmendia Zabala-Ruizen aurka lehenbizi; eta Egiguren V.a-Zabaleta Salaberria-Rezustaren kontra ondoren.
Egoera gero eta korapilatsuagoa da, eta ikusteko dago noiz has daitekeen bideratzen. Gaur arte, Baiko ez da harremanetan jarri bere pilotarien ordezkariekin, baina ELAko ordezkariek eta pilotarienek enpresaren deia jaso dute gaur, beste bilera bat egiteko. Datorren asteartean da egitekoa, Bilbon. Hain zuzen, egun eta hiri berean dira aurkeztekoak Banakako Txapelketa, baina ikusteko dago Enpresen Ligak asmo horri eutsiko dion. |
2020-10-16 | https://www.berria.eus/albisteak/188396/jose-ramon-etxebarriari-emango-diote-eusko-ikaskuntzaren-manuel-lekuona-saria.htm | Gizartea | Jose Ramon Etxebarriari emango diote Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria | Etxebarriak euskararen normalizaziorako zientzietako goi mailako hezkuntzan egindako ekarpena, euskal kulturarekiko konpromisoa eta bere obraren dibulgazioa saritu ditu Eusko Ikaskuntzak. | Jose Ramon Etxebarriari emango diote Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria. Etxebarriak euskararen normalizaziorako zientzietako goi mailako hezkuntzan egindako ekarpena, euskal kulturarekiko konpromisoa eta bere obraren dibulgazioa saritu ditu Eusko Ikaskuntzak. | Jose Ramon Etxebarriak (Gernika, Bizkaia, 1948) jasoko du Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria. Sariaren bidez, Etxebarriari aitortu nahi diote euskararen normalizazioan zientzietako goi mailako hezkuntzan egindako ekarpen «zabala», euskal kulturarekiko duen «konpromiso adierazgarria» eta bere obraren dibulgazioa.
Etxebarriak Industria Ingeniaritza ikasi zuen Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolan, eta 1987an doktoratu zen EHUn. 1973an Udako Euskal Unibertsitatearen sortzaileetako bat izan zen, eta bertako irakaslea ere izan zen. Eskolak eman ditu EHUko Bilboko Unibertsitateko Zientzia Fakultatean eta Ingeniaritza Goi eskolan ere.
Irakaskuntzan ez ezik, zientziarekin eta teknologiarekin lotutako testuak euskaraz lantzen ere aritu da Etxebarria. Ildo horretan, Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria emateko kontuan hartu du unibertsitateko ikerketan eta irakaskuntzan euskararen normalizazioari egindako «ekarpen garrantzitsua»: «Komunitate zientifikoarentzat lexikografia ezarri du, komunikazio globalaren teknologia berrien laguntzaz», azaldu du Eusko Ikaskuntzak.
Ibilbide zabala izan du idazle gisa ere. Hemezortzi liburu eta 22 libururen kapituluak idatzi ditu gutxienez, baita zientziari eta kulturari buruzko ehunka artikulu ere, batez ere Anaitasuna aldizkarian. Itzulpengintza eta hezkuntza eta dibulgazio liburuen edizioa ere landu ditu, eta, 2018an erretiroa hartu zuenetik, wikilari gisa aritu da fisikaren arloan. 2006tik euskaltzain urgazlea ere bada Etxebarria, eta 2011n CAF-Elhuyar sarietan Merezimenduzko saria jaso zuen.
Eusko Ikaskuntzak oraindik ez du zehaztu saria non eta noiz emango duten. |
2020-10-16 | https://www.berria.eus/albisteak/188397/mexikoko-defentsa-ministro-ohia-atxilotu-dute-aebetan-droga-trafikoaz-akusatuta.htm | Mundua | Mexikoko Defentsa ministro ohia atxilotu dute AEBetan, droga trafikoaz akusatuta | Ostegunean atxilotu zuten Salvador Cienfuegos ministro ohia, Los Angelesko aireportuan, AEBetako Drogen Kontrolerako Agentziaren aginduz. | Mexikoko Defentsa ministro ohia atxilotu dute AEBetan, droga trafikoaz akusatuta. Ostegunean atxilotu zuten Salvador Cienfuegos ministro ohia, Los Angelesko aireportuan, AEBetako Drogen Kontrolerako Agentziaren aginduz. | Salvador Cienfuegos jenerala eta 2012 eta 2018 bitartean Mexikoko Defentsa ministro izandakoa atxilotu zuten atzo gauean Los Angelesko aireportuan, AEBetan. Atxilotze agindua AEBetako Drogen Kontrolerako Agentziak eman zuen. Mexikoko Atzerri ministro Marcelo Ebrardek jakinarazi duenez, New Yorkeko epaitegi batek Cienfuegosen aurkako ikerketa bati ekin dio, krimen antolatuarekin izan ditzakeen loturen inguruan. Iturri ofizialek ez dituzte argitu haren aurkako salaketak, baina, AEBetako komunikabideen arabera, droga trafikoa eta dirua zuritzea egozten diote armadaburu ohiari.
Krimen antolatuarekiko loturak izatea ez ezik, indarkeriagatiko salaketak ere badaude Cienfuegosen aurka. Horien artean daude Tlatlayako eta Ayotzinapako sarraskiak. 2014ko uztailean, soldadu talde batek 22 herritar hil zituen tiroz Tlatlayan; armadaren arabera, hildakoek armak zituzten, eta hainbat lagun zituzten bahituta. Aldiz, lekukoen esanetan, ustezko bahitzaileek armak utziak zituzten hil zituztenean. Ayotzinapako kasuan, berriz, urte bereko irailean, Guerreros Unidos karteleko kideek 47 lagun hil zituzten, eta, lekukoen arabera, militarrek ez zuten ezer egin laguntzeko.
Lehen aldia da Mexikoko Defentsa ministro ohi bat atxilotzen dutena. Baina Mexikoko goi kargudunen aurkako salaketak ugarituz joan dira azken urteetan. Cienfuegos ikertzen ari den epaitegi berak darama Genaro Garcia Lunaren kasua. Felipe Calderonen agintaldia Segurtasun idazkaria izan zen Luna, eta Sinaloako kartelarekin lotuta egotea egotzita dago atxilotua. Auzi horri buruz egindako azken saioan, Lunak errugabetzat jo zuen bere burua, baina akusazioak egozten dio dirua onartu izana Sinaloako kartelari Mexiko osoan «askatasunez» aritzen uztearen truke. |
2020-10-16 | https://www.berria.eus/albisteak/188398/altzoko-handiaren-erraldoikide-irlandarraren-hezurrak-eztabaidagai.htm | Bizigiro | Altzoko Handiaren erraldoikide irlandarraren hezurrak eztabaidagai | Charles Byrne erraldoiaren hezurdura Londresko museo batean daukate, hark hil aurretik esan arren bere gorpua itsasora botatzeko. | Altzoko Handiaren erraldoikide irlandarraren hezurrak eztabaidagai. Charles Byrne erraldoiaren hezurdura Londresko museo batean daukate, hark hil aurretik esan arren bere gorpua itsasora botatzeko. | Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handia-k ez zuen inoiz ezagutu Charles Byrne, euskalduna jaio baino 35 urte lehenago hil baitzen hura. Baina, agian, eramango zuten haren hezurdura ikustera, Londresen egon zenean, Aitor Arregi eta Jon Garañoren filmean halakorik kontatzen ez badute ere. Izan ere, biak kideak ziren erraldoitasunean.
Byrne Irlandan jaio zen, 1761. urtean, Derryko herrixka batean. Altzoko Handiak bezala, akromegalia gaitza zuen, eta horrek 2,31 metroraino haztea eraman zuen, hau da, euskaldunak baino hamar zentimetro gutxiago.
Byrne, 'Erraldoi Irlandarra', 1784ko grabatu batean.
Bien bizitzek antz handia daukate. Byrnek ere hirira joatea erabaki zuen gaztetan, 21 urte zituela, bere gorpuzkera erakutsiz dirua ateratzera. Lehenbizi Eskozian ibili zen, eta arrakasta handia lortu zuen. Ondoren, Londresera joan zen, eta orduko londrestarrak harritu zituen. Erraldoi Irlandarra ezizena eman zioten han.
Baina gaitzak eragindako minek zurrutera eraman zuten, eta 22 urte baino ez zituela hil zen. Hil aurretik, ordea, bere gorpua erostea eskaini zion John Hunter anatomista eta zirujau eskoziarrak. Orduko modari jarraikiz, espezimen bitxiak biltzeko zaletasuna zuen Hunterrek. Erraldoiak bazekien, ordea, zirujauak bere gorpua zabalduko zuela aztertzeko, eta litekeena zela gero ikusgai jartzea. Orduan exekutaturiko kriminalen gorpuekin egiten zuten hori, zientziarako, eta erraldoiak ez zuen horien patu bera izan nahi. Gainera, hil ondoren ere ikuskizun izaten jarraitzeko arriskua saihestu nahi izan zuen. Horregatik, hil aurretik tratua egin zuen lagunekin: bere gorpua berunezko zerraldo batean sartu behar zuten, eta itsasora bota.
1783. urtean hil zen erraldoia. Hunterrek kostarako bidean harrapatu zuen zerraldoa. Garraiolariak erosi zituen, hainbaten arabera, eta gorpua bereganatu zuen.
Gorpua egosi, eta, haragia kenduta, hezurrak atera zituen anatomistak, ezkutuan. Lau urteren buruan, bere bilduma pribatuan jarri zuen ikusgai. Geroztik, bi mendez egon da Londresko Zirujauen Elkargoko museoan.
Azken urteotan, ordea, ahots asko altxatu dira, erraldoiaren nahia betetzeko eskatzeko.
2011. urtean, bioetikan aditu batek eta abokatu batek esan zioten museoari hezurdura kentzeko, erraldoiaren DNA hartuta zegoelako, eta hura aski zela ikertzen jarraitzeko. Baina museoak hezurdura erakusten jarraitzea erabaki zuen.
Lau urte geroago, Derryko (Ipar Irlanda) orduko alkate Martin Reillyk museoko zuzendaritzari eskatu zion Byrneren azken gogoa aintzat hartzeko.
Erraldoi Irlandarraren hezurrak ikusgai, beste hainbat bitxikeriaren artean, Londresko Zirujauen Elkargoko museoan. PAUL DEAN
Azkena Hilary Mantel idazlea izan da. Erraldoiaren inguruko nobela biografikoa idatzita du. Londresko The Guardian egunkariari bidalitako mezu batean, «bada garaia Charles etxera itzultzeko» idatzi du. Zientziak hezurretatik behar zuen guztia ikasi duela, eta orain «zintzo jokatzekoa hari atseden ematea» dela gaineratu du. Baina Mantelek ez du nahi erraldoiaren hezurrak itsasora botatzea. Uste duenez, erraldoiak plan hori egin zuen Hunterren atzaparretatik ihes egiteko. Horregatik, hezurrak Irlandan lurperatzea proposatu du.
Museoa itxita egon da 2016. urtetik, eta 2022an da berriz zabaltzekoa. Itxialdia Byrneren gorpuarekin zer egin pentsatzeko erabiliko zutela esan zuen museoko zuzendaritzak.
Erraldoiaren DNA aztertuta, gaitza eragiten duen mutazio bat topatu dute, eta hori Irlandan familia askotan daukatela ondorioztatu dute ikertzaileek.
Aurtengo abuztuan, irlandarraren erraldoikide euskaldun Eleizegiren hezurrak aurkitu ditu Aranzadi zientzia elkarteak Altzoazpiko (Gipuzkoa) hilerriko hezurtegian. Eskeletoaren hezur gehienak topatu dituzte. 1861. urtean hil zen Altzoko Handia, eta gorpua Altzoazpiko hilerrian lurperatu zuten, baina urte luzez uste izan zen haren hezurrak lapurtu egin zituztela. Aranzadik baieztatu du hilerrian bertan zeudela. Oraindik ez dute esan zer egingo duten hezurrekin. |
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.