date
stringdate
2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
url
stringlengths
47
182
category
stringclasses
10 values
title
stringlengths
3
140
subtitle
stringlengths
0
1.17k
summary
stringlengths
5
1.18k
text
stringlengths
2
35.8k
2020-10-27
https://www.berria.eus/albisteak/188883/nafarroako-ubidearen-bigarren-faseari-ekinen-diola-iragarri-du-canasak.htm
Gizartea
Nafarroako ubidearen bigarren faseari ekinen diola iragarri du Canasak
70 eta 80 kilometro arteko bi hodi eraikiko dituzte ura Ablitas herriraino eramateko. 158,5 milioi euroko kostua izanen du.
Nafarroako ubidearen bigarren faseari ekinen diola iragarri du Canasak. 70 eta 80 kilometro arteko bi hodi eraikiko dituzte ura Ablitas herriraino eramateko. 158,5 milioi euroko kostua izanen du.
Kosta ahala kosta, aurrera. 2011. urtean amaitu zituen Nafarroako Gobernuak Itoizko urtegiko ura Erriberara eramateko ubidearen lehen fasea. Bigarren fasea, baina, zintzilik gelditu zen, ez aurrera ez atzera. Urteetan lanak atzeratu ostean —eta milioika euroren gainkostua pilatuta—, Uxue Barkosen gobernuak erabaki zuen proiektua moldatzea eta, bigarren faseari ekin ordez, lehen fasean egina zegoen azpiegitura zabaltzea, «eraginkorragoa eta merkeagoa» izanen zelakoan. Orain, UPNren agintaldiaz geroztik hilda zegoen proiektua berpiztu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek, bigarren fasea eraikitzeko lanei oniritzia emanda. Azpiegitura, baina, ez da UPNren garaiko berbera izanen: oraingoan, aire zabaleko ubide baten ordez, lurrazpiko bi hodi eraikiko dituzte, egungo ubidea bukatzen den puntutik (Pitillas herriaren inguruan), Ablitas herriraino. Ubidea kudeatzeaz arduratzen den Canasa sozietate publikoak jakinarazi duenez, 70 eta 80 kilometro arteko luzera izanen dute hodiek. Canasak ohar batean azaldu duenez, hori da «Erriberara kalitatezko ura eramateko aukera egokiena, erabiltzaileen beharrei hobekien erantzuten diena eta ingurumena errespetatzen duena». Are: ohiko ubide baten ordez, lurrazpiko bi hodi eraikitzea bat eraikitzeak «abantaila teknikoak, hidraulikoak eta ustiapenekoak» dituela nabarmendu dute. Canasak onartutako proiektuaren arabera, ubidea igaroko da Aragoi, Ebro eta Queiles ibaien, Bardearen eta A-68 eta AP-68 autobideen azpitik. Erabaki dute, gainera, ubidearen trazaduran 11 hargune eta bi putzu eraikitzea: bat Pitillasen (0,45 hektometro kuboko edukiera izanen duena), eta beste bat ubidearen bukaeran, Tuteran (9,06 hektometro kubokoa). Sustatzaileen arabera, 21.522 hektarea ureztatzeko aukera emanen du azpiegitura berriak. UPNren garaian ere aipatzen zuten kopuru hori bera. Nafarroako Gobernuak aurreko legealdian eginiko txosten tekniko baten arabera, ordea, «kalkulu okerra» zen hori, «gehienez, 15.300 hektarea ureztatzeko gaitasuna baitu azpiegiturak». Bigarren faseko lanek 158,5 milioi euroko kostua izanen dutela iragarri dute. Rosario Brinquis adituak 2012an eginiko analisiaren arabera, 1.751 milioi euroko gastua eragin die Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea binomioak Nafarroako eta Espainiako administrazioei. Hasieran uste baino 550 milioi gehiago.
2020-10-27
https://www.berria.eus/albisteak/188884/euskal-selekzioak-costa-ricaren-aurka-jokatuko-du-azaroaren-16an-ipuruan.htm
Kirola
Euskal Selekzioak Costa Ricaren aurka jokatuko du azaroaren 16an, Ipuruan
FIFAko egutegiaren barruan hirugarren partida izango da gizonezkoen selekzioarentzat: Venezuelaren aurka aritu zen 2018an, eta Panamaren kontra iaz. Horixe izan du azkeneko partida orain arte.
Euskal Selekzioak Costa Ricaren aurka jokatuko du azaroaren 16an, Ipuruan. FIFAko egutegiaren barruan hirugarren partida izango da gizonezkoen selekzioarentzat: Venezuelaren aurka aritu zen 2018an, eta Panamaren kontra iaz. Horixe izan du azkeneko partida orain arte.
Euskal Selekzioa itzultzekotan da. Costa Ricaren aurka jokatuko du azaroaren 16an Javier Clementek zuzentzen duen taldeak, Ipuruan (Eibar), 20:45etik aurrera. FIFAren egutegiaren barruan jokatuko duen hirugarren partida izango da. Aurreko biak Venezuelaren aurkakoa (Gasteizen, 2018ko urriaren 12an) eta Panamakoa izan ziren (iazko maiatzaren 29an). Euskadiko Futbol Federazioak azaldutakoaren arabera, "Selekzioari hazten jarraitzeko aukera emango dion apustua da, eta, behin normaltasuna berreskuratuta, bere zaleen aurrean baldintza onenetan jokatzeko aukera emango diona". Izan ere, zalerik gabe edo oso ikusle gutxirekin izango da partida, osasun egoera dela eta. Federazioak azaldu duenez, urte hasieratik elkarlanean ari dira Federazioa, Eusko Jaurlaritza, Lehen Mailako klubak eta jokalariak, lantalde bat osatuta, "Euskal Selekzioaren inguruan lan dinamika berri bat sortzeko eta proiektu hau berpizteko, zaleen eta euskal gizartearen aurreikuspenei eta ilusioari erantzunez". Costa Ricaren aurka jokatzeko erabakia dinamika berri horretan parte hartzen duten "alderdi guztien artean adostutako erabaki baten emaitza" dela esan du Federazioak. Costa Rica Europan ibiliko da egun horietan, kontinente horretan jokatzen duten jokalariekin lanean. Euskal Herrira etorri baino lehen, Austrian izango dira, eta han Qatarren aurka jokatuko dute. FIFAren sailkapenean, 50. tokian dago Amerikako selekzioa. Ronald Gonzalez da entrenatzailea, eta Munduko Kopan izan duen emaitzarik onena duela sei urte lortu zuen, final-laurdenetara heldu baitzen.
2020-10-27
https://www.berria.eus/albisteak/188885/lau-urtean-10000-lanpostu-publiko-eskainiko-ditu-jaurlaritzak.htm
Politika
Lau urtean 10.000 lanpostu publiko eskainiko ditu Jaurlaritzak
Olatz Garamendi Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak eman du lan eskaintzaren berri.
Lau urtean 10.000 lanpostu publiko eskainiko ditu Jaurlaritzak. Olatz Garamendi Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak eman du lan eskaintzaren berri.
Eusko Legebiltzarrean izan da Olatz Garamendi Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua, hark zuzendutako sailak hasi berri den legealdirako dauzkan asmoen berri emateko. Besteak beste, jakinarazi du 10.000 postutik gorako lan eskaintza publiko bat egingo duela, administrazio orokorreko lantaldea eta beste sektore batzuetakoa berritzeko. Plazen %45, gutxienez, 35 urtetik beherakoek beteko dituzte, eta horrek «administrazio digitalerako igarobide atseginagoa eragingo du», Garamendiren hitzetan. Lau urtean gauzatuko dira lan eskaintzak. Sailburuak konpromisoa hartu du Administrazio Orokorreko 2021-2024 Enplegu Plan bat bultzatzeko, eta elkarrizketara deitu ditu sindikatuak, «eremu horretan konpontzeke dauden arazoei bide emateko, langile publikoen baldintzak hobetzeko akordioak lortzeko helburuarekin». Autogobernuari dagokionez, Garamendik nabarmendu du haren sailaren egitekoa izango dela Gernikako Estatutua betetzea, Jaurlaritzaren esku uzteko falta diren eskumenak eskualdatuta. Gainera, agindu du Espainiako Estatuak «eskumen autonomikoak birzentralizatzeko egiten dituen prozesuen aurrean autogobernua defendatuko» duela.
2020-10-27
https://www.berria.eus/albisteak/188886/gasolioaren-zerga-handitzeak-eaj-haserretu-du.htm
Ekonomia
Gasolioaren zerga handitzeak EAJ haserretu du
Espainiako Gobernuak 2021eko aurrekontu proiektua aurkeztu du. Edari freskagarrien BEZa %21era igoko du, baina ez die zerga hori ezarriko osasun eta hezkuntza pribatuei.
Gasolioaren zerga handitzeak EAJ haserretu du. Espainiako Gobernuak 2021eko aurrekontu proiektua aurkeztu du. Edari freskagarrien BEZa %21era igoko du, baina ez die zerga hori ezarriko osasun eta hezkuntza pribatuei.
Zerga igoera batzuk ekarriko dituzte Espainiako aurrekontuek Hego Euskal Herrira. Proiektuaren tramitazioan aldaketarik ez bada, beren autoetan gasolioa darabiltenek gehiago ordaindu beharko dute zergetan, 2,3 euro gehiago 50 litroko, Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak esan duenez. Edari freskagarrien BEZa %10etik %21era handituko da, baina dendetan erosten direnei soilik ezarriko zaie tasa arrunta, «ostalaritzari kalte handiagoa ez egiteko», Monterok argudiatu duenez. BEZa ordaintzetik salbuetsita jarraituko dute hezkuntza eta osasun pribatuek. Gasolioaren zergari dagokionez, erregai horrek ordaintzen duen zerga litroko 30,7 zentimotik 34,7 zentimora handituko da. Edonola ere, gasolioaren zerga ez da oraindik iritsiko gasolinak ordaintzen duenera (40,07 zentimo). Igoerak ez dio gasolio profesionalari eragingo. Gasolioaren gaineko zerga handitzeak EAJren haserrea eragin du, salatu baitu halakorik ez egitea hitzartu zuela Ogasun Ministerioarekin, «Euskadiko autoaren industriari kalterik ez egiteko». EAJk dio «modu txarrean harrituta» dagoela, eta aurrekontu proiektua babesteko asmoa «berriro aztertuko» duela; «arreta handiz» begiratuko du, botoa erabaki aurretik. Hego Euskal Herrian eragin zuzena ez duten beste zerga neurri batzuk ere hitzartu dituzte gobernua sostengatzen duten bi alderdiek, PSOEk eta Unidas Podemosek. Errenta zerga bi puntu handituko diete urtean 300.000 eurotik gora irabazten dutenei, eta hiru puntu 200.000 eurotik gorako kapitalaren errentei. Sozietate zergan, dibidenduen banaketak jasotzen zuen kenkaria pixka bat jaitsiko dute. Pentsio planetan, hobari txikiagoa izango dute plan pribatuek, eta gehiago, berriz, laneko planek. Alokairuen prezioak Aurreko egunotan iragarri bezala, Espainiako Gobernuak %0,9 handituko ditu urtarrilaren 1ean langile publikoen soldatak eta pentsioak, inflazio hori espero duelako datorren urtean. Gehiago igoko dira, berriz, pentsio ez-kontributiboak (+%1,8) eta IPREM indizea (+%5), hainbat gizarte laguntza kalkulatzeko baliatzen dena. Aurrekontu proiektuan agertzen ez bada ere, hura aurrera ateratzea erraz dezakeen beste neurri bat hitzartu dute PSOEk eta UPk: alokairuaren prezioak arautzeko legegai bat aurkeztuko dute lau hilabeteko epean. UPren eskaera zen, baina ontzat hartu dute aurrekontuak babesteko beste hautagai batzuek, haien artean EH Bilduk eta ERCk.
2020-10-28
https://www.berria.eus/albisteak/188917/trumpek-amerika-handi-egingo-du-berriz.htm
Mundua
«Trumpek Amerika handi egingo du berriz»
AEBetako presidentearen alaba, Ivanka Trump, Miamin izan da, Alderdi Errepublikanoaren aldeko botoa eskatzen.
«Trumpek Amerika handi egingo du berriz». AEBetako presidentearen alaba, Ivanka Trump, Miamin izan da, Alderdi Errepublikanoaren aldeko botoa eskatzen.
Bayfront Parkera hurbilduz joan ahala, Poliziaren autoek ohartarazten dute badela zerbait ezohikoa bertan. Bozgorailuetako musikak erakarrita, gerturatuz doa jendea, eta, taula gainean jarritako AEBetako bandera erraldoia ikusita, ez da zalantzarik hauteskunde kanpainako ekitaldi bat hastear dela. Inguru guztian jarritako «Trump Pence» dioten kartelek, berriz, argi uzten dute hura ez dela demokraten aldeko jaialdi bat. Florida estatu garrantzitsua da hauteskunde hauetan; izan ere, han irabazi beharra daukate errepublikanoek Etxe Zurira helduko badira. Hori dela eta, azken asteetan ekitadi ugari egin dituzte bai errepublikanoek eta bai demokratek han. Joan den larunbatean bertan, Barack Obama presidente ohia izan zen Miamin, Joe Biden hautagai demokrataren aldeko botoa eskatzen. Astearte honetan, Ivanka Trump AEBetako presidentearen aholkulari eta alabaren txanda izan da. Estatuburuaren bidetik jo du Ivanka Trumpek, eta gehiengoz hispanoa den ikusle taldearen aurrean, ohartarazi du AEBak «sozialismora» bideratu nahi dituela Bidenek, baina buruzagi errepublikanoak ez duela sekula halakorik onartuko: «Amerika ez da sekula sozialista izango. Presidenteak eten egingo du Bidenek eta Obamak Castrotarrekin egindako akordioa». Estatuburuaren alabak Maximiliano Alvarez erbesteratu kubatarrari eman dio hitza. Alvarez ezagun egin da Youtubeko bere bideoetan Trumpen aldeko kanpaina egiten duelako, baina, batez ere, Alderdi Errepublikanoen batzarrean kubatar-estatubatuarren ordezkari gisa hitz egin zuelako. Alvarezek eskerrak eman dizkio Trump familiari «erbesteratuen alde» egindako lanarengatik, eta hautagai errepublikanaren alde bozkatzera deitu ditu hautesleak. Trumpek Poliziaren lana ere goraipatu du, eta nabarmendu presidenteak beti jarraituko duela segurtasun indarrak babesten. Ivanka Trumpen hitzak txalo zaparrada batekin hartu dituzte ekitaldira bildutako mila ikusle inguruk. Hala, Trumpek berretsi du bere aitak bete egiten duela emandako hitza, eta iragarri Donald Trumpek «Amerika handi egingo» duela.
2020-10-28
https://www.berria.eus/albisteak/188918/bartzelonaren-eta-madrilen-arteko-harremana-are-gehiago-gaiztotu-du-volkhov-operazioak.htm
Mundua
Bartzelonaren eta Madrilen arteko harremana are gehiago gaiztotu du 'Volkhov operazioak'
ERC eta JxCat alderdiei lotutako hainbat enpresari atxilotu dituzte. Tsunami Demokratikoa plataformarekin lotura izatea egozten diete.
Bartzelonaren eta Madrilen arteko harremana are gehiago gaiztotu du 'Volkhov operazioak'. ERC eta JxCat alderdiei lotutako hainbat enpresari atxilotu dituzte. Tsunami Demokratikoa plataformarekin lotura izatea egozten diete.
Kataluniako Parlamentuak independentzia deklarazioa onartu zuenetik hiru urte bete berri diren honetan —atzo bete ziren hiru urte—, Guardia Zibilak Kataluniako prozesu independentistaren kontrako beste operazio bat jarri du abian. Zehazki, Kataluniako alderdi independentistekin lotuta dauden enpresari eta goi kargudun batzuk atxilotzeari ekin dio, ustez Tsunami Demokratikoa plataformarekin loturak izateagatik eta Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak Belgikan duen egitura finantzatzeko diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik. 21 atxiloketa egin ditu orotara, eta 31 miaketa. Bartzelonako 1. instrukzio epaitegiak agindu ditu atxiloketak. Delitu ugari leporatzen dizkiete ikertuei: besteak beste, funts publikoak bidegabe erabiltzea, dirua zuritzea, prebarikazioa, influentzia trafikoa, eroskeria eta desordena publikoak. Xavier Vendrell Kataluniako Gobernuko kontseilari ohia, David Madi Kataluniako uren konpainiako presidentea eta Oriol Soler komunikazio arloko enpresaria atxilotu dituzte, besteak beste. Vendrell eta Soler ERCri lotuak daude. Vendrell alderdiko antolakuntza idazkari izan zen hamar urtez. Madi, berriz, CIUko komunikazio idazkari izan zen. Eta Artur Masen gertukoa, hura CIUko buru zenean. Quim Torra Kataluniako presidente ohiak txio baten bidez jakinarazi du Josep Alay enpresaria ere atxilotu dutela, Puigdemonten bulegoko buru dena. Alay aske gelditu da goizean, diru publikoaren erabilera bidegabea egiteagatik akusatuta. Guardia Zibilak ez du argitu gainerako hogei atxilotuak non diren. Solerren abokatu Benet Salellasek adierazi duenez, enpresaria ostiralean pasatuko da epailearen aurretik. Azaldu du «Espainiako Estatua ezegonkortzeko» estrategia batean parte hartzea egozten diotela, eta helburu hori lortzeko Errusiarekin eta Julian Assange eta Esward Snowden ekintzaileekin elkarlanean aritzea. Are gehiago, autoak jasotzen duenez, ikerketek diote Errusiak 10.000 soldadu bere zerbitzura jartzea eskaini ziola Puigdemonten gobernuari 2017an, baita Kataluniaren zorra ordaintzea ere. Guardia Zibilak izen errusiarra jarri dio, gainera, operazioari: Volkhov. Errusiako hiri baten eta ibai baten izena da, baita Espainiako Dibisio Urdinak Alemaniako naziekin batera Sobietar Batasunaren kontra irabazi zituen guduetako baten izena ere. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak ohar baten bidez azaldu duenez, hainbat pertsona dira ustelkeria delituengatik eta desordena publikoarengatik ikertutakoak. Zerrenda horretan daude, besteak beste, Xavier Vinyals Kataluniako selekzioen aldeko plataformaren burua eta Pilar Contreras Kataluniako itunpeko ikastetxeen sareko zuzendari nagusia. Guardia Zibilak miaketa ugari egin ditu Bartzelonan, Igualadan, Gironan, Vilafranca del Penedesen eta Sant Joan Despin, besteak beste. 31 tokitan, orotara. Ikerketa lotuta dago CDCren fundazioetara bideratutako diru publikoaren ustezko erabilera bidegabearen auziarekin. Aparteko pieza bati dagokio Guardia Zibilaren gaurko operazioa. Ikerketa agindu duen epailearen tesia da atxilotuek diru publikoa desbideratu dutela Puigdemontek Belgikan duen egitura politikoa finantzatzeko. Horretarako, agintean dauden alderdiekin dituzten loturak baliatu dituztela uste du, eta era irregularrean jaso dituztela diru laguntzak eta esleipenak. «Errepresioa» salatu dute Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak Guardia Zibilaren operazioa gaitzetsi du Twitter bidez. «Espainiako Guardia Zibilak Josep Alay nire bulegoburua atxilotu berri du Bartzelonan, independentziaren aldeko mugimenduarekin lotutako beste dozena bat pertsonarekin batera. Berehala askatu behar dituzte. Disidente politikoen kontra egitea oinarrizko eskubideen urraketa larria da». Puigdemontek gaineratu du Espainiako Estatuak independentismoaren «heriotza politikoa eta zibila» nahi duela, «independentzia deklaraziotik hiru urtera helburu justu eta demokratiko baten alde borrokan» jarraitzen duelako. Quim Torra Kataluniako presidente ohiak ere «errepresioa» amaitzeko eskatu du. «Nahikoa da!», idatzi du bere Twitter kontuan, Alayren atxiloketaren berri emateko mezuan. ERCtik, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak Espainiari galdegin dio eten ditzala prozesu independentista «kriminalizatzeko azpijokoak». Beharrezkotzat jo du «irtenbide politiko bat, errepresio poliziala eta judiziala desaktibatuko duena». Carles Riera CUPeko parlamentariaren esanetan, «politikoki irabaztea» da «errepresioari» eman dakioken erantzunik onena. «Espainiako gobernuak aldatzen dira, baina erregimenak bere horretan jarraitzen du», nabarmendu du. Gizarte eragile independentistek ere operazioa salatu dute. ANC Biltzar Nazional Katalanak adierazi du Espainiako Estatuak «errepresioaren eta jazarpen politikoaren» lengoaia ulertzen duela soilik. Jordi Cuixart Omniumeko presidente espetxeratuak, berriz, «borroka baketsua kriminalizatzea» leporatu dio Espainiari. Alderdi eta eragile independentistek elkarretaratzea egin dute 13:00etan, Bartzelonako Sant Jaume plazan. Adierazpen bateratu bat irakurri dute bertan. Atxilotuak berehala aske uzteko exijitu dute, eta «independentismoaren kontrako auzi orokorra» salatu. Independentisten iritziz, operazioak «herritarren oinarrizko eskubideak mugatu» nahi ditu, eta «beldurra» erabiltzen du «disidentzia politikoari jazartzeko». ANCk eta Omniumek elkarretaratzera deitu dute Kataluniako herri eta hirietako plazetan, iluntzerako. Operazioa Espainiako Estatuaren eraso bat gehiago izan dela adierazi du independentismoaren parte handi batek, eta horrek eragina izan lezake pandemiaren kudeaketan ere. Kataluniako hainbat hedabideren arabera, ERC alarma egoera luzatzearen alde agertuko litzateke, baina JxCat PSOEren eta Podemosen arteko gobernuari babesa ematearen aurka legoke, haiekin ez delako ez errepresioa amaitu, ezta Kataluniako Gobernuaren nahiak ase ere. Hala, bi aldeen arteko harremanak are gehiago gaiztotu ditu Volkhov operazioak. Terradellas lotura Guardia Zibilak otsailean eginiko txosten batek independentzia prozesuarekin lotutako 48 lagun ikertzeko eskatu zuen. Haren arabera, 2012. eta 2015. urteen artean Bartzelonako Aldundian modu irregularrean eman ziren hainbat esleipen eta diru laguntza. Milioi bat euro inguruko balioarekin. Horietatik 180.000 euro CATmon eta Igman fundazioetara bideratu ziren. Haien esanetan, prozesu subiranistari lotutako fundazioak dira horiek, CDCko kide ohi Victor Terradellasi lotuak. Terradellas maiatzean eginiko operazioan atxilotu zuten. Gaur atxilotutako Vendrellek, Madik eta Solerrek harreman estua dute Terradellasekin, Guardia Zibilaren esanetan, eta «proces-eko enpresari frontea» osatzen dute. Hala, Carles Puigdemontekin eta ERCko buru Oriol Junquerasekin bildu ziren 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren aurretik, Guardia Zibilaren arabera, eta erreferendumaren ostean ere prozesu independentistaren alde lanean jarraitu dute. Puigdemontekin eta ERCko buru ohi Marta Rovirarekin bildu izana aipatu dute. Sokatik tiraka Ikerketa horren bidez, ustezko loturak atzeman dituzte Tsunami Demokratikoa plataformarekin. Espainiako Auzitegi Nazionalak ez zuen lortu halakorik. Auzitegi hark iaz abiatu zuen plataformako buruak aurkitzeko ikerketa, baina oraingoz ez du emaitzarik jaso. Tsunami Demokratikoa izan zen iazko udazkenean, Espainiako Auzitegi Gorenak bederatzi buruzagi independentistaren kontrako sententzia eman ostean, hainbat protesta ekintza jendetsu antolatu zituena. Tsunami Demokratikoa terrorismo delituengatik ikertzeko agindua eman zuen Manuel Garcia Castellon epaileak, Prat aireportuan eginiko protestaren ostean. Euskal Herrian ere egin zuen agerpena prostesta mugimenduak, Biriatuko muga kolapsatzeko deia eginez. Orain, Vendrelli eta Solerri leporatzen diete milioika lagun mugiarazteko gai izan den plataformarekin lotura izatea. Besteak beste, Bartzelona eta Real Madrilen arteko partidan Camp Nou zelaian egin ziren protesten atzean daudela uste du Guardia Zibilak.
2022-1-27
https://www.berria.eus/albisteak/188919/herriz-herriko-egoeraren-mapa.htm
Gizartea
Herriz herriko egoeraren mapa
Herri bakoitzeko eta Hegoaldeko osasun eskualde bakoitzeko positibo berrien tasak erakusten dituzte mapa hauek; kolorerik ilunenetan markatuta daude kasu positibo gehien detektatu dituzten lekuak. Hegoaldean, orain arte atzeman diren positiboak eta bezperakoak ere erakusten ditu.
Herriz herriko egoeraren mapa. Herri bakoitzeko eta Hegoaldeko osasun eskualde bakoitzeko positibo berrien tasak erakusten dituzte mapa hauek; kolorerik ilunenetan markatuta daude kasu positibo gehien detektatu dituzten lekuak. Hegoaldean, orain arte atzeman diren positiboak eta bezperakoak ere erakusten ditu.
Klikatu maparen gainean xehetasunak ikusteko. Mapa pantaila osoan ikusi nahi izanez gero, klikatu hemen. Maparen goiko botoiak erabilita, ikus liteke herri guztietako intzidentzia tasa, osasun eskualde bakoitzeko intzidentzia tasa (Hegoaldean), eta herri bakoitzean erregistratutako heriotza kopurua (Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan). Positibo berriak non atzematen ari diren erakusten dute mapa hauek. Hegoaldearen kasuan, azkeneko hamalau eguneko datuak metatuta, 100.000 biztanleko kasu gehien zein herritan eta zein osasun eremutan pilatzen ari diren ikus liteke; urdin ilunez daude azkeneko hamalau egunetan 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago dituzten lekuak. Aintzat hartu behar da herri txikietan kasu bakar batek tasa hori izugarri handitzen duela. Administrazioek bezperako datua ematen dute: horrela, urtarrilaren 11n urtarrilaren 10eko datua ematen dute, eta horrela erakusten du mapak. Gorriz, berriz, Eusko Jaurlaritzak eremu gorrian sartutako herriak agertzen dira. Murrizketa handiagoak dituzte herri horiek: ostatuek ezin dute ireki, eta, urtarrilaren 13tik aurrera, herri horietako biztanleak ezingo dira herritik atera, ez bada premiazko zereginen batera edo lanera joateko. Hamalau egunean 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago dituzten herriak agertzen dira eremu gorrian, baina ez denak: 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan, Jaurlaritzak erabakitzen du herria eremu gorrian sartuko den edo ez, zenbait adierazle aintzat hartuta. Mapa honetan, 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago izan arren eremu gorrian sartu gabeko herriak urdin ilunez agertzen dira. Ipar Euskal Herriaren kasuan, Frantziako Osasun Ministerioa urriaren 22an hasi zen herriz herriko egoera erakusten; ordura arte ez zituen ezagutarazi datu horiek. Hala ere, herriak ez estigmatizatzeko eta positiboak ez identifikatzeko, ez du jakinarazten herri bakoitzean zenbat kutsatu dauden, ez eta tasa zehatza zenbatekoa den ere: kolorea iluntzen dio herri bakoitzari, larritasunaren arabera. 100.000 biztanleko tasa kalkulatzeko, azken zazpi egunetako datuak erabiltzen ditu ministerioak, eta Hegoaldeko tasa hamalau egunekoa da; horregatik, ezin dira Iparraldeko eta Hegoaldeko datuak zuzenean konparatu. Mapa honek, hala ere, tasarik okerrenak dituzten herriak zeintzuk diren erakusten du, kolorerik ilunena baitute. Egun bakoitzean, hiru egun lehenagoko egoera erakusten du Ipar Euskal Herriko maparen zatiak, azken egunetako positiboen datuak balioztatzeko tarte bat uzten duelako; adibidez, urriaren 30eko mapak urriaren 27ko egoera erakusten du. BERRIAk astelehenetik ostiralera eguneratzen ditu mapa hauek, arratsaldeko lehen orduan, administrazioek datuak eguneratzean.
2020-10-28
https://www.berria.eus/albisteak/188920/hego-euskal-herrrian-1625-positibo-detektatu-dira.htm
Gizartea
Hego Euskal Herrrian 1.625 positibo detektatu dira
Egun bakarrean orain arteko proba gehien egin dute Osakidetzak eta Osasunbideak: 19.560 PCR eta antigeno test, guztira. %8,3k eman dute positibo
Hego Euskal Herrrian 1.625 positibo detektatu dira. Egun bakarrean orain arteko proba gehien egin dute Osakidetzak eta Osasunbideak: 19.560 PCR eta antigeno test, guztira. %8,3k eman dute positibo
Nafarroan, behera; eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gora. Joera kontrajarriak utzi dituzte agerian Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak gaur kaleratutako datuek. Orotara, 1.625 kasu atzeman dira. Aspaldiko partez, Gipuzkoak eta Bizkaiak Nafarroak baino kasu gehiago izan dituzte. Gipuzkoan, atzo, 511 kutsatu detektatu ziren, aurreko egunean baino 98 gehiago. Bizkaian, berriz, 500 positibo atzeman dira, aurreko egunean baino 43 gehiago. Araban ere gora egin dute kasuek, aurreko egunean baino 57 kasu gehiago izan baitira (143, guztira). Hiru lurralde horietan oro har %19 egin dute gora positiboek. Nafarroan, berriz, behera egin dute kasuek. Lehen datuen arabera, azken 24 orduetan 457 pertsona kutsatu dira, aurreko egunean baino 121 gutxiago. Santos Indurainen arabera, ospitaleratzeetan ez da egoera okertu azken 24 orduetan. Egun, 387 pertsona daude ospitaleratuta (horietatik 68, etxean artatuta); larrialdietan, berriz, 50 pertsona daude, atzo bezala. Dena den, Indurainek nabarmendu du «tentuz» hartu behar dela datua, batik bat bilakaera kontuan hartuz. Osakidetzari dagokionez, koronabirusa zuten 73 pertsona gehiago sartu ziren ospitaleetako gela arruntetan, baina, kontuan harturik sendagiriak ere eman direla, oro har bi pertsona gehiago daude Osakidetzaren menpeko ospitaleetan. Guztira, 405 pertsona daude ospitalean; ZIUetako oheetan, berriz, 75 daude, atzo baino bat gehiago. Azken 24 orduetan, Osakidetzak eta Osasunbideak inoiz baino proba gehiago egin dituzte: 19.560 PCR eta antigeno test egin dituzte. Egindakoen artean, batez beste %8,3k eman dute positibo. 79 pertsona hil dira astebetean Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak txosten epidemiologikoa kaleratu dute gaur. Bertan, daturik deigarrienetako da 74 pertsona hil direla urriaren 19tik 25era. Bere txostenean, Nafarroak dio aste horretan atzemandako 3.929 kasuetatik %68 asintomatikoak direla, eta %63, beste positibo baten kontaktua —kontrol lan hori nahiko eraginkorra den seinale—. Txostenak nabarmendu du hamar kutsatzetik sei konfiantzazko eremu batean gertatzen direla: etxean bertan, senideen artean (%39) eta etxetik kanpoko ingurukoen eta lagunen artean. Lan eta eskola eremuetan gertatu dira azken asteko kutsatzeen %5. Adinen arabera, 15 eta 34 urte arteko gazteak dira gehien kutsatu direnak (100.000 biztanleko 834ko intzidentzia tasa izan dute azken astean). Eskualdeka, Iruñerrian eta Lizarrerrian handitu da intzidentzia (536koa da 100.000 biztanleko Iruñerrian, azken astean; 317koa Lizarrerrian). Kontuan hartu behar da intzidentzia tasa hori azken zazpi egunetakoa dela. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, intzidentzia ere handitzen ari da. Kasu honetan, Gipuzkoak du intzidentzia tasarik handiena, azken hamalau egunetan 811 kutsatu baitira 100.000 biztanleko. Bizkaian, 478koa da tasa, eta Araban handitzen ari da: 393koa da 100.000 biztanleko. Ospitaleratzeei dagokienez, azken astean %76 gehitu dira ospitaleratzeak Nafarroan, aurreko astean baino 261 gehiago sartu baitira ospitale sarean. ZIUetako oheetan, berriz, 23 gehiago. Koronabirusaren genomaren arrastoak detektatzeko gai dira PCR probak; antigeno probek, berriz, birusa osatzen duten proteina arrastoak atzematen dituzte, eta, azken bi asteetan, proba mota hori erabiltzen hasia da Osasunbidea. Santos Indurain Osasun kontseilariak atzo azaldu zuen euren asmoa dela azaroaren 2rako osasun etxe guztietara hedatzea. Proba horiek emaitzak azkar ematen dituzte, eta, oraingoz, lehen bost egunetan sintomak dituzten pertsonekin erabiliko dituzte. Nafarroako Gobernuak adierazi du Ospitale Gunean antigeno testen baliagarritasuna aztertzen ari direla, baina, Espainiako Karlos III.a Institutuak balioetsi duenez, fidagarritasuna ematen diote. Hiru osasun etxe asteburuetan Asteburuetan hiru osasun etxe irekitzeko asmoa du Osasun Departamentuak. Indurainek aurreratu du Ermitagañako, Mendillorriko eta Antsoaingo osasun etxeak irekiko direla. Hiru osasun etxeotan, halaber, Iruñerriko hainbat auzo eta herritako pertsonak artatuko dituzte. Sintomak dituztenen kasuak ugaritzen ari dira, eta, asteburuetan eskari horrek gainezka egin dezakeenez, hiru osasun etxe horietara bideratuko dute lan hori.
2020-10-28
https://www.berria.eus/albisteak/188921/senideak-bisitatzeko-mugak-neurriak-ertzaintzaren-arabera.htm
Gizartea
Senideak bisitatzeko mugak: neurriak, Ertzaintzaren arabera
Eusko Jaurlaritzaren dekretua interpretatzeko irizpideak eman ditu Ertzaintzaren zuzendaritzak; besteak beste, ezarri du erosketak udalerrian edo albokoan egin behar direla, eta ezinbestekoa denean soilik joan daitekeela beste herri batera. Senideak bisitatzeari dagokionez, ohartarazi dute «laguntza eta zaintza lanetarako» soilik dagoela onartua, ez besterik gabe bisitan joatea.
Senideak bisitatzeko mugak: neurriak, Ertzaintzaren arabera. Eusko Jaurlaritzaren dekretua interpretatzeko irizpideak eman ditu Ertzaintzaren zuzendaritzak; besteak beste, ezarri du erosketak udalerrian edo albokoan egin behar direla, eta ezinbestekoa denean soilik joan daitekeela beste herri batera. Senideak bisitatzeari dagokionez, ohartarazi dute «laguntza eta zaintza lanetarako» soilik dagoela onartua, ez besterik gabe bisitan joatea.
Indarrean da Eusko Jaurlaritzak joan-etorriak mugatzeko onartutako dekretua, eta datozen egunetan neurriak «zorrotz» betearazten hasiko da Ertzaintza, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak iragarri duenez. Egunotan ez dira isunak jartzen ari: «informazioa» ematen ari dira herritarrei. Ertzaintzaren zuzendaritzak jarraibide batzuk eman ditu, dekretua nola interpretatu. Hona: Erosketetara joan daiteke udalerritik kanpora? Bizileku den udalerrian edo albokoan erosi behar dira elikagaiak eta bestelako produktuak. Herrian edo alboan ez badago erosi nahi den produktua, «salbuespenez» joan ahalko da beste herri batera, baina betiere bizileku den herritik ahalik eta gertuen dagoen saltokira. Mugikortasunari dagokionez, zein hartzen da alboko udalerri gisa? Bizilekuaren ondoan dagoen udalerria: bizilekutik zuzenean sartzen den herria, mugakide ez diren beste udalerri batzuetatik igaro gabe. Joan daiteke adinekoentzako egoitzetara? Bai, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, zentroak berak baimendutako bisitak badira. Joan daiteke espetxera bisitan? Bai, baldin eta espetxeko agintaritzak emandako baimena izanez gero. EAEtik kanpora joatea baimenduko da baldin eta helmugako erkidegoak ez baldin badu sarbidea debekatua. Onartua dago autoarekin beste herri bateko tailerrera joatea? Bai, baldin eta tailerrera joatea «atzeraezina, nahitaezkoa eta aurrez aurre egin beharrekoa» baldin bada. Kultu lekuetara joateko mugi daiteke herritik? Soilik bizi den udalerrian edo albokoan halakorik ez badago, eta betiere hurbilen dagoen tokira. Norbaiten bila joan daiteke geltokira edo aireportura? Bai, senidea baldin bada, eta etxera bueltan etortzeko soilik. Joan daiteke senideak bisitatzera, menpekotasunen bat badute, ezinduak badira edo egoera zaurgarrian badaude? Ez. Soilik laguntza eta zaintza lanetarako joan daiteke. Baratzera joan daiteke? Bizileku den herrira edo albokora soilik. Bigarren etxebizitzara joan daiteke? Herri berean edo albokoan badago soilik. Sindikatuko, alderdi politikoko edo halako taldeetako jardueretarako mugi daiteke? Bai, jardun instituzional gisa hartzen direlako. Aire zabalean kirola egin daiteke taldean? Bakarka egin daiteke, eta, taldean bada, gehienez ere sei lagun. Hilerrira joan daiteke? Soilik bizileku den herrikora edo albokora. Kultur etxeetan, kirol eskoletan eta halakoetan antolatutako jardueretara joan daiteke? Bizileku den herrian edo albokoan bakarrik. Tabernek itxita egon behar dute 23:00etatik 06:00etara. Baina langileak aritu daitezke barruan lanean ordutegi horretatik kanpo? Bai. Lokala prestatzeko lanak egin ditzakete ordutegi horretatik kanpo. Ezin dute etxez etxeko banaketa zerbitzurik egin 23:00etatik 06:00etara. Tabernako makina txanponjalean ibil daiteke zutik? Ez. Eserita jokatu behar da. Kirola egitera edo entrenatzera joan daiteke udalerritik edo albokotik harago? Ez, non eta ez daukan kirolari profesionala edo erdi-profesionala dela egiaztatzeko agiririk. Bizileku ez den herriko kiroldegira joan daiteke? Alboko herrikora bakarrik. Beste erkidego batera joan daiteke ehizara, arrantzara edo halako jardueraren batera? Ez. Soilik bizileku den herrian edo albokoan egin daiteke.
2020-10-28
https://www.berria.eus/albisteak/188922/ipar-euskal-herria-oso-hunkitua-dela-adierazi-du-baionako-ospitaleko-zuzendaritzak.htm
Gizartea
Ipar Euskal Herria «oso hunkitua» dela adierazi du Baionako ospitaleko zuzendaritzak
Erietxean ohe gehiago jarri dituzte suspertze zerbitzuan, larrialdiari aurre egiteko Plan Zuriari jarraikiz.
Ipar Euskal Herria «oso hunkitua» dela adierazi du Baionako ospitaleko zuzendaritzak. Erietxean ohe gehiago jarri dituzte suspertze zerbitzuan, larrialdiari aurre egiteko Plan Zuriari jarraikiz.
Baionako ospitaleko zuzendaritzak prentsaurreko bat egin du gaur goizean, Lapurdiko hiriburuan, erietxean atzo ezarritako Plan Zuria zertan den azaltzeko. Izurriari aurre egiteko ezarri dituzte neurri bereziak. «Epidemia azkartuz doa. Birusa fite hedatzen ari da, denetan. Ipar Euskal Herria osoki hunkitua da», esan du Michel Glanes Baionako ospitaleko zuzendariak. COVID-19 gaitza dutenak artatzeaz gain bestelako eritasunak dituztenak ere «molde egokian» artatzeko baliabideak ezartzen ahal dituzte Plan Zuriaren bidez. Esaterako, hamabi ohetik 27ra pasatuko dira koronabirusa dutenak artatzeko. Halere, larrialdikoak ez diren ebakuntza zenbait atzeratuko dituzte, baina, oraingoz, ez udaberrian bezainbat. Suspertze zerbitzua saturaziora heldu denez, hamabost ohetik hogeira pasatuko direla azaldu du Glanesek. Goizean, 40 bat paziente artatuak dira koronabirusagatik, 34 Ipar Euskal Herrikoak. Horietako hamahiru BAM eremukoak dira (Baiona, Angelu, Miarritze), eta 21, beste herri batzuetakoak. Azaldu dutenez, izurriaren hasieratik hemezortzi paziente zendu dira Baionako ospitalean. Beste 159 sendatu egin dira, eta 47 bestelako osasun zentroetara joan dira. Guztira 263 pertsona artatu dituzte. Orain artatuak diren paziente gehienek «etxean eta familian» bildu dute birusa, Baionako infekziologoaren arabera. Larrialdiko zenbakia (hamabost) «ez da saturatua», Michel Glanesen arabera. «Oso garrantzitsua da deitzen segitzea, edozein patologia izanda ere». Salatu dutenez, osasun langileak falta ditu Baionako ospitaleak. Izan ere, ehun langile baino gehiago lan geldialdian dira, zaurgarri direlako. Zuzendaritzak gaineratu duenez, ospitaleko langileen %2 eta %2,5 artean, hau da, ehun bat kutsatu dira, gehien-gehienak ospitaletik kanpo.
2020-10-28
https://www.berria.eus/albisteak/188923/kultur-langileen-estatutu-bat-eratu-nahi-du-jaurlaritzak.htm
Kultura
Kultur langileen estatutu bat eratu nahi du Jaurlaritzak
Sektorearen erregulazioa eta profesionalizazioa indartuko duen araudi bat sortzea da asmoa.
Kultur langileen estatutu bat eratu nahi du Jaurlaritzak. Sektorearen erregulazioa eta profesionalizazioa indartuko duen araudi bat sortzea da asmoa.
Ardura eta eginkizun berriekin ekin dio Bingen Zupiriak legealdi berriari, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren karguaz gain Eusko Jaurlaritzako bozeramaile kargua ere haren gain jarri baitu lehendakariak. Baina, lan ardatz berriak izango baditu ere, aurreko agintaldian hasitako suspertze eta berregituraketa ahaleginari jarraitutasuna ematea izango da sailaren ardura nagusia datozen lau urteetan. Hala adierazi du Zupiriak, legealdiko asmoen berri emateko Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian. 2008ko krisiak kulturaren sektorean eragindako ondorioei erantzutea izan zen sailaren aurreko agintaldiaren zeregin nagusia, baina COVID 19aren izurriak kolpean eten zuen ahalegin hori, eta, orain, are gehiago makurtu eta zaildu da egoera. Zupiriak aitortu du ziurgabetasuna handia dela, eta itzal horrek eragin nabarmena izango duela sailaren erabakietan ere. Eta, hain zuzen, autokritika txiki batekin abiatu du hitzaldia sailburuak: «Kasu askotan, seguru nago ez dugula asmatu edo berandu iritsi garela», aitortu du, krisiaren albo kalteei aurre egiteko hartutako neurriei erreferentzia eginez. Nolanahi ere, atzera begiratu baino gehiago, hurrengo urteei erreparatu nahi izan die sailburuak, eta, horretarako, bost lan ildo zerrendatu ditu, bost konpromiso. Estatutua Lehenak kultur sortzaileekin eta ekoizleekin du lotura. «Euskadi herri sortzailea izatea nahi dugu», adierazi du Zupiriak. Eta, horretarako, ezinbestekotzat jo du sortzaileen lan baldintzetan eta profesionalizazioan sakontzea; izan ere, sailburuaren hitzetan, alderdi horretan ageri dira sektorearen ahuldade nagusiak. Bada, horri aurre egiteko, kultur profesioen inguruko estatus bat sortzeko asmoa du Jaurlaritzak. 2018an, Espainiako Kongresuan abiatu zuten egitasmoa, baina testu hark ez zuen jarraipenik izan, eta, Jaurlaritzaren iritziz, koronabirusaren krisiak agerian utzi du «erregulazio eta profesionalizazio egoki baten beharra». Bada, estatu haren baliokide izango litzatekeen araudi bat onartu nahi du behar hori betetzeko. Ildo horretan, Zupiriak azpimarratu du, halaber, foru aldundiekin eta Madrilekin aztertuko dutela fiskalitateari dagozkion puntuak ere, ogasunek sektoreko langileen bereizgarritasunak aintzat hartu ditzaten. Kulturgileei eskainitako laguntzak beharrizan berrietara egokituko dituztela ere aipatu du. Euskal Artearen Sistema Kultur eskaintza indartzea eta sustatzea ere helburuen artean jarri du sailburuak. «Kulturaren Euskal Hiria eraikitzen lagundu nahi dugu», esan du. Izurriaren ondorioz eskaintza hori eten egin bada ere, egoerak ahalbidetzen duen heinean berreskuratzeko lan egingo dutela azpimarratu du. Nazioarteko proiekzioa duen Artearen Euskal Sistema eratuko du Jaurlaritzak horretarako. Sistema horrek eragileen arteko lankidetza antolatu eta indartu nahi du, sorkuntzaren sustapen bultzatu eta lanen hedapena zabaltzeko. Museoen sarea ere berritu nahi Zupiriak. Ondarea Aurreko legealdian onartu zuen Kultur Ondarearen Legean sakondu nahi du Jaurlaritzak datozen urteetan ere. Eta, horretarako, Euskadiko Industria Ondarearen Zentroa eraikiko du Barakaldon (Bizkaia). «Memoria bizia eraiki nahi dugu, herri gisa, gure iraganaren memoria zaintzeko eta etorkizunean duen eragina aintzat hartzeko», esan du Zupiriak. Digitalizazioa Digitalizazioa du laugarren konpromisotzat sailburuak; izan ere, Zupiriak adierazi duenez, mundu digitala «behar bezala jorratu gabeko eremua» da euskal kultur sektorearentzat, eta pandemiak agerian utzi du hori. Horiek horrela, «lehentasunezko lan ildo gisa» jarri du digitalizazioa sailak, eta trantsizioa egiten laguntzeko neurriak iragarri ditu. Horietako bat da Euskal Kulturaren Atari Digitala. Euskariana izeneko plataforma digital horretan bilduko dira euskal kulturaren alor guztietako erreferentziak eta informazio askotarikoak. «Gure kultur sorkuntzaren eta ondarearen bilgune, informazio iturri eta erakusleiho digital nagusia izango da, eta oinarrizko lanabes bat ere bai, euskal kulturaren digitalizazioan eta ikusgarritasun digitalean», esan du Zupiriak. Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea handitzen jarraitzea, Irakurketa Sustatzeko Euskal Plana zehaztu eta onartzea edo eta e-liburutegia garatzen jarraitzea ere badira sailaren erronkak legealdi berriari begira, Zupiriak azaldu duenez.
2020-10-28
https://www.berria.eus/albisteak/188924/haurreskolak-partzuergoko-negoziazio-mahaia-biltzeko-eskatu-dute.htm
Gizartea
Haurreskolak partzuergoko negoziazio mahaia biltzeko eskatu dute
Haurreskolak partzuergoko langileek eskatu dute bertan behera uzteko «alde bakarrez» hartutako erabakiak. Gaur goizean, protesta egin dute Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.
Haurreskolak partzuergoko negoziazio mahaia biltzeko eskatu dute. Haurreskolak partzuergoko langileek eskatu dute bertan behera uzteko «alde bakarrez» hartutako erabakiak. Gaur goizean, protesta egin dute Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.
Haurreskolak partzuergoko langileek mobilizazioak iragarri zituzten, eta horrela egin dute gaur. LAB, ELA eta Steilas sindikatuek deituta, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean elkartu dira, Gasteizen, «benetako negoziazioa» eskatzeko: «Ez da bildu ikasturte hasieratik eskatu dugun negoziazio mahaia», azpimarratu dute. Beste hiru eskaera nagusi ere jarri dituzte sindikatuek mahai gainean: «berehala» indargabetzeko haur eskoletako langileei eta hezkuntza proiektuari eragiten dieten «aldebakarreko erabakiak», besteak beste, langileen desplazamenduak eta aparteko orduak; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariren batek parte hartzea Haurreskolak partzuergoko negoziazio mahaian; eta lan hitzarmena eta gainerako arauak betetzeko. Negoziazioaren falta sumatu dute orain arte. Zorione Etxezarraga Haurreskolak partzuergoko gerentearen jokaera salatu dute sindikatuek; haien hitzetan, Hezkuntza Saileko ordezkaria agertu ez zen bilera batera deitu zituen, negoziazio mahaia zelakoan, «mugimendu zikin eta iruzurrezkoa eginez». Horrez gain, nabarmendu dute oraindik Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek ez diela jakinarazi zer ordezkari bidaliko duen mahai horretara. «Lotsagarria iruditzen zaigu Eusko Jaurlaritzak Haurreskolak partzuergoarekiko erakusten duen arduragabekeria». Euren eskaerak bete ezean, sindikatuek eutsi egingo diete datorren asterako Bilbon, Donostian eta Gasteizen deitutako mobilizazioei, eta ohartarazi dute mobilizazioak indartuko dituztela.
2020-10-28
https://www.berria.eus/albisteak/188925/etxerat-ek-bertan-behera-utziko-ditu-azken-ostiraletako-protestak-intzidentzia-tasa-handiko-herrietan.htm
Politika
Etxerat-ek bertan behera utziko ditu azken ostiraletako protestak intzidentzia tasa handiko herrietan
«Arduragatik eta pertsonen zaintzari lehentasun handiena ematearren», ez dituzte eginen urriaren 30erako antolatuak zeuden elkarretaratzeak «Jaurlaritzak gorriz sailkatutako herrietan». Bertze herrietakoei eutsi egingo diete, segurtasun neurriekin. Frederic Haranburu 'Xistor' baldintzapean aske uztea txalotu egin du elkarteak.
Etxerat-ek bertan behera utziko ditu azken ostiraletako protestak intzidentzia tasa handiko herrietan. «Arduragatik eta pertsonen zaintzari lehentasun handiena ematearren», ez dituzte eginen urriaren 30erako antolatuak zeuden elkarretaratzeak «Jaurlaritzak gorriz sailkatutako herrietan». Bertze herrietakoei eutsi egingo diete, segurtasun neurriekin. Frederic Haranburu 'Xistor' baldintzapean aske uztea txalotu egin du elkarteak.
Etxerat-ek azken ostiraletako elkarretaratzeak ez egiteko gomendioa egin die koronabirusaren intzidentzia tasa handia duten herrietako herritarrei, «Eusko Jaurlaritzaren semaforoaren arabera gorriz sailkatutako udalerriei», alegia. Ostiral honetarako zeuzkaten programatuta elkarretaratzeak, eta herri horietan ez dituzte eginen. Bai, ordea, egoera horretan ez dauden herrietan eta Nafarroan, «hori bai, segurtasun neurri guztiak bermatuz eta maskarak eta eskatutako distantzia fisikoak mantentzeko ahaleginak areagotuz». Bestalde, euskal presoen senideen elkarteak adierazi du «konponbide eta elkarbizitzaren bidean urrats nabarmena» dela Frederic Haranburu Xistor euskal presoa baldintzapean aske uztearen erabakia. Etxerat-ek jakinarazi du azaroan aterako dela Haranburu Lannemezango espetxetik (Okzitania). Erabakia txalotu egin du elkarteak, eta «merezi duen garrantzia» eman behar zaiola adierazi du: «Aurrerapen garrantzitsua da, salbuespen egoera bat konponbiderako bidean kokatu delako». Oroitu dute, halere, egoera berean direla Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot, baita larriki gaixo direnak eta adineko presoak ere.
2020-10-28
https://www.berria.eus/albisteak/188926/turkiak-neurriak-hartuko-ditu-charlie-hebdo-ren-kontra-erdoganen-karikatura-batengatik.htm
Mundua
Turkiak «neurriak» hartuko ditu 'Charlie Hebdo'-ren kontra, Erdoganen karikatura batengatik
Paris eta Ankararen arteko harremanak pozoitzen jarraitzen dute. Erdoganek «pertsona ohoregabe» deitu die umoregileei, eta Turkiako Kultura ministrordeak «sasikumeak» hitza erabili du.
Turkiak «neurriak» hartuko ditu 'Charlie Hebdo'-ren kontra, Erdoganen karikatura batengatik. Paris eta Ankararen arteko harremanak pozoitzen jarraitzen dute. Erdoganek «pertsona ohoregabe» deitu die umoregileei, eta Turkiako Kultura ministrordeak «sasikumeak» hitza erabili du.
Turkiak gaur iragarri duenez, «behar diren neurri legal eta diplomatikoak» hartuko ditu Frantziako Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren aurka, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen karikatura batengatik. Herrialdeko presidentetzak hala iragarri du hedabideetara bidalitako agiri ofizial batean. «Amaieraino borrokatuko gara, modu osasuntsuan, baina erabakitasunez, ekintza gaizto eta iraingarri horien kontra», idatzi du Erdoganen bulegoak. Frantziaren eta Turkiaren arteko harremanak katramilatu egin dira, islamaren inguruko karikaturen harira. Charlie Hebdo-k beste urrats bat egin zuen aurrera atzo, Erdoganen karikatura lehenengo orrian jarrita. Horretan, «Erdogan etxean oso dibertigarria da» mezuaren azpian, Turkiako presidentea agertzen da, galtzontzillotan, eta garagardo bat izan daitekeena edaten, beloa daraman emakume bati hura altxatzen, eta haren ipurdia agerian uzten. «Uhhh; profeta!», esaten du karikaturako Erdoganek. Turkiako presidenteak berak hitz egin du marrazkiaren inguruan. Marrazkia «ikusi ere ez duela egin» esan du. «Ez dut ezer esan behar neure Profeta iraintzen duten pertsona ohoregabe horien inguruan. Ez nau mindu eta haserretu neure aurkako eraso doilorrak, baizik eta hedabide bera izateak Profetaren aurkako higuingarrikeriaren iturria». Gaineratu du satiragileen helburua ez dela bera, baizik eta «defendatzen ditugun balioak». Atzo bertan, salaketa jarri zion Erdoganek Herbehereetako eskuin muturreko Geert Wilders diputatuari, Erdoganen inguruko marrazki bat zabaltzeagatik. Turkiako presidentea buruan bonba bat duela agertzen du marrazkiak. «Terrorista» idatzi du buruzagi ultrak Erdogani, txio horretan. Salaketan, Ankarak eskatu du Wilders Turkiako legearen arabera epaitzeko. Ankarako prentsa arduradun Fahrettin Altunek adierazi duenez, karikatura Emmanuel Macron Frantziako presidentearen «musulmanen aurkako egitasmoaren» ondorioa da. «Gaitzetsi egiten dugu arrazakeria kulturalaren eta gorrotoa zabaltzeko hedabide horren ahalegin lotsagarri hori». Turkiako Kultura ministroorde Serdar Çamek gogorrago jo du satiragileen aurka: «Sasikumeak zarete. Zakurrren kumeak zarete». Boikotak aurrera jarraitzen du Frantziako produktuen aurkako kanpainak aurrera jarraitzen du hainbat herrialde musulmanetan. Joan zen astean, Samuel Paty irakasleari estatu omenaldia egin zioten, eta horretan parte hartu zuen Macronek. Islamista batek hil zuen irakaslea, hark ikasleei Mahomaren karikatura batzuk erakutsi zielako, ikasgelan adierazpen askatasunaren gaiaz eztabaidatzeko. Omenaldian, Macronek esan zuen Frantziak ez ziola uko egingo karikaturak egiteko eskubideari. Horrez gain, Parisek islamismoarekin lotzen dituen hainbat elkarte sakabanatu eta debekatu ditu azken egunotan. Horrek guztiak protestak eragin zituen asteburuan hainbat herrialde musulmanetan. Besteak beste, Turkian, Jordanian eta Iranen agintariek gaitzetsi egin dute Macronek karikaturei emaniko sostengua. Konferentzia Islamikoaren Erakundeak ere «biraozko marrazkiak etengabe argitaratzea» gaitzetsi du, eta Macronen adierazpenek «Frantziaren eta musulmanen arteko harremanak zulora eramateko arriskua» dakartela gaineratu du. Erdoganek Macronen hitzak gaitzetsi zituen, baina zuzenean jo zuen Frantziako presidentearen kontra: «Joan aztertzera burutik sano ote zauden», esan zion. Parisek Ankaran duen enbaxadorea erretiratu zuen, hitzon aurkako protesta gisa. Atzo, boikot dei zuzena egin zuen Erdoganek, eta Frantziako produkturik inoiz ez erosteko eskatu zien herritarrei. #BoycottFrance traola erruz zabaldu da asteburuan Twitterren. Boikot deialdiak eragina izan du Pakistandik Qatarreraino. Azken honetan, hainbat saltoki kate handik iragarri dute kendu egingo dituztela Frantziako produktuak apaletatik.
2020-10-28
https://www.berria.eus/albisteak/188927/lindanoaren-arazoari-irtenbide-bat-emateko-eskatu-dio-ekologistak-martxan-ek-europako-parlamentuari.htm
Gizartea
Lindanoaren «arazoari» irtenbide bat emateko eskatu dio Ekologistak Martxan-ek Europako Parlamentuari
Ekologistek gogoratu dute Barakaldoko Oiola urtegiko uretan eta haren bueltako lurzoruan substantzia toxiko hori dagoela.
Lindanoaren «arazoari» irtenbide bat emateko eskatu dio Ekologistak Martxan-ek Europako Parlamentuari. Ekologistek gogoratu dute Barakaldoko Oiola urtegiko uretan eta haren bueltako lurzoruan substantzia toxiko hori dagoela.
Lindano substantzia toxikoak eragiten duen «ingurumen eta osasun publikoko arazoari» irtenbide bat emateko eskatu dio Ekologistak Martxan-ek Europako Parlamentuari. Erakunde ekologista horren arabera, estatuen jarduera «kontrolatu» behar da, «indarrean dagoen legedia zorrotz betetzen dutela ziurtatzeko». Europako Batzordeak 2008an debekatu zuen lindanoaren erabilera, baina pestizida gisa erabiltzen da oraindik. Ekologistek duela bi aste argitaratutako Lindanoa: ondare toxiko baten gaurko egoera azterlanak erakusten du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurzoru eta ibai ugaritan dagoela lindanoa. Carlos Alonso Ekologistak Martxan-eko kideak hitz egin du, telematikoki, parlamentuaren eskaeren batzordean, eta Barakaldoko (Bizkaia) Oiola urtegiko kasua izan du hizpide. Gogoratu du han topatutako lindano balioak 2,5 aldiz handiagoak direla gainazaleko uren ingurumen kalitaterako Europako eta Espainiako araudiak ezarritakoak baino. «Dike horrek giza kontsumorako ura biltzen du, lindanoa duela aspalditik jakin arren». Ekologistak oroitu du 2014tik ez dela erabiltzen Oiolan bildutako ura herritarrek edan dezaten, baina substantzia toxikoak han jarraitzen duela. «Baita kutsatutako lurzoruen inguruko zuhaitzen zurean ere». Galiziako eta Aragoiko (Espainia) ekologistek ere parte hartu dute agerraldian, eta denek galdegin diote Europako Parlamentuko Eskaera Batzordeari eskatu diezaiela bai EB Europako Batasuneko estatuei eta bai batzordeari berari neurriak har ditzatela ingurumena eta «osasun publikoa» babeste aldera. Ekologistek uste dute lindano hondakinen bilaketa «gehiago» egin behar direla, eta «deskutsatze plan integral bat hasteko funtsak» eskatu dituzte. Bide batez, iruditzen zaie arreta neurri «bereziak» ezarri behar direla gehien kaltetutako eremuetan; esaterako, artzaintza debekatzea, eta kutsatutako uretan «bainatzeko, urez hornitzeko eta beste erabilera batzuetarako mugak ezartzea». Ekologistentzat, neurri horiek guztiak hartzeko orduan koordinatuta jokatu behar dute EBk, estatuek eta autonomia erkidegoek, «ezagutzak eta jarduerak partekatuz». Minbizia eragiten du IARC Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak uste du lindanoak minbizia eragiten duela gizakiengan. «Gainera, toxiko iraunkorra da, baita oso lurrunkorra eta biometatzailea ere. Arnastean, larruazalaren bidez edota irentsiz sartzen da gure gorputzetan. Hori gutxi balitz bezala, nerbio sistemari eragingo lioke; esposizioa luzea izango balitz edo behin eta berriro gertatuko balitz, odolean eta organoetan eragina izango luke, eta alterazio hormonalak eta ugalketakoak eragin litzake», azpimarratu du Ekologistak Martxan-ek, ohar batean.
2020-10-28
https://www.berria.eus/albisteak/188928/ahta-ez-da-2024rako-amaituta-egongo-jaurlaritzaren-ustez.htm
Gizartea
AHTa ez da 2024rako amaituta egongo, Jaurlaritzaren ustez
Iñaki Arriola Garraio sailburuak esan du legegintzaldi honetako helburua Gipuzkoako zatia amaitzea dela, eta hiriburuetako sarbideak bideratzea.
AHTa ez da 2024rako amaituta egongo, Jaurlaritzaren ustez. Iñaki Arriola Garraio sailburuak esan du legegintzaldi honetako helburua Gipuzkoako zatia amaitzea dela, eta hiriburuetako sarbideak bideratzea.
«Garrantzitsuena aurrera egiten jarraitzea da». Hala esan du Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak AHTaren lanei erreferentzia eginez. «Aurrera egiten ari da, eta bide horretan jarraituko du», gaineratu du Radio Euskadiri emandako elkarrizketa batean. Hori bai, azpiegitura ez da 2023 edo 2024 urteetarako amaituko eta martxan jarriko, «ez dezala inork epe horietan pentsatu». Baztertu egin du, beraz, Eusko Jaurlaritzak esku artean zituen epeak betetzeko aukera, eta koronabirusak eragindako pandemiak lanen atzerapenean eragina izango duela azaldu. Ildo horretan, bere aurreikuspenen arabera, urte amaieran edo datorrenaren hasieran zehaztuko dituzte lanak amaitzeko epeak. Legegintzaldi honetako helburuen artean legoke Gipuzkoako zatia amaitzea, eta hiriburuetako sarbidea bideratzen hastea. Donostiakoa, esaterako, Jaurlaritzak berak hartu du lanen ardura, eta gainerakoetan erakundeen arteko hitzarmenak egin beharko dituztela zehaztu du sailburuak. Jaurlaritza Espainiako Garraio Ministerioarekin eta Adifekin zuzenean ari dela esan du, gainera.
2020-10-28
https://www.berria.eus/albisteak/188929/kantatu-ez-diren-hitzen-musika.htm
Kultura
Kantatu ez diren hitzen musika
Itxaro Borda, Jule Goikoetxea, Tere Irastortza, Miren Agur Meabe eta Arantxa Urretabizkaiaren zortzi olerki musikatu ditu Antton Valverdek. 'Hitzak hots’ liburuxka eta DVDan jaso dute emaitza, Pamielaren eskutik. Anjel Lertxundik sustatu du lana.
Kantatu ez diren hitzen musika. Itxaro Borda, Jule Goikoetxea, Tere Irastortza, Miren Agur Meabe eta Arantxa Urretabizkaiaren zortzi olerki musikatu ditu Antton Valverdek. 'Hitzak hots’ liburuxka eta DVDan jaso dute emaitza, Pamielaren eskutik. Anjel Lertxundik sustatu du lana.
Galdera bat den-denaren abiapuntuan: «Zergatik musikatu da emakumezkoen hain testu gutxi euskal kantagintzan?». Galdera bat eta zor baten kontzientzia, akaso. Anjel Lertxundik Antton Valverderi aipatu zion hausnarketa, elkarlanerako lur bila zebiltzala. «Hauxe da nirea», pentsatu zuen Valverdek: lanari ekin, Lertxundik pasatu zizkion euskal emakume poeten liburuetan aztarka hasi, eta musikatzeko egokienak iruditu zitzaizkionekin osatu zuen sorta. Bost poeta, bost poetika, eta zortzi poema. Itxaro Borda, Jule Goikoetxea, Tere Irastortza, Miren Agur Meabe eta Arantxa Urretabizkaia. Emanaldi forma eman zioten hasieran, han-hemen aurkeztu zituzten kontzertu eran, eta, grabatzeko urratsa egitean, Txillida Leku museora (Hernani, Gipuzkoa) jo zuten. «Hollywoodek ere ez daukan espazio eder batera», Lertxundiren esanetan. Hori da orain Hitzak hots argitalpenean eskura jarri dutena, emanaldi hura eta poemen bilduma laburra. Pamielak eman du argitara, Littera&Musika bildumaren barruan eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Lertxundiren hitzek irekitzen dute lana, bai paperezkoa eta bai ikus-entzunezkoa. Bertan kontatzen du anekdota: nola adiskide batek Mallarmeri abisu eman zion Debyssyk musika jarri ziola bere L’après-midi d’un faune poema luzeari. Eta nola erantzuten zion hark, galdera forman eta harrituta: «Debussyk musika jarri diola? Nik jarri ez nion ba?». Ez zebilela gaizki kontatzen du Lertxundik testuan, berak ere jarri ziola bere musika, baina hitzen hotsen bidez. Hortik proiektuari eman dioten izena, «eta ez alferrik», Lertxundiren esanetan: «Musikak baditu bi alderdi: hots moduan jaiotzen da, baina laster elkartzen da letrarekin, eta kantak sortzen dira; antzinatetik ezagutzen ditugu letra kantatuak. Hitzena, literatura, eta hotsena, musika, historian beti mantendu den ezkontza bat da». Eta espiritu horrekin jardun dutela zehaztu du idazleak. Valverderena da lana osatzen duten poemen selekzioa, «intuizioari eta gustuari» segika egindakoa. «Eskuetan hartu, mila buelta eman, eta azkenean batzuekin maitemindu egiten zara», kontatu du. Ondokoa da sorta: Urretabizkaiaren Palmondoak; Bordaren Oragarre Run eta Milia lastur revisited; Goikoetxearen Hotsa dabil; Irastortzaren Maite zaitut gorputz eta Lo kanta bat ama batentzat; eta Meaberen Antsien oharrak-4 eta Gauza konkretuak. Zortzi horietatik zazpirentzat idatzi du doinua Valverdek; salbuespen modura, Meaberen lehen olerkirako Jesus Guridiren doinu bat baliatu du. Gogora ekarri du, gainera, bost egilek eta zortzi testuk euskal konpas ezaguna osatzen duela, zortzikoa. Proiektuan aritu diren beste kideak ere oroitu ditu: tartean, Francisco Herrero eta Xabier Zeberio (Alos Duo), eta bere anaia Javier Valverde, zeinak azala egin baitu. «Elkar irakurtzeko ordua da» Musikatutako bost poetetatik, Irastortza izan da lanaren aurkezpenean. Valverdek eta Lertxundik egin zioten proposamena poz handiz eta haiekiko estimazioz jaso izana oroitu du. Baita bere bi poema horiek hautatu izana ere: «Gorputza lotzen ari garen garai hauetan, oso esanguratsu bihurtzen dira». Edertzat jo du «bost emakume bederen» batera topatzea antologia batean. Eta galdera bat egin du: «Zenbat gara euskal emakume idazleak?». Ehunka, dio. «Beraz, arrantza egiteko aukera badago». Euskal poesiaren historian kantura eraman izan diren gizon poeta zenbait ere aipatu ditu, Etxepare eta Oihenart, esate batera, eta haien testu batzuk emakumeekiko indarkeriak zeharkatzen dituela oroitarazi. «Gu ohituta gaude gizonezkoen lanak irakurtzen. Elkar irakurtzeko ordua da». Iazko abenduan grabatu zuten Txillida Lekuko zuzenekoa —poeten parte hartzearekin, Goikoetxea salbu—, baina pandemiak atzeratu egin du argitalpena. «Katakonbetan bezala bizitzeko zorian gaude berriro», aipatu du Lertxundik, eta kultura «lepoa atera nahian» ari dela hor. «Baina, hara non, katakonba horietan irakurketa, musika, antzerkia, zinema... ditugu bidelagun, eta laguntzen digute gure barne izuak askatzen. Une artistikoak eta gozamenezkoak ere ematen dizkigu bakardadera biltze honek». Hitzak hots-ek hori lortuko balu, lanak «fruitua eman duen» seinale litzateke egileentzat.
2020-10-28
https://www.berria.eus/albisteak/188930/europako-batzordeak-100-milioi-euro-jarriko-ditu-test-azkarrak-erosteko.htm
Mundua
Europako Batzordeak 100 milioi euro jarriko ditu test azkarrak erosteko
Estatu kideen artean banatuko dituzte testak. Gainera, txertoen eta COVID-19a detektatzeko proben BEZa kentzeko proposamena egin du batzordeak.
Europako Batzordeak 100 milioi euro jarriko ditu test azkarrak erosteko. Estatu kideen artean banatuko dituzte testak. Gainera, txertoen eta COVID-19a detektatzeko proben BEZa kentzeko proposamena egin du batzordeak.
Koronabirusaren bigarren olatua gogor jotzen ari da Europa, eta, OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, pandemiaren epizentro bilakatu da. Hala, EB Europako Batzordeak birusaren hedapenari aitzin egiteko neurri berriak iragarri ditu gaur. Neurri bat nabarmentzen da bertze guztien gainetik: EBk 100 milioi euro bideratuko ditu test azkarrak erostera estatu kideen artean banatzeko. Ursula Von der Leven Europako Batzordeko presidenteak eman du neurrien berri. «Estatu kideei eskatzen diet elkarrekin lan egin dezatela. Orain hartutako urrats ausartek bizitzak salbatzen eta bizibideak babesten lagunduko dute». Europako Batzordeak BEZari buruzko Europako arauak aldatzea proposatu du. Hala, eskatu du txertoak eta COVID-19a atzemateko probek ez dezatela BEZik izan OMEk pandemiaren amaiera ezarri arte. Orain arteko legealdiarekin, estatuek BEZ murriztua ezar zezaketen txertoetan. Gainera, EBk proposatu du 2021eko apirila arte koronabirusaz babesteko materialek BEZik ez izatea. Estatuek onartu beharko dute neurria. Test azkarrak erosteko diru laguntzez gain, bidaiariei test azkarrak egiteko laguntzak bideratuko ditu Europako Batasunak. Gainera, estatu kideei eskatu die koronabirusari buruzko informazio gardena emateko biztanleei. Informazio faltsua ezeztatzeko kanpainak egiteko eskaera ere egin du. Europako agintariak bihar bilduko dira koronabirusaren egoera aztertzeko. Gainera, gaur arratsaldean Angela Merkel aterako da prentsa aurrera, eta birusaren hedapena eteteko neurri gehiago iragarriko ditu. Mila biztanleko 126,1eko intzidentzia tasa du egun Alemaniak.
2020-10-28
https://www.berria.eus/albisteak/188931/ostalariek-protestara-joko-dute-laquokinka-larrianraquo-daudela-salatzeko.htm
Ekonomia
Ostalariek protestara joko dute, «kinka larrian» daudela salatzeko
SOS Ostalaritza taldeak manifestaziora deitu du. Ohartarazi dute ostalaritza mugatzeko neurriek negozio asko ixtea ekar dezaketela, eta laguntzak emateko eskatu dute.
Ostalariek protestara joko dute, «kinka larrian» daudela salatzeko. SOS Ostalaritza taldeak manifestaziora deitu du. Ohartarazi dute ostalaritza mugatzeko neurriek negozio asko ixtea ekar dezaketela, eta laguntzak emateko eskatu dute.
Ostalariak «etsita» agertu dira. SOS Ostalaritza taldeak agerraldia egin du, egungo egoerari buruzko iritzia emateko. Ohartarazi dute koronabirusari aurre egiteko murrizketa neurriek negozio askoren «behin betiko itxiera» ekar dezaketela. Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari eskatu diete eman ditzatela sektorerako diru laguntzak; nabarmendu dute osasun egoera hobetzeko neurriak beste sektoreetan baino zorrotzagoak izan direla ostalaritzan. «Egoera oso gogorra da. Askok etxea berriz hipotekatu behar izan dute alokairua ordaindu ahal izateko, eta askok galduko dute etxea. Nik neuk ere kreditua eskatu behar izan nuen martxoan, konfinamenduko hiru hilabeteak oso-osorik ordaindu behar izan nituelako. Aurrezki guztiak ari naiz erabiltzen honetarako”, kontatu du ostalari batek —ez du izenik eman nahi izan—. Agerraldian azaldu dute diru sarreren %60-80 galdu dutela ostalariek, eta batzuek, diru sarrera guztiak. Gastuak, ordea, ez zaizkie hein berean jaitsi. Zergetan aldaketak eskatu dituzte: «Diru sarrerak %50ekoak badira, hartutako neurrien ondorioz tasak ere %50ekoak izan daitezela». Nolako neurriak hartu erakundeetatik, Kataluniako Generalitatea jarri dute adibidetzat: ixtera behartuta dauden lokalen alokairua erdira jaistea ezarri du. Zergei dagokienez, udal tasak eta bestelakoak jaisteko eskatu dute, eta BEZa aldi beterako murrizteko. Aldi baterako erregulazioan dauden langileei unean bertan ordaintzeko eskaria gehitu dute. Sektorea «desagertzear» ikusten dute. Salatu dute beste sektore batzuetan ez dituztela hartu gisa bereko neurriak: nabarmendu dute tabernetan ez beste leku batzuetan kutsatzen dela jende asko. Horiek horrela, aldarrikapenak kalera aterako dituzte ostalariek. Azaroaren 7an egingo dituzte manifestazioak, 17:30ean: Donostian, Bulebarrean; Bilbon, Moiua plazan; Iruñean, Gazteluko plazan, eta Gasteizen, Bilbo plazan.
2020-10-28
https://www.berria.eus/albisteak/188932/22000-lanpostu-suntsituta-bi-urtean.htm
Ekonomia
22.000 lanpostu suntsituta bi urtean
BBVA Researchen Zertan den Euskadi txostenaren arabera, BPGa %10,5 hondoratuko da aurten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2021ean %5,8 handitzeko. Langabezia tasa %10,8ra igoko da datorren urtean.
22.000 lanpostu suntsituta bi urtean. BBVA Researchen Zertan den Euskadi txostenaren arabera, BPGa %10,5 hondoratuko da aurten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2021ean %5,8 handitzeko. Langabezia tasa %10,8ra igoko da datorren urtean.
Ohe ondoan gaixoaren diagnostikoa errepasatuz doan medikua bezala aritu da gaur BBVA Researcheko ekonomista burua, Rafael Domenech, Zertan den Euskadi txostena aurkezten. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiaren analitikaren emaitzak ez dira onak. 2020. urtean, barne produktu gordina %10,5 murriztuko da, eta 2021erako errebote murritza espero dute, %5,8ko hazkundea. Analitikan asterisko gehien, daturik beltzenak, enpleguak ditu: 2020-2021 biurtekoak 22.000 lanpostu inguru suntsituko ditu, eta langabezia tasa %10,8ra igoko da 2021ean. Krisiaren sintoma batzuk agerikoak dira. Kontsumoa asko uzkurtu zen lehen seihilekoan, osasun egoeraren, konfinamendu neurrien eta urruntze sozialaren eraginez. Horren erakusle, kreditu zein zordunketa txartelekin egindako gastua; hurrenez hurren, haiekin egindako gastua %67 eta %49 murriztu zen pandemiaren garairik gogorrenetan. Kutsatzeak gutxitu eta murrizketak malgutzearekin batera, susperraldi handia iritsi da, besteak beste, kreditu politiken eta neurri fiskalen bultzadak lagunduta. Hala ere, ez da berdina izan guztientzat. Izan ere, gaixoaldiaren lehen fasearen ondoren, pazientearen organo guztiak ez daude egoera berean. Hots, sektore batzuk beste batzuk baino okerrago daude; adin, genero eta jatorri desberdinek ez dute kalte bera jasan. Eskualdeka ere, desberdina izan da jarduera ekonomikoaren portaera. «Krisiaren eragin heterogeneoa», behin eta berriz aipatu du Domenechek. Sektoreei begira, ostalaritza ari da jasaten gehien epidemiaren kalteak, baita telelanik gutxieneko sektoreak ere, eta, besteak beste, industriak igarri dio horri, okerrerako. Genero aldetik, nahiz eta kalte gehien jasandako sektoreetan emakumezkoek eta atzerritarrek presentzia handiagoa izan, krisi hau 2008koa baino parekideagoa izan da, emakumeei eta gizonei antzera eragin baitie. Adinari erreparatuta, enpleguaren beherakada handiagoa da gazteen artean, baina ez da ahaztu behar aldaketa demografikoen eragina ere. Espainian, lana galdu duten pertsonen erdiek baino gehiagok 35 urtetik gora zituzten. Lurralde ikuspegitik datu interesgarriak eskaintzen ditu beti BBVA Researchen txostenak. Haren arabera, «nabari da hiriburuetako udalerriek eta hiri eremuetan daudenek, bereziki Bilbo Handiak, gainerakoek baino eragin txikiagoa pairatu zutela hirugarren hiruhilekoaren amaierarako. Aldiz, enpleguaren beherakada handiagoa izan zen eskualde industrialagoetan, hala nola Debagoienean, Debabarrenean eta Durangaldean». Aurrera begira Pandemiaren bilakaerak markatuko du erabat euskal ekonomiaren datozen hilabeteetako patua. Eta jada aurreikus daiteke susperraldiaren moteltzea, bigarren olatuak eta harekin datozen neurri murriztaileek Espainiako eta Europako ekonomiak geldotuko dituztelako eta, ondorioz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekoitzitako ondasunen eskaria murriztu. V formako suspertze bat jada baztertuta dago zenbait sektorerentzat, turismoarentzat eta hari lotutako alorrentzat, adibidez. Gero, automobilgintzak eta energiak esportazioetan izandako beherakada ikusgarriak behin-behinekoak diren ala ez ikusi beharko da. Beste arrisku bat lan merkatuko behin-behinekotasun tasa handia. Ikerketak argi erakusten du behin-behinekotasunarekin guztiz lotua doala enpleguen suntsitzea. Alde horretatik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako tasa txikiagoa da Espainiakoa baino, funtsezko jarduerek eta industriak duten pisuarengatik, baina, Europako beste herrialdeekin alderatuta, behin-behinekotasuna handiegia da oraindik. Sare produktiboaren ezaugarri batzuk ere ahulezia ekar dezakete egoera honetan. Hala, mikroenpresak eta autonomoak zaurgarriagoak dira. Horiek zaintzeko neurriak beharko direla uste dute ikerlariek. Enpresen kaudimen arazoak ugaltzea ere espero du BBVA Researchen txostenak. Neurri publikoak Udako susperraldian, txostenaren ustez, funtsezkoa izan da kreditu politiken eta neurri fiskalen garrantzia. Ildo horretan, erkidegoak aldeko izan du zorpetze txikia, eta mesedegarria izan da aldi baterako erregulazioen zabalkundea. Hala ere, lehen bultzada hori indarra galtzen ariko litzateke, eta, txostenaren egileen ustez, berrikusi egin behar dira EBZren politika, ICO kredituena eta aldi baterako erregulazioen araudia. Urrunago begira, Domenechen aburuz, Europako Next Generation EU programako laguntzak ondo erabiltzea funtsezkoa izan daiteke erreformak egin eta ekonomiaren beharrezko transformazioa lortzeko.
2020-10-28
https://www.berria.eus/albisteak/188934/urriaren-12an-iruntildeean-egindako-ekintza-laquokriminalizatzekoraquo-saiakera-salatu-du-sortuk.htm
Politika
Urriaren 12an Iruñean egindako ekintza «kriminalizatzeko» saiakera salatu du Sortuk
Hamasei pertsona Espainiako Poliziaren komisariatik pasatu dira gaur.
Urriaren 12an Iruñean egindako ekintza «kriminalizatzeko» saiakera salatu du Sortuk. Hamasei pertsona Espainiako Poliziaren komisariatik pasatu dira gaur.
Joan den urriaren 12an, Espainian Hispanitatearen Eguna deitutakoan, «Espainiako Erresumaren supremazismoa» salatzeko «ekintza sinboliko bat» egin zuten Iruñean, Sortuk deituta. Horren ondorioz, hamasei pertsona deklaratzera deitu dituzte, eta gaur pasatu dira Espainiako Poliziaren komisariatik. Sortuk ohar batean nabarmendu duenez, Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren arteko «lankidetzak» ekarri ditu zitazioak, eta ekintzan parte hartu zutenak «kriminalizatzea» eta «beldurra» eragitea dute helburu. Alderdi independentistak adierazi du, baina, «erregimena» salatzen jarraituko duela. Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean egin zuten ekintza. Felipe VI.a Espainiako erregearen estatua bat eta Cristobal Colonen beste bat jarri zituzten. Ondoren, monumentuei soka lepora bota zieten, eta eraitsi egin zituzten. Aldi berean, Gora herriak zioten kartelak atera zituzten. Sorturentzat, «adierazpen eta mobilizazio askatasunaren aurkako operazioa» da, eta urriaren 12an salatutakoa «berretsi» besterik ez du egiten: «Erregimenaren supremazismoa eta jarrera zapaltzailea». Amerikar jatorria duten hainbat elkartek ere parte hartu zuten ekintzan.
2020-10-28
https://www.berria.eus/albisteak/188935/iruneko-irunazarra-jatetxeak-irabazi-du-euskal-herriko-pintxo-txapelketa.htm
Bizigiro
Iruñeko Iruñazarra jatetxeak irabazi du Euskal Herriko Pintxo Txapelketa
Gorka Aginaga eta Laura Herrero sukaldariek eginiko Itsasantxoa pintxoa da aurtengo urrezko pintxoa.
Iruñeko Iruñazarra jatetxeak irabazi du Euskal Herriko Pintxo Txapelketa. Gorka Aginaga eta Laura Herrero sukaldariek eginiko Itsasantxoa pintxoa da aurtengo urrezko pintxoa.
Euskal Herriko Pintxo Txapelketari ekin zioten astelehenean, eta hamar talde iritsi dira gaurko finalera, Gasteizko Europa Jauregian. Parte hartzaileek agertoki baten gainean osatu dituzte pintxoak, banaka, eta, gero, epaimahaikideek dastatu dituzte. Epaimahaiak lan guztiek izandako maila ona azpimarratu dute, eta baita harrituta gelditu direla gaineratu ere. Haien arabera, aurkeztutako lanek «nazioarteko gastronomiaren eragin handia» izan dute. Azkenean, Iruñeko Iruñazarra jatetxearen Itsasantxoa pintxoari eman diote sari nagusia, eta, gainera, beste bi sari ere eskuratu ditu. Zazpi osagaiez osatutako pintxo bat sortu dute Gorka Aginaga eta Laura Herrero Iruñazarra jatetxeko sukaldariek. Normalean aprobetxatzen ez diren elikagaiei eman diete garrantzia, eta, horretarako, besteak beste, antxoen buruak erabili dituzte pintxoak osatzeko. Jakinarazi dute dagoeneko bost aldiz aurkeztu direla lehiaketa honetara, eta «sinestezina» iruditzen zaiela gaurkoan hiru sari eskuratu izana. Jatetxeko lantaldea izan dute gogoan. Bigarren saria eta hirugarrena, berriz, Gasteizen gelditu dira. Brisa Marina pintxoak eskuratu du bigarrena. Luis Hernani eta Juan Garcia Mano Lenta jatetxeko sukaldariek egindako lana izan da saritua. Hirugarren saria Mikel Fiestrasentzat izan da, Marmitun pintxoarekin. La Regadera jatetxeko kidea da.
2020-10-28
https://www.berria.eus/albisteak/188936/hiru-pertsona-atxilotu-ditu-poliziak-gipuzkoan-jihadismoaren-aurkako-operazio-batean.htm
Gizartea
Hiru pertsona atxilotu ditu Poliziak Gipuzkoan, jihadismoaren aurkako operazio batean
Espainiako Auzitegi Nazionalak agindutako operazioak zabalik jarraitzen du.
Hiru pertsona atxilotu ditu Poliziak Gipuzkoan, jihadismoaren aurkako operazio batean. Espainiako Auzitegi Nazionalak agindutako operazioak zabalik jarraitzen du.
Espainiako Poliziak hiru pertsona atxilotu ditu Gipuzkoan goizaldean, jihadismoaren aurkako operazio batean. Efe berri agentziak Poliziaren iturriak aipatuz kaleratutako albiste baten arabera, Espainiako Auzitegi Nazionaleko magistratu Ismael Morenok agindu ditu atxiloketak. Operazioa zabalik dago oraindik. Jatorri marokoarra dute hiru atxilotuek, eta bi etxebizitzatan egin ditu atxiloketak Poliziak: bat Pasaian dago, eta bestea, Donostian.
2020-10-28
https://www.berria.eus/albisteak/188937/errusiaren-enbaxadak-barregarritzat-jo-du-guardia-zibilaren-txostena.htm
Mundua
Errusiaren enbaxadak barregarritzat jo du Guardia Zibilaren txostena
Bartzelonako epaitegiaren prozesatze autoak dioenez, Errusia zegoen «Espainia desorekatzeko estrategiaren atzean», eta Putinek 10.000 soldadu Kataluniara bidaltzea proposatu zion Puigdemonti. Ironiaz, Errusiako enbaxadak esan du 10.000 ez baizik milioi bat soldatu bidaltzea pentsatzen zutela. Urriaren 1eko erreferendumean subiranistek Edward Snowdenekin eta Julian Assangerekin komunikazio estrategia bat aurrera eraman zutela ere badio.
Errusiaren enbaxadak barregarritzat jo du Guardia Zibilaren txostena. Bartzelonako epaitegiaren prozesatze autoak dioenez, Errusia zegoen «Espainia desorekatzeko estrategiaren atzean», eta Putinek 10.000 soldadu Kataluniara bidaltzea proposatu zion Puigdemonti. Ironiaz, Errusiako enbaxadak esan du 10.000 ez baizik milioi bat soldatu bidaltzea pentsatzen zutela. Urriaren 1eko erreferendumean subiranistek Edward Snowdenekin eta Julian Assangerekin komunikazio estrategia bat aurrera eraman zutela ere badio.
Errusia zegoen Espainia desorekatzeko estrategia geopolitikoaren atzean. Hala dio Bartzelonako 1. instrukzio epaitegiak gaur onartu duen prozesatze autoak; agindu horren ondorioz, Guardia Zibilak 21 atxiloketa eta 31 miaketa egin ditu orotara. Errusiak Madrilen duen enbaxadak berak Guardia Zibilaren txostena «osatu» du, ironiaz, eta erantzun du sare sozialetan esanez Putinen asmoa ez zela 10.000 soldadu bidaltzea Kataluniara, baizik eta milioi bat (txioa, behean). Guardia Zibilaren arabera, 2017. urtean Errusiak babesa eskaini zion Carles Puigdemont Kataluniako presidenteari; independentzia deklaratzen bazuen, Kataluniara 10.000 soldadu bidaltzeko prest zegoen Vladimir Putin Errusiako agintaria. Puigdemontek, ordea, ez zuen onartu. Dena den, epailearen iritziz, «begi bistakoa» da Errusiak eragina izan zuela «Espainiaren ezegonkortze estrategian», baita desinformazio kanpaina bat bultzatu zuela ere. Nacio Digital egunkariaren arabera, epaitegiak Oriol Soler komunikazio arloko enpresaria lotu du Errusiaren ustezko estrategia geopolitikoarekin, eta urriaren 1eko erreferendumaren garaian Edward Snowden eta Julian Assange ekintzaileekin harremanak izatea egotzi dio. Snowden eta Assange ezagunak dira, besteak beste, hainbat dokumentu klasifikatu argitara ateratzeagatik —Wikileaksen sortzailea da Assange—. Soler gaur atxilotu dute, eta ERCri lotua dago. Haren abokatu Benet Salellasek adierazi duenez, enpresaria ostiralean pasatuko da epailearen aurretik. Komunikazio estrategia Autoak dioenez, Soler 2017ko irailaren 9an elkartu zen Assangerekin, Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan. Bilera hori desinformazio eta ezegonkortze estrategiaren barnean kokatu du Guardia Zibilak, eta Errusiako Gobernuak ere parte hartu zuela dio: «Putinen gobernuak defendatzen zuen kolapsatzeko zorian zegoela Europako Batasuna, eta bertsio hori indartzeko pauso bat gehiago zen». Kontakizun hori, autoaren arabera, Russia Today eta Sputnik komunikabideen bidez hedatzen zuten. Horrez gain, Solerri egotzi diote komunikazio estrategia bat garatzea Assangerekin batera. Horretarako, ustez, sare sozialak baliatu zituzten erreferendumean zehar, baita Assangeren, Snowdenen eta Sputnik eta Russia Today komunikabideen txioak ere Twitterren. Ez haienak bakarrik: «Kataluniako komunikabide publikoak eta pribatuak ere baliatu zituzten». «Osatu gabe» Guardia Zibilaren txostena argitaratu bezain laster, sare sozialetan izan diren erreakzio gehienek barregarri utzi dute hura. Errusiak Espainian duen enbaxadak ere txiokatu du gaiaz: «Kontuz: Espainiako hedabideetan agertu den informazioa, Errusiako 10.000 soldaduen Kataluniarako iritsierarena, osatu gabe dago». 10.000 baino milioi bat direla bota du, eta Espainiako gerraren garaian Katalunian eraikitako hegazkinetan iritsiko direla. «Kataluniako leku seguru batean ezkutatuta daude, mezu hauen bidez zifratutako agindua jaso arte».
2020-10-28
https://www.berria.eus/albisteak/188938/lau-urtean-3200-lanpostuko-lan-eskaintza-publikoa-egiteko-asmoa-du-bildarratzek.htm
Gizartea
Lau urtean 3.200 lanpostuko lan eskaintza publikoa egiteko asmoa du Bildarratzek
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak urtero lan eskaintza publiko bat egin nahi du. Legealdiko ildo nagusiak ezarri dituzte.
Lau urtean 3.200 lanpostuko lan eskaintza publikoa egiteko asmoa du Bildarratzek. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak urtero lan eskaintza publiko bat egin nahi du. Legealdiko ildo nagusiak ezarri dituzte.
Hurrengo lau urteetarako ildo nagusiak azaldu ditu Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Eusko Legebiltzarreko hezkuntza batzordean. Irakasleen egonkortasuna bermatzea izango da helburuetako bat. Horretarako, urtero lan eskaintza publikoa egiteko asmoa duela ziurtatu du, eta 3.200 lanpostu eskaini nahi dituztela. Digitalizazioari ere garrantzia eman nahi dio Bildarratzek gidatzen duen sailak, eta helburu nagusia zein den jakinarazi du: ikastetxe guztiek digitalizazio plana edukitzea. Horrez gain, ikasle guztien «ekitatea eta aukera berdintasuna» bermatze aldera, Bildarratzek azaldu du urtero 100 milioi euro erabili nahi dituztela. Eta, haren hitzetan, Ikastetxeetan 300 milioi euroko inbertsioa egitea ere espero dute, eta 250 ekintza egiteko asmoa erakutsi du.
2020-10-28
https://www.berria.eus/albisteak/188939/milaka-pertsona-atera-dira-kalera-polonian-abortatzeko-eskubidearen-aldeko-greba-egunean.htm
Mundua
Milaka pertsona atera dira kalera Polonian, abortatzeko eskubidearen aldeko greba egunean
«Elizak defendatzera» ateratzeko eskatu die jarraitzaileei Jaroslaw Kaczynski lehen ministrordeak. Haren eskuineko PiS alderdiak bultzatu du abortatzeko eskubidea murrizteko egitasmoa.
Milaka pertsona atera dira kalera Polonian, abortatzeko eskubidearen aldeko greba egunean. «Elizak defendatzera» ateratzeko eskatu die jarraitzaileei Jaroslaw Kaczynski lehen ministrordeak. Haren eskuineko PiS alderdiak bultzatu du abortatzeko eskubidea murrizteko egitasmoa.
Emakumeek eskolak, unibertsitateak, lantegiak eta bulegoak hustu dituzte, eta kaleak bete. Greba eta protesta eguna eduki dute gaur Europako iparraldeko herrialdean, abortatzeko eskubidea murrizteko joan zen astean emaniko epaiaren aurka. Joan den ostegunean Auzitegi Konstituzionalak erabaki zuen legez kanpokotzat jotzea malformazioren bat duten umekien abortua. Epaiak bakarrik hiru kasutara mugatu du legezko abortua: haurdunaldia bortxaketa baten edo intzestuaren ondorio denean, edo amaren osasunarentzat arrisku larria dakarrenean. Erabakia behin betikoa da, eta ezin da haren kontrako helegiterik jarri, baina ez da indarrean sartuko Poloniako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte, eta oraindik ez dute argitaratu. Horregatik, legearen aurkakoek erabaki dute eskuin muturreko gobernua kalean estutzea. Abortatzeko eskubidea murrizten duen legearen aurkako protestariak, gaur, Varsovian. PAWEL SUPERNAK / EFE Geroztik, zazpi egunez etengabeko mobilizazioan daude murgilduta herrialde osoan. Gaurko greba egunean, milaka pertsona atera dira herrialdeko hiri nagusietako kaleetara. «Gerra da» Varsovian dozenaka mila pertsona elkartu dira, eta protestek hartu duten leloa oihukatu dute: «Gerra da». Izan ere, emakumeen eskubideen aldeko taldeek eta ezkerreko alderdiek gerra deklaratu diote PiS Legea eta Justizia eskuin muturreko alderdiari eta haren buruzagi eta Poloniako lehen ministrorde Jaroslaw Kaczynskiri. Izan ere, alderdiko diputatu talde batek aurkeztutako helegitearen ondorioz eman du epaia auzitegiak. Alderdiak berak izendatu zuen Auzitegi Konstituzionaleko presidentea, Julia Przylebska epaile kontserbadorea, eta Europako Batasunak ere gaitzetsi egin du hura izendatzeari bide eman dion erreforma; Poloniari isuna jartzeko prozesua zabaldu du. Krakovian ere milaka pertsona bildu dira protestan. Art Service 2 / EFE Kaczynskik «elizak defendatzera» dei egin die bere jarraitzaileei. Protestariek Polonia «suntsitu» nahi dutela gaineratu du. Oposizioak, berriz, «gerra zibilera bultzatzea» egotzi dio. 2016an ere deitu zuten abortuaren auziari lotutako greba feministara, eta 200.000 lagun inguruk bete zituzten karrikak. Orduan, Jaroslaw Kaczynski lehen ministro zenaren asmoen aurka batu ziren: hark abortua debekatzea zuen helburu. Varsoviak abortuari buruzko Europako legedirik murriztaileenetako bat du. Jaroslaw Kaczynski lehen ministrordea eta abortatzeko eskubidea murrizteko erreformaren bultzatzailea, gaur, legebiltzarrean. Radek Pietruszka / EFE Egunotan ehunka herritar atera dira auzitegiaren epaiaren kontra protesta egitera, bai hiriburuan, bai gainerako hainbat herritan. Bideak blokeatu eta mezu irmoak zabaldu dituzte, pankarta eta oihu bidez: emakumeen infernua eta hau gerra da, kasurako. Poliziak manifestarien aurka jo du horiek sakabanatzeko, eta atxilotuak ere izan dira. Varsoviako elkarretaratze puntuen artean daude gortearen egoitza eta Jaroslaw Kaczynski lehen ministrordearen etxe inguruak. Hark bideratu zuen, hain justu, errekurtsoa. Art Service 2
2020-10-28
https://www.berria.eus/albisteak/188940/antzokiak-zinemak-eta-ostalaritza-itxiko-dituzte-alemanian.htm
Mundua
Antzokiak, zinemak eta ostalaritza itxiko dituzte Alemanian
Astelehenean sartuko dira indarrean neurriak, eta gutxienez bi aste iraungo dute. Etxe bakoitzean ezin izanen dira hamar pertsona baino gehiago bildu.
Antzokiak, zinemak eta ostalaritza itxiko dituzte Alemanian. Astelehenean sartuko dira indarrean neurriak, eta gutxienez bi aste iraungo dute. Etxe bakoitzean ezin izanen dira hamar pertsona baino gehiago bildu.
Azken egunetan kutsatu kopuruak gora egin ondotik, koronabirusaren hedapena gutxitzeko neurriak iragarri ditu gaur arratsaldean Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak. «Erabakiak orain hartu behar dira», nabarmendu du kantzilerrak. Hala, taberna, jatetxe, antzoki eta zinemen itxiera iragarri du. Neurriak azaroaren 2an sartuko dira indarrean, datorren astelehenean, eta gutxienez bi aste iraungo dute. Horrez gain, mugatu eginen dute establezimenduetan egon daitekeen gehienezko pertsona kopurua. Metro karratu bakoitzeko pertsona bakarra egoten ahalko da. Merkelek aitortu du egoera «gainezka» egitear dagoela: «Egun, ez dakigu nondik datorren kutsatzeen %75, eta aztarnariek ezin dute beren lana behar bezala egin», nabarmendu du. Alemaniako herritarrei eskatu die ahal bezainbertze murrizteko bidaiak. Haurtzaindegi eta eskolek irekita jarraituko dute, eta hamar pertsonara mugatu dute etxe bakoitzean egon daitekeen gehienezko pertsona kopurua. Merkelek iragarri du gobernuak diruz lagunduko dituela itxieren ondorioz galerak dituzten negozioak. Itxierak iraunen duen bi asteen ondotik, landerretako lehendakariekin bilduko da Merkel, eta neurriak luzatu edo ez erabakiko du.
2020-10-28
https://www.berria.eus/albisteak/188941/roglicentzat-garaipena-moncalvillon.htm
Kirola
Roglicentzat garaipena Moncalvillon
Lehia polita eskaini du esloveniarrak Richard Carapaz liderrarekin. 13 segundoren aldea dago bien artean orain sailkapen nagusian.
Roglicentzat garaipena Moncalvillon. Lehia polita eskaini du esloveniarrak Richard Carapaz liderrarekin. 13 segundoren aldea dago bien artean orain sailkapen nagusian.
Igandean Formigalen amaitu zen etapan eduki zuen arreta faltaren ondoren, mendate batean amaitzen zen hurrengo etapan Vuelta irabazteko hautagai sendoa dela gogorarazi dio Primoz Roglicek (Jumbo Visma) Richard Carapaz liderrari (Ineos). Esloveniarrak lasterketako zortzigarren etapa irabazi du, Moncalvilloko gainean, eta, elastiko gorria berreskuratu ez badu ere, 13 segundora gutxitu du Carapazekiko aldea, eta bien arteko lehia puri-purian da, etapan ikusi den bezala. Bien arteko buruz-burukoa izan da. Roglicek azken txanpan egin du eraso, eta, etapa irabazteaz gain, aldea atera die beste zenbait hautagairi: 13 Carapazi, 19 Dan Martini, 33 Carthyri eta 1.33 Esteban Chavesi. Sailkapen nagusia estutu egin da lehen bost postuetan, eta, hortik aurrera, aldeak handitu egin dira. Ibilbide exijentea izan du etapa, 3.025 metroko desnibela pilatuz. Zazpi txirrindularik egin dute aurrera. Tartean ziren Rui Costa eta Cavagna. Atzetik, bost txirrindulari bakarrik eduki arren, Ineosek tropelaren ardura hartu du. Chris Froomek gregario elastikoa jarri du, Carapazen alde lan egiteko. Baina erritmoa ez zen bizia, eta iheslariek bost minuturen errenta lortu dute. Movistar ez zegoen gustura lasterketaren bilakaerarekin, eta urratsa egin du, abiadura handitzeko. Horrek eragina izan du. La Rasako mendatearen gainean aldea erdira murriztu da. Ineosen, Jumbo Vismaren eta Movistarren arteko lehia bizitu egin da, lasterketako talderik indartsuena nor den erakusteko. Jaitsiera bizia izan da, tropela luze jarriz. Movistarrek azeleragailua zapaltzen jarraitu du, eta orduko 70 kilometroko abiadura ezarri du. Horren ondorioz, tropela txikituz joan da, 50 bat txirrindularitan geratu arte. Eguneko mendate nagusia geratzen zitzaien aurretik, Moncalvillo (8,3 kilometro, %9,2 eta %15 arteko pendizarekin). Igoeran, Valverdek egin du lehen ahalegina, faboritoen multzoa gehiago tenkatuz. Gesinkek eta Andrey Amadorrek erantzun dute. Baina Woods izan da benetako selekzioa egin duena. Hor hasi dira Carapazen eta Roglicen arteko erasoak. Ahalegintzen aurrena Carapaz izan da, baina ondo eutsi dio Roglicek. Kostata bada ere, Martin, Vlasov eta Carthy bi faboritoengana ailegatu dira. Helmugara iristeko 1,2 kilometro falta zirenean jo du lehen kolpea. Sufrituta erantzun dio Carapazek. Baina Sloveniarrak bazekien hurrengo ahaleginean nekez eutsi ahal izango ziola ekuadortarrak. Eta hala gertatu da. Asteburuan, Asturiasko mendateak dituzte zain Roglicek eta Carapezek,berriro ere mokoka aritzeko.
2020-10-28
https://www.berria.eus/albisteak/188942/labek-argi-baino-itzal-gehiago-ikusi-ditu-pentsioen-erreforma-proposamenean.htm
Ekonomia
LABek argi baino itzal gehiago ikusi ditu pentsioen erreforma proposamenean
Toledoko Itunak onartutakoak «ez du bermatzen eredu publikoaren jasangarritasuna». Garbiñe Aranburuk kritika egin die euskal erakundeek duten rolari: «Begirale soilak dira»
LABek argi baino itzal gehiago ikusi ditu pentsioen erreforma proposamenean. Toledoko Itunak onartutakoak «ez du bermatzen eredu publikoaren jasangarritasuna». Garbiñe Aranburuk kritika egin die euskal erakundeek duten rolari: «Begirale soilak dira»
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak argi baino itzal gehiago ikusi ditu pentsio sistema erreformatzeko proposamenen artean. Sindikatuko buruak aztertu egin ditu, eta, haren ustez, gomendioek ez dute pentsio sistema publikoaren «jasangarritasuna» bermatzen. Hori ikusita, argi du euskal erakunde publiko eta sindikatuek «bide propioa» egin behar dutela, eta aurreratu du bere sindikatuak aurki ezagutaraziko duela prestatzen ari den Gizarte Segurantzako sistema propioaren proiektua. Aranburuk duela bi aste Barakaldon 500 delegaturen aurrean emaniko hitzaldian aurreratu zuen proposamen hori diseinatzen ari direla. Aranburuk Euskal Herrian ikusten du Toledoko ituna delakoak ezartzen dituen baldintzak hobetzeko aukera. «Hemendik ezin gara mugatu Madrilgo negoziazioen begirale soilak izatera. Ereduak aldaketa sakona behar du, eta ezinbestekoa da sistema propioa eratzea». LABek eskaera hori plano teorikotik lurrera ekarriko lukeen lege baten idazketan dihardu. «Autonomia Estatutua eta Foru Hobekuntza betetzearekin ez da aski; kudeaketa jaso baino ez dute egiten. Egungo markoa hobetu behar da». Alde horretatik, LABek atea ireki die pentsiodunen mugimenduari eta gizarte eragileei iradokizunak bidal diezazkieten. 1.080 euroko pentsioa Bien bitartean, baina, Espainiako Gobernuak eta Gorteak arautuko dituzte hego euskal herritarren pentsioak, eta Aranburu kritikoa da erreformaren nondik norakoekin. «2011ko eta 2013ko erreformak ez dituzte atzera botako, eta haiek asko gogortu zituzten baldintzak. Murrizketak egin dira, eta tarte handiak daude langileen azken soldaten eta pentsioen artean». Aranburuk datuz hornitu du azalpena: «1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzen dugu. EAEko emakumezkoen %70 ez dira kopuru horretara iristen, eta Nafarroan %75 dira. Gizonen kasuan, %35 eta %38 ez dira iristen, hurrenez hurren». LABeko buruaren ustez, erreforma «zorretan» dago emakumeekin, ez dielako aitortzarik egiten eremu pribatuan aritu diren zaintzaileei. Era berean iritzi dio pentsio pribatuak eta erretiro adina atzeratzea sustatzen dituela. «Eta aurkakoa egin beharko luke. 60 urtera jaitsi beharko litzateke gazteak lan munduan sartzeko». Jasangarritasun ezaren kritika argudiatzeko, egiturazko neurririk ez dagoela salatu du, baita batzuk iradoki ere: «1.200 euroko gutxieneko soldata kotizazioak hobetzeko, soldata altuenen kotizazio muga kentzea, zerga politika berraztertzea...». Dena, baina, ez da kritika, elementu positibo bat ere nabarmendu du: pentsioak KPIaren arabera berrikusteko aukera. Dena den, zehaztasun bat erantsi dio: «Beti ere legez bermatzen bada». Pentsiodunekin bat LAB sindikatuak, bestalde, bat egin du pentsiodunen mugimenduak eta zahar etxeetako erabiltzaileen senideek etzirako deituriko mobilizazioekin. Aranburuk parte hartzera deitu ditu afiliatu eta delegatu guztiak.
2020-10-28
https://www.berria.eus/albisteak/188943/gipuzkoako-egoitzetan-lau-egoiliar-hil-dira.htm
Gizartea
Gipuzkoako egoitzetan lau egoiliar hil dira
Hildakoak Donostiako bi zahar etxetako eta Zumarragako Argixaoko egoiliarrak ziren. Tafallako Nuestra Señora de la Caridad zahar etxean, 67 egoiliarretatik 22 kutsatu egin dira.
Gipuzkoako egoitzetan lau egoiliar hil dira. Hildakoak Donostiako bi zahar etxetako eta Zumarragako Argixaoko egoiliarrak ziren. Tafallako Nuestra Señora de la Caridad zahar etxean, 67 egoiliarretatik 22 kutsatu egin dira.
Gipuzkoako Diputazioak jakitera eman duenez, lurraldeko zaharren egoitzetan adineko lau lagun zendu dira azken orduetan: Alai-Etxe (Donostia) zentroko erabiltzaile bat, Lamourouseko (Donostia) beste bat eta Argixaoko (Zumarraga) bi pertsona. Heriotza horiez gain, adineko egoitzetan DYArekin batera egiten ari diren probetan beste zazpi positibo agertu dira, eta, dagoeneko, 74 kasu positibo daude. Halaber, adinekoen artean, 84 pertsona sendatu egin dira. Nafarroan, Tafallako Nuestra Señora de la Caridad zahar etxean, 67 egoiliarretik 22 kutsatu egin direla azaldu du Gobernuak. Positibo eman dutenak lehen solairuan dituzte bakartuak, eta bigarren solairuan dira gainerakoak, beren logeletan sartuta. Urriaren 13tik ezin da zahar etxeetan bisitarik egin, salbuespen handiko egoerak salbuespen, baina birusak sartzea lortu du. Egoiliar guztiei PCR proba egitea erabaki du gobernuak. Gobernuko Gizarte Eskubideen Departamentuak gizarteari dei egin dio arduraz jokatzeko, norberaren jarrerek ondorio larriak izan baititzake adinekoen artean. Ez soilik kutsatu egin daitezkeelako, baizik eta pandemiari aurre egiteko ezartzen ari diren neurriek ondorio gogorrak dituztelako. Tafallako zahar etxe horretan, adibidez, erabiltzaileak bakartuta daude, bakoitza bere logelan. BERRIAk jakin duenez, erabiltzaileetako batzuek ez dute egoera ulertzen, eta oihuka hasten dira logelatik atera nahirik.
2020-10-28
https://www.berria.eus/albisteak/188944/errepikapena-salbuespena-izatea-hitzartu-dute-psoek-unidas-podemosek-eta-eh-bilduk.htm
Gizartea
Errepikapena «salbuespena» izatea hitzartu dute PSOEk, Unidas Podemosek eta EH Bilduk
Espainiako Hezkuntza legearen erreformari erdibideko zuzenketa bat aurkeztu diote hiru taldeek. Hiru ikasgaitan ebaluazio negatiboa izanda ere ikasturtea igaro ahal izango dela jaso dute.
Errepikapena «salbuespena» izatea hitzartu dute PSOEk, Unidas Podemosek eta EH Bilduk. Espainiako Hezkuntza legearen erreformari erdibideko zuzenketa bat aurkeztu diote hiru taldeek. Hiru ikasgaitan ebaluazio negatiboa izanda ere ikasturtea igaro ahal izango dela jaso dute.
LOMCE legearen erreformari zenbait taldek aurkeztutako zuzenketak ari dira eztabaidatzen egunotan Espainiako Kongresuan, eta PSOEk, Unidas Podemos eta EH Bilduk gaur adostu dute jarraibide gisa ezartzea errepikapena «salbuespena» izatea, eta ikasturtea igaro ahal izatea hiru ikasgaitan ebaluazio negatiboa edukita ere. Hiru alderdiek erdibideko zuzenketa batean jaso dute akordio hori. Hitzartutako zuzenketan jasota dago ikasleek ikasturtea gainditu ahal izango dutela «ikasgaien helburuak» lortzen dituztenean, nahiz eta bi ikasgaitan baino gehiagotan ebaluazio negatiboa izan. Halaber, irakasleek ebaluazio negatiboa izandako ikasgaien «izaera» aintzat hartuta erabaki dezakete ikaslea hurrengo ikasturtera igarotzea, zuzenketan jasoa dutenez. Azken hilabeteetan polemika ugari sortu du gai horrek. Joan den apirilean, Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroak ikasle gehienek ikasturtea gainditzeko irizpidea eman zien erkidegoei, eta errepikatzea «salbuespenezko neurri» gisa ezarri zen. Gaur jakin da erabaki hura ikertzen ari dela Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltza, ustezko «prebarikazio» delitu bat egon daitekeelako.
2020-10-28
https://www.berria.eus/albisteak/188945/ipar-euskal-herria-berriz-konfinatuko-dute-etzitik-goiti.htm
Gizartea
Ipar Euskal Herria berriz konfinatuko dute etzitik goiti
Ostiraletik aitzina Frantziako Estatu osoa konfinatuko dute. Eskolek irekita jarraituko dute, eta lanera joateko baimenak emango dituzte; gainerakoetara, martxoan bezala, agiri batekin joan ahalko da. Oraingoz, Iparraldearen eta Hego Euskal Herriaren arteko muga irekia egonen da.
Ipar Euskal Herria berriz konfinatuko dute etzitik goiti. Ostiraletik aitzina Frantziako Estatu osoa konfinatuko dute. Eskolek irekita jarraituko dute, eta lanera joateko baimenak emango dituzte; gainerakoetara, martxoan bezala, agiri batekin joan ahalko da. Oraingoz, Iparraldearen eta Hego Euskal Herriaren arteko muga irekia egonen da.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak trenkatu du: ostiraletik aitzina, Frantziako Estatu osoa konfinatuko dute. Beraz, Ipar Euskal Herria ere itxita. Eskolak irekiak egonen dira; lanera joateko baimena beharko da, eta zahar etxeetako bisitak baimenduak egonen dira; gainerakoan, martxoan bezala, agiri bat beharko da. Ostatu eta jatetxeak osoki hetsiko dituzte. Oraingoz, ordea, Iparraldearen eta Hego Euskal Herriaren arteko muga irekia egonen da. Eskolek, lizeoek eta kolegioek irekita jarraituko dute, bai, baina protokolo zorrotzak izanik. Unibertsitateak, berriz, itxita, online arituko dira, eta telelana egin dezaketen guztiek hala egin beharko dute. Zahar etxeetan, antzeko: bisitak egiten ahalko dira, baina protokolo oso zorrotzak betez, «bakartze osorik izan ez dadin». Oraingoz, abenduaren 1 arte iraunen du itxialdiak Ipar Euskal Herrian. Bihartik aitzina, Frantziako Gobernuko ministroek xehetasunak emanen dituzte, baina behar-beharrezkoek ez diren saltegiak itxita egon beharko dute, bi astez gutxienez. Bilera eta elkarretaratze publikoak ere debekatu ditu Macronek. Pronostikorik txarrenetan ere ez 20:00etan hitz egin du presidenteak. Orain arte, Ipar Euskal Herriko herritarrek etxeratze agindua bete behar zuten 21:00-06:00 bitartean, baina neurri murritzaileagoak iragarriko zituela espero zen, eta hala egin du: «Orain arte hartutako neurriak ez dira nahikoak izan» esanez hasi du hitzaldia. «Pronostikorik txarrenek ere ez zuten egoera hau aurreikusia». Bigarren olatua «zailagoa eta hilgarriagoa» izanen ari dela gehitu du, eta azaroaren 15erako Frantziako Estatuko suspertze zerbitzu guztiak saturaziora helduko zirela gaur bertan neurri gogorrak hartu ez balitu. Besteak beste, langabezia partziala berriz martxan ezarriko dute kaltetuak izanen diren enpresentzat. «Ekonomiaren eta osasunaren arteko oreka aurkitu behar dugu», esan du Macronek. «Edo ez dugu deus egiten eta immunitate kolektiboaren hautua egiten dugu: Frantziak ez du horrelakorik eginen. Zaurgarrienak bakarrik konfinatzen ahal genituzke, eta ez da nahikoa».
2020-10-28
https://www.berria.eus/albisteak/188946/jaurlaritzaren-irizpide-berriak-frogak-eskatuko-dituzte-senideak-zaintzera-joateko.htm
Gizartea
Jaurlaritzaren irizpide berriak: frogak eskatuko dituzte senideak zaintzera joateko
Neurriak indarrean dira, baina, sortutako zalantzen aurrean, galdera-erantzun gisako argibide batzuk kaleratu ditu Lehendakaritzak. Goizean Ertzaintzak bidalitako irizpideak gehiago zehaztu dituzte. Alboko udalerrira «jarduera sozioekonomikoak» egitera joateak zer esan nahi duen seinalatu dute, adibidez. Senideak bisitatzeari dagokionez, ohartarazi dute zaintza soilik dagoela onartuta, ez besterik gabe bisita bat egitea: areago, orain azaldu dute zaintza lanetara joateko frogak behar direla.
Jaurlaritzaren irizpide berriak: frogak eskatuko dituzte senideak zaintzera joateko. Neurriak indarrean dira, baina, sortutako zalantzen aurrean, galdera-erantzun gisako argibide batzuk kaleratu ditu Lehendakaritzak. Goizean Ertzaintzak bidalitako irizpideak gehiago zehaztu dituzte. Alboko udalerrira «jarduera sozioekonomikoak» egitera joateak zer esan nahi duen seinalatu dute, adibidez. Senideak bisitatzeari dagokionez, ohartarazi dute zaintza soilik dagoela onartuta, ez besterik gabe bisita bat egitea: areago, orain azaldu dute zaintza lanetara joateko frogak behar direla.
Isunak jartzen ez dira hasi oraindik, baina kontrolak egiten, bai. Asteartetik indarrean daude Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren hedapena geldiarazteko hartutako neurriak, eta Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak iragarri du datozen egunetan «zorrotz» kontrolatuko dutela herritarren jarduna. Oraingoz, «informazioa ematen» ari dira poliziak kontroletan, baina, asteburuaren atarian, zigorrak jartzen hasiko dira neurriak bete ezean. Jaurlaritzaren dekretua nola interpretatu, zalantza ugari sortu dira. Lehenik, Ertzaintzaren zuzendaritzak zehaztutako irizpide batzuk argitaratu dituzte —gaztelania hutsez bidali dituzte udaletara, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak salatu duenez; handik ordu batzuetara igorri dute euskarazko bertsioa—. Ondoren, berriz, Lehendakaritzak kaleratu du dekretuari buruzko argibide sorta bat —euskaraz ere bai—, eta are gehiago zehaztu ditu Ertzaintzaren zuzendaritzak emandako irizpideak. Gogoan izatekoa da Iñigo Urkullu lehendakariak izenpetu duela neurriak ezartzeko dekretua, eta, beraz, Lehendakaritzari dagokio dekretuari buruzko argibideak ematea. Hona Jaurlaritzaren azken dokumentuan jasotako gako nagusiak: Bil daitezke sei pertsona baino gehiago lantokian? Bai. Sei pertsona baino gehiagoko taldeetan egoteko mugatik kanpo geratzen dira laneko, hezkuntzako eta erakundeetako jarduerak. Nolanahi ere, segurtasun neurri guztiak bete beharko dira; alegia, metro eta erdiko gutxieneko distantzia gordetzea eta maskararen derrigorrezko erabilera, une oro. Gainera, bilera gela aireztatu behar da. Bisita ditzakete aitona-amonek bilobak, udalerri mugakideetan bizi ez diren kasuetan? Ez dira bisita eta zaintza kontzeptuak nahastu behar. Familia bisita bada, ezin da. Adingabea zaintzera joanez gero, bai, joan daitezke. Nola justifikatuko litzateke agintaritza baten aurrean joan-etorri baten motiboa adinekoen edo adingabeen zaintza dela? Pertsona arduradunak emandako egiaztagiriaren bidez; horretarako, familia lotura frogatu beharko da, eta zainduko den pertsonaren identifikazio datuak eman beharko dira. Domu Santu egunean, joan daitezke mugakide ez diren udalerrietako hilerrietara? Ez. Joan-etorriak saihestu behar dira. Zer ulertzen da dela jarduera sozioekonomikoa? Udalerri mugakidean egin ohi diren jarduerak, eta dekretuan jaso diren salbuespenen artean ez daudenak, esaterako: supermerkatura joatea, tindategira, jatetxera edo haurtzaindegira joatea, eta gure udalerrian bertan egin ditzakegun baina, hurbiltasunagatik eta irisgarritasunagatik, udalerri mugakidean egitea komeni zaizkigun jarduera sozial edota ekonomikoak. Etxe bat alokatuta edukiz gero autonomia erkidego batean eta errentaria badoanez giltzak batzera joan behar izanez gero, irten daiteke erkidegotik? Jarduera hori atzeratzerik ez badago, ezinbesteko kasutzat jo daiteke. Etxe bat erosteko prozesuan dauden eta zenbait udalerritan etxeak ikusi behar dituzten pertsonek jarrai dezakete etxeak ikusten? Ez, atzeratu egin beharko dute jarduera hori. Joan daiteke autonomia erkidego berean dagoen bigarren etxebizitzara? Ez. Mugatuta dago mugikortasuna bizitoki dugun udalerrira. Zer gertatzen da dagoeneko bidaiatzeko hegazkin txartela erosita edukiz gero? Baliogabetu egin behar da? Bidaiaren motiboa aisia bada, bai, hala beharko luke. Dekretuan azaldu diren motiboetako beste edozein bada, hegaldiari euts lekioke. Sar daitezke EAEn konfinatuta ez dauden erkidegoetako herritarrak? Dekretuan aurreikusten diren pertsonak baino ezingo dira sartu, eta behar bezala justifikatuta egon beharko dute. Atera daiteke maskota 23:00 ondoren? Ezin da paseatzera atera. Dekretuan aurreikusten diren jarduerak baino ezin dira egin; maskotak direla eta, larrialdiko motiboren batengatik albaitariarenera eraman daitekeela jaso da. Sar daiteke udalerri mugakidean, nahiz eta beste lurralde historiko batean egon? Eta beste autonomia erkidego batean egonez gero? Beste lurralde historiko batean egonez gero, bai, gainerako udalerrietan bete beharreko baldintza beretan. Ezin da udalerri mugakidean sartu baldin eta beste autonomia erkidego batean badago; izan ere, mugatuta dago EAEtik irtetea, ezarritako salbuespenetan izan ezik. Zer jotzen da udalerri mugakidetzat? Erreka bi udalerrien artean badago, mugikortasuna posible da? (Adibidea: Erandio eta Bilbo, edo Getxo eta Portugalete) Bizileku den udalerriaren ondoko udalerria da; udalerri mugakidera joateko zuzeneko bidea dago, mugakide ez diren beste udalerri batzuetatik igaro beharrik izan gabe. Adibidea dela eta, bai, baimenduta dago Erandio eta Bilbo arteko edo Getxo eta Portugalete arteko mugikortasuna. Udalerriko supermerkatua txikia bada, eta, normalean, beste udalerri bateko handiago batera joateko ohitura izatez gero, joan daiteke? Elikagaiak edo baimendutako beste produktu batzuk erosteko joan-etorriak bizitoki den udalerriko edo alboko udalerriko merkataritza establezimenduetara egin behar dira. Bizitoki den udalerrian edo mugakidean ematen ez diren zerbitzu eta hornikuntzen kasuan, salbuespen gisa, bizitoki den udalerritik hurbilen dagoen saltoki handi batera edo antzeko batera joan ahalko da. Ile apaindegira joan daiteke mugakide ez den herri batera? Ez. Jarduera sozioekonomikoa udalerri mugakideetan baino ezin da egin. Ile apaindegia ez da dekretuan aurreikusten diren salbuespenetako bat. Zenbat pertsona eser daitezke jatetxe batean jaten edo taberna batean zerbait hartzen? Bai barruan, bai kanpoan gehienez sei pertsona batu ahal dira mahaiko edo mahaien multzo bakoitzeko. Gutxienez 1,5 metroko distantzia gorde beharko da bezeroen artean edo bezero-taldeen artean, eta une oro egon beharko dute eserita. Maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da une oro, kontsumitzeko unean bertan izan ezik. Barruko edukiera, guztira, ezingo da % 50etik gorakoa izan. Ezingo da barran kontsumitu. Ordutegi muga bera da erkidegoko taberna eta jatetxe guztientzat? Bai. Guztiek, salbuespenik gabe, 23:00ak baino lehen itxi beharko dute, eta ezingo dute 06:00ak baino lehen ireki. Neurri hori asteko egun guztietan aplikatuko da, jaiegunetan barne. Erregai zerbitzuguneetako eta gasolindegietako tabernek eta jatetxeek ere 23:00ak baino lehen itxi beharko dute? Ez, ordutegiaren aldetiko mugak jatetxe zerbitzu horiek salbuesten ditu. Hala ere, ezingo dute alkoholik atera 23:00ak eta 06:00ak bitartean. Ostalaritzako establezimendu bat edukiz gero eta 23:00etan itxiz gero, langileak itzul daitezke etxera 23:00ak baino geroago? Bai. Dekretuan aurreikusten diren salbuespenetan jaso da lan motiboengatik edo aurreikusten diren beste batzuengatik bide publikoetatik edo erabilera publikoko espazioetatik 23:00ak eta 06:00ak bitartean ibiltzeko aukera. Nolanahi ere, ordu tarte horretan bide publikoan egoteko motiboa edo kausa egiaztatzeko gai izan beharko da, hala egiteko eskatuz gero. Egon daiteke jarduerarik ostalaritzako eta jatetxeko lokalen barruan, ezarritako orduetatik kanpo? Bai. Baimenduta dago establezimenduaren barrualdean ostalaritzako langileek lokala prestatzeko lanak egiten jardutea, bai 23:00ak ondoren, bai 06:00ak baino lehen. 23:00etatik aurrera ezingo da etxera banatzeko zerbitzurik egin. Joka daiteke zutik taberna batean dagoen makina batean? Ez. Aulkian eserita egon beharko da. % 50eko gehieneko edukierak gainditu dezake hoteletako gune komunei (jangela, kafetegia eta abar) aplikatzen zaien 30 pertsonaren kopurua? Ez. Segurtasun distantziak berak dira lokalaren barruan eta aire zabaleko terrazan? Bai. Gutxienez 1,5 metroko distantzia gorde beharko da bezeroen artean edo bezero taldeen artean, eta une oro egon beharko dute eserita. Har dezakete ostatu logela, etxe edo bungalow berean elkarren bizikide ez diren pertsona taldeek? Taldekatze eta bilerak sei pertsonakoak izan daitezke, gehienez, bizikide izan ezean. Gogorarazten da mugikortasuna udalerriaren eta mugakideen artean baino ez dagoela baimenduta. Joan daiteke ikastera bizitoki den udalerrian ez dagoen zentro batera? Nola justifikatu? Egoera hori berariaz jaso da dekretuan: hezkuntza zentroetara joatea, haur hezkuntzako eskolak barne. Baliozkotzat eta nahikotzat jotzen den edozein dokumenturen bidez egiaztatu beharko da. Joan daiteke semea edo alaba batzera, bizileku den udalerritik kanpo egiten den eskolaz kanpoko jarduera batera? Bai, betiere behar bezala justifikatzen bada; dena den, ezingo da helmugako udalerrian umea batzeko behar baino denbora gehiago egon. Supermerkatuek edo elikagaien dendek sal dezakete alkohola 20:00etatik aurrera? Eta 20:00ak ondoren ixten badute? 20:00ak eta 08:00ak artean ezingo da alkoholik saldu, taberna eta jatetxeetan kontsumitu ezean. Era berean, ezin da bide publikoan kontsumitu, ostalaritza zerbitzuei lotuta dauden terrazetan baino ez. Joan daiteke bizitoki den udalerritik kanpo egiten den hileta, hil beila edo ehorzketa batera? Eta autonomia erkidegotik kanpora? Ez, udalerrian bertan edo mugakideetan ez bada, eta honako atal honetan ezartzen diren neurriak bete beharko dira: hil beiletan, 30 pertsona bil daitezke aire zabalean, eta barruan, sei; ehorzketan edo errausketan ere 30 lagun aire zabalean, eta barruan, hamar; eta maskara beti erabili behar da. Joan gaitezke Domu Santu egunean bizitoki den udalerritik kanpora dagoen hilerri batera? Eta autonomia erkidegotik kanpora? Ez. Irten daiteke ibiltzera edo perretxikotan taldean? Eta korrika egitera edo bizikletan ibiltzera? Jarduera fisikoa egin ahalko da aire zabalean, bakarka edo kolektiboan, gehienez sei pertsonako taldeetan, udalerriaren edo udalerri mugakidearen barruan. Aire zabaleko kirol jardueraren eta jarduera fisikoaren artean bereizi behar da. Aire zabaleko jarduera fisikoak kalean edo ingurune naturalean paseatzea barne hartzen du. Egin daiteke kirola taldean, espazio itxietan? Ez, kirola bakarka baino ezin da egin. Gimnasioetan programatutako ikastaroak edo jarduerak salbu; haietan, maskara erabili beharko da. Taldeko klaseetan, sei parte hartzaile egon ahalko dira, gehienez. Entrena daiteke norbere taldearekin eta partidak jokatu? Baimenduta daude lehiaketa profesionalean edo erdi profesionalean dauden taldeen kirol entrenamenduak eta lehiaketak. Profesionala edo erdi profesionala ez den federazio lehiaketa eten egingo da, bai eta eskola kiroleko lehiaketa ere. Baimenduta daude federatutako edo eskoletako taldeen kirol entrenamenduak, baina seiko taldeetan eta bakarka. Joan daiteke beste udalerri batera partida bat jokatzera? Lehiaketa profesionaletan edo erdi profesionaletan baino ez. Zer ulertzen da kirolari erdi profesional esatean? Egutegi ofizialeko Espainiako Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan eta Euskal Federazioak antolatutako maila goreneko lehiaketetan parte hartzen duten kirolariak, guztiak kategoria absolutuan. Atal honetan kategoria absolutuko maila goreneko bertoko kirol lehiaketak sartzen dira. Joan daiteke kirol jarduera bat egitera beste udalerri bateko kiroldegira? Bai, baldin eta udalerri mugakidea bada. Joan daiteke beste udalerri edo erkidego batzuetara ehizara edo arrantzara? Ez. Bi jarduera horiek bizitoki den udalerrian edo mugakideetan baino ezingo dira egin. Gaueko zer ordutara arte egongo da garraio publikoa? Lurralde historiko barruko garraio publikoaren azken irteera 00:00etan izango da. Neurri horrek ez die eragiten taxiei eta ibilgailu gidaridunei. Jan edo edan daiteke garraio publikoan? Bidaia denbora bi ordutik beherakoa bada, ezin da jan, baina bai edan. Badago okupazio mugarik garraioan? Ez, garraio publiko eta pribatuetan ibilgailuak duen plaza adina pertsona joan ahalko da, betiere maskara jantzita. Sarrera bat edukiz gero udalerritik kanpo egingo den kontzertu baterako, joan daiteke? Emanaldia udalerri mugakidean baldin bada eta sarrerarekin behar bezala justifikatzen bada soilik. Erre daiteke bide publikoan? Bi metroko gutxieneko distantzia gordetzerik badago bakarrik. Derrigorrezkoa da erabilera publikoko establezimendu eta lekuak aireztatzea? Bai. Ahalik eta maizen aireztatu beharko dira, eta, gutxienez, egunean hiru aldiz Baimenduta al dago adinduen egoitzetara joatea? Bai, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, betiere zentroak berak baimendutako bisitak badira. Baimenduta al dago espetxeetara joatea? Bai, baina, horretarako, Espetxeetako Agintaritzak emandako baimen egokia beharko da. EAEtik kanpora mugitu ahalko da, baldin eta helmugako erkidegoak baimena ematen badu. Baimenduta al dago ibilgailuen tailerretara eta kontzesionarioetara joatea? Bai atzeratu ezin diren, derrigorrezkoak diren eta aurrez aurre egin behar diren kudeaketen kasuan. Baimenduta al dago erlijio edo kultu zerbitzuetara joatea? Bai, salbuespen gisa, bizitoki dugun udalerrian halakorik ez bada eta, betiere, hurbilen dagoen lekura. Baimenduta dago baratzeetan lan egiteko mugitzea? Bai, bizitoki dugun udalerrian eta mugakideetan dauden baratzeetan. Baimenduta al dago arrazoi sindikalengatik, alderdi politikoen, enpresa elkarteen eta antzekoen jarduerengatik lekualdatzea? Bai. Erakunde jardueratzat jotzen baitira.
2020-10-29
https://www.berria.eus/albisteak/188980/eusko-legebiltzarrak-andoni-aldekoa-izendatu-du-eitbko-zuzendari-nagusi.htm
Bizigiro
Eusko Legebiltzarrak Andoni Aldekoa izendatu du EITBko zuzendari nagusi
EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin izendatu dute. Aurka bozkatu dute gainontzeko talde politikoek.
Eusko Legebiltzarrak Andoni Aldekoa izendatu du EITBko zuzendari nagusi. EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin izendatu dute. Aurka bozkatu dute gainontzeko talde politikoek.
Maite Iturbek zazpi urtez bete du EITBko zuzendari nagusiaren kargua, eta bere kabuz adierazi zion Eusko Jaurlaritzari betebehar hori uzteko asmoa. Horren ondotik, EAJk eta PSE-EEk adostu zuten Andoni Aldekoa proposatzea postu horretarako. Izendapen prozeduraren aurka egin zuen EH Bilduk, eta zuzendaria lehiaketa publiko bidez izendatzeko eskatu. Proposamena hori ez zen eztabaidatu ere egin. Hartara, gaur goizean izendatu du Eusko Legebiltzarrak Aldekoa EITBko zuzendari nagusi, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin; kontra bozkatu dute EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek, PP-Ciudadanosek eta Voxek. ETBko erredakzio kontseiluak ohar batean salatu du Aldekoak «ez duela euskara menperatzen». Legebiltzarrean talde politikoek hitza hartu dutenean, soilik EH Bilduko Jasone Agirrek jarri du mahai gainean ea Aldekoak euskaraz ondo egiten duen ala ez. «Inkognita bat da haren euskara maila. Argi dago euskaltzalea ez dela: Twitterren, azkeneko urtean, eskerrik asko eta ongi etorri hitzak baino ez ditu egin euskaraz". Agirrek, era berean, nabarmendu du Aldekoak ez duela goi mailako titulaziorik. EH Bilduko ordezkariak esan duenez, Aldekoa izan da Eusko Legebiltzarrean kontrako boto gehien jaso duen EITBko zuzendari nagusia. Zera galdetu du Agirrek: «Zer beldur dago EITBko zuzendari nagusia lehiaketa publikoz aukeratzeko?» Joseba Diez EAJko legebiltzarkideak, berriz, oposizioko taldeei esan die «akats estrategikoa» dela Aldekoa kritikatzea, izendatua izan aurretik. «Ez duzue haren kudeaketa ikusi», Aldekoaren ibilbidea defendatu du ordezkari jeltzaleak: «Ibilbide arrakastatsua erakutsi du komunikazioaren munduan. Eskarmentua du sozietate publikoen kudeaketan. Ziur gaude ondo egingo duela». PSE-EEko legebiltzarkide Miren Gallastegik, aldi berean, nabarmendu du Aldekoak ondo ezagutzen duela komunikazioaren sektorea. «Bere ibilbidean, izaera irekia eta elkarrizketaren aldekoa erakutsi du», gaineratu du Gallastegik. Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide David Sotok salatu du «alderdikoikeria» dagoela EITBn. «Taldeko langileek inkesta batean ere salatu zuten hori». Bestalde, azaldu du ez dakitela ezer Aldekoaren proiektu estrategikoaren inguruan. «Izendapenaren prozeduraren aurka gaude». PP-Ciudadanos taldeko Luis Ignacio Gordillok, era berean, salatu du prentsaren bidez jakin dutela EAJk eta PSE-EEk zer pertsona aukeratu duten posturako. EH Bilduk egin duen moduan, lehiaketa publikoa defendatu du PP-CIudadanosek EITBko zuzendari nagusia aukeratzeko. «Beste EITB bat posible da: denontzat izango den EITB bat, eta pluralismoa defendatuko duena». Voxeko legebiltzarkide Amaia Martinezen iritziz, «lotsagarria» da EITBn dagoen«kontrol politikoa».
2020-10-29
https://www.berria.eus/albisteak/188981/hamaika-gara-k-ekitaldi-kultural-eta-politiko-bat-egingo-du-larunbatean.htm
Politika
Hamaika Gara-k ekitaldi kultural eta politiko bat egingo du larunbatean
Internet bidez eta hainbat herritan antolatu dituzten proiekzioetan ikusi ahalko da.
Hamaika Gara-k ekitaldi kultural eta politiko bat egingo du larunbatean. Internet bidez eta hainbat herritan antolatu dituzten proiekzioetan ikusi ahalko da.
Erabakitzeko eskubidea legez jasotzearen eta erreferendum baten aldeko sinadurak biltzeari berrekin dio Hamaika Gara egitasmoak, eta, testuinguru horretan, ekitaldi kultural eta politiko bat antolatu du etziko. Altxa! izena jarri diote ekitaldiari, eta 18:00etan izango da, Durangoko Plateruenan (Bizkaia). COVID-19aren izurriaren eraginez, ordea, ezin izango da bertatik bertara ikusi; sarean egongo da ikusgai, Hamaikagara.eus webgunean eta herri ugaritan antolatu dituzten emanaldietan. Antolatzaileen arabera, «nazioarteko erreferentziazko hainbat pertsonak eta hainbat kulturgilek» parte hartuko dute ekitaldian: Erika Olaizola, Iraia Elias eta Laura Penagos aktoreek, Amets Arzallus bertsolariak eta Eñaut Elorrieta, Ruben Caballero eta Dupla taldeko musikariek. Webgunerako sarbidea larunbatean eskuratu ahalko da, webgunean bertan, 3 euroan. 40 minutu inguruko ikuskizun batekin hasiko da saioa. Azken hamarkadetan zeharreko bidaia bat proposatzen du Gotzon Barandiaran gidoilariak, «euskaldunon erreferente kulturalak» ardatz hartuta: «Gure herria etengabe egon izan da mugimenduan; behin eta berriz asmatu eta berrasmatu dugu nola egin aurrera». Amancay Gaztañaga zuzendariak azaldu duenez, transmititu nahi izan dute herri gisa «nondik gatozen, nora goazen, bide horretan zer ebaki behar izan dugun, eta nola eraiki genezakeen etorkizun berri bat atzean utzitakoa galdu gabe». Ikuskizunaren ondoren, Hamaika Gara egitasmoaren sustatzaileek hitzaldi politko bateratu bat egingo dute.
2020-10-29
https://www.berria.eus/albisteak/188982/udaberrikoa-baino-malguagoa-izanen-da-ipar-euskal-herriaren-konfinatzea.htm
Gizartea
Udaberrikoa baino malguagoa izanen da Ipar Euskal Herriaren konfinatzea
Maskara nahitaezkoa izanen da 6 urtetik gorako haurrentzat. Kulturaren sektorea erabat geldirik egonen da. EH Baik kritikatu ditu konfinamendu neurriak.
Udaberrikoa baino malguagoa izanen da Ipar Euskal Herriaren konfinatzea. Maskara nahitaezkoa izanen da 6 urtetik gorako haurrentzat. Kulturaren sektorea erabat geldirik egonen da. EH Baik kritikatu ditu konfinamendu neurriak.
Ipar Euskal Herriaren konfinatzea iragarri zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak atzo, baina udaberrian baino malguagoa izanen dela azaldu du Jean Castex lehen ministroak. Lanera eta ikastetxera joateko aukera izanen dute herritarrek, baina aisialdirako aukera azkarki mugatua izanen da. Aldarrikapen manifestazioak ere baimenduak izanen dira, betiere prefeturan deklaratuak badira. Eskolak irekiak izanen dira, haurtzaindegietatik lizeoetaraino, eta lan sektore gehienek ere funtzionatzen segituko dute, «baitezpadakoak» ez diren komertzioek salbu. Ahal den heinean telelana lehenesteko eskatu du Castexek. Egunean ordu batez, kirola egitera edo etxe animaliak paseatzera ateratzen ahalko da, Frantziako Gobernuak horretarako prestatu duen ziurtagiria hartuta, eta gehienez ere etxearen inguruko perimetro bateko eremuan. Bestelako salbuespen batzuk badakartza ziurtagiriak. Kirol gelak itxiak izanen dira, eta taldeko kirol jarduerak, debekatuak; parkeak, oihanak eta hondartzak irekiak izanen dira. Haurra eskolara laguntzeko edo gizarte egituretara joateko baimena izanen da. Postetxeak eta bankuak irekiak izanen dira. Hotelek jarduera atxikiko dute, ezinbesteko bidaia profesionalentzat. Supermerkatuak eta handizkako saltegiak irekiak izanen dira, baita kanpoko merkatuak ere. Eskolak irekiak izango badira ere, osasun protokoloa gogortzea erabaki du Castexek: maskara baitezpadakoa izanen da 6 urtetik gorako haur guztientzat. Horrez gain, ordutegiak ere egokitu beharko dituzte ikastetxeetan, ikasleen arteko gurutzatzeak ahal bezain bat saihesteko. Eskolaz kanpoko jarduerak ez dira eginen. Bestalde, Omiasainduz hilerriak bisitatzera joatea baimendu du lehen ministroak, eta, anartean, lore saltegiak irekiak egonen dira. Asteburura arte «malgutasuna» egonen da Frantziako Estatuko eskualde batetik bestera igarotzeko, bakantzen bukaera dela eta. Aldiz, astelehenetik aitzina debekatua izanen da eskualde batetik bestera pasatzea premiazko arrazoi batengatik ez bada. Kulturaren sektorea, aldiz, geldirik egonen da: zinemak, ikusgarriak eta bestelako aktibitate kulturalak publikoarekin egiteko debekua ezarri du ministroak. Nabarmendu du «prestakuntza lana» egiten segitzen ahalko dutela artistek —errepikak eta film grabaketak, adibidez—. «Ekonomiari bai, bizi sozialari ez» EH Baik kritika egin die Emmanuel Macron Frantziako presidenteak iragarritako konfinamendu neurriei. «Salbuespen egoera bat inposatzen digu gure askatasun kolektibo eta indibidualak murriztuz, boteretsuen onerako den sistema bat mantenduz, txikiak zapalduz eta gure osasun sistema hobetzeko neurririk hartu gabe», adierazi du ezkertiar eta abertzaleen mugimenduak ohar batean. Deitoratu du Frantziako Gobernuak ez duela «irakaspenik» atera udaberrian izandako konfinamendutik. «Nagusi handiek inposatutako neurriak aplikatzen ditu. Datozen asteetan lanegiteko baimena besterik ez dugu izanen. Bukatu dira aisialdiak, lagun arteko topaketak eta beste... Ekonomiari bai, bizi sozialari ez». Horrez gain, EH Baik salatu du Macronek ez duela aipatu ere egin konfinamenduak eskatzen duen «segimendu soziala». «Enpresa ertain-txikiak, komertzianteak eta artisauak ahaztuak dira. Liburutegiek ateak hesten dituzte, baina Carrefour-ek liburuak saltzen segituko du. Tokiko jatetxe eta komertzioek itxi behar dute, baina McDo-ren drive zerbitzua zein sare bidezko salmentak bermatuak dira. Frantziako presidenteak, prekarioenak osasun krisi honen lehen biktimak direla onartu badu ere, egoera konpontzeko edo, behintzat, ondorio kaltegarri eta katastrofiko horiek arintzen saiatzeko lehen neurri sozialak itxoiten ditugu oraindik». EH Baik eskerrak eman dizkie osasungintzako langileei, eta osasun arloko baliabideak handitzeko eskatu du, «biziak salbatu eta lan baldintzak hobetzeko». Frantziako Gobernuak «anbizio handiko hautuak» egiteko eskatu du, arlo sozialari, hezkuntzari, osasunari eta tokiko ekonomia sareari «beharrezko baliabideak» emateko. «Justizia soziala berreskuratu behar dugu ahulenak COVIDaren biktimak izan ez daitezen. Herri mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa izango da gure giza eskubideak defendatzeko».
2020-10-29
https://www.berria.eus/albisteak/188983/nizan-hiru-pertsona-hil-dituzte-eliza-batean-labankadaz.htm
Mundua
Nizan hiru pertsona hil dituzte eliza batean, labankadaz
Alkateak esan du «atentatu terrorista bat» izan dela. Ustezko erasotzailea atxilotu egin dute. Avignonen, Poliziak gizonezko bat hil du, hark poliziei labana batekin mehatxu egin ondoren.
Nizan hiru pertsona hil dituzte eliza batean, labankadaz. Alkateak esan du «atentatu terrorista bat» izan dela. Ustezko erasotzailea atxilotu egin dute. Avignonen, Poliziak gizonezko bat hil du, hark poliziei labana batekin mehatxu egin ondoren.
Gutxienez hiru pertsona hil dira, eta hainbat zauritu, Nizan (Frantzia), labana batekin eliza baten inguruan egindako eraso batean. Ustezko egilea atxilotu egin dute, Christian Estrosi alkatearen esanetan. Erasoa «atentatu terroristatzat» jo du Estrosik, baita Eric Ciotti diputatuak ere.Gerald Darmanin Barne ministroak adierazi du polizia operazio bat abian dagoela, eta larrialdi unitate bat sortu dutela. Erasoa 09:00ak aldera gertatu da. Nice-Matin egunkariaren arabera. Erasotzailea Notre Dame elizara sartu da labana batekin. France Presse agentziak esan du atxilotu egin dutela. BFMTV katearen hitzetan, berriz, ospitale batera eraman dute, atxilotu duten poliziek tiroz zauritu dutelako. Nizako erasoa izan eta ordu gutxira, Poliziak gizonezko bat hil du Avignonen. Europe 1 irrati katearen arabera, ustezko erasotzaileak labana batekin mehatxatu ditu poliziak. Inork zuzenean islamismoarekin lotu ez badu ere, giroa gori dago azken asteetan. Duela aste gutxi, islamista batek Samuel Paty historia irakaslea hil zuen, hark ikasleei Mahomaren karikatura batzuk erakutsi zizkielako, ikasgelan adierazpen askatasunaren gaiaz eztabaidatzeko. Haren omenaldian, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak esan zuen ez ziotela uko egingo karikaturak egiteko eskubideari. Ordutik, elur bola handitu eta handitu egin da. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak herritarrei eskatu die Frantziako produkturik ez erosteko, eta Macronen sostengu mezuak protestak eragin zituen hainbat herrialde musulmanetan. Besteak beste, Turkian, Jordanian eta Iranen agintariek gaitzetsi egin dute Frantziako presidenteak hartutako jarrera. Aste honetan, Frantziako Charlie Hebdo aldizkari satirikoak Erdoganen karikatura bat eraman du azalera, eta Turkiako presidenteak adierazi du «behar diren neurri legal eta diplomatikoak» hartuko dituela aldizkariaren kontra.
2020-10-29
https://www.berria.eus/albisteak/188984/txibite-udazkena-eta-negua-oso-zailak-izango-dira.htm
Politika
Txibite: «Udazkena eta negua oso zailak izango dira»
Politika orokorreko osoko bilkura dute Nafarroako Parlamentuan, eta COVID-19arn «erronka historikoak zipriztindutako» diskurtsoa egin du Txibitek, hilabeteotako gobernuaren kudeaketa laburbiltzerakoan
Txibite: «Udazkena eta negua oso zailak izango dira». Politika orokorreko osoko bilkura dute Nafarroako Parlamentuan, eta COVID-19arn «erronka historikoak zipriztindutako» diskurtsoa egin du Txibitek, hilabeteotako gobernuaren kudeaketa laburbiltzerakoan
Hitzaldiari aurre egin aurretik, zizpuru bat atera zaio Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariari. Ez soilik hitzaldi luzea zuelako aurrean. «Urte hau COVID-19ak markatu du. Erronka historiko bati aurre egin diogu, eta ondorio ekonomiko eta sozial handia izan du». Ezinbestean, COVID-19ak «zipriztindutako» diskurtsoa izan da, eta lehen hitzetan hilabeteotan guztiotan hildako 695 herritarrak eta haien senideak izan ditu gogoan. Pandemiari aurre egiten diharduten profesionalei ere esker ona adierazi die, baita parlamentuan aurkeztutako zortzi dekretuak aho batez onartu dituzten taldeei ere. Dena den, koronabirusaren transmisioak ez du etenik. «Uda lasaiagoa espero genuen, baina aisialdiak eta ospakizunek ez dute utzi. Udazkena eta negua oso zailak izango dira. Birusa aurrera doa, eta horri osasuneko profesionalen eta herritarren nekea gaineratu behar zaio. Sendo eutsi behar diogu», ohartarazi du, eta gaineratu du politika publikoetan erresilientzia kontzeptua indartu beharko dela. Garai zailak izan arren, neurrien eta proiektuen bidez gizarteari itxaropena eman behar zaiola azpimarratu du, eta horregatik beste toki batzuetako konfrontamendu politikoak gaitzetsi ditu: «Eraikitzaileak ez diren jarrerok min egiten diete politikari eta erakundeei, ez bailukete arazo bat izan behar, konponbidea baizik. Birusak ez du ideologiarik, gobernu ororen aurkari da, duten kolore politikoa dutela. Uler dezagun krisiaren esanahia. Etorkizuna dago jokoan, baita belaunaldi honi aurre egitea egokitu zaion orainaldi hau ere». Eguneko datuak aurreratu ditu Txibitek. 552 positibo atzeman dituzte, egindako PCR eta antigeno proben %12. Ospitaleetan 369 pertsona daude, horietatik 50 larrialdietan, azkeneko bi egunetan bezala. Orain arte, 60 milioi Txibiteren esanetan, pandemia «shock bat» izan da, baina lehen olatua gogorra izanagatik, osasun sistemak «eutsi egin zion eta bere ahalmena erakutsi zuen». Gaur-gaurkoz, martxotik hona, 60 milioi euro erabili dira osasun sistema sendotzeko. Izurriari aurre egiterako orduan, osasun arloan hiru ardatz nagusi dituzte. Bata aztarnarien zaintza lana litzateke: egun 4.000 proba inguru egiten dira, eta azaroaren 2rako antigeno probak helduko dira osasun etxe guztietara. Txibitek azaldu du atzemandako kasu positiboetako asko detektatzeko gai direla (azken txosten epidemiologikoaren arabera, hamarretik sei). Halaber, ez dute nahi pandemiak ospitaleen ohiko jarduera baldintzatzea, nahiz eta jadanik lehentasunezko ebakuntza batzuk eten diren. Azkenik, Europako Batasuneko Next Generation planaren barruan, osasunean inbertitzen jarraitzeko asmoa dute batik bat teknologiaren hobekuntzan, «orain arte inbertsio handia egin bada ere». Aurreratu du datorren astean Nafarroako Gobernuak onartuko duen 2021eko aurrekontuaren aurreproiektuan lehen arretako osasun etxeetan inbertitzeko asmoa dutela. Aurrekontuari begira, gastu muga 208 milioi euro handituko du, aurten baino %5 gehiago. Barne produktu gordinean, %9 eta %10,2 arteko atzeraldia espero du urte honetarako, eta datorren urtean %6,5-%7,2 haztea aurreikusten du. Oraingoz, zerga bidez 2.517 milioi euro inguru bildu ditu, iaz baino %9,7 gutxiago. Asteazkenean aurreratu bezala, Europako Batasuneko Next Generation programari begira, 125 proiektu aurkeztuko dituzte, 2026ra begira. Txibiteren esanetan, proiektu «anbiziotsuak» dira, eta 3.800 millioi euroko finantzaketa beharko dute. Halaber, nabarmendu du Espainiako Gobernuarekin elkarrizketa «iraunkorra» duela, eta lorpenen artean jarri du urte honetarako BPGaren %2,6ko defizit helburua eta 2021erako %2,2koa izateko akordioa. Bi gobernuek aurrean dituzten gaien artean daude trafiko eskumenen lekualdaketa eta 2020-2024 epeko ekarpenaren kalkulua. Trafikoaren kasuan, «kronograma» zehaztuta daute, eta transferentzia horri aurre egiteko beharko diren foruzainez gain, oro har Foruzaingoak 2.500 polizia izateko asmoa azaldu du (2016an 1.060 zeuden). Ordubete eta 45 minutu iraun duen hitzaldian, departamenduz departamendu politika publikoei errepasoa egin die Txibitek. Nabarmendu beharreko kontuen artean, Hezkuntza dago. Txibiteren arloan, klase presentzialei eman diete lehentasuna, eta 47 milioi euro erabili dituzte ikasturtea prestatzeko, hari begira 600dik gora irakasle kontratatu baitira. Esparzaren eskaintza Txibiteri Bere txanda iritsita, Navarra Sumako eledun Javier Esparzak ideia orokor bat zabaldu nahi izan du: PSNk uko egin diela bere politikei eta iragan legealdiko polikekin jarraitzen duela. «Presidente zara, baina ez zara liderra». Haren irudiko, politika nazionalistekin jarraitzen du Txibitek, eta ez du egiten bere bazkideekin ezadostasunik izateko moduko ezer. «Nafarroa da galtzailea». Bereziki kritiko agertu da EH Bilduren «besoetan erori delako». «Politika nazionalistekin jarraitzen duzu, eta zu ari zara higatzen. Haiei loteria egokitu zaie, haien helburua baita solaskide politiko izatea». EH Bildurekin negoziatzen uztearen truke, aurrekontuetan abstentzioa eskaini dio berriz. «Elkarrizketa EH Bilduri soilik eskaintzen diozu, eta gure ekarpenen aurka bozkatu duzu. Guk jarrera kritikoa dugu, baina proposamenak egin ditugu, batzuetan merezi ez arren. Eskua luzatuta jarraitzen dugu». EH Bildurekin negoziatzeari uztearen truke, eskaini dio «egonkortasuna eta akordioetara heltzea» arlo hauetan: osasuna, zergak, enplegua, EBko laguntzak, elkarbizitza eta aukera berdintasuna. Hori esan aurretik, oso kritiko azaldu da koronabirusaren kudeaketa «negargarriarekin». Haren hitzetan, atzean geratu dira koronabirusari aurrea hartzeko garaian. Besteak beste, gogorarazi dio ez dela egiten nahikoa PCR, eta ikasturte hasiera eta zahar etxeetako egoera «kaos bat» direla deritzo. Neurriak berandu hartu direla uste du, eta abuztuaren 28rako jada oso intzidentzia txarra zuela lurraldeak. EH Bildu: «Burujabetzaren beharra dago» EH Bilduko Bakartxo Ruizek ordu erditik 20 minutu euskaraz egin ditu, eta lehenik eta behin harrituta agertu da Txibitek diskurtsoan ez diolako Osasun Departamenturi behar besteko garrantzia eman. Dena den, ziurtatu dio Navarra Sumaren aldean «beste tonu eta eduki bat» izango duela bere hitzaldiak. Osasun arloan, haren hitzetan, «egoera epidemiologikoa oso zaila da. Zenbaki hotzak dira, baina hotzikara eragiten digute kutsatze tasak eta ospitaleratzeak begiratzean». Haren ustez, erabakiak berandu hartu dira, eta baliabideak jartzerakoan ahalegin handiagoa egin behar da. Adibidez, Alemaniako batezbestekora iristeko, arakatzaile kopurua «bost bider» handitu beharko litzateke. Nabarmendu du halako eztabaidetan egoera zail honetan ardura nork nori egotziko dela auzia, baina gogora ekarri du azken hamarkadan ezarri diren politikek ere eragin dutela, bai osasun arloko pribatizazioek eta murrizketek, bai 2008ko finantza krisiko neurriek eta lan erreformak. Ruizek gogoratu du, era berean, burujabetzaren beharra agerian geratu dela egunotan. «Zaila da kudeaketa eraginkorra egitea epaitegien eta Madrilen mende bagaude. Badirudi zenbaitek agerian utzi nahi zutela alarma egoera gabe ezin direla erabakiak hartu». Osasun sistema sendotzerakoan eta ondorioei aurre egiterakoan, finantzaketa gakoa dela uste du. Eztabaida nagusia zerga arloan dagoela deritzo, eta kritikatu du eskuinaren errezeta izatea zergak jaistea, horrek luzarora murrizketak ekarriko dituelako, 2011 eta 2015eko legealdian egin zen bezala. «Ez dute balio aurreko errezetek. Esaten da denok batera arraun egin behar dugula, baina zer norabidetan? Navarra Sumaren norabidean bada, gu ez gara hor egongo», ohartarazi du. Javier Esparzari erantzun dio iraganeko politika moldeetara itzuli nahi dutela, eta etsian ari direla. «Voxi buruz galdetzen dizutenean, Nafarroan ez duela ordezkaririk diozu. Ez du ordezkaririk, baina badu ahotsa». Barkos: «Inertziarik ez» Geroa Baiko Uxue Barkosek hitzaldia hasi du Jose Mujica Urugaiko presidente ohiak zientzia askatasunaren definizioaren inguruan egindako gogoetarekin: «Askatasuna existitzen da desioei eta zaletasunei jarraitzea bada, eta ez da existitzen zaletasun eta desio horiek sortzeko». Mujikak zioen zientziak askatasunaren definizioa aldatzera behartu duela. Barkosek gogoeta hori ekarri du pandemiari aurre egiterakoan ahalegin bateratua eskatzeko, eta krisialditik ateratzeko beharrezko jo du egungo eredua eraldatzea, «okerrak ez errepikatzeko». Barkosek gogora ekarri du Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenek garrantzia eman diela muga arteko lankidetzei, eta, alde horretatik, nabarmendu du iragan legealdian euroeskualdearen alde egindako apustuak «toki onean» utzi duela Nafarroa. Era berean, aste honetan Next Generation planaren diru banaketan erkidegoen eta Espainiako Gobernuaren arteko bilera telematikoa izan da. Dirua biztanle kopuruaren edo BPGaren arabera banatuko balitz «albiste txarra» litzatekeela deritzo. Defenditu du laguntza horietan enpresa txiki eta ertainak aintzat hartzea eta itun berdeko politikak lehenestea, hori baita EBren programaren helburua: trantsizio ekologikoa. Halaber, premiatu egin du gobernua Klima Aldaketaren legearen aurreproiektua lehenbailehen aurkeztera. Kezkatuta agertu da Esparzak Txibiteri egindako eskaintzarekin. «Benetan onartu behar dituzu Geroa Bairen, PSNren eta Ahal Dugu-ren aurrekontu batzuk?». Autogobernuaren defentsa egiteko eskatu dio Txibiteri, eta ohartarazi dio Espainiako Gobernuaren inertziari ez jarraitzeko. «Inertziarik gabeko politika egitea eskatzen dugu, Madrilen gorabeheren menpe geratu gabe». Txibiteri gogorarazi dio trafikoaren eskumena oraindik ez dela itzuli. Eskuinari leporatu dio Madrilen bilatzen ari dela Nafarroako politika baldintzatzen, «bertako gehiengoak erabakitakoaren kontra inposatu nahian».
2020-10-29
https://www.berria.eus/albisteak/188985/foro-sozialak-salatu-du-urrian-hogei-preso-eduki-dituztela-bakartze-moduluetan.htm
Politika
Foro Sozialak salatu du urrian hogei preso eduki dituztela bakartze moduluetan
Bigarren lan monografikoa kaleratu du motibazio politikoko euskal presoei aplikatutako espetxe politikaren behatokiak, bakartzeaz eta erregimen itxiaz. Espetxe legedian aurrera egiteko trabak dauzkate bakartuta dauden presoek, Foro Sozialaren arabera.
Foro Sozialak salatu du urrian hogei preso eduki dituztela bakartze moduluetan. Bigarren lan monografikoa kaleratu du motibazio politikoko euskal presoei aplikatutako espetxe politikaren behatokiak, bakartzeaz eta erregimen itxiaz. Espetxe legedian aurrera egiteko trabak dauzkate bakartuta dauden presoek, Foro Sozialaren arabera.
Foro Sozial Iraunkorrak ekainean sortu zuen motibazio politikoko euskal presoei aplikatutako espetxe politikaren behatokia, eta, aurkezpenean jakinarazi zuenez, sei hilean behin txosten monografiko bat kaleratuko dute euskal presoen egoeraren berri emateko. Bada, bigarrena kalean da jada, eta bakartzea eta erregimen itxia izan dituzte langai aurkeztu berri duten bigarren txostenean. Lanean zehazten denez, urriaren hasieran hogei euskal preso zeuden bakartze moduluetan: hemeretzi gizon eta emakume bat. Andaluziako Kordoba, Sevilla eta Huelvako kartzeletan eta Madrilgo Estremera eta Soto del Realgo espetxeetan zeuden presook —Foro Sozialak berak jakinarazi du horietako batzuk modulu arruntetara aldatu zituztela urri bukaeran, baina halere salatu nahi izan duela egoera—. Gaur egun hamalau euskal preso daude halako moduluetan. Foro Sozialak ohartarazi duenez, bakartze moduluak gehienez hamalau eguneko zigorrak betetzeko diseinatuak daude, baina modulu horietan dauden euskal presoetako gehienek hamar urte baino gehiago daramatzate: «Batzuek, hogei urte baino gehiago». Foroak zehaztu du bakartze moduluetako bizi baldintzak «zigor gisa» prestatuak daudela, eta, beraz, «oso gogorrak eta murriztaileak» direla: «Horregatik du hamalau eguneko gehienezko iraupena». Euskal presoen kasuan, ordea, bizi baldintza horiek urte anitzekoak dira: «Modulu horiek erregimen itxia betetzeko erabiltzen dituzte». Foro Sozialak salatu du baldintza horietan urteak igarotzeak «zailtasun» ugari ekartzen dizkiela presoei: «Ikasketak egiteko, giza harremanetarako, baita osasun fisiko eta mentalerako ere». Espetxe legedian aurrera egiteko arazoak ekarri dizkie horrek, era berean. Honela dio, erraterako, espetxeko erregimen itxian 25 urte egin dituen Iñaki Alonso preso ohiak —abuztuan atera zen espetxetik, azken urteak bakartze moduluan igarota— espetxe legedia betetzeari buruz: «Ezin zaio eskatu jendeari bide hori egiten hasteko eta, egiten hasten direnean, bidea itxi». Kordobako adibidea Kordoban dauden euskal presoek gutun bat bidali zioten uztailean Foro Sozial Iraunkorrari, hango egoera azaltzeko, eta gutunean idatzitakoak eta ondoren Alonsorekin eta haren abokatu Onintza Ostolazarekin egindako bilera bat ditu abiapuntu Behatokiak egindako txostenak. Gutun hartan, presoek bakartze moduluetako egoera azaldu zioten Foro Sozialari: han idatzi zutenez, zigorretarako prestatuak daude bakartze moduluak, eta, beraz, «etengabeak dira oihuak, eztabaidak eta borrokak». «Eguneroko ogia dira paniko atakeak, antsietatea eta brote psikotikoak», jarraitzen du gutunak. Bertze presoen eta funtzionarioen jarrera oldarkorrak ere ohikoak izaten dira, zehaztu dutenez. Kordobako euskal presoek, gutun horretan, azaltzen dute espetxeko zuzendaritzarekin hitz egiten saiatu zirela, baina modu horretan deus lortu ez zutenez haratago jotzea erabaki zutela: Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusira, hain zuzen. Presoek gutunean salatzen dutenez, hain zuzen, 2017tik saiatu dira espetxe legedia betetzeko urratsak egiten; besteak beste, egindako mina onartuta eta indarkeriari uko eginda: «Baina egin ditugun urratsak baloratzeko partez, aipaturiko bizi baldintzetara zigortzen gaituzte, guri ez dagokigun modulu batean». Iñaki Alonso preso ohiak eta harekin batera preso zegoen Iñaki Casasek gradu progresioa abiatu ahal izateko tratamendu programa batean sartzea eskatu zuten, txostenak aipatzen duenez, eta azkenean eman egin zieten programa, baina «seriotasunik gabea» zela salatu du Alonsok: «Aldiro profesional ezberdinek artatzen gintuzten; ez zuen jarraitutasunik, ez edukietan, ez denboran». Gainontzeko presoek ere eskatu zuten programan sartzea, eta ukatu egin zieten, hasieran: Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak onartu zien, azkenean. Baina Alonsok azaldu du ez duela deus espero programatik: «Hiru urtez egon nintzen programan. Ez zuen fruiturik eman». Urriaren 2an, oraindik ere hiru euskal preso zeuden Kordobako bakartze moduluan: urriaren 18 eta 20an aldatu zituzten modulu arruntera. Foro Sozialaren txostenaren arabera, hamalau dira gaur egun bakartze moduluan dauden euskal presoak: sei Huelvako espetxean daude, bertze sei Sevillan, eta bi Soto del Realen. «Ez dago ezer» Behatokiarekin egindako bileran, Kordobako bakartze modulua deskribatu zuen Alonso preso ohiak: «Ziegako leihoaren aurrean, hiru bat metrora, pareta handi bat dago: hori eta zeru zati bat da ikusten duzun bakarra». Leihoetan, gainera, barroteez gain sare bat dagoela azaldu du, eta «itsugarria» dela: «Azken 11 urteotan lau betaurreko pare eduki ditut: ikaragarria da miopia nola handitzen den». Alonsok dio, halaber, ziegan ez daukatela «ezer»: «Ikasi ahal izateko, flexo bat lortu genuen, baina ez zen normala izan hori lortzeko egin behar izan genuen prozesua». Patioak txikiagoak dira, materiala okerragoa, eta osasun zerbitzua ere eskasa, Alonsoren hitzetan. Onintza Ostolaza abokatuak txostenean azaltzen duenez, bakartze moduluetan gehienez lau orduz ateratzen dira presoak patiora, eta, beraz, eguneko gainontzeko hogei orduak bakarrik igarotzen dituzte: otorduak ziegan egiten dituzte, erraterako. Horrez gain, ez daukate jarduera programaturik egiteko aukerarik. Galeriaz osatuta daude moduluak, eta «erresonantzia kaxen gisa» jokatzen dute: «Edozein zarata entzuten da». Lehen graduan egotea jada «salbuespenezko» egoera dela eta bakartze moduluetan egotea are salbuespenezkoagoa dela salatu du txostenean Ostolazak.
2020-10-29
https://www.berria.eus/albisteak/188986/geldi-dezagun-trumpyren-kasketaldia.htm
Bizigiro
«Geldi dezagun Trumpyren kasketaldia»
The Simpsons telesailearen sortzaile Matt Groeningek eta Homer Simpsonen ahots Dan Castellanetak Trumpen parodia bat egin dute, haren barne gatazkak eta helburuak hizpide.
«Geldi dezagun Trumpyren kasketaldia». The Simpsons telesailearen sortzaile Matt Groeningek eta Homer Simpsonen ahots Dan Castellanetak Trumpen parodia bat egin dute, haren barne gatazkak eta helburuak hizpide.
Mundu osoko marrazki bizidunik ezagunenak ez badira, ez dira urrun ibiliko. 1987. urtean sortu zuen The Simpsons Matt Groening marrazkilari eta idazleak. Orain, Groening bera AEBetako hauteskunde kanpainan sartu da, Donald Trump hautagai errepublikanoaren parodia bat eginez, ironiaz beterikoa: Trumpyren rapsodia. Ahotsa ezaguna egingo zaie askori, Homer Simpson pertsonaiarena baita, Dan Castellaneta aktorearena. Helburua, haien arabera, AEBetako presidentea marmarrean zergatik dabilen azaltzea: «Geldi dezagun Trumpyren kasketaldia». «Kaixo, Amerika! Trumpy dut izena. Ez dago ni bezalako beste gizonik». Hala hasten du marrazki bizidunetako Trump horrek hitzaldia. «Marmartia» eta «axolagabea» dela onartzen du, baina horren atzean bada arrazoi bat: «Galtzaileek ez naute bakean uzten». Izan ere, «zergatik ez dute beste presidente bat bilatzen une batez?», galdetzen du. Modu horretan, traizioagatik ireki zioten kausan ez luke testifikatu beharko, esaterako. Baina ez: zergetan zenbat ordaindu zuen jakin nahi dute hedabideek. Bera, baina, «jenio» bat da, dio haserre tonuan, eta inoiz baino «hobeto» dago, gainera, COVID-19a pasatu eta gero. Eta harro, noski, superkutsatzaile izateaz. «Albiste faltsuak eskuinean, inkesta faltsuak ezkerrean», gezurrak esaten dituen heinean horiek indartu egiten dira. Hala dio bideoan. Halere, lortutako garaipen guztiez «nazkatuta» dago, denak gainean baitauzka. Bigarren aldiz presidente hautatzen badute egiteko dituen kontuen zerrenda ere adierazten du; besteak beste, «golfean jokatu», «BigMac-ak jan» eta «zentzugabeko txioak idatzi». Eta begiratu ematen dio orain arte presidente karguan eginikoari: alderdi errepublikanoa suntsitu, pandemia zabaldu, ingurumenari kalte egin... «Salba nazazu, Putin jauna!».
2020-10-29
https://www.berria.eus/albisteak/188987/egoiliarrei-irtetea-debekatzea-salatu-du-gipuzkoako-senideek.htm
Gizartea
Egoiliarrei irtetea debekatzea salatu du Gipuzkoako Senideek
Azaldu dute gaixotasunik ez duten egoiliarrei ere kalera irtetea debekatu dietela. Bermeak eskatu dizkiote aldundiari bisitak antolatu ahal izateko.
Egoiliarrei irtetea debekatzea salatu du Gipuzkoako Senideek. Azaldu dute gaixotasunik ez duten egoiliarrei ere kalera irtetea debekatu dietela. Bermeak eskatu dizkiote aldundiari bisitak antolatu ahal izateko.
Pandemiaren hedapenaren aurkako neurriek are gehiago gogortu dute zahar etxeetako egoera, eta orain egoiliarrak ezingo dira irten zentroetatik. Gipuzkoako Aldundiak neurri hori hartu zuen urriaren 23an, eta azaroaren 2ra bitarte luzatuko da, baina aukera badago neurria gehiago luzatzeko. Gipuzkoako Senideak elkarteak salatu du neurri hori «egoiliarren oinarrizko eskubideen aurka» doala, gaixorik ez dauden egoiliarrak ere egoitzatik irten gabe egotera behartzen dituelako. Horrez gain, adierazi dute bisitak egoitzaren ahalmenen araberakoak direla. Bermeak eskatu dizkiote Gipuzkoako Foru Aldundiari, bisitak egoitza guztietan antolatu ahal izateko. Gipuzkoako Senideak elkarteak gaitzetsi egin ditu Gipuzkoako Aldundiaren neurriak: «Ez da bidezkoa egoiliar guztiei irteerak debekatzea, besterik gabe». Debeku hori «guztiz diskriminatzailea» dela salatu dute, zerbitzu eta laguntza ekonomikoak jaso baina etxean bizi direnek bermatua dutelako mugitzeko eskubidea. Gainera, elkarteak gehitu du etxeetan baimenduta daudela bisitak, sei pertsonako taldeetan bada ere; egoitzetan, ordea, bakoitzaren instalazio eta ahalmenen araberakoa da. Hori horrela, egituragatik zailtasunak dituzten egoitzetan baliabideak jar ditzala eskatu diote aldundiari, bisitak behar adinako bermearekin antolatu ahal izateko. Hori gertatu ezean, banakako eta taldeko salaketa kanpaina hasiko duela jakinarazi du elkarteak.
2020-10-29
https://www.berria.eus/albisteak/188988/dieselaren-zerga-eajrekin-negoziatzeko-prest-dago-madril.htm
Ekonomia
Dieselaren zerga EAJrekin negoziatzeko prest dago Madril
Jeltzaileei lasaitasun mezua bidali die Montero Ogasun ministroak, eta ziurtatu du ados jarriko direla, gai horretan eta «beste batzuetan».
Dieselaren zerga EAJrekin negoziatzeko prest dago Madril. Jeltzaileei lasaitasun mezua bidali die Montero Ogasun ministroak, eta ziurtatu du ados jarriko direla, gai horretan eta «beste batzuetan».
Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak adierazi du «teknikoki» posible dela dieselaren gaineko zergari ezarritako igoera kentzea 2021eko aurrekontuen tramitazioan, EAJk eta Ciudadanosek eskatu duten moduan. Monterok azaldu duenez, posible da beste diru sarrera batzuk aldatuta, edo gastu batzuk murriztuta. «Badago horretarako tarterik». Gobernuak 450 milioi euro bildu nahi ditu igoera horrekin —lau zentimo gehiago litro bakoitzeko—. Monterok berretsi du gobernuak espero duela talde parlamentario gehienen babesarekin ateratzea aurrekontuak. «Nahiago nuke beto gurutzatuak gaindituko bagenitu», adierazi du, azken orduetan Ciudadanos aurrekontuak babesteko hautagaien artean sartu ondoren, eta beste alderdi batzuek agertu duten mesfidantza ikusirik. Dieselaren afera asteartean hasi zen. Monterok aurrekontuaren ildo nagusiak jakinarazi baino ordu batzuk lehenago, EAJk esan zuen osasun pribatuaren eta irakaskuntza itunduaren BEZaren igoera gelditzea lortu zuela, eta beste hainbeste dieselarekin. Baina, azkenean, aurrekontu egitasmoan sartu zuen, eta horrek jeltzaleen haserrea eragin zuen. Gainera, Ciudadanos tartean sartu da. Aurrekontuak babestuko dituela adierazi zuen atzo, eta hori egingo duela gobernuak dieselaren igoera kentzeko «konpromisoa» hartu zuelako, aurrekontuen tramitazioan, zuzenketa bidez. Ordu batzuk geroago, Monterok gezurtatu egin zuen halakorik egin izana, eta berretsi zuen EAJ izango dela gobernuaren lehentasuneko bazkidea legealdi osoan. «[Haiekin] adostasuna egongo da, bai gai honi dagokionez [diesela], bai beste bati dagokionez», azpimarratu du aurrekontuen negoziazioari buruz. Azken orduetan harremanak gaiztotu diren arren, EAJk aurrekontu proiektua babestearen aldeko jarrerari eusten dio. Baina euskal industriari —autogintza, garraioa...— argi utzi nahi izan dio neurri hori ez dela bere kontua. Eta gobernuari agerian utzi dio ez duela ezeren truke emango bere babesa.
2020-10-29
https://www.berria.eus/albisteak/188989/hasi-dute-araban-osakidetzako-greba.htm
Gizartea
Hasi dute Araban Osakidetzako greba
Sindikatuek esan dute erantzun «zabala» izaten ari dela. Azaroaren 5ean egingo dute greba Gipuzkoan, eta azaroaren 12an Bizkaian.
Hasi dute Araban Osakidetzako greba. Sindikatuek esan dute erantzun «zabala» izaten ari dela. Azaroaren 5ean egingo dute greba Gipuzkoan, eta azaroaren 12an Bizkaian.
Osasun publikoaren «egoera larrian», gaur Arabako lantokietan egiten ari dira ELA, LAB, SATSE, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuek Osakidetzan lurraldeka deituriko hiru greba egunetako lehena. Sindikatuek esan dute langileen erantzuna «zabala» izaten ari dela, nahiz eta gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak» diren. Langileek «nazkatuta» daudela adierazi dute: «Irtenbide errealak behar ditugu, orain!». Gipuzkoan, azaroaren 5ean egingo dute greba, eta Bizkaian, azaroaren 12an. Goizean eginiko elkarretaratze batean, azaldu dute «irtenbiderik eza ikusita» deitu dutela hiru eguneko grebara. Hala, ezinbestekotzat jo dute neurri hauek ezartzea: «Osasun publikorako aurrekontu handiagoa, langile kopurua handitzea, behin-behinekotasunarekin amaitzea, murrizketa bidez galdutakoa berreskuratzea, pribatizatutako zerbitzuak publiko bilakatzea eta langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko neurriak hartzea». Sindikatuek urriaren 15ean eman zuten greba deialdiaren berri, Osakidetzaren «gabezia larriak» salatuta. Azaldu zuten egoera ez dela berria, eta erantsi «urteak» daramatzatela neurriak eskatzen: «Pandemiak larriagotu egin ditu Osakidetzaren sakoneko eta egiturazko arazoak, baina arazo horiek ez dira birusarekin agertu, eta ez dira birusarekin batera joango». Horregatik, «ekiteko» garaia zela azpimarratu zuten. Osakidetzak, berriz, murrizketak egin izana ukatu zuen, eta gezurra esan izana leporatu zien sindikatuei. Osasun Sailaren esanetan ere, ez da «ulergarria» horiek grebara jo izana.
2020-10-29
https://www.berria.eus/albisteak/188990/bilboko-kale-berriek-emakume-izena-edukiko-dute.htm
Gizartea
Bilboko kale berriek emakume izena edukiko dute
Udalak onartutako mozioaren arabera, hiriko kale, etorbide, plaza, parke edo, besteak beste, azpiegitura berriei andre izena jarriko diete
Bilboko kale berriek emakume izena edukiko dute. Udalak onartutako mozioaren arabera, hiriko kale, etorbide, plaza, parke edo, besteak beste, azpiegitura berriei andre izena jarriko diete
Bilboko Udalak aho batez adostu du hiriko kale, etorbide, plaza, parke edo, besteak beste, azpiegitura berriei andre izena jartzea. Osoko bilkuran onartu dute, gaur, udal gobernuak (EAJ eta PSE-EE) eta EP Elkarrekin Podemosek negoziatu eta EH Bilduk eta PPk babestutako mozio bat. EPk egin zuen proposamena. Carmen Muñoz koalizio morearen zinegotziak osoko bilkuran nabarmendu duenez, «bidegabekeria historiko bat» gertatu da Bilbon alde horretatik. Zenbakiak plazaratu ditu: hiriak 900 kale pasa ditu, eta horietatik 28k baino ez dute emakume izena. Calvoren esanetan, egoera hori aldatuz joateko «borondate politiko argia» dago egun. Bilboko Udalak badu kanal bat ahalbidetzen duena herritarrek proposamenak egitea kale bati izena jartzeko orduan. Calvok eskatu du izendapen berriak «kontsentsuz» egitea, nahiz eta azken hitza Juan Mari Aburto alkateari dagokion. Oihane Agirregoitia (EAJ) zinegotziak esan du sexu arrakala murriztu «beharra» dagoela. Haren esanetan, 2016tik bederatzi kale izendapen egin dira hirian, eta zortzi kasutan emakume izena jarri diete. EH Bilduk zuzenketa bat aurkeztu dio mozioari, eta eskatu du izendapen berrietan kontuan hartzeko «mugimendu feminista».
2020-10-29
https://www.berria.eus/albisteak/188991/bertan-behera-utzi-dute-iruna-veleian-proba-gehiago-eskatzeko-gose-greba-99-egunen-ostean.htm
Kultura
Bertan behera utzi dute Iruña-Veleian proba gehiago eskatzeko gose greba, 99 egunen ostean
Arabako Foru Aldundiak aztarnategiarentzako hurrengo urteetarako plana diseinatzeko prozesua jarriko du abian, eta Jose Mari Lejardik kultur diputatuarekin izandako bilkuraren ostean hartu du protesta eteteko erabakia
Bertan behera utzi dute Iruña-Veleian proba gehiago eskatzeko gose greba, 99 egunen ostean. Arabako Foru Aldundiak aztarnategiarentzako hurrengo urteetarako plana diseinatzeko prozesua jarriko du abian, eta Jose Mari Lejardik kultur diputatuarekin izandako bilkuraren ostean hartu du protesta eteteko erabakia
Amaitu du gose greba Jose Mari Lejardi Gabixola-k. Guztira, 99 egun pasatu ditu ezer jan gabe Iruña-Veleiako aztarnategiko piezei proba gehiago egiteko eskatuz, eta gaur eman du amaitutzat protesta. Datozen hilabeteetan da Arabako Aldundia aztarnategirako hurrengo plana prestatzen hastekoa, eta ikerketa arkeologikoei berrekitea da asmoa. Hain zuzen ere, Ana del Val kultur diputatuarekin izandako bilkuran plan berriari buruzko azalpenak entzun ondoren erabaki du Lejardik protesta etetea. «Egoera berrian konfiantza eduki arren, beti egongo gara erne». Ohar baten bidez zabaldu dituzte erabakiari buruzko nondik norakoak grebalariak eta hareki bat egin dutenek. «Borroka adoretsuari esker, osasuna eta bizitza arriskuan jarriz, Iruña-Veleia desagertzea nahi dutenak garaituak izan dira». Uztailaren 23an bost pertsonak hasi zuten greba, baina Lejardi izan da ordutik grebari modu jarraituan eutsi dion bakarra. Voxekin salbu, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoetako ordezkariekin eta beste hainbat eragilerekin bilerak egiten aritu dira azken asteetan. Grebalarien hitzetan, talde guztiek onartu diete Iruña-Veleiako auzia zientziaren bidez ebatzi behar dela. Nahiz eta, zehaztu dutenez, inork ez duen «lehen urratsa» egin nahi izan. Aldundiko kultur diputatuarekin izandako bilkurak desblokeatu du egoera, ordea. Grebalariek esandakoaren arabera, plangintza «arrazoituagoa» egin nahi duelako aldundiak aztarnategirako, eta aztertu ez diren grafitoak gorde eta aztertzeko asmoa adierazi dietelako. Indusketak zuzentzeko arkeologo independente bat kontratatzeko asmoa duela ere helarazi zietela diote grebalariek. Aztarnategirako plan berria Berez, 2020an amaitzen da orain arte aztarnategiko lanak gidatu dituen plana, eta berria martxan jartzea da aldundiaren asmoa. Koronabirusak moteldu egin du prozesua, ordea. Aldundiko iturriek BERRIAri baieztatu diote bilkura egin egin zela, eta esan dute herritarren eskariak jasotzeko asmoa dutela eta, ondorioz, Lejardik helarazitako eskariak ere kontuan hartuko dituztela. Aldundiak berez, abendurako aztertu nahi zituen aztarnategia gidatu duen 2010-2020 kanpainari buruzko ondorioak, baina atzeratuta dago gaia, pandemiaren eraginez, eta behin eztabaida hori eduki eta gero hasiko dira hurrengo plana diseinatzeko urratsak egiten. Oraingoz, ez dago planak izango dituen nondik norakoei buruzko zehaztasun gehiago, baina, edonola ere, aldundiko iturriek nabarmendu dutenez, Iruña-Veleiako aztarnategiaren «ondare balio ikaragarria» sustatzea izango dute helburu. Kritikak EHUri 2006an aurkeztu zituen Lurmen enpresak Iruña-Velaiako aztarnategian topatutako piezak, eta ordutik dator soka. Euskararen, kristautasunaren hedapenari eta antzinateari buruzko ordura arteko ikuspegia eraldatzen zuten aurkikuntzek, eta berehala mesfidantza sortu zuten hainbat zirkulu akademikotan. Eliseo Gilen enpresari aztarnategiaren ustiaketa kentzea erabaki zuen Arabako Aldundiak 2008an, gaia aztertzeko batzorde zientifiko bat antolatu ostean. Salaketa ere jarri zuen aldundiak Gilen eta beste bi kolaboratzaileren aurka, eta, Gasteizko Zigor Epaitegiak bi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Gili, iruzur egin, dokumentuak faltsutu eta ondarea hondatzeagatik. Denbora honetan guztian Iruña-Veleiari buruzko arreta piztuta mantentzeko egin den lana nabarmendu dute grebalariek. Haien hitzetan, «bultzada erabakigarria» izan dira 99 eguneko gose greba eta herritarrek egindako «interpelazio kanpaina indartsua». Aldundiak Lurmen kanporatu ostean Euskal Herriko Unibertsitateak aztarnategiaren egindako lana ere kritikatu dute. Hondeamakina batekin hamabost egunez 1,5 metroko sakoneran «legez kanpo» egindako zulaketa da 12 urtean egin duten «gauza nabarmen bakarra».
2020-10-29
https://www.berria.eus/albisteak/188992/positiboek-gora-egin-dute-hegoaldean-eta-1777-kasu-atzeman-dituzte.htm
Gizartea
Positiboek gora egin dute Hegoaldean, eta 1.777 kasu atzeman dituzte
Egindako PCR eta antigeno probetan ere gorakada egon da, eta 21.443 proba egin dituzte. Txibiteren iritziz, «zailak» izango dira udazkena eta negua, eta Eusko Jaurlaritzak uste du «egun batzuk» itxaron beharko dela ezarritako neurrien eragina zein den ikusteko.
Positiboek gora egin dute Hegoaldean, eta 1.777 kasu atzeman dituzte. Egindako PCR eta antigeno probetan ere gorakada egon da, eta 21.443 proba egin dituzte. Txibiteren iritziz, «zailak» izango dira udazkena eta negua, eta Eusko Jaurlaritzak uste du «egun batzuk» itxaron beharko dela ezarritako neurrien eragina zein den ikusteko.
Positiboen kopuruak gora egin du Hego Euskal Herrian, eta azken orduetan 1.777 kasu atzeman dituzte. Hain zuzen, bigarren olatuan erregistratutako kopururik handiena da. Joan den igandean, urriaren 25ean, 1.710 positibo atzeman zituzten, baina gainontzeko egunetan ez da kopuru handiagorik jaso. Emandako datuen arabera, egindako PCR eta antigeno probek ere gorakada izan dute azken orduetan. 21.443 proba egin zituzten atzo, herenegun baino 1.883 gehiago, eta egindako proba horien artean %8,29k eman dute positibo. Kasu gehienak Gipuzkoan atzeman dituzte: 564 herritarrek eman dute positibo probetan. Nafarroa eta Bizkaia ere ez daude kopuru horietatik urrun. Nafarroan, 551 positibo erregistratu zituzten atzo, eta Bizkaian 524 izan ziren. Araban, berriz, 125 pertsonak eman dute positibo, eta gainontzeko hamahiru kasuak EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean jasotakoak dira. Ospitaleetako egoerari dagokionez, oraingoz, 755 pertsona daude ospitaleratuta Hegoaldean, eta horietatik 129 zainketa intentsiboetako unitatean daude. Neurriak eta eragina Nafarroako Parlamentuan politika orokorreko osoko bilkura egin dute gaur goizean. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak COVID-19ak «zipriztindutako» egoeraren gaineko diskurtso bat egin du. Haren hitzetan, udazkena eta negua «oso zailak» izango dira, eta datozen hilabeteei «sendo» eutsi beharra dago. Are, Nafarroako Gobernuak datorren astean onartuko duen 2021eko aurrekontuaren aurreproiektua ere oinarri izan du. Jakinarazi duenez, lehen arretako osasun etxeetan inbertitzea da asmoa. Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako COVID-19aren batzorde teknikoko koordinatzaileak, berriz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera izan du oinarri. Haren arabera, «egun batzuk» itxaron behar da ezarri diren neurri murriztaile «indartsu eta zorrotzen» eragina zein den ikusteko. Hain zuzen, Onda Vasca irratiak eginiko elkarrizketan, gaineratu du etxeko konfinamendua saihesten ere saiatuko direla, «kosta ahala kosta», baina ezin daitekeela «zeharo» baztertu. Gainera, adierazi du ez dela aski agintariek neurriak ezartzea, eta herritarrei dei egin die horiek betetzeko. Esate baterako, eskatu du datozen asteetan eta hilabeteetan harremanak murrizteko, eta gertuko harremanen burbuilak «bospasei pertsonakoak» izateko. Sagarduiren agerraldiak, Legebiltzarrean Hemendik aurrera, Eusko Legebiltzarrean aldizkako agerraldiak egingo ditu Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izurriteak duen bilakaeraren inguruko berriak emateko bertako politikariei. EAJk eta PSE-EEk begi onez ikusten dute agerraldi horiek egitea. Uste dute «egokia» dela legebiltzarkideei «egoera epidemiologikoaren eta asistentzialaren» berri ematea, eta baita ospitaleak nola dauden azaltzea ere.
2020-10-29
https://www.berria.eus/albisteak/188993/eaeko-arartekoa-kezkatuta-dago-pandemia-garaian-hizkuntza-eskubideak-urratu-direlako.htm
Gizartea
EAEko Arartekoa kezkatuta dago pandemia garaian hizkuntza eskubideak urratu direlako
Zerbitzu publiko batzuetan euskaraz artatua izateko eskubidea ez dela bete salatu du Arartekoak, eta gogora ekarri herritarrek aukera izan behar luketela nahi duten hizkuntza ofizialean hitz egiteko.
EAEko Arartekoa kezkatuta dago pandemia garaian hizkuntza eskubideak urratu direlako. Zerbitzu publiko batzuetan euskaraz artatua izateko eskubidea ez dela bete salatu du Arartekoak, eta gogora ekarri herritarrek aukera izan behar luketela nahi duten hizkuntza ofizialean hitz egiteko.
Koronabirusak eragindako pandemian hizkuntza eskubideak urratu direla eta, EAEko Arartekoak esan du kezkatuta dagoela. Ohar bidez, zera adierazi du: “Erakunde honek jakin du euskaraz artatua izateko eskubidea ez dutela aintzat hartu zerbitzu publiko batzuetan”. Gogora ekarri du, gainera, Europako Kontseiluak ohartarazi zuela zein garrantzitsua den pandemia garaietan tokian tokiko hizkuntzak erabiltzea: “Norberak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean hitz egiteko eta artatua izateko eskubidea ezin da jo, inolaz ere, bigarren mailako eskubidetzat. Hizkuntza eskubidea beste osagai bat bezala hartu behar da kalitateko zerbitzu publikoa eskaintzean, batez ere osasun zerbitzuan, horretan funtsezkoak baitira gertutasuna, konfiantza eta zainketa”. Horregatik, Arartekoaren iritziz, agintariek ere erantzukizuna daukate pandemiari buruzko mezu guztiak euskaraz eta gazteleraz izan daitezela bermatzeko, “hizkuntza eskubidea bigarren mailara bazter ez dadin”. Azken hilabeteotan, euskalgintzako eragile ugarik salatu dute euskara bazterrean geratzen ari dela agintariek egiten dituzten agerraldi publikoetan eta eskaintzen diren zerbitzuetan. Kritika horri batu zaio, beraz, Arartekoaren abisua. Alarma egoeran ezartzeko irizpideak, gazteleraz Hain justu, atzo bertan UEMAk sare sozialen bidez jakinarazi zuenez, Ertzaintzak gazteleraz helarazi zizkien udalei eta udaltzaingoei oraingo alarma egoeran ezarri beharreko irizpideen inguruko zehaztapenak. Honela zioen UEMAk: “Larria da kontua. Euskaldunok bigarren mailako herritar bihurtzeaz gain, herriz herri, udalen webguneetan eta herritar gehienen mezularitza aplikazioetan dabilelako dokumentua, gaztelera hutsean. Erantzukizunak eskatu ditugu, baina publikoki ere salatu beharrekoa da”. Salaketa egin eta ordu batzuetara jaso zuten euskarazko bertsioa, eta udalen artean banatzen hasi zen udalerri euskaldunen mankomunitatea.
2020-10-29
https://www.berria.eus/albisteak/188994/eusko-legebiltzarrak-merkataritza-eta-ostalaritzarako-laguntza-gehiago-eskatu-ditu.htm
Ekonomia
Eusko Legebiltzarrak merkataritza eta ostalaritzarako laguntza gehiago eskatu ditu
Oposizioak proposamen zehatz batzuk egin ditu, eta zenbatekoak ere jarri ditu mahai gainean, baina EAJk eta PSEk atzera bota dituzte eskaera horiek.
Eusko Legebiltzarrak merkataritza eta ostalaritzarako laguntza gehiago eskatu ditu. Oposizioak proposamen zehatz batzuk egin ditu, eta zenbatekoak ere jarri ditu mahai gainean, baina EAJk eta PSEk atzera bota dituzte eskaera horiek.
Eusko Legebiltzarrak testu bat onartu du Eusko Jaurlaritzari eskatzeko datozen aurrekontuetan, «ahal den neurrian», egun indarrean dauden diru laguntzak «mantentzeko, egokitzeko eta handitzeko», eta COVID-19ak sektore horietan duen eragina gutxituko duten programa berriak bultzatzeko. EAJren eta PSEren babesarekin egin du aurrera adierazpenak. Oposizioaren arabera, ez da nahikoa, ez duelako diru kopuru zehatzik jasotzen, ezta sektore horietako autonomoentzako laguntza zehatzik ere. Horrekin batera, legebiltzarrak gobernuari eskatu dio kontsumoa sustatzeko programak azter ditzala, horien bilakaera aztertzeko edo aldaketak egiteko, eta beste erakunde batzuekin beste laguntza neurri batzuk bilatzeko. EAJk eta PSEk duten gehiengoari esker onartu dute adierazpena. EH Bilduk, PP-Ciudadanosek eta Voxek aurka bozkatu dute, eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin da. Zehaztasunik gabe EH Bilduk egindako beste proposamen baten harira onartu du testu hori legebiltzarrak. EH Bildurenak hilean 600 eta 1.200 euro arteko laguntzak proposatzen zituen, Espainiako Gobernuak ematen dituenekin bateragarriak, pandemiaren ondorioz jarduera uzten duten autonomoentzat. Halaber, zerga zorraren ordainketa atzeratzea eta BEZa, PFEZa eta Gizarte Segurantzako kotizazioak etetea proposatzen zuen, jarduera uzten duten autonomoentzat edo gobernuaren laguntzak jasotzen dituztenentzat. EH Bilduren testua eta PP-Ciudadanosen zuzenketa atzera bota dituzte, EAJk eta PSEk kontra bozkatu dutelako. Gobernua osatzen duten taldeetatik, EAJko Unai Grajalesek gogora ekarri ditu erakundeek orain arte martxan jarritako laguntza guztiak, eta beste batzuk jartzea defendatu du, baina azpimarratu du erabaki hori administrazio guztiekin koordinatuta hartu behar dela, erakundeen arteko mahaian —Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak datorren asterako deitu du bilera horretara—. Susana Corcuerak (PSE-EE) ere laguntzak eta erakundeen arteko mahaia aipatu ditu. Ostalarien talde batek manifestazioak antolatu ditu azaroaren 7rako Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.
2020-10-29
https://www.berria.eus/albisteak/188995/epsilon-ekaitzak-olatu-handiak-utzi-ditu-ondarroan.htm
Gizartea
'Epsilon' ekaitzak olatu handiak utzi ditu Ondarroan
Baxurako arrantzarako ontziek porturatzeko zailtasunak izan dituzte, eta laketontzi batzuek elkar jo dute olatuen eraginez.
'Epsilon' ekaitzak olatu handiak utzi ditu Ondarroan. Baxurako arrantzarako ontziek porturatzeko zailtasunak izan dituzte, eta laketontzi batzuek elkar jo dute olatuen eraginez.
Atlantikoa zeharkatu dute Epsilon urakanaren hondarrek, eta irudi ikusgarriak utzi dituzte Lea-Artibain (Bizkaia) eta Mutrikun (Gipuzkoa) azken orduetan. Itsasaldeko arriskuagatik alerta laranja ezarria zuten, eta, aurreikusi moduan, olatu handiak izan dira itsasertzean. Ez da aparteko gorabeherarik egon, eta adierazi dute eguerditik aurrera olatuek indarra galduko dutela; beraz, larrialdi abisua laranjatik horira jaitsiko dute. Asteazken arratsaldean, olatuak zakartuz joan ziren, eta, itsaso kizkurraren eraginez, gaua egin orduko handitu egin ziren. Ondarroan (Bizkaia), olatuak Artibai ibaian gora sartu ziren. Laketontzien jabeek aparteko neurriak hartu behar izan zituzten. Txikot gehiagorekin lotu behar izan zituzten ontziak pantalanera, eta batek edo bestek elkar jo zuten. Gaur, olatuak baretu egin dira, baina Ondarroan porturatu diren baxurako arrantzarako ontziek zailtasunak izan dituzte, hala ere. Ozta-ozta sartu dira asko, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-k adierazi duenez. Goiz eta eguerdi partean 4,5 eta 5 metro inguruko olatuak egon dira.
2020-10-29
https://www.berria.eus/albisteak/188996/ebzk-iradoki-du-abenduan-hartuko-dituela-neurri-gehiago-ekonomia-moteltzen-ari-delako.htm
Ekonomia
EBZk iradoki du abenduan hartuko dituela neurri gehiago, ekonomia moteltzen ari delako
Konfinamenduen eta hainbat sektoreren itxieren ondorioz, azaroa txarra izango dela aitortu du Christine Lagardek.
EBZk iradoki du abenduan hartuko dituela neurri gehiago, ekonomia moteltzen ari delako. Konfinamenduen eta hainbat sektoreren itxieren ondorioz, azaroa txarra izango dela aitortu du Christine Lagardek.
Tonu goibela itzuli da Frankfurtera. Koronabirusaren bigarren oldarraldiari aurre egiteko indarrean jarritako neurriek seko eten dute euroguneko ekonomiaren hazkundea, eta hurrengo datu ekonomikoak txarrak izango direla onartu du Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidenteak. Ez du, ordea, ekonomia suspertzeko neurri gehiago hartu, baina iradoki du abenduko bileraren ondoren egingo duela hori. Dena den, «beharrezkoa balitz», prest legoke aurretik premiazko bilera bat egin eta neurriak aurreratzeko. Eurostatek gaur emango du 2020ko hirugarren hileko hazkunde datua. Datu ona izango da, erakutsiko baitu ekonomiak indarrez errebotatu zuela udaberriko hondoratzearen ondoren. Baina, hilabete eskas igaro den arren, iraganeko argazkia da Eurostatek emango duena. Udazkena, berez, irailean bertan hasi zen, lehen hostoak erori ahala erori baitziren errebote horri eusten zioten hainbat faktore. Motelaldi horrek bere hartan jarraitu du, eta azaroa «oso negatiboa» izango dela iragarri du Lagardek. Nahikoa azken hiruhilekoan berriro atzeraldia izateko? «Ez dakigu», erantzun zuen. Hazkundearen amaiera «uste baino goizago» iritsi dela aitortu du Lagardek, eta zerbitzuetan gertatu dela azaldu du, industria oraindik kopuru positiboetan dagoelako. Zerbitzuen beheranzko joera sendotu egingo da hurrengo asteetan, konfinamenduek eta sektore batzuen itxiera partzialek kontsumoa apalduko dutelako. «Berregokitu» Egoera horren aurrean, erantzuteko prest azaldu da EBZ. «EBZk bizkor eta indarrez erantzun zion COVID-19aren lehen olatuari, eta hala egingo dugu bigarren olatuan ere». Zehazki zer egingo duen ez du argitu Lagardek. Berez, gaurko agerraldiaren hitz gakoa «birkalibratu» izan da, behin eta berriro erabili baitu Lagardek xehetasunak jakin nahi zituzten kazetarien galderei erantzuteko. «[EBZren] Gobernu Kontseiluak bere tresnak berregokituko ditu, behar den moduan erantzuteko oraingo egoerari, ziurtatzeko finantza baldintzak lagungarri direla ekonomia suspertzeko, eta erantzuteko pandemia inflazioaren bidean izaten ari den eragin negatiboari». Beste hitz batzuetan, PEPP zorra erosteko programa berezia handitzea ez ezik, bere eskura dituen beste tresna batzuk ere erabil ditzakeela abenduan.
2020-10-29
https://www.berria.eus/albisteak/188997/trebinu-eta-urduna-arabarekin-batera-egongo-dira-alarma-egoeran.htm
Gizartea
Trebiñu eta Urduña Arabarekin batera egongo dira alarma egoeran
Alarma egoerari baiezkoa eman dio Espainiako Kongresuak: maiatzaren 9ra arte egongo da indarrean.
Trebiñu eta Urduña Arabarekin batera egongo dira alarma egoeran. Alarma egoerari baiezkoa eman dio Espainiako Kongresuak: maiatzaren 9ra arte egongo da indarrean.
Espainiako Kongresuak onartu egin du alarma egoera ezartzeko gobernuak egindako dekretua. Maiatzaren 9ra arte egongo da indarrean. Gobernuak gehiengo handiz atera du erabakia aurrera: aldeko 194 boto, 99 abstentzio eta 53 ezezko. Aldaketa bat egin dute hasierako planteamendutik: Pedro Sanchez presidenteak ez zuen nahi alarma egoera indarrean den artean aldian-aldian Kongresura joan beharra izaterik, baina atzera egin du azkenean: bi hilean behin joango da pandemiaren egoerari buruzko kontuak ematera. Bozketan, beste zuzenketa bat ere onartu dute Kongresuan. EAJk eskaera bat aurkeztu du Trebiñu eta Urduña Arabarekin egon daitezen alarma egoeran; Trebiñu Gaztela eta Leonen menpe dago, nahiz eta Arabako lurretan egon, eta Urduña, berriz, Bizkaiko udalerria da, nahiz eta Arabako eta Burgosko lurren artean egon. Bertako bizilagunen joan-etorriak errazteko neurria da Kongresuan hartutakoa. Trebiñuko bi udalek eskatua zuten, adibidez, haien egoera kontuan hartzea, inguruko herrietara joateko arazo handiak zeuzkatelako —beste erkidego bat denez Gaztela eta Leon, arau horiekin ezingo lirateke Arabako herrietara joan—. Indarrean jarritako alarma egoera ez da udaberrikoaren gisakoa izango. Espainiako Gobernuak ez du hartu eskumenen ardura, eta erkidegoetako lehendakariek izango dute gidaritza; alarma egoerak modua emango die oinarrizko eskubideetan murrizketak egiteko, kutsatzeak etete aldera. Hain justu, hori oinarri hartuta jarri dituzte egunotan indarrean joan-etorriak eta jendearen elkartzeak mugatzeko neurriak.
2020-10-29
https://www.berria.eus/albisteak/188998/xilaba-bertsolari-txapelketa-eten-behar-izan-dute.htm
Kultura
Xilaba bertsolari txapelketa eten behar izan dute
Atzo mintzatu zen Emmanuel Macron Frantziako presidentea, eta konfinatzeko neurriak iragarri zituen. Neurri horien harira, Xilaba txapelketak etenaldia egin behar du.
Xilaba bertsolari txapelketa eten behar izan dute. Atzo mintzatu zen Emmanuel Macron Frantziako presidentea, eta konfinatzeko neurriak iragarri zituen. Neurri horien harira, Xilaba txapelketak etenaldia egin behar du.
Final-herenetako azken saioa izan behar zuen datorren larunbatekoak, baina ez da gertatuko. Hasteko, ez orain. Bertsozale Elkarteak arratsaldean jakinarazi du berria: Xilabako beste saiorik ez da izanen ondoko asteetan. Halere, azpimarratu dute garaian garaiko baldintzek ahalbidetzen duten heinean, bertsolaritza «sustatzen» segituko dutela. «Bertsoa eta Xilaba plazetara itzuliko dira», gaineratu dute.
2020-10-29
https://www.berria.eus/albisteak/188999/espainiako-auzitegi-nazionalak-hiru-euskal-preso-ohi-absolbitu-ditu-haien-delituak-preskribatuak-daudela-iritzita.htm
Politika
Espainiako Auzitegi Nazionalak hiru euskal preso ohi absolbitu ditu haien delituak preskribatuak daudela iritzita
Fiskalak 30 urteko espetxe zigorra eskatua zuen Carmen Gisasola, Oscar Abad eta Jose Ramon Martinez presoentzat, ustez 1990ean egindako atentatu batengatik, baina auzitegiak ebatzi du preskribatuta dagoela delitua.
Espainiako Auzitegi Nazionalak hiru euskal preso ohi absolbitu ditu haien delituak preskribatuak daudela iritzita. Fiskalak 30 urteko espetxe zigorra eskatua zuen Carmen Gisasola, Oscar Abad eta Jose Ramon Martinez presoentzat, ustez 1990ean egindako atentatu batengatik, baina auzitegiak ebatzi du preskribatuta dagoela delitua.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak 30 urteko espetxe zigorra eskatua zuen Carmen Gisasola, Oscar Abad eta Jose Ramon Martinez euskal preso ohientzat 1990eko urtarrilaren 3an Galdakaon (Bizkaia) Ignacio Perez Alvarez polizia hiltzea leporatuta. Abokatuen argudiatzeari jarraikiz, ordea, auzitegiak ebatzi du preskribatuta dagoela kasua, eta, beraz, absolbitu egin ditu hirurak. Auzitegiak zehaztu duenez, hain justu, ez dago preskripzio hori etengo lukeen «zinezko eduki materialik». Abad 2012an gelditu zen aske; Martinez, 2013an, eta Gisasola, 2014an, behin betiko.
2020-10-29
https://www.berria.eus/albisteak/189000/zazpi-emakume-musikarik-hartu-dute-musikariren-gidaritza.htm
Kultura
Zazpi emakume musikarik hartu dute Musikariren gidaritza
Izaro Andresek, Eneritz Duesok, Garazi Esnaolak, Idoia Hernandezek, Lide Hernandok, Miren Narbaizak eta Olatz Salvadorrek berritu dute elkartearen zuzendaritza. Sektorean bizi den prekaritatea ikusirik, «elkartzeko eta mugitzen hasteko» arrazoi nahikoa dituztela adierazi dute, eta Musikari horretarako tresna izatea nahi dute.
Zazpi emakume musikarik hartu dute Musikariren gidaritza. Izaro Andresek, Eneritz Duesok, Garazi Esnaolak, Idoia Hernandezek, Lide Hernandok, Miren Narbaizak eta Olatz Salvadorrek berritu dute elkartearen zuzendaritza. Sektorean bizi den prekaritatea ikusirik, «elkartzeko eta mugitzen hasteko» arrazoi nahikoa dituztela adierazi dute, eta Musikari horretarako tresna izatea nahi dute.
Zazpi emakume dira, eta ez da kasualitatea. Gernikan (Bizkaia) egin zuten emakume musikarien topaketan atera zen ideia. Otsailean izan zen, eta ehun lagun inguru elkartu ziren —«eta asko falta izan ziren», Duesok ñabardura—. Euren arteko ehuntze bat martxan jarri eta berehala heldu zen pandemia, ordea. «Itxialdiak erabat agerian utzi zuen dagoeneko zaurgarria zen egoera. Musikan aritzen garen langile modura, egoera berriari buruz hausnartzera eraman gintuen, aspalditik genuen arazo gisa. Pentsatu genuen bazela garaia zerbait egiteko». Musikari horretarako bide bat izan zitekeela ikusi zuten. Zuzendaritza aldatzea egokitzen zen justu elkartean; euren burua aurkeztu, eta jada hartu dute kargua. Jarrera aktibo horrekin iragarri dute talde berria, gaur goizean, Duesok, Hernandezek, Narbaizak eta Salvadorrek. Salvador aurreko zuzendaritzako kide zen, Unai Morazarekin batera. Bi aditzek hartu dute protagonismoa zuzendaritza berriaren aurkezpenen: elkartzeak eta mugitzeak. Azken hilabeteotako geldialdiaren aurretik egoera onik izan ez bazuten ere, pandemiak musikako langileen krisia «oso agerian» utzi duela adierazi dute, eta horrek «indar handia» eman diela batu eta gauzak aldatzen hasteko. Narbaiza: «Oso-oso agerian geratu da, adibidez, sektorea ez dagoela batere erregulatuta, ez daukagula inolako lan hitzarmenik, ez dagoela argi nola kontratatu behar den musikari bat... ». Euren jardunari eragiten dien lege bakarra 1985ekoa dela ere aipatu du, esaterako, eta, «zaharkituta» geratzeaz gainera, «oso anbiguoa» dela. Hitzarmen falta horrek azken hilabeteetako diru laguntzak eskatzeko orduan eragin zuzena izan duela azaldu du, halaber, Hernandezek. «Musikari gehiengoa laguntzetatik kanpo geratu da», esan du. Adibide batekin zehaztu du Myriam Miranda elkarteko koordinatzaileak: «Diru laguntzak eskatzen zuen musikaria 90 egunez kontratatua izatea. Jakin nahiko nuke zein musikarik onartu dezakeen hori. Euskadiko Orkestrako kidea bazara, udal banda batekoa, bai... Baina bere proiektu propioa duen zein musikarik?». Hori dela eta, sektorearen gaineko «ezagutza falta erabatekoa» sumatzen dutela berretsi dute musikariek. Ez dutela ulertzen, bestela, ez hartzea kontuan musikariak lanean ari direla oholtzan agertzen ez direnean ere, dela grabatzen, dela sortzen. Bizi duten egoera ikusgarri egitearekin batera, elkartzeko deia egiteko ere baliatu dute agerraldia, bada, zuzendaritza berriko kideek. Hasteko, musikariei, elkartekoei zein besteei, izan aholkularitzarako, babeserako zein bestelako beharretarako. «Etor daitezela, sarea egin dezagun, ea denon artean hasten garen lanean». Eta, ildo beretik, baita kultur eragile guztiei ere. «Guzti-guztiei, hasi erakundeetatik baina baita antolatzen dabiltzan eragile, kultur teknikari eta abarrei ere. Elkarguneak sortzeko prest gaude, betiere, gure lana duintze aldera». Proposamen bat bidean Egun, 300 kidetik gora ditu Musikargik, eta Euskal Herritik kanpo ere bilatu du aliantzarik musikarien egoeraren alde egiteko. Modu horretan aritu da aurten Musikari Profesionalen Batasuna sortzen. Espainiako Estatuko hamalau elkartek osatu dute federazioa, eta hortik eratorriko den iragarpen bat egin du Mirandak: Musika Sektorea Berreraikitzeko Plana aurkeztuko dute, hurrengo astean ezpada, hemendik bira. Hiru eskakizun izango ditu, bakoitza ekarpen eta proposamen xeheagoz hornitutakoa: musikarien jarduna sostengatzea, musikarien egoera ekonomikoa hobetzea, eta «musikak eta kulturak, oro har, herritarren bizitzan duen funtsezko balioa» azpimarratzea. Alderdi horri heldu dio Salvadorrek ere, eta «kulturaren balio erantsia babesteko beharra» sentitu dutela erantsi du. Duesoren ustez, gainera, kultur jardueran ekonomiaz hitz egiten denean «datu errealak» izan gabe egin ohi da: «Alegaltasun behartu batean lan egiten dugu kasu askotan». Elkarteak denbora darama Artistaren Estatutuaren alde lanean, eta Duesok oroitu du, inguruko herrialde batzuetan ez bezala, ez dela halako heldulekurik hemen. «Europan sistema asko daude. Bere arantzekin, baina, esaterako, Frantziako Estatuak aitortzen du, gutxienez, lan honen izaera intermitentea. Edo Alemaniak badu gizarte segurantza espezifiko bat. Gu, horien aldean, oso biluzik gaude».
2020-10-29
https://www.berria.eus/albisteak/189001/pandemiak-arriskuan-jarri-ditu-genero-berdintasunerako-ebren-aurrerapausoak.htm
Mundua
Pandemiak «arriskuan» jarri ditu genero berdintasunerako EBren «aurrerapausoak»
EIGE Genero Berdintasunerako Europako Institutuak «irtenbide inklusiboak» diseinatzeko eskatu diete agintariei, pandemia garairako eta hura gainditu osterako.
Pandemiak «arriskuan» jarri ditu genero berdintasunerako EBren «aurrerapausoak». EIGE Genero Berdintasunerako Europako Institutuak «irtenbide inklusiboak» diseinatzeko eskatu diete agintariei, pandemia garairako eta hura gainditu osterako.
EB Europako Batasunak genero berdintasuna lortzeko bidean eman dituen aurrerapausoak «arriskuan» jarri ditu COVID-19aren pandemiak, EIGE Genero Berdintasunerako Europako Institutuak ondorioztatu duenez. Institutuak adierazi du 60 urte beharko liratekeela helburua lortzeko, egun egiten ari diren urratsen erritmoan jarraituz gero. EIGEk ehun puntuko indize baten araberako azterketa egin dio EBri, eta 67,9 puntu eman dizkio. Charlien Scheele institutuko zuzendariaren esanetan, «aurrerapauso txiki baina sendoak» atzeman dituzte urteko EBko estatuetan, baina pandemia «kezkarako arrazoi» dela ohartarazi du. Pandemia «genero berdintasunarentzako egiazko arriskua» da, haren iritziz. «Orain, inoiz baino gehiago, politikariek gure indizearen emaitzak erabili behar dituzte irtenbide inklusiboak diseinatzeko, gure gizartean genero berdintasuna sustatuko dutenak, bai pandemiak iraun artean, baita pandemiaren ondoren ere». EIGEk Suedia kokatu du EBko estatu zerrendan lehen postuan, 83,8 punturekin. Jarraian dira Danimarka (77,4 puntu), (Frantzia 75,1 puntu) eta Finlandia (74,7). Espainia zortzigarren da, 72 punturekin. Azken postuetan ageri dira Errumania (54,4 puntu), Hungaria (53 puntu) eta Grezia (52,2 puntu). Orain arteko urratsen %65 erabaki guneei dagozkien aldaketekin dute zerikusia. Hala ere, arlo horretan 53,3 puntukoa da genero berdintasuna neurtzeko indizeak islatzen duen maila. Ikerketan jasotzen denez, Belgikan, Danimarkan, Alemanian, Italian, Holandan, Finlandian, Suedian eta Erresuma Batuan enpresetako administrazio kontseiluetako kideen ia herenak emakumezkoak dira. Frantzian %40tik gorakoa da ehunekoa. Ikerketak arretaz begiratu dio arlo profesionalean eta hezkuntzan dagoen generoaren araberako segregazioari. Banaketa hori 2010etik sakondu egin dela ohartarazi du. Esaterako, datuek diote emakumeek IKT informazioaren eta komunikazioaren teknologiaren alorreko lanpostuen %20 okupatzen dituztela soilik, eta gizonezkoek zaintzaren arloko lanpostuen %15. Txostenean honako hau ere nabarmendu dute: digitalizazioaren eraginez, emakumezkoek arrisku handiagoa dutela lanean robotek ordezkatuak izateko, gizonezkoek baino presentzia nabarmen urriagoa dutelako gehien hazten ari diren ekonomia sektoretan eta puntako teknologiadun alorretan. «Gizonezkoek menperatzen dute teknologia berrien garapena EBn». EIGEren indizeak sei alor aztertu ditu: lana, dirua, jakintza, denbora, boterea eta osasuna.
2020-10-29
https://www.berria.eus/albisteak/189002/kutxabankek-160-milioi-irabazi-ditu-hornidurak-bikoiztu-arren.htm
Ekonomia
Kutxabankek 160 milioi irabazi ditu, hornidurak bikoiztu arren
Aurreko hiruhilekoan inoiz baino hipoteka mailegu gehiago eman ditu kutxen bankuak.
Kutxabankek 160 milioi irabazi ditu, hornidurak bikoiztu arren. Aurreko hiruhilekoan inoiz baino hipoteka mailegu gehiago eman ditu kutxen bankuak.
Euroguneko bankuen egoerari buruz kezka adierazi du azken asteetan Europako Banku Zentralak, uste baitu pandemia luzatu ahala mailegu ustelak ugaritu direla eta haietako batzuek arazoak izan ditzakeela. Azken horien artean ez egoteko zenbakiak aurkeztu ditu Kutxabankek. Beste lehiakide batzuek ez bezala, irabaziak izan ditu urteko lehen bederatzi hilabeteetan, 160 milioi euro hain zuzen ere. Iaz baino nabarmen gutxiago da (-%40), beste bankuek bezala diru gehiago hornitu behar izan duelako saneamendurako eta izan ditzakeen mailegu ustelak estaltzeko. Guztira, 277 milioi baztertu ditu horretarako, iazkoa halako bi baino gehiago. Berez, maileguen berankortasuna txikitzen ari da BBKren, Kutxaren eta Vitalen bankua: %2,5 dira, eta urte hasieran ia %3 ziren. Zuhurtziaren izenean, kapitala ere handitzen ari da Kutxabank: aktiboen %17,5 da, aurreko hiruhilekoan baino 0,3 gehiago. Bigarren hiruhilekoan «sumatutako joera positiboak» jarraitu du hirugarrenean ere. Atal batzuetan, «historikoa» ere izan da, hipoteka maileguetan esaterako: 1.105 milioi milioi utzi ditu etxeak erosteko, inoiz hiruhileko batean mailegatutako kopururik handiena. Inoizko handienak izan dira txartelen eta Bizumen erabilera, eta Internet bidezko erosketak ere bai.
2020-10-29
https://www.berria.eus/albisteak/189003/herrietako-konfinamendua-ezarriko-du-kataluniak-asteburuetan.htm
Mundua
Herrietako konfinamendua ezarriko du Kataluniak asteburuetan
Lurraldearen mugak itxita egongo dira, gutxienez, hamabost egunez. Duela bi aste hartutako neurriek ez dute lortu kutsatzeen abiada moteltzea.
Herrietako konfinamendua ezarriko du Kataluniak asteburuetan. Lurraldearen mugak itxita egongo dira, gutxienez, hamabost egunez. Duela bi aste hartutako neurriek ez dute lortu kutsatzeen abiada moteltzea.
Kataluniako Gobernuak pandemiaren kontrako neurriak gogortu ditu, COVID-19aren kutsatze «kopuru jasanezinak» murrizteko. Generalitatearen esanetan, «konfinamendu sozial bat beharrezkoa da». Hori dela eta, Kataluniako lurraldearen mugak ixtea erabaki du, hamabost egunez, eta herri guztiak konfinatuko ditu asteburuetan. Herritarrak ezin izango dira beren udalerritik irten ostiraleko 06:00etatik asteleheneko 06:00etara bitartean. Horrez gain, hainbat jarduera eteteko agindu du gobernuak. Bertan behera geldituko dira zinemetako, liburutegietako eta antzokietako jarduerak; debekatuta egongo dira eskolatik kanpoko ekintzak eta entrenamenduak; eta ateak ixtera derrigortuta egongo dira gimnasioak eta saltoki handiak. Tabernek eta jatetxeek beste hamabost egunez egon beharko dute jarduerarik gabe. Gobernuak neurriak gogortzearen aldeko hautua egin du, duela bi aste hartutakoekin kutsatze kasuen abiada ez dela eten ikusita. Geroz eta kutsatu gehiago daude eguneko, eta osasun sistemaren gaineko presioa handitzen ari da. Neurriak gaur gauean sartuko dira indarrean. «Irmotasun askoz ere handiagoz jokatu behar dugu. Egoera kritikoa da. Mundu guztia etxera, lan egiteko, eskolara joateko edo ezinbesteko jardueretarako izan ezik», adierazi du Pere Aragones Kataluniako presidenteordeak. Gobernuak etxe barruko konfinamendurako aukera ere aztertu du, baina ez du neurri hori hartzeko eskumenik. Mutazio baten jatorri COVID-19aren mutazio bat zabaldu da Europan, pandemiaren bigarren olatu honetan. 20A.EU1 deitu duten aldaerak Katalunian eta Aragoin izan du jatorria, Suitzako eta Espainiako hainbat ikertzailek ondorioztatu dutenez. Emma Hodcroft ikerketaren buruak azaldu duenez, Europako kutsatzeen kopuru handi bat mutazio horri dagokio: aztertu dituzten kasuen %90 Erresuma Batuan, %80 Espainian, %40 Herbehereetan, eta %30 Suitzan. Ikertzailearen esanetan, zabalkunde horrek zerikusia du udan neurriak laxatu izanarekin.
2020-10-29
https://www.berria.eus/albisteak/189004/euskal-herriko-historiaurreko-txakur-bat-aztertu-dute-nazioarteko-ikerketa-batean.htm
Gizartea
Euskal Herriko historiaurreko txakur bat aztertu dute nazioarteko ikerketa batean
Ondorioztatu dutenez, Izotz Arorako bazeuden hainbat txakur mota. EHUko ikertzaile batek hartu du parte lanean.
Euskal Herriko historiaurreko txakur bat aztertu dute nazioarteko ikerketa batean. Ondorioztatu dutenez, Izotz Arorako bazeuden hainbat txakur mota. EHUko ikertzaile batek hartu du parte lanean.
Ardi txakur alemana, chihuahua, huskya... Gezurra badirudi ere, horiek guztiak otsoetatik datoz, eta gizakiok eginiko aukeraketa genetikoaren ondorioa dira. Baina noiztik daude txakur mota ezberdinak? Nazioarteko ikerketa batek txakurren DNA aztertu du erantzunaren bila. Besteak beste Euskal Herriko historiaurreko txakur bat aztertu dute, EHUko Aritza Villaluenga ikertzailearen eskutik. Origins and Genetic legacy of Prehistoric dogs (Historiaurreko txakurren jatorria eta ondare genetikoa) ikerketaren emaitzak argitaratu berri ditu Science aldizkariak. Hamar herrialde baino gehiagotako arkeologo batzuk aritu dira txakurren DNAren azterketa globalean; besteak beste, Oxfordeko Unibertsitatekoak. Ondorioztatu dutenez, bazeuden zenbait txakur mota Izotz Aroan, duela 11.000 urte baino gehiago. Denera, historiaurreko 27 txakurren DNA aztertu dute ikertzaileek, Europako, Ekialde Hurbileko eta Siberiako aztarnategietako hezurretatik ateratako laginetatik, eta horien DNA sekuentziatu dute. Gizakiak, orduan, ehiztari biltzaile nomadak ziren, eta oraindik ez zituzten abereak hazten. Haatik, gizakiek beste animaliarik etxekotu baino lehen, jatorri genetiko ezberdineko gutxienez bost txakur mota bazeudela frogatu dute ikertzaileek. «Gaur kalean dabiltzan txakurren artean ikusten diren aldaeretako batzuk Izotz Aroan sortu ziren. Garai haren bukaeran, txakurrak jada oso zabalduta zeuden Ipar Hemisferio osoan», adierazi du Pontus Skoglund genetistak. Ikerketan parte hartu du, DNA aztertzen. Historiaurreko txakur horiek zabaldu egin ziren Eurasian, eta hortik garatu ziren gaurko txakur motak. Baina bidean gertatu ziren istripuak. Duela 4.000-5.000 urte baino lehen, Europan txakur mota asko zeuden, eta bi taldetan banatuta zeuden: batzuk Ekialde Hurbileko txakurrekin lotuta zeuden, eta besteak, Siberiakoekin. Baina Europako historiaren une batean, aniztasun hori galdu egin zen. «Gaur egun ikusten ditugun Europako txakurrek formaren aldetik izugarrizko barietatea duten arren, genetikoki existitu ohi zen dibertsitateko azpitalde oso estu batetik datoz», esan du Anders Bergstrom ikertzaileak. Ez dakite zergatik gertatu zen ordezkapen hura. Urnietako txakurra Villaluenga EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko irakaslea da eta ikertzailea Arabako Campusean. «Ikerketan sartu nintzen 2013 eta 2016 bitartean, Alemanian lanean ari nintzela; hango ikerlariek gai hau proposatu zidaten», azaldu dio BERRIAri. Gipuzkoako aztarnategietan aurkitutako 32 txakur identifikatu ditu ikerketarako. Ondorioztatu duenez, horietako bakarra zen txakurra (Canis familiaris). Gainerakoak otsoak (Canis lupus) edo kuoiak (Cuon alpinus) ziren. Kuoiak gaur Asian bakarrik bizi dira, eta koiote modukoak dira. Ikerketan sartu den Euskal Herriko txakur horren aztarnak Urnietan (Gipuzkoa) topatu zituzten, Marizulo harpean. Jose Migel Barandiaranek 1962 eta 1967 bitartean induskatu zuen kobazulo hori, eta gizon gazte baten eta hiru hilabeteko arkume baten hezurduraren ondoan topatu zuten, kaskezurrik gabe. Karbono-14 probaren arabera, duela 6.200 urte inguru bizi izan zen animalia hura. Ikertzaileak azaldu zuenez, Marizuloko txakurra «tamaina ertainekoa» zen, 15-20 kg artekoa. Etxekoturiko animalia baten ondoan topatu izanak erakusten du txakur hura neolitikoa zela, hau da, paleolitoko txakur galduak ordezkatu zituen horietakoa. «Aurreko txakurrak galdu ziren, Europara ailegatzen zen giza talde berri bakoitzak bere animaliak zekartzalako». Barandiaran eta lagunek Marizulon topaturiko aztarnen marrazkia. ARANZADI Baina Marizuloko txakur mota horiek ere antzeko patua eduki zuten: Brontze Aroko txakurrek ordezkatu zituzten. Azken horiek dira gaurko Europako txakurren arbasoak; besteak beste, Euskal Herriko ardi txakurrarena. Villaluengak azaldu duenez, ikerketa honetan aztertu da txakurren jatorria lehenengo aldiz, lehenengo aldiz eskala globalean. Hein batean txakurren historiak gizakiena azaltzen lagun dezake, eta alderantziz. «Antzinako DNAk gure arbasoak aztertzeko orduan iraultza ekarri duen bezala, orain txakurrekin eta etxeko beste animalia batzuekin gauza bera egiten hasi da. Gure lagun animalien azterketak beste geruza bat eransten dio giza historiaren inguruko gure ulermenari», esan du Vienako Unibertsitateko ikertzaile Ron Pinhasik. Txakurren ibilbidea argitzen hasi bada ere, galdera nagusiak erantzunik gabe jarraitzen dute: non eta zergatik etxekotu ziren lehen aldiz txakurrak?
2020-10-29
https://www.berria.eus/albisteak/189005/uemako-kide-izango-da-berriz-lesaka-2015ean-atera-ondoren.htm
Gizartea
Uemako kide izango da berriz Lesaka, 2015ean atera ondoren
Mankomunitateko 88. udalerria izango da, eta herri guztien artean 250.000 biztanleko eremua osatzen dute.
Uemako kide izango da berriz Lesaka, 2015ean atera ondoren. Mankomunitateko 88. udalerria izango da, eta herri guztien artean 250.000 biztanleko eremua osatzen dute.
Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea erabaki du Lesakako Udalak (Nafarroa), osoko bilkuran. Aurretik ere Uemako udalerria izan zen Lesaka, zehazki 2013 eta 2015 bitartean, baina aurreko udalbatzak erabaki zuen mankomunitatetik ateratzea eta indarrean zegoen euskara plana bertan behera uztea. Duela bi legegintzaldi, EH Bildu agintean zegoela erabaki zuen udalak Ueman sartzea eta euren eskutik euskara plana martxan jartzea. EAJ oposizioen zegoen, eta oso gogor kritikatu zuen erabaki hura, euskara lehenestea «diskriminatzailea» zela iritzita. 2015ean, Geroa Bai udal gobernura iritsi zenean, Uematik ateratzea erabaki zuen, eta plana etetea. Azken hauteskundeetan EH Bildu itzuli da alkatetzara, eta berriz eskatu du Uemako kide izatea. Bozketan Geroa Bai abstenitu egin da. Ladis Satrustegi alkateak adierazi duenez, Ueman sartzeko erabakia hartu dute aukera ematen duelako «udaletik soilik bideratu ezin diren euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoiak egiteko». Lesakarren %79k dakite euskaraz, eta kalean %74koa da erabilera. Lesaka Uemako 88. udalerria izango da, eta, herri guztiak batuta, 250.000 biztanleko eremu euskalduna osatzen du Uemak
2020-10-29
https://www.berria.eus/albisteak/189006/ackermann-irabazle-bigarren-izan-bada-ere.htm
Kirola
Ackermann irabazle, bigarren izan bada ere
Bederatzigarren etapa Sam Bennettek irabazi du esprintean, baina epaileek kaleratu egin dute.
Ackermann irabazle, bigarren izan bada ere. Bederatzigarren etapa Sam Bennettek irabazi du esprintean, baina epaileek kaleratu egin dute.
Polemika izan da gaur Espainiako Vueltako bederatzigarren etapan. Esprintean gertatu da xextra. Irabazlea Sam Bennett (Deceunninck) izan da , baina etapako garaipena Pascal Ackermanni (Bora) eman diote epaileek, kaleratu egin dutelako Bennett, burukada bat emateagatik lekua hartzen ari zenean esprinterako. Aurreneko garaipena du alemaniarrak Vueltan. Gerben Thijssen (Lotto) izan da bigarren, eta Max Kanter (Sunweb) hirugarren. 157 kilometroko lana izan dute gaur txirrindulariek, Castrillo del Val eta Aguilar de Campooren artean. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik: Richard Carapazek (Ineos) segitzen du lehen postuan. Gaurko etapako protagonistetako bat Aritz Bagues (Caja Rural) izan da. Ihesaldian ibili da Juan Felipe Osorio (Burgos BH) lagun zuela. Bost minutuko aldea ere izan dute, baina 22 kilometro falta zirela harrapatu ditu pelotoiak. Bihar, hamargarren etapa dute, Castro Urdiales eta Suances artekoa, 185 kilometrokoa.
2020-10-29
https://www.berria.eus/albisteak/189007/realaren-lehen-porrota-europa-ligan.htm
Kirola
Realaren lehen porrota Europa ligan
Txuri-urdinak ez dira gaizki aritu, baina italiarrek beren ofizioa eta esperientzia baliatu dute.
Realaren lehen porrota Europa ligan. Txuri-urdinak ez dira gaizki aritu, baina italiarrek beren ofizioa eta esperientzia baliatu dute.
Golik gabe ezin da irabazi. Realak hutsean utzi du bere zakua, eta Napolik egindako gol bakarra baliatu zuen hiru puntuak eskuratzeko. Italiarrek ofizioa erakutsi dute eta estutasun gehiegirik gabe lortu dute Europa ligako lehen garaipena. Txarrena, Realaren kontura egin duela. Lehen minutuetan asko estutu du Napolik. Gennaro Gattusok itxuraldatutako hamaikakoa zelairatu du eta ezustean harrapatu du Reala. Ofizioa erakutsi dute, eta txuri-urdinek deseroso jokatu dute hasieran, urduri baleude bezala. Hori probestuz gola egiteko aukera izan dute bisitariek lehen hamar minutuak bete zirenerako. Lorenzo Insigne izan Napoliren erasoko jokoaren ardura izan zuena. Behin lehen erauntsia igarota, Realak bere lekua egin zuen zelaian, eta baloi jabetza lortzen hasi da pixkanaka. Ordura artean arrisku gehien sortu duen Insignek, gainera, min hartu du 20. minutuan. Hirving Lozanok ordeztu du italiarra. Insignek zelaia uztea bikaina izan da Realarentzat. Aurreko urrats bat egin eta zelaian nagusitu dira Imanol Alguacilenak. Orduan izan dute lehen zatiko aukera gutxietako bat: Andoni Gorosabelek egindako erdiraketa kanpora bota du Mikel Merinok. Ordutik aurrera jokoaren pisua izan dute etxekoek, nahiz ate aurrean hutsal aritu. Lehen zatian jabetza donostiarrena izan da; markagailu aurreratzeko aukerarik argienak, italiarrenak Bigarren zatiari hobeto ekin dio Realak. Baloiaren jabe egin dira hasi orduko, eta aterantz jotzen ere saiatu dira. Cristian Portuk 50. minutuan egindako barneraldi bat izan da horren adibide. Espainiarren jaurtiketa ahula arazorik gabe geratu du Ospina atezainak. Reala Napoliren areara sartzeko zirrikitu bila ari zenean, ordea, neurketa itxuraldatuko zuen jokaldia iritsi da. Italiarrek jokaldia antolatu dute zelai erditik, eta Politanok area kanpotik jotako ezkerkada sareetara joan da Modibo Sagnanen gorputzean jo eta gero. Partida hankaz gora jarri zaio Imanolen taldeari. Besoak jaisteko asmorik gabe Kolpea jaso orduko lehengora itzultzen saiatu da Reala. Ondo kokatua zegoen zelaian, eta lehengora itzuli nahi zuen berandu baino lehen. Bien bitartean, aldeari euts nahian aldaketa hirukoitza egin du Gattuso prestatzaileak. Ixte aldera egin du Napolik, italiar erako jokoa ezarri eta presarik gabe arituz. Halere, Portuk egin du modua bisitariak kinka estuan jartzeko. 65. minutuan erremate indartsua egin du, baina Ospinak kornerrera bota du baloia. Ordura arteko aukerarik argiena izan da. Abagune horren ostean Portu bera eta Isak kendu egin ditu Imanolek, Jon Bautista eta Willian Jose sartzeko. Ate aurrean asmatzea behar zuen Realak, baina Napoli ez zegoen oparirik txikiena egiteko ere. Bereak eta bi egin ditu etxekoei bidea ixteko, eta erasora egin duten une apurretan modu antolatuan egin dute. Haietako batean baloia sareratu dute 86. minutuan, baina ez du baliozko eman epaileak. Azken saialdi batzuk egin ditu Realak, baina ezin neurketa orekatu. Amaieran, bere legea ezarri du Napolik.
2020-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/189036/urkulluk-terroristatzat-jo-ditu-atzo-bilbon-gertatutako-istiluak.htm
Gizartea
Urkulluk «terroristatzat» jo ditu atzo Bilbon gertatutako istiluak
Bart gauean berrehun bat lagun elkartu dira Indautxun, segurtasun neurriei muzin eginez, eta hogei edukiontzi baino gehiago erre dituzte ertzainekin izandako istuluetan. Sare sozialetan zabaldu dute deialdia, eta Ertzaintza ikertzen ari da deitzailea zein den.
Urkulluk «terroristatzat» jo ditu atzo Bilbon gertatutako istiluak. Bart gauean berrehun bat lagun elkartu dira Indautxun, segurtasun neurriei muzin eginez, eta hogei edukiontzi baino gehiago erre dituzte ertzainekin izandako istuluetan. Sare sozialetan zabaldu dute deialdia, eta Ertzaintza ikertzen ari da deitzailea zein den.
Koronabirusari aurre egiteko asmoz hartutako neurri murritzaileen kontra protesta egiteko elkartu dira dozenaka herritar bart Bilbon. Ertzaintzak ez zuen deialdiaren berri, eta istiluak izan dira. Protestariek hogei edukiontzi inguru erre dituzte, eta Ertzaintzak sei lagun atxilotu ditu. Datozen orduetan igaroko dira epailearen aurretik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, autoritateari eraso egitea eta segurtasun neurriak ez betetzea leporatzen diete. Beste hiru pertsonari ere egotzi dizkiete kargu horiek, nahiz eta ez dituzten atxilotu. Gaur goizean, Iñigo Urkullu lehendakariak arbuiatu egin ditu Bilbon izandako istiluak, eta esan du istilu horiek ekintza «terroristak» izan direla: «Terrorismoa da. Erabat gaitzesten ditut atzoko gertaerak. Terrorismoa ere bada herritarren ongizateari eta osasunari eraso egitea». Lehendakariak gogoeta hori egin du Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, PP+C’s taldeko Carlos Iturgaitzek egindako galdera bati erantzunez. Terrorismoaren Biktimen Legeari buruz galdetu dio Iturgaitzek lehendakariari, eta hari erantzun dioenean aipatu ditu Bilboko istiluak Urkulluk. «Errepresioaren» aurka Atzo Bilbon izandako protesta 21:30ean hasi zen, Indautxu plazan. Han elkartu zirenek Askatasuna eta Arnasa hartu nahi dugu leloak oihukatu zituzten, eta «errepresioaren» eta etxeratze aginduaren aurkako pankartak erakutsi. Sare sozialetan zabaldu zuten deialdia, eta Ertzaintzak ez daki nork antolatu duen. Ikerketa abian dela adierazi du Josu Bujanda ertzainburuak Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa batean. Lekukoen esanetan, 200 edo 300 pertsonak hartu zuten parte protestan, Europa Press berri agentziak jaso duenez. Iturri horien arabera, ez zuten maskararik erabili, eta objektuak jaurti zizkieten ertzainei, haiek identifikatzera joan zirenean. Ondoren, istiluek Kale Nagusian eta Ertzilla eta Henao kaleetan jarraitu zuten. Ertzaintza «profila» aztertzen ari da Istiluen inguruan galdetu diote gaur Josu Erkoreka Segurtasun sailburuari, eta esan du bertan parte hartu dutenen «profila» aztertzen ari dela Ertzaintza, protestan ibilitako batzuek antzeko gertakariengatik «aurrekariak» dituztelako. Isitiluengatik atxilotutako sei lagunei desordena publikoak egotzi dizkietela jakinarazi du, halaber. Erkorekak gaineratu du protestan parte hartu zutenen soslai ez dela «homogeneoa», eta baztertu egin du inolako «talde politikorekin» lotura zuzenik izatea. Dena dela, azpimarratu du protestaren bideo batzuk berehala agertu zirela sare sozialetan, eta horiek ez direla ezker abertzaleari lotutako profilak. Ertzaintzak parte hartzaileak ikertu eta mobilizazioaren «zentzua» aztertu behar duela nabarmendu du. Erkorekarentzat «guztiz arduragabeak» dira halako gertaerak.
2020-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/189037/hiri-baratzeen-hazkundeaz-eta-onurez.htm
Bizigiro
Hiri baratzeen hazkundeaz eta onurez
Geroz eta erabiltzaile gehiago dituzte hiri baratzeek. Eskariak gora egin du, eta eskaintzari neurria jarri nahian ari dira euskal hiriburuetako udalak. Ingurumen teknikarien eta erabiltzaileen iritziak jaso ditu BERRIAk, eta erreportaje bat kaleratuko du bihar.
Hiri baratzeen hazkundeaz eta onurez. Geroz eta erabiltzaile gehiago dituzte hiri baratzeek. Eskariak gora egin du, eta eskaintzari neurria jarri nahian ari dira euskal hiriburuetako udalak. Ingurumen teknikarien eta erabiltzaileen iritziak jaso ditu BERRIAk, eta erreportaje bat kaleratuko du bihar.
Hiri baratzeen eskaintzak eta eskariak gora egin du Euskal Herrian. Udal bakoitzak bere proiektua du abian, eta ez dira denak berdin kudeatzen. Izan ere, badira hiri baratzeak udalarenak, badira partekatuak, badira norbanakoenak, eta badira piratak ere. Dena dela, kudeaketaz eta ereduez harago, nork bere lurra bere eskuz lantzeak duen onuraz ari dira nola teknikariak hala erabiltzaileak. Sortzen diren sareez, eta alderdi emozionalaz. Produkzioari berari baino garrantzi handiagoa ematen diote baratze bat kudeatzeak dakartzan autonomiari, autoestimuari eta erantzukizunari. Baita kontsumo ereduaren inguruan eta nekazaritza ekologikoaren inguruan sortzen diren hausnarketei ere. Iruñean, bost auzotan ditu udalak baratzeak: Arrotxapean, Alde Zaharrean, Mendebaldean, Donibanen eta Txantrean. Beste bat ari dira egun hauetan abian jartzen: Etxebakoitz auzokoa. Gasteizen, hiri baratze ekologikoen inguruko sare handi bat dute sortua: udal baratzeak, gizarte etxeetako baratze ekologikoak, eskola baratzeak, adinekoentzako baratzeak, unibertsitateko baratze ekologikoa, baratzezaintzako proiektu autonomoak... Abetxukun, Zabalganean, Lakuan eta Salburuan ditu Gasteizko Udalak hiri baratzeak. Donostian, Lau Haizetako baratze parkearen esperientzia dute abian batetik, eta autokontsumorako baratze partekatu eta elkarte «alegalak» dituzte bestetik. Bilboko hiri baratzeak Errekalden (27), Otxarkoagan (56) eta Artxandan (88) daude. Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak kudeatzen ditu. Baionan, Frantziako elkarte batek kudeatzen ditu udal baratzeak. Herriko etxeak lurrak uzten dizkio elkarteari. Hiru baratze gune daude: Becadine (Baiona iparraldean), Saint-Bernard (Bokalera bidean) eta Chauron (Errobi bazterrean). Zinema estreinaldiei dagokienez, datorren astean estreinatuko den Mireia Gabilondok zuzendutako Erlauntza filmaren berri emango du Bizigiro-k; izen bereko antzezlanean oinarrituta dago. Bi urtez antzokiz antzoki ibili ondoren, pantaila handira iritsi da. Sei emakume ditu protagonista, eta datorren ostiralean estreinatuko da Hegoaldeko zinema aretoetan. Telesailen atalean, HBO katean ikus daitekeen The Undoing telesaila izango da aipagai, David E. Kelley estatubatuarrarena. Horietaz gain, Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoaren berri ere emango du Bizigiro-k. Euskarazko irakurketarekiko sentsibilizazioa sustatu nahi du egitasmoak, eta martxan da jada Hego Euskal Herriko hainbat liburutegitan.
2020-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/189038/jaurlaritza-neurri-murriztaileagoak-ezartzea-aztertzen-ari-da.htm
Gizartea
Jaurlaritza neurri murriztaileagoak ezartzea aztertzen ari da
Urkulluk onartu du pandemiaren garapena «larria» dela, eta iragarri du aztertzen ari direla gaueko aisialdian, kirolean eta hezkuntzan neurri murriztaileagoak ezartzea.
Jaurlaritza neurri murriztaileagoak ezartzea aztertzen ari da. Urkulluk onartu du pandemiaren garapena «larria» dela, eta iragarri du aztertzen ari direla gaueko aisialdian, kirolean eta hezkuntzan neurri murriztaileagoak ezartzea.
Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, koronabirusari buruz hitz egin du gaur Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek egindako galdera banari erantzunez. Urkulluk aitortu egin du izurriaren egungo egoera «larria» dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta atea ireki dio neurri murriztaile gehiago hartzeari. Gaineratu du Eusko Jaurlaritza une oro ari direla ebaluatzen aste hasieran hartutako neurrien eragina, eta izurriaren garapenaren arabera ez dutela baztertzen bestelako neurri batzuk hartzea, hala nola gaueko aisialdia gehiago mugatzea, ariketa fisikoari eta kirol jarduerei muga gehiago jartzea, hezkuntzako goi zikloetan irakaskuntza ez-presentziala ezartzea eta konfinamendu «zorrotzagoak» abiatzea. Hala ere, azpimarratu du Jaurlaritzaren asmoen artean ez dagoela herritarrak berriro etxean konfinatzea: «Azken alternatiba da dena ixtea eta herritarrak konfinatzea». Lehendakariaren esanetan, herritarrak berriro konfinatzea erabakirik «errazena» izango litzateke, baina gisa horretako erabakiak hartzea saihestu behar da, pandemiaren lehen olatua «oso gogorra» izan zelako. Kutsatzeak gutxitzea ezinbestekoa dela esan du, eta herritarren «konpromisoa» eskatu du horretarako, «bai maila pertsonalean, bai kolektiboan». Azken neurri horretaz ez baliatzea espero badu ere.
2020-10-31
https://www.berria.eus/albisteak/189039/zeelanda-berrian-eutanasia-legeztatu-dute.htm
Mundua
Zeelanda Berrian eutanasia legeztatu dute
Erreferendum bidez erabaki hori hartzen duen lehen herrialdea bilakatu da; %65ek eman dute baiezkoa, behin-behineko emaitzen arabera. Aldiz, kalamua legeztatzeko galdeketan ezezkoa gailendu da, botoen %53 bilduta.
Zeelanda Berrian eutanasia legeztatu dute. Erreferendum bidez erabaki hori hartzen duen lehen herrialdea bilakatu da; %65ek eman dute baiezkoa, behin-behineko emaitzen arabera. Aldiz, kalamua legeztatzeko galdeketan ezezkoa gailendu da, botoen %53 bilduta.
Zeelanda Berriko herritarrek baiezkoa eman diote eutanasiari. Hilaren 17an egin zuten erreferenduma, eta hauteskunde batzordeak gaur jakinarazi ditu behin-behineko emaitzak: horien arabera, %65 agertu dira legezko bilakatzearen alde. Egun berean egin zuten kalamua legeztatzeari buruzko galdeketa, eta horretan, berriz, ezezkoa gailendu da, botoen %53 jasota. Eutanasiari buruzko kontsulta loteslea da, baina Andrew Little Justizia ministroak ohartarazi du legea ez dela indarrean sartuko datorren urteko azaroaren 6a baino lehen. Hortaz, urtebetez, eutanasia legez kanpokoa izango da oraindik; parlamentuaren babesa ere badu, iragan urteko azaroan egindako bozketan diputatuek baiezkoa eman baitzioten. Legearen arabera, datorren urteko azarotik aurrera gehienez sei hilabeteko bizitza geratuko zaienei eragin ahalko diete heriotza, betiere pazienteak hala eskatzen badu modu boluntario eta kontzientean. Testua ACT alderdi liberalaren buruzagi David Seymourrek aurkeztu zuen, eta, galdeketaren emaitza jakitean adierazi duenez, bere herrialdea «adeitsuagoa eta errukiorragoa» bilakatuko da. Zeelanda Berria eutanasia legeztatu duen seigarren herrialdea bilakatu da, eta lehena hori erreferendum bidez egiten duena; Herbehereetan, Belgikan, Luxenburgon, Kanadan eta Kolonbian ere onartu zuten. Lehen ministroa, bien alde Jacinda Ardern lehen ministroa eutanasiaren alde agertu zen, baita kalamua legeztatzearen alde ere. Kasu horretan, parlamentuak ez zuen bozketaren aurretik testurik onartu; litekeena da, halere, horri buruzko lege proiektua aurkeztea eta diputatuei boto askatasuna ematea, nahiz eta galdeketa loteslea den. Erreferendumean baiezkoak irabazi izan balu, 20 urte baino gazteagoek gehienez hamalau gramo erosi ahalko zituzten kalamua saltzeko baimena duten establezimenduetan, edo etxean bi landare hazi; lau, beste heldu batekin partekaturiko etxebizitza baten kasuan. Oraindik 418.000 boto falta dira zenbatzeko, %17 inguru; horrek ez du eraginik izango eutanasiari buruzko erabakian, baina kalamuari buruzkoan aldaketa eragin lezake. Zeelanda Berriko Justizia ministroak, ordea, ez du halakorik espero, «oso gertagaitza» delakoan.
2020-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/189040/euskaraldian-70000-pertsonak-eman-dute-izena-orain-arte.htm
Gizartea
Euskaraldian 70.000 pertsonak eman dute izena orain arte
Izena eman dutenen artean, %20k ez zuten parte hartu I. Euskaraldian. Egoera berezian bada ere parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek.
Euskaraldian 70.000 pertsonak eman dute izena orain arte. Izena eman dutenen artean, %20k ez zuten parte hartu I. Euskaraldian. Egoera berezian bada ere parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek.
Dagoeneko 70.000 pertsonak eman dute izena azaroaren 20an abiatuko den II. Euskaraldian parte hartzeko. Egitasmoa abiatu bezpera arte egongo da aukera ahobizi edo belarriprest rolak hautatzeko, eta antolatzaileek bat egiteko deia egin diete herritarrei. Orain arte izena eman dutenen %20k ez zuten parte hartu ariketa sozialaren lehen aldian. Euskaraldia sustatzen ari diren eragileak jakitun daude egoera berezian egingo dela aurtengoa, COVID-19 gaitzak erasandako giro batean. Baina gogorarazi dute “parte hartzaileen hizkuntza ohituretan eragitea eta bakoitzaren harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea dela helburua”. Hori aintzat hartuta, euskara ulertzeko eta hitz egiteko gai diren herritarrei dei egin diete antolatzaileek: “Bakoitzak bere inguruko harreman sareetan —etxean, lanean, komertzioetan, lagunartean edo Internet bidezko harremanetan— hizkuntza praktikak aztertu eta euskara gehiago erabiltzeko aukera baliatu dezala”. Izena emateko, hiru bide daude: www.euskaraldia.eus webgunearen bidez, herriz herri sortu diren Euskaraldiaren batzordeeetan izena emanez, eta sakelako telefonoetarako sortutako aplikazioaren bidez. Antolatzaileek hiru dei egin nahi dituzte, bereziki: batetik, lehen aldian parte hartu zuten ahobizi eta belarriprest-ei, berriz ere parte hartu dezaten; ariguneetan parte hartuko dutenei, bestalde, gogorarazi diete euren entitateek izena eman duten arren rol batean ala bestean izena emanda egon behar dutela; azkenik, aurreko aldian parte hartu ez zutenei ere dei egin die aurten bat egin dezaten. Orain arte emandako datuak aintzat hartuz gero, aurreikusi daiteke aurtengoak ere erantzun zabala izango duela. 70.000 norbanakok izena emateaz gain, 6.737 entitatetan 25.000 arigunetik gora ere sortuko dira, eta Euskal Herri osoko 421 herritan sortu dira Euskaraldia sustatzeko batzordeak.
2020-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/189041/bergaran-eta-kabiezesen-baheketak-egingo-dituzte-13-eta-40-urte-arteko-herritarren-artean.htm
Gizartea
Bergaran eta Kabiezesen baheketak egingo dituzte 13 eta 40 urte arteko herritarren artean
PCR proba egiteko, herritarrek telefono bidez eskatu beharko dute ordua. Bergaran gaur hasiko dira probak egiten, eta Kabiezesen, bihar.
Bergaran eta Kabiezesen baheketak egingo dituzte 13 eta 40 urte arteko herritarren artean. PCR proba egiteko, herritarrek telefono bidez eskatu beharko dute ordua. Bergaran gaur hasiko dira probak egiten, eta Kabiezesen, bihar.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak Bergarako (Gipuzkoa) eta Kabiezesko (Santurtzi, Bizkaia) 13 eta 40 urte arteko herritarrei PCR probak egiteko eskatu diete, eremu horietan COVID-19a asko zabaltzen ari dela ikusita. Bergaran probak gaur arratsaldean hasiko dira, 16:00etan, eta bihar arratsaldera arte egiteko aukera egongo da, osasun etxean. Hain zuzen, joan den ostiralean sartu zen gune gorrian, eta, Jaurlaritzak eskainitako datuak oinarri, 100.000 biztanleko 1006 positibokoa da intzidentzia tasa azken hamalau egunetan. Proba egin nahi duten herritarrek txanda eskatu beharko dute telefonoz, eta emaitzak SMS bitartez jasoko dituzte. Kabiezesen bihar hasiko dira probak egiten, eta asteazkenera arte edukiko dute horretarako aukera. Herritarrek hor ere telefonoz eskatu beharko dute txanda, eta proba osasun etxean egingo dute. Zehazki, Santurtziko auzo bat da Kabiezes, eta gune gorrian dago, Jaurlaritzaren arabera. 100.000 biztanleko 653 positibokoa da intzidentzia tasa azken hamalau egunetan. Bien bitartean, osasun erakundeek herritarrei eskatu diete koronabirusaren sintomarik edukiz gero etxean bakartzeko eta osasun etxera deitzeko.
2020-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/189042/inaki-bilbao-presoak-gose-greba-utzi-du.htm
Politika
Iñaki Bilbao presoak gose greba utzi du
AEMk azaldu duenez, janaria hartzen hasi da, baina gertukoei adierazi die borroka ez dela «amaitu».
Iñaki Bilbao presoak gose greba utzi du. AEMk azaldu duenez, janaria hartzen hasi da, baina gertukoei adierazi die borroka ez dela «amaitu».
AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak adierazi duenez, Iñaki Bilbao euskal presoak eten egin du atzo arte egin duen gose eta komunikazio greba. 50 egunez eutsi dio protestaldiari; azken egunetan Puerto de Santa Mariako erietxean (Espainia) eduki dute, eta bere borondatearen kontra elikatu dute zunda baten bidez. Atzo erietxetik espetxeko eritegira eraman zuten, eta han zegoela erabaki zuen protesta bertan behera uztea. Jogurt bat eta zopa apur bat hartu zuen. AEMk esandakoaren arabera, Bilbaorekin hitz egiterik izan zuten gertukoek adierazi dute presoa «ahul» zegoela, baina «tinko eta buruargi» era berean. Bilbaok azaldu zien greba utziagatik ere borroka ez dela «amaitu». Irailaren 9an ekin zion Iñaki Bilbao Goikoetxeak gose eta komunikazio grebari, «independentzia eta sozialismoaren alde». Geroztik, hainbat mobilizazio egin dituzte Euskal Herrian presoari elkartasuna adierazteko, eta biharko ere manifestazio eta elkarretaratzeetara deitu du AEMk.
2020-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/189043/berriaren-kanpaina-bergaran-60-saltoki-eta-milaka-erosketa.htm
Gizartea
BERRIAren kanpaina Bergaran: 60 saltoki eta milaka erosketa
'BERRIA zabalik' kanpaina egin dute herrian, eta zozketako irabazleak hauek izan dira: Aitana Gantxegi herrian erosketak egiteko mila euroko bonua irabazi du; eta Lonbide oinetako dendak, mila euroko bonua BERRIAn publizitatea jartzeko.
BERRIAren kanpaina Bergaran: 60 saltoki eta milaka erosketa. 'BERRIA zabalik' kanpaina egin dute herrian, eta zozketako irabazleak hauek izan dira: Aitana Gantxegi herrian erosketak egiteko mila euroko bonua irabazi du; eta Lonbide oinetako dendak, mila euroko bonua BERRIAn publizitatea jartzeko.
Hamabost eguneko kanpaina bat egin dute Bergaran (Gipuzkoa), tokiko merkataritza sustatzeko eta BERRIAren zabalkundean eragiteko. BERRIAk, Bergarako Udalak eta Bedelkar merkatari elkarteak sustatu dute kanpaina, Kutxabanken laguntzarekin. Kanpainaren emaitza oparoa izan da: 60 saltokik eta tabernak hartu dute parte, eta milaka lagunek parte hartu dute zozketan, Bergaran egindako erosketen bidez. Egin dute zozketa, eta hona saridunak: Aitana Gantxegik irabazi du Bergaran erosketak egiteko mila euroko txekea, eta Lonbide oinetakoak dendari egokitu zaio BERRIAn publizitatean erabiltzeko mila euroko txekea. Udalekin eta merkatari elkarteekin lankidetzan jarraitzen du BERRIAk, tokiko ekonomia sustatzearekin batera euskarazko egunkari nazionalarentzako erakusleiho berriak bilatzeko. Azaroaren 2an aurkeztuko da Zumaiako (Gipuzkoa) kanpaina. BERRIAlagunen komunitatean saltoki ugari daude jadanik. Hemen ikus daitezke denak.
2020-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/189044/nafarroako-ekonomia-157-handitu-da-udan-baina-krisian-jarraitzen-du.htm
Ekonomia
Nafarroako ekonomia %15,7 handitu da udan, baina krisian jarraitzen du
BPGaren urte arteko jaitsiera -%6,1era murriztu da, jarduera ekonomikoak izandako erreboteari esker. Industriak eta kontsumoak gidatu dute susperraldia. Aurreikuspenei eusten die gobernuak: urte amaieran -%9 eta -%10,2 bitarteko geldialdia.
Nafarroako ekonomia %15,7 handitu da udan, baina krisian jarraitzen du. BPGaren urte arteko jaitsiera -%6,1era murriztu da, jarduera ekonomikoak izandako erreboteari esker. Industriak eta kontsumoak gidatu dute susperraldia. Aurreikuspenei eusten die gobernuak: urte amaieran -%9 eta -%10,2 bitarteko geldialdia.
Atera bezain laster zaharkituta geratu da Nafarroako estatistika erakundeak (Nastat) erakutsitako argazkia. Lurraldeko ekonomia hazi dela agertu du, inoiz ikusi ez den tamainan, gainera: udako hilabeteetan aurreko hiru hilabeteetan baino %15,7 gehiago. Baina baliteke ilusio huts izatea susperraldi hori, COVID-19aren eboluzioa ikusita eta horri aurre egiteko gobernuak hartzen ari diren eta har ditzaketen neurriek jarduera ekonomikoan izango duten eraginagatik. Gainera, udako datua ona izanagatik ere, krisiek hor jarraitzen dute; Nafarroak pattal hasi zuen urtea, COVID-19ak gogor jo zuen, eta zenbaki gorrietan jarraituko du. Maria Txibiteren gobernuak irailean egindako aurreikuspenaren arabera, urtea -%9 eta -%10,2 artean amaituko da. Irail amaieran, iaz baino -%6,1 txikiagoa izan da urte arteko tasa, ekonomiaren hazkundeak izan duen erritmoa. Modu positiboan interpretatu daiteke datua, lehenengo hiruhilekoko -%3ko eta, bereziki, bigarrengo -%18,5eko jaitsieren ondotik. Nafarroako ekonomian ere errebote efektua egon da, beraz, espero zen moduan, COVID-19ari aurre egiteko neurriak malgutu egin baitziren ekainetik irailera, itxialdiaren ostean. Baina horren benetako tamaina neurtzeko, gogoratu behar da iaz epe berean %2,5eko hazkundea izan zela. Horrek esan nahi du oraingo igoera handia izanda ere, ekonomia oraindik oso motel dabilela iazko martxarekin alderatuz gero. Gauza bera gertatu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: udako errebotea %15,2koa izan da. Baina iazko erritmoetatik oro urrun (%7,7 behetik) jarraitzen du oraindik. Jaurlaritzaren aurreikuspena da %10,1eko jaitsierarekin ixtea urtea. Eurogunean, berriz, BPGa % 12,7 igo da hirugarren hiruhilekoan, apirila eta ekaina bitartean izandako beherakadaren ostean. Urtea hasi zenetik, %4,3koa da jaitsiera. Eurostatek gaur emandako datuen arabera, udan Frantziak (%18,2), Espainiak (%16,7) eta Italiak (%16,1) izan dute igoerarik handiena, herrialde horietan turismoak eta horrekin loturiko jarduerek duten pisuagatik gehienbat. Espainian, etxeetako kontsumoa handitu izana da igoera horren gakoa, Nadia Calviño Ekonomia ministroak azpimarratu duenez. Aurreikuspen ezkorrak Nafarroan, susperraldiaren buruan egon dira eraikuntza eta, bereziki, industria. Nafarroako fabrika nagusiak, Volkswagenek apurka ekin zion berriz ekoizpenari: hiru txandako produkzioarekin abuztuaren 24an hasi zuten, eta ordutik gainezka egon dira. Baina hasi dira geldialdi berri nabaritzen. Kontsumoari buruz, berriz, etxeetakoa apur bat suspertzen hasi zen udan, administrazio publikoenak goraka jarraitu zuen, eta kanpoko eskariaren emaitza positiboa izan zen; aldiz, inbertsioek lozorroan jarraitu zuten. Nastatek ostiral honetan jakinarazitakoa aurrerapen bat izan zen; estatistika zerbitzuak ez zituen aletu sektorekako emaitzak. Abenduaren 23an zabalduko ditu datuok. Ordurako aurreikusi ahal izango da urte amaierako kolpea zenbatekoa izango den. COVID-19aren bigarren olatuak hazkundearen amaiera ekar dezake zerbitzuen alorrera, besteetan, industrian bereziki, baino nabariago. Fabrikek eusten diote oraindik, eta denbora batez iraun dezakete, baina baliteke horiek ere antzematea konfinamenduen eta beste sektore batzuen itxiera partzialen eraginak, kontsumoa nabarmen apaldu daitekeelako. Hala ohartarazi du Elma Saiz Nafarroako Ekonomia kontseilariak. Udako emaitzak espero baino hobeak izan direla adierazi du, baina kezkatuta azaldu da datozen hilabeteetako bilakaerarekin. «Agertokia konplikatu» den arren, gobernuak irailean egindako aurreikuspenik baikorrenari eusten diola esan du. Industriari buruz, baina, ohartarazi du hornidura kateetan arazoak sor daitezkeela, eta gaineratu du dagoeneko hasi direla kanpoko eskariak gutxitzen. Kontsumoaren hazkundean ere etena egongo dela uste du, bereziki merkataritzari eta ostalaritzari ezarritako neurriengatik. Sektore horiek laguntzeko 10 milioi euro inguruko dirusail bat iragarri du Saizek. Zuzeneko laguntzak izango lirateke, eta «datozen asteetan» hasiko lirateke banatzen.
2020-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/189045/ia-2000-kutsatu-egun-bakarrean.htm
Gizartea
Ia 2.000 kutsatu egun bakarrean
20.810 proba egin dituzte Hegoaldean, eta 1.962 pertsonak eman dute positibo. Bizkaian, egoera larriagotu egin da, eta intzidentzia tasak 500 positiboren langa gainditu du, baita Bilbokoak ere. 800 lagun daude ospitalean koronabirusagatik; 140, ZIUan.
Ia 2.000 kutsatu egun bakarrean. 20.810 proba egin dituzte Hegoaldean, eta 1.962 pertsonak eman dute positibo. Bizkaian, egoera larriagotu egin da, eta intzidentzia tasak 500 positiboren langa gainditu du, baita Bilbokoak ere. 800 lagun daude ospitalean koronabirusagatik; 140, ZIUan.
Positibo kopuruen gorakadak ez du etenik, eta berriro ere inoizko daturik handiena erregistratu dute Hego Euskal Herrian. Guztira, 20.810 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta beste 1.962 kasu atzeman, herenegun baino 185 gehiago. Hain zuzen, egindako proba guztien %9,4k eman zuten positibo. Gipuzkoako eta Nafarroako egoera makurra da azken asteetan, eta Bizkaiko egoerari ere ardura handiz erreparatzen ari zaizkio: jadanik gainditu du 100.000 biztanleko 500 positiboren langa (523 positiboko tasa hamalau egunean). Gainera, Bilbo ere multzo horretan sartu da, eta intzidentzia tasa 519 da. Areago, lurralde horretan atzeman dituzte positibo gehienak ere: 605. Gainontzeko lurraldeetan ere gorantz doaz datuak, etengabe. Nafarroan 637 positibo atzeman dituzte, Gipuzkoan 570, eta Araban 140. Araban soilik dago intzidentzia tasa 500etik behera, baina gorantz ari da han ere: 100.000 biztanleko 416 positibo daude, oraingoz. Ospitaleetako egoerari ere erreparatu behar zaio: 800 lagun daude ospitalean. ZIU zainketa intentsiboetako unitatean berriro ere inoizko ospitaleratu gehien erregistratu dira, eta, oraingoz, 140 pertsona daude eremu horretan. Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak, positibo kasuen gorakada oinarri hartu, eta adierazi du Nafarroako egoera «oso zaila» dela. «Egoera sanitarioa eta epidemiologikoa oso kezkagarria da, eta osasun sisteman eragina izaten ari da». Horri aurre egiteko, erantsi du osasun etxe batzuk irekiko direla asteburuetan, lehen arretako zerbitzua eskaintzeko eta COVID-19aren diagnostikoa eta jarraipena egiteko. Iruñeko Mendillorri eta Ermitagaña auzoetako osasun etxeak eta Antsoaingo osasun etxea zabalduko dituzte. Koronabirusaren egoerari buruzko datu xeheak, hemen ikusgai.
2020-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/189046/eppk-prest-dago-espetxe-politikaren-laquodiseinuan-ideiak-eta-konpromisoak-ematekoraquo.htm
Politika
EPPK prest dago espetxe politikaren «diseinuan ideiak eta konpromisoak emateko»
Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko ordezkaria Jon Olarra eta Ainhoa Mujika EPPK-ko zuzendaritzako kideekin bildu da.
EPPK prest dago espetxe politikaren «diseinuan ideiak eta konpromisoak emateko». Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko ordezkaria Jon Olarra eta Ainhoa Mujika EPPK-ko zuzendaritzako kideekin bildu da.
Foro Sozial Iraunkorra eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboa Alboloteko kartzelan (Espainia) batzartu dira gaur goizean, egoerari buruzko gogoetez hitz egiteko. Horien artean, Olarrak eta Mujikak Hernani azaldu diotenez, EPPK prest dago «espetxe politikaren diseinuan ideiak eta konpromisoak emateko». Izan ere, uste dute «adosten ez den diseinu orok porrot» egin dezakeela, eta konpromiso horretan kokatu dituzte hainbat gai: «Preso gaixoak, bigarren graduak, biktimak, hirugarren graduak, sakabanaketaren amaiera, erantzukizun zibilak... Kolektibo honek heldutasun eta konpromiso politiko nahikoa du gauden testuingurua ulertzeko eta, ondorioz, konponbiderako guneetan ekarpenak egin ahal izateko». 2018ko abenduaren 8an batzartu ziren bi aldeak azkenekoz. Sei hilabete ziren Pedro Sanchezen gobernua osatu zenetik, eta denbora bat ematea erabaki zuten, besteak beste, kolektiboa osatzen duten presoei espetxe araudiaren barruan irekitako bidean sakontzeko aukera ematea, gizarteratze ibilbidean izandako «aurrerapenak, blokeoak eta atzerapenak ikuspegi jakin batekin" aztertu ahal izateko. Gero pandemia heldu zen, baina hilabeteotan solaskidetza ez da eten. Foro Sozial Iraunkorrak azaldu duenez, bi aldeek bat egin dute PPren gobernuaren «immobilismo fase luzea gainditutzat» ematearekin eta garai horretako espetxe politika «sakon» aldatzeko beharrarekin, eta baita «konfinamenduaren amaieratik igarotako hilabeteetan egindako urrats apalak kontuan hartzearekin» ere. Gainera, kezka dute gizarteratzeko ibilbidean agertzen ari diren oztopo berrien inguruan, eta bat egin dute EPPK-k «espetxe barruko ibilbidean sakontzearen aldeko apustuarekin». Gaurko bileran, bi aldeek adierazi dute «une garrantzitsua» dela «konponbiderako esparrua definitzeko» eta datozen hilabeteetan presoen auziak izango duen bilakaera zehazteko. Gainera, uste dute «gaur egun baldintzarik onenak» daudela Espainiako Gobernuak «gatibutasun printzipioan oinarritutako politika» gainditzeko eta «errealitate printzipioan oinarritutako esparru berri bat» ezartzeko. EPPKren kexak Bileran, Olarrak eta Mujikak salatu dute presoak «gordinki pairatzen» ari direla COVID-19aren ondorioak, eta egoera hori «are gogorragoa» dela euskal presoen artean, «kolektibo ia osoa urrunduta» dagoelako: «Gobernuak eta espetxeen administrazioak honen aurrean emandako erantzun eskasaren aurrean, EPPK-k uste du egokia litzatekeela lortutako adostasunetan sakontzea, gobernu organoek planteatutako aldarrikapenak gauza ditzaten». Halere, presoen kolektiboak kexa batzuk helarazi dizkio foroari; esaterako, larri gaixo dauden hamasei presoetatik hamahiruk espetxean segitzen dutela eta zigorraren hiru laurdenak beteak dituzten 63 preso daudela. Era berean, 65 urtetik gorako hamazazpi presoetatik hamabosten egoeraz ohartarazi dute, eta baita Kordobako espetxean daudenenaz ere. Halaber, «bereziki kezkagarritzat» jo dute Frantziako auzitegiek eta fiskaltzak Jakes Esnal, Jon Kepa Parot eta Xistor Haranburu «sine die espetxean edukitzearekin duten jarrera». Foro Sozial Iraunkorrak, berriz, kezka azaldu du egungo egoerak gizarteko sektore askotan» eragiten duen «frustrazioarekin» eta egoera hori presoen senitartekoen artean sortzen ari den «birbiktimizazioarekin, presoei aplikatutako espetxe salbuespeneko politikaren zeharkako biktimak baitira senideak». Bestalde, EPPKri eskatu dio «hasitako bidean» jarrai dezala: «Gizarteratze ibilbide bat, kasu askotan lehen emaitzak dagoeneko ematen ari dena. Banakako ibilbide bat, espetxe araudiaren baldintzak errespetatuz, bermeekin urratsak egiteko aukera emango diena».
2020-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/189047/pandemia-kudeatzeko-bi-moduren-erakusgarri.htm
Mundua
Pandemia kudeatzeko bi moduren erakusgarri
Floridan daude Trump eta Biden, estatu gakoetako batean, baina kanpainako ekitaldi erabat kontrajarriak ari dira egiten han. Bidenek latinoamerikarren eta afro-amerikarren botoa mobilizatu nahi du: «Trumpek asko hitz egiten du, baina bost axola die kubatarrek eta venezuelarrek».
Pandemia kudeatzeko bi moduren erakusgarri. Floridan daude Trump eta Biden, estatu gakoetako batean, baina kanpainako ekitaldi erabat kontrajarriak ari dira egiten han. Bidenek latinoamerikarren eta afro-amerikarren botoa mobilizatu nahi du: «Trumpek asko hitz egiten du, baina bost axola die kubatarrek eta venezuelarrek».
Bi ereduren erakusgarri dira Joe Bidenen eta Donald Trumpen kanpainako ekitaldiak. Koronabirusaren pandemiari aurre egiteko bi modelorenak. Izan dira hauteskunde kanpaina polarizatuak Ameriketako Estatu Batuetan, baina sekula ez aurten bezainbeste, ekitaldiak egiteko moduetan, bederen: Bidenek ekitaldiak izugarrizko kontrol neurriekin egiten ditu, baina Trumpek jendetza biltzen den ekitaldiak egin eta egin ari da oraindik. Floridan daude bi hautagaiak; 270etik 29 eserleku banatzen dira han, eta estatu gakoetako bat da. Azken bi asteetan, bigarren aldia da Bidenek Florida bisitatzen duena, eta, adituen arabera, hori egiten ari da hango beltzen eta latinoamerikarren botoa mobilizatzeko asmoarekin. Aurten, parte hartzea sekula baino handiagoa izango dela aurreikusi dute, baina, halere, proportzioan, oraindik ere gehiago dira botoa ematen duten zuriak, beltzen eta latinoamerikarren aldean. «Florida, zuek duzue giltza. Florida urdin bilakatzen bada, amaitu da. Gure demokrazia berreskuratzeko garaia da, izan ginenak izatera itzultzeko garaia», esan du han Bidenek, hautagai demokratak. Ekitaldia ikastetxe bateko aparkalekuan egin du bart, autoetan mantendu den gonbidatu talde murriztu baten aurrean. Afro-amerikarrak eta latinoak mobilizatu nahi ditu Bidenek, baina ez ditu ikaratu nahi ezkerreko gobernuak dituzten herrialdeetatik AEBetara joandakoak. Izan ere, hori da Trump erabiltzen ari den estrategietako bat: Biden buruzagi sozialistekin alderatzea. Demokratak, ordea, argi utzi du ezetz: «Trumpek Putin, Kim Jong Un eta antzeko autokratak defendatzen ditu. Ni, ordea, betidanik borrokatu izan naiz askatasunen alde, eta eskuineko zein ezkerreko diktaduren aurka». Trump, bestela Kubarekiko politika berriak martxan jartzea babestu du Bidenek, eta bere ekitaldian protagonista izan da AEBetan 23 daramatzan bikote venezuelar bat. Haiek, Biden alderatu beharrean, Trump alderatu dute Hugo Chavez Venezuelako presidente ohiarekin: «Chavezek betetzen ez zituen promesekin herria maitemintzeko ahalmena zuen, Trumpek bezalaxe». Bestelakoa izan da AEBetako presidenteak bart egindako ekitaldia. Tampako (Florida, AEB) Raymond James estadioan jendetza bildu du Trumpek, eta azaldu du plan bat duela aste gutxi barru txerto seguru bat eskuetan izateko. Kanpainako gai izarra, nola ez, pandemia kudeatzeko modua da, eta Trumpek abisua eman zien bere jarraitzaileei: «Bidenek irabazten badu, konfinamenduak ezarriko ditu zigor modura». Demokratak agintera iristen badira, Trumpek dio eskolak itxiko dituztela, eta senideekin biltzea debekatuko dutela.
2020-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/189048/gasteizko-gaztetxearen-aldeko-aldarria-egin-dute-dozenaka-eragilek.htm
Gizartea
Gasteizko gaztetxearen aldeko aldarria egin dute dozenaka eragilek
Urri hasieran udaltzaingoak izandako jokabidea salatu dute 50 bat eragilek, eta nabarmendu dute gaztetxeak irekita egon behar duela.
Gasteizko gaztetxearen aldeko aldarria egin dute dozenaka eragilek. Urri hasieran udaltzaingoak izandako jokabidea salatu dute 50 bat eragilek, eta nabarmendu dute gaztetxeak irekita egon behar duela.
Gasteizko gaztetxea zabalik nahi dutela aldarrikatzeko, agerraldi bat egin dute hiriko 50 bat eragilek, Gasteizko Plaza Berrian. Hain zuzen, urriaren 5ean sartu zen Udaltzaingoa gaztetxean, osasun arrazoiak argudiatuta, eta, besteak beste, bertan bilduta zeuden gazteak identifikatu zituen. Eragileek azpimarratu dute gertakari horien atzean ez daudela osasun arrazoiak, baizik eta politikoak: «Hala balitz, espazioa kudeatzen duen asanbladarekin harremanetan jarriko lirateke, protokoloen berri emateko eta horiengatik galde egiteko». Eragile horien arabera, osasun egoeraren jakitun, gaztetxeak «arduraz» jokatzen du, hala egin behar dela ulertzen duelako. Nabarmendu dute sortzaileen, herri mugimenduaren, etxebizitza eskubidearen aldeko edo arrazakeriaren kontrako etxea ere badela gaztetxea, eta, ondorioz, horien jarduna aurrera eramateko gerturatzen direla bertara herritarrak, betiere segurtasun neurriak oinarri hartuta. Areago, COVID-19aren ondorioz ezarritako neurrietan lehentasuna zerk duen ere argi dute, gaztetxea eremu horietatik kanpo utziz: «Ez da negozio bat, ezta enpresa bat ere; balioetan oinarritzen da. Ulertzen dugu, honek zuen logika hankaz gora jartzen du, badakigu zeintzuk diren zuen lehentasunak». Kideek aitortu dute «zorionez» gaztetxea ez dagoela instituzioek kudeatzeko duten gaitasunaren menpe. Gasteizko eragile horien arabera, Gasteizko gazteek eskatzen dute «antolatu eta ekiteko espazio bat», eta, beraz, gaztetxeko atea irekita mantendu behar dela aldarrikatu dute. «Ate bat zabalik elkartasunari, ate bat zabalik protestari, ate bat zabalik Gasteiz aldarrikatzeari, ate bat zabalik sormenari, ate bat zabalik ardura sozialari».
2020-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/189049/70-urteko-mendizale-baten-gorpua-aurkitu-dute-onatin.htm
Gizartea
70 urteko mendizale baten gorpua aurkitu dute Oñatin
09:30ean, gorpuarekin topo egin du beste mendizale batek, erreka baten alboko sakan batean.
70 urteko mendizale baten gorpua aurkitu dute Oñatin. 09:30ean, gorpuarekin topo egin du beste mendizale batek, erreka baten alboko sakan batean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gaur 09:30ean 70 urteko mendizale bat hilda aurkitu dute Oñatin (Gipuzkoa), Iturrigorri inguruan. Oinez zebilen beste mendizale batek eman du abisua; erreka baten alboko sakan batean aurkitu du gorpua. Erreskate lanetan parte hartu dute Ertzaintzaren kanpaina eta helikoptero unitateek eta suhiltzaileek, baina gune horretan zuhaitz asko dagoela eta, gorpua ohatila batean atera dute handik, Arantzazuko santutegiko aparkalekuraino.
2020-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/189050/alestisen-77-behargin-kaleratuko-dituzte-urtea-amaitu-aurretik.htm
Ekonomia
Alestisen 77 behargin kaleratuko dituzte urtea amaitu aurretik
CCOO eta UGT sindikatuek erregulazio espedientea adostu dute enpresarekin. Miñaoko langile batzordeak esan du erabaki «traumatikoa» dela, eta gaitzetsi egin du.
Alestisen 77 behargin kaleratuko dituzte urtea amaitu aurretik. CCOO eta UGT sindikatuek erregulazio espedientea adostu dute enpresarekin. Miñaoko langile batzordeak esan du erabaki «traumatikoa» dela, eta gaitzetsi egin du.
Atzerako kontaketa amaitu da Alestisen: urtea amaitu aurretik 77 langile kaleratuko dituzte Miñaoko parke teknologikoko lantegian, langile guztien erdiak ia. Langile batzordeak gogor gaitzetsi du CCOO eta UGT sindikatuek enpresarekin adostutako enplegu erregulazioa: erabaki «traumatikoa» eta «onartezina» dela iritzi diote, eta adierazi dute azkeneraino jarraituko dutela beren lanpostuen defentsan. Neurriak talde osoari eragiten dio, eta 156 langile joango dira langabeziara guztira. Gasteizkoa izango da, baina, denetan kaltetuena, Cesar Gomez langile batzordeko presidenteak (LAB) gogorarazi duenez: 56 langile zuzenean kaleratuko baitituzte, eta 21 izango dira borondatez kalera joango direnak edo erretiro aurreratua hartuko dutenak. Langile batzordeak salatu du enpresak «xantaia» egin diela langileei; borondatezko kaleratzeak eta erretiro aurreratuak baldintza «barregarrietan» onartzera behartu dituzte, jakitun «baldintza okerragoetan» egindako kaleratzeak izango liratekeela alternatiba. Alestisek abuztuaren 25ean jakinarazi zuen erregulazio espedientea abiatuko zuela. Eta aeronautikaren sektorea bizitzen ari den krisia argudiatu zuen orduan kaleratzeak justifikatzeko. Alegia, aire trafikoa murriztearen ondorioz aire lineek eskaerak murriztu eta bertan behera utzi dituztela, eta, ondorioz, horrek hegazkingintzako hornidura kate osoari eragin diola. Besteak beste, Airbus, Boeing eta Embraer konpainientzat lan egiten du Alestisek. Langile batzordeak uste du, baina, ez dagoela erregulazio espedientea arrazoitzen duen «arrazoi estrukturalik», eta uste du arazoa «momentu puntual honetan» falta duten lan karga dela soilik. «Alestisen ez dago inor sobran», esan du Gomezek. Eta gogor gaitzetsi du negoziazioa «estatu mailan» egin izana, lantegi bakoitzarekin egin beharrean. «Hemen lan egiten dugu, eta hemen negoziatu behar dugu; inork ez digu ezer inposatu behar». Gomezek adierazi du langileen erdiak geratuko dela Arabako plantan, eta uste du arriskuan egon litekeela lantegiaren etorkizuna. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiri inplikatzeko eskatu die: «Bertan sortutako enpresak dira, bertakoak, eta bertako langileak dituztenak. Eta deslokalizazio arriskuan daude».
2020-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/189051/urkulluk-voxekin-hasiko-du-bilera-sorta-asteartean.htm
Politika
Urkulluk Voxekin hasiko du bilera sorta, asteartean
Legealdirako erronka nagusietan «lankidetza eraginkor bat» izateko batzartuko da Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde guztiekin, txikienetik hasita.
Urkulluk Voxekin hasiko du bilera sorta, asteartean. Legealdirako erronka nagusietan «lankidetza eraginkor bat» izateko batzartuko da Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde guztiekin, txikienetik hasita.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Vox taldeko Amaia Martinez legebiltzarkidearekin batzartuko da asteartean; Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten taldeekin abiatuko duen bilera sortako lehena izango da. Txikienetik hasita, talde guztiekin biltzeko asmoa du lehendakariak, legealdirako erronka nagusietan «lankidetza eraginkor bat» izateko asmoz. Lehendakaritzako iturriek jakinarazi dute Urkulluk gutun bat bidali ziela atzo oposizioko taldeei eta Eusko Jaurlaritza sostengatzen dutenei, bilera sortaren berri emateko. Lehendakariak uste du sailburuak egunotan legebiltzarrean egiten ari diren agerraldien eta gobernu kontseiluaren erabakien ondoren «lan oinarri nahikoa» badela, «sendoa eta zehatza», legealdiko ikuspegi zabalarekin bilera sorta bati ekiteko. Bilera guztiak adostu gabe daude oraindik, eta lehendakaritzak aurrerago jakinaraziko du noiz bilduko den Urkullu talde bakoitzarekin.
2020-10-31
https://www.berria.eus/albisteak/189052/zordun-handi-gutxiago-daude-baina-zor-handiagoa-dute.htm
Ekonomia
Zordun handi gutxiago daude, baina zor handiagoa dute
Eraikuntzan huts egindako proiektuen bultzatzaileak dira zordun handienak, Lagilur (80 milioi) eta Iurbenor (52 milioi) buru dituztela.
Zordun handi gutxiago daude, baina zor handiagoa dute. Eraikuntzan huts egindako proiektuen bultzatzaileak dira zordun handienak, Lagilur (80 milioi) eta Iurbenor (52 milioi) buru dituztela.
Ohi baino hiru hilabete beranduago iritsi da aurten zordun handien zerrenda, koronabirusaren ondorioz beranduago argitaratzea erabaki baitzuten Bizkaiko eta Arabako aldundiek. Ez, ordea, Gipuzkoak, legeak finkatzen duen epean argitaratu baitzuen, ekainaren 30 baino lehen. Hiru aldundien ogasunei milioi bat euro baino gehiago zor dieten enpresak eta norbanakoak agertzen dira zerrenda horretan. Kasu honetan, 2019ko abenduaren 31n zor hori zutenak dira. 250 izen ageri dira zerrenda horretan (2018an baino hemezortzi gehiago), eta 850 milioi zor dizkiete ogasunei (48 milioi euro gehiago). Zordun handienetan handiena berria da zerrenda horretan, Lagilur SL izenekoa. 2015. urtean likidatutako enpresa bat da, eta aurretik Yeregui Desarrollo SL izena zuen. Gipuzkoa Donostia Kutxak Yeregui taldearekin Espainia hegoaldean bultzatutako proiektu turistiko bati lotutako zorra da. 5.000 etxebizitza turistiko eta golf zelaiak egiteko asmoa zuten, eta lurra ere erosi zuten, baina lur horretan eraikitzeko baimenik ez zuten lortu, eta operazioak huts egin zuen. Iurbenor, Moldis... Aurrera egin ez zuten hainbat etxegintza proiektutan aritu zen Iurbenor enpresa ere, Jabyer Fernandez enpresaburu bizkaitarrarena. 52 milioi euro zor zizkion 2018ko abenduan Bizkaiko ogasunari, eta zor hori bera zuen 2019 amaitutakoan ere. Eraikuntzako enpresa eroriak dira zerrendako aurreneko postuetan dauden beste batzuk ere: 20,4 milioi zor ditu Moldis Echarrok, hamazazpi Abaroak eta Goya Sesenta Y Nuevek, 11 Urko Urbasak... Eraikuntza sektorekoak dira norbanakoen artean zor handia dutenak ere: 31,4 milioi zor dituzte Jose Ramon eta Juan Miguel Osinalde anaiek. Zerrendan urtebete baizik ez du egin Bilbao Basket saskibaloi taldeak. 2018 amaieran 3,4 milioi euro zor zituen, baina horren zati handi bat kitatu du jadanik.
2020-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/189053/gutxienez-lau-hildako-utzi-ditu-lurrikara-batek-turkian.htm
Mundua
Gutxienez lau hildako utzi ditu lurrikara batek Turkian
Richter eskalako 6,6 eta 6,8 arteko indarra izan du mugimenduak. Egeo itsasoan egon da epizentroa, Greziako Samos irlatik gertu.
Gutxienez lau hildako utzi ditu lurrikara batek Turkian. Richter eskalako 6,6 eta 6,8 arteko indarra izan du mugimenduak. Egeo itsasoan egon da epizentroa, Greziako Samos irlatik gertu.
Euskal Herrian 13:51 zirela gertatu da ezbeharra. Richter eskalako 6,6 graduko lurrikara batek Greziako Samos irla mugiarazi du, Greziako Geodinamika Institutuaren arabera. Sismoa Grezia kontinentalean eta Turkian ere sumatu da. Bigarren herrialde horretan, 6,8 graduko indarrarekin sumatu da, gainera. Kalteak ere larriagoak izan dira. Hogei eraikin inguru bota ditu Esmirnan, Turkiako mendebaldeko kostaldean. Gutxienez lau lagun hil dira han, eta beste 120 inguru zauritu, Turkiako Gobernuaren arabera. Lurrikarak Egeo itsasoan izan du epizentroa, Esmirnatik hamazazpi kilometro ingurura eta hamar kilometroko sakoneran —16,5 Turkiako Larrialdi eta Hondamendietarako Erakundearen arabera—. 30 segundo luze iraun du. Atenasen ere sentitu da, epizentrotik 300 kilometrora. Gainera, beste 33 erreplika ere izan dira, horietatik hamahiru 4 gradutik gorakoak. Samos irlan kalte materialak izan dira nagusi, baina ez dute biktimen berri eman. Halere, tsunami abisua bidali dute uharteetara, eta Egeo Iparraldeko gobernuak itsasotik gertu dauden errepideetatik ez bidaiatzeko eskatu du. Okerragoa izan da Turkiako kostaldean izan duen eragina. Esmirnan eginiko kalteez gain, inguruko Usak, Deizli, Manisa, Balikesir, Aydin eta Mugla probintzietan ere arrastoa utzi du. Bayraki hirian, hiru lagun erreskatatu dituzte eroritako eraikin baten artetik, Fahrettin Koca Osasun ministroaren esanetan. Esmirnan ere jendea eraikinen azpian harrapatuta dagoela baieztatu du Murat Kurum Ingurumen eta Hirigintza ministroak. Kostaldeko hainbat hiri ere ebakuatu egin dituzte, tsunami arriskuagatik. Urak Seferihisar hiria hartu du, bat-batean metro bat gora egin baitu. Halere, ez da olatu handirik iritsi kontinentera, eta kalte materialak bakarrik eragin ditu. Recep Tayyip Erdogan presidenteak babesa adierazi die biktimei, eta nabarmendu «erakunde guztiak» mobilizatu dituztela. Turkia mugimendu sismiko handiko eremuan dago, Anatolia eta Eurasia plaka tektonikoak elkartzen diren lekuan. Ohikoak dira lurrikarak eremu hartan. Besteak beste, herrialdeko ipar-mendebaldean dagoen Golcuk herria epizentro izan zuen 7,7 graduko lurrikarak 17.000 heriotza eragin zituen 1999an. Inguruan gertatutako azken lurrikara handia, berriz, urtarrilean izan zen, Turkiaren menpeko Kurdistanen, zehazki Malatya eta Elazig probintzietan. 41 lagun hil ziren, eta 1.600 inguru zauritu.
2020-10-31
https://www.berria.eus/albisteak/189054/paseo-bat-eman-nahi-dute-bertzeek-bezala.htm
Gizartea
Paseo bat eman nahi dute, bertzeek bezala
Zainduz elkartea sortu dute zahar etxeetako egoiliarren senide batzuek, haien eskubideak defendatzeko asmoz; manifestaziora deitu dute gaurko, Iruñeko Erruki Etxearen aurrean. Egoitzen barruko neurriak malgutu ditzaten eskatu dute, eta pertsona erdigunean jarriko duen eredu publiko bat.
Paseo bat eman nahi dute, bertzeek bezala. Zainduz elkartea sortu dute zahar etxeetako egoiliarren senide batzuek, haien eskubideak defendatzeko asmoz; manifestaziora deitu dute gaurko, Iruñeko Erruki Etxearen aurrean. Egoitzen barruko neurriak malgutu ditzaten eskatu dute, eta pertsona erdigunean jarriko duen eredu publiko bat.
Ez du deus falta, baina dena falta du. Hori da Andresa Azpirozek Iruñeko Erruki Etxean duen sentsazioa. Gloria Lakidain Azpiroz bere alabaren bitartez zabaldu nahi izan du zahar etxeko giroa: «Zaintzen gaituzte, bai. Baina nik paseo bat eman nahi dut, bertzeek bezala. Itxita gaude». Azpirozen familia da Nafarroan sortu berri duten Zainduz elkarteko kideetako bat. 30 familia inguruk egin dute bat zahar etxeen egoera salatzeko, eta egoitza horietako egoiliarren eskubideak defendatzeko. «Kolektibo isila eta isilarazia da zaharrena». Zaharren ahotsen bozgorailu izateko sortu dute senideek Zainduz; manifestaziora deitu dute gaurko, 12:00etan, Iruñeko Erruki Etxean. Batetik, elkarteko kideek eskatu dute egungo osasun krisiagatik zaharren egoitzetan indarrean diren neurrien inguruko gogoeta egin eta neurri horiek malgu ditzaten; eta, bertzetik, zahar etxeetarako pertsona erdigunean jarriko duen eredu publiko bat aldarrikatu dute, pandemiak agerian utzitako gabeziak gainditzeko. «Helburua dirua denean, egoiliarrak dira galtzaile». Azkeneko asteotako datuek erakutsi dute pandemiak okerrera egin duela, eta martxoko egoerara itzuliko ote diren beldur dira zahar anitz. Gloria Lakidain Azpiroz: «Gure zaharren osasun emozionala eta mentala erabat bazter utzi dute» Gloria Lakidain Azpirozek egunero hitz egiten du amarekin, Andresa Azpirozek sakelako telefono propioa duelako. Iruñeko Erruki Etxeko hesira joaten da egunero, gainera, ama lorategira ateratzen denean ikusi ahal izateko. «Etsita dago. Beldur nagusi bat du: berriz ere gelan itxi behar izatea, martxoan bezala». Azpiroz duela bi urte ailegatu zen Erruki Etxera. «Egoiliarrak beren geletan itxi zituztenean, amak handik ateratzeko eskatu zigun; geldituz gero, hilko zela. Ez gaitzak jota, baizik eta penaz», azaldu du Lakidainek. Hiru hilabeteko baimena eskatu zuen lantokian, eta, bertze senideen laguntzarekin, ama zaintzeko aukera izan zuen. Uztailaren 20an itzuli zen zahar etxera; urriaren 2tik, egoitzaren hesitik kanpora ezin dira atera egoiliarrak, eta bisitak jasotzeko aukerarik ere ez dute. «Herritarrentzat gomendio direnak, zahar etxeetako egoiliarrentzat agindu zorrotz bilakatzen dituzte. Itxita ere ez dute lortu birusa zahar etxeetan ez sartzea, eta bakartzeak eragin dizkien kalteak ez dituzte kontuan hartu», salatu du Azpirozen alabak. Martxoko konfinamendu gogorrak utzitako aztarnak agerikoak direla azaldu du Lakidainek: «Ibiltzeko gai zenak orain makulua behar du, eta makulua zuenak, aulkia». Dementziaren bat jota direnek inolako estimulurik ez dute jaso denbora luzez, «eta sumatzen da. Gure zaharren osasun emozionala eta mentala erabat bazter utzi dute». Bixen Gomez: «Langileek ahal zutena egiten zuten, baina baliabideak urriak ziren» Bixen Gomezen ama apirilaren 5ean zendu zen, Iruñeko Oblatasko zahar etxean. Semea azken agurraren orduan deitu zuten, egoitzara joan zedin. Buruan eta bihotzean iltzatuta gelditu zaizkio egun hartakoak. «Ailegatu nintzenean, Iratxe beilatokian lan egiten duen lagun batekin egin nuen topo. Lur jota zegoen. ‘Hilotz bat jasotzera etorri naiz, eta hiru eramanen ditut; gainezka gaude’, erran zidan». Egoitza barruan, zuzendaria aurkitu zuen Gomezek pasabidean. «Egoitzako bertze langile batzuekin zegoen; elkarri begira gelditu ginen denok, eta negarrez hasi ginen». Behar bezala jantzi eta gero, gelan sartzen utzi zioten. Ordu luzez egon zen amaren ondoan. «Sedatuta zegoela erran zidaten, baina nik ez nuen hagitz lasai sumatu. Eskutik heltzen nion, muxuak ematen nizkion, baina beldur nintzen. Egoerak gainezka egin zidan; desesperatuta nengoen; inork erran baino lehen, alde egin nuen. Ezin izan nion eutsi». COVID-19arekin gaixotu zen Gomezen ama, baina ez zuen sintoma larririk izan. Hobera egin eta gero, hanka batean izandako enboliak eraman zuen. Alzheimerrak jota zen emakumea, eta horregatik eraman zuen familiak zahar etxera, hamalau urtez etxean zaindu eta gero. Pandemia ailegatu zeneko kezka fresko du buruan Gomezek. Bisitak murriztu zituztenekoak, eta egoiliarrak nor bere gelan itxi zituztenekoak, azkenean. «Hilabete eta erdiz egon ginen ama ikusi gabe. Erraten dute alzheimerra dutenak ez direla gertatzen denaz ohartzen, baina ez nago ados. Ezagutzen ez gintuenean ere, amak sentitzen zuen zaintzen genuela, eta eskertzen zuen. Hamaika bideo ditut zahar etxean grabatuak; ama barrez eta kantuan ageri da». Hori guztia pandemiarekin batera desagertu zen. Osasun krisiak eragindako ziurgabetasuna bereziki sentitu zutela dio Gomezek. «Egoitzako arduradunek erraten ziguten Nafarroako Gobernuak ezarritako neurriak bete bertzerik ez zutela egiten; gobernutik ez zen inolako biderik ezarri senideokin harremanetan izateko. Informazioa behar genuen, eta ez genuen jasotzen». Egoerak, gainera, agerian utzi zituen aurretik zeuden bertzelako gabeziak: «Langileek ahal zutena egiten zuten, baina ezin zuten behar bezalako arreta eman, baliabideak urriak zirelako». Gomezek argi du berehalako neurriak behar direla, eta horregatik egin du bat Zainduz elkartearekin. «Psikologoak behar dira zahar etxeetan, senideei informazioa helarazteko bideak behar dira, eta familien iritzia kontuan hartu behar da». Urgentziazko auziez harago, Gomezek garbi dauka zahar etxe anitzetan dauden egungo gabeziak indarrean den ereduaren ondorio direla: «Egoitza handiak egiten dira, dirua irabazteko asmoz. Zaharren interesak lehenetsiko dituen eredu publiko bat behar dugu». Amaia M.: «Zaharrek ahalegin handia egin dute, eta horrek baditu ondorioak» Amaiaren gurasoek duela hamazazpi urte erabaki zuten zahar etxe batera joatea. Aita duela hamabi zendu zen, eta amak egoitzan segitzen du, El Vergel zahar etxean. Amaia ez du benetako izena. Nahiago du ez erran, ama egoitzan izan ditzakeen ondorioen beldur delako. «Ez mugitzeko eskatu digu». Pandemia ailegatu aurretik, familiak egunero egiten zion bisita. «Burua ederki du; beti bazen norbait amarekin, paseoak emateko, laguntzeko», azaldu du Amaiak. Koronabirusak dena jarri du hankaz gora, eta aurrean aurkitu duen egunerokoa «biziki gogorra» dela nabarmendu du: «Batetik, eskertzen dugu gure gurasoak kutsa ez daitezen egiten duten ahalegina; baina, bertzetik, konturatzen gara zaharrek egin beharreko ahalegina hagitz handia dela, eta badituela bertzelako ondorioak». Martxoan alarma egoera ezarri zenean, ekainera arte egon ziren senideak zahar etxera bisitak egin gabe. Abuztuaren 19tik, astean behin joaten hasi ziren: «Pertsona bakarra joaten ahal zen, ordubetez». Urriaren 2tik, ezta hori ere. Egoera hori dela, Amaiak eta haren senideek ezin dute egon deus egin gabe. Amak ez mugitzeko eskatu arren, Zainduz elkartean dira, egoitzen barruko baldintzak hobetzeko asmoz. «Ematen du zaharrek beren eskubideak galtzen dituztela sartzen direnean. Jarduera oro moztu diete; egonean dira, etsita, eta familia ikusi gabe. Tristuraz hiltzeko beldur da ama». Amaiak argi du baliabide kontua dela konponbide nagusia: «Langileek ahal dutena egiten dute. Behar dira baliabideak, bisitak jaso ditzaten segurtasunez, eta beren eguneroko jarraitzeko aukera izan dezaten». Leire A.: «Ez dute deus egin; sistemak ez ditu zaharrak kontuan hartzen» Amaiaren amak duen kezka bera du Leirerenak ere: «Protestarik ez egiteko eskatu digu; kexatuz gero, zahar etxetik botako ote duten beldur da». Horregatik, Amaiak bezala, nahiago izan du benetako izena ez eman. Eta hark bezala, amak kontrakoa eskatu arren, Zainduz elkartearekin egin du bat, amak dituen kezkak eta beldurrak uxatuko dituen zahar-etxe eredu baten alde lan egiteko. Zaharren egunerokoan ezarri dituzten neurrien inguruan, Leirek garbi du bere sentimendua hobekien azaltzen duen hitza zein den: «Krudelkeria». «Amaren osasun mentalari eragin dio gertatu den guztiak; egun oro azkena izan daiteke zaharrentzat, eta gozatzeko aukera behar zutenean, senideen bisita edo laztana jasotzekoa ere ukatzen diegu», erantsi du Leirek. Burlatako Landazabal zahar etxean da haren ama. Pandemiak aurretik zeuden arazoak are larriago bilakatu dituela azaldu, eta «osasun krisiaren aitzakian» gertatu direnak gogor salatu ditu: «Lehendik eskasa zen lantaldea, eta orain are gehiago; egoiliarrak beren geletan bakartu zituztenean, ezin onar daitezkeenak gertatu ziren: nire ama berea ez zen gela batean itxi zuten, adibidez». Zalantzan jarri du Leirek zahar etxeetan indarrean diren neurri anitz legezkoak ote diren, eta saminez erran du zentroko arduradunek ez dituztela egoiliarren interesak defendatu, neurri horien aurrean: «Ez dute deus egin. Sistemak ez ditu pertsonak kontuan hartzen». Mari Jose Armendariz: «COVID-19a baino ez dago; gainerakoak desagertu egin dira» Mari Jose Armendarizen amak alzheimerra du, eta aulki bat behar du mugitzeko. Gaitzak baino gehiago eragin diote koronabirusaren pandemiak Tafallako zahar egoitzan ezarritako murrizketek, halere, alabaren ustez: «COVID-19a baino ez da existitzen; ematen du gainerako gauza guztiak desagertu egin direla». Egoiliarren kalitatezko bizi baldintzei eusteko behar den lana eten da pandemiaren ondorioz, eta neurriek ezarritako murrizketek «etsipenez eta tristuraz bete dute zahar etxea». Urriaren 2tik, egoitzako hesiaren bertzaldetik ikusi behar du Armendarizek ama, aukera ematen diotenean. «Hilabeteotan jaso ez duen arretak eragin dio, eta gero eta zailagoa zaio komunikatzea; maskararekin, eta hesien artean, gainera, dena da are zailagoa». «Gizarteari ez zaizkio zaharrak inporta, eta Nafarroako Gobernuari ere ez. Segurtasun neurriak hartuta, eta baliabideak jarrita, posible da gure zaharrak bertze modu batera artatzea. Osasun krisia hasi zenetik ukatu diegu herritik paseatzeko aukera, ukatu diegu senideen eskuari heltzeko aukera», erran du, saminez. Bisiten auzia lehenbailehen konpondu behar dela garbi du Armendarizek. «Egoiliarrek senideen berotasuna sumatu behar dute; gobernuak malgutasunez jokatu beharko luke, eta behar diren baliabideak jarri, gure zaharrak bakarrik egon ez daitezen. Gizarteak abandonatu dituen sentsazioa dut». Zahar etxetik informazioa jasotzen dutela azaldu du Mari Jose Armendarizek, baina egoitzako arduradunei eskatu die presioa egin dezatela Nafarroako Gobernuak murrizketak arindu ditzan. «Zaharrek duintasuna behar dute egoitzetan; kalitatezko bizi baldintzak, eta familiaren berotasuna».
2020-11-1
https://www.berria.eus/albisteak/189055/helburua-da-hizkuntza-bere-aldaera-guzietan-entzutea.htm
Bizigiro
«Helburua da hizkuntza bere aldaera guzietan entzutea»
Biarnon, Gersen eta Bigorran hedatzen du Paueko Radio Pais okzitanierazko irratiak. Lartigot berriki hasi da Angelun kazetari gisa, irratian Aturri behereko eta Landetako berrien emateko.
«Helburua da hizkuntza bere aldaera guzietan entzutea». Biarnon, Gersen eta Bigorran hedatzen du Paueko Radio Pais okzitanierazko irratiak. Lartigot berriki hasi da Angelun kazetari gisa, irratian Aturri behereko eta Landetako berrien emateko.
Asi Gasconha elkarteko laguntzaileek aspaldian emankizun bat ekoizten dute Angelutik, Gure Irratiak urteetan hedatu zuena. Gaur egun, Radio Paisek hedatzen segitzen du. Duela hiru urte, Aturri behereko eremuan Radio Paisen adarraren sortzeko asmoa etorri zen. 2020an Euskal Hirigune Elkargoak 4.700 euroko diru laguntza emanik sortu dute, Asi Gasconhak Manex Goihenetxe kultur etxearekin eta Asti Denborako Unibertsitatearekin partekatu Angelu Tivoliko kulturgunean. Han dauka estudioa Fanny Lartigot kazetariak (Tarnose, Okzitania, 1986). Landetarik, Akizeko hiriguneak, Chalosseko lurraldekoak eta Luys eremuko herri elkargoak ere diru laguntzak eman dizkie. Landetako departamendu kontseiluak, haatik, ez die onartu. Radio Pais Gaskoiniako elkarte irratia da, eta estudio nagusia Pauen dauka, baina beste lurraldeetan ere baditu adarrak? Irratia 1983an sortu zen, Pauen. Helburua da egin ahala informazioa zabaltzea gaskoi eta biarnes okzitanieraz. Adar bat bada Biarnon, bat Gersen eta beste bat Bigorran. Radio Pais federazio bat bada, tokiko elkarteak biltzen dituena. Azkenik, 2017tik sortua da Radio Pais Lanas e Baish-Ador, Landetako eta Aturri behereko Radio Pais. Helburutzat daukagu frekuentzia bat lortzea eremu horretan. Galdea egin genion CSA erakundeari 2019an, frekuentzia ukaiteko Baionako eta Mont-de-Marsaneko aldeetan; zoritxarrez, ez zaigu onartua izan. Berriz entseatuko gara 2021ean. Zenbat langile zarete? Zer programazio egiten duzue? Eremu guzien artean, zortzi langile gara. Gau eta egun hedatzen dugu. Goizeroko zuzenekoa badugu, 09:00etatik aitzina, Lo Gran Descluc izenekoa (Iratzartze handia). Gero, herri bilketa lanen inguruko saio bat, musika emankizunak, kulturazkoak; Hego Ameriketako kulturei buruzko emankizuna ere bada, ezen nahi duen orok proposa dezake emankizun bat boluntario gisa. Berrogei bat boluntariok parte hartzen dute, nonbaitan. Zuk zer programa egiten duzu irratirako? Aktualitateari buruzko oren bateko emankizuna egiten dut, larunbatetan, 13:00etan hedatua dena irratiko frekuentzia guzietan; baita www.radiopais.fr atarian ere; podcast moduan ere entzun daiteke. Que s’ei passat a noste du izena. Goizerokoan ere sartzen naiz, ostiraletan, Aturri behereko eta Landetako aktualitatea aipatzeko. Heldu den astetik goiti, berri saila aurkeztuko dut ostegun goizetan. Hizkuntza aldetik zer irizpide duzue okzitanierarekin edota dialektoekin? Irekia da. Helburua da, zinez, hizkuntza bere aldaera guzietan entzutea. Goizerokoan berean kazetari bat biarnesez ari da, beste bat Bigorrako hizkeran; Gersekoak haien hizkeran ari dira. Aberastasun horren entzutea da interesgarria. Zuk ama hizkuntza duzu okzitaniera? Ez. Nahiko nuen. Haurrean entzuten nuen, aitak mintzo baitzuen. Ama Pirinio Garaietakoa zuen. Nik Bordelen ikasi nuen, fakultatean nintzelarik, Atzerri Hizkuntza Aplikatuen ikasketetan. Hautuzko hizkuntza gisa bazen okzitaniera. Euskal Elkargoak laguntza berezia eman dizue. Daukagun diru laguntzarik handiena Euskal Elkargoak eman diguna da. Badakizue zenbat entzule dituen Radio Paisek? Ez. Entzule inkestak izugarri kario direnez, ezin dugu egin. Interneteko atariko bisitariak jakin ditzakegu bakarrik: 3.000 bisitari egunean. Elkarrizketak egitean, hiztun okzitaniarrak bilatzen dituzu, edo hedatzen duzu frantsesez ere? Helburua da bakarrik gaskoiez hedatzea, baina gai batzuetan zaila da hiztunen aurkitzea. Halere, elkarteko kideei esker ahoz aho ezagutzen ditut hiztunak. Baina hor hirugarren astea da emankizunean bi hiztun ditudala gaskoiez eta bat frantsesez. Garrantzitsuena zait lurraldeko aktualitatea aipatzea. Galderak gaskoiez egiten ditut, eta ez dakitenak uzten ditut frantsesez mintzatzen, baina laburrago sartzen ditut, nihaurrek osatuz sarrera eta bukaera. Gero, hori aldatu da. Duela zortzi urte oraino, ez zen batere frantsesik hedatzen goizeko zuzenekoan. Itxaropena badut aurkituko ditudala denborarekin; xerkatu behar da. Irratiko saioak entzutearekin, ohartzen gara ez dela kasik gizon bozik baizik. Emazte arras guti zarete. Egia da, berehala ohartu natzaio horri. Alta, duela zortzi urte lan egin nuen jada Radio Paisen, eta bi emazte eta bi gizon ginen. Aski harro naiz emazte bozak berriz ekartzen ditugulako. Tarnosekoa naiz sortzez, eta, hemen, gaskoi hiztunak gizon zaharrak ziren bakarrik. Biarnon, hiztunak diren gazte belaunaldikoen artean, gizon bezainbat emazte gaztek mintzo dute. Pauerat heltzean harritu ninduen horrek. Hamar bat Calandreta badira Biarnon —murgiltze ereduko elkarte eskolak—, gela elebidunak. CFPOC egiturak gau eskola batzuk ere baditu, aldiro bost-hamar bat lagun biltzen dituzten gelekin.
2020-11-2
https://www.berria.eus/albisteak/189056/gaua-bizibide-dutenak-atakan.htm
Gizartea
Gaua bizibide dutenak, atakan
Ezinbesteko diru iturria da gaua zenbait sektoretako langileentzat. Etxeratze aginduak eta gainerako neurri murriztaileek eragin zuzena dute haien jardunean. Iturri hori itxita, berriak zabaltzea nahi dute, eta kaltetutako sektoreei begirako neurriak eskatu dituzte.
Gaua bizibide dutenak, atakan. Ezinbesteko diru iturria da gaua zenbait sektoretako langileentzat. Etxeratze aginduak eta gainerako neurri murriztaileek eragin zuzena dute haien jardunean. Iturri hori itxita, berriak zabaltzea nahi dute, eta kaltetutako sektoreei begirako neurriak eskatu dituzte.
Elena Guinea, tabernaria: «Plan integral bat eskatzen dugu, arazoa errotik konpontzeko» Neurri murriztaile forma izan dute hasieratik COVID-19ari aurre egiteko ostalariei aplikatutakoek, Elena Guinea (Donostia, 1967) Donostiako Parte Zaharreko Aurresku tabernaren jabeak dioenez: «Pixkanaka, gero eta neurri zorotzagoak ezarri dizkigute, eta aldiro onartu ditugu eta egokitu gara». Hartutako erabakiekin batera ez zaie heldu, ordea, horien ondorioak arintzeko planik edo laguntzarik: «Prebentzioagatik itxi edo ordutegia moldatu behar badugu, onartuko dugu, baina uste dugu, horiekin batera, bestelako neurriak ere hartu behar direla. Plan integral bat eskatzen dugu, arazoa errotik konpontzeko». Halakorik ezean, komertzio eta taberna asko «bidean» geratuko direla uste du. Establezimendu batetik bestera egoera aldatzen dela aitortu duen arren, ohartarazpena egin du Guineak: «Egoera oso kritikoa da, eta oso orokorra». Gaueko giroari begira egiten dute lan Aurresku tabernan, batez ere, eta, hortaz, neurri murriztaileek bete-betean eragin diete. Udako jaietan ateratako etekinekin egin ohi diote aurre neguari, eta astebururetako jai giroan lortutakoarekin, asteari. Lehen diru iturria itxita izan dute udan, eta bigarrenarekin ere ez du esperantza handirik: «Auzoetako jendea etorri ohi da asteburuetan, baina zertara etorriko da hemendik aurrera, 23:00etan etxean egon behar badu eta auzoan taberna handiagoak baditu?» Egokitzea, batzuen esku Zabaldu, zabalduko dute taberna asteburuan, baina Guineak aurreikusten du «jende oso gutxi» ibiliko dela, eta egoerari tenperatura hartzeko baliatuko dute, batez ere. Zenbait tabernak egoera berrira egokitzeko ahalegina egin dute, eta ematen zuten zerbitzua ere aldatu egin dute. Aurreskun halakorik egiteko aukerarik ez dutela dio tabernariak: «Gaueko taberna da gurea. Terraza edukitzeko aukerarik ere ez dugu, espazio faltagatik». Egoera berrira nolabait moldatzen saiatzen ari direla aitortu du, baina berezkoa dutenari eutsi eta hori babestea dela irtenbidea nabarmendu du: «Pub moduko taberna bat izateko alokatu genuen guk gure lokala. Baldintza horietan hartu genuen guk, eta, horrexegatik zen garestia. Gure taberna beste era batekoa bihurtu dadin eskatzea aroztegi batean lan egiten duenari arraina sal dezan eskatzea bezala da». Gorka Garai, taxi gidaria: «Martxoaren aurretik baino %80 gutxiago fakturatzen dut orain» Hamasei urte daramatza taxi gidari Gorka Garaik (Aretxabaleta, 1969), baina egungo egoeraren parekorik bizi gabea da. Gordin azaldu du bere egoera: «Martxoaren aurretik baino %80 gutxiago fakturatzen dut orain, eta dagoeneko zortzi hilabete daramatzat baldintza horietan lanean». Antzuolan eskaintzen du taxi zerbitzua Garaik, baina Debagoieneko beste herrietara egindako joan-etorriekin, eta, batez ere, bailara horretako enpresei ematen dien zerbitzuarekin bete ohi zuen lanaldiaren zati handiena, martxoan egoera amildu zen arte. Herrien arteko mugimendua mugatu izanak zuzenean eragiten dio, mugikortasuna bera erraztea baita, hain zuzen, haren lanaren xedea. Ez du uste, ordea, etxeratze aginduak egungo egoera nabarmen makurtuko dionik: «Azkenaldian, gaueko zerbitzuen ez dago eskaera handirik. Lehendik ere nabarmen gutxituta zegoen». Gaueko aisialdiarekin lotuta egon ohi da, asteburuetan, taxi zerbitzua, baina larunbat gauez bailarako herrietatik igarotzen den autobus bat badutela zehaztu du Garaik, eta lehen ere ez zuela hori lan eremu nagusia. «Hiriburuetan hemen baino ohitura handiagoa dago gauez taxia erabiltzeko; gu ez gara horretatik bizi». Aitzitik, Mondragon korporazioko enpresek eman ohi zuten lana, hark dioenez: «Langile asko joan ohi ziren kanpora lehen bailarako kooperatibetatik, eta astero egiten nituen joan-etorriak Loiuko aireportura». Orain, hori ere eten egin dela dio. Laguntzen menpe Pandemia iritsi osteko hilabete guztietan lanean aritu da Garai, «oso lan gutxi» izan duen arren. «Apirilean laguntza bat eskatu nuen, eta mutualitate batek 600 euroko laguntza eman zidan, uztailera arte», azaldu du. Nonbaitetik heldu beharko dira halako gehiago, dioenez: «Ez dakit Eusko Jaurlaritzak edo nork lagun diezagukeen, baina beharra badugu, itota baigaude bestela. Ez dakit zenbat denbora iraun dezakegun horrela». Laura Morin, argi teknikaria: «Gu geu gara alarma egoera gorrian gaudenak» Baztertuta eta desagertzeko arriskuan». Hala utzi dituzte ikuskizunetako teknikariak Eusko Jaurlaritzak alarma egoeran ezarritako azken neurriek, Laura Morin argi teknikariaren arabera. Zamatzen ari ziren lan baldintza kaxkarrei aterabidea bilatu beharrean, neurri berriekin horietan sakonduko dela uste du. Antzerkigintzan egiten du lan, batez ere, Morinek, Donostiako eta inguruko herrietako antzokietan. Iragan asteburuan Andoaingo bi saiotan lan egitekoa zen, eta biak bertan behera geratu ziren. Aste honetan, neurri berriak iragartzeaz bat, balizko lanegun gehiago geratu zaizkio bete ezinik. Etxeratze aginduarekin publikoari kultur ekitaldietara joateko zailtasunak jarriko zaizkiola uste du, eta, era berean, gero eta zailagoa dela programatzaileentzat ezer antolatzea uneotan onartzen diren parametroetan: «1.000 laguneko edukiera duen espazio batean 250 lagun sartzea ez da errentagarria, teloiaren atzean lan egiten duen jende asko baitago». Autonomo moduan edo aldizkako kontratuekin aritzen dira lanean teknikari asko, eta ogibidearen berezitasunak diru laguntza lerroetan ez direla aurreikusi uste du Morinek. Haren kasua ere argigarria da: ez zegoen Gizarte Segurantzan martxoaren 13an, Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuenean, eta, hortaz, ezin izan zuen inongo laguntzarik jaso. «400 euroko laguntza bat jaso nuen ondoren. Eusko Jaurlaritzak zabaldu zituen teknikarientzako laguntza lerro batzuk, zenbait hilabetera, baina nire laguntza SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak tramitatu zuenez, bateraezinak zirela esan zidaten». Sindikatua, aterpe Lehen aldiz alarma egoera ezarri zutenetik gaur arte %80 gutxitu dira zuzeneko emanaldiak, Morinen arabera. Sektorearen egoera ikusarazi, salatu eta neurri zehatzak eskatzeko eratu zuten duela hilabete batzuk Teknikariok sindikatua. «Ez gaude inongo estatututan edo hitzarmenetan. Gure lana erregularizatzea eta sektorearen berezitasunak aintzat hartuko dituen hitzarmen kolektibo baten alde egitea da asmoa», nabarmendu du. Erantzunak, baina, «berehalakoa» izan behar duela uste du: «Ekintza plan bat behar dugu, premiaz, eta instituzioetatik etorri behar du, haiek baitituzte horretarako baliabideak. Gu geu gara alarma egoera gorrian gaudenak. Ez dira ohartzen desagertzeko arriskuan gaudela, eta ezin dela hori onartu». Iñaki Elorza, SADE zinemen arduraduna: «Gaueko murrizketek ez digute hainbesteko kalterik eragiten» Udan ohikoa izaten den beherakadaren ostean, arnasaldia izan behar zuen udazkenak zinema aretoentzat. COVID-19aren hedapenaren aurkako neurri berriek, ordea, orain arteko aurreikuspenak egoera berrira egokitzera behartu ditu aretoen kudeatzaileak. Gauean izaten da zinema proiekzioen zati handi bat, eta saio horiek beste ordu baten programatu edo bertan behera utzi behar izan dituzte aretoek. Hala ere, zinemetako ateak lehenago itxi beharra ez da sekulako arazoa Iñaki Elorza (Legazpi, 1969) SADE zinema aretoen kudeatzailearentzat; ez, behintzat, zuzenean eragingo dieten neurri murriztaile gehiago hartzen ez badituzte. Uda hasieran zabaldu zituzten berriz ere SADEk kudeatutako zinema aretoak:â;Â;Â;€ÂˆPrincipe, Antiguo Berri eta Trueba. Gaueko saioa kendu egin zuten ia egun guztietan, eta asteazkenetakoa eta larunabatetakoa soilik mantendu zituzten. Bi egun horietako gaueko saioa kendu egin beharko dute orain. «Gaueko murrizketek ez digute hainbesteko kalterik eragiten», aitortu du. Edonola ere, ezarritako neurriekin batera, edukierari eragingo dioten neurri berriak hartuko dituzten beldur da. %50ean dago, momentuz, gehienezko edukiera. Saioak gutxitzeak publikoa beste saioetara bideratzea eraman lezake, baina horrek ere baditu mugak: «Aretoak beteko badira, irabazi ahal izango genukeen diru bat galduko genuke, jende bat kanpoan geratuko litzatekeelako». Pasa den asteburuan hori gertatu zitzaiela dio. Kaltetu gehiago Aretoak ez ezik, banatzaileak eta ekoiztetxeak ere ikusleetatik bizi dira. Haiei ere bete-betean eragingo die neurriek, Elorzaren arabera: «Ikusle gutxiago dira haientzat, eta diru bilketa ere, txikiagoa da». Aretoetako edukiera mugek eragindako trabei izkin egiten saiatzen direla zehaztu du, eta horrek, zenbaitetan, zaildu egiten duela haien eta aretoen arteko harremana: «Batzuetan gogorrak izaten dira negoziazioak, halakoak izaten direlako pelikulak estreinatzeko baldintzak ere. Film bat bi edo hiru aretotan batera jartzeko presio egiten digute, adibidez». Lehendik indarra hartzen ari ziren kontsumo moduak egonkortzeak ere kezkatzen du SADE zinemen arduraduna. «Sareko plataformetara jotzen du geroz eta gehiago publikoak», dio. Publiko helduenaren kasuan, berriz, beldurra da eragozpen nagusia: «Adineko asko joaten zen lehen gure aretoetara; beherakada sumatu dugu orain adin tarte horretan. Nabari dugu lehen baino gehiago kostatzen zaiela batzuei zinemara joatea».
2020-10-31
https://www.berria.eus/albisteak/189057/irundik-pasatu-diren-migratzaile-guztiek-lezio-bat-eman-digute.htm
Gizartea
«Irundik pasatu diren migratzaile guztiek lezio bat eman digute»
Josune Mendigutxiak haurra zenetik izan du behartsuei laguntzeko grina. 2018tik, Afrikatik iritsitako migranteak artatzen aritzen da, egunez zein gauez. Erretiratu arte hala aritzeko asmoa du; gero ere bai.
«Irundik pasatu diren migratzaile guztiek lezio bat eman digute». Josune Mendigutxiak haurra zenetik izan du behartsuei laguntzeko grina. 2018tik, Afrikatik iritsitako migranteak artatzen aritzen da, egunez zein gauez. Erretiratu arte hala aritzeko asmoa du; gero ere bai.
Irungo (Gipuzkoa) San Joan plazatik pasatuz gero, bertako Harrera Gunean aurkituko dute herritarrek Josune Mendigutxia (Lesaka, Nafarroa, 1965), egunero. Plaza eta kalea haren bigarren etxe bilakatu dira, eta migratzaileak, bigarren familia. Alarma egoerak eragin dezakeen egoeraz oso kezkatuta azaldu da. Bi urte eman dituzu Irungo Harrera Sarean. Zerk bultzatu zintuen hastera? Gogoan dut eratu berri zuten Harrera Sareak egindako lehen gosari solidario hartan izan nintzela; hor ezagutu nuen. Orduan erabaki nuen sartzea, inolako zalantzarik gabe. Zergatik? Beti izan naizelako horrelakoa; bizitza osoa daramat besteei laguntzen. Bizitza osoa, txikitatik. Ez dakit nondik datorkidan grina hori. Oroitzen dut haurra nintzenean Afrikara dirua eramateko itsulapikoak genituela eskolan. Orduan esaten nuen: “Hara joan behar dut, misiolari bezala joan nahi dut”. Adin horrekin ez duzu kontzientziarik, baina nik argi nuen. Uste dut enpatia eta solidaritatea DNAn izaten diren gauzak direla. Kontzientzia soziala daukat, eta enpatia, nahi baino gehiago. Asko sufritzen dut injustiziekin, ikaragarri. Gainera, oso haserre jartzen naiz. Ez nuen zalantzarik izan sarea osatu zutenean, eta, zorionez, hemen sartu nintzen, bitan pentsatu gabe. Eta, hala, orain arte. Zuri zeuri zer eman dizu boluntario lanak? Asetasuna eman dit, baina komatxo artean. Hau ez baita batere erraza. Hasieran inplikazio emozional oso handia izan nuen. Orain dela bi urte, Irunera iritsitako familia batekin sekulako harremana egin genuen, esaterako, Lakaxita gaztetxean ginenean. Haurra beti nire bila ibiltzen zen jolasteko, eta gurasoekin ere primerako harremana egin nuen. Baina Irundik irten zirenean, oso gaizki pasatu nuen, negar egin nuen. Banekien hemendik joanda Frantzian ez zutela ezer askorik aurkituko. “Zer gertatuko zaie? Nola egongo dira?”. Hori galdetzen nion neure buruari une oro. Harreman handiak egin ditut, eta badira hemen gelditu direnak: Azpeitian batzuk, Bilbon besteak, eta Frantzia aldean ere baditugu lagunak. Haiekin jarraitzen dut harremana izaten, telefonoz. Gure familia dira; niretzat nire iloba txikiak bezala dira. Harreman handia izan dugu, oso estua, eta horrek eragin psikologiko handia du. Horregatik, hausnarketa bat egin behar izan nuen. Laguntzeko edozer egingo dut, baina emozionalki ez naiz hainbeste inplikatuko. Erraza da esatea, baina benetan zaila hala egitea. Egoerak gainditzen nau askotan. Zeinen zaila den hori. Zer diozu migratzaileez? Esan behar dut Irundik pasatu diren migratzaile guztiek lezio bat eman digutela. Gu hemen ederki bizi gara, oso eroso. Nahiz eta orain egoera zail batean egon, egoera eroso batean jarraitzen dugu hemengo herritarrok. Baina haiek ez dute ezer, patera batera igotzen dira eta bizitza arriskuan jartzen dute. Sekulakoak bizitzen dituzte bidean, eta asko zauriekin heltzen dira. Ikaragarria da. Bost laguneko talde batetik lagun bat soilik heldu zen Irunera, kasuetako batean, eta bidean lagun guztiak hiltzen ikusi zituen. Pentsa, zer bizi eta jasan behar izan duten. Baina, hala eta guztiz ere, hona iristean irribarre batekin ikusten ditugu beti, barrez daude une oro, beti kontent, beti ilusioz. Eta hori ikustean, lehen mundukoak gu garela esan dezakegu? Egunero zerbait ikasten dugu haiekin. Zure egunerokoan zenbateko pisua hartu du sareak? Hasieran dezentekoa, lan handia genuelako, baina orain, agian, pixka bat gutxiago. Nire egunerokoa honela hasten da: 10:00etan San Joan plazako harrera gunea zabaltzen dut, eta bertara gauean iritsitako migratzaileei harrera egiten diegu. Begiratzen dut ea norbaitek arropa behar duen, eta gosari duin bat eskaintzen diegu. Lehen arreta ematen diegu. Gero, astean bost aldiz, gauez, gautxori gisa aritzen naiz, trenez zein autobusez iritsitakoei aterpetxerako bidea erakusteko. Horrez gain, udalarekin edo Gurutze Gorriarekin hitz egin behar bada, han nago ni, errieta egiteko. Goizetik gauera arte nabil, hemendik hara. Beraz, San Joan plaza eta kalea zure bigarren etxea direla esan daiteke? Lagun eta ezagun askok hori esaten didate. Semeak lehengo egunean hori esan zidan. Bidalketa bat jaso behar nuen etxean, eta ea etxeko helbidea edo San Joangoa jarri nuen galdetu zidan. Baina, egungo egoera dela eta, nahi baino gutxiago egoten naiz San Juanen. Zaintzeko garaia da, eta ez dut inor kutsatu nahi. Egunero jende askorekin egoten naiz. Zer da zuretzat Irungo Harrera Sarea? Beharrezko zerbait da, 2018an beharrezkoa izan zen, eta oraindanik hala izango dena. Baina hau ez da berria. Gu boluntario gisa hasi aurretik ere jende asko pasatu da Irundik. Beharrezkoa da migratzaileentzat, baina baita guretzat ere. Gure lanak balio izan du herrikideei kontatzeko zer ari den gertatzen, munduak eta estatuek ez dutela ezer egiten, beste alde batera begiratzen dugula. Era berean, balio izan du ikusteko zeinen egoistak garen, ez dugula enpatiarik, ez ditugula besteen zapatak jartzen. Uste dut harrera sare asko behar direla, toki askotan. Bi urte hauetako zer izan da garrantzizkoena, zure ustez? Egun batetik bestera, Irunen injustizia handi baten kontra agertu ginen, eta ordutik gauza handiak lortu ditugu; horrekin geratzen naiz. Lo egiteko dispositibo bat irekitzea lortu dugu. Gainera, hori lortu dugunak herritarrak gara. Ez dugu botererik, baina antolatuta lortu dugu, eta horrek ere asko betetzen nau. Arazo hori Irunen ezagutaraztea lortu dugu, baina ez hemen bakarrik. Al-Jazeerako kazetariak etorri dira gurera. Ingalaterra, Alemania, Frantzia, Italia, Senegal… Gure lana mundu osora iritsi da. Hasieran albiste ez zen hura albiste egin dugu, eta ez gara kazetariak. Begirada atzera botata, uste dut gauza asko lortu ditugula. Gainera, irundarrek primeran jaso gaituzte, eta gauzak ongi egiten ari garenaren seinale da hori. Adibidez, Irunen espazio publiko bat okupatu dugu San Joan plazan, eta ez digute ezer esan. Beraz, badirudi guk egindako lana legitimatua geratu dela. Konfinamenduagatik zuen lana eten egin behar izan zenuten, halabeharrez. Nolakoak izan ziren hilabete horiek? Oso hilabete luzeak izan ziren denontzat. Kezka handia izan dugu denok kalean ziren migranteengatik. Hutsune bat izan genuen hilabete horietan; faltan sumatu genituen. Azken batean, boluntarioen eta migranteen artean familia handi bat osatzen dugu denok. Non egongo dira? Zer egoeratan? Galdera eta kezka asko etorri zaizkigu burura. Horrekin gaizki pasatu dugu denok. Udan, ordea, zuen jardueran hasi zineten berriz. Nolakoa izan da egoera ordutik? Uda hasieran, aurreikusi genuen bezala, jende pila bat etortzen hasi zen; emakumeak eta haurrak, batez ere. Ikaragarria izan zen. Gurutze Gorrian 100 ohe izatetik 30 izatera pasatu ziren uda hasieran, COVID-19a dela eta. Jende asko ari zen etortzen, eta, hortaz, Martindozeneako aterpetxea ere zabaldu behar izan zuen udalak, 30 oherekin. Orain jende gutxiago ari da iristen. Egia esan ez dugu ulertzen; izan ere, Kanariar Uharteak migrantez gainezka daude, hona etortzeko esperoan. Azken hilabete hauetan 300 bat lagun jaso ditugu hileko. Murriztu bada ere, jarioa etengabekoa da, egunero iristen dira taldeak. Pandemiak, gainera, erabat baldintzatu du zuen lana. Nola ari zarete egoerara egokitzen? Kontu handiz ari gara. Irunen COVID-19aren kasu asko ditugu, baina, zorionez, harrera sarean ez dago kutsaturik. Adituek gomendatutako neurriak jarraitzen ditugu. Maskara eramaten dugu une oro, distantziak mantentzen ditugu, eta garbiketa asko egiten ditugu. Hasieran, tren geltokitik dispositibora oinez joaten ginen, baina orain, tarteka, kotxez binaka ere joaten gara, ni aurrean eta haiek atzean, maskararekin, noski. Migratzaileak iritsi bezain laster, maskara berri bat ematen diegu. Kontrol zorrotzak jarraitzen ditugu. Maiz salatu duzue lagun asko aterpetxetik kanpo uzten dituztela. Hala gertatzen da oraindik ere? Bai, egoera lehengoaren berdina da. Gurutze Gorriko irizpideak ez daude batere argi, nahi bezala aldatzen dituzte. Jende asko utzi dute kalean. Ceutako gazte talde batek konfinamendua Ceutan bertan egin zuen, eta, Espainiako Estatuan zortzi hilabete baino gehiago pasatu zituztenez, ez zieten aterpean sartzeko aukerarik eman. Ikaragarria da. Emakumeak ere haurrekin utzi dituzte maiz kalean; lotsagarria da. Kalean geratzen diren guztiei alternatiba bat bilatzen die sareak. Bestela, euripean edo hotzez pasatu behar dute gaua. Muga pasatzea ere erronka bat da oraindik? Bai, kontrol arrazistak egiten dituzte oraindik, egunero. Asko Hendaian gelditzen dituzte, eta Irunen utzi. Joan den astean, adibidez, autobus gidari batek migratzaile talde bat zeramala jakinarazi zion Frantziako Poliziari. Arazoa ez dugu Poliziarekin bakarrik, ordea; arrazismo handia dugu gertu. Eta, egunotan iritsi zaigunez, mugan kontrol zorrotzagoak jarriko dituzte hurrengo egunetan eta asteetan. Astelehenean ezarri zuten alarma egoera. Gaueko harrera lanetan, gutxienez, eragina izango du, ezta? Arazo handia izango dugu horrekin. Gautxori boluntarioek 22:00etan jasotzen ditugu migranteak autobus zein tren geltokian. Haiekin Gurutze Gorriaren dispositibora joaten gara, eta, egungo egoeragatik, binaka sartzen dira. Erregistroa oso motela da: hogei bat minutu behar dituzte bi laguneko. Bitarte horretan beste guztiak kalean egoten gara; askotan, euripean. Maiz 00:30ean amaitzen dugu. Hortaz, 23:00etan etxean egon behar badugu, arazo larri batekin egingo dugu topo. Gainera, norbait onartzen ez badute, kalean utziko dute. Beraz, denbora gehiago beharko dugu lo egiteko leku bat aurkitzeko. Zerbait egin behar dugu, bai ala bai; jada pentsatzen ari gara. Esan diezadatela gizartearen osasuna kolokan jartzen ari naizela gauean kalean lau migratzailerekin nagoenean. Eta, bitartean, Espainiako Itzulia Irundik pasatzen; ikaragarria da. Noiz arte segituko duzue borrokan? Asko plazan erretiratuko gara… Erretiratu arte, eta gero ere ikusten dut neure burua harrera sarean lan egiten. Grina borrokalari hori odolean daramat, betirako da. Niretzako sekulako sentsazioa da, gure kasuan bezala, herritarrok arazo handi bati irtenbide bat emateko gai izatea. Uste dut asko lortu dugula, baina oraindik asko dugula lortzeko. Boluntario guztiak hasi dugun bide honetan jarraitzeko prest gaude.
2020-11-1
https://www.berria.eus/albisteak/189058/ondo-etorri-gurera.htm
Gizartea
«Ondo etorri gurera»
Jaioberriei ondoetorri publikoa zelan egin arautuko du Ondarroak. Herritarren proposamenak biltzen dabiltza. Muskizek egin zuen halako lehen ekitaldia.
«Ondo etorri gurera». Jaioberriei ondoetorri publikoa zelan egin arautuko du Ondarroak. Herritarren proposamenak biltzen dabiltza. Muskizek egin zuen halako lehen ekitaldia.
Herengun zuten proposamena egiteko azkeneko eguna ondarroarrek: orokorra@ondarroa.eus helbide elektronikora bidali dezakete, edo zuzenean Udal Erregistrora eroan. Ume jaioberriei ondoetorria zelan emango zaien arautu nahi du Ondarroako Udalak, eta herritarren ekarpenak jaso nahi ditu. Jasotakoak aztertutakoan osatuko du daborduko esku artean duen zirriborroa. Herritartasunerako ongietorria eman gura diete bizilagun berriei. Ondarroako ongietorri ekitaldi hori ez litzateke aitzindaria izango Bizkaian. Muskizek egin zuen lehenengoa, duela 10 urte. Uztailak 24 zituen, eta zapatuz egokitu zen 2010 hartan. Herriko bikote bat ezkontzekoa zen udaletxean, eta hala egin zuten, egin ere. Baina orduan ezohikoa zen zerbait egin zuten aurretik: euren alabatxo jaioberria «komunitateari aurkeztu» zioten. Orduko alkate Gonzalo Riancho izan zen ekitaldian buru. Besteak beste, Umeen Eskubideen Hitzarmenetik hartutako pasarte batzuk irakurri zituzten, batez ere umeak babesteari dagozkion artikuluak. Labur-laburra izan zen ekitaldia. Ondoren, gurasoak ezkondu zituen alkateak berak, ordurako ohikoa zen eran. Azkar amaitu zituzten ekitaldi biak ere. Bikoteak anonimotasuna gorde nahi izan zuen. Haien asmoa ezkontza agiriak sinatzea eta etxera joatea zen, aparteko ospakizun barik. Hala kontatu zieten ezohiko jazoera bertatik bertara jarraitzera gerturatu ziren kazetariei. Baina umearen ekitaldia zela-eta, telebistakoak ere joan zitzaizkien, kamera eta guzti. Sekulakoa izan zen herrian bertan zein kanpoan sortutako jakinmina. Harrezkero, ez da halako ekitaldirik egin herrian. Eta, gaur egungo alkate Borja Liañoren esanetan, eskaerarik ere ez dute jaso hamar urteotan. Beraz, gaur gaurkoz, zelan egin beharko litzatekeen arautzeko asmorik ere ez dute. Herritarren artean interesa sortuko balitz, aztertuko lukete zer egin dezaketen. Eta, oraingoz, Ondarroa hasi arte, Bizkaian ez dago ume jaioberriei herritartasunerako harrera egiteko halako ekitaldiak egiten dituen beste udalerririk. Muskizen bitxikeria izandakoa Ondarroan ohitura bihur daiteke araudia onartzen denetik aurrera. Oraingoz, eskaera bakarra jaso dute. «Herritar bat Berdintasun zinegotziarengana joan zen, ea horrelakorik geneukan galdetzera. Begiratu dugu, eta ez dago ezer araututa. Horregatik hasi gara arautzen», azaldu du Zunbeltz Bedialauneta alkateak. Oraingoz, beste eskaerarik ez dute izan, baina uste du herrian harrera ona izango duela aukera egoteak, eta iruditzen zaio onartzen direnean iritsiko direla eskaera gehiago ere. Egitura definitzeko prozesua bera parte hartzailea izateak egitasmoa ondarroarren artean ezagun egiten lagundu die. «Apurka-apurka ohiturak aldatzen ari dira. Lehen, herriko ume guztiak elizara eroan eta bataiatu egiten ziren. Orain, gutxiago dira hori egiten dutenak, eta ekitaldi honek bete dezake bataioen lekua». Erabat sinbolikoak Bedialaunetak argitu du ekitaldia sinbolikoa baino ez dela izango: «Juridikoki ez du inongo baliorik. Gurasoek halako zerbait egin gura badute, guk aukera emango diegu, besterik ez». Zirriborroaren arabera, haurrei gizartean eskubide osoko herritar gisa harrera egiteko ekitaldi publiko bat izango litzateke, eta gurasoek edo legezko tutoreek hura askatasunaren, berdintasunaren eta errespetuaren printzipio demokratikoetan eta herritar gisa dituzten betebeharretan hezteko konpromisoa hartuko lukete. Ekitaldiaren amaieran, ume jaioberriak Herritartasunaren Gutuna jasoko du. Agiria erabat sinbolikoa izango da. Edozelan ere, ekitaldi bakoitza ezberdina izango da. Irizpide batzuk ezarrita egongo diren arren, umearen gurasoek edo legezko tutoreek gura duten forma emateko askatasuna izango dute. «Ezkontzetan egiten den modura, ekitaldiaren hasiera zelan egin zehaztuko da, eta zerbait irakurtzeko ipini, baina hortik aurrera gurasoek gura dutena egingo da». Dagoeneko zehaztu dute ekitaldiaren buru edo gidaria alkatea bera, zinegotzietako bat edo norbanako bat izan ahalko direla, umearen gurasoetako bat edo legezko tutorea. Printzipioz, Ondarroako kofradi zaharrean egingo dira, lehenengo eta bigarren solairuetan dauden aretoetako batean. Baina gurasoek beste leku publikoren batean egitea eskatuko balute, aukera hori ere zabalik utzi dute. Ondarroako Udalak ekitaldi laburrak egitea gura du; horregatik, gehienez, ordubeteko iraupena izango dute. Gehienbat, bariku arratsaldeetan —bostetatik zortzietara— eta zapatu eguerdian —hamabietatik ordubietara egingo dituzte. Bedialaunetak ez du halako ekitaldien formatua ezagutzen. Esan du badakiela Gipuzkoa aldean hasi direla herri batzuetan tankera honetako zeremoniak antolatzen. Eurek, batez ere, arautzeko moduari erreparatu diote, ordenantzari, ekitaldiaren ezaugarriei baino gehiago. Eta Kataluniako herri bat hartu dute eredu modura. Gaur azkeneko proposamenak jasota, datozen egunetan antolaketa batzordeak banan-banan aztertu eta erabakiko du zeintzuk diren egingarriak. Ondoren, behin betiko araudia jasotzen duen ordenantza idatziko luke. Bedialaunetak espero du azaroko osoko bilkuran onartuta geratuko dela, eta, oniritzia jasotakoan, herritartasunean ondoetorria emateko ekitaldiak egiten hasi ahalko dira Ondarroan.
2020-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/189059/nafarroako-kultur-sektoreko-enpresen-fakturazioa-67-murriztu-zen-konfinamenduan.htm
Kultura
Nafarroako kultur sektoreko enpresen fakturazioa %67 murriztu zen konfinamenduan
Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusiak aurkeztu ditu konfinamenduak kulturan izan duen eraginari buruzko bi txosten, kontsumoari eta lan arloari lotutakoak.
Nafarroako kultur sektoreko enpresen fakturazioa %67 murriztu zen konfinamenduan. Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusiak aurkeztu ditu konfinamenduak kulturan izan duen eraginari buruzko bi txosten, kontsumoari eta lan arloari lotutakoak.
Nafarroako etxe gehienetan ohi baino gehiago jo zuten kulturara itxialdi garaian: herritarren %74k kultura ohiturak areagotu zituzten, bereziki 30 urtetik beherakoek. Baina, halaber, aldi horretan, sektoreko enpresek %67 jaitsi zuten fakturazioa, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Kultura Zuzendaritza Nagusiak aurkeztu dituen bi ikerketen datuetako batzuk dira horiek. Itxialdian izandako kultura joeren inguruko inkestaren azken ondorioak eman ditu aditzera, batetik, eta kulturaren inpaktuaren jarraipen dispositiboaren datu eguneratuak, bestetik. Ignacio Apeztegia Kulturako zuzendari nagusiak azpimarratu du halako lanak «funtsezkoak» direla erabakiak hartzeko orduan: «Datuek analisiak egitera eramaten gaituztelako, eta analisiek, erabakiak hartzera». Inkestak ekainaren 11tik 23ra bitarte egin zituzten, telefono bidezko elkarrizketekin, Nafarroa osoko 1.064 etxetan, 2.687 pertsonarekin. Humano eta Ikerpartners enpresekin gauzatu dute ikerketa. Kultur ohiturei buruzko galdeketetatik ateratakoen artean aipatzekoa da inkestari erantzun dioten etxe gehienetako bizikideek jo zutela kulturara ohi baino gehiago itxialdiaren hilabeteetan, eta soilik %1ek ohi baino gutxiago. Askok, etxeen %58,7k, «nahiko garrantzitsutzat» jo dute kultura «familiaren ongizaterako», eta etxeen %11,4k bakarrik adierazi dute «garrantzi gutxikoa edo garrantzirik gabekoa» dela. Pertsonen adinari erreparatuta, aldeak ageri dira: adin txikiagokoek gehiago jotzen dute kulturara; zehazki 30 urtetik beherakoen %89,5ek esan dute kultura kontsumitu zutela itxialdian, eta 65etik gorakoen %60,4k. Inkestaren arabera, gehien egin zena pelikulak eta telesailak ikustea izan zen; bigarren ohitura zabalduena komikiak irakurtzea izan zen, eta hirugarrena, berriz, musika entzutea. Bestetik, etxeen %12tan bakarrik egon zen itxialdian praktika artistikoren bat garatu zuen kideren bat. Enplegua, behera Pandemiak sektorean izan duen eragina aztertzeko, Nafarroako Kulturaren Behatokiak dispositibo dinamiko bat eratu du, zabalik jarraitzen duena, eta urteko bigarren hiruhilekoko datuen berri eman du. Nekane Basterretxea Ikerpartners enpresako ikerlariak nabarmendu du enpresa txikiek eta langile autonomoek pisu nabarmena dutela sektorean, eta baita aldi baterako kontratuek eta behin-behinekotasunak ere. «Eta, beraz, prekaritateak». Ikerketatik ateratako datu esanguratsuenen artean aipatzekoa da martxotik maiatzera bitartean sektoreko enpresen fakturazioak bi heren egin zuela behera, iazko sasoi berarekin alderatuta. Halaber, Gizarte Segurantzako kotizazio kontuak martxoan %4 jaitsi ziren, eta maiatzean, berriz, %24,4. «Kotizazio kontua beharrezkoa da enpresentzat, langileak kontratatzeko; beraz, adierazle horrek aukera ematen du enplegatuak dituzten enpresen kopurura hurbiltzeko, nahiz eta ez dituen barne hartzen enplegurik gabeko enpresak edo autonomoak», zehaztu du ikerlariak. Bestalde, maiatzaren amaieran, 779 pertsona zeuden aldi baterako enplegu erregulazioetan, gehienak (%80) lana aldi baterako eteteagatik, eta gainontzekoak lanaldia murrizteagatik. Ekainetik aurrera, afiliazioan gorakada txiki bat izaten ari da, baina enplegu erregulazio espedienteetara atxikitako enpresen kopurua ez da ia murriztu. Inkestaren arabera, sektoreko langileen ia herenak daude egoera horretan. Sektorean ekainetik aurrera suspertzeko itxaropena antzeman zutela azaldu du Basterretxeak: «Bazirudien jarduera berreskuratuko zela itxialdi gogorrena amaitzean». Baina aipatzekoa da inkestak birusaren bigarren olatua baino lehen egin zituztela. «Horregatik, garrantzitsua da informazioa eguneratzen jarraitzea, inpaktuaren ahalik eta argazki errealena izateko».
2020-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/189060/haize-kontra-sortuak.htm
Kultura
Haize kontra sortuak
Erlea Maneros Zabalak Norusta erakusketa zabaldu du Donostiako San Telmo museoan. Bizkaiko kostaldeko leku jakin bat eta orkatz adar bat hartu ditu artistak bere lanaren zutabe nagusi gisa. Museo bikoitza programaren barruan landu du proiektua.
Haize kontra sortuak. Erlea Maneros Zabalak Norusta erakusketa zabaldu du Donostiako San Telmo museoan. Bizkaiko kostaldeko leku jakin bat eta orkatz adar bat hartu ditu artistak bere lanaren zutabe nagusi gisa. Museo bikoitza programaren barruan landu du proiektua.
Norusta hitza erabiltzen da Lekeition (Bizkaia) ipar-mendebaldetik jotzen duen haizea izendatzeko. Eta hitz horixe aukeratu du Erlea Maneros Zabalak bere erakusketa berriari izenburua emateko. Hain zuzen ere, Lekeitioko kostaldeko eremu jakin bat aztertu du proiektuan, besteak beste, eta, pandemiak sortutako egoera dela eta, haize kontra sortzen ibili dela esan liteke. Pozik dago, hala ere, uste baitu izan dituen baldintzapenek azkenerako «inpaktu probetxugarria» izan dutela bere sorkuntza lanean. Datorren urteko urtarrilaren 10era bitarte egongo da ikusgai Norusta erakusketa, Donostiako San Telmo museoan. Museo bikoitza programaren barruan landu du proiektua artistak; programak, museoaren bilduma oinarri hartuta, haren irakurketa berriak sustatzea duen helburu. Proposamenari jarraituz, artista ikerketa lanetan hasi zen, eta, iragan urtarrilean Kaliforniatik (AEB) Euskal Herrira etorri zenean, argi zuen landu nahi zuenaren zati bat bederen. Baina konfinamendua iritsi zen orduan, eta Lekeition geratu behar izan zuen hainbat hilabetez —bertakoa da—. Hala, hastapenetako asmo batzuk baztertu egin behar izan zituen, baina proiektuak, aldi berean, beste norabide bat ez ezik, «beste indar bat» ere hartu zuen, haren ustez. Bi objektu izan ditu Manerosek ardatz bere proposamena lantzeko: batetik, museoaren bildumako artelan bat; bestetik, artistaren familiarena zen objektu bat, berak bilduma horretara gehitu duena. Pedro Perez de Castro XIX. mendeko margolariaren litografia bat da artistak funtsetatik hartu duen objektua; eta orkatz baten adarraren muturra da dohaintza bidez funtsetara eraman duena. Erakusketa bi «zutabe kontzeptual» horien azterketaren gainean eraiki du, eta areto zabal batean eta beste txikiago batean banatu du emaitza. Perez de Castroren litografia da aretoan sartzean ikusten den lehen lana. «Estilo erromantikoko irudi bat da», zehaztu du artistak, Lekeitioko kostaldeko bi kilometro inguruko eremu bat erakusten duena, Otoio mendiaren ipar isurialdeak itsasoarekin bat egiten duena. Antzoritz lurmuturretik begiratzen zaio litografian inguru horri, lehorretik. Eta leku hori bera aztertu du Manerosek, baina itsasotik arakatu du, lehorretik aritu beharrean. Sortzaileak azaldu duenez, hara txalupan joateak ez zion aukerarik ematen haitzetara hurbiltzeko, eta, hala, piraguaz joaten hasi zen bertara, konfinamendua bukatu zenean. Ibilaldi horietan itsasotik inguruari ateratako argazki «desitxuratuak» jarri ditu Manerosek areto nagusiaren hormetatik zintzilik. Mugimendua erakusten dute, artistak irudiak hartu zituen lekuaren eta unearen isla. Eta bi pareta luzeen artean, lurrean ezarritako bi bitrinatan, toki beraren beste hainbat irudi jaso ditu, bestelako materialekin batera. Inguru horretara eginiko irteeren erregistroa dago jasota, esaterako, dokumentuetako batean; maiatz bukaeratik irail hasierara bitarte egindako hogeitik gora ibilaldi ageri dira zerrendatuta, egun bakoitzeko baldintza meteorologikoak nahiz itsasoarenak zein ziren zehaztuta. «Iparrari begira dagoenez, haizeak jotzen duenean ezin zara bertan aritu argazkiak ateratzen. Baziren baldintzapen fisiko eta meteorologiko batzuk hara joan ahal izateko». Halaber, hainbat mapa ageri dira marraztuta bitrinetako argazkien aldamenean, eta, haietan, kostaldeko eremu horretako leku zehatzak izendatzeko bertakoek erabilitako toponimoak daude idatzita; hamar dira, guztira, bi kilometroko eremuan. Aretoaren amaierara hurbildu ahala, erakusketako bigarren zutabe nagusira iritsiko da bisitaria: orkatz baten adarraren puntara. Edo, zehatzago esanda, objektu hori erakusten duen argazkira. Artistaren familiarena zen objektu hori, baina bere jatorrizko erabileraren arrastoak galduta zeuden. Ikerketa prozesuaren bidez jakin zuen Manerosek arrantzaleek antzina erabiltzen zutela orkatzaren adarraren punta, arrain pozoitsuen ziztadak edo hozkadak neutralizatzeko tresna gisa. Objektua San Telmo museoaren bildumara sartu zuteneko erregistro argazkia da erakusketan ageri dena, hain zuzen, une horri garrantzia emateko asmoz. Eta objektu horren osagarri, aldamenean dagoen areto txikiago batean, bideo instalazio bat jarri du artistak. Hamar minutuko bideo lana ageri da pantailan, segidan proiektatua. Adarraren zenbait argazkirekin tartekatuta, Lekeition erabili izan diren hainbat hitz edo esapideren irudiak ageri dira, eskuz idatzita. Irudiak eskaneatzeko prozesuan grabatutako hotsak ateratzen dira, bitartean, lurrean dauden bozgorailuetatik. Artista gonbidatuen katean San Telmo museoak orain bi urte jarri zuen martxan Museo bikoitza programa, Asier Mendizabal artistaren ekimenez. Urtero, sortzaile bat gonbidatzen dute, museoaren ondareaz eta aurkezten dituen kontakizunez gogoeta egin, eta bere proiektua garatzera. Eta, ondotik, artista horrek beste sortzaile bati egiten dio gonbidapen bera, hurrengo prozesuaren koordinatzaile lanak egiteaz gain. Dinamika bakoitzaren emaitzak museoaren bildumaren parte bihurtzen dira amaieran. Ibon Aranberrik hasi zuen katea, eta, bere proiektua bukatuta, Maneros gonbidatu zuen programan parte hartzera —pandemiagatik, atzeratu egin behar izan du bere urtebeteko lanaren aurkezpena—. Hark Jose Mari Zabalari luzatu dio lekukoa dagoeneko.
2020-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/189061/lanean-konfinatuak.htm
Gizartea
Lanean konfinatuak
Konfinatze neurriak ez du aldaketa handirik eragin, oraingoz, Baionaren egunerokoan. Baina, haserre mintzatu da egoeraz herritar bat baino gehiago.
Lanean konfinatuak. Konfinatze neurriak ez du aldaketa handirik eragin, oraingoz, Baionaren egunerokoan. Baina, haserre mintzatu da egoeraz herritar bat baino gehiago.
Udaberria oroitarazten duen eguzki giroan iratzarri da Baiona konfinatzearen lehen egunean. Oraingoak ez du, baina, udaberriko konfinatzearen itxura handirik. Lokal batzuk itxiak ageri badira ere, edozein ostiraletako giroa nabari da hirian zehar: jendea lanera joan da goizean goizetik, eskola oporretan diren haurrak jolasean ari dira jolas parkeetan gurasoak solasean ari diren bitartean, jendea ibilki da karrikan, autoak eta autobusak errepidean... Itxaron lerro txiki bat sortu da Santizpiritu auzoko harategi baten aitzinean. Merkatu eguna izan ohi da ostirala, eta hor dira ohiko postuak, ondoko plazan ezarriak: barazki saltzailea, arrain saltzailea, eta janari prestatuena. Jende multzo bat bildua da bakoitzaren aitzinean. Ostiralero heldu dela aitortu du adineko emakume batek. Kazetariekiko mesfidati, ez du bere izena eman nahi: «ez dakit gero nola idatziko duzun». Egoerarekin «kokoteraino» dagoela erran du. «Itxurakeria hutsa da. Gaizki ikusia denez zaharrak konfinatzen dituztela erratea, konfinamendu orokorra deitzen dute, baina denak lanera doaz; gutaz trufatzen dira», mintzatu da haserre. Bazkaltzeko arraina erosi, eta poltsa eskuan joan da. Baiona iparraldean, Gaskoien plazan, komertzio gehienak itxiak dira; zerbitzu publikoak, irekiak. Postetxetik atera da emakume bat, etxetik ateratzeko ziurtagiria eskuetan. «Etxean ez nuen lortzen inprimatzen; beraz, hona etorri naiz. Jadanik bazituzten ale batzuk prest, eta dohainik eman didate», poztu da. «Hala ere ez dut uste asko eskatuko digutenik, baina inkas nahiago dut ukan». Plazaren xoko batean gazte talde bat elkarri mintzo ari da; hortik hurbil, te saloia eta pizzeria biak batera egiten dituen ostatu-jatetxea. Itxia da, baina leihatilatik ari da hurbiltzen zaizkion bezeroei kafea zerbitzatzen. Ez du nahi argazkitan hartzerik. «Ez dakit zehazki zeren eskubide dugun», aitortu du. Egoeraz galdetuta, gordin erantzun du: «hor, zinez, kaka da». Ostiral normal batean 50 bat bezero izan ohi ditu; gaur, ez da hainbestera iritsiko. «Ondoko ostatua itxia denez, hona heldu da jendea kafe bila. Zerbitzatu ditut, baina, ez dakit berez baimena dudan». Bezperako eroaldia kontatu du. «Plazako supermerkatua tanpez betea zen; apalak hustu zituzten: bereziki komuneko papera eta pastak. Erokeria da; ez dut ulertzen. Komuneko papera nire azken arranguretarik da». «Nekatuak gara, ahituak» Intermarche supermerkatu aitzinean bi langile zigarreta erretzen ari dira. «Nekatuak gara, ahituak; ezin dugu gehiago», erran du bietako batek. Lanerako ordua bukatu zaie, baina, hor dira oraindik, eta ez dira berehalakoan etxeratuko. Kontatu dute saltegian ez dutela ohi baino jende gehiago izan, baina, etxera eramateko eskaeretan «erokeria» izan dela. «Jendeak sekulako eskaerak egin ditu; zernahi erosi dute. Burua galdu dute», erran du bigarren langileak. Eskuetako urradurak erakutsi ditu. «Alta, beste horrek konfinamendua iragarri zuenetik, %40 salgai gehiago eskuratzen dugu. Ez du zentzurik». Langile gisa nola bizi duten galdetuta, burumakur erantzun dute. «Zaila da», aitortu du lehenak. «Gainera, guk, ikasle kontratua dugu. Astearte eta asteazkenetan klasera joaten gara normalean; heldu den astean, aste osoan etorri beharko dugu». Langileen arduraduna atera da, eta zigarreta saltegiko ate aitzinean ez erretzeko eskatu die. Bukatu da elkarrizketa. Hortik hurbil da Saint Frederic industrialdea. Mota guzietako enpresak biltzen dira hor; gehienetako aparkalekuak autoz beteak dira. Hauek ez dira telelanean ari. Baionako geltokian nabari da mugimendu gutxien. Bidaiako zakuak ondoan dituztela eguzkia hartzen ari dira batzuk; geltoki barnean etzanda beste batzuk. Atzo gauean ehunka kilometroko auto lerroak izan ziren Parisen; konfinamendua hasi aitzin ihesi joandakoek sortuak, batzuen arabera. Ondoko egunetan ikusiko da horietako zenbat etorriko diren Euskal Herrira
2020-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/189062/hildakoak-lurperatzea-80-garestitu-da-bilbon-azken-urteotan-salatu-dutenez.htm
Gizartea
Hildakoak lurperatzea %80 garestitu da Bilbon azken urteotan, salatu dutenez
OCU Espainiako Kontsumitzaileen Elkarteak salatu du Bilbon hildakoak lurperatzeko zerbitzuak «gehiegi garestitu» direla azken hilabeteotan, eta hileten industriaren gardentasun falta nabarmendu du.
Hildakoak lurperatzea %80 garestitu da Bilbon azken urteotan, salatu dutenez. OCU Espainiako Kontsumitzaileen Elkarteak salatu du Bilbon hildakoak lurperatzeko zerbitzuak «gehiegi garestitu» direla azken hilabeteotan, eta hileten industriaren gardentasun falta nabarmendu du.
Kontsumitzaileen elkarteak salatutakoaren arabera, Bilbon hildako bat lurperatzeko modurik merkeena 405 eurokoa izateraino garestitu da dagoeneko: horma hilobi batean, eta bost urtez. Hau da, 2017. urtetik %80 garestitu dela. Gainera, errausketa zerbitzuak 545 euro kostatzen du gaur, orduan baino %41 gehiago. Halere, elkarteak onartu du Bilboko zerbitzua batez beste baino merkeagoa zela orduan. Orduko eta gaurko prezioen konparazioa Bilborekin egin du elkarteak, baina baliteke igoera antzekoa edo handiagoa izatea Hego Euskal Herriko beste hiriburuetan. Izan ere, OCUren datuen arabera, Bilbon 405 euro kostatzen duen zerbitzu berak 678 euro balio du Donostian, eta 472 Iruñean. Elkarteak adierazi duenez, heriotza aseguruek ez dute merezi, horiek hileta baino «askoz gehiago» kostatzen ohi dutelako. Haatik, elkartearen aholkuari jarraikiz, hobe da diru hori gordetzea aurrezki kontu batean, esaterako, eta, behar denean, ehorztetxea norberak kontratatzea hiletaz arduratzeko; azken batean, aseguru etxeek horixe bera egiten dutelako. Hileta zerbitzuen «gardentasun falta» Edonola ere, ehorztetxeen «alorraren gardentasun falta» salatu du elkarteak. Duela urte batzuk kalkulatu zutenez, hileta merke bat 3.500 bat euro kosta zezakeen, batez beste. Baina elkarteak ohartarazi du ez dela batere erraza datua lortzea, ehorztetxeek ez dutelako informazio argirik ematen. COVID-19ren izurriak eragindako konfinamenduan hainbat ehorztetxeren webguneak aztertu zituen elkarteak, eta ohartu zen gehienek ez zutela azaltzen zeintzuk ziren zerbitzu bakoitzaren salneurriak. Bilbon, hiru ehorztetxe aztertu zituen, eta bat berak ere ez zuen salneurri taularik jendaurrean. «Ez dute salneurri zerrendarik, eta ez dituzte aurrekontu zehazturik ematen, behar lukeen bezala batez ere halako dirutzak ordaindu behar direnean». Beraz, hiltzeak 3.500 euro inguruko kostua du, elkarteak eginiko batez besteko kalkuluaren arabera. Garestiena hilkutxa da (600-2.600 euro artean). Loreek 100 euro baino gehiago balio dute. Beilatokia 24 orduz alokatzeak, 500 bat euro, eta lurperatzeak edo errausteak, 400-700 euro artean, lehen azaldu bezala. Hilarria, gainera, aparte ordaintzen da.
2020-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/189063/roglic-nagusitu-da-hirugarrenez-eta-lider-jarri-da.htm
Kirola
Roglic nagusitu da, hirugarrenez, eta lider jarri da
Esloveniarrak aise menderatu ditu aurkariak Suanceseko igoera laburrean, Espainiako Vueltako hamargarren etapan. Primoz Roglicek liderraren elastiko gorria bereganatu du, Richard Carapazek atzerapena izan baitu. Alex Aranburu, berriz, laugarren helmugaratu da.
Roglic nagusitu da, hirugarrenez, eta lider jarri da. Esloveniarrak aise menderatu ditu aurkariak Suanceseko igoera laburrean, Espainiako Vueltako hamargarren etapan. Primoz Roglicek liderraren elastiko gorria bereganatu du, Richard Carapazek atzerapena izan baitu. Alex Aranburu, berriz, laugarren helmugaratu da.
Hanka batekin irabazi du Primoz Roglicek (Jumbo Visma) Espainiako Vueltako hamargarren etapa. Bada, esloveniarrak garbi erakutsi du beste behin mendate luzeetan ez ezik igoera laburretan ere ondo baino hobeto moldatzen dela. Suanceseko 1,5 kilometroko aldapan atzetik aurrerako sekulako lana egin du Roglicek. Begi fina duela ezin zaio ukatu, izan ere, bai baitzekien etapako amaiera Andrea Bagioliren (Deceuninck) dohainetara ongi egokitzen zela. Hala, italiarraren gurpilari ongi eutsi dio, eta ondoren, Jumbo Vismako txirrindulariak, distantzia ongi neurtuz, sekulako errematea eman dio, eta arazorik gabe altxa ditu bi eskuak. Haren atzetik, Felix Grossschartne (Bora), Bagioli eta Alex Aranburu (Astana) helmugaratu dira. Gaurko etapa irabazteaz gain, liderraren elastikoaren jabe egin da Roglic, Richard Carapazek (Ineos) ezin izan baitio lehenengo postuari eutsi. Kantabriako kostaldean barrena jokatu da etapa; Castrotik hasi eta Suancesen amaitu da. 185 kilometroko lana izan dute txirrindulariek eguraldia lagun izan dutela, eta ibilbidean zehar, hirugarren mailako San Cipriano mendate bakarra zuten igotzeko. Tropelak lau txirrindulariei eman die ihes egiteko baimena: Jonathan Lastrari (Caja Rural), Brent Van Moeri (Lotto Soudal), Alexander Molenaari (Burgos BH) eta Pim Ligtharti (Direct Energie). Ihesaldikoek tropelarekiko izan duten alderik handiena hamar minututik gorakoa izan da, baina helmugara gerturatu ahala, pelotoiak aldea apurka-apurka laburtzea lortu du. Hain zuzen, hamasei kilometro falta zirenean ehizatu du lehen multzoa. Azken kilometroak sasiordekan baziren ere, su batean joan dira txirrindulariak, talde bakoitzak bere liderra azken aldapatxora (1,5 kilometro, eta %5,9 eta %11 arteko pendizarekin) ongi kokatuta eramatea nahi baitzuten. Une batez, ordea, tropel buruan geldiune bat egon da, eta Remi Cavagnak (Deceuninck) eta Ivo Oliveirak (UAE) egoera hori ongi baliatu dute aurrera egiteko. Dena den, haien nahia azkar zapuztu du Ineosek, Andrei Amadorrek egindako lan eskergari esker. Alabaina, kukuak oker jo dio talde britainiarrari, Carapazek, gaur arte Vueltako liderra zenak, ez baitu azken astean erakutsi duen maila berretsi. Igoera hasi eta gutxira Guillaume Martinek (Cofidis) zalaparta sortu du tropelean, nahiz eta haren ahalegina hutsala izan; ez, ordea, Bagiogilena. Eraso indartsua egin du italiarrak, baina Roglic erne egon da, eta ongi eutsi dio italiarraren oldarraldiari, harik eta esloveniarrak bakarrik hanka egin duen arte. Hura izan da indartsuena, eta hamar segundoko gainsariaz gain, hiru segundoko aldea atera dio Carapazi. Horrenbestez, Roglic da orain lider berria. Liderrentzat aukera aproposa Biharko etapa oilarrek gorriz ongi biribilduta izango zuten Vuelta hasieratik, ez baita nolanahikoa. 170 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek, eta Farrapona mendatean (16 kilometro, eta %6,2ko pendiza) amaituko da hamaikagarren etapa. Aurretik, ordea, beste hiru mendate gogor kateatu beharko dituzte: Colladona (7 kilometro, eta %6,5eko pendiza), Cobertoria (9,8 kilometro, eta %9ko pendiza) eta San Lorenzo (10 kilometro, eta %8,6ko pendiza). Indartsuenek euren legea ezartzeko eta denbora tarte handiak ateratzeko ibilbidea, alajaina.
2020-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/189064/pier-paul-dalgalarrondo-hil-da-ikerzaleak-elkartearen-sortzailea.htm
Gizartea
Pier Paul Dalgalarrondo hil da, Ikerzaleak elkartearen sortzailea
Dalgalarrondo urteetan zehar jardun zen Zuberoako memoriaren alde lanean. 95 urte zituela hil da.
Pier Paul Dalgalarrondo hil da, Ikerzaleak elkartearen sortzailea. Dalgalarrondo urteetan zehar jardun zen Zuberoako memoriaren alde lanean. 95 urte zituela hil da.
Azken hamarkadetan Zuberoako memoriaren alde lanean jardun ostean, atzo zendu zen Pier Paul Dalgalarrondo sohütarra, 95 urte zituela. Pertsona estimatua zen Zuberoan, eta, besteak beste, Ikerzaleak elkartearen sortzaile eta sustatzaile nagusia izateagatik zen ezaguna. Liburu pare bat ere argitaratu zituen. Lanbidez irakaslea zen, eta Zuberoako Eskolaken liburu gehienetan ere hartu zuen parte. Ikerzaleak Zuberoako ondarearen eta historiaren sustapenaz arduratu du azken 30 urte baino gehiagotan, eta mota askotako materiala bildu du, haietako asko, herritarrei eskatuta. Dalgalarrondok bildu zituen 1914ko Gerrako soldaduen gutunak, trenbideen inguruko datuak, etxeetako apaingarri historiko asko... eta berak sendotu zuen artxiboetan Zuberoako XV. eta XVI. mendeetako memoria gordetzea ere. Sarri, herritarrentzat balio handirik ez zuten gauzak bilduz ere egiten zuen hori. Gehienbat arkeologian zen aditua Dalgalarrondo. «Euskalduna zen, baina ez bereziki abertzalea», azaldu du Allende Sokarros BERRIAko kazetari ohiak: «Politikoki frantses ezkerrekoa zen, aberatsei aurka egiten zienetakoa». Sokarrosek gehitu du, arkeologiarako zuen afizioagatik eta, oso ondo ezagutzen zituela Zuberoako mendiak: «Mendizale amorratua zen».
2020-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/189065/trenasako-langileek-greba-eten-dute.htm
Ekonomia
Trenasako langileek greba eten dute
Zuzendaritzak egindako eskaintza ikusita, batzarrak erabaki du lanuztea oraingoz etetea, fede oneko keinu gisa
Trenasako langileek greba eten dute. Zuzendaritzak egindako eskaintza ikusita, batzarrak erabaki du lanuztea oraingoz etetea, fede oneko keinu gisa
Azken orduetan Trenasak proposamen bat egin dio langileen batzordeari. Kontratu berrien zain, CAFek enpresaren itxiera hiru hilabetez atzeratzea erabaki zuen asteartean, eta horren ondotik, Trenasak langileei azaldu die erregulazio espedientearen kontsulta epea azaroaren 6ra luzatzeko prest dela, baldin eta «berehala oraindik indarrean den» greba bertan behera uzten bada, «fede oneko keinu gisa», Ohar hori ikusita, langileen batzarrak erabaki du lanuztea etetea oraingoz. Batzordeko iturriek azpimarratu dute ez dutela bertan behera utzi, eten baizik. «Negoziatzerako orduan, Ikusten badugu enpresak ez duela fede onik, berehala berraktibatu dezakegu greba; aldiz, greba bertan behera utziko bagenu, bost egun igaro beharko lirateke beste greba batera deitu arte», zehaztu dute. Bi aldeek, hortaz, keinuak eskatu dizkiote elkarri. Langileei bidalitako gutunean, Trenasak dio eurak erregulazio espedientearen negoziazioa urtarrilera atzeratzearen aldekoak zirela. Hala ere, ohartarazten dute greba bertan behera utziko ez balitz kontsulta epea bihar amaituko litzatekeela eta hortik aurrera enpresa «beharrezko neurriak hartzeko gertu» legokeela, egungo «eskari falta arintzeko asmoz».
2020-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/189066/ekhine-zapiainek-irabazi-du-nafarroako-eskolarteko-txapelketa.htm
Kultura
Ekhiñe Zapiainek irabazi du Nafarroako Eskolarteko Txapelketa
Etxarri Aranatzen jokatu da Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 34. aldia, zazpi bertsolari gazterekin.
Ekhiñe Zapiainek irabazi du Nafarroako Eskolarteko Txapelketa. Etxarri Aranatzen jokatu da Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 34. aldia, zazpi bertsolari gazterekin.
Edukiera mugatuarekin eta osasun prebentziorako neurri guztiak beteta jokatu da Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren 34. aldiaren finala, gaur arratsaldean, Etxarri Aranatzen. Zazpi izan dira bertsolari parte hartzaileak: Ainhoa Arrizabalaga (Iruñea), Amaia Lasheras (Barañain), Beñat Astiz (Barañain), Bittori Elizalde (Iruñea), Eki Mateorena (Leitza), Ekhiñe Zapiain (Bera) eta Etxahun Azkarraga (Etxalar). Maider Ansak izan du saioa aurkeztu eta gaiak jartzeko ardura. Izaro Mitxelena, Joseba Beltza eta Nerea Bruño aritu dira epaile lanetan. Gai orokorra emanda, lau oinak emanda, azken puntua emanda eta hitz bana emanda bertso bana kantatu ostean, bi bertsolari pasa dira bigarren fasera: Bittori Elizalde eta Ekhiñe Zapiain. Bigarren fase honetan, zortziko handian ofizioan aritu dira bi bertsolariak. Ostean, kartzelako ariketan, puntu banari erantzun diote, eta gaia emanda, bakarka aritu dira azkenik, bertso bana kantatuta. Azkenean, Ekhiñe Zapiainek bildu du puntu gehien, eta horrenbestez, bera da Nafarroako Eskolarteko txapelduna. Berak eta txapeldunordeak, Bittori Elizaldek, ordezkatuko dute Nafarroa Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan. Zapirainek Julio Soto Nafarroako txapeldunaren eskutik jaso du txapela. Beste sari bat ere izan da Nafarroako Eskolarteko Txapelketan, bertso onenarena. Kasu honetan, Ekhiñe Zapiainek berak irabazi du sari hori, zortziko handiko ofizioko bigarren bertsoagatik. Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak eman dio sari hori.
2020-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/189067/hiru-minutuan-dena-hankaz-gora.htm
Kirola
Hiru minutuan dena hankaz gora
Eibarrek ez du partida txarra jokatu, baina 36. eta 39. minutuen artean bi gol jaso, eta ezin izan dio partidari buelta eman. Negredo eta Salvi izan dira bisitarien golegileak.
Hiru minutuan dena hankaz gora. Eibarrek ez du partida txarra jokatu, baina 36. eta 39. minutuen artean bi gol jaso, eta ezin izan dio partidari buelta eman. Negredo eta Salvi izan dira bisitarien golegileak.
Valladolidi eta Sevillari irabazi ostean, une gozoan zen Eibar. Baina gozotasun hori eten egin da, Cadizen aurka Ipuruan 0-2 galdu ostean. Jose Luis Mendilibarren taldeak izan du jokoaren ekimena une askotan. Baina Cadizek ondo eutsi dio, eta ondo baliatu ditu izan dituen bi gol aukera garbienak. Hiru minutuan utzi dute erabakita partida bisitariek. 36. minutuan Negredok egin du lehen gola, eta bigarrena Salvik 39. minutuan. Cadizek, San Mamesen erakutsi bezala, talde igo berria izan arren, Lehen Mailan lehiakor izateko gaitasuna duela erakutsi du, eta ondo landutako eta jarritako taldea dela. Eibarrek hobeto ekin dio partidari. Sevillan bezala, Pozo eta Gil bezalako jokalariek bizitasuna eta erritmoa eman diote talde gipuzkoarrari, eta hori aprobetxatzen ahalegindu da. Baina ez du lortu. Bitartean, Cadiz ondo eusten ari zen Eibarren erasoei. Lehen ordu erdia horrela igaro da. Baina 36. minutuan ailegatu da Cadizen lehen kolpea. Diopek zelai erdian baloia galdu du, eta Espinok egindako erdiraketa sareetara errematatu du buruz Negredo beteranoak. Hurrengo minutuetan Eibar lo egon da, eta hori baliatu dute espainiarrek ia erreskadan, 39. minutuan, bigarrena egiteko. Berriro ere zelai erdian galdutako baloi batetik iritsi da, eta oraingoan ere Diopek galdu du. Salvik pase sakona jaso, Dimitrovicen ate aurrean geratu, eta ondo gurutzatu du baloia. 0-2koarekin amaitu da partida. Bigarren zatian Eibar saiatu da bere ohiko jokoa egiten, eta hegaletatik min egiten. Baina ez du lortu nahi beste min egitea. Zelaian ondo jarrita egotea nahikoa izan du Alvaro Cerveraren taldeak errentari eusteko. Are gehiago, Lozanok 0-3koa sartu du. Baina epaileak baliorik gabe utzi du, jokoz kanpo egoteagatik. Minutuak aurrera joan ahala nekea antzeman zaie Mendilibarrenei. Aldaketek ere ez dute esperotako emaitza izan, eta hala bukatu da neurketa.
2020-10-31
https://www.berria.eus/albisteak/189101/hilik-topatu-dute-pasaian-itsasora-erori-den-arrantzalea.htm
Gizartea
Hilik topatu dute Pasaian itsasora erori den arrantzalea
Arrantzalea 02:30ak aldera erori da uretara, Pasaiako portuan. Arratsaldean topatu dute haren gorpua.
Hilik topatu dute Pasaian itsasora erori den arrantzalea. Arrantzalea 02:30ak aldera erori da uretara, Pasaiako portuan. Arratsaldean topatu dute haren gorpua.
Pasaiako (Gipuzkoa) portuan itsasora erori eta desagertuta zegoen arrantzale baten gorpua aurkitu dute arratsaldean. Ezbeharra 02:30ean gertatu da: bi gizon portuan arrantzan ari ziren, eta itsasora erori dira. Batek bere kabuz ateratzea lortu du, eta larrialdi zerbitzuetara deitu du. Orduan, beste arrantzalearen bila hasi dira itsas salbamenduko ontzi bat eta Gurutze Gorria. Goizean goizetik, Ertzaintza eta suhiltzaileak ere bila ari dira. Hildako arrantzaleak 43 urte zituen, eta Pasaiakoa zen.
2020-10-31
https://www.berria.eus/albisteak/189102/hegoaldean-2000-positiboren-langa-gainditu-da.htm
Gizartea
Hegoaldean 2.000 positiboren langa gainditu da
Bigarren olatuko daturik txarrenak izan dituzte Araban eta Bizkaian. Guztira, 2.082 kasu atzeman dituzte. Beste bost lagun hil dira Nafarroan.
Hegoaldean 2.000 positiboren langa gainditu da. Bigarren olatuko daturik txarrenak izan dituzte Araban eta Bizkaian. Guztira, 2.082 kasu atzeman dituzte. Beste bost lagun hil dira Nafarroan.
Neurriak ezarri arren, etengabe ari da handitzen positibo kopurua. Gaur beste marka bat ezarri dute Hegoaldean: 2.000 positiboren langa gainditu dute. Zehazki, 2.082 positibo atzeman dituzte, bigarren olatuko kopururik handiena. Lurralde guztien egoera da kezkagarria. Bigarren olatutako daturik okerrena erregistratu dute Araban: 203 kasu, atzo baino 63 gehiago. Gero eta okerragoa da Bizkaiko egoera ere. Atzo gainditu zuen 100.000 biztanleko 500 positiboren tasa, eta gaur beste 688 kasuren berri eman dute; hau da, bigarren olatuko daturik txarrena. Gipuzkoako eta Nafarroako egoera ere makurra da. 596 kutsatu atzeman dituzte Gipuzkoan, urriaren 24tik izandako daturik okerrena —orduan 620 kutsatu izan ziren—. Nafarroan, berriz, 580 kasu daude, atzo baino 57 gutxiago. Egindako proba kopuruak eragina du datuetan, inoiz baino proba gehiago egin baitzituzten atzo. Hain zuzen, Osakidetzak eta Osasunbideak 21.492 PCR eta antigeno test egin zituzten, eta %9,4k eman zuten positibo. Positibo kopuruaren igoera horrek ospitaleetan du isla. Beste 127 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten atzo Hego Euskal Herriko ospitaleetan, daturik txarrena apirilaren 18tik —139 ospitaleratu zituzten orduan—. Gaixo horien egoera ere kezkatzekoa da. 150 daude ZIUetan, atzo baino hamar gehiago. Datuek erakusten dute azken hilabeteetako egoerarik txarrena dela. ZIUei erreparatuz gero, esaterako, apirilaren amaieraraino joan behar da gaurko datuen antzekoak aurkitzeko. Hain zuzen, ez da hain datu txarrik erregistratu apirilaren 28tik —orduan 159 gaixo zeuden ZIUetan—. Nafarroako Gobernuak hildakoen berri ere eman du: beste bost lagun hil ziren atzo. Eusko Jaurlaritzak, berriz, hildakoen datuak ez ditu egunero ematen, astero baizik. 85 lagun hil ziren Araban Bizkaian eta Gipuzkoan urriaren 19tik 25era.
2020-10-31
https://www.berria.eus/albisteak/189103/barakaldon-gizon-bat-atxilotu-dute-emakume-bati-sexu-abusuak-egitea-egotzita.htm
Gizartea
Barakaldon gizon bat atxilotu dute emakume bati sexu abusuak egitea egotzita
Erasoa atzo gauean gertatu zen, Barakaldoko autobus geltoki baten inguruan.
Barakaldon gizon bat atxilotu dute emakume bati sexu abusuak egitea egotzita. Erasoa atzo gauean gertatu zen, Barakaldoko autobus geltoki baten inguruan.
Barakaldoko (Bizkaia) udaltzainek 34 urteko gizonezko bat atxilotu dute, emakume bati sexu abusuak egitea egotzita. Erasoa autobus geltoki baten inguruan gertatu zen. Biktimak salaketa jarri zuen 23:15 aldera, eta gizona deskribatu zien udaltzaingoei. «Minutu gutxi» igarota, deskribapenarekin bat egiten zuen gizonezko bat atzeman zuten, eta emakumeak ziurtatu zuen gizon hark egin ziola eraso. Gizonezkoa epaileen esku utzi dute.
2020-10-31
https://www.berria.eus/albisteak/189104/zaintza-erdigunean-jartzeko-aldarrikatu-dute-hegoaldeko-lau-hiriburuetan.htm
Gizartea
Zaintza erdigunean jartzeko aldarrikatu dute Hegoaldeko lau hiriburuetan
Iruñeko mobilizazioan, Erruki Etxetik irten da ehunka lagun, Zainduz senideen plataformak deitutako manifestazioan, adinekoen egoitzarako baliabide gehiago eta egoiliar eta langileentzako duintasuna exijitu dituzte
Zaintza erdigunean jartzeko aldarrikatu dute Hegoaldeko lau hiriburuetan. Iruñeko mobilizazioan, Erruki Etxetik irten da ehunka lagun, Zainduz senideen plataformak deitutako manifestazioan, adinekoen egoitzarako baliabide gehiago eta egoiliar eta langileentzako duintasuna exijitu dituzte
Bigarren olatuak berriro ere bete-betean eragin die zahar etxeei. Positiboak dira egoitzetan, eta Nafarroan eta Gipuzkoan bisitak moztu egin dituzte. Hego Euskal Herriko senide elkarteek eta pentsidunen mugimenduak deituta, eguerdian manifestazioak egin dira Iruñean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen, eredu publikoaren alde eta zaintza erdigunean jartzeko azpimarratuz. Iruñeko manifestazioa Zainduz senideen elkarteak antolatu du. Egoeraz kezkatuta, egoiliarren senide multzo bat elkartu da, duintasuna aldarrikatzeko. Erruki Etxetik abiatu da, Nafarroako zahar etxerik handienetik. Atarian, kartelei eutsiz ehunka lagunek mezu aldarrikatzaileak zabaldu dituzte. Egoitzaren barruan, hamabost kide inguruko egoiliar talde batek ere bat egin du protestarekin. Mezuetan aldarrikapen asko irakur zitezkeen, eta horietako batzuk ere oihukatu dituzte: hala nola «gizatasun gehiago, etekin gutxiago»; «duintasuna adinekoentzat»; «egoitzek arreta gehiago behar dute»; «bisitetarako eta irteeretarako eskubidea»; «egoitzak = kartzelak»; «irtenbidea, inbertsio gehiago»... Gaztelugibeletik Gazteluko plazara zuzendu dira, eta Nafarroako Gobernuaren egoitzan komunikatu bat irakurri dute. Bidean, ehunka lagun elkartu dira, baina parte hartzaile bakoitza ilaran zihoan, eta elkarren arteko distantzia gorde dute. Amaieran, agiria irakurri dutenean ere, batzuen eta besteen arteko tartea gorde dute. Amaieran, Mikel Auza Zainduz elkarteko kideak euskaraz azaldu du COVID-19a azken hamarkadetako krisi sanitario, sozial eta ekonomiko handienari «kezka handiz», eta agerian utzi dituela egungo zaintza sistemaren mugak eta gabezia handiak. Egoiliarrentzat eta senideentzat egoera «gogorra eta krudela» da, bakartu egin dituztelako eta bisitak debekatu dituztelako. «Ez dute gure maitasuna jasotzen, eta kasu askotan bakardadean hiltzen ari dira». Azpimarratu du Nafarroa Garaian 500 egoiliar inguru hil direla, eta ez dutela azalpen bakar bat ere jaso zergatiaz. Egoeraren zergatiak Zainduz ellkartearen arabera, zergatiak badaude: aurreikuspenik ezak, aurrekontu murrizketak, zuzeneko arretako langileen faltak, langileen baldintza txarrek eta ikuskaritza ez egiteak zerbitzuen kalitatea «hondatu» dute.. «Gure adinekoen arreta eta zaintza negozio bat da, non irabazi askoko proiektu pribatuek onura nabarmenak lortzen dituzten epe laburrean». Haien ustez, pandemiak agerian utzi du kudeatzaileen «aurpegirik miserableena», eta gobernuetako gizarte arloko arduradunek utzi egin diete hori egiten. Gogorarazi dute langileek lan karga handia izan ohi dutela, gaizki ordaindutako sektorea dela, txandakatze eta absentismo handikoa. Horrekin batera, babes materiala eta ekipamendua falta dela kritikatu dute. Dena den, langileei eskertu egin diete egindako esfortzua eta «lan bikaina». Halaber, «onartezin» deritzote bigarren olatuan hainbeste kutsatze egoteari. «Gure senideek ez dituzte kudeaketa txar honen ondorio latzak ordaindu behar». Haien ustez, bisitak debekatzeak eta bakartzeak «eragin kaltegarria izango du haien osasun fisiko, psikiko eta emozionalean». Horregatik, eskatu dute ezarritako protokoloen jarraipenaren azterketan parte hartzea, baita senideen bisita eta irteeren erregimenari buruzko erabakietan ere.
2020-10-31
https://www.berria.eus/albisteak/189105/sean-connery-aktorea-hil-da.htm
Kultura
Sean Connery aktorea hil da
Zinemako lehen James Bond izateak egin zuen famatu, baina hamaika filmetan hartu du parte bere ibilbidean, eta sari garrantzitsu sorta bat jasota hil da 90 urterekin
Sean Connery aktorea hil da. Zinemako lehen James Bond izateak egin zuen famatu, baina hamaika filmetan hartu du parte bere ibilbidean, eta sari garrantzitsu sorta bat jasota hil da 90 urterekin
Connery. Sean Connery. Bera izan zen zineman James Bond 007 agentearen rola jokatu zuen lehen aktorea, eta nazioarteko lehen lerroko izar bilakatu zuen horrek istantean. Guztira, zazpi Bond filmetan hartu zuen parte 1962tik 1983ra arteko tartean. Pertsonaia nabarmen gainditu zuen aktorearen ibilbideak, halere, eta Bond jokatu ostean jasotako sariak dira horren froga. 1986an, adibidez, BAFTA bat jaso zuen Umberto Ecoren liburuan oinarritutako Arrosaren izenean filmean egindako lanagatik eta taldeko aktore onenaren Oscar saria jaso zuen hurrengo urtean Brian de Palmaren The Untouchables film ezagunean jokatutako pertsonaiagatik. Beste BAFTA bat ere jaso zuen ondoren, eta baita hiru Urrezko Globo ere. Foku pean dirdira egin arren, ordea, sekula ez du Diane Cilento emazte ohiak leporatu zizkion tratu txarren itzala uxatzerik lortu. 90 urterekin hil da gaur, eta oraingoz ez dute heriotzaren motibo zehatzik aipatu. Edinburgon jaio zen: kamioilaria zuen aita eta garbitzailea ama, eta, maiz onartu izan zuenez, umetan pobrezia ezagututakoa zen. 13 urterekin utzi zuen eskola, esne banatzaile aritu zen, armadan zazpi urte eman zituen, harik eta Mister Unibertso lehiaketan izena eman, eta Londresera egindako bidaia hura antzerkian lehen saiakerak egiteko baliatu zuen arte. Lan txikiekin hasi, eta gorantz egin zuen bidea berehala. Antzerkitik telebistara pasa, eta hortik helduko zen zinemarako jauzia gero. Bond bilakatuz heldu zen pantaila handira. Robin Hood eta independentzia Bond izateak eman zion sona, nagusiki, baina ez zen jokatu zuen pertsonaia garrantzitsu bakarra izan. Robin Hood zaharkitu bat ere izan zen zineman (Robin and Marian, 1976), eta baita Indiana Jones arkeologo abenturazalearen aita ere (Indiana Jones and the Last Crusade, 1989). Bonden seriea fimatu bitartean, Alfred Hitchcockek zuzendutako Marnie filmean (1964) parte hartu zuen, eta ezagun da, 1962. urtetik 1971. urtera serieko sei filmetan parte hartu ostean espioiaren pertsonaiak sortzen zion nekea ere. Gerora, 1983an, berriro heldu zion pertsonaiari ironia handiko izenburua zuen filmarekin (Never Say Never Again / Inoiz ez esan inoiz ez). Euskal Herriarekin ere izan zuen nolabaiteko harremana Conneryk, Robin and Marian Nafarroan filmatu baitzuten parte handi batean, Artaxoan hain zuzen ere. Bitxia bada ere, Robin Hoodi buruzko beste film batean ere parte hartu zuen handik urte batzuetara, Robin Hood: Prince of Thieves-en (1991), baina horretan Kevin Costner zen filmeko heroia, eta Connery, berriz, Richard erregea. 60ko hamarkada batik bat James Bonden pertsonaiari lotuta igaro zuen bezala, 70ekoan bere talentua genero eta estilo ezberdinetako filmetara eraman zuen Conneryk. Sidney Lumet zinemagilearekin hainbatetan egin zuen lan (The Anderson tapes, 1971; The Offence, 1972, Murder on The Orient Espress, 1974), Michael Cainerekin eta John Hustonen aginduetara Kiplingen Indiara joan zen (The Man who would be King, 1975), John Miliusekin The Wind and The Lion (1975) egin zuen, eta bertan buruzagi berberea izan zen, eta iraultza aurreko Kuban ere izan zen Richard Lesterren Cuba-n. XXI.mendearen hasierara arte segitu zuen lanean Conneryk, eta batez ere 90eko hamarkadatik aurrera, oso film ezagun eta komertzialetan hartu zuen parte: First Knight (1995), The Rock (1996), The Avengers (1998), Entrapment (1999), Finding Forrester (2000), The League of Extraordinary Gentlemen (2003)... Babes argia azaldu zion aktoreak beti Eskoziaren independentziari, eta, 2014. urtean egindako erreferendumean lehen lerroko garrantzirik hartu ez bazuen ere, kanpaina egin zuen baiezkoaren alde. Abertzaletasun hori bera igar daiteke 2008an argitaratu zuen autobiografiaren tituluan ere: «Being a Scot» (Eskoziarra izanik). Tratu txarrak Dirdira horrek guztiak badu aski itzal ere. Diane Cilento emazte ohiak, esaterako, elkarrekin egon ziren aldian, aktoreak behin baino gehiagotan kolpatu zuela salatu zuen bere memorietan. Aktoreak pisua kendu nahi izan zien akusazioei, eta beren harremanaren haustura ez gainditzeagatik mendeku hartzen saiatzea aurpegiratu zion. Horrez gainera, zergak ordaintzeari izikin egin izanaren akusazioa ere beti izan du gainean. Suitzan egindako negozio batzuengatik ere izan zen epaitegietan, eta Espainiak ere deklaratzera deitu zuen 1999an Marbellan zuen etxearen salmentagatik. Gaixo zegoela argudiatuz egin zion izkin epaitegira agertzeari, eta, azkenean, haren aurkako kargurik gabe itxi zuten kasua.
2020-10-31
https://www.berria.eus/albisteak/189106/lemoako-erretoreari-kargua-kendu-diote-etaren-inguruan-egindako-adierazpen-batzuengatik.htm
Politika
Lemoako erretoreari kargua kendu diote, ETAren inguruan egindako adierazpen batzuengatik
Iñaki Arteta zinemagilearen 'Bajo el silencio' dokumentalean egindako adierazpenetan, Mikel Azpeitia erretoreak dio ETAren jarduna ez dela izan terrorismoa, "bi bandoen arteko gerra bat" baizik. Mario Izeta gotzainak kargutik kendu du.
Lemoako erretoreari kargua kendu diote, ETAren inguruan egindako adierazpen batzuengatik. Iñaki Arteta zinemagilearen 'Bajo el silencio' dokumentalean egindako adierazpenetan, Mikel Azpeitia erretoreak dio ETAren jarduna ez dela izan terrorismoa, "bi bandoen arteko gerra bat" baizik. Mario Izeta gotzainak kargutik kendu du.
Iñaki Arteta zinemagilearen Bajo el silencio dokumentalean, kazetari gazte bat Euskal Herrira gerturatuko da ETAren hilketetan sakontzeko. Damututako kideez gain, elkarrizketa ugari azaltzen dira pelikulan, tartean Mikel Azpeitiarena, Lemoako (Bizkaia) erretorearena. ETAren jarduna "bi bandoen arteko gerra" bat balitz bezala definitzen du, eta, dioenez, "ez da terrorismoa izan, errepresio baten aurkako erantzuna baizik". Adierazpen horiek zalaparta handia eragin dute, eta, besteak beste, Dignidad y Justicia biktimen elkarteak salaketa jarri zion erretoreari. ETAren biktimei barkamena eskatu zien Azpeitiak, bere adierazpenak "ezegokiak izan zirela" adierazita. Era berean, Mario Izeta Bilboko gotzainari gutuna helarazi dio bere karguaren inguruko erabakia hark hartu dezan. Gaur bertan, Gotzaindegiko Kontseiluaren batzarrera deitu du Izetak, eta adierazpen horiek eragindako egoera aztertu dute. Bertan hartutako erabakiaren arabera, Lemoako elizan zuen kargutik kendu dute Azpeitia, eta biktimei helarazi zien karta argitaratzea erabaki dute.
2020-10-31
https://www.berria.eus/albisteak/189107/altxa-ekitaldia-egin-dute-erabakitzeko-eskubidearen-alde.htm
Politika
'Altxa!' ekitaldia egin dute, erabakitzeko eskubidearen alde
Hamaika Gara egitasmoak ekitaldi bat egin du Durangon, 'Altxa!' lelopean. Dei egin dute erreferendumaren aldeko sinadurak biltzera, hura gauzatzeko «baldintzak» sor daitezen
'Altxa!' ekitaldia egin dute, erabakitzeko eskubidearen alde. Hamaika Gara egitasmoak ekitaldi bat egin du Durangon, 'Altxa!' lelopean. Dei egin dute erreferendumaren aldeko sinadurak biltzera, hura gauzatzeko «baldintzak» sor daitezen
Puntu gorri batek irudikatzen du Hamaika Gara egitasmoa, etorkizun politikoa erreferendum bidez erabakitzearen alde 23 eragile biltzen dituen plataforma. Erreferendum horren aldeko sinadurak biltzen hasi da egitasmoa, eta, gaur, lehen mugarri bat ezarri nahi izan dute Durangoko Plateruenan (Bizkaia) eginiko ekitaldian. Bertan, Amalur Alvarez Gure Esku-ko bozeramaileak dei egin du Euskal Herriaren puntu gorria burujabetzaren mapan kokatzera: «Erabakitzeko bidean dauden herrien mapan kokatu behar dugu Euskal Herria. Ez dugu beste herrien erabakitzeko prozesuen ikusle izan nahi; Europatik olatu demokratiko berri bat dator, eta olatu hori hartzeko prest egon nahi badugu, gaurdanik hasi behar dugu igerian». COVID-19ak baldintzatutako ekitaldi bat izan da, garai berrietara egokitua. Sarean egon da ikusgai, eta zenbait herritan emanaldiak antolatu dituzte hura ikusteko. Altxa! izena jarri diote saioari, erreferendumaren aldeko kanpainaren izen bera, eta bi zatitan banatu dute; kultur arloko 40 minutuko ikuskizun batekin abiatu dute, eta, horretan, azken hamarkadetan zeharreko bidaia bat proposatu du Gotzon Barandiaran gidoilariak, «euskaldunon erreferente kulturalak» ardatz hartuta. Amancay Gaztañagak zuzendu du ikuskizuna, eta Erika Olaizola, Iraia Elias eta Laura Penagos aktoreek, Amets Arzallus bertsolariak eta Eñaut Elorrieta, Ruben Caballero eta Dupla taldeko musikariek hartu dute parte. Ekitaldi politikoa egin dute ondoren, Hamaika Gara osatzen duten eragileetako kideek eta nazioarteko talde subiranista batzuek hitza hartuta. Josu Etxaburu Gure Esku-ko eledunak sinadura bilketan parte hartzera deitu du, hura gauzatzeko «baldintzak» sortzeko: «Herritarron babes masiboa batzen badugu, herri honetan erreferendum bat egingo dugu». Gaineratu du alderdi politikoei dagokiela gizartean erabakitzeko eskubidearen alde dagoen «adostasun zabala lege bihurtzea», eta ohartarazi ez dutela «hori baino gutxiago» onartuko: «Aukera historiko hau galtzea akats larria litzateke». Beste sektore batzuetako eragileak ere mintzatu dira. Maritxu Serrano Gaurgeroa elkarteko kideak, esaterako, «guztion geroaren alde» egitera deitu du, eta «pentsio duinak» babestera: «Burujabetzan sakondu behar dugu, pentsioen inguruan hemen erabakitzeko eta denontzat bizitza duina bermatzeko». Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, berriz, «hizkuntza politika mugarik gabe erabakitzeko premia» nabarmendu du: «Burujabetza behar dugu euskaraz bizitzeko oztopoetako batzuk behintzat gainditzeko». Sindikatuen eremuan, Eulate Zilonizaurrekoetxea LABeko kideak beharrezkotzat jo du «lan harremanen eta babes sozialaren eredua erabakitzeko eskumen osoa» eskuratzea, eta, Steilaseko kide Ana Perezen iritziz, egungo egoerak «gobernantza eredu demokratikoago baten premia» azaleratu du. Iratxe Delgado Ernaiko kidearen esanetan, berriz, ez da «herri librerik pertsona askerik gabe»: «Burujabetzan sakondu behar dugu gure bizitzen jabe izan nahi dugulako, gure komunitatea zaindu nahi dugulako, norabidez aldatzeko eskubidea dugulako, eta gure bidea hautatu nahi dugulako». Eskozia eta Katalunia Saioan entzungai izan dira Eskoziatik eta Kataluniatik bidalitako mezuak ere; adibidez, Shona McAlpine Scottish Independence Conventioneko idazkari nagusiarena: «Orain beste erreferendum bat egiteko babesa dugu, baita independentziarako ere. Baina garrantzitsuena demokrazia da. Euskal Herriak ere erabakitzeko eskubidea du». Marcel Mauri Kataluniako Omnium Culturaleko presidenteordea eskertuta agertu da urteotan jaso duten babesarengatik: «Erabakitzeko eskubidearen alde ahalik eta sinadura gehien jasotzeko unea da; Euskal Herriak, Kataluniak, baita munduko herri guztiek ere, erabakitzeko eskubidea baitugu; autodeterminaziorako eskubidea baitugu». Elisenda Paluzie ANC Biltzar Nazional Katalaneko lehendakariak, berriz, erreferendumaren tresna babestu du: «Zuen ondoan egongo gara, erabakitzen duzuen bidean. Horregatik, gure babesa sinadura bilketa hau sustatzeagatik eta autodeterminazio eskubidea erdigunean jartzeagatik».