date stringdate 2012-09-20 00:00:00 2023-12-01 00:00:00 | url stringlengths 47 182 | category stringclasses 10
values | title stringlengths 3 140 | subtitle stringlengths 0 1.17k | summary stringlengths 5 1.18k | text stringlengths 2 35.8k |
|---|---|---|---|---|---|---|
2020-11-16 | https://www.berria.eus/albisteak/189817/aemko-bi-kide-atxilotu-ditu-ertzaintzak.htm | Politika | AEMko bi kide atxilotu ditu Ertzaintzak | AEMren arabera, Espainiako Auzitegi Nazionalak agindu ditu atxiloketak, eta atxilotuen etxeak ere miatzean ari dira. Valentina Morisolli eta Gaizka Astorkizaga dira atxiloturikoak. | AEMko bi kide atxilotu ditu Ertzaintzak. AEMren arabera, Espainiako Auzitegi Nazionalak agindu ditu atxiloketak, eta atxilotuen etxeak ere miatzean ari dira. Valentina Morisolli eta Gaizka Astorkizaga dira atxiloturikoak. | AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak jakinarazi du taldeko bi militante atxilotu dituela Ertzaintzak Bizkaian. Espainiako Auzitegi Nazionalak agindu izanen lituzke atxiloketak, eta atxilotuen etxeak ere miatzen ari da Ertzaintza, AEMren arabera.
Usansoloko (Galdakao, Bizkaia) Valentilla Morisolli eta Ibarrangeluko (Bizkaia) Gaizka Astorkizaga dira atxilotuak; Astorkizaga euskal preso ohia da. AEMk jakinarazi du euren senideen bidez izan dutela atxiloketen berri, eta elkartasuna adierazi diete: «Euren senitarte eta lagunei animo erraldoi bat igortzen diegu, eta baita Euskal Herriko Langileari adi egoteko bai atxiloketa hauen inguruan burutuko diren mobilizazioak zein Txikitorenak direla eta». Atxilotuak askatzeko eskatu dute. |
2020-11-16 | https://www.berria.eus/albisteak/189818/ostalaritzaren-itxierari-eta-konfinamendu-perimetralari-eutsiko-diete-nafarroan.htm | Gizartea | Ostalaritzaren itxierari eta konfinamendu perimetralari eutsiko diete Nafarroan | Txibite lehendakariak aurreratu du Gabonetan ez dituztela baimenduko «jende anitzeko afariak», baina ez du baztertu debekua kentzea etxe berekoak ez direnen artean biltzeari dagokionez. | Ostalaritzaren itxierari eta konfinamendu perimetralari eutsiko diete Nafarroan. Txibite lehendakariak aurreratu du Gabonetan ez dituztela baimenduko «jende anitzeko afariak», baina ez du baztertu debekua kentzea etxe berekoak ez direnen artean biltzeari dagokionez. | Oraingoz, itxita. Nafarroako Gobernuak erabaki du ostalaritzaren itxierari eta konfinamendu perimetralari eustea. Taberna eta jatetxeen itxiera bi astez luzatuko dutela jakinarazi du Javier Remirezek, Nafarroako Gobernuko bozeramaileak, baina gaineratu du balitekeela zenbait neurri «malgutzea», «datuen bilakaeraren arabera». Besteak beste, terrazak zabaltzeko aukera aipatu du.
Bestalde, azaroaren 29tik abenduaren 8ra arteko zubian, itxita egonen dira Nafarroako mugak. Maria Txibitek aurreratu du erabakia, SER irrati katean eginiko elkarrizketan. «Ezin gara lasaitu: arrisku handia litzateke neurri murriztaileak abenduko zubi luzearen aurretik kentzea, kutsatuen kopuruek gora eginen luketelako Gabonen aurretik, eta horien ostean gorakada nabarmena izanen genukeelako».
Nafarroako Gobernuko buruak «zuhurtziaz» hartu du azken asteotako datuen hobekuntza: «Egia da lortu dugula positiboen kurba apaltzea. Beheranzko joera nabaria eta jarraitua da azken bi asteotan, baina zuhurrak izan beharra dugu, jaiegun luzeak datozelako: ez da komeni lasaitzea. Tentsioari eutsi behar diogu».
Lehen olatuaren ostean konfinamendua arintzeko neurriak «azkarregi» ezarri zirela aitortu du Txibitek: «Horregatik, bigarren olatu honen arintzea mantsoago egin nahi dugu, zuhurrago, ez dugulako atzera joan nahi. Presaka ibiltzea ez da ona». Horregatik, «zuhurtzia eta pazientzia» eskatu dizkie herritarrei, «normaltasunera bueltatu ahal izateko».
Gabonetan, ospakizun jendetsurik ez
Gabonetan indarrean egonen diren debeku eta neurri murriztaileei buruz, Nafarroako Gobernuko lehendakariak esan du «ikusteko» dagoela zer erabaki hartuko duten, baina «neurriak arintzera» jo nahi dutela: «Argi dago aurtengo Gabonetan ez ditugula ospakizun eta afari jendetsuak ikusiko. Seguruenik, familia osoa ezinen da mahaiaren bueltan egon, baina saiatuko gara neurriak arintzen, etxe berekoak ez diren pertsonak elkartzeari dagokionez». Izan ere, Nafarroan indarrean den foru dekretuaren arabera, elkarrekin bizi ez diren pertsonak ezin dira etxe berean bildu. |
2020-11-16 | https://www.berria.eus/albisteak/189819/ernesto-gasco-laquonik-ere-sexu-abusuak-jasan-nituen-nire-eskola-erlijiosoanraquo.htm | Gizartea | Ernesto Gasco: «Nik ere sexu abusuak jasan nituen nire eskola erlijiosoan» | PSE-EEko politikaria da Gasco, eta Haur Pobreziaren Kontrako Borrokarako goi mandataria da egun. Donostiako Mundaiz ikastetxean ikasi zuen Gascok, eta eskolak esan du gertatutakoa ikertzeko prest daudela. | Ernesto Gasco: «Nik ere sexu abusuak jasan nituen nire eskola erlijiosoan». PSE-EEko politikaria da Gasco, eta Haur Pobreziaren Kontrako Borrokarako goi mandataria da egun. Donostiako Mundaiz ikastetxean ikasi zuen Gascok, eta eskolak esan du gertatutakoa ikertzeko prest daudela. | Ernesto Gascok erabaki du orain arte isilik eduki duena kontatzea: «Nik ere sexu abusuak jasan nituen nire eskola erlijiosoan». 8 edo 9 urte zituenean izan zirela zehaztu du, eta Donostiako ikastetxe erlijioso bateko apaiz batek egin zizkiola. «Lehenengo aldiz erabaki dut kontatzea, orain arte ez dut kontatu. Oso txikia nintzen, 8 edo 9 urte izango nituen, eta adin horrekin oso zaila da ondo edo gaizki dagoen jakitea eta salatzea, nora jo jakitea». Salatzeko pausoa emateko eskatu die bere egoeran daudenei: «Adingabe denei esaten diet beldurrik ez edukitzeko, ez dagoela ondo: heldu batek haiekin jolastu nahi duenean, ezin da edozertan jolastu, eta salatu dezatela».
Donostiako Mundaiz ikastetxean ikasi zuen Gascok. Eskolako zuzendaritzako kide Javier Marquinezek ziurtatu du ez zutela gertatutakoaren berri, eta prest daudela ikertzeko: «Horrelako zerbait gertatzen den bakoitzean, derrigortuta gaude fiskaltzari eta Ertzaintzari jakinaraztera. Kasu honetan, ezer gutxi egin ahal izan dugu, ez genuelako horren berri».
PSE-EEko kide esanguratsua izan da urteetan Ernesto Gasco, eta, besteak beste, alkateorde izan zen aurreko udal agintaldian. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordea ere izandakoa da. Egun, Haur Pobreziaren Kontrako Borrokarako goi mandataria da Espainiako Gobernuan. Ostiralean Haurren Nazioarteko Eguna izango dela eta, kargu horren harira Efe berri agentziak egindako elkarrizketa batean egin ditu adierazpenok.
Gascok badaki bere erasotzailea ez dutela zigortuko: «57 urte dauzkat, 50 urte pasatu dira. Jada ez da delitua, eta ez da izango lege berriarekin ere —preskribatuta egongo litzateke—. Nire bizitzatik aparte utzi nuen, aurrera egin ahal izateko, gertatu izan ez balitz bezala». Halere, kontatzea erabaki du, bere egoeran egon daitezkeenei laguntzeko: «Kargu garrantzitsu bat daukat, eta, armairutik atera nintzenean bezala, uste dut jendaurrean adierazteak orain gaizki pasatzen ari direnei lagun diezaiekeela».
Uste du Espainiako Kongresuan tramitatzen ari diren legeak bide bat irekiko diela sexu abusuak jasan dituztenei: «Oso lege garrantzitsua da, indarkeria edo sexu abusuak jasan dituzten umeei salatzeko leku bat izatea ahalbidetuko dielako». Besteak beste, delituok preskribatzeko epea biktimak 30 urte betetzen dituenetik hasiko dira kontatzen, eta ez 18 dituenetik. |
2020-11-16 | https://www.berria.eus/albisteak/189820/ilusioa-berritzera.htm | Kirola | Ilusioa berritzera | Costa Ricaren aurka adiskidantzazko partida jokatuko du gaur euskal selekzioak, Ipuruan (20:45). FIFAko daten barruan jokatzen duen hirugarrena da. | Ilusioa berritzera. Costa Ricaren aurka adiskidantzazko partida jokatuko du gaur euskal selekzioak, Ipuruan (20:45). FIFAko daten barruan jokatzen duen hirugarrena da. | Zalerik gabe bada ere, urte eta erdi geroago euskal selekzioa lehian ikusteko aukera izango da gaur, Ipuruan, Costa Ricaren kontra (20:45, ETB 1). Ikuskizun on bat eman, eta erakundeei ofizialtasunaren bidean urrats zenbait eginaraztea izango da helburua. Costa Rica 50. postuan dago UEFAren zerrendan, eta Europan hainbat partida ari da jokatzen.
Clementek 22 jokalariz osatutako zerrenda eman zuen aurreko astean. Baina, azkenean, hemeretzi izango ditu jokatzeko moduan. Ostiralean, Jokin Ezkieta Athleticeko atezainak positibo eman zuen COVID-19an, eta ezingo du jokatu. Ezta Dani Garciak ere, haren kontaktu zuzena izateagatik bakartuta baitago. Realak, gainera, larunbatean jakinarazi zion federazioari Zaldua eta Zubeldia giharretako arazoekin daudela, eta ez direla partidan izango. Hala, hauek osatzen dute deialdia: Athelticeko Herrerin, Yeray, Yuri, Balentziaga, Villalibre, Morcillo, Muniain eta Williamsek; Realek Aihen, Bautista eta Geberak; Alaveseko Manu Garcia, Martin Agirregabiria eta Aritz Castrok; Osasunako Oier Sanjurjo eta RobertoTorresek; eta, Eibarreko Arbillak.
FIFAk selekzioen lehietarako gordeak dituen datetan selekzioak jokatzen duen hirugarren partida da gaurkoa. 2018ko urriaren 12an Venezuelaren aurka jokatu zuen Mendizorrotzan, eta 4-2 irabazi zuen. Ibai, Bautista, Arbilla eta Elustondo izan ziren golegileak. Iazko maiatzaren 29an, berriz, 0-0 berdindu zuen Panaman. «Partida hauekin helburu hirukoitza dugu: selekzio lehiakor bat osatzea, aurkariek gure aurka jokatu nahi izatea eta ofizialtasunaren bidean urrats batzuk egitea», adierazi du Clementek.
Gaurko aurkaria, Costa Rica, 50. postuan dago FIFAren zerrendan, eta lagunarteko hainbat partida jokatzen ari da Europan. Larunbatean 1-1 berdindu zuen Austrian Qatarren kontra. Coel Campbell izan zen golegilea. Bera da Keylor Navas eta Celso Borgesekin batera selekzioko izarra. Ronald Gonzalez hautatzailea belaunaldi aldaketa bat egiten ari da 2022ko Qatarreko Munduko Kopari begira. 2014an Brasilen jokatutako Munduko Kopan lortu zuen emaitzarik onena halako txapelketa batean. Final-laurdenetan kanporatu zuten Herbehereetako selekzioak penaltietan. |
2020-11-16 | https://www.berria.eus/albisteak/189821/beheranzko-joerari-eutsi-diote-hego-euskal-herriko-datuek.htm | Gizartea | Beheranzko joerari eutsi diote Hego Euskal Herriko datuek | Milatik behera positibo atzeman dituzte Hegoaldean: 73 Araban, 407 Bizkaian, 307 Gipuzkoan eta 142 Nafarroan. | Beheranzko joerari eutsi diote Hego Euskal Herriko datuek. Milatik behera positibo atzeman dituzte Hegoaldean: 73 Araban, 407 Bizkaian, 307 Gipuzkoan eta 142 Nafarroan. | Azken hilabeteetako daturik apalenak eman dituzte atzoko proba diagnostikoek Hego Euskal Herrian: 943 positibo, guztira. Asteburua izanda, PCR eta antigeno proba gutxiago egin dituzte Osasunbideak eta Osakidetzak: 11.981, aurreko egunetan baino dezente gutxiago.
Herrialdeka, jaitsiera nabarmena antzeman dute Araban (73, bezperan baino 43 gutxiago), Bizkaian (407, aurreko egunean baino 46 gutxiago) eta, batez ere, Gipuzkoan (307, bezperan baino 124 gutxiago). Nafarroan, apalagoa da beherakada: 142 positibo atzeman dituzte, aurreko egunean baino bat gutxiago. Aintzat hartzekoa da, ordea, azken asteetako positibo kopururik txikiena eman zutela Nafarroan atzo.
Ospitaleetan ere hasi da nabaritzen beheranzko joera. Osakidetzak eta Osasunbideak adierazi dute COVID-19 gaitza duten beste 61 gaixo ospitaleratu zituztela atzo, aurreko egunean baino bost gutxiago. ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan ez da aldaketa handirik egon bi erakundeen esku dauden zentroetan: 203 gaixo ari dira artatzen egun. |
2020-11-16 | https://www.berria.eus/albisteak/189822/modernak-adierazi-du-bere-txertoak-95eko-eraginkortasuna-duela.htm | Mundua | Modernak adierazi du bere txertoak %95eko eraginkortasuna duela | Txertoaren garapenerako hirugarren fasean, 95 gaixorekin egin dituen probetan oinarritu du datua. | Modernak adierazi du bere txertoak %95eko eraginkortasuna duela. Txertoaren garapenerako hirugarren fasean, 95 gaixorekin egin dituen probetan oinarritu du datua. | COVID-19 gaitzari aurre egingo dion txerto eraginkor bat lortzeko lasterketan, bere txertoa besteen aurretik kokatu du Moderna farmazia enpresak. Adierazi duenez, garatzen ari den txertoak %95eko eraginkortasuna du, orain arte egin dituen ikerketen arabera. 95 gaixori egindako probetan oinarritu du datua.
Modernaren txertoa hirugarren faseko probak egiten ari da. Beste bederatzi txerto daude garapen fase berean.
Joan den astelehenean, Pfizer eta Biontech botika enpresek iragarri zuten koronabirusaren kontrako %90eko eraginkortasun tasa lortu zuela garabidean duten txertoak. Asteazkenean, berriz, Sputnik V txertoaren eraginkortasuna %92koa dela adierazi zuen Errusiako osasun agintaritzak.
Pfizer eta Biontech enpresen kasuan, eraginkortasun tasa 94 gaixorekin egindako probetatik ondorioztatu dute. Txertoaren garatzaileek gaineratu zuten azterketekin jarraituko dutela, 164 gaixori egindako azterketen emaitzak izan arte. Errusiako Gamaleya institutuaren Sputnik V txertoari dagokionez, berriz, hogei gaixori egindako probetan oinarritu da Errusiako osasun agintarien iragarpena.
Txertoa lortzeko bidean egin diren urratsak ikusita, «baikorrak izateko eran» gaudela adierazi zion Francisco Borrego Biocruces Bizkaiko immunopatologoak BERRIAri, joan den astean. Hala ere, saiakuntza klinikoak oraindik amaitu gabe daudenez, haragoko ondorioak ateratzeko «oso goiz» dela zehaztu zuen.
Eraginkortasun tasaz gain, beste hainbat aldagai ere kontuan hartu beharrekoak direla ohartarazi zioen Gorka Oribe EHUko Farmazia irakasleak BERRIAri. «Ez dakigu zein den segurtasun soslaia, hori ere jakin beharko genuke». Adibidez, zenbait talde espezifikotan zein portaera duen ere argitzea falta da. «Galdera asko daude».
Pfizerrek eta Biontechek beren saiakuntza klinikoen lehen emaitzak ezagutarazi eta berehala, hazkunde handia izan zuten bi enpresen akzioek. Egun horretan, 4,76 milioi euro poltsikoratu zituen Albert Bourla Pfizerreko zuzendari nagusiak, bere akzioen %62 salduta. Enpresaren arabera, salmenta hori erabakita zegoen abuztutik.
Modernarena, RNA bidezkoa
Pfizer eta Biontech enpresen txertoa bezala, Moderna AEBetako enpresarena ere RNA bidezkoa da. Hau da, birusaren material genetikoa bakarrik erabiltzen du, nanopartikula lipido artifizial baten barruan garraiatuta. Hartara, birusaren ordez, «birusaren eskuliburu genetiko bat» txertatzen du gorputzean, hark alarma piztu eta immunitate sistemak antigorputzak sor ditzan.
Hain justu, Moderna izan da metodo hori gizakietan erabiltzen lehena, SARS-CoV-2 birusaren sekuentzia genetikoa ezagutarazi zenetik 66 egunera. Horrez gainera, Inovio (AEB), Pfizer (AEB) eta Biontech (Alemania) enpresak ere ari dira ikuspuntu bereko txertoak fase klinikoan ikertzen.
Aldiz, Gamaleya institutuaren Sputnik V txertoa adenobirus bektore bidezkoa da. Oinarri teorikoa da zabaltzeko gaitasun urria duen birus bat hartzea —adenobirus bat, esaterako—, eta horretan SARS-CoV-2aren proteinak txertatzea, gorputzean erantzun immunitario bat eragiteko. Oxford Unibertsitateak eta Astra Zeneca multinazionalak (Erresuma Batua) elkarlanean sustatutako proiektua ere mota horretakoa da. Oxford Unibertsitateak, adibidez, txinpantzeei eragiten dien adenobirus bat hartu du txertoaren bektore gisara. Ikerketaren arduradunen arabera, adenobirus bidezko txertoak gai lirateke babes «iraunkor eta sendo bat» eragiteko. |
2020-11-16 | https://www.berria.eus/albisteak/189823/pentsioen-bidez-konpentsatuko-ditu-madrilek-seme-alabak-izan-ondorengo-kotizatu-gabeko-aldiak.htm | Ekonomia | Pentsioen bidez konpentsatuko ditu Madrilek seme-alabak izan ondorengo kotizatu gabeko aldiak | Arau berri bat prestatzen ari da Espainiako Gobernua, eta datorren urte hasierarako indarrean egongo da. | Pentsioen bidez konpentsatuko ditu Madrilek seme-alabak izan ondorengo kotizatu gabeko aldiak. Arau berri bat prestatzen ari da Espainiako Gobernua, eta datorren urte hasierarako indarrean egongo da. | Espainiako Gobernuak pentsioen bidez konpentsatuko ditu seme-alabak izan ondoren kotizatu gabe emandako hilabeteak. Modu horretan, erretiroa hartu eta pentsioak kalkulatzeko orduan, lan bizitza osoa hartuko da erreferentzia gisa, eta seme-alabak izan edo adoptatu dituztenei kotizatu gabeko aldi horien ordez osagarri bat ordainduko zaie.
Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantzako ministroak jakinarazi du aldaketa hori ahalbidetuko duen araua prestatzen ari direla gobernua, eta datorren urte hasieran egongo dela indarrean. Egungo pentsioen amatasun osagarria moldatzea ekarriko du horrek; izan ere, Europako Justizia Auzitegiak gizonak diskriminatzen zituela adierazi zuen iazko abenduan.
«[Neurri berria] Ez da diskriminatzailea gizonen eta emakumeen artean, baina ziurtasun osoa dugu ehuneko handi batean emakumeei lagunduko dien eta pentsioetan dagoen genero arrakala murrizten lagunduko dien diru laguntza izango dela», azaldu du Escrivak.
Amatasunaren osteko lanaldi murrizketak edo kaleratzeak konpentsatu nahi ditu Madrilek horrela, emakumeak baitira kotizazioetan ondorioak jasaten dituzten gehienak. Zehazteke dago, halere, osagarria kalkulatzeko zein epe hartuko den kontuan.
Amatasun osagarria 2016an onartu zuen Espainiako Gobernuak, baina seme-alaba kopuruaren arabera kalkulatzen zuen ehuneko gehigarria: % 5 gehiago ordaintzen zitzaien bi seme-alabako, % 10 hiru seme-alabako eta % 15 lau seme-alaba edo gehiago izanez gero. Bada, seme-alaba bakarra duten milaka emakumek ezin zuten osagarririk jaso, bi edo bi baino gehiago zutenei bakarrik aplikatzen baitzitzaien. |
2020-11-16 | https://www.berria.eus/albisteak/189824/langileak-babesteko-neurriak-har-ditzala-eskatu-dio-lan-ikuskaritzak-osakidetzari.htm | Gizartea | Langileak babesteko neurriak har ditzala eskatu dio Lan Ikuskaritzak Osakidetzari | SATSE sindikatuak jakinarazi duenez, Lan Ikuskaritzak ebatzi du Osakidetza ez dela «zuzen» jokatzen ari langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko. | Langileak babesteko neurriak har ditzala eskatu dio Lan Ikuskaritzak Osakidetzari. SATSE sindikatuak jakinarazi duenez, Lan Ikuskaritzak ebatzi du Osakidetza ez dela «zuzen» jokatzen ari langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko. | Osakidetzako langileen segurtasun eta osasun neurriak eskasak direla iritzita, SATSE Euskadiko Erizainen Sindikatuak Osakidetzaren aurkako salaketa bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzaren Lan Ikuskaritzan eta EAEko Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Institutuan, eta bi erakundeek aintzat hartu dituzte sindikatuaren eskaerak. Sindikatuak gaur jakinarazi duenez, Lan Ikuskaritzak adierazi du Osakidetza ez dela betetzen ari bere langileak babesteko araudia, eta COVID-19aren arriskua ez duela sartu langileen arriskuen ebaluazio prozesuetan. SATSE sindikatuaren arabera, Lan Ikuskaritzak ebatzi du Osakidetza ez dela «zuzen» jokatzen ari langileen segurtasuna bermatzeko eta «ulertezina» dela neurririk hartu ez izana koronabirusak duen arrisku biologikoaren aurrean.
Azken egunetan, zenbait kutsatze foku atzeman dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan. Besteak beste, Basurtuko ospitalean, Donostia erietxean, eta Aita Menni ospitalean (Arrasate, Gipuzkoa) hainbat eta hainbat langile koronabirusarekin kutsatu dira. Osakidetzak ukatu egin du erietxeetakoak agerraldiak direla, garrantzia kendu die gertaerei, eta erietxeetan neurri oro betetzen dela ziurtatu du. Sindikatuak, baina, ez dira iritzi berekoak. SATSEk jakinarazi du Lan Ikuskaritzak eta EAEko Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Institutuak hainbat neurri hartzeko eskatu diotela Osakidetzari, eta hilabeteko epea eman diotela horiek betetzeko. 82 orriko txosten batean jaso dituzte eskaera horiek. Besteak beste, galdegin diote Osakidetzako langileek, lanaldia amaitzerakoan eta bazkaldu aurretik, hamar minutuko tartea izatea norberaren garbitzeko, eta aldageletan langile bakoitzak bina armairu izateko. Bestetik, formaldehidorekin lan egiten duten langileentzako arriskuen ebaluazioa eta prebentzio neurriak moldatzeko ere eskatu diote, minbizia eragin baitezake substantzia horrek.
SATSE sindikatuak jakinarazi duenez, Osakidetzan atzemandako irregulartasunek erakusten dute egiazkoak direla sindikatuak segurtasun eta osasun arloan aspaldi salatutako «gabeziak», eta osasun larrialdiak horiek «areagotu» egin dituela. |
2020-11-16 | https://www.berria.eus/albisteak/189825/hungariak-eta-poloniak-ebren-suspertze-funtsaren-osaketa-blokeatu-dute.htm | Ekonomia | Hungariak eta Poloniak EBren suspertze funtsaren osaketa blokeatu dute | Jokaera autoritarioa duten gobernuei laguntza eteteko baldintza onartezina iruditu zaie Viktor Orbanen eta Mateusz Morawieckiren gobernuei. | Hungariak eta Poloniak EBren suspertze funtsaren osaketa blokeatu dute. Jokaera autoritarioa duten gobernuei laguntza eteteko baldintza onartezina iruditu zaie Viktor Orbanen eta Mateusz Morawieckiren gobernuei. | Joan den astean iradokitako mehatxua bete du Hungariako Gobernuak, eta betoa jarri dio Europar Kontseiluak eta Europako Legebiltzarrak 2021-2027ko aurrekontuei buruz lortutako akordioari. Erabaki hori bera hartu du Poloniako Gobernuak.
Aurrekontu horren atal bat izango da koronabirusaren krisiari aurre egiteko eta ekoizpen sarea berritzeko EBk sortu nahi duen suspertze funtsa, 750.000 milioi eurokoa.
27 estatu kideek Europako Batasunean dituzten enbaxadoreen bileran iritsi dira Hungariaren eta Poloniaren betoak. Gobernu guztien oniritzia behar du akordio horrek, baina Budapestekoak eta Varsoviakoak ez dute eman.
«Hungariak aurrekontuari betoa ezarri dio, ezin dugulako onartu planak elkarrekin lotzea Zuzenbide Estatuaren irizpideak eta aurrekontuei buruzko erabakiak. Uztaileko goi bilerak erabakitakoaren aurka doa. Hungariak ez du iritzia aldatu, hasieratik oso argia izan baita [...] Ardura, hortaz, egoera hau gertatzea ahalbidetu dutenena da», azaldu du, txio batean, Zoltan Kovacs Hungariako Gobernuko bozeramaileak.
Zigor prozedurak
EBko estatu askok eta Europako Legebiltzarreko gehiengoak jarrera autoritarioa duten gobernuei hegalak mozten saiatzeko baliatu nahi dituzte funtsak, baina gobernu horiek beraiek aurrekontua trabatzeko aukera izateak nahaspilatu egiten du egoera, eta funtsen iritsiera atzera dezake. Hungariaren eta Poloniaren aurkako zigor prozedurak zabaldu ditu Europako Batzordeak, zuzenbide estatuen aurkako erabakiak hartzeagatik (homosexualen bazterketa, justiziaren independentziaren aurkako erasoak, prentsa askatasunaren aurkako neurriak...).
Gobernu horiek, ordea, badute arazo bat: dozenaka mila milioi euro gal ditzakete, suspertze funtsekoak ez ezik EBren funts arruntetakoak ere bai. Polonia da, esaterako, egiturazko funts gehien jaso beharko lituzkeen estatua.
Alemaniak du orain EBren lehendakaritza, eta, hortaz, pentsatzekoa da Angela Merkelek lan handia egin beharko duela Viktor Orbanen eta Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroaren jarrera aldarazteko. |
2020-11-17 | https://www.berria.eus/albisteak/189826/jabier-muguruzak-eta-intildeaki-irazuk-lsquooker-txakurra-darsquo-diskoa-ondu-dute.htm | Kultura | Jabier Muguruzak eta Iñaki Irazuk ‘Oker (txakurra da)’ diskoa ondu dute | Muguruzak Irazuren hamar poema musikatu ditu, eta adierazi dute «alaitasun bare bat» transmititu nahi duen lan bat dela, ume direnei eta helduengan bizi diren umeei zuzendua. | Jabier Muguruzak eta Iñaki Irazuk ‘Oker (txakurra da)’ diskoa ondu dute. Muguruzak Irazuren hamar poema musikatu ditu, eta adierazi dute «alaitasun bare bat» transmititu nahi duen lan bat dela, ume direnei eta helduengan bizi diren umeei zuzendua. | «Beti izan dut interes bat izan nintzen umearekiko, haurtzaroarekiko. Esaten da haurtzaroa besterik ez garela. Eta nik hainbeste ez nuke esango, baina marka batzuk uzten dituela bai, dudarik gabe, gure existentzia baldintzatzen dutenak». Horregatik jarraitzen du Jabier Muguruzak bizitzaren ustezko lehen eremu horretan aztarrika. Oraingoan, Iñaki Irazurekin: Oker (txakurra da) diskoa ondu dute elkarrekin, Irazuren hamar poema dakartzana, Muguruzak kantu bihurtuak. Mara-Mara zigilupean plazaratu dute, Muguruzak haurrei zuzendutako proiektuak emateko abiarazi zuen diskoetxearekin.
Pandemia hastearekin batera heldu zioten lanari idazle eta musikariak. «Erdi brometan hasi ginen, onomatopeiaren balioaz hizketan, haur literaturaz. Eta handik gutxira Iñakik bidali zidan Karranka eta intziri poema». Orain diskoa zabaltzen duena, hain justu. Etxe bateko bi ateri buruz ari da, karran-karran egiten duen ate zaharraz eta iii…iii egiten duen ate berriaz. Hitzak jaso zituenean «sorginduta bezala» gelditu zela oroitu du Muguruzak, eta Irazuri eskatu ziola bide horretatik segitzeko, gisa horretako letrak bidaltzen. Esan eta egin, Irazuk hitzak bidali eta Muguruza doinuak konposatu, hala ondu dute diskoa.
Pandemiaren itzalak ere izan du pisurik proiektuan. Muguruzak aitortu du bolada ilun baten ondotik helduleku moduko bat izan dela harentzat: «Ni oso egoera gogorretik nentorren: anaia hil, larri gaixotu, eta tratamendua bukatzera nindoala, pun, pandemia etorri zen. Niretzat oso lagungarria izan zen erdi txiripaz nola hasi zen prozesua Iñaki Irazurekin».
Gaur goizean aurkeztu dute lana, eta, Irazuk bertaratzeko modurik izan ez duen arren, lana biek sinatzen dutela azpimarratu du Muguruzak. Hark bidalitako hitzak ere irakurri ditu: «Poema hauek, Jabierrek kantuan eskaintzen dizkizuenak, nire baitan bizi den umearekin eginak dira, elkar hartuta, eskuz esku. Onean hartu dugu elkar, elkar elikatuz».
Muguruzak Mikel Azpiroz izan du lagun agerraldian, hark ere proiektuan parte hartu baitu. Hari bidali zizkioten, hain justu, lehen hiruzpalau kantuak, eta begi onez ikusi zituenean hasi ziren gainontzekoak ontzen. Uda hasierarako, bazituzten diskoan bildu dituzten hamarrak. Donostiako Mamusik estudioan grabatu dituzte, «aparteko musikariekin», Muguruzaren hitzetan: Azpiroz Rhodes pianoan, Jean Marie Ecay gitarra elektrikoan, Denis Benarrosh perkusioan (Paristik) eta ahotsen atalean, berriz, Nieves Arilla eta Muguruza bera. Diseinua eta ilustrazioak Pedro Balmasedak egin ditu, eta azaleko marrazkia, berriz, Sonia Garatek.
Alaitasun bare bat
Hain zuzen, musikariak ahotsaren alderdian nabaritu du aurreko lanekiko alde aipagarrienetako bat, «esperimentutzat» jo duena: «Nire aurreko lanetan umeak jarri ditut kantari, baina oraingo honetan interesa nuen nik neuk eta beste norbaitek egiteko, eta berehala etorri zitzaidan Nieves Arillaren izena. Esango duzue: 'Baina hau ez al zen Zaragozako kantaria?' Bai, baina euskaraz abesten du zoragarri. Ahots gozo eta ederra dauka». Gogora ekarri du Mikel Errazkin Sorotan Beleko kide ohiaren bakarkako diskoetan Arillak egindako kantu lana, baita bere Hain guapa zaude (2001) diskoan egindakoa ere. Umeekin egin ordez, harekin abestea urrats bat harago joatea izan dela azaldu du, probatzea: «Zerbait eman nahi nien kantuei, beharbada orain arte lortu ez dudana. Umeekin egindako lanekin oso gustura nengoen, baina espresio aldetik kosta egin zait zuku hori ateratzea».
Horrekin batera, diskoak ezaugarri nabarmenik izatekotan, «alaitasun samur eta bare bat» litzateke hori Muguruzarentzat, alaitasun «zalapartatsu» batetik urrun ikusten duena. «Saiatu gara umearen barne mundura iristen, sosegua transmititzeko asmoz». Eta erantsi du Euskal Herriko ume guztiei eskainia dagoela lana, pandemia tarteko «haurtzaro mugatua» tokatu zaienei batik bat.
Lan honetan bildutako kantuak orain artean baino ume txikiagoei zuzenduta daudela ere esan du musikariak. «2-6 urte artekoentzat», zehaztu du. Baina zabaldu egin du gero tartea: «Nerabezaroa alde batera utzita, gainontzeko guztientzat den disko bat da. Bizirik badaukagu behintzat barruan daramagun ume hori». Ezusteko adibide batekin erakutsi du: Kro-kro kantua jarri, abesten hasi, «Kro-kro/diloak/malko bat/isuri du: lodi!» eskuekin lagunduz, eta aretoko heldu batek barre egitean, hari begira esan du: «Horra, barruko umea barrez». |
2020-11-16 | https://www.berria.eus/albisteak/189827/koronabirusaren-heroiak-etxeko-sofatik.htm | Gizartea | Koronabirusaren heroiak, etxeko sofatik | Koronabirusaren heroiak, etxeko sofatik. | Adineko gizon bat, koronabirusaren aurkako borrokaren beterano bat, agertzen da kameraren aurrean, gaztaroko 2020. urte ikaragarri hura gogoratzen. «Uste dut 2020ko negua zela herrialde osoa guri so jarri zenean», esaten du, musika malenkoniatsuak ikuslea iragan hartara eraman nahi duen bitartean. Kontatzen du 22 urte zituela «bigarren olatua heldu zenean». Gazte guztiak bezala, dibertitzea zuen buruan, baina, bat-batean, heroi bihurtu behar izan zuen egoerak eskatuta. «Adorea bildu genuen, eta gugandik espero zena egin genuen. Egin behar zena egin genuen». Musika epikoa puztuz joaten den bitartean, ikusleak eskaturiko sakrifizio ikaragarriaren berri jasotzen du: etxean geratzea besterik ez zen, eta 2020ko heroiek asperrari baino ez zioten aurre egin behar izan.
Alemaniako Gobernuak iragarki sorta bat plazaratu du herritarrei eskatzeko etxean geratzeko, izurria zabal ez dadin. Mezua sinplea da: beste belaunaldi batzuetako pertsonek egin behar izan zituztenen aldean, oso erraza, sinplea eta erosoa da gaur herritarrei eskatzen dietena. Mezuaren amaieran, Alemaniako Gobernuaren logoa agertzen da: «Izan zaitez heroi zeu ere, eta geratu etxean».
Bigarren bideoan, orduko neska lagunarekin agertzen da adinekoa, eta biek pairaturikoa kontatzen dute. Hirugarrenean, beste gizon bat agertzen da, domina bat eskuetan. Bideo jokoetan jolasten pasatu zuen konfinamendua. Aurretik ere, ez zen etxetik ateratzen, «baina, bat-batean, ezer ez egitea zerbitzu publiko bihurtu zen: alferkeriak bizitzak salba zitzakeen, eta ni txapelduna nintzen horretan».
Bobo-bolo zabaldu dira bideoak sare sozialetan. Ikusleen etikari dei egin beharrean gaia umorez landu izana goraipatu dute askok. Beste batzuek, ordea, ez dute gustura hartu II. Mundu Gerraren inguruko dokumentalak parodiatu izana.
Urrian bazterrak aztoratu zituen Berlingo Turismo Bulegoaren beste iragarki batek. Horretan, adineko emakume batek kargu hartzen zien maskara eramaten ez dutenei, erdiko hatza erakutsiz. «Koronabirusaren inguruko arauak betetzen ditugu», adierazten zuen iragarkiko testuak.
Iragarkia zabaldu eta gutxira, kaleetatik kendu egin zuen turismo bulegoak. Hainbatek iraingarritzat jo zuten. Afixa «lotsagarria» zela esan zuen Berlingo alkate Michael Mueller SPD alderdi sozialistako kideak.
Herrialdean dagoeneko 12.500 pertsona baino gehiago hil ditu gaitzak, horietako 62 azken 24 orduotan, datu ofizialen arabera. | |
2020-11-17 | https://www.berria.eus/albisteak/189828/azken-jokaldian-lortu-du-garaipena-euskal-selekzioak.htm | Kirola | Azken jokaldian lortu du garaipena euskal selekzioak | Unai Nuñezek azken-azkenean sartutako golari esker irabazi dio euskal selekzioak Costa Ricari. Aspaldiko partez, ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena presente egon da zelaian. | Azken jokaldian lortu du garaipena euskal selekzioak. Unai Nuñezek azken-azkenean sartutako golari esker irabazi dio euskal selekzioak Costa Ricari. Aspaldiko partez, ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena presente egon da zelaian. | Ez du tarte handia beteko euskal selekzioaren historian gaur Ipuruan Costa Ricaren aurkako neurketak. Ez du askorako ematen astelehen buruzuri batean, harmailak hutsik, makina bat jokalari garrantzitsu gabe eta sona apaleko kontrario baten aurka jokatutako partida batek. Koronabirusaren pandemia betean jokatutakoa izateagatik pasatuko da historiara lehia. Baita selekzioak lortutako beste garaipen batengatik ere; Javier Clemente hautatzailearen aroko lehena. Horri esker, bolada onari eutsiko dio etxeko selekzioak: ia bederatzi urte daramatza galdu gabe, 2011ko abenduan San Mamesen Tunisiaren aurka 0-2 galdu zuenetik. Ordutik bederatzi partida jokatu ditu: sei irabazi ditu, eta hiru berdindu.
Ikusteko dago ea partidak balioko duen ofizialtasunaren aldeko aldarria indarberritzeko, azkenaldian apalduta baitago. Hala ere, aldaketa esanguratsua egon da azken neurketekin alderatuta, ofizialtasunaren aldeko aldarria presente egon baita. Gu ere bai! ekinbideak partidarako hautatutako leloa zuen pankarta bat egon da zelaian, lehia hasi aurretik: Euskal selekzioa. Ofizialtasuna. Euskal Herritik mundura, zioen. Hura aurrean, lurrean zuela atera du argazkia euskal selekzioak. Hain zuzen ere, ofizialtasunaren gaia hizpide izan da azken egunetan. Izan ere, Euskadiko Federazioak ez du oraindik bete duela bi urte haren batzarrak eskatu ziona: Nazioarteko (FIFA) eta Europako (UEFA) federazioei eskatzea eskubide osoko kide gisa onartua izateko. Egun, Euskadiko Federazioaren lehentasuna selekzioak FIFA datetan jokatzen jarraitzea da. Hirugarren aldia du gaurkoa. Federazioak espero du hori eginda selekzio indartsuren bat Euskal Herriko jokalariekin indarrak neurtzeko prest egotea.
Deialdian bezala, Clementek Athleticeko jokalarien alde egin du hasierako hamaikakoa osatzeko: talde zuri-gorriko bederatzi jokalari zelairatu ditu: guztiak, Gebara eta Torres ez beste. Ronald Gonzalez Costa Ricako hautatzaileak, berriz, ostiralean Qatarrekin berdindu zuen hamaikako antzekoaren alde egin du. Navas, Borges, Campbell... jokalari ezagunenak zeuden.
Derrigorrean nabaritu behar da selekzio batean talde bereko bederatzi jokalari aritzea: oso ondo ezagutzen dute elkar. Eta horrela iritsi da lehen gola, hamabigarren minutuan. Morcillok baloia lapurtu du defentsan, bizi joan da ezker hegaletik, bikain erdiratu du, eta Muniainek ezin hobeto biribildu du jokaldia.
Baina gola sartuta, pauso bat eman dute atzera etxekoek, eta bat aurrera Costa Ricak. Borgesek izan du lehen aukera, eta Campbellek bigarrena. Halere, arriskua sortzen segitu du euskal selekzioak, eta Williamsek gertu izan du bigarren gola. 1-0koarekin amaitu da lehen zatia. Bizi zihoan lehia. Polita zen partida.
Indartsu itzuli dira bisitariak, presio eginez. Baina ondo eutsi diete etxekoek. 71. minutuan, ordea, Costa Ricak horma bota du, eta banakakoa lortu: Moyak, buruz. Aldaketa festa izan da jarraian, baina erritmoak ez du behera egin. Bautistak eskura izan du 2-1ekoa, buruz, 88. minutuan, baina Navasek gelditu egin du baloia. Atezainak, ordea, ezin izan du ezer egin bost minutu geroago korner batean Unai Nuñezek buruz egindako errematea gelditzeko. Gol horrek eman dio garaipena selekzioari, Ipuruako sirena ozen jotzen ari zela. |
2020-11-17 | https://www.berria.eus/albisteak/189860/zuloa-donostiako-metroko-lanen-ondorio-dela-onartu-du-goiak.htm | Gizartea | Zuloa Donostiako metroko lanen ondorio dela onartu du Goiak | Bi metro inguruko diametroa du Zubieta kalean agertu den zuloak. Metroko lanen ondorioz kale berean gertatzen den bigarren ezbeharra da hilabete gutxian. Inguru hartako lanak geldirik daude ekainetik. Eraikuntza geldiarazteko eskatu du Satorralaia mugimenduak. | Zuloa Donostiako metroko lanen ondorio dela onartu du Goiak. Bi metro inguruko diametroa du Zubieta kalean agertu den zuloak. Metroko lanen ondorioz kale berean gertatzen den bigarren ezbeharra da hilabete gutxian. Inguru hartako lanak geldirik daude ekainetik. Eraikuntza geldiarazteko eskatu du Satorralaia mugimenduak. | Donostiako metroaren lanen ondorioz beste zulo bat agertu da gaur Zubieta kalean, Londres hoteletik gertu. Tamaina handikoa da; bi metro inguruko diametroa du, eta sakonera zehaztu gabe dago —Satorralaiaren arabera, 30 metro kubiko baino bolumen handiagokoa da—. Kalea itxi egin du Ertzaintzak, eta zuloa porlanez betetzen hasi dira. Ekainean ere beste zulo bat agertu zen kale bereko eraikin batean. Ordutik geldirik daude Kontxako tunelaren zulaketa lanak, gainazalari dagozkionak izan ezik.
Eneko Goia Donostiako alkateak beharrezko neurri guztiak hartzeko eskatu die «lanak egiten ari direnei», segurtasuna bermatzeko eta «donostiar guztien lasaitasunerako». Alkatearen esanetan, Udalak 08:00etan izan du gertatutakoaren berri, eta hainbat teknikari bidali ditu eremura. Horiek aurkitu dute zuloa, Goiaren hitzetan. Zehazki, Udaleko, Eusko Trenbide Sareko eta lanak egiten ari den enpresako teknikariak bertaratu dira ingurura, gertatu dena ikertu eta zuloaren jatorria zehazteko asmoz.
Goiak adierazi du inguruan ekainean gertatutako jazoeraren ondorio dela gaurkoa. Halere, «zuhurtziaz» jokatu beharra azpimarratu du, arrazoiak zehaztu arte. Dena den, «beldurra» izateko arazorik ez dagoela nabarmendu du, inguruko etxebizitzak «ondo» daudelako.
Metroaren lanekin lotuta, azken hilabeteetan eremu berean atzematen den antzeko bigarren gertaera da, azken arazo handietako bat kale berean egiten ari ziren lanetan gertatu baitzen, ekainean. Zubieta kaleko 8. zenbakiko eraikinaren sotoan zulo bat agertu zen, hogei metro kubiko ingurukoa. Zehazki, eraikinaren zutabe bat oinarririk gabe gelditu zen, eta zimenduetan zulo bat eragin zuen horrek, lanetan ura eta hondarra sartu izanaren eraginez. «Istripu tekniko bat» izan zen hura, Jon Txabarri Donostiako Udaleko Hirigintza zuzendariaren esanetan.
Gertaera haren eraginez, «segurtasunez jarraitu ahal izateko behar diren azterketa geologikoak egin arte» lanek ez dutela aurrera egingo adierazi zuen Espainiako Gobernuak irailean. Ondorioz, geldirik daude ekainetik. Horrek atzeratu egin du obren amaiera dataren kalkulua: 2024ko bigarren seihilekora arte, hain zuzen.
Epeetan ez ezik, kostu ekonomikoetan ere eragin handia izan dute gertaerek. Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburu Iñaki Arriolak hasieran ezarritako kostua %50 inguru haziko zela iragarri zuen, eta «%70era irits daiteke». Lan horien hasierako aurrekontua 53,2 milioi euro zen, eta, beraz, kostua 26 edo 37 milioi euro handiagoa litzateke sailburuak aipatu hazkundea aintzat hartuz gero.
Hala, momentu honetan inguruan martxan dauden lan bakarrak Xabier Zubiri plazan ari dira egiten. Easoko geltokiari dagozkionak dira. Efe agentziaren arabera, ordea, zuloa agertu den kontrako norabidean daude.
Obra «zentzugabea»
Azken gertaerak kontuan izanik, LAB sindikatuak salatu du metroaren lanetan ari diren langileen segurtasuna ez dagoela bermatuta. Eta berriz errepikatu du, euren ustez, metroa ez dela beharrezkoa: «Zentzugabekeria gero eta ageriagoa da». EH Bilduk Donostiako Udalean duen bozeramaile Reyes Carreresek, berriz, bizilagunen artean «beldurra» dagoela nabarmendu du, eta «hilabete hauetan izandako arduragabekeriaren emaitzatzat» jo du gertatutakoa: «Eneko Goiak eta Iñaki Arriolak, behingoz, erantzukizun politikoak hartu behar dituzte».
Bide beretik, Elkarrekin Podemoseko Aitzole Aranetak kontu ikuskapen baten beharra azpimarratu du, «lardaskeria honi» amaiera emateko.
Satorraiala bizilagunen mugimenduak berriro ere eskatu du lanak geldi ditzatela, eta ohartarazi du proiektua gaizki diseinatzearen ondorio direla metroaren eraikuntzan gertaturiko ezbeharrak: «Satorralaiaren ustez, gertaera larri hauek argi eta garbi erakusten dutenez, Donostiako ibai-marea lur hareatsuen gainean eraikita dauden hiriaren erdialdeko eta Amara auzoko lurpea desegonkortzeko arriskua aintzat hartu gabe eta izugarrizko ezjakintasunarekin diseinatu da zentzugabekeriazko proiektu hau». Era berean, Satorralaiak zalantzan jarri ditu ekaineko zuloa agertu zenez geroztik ETSk egindako egonkortze lanak: «Ez dute ezertarako balio izan, antza denez». Lan «gehigarri horretan, gainera, zazpi milioi euroko gainkostua jada «xahutu» dutela salatu du Satorralaiak. Larunbatean manifestazioa egin zuten Donostian, hain justu, Satorralaiak deituta. Ardurak «argitzeko» eta lanak eteteko eskatu zuten. |
2020-11-17 | https://www.berria.eus/albisteak/189861/2400-migratzaile-bizi-diren-kanpaleku-bat-hustu-du-frantziako-poliziak.htm | Mundua | 2.400 migratzaile bizi diren kanpaleku bat hustu du Frantziako Poliziak | Paris inguruan dago kanpalekua. Azken bost urteetan halako 65 operazio egin dituzte. | 2.400 migratzaile bizi diren kanpaleku bat hustu du Frantziako Poliziak. Paris inguruan dago kanpalekua. Azken bost urteetan halako 65 operazio egin dituzte. | Ehunka migratzaile bizi diren kanpamentutik aterarazteko operazioa egin du gaur goizean Frantziako Poliziak, Paris inguruan, Stade de France futbol zelaitik gertu. Abuztutik gaur arte gora egin du han bizi den lagun andana, baina jendarmeek husteari ekin diote. France terre d'asile erakundearen arabera, 2.400 lagun inguru bizi ziren atzo arte.
Poliziak Twitter bidez adierazi du «kanpamentua ebakuatzeko» agindua: «Babespean jarriko dira denen segurtasuna eta osasuna bermatzeko, batez ere, COVID-19aren aurrean». 07:00 aldera hasi dira lekua husten, eta, jendarmeez gain, estatuko agenteek eta laguntza humanitarioa eskaintzen duten elkarteek hartu dute parte. Dozenaka autobus erabili dituzte lekua husteko, eta inguruko 26 gimnasio eta bestelako eraikinetara mugitu dituzte. Hala, goizean zehar, 70 autobus inguru atera dira eremutik. Frantziako Gobernuak gaineratu du COVID-19 probak egingo dizkietela, eta positiboak bakartu egingo dituztela.
Didier Lallement Parisko Poliziaren prefetak adierazi du halako kanpalekuak ez direla «onargarriak». Lallement bera gogor mintzatu zen duela urtebete ere, antzeko beste operazio batean: «Ez dut onartuko mota horretako instalaziorik egotea hemen edo Parisko beste toki batean». Frantziako Barne ministro Gerald Darmaninek ere operazioaren aldeko hitzak izan ditu: «Nire aginduz, 2.000 lagun osasun egoera negargarrian bizi diren legez kanpoko kanpaleku bat ebakuatzen jarraitzen du polizia prefeturak».
Migratzaileak autobusetan sartzen, gaur goizean. / @PREFET93
Kanpalekuan bizi diren migratzaile gehienak gizonezkoak dira, batez ere, Afganistandik, Sudandik, Etiopiatik eta Somaliatik iritsitakoak. Asko asilo eskatzaileak dira, eta kanpaleku horretara iritsi aurretik, Paris kanpoaldeko beste batzuetatik igarotakoak. Horiek ere hustuak izan dira, banan-banan.
Izan ere, ez da Frantziako Gobernuak halako zerbait agintzen duen lehen aldia. Azken urteetan ohikoak dira halako operazioak Paris inguruan, nagusiki, hiriaren ipar-ekialdean. 2015etik, 65 kanpaleku hustu dituzte. Esaterako, otsailean Porte de la Villeten zegoen beste kanpaleku batetik 400 migratzaile inguru lekualdatu zituzten. Iazko azaroan, berriz, beste hiru operaziotan, 2.000 migratzaile bota zituzten bizi ziren kanpalekuetatik. «Immigrazio ilegalaren» aurkako operaziotzat jo zituzten.
Giza eskubideen aldeko 30 elkarte inguruk —besteak beste, Cimade-k—, «ziklo amaigabe eta suntsitzailea» salatu dute: «Duela bost urtetik, halako ebakuazioak gertatzen ari dira, behin eta berriz, nahiz eta ostatu emateko sistemaren funtzionamendua txarra izan». Haien ustez, erakunde publikoek erabaki berbera hartzen dute gaur egun ere, aurreko operazioak «eraginkorrak ez izan arren», eta gauza bakarra lortzen dute: jendea «sakabanatzea». |
2020-11-17 | https://www.berria.eus/albisteak/189862/beste-1079-positibo-atzeman-dituzte-hego-euskal-herrian.htm | Gizartea | Beste 1.079 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian | Nafarroako positibo tasa %5,8ra jaitsi da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %8,9 da tasa hori. | Beste 1.079 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Nafarroako positibo tasa %5,8ra jaitsi da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %8,9 da tasa hori. | Apur bat gora egin dute positibo kopuruek igandeko datuekin alderatuta. Gaur emandako datuen arabera, atzo 12.994 PCR eta antigeno proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta 1.079 positibo atzeman ziren: Nafarroan 136; Araban, 146; Bizkaian, 375 eta Gipuzkoan 411. Beste bederatzi positiboak EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean erregistratukoak dira. Araban eta Gipuzkoan egin dute gora positiboek: Araban, bezperan baino 73 kasu gehiago izan dira, eta Gipuzkoan, bezperan baino 104 positibo gehiago atzeman dituzte. Positibo tasari dagokionez, EAEn %8,9ra igo da positibo tasa, eta Nafarroan, berriz, nabarmen egin du behera, %5,8 baita orain.
Hain justu ere, beheranzko joerari eusten dio Nafarroak. Azken bi hilabeteko daturik apalena eman dituzte proba diagnostikoek: 136 positibo, guztira. Beraz, bezperan baino sei positibo gutxiago zenbatu dituzte. Irailaren 6tik izandako kutsatu kopururik txikiena da hori. Gainera, positibo tasak ere nabarmen egin du behera: %5,8 da, aurreko egunekoa baino hiru puntu txikiagoa. Datu horrek erakusten du Nafarroako beheranzko joera sendotzen ari dela, eta OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurritea kontrolpean egoteko ezartzen duen gehieneko tasara hurbiltzen ari dela: OMEk %5ean jarria du gehieneko tasa hori.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi du positibo kasu gehien dituzten udalerrien artean Barañain dagoela (11 kasu atzeman dituzte). Iruñeko Txantrea eta Arrosadia auzoetan ere datuak ez dira onak: zortzina kasu dituzte. Arrotxapea auzoan, berriz, zazpi positibo detektatu dituzte, eta Zizur Nagusian, sei.
Ospitaleetako egoerari dagokionez, Osakidetzak eta Osansunbideak jakinarazi dute COVID-19 gaitza duten beste 69 gaixo ospitaleratu zituztela atzo. Guztira, 909 gaixo daude koronabirusarekin Hego Euskal Herriko erietxeetan, eta horietatik 198 ZIUetan. Azken orduetan, gainera, hiru pertsona hil dira, Nafarroako osasun agintariek jakinarazi dutenez.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuei dagokienez, azken bi astetako intzidentzia metatuaz hitz egin du gaur Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, koronabirusaren bilakaerari buruz galdetu diotenean. Esan du «transmisioa oso handia» dela, ez gaudela egoera «normal» baten atarian. Izan ere, azken bi asteetako intzidentzia metatua honako hau da: 816,63 kutsatu 100.000 biztanleko. |
2020-11-17 | https://www.berria.eus/albisteak/189863/urrira-arte-1500-milioi-gutxiago-bildu-dituzte-diputazioek.htm | Ekonomia | Urrira arte 1.500 milioi gutxiago bildu dituzte diputazioek | Urteko lehen hamar hilabeteetan %12 jaitsi da bilketa. Urte osoan %13,3 jaitsiko dela kalkulatu dute. | Urrira arte 1.500 milioi gutxiago bildu dituzte diputazioek. Urteko lehen hamar hilabeteetan %12 jaitsi da bilketa. Urte osoan %13,3 jaitsiko dela kalkulatu dute. | Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek 11.217 milioi euro bildu dituzte zergetan urtarrilaren 1etik urriaren 31 arte. Aurreko urtean baino 1.527 milioi gutxiago dira, %12 gutxiago hain zuzen ere.
Pandemia hasi zenean, amildu egin zen zerga jaitsiera, batez ere kontsumoaren beherakadaren ondorioz, errenta zergak askoz hobeto eutsi ziolako. Erorikoa %36koa ere izan zen maiatzean, baina, orduz gero, apaldu egin da jaitsiera. Abuztuan eta irailean, %16 txikiagoa izan zen, eta lau puntu txikiagoa da orain. Baliteke, ordea, beheranzko joera hori etetea urtea amaitzeko geratzen diren hilabeteetan, batez ere ostalaritzari jarritako mugengatik. Tabernak eta jatetxeak azaroaren 7an itxi zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Berez, urte osoan bilketa %13,3 gutxitzea aurreikusi zuen Finantzen Euskal Kontseiluak, joan den urrian egindako bileran.
Bizkaiko datuak
Lurraldeei erreparatuz gero, Gipuzkoak izan du orain arte bilakaerarik txukunena, %9,7 txikitu baita bilketa. Okerrena, berriz, Arabak, %14,8ko jaitsiera izan baitu.
Erdibidean geratu da Bizkaia. Gaur bertan eman ditu urrira arteko datuak. Horien arabera, Bizkaiko Aldundiak 6.213,5 milioi euro bildu ditu zergetan urrira arte. Iaz garai berean bildutakoa baino %12,4 gutxiago da, eta, era berean, 2020ko ekitaldirako kalkulatutako bilketa aurrekontuaren %76,3 eta Finantzen Euskal Kontseiluak urrian aurkeztutako 2020ko ekitaldirako bilketa aurreikuspenaren %90.
Koronabirusaren krisiak eragin zuzena izan du zerga bilketaren murrizketan. Urte batetik bestera diru bilketa murrizketarik handiena izan duena, berriz, zerga sozietateen gainekoa da. Zerga horren bitartez, 665 milioi bildu ditu, iaz baino %26 gutxiago. Dena den, zehaztu behar da aldundiak %60ra arteko kenkariak onartu zituela sozietate zergaren aurtengo ekitaldian. Aldaketa horren helburua enpresen galerak murriztea zen, baina irabaziak zituztenek ere balia zitzaketen baldintza jakin batzuk betez gero.
PFEZ bidez bildutakoak ere behera egin du, baino askoz gutxiago, %1,6 bakarrik, eta 2.494,3 milioi euroko ekarpena egin du urteko lehen hamar hilabeteetan. Zuzeneko zergapetzeko beste kontzeptu nagusiek, aldiz, gora egin dute; esaterako, laneko errenten gaineko atxikipenak %1,5 hazi dira, 2.484,5 milioiraino. Kapital higigarriaren etekinen gaineko atxikipenek ere gora egin dute, %3,1; aldiz, kapital higiezinaren gaineko atxikipenek behera egin dute (-%10,8).
Zeharkako zergei dagokienez, guztiek iaz baino gutxiago bildu dute urrira arte. Kudeaketa propioko BEZak 2.088 milioi euroko ekarpena egin du, iaz urrira arte bildutakoaren %17,3 gutxiago. Kontsumoaren beherakadaren ondorio zuzena da. Beste zerga bereziei dagokienez, hidrokarburoen bitartez iaz baino %10,9 gutxiago bildu du, tabako laboreek %2,9, garagardoak %48,8 eta elektrizitateak %14,5. |
2020-11-17 | https://www.berria.eus/albisteak/189864/parisek-esan-du-heldu-den-urtean-hasiko-direla-txertoak-jartzen.htm | Gizartea | Parisek esan du heldu den urtean hasiko direla txertoak jartzen | Pfizer botika etxeak txertoaren eraginkortasunari buruz esandakoak egiaztatzen badira urte hasieran jartzen hasteko prest daudela esan du Osasun ministroak | Parisek esan du heldu den urtean hasiko direla txertoak jartzen. Pfizer botika etxeak txertoaren eraginkortasunari buruz esandakoak egiaztatzen badira urte hasieran jartzen hasteko prest daudela esan du Osasun ministroak | Lehengo astean Pfizer botika etxeak %90eko eraginkortasuna duen txertoa garatzea lortu duela esan zuenetik, ugaritzen ari dira COVID-19aren kontrako txertaketa kanpainen inguruko albisteak. Lehengo astean, Espainiako Gobernuak iragarri zuen maiatzerako hamar milioi pertsona immunizatu nahi zituela txertoarekin. Orain, Frantziako Gobernuko Osasun Ministeriotik esan dute urte hasieran txertoa jartzen hasteko asmoa dutela. Elkarrizketa batean adierazi du asmoa Osasun ministro Olivier Veranek. Txertoaren eraginkortasuna eta egokitasuna egiaztatzen badira prest daudela esan du.
Europako Batzordeak jakinarazi du txertoaren 30 milioi dosi ja aurrez enkargatuak dituela, eta lehen kolpe batean Frantziako osasun agintariek 30 milioi inguru jasoko dituztela. Azaldu du herritarrek ez dutela pagatu beharko txertoagatik.
Osasun ministroak ez du iragarpenik egin nahi izan Frantziako Gobernuak ezarriak dituen konfinamendu neurrien inguruan. Zabaldu diren hainbat informazioaren arabera, gobernuaren hipotesia da taberna eta jatetxeek urtarrilaren erdialdera arte itxita egon beharko dutela, baina ez du adierazpenik egin nahi izan horren inguruan. Dendak ere itxita daude, eta oraingoz horrela jarraituko dutela azaldu du: «Egoera onean ireki nahi ditugu, gero berriz itxi beharrean ez egoteko». Taberna eta osatuei dagokionez, horiek berriz irekitzea «zailagoa» izango dela aitortu du ministroak. |
2020-11-17 | https://www.berria.eus/albisteak/189866/armeniako-presidenteak-hauteskundeak-aurreratzeko-eskatu-du.htm | Mundua | Armeniako presidenteak hauteskundeak aurreratzeko eskatu du | Alderdi politikoekin izandako bilkuren ostean, Sarkisianek ondorioztatu du bozak egitea «saihetsezina» dela; Paxinian lehen ministroaren dimisioa ere exijitu du. | Armeniako presidenteak hauteskundeak aurreratzeko eskatu du. Alderdi politikoekin izandako bilkuren ostean, Sarkisianek ondorioztatu du bozak egitea «saihetsezina» dela; Paxinian lehen ministroaren dimisioa ere exijitu du. | Errusiak, Azerbaijanek eta Armeniak Karabakh Garaiko gerra gelditzeko sinatu zuten akordioak haserre handia eragin du azken herrialde horretan, Nikol Paxinian lehen ministroaren etorkizuna kolokan jartzeraino. Ituna adostu zutenetik, protestak etengabeak izan dira Kaukasoko herrialdean, besteak beste Paxinianen dimisioa eskatzeko, eta, egunek aurrera egin ahala, agintaria zilegitasuna galtzen ari den sentsazioa gailendu da. Hura kargutik kentzea eskatu duen azken politikaria Armen Sarkisian izan da, Armeniako presidentea; alderdi politikoekin eta talde zibilekin egindako bilkuren ostean eman du bere iritziaren berri, argudiatuta bozak aurreratzea «saihetsezina» dela.
Egungo egoera gailentzeko, eta herrialdea «zirrara politikoetatik kanpo» mantentzeko, Sarkisianek proposatu du batasun nazionaleko gobernu bat sortzea: «Espero dut indar politiko guztiak egungo egoeraren arduraz, garrantziaz ohartu direla». Nahiaz haratago, Armeniako presidenteak eskumen gutxi ditu, eta ez du hori eragiteko aukerarik; izan ere, Paxinian Asanblea Nazionalak ken dezake kargutik, baina, egun, gobernuburuaren Nire Pausoak aliantzak du gehiengoa parlamentuan.
Halere, Armeniako presidentearen arabera, «alderdi politiko askok» nahi dute gobernuburuak dimisioa ematea: «Azken egunotan kontsulta politikoak izan ditut, eta hainbat bilera indar parlamentarioekin eta ez-parlamentarioekin, gobernuz kanpoko erakundeekin eta beste hainbeste lagunekin. Diasporako taldeekin ere bai. Gehiengo handi bat ados dago auzi batean: lehen ministroak dimisioa eman behar du, edo agintaldia amaitu, konstituzioa errespetatuta eta hauteskunde aurreratuetara deituta». Oposizioko alderdi politiko guztiak Karabakh Garaiko itunaren aurka agertu dira, «umiliazio bat eta kapitulazio bat» delakoan.
Asteotako protesten eta haserrearen harira, Zohrab Mnatsakanian Atzerri ministroak dimisioa eman du, atzo jakinarazi zuenez; aldiz, Paxinianek bi aldiz adierazi du ez duela lehen ministroaren kargua uzteko asmorik. Iragan astean horretaz bozkatzeko saio bat hasi zuten Asanblea Nazionalean, baina bertan behera utzi behar izan zuten, quorum faltagatik.
Karabakh Garairako adosturiko akordioaren arabera, Azerbaijanek konkistaturiko eremuak galtzeaz gain, Armeniak kontrolpean zituen hiru eskualde emango dizkio Bakuri: Karabakh Garaiaren mendebaldean dagoen Kalbakhar, ekialdeko Aghdam, eta, azkenik, hego-mendebaldeko Lachin.
Itun horretaz, armadako koronel Onik Gasparianek MediaMax albiste agentziari azaldu dio «aukera txar baten eta tragedia baten artean» erabaki behar izan zutela; izan ere, Azerbaijango armadaren aurrerapausoak etengabeak izaten ari ziren irailaren 27an gerra hasi zutenetik: «Politikari batzuek diote armadak egiazkoa ez den [gerraren] paisaia bat aurkeztu zuela. Akusazio horiek ez dute bat egiten errealitatearekin».
Paxinianek ere aitortu zuen akordioa «txarra» dela, baina argudiatu zuen armadaren gomendioari jarraituta erabaki zuela su-eten iraunkor bat adostea Azerbaijanekin eta Errusiarekin.
Gorpuen trukaketa
Hiru sinatzaileek itun horretan jaso zuten hildakoak trukatzea. Peter Maurer Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen presidenteak baieztatu du Erevanek eta Bakuk 200 gorpu trukatu dituztela dagoeneko; datozen egunetan jarraituko dute gainerakoekin.
Irailaren 27tik azaroaren 10era arteko gerran mila eta 5.000 militar artean hil dituzte bi aldeek, azken datuen arabera. |
2020-11-17 | https://www.berria.eus/albisteak/189867/inazio-arregi-jesuita-eta-kazetaria-hil-da.htm | Bizigiro | Inazio Arregi jesuita eta kazetaria hil da | Loiolako Herri Irratiaren eta Eusko Irratiaren sortzaileetako bat eta zuzendaria izan zen. 89 urterekin hil da, gaixotasun luze baten ondorioz. | Inazio Arregi jesuita eta kazetaria hil da. Loiolako Herri Irratiaren eta Eusko Irratiaren sortzaileetako bat eta zuzendaria izan zen. 89 urterekin hil da, gaixotasun luze baten ondorioz. | Inazio Arregi jesuita eta kazetaria aitzindaria izan zen euskarazko kazetaritzan eta irratigintzan: Loiolako Herri Irratiaren eta Eusko Irratiaren sortzaileetako bat eta zuzendaria izan zen, besteak beste. Vatikano Irratiko nazioarteko albistegietako zuzendaria ere izan zen.
1931. urtean jaio zen Arregi, Oñatin (Gipuzkoa), eta 17 urterekin Jesusen Konpainian sartu zen. Loiolan eman zuen bere lehendabiziko meza. Teologian eta filosofian lizentziatua zen, eta Italiako Bergamo hirian egin zituen komunikazio eta irratigintza ikasketak. Euskal Herrira bueltatuta, Loiolako Herri Irratia jarri zuen abian santutegiko egoitzan, Juan Lekuonarekin batera; esatari lanetan hasi zen, eta zuzendari ere izan zen.
Handik Eusko Irratira egin zuen jauzia, 1982an; izan ere, euskarazko irrati publikoa izango zena martxan jartzeko arduradun nagusietako bat izan zen. Eusko Irratiko zuzendaria izan zen, irrati publikoa martxan jarri eta 1985era arte.
1986an, Vatikanora joan zen, hango Vatikano Irratira, eta nazioarteko albistegietako buru izan zen, erretiroa hartu zuen arte. Espainiako TVErekin lankidetzan aritu zen urte askoan, bereziki Vatikanotik zuzenean ematen zituzten mezei ahotsa jartzen, eta Euskadi Irratirako berriemaile gisa ere jardun zuen Erroman. Hogei urtez aritu zen Vatikanoko irratian lanean.
Besteak beste, Rikardo Arregi eta Ondas sariak jaso zituen, bere ibilbideagatik.
2010ean, Eta orain, zer? Gure urte haiek (1931-2009) autobiografia (Alberdania) idatzi zuen. Bere bizitzako hiru esparru "bereizi ezinak" uztartu zituen autobiografian: apaiz jesuitaren bizipenak, euskaldun izatea, eta irratian egindako lana. |
2020-11-17 | https://www.berria.eus/albisteak/189868/jaurlaritzak-onartu-du-janaririk-erosi-gabe-ere-edariak-eskuratu-ahal-izatea-tabernetan.htm | Gizartea | Jaurlaritzak onartu du janaririk erosi gabe ere edariak eskuratu ahal izatea tabernetan | Alkoholik gabeko edariak bakarrik izan daitezke, eta kalean edatearen kontrako aholkua «berariaz» emanda dagoela gogorarazi du | Jaurlaritzak onartu du janaririk erosi gabe ere edariak eskuratu ahal izatea tabernetan. Alkoholik gabeko edariak bakarrik izan daitezke, eta kalean edatearen kontrako aholkua «berariaz» emanda dagoela gogorarazi du | Eusko Jaurlaritzak arindu du egin du hilaren 7an, COVID-19ari aurre egin nahian, tabernak eta jatetxeak ixteko ezarri zuen dekretua; orain, ostatu horiek baimena izango dute, eramateko jakirik saldu gabe ere, edariak eta kafeak bezeroei eskaintzeko. Betiere, alkoholik gabeak izan beharko dutela gogoratu du, eta «berariaz» emanda dagoela kalean edatearen kontrako gomendioa.
Taberna eta ostatu zenbait, ireki ezinik, etxera jaki prestatuak eramateko zerbitzuak ematen ari dira orain, negozioari eusteko ahaleginetan. Dudak sortu dira egunotan kafeak eta antzekoak emateko izan zitzaketen aukeren inguruan; izan ere, okindegietan-eta, adibidez, saltzen dituzte eramateko kafeak.
Neurria moldatuta, tabernek aukera hori bera izango dute orain: kafeak eta antzekoak saldu ahal izango dituzte eramateko janarien eskarietatik aparte ere.
Betiere, eramateko zerbitzu horiek ere mugak dituzte; 21:00etatik aurrera ezingo dira eman. Oroitu behar da, bestela ere, aisialdiarekin eta merkataritzarekin lotutako jarduera guztiak 21:00etarako bukatu behar izaten direla, eta 22:00etan etxeratzeko agindua ezarrita dagoela. |
2020-11-17 | https://www.berria.eus/albisteak/189869/sarean-egingo-dute-lekeitioko-euskal-zine-bileraren-43-aldia.htm | Kultura | Sarean egingo dute Lekeitioko Euskal Zine Bileraren 43. aldia | Larunbatean hasiko da, eta hilaren 29ra arte ikusi ahalko da programa, jaialdiaren webgunean. Pascal Gaigne musika konpositoreari emango diote aurtengo Begiradak saria | Sarean egingo dute Lekeitioko Euskal Zine Bileraren 43. aldia. Larunbatean hasiko da, eta hilaren 29ra arte ikusi ahalko da programa, jaialdiaren webgunean. Pascal Gaigne musika konpositoreari emango diote aurtengo Begiradak saria | Leiho bat balitz bezala apurtuko da milaka pantaila txikitan Lekeitioko Euskal Zine Bilera jaialdiko pantaila handia aurten. Koronabirusari aurre egiteko hartutako segurtasun eta osasun neurriek bultzatuta, sarean egingo dute 43. aldia, eta www.zinebilera.eus webgunearen bidez ikusi ahalko da egitarau osoa, hilaren 29ra arte. «Jaialdi osoa klik bakarrera». Zailtasuna erronka bilakatu nahi izan dutela azaldu du Xabier Arrate jaialdiaren koordinatzaileak. «Kontakturik gabeko jaialdi bat egiten gabiltza, baina pantailen bidez hurbil egoteko saiakera egingo dugu».
Internet bidez egin arren, «presentziala balitz bezala» ikusi ahalko da jaialdia, antolatzaileek zehaztu dutenez. Pelikulak ez dira sarean nahieran ikusteko moduan egongo; emisio egun eta ordu jakin bat izango du haietako bakoitzak, eta une horretan ikusi beharko du ikusleak webgunean. Erregistro arin bat egin beharko du aurrez horretarako, izen-abizenak eta beste zenbait datu emanda. Baina, edonola ere, proiekzioa hasi eta eguna amaitu arteko tartea izango dute ikusleek filmak ikusi ahal izateko. EITBren webgunean ere leiho bat izango du jaialdiak.
Estreinaldiarekin hasita
Urtero ohi dutenez, euskal film luze baten proiekzioak zabalduko du jaialdia. Aurten, esaterako, Imanol Rayok zuzendutako Hil kanpaiak filma eskainiko dute larunbatean, 19:00etatik aurrera, eta Eneko Sagardoi aktoreari ere elkarrizketa egingo diote Lekeitioko Ikusgarri zineman bertan. Hori izango da, gainerakoan, erabat digitala izango den programako egitasmo presentzial bakarra. Zinemara joaten direnek soilik izango dute, beraz, filma ikusteko aukera. Hortik aurrera, ordea, etxetik mugitu beharrik gabe izango dute hamaika film ikusteko aukera ikusleek. Euskarazkoak izango dira botako dituzten lan guztiak. Izan ere, hizkuntza izan da azken 43 aldietan Zine Bilera jaialdiaren ezaugarri nagusia.
Lehiaketa ere izango du aurtengo jaialdiak. «Hori da jaialdiaren bihotza», azaldu du Arratek. Aurten, guztira, 33 proposamen jaso dituzte, «maila oso handikoak», eta haietako hemeretzi hautatu dituzte antolatzaileek. Film laburrak dira guztiak, baina haien artean badira fikziozko lanak, animaziozkoak zein dokumentalak, eta ikusleak ezagun izango ditu haien zuzendarietako batzuk. Besteak beste, Paul Urkijo zinemagilearen Dar-dar; Maria Elorzaren eta Koldo Almandozen Quebrantos; Eñaut Castagnetek eta Ximun eta Manex Fuchs anaiek zuzendutako Nire eguneroko maitea; eta Maddi Barber zinemagilearen Gorria dokumentala izango dira jaialdiko saria jasotzeko hautagaiak. Aitor Oñederra animatzaileak, Erika Olaizola aktoreak eta Mikel Rueda zinemagileak osatuko dute epaimahaia.
Azaroaren 28an jakinaraziko dituzte irabazleak, eta proiekzioa ere antolatuko dute haiekin jarraian; azkenik, lan horien beste proiekzio saio batekin itxiko da jaialdia, hurrengo egunean.
Pascal Gaigne ere omenduko dute, bestetik. Euskal zinemari ekarpen berezia egin dion egile bat omendu ohi du jaialdiak urtero Begiradak izeneko aitortzarekin, eta musikari eta konpositorea hartu nahi izan dute gogoan aurten. Aurrez Errobi musika taldearekin aritu zen Gaigne plazaz plaza, eta Zergatik panpox filmarentzako soinu banda sortzea izan zuen zinemarako egindako lehen lanetako bat, 1985ean. Ehun film baino gehiagorentzat sortu du musika geroztik, eta Goya saria jaso zuen, esaterako, Handia filmarentzat egindako lanagatik, eta 2018an jaso zuen haren ibilbide osoa aitortzen zuen Sade saria ere. Eta lan horrengatik guztiagatik omendu nahi izan dute Zine Bileran ere. «Saritua izan da hainbat lehiaketatan, eta, orain, Lekeition ere bai».
Euskal gatazka zineman
Beste jaialdi batzuei ere ireki nahi izan diete atea. Zinegoak Bilboko gaylesbotrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiarekin bat egin dute, adibidez. Antolatzaileek haien lanaren nondik norakoa azalduko dute, eta festibalean proiektutako hainbat lan berriz ikusteko aukera eskainiko du Zine Bilerak. Hazparnen (Lapurdi) egiten den Zinegi jaialdiarekin elkarlanean antolatu dituzte beste saio batzuk ere, esaterako. «Euskara hutsezko jaialdi bakarrak gara», azaldu du jaialdiko koordinatzaileak, «eta, beraz, naturala izan da elkarrekin aritzea». Zinegirekin batera, beraz, zinema gaualdia eskainiko dute azaroaren 28an. Eta bi jaialdien elkarlanaren fruitu da azaroaren 29an Urtzi Urkizu zinema aditu eta BERRIA egunkariko kazetariak eskainiko duen hitzaldia ere. Zinemak euskal gatazka nola erakutsi duen aztertuko du aurkezpenak.
Elkarlanaren ondorio dira jaialdiko beste hainbat saio ere. Euskararen Topagunearekin batera antolatu ohi dute, esaterako, Kameratoia izeneko ikus-entzunezko sorkuntza rallya. Elias Kerexeta zine eskolarekin elkarlanean, iraganeko euskal filmak berreskuratzen dituzte Gaur8 atalean. Eta emakumezkoek zinemagintzan duten lekuari buruzko mahai inguru bat ere antolatuko dute azaroaren 28an, (H)emen Gaude elkartearekin.
Salbuespen urtea
Berez, iaz Benito Ansola beka jaso zuen Oier Fuentes zinemagilearen filma ere proiektatu nahi zuten jaialdiko antolatzaileek, baina, koronabirusaren eraginez, estreinaldia atzeratu beharrean izan da zuzendaria, eta, ondorioz, egiten ari den lanaren aurkezpen bat egingo du jaialdian. Bi urtean behin ematen da beka hori, eta euskal sortzaile gazteak bultzatzea du helburu. Fuentesen lanaren proiekzioa hurrengo urtean egiteko asmoa azaldu dute antolatzaileek.
Salbuespenezkoa izango da aurtengoa, izan ere. Koldo Goitia Lekeitioko alkateak azaldu duenez, hurrengo urteetan online adarrari eustea ongi ikusi arren, jaialdiaren alde presentzialari ere eustea baita asmoa. Arratek borobildu du azalpena: «Bilera hitza darama jaialdiak izenean bertan, eta presentzialtasuna mantendu nahi dugu, baina aurten leiho batzuk zabaltzen saiatu gara, edo, hobe esanda, pantaila batzuk». |
2020-11-17 | https://www.berria.eus/albisteak/189870/25000-langile-sartu-dira-aldi-baterako-espedienteetan-irailaren-30az-geroztik.htm | Ekonomia | 25.000 langile sartu dira aldi baterako espedienteetan irailaren 30az geroztik | Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak dira, eta horien %79 ostalaritza sektorearen ingurukoak dira. | 25.000 langile sartu dira aldi baterako espedienteetan irailaren 30az geroztik. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak dira, eta horien %79 ostalaritza sektorearen ingurukoak dira. | Eusko Jaurlaritzak aldi baterako erregulazio espedienteen 4.630 eskaera jaso ditu irailaren 30z geroztik. Eskaera horiek, bere osotasunean, 25.002 langileri eragingo liekete, baina litekeena da azken kopurua hori ez izatea, enpresa askotan ez dituztelako langile guztiak sartuko erregulazioan. Eskaeren %79 ostalaritza sektoreko enpresetatik iritsi dira: tabernak, jatetxeak eta banatzaileak.
Jon Azkue Jaurlaritzako Lan sailburuordeak eman ditu datuak. Erregulazio eskaeren 3.662 ostalaritza arlokoak dira, eta, denera, 16.880 langileri eragingo liekete. Eskaera horien gehienak azaroaren 7tik aurrera iritsi dira, Jaurlaritzak negozioen itxiera agindu zuenetik. Lan agintaritzak 2.116 eskaera ditu aztertzeke, eta bost eguneko tartea du haiei erantzuteko. Beste eskaerei dagokienez 1.345 onartu ditu, 105 ukatu, eta 55ek ez dute aurrera jarraitu.
Azkuek azaldu du zergatik ez dien 25.002 langileri eragingo, eta bi arrazoi eman ditu. Batetik, logikoena: azaldu bezala, eskaera guztiak ez direlako onartzen. Bestetik, enpresek ez dituztelako langile guztiak sartzen erregulazioan. Hainbatek txandaka egiten dute lan; astelehenetik ostiralera eta asteburuetan, esaterako, oso ohikoa ostalaritzan, eta enplegatzaileek agian txanda bateko langileentzat bakarrik eskatzen dute erregulazioa.
Sailburuordeak azterketa positiboa egin du, eta ostalariek lanpostuei eutsi nahi dietela nabarmendu: «Gobernuen laguntzengan fedea dute enpleguari eusteko. Asko ixtea pentsatzen ari ziren, eta jarrera aldaketa bat egon da». Sailburuordeak emaniko datuaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Koronabirusaren krisiaren eraginez aldi baterako erregulazioan sartu diren langileen %84 lanera itzuli dira. Horiei erregulazioa eskatu arren lanean jarraitu zuten %12 gehitu behar zaie. Azkuek, gainera, ez du kaleratze uholderik espero aldi baterako erregulazioak amaitzean: «Ez dugu beldurrik izan behar. Suspertze ekonomiko oso bizkorreko ereduak ditugu, Txinakoa adibidez. Euskadin, udan, erakutsi genuen guk ere badugula ahalmen hori».
Aldi baterako erregulazioan sartzen diren langileak langabeziara igarotzen dira, eta soldata oinarriaren %70 jasotzen dute. Enplegatzaileek, berriz, ez dute gizarte segurantzarik ordaintzen, eta, jarduera mugatua badute —etxerako jan zerbitzua—, %10 ordaintzen dute bakarrik. Trukean, enpresek ezin dute kaleratzerik egin sei hilabetean. |
2020-11-17 | https://www.berria.eus/albisteak/189871/saharako-herriaren-autodeterminazio-eskubidean-oinarritu-beharko-litzateke-konponbidea-eajren-ustez.htm | Gizartea | Saharako herriaren autodeterminazio eskubidean oinarritu beharko litzateke konponbidea, EAJren ustez | Sahararen autodeterminazio eskubidearen aldeko adierazpenak egin dituzte eragile anitzek. Mobilizazioak egin dituzte asteburu guzian zehar Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako herri anitzetan. | Saharako herriaren autodeterminazio eskubidean oinarritu beharko litzateke konponbidea, EAJren ustez. Sahararen autodeterminazio eskubidearen aldeko adierazpenak egin dituzte eragile anitzek. Mobilizazioak egin dituzte asteburu guzian zehar Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako herri anitzetan. | Mendebaldeko Saharan gerra egoera ezarri eta gatazka gogortu ondotik, Saharako herriari babesa erakusteko mobilizazio andana egin dituzte asteburu honetan Euskal Herriko hainbat tokitan. Ehunka jende batu dira, besteak beste, Bilbon, Iruñean, eta Donostian, Saharan duten legez kanpoko okupazioa salatu, eta autodeterminazio eskubidea gauzatu dadila eskatzeko. Eragile andanak babestu ditu protestak, eta saharar errefuxiatu anitzek parte hartu dute.
Gaur, sahararren herriari elkartasuna adierazi dio EAJren Euskadi Buru Batzarrak «nor izateko eskubidea aldarrikatzeko bide baketsutik daraman bidean», eta alde biek adostutako su-etena hautsiz Nazio Batuen ebazpenak urratu izana salatu du. EBBren iritziz argi dago MInursoren misioak bake hauskorra ahalbidetu duela orain arte, eta ez duela lortu Saharako herriaren autodeterminazio eskubidean oinarritu beharko litzatekeen konponbide negoziatu bat bideratzea. Hala, eskaera bat baino gehiago egin ditu: Marokori, tropak Guerguerateko pasabidetik erretiratze, azaroaren 13ko erasoaren aurreko egoerara itzuliz; erasotzaileei, eraso armatuak murriztea, odol isurketak eragozteko eta gatazkatsua izan daitekeen eskualde batean tentsio politikoa eragozteko; Nazio Batuen Erakundeari, bere erabakiak betearazteko erabakimenari eutsi eta ahaleginak egiten jarrai dezala konponbide negoziatua lortzeko, Saharako herriak berak adierazitako borondate askean oinarrituta; Nazioarteko Komunitateari egoera aztertu eta konpromisoa erakustea, NBE bezalako alderdi anitzeko erakundeak indartzeko.
EH Bilduren hitzetan, «garrantzitsua» da Espainiako Estatuari erantzukizuna eskatzea, «Sahara administratzen duen potentzia den aldetik, gatazkan aktiboki parte hartzeko eta saharar herriaren autodeterminazio eskubidea bultzatzeko». Koalizio abertzaleak «konpromiso irmoa» adierazi die Fronte Polisarioari eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoari, Marokoren legez kanpoko okupazioaren aurka, eta nazioarteko komunitateak Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoari babesa adierazteko momentua dela erran du. Horrez gain, Arantxa Gonzalez Espainiako Atzerri ministroaren presazko agerraldia eskatu du Espainiako kongresuan, Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Saharan konponbiderik bultzatzeko konpromisorik duen galdetzeko.
Euskadiko Gazte Sozialistek (JSE-Egaz) dei egin diote nazioarteko komunitateari Mendebaldeko Saharan bakea eta segurtasuna bilatzeko, eta «deskolonizazio prozesua amaitzeko» eskatu du. Agiri batean, PSE-EEko gazte erakundeak gogoratu du beti erakutsi duela bere «erabateko» sostengua eta konpromisoa erakutsi ditu, «sahararren herriaren kausa legitimoarekin, gaur egun Marokok legez kanpo okupatuta duen lurraldea deskolonizatzeko borrokan». Gazte sozialistek adierazi dute Mendebaldeko Sahara lurralde ez-autonomoa dela NBEren arabera, eta Afrikako Batasuneko estatu kide burujabe eta independentea dela; «Saharako herria da bere lurraren gaineko subiranotasunaren jabe bakarra eta bere patua eta etorkizuna erabaki dezakeen bakarra», adierazi du JSE-Egaz-ek. Ernai gazte antolakundeak ere Saharako herriaren autodeterminazioaren eta askatasunaren alde mobilizatzera deitu du asteburuan zehar. GKSk Sahararen okupazioarekin «kolaboratzen» duten estatu eta bestelako instituzioen «izaera zapaltzailea» salatu du, eta «elkartasun osoa» adierazi die Saharako herriari eta Fronte Polisarioari. |
2020-11-17 | https://www.berria.eus/albisteak/189872/eusko-jaurlaritzak-gizon-emakumeen-berdintasunerako-legearen-proiektua-onartu-du.htm | Gizartea | Eusko Jaurlaritzak gizon-emakumeen berdintasunerako legearen proiektua onartu du | Artolazabalen arabera, 2005eko legearen moldaketaren parte hartzea «handia» izan da. Hala ere, Eusko Legebiltzarra izango da lege proiektuarekin aurrera egitea onartzen duena ala ez; talde politikoek zuzenketak egiteko aukera izango dute. | Eusko Jaurlaritzak gizon-emakumeen berdintasunerako legearen proiektua onartu du. Artolazabalen arabera, 2005eko legearen moldaketaren parte hartzea «handia» izan da. Hala ere, Eusko Legebiltzarra izango da lege proiektuarekin aurrera egitea onartzen duena ala ez; talde politikoek zuzenketak egiteko aukera izango dute. | Gizon-emakumeen berdintasunerako legearen proiektua onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak, gobernu kontseiluaren ostean Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi duenez. Emakundek gidatutako proiektua izan da, eta parte hartzea «handia» izan dela nabarmendu du Artolazabalek. Haren arabera, lege proiektuak laurehun ekarpen inguru jaso ditu: hirurehun, herritarren eskutik; eta beste ehun, erakundeen aldetik. Nabarmendu du horren helburua dela «berdintasun politikak eta indarkeria matxistaren biktimentzako laguntzak indartzea». Hala, besteak beste, aldaketak proposatu dituzte berdintasun egiturak indartzeko, langile publikoak berdintasunaren alorrean ahalduntzeko eta bortizkeria matxistaren ondorioz umezurtz gelditzen diren haurrei eta nerabeei laguntzak emateko.
Hain zuzen, Eusko Legebiltzarrak 2005ean onartu zuen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea, eta orain, gaurkotzeko proposamenak egin dituzte. Nazioarteko araudietara egokitzeko beharra hartu dute oinarri; esate baterako, Istanbulgo Hitzarmenak zehazten duenera. Hala ere, lege proiektua Eusko Legebiltzarrean aztertzea da hurrengo urratsa. Talde politikoek aukera izango dute zuzenketak egiteko eta legeaz eztabaidatzeko, eta ,azkenik, osoko bilkuran bozkatuko da ea onartuko duten ala ez. Kasu honetan, ordea, ziurrena da lege proiektua onartzea; izan ere, EAJk eta PSE-EEk gehiengo dute.
Proposatutako aldaketak
Berdintasun sailburuak erronka nagusi bat izan du gogoan: «Erronka nagusietako bat izango da emakumeen aurkako indarkeria, gizon-emakumeen desberdintasunaren arazo sistematiko eta unibertsalaren barnean kokatzea». Hala, gaineratu du horretarako berdintasun egiturak indartzea aurreikusten dutela, baliabide ekonomikoak, giza baliabideak eta teknikoak sendotuta. Are, langile publikoek berdintasunaren alorrean ahalduntzeko «betebeharra» ere badutela uste du Jaurlaritzak, eta, beraz, formakuntzak jasoko dituztela erantsi: «Langile publiko guztientzat berdintasunaren arloko derrigorrezko prestakuntza, progresiboa eta iraunkorra jasotzen du proiektuak, batez ere emakumeen aurkako indarkeria matxistaren alorrean jarduten dutenentzat».
Bada gehiago ere: indarkeria matxistaren biktimen eremua handitzea. Artolazabalen arabera, lege proiektuak helburu du «bortizkeriaren ondorioak pairatzen dituzten haurrei, nerabeei eta menpeko pertsonei babes handiagoa» ematea, horiek ere biktimak direla uste baitute. Gainera, nabarmendu du umezurtz gelditzen diren haur eta nerabeentzat laguntza ekonomikoak ematea aurreikusten dutela. Hala ere, ez du zehaztu zenbatekoa izan daitekeen laguntza hori, baina nabarmendu behin proiektua onartu ostean zehaztu beharko litzatekeela. |
2020-11-17 | https://www.berria.eus/albisteak/189873/etxegabetzeak-eteteko-zuzenketa-bateratua-aurkeztu-dute-eh-bilduk-erck-eta-up-unidas-podemosek.htm | Politika | Etxegabetzeak eteteko zuzenketa bateratua aurkeztu dute EH Bilduk, ERCk eta UP Unidas Podemosek | 2021eko aurrekontuei zuzenketa partzialak jartzeko epea bukatu da. PSOEk berriro onetsi du koalizio independentistak emandako babesa | Etxegabetzeak eteteko zuzenketa bateratua aurkeztu dute EH Bilduk, ERCk eta UP Unidas Podemosek. 2021eko aurrekontuei zuzenketa partzialak jartzeko epea bukatu da. PSOEk berriro onetsi du koalizio independentistak emandako babesa | Etxegabetzeak eteteko eskatzen duen zuzenketa bateratu bat jarri diete EH Bilduk, ERC Esquerra Republicanak eta UP Unidas Podemosek Espainiako aurrekontuei. Espainian alarma egoera indarrean dagoen bitartean joateko beste tokirik ez dutenen etxegabetzeak eta oinarrizko horniduraren eteteak debekatzea planteatzen dute. 2021eko urtarrilaren 31 arte, debekatuta dago COVID-19agatik egoera zaurgarrian daudenak etxegabetzea, baina hiru indar politikoek nahi dutena da bestela egoera horretan daudenen etxegabetzeei ere eragitea neurriak. Hori, gainera, 2022ko abendura arte luzatu nahi dute, Jaume Asens UPko diputatuak prentsaren aurrean azaldu duenez. Gaur bukatu da, hain zuzen, Espainiako Gobernuak aurkeztutako 2021eko aurrekontuei zuzenketak egiteko epea.
Agerraldi horretan, Mertxe Aizpurua EH Bilduren Espainiako Kongresuko bozeramaileak eta Gabriel Rufian ERCren ganberako eledunak ere parte hartu dute. «Ez dugu itzuli nahi etxegabetzeek markatutako normalitate zaharrera, enplegu prekariora, nahikoa ez diren pentsioetara, energia txirotasunera eta pobreziaren feminizaziora», nabarmendu du Aizpuruak. Iruditzen zaio etorkizun «duin bat» eman behar zaiela gehien sufritzen ari direnei. EH Bildukoarentzat, eskera «guztiz logikoa» da, eta garrantzi handiagoa du «osasun larrialdi batean». Gogoratu du, bide batez, iaz 1.372 etxegabetze gertatu zirela Hego Euskal Herrian. Asensen esanetan, PSOEk bazuen zuzenketaren berri, eta «ulertu» du.
Aurrekontuen beraien harira, Espainiako Gobernua gasolioaren zergaz hitz egiteko prest dago, Maria Jesus Montero bozeramaile eta Ogasun ministroak jakinarazi zuenez. Aurrekontuen proiektuan PSOEk eta UPk osatutako gobernu koalizioak jaso zuenez, autoan gasolioa darabiltenek gehiago ordaindu beharko dute zergetan, 2,3 euro gehiago 50 litroko. Eta horrek EAJ haserretu zuen duela hiru aste, argudiatuz horrek «Euskadiko autoaren industriari» kalte egingo liokeela. Jeltzaleek, halere, ez diote babesik ukatu aurrekontu proiektuari. Monterok aitortu duenez, alderdi politikoen babesaren truke, zenbait kontutan «amore eman» beharko dute.
Bestalde, PSOEk berriro onetsi behar izan du EH Bilduk aurrekontuetan emandako babesa. PSOEren zenbait buruzagik ez dute nahi EH Bilduk Espainiako Gobernuak aurkeztutako 2021eko aurrekontuak babestea, eta, hain zuzen, koalizio independentistak momentuz plazaratutako babes horren aurka mintzatu dira azken egunetan. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak kargu hartu zien, atzo, alderdiaren zuzendaritzaren bileran, eta esan zien jendaurrean ez egiteko molde horretako adierazpenik. PSOEren iturriak aipatuz Espainiako zenbait hedabidek kaleratutako informazioaren arabera, aurrekontuak aurrera ateratzea lehenesten du alderdiak, eta EH Bilduren babesa onartzen du. Eta Adriana Lastra PSOEren Espainiako Kongresuko bozeramaileak argi utzi du hori, gaur. «Nik beti entzuten ditut erne gure adinekoak, baina orain guri tokatzen zaigu», nabarmendu du. Izan ere, EH Bilduren babesa onartzearen aurka gogorren mintzatu denetako bat izan da Alfonso Guerra, PSOEren kide historikoa, Felipe Gonzalez Espainiako presidente zen garaian presidenteorde izandakoa. Egun alderditik kanpo dago. «Belaunaldi berri bat gara, eta herrialdea eta PSOEren zuzendaritza zuzentzea tokatzen zaigu», gehitu du Lastrak.
Egutegia
Aurrekontu proiektuari jarritako osoko zuzenketak joan den astean bota zituen atzera Kongresuak, besteak beste EAJren eta EH Bilduren babesarekin. Talde parlamentarioek jarritako zuzenketa partzialak aztertuko ditu orain PSOEk eta UP Unidas Podemosek osatutako koalizio gobernuak, eta horiei betoa jartzeko aukera du, iruditzen baldin bazaio aurrekontuari okerrerako eragiten diotela. Betoen galbahea igarotzen duten zuzenketak aurrekontuetarako batzordean eztabaidatu eta bozkatuko dituzte, sailez sail, datorren astean. 37 diputatu daude batzordean, eta 17 dira PSOEekoek eta UPkoak; hau da, ia gehiengo osoa dutela, eta tarte nahikoa dutela beharrezko babesak negoziatzeko. Behin batzordetik pasatuta, aurrekontuak azaroaren 30ean helduko dira Kongresura, eta aste horretan sailez sail eztabaidatu eta bozkatuko dituzte. Onartuko dituzten itxura du.
Espainiako Senatuak adostutako egutegiaren arabera, urtea amaitu baino lehen onartu nahi ditu behin betiko aurrekontuak gobernuak. Behin Senatuko tramiteak gaindituta —egutegia aintzat hartuta, abenduaren 23rako—, aurrekontuak berriro itzuliko dira Kongresura, eta gobernuaren intentzioa da azken astean osoko bilkura bat egitea. Kongresuko iturriak aipatuz Efe berria agentziak kaleratu duenez, hori esan die Meritxell Batet ganberako presidenteak talde parlamentarioetako bozeramaileei.
«Demokraziaren arrakasta bat»
Lastrak bezala, PSOEren beste ordezkari batek ere ontzat jo du EH Bilduren jarrera. Alderdiaren Senatuko bozeramaile Ander Gilen esanetan, «demokraziaren arrakasta bat» da koalizio independentistak administrazio publikoei eragiten dieten «erabakietan» parte hartzea. EAEKo PPren presidente Carlos Iturgaizentzat, ordea,«Espainia haustea» du helburu PSOEren eta EH Bilduren arteko «itunak». Gilek garrantzia kendu die hitz horiei, esanez «atentzioa desbideratu» nahi dutela. Gogoratu du, gainera, Javier Maroto PPren Senatuko bozeramailea «espezialista» dela EH Bildurekin. akordioak egiteko orduan. |
2020-11-17 | https://www.berria.eus/albisteak/189874/narrazio-erotikoen-lehiaketa-antolatu-du-kaixomaitiaeus-ek.htm | Gizartea | Narrazio erotikoen lehiaketa antolatu du 'Kaixomaitia.eus'-ek | Euskal herritarron harreman afektibo eta sexualei buruzko inkesta egin zuten otsailean, eta Eguberrien aurretik argitaratuko dituzte emaitzak. | Narrazio erotikoen lehiaketa antolatu du 'Kaixomaitia.eus'-ek. Euskal herritarron harreman afektibo eta sexualei buruzko inkesta egin zuten otsailean, eta Eguberrien aurretik argitaratuko dituzte emaitzak. | Euskaldunen arteko harremanak bultzatzen ditu Kaixomaitia.eus guneak 2007. urtetik. Jendea harremanetan jartzea errazteaz gain, euskal herritarren harreman afektibo eta sexualei buruzko ikerketak bultzatzen ditu guneak. Oraingoan, lehiaketa bat antolatu dute, erotismoa lantzeko. Iñigo Arandia ekintzaileak sortu zuen Kaixomaitia.eus plataforma duela 13 urte. Urteotan milaka euskaldun jarri ditu harremanetan.
Lehiaketaren ernamuina plataformak 2016. urtean sorturiko blogean datza. Erabiltzaileekin batera, 240 testu sortu zituzten blog horretan, «erdia ipuin erotikoak, besteak orotarikoak», Arandiak esan duenez. «Beharra ikusten genuen jende berria ezagutzeko. Euskal lehiaketen panoraman ikusten genuen horren hutsunea». Garai batean dezente bultzatu zen literatura erotikoa, azaldu duenez, baina azken boladan lehiaketa bakanen bat geratzen da «nahiko bailarakoa». Horregatik, Arandiak «giro» pixka bat sortu nahi du.
Elkar argitaletxearekin harremanetan jarri ziren Kaixomaitia.eus-en kudeatzaileak. Hark jarri ditu sarien parte bat, eta epaimahaia osatzen ere lagunduko diete.
Testu erotikoak sortzeaz gain, erotismoaren inguruko «hiztegi berria, metaforak edo esamoldeak topatzea eta zabaltzea» da, Arandiaren arabera.
Kontaketa erotikoen lehiaketan parte hartzeko, lanak Kaixomaitia.eus guneko formularioaren bidez bidal daitezke, abenduaren 21 arte. Erabakia 2021eko otsailean jakinaraziko dute.
Antolatzaileek azaldu dutenez, jasotako narrazioen artean zortzi finalista aukeratuko dituzte. Horietako guztiek edukiko dute saria.
Lehen saridunak 1.000 euro jasoko ditu, liburu sorta bat, eta Elkar liburu dendetarako 100 euroko opari txartela. Bigarrenak sari berdina edukiko du, baina, 1.000 euro beharrean, 500 jasoko ditu. Hirugarrenak berdin, baina 250 euro. Laugarrenetik zortzigarren postuan geraturiko finalistek ez dute dirurik jasoko, baina bai liburu sorta eta Elkarrerako 100 euroko opari txartela.
Topikoaren arabera, euskalduna uzkur samarra da bere sexu eta maitasun bizitzaren inguruan hitz egiteko orduan. Horretaz idatziz aritzea izan daiteke lotsari izkin egiteko bide bat? Arandiak ez du argi. Izan ere, badaezpada ere, ezizenarekin bidez parte hartzeko aukera eman dute. Edonola ere, norbait finalista geratuz gero, haren izen-abizenak publiko egingo dituztela ohartarazten dute lehiaketaren oinarriek. «Ez gara aske sentitzen gure pribatutasuna modu natural batean zabaltzeko. Agian gero eta gutxiago da, baina nire ustez oraindik ere badago hori».
Galdeketaren emaitzak, aurki
Plataforma Euskal herritarron harreman afektibo eta sexualei buruzko inkesta egin zuen otsailean, Aztiker soziologia ikergunearekin elkarlanean, «euskal herritarron harreman sexual eta afektiboei dagokienez ditugun ohiturak, asebetetze mailak eta iritziak» ezagutzeko. 2016an ere 73 galderaz osatutako inkesta bat egin zuten. Orduan, 1.500 lagunek hartu zuten parte. Atera zituzten ondorioen arabera, erantzuleetako %83k bere burua heterosexualtzat zuten, %8,9k homosexualtzat, %6,4k bisexualtzat, eta %1,1ek ez zuten beren burua aurreko sailkapenetan kokatzen.
Euren bizitza afektiboari 6,9ko nota eman zioten, batez beste, eta bikotekidearekiko harremanari, 8,5ekoa.
Erantzunak jasotzeko epea otsailean amaitu zenez, martxotik aurrera pairaturiko konfinamenduak ez zuen eraginik izan. Aztikerrekin batera eginiko galdeketan 8.000 pertsonek hartu zuten parte. «Hortik 4.000 lagunen lagina hartu genuen. Oso lagin indartsua». Arandiak uste du konfinamenduak eta bestelako neurri murriztaileek eragin handia eduki dutela euskal herritarron sexu eta maitasun harremanetan. Horregatik pozten da galdeketa horren aurretik itxi izanaz. «Horrela konpara dezakegu 2016ko emaitzekin. Bestela, kutsadura bat izango zuen».
Abenduko lehenengo aste inguruan argitaratuko dute galdeketaren emaitzak, eguberrien aurretik. |
2020-11-17 | https://www.berria.eus/albisteak/189875/hamazazpi-musikari-eta-sei-talde-arituko-dira-24-hatortxu-rocken.htm | Kultura | Hamazazpi musikari eta sei talde arituko dira 24. Hatortxu Rocken | Internet bidez egingo dute Hatortxu Rock elkartasun jaialdia, abenduaren 26an. Lide Hernandok, Xabi Solanok, Alex Sarduik, Zetak-ek, Anestesiak eta Kobanek parte hartuko dute, besteak beste. | Hamazazpi musikari eta sei talde arituko dira 24. Hatortxu Rocken. Internet bidez egingo dute Hatortxu Rock elkartasun jaialdia, abenduaren 26an. Lide Hernandok, Xabi Solanok, Alex Sarduik, Zetak-ek, Anestesiak eta Kobanek parte hartuko dute, besteak beste. | Abendu oro, 21 urtez, Hatortxu Rock jaialdiak milaka pertsona bildu ditu euskal presoei babesa emateko eta sakabanaketaren ondorioak samurtzeko helburuz. Aurten, jaialdia ohiko formatuan egitea ezinezkoa izango da, baina, antolatzaileen esanetan, aurten elkartasuna «inoiz baino beharrezkoagoa» da: «Dispertsioaren gastuei aurre egiteko diru sarrera nagusiak herri egitasmoetatik datoz, baina herri egitasmo gehienak bertan behera utzi ditu pandemiak. Beraz, dispertsioa martxan dago oraindik baina diru sarrerak eten egin dira. Oso ekuazio negatiboa». Hori «iraultzeko» ekinbidea izan nahi du jaialdiak, haren 24. aldian.
Egoerara egokituta, jaialdiari eutsiko diote, baina ikuskizun formatuarekin, eta gaur aurkeztu dute egitarau osoa. Maria Antunez, Josu Erbiti, Joseba San Sebastian eta Gorka Pastor musikariek «zenbait euskal talde ezagunen abestiak» eguneratuko dituzte, eta Xabi Solano, Zaloa Urain, Tomas Lizarazu, Nerea Urbizu, Claudia Rodriguez, Lorena Aisa, Alberto Sanzol, Ivan Carmona, Francis Diez, Idoia Tapia, Sara Zozaia, Lide Hernando eta Alex Sardui musikarien eta Hutsun taldearen laguntzarekin taularatuko dituzte.
Bestetik, Zetak, Anestesia, Herdoil, Koban, eta Little Martin Selektah & Juantxo Arakama & Nikotina taldeek beren lan berriak aurkeztuko dituzte. Horrez gain, Erika Olaizola aktoreak eta Lander Garro zinemagileak ere ekarpena egingo diote ikuskizunari.
Auzolana eta konpromisoa
Jaialdiak bi helburu izango ditu: «Batetik, ikuskizun erakargarri eta berezi baten bitartez errepresaliatu politikoen egoeraren bozgorailu izatea, eta, bestetik, sakabanaketa politikak 221 euskal presoen senideengan sortzen dituen gastu ekonomikoak arintzea».
Ohiko formatuan ez bada ere, Hatortxu Rock ezaugarritzen duten «auzolanak eta konpromisoak» aurten are garrantzi handiagoa izango dutela nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere, gogoratu dutenez, osasun krisiak «gogor jo ditu» espetxeetan daudenak eta haien gertukoak, eta baita haien eskubideak ere: «Bisitak murriztu egin dira, eta ez dira gutxi izan 1.000 kilometro egin ostean senidea edo laguna ikusi gabe etxera itzuli behar izan dutenak. Orain, mugikortasun murrizketen ondorioz ere, dispertsio politikak traba gehiago ezartzen dizkie».
Hori dela eta, «egitasmoa zabaltzeko eta errepresaliatuei eta haien senideei bultzada emateko» deia egin diote euskal gizarteari. Jaialdiko sarrerek 12 euroko prezioa dute, eta Hatortxu Rocken webgunean daude eskuragai. |
2020-11-17 | https://www.berria.eus/albisteak/189876/zaintza-publikoaren-beharra-aldarrikatu-dute-sektoreko-langileek.htm | Gizartea | Zaintza publikoaren beharra aldarrikatu dute sektoreko langileek | ELA sindikatuak manifestazioak antolatu ditu Hego Euskal Herriko hiri eta herrietan. Zaintza lanen «eredua aldatzea» aldarrikatu dute. | Zaintza publikoaren beharra aldarrikatu dute sektoreko langileek. ELA sindikatuak manifestazioak antolatu ditu Hego Euskal Herriko hiri eta herrietan. Zaintza lanen «eredua aldatzea» aldarrikatu dute. | Zaintza lanen prekaritatea salatu eta eredua aldatu beharra aldarrikatu dute gaur ELA sindikatuak antolatutako manifestazioetan, Zaintza publikoa bizitzarako lelopean. Sektoreko hainbat kolektibok greba egin dute gaur, eta Hego Euskal Herriko kaleak hartu dituzte, besteak beste, zahar etxeetako, eguneko zentroetako, etxez etxeko eta urritasunen bat dutenen egoitzetako langileek, baita adingabeen zaintzaileek ere. Mobilizazio nagusiak lau hiriburuetakoak izan dira.
ELA sindikatuak salatu du zaintza sektoreko langileek ez dutela baldintza duinetan lan egiten, azalduz egutegi «gizagabeak», lantalde «eskasak», soldata murritzak eta «gizatasunik gabeko arreta eskasa» jasaten dituztela. Horrez gain, sektorearen pribatizazio prozesua ere salatu du: «Negozio bihurtzeko asmoz, premiazko lan hauek enpresa pribatuen esku ari dira geratzen, eta zaintzarik gabe ez da bizitza sostengatzen».
Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean amaitu dute Bilboko manifestazioa. Han, Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusiak hartu du hitza: «Gaur egungo zaintza lanen eredua ez da ez sostengagarria, ez defendagarria. Soldaten arrakalan eta zerbitzu prekarioetan oinarritzen da; ezin da horrelako eredu bat defendatu, eta hori aldatzera gatoz». Egungo «hipokresia politikoa» ere salatu du Lakuntzak: «Zaintzako langileei premiazkoak direla esaten diete, baina ez dituzte horrela tratatzen».
Horren aurka helburu argi bat dutela azaldu du Lakuntzak: «Zaintza lanen eredua aldatzea». Eredu aldaketa hori bultzatzeko, ezinbestekotzat jo ditu zaintza publiko bilakatzea eta 10.000 lanpostu gehiago sortzea. «Aldaketa guztiak kalean hasten dira beti, baita aldaketarik handienak ere», aldarrikatu du ELAko idazkari nagusiak, mobilizazioen indarrari erreferentzia eginez. |
2020-11-17 | https://www.berria.eus/albisteak/189877/defentsaren-helegitea-baztertuta-espainiaratu-eginen-dute-natividad-jauregi.htm | Politika | Defentsaren helegitea baztertuta, Espainiaratu eginen dute Natividad Jauregi | Ganteko Auzitegiak haren estradizioa onartu zuen azaroaren 5ean, eta defentsaren abokatuak jarritako helegitea atzera bota du Kasazio Auzitegiak. Datozen bi hilabeteetan Espainiaratuko lukete. Josu Urrutikoetxea ere Espainiaratzearen alde egin du, 1987ko auziagatik. | Defentsaren helegitea baztertuta, Espainiaratu eginen dute Natividad Jauregi. Ganteko Auzitegiak haren estradizioa onartu zuen azaroaren 5ean, eta defentsaren abokatuak jarritako helegitea atzera bota du Kasazio Auzitegiak. Datozen bi hilabeteetan Espainiaratuko lukete. Josu Urrutikoetxea ere Espainiaratzearen alde egin du, 1987ko auziagatik. | Belgikako Kasazio Auzitegiak gibelera bota du Natividad Jauregiren defentsak jarritako helegitea, eta, beraz, berretsi egin du joan den azaroaren 5ean Ganteko Auzitegiak hartutako erabakia: Espainiaratu eginen dute Jauregi, beraz. ETAko kide gisa 1981eko martxoan Ramon Romeo Espainiako armadako teniente koronela hiltzea leporatuta eskatua du Espainiako Auzitegi Nazionalak haren estradizioa, bertzeak bertze. 2016an atxilotu zuten Jauregi azkeneko aldiz, Belgikan, Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskariz, baina segidan utzi zuten aske berriro. Aurretik 2013an ere atxilotu zuten —iheslariak bizitza arrunta egiten zuen Belgikan ordurako—. Efe agentziak jakinarazi duenez, datozen bi hilabeteotan Espainiaratuko dute.
Ez da Jauregi Espainiaratzeko eskatzen duten lehen aldia. 2004an, 2005ean eta 2015ean Belgikako justiziak Espainiaratzeari uko egin zion, iritzita Espainiak Jauregiren giza eskubideak urra zitzakeela. Romeoren senideek helegitea jarri zuten, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak onartu egin zuen Espainiaratzea, Belgikako justiziari leporatuta ez zuela modu osoan aztertu arrisku hori, ezta Espainiak eskaturiko euroaginduak ere. Belgikak kalte-ordaina eman behar izan zion Romeoren sendiari, eta Ganteko Auzitegiak orduan gibelera botatako estradizio eskaera berraztertu zuen azaroan.
Josu Urrutikoetxea ere Espainiaratzeko erabakia
Frantziako Kasazio Auzitegiak Zaragozako (Espainia) kuartelaren auziagatik Josu Urrutikoetxea euskal preso ohia Espainiaratzearen alde egin du gaur. Espainiako Gobernuak iaz estradizio eskaera egin zion Parisi, Urrutikoetxeak 1987ko abenduan izandako atentatuarekin zerikusia duelakoan —11 lagun hil zituen ETAk—. Frantziako Dei Auzitegia estradizioaren alde azaldu zen joan den urtarrilaren 8an, eta defentsak helegitea aurkeztu zuen Kasazio Auzitegian.
Urrutikoetxearen kasuan, heldu den egunetan Dei Auzitegiak beste auzi bati buruzko iritzia emango du: Luis Herguetaren hilketari buruzkoa (1980). Espainiako Gobernuaren estradizio eskaera aztertuko du.
Azaroaren 4an Kasazio Auzitegia euroaginduaren alde azaldu zen herriko tabernen auzian. Uztailaren 1ean, berriz, Dei Auzitegiak atzera bota zuen Barajasko auziagatiko euroagindu eskaera.
Paris 2021ean bi epaiketa egitekoa zaio Urrutikoetxeari, ETArekin lotuta, eta, horiek ebatzi artean, euskal preso ohia ez dute Espainiaratuko. |
2020-11-17 | https://www.berria.eus/albisteak/189878/itp-aerok-kaleratze-gehiago-iragarri-ditu-orain-ezkerraldeko-plantetan.htm | Ekonomia | ITP Aerok kaleratze gehiago iragarri ditu; orain, Ezkerraldeko plantetan | Erregulazio espedientea aurkeztu du Barakaldo eta Sestaoko lantegietan. 510 langile dira guztira, eta neurriak %10ei eragingo die gutxienez. Taldeak 95 milioi euroko irabazi garbia izan zuen 2019an | ITP Aerok kaleratze gehiago iragarri ditu; orain, Ezkerraldeko plantetan. Erregulazio espedientea aurkeztu du Barakaldo eta Sestaoko lantegietan. 510 langile dira guztira, eta neurriak %10ei eragingo die gutxienez. Taldeak 95 milioi euroko irabazi garbia izan zuen 2019an | Koronabirusaren krisiak gogor astindu du hegazkingintzaren sektorea, eta, apurka, lanpostu odolustea areagotzen ari da. Alestis, Lauak, Aernnova eta ITP Aeroko langileek nozitu zuten lehen enbata, eta orain ITP taldea izango da berriz neurriak hartuko dituena Bizkaiko bere lantegietan. Zamudioko plantako erregulazio espedientearen ondoren, Barakaldokoan eta Sestaokoan egingo du entresaka. PCB Precision Castings Bilbao enpresa da erregulazio espedientea aurkeztuko duena, eta bi plantetan dituen 510 langileen %10ei eragingo die gutxienez. Bihar osatuko da negoziazio mahaia, eta kaleratzeen inguruko xehetasun gehiago jakingo dira.
ITP taldearen barruan dago PCB, eta zuzendaritzak iragan ostegunean jakinarazi zien sindikatuei bere asmoa. Bi planta dira: Barakaldokoak 400 langile inguru ditu, eta Sestaokoak, 110, baina langile batzorde bakarra dute. Batzorde horretan, CCOOk sei ordezkari ditu, tartean presidentea. UGTk, beste sei; LABek, lau; eta ELAk, bat. Precision Castingsen hegazkinen turbinen aurreneko pausoa ematen dute. Instalazioetan, fundizioa ere badute, eta piezak egiten dituzte. Pieza horiek, gero, Zamudion eta beste lantegitan lotzen dituzte.
Behin-behinekoak, jada kalean
Zamudioko plantan langile multzoaren %15eko erregulazio espedientea aurkeztu zuen ITPk, eta ikusteke dago zenbatekoa izango den orain galbahea, baina, legearen arabera, %10ekoa behar du gutxienez. Zamudion ez bezala, baina, Ezkerraldeko plantetako espedienteak gogor eragingo die langile finkoei. Izan ere, egun ez dago behin-behineko langilerik. Otsailean 160 langile gehiago ziren, baina egun finkoekin bakarrik dihardute. Aurreraturiko erretiroen formulak ere ez lieke askori eragingo, sindikatuen kalkuluen arabera, bost baitira bakarrik adin horren inguruan dabiltzan langileak.
Zamudion egin bezala —egun lau errelebotara dihardute lanean—, Barakaldoko eta Sestaoko plantetan arrazoi ekonomikoak argudiatu ditu ITPk erregulazioa aurkezteko. LAB sindikatuak emaniko datuen arabera, baina, enpresak emaitza oso onak lortu ditu azken boladan. Besteak beste, ITP taldeak bere diru sarrerak bikoiztu ditu azken hamar urteetan, eta 2019an 95 milioi euroko irabazi garbia lortu zuen.
Lehen saiakera, ezeztatua
Langileak kaleratzen saiatu aurretik, PCB aldi baterako erregulazio bat egiten saiatu zen, abuztuan, eskaerak jaitsi zirela argudiatuz. Lantalde osoari eragin behar zion neurriak. CCOO, LAB eta ELA sindikatuek, baina, helegitea jarri zioten erabakiari, eta epaileak arrazoia eman zien, haren ustez ez zegoelako neurria hartzeko arrazoirik. Enpresak opor egunak balira bezala kudeatu behar izan zituen egun horiek. |
2020-11-18 | https://www.berria.eus/albisteak/189879/euskararen-eltzea-sutan-dauka-donostiako-udalak.htm | albisteak | Euskararen eltzea sutan dauka Donostiako Udalak | 200 arigune baino gehiago aktibatu dituzte, eta 600 langilek baino gehiagok eman dute izena. | Euskararen eltzea sutan dauka Donostiako Udalak. 200 arigune baino gehiago aktibatu dituzte, eta 600 langilek baino gehiagok eman dute izena. | Eltzea sutan jarri dute dagoeneko Donostiako Udalean, eta heltzean sartu dituzte gogoa, ilusioa eta indarra: euskararen erabilerari bulkada bat emateko prest daude. Joan den Euskaraldian bezala, Donostiako udal administrazioko langileek aurtengo ariketa sozialean parte hartuko dute. Dagoeneko udaleko zuzendaritza, erakunde autonomo eta enpresa publikoetako 600 langilek baino gehiagok erakutsi diote atxikimendua egitasmoari: lehenengo Euskaraldian baino 100 langile gehiagok eman dute izena. Gogoz eutsi diote bigarren erronkari, eta 200 arigunetik gora sortu dituzte. Halaber, taldean nahiz norbanako gisa hartuko dute parte, ahobizi edo belarriprest rolak harturik. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra, herritarrek gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egin ahalko dute euskaraz Donostiako Udaleko langileekin.
Euskara Zerbitzuak jarri du martxan egitasmoa udalean, eta, azken hilabeteotako prozesuari esker, ariguneak identifikatu, langileen adostasuna lortu eta izen ematea sustatu dute: zuzendaritzaz zuzendaritza, atalez atal, batzordez batzorde eta erakundez erakunde.
Oro har, udal langileen hizkuntza gaitasunak hobera egin du nabarmen azken urteotan; egun, langileen %94,18k dauka ezarrita lanpostuan derrigorrezko hizkuntza eskakizuna, eta %81,61ek dagokiona egiaztatuta dauka. Egiaztatu gabe geratzen diren langile asko zaharrenetarikoak dira, eta, horregatik, langile berriekin batera, ezagutza orokorra izango dela aurreikusten dute. Gainera, azken urteotako gorakada horri esker, langileek gero eta gehiago erabiltzen dute euskara euren arteko harremanetan. Haatik, ezagutza erabilera baino handiagoa da, eta hor dute erronkarik handiena: euskararen erabilera handitzea eta hizkuntza ohiturak aldatzea. Horren jakitun izanda, garrantzi handia ematen diote Euskaraldian parte hartzeari, eta ziur daude ariketak erabilera handitzeko eta ohiturak aldatzeko balioko duela.
Aurtengo parte hartze handia pozgarria da Donostiako Udaleko langileentzat. Jon Insausti Kulturako eta Euskarako zinegotziaren arabera, COVID-19a «geldiune» bat izan da euskararen normalizazioan: «Hartutako zenbait bide eta egitasmo etetera edo moteltzera behartu gaituelako, modu berriak asmatzera bultzatu eta abar. Ulertzen dugu testuinguru honetan aurtengo Euskaraldia abagune ederra izan daitekeela denok helburu bati bultzada eman diezaiogun». Euskaraldia bizitzeko modu berriak asmatzera ere behartu du pandemia honek, eta udala ere egoera horretara egokitu da. Horretarako, ariguneak osatu diren gune eta bulegoetan identifikagarriak jarri dituzte, eta bertan nahiz etxetik lanean ari direnek arigune gisa funtzionatzen saiatuko dira.
Euskara urte osoan
Udalak bestelako egitasmoak jarri ohi ditu martxan langileen hizkuntza gaitasuna hobetzen jarraitzeko: euskara ikasteko nahiz hobetzeko ikastaroak antolatzen ditu, erabilera bultzatzeko ekintzak, hala nola sentsibilizazio eta hizkuntza gaiei lotutako pilulak eta saioak, hizkuntza aholkularitza, euskaraz lan egiteko baliabideak langileen esku jartzea... Udaletxeko leihoak ireki, eta Insaustik donostiar guztiak gonbidatu nahi izan ditu hamabost egunez ahobizi edo belarriprest izatera: «Gauden lekuan gaudela, dela modu birtualean edo aurrez aurre, euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko unea da» nabarmendu du zinegotziak. |
2020-11-17 | https://www.berria.eus/albisteak/189880/oholtzako-solasaren-segida.htm | Kultura | Oholtzako solasaren segida | Hiru liburu berri eman ditu Ganbila antzerki bildumak: Erika Olaizolaren ‘Panpina’, Sarah Kaneren bi antzezlan, Arantzazu Fernandezek itzuliak, eta Hika Teatroaren hiru obra biltzen dituen ‘Bidaideak’. | Oholtzako solasaren segida. Hiru liburu berri eman ditu Ganbila antzerki bildumak: Erika Olaizolaren ‘Panpina’, Sarah Kaneren bi antzezlan, Arantzazu Fernandezek itzuliak, eta Hika Teatroaren hiru obra biltzen dituen ‘Bidaideak’. | «Sorkuntzan, artean, liburugintzan, izugarri garrantzitsua da idazle bakoitzak, liburu bakoitzak, arlo bakoitzak bere garaiarekin eta bere garaia osatzen duten pertsonekin dialogatu ahal izatea, eta dialogo horren falta sumatzen genuen antzerkigintzan; oholtzatik asko dialogatzen da, baina ez liburugintzaren ikuspegitik». Hutsune horri erantzuteko abiatu zuten Ganbila bilduma Susa argitaletxeak eta Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak, Oier Guillan koordinatzaileak oroitarazi duenez. Duela urtebete inguru jarri zuten martxan, lehen hiru liburu aurkeztuz, ekainean heldu ziren ondorengo hirurak, eta beste hainbeste plazaratu dituzte orain: Erika Olaizola eta Kamikaz konpainiaren Panpina, Sarah Kaneren Zartatua eta 4.48 Psikosia, eta Hika Teatroko Agurtzane Inxaurragak eta Arantxa Iturbek sinatutako Bidaideak, hiru antzezlan jasotzen dituena.
Bildumaren hirugarren labealdia osatzen dute, bada, hiru lanek, eta, Guillanen hitzetan, oholtzaz harago luzatzen den solasaldiaren «adierazgarririk apartekoenetako bat» erakusten dute. «Antzerkiak hainbat norabidetan dialogatzen duelako: dialogatzen du oholtza gainean belaunaldi berriak egiten ari diren lanarekin, Panpina-ren kasuan; ibilbide luzea duten egileei begirunea azaltzen zaielako, Bidaideak-ekin; eta dialogatzen duelako, baita ere, mundu mailan egiten den antzerkiarekin, Sarah Kaneren itzulpenaren bitartez».
Panpina-ren unibertsoa
Erika Olaizolaren «imajinariotik, bulkadatik, adierazteko beharretik» sortutako lan bat da Panpina. Eta ideia hori lehen lerrora ekarriz abiatzen da antzezlanaren liburua. Olaizolak pentsatua, zuzendua, antzeztua da istorioa, eta, hala ere, «prozesu kolektibo baten emaitza» dela adierazi du egileak. Horrek azaltzen du liburuari eman dion itxura poliedrikoa. «Denetik dago», esan du motzean. Oraindik agertokietan erakusten ari den obraren gidoia seinalatu du «printzipaltzat», eta azpimarratu lanari eutsi dion alde kolektiboaren isla jasotzen saiatu dela liburuan. Oier Guillan, Leire Arenas, Javier Barandiaran eta Idoia Beratarbideren izenak nabarmendu ditu, zeintzuei leku bana eskaini dien liburuan, hitzez zein irudiz bete dutenak.
Haiekin batera ondutako sortze prozesua ere aletu du liburuan Olaizolak; Erika Rooibos protagonistaren ertzak, 2019ko udazkenean estreinatzera heldu aurretik izandako gogoetak, lana erakutsi ahala gehitutakoak. «Izan ere, Panpina-k ekarri du une oro pentsatzea panpina noiz den panpina, kanpo begiradak hor duen zerikusia, aktore bezala noiz sentitu naizen ni panpina, nire egoa, esponitzeko dudan beharra... hausnarketa horiek ere badaude».
Panpina hitzak zer iradokitzen dien galdetu die hainbat kolaboratzaileri —Ainara Ortega, Eneko Sagardoi, Itziar Ituño, Izaro Andres, Koldo Almandoz eta Miren Amurizari—, eta haien testuen atzetik beste elementu berezi bat ere gehitu du: bi sexologori egindako elkarrizketa, obrak sortutako irakurketen inguruan. «Denetik», errepikatu du. «Hori dena da Panpina-ren unibertsoa».
Itzulpena estreinakoz
Lehen aldiz heldu da itzulpena Ganbilara liburu honekin. Sarah Kane britainiarrak idatzitako lehen eta azken antzezlanak biltzen ditu: Zartatua eta 4.48 Psikosia. Munduko dramaturgiarekin elkarrizketan sakontzeko haren izena «erreferentziala» dela aipatu du Guillanek, eta berretsi Arantzazu Fernandez itzultzaileak: «Balio digu oso ondo ikusteko dramaturgia berria nola gauzatu zen 1990eko hamarkadan Ingalaterran. Thatcherren garaian gazte askok zuten haserrea eta mina oholtzara eraman zuen belaunaldikoa izan zen, eta bera belaunaldi horretan puntakoena zen». Landutako auziek soilik ez, lantzeko erak bereizi zuen Kane, Fernandezen esanetan: «Mina eta krudelkeria disimulurik gabe oholtzaratu zituen. Antzerki kontserbadore eta ez hain kontserbadorean dagoen itsuskeria ez erakuste hori aparte utzita, gordinkeria oholtzara ekarri zuen». Kritikak gogor hartu zuen horregatik; aldiz, gazteen atxikimendua lortu zuen. «Erakutsi nahi izan zuen ez dugula ikusi nahi bizitzan benetan gertatzen dena».
Zartatua-ren kasuan, emakume bati dokumental batean entzundakoak hartu zituen oinarri. «Intzestuaz hitz egiten du, bortxaketaz, kanibalismoaz... eta ez du ezer leuntzen». Bigarren obran, berriz, buruko gaitzaz idatzi zuen. Izenburuak gaixo mental bat esnatzen den orduari egiten dio erreferentzia, Fernandezek azaldu duenez, askotan Kanerekin identifikatu izan dena, bere buruaz beste egin zuelako gutxira. «Esnatzen zenean, goizalba krudel horretan ulertzen zuen mundua, baina ezin zuen harekin. Min hori ageri da». Irakurtzeko zein antzezteko errazak ez izan arren, duten interes handia azpimarratu du itzultzaileak. «Hitz egiten digute tripetatik, baina oso era neurtuan, eta emango digute bihotzean bete-betean».
'Bide baten isla
Hika Teatroak hiru hamarkadatan egindako antzerki ekarpenaren isla eta aitortza gisa aurkeztu dute, azkenik, Bidaideak. Agurtzane Intxaurragak eta Arantxa Iturbek idatzitako hiru lan biltzen ditu: elkarrekin egin zuten lehena, Ai ama! (2002), Ixa (2003) eta Aitarekin bidaian (2010). Harkaitz Canoren hitzaurre batek egiten die sarrera, «kanpoko begirale modura» beti ondoan izan dutenarenak, Intxaurragaren arabera. Liburura eramandako obrek amatasunaz, dirua beste etikarik ez duen protagonista batez eta zaintzaz ari diren hiru gizonez dihardute, eta «eguneroko txikitasuna» oinarri badute ere, argi adierazi nahi izan du antzerki idazleak: «Beste gai batzuk bezain garrantzitsuak dira, ezikusiak izan direnak».
Azpimarra jarri dio, orobat, Ganbilak emandako hiru lan berriek emakumezkoen sinadura izateari. «Zu entzuten nenbilela, Erika, pentsatu dut gu beste belaunaldi batekoak garela. Gu askoz ere ezkutuagoan hasi ginen antzerkian; gure ahotsa entzutea oso zaila zen. Oso ohituta gaude gure lanak martxoan eta azaroan programatzera, emakumeen kontuak direlakoan, eta ez istorio handiak. Baina aldarrikatu nahi dut besteak bezain unibertsalak direla, pertsonenak». |
2020-11-18 | https://www.berria.eus/albisteak/189907/tokiko-saltegien-aldean-amazonek-pribilegioa-duela-salatu-du-bizi-mugimenduak.htm | Gizartea | Tokiko saltegien aldean Amazonek «pribilegioa» duela salatu du Bizi mugimenduak | Baionako Monoprix saltegian den Amazonen autozerbitzu gunea blokeatu dute momentu batez Biziko zenbait kidek. Tokiko saltegiek irekitzeko aukera izan arte halako guneak ixtea galdegin dute. | Tokiko saltegien aldean Amazonek «pribilegioa» duela salatu du Bizi mugimenduak. Baionako Monoprix saltegian den Amazonen autozerbitzu gunea blokeatu dute momentu batez Biziko zenbait kidek. Tokiko saltegiek irekitzeko aukera izan arte halako guneak ixtea galdegin dute. | Ekintza bat egin dute Bizi mugimenduko zenbait kidek Baionako Monoprix saltegian bertan Amazon banaketa enpresaren autozerbitzu gune bat ezarri dutela salatzeko. Sarean erositako produktuak bertan jasotzeko aukera dute erabiltzaileek, eta horrelako bat baino gehiago ezarri dituzte azkenaldian Lapurdi kostaldeko herrietan. Biziren tixerta berdeak soinean, saltegira sartu, eta Klima krimenaren eszena idatzi zuten zintak itsatsi dituzte banaketarako autozerbitzu gunearen gainean. Anartean, Amazon, saltegi txikien hiltzaile eta Amazon, ez hemen ez inon zioten pankartak agertu dituzte beste kide batzuek.
«Ez dezagun Amazon egitera utz, ez ditzagun komertzio txikiak suntsitzera utz, eta horren bidez, klima suntsitzera utz. Izugarriko bidegabekeria honen aitzinean errefusatzen dugu pasibo egotea. Horregatik, autozerbitzu gune hori blokeatzen dugu, hemen, Baionako bihotzean, bere ondoan dituen saltegi hetsi guziez trufatzen baita», errepikatu dute, behin eta berriz. Saltegiko jabea haserre oldartu zaie, autozerbitzu gunean gainean zegoen zinta kendu eta bultzaka saltegitik kanporatu nahian. Tentsio momentu txiki batzuk izan dira, eta, azkenean, ekintza bukatutzat ematea erabaki dute Biziko kideek.
Saltegi txikiak itxiak diren bitartean Amazon banaketa enpresak halako «pribilegioak» izatea salatzen dutela azaldu du Olivier Hirigoien Biziko kideak. «Monoprix saltegiko zuzendariari eskatzen diogu autozerbitzu gune hori itxi eta desmuntatzea». Herritarrei ere mezua zabaldu nahi izan die: «uko egin diezaiogun Amazoni, eta itxaron dezagun tokiko saltegiak irekitzea». Ildo beretik mintzatu da Magali Etxeberri Biziko kidea: «ez da normala banaketa gune hau egotea inguruko komertzio guziak itxiak direlarik. Zinezko injustizia eta inkoherentzia bat bada». Salatu du elikagaiak saltzen dituzten saltegi andanak itxi egin behar izan dutela, Amazonek «eskuak garbitu», eta urteko negozio zenbateko «lehertu» duen bitartean; «hori da salatu nahi duguna». |
2020-11-18 | https://www.berria.eus/albisteak/189908/125-lagun-hil-zituen-covid-19ak-iragan-astean-hegoaldean.htm | Gizartea | 125 lagun hil zituen COVID-19ak iragan astean Hegoaldean | Positibo kopuruak gora egin du Nafarroan (158), Gipuzkoan (459) eta Bizkaian (459). Araban, berriz, beheranzko joerari eutsi diote (122). | 125 lagun hil zituen COVID-19ak iragan astean Hegoaldean. Positibo kopuruak gora egin du Nafarroan (158), Gipuzkoan (459) eta Bizkaian (459). Araban, berriz, beheranzko joerari eutsi diote (122). | Bezperan baino positibo gehiago azaleratu dira Hego Euskal Herrian, PCR proba gehiago egitearen ondorioz. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emaniko azken datuen arabera. 17.744 PCR eta antigeno proba egin ziren atzo, aurreko egunean baino 4.750 gehiago. Horren ondorioz, positibo berrien kopurua igo da: 1.208, bezperan baino 129 gehiago. Igoera apala nabaritu da Nafarroan, eta nabarmenagoa Gipuzkoan eta Bizkaian. Hala ere, positibo tasak behera egin du Hego Euskal Herriko herrialde guztietan: %5,6koa da Nafarroan, eta %7koa, berriz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
Araban, positiboek behera egin dute: 122 kasu berri atzeman zituzten atzo, bezperan baino 24 gutxiago. Gipuzkoan eta Bizkaian, aldiz, aurreko egunetan baino positibo gehiago detektatu dituzte: 459na. Aurreko egunean atzemandakoak baino 48 gehiago dira Gipuzkoan; Bizkaian, berriz, 84 gehiago.
OME Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia kontrolpean hartzeko erabakigarritzat dauka PCR bidez atzemandako positiboen ehunekoa %5etik behera mantentzea; atzo jakin zen Nafarroan %5,8ra jaitsi zela tasa, eta gaur eman dituzten datuetan ere %5,6an dagoela jakin da. Atzo, hain zuzen ere, birusa atzemateko 2.815 proba egin zituen Nafarroako osasun sistemak, eta 158 kasu positibo atzeman zituzten. Asteleheneko kontaketan 138 kasu positibo izan ziren; atzokoan, 158, baina ehunekoan apenas dagoen alderik, eta horri erreparatu behar zaio, beste hainbat aldagairen artean, izurriaren eboluzioari erreparatzeko.
Azken egunetan positiboen transmisioa apur bat moteldu bada ere, gorriz jarraitzen dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoak: transmisio oso handiko eremuak dira. Nafarroan, berriz, izurriarekin lotutako datuen beherako joera agerikoa izan da igaro egunotan. Kontuan hartu behar da, hala ere, taberna eta jatetxeak itxita daudela, eta etxeratze agindua eta elkartzeko debekua ere indarrean daudela. Nafarroako sartu-irtenak ere mugatuta daude eta abenduaren18ra arte, bederen, eutsi egingo dio neurri horri Nafarroako Gobernuak.p>
125 heriotza Hegoaldean
Azaroaren 9tik 15erako asteari dagokion txosten epidemiologikoa argitaratu du Eusko Jaurlaritzak, eta, horren arabera, 91 pertsona hil ziren aste horretan COVID-19aren ondorioz. Nafarroan, berriz, aste horretan 34 heriotza gertatu ziren; guztira, 125 heriotza izan dira Hegoaldean astebetean, beraz. Bigarren olatua hasi zenetik eta azaroaren 15era arte, 1.068 heriotza eragin ditu COVID-19ak Euskal Herrian; eta pandemia hasi zenetik, 3.231 dira.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi du hiru pertsona hil zirela atzo COVID-19ak jota: 75 urteko gizonezko bat, 91 urteko beste bat, eta 78 urteko emakumezko bat. Horiez gain, aurreko egunetan gertatutako beste lau heriotzaren berri ere eman dute: hiru emakume eta gizon bat, 85 eta 96 urte artekoak. Guztira, 812 pertsona hil dira Nafarroan izurriarengatik.p> |
2020-11-18 | https://www.berria.eus/albisteak/189909/euskal-elkargoa-zerbitzubururik-gabe-dela-salatu-dute-lab-cgt-eta-cfdt-sindikatuek.htm | Politika | Euskal Elkargoa zerbitzubururik gabe dela salatu dute LAB, CGT eta CFDT sindikatuek | 2017ko urtarrilean sortu zenetik, zerbitzuen hiru zuzendari nagusi izan ditu Euskal Hirigune Elkargoak. Epe horretan, hamasei hilabetez egon da postu hori bete gabe. | Euskal Elkargoa zerbitzubururik gabe dela salatu dute LAB, CGT eta CFDT sindikatuek. 2017ko urtarrilean sortu zenetik, zerbitzuen hiru zuzendari nagusi izan ditu Euskal Hirigune Elkargoak. Epe horretan, hamasei hilabetez egon da postu hori bete gabe. | Euskal Hirigune Elkargoko CFDT, LAB eta CGT sindikatuek agiri bateratu bat plazaratu dute Ipar Euskal Herriko erakundeko administrazio zuzendaritzan dagoen hutsunea salatzeko. Gaur egun, ez dago zerbitzuen zuzendari nagusirik, eta hiru sindikatuek kezka agertu dute egituraren barruan postu horrek orain arte izan duen «prekaritateari» buruz. 2017ko urtarrilean Euskal Elkargoa sortu zenetik, hiru zerbitzuburu izan ditu erakundeak. «Epe horretan, elkargoko zerbitzuek hamasei hilabete baino gehiago pasatu dituzte zuzendari nagusirik gabe. Egoera honek ezin du gehiago iraun», salatu dute sindikatuek.
CFDT, LAB eta CGTren hitzetan, langileen ordezkariek behin baino gehiagotan dei egin diote Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariari, Elkargoko zerbitzuen zuzendari nagusiaren faltaz eta «ezegonkortasun kronikoari» buruz; «arrakastarik gabe». Horrez gain, giza baliabideen eta elkarrizketa sozialaren ardura duen Rene Carrique lehen lehendakariordearekin gaia aipatu izan dutenean, hark «gaia saihestu» izan duela salatu dute. Zuzendari faltaz «kezka» agertu, eta honela galdetu dute agiri bateratuan: «zein dira arrazoiak? Funtzionamendu organigrama akastuna? Agindu politiko argien eskasia? Zerbitzuen zuzendari nagusiari egonkortasuna galarazten dioten barne interakzioak? Etxegarai lehendakariaren borondatea? Ulertu nahi dugu».
Hiru sindikatuek argitu dute elkargoko agenteek administrazioaren eguneroko gaiak «segitu, asumitu eta gauzatu» dituztela, baina, zuzendaririk gabeko «epe luzeak» elkargoaren funtzionamenduarentzat «biziki kaltegarriak» direla. Zuzendari postua «ezinbestekoa» dela azpimarratu dute. «Erabat kaltegarria eta bidegabea izan daiteke lurralde agenteentzat, adibidez, giza baliabideen arloan zeharkako estrategiak ezartzeko orduan. Elkargoko agenteak aginte politikoen eramaileak dira, zerbitzu publikoaren eginkizunak bete behar dituzte. Argitasuna eta ongi finkatutako jarraibideak egon behar dira», adierazi dute sindikatuek.
Euskal Elkargoa zuzendaririk gabe egotea «onartezina» zaiela adierazi dute CFDT, LAB eta CGTk, «bereziki garai hauetan», COVID-19aren pandemiari erreferentzia eginez. «Disfuntzionamendu adibideak ez dira falteak, eta elkargoko zerbitzuetan galdera anitz dago egoera horri buruz». Ondorioetako bat langileen joatea dela deitoratu dute sindikatuek. |
2020-11-18 | https://www.berria.eus/albisteak/189910/txileko-auzitegi-batek-lehen-aldiz-genero-ikuspegia-txertatu-du-diktadurako-torturen-epai-batean.htm | Mundua | Txileko auzitegi batek lehen aldiz genero ikuspegia txertatu du diktadurako torturen epai batean | Epaiak dio torturatzaileek emakumeen aurkako indarkeria erabili zutela. Pinocheten Polizia sekretuko hiru kideri hamabost urteko zigorra ezarri diete, La Venda Sexy deitzen zioten zentroan eginiko torturengatik eta bortxaketengatik. | Txileko auzitegi batek lehen aldiz genero ikuspegia txertatu du diktadurako torturen epai batean. Epaiak dio torturatzaileek emakumeen aurkako indarkeria erabili zutela. Pinocheten Polizia sekretuko hiru kideri hamabost urteko zigorra ezarri diete, La Venda Sexy deitzen zioten zentroan eginiko torturengatik eta bortxaketengatik. | Epai historikoa da aste honetan Txileko epaile batek emandakoa. 46 urte igaro dira, baina iritsi da, behingoz, Augusto Pinocheten diktadura garaian (1973-1990) torturak jasan zituztela salatu zuten sei emakumeren aldeko epaia. Sententzia bereziki garrantzitsua da; lehen aldiz, epaile batek generoaren aldagaia kontuan hartu du diktadura garaiko tortura kasu batean, eta aitortu du sexu indarkeria jasan zutela emakume haiek torturatuak izan zirenean. Espresuki aipatzen du «emakumeen aurkako indarkeria» erabili zutela torturatzaileek.
Zigortuak Dina Txileko zerbitzu sekretuetako hiru agente ohi dira, eta hamabost urteko zigorrari egin beharko diote aurre. Bi kasu egozten dizkiete: batetik, gizonezko lau preso politiko bahitu eta torturatzea, eta, bestetik, sei emakume preso bahitu eta haiek torturatzea sexu indarkeria erabiliz. Tormentu haiek La Venda Sexy (Hesgailu Sexya) izenez ezaguna zen ezkutuko atxiloketa gunean egin ziren, Santiago hiriburuko erdigunetik gertu, 1974 eta 1975 urteen artean.
Epaia orain iritsi da, baina lehendik ere zentro hori bereziki ezaguna zen, han sexu indarkeria aplikatu zuelako Poliziak. Kuartelaren izena ere ez da kasualitatea: Txilen batzorde bat osatu zen presondegietako torturak ikertzeko, eta hark argitaratutako lehen txostenean ezarri zioten La Venda Sexy izena Macul auzoko zentroari. Diskoteka ere deitzen zioten, ohikoa baitzen musika ahalik eta ozenen jarria izatea agenteek, oihuak ezkutatzeko.
«Erabaki garrantzitsua da, baina mugatua»
Txostenak dioenez, han jardun zuten agenteek erabili ohi zuten «venda sexy» esamoldea, gehien erabiltzen zuten tortura metodoari erreferentzia egiteko. Hala dio dokumentuak: «Ohikoa zen bai gizonei bai emakumeei irain sexualak egitea, eta haiek bortxatzea; haien gainean masturbatu, argazkiak atera biluzik... trebatutako txakur bat ere erabiltzen zuten horretarako». Bortxaketak Dinako agenteek egiten zituzten, eta haien artean bazen bereziki ospetsua egin zen emakume bat: Ingrid Olderock, jatorri alemaniarreko agente bat, nazismoari lotutako ideiak zituena eta torturetarako erabiltzen zuten txakurraz arduratzen zena.
Salaketaren arduradun nagusia Beatriz Bataszew izan da; hura 1974an heldu zen La Venda Sexyra, ikasle zela. MIR Ezkerreko Mugimendu Iraultzaileko militantea zen ordurako, eta sei egun igaro zituen zentroan, atxilotuta. Sei egunak biluzik igaro zituen, lotuta, eta kanpoaldearekin harremanik izan gabe; hainbat galdeketa egin zizkioten, eta haietan torturak eta bortxaketak jasan zituen.
Bataszewk adierazpenak egin ditu epailearekin erabakiari buruz, eta ez da erabat zoriontsu agertu: «Garrantzitsua da, bai, baina mugatua da erabakia; besteak beste, epaiak ez du kontutan hartzen aldagai politikoa guk jasan genuen indarkerian. Horrek esan nahi du torturak egin zituztenak zigortuko dituztela, baina ez estatuaren tresna hori eratu zutenak». Ez hori bakarrik; Bataszewren ustez, aurrerapen bat da orain egia onartzea, baina justizia egin dela esatea gehiegizkoa dela gehitu du, «mende erdi geroago egiten den justizia ez baita justizia».
Lehen salaketa, 2004an
Lehen aldiz 2004an jarri zuen salaketa bat. Ia hamar urteren ostean, ordea, amore eman behar izan zuen; bertan behera geratu zen kasua. 2016an, berriz ekin zion salaketari. Betaszew hasi da emaitzak jasotzen, eta poztasuna ere agertu du: «Epaileak aitortu du estatuak terrorismo mota ezberdina erabili zuela gizonentzat eta emakumeentzat, eta hori gaiari ikusgarritasuna emateko mugimendu feministako kideok egin dugun lanaren emaitza da».
Azkenik, gehitu du estatuak La Venda Sexy emakumeei eta mugimendu feministari eman beharko liekeela, egindako minaren zati bat konpontzeko: «Sistema kapitalista eta patriarkal honen aurka emakumeok egin dugun borroka oraindik ere ikusezina da Txileko memoriaren espazioetan». |
2020-11-18 | https://www.berria.eus/albisteak/189911/trumpek-kargutik-kendu-du-zibersegurtasunerako-arduraduna.htm | Mundua | Trumpek kargutik kendu du zibersegurtasunerako arduraduna | Christopher Krebsek gezurtatu egin du presidentetzako bozetan iruzurra egon dela, eta «historiako seguruenak» izan direla berretsi du. | Trumpek kargutik kendu du zibersegurtasunerako arduraduna. Christopher Krebsek gezurtatu egin du presidentetzako bozetan iruzurra egon dela, eta «historiako seguruenak» izan direla berretsi du. | AEBetako presidenteak kargutik kendu duen bigarren goi arduraduna da zibersegurtasunekoa. Donald Trumpek azkenaldian ohikoa duen moduan jakinarazi du erabakia: Twitter bidez. Estatuburuak Christopher Krebsi leporatu dio «informazio okerra» ematea iruzur salaketen inguruan, eta salatu du «arau hauste ugari» egon direla hauteskundeetan: «Hildakoen izenean bozkatu du jendeak, eta begiraleei ez diete hauteslekuetan sartzen utzi».
Krebsek hauteskundeetako segurtasuna bermatzeko lanak zuzendu ditu azken bi urteotan, eta kanpoko esku hartzea saihesteko eta bozen aurreko asteetan zurrumurruak gezurtatzeko atari digital bat ere zabaldu zuen. Hain zuzen, atari horretan ziurtatu du behin baino gehiagotan azaroko presidentetzarako hauteskundeak «historiako seguruenak» izan zirela, eta ukatu egin du iruzurrik egon dela.
Krebs bera ez du ezustean harrapatu Trumpen erabakiak. Haren gertuko iturriek zabaldu dutenez, zibersegurtasunerako arduradunak ekainean esan zuen bozen ostean kaleratuko zutela ziurrenik, Trumpek galduz gero posta bidezko boto zenbaketaren aurka joko zuelako, eta baita horretarako modua eman zutenen kontra ere.
Krebs bera baino lehen, eta bozen emaitzak jakin eta egun gutxira, Mark T. Esper Defentsa idazkaria ere kargutik kendu zuen Trumpek. Bi buruzagien arteko harremana ekainean mikaztu zen, estatuburuak militarrak manifestarien aurka bidali izana kritikatu zuenean. |
2020-11-18 | https://www.berria.eus/albisteak/189912/binakakoaren-finalerdia-abenduaren-4an-izango-da-eta-finala-berriz-8an.htm | Kirola | Binakakoaren finalerdia abenduaren 4an izango da, eta finala, berriz, 8an | Bihar zen egitekoa neurketa horren harira ELA sindikatuak jarritako salaketaren epaiketa, baina Eskuz Pilotako Enpresen Ligako epaileak konpromisoa hartu du baliorik gabe uzteko Agirre-Albisuri partida galdutzat emateko erabakia. Hori eginda, ELAk kendu egin du salaketa. Abenduaren 4an jokatuko da finalerdia, eta 8an finala. | Binakakoaren finalerdia abenduaren 4an izango da, eta finala, berriz, 8an. Bihar zen egitekoa neurketa horren harira ELA sindikatuak jarritako salaketaren epaiketa, baina Eskuz Pilotako Enpresen Ligako epaileak konpromisoa hartu du baliorik gabe uzteko Agirre-Albisuri partida galdutzat emateko erabakia. Hori eginda, ELAk kendu egin du salaketa. Abenduaren 4an jokatuko da finalerdia, eta 8an finala. | Eskuz Pilotako Enpresen Ligako (EPEL) epaile bakarrak atzera egin du, eta konpromisoa hartu du baliorik gabe uzteko greba egiteagatik Asier Agirreri eta Jon Ander Albisuri Joseba Ezkurdiaren eta Iñigo Bikuñaren aurkako Binakako Txapelketako finalerdietako partida erabakigarria galdutzat emateko erabakia. Konpromiso hori hartu ondoren etorri da ELAren erabakia, salaketa kentzearena. Hala, abenduaren 4an jokatuko da finalerdia, eta 8an izango da finala.
Urriaren 13an, ELAk salaketa jarri zuen EPELeko epaile bakarrak hartutako erabakiaren aurka: Baikoko hamabost pilotarik antolatutako greba egiteagatik, Agirre-Albisuri galdutzat eman zien urriaren 10ean Bilbon Ezkurdia-Bikuñaren aurka jokatu beharreko lehia: 22-0. Sindikatuaren arabera, erabaki hori hartuta, Enpresen Ligak greba eskubidea «urratu» zuen.
Baina, EAEko Auzitegi Nagusiak salaketa horretaz epaia eman arte asteak igaro zitezkeenez, kautela neurriak hartzeko eskatu zuen sindikatuak, epaia iritsi artean finala ez zedin jokatu, eta kalteak ez zitezen handiagoak izan. EAEko Auzitegi Nagusiak onartu egin zizkion kautela neurri horiek, eta neurketa horren inguruko salaketa argitu arte finala ez jokatzea erabaki zuen. Hala, bertan behera geratu zen urriaren 18an jokatzekoa zen finala.
ELA «pozik» azaldu da, batez ere Albisurengatik eta Agirrerengatik, euren ibilbide profesionalaren etapa garrantzitsu bat «arriskatu eta sakrifikatu» baitzuten «lankide guztien mesedetan». ELAk berriro azpimarratu du greba «tresna baliagarria» dela lan arloko aldarrikapenak defendatu eta lortzeko. |
2020-11-18 | https://www.berria.eus/albisteak/189913/sanchezentzat-sozio-laquoestrategikoa-eta-lehentasunezkoaraquo-da-eaj-aurrekontuak-onartzeko.htm | Politika | Sanchezentzat, sozio «estrategikoa eta lehentasunezkoa» da EAJ aurrekontuak onartzeko | EH Bilduk aurrekontuei jarritako zuzenketa partzial batek gobernuari eskatzen dio alokairuen prezioa mugatuko duen etxebizitza lege bat aurkeztu dezala hurrengo sei hilabeteetan | Sanchezentzat, sozio «estrategikoa eta lehentasunezkoa» da EAJ aurrekontuak onartzeko. EH Bilduk aurrekontuei jarritako zuzenketa partzial batek gobernuari eskatzen dio alokairuen prezioa mugatuko duen etxebizitza lege bat aurkeztu dezala hurrengo sei hilabeteetan | Espainiako 2021erako aurrekontuek hartu dute Kongresuan gobernuari egiten zaion kontrol saioaren lehen partea. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari hainbat alderdik galdetu diote gai honen gainean, ertz diferentetatik. Aitor Esteban izan da horietako bat, EAJko diputatua. Galdetu dio ea zein jarrerarekin egingo dion aurre EAJk eskatutako konpromisoei, Dieselaren gaineko zerga eta AHTa Araba, Bizkai eta Arabako hiriburuetara sartzeko diru sailak daude gai horien artean, eta aurkeztu diren diru sailak ikusita, Estebanen ustez, «nahi genukeenetik urrun daude». Pedro Sanchezek erantzun dio EAJ sozio «estrategikoa eta lehentasunezkoa» dela aurrekontuak onartzeko garaian. Mugimendua eginez erakusten dela erantzun dio Estebanek: «Guretzat, konpromisoak garrantzitsuak dira, serio hartzen ditugulako». Pedro Sanchezek esan dio serio hartzen dituztela konpromisoak, eta Maria Jesus Montero Ogasun ministroaren eskua luzatua duela, konpromisoak lortzeko.
Estebanek gero TVEri egindako adierazpenetan azaldu duenez, kontua ez da lehentasunezko soziotzat hartzea, baizik eta konpromisoak betetzea. AHTaren adibidea jarri du: «Otsailean ozen eta argi iragarri zuten Adifek baiezkoa eman ziola; sinatzea bazegoen, zeren zain gaude?». Onartu du, halere, negoziazioetan egon direla aurrerapausoak, baina oraindik asko falta dela azaldu du.
ERC eta EH Bilduk Podemosekin batera aurkeztutako zuzenketari dagokionez, «kezkatzekoa» iruditzen zaio gobernua osatzen duen alderdi batek, eta aurrekontu proiektua aurkeztu berri duenak gainera, gero beste bi alderdirekin gobernuak aurkeztutako aurrekontuei zuzenketa bat jartzea. Atzo ERCk, EH Bilduk eta Podemosek iragarri zuten zuzenketa bat aurkeztuko zietela aurrekontuei etxegabetzeak 2022ra arte debekatzeko.
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak eta PSE-EEko idazkari nagusiak ere kritikatu du Podemosek zuzenketa hori jarri izana. «Erakusten dute ez dakitela gobernua izaten, ezta koalizio gobernua ere». Onda Vascari egindako adierazpenetan esan du «jakin behar dela gobernu baten barruan zaudenean barruan negoziatzen, ez dira zuzenketak kanpoan negoziatzen». «Gobernua izaten, eta koalizio gobernua izaten ikasi egiten da; kostatzen ari zaiela ematen du, baina ikastea espero dut», gaineratu du.
Efe berri agentziak iturri sozialistak aipatuz esan duenez, PSOEk lehen kolpean ez du onartuko EH Bilduk, ERCk eta Podemosek aurkeztutako zuzenketa.
EH Bilduk, 29 zuzenketa
EH Bilduk 29 zuzenketa partzial egin dizkio Espainiako Gobernuak planteatutako aurrekontu proposamenari, eta horiek helburu dute sektore publikoa indartzea, Espainiatik Hego Euskal Herrira iristen den trenbide sarea hobetzea, eta, besteak beste, krisian dauden sektoreak erdigunera eramatea.
Zuzenketetako batean, eskatzen dio Espainiako Gobernuari mugatu dezala etxebizitzen alokairuen prezioa, datozen sei hilabeteetan etxebizitza lege berri bat aurkeztuz. Lege horrek barnean bildu beharko luke, koalizio subiranistaren arabera, etxebizitza publikoaren parkea handitzea, eta parke horren barruan sartzea, hain zuzen, erreskatatuak izan diren bankuen jabetza diren etxebizitzak. |
2020-11-18 | https://www.berria.eus/albisteak/189914/espetxeratu-egin-dituzte-iragan-astelehenean-atxilotutako-bi-euskal-herritarrak.htm | Politika | Espetxeratu egin dituzte iragan astelehenean atxilotutako bi euskal herritarrak | Espainiako Auzitegi Nazionalak bi tren geltokitan «sabotajeak» egitea leporatu nahi die AEMko bi kideei. | Espetxeratu egin dituzte iragan astelehenean atxilotutako bi euskal herritarrak. Espainiako Auzitegi Nazionalak bi tren geltokitan «sabotajeak» egitea leporatu nahi die AEMko bi kideei. | Espainiako Auzitegi Nazionaleko Jose de la Mata epaileak agindu du iragan astelehenean atxilotutako bi euskal herritarrak behin-behinean espetxeratzeko. AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduko kideak dira biak, eta bi tren geltokitan ustezko sabotajeak egitea egotzi diete, gose greban dagoen Iñaki Bilbao euskal presoaren goratzea izan litezkeelakoan. «Terrorismoari gorazarre» egitea, kalteak sortzea eta «erakunde armatu batekin kolaboratzea» leporatu nahi diete. AEMk jakinarazi zuen euskal presoen amnistiaren aldeko taldeko bi kide atxilotu zituztela. Usansoloko (Galdakao, Bizkaia) Valentilla Morisolli eta Ibarrangeluko (Bizkaia) Gaizka Astorkizaga dira. Atxilotuak askatzeko deia egin du AEMk.
Sortuk ere ohar bat atera du. Dioenez, «bistan da herri hau iraganera itzultzea nahi duten sektoreak daudela oraindik», eta gehitu du atxiloketek ez dutela bizikidetzan laguntzen eta lanean jarraituko dutela «preso politiko guztiak etxeratzea ahalbidetuko duen estrategia eraginkorren alde». |
2020-11-18 | https://www.berria.eus/albisteak/189915/berriak-eta-zaporeak-ek-6960-euro-bildu-dituzte-moriako-erretratuak-ikus-entzunezkoarekin.htm | Mundua | BERRIAk eta Zaporeak-ek 6.960 euro bildu dituzte 'Moriako erretratuak' ikus-entzunezkoarekin | Azaroaren 10ean estreinatu zuten Moriako erretratuak dokumentala, eta jarraian jarri zuten abian diru bilketa bat. Astebete iraun du, eta 108 lagunek egin dute diru ekarpena. | BERRIAk eta Zaporeak-ek 6.960 euro bildu dituzte 'Moriako erretratuak' ikus-entzunezkoarekin. Azaroaren 10ean estreinatu zuten Moriako erretratuak dokumentala, eta jarraian jarri zuten abian diru bilketa bat. Astebete iraun du, eta 108 lagunek egin dute diru ekarpena. | BERRIAk eta Zaporeak-ek elkarrekin antolatutako kanpainak 6.960 euro bildu ditu, 108 lagunen ekarpenari esker. Azaroaren 10ean, Moriako erretratuak dokumentala estreinatu zuten, eta, horrekin batera, astebete iraun duen diru bilketa bat egin dute, azaroaren 17an bukatu dena. Irati Azkue Zaporeak elkarteko kideak adierazi du ekinbide oso interesgarria izan dela, pertsona errefuxiatuei ikusgarritasuna eman dielako. «Ahotsik ematen ez bazaie, pertsona hauek ez badute aukerarik kontatzeko bizitzen ari direna, ez dira ikusten, eta ikusten ez dena ez da existitzen, eta lurperatuta gelditzen da errealitate hau». Moriako erretratuek, haren esanetan, balio izan dute migratzaileen egoera gordina eta haien bizitza historiak azalera ekartzeko.
Moriako kanpalekuak sua hartu zuen irailaren hasieran, eta bertan bizi ziren 13.000 iheslariak bizilekurik gabe eta ezer gabe gelditu ziren. Iñaki Agirre kazetaria han zen garai hartan, eta bideoan jasotzen hasi zen gertatzen ari zena. BERRIAk proposatuta, bertan bizi ziren zenbait iheslariren testigantzak bildu zituen, eta horiek izan dira Moriako erretratuak dokumentalaren oinarria. «Irudiak iristen zaizkigu, baina irudiak iristen ez direnean, edo gure bihotzak irudi horiek ikustera ohitzen direnean, bilakatzen gara gizarte ez-enpatiko eta gris hori», adierazi du Azkuek: «Gure erronka da gogoratzea pertsona errefuxiatuak hemen daudela, hau gertatzen ari dela, eta presioa egitea». Dokumentua sarean ikus liteke, Berria Telebistan.
Moriako kanpalekuak su hartu ondoren, behin-behineko beste kanpaleku bat eraiki zuen Greziako Gobernuak, itsaso bazterrean. Moriakoan zeuden 13.000 haietatik 7.000 inguru joan dira kanpaleku berrira. Baldintza oso kaskarrak dituzte: 60 komun besterik ez dituzte guztientzat, itsasoko uretan garbitu behar dute, janari berorik lortzeko aukerarik apenas duten, bi elektrizitate poste besterik ez dituzte kanpaleku guztian, hotz handia egiten du ipar haizeak bete-betean jotzen duelako, orain aste batzuk uholdeak izan zituzten... Oso prekarioa da egoera. Greziako Gobernuak adierazi du Morian bertan eraiki nahi duela beste kanpaleku bat, zortzi hilabeteko epean, iraunkorragoa. Baina luzatu egin liteke egoera hori.
Errefuxiatuen egoerak okerrera egin du, eta Zaporeak elkartearen lana ere baldintzatu du. Lesbosko uhartean bost bat urte daramatza elkarteak lanean; egunean 2.000 otordu bero inguru prestatzen ari zen sutea gertatu zen arte, eta gobernuz kanpoko beste erakunde batzuen bidez banatzen die janaria errefuxiatuei, Zaporeak-ek berak ez duelako eskubiderik kanpalekura sartzeko. Baina suteaz geroztik zailtasunak ditu jardun berarekin jarraitzeko. Bide berriak pentsatzen ari dira.
Berriki egin dute janari bilketa kanpaina handi bat, eta «janari lehorrarekin» bete dute haien biltegia, Donostian. Dilistak, arroza, atuna... Halakoak bildu dituzte. Bihar bertan 23.000 kilo janariz betetako kamioi bat igorriko dute Moriara. Asmoa da janari hori guztia paketetan antolatzea, eta kanpalekuan bizi direnei banatzea. Orain arte, eurek kozinatuta banatu izan dizkiete errazioak errefuxiatuei.
Orain, gainera, koronabirusaren ondorioz, hiru asteko berrogeialdia ezarri diete errefuxiatuei, eta horrek egoera zailtzen du. «Lehen mugatuta bazeuden, orain atera ezinik daude, eta GKEok ezin dugu sartu. Ari gara kozinatzen, eta elkarlanean ari garen beste GKEen bidez iristen gara. Baina kopuru mugatuagoan», azaldu du Azkuek.
Kanpalekuan bizi direnek ez dute sukalderik berez, baina sua egiten dute, eta ahal duten moduan antolatzen dira, eta elkarri lagunduz moldatzen dira. Janari lehor edo iraunkorrago horrekin errazioak egingo dituzte, beraz, eta zuzenean emango dizkiete, haiek presta dezaten. Eta BERRIArekin antolatutako kanpainan bildutako dirua horretarako erabiltzeko asmoa dute: errazio horietan janari freskoa (fruta, esnea...) gehitzeko baliatuko dute. Sutearen ostean, egoera berrira egokitzen ari dira, beraz, Zaporeak-eko kideak. «Guretzat ez da hutsetik abiatzea izan, baina gure egiteko moduak berrabiatu behar izan ditugu».
Errefuxiatuak Greziako irletara iristen hasi zirenetik, egoera okerretik okerrera joan da. Eta azkeneko asteetan albiste larriak ari dira iristen, ez soilik Greziatik: Kanarietara (Espainia) 4.000 iheslari iritsi dira astebete eskasean, Mediterraneoan itotakoen irudiak zabaldu dira, Samosen (Grezia) ere suteak izan dira kanpalekuetan... «Soluziorik ez da planteatu, eta egin diren aldaketa guztiak okerrera izan dira».
Horrelako albisteak zabaltzen direnean, oihartzun gehiago izaten du errefuxiatuei laguntzen ari direnen lanak. Moriako kanpalekuak su hartu zuenean ere hala gertatu zitzaion Zaporeak-i. Baina gero erraz ahazten dira berriz, eta zaila da hainbeste urte konponbiderik gabe irauten ari den arazo baten inguruan tentsioa eta arreta mantentzeak. Zaporeak elkarteak, hala ere, harrera eta babes zabala du: boluntarioak, eragileak, ostatuak... oso oinarrizko babesa, alde batetik, baina baita instituzioena ere, bestetik. Boluntarioek egiten duten lana nabarmendu du Azkuek: Morian lanean aritzen direnek, hona itzulitakoan, «txinparta» gisa pizten dira eta babes taldeak sortzen dituzte inguruan; Donostian sortu zen ekinbidea Euskal Herri osora zabaldu da horrela.
Siriako gerrako iheslariei laguntzeko asmoz sortu zen proiektua, pentsatuz gerrak sei-bederatzi hilabete iraun zezakeela. Luzatu eta okertu egin da egoera, ordea; eta Zaporeak-ek temati jarraitu du, eta jarraitzeko asmoa du. «Pertsona errefuxiatuek jarraitzen dutelako hiltzen, jarraitzen dutelako arazo pila batekin, eta jarraitzen dutelako, iritsi ondoren ere, behar pila batekin. Eta herritarrek eta instituzioek ikusten dute egoskor jarraitzen dugula, eta jarraituko dugula asistentzia egiten, modu gardenean; hemen biltzen den guztia hara doalako». Zuzenean egoera batean eragiteko gaitasuna du proiektuak, eta horretan jarraituko dute, baldintzak aldatu arren, baldintzek okerrera egin arren. |
2020-11-18 | https://www.berria.eus/albisteak/189916/jon-ander-cob-eta-julen-goikoetxea-espetxetik-atera-ahalko-dira-lan-egiteko-edo-ikasteko.htm | Politika | Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea espetxetik atera ahalko dira lan egiteko edo ikasteko | Altsasuko auziagatik oraindik ere kartzelan dauden bakarrak dira bi gazteak. Bigarren graduan kartzelatuta jarraituko dute, baina jarduera horiek egiteko irtetea baimendu die Auzitegi Nazionalak. | Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea espetxetik atera ahalko dira lan egiteko edo ikasteko. Altsasuko auziagatik oraindik ere kartzelan dauden bakarrak dira bi gazteak. Bigarren graduan kartzelatuta jarraituko dute, baina jarduera horiek egiteko irtetea baimendu die Auzitegi Nazionalak. | Lan egiteko edo ikasteko bada, kartzelatik irten ahalko dira aurrerantzean Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea Altsasuko auziko bi gazteek. Auzipetu zituzten gazteetatik oraindik ere kartzelan dauden bakarrak dira. Oraingoz, hala jarraituko dute, bigarren graduan, baina irtetea baimendu die Auzitegi Nazionalak. Zaballako espetxean daude biak 2018. urtetik, Iruña Okan (Araba).
Jose Luis Castro epaileak 100.2 artikulua aplikatzea ebatzi du. Artikulu horrek espetxealdia arintzea baimentzen du, nahiz eta bigarren gradua mantenduko dieten biei. Oraingoz, ez diete emango hirugarren gradua. Bi gazteek espetxean duten portaera ona hartu du kontuan epaileak, eta delitua berriz egiteko arrisku txikia dela ere aipatu du. Hala, azken erabakiari esker, espetxealdia unibertsitateko ikasketekin eta lanarekin uztartu ahalko dute bi gazteek.
Biek 932 egun daramatzate preso, atzo Altsasuko gurasoek jakinarazi zutenez. 2018ko ekainaren 1ean ezarri zieten kartzela zigorra, beste sei auzipeturekin batera, kaleko jantzitako bi guardia zibil eta haien bikotekideak jotzea leporatuta. Espainiako Guardia Zibilak ekainaren 5ean atxilotu eta espetxeratu zituen, besteak beste, Cob eta Goikoetxea. Hasieran bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri zieten, baina gero Auzitegi Gorenak zazpi urte eta erdira jaitsi zien. |
2020-11-18 | https://www.berria.eus/albisteak/189917/patinetean-egin-nahi-dute-kartzeletarako-bidaia.htm | Politika | Patinetean egin nahi dute kartzeletarako bidaia | Euskal presoen seme-alabek salatu dute ume motxiladunak «umezurtz» daudela. Pandemiaren ondoriozko neurriengatik ume batzuek bederatzi hilabete daramatzate gurasoak ikusi gabe. | Patinetean egin nahi dute kartzeletarako bidaia. Euskal presoen seme-alabek salatu dute ume motxiladunak «umezurtz» daudela. Pandemiaren ondoriozko neurriengatik ume batzuek bederatzi hilabete daramatzate gurasoak ikusi gabe. | Ametsek martxotik ez du aita besarkatu, Haizek eta bertze anitzek ere ez. Hizek urte bat beteko du etzi, eta jaio zenetik lau aldiz baino ez du aita ikusi. Lukenek 4 ditu, eta hirutan baino ez da egon aurten aitarekin. Harrik behin ikusi du, Xuharrek eta Axelek hiru aldiz. Arhanek ez dio martxotik muxurik eman aitari. Euskal presoen seme-alabetako batzuen izenak dira, bertze hainbat eta hainbaten errealitatearen erakusgarri. Izan ere, Sarek salatu duenez, ume, nerabe eta gazte anitzek bederatzi hilabete daramatzate preso dituzten gurasoak ikusi gabe, pandemiaren ondorioz espetxeetan ezarritako neurriengatik. Ume horiek «umezurtz» uzten ari direla salatu dute Xochitl Karasatorrek eta Hize Anduezak. Seme-alaba horietako bi dira Karasatorre eta Andueza, hain zuzen, eta ume eta gazte guztien izenean hartu dute hitza gaur Donostiako Ekogunean egindako agerraldian.
Azaroaren 20an Adingabeen Nazioarteko Eguna izanen da, eta oroitarazi dute Giza Eskubideen Europako Auzitegiak dioela gurasoak espetxean dituzten haurrek gainerako umeen eskubide berak dituztela: «Espetxe agintariek presoei hurbileko familiarekin harremanetan egoteko erraztasunak ematea familia bizitzarekiko errespeturako eskubidea bermatzeko funtsezkoa da». Espainiako Estatuan, ordea, errealitatea bertzelakoa dela salatu dute: «Ume motxiladunen eskubideak behin eta berriz urratuak izaten ari dira». Izan ere, Karasatorreren eta Anduezaren arabera, gurasoak espetxean dituzten haurrek ez dute bermatua gurasoekin harreman pertsonalak eta kontaktu zuzena izateko eskubidea: «Hilabetean behin ikusten dituzte haien guraso presoak, eta honek eragin izugarria du haurrengan». Bidaia «amaigabeek» dakarten «zama» ere ekarri dute gogora: «Haurren lagunak asteburuetan jolasten dauden bitartean haiek errepidean daude». Patinetean joan nahiko lukete haiek, «trenak, autoak edota hegazkinak ordezkatuko dituen patinetean; ume motxiladunek aita, ama edo biak bisitatzera joateko bidaia patinetez egiteko eskubidea dutelako». Etxetik hurbil dauden seinale bailitzateke hori.
Pandemian, are okerrago
Egoera are okerragoa da azken hilabeteotan, COVID-19aren ondoriozko murrizketengatik batzuk ezin zaizkielako gurasoei bisitan joan, edo ez hain maiz, ezta modu berean ere. Gaur-gaurkoz, izan ere, Espainiako Estatuan etenda daude aurrez aurreko bisitak, eta Frantziakoan pertsona bakarra sar daiteke bisitetara: «Beraz, haurrak ezin dira joan ezin daitezkeelako bakarrik sartu».
Espetxean bizi diren ume motxiladunen egoera «bereziki larria» ere salatu dute: «Aranjuezko espetxean daude Izadi eta Irati, eta bederatzi hilabete daramatzate haien senideak eta gertukoak aurrez aurre ikusi gabe. Bederatzi hilabete daramate kalera irten gabe. Eta udaz geroztik ez dute beren aita ikusi, ondoko moduluan dagoen arren».
Egoera «onartezina» dela nabarmendu du Karasatorrek: «Gurasoekin egoteko eskubidea lehen mailako eskubidea da, eta pandemia egoeraren kudeaketak eta hartzen diren neurriek ezin diote horri bizkarra eman». Egoera aldatzeko «eskumena duten horiei urgentziaz» ekiteko eskatu diete: «Gehiago luzatu gabe, presoek beren jaioterritik gertu egon behar dute, probintzia bereko espetxeetan». |
2020-11-18 | https://www.berria.eus/albisteak/189918/israelek-siriako-hainbat-gune-militar-bonbardatu-ditu-eta-hiru-soldadu-hil.htm | Mundua | Israelek Siriako hainbat gune militar bonbardatu ditu, eta hiru soldadu hil | Israelgo armadak adierazi duenez, Golanen aurkitu dituen lehergailuei erantzuteko erasoa izan da, eta Siriaren eta Iranen zenbait azpiegitura militar izan ditu helburu. | Israelek Siriako hainbat gune militar bonbardatu ditu, eta hiru soldadu hil. Israelgo armadak adierazi duenez, Golanen aurkitu dituen lehergailuei erantzuteko erasoa izan da, eta Siriaren eta Iranen zenbait azpiegitura militar izan ditu helburu. | Israelek Siriako hainbat eremu bonbardatu ditu bart, eta Siriako armadako hiru soldadu hil eta beste bat zuritu dituela baieztatu du Damaskok. Israelen esanetan, hegazkinekin egin die eraso Irango Al Quds indarrari eta Siriako armadaren zenbait gune militarri. Zehazki, hainbat «bilketarako eraikin, agintaritza zentro eta eremu militar» bonbardatu dituela adierazi du, baita Siriaren lur-aireko misilak suntsitu ere.
Israelgo armadak azaldu duenez, erasoa erantzun bat izan da, Golango lurralde okupatuan atzeman dituen lehergailuengatik. Lehergailu horiek «eskuadroi siriar batek» jarri dituela ziurtatu du, «Irango indarrek zuzenduta». Siriako Gobernua egin du «bere lurraldetik egindako ekintza ororen arduradun».
Gaineratu du Israelek «beharrezkoa den moduan» jokatzen jarraituko duela, Irango indarrak Siriatik kanporatuak izan daitezen, horien presentziak «eskualdearen egonkortasuna arriskuan» jartzen duela uste baitu.
Israelek hainbatetan bonbardatu ditu Siria azken urteetan, baina ez da ohikoa erasoen berri ematea. Oraingoan, ohartarazi du ez duela onartuko Irango indarrak Sirian errotzea. «Espero dugu orain mezua argi gelditzea. Onartezina da Siriak Irani baimena ematea Siria Israeli eraso egiteko plataforma gisa erabiltzeko», adierazi du Jonathan Conricus armadako bozeramaileak.
AEBen bisita
Hain justu, hiru eguneko bisita hasiko du gaur Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariak Israelen. Hango hainbat hedabidek aurreratu dutenez, Israelek Palestinaren lurralde okupatuetan eraikitako kokagune bat bisitatuko duen lehenengo goi agintaria izango da Pompeo, baina iturri ofizialek ez dute halakorik baieztatu oraindik.
Pompeo Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin bilduko da arratsaldean, eta bilkura horretan parte hartuko du Abdullatif bin Raxid al-Zayani Bahraingo Atzerri ministroak ere. Goizean iritsi da Israelera, Avi Berkowitz AEBen nazioarteko negoziazioetarako ordezkariarekin batera. Persiar golkoko herrialdeak Israelera egin duen lehen bisita ofiziala da Al-Zayanirena. |
2020-11-18 | https://www.berria.eus/albisteak/189919/sindikatuek-salatu-dute-marokok-gerra-inposatu-diola-saharako-herriari.htm | Gizartea | Sindikatuek salatu dute Marokok gerra inposatu diola Saharako herriari | Larunbatean mobilizazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen. | Sindikatuek salatu dute Marokok gerra inposatu diola Saharako herriari. Larunbatean mobilizazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen. | Sindikatuek elkartasuna adierazi diote Saharako herriari «Marokoko indar armatuek bi aldeek adostutako su-eten akordioa urratu» ostean, eta Marokori egotzi diote Saharari «gerra berri bat» inposatzea. Halaber, iragarri dute bat egingo dutela datorren larunbatean, azaroaren 21ean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo diren mobilizazioekin.
Adierazpena ELA, LAB, Steilas, ESK, CCOO, UGT, CNT eta EHNE-Bizkaia sindikatuek izenpetu dute, eta horien izenean LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Loli Garcia CCOOkoak irakurri dute agiria. Fronte Polisarioak Euskal Herrian duen ordezkari Liman Mohamedek ere parte hartu du agerraldian.
Adierazpen horretan, sindikatuek salatu dute Marokok su-eten akordioa urratu zuela militarrak bidali zituenean protestan ari ziren sahararren kontra eta, hori ikusirik, Fronte Polisarioa «bidezko defentsan» aritu zela herritar zibilen bizitzak babesteko. Sahararrek lau aste zeramatzaten protestan, Marokok Guergueraten irekitako pasabidearen kontra. Sindikatuek gogorarazi dutenez, bi aldeek izenpetutako akordioetan agertzen da galarazita dagoela harresi militarrean pasabiderik egitea, eta, hortaz, Marokoren jokabidea «legez kanpokoa» dela. 29 urteren ostean «gerra berpiztea» leporatu diote.
Saharako herriari eta Fronte Polisarioari elkartasuna adierazteaz gain, sindikatuek Marokori egotzi diote «Magreb osora heda daitekeen ezegonkortasunaren erantzukizun osoa», eta nazioarteko komunitatea eta, bereziki, Espainia ere ahotan hartu dituzte. Esan dutenez, Nazio Batuen Erakundea ez da gauza izan «modu baketsuan manifestatzen ari ziren sahararrak babesteko», eta azken 45 urtean ez dute «ezer» egin gatazka konpontzeko. «Gertatutakoa nazioarteko komunitateak duen axolagabekeriaren erakusgarri baino ez da», esan dute.
Espainiari ere, «deskolonizatzeke gelditzen den Afrikako azken lurraldeaz» daukan ardura bere gain hartzeko eskatu diote, eta «saharar herriaren autodeterminazio eskubidea aitortzen duen erreferenduma berehala egiteko» indar egin dezala.
«Herri sahararra bere kausa legitimoari irtenbidea bilatzeko bakea eta elkarrizketa nahi dituen herria da», esan dute sindikatuek, «herri nekatu, zapuztu eta gogaitua, 45 urte hauetan bete gabeko hamaika promesa jasan behar izan dituena».
Sindikatuek ziurtatu dute ez dutela Saharako herria «bakarrik» utziko.«Euskal Herria herri solidarioa izan da beti saharar herriarekin eta bere borrokarekin, eta sindikatuak hala adierazi dugu era askotan», esan dute. Horregatik, herritarrei dei egin diete larunbatean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan eta beste zenbait herritan egingo diren mobilizazioetan parte har dezaten. Mobilizazioak 12:00etan hasiko dira. |
2020-11-18 | https://www.berria.eus/albisteak/189920/nafarroako-urrezko-domina-langile-sanitario-eta-soziosanitarioei.htm | Gizartea | Nafarroako Urrezko Domina, langile sanitario eta soziosanitarioei | Osasun langileek COVID-19aren aurka «oso baldintza txarretan» lan egin izana sarituko du Nafarroako Gobernuak. | Nafarroako Urrezko Domina, langile sanitario eta soziosanitarioei. Osasun langileek COVID-19aren aurka «oso baldintza txarretan» lan egin izana sarituko du Nafarroako Gobernuak. | Nafarroako Urrezko Domina osasun arloko langileei eta langile soziosanitarioei emanen die Nafarroako Gobernuak. Gaurko bilkuraren ostean eman dute erabakiaren berri.
COVID-19aren pandemian, langileek erakutsitako jarrera saritu nahi du Maria Txibiteren gobernuak: «Arreta handiz, eurentzako eta euren familientzako arriskuari aurre eginez, eta oso baldintza txarretan ardura eta esfortzu handiarekin lan egin dute», azaldu dute, ohar bidez.
Nafarroako Gobernuak ematen duen sari gorena da Nafarroako Urrezko Domina, eta osasun langileak saritzeko arrazoien artean azpimarratu dute «inork ez bezala pertsonifikatu dutela gaixotasunaren aurkako borroka». Zehazki, gobernuko arduradunek azaldu dute osasun langileak «pazienteen arretaren lehen ilaran» egon direla pandemia hasi zenetik, eta horri gehitu behar zaiola «gaixotasuna eurek hartzeko edo ingurukoei kutsatzeko arriskuaren aurrean duten jarrera, oso lan baldintza txarretan erakutsitako dedikazioa eta beren eguneroko lanaren xedea dela erkidego osoaren osasuna zaintzea». Maria Txibite lehendakariak emango die saria, osasun protokoloen arabera egokitutako ekitaldi batean. Abenduaren 3an izango da, Nafarroaren Egunean. Domina jasotzeko hiru hautagai zeuden mahai gainean: osasun langileak eta soziosanitarioak, Osasuna futbol taldea eta Iruñeko Gurutzeko Plaza bigarren hezkuntzako institutua. Hirugarren urtez jarraian, herritarrek aukera izan dute hautagaiak proposatzeko, beren izenean edo erakunde baten ordezkari gisara. Zehazki, osasun langileen hautagaitza Afapna sindikatuak aurkeztu zuen.
Azken urteetan, Nafarroako Urrezko Domina eman diete Jose Maria Jimeno Jurio historialaria zenari (haren senideek jaso zuten), Pedro Miguel Etxenike fisikariari, bularreko minbiziaren aurkako Saray elkarteari eta, iaz, Adacen Burmuinean Kalte Hartutakoen Nafarroako elkarteari. |
2020-11-18 | https://www.berria.eus/albisteak/189921/ostalariak-ostegunean-hasi-ahalko-dira-laguntza-berriak-eskatzen.htm | Ekonomia | Ostalariak ostegunean hasi ahalko dira laguntza berriak eskatzen | Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalarientzako deialdia da, eta 3.000tik 4.000ran eurora bitarteko laguntzak jaso ahalko dituzte, langile kopuruaren arabera. | Ostalariak ostegunean hasi ahalko dira laguntza berriak eskatzen. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalarientzako deialdia da, eta 3.000tik 4.000ran eurora bitarteko laguntzak jaso ahalko dituzte, langile kopuruaren arabera. | Ostalariak ostegunean hasi ahalko dira eskatzen Jaurlaritzak onarturiko laguntza berriak. 30 milioi euroko funtsa bideratu zuen itxieraren kalteak murrizteko, eta eskatzaileek hamabost eguneko epea dute agiriak aurkezteko. Eskaera asko izango direla aurreikusita, Jaurlaritzak «lasaitasuna» eskatu die ostalariei, sistema blokeatu dadin eragotzi nahi du, eta aurreratu du eskaera «guztiak» aztertuko dituela.
Diru laguntza berri hauek horrela banatuko dituzte: hiru langile bitarteko enpresek 3.000 euro jasoko dituzte; lau eta hamar langile artean dituztenek, 3.500; eta hamarretik gorakoek, 4.000. Laguntza horiek aurretik eginiko deialdiekin bateragarriak dira. Eskaerak Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, lurralde bakoitzeko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo saileko bulegoan eta Zuzenean atariaren bitartez egin ahalko dira.
Diru laguntza horiek obligazio batzuei lotuta daude; esaterako, jasotzen dituztenek ezingo dute kaleratzerik egin hurrengo lau hilabeteetan eta ekonomia jardueren gaineko zergaren erregistroan jarraitu beharko dute epe horretan. Alegia, ezin dutela negozioa itxi hurrengo lau hilabeteetan. Ordainketa kolpe bakarrean egingo da, eta eskaera onartutzat emango da eskatzaileak ez badu kontrako jakinarazpenik jasotzen hamar eguneko epean. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailak ostalariei nahi beste informazio eskatzeko eskumena du. |
2020-11-20 | https://www.berria.eus/albisteak/189922/euskara-indartzeko-lantalde-bat.htm | albisteak | Euskara indartzeko lantalde bat | Eureka euskara taldekoek euskara bultzatu nahi dute; haiei esker, enpresako 29 langilek Euskaraldian parte hartuko dute. | Euskara indartzeko lantalde bat. Eureka euskara taldekoek euskara bultzatu nahi dute; haiei esker, enpresako 29 langilek Euskaraldian parte hartuko dute. | Enpresek iparrorratz bat behar izaten dute, zein norabidetan lan egin eta nola jardun jakiteko. Sarritan, ez da lan samurra izaten enpresa baten lema gidatzea, eta horregatik eskatu ohi diote laguntza beste enpresa bati: aholkularitza enpresa bati, esaterako. Oreka IT enpresa aholkularitza lanetan aritzen den horietako bat da. 11 urte baino gehiagoko ibilbidea egin du, eta SAP teknologian adituak diren langileek osatzen dute. Corporate balance da enpresaren oinarria, filosofia korporatiboa, eta elkarren osagarri diren hiru zutabek eusten dute oinarri hori: bezeroak, ezagutzak eta langileak.
Euskarazko zerbitzua eskaintzeaz gain, etxe barruan ere garrantzi handia du euskarak. Euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin, euskara talde bat ere badute: Eureka. 2012an sortu zuten talde hori, eta enpresa barruan jaio zen egitasmoa. Izan ere, hiru lankidek erabaki zuten proiektua sortzea eta martxan jartzea, enpresako langileen artean euskara indartzea xede zutelarik. Modu horretan, euskararekin lotutako hainbat ekintza antolatu zituzten: lehiaketak, irteerak, poteoak… Hasieran, Eurekak harrera oso ona izan zuen, eta langile asko batzen ziren antolatutako ekintzetan, baina pixkanaka indarra galduz joan zen.
Halere, Eurekak bizirik jarraitzen du Oreka IT enpresan, eta baita euskarak ere. Hori dela eta, entitatean euskararen alde lan egiten jarraitzen dute, eta hainbat langile Eureka taldeko kide dira. Kide horien arabera, enpresa sortu zen aurreneko urte haietan, euskara gaur egun baino gehiago egiten zen langileen artean, besteak beste, langile gutxiago zirelako; egun, aldiz, enpresa gero eta handiagoa da, eta langile berriak lanean hasten diren heinean, gaztelania gero eta gehiago gailentzen ari da langileen hizkuntza ohituretan. Horretaz jabeturik, Eurekako kideek hainbat egitasmo jarri dituzte martxan, Oreka ITn euskara presente egon dadin: enpresaren inguruko dokumentuak euskaratzen dituzte, eta, horrela, euskaraz dakiten langileek laneko dokumentuak euskaraz izan ditzakete; enpresaren ataria euskaratu dute; Egunean Behin sakelako jokoan talde bat dute, eta lehiaketan parte hartzen dute; gainera, Oreka ITko langileek euskara ikasteko laguntza ekonomiko bat dute.
Horretaz guztiaz gain, 29 langile Euskaraldian parte hartzera animatu dira: azaroaren 20tik abenduaren 4era, euren hizkuntza ohiturak aldatzen ahaleginduko dira, eta belarriprest edo ahobizi rolak hartuta, ariguneetan nahiz horietatik kanpo, euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egingo dute. Horretarako, hainbat urrats egin dituzte Eureka taldekoek: lehenik eta behin, arigune posibleak identifikatu zituzten; ondoren, langile guztiei mezu bat bidali zieten, Euskaraldiak eta rol bakoitzak zertan datzan azalduz eta ariketan parte hartzera animatuz; datuak lortu eta gero, Euskaraldian izena eman zuten, eta txapa identifikagarriak eskatu baino lehen, parte hartzera erabaki zutenei galdetu zieten belarriprest edo ahobizi rola hartuko zuten; amaitzeko, identifikatutako ariguneentzako euskarriak inprimatu eta dagokien tokian jarriko dituzte.
Bertako eredu bat
Corporate balance Oreka ITk bestelako enpresa eredu bat garatzeko duen konpromisoaren isla da. Lau irizpidetan oinarritzen da: gardentasunean, komunikazioan, kontziliazioan eta prestakuntzan. Modu horretan, eredu espezializatu bat aldarrikatu nahi du, bertakoa den eredu bat, aholkularitza enpresa handiek eskaintzen duten eredu orokor eta deslokalizatua gaindituz.
Lan egiteko moduak ere egiten du berezi: lantalde kohesionatua du enpresak, motibatua, eta duen esperientziari esker, zerbitzu ezin hobea eskaintzen duena. Ildo beretik, SAP teknologiatik harago dauden proiektuetan egiten dute lan, eta bezeroen konfiantza indartzen dute horrela. Momentuko laguntza ez ezik, luzera begirako laguntza eta aholkularitza ere eskaintzen dute, sektoreko errotazio tasarik txikiena baitauka: %10etik beherakoa.
Oreka IT, beraz, etengabe hobetzen saiatzen den enpresa bat da, eta argi dauka euskara ezinbestekoa dela hobekuntza horretarako: erabileraren aldeko apustua egiten segitu nahi dute. |
2020-11-18 | https://www.berria.eus/albisteak/189923/zerbitzu-publikoak-aldarrikatu-ditu-bilbo-feminista-saretzen-plataformak.htm | Gizartea | Zerbitzu publikoak aldarrikatu ditu Bilbo Feminista Saretzen plataformak | Pandemiaren ondorioz hartutako neurriek emakumeen aurkako indarkeria areagotu dutela salatu dute, eta azaroaren 25erako mobilizazioak iragarri dituzte Bilborako. | Zerbitzu publikoak aldarrikatu ditu Bilbo Feminista Saretzen plataformak. Pandemiaren ondorioz hartutako neurriek emakumeen aurkako indarkeria areagotu dutela salatu dute, eta azaroaren 25erako mobilizazioak iragarri dituzte Bilborako. | Datorren asteazkenean izango da Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna, eta horri begira jarri da mugimendu feminista. Bilbon, agerraldia egin du gaur Bilbo Feminista Saretzen plataformak, eta azaroaren 25eko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du. Indarkeria matxistaren aurrean, zerbitzu publikoak defendatu lelopean egingo dute protesta hiriburuan: giza kateak egingo dituzte Bilboko itsasadarraren bi aldeetan.
Konfinamenduarekin, indarkeria matxistak ugaritu egin direla salatu, eta adierazi dute erakundeek hartu dituzten neurriek azkartu eta sakondu dituztela emakumeen aurkako indarkeria mota asko sortzen dituzten prozesuak, neurri horiek emakumeak «are ahulago, pobreago eta prekarioago» egin baitituzte, Bilbo Feminista Saretzen plataformaren arabera. Hala ere, horri ekinez ekingo diotela ohartarazi dute : «Ez dugu onartuko COVID-19ak aspaldiko pandemia zaharrak ezkutatzea».
Zerbitzu publikoak «guztion bizitza duin eta askea bermatzeko giltza» direla aldarrikatzeaz batera, azaroak 25eko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute. Bilboko itsasadarraren bi aldeak «okupatzeko» deia egin dute egun horretarako, segurtasun distantziak mantenduz, 19:30erako. Auzoetatik hainbat zutabe antolatuko dituzte, itsasadarraren alde bietan bat egingo dutenak, eta, ondoren, 20:00etan, ekitaldi bat izango da. Egun horretan, leihoetan zein balkoietan kolore moredun objektuak eskegitzeko deia ere egin dute, indarkeria matxistaren aurka. |
2020-11-18 | https://www.berria.eus/albisteak/189924/guraso-bakarreko-familiei-24-asteko-baimena-aitortu-die-eaeko-auzitegi-nagusiak.htm | Gizartea | Guraso bakarreko familiei 24 asteko baimena aitortu die EAEko Auzitegi Nagusiak | Iaz alaba bat izan zuen emakume bati zortzi asteko sari gehigarria jasotzeko eskubidea aitortu dio epaitegiak. | Guraso bakarreko familiei 24 asteko baimena aitortu die EAEko Auzitegi Nagusiak. Iaz alaba bat izan zuen emakume bati zortzi asteko sari gehigarria jasotzeko eskubidea aitortu dio epaitegiak. | Guraso bakarreko familiei eragiten dien epai aitzindaria eman du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak: alaba jaioberria zaintzeko, emakume bati aitortu egin dio bikoteek duten denbora baimen berbera jasotzeko eskubidea. Auzitegiak esan du eskubidea duela zortzi asteko sari gehigarria jasotzeko. Hala, Espainiako Gizarte Segurantzako Institutua eta Gizarte Segurtasuntzako Diruzaintza zigortu egin ditu, eta saria ordaintzera behartu. Ez da irmoa oraindik ebazpena, Fiskaltzak helegitea aurkeztu baitu Auzitegi Gorenean.
Gaur eman du sententziaren berri ELAk, agerraldi batean. Zuriñe Kintana 2019ko ekainean ama izan zen, eta, alaba zaintzeko hamasei asteko amatasun baimena amaituta, bigarren gurasoari dagokion zortzi astekoa eskatu zuen, baina Gizarte Segurantzak ukatu egin zion. Auzitara jo zuen, eta, orain, EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio, adingabearen babesean oinarrituta. Epaiak dio bi gurasoko familiek adingabeen zaintzaz 24 astez gozatzeko eskubidea dutela, eta «diskriminatzailea» dela eskubide hori hamasei astera mugatzea guraso bakarreko familien kasuan.
Gaurko agerraldian, Kintana pozik agertu da erabakiarekin, guraso bakarreko familien seme-alaben diskriminazioa amaitzen delako, baina «harrituta» agertu da Fiskaltzaren helegitearekin. Uste du Fiskaltzaren errekurtsoak guraso bakarreko familietako haurren diskriminazioa babesten duela. ELAren ustez, epaia aitzindaria da, eta emakumeen kontziliazioan lagunduko du, guraso bakarreko familiarik gehienak emakumezkoek osatzen baitituzte. |
2020-11-18 | https://www.berria.eus/albisteak/189925/jokoa-arautzeko-lege-proposamenari-aldaketak-egin-dizkio-elkarrekin-podemosek.htm | Gizartea | Jokoa arautzeko lege proposamenari aldaketak egin dizkio Elkarrekin Podemosek | Apustu etxeen publizitatea mugatzeko Espainiako Gobernuak berriki onartutako dekretua indarrean sartu ondoren, EAEko legeari «segurtasun juridikoa» eman nahi diote | Jokoa arautzeko lege proposamenari aldaketak egin dizkio Elkarrekin Podemosek. Apustu etxeen publizitatea mugatzeko Espainiako Gobernuak berriki onartutako dekretua indarrean sartu ondoren, EAEko legeari «segurtasun juridikoa» eman nahi diote | Apustu etxeen kopurua mugatzea, horietara sartzeko kontrol sistemak ezartzea, eta, besteak beste, leku publikoetan jokoari buruzko publizitatea debekatzea planteatzen du EP Elkarrekin Podemos-IUk jokoa arautzeko Eusko Legebiltzarrean gaur erregistratu duen lege proposamenak. Finean, joan den urtarrilean aurkeztu eta egun batzuk geroago legebiltzarrek tramiterako onartutako lege proposamena du oinarrian, baina koalizioak aldaketa batzuk egin dizkio planteamenduari, eta «zabaldu» egin du. Apustu etxeen publizitatea mugatzeko Espainiako Gobernuak onartutako errege dekretua duela bi aste indarrean sartu zela baliatuz, EAEko legeari «segurtasun juridikoa» eman nahi diote, Miren Gorrotxategi bozeramaileak eta Iñigo Martinez parlamentariak prentsaren aurrean azaldu dutenez.
EPk urtearen hasieran aurkeztutako proposamena tramiterako onartu zuten, EH Bilduren, EPren beraren eta PPren aldeko botoekin eta EAJren eta PSE-EEren abstentzioarekin. Baina COVID-19ak jarduera parlamentarioa eten zuen, eta, gainera, legebiltzarrerako hauteskundeak egin zituzten, legealdi berri bat hasiz irailean. Horrenbestez, berriro bozkatu beharko dute ganberan ea tramiterako onartzen duten. EAEn orain indarrean dagoen jokoaren legea 1991koa da.
Lege proposamenean jasotako neurrien artean dago, esaterako, EAEko probintzia bakoitzean, hau da, Araban, Bizkaian, eta Gipuzkoan, kasino bakarra egotea; joko aretoak, gehienez, 100 izatea; eta apustu etxeak, 50. EP-IUk proposatzen du, bide batez, lokal horien guztien artean gutxienez 500 metro egotea, eta gutxieneko distantzia hori bera egotea establezimenduen eta ikastetxeen artean.
Publizitatea
Jokoaren publizitateari dagokionez, erregistratutako lege proposamenak planteatzen du halakorik ez egotea ez osasun eta gizarte zentroetan, ez zinema aretoetan, ezta, besteak beste, administrazio publikoetan ere. Mugak jartzen dizkio, gainera, komunikabideetan apustu etxeek jar dezaketen publizitateari, eta publizitate hori hedabide publikoetan jartzea debekatzen du.
Lokal horiek ezingo dituzte 12:00ak baino lehen ireki, eta ezingo dituzte ateak 01:00ak baino beranduago itxi. 18 urtetik beherakoak ezingo dira sartu, eta lege proposamenak hori bermatu ahal izateko kontrol sistemak eskatzen ditu.
EP-IUko parlamentariek agerraldian nabarmendu dutenez, Jokoaren Euskal Behatokiaren datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %63k 34 urte bete baino lehen izan zuten lehen kontaktua jokoarekin. |
2020-11-18 | https://www.berria.eus/albisteak/189926/aernnovak-ehun-langiletik-gora-kaleratu-nahi-ditu-berantevillan.htm | Ekonomia | Aernnovak ehun langiletik gora kaleratu nahi ditu Berantevillan | Aurten jada 42 milioi euro galdu dituela argudiatu du Arabako enpresa aeronautikoak. | Aernnovak ehun langiletik gora kaleratu nahi ditu Berantevillan. Aurten jada 42 milioi euro galdu dituela argudiatu du Arabako enpresa aeronautikoak. | Alestis, Lauak, ITP eta beste batzuen ondoren, orain Aernnovari egokitu zaio bere lantaldea zenbat txikitu nahi duen azaltzea. Bilera eduki du gaur goizean Berantevillako (Araba) lantegi nagusiko langileen ordezkariekin, eta lantaldearen %22 kaleratzeko enplegu erregulazio bat aurkeztuko duela iragarri die. Berantevillan 450 langile daudenez, ehundik gora izango lirateke kaleratuak.
Atzo bertan, ITP Aerok azaldu zuen langileak kaleratu nahi dituela Barakaldoko eta Sestaoko plantetan (Bizkaia). Aurretik, Zamudioko fabrikan egin du birmoldaketa. Bihar zehaztuko dizkie kopuruak langileen ordezkariei.
«Galera historikoak» argudiatu ditu Arabako enpresak kaleratzeak justifikatzeko. Zehazki, 42 milioi euro galdu ditu urtea hasi zirenetik, eta enpresaren iraupena bera arriskuan ikusten du moldaketa bat egiten ez badu. Azaldu duenez, kutxetan zituen 70 milioi euro jada gastatu ditu.
Enpresaren arabera, eskarien «eroriko larria» ez da berehalakoan konponduko, COVID-19aren pandemiak hegazkin trafikoa eta hegazkin berrien beharra urte askorako txikituko duelako. Sektorearen kalkulurik baikorrenek diote 2019ko trafikoa ez dela 2024ra arte berreskuratuko, «betiere txerto eraginkor bat badago 2021eko udarako». Beste iragarpen batzuek diote hamar urte beharko dituela 2019ko mailara itzultzeko.
Lantaldea %22 murriztuko badu ere jarduera %37 txikitu zaiola nabarmendu du Aernnovak. Lantaldearen %15 enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean sartuta konpondu nahi du konpainiak bi kopuruen arteko aldea.
Langile batzordeak agerraldi batera deitu du 14:00etarako, bere iritzia plazaratzeko.
Beste lantegietan ere bai
Arabako fabrika nagusian ez ezik beste batzuetan ere lantaldea txikitzen ari dela azaldu du. Horrela, Erresuma Batuan langileen %20 kendu nahi ditu, eta Mexikon, berriz, %44. Bihar bilera izango du Sevillako (Andaluzia, Espainia) plantako langile batzordearekin, han zer-nolako murrizketa egin nahi duen esplikatzeko.
Berantevillakoa ez da Aernnovaren lantegi bakarra Euskal Herrian, beste bat baitu Arabako parke teknologikoan, Miñaon. |
2020-11-19 | https://www.berria.eus/albisteak/189927/euskaraz-bizitzeko-eta-lan-egiteko-eskubiderantz-euskaraldia.htm | albisteak | Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubiderantz: Euskaraldia | ELAren arabera, Euskaraldiak euskara eztabaidagai bihurtzen du, euskaldunak boteretu ditzake, eta ohiturak aldatzeko balio dezake. | Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubiderantz: Euskaraldia. ELAren arabera, Euskaraldiak euskara eztabaidagai bihurtzen du, euskaldunak boteretu ditzake, eta ohiturak aldatzeko balio dezake. | Ilusiorako eta pozerako momentua
Aurtengo Euskaraldiak testuinguru zailean hartu du ELA sindikatua, munduko pandemia eta krisi ekonomiko sakon batean buru-belarri. Salbuespen egoera honetan, euskara eta euskaldunen hizkuntza eskubideak are bazterrerago geratu direla uste du; halere, dio Euskaraldiaren etorrera poztekoa dela, eta harekin batera euskara erdigunera ekartzeko ilusioa.
ELAren ustez, Euskaraldiak hiru aukera zabaltzen ditu:
- Bestela ezkutuan legokeen euskararen gaia eztabaidagai bihurtzen du.
- Euskaldunak hizkuntza eskubideen alde boteretu ditzakeen ariketa bat da.
- Helbururik behinena: hizkuntza ohiturak aldatzeko testuinguru eroso bat da, sarri oso zaila izaten den hizkuntza hautuaren negoziazioa egiteko.
Pozarekin batera, badute pena ere: testuinguruak baldintzatuta, ariketa horrek harekin zekarren potentzial guztia garatu ez izanaren pena; bereziki enpresetan jarrera aktiboagoa izan nahi zuten, eta, zoritxarrez, ezin izan dute espero zuten guztia egin.
Euskaraldiaren dinamika gainditzeko beharra
Euskaraldiak baditu arriskuak ere. Batek kezkatzen ditu bereziki ELAko kideak: Euskaraldiaren muinean, norbanakoen arteko hizkuntza ohituren negoziazioa dago, eta susmoa dute hainbat gobernu eta instituziok hizkuntza politikak horretara mugatu nahi dituztela.
ELAren ustez, euskaldunek euskaraz bizitzeko eskubidea bermatua izango dute soilik euskaraz bizitzea beste edozein eskubide zibilen pare kokatzean, eta, ondorioz, gizartean euskaraz bizitzeko dauden oztopo guztiak gainditzeko erabaki politikoa hartzean. Sindikatuaren arabera, horrek irakurketa estruktural bat eskatzen du: bizitzan eragina duten politika guztietan, zeharka, euskaldunen hizkuntza eskubideak txertatu behar ditu.
Sindikatuaren arabera, hori deserosoa da gobernuentzat, hezkuntza politika, komunikabideekiko politika, industria politika edo aisialdirako politika zalantzan jartzea baitakar, eta horrekin batera exijentzia maila izugarri handitzen baitu: «Bada garaia hizkuntza politika lehendakariordetza batean kokatzekoa, erabaki politiko guztietan zeharka hizkuntza eskubideak bermatzeko egitekoarekin».
Euskarak ez du etorkizunik logika neoliberalean
ELAren ustez, logika neoliberala bateraezina da euskararen etorkizunarekin: «Batetik, eskubide zibilak ulertzeko molde indibidualistak dakar euskaldunok gure hizkuntza eskubideak zapalduak izango direla onartu behar izatea, kultura neoliberalak ahaztu egiten baitu askatasun indibidualak soilik gizarteko beste kideekin harremanetan gara daitezkeela; horrek denontzako eskubide eta obligazioak dakartza, eskubideak garatzeko behar besteko baliabideekin batera, bestela erdaren egoera pribilegiatu eta hegemonikoa ontzat ematea beste aukerarik ez dugu izango; bestetik, euskara ez da sekula hizkuntza errentagarria izango ikuspuntu ekonomikotik, ez dugu horretarako tamainarik. Ondorioz, hizkuntzen arteko desorekak gainditzeko politika publiko potente eta ausartak ez badaude, ezinezkoa izango da euskarak egun erdarak okupatzen dituen espazioetan sarbidea izatea, bere borondatez Disneyk inoiz ez baitu marrazki bizidunak euskarara bikoizteko erabakirik hartuko».
Euskaraz lan egiteko eskubidea gauzatzeko, sindikatua ezinbestez
ELAn badute zer hobetua hizkuntza eskubideak lantokietan defendatzerakoan, baina horretarako konpromiso irmoa dute. Konpromiso hori dute euskaldunen hizkuntza eskubideak beste eskubide zibilen pare kokatzen dituztelako, uste dutelako euskararen garapenak euskal gizartearen kohesioan sakontzea dakarrela, eta hori baldintza prepolitiko bat dela ondoren gizarte justuago baten alde ekiteko. Azkenik, argi dutelako herrien homogeneizazioa dakarren kultura neoliberalarekin amaitzeko euskara baino balio kontrakultural gutxi direla, eta horrek hizkuntza eskubideen defentsa beste hainbat eskubideren aldeko borrokekin konekta dezakeela. «Joxe Mari Agirretxe handiak dioen bezala, euskaldunak korrontearen kontra doazen izokinak dira, eta korrontearen kontra beste hainbat izokinekin bidea egin dezake, pobreziaren kontra, xenofobiaren kontra edo matxismoaren kontra, besteak beste».
Haien erantzukizunari behar bezala heltzeko, Kontseilua eta LABekin batera eskakizun bat egin berri dute: 50 langiletik gorako enpresetan, euskara planak negoziatzeko obligazioa sortzeko patronalekin batera. «Honek ez du berez ezer konponduko, baina euskararen gaia lan munduan ere eztabaidagai bihurtuko luke, eta egun euskararen normalizaziorako neurriak enpresen %1ean ere ematen ez direla kontuan izanik bada zerbait. Patronalen, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren esku dago inflexio puntu izan daitekeen urrats txiki hau egitea. Euskaraldirako hau da gure konpromisoa». |
2020-11-18 | https://www.berria.eus/albisteak/189928/frantziako-poliziak-guillaume-fauveau-argazkilaria-mehatxatu-du.htm | Gizartea | Frantziako Poliziak Guillaume Fauveau argazkilaria mehatxatu du | Argazkilariak salaketa ezarriko du gaur, Baionako polizia etxean. | Frantziako Poliziak Guillaume Fauveau argazkilaria mehatxatu du. Argazkilariak salaketa ezarriko du gaur, Baionako polizia etxean. | Lanean ari zela Frantziako Poliziaren mehatxuak jasan behar izan zituela salatu du Guillaume Fauveau argazkilariak. BERRIAko, Kazeta.eus atariko, Naiz-eko eta Mediabask-eko argazkilaria da Fauveau, eta, atzo, Baionako Alsace-Lorraine karrikan aritu zen lanean, Frantziako Poliziaren kontrol operazio batean. Bi funtzionariok prentsa agiria galdetu zioten, eta Fauveauk erakutsi zien. Hortik minutu gutxira, beste bi polizia hurbildu zitzaizkion, eta argazkiak hartzeari uzteko eskatu zioten. Gainera, gelditzen ez bazen salaketa jarriko ziotela esan zioten, mehatxatuz. Polizien argazkirik hartzeko eskubiderik ez zuela esan zioten, baina kazetariak argazkiak hartzeko eskubidea bazuela oroitarazi zien bi poliziei. Frantziako Poliziak Fauveauren prentsa agiria argazkitan hartu zuen. Fauveauk jakinarazi du salaketa ezarriko duela Baionako Polizia Etxean, gaur berean.
Frantziako Asanblea Segurtasun Orokorrerako legea aztertzen ari da egun hauetan. Legearen artikulu batek Frantziako Poliziaren irudiak filmatu eta zabaltzea debekatu nahi du, «polizien integritate fisiko eta moralaren kontra» doalakoan. Prentsa askatasunaren kontrako neurritzat jo dute anitzek, eta gogora ekarri dute azken urteetan polizia bortizkeriaren hainbat kasutan zabaldutako irudiak lagungarri izan direla horien harira egindako ikerketetan. Atzo, Parisen, ehunka lagun bildu ziren asanblearen aitzinean legea salatzeko. Frantziako Poliziak hainbat kazetari atxilotu eta zauritu zituen. |
2020-11-18 | https://www.berria.eus/albisteak/189929/aurtengo-parte-hartze-handia-nabarmendu-du-beldur-barik-programak.htm | Gizartea | Aurtengo «parte hartze handia» nabarmendu du Beldur Barik programak | 12 eta 16 urte bitarteko gazteek 200 lanetik gora aurkeztu dituzte aurten. Donostian egingo da sari banaketa, eta streaming bidez ikusi ahal izango da. | Aurtengo «parte hartze handia» nabarmendu du Beldur Barik programak. 12 eta 16 urte bitarteko gazteek 200 lanetik gora aurkeztu dituzte aurten. Donostian egingo da sari banaketa, eta streaming bidez ikusi ahal izango da. | Beldur Barik programa «erreferente finkatua» dela ondorioztatu du Emakundek. Izan ere, 200 lan baino gehiago aurkeztu dituzte 12 eta 16 urte bitarteko gazteek, eta, ezohiko baldintzak kontuan hartuta, parte hartze handia izan dela adierazi du Izaskun Landaida emakundeko zuzendariak, hiru aldundietako eta Eudeleko ordezkariekin batera egin duen agerraldian.
Bizkaitarrek aurkeztu dituzte lan gehien: 120, hain zuzen. Gipuzkoan, 69 ikus-entzunezkok hartu dute parte lehiaketan, eta Araban, 15ek. Gehienek taldean parte hartu dute, Emakundek azpimarratu duenez. Askotariko gaiak jorratu dituzte lehiaketara aurkeztutako pieza horietan: nesken ahalduntzea, generoak markatutako rolak eta estereotipoak, erantzun kolektiboa emakumeen aurkako indarkeriari...
Lan horien garrantziaz ere ohartarazi du Landaidak: «Lanetan antzeman daiteke gazteriak gero eta era argiagoan identifikatzen duela indarkeria sexista sortzen duten desberdintasun faktoreak». Horrez gain, adierazi du horrelako proiektuek hainbat ekarpen egiten dizkietela neskei eta mutilei. Neska gazteen kasuan, «ahalduntzea» eta «indarkeria egoerei erantzuteko gaitasuna» sustatzea errazten dutela azpimarratu dute. Mutilen kasuan, berriz, hausnarketa prozesuak bultzatzen dituzte, Emakunderen arabera: «Indarkeria erabiltzen duenari interpelazioa egiteko beharra identifikatzen dute, eta ez diete konplizitaterik erakusten». Mutil gisa dauzkaten «pribilegioen birplanteamendua» ere egiten dutela adierazi dute, eta neskekin «aliantzak» sortzen dituztela.
Sari banaketa Donostian izango da azaroaren 20an, arratsaldeko bostetan. Streaming bidez soilik ikusi ahal izango da, eta Nerea Arriolak aurkeztuko du ekitaldia. Nogen musika taldea eta Beatriz Gonzalez Rojo ere bertan izango dira. |
2020-11-18 | https://www.berria.eus/albisteak/189930/arriolaren-arabera-erritmo-laquosendo-baina-baretuanraquo-ari-dira-lanean.htm | Gizartea | Arriolaren arabera, erritmo «sendo baina baretuan» ari dira lanean | Jaurlaritzako Garraio sailburuaren hitzetan, Donostiako metroaren obren segurtasuna ezingo da bermatu harik eta tratamenduaren hiru faseak amaitu arte. | Arriolaren arabera, erritmo «sendo baina baretuan» ari dira lanean. Jaurlaritzako Garraio sailburuaren hitzetan, Donostiako metroaren obren segurtasuna ezingo da bermatu harik eta tratamenduaren hiru faseak amaitu arte. | Asteartean Zubieta kalean azaldutako zuloak Donostiako metroaren obren gaineko kezka areagotu du, aurretik ere ekainean soto batean zuloa agertu baitzen. Gaur, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak onartu du orain agertu den zuloa «erlazionatuta» dagoela ekainean azaldutakoarekin. Arriolaren esanetan, ekainean azaleratutako segurtasun arazoa konpontzeko lanetan jarraitzen dute, baina era berean onartu du ez direla gai bermatzeko ez dela egongo eragozpen gehiago, tratamendu prozesuaren «lehen fasean» baitaude.
Gaur, Txomiñenean zaharberritutako etxebizitzen inaugurazioan izan da Arriola, eta, ezinbestean, Easo plazatik Mirakontxa arteko obren nondik norakoez galdetu diote kazetariek. Ezin da ahaztu, ekainetik metroaren obra erabat korapilatu egin dela segurtasun arazoengatik. Arriolak azaldu du urratsak egiten ari direla: «Beti lehenesten dugu segurtasuna, eta, horretarako, pauso sendoz joango gara, baina aldi berean modu baretuan eta motel».
Arriolak baieztatu du astearteko bi metro diametroko zuloa erlazionatuta dagoela iragan ekainaren 5ean azaldutakoarekin. Oraingoan, haren azalpenen arabera, arroka porotsuetan presente dagoen bide karstiko batean barrena igaro da ura, eta zuloa eragin du. Arriolaren arabera, Euskal Trenbide Sareak tokian bertan konpondu zuen arazoa, eta inguru guztian ekainean azaldutako arazo horri aurre egiteko betetze lanetan dihardute.
Fasekako tratamendua
Gaineratu duenez, lehen fasean, zementu likidotu baten moduko kare-esne morteroa injektatzen ari dira «Kontxako arkupe azpian» —kare esne hori ondoren sendotu egiten da—. Bigarren fasean, «jada baimendutako antzeko tratamendu bat egingo da hondartzeko harearen azpian». Azkenik, Xabier Zubiri plazan ariko dira, Londres Hotelaren eta Easo kalearen artean sortzen den hiruki modukoaren gunean. Arriolaren arabera, fasekako tratamendu horrek hautatu dute, profesionalen irizpideek hala gomendatu baitiete.
Arriolak esan duenez, guztia amaitu arte, ezin da bermatu arazo gehiago sortuko ez denik; baina behin amaitutakoan, «lur azpiko arazoak konponduko dira, eta horrek guztiei segurtasun bermea eskainiko die». Hori egindakoan ekainetik geldi diren obrek aurrera egingo dutela ziurtatu du.
Eneko Goia Donostiako alkatea Txomiñenean izan da, eta adierazi du bizilagunekin bilduko dela arratsaldean eta horren guztiaren berri emango dietela zuzenean. |
2020-11-19 | https://www.berria.eus/albisteak/189931/fiskalak-eskatu-du-berriro-egiteko-bateragune-auziko-epaiketa.htm | Politika | Fiskalak eskatu du berriro egiteko 'Bateragune auziko' epaiketa | Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen akusatuen eskubideak urratu egin zirela, eta, ondorioz, Espainiako Auzitegi Gorenak epaia baliogabetu zuen. | Fiskalak eskatu du berriro egiteko 'Bateragune auziko' epaiketa. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen akusatuen eskubideak urratu egin zirela, eta, ondorioz, Espainiako Auzitegi Gorenak epaia baliogabetu zuen. | Fiskaltzak aintzat hartu du Vox alderdi ultraeskuindarrak aurkeztutako helegitea, eta Espainiako Auzitegi Gorenari eskatu dio berriro egiteko 'Bateragune auziko' epaiketa. 2012an, Auzitegiak sei urte eta sei urte eta erdi bitarteko zigorrak ezarri zizkien ezker abertzalearen bost kideri –Arnaldo Otegi, Rafael Ruiz Usabiaga, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Sonia Jacinto–, baina, geroago, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen epaiketa ez zela «inpartziala» izan, aho batez ebatzi ere, eta, ondorioz, Espainiako Auzitegi Gorenak epaia baliogabetu zuen. Orain, fiskaltzak uste du «prozedura akats bat» baino ez zela egon eta horrek ezin duela ekarri «errudunak zigorrik gabe uztea».
Vox alderdi ultraeskuindarrak aurkeztu zuen helegitea, eta alderdi hori izan da fiskaltzaren erabakiaren berri eman duena, sare sozialen bidez. Orain, Auzitegi Gorenak erabaki behar du fiskaltzaren eskaera aintzat hartzen duen –horrek epaiketa berriro egitea ekarriko luke– edo, aitzitik, bazter lagatzen duen.
Epaiketa berriro egitekotan, lehenengo urratsa izango litzateke epaimahaia osatuko luketen epaileak aukeratzea: izan ere, horretan datza Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak detektatutako irregulartasuna, epaiketa ez zela bidezkoa izan esatera eraman zuena; Arnaldo Otegiren defentsak helegitea aurkeztu zuen Angela Murillo epailea aukeratu izanaren kontra, hura «inpartziala» ez zelakoan, eta Auzitegi Gorenak ez zuen onartu helegite hori, aurreko beste auzi batean Murilloren kontrako errekusazioa onartu zuen arren.
Auzian zigortutako bost akusatuek aspaldi bete zituzten ezarri zizkieten zigorrak. Epaia baliogabetu zutenean, horrek ez zuen ondorio praktikorik ekarri prozesatuen egoerari zegokionez, Otegiri kargu publikoa izateko debekua kentzeaz gainera. Ikusteko dago zer gertatuko litzatekeen epaiketa berriz egingo balitz.
Auzitegi Nazionala, kontra
Edonola ere, Naiz agerkari digitalak azaldu duenez, Espainiako Auzitegi Nazionala berriro azaldu da epaiketa errepikatzearen kontra. Joan den urrian, atzera bota zuen AVT-Verde Esperanza elkartearen eskaera bat, epaiketa berriro egitekoa, eta orain, fiskaltzaren erabakia plazaratzeaz batera, ezker abertzaleko bost kideen defentsak jakin du Espainiako Auzitegi Nazionalak aukera hori baztertu duela ostera ere, «Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpenean eta Espainiako Auzitegi Gorenak oraindik orain plazaratutakoan ez delako horrelakorik aipatzen», Naiz-ek azaldutakoaren arabera. |
2020-11-18 | https://www.berria.eus/albisteak/189932/zalapartaren-erdian-kir-kir-egitea.htm | Kultura | Zalapartaren erdian kir-kir egitea | Bernardo Atxagak Euskadi Irratiko 'Faktoria' magazinean irakurritako 115 artikulu bildu ditu ‘Kilker bat autopistan’ liburuan. | Zalapartaren erdian kir-kir egitea. Bernardo Atxagak Euskadi Irratiko 'Faktoria' magazinean irakurritako 115 artikulu bildu ditu ‘Kilker bat autopistan’ liburuan. | «Astelehenero testu bat irakurtzea, eta bukaeran pentsatzen jartzea, eta irudipena izatea, izan dela kilker baten kantua, kantu soila; kir-kir egitea, trafiko handiko autopista baten erdian». Bernardo Atxaga idazleak etsipen sentsazio bera izaten zuen astelehenero Euskadi Irratiko Faktoria saioan bere gogoetak plazaratzen zituenean. Zaila egiten zitzaion pentsatzea irakurtzen zituenak zarataren artean, informazioaren autobidean galdu gabe, norbaitengana iritsiko zirela. Baina astero-astero lortzen zuen etsipena gainditzeko kemena, 115 astelehenez. Uhinetan esandakoak paperera irauli ditu orain, Kilker bat autopistan liburuan. Pamielarekin eman du argitara, eta gaur aurkeztu du, Aingeru Epaltza idazlearekin batera.
Aurtengo uztailera arte Faktoria saioaren zuzendari izandako Maite Artolak liburuaren hitzaurrean dio Atxagarengana jo zutela «agerikoak, zaratak, estaltzen duen hotsaren bila». Informazioaren zalapartaren azpian zer zegoen bilatzera. Hori izan ohi baita zutabegileen lana: albistearen haritik tiraka, gogoetak osatzea. Ordea, Atxagaren kasuan, abiapuntua eta helmuga beste batzuk dira, Aingeru Epaltzaren ustetan: «Atxagarentzat, errealitatea ez da abiapuntua: helmuga da. Errealitatearekin topo egiten du, eraikitzen edo marrazten duen bide horretan. Eta kazetaritzatik baino, kontakizunetik, saiakeratik edo memoria ariketatik gehiago duten testu horiek ez dute albistearen oihartzuna isiltzearekin batera balioa galtzen: irauten dute».
Irratiko zutabeetan, Atxaga aste osoan pentsatutakoa azaltzen saiatu da, eta sarritan talka izan du abiapuntu: «Errealitatearekin talka, tope, egin dudanean, hortik abiatuta, gogoeta eginez, antolatu ditut testuak». 2016ko udazkenetik aurtengo udara bitartean ondutako artikuluak dira liburuan bildu dituenak, eta aitortu duenez, bakar bat ere ez zitzaion eskura bakarrik etorri: oztopoak gaindituta eraiki zituen guztiak, kilkerrak autopistan bezala, «pentsamendu kritikoak dakartzan zailtasunekin».
Artolarena ez ezik, Joseba Sarrionandiaren hitzaurrea ere badu lanak. Sarrionandia ahots kritikoen premiaz mintzatu da: «Kilker bat bezala paratu beharra dago autopistako zangan, inork entzuten edo ulertzen ez duen mezu batekin apika, jendearen bizitza ziztu bizian doan artean».
Zerura igo da
Idazleak hiru ataletan banatu du liburua, hiru garaitan irakurri zituelako testuak: lehenengoari Minutuak kontatuta izena jarri dio, hasieran, 2016 eta 2017 artean, zutabeak hamar minutukoak zirelako, eta idazlea «erlojuaren aurka» aritzen zelako. Bigarrenak Zeruko kronikak izena du, haren aurreko euskal idazleak aipatzeko modu baten bila zegoela fikziora jo zuelako: zerura. «Denak zeruan daudenez, ni ere joan nintzen zerura, eta hor egokitu nituen denak». Hirugarrena, Lagunarteko kontuak izenekoa, aurten idatzitako testuekin osatu du, eta adiskideekin izandako solasaldietan oinarritu. Oztopoak izan ditu, jakina, izurriak kontaktuak murriztera behartu baitu.
Atxagarentzat, bigarren pasartea da bereziena, idazle askorekin elkartu baita testuetan: Julio Caro Baroja, Andolin Eguzkitza, Virginia Woolf, Gabriel Aresti... Testuetako batzuk idaztea hunkigarri gertatu zaio, baina umoretik egin ditu hein handi batean. Umorea du oinarri idazleak aurkezpenean adibidetzat jarritako pasarteak ere: «Zerura egin nuen aurreneko joanean Koldo Mitxelenarekin egokitu nintzen zeruko atean. Ari zen erretzen, zigarroa erretzen, hemen, munduan erretzen zuen bezala. Esan nion: orduan zu ere zeruan zaude? Eta esan zidan: bai, aukera eman zidaten zeruan edo infernuan egoteko, baina infernuan erretzea galarazita dago».
Irratian aireratutako testuek ahozko kutsu nabarmena zutenez, papererako egokitu behar izan ditu. Asun Garikanoren laguntzarekin editatu ditu, eta «lan itzela» izan dela aitortu du: «Liburuak esanaren kutsua hartu behar zuen, baina aldi berean testu izan. Gutxienez hiru hilabete hartu zituen lan horrek». Emaitza, 342 orriko liburua da. Artolak hitzaurrean dioen moduan, « |
2020-11-18 | https://www.berria.eus/albisteak/189933/abenduaren-2ra-atzeratu-dute-urrutikoetxearen-bigarren-estradizio-eskaria-aztertzea.htm | Politika | Abenduaren 2ra atzeratu dute Urrutikoetxearen bigarren estradizio eskaria aztertzea | 1980an hildako Luis Hergetari buruzko estradizio eskaera aztertu behar zuen gaur Parisko Dei Auzitegiak, baina forma akatsengatik atzeratu du. Haren aurkako lau Espainiaratze eskaeretatik bi onartu dituzte auzitegiek oraingoz, eta bat ukatu. | Abenduaren 2ra atzeratu dute Urrutikoetxearen bigarren estradizio eskaria aztertzea. 1980an hildako Luis Hergetari buruzko estradizio eskaera aztertu behar zuen gaur Parisko Dei Auzitegiak, baina forma akatsengatik atzeratu du. Haren aurkako lau Espainiaratze eskaeretatik bi onartu dituzte auzitegiek oraingoz, eta bat ukatu. | Josu Urrutikoetxea Espainiaratzeari buruzko lau auzietatik bat iragan behar zen gaur Parisko Dei Auzitegian: Luis Hergetaren (1980) hilketari buruzkoa. Epaileak, ordea, abenduaren 2ra atzeratzea erabaki du, forma akatsengatik. Data horretan aztertuko dute Espainiako Gobernuaren estradizio eskaera, baina baliteke erabakiaren berri aitzinago ematea.
Guztira bi euroagindu eskaera eta bi estradizio eskaera eginak dizkio Espainiak Urrutikoetxeari. 1987ko abenduan ETAk Zaragozako (Espainia) Guardia Zibilaren kuartelaren kontra egindako atentatuaren auzian estradizioa onartu zuen Dei Auzitegiak urtarrilean. Defentsak helegitea jarri zuen Kasazio Auzitegian, eta atzo eman zuten erabakiaren berri: Espainiaratzea onartu du auzitegiak. Herriko tabernen auziagatik ere Espainiaratzea onartu zuen Kasazio Auzitegiak azaroan, euroagindu eskaerari erantzunez. Barajasko auziagatiko euroagindu eskaera atzera bota zuen Dei Auzitegiak uztailean, ordea. Hergetarena ebaztea falta da.
Euroagindu eta estradizio eskaerez gain, bi epaiketa ditu Frantzian Urrutikoetxeak. Horietako bat otsailera gibelatu zuten, eta bertzea instrukziora bidali du epaileak. |
2020-11-18 | https://www.berria.eus/albisteak/189934/olivetti-plazaratu-du-aitziber-etxeberriak.htm | Kultura | 'Olivetti' plazaratu du Aitziber Etxeberriak | Idazlearen laugarren nobela da, eta iraganaren berreskurapena du ardatz, protagonistak bere gurasoen eta batik bat amaren historiaren atzetik osatzen duena. Ereinek argitaratu du. | 'Olivetti' plazaratu du Aitziber Etxeberriak. Idazlearen laugarren nobela da, eta iraganaren berreskurapena du ardatz, protagonistak bere gurasoen eta batik bat amaren historiaren atzetik osatzen duena. Ereinek argitaratu du. | Amak lana edo lanak ama, nork irentsi zuen nor, nork eraman zuen nor aurretik. Eta nola pentsatu hori orain, ama aspaldi joan zenean. Puntu horretara helduko da Ingrid, Olivetti Aitziber Etxeberria Garroren lan berriko protagonista: konturatzera ezagutu uste zuen amaren bizitza ez zela izan pentsatu bezalakoa. Bera munduratzeak jardun profesionala nola oztopatu zion bere amari, Elisari, eta, era berean, hark ikertzen segitzeko zuen gogoak nola urrundu ahal izan zuen ama bezala ustez zegokion lekutik. Horrek azal ditzake, hain justu, bere zauriak, bai eta oro har erakutsiko duen jarrera ozpina ere. Etxeberria: «Gizarte are patriarkalago batean, emakume askori gertatu zitzaien ama izatean bere lana utzi beharra. Elisa ez zen horretatik salbatu, eta bere gizonarekin ere ez zuen konponbiderik aurkitu».
Izenburuak eta azalean bertan ageri den idazmakinak eramango du irakurlea nobelaren «bihotzera», Iñaki Aldekoa Erein argitaletxeko kideak aurreratu duenez. Hura izango da Ingridek tira egiteko jasoko duen lehen haria. Zehatzago, notarioak emango dion idazmakina baten argazki bat izango da hori, non ulergaitz zaion aipamen bat irakurri ahal izango duen. Aita hil berritan hasiko da notarioarenganako joan-etorrian. Tramite huts izan behar zuena, baina, bizitza aldrebestuko dion bisita bihurtuko da. Testamentuak aitaren azken borondatea ez ezik amarena ere ekarriko baitu, bera ume zela hil zen amarena. Eta paperen artean hor, idazmakinaren argazki horitua.
Urak kanalizatzen lan egiten duen andre bat da Ingrid, 45 urteren bueltakoa. Aita hil berri zaio, ama lehenago, eta hamar urte dira ahizpa ikusten ez duela. «Oso bakarrik» eta orain «munduarekin haserre» sentitzen den norbait da, egilearen hitzetan. «Oso bizitza tristea» daramana, Aldekoaren esanetan. Bilaketak, baina, mugimenduan jarriko du, eta ekintza eta elkarrizketa ugariren bidez agertu du hori idazleak.
Andreen itzala
Kontakizun osoan azpitik doazen bi ideia nagusi aipatu ditu: batetik, gertuko norbaiten heriotzak ekartzen duen birkokatze ariketa. «Pertsona horren bizitza berrikusi egiten da, eta bere intimitatean arakatzea ere ekartzen du, bere paperak, arropak... begiratzea. Topatzen dira espero ez diren gauzak, eta hori bada liburuaren ardatzetako bat». Emakumeek bete izan duten lekua eta haien ikuspuntua seinalatu ditu, bestetik. «Askotan ikusi dugu gizonezkoen bizitzei garrantzia gehiago ematen zaiela emakumeenei baino; normalean bigarren planoan geratzen dira guk egiten ditugunak, gizarteak ikusiko ez balitu bezala».
Andreen ekarpenarekiko itzal hori zientziaren munduan nabarmena dela adierazi du egileak. Liburura eraman duen eremu bat da, hain zuzen, Elisaren ofizioari dagokiona, eta Marie Curie ikerlari ospetsuari lotutako anekdota bat ere aipatu du, eleberria idatzi bitartean zer pentsatua eman eta buruan zebilkion sentsazioa berretsi ziona. «Liburutegira joan eta galdetu nion liburuzainari ea Irene Joliot-Curieri buruzko lanik ba al zeukan. Esan nion Marie Curien alaba zela. Eta esan zidan: «Bere alaba? Eta berak zer egin zuen ba»?. Esan nion Nobel saria irabazi zuela hark ere. Zuri geratu zen. Dira gauza batzuk inork ez dakizkienak, eta hori Marie Curie bezalako sinbolo batez ari garela. Gure inguruko emakumeen inguruko ezagutza maila oso baxua da, ez dira aintzakotzat hartzen askotan».
Andreen esperientzia lehen lerrora ekarri nahi hori beste pertsonaia baten bidez ere bete du Etxeberriak: Matilde izeneko 80 urteko andre batekin. «Garai bateko emakumeek zeri aurre egin behar izan dioten azalduko du». Dusty izango da beste pertsonaia esanguratsu bat; Ingriden lagun tatuatzailea.
Besteen iragana norberarengan Intrigazko tonu batekin eraiki du istorioa Etxeberriak, protagonistaren ama izateaz gain, apurka andre hura nor izan zen ikertzen eta argitzen joango da hala irakurlea. Horrek osatuko du trama, baina haren muinean «gizarte tradizional» baten isla agertuko dela nabarmendu du Aldekoak. 1970eko urteak izango dira Ingriden gurasoak Paristik Francoren diktadurapeko Euskal Herrira etorriko direnean, eta, hain justu, giro aldaketa horrek zertuko du haien patua Aldekoarentzat, bereziki Elisaren kasuan. «Badirudi Paris batetik etorrita, eta batez ere gizonaren kasuan, hori baino mundu gehiago izan behar lukeela, baina ez; hemengo giro tradizionalean eta mentalitate zaharrean errotzen da, eta hortxe erabakitzen da pertsonaia horien patua, emakumearentzat erabat bigarren mailakoa dena».
Horretaz jabetzea ez zaio gozoa izango protagonistari, eta are gehiago sutuko dio animoa. Aldekoa: «Iragan horren ondorioa berak jasaten du, tartean, amaren maitasunik gabe hazi izanarena».
Laugarren eleberria du hau Etxeberriak. Haur eta gazte literaturako lanak aparte, aurretik ditu emanak Tango urdina (2003), 31 Baioneta (2007) eta Nomada (2016). |
2020-11-18 | https://www.berria.eus/albisteak/189935/euskal-herrian-eginiko-optika-zuen-galduriko-sateliteak.htm | Gizartea | Euskal Herrian eginiko optika zuen galduriko sateliteak | Hamairu urteko eta milioika euroko lana hauts bihurtzen ikusi zuten atzo Getxoko Sener enpresako ingeniariek. | Euskal Herrian eginiko optika zuen galduriko sateliteak. Hamairu urteko eta milioika euroko lana hauts bihurtzen ikusi zuten atzo Getxoko Sener enpresako ingeniariek. | Galdutzat eman zuen atzo Europako Espazio Agentziak Vega VV17 misioa. Suziriak bi satelite zeramatzan, haiek orbitan jartzeko: ESAren SEOSAT-Ingenio eta CNES Frantziako espazio agentziaren Taranis. Lehenengo gailuaren zati bat Euskal Herrian diseinatu eta egin zuten. Getxoko (Bizkaia) Sener enpresako ingeniariak 13 urtez aritu ziren horretan.
Espero bezala aireratu zen suziria Kouroutik (Guyana Frantsesa). Gailuaren lehen hiru faseek ongi bete zuten lana, baina gailuak airean zortzi minutu zeramanean, laugarrena piztu zuten. Orduan suziria desbideratzen ari zela sumatu zuten. Gailuaren kontrola galdu zuten, eta, horrekin, misioa.
Lurrera erori zen suziria, inor bizi ez den gune batean, eta erabat suntsitu ziren zeramatzan bi sateliteak, ehunka euroren baliokoak.
2006. urtetik aritu dira Getxoko Senerren satelitearen tresnarik garrantzitsuena eraikitzen, eta iaz entregatu zuten, espaziora bidal zezaten. SEOSAT-Ingenio irudiak hartzeko satelitea zen. Horren kamera egin zuten Senerkoek. Hainbat uhin motatako irudiak har zitzakeen, bereizmen handiz. Lurraren argazkiak hartu behar zituen etengabe, tartean Euskal Herrikoak. Egunero 2,5 miloi kilometro koadro erretratatu behar zituen.
670 kilometroko orbita batean jarri nahi zuten, eta han eduki zazpi urtez lanean.
Baina, azkenean, urte askoko lana hauts bihurtu da, suziria muntatzeko orduan eginiko giza huts batengatik, ESAk esan duenez.
«Egoera bikoitzean gaude», esan du gaur, ETB1en, Sener enpresako antolakuntza zuzendari Iñaki Pintok. «Alde batetik, harro sentitzen gara halako tresna zaila eta garrantzitsua egin dugulako; beste alde batetik, pena dugu, satelite hori ez delako orbitan egongo bere helburua betetzen. Gure bizitzako atal garrantzitsu bat utzi dugu».
Getxoko enpresak lan asko egin ditu espaziorako teknologiaren alorrean: besteak beste, espazio teleskopioetarako HI-Prest izeneko zehaztasun handiko eskaner bat, eta William Herschel teleskopioarentzako zuzentzaile optiko bat. ESAren Juice satelitearen eguzki panelak lurrean ezartzeko muntatzean parte hartzen ari da. Jupiter planetaren atmosfera ikertzea da satelite horren helburua, baita Europa, Kalisto eta Ganimedes ilargiak ere. 97 metro koadroko eguzki panelak izango ditu Juice-k.
Vega VV17 misioak huts egin izanak ez dio kalterik egingo enpresari, eurek kontratua bete eta gailua entregatu egin zutelako. ESAk ikerketa zabaldu du hutsegitearen arrazoiak eta erantzukizunak argitzeko. |
2020-11-19 | https://www.berria.eus/albisteak/189965/minutu-bateko-isilunea-egin-dute-brouarden-omenez-gasteizko-legebiltzarrean.htm | Politika | Minutu bateko isilunea egin dute Brouarden omenez Gasteizko legebiltzarrean | Minutu bateko isilunea egin dute Brouarden omenez Gasteizko legebiltzarrean. | GALek Santi Brouard hil zuela 36 urte beteko dira bihar. Brouard, HBko legebiltzarkidea zen. Hori dela eta, urtero egin ohi duten legez, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiek egin dute minutu bateko isilunea osoko bilkura hasi aurretik, haren omenez.
Eusko Legebiltzarrak 2014an hartutako erabaki baten arabera, gatazkaren ondorioz hildako legebiltzarkide ohien aldeko minutu bateko isiluneak egin ohi dituzte urtero. Fernando Buesa, Enrique Casas, Gregorio Ordoñez eta Santi Brouard hartu ohi dituzte gogoan.
Brouard 1984ko azaroaren 20an hil zuen GALek. Pediatra zen, eta kontsulta pasatzen ari zen bitartean tirokatu zuten.
Minutu bateko isilunea gordetzearekin batera, legebiltzarraren aurrean jarri dute Brouarden argazki bat eta piztu dute suontzi bat haren omenez. | |
2020-11-19 | https://www.berria.eus/albisteak/189966/1207-kasu-positibo-zenbatu-dituzte-hego-euskal-herrian.htm | Gizartea | 1.207 kasu positibo zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian | Atzo egindako proben %7k eman dute positibo Hegoaldean. Araban eta Gipuzkoan ugaritu egin dira kasuak, Bizkaian eta Nafarroan, berriz, bezperan baino gutxiago detektatu dituzte. Koronabirusarekin eri ziren 66 lagun erietxeratu dituzte azken egunean. 188 lagun daude ZIUetan. | 1.207 kasu positibo zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian. Atzo egindako proben %7k eman dute positibo Hegoaldean. Araban eta Gipuzkoan ugaritu egin dira kasuak, Bizkaian eta Nafarroan, berriz, bezperan baino gutxiago detektatu dituzte. Koronabirusarekin eri ziren 66 lagun erietxeratu dituzte azken egunean. 188 lagun daude ZIUetan. | Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, beste 1.207 COVID-19 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian; bezperan baino bat gutxiago. Osasunbideak eta Osakidetzak birusa atzemateko 16.951 proba egin zituzten atzo, bezperan baino 793 gutxiago. Zehazki, proben %7,1k eman dute positibo.
Lurraldeka, Gipuzkoan zenbatu dute positibo gehien Hegoaldean: 478 izan dira, aurreko egunean baino hemeretzi gehiago. Bizkaia du atzetik: 432 kasu izan dira lurralde horretan, eta, beraz, kopurua apaldu egin da bezperako datuen aldean (459). Nafarroan 138 izan dira, bezperan baino 20 gutxiago, eta Araban, berriz, 136 positibo atzeman dituzte asteazkenean eginiko probetan; zehazki, joan den egunean baino hamalau gehiago.
Datuek erakusten dute Nafarroan sendotzen ari dela beheranzko joera. Izan ere, foru erkidegoan 200 koronabirus kasu baino gutxiago atzeman dituzte bosgarren egunez jarraian. Zehazki, PCR probak eta antigeno testak aintzat harturik, Osasunbideak 2.065 proba egin zituen atzo, eta horien %6,7k eman dute positibo. Aurreko eguneko datuen aldean, hazi egin da positiboen ehunekoa, kasu gutxiago atzeman arren. Asteartean, 2.815 proba egin zituen Osasunbideak, eta horien %5,6k eman zuten positibo: 158 izan ziren.
Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, berriz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako testen %7,18k eman dute positibo azken egunean. 14.886 proba egin zituen atzo Osakidetzak.
Halaber, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du birusarekin eri ziren zazpi pertsona zendu direla azken egunetan foru erkidegoan; horietatik lau atzo hil ziren, eta aurreko egunetan hildakoak dira gainerako hirurak. Gobernuak emandako datuen arabera, 81 eta 100 urte bitartekoak ziren hildako pertsonak.
188 lagun daude Hegoaldeko ZIUetan
COVID-19arekin eri ziren 66 lagun ospitaleratu zituzten atzo Hego Euskal Herrian. Horiek aintzat harturik, oraintxe bertan guztira 860 pertsona daude gaitzarengatik ospitaleratuta. Zehazki, 672 gaixo gela arruntetan daude erietxeratuta, eta 188 lagun daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan; hau da, bezperan baino zazpi gutxiago. |
2020-11-19 | https://www.berria.eus/albisteak/189967/oiartzungo-amazon-ez-irekitzeko-eskatu-dute-merkataritza-elkarteek.htm | Ekonomia | Oiartzungo Amazon ez irekitzeko eskatu dute merkataritza elkarteek | Biltegia saltokiaren oinarrizko parte bat dela diote, eta baimena ukatzeko eskatu diote udalari | Oiartzungo Amazon ez irekitzeko eskatu dute merkataritza elkarteek. Biltegia saltokiaren oinarrizko parte bat dela diote, eta baimena ukatzeko eskatu diote udalari | Amazonek Oiartzunen (Gipuzkoa) ireki nahi duen zentroak merkataritza gune batentzako baimena beharko luke, Dendartean eta Euskaldendak elkarteen arabera, eta ez zentro logistiko batentzakoa, AEBetako konpainiak eskatu duen moduan. Horregatik, zentro hori zabaltzeko baimena ukatzeko eskatu diote Oiartzungo Udalari Dendartean eta Euskaldendak merkataritza elkarteek. Lanbarren industrialdeko Talleres San Joseren lokaletan ireki nahi du Amazonek zentro berria, biltegia izango dena,
munduko banaketa enpresa handienaren arabera. Talleres San Jose izan denaren eraikina logistika zentroen kalifikazioa izan du orain arte, baina Amazonen jarduera bestelakoa izango dela diote merkatarien elkarte horiek. Horregatik, uste dute udala ez dabilela zuzen esaten duenean ezin duela oztopatu operazio hori, legezkoa dela alegia
«Amazonen jardueraren helburua erosle partikularrei ondasunak saltzea denez, zentro horren jarduera online merkataritza izango litzateke, jarduera logistikotik harago, eta, horregatik, merkataritza gune baten baimena beharko luke», azaldu dute Dendartean eta Euskaldendak elkarteek. Edozein saltokiren biltegia «negozioaren parte den moduan», merkataritza elkarteek uste dute Amazonen biltegia ere horrela izango litzatekeela, «Internet sarearen bidez milaka txikizkako salmenta burura eramateko oinarrizkoa» izango bailitzateke.
Mugak handiei
Salmentarekin lotutako egituren baimenak interes publikoarekin lotuak daudela gogoratu dute, «oreka, jasangarritasuna, aniztasuna eta gertutasuna» bermatzeko. «Konpainia handien merkataritza elektronikoak ez die inolako abantailarik ekartzen helburu horiei; eta, beraz, besteei bezala konpainia handiei ere muga horiek jarri behar zaizkie».
Horiek horrela, Amazonek Oiartzunen ireki nahi duen zentroa biltegi bat baizik ez den ala ez, hori izan daiteke aldagai giltzarria aurrerantzean. Alegia, biltegia txikizkako operazioak egiten dituen saltoki erraldoi baten parte bat baino ez dela erabakitzen badu, Oiartzungo Udalak aukera izango du baimena ukatzeko AEBetako konpainiari. Edonola ere, udalak orain arte esandakoa da jaso duen baimena biltegi bat zabaltzeko dela, eta Amazonek baliatu nahi duen Lanbarreko eraikina biltegi izateko baimena daukala. |
2020-11-19 | https://www.berria.eus/albisteak/189968/navarra-sumak-osoko-zuzenketa-aurkeztu-die-aurrekontuei.htm | Politika | Navarra Sumak osoko zuzenketa aurkeztu die aurrekontuei | Eskuineko koalizioak argudiatu du lege proiektuak ez diola erantzuten Nafarroak datorren urtean behar dituen behar sozial eta ekonomikoei | Navarra Sumak osoko zuzenketa aurkeztu die aurrekontuei. Eskuineko koalizioak argudiatu du lege proiektuak ez diola erantzuten Nafarroak datorren urtean behar dituen behar sozial eta ekonomikoei | Espero zen mugimendua egin du Navarra Sumak. Larunbatean, Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordioaren berri eman ondotik, eskuineko koalizioak 2021eko aurrekontuaren lege proiektuaren gaineko zuzenketa eta zerga neurrien gaineko zuzenketa aurkeztu ditu. Datorren ostegunean eztabaidatuko dira, baina egun horretan izango duen protagonismo politikoaz harago, ez doa inora, gainerako taldeek atzera botako baitute.
Aurrekontuen gaineko testuan, Navarra Sumak dio ez diola erantzuten lurraldearen behar ekonomiko sozialei eta ez duela balio «benetako aberastasun iraunkor baterako eredurantz» joateko. «Bien arteko oreka bilatu beharrean, ezerezean geratzen da». Pandemiari dagokionez, dokumentuan baikortasun bat islatzen dela uste du, eta, koalizioaren ustez, «bide luzea» geratzen da oraindik. Azpiegitura handien aldeko apusturik ez dela egiten gaineratu du.
Gastu igoera aldarrikatu ostean, zergei dagokionez, diru sarrerak jaistea proposatzen du, gehiegi zehaztu gabe: «jarduera suspertuko duten pizgarriak» eskatzen ditu eskuineko koalizioak, zerga bidez «aurrezkia eta inbertsio produktiboa» bultzatuz. Kexu da inguruko lurraldeen aldean «zerga desabantaila» duelako, Herritarrak «galtzaile nagusi» direla dio. |
2020-11-19 | https://www.berria.eus/albisteak/189969/esportazioak-187-apaldu-dira-irailera-arte-hego-euskal-herrian.htm | Ekonomia | Esportazioak %18,7 apaldu dira irailera arte Hego Euskal Herrian | Auto esportazioak %27 txikitu dira urteko lehen bederatzi hilabeteetan. | Esportazioak %18,7 apaldu dira irailera arte Hego Euskal Herrian. Auto esportazioak %27 txikitu dira urteko lehen bederatzi hilabeteetan. | Eustaten eta Espainiako Industria eta Merkataritza Ministerioaren arabera, Hego Euskal Herriko enpresek 21.444,7 milioi euroren esportazioak egin dituzte 2020. urteko lehen bederatzi hilabeteetan, iaz epe horretan baino 4.942 milioi gutxiago (-%18,7). 2019an marka hautsi zuten esportazioek, 35.544 milioi euroren salmentak egin zituztelako Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpora.
Irailean erorikoa ez da hain handia izan, %7,7 txikitu baitira 2019arekin alderatuz gero.
Are gehiago ari dira txikitzen inportazioak: %19,2 irailean, eta %23,2 urteko lehen bederatzi hilabeteetan.
Ekipo ondasunak (%37) eta autogintza (%22,4) dira esportazio nagusiak. Bigarrena jaitsi da gehien: %27,5 lehen bederatzi hilabeteetan.
Lurralde guztietan txikitu dira esportazioak: -%21 Gipuzkoan, -%20,7 Bizkaian, -%16,9 Araban, eta -%16,3 Nafarroan.
Bezero nagusiak
Ministerioaren datuen aldean, informazio zehatzagoa ematen du Eustatek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuen inguruan. Horien arabera, 2020ko lehenengo bederatzi hilabeteotako rankingaren arabera, Alemania da herrialde hartzaile nagusia, esportazio guztien %17,6 baititu (2.664,8 milioi). Frantzia dator gero (%15,5 eta 2.351,5 milioi), AEBak (%6,7 eta 1.014,4 milioi) eta Erresuma Batua (%6,4 eta 966,8 milioi). Lau herrialde horietara egin dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako esportazioen ia erdiak (%46,2). EAEko inportazioak, berriz, irailera arte, 11.514,7 milioi eurorenak izan dira, iazko aldi berean baino 3.632,2 milioi gutxiago.
2020ko lehenengo bederatzi hilabeteetako aldian gehien saldu diren hamar produktuek (muga zergen diru sailak) 6.035,7 milioi euro bildu dituzte, kopuru osoaren %39,8. Horien artean, batek bakarrik ez du atzera egin: burdinbide eta antzekoetarako ibilgailuen partea osatzen duen atalak: %85,5eko hazkundea izan du, 131,7 milioi gehiago. Gainerako atalak 2019ko aldi berean esportatutakoaren azpitik daude. Jaitsiera gehienak 100 milioi eurotik gorakoak dira, eta horietatik lau, gainera, 350 milioi eurotik gorako beherakadekin. Asko jaitsi direnen artean, badira hiru atal automobilgintzarekin lotuak.
Gainera, hamar pertsona baino gutxiagoko turismoaren atala %21,8 jaitsi da (369,3 milioi gutxiago), ibilgailu automobilen zatiak eta osagarriena %26,5 (356,6 milioi gutxiago), eta automotorrak, trenbideetarako eta tranbia autopropultsatuetarako atala, berriz, %66,5 (537,6 milioi gutxiago). Petrolio olio finduak ere nabarmen egin dute behera (%36,9 eta 388,5 milioi gutxiago). |
2020-12-1 | https://www.berria.eus/albisteak/189970/sexuari-buruzko-esamoldeak.htm | Gizartea | Sexuari buruzko esamoldeak | Nola ez, sexuaz ere hitz egin daiteke euskaraz. Hala, hemendik aurrera erabil ditzakezun hainbat esamolde zerrendatu ditu BERRIAk. Izan ere, ba al dakizu zer den tipula zuritzea? Eta partxisean jokatzea? | Sexuari buruzko esamoldeak. Nola ez, sexuaz ere hitz egin daiteke euskaraz. Hala, hemendik aurrera erabil ditzakezun hainbat esamolde zerrendatu ditu BERRIAk. Izan ere, ba al dakizu zer den tipula zuritzea? Eta partxisean jokatzea? | Euskarak ez du mugarik, ezta askotan tabutzat jotzen diren gaiez hitz egiteko ere. Izan ere, bideoak sexuaz hitz egiteko hainbat esamolde aurkezten ditu. Batzuk ezagunak, baina beste batzuk, berritzaileagoak. Horra, beraz, beroaldia iristen denean erabil daitezkeen hitzen zerrenda.
Azken aurreko bideoak gazteen esamoldeak izan zituen hizpide:
Aurreko bideoak hainbat animaliaren onomatopeiak bildu zituen:
Haurren hizkerari dagokiona izan zen lehenengoa:
Euskaraldiari buruzko BERRIAren beste bideo batzuk:
Lutxo Egiaren 2018ko gomendioak Euskaraldian parte hartzeko
Ikastetxe atarietako hizkuntz ohiturak
2018ko Euskaraldiko bizipenak
2020ko Euskaraldiko bideoklipa
Bigarren Euskaraldia: norbanakotik kolektibora
Gaztealdia (I)
Gaztealdia (II)
Gaztealdia (III)
Gaztealdia (IV) |
2020-11-19 | https://www.berria.eus/albisteak/189971/bihar-itzuliko-da-goazen.htm | Bizigiro | Bihar itzuliko da 'Go!azen' | Aurreneko aldiz, Downen sindromea duen aktore batek parte hartuko du: Endika Zamalloak. Denboraldi honetan ez dute antzezlanik egingo: kontzertuak emango dituzte. Aurrenekoa, hilaren 29an, Azpeitian (Gipuzkoa). | Bihar itzuliko da 'Go!azen'. Aurreneko aldiz, Downen sindromea duen aktore batek parte hartuko du: Endika Zamalloak. Denboraldi honetan ez dute antzezlanik egingo: kontzertuak emango dituzte. Aurrenekoa, hilaren 29an, Azpeitian (Gipuzkoa). | Hainbat hilabetez zain egon behar izan dute Go!azen-en zaleek, baina, bihartik aurrera, zazpigarren denboraldiko atalez gozatu ahalko dute. Ohiko moduan, ETB1ek ostiraletan emango du haurrentzako telesaila, 21:00etan.
Aktore berrien artean, Downen sindromea duen aktore bat egongo da: Endika Zamalloa. Basakabiko mantentze lanez arduratuko den gaztearen rola jokatuko du: Aitor.
Izango dira aktore berri gehiago ere: Ander Lacalle, Nerea Elizalde eta Aiziber Errazkin. Ikasleak izango dira horiek. Ingeles irakaslearena, berriz, Maria Cruickshankek (Goenkale-n aritutakoa) egingo du. Gainera, Asier Burguete aktorea itzuliko da —Markelena egiten du, eta, urtebetez telesailean egon ez bada ere, Basakabira itzuliko da, bekadun gisa—.
Aurreko denboraldian parte hartu zuten aktore askok telesailean jarraituko dute: Lorea Intxausti, Esti Lopez, Danae Riaño, Maria Redondo, Markel Sanz, Xanti Korkostegi, Itziar Urretabizkaia eta Karmele Larrinaga.
Aplikazioa berritu dute
Bestetik, gailu eramangarrietarako aplikazioa berritu egin dute. Aurtengo berezitasun handienetako bat interaktibitatea izango da. Telesailaren aplikazioa dutenek pertsonaien argazkiak eta bideoak jaso ahalko dituzte. Gainera, telesailean abestiak entzuten direnean, karaokeko letra ere jasoko dute sakelakoan edo tabletan. Izan ere, telesailaren zuzeneko emisioak ikusten dituzten ikus-entzuleak saritu nahi ditu Go!azen-ek.
Kontzertuak
Koronabirusak sortutako egoeraren eraginez, aurten ezin izango dute telesaileko tramekin lotutako antzezlana egin, baina kontzertuak egingo dituzte. Telesaileko aktore gazteak oholtza gainean kantuan ikusi ahalko dituzte neska-mutikoek. Lehen kontzertua hilaren 29an emango dute, Azpeitian (Gipuzkoa). Hauek dira kontzertuen hurrengo datak: Andoainen (Gipuzkoa), abenduaren 23an; Zornotzan (Bizkaia), abenduaren 26an; Sestaon (Bizkaia), abenduaren 28an; Lazkaon (Gipuzkoa), abenduaren 29an; Mungian (Bizkaia), abenduaren 30ean; Ermuan (Bizkaia), urtarrilaren 4an; Tolosan (Gipuzkoa), urtarrilaren 9an; Oñatin (Gipuzkoa), urtarrilaren 10ean; Eibarren (Gipuzkoa), urtarrilaren 16an; Iruñean, urtarrilaren 17an; Arrigorriagan (Bizkaia), urtarrilaren 24an; Zallan (Bizkaia), urtarrilaren 30ean; Donostian, otsailaren 20an eta 21ean; Villabonan (Gipuzkoa), otsailaren 28an; Azkoitian (Gipuzkoa), martxoaren 13an; Elgoibarren (Gipuzkoa), apirilaren 18an; eta Basaurin (Bizkaia), apirilaren 25ean. |
2020-11-19 | https://www.berria.eus/albisteak/189972/virgin-telcok-58000-bezero-lortu-ditu-sei-hilabeteko-ibilbidean.htm | Ekonomia | Virgin telcok 58.000 bezero lortu ditu sei hilabeteko ibilbidean | Euskaltel konpaniak Espainiako eta Kataluniako merkatuetarako baliatu duen bigarren markak zuzendaritzaren aurreikuspenak gainditu ditu. | Virgin telcok 58.000 bezero lortu ditu sei hilabeteko ibilbidean. Euskaltel konpaniak Espainiako eta Kataluniako merkatuetarako baliatu duen bigarren markak zuzendaritzaren aurreikuspenak gainditu ditu. | Sei hilabete beteko dira bihar Euskaltel taldeak Virgin telco abian jarri zuenetik, pandemia bete-betean. Konpainiak jakinarazi du «arrakasta handia» lortu duela marka berriarekin Espainiako merkatuan, eta gainditu egin dituela taldeak aurreikusitako emaitzak. Maiatzaren 20tik 58.000 bezero lortu ditu Virginek. Horietatik, 43.000 finkoko bezeroak dira, eta 15.000 sakelakoenak. Euskaltelen helburua zen urtea amaitzerako 35.000 bezero finko lortzea, eta, hilabete baino gehiago falta dela, kopuru hori % 23 handiagoa izatea lortu du.
«Sarearen aparteko bilakaera» da, hein batean, hazkunde garrantzitsu horren arrazoia, konpainiak azaldu duenez; lehen seihileko honetan, Virgin telco ia 21,5 milioi etxetara iritsi da jadanik, aurreikusitako 18 milioietatik gora. 3,2 milioi baino gehiago Madrilen, ia 3 milioi Bartzelonan, 1,3 milioi baino gehiago Valentzian, eta ia milioi bat Malagan, Sevillan eta Alacanten. Hilabete hauetan, hitzarmenak egin ditu telekomunikazioen sektoreko konpainia batzuekin: Orange eta Telefonicarekin, erregulaziotik kanpoko eremuetan NEBA zerbitzuak eskaintzeko, eta Adamorekin, haren zuntz optikoko sarea erabiltzeko. «Hitzarmen horiek giltzarriak izan dira sarearen bilakaerarako».
Jose Miguel García Euskaltel Taldeko kontseilari ordezkariaren arabera, «izugarri» hazi da Virgin telcoren proiektua. «Oso argi daukat Virgin telcok etorkizun oparoa duela Espainiako telekomunikazioen sektorean. Hasi besterik ez gara egin, eta ahalegin horretan jarraituko dugu: bezeroari bere beharretara hobekien egokitzen diren zerbitzuak eskaintzen, gardentasunez, erraztasun guztiekin eta malgutasun handiarekin. Bezeroa egongo da, aurrerantzean ere, gure negozio estrategiaren erdigunean. Itxaropentsu gaude 2021erako; nobedadez betetako urtea izango da». |
2020-11-19 | https://www.berria.eus/albisteak/189973/europako-batzordeak-inbertsioak-eta-gida-bat-onartu-ditu-antigeno-testak-sustatzeko.htm | Mundua | Europako Batzordeak inbertsioak eta gida bat onartu ditu antigeno testak sustatzeko | Proba azkarrak noiz eta nola erabili azaltzeko argibideak eman dizkie Europako Batasuneko kideei. Estatuetako liderrak gaur bilduko dira, eta pandemiari aurre egiteko neurriak aztertuko dituzte. | Europako Batzordeak inbertsioak eta gida bat onartu ditu antigeno testak sustatzeko. Proba azkarrak noiz eta nola erabili azaltzeko argibideak eman dizkie Europako Batasuneko kideei. Estatuetako liderrak gaur bilduko dira, eta pandemiari aurre egiteko neurriak aztertuko dituzte. | Antigeno test azkarra erabiltzeko apustua egina du Europako Batasunak. Gaixo asintomatikoak ahalik eta lasterren atzemateko baliabide ezinbestekotzat jo zituen Europako Kontseiluak, joan den urriaren 28ko bilkuran, eta horiek PCR probekin batera erabiltzea gomendatu zien batasuneko estatu kideei.
Aholku horri jarraikiz, Europako Batzordeak hainbat neurri hartu zituen atzo. Batetik, gida bat osatu du ECDPC Europako Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Zentroaren ekarpenak eta estatu kideenak aintzat hartuta. Gida horrek zenbait irizpide jasotzen ditu zehazteko zer antigeno test aukeratu behar diren, noiz erabili behar diren eta nork ezarri behar dituen.
Estatuek proba azkarrak egiteko duten gaitasuna indartu nahi duela adierazi du batzordeak, eta, horretarako, hitzarmen bat sinatu du Gurutze Gorriarekin eta Ilargi Gorriarekin. 35,5 milioi euro bideratuko ditu bi erakunde horietara, bertako langileak trebatzeko, horiek ere antigeno probak egin ditzaten.
Horrez gain, Europako Batzordeak dei egin die kideei elkarren testen emaitzak baliozkotzat jotzeko. Neurriari garrantzia aitortu dio, mugaz gaindiko pertsonen joan-etorriak, kutsatuen kontaktuen jarraipena eta tratamendua erraztu ahal izateko. Barne merkatuarentzat ere urrats onuragarria izango dela uste du batzordeak.
Europako Batasuneko estatu kideetako liderrak gaur bilduko dira, Bruselan, eta COVID-19aren pandemiari aurre egiteko neurriak aztertuko dituzte. Besteak beste, antigeno test azkarrei begirakoak. |
2020-11-19 | https://www.berria.eus/albisteak/189974/etxerat-ek-salatu-du-laquobakarrikraquo-hamazazpi-preso-daudela-euskal-herriko-kartzeletan.htm | Politika | Etxerat-ek salatu du «bakarrik» hamazazpi preso daudela Euskal Herriko kartzeletan | Espainiako Gobernuak 74 preso hurreratu ditu, eta, urrats hori begi onez hartu arren, ohartarazi du Espainiako Estatuko espetxeetan diren presoen %49 eta Frantziako Estatuan direnen %20 600 kilometrotik gorako distantziara diren kartzelatan daudela. | Etxerat-ek salatu du «bakarrik» hamazazpi preso daudela Euskal Herriko kartzeletan. Espainiako Gobernuak 74 preso hurreratu ditu, eta, urrats hori begi onez hartu arren, ohartarazi du Espainiako Estatuko espetxeetan diren presoen %49 eta Frantziako Estatuan direnen %20 600 kilometrotik gorako distantziara diren kartzelatan daudela. | Pixka bat arindu da presoen eta haien senideen egoera, baina «ez da nahikoa». Etxerat elkarteak begi onez hartu du Espainiako Gobernuak 74 preso hurreratzeko hartutako erabakia. Dena den, egun kartzeletan diren 223 presoetatik hamabost baino ez daude Euskal Herriko kartzeletan. Ondorioz, euskal gizartearen eskaeretatik «urrun» dago oraindik Madril. Etxerat-en arabera, Fernando Grande Marlaska Espainiako Barne ministroak «esaten duenetik egiten duenera alde handia» dago.
Presoen egoeraren gaineko argazkia eman du Etxerat-ek, Hernanin egindako agerraldian. Presoen senideen elkarteak azaldu du ehunka lagunek, 200 familia inguruk, urruntzearen ondorioak jasaten dituztela oraindik ere. Izan ere, Euskal Herriko kartzelatan diren hamabost horiek kenduta, 173 preso Espainiako Estatuko 40 kartzeletan barreiatuta daude, eta horietatik %49, oso urrun —600 kilometro eta 1.100 kilometro arteko distantzian—. Frantzian, bestalde, 31 preso daude zazpi kartzelatan barreiatuta: Horietatik 25 Mont de Marsanen edo Lannemezanen dira, Euskal Herritik 260 eta 320 kilometrora, hurrenez hurren—. Gainerako zazpiak urrunagoko bost espetxetan dira.
Egoera juridikoari dagokionez, EPPK-ko presoen %75 espetxe legedian bidea egiten ari badira ere, Frantziako Estatuan lau presok bizi guztiko zigorra dute. Espainiako Estatuan, berriz, preso bat bakartuta dago Soto del Realen, eta 129 lehen graduan daude; horietako 48, malgutasunez —beste 58 bigarren graduan daude; horietako bi, espetxe arinduan, eta zortzi, hirugarren graduan—.
Etxerat-en arabera, egoera horrek ez die erantzuten euskal gizartearen eskaerei edo ziklo berriari, eta egindako hurreratzeak ez dira aski: «Zergatik ez denak Zaballara? Zergatik Estremerara? Zergatik daude oraindik 127 preso lehenengo graduan, murriztaileena dena eta espetxetik ateratzearen ikuspegitik aurrera egiterik ez duena? Zergatik ez dituzte aske uzten, are gehiago pandemia garaian, 65 urtetik gorakoak, 18 gaixo larriak, haurdun daudenak eta haien seme-alabak?».
Biktima elkarteen eragina
Haietako askok jada Euskal Herriko espetxeetan egon behar luketela deritzote, baina argi dute sektore batek, «hori egitea ez dagokion arren», erabaki zentroetan eragiteko ahalmena duela, eta egoera oztopatzen ari dela. «Ez daude bizikidetzan aurrera egiteko lanean, eta nahiago dute liskarrari eutsi; makilak jartzen dituzte gurpiletan, eta espetxe-politikaren aldaketa baldintzatzen saiatzen dira. Denok dakigu nori buruz ari garen hizketan». Izena aipatu gabe, biktima elkarte batzuek duten eraginari egin dio erreferentzia.
Horregatik, Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Gobernuari eskatu diete egoera horretan esku har dezatela, «lobby immobilistak urruntzearen amaiera eta presoen bide juridikoa blokeatu ez ditzan». «Gure senideei ez zaie ezer oparitzen ari: Euskal Herriko espetxeetan egoteko eskubidea dute, eta ibilbide juridiko arrunta egin ahal izatekoa», gaineratu dute. |
2020-11-19 | https://www.berria.eus/albisteak/189975/eusko-legebiltzarrak-baztertu-egin-du-euskaraz-jakiteko-eskubidea-bermatzeko-lege-proposamena.htm | Gizartea | Eusko Legebiltzarrak baztertu egin du euskaraz jakiteko eskubidea bermatzeko lege proposamena | EH Bilduren arabera, egun euskara ikasteko eskubidea ez dago bermatuta, eta nabarmendu du C1 mailara arteko ikasketek doakoak izan beharko luketela. EAJk eskatu du euskara «eztabaida politikotik» ateratzeko, eta PSE-EEk ez du beharrezkotzat jotzen lege berri bat. | Eusko Legebiltzarrak baztertu egin du euskaraz jakiteko eskubidea bermatzeko lege proposamena. EH Bilduren arabera, egun euskara ikasteko eskubidea ez dago bermatuta, eta nabarmendu du C1 mailara arteko ikasketek doakoak izan beharko luketela. EAJk eskatu du euskara «eztabaida politikotik» ateratzeko, eta PSE-EEk ez du beharrezkotzat jotzen lege berri bat. | EH Bilduk euskaraz jakiteko eskubidea bermatzea helburu duen lege proposamen bat aurkeztu du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean eginiko osoko bilkuran, Gasteizen. Hala ere, bertan behera utzi dute proposamena, EAJren, PSE-EEren, PP-Ciudadanos koalizioaren eta VOXen aurkako botoekin. Soilik Elkarrekin Podemosek babestu du. Hala ere, espero zitekeen gaur gertaturikoa. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak orain dela hilabete eginiko adierazpen batzuetan jakinarazi zuen lege proposamenaren aurka zegoela, EH Bilduk planteatutako egitasmoko zenbait puntu dagoeneko Jaurlaritzako programetan daudela nabarmenduta.
Lege proposamenaren helburua inolako diskriminaziorik gabe herritarrek euskara ikasteko aukera izatea dela adierazi du EH Bilduk. «Gaur egun, aukera hori ez dago bermatuta; izan ere, hezkuntza sistemak ez du oraindik bermatzen ikasle guztiek derrigorrezko hezkuntza amaitzean euskara ondo jakingo dutenik». Egitasmo honen beste helburuetako bat izan da DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak amaitzean ikasleen euskararen B2 maila egiaztatu behar izatea. Areago, helduen euskalduntzeari dagokionez, nabarmendu du gaur-gaurkoz ez dela «eskubide unibertsal bat», eta oraindik dirua ordaindu behar dela euskara ikasteko. Beraz, koalizioak proposatu du euskara ikastea doakoa izatea C1 mailara arteko ezagutza lortu arte, eta iritzi dio Jaurlaritzak eginiko urratsak ez direla aski izan.
Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak hartu du hitza osoko bilkuran, eta adierazi du joan den legegintzaldian bere alderdiak «ia-ia» lege proposamen berbera aurkeztu zuela, eta aldeko botoak jaso zituela, PPrenak izan ezik. «Bi urte geroago, pandemia batekin eta hauteskunde batzuekin, iritzia aldatu du gobernuak, eta kontrako irizpidea eman du, ulertzen zailak diren arrazoiengatik». Haren ustez, «atzerapauso bat» eman dute. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak ere egitasmoa atzera bota izana kritikatu du. Nabarmendu du proposamenak ez diela erantzuten «arazo guztiei», baina bai legez jaso beharko liratekeen batzuei, hala nola irakaskuntzaren doakotasunari.
Aurkako botoa
Aurreko legealdian onartutako proposamenaren eta gaurkoan aurkeztutakoaren artean «ezberdintasunak» daudela azpimarratu du Aitor Aldasoro EAJko legebiltzarkideak, eta erantsi horregatik baztertu dutela egitasmoa. Uste du euskara «eztabaida politikotik» atera beharko litzatekeela, proposamen berrian txertatutako puntuetako batzuk dagoeneko legealdi honetako helburuak direlako. Eneko Andueza PSE-EEko kideak, berriz, azken urteotan euskara bultzatzeko hartu diren neurriak izan ditu gogoan, «garrantzitsuak» izan direla iritzita. Ez du beharrezkotzat jotzen euskararen lege berri bat, baina aitortu du agian «eguneratu» egin beharko litzatekeela.
PP-Ciudadanos koalizioaren iritziz, EH Bilduren lege proposamenak «hizkuntza argudio politiko gisa» erabiltzea du helburu, eta «benetako beharrak eta errealitateak» alde batera uzten ditu. Besteak beste, nabarmendu du helduen euskalduntzea ezin dela doakoa izan. VOXek, berriz, esan du herritarrak euskara ikastera behartzen dituela egitasmoak. |
2020-11-19 | https://www.berria.eus/albisteak/189977/luis-mari-elustondo-ez-nituen-gauzak-ondo-azaldu.htm | Kirola | Luis Mari Elustondo: "Ez nituen gauzak ondo azaldu" | Euskadiko Futbol Federazioko presidenteak ukatu egin du aurre akordio bat dagoenik Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean, euskal selekzioek nazioartean lehiatzeko bidea abiatzeko. | Luis Mari Elustondo: "Ez nituen gauzak ondo azaldu". Euskadiko Futbol Federazioko presidenteak ukatu egin du aurre akordio bat dagoenik Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean, euskal selekzioek nazioartean lehiatzeko bidea abiatzeko. | Oihartzuna izan zuten Luis Mari Elustondo Euskadiko Futbol Federazioko presidenteak asteartean Radio Euskadi-n egindako adierazpenek. Bertan adierazi zuen aurre akordio bat zegoela Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean, euskal selekzioek nazioartean lehiatzeko aukera izateko bidea abiatzeko. Bada, Elustondok atzera egin du, eta Cope irratian egindako adierazpenetan, gauzak ez zituela ondo azaldu adierazi zuen bart gauean. "Aurre akordio hori ez da existitzen. Ez nituen gauzak behar bezala azaldu, sentitzen dut. Pedro Sanchezen inbestidurarako EAJk eta PSOEk sinatutako akordioaz ari nintzen. Akordio horretako puntuetako batean esaten zen Sanchez beharrezkoak ziren erreformak egitera konprometitzen ela bide hori abiatzeko".
Elustondo adierazi zuen ofizialtasunarena "mantso, akordioekin eta armonia onean" egin beharreko zerbait dela. "Lortuz gero euskal zaleen pozerako izango da". Baina argi esan zuen. "Gu ez gara sekula pankarta eta oihu batekin aterako". FIFAra eta UEFAra jotzeko duela bi urte Durangon (Bizkaia) egindako bileran lortutako akordioaz ere mintzatu zen. "Hiru batzar informatibo egin ziren, eta hor adostu zen tramitazio edo bide hori abiatzea. Baina ordutik ez dugu urratsik egin. Ez diogu erakunde horiei ez eskutitzik, ezta bestelako komunikaziorik bidali". Hurrengo zuzendaritzak egin beharko duen lana izango da, urte hasieran izango baitira hauteskundeak.
Baina berriro nabarmendu zuen. "Pazientziaz egin beharreko kontua izango da, eta lortuz gero gure seme-álabek edo bilobek ikusiko dute" . Selekzioak astelehenean jokatu zuen Costa Ricaren aurka lagunarteko partida. 2-1 irabazi zuen. FIFAk selekzioentzat gordetzen duen datetan jokatzen duen hirugarrena izan zen. |
2020-11-19 | https://www.berria.eus/albisteak/189978/elak-dio-hegoaldean-2260-milioi-euro-gehiago-inbertitu-behar-dela-europarekin-parekatzeko.htm | Gizartea | ELAk dio Hegoaldean 2.260 milioi euro gehiago inbertitu behar dela Europarekin parekatzeko | Sindikatuak Osasunbideko eta Osakidetzako egoera «iraultzeko» neurri sorta bat bildu du txosten batean. Besteak beste, osasun gastu publikoa Europako batezbestekoarekin parekatzeko eskatu du. | ELAk dio Hegoaldean 2.260 milioi euro gehiago inbertitu behar dela Europarekin parekatzeko. Sindikatuak Osasunbideko eta Osakidetzako egoera «iraultzeko» neurri sorta bat bildu du txosten batean. Besteak beste, osasun gastu publikoa Europako batezbestekoarekin parekatzeko eskatu du. | Agerraldia egin du ELA sindikatuak gaur goizean Bilbon, Osasunbidearen eta Osakidetzaren egoera «iraultzeko» neurri sorta bat aurkezteko. Mitxel Lakuntzak, Esther Saavedrak eta Iñaki Zabaletak azpimarratu dutenez, Hego Euskal Herriko osasun sistemaren arazoak «egiturazkoak» dira, COVID-19ak sortutako pandemiaren aurrekoak. Salatu dute Osasunbideak eta Osakidetzak duten «kolapso egoera» izurriaren aurreko egiturazko arazoen ondorio dela: besteak beste, aurrekontu murrizketak, ospitaleko oheen eta osasun langileen eskasia, eta langileen lan baldintzen prekaritatea aipatu dituzte.
Horiek horrela, egoera aldatzeko hainbat neurri proposatu ditu sindikatuak. Adierazi dute Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak osasunean egiten duten gastua Europako batezbestekoaren azpitik dagoela, eta, beraz, Osakidetzak eta Osasunbideak 2.260 milioi euro gehiago inbertitu beharko lituzketela Europako inbertsio mailarekin parekatzeko. ELAk landu duen txostenak dio Nafarroako osasun publikoan egin den gastua 126 milioi euro handitu dela azken hamarkadan, baina BPGarekin alderatuz gero osasuneko gastua %5,6tik %5,2ra jaitsi dela. Sindikatuak uste du Nafarroako Gobernuak aurten 427,8 milioi euro gehiago jarri beharko lituzkeela osasungintzarako. Osakidetzari dagokionez, duela hamar urte baino 400 milioi euro gutxiago inbertitu duela esan dute, eta aurrekontutik 1.832,7 milioi euro gehiago jarri beharko liratekeela Europako batezbestekoarekin parekatzeko.
Ospitaleetan ohe nahikorik ez dagoela ere nabarmendu dute, eta proposatu dute Nafarroan ohe kopurua %30 handitzea, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %24koa izatea hazkunde hori.
Bestalde, lehen mailako arreta une honetan «kolapsatuta» dagoela ohartarazi du sindikatuak: «Gobernuen estrategia osasunaren babesa eta ekonomiari eustea uztartzeko mantran oinarritu da. Hori ez da lortu, ez eremu batean, ez bestean. Batetik, kutsatze mailak oso altuak dira, maila onartezinetan daude, eta, bestetik, langabeziaren eta enpresa itxieren gorakada nabarmena gertatu da». Horiek horrela, sindikatuak galdegin du sare publikoa sendotzea, osasungintza publikorako sarbide unibertsala bermatzea, langileak gehitzea eta lan baldintzak hobetzea, besteak beste. |
2020-11-19 | https://www.berria.eus/albisteak/189979/pompeok-aurrez-beste-inork-egin-gabeko-bisita-egin-du-zisjordaniako-kokaleku-israeldar-batera.htm | Mundua | Pompeok aurrez beste inork egin gabeko bisita egin du Zisjordaniako kokaleku israeldar batera | Lehenengo aldia da AEBetako goi agintari batek Palestinari okupatutako lurralde bat bisitatzen duena, Israeli horien gaineko subiranotasuna aitortuz. | Pompeok aurrez beste inork egin gabeko bisita egin du Zisjordaniako kokaleku israeldar batera. Lehenengo aldia da AEBetako goi agintari batek Palestinari okupatutako lurralde bat bisitatzen duena, Israeli horien gaineko subiranotasuna aitortuz. | AEBek Israelen lurralde zilegi gisa aitortu zituen Palestinako lurretan eraikitako kokalekuak eta Siriari 1967ko gerran okupatutako Golango gainak. Donald Trump AEBetako jarduneko presidenteak joan den otsailean Ekialde Hurbilerako aurkeztu zuen bake planean jaso zuen aitortza. Egitasmoak Palestinaren haserrea eragin zuen. Hilabete batzuk geroago, dokumentu horretako edukia berresteko keinua egin du Etxe Zuriak.
Mike Pompeo Estatu idazkariak Zisjordaniako kokagune israeldar bat bisitatu du gaur. Ramallah hiri palestinarretik hurbil dagoen Psagot ardotegira bidaiatu du. «Denbora luzean, Estatu idazkaritzak ikuspegi okerra izan du kokaguneen inguruan. Ez du aitortu inguru berezi honen historia, baina, gaur egun, AEBetako Estatu idazkaritzak irmoki babesten du kokaguneak legea betez eta modu egokian egin daitezkeela».
Arratsaldean, Golango gainak ere bisitatuko ditu. «Israelgo zati honen aitortza ere Trump presidenteak 2019an hartu zuen erabakia da, historikoki garrantzitsua, errealitatearen onartze hutsa dena», adierazi du Pompeok. Israelek Palestinako lurretan eraikitako kokaguneak eta Golango gainen okupazioa nazioarteko legediaren aurkakoak dira.
Israelgo armadak Siriako hainbat gune bonbardatu ondorengo egunean bidaiatuko du AEBetako goi agintariak Golango gainetara. Israelek atzo azaldu zuenez, Siriako armadaren eta Irango Quds indarren zenbait azpiegitura militarri egin zien eraso, asteartean, Golango lurralde okupatuetan lehergailuak atzeman zituelako. Israelek ziurtatu zuen lehergailu horiek «eskuadroi siriar» batek jarri dituela, «Irango indarrek zuzenduta».
Pompeok atzo hasi zuen hiru eguneko bisita Israelen, urtarrilean, Trumpekin batera, AEBetako Gobernua utzi aurretik. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin bildu zen atzo, Irani buruz eta Israelen eta herrialde arabiarren arteko harremanei buruz hitz egiteko.
Israelek «harremanak normalizatzeko» itunak sinatu ditu Bahrainekin, Arabiar Emirerri Batuekin eta Sudanekin azken hilabeteetan. Hain justu, Bahraingo atzerri ministroak Israelera bidaiatu zuen atzo, herrialdeak estatu judura egin duen lehenengo bisita ofizialean.
Pompeo herrialde arabiarren eta Israelen arteko harremanak normalizatzearen alde mintzatu da gaur. Eskualdeko herrialdeek «Israelgo Estatua onartu» behar dutela nabarmendu du, eta harekin hainbat arlotan elkarlanean aritu.
BDS kanpaina, «antisemita»
Horrez gain, gogor kritikatu du Israelen aurkako BDS Boikot, Desinbertsio eta Zigor mugimendua. AEBetako Estatu departamentuak mugimendu antisemita gisa sailkatuko duela iragarri du. «BDS minbizia dela babesten duten gainerako herrialdeekin egingo dugu bat».
Palestinako gizarte zibiletik abiatutako egitasmo esanguratsuenetako bat da BDS, Israelen aurkako boikot ekintzak, desinbertsioak eta zigorrak bultzatzen dituen plataforma. 2005ean sortu zuten, Hegoafrikako apartheid-aren aurkako mugimendua eredu hartuta, nazioartearentzat eskaera apal batekin: Israelgo ekonomia ez elikatzea.
Trumpen gobernuak ez ezik, Joe Biden AEBetako presidente hautatu berriak ere BDS kanpainaren kontrako iritzia agertu du. «Gehiegitan antisemitismoan erortzen» dela ohartarazi zuen joan den maiatzean, hauteskunde ekitaldi batean. |
2020-11-19 | https://www.berria.eus/albisteak/189980/vwek-ostiral-askotan-itxiko-du-2021ean.htm | Ekonomia | VWek ostiral askotan itxiko du 2021ean | UGTk jakinarazi du Volkswagenek datorren urtean 255.303 ibilgailu ekoiztea aurreikusten duela, aurten baino 13.000 gehiago | VWek ostiral askotan itxiko du 2021ean. UGTk jakinarazi du Volkswagenek datorren urtean 255.303 ibilgailu ekoiztea aurreikusten duela, aurten baino 13.000 gehiago | Aurtengoa urte berezia izan da Volkswagenentzat, martxotik apirilaren 27ra arte itxita egon baitzen, eta abuztuaren 24ra arte ez baitzion berriz ekin hiru txandako produkzioari. Datorren urtea ere berezia izango da, UGTk aurreratu duenez.
Izan ere, VWek espero du datorren urtean 255.303 auto ekoiztea. Pandemia etorri aurretik, aurten 306.000 ibilgailu egitea jarri zuten helburu moduan, eta, ondorioz, 2021ean aurtengo helburu hori baino %16 gutxiago ekoitziko da. Pandemiak gogor eragin du aurten, eta hasierako kalkuluak nabarmen egin du behera: 242.000 kotxe egingo dira azkenik. Ondorioz, aurten baino 13.000 auto gehiago egingo dira.
Produkzio helburu horrek esan nahi urtean ostiral ugaritan fabrika itxi egingo dela, aste batzuetan bi txandatan ariko direla, eta asteren batean txanda bakar batean, konfinamendua leutzen hasi zeneko lehen asteetan bezala.
Oraintxe, dena den, ekoizpen erritmo handia du Landabengo fabrikak, egunean 1.581 ibilgailu egiten ari baitira. Dena den, asteazken arratsaldean multinazionalak iragarri zuen bihar (ostiralean) eta astelehenean fabrika itxiko egingo dela, kanpoko hornitzaileen ekoizpenerako osagai batzuk falta dituztelako. Langile batzordeari abenduaren 4an ere ixtea proposatu diete —Nafarroan, abenduaren 3a, 7a eta 8a jaiegunak dira—. Halaber, apiriilaren 23an sindikatuekin hitzartutako aldi baterako erregulazioko espedientea ekainera luzatzea proposatu du. |
2020-11-19 | https://www.berria.eus/albisteak/189981/kandinskiren-ibilbide-osoa-erakutsiko-du-guggenheimek.htm | Kultura | Kandinskiren ibilbide osoa erakutsiko du Guggenheimek | Post-inpresionisten eraginpean margotu zituen lehen lanetatik hasi eta abstrakzioaren aitzindari bilakatu zuten lanetara arteko tartea hartzen du bildumak. New Yorkeko Guggenheim museoaren bildumaren parte diren 62 lan ikus daitezke, guztira. | Kandinskiren ibilbide osoa erakutsiko du Guggenheimek. Post-inpresionisten eraginpean margotu zituen lehen lanetatik hasi eta abstrakzioaren aitzindari bilakatu zuten lanetara arteko tartea hartzen du bildumak. New Yorkeko Guggenheim museoaren bildumaren parte diren 62 lan ikus daitezke, guztira. | «Kulturaren sasoi bakoitzak errepikatu ezin den arte bat sortzen du. Horregatik, iraganeko printzipio artistikoak berpizteko saiakerak, gehienez ere, jaio aurretik hilda dagoen ume bat bezalakoak diren artelanak sortuko ditu». Espiritualtasuna artean izeneko saiakeraren bidez azaldu zuen bere programa artistikoa hitzez Wassili Kandinski artistak (Mosku, 1866 - Paris, 1944). Artistak «barne premia» deitzen zuen indarrari jarraitu behar ziola defendatzen zuen berak, eta, bere kasuan, premia horrek eramanda heldu zen post-inpresionistei ikasitako tekniketatik abiatu eta abstrakzioaren aitzindari nagusietako bat izatera. Historiak alderik alde zeharkatzen ditu bere koadroetako forma geometriko eta lerro zuzen abstraktuak, ordea. Errusian jaio eta Parisen hil zen, baina bizi zen artean bitan utzi behar izan zuen Alemania, esaterako: Lehen Mundu Gerrak behartuta lehenengoz, eta nazien gorakadak bultzatuta bigarrenez. Horregatik aurkeztu ditu Bilboko Guggenheim museoak uztartuta artistaren lanak eta haren bizitza, eta kronologikoki antolatu dituzte sortzailearen ibilbide osoa eta haren garapena erakusten duten 62 obrak. Maiatzaren 23ra arte egongo dira ikusgai.
«Gurutzada». Hitz horrekin kalifikatu dute museoko arduradunek Kandinskik bere garaian nagusi ziren konbentzioak apurtuz hasi eta artistaren «barne premiak» bultzatutako sorkuntzarantz egindako bidea. Lau gune geografikotan antolatu dute ibilbide hori, eta artistaren garapenaren sasoi bat aurkezten du haietako bakoitzak. Haurtzaroko Moskurekin hasi, Munichen egindako arte ederren ikasketekin segi, Alemaniako Bauhaus eskolan irakasle emandako sasoiarekin jarraitu, eta, Parisera, azkenik. Paisaia eta figuratik abiatuta abstrakziorantz, eta, behin abstrakzioaren barruan murgilduz geroztik, forma geometrikoekin batera forma organikoak ere uztartzen dituzten bere azken urteetako lanetaraino.
Urratsez urratseko garapena
Koronabirusagatik ezarritako protokoloak ibilbide zirkularra diseinatzera behartu ditu museoko arduradunak, eta, beraz, gaztaroko lehen lanekin hasi, abangoardien eraginpean sortutako lanekin jarraitu, abstrakzioaren barruan egindako bide guztia osatu, eta helduaroko azken margolanetara iristean, bisitariak aurrez aurre ikusi ahalko ditu aldi berean bildumako margolanik zaharrenak eta berrienak. 1908. 1909. urteen artean margotutako kolore primario bizi eta arbitrario xamarreko zaldun eszena deigarri bat dago, adibidez, horma batean, eta 1940ko hamarkadan sortutako forma geometriko erdi biomorfikoz osatutako oihal handi bat justu haren parean. Eta erakusketan urratsez urrats jarrai dezake bisitariak batetik besterainoko bidea.
Eta margolan sorta garrantzitsu bat biltzen du erakusketak bi mutur horien artean. Kandinskik bere lehen lan abstraktutzat zuen 1913. urteko Lerro beltzak margolana, kasurako, edota sortzaileak musikari zion miresmenaren lekukotza ematen duen Konposizioa 8 izenekoa, bestela, 1923koa. Eta tantaka txertatzen da sortzailearen biografia ere ibilbidean. Bigarren Mundu Gerran Frantzian izandako estutasunen berri ematen baitute, adibidez, oihalak eskuratu ezinean, Kandinskik kartoi gainean egindako margolanek.
Guggenheimen hazia
1929an hasi zen Solomon R. Guggenheim Kandinskiren lanak erosten, eta, egun, haren 150 pieza baino gehiago dauzka New Yorkeko Guggenheim museoaren bildumak, guztira. Artista errusiarrari eskainitako bilduma handi eta garrantzitsuenetako bat da, ondorioz, eta, hain zuzen ere, multzo hori da Bilbora eraman duten erakusketaren oinarria. Megan Fontanella komisarioak egin du hautaketa, eta BBVA fundazioak babestu du Bilboko erakusketa. New Yorken aurkeztu zuten lehenik, eta Euskal Herria du bigarren geltokia.
Fontanella ezin izan da Bilboko aurkezpenean egon, eta Lekha Hileman Waitoller komisarioak eman ditu azalpenak haren ordez. Eta erakusketan egindako bisitan gogoratu duenez, Kandinskiren lanak estuki lotuta daude Guggenheim museoarekin. Azaldu duenez, Solomon R. Guggenheimi arte abstraktuari buruzko gidaritza eskaintzen zion Hilla von Rebay artista da, kasu honetan, giltzarria, zeina, urte batzuen buruan, museoko lehen zuzendaria ere izango baitzen. Hilemanen azalpena: «Rebayk uste zuen Kandinskiren lanak behar besteko sakontasunez ikusi ahal izateko tenplu moduko batean erakutsi behar liratekeela, eta hori izan zen gerora Frank Lloyd Wright arkitektoak eraikitako New Yorkeko Guggenheim museoaren hazietako bat».
Bisitari gehiagoren zain
Erakusketaren kalitatea nabarmendu du Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak. «Ez da erraza halako erakusketa osoa egin ahal izatea, bilduma bakar bateko piezak erabiliz». Eta Guggenheim museoaren bildumaren maila erakusten du horrek, museoko zuzendariaren hitzetan. «Munduan dagoen Kandinskiri eskainitako bildumarik garrantzitsuena izan daiteke».
Uda aurretik egin behar zuten erakusketa, baina orain arte atzeratu behar izan dute asmoa, pandemiagatik. Bisitari gehiagoko sasoien esperantzan zabaldu dute erakusketa, zuzendariak onartu duenez. «Etorkizunarekiko konfiantza keinu bat da hau. Egun, bisitak egiteko aukera oso murriztuta dago, baina espero dugu hemendik denbora batera merezi duen erakusketa honek jende askoz gehiago hartzeko aukera izango duela, eta gizartea ere beste egoera batean egongo dela». |
2020-11-19 | https://www.berria.eus/albisteak/189982/unerik-soilenen-kontakizuna.htm | Kultura | Unerik soilenen kontakizuna | ‘Paperezko ahozapietan idatzitako ipuinak’ liburua eman dute Ana Urkizak eta Begoña Durrutik, narrazio labur-laburrez eta irudi "askez" osatutako lana. | Unerik soilenen kontakizuna. ‘Paperezko ahozapietan idatzitako ipuinak’ liburua eman dute Ana Urkizak eta Begoña Durrutik, narrazio labur-laburrez eta irudi "askez" osatutako lana. | Ez dira berez balio handia duten zerbait. Hartu, ezpain ertza edo hatz punta lehortu, eta zimurtuta badoa ahozapia lurrera. «Baina zerk du balioa?», galdera Ana Urkizak (Ondarroa, Bizkaia, 1969). «Gauza handia izan behar du derrigor, ala momentuan behar dugunari erantzuten dion zerbait?». Ezagutu ditu ahozapiei ezohiko erabilera eman dietenak: iloba bat, ume zenean amaren bitxiak ahozapietan bildu eta bolatxoak etxe guztian sakabanatzen zituena; edo lankide bat, pintxo bat jatera ateratzen zirenean, bi ahozapirekin muturra garbitu eta hirugarren bat poltsikoan sartzen zuena, bikotekidea ezagutu zueneko pasadizoa gogora ekartzen ziolako. Irudi horiek gogoan, ahozapi batean kabitzeko bezain laburrak diren ipuinak idatzi, horiek irudiz janzteko amua Begoña Durruti (Arizkun, Nafarroa, 1968) ilustratzaileari jarri, eta hala ondu dute elkarrekin Paperezko ahozapietan idatzitako ipuinak. Urkiza: «Esaten da une eder txiki askok sortzen dutela zoriona, eta ipuin hauek ere badute hortik; gorazarre egiten diote txikitasunari, laburrean aritzeari, behar duzunari erantzuten jakiteari eta, batez ere, unea goxatzeari».
Elkarrek argitaratu du lana, eta bertako editore Xabier Mendigurenek ere ideia soil bati emandako dimentsioa goraipatu du: «Itxuraz xumeak diren marrazkitxoak eta ipuinak dira, baina, elkarrekin, xumetasun horretatik harago doan zerbait sortu dute bien artean».
Urkizaren ustetan, oso gutxi dira helduentzako tankera honetako liburuak, eta hori ere izan du lanerako akuilu. Ezagutzen zuen Durrutiren lana, eta harengana jo zuen zuzen proposamenarekin. Bere etxera joan, karpeta bete ipuin utzi, eta hamabost egunean bueltan deituko ziola esan zion ilustratzaileak. «Baina ez zuen deitzen, eta hasita nengoen txarrena pentsatzen. Deitu nion nik azkenean, eta zuzen erantzun zidan: ‘Lanean nabil! Zirriborroak egiten hasi eta ezin izan dut utzi’». Sorta bat egina zuenean erakutsi zizkion, eta berak «hasieratik amets egindakoa» ikusi zuela bertan aipatu du Urkizak. «Gutxirekin asko esaten dakiten marrazkiak dira; iradokitzaileak, arduragabeak... eta batez ere gustatzen zaidana da ipuinei beren ertzetatik tenk egiten dietela; ez dira osagarriak, beste ipuin bat dira, nirearen atzetik, ondotik edo aurretik doazenak».
Irudien narrazioa bosnaka
Marrazkiak osatuz joan bitartean «aske» aritu izana nabarmendu du Durrutik. Urkizak idatzitakoak, finean,«bizitzari» buruz ari direla iruditzen zaio, maitasuna, heriotza, giza harremanak eta beste agertzen dutenak. «Denek eskatzen dute barnera begiratzea; nik hala egin dut, traumatikoa izan gabe, eta hortik saiatu naiz aske eta zintzo izaten». Tinta beltzarekin eta akuarela horiarekin osatu ditu irudiak, lehenengo orban horia zabaldu orrian, «zirri-zarra», eta gainean trazu beltzak eginez. «Bost-hamar aldiz egin dut marrazki bakoitza. Kenduz eta kenduz. Lurrera botatzen nuen aproposa zena, eta zakarrontzira besteak». Ahozapiak nola. Eta beste elementu berezi bat ere badute irudiek: bosnaka datoz. Arizkuneko hainbat tokitan ezagututako marratxoen bidez kontatzeko modua erabili du: marratxo bat, bi, hiru, lau eta bosgarrena zeharrean. «Presoak bezala», Mendigurenek. Azalean ere irudikatu dute ordena hori.
Ironikoagoak, dramatikoagoak, fantastikoagoak... Denak «sorpresatik eta harriduratik» sortuz joandako istorioak direla zehaztu du Urkizak. Mendigurenek galdegin dio ea aurrez landutako narrazio eta aforismo generoen uztartze bat izan ote duen lan hau. Erdibidetik, «jauzi bat» izan dela aipatu du egileak. «Azkenaldian, labur esateko gogo horrekin egon naiteke. Inpaktu asko jasotzen ditugu, eta uste dut horien berri emateko formatu egokia dela». Ahozapietatik abiatuta, ideia paradoxikoa erantsi du: «Hau opari bat da, luxu bat». |
2020-11-20 | https://www.berria.eus/albisteak/189983/lomloeri-lehen-oniritzia-eman-dio-espainiako-kongresuak.htm | Gizartea | LOMLOEri lehen oniritzia eman dio Espainiako Kongresuak | Hezkuntza lege berria babestea erabaki du EAJk; EH Bildu, berriz, abstenitu egin da. Horrela, Espainiako Kongresuak LOMCE legea indarrik gabe utzi du. Espainiako Senatuak onartzea falta da oraindik. | LOMLOEri lehen oniritzia eman dio Espainiako Kongresuak. Hezkuntza lege berria babestea erabaki du EAJk; EH Bildu, berriz, abstenitu egin da. Horrela, Espainiako Kongresuak LOMCE legea indarrik gabe utzi du. Espainiako Senatuak onartzea falta da oraindik. | PPk gehiengo osoa baliatuta 2013an onartu zuen LOMCE legea erreformatzearen alde egin du Espainiako Kongresuko osoko bilkurak. «Hilda jaio da». Hala ziurtatu zion orduan BERRIAri egun Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministro den Isabel Zelaak, baina zazpi urte itxaron behar izan dute. Itxura guztien arabera, LOMLOE izango da Hego Euskal Herrian eragina izango duen hurrengo hezkuntza legea, oraindik Espainiako Senatutik igaro behar badu ere. Oso estu ibili dira gaur lehen onespenerako: lege proiektuak aldeko 176 boto behar zituen, eta 177 jaso ditu —PSOE, Unidas Podemos, ERC, EAJ eta Mas Pais, Equo, Nueva Canarias eta Compromis—; 148 diputatuk aurka bozkatu dute —PP, Ciudadanos, VOX, UPN, Coalicion Canaria, PRC eta Foro Asturias—; eta hamazazpi abstenitu egin dira —EH Bildu, Junts per Catalunya, BNG, Teruel Existe eta CUP—.
LOMCEn jasotako hainbat neurri bertan behera uztera dator LOMLOE. Aurrerantzean, Madrilek curriculumaren erdia zehaztuko du gehienez —%55 ezartzen zuen PSOEren azken hezkuntza legean— hizkuntza koofizialak dituzten erkidegoetan. Gainera, Erlijio ikasgaia ez da notarako izango, eta hori aukeratzen ez duten ikasleek ez dute ordezko ikasgairik izango. Horrez gain, legeak jaso du beste irakasgai bat emateko aukera: «Erlijioen kulturaren irakaskuntza ez konfesionala». Gaztelania irakaskuntzarako hizkuntza ez izatea. ERCk, Unidas Podemosek eta PSOEk adostutako zuzenketa hori izan da polemika eta protagonista nagusia legea osatzerako garaian, baita gaurko bozketan ere. Batez ere, Katalunian izango du eragina —auzitegiek hango murgiltze ereduaren auka egin izan dute—, baina bidea ireki dezake euskarazko murgiltze eredu orokorra ezartzeko ere. UPNrentzat «onartezina» da gaztelania ez izatea irakaskuntzarako hizkuntza. Antzeko bidetik jo dute Ciudadanosek, PPk eta VOXek ere. PSOEk erantzun die gaztelania bermatuta dagoela.
Bestelako aldaketa batzuk ere eragingo ditu legeak. Lau Batxilergo mota eskaintzeko aukera ireki dute: zientzia eta teknologia, giza eta gizarte zientziak, artea eta orokorra. Azken hori izango da berrikuntza, eta arlo zientifikoko eta letretako gaiak uztartuko ditu. Gainera, 0-3 urteko etaparako leku publiko gehiago jarriko dituzte; hezkuntza bereziko ikastetxeetatik ohiko ikastetxeetara pasatuko dituzte ikasleak hamar urteko epean; ez diete lurzoru publikorik emango itunpeko ikastetxeei; eta ez dute diru laguntza publikorik jasoko sexuaren arabera ikasleak banatzen dituzten eskolek. Hezkuntza publikoak izango duen papera zein den ere ageri da onartutako testuan: «Hezkuntza publikoa hezkuntza sistemaren ardatz egituratzailea da».
Gaur bertan egin dituzte hainbat aldaketa, azken zuzenketen bidez. Bakarra atera da aurrera: zergek zein egiteko daukaten ikasi beharko dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Balio Zibiko eta Etikoak izeneko ikasgaian. Gainera, ikasgai berean garrantzia emango zaio hausnarketa etikoari, eta, besteak beste, Espainiako Konstituzioa eta giza eskubideak eta haurren eskubideak ere landuko dituzte.
«LOMCE jaio zenetik, haren heriotza desiratu dugu, eta hori egiteko konpromisoa hartu genuen, eta hori daukagu jasota gure hauteskunde programan». Hala ziurtatu du Josune Gorospe EAJko diputatuak, eta alde bozkatu du alderdiak. Hezkuntza arloko eskumenak azpimarratu ditu: «Gure legea ez da ez LOMLOE, ez Espainiako beste edozein hezkuntza lege: EAJren legea laster Eusko Legebiltzarrean onartuko den euskal legea da». Hobekuntza batzuk zehaztu ditu: «hizkuntza propioak» indartzea proiektuaren testuan, curriculumaren «gutxiengoa» zehaztea (%50)... Itunpeko hezkuntzaz ere aritu da Gorospe. «Euskal hezkuntza sistema oinarri sendo batean dago oinarrituta: ikastetxe publikoak eta itunpekoak. Gure familiek berdin eskatzen dituzte». Hori dela eta, biak «argi» defendatzen dituztela ziurtatu du: «Ikastolak euskara berreskuratzeko gako izan dira, eta hala izaten jarraitzen dute; Kristau Eskola eta elizbarrutiko ikastetxeak gako izan dira, eta hala izaten jarraitzen dute proiektu interesgarriak egiteko, askotan, ikasle konplexuekin. Behar ditugu».
«EH Bilduk uste du lantzen ari garen legea gure helburuetatik oso urrun dagoela, ez dela aldaketarako behar dugun tresna», azpimarratu du Bel Pozueta diputatuak. Horrenbestez, abstentziora jo du koalizioak. Adierazi du legearen tramitazioan «irmoki» defendatu dutela hezkuntzako eskumen esklusiboak Nafarroako eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeei dagozkiela. Ez dute nahi Madrilek «nabarmen» zehaztea helburuak, konpetentziak, metodo pedagogikoak eta ebaluazio irizpideak: «Ez dugu izan nahi baimentzen digutenaren kudeatzaile hutsak». Onartu du aurrerapausoak eman direla arlo pedagogikoan eta eskumenetan, baina «motz» geratzen dela berretsi du. Ikastetxe publikoen zeregina ere zehaztu du: «Ikastetxe publikoen sareak bermatu behar du ikasle guztien hezkuntzarako eskubidea». Eta luzera begirako helburu bat jarri du: «Ikastetxe pribatu itunpekoak, negoziaketaren bidez edo boluntarioki, jabetza eta kudeaketa publikoko sarean sartzea».
Eskuina, haserre
Bestelako jarrera erakutsi dute eskuineko alderdiek. UPNko Sergio Sayasek askatasunaren aurkako «eraso» gisa definitu du legea: «Gaur eztabaidatzen dugun legea sektarismoaren eta askatasunaren aurkako erasoaren nahasketa da». Ildo beretik jo dute eskuineko gainerako alderdiek ere. Lege «sektarioa» dela nabarmendu du VOXek; «sakonki ideologizatua» da PPrentzat; eta Ciudadanosen iritziz ere, «ideologizatuta» dago. Hiru alderdiek aurreko astean iragarri zuten legea aurrera ateraz gero Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramango dutela. UPNk ere jakinarazi du errekurtsoa jarriko duela, PPrekin batera. Eztabaidaren amaieran, «askatasuna, askatasuna» oihuka aritu dira, besteak beste, PPko eta VOXeko diputatuak, eta, horri lotuta, PSOEko Luz Martinezek esan die askatasuna baliabideak dituztenentzat soilik eskatzen dutela. |
2020-11-19 | https://www.berria.eus/albisteak/189984/brexit-aren-negoziazioak-eten-dituzte-positibo-batengatik.htm | Ekonomia | 'Brexit'-aren negoziazioak eten dituzte, positibo batengatik | Itunaren zirriborroa prest dute, baina artean ez dira ados jarri bi gairen inguruan: arrantza eskubideak eta araudien parekatzea. | 'Brexit'-aren negoziazioak eten dituzte, positibo batengatik. Itunaren zirriborroa prest dute, baina artean ez dira ados jarri bi gairen inguruan: arrantza eskubideak eta araudien parekatzea. | Zirt edo zart egiteko unean daude Europako Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko negoziazioak. Sei aste eskas falta dira Erresuma Batua de facto EBn uzten duen trantsizio epea amaitzeko, eta artean ez dute zehaztu nolakoa izango den bi blokeen arteko etorkizuneko merkataritza harremana.
Akordio bat lortzeko negoziazioak bizkortu dituzte azken asteetan, eta David Frost Erresuma Batuko negoziatzaile nagusia eta haren taldea Bruselan daude igandeaz geroztik. Londresera itzuliko dira orain, koronabirusean positibo eman baitu Europako Batzordeko negoziatzaileetako batek. Konfinatu beharko dutenen artean dago EBko negoziazioen burua, Michel Barnier frantziarra.
Arrainak eta arauak
Itunaren zati bat dagoeneko adostua dute, baina halakorik ez dago hasieratik eztabaidagai nagusia izan diren gaietan. Batetik, arrantzarako zein eskubide izango duten EBko ontziek Ingalaterra, Eskozia, Gales eta Ipar Irlandako ur emankorretan. Londresko gobernuak nahi du urtero kuota bat ematea EBko arrantzaleei; EBk, berriz, nahiago luke orain arte bezala jarraitzea —sarbide librea dute—, baina, kuotak izatekotan, urte batzuetarako izatea. Arrantza, berez, oso sektore txikia da Erresuma Batuan, baina eskualde batzuetan badu bere garrantzia, eta, horregatik, arrantzaleek brexit-aren aldeko botoa eman zuten nagusiki, lehiakiderik gabe arrantzatu ahal izateko.
Beste eztabaidagai nagusia arauei buruzkoa da. Bruselak nahi du Erresuma Batuko enpresek EBren antzeko arauak izatea lan kontuetan, ingurumenean eta laguntza publikoen inguruan, beldur baita Londresek arau lausoak jarriz gero lehia desleiala egingo diela EBren enpresei. Londresek, berriz, subiranotasuna aldarrikatu du nahi dituen arauak ezartzeko. |
2020-11-19 | https://www.berria.eus/albisteak/189985/147000-lagunek-eman-dute-izena-euskaraldian.htm | Gizartea | 147.000 lagunek eman dute izena Euskaraldian | Behin-behineko datua da, herritarrek azaroaren 24ra arteko epea izango baitute izena emateko. Antolatzaileek nabarmendu dute «ariketa masiboa» izango dela. | 147.000 lagunek eman dute izena Euskaraldian. Behin-behineko datua da, herritarrek azaroaren 24ra arteko epea izango baitute izena emateko. Antolatzaileek nabarmendu dute «ariketa masiboa» izango dela. | Bihar ekingo dio Euskaraldiaren bigarren edizioak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Euskal Herri osoko 147.000 lagunek eman dute izena orain arte, azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean ahobizi edo belarriprest izateko. Halere, orain arte izena eman ez dutenek badute aukera oraindik, azaroaren 24ra arte irekita egongo baita epea. Datuak eskuan, «ariketa masiboa» izango dela azpimarratu dute, pandemiak eragindako zailtasunak «handiak» izan arren.
Aurtengo edizioa COVID-19ak baldintzatua egongo da, «gizarte harremanak mugatuta dauden honetan» kale presentzia eta harreman sozialak apaldu egin baitira. Hainbat arigunetan, esaterako, ezingo dira jarduerak «normaltasunez» gauzatu. Antolatzaileentzat, ordea, ez dago etsipenerako lekurik, eta hurbileko harreman sareetan «hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa» egiteko aukera dagoela azpimarratu dute, baita ingurune digitalean ere.
Hala, irailaren 24an izena emateko epea zabaldu zenetik, 147.000 lagunek eman dute izena. Horietatik %79k ahobizi gisa hartuko du parte, eta gainerako %21ek belarriprest modura. Lurraldez lurralde, Gipuzkoa da partaide gehien izango dituena; kopuru osoaren %44. Bizkaikoa da %33, Nafarroakoa %12, Arabakoa %9 eta Ipar Euskal Herrikoa %2. Badira, Euskal Herritik kanpo bizi diren arren, ekimenean parte hartuko duten ehunka lagun ere. Partaideen %63 emakumezkoak dira, eta %27k ez zuten parte hartu lehen edizioan.
Norbanakoen datuez gain, azpimarratu dute 421 udalerritan antolatu dela aurtengo edizioa, eta horretarako beharrezkoak izan diren batzordeen lana txalotu dute: «Boluntario sare handia dabil herriz herriko antolaketa lanetan». Parte hartuko duten entitateentzat ere esker oneko hitzak izan dituzte antolatzaileek, «Euskaraldian parte hartzeko apustua egin dutelako». Izan ere, 25.000 arigunetik gora sortu dituzte 6.800 entitatek. |
2020-11-19 | https://www.berria.eus/albisteak/189986/mozal-legea-babestu-du-espainiako-auzitegi-konstituzionalak.htm | Gizartea | 'Mozal legea' babestu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak | Migratzaileak mugan bertan kanporatzea onartu du Auzitegi Konstituzionalak, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak arautzen duena oinarri hartuta. Polizien irudiak baimenik gabe erabiltzeko puntua arau hauste larritzat izendatzea, ordea, bertan behera utzi du. | 'Mozal legea' babestu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Migratzaileak mugan bertan kanporatzea onartu du Auzitegi Konstituzionalak, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak arautzen duena oinarri hartuta. Polizien irudiak baimenik gabe erabiltzeko puntua arau hauste larritzat izendatzea, ordea, bertan behera utzi du. | Mozal legea babestu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, aldeko bederatzi botorekin eta aurkako birekin, eta ia biltzen dituen alderdi guztiak aitortu ditu, hala nola migratzaileak mugan bertan kanporatzea. Hala ere, bada baztertu duen punturik ere; besteak beste, polizien irudiak zabaltzeari dagokion bat. Hain zuzen, PPk 2015ean aurkeztu zuen legea, eta PSOEk helegitea jarri zuen. Horregatik aritu da Auzitegi Konstituzionala ikerketa egiten, baina, orain, alderdiak betearazi egin beharko du legea, Espainiako Gobernuaren gidaritzapean baitago.
Onartutako puntuen artean bada bat esanguratsua: Ceuta eta Melillako hesietan migratzaileak mugan bertan kanporatzea onartu du, betiere Giza Eskubideen Europako Auzitegiak arautzen duenaren arabera. Hala ere, epaiaren testu osoa datozen egunetan jakinaraziko dute, baina auzitegiak aurreratu du kanporatzeak arauen, akordioen eta nazioarteko itunetan oinarrituta egingo direla, eta gainera, poliziek arreta berezia jarri beharko dutela egoera «zaurgarriagoan» dauden pertsonen gain, hala nola adingabeetan.
Kanporatze mota horiei dagokienez, gutxienez, 2005etik egiten dira, 2015ean arautu arren. Espainiako muga zeharkatzeko ezarrita dauden hesiak gainditu ez dituzten etorkinak Marokoko agintarien esku uztea da kanporaketa horien oinarria, eta ondorioz, migratzaileek ezin izaten dute errekurtsorik aurkeztu eta Espainian asiloa edo nazioarteko babesa eskatu. Legearen interpretazioaren arabera, hesiak gainditzea helburu duten pertsona horiek Espainiako lurretan sartu gabe daude oraindik, eta hori horrela, ez da aplikagarria atzerritartasunari buruzko legedia, ezta Espainian indarrean dagoen nazioarteko edozein arau eta itun ere.
Puntu bat, bertan behera
Epaiak ia puntu guztiak aitortu ditu, baina bada bertan behera utzi duenik ere: 36. artikuluko 23. puntua. Horrek «arau hauste larritzat» jotzen zuen agintarien edo polizien irudiak eta datu pertsonalak baimenik gabe erabiltzeak, baina auzitegiak ez du onartu puntu horrekin aurrera jarraitzea. Epailearen ustez, irudi horiek balio handia izan dezakete iritzi publikoarentzat, batez ere poliziaren ustezko abusuak salatzen badira. Hala ere, ohartarazi du horrek ez duela esan nahi polizien segurtasuna arriskuan jar dezaketen irudiak argitaratzeagatik jazarpen penala eragozten denik. |
2020-11-19 | https://www.berria.eus/albisteak/189987/52-urteko-espetxe-zigorra-jarri-diote-inigo-guridi-lasa-euskal-presoari.htm | Politika | 52 urteko espetxe zigorra jarri diote Iñigo Guridi Lasa euskal presoari | 2000. urtean Cintruenigoko etxe batean jarri eta lehertu ez zen lehergailu bat jartzea leporatu dio Espainiako Auzitegi Nazionalak. Ustez guardia zibili bat bizi zen etxe hartan, baina, auzitegiaren arabera, emakume bat eta ume bat bizi ziren egiaz. | 52 urteko espetxe zigorra jarri diote Iñigo Guridi Lasa euskal presoari. 2000. urtean Cintruenigoko etxe batean jarri eta lehertu ez zen lehergailu bat jartzea leporatu dio Espainiako Auzitegi Nazionalak. Ustez guardia zibili bat bizi zen etxe hartan, baina, auzitegiaren arabera, emakume bat eta ume bat bizi ziren egiaz. | Espainiako Auzitegi Nazionalak 52 urteko espetxe zigorra jarri dio Iñigo Guridi Lasa euskal presoari ETAko kide izanda 2000. urtean Cintruenigon (Nafarroa) lehergailu bat jartzea leporatuta —lehergailuak ez zuen eztanda egin—. Ustez guardia zibil bat hiltzeko saioa zen, baina emakume bat eta ume bat bizi ziren etxe hartan, auzitegiak zehaztu duenez. Hilketa saiakera leporatu diote, delitua berriz egiteko larrigarriarekin —aurrez beste hilketa batzuengatik dago zigortua—, eta «triskantza terrorista» egiten saiatzea.
Cintruenigora joateko debekua jarri dio auzitegiak, halaber, kondena bukatu eta hurrengo zortzi urteetan. Jaengo espetxean dago preso Guridi (Andaluzia, Espainia). |
2020-11-19 | https://www.berria.eus/albisteak/189988/jaurlaritzak-abenduaren-10era-arte-luzatuko-ditu-neurriak.htm | Gizartea | Jaurlaritzak abenduaren 10era arte luzatuko ditu neurriak | Jaurlaritzak iragarri du hala eskatuko duela Urkulluk bihar izenpetuko duen dekretuak. Hemendik hamabortz egunera berriro aztertuko dute erabakia. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak erran du orain arte harturiko neurriak egokiak izan direla, baina, positibo tasa handia izanik, neurriei eustea erabaki dutela: «Ondo goaz, baina ez gaude ondo». | Jaurlaritzak abenduaren 10era arte luzatuko ditu neurriak. Jaurlaritzak iragarri du hala eskatuko duela Urkulluk bihar izenpetuko duen dekretuak. Hemendik hamabortz egunera berriro aztertuko dute erabakia. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak erran du orain arte harturiko neurriak egokiak izan direla, baina, positibo tasa handia izanik, neurriei eustea erabaki dutela: «Ondo goaz, baina ez gaude ondo». | Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak agerraldia egin du LABI babes zibileko planaren aholku batzordearen ondotik, eta iragarri du bertze hamabortz egunez luzatuko dituztela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako neurriak. Jaurlaritzak ondoren jakitera eman duenez, ordea, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bihar izenpetuko duen dekretuak abenduaren 10era arte luzatuko ditu neurriak, eta hemendik hamabortz egunera berrikusi eginen dute erabakia. Azaroaren 6ko dekretua errepikatu eginen du Urkulluk bihar izenpetuko duen dekretuarekin, eta neurriak larunbatean jarriko dira indarrean. Ostatuek itxita segituko dute, beraz, eta etxeratze aginduak 22:00etan jarraituko du. Farmaziek eta gasolindegiek izan ezik, gainerako merkataritza establezimenduek 21:00etan itxi beharko dute, eta azaroaren 6ko dekretuan argitaraturiko gainerako neurriek ere bere horretan jarraituko dute.
Sagarduiren ustez, «datuek erakusten dute neurriak egokiak eta proportzionalak» izan zirela, baina oraindik ere «kasu asko» daudela nabarmendu du: «Ondo goaz, baina ez gaude ondo. Kasu asko ditugu. Positibo tasaren portzentajea handia da, eta ospitaleetako presioak handia izaten jarraitzen du». «Zuhurtzia» eskatu du, eta ez lasaitzeko deia egin die herritarrei.
Hemendik hamabortz egunera berriro aztertuko dituzte neurriak, eta eutsi edo aldatu erabakiko dute.
ZIUen irudia kanpaina batean
Komunikazio kanpaina baten berri ere eman du Sagarduik: Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eudelek sustatuta, ZIU baten «benetako» irudi bat duen kanpaina abiatuko dute, «erantzukizun indibiduala eta kolektiboa eskatzeko» eta «lasaitze egoerak borrokatzeko»: «Oroitarazi nahi dugu gaixotasun honek ospitalera, ZIUra eta heriotzara eraman gaitzakeela». Eskuak, maskara, distantzia. Denok dakigu zelan saihestu izanen da kanpainaren leloa. |
2020-11-19 | https://www.berria.eus/albisteak/189989/ez-zen-hungariari-eta-poloniari-aurre-egiteko-eguna.htm | Ekonomia | Ez zen Hungariari eta Poloniari aurre egiteko eguna | EBko gobernuburuek ordu laurden eskas eskaini diote gaur Hungariaren eta Poloniaren betoari. Badirudi abenduaren 10eko Kontseiluan helduko diotela EBko aurrekontuak eta suspertze funtsa blokeatuak dituen zuzenbide estatuaren gaiari. | Ez zen Hungariari eta Poloniari aurre egiteko eguna. EBko gobernuburuek ordu laurden eskas eskaini diote gaur Hungariaren eta Poloniaren betoari. Badirudi abenduaren 10eko Kontseiluan helduko diotela EBko aurrekontuak eta suspertze funtsa blokeatuak dituen zuzenbide estatuaren gaiari. | Hungariarekin eta Poloniarekin lore jokorik ez zuten nahi gaur arratsaldean. Europar Kontseiluaren bideobilkuran. Dirudienez, Charles Michel Kontseiluko presidenteak aurretik herrialdeetako agintariekin hitz egin du, eztabaida «kontrolatua» ziurtatzeko, dramarako tarte gutxi utziz. Kasu egin diote, itxura guztien arabera.
Bilkuraren hasieran heldu diote gaiari: nola Hungariak eta Poloniak betoarekin blokeatuta dituzten EBren epe luzerako aurrekontua eta suspertze funtsa, ez daudelako ados baldintzetako batzuekin, hain zuzen, zuzenbide estatuarekin zerikusia dutenekin. Angela Merkelek hitz egin du aurrena —Alemaniak dauka Batasuneko presidentetza— baina egoeraz azalpen tekniko bat ematera mugatu da.
Hungariako eta Poloniako gobernuburuek hitz egin dute ondoren, labur ere, euren jarrera defenditzeko, eta azken egunetan haien alde agertu den Esloveniako lehen ministroak ere hartu du hitza. Hamazazpi minutu izan dira guztira, eta, ondoren, bilkuran, koronabirusari nola aurre egin eztabaidatzen hasi dira. Dirudienez, alde guztiak zeuden ados gaurkoa ez zela modua EBko diruak zuzenbide estatuarekin lotzen dituen baldintzez eztabaidatzeko. Abenduaren 10ean du Kontseiluak hurrengo goi bilera. |
2020-11-20 | https://www.berria.eus/albisteak/190022/eajk-iragarri-du-aurrerapausoak-eman-direla-espainiako-aurrekontuen-negoziazioetan.htm | Politika | EAJk iragarri du aurrerapausoak eman direla Espainiako aurrekontuen negoziazioetan | Behin betiko akordioa ez bada ere, lau zuzenketa onartu dizkio gobernuak EAJri. Lau aipatu ditu zehazki Estebanek: dieselaren gaineko zerga ez igotzea, makina-erremintarentzat 50 milioiko diru sail bat sortzea, Bilbon Zorrotzako tren geltokia lurperatzea eta hezkuntza duala unibertsitatera eramatea. | EAJk iragarri du aurrerapausoak eman direla Espainiako aurrekontuen negoziazioetan. Behin betiko akordioa ez bada ere, lau zuzenketa onartu dizkio gobernuak EAJri. Lau aipatu ditu zehazki Estebanek: dieselaren gaineko zerga ez igotzea, makina-erremintarentzat 50 milioiko diru sail bat sortzea, Bilbon Zorrotzako tren geltokia lurperatzea eta hezkuntza duala unibertsitatera eramatea. | Aitor Esteban EAJko diputatuak premiazko agerraldi bat egin du Espainiako Kongresuan, iragartzeko aurrerapausoak eman direla Espainiako Gobernuarekin 2021erako aurrekontuak onartzeko negoziazioetan. Iragarri du ez dela behin betiko akordioa, baina jarreraz gain ekintzak ere behar direla gogorarazi dio Estebanek gobernuari, eta, antza denez, ekintza horiek gauzatuz joango dira. 85 zuzenketa jarri dituztela gogorarazi die, baina lehen sorta hauek aurrerapauso garrantzitsua direla aitortu du. Negoziazioetan segituko dute datozen egunetan.
Lau puntu aurreratu ditu Estebanek. Lehenik eta behin, dieselaren gaineko zerga ez igotzea. Estebanek argudiatu du zerga sistema berdearekin konprometituta daudela baina, automozioarentzat eta industriarentzat halako urte zaila izanda, dieselaren gaineko zerga igotzeak sektoreari kalte are handiagoa egingo liokeela, eta, nahiz eta trantsizio betean sartuta dagoen sektorea, orain zerga hori jartzeak lanpostuen galera ekarriko lukeela uste dute. Bigarrenik, 50 milioiko diru sail bat adostu dute makina-erremintarentzat, «lehiakortasunean aurrerapausoak emateko», Estebanek esan duenez. Hirugarrenik, Zorrotzako (Bilbo) tren geltokia lurperatzeko sei milioiko diru sail bat ere adostu dute. Eta, azkenik, hezkuntza dualerako, lanbide heziketatik unibertsitaterako bidea irekitzeko itun berri bat adostu dute.
Ines Arrimadas Ciudadanoseko burua Gasteizen izan da, eta adierazi du, EAJk aurrekontuei baiezkoa emateko bidea irekita, are eta gutxiago behar duela ERC eta EH Bilduren babesa, eta «bide moderatuaren» alde egiteko eskatu dio Sanchezen gobernuari. Sanchezek aste honetako kontrol saioan Arrimadasi esan zion ez ziola uko egingo ERCrekin eta EH Bildurekin akordioak lortzeari. Bestalde, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak penaz hartu du dieselaren gaineko zerga ez igotzea, uste dutelako bizkarra eman zaiola klima aldaketari aurre egiteari. |
2020-11-20 | https://www.berria.eus/albisteak/190023/maddalen-iriartek-umetan-jasaniko-abusuen-berri-eman-du.htm | Gizartea | Maddalen Iriartek umetan jasaniko abusuen berri eman du | Zazpi urte zituenean udaleku batzuetan gertatutakoa kontatu du. «Oraindik eskuak dardarka ditut. Zelako mina, amorrua eta ezintasuna», idatzi du. | Maddalen Iriartek umetan jasaniko abusuen berri eman du. Zazpi urte zituenean udaleku batzuetan gertatutakoa kontatu du. «Oraindik eskuak dardarka ditut. Zelako mina, amorrua eta ezintasuna», idatzi du. | Gipuzkoako hedabide bati bidalitako artikulu batean, zazpi urte baino ez zituenean pairatu zuen sexu indarkeriaz idatzi du Maddalen Iriarte EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen eledunak. Udaleku batzuetan gertaturikoa kontatu du. «Oraindik eskuak dardarka ditut. Zelako mina, amorrua eta ezintasuna», idatzi du. «Beldurrez nago oraindik amets honetatik esnatuko naizen eta hormaren kontra estututako haur hura izango naizen berriz».
Abusuak «beste batzuei beste lekuetan» gertatzen zaizkiela ez pentsatzeko idatzi du. «Guztioi gertatzen zaigu. Etxeko zigorgabetasunean, edo ez oso urrun. Leku guztietan gertatzen da. Eta denon arazo handia da. Gu ere alabak, amak, amonak, lagunak eta bikotekideak baikara... Beraz, piz gaitezen! Ustez barregarria den txantxatik hasi, eta gainerako guztira».
Iriartek adierazi duenez, berdintasuna ez da gertatuko den gauza bat. «Berdintasuna lortzeko borrokatu egin beharko gara, eta Euskal Herrian ez dugun estatu batetik ezarri beharko dugu berdintasuna, emakumeak partaide eginez, baita feminismoa ere, emakume guztiak barne». Honela idatzi du: «Oraindik eskuak dardarka ditut. Zelako mina, amorrua eta ezintasuna». Gertatutakoa gogoratzean «botaka» egin zezakeela adierazi du.
«Tatuaje horrentzat ez dago laserrik! Hori ezin da ezabatu, edo nik ezin izan dut ezabatu. Gertatutakoa ezkutuan gorde nuen urte luzez. Ia erotu egiten naiz gogoratzen dudanean handik denbora batera amari kontatu niola», azaldu du. «Jakin genuen gizona hil egin zela».
Errealitatea aldatzeko neurriak behar direla adierazi du Iriartek. «Tiritak jarrita, zauria estali baino ez dugu egiten, zornea atera arte». |
2020-11-20 | https://www.berria.eus/albisteak/190024/1092-kasu-atzeman-dituzte-hegoaldean.htm | Gizartea | 1.092 kasu atzeman dituzte Hegoaldean | Aurreko egunean baino 115 kasu gutxiago detektatu dituzte Hego Euskal Herrian, eta egindako proben %6,5k eman dute positibo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hiruretan apaldu da kasu kopurua. Nafarroan, berriz, ugaritu egin dira positiboak, baina, halere, sendotzen ari da kasuen hazkundearen moteltzea. Seigarren egunez jarraian, 200etik beheitikoa da egun bakarrean detektatutako kasu kopurua foru erkidegoan. Bost pertsona zendu dira. | 1.092 kasu atzeman dituzte Hegoaldean. Aurreko egunean baino 115 kasu gutxiago detektatu dituzte Hego Euskal Herrian, eta egindako proben %6,5k eman dute positibo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hiruretan apaldu da kasu kopurua. Nafarroan, berriz, ugaritu egin dira positiboak, baina, halere, sendotzen ari da kasuen hazkundearen moteltzea. Seigarren egunez jarraian, 200etik beheitikoa da egun bakarrean detektatutako kasu kopurua foru erkidegoan. Bost pertsona zendu dira. | COVID-19a atzemateko 16.761 test egin ziren atzo Hegoaldean, eta guztira 1.092 kasu zenbatu dituzte horietan. Hori horrela, apaltzera egin du testen gaineko positiboen ehunekoak: %6,52 da portzentajea. Bezperan, berriz, %7,1 izan zen ehunekoa, eta 1.207 positibo detektatu zituzten.
Lurraldez lurralde, Bizkaian izan da positibo gehien: 412 zenbatu dituzte, bezperan baino hogei gutxiago. Gipuzkoa du atzetik; herrialde horretan, 407 izan dira azken egunean, eta, beraz, nabarmenagoa da kasuen beherakada. Herenegun egindako probetan 478 izan baitziren positiboak. Araban 109 kasu detektatu dituzte, aurreko egunean baino 27 gutxiago. Osakidetzak egindako testak aintzat harturik, %6,45 da positiboen portzentajea.
Azken eguneko joera bestelakoa izan da Nafarroan, joan den egunean baino kasu gehiago zenbatu baitituzte. Zehazki, Nafarroako Gobernuak aurreratutako datuen arabera, Osasunbideak COVID-19a atzemateko 2.370 proba egin zituen atzo, eta 157 kasu detektatu zituzten guztira. Bezperan, 138 positiboren berri eman zuen gobernuak; hau da, hemeretzi gutxiago izan ziren. Hala eta guztiz ere, pixka bat apaldu da positiboen ehunekoa: atzoko testen %6,6k eman dute positibo. Bezperan, berriz, %6,7 izan zen portzentajea, test gutxiago egin baitziren asteazkenean. Azken asteetako datuei erreparatuta, bistan ari da gelditzen Nafarroako beheranzko joeraren sendotzea. Igandetik, egun bakarrean atzemandako positibo kopuruak ez du inoiz gainditu 200 kasuen langa.
Egunetik egunera izan daitezkeen gorabeherez gainera, kutsatzeen beheranzko joera antzeman daiteke Hegoaldeko lau herrialdeetan azken hamalau egunetan metatutako intzidentzia tasaren bilakaera. Oraintxe bertan, lurralde bakar batek ere ez du gainditzen milakoa. Zehazki, azken datuen arabera, 100.000 biztanleko 978 laguni atzeman diote birusa hamalau egunean Gipuzkoan. Bizkaian, aldiz, 665 da tasa, Araban 514koa da eta, berriz, 394 da Nafarroan.
Heriotzei dagokienez, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du beste bost pertsona hil direla gaitzaren sintomak zituztelarik. Horietako bat atzo zendu zen, eta gainerako laurak aurreko egunetan gertatutakoak direla argitu du gobernuak. 78 urteko gizonezko bat eta 84 eta 95 urte bitarteko lau emakume dira hildakoak.
185 lagun daude ZIUetan
Ospitaleen egoera aztertuta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Osasun Departamentuak emandako datuen arabera, koronabirusarekin eri ziren 72 pertsona erietxeratu zituzten atzo Hegoaldean. Herenegun, berriz, 66 eraman zituzten ospitalera gaitzarengatik. Halaber, oraintxe bertan 673 lagun daude ospitaleetako gela arruntetan, eta 185 pertsona daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan, aurreko egunean baino hiru gutxiago. |
2020-11-20 | https://www.berria.eus/albisteak/190025/gabonak-aurten-guztiz-ezberdinak-izango-direla-onartu-du-urkulluk.htm | Gizartea | Gabonak aurten «guztiz» ezberdinak izango direla onartu du Urkulluk | Herritarrek «diziplinak» gora egiten duen neurrian, «muturreko neurriak» saihesteko aukera handiagoa izango dela nabarmendu du. | Gabonak aurten «guztiz» ezberdinak izango direla onartu du Urkulluk. Herritarrek «diziplinak» gora egiten duen neurrian, «muturreko neurriak» saihesteko aukera handiagoa izango dela nabarmendu du. | Gabon hauek «guztiz» ezberdinak izango direla onartu du Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk, gaur goizean Onda Vasca irrati katean egin dioten elkarrizketa batean. Orain bi aste, COVID-19aren izurriari aurre egiteko asmoz hainbat neurri iragarri zituenean —tartean tabernak eta jatetxeak ixtea eta etxeratze agindua 22:00etan ezartzea— helburua Gabonetara «ahalik eta egoera onenean» iristea zela izan zuen hizpide, baina gaur goizean onartu du izurriaren kontrako neurriek estu zedarrituta jarraitu beharko dutela Eguberriotan bizi ohiturek.
Oro har, gertuko-gertuko harremanetarako sei pertsonako taldeak aukeratzea komeni dela adierazi du Urkulluk, eta, ahal dela, «burbuila» horiekin izan behar direla erlazio hurbilekoak. «Oso ondo identifikatu behar dira talde horiek», nabarmendu du.
Atzo bilera egin zuen osasun krisiari jarraipena egiteko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Labi aholku batzordeak, eta, ondoren, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik adierazi zuen izurriari aurre egiteko ezarrita dauden murrizketek bere horretan jarraituko dutela; Urkulluk gaur zehaztu du neurriek lehengoan jarraitzea, gogorragoetara egin gabe, «seinale ona» dela. Oraindik «arintzera» ezin dela egin esan du: «Tentsioa, oraindik ere, handia da». Intzidentzia tasa orain 100.000 biztanleko 780 kasutan dagoela oroitarazi du, eta tentu handiz ibili behar dela. Hilaren 10era arte behintzat egongo dira neurriak indarrean. Herritarren «diziplinak» gora egiten duen neurrian, «muturreko neurriak» saihesteko aukera handiagoa izango dela adierazi du. Espainiako Gobernuari eskatua dio, hala ere, egoera larriagotzen bada, konfinamendu bat ezarri ahal izateko eskumena. Oraingoz, hala ere, ez dagoela horretarako asmorik esan du: «Gaur-gaurkoz, ez».
Izurriak izan behar duen eboluzioaren gaineko «erronka» ere jarri du mahai gainean: egungo intzidentzia tasa 300 kasura jaitsi behar dela adierazi du, eta egoera «ona» izango dela 60ra apaltzen denean. Bide horretan, lehen mugarria, 500 kasuko langa jaistea izango dela azaldu du.
Oraintxe hiru greba egin dituzte Osakidetzako langileek, eta haien kexuen zioa «ulertzen» dutela esan du Urkulluk; hori gogoan hartuta, legealdi honetan lantaldeak indartzeko «konpromisoa» hartuta dutela nabarmendu du. |
2020-11-21 | https://www.berria.eus/albisteak/190026/laboral-kutxa-buru-belarri-euskaraldian.htm | albisteak | Laboral Kutxa buru-belarri Euskaraldian | 600 bat kidek parte hartuko dute, eta 200 arigunetik gora aktibatu dituzte. Barrura nahiz kanpora begirako xedeak zehaztu dituzte. | Laboral Kutxa buru-belarri Euskaraldian. 600 bat kidek parte hartuko dute, eta 200 arigunetik gora aktibatu dituzte. Barrura nahiz kanpora begirako xedeak zehaztu dituzte. | Laboral Kutxarentzat, euskara konpromiso bat baino askoz gehiago da: entitatearen izaeraren parte da, eta, modu naturalean, balioa eransten dio eskaintzen duen zerbitzuari. Egunez egun, inguruan euskararen erabilera sendotzeko lan egiten du. Horregatik, aurten, aurrerapauso bat eman nahi du, eta Euskaraldian modu oso berezi batean parte hartu.
Hasieratik izan du berezkoa euskararen aldeko jarrera; izan ere, enpresaren estatutuetan eta Plan Estrategikoan hala dago jasota. Ildo beretik, Euskaraldiaren alde egiten duen apustua argia da. Duela bi urte egitasmoa abian jarri zenetik, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa horrek euskararen eta euskal kulturaren garapenerako duen garrantziaz jabetu ziren. Hori dela eta, protagonista izatea erabaki zuten, eta orain, inoiz baino gehiago, horri eusten diote. Gainera, aurrekoan izandako partaideen kopurua gainditu dute: 600 lagunek baino gehiagok eman dute izena. 200 arigune baino gehiago aktibatu dituzte: 152 bulego sarean eta 50 zerbitzu zentralean. Parte hartzaileak elektronikoki nahiz fisikoki identifikatu ahalko dira: Euskaraldiaren logoa eta leloa jarriko dute partaideen Outlookeko sinadura elektronikoan eta ahobizi edo belarriprest txapak eramango dituzte soinean.
Hala, bi helburu handi zehaztu dituzte: batetik, barrura begira, eta, bestetik, herritarrekin duten harremanei dagokienez. Barrura begira, entitatea osatzen duten pertsonen artean euskararen erabilera handitzeko neurriak sustatzea dute helburu, euskaraz komunikatzea eta harremanak izatea normalizatzekoa. Kanpora begira, berriz, gizarteari eta, batez ere, bezeroei erakutsi nahi diete zerbitzuei eta produktuei buruzko aholkularitza euskaraz zein gaztelaniaz eskaintzeko gai direla.
Konpromisoa berretsiz
Egunero euskararen alde egiten duten lanari gehituko zaio Euskaraldian izango duen partaidetza, eta horrek euskal kulturarekin duten konpromisoa berrestuko du. Izan ere, kutxazain automatikoen sarean euskara erabilgarri jarri zuen lehen entitatea izan zen, eta haren kanal digital guztiak elebidunak dira aspalditik, baita sare sozialak ere. Era berean, hizkuntza kudeaketako Urrezko Bikain ziurtagiria lortu duen lehen finantza erakundea da, euskarazko kultura eta gizarte ekitaldiak babesten ditu, eta euskararen garapenerako funtsezkoak diren erakundeekin lankidetzan dihardu, besteak beste, Euskaltzaindiarekin.
«Euskaraldia izango da gizarte elebidunaren termometroa»
Inaxio Garro - Laboral Kutxako Euskara arduraduna. LABORAL KUTXA
Zer-nolakoak iruditzen zaizkizu Euskaraldia bezalako egitasmoak?
Euskararen erabilera sustatzeko egitasmo eraginkorrak aurkitzea izaten da euskalgintzan dihardutenen erronkarik nagusietakoa. Zer egin euskararen erabileran eragiteko? Nola bermatu erabileraren segida? Ba, nire ustez, Euskaraldia egokia baino ezinbesteko ariketa bat da euskararen erabileraren esparruan dinamikak sustatzeko eta euskararen erabileraren inguruan hausnarketa eragiteko. Izan ere, egunerokoan ditugun hizkuntza inertziak aldatzeko egitasmo aproposa da.
Garrantzitsua al da enpresa pribatuen inplikazioa euskara sustatzeko?
Euskararen egoera hobetuko bada, ezinbestean lan munduak du hori lortu ahal izateko giltzetako bat. Alferrik ari gara irakaskuntzan D eredua bultzatzen sortzen diren gazte elebidunek lan mundura jauzi egiterakoan gaztelaniarekin egiten badute talka aurrez aurre. Entitateetan eta, oro har, lan munduan jarraipena eman behar zaio haurtzarotik hasitako ibilbideari, guztion artean katea osatu behar dugulako. 40 urte inguru dihardugu lan munduan, eta hasieratik jarri behar ditugu oinarri sendo eta tinkoak, euskarak ezinbesteko presentzia izan dezan lan eremu guztietan.
Zer gomendio emango zenioke euskara bultzatu nahi duen enpresa bati?
Aurrena izango litzateke enpresa eta entitateetako goi karguetan dihardutenek sinetsi dezatela hizkuntza dela kalitatezko zerbitzua ematen hasteko lehen baldintza, bezeroak zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubide osoa duen neurrian. Eta bestela, zerbitzua ematen jarraituko dugu, baina ez da kalitatezko zerbitzu bat izango. Bestalde, planifikatu beharko litzateke etorkizunari begirako eszenatokia, planifikazio erreala, zentzuzkoa, eta behar diren baliabideak ezarri helburuok lortze aldera: giza baliabideak, ekonomikoak…
Nola ikusten duzu euskararen etorkizuna?
Etorkizuna argi-ilunez betea ikusten dut. Harrigarria da euskararen ezagutza horren altua izanda, erabileraren inguruko datuak hain kezkagarriak izatea. Euskaraldia bera izango da gizarte elebidunaren termometroa, euskara modu aktiboan zenbatek erabili nahi duten. Ea esperientzia emankorra eta positiboa den, eta abenduaren 5etik aurrera ere inertzia berriei eusten diegun euskararen mesedetan. Bestela, egitasmoa hanka-motz geratuko da. |
2020-11-22 | https://www.berria.eus/albisteak/190027/euskaraldiko-parte-hartzaileen-bidelagun.htm | albisteak | Euskaraldiko parte hartzaileen bidelagun | Emuneko kideek, Euskaraldia ariketa soziala sustatzeaz gain, ekintza eta metodologia ugari abiatu dituzte entitateetako langileen euskararen erabilera eta ulermena aktibatzeko eta trebatzeko. | Euskaraldiko parte hartzaileen bidelagun. Emuneko kideek, Euskaraldia ariketa soziala sustatzeaz gain, ekintza eta metodologia ugari abiatu dituzte entitateetako langileen euskararen erabilera eta ulermena aktibatzeko eta trebatzeko. | Lan munduan euskara presente egotea. Euskara lanerako lanabes izatea, lanerako hizkuntza. Lana egitea, baina euskaraz. Erronka zaila da hori euskararentzat, baina bada horretan diharduenik. Mende laurden bat, 1997. urtetik: 25 urte daramatza Emun kooperatibak enpresa eta erakundeetan euskararen erabilera normalizatzeko aholkularitza zerbitzua ematen, baita euskararen normalizazio planen diseinuan eta garapenean zein euskararen formakuntzan, itzulpengintzan eta hizkuntza portaeren eraldaketarako metodologietan ere. Ibilbide oparoa, beraz; horren isla dira euskara plana indarrean duten enpresen esperientzia eta Emunen bezero diren 81 enpresa eta erakundek eskuratu duten Bikain euskararen kalitate ziurtagiria. Horien artean daude, besteak beste, hainbat kooperatiba talde (Fagor, ULMA eta Danobat Taldea, esaterako) hezkuntza arloko erakunde, finantza entitate, udal eta administrazio publikoetako sozietate publiko: Mondragon korporazioa, Matz-Erreka, Irizar, EHU, Laboral Kutxa, Gasteizko Udala, EITB, baita Erreala eta Eibar futbol taldeak ere.
Bezero horien ahaleginak eta gogoak ez du mugarik, eta askok bigarren Euskaraldian parte hartuko dute. Haatik, bidea ez dute bakarrik egin, Emuneko aholkulariak bidelagun izan baitituzte: erakundeei hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozialean aktiboki parte hartzen lagundu diete. Elkarlan horretan, Euskaraldian izena eman eta lankideen parte hartzea sustatzeko lanean ari dira orain buru-belarri, eta hiztunen portaeretan eragitetik erakundeetako egituretan ere eragitera igaro nahi dute. Hain zuzen ere, ibilbidean jauzia eman nahi dute, belarriprest eta ahobizi rolak aktibatzetik ariguneak antolatzera.
Alabaina, Emunekoek erakundeekin egindako lana harago doa: Euskaraldia sustatzeaz gain, euskararen erabilera eta ulermena aktibatu, trebatu eta bideratzeko ekintza eta metodologia ugari antolatu dituzte, hala nola ariguneak identifikatu eta antolatzeko zein hizkuntza portaerak eraldatzeko hausnarketa saioak, euskararen ulermena aktibatu eta lantzeko saio eta metodologiak, erakundeetako organoetako kide eta liderren eredugarritasuna lantzeko saioak, enpresetako harreragileekin egindako trebakuntza saioak eta ikus-entzunezkoak, komunikazio kanpainak…
Identifikazioa eta talde motorrak
Ainhoa Lasa da aholkularitza lanetan aritu eta ari diren langileetako bat. Oro har, uste du entitateek oso erantzun ona eman diotela bigarren Euskaraldiari, eta COVID-19ak baldintzatutako testuinguruan egingo den arren, norbanakoen hizkuntza ohiturak aldatzeaz harago, askok beren entitatean dagoen euskararen ezagutzari etekina nola atera diezaioketen hausnartzeko baliatuko dutela. Gainera, ariketa kolektiboa izanda, taldean egiten den indarra handiagoa dela dio.
Lehenik, entitateetako ariguneak identifikatu dituzte. Lasak azaldu duenez, entitatearen arabera, identifikazioa modu batera edo bestera egin behar izan dute, enpresa bakoitzaren ezaugarriak aintzat harturik: zerbitzu bat ematen duen edo produkzioan aritzen den, zenbat bulego dituen, txandak nola dituen antolatuta… «Hori guztia aztertu behar da ariguneen identifikazio txukuna egin ahal izateko», adierazi du.
Bestalde, talde motorrak izan dira entitate bakoitzean Euskaraldia kudeatzeaz arduratu direnak. Haien egitekoa izan da kolektiboari azaltzea, besteak beste, zer den arigune bat, entitate horretan zer egingo den edo zer egitea proposatzen zen, parte hartzera gonbidatzea eta, ahal zuten heinean, Euskaraldia hasi bitartean motibazioa mantentzea. Horretarako, gehienetan, zehaztu behar izan dute zer noiz egin. Lasaren arabera, zeregin oso garrantzitsu bat izan da jakitea nola helarazi informazioa kolektibo osoari, eta beharrezko ordezkariak identifikatu behar izan dituzte horretarako, hau da, bitarteko pertsona egokiak. Kasu batzuetan, pandemiak prozesua baldintzatu duela esan du, eta bilera asko telematikoki egin behar izan dituztela.
Babesa eta entitateen hausnarketak
Iazko Euskaralditik aurtengora urrats esanguratsuak egin dira, Lasaren aburuz. Adierazi du ariketa kolektiboak euskararen inguruko elkarrizketak izatea bultzatu duela, hitz egiteko espazioak sortu dituela: «Euskaraldiak lana zein hizkuntzatan egin nahi dugun pentsaraziko digu, eta elkarrizketa horiek irekitzeko espazioak eskainiko ditu. Lankideekin,bestela, akaso ez zenuke horretaz hitz egingo, baina, modu honetan, taldean pentsatzen duzu nola moldatu, eta izena emateko arrazoiak askotarikoak direla ulertzeko ere balio dezake». Ildo beretik, taldea kokatzeko balio duela uste du: «Taldean egiten duzu indarra, eta taldeak duen hizkuntza jarreraren arabera non kokatzen den edo non egon nahi duen hitz egiteko espazio bat eskaintzen du».
Entitateetan ere jarri du fokua: «Entitateak behartzen ditu beren egitura testuingurura egokitzea; horrela, denok babestuago sentituko gara. Uste dut entitate asko lehenengo aldiz hasi direla pentsatzen euskaraz lan egiteko edo zerbitzua euskaraz emateko aukera nola kudeatu; hori argiago ikusteko aukera ematen du ariketak». Batzuk Euskaraldiaren ostean zer egin pentsatzen ari dira: «Hau euskara olatu gainean jartzea bezala da, bultzada txiki bat, eta egin dugun esfortzu handia eta gero, errentagarritasuna atera behar diogu. Pentsatu behar dugu nola aprobetxatu dezakegun olatu honen indarra, eta ea noraino irits daitekeen». |
2020-11-20 | https://www.berria.eus/albisteak/190028/imperial-irrigation-dokumental-esperimentalak-jaso-du-zinebiko-sari-nagusia.htm | Kultura | 'Imperial irrigation' dokumental esperimentalak jaso du Zinebiko sari nagusia | Lur Olaizolak jaso du Espainiako Film Laburrik Onenaren saria 'Zerua blu' lanagatik, eta Estibaliz Urresolaren 'Polvo Somos' hautatu dute Euskal Film Laburrik Onena | 'Imperial irrigation' dokumental esperimentalak jaso du Zinebiko sari nagusia. Lur Olaizolak jaso du Espainiako Film Laburrik Onenaren saria 'Zerua blu' lanagatik, eta Estibaliz Urresolaren 'Polvo Somos' hautatu dute Euskal Film Laburrik Onena | 1951. urtean, herriko zinema aretoan proiektatutako Amerikako zeru urdinak eta cadillac auto baten irudi ederrek piztu zuten Amerikara joateko lehen grina Mamaddi Jaunarena ortzaiztarrarengan (Nafarroa Beherea). Zeluloideak erein zuen bidaiaren lehen hazia, beraz. Eta detaile horretatik dator Lur Olaizola zuzendariak bere film dokumental laburrari jarritako izenburua: Zerua blu. Jaunarenak New Yorkera itsasontziz egindako bidaiaren eta han neskame egindako garaiaren oroitzapenekin osatu du lana zinemagileak, Baigorri inguruko doinua daraman euskara hutsez, eta Espainiako Film Laburrik Onenaren saria eman dio orain Zinebi jaialdiko nazioarteko epaimahaiak. 5.000 euro jasoko ditu horri esker. Polvo Somos fikziozko laburrak jaso du, bestalde, Euskadiko Film Laburrik Onenaren saria, eta Lukas Marxt zuzendari austriarraren Imperial irrigation dokumentalak, berriz, jaialdiko garaikur nagusia. 5.000 euro eta 7.000 euroko saria izango dute haiek, hurrenez hurren.
Kaliforniako estatuan dagoen Salton itsasoa du ardatz Marxt-ek zuzendutako film dokumental laburrak. AEBetako armadak bertan egindako bonba nuklearraren probengatik da, batez ere, ezagun inguru hori, eta behin baino gehiagotan jo du bertara zinemagileak ere. Imperial Valley izeneko dokumentala filmatu zuen bertan 2017an, eta bigarrenez jo du leku berera Bilboko jaialdiak saritu berri duen 20 minutuko filmean. Zuzendariaren hitzetan, edonola ere, alienazio digitala lantzea da film esperimentalaren beste asmoetako bat.
Paul Eluard poetaren bertsolerroa du izenburu Zinebiko First Film Sari Nagusia jaso duen filmak: The Earth is Blue as an Orange. Iryna Tsilyk zinemagile ukrainarrak zuzendu du eta 11.000 euro jasoko ditu sariaren aitortzarekin batera. Sundance Jaialdiko dokumental kategoriako Zuzendaritzarik Onenaren saria ere jaso zuen aurten lan beragatik. Gerrako gune batean bizitzeak eragiten duen eguneroko traumari aurre egiteko, beren bizitzari buruzko film bat egiten ari diren Anna eta bere alabaren saiakera kontatzen du 77 minutuko film dokumentalak.
Genero bakoitzeko Mikeldi sari bana ere eman du jaialdiak. Zhenia Kazankina Rio lanak jaso du fikziozko film laburrik onenaren saria, Paul Heintz-ek sortutako Shanzhai Screens lanak film labur dokumental onenaren saria eta Kangmin Kim korearraren Kkum-ek animaziozko film laburrik onenarena.
Gazte Epaimahaiko kideek André Guiomarren A nossa terra, o nosso altar, dokumentala saritu dute, 2.000 eurorekin. SGAE Fundazioak Polvo somos film laburrari eman dio 3.000 euroko Euskal gidoi Onenaren Saria. EITB Publikoaren Saria, 3.000 euro, Aitor Gametxoren Hemen. Gaur. Berriz dokumentalarentzat izan da. FAS zineklubak Pablo Hernandoren El Ruido Solar filma hautatu du, 2.000 euroko sariarekin, eta azkenik, UNICEF saria Marit Weerheijm zuzendariaren En Route fikziozko pelikularentzat izan da.
Etorriko diren proiektuak babesteko ildo bat ere badu Zinebik, eta 10.000 euroko laguntza jasoko du Amaia Remirezek zuzendutako Bayo Bayo Bay izeneko proiektua burutzeko. |
2020-11-20 | https://www.berria.eus/albisteak/190029/pinak-paparrean-edo-maskaran-jarri-dituzte-dagoeneko-147000-euskaltzalek.htm | Gizartea | Pinak paparrean edo maskaran jarri dituzte dagoeneko 147.000 euskaltzalek | Batzuek topatu dituzte lehenengo zailtasunak. Egitasmoan parte hartzen ari direnen artean emakumezkoak gehiengo izatea gizartearen isla dela esan dute antolatzaileek. | Pinak paparrean edo maskaran jarri dituzte dagoeneko 147.000 euskaltzalek. Batzuek topatu dituzte lehenengo zailtasunak. Egitasmoan parte hartzen ari direnen artean emakumezkoak gehiengo izatea gizartearen isla dela esan dute antolatzaileek. | Milaka euskaldunek, eta euskara ulertzen dutenek ere, pinak paparrean edo maskaran jarri dituzte dagoeneko, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa erraldoia egiten hasi dira. Euskaraldian izena emateko epea zabaldu egin dute, eta antolatzaileek esan dute oraindik ere ari dela jendea bat egiten egitasmoarekin, eta horietako gehienak aurrekoan parte hartu gabekoak direla. Denera, 147.000 pertsonak eman dute izena. Gehienak emakumeak dira, %63, gipuzkoarrak, eta ahobizi izatea hautatu dute.
Datuon inguruko hausnarketa egin du Arrate Illaro antolatzaileak. Azaldu duenez, euskaltegietan, mintzalagun egitasmoetan eta gizartean ere, oro har, sumatzen da fenomeno bera; alegia, emakumezko gehiago dabiltzala. «Horrek erakusten du gizarte honetan zaintza eta transmititzeko erantzukizuna oraindik ere emakumezkoen gain dagoela. Aztertu beharko dugu zer egin dezakegun gizon gehiago aktibatzeko», esan du.
Izurriaren eraginpean egiten ari da aurtengoa. Arigune batzuetan ezingo da jendea elkartu, bakartzeko neurriengatik, baina dinamika hortik harago eramateko itxaropena adierazi du Illarok.
«Ahobizi paperean zein belarriprest rolean, erabil dezagun gure hizkuntza, ezer baliotsuagorik ezingo baitiegu utzi gure ondorengoei!», adierazi du Ignacio Arakistain musikazaleak.
Baina badira dagoeneko euskaraz bizitzeko zailtasunen berri eman dutenak. Gabirel Ezkurdiak elkarrizketa honen berri eman du: «-Egunon. -Buenos días!! -Gero arte. -Adióssss!». Gaineratu duenez, «ez da ohitura kontua. Ez da "edukaziño" arazoa. Borondate eza da. Erdararen aldeko militanteak dira!».
Aldaketa sumatu dute dagoeneko Errenteriako Udalean. «Lehendabizikoz gara bozeramaileen batzordean guztiak euskal hiztun. Udal bizitzan euskaraz aritzeko baldintzei dagokienez dena aldatzen du horrek, eta Euskaraldiak aldaketa finkatzeko tresna ezin hobea eskaintzen digu», adierazi du Aizpea Otaegi Mitxelena alkateak. «Horregatik gara arigune».
Badira, ordea, artiketaren mugak nabarmendu dituztenak. «Euskaraldia ez da nahikoa. Egun batzuetako ahaleginak etengabekoa izan behar du, bai herritarren aldetik, eta baita, bereziki, erakunde, agintari, enpresa, sindikatu eta oro har eragileen aldetik ere», idatzi du, Iruñetik, Twitterren erabiltzaile batek. |
2020-11-20 | https://www.berria.eus/albisteak/190030/durangoko-55-azoka-hainbat-herritara-zabalduko-da-kontzertu-sorta-baten-bidez.htm | Kultura | Durangoko 55. Azoka hainbat herritara zabalduko da, kontzertu sorta baten bidez | Abenduaren 5etik 8ra, zuzeneko emanaldiak izango dira zortzi udalerritako hamar aretotan, 32 musika talderen eskutik. Halaber, azoka egunen ondotik, online dendari jarraipena emango diote liburu saltokietan. | Durangoko 55. Azoka hainbat herritara zabalduko da, kontzertu sorta baten bidez. Abenduaren 5etik 8ra, zuzeneko emanaldiak izango dira zortzi udalerritako hamar aretotan, 32 musika talderen eskutik. Halaber, azoka egunen ondotik, online dendari jarraipena emango diote liburu saltokietan. | Ezohikoa izango da Durangoko 55. Azoka. Pandemiak eragindako egoera dela eta, arduradunek iragarria zuten abenduaren 4tik 8ra Landako Guneak ez zuela beste urte batzuetako irudi jendetsurik utziko, salmahairik ez baita izango aurten. Baina azokari eustea erabaki zuten, besteak beste, online denda martxan jarrita eta hainbat ekitaldi streaming bidez ere eskainita. Beste urrats bat egin du orain Gerediaga elkarteak, eta, murrizketak direla-eta Durangora joan ezingo diren kulturazaleengana azoka gerturatzeko asmoz, Zu non, han DA! izeneko egitasmoa jarri du martxan. Hego Euskal Herriko zortzi udalerritako hamar aretotan kontzertuak egingo dituzte abenduaren 5etik 8ra, eta 32 taldek parte hartuko dute. Bestalde, azokako online dendari jarraipena emango diote liburu dendetan, abenduaren 9tik urtarrilaren 8ra bitarte. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak eman du egitasmoaren bi ardatzen xehetasunen berri, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eledun eta Kultura sailburuarekin batera, Donostiako Dabadaba aretoan egindako agerraldian.
«COVID-19a hurbiltzen ikusi genuenetik, bagenekien ziur aski ezin izango genuela ohiko azoka bat egin. Baina, era berean, argi genuen azoka antolatzea inoiz baino beharrezkoagoa zela, osasun krisiak gogor kolpatu dituelako gure gizarteko arlo guztiak, baina bereziki latza izaten ari delako kulturgintza eta euskalgintzarentzat», adierazi du Mujikak. Antolatzaileentzat aurtengo azoka prestatzea «benetako erronka» dela aitortu du; izan ere, datak iritsita egoera zein izango zen jakin ezinda, aurrera ateratzeko aukera ezberdinak aztertzen eta lantzen jardun dute. Eta, bide horretan, mundu digitalak ematen dituen aukerak baliatu nahi izan dituzte, baina presentzialtasunari uko egin gabe; Durangoko azoka ez baita soilik saltoki bat, «hori baino askoz gehiago» baita, Mujikak gogora ekarri duenez. Hala, lehen aldiz online denda martxan jartzea erabaki zuten. Eta Durangon bertan izango den kultur egitaraua ere osasun neurrietara egokitzea: Landakok hartuko ditu liburu aurkezpenak, mahai inguruak, ikus-entzunezkoak eta arte eszenikoetako proposamenak; eta Plateruenak, berriz, disko aurkezpenei lotutako kontzertuak. Etxetik ere ikusi ahal izango dira ekitaldiak, streaming bidez. Horiek, baina, edukiera mugatua izango dute, eta, horrez gain, Durangoko zein mugakide diren udalerrietako herritarrak baino ezin izango dira haietara joan. «Hori dela eta, aurten euskal herrietatik Durangora etortzerik izango ez denez, DA joango da euskal herrietara», adierazi du Mujikak.
Zu non, han DA! egitasmoak bi ardatz izango ditu: Plaza eta Denda. Pazari dagokionez, azokak kontzertu sorta bat antolatuko du zortzi udalerritako hamar aretotan: Araban, Amurrioko Burubion eta Gasteizko Jimmy Jazzen; Bizkaian, Ondarroako Beikozinin, Bilboko Euskalduna jauregian eta Bermeoko Kafe Antzokian; Gipuzkoan, Donostiako Dabadaban eta Dokan, eta Azpeitiko Soreasun eta San Agustinen; eta Nafarroan, Atarrabiako Totemen. Azaldu dute Ipar Euskal Herrian ez dela posible izan zuzenekoak antolatzea, indarrean diren neurriak direla eta. Ibilbide luzea duten nahiz hasi berriak diren 32 musika taldek osatuko dute egitaraua. Horien artean izango dira, besteak beste, Gatibu, Zea Mays, Nogen, Dupla, Sua, Brigade Loco, Amorante, Raitx, Gatom, Kaleko Urdangak, Liher, Ene Kantak eta Joseba Irazoki. «Helburua da azoka ahalik eta kulturazale gehienengana heltzea, musikariei plaza berriak eskaintzea, eta aretoei eta bertako langileei ere laguntza txiki bat ematea», adierazi du Mujikak. Kontzertuetarako sarrerak bihar izango dira salgai, 11:00etatik aurrera, www.durangokoazoka.eus webgunean.
Azoka, liburu dendetara
Denda izango da azoka kulturazaleei gerturatzeko egitasmoaren bigarren hanka. «Azokako online denda abenduaren 4tik 8ra egongo da zabalik, baina azokaren eragina Gabonetarako erosketetara ere zabaldu nahi dugu, eta liburu dendetan emango diogu jarraipena online dendari», azaldu du Mujikak. Abenduaren 9tik urtarrilaren 8ra Euskal Herri osoko liburu dendetan azokako katalogoko produktuak salgai izango dira, horrenbestez. Egitasmoan parte hartu nahi duen liburu denda orok izango du horretarako aukera, eta izena emateko epea dagoeneko zabalik dagoela jakinarazi dute.
Gerediaga elkarteak hori guztia bakarka egitea ezinezkoa izango lukeela ere adierazi du Mujikak, eta Eusko Jaurlaritzari eskerrak eman dizkio «proiektu honetarako beharrezko diru laguntza eskaintzeagatik». Bingen Zupiriak gogora ekarri du orain dela bi hilabete bildu zirela elkarteko arduradunekin, eta, egungo egoera aurreikusita, ohiko azokari eustea ezinezkoa izango zela ikusi zutela. Baina, beste era batera bazen ere, aurrera jarraitzea erabaki zutela, baita «erakusleiho digital handi bat sortzea» ere. «Durango erakusleiho handi bat da, dendatik asko du, plazatik asko du, eta harremanak sortzen diren gunetik asko du». Baina, horrez gain, euskal kultur industrien ekonomian «eragin izugarria duen toki bat» ere badela nabarmendu du. Eta bultzada horri eutsi nahian erabaki zen programazioa beste herri batzuetara zabaltzea. «Horrek aukera emango die sortzaile askori beren azken lanak jendaurrean aurkezteko».
Edonola ere, azokak aurten «erronka handi bat» duela gehitu du Zupiriak, «euskarazko kultur industriak iraupenerako diru sarrera garrantzitsu bat galtzen duelako». Eta horrek herritar guztiei ere erronka bat ezartzen diela adierazi du: «Guri ezartzen digun erronka da modu kolektibo batean gure liburugintzak eta gure musikagintzak duen premiari erantzutea. Eta hori egiteko modurik eraginkorrena eta hoberena, momentu honetan, Durangoko Azokaren bueltan sortu diren eta aurkeztuko diren liburu eta musika gaiak erostea da, ordaintzea, eta industria horren atzean dauden sortzaileei laguntzea».
Kontzertuen egitaraua:
Amurrioko Burubion: Izate faltsua eta Rodeo, abenduaren 6an, 18:00etan. Sara Zozaya, abenduaren 7an, 19:00etan.
Atarrabiako Totemen: Liher eta Sorkari, abenduaren 5ean, 18:00etan. Kaleko Urdangak eta Perlata, abenduaren 6an, 18:00etan.
Azpeitiko Soreasun: Gatibu, abenduaren 5ean, 19:00etan (edukiera beteko balitz, beste saio bat antolatuko da 16:00etan).
Azpeitiko Sanagustinen: Sua, abenduaren 8an, 19:00etan.
Bermeoko Kafe Antzokian: Gatom eta J Martina, abenduaren 6an, 18:00etan. Joseba Irazoki eta Inoren Ero Ni, abenduaren 7an, 18:00etan.
Bilboko Euskalduna jauregian: Ene Kantak, abenduaren 7an eta 8an, 12:00etan. Zea Mays, abenduaren 7an, 19:00etan. Nogen, abenduaren 8an, 19:00etan.
Donostiako Dabadaban: Silicies Grizzlies eta Kyxo, abenduaren 5ean, 18:30ean. Dena eta Habi, abenduaren 6an, 18:30ean.
Donostiako Dokan: Raitx eta Pelax, abenduaren 7an, 18:00etan. Mihise eta Kaskezur, abenduaren 8an, 18:00etan.
Gasteizko Jimmy Jazzen: Brigade Loco eta Barne Guda, abenduaren 6an, 18:00etan. Amorante eta Moxal, abenduaren 8an, 18:00etan.
Ondarroako Beikozinin: Dupla eta Nikotina, abenduaren 6an, 18:00etan. Patxuko Nice, abenduaren 8an, 17:00etan. Ezpalak, abenduaren 8an, 19:00etan. |
2020-11-20 | https://www.berria.eus/albisteak/190031/eh-bilduk-salatu-du-donostiako-metroaren-lanetan-informazioa-laquoezkutaturaquo-dela.htm | Gizartea | EH Bilduk salatu du Donostiako metroaren lanetan informazioa «ezkutatu» dela | Donostiako metroaren lanen batzorde ez-iraunkorra astelehenean batzartuko da, eta EH Bilduk jakinarazi du «oso zorrotza» izango dela arduradunekin. Obrak gelditzea «beharrezkoa» dela uste du. | EH Bilduk salatu du Donostiako metroaren lanetan informazioa «ezkutatu» dela. Donostiako metroaren lanen batzorde ez-iraunkorra astelehenean batzartuko da, eta EH Bilduk jakinarazi du «oso zorrotza» izango dela arduradunekin. Obrak gelditzea «beharrezkoa» dela uste du. | Zulo bat agertu zen asteartean Donostiako Zubieta kaleko errepidean, bi metroko diametrokoa eta 30 metro kubikoko sakonerakoa, eta metroaren lanekin lotu zuten. Hala ere, ez da ingurune horretan agertu den lehen zuloa izan, beste bat agertu baitzen ekainaren hasieran. Lehen gertakari horren berri emateko, uztailean batzartu zen Euskotrenen Donostiako Lanen Jarraipenerako Batzorde ez-iraunkorra, eta astelehenean beste batzar bat egingo dute. Bertan izango dira, besteak beste, Ernesto Martinez de Cabredo ETS Eusko Trenbide Sareko arduraduna eta Eneko Goia Donostiako alkatea. EH Bilduk adierazi du «oso zorrotza» izango dela bi arduradun horiekin, aurrekariak «onartezinak» direla iritzita. Hain zuzen, salatu du metroaren lanetan informazioa «ezkutatu» dela.
Donostiako EH Bilduk azaldu duenez, batzordeak uztailaren 20an bilera bat egin zuen, baina ETSk zenbait puntu «ezkutatu» zituen. Salatu du ETSk bazekiela lanak ibilbide guztian zeudela geldirik, ekainaren erdialdean obrak egiteko ardura zuen enpresa esleipendunak langileen %70en kontratuak eten zituelako, eta informazio hori ez zela azaldu bileran. Horrez gain, nabarmendu du kontratuak etenda egondako denbora tarte berean zulo bat agertu zela Urbieta kaleko eskola publiko batean, baina horren berri ere ez zutela eman batzarrean. Are, EH Bilduren arabera, orain dela lau hilabete eginiko batzordean txosten batzuk jasoko zituztela agindu zieten, baina oraindik ez dute halakorik eskuratu: «Oraindik ez ditugu jaso lehen zuloa agertu ondoren ustez egingo ziren eta hilabete barru bidaliko zitzaizkigun ikerketa geoteknikorako kanpaina osagarrien emaitzak».
Batzordearen helburua
EH Bilduk nabarmendu du Donostiako metroaren lanen batzordearen helburua «lanen gorabeherak, bizilagunen kexak eta aldaketak aztertzea» dela, eta baita «obren eragina minimizatzeko erabakiak hartzea» ere. Azaldu du udal talde bakoitzeko kide batek, udal gobernuko ordezkari batek eta ETSko ordezkariek osatzen dutela taldea, eta gutxienez bi hilean behin biltzeko konpromisoa hartu zutela. Hala ere, oraingoz, hiru aldiz elkartu dira 2019ko irailetik.
EH Bildurentzat, funtsezkoa da metroaren obrak zati guztietan gelditzea, besteak beste, bizilagunen eta langileen segurtasuna oinarri hartuta. «Lehen ere, diru publikoaren xahuketa ikaragarria zen, baina orain, pandemiaren erdian, premiak bestelakoak diren eta aipatutako akats tekniko eta politikoen ondorioz gainkostuak areagotu diren honetan, honekin jarraitzea onartezina da, eta arduragabekeria bat edozein ikuspuntutatik». |
2020-11-20 | https://www.berria.eus/albisteak/190033/ez-du-emaitzarik-izan-beltranen-gorpua-bilatzeko-asmoz-zaldibarren-egindako-orain-arteko-lanak.htm | Gizartea | Ez du emaitzarik izan Beltranen gorpua bilatzeko asmoz Zaldibarren egindako orain arteko lanak | Ez du emaitzarik izan Beltranen gorpua bilatzeko asmoz Zaldibarren egindako orain arteko lanak. | Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak azaldu du ez dutela Joakin Beltranen gorpurik topatu Zaldibarko zabortegian miatzen ari ziren eremuan. Beltran azken aldiz ikusi zuten eremua hustu eta behatzen aritu dira bost astez, B-1 zona delakoa, baina ia amaitutzat eman dute fase hori, eta ez dute aztarnarik topatu. Beste eremu bat egokitu eta miatzen hasiko direla iragarri du Erkorekak.
B-1 zonaren alboan dauden guneak egokitzen hasiko dira orain, Erkorekak esan duenez. Hurrengo asteetan behaketen segituko dutela esan du.
Otsailaren 6an, Alberto Sololuze eta Joakin Beltran bertan harrapatu zituen Zaldibarko zabortegiak, goitik behera amildu baitzen. Sololuzeren gorpua abuztuaren 14an topatu zuten. | |
2020-11-20 | https://www.berria.eus/albisteak/190034/mercedeseko-langileek-salaketa-jarri-diote-enpresak-egin-nahi-duen-erritmo-murrizketari.htm | Ekonomia | Mercedeseko langileek salaketa jarri diote enpresak egin nahi duen erritmo murrizketari | Sindikatuen ustez, 500 behin-behineko langileri eragingo lioke, eta auzitara jo dute hori eragozteko. Enpresak ekoizpena jaitsi nahi du 2021eko lehen hiruhilekoan. | Mercedeseko langileek salaketa jarri diote enpresak egin nahi duen erritmo murrizketari. Sindikatuen ustez, 500 behin-behineko langileri eragingo lioke, eta auzitara jo dute hori eragozteko. Enpresak ekoizpena jaitsi nahi du 2021eko lehen hiruhilekoan. | Mercedesek Gasteizen duen plantako langile batzordeak salaketa jarri dio zuzendaritzak 2021eko lehen hiruhilekoan ekoizpenean egin nahi duen erritmo murrizketari. Neurri zorrotzegia dela iruditzen zaio, 500 behin-behineko langileri eragingo liekeelako, eta Gasteizko arlo sozialeko epaitegira jo du enpresaren erabakia eragozteko.
Langile batzordeak Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan eginiko elkarretaratzean eman du salaketaren berri. Han bilduak ziren, enpresak sindikatuekin negoziatu gabe hartu duelako ekoizpen erritmoa murrizteko erabakia. Batzordeko presidenteak azaldu duenez, salaketa jarri dute, langile askoren baldintzak «modu nabarmenean» aldatu daitezkeelako da.
Mercedeseko zuzendaritzak barne ohar baten bitartez eman zien asmoaren berri langileei. «Neurri drastikoak hartzea saihesteko» dela azaldu zien, eta ekoizpen erritmoaren eta eskaeren artean dagoen alde handiak eragin duela. Gauzak horrela, hiru lan txandetako baten erritmoa jaitsiko zuela jakinarazi zien. Sindikatuek informazio gehiago eskatu zuten, eta, haien esanetan, jaso ez zutenez, salaketa jarri zuten lan ikuskaritzan iragan astean.
Sindikatuen ustez, erabaki honek eragin handia izango du behin-behineko langileengan, eta, beraien kalkuluen arabera, 500 bat izan daitezke kaltetuak. Sindikatuek enpresari gogoratu diote langileak «ezinbestekoak» izan direla enpresaren jardun onerako, eta eskatu diote ez dezala pandemiaren aitzakia erabil epe luzerako irabaziak bermatzeko. |
2020-11-20 | https://www.berria.eus/albisteak/190035/bizkaiko-zahar-etxeetan-atzemandako-hemeretzi-arduragabekeria-kasu-salatu-dituzte.htm | Gizartea | Bizkaiko zahar etxeetan atzemandako hemeretzi «arduragabekeria» kasu salatu dituzte | Izurriaren lehen olatuan atzemandakoak dira denak, egoiliarren senideen Babestu elkarteko ordezkarien aburuz; Bizkaiko Fiskaltzan aurkeztu dituzte salaketak | Bizkaiko zahar etxeetan atzemandako hemeretzi «arduragabekeria» kasu salatu dituzte. Izurriaren lehen olatuan atzemandakoak dira denak, egoiliarren senideen Babestu elkarteko ordezkarien aburuz; Bizkaiko Fiskaltzan aurkeztu dituzte salaketak | Bizkaiko Fiskaltzara jo dute gaur Bizkaiko zahar etxeetako egoiliarren senideen Babestu elkarteko ordezkariek, eta salaketak aurkeztu dituzte COVID-19aren izurriaren lehen olatuan egoitzetan atzemandako «arduragabekeria» kasuen harira. Hemeretzi kasuren berri eman dute zehazki.
Askotarikoak dira salatu dituzten egoerak: birusa errazagoa «hedatzea» eragin duten lekualdaketak, senitartekoen bisita «bakanak», «bakartze» egoera gogorrak... Fiskaltzari kasuon gaineko ikerketa egiteko eskatu diote, eta «arduragabekeriarik» izan den ebazteko.
Salaketak aurkeztu aurretik elkarretaratze bat egin dute, eta instituzioek adineko pertsonek bizi behar izan dituzten egoera gogor horietan izan duten ardura nabarmendu dute; bereziki gaitzetsi dute Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera, biei dagokielako, hain justu, adinekoak artatzeko protokolo egokiak zehaztea, eta egoitzetan egiten den lanaren gaineko ikuskatze egokia egiten dela bermatzea, Aldiz, beste alde batera begira daudela esan dute, eta egoera oso gogorrak ikusi beharrean direla maiz: «Negargarria da zenbait egoiliarren egoera; azkazalak eta bizarra luze-luze, moztu gabe, eta ahoak zikin. Zein ikuskatze egiten ditu diputazioak? Ez al dute begiratzen nola dauden adinekoak?», galdera egin du elkarteko presidente Juani Cespedesek.
Aldiz, halakoen berri ematen dutenean aldundiak ez diela inoiz jaramonik egiten, horixe deitoratu du. «Lotsagarria da, esaten dizkiogu halakoak aldundiari, eta beti ematen die arrazoi egoitzei. Zergatik babesten ditu hainbeste?». Jaurlaritzari egotzi dio, berriz, langile ratio oso estuak ezartze egoitzetan.
Eskumen pribatuko egoitzetan, bereziki, kontrol handiagoa behar dela esan dute. Izurriari aurre alde egite aldera, adibidez: PCR testak maizago egin behar dituztela uste dute, FFP2 maskarak eman behar dizkietela langileei, eta antolaketa eredu berri bat bilatu behar dela, talde txikiagoetan, birusaren hedatzea saihesteko.
Izurriaren ondorioak apaltze aldera adineko pertsonak bakartzea beharrezkoa bada, haiek ahalik eta egoera «duinean" egoteko ahaleginak egin behar direla nabarmendu dute. Oroitarazi dute «kognitiboki» oso erasanda daudela egoitzetako egoiliarrak askotan, eta garrantzitsua dela haiei kalera irteteko aukerak erraztea, eta senitartekoekin lagunduta irten ezin badute, langileek laguntza hori emateko era erraztu behar dela. |
2020-11-20 | https://www.berria.eus/albisteak/190036/zerga-sisteman-errotiko-aldaketak-nahi-ditu-euskal-herriko-eskubide-sozialen-gutunak.htm | Ekonomia | Zerga sisteman «errotiko aldaketak» nahi ditu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak | Besteak beste, aberastasuna benetan zergapetzea, sozietateen zerga tasa %35era handitzea eta PFEZ progresiboagoa eskatu dituzte, diputazioetan eta Nafarroako Gobernuan gaur erregistratutako aldarrikapenetan. | Zerga sisteman «errotiko aldaketak» nahi ditu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak. Besteak beste, aberastasuna benetan zergapetzea, sozietateen zerga tasa %35era handitzea eta PFEZ progresiboagoa eskatu dituzte, diputazioetan eta Nafarroako Gobernuan gaur erregistratutako aldarrikapenetan. | Diru sarrera publikoak handitzeko, zergen ekitatea eta progresibitatea handitzeko, eta banaketa gaitasuna hobetzeko bere ustez beharrezkoak diren aldaketekin eskaerak erregistratu ditu gaur hainbat eragile sozial eta sindikal biltzen dituen Eskubide Sozialen Gutunak.
Hala, aberastasunaren jabetza eraginkortasunez zergapetzeko hainbat neurri proposatu ditu: Ondarearen gaineko zergaren tarifa bikoiztea litzateke horietako bat, baita zerga horretan hobariak kentzea ere, eta gutxienekoa 350.000 eurotan kokatzea. Ondarearen gaineko zergaren eta errentaren zergaren baturaren mugak ezabatzea ere beharrezkotzat jo dute.
Horrez gain, testuingurua aintzat hartuta, berehalako neurri gisa, ondarearen gaineko zergan emendatze berezi bat ezartzea ere proposatu dute, zeina progresiboa litzatekeen, %1 eta %10 artekoa.
Eskubide Sozialen Gutunak beste emendatze berezi bat ere posible ikusten du sozietateen zergan, 2019. urteko irabazien %20koa. Horrez gain, sozietateen zergako kenkari eta pizgarri fiskal guztiak ezabatzea eta zerga tasa %35era igotzea ere proposatu du.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga progresibo baterako, berriz, kapitalaren tarifa espezifikoak kentzea nahi dute, horrela errenta iturri guztiek tratamendu bera jaso dezaten, eta progresibitate eskala berari lotuta egon daitezen. PFEZaren gehieneko tasa marjinala %60ra igotzeak eta tarifa tarteen kopurua handitzeak ere balioko luke, Gutunaren ustez, errenta zergaren progresibitatea handitzeko.
Balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez, oinarrizko produktuei BEZa murriztea eta luxuzkoei handitzea eskatu dute. |
2020-11-20 | https://www.berria.eus/albisteak/190037/musika-tradizionalari-berrekin-dio-korrontzik-xabier-amurizaren-eskutik.htm | Kultura | Musika tradizionalari berrekin dio Korrontzik, Xabier Amurizaren eskutik | Aurreko albumaren ildotik urrundu, eta kopla jorratu dute ‘Koplariak’ disko-liburuan. Taldearen hamargarren lana da, eta Elkarrekin batera atera dute. Abenduan hasiko dira aurkezpenekin: abestiak jotzeaz gain, koplaren eta bertsoaren arteko ezberdintasunak ere aletuko dituzte | Musika tradizionalari berrekin dio Korrontzik, Xabier Amurizaren eskutik. Aurreko albumaren ildotik urrundu, eta kopla jorratu dute ‘Koplariak’ disko-liburuan. Taldearen hamargarren lana da, eta Elkarrekin batera atera dute. Abenduan hasiko dira aurkezpenekin: abestiak jotzeaz gain, koplaren eta bertsoaren arteko ezberdintasunak ere aletuko dituzte | «Genero tradizionalak, modernoa izateko, ideia batzuk aldatzea besterik ez du behar». Erromerietako klasikoa izan den kopla generoari beharrezko aldaketa horiek egin dizkio Xabier Amurizak, eta molde egokitu horretan ondu ditu Korrontzi taldearen Koplariak disko berriko abestiak. Taldearen eta idazlearen arteko hiru urteko hartu-emanaren emaitza da, itxialdiak azkartua, eta Elkarren eskutik atera berri dute, «luxuzko» edizio batean, Korrontziko Agus Barandiaranen hitzetan: disko-liburu batean mamitu dira abestiok, diskoaz gain Amurizaren hitzak eta horien azalpenak ere dakartzan liburuxka batean.
Hamargarren diskoa du hau Korrontzik eta, era berean, ildo aldaketa ere bada. Aurreko lanean, DJ Makalarekin batera ondutako Topa-K-n, «taldearen errepertorioaren berrikusketa elektronikoa» egin zuten, Elkarreko Andres Camio Jitu-k azaldu duenez, baina oraingoan, aldiz, «folkaren eta musika tradizionalaren mundura itzuli da» taldea. Itzulera hori Amurizarekin batera egitea «ohorea» izan dela nabarmendu du Barandiaranek; berak musikatu ditu haren hitzak, Xabier Zabalarekin batera. Musikariak adinako argitasunarekin adierazi die esker ona Amurizak Korrontzikoei ere: «Niretzat harrotasun itzela da, ia banitateraino iristen dena, eta poztasun ez txikiagoa, disko honen egileetako baten moduan aurkeztea. Hainbat letra egina naiz kantari askorentzat, baina inoiz ez zait gertatu Korrontzi bezalako talde garrantzitsu batek disko oso bat eraikitzea neure hitz hutsen gainean».
Diskoak «koplen balioa aitortzea» du xede, Barandiaranen dioenez; alabaina, kopla zehazki zer den ikasi behar izan zuen aurrena musikariak: «Nik ez nekien zeintzuk ziren koplaren eta bertsoaren arteko desberdintasunak, Xabierrek [Amuriza] irakatsi zidan, eta oraindik ere irakasten jarraitzen dit».
Kontzertua zein azalpena
Koronabirusa gorabehera, Korrontzik eta Amurizak hamabi emanaldi dituzte aurreikusita dagoeneko, abenduaren 23an hasi eta apirilaren 10era bitarte. Horiez gain, Durangoko Ahotsenean ordu erdira helduko ez den emanaldi bat egingo dute abenduaren 8an. Agerraldi horietan, diskoko abestiak jotzeaz gain, hitzaldietarako abagunea ere egongo da. Izan ere, Amuriza ere igoko da oholtzara, Barandianek ezagutzen ez zuen koplaren eta bertsoaren arteko ezberdintasunak argitzeko, hain justu.
Korrontzik eta Gasteizko Antzina Folk festibalak azken urteetan izan duten harremanarekin jarraituz, ikuskizunekin bildutako dirua jaialdira bideratuko dute. Antzina Folkek ataxia telangiectosia gaixotasun sendaezinaren ikerketarako baliabide ekonomikoak lortzea du helburu, eta Korrontzikoek aspaldi egin zuten bat xede horrekin. Taldearen «asmoa antzokiak betetzea» zen arren, edukieraren murrizketek ezinezkoa egiten dute intentzio hori egun. Ondo bidean, abenduaren 30ean jaialdian bertan izango dira.
Kopla eta bertsoa: hiru alde
Lehen aurkezpenerako oraindik pare bat egun falta diren arren, Amurizak gaur bertan argitu du hitzaldietan hizpide izango duen zalantza hori: hots, zerk egiten dituen ezberdin kopla eta bertsoa. Bilboko Poza kaleko Elkar liburu dendan aurkeztu du disko-liburua goizean, Korrontziko taldekideekin eta Camiorekin batera, eta aurkezpena aprobetxatu du alde horiek aletzeko. Hiru giltzarrik bereizten dute kopla bertsotik, bereziki, idazlearen hitzetan: «Laburtasuna, diskurtsoaren elipsia eta logika bisuala». Azaldu duenez, koplak bi edo hiru errima izaten ditu, eta bertsoak lautik gora. Ondorioz, bertsoan «diskurtso gehiago dago, gehitutako ahapaldi horiek justifikatu behar direlako». Koplaren kontrakarrean, bertsotan errepikapenak saihesten dira, eta «betelanarekin» estaltzen dira hutsuneok. «Laburtasun horrek genero ezberdin bat sortzen du».
Hirugarren premisa azaltzeko, Amurizak artera jo du: «Hainbat elementu aipatzen dira, baina, zertara datoz? Nola justifikatzen dira? Inola ez, hor daude. Pinturan bezala, hartzaileak sortu behar ditu harremanak». Ondorioz, bertsoarekin alderatuta, genero «piktoriko eta bisualagoa» da kopla. |
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.