date
stringdate
2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
url
stringlengths
47
182
category
stringclasses
10 values
title
stringlengths
3
140
subtitle
stringlengths
0
1.17k
summary
stringlengths
5
1.18k
text
stringlengths
2
35.8k
2020-8-18
https://www.berria.eus/albisteak/185742/bilboko-manifestazioa-bertan-behera-uzteko-eskatu-diote-pentsiodunen-mugimenduari.htm
Ekonomia
Bilboko manifestazioa bertan behera uzteko eskatu diote pentsiodunen mugimenduari
Ados kolektiboko kideek uste dute ez dela horretarako garaia. «Protagonismo pertsonala» nahi izatea leporatu diete deitzaileei. Abuztuaren 24rako deitu dute mobilizaziora.
Bilboko manifestazioa bertan behera uzteko eskatu diote pentsiodunen mugimenduari. Ados kolektiboko kideek uste dute ez dela horretarako garaia. «Protagonismo pertsonala» nahi izatea leporatu diete deitzaileei. Abuztuaren 24rako deitu dute mobilizaziora.
Ados kolektiboan biltzen diren pentsiodunen elkarteek Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduari eskatu diote bertan behera uzteko abuztuaren 24an Bilbon egingo duen manifestazioa. Sektore kritiko horretako kideek uste dute egungo egoera ez dela egokia gisa horretako mobilizazio bat egiteko —koronabirusaren krisiak agerian utzi ditu mugimenduaren barruan dauden korronte ezberdinak—. Pentsiodunen Mugimenduak manifestazioa antolatu du pentsio publikoak eta duinak aldarrikatzeko eta osasun eta zerbitzu soziosanitario publikoen alde egiteko. Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek COVID-19a agertu zenetik osasunaren eta zaintzaren alorrean izan duen jokabidea salatuko dute: «inbertsio publiko urriak, inprobisazioa eta autokonplazentzia» leporatu diete erakundeoi. 12:00etan hasiko da martxa, Plaza Eliptikoan, eta Areatzan amaituko da. Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak udan eten egin ditu astelehenero Bilboko udaletxearen aurrean egiten dituen elkarretaratzeak, irailaren 7ra arte. «Zentzugabea» Ados kolektiboko kideen arabera, «zentzugabea» da manifestaziora deitzea. Gogoratu dute Jaurlaritzak osasun larrialdia ezarri duela, Bilboko Udalak Aste Nagusia bertan behera utzi duela «aho batez», eta konpartsen koordinakundeak ere gauza bera egin duela prestatu zuen egitarau alternatiboarekin. Era berean, deitzaileei leporatu diete «pentsio duinen defentsarekin loturarik ez duten eskaerak» egitea eta horiek defendatzen dituzten taldeekin solidarioak ez izatea. «Osasun arloko langileak ere kalera irtetea saihesten ari dira, beren aldarrikapen bidezkoak eskatzeko». «Bakarrik Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendua ordezkatzen dutela diotenek eusten diote manifestazioaren deialdiari», azpimarratu dute Adosekoek, eta salatu horko kideek asmo bakarra dutela mobilizazioarekin: «Protagonismo pertsonala» lortzea eta mugimenduaren izena «norberaren intereserako» erabiltzea.
2020-8-18
https://www.berria.eus/albisteak/185743/oiartzungo-taberna-bat-itxi-dute-langile-batek-positibo-eman-duela-eta.htm
Gizartea
Oiartzungo taberna bat itxi dute langile batek positibo eman duela eta
Kutsatzea familiartekoa izan dela baieztatu du Oiartzungo Udalak. Kutsatutakoen kontaktuek negatibo eman dute PCR proban.
Oiartzungo taberna bat itxi dute langile batek positibo eman duela eta. Kutsatzea familiartekoa izan dela baieztatu du Oiartzungo Udalak. Kutsatutakoen kontaktuek negatibo eman dute PCR proban.
Oiartzungo Udalak (Gipuzkoa) jakinarazi du Arragua auzoko Alhambra taberna itxi dutela, hango langile batek positibo eman duelako. Udalak Jaurlaritzako Osasun Sailari eman dio kutsatzearen berri. Azterketaren ostean, baieztatu dute familiarteko kutsatze bat izan dela. Osasun Sailak jarraipena egin die kutsatutakoen kontaktuei, eta guztiek negatibo eman dute PCR proban, baita familia horretakoak ez diren tabernako langileek ere. Positibo emandakoek konfinatuta egon beharko dute. Bien bitartean, taberna itxita egongo da. Kasuaren inguruan zabaldutako mezuak direla eta, udalak lasaitasun mezua helarazi nahi izan die herritarrei, prentsa ohar baten bitartez. Prebentzio neurriak hartu eta elkar zaindu beharra nabarmendu dute udalekoek.
2020-8-18
https://www.berria.eus/albisteak/185744/bi-hildako-azken-orduetan-izandako-bi-istriputan.htm
Gizartea
Bi hildako azken orduetan izandako bi istriputan
Tuterako bizilagun bat zendu da Alfaron (Espainia) izandako istripu batean. Andoainen ere istripu bat izan da, eta 67 urteko pertsona bat zendu da.
Bi hildako azken orduetan izandako bi istriputan. Tuterako bizilagun bat zendu da Alfaron (Espainia) izandako istripu batean. Andoainen ere istripu bat izan da, eta 67 urteko pertsona bat zendu da.
Auto batek eta furgoneta batek aurrez aurre talka egin dute N-232 errepidean, Alfaron (Espainia). 7:30etan izan da istripua, eta bi hildako eragin ditu: 39 urteko gizonezko bat eta 20 urteko beste bat, haietako bat tuterarra. Espainiako Gobernuak Errioxan duen ordezkaritzak zabaldu duenez, errepidea itxita dago istripuaren ondorioz. Polizia ikertzen ari dira istripua zerk eragin duen. N-1 errepidean, Andoainen, istripu bat izan da Lasarte-Oriarako noranzkoan, eta 67 urteko gizonezko bat zendu da. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ezbeharra 11:20 aldera izan da. 67 urteko gizonak gidatzen zuen autoa bidetik atera da, eta erdibitzailearen kontra talka egin du. Ertzaintza istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da. Hildakoaren gorpua Donostiako auzitegiko institutu anatomikora eramango dute, bertan autopsia egiteko.
2020-8-18
https://www.berria.eus/albisteak/185745/372-positibo-atzeman-dituzte-hego-euskal-herrian.htm
Gizartea
372 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian
Azpeitiko tabernari guztiei PCR probak egingo dizkiete, eta Bizkaiko zahar etxeetan beste hiru positibo atzeman dituzte.
372 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Azpeitiko tabernari guztiei PCR probak egingo dizkiete, eta Bizkaiko zahar etxeetan beste hiru positibo atzeman dituzte.
Koronabirusaren azken datuak jakinarazi dituzte Hegoaldeko administrazioek. Bizkaian detektatu dituzte kasu gehien (185), atzo baino hemeretzi gutxiago, dena dela. Gipuzkoan ere bezperan baino positibo gutxiago atzeman dituzte (53); Araban, berriz, 72 kasu agertu dira azkeneko 24 orduetan. Nafarroan 51 pertsonak eman dute positibo, bezperan baino hamar gutxiagok, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez. Hego Euskal Herri osoan, beraz, 372 dira azken orduetan positibo eman dutenak; bezperan baino 53 gutxiago dira. Bestalde, azken orduetan 22 eri sartu dira ospitalean COVID-19 gaitzaren ondorioz. Azpeitian (Gipuzkoa), beste bost kasu atzeman dituzte, eta dagoeneko 94 dira ostegunetik zenbatutakoak. Herriko Erdikalean ibilitakoen artean oldarraldi bat atzeman zuten egun horretan, eta PCR probak egiten ibili dira osasun langileak egunotan. Orain, Azpeitiko Udalak PCR proba egiteko eskatu die herriko tabernari guztiei, agerraldiaren dimentsioa nolakoa den jakin ahal izateko: «Fokuaren dimentsioa zenbat eta lehenago jakin, orduan eta azkarrago hasiko gara egoerari buelta ematen». Ostiraletik itxita daude alde zaharreko taberna guztiak, tabernariek eta udalak hala erabakita. Atzo, taberna horiek desinfektatu zituzten udaleko langileek, eta udalak azaldu du beste tabernaren batean kasurik atzemanez gero ere haiek arduratuko direla desinfekzio lanez. Bizkaian, astebetean kutsatuen ia erdiak Bilbon Abuztuaren 11tik 17rako astean, 910 lagunek eman dute positibo Bilbon. Beraz, Bizkaian aste horretan kutsatu direnen (2.037) ia erdiak bizi dira hiriburuan. Gainera, intzidentzia tasa handia da: 100.000 biztanleko 265 kutsatu dira Bilbon epe horretan. Koronabirusa indarra hartzen ari da Bizkaian eta Araban azkeneko egunetan, eta hori erakusten du Jaurlaritzak gaur zabaldu duen herriz herriko taulak. Bizkaian daude zifrarik deigarrienak. Getxon, 164 pertsona kutsatu dira azkeneko astean (100.000 biztanletik, 213); Barakaldon, 185 (100.000 biztanleko, 188); Erandion, 63 (100.000 biztanletik, 259); Sestaon, 59 (100.000 biztanleko, 217); Basaurin, 40; Leioan, 35; Galdakaon, 28; Bermeon, 26. Baina kasurik esanguratsuena Zamudion agertu da: abuztuaren 11tik 17ra, herriko 49 lagunek eman dute positibo, eta horrek esan nahi du 100.000 biztaleko tasaren arabera egiten bada kalkulua, ia 1.500 kutsatu direla. Alde handiz, Bizkaiko eta Euskal Herriko tasarik handiena da azkeneko astean. Itxura du Abanto-Zierbenan beste agerraldi bat izan dela, hamahiru kasu atzeman baitzituzten hilaren 13an. Gero apaldu da hori. Gasteizko hazkundea eta Mutrikuko intzidentzia Azkeneko astean Araban COVID-19a harrapatu duten hamarretik bederatzi Gasteizen bizi dira. Intzidentzia tasarik handienetako izan du Gasteizek azken astean: 100.000 herritarreko 234 kutsatu dira han —577 pertsona—. Gasteiz kenduta, biztanle gutxiko herriak dira gehienak Araban, eta intzidentzia tasa handiak dituzte herri gehienek, baina kasu positiboak ez dira hainbeste. Laudion, azkeneko astean, hogei lagunek eman dute positibo. Zuian bada agerraldi bat, bertako zaharren egoitzan 11 positibo agertu baitziren astelehenean. Guztiz bestelakoa da egoera Gipuzkoan. Hiriburua adibide: Donostian 144 kasu positibo agertu dira azkeneko astean (100.000 biztanleko 79 kutsatu dira). Irunen, 32 lagunek eman dute positibo abuztuaren 11tik 17ra, baina tasa txikienetakoa du hiriak: 100.000 biztanleko, 53. Mutrikun bestelakoa da egoera. Bertan 32 pertsonak eman dute positibo epe berean, baina horrek esan nahi du herriko intzidentzia tasa ia hamabi aldiz handiagoa dela: 100.000 biztanleko 600 kutsatu baitira han. Azpeitiko agerraldiari lotuta, abuztuaren 11tik 17ra 97 kasu agertu dira. Bestela, Elgoibarren nabari da kasuen pilaketa txiki bat, ez oso esanguratsua: 21 kasu agertu dira han azkeneko astean. Nafarroako Gobernuak ez ditu eman astebetez pilatutako datuak, baina azaldu du gaur detektatutako kasuen %12 Lizarran agertu direla, eta %10 Tuteran. Azkeneko egunetan ere joera hori ari da izaten. 79 kasu Bizkaiko zahar etxeetan Bizkaian, lau dira dagoeneko koronabirus kasuak dituzten zahar etxeak. Azken datuen arabera, 79 egoiliarrek eman dute positibo koronabirusa atzemateko PCR probetan. Asteleheneko datua da, eta larunbatean baino hiru gehiago ziren orduan. 79 horietatik, 43 zahar etxeetan daude, eta 33 Birjinetxeko zentro soziosanitarioan dauzkate; beste hiru egoiliarrak ospitaleratuta daude. Birjinetxen, gainera, badira beste hamalau pertsona berrogeialdia egiten ari direnak ospitalean egon ostean eta egoera ahulean daudenak. Langileei dagokienez, 56 kutsaturik daude eta beste 64 bakarturik.
2020-8-18
https://www.berria.eus/albisteak/185746/soldatak-aldi-baterako-murriztea-proposatu-du-lhk-k.htm
Ekonomia
Soldatak aldi baterako murriztea proposatu du LHK-k
Tomas Arrieta Lan Harremanetarako Kontseiluko presidenteak ezinbestekotzat jo du aldi baterako erregulazioak irailetik harago luzatzea enpleguari eusteko.
Soldatak aldi baterako murriztea proposatu du LHK-k. Tomas Arrieta Lan Harremanetarako Kontseiluko presidenteak ezinbestekotzat jo du aldi baterako erregulazioak irailetik harago luzatzea enpleguari eusteko.
Tomas Arrieta EAEko Lan Harremanen Kontseiluko (LHK) presidentea aldi baterako enplegu erregulazioak (ABEE) luzatzearen alde azaldu da —irailaren 30era arteko epea dute oraingoek—, baina ohartarazi du hori ezin dela neurri bakarra izan enpleguari eusteko. Arrietaren esanetan, «hain ezohikoa den egoera honetan», ezinbestekoa da «irudimenez» jokatzea eta «proaktiboak» izatea, eta, aldi baterako erregulazioez gain, enpresetan beste neurri batzuk ere «hitzartu» behar direla uste du. Besteak beste, aldi baterako soldata murrizketak proposatu ditu. Erabaki hori enpresa bakoitzean oso ongi aztertu eta «adostasun handiz» hartu behar dela nabarmendu du —Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomia Garapenerako sailburua ere mintzatu da horren alde—. Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, LHK-ko presidentea aldi baterako erregulazioak luzatzearen alde agertu da, baina ohartarazi du horiek amaitzean kaleratze kolektiboak etor daitezkeela. Arrietak azpimarratu duenez, enplegua babesteak izan behar du helburua. «Enplegua eroriz gero, dena jar daiteke arriskuan». Negoziazio kolektiboaren egoerari dagokionez, iazko urteekin lan itun gutxiago berritu direla azaldu du —% 3 baino ez—. Hala ere, egoera ona dela azaldu du, «aurreko urteetan etxeko lanak egin zirelako».
2020-8-18
https://www.berria.eus/albisteak/185747/bilboko-tabernariak-gaizkileak-bagina-bezala-tratatzen-gaituzte.htm
Ekonomia
Bilboko tabernariak: «Gaizkileak bagina bezala tratatzen gaituzte»
Udaltzainen jarrera salatu dute, eta laguntzak eskatu dizkiote udalari: «%20an ari gara lanean, eta zergen %100 ordaintzen ditugu. Gutako asko ez dira iritsiko azarora».
Bilboko tabernariak: «Gaizkileak bagina bezala tratatzen gaituzte». Udaltzainen jarrera salatu dute, eta laguntzak eskatu dizkiote udalari: «%20an ari gara lanean, eta zergen %100 ordaintzen ditugu. Gutako asko ez dira iritsiko azarora».
Bilboko Zazpikaleetako, Santutxuko, Atxuriko eta Bilbo Zaharreko taberna elkarte batek haserrea eta kezka plazaratu ditu COVID-19aren krisiaren eraginez duten egoerarengatik. Kexa Bilboko Udalari helarazi diote, eskaera zehatzak eginez: «%20an ari gara lanean, eta zergak oso-osorik ordaintzen ditugu: ura, zaborrak... Gehienok ez dugu laguntzarik jaso, eta zerbitzariak aldi baterako erregulaziotik atera ditugu. Laguntza behar dugu. Hala jarraituz gero, asko ez gara azarora iritsiko. Taberna eta denda txikiak kinka larrian gaude». Zehaztu dute laguntza horiek Bilboko eta Euskal Herriko tabernari guztientzat eskatzen dituztela. Ihintza Torres Zulo tabernako langileak egin ditu bozeramaile lanak, eta, besteak beste, udaltzainengandik jasotako tratua salatu du: «Gehiegizko indarkeria darabilte gure aurka. Gaizkileak bagina bezala tratatu gaituzte, eta gu beti ari gara distantziak zaintzen. Guk, zerbitzariok dugu arriskurik handiena. Estres handia dugu, jendea kontrolatu behar dugu, osasun neurriak... eta, gainera, udaltzaina isunarekin dator. Jendeak normalean ondo zaintzen ditu neurriak, eta gu jotzen gaituzte erruduntzat». Azaldu duenez, Zazpikaleetako taberna gehienak txikiak dira, terrazarik gabekoak, eta jendea seguruago dago kalean barruan baino. «Ireki genuenean, ez zen inor kutsatu; jendeak kalean kontsumitzen zuen, eta guk muga guztiak errespetatu ditugu. Gero, arau zorrotzagoak etorri ziren, eta muga horiekin COVID-19aren zabalkundea mugatzen bada, ondo. Baina, muga horiek ezarri arren, COVID-19aren zabalkundea agian ez da eten. Arazoa agian ez dago ostalaritzan. Agian beste toki batzuetan bilatu beharko lukete: lantokiak, kostaldera lepo beteta doazen trenak... Jendea etxeetan biltzen da. Ostalaritzan behintzat garbitasuna duzu, eta bakoitzak bere edalontzitik edaten du. Tabernetan osasuna bermatzen da», azaldu du. Ohiko fakturazioaren laurdenetik behera, Aste Nagusirik gabe... eta, gainera, zerbitzari gehienak aldi baterako erregulaziotik kanpo. Torres: «Hauteskunde aurreko bi asteetan modu egokian lan egiten utzi ziguten. %60an jardun genuen, irabazirik gabe, baina gastuei aurre egiteko moduan. Taberna askok aldi baterako espedienteetan zituzten zerbitzariak aktibatu zituzten. Hauteskundeen ostean, mugak ezarri zituzten; %20ra jaitsi gara, eta zerbitzariak ezin dira erregulaziora itzuli». Horren eraginez, taberna guztiak «galerak» izaten ari dira, eta hainbatek pertsiana jaitsiko dute aldaketarik egon ezean.
2020-8-18
https://www.berria.eus/albisteak/185748/ezingo-dira-hamar-pertsona-baino-gehiago-bildu-araban-bizkaian-eta-gipuzkoan.htm
Gizartea
Ezingo dira hamar pertsona baino gehiago bildu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Osasun larrialdia ezarri osteko lehen neurriak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak.
Ezingo dira hamar pertsona baino gehiago bildu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Osasun larrialdia ezarri osteko lehen neurriak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak.
Atzo ezarri zuen Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia, eta gaur bildu da Labi batzordea —Larrialdiari Aurre Egiteko Bidea— lehen neurriak adosteko. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria izan da batzordearen buru, eta bertan izan dira sailburuak eta diputazioetako ahaldun nagusiak ere. Bilera horretan, ezarriko dituzten lehen neurriak adostu dituzte, eta aste honetan zehar jarriko dituzte martxan. Arantxa Tapia Industria sailburuak Labiren bileraren ostean azaldu du momentuz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerri guztiei eragingo dieten neurriak zehaztu dituztela, baina eremu jakin bati soilik eragiten dioten neurriak ere ezar ditzaketela aurrerago, tokian tokiko egoera epidemiologikoaren arabera. Neurriok jendea pilatu daitekeen guneei eragingo diete batik bat. Kaleko edozein eremutan ezingo dira hamar pertsona baino gehiago egon; ez terrazetan, ez parkeetan eta ez kirol jardueretan. Neurri horrek eragina izango du turismo jardueretan ere. Ostalaritzari dagokionez, ixteko ordua Espainiako Osasun Ministerioak ostiralean ezarritakoa izango da: 01:00ean itxi beharko dute, eta gauerditik aurrera ezingo da bezerorik sartu. Gainera, 1,5 metroko tartea errespetatu beharko da, ez soilik mahaien artean, baita mahai bereko pertsonen artean ere, eta eserita soilik kontsumitu ahal izango da. Jatetxeetan, ezingo dira aldi berean 60 pertsona baino gehiago egon. Horrez gain, diskotekek eta gaueko tabernek ezingo dute ireki, eta gazte lokalak erabiltzea debekatu dute. Bestalde, beilatoki eta hiletetan gehienez 30 pertsona egon ahalko dira, barruan zein kanpoan izan. Igerilekuetako edukierak %60ra murriztuko dituzte, eta gehienez ere hiru orduz egon ahal izango da bertan. Kalean erretzeko debekua ere indarrean jarriko du Jaurlaritzak. Ezingo da kalean erre bi metroko tartea mantentzerik ez badago. Garraio publikoari buruzko neurriak ere hartu dituzte. Gaueko garraio zerbitzuak 01:30ean bukatuko dira gehienez ere, eta bi orduko bidaiak baino laburragoak direnetan, ezingo da jan; bai, ordea, edan. PCR probak zahar etxeetan Tapiak jakinarazi du murrizketak izango direla zahar etxeetan eta eguneko zentroetan. Pertsona bakarraren bisitak jaso ahal izango dituzte egoiliarrek, egunean ordubetez gehienez ere. Halere, «bizitzaren azken fasean» dauden egoiliarren kasuan, neurri hori arindu egingo da. Sarrera-irteerak ere ahalik eta gehien murriztuko dituzte, eta foru aldundien eta Osasun Sailaren esku egongo da murrizketa horiek zehaztea. Bestalde, PCR probak indartuko dituzte zahar etxeetan: egoiliar eta langile berri guztiei probak egingo dizkiete 72 ordu lehenago gehienez ere. Ikasturtea, aurrez aurre Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua ere izan da bileraren osteko agerraldian, eta datorren ikasturtearen inguruko xehetasun batzuk eman ditu. Hezkuntza zentro guztiek plan bat eta protokolo bat osatu beharko dituzte. Protokolo horretan, sortu daitezkeen jokalekuak zehaztu beharko dituzte, eta kontingentzia plan bat osatu Uriarteren esanetan, asmoa da ikasle guztiak lehen jokalekuan hastea; hau da, aurrez aurreko eskolekin. Ikasleen ratioen inguruan ere mintzatu da sailburua. Uriarteren esanetan, 50 ikastetxe ingurutan ratioak izan beharko luketen baino altuagoak dira. Adierazi du kasu horietan egoera banan-banan aztertuko dutela eta behar izanez gero irakasle gehiago kontratatuko dituztela. Haur Hezkuntzari eta Lehen Hezkuntzari dagokionez, talde iraunkorrak osatuko dituzte, eta talde horien parte izango dira haurrak eta haien irakaslea. Aurrez aurreko eskoletarako, lehentasuna izango dute haurrik txikienek eta kalteberenek. Sarrera-irteerak, gainera, modu mailakatuan egingo dituzte, eta zentro bakoitzak erreferentziazko pertsona bat izango du COVID-19aren inguruko gaiez arduratuko dena. Eskola irteerei dagokienez, ikasturte honetan ezin izango dute gaua igarotzeko irteerarik antolatu.
2020-8-18
https://www.berria.eus/albisteak/185749/maskara-erabiltzera-derrigortuko-dute-ipar-euskal-herriko-enpresetan.htm
Gizartea
Maskara erabiltzera derrigortuko dute Ipar Euskal Herriko enpresetan
Elisabeth Borne Frantziako lan ministroak jakinarazi du maskarak derrigorrez erabili beharko direla enpresetan. Neurria irailaren lehenetik goiti sartuko da indarrean.
Maskara erabiltzera derrigortuko dute Ipar Euskal Herriko enpresetan. Elisabeth Borne Frantziako lan ministroak jakinarazi du maskarak derrigorrez erabili beharko direla enpresetan. Neurria irailaren lehenetik goiti sartuko da indarrean.
Irailaren lehenetik goiti derrigorrezkoa izanen da maskara erabiltzea enpresetan, bakarkako bulegoetan salbu. Elisabeth Borne Frantziako lan ministroak azaldu du erabakia, lan munduko partzuergoekin egin duen bilkura baten ondotik. Bilkuretan eta bulego irekietan baitezpadakoa izanen da, kutsatzea eragozteko. Langileek maskara erabili beharko dute gurutzatzen diren leku guzietan. Maskara «beharrezko osasun tresna» bilakatuko denez, enpresak ditu bere gain hartu beharko gastuak. Bestalde, Frantziako ministroak telelana berriz hartzea gomendatu du. Frantziako Osasun Publikoaren Goi Kontseiluak abuztuaren 14an neurriaren aldeko iritzia azaldu zuen, airearen bidezko kontaminazioaren arriskua aipatuz. Frantses Osasun Publikoaren arabera, enpresek kontaminazio guneen %24 irudikatzen dute. COVID-19aren beste olatu baten beldurrez ezarri ditu neurriok Frantziako Gobernuak. Ipar Euskal Herrian, sasoi turistikoak kasuen emendatzea ekarri du, eta agerraldiak ugaritu egin dira azken egunetan.
2020-8-18
https://www.berria.eus/albisteak/185750/ekintzaile-bat-zigortu-dute-hariri-libanoko-lehen-ministroaren-hilketagatik.htm
Mundua
Ekintzaile bat zigortu dute Hariri Libanoko lehen ministroaren hilketagatik
Salim Ayyash kargu guztietan errudun dela ebatzi du Libanorako Auzitegi Bereziak, Rafik Hariri Libanoko lehen ministro ohia eta beste 21 pertsona hiltzeagatik. Beste hiru akusatuak absolbitu egin ditu.
Ekintzaile bat zigortu dute Hariri Libanoko lehen ministroaren hilketagatik. Salim Ayyash kargu guztietan errudun dela ebatzi du Libanorako Auzitegi Bereziak, Rafik Hariri Libanoko lehen ministro ohia eta beste 21 pertsona hiltzeagatik. Beste hiru akusatuak absolbitu egin ditu.
Rafik Hariri Libanoko lehen ministro ohia hil eta hamabost urte geroago etorri da auziaren epaia. Hagan (Herbehereak) dagoen Libanorako Auzitegi Bereziak lau akusatuetatik bakarra zigortu du, eta beste hirurak absolbitu egin ditu. Auzitegiak «homizidioa» eta «lehergaiekin ekintza terrorista» egin izana egotzi dio Salim Ayyashi, Hariri erailtzeagatik. «Berak bakarrik parte hartu ez zuen arren, atentatua egiteko antolaketan rol garrantzitsua izan zuen. Horrenbestez, erruduna da». Hala adierazi du David Re Nazioarteko Auzitegiko presidenteak. «Lehergaiekin eraso terrorista bat egiteko taldearen erantzule» jo du Ayyashi. Irailaren 21ean emango da jakitera zigorra, eta defentsak auzitegiaren ebazpenaren aurka errekurtsoa aurkezteko hilabete bateko epea izango du. Bi alditan izan zen lehen ministro Hariri, eta 2005eko otsailaren 14an hil zuten, auto bat zartaraziz, Beiruten. Lehen ministroaz gain, beste 21 pertsona hil ziren atentatuan, eta 220 zauritu. Bestalde, atentatuan parte hartzera akusatuta zeuden Asad Sabra, Husein Oneisi eta Hasan Merhi absolbitu egin ditu, ezin izan baitu frogatu Haririren erailketarekin lotura izan zutenik. Epaiketan inor ez da presente egon. Horrez gain, Libanorako Auzitegi Bereziak bosgarren kide bat inputatu du, atentatuaren «buru» gisa: Mustafa Badreddine Hezbollah alderdi eta milizia xiitako komandantea. Dena den, 2016an hil zen Badreddine, Siriako gerran. Bashar al Asaden gobernuarekin batera aritu zen. Horrenbestez, auzitegiak karguak kendu dizkio zendu zela baieztatu eta gero. Janet Nosworthy epaimahaiko kideetako batek adierazi duenez, Auzitegi Bereziak ezin izan du identifikatu atentatu suizidan parte hartu eta lehergaia aktibatu zuen egilea. Soilik, haren hortz bat aurkitu dute: hortik jakin ahal izan dute erasotzaileak 20 urte inguru zituela. «Ez dago beste frogarik», esan du. Epaian adierazi dutenaren arabera, lehen ministro ohia gertutik kontrolatzen zuen Hezbollahko eskuadroi batek. Horretarako, sakelako telefonoen sarea eta koloreen kode bat erabiltzen zituzten. Ayyashen kasuan, auzitegiak ia ziurtzat jo du Haririren aurkako taldean parte hartu zuela, eta haren sakelakoa «funtsezkoa» izan zen atentatua burutzeko. Horrez gain, Al Arabiya egunkariak adierazi duenez, Auzitegi Bereziak baieztatu du Ayyashi eta beste hiru akusatuak Hezbollahren «jarraitzaileak» zirela, baina ezin izan dutela argitu alderdi eta milizia xiitarekin zuzeneko loturarik izan zutenik. Epaiketa 2014. urtean hasi zen, eta Libanorako Auzitegi Bereziak, kasua epaitzeko ardura duenak, erabakia handik sei urtera jakinarazteko asmoa zuen, maiatzaren erdialdera, baina, koronabirusaren pandemiaren eraginez, abuztuaren 7ra arte atzeratzea behartu zuen. Baina abuztuaren 4an Beiruteko portuan jazo zen leherketak epaia gehiago atzeratzea ekarri zuen.
2020-8-18
https://www.berria.eus/albisteak/185751/trumpen-aurkako-jarrerak-batu-ditu-demokratak.htm
Mundua
Trumpen aurkako jarrerak batu ditu demokratak
Michelle Obamaren eta Bernie Sandersen hitzaldiekin hasi da Alderdi Demokrataren kongresua.
Trumpen aurkako jarrerak batu ditu demokratak. Michelle Obamaren eta Bernie Sandersen hitzaldiekin hasi da Alderdi Demokrataren kongresua.
Ezohikoa da Alderdi Demokrataren aurtengo kongresua. Ez da izango aurreko lau urteetako jendetzarik, ez eta txaloaldi jendetsurik ere, pandemiak ez duelako horretarako modurik ematen. Horren ordez, bideokonferentzia bidezko lau eguneko batzarra egingo dute demokratek. Goizaldean hasi dute, George Floyd 46 urteko gizonezko afro-amerikarraren omenezko minutu bateko isilunerekin. Ondoren, hitza hartu dute hainbat ordezkari eta militantek, tartean Floyden anaia Philonise, Barack Obama presidente ohiaren emazte Michelle Robinson Obama eta Bernie Sanders senataria. Demokratek bat egin dute Donald Trumpen aurka, eta ohartarazi «bere buruari soilik» begiratzen diola hark. «Neronek biolina jo zuen Erroma sutan zegoen bitartean, eta Trump golfean jokatzera joan zen», salatu du Sandersek, estatuburuak pandemian erakutsitako jarrerari erreferentzia eginez. Enpatiarik ez izatea egotzi dio, bestetik, Obamak, eta ohartarazi du «okerreko presidentea» dela errepublikanoa. «Presidente izateak ez du inor aldatzen, benetan nolakoa den erakusten baizik. Eta gu nolakoak garen ere erakusten du. Duela lau urte jende gehiegik pentsatu zuen haren botoak ez zuela garrantzirik. Agian nekatuta zeuden. Agian ez zuten pentsatu hau gertatuko zela. Arrazoia edozein izan zela ere, [Hillary Clintonek baino] hiru milioi boto gutxiago zituen hautagaia heldu zen Etxe Zurira», gogorarazi du Obamak. Demokratek ez ezik, errepublikanoek ere parte hartu dute irekiera ekitaldian, tartean Ohiko gobernadore eta errepublikanoen presidentetzarako hautagai izandako John Kasich. Hark argudiatu du «egoerak bultzatuta» joan dela konbentziora, eta gauza bera egitera deitu ditu errepublikanoak izanik demokratei babesa emateak kezkatzen dituenak: «Agian pentsatuko dute Joek [Bidenek] ezkerrera egin dezakeela, eta haiek alde batera utzi, baina nik esan nahi diet ez dela halakorik gertatuko, gizon hau arrazoizkoa eta zintzoa delako». Trumpen politikek ez ezik, pandemiak ere pisua izan du batzarraren lehen egunean. AEBetan, New York izan zen koronabirusaren ondorioak jasaten lehena. Hiriak lehen aldiz itxialdia ezarri behar izan zuen gaitza geldiarazi ahal izateko. Hala, gertatutakoa salatu du Andrew Cuomo New Yorkeko gobernadoreak: «Egungo gobernua ezgaia da. Ezin izan dio birusari aurre egin; ez zen ohartu pandemia bazetorrenik ere. Europako birusak ipar-ekialdeari eraso zion Etxe Zuria Txinara begira zegoen bitartean». Hasi da kanpaina Pandemiak asko murriztu du ohiko presidentetzarako kanpaina. Bi alderdietako hautagaiek oso agerraldi publiko gutxi egin dituzte koronabirusa agertu zenetik, eta egin dituzten horiek ere oso jende gutxi bildu dute. Hortik sare sozialen eta publizitate kanpainen garrantzia. Ohiko hautesle demokratez gain, moderatuen, progresisten eta zalantzan daudenen babesa behar du Bidenek, duela lau urteko porrota errepika ez dadin. Orain arte inkestak alde izan ditu, besteak beste, Trumpek egindako kudeaketa txarrari esker. Baina, bozetarako hiru hilabete falta diren honetan, demokratek ezin dute besteen esku utzi garaipena. Horiek hala, batasun irudia oinarrizkoa du Bidenek, eta baita Sandersen eta Alexandria Ocasio Cortez New Yorkeko ordezkariaren babesak ere —ezkerreko demokraten ordezkariak biak—. Hain zuzen ere, gaur iluntzean —goizaldea Euskal Herrian— hartuko du hitza Ocasio Cortezek, eta baita Bill Clinton presidente ohiak ere.
2020-8-18
https://www.berria.eus/albisteak/185752/hezkuntza-sailak-dio-kasuz-kasu-aztertuko-duela-ea-eskolek-irakasle-gehiago-behar-dituzten.htm
Gizartea
Hezkuntza Sailak dio kasuz kasu aztertuko duela ea eskolek irakasle gehiago behar dituzten
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen %95,4k goizez emango dituzte eskolak.
Hezkuntza Sailak dio kasuz kasu aztertuko duela ea eskolek irakasle gehiago behar dituzten. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen %95,4k goizez emango dituzte eskolak.
Ikasturte berria ate joka dela, hari buruzko argibide batzuk ematera atera da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte. Irakasleak kontratatzeaz aritu da Uriarte. Duela egun batzuk irakasle gehiago hartuko ez zituztela ziurtatu zuen arren, gaur zehaztapen bat egin du: beharrak aztertuko dituzte. «Eskaera orokor bat dago irakasle gehiago kontratatzeko». Nabarmendu du ikastetxeetako ratioak aztertu dituztela horretarako. Hain zuzen, Haur Hezkuntzan 23 ikasle egon daitezke gehienez gelan, eta batez beste 18,5 daude, Uriarteren hitzetan. Lehen Hezkuntzan, 25 ikasle egon daitezke ikasgelako gehienez, eta 19,6koa da batezbestekoa. Gainera, sailburuaren arabera, 121 ikastetxetan gelako hamazazpi ume baino gutxiago daude. Hala ere, onartu du 36 ikastetxetan 23 eta 25 ikasle artean dituztela ikasgelako. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan ere antzekoa da egoera. Uriartek nabarmendu du DBHko geletan gehienez 25 ikasle egon daitezkeela, eta 21,5ekoa dela batezbestekoa; Batxilergoan, berriz, 30 ikasle egon daitezke ikasgela bakoitzean, eta batez beste 24,6 daude. Azpimarratu du hamazazpi eskola daudela batezbestekoaren gainetik. «Kasuz kasu aztertuko ditugu beharrak; batez ere, espazioari dagozkionak eta irakasle gehiago behar dituzten». Erantsi duenez, irakasleak kontratatzeko beharra badute, hori egingo dute. Hala ere, Uriartek zehaztu du hainbat ikastetxetan, lortu diren akordioen ondorioz, irakasle gehiago dituztela. Ildo horretatik, aipatu du sindikatuekin 2018an adostu zela HHko geletan 21 ikasle baino gehiago daudenean irakasle bat gehiago edukitzea. «Kasu horietan, ez dute kontratazio gehiagoren beharrik». Uriartek ziurtatu du Hezkuntza Sailak eutsi egingo diola ikasturtea hasteko zuen asmoari. Horrenbestez, etapa guztietako ikasle guztiek aurrez aurre hasiko dituzte eskolak irailean. Baina ikasturtea ez da aurrekoak bezalakoa izango. Uriartek azaldu duenez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek aukera dute eskolak goizez soilik emateko, eta ikastetxeen %95,4k hori egitea aukeratu dute. Gainera, bertan behera utzi dituzte gaua kanpoan pasatzea dakarten eskolaz kanpoko jarduerak. Halaber, jakinekoa da COVID-19a protagonista izango dela datorren ikasturtean. Uriartek azaldu duenez, Osasun Sailarekin zehazten ari dira ikastetxeek nola jokatu izan daitezkeen jokalekuei aurre egiteko.
2020-8-18
https://www.berria.eus/albisteak/185753/arabako-eta-bizkaiko-zahar-etxeetako-23-egoiliarrek-eman-dute-positibo.htm
Gizartea
Arabako eta Bizkaiko zahar etxeetako 23 egoiliarrek eman dute positibo
Bilboko zahar etxe batean eta Zuiakoan atzeman dituzte azken kasuak. Langile bat kutsatu da Bilbon, eta beste bat Zuian.
Arabako eta Bizkaiko zahar etxeetako 23 egoiliarrek eman dute positibo. Bilboko zahar etxe batean eta Zuiakoan atzeman dituzte azken kasuak. Langile bat kutsatu da Bilbon, eta beste bat Zuian.
Arabako Foru Aldundia PCR probak egiten ari zaizkie hilaren hasieratik zahar etxeetako egoiliar eta erabiltzaileei, prebentzio neurri gisa. Diputazioak proben bitartez atzemandako lehen kasuen berri eman du: hamabi positibo atzeman dituzte Zuiako (Araba) zahar etxe batean. Horietatik hamaika egoiliarrak dira, eta bestea, zentroko langile bat. Udako agerraldiak hasi zirenetik Arabako zahar etxeetako egoiliarren artean detektatu diren lehen positiboak dira. Foru Aldundiak jakinarazi duenez, asintomatikoak dira guztiak, eta testak egiten jarraituko dute kutsatze gehiago izan diren jakiteko. Araban ez ezik, Bizkaian ere izan dira kasuak azken orduetan. Diputazioaren arabera, hiru egoiliarrek eman dute positibo COVID-19aren proban, eta dagoeneko 47 daude kutsaturik. Horietatik hiru ospitalean daude. Arratsaldean, ordea, adierazi dute beste bederatzi egoiliar kutsatu direla Bilboko Ballesol egoitzan. Guztiak Birjinetxeko unitate espezializatura eramango dituzte. Han, langile batek ere positibo eman du PCR proban. Aipatutakoaz gain, beste 56 langileri atzeman diete gaitza, eta beste 64 bakarturik daude. Gipuzkoako zahar etxeetan ez da inor kutsatu azken orduetan egoiliarren artean, baina langileen artean sei kasuren berri eman dute. Orain, beraz, zahar etxeetako hamalau langilek dute gaitza Araban.
2020-8-19
https://www.berria.eus/albisteak/185754/dardara-baten-doinua.htm
Bizigiro
Dardara baten doinua
Soinuak uhin bidez zabaltzen diren dardarak dira. Zenbaitentzat, lanabesa dira; beste batzuentzat, hutsunea edo bibrazio identifikaezin bat. Eta muga fin bat ere bada, soinuaren eta zarataren artekoa.
Dardara baten doinua. Soinuak uhin bidez zabaltzen diren dardarak dira. Zenbaitentzat, lanabesa dira; beste batzuentzat, hutsunea edo bibrazio identifikaezin bat. Eta muga fin bat ere bada, soinuaren eta zarataren artekoa.
Danba! Itxi da atea, eta berehala begiratu dute denek zarata entzun den tokira. Kontzertuan, begiak itxi, eta orkestraren doinuak beste errealitate batera eraman du entzulea. Txorien kanta lasaiak, hirietako lanen hots nardagarriak, telebistan bat-batean igotzen den bolumena, adiskidearen hitzak. Soinuz inguraturik bizi dira pertsonak, belarriak tente, nahiz eta, batzuetan, zaratak gogaitu. Horretaz hobekien jabetzen direnak entzumen sisteman arazoak dituztenak dira, askotan ikusten baitute bazterturik beren burua. Entzumena ongi zaildua duenak nahiz belarri txarra duenak: gehienek etengabe erabiltzen dute entzumena. Ahoz aho transmititu dira jakintzak, historia, kontuak eta kantuak. Idatzitako letrak buru barruan aditu litezke. Soinua oroitzapena ere bada: leku bat, doinu bat, egoera desatsegin bat... Uhinen bidez zabaltzen den bibrazio bat, entzumen sistema kitzikatzean gizakiak soinu gisa identifikatzen duena. Belarria da zenbaiten lanabesa; entzumena dute ogibide. Entzutea da musikarien, soinu teknikarien eta afinatzaileen patua. Entzutea eta entzunaraztea, ongi entzunarazi ere. Igor Eskudero soinu teknikariaren ardura da goizero Euskalerria irratiko uhinetatik soinua egoki zabaltzea. Ekilibrista lanetan aritzen dela azaldu du: «Irratitik igorri behar diren soinu guztiak nahasten ditut: mikroak, sintoniak, publizitatea, grabazioak... Eta hori modu orekatuan egin behar dut». Hau da, ez dadila soinu edo ahots bat besteen gainetik aditu, ez dadila bat-batean bolumena igo... Entzumenaren bueltan. Igor Eskudero soinu teknikaria da Euskalerria irratian, eta musikaria lanetik ateratzen denean. IÑIGO URIZ / FOKU Eskuderoren arabera, ez da belarri fina behar; «ez da musika sortzea bezala», lan «nahiko mekanikoa» baita. Hala ere, belarria trebatu beharra dago, eta horrek denbora eskatzen du. «Denborarekin ohartzen zara entzumenak informazio asko ematen dizula: esatariaren doinuaren arabera, badakizu ondoren zer nahiko duen». Soinuak garrantzi handia du Eskuderoren bizitzan, ez baitu behin ere deskantsatzen: «Nire bizitza soinua da; lo egitean bakarrik deskonektatzen dut». Izan ere, lanetik atera ondoren, musika taldearekin aritzen da, edo musika sortzen. «Batzuek mendira joan behar izaten dute. Nire kasuan, lanetik nekatuta ateratzen naizenean, musika taldearekin edo musika sortuz deskonektatzen dut. Musika sortzeak bide ematen dit errealitatetik aldentzeko eta arnasa hartzeko». Bere afizioak badu loturarik bere lanarekin, baina, hala ere, nabarmendu du bi gauza ezberdin direla. Afizio horretan bai: hor beharrezkotzat jo du belarri fina. Beste lan batzuetan ere ezinbestekoa da belarria zorroztea: piano bat afinatzeko, esaterako. Urko Garde horretan aritzen da, Lizarrako lantokian (Nafarroa) eta etxez etxe. Batez beste, bi orduko lana izaten da, eta «ezinbestekoa» da belarria heztea. Entzumenik ez. Sofia de Esteban sorra da, eta Asorna elkarteko lehendakaria. Keinu hizkuntza erabiltzen du solasteko. IÑIGO URIZ, FOKU Soinua, zarata eta hutsa «Pianoaren afinazioa ez da zehatza; akatsen bat badago, hori mugitu behar duzu dena egokitu dadin. Gure artea akats bat disimulatzea da, eta inork ez dezala gure lana igarri», azaldu du. Afinatzeko giltza, feltrozko ziriak eta feltrozko tirak erabiltzen ditu: ziriekin soka batzuk isilarazten ditu, eta giltzarekin soinua doitu. «Harmoniko zuzena aurkitu behar da, eta abiadura egokian astinarazi. Gero, piano guzira zabaldu behar da hori». Baina ez da soilik afinazioa: «Pianoak soinu polita atera behar du, eta hori ez da hain erraza. Gauza asko izan behar dira kontuan: potentzia, tonua edo distira, dinamika zuzena izatea...». Horretarako, askotan probatu behar dira pianoak dituen 88 notak. Gardek dio belarria heziz eta zailduz frekuentzia egokia aditzen ikasten dela. «Praktika eta maisu on bat izatea dira gakoak». Maisu on batek ongi erakutsi baitezake afinatzaileak zer aditu behar duen. Gardek esan du gaur egun komeni dela nota zehatzak entzuten dituen afinatzaile elektroniko baten laguntza izatea, nahiz eta ez duen denerako balio: «Bitarteak eta akordeak afinatzailearen kontua dira». Baina belarritik sartzen diren soinu guziak ez dira atseginak, eta batzuk kaltegarriak ere badira. Estibaliz Altuna ingurumen zientzialaria da, eta zaratari buruzko tailerrak ematen zituen lehen. «Ingurumenean, soinua oso garrantzitsua da. Animaliek bikotea aurkitzeko, arriskuez ohartarazteko eta abar erabiltzen dute batez ere». Baina, hirietan, haien soinuak estaltzen dira. Esan duenez, hirietako zarata mapetan «argi eta garbi» ikusten da zerk sortzen duen kutsadura akustikoa, nagusiki: trafikoak. «Zarata mapetan oso-oso ondo ikusten dira errepide guztiak. Batzuetan, industrialde batek edo, puntualki, kaleko lanek eragiten dute zarata, baina, nagusiki, trafikoak». Kutsadura mota horrek zenbait gaitz sor ditzake: entzumena galtzea, antsietatea, estresa, depresioa eta hortik eratorri daitezkeen beste gaitz batzuk. Desatsegina den soinuari esaten zaio zarata, baina maite den soinu batek ere kalte egin dezake. Altunari gertatu zaio: «Niri asko gustatzen zait musika: 12 urte nituenetik, musika entzun dut kaskoekin, eta entzumena pila bat galdu dut, pixkanaka. Beraz, nahiz eta gustuko izan, arazo bat sortu dit. Kutsadura mota bat izan da niretzat». Kasu zaratari. Estibaliz Altuna ingurumen zientzialaria, zaratari buruzko tailer batean. IÑIGO URIZ / FOKU Soinuaren bazterretan, berriz, aditzen ez dutenak daude, eta aditzeko arazoak dituztenak. Sofia de Esteban Asorna gorren elkarteko lehendakaria da, eta ez du aditzen. «Nire kasuan, nerbioa kalteturik dago; beraz, berdin du audiofono edo inplante bat eramatea, informazio hori ez zait burmuinera iristen». Harentzat, soinua identifikatu ezin duen sentsazio edo zarata bat da. Dena den, bada aditzen duen soinu bat: medikuaren diapasoia; baina ez daki deskribatzen. Soinua dardara denez gero, musika kontzertu batean doinuen bibrazioak sentitzen ditu. «Ez dut imajinatzen nolakoa den; bibrazioak baizik ez ditut antzematen, eta denbora luzez baldin bada, buruko min oso handia izaten dut». Baina badira musika imajinatzeko gai direnak. Izan ere, gorren mundua oso heterogeneoa da: ez da gauza bera entzumenik gabe sortzea edo gerora galtzea, adibidez. Entzumenezko gizarte batean bizi denez gero, oztopo ugariri egin behar izaten dio aurre. «Zuena soinua da, oso argi dut. Lehentasuna ematen diozue entzumenezko informazioari, ikusmenaren kaltetan». Horregatik, informazio guzia ikusmenera ere egokitzea eskatzen du: azpidatziak, keinu hizkuntza, irudiak... Harentzat, garrantzitsua izan zen keinu hizkuntza ikastea: «Niretzat, garrantzitsuena da pentsarazten didan hizkuntza bat izatea, kognitiboki hobea eginen nauena». Hala ere, gehienek azkenengo aukeratzat dute keinu hizkuntza, eta hori ez zaio ongi iduritzen De Estebani. «Nik asko sufritu dut; txikitan, hitz egitera eta logopedia praktikatzera behartzen ninduten». Esperientzia txarra izan zuen medikuekin, irakasleekin eta baita gurasoekin ere. Azkenik, amak ulertu zuen bere egoera. Gerora, jendearen epaiak pairatu behar izan ditu: «Zergatik ez duzu hitz egiten?», «Zergatik ez daramazu audiofonorik?». Belarri fina. Urko Garde Lizarrako lantokian, piano bat tentu handiz afinatzen. CALLE MAYOR Horregatik nahi du keinu hizkuntza ofiziala izan dadin, osagarria delakoan, baita aditzen dutenentzat ere. Komunikatzeko zubi bat da, soinua antzematen dutenen eta antzematerik ez dutenen artean.
2020-8-20
https://www.berria.eus/albisteak/185755/sua-eta-ura.htm
Mundua
Sua eta ura
Alderdi Demokrataren presidentegai izendatu dute Joe Biden. Hautagai demokratak bederatzi punturen aldea ateratzen dio inkestetan Donald Trumpi, hark kanpainan izandako hutsegiteen ondorioz gehienbat.
Sua eta ura. Alderdi Demokrataren presidentegai izendatu dute Joe Biden. Hautagai demokratak bederatzi punturen aldea ateratzen dio inkestetan Donald Trumpi, hark kanpainan izandako hutsegiteen ondorioz gehienbat.
Zortea duela diote Joe Biden buruzagi demokratari buruz. Zortea izan zuen Alderdi Demokratak bat egin zuenean Bernie Sanders hautagai progresista lehiatik kanpo uzteko, hark alderdia irauliko zuen beldur. Sanders erretiratu ostean, ordea, finantzaketa eta azpiegitura falta zituen, aurkariak dirua sobera eta nahi adina baliabide digital baitzituen haren kontra egiteko. Baina hor ere zortea izan zuen demokratak: koronabirusa heldu zen, eta harekin itxialdia; kanpainako estrategia prestatzeko aski denbora eman zion horrek. Egia da presidentegai demokrataren kanpaina arduradunek ez dutela ahalegin berezirik egin behar izan inkestetan aurrea hartzeko. Urrats bat atzera egitea nahikoa izan du Bidenek, zenbakiak bere alde jar zitezen. «Trump garaipenak ematen ari zaigu etengabe. Ez dugu ezer egin beharrik», onartu du Jess Morales demokraten kanpainako kideak. Joe Biden, Alderdi Demokrataren hautagaia. DAVID SWANSON / EFE Uztail amaierako inkesten arabera, Bidenek 22 punturen aldea ateratzen zion Trumpi emakumezko hautesleen artean, eta 33koa moderatuen artean. Demokratak lirateke nagusi bozetan erabakigarriak izan ohi diren Wisconsinen, Michiganen, Pennsylvanian eta Floridan; eta 2016ko emaitzak irauliko lituzkete Ohion eta Ipar Carolinan. Duela urtebete, presidentetzara aurkeztuko zela iragarri zuenean, inork gutxik egingo zuen haren alde; zaharregitzat eta moderatuegitzat jotzen zuten gehienek. Baina egungo errealitatea beste bat da. Trumpek ez du jakin osasun krisia kudeatzen: garrantzia kendu zion hasieran; zientzialariei entzungor egin eta jarduera ekonomikoa ireki zuen ondoren, eta, pandemia gorenean egonda, Barack Obamak indarrean sartutako doako osasun sistema bertan behera uzten ahalegindu da datorren legealdian hartuko dute auzitegiek azken erabakia. Estrategia gaietan aditu direnek argi dute. «Plan bat dute [demokratek]: eserita daude Trumpek bere hobia zulatzen duen bitartean. Trump kontrola galduz doan heinean, buruzagi lasaiagoaren, normalagoaren, itxura handiagoa du Bidenek», azaldu du Rebecca Katz politologoak. Orain artekoa, hala ere, kanpainaurrea izan da. Kanpaina bera joan den larunbatean hasi zuten, bi alderdiek euren kongresuak egin bezperan; atzo, berriz, ofizialki izendatuz zuten Biden Alderdi Demokratako presidentegai -gaur egingo du kargua onartzeko hitzaldia-. Hala, hemendik aurrera arriskutsua litzateke garaipena zoriaren esku uztea. Izan ere, Trumpek berak dioen moduan, koronabirusaren aurkako txertoa hauteskundeen aurretik lortuko balute, errepublikanoak kolpe bat emango luke mahaian, eta inkestak irauliko lituzke egun batetik bestera. Kezkarik gabe Giro asaldatuan eroso sentitzen da Donald Trump, eta gustuko du eztabaidak sortzea eta titularrak ematea. Ahoan bilorik gabe hitz egiten dutenetakoa da. Estrategia baliagarria izan zen hori 2016an, haren ezaugarri nagusia ohiko politikagintzatik at zegoen hautagaia izatea zenean. Lau urte geroago, ordea, jarrera horrek arrakalak eragin ditu haren alderdiaren barruan ere. Babesa ukatzea gehiegi litzateke, baina hainbat hasiak dira presidentegai errepublikanoaren diskurtsoa zalantzan jartzen. «Uste dut [Trumpen] zenbait txio ez direla lagungarriak; izango lirateke haien tonua beste bat balitz», aitortu zuen ekain hasieran Pennsylvaniako senatari errepublikano Pat Toomeyk. Legealdiaren erdian Ordezkarien Ganbera eta Senatuaren zati bat aukeratzeko egin ohi dituzten bozetan, argi geratu zen Trumpen irudia indarra galduz zihoala. Demokratak gailendu egin ziren Ordezkarien Ganberan, nahiz eta errepublikanoek Senatuaren kontrolari eutsi. Aintzat hartu behar da Trumpen aurkako impeachment edo epaiketa politikoa abian zela ordurako. Salaketa politikoaren jatorria zera izan zen: Trumpek Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari eskatu zion ikerketa bat, zehazki Bideni eta haren seme Hunterri buruzkoa, Ukrainan egin zituzten jardueren ingurukoa. Dena den, oztopoa gainditu egin zuen Trumpek; izan ere, otsail hasieran Senatuak errugabetzat jo zuen haren kontrako akusazioetan —ez da ahaztu behar errepublikanoek eusten ziotela Senatuko gehiengoari. Donald Trump, Alderdi Errepublikanoaren hautagaia. OLIVER CONTRERAS / POOL / EFE Horrela amaitu zuen bere aurkako auzi politikoa, garaile eta itxuraz indartuta. Ordurako, ordea, hasia zen koronabirusa herrialdean zabaltzen, eta, arnasa hartzeko tarterik gabe, beste zulo ilun batean barneratu zen estatuburua. Hari gehitu zitzaizkion George Floyden hilketak eragindako protestak polizia zuri batek hil arte ito zuen gizonezko afro-amerikarra. Eta hori guztia hauteskundeetarako sei hilabete eskas falta zirenean. Horrek guztiak ez du batere aldatu Trumpen diskurtsoa. Hiru dira haren kanpainako zutabe nagusiak: Mexikoren eta AEBen arteko hesia eraikitzen jarraitzea, immigrazioa eteteko; maila federaleko araudiak kentzea, Obamaren garaiko ingurumen legediarekin hasita; eta AEBentzako mesedegarri diren merkataritza akordioak sustatzea, herrialdea munduko potentzia nagusi bilakatzeko. Hauteskundeak irabazteko, ordea, duela lau urte haren alde egin zuten horien beharra du, ohiko jarraitzaileena ez ezik. Moderatuak dira haren kanpainaren helburu nagusia, baina ez da erraza haien babesa eskuratzea, hautagaiak hitz egiten duen aldiro ahotik sua botatzen badu. Alderdian bertan, gero eta gehiago dira diskurtsoa baretzeko eskatzen diotenak, tartean Tim Scott bera, senatari errepublikano afro-amerikar bakarra: «Haren txioak ez dira batere eraikitzaileak; horretan ez dago zalantzarik». Kamala Harris, Bidenen presidenteordetzarako hautagaia. BIDEN HARRIS CAMPAIGN / HANDOUT Presidenteordeak AEBetako gizartea aldatuz doa, eta primarioek argi utzi dute demokraten artean handituz doala progresisten pisua; hori dela eta, alderdiak berak ere irudia aldatu nahi du. Emakumeen botoa bermatzeaz gain, gazteen eta progresisten babesa ere lortu nahi du. Hortik Bidenek emakume gazte eta beltz bat hautatu izana bere bigarren izateko, nahiz eta politikagintzako lehen lerroan esperientzia laburra izan. Kamala Harrisek berritasuna eta freskotasuna dakartza kanpainara, eta Bidenek, berriz, esperientzia saltzen du. Hala, oreka eta segurtasuna lirateke demokraten azarorako eskaintza, errusiar mendi baten antzera jokatzen duen hautagai errepublikanoari aurre egiteko. «Jendeak ez du nahi bonbak jaurtitzen dituen hautagai bat, ez dute behar gerlari ideologiko bat; soilik jaiki eta dena ondo dagoela jakin nahi dute, eta egunkariak izutu gabe ireki ahal izatea. Eta hori eskaintzen die Bidenek», azaldu du Pete Buttigieg hautagai demokrataren kanpaina arduradun izandako Lis Smithek. Trumpentzat moderatuak diren bezala, Bidenentzat oinarrizkoa da komunitate beltza. Duela lau urte behera egin zuen beltzen sostenguak; besteak beste, Hillary Rodham Clintonek ez zuelako haien artean aurrez Obamak edo lehenago haren senar Bill Clintonek adina babes. Horrez gain, Clintonek Tim Kaine senataria aukeratu zuen presidenteordetzarako, hura ere zuria. Hala ere, emakume beltzen %98k egin zuten demokraten alde emakume zurien erdiek Trumpi eman zioten babesa-. Harrisen hautagaitzak, Trumpen hutsegiteei gehituta, emakumeen botoa erakarriko duen esperantza dute demokratek, baita gazteena ere, eta, nola ez, progresistena. Horien kasuan, ordea, Trumpen aurkako botoa litzateke, Bidenen aldekoa baino gehiago. Izan ere, bai Biden eta bai Harris zuzenbidearen alorrean ibiliak dira, eta Harrisek eztabaida eragin duten hainbat erabaki hartu zituen Kaliforniako fiskal nagusi zenean; besteak beste, heriotza zigorrak berriz martxan jartzeko modua eman zutenak. Egia da biek egin dutela beltzen eskubideen alde, baina aldi berean ez dute egoera aldatzeko proposamen zehatzik egin. Mike Pence, Trumpen presidenteordetzarako hautagaia. ANNA MONEYMAKER / POOL Errepublikanoen taldean, Mike Pence presidenteordea izango du ondoan Trumpek. Azken lau urteetan, eta hautatua izan aurretik ere, babes osoa agertu dio Pencek, baita presidentetzarako hautagaitza aurkeztu eta alderdian gutxi batzuek soilik babesten zutenean ere. Bien arteko harremana ez da berria. Trump bera politikan sartu aurretik ere ezagutzen zuten elkar. Kontserbadorea da Pence bera ere, abortuaren aurkakoa eta «erlijio askatasuna» aitzakia hartuta LGTBI komunitatearen eskubideak murriztearen aldekoa. Hain zuzen ere, Penceri esker lortu ditu Trumpek zuri ebanjelisten botoak. Ez dago alde handirik bien diskurtsoan ere. Lehenak bezala, bigarrenak behin baino gehiagotan ohartarazi die zalantzan diren estatubatuarrei ez direla «seguru» egongo Biden boterera heltzen bada. Gainera, Harrisen kasuan bezala, askok uste dute urte batzuk barru Pence bera izango dela errepublikanoen presidentegaia. Familia katoliko eta demokrata batean jaioa da, eta Alderdi Demokratan egin zituen lehen urratsak egungo presidenteordea denak. Baina, berak dioen moduan, «denborak» eraman zuen jarrera aldatzera, besteak beste Ronald Reaganen politikek erakarrita.
2020-8-18
https://www.berria.eus/albisteak/185758/maliko-presidentea-eta-lehen-ministroa-bahitu-dituzte-militarrek.htm
Mundua
Maliko presidentea eta lehen ministroa bahitu dituzte militarrek
Militar talde bat gobernuaren aurka altxatu da, eta Bamako hiriburuko hainbat gune estrategiko inguratu dituzte. Ecowasek eta Frantziak babesa adierazi diote gobernuari.
Maliko presidentea eta lehen ministroa bahitu dituzte militarrek. Militar talde bat gobernuaren aurka altxatu da, eta Bamako hiriburuko hainbat gune estrategiko inguratu dituzte. Ecowasek eta Frantziak babesa adierazi diote gobernuari.
Militar talde bat Maliko Gobernuaren aurka altxatu da, estatu kolpea emateko saiakera batean. Bamako hiriburuko hainbat gune estrategiko bereganatu dituzte, eta, taldeak adierazi duenez, Ibrahim Bubacar Keita presidentea eta Bubu Cise lehen ministroa haien esku daude. Altxamenduan parte hartu duten militarretako baten esanetan, Katiko base militarrera eraman dituzte, Bamakotik hamabost kilometrora. Altxamendua goizeko lehen orduan hasi da. Militarrek Katiko base militarra hartu dute, eta, handik armak hartu ostean, Bamakorako bidea hartu dute. Hainbat testiguren arabera, tiro hotsak entzun dira hori gertatu bitartean. Besteak beste, Defentsa Ministerioa, Armadako Agintaritza eta ORTM telebista publikoaren egoitza inguratu dituzte. Journal du Mali egunkariak Twitter bidez zabaldu du Abdulaye Daffe Ekonomia ministroa bahitu dutela «gizon armatu batzuek», 08:00 aldera. Hedabide berak adierazi du Asanblea Nazionaleko presidente Musa Tiembine ere bahitu dutela, etxean zegoela. Beste hainbat goi kargudun ere atxilotu dituztela ere zabaldu da, tartean Defentsa eta Atzerri ministroak. Agintarien lehen hitzak ez dira iritsi arratsaldera arte. Orduan, ustez Cise lehen ministroak sinatutako agiri bat argitaratu dute. Testuan, «armak isiltzeko» exijitu die altxamenduan parte hartu dutenei, eta «elkarrizketa» eskatu: «Ez dago gure Mali maitearen gainetik egon daitekeen arrazoirik nazio osoarentzat kaltegarriak izan daitezkeen ekintzak aurrera eramateko». Gerora iritsi da, ordea, militarren mezua. Presidentea eta lehen ministroa bera atxiki dituztela adierazi dute. Hala baieztatu du BBCk ere, gobernuko bozeramaile baten bitartez. Bamakon manifestari ugari atera dira kalera, kolpea babestera. Izan ere, azken hilabeteetan indarra hartu dute Keitaren dimisioa eskatzeko mobilizazioek. Horietako batean, uztailaren 10ekoan, hamalau lagun hil ziren, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera. Hala, manifestazioen bultzatzaileek ekintzak areagotzeko deia egin zuten atzo. Gobernuari babesa nazioartetik Nazioarteko erreakzioak, ordea, bestelakoak izan dira. Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak «matxinada» hitz erabili du geratutakoa gaitzesteko, eta kuarteletara itzultzeko eskatu die militarrei. Hala, altxamenduaren aurka «beharrezko neurriak» hartzeko prest agertu da. Frantziako Atzerri ministro Jean Yves le Drianek ere antzeko mezua bidali du, konstituzioari men egiteko eskatuz. Hala, «babes osoa» adierazi dio «Maliren burujabetzari». Izan ere, egun, Frantziak 5.100 militar ditu Sahelen, horietako asko Malin. Frantziako Gobernuaren esanetan, Emmanuel Macron presidenteak Maliko presidente Keitarekin hitz egin du arratsaldean, baita Boli Kostako eta Nigeriako presidenteekin ere. AEBek Sahelen duten goi mandatari J. Peter Phamek ere bide beretik jo du, eta adierazi AEBak «konstituziotik at gerta litekeen edozein gobernu aldaketaren aurka» agertuko direla. Maliko egoera ezegonkorra da azken hilabeteetan. Keitaren dimisioa eskatzeko protestek ez ezik, talde jihadistek eta herrialdeko talde etnikoen arteko liskarrek gora egin dute herrialdearen zati handi batean. NBEren txosten baten arabera, gainera, Keitaren gobernuko eta armadako hainbat goi mandatarik Arjeleko bake akordioak oztopatu dituzte, eta horiei zigorrak ezartzeko aukera plazaratu dute.
2020-8-19
https://www.berria.eus/albisteak/185782/sololuzeren-familiak-eskerrak-eman-dizkie-bilaketan-aritutakoei.htm
Gizartea
Sololuzeren familiak eskerrak eman dizkie bilaketan aritutakoei
Beltran topatu arte "bake osorik ez" dela izango azpimarratu dute hedabideei bidalitako ohar batean. DNA probak baieztatu du Sololuzerenak direla igandeaz gero aurkitutako gorpuzkiak.
Sololuzeren familiak eskerrak eman dizkie bilaketan aritutakoei. Beltran topatu arte "bake osorik ez" dela izango azpimarratu dute hedabideei bidalitako ohar batean. DNA probak baieztatu du Sololuzerenak direla igandeaz gero aurkitutako gorpuzkiak.
"Esker ona adierazi nahi diegu Albertoren bilaketan eta aurkikuntzan parte hartu duten guztiei. Nahiz eta egoera oso bereziak bizitzea egokitu, haiek ez dute etsi", nabarmendu dute Alberto Sololuzeren senideek. Joan den igandeaz geroztik Zaldibarko zabortegian (Bizkaia) topatutako giza arrastoak Sololuzerenak direla baieztatu dute azken egunetan aurkitutako aztarnei eginiko DNA proben lehen emaitzek. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek BERRIAri adierazi diotenez, DNA proben lehen emaitzen berri emana diete epaileari eta senideei. Arratsaldean heldu da familiaren oharra. Sololuzek 62 urte zituen; Eibarkoa (Gipuzkoa) zen, baina Markina-Xemeinen (Bizkaia) bizi zen. Datorren urtarrilean zen erretiroa hartzekoa. Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, Sololuzeren iloba Helene Alberdik eskatu du «justizia» egiteko, eta eskerrak eman dizkie senideei babesa adierazi dieten guztiei. Arratsaldeko oharrean ere eskerrak eman ditu familiak: " Eskerrak eman nahi dizkieguhilabete bukaezin hauetan guztietan elkartasuna erakutsi diguten lagun guztiei. Gure ondoan egon zarete denboora guztian, eta ez gara inoiz bakarrik sentitu". Zaldibar Argitu plataformak ere mezu bat sareratu du: «Alberto Sololuze. Herritarrok ez dugu ahaztuko zerk eta nola eraman zaituen. Besarkada estu bat senideei. Joaquin ahalik lasterren atera dezatela hortik». Ekologistak Martxan elkarteak, berriz, berri ontzat jo du Sololuzeren gorpuzkiak agertu izana, horrek «senide eta lagunei bakea ekarriko dielakoan». Horrez gain, nabarmendu dute ezbeharra ez zela «ustekabekoa» izan, baizik eta «hondakinak kudeatzeko sistema eskas baten emaitza. Horrek, osasunaren eta ingurumenaren babesaren gainetik, enpresa onurak lortzeari ematen dio lehentasuna». Sei hilabetez Sololuzeren eta Joaquin Beltranen berririk gabe egon eta gero, Ertzaintzak igandean berna hezur bat topatu zuen, eta giza arrasto gehiago astelehenean. Atzo, zenbait objektu pertsonal aurkitu zituzten: argazki kamera bat, erloju baten uhala, eguzkitako betaurrekoak eta giltzarrapo bat. Otsailaren 6an amildu zen Zaldibarko zabortegia, eta azpian harrapatuta geratu ziren Beltran eta Sololuze hango langileak. Baskulatik 23 metroko sakoneran aurkitu dituzte gorpuzkiak eta objektu pertsonalak. Hain justu, gune horretan bertan egiten zuen lan Sololuzek. Joan den igandeaz gero, B1 gunean ari dira indusketa lanetan, eta jasotako gorpuzkien DNA laborategietan zen, proba egiteko. Orain, Beltran topatzea izango da urratsa, eta sololuzetarrek azpimarratu dute haien "bakea osoa ez" dela izango Beltran ere aurkitu arte: "Ezin dugu ahaztu Joaquinen bilaketak aurrera jarraitzen duela". Sei hilabete 50.000 herritar inguru konfinatzea ere eragin zuen duela urte erdiko amiltzeak. Hilabeteotan, auzia argitzeko eta gorpuak aurkitzeko eskatu dute senideek eta Zaldibar Argitu plataformak. Duela bi aste, bi beharginak oroitzeko ekitaldiak egin zituzten Markina-Xemeinen eta Zallan, haien sorterrietan. Aurrez, horrelakorik “berriro ez gertatzeko bermeak” galdegin zituzten. Egunean bertan hasi ziren bi langileak bilatzeko lanak, baina gorabehera asko izan dituzte. Besteak beste, luizi gehiago egoteko arriskuak, eremuan amiantoa aurkitu izanak eta hondakinek eragindako suteek lan egiteko modua aldatzera behartu zuten. Apirilaren 6an, zabortegia amildu eta bi hilabetera, Sololuzeren autoa topatu zuten, baina harrezkero ez da izan bi beharginen arrastoei buruzko albisterik. Verter Recycling 2002 SM enpresak kudeatzen du amildutako zabortegia, eta enpresak eginiko kudeaketa eta hondamendian izandako ardura auzibidean dira. Uztailaren 21ean, Jose Ignacio Barinaga Verterren jabea, Arrate Bilbao kudeatzailea eta Juan Etxebarria azpiegituraren ingeniaria atxilotu zituen Ertzaintzak, baina bi egun geroago aske utzi zituen epaileak, karguak egotzita. Gainera, atxiloketek zeresana eman zuten, Jaurlaritzako Segurtasun Saila eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusia ez baitziren bat etorri atxiloketen prozeduran.
2020-8-19
https://www.berria.eus/albisteak/185784/bozetara-deitzeko-konpromisoa-hartu-dute-maliko-gobernuaren-kontra-altxatutako-militarrek.htm
Mundua
Bozetara deitzeko konpromisoa hartu dute Maliko Gobernuaren kontra altxatutako militarrek
Ibrahim Bubacar Keita Maliko presidenteak dimisioa eman du, eta, handik gutxira, militarrek hauteskundeetarako deia iragarri dute. Herrialdeko mugak itxi dituzte, eta 21:00etatik 5:00etara etxeratzeko agindua ezarri dute.
Bozetara deitzeko konpromisoa hartu dute Maliko Gobernuaren kontra altxatutako militarrek. Ibrahim Bubacar Keita Maliko presidenteak dimisioa eman du, eta, handik gutxira, militarrek hauteskundeetarako deia iragarri dute. Herrialdeko mugak itxi dituzte, eta 21:00etatik 5:00etara etxeratzeko agindua ezarri dute.
Militar talde bat Maliko Gobernuaren aurka altxatu zen atzo, eta Ibrahim Bubacar Keita presidentea eta Bubu Cise lehen ministroa bahitu zituzten. Bahiketaren ondotik, presidentea dimisioa ematera behartu zuten, eta gobernua eta parlamentua desegitera. OTRM1 telebista katean mintzatu da Keita. «Boterean jarraitzeko ez dut odolik isurtzerik nahi. Horrenbestez, herritarrei jakinarazi nahi diet agintearen kargua utziko dudala, eta parlamentua eta gobernua deseginarazi». Gaur goizean, atzo gobernuaren aurka altxatu ziren militarrek Herrialdearen Salbaziorako Komite Nazionala aurkeztu dute, eta hauteskundeetara «arrazoizko epe batean» deitzeko konpromisoa hartu dute. Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak eta Frantziak gobernuari babesa adierazi zioten atzo. Ismael Wague militarren bozeramaileak ORTM1 telebista katean hitz egin du, eta, bertan, herrialdeko gizarte zibilari eta alderdi politikoei eskatu die beraiekin bat egiteko «hauteskunde demokratikoetara» deitzeko. Waguek nabarmendu du nazioarteko akordioak errespetatuko dituztela, eta argi utzi dute ez dutela botererik nahi. «Ez dugu botererik nahi; herrialdearen egonkortasuna nahi dugu, arrazoizko epe batean hauteskunde orokorrak egin eta Maliri aukera emateko gure eguneroko bizitza hobeto kudeatzeko eta gobernuaren eta gobernatuen arteko konfiantza berreskuratzeko gai diren erakunde sendoak izateko». Azken orduetan milaka manifestari bildu dira hiriburuko Independentzia Plazan, kolpea eman duten militarrei babesa adierazteko. Keitak dimisioa aurkeztu baino ordu batzuk lehenago, militarrek presidentea eta lehen ministroa atxilotu zituzten, Sebenikoroko presidentearen egoitzan, eta Katiko base militar batera eraman zituzten, Bamako hiriburutik hamabost kilometrora. Jeune Afrique egunkariaren arabera, kuartelean tiroketa bat jazo da gobernuaren aurka altxatu diren militarren eta base militarrean zeuden soldaduen artean. Gaurtik aitzinera herrialdeko mugak itxi dituztela erran du Waguek, eta etxeratzeko agindua ezarri du 21:00etatik 5:00etara. Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak Malirekin zituen mugak itxi zituen atzo herrialdeko estatu kolpearen ondotik. Ohar baten bidez Erkidekoak ohartarazi du «estatu kolpe horrek ez diola bakeari lagunduko, ezta Maliko egonkortasunari ere». Bestalde, jakitera eman dute Mali bere gobernu organoko alderdi guztietatik kenduko dutela, «konstituzio agindua berreskuratu arte». 5G Sahel eskualdeko aliantza militarrak, berriz, presidentearen «berehala» eta «baldintzarik gabe» askatzeko eskatu du. Maliko egoera ezegonkorra Maliko egoera ezegonkorra da azken hilabeteetan. Keitaren dimisioa eskatzeko protestek ez ezik, talde jihadistek eta herrialdeko talde etnikoen arteko liskarrek ere gora egin dute herrialdearen zati handi batean. NBEren txosten baten arabera, gainera, Keitaren gobernuko eta armadako hainbat goi mandatarik Arjeleko bake akordioak oztopatu dituzte, eta horiei zigorrak ezartzeko aukera plazaratu dute. Iazko ekainetik, Maliko oposizioko sektore bat, Mahmud Dicko buru dela, Keita presidentearen dimisioa eskatzen zebilen. Herrialdea egun jasaten ari den krisi ekonomiko larriaren eta herritarrei eragiten dien koronabirusaren pandemiaren erantzuletzat jotzen zuten Keita.
2020-8-19
https://www.berria.eus/albisteak/185785/etxetresnen-renove-planak-aurrekontua-bete-du.htm
Ekonomia
Etxetresnen Renove planak aurrekontua bete du
Jasotako eskaerekin eta tramitean dituenekin 2,5 milioi euroko aurrekontua osatu dela uste du Energiaren Euskal Erakundeak. Hala ere, esleipenak irmoak izan artean eskabideak onartzen jarraituko du; hori bai, laguntza emateko bermerik gabe.
Etxetresnen Renove planak aurrekontua bete du. Jasotako eskaerekin eta tramitean dituenekin 2,5 milioi euroko aurrekontua osatu dela uste du Energiaren Euskal Erakundeak. Hala ere, esleipenak irmoak izan artean eskabideak onartzen jarraituko du; hori bai, laguntza emateko bermerik gabe.
Etxetresnak berritzeko Renove planarekin 25.000 etxetresna inguru ordezkatzea erraztu duela kalkulatu du EEE Energiaren Euskal Erakundeak. Gaur jakinarazi duenez, uste du jada bete duela planaren 2,5 milioi euroko aurrekontua, orain arte jasotako eskaerekin eta tramitean dituenekin. Dena den, orain arteko eskaera guztientzako laguntzak irmoak ez diren artean, erakundeak jarraitu egingo du laguntza eskabideak jasotzen, baina ez du bermatuko laguntzarik. Hozkailu, izozkailu, garbigailu, ontzi garbigailu, lehorgailu eta labe zaharrak botatzea eta energia eraginkortasun handiagoko gailuekin ordezkatzen laguntzea izan da etxetresnen Renove planaren helburua. Horretarako, gailuen kostuaren laurdenera iritsi da laguntza,100 eta 130 euroko mugarekin (etxetresnaren arabera).
2020-8-19
https://www.berria.eus/albisteak/185786/herri-urrats-ez-dute-ospatuko.htm
Gizartea
Herri Urrats ez dute ospatuko
Egoera sanitarioa ikusirik, irailean egin beharra zuten besta eguna bertan behera uztea erabaki du Seaskak. Diru sarreren herenak gal ditzake Ikastolen Federazioak, ikastolen aldeko besta guztiak ezeztatuak izanik.
Herri Urrats ez dute ospatuko. Egoera sanitarioa ikusirik, irailean egin beharra zuten besta eguna bertan behera uztea erabaki du Seaskak. Diru sarreren herenak gal ditzake Ikastolen Federazioak, ikastolen aldeko besta guztiak ezeztatuak izanik.
37.a izan behar zuen aurtengoak. Maiatzaren 10ean egitekoa zuten ikastolen besta, Senperen (Lapurdi), Gaki Ge lelopean. Konfinamenduak harrapaturik, irailera gibelatzea erabaki zuten Seaskak eta Ikastolen Federazioak. Baina egoera sanitarioak ez du hobera egin, eta goizean eman dute berria: 2020. urteko Herri Urrats ezeztatzea deliberatu dute. Debeku ofizialik jaso ez duten arren, antolatzaileek ez dute arriskurik hartu nahi izan. Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak deitoratu du «zalantzan ezartzen» duela ikastolen eredu ekonomikoa, Seaskako diru sarrera nagusiak bestetatik heldu baitira; heren bat orotara. Koldo Tellitu Ikastolen Federazioko lehendakariak gehitu du aurten ikastolen besta guztiak ezeztatzeko erabakia hartu dutela: «Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez eta Kilometroak ez dira ospatuko». Tellituk segurtatu du «Euskal Herri osoari eskaintzeko ekitaldi handi bat» prestatzeko aukera aztertzen ari direla. «Egun edo aste batzuk hartuko ditugu hau dena taldean aztertu eta erabakiak hartzeko. Taldean hartuko ditugu erabakiak, eta jakinaraziko dizkizuegu». Murgiltze ereduaz Seaskakoek prentsaurrekoa baliatu dute murgiltze ereduaren aurkako «erasoak» aipatzeko. Eskola publiko elebidunek euskararen alde egiten duten lana babestu dute. Hiriburun (Lapurdi) murgiltze ereduaren debekatzea «euskararen kontrako eraso zuzen eta larria» dela salatu du Jorajuriak. Euskal Konfederazioarekin batera, Frantziako Hezkuntza Ministerioari hiru galde egin dizkiote: euskara eskola publiko elebakar guzietan eskainia izatea; ama eskola elebidunek murgiltze eredua eskaintzeko aukera izatea; eta murgiltze esperimentazioa eskola publikoetara hedatzea.
2020-8-19
https://www.berria.eus/albisteak/185787/zarauzko-taberna-bat-itxi-dute-langile-batek-positibo-eman-duela-eta.htm
Gizartea
Zarauzko taberna bat itxi dute, langile batek positibo eman duela eta
Itxita egongo da gainerako langileei probak egin bitartean.
Zarauzko taberna bat itxi dute, langile batek positibo eman duela eta. Itxita egongo da gainerako langileei probak egin bitartean.
Zarauzko (Gipuzkoa) Arrano tabernak sare sozialetan jakinarazi duenez, bertako langile batek positibo eman du azken orduetan. Hori dela eta, taberna itxita egongo da gainerako langileei PCR probak egin eta emaitzak jakin arte. Prebentzio neurri gisa, gainera, taberna desinfektatuko dute.
2020-8-19
https://www.berria.eus/albisteak/185788/agerraldi-bat-atzeman-dute-bilboko-zahar-etxe-batean.htm
Gizartea
Agerraldi bat atzeman dute Bilboko zahar etxe batean
Bederatzi egoiliarrek eta langile batek positibo eman dute. Murgiko adinekoen egoitzan bertze zazpi positibo detektatu dituzte azken orduetan, eta denera hemeretzi dira bertako positiboak.
Agerraldi bat atzeman dute Bilboko zahar etxe batean. Bederatzi egoiliarrek eta langile batek positibo eman dute. Murgiko adinekoen egoitzan bertze zazpi positibo detektatu dituzte azken orduetan, eta denera hemeretzi dira bertako positiboak.
Bizkaiko zahar etxeetan ugarituz doaz kasuak. Atzo, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi zuen lau zahar etxetan atzeman zituztela kutsatzeak, eta, orotara, 47 zirela positibo eman zuten egoiliarrak. Halaber, azken orduetan agerraldi brri bat atzeman dute Bilboko zahar etxe batean. Zentroko egoiliar batek positibo eman ostean, PCR probak egin zizkieten gainerako egoiliar eta langile guztiei, eta hainbat kasu azaldu dira: beste zortzi egoiliar eta langile bat daude kutsaturik. Zahar etxeko egoiliar guztiak Birjinetxe zentro soziosanitariora eramango dituzte. Bizkaiko zahar etxeetan detektatu dituzte kasu gehien; hain zuzen ere, herrialde horretan jo du birusak gogorren udan. Agerraldirik bortitzena Zamudioko zahar etxekoa izan zen. Iragan astean, egoiliarren artean 26 positibo izan zirela jakinarazi zuten diputazioak. Beste bi oldarraldi nagusiak Bilbon izan dira. Azken urduetan atzemandako kasuez aparte, hiriko beste zahar etxe batean hamabost egoiliarrek dute gaitza. Bestalde, Barakaldon egoiliar batek positibo eman du. Egun, beraz, 55 dira positibo eman duten Bizkaiko zahar etxeetako egoiliarrak, eta 57 langileak, baina beste 64 bakarturik daude, prebentzio moduan. 19 positibo Murgian Bazirudien birusa ez zela itzuli Arabako zahar etxeetara, baina Foru Aldundiak atzo jakinarazi zuen udako lehen oldarraldia atzeman zutela Murgiko zentro batean. Hilaren hasieran, diputazioa PCR probak egiten hasi zen herrialdeko zahar etxeetan, eta proba horietan hamabi kasu detektatu zituzten. Gaur bertze zazpi positibo atzeman dituzte egoitza berean, eta denera 19 dira positiboak. Horietatik hemezortzi egoiliarrak dira, eta bestea, zentroko langilea. Arabako Foru Aldundiak jakinarazi du datozen egunetan PCR proba gehiago egingo dituztela. Diputazioak, ordea, ez du azaldu egun zenbatekoa den zahar etxeetako langile kutsatuen kopurua. Arabako zahar etxeetako egoiliarren senideek agerraldia egin dute gaur aldundiaren egoitzaren aurrean. Senideek eguneroko bisitak egin ahal izatea eta egoiliarrak zentroetatik atera ahal izatea eskatu diote diputazioari. Izan ere, haien esanetan, itxialdiaren ondorioak oso larriak eta konponezinak izaten ari dira egoiliarrentzat. Gipuzkoan, zahar etxe bakar batean atzeman dituzte kasuak azken asteetan. Hiru izan dira positibo eman duten egoiliarrak, eta horietako bat asteburuan zendu zen, gaitzaren ondorioz. Kutsaturik dauden langileak hamalau dira.
2020-8-19
https://www.berria.eus/albisteak/185789/joe-biden-izango-da-alderdi-demokrataren-hautagaia-presidentetzarako.htm
Mundua
Joe Biden izango da Alderdi Demokrataren hautagaia presidentetzarako
Alderdiaren atzoko konbentzio birtualean egin zuten bozketa. Bidenek bihar emango du onarpen diskurtsoa, eta horrekin amaituko da demokraten bilkura.
Joe Biden izango da Alderdi Demokrataren hautagaia presidentetzarako. Alderdiaren atzoko konbentzio birtualean egin zuten bozketa. Bidenek bihar emango du onarpen diskurtsoa, eta horrekin amaituko da demokraten bilkura.
Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Alderdi Demokratak atzo iluntzean jakinarazi zuen ofizialki Joe Biden izango dela presidentetzarako hautagaia. Hirugarren saiakeran lortu du Bidenek bere alderdiaren hautagaia izatea, eta Donald Trump AEBetako presidenteak beste legealdi bat lor ez dezan saiatuko da. «Eskerrik asko, bihotz bihotzez, nire partetik eta nire familiaren partetik. Ostegunean ikusiko dugu elkar», esan zuen Bidenek, demokraten konbentzioaren bigarren egunean hautagai aukeratu zutenean. Konbentzioa bihar amaituko da, hortaz: onarpen diskurtsoarekin. Bidenek 77 urte ditu, eta Pennsylvanian jaio zen; Delaware estatuan bizi da egun. Sei aldiz izan da senatari azken estatu horretan; lehen aldiz aukeratua izan zen 1972an. Horrez gain, Barack Obamaren presidenteordea izan zen. 1988an eta 2008an Alderdi Demokrataren presidentetzarako hautagai izaten saiatu zen, baina ez zuen lortu. Bidenek ordezkatzen duen «ideologia zabala» azpimarratu zuten konbentzio birtualean. Horrez gain, belaunaldi desberdinen garrantzia azaleratu zuten, alderdiaren iragana eta etorkizuna ordezkatuz. Atzoko saioaren hasieran, hamazazpi kide gazte agertu ziren bideo batean, haien artean Alexandria Ocasio-Cortez biltzarkidea. Minutu bateko denbora izan zuen hark hitz egiteko, eta Bernie Sanders biltzarkidearen hautagaitza aurkeztu zuen. Ocasio-Cortezek esan zuen herrialdeak «erroko konponbide sistematiko bat» behar zuela egungo krisiari aurre egiteko, eta Bideni eta gainerako demokratei eskatu zien ikuspuntu «aurrerakoia» edukitzeko. Alderdiaren iraganaren ordezkari izan zen, bestalde, Bill Clinton AEBetako presidente ohia. Trumpi zuzendutako adierazpenak egin zituen: «Egungo egoeran, Etxe Zuriak gidaritza zentro bat beharko luke izan; horren ordez, ekaitzak sortzen ditu». Presidente ohiak gaineratu du Bidenek «esperientzia, izaera eta zintzotasuna» dituela, herritarrak «batu eta AEBen handitasuna berrezartzeko». Clintonen arabera, Biden da, egungo egoeran, hautagai izateko pertsona egokia. AEBetako presidentetzarako hauteskundeak azaroaren 3rako deituta daude.
2020-8-19
https://www.berria.eus/albisteak/185790/foro-sozialak-laquopremiazkotzatraquo-jo-du-presoen-urruntze-politika-amaitzea.htm
Politika
Foro Sozialak «premiazkotzat» jo du presoen urruntze politika amaitzea
Foroak adierazi du beharrezkoa dela Eusko Jaurlaritzak presoak gerturatzeko egindako proposamena gauzatzea, «preso bakoitzaren familia ingurunetik hurbilen dauden espetxeetara hurbiltzeko».
Foro Sozialak «premiazkotzat» jo du presoen urruntze politika amaitzea. Foroak adierazi du beharrezkoa dela Eusko Jaurlaritzak presoak gerturatzeko egindako proposamena gauzatzea, «preso bakoitzaren familia ingurunetik hurbilen dauden espetxeetara hurbiltzeko».
Foro Sozial Iraunkorrak «kezka handiz» jaso du joan den astean Etxerat elkarteak Espainiako Estatuko lau kartzelatako komunikazio murrizketen inguruan kaleratutako alerta. Horren arabera, COVID-19aren agerraldien ondorioz, espetxeetan «neurri murriztaileak» hartzen ari dira: aurrez aurreko bisitak debekatu dituzte zenbait kartzelatan, eta berrogeialdia ezarri diete bisitak eduki dituzten presoei. Hori ikusita, Foro Sozialak «beharrezkotzat» jo du Eusko Jaurlaritzak euskal presoak gerturatzeko egindako proposamena gauzatzea, «preso bakoitzaren familia ingurunetik hurbilen dauden espetxeetara hurbiltzeko». Horrez gain, Nafarroako Gobernuari berriro eskatu dio antzeko plan bat proposa dezala, Nafarroako preso guztiak Iruñeko kartzelara ekartzeko. Foro Sozialak azpimarratu duenez, «Eusko Legebiltzarra eratu berri den honetan, proposamen honek aurreko legealdian baino adostasun politiko handiagoa biltzen du: egun, Gasteizko ganberaren %90,6k babesten dute (XI. legegintzaldian, berriz, %88k)». Horrela, EAJ, PSE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiek babesten dute proposamena, eta, gainera, «erabat erantzuten dio Europako Kontseiluak oraintsu eguneratutako gomendioei —Espetxeen Europako Arauak—». Gomendio horien arabera, presoak berak aukera dezake nora lekualdatu. Foro Sozialak adierazi duenez, presoen senideen «kezka eta larritasun egoera» horretan, «komenigarria» litzateke Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak «horiekiko enpatia keinuak» egitea. Horrez gain, gaineratu du datozen hilabeteetan «bideratze lanetan sakontzeko konpromisoa» hartuko duela, «presoen auzia espetxe politika normalizatu baten aplikazioaren baitan konpon dadin, birgizarteratze ibilbide baten bidez». Zaldua eta Fuentes, lekualdatuta Bestalde, beste bi mugimenduren berri eman du Etxerat elkarteak; Itxaso Zaldua Soto del Realetik Topaseko espetxera eraman dute, eta Raul Fuentes, Villenatik Soto del Realera.
2020-8-19
https://www.berria.eus/albisteak/185791/595-kasu-atzeman-dituzte-hego-euskal-herrian.htm
Gizartea
595 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian
Indarrean sartu dira Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurriak. Positibo eman zuten hamabi pertsona hil dira azken astean Hegoaldean.
595 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Indarrean sartu dira Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurriak. Positibo eman zuten hamabi pertsona hil dira azken astean Hegoaldean.
Hego Euskal Herrian igo egin dira kasuak azken orduetan: 595 positibo atzeman dituzte, bezperan baino 223 gehiago. Gorakada orokortua izan da herrialde guztietan, baina Bizkaian atzeman daiteke bereziki: 316 kasuren berri eman dute, atzoko kasuak ia halako bi (185). Nafarroan, Araban eta Gipuzkoan, kasuen kopurua ia berbera izan da: 85, 86 eta 81, hurrenez hurren. Javier Remirez Nafarroako presidenteordeak adierazi du aurreko egunetan baino kasu gehiago izan direla azken orduetan, baina, modu neurritsuan bada ere, aste osoko datuak «baikorrak» direla. Ramirezen esanetan, oldarraldiak kontrolpean daude, eta orain ez dago kutsatze komunitariorik Nafarroan. Beraz, gobernuak ez du osasun larrialdia ezartzeko asmorik. Eusko Jaurlaritzak, berriz, astelehenean ezarri zuen larrialdi egoera, eta gaur arratsaldean sartu dira indarrean iragarritako lehen neurriak, EAEko aldizkari ofizialean argitaratu ostean. Nafarroan atzeman dituzten kutsatzeen %56 asintomatikoak izan dira, eta gehienak 27 eta 44 urtekoen artean detektatu dituzte. Kasurik gehienak Iruñerrian daude, %40; Tuteran, hamasei positibo atzeman dituzte, eta Lizarran, 19. Ospitaleratzeen berri ere eman dute Jaurlaritzako eta Nafarroako Osasun Sailek. Azken orduetan, 36 eri sartu dira ospitalean, eta dagoeneko 230 dira erietxeetan gaitzaren ondorioz daudenak Hegoaldean. Horietatik 26, ZIU zainketa intentsiboetarako unitateetan. Are gehiago, abuztuaren 10etik 16ra bitarteko astean, birusa zuten hamaika pertsona hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, horietatik hiru COVID-19aren zuzeneko ondorioengatik; eta Nafarroan, bat. Ezkerraldean hirukoiztu egin dira kasuak Ezkerraldeko lau udalerritan kasuen igoera nabarmena izan da azken orduetan. Barakaldon, Portugaleten, Santurtzin eta Sestaon 22 kasu izan ziren atzo. Jaurlaritzaren azken zenbaketetan, berriz, 90 kasu detektatu dituzte lau herri horietan, bezperan atzemandakoak halako hiru. Portugaleten 28 positibo izan dira; Barakaldon eta Santurtzin, 24; eta Sestaon, 14. Esanguratsua da, era berean, Getxoko kutsatu kopurua: 46 azken orduetan, aurreko egunetan atzeman dituzten kasuak halako bi. Araban, Gasteiz hiriburuan pilatzen dira kasuen %93: atzeman dituzten 86 kasuetatik 80 bertan izan dira. Bestalde, Gipuzkoan beste bederatzi kasu atzeman dituzte Azpeitian, eta dagoeneko 103 dira ostegunetik herri horretan izandako kutsatzeak. Erdikalen ibilitako herritarren artean agerraldi bat atzeman zuten orduan, eta osasun langileak PCR proba masiboak egiten aritu dira ordutik. Gaur beste 100 proba egingo dituztela jakinarazi du udalak, eta zahar etxeko erabiltzaile eta langile guztiei ere egingo diete testa. «Fokua erabat kontrolatuta ez badago ere, lokalizatuta dagoela dirudi», azaldu du Nagore Alkorta alkateak. Intzidentzia tasa handiagoa du, ordea, Mutrikuk: 100.000 biztanleko 712 kutsatu dira; izan ere, azken zazpi egunetan 38 kasu izan dira. Asteko datuak, okerrera Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak abuztuaren 10etik 16ra bitarteko asteko datuen berri eman dute, eta okerrera egin dute aurreko asteekin alderatuz. Hego Euskal Herrian 3.933 positibo atzeman dituzte aste horretan eginiko PCR proben bitartez, iragan astean baino 1.028 gehiago. Positiboen %61 Bizkaian atzeman dituzte: 1.983. Nafarroan izan dira gero kasu gehien, 721; Araban, 601 eta Gipuzkoan 497. Erkidegotik kanpo bizi diren 131 kasu ere atzeman ditu Jaurlaritzak. Intzidentzia tasa %10 hazi da Nafarroan azken astean: 100.000 biztanletik 109 positibo atzeman dira. Halaber, Nafarroako Gobernuak adierazi du birusaren zirkulazioa intentsitate txikikoa dela, eta larritasun maila, berriz, apala. Beraz, joera egonkorra dela. Izan ere, azken asteko kutsatzeen %40 asintomatikoak izan dira, eta kasuen %54 hurbileko kontaktuen artean atzeman dituzte: %31 etxe bereko pertsonen artean. Ospitaleratze kasuak ere igo egin dira herrialde horretan. Abuztuaren 10etik 16ra, 34 pertsona ospitaleratu zituzten birusaren ondorioz, aurreko astean baino zortzi gehiago. Ospitaleratuetako lau ZIUetan sartu dituzte.
2020-8-19
https://www.berria.eus/albisteak/185792/froome-eta-thomas-ez-dira-ariko-frantziako-tourrean.htm
Kirola
Froome eta Thomas ez dira ariko Frantziako Tourrean
Chris Froome eta Geraint Thomas Frantziako Tourreko irabazle ohiak ez dira izango aurtengo edizioan, Ineosek zortzikotetik kanpo utzi baititu. Egan Bernal eta Richard Carapaz izango dira Ineoseko taldeburuak.
Froome eta Thomas ez dira ariko Frantziako Tourrean. Chris Froome eta Geraint Thomas Frantziako Tourreko irabazle ohiak ez dira izango aurtengo edizioan, Ineosek zortzikotetik kanpo utzi baititu. Egan Bernal eta Richard Carapaz izango dira Ineoseko taldeburuak.
Chris Froome eta Geraint Thomas Frantziako Tourrean lehiatuko den Ineoseko zortzikotetik kanpo geratu dira. Biek ala biek ederki dakite zer den Tourra irabaztea, baina denboraldi honetan ez daude sasoirik onenean, eta taldeak beste txirrindulari batzuk eramatea erabaki du. Aurreko garailea, Egan Bernal, eta Giroko irabazle Richard Carapaz izango dira Ineoseko liderrak Frantzian. Bi horiekin batera, Andrey Amador, Pavel Sivakov, Michal Kwiatkowski, Luke Rowe, Dylan Van Baarle eta Jonathan Castroviejo arituko dira. Bernal pozik agertu da Frantzian izango duen taldearekin: "Taldeak gaztetasuna izango du Richardekin, Pavelekin eta nirekin, baina Castroviejoren, Kwiatkoren eta Roweren esperientzia ere izango du. Taldea oso ondo orekatuta dagoela uste dut, eta oso pozik nago Tourrera doan taldean egoteagatik". Thomas Italiako Girora joango da. Erlojupekoetan fin ibiltzen da ziklista galesa, eta aurtengo Giroak erlojuaren kontrako hiru proba izango ditu. Giroan lehiatzeko gogotsu dago Thomas: "Italiako Giroa maite dudan lasterketa bat da. Asko gustatzen zaizkit hango errepideak, zaleak eta, nola ez, Italiako jakiak. Beti disfrutatu izan dut Italian lehiatzen". Froome Espainiako Vuelta hirugarren aldiz irabazten saiatuko da. Joan den denboraldian izandako eroriko larritik sendatu berri da, eta orain ez dago sasoirik onenean. Gustura dago taldeak emandako eginkizunarekin: "Uste dut oraintxe bertan ez naizela gai taldeak Tourrean behar duena emateko. Espainiako Vuelta helburu errealistagoa da. Lesio larri bat izan berri dut, eta, orain minik ez izan arren, pausoz pauso joan beharra daukat".
2020-8-19
https://www.berria.eus/albisteak/185793/gorpu-bat-aurkitu-dute-su-harturiko-auto-baten-barnean-azagran.htm
Gizartea
Gorpu bat aurkitu dute su harturiko auto baten barnean, Azagran
Guardia Zibila ikertzen ari da zer gertatu den. Autoak atzo arratsaldean hartu zuen su.
Gorpu bat aurkitu dute su harturiko auto baten barnean, Azagran. Guardia Zibila ikertzen ari da zer gertatu den. Autoak atzo arratsaldean hartu zuen su.
Auto batek su hartu zuen atzo Azagrako kanpoaldean (Nafarroa), eta, sua itzaltzean, pertsona baten gorpua aurkitu zuten suhiltzaileek ibilgailuaren barnean. Guardia Zibila ikertzen ari da zer gertatu den. Azkoiengo suhiltzaileei eman zieten abisua, atzo arratsaldean: sua zegoela oihan batean. Sutan zegoena, ordea, auto bat zen, eta garrak inguruetako berdeguneetara ere hedatuak ziren. Javier Remirez Nafarroako presidenteordeak jakinarazi du Guardia Zibilaren eskuetan dagoela ikerketa, sekretupean. Ez dute datu gehiagorik eman.
2020-8-19
https://www.berria.eus/albisteak/185794/ebk-ez-ditu-onartuko-bielorrusiako-presidentetzarako-bozen-emaitzak.htm
Mundua
EBk ez ditu onartuko Bielorrusiako presidentetzarako bozen emaitzak
Bruselak zehaztu du «barne krisi bat» dela Bielorrusiakoa, eta eskatu dute elkarrizketak has ditzatela.
EBk ez ditu onartuko Bielorrusiako presidentetzarako bozen emaitzak. Bruselak zehaztu du «barne krisi bat» dela Bielorrusiakoa, eta eskatu dute elkarrizketak has ditzatela.
Svetlana Tikhanovskaia oposizioko buruak Europako Batasuneko (EB) buruei eskatu die, gaur, Bielorrusiako hauteskundeen emaitzak ez onartzeko. Horrez gain, «iruzurra» salatu du, eta nabarmendu Aleksandr Lukaxenkok zilegitasuna galdu duela: «Lukaxenkok zilegitasun osoa galdu du gure nazioaren eta mundu osoaren aurrean». Tikhanovskaiak Lituaniara alde egin zuen, eta handik mintzatu zaie EBko agintariei. Hain zuzen ere, Europar Kontseiluak ezohiko saio bat egin du gaur Bielorrusiako egoeraz, eta, haren ostean, iragarri du ez dituztela ontzat emango presidentetzarako bozen emaitzak. Baina, aldi berean, zehaztu du «barne krisi bat» dela Bielorrusiakoa, eta eskatu du has ditzatela alde guztien arteko elkarrizketak. Horrez gain, Charles Michel presidenteak berretsi du manifestarien aurkako indarkeria bultzatu duten «arduradun guztien aurkako» zigorrak onartuko dituela Bruselak. Goi kargudun horien artean Lukaxenko bera ote dagoen galdetuta, ordea, esan du «datozen ordu eta egunetan» zehaztuko dutela zigortuen zerrenda. Hauteskundeetako garailea bera izan dela esan du Tikhanovskaiak, eta nazioarteko behatzaileekin berriz hauteskundeetara deitzeko nahia adierazi du. Lukaxenkoren aurkako protestak hauteskundeen emaitzak atera ondoren hasi ziren, eta ez dira gelditu. Hala ere, presidenteak baztertu egin du berriro ere bozetara deitzea, seigarren legealdia betetzeko asmoz. Europako Batasunak joan den astean aho batez erabaki zuen manifestazioen aurkako oldarraldietan zerikusia izan zuten funtzionarioen aurkako neurriak hartzea. Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeko (ESLA) kide moduan, Ann Linde Sueziako Atzerri ministroak bere burua eskaini du Minskera bisita egiteko. Lindek esan du Tikhanovskaiarekin hitz egin duela, eta «oso positibo» agertu dela ESLAren bitartekaritza lanetan aritzeko eskaintzaren inguruan. Lukaxenkok Europako agintariei eta Ameriketako Estatu Batuetakoei esan die ez arduratzeko Bielorrusian gertatzen denaz, eta euren barne arazoetan jartzeko arreta. Herrialde horiek guztiek «arazo ugari» dituztela nabarmendu du eta Bielorrusiaz hitz egitean euren aferetatik «arreta desbideratzen» dutela. Bestalde, Lukaxenkok gobernu berria osatu du, eta ekainetik gobernuburu lanetan aritu den Roman Golovtxenko izendatu du lehen ministro. Armamentu Militarrerako ministro izana zen aurretik Golovtxenko. Horrez gain, zenbait iturriren arabera, manifestazioak desegin eta antolatzaileak atxilotzeko ere agindu du estatuburuak. Lukaxenkok «atzerriko esku hartzeei» egozten dizkie protestak. Errusiaren rola Europan, herrialdeak Errusiarekin duen harremanari egin diote arreta. «Bielorrusia ez da Europa, baina Europaren mugan dago, Europaren eta Errusiaren artean, eta hango egoera ezin da alderatu Ukrainakoarekin edo Georgiakoarekin. Bielorrusiak lotura handia du Errusiarekin, eta herritarren gehiengoa harreman estu horren alde dago», esan du Thierry Breton EBko Industria Batzordeko kideak. Vladimir Putin Errusiako presidenteak laguntza militarra eskaini dio Lukaxenkori. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin, Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin eta Europako Kontseiluko presidentearekin hitz egin du Putinek. Ohartarazi die atzerritik ez esku hartzeko Bielorrusiako aferetan.
2020-8-19
https://www.berria.eus/albisteak/185795/andoaingo-kiroldegia-itxi-dute-langile-batek-positibo-eman-duela-eta.htm
Gizartea
Andoaingo kiroldegia itxi dute, langile batek positibo eman duela eta
Zenbait positibo detektatu dituzte Donostiako Hegalak kiroldegiko ikastaro batean. Kontrolpean dagoela adierazi dute.
Andoaingo kiroldegia itxi dute, langile batek positibo eman duela eta. Zenbait positibo detektatu dituzte Donostiako Hegalak kiroldegiko ikastaro batean. Kontrolpean dagoela adierazi dute.
Andoaingo (Gipuzkoa) kiroldegia ixtea erabaki du udalak asteazken honetan. Bertako langile batek positibo eman du PCR testa eginda, eta, erabiltzaileekin kontaktu zuzenik izan ez badu ere, udalak jakinarazi du instalazioak aldi baterako itxita egongo direla. Donostiako Hegalak kiroldegiko jarduera batean ere positibo batzuk atzeman dituzte —ez dute zehaztu zenbat—. Kiroldegiak emandako informazioaren arabera, joan den astean detektatu zituzten, eta kasu «bakanak» izan dira. Ondorioz, ez dute kiroldegia itxi. «Egoera kontrolpean egon da, eta orain ere hala dago», nabarmendu dute kiroldegiko kideek. Halaber, erran dute positibo eman duten herritarren osasunari eman diotela lehentasuna eta osasun eta segurtasun neurriak zorroztu dituztela beste kasurik izan ez dadin.
2020-8-19
https://www.berria.eus/albisteak/185796/celestino-cordova-maputxeak-gose-greba-utzi-du-106-egunen-ondoren.htm
Mundua
Celestino Cordova maputxeak gose greba utzi du, 106 egunen ondoren
Maiatzaren 4an hasi zen gose greban, eta Txileko Gobernuarekin akordio batera iristean amaitu du bere protesta.
Celestino Cordova maputxeak gose greba utzi du, 106 egunen ondoren. Maiatzaren 4an hasi zen gose greban, eta Txileko Gobernuarekin akordio batera iristean amaitu du bere protesta.
Buruzagi espiritual maputxea da Celestino Cordova, eta gose greban egon da 106 egunez. Maiatzaren 4an ekin zion grebari, Temucoko kartzelan zegoela, eta Txileko Gobernuarekin akordio bat lortu duelako utzi du protesta. Horren arabera, Temucoko eta Angoleko espetxeetan modulu bereziak eraikiko dituzte maputxeek beren erritualak egin ahal izateko. Cordovak gose greba hasi zuenean eskaera zehatzak egin zituen; bereziki, OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen herri indigenen inguruko hitzarmena betetzea. Hitzarmen horretan azaltzen denez, espetxe zigorra bere komunitateko lurretan betetzeko eskubidea du presoak. Horrez gain, preso politiko guztien zigorra betetzeko neurriak aldatzeko eskatu zuen, maputxeak izan ala ez; baita kautelazko neurriak aldatzeko ere —inputatutako preso politiko maputxe guztiei eta eztanda soziala dela-eta inputatutakoei—. Egarri greba ere hasi zuen buruzagi espiritualak; baina, komunitate maputxeko hainbat kiderekin hitz egin ostean, hura gelditzeko konbentzitu zuten. Astelehenean hasi ziren Cordovaren, Hernan Larrain Txileko Justizia ministroaren eta Sebastian Valenzuela Justizia idazkariordearen arteko akordioak zehazten. Larrainek eta Valenzuelak buruzagi espiritual maputxearen proposamena aztertu eta onartu zuten. Horren arabera, ia 30 orduz joan daiteke bere rewe-ra —maputxeen monolito mistikoa—; Nueva Imperial ospitalean egongo da indarberritzen den bitartean; Jendarmeriako Azterketa eta Lan Zentro batera eramango dute; Angol eta Temucoko kartzeletako maputxeentzako modulu bereziak eraikiko dituzte; defentsa erakundeak audientzia bat kudeatuko du Cordovaren kautelazko neurriak berrikusteko; Temucoko grebalariak barne zigorrik gabe utziko dituzte; justiziarekiko kulturarteko elkarrizketek jarraituko dute; eta preso dauden maputxe arruntak hezkuntzako eta Jendarmeriako lan programetan sartuko dituzte.
2020-8-19
https://www.berria.eus/albisteak/185797/beste-lau-hilabete-iraun-dezakete-joaquin-beltran-bilatzeko-lanek.htm
Gizartea
Beste lau hilabete iraun dezakete Joaquin Beltran bilatzeko lanek
Eusko Jaurlaritzako iturriek azaldu dute beste bi astez segituko dutela Sololuze topatu duten gunea arakatzen, Beltranen arrastoen bila; baina, agertuko ez balitz, beste gune bat egokitu beharko lukete indusketa lanetan segitzeko.
Beste lau hilabete iraun dezakete Joaquin Beltran bilatzeko lanek. Eusko Jaurlaritzako iturriek azaldu dute beste bi astez segituko dutela Sololuze topatu duten gunea arakatzen, Beltranen arrastoen bila; baina, agertuko ez balitz, beste gune bat egokitu beharko lukete indusketa lanetan segitzeko.
Alberto Sololuzeren gorpuzkiak agertu diren tokian —baskularen azpian, B1 gunean— segituko dute bilaketa lanetan Zaldibarko zabortegian; izan ere, Joaquin Beltranen gorpuzkiak topatzea da hurrengo urratsa. Eusko Jaurlaritzak BERRIAri jakinarazi dionez, beste bi aste iraun dezakete induskatze lanek gune horretan, eta, hor agertuko ez balitz, eremu berri bat arakatzen hasiko lirateke. Egokitze lanak, ordea, ez dira errazak izango. Ingurumen Saila da hondeatze lanen kudeaketa materialaren arduraduna, eta sail horretako iturriek azaldu dute hainbat hilabetez luza daitekeela prozesua: 300.000 metro kubiko hondakin mugitu behar dira, eta, horretarako, luizia egonkortzeko jarritako horma kendu beharko dute. Bila non segitu Oraingoz, gune berean segituko dute bila. BERRIAk jakin duenez, beste hiru auto aurkitu beharko lituzkete eremu horretan, eta berehala amaitzekoak lirateke indusketa lanak. Baina, Sololuzeren gorpuzkiak aurkituta, gunea zehatzago atertzen ari dira orain. Jaurlaritzak dio «konpromisoa» bi gorpuak aurkitzea dela. Hain zuzen ere, Moyua enpresa ari da indusketa lanak egiten, eta, abuztu amaierara arteko kontratua izan arren, BERRIAk jakin du orain luzatu egin dutela kontratua, lanetan aurrera segitzeko, abendura arte, gutxienez. Iñaki Arriola Ingurumen sailburua eta Elena Moreno sailburuordea Zaldibarren izan dira lan mahai teknikoak astero egiten duen bileran. Oraingoan, Sololuzeren gorpua identifikatuta, Beltranen gorpuzkiak bilatzeko lanak antolatzen aritu dira.
2020-8-19
https://www.berria.eus/albisteak/185798/gutxienez-45-migratzaile-hil-dira-libia-pareko-kostan-hondoratze-batean.htm
Mundua
Gutxienez 45 migratzaile hil dira Libia pareko kostan, hondoratze batean
Europarako bidean hondoratu da ontzia. NBEk adierazi du Mediterraneoan aurten gertatu den ezbeharrik larriena izan dela.
Gutxienez 45 migratzaile hil dira Libia pareko kostan, hondoratze batean. Europarako bidean hondoratu da ontzia. NBEk adierazi du Mediterraneoan aurten gertatu den ezbeharrik larriena izan dela.
Libiatik Europara migratzaileak zeramatzan ontzi batek hondoa jo zuen joan den astelehenean, eta dozenaka lagun hil ziren istripuan. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak eta IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak gaur eman dute ezbeharraren berri. Hildakoak gutxienez 45 direla esan dute, eta 37 lagun bizirik erreskatatu zituztela. UNHCRren eta IOMen arabera, urteko hondoratzerik handiena izan da Mediterraneoan. Bizirik ateratakoak Senegalgo, Maliko, Txadeko eta Ghanako herritarrak dira, iturri horien arabera. Libiako Zwara hiriaren parean hondoratu zen ontzia. Aurten gutxienez 302 migratzaile hil dira Mediterraneoan, UNHCRk eta IOMek esan dutenez.
2020-8-20
https://www.berria.eus/albisteak/185822/harris-presidenteordetzarako-hautagai-izendatu-dute.htm
Mundua
Harris presidenteordetzarako hautagai izendatu dute
Arrazakeria eta immigrazioa izan dira gaueko gai nagusiak. Trumpekin «demokrazia arriskuan» dagoela ohartarazi du Barack Obama presidente ohiak.
Harris presidenteordetzarako hautagai izendatu dute. Arrazakeria eta immigrazioa izan dira gaueko gai nagusiak. Trumpekin «demokrazia arriskuan» dagoela ohartarazi du Barack Obama presidente ohiak.
Asiar jatorriko lehen emakumezko presidenteordegai afroamerikarra bilakatu da bart gauean Kamala Harris. Alderdi Demokrataren kongresuko hirugarren egunean berretsi zuten alderdikideek haren hautagaitza. Kaliforniako senatariak Donald Trumpen aurka egiteko baliatu zuen kargu-hartze hitzaldia: «Kaosak noraezean utzi gaitu. Konpetentziarik ezak beldurtuta sentiarazten gaitu. Sentsibilitaterik ezak bakarrik sentiarazten gaitu. Gauza asko dira, eta hori da kontua: askoz hobeto egin genezake, eta gehiago lortu». Bozkatzera joatearen garrantzia nabarmendu zuen Harrisek bere hitzaldian, eta ohartarazi hori dela modu bakarra Trump Etxe Zuritik atera eta boterea demokraten esku uzteko: «Ez da Joeri [Biden] eta niri buruzko kontua. Zuri buruzkoa da; zuei buruzkoa. Adin eta kolore guztietako jendea kalera irten da eta zuen-gure lagun eta senideekin hitz egiten ari dira denok elkarrekin bozkatzera joan gaitezen, osasun zerbitzuak izan ditzagun, bozkatzeko eskubidea izan dezagun eta denok elkarrekin bizimodu hobea lor dezagun». Harrisek gurasoak eta familia izan zituen gogoan kargu hartze ekitaldian. Haren ama, Shyamala Gopalan, Indian jaiotako estatubatuarra zen, eta aita, Donald Harris, jamaikar jatorrikoa. «Amak erakutsi zidan besteen zerbitzura aritzeak zentzua ematen diola bizitzari», esan zuen. Demokraten hautagaiaren aurretik, Barack Obama estatuburu ohiak hartu zuen hitza. Berez, Harrisen ondoren zen hitz egitekoa, baina agerraldia aurreratzeko eskatu zuen, botere aldaketa islatzeko asmoz. Izan ere, Obamak komunitate beltzari esker irabazi zituen hauteskundeak bitan, eta boto horiek behar dituzte Bidenek eta Harrisek Etxe Zurira heltzeko. Trump jarri zuen Obamak jopuntuan, eta ohartarazi hura agintean dagoen bitartean «arriskuan» dagoela demokrazia. «Ia lau urte iraun duen agintaldi honetan, ez du inolako interesik agertu bere lanean, ezta gainerako kideekin akordioak lortzean ere, soilik bere interesak eta bere gertukoenak babestu ditu. Jendearen arreta erakartzeko zuzeneko beste telebista saio bat balitz bezala erabili du presidentetza. Trumpek ez du ezer ikasi tarte honetan, ez delako horretarako gai». Biden bere presidenteorde izan zen garaia ere gogoratu du Obamak, eta nabarmendu adin eta belaunaldi desberdinetakoak izan arren «anaia bat eta lagun bat» aurkitu zuela harengan. «Joek [Biden] eta Kamalak [Harris] estatubatuar guztien alde egingo dute, eta gertutik zainduko dute gure demokrazia». Alderdi Demokrataren kongresua gaur goizaldean amaituko da, Joe Bidenen hitzaldiarekin.
2020-8-20
https://www.berria.eus/albisteak/185823/aleksei-navalni-oposizioburua-erietxera-eraman-dute-ustez-pozoituta.htm
Mundua
Aleksei Navalni oposizioburua erietxera eraman dute, ustez pozoituta
Konorterik gabe eraman dute Navalni erietxera. Haren prentsa arduradunaren esanetan, duela urtebete ere saiatu ziren hura pozoitzen.
Aleksei Navalni oposizioburua erietxera eraman dute, ustez pozoituta. Konorterik gabe eraman dute Navalni erietxera. Haren prentsa arduradunaren esanetan, duela urtebete ere saiatu ziren hura pozoitzen.
Siberiako Tomsk hiritik Moskura zihoan Alkesei Navalni oposizioburua gaizki sentitzen hasi zenean. Hegazkinak larrialdiko lurreratzea egin behar izan zuen Omskeko aireportuan, haren osasunak okerrera egin zuenean. Lurra hartu zutenerako, ordea, konorterik gabe zegoen 44 urteko errusiarra. Kira Iarmix prentsa arduradunaren esanetan, zainketa berezietan dute orain Navalni. «Uste dugu bere teari toxikoren bat botata pozoitu dutela, hori baita gaur goizean hartu duen gauza bakarra. Medikuek diote pozoia azkarrago xurgatu duela haren gorputzak likido beroarekin nahastuta zegoelako. Orain Aleksei konorterik gabe dago». Iarmixek zehaztu duenez, ez da Navalniri erasotzen dioten lehen aldia. «Duela urtebete, preso zegoela, hura pozoitzen ahalegindu ziren. Argi dago gauza bera gertatu dela». Orduan medikuek ezin izan zuten frogatu pozoia eman ziotela. Navalni kanpaina egiten ari zen Siberian, hilabete barru egingo dituzten udal hauteskundeetarako. Ez da lehen aldia Errusian oposizioko buru baten aurka egiten dutela. 2015ean, Boris Nemtsov lehen ministrorde ohia tiroz hil zuten Moskun. Txetxeniako bost gerrillari zigortu zituzten hura hiltzeagatik, baina haren familiak salatu zuen ez zutela ahaleginik egin hilketa nork agindu zuen argitzeko. Duela hogei urte Vladimir Putinek agintea hartu zuenetik, oposizioko hainbat kidek salatu dute norbait haiek hiltzen ahalegindu dela. 2006an, esaterako, Errusiako segurtasun indarretako kide izandako Alksander Litvinenko hil zuten haren tearekin polonioa nahastuta; ustez haren hilketarekin zerikusia izan zutenetako bat diputatu da egun legebiltzarrean.
2020-8-20
https://www.berria.eus/albisteak/185824/gobernu-programa-ia-osatuta-dagoela-dio-tapiak.htm
Politika
Gobernu programa ia osatuta dagoela dio Tapiak
Gobernu programa negoziatzen jarraitzen dute jeltzaleek eta sozialistek. Irailaren 3an izango da inbestidura saioa. Aitzinetik PSE-EEren oinarriek onartuko beharko dute akordioa.
Gobernu programa ia osatuta dagoela dio Tapiak. Gobernu programa negoziatzen jarraitzen dute jeltzaleek eta sozialistek. Irailaren 3an izango da inbestidura saioa. Aitzinetik PSE-EEren oinarriek onartuko beharko dute akordioa.
«Gobernu programa ia bukatuta dago, azken hariak lotzea bakarrik falta da». Hala mintzatu da gaur Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako jarduneko sailburua Radio Euskadin egindako elkarrizketan. Irailaren 3an egingo du Eusko Legebiltzarrak inbestidura saioa eta EAJren hautagaia, Iñigo Urkullu izendatuko dute lehendakari; lehen aldiz, ez lukete bigarren itzulian bozketarik egin beharko, EAJk gehiengo osoa izango baitu, jeltzaleen 31 botoei PSE-EEren hamarrak batuta. Horretarako ordea, gobernu akordioa sinatu behar dute lehendabizi. Tapiak nabarmendu duenez, gobernu programaren nondik norakoak ia bukatuta daude eta behin horiek bukatuta Urkulluk erabaki beharko du exekutiboa nork osatuko duen. «Lehendakariak erabaki beharko du sailen banaketa nola egin». Izenak baino, egin beharreko lana garrantzitsuagoa dela nabarmendu du, ordea, Tapiak. «Garrantzitsua zer egingo dugun da, datorren lau urteetan izango dugun egoerari nola helduko diogun, zer egitura den egokiena Gobernuan horri aurre egiteko eta lehenbailehen lanean hasteko, ez bakarrik Eusko Jaurlaritza gisa, baizik eta gizarte gisa», adierazi du. Hainbat kazetak berri eman dutenez uste baino gehiago atzeratzen ari da gobernua osatzeko akordioa. Hala, hasieran batean datorren astean aurkeztekoa bazuten ere, badirudi negoziazioak gehiago luzatuko direla. Irailaren 3an izango da inbestidura, alta, hori baino lehen akordioa onartu beharko dute PSE-EEren oinarriek. Azken legegintzaldian hiru sail egon dira sozialisten esku, eta litekeena da datorrenean ere indar korrelazioa mantentzea. Hainbat iturriren arabera, Idoia Mendia lehendakariordea izatea nahi dute sozialistek, ikusteke dago ordea jeltzaleek onartuko duten hori. Iñaki Arriolaren figura da zalantza sortzen duen bertzea. Izan ere azken legegintzaldian Ingurumen diputatua izan da Arriola, baina Zaldibarko luiziak ezbaian jarri du bere kudeaketa eta hainbat elkarte eta sindikatuk eskatu dute ez dezala gobernuan jarraitu.
2020-8-20
https://www.berria.eus/albisteak/185825/hotelek-iazko-bezeroen-erdiak-izan-dituzte-uztailean.htm
Ekonomia
Hotelek iazko bezeroen erdiak izan dituzte uztailean
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 109 hotel itxita egon dira. Landetxeetan, berriz, %31,7 txikitu da gaualdien kopurua.
Hotelek iazko bezeroen erdiak izan dituzte uztailean. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 109 hotel itxita egon dira. Landetxeetan, berriz, %31,7 txikitu da gaualdien kopurua.
Uda txarra espero zuten hotelek, eta uda txarra izaten ari dira; Hego Euskal Herrian bederen, Ipar Euskal Herrian Frantziako turisten etorrerak bezero andana ekarri baitie. Baina frantziar gutxi —eta are alemaniar, britainiar eta estatubatuar gutxiago— izan dira Bidasoaren bestaldeko hoteletan, eta horrek hondoratu egin ditu gaualdiak. Eustatek gaur emandako datuen arabera, uztailean 179.843 bezero izan dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hotelek, iaz baino %45,2 gutxiago. Gainera, bezero horiek egun gutxiago igaro dituzte establezimenduetan —batez beste 2,11 gau igaro zituzten iazko uztailean, eta 1,89 aurtengoan—. Ondorioz, gaualdiak erdira jaitsi dira: 340.376 aurten, eta 692.414 iaz (-%50.8). Lurraldez lurralde, aldeak handiak dira. Okerren Bizkaiko hotelek izan dute, gaualdien %59,2 galdu dituztelako, batez ere Bilboren eraginez (-%62,9). Arrazoi nagusia Espainiatik kanpoko bidaiarien eskasia izan da, iaz iritsitako bost lagunetik bat bakarrik etorri baita. Gipuzkoan, berriz, erorikoa ez da hain handia izan (-%42), Donostiak hobeto eutsi diolako (-%39,7) eta, batez ere, bezero espainiar, katalan eta galiziar askori eutsi dietelako: iaz baino %5,9 gutxiago izan dira soilik, eta gaualdiak -%17,6 txikitu dituzte. Araban %51,3 jaitsi dira gaualdiak, baina lurralde horretan du turismoak pisu gutxien. Ia bost hoteletik bat, itxita Gaualdiak erdira jaitsi izanak ez du esan nahi hotel guztiek bezeroen erdiak galdu dituztenik. Izan ere, hotel askok itxita jarraitu dute, ulertu baitute irekitzea ez zitzaiela errentagarria izango. Horrela, 46 hotel itxita egon dira Gipuzkoan, 43 Bizkaian, eta hogei Araban. Orotara, 109 (%18), iazko 33 hotel itxien aldean (%5). Gainera, iaztik hona bost establezimendu gehiago zenbatu ditu Eustatek (619). Egia da, ordea, jarduerarik gabeko hotelak gutxituz joan direla azken hilabeteetan, zabaltzeko mugak arindu ahala: 563 izan ziren apirilean, 430 maiatzean, eta 246 ekainean. Bezeroak erakartze aldera, hotelek beren tarifak txikitu dituzte. Batez beste, gau bakoitzeko 86 euro kobratu dituzte, iaz baino %22,4 gutxiago. Alde handiz, Gipuzkoako hotelak dira garestienak (103 euro); Bizkaian, 71 euro kobratu dituzte, eta Araban, 68 euro. Landetxeetan, eroriko txikiagoa Landetxeek ere bezeroak galdu dituzte, baina ez hainbeste. Eustaten arabera, 14.054 bezero izan zituzten uztailean (-%34,5), eta 44.051 gaualdi egin zituzten (-%31,7). Batez besteko egonaldiak hiru egunekoak ziren, eta 3,13koak dira orain. Bezeroen erdiek baino gehiagok Gipuzkoako landetxeak aukeratu dituzte, eta han jaitsi dira gutxien bezeroak (-%29,1). Bizkaian, berriz, %45,8 urritu dira. Hotel askok bezala, landetxe ugarik ere uztailean ez irekitzea erabaki dute. Zehazki, 431 establezimenduetatik 80 itxita egon dira hilabete osoan zehar (%18,2).
2020-8-20
https://www.berria.eus/albisteak/185826/abisu-horia-arratsalderako-tenperatura-beroak-direla-eta.htm
Gizartea
Abisu horia arratsalderako, tenperatura beroak direla eta
Tenperatura beroenak 36ºC ingurura iristea espero da, eta ostiralerako ere ezarri da abisua, olatu garaiak direla eta.
Abisu horia arratsalderako, tenperatura beroak direla eta. Tenperatura beroenak 36ºC ingurura iristea espero da, eta ostiralerako ere ezarri da abisua, olatu garaiak direla eta.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du arratsalderako, muturreko tenperatura beroak direla eta. Abisua 15:00etatik 19:00etara egongo da indarrean; izan ere, espero da Kantauri barnealdean eta Ebro ondoko eskualdean tenperatura beroenak 36ºC ingurura iristea; Iragate aldean, 35ºC ingurura; eta kostaldean, 33ºC ingurura. Ostiralerako ere ezarri dute abisu horia, olatu garaiak direla eta. Bi metro inguruko olatuak egongo direla ohartarazi dute, eta horiek arriskuak eragin ditzakete itsasoan nabigatzeko orduan, baita kostaldean bertan ere. Nabigaziorako abisua 12:00etatik 00:00etara egongo da indarrean, eta kostaldekoa, 18:00etatik 20:00etara.
2020-8-20
https://www.berria.eus/albisteak/185827/bertan-behera-utzi-dute-gasteizko-sorosleen-eta-begiraleen-greba.htm
Gizartea
Bertan behera utzi dute Gasteizko sorosleen eta begiraleen greba
Mendizorrotzeko eta Gamarrako igerilekuak itxita zeuden protestagatik. Joan den abuztuaren 10ean abiatu zituzten lan etenaldiak, eta langileek negoziatzen segitzen dute enpresarekin.
Bertan behera utzi dute Gasteizko sorosleen eta begiraleen greba. Mendizorrotzeko eta Gamarrako igerilekuak itxita zeuden protestagatik. Joan den abuztuaren 10ean abiatu zituzten lan etenaldiak, eta langileek negoziatzen segitzen dute enpresarekin.
Gasteizko Udalak jakinarazi du sorosleen eta begiraleen greba mugagabea bertan behera gelditu dela. Hamar egunez lau orduko lan etenaldiak egin dituzte langileek, eta, ondorioz, Mendizorrotzeko eta Gamarrako igerilekuak itxita egon dira. Protestaren bidez, langileek salatu nahi zuten udalak murriztu egin dituela igerilekuetan udarako jarduerak, koronabirusa "aitzakia" hartuta. Egoera "kaotikoa" zela eta behin-behinekotasuna eta lan prekaritatea "jasanezinak" direla salatu zuten orduan. Negoziazioak, aurrera Udalak jakinarazi du oraindik ez dutela akordiorik egin igerilekuen kudeaketaz arduratzen den enpresak eta langileek, baina negoziazioek aurrera jarraitzen dutela. "Albiste ona da", nabarmendu du udalak: "Desadostasunak ez dira ez hain esentzialak, ezta akordioa ez sinatzeko bezain zailak ere". Bestalde, Gasteizko Udalak eskatu du "ulertzeko" grebak eta lan etenaldiak erabiltzaileen kalterako izan daitezkeela, eta "negoziazioa eta elkarrizketaren bidea amaitzean soilik" duela zentzua. Joan den abuztuaren 4an, protesten berri emateko prentsaurrekoan, sorosleek eta begiraleek nabarmendu zuten Gasteizko Udalak ezartzen dizkien baldintzak "gero eta eskasagoak" direla.
2020-8-20
https://www.berria.eus/albisteak/185828/689-kasu-detektatu-dituzte-hego-euskal-herrian.htm
Gizartea
689 kasu detektatu dituzte Hego Euskal Herrian
Beste 45 eri sartu dira ospitalean azken orduetan.
689 kasu detektatu dituzte Hego Euskal Herrian. Beste 45 eri sartu dira ospitalean azken orduetan.
Kasuek gora egin dute beste behin Hego Euskal Herrian. Asteburuan kutsatzeak apaltzen ari zirela zirudien arren, azken bi egunetan goranzko joera izan da. Azken orduetan, 689 kasuren berri eman dute, bezperan baino 94 gehiago. Gainera, egin diren PCR proben kopurua ere txikiagoa izan da: 909 test gutxiago egin dira. Kasurik gehienak Bizkaian atzeman dituzte berriro ere: abuztu guztian, hantxe atzeman dituzte kasu gehien. Atzo baino 56 kasu gehiago izan dira: 372. Araban eta Nafarroan ere koska bat gora egin dute positiboek, eta 100en langa gainditu da: 117 eta 113 izan dira, hurrenez hurren. Gipuzkoan, berriz, apalagoak izan dira kutsatzeak; 73. Jaurlaritzak jakinarazi du erkidegotik kanpo bizi diren hamalau pertsonari detektatu diotela gaitza. Ospitaleratzeen ugaritzeak ere ez du etenik. Egunetik egunera gehiago dira COVID-19 gaitzaren ondorioz erietxeetara sartzen direnak. Azken orduetan, 46, eta dagoeneko 250 eri daude Hego Euskal Herriko erietxeetan. Horietatik 26, ZIU zainketa intentsiboetarako unitateetan. Herriz herri, Bilbok ditu kasu gehien beste egun batez, baina kasuak ere igo dira han: 177 positibo atzeman dituzte, iragan ostiraletik atzematen den kopururik handiena. Ezkerraldeko lau udalerritan hirukoiztu egin ziren kasuak atzo, eta agerraldi bat izan zitekeela zirudien. Barakaldon, Portugaleten, Santurtzin eta Sestaon 90 kasu zenbatu ziren atzo, eta azken orduetan, apalago bada ere, kasu ugari izan dira: 64. Nafarroako Osasun Sailak ez ditu ematen herriz herriko datuen xehetasunak, baina jakinarazi du azken orduetako kutsatzerik gehienak Iruñerrian izan direla: %37, hain zuzen ere. Tuterako osasun eremuan atzeman dituzte positiboen %23, eta Lizarran, %22. Positibo berri gehienak familiarteko kutsatzeak izan direla ere azaldu du Osasun Sailak. Zamudio, Zuia eta Mutrikuko intzidentziak, handienak Intzidentzia tasarik handienak Zamudion (Bizkaia) eta Zuian (Araba) daude orain. Azken zazpi egunetan 32 eta 26 kasu izan dira. Izan ere, bai Zamudioko zahar etxean eta bai Zuiakoanagerraldiak atzeman dituzte egunotan. Kasurik gehien dituzten udalerriak ez izan arren, biztanle kopurua kontuan izanik —3.000 eta 2.300, hurrenez hurren—, tasarik handiena dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoan: Zamudion, 100.000 biztanletik 1069 kutsatzen dira, eta Zuian, 1099. Mutrikuko (Gipuzkoa) egoera ere antzekoa da. Abuztuaren 13rik 19ra bitartean, positibo atzeman dituzte, eta herriko intzidentzia tasarik handienetakoa dute: 100.000 biztanletik 712 kutsatzen baitira han. Kasuen kopuruak ikusita, itxura du herrian agerraldi bat dagoela, baina Jaurlaritzako Osasun Sailak ez du halakorik baieztatu. Azpeitiko zahar etxean ez dute kasurik atzeman Azpeitian (Gipuzkoa) kasu gehiago atzeman dituzte azken orduetan. Hain zuzen ere, bederatzi. Ostegunean Erdikalen agerraldi bat atzeman zutenetik, 111 kasu detektatu dituzte. Gaur, beste 150 proba egingo dituztela jakinarazi du udalak. Era berean, udalak azaldu du herriko zahar etxeko egoiliar guztiei eginiko probak negatibo izan direla: «San Martin egoitzako egoiliarren negatiboen berri izateak lasaitasun pixka bat ematen digu. Izan ere, gure kezka nagusia adinekoak eta patologiaren bat duten herritarrak dira». Halaber, Nagore Alkorta alkateak adierazi du agerraldia kontrolatzeko lanean jarraitzen dutela eta prebentzio neurriak zorroztea «ezinbestekoa» dela horretarako.
2020-8-20
https://www.berria.eus/albisteak/185829/hamabi-kasu-atzeman-dituzte-elorrioko-zahar-etxe-batean.htm
Gizartea
Hamabi kasu atzeman dituzte Elorrioko zahar etxe batean
Arabako zahar etxeetan beste bi kasu izan dira, eta Gipuzkoan hiru.
Hamabi kasu atzeman dituzte Elorrioko zahar etxe batean. Arabako zahar etxeetan beste bi kasu izan dira, eta Gipuzkoan hiru.
Beste oldarraldi bat izan da Bizkaiko zahar etxe batean. Oraingoan, Elorrioko zentro batean atzeman dituzte kasuak, eta, hori kontatuta, Bizkaian bost dira positiboak dituzten zahar etxeak. Langile batek positibo eman zuela eta, probak egin zizkieten zahar etxeko gainerako egoiliarrei eta langileei, eta beste 11 kasu detektatu dituzte, guztiak egoiliarren artean. Asintomatikoak dira kutsaturik daudenak, eta Bilboko Birjinetxe zentro soziosanitariora eramango dituzte datozen orduetan. Agerraldian atzemandako positiboak kontuan izanik, 115 dira gaur egun Bizkaiko zahar etxeetako kasuak: 58 egoiliarrak dira, eta 57, langileak. Gainera, egoiliarretatik hiru ospitalean daude, eta beste 64 langile bakarturik daude, prebentzio moduan. Bestalde, Arabako zahar etxeetako lehen kasuak atzeman zituzten asteartean Zuian. Azken orduetan beste bi kasu detektatu dituzte, eta 21 kasu dira guztira: hemeretzi egoiliar eta bi langile daude kutsaturik. Asintomatikoak dira guztiak ere. Probak egin dizkiete egoiliar eta langile guztiei, baina 27 emaitza aztertzen ari dira oraindik. Beraz, baliteke datozen ordutan kasu gehiago izatea. Gipuzkoan ere izan dira kasu gehiago azken orduetan. Foru Aldundiak jakinarazi duenez, hiru kasu detektatu dituzte aurreko egunetan bi kasu atzeman zituzten Donostiako zahar etxe berean. Beraz, bost dira oraintxe kutsaturik dauden egoiliarrak herrialdeko zahar etxeetan. Azken hiru kasuak asintomatikoak dira, eta bakarturik dauzkate beren logeletan. Aurretik positibo eman zuten bi egoiliarrak, aldiz, Eibarko ospitalean daude, COVID-19 gaitza duten zahar etxeetako egoiliarrak artatzeko gune berezian.
2020-8-20
https://www.berria.eus/albisteak/185830/bederatzigarren-egunez-jarraian-gaza-bonbardatu-du-israelek.htm
Mundua
Bederatzigarren egunez jarraian Gaza bonbardatu du Israelek
Israelek blokeo energetikoa ezarri zuen joan den astean, eta atzotik argindarra hornitzeari utzi dio Gazako zentral elektriko bakarrak. Egunean lau argi ordu bakarrik dituzte orain.
Bederatzigarren egunez jarraian Gaza bonbardatu du Israelek. Israelek blokeo energetikoa ezarri zuen joan den astean, eta atzotik argindarra hornitzeari utzi dio Gazako zentral elektriko bakarrak. Egunean lau argi ordu bakarrik dituzte orain.
Bederatzigarren egunez jarraian, Israelek Gaza bonbardatu du bart gauean. Israelgo armadak zabaldu duenez, Gazak Israelgo lurraldeetara jaurti dituzten suziriei eta puxika lehergaiei emandako erantzuna izan dira bonbardaketak. Armadaren arabera, Hamas erakunde terroristak Gazako mugan duen kontrol postu baten kontrakoa izan da bonbardaketa. Tentsioa gora doa Gazan; izan ere, atzotik argindarra hornitzeari utzi dio Gazako zentral elektriko bakarrak. Hala, atzotik egunean lau orduz bakarrik dute argindarra Palestinan. Joan den astean, Israelek Gazarekin mugan duen Karem Shalom bidea itxi zuen. Pasabide hori da Gazara produktuak sartzeko dagoen modu bakarra. Horrez gain, lurraldean erregaia sartzeko debekua ere ezarri zuen Israelek. Israelek hartutako neurri zorrotzek Palestinako komunitatea sutu dute. Azken egunetan, hainbat manifestarik protestak egin dituzte bi herrialdeen arteko mugan, Israelek palestinarrei 2007az geroztik ezarritako blokeoa kentzeko exijitzeko eta giza laguntza bidal dezan mugatik. Egun, bi milioi herritar bizi dira Gazan, eta horietatik erdiak baino gehiago pobrezia mugaren azpitik daude, Munduko Bankuak emandako datuen arabera.
2020-8-20
https://www.berria.eus/albisteak/185831/abuztuaren-24an-aztertuko-dute-barrios-askatzeko-eskaera.htm
Politika
Abuztuaren 24an aztertuko dute Barrios askatzeko eskaera
Mikel Barrios euskal presoari bost urteko espetxe zigorra ezarri zioten ekainean, «erakunde kriminal» bateko kide izatea egotzita. Bake Bideak eta Bakegileek presoa askatzeko eskatu dute.
Abuztuaren 24an aztertuko dute Barrios askatzeko eskaera. Mikel Barrios euskal presoari bost urteko espetxe zigorra ezarri zioten ekainean, «erakunde kriminal» bateko kide izatea egotzita. Bake Bideak eta Bakegileek presoa askatzeko eskatu dute.
Bake Bideak eta Bakegileek ageri bateratu bat aurkeztu dute Mikel Barrios euskal presoa askatzea eskatzeko. Abuztuaren 24an aztertuko dute Barriosek aurkeztutako eskaera, eta orduan finkatuko dute dei auziaren eguna. Irailerako, bizikleta martxa bat antolatu dute, Iturgoienetik Mont-de-Marsango espetxera (Okzitania). Han dago preso. Barrios 2017ko urrian atxilotu zuten, Alemanian, eta handik Frantziara eraman zuten, abenduan. Osnyko (Frantzia) presondegian espetxeratu zuten, eta handik urtebetera aske utzi, zaintzapean. Joan den ekainaren 23an egin zen haren aurkako epaiketa. Fiskaltzak sei urteko espetxe zigorra eskatu zuen. Defentsak, berriz, kargurik gabe uztea, argudiatuta haren aurkako akusazioak ETAk borroka armatua behin betiko utzi ostekoak direla. Azkenik, Parisko Auzitegiak bost urteko kartzela zigorra ezarri zion, eta hamar urtez Frantzian egoteko debekua, «erakunde kriminaleko» kide izatea egotzita. Bake Bideak eta Bakegileek «neurriz kanpokotzat» eta «ulertezintzat» jo dute Barriosen aurkako epaia, ETA 2018an desegin zela kontuan izanik: «Bada garaia tresna juridiko osoak testuinguru berri hori kontuan hartzeko!». Horregatik, euskal presoa «lehenbailehen» askatzeko eskatu dute. Barrios askatzearen aldeko hainbat protesta egin dira azken asteetan, eta, horiei jarraikiz, Arrosadiako Sare taldeak Mont-de-Marsango espetxerako bizikleta martxa bat antolatu du, Iturgoienetik, irailaren 4tik 6ra bitartean. Bake Bideak eta Bakegileek bat egin dute martxarekin, eta gogoratu dute irailaren 19rako ere beste mobilizazio bat iragarri dutela, Zigorra hiltzeraino bete? 30 urte aski da lelopean.
2020-8-20
https://www.berria.eus/albisteak/185832/kaleratzeak-stop-elkarteak-alokairuaren-prezioa-kontrolatzeko-kanpaina-ezartzeko-eskatu-du.htm
Gizartea
Kaleratzeak Stop elkarteak alokairuaren prezioa kontrolatzeko kanpaina ezartzeko eskatu du
Plataformak agerraldia egin du gaur, eta eskatu du, besteak beste, alokairu sozialeko etxebizitza gehiago sortzea, eta «Donostian dauden 4.000 etxebizitza hutsak» mobilizatzea.
Kaleratzeak Stop elkarteak alokairuaren prezioa kontrolatzeko kanpaina ezartzeko eskatu du. Plataformak agerraldia egin du gaur, eta eskatu du, besteak beste, alokairu sozialeko etxebizitza gehiago sortzea, eta «Donostian dauden 4.000 etxebizitza hutsak» mobilizatzea.
Kaleratzeak Stop-ek, Alokairuk eta Azora funtsak kalte egindakoen plataformak agerraldia egin dute gaur, EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko zinegotzien babesarekin. Merkatu pribatuko alokairuaren prezioa kontrolatuko duen kanpaina bat abian jartzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, eta Etxegintzan izena eman eta etxebizitza bat lortu ez duten pertsonen egoera salatu dute. Rosa Garcia Kaleratzeak Stop elkarteko bozeramaileak adierazi duenez, «familia horiek, izena eman duten gehienek bezala, seme-alabak dituzte ardurapean, eta haien diru sarrerak 3.000 eta 16.000 euro artekoak dira, eta horrek eragotzi egiten die Donostian eta Gipuzkoan dauden gehiegizko alokairuak ordaintzea». Horrez gain, zera eskatu du: alokairu sozialeko etxebizitza gehiago sortzea, «Donostian dauden 4.000 etxebizitza hutsak» mobilizatzea, eta merkatu pribatuan alokairuaren prezioa kontrolatzeko kanpaina bat abiatzea. Izan ere, Garciaren arabera, «borondate politikoa egonez gero», egin daiteke. Elkarteko bozeramaileak adierazi duenez, «eskubide bat da etxebizitza, ez negozioa», eta gaineratu du ez dietela eragotziko eskubide hori eskatzen jarraitzea «Estatuko hiririk garestienetan hirugarrena» den horretan. Alokairuko etxebizitzen prezioak, gora Apirilean Economic Research-Ekonomska IstrazÌŒivanjak zientzia aldizkarian argitaratu zen ikerketa baten arabera, Donostiako etxe turistikoak ugaritu egin dira, eta, horrekin batera, alokairuen prezioa igo. Lanaren emaitzek adierazi dutenez, «Airbnb-ren presentzia zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa da alokairuko etxebizitzen prezioa»; hau da, «Airbnb-ren presentziak alokairuaren prezioa igo du». Bizilagunekin plataformak —ikerketan oinarrituta— adierazi zuenez, «etxejabe askok beren jabetzak alokairu merkatutik atera eta merkatu turistikoan eskaintzeko hautua egiten dute». Horren ondorioz, «gero eta etxebizitza gutxiago daude eskuragarri alokairuan, eta prezioak igo egiten dira».
2020-8-21
https://www.berria.eus/albisteak/185833/galdutako-botoen-bila.htm
Mundua
Galdutako botoen bila
Alderdiek badituzte hautesle talde leialak: komunitate beltza demokraten kasuan, eta zuri ebanjelistak errepublikanoenean. Baina bi talde horien artean bada beste bat pluralagoa, eta erabakigarria izan ohi dena: zalantzatiena.
Galdutako botoen bila. Alderdiek badituzte hautesle talde leialak: komunitate beltza demokraten kasuan, eta zuri ebanjelistak errepublikanoenean. Baina bi talde horien artean bada beste bat pluralagoa, eta erabakigarria izan ohi dena: zalantzatiena.
Florida erabakigarria izan ohi da presidentetzarako bozetan. 1960az geroztik, estatu horretan irabazi izan duen hautagaia heldu izan da Etxe Zurira —1992an izan ezik—. Aldi berean, azken mendean errepublikano bakar batek ez du presidentetza lortu Floridan irabazi gabe. Hala, duela lau urte nagusitu egin zen han Donald Trump, AEBetako egungo presidentea. Asmo bera luke aurten ere buruzagi errepublikanoak, baina, beste alor askotan bezala, koronabirusak hankaz gora jarri ditu aurreikuspen guztiak. Hegoaldeko estatuan 576.000 kasu baieztatu dituzte orain arte, eta hildakoak 9.000tik gora dira. Azken egunetako datuen arabera, behera egiten ariko lirateke kasuak, baina, oraindik ere, kutsatu gehien dituzten estatuetan bigarrena da Florida, Kaliforniaren atzetik. Osasun krisiak eraginda, langabezia datuek ere okerrera egin dute estatu hartan, eta maiatzean %14koa zen. Hala ere, egoera ez da bera barruti guztietan. Garai batean, Kubako erbesteratuek osatzen zuten herritarren gehiengoa, errepublikanoek aldekoek, alegia; azken urteetan, ordea, immigrazioak gora egin du, eta pluralagoa bilakatu da gizartea. Venezuela, Kolonbia, Argentina eta Puerto Ricoko migratzaileen etxe bilakatu da estatua, eta azken horiek demokraten aldeko joera erakutsi dute. Gainera, aurten bi ordezkari gehiago izango ditu Floridak. Ezaugarri horiek guztiek irabazi beharreko lehia bilakatu dute estatu hartakoa. Trumpek badaki hori, eta, horregatik, iaz New Yorketik Floridara aldatu zuen bere bizilekua. Trumpen jarraitzaileak, haren agerraldi batean. ETIENNE LAURENT / EFE Baina inkestek lau eta sei punturen arteko aldea ematen diote gaur egun Joe Biden presidentegai demokratari Trumpen aldean. Hori dela eta, kanpainaburu errepublikanoa ahaleginak eta bi egiten ari da herritarrak erakartzeko. Ikusita kanpainako ekitaldi jendetsu haiek ezinezko bilakatu direla, dozenaka milioiren inbertsioak egin dituzte telebista eta irrati iragarkietan 40 milioi dolar, zenbait komunikabideren arabera. Bidenekin erabat gustura ez dauden horiek bereganatzea da helburua, besteak beste, beldurra erabiliz. Izan ere, inkesten arabera, %33k soilik diote konbentzimenduz Bidenen alde bozkatuko dutela; aldiz, %67k diote Trumpen aurka egiteko bozkatuko dutela demokraten alde. David Mayhew Yale Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakasleak BERRIAri azaldu dionez, azken urteetan ohikoa bilakatu da Etxe Zurian agintean den ordezkariaren alderdiak botoak galtzea bozetan: «Lau urte lehenago [Barack] Obamaren alde bozkatu zuten langile zuriek Trumpen alde egin zuten 2016an. Ez ziren asko izan, baina izan ziren batzuk. Zergatik? Bada, ziurrenik arrazoi kultural eta ekonomikoengatik. Kulturalak diodanean, immigrazioaz, arrazaz, gizarte gaiez eta politikaz ari naiz. Gai horiek indarra hartu zuten hauteskunde haietan. Ekonomian, berriz, hiri handietan demokratek sostenguari eutsi zioten, baina ez zen hala izan nekazaritza eremuetan eta hiri txikietan, non langabeziak goia jo zuen eta enpresa asko itxi egin ziren. Hori bera gertatu zen beste herrialde batzuetan ere. Horren adibide da brexit-a». Mayhewk gogorarazi du boto kopuruan Hillary Rodham Clinton demokrata izan zela nagusi 2016ko bozetan, nahiz eta Hauteskunde Batzordeak Trumpi eman garaipena, estatu jakin batzuetan izandako garaipenari esker: «Batzuetan boto gutxi batzuk erabakigarriak dira. Obamaren kasuan, zortzi urte egin zituen agintean, eta, ondorioz, duela lau urteko bozetan demokraten babesak behera egin zuen; ez zen asko izan, baina nahikoa Clinton Etxe Zurira ez iristeko». Aurten aurkako joera da nagusi, baina osasun krisiak eta ekonomiaren gainbeherak indartuta. Estatu gehienetan hautesle gehiago erregistratu dituzte demokratek errepublikanoek baino. Iowan, esaterako, %20 gehiago dira erregistratutako demokratak errepublikanoak baino. Egoera horrek Senaturako eta Ordezkarien Ganberarako bozetara aurkezten diren hautagaiei ere eragiten die. Montanan, esaterako, Senaturako hautagai demokrata zortzi puntu atzetik zihoan martxoan, eta bostera murriztu zuen aldea ekain amaierarako. Errepublikanoak Floridan bezala, demokratak ezohiko ahalegina egiten ari dira Horma Gorria deritzoten estatuetan —normalean errepublikanoen alde egin ohi duten horietan—. «Duela lau urteko bozetara itzulita, boto guztiak kontuan hartuta, eskuineko hautagaien aldekoak [Evan McMullin eta Gary Johnson independenteak, eta Trump bera] milioi bat gehiago izan ziren, ezkerreko joerakoen aldekoak baino [Jill Stein independentea eta Clinton]. Horrek erakusten du Etxe Zurian agintzen duen alderdia zigortzeko joera dagoela», azaldu du politologoak. Joera hori alde dute orain demokratek, eta azken hilabeteetako gertaerek indartu egin dute. George Floyd afro-amerikarraren hilketaren aurretik, esaterako, hautesle beltzen %35ek zuten demokraten aldeko jarrera argia. Protestak lehertu ostean, ordea, %47 ziren. Kamala Harris presidenteordegai izateak ere erakarriko ditu afro-amerikar eta gazteen botoak 55 urterekin, Alderdi Demokratako zuzendaritzako kiderik gazteena izango da. «Obamaren sokako hautagaia da Harris, eta hark bultzatuta hartu du Bidenek fiskal ohia bidelagun. Moderatua izanik ere, Sandersen gertukoak erakartzeko gaitasuna du. Bestetik, ezin dugu ahaztu demokraten programa handinahia dela; pisu handiko proposamenak egin dituzte alor askotan: immigrazioa, eta justizia, besteak beste, eta hitzeman dute ahalegina egingo dutela gizarte arrakalak amaitzeko», nabarmendu du Mayhewk. Bidenen agerraldi bat. ETIENNE LAURENT / EFE Boto zuria Azken urteetako joerek erakusten dute emakumeek demokraten alde bozkatu ohi dutela, besteak beste, genero arteko arrakala dela eta. Baina baieztapen horretan bada ñabardura garrantzitsu bat; izan ere, emakume afro-amerikarrak dira demokraten sostengurik handiena. Emakume zurien kasuan, errepublikanoak dira gehienbat. Duela lau urte gertatutakoak argi erakusten du joera. Emakume beltzen gehiengoak Clinton babestu zuen, taldeak hautagai afro-amerikarrik aurkeztu ez arren; aldiz, emakume zurien ia erdiek Trumpen alde egin zuten. Lehen aldiz emakumezko presidentegai bat egon arren, generoa ez zen aski izan botoa aldatzeko. Baina pandemiaren kudeaketak hautesle zurien irizpidea alda dezake. Floridan, koronabirus kasu gehien dituzten estatuetan bigarrenean, emakume zurien %60k egin zuten Trumpen alde 2016an, eta berdin Ipar Karolinan ere. Baina, aldi berean, inkestek erakusten dute osasunaren gaiak asko kezkatzen dituela emakume zuriak, eta agintean den alderdiak azken asteetan hartutako erabakiek eragina izan dutela haien ikuspegian. Obamacare sistemaren aurkako Trumpen kanpainak, esaterako, adineko emakume zuriak demokratengana gerturatu ditu. Horiez gain, unibertsitate ikasketarik gabeko emakume zurien artean egindako inkestek ere errepublikanoengandik urruntzen ari direla erakusten dute. Emakumeen kasuan bezala, adineko zurienean ere indarrak galduz doa hautagaitza errepublikanoa. Siena galdeketa etxeak egindako azterketaren arabera, 65 urtetik gorako bost hautesle zuritik bik ez dute onargarritzat jotzen Trumpek egindako pandemiaren kudeaketa, eta ezta Floyden hilketaren osteko protestekin agertutako jarrera ere. Democracy Fund Voter ikerketa etxeko zuzendari Robert Griffinen esanetan, adineko zuriak errepublikanoengandik urruntzen ari dira udaz geroztik. «Trumpek oinarrian zera esan die adinekoei: hil zaitezte; negozioak zabaltzea garrantzitsuagoa da», azaldu du Joe Disanok, demokraten kanpainako kide batek. Iritzi aldaketa horren adibide da 84 urteko Bob Plous, Arizonako herritarra: «Zerbait benetan magikoak gertatu behar du berriz Trumpen alde bozkatzeko. Duela lau urte Trumpen alde bozkatu nuen, Hillaryren aurka nengoelako. Banekien gustuko ez nituen gauzak egingo zituela, baina, hala ere, uste nuen Hillary baino aukera hobea izango zela». «Zer eskaintzen die Alderdi Errepublikanoak hautesleei? Euren betiko politikekin jarraitzea, eta horrekin bakarrik zail izango dute presidentetzarako hauteskundeak irabaztea. Kontuan izanik Trumpek osasun krisiarekin izandako jarrerak kritika zaparrada eragin duela, zerbait gehiago beharko dute Etxe Zurira itzultzeko», ondorioztatu du Mayhewk.
2020-8-20
https://www.berria.eus/albisteak/185834/bizkaiko-pentsiodunek-manifestaziora-deitu-dute-astelehenerako-segurtasun-berme-guztiekin.htm
Ekonomia
Bizkaiko pentsiodunek manifestaziora deitu dute astelehenerako, «segurtasun berme guztiekin»
Kritikoak «mugimendua utzi zuten gutxiengo bat direla» adierazi dute, «beti mobilizazioen aurka daudenak».
Bizkaiko pentsiodunek manifestaziora deitu dute astelehenerako, «segurtasun berme guztiekin». Kritikoak «mugimendua utzi zuten gutxiengo bat direla» adierazi dute, «beti mobilizazioen aurka daudenak».
Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak manifestaziora deitu du Bilbon astelehen goizerako (12:00). Pentsio duinak eskatuko dituzte, eta adinekoen egoitzak oraindik ez direla leku seguruak salatuko dute Moyua plazan hasi eta Areatzan bukatuko den mobilizazioan. «Segurtasun berme guztiak» errespetatuko dituztela aurreratu dute, eta Ados pentsiodunen elkarteak eginiko kritikari erantzun die Jon Fano mugimenduko kideak: «Mobilizatzean interesik ez zuen kolektibo batekin egin dugu topo, gu kritikatzen saiatzen dira bakarrik. Gutxieneko bat dira, eta aspaldi utzi zioten bilerei joateari». Pentsiodunek COVID-19ak eragindako konfinamenduaren ondoren antolaturiko lehen mobilizazio handietako bat izango da, eta segurtasun distantziak gordeta eta lau ilaratan banatuta egingo dute protestaldia. «Inork ez du guk baino interes handiagorik gure osasuna defendatzeko», aldarrikatu dute deitzaileek, eta besteak beste horrek eraman ditu mobilizaziora deitzera: «Mendekotasuna duten adinekoen egoitzek leku segurua izaten jarraitzen dute. Langile kopurua handitzea beharrezkoa da prebentzio neurriak betetzeko, eta oraindik ez dute handitu». Mugimenduko kideek argi dute kalean mobilizatzea dela helburuak lortzeko modu bakarra, eta horregatik eutsi diote urtero Aste Nagusian egin duten mobilizazioari. Legeak horretarako modua duela nabarmendu dute, eta mundu guztia gonbidatu dute. «Gure barne haustura bilatzen duenik badago, baina gure ezaugarri nagusia da mugimendu plurala eta demokratikoa garela. Bultzatzen gaituen gauza bakarra nagusien interesen defentsa da». Ados elkarteak, bere kritikan, MPBko bozeramaileen oihartzun publiko nahia aipatu zuen.
2020-8-20
https://www.berria.eus/albisteak/185835/trumpen-aholkulari-ohi-bat-atxilotu-dute-ustelkeriagatik.htm
Mundua
Trumpen aholkulari ohi bat atxilotu dute, ustelkeriagatik
Mexikoren eta AEBen arteko hesia eraikitzeko aitzakian bildutako dirua bere interesetarako baliatzea egozten diote Bannoni, eta gainontzeko atxilotuei.
Trumpen aholkulari ohi bat atxilotu dute, ustelkeriagatik. Mexikoren eta AEBen arteko hesia eraikitzeko aitzakian bildutako dirua bere interesetarako baliatzea egozten diote Bannoni, eta gainontzeko atxilotuei.
AEBeta Mexiko banatzen dituen hesia eraikitzen amaitzeko dirua biltzea zen, ustez, We Build the Wall proiektuaren helburua. Kanpaina 2018an jarri zuten abian, eta ordutik 25 milioi dolar bildu ditu. Baina, AEBetako fiskaltzaren arabera, diru horren zati bat euren gastuetarako desbideratzen zuten kanpainaren sortzaileek. Hala, fiskaltzak lau pertsona atxilotzeko agindua eman du; tartean, Steve Banon Etxe Zuriko aholkulari ohia eta 2016ko bozetan Donald Trumpen kanpainako arduradunetako bat, eta Brian Kolfage militar ohia eta proiektuaren bultzatzaile nagusia. Akusazioaren arabera, hesia eraikitzera bideratu beharreko dirutik milioi bat dolar hartu zuen Bannonek bere «gastu pertsonaletarako», eta Kolfagek beste 350.000 dolar bereganatu zituen. «Diru emaileei esaten zieten Kolfagek ez zuela irabazirik proiektutik, baina gainerako kideak arduratzen ziren dirua desbideratzeaz, hark ere irabazien zati bat eskura zezan», azaldu du fiskaltzak. Ikerketaz arduratu den Philip R Bartlett poliziaren esanetan, laurek kontu faltsuak sortu zituzten, dirua zuritzeko eta euren «krimenak» ezkutatzeko. Ustelkeria eta dirua zuritzeko konspirazioa egitea egozten diete laurei. Hogei urteko zigorra jaso dezakete. Trumpen gertukoa Bannon izan zen duela lau urte Trumpi Etxe Zurira iristeko modua eman zion kanpainaren arduradunetako bat. Buruzagi errepublikanoa agintera heldu ostean, ordea, bien arteko harremana nabarmen mikaztu zen, eta, 2017an, Trumpek kargutik kendu zuen Bannon, hark estatuburuaren seme zaharrenaren aurka jo zuenean, bozetako kanpainan zirela Errusiako ordezkaritza batekin biltzeagatik. Bannonek «traizio egitea» egotzi zion Trumpen seme zaharrenari. Azken asteetan, ordea, Bannon estatuburuaren aldeko kanpaina egiten aritu da komunikabideetan.
2020-8-21
https://www.berria.eus/albisteak/185858/iluntasunaren-aroa-amaituko-duela-hitzeman-du-bidenek-kargu-hartze-ekitaldian.htm
Mundua
"Iluntasunaren aroa" amaituko duela hitzeman du Bidenek kargu-hartze ekitaldian
Estatubatuarrak babestu ez izana egotzi dio presidentegai demokratak Donald Trump estatuburuari, Alderdi Demokrataren kongresuaren azken egunean.
"Iluntasunaren aroa" amaituko duela hitzeman du Bidenek kargu-hartze ekitaldian. Estatubatuarrak babestu ez izana egotzi dio presidentegai demokratak Donald Trump estatuburuari, Alderdi Demokrataren kongresuaren azken egunean.
Amaitu da Alderdi Demokrataren inoizko kongresurik bereziena. Koronabirusaren pandemia dela medio Joe Biden hautagai demokratak ez du ohiko jendetzaren aurrean egin bere kargu-hartze hitzaldia. Soilik emaztea eta taldekideak izan ditu aldamenean. Baina, agerraldia amaituta Delawareko Chase aretoaren kanpoaldera irten denean, herrikideak zain zituen, auto eta kamioietara igota. Donald Trump estatuburuaren aurka egiteko baliatu du Bidenek kargu-hartze hitzaldia. Presidente errepublikanoari egotzi dio estatubatuarrak bakarrik utzi izana pandemia betean, eta hitzeman du «iluntasunaren aroa» amaituko duela. «Itxaropena aukeratuko dugu beldurraren ordez, egitateak fikzioaren tokian, eta justizia pribilegioen lekuan». Bozetarako 75 egun soilik falta diren honetan, hautagai demokrataren aldeko joera erakusten dute inkestek, eta Bidenek alderdiaren babes osoa du. Lau eguneko kongresuan, batasun irudia eman du alderdiak, eta Bidenen aldeko jarrera erakutsi. Demokratek ez ezik, ordea, hainbat errepublikano historikok ere agertu dute hautagai demokrataren aldeko jarrera, argudiatuz Trumpen pandemiaren kudeaketak milaka hildako eragin dituela AEBetan. Datorren astean errepublikanoek egingo dute indar erakustaldia, alderdiaren kongresu nazionalean. Orduan onartuko dituzte euren hautagaitzak Trumpek eta Mike Pence egungo presidenteordeak.
2020-8-21
https://www.berria.eus/albisteak/185859/navalnik-laquonahasmendu-metabolikoaraquo-izan-duela-diote-medikuek-eta-baztertu-egin-dute-pozoitua-izan-dela.htm
Mundua
Navalnik «nahasmendu metabolikoa» izan duela diote medikuek, eta baztertu egin dute pozoitua izan dela
Aleksei Navalniri egin dizkioten analisietan pozoiaren arrastorik ez dutela atzeman adierazi du Omskeko erietxeko mediku buruak. Errusiako oposizioburua koman dago oraindik. Hura Alemaniara eramateko baimena eman dute medikuek.
Navalnik «nahasmendu metabolikoa» izan duela diote medikuek, eta baztertu egin dute pozoitua izan dela. Aleksei Navalniri egin dizkioten analisietan pozoiaren arrastorik ez dutela atzeman adierazi du Omskeko erietxeko mediku buruak. Errusiako oposizioburua koman dago oraindik. Hura Alemaniara eramateko baimena eman dute medikuek.
Aleksei Navalni Omskeko erietxe batean dago atzotik. Siberiatik Moskurako bidean zihoala, oposizioko kidea ondoezik sentitu zen, eta hegazkinak larrialdiko lurreratzea egin behar izan zuen Omskeko aireportuan. Iritsi zirenerako, konorterik gabe zegoen. Kira Iarmix prentsa arduradunak salatu zuen pozoitu egin zutela. Dena den, medikuek ziurtzat jo dute Navalni ez dela pozoitua izan. Omskeko ospitaleko mediku buru Anatoli Kalinitxenkok azaldu duenez, Navalnik «nahasmendu metabolismoa» izan zuen hegazkinean zegoela, «karbohidratoen desorekagatik. Azukrearen beherakada handia izan zuen odolean, eta horrek konorterik gabe uztea eragin zion». Horrez gain, adierazi du Navalniri egin dizkioten analisietan ez dutela pozoiaren arrastorik atzeman, ez odolean, ez gernuan. Alexander Murajovski larrialdi zerbitzuetako buruak Kalinitxenkoren adierazpena berretsi du, esanez oposizioburuari egindako proba guztiek «negatibo» eman dutela. Artatzen ari diren medikuek baimena eman dute Navalni Alemaniara lekualdatzeko , hasieran aurka agertu arren, «arriskutsua» izan daitekeelako. Koman dago oraindik. Navalniren egoeraz arduratzen den mediku taldeko buruaren esanetan, oposizioko kidearen egoera «ezegonkorra» da. Navalniren prentsa arduradunak, ordea, salatu du Omskeko erietxean ez dutela «nahikoa baliabide» hura artatzeko, eta, ondorioz «hiltzeko arriskua» duela. Iarmixen esanetan, atzo goizean hegazkin bat irten zen Nurembergetik Omskera, Navalni Chariteko erietxe batera eramateko asmoz. Iarmixek berak lehendik ere salatu zuen Moskuko agintariak oztopoak jartzen ari zirela oposizioko kideak herrialdetik ateratzeko. Dena den, ez da lehen aldia haren gertukoek haren kontrako hilketa saio bat salatzen dutela.
2020-8-21
https://www.berria.eus/albisteak/185862/maskara-nahitaez-erabili-beharko-da-ipar-euskal-herriko-beste-zenbait-udalerritan-ere.htm
Gizartea
Maskara nahitaez erabili beharko da Ipar Euskal Herriko beste zenbait udalerritan ere
Pirinio Atlantikoetako Departamenduko prefekturak maskara erabiltzera behartu du Ipar Euskal Herriko herri batzuetan. Isuna emendatu dute.
Maskara nahitaez erabili beharko da Ipar Euskal Herriko beste zenbait udalerritan ere. Pirinio Atlantikoetako Departamenduko prefekturak maskara erabiltzera behartu du Ipar Euskal Herriko herri batzuetan. Isuna emendatu dute.
Pirinio Atlantikoetako prefekturak maskara erabiltzera behartu du Ipar Euskal Herriko zenbait herri eta hiritan. Oraindik goiti, Angelu, Baiona, Miarritze, Bidarte, Ziburu, Ezpeleta, Getaria, Donibane Lohizune (Lapurdi) eta Donibane Garaziko kaleetan derrigorrezkoa da maskara erabiltzea. Eric Spitz prefetak erabakia baliatu du isunaren emendatzeko. Maskara ez erabiltzeagatik 38 euroko isuna jartzen zen orain arte. Oraindik goiti osasun neurria errespetatzen ez dutenek 135 euroko isuna jasoko dute. Miarritzeko (Lapurdi) hondartza handia, Miramar eta Portu zaharreko hondartzak hetsiko dituzte 16:00etatik aurrera gaur eta bihar. Miarritzeko alkatearen arabera, itsasgorak ez du modurik ematen distantzia soziala betetzeko.
2020-8-21
https://www.berria.eus/albisteak/185863/esportazioak-215-jaitsi-dira-hegoaldean.htm
Ekonomia
Esportazioak %21,5 jaitsi dira Hegoaldean
Ekainean, jarduera ekonomikoa suspertu ahala, %13,3 jaitsi dira
Esportazioak %21,5 jaitsi dira Hegoaldean. Ekainean, jarduera ekonomikoa suspertu ahala, %13,3 jaitsi dira
Koronabirusak eten egingo du aurten kanpo merkataritzaren hazkundea. Urteko lehen sei hilabeteetan %21,5 gutxitu dira esportazioak, eta are gehiago inportazioak (-%24,1). Ekainean erorikoa ez da hain handia izan (-%13,3), eta horrek erakusten du itxialdiaren amaierak eta jarduera ekonomikoaren suspertzeak ondorio positiboak izan dituela merkataritzan. Ohi bezala, kanpo saldo positiboa du Hego Euskal Herriak, handia gainera. Urteko lehen sei hilabeteetan 14.320 milioi euroren esportazioak egin ditu, eta 9.936 milioiren inportazioak. Proportzionalki, handitu egin da kanpo saldoa, inportazioak are gehiago jaitsi direlako urteko lehen sei hilabeteetan (-%24,1). Lurralde guztietan jaitsi dira esportazioak, baina batez ere Gipuzkoan (-%26,2), CAFek iaz baino tren eta trenetako osagai gutxiago esportatu dituelako. Edonola ere, gorabehera handiak dituen produktu bat da trenena, bagoi saldo bat entregatzeak gorakada handia ekar baitezake hilabete jakin batean. Berez, inoizko eskari zorrorik handiena du Beasaingo enpresak, eta gehienak esportaziorako dira. Araban %22,1 jaitsi dira esportazioak, Bizkaian %20,5) eta Nafarroan %18,1.
2020-8-21
https://www.berria.eus/albisteak/185864/agerraldi-bat-atzeman-dute-oionen.htm
Gizartea
Agerraldi bat atzeman dute Oionen
Azken astean hamalau positibo detektatu dituzte.
Agerraldi bat atzeman dute Oionen. Azken astean hamalau positibo detektatu dituzte.
Lehen ez zeukaten kasu bat bera ere, eta orain hamalau kasu detektatu dituzte Oionen (Araba) egun gutxian. Iragan ostiralean, lehen kasua atzeman zuten herrian, eta, hainbat PCR proba egin ostean, hamalau kasu daude orain. Atzo, bederatzi detektatu zituzten. Udalak jakinarazi duenez, lagunarteko afari batean du jatorria agerraldiak, eta herriko ostalaritzako hiru langile gutxienez daude kutsaturik. Hori dela eta, zenbait taberna itxita daude, jabeek hala erabakita. Oldarraldiaren dimentsioa ezagutu ahal izateko, Osakidetzak 100 PCR proba egingo ditu gaur, eta, positiboen kopuruak altuak badira, Osasun Sailak test masiboak egingo ditu herritarren artean. Biztanle kopurua kontuan izanik — 3.500—, Oiongo intzidentzia tasa Arabako altuenetakoa da egun: 100.000 biztanletik 400 kutsatzen dira. Tasarik altuena Zuiak du: 100.000 biztanletik 1.099 kutsatzen dira han. Izan ere, azken egunotan oldarraldi bat atzeman dute herriko zahar etxe batean, eta 21 pertsona daude kutsaturik. Eduardo Terroba Oiongo alkateak adierazi du herritarren artean "ezinegon handia" dagoela, baina lasaitasun mezua helarazi nahi izan du, eta neurriak ahalik eta zorrotzen betetzeko eskatu die. Osasun Sailak bestelakorik esan ezean, herrian ez dute neurri zorrotzagorik ezarriko. Halaber, alkateak azaldu du Jaurlaritzaren gomendio guztiak aintzat hartuko dituztela.
2020-8-21
https://www.berria.eus/albisteak/185865/eskolak-goizez-soilik-emango-dituzte-nafarroako-ikastetxeetan.htm
Gizartea
Eskolak goizez soilik emango dituzte Nafarroako ikastetxeetan
Urritik aurrera jarriko dute martxan ordutegi berria. Maskarak erabili beharko dituzte Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrerako ikasleek. 666 profesional gehiago kontratatuko dituztela ziurtatu du Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak.
Eskolak goizez soilik emango dituzte Nafarroako ikastetxeetan. Urritik aurrera jarriko dute martxan ordutegi berria. Maskarak erabili beharko dituzte Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrerako ikasleek. 666 profesional gehiago kontratatuko dituztela ziurtatu du Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak.
COVID-19ak eragina izango du datorren ikasturtean, eta Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak eta Santos Indurain Osasun kontseilariak azaldu dute zer aldaketa izango diren Nafarroako ikastetxeetan egoera berrira egokitze aldera. Egunerokotasunean eragina izango duten neurrietako bat urritik aurrera martxan jarriko duten ordutegia da: eskolak goizez soilik emango dituzte Nafarroako ikastetxeetan. Hezkuntza modalitatea, berriz, mantendu egingo dute: aurrez aurrekoa izango da etapa guztietan. Ikasturtea «aurreikusita eta antolatuta» dagoela azpimarratu du Gimenok, baina haren eboluzioa «dinamikoa» izango dela uste du. Esan du ekainean zehaztu zuten planaren ildo nagusiak ez direla aldatu, baina egungo egoerara egokitu dituztela. Ikasgeletako irudia ere aldatuko da. Izan ere, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrerako ikasleek ikasgeletan ere maskara erabili beharko dutela ziurtatu du Indurainek; Haur Hezkuntzatik LH4ra arteko ikasleentzat, aldiz, hautazkoa izango da ikasgelan, baina jantzi egin beharko dute eremu komunetan, ikastetxera sartzerakoan eta handik irteterakoan eta autobusean. 3 urtetik beherako haurrek ez dute maskara jantzi beharko autobusean, baina segurtasun distantzia mantendu beharko dute. Haur Hezkuntzan, ume kopuruan ere aldaketa egongo dela ziurtatu dute: gehienez, hogei ikasle egongo dira ikasgela bakoitzean. Eskolek eskaini ohi dituzten bestelako jarduerei dagokienez, jangela zerbitzuari eutsiko diote egunero; aldiz, bertan behera utziko dituzte ikastetxeek antolatutako eskolaz kanpoko jarduerak. «Printzipioz, ezingo dira horien osagarriak antolatu, osasun egoerak ez badu modurik ematen horretarako. HHko eta LHko ikastetxeetan, ikasleen arteko harremanik ez dagoen jarduerak lehenetsiko dira», azaldu du Gimenok. Horrenbestez, HHn eta LHn, 9:00etatik eta 14:30era artean antolatuko dute ordutegia, eta jangela, gehienez, 15:45ean amaituko da. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, 8:00etatik 15:00etara antolatu beharko dute ordutegia. Azken egunetako datuak ikusita, espero daiteke ikasgeletan ere agertuko direla positiboak. Horrelako kasuetan nola jokatuko duten ere azaldu du Indurainek. Desberdin jokatuko dute LH4tik behera dauden ikasleekin eta hortik gorakoekin. LH4ra arte ikasgeletan bizikidetza talde iraunkorrak sortuko dituztenez eta horietan maskararik erabiliko ez dutenez, ikaskideren batek positibo ematen duenean, kontaktu zuzentzat hartuko dituzte ikaskideak. Hori dela eta, PCRa egingo diete, eta berrogeialdia egin beharko dute. Hamar egun igarotakoan, beste PCR bat egingo diete. Irakasleek maskara erabili beharko dutenez, ez dituzte kontaktu zuzentzat hartuko. Desberdin arituko dira LH5etik gorako ikasleekin. Maskara erabili beharko dutenez, ikasleren batek positibo ematen badu, ikasgela osoa ez dute kontaktu zuzentzat hartuko; beraz, guztiek ez dute PCRa eta berrogeialdia egin beharko. Baliabide gehiago Egoera berrira egokitzeko, baliabideak ezinbestekoak izango dira. Gimenoren hitzetan, «nabarmen» indartuko dituzte baliabide materialak eta pertsonalak. Besteak beste, 666 langile gehiago kontratatuko dituzte, baita jangeletan beste 183 zaintzaile ere. Gainera, zehaztu du garbiketa indartzeko lau milioi euro gehiago erabiliko dituztela ikastetxe publikoetan eta itunpekoetan. Gimenok azpimarratu duenez, espero baino 47 milioi euro gehiago izango ditu Hezkuntza Departamentuak.
2020-8-21
https://www.berria.eus/albisteak/185866/kasuek-goia-jo-dute-beste-821-positibo-hego-euskal-herrian.htm
Gizartea
Kasuek goia jo dute: beste 821 positibo Hego Euskal herrian
Apiriletik ospitaleratze gehien izan diren eguna ere izan da: 58 azken orduetan. Haurren harremanak mugatzeko eskatu du Nekane Murgak, "burbuila txikiak" sortzeko. Iraila zaila izango dela iragarri du.
Kasuek goia jo dute: beste 821 positibo Hego Euskal herrian. Apiriletik ospitaleratze gehien izan diren eguna ere izan da: 58 azken orduetan. Haurren harremanak mugatzeko eskatu du Nekane Murgak, "burbuila txikiak" sortzeko. Iraila zaila izango dela iragarri du.
"Egoera okertu egin da". Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murga kezkaz jardun da gaur goizeko agerraldian. Izan ere, azken orduetan martxoaz geroztiko kutsatze kopururik handiena atzeman dute Hego Euskal herrian: 821. Pandemiaren egunik zailenetan, bi aldiz gainditu zen kopuru hori. Orduko hartan, PCR probez gain, bestelako probak ere hartzen ziren kontuan. Halaber, PCR test gehien egin diren eguna izan da: 11.046. Aurrekoetan, 9.000 inguru egin dira gehienez ere Hego Euskal Herri osoan. Herrialdeka, Bizkaian izan dira kasu gehien: 431. Gipuzkoan, 138 kasu izan dira, Araban, 124; eta Nafarroan, 93. Erkidegotik kanpo bizi diren 31 kasu ere atzeman ditu Jaurlaritzak. Murgak adierazi du datuak ez direla martxokoekin konparatzeko modukoak, baina joera goranzkoa da; positiboetan ez ezik, baita ospitaleratzeetan eta ZIUetan sartzen diren kasuetan ere. Izan ere, azken orduetan 58 pertsona sartu dira Hego Euskal Herriko erietxeetan gaitzaren ondorioz. Orotara, 258 dira erietxeetan daudenak; 27 ZIU zainketa intentsiboetarako unitateetan. Apiril amaieraz geroztik ez dira hainbeste ospitaleratze zenbatu egun bakar batean. Ospitale batzuk hasi dira dagoeneko etor daitekeenerako prestatzen. Basurtuko ospitalean (Bizkaia), esaterako, premiazko arreta pediatrikoa San Pelaio eraikinera lekualdatu dute. Horrela, larrialdi pediatrikoen eraikina COVID-19 kasuak artatzeko erabili ahal izango dute. Gurutzetako ospitalean ere (Bizkaia) bi solairu egokitu dituzte kasu positiboak artatzeko; 5. eta 6. solairuak, hain zuzen ere. Aldi berean, beste bi eremu prestatzen ari dira, behar izanez gero, kasurik larrienak artatzeko. Nafarroako Osasun sailburu Santos Indurain ere mintzatu da egoeraren inguruan goizean eginiko prentsaurrekoan, eta azaldu du Nafarroako ospitaleen egoera "egonkorra" dela oraingoz. Ikasturte hasiera ate joka ari da, eta iraila zaila izango dela ohartarazi du Murgak. Horregatik, arduraz jokatu beharra nabarmendu du, eta kontaktuak ahalik eta gehien murrizteko eskatu die herritarrei: "burbuila txikiak" sortzeko. Hots, harremanak talde txikietara mugatzeko. Aipamen berezia egin die sailburuak txikienei: haurren harremanak mugatu behar direla esan du. Bereziki, eremu publikoetan daudenean; besteak beste, jolastokietan, igerilekuetan eta hondartzan. Hamar bat kasu Baigorrin Agerraldi bat atzeman dute Baigorrin (Nafarroa Beherea). Eskualdeko Osasun Agentziaren arabera, hamar bat kasu detektatu dituzte han; gehienak, gazteen artean. Lagunarteko kutsatze bat izan dela uste du agentziak, eta kutsatze katea eteteko lanean ari dira orain. Positibo eman dutenek eta hurbileko kontaktuek bakarturik egon beharko dute, eta PCR probak egin beharko dituzte zazpi egunen ondotik. Agerraldia dela eta, agentziak testak egingo ditu Donibane Garazin gaur.
2020-8-21
https://www.berria.eus/albisteak/185867/minutuero-milioi-bat-tona-izotz-galdu-zuen-groenlandiak-2019an.htm
Mundua
Minutuero milioi bat tona izotz galdu zuen Groenlandiak 2019an
Denera 532 tona izotz galdu zituen Groenlandiak joan den urtean. Glaziarrak erabat urtu ez daitezen CO2 emisioak gutxitu behar direla nabarmendu du ikerketa batek.
Minutuero milioi bat tona izotz galdu zuen Groenlandiak 2019an. Denera 532 tona izotz galdu zituen Groenlandiak joan den urtean. Glaziarrak erabat urtu ez daitezen CO2 emisioak gutxitu behar direla nabarmendu du ikerketa batek.
Klima larrialdiak bereziki erasaten dio Artikoari. 2019an, minutuero miloi bat tona izotz galdu zuen Groenlandiak, eta, munduko gainerako herrialdeekin konparatuz, tenperatura azkarrago igotzen ari da han. Iazko datuak kaleratu berri dituzte hainbat zientzialarik, eta nabarmendu dute denera 532 tona gutxitu zela bertako izotz kopurua.Communication Earth & Environment aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta Nasaren Grace satelitearen bidez lorturiko irudiak erabili dituzte ikerketa egiteko. Ikerketa egin duten zientzialarien aburuz, Groenlandiaren gainean egondako aire masa beroak izan dira iazko izotz galera handiaren erantzule nagusiak. Aire masa beroak klima aldaketaren ondorio dira, eta gero eta sarriago izaten da fenomeno hori. Gainera, aire masa beroek bertzelako ondorio bat ere uzten dute: elurte gutxiago izatea. Elur gutxi egin zuen iaz, eta, beraz, elur gutxi gehitu zaio orain arte glaziarretan zegoen izotzari. Hala, izotz geruzaren ia %96 urtu zuen 2019ko uneren batean. 1981etik 2010era aldiz, bataz bertze %64 bakarrik urtzen zen. 1948tik aitzinerako datuak aztertuta, azken hamar urtetan neurtu dira izotz galerarik handienak. «Datuak aztertuta, 2019a urte etsigarria izan da», nabarmendu du datuen azterketaz arduratu den Ingo Sasgen zientzialariak. Sasgenek, ordea, dio datu txarrak ez direla sorpresa izan: «2010ean eta 2012an ere izotz anitz urtu zen. Eta urteekin gora egingo du kopuruak». Datorren urteak erabakigarriak izango direla nabarmendu du zientzialari taldeak. Urtzen den izotza ere kezka iturri dela nabarmendu du Sasgenek. Izan ere, azken urteetako beroen ondorioz, goiko geruzetan dagoen izotz zuria urtu egin da, eta horrek izotz gogorragoa azeleratu duela azaldu du. Izotz horrek gutxiago jasaten du beroa. Azken urteetan urtutako izotz kantitatea igo egin bada ere, tartean urte hotz eta onak izan dira: 2017a eta 2018a. Alta, bi urte hotz horiek ez dute konpentsatu urte beroetan galdutako izotza. «Groenlandiaren joera aldatu da», azpimarratu du Sasgenek. Hala, urtez urteko joerak aldatu direla erran du, eta Groenlandia «bipolarra bihurtu» dela nabarmendu du. CO2 emisioak gutxitzeko beharra Ikerketaren arabera, azken urteetako joerak, ordea, ez du glaziarra erabat urtzea ekarriko. Horretarako CO2 kopurua gutxitu behar dela nabarmendu du Sasgenek; «CO2 kantitatea gutxitzen badugu, klima beroaldia gutxituko dugu, eta, beraz, horrek izotzaren urtzea mantsotuko du, eta uraren maila ez igotzea eragingo du. Izotzaren zati handi bat urtuko litzateke, baina prozesua moteltzea lortuko genuke» nabarmendu du Sasgenek. Joan den astean Nature Climate Change aldizkarian argitaratutako ikerketaren ondorio ezberdin bat atera du ikerketa honek. Izan ere, Artikoko izotza 2035. urterako urtu daitekeela ondorioztatu zuten bertan. Ikerlariek Artikoan duela 130.000-116.000 urte inguru zer gertatu zen hartu zuten oinarritzat.
2020-8-21
https://www.berria.eus/albisteak/185868/11-pertsona-atxilotu-dituzte-euskal-herrian-migratzaileekin-trafikatzea-egotzita.htm
Gizartea
11 pertsona atxilotu dituzte Euskal Herrian migratzaileekin trafikatzea egotzita
Guztira bi erakunde desegin eta hamabost lagun atxilotu dituzte. Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga pasatzearen truke «etekin handiak» lortzen zituzten sareek, Espainiako Poliziaren arabera.
11 pertsona atxilotu dituzte Euskal Herrian migratzaileekin trafikatzea egotzita. Guztira bi erakunde desegin eta hamabost lagun atxilotu dituzte. Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga pasatzearen truke «etekin handiak» lortzen zituzten sareek, Espainiako Poliziaren arabera.
Pertsonekin trafikatzen zutela egotzita, Espainiako Poliziak bi talde desegin ditu, eta hamabost pertsona atxilotu. Talde horietako bat Bilbon zegoen finkatuta, eta bestea, Gasteizen. Operazioan 11 pertsona atxilotu dituzte Euskal Herrian: sei Bilbon, hiru Gasteizen eta bi Irunen. Horrez gain, hiru lagun atxilotu dituzte Madrilen, eta bat Lleidan. Migratzaileak Espainiako kostaldeko hainbat puntutara iristen ziren pateran, eta gobernuz kanpoko erakunde batzuetara bideratzen zituzten. GKE horietan bertan, edo Marokotik irten baino lehen, 200 euro ingururen truke Frantziara lekualdatuko zituztela esaten zieten sareek. Agenteek kalkulatu dute ehunka etorkinek gurutzatu dutela muga erakunde horien bitartez, eta «etekin handiak» lortu dituztela horregatik. Espainiako Poliziak ohar batean jakinarazi duenez, erakundeetako bi buruzagiak espetxeratu dituzte, eta Gasteizko bi etxebizitza miatu. Bertan, 3.000 euro, ibilgailu bat, 24 sakelako telefono, material informatikoa eta dokumentazioa atzeman dituzte. Hegoaldetik Ipar Euskal Herrira Bi erakunde kriminalek hainbat bide erabiltzen zituzten etorkin horiek Irunera eramateko. Udalerrira iristean, erakundeek Lapurdira joateko bidea errazten zuten. Lekualdaketa ez bazuten bideragarria ikusten, migratzaileak GKE horien egoitzetan uzten zituzten, garai aproposena iritsi arte. Muga zeharkatzeko, sareek hainbat metodo erabiltzen zituzten; besteak beste, etorkinak ibilgailuz eramaten zituzten Baionara, edo ohiko autobus lineak erabiltzen zituzten oso ordutegi jakinetan. Bi kasuetan, etorkinak Baionako GKE batera edo harrera zentro batera eramaten zituzten, eta han itxaroten zuten txartelak jaso arte, Euskal Herrian edo Europako beste herrialde batzuetan zuten azken helmugaraino iristeko.
2020-8-23
https://www.berria.eus/albisteak/185869/bi-argi-izpi-haitzuloan.htm
Politika
Bi argi izpi haitzuloan
Kamerarik gabeko argazkilariak dira Jule Goikoetxea eta Daniel Innerarity filosofoak: begien bistara dagoenaz harago, marko bat eskaintzen dute; testuinguru bat, angelu jakin bateko ikuspegi bat. Filosofiari, akademiari eta bizi diren garaiari buruzko begiradak trukatzeko batu ditu BERRIAk.
Bi argi izpi haitzuloan. Kamerarik gabeko argazkilariak dira Jule Goikoetxea eta Daniel Innerarity filosofoak: begien bistara dagoenaz harago, marko bat eskaintzen dute; testuinguru bat, angelu jakin bateko ikuspegi bat. Filosofiari, akademiari eta bizi diren garaiari buruzko begiradak trukatzeko batu ditu BERRIAk.
Filosofia azaltzeko oinarrietako bat Platonen haitzuloaren mitoa da; errealitatea begiek ikusarazten dizkieten itzalak direla uste duten gatibuak, kateetatik askatu eta argia ikusten duen gizakia; ezagutzarako bidea egiten duena. Nolabait, horretan datza Daniel Innerarityren eta Jule Goikoetxearen jarduna: gizartearen ilunak ikusaraztean, horietan argia jarrita itzalak desagerraraztean. Eta, mitoan bezala, kateak askatzean. Maskara derrigorrezkoa ez zen uztaileko goiz batean elkartu zituen BERRIAk, Aieteko parkeko haitzuloan, Donostian. Nola iritsi zineten filosofiara? DANIEL INNERARITY: Ni, errebotez; arte ederrak ikasi nahi nituen, baina etxean ez zidaten uzten, uste zutelako hor ez zegoela etekin handirik. Aita ingeniari aeronautikoa zen, eta esan nuenean filosofia ikasi behar nuela, are okerrago iruditu zitzaion. Baina nire aldetik erresistentzia txiki bat egon zen. Tranpa txiki bat egiteko asmoz ikasi nuen filosofia: pare bat urte egotea, arte eta ofizioekin uztartzea, eta gero arte ederretara igarotzea aita konbentzituta neukanean. Baina filosofiako lehen kurtsoa egin nuenean, zoragarria iruditu zitzaidan; asko gozatu nuen. JULE GOIKOETXEA: Nire kasuan, oso txikitatik izan nuen argi. 10-12 urte ingururekin ikasi nuen filosofia hitza. 13 urterekin irakurri nuen Sofies Welt (Sofiaren mundua), eta pentsatu nuen: «Hau niretzat da». Hor azaltzen da filosofatzea sorpresarako gaitasuna izatea dela; ia edozerekin haluzinatzeko gaitasuna izatea. Egunero haluzinatzeko joera hori neukan. Ikasketak hasi nituenean, iruditu zitzaidan oinarrizko esparru bat dela; derrigorrezkoa izan beharko lukeela filosofia ikastea: gero, norberak nahi edo ahal duena. Niretzat, oso lotuta dago intimoki eta pertsonalki nire izateko moduarekin eta munduan egoteko moduarekin: etengabeko galdera. Wittgensteinek zioenaren ildotik: ulertu edo hil. INNERARITY: Prestatu hiltzeko. GOIKOETXEA: [Barreak] Bai, bai, horregatik. Oso gaztetatik datorkit hori, bokazionala da; bizitzeko modu bat da. Gero hori formalizatu dezakezu, titulu bat izan edo ez, baina bizitzeko modu bat da. INNERARITY: Ados nago Julerekin: honek gutxiago du ofiziotik bizimodutik baino. Gu 24 orduz gara filosofo, ez duzu benetan inoiz deskonektatzen. Kuriositatearen eta gauzekin harritzeko gaitasunaren birusak harrapatzen zaituenean, ez zaitu askatzen; zirraragarria da. Daniel, esan duzu 24 orduz zaretela filosofo. Horrek ere behartzen zaituzte etengabe ekoiztera? Akademia zenbateraino dago bideratuta artikuluak aldizkari zientifikoetan argitaratzera? Lehia horrek nola baldintzatzen zaituzte? INNERARITY: Gure lanbidean, eta nik zehazki Ikerbasquen, errendimendu maila bat izateko obligazioa dugu. Baina exijentzia horrek beste eragin batzuk ditu oso kaltegarriak: zaildu egiten du denbora eta tamaina handiagoak behar dituzten gaietara dedikatzea. Zientziari denbora eta baliabideak eman behar zaizkio. Zientzia, unibertsitatean eta sistema zientifikoan osatua dagoen gisan, epe laburreko etekinean pentsatzen ari da. Lehen mailan jarri dena zientziaren dimentsio jakin bat da: epe laburrean errendimendu handiena ematen duena. Hori posible izan dadin, oinarrizko zientzia behar da, eta beharrezkoak dira gauza horiei zentzua ematen dieten testuinguruak eraikitzen dituzten giza eta gizarte zientziak. Horretarako, bakean utzi behar gaituzte apur bat. GOIKOETXEA: Egungo sistema akademikoa oso kaltegarria da filosofatzeko. Filosofatzeaz ari naizenean, ari naiz pentsatzeaz zeintzuk diren zientziaren oinarriak, nondik egiten den zientzia, zertarako, nola, zeintzuk diren helburuak, markoak, zer dagoen atzean... Hori guztia jomugan dago. Hezkuntza sistema, ikerketa zentroak... pentsamenduaren aurkako dispositiboak dira. Ez bada oso pentsamendu teknikoa plusbalioa sortuko duena egungo merkatuan. Hori ezagutzaren aurkakoa da. Ezagutza zera da, ikertzea nola erreproduzitzen den gizartea bizirik irauten jarraitzeko. Nire belaunaldiari, eta nire ondorengoei are gehiago, hori eskatu zaigu unibertsitatean sartzeko. Kuartilak eta aldizkariak zera dira: ekoizten denak etekin bat duela edo marko jakin batetik egiten dela kontrolatzeko modu bat; marko hori, noski, eurozentrikoa da... INNERARITY: Anglosaxoia... GOIKOETXEA: Gizona, zuria... Nola erreproduzitu inperio jakin baten hegemonia. Artikulu zientifiko bat argitaratu nahi baduzu, ezin duzu txisterik egin, eta ironia da pentsamenduaren oinarria. Gure kasuan, horrek guztiak gure soldata zehazten du; beraz, moldatu behar duzu pentsamendu marko jakin batera, non ez den sartzen umorea eta zeinaren arabera kredituak kenduko edo emango dizkizuten, eta horren arabera izango duzu ikertzeko denbora gehiago edo gutxiago. Desastre bat. Gaur egun, liburu bat idazteak, puntuen aldetik, ez du ezertarako balio. INNERARITY: Zientzia normala esaten denerako balio du sistema horrek. Kontua da zientziak funtzionatu ote dezakeen une disruptiboenak, iraultzaileenak eduki gabe. Nigan eragin handiena izan duten liburuetan pentsatuz (Gallagher, Habermas, Luhmann), burura datozkidan hiruzpalau horiek ez lukete gaindituko zientzia normalaren kalitate galbahea. Arnasguneak behar dira zientzian zerbait benetan berritzailea sortzeko. Bestela, batez beste kalitate handikoa izango den zientzia baterantz goaz, baina ezer apurtzailerik sortuko ez duena; egungo markoak birsortuko dituena. Oso zientzia kontserbadorea sortzen ari gara; disidentzia zigortu egiten dugu. Jende askoren liburuak heltzen zaizkit bulegora, Wittgensteinen Tractatus idatzi dutela uste dutenak, eta ez dira, ez luketelako kalitate galbahe hori gaindituko, baina kontuz: agian Tractatus-ek berak... GOIKOETXEA: Horrek ere ez luke pasatuko [barreak]. INNERARITY: Beraz, kontuz, galbahe horretan harribitxiak gal ditzakegulako. Jule, zuri zer autorek eragin dizute gehien? GOIKOETXEA: Txikitatik, [Friedrich] Nietzschek eta [Michel] Foucaultek. Eta, helduagoa izanik, ez curriculumean, ez akademian, ez filosofia, soziologia edo politika zientzietako ikasketetan agertzen ez den liburu mordo batek. [Maria] Mies eta [Monique] Wittig: bi emakume. Beste modu batera pentsatu zuten; erabat apurtzaileak ziren, erabat. Soilik gutxiengo batengana heldu ziren, baita akademiaren barruan ere; noski, parte batean, emakumeak direlako. Inork ez ditu irakurtzen, ez aipatzen, gutxiengo antipatriarkal eta antiarrazista horiek kenduta. [Miesek eta Wittigek] ezagutza sistema osoa aldatuko lukete; erabat isilaraziak izan dira. Jule, esan duzu liburu bat idazteak ez duela ezertarako balio akademian. Liburu ugari idatzitakoak zarete, asko agertzen zarete hedabideetan... Zer eragin du horrek gizartean? INNERARITY: Gu ez gaude ezarrita dauden lehietan parte hartzeko, baizik eta aztertzeko zer baldintzatan ezarri den lehia jakin bat. Ñabardura garrantzitsua iruditzen zait. Eztabaida batean jarrera bat har dezaket, egin izan dut noizbehinka, baina hor ez dugu ematen eman dezakegun onena; gure funtzioa zera da, eztabaidaren ezaugarriak aztertzea, nola planteatzen diren gauzak. GOIKOETXEA: Nik ez dut sinisten neutraltasun eta inpartzialtasun kontzeptuetan. Oso aktibista sentitzen naiz, beti izan naiz eta ezin dut saihestu; ez ditut bereizita pentsatzea eta ekitea, eta ekitea beti da politikoki jardutea. Nire helburua pentsalari gisa baldin bada azaleratzea nola birsortzen den dominazioa, aktiboki egin behar dut; jaso behar dut jendeak eskatzen didana, eta hari itzuli, jendeak zerbait egin dezan horrekin; elkarrekin eraikitzea pentsamendu markoak, praktika berriak eraikitzeko baldintza izango direnak. Niretzat beti izan da oso zaila biak bereiztea; zintzoa iruditzen zait bereizketa hori ez egitea. INNERARITY: Niri pandemiaren erdian gertatu zitzaidan. Pentsatu nuen eginbehar bat izan nezakeela: liburuxka bat idazten saiatzea [Pandemocracia: una filosofia de la crisis del coronavirus (Pandemokrazia: koronabirusaren krisiaren filosofia bat)], interpretazio marko bat eskaintzeko, inori baliagarri bazitzaion. Gertatzen zaiguna ulertzea lasaigarria da nolabait, eta hor funtzio bat dugu; jendeari gako batzuk ematea gertatzen ari denaz. GOIKOETXEA: Beti izan da horrela pixka bat. [Jurgen] Habermasen Ekintza komunikatiboaren teoria 300 lagunek irakurri dute, eta [Karl] Marxekin gauza bera gertatzen da; jendeak Manifestu komunista irakurri du, baina Kapitala-ren liburuki guztiak, hiruk baino ez. INNERARITY: Mario Onaindiak itzuli zuen euskarara. GOIKOETXEA: Orduan, lauk (barreak). Niretzat betebehar bat da politikoki engaiatua egotea eta pentsamendu kokatua egitea, eta mahai gainean jartzea; jendeari esatea ez diedala hitz egingo unibertsaltasun batetik, emakume europar, zuri, antipatriarkal, antiarrazista gisa baizik. Gero bakoitzak neur dezala esaten denaren kalitatea. INNERARITY: Ados egongo zara gizarte garaikidean eta historian zehar gauzatu diren dominazioen parte handi batek zerikusia duela neutraltasun itxurazko batekin. Gizonok esfortzu handiarekin ulertu dugu salbuespen bat, ertz bat badagoela: emakumea. Baina ez dugu nahikoa egingo aurrera ulertu ezean gu ere kokatutako posizio bat garela; gizonok ez dugu generorik edo sexurik —baina erabiltzen dugu—, eta andreek generoaren partikulartasun hori dute. GOIKOETXEA: Gorputz sexualizatuak dira. INNERARITY: Haiek bai, gu ez. Dominazio guztien atzean dago bere burua unibertsaltzat duen norbait; genero kontuak emakumeenak direla edo hizkerarik ez duela dioten norbait. Norbera partikulartasun gisa ikustea hegemonien suntsipenaren eta elkarrizketa demokratikoaren hasiera da. GOIKOETXEA: Hori da saiatzea gizonek uler dezaten klase politiko gisa, eraikitako kategoria gisa. Ez dira gizon jaio, egin egiten dira, dominatzeko. Pandemokrazia, demokrazia konplexua, patriarkala, demokraziaren pribatizazioa... Zuen liburuen izenburuak dira. Adjektibo ugari behar ditu, bistan denez. Zer esan nahi du gaur egun? INNERARITY: Gai handietako bat da, zeinaren aurrean sistematikoki huts egiten dugun. Bulimia filosofikoa dugu: jan dezakeguna baino askoz gehiago jartzen dugu platerean. Niretzat, demokrazia nagusiki autogobernua da, eta hori, gizartean bizi garenez, beste batzuk zeregin horretan elkarrekin inplikatzea da. Ez dago autogobernurik beste batzuekin ez bada. Aspaldi honetan, nire hipotesia da gizarteak oso soilak ziren garai batean diseinatu zirela demokraziaren ideia nagusiak. Tartean eboluzio izugarri bat egon da. GOIKOETXEA: Demokrazia hitzarekin argitaratzen ditudan liburuek izenburu ironikoak eta probokatzaileak dituzte, esateko: «Demokraziaz hitz egin nahi duzue; oso ongi. Dena da demokrazia; beraz, adjektiboak jarri behar dira: demokrata... patriarkala. Edo misoginoa. Edo arrazista». Hitz egin dezagun demokraziaz, benetakoaz; nola funtzionatzen duen. Eta zer izan behar duen. Zer izan behar du? GOIKOETXEA: Prozesuak dira, zeintzuetan zure gorputzaren, zure biztanleriaren edo komunitatearen autogobernu maila handituz doan. Inoiz amaitzen ez den prozesu bat da, gizartea hobetzea ez delako inoiz bukatzen. Hor kokatzen da gatazka etengabea: nola ulertu izan den. Demokrazia ez da paradisua, eta demokratizazio prozesuek diziplina esan nahi dute, koertzioa, indarkeria. Demokraziaz hitz egitea erreala izan dadin: zer behar den jendeak autogobernatu dezan; zer baldintza, mekanismo, teknologia, zer baliabide material edo ez-material zure gorputza eta zure komunitatea gobernatzeko. Berreskuratu eta erdigunean jarri behar dugu gobernatzearen kontzeptua, politikotasunaren oinarrizko kontzeptuetako bat delako. Gatazkaren rola. Hori izan ohi da demokraziari buruzko eztabaidetako bat. INNERARITY: Demokrazia elkar orekatzen duten bikote kontraesankorrez osatuta dago; konfiantzaren instituzioak dauzka, baina baita konfiantzarik ezarenak ere. Gauzak gaizki doaz bi poloetako batek gehiegizko protagonismoa duenean. Kooperazio elementu bat dago, eta baita lehia elementu bat ere. Politika oso zehaztugabea da definizioz; bateragarri egiten saiatzen da bateraezinak diren gauzak. Gure gizartea bezalaxe; elkarrekin bizitzen saiatzen gara gauza bera ez garen pertsonak, berdin pentsatzen ez dugunak. Baina elkarrekin bizi behar dugu. GOIKOETXEA: Ezin da adostasunik egon gatazkarik gabe. Gatazka ona da. Adostasun orok igaro behar izan du gatazka bat. Ulertu behar dugu zerbait positibo gisa, lankidetza eta adostasuna lortzeko. Gauza bera gertatzen da etxekotzearekin; ez baduzu ugaztuna etxekotzen, ez duzu subjektu bat sortuko, eta etxekotzea dominazio prozesu bat da. Subjektu autonomoak, independenteak sortu nahi badituzu, gai direnak jarduteko, hitz egiteko, eztabaidatzeko, pentsatzeko edo jolasteko, beharrezkoa da etxekotze prozesu bat egotea: idazten ikasi behar duzu, elikatzen... Eta horiek ez dituzu adostasunez ikasiko. Dena da diziplinatze prozesu bat. INNERARITY: Egia da gatazka behar dela, saihetsezina dela eta aldaketa motor bat dela, baina eragile politikoek antagonismo erritualizatu batera jotzen dute, funtsean eraldaketa kolektiborik eragiten ez duen batera. Hori da arazo nagusietako bat. Esaten da politikariek boterea bilatzen dutela, baina bada fenomeno desatsegin bat, antzua: gehiago gustatzen zaiela inpotentzia. Bada jendea hobeto kudeatzen duena inpotentzia boterea baino, eta nahiago duena joko zelaitik kanpo egon, printzipio garbi batzuk zaintzen, botere partekatuaren ariketan eskuak zikintzen baino. Botererik ez dago transakziorik, bekaturik, ematerik edo mugarik gabe. Botereaz eta burujabetzaz mintzo zarete; partekatuaz eta estatuen ahalmenaz. GOIKOETXEA: Estatuak badu gaitasuna; beste kontu bat da hura sistema ekonomiko, eragile eta interes batzuekin elkartzea, eta horien arabera funtzionatzea. Estatuaren huste bat ikusten ari gara, estatuak berak ahalbidetua. Bizi garen estatu motan, korporazioak dira adar exekutiboekin batera gobernatzen dutenak. Burujabetzari dagokionez, hitz erabilgarria iruditzen zait, jendeak modu berritzailean eta askatzailean erabiltzen duelako. Burujabetza botere lurraldetu gisa ulertzen dut, gobernatzeko gaitasun politikoari lotuta; gobernatu, zerorren gorputza nahiz bizi duzun lurraldea; jaten edo arnasten duzuna. Gizarte mugimenduek gero eta gehiago darabilten kontzeptu bat da; beraz, hartu behar dugu, eta ukitu emantzipatzailea eman, autogobernuaz hitz egiteko. INNERARITY: Nik oso gutxi darabilt. Interesgarriagoa begitantzen zait botere hitza; ahalmena nahi dut zenbait erabaki hartzeko, jendeari ondasun publiko komun batzuk emateko. Batzuetan, burujabetza eta boterea trukatuta lortzen da hori. Hori da Europa, bere gabeziekin: estatuen integrazioranzko abentura bat, burujabetza boterearen truke emanda. Kontua da zer gobernu maila den egokia zer arrisku motari aurre egiteko. Horri ematen diogun erantzunaren arabera sortuko dira gobernatzeko forma berriak. Gai batzuetan ez zaigu interesatuko hemen erabakitzea, erabakigunea gorago egotea baizik, eta, beste batzuetan, estrategikoki interesatuko zaigu ez deslokalizatzea, ez delegatzea inolako kontrolik gabe. Orain gogoeta prozesu interesgarri bat daukagu, behartuko gaituena gauza asko birlurraldetzera. GOIKOETXEA: Geure burua gobernatzeko, boterea birlurraldetu behar dugu; auzoek, jendeak erabakitzen hasi ahal izatea. Eta, horretarako, boterea lurraldean eta gorputzetan jarri behar da. Latinoamerikako feminismo komunitarioaren ildoek dioten bezala, nire gorputza nire lurra da, eta nire lurra, nire gorputza; nire lurra ez badago ongi, nire gorputza ere ez; ez badaukat ur garbirik, garraio publikorik, lurralde horretako jendea ez da ongi egongo. INNERARITY: Ni ez naiz hari horretaz. GOIKOETXEA: Ni, bai. Nola lortzen dugu lurralde honetan dagoen edonor, datorren lekutik datorrela, ongi egotea? Horretarako, ongi dagoen lurralde bat behar duzu, baliabideak izango dituena: zerbitzu publikoak. Hor gorputza sartzen da, eta dimentsio materialista. INNERARITY: Birlurraldetzeaz ari naizenean, ez naiz ari gerturatzeaz; erabaki guneak urruntzeko mugimendu oso interesgarriak daude. Immigrazioak erabaki gune indibidualetatik harago egon beharko luke. Zergatik ez dugu gaia behar bezala konpontzen? Nazionalizatuta dagoelako. Nazioz gaindiko egitura batek egin dezakeena askoz interesgarriagoa da herrialde batean nor sartzen den eta nor ez erabakitzeko gaitasunaren subiranizazioa baino. Nazio-estatutik haragoko marko bat erabat emantzipatzailea litzateke. GOIKOETXEA: Baina immigrazio politika Europako mailan erabaki dezakezu, eta Europak berdin-berdin erabaki dezake mugak ixtea. Saio bat dago demokratizazioa egitura globalen bidez egiteko, baina ez baduzu demokrazia lokalik, ez duzu globalik. Bi prozesuak batera egin behar dira, edo lehentasuna tokikoak behar du. Immigrazioa dago migratzaileen herrialdeetan demokrazia lokalik ez dagoelako. Nazioz edo estatuz gaindiko egiturek ez dizute ezer bermatzen demokratizazioa bermatua ez baduzu, boterearen eta jendearen erabakitzeko ahalmenaren birlurraldetzea. INNERARITY: Baina badugu tokiko tresnen inpotentziaren esperientzia ere. Adibidez, klima bezalako ongi komun garrantzitsu bat ia ezin da kudeatu tokiko mailan; behar ditugu egitura eta prozedura batzuk, zeintzuei burujabetza parte bat transferitu zaien. GOIKOETXEA: Noski, klimari buruzko akordioen arazoa da horiek betetzeari uko egiten diotela korporazioek gobernatutako estatu ugarik. INNERARITY: Subirano diren estatuek. GOIKOETXEA: Estatu bat subirano izateak ez du esan nahi gobernatzen duen komunitatea subiranoa denik. INNERARITY: Ez noski. Baina lortuko bagenu estatu horiek subiranotasun gutxiago izatea... GOIKOETXEA: Nori emango genioke subiranotasun hori? INNERARITY: Onei, noski! [barrez]. Zergatik dira hain etsigarriak klimari buruzko goi bilerak? Aurrerapausorik eza azaltzen duen faktore bat da bere ardura eremua erabat nazionala dela. GOIKOETXEA: Klase jakin batek ulertu du nazionala eta globala kontrajarriak daudela. Esferak handitzea ez dago kontrajarrita. Arazoa da maila globalak ez duela funtzionatzen maila lokalek ere ez dutelako funtzionatzen. Ez dugu aurrerabide globalik aurkituko gobernazio sistema eta ongizatea ekoizteko sistema ez badugu behetik aldatzen. INNERARITY: Bateragarria da dioguna. Zu subiranista zara, ni ziur aski ere bai, baina biok ezer gutxi dugu amankomunean Trumpen subiranismoarekin, harresiak erakitzen dituen subiranismoarekin. GOIKOETXEA: Ezta demokraziarekiko haren ikuskerarekin ere. Eta demokraziarekin ez dago kritikarik; subiranotasunarekin, bai. Nola irudikatzen duzue 10-20 urte barruko etorkizuna? GOIKOETXEA: 10-15 urte barru, okerrago, baina 50 barru, hobeto. Indarkeria handia egongo da datozen urteetan, autoritarismo neoliberal bat, baina jendea haserre dago, antolatzen ari da, eta gauza oso berritzaileak eta itxaropentsuak proposatzen. INNERARITY: Historiaren garai zirraragarri bat bizitzen ari gara, dimentsio oso tragiko eta gatazkatsua duena, baina baita mundu oso itxaropentsua ere; teknologia batzuk ageri dira, alde ilun bat dutenak, baina baita aukera izugarriak ere gizarte justuagoak sortzeko. 1980ko hamarkadan, Alemanian, nire lagun ekologista guztiek letrak ikasten zituzten. Orain diote euren seme-alabak eurak baino ekologistagoak direla... eta kimikariak direla. Ez ditzagun izan hainbeste aurreiritzi teknologiaren aurka.
2020-8-21
https://www.berria.eus/albisteak/185870/jule-goikoetxea-mentxaka.htm
Jule Goikoetxea Mentxaka
Jule Goikoetxea Mentxaka.
Filosofia «jarrera bat» da Goikoetxearentzat: «Gauzak ulertu nahi izatea: hau zergatik, nola, zertarako». «Bokazioa» ogibide egin du, eta ogibidea bokazio, formatu askotarikoetan plazaratzen baititu bere gogoetak; artikulu akademikoen, dibulgazio asmoa duten liburuen eta egunkari zutabeen bidez —BERRIAn, besteak beste—, baina baita poesiaren bitartez ere. Filosofian doktore, Euskal Herriko Unibertsitatean Politika Zientzietako irakasle, Oxfordeko Unibertsitateko International Gender Studies institutuko kide, Lisipe liburu bildumako editore eta abar eta abar da Goikoetxea, eta nagusiki demokraziaren «izaera patriarkala» biluztera eta eraldatzera emanak ditu hausnarketak.
2020-8-21
https://www.berria.eus/albisteak/185871/daniel-innerarity-grau.htm
Daniel Innerarity Grau
Daniel Innerarity Grau.
«Marraztu» egingo balu bezala egiten du Innerarityk filosofia, bere hitzetan: «Gogoan nuen Platonek esaten zuen hura: musek aholkatu zioten musika egiteko, eta berak zioen musika egiten zuela, filosofia egiten zuelako, filosofia zelako musikarik bikainena. Uste dut filosofiak baliokide funtzional gisa funtzionatu duela, baina niri erdipurdiko margolari bat izatea gustatuko zitzaidakeen». Bilbotar nafartua eta filosofian katedraduna da, Ikerbasque ikertzailea Euskal Herriko Unibertsitatean, irakasle Florentziako Europako Institutu Unibertsitarioan, eta zuzendari Globernance institutuan. Urteetan «demokraziaren konplexutasuna» aztertzen jardun ondoren, adimen artifiziala du orain ikergai.
2020-8-23
https://www.berria.eus/albisteak/185872/gaitzik-gabeko-lurraldea.htm
Kultura
Gaitzik gabeko lurraldea
Santiago (Galizia), 1970. Galiziera eta literatura irakaslea da ogibidez. Narrazio laburrekin egin zuen ezagun bere idazle ahotsa, 1980ko azken urteetan. Nordeste nobela argitaratu zuen 2016an, eta Galiziako Kritika Sarietarako finalista izan zen lan horrekin. Brasileraz ere argitaratu zioten. As mulleres da fin do mundo nobela eman zuen iaz, eta Xeras sarietarako finalista hautatu zuten. Transmatria poesia liburua ere eman zuen iaz, eta Johan Carballeira saria irabazi zuen lan horregatik.
Gaitzik gabeko lurraldea. Santiago (Galizia), 1970. Galiziera eta literatura irakaslea da ogibidez. Narrazio laburrekin egin zuen ezagun bere idazle ahotsa, 1980ko azken urteetan. Nordeste nobela argitaratu zuen 2016an, eta Galiziako Kritika Sarietarako finalista izan zen lan horrekin. Brasileraz ere argitaratu zioten. As mulleres da fin do mundo nobela eman zuen iaz, eta Xeras sarietarako finalista hautatu zuten. Transmatria poesia liburua ere eman zuen iaz, eta Johan Carballeira saria irabazi zuen lan horregatik.
Gorpuak azaleratu ziren mangladian. Goiz batean, bat iritsi zen, biluzik, puzturik, aurpegirik gabe, seguruenik karramarro eta arrainek jana baitzuten. Gero, beste batzuk azaldu ziren, argi-txinta bakoitzarekin batera, eta molde berean: eskurik ez, garunik edo begitarterik ere ez. Orduan, herriak galdetu zion emakumeari ea zer gertatzen ari ote zen. Batzuek ahopean zioten barnealdeko Jandui erreginaren eta haren emakume gerrarien biktimak zirela. Oso atsegin zituzten emakumeok galegoek, orain, harroxko, uretan eta zuhaitzetan nagusi zirela uste zuten galego horiek. Beste batzuek hotsa zabaldu zuten apika portugesen Ama Birjinak, fedeaz arnegatzeagatik, itotako sinesgabeak zirela. Egiaren bila, emakumeak herrixkatik alde egin zuen egun batzuetarako, norbaitek esan zuen Abaçaíri gomendioa eskatuko ziola. Xurema sakratua eraman zuen berekin, eta gorputza margotu zuen joandakoen memoriarekin. Zargaldurik itzuli zen, eta denen aurrean hitz egin zuen. Maistrek Ipuriara gosetua ikusarazia zioten lokatz artean igerian, baina orobat erakutsia zioten zein zen Gaitzik Gabeko Lurralderako bidea. Orduan, denak isildu ziren. Gaitzik Gabeko Lurraldea. Denek zuten gogoan nola lagundu zieten maíra galegoei portugesak azpiratzen eta jesuitak herrixkatik kanporatzen. Burdinazko eta bolborazko hitzak amaitu ziren. Infernuak eta pekatuak. Orain, maíra horiek beroriek oihana txikitzen zuten, eta ontziak ekartzen hondartzetaraino, gau zohardiaren koloreko gizon-emakumez zamatuak. Galiziako Errepublikaren eta Indietako Galiziar Konpainiaren izenean jarduten zuten. Agian Gaitzik Gabeko Lurralderako bideari esker beste etorkizun bat egongo zen, agian... —Nahasmendua oso zuhaitz gora da —esan zuen emakume gazte batek. Emakumeak baietz egin zuen buruarekin, hitzok entzunaz batera. Laztan egin zion. Elkarrekin joango ziren biak Konpostela Recifekora, eta han gobernadorearekin hitzordua eskatuko zuten; lehenago ere itunak sinatuak zituzten gizon bizardun harekin. Horrenbestez, bideari ekin zioten zenbait egunez. Zeruertz berde azkengabeak zeharkatu zituzten. Xendra bakartiak urratu zituzten. Coaçúaren eta xatobáren fruituez elikatu ziren. Xenipapoaren zuku mingotsa edan zuten; sua larruazalean, elkar maitatu zuten, bakar-bakarrik. Eta isil-gordean zeharkatu zituzten beste herri batzuen lurraldeak, gerra ez pizteko eta helduak ez molestatzeko. Harik eta, azkenean, zenbait egunsentiren ondoren, hiria begiztatu zuten arte harresiaren atzean tente. Hala, bada, Santiagoko ateak igaro zituzten gorputzak margoturik eta ilea edergailuz beterik. Hiria borborka ari zen kale jendetsuetan. Kiratsak moteldu egiten zuen entelegua, eta zuhaitzak gerizperik gabeko hormak ziren. Soldaduez gainera, berak bezalako beste emakume batzuk ere ikusi zituzten, dagoeneko europar erara jantziak, baita esklaboak ere emakume zurien itzalkinak eramaten eta, jakina, gizon beltzezko ilarak salgai-garraioan moilatik hirira. Odolaren sunda sumatu zuten berehalakoan, eta, kasualitatez, biei mandacarúaren loreetara joan zitzaien gogoa, halako tristura handia uxatzeko. Hurrena, zubi luze bat zeharkatu zuten, uharte bateraino. Emakume gazteenak txunditurik zirudien, etxeak eta animaliak ikustean eta padura harrizko eta zurezko arkutan jauzika gainditzen zuen enbor erraldoi haren gainetik ibiltzean. Besteak bazekien nora joan. Ezagutzen zuen hiria, eta aise mugitzen zen kalezulo eta etxarteetan barrena. Gazteenak galdetu zionean noiz izana zen han lehenago, mundu jendetsu hartan, emakumeak erantzun zion ez zuela inoiz etorri behar izan zurien artera. Europarrek beti aurkitzen zituztela eurak lehenago, metal horiaren, azukrearen eta zur gorrixkaren ugaritasunak akuilaturik. Xurema sakratuak erakutsiko zizkiola, nonbait, harainoko bideak, bere izatearen harrotasuna eta memoria babestuaz batera. Gobernadoreak erabaki zuen erregina indiar hari harrera egitea, urte batzuk lehenago lagundua baitzion portuges eta gaztelauen aurkako borrokan. Neurri batean hala jokatu zuen Errepublikak ikuskatzaile nagusia bidalia zuelako Konpostelatik Konpainia eta urrutiko lurralde haiek fiskalizatzeko. Emakume funtzionarioak iritzi ona eraman beharko zuen salbaien artean bera eraikitzen ari zen hiriaz. Asmo horretan, dagoeneko erakutsiak zizkion zoologikoa, kale harriztatuak, kanalak, sinagoga... Orain egiaztatuko zuen zeinen tratu abegikorra ematen zitzaien indigenei. Gogoetari lotu zitzaion. Gobernuaren Jauregia eraikin laukizuzen bat zen, bi dorre gora zeuzkana, bata farola eta bestea behatoki astronomikoa; Bost Punten Gaztelutik gertu zegoen. Ondo pentsatu beharra zeukan non harrera egin indiarrei, eta ikuskatzaileari, zirrara eragiteko. Horrenbestez, audientzien aretoa aukeratu zuen, peroba arrosazko oholez eta lurralde miragarri hari buruzko margolan koloretsuz hornitua. Azala margoturik zekarten bi natiboek, ikur estrainioak edergarri, janduíen tribu apika etsaiarenak ez bezalako ikurrak. Gobernadorea eserita zegoen aulki altu batean, eta ttotto bana eskaini zien bi emakumeei. Zutik, itzaletan erdi gordeta, Errepublikako ikuskatzaile nagusia begira zeukaten salako zokondo batetik. —Ipuriara izugarria elikatzen ari zarete hildakoekin —esan zuen natiboak. Gobernadorea deseroso sentitu zen, ozta-ozta ulertzen zituen sineskeriak aditzean. Kolpean, nerbiostu egin zen, ikuskatzaileak zer pentsatuko ote zuen, emakumeak, itxura batean, zinez sinesten baitzuen Galiziako Ermandade Santuen Errepubliken justiziaren printzipioetan. —Ikusi zaituztet emakume esklaboen haragi umiliatua mangladira botatzen. —Ikusi zaituztet oihaneko emakume kalituen gorpuak uretaratzen. Gobernadorea zutitu egin zen sumindurik. Nolatan zekien halakorik indiar hark? —Etorri naiz abertitzera Ipuriarak, zuek iratzarritako gizarrain beldurgarriak, irentsi egingo gaituela denok erremediorik gabeko izurri batean. —Etorri naiz eskatzera zuek kutsatu eta hiltzen zaituzten eduki-nahi horrek eragindako sarraskia bertan behera uzteko. —Litekeena da honezkero berandu izatea. Orduan natiboak zutitu ziren. Bekoz beko begiratu zioten ikuskatzailearen aurpegi gordeari, eta ohartu ziren emakume-ñiñi haietan ere bazela bestelako lurralde baten ametsa. Gobernadoreak isilik jarraitu zuen, haiek geldiarazten ausartu gabe ere. Segituan, ikuskatzaile nagusiak ulertu zuen, begiak itxiz, bi emakumeek Gaitzik Gabeko Lurralderako bidea zeramatela beren barruan. Berak, Konpostelan neska koskorra zenetik, bizi osoan bilatutako huraxe. Itzultzailea: Iñigo Roque Eguzkitza
2020-8-22
https://www.berria.eus/albisteak/185873/garunean-sorrarazten-du-gozamena.htm
Bizigiro
Garunean sorrarazten du gozamena
Otorrinolaringologian adituek uste dute emozionalki garrantzitsua dela jakiak eta edariak dastatuz disfrutatzea. Zentzumen hori galdu ostean berreskuratzen dutenek poz handia sentitu ohi dute.
Garunean sorrarazten du gozamena. Otorrinolaringologian adituek uste dute emozionalki garrantzitsua dela jakiak eta edariak dastatuz disfrutatzea. Zentzumen hori galdu ostean berreskuratzen dutenek poz handia sentitu ohi dute.
Fruitu gozorik ezpaituzu / mendi honetan dastatu, / egi garratz bat behar dizut bene-benetan aitortu...». Gabriel Arestik fruitu gozoak dastatzearen lilura aipatzen du Maldan behera (Zatiak) olerkiaren lerroetan. Eta, dastamenaren bidez, oinarrizko zapore gehiago ere bereiz daitezke, gozoaz gain: gazia, mingotsa eta garratza, alegia. Bosgarren zaporea umamia da, eta, Maria Eugenia Salazar Gipuzkoa Poliklinikako otorrinolaringologoak azaldu duenez, Kikunae Ikeda Japoniako irakasleak aurkitu zuen, 1907an. Umamia hitzak «dasta onekoa» edo «zaporetsua» esan nahi du japonieraz. «Azkenaldian, beste zapore batzuk ere aipatzen dira, besteak beste, metalikoa eta koipeena», aipatu du Salazarrek. Otorrinolaringologoak ohartarazi duenez, dastamena estimulu kimiko batek eragiten du. «Beste zentzumenekin alderatuz, dastamena antzematen duten zelula nerbiosoek ahalmena dute egun gutxitan bere onera etortzeko. Ez da hala gertatzen beste zentzumenekin». Dastamenean adituek diotenez, mingain osoan antzematen dira oinarrizko bost zaporeak. Mingainaz gain, dena den, badaude beste hartzaile batzuk ere: faringean eta laringean. «Lehen ukipena mingainarekin da. Faringeko eta laringeko zelulek estimulu kimikoa jasotzen dute; estimulu kimiko hori estimulu elektriko bihurtzen dute, eta, nerbioen bidez, garunera joaten dira». Izan ere, garunean jasotzen da jatekoaren dastatzeko plazera. Sukaldari askok esan ohi dute dastamenarekin lotuta emozioa dagoela. Jaio eta berehala izaten du gizakiak dastamenaren plazera. Salazarrek dioenez, «haur jaioberriak dastamena garatuz joaten dira. Gerora, zapore batzuen oroitzapena bizitza osorako izaten da». Ixak Salaberria, Fagollaga jatetxeko sukaldaria. ANDONI CANELLADA / FOKU Ixak Salaberria Hernaniko Fagollaga jatetxeko (Gipuzkoa) sukaldariak nabarmendu du haurrek joera handia izaten dutela zapore gozoarekiko. «Normalean, haurrek gutxitan bilatzen dute mikatza. Gero, urteekin, ikasiz joaten dira. Baina haur bati gozoki bat eman, eta begiak zabaltzen zaizkio». Gastronomia aditu askok diote dastamena garatu egin daitekeela. Oraitz Garcia kazetari gastronomikoak —Gaztezulo-n Gastroheroia bloga du— aitaren lekukotza hartu zuen ogibide horretan, eta urteen poderioz joan da dastamena garatuz. «Txikitatik ezagutu izan dut gastronomiaren mundua. Haurtzaroan, elikagaiak probatuz joan nintzen, pixkanaka-pixkanaka, eta, probatzearen probatzeaz, ikasi egiten da». Azkeneko urteetan, makina bat jatetxeren inguruan idatzi du Garciak. «Zure dastamena garatuz doa, eta egokitu egiten da ogibide horretara». Salaberriak azaldu duenez, «zenbait gauza» ikasi behar izaten dira, «eta ez da erraza izaten» —adibidez, ostrak, odol barrenak edo usain bereziak dituzten zenbait gazta dastatzea—. Edariaren dastamena ere garatu egiten da, eta, horretarako, «aproposak» izaten dira ardo dastaketa ikastaroak. «Ardoaren gaineko jakintza ez da naturalki garatzen. Sakontasun puntu batzuetara iristeko, irakatsi egin behar dizute». Fagollaga jatetxeko sukaldariaren arabera, norbanako bakoitzak prest izan behar ditu mingainaren parte batzuk, zaporeak ondo nabaritzeko. «Bakoitzak bere joerak eta gustuak ditu; aurrera egiten du horrekin. Ni, adibidez, gozozale amorratua naiz». Garciaren irudipena da dastamenak sentsazio asko ekartzen dituela batera: «Une labur batean, hainbat esperientzia eta bizipen berri izan ditzakegu. Hori da dastamenak duen berezitasuna». Maria Eugenia Salazar otorrinolaringologoa.. ANDONI CANELLADA / FOKU Euskal Herriko zaporeak Herrialde bakoitzeko gastronomian, zapore bereziak daude, eta herrialde askotan bizigarri gehiago erabiltzen dituzte Euskal Herrian baino. Garciaren ustez, euskal sukaldaritza tradizionalak produktuari ematen dio garrantzi osoa. «Euskal sukaldariek aipatu izan dute gure oinarrizko saltsak hauek direla: saltsa berdea, pil-pila, txipiroiekin egiten den tinta beltza eta Bizkaiko erakoa». Salaberriarentzat, dastamena «plazera» da, baina nabarmendu du zentzumenak osagarriak direla beren artean. «Disfrutatzeko, denek konektatuta egon behar dute. Zentzumen guztiak erabili behar dira jaki batekin gozatzeko». Edonola ere, dastamena tresna garrantzitsua da sukaldarientzat. Garciari iruditzen zaio plater asko begietatik sartzen direla hasieran. «Platera eta produktua nola aurkezten den ikustea gustatzen zait. Baina, lehen mokadua edo koilarakada hartu eta gero, gogoko dut begiak itxi eta zaporeen joko horri ematea garrantzi guztia. Begiak itxita, gehiago gozatzen da». Salaberria ez dago horrekin ados: «Begiak zabalik dastatu behar da, zalantzarik gabe». Dastamena galtzea Salazarrek nabarmendu du dastamenak, era berean, usaimenarekin harreman handia duela. Bi zentzumen horien nerbio zuntzak estuki lotuta daude. Otorrinolaringoloarengana joaten direnen artean, badira usaimena edo dastamena galdu dutenak, baina baita bi zentzumenak batera galdu dituztenak ere. «Nahiz eta produktu kimikoen sentsazioak dastamen papiletan gertatzen diren, elikagai guztiek lurrun batzuk dituzte, eta horiek sudurraren atzeko usaimen zeluletan antzematen dira». COVID-19 gaitza izan duten herritarren artean, zenbaitek dastamena eta usaimena galdu dituzte. Salazarren arabera, positibo ematen duten gehienek bizpahiru astetan berreskuratzen dute dastamena. Hala ere, badira kasuak non denbora gehiago behar izaten duten dastamena berreskuratzeko: Kepa Sarasuak apirilaren 1ean eman zuen positibo, eta bi hilabete igaro ziren usaimena eta dastamena berreskuratu arte. «Hain justu, izan nuen sintoma bakarra usaimen eta dastamen falta izan ziren», gogoratu du Sarasuak. «Entsalada bat jatean, bereizten nuen hor zeudela letxuga, olioa, ozpina, gatza... baina ez nuen zaporerik hartzen. Haragi eltzekari batean, esate baterako, nabaritzen nuen haragia, patata eta piper berdea zeudela, baina ez nuen horien zaporea antzematen». Positibo eman eta 44 egunera, usaimena berreskuratzen hasi zen. Pixkanaka iritsi zitzaion dastamena, baina gaur egun ere ez du %100 berreskuratu garai bateko dastamena. «Ez da lehengo kontu bera. Indartsu nago, baina, fisikoki, ez nago lehen bezala. Arkume eltzekari bat jan dut, eta zapore ona du; sentitzen dut, baina ez garai batean bezain bizi. Dastamenari ez diozu baliorik ematen galtzen duzun arte». Oraitz Garcia, kazetari gastronomikoa. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Salazarrek ohartarazi du gaitz askok eragin dezaketela dastamena galtzea: «Gaitz periferikoak izan daitezke, mingainari, laringeari eta faringeari eragiten diotenak, eta, hor, traumatismoak, infekzioak eta tumoreak egon daitezke. Diabetea edo hipertentsioa dutenek eta tabako asko erretzen dutenek ere galdu dezakete dastamena. Baita garunarekin lotutako gaitzen bat dutenek ere». Otorrinolaringologoaren arabera, dastamena galtzeak bizi kalitatean eragiten du. Horregatik, zentzumen hori berreskuratzen dutenek poz handia sentitzen dute. Hala sentitu du Sarasuak ere.
2020-8-21
https://www.berria.eus/albisteak/185875/libiako-gobernuak-berehalako-su-etena-eta-bozetarako-deia-egin-du.htm
Mundua
Libiako Gobernuak berehalako su-etena eta bozetarako deia egin du
Libiako lurraldearen burujabetza osoa berrezartzea du helburu Fayez al-Sarraj Libiako lehen ministroak. Hauteskundeak datorren urteko martxoan nahiko lituzke egin.
Libiako Gobernuak berehalako su-etena eta bozetarako deia egin du. Libiako lurraldearen burujabetza osoa berrezartzea du helburu Fayez al-Sarraj Libiako lehen ministroak. Hauteskundeak datorren urteko martxoan nahiko lituzke egin.
Fayez al-Sarraj Libiako lehen ministroak herrialdeko indar militar guztiei agindua eman die operazio militarrak gelditzeko eta su-etena ezartzeko. Libya Observer hedabidearen arabera, Sarrajek ohar baten bidez jakitera eman du helburu nagusia dela «Libiako lurraldearen burujabetza osoa berrezartzea eta mertzenario atzerritarrak kanporatzea». Ordezkarien Ganberako presidente Aguila Salek ere su-etenaren aldeko aldarrikapena defendatu du. Bestalde, lehen ministroak parlamenturako eta presidentetzarako hauteskundeetara deitu du, datorren urteko martxorako. Khalifa Haftar Libia ekialdeko buruzagi militarraren pean dauden Sirte hiria eta Al Jufra barrutia eremu «desmilitarizatuak» izateko eskaera egin du Sarrajek. Oraingoz, Haftarren aldetik erreakziorik ez da izan.
2020-8-22
https://www.berria.eus/albisteak/185876/zorrak-kitatzeko-garaia-heldu-da.htm
Mundua
Zorrak kitatzeko garaia heldu da
Joe Biden presidentegai demokratak sostengua agertu dio beltzen eskubideen aldeko mugimenduari, baina haien aldarrikapen nagusiak betetzera konprometitu gabe. Gazte afro-amerikarrentzat, ordea, ez da nahikoa hautagai demokrataren erantzuna.
Zorrak kitatzeko garaia heldu da. Joe Biden presidentegai demokratak sostengua agertu dio beltzen eskubideen aldeko mugimenduari, baina haien aldarrikapen nagusiak betetzera konprometitu gabe. Gazte afro-amerikarrentzat, ordea, ez da nahikoa hautagai demokrataren erantzuna.
Beltzak dira Alderdi Demokrataren zutaberik sendoena. Atzera begiratu besterik ez dago. 2008an, John McCain hautagai errepublikanoak hautesle zurien botoen %55 eskuratu zituen, eta galdu egin zuen, urte hartan Barack Obamaren alde bozkatu zutelako beltzek, tsunami erraldoi bat balira bezala. 2016an ere, beltzen botoa eskuratu zuen Hillary Clintonek, baina parte hartzea ez zen izan aurreko bi aldietan bezain handia, eta galdu egin zuen. Adituek argi dute: Joe Biden hautagai demokrata gai bada Obamak adina boto ez-zuri jasotzeko, ziurra du garaipena. Tradizioz, demokratekiko leiala da komunitate beltza, baina leialtasun hori ez da doakoa, are gutxiago azken hilabeteetako gertakarien ostean. Maiatzaren 25ean, polizia zuri batek George Floyd 46 urteko gizonezko afro-amerikarra hil zuen Minneapolis hirian, itota. Protestak piztu zituen hilketak, Minneapolisen bertan lehenik, AEBetako hiri eta herrietan ondoren, eta mundu osoan azkenik. Ez zen polizien esku hiltzen zen lehen herritar beltza, baina testuinguruak poliziak zortzi minutuan baino gehiagoan eduki zuen belauna Floyden lepoan, hura eskuburdinak jantzita zegoela eta hiru hilabetean gertatutako bigarren hilketa izateak martxoan, Poliziak tiroz hil zuen Breonna Taylor, Louisvilleko bere etxean amorrua eragin zuten. BLM Black Lives Matter mugimenduak bideratu zuen sumin hura. Plataforma 2013an jaio zen, Trayvon Martin nerabe afro-amerikarraren hilketa salatzeko Twitterren sortutako traol baten haritik Martin tiroz hil zuen gizon zuri batek, eta errugabetu egin zuten. Mugimendua indartuz joan zen, eta, urtebete geroago, Michael Brownen eta Eric Garnerren hilketen ostean, nazioartean ere egin zen ezagun. Geroztik, beltzen eskubideen aldeko borrokari eutsi dio. AEBetan BLM mugimenduaren protesten harrabotsa dagoeneko isildu bada ere, plataforma ez dago geldirik, eta haien aldarrikapenek indarrean jarraitzen dute. Floyden hilketak Poliziaren indarkeriaren aurkako ahotsak altxatu zituen, eta Minneapolisen, esaterako, Polizia Departamentua desegitea proposatu zuen udal gobernuak. Alderdi Demokratak, berriz, gaitzetsi egin zuen segurtasun indarren indarkeria, eta itolarria eragiteko teknika estatu mailan debekatzea proposatu zuen Kongresuan. Biden bera Floyden hiletan izan zen, familiak gonbidatuta, eta aste honetan Floyden anaia izan da demokraten kongresuaren hasiera ekitaldian, Bidenek eskatuta. Baina keinuak ez dira aski. Urteetan euren sostengu nagusi izan den komunitatearekiko zorrak kitatzeko garaia iritsi zaie demokratei, baldin eta azaroaren 3an ezustekorik nahi ez badute. «Bidenen kanpaina arduradunek ondo baino hobeto dakite urrun daudela mugimendu honen eskariak betetzetik, eta hori ezin dugu onartu. Demokratek irabaztea nahi badugu, Bidenek urrats bat gehiago egin behar du», ohartarazi du Alicia Garzak, BLM mugimenduaren sortzaileetako batek. Poliziari finantzaketa kentzeaz ari da. Hori da mugimenduaren aldarrikapen nagusietako bat. Polizia desegin eta komunitatean oinarritutako bestelako segurtasun eredu bat sortu nahi dute. George Floyden anaia Rodneyk eta Philonisek alderdi demokrataren kongresuan hitz egin zuten. DEMOCRATIC NATIONAL CONVENTION Bidenek ia ziurra du afro-amerikar helduen babesa; errepublikanoak berriz gobernuan ez ikustearren, demokraten alde egingo dute haiek. Baina ez da gauza bera gertatzen belaunaldi gazteagoekin, manifestazioetan nagusi ziren horiekin. «Ezin dituzu hauteskundeak irabazi afro-amerikar guztien sostengua ez baduzu, eta krisi garaietan duzun portaerak erabakiko du hautesle horien norabidea. Normaltasunera itzultzea ez da nahikoa. Bidenek zuzen jokatzen ez badu, kolpea hartuko du. Afro-amerikar heldu eta gazteen botoa behar du; ez du irabaziko horiek gabe», ziurtatu du Garzak. BLM mugimenduaren sortzailea ez da horrela pentsatzen duen bakarra. Duela aste batzuk, 50 bat talde progresistak gutun bat bidali zioten Bideni, eskatuz ziurta dezala Poliziak ez duela dirurik jasoko estatuko aurrekontuetatik. Lehen zantzuak Demokraten artean ezkertiarrenek inoizko ordezkari gehien lortu dituzte aurten, bai eta inoizko ekarpen ekonomikorik handiena ere. Batez ere, Floyden hilketaz geroztik. Kentuckyn Ordezkarien Ganberarako lehiatu den hautagai demokratetako bat izan da Charles Booker afro-amerikarra. Azkenean, boto moderatuari esker, hautagaitza Amy McGrathek eskuratu du, baina soilik 15.000 botoren aldea atera dio Bookerri. «Gazte afro-amerikarrek demokraten ohiko politikak baino zerbait gehiago nahi dute, eta hautagai moderatuek ez diete halakorik eskaintzen. Entzungor egin digute, ziurtzat jotzen dute gure babesa izango dutela, eta gurekin hitz egiten dute soilik euren alde bozkatzea nahi dutenean; ondoren, berriz ere desagertu egiten dira», kritikatu du Bookerrek, kanpainako agerraldietako batean. Protestak hasi aurretik, hilabetean 100.000 dolar ingururen ekarpenak biltzen zituen hautagai demokratak, baina ekainean bi milioi dolar biltzea lortu zen. Bere kanpainako arduradunen esanetan, Bookerrek, orain arte politikarekiko interesik agertu ez duten hautesle afro-amerikarrak, mugiarazteko gaitasuna izan du. Horren guztiaren jakitun egon arren, hautagai moderatuago baten aldeko apustua egin du Alderdi Demokratak, nahiz eta Bidenek, afro-amerikarren babesa bermatu asmoz, Kamala Harris jarri presidenteordetzarako hautagai. Izan ere, inork ez du zalantzan jartzen komunitate beltzari eginiko beste keinu bat dela Harrisen aukeraketa. Baina alderdian beldur dira oraingoan keinuak ez ote diren nahikoak izango. «Mugimendu honek [Black Lives Matter] politikagintzan sartu ditu afro-amerikar gazteak. Bidenek orain eskaintzen duen baino askoz gehiago nahi dute horiek, eta ez dute edozeren truke amore emango. Eta hori ez da nahitaez Bidenen mesedetarako», azaldu du LaTosha Brownek, Black Voters Matter mugimenduko kideak. Afro-amerikarren botoari esker irabazi zituen Bidenek Hego Carolinako primarioak, eta, geroztik, haren sostenguak gora egin du komunitate horretan. Afro-amerikarrek begi onez ikusi dituzte orain arteko proposamenak, hasi justizia erreformatzeko egitasmoetatik eta hogei milioi dolarreko aurrekontua lukeen indarkeria eragozteko programetaraino. Baina presidentegai demokratak ez du etengo Poliziaren finantzaketa, alderantziz baizik: 300 milioi dolarreko aurrekontua iragarri du «Polizia erreformatzea» helburu lukeen programa baterako. George Floyden hilketa salatzeko protesta, Washingtonen. SHAWN THEW / EFE Hautesle moderatuak dira gazte afro-amerikarrek eskatzen duten urrats hori egiteko Bidenen oztopo nagusia. Izan ere, hainbat inkestaren arabera, estatubatuarren %58 Poliziari finantzaketa kentzearen aurka leudeke. «Gazteei esaten diegu entzuteko prest gaudela, haien minarekin bate egiteko eta haien poza gozatzeko. Helburu berak ditugula azaltzen diegu, eta herrialde honetako Polizia erreformatu nahi dugula, eta soilik eskatzen diegula hori egiteko aukera bat», azaldu Bidenen kanpainako arduradun batek. Abuztu hasieran plazaratutako inkesten arabera, ordea, gazteek eta zehazki gazte afro-amerikarrek ez dute batere argi Bidenen alde egingo ote duten. Hala, 30 urtetik beherako afro-amerikarren %47k ia ziurtzat jotzen dute Bidenen alde bozkatuko dutela, baina kopuru bera da hari buruzko gauza onei buruz galdetuta isilik geratzen dena ere. Chicagoko Unibertsitateko irakasle Adam Greenek argi du horren zergatia: «Afro-amerikarrak alkatetzetara heltzen ikusi dituzte, lehen presidente beltza ezagutu dute, baina aldi berean ohartzen dira horrek guztiak ez duela haien bizimodua batere aldatu». Zenbakiek argi uzten dute gazteen eta helduagoen arteko aldea: galdekatutakoen artean, %43k uste dute demokratek kontuan hartuko dituztela Kongresuan proposamenak egin eta erabakiak hartzerakoan; baina 30 urtetik beheragokoen erdiek pentsatzen dute ez dagoela alderik demokraten eta errepublikanoen artean, beltzen eskubideen alorrean egiten dituzten politiketan. «Orain arte, aurkaria bezain arrazista ez izatea nahikoa zen bozak irabazteko, baina garai horiek joan ziren. Gazteek zerbait gehiago nahi dute, hitz hutsalak baino gehiago», nabarmendu du Greenek. Hala, ataka estuan dago Biden. Izan ere, zenbakiek argi uzten dute gaztea eta afro-amerikarra izateak ez duela nahitaez esan nahi demokraten aldekoa izatea. Aldiz, duela lau urte argi geratu zen moduan, beltzen parte hartzea oinarrizkoa da demokratentzat bozak irabazteko.
2020-8-21
https://www.berria.eus/albisteak/185880/urteko-baliabide-biologikoak-biharko-bukatuta.htm
Gizartea
Urteko baliabide biologikoak, biharko bukatuta
Global Footprint Network erakundearen arabera, gaur egun, «gizadiak berriztatu daitekeen baino %60 gehiago erabiltzen du, hau da, 1,6 Lur planetatan biziko bagina adina baliabide».
Urteko baliabide biologikoak, biharko bukatuta. Global Footprint Network erakundearen arabera, gaur egun, «gizadiak berriztatu daitekeen baino %60 gehiago erabiltzen du, hau da, 1,6 Lur planetatan biziko bagina adina baliabide».
Global Footprint Network jasangarritasunaren nazioarteko erakundeak adierazi duenez, bihar izango da Lurraren gainditze eguna. Egun horrek markatzen du gizadiak noiz bukatu dituen planetak urte osoan zehar birsortu ditzakeen baliabide biologiko guztiak —ura, elikagaiak, erregaiak…—. Erakundearen arabera, «gaur egun, gizadiak berriztatu daitekeen baino %60 gehiago erabiltzen du, hau da, 1,6 Lur planetatan biziko bagina adina baliabide». Jasangarritasunaren nazioarteko erakundeak munduari Lurraren mugen barruan bizitzen eta klima aldaketari erantzuten laguntzen dio. Global Footprint Networkek gizadiaren baliabideen egungo egoera ebaluatzen du, eta ondorioztatu du koronabirusak eragindako mundu mailako itxialdiak giza jardueraren aztarna ekologikoa murriztu duela. Kalkuluen arabera, 2019arekin alderatuta, 21 egun atzeratu du Lurraren gainditze egunaren etorrera. Erakundeak adierazi duenez, COVID-19ari aurre egiteko ahaleginek frogatu dute baliabideen kontsumo ereduak epe laburrean alda daitezkeela. Lurraren gainditze eguna 1970etik 2020ra. Global Footprint Network Lurraren gainditze eguna atzeratu izanak, urtarrilaren 1etik abuztuaren 22ra arte gizateriaren aztarna ekologikoak izan duen murrizketa islatzen du; iazko datuarekin alderatuta, %9,3ko murrizketa, hain zuzen ere. Global Footprint Network erakundeak adierazi duenez, murrizketa hori «koronabirusaren ondorio zuzena» da, eta pandemiaren ondorioz mundu osoan gertatu den «uzkurdura ekonomikoarena». Aztarna ekologikoa aldatzea «egurraren erauzketaren murrizketari eta ondorioz gertatu den CO2 isurien murrizketari esker» gertatu da; izan ere, «baso produktuen aztarna (%8) eta karbono aztarna (%14,5) murriztu dira».
2020-8-23
https://www.berria.eus/albisteak/185881/gerra-hotz-berria.htm
Mundua
Gerra hotz berria
Washingtonen eta Pekinen arteko tentsioa gero eta handiagoa da; hori dela eta, lasterketa bat abiatu da, zeinen alde egin ezin erabakirik dauden herrialdeak lerratzera behartzeko. Baina AEBetako hauteskundeak erabakigarriak dira, eta zuhurtzia eskatzen dute.
Gerra hotz berria. Washingtonen eta Pekinen arteko tentsioa gero eta handiagoa da; hori dela eta, lasterketa bat abiatu da, zeinen alde egin ezin erabakirik dauden herrialdeak lerratzera behartzeko. Baina AEBetako hauteskundeak erabakigarriak dira, eta zuhurtzia eskatzen dute.
Gerra Hotza aipatzea boladan dago. Eta ez norbaiti gogoak ematen diolako. The Economist-en argitaratutako elkarrizketa batean, Antonio Guterres Nazio Batuen idazkari nagusiak berak aitortu du mundua azkar doala bipolaritate baterako bidean: AEBen eta Sobietar Batasunaren arteko gatazkan bezala. Desberdintasun nagusia da orain Txina dela bloke komunistako liderra, globalizazioaren oinarrietako bat, eta haren aliatuak ez direla eremu geografiko eta ideologikorik hurbilenekoak bakarrik; gainera, interdependentziazko harreman korapilatsuak dituzte aurkariaren blokeko zenbait herrialderekin. «Hiru potentzia nagusiek [AEBak, Txina eta Errusia] harreman arazotsua dute, eta horrek zaildu egiten du Segurtasun Kontseiluak erabaki egokiak hartzea aurre egiten ari gatzaizkion krisiari heltzeko», azaldu zuen Guterresek. «Gerra Hotzean, aurrez ikusteko moduko gatazka batean ari ziren bi superpotentziak. Orain, ordea, egoera askoz konplexuagoa da, eta zailagoa da herrialdeek arauak bete ditzaten lortzea», gehitu zuen Portugalgo lehen ministro ohiak. Pekinen argi dute guztiaren erruduna Donald Trump dela. «AEBetako muturreko zenbait indarrek gatazka ideologikoak sortu dituzte, eta herrialdeak alde batera edo bestera egitera behartzen ari dira makartismo berri batean. Haien helburua tentsioa eta desegonkortasuna sortzea da», baieztatu du Wang Yi Txinako Atzerriko ministroak, Vietnamgo bere homologo Pham Binh Minh-ekin izandako elkarrizketa batean. «AEBek burua galdu dute, morala galdu dute, eta sinesgarritasuna», esana zuen aurretik Wangek, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroarekin telefonoz izandako elkarrizketa batean. Donald Trump eta Xi Jinping, Pekinen, 2017an. ROMAN PILIPEY / EFE Washingtonen, istorio bera oso bestela kontatzen dute. Izan ere, Mike Pompeo AEBetako idazkariak Txinari buruzko hitzaldirik kritikoenetako bat egin zuen uztailaren 23an, esanez mehatxu bat dela demokraziarentzat. «Orain belaunikatzen bagara, gure seme-alaben seme-alabak Txinako alderdi komunistaren mende egongo dira», baieztatu zuen. Egoera honetan, AEBek azaroan presidentetzarako egingo dituzten hauteskundeak erabakigarriak izango dira zehazteko zer bide hartuko duen planetako aldebiko harreman garrantzitsuenak. Trumpek zabaldu dituen borroka fronteak kontuan hartuta, logikoa dirudi pentsatzea Txinak nahiago duela Joe Biden izatea presidentea. «Txinak oldarkor jokatzearen arriskuak eta onurak aztertzen jarraituko duen arren, azken hilabeteetan gero eta diskurtso publikoa kritikoagoa egin du egungo administrazioaren kontra, bai COVID-19ari dagokionez, bai Houstongo Kontsulatuaren itxierari eta beste gai batzuei dagokienez», adierazi dute Estatu Batuetako Segurtasun eta Kontrainteligentzia Zentrotik, eta ohartarazi Trump Pekinentzat «aurreikusten zailegia» dela, eta Txina saia daitekeela emaitzan eragiten. Baina Alderdi Komunistako buruzagiek beti ihes egiten diote termino absolutuetan hitz egiteari, eta, haiek tartean daudenean, komeni da jokaleku begi bistakoenaz harago begiratzea. «America First politika egin izana eta buruzagi askok Trump ezjakin bat dela pentsatzea inoiz ez bezalako bultzada izan da Txinak munduan duen eraginarentzat. Txinak bete egin du Estatu Batuek erretiratzean utzi duten hutsunea, eta, horretaz gainera, orain indar handiagoa du Europako Batasunean eta halako blokeetan zatiketak eragiteko», azaldu du, Pekinen, CKGSB negozio eskolako Ekonomia irakasle batek —ez du izena ematea nahi—. «Bidenen garaipenak kalte egin liezaioke Txinari, Washingtonen atzerri politika bultzatuko lukeelako berriro, eta bloke aliatuak sendotuko lituzkeelako orain irrazionaltzat jotzen den Trumpekin elkarlanean aritzeko uzkur agertzen direnekin», aurreratu du. Estatu Batuek Txinan daukaten Merkataritza Ganberaren analisiak ekonomia du ardatz. Bere izena ematea nahi ez duen beste kide batek dioenez, «muga zergen gerrak ez dio dirudien bezainbesteko kaltea egin Txinari. Baina Trumpek piko egin du zaurian, eta agerian utzi ditu egiturazko arazoak. Trump arazo horiek kanoiekin konpontzen saiatzen da, baina Bidenek alternatiba arrazoizkoagoak eta eraginkorragoak bila litzake, eta horiek kaltegarriagoak lirateke Txinarentzat. Txinako agintariei komeni zaie barregarri utz dezaketen presidente bat izatea Estatu Batuetan, munduak kasurik egin ez diezaion». Txinako Gobernuaren aldeko manifestariak, Trumpen irudiak zapaltzen, Hong Kongen. JEROME FAVRE / EFE Iritzi horren isla garbia dira bi superpotentzien arteko merkataritzaren datuak. Urte erdia baino gehiago pasatu da Trumpek eta Xi Jinpingek akordio bat egin zutenetik bake komertzialaren lehen fasea adosteko, eta argi dago Txinak ez duela bete agindutako guztia. Txinak argudiatu du koronabirusaren pandemiak zapuztu dituela egitasmo horiek. Baina Txinaren esportazioekin ez da hala gertatu, eta hori argi erakusten dute Txinako kanpo merkataritzaren uztaileko datuek: Asiako erraldoiak %1,4 gutxiago erosi zion munduari, baina %7,2 gehiago saldu zuen. «Trump zuzen dago: Txina arazo handi bat da munduko merkataritzarentzat, eta hori azaleratu izanak begiak ireki dizkie Europako gobernu batzuei, baina Trumpek okerreko neurriak hartu ditu arazo hori konpontzeko. Agian Bidenek hobeto egin dezake, gehienbat gaitasun handiagoa duelako mendebaldeko beste herrialde batzuekin aliantza tradizionalak sustatzeko, arlo ideologikora eta militarrera eraman gabe Txinarekin daukaten gatazka», dio Carlo D'Andreak, Europak Shanghain daukan Merkataritza Ganberako lehendakariordeak. Etsaiaren lagun Txinarentzat erraza da akordioak egitea AEBen etsai porrokatuekin; besteak beste, Iranekin, Errusiarekin eta Venezuelarekin —Txinak armak ematen dizkio—. Zailagoa da, ordea, afiliazio argirik ez duten estatuak konbentzitzea, eta are zailagoa, Washingtonek haiekin harreman ona izatea lortu badu. Filipinak dira superpotentzia horiek mundu osoan hegemonia lortzeko duten borroka ondoena islatzen dutenetako bat: AEBen aliatua izan ohi da, eta elkar defendatzeko itun bat dute, baina, Roberto Duterte —Trump filipinarra— presidente denetik, herrialdea Txinarengana hurbiltzen hasi da. Antzera gertatzen da Asiako hego-ekialdean Txinarekin lurralde gatazkak pil-pilean dituzten herrialde batzuekin. Vietnam, esaterako, ideologikoki nahiko bat dator Txinarekin, baina historia luzeko tirabirak dituzte, eta biak ahaleginak egiten ari dira ika-mika horiek baretzeko. Zeinek bere eragina handitzeko gerra batean dihardute ekialdeko itsasoetan, eta, Trumpek kanpo politikan atzera egin eta gero, Pekin aurrera eta aurrera ari da. «Europan ere ahaleginak egiten dabil estatu kideak elkarren kontra jartzeko, haien batasuna ahuldu eta haien negoziatzeko indarra handitzea eragotzi nahian», azaldu du Europako Merkataritza Ganberako kide batek, zeinak nahiago duen izenik ez eman. «Adostasuna guztiz oztopatzeko, aski du estatu behartsuenak bere alde jartzea; hartara, Europako Batasuna kritika eta mehatxu epelagoak egitera behartua baitago», ondorioztatu du. Txinak arrakasta handia bildu du taloia astintzeko politikari esker. Halaxe erakutsi dugu Latinoamerikan eta Pazifiko aldean Taiwani bazkideak kentzeko duen estrategian. Horri esker, besteak beste Panamak, Solomon uharteek eta Kiribatik erabaki dute Taiwanekiko harreman diplomatikoak etetea eta Txinarekikoak estutzea. Taiwango presidente Tsai Ing-wen-en arabera, Txina «presio politikoaz baliatzen da Taiwanek nazioartean duen esparru politikoa mugatzeko». Berlinen marraztutako mural bat. OMER MESSINGER / EFE Pekinek egiten dituen inbertsioak eta azpiegiturak polemikoak dira batzuetan, baina modua eman diote balantza bere alde makurtzeko Afrikan dituen interesei dagokienez, eta kontinente horretan handitu da gehien Txinaren presentzia. 2015etik 2018ra soilik, Pekinek 299.000 milioi dolar jarri zituen Saharaz hegoaldeko eskualdean, eta, joan deneko hogei urtean, maileguak eskaini dizkie Afrikako gobernuei: 130.000 milioi dolar baino gehiago. Txinak eraikitzen dituen azpiegiturak funtsezkoak dira garapenerako, baina mesede politikoak ere erosten ditu. Ez da kasualitatea Txinak bere mugetatik kanpo duen lehenbiziko base militarra Djibutin egotea. Fronte guztietan AEBekiko tirabirak gero eta handiagoak direnez, badirudi Alderdi Komunistak harremanak estutzen segituko duela garabidean den munduarekin. «Mendebaldean, maiz kritikatzen da Txinak giza eskubideak ez lehenestea negozioen aurretik. Jarrera hori hipokrita da, ordea, kontuan harturik Saudi Arabia dela AEBen aliatuetako bat. Txinak bete egiten du beste herrialdeen barne gaietan ez sartzeko printzipioa; 1979tik, ez du parte hartu inongo gerratan [Vietnamgo gerraz geroztik], eta ez du borondate kolonialik», azaldu du, Shanghain, Fudango Unibertsitateko finantza irakasle batek, zeinak ez duen nahi bere izenik ematea. «Logikoa da Txinak bere interesen alde egitea. Eta, bide horretan lortzen badu beste herrialde batzuek beren ekonomia garatzea, agerian utziko du badagoela gobernantzarako beste eredu posible bat», borobildu du.
2020-8-22
https://www.berria.eus/albisteak/185883/zoazen-tokira-zoazela-inon-ez-zaude-salbu.htm
Mundua
«Zoazen tokira zoazela, inon ez zaude salbu»
Gazako herritarrak gerra baten erdian bizi direla salatu du Souranik, eta gogorarazi halako egoera batean zibilek lekualdatzeko eskubidea dutela, nahiz eta palestinarren kasuan eskubide hori ez den inoiz bete.
«Zoazen tokira zoazela, inon ez zaude salbu». Gazako herritarrak gerra baten erdian bizi direla salatu du Souranik, eta gogorarazi halako egoera batean zibilek lekualdatzeko eskubidea dutela, nahiz eta palestinarren kasuan eskubide hori ez den inoiz bete.
Raji Sourani (Gaza, 1953) giza eskubideen defentsarako abokatua da Gazan. 1995ean sortu zuen Palestinako Giza Eskubideen Erakundea (PCHR). Nazioartean salatzen dituzte Israelek Gazako eta Zisjordaniako palestinarren aurka hartutako neurriak. Okupazioa hasi zenetik 53 urte pasatu dira, eta Israelen blokeoak eguneroko bihurtu dira, Souraniren hitzetan. Zer-nolako egoera duzue Gazan? Gazak maiz jasan behar izan ditu Israelen blokeoak 2007tik —orduan hartu zuen Hamasek boterea—. Produktuak, baliabideak eta pertsonak ezin dira sartu eta atera eremutik. Ekonomia geldiarazi dute, eta horrek %65era igo du langabezia; laguntza jasotzen duen jendea herritarren %82 dira. Hortaz, hondamendia da egoera hau. Gainera, Israelek 2012an eta 2014an hiru eraso gogor egin zituen Gazaren aurka. Aipatutako guztiak zera ekarri du, bertako gizartea, ekonomia eta bizitza itolarrian egotea. Israelek 9 egunez jarraian bonbardatu du Gaza. Nola erantzuten diote horri herritarrek? Egia esan, jendeak jada ez du ezer galtzeko. Blokeoarekin, gerrarekin, COVID-19aren pandemiarekin… Israelek esaten du Hamas duela helburu, ez zibilak. Hala ere, bonben zaratarekin, eta gerra baten erdian zaudela pentsatzean, jendea tentsio handian dago, eta ziurtasunik eza sentitzen dute. Baina halakoa da gure egunerokoa. Horrek ez du esan nahi kezkarik ez dugunik. Oraingo honetan, erasoak egiteko, Israelek argudiatu du Hamasek suzko puxikak bidali dituela. Hamas aipatzean, erresistentzia taldeez hitz egiten ari gara. Israelek Hamasekin edo Al-Fatahrekin istilu militarra hasi nahi badu, guk ez dugu arazorik. Esan nahi dudana da talde horiek prest daudela horretarako. Baina gu zibilei buruz ari gara hitz egiten. Nazioarteko zuzenbideak esaten du zibilak gerratik babestu behar direla. Genevako Konbentzioak eta giza eskubideek, denek diote hori. Ume batek, emakume batek, pertsona nagusi batek edo gaixorik dagoen batek zerikusirik ba al du gatazka honekin? Gerra alderdi armatuen artean egiten da. Eta inork ez du eskubiderik bi milioi pertsona gatibu hartzeko ia hamabost urtean. Israelek lur eremu bat okupatu du, eta ez du erantzunik nahi, gu isilik egotea nahi du. Uste du herritarrak zigortuz hori lortuko duela, Palestinako erresistentzia gainditzea. Baina Israelek ez du eskubiderik gizarte oso bat zigortzeko. Palestinar askok lekualdatu behar izan dute jazarpenaren ondorioz. Nola zaudete? Gerra egoeran salbu egoteko, mugitzeko eskubidea dago, eta horrek zibilei lekualdatzeko eta gerratik alde egiteko aukera ematen die. Baina guk ez dugu aukera hori inoiz izan, ez digute aske mugitzen utzi. Horregatik, hiriz aldatu beharrean, jendea Gazako eremuaren barnean mugitzen da, erasoetatik alde egiten saiatuz; batzuetan zortea dute, eta besteetan ez. Familia bat Jabalia barrutian bizi zen, eta 2014ko erasoetan etxea suntsitu zieten. Familia osoko kide bakarra hil zuten; miraria izan zen. Etxea suntsituta zeukatenez, Xigayara mugitu ziren, eta han ere eraso baten biktima izan ziren. Handik ere alde egin behar izan zuten, eraikin altu batera. Hamaikagarrenez eraso egin, eta eraikina guztiz erori zen. Familiako bost kide hil zituzten. Adibide bakarra da hori, eta gure errealitatearen erakusgarri: zoazen tokira zoazela, inon ez zaude salbu. Produktuak sartzeko bidea itxi, eta blokeoa ezarri dute. Nolako baliabideak dituzue? Esaterako, ura guztiz kutsatua dago. Baditugu Alemaniako, Frantziako eta Holandako proiektu batzuk, ura tratatu eta edangarri egiteko, baina ur guztiaren zati txiki bat da hori. Argindarrari dagokionez, egunean lau orduz dugu. Israelek ez du utzi ezer sartzen hamar egunean, puxika lehergarriei erantzun moduan. Energia zentral bakarrak elektrizitatea sortzeari utzi dio, erregairik ez duelako, eta horrek eragin latza du hainbat sektoretan; ez dago esan beharrik zein negatiboa izango den neurria ospitaleetan. Batzuetan, energia sortzaileak erabiltzen ditugu, baina horiek ere erregaia behar dute. Etxeetan ere hozkailuak ez badabiltza, janaria galdu egiten da. Arropa ere ezin da garbitu… Uda latza izaten ari da, eta ura eta elektrizitatea eskatu dezakegun gutxienekoa da. Nola eragin du arrantzatzeko debekuak? Ia 7.000 arrantzale ditugu Gazan, eta une oro jasan behar izaten dituzte jazarpenak, Israelgo bonba edo tiroketen ondorioz. Ohiko egunetan arrantzatzeko duten eremua ere ez da handia: 14 kilometro izaten dira. Oso eremu txikia da hori arrantzale profesionalentzat. Baina orain ezin dira itsasora atera, eta hondartzetan ere —itsasertzetik— ezin dute arrantza egin. Blokeo horren eragina okerragoa izango da koronabirusaren pandemiagatik? Bai, noski. Lehenago inolako aukerarik ez bazegoen ekonomia berpizteko, pandemia honek gauzak hamar aldiz okertu ditu. Dena den, zortea izan dugu gauza batean, behintzat: Gazak ez ditu COVID-19aren jatorrizko kasurik. Israelen parteko blokeo luzeak ez du modurik eman bertako herritarrak nazioarteko jendearekin nahasteko. Inork ezin du hemendik alde egin, eta inor ezin da etorri. Gutxi batzuek bakarrik dute sartzeko baimena, eta kontrolatuta daude, berrogeialdia egiten. Arau zorrotzak jarri dira, eta Hamasen osasun sektoreak lan ona egin du horretan. Gainera, kasu horiek kanpotik etorritakoak dira, eta ezin dute berrogeialdia hautsi guztiz seguru egon arte ez daudela gaixorik. Nola erantzun dute Gazako herritarrek aipatutako neurri guztien inguruan? Protestak izan dira mugan, baina ez dira oso jendetsuak: ehunka pertsona izaten dira. Egiten ari direna zera da, Israelgo armada zirikatu, besterik ez. Puxikak erabiltzen dituzte, bonba txikiak, eta abar, baina inor ez dute zauritzen. Israelgo soldadu bat ere ez dute zauritu; ez dira benetako mehatxua. Baina protestariek bai, haiek jasan behar dituzte Israelgo soldaduen tiroketak, eta zauritu ere egiten dituzte. Hala egiten zuten Itzuleraren Martxa Handiko protestetan ere. Nola jokatzen duzue zuek egoera horretan? Zibilen ordezkari agertzen gara nazioartean eta Israelgo sistema judizialean. Hala egiten dugu zibilak ez daudelako salbu. Esaterako, azken gerrak 51 egun iraun zuen. Emaztearekin eta seme-alabekin nengoen, eta 51 egun horietatik bakar batean ere ez nuen pentsatu hurrengo goiza ikusiko nuenik. Gure eraikinak dar-dar egiten zuen. 1967tik pairatzen ari gara okupazio bat. Sufrimendua, hilketak, zaurituak, suntsipena ez dira gelditzen, eta ez dugu ostertza ikusi ere egiten. Egoera guztiz bidegabea da hau, eta nazioartean salatzen dugu. Dena den, legalki aurre egiten saiatzen garenean, ‘terrorista trajeduntzat’ jotzen gaituzte, eta esaten digute nazioarteko zuzenbidea gaizki erabiltzen ari garela. Beraz, nazioartean egoera salatzen ari zarete. Nola ikusten duzu eragile horien egitekoa? Israelgo erakundeei galdetuz gero —Bt’selem eta Gisha, esaterako—, nazioarteko giza eskubideen aldeko taldeei, Amnesty Internationali, Nazio Batuen Erakundeari... gauza berbera esango dizute denek: Israel gerra krimenak eta gizadiaren kontrako krimenak egiten ari da. Hori ez dugu Gazako herritarrok edo Palestinakook esaten, ez: nazioarteko erakundeek esaten dute. Denok dugu erretorika berbera, datu sorta berbera eta ondorio berbera. Eta erakunde horiek ez dira politikoak. Europako Batasunak ere antzekoa esaten du. EBk gertatzen ari dena ikusita erantzun bat ematea espero dugu, baina, zoritxarrez, ez dugu inolako erreakziorik ikusi Israel eta Palestinaren arteko gatazka honetan. Israel da nagusi joko honetan, «Palestina ez» pentsaerarekin, eta horrek anexioaren gaia dakar, Trumpen babesarekin: munduko herrialderik boteretsuenaren laguntzarekin, alegia. Ba al dago egoera hobetzeko modurik? Ortzimugarik ez dugu ikusten. Guk ezin ditugu gelditu. Ahalko bagenu, geldituko genituzke, baina ezinezkoa zaigu. Europak anexioaren aurkako ikuspuntua hartu zuen, Trumpek Israeli emandako babesaren aurka, baina praktikan ez dugu ezer ikusi, eta Israelek bere politikak egiten jarraituko du. Bitartean, guk gerra krimenei aurre egiten jarraituko dugu, eta nazioarteko zuzenbideari helduko diogu. Badakigu moralki gailentzen ari gatzaizkiola gizatasunik gabeko okupazio kriminal horri: istorioaren alde zuzenean gaude. Baina munduak zerbait egin dezan behar dugu, isilik geratu beharrean. Duela gutxi, Israelek eta Arabiar Emirerri Batuek akordio bat sinatu zuten. Zer deritzozu? Egia esateko, ez ninduen harritu. Mundu guztiak daki emirerriek eta Israelek, azken bi hamarkadetan behintzat, oso harreman ona izan dutela. Palestinarren onerako egin dutela esaten dute, baina zertan lagundu digute? Guri ez digute ezer onik ekarri. Espero dut, behintzat, Palestinako jendearen egoerak okerrera ez egitea horren ondorioz; izan ere, Israel inoiz baino argiago palestinarrak ezabatzeko saiakerak egiten ari den honetan sinatu dute akordioa. Eta, gainera, hitzarmen horrek harreman eredu bat ezartzen du. Liga Arabiarrak eta Konferentzia Islamikoak hartutako erabakien kontra egiten ari dira, ez dute adostutakoa betetzen. Israel saritzen ari dira, eta Israelek egindako ankerkeriak; Palestinaren onerako hartutako erabakia dela esaten dute. Lotsatuta egon beharko lukete. Bi estaturen konponbidea oraindik ere bideragarria da, zure ustez? PAEk [Palestina Askatzeko Erakundeak] 1965ean argi eta garbi esan zuen estatu bakarra nahi genuela, laikoa eta demokratikoa, musulmanentzat, kristauentzat eta juduentzat. 70eko hamarkadaren hasieran, Olof Palme eta Bruno Kreiskyk zera esan zioten Yasser Arafat PAEko burua zenari, haien ustez estatu bakarra nahi izatea Israel suntsitu nahi zuten erakusgarri zela. Arafatek erantzun zien ez zela hala. Hortaz, bi estaturen konponbidea onartzeko eskatu zioten, eta hala egin zuen. Kreisky handik gutxira hil zen, eta Palme hil egin zuten. Geroago, Osloko akordioetan [1999] Yitzhak Rabin Israelgo lehen ministroa ere ideia horren atzetik zebilen, baina hil egin zuten hura ere, eta ez palestinar batek, israeldar batek baizik. Hortaz, bi estaturen konponbidea ez genuen guk sortu, nazioarteak baizik. Eta NBEren erabaki guztiak horren inguruan hartzen dira. Bestalde, Israelek beti esaten du: «Estatu judu baten garbitasuna nahi dugu». Baina Palestinakook estatu bakarra nahi dugula esaten badugu, haiek suntsitu nahi izatea egozten digute. Israel da herrialde bakarra, mundu osoan, erlijioa oinarri hartuta herritartasuna ematen duena. Ni bisitaria naiz, eta nire familia osoa hemen bizi izan da beti. Baina judu bat kanpotik badator, automatikoki herritarra da. Beraz, Palestinako jendea ez da konbentzitu behar konponbidea hori den edo ez, baizik eta Israel. Estatu bat izanez gero, herritartasuna berbera izango litzateke. Eta nik ez dut arazorik herrialdearen izena dela eta. Baina Israelek ez du halakorik nahi: ezabatu egin nahi gaituzte. Edonola ere, gu hemen egon gara beti, eta hemen egongo gara beti, gure ametsa zilegi baita. Hortaz, zer eskatzen duzue palestinarrek etorkizunera begira? Badago judu kondaira bat, eta bertan kontatzen da familia bat miserian bizi zela. Familia hartako aita errabinoarengana joan zen hiru aldiz, eta, joan zen bakoitzean, animalia bat erosteko eta hartaz kargu egiteko eskatu zion errabinoak gizonari. Gizonak, kexatu, baina hala egin zuen, eta haren egoerak okerrera egin zuen. Hurrengo hiru asteetako bakoitzean, animalia bat kendu kendu zion errabinoak gizonari; lehengora itzuli zen familia. Eta orduan gizonak ederki zegoela sentitzen zuen, hasieran zituzten arazoak jada ez zituztela. Israelek, guri, zoologiko oso bat sartu digu etxean. Eta animalia bat edo beste kenduta ez dira joaten gure arazoak: hor jarraitzen dute arazo kronikoek, arazo larriek. Oraintxe itolarrian gaude. Beraz, lehenik eta behin, eskatzen duguna zera da, gizatasunik gabeko blokeo hau amai dadila. Nazioarteko zuzenbideak eta giza eskubideak errespetatzea besterik ez da hori. Eta gure bigarren eskakizuna okupazio honi amaiera ematea da. Gobernuarekin bakea adostu beharrean, pertsonen artean lortu behar dugu bakea. 25 urtetik beherako jendeak ez ditu israeldarrak ezagutzen: haien bonbak, tankeak, heriotza besterik ez dute ezagutzen. Hortaz, hau guztia buka dadin nahi dugu, okupazioa amaitu dadin behingoz.
2020-8-22
https://www.berria.eus/albisteak/185911/navalni-alemaniara-iritsi-da.htm
Mundua
Navalni Alemaniara iritsi da
Errusiako oposizioburua Berlingo erietxe batean artatuko dute. Haren osasuna egonkorra dela adierazi du haren bozeramaile batek.
Navalni Alemaniara iritsi da. Errusiako oposizioburua Berlingo erietxe batean artatuko dute. Haren osasuna egonkorra dela adierazi du haren bozeramaile batek.
Aleksei Navalni zeraman hegazkina gaur heldu da Berlingo Tegel aireportura, Errusiako oposizioburua Alemaniako erietxe batean artatu dezaten. Haren osasun egoera «egonkorra» da, haren bozeramaile batek jakinarazi duenez. Siberiako Tomsk hiritik Moskura zihoala, Navalni gaizki sentitzen hasi zen. Hegazkinak larrialdiko lurreratzea egin behar izan zuen Omskeko aireportuan, haren osasunak okerrera egin baitzuen. Lur hartu zutenerako, konorterik gabe zegoen 44 urteko errusiarra. Haren ingurukoek uste dute pozoitu egin dutela, aireportuan hartu zuen te bati substantziaren bat botata. Hura Errusian artatu duten sendagileek, ordea, esan zuten Navalniri metabolismo arazoak atzeman zizkiotela, eta oposizioburuak izan zituen sintomek ez zutela zertan pozoiarenak izan. «Ez dago ziurtasunik Navalniren egoera intoxikazioarekin lotzeko», esan zuen Omskeko ospitaleko mediku buru Anatoli Kalinitxenkok. Hasieran, medikuek ukatu egin zuten Navalni Alemaniara eramateko baimena, argudiatuta haren osasun egoera oso ahula zela, baina aukera hori ontzat jo zuten gero. Navalniren gertukoek uste dute sendagileek Navalniren lekualdaketa atzeratu nahi izan zutela horrela, gorputzean izan zitzakeen arrastoak desagertu zitezen. Medikuak denborarekin «jolasean» ibili direla esan zuen Kira Iarmix Navalniren prentsa arduradunak. «Hasieran, ez zuten arazorik Navalniren egoera aztertzeko egin zizkioten analisien emaitzak erakusteko. Baina, handik gutxira, emaitzak atzeratu egin direla esan digute».
2020-8-22
https://www.berria.eus/albisteak/185913/eajk-espero-du-hilaren-31n-batzea-batzar-nazionala-gobernu-ituna-babesteko.htm
Politika
EAJk espero du hilaren 31n batzea Batzar Nazionala, gobernu ituna babesteko
Datorren ostiralean, hilak 28, amaituko da Eusko Legebiltzarrean Jaurlaritzaren lehendakaritzarako hautagaitzak aurkezteko epea.
EAJk espero du hilaren 31n batzea Batzar Nazionala, gobernu ituna babesteko. Datorren ostiralean, hilak 28, amaituko da Eusko Legebiltzarrean Jaurlaritzaren lehendakaritzarako hautagaitzak aurkezteko epea.
Eusko Jaurlaritzaren programa eta gobernuaren osaketa negoziatzen ari dira EAJ eta PSE-EE, eta, Efe berri agentziak bi alderdietako iturriak aipatuz zabaldu duenez, jeltzaleek eta sozialistek espero dute abuztuaren 31n biltzea alderdiaren babesa; etzi zortzi. Bi alderdiek astebeteko epea eman diote elkarri akordioa lortzeko, eta EAJren asmoa da hilaren 31n elkartzea Batzar Nazionala. Egun berean, oinarrien artean kontsulta egingo luke PSE-EEk. Aste erabakigarria izango da datorrena gobernuaren osaketan. Ostiralean amaituko da Eusko Legebiltzarrean Jaurlaritzako lehendakaritzarako hautagaitza aurkezteko epea, osoko bilkura irailaren 3rako ezarri baitute, eta ordurako ados jarrita beharko lukete. Bi alderdietako iturriek aurreikusten dute asteazkenera edo ostegunera arte luzatzea negoziazioak. Bitartean, asteartean urte politikoa abiatzeko gobernu kontseilua egingo du jarduneko Jaurlaritzak, Donostiako Miramar jauregian. Iturri batzuen arabera, EAJk eta PSE-EEk autogobernuan dauzkate desadostasun nagusiak; hain justu, gai horretan ez dute posizio bateraturik mantendu Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean azken legealdian. Gainera, ikusteke dago Idoia Mendia PSEko idazkari nagusia gobernuan sartuko den eta, horrela, sozialistek posizio sendoagoa izango luketen gobernuaren barruan. Azken legealdian, Jaurlaritzak ez du lehendakariorderik izan, eta, Mendia gobernuan sartuz gero, horixe litzateke Mendiak bete lezakeen postua. EAJko iturriek, ordea, zalantzak dituzte formula horren inguruan, "behartu" egingo lukeelako EAJko beste lehendakariorde bat izendatzera, "orekatzeko".
2020-8-22
https://www.berria.eus/albisteak/185914/beste-746-herritarrek-eman-dute-positibo-pcr-proban-hegoaldean.htm
Gizartea
Beste 746 herritarrek eman dute positibo PCR proban Hegoaldean
Atzo beste 35 pertsona ospitaleratu zituzten koronabirusaren ondorioz. Bizkaiko zahar etxeetako bi egoiliar hil dira.
Beste 746 herritarrek eman dute positibo PCR proban Hegoaldean. Atzo beste 35 pertsona ospitaleratu zituzten koronabirusaren ondorioz. Bizkaiko zahar etxeetako bi egoiliar hil dira.
Koronabirus kasu berriek behera egin dute azken orduetan. 746 kasuren berri eman dute Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, bezperan baino 75 gutxiago. Jaurlaritzak ohar batean eman du kutsatuen berri. Jakinarazi duenez, atzo 6.579 PCR proba egin ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 593 izan ziren positiboak. Bizkaia da beste behin gaitzak gogorren jo duen herrialdea: 348 kasu atzeman dituzte bertan. Hala ere, bezperako datuekin alderatuta, 83 kasu gutxiago izan dira herrialde horretan. Araban, berriz, bezperan baino bi positibo gehiago daude: 126. Gipuzkoan, bestalde, behera egin dute positiboek, eta 113 kasu atzeman dituzte. Erkidegotik kanpo bizi diren 23 kasu ere atzeman ditu Jaurlaritzak. Nafarroan, berriz, hazi egin da kutsatu berrien kopurua: 153 izan dira, bezperan baino 56 gehiago. Ospitaleratzeen ugaritzeak ere ez du etenik: 35 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, bezperan baino 23 gutxiago. Eta guztira, 23 lagun daude ZIU zainketa intentsiboetarako unitateetan. Bizkaiko zahar etxeetan, lehen heriotzak Erietxeez gain, zahar etxeak ere arretagune dira, haietan gaitzak zabaltzen jarraitzen baitu. Hain justu, Bizkaiko zahar etxeetako bi egoiliar zendu egin direla jakinarazi du Bizkaiko Foru Aldundiak. Koronabirusaren bigarren kolpe honetan zahar etxeetan izandako lehen heriotzak dira horiek. Hildako pertsona bat ospitalean zegoen, eta bestea, Birjinetxeko unitate berezian. Biek ala biek bestelako patologiak zituztela jakinarazi du diputazioak ohar batean. Horrez gain, Barrikako (Bizkaia) Elorduy zahar etxean «agerraldi bat» atzeman du aldundiak. Bertako bi egoiliarrek positibo eman eta gero, PCR probak egin zaizkie 67 egoiliarrei eta 39 langileei, eta horietatik 35 positibo izan dira. Positibo eman dutenen artean, 31 egoiliarrak dira, eta beste lau, langileak. Egoiliar gehienek (27) ez dute sintomarik. Barrikako agerraldiaz landa, kasu positiboak dituzten beste hiru zahar etxe daude Bizkaian: Truiundo-Zamudio (26 kasu), IMQ Igurco Zorrozgoiti-Bilbao (28 kasu) eta Miranda Fundazioa (kasu bat).
2020-8-22
https://www.berria.eus/albisteak/185915/eako-kritikoek-helegitea-jarriko-diote-epaiari.htm
Politika
EAko kritikoek helegitea jarriko diote epaiari
Hilaren 24ra arte jar zezaketen helegitea, baina sektore kritikoak jakinarazi du atzo gauean jarri zutela errekurtsoa. Ildo ofizialak esan du "triste eta lotsatuta" daudela.
EAko kritikoek helegitea jarriko diote epaiari. Hilaren 24ra arte jar zezaketen helegitea, baina sektore kritikoak jakinarazi du atzo gauean jarri zutela errekurtsoa. Ildo ofizialak esan du "triste eta lotsatuta" daudela.
"Albiste desatsegina izan da", azaldu du Iker Ruiz de Eginok, Europa Press-entzat egindako adierazpenetan. EAko sektore kritikoak joan den uztailaren 16ko epaiari jarritako helegiteaz ari da Ruiz de Egino, kritikoek jakinarazi baitute atzo gauean jarri zutela errekurtsoa. Ekainaren 17an amaitu zen epaiketa, eta joan den uztailaren 16an jakinarazi zuten epaia: sektore ofizialak zuen arrazoia, epailearen arabera. Hau da, Gasteizko lehen auzialdiko epaiketak ebatzi zuen ez zela bidegabea izan EAko alde ofizialaren jardunbidea, eta ez zutela aktarik faltsutu. Hortaz, Eba Blanco behin behineko idazkari nagusia behin betiko bihurtzeko bidea irekita zegoen, baldin eta kritikoek helegiterik jarri ez balute. Datorren astelehenera arteko tartea zuten horretarako, eta BERRIAri jakinarazi diotenez, atzo gauean jarri zuten errekurtsoa. Horrek luzatu egingo du alderdiak jarduera arrunta egin ahal izateko bidea. "Lotsa apur bat" Ruiz de Egino Nazio Batzorde Eragileko bozeramailek esan du "tristuraz" hartu dutela albistea, eta "lotsa apur bat" ematen diela prozesu judiziala luzaraztak: "Kontziente gara Euskal Herrian zein egoera bizitzen ari garen koronabirusagatik, eta zein nolako osoasun eta ekonomia krisia dagoen. Konponbidearen parte izan nahi dugu". Gainera, bozeramailearen arabera, EAko militantziak "gainditua" du EAk EH Bildun izan beharreko rolari buruzko gogoeta eta eztabaida. Auziaren jatorria Besteak beste, horixe da EA barneko ika-mikaren jatorria: zein nolako garrantzia izan behar duen alderdiak EH Bildu barnean. Halere, azalean eta forman, bestelakoa izan da auzi judiziala. Auziaren azalean, afiliatuen datuen erabilera dago. Sektore kritikoak salatu zuen eguneratu gabe dagoela datu basea, eta, lurraldeetako koordinatzaileek datuak eskatu arren, zuzendaritzak ez dituela haien eskura utzi, alderdiaren «kontrola» ez galtzeko. Hori frogatzen ahalegindu ziren epaiketan. Pello Urizarrek dimisioa eman ostean, hiru hautagai aurkeztu ziren prozesura pasa den urrian: Eba Blanco, Maiorga Ramirez eta Juan Luis Cristobal Zendoia. Bai Ramirezen eta bai Zendoiaren hautagaitzak, ordea, baliorik gabe utzi zituen EAko hauteskunde antolaketa batzordeak, baldintzak ez zituztela betetzen argudiatuta. Batzorde horren arabera, Ramirezek ez zuen bete herrialde bakoitzeko gutxienez bost abal lortzeko baldintza, eta, gainera, aurkeztutako 400 abaletatik 21 irregularrak ziren. Hortaz, hauteskunderik gabe Blanco izendatu zuten idazkari nagusi, joan den urriaren 29an. Prozesua bidezkoa ez zela izan argudiatuta, ordea, kritikoek auzitegira jo zuten, eta, hortaz, Eba Blanco idazkari nagusia izendatzeko bidea luzatu egin da. Are gehiago orain, helegitea jarrita.
2020-8-24
https://www.berria.eus/albisteak/185943/hildako-bat-eta-beste-766-positibo-horiexek-aste-amaierako-emaitzak.htm
Gizartea
Hildako bat eta beste 766 positibo, horiexek aste amaierako emaitzak
Hildakoa 88 urteko emakume bat da. Larunbatean 38 pertsona ospitaleratu zituzten. Gernikan, PCR proba egitera deitu dituzte abuztuaren 14tik 17ra bitarte «gaueko tabernen gunean» izan zirenei.
Hildako bat eta beste 766 positibo, horiexek aste amaierako emaitzak. Hildakoa 88 urteko emakume bat da. Larunbatean 38 pertsona ospitaleratu zituzten. Gernikan, PCR proba egitera deitu dituzte abuztuaren 14tik 17ra bitarte «gaueko tabernen gunean» izan zirenei.
Larunbatetik igandera bitarte beste 766 koronabirus positibo diagnostikatu zituzten Hego Euskal Herrian. Datu txarrak dira, eta horiei hildako bat gehitu behar zaie: 88 emakume bat hil da gaitzaren ondorioz Iruñean, Nafarroako Ospitalean. Abuztuan herrialde horretan hil den laugarren pertsona. da, eta Barrikako (Bizkaia) Elorduy egoitzan aurreko orduetan hil ziren beste bi egoiliarrei gehitu zaie. Gainera, beste hiru lagun ospitaleratu dituzte Nafarroan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 35 pertsona ospitaleratu zituzten larunbatean, eta ZIUn denera 21 pertsona daude hiru herrialde horietan. Positibo berrien erdiak Bizkaian atzeman dituzte, bezperan baino 40 gehiago. Gipuzkoan 143 izan dira kasu berriak (30 gehiago); Araban, 129 (hiru gehiago) eta Nafarroan, 105 (aurreko egunean baino 48 gutxiago). Nafarroan, Iruñerrian pilatu dira positibo berri gehienak, %42, eta, batik bat, 15 eta 29 urte bitarteko gazteengan atzeman dituzte: kasu guztien %36. Larunbatean diagnostikatutako kasu berrien %9, gainera, 14 urtetik beherakoen artean atzeman zituzten. Agerpenek ez dute etenik. Tuterako zahar etxean hamasei kasu atzeman dituzte: hamahiru egoiliar eta hiru langile. Egoiliarretako batek sintomak izan ondoren, PCR probak eginda atera dira positibo horiek. Asintomatikoak dira positibo eman duten beste hamabost pertsonak. Errenterian ere (Gipuzkoa) Sanmarkosene zahar etxeko langileetako batek positibo eman du. Hirugarren solairuko egoiliarrei PCR proba egin diete, eta ez da positiborik izan. Gernikan (Bizkaia) PCR proba egitera deitu dituzte abuztuaren 14tik 17ra «gaueko tabernen gunean» izan ziren herritarrak. Jose Mari Gorroño alkateak Euskadi Irratian zehaztu duenez, Juan Kaltzada kalean dago tabernen gure hori. PCRa egiteko, 900-20 30 50 telefono zenbakira deitzeko eskatu die Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Gaur, 10:00etan hasiko dira PCR probak egiten, eta larunbatera arte egingo dituzte. Donostian, hamabost taberna itxi dituzte Amara auzoan, erdialdean, Grosen eta Parte Zaharrean, langileren batek positibo eman duelako, baina Osasun Sailak ez du proba egiteko eskatu kasu horietan. Irutxuloko Hitza-k argitaratu duenez, Ttun-Ttun, Bartolo, Ordizia, Agustin, Caravanserai, Sanse eta Avenida XII. dira itxi dituzten tabernak. Horiekin batera, Egiako okindegi bat ere itxi dute arrazoi berarengatik, Hitza-ren arabera.
2020-8-24
https://www.berria.eus/albisteak/185944/bayernek-seigarren-aldiz-irabazi-du-txapeldunen-liga.htm
Kirola
Bayernek seigarren aldiz irabazi du Txapeldunen Liga
Municheko taldeak 0-1 irabazi dio PSGri, Kingsley Coman Parisko taldearen harrobiko jokalariak sartu duen gol bati esker. Ander Herrera hasierako hamaikakoan zelairatu zen.
Bayernek seigarren aldiz irabazi du Txapeldunen Liga. Municheko taldeak 0-1 irabazi dio PSGri, Kingsley Coman Parisko taldearen harrobiko jokalariak sartu duen gol bati esker. Ander Herrera hasierako hamaikakoan zelairatu zen.
Bayern Munichek 0-1 irabazi dio bart Paris Sant-Germain taldeari, eta garaipen horrekin seigarren aldiz altxatu du Europako txapeldunaren kopa. Lisboan (Portugal) jokatu da partida, eta Kingsley Comanek 59. minutuan sartu duen gol batek eman dio garaipena Alemaniako taldeari. Coman PSGren harrobian trebatutako jokalaria da, eta Neymar, Mbappe eta enparauak ez dira markagailua berdintzeko gai izan. Ezta Ander Herrera ere; PSGko jokalari bilbotarra izan da jokatu zuen euskal jokalari bakarra. Hasieratik jokatu du, eta 72. minutuan aldatu du Thomas Tuchel entrenatzaileak. Bayernen Alvaro Odriozola donostiarrak eta Javi Martinez aiegiarrak jokatzen dute, baina ez dira finalean aritu. Eztabaidaezina izan da Bayernen nagusitasuna denboraldi ezohiko honetan. Final-laurdenetan Bartzelonari 2-8 irabazi zion, historian arrastoa utziko duen partidan, baina datu horretatik haratago doa egin duen ibilbidea: jokatu dituen 11 partidak irabazi ditu. PSGk izan zituen atzo aukerak gola sartzeko. Neymarrek lehen zatian pare bat erremate egin zuen, baina Neuer atezainak geratu zizkion. Di Maria eta Herrera bera ere saiatu ziren, baina ez zuten asmatu. Bayernek gora egin zuen lehen zatian, eta bigarrenean Kimmichen erdiraketa bat sareratu zuen Comanek buruz. Partida amaitzear zela, Mbappek eta Neymarrek jokaldi polita egin zuten, baina Choupo-Motingek ez zuten errematatu, eta gola sartzeko aukera hori huts eginda egin zion ihes finalak Parisko taldeari. Partida amaitu ostean, Parisen istiluak eragin dituzte PSGko zaleek Eliseoen inguruetan. 5.000 zale inguru bildu ziren, polizien kontrolei izkin eginez, eta barrikadak egin zituzten, albiste agentzien arabera. Poliziak negar gasa bota du, eta 148 pertsona atxilotu ditu.
2020-8-24
https://www.berria.eus/albisteak/185945/aste-erabakigarria-izan-liteke-trumpentzat.htm
Mundua
Aste erabakigarria izan liteke Trumpentzat
Alderdi Errepublikanoak gaur hasiko du presidentegaia berresteko batzarra, eta egun berean iragarri dute Trumpen aholkulari Kellyanne Conwayk kanpaina utziko duela ere.
Aste erabakigarria izan liteke Trumpentzat. Alderdi Errepublikanoak gaur hasiko du presidentegaia berresteko batzarra, eta egun berean iragarri dute Trumpen aholkulari Kellyanne Conwayk kanpaina utziko duela ere.
Garai ilunak dira Donald Trump presidente eta presidentegai errepublikanoarentzat. Inkestak aurka dituela heldu da 2016an bere kanpaina arduradun izan zen Stephen Bannonen atxiloketa eta haren aurkako ustelkeria salaketa, baita demokraten txosten bat ere non zehazten den buruzagi errepublikanoaren gertukoen eta Errusiako zerbitzu sekretuen hainbat bilera, Trumpen garaipena bermatzea helburu zutenak. Testuinguru horretan hasiko dute gaur Alderdi Errepublikanoak hauteskunde urtean egin ohi duen batzar orokorra, Trump hautagai izendatzea helburu duena. Agintaldiko urterik zailena da aurtengoa Trumpentzat. Koronabirusaren krisiak kolpe gogorra jo dio haren irudiari, eta Joe Bidenen hautagaitzari egin dio mesede. Hautagai errepublikanoak COVID-19aren txertoan zituen jarriak itxaropen guztiak, eta baita iragarri ere hura urrirako prest izango zutela. Baina aukera hori gero eta urrunago dute AEBek. Hala, plasma isuraldatzeak baimendu dituzte, koronabirusak jota dauden gaixoentzat. «Erabakiak ez du politikotik ezer; bizitzak salbatzeaz ari gara», idatzi du estatuburuak sare sozialetan. Ezohiko kongresua izango da aurtengoa errepublikanoentzat ere. Pandemiak bultzatuta egun bakarrean bilduko dira ordezkari guztiak Ipar Carolinako Charlotte hiriko batzar aretoan, Trump presidentegai izendatzeko. Hautagai errepublikanoak, ordea, egunero egingo du agerraldiren bat hitza hartzeko, eta aurka dituen galdeketak bere alde jartzeko. Hutsune handi bat Kanpaina betean, aholkulari garrantzitsu bat galdu du Trumpek. Kellynne Conway. Duela lau urteko kanpainako zutabe nagusietako bat izan zen Conway, eta baita Etxe Zuriko aholkulari ezagunenetariko bat ere. Bera izan zen, esaterako, Trumpi aholkatu ziona koronabirusari buruzko agerraldiak egunero egiteko, herritarrek pentsa ez zezaten estatuburua besoak gurutzaturik zegoela egunero milaka kasu atzematen zituzten bitartean. Conwayk iragarri du datorren astean utziko duela aholkularitza, «seme-alabekin denbora gehiago egoteko». Hark bakarrik ez, haren senar George Conwayk ere Lincoln Proiektuan zuen kargua utziko du, behin-behinean. Lincoln Proiektuak Trumpekiko kritiko diren errepublikanoak biltzen ditu.
2020-8-24
https://www.berria.eus/albisteak/185946/hegoaldeko-hotelek-iazko-bisitarien-erdiak-jaso-dituzte-uztailean.htm
Ekonomia
Hegoaldeko hotelek iazko bisitarien erdiak jaso dituzte uztailean
Jarduera nabarmen handitu da ekainekoarekin alderatuta, baina iazko zenbakietatik urrun dabiltza hotelak. Bisitariek, oro har, egonaldi motzagoak egin dituzte.
Hegoaldeko hotelek iazko bisitarien erdiak jaso dituzte uztailean. Jarduera nabarmen handitu da ekainekoarekin alderatuta, baina iazko zenbakietatik urrun dabiltza hotelak. Bisitariek, oro har, egonaldi motzagoak egin dituzte.
Hego Euskal Herriko hotelek 229.485 bisitari jaso dituzte aurtengo uztailean. Datuaren alde biko irakurketa egin daiteke: batetik, okupazioa nabarmen handitu da ekainarekin alderatuta, orduan 60.656 bidaiari soilik jaso baitzituzten, baina, bestetik, iazko okupazioaren erdira larri-larri heldu dira hotelak —443.703 bisitari hartu zuten ostatu orduan—. Pixkanaka suspertzen ari da sektore turistikoa. Apirilean ez zuten jarduerarik izan, maiatzean ere gutxi, eta ekainetik uztailera jauzi nabarmena egin dute. Denera, 718 hotel egon dira zabalik uztailean —iaz, 904 izan ziren—, baina betetze maila ez da erdira ere iritsi: %30 izan da Nafarroan, %34 Araban, %37,2 Bizkaian eta %47,2 Gipuzkoan. Hain zuzen ere, Gipuzkoak hartu ditu bidaiari gehien: 80.361. 2019tik 2020ra izandako aldaketa bi ezaugarritan nabaritu daiteke: gertuko turismoak, proportzioan, nabarmen egin du gora, eta bidaiariek epe laburragoak igarotzen dituzte hoteletan. Bisitariak iaz izandakoen erdiak baino gehiago dira, baina iaz baino gau gutxiago igaro dituzte. Aurtengo uztailean 426.311 gau igaro dituzte bidaiariek Hegoaldeko hoteletan, eta iazkoan, 83.682. Gertuko turismoa Gainera, ehunekotan, bidaiari horietatik gutxiago izan dira Hego Euskal Herritik edo Espainiatik kanpotik etorritakoak. Iaz halako 201.480 bidaiarik igaro zuten gauren bat Hegoaldeko hotelen batean, eta aurten, 67.288k. Koronabirusaren krisiak kalte handiagoak eragin ditu Hegoaldean Ipar Euskal Herrian baino.
2020-8-24
https://www.berria.eus/albisteak/185947/oposizioko-bi-buruzagi-atxilotu-dituzte-bielorrusian.htm
Mundua
Oposizioko bi buruzagi atxilotu dituzte Bielorrusian
Botere aldaketarako oposizioak sortutako koordinazio kontseiluko zuzendaritzako kideak dira. Lukaxenkoren aurka atera dira protesta egitera, hamabosgarren egunez jarraian.
Oposizioko bi buruzagi atxilotu dituzte Bielorrusian. Botere aldaketarako oposizioak sortutako koordinazio kontseiluko zuzendaritzako kideak dira. Lukaxenkoren aurka atera dira protesta egitera, hamabosgarren egunez jarraian.
Botere aldaketarako koordinazio kontseiluko zuzendaritzako bi kide atxilotu dituzte, gaur, Minsken. «Zerbitzu berezietako agenteek Olga Kovalkova eta Sergei Dilevski atxilotu dituzte, eta polizia auto batean eraman dituzte», berri eman du Belsat telebista kateak. Oposizioak botere aldaketarako helburuarekin sortutako koordinazio kontseiluko kideak dira Kovalkova eta Dilevski. Poliziak azaldu duenez, administrazio prozesu bat zabaldu dute haien aurka. Oposizioko batzordeko prentsa taldeak albistea baieztatu du, baina ez du informazio gehiagorik eman. Bielorrusiako Fiskaltzak oposizioak eratutako koordinazio kontseiluaren aurkako auzi penala abiatu zuen iragan ostegunean. Bestalde, Bielorrusiako Kazetarien Elkarteak (BAJ) salatu du 50 komunikabide baino gehiagoren webguneak blokeatu dituztela, eta paperezko egunkari batzuk inprimatzea eragotzi dutela. «Hauteskundeen ondoren egin diren protestei buruz berri ematea geldiarazteko» helburua du blokeoak, BAJen arabera, eta komunikabideen «zilegizko jardunari zentsura» ezartzea. Atzoko protesten ondoren iritsi dira atxiloketak. Abuztuaren 9an ospatu ziren hauteskundeak Bielorrusian, eta, ordutik, egunero atera dira kaleetara Aleksandr Lukaxenkoren garaipenaren aurka protesta egitera. Hala egin zuten atzo ere: hamabosgarren egunez jarraian atera ziren protesta egitera. Tokiko komunikabide batzuen arabera, 100.000 lagun inguru batu ziren protestetan; oposizioaren arabera, 200.000 izan ziren parte hartzaileak. Hiriburuko Independentzia Plazan batu ziren. «Alde egin», «Gora Bielorrusia» edo «Uste osoa dugu, ahal dugu, irabaziko dugu» eta antzeko oihuak entzun ahal izan ziren Minskeko kaleetan. Maria Kolesnikova eta Pavel Latuxko botere aldaketarako batzordeko zuzendaritzako kideek manifestazioan parte hartu zuten. Kolesnikovak protestariei eskatu zien mobilizazioak egiten jarraitzeko, eta agintariei «boikot» egiteko. Aurreko asteetako protestetan 7.000 inguru izan ziren atxilotuak. Olga Txemodanova Barne Ministerioko bozeramaileak jakinarazi duenez, ez zen hala izan atzoko mobilizazioetan. Dena den, Viktor Khrenin Defentsa ministroak ohartarazi zuen indar militarrek esku hartuko zutela monumentuen aurka egiten bazen. «Eremu sakratu» horien «laidoztatzea» ez duela onartuko adierazi zuen Khreninek, jendea «aberria defendatu zutenei loreak eraman eta omenaldia egitera» joaten baita toki horietara. Aldi berean, Lituanian, 50.000 lagun inguruk parte hartu zuten giza kate batean; «Askatasunaren Bidea» izendatu zuten ekinaldia. Vilnius hiriburutik Medininkai hirira —Bielorrusiarekin muga egiten du— egin zuten katea, haien bizilagun den herrialdeari babesa erakutsiz. «Jazarpenarengatik eta beldurrarengatik aldatu nahi dutenei aurre egiteko, konpromisoa hartu behar da, egunero, [askatasuna] defendatzeko», esan du Gitanas Nauseda Lituaniako presidenteak. 1989an Sobietar Batasunaren aurka Estonian, Letonian eta Lituanian egin ziren protesten urteurrenean izan dira Bielorrusiaren aldeko mobilizazioak. Hain zuzen ere, Lituaniara egin zuen alde Svetlana Tikhanovskaia oposizioburuak, hauteskundeetan «iruzurra» salatu ondoren. Protesten erdian, Lukaxenko helikopteroz heldu zen Independentziaren Jauregira —presidentearen egoitza ofiziala da—. Ibilgailutik jaitsi zen, bere semearekin batera, eskuan fusil bat zeramala, sare sozialetan zabaldutako irudietan ikusten denez. Jauregiaren inguruan oposizioak deitutako protestak zeuden. Nazioarteko adierazpenak Josep Borrell Europako Batasuneko diplomaziaburuak esan du Bielorrusiako protestek harrituta utzi dutela: «Minsken eta herrialde osoan zehar egiten ari diren manifestazio jendetsu eta baketsuek zirrara eragiten didate. Aldaketa demokratiko baten aldeko balioaren eta irmotasunaren adierazle dira». Txio baten bidez egin ditu adierazpenak, eta gehitu du agintariek elkarrizketa nazional bat hasi behar dutela. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak ohartarazi du Bielorrusiako oposizioa «Venezuelako gidoia» jarraitzen ari dela, Lukaxenko boteretik kentzen saiatzeko: «Oposizioko kideek egungo agintariekin elkarrizketak proposatzen dituzte, baina Bielorrusiako presidentearen irteerari buruz hitz egiteko bakarrik».
2020-8-24
https://www.berria.eus/albisteak/185948/gernikan-transmisio-komunitarioa-dagoela-adierazi-du-alkateak.htm
Gizartea
Gernikan «transmisio komunitarioa» dagoela adierazi du alkateak
Herritar guztiei eskatu die PCR probak egitera joateko, eta birusa «edozein kaletan» egon daitekeela nabarmendu du. Murgak adierazi du konfinamendua «ez dagoela aukeren artean».
Gernikan «transmisio komunitarioa» dagoela adierazi du alkateak. Herritar guztiei eskatu die PCR probak egitera joateko, eta birusa «edozein kaletan» egon daitekeela nabarmendu du. Murgak adierazi du konfinamendua «ez dagoela aukeren artean».
Jose Mari Gorroño Gernikako (Bizkaia) alkateak herritar guztiei eskatu die PCR probak egitera joateko. Gorroñok adierazi duenez, «transmisio komunitario» bat dute aurrez aurre; izan ere, azken egunetan atzemandako 51 positiboetatik 11k ez dute elkarren artean loturarik. Hasieran PCR probak egiteko deialdia abuztuaren 14tik 17ra parranda guneetan ibilitako pertsonentzat egin bazuten ere, orain herritar guztiei eskatu diete probak egitera joateko. Hala adierazi du alkateak prentsaurreko batean, eta gehitu du birusa «sakabanatuta» dagoela eta, hortaz, «edozein kaletan» egon daitekeela. Egoeraren larritasuna nabarmendu du Gorroñok, eta adierazi du ekainean nahiz uztailean kasu bakarra zutela baina orain 87 kasu positibo dituztela. Abuztuaren erdialdean izaten dira Gernikako festak. Udalak «arduraz jokatzeko» deialdia egin zuen, baina Gorroñok adierazi du «ez zirela neurriak bete». Kutsatutako jende gehiena gaztea da, 19 eta 45 urte bitartekoak. Hala ere, birusa «zabal» egoteak arduratzen du Gorroño, eta adierazi du ezinbestekoa dela herritar guztiak «elkarlanean» aritzea. Nekane Murga jarduneko Osasun sailburuak adierazi du konfinamendua «ez dagoela aukeren artean», eta kutsatutako pertsonen soslaia «identifikaturik» dagoela. Asteazkenean hasi zen kasuen gorakada Gernikan, eta, Murgak adierazi duenez, aurreko asteburuan herriko ez-jaietan ibili zirenak dira kutsatuak. Bestalde, gehitu du bertan «transmisio komunitarioa» egon daitekeela, baina ez dagoela «kale, taberna edo txoko zehatzik». Hemendik aurrera PCR probak egiten jarraitu behar dela adierazi du, egon daitezkeen kasu guztiak lokalizatzeko.
2020-8-24
https://www.berria.eus/albisteak/185949/pil-pilean-da-eusko-label-liga.htm
Kirola
Pil-pilean da Eusko Label liga
Hondarribiak denboraldiko bosgarren bandera eskuratu zuen atzo Sestaon. Lau jardunaldi falta direla, Ama Guadalupekoa bigarren da sailkapen nagusian, Santurtzitik puntu bakarrera.
Pil-pilean da Eusko Label liga. Hondarribiak denboraldiko bosgarren bandera eskuratu zuen atzo Sestaon. Lau jardunaldi falta direla, Ama Guadalupekoa bigarren da sailkapen nagusian, Santurtzitik puntu bakarrera.
Hondarribiak irabazi zuen atzo Sestaoko uretan; denboraldiko bosgarren garaipena izan zuten gipuzkoarrek Dagoeneko lidergotik puntu bakarrera daude; estropada hasi aurretik, baina, Santurtzitik sei puntura zegoen Ama Guadalupekoa. Sasoia gaizki hasi bazuen ere, liga irabazteko lehian da Hondarribia, lau estropaden faltan. Jardunaldiko kaltetuena izan zen Itsasoko Ama, azken estropadetan zuen errenta guztia galdu du. Iker Zabala Santurtziko entrenatzailea kritiko azaldu zen TKEren jarrerarekin, eta Sestaoko estropada «kirolarienganako errespetu falta» izan zela salatu zuen: «Liga eurek nahi duten tokian da. Lehiakortasuna egotea nahi dute beti, eta sailkapenaren buruan dagoen taldea ez urruntzea. TKEko kudeatzaileei eta Klubetako presidenteei salaketa bat egin nahi diet: gaur ikusi dena onartezina da». Sailkapenaren beheko aldean ere mugimenduak egon ziren. Ondarroak hirugarren postuan amaitu zuen estropada, eta jaitsiera postuetatik urruntzea lortu zuen; Kaikutik 26 puntura dira, eta kanporatzeko postuan den Ares, berriz, zortzira. Zarautzek, aldiz, ezin izan zion jarraipenik eman larunbatean lortutako emaitza onari, eta galiziarren ontziak bi puntura murriztu zuen sailkapen nagusian Enbata-k zuen abantaila.
2020-8-24
https://www.berria.eus/albisteak/185950/gutxienez-hamabi-lagun-hil-dituzte-filipinen-hegoaldean-izandako-bi-leherketek.htm
Mundua
Gutxienez hamabi lagun hil dituzte Filipinen hegoaldean izandako bi leherketek
Abu Sayyaf gerrilla talde islamista da atentatua egitearen susmagarri nagusia.
Gutxienez hamabi lagun hil dituzte Filipinen hegoaldean izandako bi leherketek. Abu Sayyaf gerrilla talde islamista da atentatua egitearen susmagarri nagusia.
Bi leherketa izan dira gaur Jolo hirian, Filipinen hegoaldean, eta, hango agintariek jakitera eman dutenez, gutxienez hamabi lagun hil eta dozenaka zauritu dira eraso horietan. Lehen eztanda eguerdi inguruan izan da, Jolo erdialdeko plaza batean. Txosten militar batean zabaldu dutenez, lehen ikerketen arabera, lehergailuekin zihoan motor batek egin du eztanda. Armadako kamioi batetik gertu izan da deflagrazioa. Hurrengo leherketa, berriz, ordubete geroago gauzatu da, gertuko kale batean, Polizia lehen erasoaren eremua hesitzen ari zen bitartean. Suluko Poliziak eta armadak aditzera eman dutenez, suizida batek eginikoa izan daiteke. Hildakoen artean, zazpi militar, lau zibil eta erasoa egin duen ustezko «suizida» daude. «Oraingoz, biktimen behin betiko kopurua zehazteke dago. Susmagarriak identifikatzen saiatzen ari gara», adierazi du Archie Gamboa Polizia Nazionaleko buruak, ohar batean. Sulu probintzia Abu Sayyaf Filipinetako gerrilla talde islamistaren gotorlekua da, eta, hain zuzen, horiek dira atentatua egitearen susmagarri nagusiak.
2020-8-24
https://www.berria.eus/albisteak/185951/548-kasu-atzeman-dituzte-hego-euskal-herrian.htm
Gizartea
548 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian
Azken bi egunetan sei pertsona hil direla jakinarazi du Murgak.
548 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Azken bi egunetan sei pertsona hil direla jakinarazi du Murgak.
Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun Sailburuak azken datuen berri eman du prentsaurrekoan. Kasuak aurreko egunetakoak baino apalagoak izan dira azken orduetan: 453. Halaber, igandeetan lehen arretako kontsultak ez direnez egiten, proba kopurua nabarmen murrizten da: 4.711 test egin dituzte azken orduetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aurreko egunean, 7.000 bueltan ibili ziren. Aldi berean, Nafarroako Gobernuak 95 kasuren berri eman du; beraz, 548 positibo izan dira guztira Hego Euskal herrian. Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien, 246 izan dira; Gipuzkoan 140 kasuren berri eman dute, eta Araban 43 positibo detektatu dituzte. Murgaren hitzetan, «bigarren olatua» aurrera doa, eta, kasuetan ez ezik, ospitaleratzeen kopuruan zein ZIUetan daudenetan ere ikus daiteke. Gaitzaren ondorioz erietxeetan sartu direnak 29 izan dira azken orduetan Hegoaldean, eta zainketa intentsiboetako unitateetan 36 pertsona daude. Udako agerraldiak hasi zirenetik ZIUetan jende gehien dagoen eguna da. Ospitaleen egoeraz galdetuta, baina, Murgak adierazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleek gaitasun nahiko dutela erietxeetara sartzen direnak artatzeko: «Kezkaturik gaude, baina beharrei erantzuna emateko gaitasuna dago». Izan ere, pandemia hasierako egunekin alderatuz, orain denbora gutxiagoz egoten dira gaixoak ospitalean. Batetik, gaitzaren inguruko ezagutza handiagoa delako orain, eta, bestetik, ospitaleratuen adina txikiagoa delako, sailburuaren esanetan. Ospitaleratzeen ugaritzeak, ordea, hildako gehiago izatea ere badakar. Murgak jakinarazi du aurreko hiru asteekin alderatuta ugaritu egin dela gaitzaren ondorioz hil diren pertsonen kopurua: azken orduetan, bi pertsona zendu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; atzo, lau. Neurri berrien eraginaren zain Iragan astean ezarri zuen Jaurlaritzak osasun larrialdi egoera, eta gaur goizean bildu da batzordea egoeraren jarraipena egiteko. Neurri berriek eraginik izan duten ikusteko, baina, itxaron egin beharko dela azaldu du Murgak. Izan ere, gaurko datuek duela hamar egun izandako kutsatzeak islatzen dituzte. Horregatik, sailburuak ohartarazi du ezinbestekoa dela neurriak behar bezala betetzea orain, horrek eragina izango baitu datozen asteetan; hau da, ikasturte hasieran. Beste ohartarazpen bat ere egin du Osasun sailburuak, eta, oraingoan, bakarturik egon behar dutenei mintzatu zaie. Proben emaitzak jakin bitartean bakarturik egon behar dela nabarmendu du, eta gogorarazi du positibo emanez gero edota hurbileko kontaktu bat izanez gero derrigorrezkoa dela berrogeialdia egitea. Bakartzeak bete ez dituzten pertsonak ere egon direla jakinarazi du sailburuak, eta, horrenbestez, azaldu du udalekin elkarlanean ari direla, bakarturik dauden pertsonak identifikatu eta, behar izanez gero, laguntza emateko. Intzidentzia handia Tuteran Nafarroan atzeman dituzten 95 kasuetatik 26 Tuteran izan dira; tartean, herriko zahar etxe batean detektaturiko kasuak daude. Osasun Sailak jakinarazi duenez Tuterako osasun eremuan intzidentzia tasa handia izan dute egunotan. Hori dela eta, bihartik aurrera 800 PCR proba egingo dizkiete inguruko enpresa bateko langileei, aurretik izandako agerraldi batzuekin lotura izan dezaketelakoan.
2020-8-24
https://www.berria.eus/albisteak/185952/zenbait-zahar-etxetan-bost-egoiliar-hil-dira-azken-egunetan.htm
Gizartea
Zenbait zahar etxetan bost egoiliar hil dira azken egunetan
Lau Bizkaian hil dira, eta beste bat Gipuzkoan.
Zenbait zahar etxetan bost egoiliar hil dira azken egunetan. Lau Bizkaian hil dira, eta beste bat Gipuzkoan.
Birusa gogor sartu da Bizkaiko zahar etxeetan, eta asteburuan datu beltzak utzi ditu: larunbataz geroztik, lau egoiliar zendu dira gaitzaren eraginez. Aldi berean, areagotu egin dira positiboak egoiliarren eta langileen artean. Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, 93 egoiliar daude kutsaturik Bizkaiko zahar etxeetan oraintxe; horietatik hamar ospitalean daude. Langileen artean ere badira kasuak: 69k positibo eman dute COVID-19aren proban, eta beste 78 bakarturik daude, prebentzio moduan. Lau dira, beraz, kutsatzeak dituzten zahar etxeak: Bilboko, Barakaldoko, Zamudioko eta Barrikako zentroetan daude kasuak. Koronabirusa duten egoiliarrak artatzeko, Birjinetxe zentro soziosanitarioa egokitu du Foru Aldundiak, eta, orain, 80 pertsona daude bertan. Gehienak zahar etxeetako egoiliarrak dira (59), baina badira beste 21 lagun kaltebera ere. Bizkaia ez da, ordea, egoiliarren artean hildakoak izan dituen herrialde bakarra. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, azken orduetan Donostiako zahar etxe bateko egoiliar bat zendu da. Azken asteetan, zentro bereko bederatzi egoiliar kutsatu dira, eta horietatik bi hil egin dira. Gainerako zentroetan kasurik ez dagoela jakinarazi du Diputazioak.
2020-8-24
https://www.berria.eus/albisteak/185953/bi-aste-daramatza-gazak-israelen-bonbapean.htm
Mundua
Bi aste daramatza Gazak Israelen bonbapean
Israelgo armadaren arabera, lur azpiko tunelak eta hainbat kontrol postu izan dira azken erasoen helburu, Gazatik jaurtitako puxika lehergarriei erantzunez.
Bi aste daramatza Gazak Israelen bonbapean. Israelgo armadaren arabera, lur azpiko tunelak eta hainbat kontrol postu izan dira azken erasoen helburu, Gazatik jaurtitako puxika lehergarriei erantzunez.
Berriro ere, Israelek Gazari eraso egin dio airez. Hala, bi aste egin ditu Gazak bonbapean, ia egunero Israelgo militarren erasoak jasanez. Armadak zabaldu duenez, Hamasen lur azpiko tunelak eta hainbat kontrol postu izan dira bonbardaketen helburu. Haien hitzetan, Hamasek bidalitako suziri eta puxika lehergarriei emandako erantzuna dira bonbardaketak. Gaurko erasoa Twitter bidez zabaldu dute Israelgo indar armatuek. «Israelgo zibilen eta haien subiranotasunaren aurkako edonolako mehatxu terroristari modu erabakigarrian erantzuteko prest gaude», ohartarazi dute. Aire erasoez gain, duela bi aste ezarritako blokeoa pairatzen ari dira Gazako herritarrak. Abuztuaren 6an erregaiak eremura sartzea debekatu zuen Israelek, eta mugako pasabideak itxi. Ondorioz, Gazako zentral bakarrak energia sortzeari utzi dio; egunean 4 orduz dute argindarra. Arrantza egitea ere debekatu zuten. Israelen aurkako erasoak areagotuko dituela esan zuen Hamasek larunbatean, Israelgo armadak hilketa «selektiboak» gauzatzen jarraitzen badu, Al-Akhbar egunkariak jasotakoaren arabera. Benny Gantz Israelgo Defentsa ministroak Hamasi «kolpe larri» bat emateko mehatxua egin zuen. Hamasek hilketa politiken berrabiaratze moduan ulertu zituen adierazpenak, eta Palestinako erresistentziak modu «argi eta sendoan» erantzungo zuela erantzun zuten. Hamasek «gerra deklarazio» modura ulertuko luke hilketa politika horiek berriro abiaraztea, egunkariaren arabera. Israelek egindako azken erasoak Mike Pompeo Ameriketako Estatu Batuetako idazkaria Tel Aviven lurreratu baino lehen gertatu dira. Israel da Pompeok Ekialde Hurbilean aurreikusita duen bost eguneko bidaiaren lehen geldialdia.
2020-8-24
https://www.berria.eus/albisteak/185954/holtzarteko-zubia-itxi-dute-segurtasun-arazoak-direla-eta.htm
Gizartea
Holtzarteko zubia itxi dute, segurtasun arazoak direla eta
Larraineko alkateak adierazi du ezingo dela zubia zeharkatu «kontrolak, larrialdiko mantentze lanak eta egiaztapen lanak egin arte».
Holtzarteko zubia itxi dute, segurtasun arazoak direla eta. Larraineko alkateak adierazi du ezingo dela zubia zeharkatu «kontrolak, larrialdiko mantentze lanak eta egiaztapen lanak egin arte».
Larraineko Herriko Etxeak (Zuberoa) Holtzarteko zubia ixtea erabaki zuen larunbatean, segurtasun arazoak direla eta. Jean-Dominique Iriart Larraineko auzapezak jakinarazi duenez, debekatuta egongo da zubia gurutzatzea «kontrolak, larrialdiko mantentze lanak eta egiaztapen lanak egin arte». Haren arabera, «aurreko urteetan baino bisitari gehiago» izan dira aurten, eta segurtasun arazoak ekarri ditu horrek. Horrez gain, osasun arriskuari ere egin dio erreferentzia; izan ere, jende kopuru handiekin zailagoa da osasun neurriak bermatzea. Holtzarteko zubia Olhadibia arroilaren gainean eraikitako egurrezko zubi eseki bat da. 1920. urtean eraiki zuten, inguruko basoetatik egurra atera ahal izateko. Olhadoko errekatik ia 200 metro egiten du gora; 50 metro luze eta metro eta erdi inguru zabal da, eta, nahi eta nahi ez, zubia alde batera eta bestera mugitzen da handik batetik bestera ibiltzean. Oso leku laiotza denez, urte guztian bustia egoten da toki askotan, eta irrist egiteko arriskua dago.
2020-8-24
https://www.berria.eus/albisteak/185955/donostiako-komplot-eta-tropical-disco-diskoteketan-izan-zirenei-proba-egiteko-eskatu-die-jaurlaritzak.htm
Gizartea
Donostiako Komplot eta Tropical Disco diskoteketan izan zirenei proba egiteko eskatu die Jaurlaritzak
Arratsaldean hasiko dira probak egiten Donostiako ospitalean.
Donostiako Komplot eta Tropical Disco diskoteketan izan zirenei proba egiteko eskatu die Jaurlaritzak. Arratsaldean hasiko dira probak egiten Donostiako ospitalean.
Jaurlaritzako Osasun Sailak dei egin die abuztuaren 14tik 16ra Donostiako Komplot eta Tropical Disco diskoteketan egon zirenei proba egitera joateko. Arratsaldean bertan hasiko dira probak egiten Donostia ospitaleko Gipuzkoa eraikinean, eta, ordua hartzeko, telefono honetara deitu behar da: 943-00 79 09. Osasun Sailak eskatu du autoz joateko ospitalera, maskara jantzita. Kasu gehiago badira Gipuzkoako hiriburuan bertan; Irutxuloko Hitza-k argitaratu duenez, Ttun-Ttun, Bartolo, Ordizia, Agustin, Caravanserai, Sanse eta Avenida XXI. tabernak itxi dituzte. Horiekin batera, Egiako okindegi bat ere itxi dute arrazoi berarengatik, Hitza-ren arabera.
2020-8-24
https://www.berria.eus/albisteak/185956/mikel-barrios-aske-uzteko-eskaera-ukatu-dute.htm
Politika
Mikel Barrios aske uzteko eskaera ukatu dute
Parisko Dei Auzitegiak hartutako erabakia «neurriz kanpokoa eta ulertezina» da, Bake Bidearen iritziz.
Mikel Barrios aske uzteko eskaera ukatu dute. Parisko Dei Auzitegiak hartutako erabakia «neurriz kanpokoa eta ulertezina» da, Bake Bidearen iritziz.
Mikel Barrios euskal presoa aske uzteko eskaera ukatu du Parisko Dei Auzitegiak, eta joan den ekainean hartutako erabakia berretsi du: hau da, bost urteko espetxe zigorra ezarri dio euskal presoari, «erakunde kriminal» bateko kide izatea egotzita. Bake Bideak erabakia kritikatu du ohar batean, eta nabarmendu erabakia «neurriz kanpokoa eta ulertezina» dela, «Euskal Herriko egungo testuingurua ikusita». Barrios Mont-de-Marsango (Okzitania) espetxean dago preso. Bake Bideak pentsatzen du «tresna juridiko guztiek» testuinguru hori kontuan hartu beharko luketela. EH Bildu ere kritiko agertu da deliberoarekin: «Ulertezina iruditzen zaigu Mikel Barrios euskal presoa espetxean izateko Parisko Dei Auzitegiak hartutako erabakia. Espetxeak husteko garaia da, ez betetzekoa». 2017ko urrian atxilotu zuten Barrios, Alemanian, eta handik Frantziara eraman zuten, abenduan. Osnyko (Frantzia) presondegian espetxeratu zuten, eta handik urtebetera aske utzi, zaintzapean. Joan den ekainaren 23an egin zen haren aurkako epaiketa. Fiskaltzak sei urteko espetxe zigorra eskatu zuen; defentsak, berriz, kargurik gabe uztea, argudiatuta haren aurkako akusazioak ETAk borroka armatua behin betiko utzi ostekoak direla. Parisko Dei Auzitegiak bost urteko kartzela zigorra ezarri zion, eta hamar urtez Frantzian egoteko debekua. Horixe berretsi du gaur. Barrios askatzearen aldeko hainbat protesta egin dira azken asteetan, eta, horiei jarraikiz, Arrosadiko Sare taldeak Mont-de-Marsango espetxerako bizikleta martxa bat antolatu du, Iturgoiendik, irailaren 4tik 6ra bitartean. Bake Bideak eta Bakegileek bat egin dute martxarekin, eta gogoratu dute irailaren 19rako ere beste mobilizazio bat iragarri dutela, Zigorra hiltzeraino bete? 30 urte aski da lelopean.
2020-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/185957/jatorrirako-itzulera.htm
Kultura
Jatorrirako itzulera
Duten zinema ikuspegiaren erakusle izan daitezkeelakoan, sei zinemagileri zenbait sekuentzia kuttun hautatzeko eskatu die BERRIAk. Rayok lau zuzendariren lanak nabarmendu ditu: beren filmetan denboraren aztarnak marraztu dituztenak, ezkutatuz iradoki, edota argiarekin jolas egin izan dutenak.
Jatorrirako itzulera. Duten zinema ikuspegiaren erakusle izan daitezkeelakoan, sei zinemagileri zenbait sekuentzia kuttun hautatzeko eskatu die BERRIAk. Rayok lau zuzendariren lanak nabarmendu ditu: beren filmetan denboraren aztarnak marraztu dituztenak, ezkutatuz iradoki, edota argiarekin jolas egin izan dutenak.
Irudi hutsa zen zinema hasieran. Zuri-beltzeko irudien kate bat. Soinua batu zitzaion gero, eta, hainbatentzat, hiztunegi bilakatu zen, maizegi irudiak hitzaren menpeko bihurtzeraino. Baina film bat benetan ona bada, soinurik gabe ikusiz gero ere arazorik gabe ulertu beharko litzatekeela esan izan dela ekarri du gogora Imanol Rayok (Arbizu, Nafarroa, 1984). «Noski, hori boutade bat da, baina era berean zer pentsatua ematen du». Maite duen eta egin nahi duen zinemaren inguruko ikuspegi zehatza eta argia du, eta hari buruz esaten du zerbait esaldi horrek, hala laburbildu baitu bere lan egiteko era: «Zinemaren jatorrira itzultzen saiatzen naiz beti. Irudiaren garrantzia guztiaren gainetik jartzen. Soiltasunera jotzen». BERRIAk eskatutako ariketari ere zehatz eta argi erantzun dio, eta bere zinema ikuspegiari leial zaion film eta sekuentzia kutunen aukeraketa bat egin du. Bi anai izan zuen Rayok bere lehen film luzea, Bernardo Atxagaren nobela oinarritzat hartuta ondu zuena. 2010ean hasi zen filmatzen, eta hurrengo urteko Donostiako Zinemaldian estreinatu zuen, baita Zinemira saria irabazi ere. Kazeta honi orduan adierazi zionez, hasieratik izan zuen argi irudietatik kanpo geratzen zenak gehiago kontatuko zuela irudietan agertzen zenak baino. Eta bai soinuan, bai irudietan, «gardentasuna» bilatu zuela. Iaz ekin zion Hil-kanpaiak bere bigarren film luzea grabatzeari, hura ere nobela batean oinarritua —Miren Gorrotxategiren 33 ezkil—, eta orduan xehetasun askorik aurreratu ez bazuen ere, «begiraden pelikula bat» izango dela esan zuen, baita elipsiak garrantzi berezia izango duela ere. Aurtengo Zinemaldian lehian izango da filma, Zuzendari Berriak sailean. Hain zuzen, elipsia da zinemagileari interes berezia pizten dion lanerako osagaietako bat. Irudiaren lanketatik hasita. «Espazioaren murrizketa» izaten du gogoko, «osotasun bat erakutsi gabe, zati batek gainerakoa iradokitzea, muinera joatea». Robert Bresson zinemagilearen aipu bat ekarri du gogora ideia hori azaltzeko: «Haren zati bat soilik emanda, osotasuna sumatzera ohitzea publikoa. Igarraraztea. Gogoa probokatzea». Bere ikuspegian, irudiak ez duela mugimendurik, finkoa dela azaldu du Rayok. Eta eremu finko horretatik «bizitza, ekintza» igarotzen dela. «Horrela, gizakiak utzitako aztarnak agertzen dira bertan. Zinemaren jatorritik heredatutako ezaugarria da. Horrek irudiz kanpo dagoenaren kontaketara garamatza, absentziaren bitartez». Eta horretan, soinuak ere funtzio berezia joka dezakeela uste du. «Irudiak zerbait dioen bitartean, soinuak zerbait ezberdina kontatzen du, ikusten ez dena». Alde horretatik, «ia modu inpresionista batean» aukeratu ohi ditu berak soinuak. Denboraren kontzeptuaren garrantziaz ere jardun du zinemagileak. Planoen errepikapena denboraren aztarnak marrazteko baliabide ona izan daitekeela iruditzen zaio. Argiaren hizkuntza propioa ere nabarmendu du, «filma bera definitzen duen aldarte bat» delakoan, eta gehitu du haren lanetan itzalek izaten dutela pisua. Osagai horiekin, filmak osotasun bat izatea nahi izaten du Rayok. Modu batera edo bestera, zuzenean edo zeharka, ezaugarri horiek antzeman daitezke hautatu dituen egileen obretan. Formari lotutako baliabideen erabilera du gogoko, bereziki, Robert Bressonen Au hasard, Balthazar (1966) zein Michael Hanekeren Der siebente Kontinent (1989) lanetan; denboraren aztarnek eta argiak duten garrantzia, aldiz, Victor Erizeren El sur (1983) filmetik; eta arteak duen boterea hizpide duela nabarmendu du Andrei Tarkovskiren Andrei Rublev (1966) lanetik, besteren artean. «Aukeratutako pelikulek, zinema era sakonean ulertzeaz gain, nortasun ikonoklasta dute, eta zinemaren historian aurrerapauso bat direla esan daiteke. Arrazoi horregatik, gaur egun bere garaian zuten balio berbera dute, ez dira zahartu». Gaur egun indarrean sumatzen duen zinema efimeroa egiteko joeraren «beste puntan» ikusten ditu lau egileen film horiek. Robert Breson. 1966 Robert Bresson (Bromont-Lamothe, Okzitania, 1901 - Droue-sur-Drouette, Frantzia, 1999) zinemagilearen zazpigarren lan luzea da Au hasard, Balthazar eta, Rayoren ustez, egileak obra hartan «findu egiten du bere estilo berezia, bere-berea duena. Elipsiak eta absentziak ditu eszenaratzearen giltzarri. 'Mundua ordu eta erdian' zela esan zuen Jean Luc Godardek filmari buruz. Eta egia da». Balthazar izeneko asto baten bizitza jorratzen du lanak, jaiotzen denetik hiltzen den arte, eta haren inguruan agertuz doazen beste hainbat pertsonaiaren bizitzak erakutsiz, «giza miseriaren galeria oso bat» marrazten du. Soinu bandari erreparatu dio Rayok. Schuberten Pianorako 20. Sonata-ren andantino-ak jartzen dio ahotsa astoari, ahotsik gabeko pertsonaia bakarrari. «Schuberten aire malenkoniatsua, subjektuaren inguruan dabiltzan herritarren gogortasunari kontrajarrita, lazgarria da. Azken eszenan batez ere, animalia hiltzean, ardiak inguruan dituela». Horregatik, eta filmaren egitura zirkularragatik, bi plano eta sekuentzia «analogo» hautatu ditu: «Lehena eta azkena; astoa bere amaren esnea edaten ageri dena, eta heriotzarena, non —kasualitatez?—, antzeko irudi bat ikus dezakegun lehen planoan: arkume bat bere amarekin. Bizitzaren hasiera eta amaiera». Andrei Tarkovski. 1966 Andrei Tarkovskiren (Zavrazh'ye, Errusia, 1932 - Paris, 1986) bigarren film luzea da Andrei Rublev, eta XV. mendeko ikono margolari eta monjearen bizitza du ardatz. Zuri-beltzean, atalka banatuta erakusten du haren bizitza hiru orduko filmak, garaiko testuinguruan sakonduz. «Tarkovskik alde epikoa eta intimista uztartzen ditu, ikuspegi naturalista eta oso pertsonal batetik, betiere. Film berean Kurosawak, Mizoguchik eta Bergmanek elkarri bostekoa emango baliote bezala da». Hainbat gai jorratzen ditu, baina artea elementu katartiko gisa aurkeztea da, zuzendari nafarraren ustez, nagusitzen dena. Lan hain konplexua izanik, sekuentzia bakarra hautatzea zaila egin zaiola aitortu du Rayok, eta, horregatik, atal oso bat aukeratu du, azkena, Kanpaia izenburukoa. Bere bekatuak garbitze aldera, isiltasun botoa egin du Rublevek, eta pintatzeari utzi dio. Hainbat herritar kanpai bat sortzeko lanetan dabiltza, Printze Handiak aginduta, eta monjea prozesu horren lekuko izango da. Langintza hartan abila zen Boriskaren aita, eta, hura hil ostean, gazteak printzearen morroiei sinetsaraziko die brontzezko ezkilak funditzeko sekretuaren jabe dela. Determinazioz gidatuko du prozesua, Rublev begira-begira duela. Behin kanpaia dorrean kokatu dutenean, inaugurazio ekitaldira agertuko da Printze Handia, segizioarekin. Kanpaiak hotsik atera ezean, denak hil egingo ditu agintariak. «Isiltasunez eta larriminez beteriko tentsio bat sortzen da langile batek ezkilaren mihia bultzatzean». Baina, azkenean, kanpai hotsa entzuten da. Ospakizunetan murgilduko dira denak, baina Rublevek negar batean aurkituko du mutikoa, lurrean botata. Aitak ez ziola sekreturik jakinarazi aitortuko dio Boriskak, eta gaztea kontsolatzen saiatuko da monjea, isiltasun botoa hautsiz eta elkarrekin lan egitea proposatuz. «Momentu horrek, mirari zinematografikotik gertu dagoena, fedeari buruz hitz egiten du», azaldu du Rayok. «Ez fede erlijiosoaz, baizik eta Fedeaz, letra larriz. Eta beste ezeren gainetik, artearen botere katartikoaz». Victor Erize. 1983 Victor Erizek (Karrantza, Bizkaia, 1940) bakarka egin zuen bigarren lan luzea da El sur. «Erich Von Stroheimen Greed (1924) edo Orson Wellesen The Magnificent Ambersons (1942) lanekin batera, mutilatutako edo bukatu gabeko izendapena daramaten lanen artean dago. Bukatu gabeko horietakoa da El sur. Film amaitu gisa estreinatu zen arren, eta harrera ezin hobea izan bazuen ere, ekoizleak filmaketa eten zueneko legendak eta zuzendariaren desadostasunaren ingurukoak harekin bidaiatu du beti. Edonola den, maisulana da». Estrella protagonistaren haurtzarotik nerabezarorako «iniziazio bidaiaren kontakizun gisako bat» da. Haren aitaren figuraren inguruan eraikitzen da istorioa, edo, hobeki esanda, aitaren desagertzearen inguruan. «Erizeren estiloa beti da pazientzia handikoa, kontenplaziozkoa, leuna, denborak uzten dituen aztarnetan oinarritua». Iritzi horri jarraikiz, elkarren artean ezberdinak diren hiru une aukeratu ditu Rayok. Bata, Estrellaren trantsizioa neskatotik nerabera. «Irudiaren balioa eta adierazkortasun boteretsua kontuan hartuta, eta denboraren iragateari lotuta, ezinbestean nabarmendu behar da Estrella haurra nerabe bihurtzen deneko trantsizioaren unea». Enkoadratze bera darabil zinemagileak, denboraren iragateak antzaldatutako eszenaratzean. «Era askotara konta liteke hori, baina ez hau baino modu aratz eta soilagoan». «Kontrapuntua» da zinemagile nafarrak nabarmendutako beste gakoetako bat. «Prozedura horren bidez aurkezten dira misterioa, itzala, irrika. Estrellak postalen bidez hegoa agertzen duen eszena ezin adierazkorragoa da: postalek eta Enrique Granadosen Danza Española-ren musikak jartzen diote kontrapuntu zinematografikoa iparralde hotz eta elurtuari, neska bizi den lekuari». Bestalde, El sur-ek ere egitura zirkularra duela nabarmendu du Rayok. Eta horren harira, dantza protagonista duten bi eszenari aipamen berezia egin die. Lehenean, neskatoaren jaunartze ospakizunean dantzan ageri dira Estrella eta haren aita; une «hunkigarri» horrek poza, argitasuna islatzen ditu, eta plano sekuentzia baten bidez eraiki zuen zuzendariak. Bestean, filmaren amaieran, aldiz, hotel batean daude aita eta alaba nerabea, eta ezkontza ospakizun bat dago alboko gelan. Ezkonberriak dira dantzan ari direnak, urteak atzera haiek dantzatu zuten pasodoble beraren doinuei jarraikiz. «Biak jabetzen dira, baina haien aurpegietan alaitasunik ez da jada. Une hunkigarria da, tristeziak blaitua. Bi sekuentzia horien analogia filmak planteatzen duen argia eta itzala dikotomiaren adibide bat gehiago da». Michael Haneke. 1989 Michael Haneke (Munich, Alemania, 1942) zinemagilearen lehen film luzea da Der siebente Kontinent, eta gertaera errealak izan zituen inspirazio iturri «austriar familia burges baten autosuntsiketa» erakusteko. Rayok gogora ekarri du Hanekeri albiste bat irakurrita sortu zitzaiola filma egiteko ideia. Berri hartan azaltzen zen klase ertain-altuko familia batek bere bizitzari amaiera jartzea erabaki zuela, ondasun guztiak suntsitu ostean, ageriko arrazoirik gabe. «Kapitalismoaren eta haren ondorioen azalpen basati, kirurgiko eta garratza da filma», Rayoren iritzian. «Alde horretatik, formalki, xehetasunetan oinarrituta eta espazioa objektu bihurtuta dago eratua. Kapitalismoak edo ongizatearen gizarteak oinarri duen kontzeptu materialista gogoan izanik, beti objektuetan zentratzen diren irudi bakanen bidez erakusten du filmak familia horren deskonposizio materiala». Zuzendariak kontatutako beste pasadizo bat izan du buruan Rayok filmeko bi eszena aukeratzeko. Hanekek azaldutakoaren arabera, filmaren ekoizlea beldur izan zen eszenetako bat ez ote zen gogorregia izango publikoarentzat — familiako kide bat akuarioa suntsitzen ageri da, eta arraiak hiltzen—. Ezetz erantzun zion Hanekek, beste eszena batek asaldatuko zituela ikusleak: familiak, bere diru guztia hartu, eta komuneko zulotik behera botatzen dueneko uneak. «Eta badirudi hala izan zela. Cannesko estreinaldian, jendea suminduta atera zen aretotik eszena horrekin. Hanekeren arabera, dirua beti izango da tabu bat». Horregatik, bi plano horiek aukeratu ditu Rayok: akuarioa lehertzear den mailuarena, eta diruz betetako komun zuloarena. «Bien indar bisualagatik, baina baita indarrean daudelako ere».
2020-8-24
https://www.berria.eus/albisteak/185958/luca-guadagninoren-we-are-who-we-are-telesaila-aurkeztuko-dute-zinemaldian.htm
Kultura
Luca Guadagninoren 'We Are Who We Are' telesaila aurkeztuko dute Zinemaldian
Ziyang Zhouk zuzendutako 'Wuhai' filmak itxiko du Sail Ofizialeko lehiaketa. Irailaren 18tik 26ra egingo da jaialdia.
Luca Guadagninoren 'We Are Who We Are' telesaila aurkeztuko dute Zinemaldian. Ziyang Zhouk zuzendutako 'Wuhai' filmak itxiko du Sail Ofizialeko lehiaketa. Irailaren 18tik 26ra egingo da jaialdia.
Aurtengo Donostiako Zinemaldiak erakutsiko dituen lan gehiagoren berri eman du gaur goizean jaialdiak: We Are Who We Are telesailaren nazioarteko estreinaldia izango da horien artean. Luca Guadagninok (Palermo, Italia, 1971) zuzendutako zortzi kapituluko lana osorik ikusi ahalko da Sail Ofizialeko emanaldi berezien barruan. Estatu Batuen Italiako base militar batean bizi diren bi neraberen adiskidetasun eta maitasun istorioa kontatzen du. 2017an, Guadagninok Call Me By Your Name filma aurkeztu zuen Perlak sailean, eta oraingoan telebistarako egindako lehen lana erakutsiko du Zinemaldian. Paolo Giordanok, Francesca Manierik eta Guadagninok berak idatzia da, eta Chloe Sevigny, Jack Dylan Grazer eta Alice Braga aktoreak ditu protagonista, besteak beste. Sail Ofizialean arituko da, kasu honetan lehiaketaren barruan, Ziyang Zhouk (Ordos Hiria, Txina, 1983) zuzendutako Wuhai filma ere. Zuzendariaren bigarren ekoizpena da, eta filmari izena ematen dion hirian ekonomikoki zailtasunak dituzten senar-emazte batzuen istorioa kontatzen du. Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian ariko den azkeneko lana izango da, eta denera hamabi lan izango dira aurten. Zinemaldiko beste bi sail garrantzitsuetan ere beste bi film gehitu dira lehiaketara. Zuzendari Berriak sailean, Christian Johannes Koch (Luzerna, Suitza, 1986) Spagat filmarekin ariko da lehian. 2013an, Nest sailean izan zen Über Uns Elektrizität film laburrarekin, eta oraingoan bere lehen film luzea aurkeztera dator. Itxuraz familia bizitza normala daraman baina ikasle baten aitarekin isilpeko harremana mantentzen duen irakasle baten bizitza du argudio filmak. Zabaltegi-Tabakalera saila osatzeko, berriz, Marta Sousa Ribeirok (Lisboa, 1992) Simon chama aurkeztuko du, bere bizitza aldatzea espero duen gazte bati buruzko film luzea.
2020-8-24
https://www.berria.eus/albisteak/185959/alemaniako-medikuek-berretsi-dute-navalni-pozoitu-egin-dutela.htm
Mundua
Alemaniako medikuek berretsi dute Navalni pozoitu egin dutela
Larunbatean eraman zuten Omskeko ospitaletik Alemaniako Charite erietxera. Oposizioburuak koman jarraitzen du.
Alemaniako medikuek berretsi dute Navalni pozoitu egin dutela. Larunbatean eraman zuten Omskeko ospitaletik Alemaniako Charite erietxera. Oposizioburuak koman jarraitzen du.
Aleksei Navalni zeraman hegazkina larunbatean heldu zen Berlingo Tegel aireportura; Errusiako oposizioburua Alemaniako Charite erietxean artatu zuten. Ospitaleak esan duenez, Navalniri egindako probek pozoitu egin zutela adierazten dute. Hala ere, ez dakite zehazki zein gai erabili zuten horretarako. «[Navalni] zainketa intentsiboetako unitate batean dago, koman. Larri dago, baina hiltzeko arriskurik ez du», azaldu du ospitaleak. Hura Errusian artatu duten sendagileek, ordea, esan zuten Navalniri metabolismo arazoak atzeman zizkiotela. Horrela, adierazi zuten oposizioburuak izandako sintomek ez zutela zertan pozoiaren ondorio izan: «Navalniren egoera ezin da ziur lotu intoxikazioarekin». Kira Iarmix Navalniren prentsa arduradunak esan zuen medikuak denborarekin «jolasean» ibili zirela. Izan ere, hasieran, Omskeko ospitaleak ukatu egin zuen Navalni zentroz aldatu eta Alemaniara eramateko baimena. Errusiako medikuek oposizioburuaren osasun egoera oso ahula zela argudiatu zuten. Dena den, lekualdatzea ontzat jo zuten gero. Navalniren gertukoek uste dute horrela sendagileek Navalniren lekualdaketa atzeratu nahi izan zutela, gorputzean izan zitzakeen arrastoak desager zitezen. Siberiako Tomsk hiritik Moskura zihoala, Navalni gaizki sentitzen hasi zen. Haren osasunak okerrera egin zuen hegazkinean, eta larrialdiko lurreratze bat egin behar izan zuen Omskeko aireportuan. Lur hartu zutenerako, konorterik gabe zegoen Errusiako oposizioburua.
2020-8-24
https://www.berria.eus/albisteak/185960/ana-mari-marin-margolari-baztandarra-hil-da.htm
Kultura
Ana Mari Marin margolari baztandarra hil da
Baztango paisaien margo koloristak egin zituen urte luzez. 87 urterekin zendu da.
Ana Mari Marin margolari baztandarra hil da. Baztango paisaien margo koloristak egin zituen urte luzez. 87 urterekin zendu da.
Ana Mari Marin margolaria Elizondon (Nafarroa) jaio zen, 1933an, eta zazpi urterekin hasi zen margotzen, bolada bat ohean igaro behar izan zuenean, gaixo. Haurtzaroa Frantzian igaro zuen, hiru urte zituenean haren familiak erbesteratu behar izan zuelako, eta Marin nerabe zenean itzuli ziren. Sorterriarekin berriz elkartu izana erabakigarria izan zen harentzat, eta bizitza osoan lotura sendoa izan zuen Baztanekin. Bailara, bertako herriak, mendiak eta magalak izan dira haren margolanen agertoki nagusiak, baina Euskal Herriko beste lurralde asko ere irudikatu ditu, bai eta kanpokoak ere. Haren pintura espresionista eta bitalista da; haren hitzetan, bere izaera bezalakoa. Kolore biziak erabiltzen zituen, eta olioa eta akuarela, batik bat. Zenbait kritikariren arabera, haren obra "ordenatua, harmoniatsua, arina, freskoa eta intimoa" da. Harreman estua izan zuen beste artista batzuekin, hala nola Mentxu Gal margolari irundarrarekin, zeinarengandik eragin handia jaso zuen, edo Jorge Oteizarekin, haren "aita espiritualtzat" jotzen zuena. Osasunak utzi zion bitartean margotu zuen; denbora asko ematen zuen estudioan, ia egunero aritzen zen hainbat orduz. Baina ez zen pinturan bakarrik aritu. Etxekoengandik musikarekiko zaletasuna jaso zuen, eta Elizondoko Abesbatzen Elkarteko kide izan zen hainbat urtez. Baztandarren Biltzarraren sorrera ere sustatu zuen, 1963an. Bailararekiko loturak eta kezkak bultzatu zuen politikagintzan ere aritzera: 1967an udal hauteskundeetara aurkeztu zen lehen aldiz, eta Baztango Udaleko zinegotzi izan zen 1967 eta 1974 artean, eta, ondoren, zinpeko alkate, 1975etik 1977ra. 87 urterekin zendu da, Iruñean, gaixotasun luze batengatik ospitaleratuta zegoela.
2020-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/185961/bat-bera-dute-pasioa.htm
Kirola
Bat bera dute pasioa
Ipar Euskal Herrian, errugbia da kirol nagusia, eta haren erdigunea Baiona eta Miarritze dira. Bi hirietan dago zaletasun handia, eta betidanik izan dute lehia estua elkarren artean.
Bat bera dute pasioa. Ipar Euskal Herrian, errugbia da kirol nagusia, eta haren erdigunea Baiona eta Miarritze dira. Bi hirietan dago zaletasun handia, eta betidanik izan dute lehia estua elkarren artean.
Baloi baten jiran dabil Ipar Euskal Herriko kirola. Ez da futbolaren baloi biribila, errugbiaren baloi obala baizik. Errugbia da kirol nagusia: ez dago haren oihartzunaren eta zaletasunaren parekorik. Ipar Euskal Herriaren luze-zabalean jokatzen da: Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Baina inon indarrik baldin badu, Lapurdin du, eta, zehazki, Baionan eta Miarritzen. Sei kilometro eskas luze den eremu hori da errugbiaren erdigunea. Bertakoak dira, hain zuzen, Euskal Herriko bi talderik onenak: Aviron, Baionakoa, eta Olympique, Miarritzekoa. Jean Dauger eta Aguilera dira haien etxeak, hurrenez hurren. «Ipar Euskal Herria oso errugbizalea da», dio Xexili Foix France Bleuko kazetari eta Baiona Peñako idazkariak (Baiona, 1972). «Pilotak ere indarra du, baina errugbia da nagusi. Baiona eta Miarritze goi mailan ari dira aspaldi, eta klub historikoak dira: ehun urte baino gehiago dituzte biek. Baina, bi horiez gain, badira beste hainbat talde, koska batzuk beherago. Ia herri guztietan dago talderen bat. Errugbiak beti izan ditu zale asko, baina, azken hogei urteetatik hona, profesional bilakatu denetik, aldaketa izan da: jende gehiago zaletu da. Telebistak zerikusia izan du horretan. Lehen, Bost eta Sei Nazioen torneoak eta final handiak bakarrik ikusi ahal ziren telebistaz. Orain, ordea, ligako partidak ikusi ahal dira, eta jendeak errugbia deskubritu du, eta kirol honi lotu da». Foixen ustez, «errugbiaren jokamoldea eta filosofia» dago azken urteetako hazkundearen atzean. Horretarako, futbolarekin alderatu du. «Futbolak badu alde txar bat: zelaian, giroa pixka bat bortitza da; hitzetan, gutxienez. Eta gerla izan ohi da zaleen artean. Errugbian, aldiz, ez dago halakorik. Zelaian, jokalariek errespetu handia erakusten diote epaileari. Nahiz eta jokoa aski bortitza izan, uztartzeak eta plakatzeak baitaude, badago diziplina bat, araudi bat, eta errespetatu egiten dira. Errugbia deskubritzen duen jendea harritu egiten da ikusten duenean epaileek zerbait adierazi eta jokalariek berehala apaltzen dutela burua. Nik maite dut errugbi jokoa: estrategiak, talde espiritua, batasuna... Jokalari guztiak dira garrantzitsuak». Zaleen «giroa» ere nabarmendu du. «Adiskidantzazko giroa dago errugbian. Horixe da errugbiaren xarmarik handienetako bat. Partidek hiru zati dituzte: hasi aitzin, denak gaude elkarrekin, pozik, kantatzen, bakoitza bere koloreak harro erakutsiz; neurketan, berriz, bakoitzak bere taldea animatzen du, eta, bukaeran, irabazi edo galdu, elkarrekin edaten dugu, eta partidaz patxadaz eta giro onean mintzatu. Horrek egiten du ezberdin errugbia». Gero eta zale gehiago Peio Dospital (Itsasu, Lapurdi, 1950) errugbiaren garrantziaren lekuko izan da. Lehenbizi, Baionako jokalari gisa: hogei urtez aritu zen. Gero, klubaren presidente gisa. «Errugbiak beti izan du indar handia Ipar Euskal Herrian, eta batez ere Baionan eta Miarritzen. Zaletasun handia egon da beti, eta, orain, are gehiago. Baionan, adibidez, lehen, 10.000 lagun joaten ziren estadiora. Orain, ordea, 17.000 joaten dira. Lehengoa halako bi da ia. Horrek agerian uzten du zaletasunak ez duela behera egin. Aitzitik, gora egin du. Gainera, harrobi ona dago, bai Baionan, bai Miarritzen, baina baita beste hainbat talde txikitan ere». Miarritzek 2004 eta 2006 artean izan zuen urrezko aroa: bi urtez jarraian irabazi zuen Frantziako liga, eta Europako txapeldunorde izan zen. Federico Martin Aramburu (La Plata, Argentina, 1980) talde horretako jokalari izan zen. Bi urtez baizik ez zen aritu Miarritzen, baina hain arrasto sakona utzi zuten harengan, ezen bertan bizi baita erretiroa hartu zuenetik. Bazkideen ordezkari izandakoa da. «Ez ditut beste kirolak gutxietsi nahi, baina, Miarritzen, errugbi taldea besterik ez da existitzen. Zergatik? Hemengo biztanleek hiru aldiz ikusi dutelako euren taldea Frantziako liga irabazten eta bitan Europako Kopako finala jokatzen. Gauza handiak bizi izan dituzte, eta horrek, noski, arrasto handia utzi du. Inguru honetan, ez dago errugbi taldea ezagutzen ez duenik». Dospitalek eta Aramburuk nabarmendu dutenez, jokalari zirela «beti» sentitu dute «hiriaren sostengua eta bultzada». Argentinarrak ez du ahaztu Miarritze gailurrean zegoenean bizitakoa. «Jatetxeetara joaten ginen, eta ez ziguten uzten ordaintzen. Zerbait behar bazenuen, segituan laguntzen zizuten. Etxekoak bagina bezala sentiarazten gintuzten. Gainera, zelaian, irabazi egiten genuen ia beti. Ez zekiten zer egin hori eskertzeko. Zaleak etxera etortzen ziren, gurekin hitz egitera, babesa eta esker ona adierazteko. Izugarri maitatuak sentitu ginen. Horrek asko markatu ninduen. Horregatik, erretiroa hartu nuenean, emaztea eta biok hona etorri ginen bizitzera. Oso zoriontsu gara». Bizilagunarekin elkarbizitza Baiona eta Miarritze. Miarritze eta Baiona. Aspaldikoa da elkarren arteko lehia. Euren artekoaz galdetuta, Foixek segituan nabarmendu ditu bi hirien arteko aldeak. «Baiona herrikoiagoa da, eta urte osoan dago giroa. Miarritze, ordea, askoz lotuagoa dago turismoari. Dirudunen hiria da. Baionan ere badaude, baina ez dira hainbeste nabarmentzen». Daniele Zelaia (Miarritze, Lapurdi, 1985) ez dago batere ados horrekin; jarraitzaile zuri-gorria da, eta Mixel Zelaia Miarritzeko jokalari historikoaren alaba. «Askotan entzun dut gauza bera, baina hori ez da horrela. Miarritze ez da dirudunen taldea, ezta turistena ere. Egongo dira, baina Baionan dauden bezalaxe. Denetarik dago bi taldeetan. Horiek guztiak txorakeriak dira». Aramburuk ere ez ditu aintzat hartzen halakoak. «Derbien inguruan bizilagunari zirikatzeko esaten diren gauzak besterik ez dira». Bizilagunen arteko lehia horrek derbietan jo ohi du goia. Ados dira guztiak: denboraldiko «partidarik bereziena» da, eta «plazera» da bizilagunari irabaztea. Dospitalen arabera, aldatu egin da jokalarien arteko harremana. «Gure garaian, biziki ongi pasatzen genuen derbia jokatzen genuenean. Zelaian, borroka handia izaten zen, baina lehia bukatzen zenean denak elkartzen ginen, festa egiteko. Elkar ezagutzen genuen, lanetik eta errugbitik, eta anaiak bezala ginen. Orain, berriz, jarraitzaileena da derbia; haientzat da garrantzitsua. Jokalariei berdin zaie aurrean Miarritze edo Paris izan». Aramburuk, ordea, aitortu du bere garaian zaleek jokalariek baino garrantzi gehiago ematen ziotela derbiari. «Esaten ziguten berdin zitzaiela sasoiko beste partidetan zer gertatzen zen, baina Baionari irabazi behar geniola». Foixek maite ditu derbiak, baina ez noiz edo noiz bi taldeetako zaleen artean egon diren tirabirak. «Lehia beharrezkoa da, baina goxoa. Ez dira gauzak serioski hartu behar. Kirola baizik ez da. Ikusi izan ditugu inoiz bi taldeetako zaleak elkarri hitz itsusiak esanez, eta hori ez dago ondo. Errugbian ez dugu halakorik nahi. Ezagutzen ditut Aguilerara joaten ez diren Baionako zaleak, baita Jean Daugerrera joaten ez diren Miarritzeko zaleak ere. Gu joaten gara Aguilerara, Baiona animatzera. Baionaren alde baikaude. Baina ez gaude Miarritzeren aurka». Baiona Top 14an aritu da sasoi honetan, eta Miarritze koska bat beherago, Bigarren Mailan. Beraz, ez da derbirik izan. Hurrengoan ere ez da izango. Zaleek horren falta sumatzen dute. «Top 14an, gure derbia Paueren aurka da. Baina ez da gauza bera. Baionaren aurkakoak piper gehiago du. Festa bat da. Ea laster berriz ere elkarren aurka joka dezakegun». Desio bera du Zelaiak. «Oso partida politak dira, eta zer esanik ez irabaziz gero. Beti da plazera Baionari irabaztea». Bateratu bai, bateratu ez Miarritze eta Baiona bakoitza bere aldetik doaz, baina saiatu izan dira bi klubak bateratzen. Alferrik, ordea. Bi jokalari ohiak bateratzearen alde daude. Aramburuk dioenez, «nik argi dut bateratu egin behar direla. Bateratzeak sanoa izan beharko luke, eta ona lurraldearentzat. Aukera ona dago, jokalari oso onak baitaude inguruan. Euskal talde indartsu bat sortu beharko litzateke, klubek euren historiari eutsita». Aldekoa da Dospital ere, baina zehaztapena egin du. «Euskal Herriko talde bat sortu beharko litzateke, eta Baionak eta Miarritzek joka dezatela gazteekin Bigarren Mailan. Nork finantzatuko luke talde hori? Baionak %40 jarri beharko luke, Miarritzek beste %40 eta beste talde guztiek, Iparraldekoek zein Hegoaldekoek, beste %20. Nire ustez, gaizki planteatu izan da bateratzea, talde bat gehiago izatea proposatu beharrean bat gutxiago izatea proposatu baita. Horregatik ez du arrakastarik izan». Zelaia eta Foix, berriz, bateratzearen kontra daude. Zelaiak azaldu duenez, «ez da beharrezkoa Baiona eta Miarritze elkartzea. Euskal talde bat aipatzen dute, baina badira euskal taldeak: Baigorrin, Hernanin, Ordizian, Gernikan... Ondo dago dagoen bezala». Iritzi berekoa da Foix. «Batzuek diote ekonomikoki ez dela erraza bi talde goi mailan egotea, baina inork ez du frogatu bateratuta emaitza hobeak lortuko direnik. Gainera, bi klub dira, bakoitza bere hiriari lotuta, kolore, historia, kultura batekin eta nortasun ezberdinekin, eta hori ezin da desagerrarazi halako parioak egiteko. Euskal talde bat sortuko litzatekeela saltzen digute, baina, hori egin nahi badugu, iturritik hasi beharko ginateke. Ezerezetik abiatuta, ezin da fitsik egin. Gauzak serioski egin behar dira, eta luzerako plan bat egin». Hala ere, bateratzearen kontra dago. «Baiona Baiona da. Inoiz ez bagara goi mailan sartzen, ez gara izanen, baina beti gure koloreekin ariko gara. Azken helburua ez da goi mailan aritzea. Ahal bada, hobe, baina ezin bada, ez da hala izanen. Dena ez da saltzen».
2020-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/185962/bat-bera-dute-pasioa.htm
Kirola
Bat bera dute pasioa
Ipar Euskal Herrian, errugbia da kirol nagusia, eta haren erdigunea Baiona eta Miarritze dira. Bi hirietan dago zaletasun handia, eta betidanik izan dute lehia estua elkarren artean.
Bat bera dute pasioa. Ipar Euskal Herrian, errugbia da kirol nagusia, eta haren erdigunea Baiona eta Miarritze dira. Bi hirietan dago zaletasun handia, eta betidanik izan dute lehia estua elkarren artean.
Baloi baten jiran dabil Ipar Euskal Herriko kirola. Ez da futbolaren baloi biribila, errugbiaren baloi obala baizik. Errugbia da kirol nagusia: ez dago haren oihartzunaren eta zaletasunaren parekorik. Ipar Euskal Herriaren luze-zabalean jokatzen da: Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Baina inon indarrik baldin badu, Lapurdin du, eta, zehazki, Baionan eta Miarritzen. Sei kilometro eskas luze den eremu hori da errugbiaren erdigunea. Bertakoak dira, hain zuzen, Euskal Herriko bi talderik onenak: Aviron, Baionakoa, eta Olympique, Miarritzekoa. Jean Dauger eta Aguilera dira haien etxeak, hurrenez hurren. «Ipar Euskal Herria oso errugbizalea da», dio Xexili Foix France Bleuko kazetari eta Baiona Peñako idazkariak (Baiona, 1972). «Pilotak ere indarra du, baina errugbia da nagusi. Baiona eta Miarritze goi mailan ari dira aspaldi, eta klub historikoak dira: ehun urte baino gehiago dituzte biek. Baina, bi horiez gain, badira beste hainbat talde, koska batzuk beherago. Ia herri guztietan dago talderen bat. Errugbiak beti izan ditu zale asko, baina, azken hogei urteetatik hona, profesional bilakatu denetik, aldaketa izan da: jende gehiago zaletu da. Telebistak zerikusia izan du horretan. Lehen, Bost eta Sei Nazioen torneoak eta final handiak bakarrik ikusi ahal ziren telebistaz. Orain, ordea, ligako partidak ikusi ahal dira, eta jendeak errugbia deskubritu du, eta kirol honi lotu da». Foixen ustez, «errugbiaren jokamoldea eta filosofia» dago azken urteetako hazkundearen atzean. Horretarako, futbolarekin alderatu du. «Futbolak badu alde txar bat: zelaian, giroa pixka bat bortitza da; hitzetan, gutxienez. Eta gerla izan ohi da zaleen artean. Errugbian, aldiz, ez dago halakorik. Zelaian, jokalariek errespetu handia erakusten diote epaileari. Nahiz eta jokoa aski bortitza izan, uztartzeak eta plakatzeak baitaude, badago diziplina bat, araudi bat, eta errespetatu egiten dira. Errugbia deskubritzen duen jendea harritu egiten da ikusten duenean epaileek zerbait adierazi eta jokalariek berehala apaltzen dutela burua. Nik maite dut errugbi jokoa: estrategiak, talde espiritua, batasuna... Jokalari guztiak dira garrantzitsuak». Zaleen «giroa» ere nabarmendu du. «Adiskidantzazko giroa dago errugbian. Horixe da errugbiaren xarmarik handienetako bat. Partidek hiru zati dituzte: hasi aitzin, denak gaude elkarrekin, pozik, kantatzen, bakoitza bere koloreak harro erakutsiz; neurketan, berriz, bakoitzak bere taldea animatzen du, eta, bukaeran, irabazi edo galdu, elkarrekin edaten dugu, eta partidaz patxadaz eta giro onean mintzatu. Horrek egiten du ezberdin errugbia». Gero eta zale gehiago Peio Dospital (Itsasu, Lapurdi, 1950) errugbiaren garrantziaren lekuko izan da. Lehenbizi, Baionako jokalari gisa: hogei urtez aritu zen. Gero, klubaren presidente gisa. «Errugbiak beti izan du indar handia Ipar Euskal Herrian, eta batez ere Baionan eta Miarritzen. Zaletasun handia egon da beti, eta, orain, are gehiago. Baionan, adibidez, lehen, 10.000 lagun joaten ziren estadiora. Orain, ordea, 17.000 joaten dira. Lehengoa halako bi da ia. Horrek agerian uzten du zaletasunak ez duela behera egin. Aitzitik, gora egin du. Gainera, harrobi ona dago, bai Baionan, bai Miarritzen, baina baita beste hainbat talde txikitan ere». Miarritzek 2004 eta 2006 artean izan zuen urrezko aroa: bi urtez jarraian irabazi zuen Frantziako liga, eta Europako txapeldunorde izan zen. Federico Martin Aramburu (La Plata, Argentina, 1980) talde horretako jokalari izan zen. Bi urtez baizik ez zen aritu Miarritzen, baina hain arrasto sakona utzi zuten harengan, ezen bertan bizi baita erretiroa hartu zuenetik. Bazkideen ordezkari izandakoa da. «Ez ditut beste kirolak gutxietsi nahi, baina, Miarritzen, errugbi taldea besterik ez da existitzen. Zergatik? Hemengo biztanleek hiru aldiz ikusi dutelako euren taldea Frantziako liga irabazten eta bitan Europako Kopako finala jokatzen. Gauza handiak bizi izan dituzte, eta horrek, noski, arrasto handia utzi du. Inguru honetan, ez dago errugbi taldea ezagutzen ez duenik». Dospitalek eta Aramburuk nabarmendu dutenez, jokalari zirela «beti» sentitu dute «hiriaren sostengua eta bultzada». Argentinarrak ez du ahaztu Miarritze gailurrean zegoenean bizitakoa. «Jatetxeetara joaten ginen, eta ez ziguten uzten ordaintzen. Zerbait behar bazenuen, segituan laguntzen zizuten. Etxekoak bagina bezala sentiarazten gintuzten. Gainera, zelaian, irabazi egiten genuen ia beti. Ez zekiten zer egin hori eskertzeko. Zaleak etxera etortzen ziren, gurekin hitz egitera, babesa eta esker ona adierazteko. Izugarri maitatuak sentitu ginen. Horrek asko markatu ninduen. Horregatik, erretiroa hartu nuenean, emaztea eta biok hona etorri ginen bizitzera. Oso zoriontsu gara». Bizilagunarekin elkarbizitza Baiona eta Miarritze. Miarritze eta Baiona. Aspaldikoa da elkarren arteko lehia. Euren artekoaz galdetuta, Foixek segituan nabarmendu ditu bi hirien arteko aldeak. «Baiona herrikoiagoa da, eta urte osoan dago giroa. Miarritze, ordea, askoz lotuagoa dago turismoari. Dirudunen hiria da. Baionan ere badaude, baina ez dira hainbeste nabarmentzen». Daniele Zelaia (Miarritze, Lapurdi, 1985) ez dago batere ados horrekin; jarraitzaile zuri-gorria da, eta Mixel Zelaia Miarritzeko jokalari historikoaren alaba. «Askotan entzun dut gauza bera, baina hori ez da horrela. Miarritze ez da dirudunen taldea, ezta turistena ere. Egongo dira, baina Baionan dauden bezalaxe. Denetarik dago bi taldeetan. Horiek guztiak txorakeriak dira». Aramburuk ere ez ditu aintzat hartzen halakoak. «Derbien inguruan bizilagunari zirikatzeko esaten diren gauzak besterik ez dira». Bizilagunen arteko lehia horrek derbietan jo ohi du goia. Ados dira guztiak: denboraldiko «partidarik bereziena» da, eta «plazera» da bizilagunari irabaztea. Dospitalen arabera, aldatu egin da jokalarien arteko harremana. «Gure garaian, biziki ongi pasatzen genuen derbia jokatzen genuenean. Zelaian, borroka handia izaten zen, baina lehia bukatzen zenean denak elkartzen ginen, festa egiteko. Elkar ezagutzen genuen, lanetik eta errugbitik, eta anaiak bezala ginen. Orain, berriz, jarraitzaileena da derbia; haientzat da garrantzitsua. Jokalariei berdin zaie aurrean Miarritze edo Paris izan». Aramburuk, ordea, aitortu du bere garaian zaleek jokalariek baino garrantzi gehiago ematen ziotela derbiari. «Esaten ziguten berdin zitzaiela sasoiko beste partidetan zer gertatzen zen, baina Baionari irabazi behar geniola». Foixek maite ditu derbiak, baina ez noiz edo noiz bi taldeetako zaleen artean egon diren tirabirak. «Lehia beharrezkoa da, baina goxoa. Ez dira gauzak serioski hartu behar. Kirola baizik ez da. Ikusi izan ditugu inoiz bi taldeetako zaleak elkarri hitz itsusiak esanez, eta hori ez dago ondo. Errugbian ez dugu halakorik nahi. Ezagutzen ditut Aguilerara joaten ez diren Baionako zaleak, baita Jean Daugerrera joaten ez diren Miarritzeko zaleak ere. Gu joaten gara Aguilerara, Baiona animatzera. Baionaren alde baikaude. Baina ez gaude Miarritzeren aurka». Baiona Top 14an aritu da sasoi honetan, eta Miarritze koska bat beherago, Bigarren Mailan. Beraz, ez da derbirik izan. Hurrengoan ere ez da izango. Zaleek horren falta sumatzen dute. «Top 14an, gure derbia Paueren aurka da. Baina ez da gauza bera. Baionaren aurkakoak piper gehiago du. Festa bat da. Ea laster berriz ere elkarren aurka joka dezakegun». Desio bera du Zelaiak. «Oso partida politak dira, eta zer esanik ez irabaziz gero. Beti da plazera Baionari irabaztea». Bateratu bai, bateratu ez Miarritze eta Baiona bakoitza bere aldetik doaz, baina saiatu izan dira bi klubak bateratzen. Alferrik, ordea. Bi jokalari ohiak bateratzearen alde daude. Aramburuk dioenez, «nik argi dut bateratu egin behar direla. Bateratzeak sanoa izan beharko luke, eta ona lurraldearentzat. Aukera ona dago, jokalari oso onak baitaude inguruan. Euskal talde indartsu bat sortu beharko litzateke, klubek euren historiari eutsita». Aldekoa da Dospital ere, baina zehaztapena egin du. «Euskal Herriko talde bat sortu beharko litzateke, eta Baionak eta Miarritzek joka dezatela gazteekin Bigarren Mailan. Nork finantzatuko luke talde hori? Baionak %40 jarri beharko luke, Miarritzek beste %40 eta beste talde guztiek, Iparraldekoek zein Hegoaldekoek, beste %20. Nire ustez, gaizki planteatu izan da bateratzea, talde bat gehiago izatea proposatu beharrean bat gutxiago izatea proposatu baita. Horregatik ez du arrakastarik izan». Zelaia eta Foix, berriz, bateratzearen kontra daude. Zelaiak azaldu duenez, «ez da beharrezkoa Baiona eta Miarritze elkartzea. Euskal talde bat aipatzen dute, baina badira euskal taldeak: Baigorrin, Hernanin, Ordizian, Gernikan... Ondo dago dagoen bezala». Iritzi berekoa da Foix. «Batzuek diote ekonomikoki ez dela erraza bi talde goi mailan egotea, baina inork ez du frogatu bateratuta emaitza hobeak lortuko direnik. Gainera, bi klub dira, bakoitza bere hiriari lotuta, kolore, historia, kultura batekin eta nortasun ezberdinekin, eta hori ezin da desagerrarazi halako parioak egiteko. Euskal talde bat sortuko litzatekeela saltzen digute, baina, hori egin nahi badugu, iturritik hasi beharko ginateke. Ezerezetik abiatuta, ezin da fitsik egin. Gauzak serioski egin behar dira, eta luzerako plan bat egin». Hala ere, bateratzearen kontra dago. «Baiona Baiona da. Inoiz ez bagara goi mailan sartzen, ez gara izanen, baina beti gure koloreekin ariko gara. Azken helburua ez da goi mailan aritzea. Ahal bada, hobe, baina ezin bada, ez da hala izanen. Dena ez da saltzen».
2020-8-26
https://www.berria.eus/albisteak/185964/soka-bereko-jendea-da.htm
Kirola
Soka bereko jendea da
Bizkaiko herri txiki bat munduko kirolaren mapan kokatu du sokatirak. Datorren urtean 60 urte beteko ditu Gaztedik, eta sasoiko segitzen dute elkarteko tiralariek. Belaunaldiz belaunaldi irauten duen grinak garaipenera eraman du Laukiz.
Soka bereko jendea da. Bizkaiko herri txiki bat munduko kirolaren mapan kokatu du sokatirak. Datorren urtean 60 urte beteko ditu Gaztedik, eta sasoiko segitzen dute elkarteko tiralariek. Belaunaldiz belaunaldi irauten duen grinak garaipenera eraman du Laukiz.
Bat eginda aritzeak duen garrantziaren adibide argia da Gaztedi Sokatira Taldea. Laukizko (Bizkaia) elkarteak datorren urtean beteko ditu 60 urte, eta bere jardunak ez du etenik. Belaunaldiz belaunaldi iraun duen grinak munduko kirolaren mapan kokatu du 1.200 biztanlera iristen ez den herria: soka bereko jendeak osatzen duen herri bat da. Laukizen oso errotua dago sokatira. Asko dira zaletasun hori partekatzen duten herritarrak, eta batasun horren bidez heldu dira sokatiraren gorengo mailara: «Betidaniko harremana da. Tradizio bat da; nire kasuan, anaiak-eta izan dira herriko taldekoak, eta orain ere badaude lehengo tiralarien seme-alabak», adierazi du Jose Antonio Goirigolzarri (Gatika, Bizkaia, 1960) Gaztediko entrenatzaile eta kide historikoak. Hain justu, Goirigolzarriren sokalagun izandako baten semea da Oier Bilbao (Laukiz, 1997) Gaztediko tiralaria. Etxetik jaso du kirol horrekiko zaletasuna: «Betidanik ezagutu izan dut sokatira. Txikia nintzela, 6-7 urterekin, nire aita aritzen zen sokatiran, eta eskolarik ez nuenean haiekin entrenatzera joaten nintzen, botak jantzita». Artean haurra zela piztu zitzaion sokatirarako txinparta, eta 12 urterekin ekin zion lehiatzeari. Ordutik ez du kirol hori bazterrean utzi. Bilbaoren ustez, «garaien arteko transmisioan» dago Gaztediren sekretua. «Herriko gazte gehienak aritzen ziren lehen, eta hori izan da horrenbeste urtean segitzearen arrazoia». Horren adibide jarri du «familia osoak» lehiatzen aritzea: «Orain ere badaude andre-gizonak, eta baita seme-alabak ere, sokatiran dabiltzanak». Laukizen ez, Getxon (Bizkaia) jaio zen Nerea Egurrola (Getxo, 1976), baina Gaztediko historia bizia da, elkarte horretan egin baititu bere kirol ibilbideko 26 urteetako azken hamazapiak. Laukiz «herri garrantzitsua» da Egurrolarentzat, ordu asko ematen baititu han: «Urte asko dira, eta nire bizitzako zati bat da. Egun asko ematen ditut han entrenatzen». Getxoztarra 2003an hasi zen Gaztedirekin lehiatzen, eta taldeak azken urteetan izandako lorpen guztietako partaide izan da ordutik. Egurrola nola, azken urteetan beste herrietako lagun dezente lehiatu dira Gaztediko atorra soinean zutela. Getxoztarraren arabera, «ibilbide luzea eta ona eduki duen taldea da, eta horrek jendea hurbildu du». Goirigolzarriren ustez, hori da azken urteetan aldatu den gauzetako bat. Azaldu duenez, orain dela gutxira arte herriko eta ingurueko herrietako jendearekin aritu izan dira batik bat, baina azken hamar bat urteetan beste lekuetako tiralariak batu zaizkie elkartera: «Bermeo, Busturia, Algorta, Portugalete [Bizkaia]... Apur bat zabaldu da, eta guretzat askoz hobeto da, indar gehiago ematen digulako». Izan ere, gorengo mailan lehiatzen da Gaztedi, eta Europako eta munduko txapeldun izandakoa da. Egurrolaren arabera, «poz izugarria» da hori. Antzera mintzatu dira baita Goirigolzarri eta Bilbao ere. Gazteenaren ustez, «ohore bat da klub honen parte izatea». Bilbaok dio horrenbeste garaipen dituen elkarte batek «garrantzi handia» duela, eta kanpoan lehiatzen direnean talde ezaguna izatea «berezia» dela. «Ez ditugu banan-banan zenbatzen, baina Europako eta munduko txapelketak kontuan hartuta, ehundik gora domina izango ditugu», esan du Goirigolzarri beteranoak. Talde gisa eta Euskal Herriaren izenean arituta, 30 urrezko dominaren jiran diran Gaztedikoak. Kirola ikustearen garrantzia Laukizen garrantzi handia du sokatirak, eta herriko kaleetan antzeman egiten da hori. Jendearen agerian aritzen dira entrenatzen Gaztedikoak. «Neguan probalekuan prestatzen gara, eta udan, frontoi alboko lurretan. Herri guztiak ikusten du», esan du Bilbaok. Horrek harrobia lantzeko ateak zabaltzen dizkie Gaztedikoei, herriko haurrek gertutik ikusten baitituzte kirolariak: «Laguntzen du. Bilbaoren aitak nirekin tiratzen zuen, eta harekin etortzen zen. Hari ez zaio ia ezer azaldu behar, geneetan idatzia du gauzak nola egin behar diren. Halakoek bospasei urterako bizi dute sokatira, eta hor alde handia dago, teknika aldetik-eta», esan du Goirigolzarrik. Aimar Gaminde eta harrobiko beste tiralari batzuk sartu ditu zaku horretan. Laukiz, lau haizeetara Mundua osoan zehar tiraldietan aritzeak Laukizen eta Euskal Herriaren izena lau haizeetara zabaltzeko aukera eman die Gaztediko kirolariei. Hor jarri du puntua Bilbaok: «Oso berezia da hain urrun herri txiki baten izena entzutea. Euskal Herrian sokatira ez da horren famatua, kanpoan gehiago praktikatzen da. Laukiz moduko herri bat kanpoan ezagutaraztea ondo dago». Goirigolzarrirentzat ere «bereziak» dira halako egoerak, eta 2016ko Malmoeko [Suedia] MundukoTxapelketa ekarri du gogora: «Lehendabiziko aldia izan zen ikurrina jarri eta ereserkia entzuten genuena, eta sentipen itzela da. Niretzat hunkigarria izan zen, ia malkoak jausteraino». Sokatira afizioa Laukizen. MARISOL RAMIREZ, FOKU Alderantzizko kasua ere ekarri du Goirigolzarrik. Laukizen egindako txapelketa ireki batean jazotakoari egin baitio azpimarra: «Suitzako eta Israelgo taldeak etorri ziren, besteak beste, eta balio izan zuen Euskal Herria eta Laukiz non dauden kokatzeko. Hori garrantzitsua da». Egurrolak dio munduko beste lekuetan aritzeko aukera izatea «pozgarria» dela, eta kanpoko herrialdeek sokatirarekiko duten atxikimendua ikusteak «xarma» duela. Kirolariek ez ezik, zaleek ere egiten dituzte kilometroak sokatira aitzakia hartuta. Egurrolak azaldu duenez, orain urte batzuk «autobus mordoa» joaten ziren Gaztediren tiraldi bakoitza ikustera: «Herri osoa mugitzen zen sokatirako txapelketetara». Laukizen oso errotua dagoen kirola da sokatira, eta zaletasun hori kalean nabaritu daitekeela esan du Bilbaok. Tiralari gazteak zehaztu du «herrian, tiralari ohiak dira asko, eta animatzera etortzen dira. Nabari da jarraitzen dutela». Euskal Herrian zehar ez ezik, Gaztediko zaleak mugitzen dira kanpoan jokatzen diren txapelketetara ere. Halakoetan ere agerian geratzen da belaunaldi arteko soka ere: «Adibidez, nire gurasoak sarri joaten dira, aita aritutakoa denez... Beste familia batzuk ere lotzen dira». «Elkarren beharra dugu» Egurrolak bezala, Goirigolzarrik eta Bilbaok uste dute atzerrian presentzia handiagoa duela sokatirak: «Txinan, Herbehereetan... asko bizi dute».Goirigolzarrik lur gaineko sokatiraren kasua ekarri du hizpidera. Haren esanetan, ez daude talde asko: «Bizkaian, Goiherri, Getxo eta gu gaude, eta Gipuzkoan, Mutriku. Egongo dira talde arteko lehiak, baina elkarren beharra dugu». Izan ere, Gaztedikoak azaldu du «zenbat eta gehiago egon, orduan eta indartsuago» izango dela kirola bera. Goirigolzarrik azaldu du sarri «inbidia» sentitzen dutela beste herrialdeetako tiralariekiko: «Suitzan, Ingalaterran, Suedian, Alemanian... Talde pilabat daude, eta ligak askoz indartsuagoak dira. Hargatik, gehiago entrenatu behar izaten dute, eta emaitzak hobeagoak izaten dira». Hor kokatu du goma gaineko sokatiraren eta lur gainekoaren arteko aldea: «Goman, hamabi-hamahiru talde egoten dira. Lurrean, sano gutxiago, eta ez dakit zergatik izan daitekeen, udan izaten delako edo». Sokatiraren bi modalitateetan izan ohi du ordezkaritza Laukizko taldeak. Ia urte osoan aritzen dira kirol hori praktikatzen. Orain sei hamarkada hasitako bideari eusten diote, eta horretan segitzeko asmoz dira Gaztedikoak. Ez alferrik, herri txiki bat gorengo mailara igotzea lortu baitute. Bihar: Herri bat, kirol bat (III): Doneztebe eta erremontea.
2020-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/185966/pasioa-bat-bera-dute.htm
Kirola
Pasioa bat bera dute
Ipar Euskal Herrian, errugbia da kirol nagusia, eta haren erdigunea Baiona eta Miarritze dira. Bi hirietan dago zaletasun handia, eta betidanik izan dute lehia estua elkarren artean.
Pasioa bat bera dute. Ipar Euskal Herrian, errugbia da kirol nagusia, eta haren erdigunea Baiona eta Miarritze dira. Bi hirietan dago zaletasun handia, eta betidanik izan dute lehia estua elkarren artean.
Baloi baten jiran dabil Ipar Euskal Herriko kirola. Ez da futbolaren baloi biribila, errugbiaren baloi obala baizik. Errugbia da kirol nagusia: ez dago haren oihartzunaren eta zaletasunaren parekorik. Ipar Euskal Herriaren luze-zabalean jokatzen da: Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Baina inon indarrik baldin badu, Lapurdin du, eta, zehazki, Baionan eta Miarritzen. Sei kilometro eskas luze den eremu hori da errugbiaren erdigunea. Bertakoak dira, hain zuzen, Euskal Herriko bi talderik onenak: Aviron, Baionakoa, eta Olympique, Miarritzekoa. Jean Dauger eta Aguilera dira haien etxeak, hurrenez hurren. «Ipar Euskal Herria oso errugbizalea da», dio Xexili Foix France Bleuko kazetari eta Baiona Peñako idazkariak (Baiona, 1972). «Pilotak ere indarra du, baina errugbia da nagusi. Baiona eta Miarritze goi mailan ari dira aspaldi, eta klub historikoak dira: ehun urte baino gehiago dituzte biek. Baina, bi horiez gain, badira beste hainbat talde, koska batzuk beherago. Ia herri guztietan dago talderen bat. Errugbiak beti izan ditu zale asko, baina, azken hogei urteetatik hona, profesional bilakatu denetik, aldaketa izan da: jende gehiago zaletu da. Telebistak zerikusia izan du horretan. Lehen, Bost eta Sei Nazioen torneoak eta final handiak bakarrik ikusi ahal ziren telebistaz. Orain, ordea, ligako partidak ikusi ahal dira, eta jendeak errugbia deskubritu du, eta kirol honi lotu da». Foixen ustez, «errugbiaren jokamoldea eta filosofia» dago azken urteetako hazkundearen atzean. Horretarako, futbolarekin alderatu du. «Futbolak badu alde txar bat: zelaian, giroa pixka bat bortitza da; hitzetan, gutxienez. Eta gerla izan ohi da zaleen artean. Errugbian, aldiz, ez dago halakorik. Zelaian, jokalariek errespetu handia erakusten diote epaileari. Nahiz eta jokoa aski bortitza izan, uztartzeak eta plakatzeak baitaude, badago diziplina bat, araudi bat, eta errespetatu egiten dira. Errugbia deskubritzen duen jendea harritu egiten da ikusten duenean epaileek zerbait adierazi eta jokalariek berehala apaltzen dutela burua. Nik maite dut errugbi jokoa: estrategiak, talde espiritua, batasuna... Jokalari guztiak dira garrantzitsuak». Zaleen «giroa» ere nabarmendu du. «Adiskidantzazko giroa dago errugbian. Horixe da errugbiaren xarmarik handienetako bat. Partidek hiru zati dituzte: hasi aitzin, denak gaude elkarrekin, pozik, kantatzen, bakoitza bere koloreak harro erakutsiz; neurketan, berriz, bakoitzak bere taldea animatzen du, eta, bukaeran, irabazi edo galdu, elkarrekin edaten dugu, eta partidaz patxadaz eta giro onean mintzatu. Horrek egiten du ezberdin errugbia». Gero eta zale gehiago Peio Dospital (Itsasu, Lapurdi, 1950) errugbiaren garrantziaren lekuko izan da. Lehenbizi, Baionako jokalari gisa: hogei urtez aritu zen. Gero, klubaren presidente gisa. «Errugbiak beti izan du indar handia Ipar Euskal Herrian, eta batez ere Baionan eta Miarritzen. Zaletasun handia egon da beti, eta, orain, are gehiago. Baionan, adibidez, lehen, 10.000 lagun joaten ziren estadiora. Orain, ordea, 17.000 joaten dira. Lehengoa halako bi da ia. Horrek agerian uzten du zaletasunak ez duela behera egin. Aitzitik, gora egin du. Gainera, harrobi ona dago, bai Baionan, bai Miarritzen, baina baita beste hainbat talde txikitan ere». Miarritzek 2004 eta 2006 artean izan zuen urrezko aroa: bi urtez jarraian irabazi zuen Frantziako liga, eta Europako txapeldunorde izan zen. Federico Martin Aramburu (La Plata, Argentina, 1980) talde horretako jokalari izan zen. Bi urtez baizik ez zen aritu Miarritzen, baina hain arrasto sakona utzi zuten harengan, ezen bertan bizi baita erretiroa hartu zuenetik. Bazkideen ordezkari izandakoa da. «Ez ditut beste kirolak gutxietsi nahi, baina, Miarritzen, errugbi taldea besterik ez da existitzen. Zergatik? Hemengo biztanleek hiru aldiz ikusi dutelako euren taldea Frantziako liga irabazten eta bitan Europako Kopako finala jokatzen. Gauza handiak bizi izan dituzte, eta horrek, noski, arrasto handia utzi du. Inguru honetan, ez dago errugbi taldea ezagutzen ez duenik». Dospitalek eta Aramburuk nabarmendu dutenez, jokalari zirela «beti» sentitu dute «hiriaren sostengua eta bultzada». Argentinarrak ez du ahaztu Miarritze gailurrean zegoenean bizitakoa. «Jatetxeetara joaten ginen, eta ez ziguten uzten ordaintzen. Zerbait behar bazenuen, segituan laguntzen zizuten. Etxekoak bagina bezala sentiarazten gintuzten. Gainera, zelaian, irabazi egiten genuen ia beti. Ez zekiten zer egin hori eskertzeko. Zaleak etxera etortzen ziren, gurekin hitz egitera, babesa eta esker ona adierazteko. Izugarri maitatuak sentitu ginen. Horrek asko markatu ninduen. Horregatik, erretiroa hartu nuenean, emaztea eta biok hona etorri ginen bizitzera. Oso zoriontsu gara». Bizilagunarekin elkarbizitza Baiona eta Miarritze. Miarritze eta Baiona. Aspaldikoa da elkarren arteko lehia. Euren artekoaz galdetuta, Foixek segituan nabarmendu ditu bi hirien arteko aldeak. «Baiona herrikoiagoa da, eta urte osoan dago giroa. Miarritze, ordea, askoz lotuagoa dago turismoari. Dirudunen hiria da. Baionan ere badaude, baina ez dira hainbeste nabarmentzen». Daniele Zelaia (Miarritze, Lapurdi, 1985) ez dago batere ados horrekin; jarraitzaile zuri-gorria da, eta Mixel Zelaia Miarritzeko jokalari historikoaren alaba. «Askotan entzun dut gauza bera, baina hori ez da horrela. Miarritze ez da dirudunen taldea, ezta turistena ere. Egongo dira, baina Baionan dauden bezalaxe. Denetarik dago bi taldeetan. Horiek guztiak txorakeriak dira». Aramburuk ere ez ditu aintzat hartzen halakoak. «Derbien inguruan bizilagunari zirikatzeko esaten diren gauzak besterik ez dira». Bizilagunen arteko lehia horrek derbietan jo ohi du goia. Ados dira guztiak: denboraldiko «partidarik bereziena» da, eta «plazera» da bizilagunari irabaztea. Dospitalen arabera, aldatu egin da jokalarien arteko harremana. «Gure garaian, biziki ongi pasatzen genuen derbia jokatzen genuenean. Zelaian, borroka handia izaten zen, baina lehia bukatzen zenean denak elkartzen ginen, festa egiteko. Elkar ezagutzen genuen, lanetik eta errugbitik, eta anaiak bezala ginen. Orain, berriz, jarraitzaileena da derbia; haientzat da garrantzitsua. Jokalariei berdin zaie aurrean Miarritze edo Paris izan». Aramburuk, ordea, aitortu du bere garaian zaleek jokalariek baino garrantzi gehiago ematen ziotela derbiari. «Esaten ziguten berdin zitzaiela sasoiko beste partidetan zer gertatzen zen, baina Baionari irabazi behar geniola». Foixek maite ditu derbiak, baina ez noiz edo noiz bi taldeetako zaleen artean egon diren tirabirak. «Lehia beharrezkoa da, baina goxoa. Ez dira gauzak serioski hartu behar. Kirola baizik ez da. Ikusi izan ditugu inoiz bi taldeetako zaleak elkarri hitz itsusiak esanez, eta hori ez dago ondo. Errugbian ez dugu halakorik nahi. Ezagutzen ditut Aguilerara joaten ez diren Baionako zaleak, baita Jean Daugerrera joaten ez diren Miarritzeko zaleak ere. Gu joaten gara Aguilerara, Baiona animatzera. Baionaren alde baikaude. Baina ez gaude Miarritzeren aurka». Baiona Top 14an aritu da sasoi honetan, eta Miarritze koska bat beherago, Bigarren Mailan. Beraz, ez da derbirik izan. Hurrengoan ere ez da izango. Zaleek horren falta sumatzen dute. «Top 14an, gure derbia Paueren aurka da. Baina ez da gauza bera. Baionaren aurkakoak piper gehiago du. Festa bat da. Ea laster berriz ere elkarren aurka joka dezakegun». Desio bera du Zelaiak. «Oso partida politak dira, eta zer esanik ez irabaziz gero. Beti da plazera Baionari irabaztea». Bateratu bai, bateratu ez Miarritze eta Baiona bakoitza bere aldetik doaz, baina saiatu izan dira bi klubak bateratzen. Alferrik, ordea. Bi jokalari ohiak bateratzearen alde daude. Aramburuk dioenez, «nik argi dut bateratu egin behar direla. Bateratzeak sanoa izan beharko luke, eta ona lurraldearentzat. Aukera ona dago, jokalari oso onak baitaude inguruan. Euskal talde indartsu bat sortu beharko litzateke, klubek euren historiari eutsita». Aldekoa da Dospital ere, baina zehaztapena egin du. «Euskal Herriko talde bat sortu beharko litzateke, eta Baionak eta Miarritzek joka dezatela gazteekin Bigarren Mailan. Nork finantzatuko luke talde hori? Baionak %40 jarri beharko luke, Miarritzek beste %40 eta beste talde guztiek, Iparraldekoek zein Hegoaldekoek, beste %20. Nire ustez, gaizki planteatu izan da bateratzea, talde bat gehiago izatea proposatu beharrean bat gutxiago izatea proposatu baita. Horregatik ez du arrakastarik izan». Zelaia eta Foix, berriz, bateratzearen kontra daude. Zelaiak azaldu duenez, «ez da beharrezkoa Baiona eta Miarritze elkartzea. Euskal talde bat aipatzen dute, baina badira euskal taldeak: Baigorrin, Hernanin, Ordizian, Gernikan... Ondo dago dagoen bezala». Iritzi berekoa da Foix. «Batzuek diote ekonomikoki ez dela erraza bi talde goi mailan egotea, baina inork ez du frogatu bateratuta emaitza hobeak lortuko direnik. Gainera, bi klub dira, bakoitza bere hiriari lotuta, kolore, historia, kultura batekin eta nortasun ezberdinekin, eta hori ezin da desagerrarazi halako parioak egiteko. Euskal talde bat sortuko litzatekeela saltzen digute, baina, hori egin nahi badugu, iturritik hasi beharko ginateke. Ezerezetik abiatuta, ezin da fitsik egin. Gauzak serioski egin behar dira, eta luzerako plan bat egin». Hala ere, bateratzearen kontra dago. «Baiona Baiona da. Inoiz ez bagara goi mailan sartzen, ez gara izanen, baina beti gure koloreekin ariko gara. Azken helburua ez da goi mailan aritzea. Ahal bada, hobe, baina ezin bada, ez da hala izanen. Dena ez da saltzen».
2020-8-24
https://www.berria.eus/albisteak/185967/amaitu-dute-3000-km-x-nahia-erronka-zegaman.htm
Bizigiro
Amaitu dute '3.000 km x Nahia' erronka, Zegaman
Carlos Moran mendizaleak 3.000 kilometroko erronka egin du, Nahia Gomez gazteak duen giltzurrunetako gaixotasuna ezagutarazteko eta aurrera egiteko indarra emateko.
Amaitu dute '3.000 km x Nahia' erronka, Zegaman. Carlos Moran mendizaleak 3.000 kilometroko erronka egin du, Nahia Gomez gazteak duen giltzurrunetako gaixotasuna ezagutarazteko eta aurrera egiteko indarra emateko.
Igandean amaitu zuen Carlos Moran mendizaleak 3.000 km x Nahia erronka, Zegaman (Gipuzkoa). 45 egunetan 24 aldiz egin du Zegama-Aizkorri mendi maratoia —1.000 kilometro—, beste 1.000 kilometro bizikletan, eta beste 1.000 kilometro asfaltoan korrika; guztira, 3.000 kilometro. Igandean amaitu zuen, beste hamabi korrikalarirekin batera. Erronkaren helburua da Nahia Gomez 14 urteko zegamarrak duen giltzurrunetako gaixotasuna ezagutzera ematea; gazteak glomerulonefritis fokal eta segmentario kortikoerresistentea dauka. Carlos Moran 3.000 km x Nahia erronkaren lehenengo kilometroak egiten Nahia Gomezekin batera. Laida Goiburu Egin duen itzuli bakoitzean Urbiako fondan dortsala utzi du mendizaleak, eta, atzo, guztiak jaitsi, eta Nahiari eman zizkion. Erronkaren amaieran, Karmele Ormazabalek, Nahiaren amak, esker ona azaldu zien plazara bildu eta erronka gertutik jarraitu zuten guztiei; izan ere, ekintza horrek aurrera jarraitzeko «sekulako txutea» eman dio Nahiari.
2020-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/185968/berrinfekzio-kasuak-atzeman-dituzte-belgikan-eta-herbehereetan-ere.htm
Gizartea
Berrinfekzio kasuak atzeman dituzte Belgikan eta Herbehereetan ere
Hong Kongetik atzo heldutako albisteen ostean, oihartzun handia izan dute kasuek, baina OMEk esan du «anekdotikoak» direla oraindik halakoak, eta ezin dela haragoko ondoriorik atera.
Berrinfekzio kasuak atzeman dituzte Belgikan eta Herbehereetan ere. Hong Kongetik atzo heldutako albisteen ostean, oihartzun handia izan dute kasuek, baina OMEk esan du «anekdotikoak» direla oraindik halakoak, eta ezin dela haragoko ondoriorik atera.
Atzo jakin zen COVID-19 birusarekin berrinfekatutako pertsona bat atzeman zutela lehen aldiz. Hong Kongetik heldu zen berria: 33 urteko gizonezko baten berrinfekzioa egiaztatu zutela adierazi zuten hango zientzialariek; aurrena, apirilean eritu zen, eta, orain, Espainian egonaldi bat egin ostean, berriz infektatu da. Bigarren aldiko birusaren genoma eta aurrenekoarena desberdinak ziren, eta hori dela-eta ondorioztatu dute ikertzaileek berrinfekzio bat izan dela: «Argi eta garbi». Gaur, Belgikatik eta Herbehereetatik heldu dira antzeko albisteak. «Ebidentziak» ugaritzen ari dira, beraz, adierazi ahal izateraino immunitate sistemak birusari aurka egiteko sortzen dituen antigorputzek denbora laburrean irauten dutela. Herbehereetan Marion Koopmans ikertzaileak adierazi du egiaztatu ahal izan dutela adineko pertsona bat bigarren aldiz infektatu dela. Belgikan, hango gobernuaren aholkulari Marc Van Ranstek eman du berrinfektatutako emakume baten berri; lehen aldiz infektatu eta hiru hilabetera izan da. Berrinfekzioen inguruko «ebidentziak» falta baziren ere, halakoak ez direla ezohikoak izaten adierazi du Koopmansek: «Arnas aparatuko infekzioak behin baino gehiagotan gerta daitezke». Van Ranstek onartu du, pandemiaren eboluzioari begira, albisteak kezka eragiten duela, eta erantsi du berrinfekzioen arteko tartea txikia dela: «Nik espero nuen denbora tarte luzeagoa egotea». Hong Kongen atzemandako kasuan 142 egun igaro ziren bi infekzioen artean. OME Osasunaren Mundu Erakundeak esan du, hala ere, «anekdotikoak» direla oraindik halakoak, eta zer ikertua franko dagoela. «Ulertu egin behar dugu zer-nolakoa den immunitatea. Horretarako, infektatuei jarraipena egiten ari zaizkie talde asko, antigorputzak neurtzen dizkiete, babes natural horrek zenbait dirauen ulertu nahian». Ñabardura egin nahi izan du, gainera, eta nabarmendu du, txerto eraginkor bat lortzen bada horren ondoriozko immunitatea gorputzak berez eragindakoa baino «indartsuagoa» izango dela. Segurtasun neurriak Hong Kongeko ikertzaileek ere adierazi dute beste zenbait koronabirusek ere «iraun» egiten dutela gizakietan; horixe gertatzen dela, adibidez, hotzeria eragiten duten hainbat birus motarekin ere. Prebentzio neurri gisara, beraz, informazio gehiago izan aurretik, behintzat, birusa izan dutenek ere maskarak janzten eta gainerako segurtasun neurriak betetzen jarraitu behar dutela nabarmendu dute.
2020-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/185999/errepublikanoen-presidentegai-izendatu-dute-trump.htm
Mundua
Errepublikanoen presidentegai izendatu dute Trump
Errepublikanoek pandemia eta haren ondorioak gutxiestea egotzi diete demokratei eta komunikabideei, eta nabarmendu dute Trumpen neurriak «erabakigarriak» izan direla koronabirusaren aurka.
Errepublikanoen presidentegai izendatu dute Trump. Errepublikanoek pandemia eta haren ondorioak gutxiestea egotzi diete demokratei eta komunikabideei, eta nabarmendu dute Trumpen neurriak «erabakigarriak» izan direla koronabirusaren aurka.
Ez dute denborarik galdu Alderdi Errepublikanoko kideek, eta lehen egunean izendatu dute Donald Trump presidentegai. Estatuburua bera Charlotten, Ipar Carolinan, izan da bart, hautagaitza onartzeko. Hitzaldian gogor jo du Joe Biden hautagai demokrataren aurka, eta ohartarazi du «erokeria» izango litzatekeela —hark dioen moduan— herrialdea ixtea pandemiak okerrera egingo balu. «Gure merkatua inoizko igoerarik handiena izaten ari da, baina Joek amaitu egingo luke hori. Zorakeria da». Jarduneko presidentearekin batera koronabirusa izan da gaueko protagonista. Izan ere, pandemiak gogor jo du AEBetan, eta hura da egun kasu gehien dituen herrialdea —5,7 milioi kasu eta 176.000 hildakotik gora—. Egoerak kalte egin dio buruzagi errepublikanoari, besteak beste, lehen kasuak agertu zirenean izandako jarrera epelarengatik. Batzarrean, ordea, irudi hori aldatzeko ahalegin berezia egin dute alderdikideek, eta nabarmendu demokratak eta komunikabideak izan zirela pandemia gutxietsi zutenak, eta egoera okerragoa ez bada Trumpi esker dela. Ohartarazi dute, halaber, agintean demokratak baleude gizartea «mendeku bila doazen gaizkile taldeen menpe» egongo litzatekeela. Estatuburuaren semearen esanetan, presidenteak «berehala» hartu zituen neurriak arnasketa aparatuak erietxeetara irits zitezen. Trump gazteak onartu du «asko» dagoela egiteko, baina nabarmendu argia ikusten hasia dela tunelaren amaieran. Estatuburuaren senideek ez ezik, haren politikekin bat datozen hainbat ordezkari errepublikanok nahiz demokratek ere hartu dute hitza. Besteak beste, Mark and Patricia McCloskey-k, afro-amerikarren protesta baketsu bati armak eskuetan aurre egin zien bikoteak, eta ohartarazi demokraten asmoa dela «hiriak suntsitzen laguntzea liskarrak eragiten dituztenei».
2020-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/186000/ehunka-lagun-batu-dira-sastraka-gaztetxearen-alde.htm
Gizartea
Ehunka lagun batu dira Sastraka gaztetxearen alde
Salatu dute gertatutakoa «arraroa» dela. Gaztetxetik joan eta ordu laurdenera jaso zuten abisua, eta pintaketa «oso arraroak» izan dira. Auzokide batzuek jendea ikusi zuten eraikinera sartzen.
Ehunka lagun batu dira Sastraka gaztetxearen alde. Salatu dute gertatutakoa «arraroa» dela. Gaztetxetik joan eta ordu laurdenera jaso zuten abisua, eta pintaketa «oso arraroak» izan dira. Auzokide batzuek jendea ikusi zuten eraikinera sartzen.
Bart gauean sua piztu da Portugaleteko (Bizkaia) Sastraka gaztetxean, Sotera de Mier kalean. Garai batean Karmengo Ama eskola izan zen eraikinean dago gaztetxea uztailetik, orduan okupatu baitzuten, eta gaztetxekoek sare sozialetan iradoki dute nahita piztutako sua dela. Suhiltzaileek gauean itzali dute sutea, baina goizean berriro piztu da, SOS Deiak-ek Twitterren azaldu duenez. Gertatutakoa salatzeko, manifestaldi bat egin dute arratsaldean, eta ehunka lagun batu dira Portugaleteko kaleetan. Sua 22:00 inguruan piztu da, kaperan. Gaztetxeko gazteek ireki dizkiete ateak, sartzeko, eta hainbat ordu behar izan dituzte itzaltzeko. Gaztetxeko kideek azaldu dutenez, oso egoera «arraroa» izan da bizi izandakoa. Atzo 21:30ean irten ziren eraikinetik, eta ordu laurdenera jaso zuten sutearen abisua. Suhiltzaileei ateak zabaldu zizkieten, eta, barrura sartzean, suteaz gain, beste eraso batzuk ere ikusi zituzten: «Sartu ginenean pintaketaz josita zegoen kanpoaldea, pintaketa oso arraroak ziren, gainera». «Eraikineko kaperan egurrez egindako estruktura bat dago, eta bertan koltxoi batzuei eman zieten sua. Ez daukagu inolako dudarik nahita piztu dutela», adierazi dute gaztetxeko kideek. Auzokide batzuek azaldu dute gaztetxearen inguruan jendea ikusi zutela, eta eraikinera salto egiten ikusi zituztela. Suteak sortutako kalteei erreparatuz, kapera izan da eraginik latzenak jasan dituen zatia. Gaztetxeko kideek azaldu dute gainerako atalek ez dituztela «kalte handiak» eduki, eta uste dute eraikinaren egitura «ondo dagoela». Gaztetxeko kideek prentsaurrekoa egin dute egoerari buruzko azalpenak emateko. Kontatu dute oraintxe «nazka, amorrua, inpotentzia eta mina» sentitzen dutela, eta eskerrak eman dizkiete «babesa eta ardura» adierazi dieten guztiei. Sutea nahita piztu dela esateko «froga irmoak» dituztela gehitu dute; hala nola pintaketak eta suhiltzaileekin eduki dituzten «elkarrizketa informalak». Salatu dute «tamalez» lehenago ere antzeko egoerak bizi izan dituztela Portugaleten: «Ez da lehenengo aldia Portugaleten, interes ekonomiko eta espekulatiboak medio, halako ezaugarriak dituen eraikin batek su hartzen duela». Nabarmendu dute oraindik «goiz» dela gertatutakoaren bertsio garbi bat eman ahal izateko, baina, adierazi dutenez, «okupazioa kriminalizatzeko sortu duten kanpainak» eragina eduki dezake gertatutakoan. Alkatearen adierazpenak Mikel Torres Portugaleteko alkateak adierazi du eraikin bat okupatzen denean «arriskuak» daudela. Egurrezko eraikina zen, eta Torresek nabarmendu du gaztetxeko kideekin hitz egin zuela arriskuaz. Gailu elektronikoekin «kontu handiz» ibiltzeko eskatu zien, baita instalazio elektrikoarekin ere, «zaharkituak eta erabilerarik gabe» zeudelako. Torresek «ezbehar» bat izan zela gehitu du, baina «zauriturik» ez izatean jarri du azpimarra, hori delako «garrantzitsuena». Suaren jatorriaren inguruan, aipatu duenez, suhiltzaileen ikerketaren zain dago, eta erantsi du beste edozein «espekulaziok ez duela ezertarako balio». Fundazio bat da eraikinaren jabea, eta harekin harremanetan jarri nahian dabil alkatea, eta haiekin hitz egin ondoren erabakiko du eraikina eraitsi behar den ala ez. Alkatearen adierazpenekin haserre azaldu dira gaztetxeko kideak: «Alkateak edozer esan dezake, baina badaki nahita piztutako sutea izan dela».
2020-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/186001/itxialdia-ezarri-dute-gazan-koronabirusa-zabaltzea-eragozteko.htm
Mundua
Itxialdia ezarri dute Gazan, koronabirusa zabaltzea eragozteko
Israelek berriro bonbardatu du Hamasen kontrolpeko eremua.
Itxialdia ezarri dute Gazan, koronabirusa zabaltzea eragozteko. Israelek berriro bonbardatu du Hamasen kontrolpeko eremua.
Astelehenean agertu ziren COVI-19 gaitzaren lehen kasuak Gazako eremuan. Familia bereko lau kide dira gaixotutakoak, eta, gaitza zabaltzea eragozteko, 48 orduko itxialdia ezarri du Hamasek. Eskualdeak egunean lau orduz soilik du argindarra, Israelek abuztu hasieran erregaia sartzea debekatu baitzuen, eta salgaiak sartzeko pasabide bakarra itxi. Ondorioz, erietxeek ere baliabide gutxi dituzte balizko agerraldi bati aurre egiteko. Egoera horretan, Qatarren giza laguntzaren zain daude herritarrak. Zenbait iturriren arabera, Gaza Berreraikitzeko Batzordeko buru Mohammed al-Emadi datozen orduetan iritsiko da eskualdera, Israelen azken asteetako bonbardaketek eta setioak zer-nolako kalteak eragin duen ikustera. Israelek, berriz, ez dio utzi eskualdea bonbardatzeari bart gauean ere. Tel Aviven esanetan, puxika lehergarriak jaurti dituzte Gazatik hesiaren beste aldera, eta horiei erantzunez bonbardatu dituzte beraiek «Hamasen gordelekuak».
2020-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/186003/kontseiluak-eskatu-du-ikasturte-berrian-euskara-erdigunean-jartzeko.htm
Gizartea
Kontseiluak eskatu du ikasturte berrian euskara erdigunean jartzeko
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak uste du «ezinbestekoa« dela «Itxialdiak euskararen ezagutzan eta gaitasunean eragindako kalte eta ondorioei erreparatzea». Neurri zehatzak hartzeko eskatu du.
Kontseiluak eskatu du ikasturte berrian euskara erdigunean jartzeko. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak uste du «ezinbestekoa« dela «Itxialdiak euskararen ezagutzan eta gaitasunean eragindako kalte eta ondorioei erreparatzea». Neurri zehatzak hartzeko eskatu du.
Ikasturte berrirako planak bolo-bolo dabiltzala, euskarari buruzko «kezka» agertu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak: «Orain arte, tamalez, ezer gutxi entzuten ari da ikasturte berriko eskolaratzean euskararen gaiak izan beharreko arretaz». Kontseiluak ohartarazi du pandemia hasi aurretik ere bazutela ezinegona, eta are gehiago ondoren, «milaka eta milaka haurrek eta nerabek ez baitute inolako loturarik izan euskararekin ia urte erdiz». Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak erran du erreparatu egin behar zaiela itxialdiak eragin dituen «kalte eta ondorioei», eta horren arabera prestatu behar dela ikasturte berria, euskararen gaia «erdigunean» kokatzeko. Kontseiluak berak ekainean aurkezturiko Geroa Euskaratik adierazpenaren ildoari jarraitzen dio orain egindako ohartarazpenak. Hezkuntzaren alorrean neurri zehatzak hartzeko eskatu diete instituzioei: bertzeak bertze, ikasturte hasieran hizkuntza gaitasunen ebaluazioa egitea, hizkuntza errefortzuak indartzea, baliabide pertsonal eta materialak gehitzea, ikasle ratioak egokitzea, ahozkotasuna jorratzeko errefortzuak ematea eta «ikasleen emozioak euskararen erabilerarekin lotzeko helburua duten programak» abian jartzea. Nafarroa eta Jaurlaritza Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari mezu zuzena bidali die Kontseiluak. Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilariak iragarria du jada ikasturte hasierarako plana, baina Kontseiluak salatu du horren barnean ez dagoela ikasleen euskara gaitasunak hobetzeko «aurreikuspenen inguruko neurririk». Eusko Jaurlaritzak datozen egunetan zehaztuko du ikasturte hasierarako plana, eta Kontseiluak eskatu dio ez diezaiola «bizkarra eman» hizkuntzaren auziari: «Erakundeok, eragileok eta herritarrok egunerokoan egiten ditugun hizkuntza hautuek bideratzen dute hizkuntza politika jakin bat. Horrexegatik, hezkuntzaren eremuan ere neurri zehatzez osatutako politika garatzeko ordua da».
2020-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/186004/kaleratzeak-iragarri-dituzte-gasteizko-alestisen.htm
Ekonomia
Kaleratzeak iragarri dituzte Gasteizko Alestisen
Aeronautika sektorekoa da. Iaz, enpresaren jabetza lortu zuen Aciturrik, eta hark ere jakinarazi ditu kaleratzeak.
Kaleratzeak iragarri dituzte Gasteizko Alestisen. Aeronautika sektorekoa da. Iaz, enpresaren jabetza lortu zuen Aciturrik, eta hark ere jakinarazi ditu kaleratzeak.
Aeronautika sektoreko Alestisek enplegu erregulazio espediente bat iragarri du, eta, horrekin batera, kaleratzeak. Enpresak dituen lantegi guztiei eragingo die neurriak. Guztira 1.300 langile ditu, horietatik 187 Euskal Herrian, Gasteizko Miñao parke teknologikoan. Zuzendaritzak ez du jakinarazi zenbat behargin kaleratuko dituen. Gutun baten bidez langileen ordezkari sindikalei jakinarazi die erregulazio espedientea abiatuko duela, eta elkarrizketak hasiko dituela haiekin, neurria nola ezarri aztertzeko. Enpresak argudiatu du aire trafikoa murriztearen ondorioz airelineek eskaera asko atzeratu eta bertan behera utzi dituztela, eta, ondorioz, fabrikatzaile nagusiek nabarmen murriztu dituztela lan kargak, eta horrek sektoreko hornidura kate osoari eragin diola. Enpresak azpimarratu duenez, datozen urteetako aurreikuspenetara egokitzea izango du helburu, «konpainiak luzaroan irautea bermatzeko». Alestisek hegazkinentzako egiturak egiten ditu, eta lehen mailako hornitzaile kategoria du (Tier-1); besteak beste, Airbus, Boeing eta Embraer konpainientzat aritzen da. 2019an, Aciturrik erosi zuen (%76 berea du); ordura arte, Airbus zen akziodun nagusia. Herenegun, Aciturrik erregulazio espediente bat aurkeztuko duela jakinarazi zuen. Guztira, 3.000 langile ditu; horietatik 423 Berantevillan (Araba) eta Miranda Ebron (Espainia). Sektore osoa krisian Bi enpresa horiei batu behar zaizkie Berantevillan ere egoitza duen Aernnovak uztail amaieran iragarritako kaleratzeak. Euskal Herrian sektoreko beste bi enpresa handik ere jakinarazi dute antzeko neurriak hartuko dituztela: Bizkaiko ITP Aerok eta Lapurdiko Lauak. Hegazkingintzak indar handia hartu du azken urteetan, Araban eta Bizkaian nagusiki. ITP Aero, Aernnova, Aratz, Alestis, Sener, Aciturri eta beste 50 talde biltzen dituen Hegan klusterreko enpresek 5.000 langile dituzte Hego Euskal Herrian, eta beste 10.000 kanpoan. Apirilean ohartarazi zutenez, krisiak luzarorako kalteak eragingo ditu sektorean. Airbus da haien bezero nagusietako bat, eta heren bat txikitu du ekoizpena, eskarira egokitzeko.
2020-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/186005/protestak-piztu-dira-wisconsinen-polizia-batek-afro-amerikar-bat-tirokatu-ondoren.htm
Mundua
Protestak piztu dira Wisconsinen, polizia batek afro-amerikar bat tirokatu ondoren
Poliziak zazpi alditan egin zion tiro bizkarrean Jacob Blakeri, hura bere autoan sartzera zihoan unean.
Protestak piztu dira Wisconsinen, polizia batek afro-amerikar bat tirokatu ondoren. Poliziak zazpi alditan egin zion tiro bizkarrean Jacob Blakeri, hura bere autoan sartzera zihoan unean.
George Floyden hilketa oraindik ere memorian fresko dagoen bitartean, beste afro-amerikar bat jo dute tiroz AEBetan. Jacob Blake larri zauritu zuen, igande arratsaldean, Kenoshako (Wisconsin, AEB) Polizia Departamentuko agente batek, Tony Evers Wisconsingo gobernadoreak jakinarazi zuenez. «Jacob Blake hainbat aldiz tirokatu dute gaur, egun-argiz, Kenoshan, Wisconsinen. [...] Ez dugu xehetasun gehiagorik gertatutakoaren inguruan, baina badakigu gauza bat: ez da segurtasun indarrek pertsona beltz bat tirokatu, zauritu edo errukirik gabe hil duten lehen aldia, ez gure estatuan, ez herrialde osoan», esan zuen Eversek. Tiroketak protestak eragin zituen igande gauen bertan. Mobilizazioak ikusi ondoren, Kenoshako Polizia Departamentuak itxialdia ezarri zuen, atzo arratsaldeko zortzietatik hasita gaur goizeko zazpiak arte. Horrez gain, Evers gobernadoreak guardia nazionaleko 125 agente deitu zituen, John Antaramian Kenoshako alkateak prentsaurreko batean baieztatu zuenez. Edonola ere, berriro kaleetara atera ziren protesta egitera atzo gauean, bigarren egunez. Ehunka lagun bildu ziren hiriko epaitegi aurrera. Protestariek sua eman zioten, besteak beste, zaborrak biltzeko ibilgailu bati —epaitegi inguruan zegoen—, eta Poliziari oihu egin zioten. Poliziak negar gasa erabili zuen «justiziarik gabe, bakerik ez» oihukatzen zuten manifestarien aurka. Sare sozialetan tiroketaren uneko irudiak zabaldu dituzte; horietan ikus daitekeenez, Blakek auto bateko atea zabaltzen du, eta barrura sartzen saiatzen da. Polizia agente batek, momentu horretan, tiro egiten dio afro-amerikarrari. Gutxienez, zazpi tiro entzuten dira bideo horretan. Benjamin Crump abokatuak esan du Blakeren familiak harengana jo duela laguntza eske. Crumpek txio batean idatzitakoaren arabera, tiroz zauritutako gizonezkoaren hiru seme gazteak autoan zeuden tiroketa gertatu zen unean: «Polizia batek beren aita nola tirokatzen duen ikusi dute [semeek]. Betiko trauma eragin diete. Ezin dugu onartu agenteek gu babesteko duten betebeharra alde batera utz dezaten». 29 urteko gizona zainketa intentsiboetako unitatean dagoela jakinarazi du abokatuak. Kenoshako Polizia Departamentuaren arabera, etxeko istilu baten harira deitu zituzten igandean. Gainontzekoan, ez dute informazio gehiagorik eman gertakarien inguruan. Poliziak esan du agente guztiak elkarlanean ari direla gertatu zena argitzeko. Dena den, irudietan agertzen diren polizia agenteak ez dira identifikatuak izan. Pete Deates Kenoshako Polizia Profesionalen Elkarteko presidenteak esan du Evers gobernadorearen oharra «guztiz arduragabea» dela, eta ez dela polizia agente «langileen» erakusgarri. Wisconsingo Justizia Departamentuak iragarri du tiroketaren inguruan ikerketa bat zabalduko dutela. Joe Biden Alderdi Demokrataren presidentetzarako hautagaiak eskatu du has dadila «berehalako ikerketa garden bat».
2020-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/186006/bizkaiko-ostalariek-jaurlaritzari-eskatu-diote-ez-dadila-egon-mugarik-egunez-lan-egiteko.htm
Ekonomia
Bizkaiko ostalariek Jaurlaritzari eskatu diote ez dadila egon mugarik egunez lan egiteko
III. eta IV. kategoriako baimena duten tabernek 01:00era arte lan egin ahal izatea nahi dute, II. kategoriako baimena dutenek bezala.
Bizkaiko ostalariek Jaurlaritzari eskatu diote ez dadila egon mugarik egunez lan egiteko. III. eta IV. kategoriako baimena duten tabernek 01:00era arte lan egin ahal izatea nahi dute, II. kategoriako baimena dutenek bezala.
Bizkaidendak elkarteak Jaurlaritzari eskatu dio leuntzeko, hain zuzen, osasun larrialdiak ostalaritzari ezarritako neurrietako bat. Bizkaiko ostalari eta dendari elkarteen federazioak eskatu aldatzeko III. eta IV. kategoriako baimena duten tabernak ixtera behartzen dituen araua. Iradoki dute negozio horiei ere aplikatzeko II. kategoriako baimena duten tabernei ezarritako ordutegi muga; alegia, 00:00ak arte zerbitzatu ahal izatea, eta 01:00ean hutsik egotea. «III. eta IV. kategoriako baimena dutenen artean negozio eredu ezberdin asko daude», zehaztu du Bizkaidendakek. «Horietako askoren ohiko lana egunekoa da, eta asteburuetan, modu puntualean, gau giroarekin nahasten dute. Antzoki delakoen kasua ere hor dago, eguneko menuak eta guzti ematen dituztenak». Federazioaren arabera, asko dira jardun horretan dabiltzan tabernak. Baimena lortuko balute, dantzaleku eremua ez irekitzearen konpromisoa hartuko lukete. Eskaera Osasun, Ogasun eta Ekonomia, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak sailetara bidali dute. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako eta Azpiegituretako sailburuak adierazia duenez, COVID-19aren bigarren olatuaren eraginez onarturiko osasun larrialdi egoera ez da aste batzuetako kontua izango, eta ostalari batzuk III. eta IV. kategoriako baimenari uko egitea aztertzen ari dira lan egin ahal izateko. Bizkaidendakek, dena den, halako biderik ez hasteko gomendatu die; ez, behintzat, gero aurreko baimena berreskuratzeko trabarik izango ez dutela ziurtatu gabe. Baimen banaketa udal mailan egiten da, eta baldintza jakin batzuk behar dira. Bizkaidendakek konponbide orokor bat nahi du, eta, bien bitartean, udal batzuek zenbait dekretu aplikatu dituzte euren herrietan arautegi hori leundu dadin. Eibarko (Gipuzkoa) eta Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) udalek, besteak beste, iragan ostiralean dekretu bat plazaratu zuten, III. eta IV. kategoriako baimena duten tabernei egunez irekitzeko baimena ematen diena. Eudel Euskal Udalen Elkarteak eskaera bera egin zuen aste hasieran.
2020-8-25
https://www.berria.eus/albisteak/186007/569-positibo-detektatu-dituzte-hego-euskal-herrian.htm
Gizartea
569 positibo detektatu dituzte Hego Euskal Herrian
Gernikan beste 37 positibo izan dira.
569 positibo detektatu dituzte Hego Euskal Herrian. Gernikan beste 37 positibo izan dira.
Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuak 569 kasuren berri eman dute. Azken egunetan izandako kutsatzeekin alderatuta, apalagoak dira kopuruak: bezperan baino 21 kasu gehiago izan dira, baina igandean baino 200 gutxiago. Egin diren PCR proben kopurua, berriz, azken asteko txikiena izan da atzo zein gaur: 7.240 test egin dituzte azken orduetan. Herrialdeka, Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien, 271; Gipuzkoan, 132; Nafarroan, 92 eta Araban, 55. Erkidegotik kanpo hemeretzi kasu atzeman ditu Jaurlaritzak. Ospitaleetan COVID-19aren ondorioz dauden gaixoak 289 dira Hego Euskal Herrian; horietatik 37 ZIU zainketa intentsiboetarako unitateetan. Azken orduetan, beste 29 ospitaleratze izan dira. Ospitaleen egoera jomugan dagoen arren, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak adierazi du osasun sistemaren gaitasuna «bermaturik» dagoela. «Ospitaleratzeak ugaritu badira ere, martxoan, apirilean eta maiatzean bizi izandakoaren oso bestelakoa da egoera». Urkulluren esanetan, zaurgarrienak babestea da oraintxeko lehentasuna. Izan ere, orain arte kasurik gehienak asintomatikoak eta 50 urtetik beherakoak izan dira. Oldarraldi nagusiak Gernikan (Bizkaia) eta Donostian daude oraintxe. Atzo, jakinarazi zuten agerraldi bat zegoela Gernikako (Bizkaia) ez-festekin lotuta. Abuztuaren 14tik 16rako asteburuan gaueko aisialdian izan ziren kutsatzeak azaltzen hasi ziren iragan asteazkenean eta PCR proba masiboak egiten ari da Osasun Saila, agerraldiaren dimentsioa zein den jakiteko. Azken orduetan, beste 37 kasu atzeman dituzte herrian; asteazkenetik, 94 dira. Donostian ere, gaueko aisialdiarekin loturiko agerraldi bat dago. Atzo jakinarazi zuen Osasun Sailak hiriko bi dantzalekutan ibilitakoek PCR proba egitera joan behar zutela. Ikusteko dago zer-nolako dimentsioa hartzen duten proba horien emaitzek, baina, dagoeneko, hiriko intzidentziak ia bikoiztu egin dira azken egunotan: azken hiru egunetan 199 kasu atzeman dituzte; aurreko hiru egunetan, berriz, 111 izan ziren. Nafarroako Osasun Sailak azaldu du kutsatze gehienak familiarteko eta lagunarteko giroan gertatu direla. Horrenbestez, herritarrei eskatu die bakartzeak norbere etxean egiteko, etxebizitza bereko gainerakoekin inolako harremanik izan gabe, eta familiarteko edo lagunarteko topaketarik izan gabe.