date
stringdate
2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
url
stringlengths
47
182
category
stringclasses
10 values
title
stringlengths
3
140
subtitle
stringlengths
0
1.17k
summary
stringlengths
5
1.18k
text
stringlengths
2
35.8k
2022-3-21
https://www.berria.eus/albisteak/211111/eajk-bilboko-plaza-barrian-ospatuko-du-aberri-eguna.htm
Politika
EAJk Bilboko Plaza Barrian ospatuko du Aberri Eguna
Azken urteetako geldialdiaren ostean, «jai eta aldarrikapen giroa» berreskuratu nahi dute jeltzaleek.
EAJk Bilboko Plaza Barrian ospatuko du Aberri Eguna. Azken urteetako geldialdiaren ostean, «jai eta aldarrikapen giroa» berreskuratu nahi dute jeltzaleek.
Azken bi urteetako murrizketak atzean utzita, EAJk iragarri du Aberri Eguna Bilboko Plaza Barrian ospatuko duela, apirilaren 17an. «Aberri Eguna da abertzaleok berreskuratu nahi dugun ospakizuna», adierazi du EAJren NBB Napar Buru Batzarreko presidente Unai Hualdek, alderdiko batzorde eragileak Iruñean egingo duen bileraren aurretik. Iazko ospakizuna Euskalduna jauregian egin zuten jeltzaleek, murrizketekin. Hala, aurten kalera ateratzeko asmoa adierazi du alderdiak, «1932an lehen Aberri Eguna egin zuenez geroztik egin duen modu berean». Hala, EAJk «jai eta aldarrikapen giroa» berreskuratzeko asmoa adierazi du, COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ostean berreskuratzen ari den «normaltasunarekin» bat eginik. Halere, Hualdek nabarmendu du beharrezko «gomendio eta neurri guztiak» errespetatuko direla. NBBko presidenteak Nafarroako panorama politikoa ere izan du hizpide. Geroa Bai koalizioaren bidez «sektore abertzale eta progresisten arteko ulermenaren alde» egindako apustua defendatu du, eta «autogobernuaren garapenaren aldeko asmo handiko politika egitea» jo du helburutzat: «Asmo handiko planteamendua egingo dugu gure autogobernua eguneratzeko, betiere nafar emakume eta gizonen ahots demokratikoa entzuteko eta errespetatzeko ikuspuntutik».
2022-3-21
https://www.berria.eus/albisteak/211112/alemania-gas-bila-qatarrera.htm
Ekonomia
Alemania, gas bila Qatarrera
Golkoko herrialdeko gas natural likidotua inportatzeko elkarrizketak izan ditu Alemaniako ekonomia ministroak Dohan. Erresuma Batua, berriz, Ipar Itsasotik gas eta petrolio gehiago ateratzeko asmotan dabil.
Alemania, gas bila Qatarrera. Golkoko herrialdeko gas natural likidotua inportatzeko elkarrizketak izan ditu Alemaniako ekonomia ministroak Dohan. Erresuma Batua, berriz, Ipar Itsasotik gas eta petrolio gehiago ateratzeko asmotan dabil.
Errusiako gasarekin betetzen du gaur egun Alemaniak bere gas natural beharraren bi heren, eta itzelezko menpekotasun hori mingarria gertatzen ari zaio orain; baina oso gaitza izango zaio laster batean loturatik libratzea. Besteak beste, Alemaniak ez duelako GNL gas natural likidotua birgasifikatzeko plantarik, bere gas hornikuntza dibertsifikatzen lagunduko dionik. Baina menpekotasunak arindu eta gasbidetik datorkion gasaren alternatibak bilatzen hasia da Berlin, nahiz eta jakin horrek luze joko duela. Horretara datoz Alemaniak iragarritako bi birgasifikatze plantak, zeinak eraikitzeko hiruzpalau urte behar izaten dituzten normalean. Eta horretara datoz bai Alemaniako Ekonomia ministro Robert Habeck berdeak Golkoko herrialdeetatik egin duen bira, bai atzo igandez Qatarko agintariekin gas natural likidotua inportatzeko adostutako akordioa. Habeckek berak ez zuen xehetasun handirik eman Dohan adostutakoari buruz, esan baitzuen berekin zihoazen energia enpresetako buruek zehaztu behar zituztela salerosketak. Pentsatzekoa da Habeckek Europako Batasuna buruan zuela, berez, Batasuneko herrialdeek ezin dituztelako maila horretako akordioak beren kabuz egin. Horren harira, Batasuneko bazkide batzuk ez daude oso pozik Alemaniak Dohan hitzartutakoarekin. Zenbaiten ustez, halako tratuetarako hobe izango zen, herrialde bakoitza bere kabuz ibili beharrean, EBk erosketa bateratuak egitea energia gaietan ere. COVID-19arekin jokaera horren abantailak agerikoak izan zirela uste dute. Qatarrek xehetasun gutxi batzuk gehiago eman zituen atzo, eta esan zuen «Qatarrek Alemania urte luzeetan gas natural likidotuz hornitzeko kontratuak negoziatzen» hasiko direla. Dena den, Qatarren aldetik ere, zaila da GNL hornikuntza berehala iristea Europara. Izan ere, gaur egungo bere ekoizpenaren zatirik handiena luzera begirako kontratuetan dago lotua, batez ere Asiako herrialdeekin. Haien baimena beharko luke oraintxe bertan gasontziak Europara bidaltzen hasteko. Hori bai, Golkoko herrialdeak baditu bere gas ekoizpena handitzeko proiektuak, baina horietako lehenak ez dira iritsiko 2025. urtea baino lehenago. Erresuma Batua Ipar Itsasoan Baliabide propioak ere gehiago garatu nahi ditu Erresuma Batuak, baliabide fosilak: lehengai fosilak ustiatzeko lizentzia berriak banatzeko planak abian jarri ditu Ipar Itsasoko gasa eta petrolioa arautzeko Erresuma Batuko agintaritzak. Agintaritza horrek ez du lizentziarik banatu azken bi urteetan, haren jarduera, hots, baliabide fosilen ustiaketa berriak eta klima helburuak bateragarriak ziren edo ez aztertzekotan zelako Erresuma Batuko Gobernua. Baina badirudi Ukrainako gerrarekin Boris Johnsonen gobernuak oraingoz zalantzak argitu dituela. Hala ere, ez du horren erraza eta bizkorra izango Ipar Itsasotik gas eta petrolio gehiago ustiatzea. Egia da, iaz bertan, bere gas beharren %40 Ipar Itsasoko gas propioarekin bete zituela Erresuma Batuak, baina putzu horien emaria urtetik urtera jaisten ari da, munduko petrolio eta gas ustiategirik helduenetako bat delako Ipar Itsasoa. Eta, gainera, gas eta petrolio ustiategi berriak topatu eta eraikitzeak bere denbora behar izaten du.
2022-3-21
https://www.berria.eus/albisteak/211113/neandertalaren-ikuspegia-ukrainaz.htm
Iritzia
Neandertalaren ikuspegia Ukrainaz
Neandertalaren ikuspegia Ukrainaz.
Mendien magalean bizi gara eta itsasotik ez hain urruti. Hemen, orain, nahiko bakean gabiltza Arrotzekin; elkarrekin nahiko ondo konpontzen gara aspaldian. Leinu biotako sexu-harremanak ere gertatzen dira hainbatean. Halere, ezin ezabatu gure gogotik arestian Arrotzekin izandako gatazka haiek. Gure arteko zauriak utzi dituzte. Eta ez dugu nahi gure historia ahanzturan gera dadin. Zeren, gure Memoriari esker ikasten baitugu hainbat lezio. Izan ere, hemen bertoko gure leinukook Arrotzekin bakean bizi garen arren, gerra-hotsak dantzugu inguruan, edo ez dakigu gure Memoriaren barne-ilunbetako oihartzunak ote diren. Baina bai ikaraz betetzen gaituztela. Atzo iluntzean bertan izan genuen Izpiritu Saioa, Ilbeherako egun askotan ohi dugunez. Gerla sutsu bat idurikatu genuen, urrutietako lurralde ezezagun batean. Gure leinukoak dardara batean utzi gintuen. Gauza ankerrak iruditu genituen.Ni behintzat erdi zorabiaturik atera nintzen Saiotik, eta ez naiz izan bakarra. Beharbada belar-ur gehiegi edan genuelako-edo, nork jakin. Kontua da ze, atzo, Egu egunean, gure leinuko amona horrek elestatu zigunez, gauza izugarriak ikusi genituen. Arrotzetariko batzuk ere, harrituta eta txundituta geratu ziren atzoko Saioan. Gure amonak Ipar-mendebaldean-edo kokatzen zuen zorioneko lurralde hartan, halako arma izugarriak ageri ziren; ezin alderatu gure lantza-punta harrizkoekin, ezta beste ezerekin. Arma eta tramankulu horietan zihoazen gizaki maskaratuak elkarri erasoz ziharduten, batik bat oinezko jendeari. Eta hauek, gizajoak izan behar, tropelean iheska, besoak goian eta umeak besoetan zituztela? Itzela benetan! Negargarria, zinez. Kanpoan eraikita zeuden koba antzeko batzuk sutan zeuden, eta airean lehertuta apurtzen ziren. Ezin irudikatu ere egin han barruan bizi ziren gizakiak. Jende tropelak, ihes etsian zihoazen artean, gehien-gehienak, ia denak, emakumezkoak ziren, haur jaio berriak besoetan zituztela… Hango nahas-mahasi hartan, denetariko jendea zegoela zirudien, mundu guztiko gizaki-leinuak gora begira, Goiko izar guztiak, Zeru Sabai osoa, buru gainean jausiko bailitzaien, eta haiek Goiari Eutsika ari bailiren. Geuk ere sarritan izaten dugu amesgaizto hori, edozein unetan Sabaia buru gainera jausi dakigulako sentipena. Zeren sentipen hori, amamek diotenez, aspaldikoa omen da. Izar-antzeko gauza distiratsu batzuk ere ikus zitezkeen, beren ahoetatik su dariela edo. Otsoak ere bazebiltzan gizaki haien artean, eta arreta eman zigun zein mantso! Amonak txakur deritzena. Otsoak ez ezik, gizaki zantarrak ere badirela esan digu, euren artean, leinuak leinu, bapo konpontzen diren giza gaiztoak, eta haiek direla, hain zuzen, gerrak pizten dituztenak, jentilitate ororen hondamendirako. Baina hori dena ulertezina bezain sinestezina da guretzat. Bestela, gure artean komentatu duguna: sator-zulo agerikoz jositako landa hartan, gizakien inurritegi urduri hartaz gain, ez zen ageri bestelako bizitza-arrastorik: ez zuhaitzik ez belarrik. Amonak esan digunez, lurralde hartan ba omen dira, halere, gurean bezainbeste zuhaizti eta oihan, baita hobeak ere. Frutak dingilizka dituzten zuhaitz motak, baita belardiak, gereziak eta abar. Eta baita eguzki-lore antzekoak, zeinetatik likido bat ekoizten duten, amonak olioa deritzona. Paradisu antzeko lurraldea omen da. Lurralde aberatsa, gezurra dirudien arren, atzokoa ikusita. Eta hori ere komentatu dugu gure artean: zelan daiteke jende horiena hain Lurralde aberatsa izan, eta atzo ikusi genuen koadroa izatea? Zorte txarra edo patua? Edota gizaki zantarrek eragina? Hori ere ezin dugu ulertu guk. Eta, batzuetan, amonek diotena bera ere zalantzan jartzen dugu. Zere atzo ikusi genuena demasa izan baitzen. Adibidez, han zegoen bat, zeinek bere koba-leihoan enborki-zati ziruditenekin osatutako horma baitzeukan barrikadatzat. Eta inurritegi hartako jendartean ez zen ageri inolako jentiltasun, leinu edo gizabideren arrastorik. Atzoko Saiotik irtetean, zirrarak hunkituta eta bihotza asaldatuta, gure artean dagoenari begira, pentsakor gelditu ginen. Baita han egon ziren Arrotzak ere. «Hemen zerbait egin behar dugu» esan gura bezala zuzendu ziguten begirada-keinua. Orduan, gure artean erabaki irmo bat hartu behar genuela sentitu genuen barrunbeetan. Eta berriz ere gogora ekarri genuen sasoi batean Haiekin izan genituen istilu larriak. Haiek, gure leinuarekiko Arrotzak izanik, ez zuten ulertu (eta oraindik ere ez dira jabetzen sarri), ez dagoela batere ondo gure jendarte-mota eta hizkuntza mespretxatzea. Hori dela eta, aski tenka-gune izan dugu Haiekin. Neandertal euskaldunok ezin dugu galdu gure Memoria. Baina bai, zerbait egin behar dugu, leinu-artekoon jentilitate sano eta baketsua lortze bidean.
2022-3-21
https://www.berria.eus/albisteak/211114/madrilek-saharaz-hartutako-erabakia-salatzeko-elkarretaratzeak-antolatu-dituzte.htm
Gizartea
Madrilek Saharaz hartutako erabakia salatzeko elkarretaratzeak antolatu dituzte
Espainiako Gobernua: kolonialista, saltzailea! lelopean, protestak egingo dituzte bihar eta etzi Hegoaldeko hiriburuetan.
Madrilek Saharaz hartutako erabakia salatzeko elkarretaratzeak antolatu dituzte. Espainiako Gobernua: kolonialista, saltzailea! lelopean, protestak egingo dituzte bihar eta etzi Hegoaldeko hiriburuetan.
Mendebaldeko Sahararen independentziaren aldeko eragileek elkarretaratzeetara deitu dute biharko eta etziko Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Espainiako Gobernuak joan den ostiralean bat egin zuen 2007an Marokok Sahara Mendebalderako proposatu zuen planarekin, eta hainbat eragilek eta indar politikok gaitzetsi dute erabakia. Bilbon, Donostian eta Gasteizen bihar egingo dituzte protestak, 19:00etan, Espainiako Gobernuaren ordezkariordetzen egoitzen parean. Espainiako Gobernua: kolonialista, saltzailea! izango da mobilizazioen leloa. Iruñean, berriz, asteazkenerako deitu dute elkarretaratzea, 19:30etan, gobernuaren ordezkaritzaren aurrean. BERRIAk atzo elkarrizketatu zuen Mohamed Limam Fronte Polisarioak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkaria. Hark gogor kritikatu zuen Madrilen jokabidea, eta elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin zien Euskal Herriko herritarrei, baita indar politiko eta sindikalei ere.
2022-3-21
https://www.berria.eus/albisteak/211115/argitasun-eskea-bruselaraino.htm
Politika
Argitasun eskea, Bruselaraino
'Europako Batasuna subiranotasun gatazken aurrean: argitasun marko baterantz' izeneko jardunaldiak egin dituzte Eusko Ikaskuntzak, Europako Parlamentuko GUE/ENGL eta Renew Europe taldeekin elkarlanean. Burujabetza auziak konpontzeko mekanismoak ezartzeko beharra nabarmendu dute.
Argitasun eskea, Bruselaraino. 'Europako Batasuna subiranotasun gatazken aurrean: argitasun marko baterantz' izeneko jardunaldiak egin dituzte Eusko Ikaskuntzak, Europako Parlamentuko GUE/ENGL eta Renew Europe taldeekin elkarlanean. Burujabetza auziak konpontzeko mekanismoak ezartzeko beharra nabarmendu dute.
Azken hilabeteetan, Europako Batasunaren etorkizunari buruzko konferentzia egiten ari dira EBko instituzioetan, eta gogoeta horretan txertatuta dago burujabetza auziei buruzko eztabaida. Horretarako sortu zen Autodeterminazioaren Aldeko Caucusa europarlamentarien taldea, eta taldeko kideek eskaera bat berretsi dute Donostian: Europako instituzioek garatu ditzatela burujabetza gatazkak modu demokratikoan konpontzeko mekanismo eta arauak. Europako Batasuna subiranotasun gatazken aurrean: argitasun marko baterantz izenburupean, jardunaldiak antolatu ditu Eusko Ikaskuntzak, Europako Parlamentuko GUE/ENGL eta Renew Europe taldeekin elkarlanean. Eusko Ikaskuntzak 2020ko azaroan aurkeztu zuen burujabetza gatazken konponbiderako praktika onak jasotzen dituen oinarrizko dokumentu bat, nazioarteko dozenaka adituren arteko elkarlanean ondua, eta, testuinguru horretan, horri lotutako galdera bati erantzun diote europarlamentariek gaurko saioan: Europaren etorkizunari buruzko konferentziaren ondoren, zer ekinaldi planteatu daitezkeen Europako Batasunean, argitasun esparru bat sustatzeko. Zazpi parlamentarik hartu zuten hitza atzoko mahai inguruan: François Alfonsik (Korsika), Jordi Solek eta Toni Cominek (Katalunia), Maria Eugenia Rodriguez Palopek (Espainia), Chris McManusek (Irlanda) eta Izaskun Bilbao eta Pernando Barrenak (Euskal Herria). Txosten hori EBren etorkizunari buruzko konferentziara eraman dute europarlamentariek, eta izan du oihartzuna: Soleren esanetan, Europako demokraziari buruzko azpitaldearen esku dago gaia, eta lantalde horretan «gehien babestu den ideia» izan da autodeterminazio eskarien aurrean argitasun mekanismo bat ezartzea: «Segur aski, azken dokumentuan gai batzuk jartzeak eskatuko du tratatuak aldatzea. Posible izan beharko luke horiei bide ematea». Bilbao eta Barrena bat datoz diagnostikoan: Europako konferentzia «aukera» gisa hartu zuten; Bilbaorentzat, konferentziaren ondorioetan burujabetza auziak konpontzeko beharra jasotzeko: «Aukera bat da estatu kideen blokeoa apurtzeko. Guk proposamen hau erantsi dugu; aukera honetan dauzkagun mekanismo guztiak artikulatzen ari gara. Hemen auzi politiko bat dago, eta borondate politikoa baldin badago, konpondu daiteke». Horrek aurrera egingo ez balu, beste proposamen bat leukake Bilbaok: herri ekinaldi legegileak aurkeztea: «Tresna guztiak erabili behar ditugu borondate politikoa lortzeko». Barrenarena, berriz, analisi gazi-gozoa da: uste du konferentziak balio izan duela argitasun mekanismo baterako proposamena mahai ganean jartzeko, baina, aitzitik, «gabezia» bat nabarmendu du: «Ez dakigu konferentziaren ondorioekin zer egingo den; lotesleak izango diren». Beraz, proposamena Bruselan dago, eta eztabaida martxan da. Ikusteko dago, ordea, zer egingo den eztabaida horrekin eta haren ondorioekin. Europako Batasunaren sorrerarako printzipio eta balioei erreparatu die Cominek: horien arabera, estatuek beren konstituzioen interpretazio «irekia» egin beharko lukete, Kanadako Gorte Gorenak egin zuen bezala: «Konferentzian hau azaldu behar dugu: interpretazio irekirik egin ezean kontraesan handi bat dagoela, eta Europak ardura daukala kontraesan hori metastasi bilakatu ez dadin». Auzi politikoei, bide juridikoa Laurogei bat adituk landu zuten Eusko Ikaskuntzak 2020an aurkeztutako txostena, eta horietako batzuek parte hartu dute saioan, eztabaida politikoaren aurretik, burujabetza gatazkez eta horien konponbideaz ikuspegi akademikotik jarduteko. Horiek horrela, Francesco Palermo Eurac Federalismo Konparatuko Institutuko ikertzailearen arabera, «beharrezkoa» da burujabetza gatazkei erantzun juridiko bat ematea: «Badaude tresna legalak barne araudian eta nazioarteko legerian; sormen pixka bat beharrezkoa da». Tresna horiek «behar bezala» erabiltzeak eragin dezake lurralde gatazkei konponbide baketsu bat ematea, Palermoren hitzetan. Bat dator Gemma Ubasart Gironako Unibertsitateko irakaslea ere: «Kanadako espirituarekin eta aukera ugari mahai gainean daudela, nondik jo beharko luke Europako mekanismo batek, eta nola islatu beharko litzateke lurralde gatazkak dituzten estatuetan? Bideak bilatu behar ditugu nazioarteko legerian eta barne legerian. Bideak badaude». Bide horretan, Juanjo Alvarez Euskal Herriko Unibertsiateko irakaslearen hitzetan, Europako Batasunak badauzka eskumenak gaiari heltzeko: «Momentu bikaina da Europak modu bat planteatzeko lurralde gatazkei konponbide demokratiko bat emateko». Jardunaldiaren hasieran, Beatriz Akizu Eusko Ikaskuntzako Prospektiba eta Proiektu zuzendariak Ukrainako gerrari aipamen eginez hasi du bere hitzaldia, nabarmenduta subiranotasun gatazkek ez dutela «derrigor» gerra batean amaitu behar, eta burujabetza gatazkak konpontzeko prozedura demokratikorik ezak eragiten duela gatazken adierazpide biolentoa: «Prozedura demokratikoan dago irtenbidea».
2022-3-21
https://www.berria.eus/albisteak/211116/ezkabako-kartzelako-hamabost-presoren-gorpuzkiak-aurkitu-dituzte-berriozarko-hilerrian.htm
Gizartea
Ezkabako kartzelako hamabost presoren gorpuzkiak aurkitu dituzte Berriozarko hilerrian
Horien azpian gehiago aurkitzea espero dute
Ezkabako kartzelako hamabost presoren gorpuzkiak aurkitu dituzte Berriozarko hilerrian. Horien azpian gehiago aurkitzea espero dute
Aranzadi Zientzia Elkarteak Ezkabako espetxeko beste hamabost presoren gorpuzkiak aurkitu ditu Berriozarko hilerrian (Nafarroa). Hilaren 9an hasi zuen indusketa, eta luzatu egingo da, uste baitute litekeena dela hamabost horien azpian gehiago egotea. Lehen zantzuen arabera, baliteke 21 pertsonaren gorpuzkiak egotea hobi horretan, horietako zenbaitzuk, anarkistak. Txinparta elkarteak jaso zuen informazioaren arabera, litekeena da ihes egiten saiatzea leporatuta frankistek hil zituzten 21 presoen gorpuzkiak izatea horiek. Jasotako informazioaren arabera, hil ostean, gorpuak Berriozarrera eraman zituzten kamioi batean. Irudi hori iltzatuta geratu zitzaien kamioia pasatzen ikusi zuten herritarrei, Txinpartaren arabera, eta horri esker aurkitu ahal izan dute hobia herriko hilerrian. Indusketa konplexua da Ezkabakoa, gaur azaldu dutenez, metro koadro gutxi batzuetan gorpuzki asko baitaude. Txinpartaren arabera, 1942. urtera arte Ezkabako espetxean gaixo hil ziren 26 preso ere eraman zituzten Berriozarko hilerrira. Horiek aurkitzea, ordea, zailagoa izaten ari zaie Aranzadikoei. Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak, ordea, gaur hilerrian bertan berretsi egin du 1936an altxatu zirenen indarkeriaren biktimak bilatzeko, aurkitzeko eta hobitik ateratzeko konpromisoa. Nafarroako gobernuak 23 prospekzio egitea aurreikusi zuen aurten, eta hamabost hauekin 136 pertsona aurkitu dituzte jada Nafarroako Gobernuaren desobiratze programarekin. Ezkaba mendian izan dira Ollorekin gaur Martin Zabalza Bake, Elkarbizitza eta Giza Eskubide zuzendaria, Josemi Gaston Nafarroako Memoriaren institutuko zuzendaria eta Raul Maiza Berriozarko alkatea. Memoria berreskuratzen lan egiten duten zenbait elkarteetako ordezkariak ere egon dira Aranzadiren lanak ikusten. Ezkabara egin duten bisita Memoria duten eskolak programaren barruan egin dute. Lanak hasi zirenetik lau ikastetxetako ikasleak izan dira horiek ikusten. Gaur, zehazki, Hezitzaileen Ikastetxean goi mailako animazioa ikasten ari diren hogei bat ikasle izan dira.
2022-3-21
https://www.berria.eus/albisteak/211117/izurriaren-ondorioz-minbizia-dutenen-bizi-itxaropena-okertu-egingo-dela-dio-sagarduik.htm
Gizartea
Izurriaren ondorioz minbizia dutenen bizi itxaropena «okertu» egingo dela dio Sagarduik
Osasun sailburuak jakinarazi duenez, pandemia dela-eta atzerapenak izan dira gaitza aurretiaz atzemateko erabiltzen diren baheketa sistemetan.
Izurriaren ondorioz minbizia dutenen bizi itxaropena «okertu» egingo dela dio Sagarduik. Osasun sailburuak jakinarazi duenez, pandemia dela-eta atzerapenak izan dira gaitza aurretiaz atzemateko erabiltzen diren baheketa sistemetan.
Izurriak sortutako osasun egoeraren ondorioz, «okerrera» egingo du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan minbizia dutenen bizi itxaropenak. Horixe ohartarazi du gaur Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak galdera egin dio 2018-2023ko Plan Onkologikoaren betetze mailaz, eta, hari erantzunez, Sagarduik adierazi du pandemia dela-eta atzerapenak izan direla gaitza aurretiaz atzemateko erabiltzen diren baheketa sistemetan eta hainbat tumore detektatu gabe geratu zirela. Haren esanetan, minbiziaren bizi itxaropena «luzera begira» aztertzen da, baina, gaur-gaurkoz, aurreikus daiteke izurriagatik izandako «etenak» kalte egingo diela gaixoen bizi itxaropenari. Nolanahi ere, Sagarduik esan du bularretako minbizia, umetoki lepokoarena eta koloneko minbizia detektatzeko baheketak bere osotasunean berreskuratu dituela Osakidetzak. Jakinarazi du tumoreak detektatzeko batzordeek ez dutela beren lana eten pandemian, eta minbiziarekin lotutako ebakuntzak mantendu egin dira. Gainera, sailburuak emandako datuen arabera, minbiziaren heriotza tasa apaldu egin da azken urteotan, nahiz eta oraindik heriotza gehien eragiten duen gaixotasuna den. 2011-2015eko epean, minbiziak heriotzen %30,8 eragin zituen; gaur egun, heriotzen %27,9.
2022-3-21
https://www.berria.eus/albisteak/211118/ipar-euskal-herriko-monopoly-aren-arauak-aldatu-nahi-ditu-eh-baik.htm
Gizartea
Ipar Euskal Herriko 'monopoly'-aren arauak aldatu nahi ditu EH Baik
Ezkerreko abertzaleek gutuna bidali diote Pirinio Atlantikoetako prefetari, eta kanpaina abiatuko dute Frantziako Estatuak etxebizitzaren merkatua erregulatzeko neurriak har ditzan.
Ipar Euskal Herriko 'monopoly'-aren arauak aldatu nahi ditu EH Baik. Ezkerreko abertzaleek gutuna bidali diote Pirinio Atlantikoetako prefetari, eta kanpaina abiatuko dute Frantziako Estatuak etxebizitzaren merkatua erregulatzeko neurriak har ditzan.
Joko arauak alda ditzagun! lelopean, EH Baik kanpaina bat abiatuko du Ipar Euskal Herriko etxebizitzaren egoera salatu eta Frantziako Estatuari neurriak har ditzala eskatzeko. Gutuna bidali diote, berriz, Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetari, eta ekintzak eginen dituztela iragarri. Ekainean iraganen diren Frantziako Legebiltzarrerako bozak ere baliatzeko asmoa dute, proposamen zehatzak egiteko. Monopoly-aren estetika erabiliko dute, pertsona batzuek duten jokoa salatzeko. «Etxebizitzaren bidez espekulatzen dute batzuek, nahiz eta Ipar Euskal Herriko jendartearen parte handi batek arazoak dituen etxebizitza duin bat eskuratzeko. Joko arau horiek aldatzea dugu xede, merkatu libreak ez ditzan bere arauak indarrez aplikarazi». Joan den otsailaren 3an bidali zioten lehen gutuna prefetari, martxoaren 5ean Euskal Hirigune Elkargoan bozkatzekoa zuten konpentsazio araua laguntzeko berehalako hiru neurri zehatz plantan eman zitzala eskatzeko. Etxebizitzari dagokionez «tentsio handiko eremuan» sartzen diren herrien kopurua emendatzea nahi dute, batetik, konpentsazio arau hori herri gehiagotan hartzeko aukera izan dezaten. Bestetik, alokairuen arautzea nahi dute, urte osoan alokagai diren etxebizitzak denentzat eskuragarri izan daitezen. Azkenik, bigarren etxebizitzen kopurua mugatzeko egoiliar estatusaren gisako neurriak aurreikustea galdetu zioten. Spitzek otsailaren 15ean erantzun zien, baina eskaerak onetsi gabe. «Frantziako Estatuak, gobernuak eta parlamentariek, dispositibo berriak jarri behar dituzte martxan, legeak eta arauak egoeraren larritasunari egokitzeko». EH Baik uste du Euskal Hirigune Elkargoak bozkatutako konpentsazio neurriaren ereduan segitu behar dela. «Hautetsiek eta botere publikoek neurriak hartzen dituztelarik herri mobilizazioak defendatzen duenaren alde, aitzina zinezko pausoak egitera iristen gara».
2022-3-21
https://www.berria.eus/albisteak/211119/eskuin-muturreko-ekintzaile-baten-bila-ari-dira-aramburu-errugbilariaren-heriotzarengatik.htm
Kirola
Eskuin muturreko ekintzaile baten bila ari dira, Aramburu errugbilariaren heriotzarengatik
Emakume bat atxilotu dute. Miarritzeko jokalari ohi argentinarra larunbat goizaldean hil zuten tiroz, Parisen.
Eskuin muturreko ekintzaile baten bila ari dira, Aramburu errugbilariaren heriotzarengatik. Emakume bat atxilotu dute. Miarritzeko jokalari ohi argentinarra larunbat goizaldean hil zuten tiroz, Parisen.
Frantziako Poliziak identifikatu egin du Federico Martin Aramburu errugbi jokalari ohiaren hilketaren susmagarri nagusia, eta haren bila ari dira. Loik Le Priol eskuin muturreko militantea da susmagarria: aurrekariak ditu, eta ihes eginda dago. Horrez gain, emakume bat atxilotu dute, eta beste pertsona baten bila ari dira. Aramburu jokalari ohia (La Plata, Argentina, 1980) tiroz hil zuten ostiraletik larunbaterako gauean, Parisen. Miarritzeko jokalari ohia (2004-2006) Shaun Hegarty kirolariarekin zebilen Mabillon del Boulevard Saint-Germain auzoan, eta taberna batean iskanbila izan zuten bi pertsonarekin. Banatu egin zituzten han zeuden beste batzuek, baina, geroago, auto batean itzuli ziren bi pertsona horiek, eta kalean tirokatu zuten Aramburu. Lauzpabost tiro jaso zituen kirolari ohiak. Le Priol susmagarria ezaguna da Parisko epaitegietan. Militar ohia da, eta Frantziako Itsas Armadako kidea izan zen. Djibutin misio batean aritu zen, militar gisa. Group Union Défense eskuin muturreko ikasle elkarteko kide ohia da. 2021ean, epaitegietara deitu zuten, beste neofaxista bat 2016. urtean torturatzeagatik ikertzen ari zirelako. 2016. urtean arropa etxe arrazista bat sortu zuen, «zuriek zurientzat sorturiko jantziak» saltzeko. Oraindik ez dago argi zergatik egin zioten eraso kirolari euskal-argentinarrari. Baina, harekin tabernan zegoen Hegartyk adierazi duenez, irain xenofoboak egin zizkioten, «zu ez zara hemengoa», eta «gu geure etxean gaude», esaterako. Borrokaren erdian, Le Priolek Polizia mezua zuen besoko bat atera zuen poltsikotik, lekukoen arabera. Ika-mikaren ostean horretan parte hartu zutenetako batek atzetik oinez jarraitu zion Aranbururi, eta beste biek jeep batean, jokalari ohia bere hotelera zihoala. Bertatik bertara egin zion tiro. Emakume bat atxilotuta Atzo gauean atxilotu zuten ustez hilketan parte hartu zuen emakumea. Poliziak uste du hark gidatzen zuela Jeep autoa. Astelehen goizean atxilotuta zeukaten oraindik. Atzo zabaldu zutenez, bideozaintza kameren bidez identifikatu zuten 24 urteko emakumea. Miarritzen bizi zen kirolari ohi Argentinarra, eta turismo alorreko enpresa batean egiten zuen lan, Hegarty bazkidearekin. Bien asmoa zen gaur gauean jokatuko den Frantzia-Ingalaterra Sei Nazioetako partida ikustera joatea. Bi aldiz izan zen Top14ko txapeldun Miarritzerekin (2005ean eta 2006an). Klubeko bazkideen elkarteko presidente izana zen 2015etik 2018ra, eta administrazio kontseiluko kide ere izan zen. Argentinarekin hirugarren izan zen 2007ko Munduko Txapelketan. 22 partida jokatu zituen selekzioarekin. Perpinyan eta Akizen ere jokatu zuen, baita Glasgow Warriorsen ere. Miarritzek ohar txiki bat atera du sare sozialetan. Familiari eta lagunei doluminak eman, eta babes osoa eskaini diete.
2022-3-21
https://www.berria.eus/albisteak/211120/pascale-bodeten-baleh-baleh-filmak-irabazi-du-ikuspuntu-jaialdia.htm
Kultura
Pascale Bodeten ‘Baleh-baleh’ filmak irabazi du Ikuspuntu jaialdia
Arantza Santestebanen ‘918 GAU’ filmak publikoaren saria eta epaimahaiaren aipamen berezia jaso ditu.
Pascale Bodeten ‘Baleh-baleh’ filmak irabazi du Ikuspuntu jaialdia. Arantza Santestebanen ‘918 GAU’ filmak publikoaren saria eta epaimahaiaren aipamen berezia jaso ditu.
Pascale Bodet zinemagilearen Baleh-baleh filmak jaso du aurtengo Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiko sari nagusia. Sail Ofizialean lehian aritu diren 21 filmen artean, hura hautatu du epaimahaik irabazle. Arantza Santestebanen 918 GAU filmak epaimahaiaren aipamen berezia jaso du. Martxoaren 14tik 19ra bitarte egin dute zinema jaialdia. XVI. aldia izan da aurtengoa, eta guztira ehun film inguru proiektatu dituzte, hogei herrialde baino gehiagotakoak. Marina Vinyes Albes, Roger Koza eta Christopher Smallek osatu dute aurtengo jaialdiaren epaimahaia, eta, adierazi dutenez, Baleh-baleh filma «solasaldi bikain eta sigi-sagatsua da, etengabe gauza harrigarriak ezagutzera ematen dituena». 10.000 euroko saria jaso du. Zuzendaririk onenaren saria Mengqi Zhangi eman diote. Self-Portrait: Fairy Tale in 47 Km filma aurkeztu du lehiaketan zinemagileak, eta epaimahaiak zera nabarmendu du filmari buruz: «Film benetan paregabea da, zinema demokratiko mota berri baten bidea abiarazi duena». Gazteek ere Zhangen filmari eman diote beraien sari nagusia. Film labur onenaren saria, berriz, Shireen Seno zinemagilearen To Pick a Flower filmak jaso du. Epaimahaiaren iritziz, «obra hauskorra da, artxiboko irudien eta pantaila beltzen joko leuna, ahots urratu samarra, ikusten ari garenari buruz hitz egiten duena». Arantza Santestebanek 918 GAU filma aurkeztu du jaialdian. Sail Ofizialean lehiatu da, eta ez du sari nagusirik irabazi, baina jaso du aitortzarik. Epaimahaiak aipamen berezia egin baitio film onenaren kategorian –Javier Codesalen Evangelio mayor filmak ere jaso du aipamena–, eta ikusleen saria ere jaso du. X Films X Films ataleko saria Blanca Camell zinemagilearen Renacuajos film proiektuak jaso du. Film proiektuei zuzendutako atala da X Films; egileek idatziz aurkeztu behar izan dituzte beren proposamenak, eta ikusleen aurrean azaldu gero jaialdian. Hiru proiektu aurkeztu dira denera aurten, baina Camellen lana saritzea erabaki du epaimahaiak azkenean. «Proposamen honetan irudien sorkuntza, horien familia transmisioa eta memoria laburpenak lotzen dira, zentzumenen eta oroitzapenen bitartez. Istorio intimo batetik abiatuta, haur izatetik emakume izaterako igarobidea eta amatasuna arakatzen du».
2022-3-21
https://www.berria.eus/albisteak/211121/cafek-jarduera-geldituko-du-asteazkenean.htm
Ekonomia
CAFek jarduera geldituko du asteazkenean
Garraiolarien grebak eragin dion osagai gabeziak eraman du gelditzera Gipuzkoako industria enpresarik handiena.
CAFek jarduera geldituko du asteazkenean. Garraiolarien grebak eragin dion osagai gabeziak eraman du gelditzera Gipuzkoako industria enpresarik handiena.
Garraiolarien lanuztea eta erregaiaren prezioak direla eta, arazo handiak sortzen ari da industrian, janarien banaketan baino gehiago. Lehengaien eta osagaien gabeziak hainbat fabrikaren geldialdiak eragin ditu azken egunetan, eta, gaur, CAFek jakinarazi du jardueraren zatirik handiena bertan behera utzi beharko duela, etzi, hain zuzen, hornidura arazoak dituelako. Hala, Gipuzkoako industria enpresarik handienak iragarri du haren langile gehienak lanik gabe egongo direla asteazkenean, baina ez du zehaztu zenbat iraungo duen egoera horrek. Beasaingo eta Irungo lantokietan, trenen fabrikazioan eta ibilgailuen azken ukituen esparruetan izango da geldialdia. Lanik egin ezin duten beharginek aurrerago itzuli beharko dituzte ordu horiek, zuzendaritzak esan duenez. Aurreko astean, bi egunez gelditu zuten gurpilen esparruko jarduera CAFen, gasaren prezio izugarriak tarteko. Gurpilak kudeatzen dituzten langileak beste zeregin batzuetan jarri zituzten bi egun horietan. Jarduera geldirik duen Gipuzkoako beste enpresa handia Errenteriako Papresa da, hori ere garraiolarien grebak eragindako hornidura arazoengatik. Europako hegoaldeko paper fabrikatzaile handienetako bat da Papresa, eta lehengairik gabe gelditu da azken egunotan. Zuzendaritzak esan du garraiolarien grebak «are sakonagoa» egiten duela energiaren prezioek eragindako krisia papergintzan.
2022-3-22
https://www.berria.eus/albisteak/211122/ricardo-barkala-da-aurreneko-presidentegaia.htm
Kirola
Ricardo Barkala da aurreneko presidentegaia
Bilboko Portuko presidenteak baieztatu du aurkeztu egingo dela Athleticen hauteskundeetara. Egitasmoa «nahiko aurreratuta» duela esan du.
Ricardo Barkala da aurreneko presidentegaia. Bilboko Portuko presidenteak baieztatu du aurkeztu egingo dela Athleticen hauteskundeetara. Egitasmoa «nahiko aurreratuta» duela esan du.
Athleticen presidentea aukeratzeko hauteskundeak izango dira denboraldi honen amaieran. Oraingo zuzendaritzak jakinarazi behar du zein egunetan izango diren. Horren zain egon gabe, badago hautagai bat: Ricardo Barkala. Bilboko Portuko presidenteak atzo baieztatu zuen lehenago ere esana zeukana, aurkeztu egingo dela. «Deialdia egin gabe dagoenez, ez dago zertara aurkeztu, baina atera erabakia hartuta dago. Ea hauteskundeetara deitzen duen orain Elizegik». Otsailean adierazi zuen ez zituela hauteskundeak nahi, eta kontsentsuzko hautagaitza baten aldekoa zela. Hori lortzeko hainbat bilera egiten ari zela ere kontatu zuen orduan. Orain, ordea, beste inoren zain egon gabe, aurrerapausoa ematea erabaki du: «Irteerako marran gaude», esan du Santurtzin. Egitasmoaren inguruan ere aritu da: «Nahiko aurreratuta dauzkagu kirol arloa, ekonomikoa eta soziala». Hautagai gehiago izango direla ematen du, beste inork adierazpen publikorik egin ez badu ere. Izen pare bat bolo-bolo dabil alde horretatik: Javier Aretxabaleta Vocento taldeko kontseilariaren izena aurreratu zuen Onda Vasca irratiak, eta, Deia egunkariaren arabera, enpresaburu bat ere aurkeztekotan da, berrikuntza teknologikoaren alorrekoa. Baliteke ez izatea bakarrak. Hautagai asko egotearen eragilea hau litzateke: abalak aurkeztu beharrik ez izatea hautagaitzek. Batzarrera eraman behar du gai hori Elizegiren zuzendaritzak (aurrekontuaren %5 izatea nahi du: 7 bat miloi euro), eta aurrekariak ikusita, ez du ematen abalena ezinbesteko baldintza bilakatuko denik. Ez zuten lortu Fernando Garcia Macuak eta Josu Urrutiak presidente izan zirenean. Orain, Kirolaren Lege berriaren arabera, ez da beharrezkoa abalik aurkeztea, baina klub bakoitzaren esku dago azkeneko erabakia.
2022-3-21
https://www.berria.eus/albisteak/211123/daddy-yankeek-erretiroa-hartuko-du.htm
Kultura
Daddy Yankeek erretiroa hartuko du
Puerto Ricoko abeslariak disko bat argitaratuko du ostegunean, eta agurreko birari ekingo dio abuztuan. 32 urteko ibilbidea egin du, eta reggaetona nazioartean ospetsu egin izanaren arduradun nagusienetako bat da.
Daddy Yankeek erretiroa hartuko du. Puerto Ricoko abeslariak disko bat argitaratuko du ostegunean, eta agurreko birari ekingo dio abuztuan. 32 urteko ibilbidea egin du, eta reggaetona nazioartean ospetsu egin izanaren arduradun nagusienetako bat da.
Amaitu zaio gasolina Daddy Yankeeri. Azken hogei urteetan hazkunde izugarria izan du reggaetonak, eta hori, besteak beste, Yankeeren gisako artistek hartu duten ospeari esker izan da. Askoren arabera, hura da reggaetonaren erregea eta, Tego Calderonen ostean, mundu osoan ospetsu egin zuen bigarrena. Nork ez ditu dantzatu Gasolina, La Despedida edo Despacito abestiak? 45 urteko artistak ostegunean argitaratuko du bere azken diskoa —Legendaddy izenekoa—, eta iragarri du bere agurreko bira ere, La última vuelta (Azken itzulia). Abuztuaren 10ean hasiko du, Portlanden (AEBak), eta abenduaren 2an amaitu, Mexiko Hirian. Tartean igaroko ditu Txile, Argentina, Ekuador, Kolonbia, Guatemala... baina ez du iragarri kontzerturik Puerto Ricon. Litekeena da aurrerago iragartzea 32 urteko ibilbidea agurtzeko kontzertu handi bat. «Nire ibilbidea maratoi bat izan da, eta azkenean ari naiz amaiera ikusten. Orain zuek guztiokin batera gozatuko dut eman didazuen guztia, oparitu didazuen guztia», hasi du Yankeek bere agurreko bideoa: «Jendeak dio nik bihurtu nuela reggaetona nazioartean ospetsu, baina zuek eman zenizkidaten genero hori munduko handiena bilakatzeko giltzak». Gehitu du jarraitzaileak izan direla bere ibilbideko altxorrik handiena. Hortaz gain, gazteei zuzendu zaie bere mezuan: «Beti lan egin dut arazoak saihesteko, gazteentzat eredu ona izateko, eurek ere haztearekin amestu dezaten euren senide eta lagunei laguntzeko». Nerabea zeneko garaiak ere izan ditu gogoan, eta aitortu du hazi ziren auzoetan gehiengoak narkotrafikatzaileak izan nahi zutela, baita berak ere: «Orain auzoetara jaisten naizenean, berriz, gehienek abeslariak izan nahi dute. Horrek asko balio du niretzat», amaitu du. Reggaetonaren erregea Raymond Ayala (San Juan, Puerto Rico, 1976) abesten hasi zen garaian, 1990. hamarkadaren hastapenetan, oraindik ez zen existitzen reggaetona. Ayala bera (jada Daddy Yankee izen artistikoarekin) izan zen abesti batean hitz hori aipatu zuten lehenengoetako bat, 1992an. Reggae abestien gainean rapa inprobisatzen jarduten ziren garai haietan. Bere lehen diskoa 1998. urtean argitaratu zuen Yankeek, eta arrakasta 1999. eta 2003. urteen artean lortu zuen, Nicky Jam abeslariarekin batera, Los Cangris bikotea osatzen zutenean. Mundu osoan, ordea, 2004. urtetik aurrera egin zen ospetsu, bakarlari gisa Barrio Fino diskoa argitaratu zuenean —askorentzat, reggaetonaren historiako diskorik onena—. Ordutik 30 milioi disko inguru saldu ditu, eta abestien dozenaka zerrendaren buru izan da Interneten. Luis Fonsirekin argitaratu zuen Despacito abestia, adibidez, Youtuberen historiako bideorik ikusiena izan zen Baby Shark abestiak gainditu zuen arte; ia 8.000 milioi ikustaldi ditu. Zazpi Grammy Latino sari ditu Yankeek, eta 28 Billboard Latino sari ere bai, besteak beste. Politikari dagokionez, 2019an Puerto Ricoko gobernatzailearen aurka protesta egin zuten artistetako bat izan zen. Ustelkeriaren aurka idatzi zuen orduan: «Azalpenak eskatzen baino, aldaketa bat eskatzen ari direnekin egiten dut bat. Gardentasunak gure kulturaren parte izan behar du. Puerto Ricon jaio nintzen, Puerto Ricon bizi naiz, eta gertatzen dela gertatzen dela ere nire uhartean jarraituko dut».
2022-3-21
https://www.berria.eus/albisteak/211124/otegik-laquoaukera-historikotzatraquo-jo-du-hezkuntza-lege-berriaren-oinarrirako-ituna.htm
Gizartea
Otegik «aukera historikotzat» jo du Hezkuntza Lege berriaren oinarrirako ituna
EH Bilduko koordinatzaile nagusiak nabarmendu du euskarak «helburu» izan behar duela. EHIGEk, berriz, «kezka» adierazi du, eskola publikoaren aldeko apusturik egin ez delakoan.
Otegik «aukera historikotzat» jo du Hezkuntza Lege berriaren oinarrirako ituna. EH Bilduko koordinatzaile nagusiak nabarmendu du euskarak «helburu» izan behar duela. EHIGEk, berriz, «kezka» adierazi du, eskola publikoaren aldeko apusturik egin ez delakoan.
EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegiren hitzetan, «aukera historiko baten aurrean» dago euskal gizartea. EAJk, PSE-EEk, Elkarrekin Podemos-IUk eta koalizio subiranistak Hezkuntza itunaren zuzenketen inguruan adostutako akordioa goraipatu du, eta nabarmendu euskarak, «ardatz» ez ezik, «helburu» ere izan behar duela. Euskadi Irratian eginiko elkarrizketan, EH Bilduko koordinatzaileak adierazi du gaztelania dela Hego Euskal Herriko «hizkuntza hegemonikoa», eta sarri ahaztu egiten dela «euskaldun identitatea arriskuan» dagoela: «Gurea, euskara, diglosia egoeran dago». Horri buelta emateko, «estrategikotzat» jo du hezkuntza. Koalizioak akordioari eginiko ekarpen nagusia euskara eskakizunetan helburuak jarri izana dela nabarmendu du: «Itunak bermatu behar du mundu guztiak, ziklotik ateratzean, bi hizkuntzak maneiatzen dituela eta, ahal dela, hirugarren bat ere bai». Hala, «lubakitik atera» eta proposamen bat egin zuen lehen indarra EH Bildu izan zela nabarmendu du. Halere, Otegiren hitzetan, ez da ahaztu behar Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoa bakarrik dela neurria, eta «nazio ikuspegiaren inguruko eztabaida» ongi finkatzeko beharra adierazi du. EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioko koordinatzaile Lurdes Imazek, baina, ez du begi onez ikusten akordioa. Irrati kate berean eginiko adierazpenetan, «kezka handia» adierazi du hark, ez delakoan «publikoaren aldeko apustu argirik egiten». Haren hitzetan, itunpeko ikastetxeak publikoekin parekatzea «akats larria» da: «Herri honetan eskola publikoaren aldeko apustu argi bat egiten ez den bitartean, ez diegu helduko herri honek dituen erronkei». Euskarari dagokionez, berriz, helburuak ezarri diren arren, «atzerapauso bat» eman dela uste du Imazek, eta murgiltze eredu baten beharra nabarmendu. Oso bestelakoa da EAEko PPko presidente Carlos Iturgaizen iritzia. Euskara nola hala sartu nahi izatea eta «gaztelera geletatik desagertzeko» lan egitea egotzi die itunaren aldeko indarrei. «Haiek gehiengoa izango dute, baina arrazoia PPrekin dago», adierazi du: «Beste behin, nazionalismoak askatasuna suntsitu du». Era berean, itunpeko ikastetxeen aurka aritzea leporatu die, gurasoei «hezkuntza eredua libreki aukeratzeko» ahalmena kenduta. Bildarratz, bidaian Hezkuntza Lege berriaren inguruko akordioak sortutako harrabotsaren erdian, Estonia eta Finlandia bisitatuko ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek. Jaurlaritzak adierazi duenez, herrialde haietako arduradun politikoekin eta hezkuntza alorreko eragileekin biltzea da bidaiaren helburua, hango hezkuntza sistemen berri jasotzeko. Hala, Tallinngo Unibertsitateak antolatutako mintegi batean parte hartuko du, eta Finlandiako Hezkuntza ministro Li Anderssonekin bilduko da. Finlandian, Helsinkiko udaletxea ere bisitatuko du, herrialde hartako hezkuntzan udalek duten «ardura eta autonomia» aztertzeko.
2022-3-21
https://www.berria.eus/albisteak/211125/sindikatuek-bertan-behera-utzi-dute-martxoaren-25erako-hezkuntzan-deituriko-greba.htm
Gizartea
Sindikatuek bertan behera utzi dute martxoaren 25erako hezkuntzan deituriko greba
Eusko Legebiltzarrean ostiralean hitzartu zituzten hezkuntza itunaren gaineko zuzenketak, eta horiek aztertu ostean erabaki dute greba ez egitea. Mobilizazioak ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuek deitu zituzten.
Sindikatuek bertan behera utzi dute martxoaren 25erako hezkuntzan deituriko greba. Eusko Legebiltzarrean ostiralean hitzartu zituzten hezkuntza itunaren gaineko zuzenketak, eta horiek aztertu ostean erabaki dute greba ez egitea. Mobilizazioak ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuek deitu zituzten.
Sindikatuek bertan behera utzi dute ostiralean hezkuntzan egin behar zuten greba. Asmoa zen mobilizazioak egitea hezkuntza sistema osoan, publikoan zein itunpekoan, Haurreskolak partzuergoko haur eskoletan ere bai. Erabakiak lotura zuzena du joan den ostiralean Eusko Legebiltzarrean EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta EB-IUk hezkuntza itunaren gaineko zuzenketak hitzartu izanarekin; izan ere, haiek aztertu ostean erabaki dute greba ez egitea. Greba ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuek antolatu zuten, ez zeudelako ados Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu zuten hezkuntza akordio berri baterako oinarrien zirriborroarekin. Martxoaren 15ean esan zutenez, ez zuten bat egiten edukiekin, ezta eduki horiek finkatzeko erabili den prozedurarekin ere, pentsatzen baitzuten hezkuntza komunitatea osatzen duten langileen iritzia ez dela kontuan hartu. Ostiralean ere protesta egin zuten legebiltzarraren kanpoaldean. Sindikatuek kontzentrazioa egin zuten, Publikoa, euskalduna eta propioa helburu. Hezkuntza legea langileokin eraiki lelopean. ELAko Miren Zubizarretak bata bestearen atzetik zerrendatu zituen eskaerak: hezkuntza sistemako langileak kontuan hartzea akordioa eta Hezkuntza Legea egitean hezkuntza lege «propioa eta euskalduna» izatea, hezkuntza langileen lan baldintza «egokiak» bermatzea, nahiko inbertsio eta baliabide edukitzea, publikoan zentratua egotea, euskara erdigunean jartzea, oinarritzat euskal curriculuma edukitzea, segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatzea eta merkatuen interesetatik bereiz egotea. Grebari eta hilaren 28an egitekoa zuten protestari eusteko asmoa erakutsi zuten orduan. Ituna Alderdiek, berriz, ehun zuzenketa baino gehiago aztertu zituzten itunean, baina elkarrizketek fruitua eman zuten azkenean. Ostiral ilunabarrean talde politikoetako ordezkariek jakinarazi zuten akordioa lortu zutela. 2021eko irailean, politika orokorrari buruzko eztabaidan, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk esan zuen legealdi honetan hezkuntza lege berri bat ondu nahi zutela, eta, okerrik ezean, bete egingo du asmoa, eta adostasun zabalarekin onartuko da, gainera. Martxoaren 28an Hezkuntza Batzordean testua bozkatzea da asmoa, eta apirilaren 7an osoko bilkuran behin betiko onespena ematea testuari. Segidan, legea ontzeko prozesua hasiko da. EH Bilduk aurrez koaliziokideei aurkeztuko die testua, kideek onetsi dezaten. Eragileek esan dute urtea amaitu aurretik legea indarrean nahi dutela. 1993koa da aurreko legea, eta jakin-mina dago ekar ditzakeen aldaketen inguruan. Zehaztu dute, esaterako, eskolaratzea bukatzean ikasle denek euskaran B2 maila izateko planak egin beharko dituztela eskolek. Mailaka joango da eskaria: LH amaitzean, B1 beharko dute. Lege berrian zehaztuko den hizkuntza ereduaren inguruan izan dituzte desadostasunak alderdiek, eta jakina da akordioan bat egiteko orduan zailtasunak izan direla. Hona hitzartu zuten testuan zer-nola zehaztu duten nolakoa izan behar duen eredu berriak. «Eredu eleaniztuna da, euskara ardatz duena, hizkuntza ofizialen bidez artikulatua, eta gutxienez atzerriko hizkuntza batekin. Irizpide oinarrizko bati jarraituko zaio, gizarte kohesioa eta herritarrek bi hizkuntzetan jarduteko gaitasuna bermatzeko. Horretan ahalegintzea garrantzitsua da, hizkuntzaren eta kulturaren arloan kontzientzia sustatzeko eta gaitasun komunikatiboa era jarraian hobetzeko. Legearen apustua izango da ikasle orok, duen familia jatorriaz harago, ikasketak amaitzean bi hizkuntzen ezagutzan maila bera izatea, eta ezagutzak eskuratzea, gutxienez, atzerriko hizkuntza batean».
2022-3-21
https://www.berria.eus/albisteak/211126/parte-hartzea-gorabehera-tunisiako-presidenteak-herri-kontsulta-goratu-du.htm
Mundua
Parte hartzea gorabehera, Tunisiako presidenteak herri kontsulta goratu du
Prozesuko emaitzak aintzat hartuta, konstituzioa erreformatzeko proposamenak egingo ditu estatuburuak izendatutako talde batek. Agintariaren aurkako protestak izan dira hiriburuan
Parte hartzea gorabehera, Tunisiako presidenteak herri kontsulta goratu du. Prozesuko emaitzak aintzat hartuta, konstituzioa erreformatzeko proposamenak egingo ditu estatuburuak izendatutako talde batek. Agintariaren aurkako protestak izan dira hiriburuan
Jende oso gutxik parte hartu du «herritarren kezkak eta proposamenak» ezagutzeko Kais Saied Tunisiako estatuburuak planteatutako herri kontsultan. Hamasei urtetik gorakoak zortzi bat milioi bat baldin badira, 530.000 inguruk bete dute iazko uztailaren 25ean estatuko botere guztiak bere gain hartu zituen presidenteak proposatutako inkesta digitala; hau da, herritarren %6 pasak. Nolanahi ere, prozesua «arrakastatsua» izan dela adierazi du Saidek, gaur goizaldean. Jakinarazi du, bide batez, berak aukeratutako aditu talde batek emaitzak sintetizatuko dituela, eta, behin hori eginda, 2014ko konstituzioa erreferendum bidez aldatzeko proposamenak plazaratuko dituztela. Uztailaren 25ean da egitekoa galdeketa, eta hauteskundeak abenduaren 17an. Hain zuzen, data horretan, baina iaz, Tunisian gehiengoak estatu kolpetzat jotzen duena eman zuen Saiedek, «bake soziala» berreskuratu nahi zuela argudiatuta. Horretarako, Hitxam Metxitxi lehen ministroa kargugabetu zuen, eta, parlamentuaren jarduna bertan behera uzteaz gain, erabaki zuen konstituzioan jasotako artikuluetako asko ez betetzea. 2011ko Udaberri Arabiarreko eskakizunak ditu oinarrian testu horrek. Bi hilabete iraun du parte hartze prozesuak. Atzo bukatu zen; hain justu, herrialdearen independentziaren 66. urteurrenean —Frantziaren kolonia izan zen—. Presidentearen egitasmoaren kontra protesta egiteko mobilizazio batera deitu zuen Kolpearen Kontrako Herritarrak kolektiboak, Tunis hiriburuan. Zenbait joera politiko biltzen ditu; tartean, Ennahda alderdi islamista, parlamentuko indar nagusia dena. Manifestazioak ez zuen baimenik, baina Habib Burguiba etorbidea hartu zuen. Antolatzaileen esanetan, 3.000 bat pertsonak parte hartu zuten; Barne Ministerioaren arabera, 800 lagun bildu zituen mobilizazioak. Kazetari bat atxilotuta Alderdi sozialdemokraten koordinakunde batek eskatu du indar politiko guztiak kontuan hartuko dituen elkarrizketa nazional bat hasteko. Modu horretan, salbuespen egoera bukatzea —iazko uztailetik dago indarrean— eta adostutako proiektu bat ontzea du helburu. Bestetik, «terrorismoaren» kontrako Tunisiako auzitegi batek deklaratzera deitu ditu hiru kazetari, «susmagarriak» direlakoan. Horietako batek bost egun daramatza atxilotuta. Leporatzen diete Kairouan probintzian gertatutako zelula jihadista baten indargabetzearen berri ematea, eta ez jakinaraztea zeintzuk izan ziren haien informazio iturriak.
2022-3-21
https://www.berria.eus/albisteak/211127/madrilek-500-milioi-euro-eskaini-dizkie-garraiolariei-gasolioa-merkatzeko.htm
Ekonomia
Madrilek 500 milioi euro eskaini dizkie garraiolariei, gasolioa merkatzeko
Greban ez dauden garraiolarien elkarteekin akordioa egin du Madrilek, eta ikusteko dago lanuztean daudenak lanera itzultzeko gaitasuna izango duen ala ez. Neurri zehatzak hilaren 29an zehaztuko ditu dekretu batek.
Madrilek 500 milioi euro eskaini dizkie garraiolariei, gasolioa merkatzeko. Greban ez dauden garraiolarien elkarteekin akordioa egin du Madrilek, eta ikusteko dago lanuztean daudenak lanera itzultzeko gaitasuna izango duen ala ez. Neurri zehatzak hilaren 29an zehaztuko ditu dekretu batek.
Greba deitu ez duten garriolarien elkarteekin akordioa egin du Espainiako Gobernuak gasolioa merkatzeko, eta ikusteko dago eskaini dituen neurriak nahikoak izango diren greban ari direnek lanuztea utz dezaten. 500 milioi euroko laguntzak jarri ditu mahai gainean Madrilek garraioaren sektorea laguntzeko, baina ez du azaldu nola gauzatuko duen laguntza hori, zein neurri zehatzen bidez. Edonola ere, CNTC Espainiako garraiolarien elkarte handienak onartu egin du gobernuaren eskaintza, eta akordioa berretsi du. Pedro Sanchez presidenteak aurreratu zuen moduan, martxoaren 29an lege dekretu bat onartuko du Espainiako Gobernuak, eta Frantziak iragarritako laguntzen eredua jarraituko du horrek, Raquel Sanchez Garraio ministroak esplikatu zuenez, atzo, garraiolarien ordezkariekin egindako bilera luze baten ostean. Frantziako ereduan, aurrekontu publikoek eutsiko diote laguntzaren zati bati, eta beste zati bat erregaia banatzen duten enpresek ordainduko dute. Batera edo bestera, Madrilek ez du erabakirik hartuko hilaren 24 eta 25ean egingo duten Europako Kontseiluaren aurretik. 500 milioi euroko laguntza hori orokorra da oso, eta, hortik aurrera, gehiago dira galderak erantzunak baino; alegia, ibilgailu bakoitzak, bere ezaugarrien araberako laguntzak jasoko dituen edo beste modu batera egingo den ez dute jakinarazi, ezta gasolio litroaren merkatzea zenbatekoa izango den zentimoetan ere; laguntzak zenbat iraungo duen ere ez dute zehaztu. CAFek jarduera geratu du Garraiolarien greba gero eta arazo gehiago sortzen ari da industrian eta banaketa zerbitzuetan, baina ez ditu erabat geldiarazi. Lehengaien eta osagaien gabeziak hainbat fabrikaren geldialdiak eragin ditu azken egunetan, ordea, eta CAFek jakinarazi du jardueraren zatirik handiena bertan behera utzi beharko duela, bihar. Gipuzkoako industria enpresarik handienak iragarri du haren langile gehienak lanik gabe egongo direla bihar, baina ez du zehaztu zenbat iraungo duen egoera horrek. Beasaingo eta Irungo lantokietan, trenen fabrikazioan eta ibilgailuen azken faseko esparruetan izango da geldialdia. Lanik egin ezin duten beharginek aurrerago itzuli beharko dituzte ordu horiek, zuzendaritzak esan duenez. Euskal Herriko gune logistiko nagusian, berriz, Bilboko portuan, «%100ean» ari dira lanean, Ricardo Barkala haren presidenteak ziurtatu duenez. Itsasontziak sartzen eta ateratzen ari dira, eta zamaketa lanak egin egiten dira. Arazoa da grebak asko murriztu duela portura sartzen edo handik irteten diren produktuen joan-etorria. Autonomoak dira nasetan ibili ohi diren kamioilari gehienak, eta haien artean du lanuzteak arrakasta gehien. Bizkaiko beste gune logistiko handi bat Mercabilbao da, janaria banatzeko zentroa. Gorka Moreno fruta eta barazkien handizkako elkarteko presidenteak azaldu du zenbait produkturen eskasia antzematen ari direla. Atzo goizean, Almeriako barazkiak —tomateak, lekak, berenjenak...— eta Valentzia aldeko laranjak eta mandarinak falta ziren. Igandean Errioxatik iritsi ziren barazki gehiago, baina ez dute espero asko iritsiko denik aste osoan. Horren ondorioz, handizkako saltzaileek biltegietan daukatena hari dira merkaturatzen. Bien bitartean, Hiru sindikatuak protestekin jarraitu zuen, atzo. Ertzaintzak galarazi egin zuen haien kamioi-karabana Bilboko erdigunera sartzea, eta baita Santurtziko portu ingurura hurbiltzea ere. Hiruk esan du Jaurlaritzak sektoreko bileratik kanpo utzi duela. Nafarroako Gobernua bihar goizean elkartuko da garraiolarien sindikatuarekin. «Gogorarazi behar da hemengo agintari politikoek hainbat erabaki hartu dituztela, eta ez garraioa babesteko». Zein neurri diren horiek? Zerga-sistema aldatu dutela, dio Hiruk, eta garraio arloko autonomoentzat «Estatu osoko PFEZ garestiena» ezarri dela». Gainera, Euskal Herria zeharkatzen duen «bide nagusian» garraiolariei bidesaria jarri diotela gogoratu du; «zuzenean, ogasunetara bidaltzen diren fakturetan beren QR kode bat sartzera ere behartu dituzte autonomoak».
2022-3-21
https://www.berria.eus/albisteak/211128/eb-ez-da-ados-jarri-errusiari-petrolioa-erosteari-uzteko.htm
Ekonomia
EB ez da ados jarri Errusiari petrolioa erosteari uzteko
Herrialde batzuek eskatu dute debekua, baina Hungariak ohartarazi die ez duela onartuko. Errusia deskontuarekin ari da saltzen bere petrolioa, Asian eta Europan.
EB ez da ados jarri Errusiari petrolioa erosteari uzteko. Herrialde batzuek eskatu dute debekua, baina Hungariak ohartarazi die ez duela onartuko. Errusia deskontuarekin ari da saltzen bere petrolioa, Asian eta Europan.
Bosgarren zigor sortan tupust egin du Europako Batasunak. Errusia zigortzeko lau neurri multzo bizkor onartu ondoren, EBko kideen abiadura asko moteldu da min handien egin diezaiokeen gaiarekin jo baitu: Errusiari hidrokarburoak erosteari utzi behar al dio? Errusiaren diru iturri nagusia itxiko luke horrela EBk, baina bere buruari kalte handia eginez, Errusiatik baitatorkio gasaren heren bat baino gehiago eta petrolioaren laurdenetik gora. EBko Atzerri ministroek bilera egin dute gaur Bruselan, Errusiaren aurkako zigor neurri gehiago aztertzeko. Errusiako petrolioa erosteko debekua mahai gainean izan da, lehen aldiz modu garbi batean. «Ezin gara zigorrak jartzeaz nekatu. Petrolioari buruz hitz egin behar dugu», adierazi du bilerara sartzean Gabrielius Landsbergis Lituaniako Atzerri ministroak. Irlandako Simon Coveneyk ere aipatu du aukera hori eta ikatza ere inportazio debekatuen zerrendara batzea proposatu zuen. Baina halako zigor bat aho batez hartu behar dute EBko 27 estatukideek, eta halakorik ez dago. Hungariako Atzerri ministro Peter Szijiartok ohartarazi du bere gobernuak ez zuela Errusiako petrolioari boikot egitea ontzat hartuko «Ez dugu Hungariaren segurtasun energetikoa arriskuan jarriko duen zigorrik onartuko». Vladimir Putinengandik gertu egon izan da Viktor Orban Hungariako lehen ministro eskuindarra, baina Ukrainako gerra hasi denetik babestu egin ditu Errusiaren aurkako zigorrak. Oraindik, Europara Berez, gerra hasi zenetik gutxitu egin da Europako konpainiek Errusian egiten duten petrolio erosketa, eta Ural upela —Errusiako petrolioa— Brent upela baino merkeago saltzen ari dira orain, erosleak erakartzeko. Asiara begira ari direla onartu du Aleksandr Novak Errusiako lehen ministrordeak, baina Moskuren datu ofizialek diote Europara doala oraindik bere petrolioaren zatirik handiena: martxoaren 1etik 15era Errusiak egunero esportatutako 4,39 milioi upeletatik 2,7 milioi joan ziren Mendebaldera doazen petroliobideetan edo Itsaso Beltzeko eta Baltikoko portuetatik, eta horien bezero nagusiak EBko herrialdeak dira. Blokeo ofizialaren aurretik ere, energia sektoreko multinazional handiek iragarri dute Errusiako merkatua utziko dutela. BP, Shell, Total eta beste enpresei batu dakieke aurki Enel argindar konpainia, Italiakoa. 2004an sartu zen Enel Errusian eta gaur egun hiru zentral termiko eta parke eoliko bat ditu. «Zoritxarrez, [zentral termikoak] itxi beharko ditugu», azaldu du Francesco Starace Eneleko kontseilari ordezkaria.
2022-3-21
https://www.berria.eus/albisteak/211129/yvan-colonna-preso-korsikarra-zendu-da.htm
Mundua
Yvan Colonna preso korsikarra zendu da
Garun heriotzean zegoen orain dela hiru aste Arleseko presondegian jipoitu zutenetik. Frantziako Estatuaren erantzukizuna salatu du Korsikako mugimendu nazionalistak eta istilu larriak izan dira azken asteetan.
Yvan Colonna preso korsikarra zendu da. Garun heriotzean zegoen orain dela hiru aste Arleseko presondegian jipoitu zutenetik. Frantziako Estatuaren erantzukizuna salatu du Korsikako mugimendu nazionalistak eta istilu larriak izan dira azken asteetan.
Yvan Colonna Korsikako presoa zendu da. Hala jakinarazi dute Frantziako zenbait hedabidek, eta BERRIAri ere baieztatu diote iturri batek baino gehiagok. Colonnaren abokatuak ere baieztatu du albistea. Orain dela hiru aste jipoia eman zion beste preso batek eta oso larri eraman zuten Marseilleko ospitalera. Garun heriotzean egon da orain arte. Presoaren kontrako erasoak tentsio handiak sortu ditu Mediterraneoko irlan eta Frantziako Estatuaren erantzukizuna salatzeko protestak antolatu dituzte azken egunetan. Istilu larriak gertatu dira. 2003tik zegoen preso Colonna, 1998an Claude Erignac prefeta hiltzea leporatuta, eta bereziki zaindutako presoen DPS estatusa zeukan. Iaztik baldintzapean aske gelditzeko aukera zuen. BERRIA Colonnaren abokatu Stella Canavarekin mintzatu zen iaz, eta hark adierazi zuen bere bezeroaren kasuko erabakiak «politikoak» direla. Martxoaren 13an 15.000 pertsonak mobilizazioa egin zuten Bastian (Korsika) Frantziako Estatua hiltzailea lelopean. Alderdi autonomistek, independentistek eta ikasle mugimenduek bat egin dute deialdiarekin. Frantziako Estatuaren eraikin bati baino gehiagori eraso zioten manifestazio bukaeran lehertu ziren istiluetan. Lehengo astean Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroa Korsikara joan zen, egoera baretu eta alderdi politikoetako ordezkariekin negoziatzera. Paris irlaren autonomiaz mintzatzeko prest dagoela adierazi zuen, besteak beste.
2022-3-22
https://www.berria.eus/albisteak/211158/gutxienez-11-pertsona-zauritu-dira-bokaleko-etxe-batean-pizturiko-sutean.htm
Gizartea
Gutxienez 11 pertsona zauritu dira Bokaleko etxe batean pizturiko sutean
Horietako zazpi Bordeleko ospitalera eraman behar izan dituzte; bat, oso larri.
Gutxienez 11 pertsona zauritu dira Bokaleko etxe batean pizturiko sutean. Horietako zazpi Bordeleko ospitalera eraman behar izan dituzte; bat, oso larri.
Euskal Irratiak hedabideak jakinarazi duenez, sute bat piztu da Bokaleko (Lapurdi) etxebizitza batean. Hamaika pertsona zauritu dira sutearen ondorioz, eta horietako zazpi Bordeleko ospitalera eraman behar izan dituzte. Horietako bat larri dago. Eraikinaren kanpoaldeak kalteak izan ditu, eta ikusteko dago ea barnealdean zenbaterainoko kalteak eragin dituen. Beste sute bat Donostian Donostian ere sute bat piztu da eraikin batean. Egia auzoko eraikin okupatu batean gertatu da ezbeharra. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, nahita piztutako sute bat izan da. Ertzaintza gertaera ikertzen aritu da goizean goizetik, eta dagoeneko pertsona bat atxilotu du sutearekin lotura izan dezakeelakoan. Ikusi gehiago: Gizonezko bat atxilotu dute Donostiako eraikin bati su eman izana egotzita
2022-3-22
https://www.berria.eus/albisteak/211159/navalni-bederatzi-urteko-espetxealdira-zigortu-dute-iruzurragatik.htm
Mundua
Navalni bederatzi urteko espetxealdira zigortu dute iruzurragatik
Fiskaltzak hamahiru urteko kartzelaldia nahi zuen Errusiako oposizioko kide ezagunarentzat. Kartzelan darama urte bat baino gehiago, beste iruzur kasu bategatik.
Navalni bederatzi urteko espetxealdira zigortu dute iruzurragatik. Fiskaltzak hamahiru urteko kartzelaldia nahi zuen Errusiako oposizioko kide ezagunarentzat. Kartzelan darama urte bat baino gehiago, beste iruzur kasu bategatik.
Errusiako epaitegiek beste behin zigortu dute Aleksei Navalni. Politikari eta oposizioko kide ezagunari egotzi diote iruzurra «kopuru handian» egitea, ustelkeriaren aurkako bere erakundeari dohaintzan emandako dirua desbideratzeagatik. Zehazki, lau iruzur kasu egotzi dizkio Margarita Kotova epaileak. Fiskaltzak hamahiru urteko kartzela zigorra eta ia 10.000 euroko isun bat eskatu zituen harentzat, eta epaileak bederatzi urteko kartzelaldia ezarri dio. Navalni preso dagoen espetxean bertan egin dute epaiketa, gaur. Oposizioko kidea iazko otsailetik dago kartzelan; hiru urte eta erdiko kartzelaldia ezarri zion Moskuko auzitegi batek, 2014an ustelkeria auzi batekin lotuta jarri zioten zigor bati hainbatetan entzungor egiteagatik. Horietatik bi urte eta erdi bete behar ditu oraingoz, aurrez kartzelan igarotako denbora kendu baitzion epaileak. Fiskaltzak epaiketan adierazi zuen ez zegoela arrazoirik politikaria bere kontrako zigorra berrikusteko saioetara ez azaltzeko. Navalnik, berriz, argudiatu zuen bere lege betebeharrak ezin izan zituela bete Alemanian zegoelako osatzen, koman bi aste igaro ostean. Epaiketa gobernuaren aurka egiteko ere baliatu zuen oposizioko kideak, eta berriz leporatu zion Vladimir Putin Errusiako presidenteari pozoitzen saiatu izana: «Geopolitikari handi bat izaten tematzen den arren, pozoitzaile handi baten moduan pasatuko da historiara». Protestak eragin zituen Navalniren espetxeratzeak, azken urteetako jendetsuenak.
2022-3-22
https://www.berria.eus/albisteak/211160/biziz-proiektuaren-sortzaileak-laquoondokoari-laguntzeko-prestasuna-oso-barneratua-duteraquo.htm
Bizigiro
'Biziz' proiektuaren sortzaileak: «Ondokoari laguntzeko prestasuna oso barneratua dute»
Biziz proiektuaren sortzaileak elkarrizketatu ditu BERRIAk: Pello Alberdi eta Jon Rodriguez. Bidean topatu dituztenen «komunitate izaera» eta «laguntzeko prestasuna» goraipatu dituzte. 'Biziz' blogean jaso dituzte bidaiari buruzko nondik norakoak.
'Biziz' proiektuaren sortzaileak: «Ondokoari laguntzeko prestasuna oso barneratua dute». Biziz proiektuaren sortzaileak elkarrizketatu ditu BERRIAk: Pello Alberdi eta Jon Rodriguez. Bidean topatu dituztenen «komunitate izaera» eta «laguntzeko prestasuna» goraipatu dituzte. 'Biziz' blogean jaso dituzte bidaiari buruzko nondik norakoak.
Unibertsitatean ikasi zuten graduak batu zituen Pello Alberdi (Hernani, Gipuzkoa, 1997) eta Jon Rodriguez (Ordizia, Gipuzkoa, 1997). Testuinguru horretan jaio zen helburu askotarikoak dituzten gobernuz kanpoko hainbat erakundek egiten duten lanari oihartzuna eman asmo dion Biziz proiektua. Alberdi eta Rodriguez dira proiektuaren sortzaileak, eta bidaia bat du oinarri: irailaren 15ean hasi zuten, bizikleta gainean. Ordutik, munduko hainbat txoko zeharkatu dituzte, eta esperientziaren berri eman dute sare sozialetan eta BERRIAren webgunean. Biziz bloga baliatu dute horretarako, eta, bidaiaren nondik norakoak kontatzeaz gain, GKE anitzen lanaren berri ere eman dute. Ikusi gehiago: «Oihartzuna eman nahi diogu zenbait GKEk egiten duten lanari» Lagun arteko afarietan, «erdi brometan» hasi ziren proiektuari forma ematen, arlo pertsonalean hazten lagunduko zien «esperientzia baten beharra» sentitu ostean. «Zerbait desberdina nahi genuen; munduko toki askotarikoak bisitatu eta ezagutu baino gehiago, horiek bizi. Eta zer modu hobea hau bizikletaz egitea baino? Bizikletaz bizi, Biziz», diote blogean. Esan eta egin: Afrika izan dute lehen geltoki. Hegoafrikara joan ziren lehenik, hegazkinez. Handik, iparralderantz joan dira: Hegoafrikatik Zimbabwera, Zimbabwetik Zambiara, eta Zambiatik Tanzaniara. Han, bidaia birplanteatu behar izan dute: Tanzaniara iritsi eta gero Kenyara joan behar zuten, baina azkenean gorantz jarraitu dute, «Afrika guztiz gurutzatzeko». Iraultza askotarikoak Ibilbidean hainbat GKE ezagutu dituzte. «Mota desberdinetako erakundeak bisitatu ditugu: animaliak babesten dituzten erakundeak, osasuna eta ura hizpide dituzten erakundeak, eskola eta umezurztegiak... Oso interesgarriak izan dira guztiak, eta asko ikasi dugu haiekin», kontatu dute. Hain justu ere, horixe da etxera eramango duten balio garrantzitsuenetariko bat: komunitate izaera. «Ondokoari laguntzeko prestasun hori oso barneratua dute», nabarmendu dute. «Beti agertu dira laguntzeko prest».
2022-3-22
https://www.berria.eus/albisteak/211161/gizonezko-bat-atxilotu-dute-donostiako-eraikin-bati-su-eman-izana-egotzita.htm
Gizartea
Gizonezko bat atxilotu dute Donostiako eraikin bati su eman izana egotzita
Donostiako Egia auzoko etxebizitza batean piztu da sua. Ertzaintzako agenteek gizonezko bat atxilotu dute sutearekin lotura izan dezakeelakoan.
Gizonezko bat atxilotu dute Donostiako eraikin bati su eman izana egotzita. Donostiako Egia auzoko etxebizitza batean piztu da sua. Ertzaintzako agenteek gizonezko bat atxilotu dute sutearekin lotura izan dezakeelakoan.
Donostiako Egia auzoko eraikin okupatu batean gertatu da ezbeharra. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, nahita eragindako sute bat izan da. Ertzaintza gertaera ikertzen aritu da goizean goizetik, eta dagoeneko pertsona bat atxilotu du sutearekin lotura izan dezakeelakoan. Zehazki Egiako Galtzara kaleko 56. zenbakian hasi da sua, 07:50ak aldera. Donostiako suhiltzaileak bertaratu dira, eta sua koltrolpean hartu duten arren, ez dute guztiz itzali. Garrek lau solairuko eraikina kiskali dute; izan ere, zaharra da, eta egurrezko egitura du. Hego haize zakarra tarteko, gainera, arin zabaldu da sua. Dirudienez, eraikina hutsik zegoen sua hasi den unean.
2022-3-22
https://www.berria.eus/albisteak/211162/injustizia-baino-latzagorik.htm
Mundua
Injustizia baino latzagorik...
Injustizia baino latzagorik....
Ghjustizia e verita. Justizia eta egia. Horra zer zioen Bastiako lizeoko ikasleek ikastetxe atarian zintzilikatu zuten banderolak, Yvan Colonna oraino koman zegoela. Alta, Colonna atxilotu zuten urtean ez ziren sortuak ere. Baina jakin badakite Colonna nor den, nor zen. Cargeseko artzaina, Korsikaren alde borrokatu zuen militante independentista, 1998an Claude Erignac orduko Korsikako prefeta erailtzeagatik kondenatu zutena. Artean sortuak ez izanagatik ere, haren erruduntasunean ez du sinesten gazteriak —zer errana eman zuen auziak, eta abokatuek bezala Colonnak bere errugabetasuna aldarrikatu du bururaino—. Gainera, ez dute ulertzen ea segurtasun handiko kartzela batean nola gertatu ahal izan den hark jasan zuen jipoia. Are, ekidin zitekeela ere uste dute, Frantziako justiziak legea errespetatu balu Borgoko (Korsika) kartzelara hurbilduko baitzuten. Arrazoi horiek guztiek injustizia sentimendu ikaragarria sortu dute gazteengan. Eta injustiziei aurre egiteko borrokatzeko prest agertu dira azken asteotan, Parisi igorritako mezu argi batekin: Frantziako Estatua hiltzailea. Colonnak jasandako jipoia uharteari su eman dion pindarra izan dela diote anitzek; zazpi urteko ziklo instituzionalari bukaera eman dion gertaeratzat jo dute beste hainbestek. Frantziako Gobernuak berak ezin izan dio entzungor egin egoerari, eta Gerald Darmanin Barne ministroa igorri du uhartera, negoziazio fase bati hasiera emateko. Alderdi nazionalisten arteko desadostasunak agerian utzi ditu dagoeneko negoziazio faseak, Core in Fronte eta Corsica Libera independentistek eta PNC Korsikako Nazioaren Alderdi autonomistak uko egin baitiote Darmaninek eta Gilles Simeoni Korsikako gobernuburuak adostu duten agiria sinatzeari. Karrikako mobilizazioekin segitzeko deia egin zuten ere gazte mugimenduek. Bada, negoziazio fasea hasi berritan hil da Colonna, eta jipoiaren ostean sortutako mobilizazioa areagotzea espero dute anitzek. Atzo, jadanik, elkarretaratzeak egin zituzten espontaneoki Bastian eta Ajaccion, haren omenez. Eta azken asteotan ere, azken orduko mobilizazioak antolatzeko gaitasuna erakutsi dute gazte korsikarrek, alderdien sostenguarekin. Hemendik aitzina, jadanik agerikoa zen injustizia sentimendua areagotuko dela pentsa daiteke. Karrika izan da garaiotan injustizia horren kontrako borrokaren agertoki nagusia, eta baliteke hala izaten segitzea. Galdera zera da: nola eragingo du horrek Korsikako gobernuburuak Parisekin hasi berri duen negoziazio fasean? Azken asteetan lortutako indar harremana atxiki nahi dute, dena den.
2022-3-22
https://www.berria.eus/albisteak/211163/barakaldoko-gurutze-frankista-bota-du-ernaik.htm
Politika
Barakaldoko gurutze frankista bota du Ernaik
Bere egin du Erandioko ikur frankistaren aurkako erasoa ere, eta adierazi Bizkaian ez dela geratzen «monumentu frankista publikorik».
Barakaldoko gurutze frankista bota du Ernaik. Bere egin du Erandioko ikur frankistaren aurkako erasoa ere, eta adierazi Bizkaian ez dela geratzen «monumentu frankista publikorik».
Cabo Quilates itsasontziari egindako erasoaren gurutzea eraitsi du bart Ernaik, Barakaldon (Bizkaia). Gazte antolakundeak bere egin du Erandioko (Bizkaia) monumentu frankistaren aurkako erasoa ere: «Itsasadarraren bi aldeetako monumentu frankistak kenduta daude». Hala, Bizkaian «monumentu frankista publikorik» ez dagoela adierazi du. «Faxismoa indartzen eta 1978ko Espainiako erregimenean inpunitate osoz jarduten» ari den honetan, estatuaren «oinarri faxista» eta haren «espresio guztiak» salatzeko eta borrokatzeko beharra nabarmendu du Ernaik: «Euskal Herriaren memoria justu eta demokratikoa defendatzeko». Borroka horren barruan kokatu du Ernaik ikur frankistak kaleetatik kentzea. «Erakundeen pasibotasunaren aurrean», azken urteetan Ondarroako, Lemoako Gantzabal mendi gaineko (Bizkaia) eta Buruntzako (Gipuzkoa) monumentu frankistak eraitsi dituztela azaldu du. Hala, haiei Erandiokoa eta Barakaldokoa gehituta, antolakundeak azaldu du Bizkaiko kaleetan ez dela ikurrik geratzen. Halere, Ernaik azaldu du ez duela bere jarduna ikurrak kentzera mugatu, eta «herriaren memoriarekin konpromisoa» azaldu du: «Egiazko memoria justu baten aldera lerratzen gara, faxismoak herri honetan eragindako mina eta zapalkuntza argitara aterata». Era berean, eskuin muturraren egungo espresioei aurre egiteko asmoa adierazi du. «1978ko erregimenarekin hautsi eta bestelako Euskal herri bat eraikitzeko behar ezinbestekoa azpimarratzen dugu», gehitu du adierazpenean. Cabo Quilatesen omenezko gurutzea kendu beharreko ikurren zerrendan zuen Gogora Institutuak, eta 36ko gerraren hasieran hirian gertatutakoak azaltzeko plaka batzuk jartzeko asmoa adierazi zuen Barakaldoko Udalak 2020an. Ordutik, baina, ez zen aurrerapausorik egin.
2022-3-22
https://www.berria.eus/albisteak/211164/yvan-colonnaren-heriotza-gaitzesteko-manifestazio-bat-egingo-dute-larunbatean-baionan.htm
Politika
Yvan Colonnaren heriotza gaitzesteko manifestazio bat egingo dute larunbatean Baionan
EH Baik deitu du protestara, eta salatu du Colonnaren heriotza ekidin zitekeela. Sortuk, berriz, Korsikako gatazkari «irtenbide demokratikoa» emateko eskatu dio Frantziako Gobernuari.
Yvan Colonnaren heriotza gaitzesteko manifestazio bat egingo dute larunbatean Baionan. EH Baik deitu du protestara, eta salatu du Colonnaren heriotza ekidin zitekeela. Sortuk, berriz, Korsikako gatazkari «irtenbide demokratikoa» emateko eskatu dio Frantziako Gobernuari.
Euskal Herrian ere samina eragin du Yvan Colonna Korsikako militante nazionalista ezagunaren heriotzak. EH Baik eta Sortuk ohar bana plazaratu dute Colonnaren senideei, lagunei eta Korsikako askapen mugimenduari babesa helarazteko, eta argi aldarrikatzeko militantearen heriotza eragotz zitekeela. EH Baik, gainera, manifestaziora deitu du larunbaterako Baionan, 15:00etan, San Andres plazatik hasita. Ezkerreko abertzaleek esan dutenez, «haserre bizia» eragin die Frantziako Gobernuaren azken hiru asteetako jarrerak: «Colonna hil edo biziko egoera batean egotea itxaron dute, bere DPS estatutua edota bere kondena bertan behera uzteko. Zergatik itxaron presoa hilzorian egotea urrats horiek egiteko?», gaitzetsi dute. EH Bairen iritziz, horrek agerian uzten du Parisek urrats horiek egin ditzakeela erabaki politiko batek bultzatzen badu. Korsikako egoerari dagokionez, uste du konponbidea Frantziaren borondate eta kudeaketa politikotik lortuko dela. Urrats horiek egin ditzan presio egitea da larunbateko manifestazioaren helburu nagusia: «Heriotza hori ezin da isilean gelditu». Sortuk ildo beretik jo du bere oharrean. Gogoratu du Colonna «hainbat euskal preso politikoren burkidea» izan zela Frantziako espetxeetan, eta eskertu diote «euskal nazio askapen mugimenduarekiko izandako begirunea». Hortaz gain, salatu du Paris gotortuta dagoela «Korsikako jendartearen gehiengo zabalaren eta bertako instituzioen aldarrikapena den preso politikoen askatze bidea oztopatzeko jarreran», eta dei egin dio «Korsikako zein Euskal Herriko gatazkei irtenbide demokratikoa emateko». Bake Bidea eta Bakegileak Bere aldetik, Bake Bideak eta Bakegileek jakinarazi dute prentsaurreko bat egingo dutela ostegunean Colonnaren heriotzaren harira, Baionan, 11:00etan.
2022-3-22
https://www.berria.eus/albisteak/211165/gasteizko-sare-publikoko-ikastetxe-batzuetan-jatorri-migratzailea-dute-ikasleen-838k.htm
Gizartea
Gasteizko sare publikoko ikastetxe batzuetan jatorri migratzailea dute ikasleen %83,8k
Steilasek eta Ikusbidek egindako ikerlan baten arabera, Araba, Bizkaiak eta Gipuzkoak oro har, eta Gasteizek bereziki, «estatuko eskola segregazio tasarik handiena dute».
Gasteizko sare publikoko ikastetxe batzuetan jatorri migratzailea dute ikasleen %83,8k. Steilasek eta Ikusbidek egindako ikerlan baten arabera, Araba, Bizkaiak eta Gipuzkoak oro har, eta Gasteizek bereziki, «estatuko eskola segregazio tasarik handiena dute».
Eskola segregazioari buruz Steilas sindikatuak eta Ikusbidek elkarrekin egindako ikerlan batek ondorio argi bat utzi du: sare publikoko ikastetxe batzuetan pilatzen dira jatorri migratzailea duten ikasle ia denak; zehazki, ikastetxe segregatuetan ikasleen %83,8k jatorri migratzailea dute, eta mota horretako zentroetan biltzen dira pobrezian dauden ikasle gehien. Eskola sisteman jatorri migratzailea duten gazteen egoera aztertzeko xedez, inkesta bat egin dute Steilasek eta Ikusbidek Gasteizko DBHko 4. mailan ikasten ari diren ikasleen artean: segregatu gabeko lau ikastetxeetan egin dute inkesta (galdetutako ikasle guztien %79) eta segregatutako hiru ikastetxeetan (inkestatutako ikasle guztien %21). Jose Masa Espina eta Jone Gibelaldi-Iribas sindikatuko ordezkariek azaldu dutenez, Gasteizek dituen ezaugarriak aintzat hartuta, azterlanaren ondorioak «erraz estrapola» daitezke Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osora. Hala, ondorioztatu dute hiru lurraldeek oro har, eta Gasteizek bereziki, «Espainiako estatuko eskola segregazioaren indizerik altuena» dutela, eta eskola pribatu eta itunpekoen batezbesteko kopururik handiena Europan. «Bi fenomeno horiek, segregazioa eta eskola pribatu-itundua, oso lotuta daude», ohartarazi dute. Bestelako datuak ere atera dituzte ikerketan. Besteak beste, ikastetxe segregatu gabeetako ikasleen ia %60k emaitza akademikoak ontzat edo oso ontzat jotzen dituzte, eta, aldiz, ikastetxe segregatuetan, ehuneko hori hogei puntu jaisten da. Halaber, ikastetxe segregatu gabeetan ikasleen %15,9k ikasturteren bat errepikatu dute, eta zentro segregatuetan, ordea, handiagoa da kopuru hori, %33,3koa, hain justu. Ikasleen identitateari buruzko hainbat datu ere eman dituzte ikerlanean: ikastetxe segregatu gabeetan, jatorri migratzailea duten hamar ikasletik seik euskal edo espainiar herritartzat jotzen dute euren burua; ikastetxe segregatuetan, aldiz, hamasei puntu txikiagoa da nortasun indize hori. Euskarari dagokionez, berriz, jatorri migratzailea izanik ikastetxe segregatuetan ikasten ari diren gazteen %10ek baino ez dute hartzen euskara berezko hizkuntzatzat. Aitzitik, jatorri migratzailea izanda ere, ikastetxe segregatu gabeetan dauden gazteen erdiak baino gehiagok euskara berezko hizkuntzatzat hartzen dute. Steilaseko ordezkarien esanetan, ikerketaren emaitzek agerian uzten dute eskola segregazioak «eskubideak eta aukerak urratzen» dituela, eta beraz, egungo eskola sistema ez dela oinarritzen aukera berdintasunaren printzipioan. Ildo horretan, hizpide hartu dute EAJk, PSEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Legebiltzarrean adostutako hezkuntza ituna, eta ohartarazi dute premiazkoa dela landuko den legeak «aukera berdintasuna eta gizarte kohesioa bermatzea, eskola segregazioa errotik geldiaraztea eta beharrezko neurri zuzentzaileak ezartzea». Hala, alderdiei dei egin diete eskola segregazioa berariaz debeka dezaten lege berrian, bereizketa hori «oinarrizko eskubideen urratze gisa eta zapalkuntza eta diskriminazio mekanismoa delako».
2022-3-22
https://www.berria.eus/albisteak/211166/enpresen-itxiera-arriskuaz-ohartarazi-du-bilboko-merkataritza-ganberak.htm
Ekonomia
Enpresen itxiera arriskuaz ohartarazi du Bilboko Merkataritza Ganberak
Jaurlaritzak neurriz erosteko eskatu die herritarrei, elikagaien eskasia eta garestitzea txikitzeko.
Enpresen itxiera arriskuaz ohartarazi du Bilboko Merkataritza Ganberak. Jaurlaritzak neurriz erosteko eskatu die herritarrei, elikagaien eskasia eta garestitzea txikitzeko.
Bilboko Merkataritza Ganbera ere batu da egoeraren larritasuna salatu duten erakundeetara. Haren arabera, garraiolarien grebak «egoera larrian» jarri ditu Bizkaiko enpresak, industriakoak batez ere. «Luzatuz gero, patronalek eta enpresek beraiek ohartarazten diguten moduan, askok ezingo dute iraun, eta behin betiko itxi beharko dute, eskariak betetzerik ez dutelako», ohartarazi du. Ganberak oroitarazi du enpresak pandemiak eragindako krisitik ateratzen ari zirela Ukrainan gerra piztu zenean, eta Errusiaren inbasioaren aurretik ere ari zirela energia garestiaren kalteak pairatzen. «Horregatik, burua altxatu behar zutela ikusten zen une batean, errepide bidezko garraioaren lanuztea ekoizpen katea itotzen ari da, kate logistikoa hautsi delako; batzuen aldarrikapenek besteen hondamena ekar dezakete». Egoera okerrena industrian gertatzen ari dela nabarmendu du Bilboko Merkataritza Ganberak, eta merkataritzan «produktu jakin batzuk» baizik ez direla falta ziurtatu du, eta ez dela hainbeste izan garraioaren arazoengatik, baizik eta «kontsumitzaileek janari gehiegi pilatu dutelako». Bilboko Ganberak aitortu du garraiolariak egoera txarrean daudela gasolioaren garestitzearen ondorioz, baina protestatzeko modua eta lanuztea egiteko unea bera «ez datoz garai onean». Gainera, uste du «gutxiengo» bat ari dela autonomoak grebara bultzatzen. Edonola ere, «errepide bidezko garraioak aspaldi behar du sakoneko gogoeta bat, berregituraketa bat, berritzeko eta hobetzeko laguntzak, baina trabak jarri zaizkio, eta ez arreta». Egoera lehertu egin dela uste du ganberak, baina aldaketak aurretik egin behar zirela, «ura bare doanean egin behar baitira erreformak». Jaurlaritzaren eskaera Elikagai hornidura aipatu du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, gobernu bileraren ondorengo prentsaurrekoan. Azaldu duenez, elikagaien klusterrak egunero banatzen die informazioa, eta goizean hitz egin dute banaketa talde handiekin. Denek adierazi diote eskasia zabaldurik ez dagoela, baina bai falta direla produktu jakin batzuk; esaterako, baxurako arrantzaleek ekarri ohi duten arraina. «Baina hortik kanpo adierazten digutena da produktu guztiak behar beste daudela». Produktu batzuen eskasia «gehiegizko erosketarekin» lotu dute banatzaileek, eta horren ondorioz gai batzuk garestitzen ari direla. Horregatik, Jaurlaritzak dei egiten die herritarrei neurriz erosteko. «Behar duguna bakarrik eros dezagun, ez gehiago. Horrekin lagun dezakegu produktuak izaten eta prezioak gehiago ez garestitzen».
2022-3-22
https://www.berria.eus/albisteak/211167/elak-eta-labek-grebara-deitu-dute-ostegunerako-gipuzkoako-zahar-etxeetan.htm
Gizartea
ELAk eta LABek grebara deitu dute ostegunerako Gipuzkoako zahar etxeetan
Jakinarazi dute Foru Aldundia eta patronala deituko dituztela, Lan Harremanen Kontseiluan bildu eta berriro ere negoziazioei ekiteko
ELAk eta LABek grebara deitu dute ostegunerako Gipuzkoako zahar etxeetan. Jakinarazi dute Foru Aldundia eta patronala deituko dituztela, Lan Harremanen Kontseiluan bildu eta berriro ere negoziazioei ekiteko
257 egun daramatzate greban Gipuzkoako zahar etxeetako langileek, baina, hala ere, egoera «gero eta larriagoa eta jasangaitzagoa» da, ELAk adierazi duenez: «Langileek pairatzen duten egiturazko egoerari pandemia gehitu behar zaio, eta egoera horrek are gehiago okertu ditu jada prekarioak ziren lan baldintzak». Halaber, azaldu du lehendik ere langile gutxi eta ratio eskasak bazeuden orain ordezkapenik eza ere gehitu behar zaiela lan baldintzei: «Langileek gero eta baldintza prekarioagoetan egin behar diete aurre lan karga handiagoei, horrek plantillan eta erabiltzaileengan dituen ondorio negatiboekin». Ostegunerako Lan Harremanen Kontseiluaren egoitza aurrean deitu duten elkarretaratzearen bidez, langileek pairatzen dituzten baldintzak salatzearekin batera Gipuzkoako Foru Aldundiaren «utzikeria» ere salatu nahi du sindikatuak: «Orain arte, Aldundiak ez die erantzun bilera eskaerei, azkena barne, otsailaren 14an egina, dozenaka gizarte eragileren atxikimendua izan zuena». Horregatik, negoziazioak «berraktibatzeko» deia egin nahi du ELAk. LABek ere elkarretaratzearekin bat egiteko deia egin du, eta Aldundiak zein patronalak erresidentzien auzian daukaten «erantzukizuna» nabarmendu du; izan ere, azaldu du «elite ekonomikoaren onura ekonomikoa eta gastu sozialaren gutxitzea» daukate bi horiek helburutzat, langileentzat konponbideak aurkitu beharrean. Gainera, LABek gehitu du ez dela «lan gatazka huts bat», gizarte osoari eragiten dion arazo bat baizik. Familien arteko diskriminazioa, gora EH Bilduko Arabako batzarkide taldeak salatu du egoitzetako erabiltzaileen familiek egoitza plaza publikoetarako sarbidea lortzeko gastua 6.000 euro igo dela urtean batez beste. Horrek «familien arteko diskriminazioa» areagotu duela azaldu du taldeak. Izan ere, azaldu dute KPIa igo egin dela, baina familiek jasotzen duten ZLPE laguntza ekonomikoa, berriz, izoztuta dagoela oraindik ere. Hain zuzen, ZLPE Zerbitzuari lotutako laguntza ekonomikoek egoitza plaza pribatuetarako sarbidea ematen dute, erabiltzaileari plaza publiko bat esleitzen zaion bitartean. Claudia Venceslao EH Bilduko Arabako Batzarretako kideak adierazi duenez, laguntza ekonomiko horiek «kronifikatzen» ari dira, eta egoera horrek zaintza «prekarioak eta prekarizatuak» diru publikoarekin ordaintzea dakar. «Egoitza pribatu batzuetan ez dira egoitza publikoetan dauden zaintza eta arreta baldintza berak, ratioak desberdinak dira; langileak aldi berean zaintzaileak, garbitzaileak, sukaldariak dira, eta, batzuetan, baita erizainak ere». Gainera, «sektore pribatuko profesionalek beren lan handia duintzeko hitzarmenik gabe jarraitzen dute», esan du Venceslaok.
2022-3-22
https://www.berria.eus/albisteak/211168/eaeko-estatuaren-biktimek-aitortza-eskatzeko-epea-berriz-irekitzeko-eskatu-du-foro-sozialak.htm
Politika
EAEko estatuaren biktimek aitortza eskatzeko epea berriz irekitzeko eskatu du Foro Sozialak
Abenduan bukatu zen 12/2016 legearen barnean eskaerak egiteko epea, eta Balorazio Batzordeak 710 baino ez zituen erregistratu. Foroaren arabera, estatuaren biktimen %13k baizik ez dute aitortza eskatu.
EAEko estatuaren biktimek aitortza eskatzeko epea berriz irekitzeko eskatu du Foro Sozialak. Abenduan bukatu zen 12/2016 legearen barnean eskaerak egiteko epea, eta Balorazio Batzordeak 710 baino ez zituen erregistratu. Foroaren arabera, estatuaren biktimen %13k baizik ez dute aitortza eskatu.
12/2016 legeak Espainiako Estatuko Poliziaren edo talde parapolizialen indarkeria jasan izana aitortzeko aukera ematen die Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrei. Foro Sozial Iraunkorraren ustez, «garrantzitsua» da legea, gaur egun egiarako eta erreparaziorako dagoen «tresna nagusia» baita. Ordea, ez du orain arte arrakasta handirik izan, eta, hori dela eta, aitortza eskeak egiteko epea berriro irekitzeko eskatu du Foro Sozialak gaur Donostian egindako agerraldi batean. Epea berriro irekitzearekin batera, «komunikazio kanpaina egoki bat» egin beharko litzateke, foroaren ustez, baita biktimei laguntzeko «hurbileko» zerbitzu bat martxan jarri ere, «bitarteko eta prestakuntza egokiekin». Joan den abenduan bururatu zen biktimek eskariak erregistratzeko epea, eta Foro Sozial Iraunkorreko Nekane Altzelaik eta Agus Hernanek gogoratu dute Eusko Jaurlaritzak estatuaren biktimen 710 eskaera baino ez zituela jaso. Gutxi da hori: «Estatuaren indarkeriek 366 hildako, 1.172 zauritu eta ofizialki aitorturiko 4.113 tortura kasu eragin dituzte —eta horietatik 88 hildako eta 66 zauritu onartuak zeuden aurreko dekretuen bidez—. %13k bakarrik eman dute orain aitortza eskaerak aurkezteko pausoa». Foro Sozialak hainbat arrazoi ikusten ditu eskaera bakan horien gibelean. Nagusiki, hiru: estatuaren biktimek justiziarekiko duten mesfidantza, instituzioetako politikekiko duten «konfiantzaren haustura sakona» eta «abandonatuta» egotearen sentsazioa. Foroak gaineratu du estatuaren biktimen %39 «argitu gabeko kasuak» direla, eta, beraz, horiek «agendatik kanpo» daudela. Estatuaren biktimek, halaber, «bigarren mailakoak» izatearen sentipena dute, foroaren hitzetan, eta «etengabe birbiktimizatuak» daude. Baliabide gehiago Eskaerak egiteko epea irekitzea ez ezik, foroak eskatu du baliabide gehiago eman diezazkiotela eskaera horiek aztertzen dituen Balorazio Batzordeari, «orain arte jasotako 710 espedienteak arrazoizko epe batean ebatzi ahal izan ditzan, epeak luzatu gabe». Foroak uste du, izan ere, epeak luzatzeak «segurtasun falta» emanen liekeela biktimei. Eusko Jaurlaritzari erreparazio ekitaldiak antolatzeko deia egin diote Altzelaik eta Hernanek, halaber. Iazko ekainaren 26an torturaren aurka egindakoa eta aurten Orbaitzetan (Nafarroa) antolaturikoa hartu dituzte adibide. Biktimei eurei ere luzatu die mezua foroak: «Oraindik tramitea egin ez duten biktimak animatu nahi ditugu lege honi aitortza eskaerak aurkezten jarrai dezaten, epea itxita egon arren araudiak onartzen baitu espedienteak aurkeztea, eta keinu garrantzitsua izango litzateke». Orain arte eskaerak egin dituzten biktimen «ahalegina» aitortu du Foro Sozial Iraunkorrak, dokumentazioa betetzeko lanak «sufrimendua berpiztu» ahal izan dielako. Balorazio Batzordea osatzen duten bederatzi lagunei ere eman dizkiete eskerrak, egiten ari diren lanagatik: «Baliabide gutxirekin eta Sekretu Ofizialen Legeak artxiboetan arakatzeko ezartzen duen ezintasuna kontuan hartuta, ikerketa lan goraipagarria egiten ari dira egia bilatzeko».
2022-3-22
https://www.berria.eus/albisteak/211169/jaurlaritzak-kalkulatu-du-gerrak-bi-puntu-kenduko-dizkiola-hazkundeari.htm
Ekonomia
Jaurlaritzak kalkulatu du gerrak bi puntu kenduko dizkiola hazkundeari
«Alarmistak» ez izateko eskatu du Pedro Azpiazu sailburuak, BPGa %4,5 haziko delako eta langabezia tasa %9,5era jaitsiko delako
Jaurlaritzak kalkulatu du gerrak bi puntu kenduko dizkiola hazkundeari. «Alarmistak» ez izateko eskatu du Pedro Azpiazu sailburuak, BPGa %4,5 haziko delako eta langabezia tasa %9,5era jaitsiko delako
Eusko Jaurlaritzak ez du asko itxaron bere iragarpen ekonomikoak okertzeko. Errusiak Ukraina inbaditu zuenean aurreratu zuen gerrak kalte egingo ziola Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiari ere, eta jada jarri dizkio kopuruak geldialdi horri: hazkunde iragarpena %6,7tik %4,5era txikitu du. Hau da, hazkunde sendoa izango da, eta hiru lurraldeetako barne produktu gordina pandemiaren aurreko mailara itzuliko da, baina ez du gaindituko uste bezainbeste. 2023rako ere suspertze handia iragarri du, %4,1ekoa. Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak «alarmistak ez izateko» eskatu du, eta nabarmendu nahi izan du ezin dela esan «krisia» dagoenik. Europako Banku Zentralak berak ere oraingoz ez du uste Ukrainako gerrak atzeraldia ekarriko duenik, eta ez da espero hala egitea Europako Batzordeak aste batzuk barru bere iragarpenak eguneratzen dituenean. Baina Azpiazuk onartu du Errusiak Ukraina inbaditu izanak «goitik behera» aldatu duela egoera, eta jada kalte egiten ari zaiola ekonomiari. Berehalako lehen ondorioa energia garestitzea izan da, eta energia asko gastatzen duten enpresei ere bete-betean eragiten die. «Garraioa, metalurgia, altzairutegiak, arrantza eta papergintza aipa daitezke. Horietako batzuk geratu egin dira martxoan, ezin zutelako prezioaren igoera barneratu; premiazko neurriak behar dira kalte handiagoak eragozteko». Kontsumoa ere gutxiago haziko da Beste arazo bat lehengaien eskasia da. Errusia da industrian erabiltzen den lehengaien esportatzaile nagusietako bat, eta horietatik nikela eta paladioa aipatu ditu Azpiazuk. Gainera, Errusia ez ezik, Ukraina ere gariaren eta beste laboreen esportatzaile handia da, eta horrek elikagai industriaren kostuak handituko ditu, eta hornidura arazo batzuk sortuko. Arazoak arazo, Jaurlaritzak iritzi dio industria gai izango dela aurten bere jarduera %3,9 handitzeko (aurretik %6,6 zioen). Eraikuntzak ere galduko du indarra, lehengaien garestitzea dela eta. Zerbitzuei dagokienez, batez ere herritarren kontsumoaren menpe daudenei eragingo die. Izan ere, gerra giroak kontsumoa uzkurtu ohi du, zuhurtasuna ekartzen duelako. Horrek eragingo du pandemian pilatutako aurrezkiaren zati batek gastatu gabe jarraituko duela. Gainera, horri gehitu behar zaio inflazioa erregaietatik beste produktu eta zerbitzuetara ere igaro dela eta horrek erosteko ahalmena gutxitzen duela, soldata gehienak ez baitira prezioak bezainbeste handituko. Jaurlaritzak kalkulatu du inflazioaren urteko batezbestekoa %4,2 izango dela, eta datorren urtean jaitsi egingo dela, %2 ingururaino. Enpleguari dagokionez, 11.500 enplegu sortuko direla uste du, eta langabezia tasa %9,5era jaitsiko dela. Abenduan, berriz, 16.600 enplegu gehiago eta %9,2ko langabezia tasa iragarri zituen. 2023an ere beheranzko joera izango da langabezian: %9,1eko tasa eta 8.000 enplegu garbiren sorrera.
2022-3-22
https://www.berria.eus/albisteak/211170/haserrea-dolua-eta-mobilizazioak-colonnaren-heriotzagatik.htm
Mundua
Haserrea, dolua eta mobilizazioak Colonnaren heriotzagatik
Korsikako lizeo gehienak blokeatuta daude goizetik, eta hainbat manifestazio antolatu dituzte militante independentista omentzeko. Macronek «lasaitasunera» deitu du.
Haserrea, dolua eta mobilizazioak Colonnaren heriotzagatik. Korsikako lizeo gehienak blokeatuta daude goizetik, eta hainbat manifestazio antolatu dituzte militante independentista omentzeko. Macronek «lasaitasunera» deitu du.
Yvan Colonna Korsikako militante independentista ezagunaren heriotzak denetariko erreakzioak eragin ditu Mediterraneoko irlan eta Frantzian. Haserrea, dolua eta beste hainbat sentimendu nahasi dira atzo gauetik, eta lehen elkarretaratzeak berehalakoak izan ziren; gaur ere gazteak segituan atera dira hainbat herritako eta hiritako kaleetara Colonna omentzera, eta manifestazio baketsuak egitera. Ajaccio hiriburuan egin dute lehen protesta esanguratsua. 10:00etan abiatu dute, eta prefeturaraino egin dute martxa; arratsalderako, Bastian ere mobilizatzera deitu dute, suprefeturaren egoitzaren aurrean. Goiz-goizetik, gainera, lizeo gehienak blokeatuta daude, eta horrek erakutsi du protestetan protagonista izan diren gazte mugimenduek mobilizatzen jarraituko dutela. Colonnaren familiak ez du adierazpen publikorik egin, eta bere abokatuen bitartez eskatu zuen, atzo, «dolurako denbora errespetatzeko». Korsikako politikarien artean gaur ugaritu dira heriotzaren inguruko erreakzioak, eta, oro har, nahiko moderatuak izan dira. Gilles Simeoni Korsikako gobernuburuak honakoa idatzi du Twitterren: «Yvan Colonnak, abertzale korsikarrak, beti aldarrikatu du bere errugabetasuna. [...] Haren heriotza injustizia eta tragedia bat da; Korsikaren eta bere herriaren historia garaikidea markatuko du. Doluaren eta biltzearen garaia da». Simeonik ongi ezagutzen du Colonna, haren abokatua izan baitzen urte luzez. Jean-Felix Acquaviva Frantziako Asanbleako diputatu eta Korsikako Asanbleako kontseilari autonomista, berriz, gogor mintzatu da militante independentistaren heriotzaz, eta «[Frantziako] estatuaren mendekuaz» aritu da: «Mendeku horrek eragotzi dio [Korsikara] hurbiltzea, eta horrek heriotzara eraman du». Core in Fronte independentistako buruzagi Paul-Felix Benedetti ere asteotan baino lasaiago mintzatu da Colonnaren heriotzaz aritzean. «Urteak dira legearen aplikazioa eskatzen genuela. Tamalez, honetarako prestatu ginen. Penaz gaude. Gertatu dena galtze handi bat da», esan du Franceinfo irratian. Hura ere «estatuaren mendekuaz» aritu da, Acquavivak egin bezala. Ikusi gehiago: Yvan Colonnaren heriotza gaitzesteko manifestazio bat egingo dute larunbatean Baionan Korsikako mugimendu nazionalistatik kanpo, Laurent Marcangeli Ajaccioko auzapez eta Korsikako Asanbleako hautetsi eskuindarrak «dolua errespetatzera» deitu du, eta esan du «eztabaidak» beste baterako utzi behar dituztela; lasaitasunerako mezuak ere eman ditu, argudiatuta militantearen heriotza ez dela garai egokia kalean liskarrak berriz izateko. Valerie Bozzi irlako Asanbleako hautetsi eta Grosseto-Prugna-Porticcioko auzapez eskuindarrak ere «doluminak» helarazi dizkio Colonnaren sendiari, eta ohartarazi du «baldintza lazgarrietan» hil dela militante nazionalista. Bonifacioko auzapez eta Emmanuel Macron Frantziako presidentearen aliatu Jean-Charles Orsuccik ere «doluminak» helarazi dizkio Colonnaren familiari, eta esan du «dolurako garaia» dela. Frantzian, berriz, bi ideia nabarmendu dira erreakzioak aztertzerakoan: batetik, gobernuak lasaitasuna eskatu du, ez duelako azken asteotako protestak eta istiluak errepikatzea nahi; bestetik, oposizioko alderdiek eta agintari politikoek gertaturikoa argitzeko exijitu diote gobernuari. Gabriel Attal bozeramailea mintzatu da gertaturikoaz gobernuaren izenean, eta «lasaitasunerako eta elkarrizketarako» deia egin die Korsikako herritarrei; beste behin ere, esan du Colonnaren heriotzaren ingurukoak argituko direla. «Zer gertatu den bilatuko dugu, baita erantzukizunak ere», adierazi du Europe1 irratian. Gerora mintzatu da Macron, eta hark ere mezu bera helarazi du, «lasaitasuna eta erantzukizuna» eskatu baititu France Bleu irratiari emandako elkarrizketan. Datorren hilabetean egingo dituzte Frantziako presidentetzarako bozen bi itzuliak, eta horretan lehiatuko diren hautagaiak ere mintzatu dira Colonnaren heriotzaz, afera hori bozen aurrekanpainan sartu baita. Yannick Jadot hautagai ekologistak, esaterako, France Inter irratian esan du militante nazionalista «hil» dutela, eta «beharrezkoa» dela Frantziako Estatuaren eta Korsikaren artean «harreman berri bat irekitzea». Fabien Roussel Frantziako Alderdi Komunistaren presidentegai eta idazkari nazionalak, berriz, galdera bat bota du Twitterren: «Nola ito ahal izan dute, zortzi minutuz, bereziki zainduriko atxilotu bat?». Horrekin batera, hura ere ikerketa bat egiteko beharraz aritu da. Valerie Pecresse LR Errepublikanoak eskuindarraren hautagaia ere mintzatu zen atzo gauean Colonnaren heriotzatz, CNews katean, eta horretan esan zuen gertaturikoa «drama bat» dela: «Ordena Korsikara itzultzea nahi dut. Gure herrikideak deitzen ditut lasaitasunera eta zuhurtasunera». Eraso baten ondorioz Colonna atzo hil zen Marseillako ospitale batean (Okzitania), 61 urte zituela; ia hiru aste zeramatzan koman, hilaren hasieran Arlesko presondegian eraso egin ziotenetik. Erasotzailea beste preso bat da, eta esan zuen «profetari birao egiteagatik» jo zuela militante nazionalista; zenbait ikerketa irekita daude gertaturikoa argitzeko. Patrice Spinosi haren abokatuetako batek eman zuen heriotzaren berri, eta jakinarazi zuen hildakoaren familiak ez duela adierazpenik egingo gertaturikoaz. Colonnaren hilketak zeresan handia eman du Korsikan eta Frantzian, erasoaz geroztik aspaldidaniko manifestaziorik eta mobilizaziorik handienak egin baitituzte Mediterraneoko irlan. Ikusi gehiago: Injustizia baino latzagorik... Korsikako mugimendu nazionalistak asteotan salatu du Colonna Korsikara gerturatu izan balute ez zela haren kontrako erasorik izango; are, Frantziako Estatuari egotzi diote «erantzukizuna» duela gertaturikoan. Erasotzailea beste preso bat da, eta esan zuen «profetari birao egiteagatik» jo zuela militante nazionalista; zenbait ikerketa irekita daude gertaturikoa argitzeko. Colonna oraindik koman zegoela, eta Korsikako herritar askoren haserrea ikusirik, Jean Castex Frantziako lehen ministroak erabaki zuen presoa zenari DPS estatusa kentzea, eta, iragan astean, Frantziako justiziak zigorra eten zion, osasun arrazoiak argudiatuta. Hori gertatu aurretik, hainbat mobilizazio egin dituzte Korsikan, prefeturaren eta suprefeturen egoitzen aurreko protestak tarteko. Aspaldidaniko liskarrak itzuli dira irlara, eta bereziki deigarria izan zen Corten egin zuten manifestazioa; 10.000 eta 15.000 lagun artean elkartu ziren. Bizitza bat Korsikari lotua Colonna Korsikako —eta Frantziako— atxiloturik eta presorik ezagunenetako bat izan da. 1960an jaio zen Ajaccion, eta nerabezaroaren parte bat Nizan (Okzitania) pasatu zuen, haren aita Jean-Hugues Colonna politikaria baitzen, eta hiri horretako hauteskundeetan lehiatu baitzen; 1981ean itzuli zen Korsikara —21 urterekin—, haren familiaren herrira, Cargesera, irlaren mendebaldean. Hurrengo urtean sartu zen Korsikako irakasleen sindikatuan, eta 1983an herriko bozetara aurkeztu zen, lehen zerrenda nazionalistan. Gerora egin zen 1988an sorturiko A Cuncolta Naziunalista alderdi ezkertiar independentistako kide —FLNC Korsikako Nazioa Askatzeko Frontearekin harremana zuela salatu izan dute—, eta indar politiko horretan egon zen 1993ra arte. 1990eko hamarkada oso zaila izan zen mugimendu nazionalistarentzat: FLNC bitan zatitu zen, eta mugimendu barneko eztabaidak, kritikak eta hilketak ugaritu egin ziren. Urte horietan, Colonnak artzain lana izan zuen, eta horrengatik ere egin zen ezagun. 1998ko otsailaren 6an hil zuten Claude Erignac prefeta, Ajaccion, eta hilketa horrekin zerikusia zuelakoan atxilotu zuten Colonna, 2003an; lau urte horietan ihesean egon zen, hainbatetan defendatu baitzuen ez zuela heriotza horretan parte hartu. Ezaguna egin da Nicolas Sarkozy garai hartan Frantziako Barne ministro zenak esandakoa; oraindik Colonnaren kontrako epaiketarik egin ez zuten arren, adierazi zuen «Claude Erignac prefetaren hiltzailea» harrapatu zutela. Aurrez, 1999an, Pierre Alessandri eta Alain Ferrandi ere hartu zituzten atxilo, Erignacen hilketarengatik. Colonna 2007an epaitu zuten, eta bizi arteko espetxealdira zigortu zuten. BERRIA Colonnaren abokatu Stella Canavarekin mintzatu zen iaz, eta hark adierazi zuen bere bezeroaren kasuko erabakiak «guztiz politikoak» direla. Militante nazionalistaren kasua ezagun egin da urteotan, eta haren abokatu izan dira egungo politikari ezagunetako bi: Simeoniz gain, Eric Dupond-Moretti Frantziako Justizia ministroa. Colonna Korsikako mugimendu nazionalistako ikurretako bat da Erignacen heriotzaren harira abiaturiko ihesetik, eta badirudi hala izango dela aurrerantzean ere.
2022-3-22
https://www.berria.eus/albisteak/211171/martxoaren-3ko-sarraskia-ikertzeko-batzorde-bat-eratzea-galarazi-dute-psoek-eta-eskuinak.htm
Politika
Martxoaren 3ko sarraskia ikertzeko batzorde bat eratzea galarazi dute PSOEk eta eskuinak
Kongresuko Bozeramaileen Batzarrean egin dute EH Bilduren eskaera osoko bilkurara eramateko bozketa. PSOEk argudiatu du «beste mekanismo batzuk» bilatu behar direla gertaerak argitzeko.
Martxoaren 3ko sarraskia ikertzeko batzorde bat eratzea galarazi dute PSOEk eta eskuinak. Kongresuko Bozeramaileen Batzarrean egin dute EH Bilduren eskaera osoko bilkurara eramateko bozketa. PSOEk argudiatu du «beste mekanismo batzuk» bilatu behar direla gertaerak argitzeko.
EH Bilduko diputatu Mertxe Aizpuruak goizean adierazi du «pilota PSOEren teilatuan» zegoela, eta hala izan da. Sozialistek, PP, Vox eta Ciudadanosekin batera, atzera bota dute Martxoaren 3ko sarraskia ikertzeko batzorde bat eratzeko proposamena. Espainiako Kongresuko Mahaiak hura tramiterako onartzearen alde egin zuen aurreko astean, baina Bozeramaileen Batzarrak galarazi egin du gaur EH Bilduren proposamena osoko bilkurara eramatea. EH Bilduren proposamena babestu dute EAJ, Unidas Podemos, ERC, JxC eta Mas Pais alderdietako kideek, baina talde parlamentariorik handienen ezezkoak galarazi du hura aurrera ateratzea. «Gobernuak eta Espainiako justiziak biktimen egiarako eskubidea ukatzen jarraitzen dute, sarraskiari lotutako dokumentu guztiak sekretupean gordeta», azaldu du Aizpuruak. Gehitu du ez duela ulertzen sozialistek kontra egin izana, eta «biktimei bizkarra ematea» egotzi die: «Argi geratu da, beste behin ere, ez dutela inolako interesik egia osoa jakiteko eta argitara ateratzeko, baizik eta ezkutatzen jarraitu nahi dutela». Bozeramaileen Batzarraren bilera hasi aurretik eginiko adierazpenetan, EH Bilduko diputatuak azaldu du biktimen senideen eskaerei erantzutea eta garai hartako gobernukideen ardura mailak ezagutzea zirela ikerketa batzorde bat sortzearen helburuak: «Inpunitatea amaitu eta bigarren mailako biktimarik ez egoteko, beharrezkoa zen 1976an gertatutakoa arakatzea eta argitzea. Biktimei zor diegu». Izan ere, salatu duenez, oraindik ere garai hartako gobernuaren bertsio ofiziala dago indarrean. Horiek hala, «hitzetatik ekintzetara» igaro eta beharrezko mekanismo politikoak aktibatzeko eskatu dio gobernuari, baina PSOEk uko egin dio neurriari baiezkoa emateari. Ezezkoa justifikatzeko, PSOEko eledun Hector Gomezek adierazi du ikerketa batzorde bat ez dela Martxoaren 3ko gertakariak ikertzeko tresna egokia, eta gehitu «beste mekanismo batzuk» aurkitu behar direla. Bozeramailearen esanetan, sozialisten asmoa «beste alternatiba posible batzuen» inguruan hitz egitea da, baina ez du zehaztu zer ezaugarri izan beharko lituzketen horiek. «Egia, justizia eta erreparaziorako» eskubidea izateko «ateak itxi» izana leporatu die Martxoaren 3ko biktimen elkarteak sozialistei. «Lore gutxiago eta ekintza gehiago!», exijitu du elkarteak, PSE-EEko kideek martxoaren 3an Gasteizen eginiko lore eskaintzak gogoratzearekin batera. Argentinara begira 1976ko sarraskitik 46 urte igaro direla gogoratuz, Aizpuruak salatu du Argentinako Ganbera Kriminal Federalak irekitako auzia dela frankismoko eta trantsizioaren lehen urteetako krimenak ikertzen ari den bakarra. Auzi hartan Espainiako ministro ohi Rodolfo Martin Villa ikertzen ari da Maria Servini epailea, eta aurreko astean erreguzko hainbat eskaera egin zizkion Espainiako Estatuari; hala nola garaiko agintariek, tartean Martin Villa, manifestazioak eta protestak sakabanatzeko eta armak erabiltzeko emandako zuzentarauen berri emateko.
2022-3-22
https://www.berria.eus/albisteak/211172/juan-ignacio-lorente-hil-da-everestera-igo-zen-lehen-euskal-espedizioko-kideetako-bat.htm
Kirola
Juan Ignacio Lorente hil da, Everestera igo zen lehen euskal espedizioko kideetako bat
82 urte zituen. Espedizio hartan mediku lanak egin zituen. Itzalean egotea gustatzen zitzaion alpinista zen.
Juan Ignacio Lorente hil da, Everestera igo zen lehen euskal espedizioko kideetako bat. 82 urte zituen. Espedizio hartan mediku lanak egin zituen. Itzalean egotea gustatzen zitzaion alpinista zen.
Juan Ignacio Lorente hil da, 1980an Everesteko (8.848 metro) tontorrera iristea lortu zuen lehen euskal espedizioko kide eta medikua. 82 urte zituen, gasteiztarra zen, eta, mendizaletasunean ez ezik, medikuntza munduan ere ezaguna zen, oftalmologoa baitzen. Euskal mendizaletasunaren historiaren mugarri izan zen espedizio hura. Otsailean aurkeztu zen espedizioa, eta hamabi mendizalez zegoen osatuta: Juan Ramon Arrue, Ricardo Gallardo, Joxe Urbieta, Felipe Uriarte, Martin Zabaleta, Angel Vallejo Rosen, Luis Marii Saenz Olazagoitia, Kike de Pablo, Emilio Hernando, Xabier Erro, Javier Garaioa eta Lorente bera. Martxoaren 20an iritsi ziren oinarrizko kanpalekura, eta maiatzaren 14an, 15:30ean, tontorrera ailegatzea lortu zuten, eta ikurrina jarri zuten gorenean. Ez zen Lorente Everesten zegoen lehen aldia. 1974an helburu bera izan zuen Tximist espedizioko kide ere izan baitzen. Orduan, gainetik 350 metrora geratu ziren. Mendian beste hainbat balentria ere egin zituen: 1981ean ere Ticlio mendi tontorreraino igo baitzen (4.480 metro), Perun, Arabako beste hainbat mendizalerekin batera. 1990ean Cho Oyura (8.188 metro) igotzen ahalegindu zen, baina altuerako gaitza dela-eta ezin izan zen iritsi. Itzalean egotea gustatzen zitzaion mendizalea zen, eta harekin batera espedizioetan parte hartu zuten mendizaleek nabarmendu zuten haren gertutasuna eta lana. Funtsezkotzat jo zuten. Golfa eta eskia ere gustuko zituen. Azken urteetara arte egin zuen kirola. Ogibidez oftalmogoloa zen, eta hamarkadetan zehar milaka gasteiztarren begi osasuna zaindu zuen. Marcelo aita ere oftalmologoa zen, eta haren lekukoa hartu zuen.
2022-3-22
https://www.berria.eus/albisteak/211173/tren-sozialaren-aldeko-finantzaketa-kolektiboa-abiatu-dute.htm
Gizartea
Tren sozialaren aldeko finantzaketa kolektiboa abiatu dute
AHTaren alternatiba gisa, «benetako azterlan alternatibo bat» landu nahi dute. Bi hilabete iraungo du finantzaketa kolektiboaren kanpainak, eta 12.000 euro biltzea espero dute.
Tren sozialaren aldeko finantzaketa kolektiboa abiatu dute. AHTaren alternatiba gisa, «benetako azterlan alternatibo bat» landu nahi dute. Bi hilabete iraungo du finantzaketa kolektiboaren kanpainak, eta 12.000 euro biltzea espero dute.
AHT Abiadura Handiko Trenaren alternatiba aztertzeko kanpaina abiatu dute Arabako, Nafarroako eta Burgosko Trenaren Aldeko Alternatiba plataformak. Azterlana aurrera eraman ahal izateko, eta tren sozialaren aldeko kanpaina finantzatzeko, bilketa kolektibo bat iragarri dute. Azterlanaren helburua da dagoeneko eraikita dauden trenbideak erabil eta berritu daitezkeen edo ez aztertzea. Iñigo Leza plataformako kideak azaldu duenez, AHTaren alternatiba gisa, «benetako azterlan alternatibo bat» landu nahi dute. Bi hilabete iraungo du finantzaketa kolektiborako kanpainak, eta 12.000 euro biltzea espero dute. Plataformak prentsaurrekoa eman du Gasteizko tren geltokiaren parean, hori azaltzeko. Nafarroari dagokionez, egungo trenbidearen bikoizketan, hobekuntzan eta doikuntzan datza azterlana. Lezak nabarmendu du, beraz, gaur egungo azpiegituren «hobekuntza garrantzitsua» ekarriko lukeela horrek: besteak beste, trenbideak dituen gune korapilatsuak desagertzea, lurperatzeak eta saihesbideak. Are, gaineratu du «mota guztietako trenentzat» egokituko direla trenbideak. Azterlanak alternatiba bat garatuko du, trenbideetako ingeniaritza azterketa batek bermatua. Plataformako kideek ziurtatu dute «kontsentsu zabal batez» egingo dutela, eta lurraldearen kohesioa ziurtatuko duela; izan ere, «bertako biztanleen beharretara egokituko da». Horrekin batera, gaitasun teknikoak gehituko zaizkio merkantzien garraiorako eta «ingurumenari kalte askoz txikiagoak» eragiteko. Ohartarazi dutenez, «klima larrialdiari aurre egin beharrean dago» gizartea, eta, beraz, ezinbestekoa da «baliabideen eta aurrekontuen erabilera zorrotza» bermatzea. Azterlanean jasotako emaitzak eragile sozial, sindikal eta politiko guztiei azalduko dizkiete, eta atxikitzeko eta babesa emateko eskatuko diete. Adifen eta Renferen sindikatuek, eta Arabako, Nafarroako eta Burgosko plataformek orain arte eskatu dutena babesten du proposamenak, eta jarraipena ematen dio ardatz atlantiko-mediterraneoko beste zati batzuetan egindako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren trenbide politikari. «Azterlana hobetuko dugu. Trenbidea hainbat herritatik pasatzen da, eta batzarrak egingo ditugu, eta herritarren ekarpenak jaso», azaldu dute. Maiatzaren 14ko manifestazioarekin bat Halaber, plataformak dei egin du maiatzaren 14an Araba Bizirik plataformak Gasteizen deitutako manifestazioan parte hartzeko. Izan ere, Araba Bizirik plataformako kideek hilabeteak daramatzate Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Lege berria salatzen. Iragan abenduan onartu zuten, eta, joan den astean salatu zutenez, Jaurlaritzak nabarmen handitu du ingurumen balio handiko guneetan energia berriztagarrien zentralen proiektua «lehentasunezkotzat jotzeko presioa». Uste dute Jaurlaritzak «erabilera interesatua egiten duela «energia premia» deitu zaionaren inguruan. Ingurumen Administrazioaren Legea onartzeak Lurralde Antolamenduaren Legea moldatzea ekarri du, besteak beste. Horrekin, Jaurlaritzak bere esku du hainbat proiektu «goi mailako interes publikoko proiektu» gisa izendatzea. Ondorioz, hura onartu edo ez erabakitzeko eskumena galdu dute udalerriek.
2022-3-22
https://www.berria.eus/albisteak/211174/hizkuntza-eskubideen-urraketa-laquobetikotzenraquo-ari-dela-salatu-du-behatokiak.htm
Gizartea
Hizkuntza eskubideen urraketa «betikotzen» ari dela salatu du Behatokiak
Nafarroako Gobernuko plantilla organikoaren azterketa egin du, eta ondorioztatu du batez beste lanpostuen %3k dutela elebidun izateko betebeharra.
Hizkuntza eskubideen urraketa «betikotzen» ari dela salatu du Behatokiak. Nafarroako Gobernuko plantilla organikoaren azterketa egin du, eta ondorioztatu du batez beste lanpostuen %3k dutela elebidun izateko betebeharra.
«Nafarroako Gobernuak ezin du esan hizkuntza eskubideak bermatzen dituela, une honetan ez duelako gaitasunik, profil elebidunen lanpostu kopurua oso urria delako». Foru administrazioan lan egiten duten plantilla organikoaren azterketa aurkeztuta, ondorio nagusi hori azpimarratu du Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak. Zehazki, lanpostuen %3k baino ez dute betetzen baldintza hori; departamentu batzuetan %2ren azpitik dago, eta lau departamendutan ez dago profil elebidunik. Gainera, lanpostu horietako asko eremu euskaldunekoak dira, eta, administrazioaren lanpostu gehienak eremu mistoan direnez, kopurua are urriagoa dela aipatu du Gaubekak. Herritarrak administrazioaren aurrean euskaraz aritzeko eskubidea eta euskara bera sustatzeko bi tresna nagusi ditu gobernuak: batetik, lanpostu elebidunak jartzea, eta, bestetik, oposizio deialdietan euskarari puntuazio egokia ematea. Gaubekak gaitzetsi du kontrakoa gertatzen ari dela orain. Izan ere, lanpostu elebidunen kopuru eskasari urtarrilean ezagutarazitako merezimenduari buruzko dekretuaren zirriborroa gehitu behar zaio. Horregatik, hori ikusita, «kezka handia» azaldu du Gaubekak, hizkuntza eskubideen urraketak «betikotzen» direlako: «Adierazi nahi duguna da panorama honekin ezinezkoa dela euskarazko gutxieneko arreta bat eskaintzea; ez bakarrik eremu ez-euskaldun eta mistoan: eremu euskaldunean ere arazoak daude». Kezka azpimarratzeko, hainbat galdera plazaratu ditu: «Baldintza horietan, nola bermatuko da euskarazko zerbitzua? Nola bermatuko zaio euskara erabili nahi duen herritarrari mezua ondo ulertuko dela eta gaztelania erabili nahi duen berme eta azkartasun bera izango duela? Bestalde, eremu euskalduneko herritar batek zerbitzu zentralak behar baditu, zein eskubide bermatuko zaio? Azkenik, eremu ez-euskalduneko herritarrei zergatik ukatu behar zaie administrazioarekin euskara erabiltzeko eskubidea?». Hori guztia salatzeko, datorren astean Kontseiluak kanpaina bat abiatuko du, eta harekin bat egingo du Behatokiak. Herritarrei dei egin die bertan parte hartzera. Txostenaren edukia Behatokiak aurreratutako datuetan, hamar departamentutako datuak aurreratu ditu —Hezkuntza, Herritarrekiko Harremanak/Euskarabidea eta Landa Garapen eta Ingurune departamentuetakoak ez ditu eman, hor daudelako, kasurako, irakasleenak—. Orokorrean, postu elebidunetan eskatzen den ezagutza maila B2koa da, eta postu zehatzetan, C1ekoa. Kasurik paradigmatikoenetako bat Osasun Departamentuan eta hari atxikitako Osasunbidean gertatzen da: kopuruan, lanpostu elebidun gehien ditu, baina ehunekotan %2,3 baizik ez dira, «eta gehienak eremu euskaldunean». Zerbitzu zentraletan, eremu mistoan, diren postu elebidun gehienak erizainenak dira, eta asko hutsik daude. Espezialitate guztiak aztertuta, ez dago euskarazko derrigortasuna duen lanposturik, eta zeladoreen artean, bi baizik ez. Eremu euskaldun osoan, soilik zazpi mediku lanpostutan da euskara nahitaezkoa. Nafarroa osoan, berriz, 69 pediatra daude, eta horietatik bederatzik baino ez dute euskaraz aritzeko betebeharra —zazpi, eremu euskaldunean—. Halaber, lurralde osorako, psikologo kliniko batek eta terapeuta batek dute profil elebiduna. Lehendakaritza, Barne eta Funtzio Publikoko Departamentuan ere joera antzekoa da. Foruzaingoa salbu, 1.253 lanpostuetatik 39 baizik ez dira elebidunak. Suhiltzaileen zortzi parkeetatik bostetan ez dago euskarazko profilik: berez, 619 lanpostuetatik, hamabost baizik ez dira elebidunak —Altsasu/Auritz (bost); Iruñea (bederatzi) eta Lizarra (bat). Larrialdi zerbitzuetan, berriz, ez da derrigortzen euskaraz jakingo duen lanposturik izatea. Foruzaingoan, berriz, 1.312 lanpostu daude —200 inguru hutsik daude egun—, eta horietatik 22k dute profil elebiduna: hamazazpik eremu euskaldunean (Altsasun edo Elizondon) eta soilik lauk gainerako polizia etxeetan. Deigarria da Iruñerrian trafikoan aritzen diren 104 polizia ez direla behartzen euskaraz jakitera, ezta eremu euskaldunean aritzen diren «gehienak» ere. Herritarrekin arreta berezia duen beste departamentu bat Ekonomia eta Ogasuna da: 518 lanpostuetatik hamabik soilik dute hizkuntza eskakizun hori derrigortuta. Herritarrei zerga aholkularitza eta informazioa emateko atalean, 33 lanpostuetatik soilik biri eskatzen zaie euskaraz jakitea (C1 maila); zergadunekiko harremanetarako atalean, berriz, 31 postuetatik bakarrari. Nastat estatistika erakundean postu batean soilik da derrigorrezkoa euskaraz jakitea, eta Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboko beste batean ere bai. Kulturan, berriz, 221 lanpostu daude, eta bederatzik soilik dute derrigortuta euskaraz jakitea. Horien artean daude liburutegi sareko langileak. 76 liburutegien artean, 125 lanpostu daude, eta arduradun postuen artean soilik zortziri eskatzen zaie euskaraz jakitea —zazpi eremu euskaldunean—. Hartara, eremu mistoko eta ez-euskalduneko 71 liburutegitan, lanpostu bakarrari eskatzen zaio euskaraz jakitea. Aztertutako hamar departamentuetatik lautan ez dago profil elebiduna izatea derrigorrezkoa den lanposturik: Lurralde Antolamenduan eta Etxebizitzan, Justizia eta Migrazio Politiketan, Unibertsitatean eta Berrikuntzan, eta Garapen Ekonomikoan. Halaber, Gizarte Eskubideen Departamenturako lan egiten duten Nafar Lansareren «enplegu agentzia batzuetan eta haur eskoletako hezitzaile lanpostu batzuetan soilik daude euskarazko profila duten lanpostu bakan batzuk». Ezagutzaren datuak, apur bat hobeak Gaubekak gaineratu du ezagutzaren datuak hobeak direla. «Herritar bat joan daiteke departamentu horietako batera eta suerta dakioke euskaraz dakien norbait, baina ez Nafarroako Gobernuak neurririk hartu duelako; apur bat txiripaz. Begiratu genituen Euskarabidearen datuak, eta departamentu batzuetan ez dira asko hobetzen. Hau da, suerta daiteke euskarazko arreta emateko gai diren langile gehiago egotea, baina departamentu gehienetan ez da horrela. Ez da %3ra iristen».
2022-3-22
https://www.berria.eus/albisteak/211175/elak-hiru-eguneko-grebara-deitu-ditu-eskola-publikoetako-garbitzaileak-eta-sukaldeko-langileak.htm
Gizartea
ELAk hiru eguneko grebara deitu ditu eskola publikoetako garbitzaileak eta sukaldeko langileak
Sindikatuak datorren astearterako, asteazkenerako eta ostegunerako egin du deialdia, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Behin-behinekotasuna salatu eta ordezkapenak eskatuko dituzte.
ELAk hiru eguneko grebara deitu ditu eskola publikoetako garbitzaileak eta sukaldeko langileak. Sindikatuak datorren astearterako, asteazkenerako eta ostegunerako egin du deialdia, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Behin-behinekotasuna salatu eta ordezkapenak eskatuko dituzte.
Eusko Jaurlaritzak bizkarra ematen diela iritzita, ELAk grebara deitu ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sare publikoko ikastetxeetako sukaldeko eta garbiketako langileak. Hiru egunerako egin dute deialdia: datorren astearterako, asteazkenerako eta ostegunerako. Eskariak, hauek: behin-behineko langileak finko bihurtzea eta ordezkapenak garaiz egitea. Sindikatuaren hitzetan, egun sektore horietan duten egoera «ezegonkorra» da, «pribatizazioaren aldeko apustu politikoak eragina». Hitzok berresteko, datuak eman ditu: hezkuntza publikoko sukalde eta garbiketa zerbitzuen %90 pribatizatuta daude, eta oraindik publikoak diren zerbitzuetan behin-behinekotasuna % 70etik gorakoa da, sindikatuaren esanetan. Baina langileak egonkortzeko Iceta legearen bidez egungo egoera aldatzeko bide bat ireki delakoan daude. Ordea, Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu dute: «Hezkuntza Sailak ez du oraindik mahai sektorialera deitu, nahiz eta prozesuan aterako diren lekuak ekainaren 1aren aurretik aurkeztu behar diren». Ordezkapen faltari ere erreparatu diote, eta salatu dute ez dituztela garaiz egiten. Horiek horrela, greba beharrezkoa iruditzen zaie: «Garaiaren garrantziaz jabetuta, ELAk hiru greba egunera deitu du, Hezkuntza Sailaren itxikeria salatzeko, behin-behineko langileak finkatzea eskatzeko eta ordezkapenak egin daitezen exijitzeko».
2022-3-22
https://www.berria.eus/albisteak/211176/maileguak-ukraina-errusia-edo-bielorrusiarekin-harreman-komertzialak-dituzten-enpresentzat.htm
Ekonomia
Maileguak Ukraina, Errusia edo Bielorrusiarekin harreman komertzialak dituzten enpresentzat
Printzipioz hamar milioi eurokoa izango den finantzatze lerro bat sinatuko dute Finantzen Euskal Institutuak eta Elkargik. Pedro Azpiazuren ustez, COVID maileguen gabealdia luzatzea ez da neurri eraginkorra orain.
Maileguak Ukraina, Errusia edo Bielorrusiarekin harreman komertzialak dituzten enpresentzat. Printzipioz hamar milioi eurokoa izango den finantzatze lerro bat sinatuko dute Finantzen Euskal Institutuak eta Elkargik. Pedro Azpiazuren ustez, COVID maileguen gabealdia luzatzea ez da neurri eraginkorra orain.
Ukrainako Gerraren testuinguruan, premiazko bi finantza lerro abiatu ditu Jaurlaritzak, berehala indarrean ezarriko direnak. Batetik, Finantzen Euskal Institutuak Elkargiren hitzarmena sinatuko du mailegu lerro berezi bat zabaltzeko Ukrainako, Errusiako eta Bielorrusiako bazkide komertzialak dituzten euskal enpresa ertain eta txikientzat; «gatazka armatuaren ondorioz jardueran eta transakzio ekonomikoetan kalteak izan dituztenentzat», zehaztu du Azpiazu sailburuak. Hamar milioi euro izango dira printzipioz lerro horretarako, «eta, behar baldin bada, kopurua handitu egingo da beharrezkoa den kopururaino». Maileguak 50.000 euro eta milioi bat euro artekoak izango dira, hiru urtera itzultzekoak, urtebeteko gabealdiarekin eta Euribor (hamabi hilabete) gehi %1,25eko diferentzialarekin. Beste finantzatze lerro bat ere atonduko du Jaurlaritzak enpresa mota guztientzat, kontuan izanik egungo ziurgabetasun egoeran zailago edo garestiago izan dezaketela finantzaketa lortzea, edota Elkargiren lerrotik ezin dituztelako behar horiek ase. Kasu horretan, enpresek eskura izango dute Finantzen Euskal Institutuak finantza entitateekin %50ean kofinantzatutako maileguen eskaintza osoa. Pedro Azpiazuren arabera, «ez da baldintza zehatzik eta finkorik ezarriko eragiketa horientzat; gerraren ondorioz, enpresa horien beharrak estaltzea da kontua, eta, ondorioz, mailegatutako kopuruak, epeak eta interesak alde guztien artean ezarriko dira, kasuan-kasuan». Bi erremintak, bi finantza lerroak bateragarriak direla ere zehaztu du Ekonomia sailburuak. Eta enpresek jada eskariak aurkez ditzakete Elkargin. Luzapenik ez COVID maileguetan Azpiazuren ustez, Europan gauzak erabaki zain, «ezinbestekoa da bitartean diagnostiko onak egitea eta irtenbide egokiak eskaintzea, eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzak gaur aurkeztutako erabakiak kirurgia finekoak dira, ez isipu lodiz margotuak». Azken egunetan batez ere SEA Arabako patronalak COVID maileguen gabealdia luzatzeko egindako eskariaz galdetuta, Ekonomia sailburuak azaldu du haiek eman ziren garaian enpresa guztiek jasan zutela kaltea. «Orain, egoera beste bat da, eta beste neurri batzuk ipini ditugu martxan. Baten batek eskatu digu hori ere, baina nik uste dut baten bat hori solte dagoela eskari horretan. Ikusiko dugu etorkizunean; agian gauzak aldatuko dira, eta halako neurri bat beharrezkoa izango da. Baina orain halako neurri bat, enpresa guztientzat, sektore guztientzat, nire ustez, ez da efizientea, ezta eraginkorra ere». Kontua da bere garaian COVID maileguak jaso zituzten hainbat enpresari hurbiltzen ari zaiela haiek itzultzen hasteko epea. Arabako eta Gasteizko Ostalaritza Elkarteak eta SEA patronalak eskari publikoak egin dituzte, esanez egoera dela-eta zenbait enpresak zailtasunak izango dituztela ordainketa horietarako. 2020ko apiril-maiatzetan eman ziren, Elkargiren bitartez, COVID mailegu deitutako gehienak —2021ean ere eman ziren 81 milioi euro mailegutan—. Hego Euskal Herrian, guztira, 948 milioiren kredituak bermatu zituen Elkargik; horietatik 800 milioi euro inguru, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hasieran, mailegu haiek lau urtean itzultzekoak ziren, urtebeteko gabealdiarekin. Baina, gerora, baldintzak aldatu egin ziren, eta itzulpena sei urtean egiteko aukera eman zen, gabealdia bi urte luzatuz. 520-520 milioi euroko kopurua bermatu zuen Elkargik baldintza berriko maileguetan, eta kreditu horiek dira orain gabealdi luzatua amaitzear dutenak. Eusko Jaurlaritza ez da pandemia garaiko mailegu berezien itzulketa luzatzeko eskariak jaso dituen erakunde bakarra. Espainiako Gobernuak, esaterako, datorren astearteko ministro kontseiluan laguntza berriak erabakiko dituela aurreratu du Nadia Calviño Ekonomia ministroak, eta zenbait hedabidetan aipatu da litekeena dela ICO kredituen gabealdian luzapen bat egitea.
2022-3-22
https://www.berria.eus/albisteak/211177/udaltopek-haurrei-eta-gazteei-begirako-hizkuntza-politikak-izango-ditu-ardatz.htm
Gizartea
Udaltopek haurrei eta gazteei begirako hizkuntza politikak izango ditu ardatz
Eskolako eta handik kanpoko jarduerez arituko dira, maiatzaren 12an eta 13an, Lasarte-Orian.
Udaltopek haurrei eta gazteei begirako hizkuntza politikak izango ditu ardatz. Eskolako eta handik kanpoko jarduerez arituko dira, maiatzaren 12an eta 13an, Lasarte-Orian.
Hamasei urte artekoentzat hizkuntza politika eraginkorrak eta egokiak zein diren, horren inguruan hausnartuko dute aurten Udaltop udaletako euskara zerbitzuen topaketan. Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Manuel Lekuona kultur etxean egingo dute, maiatzaren 12an eta 13an. Honako galdera hau izango du izenburu jardunaldiak: Eskolak bakarrik ezin badu... Zer eta nola egin behar dugu udalerrian hobeto 16 urte bitartekoentzat hizkuntza politika egokia antolatzeko? Hain justu, eskolako eta eskolaz kanpoko jardueretan euskarak zer leku duen aztertuko dute, eta nola handitu bi eremuotan haren presentzia. Ikuspegi orokorra emanez hasiko dute jardunaldia. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoeraz jardungo dute, eta Nafarroakoari erreparatuko dio Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak. Ipar Euskal Herriko egoeraz ere arituko dira ondoren, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Kataluniara begira jarriko dira gero. Han, Kataluniako Eskola Kontseiluak katalanaren erabilera areagotzeko 67 neurriko proposamen bat helarazi dio Generalitateari, eta proposamen sorta hori aletuko dute Jesu Vinyas i Cirera Kataluniako Eskola Kontseiluko kideak eta Marina Gay i Faura Omnium Culturalekoak. Ikastetxeetan jarriko dute arreta hurrengo egunean. Soziolinguistika Klusterreko Joseba Suberbiolak «hiztun hobeak» sortzeko moduez hitz egingo du. Hezkuntza arautuan nahiz arautu gabean «hizkuntza politika egokia egiteko tresnez» ere arituko dira Gasteizko eta Donostiako udaletako euskara zerbitzuetako kideak. Talde lanarekin itxiko dute jardunaldia. Zenbait galderaren inguruan gogoeta egingo dute taldean parte hartzaileek: «Ados gaude 16 urte bitartekoen ekosistema lokala arnasgune soziofuntzionala izatea estrategikoa dela? Zer ekarpen egingo zenioke daukagun edo izan genezakeen arkitektura juridikoari? Zer eta nola egin behar dugu hobeto gure herrian 16 urte bitartekoen habitat linguistikoa hobetzeko?». Galdera horiei tiraka, antolatzaileek eskuliburu bat osatu nahi dute, adin bitarte horretarako egokia izango den hizkuntza politika antolatzeko. Hezkuntzara begira Antolatzaileen artean, aurten nobedadea izango da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren parte hartzea; zehazki, haren barneko berritzeguneetako hizkuntza normalizaziorako aholkularitza zerbitzua. Modu horretan hizkuntza politikaren alorrean jarduten dutenak hezkuntzan dabiltzanekin elkarlanean jarri nahi izan dituztela azaldu dute antolatzaileek. Helburu hori indartzera begira, aurten jardunaldia streaming bidez ere ikusi ahalko dela aurreratu dute. Izen ematea zabalik egongo da maiatzaren 3ra bitarte, www.udaltop.eus atarian.
2022-3-22
https://www.berria.eus/albisteak/211178/gizon-bati-bi-urteko-kartzela-zigorra-ezarri-diote-10-urteko-bere-ilobari-sexu-abusuak-egiteagatik.htm
Gizartea
Gizon bati bi urteko kartzela zigorra ezarri diote 10 urteko bere ilobari sexu abusuak egiteagatik
Espetxe zigorraz gain, auzipetua ezin da urtebetez biktimarengana hurbildu, 6 urteko zaintzapeko askatasuna bete beharko du eta 1.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio biktimari.
Gizon bati bi urteko kartzela zigorra ezarri diote 10 urteko bere ilobari sexu abusuak egiteagatik. Espetxe zigorraz gain, auzipetua ezin da urtebetez biktimarengana hurbildu, 6 urteko zaintzapeko askatasuna bete beharko du eta 1.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio biktimari.
Nafarroako Auzitegi Nagusiak bi urteko kartzela zigorra ezarri dio Iruñeko 65 urteko gizon bati, bere iloba bati sexu abusuak egin zizkiolako hark 10 urte zituenean. Espetxe zigorraz gain, auzipetua ezin da urtebetez biktimarengana hurbildu, 6 urteko zaintzapeko askatasuna bete beharko du eta 1.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio biktimari, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi duenez. Ebazpen judizialaren arabera, 2014ko abenduaren 14tik 2015eko otsailaren 28ra bitarteko egun batean, auzipetuak ilobari sexu erasoa egin zion, familiaren etxean bakarrik zeudela aprobetxatuz.
2022-3-22
https://www.berria.eus/albisteak/211179/txinan-amildu-zen-hegazkinean-ez-dute-inor-bizirik-aurkitu.htm
Mundua
Txinan amildu zen hegazkinean ez dute inor bizirik aurkitu
Istripua gertatu zenean 132 bidaiari zituen hegazkinak, eta erreskate zerbitzuak haiek identifikatzeko lanetan ari dira oraindik ere. Atzo goizaldean erori zen.
Txinan amildu zen hegazkinean ez dute inor bizirik aurkitu. Istripua gertatu zenean 132 bidaiari zituen hegazkinak, eta erreskate zerbitzuak haiek identifikatzeko lanetan ari dira oraindik ere. Atzo goizaldean erori zen.
Oraingoz, ez dute bizirik irten den inor aurkitu atzo Txinan erori zen hegazkinean. Hala jakinarazi dute Txinako erakundeek. Hegazkinak 132 bidaiari zituen barnean, eta haien gorpuak aurkitzeko eta identifikatzeko lanetan ari dira oraindik ere erreskate zerbitzuak. Jakinarazi dute haien jabetzako objektu batzuk berreskuratu dituztela jakinarazi dute. Lan horietan 2.000 lagun baino gehiago dabiltza, droneen laguntzarekin. Izan ere, handia da arakatu beharreko eremua: 680.000 metro karratu inguru ditu. Boeing 737 hegazkinaren kutxa beltzak topatzen ere lagunduko dute droneek. Istripua Guangxi Zuhan eskualdean gertatu zen, atzo goizaldean, eta oraindik ez dute argitu zerk eragin zuen China Eastern Airlines konpainiako hegazkina erortzea. Kunmingetik Guangzhoura zihoan. Sare sozialetan zabaldu dira hegazkina nola erori zen erakusten duten irudi batzuk, meatze bateko segurtasun kamerek grabatutakoak.
2022-3-22
https://www.berria.eus/albisteak/211180/alessandri-eta-ferrandi-presoak-beranduenez-apiril-erdialderako-hurbilduko-dituzte-korsikara.htm
Mundua
Alessandri eta Ferrandi presoak beranduenez apiril erdialderako hurbilduko dituzte Korsikara
Bi militante nazionalistek lekualdaketarako eskaria egin zuten DPS estatusa galdu ostean
Alessandri eta Ferrandi presoak beranduenez apiril erdialderako hurbilduko dituzte Korsikara. Bi militante nazionalistek lekualdaketarako eskaria egin zuten DPS estatusa galdu ostean
Frantziako Gobernuak ohar labur baten bidez jakinarazi du Pierre Alessandri eta Alain Ferrandi presoak Korsikara hurbilduko dituztela, Borgoko presondegira. Matignonek azaldu duenez, lekualdatzea beranduenez apiril erdialdean egingo dute. Yvan Colonnaren kontrako erasoaren ondoren sorturiko testuinguruak erabakiak hartzera behartu zuen Frantziako Gobernua, eta, egoera baretze aldera, Jean Castex Frantziako lehen ministroak DPS bereziki zainduriko presoen estatusa kendu zien bi preso horiei, hilaren 11n. Estatus hori gabe, Alessandrik eta Ferrandik Korsikara hurbiltzeko eskaria egin ahal izan dute, eta hala gertatu da. Haien abokatuekin beharrezko kontsultak egin ostean hartu dute erabakia. Gainera, biek ala biek 2017tik eskatu ahal dute baldintzapeko askatasuna, baina orain arte ezezkoa jaso izan dute DPS estatusa izateagatik. Hortaz, ikusteko dago zer gertatuko den apiriletik aurrera; Korsikako mugimendu nazionalistak horiek askatzea ere eskatu izan du. Alessandri eta Ferrandi 1999an atxilotu zituzten, eta 2003an bizi osoko zigorra ezarri zieten, Claude Erignac prefetaren heriotzarekin zerikusia izan zutelakoan. Harrez geroztik, Frantzian betetzen ari dira kartzelaldiak, Paris inguruan.
2022-3-22
https://www.berria.eus/albisteak/211181/poliziaburu-bat-kargutik-kendu-dute-nahiko-lukete-emakume-batzuek-polizia-batek-bortxatzea-esateagatik.htm
Mundua
Poliziaburu bat kargutik kendu dute, «nahiko lukete emakume batzuek polizia batek bortxatzea» esateagatik
Bilbon jaiotako Estibaliz Palma Espainiako Poliziako komisarioak adierazpenok egin ditu Kataluniako buruzagi independentisten aurkako zigorren ondorengo istiluetan arituriko polizia baten omenaldian.
Poliziaburu bat kargutik kendu dute, «nahiko lukete emakume batzuek polizia batek bortxatzea» esateagatik. Bilbon jaiotako Estibaliz Palma Espainiako Poliziako komisarioak adierazpenok egin ditu Kataluniako buruzagi independentisten aurkako zigorren ondorengo istiluetan arituriko polizia baten omenaldian.
Estibaliz Palma Varona du izena. Espainiako Poliziako Pontevedrako (Galizia) burua da, eta martxoaren 11n hitz egin zuen kide bati eginiko omenaldian. Zera adierazi zuen Kataluniako buruzagi independentisten aurkako ebazpena plazaratu ostean gertaturiko istiluetan larri zauritu zuten polizia omentzeko Vigoko (Galizia) jatetxe batean bilduriko agenteen aurrean: «48 ordu izan ziren; bazirudien Espainiako Polizia eraldatu egin zela, eta, bat-batean, bortxatzen zuen, tratu txarrak ematen zituen, eta beste ez dakit zer egiten zuen... Nahiko lukete emakume batzuek istiluen aurkako polizia batek bortxatzea». Barrez eta algaraz hartu zuten bildutakoek adierazpena, Eldiario.es kazetak jakinarazi duenez. Ekitaldian Fernando Grande Marlaska Espainiako Barne ministroak propio grabaturiko bideo bat eman zuten, Palmak hitzaldia egin aurretik. Grabazioa plazaratu ostean, kargutik kendu dute poliziaburua, eta zigortzeko prozesua zabaldu diote. Bilbon jaiotakoa Palma Varona Bilbon jaio zen, baina Espainian aritu da beti polizia gisa. 2019. urtean izendatu zuten Pontevedrako poliziaburu. Komisario gradua irabazi zuen 2014. urtean, eta duela gutxi Espainiako Poliziako gradu gorenerako probak gainditu zituen. 2019ko urriaren 14an Kataluniako buruzagi independentisten aurkako zigorrak plazaratu zituztenean, Pozuelo de Alarconen (Madril) ari zen lanean. «Pozuelo plaza nazionala da, ez errepublikanoa», adierazi zuen omenaldian. 1936ko matxino faxistek beren buruari deitzen zioten nazional. «Beraz, leku bikaina hitzaldi bat emateko», jarraitu zuen Palmak. «Baina une batean... sare sozialak zituzten neure haurrek esaten zuten: 'Baina, ama, zer egiten ari da Polizia Katalunian?'». Egun haietan manifestazio eta bestelako protesta ekintza ugari egin zituzten Katalunian, prozesu subiranistaren buruzagiak bederatzi eta hamahiru urte artera zigortu ostean. Tsunami Demokratikoak deituta, milaka lagun atera ziren kalera, eta garraiobide nagusiak eten zituzten, eta Bartzelonako aireportua blokeatu zuten. Espainiako Poliziak gogor jo zuen manifestarien kontra, eta, besteak beste, gomazko pilotak erabili zituzten, Katalunian debekaturik dauden arren. Dozenaka herritar zauritu zituzten.
2022-3-22
https://www.berria.eus/albisteak/211182/lapurdik-bertze-bi-michelin-izar-jaso-ditu.htm
Bizigiro
Lapurdik bertze bi Michelin izar jaso ditu
Ziburuko Ekaitza jatetxeak eta Miarritzeko Hotel du Palaiseko La Rotonde jatetxeak beren lehen Michelin izarra errezibitu berri dute.
Lapurdik bertze bi Michelin izar jaso ditu. Ziburuko Ekaitza jatetxeak eta Miarritzeko Hotel du Palaiseko La Rotonde jatetxeak beren lehen Michelin izarra errezibitu berri dute.
Aurelien Largeau sukaldariaren jatetxeak bildu du lehentze izarra; Miarritzeko Hotel du Palaiseko La Rotonde jatetxeak, hain xuxen ere. Lehen Michelin izarra jaso duen beste jatetxea Guillaume Roget sukaldariaren Ekaitza jatetxea izan da, Ziburun. Nafarroa Behereak eta Lapurdik duela bi urteko Michelin izar kopuru bera berreskuratu dute: 2022ko Michelin gidan bi probintzietako hamabi jatetxe daude. Iaz galdutako biak, aurten, nolazpait, itzuli egin dira Lapurdirat. Roget sukaldaria izan zen iaz izarra galdu zuten bietako bat: 2019an Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Brouillarta jatetxean jaso zuen izarra kendu zioten; proiektuz aldatu baitzen. Proiektu hori gauzatu du geroztik: Ziburun ireki baitu Ekaitza jatetxea, zeinean jaso baitu aurten Michelin lehen izar hau. Berezia da jatetxeko kontzeptua: arnoa menuaren arabera hautatzeko ordez, bezeroek hautatu arnoaren araberako menua proposatzen baitie. Gauzak hola, Roget sukaldariak bigarren aldia du izarra jasotzen, baina, bi jatetxeetan. Aurten, gainera, laugarren aldikoz, Michelin gidak pastizagileak ere saritu nahi izan ditu: Miarritzeko Hotel du Palaiseko Aleksandre Oliver pastizagilea da haietako bat. Hala, Hotel du Palaisek sari bikoitza ukan berri du: Michelin izarra bera, eta Michelin gidak pastizagileei ematen dien "azkenburuko-pasio" hau.
2022-3-22
https://www.berria.eus/albisteak/211183/covid-19-kasu-positiboek-ez-dute-bakartu-beharko-hegoaldean.htm
Gizartea
COVID-19 kasu positiboek ez dute bakartu beharko Hegoaldean
Astelehenean sartuko da indarrean aldaketa, eta kasu asintomatiko eta arinentzat pentsatuta dagoela esan dute, gaur, Osasun Publikoko Batzordean
COVID-19 kasu positiboek ez dute bakartu beharko Hegoaldean. Astelehenean sartuko da indarrean aldaketa, eta kasu asintomatiko eta arinentzat pentsatuta dagoela esan dute, gaur, Osasun Publikoko Batzordean
Bakartuta egon beharra. COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ezaugarrietako bat izan da, izurria hesitzeko ahaleginean hartu den neurrietako bat. Bakartuta egon behar izan dute kasu positiboek eta, kasu askotan, haien kontaktu estuek ere bai. Astelehenetik aurrera, ordea, bakartu beharrik ez dute izango asintomatiko direnek edo sintoma arinak dituztenek. Artaz ibili beharko dutela esan da, baina ez dutela kanpora irten gabe geratu beharko. Gaur hartu dute erabakia Espainiako Osasun Ministerioko eta autonomia erkidegoetako ordezkariek, Osasun Publikoko Batzordearen bileran. Kontaktu estuei dagokionez, hilaren 5ean utzi ziren berrogeialdiak bertan behera Hegoaldean. Txertatu gabe zeuden pertsonek bete beharrekoa zuten orain neurri hori ordura arte, baina Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak erabaki zuen orduan ere neurri hori ja ez zela beharrezkoa. Ipar Euskal Herrian ere kenduta daude ja kontaktu estuen berrogeialdiak. Positiboek, hala ere, bakartzen jarraitu behar dute. Era berean, gaur egin duten bilera erabaki dute diagnostikoa egiteko testak egingo zaizkiela soilik pertsona zaurgarriei: esaterako, adinekoak badira, immunoeskasiaren bat badute, bestelako patologiaren bat badute, edo haurdun badaude. Bestela ere, hori ja gaur egun Hego Euskal Herrian orokortutako jokaera da. Omikron aldaerak ekarri zuen, eragin zuen kasu uholdeari aurre egin ezinda, pronostiko larriena izan dezaketen pertsonei begira jartzea bereziki osasun sistema. Esaterako, gaur egun Osakidetzak proba diagnostikoa errepikatzen die bakarrik farmaziako test batean positibo eman dutenei, baldin eta kolektibo kalteberetakoak badira edo lanera joan ezinik horretarako paperak izapidetu behar badituzte. Testak, egoki ikusten denean, eremu sanitario eta soziosanitarioetan ere egingo direla adierazi dute gaurko bileran, baina, oro har, kasu larrienei begirakoa izango dela hemendik aurrera COVID-19aren gaineko zaintza.
2022-3-22
https://www.berria.eus/albisteak/211184/sahararen-aldeko-protestak-egin-dituzte-espainiako-gobernuaren-hiru-ordezkaritzatan.htm
Mundua
Sahararen aldeko protestak egin dituzte Espainiako Gobernuaren hiru ordezkaritzatan
«Espainiako Gobernuak bigarren aldiz traizio egin digu», esan du Dagna Magfrik Mendebaldeko Saharako ordezkariak Euskal Herrian.
Sahararen aldeko protestak egin dituzte Espainiako Gobernuaren hiru ordezkaritzatan. «Espainiako Gobernuak bigarren aldiz traizio egin digu», esan du Dagna Magfrik Mendebaldeko Saharako ordezkariak Euskal Herrian.
Ehunka pertsona bildu dira Espainiako Gobernuak Bilbon, Donostian eta Gasteizen dituen ordezkaritzen aurrean, eta herri batzuetan, Mendebaldeko Saharari sostengua agertzeko, eta Pedro Sanchezen exekutiboak joan zen astean iragarritako politika aldaketa arbuiatzeko. «Sanchez, entzun, Sahara ez dago salgai», leloa aireratu dute manifestariek Bilboko elkarretaratzean, Plaza Eliptikoan. Jende asko bildu da; saharar komunitateko kide horietako asko, eta elkartasuna adieraztera etorritako herritar ugari ere. Sanchezi «aurpegia emateko» eskatu diote, eta «Marokoren terrorismoa» salatu dute. «Espainiako Gobernuak bigarren aldiz traizio egin digu», esan du Dagna Magfrik Mendebaldeko Saharako ordezkariak Euskal Herrian. Mohamed Limamek antzeko ideia adierazi zion atzo BERRIAri: «Espainiak traizio egin dio beste behin Mendebaldeko Saharari». EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IUko talde politikoetako ordezkariak ere egon dira. Joan zen ostiralean jakin zen Espainiako Gobernuak Rabati adierazi ziola Mendebaldeko Sahara Marokoko eremu autonomo bihurtzea dela gatazka gainditzeko aukerarik «serioena, errealistena eta sinesgarriena». Sahararren erabakitzeko eskubideari uko egin izanak protesta oldea eragin du. Sahara aske mezua zuten kartelak erakutsi dituzte, eta Sanchezen argazkiak, buruz behera. Sahararren Euskal Herriko hainbat erakundek antolatu dute protesta. Agiri baten bidez, salatu egin dute Espainiak «okupatzaile marokoarrari legez kanpo emaniko sostenguarekin» are gehiago zaildu duela Nazio Batuen Erakundearen bake prozesua, «lehentasuna zuzenean negoziatzea denean, Marokoren eta Fronte Polisarioaren artean». Autodeterminazio eskubidea gauzatzea da euren helburu bakarra, gaineratu dutenez. Iruñean, bihar dira biltzekoak, 19:30ean, Espainiako Gobernuak duen ordezkaritzaren aurrean, Merindadeen Plazan.
2022-3-24
https://www.berria.eus/albisteak/211208/euskadiko-berrikuntza-txertaketaren-atzean.htm
albisteak
Euskadiko berrikuntza txertaketaren atzean
COVID txertoak ez dira erronka bat izan soilik industria farmazeutikoarentzat, txertoak biltegiratu eta banatzeaz arduratu direnentzat ere erronka bat izan dira. Hemen, eginkizun hori Bexen Medical enpresaren esku egon da, eta garatu dituen konponbideak Innobasqueren Kasu Praktikoen Bankuan daude dagoeneko.
Euskadiko berrikuntza txertaketaren atzean. COVID txertoak ez dira erronka bat izan soilik industria farmazeutikoarentzat, txertoak biltegiratu eta banatzeaz arduratu direnentzat ere erronka bat izan dira. Hemen, eginkizun hori Bexen Medical enpresaren esku egon da, eta garatu dituen konponbideak Innobasqueren Kasu Praktikoen Bankuan daude dagoeneko.
COVIDak gure artean jarraitzen du, eta, nahiz eta haren eraginak eta hilgarritasun tasak oso handiak izaten jarraitzen duten, egoera duela bi urtekoa baino askoz hobea da funtsezko bi elementuri esker: txertoen garapen azkarra eta horiek herritar guztiei jartzeko logistika efizientea. Euskadin, logistika horren zati handi bat Hernaniko enpresa baten esku egon da: Bexen Medical. Enpresa Mondragon Korporazioko kidea da, eta aitzindaria da lagin biologikoen eta medikamentu termolabilen kudeaketa eta biltegiratzean. Hau da, horiek hondatu eta alferrik gal daitezke garraioan zehar hotz-katea apurtzen bada. Batzuetan muturreko tenperaturak izaten dira (gogora dezagun, adibidez, Pfizerren txertoa -70 gradutan kontserbatzen dela), eta horrek sekulako erronka logistikoa planeatzen du banaketan. Bexen Medical enpresak lau hamarkada daramatza arlo horretan lanean, baina ez zuen inoiz aurrean izan, bolumena eta garrantzia aintzat hartuta, Euskadin jarritako dosi guztiak (4,72 milioi baino gehiago) txertaketa-zentro guztietara egoera bikainean bidaltzeko erronka. Hasieran, 2020ko abenduan, garraio hori erabilera bakarreko ontzi isotermikotan egiten zen. Baina, txertoen kopuruak gora egin ahala, hotz-metagailuen, kutxa isotermikoen eta kartoiaren bolumenak ere gora egin zuen txertaketa-zentroetan, eta horiek zabortegian bukatzen zuten. Efizienteak eta azkarrak izan behar zuten alternatiba jasangarriago bat bilatzeko orduan, hau da, ontzien osagai guztiak berrerabiltzeko aukera emango zuen konponbide bat. Erronka horrek aukera bat ezkutatzen zuen. Ez du merezi teknologia gehitzea erabili eta botatzeko ontzi bati, baina, elementu horri bizitza gehiago ematen badizkiogu, errentagarria izango da balio erantsia ematea. Datuen garaian, horren baliokidea da esatea hori zela ontziak adimendun bihurtzeko aukera. Beraz, Bexenek CLCircular enpresarekin lankidetzan fabrikatu zituen eta 2021eko apirilean zirkulazioan jarri zituen ontzi isotermiko berriek erabilera anitzeko sentsoreak sartu zituzten kubeta berrerabilgarri batean, eta, tenperaturarekin batera, hezetasun-baldintzak, presioa eta argiztapena erregistratzen dituzte. Horrez gain, hauteman dezakete ontziak kolperik jasan duen, azelerometro bati esker. Eta, noski, kubeta bakoitzaren geolokalizazio zehatza adierazten dute, zuzenean. Datu horiek hodeira igotzen dira, eta jasota eta sailkatuta gelditzen dira plataforma batean. Prozesu logistiko osoaren gaineko kontrol-maila horri esker, gorabeherak prebenitu daitezke. Gainera, ontzi berriek edukiera handiagoa dute, eta bakoitzean 6.000 dosi garraia daitezke; hasieran 1.200 dosi zeuden erabilera bakarrekoetan. Hustu ondoren, sentsoreak dituen kubeta ateratzen da, eta horiek berrezartzen dira edozein unetan erabili ahal izateko, nahi adina. Kalkuluen arabera, ontzi berriek bost urteko bizitza baliagarria dute, aurrekoen sei orduen aldean. Hala ere, konponbideak oso-osorik bezeroaren esku gelditzen ziren beste bi erronka zituen. Kasu honetan, txertaketa-zentroen esku, eta lankidetza erabatekoa izan da. Lehena ontzien itzulerako inplikazioa zen. Bigarrena, langileak prestatzea plataforma erabiltzeko. Arrakasta kolektibo horren ondoren, Bexen Medical berrikuntza horretarako aplikazio berriak aztertzen ari da.
2022-3-23
https://www.berria.eus/albisteak/211209/ehunek-salatu-du-arrazista-dela-ipar-eta-hego-euskal-herriaren-arteko-muga.htm
Gizartea
Ehunek salatu du arrazista dela Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga
Mugimenduak esperimentu bat egin du, Poliziak mugan duen jokabidea salatzeko: Hendaia eta Irun arteko Santiagoko zubia arazorik gabe igaro du mutil gazte batek, baina, aurpegia beltzez margotu diotenean, geldiarazi egin dute.
Ehunek salatu du arrazista dela Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga. Mugimenduak esperimentu bat egin du, Poliziak mugan duen jokabidea salatzeko: Hendaia eta Irun arteko Santiagoko zubia arazorik gabe igaro du mutil gazte batek, baina, aurpegia beltzez margotu diotenean, geldiarazi egin dute.
«Muga arrazista bat dugu Euskal Herriaren erdian». Ehun mugimenduko kideek salatu dute Hego Euskal Herriaren eta Ipar Euskal Herriaren arteko mugan egon ohi diren polizien jokabidea, eta, hori erakusteko, esperimentu bat egin dute Hendaia eta Irun arteko Santiagoko zubian. Mutil gazte zuri bat bidali dute zubia oinez igarotzera, eta, ondoren, gauza bera egin dute, baina mutilari aurpegia beltzez margotuta. Emaitza, espero zutena: lehen aldian, Polizia han zegoen arren, gazteak arazorik gabe egin du bidea, baina, bigarren aldian, gelditu eta identifikatu egin dute. Ehunen ustez, «Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren artean inposatutako muga arrazista da, eta, terrorismoari aitzin egiteko aitzakian, terroretik ihesi doazen pertsonak geldiarazten dituzte». Ekintzaren nondik norakoak ere azaldu dituzte, eta azaldu euren asmoa zela Poliziari ziria sartzea eta «mugaren izaera arrazista» salatzea. Mugimenduak normalean egin ohi duen moduan, Euskal Errepublikaren aldeko aldarrian egin du azpimarra: «Frantziako eta Espainiako estatuek izaera arrazista dute, eta haien barnean gauden bitartean horrelako egoerak pairatzen segitu beharko dugu». Ehunek joan den astean aurkeztu zuen burujabetza «praktikara eramateko» Gu prest gaude kanpaina. «Estatuek ebatsi» dizkieten burujabetzak berreskuratzeko, kanpaina horrekin bat egiteko eskatu diete herritarrei. Maiatzaren 14an jakinaraziko dute nortzuek egin duten bat egitasmoarekin, eta azalduko dute lehenengo burujabetza ekintza noiz eta non izango den.
2022-3-23
https://www.berria.eus/albisteak/211210/25-urterekin-tenisa-utzi-du-ashleigh-bartyk-munduko-zerrendako-lehenak.htm
Kirola
25 urterekin tenisa utzi du Ashleigh Bartyk, munduko zerrendako lehenak
Pozik agertu da egin duen ibilbidearekin, eta nabarmendu du «dena» emanda utziko duela tenisa.Urtarrilean Australiako Irekia irabazi zuen. Albisteak ezustean harrapatu ditu zaleak.
25 urterekin tenisa utzi du Ashleigh Bartyk, munduko zerrendako lehenak. Pozik agertu da egin duen ibilbidearekin, eta nabarmendu du «dena» emanda utziko duela tenisa.Urtarrilean Australiako Irekia irabazi zuen. Albisteak ezustean harrapatu ditu zaleak.
Inork espero ez zuena iragarri du Ashleigh Barty Australiako tenis jokalari arrakastatsuak: tenisa utziko du, 25 urterekin. WTA sailkapeneko lehena da, eta, adinagatik bezainbeste, horregatik ere sortu du harridura bere erabakiak. «Egun zaila eta zirraragarria da niretzat: tenisetik erretiratu naizela iragarri dut», adierazi du kirolariak bere Instagramen kontuan. Australiako Irekian lehen postuan gelditu ondoren eman du erabakiaren berri. Erretiroaren albistearekin batera, esker mezuak ere zabaldu ditu tenis jokalariak. Casey Dellacqua lagun eta tenis jokalariarekin batera ageri den bideo bat partekatu du sareetan, eta, ibilbide profesionalean izan dituen bidelagun guztiak ez ezik, kirola bera ere izan du mintzagai Bartyk. «Zinez eskertuta» agertu da tenisean aritzeak eman dion «guztiagatik». Erabaki hori hartu izanaren arrazoiei so, bat nabarmendu du Australiako kirolariak: «Jada ez dut maila gorenean egotera iristeko behar den motibazio fisikorik eta desio emozionalik». Hala ere, gaineratu du ez dagoela triste, pozarren dagoela, eta «dena» eman ostean utziko duela tenisa: «Niretzat, arrakasta da jakitea dena eman dudala, ahal dudan guztia. Pozik nago, eta badakit zenbat lan egin behar den norberaren onena ateratzeko». Hiru Grand Slam titulu Ez da eskasa Ashleigh Barty tenis jokalariak lortu duena. WTA sailkapenean lehena izan da bi urtez baino gehiagoz, eta Grand Slam kategoriako hiru titulu ere irabaziak ditu: Roland Garros lehiaketa irabazi zuen 2019an, Wimbledon sariketa 2021ean, eta Australiako Irekian lehena izan da aurten. Zaleek ez ezik, tenisaren munduak ere ezustean hartu du Bartyren iragarpena. Horrela mintzatu dira, adibidez, WTA sailkapen zerrendaren Twitterreko kontu ofizialean: «Eskerrik asko kirolaren enbaxadore bikaina izateagatik. Zure falta sumatuko dugu, Ash».
2022-3-23
https://www.berria.eus/albisteak/211211/aste-honetan-bertan-garraiolariekin-akordioa-egingo-duela-agindu-du-sanchezek.htm
Ekonomia
Aste honetan bertan garraiolariekin akordioa egingo duela agindu du Sanchezek
Espainiako presidenteak ez du zehaztu neurririk, 500 milioi euroko ekarpen ezagunaz harago. Garraiolarien patronalik handienarekin beste bilera bat egingo du gobernuak bihar. Eusko Jaurlaritza Hirurekin elkartuko da.
Aste honetan bertan garraiolariekin akordioa egingo duela agindu du Sanchezek. Espainiako presidenteak ez du zehaztu neurririk, 500 milioi euroko ekarpen ezagunaz harago. Garraiolarien patronalik handienarekin beste bilera bat egingo du gobernuak bihar. Eusko Jaurlaritza Hirurekin elkartuko da.
Espainiako Gobernua zain-zain dago biharko eta etziko Europar Kontseiluan argituko diren zenbait aldagairen berri izateko eta, horien arabera, konponbide batzuk edo besteak eskaintzeko greban dauden garraiolariei. Pedro Sanchez presidentea baikor azaldu da Espainiako Kongresuan: iragarri du «aste honetan bertan» akordioa egongo dela errepideko garraiolariekin. Hau da, aditzera eman du bihar edo etzi beste neurri batzuen berri emango duela gobernuak, Europar Kontseiluan mugak non dauden argitu ondoren. Grebaren amaiera aurreikusi du, beraz, Sanchezek; «sinistuta» dago hala izango dela: «Akordio bat lortuko dugu aste honetan, gasolinaren eta gasolioaren ondorioetako asko apaltzeko». CNTC garraiolarien patronalik handienarekin beste bilera bat egingo du gobernuak bihar bertan. Elkarte horrek ez du grebara deitu, baina horri azalduko dioten informazioaren bidez lanuztea gelditzeko formularekin ari da lanean gobernua. Ostiralean ziren elkartzekoak berriro, baina ostegunera aurreratu du bilera Madrilgo gobernuak, egoera gero eta jasangarriagoa bihurtzen ari baitzaio. «Modu zehatzean landuko ditugu neurri eraginkorrak», esan diote gobernuko iturriek Efe agentziari. Gobernuaren bide orrian hilaren 29a zen E eguna greba amaitu zedin, baina egoerak gainez egin diola ohartu da, eta negoziazioak azkartu egin ditu. Raquel Sanchez Garraio ministroarekin batera, Nadia Calviño Ekonomia ministroa izango da biharko bileran, baita Maria Jesus Montero Ogasun ministroa ere. «Ezin gara bilera horretatik atera akordiorik gabe», esan du Sanchez presidenteak. Grebara deitu ez duten garraiolarien elkarteekin akordioa egin du asteon Espainiako Gobernuak gasolioa merkatzeko, baina lanuzteak aurrera egin du, eta garraiolari gehiago batu dira protestara. 500 milioi euroren laguntzak iragarri ditu Madrilek garraioaren sektorea laguntzeko, baina ez du azaldu nola gauzatuko duen laguntza hori, zer neurri zehatzen bidez. Bakarrik CNTC Espainiako garraiolarien elkarterik handienak onartu du gobernuaren eskaintza. Bada, Sanchezek ere ez ditu zehaztu ostiralean iragartzekoak diren neurrien ezaugarriak edo edukiak. Hilaren 29an, asteartez, gobernuak lege dekretu bat onartuko du energiaren kostuen garestitzeari aurre egiteko, baina Espainiako presidenteak, oraingoz, ez du aztarnarik eman neurri horien inguruan, 500 milioi euroren laguntza bereziak aipatzeaz gain. «Gerraren zama ekonomikoak justizia sozialeko ikuspuntu batetik banatu» nahi duela aurreratu du, eta «ahulenak» babestu behar direla; horixe baino ez du azaldu Madrilek hartuko dituen neurrien inguruan. «Badakigu zein den herritarren sentipena, haien kezka eta larritasuna. Mekanismo guztiak jarriko ditugu martxan, baina onartu behar da orain arte hori bera egin dugula». Bien bitartean, greba aurrera doa Euskal Herrian, eta garraiolarien lanuztea gero eta arazo gehiago eragiten ari da banaketan; industrian, ordea, handiagoa da eragin hori, eta zenbait enpresatan hasi dira geldialdiak, hornidura arazoak dituztelako. Gaur bertan, CAFek bere jardueraren zatirik handiena gelditu du. Errenteriako Papresa ere geldirik dago lehengaien gabezia duelako. Industria asko nabaritzen ari da Hiru sindikatuak eta Bilboko Portuko garraiolariek grebarekin bat egin izana. Beste enpresa batzuek geldialdiak iragarri dituzte ordu gutxian ez badute hornidura jasotzen, adibidez, Basauriko Bridgestone. Gipuzkoako Adegi patronalak jakinarazi du greba ez bada bukatzen lurraldeko enpresen %22k geratu egin beharko dutela jarduera astebetean edo gutxiagoan. Lanuztea ABEEak aurkezteko arrazoi izateko eskatu du patronalak. Hiruren eta Jaurlaritzaren arteko bilera Hiru sindikatuak, berriz, protesta egin du gaur Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Gasteizen, eta Pedro Marco Garraio sailburuordearekin elkartzea lortu du. Alberto Nuñez Hiruko kideak azaldu du Jaurlaritzak konpromisoa hartu duela, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiekin batera, Hirurekin elkartzeko, sektorearen baldintzak aztertzeko bilera batean. Bilera horretan ezingo litzateke erabaki grebaren amaiera, Nuñezek argitu duenez, hori Espainiako elkarte deitzailearen esku dagoelako. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk ere estu hartu du Sanchez gaur. Hartu behar dituen neurriak lehenbailehen hartzeko eskatu dio. Erregaien zerga sistema «aztertzeko» ere esan dio Espainiako Gobernuari, eta adierazi zergak aldi baterako jaitsi beharko lituzkeela, «Frantzian egin duten moduan».
2022-3-24
https://www.berria.eus/albisteak/211212/osakidetzako-profesionalen-528k-dute-egiaztatua-euskara-maila.htm
Gizartea
Osakidetzako profesionalen %52,8k dute egiaztatua euskara maila
Kopurua duela bederatzi urte halako bi dela jakinarazi du erakundeak. Euskara plan berriaren barruan, 'Osasun Karpeta' deritzon tresna bat jarriko dute martxan, pazienteek arta zein hizkuntzatan jaso nahi duten adieraz dezaten. Egun, %20k daukate euskara lehentasunezko hizkuntzatzat.
Osakidetzako profesionalen %52,8k dute egiaztatua euskara maila. Kopurua duela bederatzi urte halako bi dela jakinarazi du erakundeak. Euskara plan berriaren barruan, 'Osasun Karpeta' deritzon tresna bat jarriko dute martxan, pazienteek arta zein hizkuntzatan jaso nahi duten adieraz dezaten. Egun, %20k daukate euskara lehentasunezko hizkuntzatzat.
Plantillaren erdiak pasatxok bere lanpostuari dagokion euskara maila egiaztatuta daukala jakinarazi du Osakidetzak. %52,8 dira baldintza hori betetzen duten langileak: duela bederatzi urte halako bi. Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Planaren xehetasunak ohar batean ematearekin batera zabaldu dute datua. Osakidetzako administrazio kontseiluak berriki onartu du plana, eta 2028ra arte iraungo du. Osakidetzan euskara normalizatzeko 2003an hasitako prozesuari jarraipena eman nahi diote modu horretan. Plan berriaren helburu nagusietako bat da «Euskadiko herritar guztiek adieraztea zer hizkuntzatan jardun nahi duten harremanetan Osakidetzan», oharrean azaldu dutenez. Horretarako, Osasun Karpeta deritzon tresna hedatu nahi dute. Karpeta horretan jasota geratuko da herritar bakoitzak zer hizkuntzatan jaso nahi duen arta. Osakidetzak jakinarazi du egun pazienteen %70ek baino gehiagok —1,6 milioi pertsonak— dutela adierazia. Hala ere, planaren amaierarako kopuru hori handitu nahi dutela nabarmendu du: «Ahalegina egingo da erabiltzaile guztiek Osakidetzarekin harremanetan egoteko hizkuntzaren erregistroa egina izan dezaten». Egun, arreta euskaraz jaso nahi dutela zehaztua dutenak %20 inguru dira, Osakidetzaren esanetan. Ikusi gehiago: ELAk hamabost urtean euskaldunduta nahi du administrazio publikoa Herritarrek hizkuntzari dagokionez zer lehentasun dituzten jakiteak modua emango dio Osakidetzari «asistentzia mailetan behar diren osasun zerbitzuen euskarazko eskaintza integrala» antolatu ahal izateko, nabarmendu duenez, izan lehen mailako arretan, arreta espezializatuan nahiz buru osasunean. Euskara lehentasunezkotzat jotzen duten pazienteen kasuan, euren identifikazio elementuetan hala adieraziko dela zehaztu du Osakidetzak. Seinale urdinak e letra izango du alboan, horiei dagokienez. Elebiduntzeko konpromisoa «Plantilla elebiduna areagotzeko prozesuarekin jarraitzea» ere badu xede euskara plan berriak, Osakidetzaren arabera. Profesionalek euskara ikasten eta hobetzen jarraitzeko konpromisoa agertu du. Horretarako mekanismoa, orain arteko moduan, euskalduntzen laguntzeko sistema izango da. Haren bidez, aurreko planean 15.087 langilek jaso zuten formazioa, Osakidetzak jakinarazi duenez. Halaber, aplikazio informazioak «osorik euskaraz garatzeko» konpromisoa ere jaso du planean erakundeak. Azaldu duenez, «informazio sistema nagusiak euskaraz erabat egokitzeak» modua emango du «pazienteei arreta euskaraz ematen dieten eremu kliniko-asistentzialeko profesionalek historia klinikoaren erabilera hedakorra egin ahal izateko», baita «haien ebolutiboak euskaraz idazteko eta dokumentazioa hizkuntza horretan emateko» ere. Ikusi gehiago: Behatokiaren arabera, «betikotzen» ari da hizkuntza eskubideen urraketa
2022-3-23
https://www.berria.eus/albisteak/211213/psoeren-hipokrisia-kritikatu-du-martxoak-3-elkarteak.htm
Politika
PSOEren «hipokrisia» kritikatu du Martxoak 3 elkarteak
Elkarteak gaitzetsi egin du sozialistek ikerketa batzorde bat eratzearen aurka egin izana, eta gertaera argitzeko bidea zein den azaltzeko eskatu dio.
PSOEren «hipokrisia» kritikatu du Martxoak 3 elkarteak. Elkarteak gaitzetsi egin du sozialistek ikerketa batzorde bat eratzearen aurka egin izana, eta gertaera argitzeko bidea zein den azaltzeko eskatu dio.
Martxoak 3 elkarteak PSOEren «inkoherentzia eta hipokrisia» salatu ditu, alderdi hark sarraskia ikertzeko batzorde bat eratzearen aurka egin ostean, PPrekin, Voxekin eta Ciudadanosekin batera. Biktimen omenezko ekitaldietan parte hartu eta egun gutxira, gertaera argitzeko «atea itxi» izana leporatu die elkarteak sozialistei: «PSOEk ez du inoiz izan gaia tratatzeko borondate politikorik». Kongresuko Bozeramaileen Batzarrean hartutako erabakia argudiatzeko, sozialisten eledun Hector Gomezek esan zuen «beste mekanismo batzuk» daudela gertakariak ikertzeko. Adierazpen horien harira, Martxoak 3 elkarteak eskatu dio tresna horiek zein diren azaltzeko. Hala, «loreak jartzeari utzi eta ekintzetara» igarotzeko, eta «Espainiako inpunitate eredua» amaitzeko garaia dela azaldu du elkarteak, argudiatuta halakorik ezean ezinezkoa dela «bizikidetza demokratikoa» garatzea. «Elkarte hau modu guztietan saiatu da, maila politikoan, judizialean, instituzionalean; barne mailan zein nazioartean». Bide horietako bakoitza jorratzean PSOEren jarrera «anbiguoa» izan dela salatu du elkarteak, «egia jakiteko, justizia egiteko eta sarraskiaren biktimen erreparaziorako kolaboratzearen aurkakoa». Besteak beste, gogoratu du Espainiako Gobernuari Rodolfo Martin Villa ministro ohiaren «ardura politiko eta penalak ikertzeko eta argitzeko» neurriak hartzeko eskatzearen aurka bozkatu zuela PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean, eta antzeko erabakiak hartu dituela Arabako Batzar Nagusietan eta Gasteizko Udalean ere. Hori ikusita, lan egiten jarraitzeko asmoa adierazi du elkarteak: «Ez dugu etsiko ahanzturara kondenatu nahi gaituen lotsaren horma hau hausteko asmoan». Hala, gogoratu du norbanako eta talde ugari ari direla lanean «inpunitatearen aurkako borrokan». Era berean, eskerrak eman dizkie batzordea eratzearen alde egin duten indar parlamentarioei. EH Bilduk aurkeztutako proposamena tramiterako onartu zuen Espainiako Kongresuko Mahaiak joan den astean, PSOEren aldeko botoarekin. Atzo, ordea, EAJ, Unidas Podemos, ERC, JxC eta Mas Pais alderdietako eledunen babesa izan arren, tramitazioa etetearen alde egin zuen Bozeramaileen Batzarrak, eskuinaren eta PSOEren botoekin. Egun, Argentinako Ganbera Kriminal Federalak irekitako auzia da 1976ko martxoaren 3ko sarraskia ikertzen ari den bakarra. Kausa hartan, Martin Villak izan zezakeen ardura politiko eta penala ikertzen ari da Maria Servini epailea. Kasuak gorabehera ugari izan dituen arren, Servinik ikerketarekin jarraitzen du, eta erreguzko zenbait eskaera egin zizkion aurreko astean Espainiako Estatuari, garai hartako Espainiako Gobernuko kideen arduren inguruan. Halere, orain arteko eskaerei erantzuteari uko egin dio Espainiak, delituak preskribatuta daudelakoan.
2022-3-23
https://www.berria.eus/albisteak/211214/nafarroako-volkswagenek-603-milioi-euroko-irabazia-izan-du-2021ean.htm
Ekonomia
Nafarroako Volkswagenek 60,3 milioi euroko irabazia izan du 2021ean
Landabengo planta handiak 2.923,8 milioi euroren salmentak izan ditu, horietako %95 autoei esker, eta gainontzekoa, osagaiei esker. Gigafaktoria Sagunton zabalduko du VWk.
Nafarroako Volkswagenek 60,3 milioi euroko irabazia izan du 2021ean. Landabengo planta handiak 2.923,8 milioi euroren salmentak izan ditu, horietako %95 autoei esker, eta gainontzekoa, osagaiei esker. Gigafaktoria Sagunton zabalduko du VWk.
Nafarroako Volkswagenek 60 milioi baino gehiagoko irabazi garbia lortu du 2021. urtean, aurreko urtean baino sei milioi gutxiagokoa, eta 2020ko emaitza %15 apalgoa izan zen 2019koa baino. Hala ere, Landabengo plantak mozkinak ematen ditu oraindik ere, eta ez apalak. Hala, 2.923,8 milioi euroren salmentak lortu ditu iaz, horietako %95 autoei esker, eta gainontzekoa, osagaiak salduta. 2020an, 3.066 milioiren salmentak egin zituen. Inbertsioak ere ez du etenik izan Wolsburgoko etxeak Iruñean duen fabrika handian. 72,4 milioi euroko inbertsioa egin du 2021ean, 2020an baino 30 milioi txikiagoa kasik. Kopuru horretatik 40 milioi euro Taigo modelo berria merkaturatzeko lanekin daude loturik; Landabenen hirugarren modeloa da Taigo, eta 2021eko irailean hasi zen merkaturatzen. Polo modeloaren zaharberritzeak ere inbertsioa eskatu du, 9,5 milioi eurokoa hain zuzen; ekainean hasi zen modelo zaharberritu hori merkaturatzen. Horrez gain, beste 22,9 milioi euroko inbertsioa egin du Alemaniako multinazionalak Iruñeko lantokian. Ekoizpena eta enplegua 2021. urtean, 221.122 ibilgailuren ekoizpena izan du fabrikak: 141.379 Volkswagen T-Cross, 70.899 Volkswagen Polo (28.609, zaharberritutako modelokoak) eta 8.844 Volkswagen Taigo. Ekoizpen horren %91 mundu zabaleko 41 herrialdetara bidali zen; lehen hartzailea Alemania bera izan zen, %18rekin; gero, Frantzia (%16%) eta Italia (14%) datoz esportazio horien hartzaileen zerrendan. Nafarroako Volkswagenen ekoitzitako autoen %98 gasolina motorrekoak izan ziren; gas naturala baliatzen duten motorrekoak izan ziren beste %2ak. Zuzendaritzak azaldu du DSG martxak aldatzeko sistema automatikoa asko zabaldu dela azken urtean, eta ekoizpen osoaren %56 horrelako sistemarekin izan dela. 2020an %48 besterik ez zen izan. Ematen du martxak aldatzeko sistema automatikoa gero eta gehiago zabaltzen ari dela merkatuan. Bestalde, Landabenek 4.625 langilerekin itxi zuen urtea. 2020an, 4.754 langile izan zituen, 129 gehiago, eta 2019an, 242 gehiago. Holger Schulz Finantza zuzendariak esan du emaitza horiek «onargarriak baino hobeak» direla, aintzat hartu beharko delako ekoizpen bolumena apala izan dela 2021ean, batik bat osagaien gabeziak eragindako arazoengatik. Gigafaktoria, Saguntora Volkswagen taldeak berretsi du zabaldurik zegoen informazioa, eta dagoeneko ofiziala da Sangunton (Valentzia, Herrialde Katalanak) zabalduko duela Iberiar penintsulan ireki behar zuen gigafaktoria. Autoen bateria elektrikoak han ekoitziko ditu, beraz, Alemaniako konpainiak. Bere bigarren gigafaktoria izango da, lehena Alemanian zabalduko baitu. Nafarroa ere hautagai izan da gigafaktoria hartzeko, Aragoi eta Bartzelona bezala, baina Sagunton izango da azkenik. Konpainiak kalkulatu du 3.000 enplegu emango dituela.
2022-3-23
https://www.berria.eus/albisteak/211215/hungarian-atxilotu-dute-aramburu-errugbilariaren-ustezko-hiltzailea.htm
Kirola
Hungarian atxilotu dute Aramburu errugbilariaren ustezko hiltzailea
Loik Le Priol eskuin muturreko militantea da atxilotua; ihes eginda zegoen larunbatetik, Aramburu hil zutenetik. Le Priolekin batera erasoan parte hartu zuen beste gizonezkoa ere atxilotu dute, Frantzian bertan.
Hungarian atxilotu dute Aramburu errugbilariaren ustezko hiltzailea. Loik Le Priol eskuin muturreko militantea da atxilotua; ihes eginda zegoen larunbatetik, Aramburu hil zutenetik. Le Priolekin batera erasoan parte hartu zuen beste gizonezkoa ere atxilotu dute, Frantzian bertan.
Loik Le Priolek lau egun eman ditu ihesean. Frantziako Fiskaltzak gaur baieztatu duenez, Hungarian atxilotu zuten bart Federico Martin Aramburu errugbi jokalari ohiaren hilketaren susmagarri nagusia. Eskuin muturreko militante ezaguna da Le Priol, eta aurrekariak zituen. Hilketan parte hartu zuen beste gizonezkoa Sarthe departamenduan atxilotu dute. Romain B. izenez identifikatu dute, eta hura ere eskuin muturreko erakundeetako kidea da. Arambururen kontra tiro egin izana leporatzen diote, asmatu ez bazuen ere. Aramburu jokalari ohia (La Plata, Argentina, 1980) tiroz hil zuten ostiraletik larunbaterako gauean, Parisen. Miarritzeko jokalari ohia (2004-2006) Shaun Hegarty kirolariarekin zebilen Boulevard Saint-Germain auzoan, eta taberna batean iskanbila izan zuten bi pertsonarekin. Banatu egin zituzten han zeuden beste batzuek, baina, geroago, auto batean itzuli ziren bi pertsona horiek, eta kalean tirokatu zuten Aramburu. Lauzpabost tiro egin zizkioten jokalari ohiari, nahiz eta denera zazpi bala zorro aurkitu zituzten hilketaren lekuan. Le Priol zen bi lagun horietako bat. Militar ohia da, eta Frantziako Itsas Armadako kidea izan zen, Djibutin misio batean aritutakoa. Horretaz gain, Group Union Défense eskuin muturreko ikasle elkarteko kide ohia da. 2021ean, epaitegietara deitu zuten, beste neofaxista bat 2016. urtean torturatzeagatik ikertzen ari zirelako. Urte hartan, 2016an, arropa etxe arrazista bat ere sortu zuen, «zuriek zurientzat sorturiko jantziak» saltzeko. Oraindik ez dago argi zergatik egin zioten eraso kirolari euskal-argentinarrari. Baina, harekin tabernan zegoen Hegartyk adierazi duenez, irain xenofoboak egin zizkioten, «zu ez zara hemengoa» eta «gu geure etxean gaude», esaterako. Borrokaren erdian, Le Priolek Polizia mezua zuen besoko bat atera zuen poltsikotik, lekukoen arabera. Ika-mikaren ostean, horretan parte hartu zutenetako batek atzetik oinez jarraitu zion Aranbururi, eta beste biek Jeep batean, jokalari ohia hotelera zihoala. Bertatik bertara egin zion tiro. Igandean atxilotu zuten ustez hilketan parte hartu zuen 24 urteko emakumea, Le Priolen neska laguna, eta atzo jakinarazi zuten behin-behinean espetxeratu dutela. Hark gidatzen zuen Le Priolen jabetzako Jeep autoa; bideozaintza kameren bidez identifikatu zuten. Deklarazioan azaldu duenez, hiriko beste leku batean utzi zituen bi gizonak, eta Le Priolek esan zion ihes egiteko asmoa zuela, ez zutela berriz elkar ikusiko. Miarritzeko bizilaguna Aramburu Miarritzen bizi zen, eta turismo alorreko enpresa batean egiten zuen lan, Hegarty bazkidearekin. Bien asmoa zen astelehen gauean jokatu zen Frantzia-Ingalaterra Sei Nazioen Torneoko partida ikustera joatea. Bi aldiz izan zen Top14ko txapeldun Miarritzerekin (2005ean eta 2006an). Klubeko bazkideen elkarteko presidente izana zen 2015etik 2018ra, eta administrazio kontseiluko kide ere izan zen. Argentinarekin hirugarren izan zen 2007ko Munduko Txapelketan. 22 partida jokatu zituen selekzioarekin. Perpinyan eta Akizen ere jokatu zuen, baita Glasgow Warriorsen ere. Arambururen hileta datorren larunbatean egingo dute, Miarritzen. 14:00etan hasiko da meza, eta gero omenaldi bat egingo diote taldekide ohiek.
2022-3-23
https://www.berria.eus/albisteak/211216/albaresek-esan-du-espainiak-laquoeragileraquo-bilakatu-nahi-duela-mendebaldeko-saharako-gatazkaren-konponbidean.htm
Mundua
Albaresek esan du Espainiak «eragile» bilakatu nahi duela Mendebaldeko Saharako gatazkaren konponbidean
Espainiako Atzerri ministroak bere gobernuaren jarrera aldaketa defendatu du Diputatuen Kongresuan. Sanchezek ez du ezer argitu; datorren asteazkenean da auziaz aritzekoa ganberan.
Albaresek esan du Espainiak «eragile» bilakatu nahi duela Mendebaldeko Saharako gatazkaren konponbidean. Espainiako Atzerri ministroak bere gobernuaren jarrera aldaketa defendatu du Diputatuen Kongresuan. Sanchezek ez du ezer argitu; datorren asteazkenean da auziaz aritzekoa ganberan.
Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroaren arabera, bere gobernuaren jarrera aldaketak helburu bat du: «behatzaile» izateari utzi, eta «eragile» bihurtzea Mendebaldeko Saharako gatazkaren konponbidean. Albaresek jokabide hori defendatu du Diputatuen Kongresuan egindako kontrol saioan, eta adierazi du ez dagoela «ezer berririk» Madrilen kolonia ohiarekiko iritzi moldaketan, NBE Nazio Batuen Erakundearen «esparruan kokatzen baita». Espainiak «urte gehiegi pasatu ditu behatzaile» izaten eta «ezer egin gabe» NBEren mandataria «babesteko» —Staffan de Mistura da egungo karguduna—, Albaresek esan duenez; zehazki, Espainiako Atzerri ministroak uste du bere herrialdeak orain arte «ez-jarrera bat» izan duela Mendebaldeko Sahararen auzian, eta horrek justifikatzen duela jarrera aldaketa. Iragan ostiralean, Marokoko Errege Etxeak argitara atera zuen Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak bidalitako eskutitz baten edukia. Horretan, Sanchezek Mohamed VI.a erregeari adierazi dio, hain zuzen, 2007an proposatu zuen autonomia plana babesten duela Mendebaldeko Sahararentzat, hori delakoan gatazka gainditzeko aukerarik «serioena, errealistena eta sinesgarriena»; agintariak gaineratu zuen Espainiak «lagun eta aliatu batek merezi duen bezala» tratatuko duela Maroko. Erabakiak kritika handiak eragin ditu, Espainiak orain arteko jarrera aldatu baitu. Gainera, Sanchezek ez zion horren berri eman Unidas Podemos koaliziokideari, ezta Aljeriari ere, Mendebaldeko Sahararen nazioarteko aliaturik garrantzitsuenari; Espainian ere erreakzio soka luzea sortu du oposizioko alderdien artean. Horietako batzuek gaurko Diputatuen Kongresuko saioan helarazi dizkiote kritikak gobernuari; besteak beste, PP Alderdi Popularrak eta ERC Esquerra Republicanak. Horiei, berriz, Albaresek zehaztasun handirik gabe erantzun die, eta adierazi du jarrera aldaketa «gatazka berriz igerian ezartzeari» begirakoa izan dela; hori egin ezean, «beste 46 urte iraungo» zuelako. Espainiako Atzerri ministroak ez du argitu bere gobernuak zer irabazi nahi duen bere iritzi moldaketarekin, auzia ez baita «horri buruzkoa»; Albaresentzat, helburua da gatazka «NBEren esparruan konpontzea» eta irtenbidea «politikoa eta elkarrentzat onargarria» izatea. Kongresuko kontrol saioaren ondoren, arratsaldean, Espainiako Atzerri ministroa ganberako Atzerriko Aferen Batzordean mintzatu da, eta jakinarazi du apirilaren 1ean Marokora joango dela Naser Burita bere homologoarekin batzartzera. Bi ministroek landuko dituzten auzien artean egongo dira Sanchezen bisita eta Marokoren eta Espainiaren arteko «konexioen normalizazio osoa»; tartean, itsaso bidezkoak eta Paso del Estrecho operazioa —opor garaietan Europatik Afrika iparraldera doazen milaka lagunen etorrera koordinatzen dute—. Albaresez gain, Espainiako gobernuburua ere aritu da Mendebaldeko Sahararen auziaz, goizean, Diputatuen Kongresuan, baina hark ere ez du ezer argitu, eta esan du datorren asteazkenean ganberan egitekoa den agerraldian arituko dela jarrera aldaketaz: «Saharaz hitz egiteko aukera izango dugu hil honetako datorren 30ean. Luze eta zabal». Hori bai, gero Ceutan izan da, eta Sanchezi gai berberaz galdetu diote. Momentu horretan erantzun landuagoa bat eman du, baina nahiago izan du arreta Marokon jarri: «Harreman askoz ere sendoago eta indartsuago baten oinarriak finkatu ditugu Marokoko erreinuarekin. Bi herrialdeen lurralde osotasuna eta elkarrekiko errespetua du oinarri». Adierazpen horiekin, Espainiako gobernuburuak amaitutzat jo du bere herrialdeak eta Marokok zuten krisi diplomatikoa; 11 hilabete inguru iraun du, iazko apirilean Espainiak SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidente Brahim Ghali hartu zuenean hasi baitzen —COVID-19 kasu larri baten eraginez ospitaleratu behar izan zuten—. Aspaldidaniko egoerarik txarrenean Mendebaldeko Saharako auziaren egoera aspaldidaniko txarrena da: 2020ko azaroan, Fronte Polisarioak hautsitzat jo zuen Marokorekin 1991n sinatu zuten su etena, eta, hortaz, gerra egoera ezartzea erabaki zuen. Gerora, iazko abuztu amaieran, Aljeriak amaitu egin zituen Marokorekiko harremanak. Fronte Polisarioak autodeterminazio erreferendum bat antolatzeko egindako promesa bete dezala exijitzen dio Minurso NBEren misioari; Minurso 1991n eratu zuten, helburu horrekin eta su etena zaintzeko egitekoarekin. Maroko beti agertu da balizko galdeketa horren aurka, eta autonomia proposamenarekin erantzun du. Herenegun, Stephane Dujarric NBEren bozeramailea kritiko agertu zen Espainiaren jarrera aldaketarekin, eta alde guztiei eskatu zien De Mistura «babes» dezatela gatazkari irtenbide bat aurkitzeko ahaleginetan. «Gatazka NBEren arauen pean konpondu beharra dago», esan zuen Dujarricek. Egun berean, Fronte Polisarioaren abokatu Gilles Deversek jakinarazi zuen zera aztertzen ari direla: Sanchezen auzipetzea eskatzea Nazioarteko Zigor Auzitegian, «gerra krimenen konplize» delakoan. «Mendebaldeko Sahararen estatusa nazioarteko zuzenbideko auzia bat da, eta deitoragarria da Sanchez sozialista ikustea [AEBetako presidente ohi Donald] Trumpen jarrerekin lerrokatzen lurralde baten subiranotasunean». Trump estatuburu zela, AEBek Mendebaldeko Sahararen subiranotasuna onartu zioten Marokori, 2020ko abenduan.
2022-3-23
https://www.berria.eus/albisteak/211217/sei-proposamen-argindarra-merkatzeko.htm
Ekonomia
Sei proposamen argindarra merkatzeko
Europako Batzordeak argindarraren prezioa txikitzeko sei aukera aurkeztu dizkie EBko kideei, bihar hasiko den goi bileran erabaki dezaten.
Sei proposamen argindarra merkatzeko. Europako Batzordeak argindarraren prezioa txikitzeko sei aukera aurkeztu dizkie EBko kideei, bihar hasiko den goi bileran erabaki dezaten.
Energiaren prezioa merkatzeko zer egingo duten erabaki behar dute bihar eta etzi artean Europako Batasuneko buruzagiek. Ukrainako gerrak okertu egin du iazko udatik zetorren arazoa, argindar, gas eta petrolioaren garestitzea, eta arazoak sortzen ari da nonahi: garraiolariak protestan ari dira gasolio garestiak galerak ekartzen dizkielako, industria astuna lana geratzen ari da argindar kostu handiengatik, eta herritarrak estutzen ari dira, energiaren faktura ez ezik gainontzekoak ere loditzen ari direlako. Eurostaten datuen arabera, gas naturalaren prezioa %65 garestitu da azken urtean, eta argindarrarena, berriz, %30. Hala, Europako Batasunak heldu egin beharko dio azken hilabeteetan ukitu nahi izan ez duen arlo bati: argindar merkatuetan esku hartu beharko du. Ez da gustuko lana, batez ere EBko iparraldeko herrialdeetan, oraingo sistemak berriztagarriekiko urratsa bizkortu duela esaten dutelako, eta hori antzematen da Europako Batzordeak egindako proposamenetan, guztietan nabarmendu baitu kalteak eta kostuak eragingo dituztela. Europar Kontseiluan bildutako estatuburu eta gobernuburuei zenbait aukera eman dizkie Europako Batzordeak. 1. Kontsumitzaileei zuzenean laguntzea. Europako Batzordeak gogorarazi du araudi berriekin zilegi dela argindarraren gaineko zergak jaistea eta argindarra erosteko laguntza zuzenak ematea argindar kontsumo handia dutenei. Horretaz gain, «batez ere pobreak eta zaurgarriak» babesteko, Bruselak uste du estatu kideek haien kontrolpeko bitartekari batzuk sortzea; haiek arduratuko lirateke ekoizleei argindarra ahalik eta merkeen erosteaz, eta «zenbait kontsumitzaileri» merkatu azpiko prezioetan saltzeaz. Sistema horren alde ona izango litzateke estatu kideen esku legokeela zer talderi lagundu nahi dioten. Arrisku batzuk ere ikusten dizkio: merkatuetan lehia txikituko litzatekeela eta kontsumitzaile asko babestuz gero haiek ez luketela izango kontsumoa jaisteko pizgarririk. 2. Laguntzak ekoizleei. Erregai fosilak erabiltzen dituzten zentral elektrikoen gastuen zati bat diru publikoarekin ordainduko litzateke, hartara enpresa horiek argindar merkeagoa eskaini ahal izateko kontsumitzaileei. Eragozpenen artean, Bruselak uste du estatu batzuetan soilik indarrean jarriz gero mugaz gaindiko salerosketak alda ditzakeela eta eskasia sor dezakeela laguntzarik ematen ez duten estatuetan —batzuk, EBtik kanpokoak—. Gainera, erregai fosilen erabilera txikitzeko pizgarri bat kenduko luke. 3. Argindarraren prezioari muga bat jartzea. Kasu horretan, estatuek laguntzak eman beharko lizkiekete gehienezko prezio horretatik gora ekoizten duten zentralei, ikatza eta gasa erretzen dituztenei nagusiki. EBk ohartarazi du araudi oso zorrotzak jarri beharko liratekeela, mugatik behera argindarra ekoizten dutenek ez dezaten beren produkzioa garesti eskaini. Ekoizleei laguntzak emateak dakartzan arriskuak ekar ditzake neurri horrek ere, eta oso neurri garestia izan daiteke diruz estu dabiltzan estatu kideentzat. 4. Zerutik eroritako irabaziak mugatzea. Egungo sistema marjinalistarekin, erregai fosilak erabiltzen dituzten zentralek finkatzen dute argindarraren prezioa, eta etekin izugarriak (zerutik eroritako irabaziak) ematen dizkiete halako kostu handiak ez dituzten zentralei (eolikoak, fotovoltaikoak, nuklearrak eta hidroelektrikoak). Azken horien irabaziak gutxitze aldera, Bruselak proposatu du erreferentziazko prezio bat ezartzea, eta hortik gorakoa kobratzea ekoizleei. Sistema horren arazoa da ez dituela berez kontsumitzaileek ordaintzen dituzten prezioak txikitzen, baina estatuek lortutako dirua erabil liteke haien faktura txikitzeko, dela fakturatik kargu batzuk kentzeko, dela bonuen bitartez. 5. Gasari gehienezko prezio bat jartzea. Gas garestiaren ondorioa da, hein handi batean, argindar garestia. Horregatik, beste aukera bat da EB osoan gehienezko prezio bat jartzea gasari. Horrekin, merkatuaren gorabeherak gutxituko lirateke —gaur hamar dolar igo da, 98tik 108ra— eta argindarra merkatu, baina Batzordeak hainbat eragozpen ikusten ditu: gehienezko prezio txikiegia jarriz gero, gasa beste kontinente batzuetara joango da, eta ez Europara, eta Europako ekoizleak beraiek bultza ditzake beste merkatuetara. 6. EBk gas erosketak batera negoziatzea. Luzera begirako kontratuak negoziatuko lituzke EBk bere gas hornitzaileekin. Negoziazio horietan hidrogeno hornidura bermatzea ere proposatu du Bruselak.
2022-3-23
https://www.berria.eus/albisteak/211218/lekukoak-hasi-dira-deklaratzen-kote-cabezudoren-aurkako-auzian.htm
Gizartea
Lekukoak hasi dira deklaratzen Kote Cabezudoren aurkako auzian
2014. urtean akusatuaren etxea miatu zuten bi ertzainek azaldu dute ez zutela Cabezudoren estudioa arakatu, hark «abandonatuta» zegoela esan zielako.
Lekukoak hasi dira deklaratzen Kote Cabezudoren aurkako auzian. 2014. urtean akusatuaren etxea miatu zuten bi ertzainek azaldu dute ez zutela Cabezudoren estudioa arakatu, hark «abandonatuta» zegoela esan zielako.
Hiru disko gogor eta Apple markako monitore bat. Horiexek eraman zituzten bi ertzainek Kote Cabezudoren etxetik 2014ko uztailaren 30ean, epaileak haren etxea miatzeko agindu zienean. Hala azaldu dute, gaur, egun hartan miaketa egin zuten bi ertzainek; hala ere, ertzainek azaldutako zenbait xehetasun ez datoz bat miaketa egin zutenean justizia administrazioko letratuak idatzi zuen txostenarekin. Besteak beste, azaldu dute bi toki miatzeko agindua zeukatela: Cabezudoren etxea eta argazkiak egiten zituen estudioa. Txostenean ageri denez, estudioa ezin izan zuten miatu, akusatuak errentan emanda zeukalako; gainera, hori egiaztatzeko agiriak erakutsi omen zizkion justizia administrazioko letratuari. Gaur bi ertzainek egin dituzten adierazpenetan, ordea, esan dute Cabezudok egun hartan azaldu ziela estudioa ez zuela jada erabiltzen, «abandonatuta» zegoela, eta, beraz, hura ez miazea erabaki zutela. Horrez gain, txostenean ageri da aurkitu zituzten disko gogorrak ordenagailu baten barrutik atera behar izan zituztela; gaurko adierazpenetan, ordea, ertzainek adierazi dute dagoeneko kanpoan zeudela aparatuak, eta Cabezudok berak esan ziela non gordetzen zituen. Gaineratu dute jarrera «kolaboratzailea» izan zuela akusatuak miaketa guztian zehar. Martxoaren hasieran hasi zen epaiketa, eta apirilaren hasiera arte iraungo du. Cabezudok berak deklaratu zuen lehenengo, eta ukatu egin zuen oker jokatu izana. Azaldu zuenez, «artea» egiten zuen berak, eta biktimek «bazekiten» zertan ari ziren. Biktimek ere deklaratu zuten joan den astean —horiek ateak itxita deklaratzeko eskaria egin zuen akusazio partikularrak—. Fiskalak 121 kartzela urte eskatzen ditu akusatuarentzat; akusazio partikularrak, 2.338. Intimitatearen aurkako delituak, iruzurrak eta sexu erasoak egozten dizkiote, besteak beste. Guztiak argazkilari jardunean egindakoak dira.
2022-3-23
https://www.berria.eus/albisteak/211219/laquoegoera-dramatikoa-daraquo.htm
Ekonomia
«Egoera dramatikoa da»
Hogei abeltzain inguruk protesta egin dute Iruñeko Baluarten. Esnea bota dute. Salatu dute pentsua eta erregaiak garestitzen ari diren honetan esne litroa kostuen azpitik saltzen ari direla eta aurki egoera «jasanezina» izango dela.
«Egoera dramatikoa da». Hogei abeltzain inguruk protesta egin dute Iruñeko Baluarten. Esnea bota dute. Salatu dute pentsua eta erregaiak garestitzen ari diren honetan esne litroa kostuen azpitik saltzen ari direla eta aurki egoera «jasanezina» izango dela.
«Hau da gure oraina, hau da gure etorkizuna». Iruñeko Baluarte aurrean, Ultzamako, Larraun ibarreko eta Baztango hogei abeltzain inguru elkartu dira, eta esnea bota dute. «Muturreko egoera batean gaude. Ez dugu nahi hona etorri eta esnea bota, baina egoera dramatikoa da. Mobilizazio hauek egiten ditugu, etsituta, jendeak egin beharko ez lituzkeen gauzak egin baino lehen», adierazi du Oier Villanueva abeltzain ultzamarrak. EHNE sindikatuaren laguntza izan dute arren, abeltzainak euren izenean joan dira, bere errealitatearen berri ematera. Villanuevaren arabera, gaur egun, esne litroa 36 zentimo inguruan saltzen da, eta, egoera normal batean prezioa ondo legokeen arren, honako hau ez da egoera normala, Azken urtebetean erregaiak eta animalientzako pentsuak garestitu egin dira etengabe. Ukrainako gerrak egoera okertu du, animaliei jatera zerealak eman ohi zaizkielako eta prezioek gorantz egiten dutelako. Hala, Villanuevaren arabera, oraintxe, esne litroaren kostua 40 zentimo da. Haatik, datorren hilabeterako, kostuak beste %25 garestituko direla espero dute, esne litroko bost zentimo inguru. Hala, Villanuevak aldarrikatu du esne litroko gutxienez 45 zentimo saldu beharko luketela, euren produktuari eta atzean dagoen lanari balioa emateko. Ikusi gehiago: Europako Batzordeak argindarraren prezioa txikitzeko sei aukera aurkeztu dizkie EBko kideei Baluarten egin duten protesta, Caixabankek lehen sektoreari begirako jardunaldiak antolatu dituelako. Villanuevaren hitzetan, administrazioari, esne industriari eta, batik bat, banaketa sektoreari helarazi nahi izan diote «egoera larria» dela. «Ez dugu diru laguntzarik nahi, ez dugu laguntzetatik bizi nahi. Guk eskatzen dugu gure produktuak prezio egoki bat izatea». Gogora ekarri du supermerkatuetan marka zuriko esnea 69 zentimo inguruan saltzen dela, eta gogora ekarri du sektoreak duintasunez aritzeko gutxienez 80 zentimotik gorako prezioak behar dituela: «Bestela industria eta abeltzainak itoko dira». Abeltzainak gogora ekarri du datorren krisia larri dela, baina guztien artean aurre egin behar zaiola. Banaketa enpresa handiei eskatu die «esfortzu bat» egiteko, egoerak bere horretan jarraituz gero egoera jasanezina izango delako. «Esnea supermerkatuetan apur bat igota, guretzat asko da. Edozein produktu euro bat igo daiteke, eta 10-15 zentimo igotzeak asko esan nahi du guretzat, industriarentzat eta guztiontzat». Azken hamarkadan, gainbehera betean da esne sektorea Nafarroan. 2009an, 276 ustiategi zeuden, eta iaz, erdia: 141. Tantaka, egoera areagotu egingo dela dio Villanuevak, askok behi kopurua murrizteko edo horiek erretiratzeko asmoa azaldu dutelako, kostuak igo egin zaizkiela ikusita.
2022-3-23
https://www.berria.eus/albisteak/211220/bidelagun-sortu-du-elak-lan-osasunean-espezializaturiko-fundazioa.htm
Ekonomia
Bidelagun sortu du ELAk, lan osasunean «espezializaturiko» fundazioa
Istripuen prebentzioan eta salaketan jardungo du, eta arlo horretan bereziki trebaturiko jendeak osatuko du. «Enpresak neurriak hartzen hasiko dira garesti ateratzen zaienean», nabarmendu dute arduradunek.
Bidelagun sortu du ELAk, lan osasunean «espezializaturiko» fundazioa. Istripuen prebentzioan eta salaketan jardungo du, eta arlo horretan bereziki trebaturiko jendeak osatuko du. «Enpresak neurriak hartzen hasiko dira garesti ateratzen zaienean», nabarmendu dute arduradunek.
«Lan osasunean espezializatuz gero, hala prebentzioan nola berrikuntza juridikoan, gauza handiak lor daitezkeela ikusi dugu. Eta horregatik sortu dugu Bidelagun». Amaia Aierbe ELAko zerbitzu juridikoen arduradunak horrela azaldu du sindikatuak langileen esku jarri duen lanabes berria. Bidelagun fundazioa lan osasun auzietan sakontzeko zerbitzu bat izango da, bi bide urratuko dituena: prebentzioa eta ikuspegi juridikoa. Luzarora lan osasunaren behatoki izateko bokazioa ere badu. ELA sindikatuak lan osasunarekin harremana duten auzietan sakontzeko beharra ikusi du. Azken kongresu nazionalean bere buruari jarritako helburuetako bat zen, eta Bidelagunek gorpuzten du gabezia hori betetzeko modua. Fundazioak Durangon izango du egoitza; oraingoz, hiru langile ditu, eta bi norabideko lana egingo du langileekin: batetik, formakuntza eskainiko die, eta, bestetik, salaketa eta kexak jaso ahalko ditu. «Lan osasunarekin harremana duten hainbat auzi irabazi ditugu azken urteetan. Arlo horretan berezitu den lantalde bat osatu dugu», goratu du Aierbek. Sindikatuaren ustez, laneko osasun arazoek ez dute nahiko alarma sozial sortzen, ez enpresetan ezta erakunde publikoetan ere. «Enpresak neurriak hartzen hasiko dira garesti ateratzen zaienean», salatu du. Izan ere, sindikatuaren kalkuluaren arabera, Hego Euskal Herrian urtean 40.000 langilek hartzen dute gaixo agiria lan istripuen eraginez. Iaz, esaterako, 50 langile hil ziren istripuetan, eta, Europako lan osasuneko ikerketen arabera, istripu batengatik hiltzen den langile bakoitzeko 35 hiltzen dira lan gaixotasunengatik. David Pena izango da Bidelaguneko abokatuetako bat, eta fundazioaren aurkezpenean aletu ditu Aierbek aipaturiko berrikuntza juridikoetako batzuk: «Kautelazko neurriak, esaterako, tresna eraginkor eta berritzaileak dira. EAEko lehenbizikoak gure ekintzaz lortu ziren. Pandemian Osakidetzaren aurka lor zitezen lortu genuen, eta gero Ambuiberica azpikontratatara zabaldu ziren». Silizearen eta amiantoaren erabileren aurkako ebazpenak ere aipatu ditu abokatuak, edota prebentziozko kalte ordainak: «Kasurik argiena Imanol Landa enpresaren aurkako ebazpena izan zen, Donostiako Metroak azpikontrataturikoa. 20.000 euro ordaindu behar izan zizkien, langileak osasunarentzako arriskutsua zen lan bat egitera behartzeagatik. Beste pauso bat da prebentzioaren bidean, istripua jazo aurreko kalte ordainak».
2022-3-23
https://www.berria.eus/albisteak/211221/osasun-sistema-publikoaren-alde-mobilizatzera-deitu-dute-eragileek.htm
Gizartea
Osasun sistema publikoaren alde mobilizatzera deitu dute eragileek
Hego Euskal Herriko hainbat plataformak protestak egingo dituzte apirilaren 2an eta 3an. Lehen mailako arretan oinarritutako sistema publiko baten beharra defendatu dute deitzaileek.
Osasun sistema publikoaren alde mobilizatzera deitu dute eragileek. Hego Euskal Herriko hainbat plataformak protestak egingo dituzte apirilaren 2an eta 3an. Lehen mailako arretan oinarritutako sistema publiko baten beharra defendatu dute deitzaileek.
Hego Euskal Herriko zenbait plataformak bat egin dute «herritarren osasun beharrei erantzungo dien osasun sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoaren alde», eta dei egin dute apirilaren 2an eta 3an egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzera: «Gaur, inoiz baino gutxiago dira onargarriak gobernu batzuek osasunerako baliabide ekonomikorik ez izatearen inguruko betiko aitzakiak». Leioan Bizi, Izartu Mungialdea, Gora Deustu, Erandio Herri Plataforma, Zumarraga 24/7-k; Gasteizko eta Algortako Osasun Publikoa Aurrera-k; Bilboko, Donostialdeko, Tolosaldeko eta Zornotzako Osasun Publikoaren Alde-k; eta Altsasuko eta Nafarroako osasun plataformek adierazi dute herritarren osasun beharrei erantzuteko arazoak COVID-19aren eraginetatik haratago doazela, eta horiei erantzuteko neurriak eskatu dituzte; besteak beste, aurrez aurreko arreta eta gaixo kronikoena bermatzea, itxaron zerrendak murriztea eta prozesu larrien diagnostiko goiztiarra hobetzera bideratutako urratsak. Izan ere, eragileen esanetan, lehen mailako arretan antzeman diren arazoak, langile eta baliabide faltatik haratago, osasun sistema publikoaren «degradazioaren» ondorio dira. Aurrekontuak «osasun negozio pribatuen interesen» alde egiteko erabili izanaz akusatu dituzte administrazio publikoak, herritarren arteko desparekotasunaren erantzule direlakoan. Horren aurrean, defendatu dute beharrezkoa dela «lehen mailako arretan oinarritutako sistema bat, osasun publikoa indartuko duena, osasuna bere sustapen eta prebentziotik osoki jorratuko duena». Are gehiago, sistema horrek doakoa izan behar duela nabarmendu dute. Horretarako, gobernuei exijitu diete osasungintzarako aurrekontua handitzeko, %7ra iritsi arte. Era berean, osasun enpresa pribatuekin dituzten itunak eta funtzionarioen mutualitateak eteteko deia egin dute: «Diru publikoa osasun pribatuaren poltsikoetara pasatzeko inbutuak besterik ez dira». Osasun zerbitzua bera hobetzeko bidean, nabarmendu dute sektoreko langileen «prekaritatea» bukatzeko, eta erabiltzaileen interes eta beharrak ezagutzeko mekanismoak ezarri behar direla; hala nola Hego Euskal Herri osoan euskarazko arta bermatzeko neurriak. Aldaketak gauzatu ahal izateko, osasun publikoaren aldeko plataformak «zabaltzeko, indartzeko eta koordinatzeko» asmoa adierazi dute eragileek, helburu bera duten sindikatuekin eta profesionalekin elkarlanean. Horretarako tresna izango dira apirileko lehen asteburuko protestak. Lanpostu gehiago Osasungintzako langileen «prekaritatea» hizpide izan du LAB sindikatuak ere; zehazki, Osakidetzako beharginena. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik aurreko astean iragarri zuen 1.200 lanpostu sortuko dituztela, baina, sindikatuaren esanetan, 3.000 baino gehiago behar dira egungo egoera bideratzeko, eta kontrakoa «osasun publikoa apurka-apurka deuseztatzea» da. LABek gogor kritikatu du Osakidetzako langileen behin-behinekotasun tasa ere, eta «egonkortze prozesu serio bat» egiteko 5.000 lanpostu egonkortu behar direla nabarmendu du. Erakundeak sindikatuekin izaniko jarrera ere gaitzetsi du LABek. Azaldu du Osakidetzak uko egin diola elkarrizketari, eta «funtzionamendu erabat antidemokratikoa» izatea leporatu dio.
2022-3-31
https://www.berria.eus/albisteak/211222/erregaien-prezioa-gasolindegi-bakoitzean.htm
Ekonomia
Erregaien prezioa gasolindegi bakoitzean
BERRIAren mapa interaktibo honek aukera ematen du ikusteko gasolindegi bakoitzean zer preziotan saltzen ari diren erregaiak. 635 gasolindegiren datuak erakusten ditu, eta ordubetean behin eguneratzen da. Prezio ofizialak dira mapakoak, estatuek ematen dituzten moduan jasoak.
Erregaien prezioa gasolindegi bakoitzean. BERRIAren mapa interaktibo honek aukera ematen du ikusteko gasolindegi bakoitzean zer preziotan saltzen ari diren erregaiak. 635 gasolindegiren datuak erakusten ditu, eta ordubetean behin eguneratzen da. Prezio ofizialak dira mapakoak, estatuek ematen dituzten moduan jasoak.
Erregaien merkatuko prezioak etenik gabe aldatzen dira, eta gasolindegi bakoitzak bere prezioak zehazten ditu. Goiko mapa interaktiboak aukera ematen du gasolindegi bakoitzean erregaiak momentu horretan zer preziotan dauden ikusteko. Ordu oroz berritzen dira datuak. Euskal Herriko 635 gasolindegitako datuak erakusten ditu mapak, ez guztietakoak, Espainiako eta Frantziako gobernuek ez dituztelako jasotzen batzuen datuak. Grafikoan, berriz, ikusten da hiru erregaik —95, 98 eta A gasolioak— batez beste zer prezio izan duten azken hilabeteetan, azken asteetan eta azken egunetan. Euskal Herriko batez bestekoez aparte, Iparraldeko eta Hegoaldeko prezioen bilakaera ere ikus liteke, alde handiak baitaude batetik bestera. Mapan, berriz, lokalizatzeko geziek erakusten dituzte prezio altuenak eta baxuenak dituzten gasolindegiak. Gorri ilunena duten gasolindegiak dira aukeratutako erregai mota garestien saltzen ari direnak, eta laranja kolore argiena dutenek saltzen dute aukeratutako erregai hori merkeen. Preziorik merkeenak dituzten gasolindegiak berdez ageri dira. Mapan bertan klikatuz gero, prezio zehatza ikusi dezake erabiltzaileak. Mapa hau eta erregaien prezioak ordu oroz eguneratzen ditu BERRIAk, Frantziako eta Espainiako gobernuek emandako datuekin; datu horietan ez dira ageri gasolindegi batzuk —esaterako, Trebiñukoak eta Legazpiko batzuk—. Erabiltzaileak eguneratutako prezioak eskura ditu horrela. Maparen goiko aldean, berriz, erregai mota aukeratu liteke, botoi urdina erabilita. Defektuz, 95 edo E5 gasolina saltzen duten gasolindegi guztiak agertzen dira mapan. Beste erregai bat zer preziotan dagoen jakin nahi izanez gero, klikatu goiko botoi urdin horretan, eta erregai hori saltzen duten gasolindegiak agertuko dira mapan.
2022-3-24
https://www.berria.eus/albisteak/211223/behin-behineko-espetxealdia-ezarri-diote-pablo-gonzalez-kazetariari.htm
Gizartea
Behin-behineko espetxealdia ezarri diote Pablo Gonzalez kazetariari
Poloniak ohar bat bidali dio kazetariaren bikotekideari. Hartan, jakinarazi diote Gonzalez maiatzaren 29ra arte egongo dela kartzelan, Rzeszow eskualdeko auzitegiak aginduta. Haren aurkako «frogak» daudela dio gutunak, baina ez du haien berri ematen.
Behin-behineko espetxealdia ezarri diote Pablo Gonzalez kazetariari. Poloniak ohar bat bidali dio kazetariaren bikotekideari. Hartan, jakinarazi diote Gonzalez maiatzaren 29ra arte egongo dela kartzelan, Rzeszow eskualdeko auzitegiak aginduta. Haren aurkako «frogak» daudela dio gutunak, baina ez du haien berri ematen.
Pablo Gonzalez kazetaria behin-behinean espetxeratu du Poloniako justiziak. El País egunkariaren arabera, Gonzalezen bikotekideari jakinarazi diote maiatzaren 29ra arte egongo dela preso. Paragrafo eskaseko oharrean, Gonzalezen egoeraren berri ematen du Poloniak. Haren arabera, Rzeszow eskualdeko auzitegiak eman du Gonzalez behin-behinean espetxeratzeko agindua; Rzeszow hiriko kartzelan egingo ditu hiru hilabete. Gutunean, argudiatzen dute «atzerriko inteligentzia ekintzetan» parte hartu izanaren «susmopean» atxilotu zuela Poloniako Barne Segurtasun Agentziak kazetaria, otsailaren 27ko gauean. Gonzalez Przemyslen atxilotu zuten, Ukrainako mugatik kilometro gutxira. Orduan, Errusiako zerbitzu sekretuetako agente izatea leporatu zioten; hau da, espioi bat izatea. Poloniako Kode Penalaren 130.1 artikuluan oinarrituta egin zuten, Gonzalo Boye abokatuak jakinarazi zuenez. Polonian, hamar urteko espetxe zigorra jar dezakete delitu horregatik. Bikotekideak jasotako oharraren arabera, «Errusiaren onerako operazioak» egin zituela erakusten duten «frogak» daude. Halere, aipatzen den bakarra da kazetari gisa «libre» bidaiatu izan duela, baita «gatazka militarrak eta tentsio politikoek jotako lurraldeetara»: «Atxiloketaren aurretik, Ukrainara bidaiatzeko asmoa zuen, bere jardunarekin jarraitzeko». Kazetaria aipatzeko, Pavel Rubtsov eta Aleksei Rubtsov izenak ere erabiltzen ditu gutunak. Haiek, senideen arabera, Gonzalezek errusiar pasaportean duen deitura eta haren aitarena dira, hurrenez hurren. Izan ere, haren gurasoak banatzearekin hartu zuen Pablo Gonzalez deitura —errusiar izenaren itzulpena eta amaren abizena dira—, baina haiek ez zituen aldatu errusiar dokumentazioan. Hala, ingurukoen kezka da haren aurkako ustezko frogen artean egotea identitate ezberdinak dituelako ustea. Polonia zuzenean senideekin harremanetan jarri den lehen aldia da. Halere, kazetariak oraindik ez du Boyerekin eta senitartekoekin hitz egiterik izan. Hura ikusi duen bakarra Espainiak herrialde hartan duen kontsula da. Martxoaren 7an izan zen espetxean, eta Gonzalez «animoz eta osasunez» ondo dagoela adierazi zuen, baita errugabea dela irmo defendatu duela ere. Ukraina, eta gero Polonia Gonzalezek otsailaren 25ean hartu zuen Varsoviarako hegazkina, gero handik mugara joateko, Ukrainatik ihes egindako errefuxiatuen egoeraren berri ematera joan baitzen. Hilabete lehenago, Donbassen kazetari lanetan ari zela, Ukrainako zerbitzu sekretuen dei bat jaso zuen. Lehenbailehen Kievera joateko esan zioten, galdeketa bat egin ziezaioten. Público-k zabaldu zuenez, galdeketa horretan «errusiazaletzat» jo zuten Gonzalez, Gara-rentzat lan egin izana egotzi zioten, eta susmagarritzat hartu zuten, Laboral Kutxako kreditu txartel bat izateagatik. Errusieraz ondo jakiteak eta inguruaz zuen ezagutzak ere sorrarazi zizkien susmoak zerbitzu sekretuei, hedabide horren arabera. Azkenean, hiru eguneko epean Ukrainatik alde egitera «gonbidatu» zuten, nahiz eta kanporatze agindurik ez zioten ezarri. Artean Ukrainan zegoela, CNI Espainiako zerbitzu sekretuetako agenteak Gonzalezen senideen etxeetara joan ziren, Euskal Herrian eta Katalunian, Gonzalezen inguruko informazio eske. Horren berri izatean, Boyek Gonzalezi lehenbailehen Espainiako Estatura itzultzeko eskatu zion, abokatuak BERRIAri adierazi zionez. Etorri zenean, baina, inork ez zuen harengana jo. «Berriz hara itzuli arte itxaron dute haren kontra egiteko», gehitu zuen abokatuak.
2022-3-23
https://www.berria.eus/albisteak/211224/hegoaldeko-herritar-gehien-gehienek-ez-lukete-espainia-inbasio-batetik-defendatuko.htm
Gizartea
Hegoaldeko herritar gehien-gehienek ez lukete Espainia inbasio batetik defendatuko
'Electomania.es' galdeketa atariak eginiko ikerketa baten arabera, EH Bilduren alde bozkatzen dutenek dute prestasunik txikiena Espainiako armada batean izena emateko, Euskal Herriko alderdien artean.
Hegoaldeko herritar gehien-gehienek ez lukete Espainia inbasio batetik defendatuko. 'Electomania.es' galdeketa atariak eginiko ikerketa baten arabera, EH Bilduren alde bozkatzen dutenek dute prestasunik txikiena Espainiako armada batean izena emateko, Euskal Herriko alderdien artean.
Gerra eta herritarrak. Electomania.es atariak inkesta bat plazaratu du jakiteko ea herritarrak prest ote leudekeen inbasio bat izanez gero Espainia defendatzeko. Emaitzak ez dira sorpresa, baieztatu egiten dutelako antzeko inkestek erakutsi izan dutena. Izan ere, Hego Euskal Herriko datuak nabarmendu egiten dira, berriz ere, Kataluniakoekin batera. «Espainiaren eta beste herrialde baten artean gerra hasiko balitz, Espainiako lurraldearen inbasio batekin, prest zeundeke borrokatzeko izena emateko?». Hala galdetu du atariak martxoaren 11tik 16ra, Ukrainako inbasioaren erdian. Galdekaturiko Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako biztanleen %58,7k ezetz erantzun dute (20,75k baietz, eta gainerakoek ez dakitela, edo ez dute erantzunik eman). Ezezko erantzunik argiena Gipuzkoan jaso dute (%65,3), ondoren Bizkaian (%61,4), Araban (%58,6) eta Nafarroan (49,5). Galdekaturikoek botoa ematen dioten alderdiarekin gurutzatu dute datua. Erantzunen arabera, EH Bilduren boto-emaileak dira argien adierazten dutenak ez leudekeela prest Espainiako armada batean sartzeko (%80,5). Ondoren datoz Geroa Baiko bozkatzaileak (63,9) eta, azkenik, EAJkoak (62,7). Beste alderdien herrialdekako xehakapenik ez dute plazaratu ikertzaileek. Mapa honetan kontsulta daiteke ehunekoak, herriz herri (erantzunak dauden lekuetan, betiere). Hegoaldeko datuak nabarmentzeko modukoak badira ere, are ikusgarriagoak dira Kataluniakoak. Gironan eta Lleidan %70,5era heltzen da Espainia defendatzeko prestasunik ez dutenen proportzioa. Hego Euskal Herriko eta Kataluniako datuez gain, nabarmenak dira ere Galiziakoak eta Kanaria uharteetakoak, ezezko kopuru handiarengatik. Espainiarekiko atxikimendu gutxi Gaur plazaraturiko inkestaren emaitzak osatzen eta, hein batean, azaltzen duten beste ikerketa bat plazaratu zuen ekainean Suediako Goteborgeko Unibertsitateak. Hango Quality of Government Instituteko ikertzaileek besteak beste, galdera honi erantzun nahi izan zioten: Zeri diote europarrek atxikimendurik handiena? Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren erantzuna nabarmendu zuten orduan. Izan ere, hor topatu zuten estatuarekiko atxikimendurik txikiena Europako Batasun osoan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, estatuarekiko identifikazioak 4,5 bat baino ez zuen jaso, eta, ikertzaileen arabera, Europako Batasuneko txikiena da. Nafarroan, 7,2 izan da emaitza, eta Akitanian, 8. Katalunian ere oso txikia da emaitza, baina ez horrenbeste: 5,9. Horraino, ustekabe gutxi, emaitzek berresten zutelako beste hainbat ikerketek erakutsi dutena: Espainiak eta haren erakunde eta ikurrek atxikimendu txikia eragiten dutela Hegoaldean, batez ere Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Edonola ere, berria eta nabarmentzekoa izan zen ikerketa batek erakutsi izana atxikimendu falta hori Europako Batasuneko sakonena dela.
2022-3-23
https://www.berria.eus/albisteak/211225/madeleine-albright-hil-da-aebetako-emakumezko-lehen-estatu-idazkaria.htm
Mundua
Madeleine Albright hil da, AEBetako emakumezko lehen Estatu idazkaria
Ukrainako gerraren funtsean dagoen NATOren zabalkundea bultzatu zuen, besteak beste, Bill Clintonen agintaldian.
Madeleine Albright hil da, AEBetako emakumezko lehen Estatu idazkaria. Ukrainako gerraren funtsean dagoen NATOren zabalkundea bultzatu zuen, besteak beste, Bill Clintonen agintaldian.
Ameriketako Estatu Batuen Atzerri politikaren ardura eduki zuen lehenengo emakumea hil da, Madeleine Albright. 84 urte zituen. Txekian jaio zen, baina oraindik haur zela heldu zen AEBetara naziengandik ihesi. «Errefuxiatu gisa herrialde honen eskuzabaltasunaren onuradun izan nintzen», adierazi izan zuen. Bill Clintonen agintaldian (1997-2001) egin zen ezagun, Estatu idazkari kargua hartu zuenean. Azken urteetan, dena den, bizitza publikotik urrun izan da, besteak beste minbiziarengatik. NATO zabaltzea bultzatu zuen, besteak beste, eta Clinton bultzatu zuen Serbia bonbardatzera, Kosovoko auzia zela eta. Gutxitan mintzatu da jendaurrean azken urteotan, baina horietako batean gogor kritikatu zuen Donald Trumpen Gobernuak immigranteen aurkako onarturiko dekretua, 2017an. «Trumpen politikak beldurrean oinarritzen dira, ez egitateetan». Aurten otsailean, iritzi artikulua plazaratu zuen New York Times egunkarian. Horretan adierazi zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteak «akats historikoa» egingo lukeela Ukraina inbadituz gero. Inbasioak Putinen ospe txarra ziurtatuko luke, haren herrialdea diplomatikoki bakarturik, ekonomikoki elbarri eta estrategikoki ahul, Mendebaldeko aliantza indartsuago eta batuago baten aurrean».
2022-3-24
https://www.berria.eus/albisteak/211249/hiru-pertsona-hil-dira-okondoko-baserri-batean-piztu-den-sutean.htm
Gizartea
Hiru pertsona hil dira Okondoko baserri batean piztu den sutean
Goizaldeko lau eta erdietan eman diete abisua larrialdi zerbitzuei. Suhiltzaileak bertaratu direnerako, eraikina guztiz kiskalia zen. Hildakoak 80 eta 85 urte arteko anai-arrebak dira.
Hiru pertsona hil dira Okondoko baserri batean piztu den sutean. Goizaldeko lau eta erdietan eman diete abisua larrialdi zerbitzuei. Suhiltzaileak bertaratu direnerako, eraikina guztiz kiskalia zen. Hildakoak 80 eta 85 urte arteko anai-arrebak dira.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako informazioaren arabera, sute bat piztu da goizaldean Okondoko Malkuartuko gaineko baserri batean (Araba). Jakinarazi dutenez, 04:30 aldera eman diete eraikina sutzen ari zelako abisua larrialdi zerbitzuei. Suhiltzaileak iritsi direnerako, baserria «guztiz kiskalia» zen, Alberto Amenabar Arabako Suhiltzaileen buruak Euskadi Irratia hedabideari zehaztu dionez. Jakinarazi duenez, hiru pertsona ziren eraikinaren barrenean. Anai-arrebak ziren, 80, 82 eta 85 urtekoak; bi gizonezko eta emakumezko bat. Hil egin dira hirurak. Orain minutu batzuk erdietsi dute hiru gorpuak ateratzea. «Guztiz ikaztuak eta ezagutezin aurkitu dituzte», azaldu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak. Halaber, sutea zerk piztu duen ez dute argitu oraindik. Ikerketa abiatu dute.
2022-3-24
https://www.berria.eus/albisteak/211250/luis-roldan-hil-da-guardia-zibilaren-zuzendari-ohia.htm
Politika
Luis Roldan hil da, Guardia Zibilaren zuzendari ohia
1982tik 1986ra bitartean Espainiako Gobernuaren ordezkari izan zen Nafarroan. Guardia Zibilaren zuzendari zela, hainbat ustelkeria kasurekin lotu zuten. Baita Segundo Mareyren bahiketarekin ere. Espetxean egon zen 1995 eta 2005 urteen bitartean. Gaur gauean hil da, 78 urterekin.
Luis Roldan hil da, Guardia Zibilaren zuzendari ohia. 1982tik 1986ra bitartean Espainiako Gobernuaren ordezkari izan zen Nafarroan. Guardia Zibilaren zuzendari zela, hainbat ustelkeria kasurekin lotu zuten. Baita Segundo Mareyren bahiketarekin ere. Espetxean egon zen 1995 eta 2005 urteen bitartean. Gaur gauean hil da, 78 urterekin.
Luis Roldan Guardia Zibilaren zuzendari nagusi ohia gaur goizean hil da, Zaragozako (Espainia) San Juan de Dios ospitalean, astebetez ospitaleratuta egon ostean. 78 urterekin hil da. Espainiako Gobernuaren ordezkaria izan zen Nafarroan, 1982ko abenduaren 29tik 1986ko urriaren 31 arte. Aurretik, Zaragozako (Espainia) Ekonomia zinegotzia eta alkateordea izan zen. Jose Barrionuevo Barne ministroak Guardia Zibileko zuzendari nagusi izendatu zuen 1986ko urriaren 31n. Lehen zuzendari nagusi zibila izan zen erakunde militarrean. 1988an Jose Luis Corcuerak Barrionuevo ordezkatu zuenean ere, karguan jarraitu zuen Roldanek. Roldan zen Barrionuevo ordezkatzeko hautagaietako bat. Hain justu ere, kargu hori zuela legez kanpo aberasteagatik epaitu zuten Roldan. 1993an egin zuten eztanda lehen aldiz hari lotutako ustelkeria kasuen albisteek. Guztira 9,6 milioi euroko aberastasuna egiteagatik epaitu zuten, eta 31 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Epai hori iritsi baino lehen, ihes egin zuen 1994an: azkenean Tailandian atzeman zuten 1995eko otsailean, Bangkokeko aireportuan. 1995 eta 2005 bitartean espetxean egon zen. Roldan eta gerra zikina Roldanek lotura zuzena izan zuen GALekin. Segundo Mareyren bahiketan, esaterako —hala jasota dago epaian—, Mohand Talbi eta Jean Pierre Echalier mertzenarioak, Marey bahituta zeramatela, muga Dantxarineatik pasatzen saiatu ziren. Talbi Dantxarineako muga postura joan zen bahiketaren eta atxiloketaren berri ematera, baina hango poliziek ez zekiten ezer operazioari buruz. Talbik paper bat erakutsi zien poliziei, Pepe izena eta Bilboko Poliziaren Buruzagitzako telefonoa idatzita. «Postuan zegoen poliziak, hori ikusita, Iruñeko komisario buruari deitu zion berehala telefonoz, eta hura Luis Roldan Ibañez gobernu ordezkariarekin jarri zen kontaktuan. Rafael Verari deitu zion hark, eta erantzun gisa jaso zuen ez ezer egiteko, Bilbokoen operazio bat zela».p> Polemika sortu zuten Roldanek 2013. urtean El País egunkariko elkarrizketa batean esandakoek ere. Bertan, Nafarroako torura kasuez galdetuta, honakoa adierazi zuen: «Torturak izan direla baieztatzen duten sententziak atera dira. Hipokresiaz jokatu nahi ez badugu, gure buruari galdetu beharko genioke: Hogeita hiru pertsona hil dituen gizon bati galdeketa egin behar badiozu, eta azkenean egindakoa aitortzen badu, zerk bultzatu du aitortza hori egitera? Noski, kolpak egon dira, aztarnarik uzten ez duten presio fisikoak, eta baita psikikoak ere. Nork sinesten du egindakoa koakziorik gabe aitortzen dutela?». Torturaren alde ote zegoen ere galdetu zion kazetariak, eta Roldanek adierazi zuen torturatzeak «epaile, militar edo fiskalen bizitzak» salbatu zituela: «Modu abstraktuan, ikuspuntu intelektual batetik, esango nizuke ez nagoela torturaren alde. Baina norbait torturatu eta deklarazio bat lortzeak pertsona baten bizitza salbatzen badu, baietz diot». Roldanek 1993ko abenduaren 3an eman zuen dimisioa, legez kanpo aberastu zela erakusten zuten zantzuak agerikoak zirelako. 1994ko apirilean PSOEri mehatxu egin zion El Mundo egunkarian, esanez alderdiaren trapu zikin guztiak aterako zituela, eta bera ez zutela engainatuko Jose Amedo engainatu zuten moduan. Geroago, 1994ko apirilaren 25ean, Espainiatik ihes egin zuen. Antoni Asuncion Barne ministroak dimisioa eman zuen, kargua hartu eta bost hilabetera, Roldanen ihesagatik. 1995eko otsailaren 27an atxilotu zuten, Bangkokeko aireportuan. Atxiloketaren baldintzak hitzartu egin zituen Espainiako Gobernuarekin. 28 urteko kartzela zigorra ezarri zioten funtsak bidegabeki erabiltzeagatik, eroskeriagatik, zerga iruzurragatik eta iruzur egiteagatik. Espainiako Auzitegi Gorenak beste hiru urteko zigorra ezarri zion. Epaiak frogatutzat jo zuen Roldanek diru bereizietatik 2,61 milioi euro inguru hartu zituela, eta ia 11 milioi euro gehiago lortu zituela eraikuntza enpresei legez kanpoko komisioak kobratuta Guardia Zibilarentzat obrak egiteagatik. Rafael Verak diru bereizietatik gainsariak ere ordaintzen zizkion: 1990etik aurrera 30.000 euro hilean, eta 1991tik 1993ra, 60.000. Horrez gain, El Paísek 2013. urtean egindako elkarrizketan, aitortu zuen Nafarroako Gobernadore kargua izan zuenetik lapurtu zuela diru publikoa: —Noiz kobratu zuen, lehen aldiz, diru publikotik zetorren gainsoldata? —1983an, Nafarroako Gobernuaren ordezkari nintzenean. Sei milioi pezeta. —Ohiko praktika zen? —Bai, ohiko praktika zen. —Orduan, ustelkeria giro orokor batean bizi zinen? —Nik uste nuen gainsoldata hori normala zela. —Normala iruditzen zitzaizun Estatuko diru kutxetatik datorren diru beltza kobratzea? —Une hartan ohiko praktika zen. Kartzela zigorraz gain, 9,6 milioi euroko isuna eta 3,5 milioi euroko kalte ordaina ezarri zizkioten; epaileek, baina, 1,6 milioi euro bakarrik berreskuratu dituzte. Zigorra jaso eta gero, are deigarriagoak dira Roldanek 1998ko ekainean diru bereiziei buruz egin zituen adierazpenak: alde batetik, esan zuen haien erabilera isilpean gorde behar zela, Poliziaren operazioentzat funtsezkoa zelako; bestetik, herritarrei eskatu zien politikariengan sinisteko, «guztiaren gainetik jakin behar baitute arduradun publikook legea errespetatzen dugula». Roldan 1995eko otsailean sartu zen espetxean, eta 2010eko martxoan atera zen. Hamabost urte egin zituen kartzelan. 2005etik aurrera espetxetik ateratzen utzi zioten, lan egiteko. Espetxean zegoela, 2001ean, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen Nafarroako Lurralde Auzitegiak Urralburu auzian ezarri zion zigorra, hiru urtekoa, eroskeriagatik. Ihes eginda zegoela, trapu zikinak ateratzeko mehatxua egin zuen, eta espetxean hasi zen trapu zikinak ateratzen. 1996an, Baltasar Garzonek Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak deklarazioa hartu zion Oñederra auzian. Roldanek Garzoni esan zion Rafael Verak eta Jorge Argotek —Barne Ministerioko abokatua zen— Enrique Dorado Villalobos eta Felipe Bayo guardia zibilak hiltzeko esan ziotela, GALi buruz asko zekitelako. Roldanek GAL ikertzen ari ziren beste bi epaileren aurrean deklaratzea eskatu zuen, Javier Gomez de Liaño (Lasa eta Zabala) eta Eduardo Moner (Marey). Roldanek bere burua, Vera, Argote, Dorado eta Bayo salatu zituen Gomez de Liañoren aurrean. 1998ko martxoan, Roldanek Brouarden hilketaren sumarioan deklaratu zuen, baina ukatu egin zituen aurretik esandakoak.
2022-3-24
https://www.berria.eus/albisteak/211251/gasteizko-santiago-ospitaleko-larrialdien-itxiera-salatzeko-mobilizazio-gehiago-iragarri-dituzte.htm
Gizartea
Gasteizko Santiago ospitaleko larrialdien itxiera salatzeko mobilizazio gehiago iragarri dituzte
Ospitaleko enpresa batzordeak elkarretaratzera deitu du biharko, Txagorritxuko larrialdi zerbitzu berriaren aurrean. Apirilaren 1erako eta 8rako ere deitu dute protestara.
Gasteizko Santiago ospitaleko larrialdien itxiera salatzeko mobilizazio gehiago iragarri dituzte. Ospitaleko enpresa batzordeak elkarretaratzera deitu du biharko, Txagorritxuko larrialdi zerbitzu berriaren aurrean. Apirilaren 1erako eta 8rako ere deitu dute protestara.
Otsailaren 2an itxi zituzten Gasteizko Santiago ospitaleko larrialdiak, Txagorritxuko eraikin berrira lekualdatzeko. Orduz geroztik, premiazko arreta aurrez aurre jaso nahi duten herritar guztiek bertara jo behar dute. Santiago ospitaleko enpresa batzordeak ez du bat egiten erabaki horrekin, uste baitu larrialdiak ixteak osasun publikoan «murrizketa asistentzialak» eragiten dituela. Hala, mobilizatzen jarraitzeko erabakia hartu du, eta bihar elkarretaratzera deitu du Txagorritxuko larrialdi zerbitzu berriaren atarian, 13:00etan. Apirilaren 1erako eta 8rako ere deitu du protestara. Egungo egoera salatu eta Santiagoko larrialdiak berriro irekitzeko eskatuko du mobilizazioekin.p> Ikusi gehiago: Osasun sistema publikoaren alde mobilizatzera deitu dute eragileek <p>Ohar batean gogora ekarri du herritarrak eta Arabako ESIko profesionalak ere larrialdiak ixtearen aurka daudela, protesta ugari egin direla eta horren isla dela abiatutako sinadura bilketa ere. Santiagoko larrialdi zerbitzua itxi zenetik hilabete eta erdi igarota, enpresa batzordeak iritzi dio «masifikatu» egin direla beste larrialdi zerbitzu batzuk, pazienteen egonaldiak luzatu direla eta profesionalak «estres egoeran» daudela, espazio berrira eta eskakizun berrietara egokitu ezinik. Enpresa batzordeak uste du arta murrizketa bikoitza ematen ari dela: batetik, larrialdietako zerbitzua kendu zaielako herritar askori, eta, bestetik, Txagorritxuko larrialdi berrietan ez delako langile nahikorik.
2022-3-24
https://www.berria.eus/albisteak/211252/milaka-lagun-atera-dira-kalera-ikasleen-greban-eta-34-gazte-atxilotu-dituzte.htm
Gizartea
Milaka lagun atera dira kalera ikasleen greban, eta 34 gazte atxilotu dituzte
Ikasle Abertzaleak mugimenduak egin du grebarako deia. «LOSU, LOMLOE eta LHko planaren aurrean mobilizatzeko» asmoz egin dute deialdia. Arratsaldean, elkarretaratzea egin dute goizean atxilotutakoak aska ditzatela eskatzeko.
Milaka lagun atera dira kalera ikasleen greban, eta 34 gazte atxilotu dituzte. Ikasle Abertzaleak mugimenduak egin du grebarako deia. «LOSU, LOMLOE eta LHko planaren aurrean mobilizatzeko» asmoz egin dute deialdia. Arratsaldean, elkarretaratzea egin dute goizean atxilotutakoak aska ditzatela eskatzeko.
Ikasle Abertzaleak mugimenduak egindako greba deialdiarekin bat egin dute gaur milaka ikaslek. Mugimendu horretako kideen arabera, hezkuntzan ezartzen ari diren erreforma askotarikoek «zuzenean eragiten diote ikasleria langileari». Eta, horregatik, «LOSU, LOMLOE eta LHko planaren aurrean mobilizatzeko» deia egin dute. Eguerdian manifestazioak egin dituzte herri eta hiriburuetan, eta milaka lagun atera dira kalera. Eguna bero doa Gasteizen gaurko greba dela eta. Izan ere, hainbat lekukoren arabera, kalte «material larriekin» esnatu da gaur goiza EHUko Gasteizko letren fakultatean. «Bankuak eta zakarrontzi guztiak lurrean, asko apurtuta, irakasleen bulegoetako ateak ostikoz jota, buzoiak aterata...». EHUko errektoretza taldeak komunikabideetara igorritako oharraren arabera, «petardoak eta bengalak» jaurti dituzte, gainera. Ertzaintza ere joan da campusera, eta 34 gaztetik gora atxilotu ditu, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera. Arratsaldean elkarretaratze bat egingo dute atxiloketak salatzeko, 19:30ean, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. EHUko errektoretzak salatu du erakundearen hiru campusetan eraikinetan sartu direla piketeak, eta «bereziki larritzat» jo ditu Arabako campusean eginiko ekintzak. Han, erakundearen arabera, «petardoak eta bengalak jaurti, hormetan pintadak egin eta eraikin horietako batzuen altzariak txikitu dituzte». Ekintza horiek «aringarririk gabe» gaitzetsi ditu, eta adierazi kalteen balorazio bat egiteari ekin diola erakundeak. Hala, «salaketa jartzeko eta erantzukizunak eskatzeko» prest agertu da. Oharrean, errektoretzak gehitu du «gutxiengo batzuek bizikidetzaren aurka eginiko atentatuak» izan direla, eta egileek ez dituztela EHUko ikasleak ordezkatzen, ezta erakundearen «balio etiko eta akademikoak» ulertzen ere: «Inork ez du eskubiderik unibertsitateko bizitza indarkeriaz nahasteko, ezta ondasun publikoei kalte egiteko ere; eta are gutxiago unibertsitateko kideen osotasun fisikoa arriskuan jartzeko». Goizean goizetik egin dituzte mobilizazioak Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako campusetan. 12:30ean hasi behar zuen Gasteizko manifestazio nagusiak. Atxiloketen ondorioz, baina, berandu hasi da, eta ikasleak bi taldetan banatu dira: batzuk manifestaziora joan dira, eta beste asko campusean gelditu dira atxilotuei eta identifikaturiko gazteei babesa adierazteko. Azkenean, jendetza bildu da Andre Maria Zuriaren plazan, eta Hezkuntza sistema sozialista eraiki lelopean abiatu dira. Atxilotuez gain, 25etik gora lagun ere identifikatu dituzte Ertzaintzako agenteek Gasteizen. Jende andana joan da atxilotuei eta identifikatuei babesa adieraztera. «Atxilotuak askatu» eta antzeko oihuak entzun dira. Arratsaldean dozenaka gazte bildu dira Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, goizean atxiloturikoak aska ditzatela eskatzeko.
2022-3-29
https://www.berria.eus/albisteak/211253/auzolana-benetan-eraginkorra-dela-frogatzen-saiatzen-ari-gara.htm
albisteak
«Auzolana benetan eraginkorra dela frogatzen saiatzen ari gara»
Gero eta zabalago den komunitate batek sustatzen du Errigora ekimena, elkarlanean eta ilusio handiarekin ari den nekazari, ekoizle, euskaltzale eta kontsumitzailez osatutako sare handi batek.
«Auzolana benetan eraginkorra dela frogatzen saiatzen ari gara». Gero eta zabalago den komunitate batek sustatzen du Errigora ekimena, elkarlanean eta ilusio handiarekin ari den nekazari, ekoizle, euskaltzale eta kontsumitzailez osatutako sare handi batek.
Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina 2014an martxan jarri zenetik, gero eta gehiago dira egitasmoarekin bat egiten duten herritarrak, eta baita ekoizteko erak aldatzen ari diren Nafarroako ekoizleak ere. Iazko kanpainan, 8.200 etxetara iritsi ziren Errigorak banatzen dituen elikagaiak, eta 109.000 litro olio, 245.000 ontzi kontserba eta 30.000 pakete arroz eta pasta banatu zituzten. Aurtengo kanpaina Oinak lurrean lelopean abiarazi dute. Errigorak banatzen dituen elikagaien erosleen kopurua gero eta handiagoa da. Kontsumitzaileek, nekazariek, ekoizleek eta euskaltzaleek, milaka herritarrek bat egiten dute Errigora ekimenarekin, gero eta gehiagok. Errigora handitzen ari da, hazten, baina ez edonola, oinak lurrean izanik, lurrarekiko eta bertan bizi direnekiko begirunearekin. Bai, hori oso garrantzitsua da. Alde batetik, lurrari begira eta ekoizpenari begira, hazkuntza hori eman behar da ekoizleak horretara egoki daitezen eta horretan apustuak egin ahal izateko erritmoan, eta konfiantzarekin. Hazkuntza horrek suposatzen du nekazaritzarako lur gehiago behar direla, piperrak, orburuak eta beste barazki batzuk ekoizteko. Adosten ari gara datorren urterako lur berriak, 90 bat hektarea piper ekologikoarentzat, eta aurterako jadanik hogei bat arrobada adostu behar izan dira orburuentzat. Eskariarekin baldintzak sortzea garrantzitsua da, baina erritmoak izan behar dira ekoizpenak eta ekoizleek asumitzeko modukoak. Bestetik, kontsumitzaileeen ikuspuntutik, hazkuntza hori balio batzuen inguruan izatea garrantzitsua da. Hortik errentagarritasun handiagoa ateratzea baino gehiago, ikuspuntua da hazkuntza hori izan dadin komunitate hau sortzeari begira eta denok komunitate honen parte garela sentitzeari begira. Hau da, produktu batzuk eskatzeaz gain, proiektu batean parte hartzea, gure zereginak hori asumitu ahal izateko moduan egitea, eta abar. Boluntario ugari auzolanean aritzen dira eskaerak bideratzen eta produktuak biltegiratzen eta banatzen. Izan ere, Errigorak ohikoak ez diren ekoizpen eta banaketa eredu batzuk bultzatzen ditu. Gu saiatzen ari gara auzolana benetan eraginkorra dela frogatzen. Baina horrek ez du esan nahi alde profesionala izan behar ez duenik. Dena ezin daiteke egin boluntarismotik, gaur egungo gizarte antolaketa honetan are gutxiago, baina bata bestearengandik hurbilago jarriz gero eta bakoitzak bere aldetik zerbait jarriz gero, boluntariotzaren bidez bidera daiteke, adibidez, kontsumoaren ikuspuntutik, Euskal Herriko eskualde batean sortzen diren produktuak Euskal Herriko plazan jartzeko modu bat. Ez bakarra, beste eredu batzuekin osagarria izan behar da. Izan ere, badaude kontsumo elkarteak, herrietako denda bereziak, eta beste eredu batzuk. Proiektuan parte hartzen duten nekazarien lana ere azpimarragarria da. Nekazaritza ekologikoranzko trantsizioa egiteko bultzada eta babesa ematen zaie. Gaur egun, Nafarroan badago nekazaritza ekologikoa eta ekologikoa ez dena, eta gure helburua da Nafarroako ekoizpena jartzea Euskal Herriko plazan. Baina uste dugu agroekologiaren alde bideratuko beharko litzatekeela nekazaritza ekoizpena, mundu jasangarriago bat eta lur jasangarriago bat nahi badugu. Orain dela lau kanpaina erabaki genuen ekologikoan eta konbentzionalean, bietan egotea produktu guztiekin. Ondorioz, harreman berri batzuk sortu dira gurekin aritzen diren bi arlo horietako ekoizleen artean, eta harreman horiei esker sortu dira agroekologiara begira ekoizleek pausoak eman ahal izateko baldintza egokiak. Errigorak bertako nekazaritzari eta ekonomiari bultzada ematen dio, lanpostuak sortzen baitira barazkiak jasotzeko eta ontziratzeko. Berez gertatu da, modu natural batean. Gurekin lan egiten duten ekoizleak ekoizle txikiak edo ertainak dira, eta haien inguruan integratuta daude edo ardura sozial bat dute. Orduan, horrelako dinamika batean, eskaeratik abiatuta, hau da, kanpainetan egiten den lanetik, beharrizan handiagoa egoten da produktu batzuk izateko, eta horrek eragiten du ekoizle horrek langile gehiago behar izatea produktuak biltzeko eta prestatzeko. Dena gertuan egiten denean lortzen dena da inguruko edo gertuko ekonomia eta jarduera sustatzea. Guk egiten dugunaren eragina oso txikia da zenbaki makroekonomikoekin alderatuz gero, herri baten barne produktu gordina edo hazkuntza ekonomikoaren datuekin, baina bere pisua dauka lehen sektorean eta bere balioa eredu bat izatean. Errigorak bertako produktuak kontsumitzea proposatzen du, Nafarroako hegoaldekoak eta erdialdekoak. Horrela, bertako produktuak landatzea eta ekoiztea sustatzen da, eta elikadura burujabetzaren aldeko bidean aurrera egiteko urratsak ematen dira. Izan ere, Euskal Herria txikia da. Bertako produktu batzuk Nafarroako hegoalden eta erdialdean bakarrik ekoizten dira eta beste batzuk Euskal Herriko beste toki batzuetan, baina ez dago baldintzarik kopuru handietan ekoizteko. Orduan, dinamika honekin mahaigaineratzen duguna da bideak zabaldu daitezkeela gure burua elikatzeko gutxieneko baliabideak izateko, eta gure txikitasunean pauso batzuk ematen ari garela. Esaterako, olioarekin, 30.000 litro banatzen hasi ginen eta iaz 100.000 litrotik gora banatu genituen. Aurten, seguruenik are gehiago izango dira, eta hurrengo urteetan askoz pauso handiagoak eman ahal izango dira beste elikagai batzuekin ere bai. Ekoizlearen jatorrizko prezioan, prezio duin batean, bertako produktu bikainak banatzen dira, kalitate handikoak. Azken batean, elikadura osasuntsua bultzatzen du Errigorak. Ekoizpena asko zaintzen da. Gurekin lan egiten duten ekoizleen helburua da kalitatezko produktuak eskaintzea eta horrek, jakina, osasunean mesede handia egiten du. Errigoran egiten den lana euskaraz, produktuak euskaraz etiketatuta, eta euskararen alde egiten da. Hain zuzen ere, udaberriko kanpaina honetan bultzatzen duguna da ekarpen ekonomiko bat ateratzea, ikastola, eskola eta bertako euskalgintzarentzat baino gehiago, nekazaritza eta lehen sektoreko produkzio mundu hori euskarara hurbiltzeko. Azken hamar urteotako bideari esker lortu da, alde batetik, merkaturatzen ditugun produktuak euskaraz etiketatuta egotea eta, horrez gain, mundu hori eta euskara aliatu bihurtzea. Horrela, urte bukaeran, Errigorarekin lan egiten duten 25 ekoizleekin adostu genuen euskara plan bat martxan izatea bakoitzak bere esparruan. Dagoeneko 12 bat ekoizlek martxan dute euskara plan bat eta datorren urterako guztiek edukiko dute euskara plan bana martxan. Gainera, euskararekin hainbeste muga eraiki diren eremu horretan, berez euskaldunak ez ziren esparru batzuk euskararentzako zabalik egotea naturalago bihurtzen ari da.
2022-3-24
https://www.berria.eus/albisteak/211254/baxurako-flota-portuan-egongo-da-garraioaren-egoera-argitu-arte.htm
Ekonomia
Baxurako flota portuan egongo da garraioaren egoera argitu arte
Astelehenera arte lotuta irautea aurreikusten dute, baina bihar erabakiko dute, Espainiak Gobernua gaur garraiolariekin duen bileran zer gertatuko den zain.
Baxurako flota portuan egongo da garraioaren egoera argitu arte. Astelehenera arte lotuta irautea aurreikusten dute, baina bihar erabakiko dute, Espainiak Gobernua gaur garraiolariekin duen bileran zer gertatuko den zain.
Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako flotak portuan iraungo du, gutxienez astelehenera arte. Hala erabaki zuten atzo ontzietako jabeek. Argudiatu dute garraio grebaren ondorioz harrapaketen banaketa ez dagoela bermatuta. Bihar erabakiko dute astelehenean berriro hasiko diren ala ez. Garraiolariekin zer gertatzen den, horrek baldintzatuko du haien erabakia. Gaur bilera garrantzitsu bat dauka Espainiako Gobernuak garraioaren sektoreko eragile batzuekin, eta akordio bat lortzeko nahia agertu du. Atzo, Espainiako Arrantza Kofradien Federazioak (FNCP) aurreko astean hasitako greba etetea erabaki zuen, Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministro Luis Planasek iragarri ondoren gobernuak neurri batzuk hartuko dituela itsas gasolioaren gorakada arintzeko. Erabaki horrek ez die eragingo Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako barkuei, haiek ez baitaude greban, barku gehienek —inguraketakoek— harrapaketak eten badituzte ere, Eugenio Elduaien Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidenteak azaldu duenez. Aitortu du, halere, kostatik gertuen ibiltzen diren barkuek arrantzan jarraitzen dutela, baita alturakoek ere, eta kofradia batzuetan arraina sartzen ari dela, askoz ere kopuru txikiagoetan bada ere. Dena den, Elduaienek onartu du egoera «zaila» dela eta, funtsean, berdelaren kanpaina arriskuan egon daitekeela, litekeena baita espezie hori lekuz aldatzea eta kostaldetik urruntzea, erregaiaren kontsumoagatik harrapatzea errentagarria izango ez litzatekeen lekuetaraino.
2022-3-24
https://www.berria.eus/albisteak/211255/laquopreso-politikoenraquo-auziak-laquokudeaketa-politikoaraquo-behar-du-bake-bidearen-ustez.htm
Politika
«Preso politikoen» auziak «kudeaketa politikoa» behar du, Bake Bidearen ustez
Yvan Colonna preso korsikarraren heriotzaren harira, Frantziako Estatuaren «mespretxua eta axolagabekeria» ezarri dituzte jomugan. Apirilaren 2an eginen dute desobedientzia zibilean oinarritutako ekintza bat, eta han parte hartzeko deia egin dute.
«Preso politikoen» auziak «kudeaketa politikoa» behar du, Bake Bidearen ustez. Yvan Colonna preso korsikarraren heriotzaren harira, Frantziako Estatuaren «mespretxua eta axolagabekeria» ezarri dituzte jomugan. Apirilaren 2an eginen dute desobedientzia zibilean oinarritutako ekintza bat, eta han parte hartzeko deia egin dute.
«Muturreko egoerei baizik ez daki erantzuten Frantziako Estatuak». Honela mintzatu da Anaiz Funosas Bake Bidearen eta Bakegileen izenean. Yvan Colonna preso korsikarraren heriotzaren harira agerraldia egin dute goizean, Baionan. Lehenik, Colonnaren familiari «elkartasuna» adierazi nahi izan diote, eta, «gertaera tragikoaren aitzinean», Frantziako Estatuaren jarrera salatu dute. Colonna Arleseko (Okzitania) presondegian zegoen, eta, hain zuzen, presoa ez hurbildu izana leporatu diote Frantziako Estatuari. «Beste aterabide bat posible zitekeen preso honen eskubideak bermatuak izan balira. Bere osotasun fisikoa errespetatua izanen zen Korsikako presondegi batera hurbildua izan balitz, haren familiak eta hark berak ere eskatzen zuten bezala». Euskal Herriko presoen egoeraz ere mintzatu dira. Oroitarazi dute Jakes Esnalek eta Jon Parotek 32 urte beteko dituztela preso, eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak egoerari entzungor egiten diola salatu dute. «Haren ezaxolakeriak eta geldikeriak mespretxu osoa adierazten diete euskal gizartetik egin diren etengabeko indarrei. Euskal gizarteak sekulako indarrak egiten baititu bake prozesuak aurrera egin ahal izateko, presoen gaia konpontzea ezinbestekoa dela oroitarazteko, behin eta berriz». Horiek horrela, «preso politikoen» auzia konpontzeko «kudeaketa politikoa» ezinbestekotzat jo dute. «Injustizia baten aitzinean gara, eta hori irmoki salatzen dugu, baitakigu arazoak irtenbidea duela [Frantziako] Estatuaren goi mailan tratatzen bada». Euskal presoen egoeraren blokeoaren aitzinean, urtarrilean hasi zuten desobedientzia zibilean oinarritutako fase berriari eusteko beharra azpimarratu dute, «herritik eragiteko». Heldu den apirilaren 2an eginen duten ekintzan parte hartzeko dei egin dute, eta bi ordu eman: 09:30ean, Hazparnen eta Urruñan (Lapurdi). Colonnaren sostenguz, protesta Colonnaren heriotzak Euskal Herrian ere samina eragin du. EH Bai koalizio abertzaleak manifestazioa antolatu du larunbaterako Baionan. 15:00etan eman dute ordua, Baionako San Andres plazan. «Korsikan, Euskal Herrian bezala, gatazka politikoaren konponbidea Frantziako Estatuaren borondatetik eta kudeaketa politikotik etorriko da», erran dute. Sortuk ere bat egin du deialdiarekin, Biziarteko kartzela zigorraren aurka, konponbidearen alde lemapean. «Korsikako gizartearen gehiengo zabalak preso politikoen afera konpontzeko egindako eskariei muzin egin izan die Parisek, eta Yvan Colonnari hilzorian zegoelarik baino ez zion kendu DPS estatusa eta kondena, ez lehenago. Ekidin zitekeen heriotza hori!», salatu dute. Baionan eginen duten protestan parte hartzera deitu ditu herritarrak.
2022-3-24
https://www.berria.eus/albisteak/211256/alemaniak-erregaiaren-gaineko-zerga-jaitsiko-du.htm
Ekonomia
Alemaniak erregaiaren gaineko zerga jaitsiko du
Berlingo gobernuak 300 euro emango dizkie zergapeko guztiei erregai garestiaren konpentsazio gisa.
Alemaniak erregaiaren gaineko zerga jaitsiko du. Berlingo gobernuak 300 euro emango dizkie zergapeko guztiei erregai garestiaren konpentsazio gisa.
Gauera arte iraun duten negoziazioen ondoren, Alemaniako Gobernua osatzen duten hiru alderdiak (SPD, Berdeak eta FDP liberala) ados jarri dira erregaien gaineko zerga jaisteko. Hurrengo hiru hilabeteetan bederen, litroko 30 zentimo jaitsiko da gasolinaren gaineko zerga, eta hamalau zentimo, berriz, gasolioarena. Azken buletinaren arabera, Alemaniak gasolinarik garestienetan bigarrena du Europako Batasunean (2,144 euro litroko), Herbehereetakoen atzetik (2,228 euro); gasolioari dagokionez, garestienetan hirugarrena du (2,173 euro), Suediaren (2,444) eta Finlandiaren atzetik (2,215). Alemanian %19ko BEZa ordaintzen dute erregaiek, EBko tasarik txikienetako bat, baina erregaien gaineko zergak batezbestekotik gora daude: gasolina mila litroko 654,5 euro ordaintzen dute kontsumitzaileek, eta gasolioa, berriz, mila litroko 470,4 euro. Hau da, 65 zentimo gasolina litroko eta 47 zentimo gasolio litroko. Horiek dira, hain zuzen ere, orain aldi baterako jaitsiko diren zergak, litroko 35 zentimo eta 33 zentimo izateko hurrengo hiru hilabeteetan. Horrez gain, Berlinek erabaki du zergapeko guztiei 300 euroko bonu bat ordaintzea erregai garestia konpentsatzeko. Ipar Euskal Herrian, apirilaren 1etik aurrera Frantziako Gobernuak beste bide bat hartu du auto eta kamioi gidariei erregaiaren kostua txikitzeko. Iragan astean Jean Castex lehen ministroak iragarri zuenez, apirilaren 1etik aurrera ezantza eta gasolio litroko preziotik hamabost zentimo bere gain hartuko ditu gobernuak. Ordaintzean egingo da deskontua, gasolindegiko kutxan edota erregai hornigailuan, eta, beraz, erosleak ez du ikusiko hasieran. Bezeroei deskontatutako dirua banatzaileei gero emango die estatuak. BERRIAk bildutako datuen arabera, Ipar Euskal Herrian batez beste 2,028 euro balio zuen atzo gasolio litro batek, eta 1,931 euro, berriz, E5-95 ezantzak. Frantziako Gobernuak %20ko BEZa ezartzen dio erregaiari. Hortaz gain, ezantza litroak 0,691 euroko erregai zerga ordaintzen du, eta gasolioak, 0,609koa. Hego Euskal Herrian, zerga txikiagoak Espainian eta Hego Euskal Herrian, berriz, %21eko BEZa ordaintzen dute erregaiek, baina zerga bereziak EBko txikienetakoak dira. Horrela, gasolina litroak 47 zentimoko zerga du (472,69 euro mila litroko), eta gasolioak, berriz, 38 zentimokoa (379 euro mila litroko). Espainiako Gobernuak argudiatu du zerga horiek asko jaisteko aukerarik ez duela, Europako Batasunak finkatutako gutxieneko mugetatik oso gertu daudelako. Garraiolariek, baina, abantaila batzuk badituzte kontsumitzaile pribatuekin alderatuz gero: BEZa itzultzen diete, eta 2006az geroztik gasolio profesionala izenekoa daukate. Horren bidez, gasolindegietan kobratzen dieten litroko 4,9 zentimo itzultzen dizkiete ogasunek. Espainiako Gobernuko ordezkariak eta garraiolarien patronaletakoak bilduta daude goizaz geroztik kamioilarien protesta eteteko neurriak adosteko. Bilera horretan, ordea, ez daude azken asteetako grebaren antolatzaileak.
2022-3-24
https://www.berria.eus/albisteak/211257/natok-ekialdeko-defentsak-indartuko-ditu-eta-ukrainari-babes-ekipamenduak-bidaliko-dizkio.htm
Mundua
NATOk ekialdeko defentsak indartuko ditu, eta Ukrainari babes ekipamenduak bidaliko dizkio
Aliantza militarreko agintariek defentsarako inbertsioa handitzea eta azkartzea adostu dute. Zelenskik «mugarik gabeko laguntza» eskatu die, baina ez du halakorik jaso.
NATOk ekialdeko defentsak indartuko ditu, eta Ukrainari babes ekipamenduak bidaliko dizkio. Aliantza militarreko agintariek defentsarako inbertsioa handitzea eta azkartzea adostu dute. Zelenskik «mugarik gabeko laguntza» eskatu die, baina ez du halakorik jaso.
NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen ezohiko goi bilerak bi helburu zituen: batetik, 30 herrialde aliatuen batasuna islatzea Errusiaren Ukrainako inbasioaren aurrean, eta, aldi berean, Ukrainarentzako laguntza militarra handitzea eta indartzea. Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiaren agerraldia entzun ostean, badirudi Mendebaldearen aliantza militarreko estatu kideek garrantzi handiagoa eman diotela lehen xedeari bigarrenari baino. Europako «segurtasun ingurumena» aldatu dela argudiatuta, Stoltenbergek behin eta berriz esan du NATOk «egoera berrira» egokitu behar duela, eta, horretarako, haren eremuaren ekialdeko defentsak indartzea erabaki dute. Ukrainari, berriz, laguntza militarra handituko diote, batez ere eraso kimiko, nuklear eta biologiko posibleen aurka defendatzeko. Aliantzaren idazkari nagusiak ordu laurden inguruko prentsaurreko bat eman du, eta denbora gehiago pasatu du NATOz hitz egiten Ukrainaz baino. Goi bilkuraren hasieran, bideo dei bidez, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak «mugarik gabeko laguntza» eskatu die Mendebaldeko aliatuei, baina Stoltenbergek argi utzi du ez dela halakorik gertatuko. Zelenski hegazkinen beharraz ere aritu da, eta NATOko idazkari nagusiak behin eta berriz esan du «nabarmen handituko» dutela herrialde horri eman dioten «babesa», baina xehetasun handirik eman gabe. Kazetariek behin eta berriz horretaz galdetu dioten arren. Bezperan iragarritako neurriari oniritzia eman diotela ere jakinarazi du Stoltenbergek: beste lau batailoi zabalduko dituzte Eslovakian, Hungarian, Errumanian eta Bulgarian; horren bitartez, NATOk bere presentzia are gehiago handituko du «Itsaso Baltikotik Itsaso Beltzera». Defentsarako inbertsioa azkartzean ere ados jarri dira estatu kideak, eta ekain amaieran Madrilen egitekoak diren goi bileran aurkeztu beharko dituzte horri buruzko plan berriak; hau da, noizko eta nola bideratuko duten barne produktu gordinaren %2 defentsara. «Errusiaren ekintzak ikusita, NATOren defentsa planak aktibatu ditugu, NATOren Erantzun Indarreko elementuak hedatu ditugu, eta 40.000 tropa jarri ditugu gure ekialdeko alboan, aireko eta itsaso bidezko baliabideekin batera», NATOko idazkari nagusiak azaldu duenez. Beste modu batera esanda, Mendebaldearen aliantza militarrak «atzera eragite eta defentsa» neurriak eta politikak birmoldatuko ditu. Ikusi gehiago: NATOk bikoiztu egingo dio laguntza militarra Ukrainari Oraingoz, Stoltenbergen arabera, tropa gehiago hedatuko dituzte; aireko defentsa hobetuko dute, eta hegazkin gehiago bideratuko dituzte; eta borrokarako itsasontzi gehiago prestatuko dituzte Errusiaren «mehatxuari» aurre egiteko. Horretarako argudioa zera baita: «Errealitate estrategikoa larriagoa» dela. Halere, NATOren idazkari nagusiak esan du bere aliantzaren ekintzak «badaezpadakoak eta proportziozkoak» direla, eta ez dutela handitzen egun Europan dagoen tentsioa. Horien xehetasunen berri ere Madrilgo goi bileran emango dute, horretarako baliatuko baitute topaketa hori. Ukrainaz, berriz, Stoltenbergek azaldu du eraso biologiko, nuklear eta kimiko posibleen kontra defendatzeko ekipamendua bidaliko dutela herrialde horretara. NATOko idazkari nagusia Errusiaren eraso kimiko edo nuklear baten mamua uxatzen aritu da egunotan, baina, ohartarazpen hori zertan oinarritzen den galdetu diotenean, ez du erantzun landurik eman. «Mota horretako armamentua erabiltzen badute Ukrainan, bada aukerarik gure estatu kideetara zabaltzeko», esan du agintariak. Hori bai, aliatuek beste aukera bat ere izan dute hizpide: Zelenskiri hark eskaturiko hegazkinak eman beharrean, aireko defentsa sistemak bidaltzea. Joe Biden AEBetako presidenteak eman du ideia horren berri NATOren bilkuraren ostean, eta G7ko herrialdeetako agintariekin bildu aurretik. Stoltenberg, beste urtebeterako NATOko aliatuek idazkari nagusi karguari buruzko erabaki bat ere hartu dute. Stoltenbergen agintaldia urriaren 1ean amaitzekoa zen, eta hark jada onartu zuen abendutik aurrera Norvegiako Banku Zentraleko buru izateko izendapen eskaintza; estatu kideek, baina aho batez onartu dute haren legealdia urtebete luzatzea, datorren urteko irailaren 30era arte. Gerrako beste aldeak ere, Errusiak, adierazpenak egin ditu gaur Ukrainan gertatzen ari denaz; zehazki, Mendebaldearen aliantza militarraz mintzatu da gobernuaren bozeramaile Dmitri Peskov. Haren iritziz, NATOko «herrialde gehienek Ukrainan gertatzen ari denari buruzko ezagutza histerikoa eta desegokia» dute. Ukrainako lehen ministrorde Irina Verextxuk ere aritu da inbasioaz, eta goizean egindako agerraldian jakinarazi du beste zazpi korridore humanitario adostu dituztela zibilak ebakuatzeko; hori bai, Verextxukek zehaztu du ezin izan dutela bide horien segurtasuna bermatu. Herritar batzuek, hortaz, bermerik gabe erabili dituzte korridore horiek. Gehienak emakumeak eta haurrak dira, gobernuak esan baitzuen gizonek borrokarako prest egon behar dutela. Hain justu, haurrez datu kezkagarri bat helarazi du gaur Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak. Erakunde horren arabera, Ukrainako haurren erdiak baino gehiago desplazatuta daude; zehazki, 4,3 milioi dira etxetik ihes egin behar izan dutenak. Eta UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren azken datuen arabera, denera ia 3,7 milioi herritarrek egin dute ihes inguruko herrialdeetara; gehienek, Poloniara, horietako 2,1 milioi hartu baititu. Horiek horrela, Nazio Batuen Erakundearen arabera, 1.035 zibil hil dituzte duela hilabete Errusiaren Ukrainako inbasioa hasi zenetik.
2022-3-24
https://www.berria.eus/albisteak/211258/trans-legea-berritzeko-proposamena-aztertuko-du-eusko-legebiltzarrak.htm
Gizartea
Trans legea berritzeko proposamena aztertuko du Eusko Legebiltzarrak
Proposamenak zehazten du zein diren osasun eta lan arloan, hezkuntzan eta bestelakoetan transexualek izan beharreko eskubideak eta protokoloak, eta batez ere adin txikikoei dagokie.
Trans legea berritzeko proposamena aztertuko du Eusko Legebiltzarrak. Proposamenak zehazten du zein diren osasun eta lan arloan, hezkuntzan eta bestelakoetan transexualek izan beharreko eskubideak eta protokoloak, eta batez ere adin txikikoei dagokie.
EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IUk aurkeztu dute trans legea berritzeko proposamena, eta legebiltzarrak hura aztertzea onartu du gaur. Legeak pertsona transexualei administrazioan arreta «egokia eta integrala» ematea du xedetzat. Orain, legebiltzarrean ohiko prozedura jarraituko du legeak, EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IUren babesa jaso ondoren. PP eta Cs abstenitu egin dira, eta Voxek kontra bozkatu du. Hauek dira, nagusiki, proposamen berriak biltzen dituen berrikuntzak: Osasun arloa Transexualentzako osasun zerbitzuak handitzea proposatzen dute alderdiek, «berrikuntza mediko eta zientifikoetara egokitzeko». Gainera, sei hilabeteko epea ezartzen du legeak horrela eskatzen duenak transexualitaterako Lehen Arreta eta unitate berezituan arta jaso dezan— orain erregelamendu batek agintzen du hori, baina proposamena onartuz gero, lege bihurtuko litzateke—. Horrez gain, herrialde bakoitzean derrigorrez egon beharko da zerbitzu horiek jasotzeko aukera. Hezkuntza Hezkuntzan, identitate sexualagatik diskriminazioa eragozteko protokoloak jarriko dira martxan, eta «pertsona transexualak dauden hezkuntza zentroetan» eskolako irakasle, langile, familia eta ikasle guztiek jasoko dute identitate sexualei buruzko formazioa. Lan arloa Lan arloko ikuskaritzak eta arriskuen prebentzioaz arduratzen diren langileek ere diskriminazioa eragozteko prestakuntza jasoko dute. Horrez gain, proposamenean adin txikiko transexualek «entzunak izateko eskubidea» daukatela aldarrikatzen da. Hau da, erabaki medikoetan parte hartzeko eskubidea izango du, eta oraindik, adinagatik, horiek ulertzeko gai ez bada edo 16 urte baino gutxiago baditu, haren tutoreak eman beharko du oniritzia.
2022-3-24
https://www.berria.eus/albisteak/211259/benetako-negoziazioa-hasteko-eskatu-diote-patronalari-arabako-metaleko-sindikatuek.htm
Ekonomia
«Benetako negoziazioa» hasteko eskatu diote patronalari Arabako metaleko sindikatuek
Biharko bileraren atarian protestak egin dituzte Gasteizen, sindikatuen plataforma bateratuak deituta. Jarrerak urrun jarraitzen dute gaur-gaurkoz.
«Benetako negoziazioa» hasteko eskatu diote patronalari Arabako metaleko sindikatuek. Biharko bileraren atarian protestak egin dituzte Gasteizen, sindikatuen plataforma bateratuak deituta. Jarrerak urrun jarraitzen dute gaur-gaurkoz.
Arabako metalgintzan akordioak urrun jarraitzen du gaur-gaurkoz. Azkeneko negoziazio bilerak huts egin ondotik, bihar dira berriz elkartzekoak bi aldeak, baina ez dirudi ituna lortzeko moduan egongo direnik. Sindikatuen hitzetan jarrerak «oso urrun» daude oraindik, eta eskaera nagusiei erantzun gabe segitzen du patronalak. Hori dela eta, aldarrikapen horiek goiburu gisa hartuta, protesta egin dute gaur goizean SEAren egoitzaren aurrean, Gasteizen, «benetako negoziazioa» has dezala eskatzeko. ELA, LAB, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuak bat eginda daude Arabako metalgintzako lan gatazkan, eta elkarrekin egin dute protesta gaur ere. Hiru taldetan banatuta, martxa bana egin dute dozenaka lagunek SEA patronalaren egoitzaraino. Hiriko puntu jakin batean hasi da martxa bakoitza, eta goiburu bana eraman dute: «Prekaritaterik ez»; «Lanaldi eta soldata duinak»; eta, «lan osasuna eta berdintasuna». Horiek dira, hain zuzen ere, sindikatuen aldarrikapen nagusiak, eta hala gogorarazi diote patronalari bileraren bezperan. «SEAk badaki zeintzuk diren gure eskaerak, eta bihar aukera aparta dauka horiei erantzuteko», ohartarazi dute sindikatuek. Hilaren hasieran izan zuten hirugarren bilera, eta «aurrerapauso txikiak» izan zirela onartu zuten orduan. SEA prest azaldu zen subrogazioaz hitz egiteko, aurreko bileratan ez bezala, eta proposamen bat egiteko eskatu zien sindikatuei. Bada, helarazi diote proposamen hori jada, eta biharko bileran erantzun bat jasotzea espero dute. Nolanahi ere, sindikatuek argi dute ez dela nahikoa:«Pilula txiki batzuk baino ez dira; ez du benetako pausorik eman oraindik». Aldarrikapen nagusiei erantzun eta «akordioaren muina» negoziatu ezean, protestekin jarraituko dutela ohartarazi dute. «Negoziazioa ez da oraindik hasi. SEA patronalari gure aldarrikapenak helarazi genizkion abenduan, eta benetako negoziazio hasi behar du orain». «Ez da onargarria» SEAk asteon jakinarazi du Arabako hiru enpresatik batek jarduera eten beharko duela Ukrainako gerraren ondorioak luzaroan irauten badute. Patronalaren hitzetan, egoera «larria» da, eta garraiolarien grebak are gehiago zaildu ditu gauzak, batez ere industriaren alorrean. Hori dela eta, sindikatuei eta langileei galdegin zien lan itunen eta sektoreko hitzarmenen negoziazioei eteteko, «egoera baretzen den arte». Sindikatuek gogor erantzun diote patronalaren eskakizunari: «Ez da onargarria». Eta zama guztia aldiro langileen bizkar uztea egotzi diote SEAri. «Soluzioak ezin du izan ez negoziatzea eta langileek guztia ordaintzea. SEArentzat inoiz ez da momentua, baina langileentzat momentua orain da; ezin dira zain egon». Ohartarazi diote jarrera aldatu ezean lanuzteak eta grebak areagotuko dituztela.
2022-3-24
https://www.berria.eus/albisteak/211260/cafeko-langileak-kezkatuta-daude-geldialdia-igaro-ondoren-gerta-daitekeenarekin.htm
Ekonomia
CAFeko langileak «kezkatuta» daude, geldialdia igaro ondoren gerta daitekeenarekin
«Neurriz kanpokotzat» jo du Beasaingo eta Irungo plantetako produkzioa eteteko erabakia.
CAFeko langileak «kezkatuta» daude, geldialdia igaro ondoren gerta daitekeenarekin. «Neurriz kanpokotzat» jo du Beasaingo eta Irungo plantetako produkzioa eteteko erabakia.
CAFeko langile batzordeak «neurriz kanpokotzat» jo du Beasaingo eta Irungo (Gipuzkoa) lantegietako jarduera «ia osoa» etetea, eta kezka agertu du bost egun barru, geldialdia amaitzean zer gerta daitekeen. Beasainen egindako prentsaurreko batean langileen ordezkariek azaldu dute lanuzteak asteazkenean hasi zirela eta martxoaren 29ra arte daudela aurreikusita, eta langile gehien-gehienei eragingo dietela —1.411 dira bi plantetan—, lan jakin batzuetan dabiltzan gutxi batzuei izan ezik. Energien garestitzeagatik eta garraiolarien grebak eragindako hornikuntza arazoengatik eten dute produkzioa. «Ez dugu ukatzen material faltak CAFi ere eragiten diola, baina salatu egiten dugu neurrien neurrigabekeria, modu proportzionalagoan konpon zitekeen konplikazio baten aurrean», azaldu du langileen batzordeak. Sindikatuen ustez, «nahikoa» izango litzateke materialik ezak eragindako lanetan jarduera etetea, eta ez produkzio osoan. Salatu du zuzendaritzak «arazoa handiagotu» nahi izan duela erabaki horrekin, eta «egoeraren pisua langileen gain utzi». Ohartarazi du lanera itzultzeko egutegia ere «inposatu» nahi duela zuzendaritzak, eta kezka agertu du hurrengo asteetan zer gerta daitekeen oro har eta CAFeko langileekin eta azpikontratakoekin ere. «Behin eta berriz eskatu diogu zuzendaritzari egoera horrek pertsona horiengan duen eraginari buruzko informazioa, eta ez digute ezer erantzun». Era berean, salatu dute langileek presioak jaso dituztela zuzendaritzak hartutako erabakiarekin bat egin zezaten, eta jakinarazpenik jaso ez duten beharginak euren lanpostura joan direnean «ugazaben piketeekin» topo egin dutela. Atzo bildu ziren langileen batzordea eta zuzendaritza, baina ez zuten ezer adostu. «Guk langileen interesak defendatzen segituko dugu, ditugun medio guztiekin, eta horrela eta bide legaletik jarraitzea bakarrik ez zaigu geratzen», azaldu dute sindikatuek. Mercedesen ere bai Bestalde, Gasteizko Mercedesen lantegian —5.000 langile inguru—, berriz, datorren astelehenean jarduera etengo dute berriro, horniketa arazoengatik, zuzendaritzak jakinarazi duenez. Aste honetan ere astelehenean gelditu zuen produkzioa, eta aurreko bi asteetan beste bi egunetan. Pieza faltagatik, enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente (ABEE) berria aurkeztu zuen enpresak; ekainaren 30era arte 30 egunetan eten dezake jarduera. Atzo, Bergarako (Gipuzkoa) Arcelor Mittalen gelditu zuten produkzioa. Adegi Gipuzkoako patronalak ohartarazi du lurraldeko enpresen %22k jarduera geratu beharko dutela egun gutxi barru, garraiolarien greba amaitu ezean. Lanuztea ABEEak aurkezteko arrazoi izateko eskatu du.
2022-3-24
https://www.berria.eus/albisteak/211261/salatu-dute-zahar-etxeen-pribatizazioak-kalte-egiten-diola-zaintza-lanen-kalitateari.htm
Gizartea
Salatu dute zahar etxeen pribatizazioak kalte egiten diola zaintza lanen kalitateari
Protesta egin dute Nafarroako osoko hitzarmena eskatzeko, eta patronalaren «blokeoa» salatzeko. Gipuzkoan 258 egun daramatzate greban.
Salatu dute zahar etxeen pribatizazioak kalte egiten diola zaintza lanen kalitateari. Protesta egin dute Nafarroako osoko hitzarmena eskatzeko, eta patronalaren «blokeoa» salatzeko. Gipuzkoan 258 egun daramatzate greban.
Nafarroako zahar etxeetako langileen laugarren greba eguna da gaur, eta nabarmendu dute patronalaren «blokeoaren»aurrean Nafarroa osorako hitzarmenaren alde borrokan jarraituko dutela. LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek deitua, elkarretaratzea egin dute Lares federazioaren atarian –patronalaren egoitzetako bat da hori–. «Enpresen interesak gauza guztien gainetik jartzeak kalte egiten die langileen lan baldintzei eta erabiltzaileenganako arretari», salatu du Gaztelu Garralda LAB sindikatuko kideak. Izai Bujanda ELA sindikatuko kideak bat egin du salaketa horrekin: «Patronalek soilik etekin ekonomikoa atera nahi dute; sektorea negozio esparru gisa dute». Langileak 70 egoitzatan baino gehiagotan sakabanatuta daude, eta hitzarmenak 4.500 langileren baino gehiagoren lan baldintzei eragingo die. Zahar etxe publikoak, doakoak eta unibertsalak exijitzen dituzte. Horrez gain, eskatzen dute, hala nola kalitatezko kontratazioak izatea, soldata duinak bermatzera, ratioak handitzea. Baita aldi baterako kontratuak eta kontratu partzialak baztertzea. Zazpi minutuko ratioak dituztela salatu dute langileak; hau da, zazpi minutu dituzte erabiltzaile bakoitzarekin egoteko. Ana Rey zahar etxe bateko langileak adierazi du baldintza horiek erabiltzaileen kalterako direla: «Langileak gara, eta pertsonekin lan egiten dugu; ezin da zenbatu zenbat denbora egon behar garen pertsona bakoitzarekin». Horrez gain, hitzarmena denen onurarako izango dela esan du: «Bizi dugun prekaritateak zuzenean eragiten die erabiltzaileei; hortaz, gure lana duintzen dugunean, haiekiko arreta duintzen ari gara». Martxoaren 17an bildu ziren azkeneko aldiz patronalarekin, Garraldak adierazi du borrokan jarraituko dutela: «Patronalak boikotarekin jarraitzen du negoziazioan, lan baldintzak hobetzeari uko egiten dio». Hortaz, mobilizazioekin jarraituko dute. Iruñeko tren geltoki zaharretik abiatuko dute manifestazioa, gaur, 18:00etan. Martxoaren 31n greba eginen dute, eta apirilaren 7an, berriz, patronalarekin bilduko dira. Gipuzkoan ere, irmo 258 egun daramatzate greban Gipuzkoako zahar etxeetako langileek, eta elkarretaratzea egin dute gaur Lan Harremanen Kontseiluan. Gipuzkoako Aldundiak eta zahar etxeetako langileek patronalarekin biltzeko eskaria erregistratu dute, gaur, negoziazioekin jarraitzeko. ELA sindikatuak salatu du egoera «gero eta larriagoa» dela: «Pandemiak are gehiago larriagotu ditu langileek lehendik ere pairatzen zituzten egiturazko arazoak, eta lan baldintzak are prekarioagoak dira, langile gutxiago daudelako eta ratioak eta lan karga jasangaitzak direlako». Sindikatuak salatu du gutxieneko zerbitzuak ezartzen jarraitzen dutela, eta «onartezina» dela. Argudiatu dute greba eskubidea «urratzen» duela.
2022-3-24
https://www.berria.eus/albisteak/211262/pogacar-ez-da-ariko-itzulian-eta-roglic-izango-da-faborito.htm
Kirola
Pogacar ez da ariko Itzulian, eta Roglic izango da faborito
Ez da iazko buruz burukoa ikusi ahal izango. Roglicekin batera, hauek dira izen nagusiak: Remco Evenepoel, Julian Alaphilippe, Adam Yates, Geraint Thomas, Pello Bilbao eta Ion Izagirre.
Pogacar ez da ariko Itzulian, eta Roglic izango da faborito. Ez da iazko buruz burukoa ikusi ahal izango. Roglicekin batera, hauek dira izen nagusiak: Remco Evenepoel, Julian Alaphilippe, Adam Yates, Geraint Thomas, Pello Bilbao eta Ion Izagirre.
Euskal Herriko Itzulia hasteko hamar egun eskas falta dira, eta antolatzaileek azken xehetasunak eman dituzte. Tadej Pogacar (UAE) ez da irteera arrastoan egongo. Horrenbestez, ez da iazko buruz burukoa ikusiko Primoz Roglicekin (Jumbo Visma). Roglicentzat izan zen iaz garaipena, eta aurten ere bera da lasterketa irabazteko hautagai nagusia. Harekin batera, goi mailako parte hartzea prestatu dute Itzuliko antolatzaileek. Hauek dira izen esanguratsuenak: Remco Evenepoel eta Julian Alaphilippe, (Quick Step) Adam Yates eta Geraint Thomas (Ineos), Pello Bilbao (Bahrain) eta Ion Izagirre (Cofidis). Guztira 23 taldek eta 160 txirrindularik osatuko dute tropela. Lasterketa apirilaren 4an hasiko da. Aurreneko etapa, Hondarribikoa (Gipuzkoa), 7,5 kilometroko erlojupekoa izango da, eta Alde Zaharreko harbidea ere igaro beharko dute txirrindulariek kilometro batean. Lehen hiru kilometroak azkarren egiten dituenak jantziko du mendiko maillota bigarren etapan. Bigarrengo saioari Leitzan (Nafarroa) emango diote hasiera, eta, 207 kilometro egin ondoren, Vianan (Nafarroa) bukatuko da. Etaparik luzeena izango da. Ihesaldiak osatzeko egokia da ibilbidea. Litekeena da haizeak jotzea Lodosatik helmugara bitarteko tartean, leku haizetsua baita, eta adi ibili beharko dute txirrindulariek. Hirugarren etapak 191 kilometro izango ditu, eta Laudio eta Amurrio lotuko ditu, Araban. %20ko aldapak ere igo beharko dituzte etapa horretan. Nahiko etapa gogorra da. Altube igo beharko dute, besteak beste. Zirkuitu bati bi buelta eman beharko dizkiote, eta Ozeta birritan igo beharko dute. Errepide estuak daude ibilbidean, gorabeheratsuak. Laugarren egunean, Gasteiz eta Zamudio (Bizkaia) artean arituko dira, eta185 kilometro osatuko dituzte. Viveroko gaina ezagutuko dute, igoera berria, helmugatik 19 kilometrora. Gorabeheratsua da etapa hori ere, aldapa gora eta behera ibili beharko duten horietakoa. Azken-aurreko jardunean, Zamudiotik Mallabira (Bizkaia) joan beharko dute, eta 163 kilometro egin beharko dituzte. Itzuliko ezuste gisa izendatu du Erasok Mallabiko helmuga, 800 metroko aldapa pikoa. 3.000 metroko desnibela izango du. Azkeneko etapa, ohi bezala, Eibar eta Arrate artekoa izango da, Itzuli horretako laburrena eta etapa nagusia, 135 kilometrokoa. Bi bider igo beharko dute Arrate: lehendabizikoan, Azitain aldetik, eta azkenekoan, ohiko errepidetik. 4.000 metroko desnibela izango du. Etapa guztietan gainsariak izango dira helmugan (10, 6 eta 4 segundo), baita tarteko helmugetan ere (3 segundo, 2 eta 1).
2022-3-24
https://www.berria.eus/albisteak/211263/jxck-utzi-egin-du-murgiltze-eredua-bermatzeko-helburua-duen-akordioa.htm
Mundua
JxCk utzi egin du murgiltze eredua bermatzeko helburua duen akordioa
ERCk, JXCk, PSCk eta En Comu Podemek lege proposamen bat aurkeztu dute Kataluniako Parlamentuan, baina Juntsek atzera egin du, katalanaren aldeko erakundeak eta hezkuntza komunitatea aurka agertu direla argudiatuta.
JxCk utzi egin du murgiltze eredua bermatzeko helburua duen akordioa. ERCk, JXCk, PSCk eta En Comu Podemek lege proposamen bat aurkeztu dute Kataluniako Parlamentuan, baina Juntsek atzera egin du, katalanaren aldeko erakundeak eta hezkuntza komunitatea aurka agertu direla argudiatuta.
Kataluniako murgiltze ereduak legezko bermea izateko helburua zuen ERCk, Junts Per Catalunyak, PSCk eta Catalunya en Comu-Podemek herrialdeko hezkuntza sistemaren gainean lortu zuten azken akordioak. Bateragarri bihurtu nahi zuten ikastetxe batzuetan transmisio hizkuntza bakarra katalana izatea eta beste batzuetan gaztelera ere ikasgaiak emateko erabiltzea. Proposamen bateratu bat aurkeztu dute parlamentuan, Hizkuntza Politikaren Legea moldatzeko. Baina iluntzean JxCk atzera egin du, proposamenak «hizkuntzaren defentsaren erakundeei eta hezkuntza komunitateari arbuioa» eragin diela ikusita. JxCk oharrean adierazi du beste alderdiei jakinarazi diela legeak «gehiengoaren kontsentsua» behar duela katalanaren aldeko erakundeen eta eskola komunitatearen artean; hortaz, ordu batzuk lehenago jakinarazitako akordioa ezbaian gelditu da. ERCk «arduragabekeria» leporatu dio Juntsi. Kataluniako Justizia Auzitegiak 2020an murgiltze ereduaren kontra hartu zuen erabakiari aurre egitea zuen helburu akordioak. Auzitegiak ebatzi zuen derrigorrezkoa zela Kataluniako ikastetxe guztietan gutxienez klase orduen %25 gazteleraz izatea. Kataluniako Gobernuak helegitea aurkeztu zion epaiari, baina Espainiako Auzitegi Gorenak baztertu egin zuen, iazko azaroan, eta, horrenbestez,Kataluniako Auzitegi Nagusiaren sententzia irmo bihurtu zen. Hain justu, bihar du Generalitateak auzitegiaren agindua epe barruan betetzeko azken eguna. Lege moldaketa adostua zuten lau indarrak Hizkuntzaren aldeko Akordio Nazionalaren sinatzaileak dira. Akordioaren parte zen CUP alderdia ere, baina hark ez du bere egin hizkuntz politikaren legearen moldaketa. Azaldu duenez, proposamena adostu duten indarrak asteazken iluntzean jarri ziren harremanetan alderdi antikapitalistarekin, jada iragarria zutenean egitasmoa publiko egingo zutela. CUPek salatu du testu itxi bat aurkeztu ziotela, eta onartezintzat jo du jokabide hori. Murgiltzea bermatzeko akordioak jasotzen duenez, katalana izango da hezkuntza ereduaren «grabitate zentroa», eta sistemak gazteleraren eta araneraren presentzia bermatuko du ikasketa orduetan. Moldaketak, baina, ez ditu zehaztuko hizkuntza bakoitzari dagozkion gutxieneko ehunekoak. Horren ordez, hainbat irizpide aipatuko ditu hizkuntzen erabilera gidatzeko: besteak beste, ikastetxearen inguruko errealitate soziolinguistikoa eta ikasketa prozesuaren bilakaera. Proposamenaren arabera, «derrigorrezko ikasketen amaieran ikasleek katalanaren eta gazteleraren ahozko eta idatzizko erabilera menperatuko dutela bermatzeko, hizkuntza ofizialen eta horien bidezko ikasketek presentzia egokia izan beharko dute curriculumean eta ikastetxeen hezkuntza proiektuetan». Horrenbestez, moldaketak bide ematen dio gaztelerari ikastetxeetan transmisio hizkuntza izateko, baina gutxieneko ehuneko bat ezarri gabe.
2022-3-24
https://www.berria.eus/albisteak/211264/hiruk-ez-du-baztertu-grebarekin-jarraitzea-madrilen-akordioa-egon-arren.htm
Ekonomia
Hiruk ez du baztertu grebarekin jarraitzea, Madrilen akordioa egon arren
Espainiako Gobernua eta garraioko patronalik handienak negoziatzen ari dira goizetik, baina ez du ematen batzar horren fruitua greba bertan behera uztea izango denik, lanuztera deitu duen plataformak baztertu egin baitu aukera hori.
Hiruk ez du baztertu grebarekin jarraitzea, Madrilen akordioa egon arren. Espainiako Gobernua eta garraioko patronalik handienak negoziatzen ari dira goizetik, baina ez du ematen batzar horren fruitua greba bertan behera uztea izango denik, lanuztera deitu duen plataformak baztertu egin baitu aukera hori.
Espainiako Garraio, Ekonomia eta Ogasuneko ministroak bilera luze batean ari zaizkie gobernuaren proposamenak esplikatzen garraioaren patronal nagusiei, Madrilen, gaur. Hego Euskal Herriko enpresa askoren egoera muturrera eramaten ari den greba bukarazteko saio etsia da, biharko zen batzarra 24 ordu aurreratu ondoren. Lanuztea urrunegi heldu da, eta Madrilek ez du ongi kalkulatu timing-a, behin eta berriro hilaren 29an onartuko duen dekretu bati erreparatu diolako. Larritasunak gainezka egin du hala banaketan nola industrian, eta erregaien merkatzeak ezin du gehiago itxaron. Bileran dauden garraio sektoreko ordezkariak ez dira, ordea, geldialdi patronalera deitu dutenak, eta, bilera horretan akordioa lortzen bada ere, Hiru euskal garraiolarien sindikatuak ez du baztertu aurrera egitea geldialdi horrekin; 11. eguna du gaur grebak. Bilboko Portuko Garraiolari Autonomoen elkarteak ere ez du ordezkaririk Madrilgo bileran, eta horiek ere esan dute oso litekeena dela grebarekin jarraitzea. «Gobernuak gurekin elkartu behar du; lanuztearekin jarraituko dugu gu hartzen ez gaituen bitartean», esan du Leopoldok, Bilboko Portuko garraiolari batek. Garraiolari autonomoek uste dute gaurko bileran negoziatuko dena ez dela haien aldarrikapen taula, patronal handien agenda baizik. CNTC Espainiako garraiolarien elkarterik handienak 500 milioi euroren laguntzak onartu ditu asteon, baina gaur 1.000 milioikoak eskatu ditu negoziatzen hasi aurretik. Arazoa da Madrilek ez duela azaldu orain arte laguntza horiek nola gauzatuko diren, zer neurriren bidez; ez du azaldu gasolio litroa zenbat zentimo merkatuko duen, eta, hala egingo balu, noiz arte izango litzatekeen merkeago erregaia. Frantziako ereduari jarraituko diola esan du, hori bai, eta eredu horrek kontuan hartzen ditu bi finantzaketa desberdin: aurrekontu publikoak, batetik, eta erregai banatzaileak, bestetik. Ikusteko dago, ordea, Espainiako Gobernua ausartuko ote den Repsol eta Cepsa kontsumitzaileen aldeko ahalegin bat eginaraztera. Argindarrari dagokionez, gobernuak egin du inoiz konpainiak zenbait gasturen arduradun egiteko bide hori, eta Espainiako Auzitegi Gorenak beti ebatzi du konpainien alde, gero. Patronal handiak eta txikiak Gauzak horrela, geldialdi patronala antolatu duen plataformak garbi esan du aurrera egingo duela Espainiako ekonomia muturrera eramaten ari den mobilizazioarekin, bileran daudenak «patronal handia» direlako, eta haiek «autonomo txikiak». Patronal handi horiek ezartzen dizkiete lan baldintzak autonomo txikiei eta ertainei, hain zuzen, eta geldialdia antolatu dutenak gobernuari eskatzen ari zaizkio neurri handi batean patronal handiei exijitu beharko lieketena. Batera edo bestera, Madrilen manifestazioa antolatu dute biharko; gaur edozer gertatzen dela ere, martxa hori egingo dela garbi geratu da. «Baliteke Madrilen geldialdia bukatzea, baina ez Bilbon», esan du Chus kamiolariak Bilboko Portuan. Autonomoen artean eszeptizismoa oso handia da, bistan da. Hiruk ere ez du baztertu mobilizazioarekin segitzea, baina «gertatzen denaren arabera» jokatuko duela esan du Alberto Nuñez sindikatuko kideak. Hiru zain dago Eusko Jaurlaritzarekin eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiekin egingo duen bilera noiz izango den jakiteko. Besteak beste, bidesarien inguruan negoziatu nahi du Hiruk euskal erakunde horiekin. Ekonomia, oso kaltetua Garraioaren geldialdia arazo latzak sorrarazten ari da enpresen horniduran. Osagaiak eta lehengaiak ez zaizkie iristen fabrika askori, eta dagoeneko hasi dira jarduera gelditzen batzuk. Bergarako Arcelor Mittal izan da gelditzen azkena, baina haren aurretik CAFek eta Papresak eten dute jarduera, eta beste hainbat gelditzear daude, Confebask patronalak ohartarazi duenez. Eduardo Zubiaurre presidenteak esan du balitekeela «kolapso orokorra» egotea, eta «atzera-bueltarik ez duen egoera bat» izan litekeela ekonomiarentzat. Euskal patronaleko buruak oso ezkor hitz egin du: «Inoiz ere bizi izan ez den egoera bat da; dena doa okerrera, eta ezagunak ez ditugun ezaugarriak daude. Ekaitz perfektua da, non dena lerrokatzen ari baita alde txarrean». Espainako CEOE patronalak ere «gaur bertan» eskatu du soluzioa, eta Pedro Sanchezen gobernuaren bizkar ardura izugarria dago gaurko bilera dela eta. «Ezin gara akordiorik gabe atera bilera horretatik», esan zuen atzo Sanchezek, eta aditzera eman zuen neurri zehatzak ezarriko zituela, Europar Kontseiluan zenbait aldagairen berri izan ondoren. Frantziak, Portugalek eta Alemaniak, esaterako, jakinarazi dute zer-nolako neurriak hartuko dituzten apirilarekin batera erregaia merkatzeko. Espainia oso berandu ibili da, eta jadanik ez zaio erraza izango kalean daukan sute handia amatatzea. Atzo, Luis Planas Arrantza ministroak akordioa egin zuen arrantzaleekin, haiek alde batera utz zezaten portuan loturik egoteko erabakia, eta lortu zuen, behin-behinean, berriro itsasoratuko diren promesa. Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleak astelehenean aterako dira berriro itsasora, berdela eta antxoa gehiegi urrundu aurretik. Aurreko astetik portuan daude loturik, eta oso arrain fresko gutxi aurki daiteke saltokietan.
2022-3-24
https://www.berria.eus/albisteak/211265/madeleine-albright-eta-euskaldunak.htm
Mundua
Madeleine Albright eta euskaldunak
Ez da ohikoa euskaldunon aipamenik aurkitzea munduko agintarien memoria liburuetan, ur tanta bat baita gure herria diplomaziaren itsasoan.
Madeleine Albright eta euskaldunak. Ez da ohikoa euskaldunon aipamenik aurkitzea munduko agintarien memoria liburuetan, ur tanta bat baita gure herria diplomaziaren itsasoan.
Ameriketako Estatu Batuek urteetan eduki duten Estatu idazkari estimatuenetako bat hil zen atzo: Madeleine Albright (1937, Txekoslovakia, Txekia orain). Bill Clinton presidentearen bigarren agintaldiko Estatu idazkaria izan zen 1997tik 2001era, eta aurreko lau urteetan AEBetako enbaxadorea NBEn. Estatubatuar askok nahiko zuketen Albright bera izatea AEBetako presidentea, baina ez zuen betetzen legeak eskatzen duen baldintza ia bakarretakoa: AEBetan jaio behar da presidente izateko. Albright, Txekoslovakian jaio, eta Bigarren Mundu Gerratik ihes eginda iritsi zen AEBetara, aurretik sei urte igarota. Emakume liderrak prestatzen berezitua zegoen unibertsitate batean egin zituen ikasketak, eta ondoren senatari demokrata baten taldean egin zuen lan AEBetako Senatuan, nazioarteko harremanen gaietan. Politika aktiboan segitzeko aukerari uko eginda –Walter Mondale hautagai demokrataren presidentetzarako kanpainako arduradunorde izatea eskaini zioten–, irakasle izan zen Georgetown unibertsitatean, orduan ere diplomazian lan egingo zuten emakumeen prestakuntza programak bultzatzen. AEBek kanpo harremanen politikan aspaldi marraztuta daukaten lerro nagusitik irten gabe, gatazka askoren konponbide saioetan hartu zuen parte. Jugoslaviatik irteteko asmotan zen Kosovoren etorkizuna erabakitzeko prozesua izan zen horietako bat. 1999ko otsailean Parisko kanpoaldean dagoen Rambuilleteko Gazteluan Nazioarteko Konferentzia bat egin zuten Kosovoko etorkizun politikoaz hitz egin eta adosteko. Mahairen bueltan, Serbiako ordezkariak, Kosovoren independentzia nahi zutenen ordezkariak (Ibrahim Rugova moderatua batetik, eta ELK talde armatuko ordezkariak bestetik) eta Harreman Taldekoak (Errusia, AEBak, Erresuma Batua, Frantzia, Italia eta Alemania). Albrightek, Estatu idazkaria zelako, hartu zuen AEBetako ordezkaritzaren pisua. Rambuilleteko Nazioarteko Konferentzia horren gorabeherak kontatu zituen Albrightek Madam Secretary memoria liburu interesgarrian. Kosovarrek independentzia nahi zuten kosta ahala kosta, baina Albrightek bi arrazoi ematen ditu liburuan eskaera horri une horretan uko egiteko, argi utzita AEBak ez zeudela Kosovoren independentziaren aurka, baina ez zela garai egokia. Lehena, mahaian ELK «talde terrorista kosovarra» zegoela, eta «talde terrorista» bati ezin zitzaiola horrelako garaipenik eskaini. Bigarrena, Kosovori independentzia emateak beste erregio batzuetako independentzia nahia pitz zezakeela: «Beste herrialde batzuek ere bazeuzkaten independentzia nahi zuten gutxiengoak, Errusiako txetxeniarrak, Georgiako azerbaijandarrak, Turkiako kurduak eta Espainiako euskaldunak». Hori da Albrightek liburuak dauzkan 657 orrialdeetan euskaldunoi buruz egiten duen aipamena. Albrighten aita unibertsitateko irakasle izan zen. Aita hil zenean, etxean egin zioten omenaldira gero oso ezaguna izan zen ikasle bat joan zen: Condoleezza Rice. Handik urte batzuetara Albrightek, Michael Dukakis hautagai demokrataren Kanpo Arazoetako Aholkulari zela, bere taldean lan egiteko eskaintza egin zion Riceri. Horrela erantzun zion Ricek Albrighti: «Madeleine, ez dakit nola esan, errepublikanoa naiz». Handik urte batzuetara, Ricek Albrighten bulegoa hartu zuen Etxe Zurian 2005etik 2009ra, Estatu idazkari izendatu baitzuen George W. Bush presidente errepublikanoak.
2022-3-24
https://www.berria.eus/albisteak/211266/legebiltzarrak-psoeri-leporatu-dio-amiantoaren-funtsa-desitxuratzea.htm
Ekonomia
Legebiltzarrak PSOEri leporatu dio amiantoaren funtsa «desitxuratzea»
Substantzia horrekin lan egin eta gaixotutakoak laguntzetatik kanpo uzteko eskatu dute sozialistek. PSE-EEk hitzeman du atzera egingo dutela.
Legebiltzarrak PSOEri leporatu dio amiantoaren funtsa «desitxuratzea». Substantzia horrekin lan egin eta gaixotutakoak laguntzetatik kanpo uzteko eskatu dute sozialistek. PSE-EEk hitzeman du atzera egingo dutela.
Eusko Legebiltzarrak Espainiako Kongresuari eskatu dio ez dezala «desitxuratu» amiantoaren biktimak konpentsatzeko funtsa. Kexu agertu da hitzemandako epeak ez direlako betetzen ari, eta, bereziki, PSOEk aurkeztutako zuzenketa batengatik agertu da haserre: horren arabera, amiantoaren eraginpean lan egin duten langileek funtsetik kanpo geratu beharko lukete. PSE-EEk aitortu du lanean ari direla Madrilgo kideek atzera egin dezaten. Era berean, bat egin du Eusko Legebiltzarrean EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk aurkeztu duten legez besteko proposamenarekin, zeinak Madrili eskatu dion «jatorrizko proposamenaren espiritua errespetatzeko». PPk babestu egin du testua, eta Vox abstenitu da. Espainiako Gobernuak konpentsazio funts bat sortzeko egitasmoa Eusko Legebiltzarrak 2017an adostutako testu batean oinarritzen da. Aurretik, beste bitan eraman du eskaera Madrilera, baina batean zein bestean ez du aurrera egin, epe edo forma arazoak argudiatuta. Azkenean, Kongresuak iazko apirilean onartu zuen egitasmoari bide ematea, eta taldeak zuzenketak aurkezten ari dira orain. PSOErenak dio laneko arrazoiengatik minbizia eragiten duen substantzia horren eraginpean lan egin eta gaixotu diren pertsonek konpentsazioetatik kanpo geratu beharko luketela, argudiatu duenez, Gizarte Segurantzak eta laneko arriskuen prebentziorako sistemak jada «babes berezia» ematen dielako, haien patologiak gaixotasun profesionaltzat hartzen dituztelako. Amiantoaren kontrako borrokan ari diren taldeek, baina, ez dute iritzi bera, eta gogorarazi dute kasu gehienetan auzitara jo behar izan dutela aitortza eta kalte ordainak lortzeko. Asviamie eta Adavan elkarteen arabera, Hego Euskal Herrian gutxienez 15.000 langile egon dira amiantoarekin harremanetan 80ko hamarkadatik aurrera, eta 900 hildako inguru zenbatu dituzte; hamazazpi iaz. Aurreikuspena da 2023tik aurrera kopurua handituz joatea, gaixotasuna hamarkada batzuk geroago agertzen baita, langileak erretiratuta daudenean nagusiki. Horrez gain, nabarmendu dute, beharginen arropa garbitzean kutsatutakoak ere badaudela, etxekoandreak bereziki, eta lantegien inguruan bizi eta amianto zuntzak arnasteagatik gaixotu direnak, 1960-1980ko hamarkadetan egindako eraikin eta industrialde askotan baitago substantzia hori. Jatorrizko testuak biktima horiek ere aintzat hartzen ditu. Indarrean behar zuen Legebiltzar taldeek gogorarazi dutenez, konpentsazio funtsak indarrean egon behar zuen jada. Konpromiso hori hartu zuen Espainiako Gobernuak iazko azaroan. Aurtengo aurrekontuen negoziazioan akordio bat lortu zuen EH Bildurekin, aurten 25 milioi euro jartzeko, eta bi hilabeteko epean funtsa abian jartzeko. Legebiltzarreko eztabaidan, EAJko Maitane Ipiñazarrek atzerapenak salatu ditu, eta Madrili eskatu dio ez dezala «tentaziorik izan» jatorrizko testua desitxuratzeko. EH Bilduko Eba Blancok PSOEren «ustekabeko ziaboga» gaitzetsi du, eta eskatu dio zuzenketa kentzeko eta egitasmoari lehenbailehen bide emateko. Elkarrekin Podemos-IUko Jon Hernandezen hitzetan sozialistek «traizioa» egin diote biktimei, Eusko Legebiltzarrari eta PSE-EEri berari. Jon Garcia Asviamie elkarteko bozeramaileak, berriz, esan du poztu egingo direla PSOEren jarrera aldaketa baieztatzen denean. «Ordura arte zuhurrak izango gara», ohartarazi du.
2022-3-24
https://www.berria.eus/albisteak/211267/maria-angeles-garai-gerra-osteko-bizkaiko-lehen-ikastolako-lehenengo-anderenoa-hil-da.htm
Gizartea
Maria Angeles Garai gerra osteko Bizkaiko lehen ikastolako lehenengo andereñoa hil da
1957an zabaldu zuten Xabier Peñak eta berak ikastola Bilbon, ezkutuan
Maria Angeles Garai gerra osteko Bizkaiko lehen ikastolako lehenengo andereñoa hil da. 1957an zabaldu zuten Xabier Peñak eta berak ikastola Bilbon, ezkutuan
Garai Bilbon jaio zen, 1930ean, familia euskaldun batean. Ikasketak egin eta pedagogian murgildu zen, eta orduantxe ezagutu zuen Xabier Peña, borondatez gazteei euskarazko eskolak ematen zizkiena. Peñarekin alfabetatu zen Garai, 1954an, eta lekukoa hartu eta bera hasi zen euskarazko klaseak ematen emakume talde bati. Garaik Elbira Zipitria eta Karmele Esnal ezagutu zituen Parisen, ordurako ikastolen sorreran zebiltzanak. Modu klandestinoan joana zen hara, 1956an, Garmendia abizena erabilita, Munduko Euskal Biltzarra zegoelako bertan. Umeentzako euskarazko irakaskuntza garatzeko beharraz sinistuta, Zipitriak Donostian hasitako eskolan egin zuen hilabete, eta eredu hura esportatu zuen Bilbora, Xabier Peñarekin, 1957an. San Nikolas elizaren lokal bat erabili zuten horretarako, eta hamahiru umerekin egin zituen hastapenak. Hurrengo urtean ikasle gehiagok jo zuten haiengana, eta beste klase bat sortu zuten. Euskaraz irakasteagatik izandako arazoak tarteko, San Nikolasetik bota zituzten, eta Iralaberriko Frantziskotarren komentuan hasi ziren eskolak ematen, baina erregimen frankistak jazarri egin zien, zenbaitzuk atxilotuta. Etxeetara mugitu zituzten klaseak, eta, errepresiotik ihes egiteko, lekuz aldatuz joan ziren. Ikastolak legeztatu ostean, Resurreccion Maria Azkue ikastolan amaitu zuen bere ibilbidea.
2022-3-24
https://www.berria.eus/albisteak/211268/mikroplastikoak-topatu-dituzte-lehenengo-aldiz-gizakien-odolean.htm
Bizigiro
Mikroplastikoak topatu dituzte lehenengo aldiz gizakien odolean
Azterturiko pertsonen %80tan aurkitu dituzte partikula txikiak. Oraindik ez dakite, ordea, zer eragin eduki dezaketen partikulok gizakien organoetan.
Mikroplastikoak topatu dituzte lehenengo aldiz gizakien odolean. Azterturiko pertsonen %80tan aurkitu dituzte partikula txikiak. Oraindik ez dakite, ordea, zer eragin eduki dezaketen partikulok gizakien organoetan.
Amsterdamgo Vrije unibertsitateko zientzialari talde batek 22 boluntario osasuntsu aztertu ditu. Lehen aldiz, mikroplastiko partikulak topatu dituzte gizakien odolean. Zientzialarion arabera, aurkikuntzak erakusten du mikroplastikoek gorputzean barrena bidaia dezaketela odolaren bitartez, eta organoetan finka daitezkeela. Plastikozko partikula txikiak edonon daude jada ingurumenean. Pirinioetako tontorretan ere topatu dituzte, 2.877 metroko garaieran, abenduan jakinarazi zutenez. Edonola ere, orain arte ez dute inoiz ikertu giza odoleraino heldu ote diren. Hainbat teknika erabili dituzte Herbehereetako adituok hori jakiteko. Boluntarioen odola aztertu dute, 700 nanometroko plastiko partikulak edo txikiagoak bilatzeko. Baita aurkitu ere: boluntarioen %80tan. Industrian eta eguneroko objektuetan asko erabiltzen diren lau polimero topatu dituzte, eta neurtu. Horien artean, polietileno tereftalatoa (PET akronimoarekin ezaguna, besteak beste botilak egiteko erabiltzen dena), poliestirenoak (tartean, poliestireno hedatua, isolatzeko eta enbalatzeko erabiltzen dena), eta metakrilatoa. Ikertzaileok onartu dute boluntario kopurua txikia dela, baina nabarmendu dute ikerketak frogatu egin duela plastiko partikulak odolera pasatzeko moduan direla. «Behar da ulertu gizakien substantzia horrekiko esposizioa, eta esposizio horrek dakarren arriskua, erabakitzeko hori osasun publikoaren arazoa ote den». Azaldu dutenez, partikulok odolean topatu izanak erakusten du gizakiek xurgatzeko abiadura handiago dela gorputzak horiek kanporatzeko edo organoetan pilatzeko dituen prozesuena baino. Environment International aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta galdera bat egin dute ondorioetan: odolean dauden partikulak immunitate zelulek garraiatzen badituzte, «esposizio horrek eragin diezaioke immunitate sistemari edo oinarri immunologikoa duten gaitzak pairatzeko aukerari?».
2022-3-24
https://www.berria.eus/albisteak/211269/aek-euskarazko-ikastaro-laburrak-ematen-hasiko-zaie-langileei-doan.htm
Gizartea
AEK euskarazko ikastaro laburrak ematen hasiko zaie langileei doan
‘Hitzekin. Denok euskara doan’ egitasmoa aurkeztu du Bilbon, ELA eta LAB sindikatuekin batera; doakotasunean aurrera egitea du helburu, eta, hala, administrazioei eskatuko die ikastarook finantzatzeko.
AEK euskarazko ikastaro laburrak ematen hasiko zaie langileei doan. ‘Hitzekin. Denok euskara doan’ egitasmoa aurkeztu du Bilbon, ELA eta LAB sindikatuekin batera; doakotasunean aurrera egitea du helburu, eta, hala, administrazioei eskatuko die ikastarook finantzatzeko.
Euskara ikasteko doakotasunerantz pauso bat emango du AEK-k: ikastaro laburrak eskainiko dizkie hala eskatzen duten langile taldeei, musu truk; euskaltegiek emango dute lehen urratsa, baina haien asmoa da administrazioei eskatzea ikastarook finantzatzeko. Datorren astean abiatuko den Korrikaren leloarekin lotuta, Hitzekin. Denok euskara doan dinamika aurkeztu dute gaur, Bilbon, «doako ezagutzaren unibertsalizazioaren beharra» agerian uzteko. «Euskara hitzetatik ekintzetara eramateko unea dela azpimarratzen ari gara 22. Korrikan; aldekotasunetik konpromisora jotzekoa, eta konpromisotik eragitera», ekarri du gogora Alizia Iribarrenek, AEKren koordinatzaile nagusiak. Funtsean, euskara ikasi nahi duten herritarrek doan egiteko aukera izatea defendatu du, eta erakunde publikoei «urrats sendoagoak» eskatu dizkie: «Uste dugu unea dela euskal herritar orori euskara ikasteko bidea doakoa izan dakion neurriak hartzeko. Osa dezagun, elkarlanean, guztiok doan ikasteko bide orria». Hitzekin. Denok euskara doan egitasmoaren lehen pausoak dira, baina etorriko dira gehiago. Apirilaren 4an, Donibane Garazin (Nafarroa Beherea) agerraldi bat egingo dute beste euskaltegi batzuekin, adierazpen bat aurkezteko. Era berean, doako ikastaro laburren dinamika etorkinei ere helarazi nahi diete, baina aurrerago emango dute horren berri. Hortaz, lan munduan hasiko dira, Iribarrenek azaldu duenez: «Eremu sozioekonomikoak pertsonen egunerokoa ardazten du, kontsumitzaile, langile zein herritar gisa. Euskalduntze prozesuan jauzia egiteko unea da». Arlo horretan, elkarlan bide bat landu du AEK-k ELA eta LAB sindikatuekin, eta datorren ikasturtean doako ikastaro laburrak eskainiko dizkie prest dauden langile taldeei, oinarrizko maila eskura dezaten. «Gehiagorengana iritsi nahi dugu». AEK-k hartuko du ekimena, eta ondoren erakundeetara joko du, ikastaroen inbertsioa beren gain har dezaten. «Finean, asmo nagusia da Euskal Herriko administrazioek bide orri bat osatzea, langile guztiek euskara doan ikas dezaten». Lehen ariketa Bilbon egingo dute, Iberdrola eta Garbilan enpresetako beharginekin. «Langileon ekimena ardatz izango da, baina argi dugu euskararen normalizazioak norbanakoen boluntarismoa gainditu behar duela», adierazi du Gorka Lopez del Corral Iberdrolako langileak. Administrazioei «erabaki ausartagoak» galdegin dizkie: «Neurri eraginkorragoak behar dira, eta inbertsio ekonomikoak». Susana Gabantxo Garbilaneko ordezkariak erantsi du hizkuntza eskubideak «lan baldintza hobeen aldeko borrokan» txertatu behar direla: «Premiazkoa da euskara ikasteko modua ematea pertsona guztiei, horretarako denbora ziurtatzea eta zerbitzua doakoa izatea».
2022-3-25
https://www.berria.eus/albisteak/211270/lointek-gernika-kopako-finalerdietarako-sailkatu-da.htm
Kirola
Lointek Gernika Kopako finalerdietarako sailkatu da
Mendean hartu du Cadi La Seu (51-55), Valentzian, eta Perfumerias Avenida indartsua izango du parean larunbatean. Espainiarrek IDK Euskotreni irabazi diete beste final-laurdenetako partidan (60-56).
Lointek Gernika Kopako finalerdietarako sailkatu da. Mendean hartu du Cadi La Seu (51-55), Valentzian, eta Perfumerias Avenida indartsua izango du parean larunbatean. Espainiarrek IDK Euskotreni irabazi diete beste final-laurdenetako partidan (60-56).
Lointek Gernika triste antzean zebilen emaitza aldetik azkenaldian. Behar zuen poz handi bat, eta, bila dabilenak aurkitzeko aukera izaten duenez, badu nahi zuen hori. Espainiako Kopako final-laudenetan, irabazi egin dio Cadi Lau Seuri (51-55), eta finalerdietan da Mario Lopezen taldea. Larunbatean dauka partida hori (14:00, Teledeporte), gaurko leku berean, Valentzian (Herrialde Katalanak). Faboritoa ez zen Gernika, kataluniarrak hirugarren direlako ligan, eta euskal herritarrak bederatzigarren. Zazpi garaipen gehiago dituzte haiek. Baina Kopa partida bakarrera izaten da, kale edo bale, eta erakutsi egin behar izaten da zein den faboritoa. Lotu egin du, baina, Gernikak. Hain gustuko dituen bi ezaugarrirekin: defentsa sendoa eta kontraerasoa, joko bizia. Taldea nabarmendu da guztiaren gainetik, eta defentsan hori horrela izatea da normalena. Hala ere, txalogarria izan da Margaret Roundtreek Irati Etxarri nafarrari egin dion defentsa. Ia bere onetik aterata erabili du. Erasoan, hiru jokalari nabarmendu dira: Tirana Moore (22 puntu sartu ditu), Roso Buch (10), eta Angela Bjorklund (12). Moorek, gainera, 11errebote batu ditu. Zoratu egin ditu pibotak kataluniarrak uztaipean. Buchen lanak ere txaloak merezi ditu, joko antolatzailea izan gabe bikain gobernatu duelako partida; baita taldea ere, jakina. Bjorklund, berriz, erabakigarria izan da hirugarren laurdenaren hasieran, hiruko bi saskiratze segidan sartuz, aldea zabaltzeko modua eman diolako taldeari. Laurden horren erdian izan du tarterik handiena Gernikak (17 goitik). Atsedenaldian, bost zituen fabore (22-27). Azken laurdenean, baina, La Seu suspertu egin da, eta aldeak murriztuz, bi puntura gerturatu da: 51-53, minutuaren erdia falta zenean. Roundtreeri txapela jarri dio Etxarrik, baina ezin erreboteari eutsi, eta jabetzarekin segitu dute bizkaitarrek. Hiru segundo bakarrik geratzen zitzaien, ordea, erasoa amaitzeko. Saskipetik atera dute, eta Bjorklunden jaurtiketa azkarra ez da sartu. Errebotea Moorek hartu du, ordea, eta falta egin diote kataluniarrek. Jaurtiketa libre bakarra sartu du, baina nahikoa izan da garaipena Euskal Herrira ekartzeko. >Gauza bera egitear egon da IDK Euskotren aurreko partidan. Gutxi falta izan zaio balentria egiteko. Baina kaleratu egin du Perfumerias Avenida faborito handiak (60-56). Dena dela, azkenera arte finalerdietarako sailkatzeko aukerarekin egon da Azu Muguruzaren taldea. 25 segundo falta zirenean, hiru behera zegoen, eta baloiaren jabe zen, baina ez du saskiratu, eta hor joan zaizkio ezusteko handia emateko aukerak. Ligako bigarrena eta bosgarrena izan dira aurrez aurre, eta, horrela ikusita, ematen du alde handirik ez duela egon behar bien artean. Baina badago. Nahieran osa dezake taldea Salamancako taldeak (Espainia), dirua duelako. Hainbesteko pagotxarik ez du Euskal Herrikoak, eta zazpi garaipen gehiago dituzte haiek hemengoen aldean, eta bi partida gutxiago jokatuta. Horrek guztiak faborito egiten zuen Perfumerias, nahiz eta IDK-k ere izan zezakeen zeresana, partida bakarrera edozer gerta daitekeelako. Horixe du bereizgarri Kopak, eta ia-ia bete da Valentziako (Herrialde Katalanak) partidan. IDK-k bi gauza egin behar zituen ondo ezustea eman ahal izateko, eta bi horien ondorioa izango zen hirugarren bat: defentsako lanean zorrotz aritu, eta erasoan luze jokatu, espainiarrei kontraerasoan jokatzeko aukerak mozteko. Hori guztia egiteko gai izan da, eta, ondorioz, irabazteko aukerekin heldu da azkenera. Horrelakoetan, gauza txikiek erabakitzen dute, eta ondo azaldu du noren aldera joan diren Maria España IDK-ko jokalariak: «Saskiratze erraz batzuetan kale egin dugu». Epaileen lanak ere haien aldera egin du erabaki batzuetan, eta hori ere kalterako azkenean. Zama. Berdintasuna ondo azaltzen du datu honek: talde bakoitzak bi laurden irabazi ditu. Perfumeriasek bigarrena eta hirugarrena, eta IDK-k beste biak. Atsedenaldira, Salamancakoak joan dira aurretik (29-24), eta alderik handiena zortzi punturena izan dute, hirugarren zatia amaitzeko minutu eta erdia falta zenean (44-36). Gipuzkoarrak aurretik ere izan dira, ordea. Lehenengo saskiratzea Kahleah Copperrek sartu badu ere Perfumeriasentzat, hortik bigarren laurdeneko erdira arte, IDKk agindu du. Datua da, taldearen lan onaren erakusgarri. Akabera arte iraun du jardun on horrek. 1.16 minutu falta zirenean, bat behera zen Muguruzaren taldea, adibidez. Hirura igo du aldea Isabella Alariek 55 segundo geratzen zirenean, eta, hurrengo erasoan, IDK-k baloia galdu du. Mariam Coulibaly bakarrik zen saskipean, baina ez zaio baloia iritsi. Espainiarrek ere ez dute asmatu gero. Ezta euskal herritarrek ere segituan. Leo Rodriguezek puntu bat sartu du gero jaurtiketa libre bidez, eta bigarrena huts egin badu ere, errebotea Copperrek hartu du, eta falta egin dio IDK-k zazpi segundo geratzen zirenean. Bi jaurtiketa libreak sartu ditu estatubatuarrak (60-56), eta, Coulibalyk azkar erantzun badio ere biko batekin, azken lau segundoetan ez da ezer gertatu. Markagailuak ez du gezurrik esaten (60-56). Ezta partida akaberako aurpegiek ere IDK-koen artean: pozik egindako partida puskarekin, baina minduta. Ez baita egunero lortzen Europako txapeldunordearen aurka oso ondo jokatzea eta estu hartzea. Partidako saskiratzailerik onena Lauren Cox estatubatuarra izan da. IDK-koak 19 puntu sartu ditu. Zortzi errebote ere harrapatu ditu. Perfumeriasen onena Copper izan da,10 punturekin eta zazpi erreboterekin. Baloraziorik handieneko jokalaria Cox izan da, 31rekin.
2022-3-25
https://www.berria.eus/albisteak/211296/aske-utzi-dituzte-atzo-atxilotu-zituzten-34-gazteak.htm
Gizartea
Aske utzi dituzte atzo atxilotu zituzten 34 gazteak
Atzo goizean piketeak egin zituzten EHUko campusetan, ikasle grebaren harira, eta kalte materialak eragin zituzten Arabako campusean. Ertzaintzak 34 gazte atxilotu zituen, eta atzo iluntzean utzi zituzten aske. Epailearen aurretik pasatu beharko dute datozen egunetan.
Aske utzi dituzte atzo atxilotu zituzten 34 gazteak. Atzo goizean piketeak egin zituzten EHUko campusetan, ikasle grebaren harira, eta kalte materialak eragin zituzten Arabako campusean. Ertzaintzak 34 gazte atxilotu zituen, eta atzo iluntzean utzi zituzten aske. Epailearen aurretik pasatu beharko dute datozen egunetan.
Aske daude, eta epailearen aurretik igaro beharko dute atzo Gasteizko EHU Euskal Herriko Unibertsitateko campusean atxilotutako 34 gazteak. Ikasle Abertzaleak mugimenduak deituta, hezkuntza erreformen kontrako greba eguna antolatua zuten atzoko, eta «hezkuntza sistema sozialista» eraikitzera deitu zuten. Goizean, piketeak ibili ziren EHUko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako campusetan, eta Gasteizkoan istiluak izan ziren. EHUk igorritako ohar baten arabera, petardoak eta bengalak jaurti zituzten, hormetan pintaketak egin zituzten eta eraikin horietako batzuen altzariak txikitu zituzten. Ertzaintzak 34 gazte atxilotu zituen. EHUko Errektoretza taldeak «aringarririk gabe» gaitzetsi zituen istiluak. «Gutxiengo batzuek bizikidetzaren aurka egindako atentatuak dira, eta ez dituzte EHUko ikasleak ordezkatzen, ezta unibertsitatea eta haren balio etiko eta akademikoak ulertzen ere», adierazi zuten, ohar bidez. EHUk azaldu zuenez, kalteak baloratu egin behar zituzten, salaketak jarri eta erantzukizunak eskatzeko.
2022-3-25
https://www.berria.eus/albisteak/211297/mutiko-gazte-bati-egindako-eraso-bat-ikertzen-ari-da-ertzaintza-bilbon.htm
Gizartea
Mutiko gazte bati egindako eraso bat ikertzen ari da Ertzaintza Bilbon
Duela zenbait egun gertatu zen, Ibarsusi kirol klubeko instalazioen kanpoaldean. Biren artean eraso zioten, eta beste batek bideoz grabatu zuen. Gertakariak oihartzuna izan du sareetan, eta samina eragin du.
Mutiko gazte bati egindako eraso bat ikertzen ari da Ertzaintza Bilbon. Duela zenbait egun gertatu zen, Ibarsusi kirol klubeko instalazioen kanpoaldean. Biren artean eraso zioten, eta beste batek bideoz grabatu zuen. Gertakariak oihartzuna izan du sareetan, eta samina eragin du.
Mutikoak 13 urte ditu. Biren artean eraso zioten, Bilboko Txurdinaga auzoan. Zehazki, Ibarsusi kirol klubeko instalazioen kanpoaldean gertatu zen, erasoa jasan zuen mutila klub horretako kide baita. Beste mutil batek gertaera bideoz grabatu zuen. Irudiak ziztu bizian zabaldu dira sareetan, eta, bertan ikusten denez, erasotzaileetako batek bi ostikada eman zizkion mutikoari. Horren ondoren, grabatzeari utzi zioten. Ertzaintza gertaera ikertzen ari da, baina zehaztu du oraindik ez dutela gertakariari buruzko berririk. Halaber, gaineratu dute erasoan adin txikikoak daudela, eta, beraz, ez dutela ez xehetasun gehiagorik emango ez eta erasoaren inguruko adierazpen gehiagorik egingo ere. Klubeko kideak, atsekabetuta Ibarsusi kirol klubeko ordezkariek ere hitz egin dute gertaera lazgarriaren inguruan. Jon Bilbao Garaizar Ibarsusi kirol klubeko presidenteak ohar batean adierazi duenez, gertakariaren berri izan eta berehala jarri da harremanetan erasoa jasan duenaren gurasoekin: «Zuzendaritza batzorde gisa, adingabearen gurasoen zerbitzura jarri gara, egin nahi duten edozein jardueratan laguntzeko». Agintariekin, Bilboko Udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin ere harremanetan jarri direla adierazi du Bilbaok, eta aurreratu du argitzen bada erasotzaileak Ibarsusi kirol klubeko kideak direla behar diren «diziplinazko neurri egokiak» hartzeko prest daudela.
2022-3-25
https://www.berria.eus/albisteak/211298/aebek-beste-15000-milioi-metro-kubiko-gas-likidotu-ekarriko-dute-europara.htm
Ekonomia
AEBek beste 15.000 milioi metro kubiko gas likidotu ekarriko dute Europara
Europaren Errusiarekiko mendekotasuna apaltzeko akordioa iragarri dute Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta AEBetako presidente Joe Bidenek.
AEBek beste 15.000 milioi metro kubiko gas likidotu ekarriko dute Europara. Europaren Errusiarekiko mendekotasuna apaltzeko akordioa iragarri dute Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta AEBetako presidente Joe Bidenek.
AEBek beren ekarpena egingo diote energia kontuetan Europako Batasunak Errusiarekiko duen menpekotasuna arintzeko estrategiari. Agindu diote aurten beste 17.000 metro gas kubiko salduko dizkiela EBko estatukideei, eta hurrengo urteetan kantitate hori handituko dutela. Laguntza hori, noski, ez da doan izango: AEBetatik datorren GNL gas natural likidotua garestiagoa eta kutsakorragoa da Errusiako gasbidetik datorrena baino. Kostu horiek badaudela aitortu zuen Joe Biden AEBetako presidenteak, baina justifikazio bikoitza eman zion: «Badakit Errusiako gasak kostuak dituela Europarentzat. Baina erabaki zuzena da, ez soilik ikuspuntu moral batetik; estrategikoki ere, indar handia emango digu». Bidenek eta Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek atzo Bruselan azaldutakoaren arabera, AEBek 15.000 milioi metro kubiko gas gehiago esportatuko dituzte aurten Europara. Gasaren zati bat agian ez da AEBetatik iritsiko, baizik eta haren bazkide batzuetatik, eta Etxe Zuriak argitaratutako agiriak ulertarazten du Asiara joatekoa zen gasa Europara bideratuko dutela, epe luzeko kontratuekin lotuta ez dagoena hain zuzen ere. Goldman Sachs inbertsio bankuak zalantzan jarri du esportazioak maila horretan handitu ahal izatea, AEBetan gasa likido egiteko plantak bete-betean ari baitira lanean. Epe nahiko laburrean gehiago eraiki beharko ditu bere esportazioak handitu nahi baditu. Errusiatik, 155.000 milioi metro kubiko Tratua gauzatuz gero, %67,5 handituko dituzte Europarako gas esportazioak. 2021ean 22,200 milioi metro kubiko gas iritsi ziren AEBetatik EBko portuetara. Bi kopuruak batuta, 37.000 milioi metro kubiko izango lirateke; asko da, baina motz geratuko litzateke Errusiaren gasak utz dezakeen zuloa betetzeko. Izan ere, iaz Errusiatik 155.000 milioi metro iritsi ziren, gasbideen bitartez gehiena, baina baina gasontzien bidez ere. Azken asteetan, esaterako, Errusiako gasa zekarten bi itsasontzi iritsi dira Bilboko portura. Von der Leyenen arabera, AEBetako gasarekin gai izango dira Errusiatik gas likidotua ez inportatzeko. Baina Bruselaren eta Washingtonen akordioak badu beste puntu bat. Horren bidez, EBk konpromisoa hartu du aurrerago eta gutxienez 2030. urtera arte urtero beste 50.000 milioi metro kubiko gas erosteko AEBetako konpainiei. Errusiarekiko menpekotasuna txikitzeko balioko lioke horrek EBri, baina mesede handia egingo lieke AEBei ere, merkatu bat bermatzen baitie fracking bidez lortzen duen gasarentzat, noiz eta, klima larrialdiari aurre egiteko, energia iturri berriztagarrien mesedetan gasaren kontsumoa jaitsi beharko lukeen honetan. ­ Alemaniaren nahia Errusiaren gasarekiko menpekotasunik handiena dutenetako bat Alemania da, baina Robert Habeck Ekonomia ministroak esan du aurtengo urte amaieran gai izan nahi duela Errusiako petrolioa bazter uzteko, eta haren gas inportazioak %30 apaldu nahi ditu ordurako. Uste du 2024rako utziko diola Errusiako gasa ekartzeari. Udazkenerako, Errusiako ikatza erosteari utziko lioke, era berean. Habeckek garbi esan du helburu horiek lortzeko gas eta petrolio gutxiago baliatu behar dituela Alemaniak energia iturri gisa. Gasa, ordea, beharko du, eta gaur egun ez du gas likidotua berriro gasifikatzeko plantarik. Hiru eraiki nahi ditu, baina ez dira 2023ko negura arte eraikiko. Berlinek ez ditu luzatuko Errusiarekin dituen akordioak petrolioa erosteko, eta ordezkatuz joango da handik ekartzen duen petrolioa, beste ekoizleetara joanda. Udarako, erdira apalduko ditu Errusiako petrolio inportazioak.
2022-3-25
https://www.berria.eus/albisteak/211299/uefak-eta-fifak-beste-ezezko-bat-eman-diote-euskal-selekzioari.htm
Kirola
UEFAk eta FIFAk beste ezezko bat eman diote euskal selekzioari
Euskadiko Futbol Federazioak bi erakundeei eskatu die beren kongresuetan landu behar dela euskal selekzioa ofizialki onartzearen gaia, estatutuetan oinarrituta. Ezezkoa izan da erantzuna.
UEFAk eta FIFAk beste ezezko bat eman diote euskal selekzioari. Euskadiko Futbol Federazioak bi erakundeei eskatu die beren kongresuetan landu behar dela euskal selekzioa ofizialki onartzearen gaia, estatutuetan oinarrituta. Ezezkoa izan da erantzuna.
Ezetz eta ezetz, eta ez da ezustea: UEFAk eta FIFAk atzera bota dute beste behin ere euskal selekzioaren ofizialtasunaren inguruan Euskadiko Futbol Federazioak egindako azken eskaera. Bi erakunde horietan, eskubide osoko kide gisa afiliatzeko eskatu zenean bezala, atea itxi diote oraingo eskaerari. Gai hari lotuta dago hau ere. Federazioak iazko urrian eskatu zien beren kongresuetan jorratu behar dela gaia, baina ez datoz bat horrekin bi erakundeak. 2020ko abenduan, federazioak modu formalean aurkeztu zien UEFAri eta FIFAri bertan afiliatzeko eskaria. Haien Batzorde Betearazleek 2021eko uztailaren 11n eta 31n eman zuten ebazpena: ukatu egin zioten eskaera federazioari. Nazioarteko bi erakunde horien estatutuak aztertu eta gero, federazioa jabetu zen organo horiek ez dutela eskumenik euskal selekzioaren eskaeraz aritzeko. Horregatik aurkeztu zuen beste idatzi bat gero, eskatuz UEFAko eta FIFAko kongresuetan lantzeko gaia. Eman dute erantzuna: ezetz. Federazioaren antzeko eskaeren inguruan emana dauka epaia Kirola Arbitratzeko Epaitegiak (TAS). Jerseyko eta Gibraltarko futbol federazioei UEFAko eta FIFAko Batzorde Betearazleek eman zioten ezezkoa bi erakundeetan afiliatzeko eskaerari, eta TASek epaian adierazi zuen bi erakunde horietako kongresuetan landu beharreko gaia dela.
2022-3-25
https://www.berria.eus/albisteak/211300/lab-enpleguko-pentsio-funtsetako-zuzendaritzetatik-aterako-da.htm
Ekonomia
LAB enpleguko pentsio funtsetako zuzendaritzetatik aterako da
Argudiatu du funts horiek (BGAE) ez dutela jatorrian zituzten helburuak bete, eta pentsio sistema publikoa ahultzen ari direla uste du. Bi langiletik bat dago horrelako funts batean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. 30 erakunde daude eta 15.000 milioi euro kudeatu zituzten iaz.
LAB enpleguko pentsio funtsetako zuzendaritzetatik aterako da. Argudiatu du funts horiek (BGAE) ez dutela jatorrian zituzten helburuak bete, eta pentsio sistema publikoa ahultzen ari direla uste du. Bi langiletik bat dago horrelako funts batean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. 30 erakunde daude eta 15.000 milioi euro kudeatu zituzten iaz.
LABek bertan behera utziko du BGAE Enpleguko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeetako (nagusiki Elkarkidetzako, Itzarriko eta Geroako) zuzendaritza organoetan duen partaidetza. Sindikatuak iragarri duenez, militantziarekin barne eztabaida izan ondoren, ondorioztatu du BGAEak LABek defendatzen duen ereduaren aurkako norabidean garatu direla: uste du pentsio publikoak «ahultzeko» tresna bat bihurtzen ari direla. Honako arrazoi hauek eman ditu: gogoratu du prestazio horiek ez direla unibertsalak, pentsio plan horiek langileriaren «gutxiengo» bati estaldura ematen diotela; alegia, lan hitzarmen jakin batzuk dituztenei: nagusiki langile publikoei eta industriako batzuei. Eta, beraz, ez direla oinarritzen langileen arteko elkartasunean eta euren arteko desberdintasunak areagotzen dituztela. Azpimarratu du, halaber, BGAEk ez dutela beren jatorrizko helburua bete: alegia, pentsio sistema osatzea edo osagarri duinak eskaintzea, eta ez dutela balio izan sistema publiko propioa sortzeko urratsak egiteko. Gainera, azpimarratu du langileek eta enpresek jarritako diruarekin osatutako funts horiek egiten dituzten inbertsioek normalean ez dutela «anbiziorik eta gaitasunik» izan bertako sare ekonomikoan «modu estrategikoan» eragiteko. Horiek hala, LABek erabaki du enpleguko BGAEtako zuzendaritzako organoetatik ateratzea. Erabakia BGAE bakoitzeko batzar orokorretan gauzatuko du. BGAE eta pentsio plan arrunten arteko aldea da Eusko Legebiltzarrak araututako tresna bat direla aurrenekoak, eta kudeaketa bazkideek egiten dutela. Esaterako, Gipuzkoako metalgintzatik sortutako Geroa BGAEko gobernu batzordean, hamahiruna kide dituzte Adegik eta sindikatuek. Enpresa eta sindikatuen arteko negoziazio kolektiboen menpe daude halako funtsak, eta lan hitzarmenetan jaso behar dira. Gaur egun horietako gehienak berritu gabe edo blokeatuta daude. Bi langiletik bati eragiten dio Bi langiletik batek (%51,2) du enpresa plan bat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nagusiki sektore publikokoak dira, industriako batzuk, eta Mondragon korporaziokoak. Jaurlaritzak urteak daramatza enpresa eta langile gehiago erakarri nahian —bere helburua da beharginen %70era iristea—, baina sektore jakin batzuei eta enpresa txikiei bereziki kosta egiten zaie halakoak sortzea edo daudenetara batzea. Guztira, enpleguko 30 erakunde daude, eta funts horiek 15.000 milioi euro kudeatu zituzten iaz. Gizarte aurreikuspeneko funtsak duela 35 urte sortu ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Jaurlaritzak bultzatu zituen, Gernikako Estatutuak onartzen zizkion eskumenak hartuta. Baina bilakaera ez da uste zen modukoa izan, bereziki enplegukoekin. Aurreko krisialditik eten bat egon da. 2009koa da azken proiektu esanguratsua: Itzarri, Jaurlaritzako langileentzat. Martxan zeudenek hala jarraitzen dute, baina ez dira berriak agertu, eta zeudenak oso gutxi zabaldu dira. Horiei beste bultzada bat emateko dekretua prestatzen ari da Eusko Jaurlaritza. BGAE berriak sortzeko edo daudenei langile eta enpresa gehiago batzeko pizgarri fiskal berriak ematea aztertzen ari da, besteak beste. Espainiako Gobernuak ere bultzatu nahi ditu halako funtsak, eta lege egitasmo bat tramitatzen ari da.Pentsio funts publiko bat sortzea aurreikusten du horrek. Eusko Jaurlaritza ere aztertzen ari da horrelako tresna bat sortzeko aukera, baina horretarako eskumenik ba ote duen ez dago argi.
2022-3-25
https://www.berria.eus/albisteak/211301/behatokiak-hizkuntza-eskubideen-urraketei-buruzko-1199-kexa-jaso-zituen-2021ean.htm
Gizartea
Behatokiak hizkuntza eskubideen urraketei buruzko 1.199 kexa jaso zituen 2021ean
Lanpostu deialdi publikoetan euskararen eskakizuna «behar bezala lantzeko» garrantzia nabarmendu dute urteroko txostenean.
Behatokiak hizkuntza eskubideen urraketei buruzko 1.199 kexa jaso zituen 2021ean. Lanpostu deialdi publikoetan euskararen eskakizuna «behar bezala lantzeko» garrantzia nabarmendu dute urteroko txostenean.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 1.199 kexa jaso zituen 2021ean. Horietatik gehienak, 861, administrazioan izandako hizkuntza eskubideen urraketei dagozkie; gainerako 338ak sektore sozioekonomikoari dagozkio. Eusko Jaurlaritza da kexa gehien bildu duen administrazioa, 282; horren ostean Nafarroako Gobernua dator, 149 kexa bilduta. Sektore pribatuan, berriz, merkataritza gune handiek eta saltoki kateek bildu dituzte kexa gehien, 89. Urtero bezala, hizkuntza eskubideen egoeraren berri ematen duen txostena plazaratu du Behatokiak. Arreta berezia jarri dute administrazioek herritarrei eskaintzen dizkieten zerbitzu publikoetan, eta nabarmendu dute beharrezkoa dela gizarteari eskaintzen zaizkion zerbitzu publiko guztietan administrazio publikoek «hizkuntza politika egoki bat» ezartzea, baina horretarako ezinbestekoa dela langile publikoei betebehar batzuk jartzea: «Ezin daiteke euskaraz bizi ahal izateko eskubidea bermatu lanpostu eta deialdi publikoen gaia behar bezala landu gabe». Txostenean, euskara kontuan hartu ez duten hainbat lan deialdi publikoren berri ematen du Behatokiak. Nafarroa Garaikoak dira horietako asko. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, «tokiko administrazioetako lanpostuetan ez dago hizkuntza eskakizunik, ez kontratazioetan hizkuntza irizpiderik, kasu bakan batzuetan izan ezik». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herritarren hizkuntza eskubideek «lege babes handiagoa» izan arren, «ez da eremu guztietan berdin bermatzen», txostenean agertzen denaren arabera. Epaitegietan hartutako zenbait erabakiren berri ere eman du Behatokiak, «EAEko hizkuntza politika kaltetu dezaketenak: besteak beste, 2021eko irailean EAEko Auzitegi Nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoko Udalen legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren esku utzi izana eta 2021eko maiatzean Irungo Udaltzaingo zerbitzurako 12 lanposturi ezarritako hizkuntza eskakizunak bertan behera uzteko epaia aipatzen dira txostenean. Osasungintzaren arloa Aurreko urtean bezala, eta COVID-19aren izurriak eragindako egoera kontuan hartuta, Behatokiak arreta berezia jarri du osasungintza publikoaren arloan. Hainbat kexaren berri ematen dute txostenean: Osakidetzaren webgunean topatutako okerrak, PCR probei buruzko informazioa erdara hutsean eman izana, Ordiziako osasun etxean (Gipuzkoa) sendagile ordezko batek euskaraz ez jakitea, eta abar. Ertzaintzak, Foruzaingoak eta herrietako udaltzainek egindako urraketak, hezkuntza arlokoak eta udaletan gertatutakoak ere jasotzen dira txostenean. Arlo sozioekonomikoak ere tarte handia hartzen du Behatokiak plazaratutako txostenean: Lanbidetik erdara hutsean bidalitako mezuak, euskara bazter uzten duten taberna, jatetxe eta dendak, erdara hutsez egindako publizitatea eta antzeko kasuak jasotzen dira. Urraketa horietako asko supermerkatu, kirol denda eta jatetxe kate handiek egindakoak dira. Interes orokorreko zerbitzuetan ere kexa ugari jaso dira: Behatokiak nabarmentzen duenez, EAEn «interes orokorreko zerbitzuetako enpresek lege betebeharrak ere badituzte» Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen legeak ezarritakoaren arabera, baina txostenean banketxe, aseguru etxe eta energia enpresek egindako urraketa zenbaiten berri ematen da. Hizkuntza eskubideen urraketei buruzko kexez gain, zoriontzeko edo esker oneko 73 mezu ere jaso zituen Behatokiak 2021ean. Urraketak «betikotzeko» arriskua Behatokiko arduradunek nabarmendu dute hogei urte baino gehiago daramatzatela hizkuntza eskubideen urraketak biltzen, oraingo egoerak eta duela hogei urtekoak badituztela antzekotasunak, eta horrek «urraketak betikotzeko arriskua» dakarrela: «Urte hauetan emandako pausoak edo egindako lorpenak arriskuan izan daitezke aurrerantzean», esan du Agurne Gaubeka erakundeko zuzendariak. Antzeko mezua eman du Garbiñe Petriati Behatokiko teknikariak: «Urte hauetako neurriek erritmo mantsoegia izan dute, eta eremu batzuetan 2021ean ere atzerapausoak ikusi genituen». Hurrengo urteak erabakigarriak izango direla iritzita, Behatokiak dei egin die administrazio publikoei «lehentasunez herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko egun dituzten hutsuneak azter eta neurri eraginkorragoak martxan jar ditzaten». Bestalde, eremu sozioekonomikoan ere herritarren eskubideak bermatzeko «lege babes eta neurriak» eskatu dituzte, baita erakunde eta enpresa pribatuek «beraien bezero eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei aitortza egitea» ere.
2022-3-25
https://www.berria.eus/albisteak/211302/pandemia-hasi-zenetik-bi-urtera-komunikazioek-etenda-segitzen-dute-kartzeletan.htm
Politika
Pandemia hasi zenetik bi urtera komunikazioek etenda segitzen dute kartzeletan
Etxerat-ek salatu du aste honetara arte Dueson, Burgosen, Sorian eta Logroñon senideek ezin izan dutela bisean bisekorik egin, ezta Alcalan eta Villabonan bizikidetzakorik ere. Iruñeko kartzelan ere ez dituzte oraindik komunikazio intimoak berreskuratu.
Pandemia hasi zenetik bi urtera komunikazioek etenda segitzen dute kartzeletan. Etxerat-ek salatu du aste honetara arte Dueson, Burgosen, Sorian eta Logroñon senideek ezin izan dutela bisean bisekorik egin, ezta Alcalan eta Villabonan bizikidetzakorik ere. Iruñeko kartzelan ere ez dituzte oraindik komunikazio intimoak berreskuratu.
Bi urte baino gehiago igaro dira koronabirusa Euskal Herrira ailegatu zenetik, eta, karrikan neurri murriztaileak kendu dituzten arren, presoek oraindik ezin izan dute senideekiko ohiko harremana berreskuratu. Horixe salatu du Etxerat euskal presoen senideen elkarteak, eta hala aldarrikatuko du gaur iluntzean Euskal Herriko hamaika herritan eginen dituzten azken ortziraletako elkarretaratzeetan: «Gure presoek eta senideek oraindik ere pairatzen dute espetxeetan aplikatzen jarraitzen diren neurri murriztaileenen zentzugabekeria». Zehazki, ohartarazi dute aste honetara arte Espainiako Espetxe Erakundeek etenak izan dituztela aurrez aurreko komunikazio guztiak Dueson, Burgosen, Sorian eta Logroñon (Espainia). Alcalan eta Villabonan (Espainia), berriz, ezin izan dute bizikidetzako bisean bisekorik egin. Iruñeko kartzelan, halaber, oraindik ez dituzte komunikazio intimoak berreskuratu, eta Hego Euskal Herriko gainerako espetxeetan hamar egunera arteko konfinamenduak ezartzen dizkiete presoei bizikidetzako aurrez aurrekoak egiten dituztenean. «Horixe da errealitate gordina, pandemia hasi eta bi urtera», salatu du Etxerat-ek. Azpimarratu du senideei anitz eragiten diela horrek guziak: «Denbora gehiegi seme-alabei eta adineko senideei besarkadarik eman gabe». Euskal presoen senideen elkarteak salatu du egoera «jasanezina» dela, eta ez duela «inolako zentzurik». Gogoratu du hainbat alditan salatu dutela egoera hori, mobilizatu egin direla: «Baina iritsi da garaia eskubideak ez urratzeko eskatzeko. Nahikoa da. Dagoeneko ez dago arrazoirik, pandemia osteko garai hauetan, kalean bizitzen ari garen normaltasun berarekin espetxeetan komunikazioak ez egoteko. Eta, jakina, bada garaia espetxea ez den beste aukera batzuk ausardiaz planteatzeko, askatasunaren ikuspegitik; preso gaixoak kaleratuz, hirugarren graduak, eskumuturreko telematikoak eta baimenak emanez». Espainian oraindik 69 Etxerat elkarteak euskal preso guztiak Euskal Herrira ekarri ditzatela eskatzeko baliatuko ditu gaurko elkarretaratzeak, halaber. Izan ere oroitu du EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 69 preso dauzkatela oraindik Espainiako kartzeletan. BERRIAren arabera, 96 euskal preso daude gaur egun Euskal Herriko espetxeetan —EPPKkoak ez direnak ere zenbatzen ditu BERRIAk—, eta bertze lau laster lekualdatzekoak dituzte. Yvan Colonna presoaren heriotzagatik «atsekabea» adierazi dute euskal presoen senideek, bertzalde: «Besarkada solidario bat bidaltzen diegu bere senide eta gertukoei». Frantziako Gobernuari urratsak egiteko eskatu die Etxerat-ek, «euskal presoen eta preso korsikarren aurka mantentzen duen salbuespena behingoz amaitzeko, eta garai berri honetan guztiak etxeratzeko».
2022-3-25
https://www.berria.eus/albisteak/211303/parisera-bidali-dute-aramburu-errugbilariaren-ustezko-hiltzailea.htm
Kirola
Parisera bidali dute Aramburu errugbilariaren ustezko hiltzailea
Hungariako auzitegi batek agindu du Frantzian epai dezatela Loik Le Priol, Federico Martin Aramburu errugbi jokalari ohiaren hilketaren susmagarri nagusia. Tiroz hil zuten Aramburu, ostiral gauean, Parisen, taberna bateko iskanbila batean.
Parisera bidali dute Aramburu errugbilariaren ustezko hiltzailea. Hungariako auzitegi batek agindu du Frantzian epai dezatela Loik Le Priol, Federico Martin Aramburu errugbi jokalari ohiaren hilketaren susmagarri nagusia. Tiroz hil zuten Aramburu, ostiral gauean, Parisen, taberna bateko iskanbila batean.
Hungariako auzitegi batek Frantziako Justiziaren esku utzi du Federico Martin Aramburu errugbi jokalari ohiaren heriotzaren gaineko kasua. Lau egunez ihesean ibili ondotik, Poliziak astearte gauean Hungarian atzeman zuen hilketaren susmagarri nagusia den Loik Le Priol. Eskuin muturreko militante ezaguna da. Atxiloketaz geroztik, Le Priol Hungarian izan da. Orain, baina, Pariserako bidea egin beharko du atzera ere, auzitegia hala erabakita. Federico Martin Aramburu errugbi jokalari ohia (La Plata, Argentina, 1980) tiroz hil zuten ostiral gauean, Parisen. Miarritzeko jokalari ohia (2004-2006) Shaun Hegarty kirolariarekin zebilen Boulevard Saint-Germain auzoan, eta taberna batean iskanbila izan zuten bi pertsonarekin. Elkarrengandik bereizi egin zituzten han zeuden beste batzuek, baina, geroago, auto batean bueltatu ziren bi pertsona horiek, eta kalean tirokatu zuten Aramburu. Lauzpabost tiro egin zizkioten jokalari ohiari, nahiz eta denera zazpi bala zorro aurkitu zituzten hilketaren lekuan. Ikusi gehiago: Eskuin muturreko ekintzaile baten bila ari dira, Aramburu errugbilariaren heriotzarengatik Hain zuzen, Arambururekin iskanbila hori izandako biak atxilotu dituzte joan diren bi egunetan. Hungarian Loik Le Priol. Bigarren susmagarria, Romain B. izenez identifikatua dena, Sarthe departamenduan. Biak ala biak dira eskuin muturreko erakundeetako kide.
2022-3-25
https://www.berria.eus/albisteak/211304/grebari-eutsi-diote-deitzaileek-eta-hiruk-igandean-erabakiko-du.htm
Ekonomia
Grebari eutsi diote deitzaileek, eta Hiruk igandean erabakiko du
Garraiolariek erregai litroko hogei zentimoko laguntza izanen dute datozen hiru hilabeteetan, goizaldean egindako akordioaren arabera. Madrilek 15 zentimoko laguntza emanen die erregai litroko; petrolio enpresek, bost zentimo.
Grebari eutsi diote deitzaileek, eta Hiruk igandean erabakiko du. Garraiolariek erregai litroko hogei zentimoko laguntza izanen dute datozen hiru hilabeteetan, goizaldean egindako akordioaren arabera. Madrilek 15 zentimoko laguntza emanen die erregai litroko; petrolio enpresek, bost zentimo.
Bigarrenean ere kale egin du Espainiako Gobernuak. Dirua mahai gainean jarri arren, ez du lortu azken bi asteetan industriaren jarduna trabatu, hainbat fabrika gerarazi eta supermerkatuetako apal asko hustu dituen garraiolarien greba amaitzea. Atzoko ordu txikietan garraiolarien patronalekin akordio bat egin zuen; besteak beste, garraiolariei hogei zentimoko deskontu bat emateko gasolio litroko. Akordioa besapean zuela, azkenean onartu egin zuen Raquel Sanchez Garraio ministroak grebaren deitzaileekin biltzea, baina bilera horrek ez zuen espero bezalako fruiturik eman, eta Plataforma Nacional por la Defensa del Transporte por Carreterak protestan jarraitzea erabaki zuen. Ikusteko dago jarrera horrek zer eragin duen Hego Euskal Herrian, grebalari gehienak protestara beren kasara batutakoak baitira, haien artean Bilboko portuko garraiolari autonomoak eta Hiru kamioilari autonomoen sindikatuak. Hiruk ezohiko batzarra egingo du igandean Altsasun (Nafarroa), eta hor erabakiko duen zer egin. Dena den, Hiruko zuzendaritzak aurreratu du Madrilek egindako azken proposamena ez dela nahikoa, «patronal handiekin» egindako akordioa delako, eta horien interesak lehenesten dituelako. CNTC garraiolarien patronal handia «garraiolari autonomook bizi dugun egoera prekarioaren erantzuleetako bat da». Hiruk uste du «funtsezko aldagai batzuk» ez direla jorratu akordioan, edo azaletik ukitu direla bakarrik, «azpikontratazio etengabea, esaterako». Kostuen azpitik zerbitzuak egiteko debekua ere ez dela ezarri gogoratu du Hiruk. Hori izan da, hain zuzen ere, Manuel Hernandez plataformako ordezkariak emandako argudioa protestarekin jarraitzeko. Behin-behineko neurriak eskatu ditu kostuen azpitik lan ez egiteko, baina ez du ministroaren ahotik nahi zituen segurtasunak eskuratu. Hernandezen arabera, Sanchez ministroak esan dio gai horri hilabete batzuk barru helduko diotela, lege proiektu batekin, baina bitartean ezin dutela ezer egin. Asteburuan zehar bermeak jaso ezean, grebari eutsiko diotela erantzun dio plataformako ordezkariak ministroari. Bidesarien eskaera Dena den, Hiruren eskaeren artean badago Hego Euskal Herriari soilik eragiten dion bat: bertako errepideetan kamioientzat bidesariak ez jartzea, eta horri buruz hitz egin nahi dute foru aldundiekin eta Nafarroako Gobernuarekin, haienak baitira errepideak. Bilera horietarako data zein den ez dute artean jakianarazi. Bilboko Portua eta Tradisna Europako beste herrialdeetan neurriak hartu eta gero, jakina zen garraiolariek deskontua izango zutela beren kamioien eta furgoneten deposituak gasolioz betetzen dituztenean, eta neurri zehatzak eskaini ditu Madrilek: 20 zentimokoa izanen da deskontua. Laguntza ekainaren 30era arte luzatuko da. Dena dela, ez dute baztertu gehiago luzatzea. Halaber, Madrilek beste laguntza ekonomiko sorta bat jarriko du martxan. 450 milioi euro inbertituko ditu horretan. Garraio enpresei bideratuak izango dira laguntza horiek, eta ibilgailu motaren araberakoak izango dira zenbatekoak. Plataformako kideak ministroarekin bildu aurretik, lanera itzultzeko asmo handirik ez dute erakutsi gune logistikoaren jarduna moteltzen ari direnek, Bilboko Portuko Garraiolari Autonomoen Elkarteak. Trapagaranen (Bizkaia) biltzekoak dira erantzun bat emateko, baina protestarekin jarraitzearen aldeko mezu garbi bat helarazi zuen haien bozeramaileak, Santi Sanchezek:«Grebak jarraitu egingo du, eta Bilboko portuak geldirik jarraituko du». Akordioa «ona, baina motza» iruditu zaio Sanchezi. «Niri diru-laguntza batek ez dit ezertarako balio; gaurko ogia eta biharko gosea da». Grebarekin bat egin duen beste elkarteetako bat da Nafarroako Garraiolarien Elkartea (Tradisna). Alberto Latorre koordinatzaileak adierazi duenez, akordioa «apur bat motz» geratzen da, «baina bada zerbait». Jakinarazi du elkarteak dituen 800 bazkideek laster erabakiko dutela grebarekin jarraitu ala ez. Denda txikietan arazorik ez Nafarroan greba izaten ari den eraginari buruz, Latorrek azaldu du «denetarik» dagoela, protestarekin bat egiten ari diren kamioilariak zein lanean daudenak, eta azpimarratu dendetan ez dela «hornidura arazo handirik» sortzen ari. «Agian, arazo gehiago daude enpresak hornitzeko eta pentsuekin». Bizkaian ere arazorik ez dago dendetan, txikietan bereziki, Bizkaidendak elkarteak azaldu duenez. «Merkataritza espezializatuaren logistika eta banaketa handiarena guztiz desberdinak dira, eta gurean lanuzteek ez dute eraginik. Guk banatzaile txikiak dituzten furgonetak mugitzen ditugu, kamioiak dituzten plataforma logistiko handien aldean». Bizkaidendak-ek garraiolarien aldarrikapenak babestu ditu, «azken urteotan lan baldintzak murriztu zaizkielako». «Funtsezko sektorea da, interes orokorrekoa, eta horri eusteko premiazko laguntzak behar dira».
2022-3-25
https://www.berria.eus/albisteak/211305/jesus-alonso-cristobal-izanen-da-berriz-espainiako-auzitegi-nazionaleko-fiskalburua.htm
Politika
Jesus Alonso Cristobal izanen da berriz Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalburua
Fiskaltzak garrantzi berezia du euskal presoen baimen eta hirugarren graduetan, horiei helegiteak jartzen ari baitzaie azken hilabeteotan. Ikusteko dago lehen zigor salako fiskal nor izendatuko duten.
Jesus Alonso Cristobal izanen da berriz Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalburua. Fiskaltzak garrantzi berezia du euskal presoen baimen eta hirugarren graduetan, horiei helegiteak jartzen ari baitzaie azken hilabeteotan. Ikusteko dago lehen zigor salako fiskal nor izendatuko duten.
Ez da aldaketarik izanen Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzan. Atzo iluntzean Dolores Delgado Espainiako Estatuko fiskal nagusiak erabaki zuen berriro ere Jesus Alonso Cristobal izanen dela euskal presoei buruz ebazten duen auzitegi horretako fiskalburua. Bertze bortz urterakoa da izendapena, eta euskal presoentzat ez da itxaropentsua, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltza ari baitzaie presoek eskuratutako baimen eta hirugarren graduei etengabe helegiteak jartzen. Helegite horiei erantzunez botatzen dituzte epaileek gibelera euskal presoen zenbait baimen eta hirugarren gradu. Nolanahi ere, oraindik erabakitzeko dago nor izanen den auzitegi horretako lehen zigor salako fiskala, eta hori da zuzenean euskal presoei buruzko erabakiei helegiteak jartzen dizkiena. Euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduak behin baino gehiagotan salatu izan du Espainiako Auzitegi Nazionalaren jarrera, euskal presoentzat etxerako bidean «oztopoa» dela ohartarazita.
2022-3-26
https://www.berria.eus/albisteak/211306/tplf-prest-agertu-da-etiopiako-gobernuak-proposaturiko-su-etena-errespetatzeko.htm
Mundua
TPLF prest agertu da Etiopiako Gobernuak proposaturiko su etena errespetatzeko
Tigrayko alderdi miliziak esan du «borrokak etengo» dituela laguntza humanitarioa ahalbidetzeko, betiere Addis Abebak «beharrezko» hornidurak helarazten baditu. NBEren arabera, eskualde horretako 2,4 milioi herritar «erabateko janari falta» ari dira sufritzen.
TPLF prest agertu da Etiopiako Gobernuak proposaturiko su etena errespetatzeko. Tigrayko alderdi miliziak esan du «borrokak etengo» dituela laguntza humanitarioa ahalbidetzeko, betiere Addis Abebak «beharrezko» hornidurak helarazten baditu. NBEren arabera, eskualde horretako 2,4 milioi herritar «erabateko janari falta» ari dira sufritzen.
Iragan urteko saiakeren ostean, Etiopiako Gobernua eta TPLF Tigray Askatzeko Herri Frontea berriz saiatuko dira su eten iraunkor eta baliagarri bat ezartzen. Joan den ekainean gertatu bezala, aste honetan ere Addis Abebak iragarri du alde bakarreko menia bat, baina oraingoan badirudi TPLF hori errespetatzeko prest dagoela, duela bederatzi hilabete gertatu ez bezala. Hori bai, Tigrayko alderdi miliziak baldintza bat jarri du: «beharrezko» laguntza humanitarioa helaraz dadila eskualde horretara. Etiopiako Gobernuak herenegun jakinarazi zuen «su eten humanitario mugagabe bat» deklaratu duela 2020ko azaroan abiatu zen gerrarako, «premiazko laguntza humanitarioaren fluxu askea bermatze» aldera. Addis Abebak meniarekin bat egiteko eskatu zion TPLFri, eta, printzipioz, Tigrayko alderdi miliziak ez luke horretarako zailtasunik izango. Gatazka hasi zenetik, NBE Nazio Batuen Erakundeak eta gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute «oso zaila» dela laguntza Tigrayra eramatea, ia bide guztiak itxita daudelako eta komunikatzeko moduak behin eta berriz eten dituztelako. Egoeraren erakusle da OME Osasunaren Mundu Erakundeak iragan otsailean jaso zuela laguntza bidaltzeko baimena, iazko uztailetik lehen aldiz. Egun, modu bakarra dago eremu horretan lehorrez sartzeko, mugakide duen Afar eskualdetik, baina hori egitea nabarmen zaildu da asteotan, borrokak ugaritu egin baitira. «Tigrayko Gobernuak konpromisoa hartzen du borrokak berehala eteteko, arrazoizko epe batean egungo egoerak eskatzen duen laguntza humanitarioa jasotzeko inguruabarrak sortzen badira», adierazi du TPLFk atzoko ordu txikietan bidalitako komunikatuan. Hala, alderdi miliziak bere «esku dagoen guztia» egingo du su etena «arrakastatsua» izateko: «Dei egiten diegu Etiopiako agintariei promesa hutsez harago joateko eta neurri zehatzak hartzeko Tigrayra mugarik gabeko laguntza iritsi dadin». Ikusi gehiago: Abiyren apustua Egoera humanitarioa ikusirik, nazioarteko erakundeak eta herrialdeak hilabete luzez aritu dira gerrako aldeak konbentzitu nahian menia bat ezartzeko. Horietako bat izan da AB Afrikako Batasuna, zeinak «pozez» hartu duen Etiopiako Gobernuaren erabakia eta TPLFren konpromisoa. «ABko Batzordearen presidente Moussa Faki Mahamatek ongietorria ematen dio su eten humanitario mugagabearen deklarazioari. [...] Tigrayko eskualdeko pertsonentzako laguntza humanitarioaren hornidura azkartzeko ahalegin bat da», esan du erakundeak, ohar baten bidez. Europako Batasunak ere begi onez ikusi ditu egunotan emandako aurrerapausoak, baita AEB Ameriketako Estatu Batuek ere; hango Estatu idazkari Antony Blinkenen arabera, bi aldeek iragarpen horiek oinarri hartuta «egin behar dute aurrera su eten jasangarri eta negoziatu bat» ezartzeko. AEBak menia bat adosteko lanetan aritu dira, eta Etiopiako Gobernuaren haserrea ere eragin zuten, merkataritzarako zituzten pribilegioak bertan behera utzi zizkiotenean; hori bai, Washingtonek ez zuen zigor ekonomikorik agindu, eta badirudi oraingoz ez duela horretarako asmorik. Botere borrokaren ondorio 2020ko azaro hasieran, Etiopiako armadak operazio militar bat hasi zuen TPLFren kontra. Abiy Ahmed herrialdeko lehen ministroak salatu zuen eskualde horretan egiten ari ziren ekintza «oldarkor eta ilegalek arriskuan» jartzen zituztela konstituzioa eta ordena konstituzionala, baita Etiopiaren subiranotasuna mehatxatzen ere; horren harira ezarri zuten larrialdia, eta operazioa abiatu. Parlamentuak Tigrayko Gobernua desegiteko erabakia ere hartu zuen, eta hango legealdia «legez kanpokotzat» jo; horren ordez, behin-behineko agintari talde bat jarri zuen boterean. Talde etniko nagusiak tentsio handiko botere lehian bizi dira Etiopian. 1991tik TPLF gobernu federalean egon zen, harik eta 2018an EPRDDF Etiopiako Herriaren Fronte Iraultzaile Demokratikoa koalizio gobernuak agintari berria izendatu zuen arte: Abiy. Izan ere, lehen ministroak Oparotasunaren Alderdia sortu zuen, eta EPRDDF frontea amaitutzat jo. Koalizioa osatzen zuten alderdi etniko guztiak batu ziren erakunde berri horretara, TPLF izan ezik. Haustura horretaz geroztik, Tigrayren eta gobernu federalaren arteko tentsioa nabarmena izan da, eta iragan azaroan oposizioko bederatzi alderdik Abiyren kontrako aliantza politiko bat osatzeak are gehiago zaildu du egoera. Horrekin batera, gerrak herritar askoren egunerokoa zaildu du, eta zenbait krisi eragin. NBEren arabera, Tigrayko 5,2 milioi herritarrek laguntza humanitarioa behar dute, eta horietako 2,4 milioi «erabateko janari falta» ari dira sufritzen —eskualdean sei milioi lagun inguru bizi dira—. Mugakide dituen Afar eta Amharako egoera kontuan harturik, bederatzi milioi herritarrek baino gehiagok behar dute laguntza humanitarioa.
2022-3-25
https://www.berria.eus/albisteak/211307/bildarratzek-2023rako-prestatu-nahi-du-segregazioaren-aurkako-planaren-oinarria.htm
Gizartea
Bildarratzek 2023rako prestatu nahi du segregazioaren aurkako planaren oinarria
Hezkuntza «herri akordio handi bat» izan behar dela azaldu du sailburuak, eta gehitu horretarako «lehen pausoa» dela aurreko asteko ituna.
Bildarratzek 2023rako prestatu nahi du segregazioaren aurkako planaren oinarria. Hezkuntza «herri akordio handi bat» izan behar dela azaldu du sailburuak, eta gehitu horretarako «lehen pausoa» dela aurreko asteko ituna.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek jakinarazi du segregazioari aurre egiteko plan bat prestatuko duela erakundeak. Alderdiekin, hezkuntza komunitatearekin eta arloko gainerako erakundeekin hitz egiteko asmoa adierazi du sailburuak, datorren urterako planaren oinarriak zehaztuko dituen itun bat adosteko asmoz. «Hezkuntza herri akordio handi bat bilakatu behar da», azaldu du, aurreko asteko itunari erreferentzia eginez. Segregazioa amaitzeko eta «kohesio soziala» bermatzeko, Bildarratzek beharrezkotzat jo du zentro guztiek, publiko zein pribatu, «ahulguneei» erantzuteko bide bera izatea, «izan hezkuntza behar bereziengatik, edo segregazio ekonomiko edo linguistikoagatik». Radio Euskadi irrati katean egindako elkarrizketan, sailburuaren esan du «lan etengabe bat» eskatzen duela gaiak eta, ikastetxeekin batera, «arlo instituzional guztiek» esku hartu behar dutela. EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk aurreko astean itxitako akordioan tratatutako gai nagusietako bat da segregazioa, eta itun hura ere hizpide izan du Bildarratzek. Sailburuaren esanetan, hezkuntza sistemak «lasaitasuna» eta «elkarrizketa» behar ditu, eta ituna jarraitu beharreko bidearen «eredu» da; Hezkuntza Lege berrirako «lehen pauso bat». Hala, alderdien «eskuzabaltasuna» eskertu du, eta Eusko Legebiltzarrak Hezkuntza Sailari bidaliko dion testuarekin lan egiteko prest agertu da: «Lan egingo dugu hezkuntza komunitateko kide guztiekin, maila handiko eta kalitatezko etorkizuneko sistema bat lortzeko». Bildarratz, Estoniatik igaro eta gero, Finlandian da egunotan, hango hezkuntza sistema ezagutzen. Azaldu du herrialde hartako hezkuntza erreferente bat dela Europan, eta hango ikastetxeek langileak kontratatzeko duten «autonomia handia» eta irakasleen formakuntza nabarmendu ditu.
2022-3-25
https://www.berria.eus/albisteak/211308/ukrainako-gerra-eta-babes-eskubidea-donostiako-giza-eskubideen-zinemaldian.htm
Kultura
Ukrainako gerra eta babes eskubidea Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian
Kaouther Ben Hania zinemagile tunisiarraren The Man Who Sold His Skin filmak abiatuko du jaialdia, apirilaren 1ean. Mendebaldeko Saharako Abidin Kaid Saleh zinema eskolari emango diote sari berezia.
Ukrainako gerra eta babes eskubidea Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. Kaouther Ben Hania zinemagile tunisiarraren The Man Who Sold His Skin filmak abiatuko du jaialdia, apirilaren 1ean. Mendebaldeko Saharako Abidin Kaid Saleh zinema eskolari emango diote sari berezia.
Donostiako Giza Eskubideen XIX. Zinemaldiak oreka bilatu nahi du, Josemi Beltran jaialdiaren zuzendariaren hitzetan: gaurkotasunak argiztatutako urraketen eta foku horrek berak itzalpean utzitakoen arteko oreka; gertuko eta urruneko istorioen artekoa; zinemazaleak erakarriko dituzten kontakizunen eta gaietan interesa dutenen arreta piztuko duten lanen artekoa. Tentsio horretan prestatu dute hemezortzi film luzeko Sail Ofiziala, fikzioaren eta dokumentalaren arteko parekotasuna ere aintzat hartuta. Apirilaren 1etik 8ra egingo dute zinemaldia, eta 24 herrialdetako 40 film pantailaratuko dituzte denera, gehienak Viktoria Eugenia antzokian. Sail Ofizialean hautatutako filmek askotariko gaiak lantzen dituzte. Errefuxiatuei buruzko The Man Who Sold His Skin lanarekin (Kaouther Ben Hania) abiatuko da programazioa, eta Euskal Herrian ekoitzitako bi film emango dituzte: Matxitxako. Apuntes sobre la marina de guerra auxiliar de Euzkadi (Jesus Lacorte) eta mugen inguruko Norte salvaje (Paula Iglesias, Marta Gomez, Ana Serna). Zinemagile entzutetsu batzuen lanak izango dira jaialdian: Andrea Arnolden Cow, bioetikaren eta animalien eskubideen gainekoa, eta Robert Guediguianen Mali Twist, Maliren eta Frantziaren arteko harremanak aztertzen dituena; azken hori, lehiaketatik kanpo. Emanaldi batzuk baliatuko dituzte filmek aurkezten dituzten gaiei buruzko solasaldiak egiteko. Kontrol kazetaritzaz ariko dira Behind the Headlines lanarekin (Daniel Andreas Sager); Afganistani buruz The Breadwinner animaziozko filmetik abiatuta (Nora Twomey); gentrifikazioaz Les insulaires ikusi eta gero (Maxime Faure, Adam W. Pugliese); erbesteaz Matrioskas. Las niñas de la guerra-rekin (Helena Bengoetxea); eta Ukrainaren eta Errusiaren arteko gatazkaren sustraiez hitz egingo dute Trenches-en bidez (Loup Bureau). Bestalde, emakumeen borrokak kontatuko dituzte lan batzuek. Afrikako emaginei buruzkoa da Among Us Women (Sarah Noa Bozenhardt); zaintzaileen egoera aztertu du Debout les femmes!-ek (Gilles Perret, François Ruffin); eta abortuari buruzko bi film emango dituzte: Lingu, les liens sacrés (Mahamat-Saleh Haroun) eta Nuestra libertad (Celina Escher). Gainontzean, kulturartekotasunari, kultura aniztasunari eta asimilazioari buruzko gogoeta sustatuko du Ali & Ava filmak (Clio Barnard), eta Marokoko gazteen rap protesta erakutsiko du Casablanca Beats-ek (Nabil Ayouch). Film laburren sailean, hamabi lan ariko dira lehian; tartean, Maider Olegaren Kinka, konfinamendu garaian girotua, emakume adindu baten eta bere zaintzaile migratzailearen arteko istorioa kontatzen duena. Laburren emanaldi berezi bat antolatu dute Donostiako espetxean. Tabakaleran bi film pantailaratuko dituzte: Arantza Santestebanen 918 gau eta Sergei Loznitsaren Babi Yar. Context. Santestebanen lanak ikusleen saria eta epaimahaiaren aipamen berezia irabazi berri ditu Iruñeko Ikuspuntu jaialdian. Kresala zineklubak Jonas Poher Rasmussen Flugt animaziozko lana emango du zinemaldiaren egitarauaren barruan; errefuxiatu baten bizipenak animazioaren bidez kontatzen ditu. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak urtero eskaintzen die lekua Mendebaldeko Saharari buruzko lanei, eta FiSahara elkartea jaialdiaren laguntzaileetako bat da —Zehar, Unicef, Gehitu, Amnesty International, UNHCR eta SOS Arrazakeriarekin batera, besteak beste—. Aurten, gainera, Mendebaldeko Saharako Abidin Kaid Saleh zinema eskolari emango diote zinemaldiko saria. Eskola hori Bojador kanpamentuan sortu zuten orain dela hamar urte, eta inguruko gazteek beren istorioak kontatu dituzte zinemaren bidez, han egindako lanari esker. Han sortutako hiru film pantailaratuko dituzte jaialdian. Sei erakusketa Filmen emanaldiez gain, sei erakusketa antolatu dituzte Donostian: Hector Mediavillaren Afrotopia Aiete kultur etxean; Gervasio Sanchezen Emakumeen aurkako indarkeria nazioarteko gatazketan Okendo kultur etxean eta Bizitza San Telmo museoan; Artea eta giza eskubideak Viktoria Eugenian; Marc Espinen Adineko emakume helduen erretratua El Salvadorren Kutxa Kultur Plazan; eta Gala Rocabert Navarro eta Anna-Lina Mattarren Diarios de guerra y paz en Colombia Fnacen.
2022-3-25
https://www.berria.eus/albisteak/211309/ahal-dugu-k-harrera-plan-integral-bat-eskatu-dio-eusko-jaurlaritzari.htm
Gizartea
Ahal Dugu-k harrera plan integral bat eskatu dio Eusko Jaurlaritzari
Alderdiaren aburuz, orain arte hartutako neurriak ez dira nahikoa, eta exijitu du errefuxiatuentzako gizarte laguntzak sustatzeko.
Ahal Dugu-k harrera plan integral bat eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Alderdiaren aburuz, orain arte hartutako neurriak ez dira nahikoa, eta exijitu du errefuxiatuentzako gizarte laguntzak sustatzeko.
Ukrainatik iristen ari diren errefuxiatuek «bizitza duina izan dezaten ahalbidetzeko» eskatu dio Ahal Dugu-k Eusko Jaurlaritzari. Horretarako, «krisi humanitarioen harrera integralerako eta iraunkorrerako plan bat» garatzeko exijitu dio Iñigo Urkullu lehendakariari, eta, oro har, migrazio politika bat zehazteko. Ahal Dugu-k ontzat jo ditu Jaurlaritzak gobernuz kanpoko erakundeekin batera ukrainarrei harrera egiteko martxan jarri duen kontingentzia plana: besteak beste, berehalako harrerara bideratutako zentro bat ireki dute Irunen, eta handik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beste zentro batzuetara bideratzeko protokoloak ezarri. Halere, kritikatu du planak ez duela jasotzen errefuxiatuak udal erroldan sartzeko laguntzarik eta haiei nazioarteko babesa aitortzeko eskaerak egiteko modurik, ezta harrera lanetan jarduten duten gizarte erakundeentzako diru laguntzarik ere. Alderdiaren arabera, gainera, beste gobernuak urrats bat egin behar du, eta errefuxiatuen integrazioa eta haientzako gizarte laguntzen afera «premiaz» tratatzeko eskatu dio: «Gobernuak ezin ditu alde batera utzi harreraren arloan dituen eskumenak». Izan ere, gogoratu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dela berria errefuxiatuei eta igaroan doazen migratzaileei harrera egiteko plan baten beharra. Kontrara, Ahal Dugu-k salatu du «errefuxiatuen eta migratzaileen etorrerak gora egin arren» Jaurlaritzak ez duela inolako neurririk hartu haiei gizarte laguntzak bideratzeko; besteak beste, gaitzetsi dio ez dituela malgutu diru sarrerak bermatzeko errenta jaso ahal izateko baldintzak. Bruselaren interes politikoak Jaurlaritzaren jarrera soilik ez, Europako Batasunarena ere salatu du Ahal Dugu-k. Zehazki, Bruselari egotzi dio asilo eskubidea «modu maltzurrean» erabili izana, errefuxiatuen arteko bereizketak eginda: «Ukrainako gerrak erakutsi du inolako arazorik gabe posible dela errefuxiatuak hartzea, baita gizarteratzeko eta integratzeko mekanismoak bizkortzea ere». Hala, alderdiak kritikatu du «interes politikoek» beste zenbaitetan behar bezala ekitea galarazi dutela. «Orain aukera politiko baten aurrean gaude, Europar Batasunak drama humanitario guztiei irmo erantzun diezaien, pertsona horiek nondik datozen kontuan hartu gabe», azaldu du alderdiak, iritzita Ukrainako aferak eredu izan behar duela gainerako gatazketatik ihesi iristen direnekin jokatzeko.