date stringdate 2012-09-20 00:00:00 2023-12-01 00:00:00 | url stringlengths 47 182 | category stringclasses 10
values | title stringlengths 3 140 | subtitle stringlengths 0 1.17k | summary stringlengths 5 1.18k | text stringlengths 2 35.8k |
|---|---|---|---|---|---|---|
2022-4-25 | https://www.berria.eus/albisteak/212537/ekonomia-eta-enplegua-sendo-hazi-dira-urte-hasieran-ere.htm | Ekonomia | Ekonomia eta enplegua sendo hazi dira urte hasieran ere | Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina %1 handitu da 2022ko lehen hiruhilekoan, Eustaten arabera. | Ekonomia eta enplegua sendo hazi dira urte hasieran ere. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina %1 handitu da 2022ko lehen hiruhilekoan, Eustaten arabera. | Ukrainako gerrak ez du, oraingoz bederen, ekonomiaren hazkundea eten. Eustatek aurreratutako lehen estimazioaren arabera, 2022. urteko lehen hiruhilekoan %1 hazi da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina, aurreko hiruhilekoarekin alderatuz gero. Motelaldi txiki bat da aurreko hiruhilekoko hazkundearekin konparatuta —%1,2 hazi zen 2021eko hirugarrenetik laugarrenera—, baina erakusten du ekonomia COVID-19aren krisitik irteten ari dela oraindik ere.
Pandemiaren eragina atzean geratzen ari dela are gehiago erakusten du urte arteko tasak: %5,2ra iritsi da. Koska bat bizkortu da 2021eko azken hiruhilekoko urte arteko tasatik —%4,5—, 2021eko lehen hiruhilekoan asko motelduko zelako hazkundea, koronabirusaren bigarren eta hirugarren olatuen ondorioz.
Urteak aurrera egin ahala hazkundea pixka bat moteltzea espero du Eusko Jaurlaritzak, litekeena baita Errusiak Ukraina inbaditu izanak egungo ekonomiaren arazo handi batzuk areagotzea, hala nola inflazio handia, erregai garestiak eta hornikuntza katea. Horren ondorioz, duela hilabete Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak bi puntutik gora murriztu zuen aurtengorako hazkunde iragarpena: %6,7tik %4,5era txikitu du. Ondorioz, hiru lurraldeetako barne produktu gordina pandemiaren aurreko mailara itzuliko da, baina ez du gaindituko uste bezainbeste. 2023rako ere suspertze handia iragarri du, %4,1ekoa.
Enplegua ere, gora
Hazkunde ekonomikoaren eskutik berreskuratzen ari dira pandemian galdutako lanpostuak ere. Enplegua, dedikazio osoko baliokidetzako lanpostuetan neurtua, %0,9 gehitu da aurreko hiruhilekoaren aldean. Urte arteko tasan, berriz, %5ekoa izan da.
Datu horiek bat datoz Eustatek berak joan den astean zabaldutako lan merkatuari buruzko inkestarekin ere. Haren arabera, urteko lehen hiru hilabeteetan 8.300 okupatu (langile) gehiago daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta langabezia tasa %9,1era jaitsi da.
Datorren ekainaren 3an zabalduko ditu Eustatek gaur emandako datuak. Orduan emango ditu sektorekako datuak ere, baina estatistika erakundeak aurreratu du industriak izan duela haien artean portaerarik onena. |
2022-4-25 | https://www.berria.eus/albisteak/212538/informazio-ekonomikoari-buruzko-egunkari-digital-bat-sortu-dute.htm | Bizigiro | Informazio ekonomikoari buruzko egunkari digital bat sortu dute | Niko Cuenca da 'Enpresabidea.eus' hedabide digital berriko zuzendaria. Pilar Kaltzada kazetaria da bultzatzaileetako bat. | Informazio ekonomikoari buruzko egunkari digital bat sortu dute. Niko Cuenca da 'Enpresabidea.eus' hedabide digital berriko zuzendaria. Pilar Kaltzada kazetaria da bultzatzaileetako bat. | «Euskal egunkari digital berri bat, bertako informazio ekonomiko eta enpresarialean espezializatua, euskaraz egina eta lurraldean errotua». Modu horretan aurkeztu du bere burua Enpresabidea euskarazko komunikabide berriak. Enpresabidea.eus ataria martxan da, eta atal hauek ditu: ekonomia, finantzak, enpresak, berrikuntza, ekinez, lurraldeak, jasangarritasuna, energia, lan eta bizi, eta iritzia.
Halaber, hedabidearen sustatzailek iragarri dute «kontrastatutako ahotsa» izan nahi dutela, «zehaztasunez lan egiten duena eta kalitatezko eduki propioak landuko dituena». Euskara hutsean da hedabide digitala. «Euskararen normalizaziorako pizgarria izatea du helburu hedabideak lan eta enpresa inguruetan». Hedabide berriaren sustatzaileen artean Pilar Kaltzada dago, eta Etxeko legea artikulua idatzi du bertan. «Etxera ekarri nahi dugu ekonomia eta enpresari buruzko informazioa. Enpresabidea etxeko giroan kokatu da, eta hantxe kokatu nahi du irakurlea. Etxea, kasu honetan, euskararen lurraldea da». Hedabide berriko zuzendaria, berriz, Niko Cuenca da. Ekonomialaria da Cuenca, Euskadi Irratiko kolaboratzailea. Beste hedabide batzuetan ere aritua da. |
2022-4-25 | https://www.berria.eus/albisteak/212539/hamar-kartel-iruneko-bestak-iragartzeko-lehian.htm | Bizigiro | Hamar kartel Iruñeko bestak iragartzeko lehian | Maiatzaren 4ra bitarte sanferminetako kartela aukeratzeko parada dute iruindarrek. Bestaren itzulerari erreferentzia egiten diote hautagaietako askok. | Hamar kartel Iruñeko bestak iragartzeko lehian. Maiatzaren 4ra bitarte sanferminetako kartela aukeratzeko parada dute iruindarrek. Bestaren itzulerari erreferentzia egiten diote hautagaietako askok. | Besta bueltan da. Hori da aurtengo sanferminak iragartzeko aukera duten hamar karteletan irudikatzen dena, nagusiki. Pandemiarengatik bi urtez bertan behera gelditu den kartel lehiaketa abian da: gaur aurkeztu dituzte hamar afixa finalistak Iruñeko Kondestablearen jauregian. Botoa emateko aukera dute iruindarrek maiatzaren 4ra bitarte, eta hiru bide daude horretarako: pamplona.es webgunean sartuta, Civivox zentroetan botoa emanda edo 010 zenbakira deituta.
Itzulera zenbait modutan irudikatu dute finalistek: batzuek jende bilkurak agertuz, beste batzuek parentesiaren edo kartzelako egunak kontatzen dituzten marren bidez. Javier Manzanos epaimahaiko kideak azaldu duenez, parte hartu duten kartelen kalitatea «oso handia» izan da. «Lengoaia eta proposamen askotarikoak bilatu ditugu. Batzuk kontzeptualagoak dira, beste batzuk abstraktuagoak, eta beste batzuk grafikoagoak edo figuratiboagoak. Jendeak non aukeratu izan dezan nahi dugu, betiere, kalitatea oinarri hartuta».
Lehiakide gehiago
Parte hartzea nabarmen handitu da aurten: 601 lagun aurkeztu dira lehiaketara. Maria Garcia-Barberena Kultura zinegotziak onartu du azken urteetan parte hartzea «poliki-poliki» jaisten ari zela, eta poztu da igoerarekin. 2019an, esaterako, 245 lagunek aurkeztu zituzten beren proposamenak. Lehiakide gehienak nafarrak dira: 380. Haietatik 188 iruindarrak dira.
Hautagai kopurua ere handiagoa da aurten; normalki zortzi afixa izaten ziren aukeratzeko, eta aurten hamarren artean erabakiko dute iruindarrek. «Aukera zabaldu nahi genuen», azaldu du Garcia-Barberenak. Irabazleak 6.000 euro jasoko ditu; 2019an, 3.600 euroko saria zen.
Epaimahaia honako hauek osatu dute: Jorge Urdanoz Iruñeko Kultura eta Berdintasun zuzendaria; Sergio Puertollano komunikazioan aditua; Javier Perez Zabalza Nafarroako Komikiaren Azokako zuzendarietako bat eta ilustrazioan aditua; Concha Pasamar artista eta ilustratzailea; Kontxesi Vicente Iruñeko Arte Eskolako arte grafikoetako irakaslea eta artista; Leticia Sagredo diseinu grafikoko irakaslea eta ilustratzailea; eta Javier Manzanos Iruñeko Arte Plastikoetako teknikaria. |
2022-4-25 | https://www.berria.eus/albisteak/212540/ertzaintzak-alconza-enpresako-grebalarien-aurka-egin-du.htm | Ekonomia | Ertzaintzak Alconza enpresako grebalarien aurka egin du | LABek esan duenez, hainbat langile zauritu dituzte poliziek, eta anbulantzia batean artatu behar izan dituzte. Greba mugagabean daude, zuzendaritzak langileen %40 kaleratu nahi dituelako. | Ertzaintzak Alconza enpresako grebalarien aurka egin du. LABek esan duenez, hainbat langile zauritu dituzte poliziek, eta anbulantzia batean artatu behar izan dituzte. Greba mugagabean daude, zuzendaritzak langileen %40 kaleratu nahi dituelako. | Alconza Irizar Groupeko langileek greba mugagabea hasi zuten otsailean, eta gaur 57 egun bete dituzte protestan. Ertzaintzak enpresaren atarian zeuden grebalarien aurka egin du gaur goizean.
Enpresak lan erregulazioa egin nahi du, eta Berangoko (Bizkaia) plantako 98 langileetatik 38 kalera bota nahi ditu, hau da, %40 inguru.
Langileek lantegiaren atarian jarrita zeukaten pankarta kendu du Ertzaintzak, eta bultzaka eta borra kolpez egin du grebalarien aurka.
LAB sindikatuaren ordezkari batek esan duenez, ertzainek hainbat pertsona zauritu dituzte, eta anbulantzia batean artatu behar izan dituzte.
Grebalariek herritarrei dei egin diete bihar protestarekin bat egiteko, 07:00etan lantegian bertan.
Azken asteotan 25 langile kaleratu ditu enpresak. Horiek berriz hartzeko eskatzen ari dira grebalariak. Enpresa geldituta egon da, baina gaur Norgestion enpresak berriz zabaltzea erabaki du, grebarekin bat egin ez duten langileak erabilita.
Salaketa
Grebara deitu zuenean, langile batzordeak azaldu zuen Irizarrek Alconza erosi zuenean 250 langileko enpresa bat zela, «merkatuan erreferente eta errentagarritasun handikoa», eta jabe berrien «kudeaketa txarrak» eraman zuela enpresa egoera larrira. «Ordutik ez da inongo inbertsiorik egin Berangoko lantokian. Langileon lan baldintzen prekarizaziorantz zuzendutako politikak izan dira Irizarren eskutik etorri diren plan industrial bakarrak».
Berangoko enpresak itsas industriarako motorrak egiten ditu. 1961. urtean sortu zuten, eta 2013an Irizar talde kooperatiboak erosi zuen.
Batez ere, gas eta petrolio plataformak hornitzen dituzten itsasontzientzat egin izan dute lan. Baina alor hori krisian dago, inbertsioak asko jaitsi dituztelako. Enpresako zuzendaritzak adierazi duenez, azken sei urteetan 29 milioi euro galdu ditu.
2014an 27 milioi euroko fakturazioa izan zuen. Handik urte batera asko jaitsi zen, eta iaz zortzi milioi eurokoa izan zuen. «Erosi zuenetik ez du lanik ekarri, eta proposamen bakarra baldintzak prekarizatzea izan da», langile batzordeak salatu zuenez.
Enpresan egon dira lan gatazkak lehen ere. 2019an, bost eguneko greba egin zuten lan hitzarmena hobetzeko. Orduan 181 langile ziren plantan. 2020an era lanuzteak egin zituzten, enpresak soldata %15 murriztea eskaini zielako. |
2022-4-25 | https://www.berria.eus/albisteak/212541/bolanosek-iragarritako-neurriek-ez-dituzte-asebete-zelatatuak.htm | Politika | Bolañosek iragarritako neurriek ez dituzte asebete zelatatuak | Espainiako Gobernuak esan du ikerketa bat irekiko duela; EH Bilduk, berriz, «ondorio azkarrak» eskatu ditu. | Bolañosek iragarritako neurriek ez dituzte asebete zelatatuak. Espainiako Gobernuak esan du ikerketa bat irekiko duela; EH Bilduk, berriz, «ondorio azkarrak» eskatu ditu. | Ordezkari independentisten aurkako espioitza aferak sortu duen haserrea baretu nahian, Espainiako Presidentetza ministro Felix Bolañosek bilera bat egin zuen atzo Kataluniako Generalitateko kontseilari Laura Vilagrarekin, eta, bileraren ostean, zenbait neurri iragarri zituen gertatutakoa argitzeko. Baina ez du ematen horrek zelatatuen haserrea apaldu duenik: Generalitateak adierazi du iragarritako neurriak ez dituela askitzat jotzen, eta EH Bilduk «ondorio azkar eta eraginkorrak» eskatu ditu.
Zehazki, lau neurri iragarri ditu Bolañosek: barne ikerketa bat abiaraztea CNI Espainiako zerbitzu sekretuetan, Espainiako Kongresuan Sekretuen Batzordea eratzea, Espainiako arartekoari bidea erraztea berak ere gertatutakoa iker dezan, eta ikerketarako beharrezkoak diren dokumentuak desklasifikatzea.
EH Bilduko diputatu Jon Iñarrituk, Herri Irratiari emandako elkarrizketa batean, esan du neurri horiekin «geroko» uzten dela auzia, «etorkizunean egin daitezkeen balizko batzorde eta ikerketen pentzudan». EH Bilduk, berriz, «ondorio azkar eta eraginkorrak» eskatu ditu.
Argitaratutako informazioen arabera, Iñarritu bera izan da zelatatuetako bat. Esan duenez, «haserre» paratu zen jakin zuenean bere telefonoa kontrolatuta zegoela, «are gehiago kontuan hartuta horren atzean estatu bat egon daitekeela». Haren ustez, hau da Espainian espioitzarekin lotuta azken hamarkadetan egon den eskandalurik handiena, eta erantsi du PSOE oraindik ez dela horretaz jabetu: «Egoera oso larria da, eta PSOEk beharrezkoak diren erabakiak hartu behar ditu. Egoera honen arduradunak atoan kargugabetu behar dituzte, gertatutakoa azkar argitu geroko batzordetara bideratu beharrean, eta neurriak hartu beharko lituzkete, tresna hauek aurkari politikoen kontra erabil ez daitezen».
Iñarrituren ustez, entzuketak epaile baten baimenarekin egin izan balira horrek ez lioke gertatutakoari garrantzirik kenduko: «Alderdi politikoak, abokatuak, pertsona forudunak eta beste zelatatu dituzte, eta hain espioitza masiboa izanda, aitzakia horrek ez luke balioko. Kasu horretan, arreta baimena eman duen epailearengan jarri beharko litzateke».
Estebanek, zalantzarik ez
Beste elkarrizketa batean, EAJren diputatu Aitor Estebanek esan du ez duela inolako zalantzarik espioitza kasuen inguruan, eta berak ere susmoa duela inoiz zelatatua izan ote den: «Nire elkarrizketetako batzuk gero zenbait hedabidetan agertzen ziren oso egoera berezietan, adibidez, Rajoyren kontrako zentsura mozioaren garaian. Ziur nago oso abagune berezietan norbaitek erabaki duela jendea zelatatzea».
Estebani «sinesgaitza» begitantzen zaio entzuketak epaile baten baimenaz egin izana: «Auzitegi Goreneko epaile batek eman beharko zukeen baimena, baina entzuketak indibidualizatuak izan behar dira, eta gehienez hiru hilabetez egitekoak. Zail egiten zait pentsatzea entzuketak baimen horrekin egin direla».
Diputatu jeltzalearen aburuz, «onartezina» da espioitza hori, eta «gizarte osoak» kezkaturik egon beharko luke aferaren aurrean. |
2022-4-25 | https://www.berria.eus/albisteak/212542/osakidetza-zigortu-dute-2021eko-udan-osasun-zentroak-ixteagatik.htm | Gizartea | Osakidetza zigortu dute, 2021eko udan osasun zentroak ixteagatik | Langileen «negoziazio kolektiborako oinarrizko eskubidea urratzeagatik» kondenatu dute, eta SATSEk Osakidetzako Zuzendaritzaren «jarrera demokratikorik eza» salatu du. | Osakidetza zigortu dute, 2021eko udan osasun zentroak ixteagatik. Langileen «negoziazio kolektiborako oinarrizko eskubidea urratzeagatik» kondenatu dute, eta SATSEk Osakidetzako Zuzendaritzaren «jarrera demokratikorik eza» salatu du. | SATSE sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez, Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Osakidetza kondenatu du 2021eko udan osasun zentroak ixteagatik, eta, horrekin, langileen «negoziazio kolektiborako oinarrizko eskubidea urratzeagatik». Izan ere, adierazi du sindikatuekin ez zela aldez aurretik negoziatu, ezta langileen ordezkariei erabakia jakinarazi ere.
Sindikatuak nabarmendu duenez, dagoeneko hiru epaik zigortu dute Osakidetza, langileen negoziazio kolektiborako oinarrizko eskubidea urratzeagatik, eta horrek «agerian» uzten du Osakidetzako Zuzendaritzaren «jarrera demokratikorik eza». SATSEren arabera, pandemiaren lehen olatuan ere urratu zen «negoziazio kolektiborako oinarrizko eskubidea», eta, orduan, Osakidetzari eskatu zioten «eskubideak urratzeari uzteko» eta sindikatuekin negoziatzeari «berriro» ekiteko.
2021eko azaroan ere kondenatu zuten Osakidetza, Mahai Sektorialean Erizaintzako Sindikatuarekin enpleguaren egonkortasunaren arloan lortutako akordioak «ez errespetatzeagatik», eta erakundea zigortu zuten adostutakoa betetzera, hau da, «egiturazko plantilla lanpostu finko berriekin handitzera». Horrela, Osakidetzak erizaintzako langileei ordaintzeko irizpideak ezartzeko «negoziazio aldi bat» ireki beharko du. |
2022-4-25 | https://www.berria.eus/albisteak/212543/gaurtik-ez-da-nahitaezkoa-maskara-erabiltzea-hego-euskal-herriko-ikastetxeetan.htm | Gizartea | Gaurtik ez da nahitaezkoa maskara erabiltzea Hego Euskal Herriko ikastetxeetan | Eusko Jaurlaritzako protokoloak beste aldaketa bat ere badakar: burbuila taldeak errespetatu beharrik ez da egongo. | Gaurtik ez da nahitaezkoa maskara erabiltzea Hego Euskal Herriko ikastetxeetan. Eusko Jaurlaritzako protokoloak beste aldaketa bat ere badakar: burbuila taldeak errespetatu beharrik ez da egongo. | Aste Santuko oporretatik itzulita, bada nobedaderik Hego Euskal Herriko ikastetxeetan: maskara kentzeko aukera daukate ikasleek eta irakasleek. Izan ere, Espainiako Gobernuaren legedira egokituz, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak COVID-19ari aurre egiteko ikastetxeetan dituzten protokoloak aldatu dituzte, eta ia bi ikasturteren ostean, elkarren aurpegia ikusteko aukera izango dute aurrerantzean.
Ikasle eta irakasle guztiek izango dute maskararik gabe ibiltzeko aukera. Harago joan da Eusko Jaurlaritza, eta «oro har» ez erabiltzeko gomendatu die ikasleei. Ordea, zenbait kasutan janztea gomendatu dute erakundeek, hala nola zaurgarritasunen bat dutenen kasuan. Jaurlaritzak beste batzuei ere aholkatu die: positibo eman dutenei eta gaixotasunaren sintomak dituztenei. Halaber, gaur egun bezala, nahitaezkoa izango da eskola garraioan: Nafarroan, 3 urtetik gorako ikasleentzat eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 6 urtetik gorakoentzat.
Maskarena ez da aldaketa bakarra: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hala aginduta, gaurtik ez dute burbuila talderik mantendu beharko eskoletan. Protokoloan jaso dutenez, maila guztietako ikasleek «beren artean sozializatzeko eta interakzioan aritzeko» aukera izango dute. Nafarroan, berriz, erabaki dute oraingoz burbuilei eustea.
Ikasleei eta irakasleei ez ezik, familiei ere eragiten die protokoloak: «oro har», irakasleen eta familien bilera guztiak aurrez aurre egin ahal izango dira; gurasoen elkarteak ikastetxeetako ohiko guneetan bildu ahal izango dira, baita prestakuntzak antolatu ere; eta familiek ikastetxera sartzeko aukera izango dute. |
2022-4-25 | https://www.berria.eus/albisteak/212544/mitxel-lakuntza-talka-batera-goaz-ez-digute-beste-biderik-uzten.htm | Ekonomia | Mitxel Lakuntza: «Talka batera goaz; ez digute beste biderik uzten» | ELA sindikatuak manifestazioak antolatu ditu Hegoaldeko hiriburu guztietan Maiatzaren Lehenerako, eta «beste pobretze fase bati aurre egitea» izango da protesta horien ardatza. Enpresa handien irabaziei gutxienez %25eko zergapetzea ezartzea proposatu du. | Mitxel Lakuntza: «Talka batera goaz; ez digute beste biderik uzten». ELA sindikatuak manifestazioak antolatu ditu Hegoaldeko hiriburu guztietan Maiatzaren Lehenerako, eta «beste pobretze fase bati aurre egitea» izango da protesta horien ardatza. Enpresa handien irabaziei gutxienez %25eko zergapetzea ezartzea proposatu du. | ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak egungo jokaleku soziopolitikoaren inguruan sindikatuak egiten duen diagnosiarekin lotu du Maiatzaren Lehena. Ukatu egin du Ukraina izatea inflazio handiaren eragile bakarra, «gerra hasi aurretik ere» energia oso garesti zegoelako. «Eredua da arazoa, eta konponbidea ere bai», esplikatu du. Eta erantsi du langileek erosteko ahalmen gehiago ez galtzea izango dela ordezkaritza gehien duen euskal sindikatuaren zeregin nagusia. «Aurrerantzean ere grebak beharrezkoak izango digutu; ikusi dugu grebaren bidez baditugula lorpenak». Lakuntzaren sindikatuak Maiatzaren Lehenean erdigunean jarriko du soldatak behintzat KPIa bezainbeste igotzeko borroka.
ELAko idazkari nagusiak salatu du iruzur energetikoa egiten ari direla enpresa handiak, eta gobernuek beste alde batera begiratzen dutela. «Urkulluk, Txibitek eta Sanchezek ez dute ezer egiten enpresa handi horien etekinak ukitzeko, egiten dutena egiten dutela ere». Hori ikusirik, ELAk proposamen zehatz bat dauka: energiaren prezioei muga bat jartzea. Argindarra eta erregaia «herritarren eskubide gisa» hartu beharko lirateke, haren ustez. «Egingarria da», gaineratu du, prezioei mugak ezartzeari erreparatuta betiere.
Inflazioari eusteko eta aberastasuna hobeto banatzeko, langileek erosteko ahalmena gal ez dezaten berriro, erreforma fiskal baten beharra aipatu du Lakuntzak. Enpresen gaineko irabaziak gutxieneko %25eko tasa batekin zergapetu behar direla adierazi du. Europako Batasunean gutxieneko %15ekoa adosten saiatzen ari dira azken hilabeteetan, baina ELAko buruak uste du gutxienez %25 izan behar duela tasa horrek, «baliabide gehiago behar direlako egoera honetan». Trantsizio ekologikoak ere bere kostuak izango dituela azaldu du, gutxieneko tasa horri oinarria ematean.
Antolaketa, «inoiz baino gehiago»
Edonola ere, ELAk argi ikusten du «pobretze fase batean» daudela euskal langileak, «azken hamarkadan %10 galdu ostean erosahalmenean». Horregatik, esan du «langileak antolatuko» dituztela «inoiz baino gehiago», soldatak igo daitezen KPIaren arabera. «Uzten diguten bide bakarra da grebaren balioa. Gure esku dago borrokarako antolatzea. Sinatuta dauden itunetan, iazko inflazioa aplikatzen ari dira; esaten digute ezin dela, baina gertatzen ari da dagoeneko».
Lakuntzarentzat «lotsagarria da» agintariek KPIa ez ordaintzeko beste formula batzuk helaraztea, «enpresa handiek inoiz baino irabazi gehiago izan dituzten honetan». Hori dela eta, «hain zuzen, alderantzizkoa» egingo du ELAk; hau da, inflazioa bezainbesteko soldata igoerak eskatuko ditu. Greba deialdi batzuk egin dituzte sindikatuek, Arabako metalean eta zahar etxeetan, esaterako. «Talka batera goaz; ez digute beste biderik uzten», esan du Lakuntzak, epe laburrean egon daitezkeen lan gatazka gogorrei erreparatuz.
Manifestazioak
Beraz, soldata igoeren eta erosteko ahalmenaren arteko auzia ardatz jarrita egingo du Maiatzaren Lehena ELA sindikatuak. Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan antolatu ditu manifestazioak, 11:30ean, Gasteizen salbu, 12:00etan izango baita Arabako hiriburuko martxa. Borrokan ari gara, prekaritatea buka dezagun izango da manifestazio horien leloa. Izan ere, ELAk kalkulatu du 541.600 langile prekario daudela Hegoaldean, eta garrantzia kendu dio lan erreformaren ondoren egon den finko-etenaren kontratuen hazkundeari, «horietako langile asko lanaldi partziala dutelako eta beste asko egun gutxitan aritzen direlako beharrean urte osoan». |
2022-4-25 | https://www.berria.eus/albisteak/212545/bilgune-feministak-topagunea-egingo-du-onatin-ekainaren-11n-eta-12an.htm | Gizartea | Bilgune Feministak topagunea egingo du Oñatin, ekainaren 11n eta 12an | Aurten hogei urte bete ditu Bilguneak, eta egitarau zabala prestatu dute. Ekainera bitartean aurkezpenak egingo dituzte hainbat hiri eta herritan. Sarrerak salgai daude. | Bilgune Feministak topagunea egingo du Oñatin, ekainaren 11n eta 12an. Aurten hogei urte bete ditu Bilguneak, eta egitarau zabala prestatu dute. Ekainera bitartean aurkezpenak egingo dituzte hainbat hiri eta herritan. Sarrerak salgai daude. | «Emakume, trans eta bollerook Oñatin ikusiko dugu elkar!». Euskal Herriko Bilgune Feministak mezu horren bidez aurkeztu du, gaur goizean, 2022ko Topagune Feminista: 20 urtez paradisuak erretzen... eztandak dardara gaitzala da aurtengo leloa. Izan ere, aurten hogei urte bete ditu Bilguneak, eta hori ospatzeko egitarau zabala prestatu dute, «ezinbestekoak diren hainbat gai landu eta Euskal Herriko eragileekin batera ekiteko».
Oñatin ez dira faltako, besteak beste, hitzaldiak, kontzertuak eta tailerrak. Larunbatean kontzentratu dituzte hitzaldi eta tailer guztiak, baina izango dira bertso saio bat, liburu aurkezpen bat eta film emanaldi bat ere. Gauean egingo dute ekitaldi nagusia; hura musikatzeko arduradunak Ginger —Zarauzko taldeak sortu du topaguneko abestia—, Ira, Chocolate Remix eta DJ Miau izango dira. Gune nagusia Oñatiko pilotalekua izango da.
Igandean, berriz, goizetik izango da martxan Nomadak Gaittun emakume sortzaileen azoka. Herri bazkariaren aurretik, pilota partida eta marianitada musikatua egingo dira, eta Anariren kontzertu batekin emango diote amaiera topaguneari.
Sarrerak eta aurkezpenak
Bilguneko kideek azaldu dutenez, «hilabete batzuk» daramatzate egitaraua prestatzen, eta «ospatzeko, elkartzeko, ikasteko, dastatzeko, dantzatzeko, jaso eta emateko» elkartuko dira. Sarrerak «Euskal Herriko hainbat txokotan» egongo dira salgai gaurtik hasita, 40 euroren truke; prezio merkeagoa ere egongo da aukeran (35 euro), baita «furgoparkingean» plaza gordetzeko bonua ere (5 euro). Sarrerak Internet bidez ere eros daitezke jada.
Topagunearen aurretik, hainbat aurkezpen egingo dituzte: apirilaren 29an Bilbon, 30ean Durangon (Bizkaia), maiatzaren 6an Pasai Antxon (Gipuzkoa), 7an Arrasaten eta Zarautzen (Gipuzkoa), 14an Errenterian (Gipuzkoa), 15ean Donostian, 21ean Gasteizen, eta 27an Iruñerrian. «Sarea elkartzea eta indarrak batzea» da haien helburua. |
2022-4-25 | https://www.berria.eus/albisteak/212546/sidenorrek-valentzian-txatarra-egiten-duen-enpresa-bat-erosi-du.htm | Ekonomia | Sidenorrek Valentzian txatarra egiten duen enpresa bat erosi du | AMR Aguilar Metal Recycling enpresa bereganatu du euskal altzairugileak, «txatar horniduran segurtasuna» ekarriko diolako. | Sidenorrek Valentzian txatarra egiten duen enpresa bat erosi du. AMR Aguilar Metal Recycling enpresa bereganatu du euskal altzairugileak, «txatar horniduran segurtasuna» ekarriko diolako. | Sidenorrek erosketa bat egin du Valentzian, Sagunton txatarraren sektorean diharduen enpresa bat bereganatuta: AMR Aguilar Metal Recycling. Euskal altzairugintza taldearen asmoa txatar hornidura eta haren prezioa ziurtatzea da, bi aldagaiak oso aldakorrak baitira orain.
AMRk industriarako txatarra sortzen du, Saguntoko industria eremuan automobilgintzako zenbait fabrika handi daudela baliatuta. Txatar egilearen kokapena garraiorako ere egokia da, Saguntoko portutik 300 bat metrora dituelako lantegiak, eta bost kilometrora merkantzietarako tren terminal bat. Haren bidez bidal dezake txatarra Sidenorrera.
Hurrengo hiru hilabeteetan mamituko da salerosketa, eta haren zenbatekorik ez du jakinarazi Jose Antonio Jainagaren taldeak. Sidenorren arabera, «industriarako txatarra bezalako lehengai funtsezko baten horniduran segurtasuna» dakarkio erosketak. |
2022-4-25 | https://www.berria.eus/albisteak/212547/errusiak-su-etena-iragarri-du-azovstal-altzairutegian-gotortuta-dauden-zibilak-ebakuatzeko.htm | Mundua | Errusiak su etena iragarri du Azovstal altzairutegian gotortuta dauden zibilak ebakuatzeko | Errusiako armadak eta Donetskeko Herri Errepublikako errusiazaleek eraso ekintzak etengo dituzte gaur Mariupol hiriko altzairutegiaren inguruan. Ukrainako Gobernua «prest» dago korridore humanitario bat irekitzeko. Kremlinek AEBei eskatu die Ukrainari arma gehiago ez emateko, konponbide diplomatikoa aurkitzeko aukera «oztopatzen» duela argudiatuta. | Errusiak su etena iragarri du Azovstal altzairutegian gotortuta dauden zibilak ebakuatzeko. Errusiako armadak eta Donetskeko Herri Errepublikako errusiazaleek eraso ekintzak etengo dituzte gaur Mariupol hiriko altzairutegiaren inguruan. Ukrainako Gobernua «prest» dago korridore humanitario bat irekitzeko. Kremlinek AEBei eskatu die Ukrainari arma gehiago ez emateko, konponbide diplomatikoa aurkitzeko aukera «oztopatzen» duela argudiatuta. | Errusiak su etena iragarri du astelehen honetan Mariupol hiriko (Donetsk oblasta) Azovstal altzairutegian gotortuta dauden mila bat zibil —Ukrainako Gobernuak emandako datua da— ebakuatzeko. Errusiako Defentsa Nazionaleko koronel buru Mikhail Mizintsevek komunikatu baten bidez jakinarazi du. Haren esanetan, Errusiako tropak eta Donetsk Herri Errepublikako errusiazaleak «zentzuzko distantzia batera erretiratuko» dira, eta bide emango dute zibilak ebakuatzeko, «soldaduek aukeratutako norabide batean», zehaztu duenez.
Horiek horrela, Mizintsevek Ukrainako agintariei eskatu die zibilak «berehala» aska ditzatela. Ebakuazio plana gauzatzeko menia hiriko bozgorailuetatik iragarriko dute ordu erdiro, altzairutegiaren barruan dauden herritarrek entzun dezaten. Errusiako koronel buruak azaldu duenez, «Ukrainako aldea operazio humanitarioa hasteko prest dagoela baieztatzeko, bandera zuriak erakutsi beharko dituzte industriaguneko zenbait leku konkretutan». Ukrainako Gobernua «prest» dago korridore humanitario bat irekitzeko, baina, lehen ministrorde Irina Verextxukek ohartarazi duenez, alde bakarretik iragarritako korridore batek «ez du segurtasunik ematen».
Lehen aldia izango da Errusiak korridore humanitario bat irekiko duela Mariupolgo altzairutegian, trukean azpiegitura horren barruan dauden Ukrainako 2.000 bat soldaduak errenditzeko eskatu gabe. Mariupolen geratzen diren erresistentzia gune bakarretakoa da Azovstal altzairutegia; hamar kilometro koadroko industria eremu bat da, Europako altzairutegi handienetako bat, eta lurpean tunelak ditu, gainera. Moskuk azken asteotan ultimatum bat baino gehiago eman dizkie, baina ukrainarrek ez dituzte onartu. Bada, iragan ostegunean, Errusiako presidente Vladimir Putinek bertan behera utzi zuen oldartzea. Nolanahi ere, Putinek hurrengo egunean iragarri zuen «askatu» zutela hiri hori.
Bien bitartean, Kremlinek ofizialki AEB Ameriketako Estatu Batuei eskatu die Ukrainari arma gehiago ez emateko, Anatoli Antonov Errusiak Washingtonen duen enbaxadoreak jakinarazi duenez. Haren hitzetan, AEBek Kievi armak bidaltzea laguntza «onartezina» da Errusiarentzat, eta konponbide diplomatikoa aurkitzeko aukera «oztopatzen» du.
Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik, berriz, eskertu egin die AEBei, txio bidez, laguntza ematen duten estatuen artean «liderrak» izateagatik. Halaber, Zelenskik nabarmendu du Ukraina «bat eginda eta sendo» dagoela, eta Kieven eta Washingtonen arteko harremana «inoiz baino estuagoa» dela. Horren harira, Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria eta Ukrainako presidentea gaur goizaldean batzartu dira, Kieven, eta Blinkenek ziurtatu du datorren astean diplomazialari estatubatuarrak Ukrainara itzuliko direla; Lviven (mendebaldea) izango dira lehendabizi, eta ondoren Kievera helduko dira. Blinkenek, gainera, esan du Ukraina gerra «irabazten» ari dela, eta Errusia, «galtzen». Putinentzat, ostera, Mendebaldea da «galtzailea», ez dutelako lortu errusiarrak zatitzerik.
Jokaleku horretan, NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterres Putinekin elkartuko da bihar, Moskun, eta Zelenskirekin ostegunean, Kieven. Guterresek Pazko ortodoxorako proposatutako su eten orokorrak ez du arrakastarik izan.
Errusia Ukraina hego-ekialdea gogor bonbardatzen ari da gaur ere, Donbass eskualdea «askatzeko» helburuz. Ukrainako agintariek salatu dute eskualde horretatik kanpo Errusiako tropek Ukrainako erdiguneko eta mendebaldeko bost tren geltokiri eraso egin diotela. Errusian bertan, berriz, sute bat izan da erregai biltegi batean, Briansken, Ukrainako mugatik 150 kilometrora. Kremlin gertakaria ikertzen ari da oraindik. |
2022-4-25 | https://www.berria.eus/albisteak/212548/jaurlaritzak-plan-bat-aurkeztu-du-haurren-eta-nerabeen-kontrako-indarkeriei-aurre-egiteko.htm | Gizartea | Jaurlaritzak plan bat aurkeztu du haurren eta nerabeen kontrako indarkeriei aurre egiteko | Haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko euskal estrategia (2022-2025) aurkeztu dute gaur, Gasteizko Europa jauregian. Estrategia «aitzindaria» gisa aurkeztu dute. | Jaurlaritzak plan bat aurkeztu du haurren eta nerabeen kontrako indarkeriei aurre egiteko. Haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko euskal estrategia (2022-2025) aurkeztu dute gaur, Gasteizko Europa jauregian. Estrategia «aitzindaria» gisa aurkeztu dute. | Eusko Jaurlaritzak Haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko euskal estrategia (2022-2025) aurkeztu du gaur, Haurren Tratu Txarren Aurkako Nazioarteko Egunean. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Ainara Canto EDE fundazioko aholkularitza eta ikerketa sozialeko arduradunak aurkeztu dute plana, Gasteizko Europa jauregian. Sailburuak aurreratu du helburu hauek izango dituela estrategiak: «Haur eta nerabeenganako indarkeria mota guztiak prebenitzea; gerta daitezkeenak azkarrago detektatzea; garaiz esku hartzea; haur eta nerabeei behar duten arreta eta babesa ematea; eta, ahal den neurrian, eragindako kalteak konpontzea». Artolazabalek nabarmendu duenez, estrategia «aitzindaria» da; izan ere, Europako «oso herrialde gutxik» dute antzeko estrategiarik.
Estrategia prestatzeko prozesu parte hartzailearen koordinatzaile nagusia izan da Canto. Hala, hurrengo lau urteetarako plan estrategikoak aurreikusten dituen lan ildo nagusiak zehaztu eta aurrera begira izango dituen lau ardatz nagusiak aipatu ditu.
Lehenengo ardatza gazteen eta nerabeen eskubideen sustapena eta prebentzioa izango da. Horretarako, Cantok nabarmendu duenez, funtsezkoa da «tratu onaren kultura, erantzukidetasuna eta ingurune seguruak sustatzea», besteak beste. Bigarren ardatzaren helburua zera da, indarkeria kasuak edo indarkeria arriskua garaiz atzematea, «haien eragina gutxitzeko», Cantok azaldu duenez. Arreta integrala bermatzea du helburua hirugarren ardatzak, indarkeria egoeran dauden adingabeei laguntzeko, babesteko eta konpontzeko beharrei erantzuteko. Azken ardatz nagusia hainbat erakunde eta gizarte eragileren arteko lankidetza hobetzea izango da; horrela, «erantzunen eraginkortasuna hobea» izango dela zehaztu du sailburuak.
44 ekintza
Esparru horretan, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 44 ekintza aurreikusten ditu 2022rako, lau ardatz estrategikoetan jasotako jarduera ildoetatik 53ri erantzuteko. Artolazabalek esplikatu duenez, prestakuntza ikastaroak, profesionalen topaketak eta kirolean haur eta nerabeei sexu jazarpena eta abusua prebenitzeko programak antolatuko dituzte, besteak beste. |
2022-4-25 | https://www.berria.eus/albisteak/212549/nafarroako-zahar-etxeetako-langileek-grebara-deitu-dute-asteazkenerako.htm | Gizartea | Nafarroako zahar etxeetako langileek grebara deitu dute asteazkenerako | LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek 2024ra arteko epea eman diote patronalari helburuak betetzeko. | Nafarroako zahar etxeetako langileek grebara deitu dute asteazkenerako. LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek 2024ra arteko epea eman diote patronalari helburuak betetzeko. | Nafarroa osoko lan hitzarmenaren alde, asteazkenerako eta maiatzaren 14rako grebara deitu dute LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek. Zahar etxe publikoak, doakoak eta unibertsalak exijitzeko elkarretaratzea eginen dute asteazkenean, 12:00etan, Iruñean, Julian Gaiarre kalean dagoen zahar etxearen ondoan. Aurrerapauso «handiak» egin dituztela azaldu du Joseba Pagola LAB sindikatuko kideak: «Langileen ikaragarrizko lanari esker, plataforma berritu bat bidali diegu Nafarroako Gobernuari eta patronalei. Horrek aukera emango die 2024ra arte helburuak betetzeko». Horrez gain, esan du patronalek ez dutela eskakizunak ikusteko aukerarik izan, eta datozen asteetan aztertuko dituztela.
«Zaintza profesionalizatu gehienak enpresa pribatuen esku daude, eta horiek etekin ekonomikoa lehenesten dute», salatu du Leire Arzuagak, LAB sindikatuko kideak. Horrez gain, salatu du lan baldintzak «oso txarrak» direnez «ezinezkoa» dela «kalitatezko arreta» ematea.
Langileak 70 egoitzatan baino gehiagotan sakabanatuta daude, eta hitzarmenak 4.500 langile baino gehiagoren lan baldintzei eragingo die. Kalitatezko kontratazioak izateko, soldata duinak bermatzeko, ratioak handitzeko eskatzen dute. Baita aldi baterako kontratuak eta kontratu partzialak baztertzeko ere. Horrez gain, segurtasun eta babes neurri eraginkorrak exijitzen dituzte.
Horrekin batera, asteazkenean sinadurak bilduko dituzte, 17:00etatik 19:00etara, Karlos III.aren etorbidean, eta maiatzaren 14an 12:00etan Iruñeko autobus geltoki zaharretik aterako den manifestaziora deitu dute. |
2022-4-25 | https://www.berria.eus/albisteak/212550/errusiaren-aldeko-pintaketak-egin-dituzte-ukraina-euskadi-elkartearen-biltegi-batean.htm | Gizartea | Errusiaren aldeko pintaketak egin dituzte Ukraina-Euskadi elkartearen biltegi batean | Lezamako biltegian azaldu dira mezuok. Z letra eta mailua eta igitaia marraztu dituzte, gorriz. Jaurlaritzak gaitzetsi egin ditu pintaketak. | Errusiaren aldeko pintaketak egin dituzte Ukraina-Euskadi elkartearen biltegi batean. Lezamako biltegian azaldu dira mezuok. Z letra eta mailua eta igitaia marraztu dituzte, gorriz. Jaurlaritzak gaitzetsi egin ditu pintaketak. | Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendari Xabier Legarretak jakinarazi du Errusiaren aldeko pintaketak azaldu direla Ukraina-Euskadi elkartearen biltegi batean; Lezaman (Bizkaia), zehazki. Legarretak sare sozialen bitartez zabaldu du informazioa, eta gogor gaitzetsi du gertatutakoa. Salatu du pintaketen egileek beren «izaera faxista» utzi dutela agerian horrela, «beren buruak antifaxistatzat jo arren».
«Hala esnatu da gaur Ukraina-Euskadi elkartearen Lezamako biltegia», idatzi du Legarretak, argazki bat erantsita. Irudian ikus daiteke Z letra dagoela pintatua, gorriz –Ukrainako gerran hainbatetan baliatu da letra hori Errusiaren erasoaldiari babesa adierazteko–. Ikur komunistak ere pintatu dituzte, argazkian ikusgai denaren arabera. |
2022-4-25 | https://www.berria.eus/albisteak/212551/sophie-istillartek-futbola-utziko-du-26-urterekin.htm | Kirola | Sophie Istillartek futbola utziko du 26 urterekin | Athleticek lehen taldean duen Ipar Euskal Herriko jokalari bakarra da Istillart. Bi urte egin ditu zuri-gorriz jantzita, eta belauneko lesio larri batetik osatzen ari da orain. | Sophie Istillartek futbola utziko du 26 urterekin. Athleticek lehen taldean duen Ipar Euskal Herriko jokalari bakarra da Istillart. Bi urte egin ditu zuri-gorriz jantzita, eta belauneko lesio larri batetik osatzen ari da orain. | Sophie Istillartek (Baiona, 1996) ez du futbolean jokatzen jarraituko. Gaur egun Athleticen lehen taldean jokatzen duen Ipar Euskal Herriko futbolari bakarrak 26 urte eskas ditu, baina, urtarrilaren 16an belaunean izandako lesio larri bat tarteko, futbola uztea erabaki du. Levanteren aurka izan zen, Bunyolen (Valentzia, Herrialde Katalanak). Istillarti martxoaren 2an egin zioten ebakuntza, eta, Athleticen arabera, osatze prozesua arazorik gabe doa aurrera. Jokalariak bihar emango du prentsaurrekoa Lezaman, 13:00etan, erabakia hartzera behartu duten arrazoiak azaltzeko.
Izan ere, iaz BERRIAk egin zion elkarrizketan, Istillartek Athleticen «urte asko» egiteko nahia erakutsi zuen: «Hala nahiko nuke. Jokalariok ditugun baldintzengatik, klubean dagoen familia giroarengatik eta, gustura banago, ez dudalako atsegin aldatzen ibiltzea. Zortzi urtez jokatu nuen Bordelen, adibidez», azaldu zuen ordukoan. Kapitain ere izan zen zen hango taldean.
Baionako jokalaria zortzi urterekin hasi zen futbolean jokatzen, Hendaian (Lapurdi); Irunen (Gipuzkoa) ere jokatu ostean, Bordelera joan behar izan zuen bere ibilbidearekin segitzera, Frantziako Lehen Mailara. Erdilaria 2020. urteko udan fitxatu zuen Athleticek. Klubak eskerrak eman dizkio Istillarti «bere inplikazioagatik eta konpromisoagatik, eta zorterik onena opa dio bere hurrengo proiektuetan». |
2022-4-25 | https://www.berria.eus/albisteak/212552/laben-arabera-larunbatean-zaratamon-hildako-emakumea-lanetik-etxera-zihoan.htm | Ekonomia | LABen arabera, larunbatean Zaratamon hildako emakumea lanetik etxera zihoan | Auto istripua 06:00etan gertatu zen, Zaratamotik Urduñarako norabidean. 36 urte zituen emakumeak. Sindikatuak salatu duenez, «gaueko txanda amaitzean, nekea arrisku faktore garrantzitsua da». Urte hasieratik Euskal Herrian hil den 21. langilea da. | LABen arabera, larunbatean Zaratamon hildako emakumea lanetik etxera zihoan. Auto istripua 06:00etan gertatu zen, Zaratamotik Urduñarako norabidean. 36 urte zituen emakumeak. Sindikatuak salatu duenez, «gaueko txanda amaitzean, nekea arrisku faktore garrantzitsua da». Urte hasieratik Euskal Herrian hil den 21. langilea da. | Larunbatean Zaratamon (Bizkaia) hildako 36 urteko emakumea in itinere istripu batean hil zen, Artiach enpresan gaueko txanda amaituta etxera zihoala. Hori salatu du gaur LAB sindikatuak. Urte hasieratik Euskal Herrian hil den 21. langilea da.
Istripua 06:00etan gertatu zen, Zaratamon, Urduñarako norabidean. Auto batek eta furgoi batek talka egin zuten; furgoiko gidaria ere zauritu zen, eta Galdakaoko Ospitalera eraman zuten.
LABek salatu duenez, «lanetik etxera zihoala gertatutako istripua izanik, Lan Ikuskaritzak ez du bere horretan ikerketarik irekiko, eta trafiko istripu arrunt bat balitz bezala kudeatuko dutelakoan gaude». Sindikatuak, ordea, argi utzi nahi izan du «in itinere istripuak, lan istripuak izaki, kontrolagarriak direla neurri handi batean».
Haien arabera, larunbateko istripuak erakusten ditu gisa horretako istripuak eragiten dituzten kausa bat baino gehiago: «Goizeko 6:00etan gertatu zen, gaueko txanda amaitu eta gero. Gaueko txanda amaitzean, nekea arrisku faktore garrantzitsua da. Ba al dago arrisku faktore garrantzitsu hori enpresaren arrisku ebaluaketan identifikatua? Integratu al da neurri prebentiborik hori kontrolatzeko? Ba al du enpresak mugikortasun planik?», galdetu dute. Gehitu dute behin-behineko kontratua zuela hildakoak.
Osalani eskatu diote jar dezala abian in itinere istripuak kontrolatzeko kanpaina, eta mugikortasun planak integratu ditzala lehenbailehen, «neurri horien integrazioak in itinere istripuen indizea neurri handi batean kontrolatuko lukeelako».
Artiacheko LAB, ELA eta ESK sindikatuek mobilizazioa egingo dute bihar, 13:00etan, Orozkoko (Bizkaia) enpresaren aurrean. |
2022-4-25 | https://www.berria.eus/albisteak/212553/iratxe-ansa-ignacio-del-moral-lucia-lakarra-eta-dimegaz-max-sarietarako-hautagaiak.htm | Kultura | Iratxe Ansa, Ignacio del Moral, Lucia Lakarra eta Dimegaz, Max sarietarako hautagaiak | Arte eszenikoen Max sarien arduradunek hogei kategorietako finalisten berri eman dute. Ekainaren 6an banatuko dituzte sariak, Menorcan. | Iratxe Ansa, Ignacio del Moral, Lucia Lakarra eta Dimegaz, Max sarietarako hautagaiak. Arte eszenikoen Max sarien arduradunek hogei kategorietako finalisten berri eman dute. Ekainaren 6an banatuko dituzte sariak, Menorcan. | Euskal Herriko sei artista eta konpainia izendatu dituzte SGAE fundazioak antolatutako Espainiako Arte Eszenikoen 25. Max sarietarako. 65 finalista hautatu dituzte, eta datorren ekainaren 6an egingo dute sari-banaketa ekitaldia, Menorcako Mao hiriko Antzoki Nagusian (Herrialde Katalanak).
Ignacio del Moral antzerkigilea moldaketarik onenaren kategorian izendatu dute, Arriaga antzokiak ekoitzitako El viaje a ninguna parte obrarengatik. Lucia Lakarra, berriz, emakumezko dantzaririk onenaren sarirako hautagaia da, In the Still of the Night ikuskizunean egindako lanagatik.
Iratxe Ansa koreografoa ere izendatu dute, koreografiarik onenaren sarirako, CreAcción emanaldiagatik. Sandra Ferrus aktoreak bi izendapen izan ditu: egile berririk onenaren eta emakumezko aktorerik onenaren sarietarako hautagaia da, berak sortutako La panadera obraren bidez.
Artista horiez gain, Dimegaz konpainia ere sari baterako hautagaia da: kaleko ikuskizunik onenaren kategorian izendatu dute haien Harria herria. Bestalde, Anita Maravillas eta Portal 71 konpainien Kotondarrak txotxongilo ikuskizuna haur eta gazteentzako lanik onenaren sarirako hautagaia da. |
2022-4-26 | https://www.berria.eus/albisteak/212554/sirena-eta-kanpai-hotsek-gernika-hartu-dute-bonbardaketa-gogoan.htm | Gizartea | Sirena eta kanpai hotsek Gernika hartu dute, bonbardaketa gogoan | Gaur 85 urte dira Gernika bonbardatu zutela. Urteurrenaren harira, hainbat ekitaldi antolatu dituzte gaurko: lore eskaintza bat eta «bizirik atera zirenen omenezko bazkaria», besteak beste. Azken urteotako ohiturari eutsita, lau minutuko isilunea egin dute arratsaldean. | Sirena eta kanpai hotsek Gernika hartu dute, bonbardaketa gogoan. Gaur 85 urte dira Gernika bonbardatu zutela. Urteurrenaren harira, hainbat ekitaldi antolatu dituzte gaurko: lore eskaintza bat eta «bizirik atera zirenen omenezko bazkaria», besteak beste. Azken urteotako ohiturari eutsita, lau minutuko isilunea egin dute arratsaldean. | 1937ko apirilaren 26a. Iltzatua data, eta itxi gabea orbaina, halabeharrez, zauriaren sakona hain handia izanik. 85 urte joan dira Alemaniako Condor eta Italiako Aviazzione legioen hegazkinek Gernika (Bizkaia) bonbardatu zutenetik. Suntsitua utzi zuten herria, erraustua. Iragan dira urteak, baina, hala eta guztiz ere, oroitzak ez dira iraungi. Urteurrena baliatuta, herritarrek eta erakundeek hainbat ekitaldi antolatu dituzte gertaturikoa gogora ekartzeko.
Bonba hotsak eta isiluneak: biak ala biak dira protagonista gaur, orain 85 urte Gernikan jasandakoak orainera ekartzeko. Hain zuzen, orain minutu gutxi egin dute kanpai eta sirena hotsen ohiko ekitaldia. Soinuok aditu dira herrian, bonbardaketa hasi zen momentua oroitzeko. Ondotik, herritarrek lau minutuko isilunea egin dute.
Hildakoen omenezko lore eskaintza egin dute kanposantuan. Hainbat agintarik hartu dute parte: besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Iñigo Urkulluk, Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkariak. Hain zuzen ere, Espainiako Gobernuak lehenengoz bidali du ordezkaritza bat Gernikako bonbardaketa gogoratzeko ekitaldira. Halaber, Jaurlaritzak gonbidaturik, Ukrainako enbaxadako lehen idazkari Sergii Solovey ere Gernikan da gaur.
Madrilek Gernikako bonbardaketa kondenatu izana goraipatu du Urkulluk; zehaztu du «pauso garrantzitsua» dela Espainiako Gobernuak horri loturik berriki emandakoa. Dena dela, erantsi du urrats gehiago ere egin beharko direla etorkizunean, «egian oinarritutako memoria bat eraiki nahi bada». Izan ere, lehendakariak salatu du oraindik ere «gezurrak» daudela 1936ko gerraren gainean.
Ikusi gehiago: Inork oroitzen ez zituen 269 gaixo
Goizez ere izan da ekitaldirik herrian. Bonbardaketa izan zenean Gernikako alkate zen Jose de Labauria omendu dute, besteak beste, Gernika-Lumoko Udalak antolaturiko programaren barrenean. Ondotik, Bakearen eta Berradiskitzearen Aldeko Sarien banaketa ekitaldia egin dute, eguerdian. Lizeo antzokian izan da, eta Gernikako Kultura eta Bakearen XXXII. Nazioarteko Jardunaldien parte da. Besteak beste, Europaguneak, Ehugunek, Hegoa Unibertsitate Institutuak eta EHUk antolatu dituzte jardunaldiok, udalarekin elkarlanean. Atzo hasi ziren, eta bihar izanen dute amaia. Gainera, elkarrekin bazkaltzeko deia egin dute herrian: «Bonbardaketatik bizirik atera zirenen omenez», bazkari herrikoia izan dute Jai Alai pilotalekuan.
Ordukoa, gaur
Denboraren joanarekin batera, Gernikako bonbardaketa oroitzeko askotariko ekinbideak sortu dira Euskal Herrian. Kantuak ere sortu izan dira haren harira, eta, hain zuzen ere, musika doinuz ondutako lan baten berri eman dute orain. Bonbardaketa gogoratzeko obra sinfoniko bat sortu du Aitor Etxeberriak: Gernika 85. Ekainaren 30ean estreinatuko dute, Bilboko Euskalduna jauregian, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Gaudeamus korala eta Evelyn Glennie perkusionistarekin izanen dira agertokian.
Munitibar ere gogoan
Ez da Gernikakoa gaurko 85. urteurren bakarra. Munitibarren (Bizkaia), Kondor Legioak gaurko egunez Gerrikaitz eta Arbatzegi hirigunean eginiko erasoa gogoratuko dute. Frontetik erretiratzen ari ziren gudariei eta iheslariei tiroz eta bonbaz ekin zieten, eta 11 pertsona hil eta bederatzi zauritu zituzten.
Gaur, 18:30ean, biktimak omenduko dituzte Herriko plazan, Ahaztuen Oroimena elkartearekin batera eginiko ekitaldian. |
2022-4-25 | https://www.berria.eus/albisteak/212555/santi-leoneren-liztor-mutanteak-fikzio-ziztadak-errealitateari.htm | Kultura | Santi Leoneren 'Liztor mutanteak': fikzio ziztadak errealitateari | Pertsonaien ihes egiteko nahiak, frustrazioak, erabakiak eta damuak dira hamar narrazioetan errepikatzen diren gaiak. Fikziozko lehen lana du. | Santi Leoneren 'Liztor mutanteak': fikzio ziztadak errealitateari. Pertsonaien ihes egiteko nahiak, frustrazioak, erabakiak eta damuak dira hamar narrazioetan errepikatzen diren gaiak. Fikziozko lehen lana du. | Bi saiakera liburu eta hamaika artikulu idatzi ditu Santi Leonek urteotan. Orain, baina, lehen aldiz heldu dio fikzioari, eta hamar narrazio bildu ditu Liztor mutanteak (Susa) ipuin liburuan. Egileak azaldu duenez, narrazioak errealitatean kokatzen dira, «baina pertsonaiak maiz saiatzen dira ihes egiten errealitate horretatik, pop erreferentzien, literaturaren, irudimenaren bidez». Leire Lopez Susako editoreak lagunduta aurkeztu du Leonek bere lana.
«Ipuinetik ipuinera errepikatzen diren gai batzuk» badirela azaldu du idazleak: «Frustrazioak, erabakiak —hartutakoak eta hartu gabekoak—, damuak...». Halere, «motiboei edo giroari dagokionez», bi multzotan sailka litezke narrazioak: batetik, literaturaren ingurukoak, eta bestetik, harreman afektiboei buruzkoak. Dena den, harremanei buruzkoetan literaturak ere baduela pisua zehaztu du, eta alderantziz. Banaketa hori ez baita erabatekoa, Lopezek ere ñabartu duenez: «Izan ere, literaturari lotuago dauden ipuinetan ere ageri dira harreman interpertsonalek sortutako ajeak, eta giza harremanak nagusi diren askotan dago literatura edo fikzioa tartean, libururen bat irakurtzen ari delako pertsonaiaren bat, edo superheroiekin obsesionatuta dagoelako, edo dena delakoa».
Pertsonaiak errealitatetik ihes egiten saiatu bai, baina normalean ez dutela lortzen argitu du Leonek, eta hortik frustrazio sentsazioa. «Eta gero, batez ere literaturari buruzko ipuinetan, egoera batzuk ez dira guztiz errealistak». Adibiderako, aipatu du Neguko bidaia ipuinean, itzultzaile batek eleberriak idazten dituela, baina plagioak ateratzen zaizkiola beti, nahi gabe. Edo Erabakia ipuinean, gizon batek erabakitzen duela erabakirik ez hartzea, eta erritmo finko baten araberakoa dela beti bere bizitza. «Beraz, errealitatea bai, baina ez dira beti egoera nahitaez guztiz errealistak, edo errealitatetik pixka bat eskapatzen diren egoera batzuk ere badira. Eta maiz errealitate hori pertsonaiek fikzioaren arauen arabera interpretatzen dute». Esaterako, Liztor mutanteak ipuinean, pertsonaiak fantasia bat sortzen du bere buruan, eta film erromantikoen zein zientzia fikziozkoen arauak hartzen ditu aintzat horretarako.
Ipuinotako beste hainbat pertsonaia zerrendatu ditu Lopezek, tartean, eritasunak erauzitako lo orduetan largabistarekin pareko bizilagunak nola idazten duen behatzen duen andrea, maitalearen etxetik seme txikia dagoen ospitalera lasterka doan gizona, gaztetan idatzitako ipuinak betirako markatu duen idazlea, superheroien unibertsoei, porno atariei eta maitasun perfektuei jarraiki dabilen artikulugilea... «Haietako asko daude hartutako erabakien eta, batik bat, hartu gabekoen mende, aitortu gabeko fantasiak eta zama diren bizi puskak gainetik astindu nahian».
Teknikak eta erreferentziak
Sergi Pamiesek elkarrizketa batean esandakoa gogorarazi du Leonek; idazle katalanak azaldu zuen «hiru hornitzaile» izaten zituela ipuinak idazteko: memoria, irudimena eta errealitatea. «Nik uste dut antzeko hornitzaileak izan ditudala. Igual memoria ez hainbertze, baina egoerak asmatzeko, niri gertatutako pasadizoak kontuan izan ditut maiz, eta gero, hortik, erabat fikziozkoa den kontakizun bat egin dut». Liburua ez dela autobiografikoa argitu du, nahiz eta beretik ere baduela gehitu duen. «Ingurukoek segur aski ezagutzen dituzten pasarte, egoera edo paisaia aunitz ikusiko dituzte». Adibiderako, aipatu du oporretako hiriak edo pasadizoak ageri direla ipuin batzuetan.
Halaber, narrazioetan teknika ezberdinak erabiltzen saiatu dela azaldu du, eta, hala, batzuetan lehen pertsona eta beste batzuetan hirugarrena erabili duela, istorio batzuk linealagoak direla eta beste batzuk saltoka dabiltzala, edota batean urte batzuetako istorio bat eta beste batean arratsalde batekoa kontatu dituela. Lopezen iritziz, haren «estiloak batzen ditu ipuin guztiak. Diskurtsoa antolatzeko modu berea du idazleak, sintaxia josteko, hitzak aukeratzeko modu propioa». Akotazioen eta umorearen erabilera ere nabarmendu ditu. «Eta mundu erreferentzial bat, zonbiek, superheroiek, film batzuek osatutakoa». Horren harira, erreferentzia kutunak sartzeko joera duela aitortu du idazleak, bai pop mundukoak —Deadpool, Green Lantern...—, baita zenbait poetarenak ere —T.S. Elliot, besteak beste—. |
2022-4-25 | https://www.berria.eus/albisteak/212556/elon-muskek-twitter-erosi-du.htm | Ekonomia | Elon Muskek Twitter erosi du | Tesla auto elektrikoen jabeak 40.000 milioi euro ordaindu ditu konpainiaren truke. Twitterren akziodun nagusia zen hilabetearen hasieratik; orain, berea da konpainiaren kontrola. | Elon Muskek Twitter erosi du. Tesla auto elektrikoen jabeak 40.000 milioi euro ordaindu ditu konpainiaren truke. Twitterren akziodun nagusia zen hilabetearen hasieratik; orain, berea da konpainiaren kontrola. | Berea da, azkenik. Munduko pertsonarik aberatsenak, Elon Muskek, Twitter konpainia erosi du, 44.000 milioi dolar ordainduta –40.000 milioi euro dira hori–. Administrazio kontseiluak onartu egin du enpresariak eginiko lehenbiziko eskaintza. Hala, aurrerantzean Muskena izanen da txori urdinen gaineko kontrola.
Jakina zen Elon Muskek zer asmo zuen. Hitzez ez ezik, eginiko erosketetan ere agerikoa zen helburua. Twitterren akzioen %9,1 bereganatu ditu azken asteotan. Are, behin hori lorturik, konpainiaren kudeatzaileek eskaini egin izan diote administrazio kontseiluan parte hartzea. Ordea, Muskek ez zuen aski horrekin; kontrol osoa bereganatzea izan du desio prozesua abiatu zuenetik.
Ikusi gehiago: Iker Aranbururen 'Bakarrizketa' zutabea: Bateria berriak txori urdinari
Gainera, enpresaburuak argiki azaldu du zer lortu nahi duen: «Mundu osoko adierazpen askatasunaren plataforma» bihurtu nahi du Twitter, erosketa akordioa erdietsi aurretik eginiko adierazpenen arabera.
Hain zuzen, antzeko mezua iradoki du dagoeneko berea den sare sozialean. Honela dio: «Espero dut nire kritikari gogorrenak ere Twitterren gelditzea, horrek esan nahiko baitu adierazpen askatasuna dagoela»
Elon Muskek konpainia erosteko eginiko proposamenean jasotakoaren arabera, enpresariak tituluko 54,2 dolar ordaindu beharko dizkio, dirutan, Twitterren akziodun bakoitzari. |
2022-4-26 | https://www.berria.eus/albisteak/212592/jagoba-arrasatek-kantu-bidez-errepasatu-du-bere-bizitza-eta-miresmena-eragin-du.htm | Kultura | Jagoba Arrasatek kantu bidez errepasatu du bere bizitza, eta miresmena eragin du | Osasunako entrenatzaileak 'Kantu bat gara' ikuskizunean parte hartu du Iruñean, eta hainbat musikariri erreferentziak eginez errepasatu du bere bizitza: «Esan zuen aspaldi Tijuana In Bluek, eta nik eta nire familiak pentsatzen dugu igual: 'joder qué bien se está en esta capital'». | Jagoba Arrasatek kantu bidez errepasatu du bere bizitza, eta miresmena eragin du. Osasunako entrenatzaileak 'Kantu bat gara' ikuskizunean parte hartu du Iruñean, eta hainbat musikariri erreferentziak eginez errepasatu du bere bizitza: «Esan zuen aspaldi Tijuana In Bluek, eta nik eta nire familiak pentsatzen dugu igual: 'joder qué bien se está en esta capital'». | «Kaixo, Gaiarre; ez dago besterik, so edo arre, piszinara egingo dut salto hala ere, urik dagoen jakin gabe». Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzaileak horrela hasi zuen igandean bere bizitzako kantua, Iruñeko Gaiarre antzokian. Bera izan zen Jon Maiaren Kantu bat gara ikuskizunaren emanaldiko sorpresa nagusia. Ez da ohikoa futbolaren munduko pertsonak euren ingurunetik kanpo ikustea, baina Arrasatek beste behin erakutsi du horretarako ez duela beldurrik; aurrez ausartu izan da jendaurrean bertsotan egiten ere.
Hainbat talde eta abestiri erreferentziak eginez, bere bizitzari errepasoa egin zion Osasunako entrenatzaileak. Pello Ramirezen Sahatsaren loa abestia oinarri hartuta, Berriatuatik (Bizkaia) Iruñerako bidaia egin zuen, Delirium Tremensetik Barricadarakoa. Sareetan hainbat erabiltzailek goraipatu dute Arrasateren parte hartzea: «Horrelako entrenatzaile gehiago nahi eta behar ditugu. Gora Jagoba Arrasate!», idatzi du batek.
Arrasate ez zen Maiaren ikuskizuneko gonbidatu bakarra izan, eta oholtzara igo ziren Amane Sancet, Amets Arzallus eta Pello Reparaz ere.
'Boga-boga'-tik 'No hay tregua'-ra
Arrasatek, Gaiarreko oholtza gainean, aita izan zuen gogoan lehenik: «Aita mutrikuarra izaki, Delirium Tremens zer den badaki. Hiru aeroplano pasau, ta bat itsasora jausi. Umetan, gauetan, kostaldeko taldea izaten zen nagusi. Gabon eta ondo lo egin Jagoba, gaur Hiru aeroplano eta bihar Boga-boga». Jarraian, ama: «Berriatuarra bera, Lea-Artibaikoa goitik behera. Harek egiten zuen Argoitia anai-arreben aldeko aukera: berriz etorriko zera, Ondarroako kaiera».
Arrasatek haurtzarotik izan zuen futbola gertu: «Berakruz ikastolan, Markinan, lehen golak, baita ere lehenengo koplak. Luis Baraiazarrarekin, Aitxe Luis guretzat. Berari egiten genion kasu, berari esker deskubritu genuen Ama begira zazu». «Gazte errebelde garaia» oroitzeko, berriz, Su Ta Gar baliatu zuen entrenatzaileak: «Esaten genuen: eibartar hauek arrazoia daukate, edozertarako, jo ta ke irabazi arte». Baita Negu Gorriak ere: «Miresmena, batetik korroska, bestetik errena, ondoren iritsi zitzaigun pena. Urte batzuk geroago konturatu ginen gurea zela garaipena». Geroago iritsi zen Gatibu: «Alex [Sardui] eta bere lagunak testigu. A ze parie, Euritan dantzan eta Alkondarie».
Gazte garaiak atzean utzita, aita izateko unea heldu zitzaion. Hiru seme-alaba ditu Arrasatek: «Iritsi zen Pirritx eta Porrotxen txanda, haiekin pasa ditugu ordu pila. Pupu, Lore eta patata tortilla».
Berriatukoaren entrenatzaile ibilbidean, oraingoz, Iruñea izan da geltokirik arrakastatsuena. Osasunarekin emaitza bikainak lortu ditu, eta duela gutxi luzatu du kontratua 2024. urtera arte: «Esan zuen aspaldi Tijuana In Bluek, eta nik eta nire familiak pentsatzen dugu igual: joder qué bien se está en esta capital». Sadar da horretarako gakoetako bat: «Ze pasada, topera jartzen dutenean Barricada, atsedenalditik bueltan, aurkariak jartzen dira txarrenean, No hay tregua entzuten dutenean».
Amaitzeko, ikuskizunean parte hartzeko erronkak urduri jarri zuela aitortu, eta eskerrak eman zizkion Maiari: «Azken batean, kantu bat baino ez gara». Txalo zaparrada batekin eskertu zion errezitala Gaiarren bildu zen publikoak. |
2022-4-26 | https://www.berria.eus/albisteak/212593/bertan-behera-utzi-dute-texasen-egitekoa-zen-emakumezko-latino-baten-lehen-exekuzioa.htm | Mundua | Bertan behera utzi dute Texasen egitekoa zen emakumezko latino baten lehen exekuzioa | Melissa Lucio du izena, eta duela hamalau urte 2 urteko alaba hil izana egotzita zegoen heriotzaren korridorean. Eskertuta agertu da: «Eskertzen dut epaimahaiak bizitzeko eta nire errugabetasuna frogatzeko aukera eman izana». | Bertan behera utzi dute Texasen egitekoa zen emakumezko latino baten lehen exekuzioa. Melissa Lucio du izena, eta duela hamalau urte 2 urteko alaba hil izana egotzita zegoen heriotzaren korridorean. Eskertuta agertu da: «Eskertzen dut epaimahaiak bizitzeko eta nire errugabetasuna frogatzeko aukera eman izana». | Texasko Apelazio Penaleko Auzitegiak bertan behera utzi du asteazken honetarako programatuta zegoen Melissa Lucio presoaren exekuzioa. Duela hamalau urte 2 urteko alaba hil izana egotzita zegoen heriotzaren korridorean, eta, exekuzioa gauzatzekotan, Texasen heriotzaren korridorean exekutatutako lehenengo emakumezko latinoamerikarra izango litzateke.
Azkenean, baina, Texasko Apelazio Penaleko Auzitegiko epaileek galdegin dute Camerongo konderriko gorteak kontuan har ditzan 52 urteko emakumearen abokatuek aurkeztutako ebidentzia berriak. Dokumentu horietan, abokatuek adierazi dute 2 urteko haurra garuneko lesio baten ondorioz hil zela; hots, bi egun lehenago eskailera batzuetatik erorita izan zuen istripuaren ondorioz. Halaber, Lucioren ordezkariek nabarmendu dute epaiketa egin zenean hainbat «froga akastun» aurkeztu zirela, eta froga horiek eragin zuzena izan zutela epaimahakideen erabakian. Gainera, salatu dute deklarazioetan irregulartasun ugari ere izan zirela, eta Lucio errudun izendatzeko «presionatu» zutela.
Erabakiaren berri izatean, komunikatu bat zabaldu du Luciok. Esker hitzez mintzatu da: «Eskertzen dut epaimahaiak bizitzeko eta nire errugabetasuna frogatzeko aukera eman izana». Alabari ere zuzendu zaio komunikatu horretan. «Mariah nire bihotzean dago gaur eta beti», esan du. The Innocence Project erakundearen bitartez zabaldu du oharra. «Zigor bidegabeak eragozteko» lan egiten duen erakunde bat da, eta urtarrilaz geroztik ordezkatzen du Lucio.
199 preso heriotzaren korridorean
Kaliforniaren eta Floridaren ondoren, AEBetan heriotza zigor gehien duen hirugarren estatua da Texas. Death Penalty Information Center irabazi asmorik gabeko erakundearen arabera, oraintxe 199 preso daude Texasko heriotzaren korridorean. Horietako bat da Melissa Lucio, eta biharko aurreikusita zegoen hilketa gauzatuko balitz, Texasen heriotza zigorraren ondorioz hildako lehenengo emakumezko latinoamerikarra izango litzateke.
Innocence Project AEBetako Exonerazioen Erregistro Nazionaleko datuen arabera, 1989az geroztik 258 emakume salbuetsi dituzte heriotza zigorretik. Gainera, azken hiru hamarkadetan exekutatuak izatetik salbuetsi dituzten emakumeen %71 gertatu gabeko delituengatik kondenatu dituzte. |
2022-4-26 | https://www.berria.eus/albisteak/212594/eider-rodriguezek-irabazi-du-2021eko-111-akademia-saria.htm | Kultura | Eider Rodriguezek irabazi du 2021eko 111 Akademia saria | 'Eraikuntzarako materiala' bere aurreneko nobelarekin jaso du aitorpena idazleak. Euskal Herriko irakurleek ematen dute sari hori, eta ekainean egingo dute hura banatzeko ekitaldia. | Eider Rodriguezek irabazi du 2021eko 111 Akademia saria. 'Eraikuntzarako materiala' bere aurreneko nobelarekin jaso du aitorpena idazleak. Euskal Herriko irakurleek ematen dute sari hori, eta ekainean egingo dute hura banatzeko ekitaldia. | «Irakurlea etsipenaren eta oroiminaren arteko eremu lausora daraman literatur lan ederra. Idazkera neurtua eta neurritsua. Estilo aparta. Hunkigarria da ikustea zer-nolako eragina izan zuen aitaren heriotzak protagonistarengan, eta zein ondo azaltzen dion hori irakurleari. Sakonera handiko erauzte psikologikoa. Protagonistak bere aita definitzen duen moduan definituko du akaso hainbatek nobela hau: gazia eta mingotsa. Zalantzarik gabe, maisulana». Halaxe laburtu dituzte 111 Akademiako kideek euren urteko saria Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala (Susa) liburuari emateko arrazoiak. Hura izendatu dute iaz argitaratutako libururik gogokoena, eta ekainean jasoko du saria Rodriguezek (Errenteria, Gipuzkoa, 1977), jendaurreko ekitaldi batean.
Iazko azaroan aurkeztu zuen nobela idazleak; genero horretako haren estreinako lana da. Denbora luzez alkoholarekin arazoak izan dituen gizon baten eta haren alabaren arteko harremana du ardatz, eta askotariko materialak harilkatuz dago eraikita kontakizuna. «Uste dut urte asko daramatzadala liburu hau idazten; bestela, ez dut ulertzen nola etorri zitzaidan horrela. Are, baliteke aurrez beste gauza batzuk idatzi izana liburu hau idaztera ausartu ez naizelako», kontatu zion egileak BERRIAri urtarrilean, besteak beste.
Saria zeini eman hautatzeko, hiru bozketa txanda egin dituzte 111 Akademiako kideek —212 dira guztira orain, eta horietako 127k hartu dute parte 2021eko sariduna hautatzeko saioetan—. Azken bueltan, Itxaro Bordaren Euri zitalari esker eleberriaren eta Rodriguezen Eraikuntzarako materiala-ren artean bozkatu dute.
26. aldia du aurten sariak. Azken urteetan, hauek izan dira hura jaso duten idazleak eta lanak: Pello Lizarralderen Argiantza (Erein), Karmele Jaioren Aitaren etxea (Elkar), Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa (Susa), Uxue Alberdiren Jenisjoplin (Susa), Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa), Katixa Agirreren Atertu arte itxaron (Elkar) eta Mikel Peruarenaren Su zelaiak (Susa), besteak beste. |
2022-4-26 | https://www.berria.eus/albisteak/212595/espainiako-gobernuak-lehenengoz-laquogaitzetsiraquo-du-gernikako-bonbardaketa.htm | Gizartea | Espainiako Gobernuak lehenengoz «gaitzetsi» du Gernikako bonbardaketa | Ez du barkamenik eskatu, hainbat agintarik eskatzen zutenaren kontrara. Orain arte, Espainiako Gobernuak ez du aldatu frankismoak bonbardaketaz egindako bertsioa. | Espainiako Gobernuak lehenengoz «gaitzetsi» du Gernikako bonbardaketa. Ez du barkamenik eskatu, hainbat agintarik eskatzen zutenaren kontrara. Orain arte, Espainiako Gobernuak ez du aldatu frankismoak bonbardaketaz egindako bertsioa. | «Adierazpen instituzional honen bidez, zeinak Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrenarekin bat egiten duen, Espainiako Gobernuak uste du herri horrek 1937ko apirilaren 26an jasan zuen bonbardaketak aringarririk gabeko gaitzespena merezi duela»: hala adierazi du Espainiako Gobernuak, Felix Bolaños Presidentetza ministroak izenpetutako adierazpen batean, Gernika-Lumon (Bizkaia) bonbardaketaren urteurrena oroituko duten egun berean. Ez du barkamenik eskatu, hala ere, eta hori eskatu diote hainbat agintarik Madrili azken egun eta orduetan.
Gobernuak adierazi du «berritu» egin duela «Espainiako gizarteak biktimekiko eta haien senideekiko duen aitortza». Horrez gain, «biktima guztien memoriari konpromisoa» agertu dio, baita bizirik atera zirenenari ere. «Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak» berretsi ditu, baita «bakearen iraupenari lagunduko dion memoria komun bat» eraikitzeko asmoa ere.
Bestalde, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak txio bat idatzi du Twitter sare sozialean. Hegazkin nazi eta faxistek Gernika bonbardatu zutenekoa «Gerra Zibileko gertakari krudelenetako bat» izan zela adierazi du, eta 85 urte geroago «gogoan» dituztela eguna bera eta orduan hildakoak. «Memoria ezinbestekoa da gizarte demokratiko eta baketsu bat eraikitzeko», amaitu du.
Espainiako Gobernuak bonbardaketak oroitzeko ekitaldi batera lehenengoz ordezkari bat bidali duen egun berean zabaldu dute adierazpena. Fernando Martinez Lopez Espainiako Gobernuko Memoria Demokratikorako Estatu idazkaria Gernika-Lumon (Bizkaia) da gaur, alemaniarren eta italiarren hegazkinek herria bonbardatu zutela 85 urte direla oroitzeko ekitaldietan, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Denis Itxasorekin batera. 11:00etan hasi dira ekitaldiak gaur, Gernikan. Gotzon Hermosilla BERRIAko kazetaria ari da sare sozialetan hango berri ematen:
Tweets by GotzonH
Gaur arte, frankismoaren bertsioari bere horretan eutsi dio Espainiako Gobernuak. «Francoren Espainiak ez du su ematen», adierazi zuen erregimenak bere garaian, eta Gernikako herritarrak eta «gorriak» egin zituen erantzule. Geroztik, agintean izan diren gobernuetariko bakarrak ere ez du aldatu bertsio hori, ezta Espainiaren izenean barkamena eskatu ere.
Ikusi gehiago: Gaur 85 urte dira Gernika bonbardatu zutela
2017an, gainera, EAJk zentsura mozio bat aurkeztu zuen Espainiako Senatuan, Espainiako Gobernuari eskatzeko aitortu zezala Espainiak bonbardaketan izandako «erantzukizuna». PP zen orduan gobernuan, eta atzera bota zuten eskaria. Gobernua aldatu da geroztik, eta gaur mozio bera erregistratuko dute Espainiako Senatuan, Estefania Beltran de Heredia EAJko senatariak Radio Euskadin iragarri duenez, Espainiako Gobernuaren adierazpena publiko egin aurretik.
Zehazki, Pedro Sanchez Espainiako presidenteari galdetuko dio «Gernikako herriari kalte-ordainik onartuko dion», eta, halaber, Emilio Aperribai bonbardaketatik bizirik ateratako gernikarraren gutun bat irakurriko du. Beltran de Herediaren arabera, frankismoak «gezur bat mantentzeko eta sufrimendua hainbeste urtez isilarazteko» saiakera egin zuen, eta, alde horretatik, «urrats garrantzitsua» litzateke Espainiako Gobernuak gertatutakoaren aitortza ofiziala egitea, bai biktimentzat eta baita «Euskal Herri osoarentzat, eta, orokorrean, herritarrentzat ere».
Ikusi gehiago: Inork oroitzen ez zituen 269 gaixo
Beltran de Herediak gogorarazi du Alemaniako Estatuak aitortu zuela bonbardaketan izan zuen erantzukizuna, «60 urte igaro eta gero izan zen arren». 1997ko apirilaren 27an egin zuen adierazpen hori Alemaniako Gobernuak. Hening Wegener enbaxadoreak Roman Herzog orduko Alemaniako presidentearen gutun bat irakurri zuen Gernikan bertan, zeinean «Alemaniako hegazkinen errua» bere egiten zuen, eta barkamena eskatzen zuen. Bonbardaketatik bizirik ateratako 150 lagunen aurrean egin zuten ekitaldia. |
2022-4-26 | https://www.berria.eus/albisteak/212596/skakeitanek-agur-esango-du-hamalau-urteko-ibilbidearen-ostean.htm | Kultura | Skakeitanek agur esango du, hamalau urteko ibilbidearen ostean | Talde donostiarrak iragarri du ibilbidea amaituko duela, eta azken kantu bat argitaratu du. Agur esateko bira bat egingo dute, eta «laster» iragarriko dituzte datak. | Skakeitanek agur esango du, hamalau urteko ibilbidearen ostean. Talde donostiarrak iragarri du ibilbidea amaituko duela, eta azken kantu bat argitaratu du. Agur esateko bira bat egingo dute, eta «laster» iragarriko dituzte datak. | «Bai, agur esatera gatoz». Skakeitan musika taldeko kideek hala idatzi dute gaur euren sare sozialetan. Hamalau urteko ibilbideari amaiera ematea erabaki dute donostiarrek, eta agur esateko bira baten bidez egingo dute hori. Esan dutenez, «laster» iragarriko dituzte bira horretako kontzertuak, eta, bitartean, oharrarekin batera, euren azken abestia argitaratu dute: 112.
«Hamalau urte joan dira jada. Iaz elkartu ginen ordura arte bizitakoaz hitz egiteko, gure barruan generaman horri argazki bat ateratzeko. Maitasun istorio bat izan dela argi dago, gure bizitzetan aztarna berezia utziko duena. Izan ere, ilusioa eta laguntasuna izan dira, musikarekiko loturarekin batera, proiektu honen ardatz nagusiak. Eta hala moldatu gara, denboraren hariak bera ulertzeko eman digun mapan marrazki bat eginez, gure marrazkia», azaldu dute taldekideek.
Agur esan du taldeak, bai, «baina baikor eta irribarretsu», euren hitzetan: «Jada adostu genuen zer idatzi gure epilogoan, oraindik erraietatik ateratzen zaiguna eta bide honi amaiera emateko era onena: asko maite gera». Horregatik, azken biran «dena emateko» eskatu diete euren jarraitzaileei.
Ibilbide oparoa
Skakeitan zortzikotea 2008. urtean sortu zuten. Taldearen hastapenean ska doinu dantzagarriak ziren nagusi, eta horren adibide da euren estudioko lehen diskoa: Ahots gabekoen ahotsa (2012). Ez zen urte hartan argitaratu zuten lan bakarra izan, eurena izan baitzen Donostiako Piratak mugimenduak plazaratu zuen Mundu berri baten mapa abestia. Lan horiei esker dozenaka kontzertu jo zituen taldeak ondorengo urteetan, besteak beste, Manu Chaorekin, Donostian. Japonian ere egin zuten bira bat.
Pello Armendariz, 2014. urtean Manu Chaorekin jo zuten kontzertuan. Gorka Rubio / Foku
Estudioko bigarren lana 2014. urtean argitaratu zuten, Orekariak, crowdfounding bati esker. Ordurako nabarmena zen taldearen eboluzioa, eta bestelako doinu batzuekin esperimentatzen ere hasi ziren. 2016. urtean argitaratu zuten Galera diskoa, eta 2017an Galera Beats nahasketen diskoa. Nola galdu denbora heldu zen 2019an. Disko harekin, azkenik, atzean utzi zituzten ska doinuak, eta taldearen azken kantuetako joera zehaztu zuten. Gitarra, baxua eta bateria oinarri hartuta, doinu elektronikoak ere baliatu dituzte. Disko horrek urteko diskorik onenaren saria jaso zuen 2020ko Gaztea sarietan.
Azken argitalpen luzea Eman ez genuen kontzertua (2021) zuzeneko diskoa izan da; beste abesti batzuk single gisa argitaratu dituzte.
Hamalau urteko ibilbidean, hainbat izan dira Skakeitanen abestiren batean parte hartu duten artistak: Manu Chao, Pello Reparaz, Juantxo Arakama, El Tio Calambres, Hodei Beitia, Tremenda Jauria, Sua, XSakara, Aspencat, Fermin Muguruza, Itaca Band... eta hauek dira taldea osatzen duten musikariak: Pello Armendariz, Olatz Salvador, Julen Idigoras, Borja Anton, Asier Iriondo, Aitor Valcarlos, Gorka Valcarlos eta Ander Zabala. |
2022-4-26 | https://www.berria.eus/albisteak/212597/guterres-lehenbailehen-su-etena-behar-dugu.htm | Mundua | Guterres: «Lehenbailehen su etena behar dugu» | NBEko idazkari nagusiak Lavrovi argi esan dio Errusia dela Ukraina inbaditzen ari den herrialdea. Errusiako Atzerri ministroak, berriz, adierazi du Moskuk NBErekin eta Gurutze Gorriarekin «elkarlanean» jardungo duela zibilak babesteko. | Guterres: «Lehenbailehen su etena behar dugu». NBEko idazkari nagusiak Lavrovi argi esan dio Errusia dela Ukraina inbaditzen ari den herrialdea. Errusiako Atzerri ministroak, berriz, adierazi du Moskuk NBErekin eta Gurutze Gorriarekin «elkarlanean» jardungo duela zibilak babesteko. | NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterres Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovekin elkartu da gaur bake eske, aurrez aurre, Kremlinen, Vladimir Putin presidentearekin bilera egin aurretik, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearekin Ankaran bildu eta biharamunean. Guterresek behin eta berriz eskatu du Ukrainako gerra eteteko, «lehenbailehen» gainera. Pazko ortodoxorako proposatutako su eten orokorrak arrakastarik izan ez zuela eta, gaur Putinekin eta etzi Ukrainako presidente Volodimir Zelenskirekin izango dituen bilerak baliatu nahi ditu menia adosteko, baita egoera humanitarioa arintzen ahalegintzeko ere.
Lavroven eta Guterresen arteko bileraren ondorengo agerraldian, NBEko idazkari nagusia izan da hitza hartu duen lehena. Aitortu du «eztabaida franko» izan dituela Errusiako Atzerri ministroarekin, eta argi esan dio Errusia dela Ukraina inbaditzen ari den herrialdea. «Ukrainako tropak ez daude Errusiako Federazioan; ostera, Errusiako armada Ukrainan dago». Kezka ere agertu du gerra krimen posibleengatik, eta gertakari horien inguruko «ikerketa independente bat» abian jartzeko eskatu du. Gainera, esan du NBEk baliabide guztiak eskainiko dituela Errusiak setiatua duen Mariupol hirian (Donetsk oblasta) babesik gabe dauden milaka zibil salbatzeko, eta bi aldeei galdegin dien korridore humanitario seguruak irekitzea. Horrez gain, gai humanitarioak kudeatzeko talde bat sortzea ere proposatu du.
Errusiako Atzerri ministroak, berriz, nabarmendu du Moskuk NBErekin eta Gurutze Gorriarekin «elkarlanean» jardungo duela zibilak babesteko. Hori bai, kexu azaldu da Mendebaldeak Ukrainan duen parte hartzeagatik, Errusia «mugatu, kontrolatu eta egoera larriagotu» egiten duelako. Ildo beretik, Mendebaldeari egotzi dio «espazio geopolitikoan arau hausteak egitea». Azkenik, Lavrovek Kremlinen baieztapena berretsi du; alegia, Ukrainako ekialdeko Donbass eskualdeko biztanleak «naziengandik» askatu behar direla. Errusiaren eta Ukrainaren arteko bake elkarrizketetan bitartekaritzaz hitz egiteari dagokionez, berriz, «goizegi» dela dio. Halere, gogorarazi du Moskuk «konpromisoa» duela Kievekin negoziazioen bidez irtenbide diplomatiko bat lortzeko.
Atzo ere ezkor mintzatu zen Lavrov gerraren inguruan, Errusiako telebista kate bati emandako elkarrizketa batean. Ohartarazi zuenez, gerra nuklearraren arriskua «larria da, benetakoa, eta ez da gutxietsi behar», Interfax agentziak jasotakoaren arabera. Horrez gain, Errusiako Atzerri ministroak Kuban 1962an bizi izandakoarekin alderatu zuen gaur egungo nazioarteko egoera: Gerra Hotzeko tentsio handieneko garaietako batekin, hain zuzen ere. «Une horretan arau gutxi zeuden, soilik arau idatziak», zehaztu zuen, «baina jokabide arauak nahiko argiak ziren: Errusiak argi zuen AEBak nola jokatzen ari ziren, eta Washingtonek argi zuen nola jokatzen ari zen Mosku. Gaur egun, ordea, oro har, arau gutxi geratzen dira».
Errusiako Atzerri ministroak adierazpena egin eta gutxira erantzun zion Ukrainako haren homologo Dmitro Kulebak. Haren esanetan, Errusiak gerra nuklearra pizteko aukeraz hitz egiten duenean, Ukrainako borroka «galtzen» ari dela sentitzen duelako da. «Errusiak mundua izutzeko azken itxaropena galdu du, Ukraina babes ez dezan. Hori dela eta, hirugarren mundu gerrako arrisku 'erreal' bati buruz hitz egin da», esan zuen, txio bidez.
Eta Zelenskik goizaldean bidalitako azken mezuan dio Errusiak guda «galdu» egingo duela. Halaber, adierazi du Ukrainako armadak jada lortu duela Errusiako tropek okupatutako 931 kokaleku askatzea. «Gerra hau benetan herri gerra bihurtu da Ukrainarentzat. Eta erakutsi dugu ideia ukrainarra ere indartsua dela, baita herrialde osoan ere: ekialdetik mendebaldera, eta iparraldetik hegoaldera», zehaztu du. «Baina ez dut zalantzarik denbora kontua baino ez dela izango gure lurraldea askatzea».
Errusiaren erasoaldiari erantzunez, Mendebaldeak Ukraina armaz hornitzen jarraitzen du. Hain zuzen ere, Alemaniak iragarri du Ukrainari lehen aldiz Gepard motatako tankeak bidaliko dizkiola. Hala berretsi du Christine Lambrecht Alemaniako Defentsa ministroak, Ramsteingo (hego-mendebaldea) aire base estatubatuarrean egindako konferentzia batean. Bertan izan dira, besteak beste, Lloyd Austin AEBetako Defentsa idazkaria, Jens Stoltenberg NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusia, Europako Batasuneko herrialde gehienetako defentsa ministroak eta Ukrainako Defentsa ministroa.
Bada, Errusiako Atzerri ministroak adierazi du Ukraina mendebaldeko arma biltegiak, Mendebaldeak bidaliak, helburu «legitimoak» direla Errusiako armadarentzat. «NATO Errusiarekin gerran sartzen bada ordezkari baten bidez eta ordezkari hori armatzen badu, orduan dena da bidezkoa». Bidenabar, Lavovek ohartarazi du Ukrainari armak bidaltzea AEBen «garbitasun faltaren beste adibide bat» dela, nazioarteko zuzenbidearen baldintzak «urratzen» dituzten bitartean.
Finlandia eta Suedia, NATOtik gero eta gertuago
Finlandiak eta Suediak maiatzean iragarriko dute NATOrako hautagaitza, tokiko komunikabideek jakinarazi dutenez. Finlandiako Iltalehti egunkariak baieztatu du bi herrialdeetako buruzagiak maiatzaren 16ko astean bilduko direla aliantza militarreko hautagaitza iragartzeko. Stockholm eta Helsinki aspalditik ari dira neutraltasun militarreko politikak aplikatzen, haien ondoko herrialdeekin gatazkak nolabait saihesteko.
Baina Sanna Marin Finlandiako lehen ministroak hil honen hasieran Suediara egindako bisita batean esan zuen «dena aldatu» zela Errusiak Ukrainari eraso zionean, eta kazetariei esan zien Helsinki «Errusiaren era guztietako ekintzetarako prest» egon behar zela.
Aftonbladet Suediako hedabideak gaineratu zuen AEBek eta Erresuma Batuak segurtasun arloan laguntza ematea adostu dutela, eta, bi herrialde horien laguntzari esker, Eskandinavian tropa kopurua handituko litzateke, inteligentzia arloan lankidetza handiagoa izango litzateke, mehatxu zibernetikoen aurkako borrokan laguntza emango litzateke eta NATOren gerraontzien presentzia handiagoa izango litzateke Itsaso Baltikoan.
Hiru eraso Transnistriako Gobernuaren aurka
Transnistriako presidente Vadim Krasnoselskik salatu du atzoz geroztik gobernuaren aurkako hiru eraso jazo direla: azkena, Segurtasun Ministerioaren egoitzaren kontrakoa. Transnistria herrialde independente bat da de facto, nazioartean eragile gehienek estatu gisa aitortzen ez duten arren. Errusiarena da duen babesik garrantzitsuena, eta haren 2.000 tropa inguru hartzen ditu bere lurretan. Bada, eraso horien ondoren, baliteke Transnistriako errusiazaleek erabaki bat hartzea, Errusiako berri agentziaren arabera. Moskuk berak, segurtasun arrazoiak argudiatuta, lurralde horren independentzia aitortzea izan daiteke aukeretako bat, otsailean Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublikekin egin bezala. |
2022-4-26 | https://www.berria.eus/albisteak/212598/enpresa-kopuruak-gora-egin-du-bigarren-hilabetez-jarraian.htm | Ekonomia | Enpresa kopuruak gora egin du bigarren hilabetez jarraian | 57.860 enpresa daude egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iazko martxoan zeudenak baino %0,8 gehiago dira. | Enpresa kopuruak gora egin du bigarren hilabetez jarraian. 57.860 enpresa daude egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iazko martxoan zeudenak baino %0,8 gehiago dira. | Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ehun enpresariala apurka zabaltzen ari da; hala ere, eta enpresa kopuruari dagokionez, oraindik ez da pandemia aurreko kopuruetara iritsi. Hori da Confebask enpresari elkartearen martxoko azterketaren ondorioa. Egun 57.860 enpresa daude hiru lurraldeetan, iazko martxoan zeudenak baino %0,8 gehiago. Otsailean ere datu hori ona izan zen, 2021eko otsailarekin alderatuta %0,7 egin baitzuen gora kopuruak. Aurtengo datu orokorrei erreparatuta, martxo amaieran otsail amaieran baino hemezortzi enpresa gehiago zeuden.
Confebasken arabera, joera on bat ezartzen du igoera horrek, baina, alderaketa urrunago eramanez gero, 2020ra esaterako, pandemia aurreko egoerara, egungo enpresa kopurua ordukoa baino %1,7 txikiagoa da. Duela bi urte, 1.033 enpresa gehiago zeuden. Lurraldekako azterketa eginda, eta berriz ere iazko martxoarekin alderatuta, nabarmentzekoa da enpresa kopurua hiru lurraldeetan handitu dela: +69 Araban; +303 Gipuzkoan eta +192 Bizkaian.
Autonomo kopuruari dagokionez, joera ezberdina da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan autonomoen erregistroan izena emaniko 168.924 langile daude. 2020ko martxoan zeudenak baino 1.320 gutxiago dira (%0,8 gutxiago), eta, era berean, iazko abenduan zeudenak baino 755 gutxiago. Alde horretatik, urtarrila izan zen bereziki gogorra. Urteko lehen hilabetean 784 autonomok utzi baitzuten jarduna. |
2022-4-26 | https://www.berria.eus/albisteak/212599/ekainera-pasatu-dute-getxophoto-jaialdia-eta-22-artistaren-lanak-bilduko-ditu.htm | Kultura | Ekainera pasatu dute Getxophoto jaialdia, eta 22 artistaren lanak bilduko ditu | Hamabost urtez irailean egin ondoren, ekainaren 2tik 26ra egingo dute aurten argazkigintzari eskainitako jaialdia, Getxon. Jon Uriarte argazkilariak egin ditu komisario lanak, eta irudimena izango du gai nagusia. | Ekainera pasatu dute Getxophoto jaialdia, eta 22 artistaren lanak bilduko ditu. Hamabost urtez irailean egin ondoren, ekainaren 2tik 26ra egingo dute aurten argazkigintzari eskainitako jaialdia, Getxon. Jon Uriarte argazkilariak egin ditu komisario lanak, eta irudimena izango du gai nagusia. | «Pandemia libratu dugu». Egindako egokitzapen guztiak gora behera, eta, programazioa osatzeko izandako buruhausteak ahaztu gabe, Euskal Herrian azken bi urteetan kultur arduradun gutxik ahoskatu ahal izan duten esaldi horixe ahoskatu du Jokin Aspuru Getxophoto Nazioarteko Irudi jaialdiko arduradunak gaur, festibala aurkezteko egindako prentsaurrekoan. Eta, zehaztu duenez, jaialdia nagusiki kalean egiten delako izan da posible hori. Egokituta egin dituzte azken bi urteak, ezinbestean, eta bertan behera utzi behar izan dituzte jende multzoak sortzen zituzten proposamenak, baina etenik gabe eutsi ahal izan diote proiektuari. Horregatik, data aldaketa izango da aurtengo proposamenaren nobedade nagusia. Ekainean egingo dute aurten lehen aldiz festibala; orain arte, hamabost urtez, irailean antolatu ostean. Jon Uriarte argazkilaria izango da komisarioa, hogei erakusketa inguru hartuko ditu egitarauak, Imajinatu izango du leloa, eta, besteak beste, festibalean izango dira Judit Bou, John Hilliard, Marco de Mutiis, Clare Strand, Takashi Homma, Bego Anton eta Ainhoa Resano argazkilariak. Guztia, ekainaren 2tik 26ra bitartean. Aurten ere, nagusiki kalean.
Web orrialdean ikus daiteke jadanik programaren zatirik handiena.
Ekaina hilabete «oso egokia» zela uste zutelako egin dute data aldaketa antolatzaileek: azaldu dutenez, sasoi horretan kultur eskaintza ez delako oso handia izaten eta egunak luzeak izaten direlako. Edonola ere, jaialdia antolatzen duen Begihandi elkarteko kideen kontziliazioa izan da motibo nagusia. Aspuru: «Jaialdia irailean egiten denez, uztailean eta abuztuan lan eskerga izaten dugu, eta ezin izaten ditugu etxekoak behar bezala zaindu».
Kalea eta irudimena
Jaialdiak hiru urtean behin aldatzen du komisarioa, eta, ondorioz, azken aldia izango du aurtengoa Jon Uriarte argazkilari hondarribiarrak. Getxophotoren ezaugarri bana hautatu du argazkilariak urte bakoitzeko programaren ardatz modura, eta horregatik hautatu du aurtengo leloa ere, etorkizunean etor daitekeenari keinu egiteko. Kalea hautatu zuen gai nagusitzat lehen urtean, konpartitzearen ideiari heldu zion iaz, eta, azkenik, irudimenari eskaini dio aurtengoa. Zehazki, irudimenak bizitzari zentzua emateko betetzen duen rola aztertzea da asmoa, irudiek horretarako eskaintzen dituzten aukerak ere kontuan hartuta.
22 artista hautatu ditu horretarako Uriartek. Gutxi gorabehera, hori izaten baita jaialdiak izan ohi duen parte hartzaile kopurua.
Kutsadura bisuala saihestea
Aspuruk azaldu duenez, berez, jaialdiak izango luke hazteko aukera, eta egin ahalko lituzke erakusketa gehiago, artista gehiagorekin. Ordea, egun duen neurriari eustea erabaki dute antolatzaileek. Gertutasuna da motiboetako bat, zehaztu duenez, eta jasangarritasun bisuala bestea. «Ez ditugu hogei artista baino gehiago gonbidatzen, kopuru horrek aukera ematen digulako artista bakoitzarekin zuzenean lan egiteko, eta, eskaintza ere handiago izan daiteke, baina Getxophoton ez dira berrehun argazki baino gehiago egoten: ez dugu poluzio bisuala areagotu nahi».
Proposamenaren kalitate orokorra aipatu du Aspuruk, baina hainbat artistaren lanak ere nabarmendu ditu. Jaialdian izango dira urte luzeko ibilbidea duten Takashi Homma japoniarra eta John Hilliard britainiarra, esaterako. Argazkigintza dokumentala lantzen du lehenak, eta, nagusiki, ildo kontzeptuala landu du bigarrenarenak. Haiekin batera, sortzaile gazteagoak ere izango direla esan du zuzendariak, eta Boliviako Marisol Mendezen lana goraipatu du haien artean. Eta festibalaren eskaintzaren askotarikotasuna frogatzen du izen zerrenda horrek, zuzendariaren ustez. Nazioarteko egileekin batera, festibalean izango diren bi euskal ordezkariak ere izan ditu gogoan, gainera: Bego Anton eta Ainhoa Resano. Sorgin ehiza landuko du lehenak, eta Kutxateka artxiboan egindako ikerketa bat aurkeztuko du bigarrenak.
Adar digitala
Hiru gune nagusi izango ditu programak herrian: Algorta erdigunea, Ereaga hondartza eta Erromoko kultur etxea. Hiru gune horietan bilduko dira erakusketarik gehienak. Eta haien osagarri, hitzaldiak, bisita gidatuak, argazkilaritza ikasleen topaketak, solasaldiak eta erakusketaz erakusketako bertso saio bat ere egingo dituzte.
Programa fisikoa ez ezik, sareko adar bat ere izango du jaialdiak. 30 film biltzen dituen hautaketa bat egin du Lois Patiño zinemagileak Filmin plataforman, eta Juan Coveli sortzaile kolonbiarrak eta Marco de Muttis italiarrak ere proiektu digital bana aurkeztuko dute.
Hain zuzen ere, alor digital horren garrantzia nabarmendu du zuzendariak. «Ohiko argazkilaritzaz gainera, algoritmoak, giltzak, sare neuronalak eta inteligentzia artifizialak lekua izango dute programan; gaur egun, irudi gehienak gune digitalean sortu, mugitu eta kontsumitzen dira, eta jaialdiak lekua egin behar die horiei ere».
Erakundeen babesa
Besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren eta Getxoko Udalaren babesa izan du lehen urtetik jaialdiak, eta aurten ere haien bidez jaso ditu antolakuntza gastuei aurre egiteko baliabideak festibalak. 200.000 euroko aurrekontua du egun. |
2022-4-26 | https://www.berria.eus/albisteak/212600/erregutzen-dizut-bidali-hegazkinak-airekorik-gabe-ezin-da-borrokatu.htm | Gizartea | «Erregutzen dizut: bidali hegazkinak. Airekorik gabe ezin da borrokatu» | Gernikako bonbardaketa gertatu baino hiru egun lehenago, Manuel Irujo ministroak airekoak bidaltzeko eskatu zion Espainiako Errepublikako Gobernuari. Gaurko Ukrainako oihartzuna dakar oihuak. | «Erregutzen dizut: bidali hegazkinak. Airekorik gabe ezin da borrokatu». Gernikako bonbardaketa gertatu baino hiru egun lehenago, Manuel Irujo ministroak airekoak bidaltzeko eskatu zion Espainiako Errepublikako Gobernuari. Gaurko Ukrainako oihartzuna dakar oihuak. | Historian patroi batzuk behin eta berriz gertatzen direla ezaguna da. Baina batzuetan, horiek hitzez hitz itzultzen direla ikustea zirraragarria suertatzen da.
Egunotan, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea hegazkinak eskatzen ari da etengabe, Errusiaren inbasioari aurre egiteko. Airekoak bidali ezean, gutxienez Errusiako Armadari Ukraina gainean hegaldatzea galarazteko eskatu dio NATOri. Orain arte, halakorik zuzenean ez egitea erabaki du koalizio militarrak, hori Errusiarekin aurrez aurre gerran sartzea litzatekeelako, eta hondamendi nuklear batekin buka daitekeen gatazka zabaltzea ekar dezakeelako.
Haatik, «bidali hegazkinak» oihua ez da berria, Euskal Herrian bertan. Manuel Irujo nafar abertzaleak etengabe eskatu zizkion airekoak Espainiako Errepublikako Gobernuari Gernikako bonbardaketaren aurreko asteetan.
Largo Caballero gobernuburuaren taldeko ministroa izan zen Irujo, 1936ko irailetik 1937ko maiatza bitartean. Errepublikak kontrolaturiko eremuetan oinarrizko justizia antolatzeko ardura eduki zuen.
Agintean zela, larrituta ikusi zituen faxisten aurrerapenak Bizkaiko frontean, eta behin eta berriz idatzi zion Indalecio Prietori arriskuaz ohartarazteko. Errepublikako Itsas eta Aire Armaden ministroa zen Prieto.
«Airekorik gabe ezin da borrokatu», idatzi zion 1937ko apirilaren 23an. Esan zion Jose Antonio Agirre lehendakariarekin hitz egin berri zuela eta hark ohartarazi ziola egoera latza zela. Gudariak «eremua, kemena eta indarra» galtzen ari zirela azaldu zion, eta Bilbo galtzeko arriskua zegoela. Eta «Bilborekin, gerra».
Aire gerran Errepublikan eginiko «porrotak» atzerabiderik gabeko ondorioak izango zituela adierazi zion.
Irujoren mezuak gero eta motzagoak ziren, haren etsipenaren erakusgarri.
Izan ere, 21 egun lehenago, zehaztasun handiagoz deskribatu zion egoera. «Lurrez, itsasoz eta airez blokeaturik» euskal miliziek hainbat posizio garrantzitsu galdu zituztela azaldu zion, eta Gorbea galduko zutela ohartarazi zion. Etsaiek airez etengabe ari zirela jotzen, eta horrek tropen kemena higatzen zuela. «Erregutzen dizut: bidali hegazkinak berehala».
Mezu berean, kexa agertu zion Irujok, faxisten erasoaldia hasi zenean Bilbon ez zegoelako «hegazkin bakar bat» ere. Bizkaiko hiriburuko baseko zortzi makinak Santanderren zeudela salatu zion, Errepublikako Gerra Ministerioak aginduta.
Xabier Irujo historialariak (ministroaren iloba Arantza Amezagaren semea da) ondorioztatu duenez, 1936ko gerran Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2.042 bonbardaketa operazio egin zituzten; horietako %91, matxino faxistek.
Irujoren kezkak baieztatu egin ziren, «airekorik gabe ezin da borrokatu» telegrama hartatik hiru egunera, Gernikan, gaur dela 85 urte. Faxistek airean zuten nagusitasuna erabakigarria izan zen. Bizkaiko frontea erori zen, eta horrekin, Bilbo. Gerra galdu zuten errepublikazaleek eta euskal abertzaleek.
Prieto liberala zen, eta PSOEko kidea. 1920. urtean Espainiako kongresuan esan zuen «beldurra» ematen ziola euskal abertzaletasunak. Baina, halere, foruen eta Hego Euskal Herriaren autogobernuaren aldekoa zen, «separatismoa» gelditzeko modu gisa. Gerraren ostean ere, abertzaleekiko lankidetzari erreparoak jarri zizkion. «Ez dut bat egingo Espainiaren batasuna apurtzen duen ezerekin», esan zuen 1940. urtean. Alemaniak ez bezala, Espainiak ez du oraindik barkamenik eskatu Gernikako bonbardaketarengatik, eta gaur bidaliko du lehenengoz ordezkaritza bat Gernikako ekitaldira.
Bigarren Mundu Gerraren garaian, aurrez aurre jarri ziren Agirre eta Prieto, adiskideak baziren ere. Gerra horren ostean, Prieto Euskadiren «etsai» gisa kalifikatu zuen lehendakariak. Izan ere, Mendebaldeko aliatuek Francoren erregimena amaitu beharrean, diktadurarekiko harremanak normaltzea erabaki zuten AEBk 1948an. Bitartean, Prieto Espainiako erregezaleekin hitz egiten ari zen, erreforma demokratiko bat egiteko, horrek monarkia berriz ezartzea eskatzen bazuen ere.
Azken asteotan «hegazkinak bidali» etengabe esan die Zelenskik Mendebaldeko gobernuei. Gernikako bonbardaketarekin konparatu zuen Ukrainako gerra Espainiako Kongresuan, apirilaren 5ean. Hautsak harrotu zituen konparazioak. Euskal hiria gogora ekarri izana txalotu zuen EAJko diputatu Aitor Estebanek. Beste batzuek kritikatu egin diote Zelenskiri faxisten biktima izan zen hiria aukeratu izana, Ukrainako Armadak eskuin muturrarekin edo ideia neonaziekin loturiko taldeak barruan baititu.
Edonola ere, Zelenskiren konparazioak ez lioke panorama onik iragarriko Ukrainari berari. Hegazkinak jaso ez zituzten haiek gerra galdu zuten, gero berrogei urteko diktadura pairatu zuten Mendebaldearen oniritziarekin, eta, oraindik ere, Agirrek eta Irujok nahi zuten burujabetzaren ordez, autonomia higatu bat besterik ez dute lurraldearen zati batzuetan. Putinek, beharbada, pozik sinatuko luke. |
2022-4-26 | https://www.berria.eus/albisteak/212601/ibilbide-laquogogorra-eta-gorabeheratsuaraquo-izango-du-itzuliak.htm | Kirola | Ibilbide «gogorra eta gorabeheratsua» izango du Itzuliak | Lehen aldiz jokatuko da emakumezkoen proba, maiatzaren 13tik 15era. World Tour eta Kontinental mailako txirrindularirik onenak izango dira lehian. | Ibilbide «gogorra eta gorabeheratsua» izango du Itzuliak. Lehen aldiz jokatuko da emakumezkoen proba, maiatzaren 13tik 15era. World Tour eta Kontinental mailako txirrindularirik onenak izango dira lehian. | Ibilbide «gorabeheratsua eta gogorra» izango du Euskal Herriko Emakumezkoen Itzuliak. Hala adierazi dute gaurko aurkezpenean lasterketaren antolatzaileek. Lasterketa estreinakoz jokatu da, maiatzaren 13tik 15era, eta hiru izango dira etapak: Gasteiz-Bastida (105 kilometro), Mallabia-Mallabia (117 kilometro) eta Donostia-Donostia (139 kilometro). Guztira 363 kilometro, hain zuzen.
Donostiako Klasikoaren lekua hartuko du Itzuliak. Izan ere, Frantziako Tourrak data aldatu du, eta gizonezkoen lasterketaren ondoren korrituko da. Horrenbestez, bat egiten zuen egutegian Klasikoarekin. Hala, UCIrekin hitz egin ostean, Itzulia egitea erabaki dute, nazioarteko federazioak maiatza proposatu zuelako hemen inguruko World Tourreko lasterketak egiteko. Julian Erasok nabarmendu du antolakuntzaren helburua beti izan dela emakumezkoen txirrindularitza bultzatzea, eta bide horretan segitu nahi dutela Itzulia antolatuz. «Nazioarteko egutegian kokatuta gaude», adierazi du.
Guztira 22 taldek hartuko dute parte: hamabi World Tour mailakoak, eta hamar Kontinental mailakoak. Horien artean lau Euskal Herrikoak dira: Movistar, Bizkaia Durango, Sopela eta Laboral Kutxa. Ezusterik ezean, euskal ziklistarik onenak errepidean izango dira: Ane Santesteban, Eider Merino eta Lourdes Oiarbide, besteak beste. Nazioarteko partaidetzari dagokionez, munduko ziklistarik onenak izateko aukera dago, baina antolatzaileek onartu dute ez dakitela munduko onenen artean zein eta zenbat ariko diren Euskal Herriko errepideetan barrena.
Roberto Laisekak diseinatu ditu hiru etapak, eta bakoitzari azalpentxoa gehitu dio gaur, Gasteizko Udalean egin den aurkezpenean. Hiru etapak batera hartuta, bakoitzak 2.000 metroko desnibela izango duela esan du, eta hortik dator ibilbidearen gogortasuna. Aurreneko koska lasterketa hasi eta berehala izango dute txirrindulariek: Zaldiaran mendatea. Hala ere, lasterketako zuzendari teknikoaren ustez, lehendabiziko egunak ez luke erabakigarria izan behar. Bai bigarrenak. Mallabian hasi eta bukatuko den etapari «nagusia edo erregina» deitu dio, eta, haren ustez, lasterketa bigarren egun horretan erabakiko da: «Gorabeheratsua da erabat. Ez dago zati bat bera ere ordekan, dena da gora eta behera». Gizonezkoen Itzulian berriki izan da etapa amaiera Bizkaiko herri horretan, eta emakumezkoenak izango du aldaketarik, hirurehun metro lehenago bukatuko delako. Hirugarren eta azkeneko etapa, Donostian hasi eta bukatuko dena, Klasikoaren ibilbidean jokatuko da gutxi asko. Horren adibide, Jaizkibel, Gurutze eta Murgil igoko dituztela. Etapa guztietan izango dira esprint bereziak: guztira, hiru etapetan, sei. Gainsariak ere banatuko dituzte eguneko labaren amaieran, helmugan.
Gernika-Durangoko Luis Alberto Duran zuzendarietako bat aurkezpenean izan da, eta hari ere azkar atera zaio Itzuliaren ibilbidearen balorazioa: «Oso gogorra da». Onartu du hasieratik kosta dakiekeela onenen erritmoari segitzea, baina garbi utziz taldearen helburuak beste batzuk direla: «Geure burua erakutsi nahi dugu, ikus dadila gure maillota». Garrantzia handia eman dio Itzulia egiten hasteari, eta, horrekin lotuta, babesleak lortzeko lana ekarri du gogora: «Etxean bertan eta hiru eguneko lasterketa izanda, ezagutarazteko aukera emango digu, eta lagungarri izan daiteke babesleak aurkitzeko».
Erasok erakundeei bota die amua —Gorka Urtaran Gasteizko alkatea bertan izan da—, haiek emango duten laguntza eskertu eta gero: «Beti nahi izaten dugu gehiago, eta eskatzea da nire lana. Ondo dago Tourra ekartzea Euskal Herrira, datorren urtean bezala, baina hemen gu gaude urte guztian; gu gara Euskal Herriko txirrindularitza»
Livia Lopezek ere hartu du hitza aurkezpenean, Gasteizko Udaleko Kiroletako zinegotziak, eta «aitortza» egin dio antolakuntzari: «Bestela ere nahikoa oztopo izaten da lasterketak antolatzeko, eta emakumezkoena bada, oraindik eta gehiago». Aldarrikapen bat ere gehitu du: «Honelako egitasmoek balio izan behar dute mutilentzat ere erreferente izan daitezen emakumezko kirolariak».
Lasterketako zuzendaria, emakumezkoa
Itzulia bera historikoa izango bada, aurrenekoa delako, ez da atzean geratuko lasterketako zuzendariarena. Izan ere, Alaitz Biritxinagak beteko du lan hori. Epailea da, eta 26 urte daramatza zeregin horretan lasterketetan. Erasok eskaini dio aginte postu hori betetzea, eta onartu egin du. Pozarren zen gaurko ekitaldian: «Bizitzako ametsetako bat izan dut zuzendari izatea, eta Itzulian estreinatzea handia da». |
2022-4-26 | https://www.berria.eus/albisteak/212602/bizkaiko-autoeskoletako-langileen-gatazka-amaitu-da-36-igoko-diete-soldata-lau-urteko-epean.htm | Ekonomia | Bizkaiko autoeskoletako langileen gatazka amaitu da: %36 igoko diete soldata lau urteko epean | 40 greba egun egin ondoren, autoeskoletako irakasleek eta administrazio langileek onartu egin dute Apavi patronalarekin adosturiko lan hitzarmen berria. | Bizkaiko autoeskoletako langileen gatazka amaitu da: %36 igoko diete soldata lau urteko epean. 40 greba egun egin ondoren, autoeskoletako irakasleek eta administrazio langileek onartu egin dute Apavi patronalarekin adosturiko lan hitzarmen berria. | Hamabi urteren buruan, Bizkaiko autoeskoletako langileek lan itun berria dute. Berrogei greba egunen ondoren, irakasle eta bulegariek Apavi patronalarekin adosturiko akordioa berretsi dute. ELA sindikatuak emaniko datuen arabera, azken hamabi urteetan izozturik egon diren KPIaren araberako eguneratzeak berreskuratuko dituzte, eta soldata %36 igoko diete lau urteko epean. Era berean, lan itunean ageri zen lan mailarik apalena desagertu egingo da, administratzaile laguntzailearena, hain zuzen. Bizkaiko autoeskolen gatazkak luze jo du, eta, makina bat bilera eta auto manifestazioren ondoren, 400 langile inguruko kolektiboak itun berria du. ELAk eta CCOOk sinatu dute, CCOOk hiru greba egun bakarrik babestu zituen arren. ELAk, bere aldetik, ontzat jo du akordioa. Soldata igoera mailakatua izango da. Lehenbizi, %14ko igoera izango dute, azken hamabi urteetan pilaturiko KPIen batuketa, hain zuzen. 2022an, %6,4 igoko dizkiete soldatak, iazko KPIaren arabera. 2023rako, berriz, %8ko igoera aurreikusi dute, betiere KPIa handiagoa ez balitz, eta 2024rako, %4koa. Kopuru hori ere KPIaren arabera birkalkula daiteke. Igoera horien eraginez, langile guztiek 1.200 eurotik gorako soldata izango dute. Aurreko ituna zaharkitua zegoen, eta langileek beste hainbat eskaera zituzten, eta asko lortu dituzte. Esaterako, administratzaile laguntzaile figura desagertu da itunetik, soldatarik txikiena zuena, hain zuzen. Irakasle ez diren langileen lan astea 40 ordutik 38ra jaitsi da, eta ordutegi esparrua 20:00etan amaituko da, eta ez 21:00etan. Halaber, esparru hori astelehenetik ostiralera mugatuko da aurrerantzean. Azkenik, gaixotasun baja hartuz gero, langileek soldata osoa jasoko dute lehen bost hilabeteetan, eta 23 eguneko gutxieneko oporraldia adostu dute. |
2022-4-26 | https://www.berria.eus/albisteak/212603/eusko-jaurlaritzak-milioi-bat-euro-emango-dizkie-gaztelaniazko-komunikabideei-euskara-sustatzeko.htm | Gizartea | Eusko Jaurlaritzak milioi bat euro emango dizkie gaztelaniazko komunikabideei, euskara sustatzeko | Iaz nagusiki gazteleraz aritzen diren hamahiru hedabidek jaso zuten laguntza: 'El Diario Vasco'-k, 'El Correo'-k, 'Gara'-k, 'Noticias de Álava'-k, 'Deia'-k, 'Noticias de Gipuzkoa'-k, 'Naiz'-ek, Segura irratiak eta Europa Pressek, besteak beste. | Eusko Jaurlaritzak milioi bat euro emango dizkie gaztelaniazko komunikabideei, euskara sustatzeko. Iaz nagusiki gazteleraz aritzen diren hamahiru hedabidek jaso zuten laguntza: 'El Diario Vasco'-k, 'El Correo'-k, 'Gara'-k, 'Noticias de Álava'-k, 'Deia'-k, 'Noticias de Gipuzkoa'-k, 'Naiz'-ek, Segura irratiak eta Europa Pressek, besteak beste. | Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak gaur onartu du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak milioi bat euroko diru laguntza ematea nagusiki gaztelaniaz aritzen diren hedabideei, euskara susta dezaten. Laguntza eguneroko prentsara, edizio digitaletara, irratietara eta Internet bidez albisteak ematen dituzten berri agentzietara bideratuta dago. Gobernu kontseiluaren ostean, agerraldia egin dute Eusko Jaurlaritzako ordezkariek —tartean zen Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua—, baina ez dute aipatu laguntza hori emango dutela. Ohar bidez jakinarazi dute haren berri.
Hiru multzotan banatuko dute laguntza. Alde batetik, 900.000 euro jarriko dituzte batez ere gaztelaniaz aritzen diren eguneroko prentsan eta egunkarietan euskararen presentzia areagotzeko. Horietako 550.000 paperean inprimatutako egunkariak diruz laguntzeko izango dira, eta beste 350.000 euroak, haien edizio digitaletarako. Ez dute zehaztu gutxienez zenbat albiste idatzi beharko dituzten euskaraz.
Beste aldetik, 50.000 euro albisteak Internet bidez euskaraz ere ematen dituzten berri agentzientzat izango dira. Baldintza bat ezarri diete: gutxienez egunero hamabi albiste ekoitzi beharko dituzte euskaraz.
Azkenik, gaztelaniazko irratiak ere diruztatuko dituzte. Orotara, 50.000 euro erabiliko dituzte horretan. Laguntza izateko, emanaldi orduen %85 euskaraz eduki beharko dituzte, eta astean gutxienez 25 ordutan euskaraz egin beharko dute.
Ez da halako laguntza bat ematen duten lehen aldia. Iazko deialdiaren bidez, gaztelerazko hamahiru komunikabidek jaso zuten diru laguntza: El Diario Vasco-k, El Correo-k, Gara-k, Noticias de Alava-k, Deia-k, Noticias de Gipuzkoa-k, Naiz-ek, Segura irratiak eta Europa Pressek, besteak beste. |
2022-4-26 | https://www.berria.eus/albisteak/212604/argindarra-merkatzeko-sistema-bat-adostu-dute-ebk-espainiak-eta-portugalek.htm | Ekonomia | Argindarra merkatzeko sistema bat adostu dute EBk, Espainiak eta Portugalek | Madrilek eta Lisboak 30 euroko gehienezko muga jarri nahi zioten gasari, baina 50 eurokoa onartu behar izan dute. | Argindarra merkatzeko sistema bat adostu dute EBk, Espainiak eta Portugalek. Madrilek eta Lisboak 30 euroko gehienezko muga jarri nahi zioten gasari, baina 50 eurokoa onartu behar izan dute. | Iberiar penintsulako argindar merkatu bateratuak aurki izango du prezioak jaisteko tresna bat. Teresa Riberak eta Duarte Cordeirok, hurrenez hurren Espainiako eta Portugalgo gobernuetan energiaz aritzen diren ministroek, akordio bat lortu dute Margrethe Vestager Europako Batzordeko Lehiarako komisarioarekin, gasari jarri beharreko gehienezko prezioaren inguruan.
Argindar sorkuntzarako gas megawatt-orduari 30 euroren prezioa jartzea proposatu zuten Madrilek eta Lisboak, baina kopuru hori txikiegia zela argudiatu du Bruselak, eta barne lehiari kalte egingo diola. Zabaldu dutenez, 40 eurokoa izango da hasieran muga, baina progresiboki handitu beharko dute hurrengo hilabeteetan, eta indarrean izango den urtean batez besteko gehienezko prezioak 50 eurokoa izan beharko du. Gaur, 90 eta 95 euro artean salerosten ari da gas megawatt-ordua Herbehereetako erreferentziazko merkatuan.
Kalkulatu dutenez, argindarraren batez besteko prezioa 60 eta 70 euro artean merkatu dezake neurri horrek. Apirileko batezbestekoa 190 eurotik behera dago —220 euro gaur—, eta 120 eta 140 euro artean gera daiteke gehienezko prezioa.
Uharte energetikoa
Martxoaren amaierako goi bileran lortu zuten Madrilek eta Lisboak argindarraren prezioa jaisteko promesa. Salbuespen iberiarra deitu zaio aukera hori, Espainiako eta Portugalgo argindar merkatu bateratuak dituen ezaugarriak bereziak direlako EBren barruan: energia berriztagarriek pisu handia dute argindarraren sorkuntzan, eta, batez ere, oso konexio eskasak dituzte EBko gainontzeko merkatuekin. Uharte energetiko bat direla, hein batean.
Argindarra merkatzeko bidea da gasaren gehienezko prezio bat ematea eta, ondorioz, hark eragindako garestitzea ez zabaltzea argindarra lortzeko beste iturrietara. Izan ere, EBren sistema marjinalistaren ondorioz, beharrak asetzeko erabiltzen den azken iturriaren prezioak ordaintzen zaizkie beste iturriei ere. Horrek dakar zentral eolikoek, hidraulikoek, fotovoltaikoek eta nuklearrek gasa erretzen duten zentralen prezio bera jasotzen dutela, haien kostua askoz apalagoa izan arren. Aurreko astean ordu batzuetan argindarraren prezioa ia zero izan zen Iberiar penintsulako merkatuan, eolikoak eta fotovoltaikoak estali zuelako kontsumoaren zatirik handiena.
Espainiako eta Portugalgo gobernuek proposatu zuten gehienez 30 euroko prezioa jartzea argindarra sortzeko erabiltzen den gasari. Prezio hori hartuko litzateke erreferentzia gisa argindarraren prezioa kalkulatzeko, baina ondoren ziklo konbinatuko zentralek konpentsazio bat jasoko lukete haien kostua estaltzeko.
«Lan tekniko zail eta sakon baten ondoren, Europako Batzordearekin akordio politikoa lortu dugu», esan du Duarte Cordeiro Portugalgo Klima Ekintzarako ministroak. «Hurrengo hilabeteotan gasaren garestitzeaz babestuko gaituen akordio on bat da», gaineratu du Teresa Ribera Espainiako Energia Trantsiziorako ministroak. Xehetasun tekniko batzuk geratzen dira zehazteko, baina espero du hurrengo astean onartu ahal izango duela ministroen kontseiluak eta «berehala» indarrean jarri ahal izango dutela. |
2022-4-26 | https://www.berria.eus/albisteak/212605/ega-ibaian-hilotz-bat-aurkitu-dute-eta-ikertzen-ari-dira-abenduan-desagerturiko-lizarratarrarena-den.htm | Gizartea | Ega ibaian hilotz bat aurkitu dute, eta ikertzen ari dira abenduan desagerturiko lizarratarrarena den | Villatuerta eta Lizarra artean atzeman dute gorpua, deskonposatze fase aurreratuan zelarik. Joan den abenduaren 5eko goizaldean 42 urteko gizon bat desagertu zen ibaiaren inguruan; bera izan daitekeen susmoa du Poliziak. | Ega ibaian hilotz bat aurkitu dute, eta ikertzen ari dira abenduan desagerturiko lizarratarrarena den. Villatuerta eta Lizarra artean atzeman dute gorpua, deskonposatze fase aurreratuan zelarik. Joan den abenduaren 5eko goizaldean 42 urteko gizon bat desagertu zen ibaiaren inguruan; bera izan daitekeen susmoa du Poliziak. | Gorpu bat atzeman dute goizean Ega ibaian, Villatuerta eta Lizarra artean (Nafarroan). Gizonezko baten hilotza da, eta uretan erdi murgildua zela aurkitu dute, arbola baten adar batean trabaturik. Gorputza deskonposatze fase aurreratuan da, eta ikerketa abiatu dute, identifikatzeko. Poliziak susmoa du joan den abenduan desagerturiko gizona dela.
Izan ere, 42 urteko gizonezko bat abenduaren 4ko gauean desagertu zen Lizarran, Ega ibaiaren inguruan. Desagerpena salatu zenez geroztik, larrialdi zerbitzuak bilaketa lanetan izan dira hainbat hilabetez, baina orain arte ez dute erdietsi hura aurkitzea; gaur arte. Iruñera eraman dute gorpua, aztertzeko. |
2022-4-26 | https://www.berria.eus/albisteak/212606/istillart-lesioa-seinale-bat-izan-da-baina-lehendik-ari-nintzen-pentsatzen-futbola-uztea.htm | Kirola | Istillart: «Lesioa seinale bat izan da, baina lehendik ari nintzen pentsatzen futbola uztea» | Athleticek lehen taldean duen Ipar Euskal Herriko jokalari bakarrak iragarri du ez duela futbolean jokatzen jarraituko, eta agurreko prentsaurrekoa eman du gaur. Zuri-gorriei lotuta egongo da aurrerantzean ere, Iparraldeko jokalariak ikuskatzen eta entrenatzen. | Istillart: «Lesioa seinale bat izan da, baina lehendik ari nintzen pentsatzen futbola uztea». Athleticek lehen taldean duen Ipar Euskal Herriko jokalari bakarrak iragarri du ez duela futbolean jokatzen jarraituko, eta agurreko prentsaurrekoa eman du gaur. Zuri-gorriei lotuta egongo da aurrerantzean ere, Iparraldeko jokalariak ikuskatzen eta entrenatzen. | Sophie Istillartek (Baiona, 1996) ez du egun batetik bestera erabaki Athletic eta futbola uztea. Athleticeko jokalariak atzo eman zuen erabakiaren berri, eta gaur egin du azalpenak emateko prentsaurrekoa, Lezaman. 26 urteko erdilaria errekuperatzen ari da urtarrilaren 16an belaunean izandako lesio larri batetik —bigarren aldiz apurtu du belauneko lotailu gurutzatua—, baina esan du ez dela hori izan erabakia hartzera bultzatu duen faktore bakarra: «Seinale bat izan zen, baina lehendik ari nintzen pentsatzen futbola uztea. Erabaki hau hartu dut orain behar dudana delako. Beste etapa bat bizi nahi dut nire bizitzan, beste gauza batzuk probatu».
Argi utzi du oso zoriontsu izan dela Athleticen, baina etxera itzultzeko ordua dela uste du, bere gertukoekin egoteko. Aitortu du bere bizitzako erabakirik zailena izan dela, baina horren inguruan asko hausnartu du: «Ez da egun batetik bestera hartutako erabakia izan».
Oso esker ona agertu dio Athletici, eta «bihotzez» eman dizkio eskerrak: «Zortzi urte nituenetik ari naiz futbolean, eta bete dut profesional izateko ametsa. Gaur amaituko da bide hori, baina harro nago Athleticen jokatu izanaz; klub honen balioak nire balioak dira. Beti egongo naiz zuekin», esan du, bere taldekide izan direnen aurrean. Prentsa aretoan izan da Aitor Elizegi presidentea ere, besteak beste.
Istillart Athleticen eta Euskal Selekzioan jokatu duen Ipar Euskal Herriko emakumezko lehen futbolaria izan da. Uste du, ordea, ez dela azkena izango: «Iparraldeko jokalari gehiago etor daitezke hona; neska gehiago daude orain, eta badute maila». Horregatik, azaldu du Athletici lotuta jarraituko duela, Ipar Euskal Herriko neskak ikuskatzen eta entrenatzen: «Nik talde hau ezagutzen lagundu nahi diet, talde bikaina baita. Lan asko dago egiteko han» azaldu du.
Ezusteko erabakia
Jokalariak esan duen arren erabakiaren inguruan pentsatzen denbora asko zeramala, Athleticeko jarraitzaile asko ezustean harrapatu ditu albisteak. Iaz BERRIAk egin zion elkarrizketan, adibidez, Istillartek Athleticen «urte asko» egiteko nahia erakutsi zuen: «Hala nahiko nuke. Jokalariok ditugun baldintzengatik, klubean dagoen familia giroarengatik eta, gustura banago, ez dudalako atsegin aldatzen ibiltzea. Zortzi urtez jokatu nuen Bordelen, adibidez», azaldu zuen ordukoan. Kapitain ere izan zen zen hango taldean.
Baionako jokalaria Hendaian (Lapurdi) hasi zen futbolean jokatzen; Irunen (Gipuzkoa) ere jokatu ostean, Bordelera joan behar izan zuen bere ibilbidearekin segitzera, Frantziako Lehen Mailara. Athleticek 2020. urteko udan fitxatu zuen. |
2022-4-26 | https://www.berria.eus/albisteak/212607/kargudun-publikoak-agindu-judizialpean-eta-banaka-zelatatu-zituela-esan-dute-cniren-inguruko-iturriek.htm | Politika | Kargudun publikoak «agindu judizialpean eta banaka» zelatatu zituela esan dute CNIren inguruko iturriek | 'El País' egunkariak argitaratutako informazioaren arabera, argitara atera den informazioa ez da zuzena, eta zelatatutakoen zerrenda «askoz txikiagoa» da. Bolañosek esan du Espainiako Gobernuak «kontzientzia oso lasai» daukala | Kargudun publikoak «agindu judizialpean eta banaka» zelatatu zituela esan dute CNIren inguruko iturriek. 'El País' egunkariak argitaratutako informazioaren arabera, argitara atera den informazioa ez da zuzena, eta zelatatutakoen zerrenda «askoz txikiagoa» da. Bolañosek esan du Espainiako Gobernuak «kontzientzia oso lasai» daukala | Agindu judizialpean zelatatu zituen CNI Espainiako zerbitzu sekretuak hainbat politikari euskaldun eta katalan, eta, gainera, banaka zelatatu zituzten, ez «bereizi gabe». Hori aldezten dute Espainiako zerbitzu sekretuen «hurbileko iturriek», El País egunkariak filtratutako informazioaren arabera. Egunkariak azaldu duenez, iturri horrek ez du baieztatu zeintzuk izan ziren, erakundearen arabera, zelatatu zituzten pertsonak. Hala ere, esan du The New Yorker kazetak argitaratu duen zerrendako asko ez dituztela zelatatu, eta, horrenbestez, espioitza kasuen biktima izan direnak askoz ere gutxiago direla.
Hala ere, iturri horiek onartu dute azken urteotan kataluniako elkarte independistetako buruak «jomuga informatibo» izan dituela CNIk. Esan dutenez, buruzagi independentistak zelatatzeak badu arrazoi bat: CNIko barne araudian ageri denez, «Espainiako lurraldetasuna edozein mehatxutatik babestea» da zerbitzu sekretuen helburuetako bat. Iturriek ez dute argitu Kataluniako Generalitateko lehendakaria izandakoren bat jomugatzat izan duten ala ez, baina esan dute atzemandako sakelakoak ez direla «instituzionalak» izan. Hau da, ez dira beren jarduera publikoak egiteko erabili diren sakelakoak, baizik eta telefono partikularrak, «indarkeria erabiltzen duten taldeekin harremanetan jartzeko» erabili direnak —esaterako, CDR Errepublikaren defentsarako batzordeak aipatu dituzte—. CNIren inguruko iturrien arabera, talde horiek zelatatzen ari zirela iritsi ziren kargu publikoen sakelakoetara, haiekin komunikatzen zirelako.
El Pais-ek informazio hori argitaratu ondoren, Jon Iñarrituk «erantzukizuna» eskatu dio Espainiako Gobernuari, SER irratian egin dioten elkarrizketa batean: «Ez dugu nahi gobernu hau pikutara joaterik, baina eskandalu honen aurrean ondokoa esan nahi diogu: jokatu erantzukizunarekin». Egunkariak argitaratutako informazioaren inguruan, gainera, Iñarrituk uste du gako batzuk ematen dituela Espainiako Gobernuak emango duen betsioaren inguruan: «Espioitza kasu batzuk gezurtatuko dituzte. Eskandalu bat da, eta ez dira argitzen ari horren atzean zer dagoen. Ziur nago ez dagoela baimen judizialik kargu publikoak edo abokatuak zelatatzeko».
«Barne ikerketa»
Kataluniako Generalitateko kontseilari Laura Vilagrarekin bilera egin zuen Felix Bolaños Espainiako Presidentetza ministroak igandean, gertatutakoaren inguruan hitz egiteko. Bilkuraren ondoren, espioitza kasu horiek argitzeko lau neurri iragarri zituen: barne ikerketa bat abiaraztea CNI Espainiako zerbitzu sekretuetan, Espainiako Kongresuan Sekretuen Batzordea eratzea, Espainiako arartekoari bidea erraztea berak ere gertatutakoa iker dezan, eta ikerketarako beharrezkoak diren dokumentuak desklasifikatzea.
Iñarrituri, ordea, ez zitzaion nahikoa iruditu neurri horiek hartzea, eta egoera horren arduradunak «atoan» kargutik kentzeko eskatu zuen. Bolañosek gaur eman du horri buruzko erantzuna, ministroen kontseiluaren osteko agerraldian: «Funtsezkoa da aurreiritzirik ez izatea, eta pausoz pauso joatea. Lehenengo eta behin, argitu dezagun CNI barnean gertatu dena». Horrez gain, gehitu du Espainiako Gobernuak «kontzientzia oso lasai» daukala, beti «legearen barruan» jokatu duelako. Horrez gain, sekretu ofizialen batzordea sortzeko beharrezkotasunaz ere hitz egin du Bolañosek: «Ez du ezertarako balioko gai honen inguruko ikerketa batzorde bat eratzeak. Bertan deklaratuko dutenek ezin izango dute ezer esan, sekretupeko informazioa delako».
Sekretupeko batzordea
Izan ere, Senatuko osoko bilkurak gaur eztabaidatu eta bozkatuko du gisa horretako ikerketa batzorde bat sortzea, Pegasus programaren bidez egindako espiotza kasu horiek ikertzeko. Senatuan ERC, JxCAT eta EH Bilduko 21 senatariek egindako eskaeraren harira aztertzen ari dira batzordea sortzea. Hala ere, alderdi horiei lau sinadura falta zitzaizkien ikerketa batzorde bat sustatzeko erregelamenduak eskatzen duen gutxienekora iristeko; EAJri eskatu zizkien falta ziren sinadura horiek— jeltzaleek hamar aulki dituzte—.
Horren ordez, Espainiako Gobernuak Sekretuen Batzordea sortu nahi du Kongresuan, espiotza kasu horiek ikertzeko. Orain arte, batzorde horretan parte hartzen duten alderdiak gehiengo kalifikatuaren bidez izendatzen ziren—erabaki jakin batzuk hartzeko lortu behar da gehiengo hori, eta gehiengo absolutuaren muga nabarmen gainditzen du—, baina orain, Meritxell Batet Espainiako Kongresuko presidenteak proposatu du batzordeko partaideak aukeratzeko metodoa aldatzea. Hain zuzen, gehiengo absolutuaren bidez aukeratzeko proposamena luzatu du; horrela, EH Bildu eta ERCk modua izango lukete batzordean parte hartzeko. Gobernuak, PSOEk eta Podemosek ekinaldi horren alde egin dute; Vox eta PP, ordea, aurka agertu dira. |
2022-4-27 | https://www.berria.eus/albisteak/212608/oso-ondo-baliatutako-berrogeita-hamar-ordu.htm | albisteak | Oso ondo baliatutako berrogeita hamar ordu! | Hazinnova programak laguntza ematen die berrikuntza txikiak ezarri nahi dituzten enpresa txikiei. Horien emaitzak hiru hilabetean ikus daitezke. Horixe da Metalúrgica de Bengoetxeren kasua. Galdakaoko enpresa horrek Hazinnovara jo zuen bere jarduera osoa tailer bakar batean biltzeko. | Oso ondo baliatutako berrogeita hamar ordu!. Hazinnova programak laguntza ematen die berrikuntza txikiak ezarri nahi dituzten enpresa txikiei. Horien emaitzak hiru hilabetean ikus daitezke. Horixe da Metalúrgica de Bengoetxeren kasua. Galdakaoko enpresa horrek Hazinnovara jo zuen bere jarduera osoa tailer bakar batean biltzeko. | Teknologia berriak indarrean sartzeak eta haien ahalmen agorrezinak behar bezain argi utzi ez balute ere, azken bi urteotan pandemiak, krisi logistikoak eta inflazioak agerian utzi dute enpresek eraginkorragoak izan behar dutela beren prozesu eta sail guztietan. Birpentsatu egin behar dira. Aztertu egin behar dira, eta ikusi zertan eta nola hobetu behar duten haien lehiakortasuna bermatzeko. Bestela esanda, berritu egin behar da.
ETE-ek eta mikroETE-ek berrikuntza beren jardueran sar dezaten, Eusko Jaurlaritzak Hazinnova programa abiarazi zuen 2019an. Programa horrek berrogeita hamar orduko doako aholkularitza zerbitzua eskaintzen die bost langile baino gehiagoko enpresei, proiektu txikiak abian jar ditzaten. Programa espresuki pentsatuta dago fabrikazioaren, logistikaren, merkaturatzearen edo administrazioaren eta finantzen arloetan hiru hilabetean emaitza egiaztagarriak erakuts ditzaketen egitasmoetarako. Hori bideragarria da enpresa parte hartzaileak bere jarduera garatzen duen sektorean eta merkatuan esperientzia duen aholkularitza enpresa eta eragile baten lankidetzari esker.
Programan parte hartu duten 437 enpresen artean arrakasta izan duten enpresetako bat Metalúrgica de Bengoetxe da: lau urte daramatza burdinazko, altzairuzko eta ferroaleaziozko piezak eta makineria egiten. Konpainia Bolueta Engineering Group taldean sartuta dago gaur egun; 25 langile ditu, eta Galdakaoko hainbat tailerretan egiten du bere jarduera. Eta hortxe, batere praktikoa ez zen antolaketa horretan, aurkitu zuen, hain zuzen ere, hobekuntza.
Zehazki, mandrilak eta goihabeak fabrikatzen zituzten, eta errepide batek bereizten zituen bi tailerrei erreparatu zien, eta haietako bat baztertzea erabaki zuen, bai eta ordura arte materiala pabiloi batetik bestera eramateko egin beharreko joan-etorrietan alferrik galdutako denbora eta ahalegina ere. Pentsatzea erraza da, baina egitea beste kontu bat da.
Jarduera batetik bestera eraman eta kontzentratzea arrakastatsua izan zedin, kontu handiz berregituratu behar zen produkzio osoa hartuko zuen fabrika. Eskuragarri zegoen espazioa ahalik eta gehien nola baliatu aztertu behar zen, prozesuen fluxua naturaltasunez eman zedin eta langileek beren zeregina ahalik eta efizientzia, erosotasun eta segurtasun handienaz egin zezaten. Hau da, fabrika osatzen duten elementu eta espazio komun guztiek (makinak, lan estazioak, biltegiratze eremuak, korridoreak…) engranaje ezin hobea osatu behar zuten, eta, gainera, etorkizunean prozesu edo ekipamendu berriak sartzeko aukera eman behar zuten.
Hazinnova programaren barruan, Metalúrgica de Bengoetxek berregituraketa proiektua aurkeztu ahal izan zion LKS kanpoko aholkularitza enpresari. LKSk, produkzio prozesuak eta premia posibleak aztertu ostean, hainbat berrikuntza garrantzitsu gehitu zizkion hasierako proposamenari. Horretarako, adituek hainbat alderdi (besteak beste, fabrikaren banaketa, materialen fluxua, piezak egiteko prozesua, azken urteetako salmentak eta berehalako aurreikuspenak) aztertu zituzten, enpresako arduradunekin batera etorkizuneko premiak zehazteko. Ondoren, Hazinnova agentearekin batera (kasu honetan FVEM, Metaleko Lantegien Bizkaiko Federakuntza), ezarpen plana definitu zuten, eta, plan horri esker, fabrikaren funtzionamendua optimizatu ahal izan dute, aurreikusi zen bezalaxe.
Hazinnova Eusko Jaurlaritzaren programa bat da, eta Spri Taldeak eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak kudeatzen dute. Hirugarren aldi honetan, proposamenak aurkezteko epea abenduaren 1era arte egongo da zabalik. |
2022-4-26 | https://www.berria.eus/albisteak/212609/muskek-badu-bere-armada.htm | Ekonomia | Muskek badu bere armada | Twitter haren esku geratuko da oso-osorik, operazioa burutzeko finantzaketa ziurtatu ostean | Muskek badu bere armada. Twitter haren esku geratuko da oso-osorik, operazioa burutzeko finantzaketa ziurtatu ostean | Zer egin daiteke 40.500 milioi eurorekin? Posible izango balitz, armada bat erosi; adibidez, Frantziarena. Eliseoak diru kopuru hori erabili zuen gastu militarrean 2020an. 40.500 milioi euro. Herrialde bat osorik erosterik balego, diru horrekin, besteak beste, Tunisia, Paraguai, Estonia edo Islandia erosi ahalko lirateke, eta beste hainbat, eta bat baino gehiago, gainera; izan ere, mundu osoko 106 herrialdek kopuru horretatik beherako aberastasuna (BPG) sortu zuten 2020an. Bada, munduko pertsonarik aberatsentzat jotzen denak, Elon Muskek, dirutza hori jarri du Twitter erosteko.
Sare sozialen aroan, Twitter ez da erabiltzaile gehien dituen plataforma —217 milioi egunero—, ezta errentagarriena ere —ez du irabazirik lortu azkenengo hamar urteetatik zortzitan—, baina zeregin nabarmena du iritzi publikoaren konfigurazioan. Buruzagi politikoek euren asmoetarako megafono bihurtu dute, eta norbanakoek zein enpresek euren irudiak hobetzeko, eta, bereziki, irabaziak handitzeko.
Muskek berak etekin ekonomiko handia atera die bere txioei. Hala egin zuen 2018an bere enpresa kuttunarekin, Tesla auto elektrikoen ekoizlearekin —ikusi hemen Musken beste proiektuak—. Gainerako inbestitzaileekin adostu gabe, bere kabuz iragarri zuen Teslaren akzio guztiak erosteko asmoa zuela, eta izugarri garestitu zen horien prezioa: isuna jarri zioten gezurra esateagatik. Duela aste batzuk kriptodiruaren inguruan zabaldutako mezuek ere eragin nabaria izan zuten dibisa horien balioan.
Asmoak, ikusteko
Muskek ez du erabat argitu nola eta zertarako erabiliko duen bere esku geratuko den are soziala. Oso kritiko agertu da konpainiak hartu dituen erabakiekin eta erabiltzaile batzuen jokabidearekin, eta esan du norabide berri bat eman nahi diola horri, «egiazko adierazpen askatasunaren plaza» bihurtu nahi duela Twitter.
Aurreratu du, besteak beste, algoritmoak kode irekikoak izango direla, robotek gidatutako kontuak ezabatuko dituela eta kontu guztiak benetakoak izatea ziurtatuko dela. Sare sozialetik kanporatutakoak itzuli ahalko direla ere iradoki du: Donald Trump AEBetako presidente ohia, esaterako. Hark, baina, ez du sare sozialera bueltatzeko asmorik. «Espero dut Elonek Twitter erostea, hobetuko duelako eta gizon ona delako, baina ni Truthen geratuko naiz [berak sortutako sare soziala da Truth]», esan du Fox telebista katean.
Twitterren jabe eginda, zein asmo ekonomiko dituen ere ez dago argi, baina, saltzaileen arabera, ez dirudi ariketa espekulatibo hutsa denik. Jack Dorseyk, Twitterren sortzaile eta joan den azarora arte enpresaren kontseilari ordezkari izandakoak, konpainia pertsona bakar baten esku geratzea babestu du, modu horretan sare soziala burtsatik kanpo geratuko litzatekeelako. «Twitter enpresa gisa beti izan da arazo bat niretzat, Wall Streeten eta publizitate interesen esku dagoelako. Arazoa konpontzeko, irtenbide berezi bat iruditzen zait Elonena. Haren helburua fidagarria da, eta oso inklusiboa», adierazi du txio batean.
Musk munduko pertsonarik aberatsena da, Bloombergen zerrendaren arabera. Hala ere, 3.000 milioi euro baino ez ditu eskudirutan. Baina konpainia erosteko bermea dauka: 20.000 milioi bere poltsikotik aterako ditu, eta gainerakoa, maileguen bitartez lortuko du. Dirua nork utziko dion ziurtatuta dauka: Morgan Stanley inbertsio bankua, eta harekin batera beste erakunde batzuk: Bank of America, Barclays, MUFG, Societe Generale, Mizuho Bank eta BNP Paribas. Maileguengatik ordaindu beharko dituen interesak ere ez dira txikiak izango: kalkulatzen da Twitterrek 1.000 milioi eta 1.200 milioi dolar artean ordaindu beharko dituela urtean. Iaz 200 milioi eurotik gorako galerak izan zituen konpainiak, eta 2020an, 1.300 milioi eurokoak. Zorrak pilatzen ari zaizkio; aitzitik, Metak —lehengo Facebook— 36.500 milioi euroren irabaziak izan zituen iaz.
Musk urte hasieran hasi zen Twitter osorik erosteko prozesuarekin, baina apiril hasierara arte ez zen ezer jakin. Akzioen %9 erosia zuen ordurako, eta lehen akzioduna zen, Saudi Arabiako Waleed bin Talal al-Saud printzearen (%5,2) eta Jack Dorsey fundatzailearen (%2,4) gainetik.
Sare sozialik garestiena
2022an, Bill Gatesek (Microsoft) Activision Blizzard bideo jokoen ekoizlea erosi zuen, 66.000 milioi euroren truke. Baina Muskena izango da sare sozial batengatik gehien ordaindu den operazioa. 2006an, Googlek (Sundar Pichaik) Youtube erosi zuen, 1.550 milioitan. 2012an, Mark Zuckerbergek (Facebook) Instagram erosi zuen, 950 milioi eurorengatik, eta 2014an, Whatsapp, 18.000 milioiren truke. Eta 2016an Microsoftek LinkedIn, 24.000 milioirengatik. Oso azpitik daude ohiko komunikabideen erosketak. Jeff Bezosek (Amazon) The Washington Post erosi zuen 2013an, 230 milioitan, eta Marc Benioffek (Salesforce), Time aldizkaria, 2018an, 180 milioiren truke. |
2022-4-26 | https://www.berria.eus/albisteak/212610/lesbianen-ikusgaitasuna-zabaltzearen-garrantzia-azpimarratu-dute-euskal-instituzioek.htm | Gizartea | Lesbianen ikusgaitasuna zabaltzearen garrantzia azpimarratu dute euskal instituzioek | Ikusgaitasuna bultzatzeko horma irudi kolektiboa egin dute, Iruñean, NABIk eta Dekumas LBTek. | Lesbianen ikusgaitasuna zabaltzearen garrantzia azpimarratu dute euskal instituzioek. Ikusgaitasuna bultzatzeko horma irudi kolektiboa egin dute, Iruñean, NABIk eta Dekumas LBTek. | Lesbianen Ikusgaitasunaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta, Lesbiana ikusgaiak lelopean, horma irudi kolektiboa antolatu dute NABI Nafarroako Berdintasun Institutuak eta Dekumas LBT elkarteak, Iruñeko Sarasate pasalekuan. «Instituzio publikoek espazioa eman behar diegu emakume lesbianei kolektiboaren barruan ikusgaitasun gutxiago izan dutelako», esan du Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak. Horrez gain, helburuaz ere mintzatu da: «Helburua da lesbianen ikusgaitasuna aldarrikatzea, eta haien espazioa aldarrikatzea; hala nola kaleetan, bizitza publikoan, sozialean, lanean eta familian».
Eva Isturizek, NABIko zuzendariak adierazi du dibertsitatean hezi behar dela, eta memorian jarri du arreta: «Emakume lesbianen memoria berreskuratu behar dugu, haien lanak eta ekintzek hobeto ulertzeko eta erreferenteak izateko».
Gaurko egunak ibilbide «laburra» duen eguna dela esan du Maria Mal Dekumas LBT elkarteko kideak: «Egunarekiko jakintasunik ezak eta ikusgaitasunik ezak eragiten du gutxi ospatzea; horrek agerian uzten du emakume lesbianek bizi duten ikusgaitasun sozialik eza».
Horma irudia irudia kolektiboa da; hortaz, 20:00ak arte edonork parte hartu dezake bertan ageri diren lesbianen gorputzak margotuz. Horrez gain, #emakumeakmaitedituztenemakumeak sare sozialetan zabalduz ere parte hartu daiteke.
Horma irudiaz gain, Remirezek iragarri du Kattalingunek LGTBI+ kolektiboko pertsonei arreta emateko bulego berriak izanen dituela Lizarran eta Tafallan.
Bilboko Udalak ere lesbianen ikusgaitasuna zabaltzearen garrantzia azpimarratu du, eta sentsibilizaziorako kanpaina berriak eginen dituztela esan du. «Gaur egun, oraindik, leku askotan emakume askok ezin dute esan lesbianak direla», esan du Nekane Alonso Bilboko Berdintasun zinegotziak. Horrez gain, ikusgaitasuna bultzatzeko «ardura publikoa» adierazi du. |
2022-4-26 | https://www.berria.eus/albisteak/212611/elon-musken-beste-egitasmo-batzuk.htm | Elon Musken beste egitasmo batzuk | Elon Musken beste egitasmo batzuk. | Ekintzaile deitu edo ez, ezin daiteke esan Muski ekimena falta zaionik. Hainbat proiektu jarri ditu abian, batzuetan arrisku handiak hartuta, negozioa horren argia ez zegoen esparruetan. Ekimenetako batzuk dagoeneko finkatuta ditu orain; beste batzuetan dirua galdu izan du, eta dirutxo ederraren truke saldu ditu beste batzuk, adibidez, PayPal ordainketa sistemarekin.
Eta baditu ekimen batzuk zeintzuen etorkizuna zaila den asmatzen; sekulako negozioa izango diren edota soilik diru xahutzeko ameskeriatan geldituko diren.
Tesla
Auto elektrikoak dira Musken negozio errealena. Handik datorkio dirubide handiena, eta baita finantzatzeko oinarria ere, nahiz eta aholkularitza zenbaitentzat Teslaren akzioen prezioa puztuta dagoen merkatuan (2010ean atera zen burtsara). Kostu handiak eta auto ekoizpen txikiak izan dira urteetan Teslaren ezaugarri, eta ziurtasunak gutxi ziren konpainiaren etorkizunari buruz.
Baina larrialdi klimatikoari aurre egiteko gero eta politika gehiago egoteak, eta horietan auto elektrikoen alde egindako apustuak Teslari mesede handia egin diote. Izan ere, Musken konpainiak jada jorratua du beste batzuek (Europako auto egileek, kasu) orain gutxi hasitako eredua.
Teslak zabalkunde handia izan du azken urteetan eta azken ezarpena Europan egin du, Berlindik hurbil gigafaktoria bat eraikita (badu beste bat Shanghaien).
Tesla Energy
Auto elektrikoetarako baterien ekoizpenarekin garatutako jakintzari beste erabilgarritasun bat eman nahi izan zion Muskek 2015. urtean, eta Tesla Energy sortu zuen, etxebizitzetan energia biltegiratzeko sistemak ekoizteko. Gero Solarcity erosi eta plaka fotovoltaikoak ere sartu zituen eskaintzan. Halako sistemen AEBetako saltzaile handienetako bat da AEBetan.
SpaceX
Marten hiltzea ideia ona iruditzen zaiola esana du Elon Muskek. 2002. urtean SpaceX konpainia sortu zuen, espazioratzeko gai izango ziren suziriak ekoizteko. AEBetako Armadak lagundu zion finantzazioarekin, baina une batean proiektu osoa egon zen kolokan, Falcon 1 suziria orbitaratzeko lehen hiru saiakerek huts egin zutenean. Laugarrenean iritsi zen arrakasta, eta zorte aldaketa, NASAren kontratuak ere lortu baitzituen.
SpaceX-n beste mugarri bat atzera lur hartzen duten suziriekin etorri zen, 2015ean. Eta 2020an iritsi zen lehen hegaldi tripulatua. Gaur egun, espazioratze komertzialen merkatuko kontratuen %45 ditu.
Starlink
SpaceX adar bat Starlink konpainia da, telekomunikazio satelite ekosistema bat osatzen ari dena. Lur osoari satelite bidez interneterako sarbidea ematea da azken buruko xedea, eta Starlinke dagoeneko 2.100 sateliteko dauzka Lurreko beheko orbitan, astronomoen haserrerako.
Hyperloop
Zigilatutako tutu (sistema) batean abiadura handia hartuko lukeen tren bat da Elon Musken beste proiektuetako bat. Ekimenaren arabera, Los Angelestik San Franciscora (AEB) 560 kilometro egiteko bidaiak Hyperloopean 35 minutu hartuko lituzke, orduko 1.200 kilometroko abiadura hartuta. Haren bideragarritasunaz zalantza asko daude, besteak beste, izango lukeen kostuarengatik. | ||
2022-4-26 | https://www.berria.eus/albisteak/212612/metastasia-eragozten-lagun-dezakeen-antigorputz-bat-aurkitu-dute.htm | Gizartea | Metastasia eragozten lagun dezakeen antigorputz bat aurkitu dute | Bartzelonako ikerketa talde batek zuzendutako nazioarteko partzuergo batek egin du aurkikuntza | Metastasia eragozten lagun dezakeen antigorputz bat aurkitu dute. Bartzelonako ikerketa talde batek zuzendutako nazioarteko partzuergo batek egin du aurkikuntza | MCLA-158 jarri diote izena. Antigorputz bat da, baliagarria izan daitekeena metastasia prebenitzeko farmako bat lortzeko bidean. Nazioarteko ikerketa partzuergo batek egin du aurkikuntza, Bartzelonako IRB ikerketa taldeak zuzenduta. Atzo eman zuten ikerketaren berri, Nature Cancer argitalpenean. Azaldu dutenez, tumore solidoen zelula amen zabalkundea eragozteko ahalmena du antigorputzak. Hala ere, ikerketaren emaitzak «atarikoak» dira oraindik, eta ikusi egin behar da zer eboluzio izango duen.
Zelulak kontrolik gabe hazten hasten dira, oro har, gaixotasun onkologikoetan; ondorioz, azkarregi heda daitezke gorputzeko edozein lekutan. Tumoreak sortzen dira horrela askotan. Eta metastasia arazo izaten da askotan minbizien garapenean; minbizidun zelulak inguruko ehun eta organoetara era zabaltzen dira metastasia dagoenean, eta pazienteen pronostikoak zaildu egiten ditu horrek. Aurkitu duten antigorputzak, ordea, hortxe eragiteko ahalmena du.
Poza azaldu dute ikertzaileek aurkikuntzarekin. «Minbiziaren zelula amak ikertzen orain dela hamabost urte hasi ginen», azaldu du ikerketako buru Eduard Batllek. «Hona iristeko bidea txundigarria izan da, baina oso zaila. Inbertsio asko eskatu ditu, eta ikertzaile askoren esfortzua. Etorkizuneko medikuntza hemen hasi da». Organismoak berez sortzen ditu antigorputzak, babesteko; infekzioak edo kalteren bat duten zelulak atzematen dituzte. Orain aurkitu duten antigorputz honek minbiziarekin lotutako bi proteina atzematen ditu, eta biak giltzarri dira minbizien zabalkundean.
«Antigorputz honek, gainera, ez du zelula ama osasuntsuen funtzionamenduan eragiten, eta horiek ezinbestekoak dira ehunen funtzionamendu on baterako», nabarmendu du Batllek. Onartu du, hala ere, farmako eraginkor bat lortzeko bidean «egiaztatu» egin behar direla ikerketak lehen urratsetan eman dituen emaitzak. |
2022-4-26 | https://www.berria.eus/albisteak/212613/alternatiba-sinesgarriak-proposatu-nahi-ditu-eh-baik-frantziako-legebiltzarrean.htm | Politika | «Alternatiba sinesgarriak» proposatu nahi ditu EH Baik Frantziako legebiltzarrean | Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan aurkeztuko ditu hautagaiak ekainean, Euskal Herriaren ahotsa Parisen entzunarazteko. «Beste mundu bat eraikitzen ari gara, eta Ipar Euskal Herria horretarako prest da» | «Alternatiba sinesgarriak» proposatu nahi ditu EH Baik Frantziako legebiltzarrean. Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan aurkeztuko ditu hautagaiak ekainean, Euskal Herriaren ahotsa Parisen entzunarazteko. «Beste mundu bat eraikitzen ari gara, eta Ipar Euskal Herria horretarako prest da» | Ipar Euskal Herrian eramaten diren «borroka eta alternatiba guziei ahotsa ematea». Hara zer den EH Baik Frantziako legebiltzarrerako bozetara aurkeztuko dituen hautagaitzen helburua. Ekaina arte eramanen duten kanpaina aurkeztu dute, gaur, Miarritzen (Lapurdi): Gure esku lelopean, Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoa biltzen dituzten hiru hautesbarrutietan izanen dira hautagai ezkertiar eta abertzaleak. Transizio ekologikoaren erronka eta lurra eta etxebizitzaren arazoari konponbideak ematea aldarrikatzeaz gain, Euskal Herriko gatazkaren konponbidean urratsak ematea eta euskarari lege babesa ematea ere mahai gaineratuko dituzte. Eta, oro har, «gizarte emantzipazioaren aldeko neurriak» defendatuko dituzte: «guztiok bizitza duina izateko eskubidea, askatasun indibidual eta kolektiboak errespetatuz».
Egoitz Urrutikoetxea izanen da 4. hautesbarrutiko hautagaia. Historialaria izateaz gain, Lexantzüko (Zuberoa) eta Euskal Hirigune Elkargoko hautetsia da, eta elkarte munduan ere dihardu. Terexa Lekunberri antropologoa izanen da bere ordezkoa. Ipar Euskal Herriaz gain Biarnoaren zati bat ere hartzen du 4. hautesbarrutiak, eta ez da ezkerreko abertzaleentzat aproposena. 2017an bosgarren lekuan gelditu ziren bozen &8,9 lortuta, baina bigarren indarra izan ziren Ipar Euskal Herriko zatiko bozak bakarrik kontuan hartuta.
5. hautesbarrutian Mathilde Hary izanen da hautagaia. Gizarte langilea da, eta etxebizitza eskubidearen eta laborantza lurren zaintzaren alde militatu izan du. Sylvain Aime laboraria izanen da bere ordezkoa. Baionako hirigunea hartzen du 5. hautesbarrutiak, eta nahiko zenbaki apaletan ibili ohi dira hor ezkerreko abertzaleak. EH Baikoak seigarrenak izan ziren 2017an, bozen %5,7 eskuratuta.
Azkenik, Peio Dufau izanen da 6. hautesbarrutiko hautagaia. Trenbideetako langile eta sindikalista, Bake Bidean ere ari da azken urteetan, eta Ziburuko (Lapurdi) herriko etxeko axuanta da 2020ko hauteskundeetatik. Françoise Gallois izanen da bere ordezkoa. Ezkerreko abertzaleek emaitza onenak lortu izan dituzten hautesbarrutia da hau. 2017an hirugarren indarra izan zen EH Bai, ezkerreko lehena, bozen %12rekin.
Abstentzioak markatu zituen duela bost urteko bozak: hautesleen erdia baino gehiago ez zen bozka bulegoetara agertu. Aurten, Emmanuel Macron Frantziako presidenteari oposizio indartsu bat eraikitzeko ideiak har lezake gaina. Frantziako ezkerreko indarrek elkarrizketak abiatuak dituzte hautagaitza bateratua aurkezteko. Ikusi beharko da horren aitzinean nola eusten dion EH Baik. Paristik gidatuak diren Frantziako alderdien aitzinean tokikotasun bat agertzeko parioa eginen dutela aurreikusi daiteke, Korsikako eta Bretainiako esperientziak eredu hartuta: «EH Baiko diputatuak lortzea, Parisen Ipar Euskal Herriaren ahoitsa segurtatzea da. Azken bost urteetan, Korsikako hiru diputatuek zein Paul Molacek erakutsi bezala, garrantzitsua da bertakoen interesak defendituko dituzten diputatuak lortzea». |
2022-4-26 | https://www.berria.eus/albisteak/212614/jaurlaritzak-gazteei-denbora-gehiagoan-emango-die-alokairurako-laguntza.htm | Gizartea | Jaurlaritzak gazteei denbora gehiagoan emango die alokairurako laguntza | Igo egin du Alokairurako laguntzen Gaztelagun programan parte hartu ahal izateko gazteek gehienez eduki ditzaketen diru sarrerak. | Jaurlaritzak gazteei denbora gehiagoan emango die alokairurako laguntza. Igo egin du Alokairurako laguntzen Gaztelagun programan parte hartu ahal izateko gazteek gehienez eduki ditzaketen diru sarrerak. | Eusko Jaurlaritzak erabaki du 18 eta 35 urte arteko gazteei alokairurako diru laguntzak emateko Gaztelagun programa indartzea. Bi aldaketa nagusi iragarri dituzte: gehienezko diru sarrerak igo dituztenez, gazte gehiagok izango dute laguntza eskuratzeko aukera, eta denbora gehiagoan jaso ahal izango dute. Horretarako, 7,6 milioi euro bideratuko dituzte programara, eta egiturazko programa bihurtuko da, pilotu izateari utzita.
Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak eman zuen nobedade guztien berri, atzo, gobernu kontseiluaren osteko agerraldian. Hasteko, diru sarreren muga igo dute. Laguntza bakarrik eskatzen dutenen kasuan, urteko diru sarreren muga 18.000 eurotik 24.500 eurora igo dute; familien kasuan, 24.500etik 30.000ra; eta familia ugariak direnean, 28.000 eurotik 32.000ra. Gehienez jaso ahal izango duten kopurua ere igo dute: lehen, hilean 250 euro eskura zitzaketen gehienez; orain, 275. 2022an dagoeneko horrela egin dute.
Denbora muga ere aldatu dute: orain arte gehienez hiru urtean jasotzen zuten laguntza gazteek, baina aurreratzean 36 urte bete arte izango dute aukera. Gainera, orain arte gutxienez urtebetean etenaldirik gabe Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan bizi behar zuten, eta orain nahikoa izango da sei hilabetean bizitzearekin.
Gazteek alokatuko duten etxearen gehienezko errenta ere igotzea erabaki du Jaurlaritzak. Hain zuzen, Gasteizen, Bilbon eta Donostian, hilean gehienez 775 euroko etxe bat alokatu ahal izatetik 800 eurokoa alokatu ahal izatera igaroko dira. Mantendu egingo dute gainerako herrietan: alokairuak gehienez 750 eurokoa izan beharko du Bilboko eta Donostiako metropoli guneetan eta 10.000 biztanletik gorako udalerrietan, eta 675 eurokoa beste herrietan. Halaber, Jaurlaritza gehienez errentaren erdia ordaintzetik %60 pagatzera pasatuko da. Gaur egun, 2.694 laguntza daude aktibo, eta abian jarri zenetik 4.000 gazte inguruk jaso dute laguntza.
AHTaren Bilboko sarrera
Gobernu kontseiluak oso bestelako neurri bat ere hartu du. Eusko Jaurlaritzak baimendu egin du Espainiako Gobernuak AHTaren Bilbo-Abandoko geltokira sartzeko korridoreko lanak kudeatzeko agindua Jaurlaritzari ematen dion hitzarmena sinatzea. Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Estatuko Administrazio Orokorrak eta Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileak izenpetuko dute akordioa. Bertan jasoko dute Jaurlaritzaren ardura izango dela proiektua, eta Zaratamo (Bizkaia) eta Bilbo erdigunearen arteko tunelaren obrak egitea. |
2022-4-1 | https://www.berria.eus/albisteak/212615/covid-19aren-azken-datuak.htm | Gizartea | COVID-19aren azken datuak | COVID-19ak Euskal Herrian duen eragina azaltzen du grafiko eta mapa interaktibo sorta honek, koronabirusaren momentuko zabalpena nolakoa den ikusi ahal izateko. | COVID-19aren azken datuak. COVID-19ak Euskal Herrian duen eragina azaltzen du grafiko eta mapa interaktibo sorta honek, koronabirusaren momentuko zabalpena nolakoa den ikusi ahal izateko. | [Klikatu grafikoen gainean, kopuru zehatzak ikusteko]
Gobernuek hasieratik izan dituzte zailtasunak SARS-CoV-2 birusaren zabalpena neurtzeko, baina 2021eko azarotik aurrera erabat gainezka egin dute. Eta koronabirus horren omikron aldaera hedatu denetik testak behar beste egiteari utzi diote: sintomak dituztenei eta baja medikoak behar dituztenei soilik egiten dizkiete, eta ez beti. Horregatik 2022 hasieratik aurrera ezinezkoa da koronabirusaren momentuko bilakaera zein den jakitea, eta, ondorioz, beste datu batzuei begiratu behar zaie gaitza zertan den susmatzeko.
Larrituta ospitalera eramandako gaixo kopurua da adierazle horietako bat. Arazoa da gaitza harrapatu eta astebete-edo igarotzen dela ospitaleratu bitarte. Egunero ospitaleratutako paziente kopurua datu esanguratsua da, beraz, baina gaitzak beheranzko joera hasi eta egun batzuk geroago arte ez da nabarituko joera aldaketa. ZIUetan dauden erien datua ere adierazkorra da, baina kutsatuen kurbak gailurra jo eta hiruzpalau aste geroago arte ere gora egiten jarraitu dezake ZIUetako betetze mailak.
Lehen olatuan, ospitaleak eta ZIUak azkar bete ziren, eta gainezka egiteko zorian egon ziren. 2020ko udatik aurrera, ospitaleek egoera hobea eduki zuten, baina presioa iraunkorra izan zen. 2021eko apirilean, Alfa aldakerak eraginda azkar bete ziren ZIUak ostera, Gipuzkoan batez ere. 2021eko udan berriro zabaldu zen gaitza, ugari, baina ospitaleek ordura arteko intzidentziarik txikiena izan zuten. 2021eko azaro bukaeran berriz hasi ziren ospitaleak betetzen, eta 2021eko Gabonetatik aurrera izugarri igo zen ospitaleratuen kopurua: lehen olatutik, ez zituzten hainbeste paziente ospitaleratu behar izan.
2022ko urte hasieratik aurrera, jaisten hasi da positiboen kopurua, baina horrek ez du esan nahi intzidentzia txikiagoa denik. Osasun zerbitzuek test gutxiago egiten dituzte, eta hala ere positibo asko atzematen. Omikron aldaera zabaltzearekin batera, 2021eko abenduan, atzemandako positiboen datuak pisua galdu du, ezagun baita detektatutakoak baino positibo askoz gehiago direla. Horregatik, 2022 hasieratik, adierazkorragoa da atzematen ari diren positiboen ehunekoa: test gutxiago egin eta horietatik positiboen portzentajea handia izateak esan nahi du gaitzaren zabalpenak ez duela kontrolik. Eta test gutxiago egin eta positiboen portzentajea hazten jarraitzea ez da seinale ona, gaitzak zabaltzen jarraitzen duela esan nahi baitezake.
Lehen olatuan, 2020ko udaberrian, COVID-19a harrapatu zuten guztietatik %15 edo gutxiago detektatu zituzten. Bigarren olatuan, 2020ko udazkenean, detekzioa hobea izan zen; kasu guztien %60-70 inguru atzeman zituzten bolada batzuetan. 2021etik aurrera, administrazioek testen estrategiari garrantzia kendu, eta txertoetan jarri dute indar handien. 2021eko urrian, aztarnari taldeak txikitu zituen Eusko Jaurlaritzak, eta gaitza azaroan berriz zabaltzen hasi zenean, ez ziren gai izan kasu guztiak antzemateko. 2021eko abendutik aurrera, berriz, omikron aldaerak gainezkatu egin ditu detekzio sistema guztiak, eta 2022tik aurrera ezinbesteko testak baizik ez dituzte egiten osasun zerbitzu publikoek.
Ez dago Ipar Euskal Herriko datu ofizialik COVID-19ari buruz. BERRIAk egin izan dituen datu eskari guztiei ezezkoa eman diete. Baina, ospitaleei buruz, bederen jakin da 2020ko martxoaren 1etik urriaren 14ra 326 eri egon zirela Baionako ospitalean koronabirusarengatik. Barnealdeko eri asko Paueko ospitaleetara eramaten dituzte, hala ere. Ipar Euskal Herriko ospitaleek, dena den, Hegoaldekoek baino presio txikiagoa izan zuten pandemiaren hasieran.
→ Koronabirusaren lehen kolpea Euskal Herrian: 2.152 hildako lau hilabetean
→ Bigarren olatua: astez aste, handiagoa
→ Inoiz ez da 2020an bezainbat heriotza izan urte bakarrean
Batez beste, kutsatu eta handik hiru astera gertatzen dira COVID-19aren ondoriozko heriotzak. Datu hori da koronabirusaren estatistiketako adierazlerik gordinena. 2020ko abuztuan, Jaurlaritza hasi zen bereizten koronabirusarekin hildakoak eta koronabirusarengatik hildakoak, eta datua astean behin ematen ari da geroztik. Serie estatistikoa ez aldatzeko, koronabirusarekin hildakoen datuak biltzen jarraitzen du BERRIAk azpiko grafiko hauetan. Gainera, kopuru hori da urteko gehiegizko heriotzetatik gertuen dagoena.
2021eko urritik aurrera, Jaurlaritzak astean behin edo berritzen du hiru bat egun lehenago arteko egunez eguneko heriotza kopurua; horrek esan nahi du grafikook batzuetan hamar-hamabost eguneko atzerapena izan dezaketela. Ipar Euskal Herrian, berriz, gutxienez hemezortzi gaixo hil ziren 2020ko martxoaren 1etik urriaren 14ra —kopuru horiek jasota daude grafikootan—, baina geroztik ez dute eguneratu.
Txertatze kanpaina 2020ko abenduaren 27an hasi zen Europako herrialde gehienetan, eta Euskal Herrian ere bai. Lehendabizi, arriskurik handieneko taldeak txertatu zituzten eta, hortik aurrera, adinaren arabera zaharrenetatik gazteenetara joan ziren txertoak jarriz. 2021 azaro hasierarako, herritar guztien %80k pauta osoa hartua zuten Hego Euskal Herrian. Txertatze kanpainaren egoera eta bilakaera erakusten dute hurrengo grafikoek; adin tarte bakoitzean zenbat jende txertatu den ere ikus liteke. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dute sistematikoki jakitera ematen kutsatuen eta ospitaleratuen artean txertatuak eta txertatu gabeak zenbat diren, eta txertaketa kanpainari buruzko Ipar Euskal Herriko daturik ez dago eskura.
COVID-19aren olatu bakoitzak oso eragin diferentea izan du herrialde bakoitzean. Lehen olatua, batez ere, Nafarroan eta Araban sentitu zuten, eta Bizkaian apalxeago. Gipuzkoan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, apenas nabaritu zuten eragina. Bigarren olatuak, berriz, Gipuzkoan eta Nafarroan izan zuen eragin handiena; Ipar Euskal Herriko hiru probintzietako herrietan ere orduan sentitu zuten gehien COVID-19aren eragina. Hirugarren olatua modu orekatuagoan zabaldu zen probintzia guztietan, Nafarroan gutxixeago. Laugarren olatuak, berriz, Gipuzkoan utzi zuen arrastorik handiena, 2021eko apirilean. Bosgarren olatua Delta aldaerarekin hasi zen, 2021eko ekain bukaeran. Seigarrenak gazteak harrapatu zituen, 2021eko udan, oraindik txertatu gabe zegoen biztanleriaren sektorea. Zazpigarrena, berriz, umeen artean hasi zen zabaltzeko, 2021eko udazkenean, baina beste adin tarte batzuetara zabaldu zen gero, eta Gabonetatik aurrera ikaragarri hedatu zen, Omikron aldaera nagusitu zenean. 2022tik aurrera jaitsiera ez da erreala, administrazioek dagoeneko ez dutelako positibo guztiak antzemateko ahaleginik egiten. Hegoaldeko probintzietako 2020ko udatik aurrerako bilakaera erakusten dute azpiko grafikoek, ez baita Ipar Euskal Herriko daturik.
Hurrengo mapa interaktiboek erakusten dute birusaren transmisioa zein herritan dagoen indartsuen eta ahulen. Hegoaldeko herrietan, hamalau egunez pilatutako kasu positiboen tasa erakusten du, 100.000 biztanleko. Ipar Euskal Herriko herrietan, azken zazpi egunetako kasu positiboen tasa agertzen du, baina herri bakoitzeko datu xeheak jakitea ezinezkoa da, Frantziako Osasun Ministerioak ez baititu publiko egin nahi, kasuak identifikatzea eta «estigmatizazioa» saihesteko. Hegoaldean, osasun eremuen datuak ere kontsultatu litezke. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bestalde, herri bakoitzean zenbat heriotza gertatu diren ere ikus liteke.
→ Koronabirusaren lehen kolpea Euskal Herrian: 2.152 hildako lau hilabetean
→ Bigarren olatua: astez aste, handiagoa
→ Inoiz ez da 2020an bezainbat heriotza izan urte bakarrean
Lehen olatuan zahar etxeetan min handia egin zuen COVID-19ak. Garai hartan haren erruz hildakoen %40 zahar etxeetako egoiliarrak ziren. Bigarren olatutik aurrera, apaldu egin da koronabirusaren eraginez hildako egoiliarren kopurua, baina, hala ere, koronabirusarengatik hildako guztien laurden bat inguru izan dira. Txertatze kanpainak abiadura hartu duenean jaitsi da heriotzen kopurua zahar etxeetan. 2021eko udan berriro nabaritu heriotzen goraldi txiki bat, aurreko olatuetakoa baino txikiagoa dena den.
COVID-19ak utzi duen arrastoaren tamaina ematen du, bestalde, urteko heriotza guztien estatistikak: 34.854 heriotza izan ziren 2020an. Inoiz ez dira horrenbeste pertsona hil urte bakarrean Euskal Herrian. Hegoaldean, erregistro zibilek jasotzen dituzte heriotza aktak, eta INE Espainiako Estatistika Institutuak lantzen ditu datuak. Iparraldean, herriko etxeek igorritako datuekin osatzen du estatistika INSEE Frantziako Estatistika Institutuak. Datuek erakusten dute 2020ko heriotza kopuruak, urte hasieran, aurreko urteetakoak baino txikiagoak zirela. Martxoan hankaz gora irauli zen datu hori, eta udaberrian guztiz ezohikoa zen heriotza kopurua gertatu zen. Udan apaldu arren, abuztutik aurrera ere batezbestekoen gainetik jarraitu zuen heriotza kopuruak, eta udazkenean berriro koska bat gora egin zuen.
Probintzien artean aldeak handiak izan ziren, hala ere, 2020an. Ipar Euskal Herrian, azarora arte ez zuten nabaritu heriotzetan igoera esanguratsurik. Araban, bigarren olatuak ez zuen apenas eraginik izan, eta Gipuzkoan, kontrara, lehen olatuan baino heriotza gehiago izan ziren bigarren olatuan. Azpiko grafikoek erakusten dituzte gorabehera horiek. 2021 hasieratik, ordea, ez da nabaritu heriotzen hazkunde ezohikorik: azkeneko urteetako batezbestekoen barruan daude gertatzen ari diren heriotza kopuruak, momentu jakin batzuetako hazkunde txiki batzuekin.
p> |
2022-4-26 | https://www.berria.eus/albisteak/212616/artea-opari-artiumen-urteurrenean.htm | Kultura | Artea opari Artiumen urteurrenean | Gasteizko Artiumek ekitaldi batekin ospatu du hogeigarren urteurrena: performance bat egin du Itziar Okarizek, eta Nestor Basterretxearen lau eskultura aurkeztu ditu museoak. | Artea opari Artiumen urteurrenean. Gasteizko Artiumek ekitaldi batekin ospatu du hogeigarren urteurrena: performance bat egin du Itziar Okarizek, eta Nestor Basterretxearen lau eskultura aurkeztu ditu museoak. | Gela bat, Gasteizko Artium museoan, zementuzko eta egurrezko hormak dituena; leiho handi bat ere badu, aldi berean ate ere badena: aretoaren ertz batean mikrofono bat dago, eta aurrez aurre dozenaka bisitari, tartean erakundeetako ordezkariak, aulki banatan eserita, artistari so. Itziar Okariz artistak hartu du hitza, eta bisitariei beste gela batean imajinatzeko eskatu die; deskribatzen hasi zaie gela, baina haren argazkia oso bestelakoa da: Londresko etxebizitza bateko gela bat da, leiho bat ere baduena, jendearen kapelen, kamioien eta autoen gainetik beste leiho batzuetara ematen duena. Mahai bat ere badago, eta paper zuri batean Emakumeak eta nobela dago idatzita, letra handiekin, baina besterik ez.
2. kapitulua, V. W. performancearen parte da ariketa hori, eta Artium museoak ateak ireki zituela hogei urte bete direla ospatzeko antolatutako ekitaldi berezian aurkeztu du Okarizek. Izan ere, irakurketa eta arte garaikidea batu nahi izan ditu museoak ospakizunean, Liburuaren Nazioarteko Eguna ere pasatu dela baliatuta. Egunean zehar hainbat irakurraldi publiko egin dituzte, Arte eskola eta praktika esperimentalak Euskal Herrian, 1957-1979 erakusketaren harira kaleratutako Pentsatzeko leku bat argitalpena oinarri hartuta.
Okarizen arte ekintza Virginia Woolf idazlearen Gela bat norberarena saiakeran dago oinarrituta. Idazleak emakumeen genero rolak aztertu zituen lan horretan, eta artistak pasarte bat hautatu du bere sormen lanerako. Erabateko isiltasunean ekin dio irakurtzeari. «Agertokia, niri jarraitzeko adeitasuna baduzue, aldatua zen ordurako...».
Artistak behin eta berriz irakurri du pasarte hori, esaldiz esaldi, hitzez hitz. Baina errepikapen bakoitzean hitz bat kendu du. «Niri jarraitzeko adeitasuna baduzue, aldatua zen...». Gela bera, argazkia bezala, aldatu egin da irakurraldi bakoitzean, kanpotik sartzen diren askotariko soinu eta zaratek isiltasuna hausten duten bitartean. Baina artistak etenik gabe jarraitu du, ordu erdiz, buklean, harik eta hitz bakarrarekin geratu den arte: «Gehiago». Txalo zaparrada batekin erantzun diote bertaratutakoek.
Basterretxea gehiago
Okarizen performancea amaituta, Ander eta Itziar Basterretxeak hartu dute hitza. Nestor Basterretxearen bilobak dira, eta haiek ere museoak antolatu duen irakurraldiarekin bat egin nahi izan dute. Izan ere, Basterretxea bera da hogeigarren urteurreneko beste artista gonbidatua. Artiumek artistaren lau obra jarri ditu ikusgai museoaren eraikinaren kanpoaldean.
1960an egindako bi pieza eta 2000. urtean egindako beste bi dira, eta altzairuz nahiz burdinez egindako disko forma dute: Gaua (1960), Titulurik gabe (1960-61), Titulurik gabe (Meridianoa) (1960-2001), eta Titulurik gabe (Meridianoa) (1960-2001). «Aitak ohitura zuen lehendik egindako obra bat hartu eta, garai berriaren testuingurutik abiatuta, itxura berri bat emateko edo beste obra bat asmatzeko», azaldu die artistaren seme Gorka Basterretxeak erakundeetako ordezkariei aurrena, eta bisitariei gero.
Beatriz Herraez museoko zuzendariak adierazi du izurria baino lehen hasi zirela Basterretxearen familiarekin hitz egiten; hainbatetan egin zutela bisita haren tailerrera ere, Hondarribiko (Gipuzkoa) Idurmendieta baserrira, eta handik ekarri dituztela. Museoak baditu lehendik ere Basterretxearen obra batzuk, halere. Horietako zenbait ikusgai daude Zeru bat, hamaika bide erakusketan. Baina museoaren bildumara batu diren azken lau pieza horiek esanahi berezia dute, artistak planotik espaziora, hots, bi dimentsiotik hiru dimentsiora jauzi egin zuen urtean egindakoak direlako.
Parez pare daude, bada, Oteiza, Txillida eta Basterretxearen lanak egun, Artium museoaren eraikinaren kanpoko aldean. Eta izen handiko artisten lanak badira ere, Herraezek gabezia batez ohartarazi ditu ordezkari politikoak: emakumezko artisten lanak falta dira. «Ebidentea da. Baina ildo horretan ari gara lanean, eta espero dugu aurki izatea baten bat». |
2022-4-27 | https://www.berria.eus/albisteak/212636/motorzale-bat-hilda-topatu-dute-zubietan-sakan-baten-hondoan.htm | Gizartea | Motorzale bat hilda topatu dute Zubietan, sakan baten hondoan | Foruzaingoa atzotik zebilen hildakoaren bila, eta gaur goizean aurkitu dute. Hondarribikoa zen, eta 48 urte zituen. | Motorzale bat hilda topatu dute Zubietan, sakan baten hondoan. Foruzaingoa atzotik zebilen hildakoaren bila, eta gaur goizean aurkitu dute. Hondarribikoa zen, eta 48 urte zituen. | Foruzaingoak Zubietan (Nafarroa) topatu du atzo arratsaldetik bila zebilen motorzalea. Jakinarazi dutenez, Hondarribikoa zen (Gipuzkoa), eta 48 urte zituen. 17:00etatik zegoen desagertuta, eta sakan baten hondoan aurkitu dute, NA-170 errepidean. Arratsaldean motorrean ibiltzera irten zen, eta, itzultzen ez zela ikusita, haren familiak 23:00 aldera salatu zuen desagerpena. Dirudienez, errepidetik atera zen gidaria; Foruzaingoa gertatutakoa ikertzen ari da. |
2022-4-27 | https://www.berria.eus/albisteak/212637/dimisioa-aurkeztu-du-fernando-izagirrek-eusko-jaurlaritzako-larrialdi-eta-meteorologia-zuzendariak.htm | Politika | Dimisioa aurkeztu du Fernando Izagirrek, Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia zuzendariak | Aurretik Bizkaiko DYAko zuzendaria izan zen, eta garai hartan egindako irregulartasunak egozten dizkiete Izagirreri eta beste hamar laguni. DYAko egungo zuzendaritzak salatu ditu, eta ikertzen ari dira. Galdakaoko EAJko bozeramaile eta zinegotzi izateari ere utzi dio. | Dimisioa aurkeztu du Fernando Izagirrek, Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia zuzendariak. Aurretik Bizkaiko DYAko zuzendaria izan zen, eta garai hartan egindako irregulartasunak egozten dizkiete Izagirreri eta beste hamar laguni. DYAko egungo zuzendaritzak salatu ditu, eta ikertzen ari dira. Galdakaoko EAJko bozeramaile eta zinegotzi izateari ere utzi dio. | Fernando Izagirre jada ez da Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia zuzendaria. Asteburuan eman zuen dimisioa, eta Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak atzo onartu zuen haren eskaria, akordio batera heldu ostean. Kargu hori bete aurretik, Bizkaiko DYAko zuzendaria izan zen Izagirre 2016 eta 2021 artean, iazko martxoan Jaurlaritzako alor horretako zuzendari izendatu zuten arte.
DYAko egungo zuzendaritzak apiril hasieran salatu zituen Izagirre zuzendari zen garaian izandako irregulartasunak, eta, zuzendari zenaz gain, beste hamar pertsona daude kasuan inplikatuta. Ikerketa zabalik dago, eta egozten dizkieten delituen artean daude dirua bidegabe erabiltzea, kudeaketa desleiala, bidegabeko jabetzea eta kaudimengabezia zigorgarria. Iaz, zuzendaritza talde berria martxan jarri zenean, kontu ikuskaritza bat egin zuen erakundearen egoera zein zen jakiteko; orduan topatu zituzten irregulartasunak.
Izagirre, besteak beste, EAJko zinegotzia eta bozeramailea ere bazen gaur arte Galdakaoko Udalean (Bizkaia), baina utzi egin ditu kargu horiek ere, baita alderdia bera ere. Jeltzaleen alkategaia izan zen azken udal hauteskundeetan, eta zerrendarik bozkatuena eurena izan zen arren, alkatetza galdu zuten EH Bilduren mesedetan. 2007tik zen zinegotzi.
Eusko Jaurlaritzak azpimarratu duenez, dimisioak ez du loturarik Izagirrek Jaurlaritzan egin duen lanarekin. DYAn 1986. urtean hasi zen, boluntario modura, eta, zuzendari izan aurretik, koordinatzaile nagusi izan zen hainbat urtez. |
2022-4-27 | https://www.berria.eus/albisteak/212638/aung-san-suu-kyiri-bost-urteko-beste-espetxe-zigor-bat-ezarri-dio-myanmarko-junta-militarrak.htm | Mundua | Aung San Suu Kyiri bost urteko beste espetxe zigor bat ezarri dio Myanmarko Junta Militarrak | Myanmarko Estatu Kontseilari kargugabetua egozten dizkioten ustelkeria kasuetako bategatik zigortu dute. Etxeko atxiloaldian da iazko otsailean militarrek agintea hartu zutenetik. | Aung San Suu Kyiri bost urteko beste espetxe zigor bat ezarri dio Myanmarko Junta Militarrak. Myanmarko Estatu Kontseilari kargugabetua egozten dizkioten ustelkeria kasuetako bategatik zigortu dute. Etxeko atxiloaldian da iazko otsailean militarrek agintea hartu zutenetik. | Myanmarko Junta Militarrak beste behin zigortu du Aung San Suu Kyi. Estatu kontseilari kargugabetu eta Bakearen Nobel saridunari hainbat delitu egozten dizkiote, eta oraingoan ustelkeria kasu bategatik bost urteko kartzela zigor bat ezarri diote. Kasu honetan, Yangoneko gobernadoreak emandako 565.000 euro eta 11,4 kilo urre onartzeagatik kondenatu dute.
Aung San Suu Kyi etxeko atxiloaldian da iazko otsailean militarrek agintea hartu zutenetik, eta han beteko du jaso berri duen kondena hori ere. Aurretik bi urteko beste bi zigor jaso ditu, eta oraindik beste hainbat delituri egin behar die aurre. Hortaz, denera ehun urte pasatxoko espetxealdira zigortu lezakete agintari ohia gerora jakinaraziko dituzten sententzien bitartez.
Egungo egoera politikoak azken hamarkadako gertakariak ditu oinarri. 2011n, militarrek onartu egin zuten boterea partekatzea, eta 2015ean hauteskundeak antolatu zituzten, ia mende erdi iraun zuen diktaduraren osteko lehenak. Boz horietan, Bakearen Nobel saridunaren NLD Demokraziarako Liga Nazionalak lortu zuen ordezkaritzarik handiena, eta iazko azaroan ere alde handiz irabazi zituen bozak, 440 eserlekutik 258 bilduta. Militarren arabera, ordea, «iruzurra» egin zuten hitzordu horretan, nahiz eta hauteskunde batzordeak behin eta berriz ziurtatu duen ez zela halakorik gertatu.
Hala, herrialdeko agintea hartzea erabaki zuten iaz, konstituzioko artikulu batean oinarrituta: 417.ak armadari esku hartzeko baimena ematen dio «Myanmarko batasunaren suntsitzea gerarazteko». Nazioarteko komunitateak salatu zuen militarrek kolpetik eten zutela «trantsizio demokratikorako abiaturiko» bidea.
Diktaduraren aurkako sinboloa
Aung San Suu Kyi Myanmarko diktadura militarraren kontrako sinbolo bat da, eta borroka horrengatik jaso zuen Bakearen Nobel saria, 1991n; zehazki, «kontzientzia demokratikoa pizteko eta giza eskubideak defenditzeko egindako lanagatik».
Erresuma Batuan egin zituen ikasketak, eta 1980ko hamarkadaren amaieran itzuli zen Myanmarrera. Demokraziaren aldeko mugimendu baketsuetan hartu zuen parte, NLD alderdiaren barruan.
1990eko hauteskundeetan, NLDk botoen %59 lortu zituen. Aung San Suu Kyi lehen ministro izatekotan zela, armadak baliorik gabe utzi zituen bozak, eta etxeko atxiloaldia ezarri zioten NLDko buruzagiari, 2011ra arte.
2015eko bozen ostetik Estatu kontseilari kargua zuen Aung San Suu Kyik. Agintaldian kritika dezente izan ditu, batez ere rohingyen jazarpenagatik. Izan ere, 2017an, etnia horretako herritarren kontrako errepresio kanpaina bat abiatu zuen Myanmarko armadak; NBEren arabera, 25.000 hildako eta 725.000 desplazatu eragin zituen operazioak. «Garbiketa etnikoa» egitea ere leporatu zioten.
Horren ondorioz, Nazioarteko Zigor Auzitegiak Myanmarren kontrako epaiketa hasi zuen 2020. urtean, genozidioagatik, eta Aung San Suu Kyi aritu zen estatuaren defentsa zuzentzen. |
2022-4-27 | https://www.berria.eus/albisteak/212639/iberdrolaren-espainiako-adarrari-irabaziak-txikitu-zaizkio.htm | Ekonomia | Iberdrolaren Espainiako adarrari irabaziak txikitu zaizkio | Argindar konpainiak 1.058 milioi euroren mozkina egin du lehen hiruhilekoan, %3 gehiago, baina nazioarteko negozioen ondorio dela ziurtatu du. Sanchez Galanek argindarra merkatzeko sistema kritikatu du, eta hari esker faktura %30 merkatuko dela iragarri du Teresa Ribera ministroak. | Iberdrolaren Espainiako adarrari irabaziak txikitu zaizkio. Argindar konpainiak 1.058 milioi euroren mozkina egin du lehen hiruhilekoan, %3 gehiago, baina nazioarteko negozioen ondorio dela ziurtatu du. Sanchez Galanek argindarra merkatzeko sistema kritikatu du, eta hari esker faktura %30 merkatuko dela iragarri du Teresa Ribera ministroak. | Argindarra inoizko garestien egonda, konpainia elektrikoak dirutza egiten ari direla uste zabaldua da, ez soilik herritarren artean, baita haien irabazi batzuk —zerutik eroritako irabaziak— gutxitu nahi dituzten gobernuen aldetik. Iberdrolaren kasuan baieztatu egin da uste hori —1.028 milioi euro irabazi ditu 2022ko lehen hiruhilekoan—, baina ñabardura batzuekin. Bilbon egoitza duen konpainiak ziurtatu du Espainiako adarraren mozkina —hor daude Euskal Herriko bezeroak— asko jaitsi dela iazko urte hasierarekin alderatuta (-%29), eta arrazoi bat eman du: beren bezero askori ez diela pasarazi argindar garestiaren kostua.
Agiri baten bitartez, Iberdrolak ziurtatu du merkatu librean dituen bezeroei argindarra aurretik finkatuta zegoen prezioan ordainarazi diela, eta, hortaz, azken hilabeteetako garestitzeak ez diela eragin. Hau da, kontratuak bete dituela, gehienetan urtebeterako prezio finkoa ematen baitute. Horren ondorioz, «Iberdrolako merkatu libreko bezeroen energiaren %80 tarifa arautuan daudenen erdia edo heren bat txikiagoa izan da».
Berez, handizkako merkatuko prezioa, orduro eta egunero berritzen den hori, PVPC tarifa arautua duten kontsumitzaileek ordaintzen dute, merkatuaren %40 inguru. PVPCn egon behar dute, esaterako, bonu soziala jasotzen duten herritarrek —Iberdrolaren kasuan, Cur Energia adarrean—, baina horiek jasotzen duten deskontua %60ra handitu zuen udazkenean Espainiako Gobernuak, eta, horren ondorioz, haien fakturak nahiko egonkor daude.
Iberdrolak nabarmendu du nazioartean konpentsatu duela Espainiako adarraren irabazien beherakada, eta bi filial aipatu ditu: AEBetako Avangridek %33 gehiago irabazi du, eta Brasilgo Neonergiak, berriz, %20 gehiago.
Nazioartean egin ditu inbertsioen %80 ere: %32 AEBetan, %18 Brasilen, eta %15 Erresuma Batuan. Hiruhileko horretan, 2.100 milioi euroren inbertsioak egin ditu, gehien-gehienak sare azkarrak zabaltzeko eta berriztagarriak bultzatzeko. Azken adar horretan 1.121 milioi inbertitu ditu, 3.500 megawatt, eta jada 38.300 megawatteko gaitasuna du parke eolikoetan, fotovoltaikoetan eta beste berriztagarrietan. Beste 7.500 megawatt ditu eraikitzen, eta 90.000 megawatteko proiektuak lantzen ari da.
Iberdrolak azaldu du energia berriztagarrien ekoizpena txikia izan dela urtearen hasieran, eta Cofrentesko zentral nuklearra (Valentzia) aste batzuetan geratu behar izan zuela, eta, horren ondorioz, merkatuan 4,5 terawatt-ordu erosi behar izan zituela, argindarra garesti egon den aldi batean.
Edonola ere, Iberdrolak espero du aurten inoiz baino diru gehiago irabaziko duela, 4.000 eta 4.200 milioi euro artean —iaz 3.884 milioi euroren mozkina izan zuen—. Bost arrazoi jakinarazi ditu emaitzen hobekuntza azaltzeko: aurten 3.800 megawatteko ekoizpen gaitasuna jarriko duela; banaketa sareak hobetuko dituela; inbertsioek AEBetako eta Brasilgo merkatuetan mozkinak handituko dituela; dibisen trukeak mozkinak emango dizkiela; eta Erresuma Batuan irabazi tarteak handituko dituela.
Sistema berriaz kexu
Konpainiak ez du ezkutatu ez dagoela gustura «Espainian araudiari buruzko ziurgabetasunarekin». Iberdrolari eta beste argindar konpainia handiei leporatu diete arrakastarik gabe Europako Batasunean presio egin izana Espainiak eta Portugalek ez zezaten baimenik izan gasari gehienezko prezio bat jartzeko, eta Ignacio Sanchez Galan presidenteak ez du aukerarik galtzen PVPCren erreforma eskatzeko, prezio finkoagoak dituen tarifa bat bihur dadin eta haiek ez konpentsatu behar izateko bonu soziala.
Analistekin izandako elkarrizketa batean, Sanchez Galan argi eta garbi mintzatu da Iberiar penintsulako argindar merkaturako konponbideaz. Ukatu egin du EBk salbuespen iberiarra onartzeko emandako argudio nagusia —«ez da uharte energetiko bat»—, eta «irtenbide komunak» eskatu ditu, «erregimen bereziak edo salbuespenezkoak» sortu beharrean.
Sanchez Galanek berriro gezurtatu du argindar konpainiek zerutik eroritako irabaziak jasotzen dituztela ziklo konbinatuko zentralen prezioan kobratzen dutelako iturri merkeagoen ekoizpena. eta ziurtatu du aparteko irabazi tarteak gas eta petrolio konpainiek jasotzen dutela, «eta ez enpresa elektrikoek».
Edonola ere, Sanchez Galanek uste du Iberdrolari «inolako eraginik» ez diola egingo argindarra ekoizteko gasari gehienez 50 euroren prezioa jartzeak.
%30 merkeago
Iberdrolako buruak ez bezala, Teresa Ribera Trantsizio Energetikorako ministroak defendatu egin du Bruselan lortutako akordioa. «Oso ona da», argindarra merkatzeaz gain, inflazioa txikituko duelako eta ekonomian eragin positiboa izango duelako.
Haren kalkuluen arabera, sistema indarrean jartzen denean, maiatzean, argindarra batez beste %30 merkatuko zaie PVPC tarifa arautuan daudenei. Herritar arruntak ez ezik, industriak ere aterako dio etekina: «Geure industriak kontsumitzen duen energiaren %70 ez baitago kontratu luzeen menpe».
RNEri egindako adierazpenetan, Riberak onartu du gasarentzat prezio merkeagoa proposatu zutela, 30 euro gas megawatt ordu bakoitzeko, baina trukean beste zerbait lortu dutela nabarmendu du: «Hamabi hilabetez ezartzea, hasieran hiru edo bederatzi hilabeteen ordez. Gauza ona da, egonkortasuna ematen digulako hurrengo negurako». |
2022-4-27 | https://www.berria.eus/albisteak/212640/desagertutako-migratzaile-baten-bila-dabiltza-bidasoa-ibaian.htm | Gizartea | Desagertutako migratzaile baten bila dabiltza Bidasoa ibaian | Apirilaren 18an desagertu zen, beste bi migratzailerekin batera muga pasatzen saiatzen ari zela. | Desagertutako migratzaile baten bila dabiltza Bidasoa ibaian. Apirilaren 18an desagertu zen, beste bi migratzailerekin batera muga pasatzen saiatzen ari zela. | Desagertuta dagoen migratzaile baten bila ari dira larrialdi zerbitzuak Bidasoa ibaian, gaur goizetik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakinarazi duenez, hilaren 18an Endarlatsako (Lesaka) gune malkartsu batetik behera erori zen, beste bi etorkinekin batera muga pasatzen saiatzen ari zenean.
Harekin batera zihoazen beste bi pertsonek atzo jakinarazi zieten gertatutakoa migratzaileak laguntzen dituen GKE bati, eta erakundeak larrialdi zerbitzuei eman zien abisua. Ertzaintzak hartu du ardura Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan bilaketak egiteko, eta Gurutze Gorria ari da Bidasoko bokalea eta Faisaien uhartea miatzen. |
2022-4-27 | https://www.berria.eus/albisteak/212641/polonia-eta-bulgaria-gasez-hornitzeari-utzi-dio-errusiak-errubloetan-ez-ordaintzeagatik.htm | Ekonomia | Polonia eta Bulgaria gasez hornitzeari utzi dio Errusiak, errubloetan ez ordaintzeagatik | Gas naturalaren gerokoak %20tik gora garestitu dira goizean Europako merkatuan. Ursula Von der Leyenek «xantaia bat» dela gaitzetsi du. | Polonia eta Bulgaria gasez hornitzeari utzi dio Errusiak, errubloetan ez ordaintzeagatik. Gas naturalaren gerokoak %20tik gora garestitu dira goizean Europako merkatuan. Ursula Von der Leyenek «xantaia bat» dela gaitzetsi du. | Gazpromek eten egin die gas hornidura Poloniari eta Bulgariari, erregaia ez dutelako errubloetan ordaindu. Bai Bulgariako Bulgargazek bai Poloniako PGNiGk oharra jaso dute Gazprometik: haien herrialdeetatik barna Europako beste herrialdeetara (adibidez, Alemaniara) garraiatzen jarraituko den gasaren zati bat eurentzat hartzen badute, konpainia errusiarrak beste hainbeste murriztuko du gas emaria.
Erabaki horren ondorioetako bat gas naturalaren prezioaren jauzi ikusgarria izan da. Europako gasaren gerokoak %20 garestiago salerosi dira goizean, 117 eurotan megawatt ordua.
Errusiako gas naturala errubloetan, ez eurotan ez dolarretan, ordaintzeko derrigortasuna martxoan dekretatu zuen Vladimir Putinek, «adiskide ez diren herrialdeentzat». Horrekin, nolabait europarren gasarekiko menpekotasuna baliatuz errubloaren balioari eutsi nahi dio, moneta errusiarra ahulduta dagoelako Mendebaldearen zigor ekonomikoen ondorioz. Horrez gain, Gazprom Bankek zigorretatik kanpo jarraitzea ere segurtatuko luke Putinek.
Europako Batasunak berak eta Batasuneko zenbait herrialdek hasieratik egin zioten uko oraindik ere Errusiatik inportatzen duten gasa eta petrolioa errubloetan ordaintzeari, besteak beste, zigor ekonomikoei iskin egiteko modu horrek indarreko kontratuen baldintzak hausten zituelako.
Hala ere, gasaren faktura ordaintzeko datak hurbildu ahala, herrialdeak erabakitzen hasi behar dira zer egin. Haientzako mezu zuzena da Poloniari eta Bulgariari hornidura etetea. Eta etete gehiago etor daitezkeela ohartarazi du Gazpromek. Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenen ustez, «xantaia bat» da etendura, eta EBk erantzun bateratua eman beharko lioke.
Hungariak, errubloetan
Baina EBk herrialde batzuk Putinen dekretua betetzeko prest daude. Hungariak, esaterako, akordioa egin du Gazpromekin, gasa ordaintzeko eurotan izendatutako Gazprom Banken kontu batean, zeinak kopurua errubloetan gordailutuko duen Gazprom Exporten. Hurrengo ordainketa maiatzaren 22an egin behar du Hungariak. Herrialde hartako atzerri ministro Peter Szijjartoren arabera, Eslovakiak ere akordio berdina lotu du. |
2022-4-27 | https://www.berria.eus/albisteak/212642/roblesek-iradoki-du-justifikatuta-dagoela-buruzagi-independentisten-aurkako-espioitza.htm | Politika | Roblesek iradoki du justifikatuta dagoela buruzagi independentisten aurkako espioitza | Mireia Vehi CUPeko diputatuak galdetu dio ea zer arrazoi dauden Kataluniako eta Euskal Herriko dozenaka buruzagi independentista espiatzeko. Horrekin, Defentsa ministroak sekretu batzordea sortzearen garrantzia nabarmendu du. | Roblesek iradoki du justifikatuta dagoela buruzagi independentisten aurkako espioitza. Mireia Vehi CUPeko diputatuak galdetu dio ea zer arrazoi dauden Kataluniako eta Euskal Herriko dozenaka buruzagi independentista espiatzeko. Horrekin, Defentsa ministroak sekretu batzordea sortzearen garrantzia nabarmendu du. | «Zer egin behar du gobernu batek norbaitek konstituzioa urratzen duenean? Norbaitek independentzia deklaratzen duenean? Norbaitek bide publikoak mozten dituenean? Desordena publikoak egiten dituenean?», adierazi du Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak, Diputatuen Kongresuan. Horrela, iradoki du azken egunotan publiko egindako politikari independentisten aurkako espioitza kasuak justifikatuta daudela. Izan ere, Mireia Vehi CUPeko diputatuak galdetu dio ea zer arrazoi dauden abokatuak, kazetariak, politikariak eta Kataluniako gizarte zibileko kideak espiatzeko.
Hamar egun dira The New Yorker hedabideak buruzagi independentisten aurkako espioitzaren berri eman zuela, Citizen Lab institutuak eginiko ikerketa batean oinarrituta. Horrek krisi politiko bat zabaldu du Espainiako Gobernuaren eta hari sostengua ematen dioten alderdien artean, eta gaia Espainiako Kongresura heldu da gaur; gobernuaren kontrol saioan, EAJ, EH Bildu, ERC, Junts, CUP, Ciudadanos eta Voxek galdetu dute gaiaz; Roblesi, baina baita Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari eta Felix Bolaños Presidentetza ministroari ere.
Roblesek azaldu du Espainiako Gobernuak eta haren organismo publikoek zuzenbidearen arabera jokatzen dutela, «legeek ezartzen dituzten kontrolekin». Hala ere, Espainiako zerbitzu sekretuei dagokienez, Defentsa ministroak ez du gauza handirik argitu: «Espainiako zerbitzu sekretuei dagokien guztian isildu egin behar dut, legea betetzen dudalako». Azaldu duenez, 11/2002 legearen 5. artikuluak sekretu betebeharra ezartzen du, eta berak lege hori betetzen du. Hori horrela, Kongresuan Sekretu Ofizialen Batzordea «ahalik eta azkarren» eratzeko nahia adierazi du, gaiari buruz hitz egin ahal izateko.
Ikusi gehiago: Kargudun publikoak «agindu judizialpean eta banaka» zelatatu zituela esan dute CNIren inguruko iturriek
Aitor Esteban EAJko diputatuaren arabera, ordea, batzordea eratzeak ez du «ezer ere» konponduko: «Bost urte daramatzat batzorde horretan, eta ez da sekretu bat bera ere jakinarazi». Horregatik eskatu du onartu dadila propio auzi horri buruzko ikerketa batzorde bat osatzeko eta gaiari lotutako dokumentuak desklasifikatzeko: «Dokumentuak desklasifikatu behar dituzue. Desklasifikatu, eta gero Sekretu Ofizialen Legea indargabetu».
Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak ere kezka bera agertu du, uste baitu Sekretu Ofizialen Batzordeak ez duela balioko auzia argitzeko: «Defentsa ministroak esan du sekretu batzordera joateko, baina bertan ez da ezer argituko. Hori iradoki du, eta fokua batzorde horretan ari da jartzen». Horrekin, azaldu du Gobernua ez zaiola egoerari «behar bezala» aurre egiten ari, eta «berandu» ari dela neurriak hartzen zer gertatu den argitzeko eta berriro ez gertatzeko, «bateraezina baita demokrazia eta oposizioa espiatzea». |
2022-4-27 | https://www.berria.eus/albisteak/212643/errugabeak-hil-genituen-eta-armak-jarri-genizkien-eskuetan.htm | Mundua | «Errugabeak hil genituen, eta armak jarri genizkien eskuetan» | Kolonbiako militarrek lehen aldiz hitz egin dute positibo faltsuen auziaz. Biktimen aurrean azaldu dute nola hiltzen zituzten gatazkarekin zerikusirik ez zuten nekazariak, ondoren gerrillariak zirela esan eta Gobernuaren saria jasotzeko. | «Errugabeak hil genituen, eta armak jarri genizkien eskuetan». Kolonbiako militarrek lehen aldiz hitz egin dute positibo faltsuen auziaz. Biktimen aurrean azaldu dute nola hiltzen zituzten gatazkarekin zerikusirik ez zuten nekazariak, ondoren gerrillariak zirela esan eta Gobernuaren saria jasotzeko. | Kolonbiako armadako militarrek lehen aldiz hitz egin dute positibo faltsuen auziaz. Kolonbiako gatazkako atal latzenetako bat izan zen, zeinetan militarrek gatazkarekin zerikusirik ez zuten pertsonak hil zituzten, ondoren gerrillariak zirela esan eta Gobernuak horiek hiltzeagatik ematen zien saria jasotzeko. «Presio itzela genuen goitik», dio Nestor Guillermo Gutierrez militarrak orain. Positibo faltsuak lau hamarkadatan izan badira ere, 1978tik orain arte, 2000ko hamarkadan ugaritu ziren. Bake Jurisdikzio Bereziaren arabera (JEP), 2002 eta 2008 urteen artean, Alvaro Uribe presidente zela, 6.402 pertsona hil zituzten modu horretara Kolonbiako militarrek, guztiak nekazariak, indigenak eta ekintzaile sozialak. «Antzerki bat zen», gaineratu du Gutierrezek.
JEP Kolonbiako bake akordioaren ondorioz sortu zen auzitegia da, eta justizia trantsizionalaren ardura du. Besteak beste, positibo faltsuen auzia ikertzen ari da. Auzitegi trantsizional bat izanik, JEPk ez du epairik ematen, baina egia ezagutaraztea du helburu. Atzo jardunaldi batean hamar militar eta positibo faltsuen auziko ehun biktima jarri zituen aurrez aurre, Catatumbon. Lehenbizikoz azaldu dute militarrek nola egiten zuten muntaia: «Ez da erraza hemen biktimen aurrean egotea. Ez dut justifikatuko. Errugabeak hil genituen, nekazariak. Nik hil nituen hemen daudenen senideak, gezurrak erabiliz, tiro eginez eta esku batean arma bat jarriz borroka bat izan zela esateko, gerrillariak zirela esateko, familia horren izena zikintzeko, deuseztatzeko, haurrak gurasorik gabe uzteko, gurasoak seme-alabarik gabe uzteko», aitortu du Gutierrezek. Daldadier Rivera maiorrak azaldu zuen arma horiek operazio faltsuak eta positibo faltsuak sortzeko aurkitu zuen zulo batetik atera zituela berak, 2006an. Barkamena eskatu zien biktimei atzoko jardunaldian.
Estatuaren politikaren ondorio
JEPk iazko uztailean ebatzi zuen Kolonbiako estatuaren politikaren ondorio bat izan zirela positibo faltsuak. Gobernuak gerrillari kopuru bat hiltzera bultzatzen zituen militarrak, eta horren truke dirua, baimenak eta mailaz igotzea eskaintzen zien. Auzian nahasturiko kargurik altuena Alvaro Uribe presidente ohia da, nahiz eta positibo faltsuen berri zuenik ukatzen duen. Berarekin batera, Camilo Ospina eta Juan Manuel Santos Defentsa ministroei (azken hori presidente izan zen 2010etik 2018ra), zortzi jenerali, bi koroneli eta beste hiru kargu militarrei leporatzen zaie gerrillariak hiltzeko kuota sistema ezartzea. Denek ukatu egiten dute. Kolonbiako armadak argudiatzen du kuota sistema hori ez zela orokorra izan eta «sagar ustel» batzuen kontua zela.
2021eko abenduan 21 militarrek eta zibil batek onartu zuten 247 errugabe hil zituztela ondoren gerrillariak zirela esateko. Orain arte, ordea, ez da atzo bezain besteko xehetasunik izan militarren aldetik positibo faltsuen auzian. Une honetan, gainera, auzia puri-purian dago, pasa den martxoaren 28an Kolonbiako armadak Putumayon hil zituen 11 pertsonetatik hiru zibilak zirelako eta hasieran batean gerrillariak zirela esan zutelako.
JEPren ikerketa agerian ari da uzten Kolonbiako estatua izan zela Kolonbiako gatazkan biktimagile nagusienetako bat. Guztira 220.000 pertsona hil ziren 60 urte iraun zituen gatazka horretan. Egiaren Batzordeak maiatzean argitaratuko du urte horien memoria izateko asmo duen txostena. Kolonbiar askorentzat, baina, estatuak bere errua aitortzea ez da nahikoa. |
2022-4-27 | https://www.berria.eus/albisteak/212644/eh-bilduko-ehunka-zinegotzi-eta-alkatek-udalen-lehen-konferentzia-egingo-dute-maiatzean.htm | Politika | EH Bilduko ehunka zinegotzi eta alkatek udalen lehen konferentzia egingo dute maiatzean | Iruñean izango da, maiatzaren 27an eta 28an. Konferentzia «inflexio puntu» izatea nahi dute EH Bilduk herrietan egiten duen lanean, eta «aurrerapausoa libre eta berdinen euskal errepublikaren eraikuntzan». | EH Bilduko ehunka zinegotzi eta alkatek udalen lehen konferentzia egingo dute maiatzean. Iruñean izango da, maiatzaren 27an eta 28an. Konferentzia «inflexio puntu» izatea nahi dute EH Bilduk herrietan egiten duen lanean, eta «aurrerapausoa libre eta berdinen euskal errepublikaren eraikuntzan». | EH Bilduk maiatzaren 27an eta 28an Iruñean egingo duen udalen lehen konferentzia aurkeztu du, I. Konferentzia Munizipalista izenburupean. Onintze Oleaga EH Bilduko Udalgintzako arduradunak, Nagore Alkorta Azpeitiko (Gipuzkoa) alkateak eta Idoia Buruaga Elorrioko (Bizkaia) alkateak aurkeztu dute. Azpimarratu dutenez, konferentzia «inflexio puntu» izatea nahi dute EH Bilduk herrietan egiten duen lanean, eta «aurrerapausoa euskal errepublika libre eta berdinen eraikuntzan». Bertan «ehunka alkate eta zinegotzi» elkartuko direla aurreratu du Oleagak. Besteak beste, pandemiaren ondoren harremanak saretzeko batuko dira, egindako lan politikoa, garatutako proiektuak eta bizi izandako esperientziak trukatzeko, eta, finean, elkarrengandik ikasteko eta elkarrekin «Euskal Herria eraikitzen jarraitzeko».
«EH Bilduko alkateek erakutsi dute, garairik zailenetan ere, bestelako gobernantza eredu bat posible ez ezik ezinbestekoa ere badela», Buruagak esan duenez. Nabarmendu du herrietatik Euskal Herri hobe baten aldeko apustua berretsi dutela, eta beste gobernantza eredu bat garatzea posible dela: «Hurbila, entzuten eta aditzen duena, zaintzen duena, herritarrei eta udalerriari berari hazten laguntzen diena, lehen mailako zerbitzu publikoak zaintzen eta sustatzen dituena, eta berdintasun ekonomiko eta soziala bultzatzen duten politika publikoak garatzen dituena».
Era berean, Elorrioko alkateari garrantzitsua iruditzen zaio alkate eta zinegotzien indarrak metatzea, urteetan pilatutako inteligentzia kolektiboa elkartzea eta jakintza horiek zabaltzea. «Guztion indarrak oraindik handiagoa eta aberatsagoa egingo baitu EH Bilduren proiektu politikoa». |
2022-4-27 | https://www.berria.eus/albisteak/212645/mugikortasunari-lotutako-go-mobility-azoka-gaur-eta-bihar-egingo-dute.htm | Ekonomia | Mugikortasunari lotutako Go Mobility azoka gaur eta bihar egingo dute | Guztira ehun enpresa eta eragile baino gehiagok parte hartuko dute. | Mugikortasunari lotutako Go Mobility azoka gaur eta bihar egingo dute. Guztira ehun enpresa eta eragile baino gehiagok parte hartuko dute. | Go Mobility azoka egingo dute gaur eta bihar Ficoban (Irun, Gipuzkoa). Mubilzentroak, Gipuzkoako aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin antolatu du hirugarren urtez, eta guztira ehun enpresa eta eragile baino gehiagokmugikortasun eredu berriari edo elektromugikortasunari lotutako azken berrikuntzak erakutsiko dituzte. Hain zuzen ere, Mugikortasun jasangarriaren oraina eta etorkizunada aurtengo azokaren izenburua.
Azokaren helburua mugikortasunaren industriari aukera berriak eskaintzea baita, merkatu bat sortzea, sektoreak inbertsioak egin ditzan alor horretan ari diren bertako enpresetan. Eta azokak hartu-eman horien topagune izan nahi du.
Bada, bertan parte hartuko dute, besteak beste, mugikortasun soluzio integralak eskaintzen dituzten enpresak; osagaien fabrikatzaileak; garraio sistema adimendunen hornitzaileak; tranbia, autobus, eta autoak egiten dituzten konpainiak; eta mugikortasunaren inguruan ikerketan dabiltzan zentro teknologikoak.
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren hitzetan, lurraldekoindustria sareak mugikortasun jasangarriaren alorreko «punta puntako produktuak eta zerbitzuak» merkaturatzen dituzte, eta azokan parte hartuko duten enpresa eta eragileak dira horren lekuko. Diputazioa sinetsita baitago Gipuzkoako ekonomiak aukera bat izan dezakeela alor horretan; halere, ezinbestekotzat jo du «lankidetza biderkatzea».
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak, bere aldetik, nabarmendu du euskal industria «prest» dagoela klima aldaketari eta deskarbonizazioari aurre egiteko. Eta adierazi du Jaurlaritza, autogintza sektorearekin batera, «mugikortasun eredu garbi bat» lantzen ari dela, isurketak murrizten jarraitzeko aukerak emango dizkiona. |
2022-4-27 | https://www.berria.eus/albisteak/212646/kutxabankek-130-milioi-euro-banatuko-dizkie-fundazioei.htm | Ekonomia | Kutxabankek 130 milioi euro banatuko dizkie fundazioei | Otsailean, gizarte ekintzarako beste 42 milioi eman zizkien BBKri, Kutxari eta Vitali, 2019ko emaitzen kontura. | Kutxabankek 130 milioi euro banatuko dizkie fundazioei. Otsailean, gizarte ekintzarako beste 42 milioi eman zizkien BBKri, Kutxari eta Vitali, 2019ko emaitzen kontura. | Azken urteetan baino dibidendu handiagoa banatuko du aurten Kutxabankek bere hiru akziodunen artean. Batetik, Europako Banku Zentralak kendu egin dituelako 2020an bankuen dibidenduei jarritako muga zorrotzak. Bestetik, bankuak berak diru gehiago irabazi zuelako iaz, 216,5 milioi euro, hain zuzen ere.
Kutxabankeko Akziodunen Batzar Nagusiak gaur goizean egin du ohiko bilkura, eta horretan erabaki dute 2021ean lortutako irabazi garbiaren %60 banatzea banku fundazioei, guztira 129,9 milioi euro. EBZk baimentzen duen ehunekorik handiena da, «kaudimenean eta kapitalean duen egoera sendoari esker».
BBKri 74 milioi dagozkio (akzioen %57 ditu); Kutxari, 41 milioi (%32); eta Vital Kutxari, berriz, hamalau milioi (%11).
Diru horri gehitu behar zaio otsailean Kutxabankek bere hiru akziodunei banatutako beste 42 milioi euroko ezohiko dibidendua. 2019ko emaitzetatik atera zen diru hori, eta bere garaian ezin izan zuten banatu, EBZk irabaziak banatzeko mugak jarri zituelako, nahi zuelako finantza erakundeek dirua erabiltzea maileguen fluxuari eutsi ahal izateko.
Sail batekin zein bestearekin, Kutxabanketik 171 milioi euro jasoko dituzte aurten BBK-k, Kutxak eta Vitalek, gizarte ekintza gastuetarako. Horrez gain, fundazio bakoitzak bere diru sarrerak dituzte. Bankuak nabarmendu duenez, duela hamar urte Kutxabank sortu zenetik 1.090 milioi euroren irabaziak banatu dizkie bere akziodunei. |
2022-4-27 | https://www.berria.eus/albisteak/212647/kontrol-arrazista-bat-salatu-dute-baionan.htm | Gizartea | Kontrol arrazista bat salatu dute Baionan | Andre batek salatu du bere alabak kontrol arrazista bat jasan duela. Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak kontuak galdegin dizkio prokuradoreari. | Kontrol arrazista bat salatu dute Baionan. Andre batek salatu du bere alabak kontrol arrazista bat jasan duela. Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak kontuak galdegin dizkio prokuradoreari. | Atzo, egunean zehar, Frantziako Jendarmeriak kontrolak egin zituen Baionako Lesseps kaian. Bertan da Pausa migratzaileentzako zentroa, eta, berez, akordio bat adostua du Baionako Herriko Etxeak Frantziako Estatuko zerbitzuekin leku horretan kontrolik ez egiteko. Bada, Irene Ithursarri baionarrak salatu du bere alabak kontrol arrazista bat jasan zuela bertatik pasatzean atzo gauean. Haren alaba beltza da, eta kontrolatu egin zuten. Hura zuria da, eta ez zuten kontrolatu.
Kontrola jasan eta berehela, jarrera arrazista leporatu zion Ithursarrik parean zuen jendarmeari. Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza ere deitu zuen segidan. Izan ere, Ithursarrik jakin ongi daki leku horretan kontrolak egitea ez dela ohikoa, Pausa zentroko laguntzailea ere badelako eta akordioaren berri bazuelako. Ithursarri: «Nire alaba nire aitzinean zen, hamar bat urratsera. Bera gelditu dute kontrolatzeko, eta ni ez. Oroitarazi diet nonbaitik ere koloreko pertsona bat kontrolatzen zutela». Hala, bi andreek uko egin zioten paperak erakusteari.
Egoeraren berri ukan, eta Etxegarai ama-alabengana hurbildu zen. Iristean, azalpenak eskatu zizkien Etxegaraik jendarmeei. Prokuradorearen aginduz ari zirela erantzun zioten orduan jendarmeek. Alta, Etxegaraik berretsi du 2018tik adostua dela Pausa zentro aitzinean halako operaziorik ez egitea. Prokuradoreak baieztatu zion haren aginduz ari zirela operazio hori egiten. |
2022-4-27 | https://www.berria.eus/albisteak/212648/inigo-gutierrezi-hirugarren-gradua-kentzea-berretsi-du-espainiako-auzitegi-nazionalak.htm | Politika | Iñigo Gutierrezi hirugarren gradua kentzea berretsi du Espainiako Auzitegi Nazionalak | Aurrez Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak ezarria zuen bigarren graduan, otsailean, eta defentsak helegitea jarri zion erabaki horri. Uztailean beteko du Gutierrezek espetxe zigor osoa. Hiru urteko Izadi umearen aita da. | Iñigo Gutierrezi hirugarren gradua kentzea berretsi du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Aurrez Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak ezarria zuen bigarren graduan, otsailean, eta defentsak helegitea jarri zion erabaki horri. Uztailean beteko du Gutierrezek espetxe zigor osoa. Hiru urteko Izadi umearen aita da. | Ohi bezala, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak agindutakoa berretsi baino ez du egin Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salak: Iñigo Gutierrez euskal presoa bigarren graduan mantenduko dute, auzitegiak ebatzi baitu ez dagoela nahikoa datu erakusten duenik euskal presoa erdi askatasuneko erregimen batean egoteko «gaitua» dagoela.
Gutierrezek uztailean beteko du espetxe zigor osoa, eta hiru urteko Izadi umearen aita da. Haurrak hiru urte bete zituenean ezarri zuten hirugarren graduan, joan den urtarrilean, baina berehala Zaballako kartzelara (Araba) itzularazi zuten, argudiatuta euskal presoak ez ziela ETAren biktimei barkamen eskatu espresuki. Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salak egoki ikusi du erabaki hori, kontuan hartuta euskal presoak ez zuela aurrez baimen arruntik eduki: hori «bereziki beharrezkotzat» jo du delitu «terroristak» dituzten presoei dagokienean. |
2022-4-27 | https://www.berria.eus/albisteak/212649/itxialdia-egin-dute-osasun-arloko-sindikatuek-donostia-ospitalean.htm | Gizartea | Itxialdia egin dute Osasun arloko sindikatuek Donostia ospitalean | Osakidetzaren «jarrera immobilista» salatu, eta eskaerei bizkarra eman diela esan dute sindikatuek. | Itxialdia egin dute Osasun arloko sindikatuek Donostia ospitalean. Osakidetzaren «jarrera immobilista» salatu, eta eskaerei bizkarra eman diela esan dute sindikatuek. | Osakidetzarekin negoziatzeko mahai sektoriala zuten gaur SATSEk, ELAk, LABek, CCOOk, UGTk eta ESK sindikatuek, baina iragarri zuten ez zirela bilduko, Osakidetzak proposatutako gai zerrendan ez zirelako jasotzen sindikatuen eskaerak. Sindikatuek itxialdia egin dute Donostia ospitalean hori salatzeko. «Osakidetzaren immobilismoa, negoziatzeko borondaterik eza eta Mahai Sektorialaren eduki gabezia salatu nahi dugu», adierazi dute sindikatuek.
Osakidetzak sindikatuen eskaerak aintzat ez hartzea salatu dute: «Langileei bizkarra ematen diete». Gaineratu dute Osakidetzaren jarrera «onartezina» dela: Eusko Jaurlaritzak 2021eko ekitaldian 605 milioi euro aurreztu dituela «harro» esan zuen, eta Arartekoak herritarren eskaintzen zaien osasun zerbitzuari buruzko jasotako kexen kopurua igo delako.
Osakidetzak negoziatzeko borondaterik erakusten ez badu mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute sindikatuek: «Eskatutako norabidean pausorik ematen ez bada mobilizazioekin jarraituko dugu, eta ez gara Mahai Sektorialera itzuliko».
Auziari dagokionez hitz egiteko prest daudela adierazi du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak: «Sentitzen dut sindikatuak mahai sektorialera joan ez izana; departamentuaren borondatea nahitaezkoa da aurrera egin ahal izateko». |
2022-4-27 | https://www.berria.eus/albisteak/212650/eusko-legebiltzarrak-baztertu-egin-du-saharari-buruzko-marokoren-proposamena-pse-eek-salbu.htm | Politika | Eusko Legebiltzarrak baztertu egin du Saharari buruzko Marokoren proposamena, PSE-EEk salbu | Espainiako Gobernuari eskatu dio nazioarteko zuzenbidearen eta NBEren ebazpenen araberako konponbide politikoa «babesteko eta aktiboki errazteko». | Eusko Legebiltzarrak baztertu egin du Saharari buruzko Marokoren proposamena, PSE-EEk salbu. Espainiako Gobernuari eskatu dio nazioarteko zuzenbidearen eta NBEren ebazpenen araberako konponbide politikoa «babesteko eta aktiboki errazteko». | Eusko Legebiltzarrak baztertu egin du, PSE-EEren aurkako botoarekin, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Marokok Sahararen autonomiari buruz egindako proposamenari emandako babesa. Ondorioz, legebiltzarrak Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aitortu du. EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU alderdiek onetsi dute testua, PP+Cs koalizioak babestu egin du eta Vox abstenitu egin da. Are, Espainiako Gobernuari eskatu dio NBE Nazio Batuen Erakundean, Europako Batasunean eta nazioarteko gainerako erakundeetan gatazkari irtenbide politiko erreal bat emango dion proposamen bat «aktiboki babesteko eta errazteko», eta «nazioarteko zuzenbidearen eta NBEren ebazpenen arabera» jokatzeko.
Espainiako Gobernuak bat egin zuen Marokok Sahara Mendebalderako 2007an proposatu zuen planarekin. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Mohamed VI.a Marokoko erregeari bidali zion eskutitzean adierazi zuenez, Madrilen iritziz Mendebaldeko Sahara Marokoko eremu autonomo bihurtzea da gatazka gainditzeko aukerarik «serioena, errealistena eta sinesgarriena». Sanchezek gaineratu zuen Espainiak «lagun eta aliatu batek merezi bezala» tratatuko duela Maroko.
Ikusi gehiago: Sanchezek Rabaten autonomia plana babestu izana gaitzetsi dute haren bazkideek
Maitane Ipiñazar EAJko legebiltzarkideak arbuiatu egin du Espainiako Gobernuko presidenteak Marokoko erregeari eman dion babesa, «Espainiak Saharari buruz duen jarrera aldatuz», eta uste du Marokoren proposamena ez dela konponbiderako bidea: «Espainiako Gobernuak edo Marokok ez dute Sahararen etorkizuna erabaki behar, beraiek erabaki behar dute askatasunez».
Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkideak kritikatu egin du Sanchezen gobernuaren «aldaketa erradikala eta aldebakarrekoa», eta salatu du gaiaren inguruko «informazio eta gardentasun falta» egon direla. «Zergatik aldatu da Sahararekiko jarrera? Zeren truke? Zer da hain garrantzitsua saharar herriaren konfiantzari traizio egiteko?», galdetu du.
«Malabarismo semantikoa»
Eztabaida honen jatorria Sanchezek Marokoko erregeari bidalitako eskutitza dela azaldu du Txarli Prieto PSE-EEko legebiltzarkideak. «Bi herrialdeen arteko harreman berri bat» proposatzen duen eskutitza izan zela defendatu du, eta iragan hurbileko eta baita orain aldiko «arazoak gainditzen» saiatzen ari dela Espainiako Gobernua. Era berean, zenbait alderdiren «gehiegikeria» arbuiatu du. Horregatik, sozialistek «aitortzaren, entzutearen eta elkartzearen alde» egiten dutela gaineratu du Prietok: «Immobilismoan dauden gatazketan ez dago konponbiderik».
Osoko bilkuran entzule gisa egon dira Euskal Herriko Fronte Polisarioko ordezkaritzako kideak. Eztabaidaren ostean, Limam Mohamed Ali Fronte Polisarioak Euskal Herrian duen ordezkariak agerraldia egin du hedabideen aurrean, eta eskerrak eman dizkio Legebiltzarrari Espainiako Gobernuaren jarreran izandako «erabateko aldaketaren aurkako erreakzioagatik». Halaber, uste du eztabaidan PSE-EEk «malabarismo semantikoak eta errealitatetik urrun dauden jokoak» erabili dituela. |
2022-4-27 | https://www.berria.eus/albisteak/212651/generali-aseguru-etxeak-hogei-milioi-euro-ordaindu-beharko-dizkio-aldanondori-2018ko-sutegatik.htm | Ekonomia | Generali aseguru etxeak hogei milioi euro ordaindu beharko dizkio Aldanondori, 2018ko sutegatik | Arabako Auzitegiak ebatzi du ez dagoela frogarik sutea nahita eragindakoa izan zela pentsatzeko. | Generali aseguru etxeak hogei milioi euro ordaindu beharko dizkio Aldanondori, 2018ko sutegatik. Arabako Auzitegiak ebatzi du ez dagoela frogarik sutea nahita eragindakoa izan zela pentsatzeko. | Arabako Auzitegiak Aldanondo gazta enpresaren alde egin du, horrek Generali aseguru etxearekin duen auzian. 2018ko abuztuan, Aldanondok Agurainen duen pabiloia erre egin zen, eta aseguru etxeak salatu zuen nahita eragindakoa izan zela. Arabako Auzitegiak ebatzi du ez dagoela horren frogarik. Instantziako auzitegiak ebatzi zuen moduan, horrek ere adierazi du sutea kargagailu elektriko batera konektatuta zegoen lurra garbitzeko makina batean hasi zela.
Aldanondok 44,4 milioi euro eta interesak eskatzen zizkion Generaliri, bien arteko kontratuko baldintzetan oinarrituta. Gasteizko instantziako auzitegiak 29,4 milioi eurora murriztu zuen, eta Arabako Auzitegiak orain ebatzi du hogei milioi eurokoa izan behar duela. Gaur argitaratu da epaia, eta horren kontra Auzitegi Gorenera jo dezakete bi aldeek. |
2022-4-27 | https://www.berria.eus/albisteak/212652/pantxoa-karrerek-esperantzan-eman-du-bere-bakarkako-bigarren-diskoa.htm | Kultura | Pantxoa Karrerek 'Esperantzan' eman du, bere bakarkako bigarren diskoa | Tradizioa, folka eta popa uztartu ditu hamabi kantuko bilduman. Hainbat musikari gonbidatu ditu lanean parte hartzera, eta zuzenean aurkezteari ekingo dio orain. | Pantxoa Karrerek 'Esperantzan' eman du, bere bakarkako bigarren diskoa. Tradizioa, folka eta popa uztartu ditu hamabi kantuko bilduman. Hainbat musikari gonbidatu ditu lanean parte hartzera, eta zuzenean aurkezteari ekingo dio orain. | Azaletik igar daiteke barruko mamia: zeru grisaren pean, lur ilunean, moztutako enbor bat ageri da, eta, bertatik jaioa bezala, lore hori bat gainean. «Neguko egoera bat da, baina haren ondotik beti heldu da primadera», gogorarazi du Pantxoa Karrerek. Esperantzan izena jarri dio kantariak bakarkako bere bigarren lanari. «Mundu honek bizi duen egoera ez da irri egitekoa; egoera nahasia da, eta, hala ere, bizi garenok beti esperantzari lotu behar gara, itotzen ari den bat arbolaren adarrari lotzen den bezala. Izpiritu horretan egina da diskoa». Baga Biga diskoetxearen eskutik plazaratu du hamabi kantuko bilduma.
Bost hamarkada dira Karrerek (Azkaine, Lapurdi, 1948) kantagintzari ekin ziola, Peio Ospitalekin Pantxoa eta Peio bikotea osatuta. Elkarrekin 11 disko luze eta ezin konta ahala kontzertu eman ondotik, 2016an bakarkako ibilbidea hasi zuen Karrerek, Anaitasunean (Elkar) diskoa plazaratuta. Bigarren lanean, itxaropena jarri du ardatzean. «Nik beti esperantza dut mundu hobeago bat ukaiten ahal dugula, eta, horretan, gazteengan konfiantza badut; horiek dute eginen mundua. Guri geratzen zaigu horien ondoan laguntzaile egotea; nik gazteen ondoan nahi dut borrokatu mundu hobeago batentzat».
Berak ere hainbat lagun ondoan izan ditu lan berria osatzeko. Ritxi Salaberria (baxua eta kontrabaxua), Igor Telletxea (bateria eta perkusioak), Angel Unzu (gitarra akustikoa eta elektrikoa, mandolina eta bouzoukia), Iñaki Dieguez (akordeoia, pianoa, teklatuak, programazioak), Claudia Oses (biolina) eta Ivan Carmona (txeloa) musikariekin grabatu du diskoa, Josu Erbitik Iruñean duen estudioan. Guztiak ere maila handiko musikariak direla goraipatu, eta kantu guztien moldaketak lantzen Dieguezek eginiko lana nabarmendu du Karrerek.
Horiez gain, baina, beste lagun batzuk ere gonbidatu ditu diskoan parte hartzera. Eñaut Elorrieta musikariak bere ahotsa jarri du Esperantzan kantuan. Bere familian Elorrietaren zale handiak direla azaldu du Karrerek, eta hari parte hartzeko proposamena egin zionean, gustura hartu zuela musikariak. «Grabatu genuen egunean, plazer hartu genuen biok. Eñauten ahotsak ez du diskoa hobetu baizik egin, eta biziki kontent naiz». Xabier Euzkitzek sortu dizkio hitzak abesti horri, baina ahotsa, berriz, beste bati jarri dio, Xalbadorren Pilota, euskal jokoa izenekoari. «Niretzat argia zen Euzkitze zela pertsona egokia. Xalbadorrek kantu horretan lotura egiten du pilotaren eta euskararen artean, eta badakit Euzkitze nola atxikia den euskarari».
Kantariaren seme Ugo Karrere arduratu da abesti horren doinua eta beste birena ontzeaz. Kantuan ere aritu da beste kantu batzuetan, baita Naia Karrere alaba ere.
Halaber, Manex Pagola bereziki gogoan izan du Karrerek. 2018. urtean hil zen Pagola, eta beretzat autore «oso garrantzitsua» izan dela adierazi du. Hark sortutako lau kantu jaso ditu diskoan —Demokrazia, Zendako euskara, Ez etsi eta Amets baten hegalez—, eta, bukaeran, Manex beti gogoan izeneko piezan, beste lau kantatu ditu, jarraian emanez. Patxi Garat abeslariak bere ahotsa jarri dio Zendako euskara kantuari.
Renaud eta Perret, euskaraz
Frantsesez abesten duten bi kantariren hiru pieza ere diskora eraman ditu Karrerek, eta euskaraz eman. Sustrai Colinak euskaratu ditu Renaud Sechanen Mistral Gagnant eta Haurdun kantuen hitzak —Bi itzal abestiaren hitzak ere Colinarenak dira—. Karrere: «Beti segitu dut Renauden diskografia guztia. Bere hitzetan nire burua ikusten dut; ez da bakarrik kantari bat, gizon konprometitua izan da bere bizi guztian».
Aguxtin Alkhatek, berriz, Pierre Perreten Lily abestiaren lerroak itzuli ditu. Etorkin batek Europan duen bizitza zaila du hizpide. «Migratzaileak ez ditugu beti, zorigaitzez, humanitatez hartzen, ez diegu beti behar bezalako harrera egiten», salatu du Karrerek.
«Argitasuna» dario diskoari, Baga Bigako Ritxi Aizpuruen ustez. Haren hitzetan, Karrerek tradizioa, folka eta popa uztartzen asmatu du lan berrian, eta urteotan bere ahotsaren «fintasuna» gorde duela ere nabarmendu du.
Orain, lana zuzenean aurkezteari ekingo dio Karrerek. Igandean Legazpin (Gipuzkoa) ariko da, Legorretan (Gipuzkoa) maiatzaren 14an, eta herriz herri ibiltzeko asmoa du hortik aurrera ere. |
2022-4-27 | https://www.berria.eus/albisteak/212653/ane-portillok-jaso-du-dibulgazio-artikulu-orokorraren-caf-elhuyar-saria.htm | Gizartea | Ane Portillok jaso du dibulgazio artikulu orokorraren CAF-Elhuyar saria | CAF-Elhuyar sariak banatu dituzte. Merezimendu saria Elhuyarren sortzaileentzat izan da, hura martxan jarri zutenetik 50 urte igaro direnean | Ane Portillok jaso du dibulgazio artikulu orokorraren CAF-Elhuyar saria. CAF-Elhuyar sariak banatu dituzte. Merezimendu saria Elhuyarren sortzaileentzat izan da, hura martxan jarri zutenetik 50 urte igaro direnean | Kultura zientifikoa sustatzea dute xede CAF-Elhuyar sariek. Horretarako, gai zientifikoak eta teknologikoak gizarteratzen dituzten dibulgatzaileen, ikertzaileen eta sortzaileen lana aitortzen dute, eta gaur jakinarazi dituzte sarien irabazleak, Donostiako Tabakaleran egindako ekitaldian. Sarituak bata bestearen atzetik igo dira oholtzara: Ane Portillo, Amaiur Esnaola, Jon Villapun, Maider Ibañez, Jon Goikouria, eta Arantzazu Luzarraga. –Fatima Villak ere hartu du parte, baina online bidez aritu da bera, Bostonen baitago–. Aurten Elhuyarrek mende erdia betetzen duenez, sariak banatzeaz gain, lau zientzialari gazteren hitzaldiak entzuteko aukera ere egon da. CAF-Elhuyar sariketa Zientzia eta irudimena, etorkizuneko giltzak lelopean egin dute. Ane Portillorentzat izan da dibulgazio artikulu orokorraren saria, Emakumeen libidoaren heriotza: Epaiketa garaia izeneko artikuluarengatik. Hiru arrazoi nagusirengatik eman diote: aukeratutako gaia ez delako ohikoa, artikuluaren narratiba «oso originala» delako eta irudi batzuk egileak berariaz sortuak izateak «balio handiagoa» ematen diolako. Doktore tesian oinarritutako dibulgazio artikuluaren kategorian, Amaiur Esnaola izan da garaile. Gaueko bake frenetikoan dantzan segi dezan lana saritu dute epaimahaikideek, «artikuluak ondo biltzen dituelako ikerketa eta ondorioak». Halaber, nabarmendu dute «modu atsegin eta erakargarrian» idatzita dagoela, «idazketa egokiarekin» eta argazkiek «balio erantsia» ematen diotela. Aldiz, hiru irabazle izan ditu zientzia kazetaritzako sariak: Jon Villapun, Jon Goikouria eta Maider Ibañez. Geuria aldizkarian argitaratutako Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak lanagatik jaso dute saria. Epaimahairen esanetan, «sakona bezain atsegina» da. Eta badu xede bat ere: «Ondo betetzen du bere helburua; alegia, gure inguruan ditugun altxorrak deskribatuz haienganako kezka piztea eta haiek kontserbatzeko premia nabarmentzea». Lehen sektoreko lanak ere saritu dituzte, Neiker saria emanez. Fatima Villak eskuratu du Zer diotso sagarrak jogurtari? lanarekin. Hauxe epaimahaiak eman duen argudioa: «Xahuketaren gaiari heltzen dio, eta, alde horretatik, gaur egungo behar bati erantzuten dio. Digitalizazioan oinarritzen da, eta kate osoa hartzen du kontuan. Didaktikoa da, ondo idatzita dago». Eta aurrera begira dagoela: «Etorkizunerako proposamen gisa planteatzen du, baina egingarria da; aplikagarritasun handia du». Saritu guztiek 2.000 euro eta Imanol Andonegiren eskultura eskuratu dituzte.
Beka, Arantzazu Luzurragari Sariekin batera, sorkuntza beka ere eman dute, 5.000 eurokoa, zientzia eta gizartearen arteko zubi lana egiten duen proiektuak bultzatzeko. Arantzazu Luzarragarentzat izan da, Ostutako Paisaiak. Antropozenoaren aztarnak euskal kostaldean proiektua garatu eta gizartera zabal dezan. Epaimahaikideek iritzi diote gaurkotasuneko gai bat lantzen duela, eta, aldi berean, «proiektu originala» dela: «Gai zientifiko batetik abiatuta, sorkuntza lan erakargarria proposatzen du. Gainera, sakon eta xehe azaltzen du nolakoa izango den prozesua; horrek egingarritasuna bermatzen du». Amaitzeko, Elhuyar fundazioaren patronatuak CAF-Elhuyar merezimendu saria banatu du, euskaren normalizazioan eta zientzia eta teknologiaren dibulgazioan nabarmendu diren pertsonak omentzen dituena. Aurten Elhuyarren 50. urteurrena izaki, haren sortzaileentzat izan da. Iñaki Azkunek, Felix Azpirozek, Juanjo Gabiñak, Jesus Mari Goñik, Andoni Sagarnak, Mikel Zalbidek, Luis Mari Bandresen alargun Maite Moneok eta Kepa Zalbideren alaba Uxue Zalbidek jaso dute aitortza. |
2022-4-27 | https://www.berria.eus/albisteak/212654/dantz-point-hotsa-eta-lurra-batzeko-gunea.htm | Kultura | Dantz Point, hotsa eta lurra batzeko gunea | Larunbatean abiatuko dute Dantz Point programa, Lasarte-Orian, eta sei emanaldi egingo dituzte denera, zuzenean, bi urteren ondoren. | Dantz Point, hotsa eta lurra batzeko gunea. Larunbatean abiatuko dute Dantz Point programa, Lasarte-Orian, eta sei emanaldi egingo dituzte denera, zuzenean, bi urteren ondoren. | Musika emanaldiek eta paisaiak bat egiten duten puntua, horixe da Dantz Point. Musika elektronikoko eta abangoardiako musikako zuzeneko saioak egiten dituzte Gipuzkoan zehar, ondareari lotutako lekuetan. Azken bi urteetan, saioak grabatu eta sarera igo dituzte, baina ez da zuzeneko entzulerik izan. Aurten, ordea, aurrez aurreko sei emanaldi antolatu dituzte.
Gaur aurkeztu dute aurtengo egitaraua Jokin Telleria Dantz Pointeko arduradunak, Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak, Mertxe Urteaga aldundiko Kultura Departamenduko teknikari arkeologoak eta Iker Furones Paolo Solo eta Paula Cornejo Furonia DJ lasartearrek. Izan ere, haiek abiatuko dute aurtengo topaketa, Lasarte-Orian.
Larunbatean egingo dute lehen emanaldia, hilaren 30ean, 19:00etan, Brigiden komentuan. Horren ondoren esango dute noiz egingo dituzten hurrengoak, eta zein artista ariko den horietan musika jartzen. Oraingoz, lekuen berri eman dute: Tolosako Zumardi Txikia, Oiartzungo Arditurriko meategiak eta Donostiako Kursaaleko terrazak; Hondarribian eta Irunen ere egingo dituzte ekitaldiak, baina oraindik ez dute zehaztu non.
Hain zuzen, Arditurriko meategiak izango dira aurtengo jaialdiko gunerik enblematikoena, aldundiak nabarmendu duenez. «Kontzerturako aukeratu den espazioak aparteko baldintzak ditu», Urteagaren hitzetan. Aiako Harriaren magalean dago, eta beruna, zilarra, kobrea eta burdina ustiatu izan dituzte handik erromatarren garaiaz geroztik. Ibilaldiak antolatzen dituzte meazuloetan barrena.
Proiektua, handitzen
«Ezkutuan diren hainbat paraje eta artista garaikide erakutsi eta ezagutaraztea lortu dugu», esan du Millanek. Programaren moldagarritasuna eta irekiera nabarmendu ditu.
Dantz proiektua 2017an sortu zen, eta, haren atzetik, 2019an, Dantz Point. Telleriak adierazi du jaialdiak oihartzuna izan duela nazioartean: Dance Televisionek sari bat eman zion, eta programa diruz lagunduko dute Europako funtsen bidez, proiektua bost herrialdetan sustatzeko asmoz, «kultur ondarea belaunaldi berriei forma eta eduki berritzaileen bidez transmititzeko». |
2022-4-27 | https://www.berria.eus/albisteak/212655/nafarroan-euskal-hiztunen-eskubideen-alde-egin-dute-hamar-gizarte-eragilek.htm | Gizartea | Nafarroan euskal hiztunen eskubideen alde egin dute hamar gizarte eragilek | Adierazpen bateratua aurkeztu dute, eta bat egin dute Kontseiluak maiatzaren 7rako Iruñean deitutako manifestazioarekin, eskubideak guztientzat berma daitezela aldarrikatzearekin batera | Nafarroan euskal hiztunen eskubideen alde egin dute hamar gizarte eragilek. Adierazpen bateratua aurkeztu dute, eta bat egin dute Kontseiluak maiatzaren 7rako Iruñean deitutako manifestazioarekin, eskubideak guztientzat berma daitezela aldarrikatzearekin batera | «Harriduraz hartzen dugu Nafarroan euskal hiztunek pairatzen duten, dugun, egiturazko bereizkeria». Arratsaldean, Iruñean, hainbat esparrutan eskubideen berdintasunaren alde lan egiten duten hamar eragilek adierazpen bateratua aurkeztu dute. Euren eremuetan politika inklusiboak garatu daitezela eskatzen duten bezala, euskararen arloan ere euskal hiztunen eskubideak berma daitezela aldarrikatu dute. Izan ere, «ulertezina eta onartezina» iritzi diote oro har Nafarroan euskararen egoerari,eta horren aurrean euskaldunak are gehiago baztertzeko azkenaldian hartzen ari diren neurriei.
Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat du izenburu adierazpenak. Feminismoaren esparruan, ekologismoan, bestelako jai ereduan, sexu aniztasunean, pentsio duinen aldeko borrokan edo gazteen esparruan dihardute elkarte sinatzaileek. Oraingoz hamarrek izenpetu dute baina hurrengo egunetan erakunde gehiagok bat egitea espero dute.
Atxikimendua adierazi dutenen artean daude Auzoak Iruñeko jai batzordeen plataforma, Geltokik, Saharako Kabiak elkarteak. Teatrolari antzerki eskolak, Oneka emakume pentsiodunen plataformak, Nafarroako Neska Gazteak, Euskal Herriko Bilgune feministak, Orreaga fundazioak, Ernaik eta AHT Gelditu Nafarroan taldeak. Azken talde horretako kide Bea Aranak irakurri du agiria guztioen izenean.
Adierazpenean, gizartearen ertzetatik eskubideen berdintasunaren aldeko aldarriak batzen dituela nabarmendu nahi izan dute. Hain zuzen ere zubi-lan horretan datza agiri bateratuaren indar eta mezu nagusia. «Aliantza berriak eraikitzeko garaia da. Egoera gutxituan dauden kolektiboen arteko zubiak eraiki behar ditugu. Beste gizarte eredu berdinzaleago, kohesionatuago eta bidezkoago baten alde lan egiten dugunon arteko enpatiak ehundu behar ditugu», irakurri du Bea Aranak. Izan ere, euren hitzetan, egungo gizartea antolatuta dagoen moduaren arabera, bazterrean kokatzen dituzte erdigunean beste eredu baten alde egiten dutenek.
Hala ere, uste dute badela garaia «ertzetatik erdigunerako bidea egiteko». Berdintasunaren aldeko borroka horretan, adierazpen horren bitartez, euskal hiztunek Nafarroan bizi duten bereizkeria salatu nahi izan dute batez ere. «Ulergaitza ez ezik, ulertezina egiten da eskubideak eskualdearen arabera aitortzea. Ez genuke onartuko gure esparruetan pertsona kopuruaren arabera zehaztea eskubideak aitortu behar diren ere». Euren esparruetan irizpide hori aintzat hartzen ez duten bezala, euskararen ereduan ere «onartezina» deritzote hori egiteari.
Dekretuagatik «kezka handia»
Izan ere, «kezka handia» azaldu dute Nafarroako Gobernua administrazio publikoko lan deialdietan euskararen meritua baloratzeko proposatu duen dekretuarekin. Ez dute dekretuaren xehetasunetan sartu nahi izan, baina bai kezkagarria iruditzen zaie Nafarroakoak ez diren hizkuntzek euskarari baino «garrantzia handiagoa ematea».
Adierazpenak azpimarratzen duenez, politika publikoek «beste norabide batean» jokatu beharko lukete. Sinatzaileen arabera, «herritar guztien eskubideen bermea ardatz izango duten politika feministak, inklusiboak, ekologistak, solidarioak, aurrerakoiak, baina bai eta hizkuntz politikan ere».
Manifestazioa, maiatzaren 7an
Hori guztia aintzat harturik, Kontseiluaren deialdiarekin bat egin eta datorren maiatzaren 7rako Iruñean, 17:30etatik aurrera, Antoniutti parketik aterako den manifestazioan parte hartzeko animatu dituzte herritarrak. Euren ustez, salagarria da euskal hiztunekin gertatzen ari den gutxiespena. Gizarte mugimenduez gain, sindikatuek ere bat egin dute deialdiarekin. Iragan astean, gainera, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak gobernuaren dekretuaren aurkako 1.200 sinadura erregistratu eta aurkeztu zituen.
Alta, gizarte eragileek aurkeztutako agiria ez da mugatzen manifestaziora soilik eta aurrera begirako lanketa baten lehen urratsa izateko itxaropena agertu dute. Espero dute balioko duela ehuntzeko herritar guztientzako eskubideen bermearen aldeko borroka: «Seguru gaude, bide honi jarraituz, berandu baino lehen berriz agertu beharko dugula». |
2022-4-28 | https://www.berria.eus/albisteak/212656/erretretaren-hotsen-burrunba-bueltan-da-araban.htm | Bizigiro | Erretretaren hotsen burrunba bueltan da Araban | Arabarrak San Prudentzio jaia ospatzen ari dira Armentiako zelaietan. Bart hasi da festa: erretreta jo dute Gasteizen, ehunka lagunen aurrean. | Erretretaren hotsen burrunba bueltan da Araban. Arabarrak San Prudentzio jaia ospatzen ari dira Armentiako zelaietan. Bart hasi da festa: erretreta jo dute Gasteizen, ehunka lagunen aurrean. | Ez 2020an, ezta 2021ean ere, baina bai aurten. Pandemiaren ondorioz bi urtez bertan behera izan ondotik, itzuli da Arabako zaindarien jaia. San Prudentzio jaiak gaur du egun handia, baina, hala eta guztiz ere, danbor hotsek eman dute lehenbiziko astindua jadanik: arratseko zortziak jotzearekin batera, erretreta jo dute Gasteizko udaletxeko balkoitik. Han eragin dute gaurko estreinako burrunba, baina ez da azkena: beste hainbat eginen dituzte datozen orduetan.
Erretretarekin eta San Prudentzio martxarekin hasi da bart jaia. Gasteizko Plaza Berrian eta Probintzia Plazan jo dute, eta elkarteetako kideak danborrak astintzen ibili dira alde zaharrean eta erdialdeko kaleetan.
Ikusi gehiago: Erretretak dakarren jaia
Disfrutatzea da San Prudentzio jaiaren asmo nagusietako bat, eta, horregatik, gaurkoak aje handirik utz ez dezan ahalegindu beharra izanen dute arabarrek. Izan ere, jaia Armentiako zelaietara lekualdatu da gaur, han baitu bihotza arabarren festak. Egitarau zabala prestatu dute.
Tradizioak agindu gisan, meza izanen da eguneko lehenbiziko protagonista, eta ohorezko aurreskua dantzatuko zaie herrialdeko agintariei ondotik, kanpoaldean. Ordea, ekitaldi horien ondotik ailegatuko da festa. Hainbat jarduera eta musika ekitaldi antolatu dituzte igandera bitarte. |
2022-4-28 | https://www.berria.eus/albisteak/212680/inflazioa-10etik-urrundu-da-apirilean.htm | Ekonomia | Inflazioa %10etik urrundu da apirilean | Erregaiak eta argindarra merkatu egin dira martxoarekin alderatuta, baina elikagaiak garestitu egin dira. | Inflazioa %10etik urrundu da apirilean. Erregaiak eta argindarra merkatu egin dira martxoarekin alderatuta, baina elikagaiak garestitu egin dira. | Joan den martxoan %9,6ra heldu zen urte arteko inflazioa Hego Euskal Herrian, azken hamarkadetako kopuru handienera, eta %10etik oso gertu. Apirilean, berriz, koska bat jaitsi da, pixka bat merkatu direlako inflazioa puztu duten bi osagai: argindarra eta erregaia.
Zehazki zenbat jaitsi den maiatzaren 13an jakinaraziko du INE estatistika institutuak, baina, gaur Espainiarako aurreratutako datuak erreferentzia gisa balio baldin badu, %8tik gertuago izango da. Izan ere, Espainian %9,8tik %8,4ra jaitsi da urte arteko prezioen igoera martxotik apirilera.
INEk azaldu duenez, apirilean %0,1 jaitsi dira prezioak, martxoan goia jo ondoren, energia merkatu egin delako; elikagaiek, ostera, garestitzen jarraitu dute.
Argindarraren garestitzea eten izanak azaltzen du, hein handi batean, inflazioaren jaitsiera. Martxoan jo zuen goia, 283 euroan salerosi baitzen megawatt-ordua PVPC tarifa arautua darabiltenentzat —haien fakturak soilik hartzen dira kontuan, eta ez merkatu librean daudenenak, horiek gehiago izan arren—. Apirilean, berriz, 200 eurotik behera egongo da; 189 euro izan da batez besteko prezioa atzo arte, azken egunotan berriro 220tik gora badago ere. Merkatze horretan hainbat faktore daude: batetik, kontsumoa jaitsi egin da; prezio handien ondorioz ez ezik, eguraldi epelago eta argiagoaren ondorioz. Gainera, apirilean handiagoa izan da energia iturri berriztagarrien ekarpena, eguzkiak gogorrago jo duelako eta haizetsuagoa izan delako martxoa baino. Horrek ekarri du gasaren erabilera txikiagoa izatea eta une jakin batzuetan argindarrak euro gutxi batzuen kostua izatea.
Erregaia ere merkatu egin da, apirilaren 1etik indarrean baitago Espainiako Gobernuak onartutako hogei zentimoko deskontua. Horrek konpentsatu du Brent upelak hilabete ia osoa euro dolarretik gora egon izana.
Azpiko inflazioa, gora
Azpiko inflazioak, berriz, gora egin du, %4,4raino. 1995eko abenduaz geroztik ez zuen halako mailarik izan, eta erakusten du energiaren garestitzea ekonomiaren beste esparruetara ere hedatzen ari dela, ekoizleek eta zerbitzu hornitzaileek energiaren kostu handiagoa bezeroei pasarazten dietela.
Azpiko inflazioak ez ditu kontuan hartzen elikagai freskoak eta energia, haien prezioa oso aldakorra delako. Martxoan, %3,5era heldu zen Hego Euskal Herrian.
Pentsatzekoa da inflazioak behera egingo duela maiatzean ere, Espainiako eta Portugalgo gobernuek argindarra merkatzeko tresna bat hitzartu dutelako Bruselarekin: elektrizitatea ekoizteko erabiltzen den gasak gehienez 50 euroko prezioa izango du, eta horrela merkatu arautuan tarifa %30 jaitsi daitekeela ziurtatu du Teresa Ribera Trantsizio Energetikorako Espainiako ministroak. |
2022-4-28 | https://www.berria.eus/albisteak/212681/espainiako-gobernuaren-dekretua-onartzea-ahalbidetu-du-eh-bilduk-kongresuan.htm | Politika | Espainiako Gobernuaren dekretua onartzea ahalbidetu du EH Bilduk Kongresuan | Mertxe Aizpuruak argudiatu du herritarren ongizatearen mesedetan bozkatu dutela Ukrainako gerrak eragindako kalte ekonomikoei aurre egiteko neurrien alde. EAJk ere alde bozkatu du. ERCk, berriz, ezetz bozkatu du. | Espainiako Gobernuaren dekretua onartzea ahalbidetu du EH Bilduk Kongresuan. Mertxe Aizpuruak argudiatu du herritarren ongizatearen mesedetan bozkatu dutela Ukrainako gerrak eragindako kalte ekonomikoei aurre egiteko neurrien alde. EAJk ere alde bozkatu du. ERCk, berriz, ezetz bozkatu du. | Espainiako Gobernuak Ukrainako gerraren kalte ekonomikoei aurre egiteko ekonomia plana eraman du gaur Kongresura, eta argitu da emaitza: aldeko 176 boto, kontrako 172 eta abstentzio bat. Espainiako Presidentetza ministro Felix Bolañosek adierazi du bozketa ez dela gobernuari buruzkoa, «herritarrei laguntzearen ingurukoa» baizik. Hala eskatu die gobernuak orain arte bazkide izan dituenei espiotza kasuen afera eta dekretuaren inguruko bozketa bereizteko. EH Bilduk gaur goizean iragarri du alde bozkatuko duela, eta hori erabakigarria izan da lege dekretua onartzeko. Izan ere, Espainiako Gobernua saiatu da PP abstentziora bultzatzen, ezezkoaren aldeko blokea indargabetzeko, baina PPkoek ezezkoari eutsi diote azkenean.
PPren azken orduetako jarrera aldaketak izan dira dekretuaren onarpena kolokan jarri duten arrazoietako bat. Izan ere, PPkoak eta Espainiako Gobernua lehenengoen abstentzioa negoziatzen aritu dira. Azkenean, baina, zergak jaisteko exijentziei eutsi die PPk, eta ez dute akordiorik lortu. «Txeke zuriak, dilistak eta Gobernuarekiko otzantasuna, bide horretatik ez», adierazi diote alderdiko iturriek Efe albiste agentziari.
PPren abstentzioak aukera emango zion gobernuari Espainiako presidente Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetu zuten alderdien beharrik ez izateko; hau da, Kataluniako eta Euskal Herriko alderdi abertzale eta independentisten beharrik ez zuen izango dekretua onartzeko. Halere, PPkoek azken erabakia hartu aurretik iritsi da EH Bilduren erantzuna, eta ezerezean utzi ditu PPren eskaerak. «Sanchezek EH Bildu aukeratu du, alderdi konstituzionalen ordez», kritikatu du Jaime de Olano PPko diputatuak.
Mertxe Aizpuruak esan du Pegasus programaren espioitza kasuak arrakala bat ireki duela gobernuaren eta hura sostengatzen duten bazkideen artean, baina koalizio independentistak «esaten duena egiten duela eta egiten duena esaten duela». Nahiz eta iragarri zuen espioitza kasuak eragina izango zuela bere jarreran, Aizpuruak argudiatu du herritarren ongizatearen mesedetan bozkatuko dutela dekretuaren alde, ez gobernuaren mesedetan: «Gure konpromisoa herritarren aldekoa da». Hala, EH Bilduren aldeko bost botoak erabakigarriak izan dira.
EAJk ere dekretuaren alde bozkatu du. Idoia Sagastizabal jeltzaleak jakinarazi du ez daudela gustura Espainiako presidente Pedro Sanchezen dekretuan jaso dituzten neurri guztiekin, eta ez dela taldeekin adostu, baina alde egingo dutela. Era berean, nahiz eta espiotza kasua «larria» izan, bi aferak banatu behar direla azaldu du. Gehitu du enpresa eta familia askoren egoera arinduko duela dekretuan jasotzen den 16.000 milioi euroren diru sailak; besteak beste, erregaien prezioa merkatuz. EH Bilduren eta EAJren aldeko botoei, besteak beste, PSOEko, UP Unidas Podemoseko, Mas Paiseko eta Teruel Existeko diputatuen botoak gehitu zaizkie.
UPko eledun Pablo Echeniquek eskerrak eman dizkie aldeko botoa eman dutenei, baina baita aurkakoaren alde egingo duten batzuei ere. Izan ere, Margarita Robles Defentsa ministroa kritikatu du atzo izaniko jarreragatik, eta «gehiengo aurrerakoi eta plurinazionala hausten saiatzea» egotzi dio, independentisten aurkako espioitza defendatzeagatik. «Nire indar politikoa estatuko estoldek espiatu izan dute, eta eskertzen dugu gehiengo aurrerakoiaren parte direnek erakutsitako jarrera», gehitu du.
ERC indar horietako bat da. Esquerrak ezezkoa bozkatu du, Espainiako Gobernuak ez duelakoan erantzukizunik argitu espioitza kasuetan. «Espainiako Gobernuari eginiko lehen oharra da», adierazi du ERCk prentsa ohar batean, EH Bilduren aldeko botoaren berri izan ostean. Margarita Robles Defentsa ministroaren dimisioa berriz eskatu dute errepublikanoek. «Dimisioa eman behar du. Eta ez du eman orain arte». PSOE «arduragabekeriaz» jokatzen ari dela gaineratu dute. Kontra bozkatzeko erabakiaren ardura «ezin da espiaturikoen, hau da, biktimen bizkarrean utzi», Espainiako Gobernuak «tresna asko» dituelako «egoera berriz bideratzeko». Halere, eskua luzaturik jarraituko dutela gaineratu dute, baina ez oinarrizko eskubideak defendatzeari uko egitearen lepotik.
CUPek ere erabaki bera hartu du: «Nola fidatuko gara hau bezalako kasu batean ezer egin ez, eta, gainera, harrotasuna agertzen duen gobernu batez?», salatu du, Pegasus programaren auzia dela eta.
Horrez gain, Voxek eta Ciudadanosek ere kontra bozkatu dute, baita Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas UPNko parlamentari ohiek ere.
Ikusi gehiago: Gonzalo Boye, abokatua: «Ikerketa eraginkor bat nahi dugu delituak egin diren toki guztietan»
Espainiako Gobernuak Ukrainako gerraren kalte ekonomikoei aurre egiteko prestaturiko neurri sorta bat jasotzen ditu dekretuak. Duela hilabete onartu zuen gobernuak, eta neurriak indarrean dira. 16.000 milioi euroko plan bat da, eta bost ardatz nagusi ditu: langile eta familiei laguntzeko neurriak, energia, industria ehuna, garraioa eta zibersegurtasuna. Erregaiena da neurri gailena —litroko 20 zentimoko hobaria—, baina, horrez gain, besteak beste, alokairuaren igoera %2ra mugatuko du hurrengo hilabeteetan, eta aldi baterako enplegu erregulazioak bigunduko ditu, kaleratzeak egiteko debekuaren baldintzapean. Pandemian erabilitako neurria da hori.
Bozketa, baina, buruzagi independentista katalan eta euskal herritarren kontrako espioitza kasuaren ekaitzaren erdian iritsi da. Ez da lehen aldia Espainiako Gobernuak oposizioa zelatatzen duena, baina Pedro Sanchez gutxiengoan da Kongresuan, eta oraingoan gobernuak bazkide dituenak zelatatu izanak hautsak harrotu ditu, aurrekoetan ez bezala. Giroa baretzeko Espainiako Gobernuk egindako ahaleginek ez dute emaitzarik izan. Igandean, Espainiako Gobernuaren eta Kataluniakoaren arteko elkarrizketa mahaia bildu zen. Espainiako Gobernuak esan du ez duela zerikusirik espioitza kasuarekin, baina Margarita Robles Defentsa ministroak atzo iradoki zuen justifikatuta dagoela independentistak espiatzea.
Inbestidurako bloke deritzona indartsu agertu zen legealdi hasieran, baina azken hilabeteetan zenbait arrakala ireki zaizkio; batez ere, PSOEren eta ERCren arteko ezin ulertuak direla medio. 2022ko aurrekontuen inguruko negoziazioetan akordio bat ixtea kosta zitzaien bi aldeei, eta horren ostean iritsiko zen lan erreformaren ingurukoa. Espainiako Gobernuak, erreforma Espainiako patronalarekin eta sindikatu nagusiekin adostu ostean, uko egin zion ERCren eta EH Bilduren proposamenak aztertzeari, eta Ciudadanosekin adostu zuen hura aurrera ateratzea. Ordutik, ERCk behin eta berriz salatu dute Gobernuaren bide aldaketa, eta EH Bilduk aldaketa horren arriskuak kontuan hartzeko eskatu dio Moncloari. Halere, otsailean bertan, aliantza «berregitearen» alde agertu zen koalizio subiranistako koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi. |
2022-4-28 | https://www.berria.eus/albisteak/212682/tubacexek-ia-bikoiztu-egin-ditu-salmentak-inbertsio-berriei-esker.htm | Ekonomia | Tubacexek ia bikoiztu egin ditu salmentak, inbertsio berriei esker | Arabako hodigileak 3,4 milioi euro irabazi ditu 2022. urteko lehen hiruhilekoan | Tubacexek ia bikoiztu egin ditu salmentak, inbertsio berriei esker. Arabako hodigileak 3,4 milioi euro irabazi ditu 2022. urteko lehen hiruhilekoan | Garai txarrak atzean uzten ari da Tubacex. Arabako hodigileak 158,1 milioi euroren salmentak egin ditu urtarriletik martxora, iaz epe horretan baino %82,7 gehiago. Tarte horretan 3,4 milioi euro irabazi ditu, eta gehiago izango ziren baldin eta inflazio handiak eta hornikuntza arazoek mozkinak txikitu izan ez balituzte. Iaz 32 milioi euro galdu zituen, baina baikor amaitu zuen urtea, 2022a urte ona izango zela uste zuelako.
CNMVra igorritako agirian, Tubacexek nabarmendu du bigarren hiruhilekoan jarraian emaitza positiboa lortzen duela. «Suspertzea baieztatu egin da, munduko ekonomia oso egoera nahasian eta desegonkorrean egon arren», azaldu du.
Baina nazioarteko egoera bera da Tubacex suspertzearen arrazoi nagusia. Izan ere, azken hilabeteetan inbertsioak handitu egin dira energiaren sektorean, baita hidrokarburoetan ere, eta hori da Arabako multinazionalaren merkatua. Urteko lehen hiruhilekoa 500 milioi euroren eskari zorroarekin bukatu du, azken lau urteotako handiena. Enpresak espero du luze gabe poltsa hori loditzeko gai izango dela, proiektu gehiagok aurrera egin ahala.
Batez ere gasaren sektorean izan da suspertzea, baina nuklearren ekarpena ere handia izan dela nabarmendu du Tubacexek. Azaldu duenez, bere salmenten %42 industria orokorrari egin dizkio; %18, gasaren sektoreari, eta %15, petrolio sektoreari.
Lehen aldiz, autogintzan ere bai
Mundu osoan saltzen du Tubacexek, baina azpimarratu du azken hilabeteetan petrolio industriarako salmentak egin dituela Afrika mendebaldean, Australian, Asia hego-ekialdean eta Mexikon. Gainera, Brasilerako eta Guyanarako eskari handiak egin dizkiote Petrobrasek eta Exxonek. Urtea amaitu bitartean Norvegian kontratu handiak lortzeko itxaropena du, besteak beste, TSS Norway enpresa erosi duelako han.
Energia sektoretik kanpo ere lekua bilatzen ari da Tubacex. Jakinarazi duenez, aeronautika enpresa garrantzitsu batekin ari da proiektu garrantzitsu batean, eta autogintzarako lehen eskari esanguratsuak eskuratu ditu.
Iaz, zortzi hilabeteko greba bati egin behar izan zion aurre Tubacexek Laudioko eta Amurrioko lantegietan. Enpresak 150 langile kaleratzeko asmoa azaldu ondoren, langileek greba mugagabea hasi zuten otsailaren 11n, eta urriaren hasiera arte eutsi zioten. Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailaren bitartekaritzarekin, akordioa lortu zuten sindikatu batzuek, eta, kostata izan bazen ere, aurrera egin zuen. |
2022-4-28 | https://www.berria.eus/albisteak/212683/urtebetean-lehen-aldiz-enplegua-galdu-da-hego-euskal-herrian.htm | Ekonomia | Urtebetean lehen aldiz enplegua galdu da Hego Euskal Herrian | Aurtengo lehen hiruhilekoan, 2.900 lanpostu galdu dira eta 4.900 langabe gehiago zenbatu dira. Galdutako enplegu guztia aldi baterakoa da, eta mugagabea, berriz, antzeko kopuruan handitu da. Zerbitzuen sektorean galdu dira enplegu gehien, eta ia denak (%95,5) emakumeek betetzen zituzten. | Urtebetean lehen aldiz enplegua galdu da Hego Euskal Herrian. Aurtengo lehen hiruhilekoan, 2.900 lanpostu galdu dira eta 4.900 langabe gehiago zenbatu dira. Galdutako enplegu guztia aldi baterakoa da, eta mugagabea, berriz, antzeko kopuruan handitu da. Zerbitzuen sektorean galdu dira enplegu gehien, eta ia denak (%95,5) emakumeek betetzen zituzten. | Eten egin da enpleguaren sorrera: urtea hasi denetik 2.900 lanpostu galdu dira Hego Euskal Herrian. Horrekin batera, langabeen kopurua ere igo da: iazko abenduan baino 4.600 gehiago daude. Langabezia tasa %9,1 da, 0,4 puntu handiagoa, eta Europako Batasuneko batezbestekotik (%6,2) urrun dago oraindik. Hala dio INE Espainiako Estatistika Institutuaren biztanleria aktiboari buruzko inkestak.
Iazko lehen hiruhilekotik etengabea izan da lanpostuen sorrera, orain arte. Pandemiaren okerrena pasatuta, oso bizkor hazi zen ekonomia: 2021eko lehen hiruhilekoan baino 63.900 landun gehiago daude gaur egun, eta osasun krisia hasi aurretik baino 37.700 gehiago.
Urte hasiera honetako geldiaren atzean hainbat arrazoi egon daitezke: Gabonetako kanpaina amaitu ondoren, zenbait sektoretan, merkataritzan eta ostalaritzan bereziki, galdu ohi dira lanpostuak. Horri Ukrainako gerraren eraginak batu behar zaizkio orain, eta horrek egungo ekonomian eragin dituen ziurgabetasunak, erregaien eta lehengaien garestitzeagatik eta hornikuntza arazoengatik. Ikusteko dago oraingo enplegu galera urte hasieran ohikoa izaten den etenaren ondorio ote den ala ekonomiaren moteltzearen sintoma den.
Aldi baterakoak eta finkoak
Sektoreen arabera, zerbitzuenean galdu dira lanpostu gehien: 5.600. Aldiz, eraikuntzan gehitu dira: 4.400. Iaz, industrian sortu ziren enplegu gehien, baina urte hasiera honetan apaldu da joera hori, eta 200 lanpostu baino ez dira sortu. Enplegu berriaren erdia (%42) autonomoen eskutik iritsi da.
Kontratu motari dagokionez, behin-behinekotasuna gutxitu da: era horretako 13.000 kontratu gutxiago daude iazko abendukoekin alderatuta. Hein handi batean, urte hasieran indarrean jarri zen lan erreformaren ondorioz gertatu da hori, aldi baterako kontratuak egiteko baldintzak mugatu eta gogortu egin baitira, eta mugagabe izatera pasatu dira. Erreformaren ondorioak hemendik aurrera hasi beharko lirateke nabaritzen, araudia bere osotasunean apirilean sartu delako indarrean.
Lehen hiruhilekoan, 17.100 finko berri egin dira —tartean aldizkako finkoak edo finko etenak— . Hala, behin-behinekotasuna 1,2 puntu jaitsi da aurreko urteko azken hiruhilekotik. Baina urte arteko alderaketa eginez gero, 28.400 pertsona gehiago daude egoera horretan: 253.500. Kontratu guztien %23,9 dira, EBko batez bestekoa baino 10 puntu handiagoa.
Langabeziak ere gora egin du urte hasiera honetan: lurraldeka, Araban igo da gehien (0,7), eta %9,4koa da. Tasarik handiena Nafarroak du: %10,4; han 0,5 puntu hazi da. Neurri berean Gipuzkoan, (%9,5), eta Bizkaian berdin mantendu da (%9,5). Guztira, 124.400 langabe daude, iazko abenduan baino 4.600 gehiago, eta pandemia hasi aurretik baino 9.000 gehiago.
Bereziki emakumeen artean handitu da langabezia: 4.300 gehiago zenbatu dituzte. Hiruhileko honetan lanpostua galdu dutenen %95,5 andreak dira. Epe luzeko langabezia, berriz, nabarmen handitu da pandemiaren hasieratik: langabetuen %40,3 ziren 2020ko martxoan, eta %53,9 dira orain.
Ziurgabetasuna handitzen
Eragileek kezkaz hartu dituzte datuak. Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilari Mari Carmen Maeztuk balorazio «anbibalentea» egin du. Haren esanetan, lan merkatuaren joera orokorra «positiboa» da eta hurrengo hilabeteetan eutsiko zaio, baina erritmo txikiagoan. «Pandemiak eragindako ziurgabetasun egoera bat bizitzen ari gara, Ukrainako gerra gehitu da, eta, beraz, hazkunde aurreikuspenak egitea zaila da». Nafarroako Gobernuak bihar ezagutaraziko ditu bereak .
Jaurlaritzak uste du urteak aurrera egin ahala hazkundea pixka bat motelduko dela. Hala erakusten dute Eustaten aste honetako datuek: %1 hazi da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako barne produktu gordina, iazko azken hiruhilekoan baino 0,2 puntu gutxiago. Duela hilabete Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak bi puntutik gora murriztu zuen aurtengorako iragarpena: %6,7tik %4,5era.
ELAren arabera, «ziurgabetasunez beterik» dago egungo testuingurua, eta zalantzarik ez du horrek enpleguan eragin nabaria izango duela. LABen arabera, egungo egoerak «aldaketa sakonak» eskatzen ditu. Nafarroako CCOO kezkatuta agertu da iraupen luzeko langabeziarekin eta behin-behinekotasun handiarekin, eta UGTk «kezkagarritzat» jo du langabeziaren igoera. |
2022-4-28 | https://www.berria.eus/albisteak/212684/bizkaiko-epaitegietako-garbitzaileek-martxoan-hasitako-greba-utziko-dute.htm | Ekonomia | Bizkaiko epaitegietako garbitzaileek martxoan hasitako greba utziko dute | Sacyr enpresa kontratatzailearekin akordio bat lortu dute kaleko garbitzaileekiko soldata arrakala hiru urtean murrizteko. | Bizkaiko epaitegietako garbitzaileek martxoan hasitako greba utziko dute. Sacyr enpresa kontratatzailearekin akordio bat lortu dute kaleko garbitzaileekiko soldata arrakala hiru urtean murrizteko. | Greba egunak izan dituzte aste honetan Bizkaiko bulegoetako garbitzaileek eta Gipuzkoako aldundikoek, haien soldatak igotzeko eta kaleak garbitzen dituztenekin alderatuta duten soldata arrakala txikitzeko. Helburu hori lortu dutelakoan, greba utziko dute berriz Bizkaiko epaitegietako garbitzaileek.
ELAk jakinarazi duenez, akordioa lortu dute lan hori azpikontratatuta duen enpresarekin, Sacyr Facilityrekin. ELAk arrakastatzat jo du: «Akordioarekin ELAk soldata arrakala murriztea lortu du, bai soldatetan, bai kontratu partzialetan. Ia 2.500 eurokoa zen epaitegietako garbitzaileen eta balio bereko kale garbiketak egiten dituzten Gipuzkoako sektore maskulinizatuaren arteko aldea. Martxoaren 21ean hasitako grebari esker, alde hori murriztea lortu dute hiru urtean, 2022tik 2024ra».
Grebalarien beste eskaera batzuk ere beteko ditu enpresa kontratatzaileak: hala nola lanaldi partzialeko kontratazioa duintzea, ia esklusiboki emakumeei zuzendutako kontratazio mota izaki, eta lanpostu hutsuneak betetzeko eta lan poltsak sortzeko konpromisoa. Akordioaren barruan sartzen dira, halaber, akordioaren aurrerako eragin mugagabea, adostutako baldintzak ez aplikatzea eragozten duten klausulak eta lan baldintzen funtsezko aldaketa dakarten prozedurak aplikatzeko ezintasuna.
ELAk langileak zoriondu nahi ditu egindako borrokagatik. «Borroka hori beste urrats bat da feminizatutako sektoreek jasaten duten diskriminazioaren aurka. Borroka horrek Bizkaiko eraikin eta lokalen garbiketako hitzarmen sektorialaren negoziazioan ere hainbat erreferentzia ezartzen laguntzen du, eta Guggenheimeko langileena, kasurako, ELAren garbiketako soldata arrakalaren aurkako kanpainaren barruan dago». |
2022-4-28 | https://www.berria.eus/albisteak/212685/verde-pratok-irabazi-du-euskarazko-disko-onenaren-min-saria.htm | Kultura | Verde Pratok irabazi du euskarazko disko onenaren MIN saria | Epaimahaiak 'Kondaira eder hura' lanagatik egin dio aitortza Ana Arsuagaren musika egitasmoari | Verde Pratok irabazi du euskarazko disko onenaren MIN saria. Epaimahaiak 'Kondaira eder hura' lanagatik egin dio aitortza Ana Arsuagaren musika egitasmoari | Atzo iluntzean banatu zituzten MIN Espainiako musika independentearen sariak, Iruñeko Nafarroa Arenan, eta Verde Pratok (Ana Arsuaga, Tolosa, Gipuzkoa, 1994) eskuratu zuen euskarazko disko onenaren Etxepare saria, Kondaira eder hura lanari esker. Ekitaldian izan ziren saria eskuratzeko finalistak izan direnak ere: Chill Mafia, Idoia, Liher eta Gaur. Izaro Andresen eskutik jaso zuen saria Verde Pratok.
Gainerako sariei dagokienez, Zahara kantaria izan da irabazle nagusia, sei sari eskuratu baititu; besteak beste, urteko disko onenari dagokiona (Puta). Kantu onenarentzako saria Rigoberta Bandiniren Ay mamá-rentzat izan da, eta hark eskuratu du artista onenaren saria ere. Bestalde, Tanxugueiras Galiziako taldea talde berri onena izendatu du epaimahaiak.
Katalanezko disko onenarentzako saria Ferran Palauk irabazi du (Parc), eta galizierako album onenarena, berriz, Baiucak (Embruxo). |
2022-4-28 | https://www.berria.eus/albisteak/212686/psnk-amore-eman-eta-pai-blindatzeko-proposamena-onartu-du-d-ereduaren-estatus-bera-emanez.htm | Gizartea | PSNk, amore eman, eta PAI blindatzeko proposamena onartu du, D ereduaren estatus bera emanez | Ingelesez ikasteko programako irakasleak «egonkortzeko» sozialisten lege proposamena aurrera atera da, Navarra Sumari esker. Eskuineko koalizioak aukera baliatu du PAI programari D ereduaren estatus bera emateko. | PSNk, amore eman, eta PAI blindatzeko proposamena onartu du, D ereduaren estatus bera emanez. Ingelesez ikasteko programako irakasleak «egonkortzeko» sozialisten lege proposamena aurrera atera da, Navarra Sumari esker. Eskuineko koalizioak aukera baliatu du PAI programari D ereduaren estatus bera emateko. | Zentroan dagoela erakutsi nahirik, PSN bakarrik geratu da erdigune horretan, Navarra Sumaren eskaerak onestera behartuta. Gaurko osoko bilkuran, PAI ingelesez ikasteko programako irakasleak «egonkortzeko» lege proposamena aurrera da, PSNren eta Navarra Sumaren botoei esker. Eskuineko koalizioak, zuzenketa bidez, behartu egin du PSN PAI hezkuntza eredu bihurtzeko prozedurari ekitera. Gainerako taldeek Hezkuntza Departamenduari galdetu diote hori nola egingo duen. Lege proposamenaren segurtasun juridikorik ezari buruz ohartarazi dute.
Bozketaren emaitzak dimentsio politiko argia du. Lan erreformaren bozketan azaleratutako UPNren eta PSOEren akordioaren ostean, egiaztatu zen eskuineko koalizioa eta sozialistak gerturatzen ari zirela. Geroztik, antzeko beste pauso batzuk eman dira. Adibidez, Hitzarmen Ekonomikoaren erreformarekin gertatutakoa.
Azkena, PAIren inguruko lege proposamena izan da. Beste babesik ez zuela ikusita, eskuineko koalizioak hordagoa jo, eta hiru zuzenketa aurkeztu ditu programaren garapena blindatzeko. Onartu ezean, Navarra Sumak ez zuen onartuko lege proposamena, eta PSNk azkenean, gaurko osoko bilkuran, baiezkoa eman du. Gertatutakoa akordio baten emaitzan izan edo ez, PSNren eta bazkideen artean tentsioa areagotzen ari da. Haiek aurka bozkatu dute, eta eskuinarekin bat egitea aurpegiratu diete sozialistei.
PSNrentzat «lorpena»
Azken astean, zalaparta handia piztu du lege proposamenak. PSNk nabarmendu du aurrera atera izana «lorpen bat» dela, PAI programako 350 irakasle inguru egonkortuko dituelako. Inma Jurio sozialistak argudiatu du ezen, azken urteetan funtzio publikoko behin-behinekotasuna murrizteko ahalegin handiak egin arren, hori ezin izan dela egin irakasleokin, estatuko lege batek galarazi egiten duelako ingelesaren ezagutza irizpide nagusi gisa jartzea lan deialdietan.
Jurioren arabera, estatuko araudi hori «oztopo bat» da, baina, aukera guztiak baliatu nahirik, 2021eko abenduan Madrilgo gobernuak irakasleen behin-behinekotasuna arintzeko onarturiko dekretua hartu dute oinarri lege proposamena aurkezteko. Nahiz eta dekretu horrek ingelesaren inguruan ezer ez aipatu, PSNk aukera ikusi du hori aplikatzeko Nafarroak funtzio publikoan dituen eskumenak PAIko irakasleei ere. Horregatik ez du ulertzen bere bazkideen ezezkoa: «Gure bazkideak estatuko araudiari lotu zaizkio, eta zentralista bihurtu dira, erkidego gisa ditugun autogobernu aukerei muzin eginda».
PSNko eledunaren arabera, Nafarroako familien %70ek nahi dute PAI, eta irakasleen baldintzak hobetu behar dira kalitatea hobetzeko. Presa dutela ere onartu du, ekainean amaituko baita lan deialdi publikoak aurkezteko epea.
Geroa Bairen erantzuna
Maria Solana Geroa Baiko parlamentari eta iragan legealdiko Hezkuntza kontseilari ohiak gogoratu du Hezkuntza Departamenduko zerbitzu juridikoek betidanik auzitan jarri dutela ingelesa derrigorrezko hizkuntza eskakizun gisa proposatzea, eta orain «sudurra estalita» egin behar izan dutela «urteetan ausarkeriatzat eta arduragabetzat» jo duten proposamena.
PSNk akordio programatikoan PAIri buruz dioena erabili du argudio gisa lege proposamena onartzeko, baina Solanak argi utzi dio ez dela horrela: «Zuek orain ulertzen duzuen bezala planteatu izan bazenute duela hiru urte, ez genuen sinatuko akordioa», ohartarazi dio, gobernuko bi bazkideen artean harremana gaiztotuta dagoen seinale. Esparzak aurreko egunetan aipatu zuen akordioa zutela sozialistekin, eta PSNk ukatu egin du. Ironiaz, Solanak aipatu du bere bazkidearen hitza ez duela zalantzan jarri nahi. «Orduan, Esparza jauna, zer ari zara, gezurretan?».
Solanak ez du ulertzen nolatan hartu duen PSNk prozedura berezi hori, behin-behinean diren PAIko irakasleen %10 ingururi soilik eragingo baitie legeak, eta hori egiteko beste bide batzuk bazituelako Hezkuntza Departamenduak; adibidez, lekualdatze lehiaketen bidez. Solanak gogor kritikatu du Carlos Gimeno kontseilaria, hiru urteotan ez delako gai izan PAIren inguruko araudi bakar bat aldatzeko edo dekretua aurkezteko. «Orain irabazle gisa aurkeztu nahi du, PAI hezkuntza eredu bihurtuta? Nola egin nahi duzu?». Gimenori kritikatu dio kontuan ez hartu izana hezkuntza sektoreko mahaian esertzen diren sindikatuen iritzia: «Porrot egin duzu erabat. Komunikazioa bi norabidekoa da, ez bakarrekoa. Politikaren lehen mailako irakaspena da hori, eta ez duzu ikasi».
Izan ere, lege proposamenari buruzko zalantza juridikoak handiak dira. Lehenik eta behin, ez duelako Espainiako Gobernuaren onespenik. Bigarrenik, sindikatuek eurek mehatxu egin dutelako auzitera joko dutela, eta Nafarroako Kontseiluaren (Nafarroako erakunde aholku-emaile nagusia) txostena kaleratu aurretik egin delako eztabaida.
EH Bilduko Bakartxo Ruizen arabera, «arduragabekeriaz» jokatu du gobernuak. Aurreko egunetan, Gimenok eta Javier Remirez presidenteorde lehenak ziurtatu dute erabateko segurtasun juridikoa dutela. Hala, Ruizek galdera egin die biei: «Nafarroako Kontseiluak bermerik ez duela esaten badu, dimisioa emango duzue?». Haren ustez, helburua ez da langileen baldintzak hobetzea, PAI blindatzea baizik.
Eskuinak aurkeztutako hiru zuzenketek dute, aldez edo moldez, PAI hezkuntza eredu bihurtzeko helburua. Puntuetako batean, koalizio eskuindarrak «konpromisoa» eskatu dio gobernuari, «behin PAI programako profesionalen egonkortzea gauzatuta, programa hori eredu linguistiko bihurtzeko prozesua has dadin». Halaber, Navarra Sumak eredutzat hartu duena ez da edozein eredu linguistiko: euskarazko murgiltzeak dituen ezaugarriak nahi ditu PAIrentzat, baina zonifikazioak eragindako trabarik gabe.
Pedro Gonzalen arabera, alderdi abertzaleen helburua PAI «hondoratzea» da, eta urteak daramatzate hezkuntza programa horren aurka. «Etorkizuneko eredu bat da, ez baitugu zalantzarik eredu bat izango dela». |
2022-4-28 | https://www.berria.eus/albisteak/212687/basurtuko-ospitaleko-bihotzeko-kirurgiako-zirujauek-zerbitzua-ixtearen-kontra-egin-dute.htm | Gizartea | Basurtuko ospitaleko bihotzeko kirurgiako zirujauek zerbitzua ixtearen kontra egin dute | Ohartarazi duenez, Basurtuko bihotzeko kirurgia kentzeak «oso eragin negatiboa izango du» herritarren osasunean, eta, besteak beste, pazienteak osasungintza pribatura bideratzea eragingo du. | Basurtuko ospitaleko bihotzeko kirurgiako zirujauek zerbitzua ixtearen kontra egin dute. Ohartarazi duenez, Basurtuko bihotzeko kirurgia kentzeak «oso eragin negatiboa izango du» herritarren osasunean, eta, besteak beste, pazienteak osasungintza pribatura bideratzea eragingo du. | Osakidetzak bi ospitaletan ematen du bihotzeko kirurgiako zerbitzua, Basurtukoan eta Gurutzetakoan. Aldaketak egon daitezke, ordea. Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila aztertzen ari da zerbitzua bat egin eta Gurutzeko erietxean soilik eskaintzea. Baina kontra ditu Basurtuko bihotzeko kirurgia zerbitzuko zirujauak, uste baitute «erabaki oso negatiboa» izango dela herritarren osasunerako, eta proiektuak «porrot» egingo duela. Hori horrela, proiektua berriz aztertzea galdegin diote Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari. Basurtuko «ia zerbitzuburu guztiek» —zehazki 39k— sinatutako gutun baten bidez eman dute beren jarreraren berri.
Oharrean azaldu dutenez, Basurtuko bihotzeko kirurgiako zirujauek eta Osasun Sailak bilera bat izan zuten oan den astean, zirujauek eskatuta. Ez dute gustuko bertan jasotakoa. Haien esanetan, ez diete jaramonik egin herritarrei —gogorarazi dute erabakiaren kontrako 53.000 sinadura bildu dituztela—, ezta ospitaleko langileen «gehiengoari» ere, arduradun politikoek Basurtuko ospitaletako bihotzeko kirurgia zerbitzua kentzeko asmotan jarraitzen baitute.
Proiektuak aurrera jarraituz gero, kardiologiako artan eragina izango duelakoan daude langileak. Eta onerako ez dela izango iruditzen zaie. Salatu dutenez, Osakidetzako ospitale bakarrak eskainiko du zerbitzua, «irisgarritasuna murriztuz» eta «pazienteei bigarren iritzia jasotzeko duten aukera kenduz». Gainera, ebakuntza gela gutxiago egongo direla esan dute, eta, horrenbestez, itxaron zerrendak luzeagoak izango direla. Halaber, ohartarazi dute Basurtuko ospitaleak kardiologiarako dituen «zenbait teknika aurreratu» kenduko dituztela, teknika bateratuak ezingo dituztela eskaini, bi ospitaleen jarduera ezingo dela areagotu, eta Basurtuko ospitaleko beste zerbitzu batzuetan eragin negatiboa izango duela. Osasun pribatuaren mesedetan izango da, osasun langileen arabera: gaixoak osasun pribatura bideratuko dituzte, itxaron zerrenden ondorioz. «Azken finean, erabaki oso negatiboa da Euskadiko herritarren osasunarentzat».
Bihotzeko kirurgiako zirujauek nabarmendu dute orain arte jarrera «zuhurra» izan dutela eta «hitz egiteko prest» egon direla. Orain, ordea, Osasun Sailarekiko desadostasuna erakustea erabaki dute, proiektuak «porrot» egingo duelakoan daudelako. Horrenbestez, eskatu dute berriz aztertzeko, aldaketak eragingo dien profesionalen ekarpenak eta Basurtuko ospitaleko bihotzeko kirurgia zerbitzuak dituen emaitzak abiapuntutzat hartuta. |
2022-4-28 | https://www.berria.eus/albisteak/212688/guterresek-errusiari-eskatu-dio-nazioarteko-zigor-auzitegiarekin-elkarlanean-aritu-dadila-gerra-krimenak-ikertzeko.htm | Mundua | Guterresek Errusiari eskatu dio Nazioarteko Zigor Auzitegiarekin elkarlanean aritu dadila, «gerra krimenak» ikertzeko | NBEko idazkari nagusia Butxa, Borodianka eta Irpin hirietan izan berri da, Zelenskirekin batzartu aurretik, eta esan du gerra «zentzugabea» dela XXI. mendean. Errusiako armadak kontrolpean duen Kherson hirian errubloa erabiltzen hasiko dira igandetik aurrera. Stoltenbergek ziurtatu du Suedia eta Finlandia NATOn sartzeko prozesua «azkarra» izango dela. | Guterresek Errusiari eskatu dio Nazioarteko Zigor Auzitegiarekin elkarlanean aritu dadila, «gerra krimenak» ikertzeko. NBEko idazkari nagusia Butxa, Borodianka eta Irpin hirietan izan berri da, Zelenskirekin batzartu aurretik, eta esan du gerra «zentzugabea» dela XXI. mendean. Errusiako armadak kontrolpean duen Kherson hirian errubloa erabiltzen hasiko dira igandetik aurrera. Stoltenbergek ziurtatu du Suedia eta Finlandia NATOn sartzeko prozesua «azkarra» izango dela. | «Gerra zentzugabea da XXI. mendean. Gerra gaiztoa da, eta ez da batere onargarria. Gure bihotza, noski, biktimekin dago, doluminak familiei». NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek hitz horiekin laburbildu du gaur goizean Borodianka eta Butxa herrietara (biak Kiev oblastean) egindako bisita, bonbardaketetan suntsitutako eraikinei so egin ostean, eta Ukrainako presidente Volodimir Zelenskirekin batzartu aurretik, hiriburuan. Hil honen hasieran, Ukrainak salatu zuen bi herri horietan seiehun zibilen baino gehiagoren gorpuak aurkitu zituela kalean, «Errusiako tropak Kiev oblastetik erretiratu ondoren». Kremlinek, berriz, behin baino gehiagotan ukatu ditu akusazioak, zabaldutako irudiak Ukrainako zerbitzu sekretuek antolatutako «probokazio» ekintza bat direla argudiatuta.
Nolanahi ere, Guterresek eskatu du «ikerketa independente eta eraginkorrak» egin daitezela Kieveko eskualdean zer jazo den jakiteko, eta, era berean, Errusiari galdegin dio «gerra krimenak» ikertzen laguntzea. «Nazioarteko Zigor Auzitegia erabat babesten dut, eta Errusiako Federazioari dei egiten diot Nazioarteko Zigor Auzitegiarekin elkarlanean aritzeko. Baina gerra krimenez hitz egiten ari garenean, ezin dugu ahaztu gerra bera dela krimenik okerrena».
Errusiako presidente Vladimir Putinekin batzartu ondotik, Guterresek berretsi du NBEk «baliabide guztiak» eskainiko dituela Errusiako tropek Mariupol hirian (Donetsk oblasta) setiatua duten Azovstal altzairutegian gotortutako mila bat zibil salbatzeko eta korridore humanitario seguruak irekitzeko. Hain zuzen ere, Osnat Lubrani NBEk Ukrainan duen koordinatzaileak ostegun honetan iragarri duenez, Zaporizhiara (hegoaldea) joango da Mariupolgo herritarrak ebakuatzeko saiakera bat prestatzeko. Hori bai, Donetsk eskualdeko gobernadore Pavlo Kirilenkok adierazi du Errusiak ez diela utziko Azovstaleko altzairutegitik irteten Ukrainako soldadu zaurituei.
Errusiako Gazprom konpainiak Poloniari eta Bulgariari gas hornidura eten diela eta —errublotan ordaintzen ez dutela argudiatuta—, Zelenskik esan du Mosku munduko prezioen «krisia» eragiten ari dela. Gauero zabaltzen duen komunikatuan adierazi duenez, Errusiaren helburua da oinarrizko merkatu guztietan «kaosa» piztea, batez ere elikagaien merkatuan. Bide beretik jo zuen atzo Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek ere, eta gas hornidura moztuz «xantaia» egitea egotzi zion Errusiari. Errusiak esan du gas hornidurak etengo dizkiela beste herrialde batzuei ere, ez badute errublotan ordaintzen. Von der Leyenek, ordea, oroitu zuen Europako Batasuneko kide diren estatuek ordainketak dolarretan edo eurotan egin behar dituztela Errusiarekin. Ohartarazi zuen, gainera, errublotan ordaintzen duten konpainiak Kremlini ezarritako zigorrak urratzen ariko liratekeela, eta Bruselak auzitara eramango lituzkeela.
Bada, Hungariako Gobernuak gaur baieztatu du Errusiak martxan jarritako ordainketa sistema erabiliko duela petrolioaren eta gasaren inportazioak errublotan ordaintzeko, Ukrainaren inbasio militarragatik Moskuri ezarritako zigor sortaren ostean. Peter Szijjarto Hungariako Atzerri ministroak Budapesten erabakia defendatu du AEBetako CNN telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean. Hungariak Errusiatik inportatzen ditu gas horniduraren %85 eta petrolio horniduraren %65.
Errubloaren balioari eutsi nahian, Errusiako armadak kontrolpean duen Kherson hirian (hegoaldea) Errusiako dirua erabiltzen hasiko dira igandetik aurrera, Errusiako TASS berri agentziak jasotakoaren arabera. Errubloa bakarrik indarrean sartu aurretik, lau hilabeteko trantsizioa egingo dute, eta aldi berean errubloa eta grivna erabiliko dira, Ukrainako dibisa.
NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenberg, berriz, Europako Parlamentuko ordezkariekin batzartu da goizean, Bruselan. Stoltenbergek ziurtatu du Suedia eta Finlandia aliantza militarrean sartzeko prozesua «azkarra» izango dela. Azpimarratu duenez, Eskandinaviako bi herrialde horiek NATOren «bazkide estuak» dira, eta euren indar armatuak aliantzarekin trebatuak eta arituak. Berraz, Stoltenbergek esan du aurrez badakitela NATOk ezarritako baldintzak «betetzen» dituztela. Litekeena da Finlandiak eta Suediak maiatzaren 16ko astean egitea eskaera; hain zuzen ere, NATOko Atzerri ministroak maiatzaren 14an eta 15ean bilduko dira, Berlinen.
Errusiak eta Finlandiak 1.300 kilometroko muga dute, eta Moskuk esana du Helsinki eta Stockholm aliantza militarrean sartzen badira «arma nuklearrak» eta «misil hipersonikoak» jarriko dituela Itsaso Baltikoan. «Eraso hibridoen» beldur ere badira Eskandinaviako bi estatu horietan. Hala, Stoltenbergek iradoki du NATOra sartzeko prozesua burutu bitartean ere aliantza militarraren «babesa» izango dutela.
Putin: «Oso bizkor erantzungo dugu»
Moskuk gaur ere oharra bidali dio Mendebaldeari. «Bere pazientziarekin jolasean ez ibiltzeko» eskatu dio Maria Zakharovak, Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak. Kremlineko eledun Dmitri Peskovek ere berretsi du Europako herrialdeek Ukrainari emandako arma astunak «mehatxu bat» direla kontinenteko segurtasunerako. «Ezegonkortasuna eragiten duten ekintzak dira», adierazi du, bere eguneroko prentsaurrekoan. Kremlinek apirilaren 20an Kievi bidalitako bakerako zirriborroaren inguruan, berriz, Errusiako Atzerri ministroak adierazi du Errusiak oraindik ez duela Ukrainaren erantzunik jaso.
Ukrainaren inbasioa ikusirik AEBek, haien aliatuek eta Europako Batasunak Moskuri ezarritako zigorrei dagokienez, Putinek atzo San Petersburgon egindako agerraldian esan zuen Errusia «ekonomikoki itotzeko» saiakerak «porrot» egin duela. Bestalde, ohartarazpen argia eta zuzena igorri zion Mendebaldeari: «Ukrainako gatazkan esku hartzen saiatzen denari oso bizkor erantzungo diogu». Haren esanetan, Moskuk «tresna guztiak» ditu erantzuteko. «Behar izanez gero, erabili egingo ditugu, eta denek jakitea nahi dut».
Errusiako agintariak berretsi zuen «operazio militar bereziaren» helburuak «baldintzarik gabe» beteko direla, eta azpimarratu zuen «Donetsk, Luhansk, Errusiako Krimea eta Errusia osoaren segurtasuna bermatu» nahi dituela, «ikuspegi historiko batean» oinarrituta. Gainera, Errusiaren inbasioak Errusiaren «benetako arriskua» eragotzi duela ziurtatu zuen. «Adorez, erabakitasunez eta heroismoz, gure lurraldean gertatuko zen gatazka handi bat eragotzi dugu». |
2022-4-28 | https://www.berria.eus/albisteak/212689/1998-margarita-roblesentzat-legez-kanpoko-entzuketak-onartezinak-ziren-urtea.htm | Politika | 1998, Margarita Roblesentzat legez kanpoko entzuketak onartezinak ziren urtea | Pello Urzelai kazetariak Euskaldunon Egunkaria-ko hemerotekatik berreskuratu ditu Roblesek elkarrizketa batean emandako erantzunak, CESIDek HBri 1990eko hamarkadan egin zizkion entzuketen harira. Atzo Kongresuan esan zuenarekin zerikusirik ez dute. | 1998, Margarita Roblesentzat legez kanpoko entzuketak onartezinak ziren urtea. Pello Urzelai kazetariak Euskaldunon Egunkaria-ko hemerotekatik berreskuratu ditu Roblesek elkarrizketa batean emandako erantzunak, CESIDek HBri 1990eko hamarkadan egin zizkion entzuketen harira. Atzo Kongresuan esan zuenarekin zerikusirik ez dute. | «Demokrata izanik, ezin dugu onartu gerra zikinik edo legez kanpoko entzuketarik egotea». Margarita Roblesen hitzak dira, baina ez gaur egungoak. Roblesen adierazpenak ez du zerikusirik duela gutxi argitara atera den Pegasus programaren espioitza kasuarekin. Ez da hori, ordea, Espainiak horrelakoak egiten dituen lehen aldia. Adibideak asko dira. Eta Roblesen adierazpenak beste kasu horietako bati dagozkio. 1998. urtea zen, eta jakin zen CESIDek, garai horretako Espainiako zerbitzu sekretuen zentroak, Gasteizeko HBren egoitzan legez kanpoko entzuketak egin zituela, artean koalizioa legezkoa zela (2003an legez kanporatu zuten). Robles Espainiako Auzitegi Nazionaleko magistratua zen 1998an, baina Barne eta Justizia Ministerioko Barne idazkari izana zen 1994tik 1996ra, eta 1998ko apirilaren 22an elkarrizketa egin zion Euskaldunon Egunkaria-k. Pello Urzelaik egin zion elkarrizketa, eta gogora ekarri du sare sozialetan.
El Mundo egunkariak 1998ko apirilaren 3an eman zuen HBri Gasteizen egindako legez kanpoko entzuketen berri. Goiko solairutik zelatatzen zituzten. Haren arabera, 1992tik espiatu zuten koalizio abertzalea, Espainiako Gobernuari horren berri eman gabe. Madrilgo egunkariaren arabera, epaileen baimenik gabe kontrolatu zituzten telefonoak, ordenagailuak eta faxak. Egunkaria-ko elkarrizketan, egun batzuk geroago, Roblesek esan zuen bera Barne Ministerioan izan zen garaian (1994-1996) ez zuela horren berririk izan, baina, edonola ere, demokrata batentzat horrelakorik onartzea ezinezkoa dela adierazi zuen.
24 urte geroago, beste gisa batera mintzatu da Robles legez kanpoko entzuketez. Pegasus programaren espioitza kasuko entzuketen harira galdetu zioten atzo Espainiako Kongresuan, eta hala esan zuen: «Zer egin behar du gobernu batek norbaitek konstituzioa urratzen duenean? Norbaitek independentzia deklaratzen duenean? Norbaitek bide publikoak mozten dituenean? Desordena publikoak egiten dituenean?».
Roblesek adierazi du Espainiako Gobernuak eta haren organismo publikoek zuzenbidearen arabera jokatzen dutela, «legeek ezartzen dituzten kontrolekin». Baina, aldi berean, iradoki du justifikatuta dagoela independentisten aurkako espioitza.
Ez zuen hala pentsatzen duela 24 urte, Euskaldunon Egunkaria-ri emandako elkarrizketan, gatazka puri-purian zegoen garaian (ETAk hamahiru pertsona hil zituen elkarrizketa egin aurreko urtean, 1997an): «Indarkeriaren kontra erantzun bakarra egon daiteke: legea zorrotz betetzea. Legea betetzea ez den edozein gauza, legez kanpoko entzuketak direla, gerra zikina dela, nire ustez okerra da». Gero gaineratu zuen: «Ezin dugu ahaztu arazo politikoa dela, eta politikoki konponduko da bakarrik». Elkarrizketa egin zen garaian, beste 145 profesional eta intelektualekin batera, elkarrizketaren eta negoziazioaren aldeko agiri bat sinatu zuen Roblesek.
Azken lau erantzunak dira legez kanpoko entzuketei buruzkoak. Klikatu irudian handiago ikusteko
Pegasus espioitza programaren kasuan ez bezala, 1998ko entzuketak ez zituen ukatu Roblesek, baina gaineratu zuen ez zuela uste jarduera orokorra zenik. Epaileek zer esango zuten itxaron behar zela erantzun zuen horrelako legez kanpoko entzuketa kasu bat posible ote zen galdetuta. Gasteizko HBko egoitzaren entzuketen auzia Arabako Lurralde Auzitegira iritsi zen, eta horrek hiru urteko espetxe zigorra eta zortzi urteko inhabilitazioa ezarri zien Emilio Alonso Manglano eta Javier Calderon CESIDeko zuzendariei; Espainiako Auzitegi Gorenak errugabetu egin zituen gero. Gainera, Mario Cantero Gonzalez eta Francisco Bujan Gonzalezi bi urte eta erdiko espetxe zigorra eta sei urteko inhabilitazioa ezarri zien entzuketen egile materialak izan zirelako. Victor Casterán eta Francisco Millan absolbitu egin zituen. Epaiak Espainiako estatua erantzule zibil egin zuen. |
2022-4-28 | https://www.berria.eus/albisteak/212690/bularreko-minbizia-zortzi-andretik-batek.htm | Gizartea | Bularreko minbizia, zortzi andretik batek | Gaixotasunari buruzko topaketa bat martxan da Donostian, eta ikerketa indartu behar dela nabarmendu dute bertan parte hartzen ari diren adituek | Bularreko minbizia, zortzi andretik batek. Gaixotasunari buruzko topaketa bat martxan da Donostian, eta ikerketa indartu behar dela nabarmendu dute bertan parte hartzen ari diren adituek | Bularreko minbiziaren arloko ikertzaileen Geicam elkarteak antolatuko nazioarteko topaketa egiten ari dira Donostian, eta, eritasun hori hobeto ulertze aldera, ikerketan lan handia egin behar dela nabarmendu dute. Parte hartu dute, besteak beste, Osakidetzako hainbat profesionalek, eta gaur goizean kazetarien aurrean egin duten agerraldian solastatu dira, adibidez, Ander Urrutikoetxea eta Isabel Alvarez Lopez onkologoak. Gaitzaren prebalentzia handiaz ohartarazi dute; egungo datuen arabera, zortzi andretik batek bularreko minbizia garatuko du noizbait. Hego Euskal Herrian bertan, esaterako, urtean 2.200 kasu inguru diagnostikatzen dituzte.
Minbiziak izateko arriskua, oro har, adinarekin handitu egiten da, eta populazioaren adina gora doan heinean bularreko minbiziaren kasuak ugaritzeko arriskua ere handiagoa dela ohartarazi dute. Datu baikorrak ere eman dituzte, ordea. Urrutikoetxeak nabarmendu du bularreko tumoreei lotutako hilgarritasun tasa urtez urte %1 apaltzen ari dela, eta pronostikoa ere askotan ona izaten dela: «Diagnostikoa egin eta bost urtera bizirik egoten dira pazienteen %80». Ehun gaixotik bat gizona izaten da, baina, oro har, andreen gaitza izaten da bularreko minbizia. Esan dute emakumeak oraindik «gazteak» direnean izaten direla diagnostiko gehienak, batez beste 60 urte dituztenean, eta toki hainbatetan, Gipuzkoan bertan esaterako, «galdutako bizitza urte potentzial» gehienen kausa minbizi hau izaten dela. Horiek horrela, diagnostikoetan zein tratamenduan hobera egiten jarraitzea ezinbestekoa dela gogorarazi dute.
Tratamenduetan gero eta doiago jardutea xede garrantzitsua dela nabarmendu du Alvarez Lopezek. »Gutxien behar dutenei tratamendua urritu nahi diegu, eta gehien behar dutenei, handitu; horretarako erremintak behar ditugu». Horiek «ikerketak» besterik ezin dituela ekarri nabarmendu du. Minbizia «hastapenetan» atzemanda pronostikoak oro har hobeak izaten direla gogoratu du, baina behin gaitza zabalduta ere, alegia «metastasia» egin ostean ere, gaitza «kroniko bihurtzeko» bide gero eta eraginkorragoak bilatzeko ahalegin etengabeetan ari direla, paziente horien «bizi kalitate ona» helburu.
Aitortu dute COVID-19aren izurriak ondorioak izan dituela bularreko minbizian ere. Osasun sistemek geratu egin behar izan zituzten baheketa sistemak, eta, hortaz, kasu batzuk ezin izan dira behar bezain garaiz atzeman. |
2022-4-28 | https://www.berria.eus/albisteak/212691/klima-aldaketak-zoonosiak-erraztuko-dituela-iragarri-dute.htm | Gizartea | Klima aldaketak zoonosiak erraztuko dituela iragarri dute | Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, 2070erako, 15.000 birus transmisio berri egon daitezke ugaztunen berrantolatze eta mugimendu geografikoen ondorioz | Klima aldaketak zoonosiak erraztuko dituela iragarri dute. Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, 2070erako, 15.000 birus transmisio berri egon daitezke ugaztunen berrantolatze eta mugimendu geografikoen ondorioz | Hurrengo hamarkadak beroagoak izango dira klima aldaketaren ondorioz, eta gaixotasun gehiago ere egongo dira. Horixe iragarri zuen atzo Colin Carlson Georgetowneko Unibertsitateko ikertzaileak. EcoHealth Alliance AEBetako gobernuz kanpoko erakundeak eta unibertsitate horrek elkarlanean egindako ikerketaren aurkezpenean egin zuen iragarpen hori Carlsonek. Hain zuzen ere, bi graduko berotze bat hartu dute oinarri gisa, eta animalien balizko mugimenduen eredu ugari gurutzatu dituzte. Animalien birkokatze geografiko horrek gaixotasunak hedatuko ditu, eta gizakiengana iristeko arriskua iragarri dute, bereziki populazio dentsitate handiko zenbait eremutan, Afrika tropikalean eta Asiako hego-ekialdean, kasu.
3.319 ugaztun espezieren leku aldaketa posibleak aztertu dituzte, 2070erako izan daitezkeen klimen arabera. Litekeena da mugimendu batzuk jadanik martxan egotea, eta, horiekin batera, baita birusen transmisio batzuk ere. Hala, ikertzaileek ohartarazi dute aldaketa horiek saihetsezinak izan daitezkeela, nahiz eta klima berotzea bi gradutik behera geratu. Oraingoz, litekeena da prozesu horiek «oharkabean» gertatzen aritzea, George Albery ikerketaren egileetako batek jakinarazi duenez.
Animalien mugimendu horiek animalia komunitate berriak sortuko ditu, eta, beraz, haien arteko lotura eta harreman berriak. «Gaixotasun berriak sor ditzakeen mekanismo berri eta potentzialki suntsitzaile bat sor dezake horrek, eta etorkizunean animalien populazioen osasunarentzako mehatxu bat izateaz gain, gure osasunean ere eragina izan dezake», ñabartu du.
Horregatik, animalien mugimenduak ikertu eta zaintzeko beharra azpimarratu zuen, pertsonen osasunean izan daitezkeen ondorioak saihestu eta hura babesteko azpiegiturak sortzeko. Ikertzaileek jakinarazi dute oraingoz lan hori ez dela egiten ari, eta horrek etorkizunean pandemia berriak ekar ditzake. Gutxienez 10.000 birus motak daukate gizakiak infektatzeko gaitasuna, baina, gaur egun, horietako gehienak ugaztunetan daude, egoera latentean.
Zoonosien lehen eragilea
Animalietatik gizakietara hedatuko diren gaixotasunen eragileetan lehena izango da, beraz, klima aldaketa, ikerketa horretan ondorioztatu dutenez. Beste eragile batzuk ere izango dira: deforestazioa, basa animalien salerosketa eta nekazaritza industriala. Zientzialariek eskatu dute bereziki erreparatzeko saguzarrei, uste baitute gizakiengana iristeko aukera handia duten birus ugari dituztela. Halaber, animalia basatien merkataritzak eta salerosketak duten arriskuaz jabetzeko eskatu dute. Bide batez, animalien gaixotasunen zaintza eta ingurumenaren aldaketen inguruko ikerketak aldi berean egiteko eskatu dute, prebentzio ariketa moduan. «Isatsik gabeko saguzar brasildar bat Appalacheetara iristen denean, jakin behar dugu zer birus daramatzan barruan. Hori baita kutsatze eta pandemia gehiago ez izateko modu bakarra», azaldu du Carlsonek. |
2022-4-28 | https://www.berria.eus/albisteak/212692/aterkirik-ez-prudentzio.htm | Bizigiro | «Aterkirik ez, Prudentzio!» | San Prudentzio eguna ohiko formatuan ospatu dute arabarrek, bi urteren ondoren. Eguraldiak eutsi egin dio, eta ez dute euritakoaren beharrik izan. Berriz elkartzeko eguna izan da. | «Aterkirik ez, Prudentzio!». San Prudentzio eguna ohiko formatuan ospatu dute arabarrek, bi urteren ondoren. Eguraldiak eutsi egin dio, eta ez dute euritakoaren beharrik izan. Berriz elkartzeko eguna izan da. | «Din-dan, din-dan», kanpai hotsak lehenengo, eta Agur, Jaunak-en doinuak txistuarekin eta danbolinarekin gero, ordezkari politikoei ongietorria egiteko. Bi urteko etenaren ondotik, San Prudentzio eguna ohiko formatu eta egitarauarekin berreskuratu baitute arabarrek, eta nabari da kasik ilusio hori lehen doinuetatik. Hainbestekoa da festarako gogoa, ezen euriaren mehatxuari ere aldarte onarekin erantzun baitiete gehienek. «Aterkirik ez, Prudentzio!», erregu egin dio Fernando Diaz de Aldak patroiaren irudiari, barrezka, urteroko argazkia egiten ari den bitartean. Santuaren ospeaz jakitun, festa gosea ez zapuzteko ohartarazi dio. «Ea zeruak eusten digun; hori da garrantzitsuena. Gainontzean, erroskillarik gabe joango gara etxera», esan du.
Goizean goiz hasi dute eguna askok, halere. Aurreko eguneko erretretaren eta danborradaren biharamunik gabe, Probintzia plazan Arabako zortzikoa entzunda ekin dio Armentiarako bideari Xabier Iñigok, esaterako. «Berandu habil, dagoeneko!», bota dio lagunari. Lehen orduan egin ditu erosketak berak, jende pilaketa handirik ez zegoela aprobetxatuta. «Goizeko hamarretarako hemen nintzen», aitortu du. Euskal pastela eta erroskillak erosi ditu. «Azokara goiz etorri behar da produktu onak eskuratu nahi badituzu», azpimarratu du.
Jorgek eta Asunek ere nahiago izan dute erosketak egin aurrena, jan-edanari ekin baino. Perretxikoak erosi dituzte: «Urtean behin gutxienez erosi behar dira». Prezioek nabarmen egin dute gora alor guztietan, eta jakiei ere eragin die igoera horrek, nola ez: 58 euro balio du perretxiko kiloak. «Tira, gutxi batzuk erosi ditugu; gula kentzeko baino ez».
Eguerdia baino lehen egin dituzte ekitaldi ofizialak, hain zuzen: prozesioa egin dute santuaren omenez eraikitako baselizan lehenengo, meza jarraian, eta ohorezko aurreskua dantzatu dute gero, tradizioak agintzen duen moduan. Agintari guztiak izan dira bertan, baina Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia izan da guztien buru. Jendetza batu da ekitaldi horiek ikusteko.
Baselizaren inguruak lepo bete dira pixkanaka. Ateri eta giro epela lagun, errepidetik ari da jende gehiena joan-etorrian; zelaian inor gutxi dabil, hori bai. Herri kirolen ikuskizuna hasi denean soilik hurbildu da jende gehiena soropilera, eta bat baino gehiago damutuko da akaso zapatilak lokatzez zikinduta eramango dituelako etxera.
Baina egunak merezi du. Ilusioa eta poza dira gehien entzuten diren berbak, nola herritarren ahotan, hala saltzaileenetan. Pozik, esaterako, bi urteren ondoren azokara itzultzearekin Ane de la Cruz Bilboko erroskilla saltzailea: «Oso ondo joan da goiza; ez gara kexatuko; jendeak eskertu digu». Ilusioz jaia berreskuratu izanarekin Xabier Aizpeolea Gorbeialdeko gazta saltzailea: «Gogoz geunden; hau gure festa da, arabarron festa». Eta gustura bezeroekin berriz elkartzeko aukera izateagatik Leire Belaustegi Goiuri gozotegiko arduraduna: «Eguraldia, krisia... aitzakiak aitzakia jendetza dabil. Festa gosez dago jendea, erosketak egiteko eta disfrutatzeko gogoz. Gozamen hutsa da hau; ederra izaten ari da».
Tradizio eta usadio orok du lehen aldi bat, nolanahi ere. Eta horren adibide dira Etxaniz-Zubizarreta familiako hiru gazteenak: Asier, Eneko eta Oier. Aurreneko San Prudentzio eguna izan dute aurtengoa hirurek. «Donostiarrak gara gu izatez, eta hirurak txiki-txikiak zirenean etorri ginen Gasteizera bizitzera. Pandemia tarteko, ez dute ospakizuna ezagutu gaur arte», azaldu du Maria Zubizarreta, gaztetxoen amak.
Errenteriako (Gipuzkoa) Saldiasko talogileen salmenta postuaren aurrean dago familia, mokadu bat jateko asmoz. Taloa nondik datorren eta nola egiten den azaldu die Ander aitak hiru semeei. Probatu ere egin dute: Oierrek aurpegiarekin keinu egin du, gustatu ez zaionaren gisan; Enekok ere zalantza egin du, eta nahiago du txistorra bakarrik jan. «Niri bai, niri gustatu zait», esan du, aldiz, Asierrek.
Gazitik eta gozotik: denetarik dago Armentiako salmenta postuetan, hala ere. Eta egarri denak ere badu zerekin ase. Hori baita Armentiako gunearen eta San Prudentzio egunaren bereizgarrietako bat: inor etxera tripa hutsik joaten bada, ez dadila izan non aukeratu ez daukalako. Ez, behintzat, bazkaltzeko barraskiloak jateko ohitura dagoen herrialdean.
Egitarauari dagokionez ere, adin eta gustu guztientzako ekintzak daude ospakizunaren inguruan: musika kontzertuak, dantza saioak, kirol ikuskizunak... Eta Armentiako festa gunearen bihotzetik kanpo ere badago zertaz gozatu.
Festak ez du etenik izango datozen egunetan Araban. Igandean Estibalizko Andre Mariaren egunaren ospakizunak izango dira, eta orduan ere izango da zertan gozatu. Bi urte gehiegi baitira ospakizunik gabe, zeruari begira denbora galtzeko. |
2022-4-28 | https://www.berria.eus/albisteak/212693/hautatu-dituzte-sekretu-ofizialen-batzordea-osatuko-duten-ordezkariak.htm | Politika | Hautatu dituzte sekretu ofizialen batzordea osatuko duten ordezkariak | Hautagai guztiek lortu dituzte gutxienez behar ziren 176 botoak. Tartean daude EH Bilduko, EAJko, ERCko, JxCko eta CUPeko kideak. | Hautatu dituzte sekretu ofizialen batzordea osatuko duten ordezkariak. Hautagai guztiek lortu dituzte gutxienez behar ziren 176 botoak. Tartean daude EH Bilduko, EAJko, ERCko, JxCko eta CUPeko kideak. | Espainiako Kongresuak bilkura berezi bat egin du gaur arratsaldean, ohikoaren atzetik, sekretu ofizialen batzordea osatuko duten diputatuak hautatzeko. Talde parlamentario guztietako ordezkariek lortu dute beharrezko boto kopurua gainditzea —176 boto—; besteak beste, EH Bilduko, ERCko, JxCko eta CUPeko eledunek. Azken biak Talde Pluraleko eta Talde Mistoko ordezkari gisa sartuko dira.
Azken egunetan zeresana eman du ezkutuko funtsak eta CNI Espainiako zerbitzu sekretuen ekintzak kontrolatzeko batzorde horretan ariko diren diputatuak aukeratzeko moduak. Izan ere, Pegasus softwarearekin eginiko espioitza kasuak direla eta, Kongresuko presidente Meritxell Batetek haiek hautatzeko modua aldatzearen alde egin du. Lehen, beharrezkoa zen Kongresuaren hiru bostenen babesa —210 boto—; orain, gehiengo osoarena.
Hala, talde independentistek batzordean sartzea lortu dute, besteak beste PPko, Voxeko eta Ciudadanoseko kideek kontra egin arren. Mertxe Aizpuruak (EH Bildu), Gabriel Rufianek (ERC) eta Miriam Nogerasek (JxC) 186 boto lortu dituzte, eta Albert Botranek (CUP), berriz, 185. Gainerako taldeetako ordezkariek 270 bototik gora eskuratu dituzte. Hauek dira: Aitor Esteban (EAJ), Hector Gomez (PSOE), Cuca Gamarra (PP), Ivan Espinosa de los Monteros (Vox), Pablo Echenique (Unidas Podemos) eta Edmundo Bal (Ciudadanos).
Ez da Esquerrak batzordean parte hartzen duen lehen aldia, baina badaki zer den hartatik kanpo uztea ere; PPren azken agintaldian, kasurako. EH Bilduk, JxCk eta CUPek, berriz, lehen aldia izango dute.
Batzordea Batetek berak zuzenduko du. Hala, haren esku dago lehen bilkurara deitzea; ziurrenik, espioitza kasuen inguruko esplikazioak emateko izango da, baina baita alderdiek eginiko beste eskakizun batzuk aztertzeko ere; besteak beste, Espainiako presidente Pedro Sanchezek Falcon hegazkinarekin eginiko bidaien ingurukoak eta PPren agintaldian eginiko entzuketak argitzeko. |
2022-4-28 | https://www.berria.eus/albisteak/212694/kutxabankek-75-milioi-euro-irabazi-ditu-lehen-hiruhilekoan-216-gehiago.htm | Ekonomia | Kutxabankek 75 milioi euro irabazi ditu lehen hiruhilekoan, %21,6 gehiago | Zerbitzuek, aseguruek eta funtsek entitatearen negozioaren %53 hartzen dute jada. Maileguetan %6ko hazkundea izan du Kutxabankek, eta bere historiako berankortasun ratio txikiena du: %1,8. Bezeroen %58,5 dira erabiltzaile digitalak. | Kutxabankek 75 milioi euro irabazi ditu lehen hiruhilekoan, %21,6 gehiago. Zerbitzuek, aseguruek eta funtsek entitatearen negozioaren %53 hartzen dute jada. Maileguetan %6ko hazkundea izan du Kutxabankek, eta bere historiako berankortasun ratio txikiena du: %1,8. Bezeroen %58,5 dira erabiltzaile digitalak. | Gerrak dakarren ziurgabetasunak baldintzatutako testuinguruan, kopuru onekin egin ditu Kutxabankek aurtengo lehen hiru hilabeteak, «core negozioaren sendotasunari esker eta, besteak beste, interesen marjinak uste baino hazkunde handiagoa izan ostean».
Core negozio horretan, hori bai, entitateari maileguen interesetatik baino sarrera gehiago etorri zaizkio zerbitzuen komisioetatik eta aseguruetatik; bi jarduerek, inbertsio funtsekin eta pentsio planekin batera, jada Kutxabanken negozioaren %53 hartzen dute.
Ildo horretan, aipatzekoa da aseguruen merkaturatzean lortutakoa: hiru hilabetetan 35.000 aseguru poliza iritsi ditu Kutxabankek, 2021eko martxoan baino %10,2 gehiago. Gaur egun, entitatearen polizen stocka 927.000tik gorakoa da, eta jarduera horretatik 43,9 milioi euroren diru sarrerak gehitu dizkie taldearen emaitzei.
Balantze kanpoko baliabideetan ere goraka jarraitzen du finantza entitateak. 21.000 milioi euro kudeatzen ditu inbertsio funtsetan, eta haren merkatu kuota %6,75era handitu du.
Mailegu negozioan ere hazkundea izan du Kutxabankek, %6 igota, 46.514 milioi euroraino. Hipoteka mailegu berrietan, 1.062 milioi eman ditu lehen hiruhilekoan, eta kontsumo kredituetan, berriz, %11,6 hazkundea izan du, iazko datuekin alderatuta.
Bestalde, taldeak zalantzazko aktiboen saldoa murrizten jarraitu du; 30 milioi euro baino gehiago 2022ko lehen hiruhilekoan; aktibo horiek 911 milioi eurokoak dira orain. Horrekin eta kreditu inbertsioaren saldoaren hazkundearekin, Kutxanbankek inoizko berankortasun tasarik txikiena du, %1,8tik beherakoa, sektoreko batezbestekoa otsailean %4,3koa izan zenean.
Kutxabankek azaldu du ere bere bezero guztien % 58,5 direla erabiltzaile digitalak, eta Online banka eta Banka mugikorrak dagoeneko kontratu guztien % 44 hartzen dituztela. |
2022-4-29 | https://www.berria.eus/albisteak/212719/frantziako-ezkerra-batera-aurkezteko-negoziazioak-eten-ditu-alderdi-sozialistak.htm | Mundua | Frantziako ezkerra batera aurkezteko negoziazioak eten ditu Alderdi Sozialistak | Sozialistek ez dute baztertzen Frantzia Intsumisoarekin aurkeztea Frantziako Asanblea Nazionalerako bozetara, baina Jean-Luc Melenchonen alderdiari eskatzen dio «pluraltasuna» onartzea. | Frantziako ezkerra batera aurkezteko negoziazioak eten ditu Alderdi Sozialistak. Sozialistek ez dute baztertzen Frantzia Intsumisoarekin aurkeztea Frantziako Asanblea Nazionalerako bozetara, baina Jean-Luc Melenchonen alderdiari eskatzen dio «pluraltasuna» onartzea. | Frantziako Asanblea Nazionalerako bozak egitekoak dira ekainaren 12an eta 19an, eta ezkerreko alderdiak haien artean hitz egiten ari dira horietarako balizko hautagaitza bateratu bat osatzeko. Baina solas horiek katramilatu egin dira. PS Frantziako Alderdi Sozialistak gaur goizean agiri baten bidez adierazi du bere egiten dituela Jean-Luc Melenchonen LFI Frantzia Intsumisoa alderdiaren programako puntu nagusiak. France Info Frantziako irrati publikoak eta BFMTV telebista kateak ordu batzuk geroago jakinarazi dutenez, ordea, sozialistek negoziazioak «eten» dituzte, argudiatuta Melenchon buru duen mugimenduak «logika hegemoniko oro» hautsi behar duela, eta «pluraltasuna» onartu behar duela. «Une honetan ez dugu bermerik», adierazi du Olivier Faure sozialisten idazkari nagusiak, bi hedabide horien arabera.
Presidentetzarako bozetan Melenchonena izan zen hirugarren indar bozkatuena, botoen %22 eskuratuz. Politikariak Frantziako ezkerraren lidergoa hartu du, eta ez du ezkutatzen parlamenturako hauteskundeen ondoren lehen ministro izatea gustatuko zitzaionik. Beraz, hautagaitza bat bateratzeko, aldebiko elkarrizketak sustatu ditu EELV Europa Ekologia-Berdeekin, sozialistekin eta PCF Frantziako Alderdi Komunistarekin. Horren harira, Julien Bayou EELVren idazkari nagusia baikor mintzatu da France 2 telebista katean, eta iruditzen zaio «laster» lortuko dutela akordio bat LFIrekin.
Ezkerreko lau alderdi horien artean gehien bozkatuen artean bigarrena EELV izan zen (%4,6), hirugarrena PCF (%2,2), eta laugarrena PS (%1,75). Sozialistek inoiz izandako emaitzarik txarrena izan zen, eta PS erakundeetatik desagertzeko zorian legoke.
Etena gorabehera, PSk nabarmendu du bere egin dituela Frantzia Intsumisoa alderdiaren programako puntu nagusiak. Horien artean daude gutxieneko soldata 1.400 euro garbira igotzea, erretretako adina 60 urtera jaistea, plangintza ekologikoa azkartzea, VI. Errepublika deklaratzea, eta Europako Batasuneko «hainbat arau» aintzat hartzea.
Melenchonek baldintza bat jarri zion PSFri negoziazioetan sartzeko: programako puntu nagusiak onartzea. Sinbolo gisa, Maiatzaren Leheneko ekitaldietarako eduki nahi dute akordioa prest, hau da, iganderako. Baina oraindik ez dago ezer sinatuta. |
2022-4-29 | https://www.berria.eus/albisteak/212720/foro-soziala-kongresuan-gertatu-dena-guztiz-gaitzesgarria-da.htm | Politika | Foro Soziala: «Kongresuan gertatu dena guztiz gaitzesgarria da» | Macarena Olona Espainiako Kongresuko eskuin muturreko diputatuaren adierazpen polemikoak gaitzetsi dituzte Foro Sozialeko kideek. Diputatuak barre egin die torturatuei, atxiloketa bat kontatuz. | Foro Soziala: «Kongresuan gertatu dena guztiz gaitzesgarria da». Macarena Olona Espainiako Kongresuko eskuin muturreko diputatuaren adierazpen polemikoak gaitzetsi dituzte Foro Sozialeko kideek. Diputatuak barre egin die torturatuei, atxiloketa bat kontatuz. | «Kongresuan gertatu dena guztiz gaitzesgarria da, biktimizazio onartezin bat eragiten duelako. Biktima guztiek, torturatuak izan diren guztiak barne, egia, justizia eta erreparazioa merezi dituzte. Babes politiko eta instituzionala premiaz behar dira». Hitz horiekin salatu dute Foro Sozialeko ordezkariek Macarena Olona Espainiako Kongresuko eskuin muturreko diputatuak atzo, atxiloketa baten kontakizuna eginez, torturatuen inguruan egin zituen adierazpen polemikoak.
Ukrainako guduak eragindako kalte ekonomikoei aurre egiteko ekonomia plana onartu eta gutxira egin zituen adierazpen horiek eskuin muturreko diputatuak, Vox alderdiak sekretu ofizialen batzorde bat osatzeko eztabaidan hitza hartu zuenean. Hala adierazi zuen: «Torturatu egin ninduten. Ni lotan nengoen, etxean, eta, gauaren erdian, agente talde bat abisatu gabe sartu zen. Aurpegia estalirik zeramaten. Ohetik jaikitzera eta hormaren aurka jartzera behartu ninduten. Beldurra izan nuen; ez zidaten utzi ondasun pertsonalik ukitzen. Arma pila bat zituzten. Izuturik nengoen. Soinean txiza egin nuen. Torturatu egin ninduten».
Adierazpen gogor horiek, gainera, ironiaz beteriko tonu probokatzaile batean eta torturatuei barre eginez egin zituen Voxeko diputatuak: patxadaz irakurri zuen kontakizuna, poliki, esaldi bakoitzean indarra jarriz eta esaten zihoana keinu ugari eta askotarikoen bidez nabarmenduz.
Batzuen ustez, Andaluziako hauteskundeen kanpainaren aitzakian mintzatu zen tonu horretan Olona; izan ere, hauteskundeei begira dago jada, eta, atzo haren ahotik ateratakoak entzun dituztenen iritziz, horregatik igo zuen tonua ohi baino are gehiago, bere hitzen oihartzun egingo ziren kameren eta fokuen bila. |
2022-4-29 | https://www.berria.eus/albisteak/212721/nafarroako-bpgak-ez-du-gerraren-eragina-nabaritu-eta-1-handitu-da-lehen-hiruhilekoan.htm | Ekonomia | Nafarroako BPGak ez du gerraren eragina nabaritu, eta %1 handitu da lehen hiruhilekoan | Inflazioaren eraginez, barne kontsumoa apur bat apaldu da, baina industriak eta inbertsioak egin dute ekonomiatik tira | Nafarroako BPGak ez du gerraren eragina nabaritu, eta %1 handitu da lehen hiruhilekoan. Inflazioaren eraginez, barne kontsumoa apur bat apaldu da, baina industriak eta inbertsioak egin dute ekonomiatik tira | Oraingoz ez du balaztarik sakatu. Urtarriletik martxora bitartean, Nafarroako barne produktu gordina %1 handitu zen, aurreko hiruhileko erritmo berean. Nastat Nafarroako estatistika erakundeak aurreratutako datuaren arabera, iragan urteko datuarekin alderatuta, %6,5 hazi da ekonomia; aurreko hiruhileko datua baino hobea da, beraz (%4,9).
Ukrainako gerra otsail amaieran hasi bazen ere, Nafarroako ekonomiak oraingoz ez du galdu aurretik zekarren dinamismo ona. Asteartean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak azaldutako joera bera berretsi du Nafarroakoak.
Dena den, inflazioaren bilakaera bai nabaritu da barne kontsumoan, Nastatek aurreratu baitu sendien eskaria apur bat apaldu dela. Alderantziz, enpresen inbertsioek eta industriak bultzatu dute batik bat ekonomia. Zerbitzuen merkatuak eta eraikuntzak ere joera positiboa azaldu dute. Kanpo merkataritzak ere bilakaera ona izan duela nabarmendu du estatistika erakunde horrek.
Kaleratutako datua lehen aurrerapena besterik ez da, eta Nastatek ekainaren 24an emango du lehen hiruhilekoko koadro ekonomiko osoa.
Aurreikuspena, bere horretan
Nafarroako Gobernuak ez du aurreikuspen ekonomikoa aldatzeko asmorik. Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak etengabe zabaltzen duen mezua da egunetik egunera tentuz jarraitzen dutela ekonomiaren bilakaera, baina oraingoz ez dituzte aurretik egindako kalkuluak egokituko. Hala, aurten ekonomia %5 inguru haziko dela uste du.
Aste honetan, BBVA Research zuhurrago azaldu da, eta aurreratu du Nafarroako BPGa aurten %3,4 haziko dela, eta datorren urtean, berriz, %2,5, aurretik zuen aurreikuspena baino gutxiago. BBVAren ikerketa taldeak argudiatu du industriaren eraginez energia kontsumo handia duten lurraldeek gehiago nabarituko dutela egungo egoera zaila.
Euroaren eremuan moteldu da
Inflazioaren eta energia kostuen gorakada ez da Hego Euskal Herriko datu makroekonomikoetan islatu, baina euroaren eremuko ekonomiak bai nozitu du apur bat garestitze orokorraren eragina.
Eurostatek aurreratutako datuaren arabera, jarduera ekonomikoa hamarren bat apaldu da hiruhileko batetik bestera, hala euroaren eremuan nola Europako Batasunean: euroa erabiltzen duten herrialdeen ekonomia %0,2 hazi zen urtarriletik martxora —%0,3 hazi zen iazko azken hiruhilekoan—; EBn, berriz, %0,4 hazi zen.
Herrialdez herrialde, Alemania izan da, ekonomia handienen artean, aurreikuspenei eutsi edo apur bat hobetu duen herrialde bakarra. Hornidura kateen arazoen ondorioz, urritik abendura bitartean %0,3 behera egin zuen jarduera ekonomikoak, eta urteko lehen hiru hilabeteetan salto txiki bat egin du, %0,2 hazi baita. Datu horrekin atzeraldian erortzea saihestu badu ere, ziurrenik, inflazioak galarazi egin du suspertzea handiagoa izatea.
Frantzian, Italian eta Espainian ekonomia moteldu egin da. Apirilean, Frantziak %5,4ko inflazioa izan zuen,1997an seriea egiten hasi zirenetik daturik txarrena. Euroaren eremuko batez bestekotik behera badago ere, familien kontsumoa %1 inguru uzkurtu du, eta analistek espero dute lehen hiru hilabeteetan ekonomia %0,3 inguru haztea, aurreko hiruhilekoan baino bost hamarren gutxiago.
Espainian, moteltzea erabatekoa izan da. Urritik abendura bitartean erritmo bizian (%2,2) handitu ostean, lehen hiruhilekoan indar handiz sakatu du balazta, %0,3 baizik ez baita hazi. Ondorioz, Espainiako Gobernuak urte honetarako egindako aurreikuspen ekonomikoa nabarmen apaldu du, 2,7 puntu jaitsiz: %7 haztea espero zuen, eta orain %4,7ra jaitsi du. Nadia Calviño Ekonomia ministroak argudiatu du «zuhurtzia handienarekin» jokatu nahi dutela, eta horregatik moldatu dutela aurreikuspena. Haren irudiko, hazkunde hori batik bat barne kontsumoan eta enpresen inbertsioan oinarrituko da. |
2022-4-29 | https://www.berria.eus/albisteak/212722/susmagarri-baten-bila-ari-dira-lau-lagunen-hiltzailea-izan-daitekeelakoan.htm | Gizartea | Susmagarri baten bila ari dira, lau lagunen hiltzailea izan daitekeelakoan | Iazko udazkenean izandako hilketa batzuekin lotura izan dezakeen ikertzen ari da Ertzaintza, Vocento taldeak zabaldu duenez. | Susmagarri baten bila ari dira, lau lagunen hiltzailea izan daitekeelakoan. Iazko udazkenean izandako hilketa batzuekin lotura izan dezakeen ikertzen ari da Ertzaintza, Vocento taldeak zabaldu duenez. | Ertzaintza pertsona baten bila ari da, joan den udazkenean Bilbon lau lagunen hilketaren egile izan daitekeelakoan, Vocento taldeko egunkariek zabaldu dutenez. Ertzaintzak ez dio halakorik baieztatu BERRIAri, ezta gezurtatu ere.
Hedabide horien arabera, iazko urrian eta azaroan izan ziren hilketak, eta laurek elkarrekin lotura izan dezaketela ondorioztatu dute. Iturri berberek zabaldu dutenez, susmagarriak kontaktu sare bat erabili zuen hildako lau lagunekin geratzeko, eta biktimen kontu korronteen informazioa lortzen zuen hala, ondoren horietatik dirua ateratzeko.
Vocentoko egunkarien arabera, Ertzaintza informazioa biltzen ari da, susmagarria gertakariekin lotzeko, Bilboko pertsona baten salaketa jaso ondoren, zeina, iturri horien arabera, eraso egin baitzioten. |
2022-4-29 | https://www.berria.eus/albisteak/212723/asier-guridi-iheslariak-hilabete-darama-gose-greban.htm | Politika | Asier Guridi iheslariak hilabete darama gose greban | Martxoaren 29an hasi zuen protesta, Espainiak Caracasen duen kontsulatuaren aurrean. Pasaporte bat eskatu du, bere eskubideak bermatzeko. | Asier Guridi iheslariak hilabete darama gose greban. Martxoaren 29an hasi zuen protesta, Espainiak Caracasen duen kontsulatuaren aurrean. Pasaporte bat eskatu du, bere eskubideak bermatzeko. | Asier Guridi euskal iheslariak pasaporte bat emateko eskatu dio Espainiari, eta adierazi du ez duela gose greba utziko hura lortu arte. Hilabete darama protestan, Espainiak Caracasen duen kontsulatuaren aurrean. «Nortasun juridikoa da oinarrizko eskubideetarako sarbidea», esan dute haren ingurukoek, hedabideetara bidalitako mezu batean.
Egun, errefuxiatu estatusa du Guridik, Venezuelako Gobernuak emana. Halere, salatu du horrek ez diola legalki lan egiteko eta jabegorik izateko eskubiderik ematen. Are gehiago, bere semearen ordezkari gisa aritzeko aukerarik ere ez duela azaldu du, ezta ezkontzerik ere. Semea eta bikotekidea Euskal Herrian ditu, baina, gaitzetsi duenez, haiek ere «heriotza zibilera» eraman ditu egungo egoerak: «Ezin dut lanik egin. Nola egingo dut nire semea elikatzeko betebeharri erantzun eta harentzat bizitza duin bat bermatzeko?».
Iheslariak martxoaren 29an hasi zuen protesta, eta, salatu duenez, lehen egunetik jasan ditu polizien mehatxuak, kartelak kendu eta kontsulatu aurretik joateko. Are gehiago, apirilaren 16an bi lagunek eraso egin ziotela azaldu du. Haren ingurukoek adierazi dutenez, greba kalean egiten ari da Guridi, horrek dakartzan arriskuekin. Guridiren osasun egoera «okerrera egiten ari da progresiboki», iheslariaren ingurukoek azaldu dutenez. Esan dute zenbait aldiz konortea galtzeko arriskuan egon dela, eta goragalea gero eta ohikoagoa dela. Gurutze Gorriko langileen zenbait bisita jaso ditu, baina erakunde hura egiten ari zaion jarraipena «konpromiso gutxikoa» dela salatu dute: «Ez dute gernu eta odol analisirik egin, nahiz eta hainbat aldiz eskatu».
Azaldu dutenez, egun ikusten duten aukera egingarriena da Venezuelako Gobernuak Guridiri iragaitzazko zedula bat ematea. Horretarako eskaeretako bat da, ordea, gutxienez sei hilabeteko antzinatasuna duen Espainiako pasaportea izatea. «Espainiako Estatuak Asier Guridirengan duen etsaitasunezko jarreraren aurrean, Venezuela Gobernua izan behar da egoera desblokeatu eta Asierrek baliozko nortasun juridiko bat lortzea erraztuko duena». Venezuelako Gobernuak egin zuen azken urratsa izan zen Guridiri errefuxiatu estatusa ematea, abenduan. Orduan ere gose greba betean zegoen euskal iheslaria. |
2022-4-29 | https://www.berria.eus/albisteak/212724/vicenta-iruritak-bota-du-txantreako-txupinazoa-106-urterekin.htm | Bizigiro | Vicenta Iruritak bota du Txantreako txupinazoa, 106 urterekin | Vicenta Iruritak bota du aurten Iruñeko Txantreako festetako txupinazoa. 106 urte bete berri ditu, eta omenaldi bat egin diote auzokoek. Jota bat kantatu du balkoitik. Berezkoak ditu energia eta umorea. | Vicenta Iruritak bota du Txantreako txupinazoa, 106 urterekin. Vicenta Iruritak bota du aurten Iruñeko Txantreako festetako txupinazoa. 106 urte bete berri ditu, eta omenaldi bat egin diote auzokoek. Jota bat kantatu du balkoitik. Berezkoak ditu energia eta umorea. | Joan den apirilaren 19an, ordura arte munduko pertsonarik zaharrena zena hil zen, Japonian. Kane Tanaka: 119 urte eta 18 egun. Egun berean, 106. urtebetetzea izan zuen Vicenta Iruritak, Iruñeko Txantrea auzoan. Nafarraren ospakizuna, gainera, ez zen nolanahikoa izan. Erraldoiak azaldu zitzaizkion zoriontzera, gaiteroen doinuek lagundurik. “Nik ez nekien deus, e? Sekulako sorpresa izan zen!”, aitortu du Iruritak. Ordurako, bistakoa zen jai giroa auzoan. Ez zoriz: atzo arratsean hasi ziren festak, txupinazoaren eztandaz. Orduan ere, Iruritari loturik izan ziren txantrearren begiak: hark bota zuen suziria, eta jota bat kantatu gero.
“Merezi al dut nik halakorik? Ez dakit bada”, aipatu izan du behin eta berriz Iruritak auzoko festen bezperako egunetan, alaba Begoña Armendarizek oroitu duenez. Jai batzordeak hartu zuen erabakia, eta familiari jakinarazi zioten orain dela hainbat aste. Horri buruz hitz egitean, Iruritak sarri egiten du ez ulertuarena aho keinu batez, duda adieraziz bezala. Tarteka, zalantzak omen ditu bera ote den egokiena horretarako, “adinak ez baitu barkatzen”. Ziztuan eransten du umorea, hala ere: “Nahi zenukete nire adinean horrela egon, e?”.
Autobus bete bizinahi
Denboraren joanak ez du itzali Iruritaren bizitasuna, ezta bizimina apaldu ere. Muru-Asterainen jaio, eta Zizurren bizi izan zen ondotik, Iruñeko Arrosadia auzoan gero, eta, azkenik, 50 urte zituelarik, Txantrean hartu zuen leku.
Izan ere, Iruritak kariño handiz oroitzen du garai hura. 1980ko hamarkadan hasi zen han lanean, eta hogei bat urtez aritu zen. Astero antolatzen zituzten bidaiak, auzotik abiatuta. “Jende mordoa gelditzen zen tokirik gabe, eta erretxindu egiten ziren. Zera esaten nien nik: aski zutela garaiz apuntatzea! Gainera, ez pentsa: denek aurrean eseri nahi izaten zuten!”. Hori azaldu, eta irribarrez begiratu dio alabak amari. Ez du ematen istorioa aditzen duen lehenbiziko aldia denik, baina ezin du ezkutatu miresmena.
Geldirik egon ezin den horietakoa da Irurita. Eginak ez ezik, ezinak ere izan ditu bidean, ezinbestean. Mendea betetakoan ailegatu zen krisia, aulki gurpilduna erabiltzen hasitakoan: zazpi urte eman zituen etxetik ia atera gabe. Ez zuen nahi jendeak ikustea.
Zorionez, irauli zen egoera: festetan izan zen, maiatzaren lehenbiziko batean. Auzokideak bila joan zitzaizkion etxera, eta besoetan harturik atera ziren kalera bueltan. Armendarizek gogoratu du: “Kostatu zitzaion jaistea, baina gero ez zen modurik igotzeko. Azkena izan zen erretiratzen!”.
Eta karrikara itzuli zen Irurita. Gaur egun, ez da bakarrik ateratzen, baina ondoan izan ohi du senideen eskua, laguntzeko. Haien babesaz, etxezuloaren eta kalearen arteko distantzia ez da hain luzea, edo, behintzat, malda ez da hain malkartsu: “36 eskailera”; buruz daki zenbat dituen tartean.
“Honek proposatzen dit ateratzea [alaba seinalatu du], eta nik baietz esaten diot, beti, euririk ez bada behintzat. Berarekin ateratzen naiz, edo bera nirekin, ez dakit. Aspergarria da etxean gelditzea, telebistari begira. Horrek tontotuta uzten nau”, kontatu du. Egiazki, haren eskuei begiratu besterik ez dago ikusteko gutxitan uzten duela bazter eguerdiko paseoa. Beltzaran ditu behatzak, aurtengo lehen eguzki izpiak jadanik dastatuak dituen seinale.
Kantatu nahi du bizitza
Udaberrian, pozik da Irurita. Aukera gehiago du bizilagunekin topo egiteko. Gainera, izurritea erdi-joana dela sentitu du orain, eta horrek arindua ekarri dio, alabaren hitzetan: “Neurriengatik auzokideak urrunetik agurtu beharra oso gogorra zitzaion amari, hori maite baitu gehien; jendearekin biltzea, txiste berdeak kontatzea eta jotak kantatzea”.
Jotetan; doinu horietan murgildurik da libreen. Kazetariarekin pasatutako ordubete eskasean, sei abesti kantatu ditu. Hura agurtzeko ahoskatu du azkena: Adios con el corazón, que con el alma no puedo (Agur, bihotzez, ezin baitut arimaz). |
2022-4-30 | https://www.berria.eus/albisteak/212725/guretzat-ez-da-bukaera-bat-hats-berri-bat-izanen-da.htm | Politika | «Guretzat, ez da bukaera bat: hats berri bat izanen da» | Aitzineko agintaldian bezala, Hendaia Biltzen taldea gehiengoan zen Kotte Ezenarro sozialistarekin batean. Berriki, koalizioa zartatu da, eta taldeko hautetsiei beren delegazioak kendu dizkie auzapezak. Hendaia Biltzen taldeko bozeramaileak dio auzapezak zailtasunak dituela euren taldearen ibilmoldea onartzeko. | «Guretzat, ez da bukaera bat: hats berri bat izanen da». Aitzineko agintaldian bezala, Hendaia Biltzen taldea gehiengoan zen Kotte Ezenarro sozialistarekin batean. Berriki, koalizioa zartatu da, eta taldeko hautetsiei beren delegazioak kendu dizkie auzapezak. Hendaia Biltzen taldeko bozeramaileak dio auzapezak zailtasunak dituela euren taldearen ibilmoldea onartzeko. | Hendaiako auzapezak, Kotte Ezenarrok (PS), Hendaia Biltzen taldeko lau hautetsi abertzaleei kendu dizkie herriko hauteskundeen ondotik eman zizkien delegazioak; horietarik bi axuantak ziren orain arte. Sozialistek eta abertzaleek hauteskundeetako bigarren itzulirako osatu koalizioa zartatu da, azkenean. Hendaia Biltzen eta auzapezaren arteko harremanak lehendik okertzen hasiak ziren, eta abertzaleek ez zuten 2022ko aitzinkontua bozkatu nahi izan; Ezenarrok postuetatik kentzeko mehatxua egin zien orduan. Laetitia Navarron da Hendaia Biltzen taldeko bozeramailea (Ivry-sur-Seine, Frantzia, 1986).
Hendaian, azken urteetan, abertzaleek bat egin dute sozialistekin. Ez da ohiko aliantza.
Hendaian saiatu dira beti ezkerreko talde guztien aliantzak sortzen. Ezkerra gehiago babesteko, ikusita, gure eremuan, hiri bakarra zela ezkerrekoa. Beti saiatu izan dira ezkerreko talde guztiekin koalizioak edo hurbilketak egiten.
Baina hiri bat gobernatzeko ez da beti erraza, beharbada?
Ez, baina Kotteren [Ezenarro] pertsonak egiten du beharbada, abertzale konpatibleak deitzen ditugun horietakoa baita. Haren zerrendako beste batzuekin, agian, ez zen lortuko halako aliantzarik. Kotteren pertsonak egiten du, halere.
Baina azken berria, hain zuzen, aliantza horren bukaera izan da. Zuek erran duzue lehendik ere kontsumitzen ari zela.
Gure aliantza segida bat zen, aitzineko agintaldian ere Hendaia Biltzeneko lau hautetsi baitziren gehiengoan. Bukaeran, egia da halere, tentsio batzuk agertu zirela; agintaldia ez zen hain ongi bukatu. Agintaldi honetan guk pentsatu dugu negoziazioarentzat helburuak eta ahalak ongi finkatu behar genituela, gero sorpresarik ez ukaiteko; sei urte, luze baita. Kristoren lana egin genuen horretan, eta aurkeztu genuelarik gure proposamena harritu ginen zer errazki onartua izan zen ia-ia dena. Baina, gero, agintaldia hasi zelarik, fite ohartu ginen zailtasun batzuk izanen zirela; batez ere, gure adierazpen askatasunari dagokionez. Gero hasi ginen biltzen Kotterekin, aterabideak bilatzeko. Funtzionamenduan biziki desberdinak dira haien taldea eta gurea. Kottek zailtasunak ditu onartzeko gure taldearen ibilmoldea.
Gehiengoko beste hautetsiek egin izan dizuete kritika: taldea kontsultatu behar zenutela erabakiak hartzeko.
Bai, taldearen direktibak itxoiten genituela zerbait egiteko, eta ez zela horrela egiten ahal. Guk ez dugu kontsignarik itxoiten, zerbait aurkezten diogu taldeari eta eztabaidatzen dugu; gehienetan adostasun zabala lortzeko egiten dugu. Talde handi bat bada mugitu dena hauteskundeak prestatzeko eta terrenoan lan egiteko. Gu barnean garelarik, ez dugu besteek bezainbeste atzerapenik. Garrantzitsua da segitzea talde lan horretan. Erabakiak hartzen ditugularik taldearen izenean hartzen ditugu, talde guztiarekin.
Haien ibilmoldea, berriz, nolakoa da?
Lauzpabost dira erabakiak hatzen dituztenak, eta taldea hor da zilegitasuna emateko. Ez nuke nahi beste hautetsiek gaizki hartzea, baina asko hor dira zilegitasuna ekartzeko, besterik ez. Gero bada nahasketa bat egina dena, baina Kotte aski abila da hori ez zabaltzeko hedabideetan: nahasketa handi bat egiten du, baina Hendaia Biltzen ez da EH Bai; gure taldean badira familia desberdinak. Kottek errana du, eta gure belarrietara iritsi da, uste duela EH Bai dagoela gure atzetik. Baina ez da hala.
Aurtengo aitzinkontuak ez dituzue bozkatu. Orduko afera plegatua zen?
Guk saihestu nahi genuen. Ibilmolde arazoak konpontzeko, orain arte aldi oro gure hitzorduak onartzen zituen, nahiz batzuetan erakusten zigun gurekin aspertua zela. Azkenaldian erraten zigun ez bagenuen aitzinkontua bozkatzen, ezingo genuela elkarrekin segitu eta bere ardurak hartuko zituela. Kontseiluan hilabete bateko epea aipatu zuen, eta azkenean prentsaren bidez ukan genuen haren erabakiaren berri. Salatzen ditugu funtzionamendua eta forma, eta argiki segitzen du oso itsusia izaten.
Salatzen duzu zuen arteko harremanak okertu izana. Dosier konkretuetan ere desadostasunak izan dira?
Hiru mailatan dira desadostasunak: maila politikoan, elkargoan sasoiko apartamentuen inguruko erabakia ez dugu ulertu, eta bada ere funtsen inguruan etxebizitzen egiteko politikan ez garela ber puntura iristen. Gero funtzionamendua, argiki, eztabaidak oso zailak dira, eta, ez zaielarik gustatzen, batzuk bilkuratik joaten dira. Sartu ginenetik erran genuen gure adierazpen askatasuna atxikiko genuela, baina beti gaizki hartua da; sekula ez da hartzen ikuspuntu gehigarri bezala, ez bada erraten haiek erraten dutena ez da onartua. Eta lehendik baldin bazen ere, bukaeran sartu dira, gainera, gai pertsonalak.
Gehiengoan ez izateak zer eraginen du orain zuentzat?
Behar dugu begiratu; baditugu duda batzuk. Gu, hautetsi bezala, sartu ginen gehiengoaren taldean; garaile atera ginen koalizio horrekin. Oposiziokoak dira ez zutenak irabazi. Delegazioak kentzen ditu eta hori, noski, haren esku da, baina nahiz ez dugun nahi lotuak izan gehiengoaren taldeari, halere hautetsi bezala gehiengokoak gara. Egoera bitxi bilakatzen da. Juridikoki ari gara begiratzen, jakiteko zertan mugitzen ahal garen eta zertan ez. Euskal Elkargora joaten diren bi hautetsi badira gure taldean; hendaiarrek horrentzat hautatu zituzten. Hori, adibidez, ezin da kendu, ene ustez.
Halere, baztertuak izateko arriskua duzuela pentsa daiteke.
Arrunt, eta, gainera, barnetik ikusi dugu orain arte oposizioari ez zirela postu gehiegi ematen, kontseiluan ez sudurra sartzeko. Baina guretzat ez da bukaera bat: zerbait bukatu da, noski, baina hats berri bat izanen da. Uste dut dinamika berri bat piztuko dela, eta, agian, gure taldea indartuko dela. |
2022-4-29 | https://www.berria.eus/albisteak/212726/kapela-egunean-hasiko-dute-konpartsek-bilboko-aste-nagusirako-atzerako-kontaketa.htm | Bizigiro | Kapela Egunean hasiko dute konpartsek Bilboko Aste Nagusirako atzerako kontaketa | Egun osoko egitaraua prestatu dute maiatzaren 14rako. Azoka bat, dantzak, tailerrak, musika eta abestiak izango dituzte. | Kapela Egunean hasiko dute konpartsek Bilboko Aste Nagusirako atzerako kontaketa. Egun osoko egitaraua prestatu dute maiatzaren 14rako. Azoka bat, dantzak, tailerrak, musika eta abestiak izango dituzte. | Jendetza batu da Bilboko Plaza Barrian maiatzaren 14an egingo den Kapela Eguna aurkezteko. Maiatzaren 12an kontagailu bat ipiniko dute azken ehun egunak zenbatzeko, eta hortik egun bira egingo dute jaia. Erdi Aroko kaskoak, piraten txapelak, lastozkoak, sorginenak eta papakha txanoak izan dituzte buruan konpartsakideek, eta bilbotarrak animatu dituzte haiekin ospatzera.
Gogoa «borborka» daukatela adierazi du Ioritz Varela kideak, eta, horregatik, aurtengo Aste Nagusia «benetan nagusia» izatea nahi dutela. Gogorarazi duenez, urte normaletan ere beste egitasmo batzuk izaten dituzte abuztuko jaiak baino lehen —«Txosnaganerako» mendi martxa, San Juan gaua eta Konpartsakide Eguna—, baina aurten gehiago nahi dute: «Aurtengoa ez da urte normala izango, Aste Nagusia berreskuratuko dugun urtea baizik». Horregatik erabaki dute urte honetan egun bat propio jartzea jaien etorrera ospatzeko.
Janzteko erraza den «erreferentziazko elementua» delako aukeratu dute txapela, eta parte hartzaileek egunean bertan erosi ahalko dute Plaza Barrian egingo duten kapelen azokan, edo txapelak egiteko tailerrean sortu, leku berean. 11:00etatik 14:00etara izango dute horretarako aukera, eta 12:00etan Kapela Lehiaketa egingo dute, sariak eta guzti. Dantzak ere izango dituzte, eta 14:00etan kalejira batekin girotuko dituzte Zazpi Kaleak. Kapelapoteo musikatua izena eman diote arratsaldean kalez kale egingo duten ibilbideari, eta 19:30ean egingo dute Bilbo Kantari kapelduna, Bolsatik abiatuta.
«Hartu etxean daukazuen kapela, txapel edo txanoa, edo bestela erosi aspaldi gogoan duzuen hori, eta animatu ospatzera Aste Nagusirako ehun egun bakarrik falta direla», adierazi du Nerea Matute kideak. |
2022-4-29 | https://www.berria.eus/albisteak/212727/foruzain-bat-atxilotu-dute-bikotekide-ohiaren-mutil-lagunaren-autoa-erretzea-egotzita.htm | Gizartea | Foruzain bat atxilotu dute, bikotekide ohiaren mutil lagunaren autoa erretzea egotzita | Autoetako bat foruzainaren bikotekide ohiaren mutil lagunarena zen. Beste bi autok ere kalteak izan dituzte. | Foruzain bat atxilotu dute, bikotekide ohiaren mutil lagunaren autoa erretzea egotzita. Autoetako bat foruzainaren bikotekide ohiaren mutil lagunarena zen. Beste bi autok ere kalteak izan dituzte. | Foruzain bat atxilotu dute aste honetan Martzillan (Nafarroa), bi auto erretzea eta beste biri kalteak eragitea leporatuta. Auto horietako bat foruzainaren bikotekide ohiaren mutil lagunarena zen, zehazki. Duela egun batzuk atxilotu dute, baina gertakaria apirilaren 19an jazo zen, gauean. Suhiltzaileek sute baten berri izan zuten, eta hara heltzean ikusi zuten aparkatuta zeuden bi auto sutan zeudela, eta beste bik ere kalteak izan zituztela.
Foruzaingoak hartu zuen kasua ikertzeko ardura, eta autoaren jabeetako batek ere salaketa jarri zuen; aste honetan atzeman dute delituaren egilea. Eskolten unitatean egin du lan orain arte atxilotuak, eta 55 urte ditu; epailearen aurretik pasatu da dagoeneko. |
2022-4-29 | https://www.berria.eus/albisteak/212728/altuna-eta-ezkurdiaren-arteko-partida-bertan-behera-utzi-dute.htm | Kirola | Altuna eta Ezkurdiaren arteko partida bertan behera utzi dute | Jokin Altunaren eskuak ez dira sendatu, eta epaileek garailetzat jo dute Joseba Ezkurdia, 22-0 emaitzarekin. | Altuna eta Ezkurdiaren arteko partida bertan behera utzi dute. Jokin Altunaren eskuak ez dira sendatu, eta epaileek garailetzat jo dute Joseba Ezkurdia, 22-0 emaitzarekin. | Eskuzko Pilota Enpresen Ligako epaileak bertan behera utzi du Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak igandean Eibarren (Gipuzkoa) jokatu behar zuten partida, Altunak adierazi baitu ez dagoela jokatzeko moduan, eskuetan mina duela eta ez dela sendatu.
Borja Oses Garcia epaileak argudiatu duenez, esku huskako txapelketako araudiek ez dute aukerarik ematen partidak atzeratzeko. Horrez gain, azaldu du arautegiak zehazten duela pilotari batek ezin duenean jokatu final-laurdenetako hiru partidetatik bat partida hori galdutzat emango diotela, eta haren aurkariari garaipena, 22-0 emaitzarekin.
Beraz, hori da sailkapenerako geratuko den emaitza, eta epaileak gaineratu du ezin dela helegiterik jarri erabakiaren kontra.
«Tendoiaren parean dut bereziki puztuta eskua, eta min handia ematen dit. Airez jotzean han pausatzen dut pilota, eta, beraz, ezin dut horrela jokatu. Aurkariari eta ikusleei errespetua izan behar diet, eta, jokatuz gero, ez nituzke ezta hamar tanto ere egingo, eta, gainera, lesioak okerrera egingo luke», azaldu du Altuna III.ak.
Partida latza jokatu zuen Altunak joan zen igandean, Darioren aurka. 13-19 galtzen ari zen, baina amezketarrak buelta eman zion partidari, eta 22-19 irabazi zuen. |
2022-5-2 | https://www.berria.eus/albisteak/212729/emakume-guztiok-behar-ditugu-lasai-egoteko-espazioak.htm | Gizartea | «Emakume guztiok behar ditugu lasai egoteko espazioak» | Andrea Momoitiorekin batera, La Sinsorga espazioa zabalduko du Irantzu Varelak urte amaieran, Bilbon. Espazio kultural feminista bat izango da, eta emakumeen bilgune izatea lortu nahi dute. | «Emakume guztiok behar ditugu lasai egoteko espazioak». Andrea Momoitiorekin batera, La Sinsorga espazioa zabalduko du Irantzu Varelak urte amaieran, Bilbon. Espazio kultural feminista bat izango da, eta emakumeen bilgune izatea lortu nahi dute. | Urte luzez buruari bueltaka ibili ondoren, ametsetako bat beteko du urte bukaeran Irantzu Varela kazetari eta ekintzaile feministak (Portugalete, 1974): Andrea Momoitiorekin elkarlanean, La Sinsorga espazio kultural feminista irekiko du Bilboko Zazpikaleetan. Lau pisuko eraikina da, eta, oraingoz, behintzat, kanpotik bakarrik ikus daiteke: «Misterioa mantendu nahi dugu». Emakumeentzako «espazio seguru eta lasaia» izatea nahi dute, eta taberna bat, arropa denda bat eta coworking gela bat izango ditu, besteak beste.
Izenburutik hasita, badu zeresana La Sinsorga izenak.
Itzela da. Bizkaian askotan erabiltzen da sinsorga hitza; ustez, formalak ez diren edo ondo portatzen ez diren horiek izendatzeko. Gutako askori deitu izan digute hala behin baino gehiagotan, eta uste dut gure espazioa definitzeko izen oso aproposa dela.
Zer izango da La Sinsorga?
Espazio kultural feminista bat izango da. Andrea Momoitio eta biok ideia martxan jarri genuenean, joatea gustatuko litzaigukeen espazio bat sortzea izan zen asmoa. Hau da, lagunartean egoteko leku seguru eta lasai bat izatea nahi genuen. Ondorioz, espazio feminista bat izango da, eta kulturaz eta aisialdiaz gozatzeko balioko du. Betiere, ikuspuntu feminista batetik. Lan guztia emakumeen artean egingo dugu, eta, hain zuzen, horretan ditugu zailtasunik handienak: emakumezko igeltseroak, argiketariak, iturginak… bilatzen ari gara.
Noiztik duzue halako espazio bat sortzeko asmoa?
Emakume askoren ametsa dela esango nuke. Eta, besteak beste, baita Andrearena eta nirea ere. Aspalditik dugu halako espazio bat sortzeko gogoa, baina sekula ez gara ausartu jauzi hori egitera. Andreak lokal honen berri izan zuenean, aukera ona iruditu zitzaigun, eta martxan jarri ginen. Ordutik inork ez digu trabarik jarri, eta aurrera jarraitu dugu.
Eta nondik dator ideia?
Emakume guztiok behar ditugu lasai egoteko espazioak. Kalea eta aisialdiko eremu mistoak ez dira sekula izan leku seguruak, baina gero eta kontzientzia feminista handiagoa dugu, eta orduan eta deserosoago sentitzen gara espazio horietan. Zehatzago esanda, gero eta gutxiago onartzen dugu eremu misto batean egoteak dakarren indarkeria. Lagunartean lasai eta gustura egoteko espazio bat izango da La Sinsorga, erabat segurua eta inork molestatuko ez gaituena.
Aurretik, ezkontza soinekoen denda bat zen lokal hori. Metafora bat dirudi.
Oso poetikoa da. Dendako jabea beste toki txikiago batera lekualdatu behar izan da, gaur egun emakumeak ez direlako lehengo beste ezkontzen. Niretzat, hori albiste ona da. Espero dut dendako jabeari ondo joatea aurrerantzean, baina heteroarauak eta maitasun erromantikoa horren presente egon diren leku bat kultura feministaz betetzea sekulakoa izango da.
Zuen hitzetan, La Sinsorgarekin ez duzue beste espazio batzuk ordezkatzeko asmorik. Zein egiteko beteko duzue?
Gure ustez, elkar elikatzen dira hiriko espazio kultural eta alternatiboak. Hortaz, gainerako lokalekin elkarlanean aritu nahi dugu. Bilgune izan nahi dugu. Hiri honi kultura alternatiboa, feminista, euskalduna… falta zaio, eta gure asmoa izango da horretara batzea. Jendeak halako espazioen beharrizana du, eta, gainera, badago halako gehiago egiteko tartea ere. Horrez gainera, Bilbo da Emakumeen Etxerik ez duten Euskal Herriko hiri bakarrenetarikoa, eta argi utzi nahi dugu La Sinsorgak ez duela egiteko hori beteko. Emakumeen Etxea aldarrikapen bat da, hori lortzeko borrokan ari gara, eta erantzukizuna instituzionala da.
Faktoria Lila espazio feministako kide ere bazara. Zer egiten duzue bertan?
Formakuntza feminista jasotzeko espazio bat da Faktoria Lila. Askotariko tailerrak egiten ditugu, eta, batez ere, hasiberrientzat da. Modu batera edo bestera, emakume guztiok bizi dugu patriarkatua egunerokotasunean. Hortaz, diskurtso feminista horiengana hurbildu nahi dugu. Nire ustez, asmatu egin dugu halako espazio bat sortzen, eta, askotariko tailerren bitartez, patriarkatuari aurre egiteko tresnak ematen ditugu.
Amodio erromantikoa eta edertasun kanonak lantzen dituzue, batez ere, Faktoria Lilan. Zergatik da garrantzitsua kontzeptu horiek lantzea?
Sistema patriarkalaren zapalkuntzez gainera, intimitatean eta praktika pertsonaletan gauzatzen da, nire ustez, esplotaziorik handiena emakumeen kasuan. Munduko emakume guztiok gaude edertasun kanonen menpe, eta hori lortzea gero eta ezinezkoagoa da. Gero eta muturrekoagoak diren helburuak inposatzen dizkigute. Bestalde, maitasun erromantikoarena eraikuntza bat da, ziria sartu digute, eta horrek azaltzen eta justifikatzen du bere bikotekideak edo bikotekide ohiak akabatzen dituela munduan erailtzen diren emakumeen erdiak baino gehiago. Oso barneratua dugu maitasun erromantikoaren ideia, eta horren aurka borrokatu beharra dago.
Nola egin ahal zaie aurre bi kontzeptu horiei?
Feminismoarekin, zalantzarik gabe. Feminismoak tresnak ematen dizkizu, eta, hala, norbera ohartzen da zergatik utzi diozun zeure buruari maitasun erromantikoa eta antzeko ideiak barneratzen. Bestelako testuinguru batean onartezinak iruditzen zaizkizun egoerak onartzen dituzu maitasuna dela sinistuz, eta hori ulertzea gakoa da: esplotazioa dago maitasun erromantikoaren oinarrian. Gizartean, esku lan merkea gara oraindik, eta, etxean ere esklaboak gara gaur egun oraindik, zaintza lanak musu truk egiten ditugu. Feminismoa da guztiaren erantzuna, baina horrek ez du esan nahi feminista izateak indarkeria guztietatik salbu jartzen zaituenik. Lan asko egin behar da, eta babestuko zaituzten lagun onez inguratu.
Alde horretatik, eman da aurrerapausorik azken urteotan?
Bai, eta asko, gainera. Gaur egungo gazteek beste modu batera ulertzen dituzte harreman afektibo sexualak, norbere identitatea, sexu orientazioa… Asko egin da aurrera, eta, oraindik egiteko asko badago ere, oso baikorra naiz aurrera begira.
Zu zeu nola iritsi zinen feminismora?
Egia esaten badizut, ez dut oso argi. Hori bai, gogoan dut amamaren etxean bakeroen filmak ikusten nituenean bertako emakumeak ez zirela ezertarako gai. Gizon bat behar zuten edozein arazori aurre egiteko, eta nik, etxean, ez nuen hala bizi. Nire ama, izeba eta amama sardina saltzaileak ziren, langileak ziren, eta beraien kabuz egiten zieten aurre arazoei. Amorratzekoa zen filmetako emakumeen jokabidea, eta horrek nolabaiteko klik bat eragin zidan. Gerora, unibertsitate garaian hasi nintzen liburu feministak irakurtzen. Begiak ireki nituen, eta, pixkanaka, kontzientzia politikoa hartzen hasi nintzen.
Zer eman dizu feminismoak?
Nire bizitza osoa ikuspuntu kritiko batetik berraztertzeko aukera eman dit feminismoak, bai iragana, bai oraina eta baita geroa ere. Baina, horrez gainera, mundua ulertzeko tresnak eman dizkit, lagunak, babesa… Sare bat sortu dugu, eta, egun, ezinezkoa zait feminismorik gabe bizitzea. Ezin dut imajinatu ere egin.
Sare sozialen bitartez eraso asko jasotzen dituzu egunero-egunero. Besteak beste, El Tornillo saileko bideoen harira. Nola daramazu hori?
Gaizki. Jendeak uste du azken urteotan nolabaiteko ikusgarritasuna lortu dudanez, halako erasoetara ohitu naizela, baina ez da hala, inondik inora ere. Oso nekagarria da indarkeria mota hau egunero jasatea.
Noizbait pentsatu izan duzu sare sozialak ezabatu eta desagertzea?
Noski. Baina badakit zergatik jarraitzen dudan: eusten didazuelako. Horixe izan da autodefentsa feministaren aurkikuntza nagusietako bat: gutako bat ukituz gero, denok ukitzen gaituztela. Beste era batera esanda: ni ukitzen nautenean, denon aurka ari direla. Halako sarerik gabe badakit hondoratu egingo nintzatekeela, baina, aldi berean, oso argi daukat nire eremua kolektiboa dela, eta ni gabe ere borroka feministak aurrera jarraituko lukeela. Kontziente naiz ez naizela horren garrantzitsua, eta horrek nolabaiteko lasaitasuna ematen dit: desagertuz gero, munduak berdin jarraituko du.
Normalizatuta dago sare sozialen bitartez jasaten den indarkeria?
Zalantzarik gabe. Eta ez hori bakarrik: sare sozialetako indarkeriaz gainera, zuzeneko indarkeria ere ari da normalizatzen. Sare sozialena distantzia pixka batekin bizi daiteke, baina jendeak kalean ere iraindu izan nau.
Ofizioz kazetaria zara. Egun, Pikara Magazine-n aritzen zara, besteak beste, kolaboratzaile gisa. Kazetaritza feminista egitea ere militantzia da?
Nire ustez, kazetaritza feminista egitea kazetaritza egitea da. Hortaz, bai, militantziatik asko du. Mundua ulertzeko beharrezko ikuspuntu bat erakusten du feminismoak, eta, jendeak ulertu ez arren, ez da kazetaritza genero bat. Ikuspegi feminista sail guztietan eta artikulu guztietan egon beharko litzateke.
Gaur egun, mugimendu feminista ez da zerbait homogeneoa, korronte eta eztabaida asko ditu bere baitan. Nola ikusten duzu zuk egoera?
Zorionez, mugimendu feminista ez da sekula izan zerbait homogeneoa. Eztabaidak beti egon dira, eta aurrerantzean ere egongo dira, eta hori osasuntsua da. Gizarteko zapalkuntza guztien aurka ari gara borrokan, eta horregatik da horren plurala: ez dago guru bat, denon artean elikatzen gara etengabe.
2015ean Espainiako Senaturako hautagai ere izan zinen Bizkaian, EH Bildutik, Onintza Enbeitarekin batera. Nola oroitzen dituzu garai horiek?
Niretzat neuretzat sekulako esperientzia izan zen. Onin eta Iran ginen [barreak]. Talde bikaina osatu genuen, eta, oso ondo pasatzeaz gainera, asko ikasi genuen. Baina, politikoki, egoera bestelakoa izan zen. Uste dut jendea ez zegoela prest halako mezu feministak jasotzeko. Espazio maskulinizatua da politika, eta alderdia pauso bat harago joan zen. Nahi genuena esateko askatasun handia utzi ziguten, eta eskertzekoa da, baina uste dut askorentzat apustu ausartegia izan zela.
Eskuin muturrak sarritan jarri izan du jomugan feminismoa. Zergatik?
Eskuin muturrarentzat feminismoa delako beraien etsai nagusia. Oraintxe, mundu osoan indarrik handiena duen mugimendu soziala gara, eta teorikoki zein praktikoki proposamenik egingarriena dauka. Haien mehatxu guztien ordezkariak gara, nolabait esateko; beraz, normala da gorrotatzea.
Aurrera begira, zein erronka ditu feminismoak?
Oraingoz, feminismoa antirrazista izatea da mahai gainean dugun erronka nagusia. Teorikoki uste dut guztiok gaudela kontzientziatuta, baina praktikan jartzea falta zaigu. |
2022-5-1 | https://www.berria.eus/albisteak/212730/rol-dramatikoak-antzezteko-gai-naizela-erakutsi-nahi-nuke.htm | Bizigiro | «Rol dramatikoak antzezteko gai naizela erakutsi nahi nuke» | Errenteriako aktoreak nostalgiaz gogoratu ditu antzezle gisa emandako lehenengo pausoak. Uste du euskara gehiago bultzatu behar dela gaur egungo telebistako eskaintzan. | «Rol dramatikoak antzezteko gai naizela erakutsi nahi nuke». Errenteriako aktoreak nostalgiaz gogoratu ditu antzezle gisa emandako lehenengo pausoak. Uste du euskara gehiago bultzatu behar dela gaur egungo telebistako eskaintzan. | Bereziki, ETB2ko Vaya semanita saioari esker egin zen ezagun Andoni Agirregomezkorta (Errenteria, 1971), baina azken urteotan bestelako lan batzuk ere egin ditu telebistatik kanpo. Pandemia gorabehera, adierazi du aktoreak krisian bizi direla etengabe.
Noiz erabaki zenuen aktore izan nahi zenuela?
Betidanik izan dut antzezpenerako grina. Oso txikia nintzela izan nuen lehen harremana aktore lanarekin. Arrebak antzerki obra bat egin behar zuen ikastolan, eta hara eraman ninduten, etxean bakarrik ez gelditzeko. Txoratzen bueltatu nintzen handik, lanaren esaldi dezente buruan hartuta nituela. Oraindik ere gogoan ditut obra horretako esaldiak. Aktore izateko erabakia geroago hartu nuen, baina antzerki horrek piztu zidan grina.
Etxean horretaz jabetu al ziren momentu horretan? Zer esan zizuten?
Ama berehala jabetu zen, bai; arrebaren antzerki lana ikustera joan ginenean konturatu zen. Bere buruari galdetu omen zion: “Honi ez al zaio hau gustatuko?”. Eta arrazoi zuen. Hala ere, gurasoentzat ez zen erraza izan. Kontuan izan behar da nire gurasoak beste belaunaldi batekoak direla, eta haientzat helburu nagusia zela kontratu mugagabe bat eta lan egonkor bat lortzea. Antzerki ikasketak hasi aurretik kontratu mugagabea eta soldata ona nituen, baina ezin zaio uko egin amets bat betetzeari. Gurasoei esan nien eszedentzia eskatu nuela aurreko lanean, eta antzeztearena gaizki ateraz gero atzera egin nezakeela. Ez ziren kontent geratu, baina lasai, behintzat, bai.
Erabakia hartuta, nola lortu zenuen zure lehenengo lana?
Ainhoa Aierbe aktorearekin taberna batean nintzela, hark esan zidan Goenkale-rako hartu zutela. Aspaldi hitz egina genuen niri ere antzerkia gustatzen zitzaidala eta probatu behar nuela. Gau hartan hartu nuen erabakia. Etxera bueltan ikastaro baterako deialdia ikusi nuen kartel batean; horra deitu, eta egun batzuetara martxan nengoen. Ikastaroak egiten hasi nintzen agentzia batean, eta figurazio lanak egiteko jendea eskatzen hasi ziren. Zorte handia izan nuen, gauzatxoak egiten nituenean beti zegoelako norbait nire lana ondo baloratzeko. Esan daiteke hura izan zela nire lehen esperientzia. Hori, noski, umea nintzenean eta lagunekin nengoenean egiten nituen txorakeriak alde batera utzita. Eskolan nengoenean ere irakasleen imitazioak egiten nituen askotan, baina aipatu dudan telefono zenbaki hori eskuratu nuenean hasi zen dena. Hasierak zailak izaten dira, baina aitortu behar dut zortea izan nuela. Esan daiteke lana etorri egin zitzaidala, ez nuela haren bila joan beharrik izan.
Nola oroitzen duzu hasiera hura?
Oso polita izan zen. Orain nostalgia handiz gogoratzen dut dena. Ikastaroak etxabe batean izaten ziren, eta oraindik ere gogoan dut hango hezetasun usaina. Baina, batez ere, sormenerako grina dut gogoan. Gauzak sortzeko izugarrizko nahia nuen. Telebistan bazaude eta gidoilaria edo zuzendaria ez bazara, dena egina ematen dizute, eta agintzen dizutena egitera mugatu behar duzu. Baina antzerkigintzan, hasieratik, hor ari zara zu, zure kideekin gauzak sortzen, denak elkarrekin, eta ilusio berarekin.
Lan ugari egin dituzu, baina, agian, ETB2ko Vaya semanita saiokoa izan da orain arteko ezagunena. Hainbeste urteren ostean, beldurra zenion etengabe rol horri lotuta egoteari?
Azkenean onartu egin behar duzu hori horrela izan daitekeela. Jendeak komedia egiteagatik ezagutzen nau, baina niri rol dramatikoak antzeztea ere gustatuko litzaidake. Vaya semanita saioan urtebetez aritu ondoren, rol dramatiko bat antzeztea egokitu zitzaidan Zeru horiek Aizpea Goenagaren filmean. ETAko kide bat nintzen, eta rola oso gogorra zen. Bernardo Atxagaren liburu batean oinarrituta zegoen lana, eta idazlea aurrestreinaldira joan zen. Proiekzioa amaitu ostean, Atxaga niregana etorri zen, eta aipatu zidan arraroa egin zitzaiola ni pertsonaia horren rolean ikustea. Hor ohartu nintzen estilo batean sailkatua izaten hasia nintzela; berehala esan nuen: erne!
Drama aipatu duzu. Ba al dago oraindik egin ez duzun eta egitea gustatuko litzaizukeen zerbait?
Esan bezala, drama egitea asko gustatuko litzaidake. Oso pertsonaia zigortua edo gaiztoa izatea gustatuko litzaidake, edo biak batera. Horrelako rolak antzeztea ez da batere erraza, eta horretarako gaitasuna eduki behar da. Oso rol dramatiko gutxi eskaini dizkidate, baina lan hori egiteko gai naizela erakutsi nahiko nuke.
Antzerkia, umorea, telebista… Non sentitzen zara erosoen?
Egia esan, berdin zait. Adibidez, telebistak eta zinemak ez daukate antzerkiak duen xarmarik, publikoarekin harreman zuzenik. Baina telebistarekin eta zinemarekin jende gehiagorengana heltzen zara, eta ekonomikoki onura handiagoa ematen dute. Hala ere, uste dut ezin diodala ezeri uko egin. Orain, antzerkian nabil, eta ez daukat hau uzteko asmorik telebista egin ahal izateko. Ahal dudan neurrian, dena uztartzea gustatuko litzaidake.
Zer sentitzen duzu antzezten duzunean?
Antzerkian sartu egiten zara, eta hutsik dauden butaka guztiak ikusten dituzu, eszenatokia goian dagoela. Hara igo, eta nahiz eta hutsik egon, zerbait berezia sentitzen duzu. Barruan daukazuna erakutsi behar duzula sentitzen duzu. Oholtza gainean zaudenean, jendearen aurpegia ikus dezakezu. Berdin dio berrogei edo 1.200 pertsona dauden; sentsazioa berbera da. Zuri begira daude denak, zure lana nola egingo duzun ikusteko prest daude denak. Egiten ari zaren horrek euren aurpegietan eragina duela ikusteak ez du preziorik.
Euskaraz eta gaztelaniaz aritu zara. Nola sentitzen zara hobeto? Ba al dago alderik hizkuntza batetik bestera?
Eroso sentitzen naiz bietan. Hala ere, batzuetan nire liskarrak izan ditut gai horrekin, oso kaletarra den pertsonaia baten rola eman eta gidoian hizkuntza oso akademikoa duelako. Kaletarra naiz, eta nire euskalkiak erabiltzera ohituta nago. Zerbait euskara zuzenean modu batean edo bestean esaten dela esaten didatenean, beti berdin erantzuten dut: “Bai, baina pertsonaia hau bizi den tokian horrela hitz egiten al dute?”. Nire pertsonaien sinesgarritasuna defendatu behar dut, eta, horretarako, pertsonaia horrek etxeko euskaran hitz egin behar du, eta ez Euskaltzaindiarenean. Horregatik, batzuetan kostatu egiten zait pertsonaia batzuk egitea, sarritan “euskaraz hau modu zuzenean horrela esaten da” esaten didatelako. Hori ez da nire hizkuntza, eta antzeztu behar dudan pertsonaiarena ere ez, ziurrenik.
Zaila al da, orduan, euskaraz umorea egitea?
Umorea unibertsala dela esan genezake, baina hizkuntzari lotutako lokalismoak daude, gainontzeko arloetan ere bestelako lokalismoak dauden bezala; hori nabaritu egiten da. Gaur egun, antzezlan bat egiten ari naiz, euskaraz zein gaztelaniaz, eta onartu behar dut txiste batzuek euskaraz ondo funtzionatzen badute ere gaztelaniaz ez dutela emaitza bera lortzen. Alderantziz ere berdin gertatzen da.
Aktore lanetan, beraz, badago zer eginik euskararen ikuspegitik begiratuta? Edo mundu globalizatu honetan etengabe gaina hartzen dio gaztelaniak?
Lanean jarraitu behar da euskararen alorrean. Gaztelaniak zabaltzeko baliabide gehiago ditu, eta eskaintza ere handiagoa da. Baliabideen ezberdintasun hori konpentsatzeko, igo egin behar da euskarazko produkzioa. Jendeari eskaintza zabalagoa eman behar zaio euskaraz, eta kalitateak ere ona behar du izan. Baina kalitatea ona izateko, eskaintza handia behar da, eta jendeak ere bere ekarpenak egin behar ditu. Nire belaunaldikoak eta pixka bat gazteagoak direnak ETB1eko euskarazko eskaintza oso onarekin hazi ginen. Eskaintza hori, batzuetan, Euskal Herrian bertan sortua zen, eta, beste batzuetan, kanpotik ekarritakoa, baina bi kasuetan euskaraz egindako produktuei buruz hizketan ari gara. Uste dut gaur egungo gazteek hori galdu egin dutela. Egia da Goazen! telesaila dagoela eta hura kontsumitzen dutela, baina gisa horretako telesailek edo produktuek jarraitutasuna izan behar dute. Egun 10 urte dituen gaztetxo batek 12 edo 14 urte betetzen dituenean bere adinerako egokia den eskaintza izan behar du ETB1en. Bestela, baliteke etenaldi bat egotea hor. Horregatik eman behar zaio jarraitutasuna, gazte horiek kultura euskalduna kontsumitzeko ohitura har dezaten. Adin guztietarako eskaintza baldin badago, heldu bihurtzen diren heinean askoz errazagoa egingo zaie saio batetik besterako igarobide hori egitea, trantsizioa lasaia izango baita.
Gaur egun zer egoeratan dago aktore ogibidea?
Beti dago krisian. Jendeak beti pentsatzen du telebistan edo antzerkian lan egiten dugunok ondo bizi garela, baina ez da horrela. Nik denboraldi luzeak egin izan ditut lanik gabe. Pandemiaren kontuarekin, gainera, esan genezake krisia areagotu egin dela. Hala ere, pandemia alde batera utzita, geure ogibidean beti krisian egongo garela esango nuke. Kontuan hartu behar da aktore pila bat daudela telebistan ateratzeko aukerarik izan ez dutenak. Gogorra da, baina uste dut gure onena ematen dugula beti, egiten duguna benetan gustatzen zaigulako. Hasieran nabarmendu dut aktore ikasketak hasi aurretik kontratu mugagabe bat nuela lanean, soldata onarekin eta ordutegi finko batekin. Hala ere, gaur egun, pasatu ditudanak pasatuta ere, ez nintzateke atzera bueltatuko. Nahiko argi daukat hori, eta ez dut uste pentsaera hori aldatuko dudanik.
Zer esango zenioke aktore lanetan hasi berria den bati? Zer gomendio emango zenioke?
Pazientzia eta umiltasuna izan ditzala. Eta zauden tokian zaudela, edo jartzen zaituzten tokian jartzen zaituztela ere, beti izango duzula ikasteko aukera. Ogibidea gogorra dela, eta ez amesteko hasieratik telebistan edo zineman lan egingo dutela, edo Goya edo Oscar sari bat irabaziko dutela. Lana edukitzea izan behar dute amets. Badago jendea loteria irabaztearekin amesten duena, eta niretzat gustatzen zaidan honetaz bizitzea izango litzateke nire benetako ametsa. Ez dut saririk edo osperik espero. Benetan uste dut aktore lanean hasi behar duenak horrekin amestu behar duela. Horretan saia dadila, eta garai txarrak etortzen direnean ez dezala atzera egin. |
2022-4-29 | https://www.berria.eus/albisteak/212731/ukrainak-iragarri-du-mariupolgo-altzairutegiko-zibilak-ebakuatzeko-saiakera-egingo-duela-gaur.htm | Mundua | Ukrainak iragarri du Mariupolgo altzairutegiko zibilak ebakuatzeko saiakera egingo duela gaur | Putinek ziurtatu du zibilak irten daitezkeela altzairutegitik, baina nabarmendu du Ukrainako soldaduek armak utzi behar dituztela. Guterresek NBEko Segurtasun Kontseilua kritikatu du, gatazkaren konponbidean bitartekari lanak ez egiteagatik. Txinak AEBei egotzi die gerrak eragindako sua gehiago hauspotzea. | Ukrainak iragarri du Mariupolgo altzairutegiko zibilak ebakuatzeko saiakera egingo duela gaur. Putinek ziurtatu du zibilak irten daitezkeela altzairutegitik, baina nabarmendu du Ukrainako soldaduek armak utzi behar dituztela. Guterresek NBEko Segurtasun Kontseilua kritikatu du, gatazkaren konponbidean bitartekari lanak ez egiteagatik. Txinak AEBei egotzi die gerrak eragindako sua gehiago hauspotzea. | Ukrainako Gobernuko agintariek iragarri dutenez, Errusiako tropek Mariupol hirian (Donetsk eskualdea) setiatua duten Azovstal altzairutegian gotortutako mila bat zibil ebakuatzeko saiakera egingo dute datozen orduetan, xehetasun gehiagorik eman gabe, NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterres Ukrainako presidente Volodimir Zelenskirekin batzartu eta biharamunean. Guterresek berretsi zuen NBEk «ahalegin guztiak» egingo dituela zibilak Mariupolgo altzairutegitik ateratzeko. Ukrainako presidenteak, berriz, nabarmendu zuen espero duela Mariupol «desblokeatzeko» ahalegina «arrakastatsua» izatea. Bada, Errusiako presidente Vladimir Putinek ziurtatu du zibilak irten daitezkeela altzairutegitik, baina nabarmendu du Ukrainako soldaduek armak utzi behar dituztela, Kremlineko eledun Dmitri Peskovek adierazi duenez.
Guterres eta Zelenski atzo iluntzean agerraldi bateratua ematen ari ziren bitartean, Kieveko alkate Vitali Klitstxkok salatu zuen Errusiako tropek hiriburuko 25 solairuko etxebizitza eraikin baten aurka misilak jaurti zituztela, eta pertsona bat hil zutela; Radio Free Ukraina irratiko kazetaria da hildakoa, hedabide horrek berak gaur goizean ohar batean jakinarazi duenez. «Kieveko herritarrak etsaien erasoen mende daude oraindik ere. Putinek erdiko hatza erakutsi dio NBEri», idatzi zuen Klitstxkok Telegramen. Errusiako Defentsa Ministerioak, bestalde, bart gauean egindako erasoa baieztatu du gaur, eta ziurtatu du «zehaztasun handiko» misilak jaurti zituztela ustez helburu militarrak ziren eremuetara. Halaber, adierazi du Errusiako armadaren aire erasoek Ukrainako hamar militar gune kaltetu eta hiru azpiestazio elektriko suntsitu zituztela herrialde osoan. Horrez gain, Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi du Itsaso Beltzean itsaspeko bat erabili duela Ukrainako helburu militarren aurka oldartzeko, Reuters agentziak jasotakoaren arabera.
Errusiak Donbass eskualdea «askatzeko» lanean dihardu, eta azken egunotan tropak gogor bonbardatzen ari dira Kharkiv eta Izium hiriak, besteak beste. Bestalde, Kremlinek gaur goizaldean salatu du Ukrainako tropek mortero jaurtigaiekin eraso egin diotela Kursk probintziako postu bati, Ukrainako mugatik gertu. Bi aldeetako erasoen harira, Guterresek NBEko Segurtasun Kontseilua kritikatu zuen, gatazkaren konponbidean bitartekari lanak ez egiteagatik. Gogor mintzatu zen: «Segurtasun Kontseiluak porrot egin du, eta horrek etsipen eta haserre handia eragin dizkit». Ildo beretik, Mircea Geoane, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkariaren ondokoa, ezkor mintzatu zen atzo gerraren egoeraren inguruan, BBC hedabideari emandako elkarrizketa batean: «Argi dago datozen egun eta asteak erabakigarriak izan daitezkeela, baina gerrak luze joko du ziurrenik: asteak izan litezke, hilabeteak izan litezke, urteak ere izan litezke».
Moskuren erasoei erantzunez, AEBetako presidente Joe Bidenek Ukrainari 31,4 mila milioi euroko diru laguntza ematea eskatu zion atzo Kongresuari. Bada, Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Zhao Lijianek Washingtoni egotzi dio gerrak eragindako sua gehiago hauspotzea, Europak eta nazioarteko komunitateak guda amaitzeko eskatzen duten bitartean. «AEBek Ukrainari dirua eta armak ematen dizkiete oraindik ere. Haren benetako helburua ez da bakea lortzea, gatazka jarraitzea baizik. Dioten moduan, beren helburua da Errusia ahultzea», zehaztu du.
Bien bitartean, errefuxiatuen ihesak ez du etenik, eta jada 5,4 milioi lagun baino gehiago atera dira Ukrainatik otsailaren 24an Errusiak inbasioa hasi zuenetik, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera. Horietatik ia hiru milioi pertsona Poloniak hartu ditu; Errumaniak, 810.000; Errusiak, 656.000; Hungariak, 514.000; Moldaviak, 441.000; Eslovakiak, 368.000; Bielorrusiak, 25.000. NBErentzat, gainera, gerrak 8,3 milioi iheslari eragin ditzake.
Finlandia eta Suedia
Ann Linde Suediako Atzerri ministroak ostiral honetan azaldu duenez, bere herrialdeak oraindik ez du erabaki NATOn sartuko den. «Alderdi politiko guztiekin eztabaidatu behar dugu parlamentuan», zehaztu du, Finlandiako haren homologo Pekka Haavistorekin batera egindako agerraldian. «Suediak eta Finlandiak NATOn sartzea eskatzen badute, erantzun positiboa jasoko dute», gaineratu du. Hain zuzen ere, aliantza militarreko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek atzo ziurtatu zuen Stockholm eta Helsinki NATOn sartzeko prozesua «azkarra» izango dela, «hurbileko bazkide» baitira. Eskandinaviako bi herrialde horiek maiatzaren 16ko astean dira eskaera egitekoak. Horrekin lotuta, Suediako lehen ministro Magdalena Anderssonek baztertu zuen atzo bere estatua aliantza militarrean sartzeko aukerari buruzko erreferendum batera deitzea.
Azken inkesten arabera, aliantza militarrera batzearen aldeko iritzia hamar puntu igo da Suediako herritarren artean, Ukrainaren inbasioa hasi zenetik: %46 ingurukoa da orain; Finlandian %60ko babesa dauka. Finlandiako Gobernuak bihar aurkeztuko du segurtasunari buruzko txosten bat. Ostera, Kremlinek behin baino gehiagotan ohartarazi izan du erabaki horrek Europako egonkortasunari «kalte» egingo liokeela. |
2022-5-2 | https://www.berria.eus/albisteak/212732/ohiko-trabak-eta-beste-batzuk.htm | Gizartea | Ohiko trabak, eta beste batzuk | Ezin da orokortu emakume musulman langileen lan egoera; batzuek Atzerritarren Legea dute traba nagusi, baina badira sortzez gipuzkoarrak direnak ere. Negozio propioa irekitzea hautatzen dute batzuek; ikasi duten horretan ari dira beste batzuk, eta bada sektore jakin batzuetatik atera ezinda dabilenik ere. Beloa da segituan aipatzen dituzten gaietako bat. | Ohiko trabak, eta beste batzuk. Ezin da orokortu emakume musulman langileen lan egoera; batzuek Atzerritarren Legea dute traba nagusi, baina badira sortzez gipuzkoarrak direnak ere. Negozio propioa irekitzea hautatzen dute batzuek; ikasi duten horretan ari dira beste batzuk, eta bada sektore jakin batzuetatik atera ezinda dabilenik ere. Beloa da segituan aipatzen dituzten gaietako bat. | Islamiar egutegiaren bederatzigarren hilabetean ospatu ohi dute ramadana musulmanek. Urtez urtez aldatzen da, eta aurten hilabete sakratu horren azken eguna maiatzaren 1ean egokitu da; alegia, atzo, Langileen Nazioarteko Egunean. Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren arabera, 2020an 89.487 musulman bizi ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Horietako hiru dira Chaimae Nakari, Djamila Zereiby eta Romaesa Benslaiman. Abiapuntu ezberdinak izan dituzte lan merkatuan: Marokotik eta Aljeriatik etorri ziren lehen biak, eta sortzez da euskal herritarra hirugarrena. Musulman izatea Gipuzkoako lan merkatuan zenbateraino den oztopo galdetuta, Atzerritarren Legeaz, belaunaldi berrien egoeraz, beloaz eta abarrez mintzo dira.
Adineko baten zaintzailea Tolosan
“Badirudi erabakita dagoela zer lan mota egin behar ditugun”
Marokotik etorri zen Tolosara Chaimae Nakari, duela bost urte inguru. “Oso familia itxi batean jaio nintzen; neskok oso kontrolatuta izaten gaituzte, eta adin batera iristean, zelatatu egiten gaituzte eskola atarian, lagunekin gaudenean…”. Ez zuen ikasten luzaro jarraitzerik izan, DBHko 1. maila amaitu, eta atera egin baitzuten eskolatik.
“Bizitza berri baten bila” etorri zen Euskal Herrira. “Ondo egon nahi dut”, dio. Eta, batez ere, alaba ondo egotea nahi du, berak umetan bizi izandako mugarik gabe. “Nahiz eta ni musulmana izan, erlijioagatik gauza asko eginarazten dizkigute, eta familiak ere asko kontrolatzen gaitu. Ez nuen hori nahi alabarentzat. Alabak asko ikastea nahi dut, eta izan dadila ni baino hobea, noski. Uste dut bide onetik doala”, esan du Nakarik.
Tolosara iritsi zenean, ezagun batzuen bidez, haur batzuk zaintzeko lan proposamena egin zioten, baina umeen amak jakin zuenean beloa erabiltzen zuela, ez zuen lanerako hartu. Emakume musulmanen kasuan zapia oztopo izan daitekeela onartuta ere, uste du migratzaile izatea bera dela trabarik handiena, musulmana izatea baino gehiago. Argi dio: “Atzerritarren Legeak akabatu egiten gaitu”.
Lege horren arabera, egoera legeztatu ahal izateko, hiru urtean egon behar da erroldatuta, eta, ondoren, lanaldi osoko urtebeteko lan kontratua erakutsi behar da. Gainera, azaldu du lanpostu jakin batzuetara mugatu ohi direla migratzaileentzako eskaintzak. “Badirudi erabakita dagoela zer lan mota egin behar ditugun”.
Adinekoak zaintzeko ikastaro bat egin zuen Nakarik, eta ikastaro hartan, bera ez beste guztiak emakume latinoamerikarrak ziren. “Oso baldintza txarretan daude; agian, etxe batean egoiliar, bi adineko zaintzen, eta etxeko lan guztiak egiten, eta 300 euro kobratzen”. Gizonezkoek ere hainbat bidegabekeria jasaten dituztela gaineratu du. “Egoera legeztatzeko behar zuen urtebeteko kontratua eskaini zioten ezagun bati, eta sukaldari laguntzaile kontratua egin zioten. Baina sukaldari lana egiten zuen, amaitzean dena garbitu behar izaten zuen, eta orduak ez zenbatzeko esaten zioten”.
Jakitun da migratzaileei buruzko hainbat aurreiritzi daudela gizartean. “Ikusten gaituzte lana kentzera gatozen norbait bezala, edo laguntzetatik bizitzera bagentoz bezala, eta inondik inora ez da hala”. Kontatu du etxe batean erroldatzea ere zaila bihurtzen zaiela askotan, jabeak etxean bizi ez diren beste batzuei ematen dielako erroldatzeko aukera, kobratuz. “Ez dut ulertzen nolatan ez dagoen kontrolik”.
Jatorkin Al-Nahda elkartearen bidez jakin zuen Nakarik Helduen Hezkuntzan jarrai zezakeela ikasketekin, eta DBHko 3. eta 4. mailak atera zituen. Unibertsitaterako sarbidea prestatzen ere aritu zen, baina konfinamendua etorri zen. “9 urteko alaba daukat, eta hark ere online ikasi behar zuen. Interneterako konexiorik ez nuen etxean, eta zailtasunak hasi ziren… Balkoirik gabeko etxe batean, oso estresatuta eta gaizki nengoen, gurasoen etxean geundenean bezala, eta utzi egin nituen ikasketak”.
Hala ere, azterketa nolakoa zen ikusi egin nahi zuen, eta aurkeztu egin zen; ikasgai batzuetan nota ona atera zuen arren, ez zuen gainditu. “Hiru urteko epe hori igaro nuen, eta orain lana aurkitu dut. Adineko bat zaintzen eskaini didate urtebeteko kontratua, eta ikasketak utzi ditut, baina badut gogoa jarraitzeko, eta euskara ere ikasi nahi dut, lanpostu duin bat lortzeko. Gora egin nahi dut”. Kontatu du, orain arte, gaztelania jakiteak salbatu duela. Maroko iparraldekoa denez, etxean Espainiako kateak ikus zitzaketen telebistan, eta horrela ikasi zuen. Senarrarekin batera etorri zen Tolosara, eta sukaldaritzan aritzen da gizona. “Lau urte behar izan zituen paperak lortzeko”. Pixkanaka-pixkanaka, aurrera egiteko “borrokan” ari direla azaldu du Nakarik.
Kafetegi baten jabea Arrasaten
“Sinbolizatu nahi nuen ez dugula ekintzaile izateko beldurrik izan behar”
Saharan jaio arren, aljeriartzat ere badu bere burua Djamila Zereibyk. Han egin zituen Zuzenbide ikasketak. Arrasatera etortzean, ordea, titulu hark ez zion balio. “Logikoa da, azken batean; legeak eta horien erroak ikasten ditugu karreran, eta herrialde batetik bestera oso ezberdinak dira horiek guztiak. Frantzian ikasi duen batek ere arazo berbera du”. Esan du dituen ezagutzak baliatu dituela lan merkatuan aurrera egiteko. “Hizkuntzak ezagutzen ditudanez, itzultzaile lanak egin ditut”.
Euskal Gizartean Emakume Musulmanak Integratzeko IMME elkartea ere sortu zuen 2013an. Orain urte eta erdi, berriz, kafetegi bat zabaldu zuen Arrasaten bertan. Elkartean emakumeei gaztelania klaseak ematen hasi zenean sortu zen proiektua. “Ikusten nuen haien gaitasunak aprobetxatu egin behar direla. Inklusio soziolaborala nahi dugu, emakume musulmanak zapalduta daudela kexatzen gara; bada, eman diezaiegun aukera bat”.
Kooperatiba bat sortzea zen hasierako asmoa, baina beldurra zuten emakumeek, eta azkenean Zereibyk berak ireki zuen kafetegia. “Sinbolizatu nahi nuen emakumeok ez dugula ekintzaile izateko beldurrik izan behar, eta ezin garela zain egon”. Egunen batean gozogintza lantegi bat jartzeko ametsa ere badu, emakume gehiagori lana eman ahal izateko.
Uste du Atzerritarren Legeak migratzaileen eboluziorako aukerarik ez duela ematen. “Lan egin ahal izateko hiru urte egotea erroldatuta eskatzen dizu, eta horrek bultzatzen zaitu beltzean lan egitera, eta gero asko kexatzen gara beltzean egiten den lanaz”. Hala ere, baikorra dela dio, eta, legeak lege, beti dagoela norbere gaitasunak erakusteko borroka egiteko aukera. “Sukaldeetan ari dira emakume asko, baina ez du esan nahi horiek ere ez dutenik beste gaitasunik”.
Azaldu du elkarteek-eta lan handia egiten dutela arrazakeria eta klasismoa gutxitu eta gizarte eta lan integrazioa sustatzeko. Dena den, nabarmendu du Gipuzkoan immigrazioa fenomeno berria dela jendearentzat. “Ezezagutza handia dago, eta, adibidez, beloa erabiltzeak galdera eta kezka asko sortzen ditu: terrorismoaren sinbolotzat hartzen da, uste da emakume zapalduak direla, ez direla gai edozer lan egiteko, eta beste hainbat estereotipo eta estigma daude”. Erlijioa zerbait pertsonala dela dio, eta uste du inor ezin dela behartu fededun ez izatera; Espainiako Konstituzioak ere jasotzen duelako erlijio askatasuna.
33 urterekin etorri zen Zereiby Euskal Herrira, Arrasatera; haren alabak, ordea, Arrasatekoak dira. “Ezin ditugu ikusi immigrante bezala, ez direlako. Immigranteak direla esatea haiek diskriminatzea da. Gazteak bereizten hasten bagara, egiten ari garen lan guztia alferrik izango da, eta nik egiten dudan lan guztia seme-alabei bidea errazteko da”. Nabarmendu du ezkutatu ezin den errealitate bat dela dibertsitatea. “Ni neu onartua sentitzen naiz, ez maila pertsonalean bakarrik, baita gaitasunei dagokienez ere. Azken batean, jendeak ikusten badu ideia berritzaileak dakartzazula, eta errespetuan eta ekintzailetzan oinarritutako gizarte berri bat sortzeko lanean ari zarela, norbait horrekin ados ez badago, uste dut arazo bat duela”.
Irakaslea Eibarren
“Garaia da gure arazoa: gazte gehienok gaude egoera prekarioan”
Irakaslea da Romaesa Benslaiman eibartarra, eta Gazte Safa elkarteko lehendakaria ere bai. Gipuzkoan emakume musulmanek sortutako lehenengo elkartea izan zen Safa, eta emakume batzuen urte askoko lanaren ostean, gazteek hartu zuten elkartearen gidaritza orain urte batzuk. Eibarren bertan jaiotakoak dira elkarteko gehienak. “Lan munduan, gure gurasoak hona etorri zirenean, aukera gehiago zeuden, adibidez, industrian eta fabriketan. Ez zituzten eskatzen gaur adina titulu eta hizkuntza”.
Alde horretatik, gazte musulmanek ere gainerako gazte guztien antzeko arazoak dituztela kontatu du Benslaimanek. “Guk dokumentazio arazorik ez dugu. Garaia da arazoa, gazte gehienok gaude egoera prekarioan, eta horri gehitu behar diozu enpresa batzuek ez gaituztela hartzen izenagatik, janzkeragatik edo koloreagatik”. Kontatu du beloa erabili ohi duten batzuek, adibidez, zalantza izaten dutela curriculumean argazkia jarri edo ez.
Gazte Safa elkartean gorputz adierazpeneko proiektu bat ere badute, konfiantza, ahalduntzea, autoestimua eta abar lantzeko, eta hango begiralea ere bada Benslaiman. “Aukerarik ez baduzu enpresekin lan egiteko, zeuk sortu behar duzu aukera hori. Norabait heldu nahi baduzu, helduko zara. Hori lantzen dugu ikasleekin. Askotan geuk jartzen dizkiogu oztopoak geure buruari”.
Ikasten jarraitzeko ere aholkatzen die, eta, oro har, horretarako gogoa ikusten die ikasleei. Hark ere, irakasle izateko ikasketak amaitu ostean, graduondoko bat egin zuen, bigarren hizkuntza gisa gaztelania irakatsi ahal izateko. “Hemen aukerarik ez izanez gero, Ingalaterrara joatea nuen buruan. Aukerak bilatu behar dira”. Beste batzuek fruta dendak, harategiak edo bestelako negozioak ireki dituztela dio. “Komunikabideetan-eta aipatu ohi da atzerritarrak diru laguntzetatik bizi direla, baina jendea ez da geldirik egoten”. Azken pare bat urteetan, adibidez, Frantziara eta Alemaniara joan direla familia batzuk esan du, gurasoentzat, beraientzat edo beren seme-alabentzat aukera hobeak izango dituztela iritzita. |
2022-4-30 | https://www.berria.eus/albisteak/212733/gerran-ostua-itzuli-dute-gautegiz-arteagara.htm | Politika | Gerran ostua itzuli dute Gautegiz Arteagara | Zortzi hamarkadatik gora egin du Gautegiz Arteagako batzokiko ikurrinak Euskal Herritik kanpo. Faxistek ostu zuten herritik, eta EAJk berreskuratu egin du. Asteartera arte egongo da udaletxean, 10:00etatik 14:00etara. | Gerran ostua itzuli dute Gautegiz Arteagara. Zortzi hamarkadatik gora egin du Gautegiz Arteagako batzokiko ikurrinak Euskal Herritik kanpo. Faxistek ostu zuten herritik, eta EAJk berreskuratu egin du. Asteartera arte egongo da udaletxean, 10:00etatik 14:00etara. | Asteon bete dira 85 urte naziek eta faxistek Gernika bonbardatu zutenetik. 1937ko apirilaren 26a zen. Hurrengo egunean Gautegiz Arteagan jaurti zuten bonba bat, eta lau lagun hil ziren eta bi zauritu. Handik bi egunera sartu ziren tropa faxistak herrian, eta orduantxe ostu zuten, ustez, bertako batzokiko ikurrina. Oraintsu, EAJk berreskuratu du. Gaur aurkeztuko du Aitor Esteban EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaileak Gautegiz Arteagan, eta, gaurkotasun politikoari buruz hausnartzeaz gain, ikurrina lortzeko egindako bidea azalduko die herriko alderdikideei.
Hamarkada luzez egon da ikurrina Espainiako armadaren eskuetan. Joseba Agirretxea EAJko diputatuak azaldu duenez, 2015ean jabetu ziren Salamancako Artxiboan zegoela, inbentarioa eguneratu zutenean. Orduan salatu zuen egoera Espainiako Kongresuan, eta Rafael Catala orduko Justizia ministroari galdetu zion ea zergatik zegoen han oraindik. Agirretxearen ustez, estatuak eta bere erakundeek oraindik ikurrin hori haien jabetzan izateak aditzera ematen zuen matxinoen oinordeko zirela. “Imajinatzen al duzu Alemanian edo Italian faxistek lapurtutako banderak erakustea museoetan?”, galdetu zion Catalari.
2015ean salatu zuen kasua EAJk, baina urteak behar izan dituzte berreskuratzeko. Agirretxearen arabera, “Espainiako Estatuaren kontzientzia arazo handia” da horren erantzulea. Adierazi duenez, Madrilek badaki arakatzen hasiz gero, “munstro” asko ateratzen direla: “Pentsatu izan dute armairuak itxita izanez gero, munstroak ez daudela, baina hor daude, eta guk horiek denak atera nahi ditugu”. Agirretxearen iritziz, halako hainbat objektu egon daitezke oraindik itzuli barik, eta ez dauka zalantzarik Espainiako armadan horiek bueltan ematearen kontrako ahotsak daudela.
Oraindik lanean
36ko gerran hainbat ondasun konfiskatu zizkieten bando errepublikanoko alderdi eta pertsonei. Batzokiak, enpresak, etxeak eta lokalak kendu zizkioten EAJri, eta tantaka itzuli zizkietela gogoratu du Agirretxeak: “Luzaroan itxaron behar izan genuen demokrazia heldu ondoren, gutxika-gutxika itzuli zizkiguten batzuk, baina ez denak”. Esan duenez, itzuli ez dituzten gauzen artean daude Jose Antonio Agirre Jaurlaritzako lehendakariaren paperak.
Gautegiz Arteagakoaren antza duen kasu bat aurkitu zuen Agirretxeak 2013an, ikerketa bat egiten ari zela. Ceutako (Espainia) Espainiako Legioaren museoaren bideo batean ikusi zuen bertan ikurrin bat dagoela oraindik. Legionario batek azalpenak ematen zituen objektuei buruz, eta ikurrinera heltzean azpitituluek “horda marxistei kendutako gerra ospila” zela adierazten zuten. Kontua da ikurrin horrek JEL leloa daukala josita, eta, beraz, Eusko Gudarosteko batailoi jeltzale batena dela ondorioztatu du Agirretxeak. Kasu honetan, jabetza Eusko Jaurlaritzarena izango litzatekeela adierazi du diputatuak, eta lanean jarraituko dutela lortu arte.
Halako istorio bat zen Itxarkundia batailoiaren ikurrinarena ere. 1984an, Joseba Elosegi gudari ohi eta sasoi hartan EAJko senatariak hartu egin zuen armadaren museotik, arropa azpian sartuta. Elosegik estatutik atera zuen ikurrina, eta, bere kargua tarteko, ez zuten epaitegietara eroan.
Eusko Legebiltzarrerako 2020ko hauteskundeen amaierako mitinean atera zuen lehenbizikoz Gautegiz Arteagako ikurrina EAJk. Alde batean “G. Arteaga’ko Batzokija” dauka josita, eta, bestean, Bizkaiko armarri zaharra. Gaurtik asteartera arte egongo da ikusgai udaletxean (10:00-14:00). Ondoren, Sabino Arana fundazioan gordeko du EAJk, Bilbon. |
2022-4-29 | https://www.berria.eus/albisteak/212734/irakaskuntza-teknopedagogikorako-jauzia-egingo-duen-hezkuntza-proiektu-bat-aurkeztu-du-jaurlaritzak.htm | Gizartea | Irakaskuntza teknopedagogikorako jauzia egingo duen hezkuntza proiektu bat aurkeztu du Jaurlaritzak | Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak 2022-2024 Aldirako Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Plana aurkeztu du. Ikasleen eta irakasleen gaitasun digitalak sustatzea izango du helburu, eta Hezkuntza Sailak 202,6 milioi euroko inbertsioa egingo du horretarako. | Irakaskuntza teknopedagogikorako jauzia egingo duen hezkuntza proiektu bat aurkeztu du Jaurlaritzak. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak 2022-2024 Aldirako Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Plana aurkeztu du. Ikasleen eta irakasleen gaitasun digitalak sustatzea izango du helburu, eta Hezkuntza Sailak 202,6 milioi euroko inbertsioa egingo du horretarako. | Berrikuntza pedagogikoan «palanka lana» egiteko asmoz aurkeztu dute, gaur goizean, 2022-2024 Aldirako Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Plana. Proiektua gauzatzeko 202,6 milioi euroko inbertsioa egingo du Hezkuntza Sailak, eta ikasleen eta irakasleen gaitasun digitalak sustatzea izango helburu. Besteak beste, hezkuntza teknopedagogikorako jauzia egin nahi duen proiektu bat aurkeztu dute. Irakasleen gaitasun teknopedagogikoak landuko dira, eta ikasleak digitalki gaituak izatea lortu nahi dute.
Ikusi gehiago: Euskara hizkuntza teknologietan integratzeko plan bat aurkeztu du Jaurlaritzak
Egitasmoak ikaslea jarriko du ikaskuntza prozesuaren erdigunean, eta, besteak beste, trebetasun digitalen garapena indartzea eta hezkuntza sistemaren teknologiak «eraginkortasunez eta modu optimoan» erabiltzea izango du xede. Bildarratzen hitzetan, ikasleen eta irakasleen gaitasun digitalak sustatzea izango da helburu nagusia: «Oso proiektu interesgarria da, eta ikasleek mende honetako erronkei arrakastaz aurre egiteko balioko du». Era berean, hezkuntza sistema osoa aro digitalera egokitzea ere izango da lehentasunetako bat. Bildarratzekin batera, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuodea eta Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea ere izan dira aurkezpenean.
Euskal hezkuntza sistemaren eraldaketa «erronka kolektibo» gisa hartu behar dela adierazi du Bildarratzek, eta, horretarako, helburu orokor batzuk zehaztu ditu: besteak beste, irakasleen eta ikasleen gaitasunak indartzea, hezkuntza sistemako eragile guztien arteko lankidetza sustatzea, eta azpiegiturak egokitzea eta modernizatzea.
Etapaz etapa, helburu espezifikoak
Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan teknologia digitalek eragina izango dute ikastetxeetako irakaskuntzan, ikaskuntzan eta ebaluazio prozesuan. Hala, Pedrosaren hitzetan, irakasleen gaitasun teknopedagogikoak landuko dira: «Teknologia bai, baina pedagogiaren ikuspegitik salto handi bat emango da». Irakasleen prestakuntzan jarri du Hezkuntza sailburuordeak arreta nagusia, eta gehitu du talentuaren garapenean etorriko dela aldaketarik handiena.
Lanbide Heziketaren kasuan, eraldaketa digitalak «bestelako bilakaera bat» ekarriko duela kontatu du Arevalok, gaztelania hutsean. Besteak beste, heldutasun digitaleko eredu bat garatuko duela azaldu du, eta berak ere irakasleen eta ikasleen prestakuntza nabarmendu ditu. Amaitzeko, enplegagarritasunerako gaitasunak sortzeko balioko du planak, besteak beste, unibertsitate ekosisteman.
Goranzko joera
Ekonomia eta gizarte digitalen Indizearen 2020ko datuak erakusten du eraldaketa digitalaren joera positiboa dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Europako batezbestekoa baino %10 gorago dago, eta, aldi berean, ikasgeletan ordenagailu gehien dituen autonomia erkidegoa ere bada: azken bi urteotan, 160.000 ordenagailu berri eraman dituzte ikastetxeetara. |
2022-4-29 | https://www.berria.eus/albisteak/212735/euskal-herrira-etorritako-errefuxiatu-batzuk-ukrainara-itzultzen-hasi-dira.htm | Gizartea | Euskal Herrira etorritako errefuxiatu batzuk Ukrainara itzultzen hasi dira | Eusko Jaurlaritzaren arabera, «ezinezkoa» da jakitea zenbat lagun bueltatu diren. Gerrak 5,4 milioi errefuxiatu inguru eragin ditu dagoeneko. | Euskal Herrira etorritako errefuxiatu batzuk Ukrainara itzultzen hasi dira. Eusko Jaurlaritzaren arabera, «ezinezkoa» da jakitea zenbat lagun bueltatu diren. Gerrak 5,4 milioi errefuxiatu inguru eragin ditu dagoeneko. | Otsailean hasi zen Ukrainako gerra, eta, ordutik, 3.000 ukrainar baino gehiago etorri dira Euskal Herrira. Orain, gerra hasi eta bi hilabetera, errefuxiatuak pixkanaka hasi dira euren herrialdera itzultzen. Eusko Jaurlaritzak joera hori baieztatu du, baina, BERRIAri adierazi dionez, «ezinezkoa» da jakitea zenbat lagun bueltatu diren Ukrainara.
Azkenaldian, gerra Donbassen eta Ukraina hego-ekialdean zentralizatu da gehien bat, eta litekeena da iheslariak erasoalditik kanpo gelditu diren herrietara itzultzea. Jaurlaritzaren ustez, «zentzuzkoa» da ukrainarrek euren herrietara itzuli nahi izatea, «gehienek» asmo horrekin egin baitzuten ihes.
Nafarroako Gobernuak joan den astean jakinarazi zuenez, 1.200 ukrainar inguru etorri dira Nafarroara. Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara 2.000tik gora iritsi dira, eta, horietatik, 422 haur eskolatu dituzte.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak otsailaren 24an hasi zuen Ukrainaren aurkako gerra, eta dagoeneko ia 5,4 milioi lagunek egin dute ihes herrialdetik, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera. Poloniak hartu ditu Ukrainako errefuxiatu gehien: ia hiru milioi lagun; Errumaniak 810.000 hartu ditu; eta Errusiak, 656.000. NBE Nazio Batuen Erakundeak adierazi duenez, gerrak 8,3 milioi iheslari eragin ditzake. |
2022-4-29 | https://www.berria.eus/albisteak/212736/euskara-hizkuntza-teknologietan-integratzeko-plan-bat-aurkeztu-du-jaurlaritzak.htm | Gizartea | Euskara hizkuntza teknologietan integratzeko plan bat aurkeztu du Jaurlaritzak | Itzultzaile automatikoak hobetzeko modua emango du proiektuak, eta eremu espezifikoetarako terminologia biltzen duten itzultzaileak sortzekoa, besteak beste. | Euskara hizkuntza teknologietan integratzeko plan bat aurkeztu du Jaurlaritzak. Itzultzaile automatikoak hobetzeko modua emango du proiektuak, eta eremu espezifikoetarako terminologia biltzen duten itzultzaileak sortzekoa, besteak beste. | «Itzuli itzultzaile neuronala hobetzen jarraitzea, helduen euskalduntzerako ikasplataforma integratu bat sortzea; itzultzaile neuronal judiziala sortzea; Osakidetzako testu klinikoen itzultzaile automatiko neuronala garatzea; administrazioek sortzen dituzten hizkuntza corpusak biltzea, eta datuaren bulegoa sortzea, adimen artifizialaren oinarria diren datu guztiak bildu eta berrerabiltzeko moduan eskaintzeko». Horiexek dira Gaitu euskara hizkuntza teknologietan txertatzeko ekintza planaren bidez egingo diren berrikuntza zehatzetako batzuk.
Gaur aurkeztu dute Bilbon, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak, Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendari Leire Madariagak eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien zuzendari Xabier Arrietak.
Azaldu dutenez, planak helburu anitz ditu, baina bakar batean laburbildu ditu guztiak Zupiriak: «Ingurune digitalean euskararen presentzia eta euskarazko tresnen eta edukien sorkuntza sustatzea». Beste helburu batzuk ere nabarmendu ditu Jaurlaritzako bozeramaileak: «Batetik, administrazio publikoak trakzio gisa jardun beharra bultzatzea hizkuntza teknologien arloan, eta, bestetik, euskarak hizkuntza nagusiekiko distantzia murriztea».
Arlo askorentzat lagungarri
Hain zuzen, idatzizko zein ahozko hizkuntza prozesatzea da hizkuntza teknologien helburua, eta, azaldu dutenez, arlo horretan administrazio publikoei bidea erraztu eta euskarari ateak zabaldu nahi dizkiote plan berriaren bidez, itzulpen automatikorako edo hizkuntza naturala prozesatzeko teknologiak sustatuz.
Esan dutenez, «zortzi eremu estrategikotako arduradunekin» bildu da Kultura eta Hizkunza Politika Saila Gaitu plana garatzeko: administrazio elektronikoa; hezkuntza; helduen euskalduntzea; osasungintza; justizia; turismoa; kultura, hedabideak, humanitate digitalak eta liburutegi digitalak; eta segurtasuna. Hain zuzen, eremu horietan hizkuntza teknologiak erabilita sortzen ari diren proiektuak bildu dituzte. |
2022-4-29 | https://www.berria.eus/albisteak/212737/irizar-e-mobilityko-langileek-auto-karabana-egin-dute.htm | Ekonomia | Irizar e-mobilityko langileek auto karabana egin dute | Bost egun bete ditu langileen greba mugagabeak, lan itun baten alde | Irizar e-mobilityko langileek auto karabana egin dute. Bost egun bete ditu langileen greba mugagabeak, lan itun baten alde | Astelehenean hasi zuten mugarik gabeko greba Irizar e-mobility autobus elektrikoen enpresan, azken lau hilabeteetan zuzendaritzarekin izandako harremanetan aurrerako urratsak egin ez direla salatuta.
Bost dira grebalarien eskakizunak: lan beragatik soldata bera ordaintzea; enpresa uzten dutenen baldintzak duintzea eta berdintzea; kontziliazioa bermatzea; esfortzu fisiko handiko lanak eta arriskutsuak konpentsatzea; eta Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena kontuan hartzea itunean.
Eskakizun horiek aldarrikatzeko, auto karabana egin dute gaur goizean Buruntzaldean eta Tolosaldean barrena (Gipuzkoa). 65 bat auto abiatu dira Adunako lantegitik, eta Andoain, Urnieta, Tolosa eta inguruko beste herri batzuk zeharkatu dituzte.
Unai Goikoetxea ordezkariak Ataria-ri azaldutakoaren arabera, grebak oso erantzun zabala izan du. «Eskatzen duguna ez dugu gutxi batzuek eskatzen; denek eskatzen dugu». Greba hasi zenetik, Adunako lantegiaren aurrean bilduta daude langileak, eta giza kate bat osatzen dute norbaitek sartu nahi izanez gero. Astelehenean eta asteartean sartu ziren arduradun eta langile gutxi batzuk, baina asteazkenaz geroztik jarduera erabat etenda dago.
Grebak bost egun bete dituen arren, Goikoetxeak salatu du ez dutela harremanik izan zuzendaritzarekin. «Badirudi desagertuta dagoela, eta ez daukagu haien berri. Ez dute pausorik egin gatazka konpontzeko».
Irizar e-mobility Irizar taldeko enpresa bat da, SL sozietate mugatu bat, eta, 2017an lanean hasi arren, 2018ko maiatzean inauguratu zuten, ibilgailu elektrikoak egiteko, haien eskaria handitzen ari baita urtez urte. Irizar kooperatiba bat den arren, Adunako langile gehien-gehienak soldatapekoak dira, eta ez kooperatibistak. Enpresa batzordean, LABek zortzi kide ditu, eta ELAk, bakarra.
Lan gatazka dago Irizar taldeko beste enpresa batean, Alconzan (Berango, Bizkaia). Gaur 61. greba eguna bete dute hango langileek. Azken asteotan, 25 langile kaleratu dituzte, eta horiek berriz hartzeko eskatzen ari dira. Enpresa geldituta egon da, baina aste honetan berriz zabaldu dute, sindikatuak salatu duenez, grebarekin bat egin ez duten langileak erabilita.
E-mobilityko Goikoetxeak espero du haien gatazka ez dela hainbeste luzatuko. «Etorkizun oparoa duen enpresa bat da, eta espero dugu gurekin goizago mugituko direla». |
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.